10/2012 Errege Lege Dekretua, zenbait finantza-arau aldatzen dituena Gainbegiratze-arloko Europar Agintaritzen ahalmenei dagokienez
Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala
EAO: 10/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 23koa, zenbait finantza-araualdatzen dituena Gainbegiratze-arloko Europar Agintaritzen ahalmeneidagokienez
EAO: Hutzen zuzenketa
BOE: Real Decreto-ley 10/2012, de 23 de marzo, por el que se modifican determinadas normas financieras en relación con las facultades de las Autoridades Europeas de Supervisión (ES)
10/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 23koa, zenbait finantza-arau aldatzen dituena Gainbegiratze-arloko Europar Agintaritzen ahalmenei dagokienez.
I
Erkidegoko zuzentarauen (bereziki barne‑merkatuarekin lotutakoen) transposizioa epe zehatz batean egitea da Europar Kontseiluak ezarritako helburu nagusietako bat. Europako Batzordeak txosten batzuk helarazten dizkio aldian behin Lehiakortasunaren Kontseiluari. Balio politiko handia ematen zaie txostenoi, horien bidez neurtzen baitira barne‑merkatuaren gauzapenean estatu kideek dituzten eraginkortasuna eta sinesgarritasuna.
Helburu hori betetzeak are lehentasun handiagoa du egun, kontuan hartzen bada Lisboako Tratatuak diseinatu duen jokaleku berria. Hor, izan ere, aldatu egiten dira Europar Batasunaren Tratatua eta Europar Erkidegoa Eratzeko Tratatua, transposizio‑betebeharrak epe barruan ez betetzeari dagokionez, eta, ez‑betetze horregatik, Batzordeak eska diezaioke Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari ezar ditzala zehapen ekonomiko garrantzitsu batzuk ahalik eta lasterren (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren –EBFT− 260.3 artikulua).
Espainia zintzo eta dagokion epean ari da betetzen hitzartutako transposizio‑helburuak, haiek ezarri zirenetik; une honetan, halere, atzerapen bat du errege‑dekretu honekin jasotzen den zuzentarauaren transposizioan, eta EBFTko 260.3 artikuluan aurreikusitako isuna jasotzeko arriskua du.
Horregatik, nola ondorio larriak etor daitezkeen arau horren izapidetzea atzeratzen jarraitzetik, beharrezkoa da hura errege lege‑dekretu baten bitartez onartzea; horri esker, jadanik irekita dagoen hauste‑prozedura itxiko da, eta, hala, Espainiari zehapen ekonomikoak ezartzea saihestuko.
Errege lege‑dekretua transposizio‑tresna gisa erabiltzeaz bezainbatean, honako hau nabarmen daiteke: Auzitegi Konstituzionalak, urtarrilaren 21eko 23/1993 epaian, adierazten du lege‑dekretua tresna konstituzionalki legezkoa dela egoera ekonomiko gaiztoei aurre egiteko, eta, bere urtarrilaren 13ko 1/2012 epaian, ontzat jotzen du Konstituzioaren 86.1 artikuluan aipatzen den aparteko eta presazko beharrizanaren oinarri juridiko gaitzaileaz baliatzea, «transposizio batean atzerapen nabari bat denean», eta «betebeharrak ez betetzeagatik Espainiako Erresumaren aurka prozedura bat irekita dagoenean».
Bestalde, ez da lehen aldia tresna juridiko horretara jotzen dena, Europar Batasuneko zuzenbidea ez betetzeagatik zehapen ekonomikoak jasotzeko dagoen arrisku benetakoa eta berehalakoa saihesteko. Hala, ondoko eran zuritu zen irailaren 14ko 8/2007 Errege Lege Dekretua, zeinak uztailaren 30eko 23/1992 Legea, Segurtasun Pribatuari buruzkoa, aldatu baitzuen artikulu jakin batzuetan: «badelako oinarri juridiko gaitzaile bat, Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak aipatzen duena; han, araua sortzeko premiak hain berezia izan behar du, ezinezkoa izango baita hari presazko legegintza‑prozeduraz erantzutea, araua berehala sortzeko dagoen beharragatik». Gagozkion kasuan ere bada oinarri hori.
II
Errege lege‑dekretu honek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/78/EE Zuzentarauaren (2010eko azaroaren 24koa) transposizioak eskatutako lege‑aldaketak jasotzen ditu. Aipatu zuzentarauak, berriz, honako hauek aldatzen ditu: 98/26/EE, 2002/87/EE, 2003/6/EE, 2003/41/EE, 2003/71/EE, 2004/39/EE, 2004/109/EE, 2005/60/EE, 2006/48/EE, 2006/49/EE eta 2009/65/EE zuzentarauak, eta aldaketok Ikuskapenerako Europako Agintaritzaren (Europako Banku Agintaritza), Ikuskapenerako Europako Agintaritzaren (Aseguruen eta Erretiro Pentsioen Europako Agintaritza) eta Ikuskapenerako Europako Agintaritzaren (Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritza) eskumenekin daude lotuta.
2008ko azaroan, Batzordeak eskatu zion Jacques de Larosière buru zuen goi‑mailako aditu talde bati gomendio‑sail bat moldatzeko. Haien bitartez, ikuskapen‑neurriak indartu nahi ziren, herritarraren babesa hobetzeko eta finantza‑sistemaren gaineko konfiantza berreskuratzeko. 2009ko otsailaren 25ean aurkeztutako bere azken txostenean («Larosièreren txostena»), goi‑mailako aditu taldeak ikuskapen‑esparrua indartzeko gomendatu zuen, etorkizuneko krisi finantzarioen arriskua eta larritasuna murrizteko.
Txosten hartan oinarriturik, Europar Batasuneko Kontseiluak, 2009ko ekainaren 18ko eta 19ko bileran osatu zituen ondorioetan, gomendatu zuen Finantza Ikuskatzaileen Europako Sistema sortzeko, Ikuskapenerako Europako hiru Agintaritza berriz osatua, eta, haren ondorioz, ondokoak onartu ziren: 1093/2010 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2010eko azaroaren 24koa, Europako Banku Agintaritza sortzen duena; 1094/2010 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2010eko azaroaren 24koa, Aseguruen eta Erretiro Pentsioen Europako Agintaritza sortzen duena, eta 1095/2010 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2010eko azaroaren 24koa, Baloreen eta Merkatuen Europako Agintaritza sortzen duena.
Europar Batasuneko esparruan ezarrita zegoen ikuskapenerako erakunde‑arkitektura aldatu zenez, beharrezkoa gertatu zen ordura arteko Erkidegoko araudia ikuskapen‑eskema berritik zetozen arkitektura berrira eta prozedura berrietara egokitzea, eta aipatu 2010/78/EB Zuzentaraua onartuta egin zen hori.
2010/78/EB Zuzentaraua aldaketa batzuk hasi zen sartzen sektore‑zuzentarauetan, sortutako agintaritza berriak ikuskatzaileen arteko lankidetza‑esparru europarrean integratzeko, eta agintaritzoi beren araudietan ezarrita dituzten funtzioak betetzen uzteko.
Aurreko hori kontuan izanik, eta Europar Batasunaren esparruan egindako aldaketekin paraleloan, errege lege‑dekretu honek 2010/78/EB Zuzentarauak sartutako aldaketak ekartzen ditu zuzenbide nazionalera, kapitalak zuritzeari dagozkion arauak izan ezik, arauon transposizioa erregelamendu‑mailako arau batez egingo baita, eta talde‑inbestimendurako erakundeei dagozkienak salbu, horien transposizioa egiteko urriaren 4ko 31/2011 Legea, onartu baitzen, zeinak azaroaren 4ko 35/2003 Legea, Talde Inbestimendurako Erakundeena, eta hura garatzeko araudia aldatzen baititu.
Transposizio hori zertzeko, errege lege‑dekretuak xedapen batzuk dauzka, eta haien edukia honako elementu hauetan zentratzen da:
Lehenik, Europako Banku Agintaritzarekin, Baloreen eta Merkatuen Europako Agintaritzarekin eta Arrisku Sistemikoko Europako Batzordearekin elkarlanean aritu beharra.
Bigarren, finantza‑erakundeen kaudimenaren ikuskapenarekin lotutako zenbait alderdi Europako Banku Agintaritzari eta Baloreen eta Merkatuen Europako Agintaritzari jakinaraztea.
Hirugarren, estatu kideetako ikuskatzaileen artean gatazkarik sortuz gero, Europako Banku Agintaritzaren eta Baloreen eta Merkatuen Europako Agintaritzaren bitartekotza‑mekanismo loteslea sartzea.
Laugarren, Europako Banku Agintaritzari kontsultatzeko obligazioa.
Bosgarren, enpleguko pentsio‑funtsen jarduerarekin eta ikuskapenarekin lotutako zenbait alderdi Aseguruen eta Erretiro Pentsioen Europako Agintaritzari jakinaraztea.
Premisa horiek kontuan edukita, errege lege‑dekretu hau zazpi artikuluk osatzen dute, eta haietako bakoitzak aldaketa batzuk sartzen ditu, arestian aipatutako ildoetan, honako lege hauetan: 13/1985 Legea, maiatzaren 25ekoa, finantza‑bitartekarien inbestimendu‑koefizienteei, baliabide propioei eta informazio betebeharrei buruzkoa; 1298/1986 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 28koa, Kreditu Erakundeen arloan indarrean dagoen Zuzenbidea Europako Erkidegoetakora Egokitzearen gainekoa; uztailaren 28ko 24/1988 Legea, Baloreen Merkatuarena; uztailaren 29ko 26/1988 Legea, Kreditu Erakundeen Diziplinari eta Ikuskaritzari buruzkoa; azaroaren 12ko 41/1999 Legea, baloreak ordaintzeko eta kitatzeko sistemei buruzkoa; azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretua, Pentsio‑planak eta ‑funtsak Arautzeko Legearen testu bategina onartzen duena; apirilaren 22ko 5/2005 Legea, finantza‑multzoen ikuskaritzari buruzkoa eta finantza‑sektoreko beste lege batzuk aldatzen dituena.
Errege lege‑dekretu honetan jasotako neurriek helburu zehatz bat dute: ikuskapenerako eskema nazionala Europar Batasuneko zuzenbidetik datozen betebeharretara egokitzea. Betebeharrok ikuskapenerako europar esparru berri bat ezartzen dute, eta hark ezinbestekotzat jotzen diren tresna batzuk ditu bere baitan, krisi ekonomikoa eragin zuten jarduerak berriz ager daitezen saihesteko. Egokitze hori ahalik eta lasterren egin behar da, horrela bakarrik ezarriko baita eraginkorki gure herrian europar ikuskapen‑sistema, gainerako estatu kideekin koordinatuta, Europako araudiak eskatzen duen bezala.
III
Krisi ekonomiko larriak jarduera ekonomikoaren jaitsiera handia ekarri du berarekin, eta, harekin lotuta, beherakada handi bat izan da lurralde‑erakundeek biltzen dituzten baliabideetan ere. Horren ondorioz, erakundeok atzerapenak metatu dituzte beren hornitzaileekin hartuak dituzten obligazioen ordainketan, eta horrek oso eragin negatiboa izan du enpresen likidezian, eta, beraz, enplegua galdu da. Egoera hori are larriago bilakatu da ordaintzeke dauden obligazio horientzako kredituak eta banku‑deskontuak eskuratzeko egun dauden murrizketa gogorrengatik.
Egoera larri horri irtenbideak eskaintzeko, Gobernuak martxoaren 9ko 7/2012 Errege Lege Dekretua onartu zuen, hornitzaileentzako ordainketak finantzatzeko funtsa sortzen duena, eta horrek otsailaren 24ko 4/2012 Errege Lege Dekretua osatzen du, zeinak toki‑erakundeen hornitzaileei ordaintzeko finantziazio‑mekanismo bat ezartzeko informazio‑betebeharrak eta beharrezko prozedurak xedatzen dituen. Hura egoki aplikatzeko eta ziurgabetasunak aienatzeko, alderdi batzuk aldatu zaizkio 7/2012 Errege martxoaren 9ko Lege Dekretuari, hornitzaileentzako ordainketak finantzatzeko funtsa sortzen duenari, segurtasun juridiko handiagoz errazteko haren aplikazio presazko eta berehalakoa.
Horren arabera, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliatuta, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2012ko martxoaren 23ko bileran eztabaidatu ondoren,
XEDATZEN DUT:
Lehen artikulua. Finantza‑bitartekarien inbestimendu‑koefizienteei, baliabide propioei eta informazio‑betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legearen aldaketa.
13/1985 Legea, maiatzaren 25ekoa, finantza‑bitartekarien inbestimendu‑koefizienteei, baliabide propioei eta informazio‑betebeharrei buruzkoa, honela geratzen da aldatuta:
Bat. Honela geratzen da idatzita hamar bis artikuluko 2. paragrafoko d) idatz‑zatia:
«d) Elkarlan estuan aritzea atzerriko kreditu‑erakundeen, jatorrizko etxeen, filialen edo talde bereko partaidetuen gainean ikuskapen‑erantzukizuna duten beste agintaritza eskudun batzuekin, ekainaren 28ko 1298/1986 Errege Lege Dekretuko 6. artikuluan aurreikusitako eran.
Zehazki, Espainiako Bankua elkarlanean arituko da aipatutako agintaritza eskudunekin: batetik, kreditu‑erakundeen espainiar taldean aplikatu beharreko barneko kreditu‑kalifikazioak edo arrisku operazionala neurtzeko barneko metodoak erabiltzeko baimena emateko, eta, bestetik, aipatu baimena emateko kontuan hartuko diren baldintzak zehazteko.
Honako hauek aurkez ditzakete aurreko lerrokadan aipatutako baimen‑eskaerak: jatorrizko etxea Europar Batasunean duen kreditu‑erakunde batek eta haren filialek, edo, haiekin batera, balore‑zorroa kudeatzen duen eta jatorrizko etxea Europar Batasunean duen finantza‑sozietate baten filialek. Eskaera horiek Espainiako Bankuari zuzenduko zaizkio, hura baita kreditu‑erakundez osatutako talde finkagarrien ikuskapenaz arduratzen den agintaritza.
Kasu horietan, sei hiletik beherako epe batean, Espainiako Bankuak baterako erabaki bat hartuko du eskaeraren gainean, taldean integratutako erakundeak ikuskatzeko ardura duten beste estatu kide batzuetako agintari eskudunekin batera. Baterako erabaki horrek jasotzen duen ebazpen arrazoitua eskatzaileari jakinaraziko dio Espainiako Bankuak.
Aurreko lerrokadan aipatzen den epea Espainiako Bankuak eskaera osoa jasotzen duen datan abiatuko da. Espainiako Bankuak gainerako agintari eskudunei igorriko die aipatu eskaera lehenbailehen.
Baldin eta ez bada baterako erabakirik Espainiako Bankuaren eta gainerako agintari eskudunen artean sei hileko epean, Espainiako Bankuak hartuko du eskaeraren gaineko erabakia. Ebazpen arrazoituak oso kontuan hartuko ditu sei hileko epe horretan gainerako agintari eskudunek adierazitako iritziak eta erreserbak. Espainiako Bankuak eskatzaileari eta gainerako agintaritza eskudunei jakinaraziko die ebazpen arrazoitua.
Baldin eta sei hileko epearen azkenean, erabakian tarteko den agintaritza eskudunen batek Europako Banku Agintaritzara bidali badu gaia, Europako Parlamentuarenak eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 1093/2010 Erregelamenduak (EB) −zeinak ikuskapenerako Europako agintaritza (Europako Banku Agintaritza) sortzen baitu, 716/2009/EE Erabakia aldatzen, eta Batzordearen 2009/78/EE Erabakia indargabetzen− 19. artikuluan ezarritakoarekin bat, Espainiako Bankuak atzeratu egingo du bere ebazpena, eta Europako Banku Agintaritzak har dezakeen erabakiaren zain geratuko da, aipatu erregelamenduko 19. artikuluan, 3. paragrafoan, agintzen duen bezala. Horren ondoren, Europako Banku Agintaritzaren erabakiaren arabera erabakiko du. Sei hileko epea adiskidetze‑alditzat hartuko da, aipatu erregelamenduko 19. artikuluaren zentzuan.
Antzeko prozedura batek agintzen duen kasuan, hala baitago aurreikusita Europako Parlamentuarenean eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 2006/48/EE Zuzentarauan (eta honako hauez erabaki behar denean: kreditu‑erakundeak sortzeari eta haien jarduerari buruz, eta lehen aipatutako baimenez, barnean espainiar kreditu‑erakunde bat daukaten atzerriko kreditu‑erakunde taldeen kasuan), Espainiako Bankuak, hartu beharreko baterako erabakian laguntzeaz gainera, onar ditzake, hala badagokio, Europar Batasuneko estatu kideetako beste agintaritza eskudun batzuek gaioi buruz har ditzaketen erabakiak, baldin eta agintaritza horiei badagokie aipatu taldeak ikuskatzeko ardura. Ukitutako espainiar erakundeak aipatu erabakiaren arabera kalkulatuko ditu baliabide propioen mailan dituen eskakizunak.
Idatz‑zati horrek aipatzen duen elkarlan‑prozeduraren baldintzak arau bidez zehaztu ahal izango dira».
Bi. Honela geratzen da idatzita hamar bis artikuluko 2. paragrafoko e) idatz‑zatia:
«e) Koordinazio‑ eta elkarlan‑akordioak egitea beste agintaritza eskudun batzuekin: batetik, berak ikuskatu beharreko taldeen gainean ikuskapen eraginkor bat errazteko eta ezartzeko, eta, bestetik, akordiootatik sortzen diren lan gehigarriak onartzeko.
Zehazki, Espainiako Bankuak alde biko akordio bat egin dezake, 1093/2010 Erregelamenduko (EB) 28. artikuluaren arabera, erakunde filial bat ikuskatzeko daukan ardura jatorrizko enpresa baimendu duten eta ikuskatzen duten agintaritza eskudunei delegatzeko, eta, hala, haiek zainduko dute filiala, lege honetan eta lege hau garatzeko araudian aurreikusitako xedapenen arabera. Aipatutako akordioak egin izanaren eta haien edukiaren berri eman beharko dio Espainiako Bankuak Europako Banku Agintaritzari».
Hiru. Honela geratzen da idatzita hamar bis artikuluko 2. paragrafoko f) idatz‑zatia:
«f) Ahalik eta lasterren jakinaraztea Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari, ukitutako gainerako ikuskapen‑agintaritza nazionalei eta atzerritarrei, Europako Banku Agintaritzari eta Arrisku Sistemikoko Europako Batzordeari larrialdi‑egoera, 1093/2010 Erregelamenduko (EB) 18. artikuluan definitutakoaren antzeko batenaz barne; zehazki, kasu batean da premiazkoa abisu hori: finantza‑merkatuek bilakaera txarra dutenean eta bilakaera horrek arriskuan jar ditzakeenean Europar Batasuneko edozein estatu kidek merkatuan duen likidezia eta estatu horretako finantza‑sistemaren egonkortasuna, estatu horretan Espainiako Bankuak oinarri finkatuko ikuskapena egiten dion talde bateko erakundeak baimendu direnean edo espainiar kreditu‑erakunde bateko sukurtsal esanguratsu batzuk daudenean ezarrita, hurrengo g) idatz‑zatian aurreikusten diren bezala».
Lau. Honela geratzen da idatzita hamargarren bis artikuluko 2. bis paragrafoa:
«2 bis. Aurreko lerrokadako d) idatz‑zatiko lehen paragrafoak aipatzen duen elkarlanaren esparruan, Espainiako Bankuak, talde baten oinarri finkatuko ikuskatzaile gisa, edo jatorrizko etxea Europar Batasunean duen kreditu‑erakunde baten filialak edo jatorrizko etxea Europar Batasunean duen finantza‑sozietate bat Espainian ikuskatzeko ardura duen agintaritza eskudun gisa, bere esku duen guztia egingo du lege honen 6.4 artikuluaren eta artikulu honen 1. paragrafoaren aplikazioaren inguruan erabaki bateratu bat iristeagatik, bi gauza zehazteko: ea zein neurritan egokitu behar duen taldeak bere funts propioen maila finkatua, bere finantza‑egoerari eta arrisku‑profilari dagokienez, eta ea funts propioen zer maila den beharrezkoa 11. artikulua aplikatzeko, banku‑taldeko erakunde bakoitzari eta oinarri finkatuan.
Erabaki bateratua lau hileko epean hartuko da. Hasteko, oinarri finkatuko ikuskatzaileak txosten bat aurkeztuko die egoki diren gainerako agintaritza eskudunei, taldearen gaineko arriskuen ebaluazioa eta guzti, 6.4 artikuluak eta artikulu honen 1. paragrafoak aurreikusten dutenaren arabera. Erabaki bateratuak behar bezain kontuan hartu beharko ditu, halaber, egoki diren agintaritza eskudunek filialen arriskuez egindako ebaluazioa (lege honen 6.4 artikuluaren eta artikulu honen 1. paragrafoaren arabera) eta gainerako agintaritza eskudunek adierazitako erreserbak.
Erabaki bateratua agiri batean azalduko da, zeinak erabaki osoki arrazoitua jasoko duen, eta, Espainiako Bankuak, oinarri finkatuko ikuskatzaile denean, jatorrizko etxea EBn duen kreditu‑erakundeari bidaliko dio hura.
Baldin eta akordiorik ez bada, eta ukitutako gainerako edozein agintaritza eskudunek eskatuz gero, Espainiako Bankuak, hurrengo lerrokadak aipu duen erabakia hartu aurretik, Europako Banku Agintaritzari kontsultatuko dio. Kontsultaren emaitza ez da loteslea izango.
Baldin eta ez bada agintaritza eskudunen baterako erabakirik lau hileko epean, Espainiako Bankuak, oinarri finkatuko ikuskatzaile gisa ari denean, oinarri finkatu baten gainean hartuko du artikulu honetako 1. paragrafoaren eta lege honen 6.4 eta 11. artikuluen aplikazioari buruzko erabakia, baina oso kontuan hartuko ditu, aldez aurretik, dagozkion agintaritza eskudunek filialen arriskuei buruz egindako ebaluazioa eta, hala badagokio, Europako Banku Agintaritzari egindako kontsulta, zehazki azaltzen duela hartatik jasotako irizpenarekiko aldaketa esanguratsu oro. Baldin eta lau hileko epearen azkenean, erabakian tarteko den agintaritza eskudunen batek Europako Banku Agintaritzara bidali badu gaia, 1093/2010 Erregelamenduak (EB) bere 19. artikuluan ezarritakoarekin bat, Espainiako Bankuak atzeratu egingo du bere ebazpena, eta Europako Banku Agintaritzak har dezakeen erabakiaren zain geratuko da, aipatu erregelamenduko 19. artikuluko 3. paragrafoak ezartzen duenaren arabera. Gero, Europako Banku Agintaritzaren erabakiaren arabera erabakiko du. Sei hileko epea adiskidetze‑alditzat hartuko da, aipatu erregelamenduko 19. artikuluaren zentzuan.
Era berean, erabaki bateraturik ezean, Espainiako Bankuak, jatorrizko etxea Europar Batasunean duen kreditu‑erakunde baten filialak edo jatorrizko etxea Europar Batasunean duen finantza‑sozietate bat ikuskatzeko ardura duen agintaritza eskudun gisa, erabaki bat hartuko du artikulu honetako 1. paragrafoaren eta lege honen 6.4 eta 11. artikuluen aplikazioari buruz, oinarri banakako edo azpifinkatu baten gainean, baina oso kontuan hartuko ditu, aldez aurretik, oinarri finkatuko ikuskatzaileak adierazitako oharrak eta erreserbak eta, hala badagokio, Europako Banku Agintaritzari egindako kontsulta, zehazki azaltzen duela hartatik jasotako irizpenarekiko aldaketa esanguratsu oro. Baldin eta lau hileko epearen azkenean, erabakian tarteko den agintaritza eskudunen batek Europako Banku Agintaritzara bidali badu gaia, 1093/2010 Erregelamenduak (EB) bere 19. artikuluan ezartzen duen bezala, Espainiako Bankuak atzeratu egingo du bere ebazpena, eta Europako Banku Agintaritzak har dezakeen erabakiaren zain geratuko da, aipatu erregelamenduko 19. artikuluko 3. paragrafoak ezartzen duenarekin bat. Gero, Europako Banku Agintaritzaren erabakiaren arabera erabakiko du. Sei hileko epea adiskidetze‑alditzat hartuko da, aipatu erregelamenduko 19. artikuluaren zentzuan.
Aurreko bi lerrokadek aipu duten erabakia agiri batean azalduko da, zeinak erabaki osoki arrazoituak jasoko dituen, eta erabakiok kontuan izango dituzte arriskuaren ebaluazioa eta gainerako agintaritza eskudunek lau hileko epean adierazitako oharrak eta erreserbak; Espainiako Bankuak, oinarri finkatuko ikuskatzaile gisa ari denean, ukituak diren agintaritza eskudun guztiei bidaliko die agiria, eta jatorrizko etxea EBn daukan kreditu‑erakunde edo filial ukituari.
Lehen lerrokadak aipu dituen baterako erabakiek eta EBko beste estatu kide batzuetako oinarri finkatuko ikuskatzaileen erabakiek, baldin eta aipatu erabakiotan aipu diren talde finkatuen filial diren espainiar kreditu‑erakundeei eragiten badiete, Espainiako Bankuak hartutako erabakiek dituzten lege‑ondorio berdinak izango dituzte.
Lehen lerrokadak aipu duen erabaki bateratua eta, erabaki bateraturik ezean, laugarren eta bosgarren lerrokaden arabera hartutako erabakiak urtero eguneratuko dira, edo, salbuespenezko zirkunstantzietan, ondoko kasu honetan: jatorrizko etxea Europar Batasunean duen kreditu‑erakunde baten filialak ikuskatzeko ardura duen agintaritza eskudun batek edo balore‑zorroa kudeatzen duen eta jatorrizko etxea Europar Batasunean duen eta balore‑zorroa kudeatzen duen finantza‑sozietate batek eskaera idatzi eta osoki arrazoitu bat aurkezten diotenean oinarri finkatuko ikuskatzaileari, lege honen hamaikagarren artikuluaren aplikazioari buruzko erabakia eguneratzeko. Bigarren kasuan, oinarri finkatuko ikuskatzailea eta eskaera aurkeztu duen agintaritza eskuduna ardura daitezke eguneratzeaz modu alde bikoan».
Bost. Honela geratzen da idatzita hamar quater artikuluko 1. paragrafoa:
«1. Espainiako Bankuak, oinarri finkatuko ikuskatzaile gisa, ikuskatzaile‑elkargo batzuk ezarriko ditu 10.bis.2 artikuluko a), d) eta f) idatz‑zatiek aipu dituzten zereginak errazteko, eta, legeria aplikagarrian aurreikusitako konfidentzialtasun‑eskakizunen eta Europar Batasuneko zuzenbidearen arabera, hirugarren herrialdeetako agintaritza eskudunekin koordinazio eta elkarlan egokia bultzatuko ditu.
Ikuskatzaile‑elkargoek esparru bat osatuko dute; esparru horretan, ondoko zeregin hauek garatuko dira:
a) Informazioa trukatzea agintaritza eskudunen artean eta Europako Banku Agintaritzarekin, 1093/2010 Erregelamenduko (EB) 21. artikuluak ezarritakoaren arabera.
b) Zereginen borondatezko esleitzea eta erantzukizunen borondatezko delegatzea hitzartzea, hala badagokio.
c) Zuhurtzia‑azterketako programa batzuk ezartzea, taldearen arriskuen ebaluazioan oinarrituta, 10.bis.1 artikuluaren arabera.
d) Ikuskapenaren eraginkortasuna handitzea, guztiz ezabatzen direla beharrezkoak ez diren zuhurtzia‑eskakizunen bikoizketak; zehazki, ekainaren 28ko 1298/1986 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluko 1 eta 1.bis paragrafoek aipu dituzten informazio‑eskaeren kasuan, non kreditu‑erakundeen alorrean indarrean den zuzenbidea Europako Erkidegoetakora egokitu beharra aipatzen den.
e) Modu koherentean aplikatzea Europako Parlamentuarenean eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 2006/48/EE Zuzentarauan, kreditu‑erakundeak sortzeari eta haien jarduerari buruzkoan, aurreikusitako zuhurtzia‑eskakizunak banku‑talde bateko erakunde guztietan, betiere Europar Batasuneko legeriak eskaintzen dituen aukerei eta eskumenei kalterik egin gabe.
f) 10 bis.2.c) artikulua aplikatzea, esparru horretan era daitezkeen beste foro batzuetan egindako lanari arreta jarrita».
Sei. Honela geratzen da idatzita 13. artikuluko 3. paragrafoa:
«3. Espainiako Bankuak egiaztatu beharko du ea helbidea Europar Batasunetik kanpo duen finantza‑erakunde nagusi bateko kreditu‑erakundeak oinarri finkatuko ikuskapen baten pean dauden hirugarren herrialde bateko agintaritza eskudun baten aldetik. Ikuskapen horrek lege honetan eta lege hau garatzeko araudian aurreikusitakoaren parekoa izan behar du.
Egiaztapen hori egiteko, Europako Banku Agintaritzak horretarako eratutako orientabideak eduki beharko ditu kontuan Espainiako Bankuak. Erabaki bat hartu aurretik, Europako Banku Agintaritzari egingo dio kontsulta Espainiako Bankuak.
Baldin eta ez badago pareko ikuskapen‑erregimenik, lege honetan eta lege hau garatzeko xedapenetan aurreikusitako oinarri finkatuko ikuskapen‑erregimena aplikatuko zaie goiko lerrokadan aipatutako kreditu‑erakundeei.
Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, Espainiako Bankuak beste metodo batzuk ezar ditzake paragrafo honek aipu dituen taldeen oinarri finkatuko ikuskapena egiteko. Metodo horien artean, bada Espainiako Bankuaren ahalmen bat, hots, helbide soziala Europar Batasunean duen finantza‑erakunde nagusi bat eratzeko eskatzea.
Metodook lege honetan definitutako oinarri finkatuko ikuskapen‑helburuak bete beharko dituzte, eta honako hauei jakinaraziko zaizkie: tarteko diren gainerako agintaritza eskudunei, Europako Batzordeari eta Europako Banku Agintaritzari».
Bigarren artikulua. Kreditu Erakundeen alorreko indarreko Zuzenbidea Europako Erkidegoetakora egokitu beharrari buruzko ekainaren 28ko 1298/1986 Errege Lege Dekretua aldatzea.
Honela geratzen da aldatuta Kreditu Erakundeen alorreko indarreko Zuzenbidea Europako Erkidegoetakora egokitu beharrari buruzko ekainaren 28ko 1298/1986 Errege Lege Dekretua:
Bat. Honela geratzen da idatzita 6. artikuluko 1. paragrafoa:
«1. Kreditu‑erakundeak gainbegiratzeko eta ikuskatzeko bere funtzioak betetzean, Espainiako Bankuak elkarlanean jardungo du atzerriko estatuetan antzeko funtzioak betetzeko ardura duten agintaritzekin, eta, horren barruan, era askotako informazioak eskain ditzake: erakundeon zuzendaritzari, kudeaketari eta jabetzari dagozkionak; haien kaudimenaren kontrola erraz dezaketenak; eta haien ikuskapena erraz dezaketenak edo arauz kanpoko jokabideak jazartzeko edo zigortzeko balio dezaketenak. Era berean, elkarlan‑akordioak egin ditzake xede horretarako.
Baldin eta agintaritza eskudun horiek ez badira Europar Batasuneko beste estatu kide batekoak, informazio hori emateak eskatuko du elkarrekikotasun bat izatea, eta agintaritza eskudunak sekretu profesionalaren pean egotea; Espainiako legeek ezarritako baldintza beretan, gutxienez.
Baldin eta agintaritza eskudunak Europar Batasuneko beste estatu kide batekoak badira, Espainiako Bankuak beren ikuskapen‑zereginetarako behar duten informazio guztia helaraziko die, bere ekimenez, eta, hala eskatzen zaionean, aipatu xedeekin lotutako informazio oro.
Aurreko lerrokadak aipu duen informazioa funtsezkotzat joko da Europar Batasuneko beste estatu kide bateko kreditu‑erakunde baten edo finantza‑sozietate baten sendotasunaren ebaluazioan eragin dezakeenean, eta honako hauek izango ditu barne, bereziki:
a) Dagokion estatu kidean filialak edo partaidetuak dituen taldearen egitura eta talde bateko kreditu‑erakunde nagusietako akziodunen egitura identifikatzea.
b) Taldeko erakundeei eskatutako informazioa jasotzeko eta egiaztatzeko erabilitako prozedurak.
c) Talde baten edo haren erakundeen kaudimenean detektatzen diren bilakaera txarrak, baldin eta bilakaerok eragin larria izan badezakete haien kreditu‑erakundeetan.
d) 13/1985 Legearen (maiatzaren 25ekoa) 11.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera arau‑hauste larriengatik edo oso larriengatik jasotako zehapenak eta hartutako salbuespen‑neurriak, hala nola baliabide propio gehigarriak eskatzea, eta eragiketa‑arriskuak neurtzeko barneko metodoak erabiltzeari mugak ezartzea.
Espainiako Bankuak elkarlanean jardungo du Europako Banku Agintaritzarekin, 2006/48/EE Zuzentarauaren (Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2006ko ekainaren 14koa) helburuetarako, zeinak kreditu‑erakundeak sortzearekin eta haien jarduerarekin dauden lotuta, betiere Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 1093/2010 Erregelamenduaren (EB) arabera, zeinak ikuskapenerako Europako agintaritza (Europako Banku Agintaritza) sortzen baitu, 716/2009/EE Erabakia aldatzen, eta Batzordearen 2009/78/EE Erabakia indargabetzen.
Espainiako Bankuak haren funtzioak betetzeko behar den informazio guztia helaraziko dio Europako Banku Agintaritzari, hark aldez aurretik eskatuta, 1093/2010 Erregelamenduaren (EB) 35. artikuluak dioen bezala».
Bi. m) eta n) idatz‑zati berriak eransten zaizkio 6. artikuluko 4. paragrafoari, eta honela geratzen dira idatzita:
«m) Indarreko araudiaren arabera Europako Banku Agintaritzari komunikatutako informazioa eta, bereziki, 1093/2010 Erregelamenduko (EB) 31. eta 35. artikuluetan ezarritakoa. Aurrekoa gorabehera, aipatu informazioa sekretu profesionalaren pean egongo da.
n) Arrisku Sistemikoko Europako Batzordeari emandako informazioa, informazio hori egokia denean hark Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 1092/2010 Erregelamenduaren (EB) arabera bere estatutu‑funtzioak bete ditzan; erregelamendu hori Europar Batasunean finantza‑sistemaren ikuskapen makrozuhurtziakoa egitearekin dago lotuta, eta Arrisku Sistemikoko Europako Batzordea sortzen du».
Hirugarren artikulua. Baloreen Merkatuaren uztailaren 28ko 24/1988 Legearen aldaketa.
Honela geratzen da aldatuta Baloreen Merkatuaren uztailaren 28ko 24/1988 Legea:
Bat. Honela geratzen da idatzita 29. artikulua:
«29. artikulua. Liburuxkaren mugaz haraindiko balioa.
30. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak onartutako liburuxka, hala nola haren gehigarriak, baliozkoak izango dira negoziaketan onartua izateko harrerako edozein estatu kidetan, betiere Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak aurrez haren berri ematen badie Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari eta harrerako estatu kide bakoitzeko agintaritza eskudunari, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak zerrenda bat argitaratuko du bere webgunean, liburuxken eta (hala badagokio) haien gehigarrien onarpen‑ziurtagirien zerrenda batekin, eta esteka bat, hala badagokio, agiri horiek jatorrizko estatu kideko agintaritza eskudunaren webgunean, jaulkitzailearen webgunean edo merkatu arautuaren webgunean argitaratzean.
Halaber, aipatu 30. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, jatorrizko estatuko agintaritza eskudunak onartutako liburuxka, hala nola haren gehigarriak, baliozkoak izango dira negoziaketan onartua izateko Espainian, betiere aipatu agintaritza eskudunak Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazten badie. Kasu horretan, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak uko egingo dio aipatu liburuxka onartzeari, eta ez du egingo ezein administrazio‑prozedurarik hari dagokionez».
Bi. Honela geratzen dira idatzita 30. artikuluko 1. eta 2. paragrafoak:
«1. Espainia harrerako estatu kide denean, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak abisatu egin beharko die jatorrizko estatu kideko agintaritza eskudunari eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari, ikusten badu jaulkitzaileak edo eskaintza publikoaren ardura duten finantza‑erakundeek irregulartasunak egin dituztela, edo ikusten badu igorlearen obligazioak urratu direla, bigarren mailako merkatu ofizial batean kotizatzea onartzeagatik.
2. Baldin eta, jatorrizko estatu kideko agintaritza eskudunak hartutako neurriak hor izan arren, edota aipatu neurriak desegokiak gertatu direlako, jaulkitzaileak edo eskaintza publikoaren ardura daukan finantza‑erakundeak dagozkion lege‑ nahiz erregelamendu‑xedapenak urratzen jarraitzen badu, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak inbestitzaileak babesteko beharrezko neurri guztiak hartuko ditu, jatorrizko estatu kideko agintaritza eskudunari eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari urraketaren berri eman ondoren. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak berehala emango die Europako Batzordeari eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari hartutako neurrien berri».
Hiru. Honela geratzen da idatzita 31. artikuluko 4. paragrafoa:
«4. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak eguneratuta atxikiko du bigarren mailako merkatu ofizialen zerrenda, eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari eta Europar Batasuneko gainerako estatu kideei bidaliko die, haren edozein aldaketa ere jakinarazten diela».
Lau. Honela geratzen da idatzita 31 bis artikuluko 4. paragrafoa:
«4. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministroak baliogabetu egin dezake bigarren mailako edozein merkatu ofiziali emandako baimena, honako kasu hauetan:
a) Merkatuak ez badu erabili baimena hamabi hileko epean edota berariaz uko egin baldin badio.
b) Merkatuan ez bada izan inolako jarduerarik baliogabetzearen aurreko sei hiletan.
c) Baimena adierazpen faltsuen bidez edo arauz kanpoko beste edozein modutan eskuratu bada.
d) Baimena emateko baldintzak bete ez badira.
e) Arau‑hauste larri bat egiten badu, lege honetako VIII. tituluan aurreikusitakoarekin bat.
Baimen baten baliogabetze oro Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari jakinaraziko zaio».
Bost. Honela geratzen da idatzita 33.2 artikuluko lehen lerrokada:
«2. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak berehala eman beharko du jakitera etete‑erabakia, eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari eta tresna hori negoziatzen den gainerako estatu kideetako agintaritza eskudunei eman beharko die erabakiaren berri, haren negoziazioa etetea hitzar dezaten beren merkatu arautuetan, negoziazio‑sistema aldeaniztunetan eta beren ikuskapenaren pean dituzten barneratzaile sistematikoetan, inbestitzaileen interesei edo merkatuaren funtzionamendu ordenatuari kalte larria eragin dakiekeenean izan ezik».
Sei. Honela geratzen da idatzita 34.2 artikuluko lehen lerrokada:
«2. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak berehala eman beharko du jakitera baztertze‑erabakia, eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari eta tresna hori negoziatzen den gainerako estatu kideetako agintaritza eskudunei eman beharko die erabakiaren berri, haren negoziazioaren bazterketa hitzar dezaten beren merkatu arautuetan, negoziazio‑sistema aldeaniztunetan eta beren ikuskapenaren pean dituzten barneratzaile sistematikoetan, inbestitzaileen interesei edo merkatuaren funtzionamendu ordenatuari kalte larria eragin dakiekeenean izan ezik».
Zazpi. Honela geratzen da idatzita 38. artikuluko 1. paragrafoa:
«1. Europar Batasuneko beste estatu kide batean estatu horretatik kideek urruneko sartzea izateko mekanismoak ezarri nahi dituen bigarren mailako merkatu ofizial espainiarrak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi beharko dio bere asmoa, eta hark, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean, estatu kide horretako agintaritza eskudunari helaraziko dio hura, eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari emango dio informazio hori, baldin eta hark eskatzen badu, prozeduraren arabera eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 1095/2010 Erregelamenduko (EB) −zeinak Ikuskapenerako Europako Agintaritza (Europako Banku Agintaritza) sortzen baitu, 716/2009/EE Erabakia aldatzen, eta Batzordearen 2009/78/EE Erabakia indargabetzen− 35. artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera. Era berean, aipatu agintaritza eskudunak eskatuta, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak estatu hartan ezarri den bigarren mailako merkatu ofizialeko kideen nortasuna jakinaraziko du zentzuzko denbora‑epe batean».
Zortzi. Honela geratzen da idatzita 53 ter artikulua:
«53 ter artikulua. Neurri prebentiboak.
1. Espainia harrerako estatu kide denean erregelamendu bidez ezarritako eran, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak jatorrizko estatu kideko agintaritza eskudunari eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari eman beharko die berri, baldin eta ikusten badu jaulkitzaileak, akzioak edo beste finantza‑tresna batzuk dauzkan edukitzaileak edo 53. artikuluko 2. paragrafoan aipatutako pertsona fisikoak edo juridikoak irregulartasunak egin dituela edo bete gabe utzi dituela lege honetako 35, 35 bis, 53 eta 53 bis artikuluek aipu dituzten obligazioak.
2. Baldin eta, edo jatorrizko estatu kideko agintaritzak neurririk hartu ez duelako, edo, nahiz eta jatorrizko estatu kideko agintaritza eskudunak neurriak hartu, aipatu neurriok desegokiak gertatu direlako, aurreko paragrafoan adierazitako pertsonak lege‑ edo erregelamendu‑xedapenak urratzen jarraitzen badu, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak, jatorrizko estatuko agintaritza eskudunari jakinarazi ondoren, beharrezko neurri guztiak hartuko ditu inbestitzaileak babesteko. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak berehala emango die hartutako neurrien berri Europako Batzordeari eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari».
Bederatzi. Honela geratzen da idatzita 66. artikuluko 6. paragrafoa:
«6. Inbestimendu‑zerbitzuetako enpresa batek, behin baimena eman zaionean, bere jarduera abiatu ahal izateko, sustatzaileek sozietatea eratu beharko dute, eta Merkataritza Erregistroan inskribatu, eta, gero, dagokion Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren erregistroan. Pertsona fisikoak diren finantza‑aholkularitzako enpresak direnean, aski izango da Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren erregistroan inskribatuta.
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari jakinaraziko dio emandako baimen oro».
Hamar. Honela geratzen da idatzita 71. artikuluko 3. paragrafoko b) idatz‑zatia:
«b) Jarduera‑programa bat, non hauek zehaztuko diren, besteak beste: inbestimendu‑zerbitzuak; eskaini nahi diren zerbitzu osagarriak, eta ea aurreikusten den eragile loturik erabiltzea zerbitzuak eman nahi diren estatu kideetako lurraldean. Inbestimendu‑zerbitzuetako enpresak eragile lotuak erabiltzea aurreikusten duenean, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak, harrerako estatu kideko agintaritza eskudunaren eskariz eta zentzuzko epe batean, enpresak aipatu estatu kidean erabili nahi dituen agente lotuen nortasuna jakinaraziko du. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak informazio horretarako sarbidea emango dio Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari, prozeduraren arabera, eta 1095/2010 Erregelamenduko (EB) 35. artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera».
Hamaika. Honela geratzen da idatzita 71. artikuluko 4. paragrafoa:
«4. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Europako Batzordeari eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari jakinaraziko die zer nolako zailtasun orokorrak dituzten inbestimendu‑zerbitzuetako enpresek Europar Batasuneko kide ez den estatu batean jartzeko edo inbestimendu‑zerbitzuak eskaintzeko orduan».
Hamabi. Honela geratzen da idatzita 71 ter artikuluko 1. paragrafoko bigarren lerrokada:
«Baldin eta, jatorrizko estatu kideko agintaritza eskudunak hartutako neurriak gorabehera, inbestimendu‑zerbitzuetako enpresak jarduera argi eta garbi kaltegarri bat atxikitzen badu inbestitzaileen Espainiako interesetarako edo merkatuen funtzionamendu zuzenerako, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak, jatorrizko estatu kideko agintaritza eskudunari horren berri eman ondoren, egoki diren neurri guztiak hartuko ditu; baita inbestimendu‑zerbitzuetako enpresa arau‑hausleek Espainiako lurraldean eragiketa gehiago egitea galarazteko aukera ere. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak luzamendurik gabe emango die hartutako neurrien berri Europako Batzordeari eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak eska diezaioke Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari jarduteko 1095/2010 Erregelamenduko (EB) 19. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera».
Hamahiru. Honela geratzen da idatzita 71 ter artikuluko 2. paragrafoko hirugarren lerrokada:
«Baldin eta, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak hartutako neurriak gorabehera, enpresak lege honetan eta beronen garapen‑arauetan jasotako xedapenak urratzen jarraitzen badu, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak, jatorrizko estatu kideko agintaritza eskudunei berri eman ondoren, enpresa zigor dezake, eta, hala badagokio, Espainiako lurraldean eragiketa gehiago egitea debeka diezaioke. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak luzamendurik gabe emango die neurrion berri Europako Batzordeari eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak eska diezaioke Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari jarduteko 1095/2010 Erregelamenduko (EB) 19. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera».
Hamalau. Honela geratzen da idatzita 74. artikuluko 3. paragrafoa:
«3. Baliogabetzea erabakitzen duen ebazpena berehala beteko da. Behin erabakia jakinarazi zaionean, zerbitzu‑enpresa interesatuak ezingo du egin eragiketa gehiagorik. Ebazpena Merkataritza Erregistroan inskribatu beharko da, eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren erregistroan; gainera, Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari jakinaraziko zaio. Era berean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ordutik aurrera izango du eragina hirugarrenen aurrean».
Hamabost. 8. paragrafo berri bat eransten zaio 85. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:
«8. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionaleko langile baimenduek beren gainbegiratze‑ eta ikuskatze‑funtzioetan egiaztatzen dituzten egitateek froga‑balioa izango dute, interesatutako pertsonek edo erakundeek beren eskubideen edo interesen alde adieraz edo erakuts ditzaketen frogei kalterik egin gabe».
Hamasei. Honela geratzen da idatzita 90. artikuluko 4. paragrafoa:
«4. Honako kasu hauek daude salbuetsita artikulu honetan araututako sekretu‑betebeharretik:
a) Interesatuak berariaz onartzen badu datuak zabaltzea, argitaratzea edo jakinaraztea.
b) Estatistika‑helburuei erantsitako datuak edo era laburtuan nahiz erantsian egindako komunikazioak, betiere banako erakundeak ezin badira identifikatu, ezta zeharka ere.
c) Agintari judizial eskudunek edo fiskaltzak zigor‑prozesu batean edo epaiketa zibil batean eskatutako informazioak; azken kasu horretan, halere, sekretu‑betebeharrak bere horretan iraungo du inbestimendu‑zerbitzuetako enpresen zuhurtzia‑eskakizunekin lotutako guztian.
d) Inbestimendu‑zerbitzuetako enpresa baten lehiaketa‑prozeduren esparruan agintari judizialek eskatzen dituzten informazioak, betiere erakundearen birflotamenduan tarteko diren hirugarrenei buruzkoak ez badira.
e) Balore‑merkatuen antolamendu eta diziplina alorretan emandako administrazio‑ebazpenei buruz jarritako administrazio‑ eta jurisdikzio‑helegiteen esparruan agintari administratibo edo judizial eskudunek eska ditzaketen informazioak.
f) Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak honako hauei guztiei, zeinek bere funtzioak bete ditzan, eman behar dizkien informazioak: balore‑burtsen alorrean eskumenak dituzten autonomia‑erkidegoei; Espainiako Bankuari; Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiari; bigarren mailako merkatu ofizialen sozietate kudeatzaileei, merkatuon funtzionamendu ona bermatzeko; inbestitzaileen berme‑funtsei; inbestimendu‑zerbitzuetako enpresa bateko edo haren taldeko erakunde bateko kontu‑hartzaile edo sindikoei, zeinak egoki diren prozedura administratiboetan edo judizialetan izendatuko baitituzte, eta inbestimendu‑zerbitzuetako enpresetako eta haien taldeetako kontu‑ikuskariei.
g) 19/1993 Legearen arabera (abenduaren 28koa, kapitalak zuritzea prebenitzeko zenbait neurriri buruzkoa) Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak kapitalak zuritzearen aurkako borrokaren agintari arduradunei eman beharreko informazioa, eta Tributuen Lege Orokorrari buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Legearen 93. eta 94. artikuluetan xedatutakoaren arabera eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren aurretiazko baimen delegaezinaz salbuespenezko eran egin daitezkeen komunikazioak. Helburu horietarako, kontuan eduki beharko dira Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak beste herrialde batzuetako ikuskapen‑agintaritzekin formalizatutako elkarlan‑akordioak.
h) Parlamentuko ikerketa‑batzorde batek dagokion legeria espezifikoaren arabera eskatutako informazioak.
i) Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak espainiar merkatu bateko konpentsazio‑ edo kitapen‑sistema edo ‑ganbera bati ematen dizkion informazioak, Batzordeak beharrezkoak jotzen dituenean merkatuan gertatzen den edo gerta daitekeen edozein ez‑betetzeren aurrean aipatu sistemen funtzionamendu egokia bermatzeko.
j) Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak honako hauei, zeinek bere funtzioak bete ditzan, eman behar dizkien informazioak: Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari; Arrisku Sistemikoko Europako Batzordeari; beste herrialde batzuetako erakundeei edo agintaritzei, haien gain denean kreditu‑erakundeak, aseguru‑enpresak, beste finantza‑erakunde batzuk eta finantza‑merkatuak ikuskatzeko funtzio publikoa, edo gordailuak bermatzeko nahiz inbestitzaileei kalte‑ordaina emateko sistemen kudeaketa, betiere elkarrekikotasunik bada, eta erakundeok eta agintaritzok sekretu profesionalaren pean badaude, gutxienez Espainiako legeek ezartzen dituztenen pareko baldintzetan».
k) Lege honen esparruaren peko inbestimendu‑zerbitzuetako enpresen, finantza‑erakundeen eta merkatuen zuhurtzia‑ikuskapenagatik edo zehapenengatik Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari edo balore‑merkatuen alorrean eskumenak dituzten autonomia‑erkidegoetako agintaritzei eman behar dizkien informazioak.
l) Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak 69.6 artikuluko seigarren lerrokadan xedatutakoaren arabera argitaratzen duen informazioa.
ll) Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Energia Elektrikoaren Merkatu Iberiarreko ikuskapen‑agintaritzei eta espainiar ikuskapen‑agintaritzei energiaren alorrean eta ematen dizkien eta aipatu merkatuon ikuskapenerako beren ikuskapen‑funtzioak betetzeko haiek beharrezkoak dituzten informazioak. Helburu horietarako, kontuan eduki beharko dira Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak beste agintaritza batzuekin formalizatutako elkarlan‑akordioak. Batzordearen berariazko adostasunaren bitartez bakarrik zabaldu ahal izango da komunikatutako informazioa.
m) Indarreko araudiaren arabera Europako Banku Agintaritzari emandako informazioa eta, bereziki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 24ko 1093/2010 Erregelamenduko (EB) −zeinak ikuskapenerako Europako agintaritza (Europako Banku Agintaritza) sortzen baitu, 716/2009/EE Erabakia aldatzen, eta Batzordearen 2009/78/EE Erabakia indargabetzen− 31. eta 35. artikuluetan ezarritakoa. Aurrekoa gorabehera, aipatu informazioa sekretu profesionalaren pean egongo da.
n) Arrisku Sistemikoko Europako Batzordeari emandako informazioa, informazio hori egokia denean hark 1092/2010 Erregelamenduaren (EB) (Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2010eko azaroaren 24koa) arabera bere estatutu‑funtzioak bete ditzan; erregelamendu hori Europar Batasunean finantza‑sistemaren ikuskapen makrozuhurtziakoa egitearekin dago lotuta, eta Arrisku Sistemikoko Europako Batzordea sortzen du».
Hamazazpi. Honela geratzen da idatzita 91. artikulua:
«91. artikulua. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Europar Batasuneko estatu kideetako agintaritza eskudunekin, Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzarekin eta Europako Banku Agintaritzarekin izan beharreko elkarlana.
1. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala elkarlanean ariko da Europar Batasuneko beste agintaritza eskudun batzuekin, behar den guztietan, lege honetan ezarritako funtzioak betetzeko, eta, horretarako, aipatu legeak ematen dizkion eskumen guztiak baliatuko ditu; baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1060/2009 Erregelamenduak (EB), kreditu‑kalifikaziorako agentziei buruzkoak, ezarritakoak ere.
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak laguntza emango die Europar Batasuneko beste agintaritza eskudun batzuei. Zehazki, informazioa trukatuko du haiekin, eta ikerketa‑ edo ikuskapen‑jardueretan lagunduko du. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak elkarlan‑helburuetarako erabil ditzake bere botereak; baita ikertutako jokabidea Espainiako estatuan indarrean den araudian arau‑hauste ez den kasuetan ere.
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak elkarlanean jardungo du Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzarekin. Zehazki, beharrezko informazio guztia helaraziko dio luzapenik gabe, hark 1095/2010 Erregelamenduko (EB) 35. artikuluaren arabera esleitu dizkioten funtzioak bete ditzan.
1 bis. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala Europako Banku Agintaritzarekin elkarlanean ariko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 2006/49/EE Zuzentarauaren (inbestimendu‑enpresen eta kreditu‑erakundeen kapitala egokitzeari buruzkoa) helburuetarako, 1093/2010 Erregelamenduaren (EB) arabera.
2. Bigarren mailako merkatu ofizialek urruneko sarbidea egiten uzteko mekanismoak ezartzen dituztenean beste estatu kide batzuetan, eta merkatu horretako eragiketek (ikusirik zer egoera duten balore‑merkatuek harrerako estatu kidean) funtsezko garrantzi bat iristen dutenean merkatuen funtzionamendurako eta inbestitzaileak estatu horretan babesteko, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak eta harrerako estatu kideko agintaritza eskudunak egoeraren araberako elkarlan‑mekanismoak ezarriko dituzte.
Halaber, beste estatu kide bateko merkatu arautu batek urruneko sarbidea bermatzeko mekanismoak ezarri dituenean Espainiako lurraldean, eta Espainian egindako eragiketek, ikusirik zer egoera duten Espainiako balore‑merkatuek, funtsezko garrantzi bat iritsi dutenean merkatuen funtzionamendurako eta inbestitzaileak Espainian babesteko, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak eta merkatu arautuaren jatorriko estatu kideko agintaritza eskudunak egoeraren araberako elkarlan‑mekanismoak ezarriko dituzte.
Paragrafo honetan xedatutakoaren helburuetarako, kasu hauetan ulertuko da eragiketek funtsezko garrantzi bat iritsi dutela: osoki betetzen denean Batzordearen 2006ko abuztuaren 10eko 1287/2006 Erregelamenduko (EE) 16. artikuluan xedatutakoa, zeinaren bitartez Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004/39/EE Zuzentaraua aplikatzen baita, gai hauekin lotuta: inbestimendu‑enpresek erregistro bat eramateko daukaten betebeharra; eragiketei buruzko informazioa; merkatuaren gardentasuna; finantza‑tresnak negoziaziorako onartzea, eta aipatu zuzentarauaren helburuetako definitutako terminoak.
3. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak susmo sendo bat duenean beraren ikuskapenaren pean ez dauden erakunde batzuk xedapen nazionalen aurkako jarduerak ari direla egiten edo egin dituztela beste estatu kide bateko lurraldean, betiere xedapen horiengatik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 21eko 2004/39/EE Zuzentarauaren (finantza‑tresnen merkatuei buruzkoa) transposizioa egin denean, ahalik eta modurik zehatzenean jakinaraziko die aipatu estatu kideko agintaritza eskudunari eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak erabil ditzakeen eskumenei kalterik egin gabe egingo da jakinarazpen hori.
Era berean, jakinarazpen bat jasoz gero beste estatu kide bateko agintaritza eskudunetik, eta hark susmo sendoa badu beraren ikuskapenaren pean ez dauden erakunde batzuk lege honen eta lege hau garatzeko xedapenen aurkako jarduerak ari direla egiten edo egin dituztela Espainiako lurraldean, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak egoera hori zuzentzeko egoki diren neurriak hartu beharko ditu. Gainera, bere esku‑hartzearen emaitzak jakinaraziko dizkie agintaritza eskudun berriemaileari eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintzari, eta, ahal duen heinean, tarteko aurrerapen esanguratsuak.
4. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Europar Batasuneko beste agintaritza eskudun batzuen laguntza eska dezake ikuskapen‑jarduera batean, edo «in situ» zerbait egiaztatzeko, edo bi hauekin lotutako ikerketak egiteko: finantza‑tresnen merkatuari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 21eko 2004/39/EE Zuzentarauaren transposizioa egin duten arau nazionaletan araututako gaiekin, batetik, eta 1060/2009 Erregelamenduarekin (EE) lotutakoekin, bestetik. Beste estatu kide batean baimendutako inbestimendu‑zerbitzuetako enpresen kasuan, enpresok bigarren mailako merkatu ofizial bateko urruneko kideak direnean, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak haiengana zuzenean jotzea aukera dezake, eta, kasu horretan, behar bezala jakinaraziko dio hori urruneko kidearen jatorriko estatu kideko agintaritza eskudunari.
Baldin eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak eskaera bat jasotzen badu bere eskumenen esparruan zerbait «in situ» egiaztatzeko edo ikerketa bat egiteko:
a) berak egingo du egiaztatzea edo ikerketa;
b) eskaera aurkeztu duten agintaritzek egin dezaten onartuko du, edo
c) auditore nahiz aditu batzuek egin dezaten onartuko du.
5. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak, VII. tituluko II. kapituluan edo hura garatzeko araudian araututako gaiei dagokienez, eska diezaieke beste estatu kide batzuetako agintaritza eskudunei egin dezatela ikerketa bat beren lurraldean. Beste gauza bat ere eska diezaieke: beren langile batzuk beste estatu kide horretako agintaritza eskuduneko langileekin batera aritzea ikerketa osoan zehar.
Beste estatu kide batzuetako agintaritza eskudunek ere arestian aipatutako gaiekin lotutako eta baldintza beretako ikerketak egiteko eska diezaiokete Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari.
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak uko egin diezaioke hark aipu dituen ikerketa‑eskaerak bideratzeari, edota beraren langileen ondoan beste estatu kide bateko agintaritza eskuduneko langileak aritzeari, hori subiranotasunaren, segurtasunaren edo ordena publikoaren aurka joan daitekeenean, edota prozedura judizial bat abiarazi denean egitate berengatik eta pertsona beren aurka espainiar agintarien aitzinean, edota espainiar epaile edo auzitegi batek epai irmo bat eman duenean pertsonon aurka egitate berengatik. Kasu horretan, behar bezala jakinaraziko zaio erabakia eskaera egin zuen agintaritza eskudunari, eta ahalik eta informaziorik osoena emango zaio aipatu prozeduraz edo epaiaz. Gaian eskumenak dituzten autonomia‑erkidegoen aldetik paragrafo honetan xedatutakoaren arabera egiten diren edo jasotzen diren laguntza‑eskaera guztiak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren bitartez izapidetuko dira.
Baldin Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren eskaera baztertua bada, edo ez bazaio bide ematen arrazoizko epe batean, Batzordeak jakitera eman dezake. Baldin eta eskaera bat baztertua izan bada, Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzak lagundu egin diezaieke agintaritzei, akordio bat iristeko, 1095/2010 Erregelamenduko (EB) 19. artikuluaren arabera, eta horrek ez die kalterik egingo, ez paragrafo honetako bereko aurreko hirugarren lerrokadan jasotako ukapen‑aukerei, ez eta Batasuneko Zuzenbidea ez betetzeagatik Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzak jarduteko daukan eta 1095/2010 Erregelamenduko (EB) 17. artikuluan aitortzen den gaitasunari».
Hemezortzi. Honela geratzen da idatzita 91 bis artikuluko 1. paragrafoa:
«1. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak berehala emango die Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari eta beste estatu kide batzuetako agintaritza eskudunei eskatzen dioten eta beren funtzioak betetzeko behar duten beharrezko informazioa».
Hemeretzi. 1 bis paragrafo berri bat eransten zaio 91 bis artikuluari, eta honela dago idatzita:
«1 bis. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak hark bere funtzioak betetzeko behar duen informazio guztia emango dio Europako Banku Agintaritzari, 1093/2010 Erregelamenduaren (EB) 35. artikuluan ezarritakoaren arabera».
Hogei. Honela geratzen da idatzita 91 bis artikuluko 6. paragrafoa:
«6. Aurreko paragrafoetan xedatutakoak ez du eragotziko Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak beren funtzioak betetzeko behar duten informazio konfidentziala helaraztea honako hauei: Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari; Arrisku Sistemikoko Europako Batzordeari, betiere kontuan hartzen direla enpresa jakinei buruzko informazio espezifikoari eta hirugarren herrialdeen gaineko eraginei dagokienez 1095/2010 Erregelamenduan (EB) eta 1092/2010 Erregelamenduan (EB) aurreikusten diren mugak; Banku Zentralen Europako Sistemari eta Europako Banku Zentralari, diru‑agintaritza diren aldetik, eta Espainiako Bankuari, arrazoi beragatik, eta ordainketa‑ zein kitapen‑sistemak ikuskatzeko ardura duen agintaritza delako. Modu berean, aipatu agintaritzei ere ez zaie eragotziko informazioa ematea Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari, hark lege honen arabera dagozkion funtzioak bete ditzan».
Hogeita bat. Honela geratzen da idatzita 91 bis artikuluko 7. paragrafoko bigarren lerrokada:
«Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak informazio‑eskaera bat igortzen dionean estatu kide bateko agintaritza eskudunari, eta eskaera hori baztertua denean edo ez zaionean bide ematen arrazoizko epe batean, Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari jakinaraziko zaio. Baldin eta eskaera bat baztertua izan bada, Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzak lagundu egin diezaieke agintaritzei, akordio bat iristeko, 1095/2010 Erregelamenduko (EB) 19. artikuluaren arabera, eta horrek ez die kalterik egingo, ez lege honen 91 ter artikuluan jasotako ukapen‑aukerei, ez eta Batasuneko Zuzenbidea ez betetzeagatik Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzak jarduteko daukan eta 1095/2010 Erregelamenduko (EB) 17. artikuluan aitortzen den gaitasunari».
Hogeita bi. 9. paragrafo berria eransten zaio 91 bis artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:
«9. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak jakinaraziko dio Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari badela erreklamazio‑prozedura bat, inbestimendu‑enpresek emandako inbestimendu‑zerbitzuei eta zerbitzu osagarriei dagokienez finantza‑zerbitzuen erabiltzaileek dauzkaten gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko».
Hogeita hiru. Honela geratzen da idatzita 91 ter artikulua:
«91 ter artikulua. Elkarlanari edo informazio‑trukeari uko egitea.
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak soilik kasu hauetan uko egin diezaioke elkarlan‑eskaera bat bideratzeari ikerketa batean, «in situ» egiaztapen batean edo ikuskapen batean, 91. artikuluko 4. paragrafoaren arabera, edota informazioa trukatzeari, 91 bis artikuluko 1. eta 5. paragrafoen arabera:
a) aipatu ikerketak, «in situ» egiaztapenak, ikuskapenak edo informazio‑trukeak arriskuan jar ditzakeenean subiranotasuna, segurtasuna edo ordena publikoa;
b) prozedura judizial bat abiarazi denean egitate berengatik eta pertsona beren aurka;
c) jadanik ebazpen judizial irmo bat eman denean pertsona berei eta egitate berei dagokienez.
Ukoaren kasuan, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak behar bezala jakinaraziko die eskaera egin duen agintaritza eskudunari eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari, hartaz ahalik eta informaziorik gehien ematen duela».
Hogeita lau. Honela geratzen da idatzita 91 quater artikuluko 1. paragrafoko lehen lerrokada:
«1. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak hirugarren herrialdeetako agintaritza eskudunekiko informazio‑trukea aurreikusten duten elkarlan‑akordioak egin ditzake, baldin eta emandako informazioak gutxienez 90. artikuluan eskatzen denaren pareko sekretu profesionalaren bermea badu, eta elkarrekikotasunik bada. Informazio‑truke horrek agintaritza eskudunei ezarri zaizkien zereginak betetzera egon behar du zuzenduta. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari emango dio paragrafo honek aipu dituen elkarlan‑akordioak egitearen berri».
Hogeita bost. Honela geratzen da idatzita 91 septies artikuluko 1. paragrafoko a) idatz‑zatia:
«a) Informazioa trukatzea agintaritza eskudunen artean eta Europako Banku Agintaritzarekin, 1093/2010 Erregelamenduko (EB) 21. artikuluak ezarritakoaren arabera».
Hogeita sei. Honela geratzen da idatzita 92. artikuluko i) idatz‑zatia:
«i) bigarren mailako merkatu ofizialen erregistro bat, zeinaren eduki eta aldaketen berri emango zaien Europar Batasuneko gainerako estatu kideetako ikuskapen‑erakundeei eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari».
Hogeita zazpi. 107 bis artikulu berri bat eransten da, eta honela geratzen idatzita:
«107 bis artikulua. Arau‑hausteen eta administrazio‑zehapenen informazioa eta jakinarazpena.
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak informazio agregatua emango dio, urtero, Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari, lege honetako betebeharrak ez betetzeagatik egindako arau‑hausteez eta ezarri diren zehapenez.
Baldin eta guztien jakinera heldu bada neurri administratibo bat edo zehapen bat, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari jakinaraziko dio aldi berean egitate hori».
Hogeita zortzi. Honela geratzen da idatzita 127. artikuluko 1. paragrafoa:
«1. Espainia merkatu arautu baten edo negoziazio‑sistema aldeaniztun baten harrerako estatu kide denean eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak argi eta garbi dakusanean aipatu merkatu arautuak edo negoziazio‑sistema aldeaniztunak urratu egiten dituela 2004/39/EE Zuzentarauari jarraiki onartutako xedapenetatik datozen betebeharrak, Batzordeak merkatu arautuaren edo negoziazio‑sistema aldeaniztunaren jatorriko estatu kideko agintaritza eskudunari jakinaraziko dizkio egitateak.
Baldin eta, jatorrizko estatu kideko agintaritza eskudunak hartutako neurriak gorabehera, aipatu merkatu arautuak edo negoziazio‑sistema aldeaniztunak jarduera argi eta garbi kaltegarri bat atxikitzen badu inbestitzaileen Espainiako interesetarako edo merkatuen funtzionamendu zuzenerako, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak, jatorrizko estatu kideko agintaritza eskudunari berri eman ondoren, haiek babesteko egoki diren neurri guztiak hartuko ditu. Neurrion artean, honako hau izango da barne: aipatu merkatu arautuak edo negoziazio‑sistema aldeaniztunak bere mekanismoak Espainian ezarri diren urruneko kideen eskura jar daitezen galaraztea. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak luzamendurik gabe emango die hartutako neurrien berri Europako Batzordeari eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzaren aurrean ager dezake egoera, eta hark 1095/2010 Erregelamenduaren (EB) 19. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera joka dezake.»
Hogeita bederatzi. Honela geratzen da idatzita 128. artikuluko 3. paragrafoa:
«3. Akzioak kategoriaka multzokatuko dira, merkatuan akzio harentzat betearazitako aginduen batez besteko balio aritmetikoan oinarrituta. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak akzio bakoitza zein kategoriatakoa den argitaratuko du urtean behin zirkular baten bitartez, eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari helaraziko dio».
Laugarren artikulua. Kreditu Erakundeen Diziplinari eta Kontu‑ikuskaritzari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legea aldatzea.
Honela geratzen da aldatuta Kreditu Erakundeen Diziplinari eta Kontu‑ikuskaritzari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legea:
Bat. Honela geratzen da idatzita 23 bis artikulua:
«23 bis artikulua.
Espediente bat abiarazten denean, baldin eta Europar Batasuneko beste estatu kide batean baimendutako kreditu‑erakundeen sukurtsalei eragiten badie, estatu horretako ikuskapen‑agintaritzei jakinaraziko zaie, haiek ere, lege honen arabera erakunde horri dagozkion zehapenei kalterik egin gabe, egokitzat jotako neurriak har ditzaten, aipatu erakundearen arau‑hausteak geldiarazteko, edo arau‑hausteok etorkizunean errepika daitezen saihesteko. Behin espedientea ebatzi denean, Espainiako Bankuak aipatu agintaritzei emango die hartutako erabakiaren berri, eta, erabaki horrek zehapen bat dakarrenean berarekin arau‑hauste larriagatik edo oso larriagatik, Europako Batzordeari eta Europako Banku Agintaritzari».
Bi. Honela geratzen da idatzita 49. artikuluko 2. paragrafoa:
«2. Espainiako Bankuak hiru hileko epearen barruan ebatziko du kasua, erabaki arrazoitu baten bidez, informazio guztiak jasotzen dituenetik hasita. Baldin eta aurkeztu den jarduera‑programak ez badu jasotzen erakundeari baimendu ez zaion jarduerarik, edota Espainiako Bankuak, delako proiektua ikusirik, ez badu zalantzarik kreditu‑erakundearen egitura administratiboaren edo finantza‑egoeraren egokitasunaz, Bankuak onartu egingo du eskaera. Epe barruan ebazpenik ez ematea uziari ezetz esatearen pareko izango da.
Artikulu honek aipu duen uzia ukatu den kasuen kopurua eta izaera jakinaraziko dizkie Espainiako Bankuak Europako Batzordeari eta Europako Banku Agintaritzari».
Bosgarren artikulua. Baloreak ordaintzeko eta kitatzeko sistemei buruzko azaroaren 12ko 41/1999 Legea aldatzea.
Honela geratzen da aldatuta baloreak ordaintzeko eta kitatzeko sistemei buruzko azaroaren 12ko 41/1999 Legea:
Bat. Honela geratzen da idatzita 6. artikuluko 1. lerrokada:
«Espainiako Bankuak eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak luzamendurik gabe emango diote Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari, hark aldez aurretik eskatutakoan, 1095/2010 Erregelamenduko (EB) 35. artikuluan xedatutakoaren arabera bere funtzioak betetzeko behar duen informazioa, eta lege honi jarraiki aintzat hartuta dauden eta berek edo berek ikuskatutako erakundeek kudeatzen dituzten sistemen berri emango diote Europar Batasuneko Batzordeari, eta berak izango dira, halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 98/26/EE Zuzentarauaren (1998ko maiatzaren 19koa, baloreak ordaintzeko eta kitatzeko sistemetako kitapenak egiteko sendotasunari buruzkoa) 6. artikuluko 2. eta 3. paragrafoek aipu dituzten jakinarazpenak jasotzeaz edo bidaltzeaz arduratuko diren erakundeak».
Bi. Honela geratzen da idatzita 16.3 artikuluko bigarren lerrokada:
«Espainiako Bankuak edo, hala badagokio, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak igorriko diete aipatu jakinarazpena, berehala, Arrisku Sistemikoko Europako Batzordeari, gainerako estatu kideei eta Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritzari».
Seigarren artikulua. Azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaz onartutako Pentsio Planak eta Funtsak Arautzeko testu bategina aldatzea.
Beste 6. paragrafo bat eransten zaio azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaz onartutako Pentsio Planak eta Funtsak Arautzeko testu bateginaren 24. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:
«6. Baldin eta enpleguko pentsio‑funtsen mugaz haraindiko jarduerarik izanez gero, aipatu jarduera egiten den estatu kideetako pentsio‑funtsen administrazio‑erregistroan jasoaraziko da, eta Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak Aseguruen eta Erretiro Pentsioen Europako Agintaritzari jakinaraziko dio aipatu informazioa.
Halaber, Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak Aseguruen eta Erretiro Pentsioen Europako Agintaritzari jakinaraziko dizkio lege honetan aurreikusitakoaren arabera enpleguko pentsio‑funtsen jarduerak debekatzeko hartutako erabakiak, eta, nolanahi ere, zehatz‑mehatz arrazoitu beharko dira erabakiok, eta dagokion funtsari jakinarazi beharko zaizkio. Helburu horretarako, enpleguko pentsio‑funtsen baimen administratiboaren baliogabetzea jakinaraziko dio agintaritza horri, baliogabetze hori 31.2 artikuluko a) eta c) lerrokadetan aurreikusitako kausengatik denean izan ezik. Halaber, baimendu gabeko enpleguko pentsio‑funtsen jarduera eteteko errekerimendua jakinaraziko dio aipatu Agintaritzari, eta honako kontrol bereziko neurri administratibo hauek ere jakinaraziko dizkio: funtsetan plan berriak edo partaide nahiz ekarpen berriak onartzeko debekua, eta mugaz haraindiko jarduerak egiteko debekua».
Zazpigarren artikulua. Finantza multzoen ikuskaritzari buruzkoa eta finantza‑sektoreko beste lege batzuk aldatzen dituen apirilaren 22ko 5/2005 Legea aldatzea.
Honela geratzen da aldatuta finantza‑multzoen ikuskaritzari buruzkoa eta finantza‑sektoreko beste lege batzuk aldatzen dituen apirilaren 22ko 5/2005 Legea:
Bat. Honela geratzen da idatzita 6. artikulua:
«6. artikulua. Agintaritza eskudunen arteko elkarlana.
1. Espainiako agintaritza eskudunak elkarlanean ariko dira Ikuskapenerako Europar Agintaritzen Batzorde Mistoarekin eta gainerako agintaritza eskudunekin, lege honen eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko abenduaren 16ko 2002/87/EE Zuzentaraua aplikatuta emandako gainerako lege nazionalen pean dauden finantza‑multzoetako erakunde arautuen ikuskapen gehigarriaren esparruan.
2. Baldin eta koordinatzaile‑funtzioak egitea egokitzen bazaie edota aurreko paragrafoan aipu diren finantza‑multzoetako batean integratutako finantza‑erakunde talde baten oinarri finkatuko ikuskapena egiteko ardura badute, espainiar agintaritzek koordinazio‑akordioak ezarri beharko dituzte finantza‑multzo horren gaineko gainerako agintaritza eskudunekin, eta garrantzitsutzat jotako agintaritzetara muga ditzakete akordioak, erregelamendu bidez xedatzen diren irizpide batzuen arabera.
Aipatu akordioek handitu egin ditzakete koordinatzailearen funtzioak; gainera, agintaritza eskudun sinatzaileen arteko erabaki‑hartzeei aplikatu beharreko prozedurak zehatz ditzakete, eta beste agintaritza eskudun batzuekin elkarlanean aritzeko prozedurak ere bai.
Kasu honetan ere egin beharko dituzte aipatu akordioak: berak agintari eskudun direla, horretarako eskaera jasotzen dutenean Europar Batasunekoak diren eta paragrafo honetako lehen lerrokadan deskribatutako funtzioak betetzen dituzten beste estatu kide batzuetako agintaritzetatik.
3. Ikuskapen gehigarria egiteko edozein informazio egoki edo funtsezko trukatuko dute espainiar agintaritzek aipatu finantza‑multzoaren gaineko gainerako agintaritza eskudunekin. Erregelamendu bidez xedatuko da paragrafo honek aipu duen informazio‑bilketak eta ‑trukeak izan beharreko gutxieneko irismena.
Honako hauetara ere heda daiteke informazio‑trukeko erregimen hori: banku zentraletara, Banku Zentralen Europako Sistemara, Europako Banku Zentralera eta Arrisku Sistemikoko Europako Batzordera.
Espainiar agintaritza eskudunek luzamendurik gabe emango diote Ikuskapenerako Europar Agintaritzen Batzorde Mistoari, hark aldez aurretik eskatutakoan, hark bere funtzioak betetzeko behar duen informazio guztia, eta xedapen hauen 35. artikuluan dago ezarrita nola beteko dituen Batzordeak bere funtzioak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 1093/2010 Erregelamendua (EB), Ikuskapenerako Europako Agintaritza (Europako Banku Agintaritza) sortzen duena, 716/2009/EE Erabakia aldatzen, eta Batzordearen 2009/78/EE Erabakia indargabetzen; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 1094/2010 Erregelamendua (EB), Aseguruen eta Erretiro Pentsioen Europako Agintaritza sortzen duena, 716/2009/EE Erabakia aldatzen, eta Batzordearen 2009/79/EE Erabakia indargabetzen; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 1095/2010 Erregelamendua (EB), Baloreen eta Merkatuen Europako Agintaritza sortzen duena, 716/2009/EE Erabakia aldatzen, eta Batzordearen 2009/77/EE Erabakia indargabetzen.
4. Espainiar agintaritzek finantza‑multzoaren gaineko gainerako agintaritza eskudunei egingo diete kontsulta, aldez aurretik, ikuskapen gehigarriko lanerako garrantzitsuak izan daitezkeen neurri hauek hartu behar direnean:
a) Finantza‑multzoko erakunde arautuetako akziodunen egituran eta antolamendu‑ edo kudeaketa‑egiturako aldaketak, aldaketok agintaritza eskudunen onarpena edo baimena behar dutenean.
b) Zehapen garrantzitsuak edo salbuespen‑neurriak.
c) Erregelamendu bidez ezar daitezkeen gainerakoak.
Espainiar agintaritza eskudunek ez kontsultatzea erabaki dezakete, presazko kasuetan edo kontsulta horrek arriskuan jar dezakeenean erabakien eraginkortasuna. Kasu horretan, gainerako agintaritza eskudunei jakinaraziko diete.
5. Finantza‑multzo baten gaineko koordinatzaile‑funtzioak egiten ari den Espainiako edo beste estatu kide bateko agintaritza eskudunak zuzenean jo dezake aipatu multzoko erakunde arautu edo ez arautuetara, ikuskapen gehigarria egiteko egokia den edozein informazio eskatzera. Baldin eta eskatutako informazio bat jadanik eman bazaio agintaritza eskudun bati aplika daitekeen sektore‑araudiaren arabera, koordinatzaile‑funtzioak egiten dituen agintaritzak informazio hori eska diezaioke hari.
Aurrekoari kalterik egin gabe, espainiar agintaritza eskudunek, koordinatzaile‑funtzioak egiten ari den agintaritzak hala eskatuta, horrek bere koordinazio‑funtzioak egiteko beharrezkoa duen edozein informazio eskatu beharko diete finantza‑konglomeratuetako kide diren eta egoitza Espainian duten erakunde arautuei edo ez arautuei, eta koordinatzaileari igorriko diote aipatu informazioa.
Era berean, multzo baten gaineko koordinatzaile‑funtzioak egiten ari diren espainiar agintaritza eskudunek edozein informazio eska diezaiekete Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako agintaritza eskudunei, baldin eta hura egokia bada aipatu erakunde nagusiaren edo dagokion estatu kidean egoitza duten multzo horretako erakunde arautuen edo ez arautuen gainean ikuskapen gehigarria egiteko.
6. Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak beharrezko arauak eman ditzake, espainiar agintaritza eskudunen artean artikulu honetan ezarritakoaren araberako koordinazio eta elkarlan egokia ziurtatzeko».
Bi. Hirugarren eta laugarren lerrokada berriak eransten zaizkio 8.1 artikuluari, eta honela geratzen dira idatzita:
«Aurreko lerrokadan aurreikusitako kasuan, espainiar agintaritza eskudunak gainerako dagozkion agintaritza eskudunei egingo die kontsulta, eta, ahal den heinean, Batzorde Mistoaren bitartez eratutako arau aplikagarriak beteko ditu.
Agintaritza eskudun garrantzitsuetako bat ez denean ados espainiar agintaritza eskudunak paragrafo honetan xedatutakoaren arabera hartutako erabakiarekin, 1093/2010 Erregelamenduaren (EB), 1094/2010 Erregelamenduaren (EB) eta 1095/2010 Erregelamenduaren (EB) 19. artikuluak aplikatuko dira, hurrenez hurren. Era berean, aipatu artikulua aplikatuko da, espainiar agintaritza ez denean koordinatzailea, eta ez denean ados koordinatzaile‑funtzioak egiten dituen agintaritza eskudunak hartutako erabakiarekin».
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabeturik geratzen dira errege lege‑dekretu honetan xedatutakoaren aurka diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetatik lehena. Hornitzaileei Egin Beharreko Ordainketak Finantzatzeko Funtsa sortzeko martxoaren 9ko 7/2012 Errege Lege Dekretua aldatzea.
Honela geratzen da idatzita Hornitzaileei Egin Beharreko Ordainketak Finantzatzeko Funtsa sortzeko martxoaren 9ko 7/2012 Errege Lege Dekretua:
Bat. Honela geratzen da idatzita 4. artikuluko 2. paragrafoa:
«2. Horretarako, 1.500.000 mila euroko ezohiko kreditua ematen zaio honako atal honetan indarrean dagoen aurrekontuari: 27 atala «Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa», 03 zerbitzua «Ekonomiako Estatu Idazkaritza», 923 M programa «Ekonomiako eta Ogasuneko zuzendaritza eta zerbitzu orokorrak», 8. kapitulua «Finantza‑aktiboak», 87. artikulua «Ondare‑ekarpenak», 872 kontzeptua «Hornitzaileei Egin Beharreko Ordainketak Finantzatzeko Funtserako ondare‑ekarpenak.
Aurreko lerrokadak aipu duen ezohiko kreditua zor publiko bidez finantzatuko da».
Bi. Honela geratzen da idatzita 6. artikuluko 3. paragrafoa:
«3. Dagokion Lege Organikoak Kontuen Auzitegiari esleitzen dizkion eskumenei kalterik egin gabe, Funtsaren kudeaketa ekonomiko‑finantzarioa Estatuko Administrazioko Kontu‑hartzailetza Nagusiaren kontrolaren pean egongo da, kontu‑ikuskapen publiko batzuen bitartez, azaroaren 26ko 47/2003 Legean zehaztutakoaren arabera».
Hiru. Honela geratzen da idatzita bigarren xedapen gehigarria:
«Bigarren xedapen gehigarria. Zor publikoaren zerga‑araubidearen hedapena.
Lege honetako 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera Funtsak egin ditzakeen zor‑jaulkipenek zor publikoak daukan zerga‑araubide bera izango dute».
Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen‑tituluak.
Errege lege‑dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 1.6., 11. eta 13. arauetan xedatutakoarekin bat dago emanda; artikulu horrek Espainiako Estatuari esleitzen dio merkataritzako legeriari, kreditua, banka eta aseguruak antolatzeko oinarriei eta ekonomia‑jardueraren plangintza orokorraren oinarriei eta koordinazioari buruzko eskumena, hurrenez hurren.
Azken xedapenetatik hirugarrena. Europar Batasuneko zuzenbidea gehitzea.
Errege lege‑dekretu honen bitartez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/78/EB Zuzentaraua gehitzen zaio espainiar zuzenbideari, hain zuzen ere honako hauek aldatzen dituena: 98/26/EE, 2002/87/EE, 2003/6/EE, 2003/41/EE, 2003/71/EE, 2004/39/EE, 2004/109/EE, 2005/60/EE, 2006/48/EE, 2006/49/EE eta 2009/65/EE zuzentarauak, Ikuskapenerako Europako Agintaritzaren (Europako Banku Agintaritza), Ikuskapenerako Europako Agintaritzaren (Aseguruen eta Erretiro Pentsioen Europako Agintaritza) eta Ikuskapenerako Europako Agintaritzaren (Baloreen eta Merkatuaren Europako Agintaritza) eskumenekin lotuta.
Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.
Errege lege‑dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Madrilen, 2012ko martxoaren 23an.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY
euskal legezalea