kodezibilaaldaraztekolegea,banatzeetadib
Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea aldarazteko Legea, banatze eta dibortzio arloan
© Lege-testu guztien itzulpena eta aurkibide analitikoak: Eba Gaminde, Begoña Landa, Gotzon Lobera, Andres Urrutia, Esther Urrutia eta IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala
© Deustuko Unibertsitatea. Euskal Gaien Institutua
© IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala
Uztailaren 8ko 15/2005 Legea, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea aldaraztekoa, banantze eta dibortzioaren arloan
(«EAO», 163. zk., uztailaren 9koa)
ZIOEN AZALPENA
1978ko Konstituzioak bere 32. artikuluan agindu zehatza ematen dio legegileari, ezkontideen eskubideak eta eginbeharrak berdintasun juridiko osoarekin arautu ditzan, bai eta banantzeko eta ezkontza desegiteko arrazoiak, eta ezkontzaren ondoreak ere.
Uztailaren 7ko 30/1981 Legeak ezkontzaren arauketa aldarazi zuen Kode Zibilean. Horrekin batera, deuseztasun-, banantze- eta dibortzio-kasuetan jarraitu beharreko prozedura aldarazi zuen, garai hartan berriak ziren printzipioen arabera.
Horrek ekarri zuen ezkontideen duintasuna eta euren eskubideak sustatu eta babestea, eta, era berean, ahaleginak egitea ezkontzaren bidez bi-bion nortasuna askatasunez gara zedin.
Horretarako, legeak aintzakotzat hartu behar zuen ezkontzeko eskubidea, behin eta berriz, konstituzio-eskubide gisa itxuratzen zela. Eskubide horren egikaritzak ezin zuen eraginik izan, eta, are gutxiago, kalte eragin, ezkontideetatik ezeinen egoera juridikoari. Bestalde, ezkontzaren ondoriozko harreman juridikoak desegiteko modukoak izan behar ziren, horretarako legezko arrazoiak gertatuz gero.
Arrazoi horiek finkatzea, eta, zehatzago esateko, dibortzioa ezkontza desegiteko arrazoi moduan onartzea, legea prestatzeko oinarria izan zen. Lege horretan, alabaina, prozesu konplexu eta korapilatsuaren ondorioz, banantze-zehapenaren eredu zaharrak oraindik bere zantzuak izan zituen, erraz antzeman daitekeen bezala.
Legearen arabera, dibortzioa azken baliabidea zen. Ezkontideek baliabide hori erabil zezaketen, banantze-aldi luzearen ondoren, euren arteko berradiskidetzea ezinezkoa zela begi-bistan geratzen zenean.
Horregatik, frogatu behar zen ezkontzako elkarbizitza benetan etenda zegoela edo ezkontzako eginbeharren urratze astun eta errepikatua gertatu zela. Hori guztia legeak ezkontideei luzatutako erronka zaila zen, ezkontideen betebeharra baitzen jendaurrean euren arteko desadostasunari eustea, edo, bestela, horri uko egin eta berradiskidetzea.
Ezkontza ezin zen inola ere desegin, bi ezkontideak horretan ados jartzeagatik bakarrik.
Xedapen horiek indarrean egon dira, gutxi gorabehera, mende-laurden. Denbora horretan zehar, argi eta garbi geratu dira xedapenon hutsuneak, bai eta eurek eragindako arazoak ere. Adibide gisa, banantze eta dibortzioaren inguruko zenbait prozesu aipa daitezke.
Prozesu horietan, ezkontzaren krisi-egoera konpondu barik, krisi hori areagotu egiten zen; beste kasu batzuetan, prozesua ezkontideen arteko elkarbizitza bera baino gehiago luzatzen zen.
Bikotekideen arteko harremanak ulertzeko modua nabariro aldatu da gure gizartean, eta, aldaketa horren ondorioz, arau horien jatorrizko abiapuntuak, ezari-ezarian, edukirik gabe geratu dira.
Auzitegiak bilakaera horretaz jabetu direnez gero, kasu askotan legea aplikatzearen bidez saihestu egin dute, batetik, ezkontideen arteko gatazka behin betiko luzatzea, prozesuan zehar ageri-agerian geratzen denean elkarbizitza hautsita dagoela eta bi-bion borondatea dela ezkontza horrekin aurrera ez egitea. Auzitegiek saihestu egin dute, bestetik, gizabanakoen borondateari muzin egitea, harreman juridikoen desegitea gehiegi atzeratuz, ezkontza horrek elkarrekin zein pertsona lotu eta pertsona horiek ulertzen ez dituzten arrazoien ondorioz.
Eraldaketa honek lortu nahi du, lortu ere, askatasunak, gure antolamendu juridikoaren balio nagusia denak, ahalik eta islarik egokiena izatea ezkontzaren kasuan.
Konstituzioan erakunde juridiko hori aitortzeak garrantzi ukaezina du, lagungarri gertatzen delako ordena politikoarentzat eta gizarte-bakearentzat, eta herritarrek euren nortasuna garatzeko bidea izan daitekeelako.
Arrazoi horrekin bat eginez, Konstituzioaren 32. artikuluak konstituzio-balio eta -printzipioen arabera itxuratzen du ezkontzeko eskubidea.
Balio eta printzipio horiekin bat, lege honek ezkontideen askatasun-esparrua zabaldu nahi du, ezkontideen ahalmena baita ezkontza-harremanen desegitea eskatzea.
Helburu hori erdiesteko, aintzakotzat hartu da Konstituzioaren 10.1 artikuluan ezarritakoa, hau da, nortasunaren garapen askeari zor zaion begirunea. Begirune horrek berarekin dakar gizabanakoaren borondateari eragin handiagoa aitortzea, gizabanako horrek bere ezkontidearekin lotuta egon nahi ez duenean.
Horrela, gizabanakoaren eskubidea da ezkonduta ez jarraitzea, eta eskubide hori egikaritzeko baldintza ezin da izan arrazoi zehatz bat egiaztatu behar izatea. Arean ere, arrazoi erabakigarria ez da besterik eskarian bertan adierazitako borondatea baino. Arrazoia ez da, ordea, aurretiaz eta nahitaez bananduta egotea, ezta hurrik eman ere.
Azken esangura horretan, egungo egoera saihestu nahi da, egoera horrek, maiz-sarri, prozedura bikoitza baitakar. Hori iristeko, onartu da ezkontza dibortzioaren bidez desegitea, aurretiaz egitezko edo epaiketa bidezko banantzerik izan gabe. Horrela, alderdiek kostu asko aurreztuko dituzte, bai ekonomikoak, bai (eta batez ere) pertsonalak.
Zernahi gisaz, Konstituzioaren 32. artikuluari helduta, epaiketa bidezko banantzeari eutsi zaio erakunde autonomo gisa, eta ezkontideek hori aukera dezakete, edozein arrazoiren ondorioz euren ezkontza desegin nahi ez dutenean.
Azken finean, banantzea eta dibortzioa bi aukera moduan eskaintzen dira; alderdiek bi horiek erabil ditzakete, euren arteko elkarbizitzaren gorabeherak konpontzeko.
Horrela, ezkontideek ezkontzaren barruan duten askatasun-printzipioa indartu nahi da, bi-bion borondate iraunkorrak eragin behar duelako, hala denean, elkarbizitzak aurrera egin eta indarrean jarraitzea.
Ondorenez, nahiko da ezkontideetatik batek ezkontzarekin jarraitu nahi ez izatea, horrek dibortzio-demanda jar dezan; demandatua ezin izango da demanda horren aurka jarri arrazoi materialen ondorioz, eta epaileak ezin izango dio eskaerari ezezkorik eman, arrazoi pertsonalak tartean daudenean izan ezik.
Kasu horretan, demanda jartzeko nahitaezkoa da ezkontza egin denetik hiru hilabete igarotzea, salbu eta, seme-alaben interesa edo ezkontide demandatzailearen interesa dela medio, elkarbizitzaren etendura edo desegitea arinago gertatu behar denean. Nahitaezkoa da, orobat, demandan bertan zenbait neurri eskatu eta proposatzea, ezkontzaren ondoreak arautzeko.
Horrekin lortu nahi da demandatuak erantzuna ematea demandatzaileak eskatutako neurriei. Lortu nahi da, halaber, demandatuak aukera izatea bere ustez komenigarri diren neurriak proposatzeko. Horrela, epaileak erraztu dezake ezkontideak ados jartzea neurri guztien inguruan, edo, behintzat, ahalik eta gehienen inguruan.
Bestalde, alderdiek edozein unetan eska diezaiokete epaileari epai-jarduna eten eta familia-bitartekaritzara jotzea, eztabaidatutako gaietan adostasuneko konponbidea lortzeko.
Epailearengana jo behar da, ituna ezinezko gertatu denean edo proposamenen edukia kaltegarria denean seme-alaba adingabe nahiz ezgaituen interesentzat edo ezkontideetako baten interesentzat, baldin eta alderdiek ez badiete kasurik egin aldarazte-agindeiei.
Kasu horietan bakarrik eman beharko du epaileak ebazpena, beharrezkoak diren neurriak ezarriz.
Aurreko aukeraz gain, legeak onartzen du bi ezkontideek batera banantzea edo dibortzioa eskatzea.
Egia esateko, kasu horretan orain arte indarrean egon diren betekizunak eta aurrerantzean egongo direnak oso antzekoak dira; orobat gertatzen da prozesuan zehar beste beharreko izapideekin. Izan ere, aldaketa bakarra izan da ezkontza egin denetik dibortzioa eskatu arteko epea laburtzea; laburtze horren ondorioz, epea hiru hilekoa izango da aurrerantzean.
Gainerakoan, alderdiek, eskaerarekin batera, nahitaez aurkeztu behar dute hitzarmen arauemailearen proposamena; proposamen hori idatzi behar da, Kode Zibilaren 90. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Azkenik, legeeraldaketa honek beste kontu batzuk arautu ditu, zehatz esateko, seme-alaba adingabe nahiz ezgaituen gaineko guraso-ahalaren egikaritzari dagozkionak, bai eta haien gaineko jagoletza eta zaintzari dagozkienak ere. Arauketa horren xedea da, izatez, semealabon onura eta interesa hobeto gauzatzea, eta gurasoei ohartaraztea bi-biontzat indarrean dirauela seme-alabenganako duten erantzukizuna, nahiz eta banantzea edo dibortzioa gertatu. Are gehiago, egoera berriak arreta handiagoa eskatzen die gurasooi, ahala egikaritzeko orduan.
Lege honen bidez indartu nahi da gurasoek guraso-ahalaren egikaritzari buruz erabakitzeko duten askatasuna.
Ildo horretatik, beren beregi onartzen da gurasoek hitzarmen arauemailean ezartzea egikaritza euretatik batek bakarrik izango duela, edo, bestela, bi-biok elkarrekin banatuko dutela egikaritza hori.
Era berean, ezkontide batek bakarrik hala eskatuta hasitako prozesuetan, epaileak, alderdiek eskatutakoa aintzat hartuta, eduki horretako erabakia har dezake.
Legearen xedeak dira, halaber, banantzeak eta dibortzioak familiako kideentzat dakartzan ondorioak murriztea, komunikazioari eta elkarrizketari eustea, eta, bereziki, adingabearen interes gorenari zor zaion babesa bermatzea. Hori guztia gogoan izanik, bitartekaritza ezarri da, familia-auziak konpontzeko baliabide gisa, baliabide hori aukerazkoa eta borondatezkoa dela; horrela, adostasuna lortuz gero, bitartekari inpartzial eta neutralak esku hartuko du.
Banantze-zehapenaren eredu zaharrean, ezkontidea errudun izateak justifikatzen zuen ezkontide hori ondorengoengandik aldentzea.
Uztailaren 7ko 30/1981 Legearen itzalpean, modu objektiboan ulertu ezin den praktika garatu da, praktika hori antzinako ereduarekin bat zetorren arren; praktika horren eretzean, kasu askotan, modu materialean eragotzi da seme-alabek, banantze edo dibortzioaren ostean, etenik gabeko harremanak izatea bi gurasoekin.
Praktika horren ondorioz, semealabek alferreko sufrimendua jasan behar izan dute, kalte hori saihestu daitekeenean.
Hortaz, edozein neurrik trabak edo zailtasunak jartzen badizkie gurasoetatik batek bere ondorengoekin dituen harremanei, neurri horrek pisuzko oinarriak izan behar ditu, eta, horrekin batera, beraren justifikazioa izan behar da gaitz ziurraren aurkako babesa ematea edo seme-alaben onura nahiz interesa hobeto gauzatzea.
Horrekin bat etorriz, gurasoek erabaki beharko dute ea jagoletza eta zaintza euretatik batek bakarrik egikarituko dituen edo bi-biok elkarrekin banatuta.
Edozein kasutan ere, gurasoek zehaztuko dute, adingabearen onurarako, zein den modurik egokiena adingabe horrekin bizi ez den gurasoak harekin harremanak izan ditzan. Ahaleginak egingo dituzte, orobat, ahalaren egikaritza bibion baterako erantzukizuna izan dadin.
Lehenengo artikulua.
Kode Zibila aldaraztea, banantze eta dibortzioaren arloan
Kode Zibila honetara aldarazten da:
Bat. 68. artikuluak honako idazkera hau izango du:
“68. artikulua
Ezkontideek betebeharra dute, elkarrekin bizi, bestearenganako fideltasuna izan eta elkar sorosteko.
Gainera, elkarrekin banandu beharko dituzte etxeko ardurak, bai eta aurreko, ondorengo eta euren ardurapeko beste pertsonen gaineko zaintza eta arreta ere.”
Bi. 81. artikuluak honako idazkera hau izango du:
“81. artikulua
Banantzea epaiketaren bidez dekretatuko da, ezkontza egiteko forma edozein izanda ere:
1) Bi ezkontideek batera, edo, batek bakarrik, bestearen adostasunarekin, hori eskatzen badu, ezkontza egin denetik hiru hilabete igaro eta gero.
Demandarekin batera, hitzarmen arau-emaileari buruzko proposamena aurkeztu beharko da, kode honen 90. artikuluaren arabera idatzita.
2) Ezkontide batek bakarrik hori eskatzen badu, ezkontza egin denetik hiru hilabete igaro eta gero.
Demanda jartzeko ez da beharrezkoa izango epe hori igarotzea, egiaztatzen bada arriskua dagoela ezkontide demandatzailearen, bi-bion seme-alaben edo ezkontza horretako kideetatik edozeinen bizitza, osotasun fisiko, askatasun, osotasun moral edo sexu-ukigabetasunarentzat.
Demandarekin batera, neurriei buruzko proposamen oinarriduna aurkeztu beharko da, neurri horiek arau ditzaten banantzeak eratortzen dituen ondoreak.”
Hiru. 82. artikulua edukirik gabe geratzen da.
Lau. 84. artikuluaren lehenengo lerrokada aldarazten da, eta lerrokada horren idazkera hauxe izango da:
“Berradiskidetzeak amaiera ematen dio banantze-prozedurari, eta gerogarreneko ondorerik gabe uzten du prozedura horretan erabakitakoa; baina bi ezkontideek, bakoitza bere aldetik, berradiskidetze horren berri eman beharko diote auzia erabakitzen ari den edo erabaki duen epaileari.”
Bost. 86. artikuluak honako idazkera hau izango du:
“86. artikulua
Dibortzioa epaiketa bidez dekretatuko da, ezkontzaren forma edozein izanik ere, hori eskatzen badu ezkontide batek bakarrik, bi ezkontideek edo batek bestearen adostasunarekin, 81. artikuluan ezarritako betekizun eta inguruabarrak gertatuta.”
Sei. 87. artikulua edukirik gabe geratzen da.
Zazpi. 90. artikuluaren lehenengo lerrokadak eta horren a) idatz-zatiak honako idazkera hau izango dute:
“Kode honen 81 eta 86. artikuluetan aipaturiko hitzarmen arau-emaileak barnean hartu behar ditu, gutxienez, hurrengo kontuak:
a) Bi gurasoen ahalpeko seme-alaben zaintza eta zaintza hori egikaritzako modua zehaztu behar dira, eta, hala denean, seme-alabekin bizi ohi den ezkontideaz bestekoak zein araubide bete behar duen seme-alabokin mente con ellos. harremanak izan eta eurekin egoteko.”
Zortzi. 92. artikuluari beste modu batera idatzi da, eta honako hau da idazkera berria:
“92. artikulua
1. Banantzeak, deuseztasunak eta dibortzioak ez dituzte gurasoak askatzen, gurasook euren seme-alabei begira dituzten betebeharretatik.
2. Epaileak edozein neurri hartu behar duenean seme-alaba adingabeen jagoletza, zaintza eta hezkuntzari buruz, seme-alabon eskubidea betetzea zainduko du, horiek esan beharrekoa entzunez.
3. Epai bidez guraso-ahala kentzea erabakiko da, prozesuan horretarako arrazoia azaldu denean.
4. Gurasoek hitzarmen arau-emailean, edo epaileak berak, erabaki dezakete, seme-alaben onurarako, guraso-ahala oso-osorik nahiz zati batez, gurasoetatik batek egikaritzea.
5. Seme-alaben gaineko jagoletza eta zaintzaren egikaritza elkarrekin banatzea erabakiko da, gurasoek hori eskatzen dutenean hitzarmen arau-emailearen proposamenean, edo prozeduran zehar bi-biok horretan ados jartzen direnean.
Epaileak, baterako jagoletza erabakitzean, eta bere ebazpenaren arrazoiak azaldu eta gero, kautela egokiak hartuko ditu, ezarritako jagoletza-araubidea eragingarritasunez bete dadin; ahal den neurrian, nebaarrebak ez dira elkarrengandik bananduko.
6. Edozein kasutan ere, jagoletza eta zaintzaren araubidea erabaki aurretik, epaileak txostena eskatuko dio Fiskaltzari, eta adingabeek esan beharrekoa entzungo du, horiek behar besteko zentzutasuna badute eta horiei entzutea beharrezkotzat jotzen bada propio ofizioz edo fiskalak, alderdiek talde judizial teknikoak edo adingabeak berak hala eskatuta; baloratuko ditu, orobat, alderdiek agerraldian egindako alegazioak eta agerraldi horretan egindako froga, bai eta gurasoek euren artean eta gurasook seme-alabekin dituzten harremanak ere, horiek guztiak bat etor daitezen jagoletza-araubidearekin.
7. Baterako jagoletza ez da bidezkoa izango, gurasoetatik edozeinen aurka zigor-prozesua hasi denean, guraso horrek beste ezkontidearen edo bi-biokin bizi diren seme-alaben bizitza, osotasun fisiko, askatasun, osotasun moral edo sexu-askatasun nahiz – ukigabetasunaren aurka atentatzeagatik.
Jagoletza hori ez da bidezkoa izango, halaber, epaileak etxeko indarkeriaren zantzu oinarridunak atzematen dituenean, alderdien alegazioak eta egindako frogak kontuan hartuta.
8. Salbuespenez, nahiz eta artikulu honen bosgarren paragrafoko kasuak gertatu ez, epaileak, alderdietatik batek hala eskatuta, eta Fiskaltzak horren aldeko txostena eginda, gurasoek elkarrekin banatutako jagoletza eta zaintza erabaki dezake; erabaki horren oinarria izan daiteke beste modurik ez egotea adingabearen interes gorena egoki babesteko.
9. Epaileak, aurreko paragrafoek aipatzen dituzten erabakietatik edozein hartu aurretik, guraso-ahala egikaritzeko modua eta adingabeak zaintzeko araubidea egokiak diren jakiteko, irizpena eskatu ahal izango die, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta, behar bezalako kualifikazioa duten espezialistei.”
Bederatzi. 97. artikuluak honako idazkera hau izango du:
“97. artikulua
Banantzeak edo dibortzioak ezkontide bati desoreka ekonomikoa ekarri badio beste ezkontidearen egoerari begira, eta, horren ondorioz, ezkontza bitartean izan zuen egoerak txarrera egin badu, ezkontide horrek konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango du; konpentsazio hori aldi baterako edo denbora-mugarik gabeko pentsioa izan daiteke, hitzarmen arau-emaileak edo epaiak kasuan-kasuan zehaztutakoaren arabera.
Ezkontideen artean adostasunik izan ezean, epaileak, epaian bertan, horren zenbatekoa zehaztuko du, eta, horretarako, hurrengo inguruabarrak izango ditu kontuan:
1) Ezkontideen artean egindako akordioak.
2) Ezkontideen adina eta osasun-egoera.
3) Ezkontideek lanbiderako duten kualifikazioa eta lanpostua lortzeko aukera.
4) Familiari begira ezkontideek izan duten eta izango duten ardura.
5) Ezkontide batek bere lanarekin bestearen merkataritza-, industria- edo lanbidejardueretan eman duen laguntza.
6) Ezkontzaren eta ezkontideen arteko elkarbizitzaren iraupena.
7) Ezkontide batek pentsio-eskubidea izan eta hori galtzeko duen arriskua.
8) Ezkontide batek eta besteak dituzten ondasun, baliabide ekonomiko eta beharrizanak.
9) Garrantzitsu gerta daitezkeen inguruabarretatik beste edozein.
Epailearen ebazpenean finkatuko dira pentsioa eguneratu eta horren ordainketa ziurtatzeko oinarriak.”
Hamar. Kode Zibilaren 103. artikuluko 1. neurriaren lehenengo lerrokadak honako idazkera hau izango du:
“1. Bi gurasoen ahalaren mendeko seme-alabak zein ezkontiderekin geratu behar diren erabakiko du seme-alaben intereserako; eta, Kode Zibilak ezarritakoaren arabera, neurri egokiak hartuko ditu, batik bat, seme-alaben gaineko jagoletza eta zaintza egikaritzen ez duen ezkontideak nola bete behar duen semealabok jagoteko eginbeharra, eta ezkontide horrek zein baldintza bete behar duen, denbora, modu eta lekuaren aldetik, semealaba horiekin harremanak izan eta eurokin egoteko.”
Bigarren artikulua.
Alargunaren eskubideei buruzko arauketa aldaraztea Kode Zibilean
Kode Zibila honetara aldarazten da:
Bat. 834 eta 835. artikuluek honako idazkera hau izango dute:
“834. artikulua
Ezkontideak ez badaude banandurik, epaiketa bidez ez egitez, euretako bat hiltzean, eta alarguna seme-alaba edo ondorengoekin batera pilatzen bada jarauntsian, alargun horrek gozamen-eskubidea izango du hobekuntzako herenaren gainean.
835. artikulua
Ezkontide bananduen artean berradiskidetzea gertatu bada, eta, kode honen 84. artikuluarekin bat etorriz, berradiskidetze hori jakinarazi bazaio banantzearen gaineko ardura izan zuen epaitegiari, bizirik dirauenak bere eskubideei eutsiko die.”
Bi. 837. artikuluaren 2. paragrafoa ezabatzen da.
Hiru. 840. artikulua aldarazten da, eta horren idazkera hauxe izango da:
“840. artikulua
Alargunarekin batera pilatzen direnean kausatzailearenak bakarrik diren seme-alabak, alargun horrek eskatu ahal izango du bere gozamen-eskubidea ordaintzea diruzko kapitala esleituz edo jarauntsiko ondasunen erloa esleituz, seme-alabek hala aukeratuta.”
Lau. 945. artikulua aldarazten da, eta horren idazkera hauxe izango da:
“945. artikulua
Aurreko artikuluan aipaturiko deia ez da gertatuko, ezkontidea banandurik badago epaiketa bidez edo egitez.”
Xedapen gehigarri bakarra.
Pentsioak bermatzeko funtsa
Epaiketa bidez onetsitako hitzarmenak edo epailearen ebazpenak seme-alaba adingabeen mesederako mantenua aitortu eta mantenu hori ordaintzen ez denetan, estatuak ordainketa hori bermatuko du, horretarako legeria zehatza emanez; legeria horrek zehaztuko du kasu horietan izango den estaldura-sistema.
Xedapen iragankor bakarra.
Ebazteko dauden prozesuak
1. Banantze- eta dibortzio-prozesuak hasi badira lege hau indarrean jarri aurretik, prozesu horiek auzialdian gauzatuko dira, demanda zein datatan aurkeztu eta data horretan indarrean zeuden prozesu-arauekin bat etorriz.
2. Lehenengo artikuluan banantze- eta dibortzio-arrazoiak aipatzeaz gain, akzioa jartzeko gutxieneko epea ezartzen da, betiere ezkontza egin denetik zenbatuta. Hori guztia aplikagarri izango zaie berori indarrean jartzean izapidetza-bidean dauden prozesuei.
Ondore horretarako, alderdiei bost eguneko epe erkide berezia ematen zaie, dibortzioa eska eta euren eskubideari hobeto datorkiona alega dezaten.
Epaileak, hirugarren egunaren barruan, berari aurkeztu alegazioen gaineko ebazpena emango du.
3. Legea indarrean jartzen bada epaia emateko epean zehar, lehenengo artikuluan ezarritakoa aplikagarri izango zaio auziaren ebazpenari; lehenengo artikulu horrek, banantze- eta dibortzio-arrazoiak aipatzeaz gain, akzioa jartzeko gutxieneko epea ezartzen du, betiere ezkontza egin denetik zenbatuta.
Kasu horretan, epaileak, aurretiaz epaia emateko epea etenda, erabakiko du alderdiei bost eguneko epe erkide berezia ematea, euren eskubideari hobeto datorkiona eska eta alega dezaten.
Azken xedapenetatik lehenengoa.
Urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea, Prozedura Zibilari buruzkoa, aldaraztea
Urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea, Prozedura Zibilari buruzkoa, honetara aldarazten da:
Bat. 770. artikuluaren 2. erregelak honako idazkera hau izango du:
“2. Errekonbentzioa demandari erantzutearekin batera proposatuko da.
Auzi-jartzaileak 10 egun izango ditu errekonbentzio horri erantzuteko.
Errekonbentzioa honako kasu hauetan bakarrik onartuko da:
a) Ezkontzaren deuseztasuna eragin dezaketen arrazoietatik batean oinarritzen denean.
b) Banantze- edo deuseztasun-demanda jaso duen ezkontideak dibortzioa nahi duenean.
c) Deuseztasun-demanda jaso duen ezkontideak banantzea nahi duenean.
d) Ezkontide demandatuak behin betiko neurriak hartzea nahi duenean, baldin eta neurri horiek ez badira demandan bertan eskatu eta auzitegiak ez badu ofizioz eman behar horien gaineko erabakia.”
Bi. 770. artikuluko 4. erregelaren bukaeran, beste lerrokada bat gehitu da, eta lerrokada horren idazkera hauxe da:
“Prozedura zibiletan adingabeak eurak aztertu behar direnean, epaileak bermatuko du adingabeak esan beharrekoa baldintza egokietan entzutea, haren interesak babesteko, eta bestelako pertsonek horretan trabarik ez jartzea; salbuespenez, eta beharrezkoa izanez gero, epaileak espezialisten laguntza eskatu ahal izango du.”
Hiru. 770. artikuluan 7. erregela berria sartzen da, eta erregela horren idazkera hauxe da:
“7.) Alderdiek ados jarrita prozesuaren etendura eskatu ahal izango dute lege honen 19.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, euren buruak bitartekaritzaren mende jartzeko.”
Lau. 771. artikuluaren 2. paragrafoko lehenengo lerrokadak honako idazkera hau izango du:
“2. Eskabidea kontuan hartuta, auzitegiak aginduko du ezkontideei agerraldirako zitazioa egitea, eta Fiskaltzari ere bai, semealaba adingabeak edo ezgaituak egonez gero; hurrengo hamar egunetan egin beharreko agerraldi horretan, ahaleginak egingo dira alderdiak ados jar daitezen.
Ezkontide demandatua agerraldi horretara joan beharko da, bere abokatuak lagundurik eta bere prokuradoreak ordezkatuta.”
Bost. 775. artikuluaren 2. paragrafoa aldarazten da, eta honako idazkera hau izango du:
“2. Eskaera horien izapideak 770. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo dira.
Dena den, eskaera egiten bada bi ezkontideak ados jarrita edo batak bestearen adostasunarekin, eta hitzarmen-arau-emailearen proposamena ekarriz, 777. artikuluan ezarri prozedurari ekingo zaio.”
Sei. 777. artikuluaren 2. paragrafoa aldarazten da, eta honako idazkera hau izango du:
“2. Prozedura eragiteko idazkiarekin batera ekarri behar dira ezkontza-inskripzioari buruzko ziurtagiria, eta, kasuan-kasuan, semealaben jaiotzari buruz Erregistro Zibilean egindako inskripzioaren ziurtagiriak, baita hitzarmen arau-emailearen proposamena legeria zibilean ezarritakoaren arabera, eta ezkontideak edo ezkontideek beren eskubideak oinarritzeko agiriak ere; hala denean, familia-bitartekaritzaren prozeduran lortutako azken akordioa barneratuko da.
Egitate garrantzitsuren bat ezin bada agiri bitartez frogatu, idazki horretan proposatuko da ezkontideek egitate hori egiaztatzeko baliatu nahi duten froga.”
Zazpi. 777. artikuluaren 5. paragrafoa aldarazten da, eta honako idazkera hau izango du:
“5. Seme-alaba adingabeak edo ezgaituak egonez gero, auzitegiak Fiskaltzari eskatuko dio hitzarmenak seme-alabei buruz ezarritakoaren gaineko txostena, eta semealabek esan beharrekoa entzungo du, baldin eta behar besteko adimena badute, edo hori beharrezkotzat jotzen bada ofizioz nahiz fiskalak, alderdiek, talde tekniko judizialeko kideek edo adingabeak berak hala eskatuta.
Jardun hori gauzatuko da, aurreko paragrafoan aipatu epean, edo, epe hori ireki ez bada, bost eguneko epean.”
Azken xedapenetatik bigarrena.
1957. urteko ekainaren 8ko Legea, Erregistro Zibilari buruzkoa, aldaraztea
1957. urteko ekainaren 8ko Legearen, Erregistro Zibila arautzen duen horren, 20. artikuluko 1. paragrafoak honako idazkera hau izango:
“1. Jaiotza-inskripzioak, jaioaren edo beraren legezko ordezkariaren egoitza non izan eta bertako Erregistrora.
Nazioarteko adopzioaren kasuan, adopzio-hartzaileak edo adopziohartzaileek, elkarrekin ados jarrita, eska dezakete inskripzio berrian Espainian duten egoitza agertzea adoptatuaren jaiotza-leku gisa.
Horrela egindako inskripzioei aplikagarri izango zaie 16. artikuluaren azken lerrokadan xedatutakoa.”
Azken xedapenetatik hirugarrena
Gobernuak bitartekaritzari buruzko legeproiektua igorriko die Gorteei; bitartekaritza horren oinarriak izango dira Europar Batasunak emandako xedapenetan zein printzipio jaso eta printzipio horiek beroriek, eta, beti, borondatezkotasun, inpartzialtasun, neutraltasun eta isil-gordearen printzipioak, bai eta autonomia-erkidegoek sortzen dituzten bitartekaritza-zerbitzuak errespetatzea ere.
Azken xedapenetatik laugarrena.
Indarrean jartzea
Lege hau indarrean jarriko da, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean.