4/2016 Legea, 1/2007 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena, aldatzekoa

Eusko Legebiltzarra

4/2016 LEGEA, APIRILAREN 7KOA, 1/2007 LEGEGINTZA DEKRETUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN TASA ETA PREZIO PUBLIKOEI BURUZKO LEGEAREN TESTU BATEGINA ONARTZEKO DENA, ALDATZEKOA

(EHAA 71/2016.04.15)

ZIOEN AZALPENA

1/2007 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko denak, administrazio-zerbitzuak emateagatiko tasak araupetzen ditu II. kapituluan.

40. artikuluan deskribatzen da Administrazio Orokorreko sail eta organismo autonomoek erregistro eta errolda ofizialetan inskripzioa egiteko administrazio-zerbitzua emateagatiko tasaren zerga-egitatea; bestalde, 41. artikuluan subjektu pasibo gisa definitzen dira zerbitzu horiek eskatzen edo hartzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoak.

Erregistro eta errolda ofizialetan egiten den inskripzio bakoitzeko 3,60 €-ko kuota ezarri da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen 44. artikuluak, halaber, zenbait salbuespen ezartzen ditu, administrazio-zerbitzu horiek emateagatiko tasari dagokionez.

Beste alde batetik, ekainaren 18ko 3/2015 Legeak, Etxebizitzarenak, etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren mende dauden hainbat administrazio-erregistro sortu ditu, edo jarraipena eman die, doako izaera beren-beregi eman barik.

Horrek dakar aipatutako erregistroetan egindako inskripzioei aplika dakiekeela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginaren 40.1.c) artikuluan zehaztutako tasa.

Uste da, emandako zerbitzu publikoa eta gure bezeroen karakterizazio sozioekonomikoa direla eta, ez dela egokia tasa hori kobratzea administrazio-zerbitzuen truke; halaber, uste da, erregulazioaren helburua sektorearen gardentasuna hobetzea denez, ez dela egokia administrazio-kostu gehigarriak ezartzea erregistro publikoen berezko administrazio-kargari. Horregatik, bidezko da pertsona hauek tasa ordaindu beharrik ez izatea eta salbuespenen zerrendan sartzea.

Artikulu bakarra. Aldatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 11ko Legegintza Dekretuaren 44. artikulua, administrazio-zerbitzuak emateagatiko tasaren salbuespenei buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 11ko 1/2007 Legegintza Dekretuaren 44. artikuluan i) letra berria gehitzen da, administrazio-zerbitzuengatik ordaindu beharreko tasaren salbuespenen ingurukoa. Honako eduki hau du:

"i) Ekainaren 18ko 3/2015 Legeak, Etxebizitzarenak, arautzen dituen erregistroetan inskripzioa egin behar dituzten pertsonak".

Azken xedapen bakarra. Indarrean sartzea

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

euskal legezalea