Europar Batasuna eratzeko Ituna
Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala
EUROPAR BATASUNA ERATZEKO ITUNA
(indarrean dagoen testu bateratua)
BELGIARREN ERREGE JAUN GURENAK, DANIMARKAKO ERREGINA ANDRE GURENAK, ALEMANIAKO ERREPUBLIKA FEDERALEKO LEHENDAKARIAK, HELENIAR ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, ESPAINIAKO ERREGE JAUN GURENAK, FRANTZIAKO ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, IRLANDAKO LEHENDAKARIAK, ITALIAKO ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, LUXENBURGOKO DUKE GOIEN JAUNAK, HERBEHEREETAKO ERREGINA ANDRE GURENAK, PORTUGALGO ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, BRITAINIA HANDIKO ETA IPAR IRLANDAKO ERRESUMA BATUKO ERREGINA ANDRE GURENAK,
ERABAKI dute Europako Erkidegoak eratzearekin Europa osatzeko hasitako bidean urrats berri bat ematea,
GOGOAN dute Europako kontinentearen zatibanaketari amaiera ematea garrantzi handikoa dela historiaren ikuspegitik, eta etorkizuneko Europa eraikitzeko oinarri sendoak jarri behar direla,
BERRETSI dute beren atxikimendua, bai askatasunaren, demokraziaren eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetuaren printzipioekiko, eta bai zuzenbideko estatuaren printzipioarekiko ere,
BERRETSI dute beren atxikimendua oinarrizko eskubide sozialekiko, 1961eko urriaren 18an Turinen izenpetutako Europako Gutun Sozialean eta langileen oinarrizko eskubide sozialen Erkidegoko 1989ko Gutunean zehaztutako moduan hartuta,
NAHI dute, beren herrien historia, kultura eta tradizioak errespetaturik, herrion arteko elkartasuna areagotu,
NAHI dute instituzioen jarduera demokratikoa eta eraginkorra sendotu, instituzioen arteko esparru bakar batean, berei agindutako eginbeharrak hobeto bete ditzaten,
ERABAKI dute beren ekonomiak indartu eta elkarganatzea, eta, itun honetan xedatutakoaren arabera, diru egonkor eta bakarra edukiko duen ekonomia eta diru-batasuna sortzea,
DELIBERATU dute beren herrien gizartearen eta ekonomiaren aurrerapena sustatzea, garapen iraunkorraren printzipioa kontuan hartuta, barne-merkatua hezurmamituz, eta kohesioa eta ingurumenaren babesa indartuz, eta ekonomiaren integrazioan izandako aitzinamenduekin batera beste eremu batzuetan ere pareko aurrerapenak gertatuko direla bermatuko duten politikak garatzea,
ERABAKI dute beren herrialdeetako herritarrei herritartasun bakarra ematea,
ERABAKI dute atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratua garatzea, defentsari buruzko politika bateratua arian-arian eratzea barne hartuta, politika horrekin agian 17. artikuluko xedapenen araberako defentsa bateratura iritsi ahal izateko, eta Europaren nortasuna eta burujabetasuna sendotuz, Europan eta munduan bakea, segurtasuna eta aurrerapena sustatzeko,
ERABAKI dute pertsonen joan-etorri askea bultzatzea eta beren herrien segurtasuna eta babesa bermatzea aldi berean, askatasun, segurtasun eta justiziako eremu bat ezarrita, itun honetako xedapenen arabera,
ERABAKI dute Europako herrien arteko batasun gero eta estuagoa sortzeko bidean jarraitzea, bertan erabakiak herritarrengandik ahalik eta hurbilen hartzeko, subsidiariotasun-printzipioaren arabera,
KONTUAN harturik Europaren integrazioko bidean aurrera egiteko eman beharreko bihar-etziko urratsak,
EUROPAR BATASUNA SORTZEA erabaki dute, eta, xede horrekin, ahal osoko izendatu dituzte:
(ez da ahalordedunen zerrenda jaso)
JAUN HORIEK, beren ahal osoak, egoki eta behar bezala aitorturik, elkarri agertu ondoren, ondorengo xedapen hauek hitzartu dituzte:
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua
Itun honekin, ITUNGILE GORENEK EUROPAR BATASUNA eratzen dute beren artean, eta aurrerantzean "Batasuna" deituko zaio.
Itun hau beste urrats bat da Europako herrien artean gero eta batasun estuagoa sortzeko bidean, bertan erabakiak ahalik eta modurik irekienean eta herritarrengandik ahalik eta hurbilen hartzeko eran.
Batasunaren oinarri Europako Erkidegoak dira, itun honek ezarritako politikekin eta lankidetza-moduekin osatuta. Batasuneko estatuen arteko eta bertako herrien arteko harremanak koherentziaz eta elkartasunez antolatzea izango da Batasunaren zeregina.
2. artikulua
Batasunak helburu hauek jartzen dizkio bere buruari:
- ekonomiaren eta gizartearen aurrerapena eta enplegu-maila handia sustatzea, eta garapen orekatu eta iraunkorra lortzea, batik bat barne-mugarik gabeko gunea sortuz, ekonomia eta gizarte kohesioa indartuz, eta, itun honetako xedapenen arabera, bere garaian, diru bakarra ekarriko duen ekonomia eta diru batasuna ezarriz
- nazioartean bere nortasuna irmotzea, bereziki arian-arian defentsa bateratua zehaztuko duen atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratua eginez, 17. artikuluko xedapenen arabera, defentsa bateratura bideratu ahal izateko;
- Batasuneko estatuetako herritarren eskubideen eta interesen babesa indartzea, Batasuneko herritartasuna sortuz;
- askatasun, segurtasun eta justiziako eremu moduan hartuta, Batasuna zaindu eta garatzea, bertan pertsonen joan-etorri askea bermatuta egon dadin, kanpoko mugen kontrolerako, asilorako, inmigraziorako, eta delitugintzari aurrea hartu eta bere kontra borrakatzeko egokiak diren neurriak hartzearekin batera;
- Erkidegoaren altxorra oso-osoan jagotea, eta garatzea, itun honetan ezarritako lankidetzako politikak eta erak zein neurritan berrikusi behar diren aztertzeko, Erkidegoko tresnen eta instituzioen eraginkortasuna ziurta dadin.
Batasunaren helburuak itun honetako xedapenen arabera lortuko dira, ezarritako baldintzen eta egutegiaren arabera, eta, Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 5. artikuluan zehaztutako subsidiariotasun-printzipioari men eginez.
3. artikulua
Batasunak bere helburuak lortzeko burututako ekintzen koherentzia eta jarraitasuna bermatuko duen instituzio-esparru bakarra edukiko du, Erkidegoaren altxorra begirunez hartu eta garatuz.
Batasunak, bereziki, atzerri-ekintza osotasunean hartuta koherentea izateko jagongo du, atzerri-harremanetan, segurtasunean, ekonomian eta garapenean, berak dauzkan politiken barruan. Kontseiluak eta Batzordeak izango dute koherentzia hori bermatzeko erantzukizuna, eta, helburu horretarako, lankidetzan ariko dira. Bakoitzak bere eskumenen arabera, politika horiek betetzeko neurriak hartuko dituzte.
4. artikulua
Kontseilu Europarrak emango dizkio Batasunari behar dituen bultzadak, garapena lor dezan, baita haren norabide politiko orokorrak zehaztuko ere.
Kontseilu Europarra Batasuneko estatuetako edo gobernuetako buruek eta Batzordeko lehendakariak osatuko dute. Batasuneko estatuetako Atzerri-ministroek eta Batzordeko kide batek lagunduko diete haiei. Kontseilu Europarra urtean gutxienez bi aldiz bilduko da, Kontseiluko burutzan diharduen Batasuneko estatuko edo gobernuko buruaren lehendakaritzapea.
Kontseilu Europarrak txosten bat aurkeztu behar dio Europako Parlamentuari bilera bakoitzaren ostean, baita urtero txosten idatzi bat ere Batasunak egindako aurrerapenen berri emanez.
5. artikulua
Europako Parlamentuak, Kontseiluak, Batzordeak, Justizia Auzitegiak eta Kontuen Auzitegiak dauzkaten eskumenak, Europako Erkidegoak eratzeko itunetako eta itunok aldatu edo osatu dituzten ondorengo itun eta egintzetako xedapenetan, eta, itun honetako gainerako xedapenetan aurreikusitako baldintzetan eta helburuetarako erabiliko dituzte.
6. artikulua
1.- Askatasuna, demokrazia, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua eta zuzenbideko estatua dira Batasunak oinarri dituen printzipioak, eta printzipio horiek komunak dira Batasuneko estatuentzat.
2.- Batasunak errespetatu egingo ditu oinarrizko eskubideak, Erroman 1950eko azaroaren 4an izenpetutako Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean bermatzen diren bezala, eta Batasuneko estatuen konstituzio-tradizio komunetatik ateratzen diren bezala, Erkidegoko Zuzenbidearen printzipio orokor direnez.
3.- Batasuneko estatuen nazio-nortasuna errespetatuko du Batasunak.
4.- Batasunak bere helburuak lortzeko eta bere politikak burutzeko behar dituen baliabideak bereganatuko ditu.
7. artikulua
1.- Kide diren estatuetako heren batek, zein Europako Parlamentuko nahiz Batzordeko heren batek arrazoietan oinarritutako proposamena egin ondoren, Kontseiluak, bertako kideen lau bostenen gehiengoaz, eta Europako Parlamentuak aldeko irizpena eman ondoren, Batasuneko estaturen batek 6. artikuluko 1. idatz-zatian jasotako printzipioak larri hausteko arrisku argia dagoela egiaztatu ahal izango du, eta gomendio egokiak egin ahal izango dizkio. Egiaztapen hori egin aurretik, Kontseiluak dena delako estatuari entzun egingo dio, eta, aipatutako prozedurari jarraituz, delako estatuaren egoerari buruz txosten bat eskatu ahal izango die pertsona ospetsu independente batzuei, arrazoizko epe batean aurkez dezaten.
Kontseiluak aldiro aztertu beharko du ea egiaztapena egiteko erabilitiko arrazoiak lehengo bestean balio duten.
2.- Kontseiluak, estatu edo gobernuko buruak bilduta osatzen denean, aho batez, Batasuneko estatuen edo Batzordearen herenak proposatuta, eta aldez aurretik Europako Parlamentuak aldeko irizpena emanda, Batasuneko estaturen batek 6. artikuluko 1. idatz-zatiko zerrendako printzipioak larri eta behin eta berriz hautsi egin dituela erasota utz dezake, beti ere Batasuneko estatuko gobernu horri bere oharpenak aurkezteko gonbitea egin ondoren.
3.- Goiko 2. idatz-zatian aipatutako egiaztapena erasota uzten denean, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batasuneko dena delako estatuari itun hau aplikatzetik sortutako zenbait eskubide etetea erabaki lezake, Batasuneko estatu horren gobernuak Kontseiluan daukan ordezkariaren boto-eskubideak barne hartuta. Horrela egitean, eteteak pertsona fisiko eta juridikoen eskubide eta betebeharretarako ekar ditzakeen ondorioak hartuko ditu kontuan Kontseiluak.
Itun honetatik sortutakoak izanik, Batasuneko dena delako estatuaren betebeharrek lotesleak izaten jarraituko dute, nolanahi ere, estatu horrentzat.
4.- Kontseiluak gerora, gehiengo kualifikatuz, 3. idatz-zatiaren arabera hartutako neurriak aldatu edo errebokatzea erabaki dezake, neurriok ezartzeko arrazoi izandako egoeran gertatutako aldaketei erantzunez.
5.- Artikulu honen ondorioetarako, Batasuneko dena delako estatuaren gobernuko ordezkariaren botoa kontuan hartu gabe erabakiko du Kontseiluak. Bertaratutako kideen edo ordezkatuen abstentzioak ez du eragotziko 2. idatz-zatian aipatutako erabakiak hartzerik. Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 205. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako proportzioa eta Kontseiluko kide interesatuen boto haztatuen proportzio berbera gordez zehaztuko da gehiengo kualifikatua.
Idatz-zati hau, bestalde, 3. idatz-zatiaren arabera boto-eskubideak eteten diren kasuan ere aplikatuko da.
6.- Europako Parlamentuak, 1. eta 2. idatz-zatietako ondorioetarako, bertan emandako botoen bi hereneko gehiengoz hartuko ditu erabakiak, Parlamentua osatzen duten kideen gehiengoa adierazten bada boto horiekin.
II. TITULUA
EUROPAKO ERKIDEGOA ERATZEKO ASMOZ EUROPAKO EKONOMIA ERKIDEGOA ERATZEKO ITUNA ALDATZEN DUTEN XEDAPENAK
8. artikulua
(jaso gabe)
III. TITULUA
IKATZAREN ETA ALTZAIRUAREN EUROPAKO ERKIDEGOA ERATZEKO ITUNA ALDATZEN DUTEN XEDAPENAK
9. artikulua
(jaso gabe)
IV. TITULUA
ATOMO ENERGIAREN EUROPAKO ERKIDEGOA ERATZEKO ITUNA ALDATZEN DUTEN XEDAPENAK
10. artikulua
(jaso gabe)
V. TITULUA
ATZERRIARI ETA SEGURTASUNARI BURUZKO POLITIKA BATERATUAREN GAINEKO XEDAPENAK
11. artikulua
1.- Batasunak atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratua zehaztu eta bete egingo du, atzerriari eta segurtasunari buruzko politikaren eremu guztiak hartuta, eta helburu hauek edukiko ditu:
- Batasunaren balore komunak, oinarrizko interesak, eta Batasunaren independentzia eta osotasuna defenditzea, Nazio Batuen Gutuneko printzipioen arabera;
- Batasunaren segurtasuna indartzea, era guztietan;
- bakeari eutsi eta nazioarteko segurtasuna indartzea, Nazio Batuen Gutuneko pintzipioen arabera, eta Helsinkiko Azken Agiriko printzipioen eta Parisko Gutuneko helburuen arabera, kanpoko mugei dagozkienak barne direla;
- nazioen arteko lankidetza sustatzea;
- demokrazia eta zuzenbideko estatua garatzea eta sendotzea, eta giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatzea.
2.- Batasuneko estatuek biziki eta baldintzarik jarri gabe bultzatuko dute Batasunaren atzerriari eta segurtasunari buruzko politika, elkarrenganako leialtasunez eta elkartasunez.
Batasuneko estatuek batera egingo dute lan elkarrenganako elkartasuna areagotu eta garatzeko. Eta Batasunaren interesen aurkako ekintzak, edo nazioarteko harremanetan kohesio-indar moduan bere eraginkortasunari kalte ekar diezaioketen ekintza guztiak, alde batera utziko dituzte.
Printzipio horiek betetzeko jagongo du Kontseiluak.
12. artikulua
Goiko 11. artikuluan aipatutako helburuak lortzen saiatuko da Batasuna:
- printzipioak eta atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuko norabide orokorrak zehaztuz;
- estrategia bateratuak zehaztuz;
- ekintza bateratuak onartuz;
- jarrera bateratuak onartuz;
- Batasuneko estatuen lankidetza sistematiko indartuz, beren politika bideratzeko.
13. artikulua
1.- Kontseilu Europarrak zehaztuko ditu atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuko printzipioak eta norabideak, defentsako eremuan eraginak dauzkaten gaiak barne hartuta.
2.- Batasuneko estatuek interes orokor handiak dituzten eremuetan Batasunak aplikatu beharreko estrategia bateratuak Kontseilu Europarrak zehaztuko ditu.
Estrategia bateratuetan helburuak eta iraupena zehaztu behar dira, baita Batasunak eta Batasuneko estatuek jarri behar dituzten baliabideak ere.
3.- Kontseilu Europarrak zehaztutako norabide orokorrak oinarri direla, Kontseiluak hartuko ditu atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratua zehaztu eta gauzatzeko beharrezko erabakiak.
Kontseiluak estrategia bateratuak gomendatuko dizkio Kontseilu Europarrari, eta aplikatu ere bai, bereziki ekintza eta jarrera bateratuak onartuz.
Kontseiluak Batasunaren ekintzaren batasuna, koherentzia eta eraginkortasuna jagongo ditu.
14. artikulua
1.- Kontseiluak ekintza bateratuak onartuko ditu. Berariazko egoeretarako izango dira ekintza bateratuok, Batasunaren ekintza eraginkorren bat beharrezkoa den kasuetarako. Ekintza bateratuetan zehaztu egin behar dira helburuak, irispidea, Batasunari eman behar zaizkion baliabideak, ekintzok gauzatzeko baldintzak, eta, beharrezkoa bada, iraupena.
2.- Ekintza bateratuaren xede den gairen baten gainean eragin argia daukan aldaketaren bat gertatzen bada inguruabarretan, ekintza horren printzipioak eta helburuak aztertuko ditu Kontseiluak, eta beharrezko erabakiak hartuko. Ekintza bateratuari eutsi egingo zaio, harik eta Kontseiluak erabakia hartu arte.
3.- Ekintza bateratuak lotesleak izango dira Batasuneko estatuentzat, jarrerak hartzen dituztenean, eta beren ekintzak garatzen dituztenean.
4.- Kontseiluak Atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuaren gaineko proposamen egokiak aurkez dakizkiola eska diezaioke Batzordeari, ekintza bateratua egingo dela bermatzeko.
5.- Ekintza bateraturen bat aplikatuz, estaturen batean jarrera bat hartzeko edo estatuko ekintza bati ekiteko planen bat badago, informazioa zabaldu behar da, Kontseiluaren baitan, beharrezkoa bada, aldez aurretik abenikoa lortzeko moduko epean. Aldez aurretiko informazioa emateko betebeharra ez da aplikatuko, Kontseiluaren erabakiak estatuko eremura eramateko neurriak transposizio hutsez egiten direnean.
6.- Egoeraren bilakaerak premia larria sortzen badu, eta Kontseiluaren erabakirik ez badago, Batasuneko estatuek beharrezko neurriak har ditzakete premiatasunez, ekintza bateratuaren helburu orokorrak kontuan direla. Batasuneko dena delako estatuak, ordea, berehala eman behar dio neurri horien berri Kontseiluari.
7.- Baldin eta Batasuneko estaturen batek garrantzi handiko zailtasunak badauzka ekintza bateratua aplikatzeko, horretaz eztabaidatu eta irtenbide egokiak bilatzeko eskatuko dio Kontseiluari. Irtenbide horiekin ezin izango da ekintzaren helburuen aurka jokatu, ez eta ekintzaren eraginkortasuna murriztu ere.
15. artikulua
Kontseiluak jarrera bateratuak onartuko ditu. Jarrera bateratuek gai geografiko edo tematiko jakin bati buruz Batasunak daukan ikuspegia zehaztuko dute. Batasuneko estatuek ardura hartu behar dute beren estatuetako politikak jarrera bateratuen araberakoak izan daitezen.
16. artikulua
Batasuneko estatuek, Kontseiluaren baitan, interes orokorra daukan atzerriari eta segurtasunari buruzko politikako gai guztien gainean elkarri eman behar diote berri, baita aholkua eskatu ere, ekintza hitzartuen eta elkarganatuen bidez Batasunaren eragina modu eraginkorragoan egingo dela bermatzeko.
17. artikulua
1.- Atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuak Batasunaren segurtasunaren gaineko gai guztiak hartuko ditu, defentsa bateratuari buruzko politika arian-arian zehaztea barne, defentsa bateratura iritsi arte, Kontseilu Europarrak hala erabakiko balu. Kasu horretan, erabaki hori hartzea gomendatuko die Batasuneko estatuei Kontseilu Europarrak, beti ere bakoitzaren konstituzioko arauen arabera.
Artikulu honen arabera, Batasunaren politikak ez dio eragingo Batasuneko zenbait estaturen segurtasunari eta defentsari buruzko politikaren izaera bereziari; defentsa bateratua Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen barruan (NATO) egin behar dutela uste duten Batasuneko estatu batzuentzat Ipar Atlantikoko Itunetik sortutako betebeharrak errespetatu egingo ditu; eta esparru horretan segurtasunari eta defentsari buruz ezarritako politika bateratuarekin bateragarri izan behar da Batasunaren politika.
Defentsa bateratuari buruzko politika arian-arian zehaztu ahala, Batasuneko estatuen arteko armagintza-arloko lankidetzak politika horren eusgarri izan behar du, Batasuneko estatuok egoki irizten dioten heinean.
2.- Artikulu honetan aipatutako gaien artean, giza laguntzako eta salbamenduko misioak, bakea zaintzeko misioak eta borrokarako indarrek krisiak kudeatzeko parte hartzen duten misioak sartzen dira, bakea berreskuratzeko misioak barne.
3.- Idatz-zati honetan aipatu eta defentsa-eremuan eraginak dauzkaten erabakiak hartu, 1. idatz-zatiko bigarren lerroaldean aipatutako politiken eta betebeharren kontra jarri gabe hartuko dira.
4.- Artikulu honetako xedapenek ez dute eragotziko Batasuneko estatu bik edo gehiagok, Mendebaldeko Europar Batasunaren (MEB) eta NATOren esparruan, elkarren artean lankidetza estuagoa garatzea, beti ere titulu honetan ezarritakoa hautsi edo eragozten ez badu lankidetza horrek.
5.- Artikulu honetako helburuak sustatzeko, 48. artikuluaren arabera aztertuko dira artikulu honetako xedapenak.
18. artikulua
1.- Atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuari dagokionez, Lehendakaritzak dauka Batasunaren ordezkaritza.
2.- Lehendakaritza da titulu honen arabera onartutako erabakiak gauzatzeko erantzukizuna daukana; ondorioz, hasteko, berak adieraziko du Batasunaren jarrera nazioarteko erakundeetan eta nazioarteko biltzarretan.
3.- Lehendakaritzak Kontseiluko idazkari nagusiaren laguntza edukiko du; eta atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuko goi arduradunen egitekoak beteko ditu idazkariak.
4.- Batzordea bete-betean dago 1. eta 2. idatz-zatietan aipatutako egitekoetara lotuta. Aipatutako egitekoak betetzeko, hurrengo Lehendakaritza beteko duen Batasuneko estatuaren laguntza edudiko du Lehendakaritzak, hala behar izanez gero.
5.- Beharrezkotzat jo dezan kasu guztietan, Kontseiluak ordezkari berezi bat izenda dezake, gai politiko zehatzei buruzko manua emanda.
19. artikulua
1.- Batasuneko estatuek koordinatu egin behar dute beren ekintza nazioarteko erakundeetan eta nazioarteko biltzarretan. Batasuneko estatuek jarrera bateratuak defendatu behar dituzte foro horietan.
Nazioarteko erakundeetan eta nazioarteko biltzarretan ez badira partaide Batasuneko estatu guztiak, parte hartzen dutenek jarrera bateratuak defendatu behar dituzte.
2.- Artikulu honetako 1. idatz-zatian eta 14. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoaren kontra jarri gabe, nazioarteko erakundeetan edo nazioarteko biltzarretan ordezkaritza duten Batasuneko estatuek, denen interesekoak diren gaien berri eman behar diete gainerako estatuei, baldin eta haietan ordezkatuta daudenak Batasuneko estatu guztiak ez dira.
Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko kide ere badiren Batasuneko estatuek beren artean abenikoa lortu eta erabat informatuta eduki behar dituzte Batasuneko gainerako estatuak. Segurtasun Kontseiluko kide finkoak diren Batasuneko estatuak, beren egitekoak betetzerakoan, Batasunaren jarrerak eta interesak defendatzea bermatu behar dute, Nazio Batuen Gutuneko xedapenen indarrez dagozkien erantzukizunen kontra jarri gabe.
20. artikulua
Batasuneko estatuen diplomaziako eta kontsultzako misioek, eta Batzordeak beste herrialdeetan eta nazioarteko biltzarretan dauzkan ordezkaritzek, elkarlanean jardun behar dute Kontseiluak hartutako jarrera bateratuak eta ekintza bateratuak errespetatu eta gauzatuko direla bermatzeko.
Aldi berean areagotu egingo dute beren lankidetza, elkarren artean informazioa trukatuz, iritzi bateratuak emanez, eta Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 20. artikuluan jasotako xedapenak betetzen lagunduz.
21. artikulua
Lehendakaritzak aholkua eskatuko dio Europako Parlamentuari atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuaren alderdi nagusien eta oinarrizko aukeren gainean, eta Europako Parlamentuaren iritziak behar bezala kontuan har daitezen jagongo du. Lehendakaritzak eta Batzordeak aldian-aldian emango diote Europako Parlamentuari Batasunak atzerriari eta segurtasunari buruz darabilen politikaren garapenaren berri.
Europako Parlamentuak galderak egin edo gomendioak aurkez diezazkioke Kontseiluari. Urtero, atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuaren garapenean egindako aurrerapenak eztabaidatuko ditu.
22. artikulua
1.- Batasuneko edozein estatuk, edo Batzordeak, atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuaren inguruko edozein gai aurkez diezaioke Kontseiluari, baita proposamenak egin ere Kontseiluari.
2.- Erabakia arin eman behar den kasuetan, Lehendakaritzak, bere kabuz edo Batzordeak edo Batasuneko estaturen batek eskatuta, Kontseiluaren bilera berezirako deia egin dezake, berrogeita zortzi orduko epean, edo, larrialdi kasuetan, epe laburragoan.
23. artikulua
1.- Titulu honen ondoriozko erabakiak aho batez hartu behar ditu Kontseiluak. Bertaratutako kideen edo ordezkatuen abstentzioak ez du aipatutako erabakiak hartzerik eragotziko.
Kontseiluko kideren batek bozketan abstentzioa egiten badu, adierazpen formala gehi diezaioke abstentzioari, lerroalde honen arabera eginda. Kasu horretan, bera ez dago erabakia aplikatzera behartuta, baina Batasunarentzat loteslea dela onartu behar du. Elkarrenganako elkartasunez, ordea, Batasuneko dena delako estatuak ezin izango du inolako ekintzarik egin, erabaki horretan oinarrituta Batasunak erabakitako ekintza eragotzi edo galarazteko, eta Batasuneko beste estatuek ere errespetatu egin behar dute haren jarrera. Baldin eta, Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 205. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoaren arabera, boto haztatuen herena baino gehiago badira abstentzioarekin batera era horretako adierazpena egiten duten Kontseiluko kideak, erabaki hura ez da onartuko.
2.- Goiko 1. idatz-zatian xedatutakoaren salbuespenez, gehiengo kualifikatuz onartu eta hartuko ditu Kontseiluak:
- ekintza bateratuak, jarrera bateratuak, edo estrategia bateratuan oinarritutako erabaki guztiak;
- ekintza bateratu edo jarrera bateratua aplikatzeko diren erabaki guztiak.
- ordezkari berezi bat izendatzeko erabakia, 18. artikuluaren 5. idatz-zatiaren arabera.
Kontseiluko kideren batek, estatu barruko politikarako garrantzi handiko eta ageriko arrazoiak direla eta, gehiengo kualifikatuz hartu behar den erabakiren bat hartzearen aurka jartzeko asmoa daukala adierazten badu, ez da bozketarik egingo. Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, gaia Kontseilu Europarrari bidaltzea eska dezake, aho batez erabaki dezan horren gainean.
Kontseiluko kideen botoak haztatu egingo dira Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuko 205. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Erabakiak hartu ahal izateko, gutxienez, 232 boto beharko dira alde, betiere, kopuru horretan gutxienez kideen bi heren ordezkatuta daudela. Kontseiluak erabaki bat gehiengo kualifikatuz onartzen duenean, Kontseiluko edozein kidek eskatu ahal izango du egiazta dadin gehiengo kualifikatua osatzen duten estatu kideek gutxienez Batasuneko biztanleria osoaren % 62 ordezkatzen dutela. Baldintza hori betetzen ez dela agerian geratzen bada, aipatutako erabaki hori ez da onartuko.
Idatz-zati hau ez zaie aplikatuko eremu militarrean edo defentsako eremuan eragin dezaketen erabakiei.
3.- Kontseilua osatzen duten kideen gehiengoz ebatziko du Kontseiluak, prozedura-gaietan.
24. artikulua
1.- Baldin eta, titulu hau praktikan jartzeko, estatu edo nazioarteko erakunde batekin edo gehiagorekin akordioren bat lotu behar bada, Kontseiluak, aho batez, horretarako negoziazioak hasteko baimena eman diezaioke Lehendakaritzari, eta, kasua bada, Batzordearen laguntza edukiko du. Lehendakaritzaren gomendioa oinarri duela lotu behar ditu akordio horiek Kontseiluak.
2.- Aldiz, aho batez hartu behar ditu akordioak Kontseiluak, baldin eta, erabakiak hartu ahal izateko, aho batezkoa beharrezkoa duten gaien gaineko akordioa bada.
3.- Akordioaren xedea ekintza bateraturen bat edo jarrera bateraturen bat aplikatzea denean, Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak, 23. artikuluko 2. idatz-zatiarekin bat etorriz.
4.- Artikulu honetan xedatutakoa VI. tituluan jasotako gaiei ere aplikatuko zaie. Barruko erabakiak edo barruko neurriak hartzeko gehiengo kualifikatua behar duen gaiari buruzkoa bada akordioa, Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartu behar du erabakia, 34. artikuluko 3. idatz-zatiarekin bat etorriz.
5.- Akordio bat ere ez da loteslea izango Batasuneko estaturen batek Kontseiluan daukan ordezkariak bere estatuko konstituzioko prozedurak eskatutakoari lotu behar zaiola adierazten badu; Kontseiluko gainerako kideek, hala ere, akordio hori berei behin-behinean aplikatzeko adostasuna lor dezakete.
6.- Artikulu honetan ezarritako baldintzen arabera lortutako akordioak lotesleak izango dira Batasuneko erakundeentzat.
25. artikulua
Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 207. artikuluko xedapenen kontra jarri gabe, Politika eta Segurtasun Lantalde batek nazioarteko egoeraren jarraipena egingo du atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuari dagozkion eremuetan, eta, bai Kontseiluak berak eskatuta zein bere ekimenez, Kontseiluari zuzendatuko irizpenak emanda, politika zehazten lagunduko du. Adostutako politikak martxan jartzea ere berak ikuskatuko du, Lehendakaritzak eta Batzordeak dauzkaten eskumenen kontra jarri gabe.
Titulu honen baitan, Lantalde horrek beteko du krisiak kudeatzeko lanen kontrol politikoa eta estrategia-zuzendaritza, Kontseiluaren erantzukizunpean.
Krisiak kudeatzeko lanak egiteko, eta lan horiek dirauten beste denborarako, Kontseiluak zehaztutako moduan, Kontseiluak baimena eman diezaioke Lantaldeari lanen kontrol politikoari eta estrategia-zuzendaritzari dagozkien bidezko erabakiak har ditzan, eta hori 47. artikuluan xedatutakoaren kontra jarri gabe.
26. artikulua
Kontseiluko idazkari nagusiak, atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuaren goi ordezkari denez, Kontseiluari lagunduko dio atzerriari eta segurtasunari buruzko politikaren eremuko gaietan, batez ere erabaki politikoak proposatu, prestatu eta martxan jartzen lagunduz, eta, bidezkoa denean, beste batzuekin egindako elkarrizketa politikoa zuzenduz, Kontseiluaren izenean eta Lehendakaritzak eskatuta.
27. artikulua
Batzordea erabat loturik dago atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuko eremuko lanekin.
27 A artikulua
1.- Titulu honetan jasotako eremuetan, eremua edozein dela ere, lankidetza indartuak erabiltzen badira, Batasun osoaren balioak defendatzeko eta bere interesen alde jokatzeko izango da, Batasunaren nortasuna nazioartean indar koherente moduan sendetsiz. Lankidetza horiek hau errespetatu behar dute:
atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuko pintzipioak, helburuak, orientabide nagusiak eta koherentzia, baita politika horren baitan hartutako erabakiak ere;
Europako Erkidegoaren eskumenak, eta
Batasunaren politika guztien eta bere atzerri-ekintzaren arteko koherentzia.
2.- Artikulu honetan aurreikusitako lankidetza indartuei 11. artikulutik 27.era artekoetan eta 27 B artikulutik 28.era artekoetan xedatutakoa aplikatuko zaie, 27 C artikuluan eta 43. artikulutik 45.era artekoetan kontrakorik xedatzen bada hori salbu utzita.
27 B artikulua
Titulu honen indarrez sortutako lankidetza indartuak ekintza bateraturen bat edo jarrera bateraturen bat aplikatzeko izan behar dira. Ezin izango dira aplikatu ondorio militarrak nahiz defentsa gaietan ondorioak dituzten gaietan.
27 C artikulua
Goiko 27 B artikuluaren indarrez beren artean lankidetza indartua ezarri nahi duten Batasuneko estatuek eskabidea egin behar diote Kontseiluari.
Eskabide hori Batzordeari bidaliko zaio, eta Parlamentuari ere bai, informaziorako. Batzordeak irizpena emango du, ezarri nahi den lankidetza indartuak Batasunaren politikekin koherentziarik duen zehazteko. Baimena Kontseiluak emango du, beti ere 43. artikulutik 45.era artekoak errespetatuz, eta 23. artikuluko 2. idatz-zatiko bigarren eta hirugarren paragrafoekin adostasuna agertuz.
27 D artikulua
Lehendakaritzak eta Batzordeak dituzten eskumenak baztertu gabe, Kontseiluko idazkari nagusia, atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuko goi-ordezkari denez, bereziki arduratu behar da Europako Parlamentua eta Kontseiluko kide guztiak guztiz informatuta edukitzeko, atzerriari eta segurtasunari buruzko politikan lankidetza indartuak egiteko direnean.
27 E artikulua
Goiko 27 D artikuluaren indarrez ezarritako lankidetza indarturen batean Batasuneko estaturen batek parte hartu nahi badu, Kontseiluari jakinarazi behar dio bere asmoa eta Batzordeari berri eman. Batzordeak irizpena eman behar dio Kontseiluari jakinarazpena jaso eta hiru hilabeteko epean. Jakinarazpena jaso eta lau hilabeteko epean Kontseiluak bere iritzia eman behar du eskabidearen gainean, baita beharrezko jo ditzan xedapen partikularren gainean ere. Erabakia onartutzat joko da, Kontseiluak gahiengo kualifikatuz eta epe horretan erabakia etenda uztea erabaki ezik; kasu horretan, Kontseiluak bere erabakia hartzeko izan dituen arrazoiak azaldu beharko ditu, eta berriro aztertzeko epea finkatu beharko du.
Artikulu honen ondorioetarako, Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartu behar ditu erabakiak. Gehiengo kualifikatua zehazteko, 23. artikuluko 2. idatz-zatiko hirugarren paragrafoan ezarritako hein berbera errespetatu behr da bai boto haztatuei dagokienez, bai Kontseiluko kide-kopuruari dagokionez ere.
28. artikulua
1.- Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 189, 190, 196, 197, 198, 199, 203, 204, 206, 207, 208, 209, 213, 214, 215, 216, 217, 218, 219, 255 eta 290. artikuluak titulu honetan aipatutako gaiei buruzko xedapenei aplikatuko zaizkie.
2.- Titulu honetan aipatutako gaiei buruzko xedapenek instituzioei sortutako administrazio-gastuak Europako Erkidegoen aurrekontuaren pentzutan izango dira.
3.- Aipatutako xedapenak aplikatzetik sortutako eragiketa-gastuak ere Europako Erkidegoen aurrekontuaren pentzutan izango dira, baina eremu militarrean edo defentsako eremuan eragin dezaketen eragiketei buruzkoak, eta Kontseiluak, aho batez, beste gauzaren bat erabakitzen duen kasuetakoak, salbuespen izango dira.
Gastuak Europako Erkidegoen aurrekontuaren pentzutan ez direnean, Batasuneko estatuen pentzutan izango dira, nazio-produktu gordinean oinarritutako banaketa-irizpidearen arabera, Kontseiluak aho batez besterik erabaki ezik. Eremu militarrean edo defentsako eremuan eragina daukaten eragiketetatik sortutako gastuei dagokienez, baldin eta 23. artikuluko 1. idatz-zatiko bigarren lerroaldearen araberako adierazpen formala egin badute ordezkariek Kontseiluan, Batasuneko estatuek ez daukate gastuen finantzaketari laguntzeko betebeharrik.
4.- Europako Erkidegoa eratzeko Itunean ezarritako aurrekontu-prozedura bera aplikatuko zaie Europako Erkidegoen aurrekontuaren pentzutan diren gastuei.
VI. TITULUA
POLIZIA ETA ZUZENTZA GAIETAKO LANKIDETZARI BURUZKO XEDAPENAK, ZIGOR-ARLOAN
29. artikulua
Europako Erkidegoaren eskumenen kontra jarri gabe, herritarrei maila handiko segurtasuna eskaintzea da Batasunaren helburua, askatasun, segurtasun eta justiziazko eremu batean, Batasuneko estatuen artean ekintza bateratu bat eginez, zigor-arloko polizia- eta justizia-gaietako lankidetza-eremuetan, eta arrazakeriari eta xenofobiari aurre hartuz eta bi horien kontra borrokatuz.
Delitugintzari aurrea hartuz eta bere kontra borrokatuz lortu behar da helburu hori, bai delitugintza hori antolatutakoa zein antolatu gabea izan; batez ere, terrorismoaren, gizakien salerosketaren, haurren kontrako delituen, drogak eta armak legez kanpo salerostearen, ustelkeriaren eta iruzurraren kontra. Horretarako:
- polizia-indarren, agintari aduanazainen eta Batasuneko estatuetako agintari eskudunen arteko lankidetza estutuz, bai zuzenean edo Poliziaren Europako Bulegoaren bidez (Europol), 30 eta 32. artikuluetan xedatutakoaren arabera;
- epaileen eta Batasuneko estatuetako agintari eskudunen arteko lankidetza estutuz, eta Justizia Lankidetzako Europar Batasunaren bidez (Eurojust), 31 eta 32. artikuluetan xedatutakoaren arabera;
- Batasuneko estatuen zigor-arloko arauak hurbilduz, premiazkoa denean, 31. artikuluko e) puntuan xedatutakoaren arabera.
30. artikulua
1.- Polizia-gaietako lankidetzaren eremuko ekintza bateratuan hauek sartzen dira:
a) agintari eskudunen arteko lankidetza eraginkorra, polizia eta aduanazainen zerbitzuak, eta legea aplikarazteko ardura daukaten beste zerbitzu espezialduak barne, delitu-egitateei aurrea hartu, eta delitu-egitateok aurkitu eta ikertzeko;
b) dagokien informazioa bildu, metatu, tratatu, analizatu eta elkarren artean trukatzea, bereziki Europolen bitartez, finantza-eragiketa susmagarriei buruz legea aplikarazteko ardura daukaten zerbitzu espezialduen esku dauden informeei dagokiena barne hartuta, norbanakoen datuak babesteko xedapenak errespetatuz;
c) lankidetza eta ekimen bateratuak, prestakuntzan, loturak egiteko polizia-ofizialak elkarren artean trukatzean, zerbitzuak betetzean, ekipamenduen erabileran, eta kriminologiako ikerketan;
d) antolatutako delitugintza-modu larriak atzematearekin lotutako ikerketa-teknika berezien ebaluaketa batera egitea.
2.- Kontseiluak lankidetza sustatuko du Europolen bitartez, eta, Amsterdamgo Ituna indarrean jartzen denetik bost urteko epean, bereziki:
a) gaitasuna emango dio Europoli, prestakuntza erraztu eta bultza dezan, eta Batasuneko estatuetako agintari eskudunek kudeatutako berariazko ikerketa-ekintzen koordinazioa eta ekintzok martxan jartzea indartu ditzan, lantalde mistoen jarduera eraginkorrak barne hartuta, Europolen ordezkariak ere, laguntza emanez, barruan direla;
b) neurriak hartuko ditu, Europolek, kasu zehatz batzuetan, Batasuneko estatuetako agintari eskudunei beren ikerketak egin eta koordinatu ditzatela eskatu ahal izan diezaien, baita berariazko jakintzak garatzeko ere, gero Batasuneko estatuen eskuetan jarri ahal izan daitezen, antolatutako delitugintza-kasuen ikerketa egiten Batasuneko estatuoi laguntzeko izan dadin;
c) lotura-akordioak sustatuko ditu antolatutako delitugintzaren aurka salaketaz eta ikerketaz arduratutako agintari espezialduen artean, Europolekin lankidetza estuan aritzeko;
d) mugaz haraindiko delitugintzari buruzko ikerketa, dokumentazio eta estatistikako sare bat sortuko du.
31. artikulua
1.- Zigor-arloko justizia-gaietako lankidetzari buruzko ekintza bateratuak, besteak beste, hauek hartzen ditu bere baitan:
a) Batasuneko estatuetako ministerioen eta epaileen edo eskumendun baliokideen artean lankidetza erraztu eta bizkortzea, baita, komeni denean, Eurojusten bidez ere, auziei eta erabakiak gauzatzeari dagokienez;
b) Batasuneko estatuen artean estradizioa erraztea;
c) Batasuneko estatuetan aplikagarri diren arauen bateragarritasuna lortzea, aipatutako lankidetza hobetzeko beharrezkoa den heinean;
d) Batasuneko estatuen arteko jurisdikzio-gatazkei aurre hartzea;
e) delituak eta penak sorrarazten dituzten gaiei buruzko gutxieneko arauak ezartzeko neurriak arian-arian hartzea, antolatutako delitugintzari, terrorismoari eta drogak legez kanpo salerosteari dagokienez.
2.- Kontseiluak lankidetza sustatuko du Eurojusten bidez; eta horretarako,
Eurojust gaituko du, Batasuneko estatuetan delitua jazartzeko ardura duten agintari nazionalen arteko koordinazioa egokia izateko lagundu dezan;
Eurojusten elkarlana bultzatuko du mugaz haraindiko delitugintza larriko gaien inguruko ikerketaren gainean, batez ere antolatutako delitugintza-gaietan, eta zehazki, Europolek egindako azterketak kontuan hartuta;
Eurojusti Europako Justizia Sarearekin lankidetza estua izaten lagunduko dio, zehazki erregu-gutunak eta estradizio-eskaerak betetzea errazagoa izan dadin.
32. artikulua
Kontseiluak ezarriko du nolako baldintzetan eta mugekin jardun dezaketen Batasuneko beste estatu baten lurraldean 30 eta 31. artikuluetan aipatutako agintari eskudunek, Batasuneko aipatutako estatuko agintariekin lankidetzan aritu eta bat etorriz.
33. artikulua
Titulu hau ez doa Batasuneko estatuek ordena publikoa zaindu eta barne-segurtasuna babesteko dauzkaten erantzukizunak gauzatzearen kontra.
34. artikulua
1.- Titulu honetan aipatutako eremuetan, Batasuneko estatuek elkarri informazioa eman eta aholkua eskatuko diote Kontseiluaren baitan, beren ekintza koordinatzeko. Horretarako, bakoitzaren administrazioan eskumenak dauzkaten zerbitzuen arteko lankidetza finkatuko dute.
2.- Batasunaren helburuak lortzeko bidezkoa den lankidetza prestatu eta sustatuko du Kontseiluak, titulu honetan ezarritako moduak eta prozedura egokiak erabiliz. Helburu horrekin, Batasuneko edozein estaturen edo Batzordearen ekimenez, Kontseiluak, aho batez:
a) jarrera bateratuak onar ditzake, gai jakinen bati buruz Batasunaren ikusmoldea zehazteko;
b) abiaburuko erabakiak har ditzake, Batasuneko estatuen legezko eta erregelamenduzko xedapenak hurbiltzeko. Lortu behar den emaitzari dagokionez, abiaburuko erabakiek behartu egingo dituzte Batasuneko estatuak, baina estatu bakoitzeko agintarien esku geratuko da modua eta baliabideak aukeratzea. Ez dute eragin zuzenik edukiko;
c) beste edozein xederako erabakiak har ditzake, titulu honen helburuekin bat badator, baina Batasuneko estatuen legezko eta erregelamenduzko xedapenen edozein hurbilketa alde batera utzita. Erabaki horiek betebeharrekoak izango dira, eta ez dute eragin zuzenik edukiko; Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, erabaki horiek Batasun osoari aplikatzeko bide eman dezaten neurriak hartuko ditu;
d) hitzarmenak egin ditzake, eta Batasuneko estatuei ere hitzarmenok onartzea gomendatu ahal izango die, bakoitzaren konstituzioko arauen arabera. Kontseiluak finkatutako epean hasi behar dituzte prozedura aplikagarriak Batasuneko estatuek.
Kontrakorik xedatu ezik, hitzarmen horiek, Batasuneko estatuen erdiek gutxienez onartu eta gero, onartu dituztenentzat sartuko dira indarrean. Kontseiluaren baitan onartu behar dira hitzarmenak aplikatzeko neurriak, itungileen bi herenen gehiengoz.
3.- Kontseiluak akordio bat gehiengo kualifikatuz onartu behar duenean, kideen botoak haztatuko dira Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuko 205. artikuluko 2. paragrafoaren arabera, eta, Kontseiluaren akordioak onartu ahal izateko, gutxienez, 232 boto beharko dira alde, betiere, kopuru horretan gutxienez kideen bi heren ordezkatuta daudela. Kontseiluak erabaki bat gehiengo kualifikatuz onartzen duenean, Kontseiluko edozein kidek eskatu ahal izango du egiazta dadin gehiengo kualifikatua osatzen duten estatu kideek gutxienez Batasuneko biztanleria osoaren % 62 ordezkatzen dutela. Baldintza hori betetzen ez dela agerian geratzen bada, aipatutako erabaki hori ez da onartuko.
4.- Kontseilua osatzen duten kideen gehiengoz hartu behar ditu erabakiak Kontseiluak, prozedura-gaietan.
35. artikulua
1.- Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak, epaiketa aurretik, abiaburuko erabakien eta erabakien balioaz eta interpretazioaz, titulu honen arabera egindako hitzarmenen interpretazioaz, eta erabakiok aplikatzeko neurrien balioaz eta interpretazioaz ebazteko eskumenak edukiko ditu, artikulu honetan ezarritako baldintzen arabera.
2.- Amsterdamgo Ituna izenpetzeko unean edo gerora edozein unetan egindako adierazpenaren bitartez, Batasuneko edozein estatuk onar ditzake Justizia Auzitegiaren eskumenak 1. idatz-zatian zehaztutako moduan epaiketa aurretik erabakitzeko.
3.- Batasuneko estatuek, 2. idatz-zatiaren araberako adierazpena egiten badute, hau zehaztu behar dute:
a) edo estatu horretako edozein jurisdikzio-organok, berak erabaki gabeko gairen baten gainean, 1. idatz-zatian aipatutako ekintzaren baten balioaz edo interpretazioaz aurkeztutako auziren bati buruz erabakiren bat epaiketa aurretik hartzea eska diezaiokeela Justizia Auzitegiari, estatuko jurisdikzio-organo horren erabakiak barruko Zuzenbidean gerora inolako judizio-errekurtsorik jaso ezin dutenak badira, eta, berak bere ebazpena emateko, gai horri buruzko erabakia beharrezkoa dela uste badu,
b) edo estatu horretako edozein jurisdikzio-organok, berak erabaki gabeko gairen baten gainean, 1. idatz-zatian aipatutako ekintzaren baten balioaz edo interpretazioaz aurkeztutako auziren bati buruz erabakiren bat epaiketa aurretik hartzea eska diezaiokeela Justizia Auzitegiari, estatuko jurisdikzio-organo horrek, bere ebazpena emateko, gai horri buruzko erabakia beharrezkoa dela uste badu.
4.- Batasuneko edozein estatuk, 2. idatz-zatiaren araberako adierazpena egindakoa izan zein ez, 1. idatz-zatian aipatutako gaiei buruz Justizia Auzitegiari irizpenak edo oharrak idatziz aurkezteko ahalmena dauka.
5.- Justizia Auzitegiak ez dauka eskumenik Batasuneko estaturen bateko poliziak edo legea aplikarazteko ardura daukaten beste zerbitzuek egindako operazioen balioa edo proportziozkotasuna kontrolatzeko, ez eta Batasuneko estatuek ordena publikoa zaintzeko eta barne-segurtasuna babesteko duazkaten erantzukizunak betetzean egindakoak kontrolatzeko ere.
6.- Justizia Auzitegiak abiaburuko erabakien eta erabakien legezkotasuna kontrolatzeko eskumenak dauzka, Batasuneko estaturen batek edo Batzordeak, eskumenik ezaz, formazko funtsezko akatsez, itun hau edo ituna gauzatzeko edozein arau juridiko hausteaz, edo boterearen desbiderazioaz aurkeztutako errekurtsoei dagokienean. Idatz-zati honetan aurreikusitako errekurtsoak bi hilabeteko epean aurkeztu behar dira, neurria argitaratzen denetik kontatzen hasita.
7.- Justizia Auzitegiak 34. artikuluko 2. idatz-zatiaren arabera onartutako ekintzen interpretazioari edo aplikazioari buruz Batasuneko estatuen arteko edozein auzi erabakitzeko eskumenak dauzka, baldin eta Kontseiluko kideren batek auzi hori Kontseiluari bidaltzen dionetik sei hilabeteko epean erabaki ezin badu. Justizia Auzitegiak, halaber, 34. artikuluko 2. idatz-zatiko d) puntuaren arabera egindako hitzarmenen interpretazioari edo aplikazioari buruzko edozein auzi erabakitzeko eskumenak dauzka.
36. artikulua
1.- Goi funtzionarioz eratutako Koordinazio Lantalde bat sortuko da. Koordinazio-eginkizunez gain, lantalde horrek eginbehar hauek edukiko ditu:
- Kontseiluari zuzendutako irizpenak egitea, Kontseiluak berak eskatuta, edo lantaldearen ekimenez;
- Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 207. artikuluan xedatutakoaren kontra jarri gabe, 29. artikuluan aipatutako gaiei buruz Kontseiluari lanak prestatzen laguntzea.
2.- Batzordea bete-betean dago titulu honetan aipatutako lanetara lotuta.
37. artikulua
Batasuneko estatuek, parte hartzen duten nazioarteko erakundeetan eta nazioarteko biltzarretan, titulu honetan xedatutakoa aplikatuz onartutako jarrera bateratuei eutsi behar diete.
Titulu honetan jasotako gaiei 18 eta 19. artikuluak aplikatuko zaizkie, dagozkien egokitzapenak eginda.
38. artikulua
Titulu honetan jasotako gaiei buruzkoak izan daitezke 24. artikuluan aipatutako akordioak.
39. artikulua
1.- Kontseiluak Europako Parlamentuari eskatuko dio aholkua, 34. artikuluko 2. idatz-zatiko b), c) eta d) puntuetan aipatutako edozein neurri hartu aurretik. Kontseiluak finka dezakeen epean eman behar du irizpena Europako Parlamentuak, baina epea ez da hiru hilabetetik beherakoa izango. Epe horretan irizpenik eman ezik, Kontseiluak berak erabaki lezake.
2.- Lehendakaritzak eta Batzordeak aldian-aldian emango diote Europako Parlamentuari titulu honetan aipatutako gaien inguruan egite bidean dauden lanen berri.
3.- Europako Parlamentuak galderak edo gomendioak egin ahal izango dizkio Kontseiluari. Europako Parlamentuak urtero eztabaidatuko du titulu honetan aipatutako gaien inguruan egindako aurrerapenei buruz.
40. artikulua
1.- Titulu honetan aurreikusitako eremuetako lankidetza indartuek izango duten helburua ahalik eta lasterren Batasuna askatasun, segurtasun eta justiziako gunea izatea da; eta aldi berean, Europako Erkidegoaren eskumenak eta titulu honetan finkatutako helburuak errespetatzea.
2.- Artikulu honetan aurreikusitako lankidetza indartuei 29. artikulutik 39.era artekoak eta 40 A, 40 B eta 41. artikuluak aplikatuko zaizkie, 40 A artikuluan eta 43. artikulutik 45.era artekoetan kontrakorik xedatu ezik.
3.- Europako Erkidegoetako Auzitegiaren eskumenei buruzko xedapenak eta eskumenok betetzeari buruzkoak diren Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko xedapenak aplikatu ahal izango zaizkie artikulu honi eta 40 A eta 40 B artikuluei.
40 A artikulua
1.- Goiko 40. artikuluaren indarrez beren artean lankidetza indarturen bat ezarri nahi duten Batasuneko estatuek eskabidea egin behar diote Batzordeari, eta horrek proposamena egin ahal izango dio Kontseiluari zentzu horretan. Batzordeak proposamenik aurkezten ez badu, arrazoiak eman behar dizkie gaian interesa duten Batasuneko estatuei. Estatuek, orduan, ekimen bat aurkeztu ahal ziango diote Kontseiluari dena delako lankidetza indartua onar dezan.
2.- Artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako onarpena Kontseiluak emango du, 43. artikulutik 45.era artekoak errespetatuz, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenez edo gutxienez Batasuneko zortzi estaturen ekimenez, eta Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren. Kontseiluko kideen botoak Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 205. artikuluko 2. idatz-zatiaren arabera haztatuko dira.
Gaia Kontseilu Europarrari igortzea eska dezake Kontseiluko edozein kidek. Eta gaia Kontseilu Europarrari igorri ondoren, idatz-zati honetako lehenengo paragrafoan xedatutakoaren arabera ebatzi dezake Kontseiluak.
40 B artikulua
Goiko 40 A artikuluaren indarrez ezarritako lankidetza indarturen batean parte hartu nahi duen Batasuneko edozein estatuk Kontseiluari eta Batzordeari jakinaraziko die bere asmoa, eta Batzordeak irizpen bat bidaliko dio Kontseiluari jakinarazpena jasotzen duen egunetik hiru hilabeteko epean; behar bada, irizpenarekin batera, gomendio bat ere bidaliko dio, Batasuneko estatu horrek dena delako lankidetzan parte hartzeko, batzordeak beharrezkotzat jo ditzan xedapen partikularrei buruz. Kontseiluak jakinarazpena jasotzen duen egunetik lau hilabeteko epean hartuko du eskabidearen gaineko erabakia. Onartutzat hartuko da erabakia, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta aipatutako epe horretan bertan, etenda uztea erabaki ezik; kasu horretan, Kontseiluak erabakia hartzeko izandako arrazoiak emango ditu, eta berriro aztertzeko epea jarriko du.
Kontseiluak 44. artikuluko 1. idatz-zatian aurreikusitako baldintzetan jardun behar du artikulu honen gainean diharduenean.
41. artikulua
1.- Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 189, 190, 195, 196, 197, 198, 199, 203 eta 204. artikuluak, 205. artikuluko 3. idatz-zatia, eta 206, 207, 208, 209, 213, 214, 215, 216, 217, 218, 219, 255 eta 290. artikuluak, titulu honetan aipatutako gaiei buruzko xedapenei aplikatuko zaizkie.
2.- Titulu honetan aipatutako gaiei buruzko xedapenek instituzioei sortutako administrazio-gastuak Europako Erkidegoen aurrekontuaren pentzutan izango dira.
3.- Aipatutako xedapenak aplikatzetik sortutako eragiketa-gastuak ere Europako Erkidegoen aurrekontuaren pentzutan izango dira, Kontseiluak aho batez besterik erabaki ezik. Gastuak Europako Erkidegoen aurrekontuaren pentzutan ez direnean, Batasuneko estatuen pentzutan izango dira, nazio-produktu gordinean oinarritutako banaketa-irizpidearen arabera, Kontseiluak aho batez besterik erabaki ezik.
4.- Europako Erkidegoa eratzeko Itunean ezarritako aurrekontu-prozedura bera aplikatuko zaie Europako Erkidegoen aurrekontuaren pentzutan diren gastuei ere.
42. artikulua
Kontseiluak, aho batez, Batzordearen edo Batasuneko estaturen baten ekimenez, eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, 29. artikuluan jasotako eremuei dagozkien ekintzak Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko IV. tituluan sartzea erabaki dezake, baita bozketa nola egin behar den zehaztu ere. Erabaki hori hartzea gomendatuko die Batasuneko estatuei Kontseiluak, beti ere bakoitzaren konstituzioko arauen arabera.
VII. TITULUA
LANKIDETZA INDARTUARI BURUZKO XEDAPENAK
43. artikulua
Beren artean lankidetza indartua ezarri nahi duten Batasuneko estatuei baimena eman dakieke, itun honetan eta Europako Erkidegoa eratzeko Itunean ezarritako instituzio, prozedura eta tresnak erabiltzeko, baldin eta lankidetza horrek:
a) Batasunaren eta Erkidegoaren helburuak bultzatu, bere interesak babestu eta interes horien alde jokatu, eta integrazio-prozesua indartu nahi badu;
b) aipatutako itunak eta Batasunaren instituzio-eremu bakarra errespetatzen baditu;
c) Erkidegoaren altxorra errespetatzen badu, eta aipatutako itunetako gainerako xedapenak oinarri direla hartutako neurriak errespetatzen baditu;
d) Batasunaren edo Erkidegoaren eskumenen barruan gelditzen bada, eta Erkidegoaren eskumen esklusibokoak diren eremuetan sartzen ez bada;
e) barne-merkatuari eragin kaltegarririk sortzen ez badio, beti ere Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 14. artikuluko 2. idatz-zatian definitutako moduan hartuta, ez eta ekonomiaren eta gizartearen kohesioari eragin kaltegarririk sortzen ez badio, hori ere itun bereko XVII. tituluaren arabera ezarritako moduan hartuta;
f) Batasuneko estatuen arteko trukaketentzat ez oztopo ez bereizkeria-iturri ez bada, eta estatuon arteko lehia itxuraldatzen ez badu;
g) Batasuneko zortzi estatu gutxienez batzen baditu;
h) lankidetza horretan parte hartzen ez duten Batasuneko estatuen eskumenak, eskubideak eta betebeharrak errespetatzen baditu;
i) Schengengo altxorra Europar Batasunaren eremuan sartzen duen protokoloko xedapenei eragiten ez badie;
j) Batasuneko estatu guztiei irekita badago, 43 B artikuluarekin bat etorriz.
43 A artikulua
Lankidetza indartuak azken irtenbide moduan baino ezin izango dira hasi. Horretarako, Kontseiluaren baitan ondo argi eta garbi egon behar da agindutako helburuak ezin direla zentzuzko epe batean lortu, itunetan horretarako ezarritako xedapenak aplikatuta.
43 B artikulua
Lankidetza indartuak Batasuneko estatu guztientzat daude irekita, ezartzen diren unean. Eta irekita egongo dira, halaber, beste edozein unetan, itun honetako 27 E eta 40 B artikuluekin eta Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 11 A artikuluarekin bat etorriz, baldin eta hasierako erabakia eta eremu horretan hartutako erabakiak errespetatzen badira. Batzordeak eta lankidetza indartu batean parte hartzen ari diren Batasuneko estatuek ahaleginak egingo dituzte Batasuneko estaturik gehienek parte har dezaten lankidetza horretan.
44. artikulua
1.- Itun honetako 43. artikuluan jasotako moduan lankidetza garatzeko beharrezko egintzak eta erabakiak onartzeko, itun honen eta Europako Erkidegoa eratzeko Itunaren arabera instituzioei dagozkien xedapenak aplikatuko dira. Hala ere, eztabaidetan Kontseiluko kide guztiek parte har badezakete ere, esandako lankidetzan parte hartzen duten Batasuneko estatuetako ordezkariek baino ez dute parte hartuko erabakiak hartzen. Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 205. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako proportzioa errespetatuz zehaztuko da gehiengo kualifikatua, lankidetzan interesatuta dauden Kontseiluko kideen boto haztatuen eta kide-kopururaren proportzioan; eta itun honetako 23. atikuluko 2. idatz-zatiko bigarren eta hirugarren paragrafoetan ezarritako proportzioan, 27 C artikuluaren indarrez ezarritako lankidetza indartua bada kasua. Lankidetzaz interesatuta dauden Kontseiluko kideen artean eratu behar da soil-soilik aho batezkoa.
Ekintza eta erabaki horiek ez dira Batasunaren altxorreko parte izango.
2.- Lankidetza indartuan parte hartzen duten Batasuneko estatuek, dagozkien heinean, aplikatu egin behar dituzte lankidetza burutzeko onartutako ekintzak eta erabakiak. Bestalde, Lankidetzan parte hartzen duten Batasuneko estatuak baino ez dira lotuko ekintza eta erabaki horietara, eta estatu horietan baino ezin izango dira aplikatu zuzenean. Lankidetza indartuan parte hartzen ez duten Batasuneko estatutek ez dute eragozpenik jarri behar lankidetzan parte hartzen duten Batasuneko kideek ekintza eta erabaki horiek aplikatu behar dituztenean.
44 A artikulua
Lankidetza aplikatzetik sortutako gastuak, instituzioei eragindako administrazio-gastuak ez badira behintzat, lankidetzan parte hartzen duten Batasuneko estatuen pentzutan izango dira, Kontseiluak bertako kide guztien aho batezkoaz eta Europako Parlamentuari kontsulta egin ondoren besterik erabaki ezik.
45. artikulua
Kontseiluak eta Batzordeak titulu honen indarrez hasitako ekintzen koherentzia zaindu behar dute, baita ekintza horiek Batasunaren eta Erkidegoaren politikekin koherenteak izan daitezen ere, eta, horretarako, lankidetzan aritu behar dira.
VIII. TITULUA
AZKEN XEDAPENAK
46. artikulua
Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiaren eskumenei eta eskumen horiek betetzeari buruzkoak diren Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko xedapenak, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa eratzeko Itunekoak, eta Atomo Energiaren Europako Erkidegoa eratzeko Itunekoak, itun honetako xedapen hauei bakarrik aplikatuko zaizkie:
a) Europako Erkidegoa eratzeko asmoz Europako Ekonomia Erkidegoa eratzeko Ituna, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa eratzeko Ituna, eta Atomo Energiaren Europako Erkidegoa eratzeko Ituna aldatzen dituzten xedapenei;
b) VI. tituluko xedapenei, 35. artikuluan ezarritako baldintzetan;
c) VII. tituluko xedapenei, Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 11. artikuluan eta itun honetako 40. artikuluan ezarritako baldintzetan;
d) 6. artikuluko 2. idatz-zatiari, instituzioen jarduerari dagokionez, Europako Erkidegoak eratzeko itunen eta itun honen arabera Justizia Auzitegiak eskumenak dauzkan heinean;
prozedurakoak baino ez diren 7. artikuluan jasotako xedapenei, eta Auzitegiak emango du erabakia, Batasuneko dena delako estatuak eskatuta eta artikulu horretan aurreikusitako moduan Kontseiluak ziurtapena jasotzen duen egunetik hilabeteko epean;
f) 46. artikulutik 53.era artekoei.
47. artikulua
Europako Erkidegoa eratzeko asmoz Europako Ekonomia Erkidegoa eratzeko Ituna, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa eratzeko Ituna, eta Atomo Energiaren Europako Erkidegoa eratzeko Ituna aldatzen dituzten xedapenen eta hemengo azken xedapenen aurka jarri gabe, itun honetako xedapen batek ere ez die eragingo Europako Erkidegoa eratzeko itunei, ez eta horiek aldatu edo osatzen dituzten ondorengo itunei eta ekintzei ere.
48. artikulua
Batasuneko edozein estatutako gobernuak, edo Batzordeak, Batasunak oinarri dituen itunak aztertzeko egitasmoak aurkez diezazkioke Kontseiluari.
Baldin eta Kontseiluak, Europako Parlamentuari, eta, hala badagokio, Batzordeari aholkua eskatuta, Batasuneko estatuetako gobernuetako ordezkarien biltzarra batzearen aldeko irizpena ematen badu, Kontseiluko lehendakariak egingo du deia, itun horietan sartu beharreko aldaketak guztien akordioz onar daitezen. Diru-eremuko instituzioei buruzkoak badira aldaketak, aholkua eskatuko zaio Europako Banku Zentraleko Kontseiluari ere.
Batasuneko estatu guztiek sendetsi eta gero sartuko dira indarrean zuzenketak, beti ere estatu bakoitzak bere konstituzioko arauen arabera sendetsita.
49. artikulua
Europako edozein estatuk eska dezake Batasuneko kide izateko sarrera, 6. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako printzipioak errespetatzen baditu. Kontseiluari egingo dio eskaera, eta horrek aho batez hartu behar du erabakia, Batzordeari aholkua eskatu eta Europako Parlamentuak aldeko irizpena eman ondoren. Parlamentuko kideek gehiengo osoz onartu behar dute irizpena.
Batasunaren oinarri diren itunei dagokienez onarpen horrek dakartzan onarpen-baldintzak eta egokitzapenak Batasuneko estatuen eta eskaera egin duen estatuaren arteko akordio batez zehaztuko dira. Akordio hori estatu itungile guztiei aurkeztuko zaie sendetsi dezaten, bakoitzak bere konstituzioko arauen arabera egin dezan.
50. artikulua
1.- Europako Erkidegoen Kontseilu bakarra eta Batzorde bakarra eratzeko 1965eko apirilaren 8an Bruselan egindako Ituneko 2. artikulutik 7. artikulura artekoak eta 10. artikulutik 19. artikulura artekoak indargabetuta uzten dira.
2.- Luxenburgon 1986ko otsailaren 17an eta Hagan 1986ko otsailaren 28an izenpetutako Europako Agiri Bakuneko 2. artikulua, 3. artikuluko 2. idatz-zatia eta III. titulua indargabetuta uzten dira.
51. artikulua
Itun hau epe-muga jakinik gabe egin da.
52. artikulua
1.- Itun hau itungile gorenek sendetsiko dute, bakoitzak bere konstituzioko arauen arabera. Berrespen-agiriak Italiako Errepublikako Gobernuak gordeko ditu.
2.- Itun hau 1993ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, baldin eta berrespen-agiri guztiak gordetzeko eman badira; eta, horrela izan ez bada, izenpetzen azkena izan den estatuak berrespen-agiria gordetzeko eman ondorengo hilaren lehenengo egunean.
53. artikulua
Itun hau ale bakarrean idatzitza dago, alemanez, danieraz, espainieraz, frantsesez, grekoz, ingelesez, irlanderaz, italieraz, nederlanderaz eta portugesez, eta testu horiek jatorrizkotasun bera daukate hizkuntza horietako bakoitzean. Ituna Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboetan gordeko da, eta legezkotutako kopia bana bidaliko dio hark ituna izenpetu duten gainerako estatuetako gobernu bakoitzari.
1994ko atxikipen-itunaren indarrez, itun honen finlandierako eta suedierako bertsioek ere legezkotasun bera daukate.
Eta horren fede emanez, beheko sinatzaile ahal osokoek izenpetzen dute itun hau.
Maastrichten egina, mila bederatziehun eta laurogeita hamabiko otsailaren zazpian.
(ez da izenpetzaileen zerrenda jaso)