eskualdeetakoedueremuurrikohizkuntzeneur

Eskualdeetako edu eremu urriko hizkuntzen Europako Gutuna

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

ESKUALDEETAKO EDO EREMU URRIKO HIZKUNTZEN EUROPAKO GUTUNA

Hitzaurrea

Europako Kontseiluko kide diren eta Gutun hau izenpetzen duten estatuek,

Kontuan harturik Europako Kontseiluaren helburua kide guztien arteko batasun sendoagoa lortzea dela, batez ere kideen ondare komuna osatzen duten idealak eta printzipioak babestu eta sustatzearren;

Kontuan harturik Europako eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza historikoen —horietako batzuk denborarekin galtzeko arriskuan daude— babesak Europako ohitura eta kultur aberastasuna mantendu eta garatzen laguntzen duela;

Kontuan harturik eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bat bizitza pribatuan edo publikoan erabiltzea preskribiezinezko eskubidea dela, Nazio Batuen eskubide zibil eta politikoei buruzko Nazioarteko Itunean jasotako printzipioekin bat, eta Gizakiaren Eskubideen eta Oinarrizko Askatasunen babeserako Europako Kontseiluaren Hitzarmenaren espirituarekin bat;

Aintzat harturik Europako Segurtasuneko eta Lankidetzako Biltzarrean egindako lana, eta, bereziki, Helsinkiko Azken Akta eta Kopenhageko 1990eko bilerako agiria;

Kultura artekotasunak eta eleaniztasunak duten balioa azpimarratuz, eta kontuan harturik eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak babestu eta sustatzea ez litzatekeela hizkuntza ofizialen eta horiek ikasteko beharrizanaren kalterako egin beharko;

Jakitun izanda Europako eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak Europako eskualdeetan eta herrialdeetan babestu eta sustatzeak ekarpen garrantzitsua egiten diola demokraziaren eta kultur aniztasunaren printzipioetan oinarrituta eraikitako Europa eraikitzeari, nazioen subiranotasunaren eta lurralde‑osotasunaren;

Aintzat harturik Europako eskualde bakoitzak dituen berariazko baldintzak eta berezko ohitura historikoak,

ondokoa erabaki dute:

1. zatia – Xedapen orokorrak

1. artikulua - Definizioak

Gutun honen ondorioetarako:

a) “Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza” aipatzerakoan, hauek adierazi nahi dira:

i) Estatu bateko lurraldean bertako biztanleek, Estatuko biztanleriaren barruan gutxiengoa izanik, tradizioz hitz egiten dituztenak; eta

ii) hizkuntzok ez dira Estatu horretako hizkuntza ofizialak izango; eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen barruan ez dira sartuko estatuko hizkuntza ofizialaren dialektoak, ez etorkinen hizkuntzak;

b) “eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza erabiltzen den lurraldea” da Gutun honetan aurreikusitako babes‑ eta sustapen‑neurriak hartzea justifikatzeko besteko hiztun‑kopurua duen hizkuntzaren geografia‑eremua;

c) “lurralderik gabeko hizkuntzak” dira Estatuko gainontzeko biztanleek hitz egiten dituzten hizkuntzak, baina Estatuko lurraldean tradizioz hitz egiten diten arren, bertako geografia‑eremu jakin bati lotu ezin dakizkionak;

2. artikulua - Konpromisoak

1. Alde guztiek hartu dute II. zatiko xedapenak bakoitzaren lurraldean hitz egiten diren eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza guztiei aplikatzeko konpromisoa, baldin eta hizkuntzok 1. artikuluko definizioak betetzen badituzte.

2. Berretsi, onartu edo onesteko unean adierazitako hizkuntza guztiei dagokienez, 3. artikuluarekin bat, Alde bakoitzak Gutun honetako III. zatiko xedapenen artetik gutxienez hogeita hamabost paragrafo edo idatz‑zati hautatu aplikatzeko konpromisoa hartu du; horietako hiru gutxienez 8 eta 12 artikuluetan hautatu behar dira, eta 9, 10, 11 eta 13 artikuluetan, berriz, bana.

3. artikulua – Modalitateak

1. Gutuna sinatu duten Estatuek berretsi, onartu edo onesteko agirian zehaztu behar dute eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bakoitza, edo bakoitzaren lurralde osoan edo horren zati batean eremu urriagoa duen hizkuntza ofizial bakoitza, eta horri 2. artikuluko 2. paragrafoarekin bat hautatutako paragrafoak ezarriko zaizkio.

2. Aldeek, geroagoko edozein unetan, berretsi, onartu edo onesteko agirian zehaztu zituzten paragrafoez aparte Gutuneko beste edozein paragrafotako xedapenen ondoriozko betebeharrak onartzen dituztela jakinaraz diezaiokete Idazkaritza Nagusiari, edo artikulu honetako 1. paragrafoa aplikatuko dietela beste eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza batzuei, edo lurralde osoan edo zati batean eremu urriagoa duten beste hizkuntza ofizial batzuei.

3. Aurreko paragrafoan aurreikusitako konpromisoak berrespen, onespen edo onarpenaren partetzat joko dira, eta ondorio berberak izango dituzte jakinarazten diren egunetik bertatik.

4. artikulua – Dagoeneko badiren babes‑estatusak

1. Ezin da interpretatu Gutun honetako ezein xedapenek Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak bermatutako eskubideak mugatu edo indargabetzen dituenik.

2. Gutun honetako xedapenak ez dituzte murrizten eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen egoera arautzen duten xedapen faboragarriagoak, ez eta gutxiengoetako kide diren pertsonen estatutu juridikoa ere; horiek Aldeetako batean dagoeneko existitzen dira edo alde biko edo alde anitzeko berariazko akordioetan jasota daude.

5. artikulua.- Dauden betebeharrak.

Gutun honetako ezer ezin izango da interpretatu eskubidea ematen duenik Nazio Batuen Eskutitzaren helburuak edo nazioarteko zuzenbidearen beste betebehar batzuk, estatuen subiranotasunaren eta lurralde‑osotasunaren printzipioa barne, urratzen dituen jardueraren bat hasi edo ekintzaren bati ekiteko.

6. artikulua.- Informazioa.

Aldeek konpromisoa hartu dute dagozkien agintari, erakunde eta pertsonek Gutun honek ezartzen dituen eskubideen eta betebeharren informazioa jaso dezaten.

II. zatia – 2. artikuluko 1. paragrafoarekin bat lortu nahi diren helburuak eta printzipioak

7. artikulua – Helburuak eta printzipioak

1. Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzei dagokienez, hizkuntzok erabiltzen diren lurraldeetan eta hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, ondoko helburuak eta printzipioak izango dira aldeen politika, legedia eta jardunaren oinarria:

a) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak aitortzea, kultur aberastasunaren erakusle dira eta;

b) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bakoitzak hartzen duen geografia‑eremua errespetatzea; hala, beraz, administrazio‑banaketak, lehendik hor zeudenak nahiz berriak, ez dira oztopo izango eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza hori sustatzeko;

c) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak sustatzeko ekintza seguru baten beharra, hizkuntzok babestearren;

d) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak bizitza publikoan eta pribatuan ahoz eta idatziz erabiltzea erraztu eta/edo sustatzea;

e) Gutun honek hartzen dituen esparruetan, harremanak sortu eta garatzea eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza erabiltzen duten taldeen eta Estatu berean hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten beste talde batzuen artean, bai eta kultur harremanak sortzea beste hizkuntza batzuek erabiltzen dituzten Estatuko beste talde batzuekin ere;

f) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak irakasteko eta ikasteko modu eta bitarteko egokiak jartzea erako estatu guztien esku;

g) bitartekoak jartzea eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza hitz egiten den eremu batean bizi baina hizkuntza hori hitz egiten ez dutenen esku, nahi izanez gero hizkuntza hori ikas dezaten;

h) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzei buruzko azterketak eta ikerketak sustatzea unibertsitateetan edo erakunde baliokideetan;

i) Gutun honek biltzen dituen arloetan, nazioz gaindiko elkartrukerako era egokiak sustatzea, estatu bitan edo gehiagotan modu berean edo antzekoan erabiltzen diren eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzentzat.

2. Aldeek konpromisoa hartu dute ezabatzeko, oraindik egin ez badute, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bat erabiltzeko egon daitezkeen bereizketa, bazterkeria, murriztapen edo lehentasun justifikatu gabe oro, alegia, hizkuntza hori ahultzea edo hori mantendu edo garatzea arriskuan jartzea helburutzat izan dezaketenak. Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartzea ez da hartuko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio‑ekintzatzat, neurrion helburua eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzok erabiltzen dituztenen eta gainontzeko herritarren arteko berdintasuna bultzatzea edo hiztun horien egoera partikularrak aintzat hartzea bada.

3. Aldeek konpromisoa hartu dute, neurri egokiak erabilita, herrialde guztiko hizkuntza‑taldeen arteko elkar ulertzea sustatzeko. Horretarako, batez ere, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen errespetua eta horienganako ulermena eta tolerantzia jasoko dute herrialdean eskaintzen den hezkuntzan eta prestakuntzaren helburuen artean, eta helburu bera lortzera animatuko dituzte masa‑komunikabideak.

4. Aldeek konpromisoa hartu dute eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzei buruzko politikak definitzerakoan kontuan hartzeko hizkuntza horiek erabiltzen dituzten taldeek adierazitako beharrizanak eta gurariak. Aldeei eskatu zaie, beharrezkoa denean, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzekin zerikusia duten gaiei buruz agintariak aholkatzeko organoak sortzeko.

5. Aldeek konpromisoa hartu dute 1etik 4rako paragrafoetan zerrendatutako printzipioak mutatis mutandis aplikatzeko lurralderik gabeko hizkuntzei. Alabaina, hizkuntza horien kasuan, Gutun hau burutzeko hartu beharreko neurrien izaera eta irismena modu malguan ezarriko dira, hizkuntzok erabiltzen dituzten taldeen beharrizanak eta gurariak kontuan hartuta, eta horien ohiturak eta ezaugarriak errespetatuz.

III. zatia – Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak bizitza publikoan erabiltzearen aldeko neurriak, 2. artikuluko 2. paragrafoa betez hartutako konpromisoekin hartu beharrekoak.

8. artikulua - Irakaskuntza

1. Irakaskuntzaren arloan, hizkuntzok erabiltzen diren lurraldeari dagokionez, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera eta Estatuko hizkuntza ofizialen irakaskuntzari kalterik egin gabe, ondoko konpromisoak hartu dituzte aldeek:

a) i) eskolaurreko hezkuntza kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

ii) eskolaurreko hezkuntzaren zati handi bat kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

iii) aurreko bi puntuetako neurrietako bat, gutxienez, aplikatzea horrela nahi duten familietako ikasleei, horien kopurua nahikotzat jotzen bada; edo

iv) herri‑agintariek ez badute eskumen zuzenik eskolaurreko hezkuntzan, lehenengo bi puntuetan jasotako neurriak aplikatzea erraztu eta/edo sustatzea;

b) i) lehen mailako irakaskuntza kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

ii) lehen mailako irakaskuntzaren zati handi bat kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean bermatuta dagoela ezartzea; edo

iii) lehen mailako irakaskuntzaren barruan, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen irakaskuntza curriculumaren parte izatea ezartzea; edo

iv) aurreko hiru puntuetako neurrietako bat, gutxienez, aplikatzea horrela nahi duten familietako ikasleei, horien kopurua nahikotzat jotzen bada;

c) i) bigarren mailako irakaskuntza kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

ii) bigarren mailako irakaskuntzaren zati handi bat kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean bermatuta dagoela ezartzea; edo

iii) bigarren mailako irakaskuntzaren barruan, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen irakaskuntza curriculumaren parte izatea ezartzea; edo

iv) aurreko hiru puntuetako neurrietako bat, gutxienez, aplikatzea horrela nahi duten ikasleei —edo, horrela ez bada, horien familiek nahi badute—, horien kopurua nahikotzat jotzen bada;

d) i) irakaskuntza tekniko eta profesionala kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan bermatuta dagoela ezartzea; edo

ii) irakaskuntza tekniko eta profesionalaren zati handi bat kasuan kasuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako batean bermatuta dagoela ezartzea; edo

iii) irakaskuntza tekniko eta profesionalaren barruan, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen irakaskuntza curriculumaren parte izatea ezartzea; edo

iv) aurreko hiru puntuetako neurrietako bat, gutxienez, aplikatzea horrela nahi duten ikasleei —edo, horrela ez bada, horien familiek nahi badute—, horien kopurua nahikotzat jotzen bada;

e) i) unibertsitate mailako irakaskuntza edo beste goi‑mailako irakaskuntza‑motak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ezartzea; edo

ii) hizkuntzok unibertsitateko edo goi‑mailako irakaskuntzaren ikasgai gisa ikastea ezartzea; edo

iii) Estatuak goi‑mailako irakaskuntzako erakundeekiko duen zeregina dela eta, i) eta ii) idatz‑zatiak ezin izango balira aplikatu, ondokoak ezartzea suspertu eta/edo baimentzea: eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan unibertsitate mailako edo goi‑mailako bestelako irakaskuntza‑motak, edo hizkuntzok unibertsitatean edo goi‑mailako irakaskuntzako beste erakunde batzuetan ikasi ahal izateko bitartekoak;

f) i) beharrezkoak diren xedapenak ematea, helduen hezkuntzako edo hezkuntza iraunkorreko ikastaroak hein handi batean edo osorik eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan eskaintzea bermatu dadin; edo

ii) hizkuntza horiek proposatzea helduen hezkuntzako edo hezkuntza iraunkorreko ikasgai gisa; edo

iii) herri‑agintariek ez badute eskumen zuzenik helduen hezkuntzan, hizkuntza horiek irakastea erraztu eta/edo sustatzea helduen hezkuntzaren edo hezkuntza iraunkorraren barruan;

g) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzek adierazten duten historia eta kultura irakasten dela bermatzeko xedapenak ematea;

h) irakasleen beharrezko hasierako eta etengabeko prestakuntza bermatzea, Gutuna sinatzen duen Alde bakoitzak a)‑tik g)-rako idatz‑zatietatik onartutakoak aplikatzeko;

i) kontrolerako organo bat edo gehiago sortzea, eta horren ardura izango da eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen irakaskuntza ezartzeko edo garatzeko hartu diren neurrien eta egin diren aurrerapenen jarraipena egitea, eta puntu horiei buruz aldian‑aldian txostenak egitea; txostenok jendaurrean jarriko dira.

2. Irakaskuntzaren arloan, eta eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak tradizioz erabiltzen diren eskualdeetatik kanpo dauden lurraldeei dagokienez, aldeek konpromisoa hartu dute, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza baten hiztun‑kopuruak hori justifikatzen badu, eta irakaskuntzaren maila egokietan, irakaskuntza eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan egitea edo hizkuntza bera irakastea baimendu, sustatu edo ezartzeko.

9. artikulua - Justizia

1. Jarraian zehazten diren neurriak hartzea justifikatzeko besteko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztun‑kopurua duten agintari judizialen barrutiei dagokienez, zenbait konpromiso hartu dituzte aldeek, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, eta baldintza batekin, alegia, paragrafo honek eskaintzen dituen aukerez baliatzeak ez dezala epaileak hartu justizia ondo administratzeko oztopotzat. Hauek dira konpromisoak:

a) prozesu penaletan:

i) jurisdikzio‑organoek, aldeetako batek eskatuta, prozesua eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan gara dezatela ezartzea; eta/edo

ii) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan hitz egiteko eskubidea bermatzea akusatuari; eta/edo

iii) errekerimenduak edo frogak, idatzizkoak zein ahozkoak, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza batean formulatuta egote hutsagatik onartezinak ez izatea ezartzea; eta/edo

iv) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza horietan ematea, hala eskatuz gero, prozedura judizial bati lotutako egintzak, beharrezkoa bada interpreteak eta itzultzaileak erabilita, eta interesatuei inolako gastu gehigarririk eragin gabe.

b) prozesu zibiletan;

i) jurisdikzio‑organoek, aldeetako batek eskatuta, prozesua eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan gara dezatela ezartzea; eta/edo

ii) Alde bat auzitegi baten aurrean bertaratu behar denean, bere eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan hitz egitea baimentzea alde horri, hori dela-eta gastu osagarriei aurre egin behar izan gabe; eta/edo

iii) dokumentuak eta frogak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan aurkeztea baimentzea,

beharrezkoa bada interpreteak eta itzultzaileak erabilita;

c) administrazio‑arloan eskudunak diren jurisdikzioen aurreko prozesuetan:

i) jurisdikzioek, auzi‑bidean parte hartzen duen aldeetako batek eskatuta, prozesua eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan gara dezatela ezartzea; eta/edo

- ii) alde bat epaitegi baten aurrean bertaratu behar denean, bere eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan hitz egitea baimentzea alde horri, hori dela-eta gastu osagarriei aurre egin behar izan gabe; eta/edo

iii) dokumentuak eta frogak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan sortzea baimentzea,

beharrezkoa bada interpreteak eta itzultzaileak erabilita;

d) neurriak hartzea, b) eta c) idatz‑zatietako i) eta iii) idatz‑zatien aplikazioak eta interpreteen eta itzulpenen balizko erabilerak ez diezaien gastu osagarririk ekarri interesatuei.

2. Aldeek hartu dituzten konpromisoak:

a) Estatu batean ezarritako egintza juridikoen baliozkotasuna ez baztertzea, egintzok eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza batean erredaktatuta egote hutsagatik; edo

b) Estatu batean ezarritako egintza juridikoek, aldeen artean, duten baliozkotasuna ez baztertzea, egintzok eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza batean erredaktatuta egote hutsagatik, eta egintzok hizkuntza hori hitz egiten ez duten hirugarren interesatuen aurka erabili ahal izango direla ezartzea, baldin eta egintzaren edukia erabiltzen duenak berak jakinarazten badie; edo

c) Estatu batean ezarritako egintza juridikoek, aldeen artean, duten baliozkotasuna ez baztertzea, egintzok eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza batean erredaktatuta egote hutsagatik,

3. Aldeek konpromisoa hartu dute eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan emateko Estatuko lege‑testurik garrantzitsuenak eta hizkuntza horien erabiltzaileei bereziki dagozkienak, testuok beste modu batean erabilgarri daudenean izan ezik.

10. artikulua – Administrazioko agintariak eta zerbitzu publikoak

1. Jarraian zehazten diren neurriak hartzea justifikatzeko besteko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztun‑kopurua duten Administrazioko agintarien barrutiei dagokienez, eta hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, zenbait konpromiso hartu dituzte aldeek, posiblea den neurrian; hain zuzen ere hauek:

a) i) administrazioko agintariek eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen dituztela zaintzea; edo

ii) jendearekin harremana duten agintari horien agenteek eurongana hizkuntza horietan jotzen duten pertsonekin eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen dituztela zaintzea; edo

iii) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunek eskaerak ahoz zein idatziz aurkez ditzaketela eta erantzuna hizkuntza horietan jaso dezaketela zaintzea; edo

iv) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunek eskaerak ahoz zein idatziz aurkez ditzaketela zaintzea; edo

v) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunek hizkuntza horietan idatzitako agiri bat balio osoz aurkez dezaketela zaintzea;

b) maiz erabiltzen diren formularioak eta administrazio‑testuak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan, edo bertsio elebidunetan, jartzea jendearen eskueran;

c) dokumentuak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza batean erredaktatzea baimentzea administrazioko agintariei.

2. Jarraian zehazten diren neurriak justifikatzeko besteko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztun‑kopurua duten lurraldeetako toki eta eskualde mailako agintariei dagokienez, ondokoak baimendu eta/edo sustatzeko konpromisoa hartu dute aldeek:

a) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera eskualde edo toki mailako administrazioan;

b) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunek eskaerak ahoz zein idatziz aurkezteko duten aukera;

c) eskualdeko taldeek beren testu ofizialak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ere argitaratzea;

d) tokiko taldeek beren testu ofizialak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ere argitaratzea;

e) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako eskualdeko taldeek beren batzarretako eztabaidetan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzea, baina ez da baztertuko, hala ere, Estatuko hizkuntza ofizialak erabiltzea;

f) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako tokiko taldeek beren batzarretako eztabaidetan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzea, baina ez da baztertuko, hala ere, Estatuko hizkuntza ofizialak erabiltzea;

g) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako toponimiako ohiko formak eta zuzenak erabili edo onartzea, beharrezkoa bada hizkuntza ofizialetako izendapenekin batera.

3. Administrazioko agintariek edo horien kontura jarduten diren beste pertsona batzuek bermatzen dituzten zerbitzu publikoei dagokienez, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen diren lurraldeetan, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera eta hori posiblea den neurrian, konpromisoa hauek hartu dituzte Gutuna sinatzen duten aldeek:

a) zerbitzua ematerakoan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen direla zaintzea; edo

b) eskaerak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan jasotzea baimentzea hizkuntzotako hiztunei; edo

c) eskaerak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan aurkeztea baimentzea hizkuntzotako hiztunei.

4. Aldeek onartu dituzten 1, 2 eta 3 paragrafoetako xedapenak martxan jartzearren, ondoko neurrietako bat edo batzuk hartzera konprometitu dira:

a) idatzizko edo ahozko itzulpena egitera, eskatuz gero;

b) funtzionarioak eta bestelako agente publikoak kopuru nahikoan erreklutatzera, edo, beharrezkoa bada, horiek prestatzera;

c) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bat ezagutzen duten agente publikoek destinoa hizkuntza hori erabiltzen den lurraldeetan izateko egin ditzaketen eskariak asetzea, ahal den neurrian.

5. Aldeek konpromisoa hartu dute, interesdunek hala eskatuz gero, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako patronimikoak erabili edo hartzea baimentzeko.

11. artikulua - Komunikabideak

1. Aldeek zenbait konpromiso hartu dituzte eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunei dagokienez, hizkuntzok erabiltzen diren lurraldeetan, hizkuntza bakoitzaren egoeraren arabera, eta agintari publikoek, modu zuzenean edo zeharkakoan, arlo horretan boterea edo eginkizunen bat duten neurrian, beti ere komunikabideen independentzia eta autonomia printzipioak errespetatuz. Konpromisoak hauek dira:

a) irratia eta telebista zerbitzu publikoak diren neurrian:

i) gutxienez irrati‑estazio eta telebista‑kate bana sortzea eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan; edo

ii) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan gutxienez irrati‑estazio eta telebista‑kate bana sortzea sustatu eta/edo erraztea; edo

iii) beharrezkoak diren xedapenak ematea difusioaren arduradunek eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan egindako emisioak programatu ditzaten;

b) i) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan gutxienez irrati‑estazio bat sortzea sustatu eta/edo erraztea; edo

ii) irrati‑programak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan modu erregularrean emititzea sustatu eta/edo erraztea

c) i) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan gutxienez telebista‑kate bat sortzea sustatu eta/edo erraztea; edo

ii) telebista‑programak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan modu erregularrean zabaltzea sustatu eta/edo erraztea

d) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako egindako entzunezko eta ikus‑entzunezko materialen ekoizpena eta zabalkundea sustatu eta/edo erraztea;

e) i) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan gutxienez prentsa‑organo bat sortu eta/edo mantentzea sustatu eta/edo erraztea; edo

ii) prentsa‑artikuluak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan modu erregularrean argitaratzea sustatu eta/edo erraztea

f) i) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen dituzten komunikabideen kostu osagarriak estaltzea, legeak komunikabideentzat, orokorrean, finantza‑laguntzarik ezarrita duenean; edo

ii) dauden finantza‑laguntzak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan sortutako ikus‑entzunezko ekoizpenei ere ematea;

g) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzan lan egiten duten komunikabideentzako kazetarien eta beste langile batzuen prestakuntza bultzatzea.

2. Aldeak konpromisoa hartu dute eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza edo antzekoa hitz egiten duten hurbileko herrialdeetako biztanleek irrati‑ eta telebista‑emisioak modu zuzenean jasotzeko askatasuna izango dutela bermatzeko, bai eta hurbileko herrialdeek hizkuntza horretan egin ditzaketen irrati‑ eta telebista‑emisioen aurka ez egiteko ere. Konpromisoa hartu dute, bestalde, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza batean edo antzekoan sortutako informazioaren adierazpen‑askatasuna eta horren zirkulazio askea dela‑eta idatzizko prentsari ez zaiola inolako murrizketarik ezarriko zaintzeko. Aipatutako askatasunak erabiltzeak betebeharrak eta erantzukizunak dakartza, eta legez ezarritako zenbait formalitate, baldintza, murriztapen edo zehapenen menpe egon daiteke. Horiek guztiak beharrezko neurriak dira, gizarte demokratiko batean, segurtasun nazionalerako, lurralde‑osotasunerako edo segurtasun publikorako, ordenaren defentsarako eta krimenaren prebentziorako, osasunaren edo moralaren babeserako, hurkoaren ospearen eta eskubideen babeserako, isilpeko informazioak zabaltzea eragozteko, edo botere judizialaren agintea edo inpartzialtasuna bermatzeko.

3. Aldeek konpromisoa hartu dute eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunen interesak ordezkatuta egon daitezen edo aintzat har daitezen komunikabideen askatasuna eta pluraltasuna bermatzeko egitekoa duen legearekin bat sor daitezkeen egituretan.

12. artikulua – Kultur jarduerak eta ekipamenduak

1. Kultur jarduerei eta ekipamenduei dagokienez —bereziki, liburutegiak, bideotekak, kultur zentroak, museoak, akademi artxiboak, antzokiak eta zinemak, literaturako eta zinema‑ekoizpeneko lanak, kultura herrikoiaren adierazpenerako lanak, jaialdiak, kultur industriak, eta batez ere teknologia berrien erabilera kontuan hartuta—, zenbait konpromiso hartu dituzte aldeek, hizkuntza horiek erabiltzen diren lurraldeari dagokionez, eta agintari publikoak arlo horretan eskumena, boterea edo egitekoa duten neurrian. Konpromiso hauek hartu dituzte:

a) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen adierazpidea eta berezko ekimenak sustatzea, eta hizkuntza horietan sortutako lanak eskuratzeko bitartekoak erraztea;

b) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan sortutako lanak beste hizkuntza batzuetan eskuratzeko bitartekoak erraztea, eta, horretarako, itzulpen‑, bikoizketa‑, postsinkronizazio‑, eta azpititulazio‑lanak lagundu eta garatzea;

c) beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan eskuratzeko bitartekoak erraztea, eta, horretarako, itzulpen‑, bikoizketa‑, postsinkronizazio‑, eta azpititulazio‑lanak lagundu eta garatzea;

d) zenbait kultur jarduera abiarazteko edo horiei laguntzeko ardura duten organismoek beren ekimeneko edo beraiek laguntzen dituzten ekimenetan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen ezagutza eta erabilera neurri egokian integratzen dutela zaintzea.

e) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza, bai eta beste biztanleen hizkuntzak ere, menperatzen dituen pertsonala zenbait kultur jarduera abiarazteko edo horiei laguntzeko ardura duten organismoen eskueran jartzen laguntzea;

f) ekipamenduak hornitzerakoan eta kultur jarduerak programatzerakoan, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunen ordezkariek zuzeneko parte‑hartzea izan dezatela bultzatzea;

g) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan sortutako lanak bildu, gordailuan jaso eta aurkeztu edo argitaratzeko ardura duen organismo baten edo gehiagoren sorrera suspertu eta/edo erraztea;

h) beharrezkoa bada, itzulpen‑zerbitzuak eta terminologia‑ikerketako zerbitzuak sortzea eta/edo sustatu eta finantzatzea, batez ere, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bakoitzean administrazio‑, merkataritza‑, ekonomia‑, gizarte‑, teknologia‑ edo lege‑terminologia egokia mantendu eta garatzearren.

2. Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak tradizioz erabiltzen diren lurraldeak ez direnei dagokienez, aldeek konpromisoa hartu dute, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzako hiztunen kopuruak horrelakorik justifikatzen badu, kultur jarduera eta ekipamendu egokiak sustatu eta/edo ezartzeko, aurreko paragrafoarekin bat.

3. Aldeek konpromisoa hartu dute leku egokia emateko, beren atzerriko kultur politikan, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzei eta horiek islatzen duten kulturari.

13. artikulua – Ekonomia‑ eta gizarte‑bizitza

1. Ekonomia‑ eta gizarte‑jarduerei dagokienez, aldeek ondoko konpromisoak hartu dituzte, herrialde osorako:

a) beren legedietatik kanpo uztea ekonomia‑ eta gizarte‑bizitzari buruzko dokumentuetan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzeko aukera, arrazoi justifikagarririk gabe, debekatzen edo mugatzen duen xedapen oro, batez ere lan‑kontratuetan eta dokumentu teknikoetan, esaterako, produktuak edo ekipamenduak erabiltzeko jarraibideetan.

b) enpresen barne‑araudietan eta egintza pribatuetan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera baztertu edo mugatzen duen ezein klausula sartzea debekatzea, gutxienez hizkuntza bera hitz egiten dutenen artean;

c) ekonomia‑ eta gizarte‑jardueretan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera ahultzeko asmoa duten praktiken aurka egitea;

d) aurreko idatz‑zatietan azaldutako bitartekoak baino beste batzuk erabilita, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera erraztu eta/edo sustatzea.

2. Ekonomia‑ eta gizarte‑jarduerei dagokienez, aldeek zenbait konpromisoa hartu dituzte, agintari publikoek eskumena duten neurrian, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzen diren lurralderako, eta hori posiblea den neurrian. Konpromisoak hauek dira:

a) finantza eta banaka arloetako arautegien bidez definitzea, merkataritzako erabilerarekin bateragarriak diren baldintzetan, ordainketa‑aginduak (txekeak, truke‑letrak, etab.) edo beste finantza‑agiri batzuek idazterakoan eskualde mailako edo gutxiengoen hizkuntzak erabiltzeko aukera ematen duten modalitateak, edo, horrelakorik ezean, prozesu hori martxan jarri dela zaintzea;

b) zuzenean beren kontrolaren menpe dauden (sektore publikoa) ekonomia‑ eta gizarte‑sektoreetan, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera sustatzeko ekintzak egitea;

c) ospitale, zaharren egoitza edo bestelako gizarte‑ekipamenduetan, horietara osasuna, adina edo beste arrazoi batzuk direla‑eta joan behar izan duten eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetako hiztunei beren hizkuntzan hartu eta artatzeko aukera eskainiko dietela zaintzea;

d) modalitate egokiak erabilita, segurtasun‑kontsignak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ere erredaktatuta egongo direla zaintzea;

e) agintari eskudunek kontsumitzaileen eskubideei buruz eskainitako informazioak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan ere erabilgarri bilakatzea;

14. artikulua – Mugaz haraindiko elkartrukeak

Aldeek hartu dituzten konpromisoak:

a) hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten estatuak konprometitzen dituzten alde biko edo anitzeko akordioak aplikatzea, edo horiek amaitzen saiatzea, beharrezkoa bada, estatu horietan hizkuntza bereko hiztunen arteko harremanak erraztearren, bai kulturan, irakaskuntzan, lanbide‑heziketan eta hezkuntza iraunkorrean;

b) eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen alde, mugaz haraindiko lankidetza erraztu eta/edo sustatzea, batez ere hizkuntza bera edo antzekoa erabiltzen duten eskualde edo toki mailako taldeen artean;

IV. zatia – Gutunaren aplikazioa

15. artikulua – Aldizkako txostenak

Jarraitutako politikari buruzko txostena aurkeztuko diote aldeek, aldian‑aldian, Europako Kontseiluko idazkari nagusiari, Ministroen Kontseiluak ezarriko duen eran, eta Gutun honetako II. zatiarekin bat. Aldeek III. zatiko xedapenetatik bere egin dituztenak aplikatzeko hartu dituzten neurriei buruzkoa izango da txosten hori. Alde bakoitzak Gutuna berarentzat indarrean sartu ondoko lehenengo urtean aurkeztu behar du, beste txostenak, berriz, lehenengoa aurkeztu ondoren, hiru urtean behin aurkeztu behar dira.

2. Aldeek jendaurrean jarriko dituzte beren txostenak.

16. artikulua – Txostenen azterketa

1. 15. artikuluan xedatutakoa betez Europako Kontseiluko idazkari nagusiari aurkeztuko zaizkion txostenak 17. artikuluan xedatutakoari jarraiki osatutako adituen batzordeak aztertuko ditu.

2. Gutuna sinatu duen aldeetako baten lurraldean legez eratutako erakundeek eta elkarteek Alde horrek hartutako konpromisoen inguruko gaiez ohartarazi ahal izango dute adituen batzordea, Gutun honetako III. zatiari jarraiki. Alde interesatuari galdetu ondoren, adituen batzordeak aintzat har ditzake informazio horiek artikulu honetako 3. paragrafoan aipatzen den txostena prestatzerakoan. Erakunde eta elkarte horiek, bestalde, Alde batek egindako politikari buruzko adierazpenak egin ahal izango dituzte, II. zatiarekin bat.

3. 1. paragrafoan aipatutako txostenak eta 2. paragrafoan aipatutako informazioak oinarri hartuta, Ministroen Kontseiluarentzako txosten bat prestatuko du adituen batzordeak. Txosten horri aldeei eskatuko zaizkien oharrak gehituko zaizkio; horiek guztiak jendaurrean jarri ahal izango ditu Ministroen Kontseiluak.

4. 3. paragrafoan aipatutako txostenak adituen batzordeak Ministroen Kontseiluari egindako proposamenak jasoko ditu, bereziki, Kontseiluak, beharrezkoa bada, Alde bati edo batzuei egingo dizkien gomendioak prestatzearren.

5. Europako Kontseiluko idazkari nagusiak bi urteko txosten xehatua, Gutunaren aplikazioari buruzkoa, egingo dio Parlamentu‑batzarrari.

17. artikulua – Adituen batzordea

1. Adituen batzordearen osaeran Alde bakoitzeko kide bana egongo da. Kide hori Ministroen Kontseiluak aukeratuko du Alde bakoitzak proposatutako zerrendako pertsonen artetik; zerrenda horretan egongo direnak zuzentasun osoko pertsonak izango dira eta karta jorratzen dituen arloetan aintzatetsitako gaitasuna dutenak.

2. Adituen batzordeko kideak sei urterako aukeratuko dira eta horien agintaldia berritu ahal izango da. Kide batek ezin badu bere agintaldia bete, 1. paragrafoan aurreikusitako prozedurari jarraiki ordezkatuko da, eta hori ordezkatzeko izendatutako kideak lehengoaren agintaldia bukatuko du.

3. Adituen batzordeak onartuko du bere barne‑araudia. Batzorde horren idazkaritza Europako Kontseiluko idazkari nagusiak bermatuko du.

V. zatia – Azken xedapenak

18. artikulua

Gutun hau Europako Kontseiluko kide diren estatuek sina dezakete. Berretsi, onartu edo onetsi egin beharko da. Berretsi, onartu edo onesteko agiriak Europako Kontseiluko idazkari nagusiari aurkeztu behar zaizkio.

19. artikulua

1. Gutun hau Europako Kontseiluko bost kidek Gutunarekin konprometituta daudela onartzen duten egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean sartuko da indarrean.

2. Gutunarekin konpromisoa hartzeko prest daudela beranduago adierazten duten estatuen kasuan, berretsi, onartu edo onesteko agiria aurkeztu den egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean sartuko da indarrean Gutun hau.

20. artikulua

1. Gutun hau indarrean sartu ondoren, Europako Kontseiluko Ministroen Lantaldeak bere esku izango du Europako Kontseiluko kide ez den edozein estaturi Gutunari atxikitzeko gonbita egitea.

2. Gutunarekin bat egin duen edozein estaturen kasuan, berretsi, onartu edo onesteko agiria Europako Kontseiluko idazkari nagusiari aurkeztu zaion egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunean sartuko da indarrean Gutun hau.

21. artikulua

1. Estatu guztiek, Gutuna sinatzerakoan edo Gutuna berretsi, onartu, onetsi edo horri atxikitzeko agiria aurkezterakoan, erreserba bat edo gehiago aurkez diezaiekete Gutun honetako 7. artikuluko 2tik 5erako paragrafoei. Ez da beste erreserbarik onartuko.

2. Aurreko paragrafoaren arabera erreserbaren bat aurkeztu duen edozein Estatu sinatzaileek erreserba hori osorik edo zati batean ken dezake; horretarako, jakinarazpen bat bidali behar dio Europako Kontseiluko idazkari nagusiari. Erreserba kentzeak idazkari nagusiak jakinarazpena jaso duen egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

22. artikulua

1. Alde guztiek, edozein unetan, Gutun hau salatu dezakete; horretarako, jakinarazpen bat bidali behar diote Europako Kontseiluko idazkari nagusiari.

2. Salaketak idazkari nagusiak jakinarazpena jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita sei hilabeteko epea amaitu osteko hileko lehenengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

23. artikulua

Europako Kontseiluko idazkari nagusiak Kontseiluko kide diren estatuei eta Gutunari atxikitako estatu guztiei jakinaraziko dizkie:

a) sinadura guztiak;

b) Gutuna berretsi, onartu, onetsi edo horri atxikitzeko agiri ororen aurkezpena;

c) Gutun hau, 19 eta 20. artikuluei jarraiki, indarrean sartzen den data oro;

d) 3. artikuluko 2. paragrafoko xedapenak betez jasotako jakinarazpen oro;

e) Gutun honekin zerikusia duen egintza, jakinarazpen edo komunikazio oro.

Horri guztiari jarraiki, behean sinatzen dutenek, horretarako behar bezala ahalmenduta, Gutun hau sinatu dute.

Strasbourgen egina 1992ko azaroaren 5ean, frantsesez eta ingelesez, testu biak balio berekoak izanik, Europako Kontseiluko artxiboan jasoko den ale bakarrean. Europako Kontseiluko idazkari nagusiak kartaren kopia ziurtatuak bidaliko dizkie Europako Kontseiluko kide diren estatu guztiei eta Gutun honi atxikitzeko gonbita egin zaien estatu guztiei.