Pertsonen salerosketa prebenitu, zigortu eta zehatzeko Protokoloa
Euslege
Pertsonen salerosketa, bereziki emakume eta haurrena, prebenitu, zigortu eta zehatzeko Protokoloa, Antolatutako delitugintza transnazionalaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioa osatzen duena
Atarikoa
Protokolo honen estatu alderdiek,
Adieraziz, pertsonen salerosketa, bereziki emakume eta haurrena, prebenitzeko eta horren aurka eragingarritasunez egiteko, behar-beharrezkoa dela ikuspegi zabala eta nazioartekoa izatea, jatorrizko, igarobideko nahiz helmugako herrialdeetan; eta ikuspegi horrek bildu behar dituela salerosketa hori prebenitzeko neurriak, trafikatzaileak zehatzekoak eta salerosketa horren biktimak babestekoak, batez ere, nazioarte-mailan biktimei aitortutako giza eskubideak babesten dituztenak.
Kontuan hartuta mota askotako nazioarteko instrumentu juridiko egon arren, hainbat arau eta neurri praktiko biltzen dituztenak pertsonen esplotazioari, batik bat, emakume eta haurrenari aurre egiteko, oraindik ere, ez dagoela halako instrumentu unibertsalik, pertsonen salerosketaren arlo guztiak barneratzen dituenik,
Kezkatuta halako izaera izan dezakeen instrumenturik ez egoteak dakarrelako babes nahikorik eza, salerosketaren ikuspegitik ahulagoa diren pertsonentzako,
Gogoratuz 1998ko abenduaren 9ko Biltzar Orokorraren 53/111 ebazpena, non Biltzarrak erabaki zuen batzorde berezia eratzea, gobernuen artekoa eta irekia, hain zuzen ere, ardura hartuko zuena, batetik, antolatutako delitugintza transnazionalaren aurkako nazioarteko konbentzio zabal bat egiteko, eta, bestetik, emakume eta haurren salerosketari buruzko nazioarteko instrumentu baten moldaketa aztertzeko,
Jakinik delitu hori prebenitzeko eta horri aurre egiteko baliagarria dela antolatutako delitugintza transnazionalaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioa nazioarteko instrumentu batekin osatzea, pertsonen salerosketa, bereziki emakume eta haurrena prebenitu, zigortu eta zehazteko.
Hurrengoa erabaki dute:
I. Xedapen orokorrak
1. artikulua
Antolatutako delitugintza transnazionalaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioarekiko lotura
1. Protokolo honek antolatutako delitugintza transnazionalaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioa osatzen du eta horrekin batera interpretatuko da.
2. Konbentzioaren xedapenak aplikatuko zaizkio mutatis mutandis protokolo honi, protokoloak berak beste zerbait xedatzen ez badu.
3. Protokolo honen 5. artikuluaren arabera tipifikatutako delituak konbentzioaren arabera tipifikatutzat hartuko dira.
2. artikulua
Helburua
Protokolo honen helburuak dira:
a) Pertsonen salerosketa prebenitzea eta horri aurre egitea, arreta berezia jarrita emakume eta haurrengan;
b) Salerosketa horren biktimak babestea eta horiei laguntza ematea, horien giza eskubideak errespetatzea; eta
c) Estatu alderdien artean lankidetza sustatzea helburu horiek lortzeko.
3. artikulua
Definizioak
Protokolo honen ondorioetarako:
a) “Pertsonen salerosketa” esamoldeak adierazten du pertsonak biltzea, garraiatzea, lekualdatzea, babestea edo hartzea, horretarako baliatzen baldin bada mehatxuaz edo indarraz edo indarkeriaren beste forma batzuetaz edota bahiketaz, iruzurraz, engainuaz, botere abusuaz, ahultasun egoeraz edo ordainketak edo onurak emateaz edo hartzeaz pertsona baten adostasuna eskuratzeko, pertsona horrek beste pertsona baten gaineko agintaritza badu, betiere esplotazio helburuekin. Esplotazio horrek barneratzen ditu, gutxienez ere, inoren prostituzioaren esplotazioa edo beste sexu-esplotazio forma batzuk, derrigorrezko lan edo zerbitzuak, esklabotza edo esklabotzaren antzeko eginerak, morrontza edo organoak ateratzea;
b) Pertsonen salerosketaren biktima nor izan eta horrek, artikulu honen a) atalean deskribatu eta hala nahita egindako esplotazio forma orori baimena eman arren, baimen hori ez da aintzakotzat hartuko, aipatu atalean zein bide adierazi eta horietatik edozein erabili bada;
c) Haur bat biltzea, garraiatzea, lekualdatzea, babestea edo hartzea esplotatzeko helburuarekin, “pertsonen salerosketa” gisa hartuko da, artikulu honen a) atalean adierazitako bideak erabiltzen ez badira ere;
d) “Haurrak” dira 18 urtetik beherako pertsonak.
4. artikulua
Aplikazio-esparrua
Kontrako xedapenik jaso ezean, protokolo hau aplikatuko da protokolo honen 5. artikuluaren arabera tipifikatutako delituak prebenitzeko, ikertzeko eta zigortzeko, delitu horiek izaera transnazionala dutenean eta eurek barneratzen dutenean antolatutako delitu-talde baten partaidetza; eta, modu berean, delitu horien biktimak babesteko ere aplikatu da.
5. artikulua
Zigortzea
1. Estatu alderdi bakoitzak beharrezko legegintza-neurriak edo beste izaera batekoak hartuko ditu, barneko zuzenbidean delitu bezala tipifikatzeko, protokolo honen 3. artikuluan adierazitako jokabideak, delitu horiek hala nahita egin direnean.
2. Halaber, estatu alderdi bakoitzak beharrezko legegintza-neurriak eta beste izaera batekoak hartuko ditu delitu bezala tipifikatzeko:
a) Euren antolamendu juridikoaren oinarrizko kontzeptuen barruan, artikulu honen 1. paragrafoaren arabera tipifikatutako delitua egiteko saiakuntza;
b) Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera tipifikatutako delitua egiteko sopikun gisa parte hartzea; eta
c) Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera tipifikatutako delitua egiteko beste pertsona batzuk antolatzea eta gidatzea.
II. Pertsonen salerosketaren biktimak babestea
6. artikulua
Pertsonen salerosketaren biktimak artatzea eta babestea
1. Hala denean eta barneko zuzenbideak bideratzen duen neurrian, estatu alderdi bakoitzak pertsonen salerosketaren biktimen pribatutasuna eta nortasuna babestuko ditu, besteak beste, salerosketa horri buruzko jardun judizialen isilpekoa ezarriz.
2. Estatu alderdi bakoitza arduratuko da bere antolamendu juridikoak edo barruko administrazioak ezar ditzaten neurriak, halakoak bidezkoak direnean, pertsonen salerosketaren biktimek eskura ahal ditzaten:
a) Prozedura judizial eta administratibo egokiei buruzko informazioa;
b) Delitugileen aurkako zigor-jardunen saio egokietan, biktimen iritziak eta kezkak aurkeztera eta aztertzera bideratutako laguntza, betiere, defentsaren eskubideak gutxietsi gabe;
3. Estatu alderdi bakoitzak kontuan hartuko du hainbat neurri aplikatzeko aukera, hain zuzen ere, pertsonen salerosketaren biktimen errekuperazio fisikoa, psikologikoa eta soziala aurreikustera bideratutakoak; bidezkoa bada ere, gobernuz kanpoko erakundeekin, beste erakunde egokiekin eta gizarte zibileko gainerako sektoreekin lankidetza sustatuko du horretarako, eta bereziki, biktimei jarraikoak erraztuko dizkie:
a) Ostatu egokia;
b) Aholkularitza eta informazioa, batik bat, euren eskubide juridikoen inguruan eta pertsonen salerosketaren biktimek ulertzen duten hizkuntza batean;
c) Mediku-laguntza, laguntza psikologikoa eta materiala; eta
d) Enplegu-, hezkuntza- eta trebakuntza-arloko aukerak.
4. Estatu alderdi bakoitzak kontuan hartuko ditu, artikulu honen xedapenak aplikatzeko orduan, pertsonen salerosketaren biktimen adina, sexua eta beharrizan bereziak, batik bat, haurren beharrizan bereziak, ostatua, hezkuntza eta zainketa bereziak barne.
5. Estatu alderdi bakoitzak ahaleginak egingo ditu pertsonen salerosketaren biktimen segurtasun fisikoa zaintzeko, horiek bere lurraldean dauden bitartean.
6. Estatu alderdi bakoitza arduratuko da bere barruko antolamendu juridikoak izan ditzan halako neurriak, pertsonen salerosketaren biktimei, eurek jasandako kalteengatik kalte-ordaina lortzeko aukera eskaintzen dietenak.
7. artikulua
Pertsonen salerosketaren biktimei aplikatu beharreko araubidea, biktima horiek jasotzen dituen estatuaren kasuan
1. Protokolo honen 6. artikuluan ezarritako neurriak hartzearekin batera, estatu alderdi bakoitzak kontuan hartu beharko du legegintza-neurriak edo beste neurri egokiak hartzea, pertsonen salerosketaren biktimak egon daitezen bere lurraldean, aldi baterako edo behin betiko, halakoa bidezkoa denean.
2. Estatu alderdi bakoitzak, artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoa aplikatzen duenean, faktore humanitarioak eta pertsonalak aintzat hartuko ditu.
8. artikulua
Pertsonen salerosketaren biktimak aberriratzea
1. Pertsonen salerosketaren biktimak zein estatu alderdiren naziotasuna izan edota zein estatu alderdiren lurraldean sartu eta une horretatik bertatik lurralde horretan modu iraunkorrean bizitzeko eskubidea badu, estatu alderdi eta hartzaile horrek erraztu eta onartu egingo du, bidegabeko eta arrazoirik gabeko atzeratzerik bultzatzeke, pertsona hori aberriratzea, behar den moduan aintzat hartuta ere, haren segurtasuna.
2. Estatu alderdi batek xedatzen duenean pertsonen salerosketaren biktima bat aberriratzea, dela pertsonen salerosketaren biktimak zein estatu alderdiren naziotasuna izan eta bertara, dela zein estatu alderdiren lurraldean sartu eta une horretatik bertatik lurralde horretan modu iraunkorrean bizitzeko eskubidea izan eta bertara, orduan, halako xedapena eman duen estatu alderdia arduratuko da aberriratzea egin dadin, biktimaren segurtasuna, eta, orobat, edozein lege-prozeduraren egoera kontuan hartuta, prozedura hori lotuta badago pertsona salerosketaren biktima izatearekin, betiere, ahal dela, borondatezko molde batez.
3. Estatu alderdi hartzaileak hala eskatuta, galdatutako estatu alderdiak egiaztatuko du, bidegabeko eta arrazoirik gabeko atzeratzerik bultzatzeke, pertsonen salerosketaren biktimak bere naziotasuna duen edota bere lurraldean modu iraunkorrean bizitzeko eskubiderik zuen, estatu alderdi hartzailearen lurraldean sartu zen unean.
4. Pertsonen salerosketaren biktima ororen aberriratzea errazteko, horrek behar den dokumentaziorik ez duenean, zein estatu alderdiren naziotasuna izan edota zein estatu alderdiren lurraldean sartu eta une horretatik bertatik lurralde horretan modu iraunkorrean bizitzeko eskubidea izan, eta estatu alderdi horrek erabakiko du, estatu alderdi hartzaileak hala eskatuta, bidaiatzeko agiriak edo beste mota bateko baimena ematea, agiri horiek beharrezkoak badira pertsona horrek bidaia egin dezan bere lurraldera eta bertan berriro sar dadin.
5. Artikulu honek ez du eraginik izango pertsonen salerosketaren biktimei aitortutako eskubideetan, estatu alderdi hartzailearen barneko zuzenbidearen arabera.
6. Artikulu honek ez dio kalterik egingo halako akordio edo adostasun bati, akordio edo adostasun hori bi aldetakoa edo alde anitzekoa bada eta horrek, osorik edo zati batean, arautzen badu pertsonen salerosketaren biktimen aberriratzea.
III. Prebentzio- eta lankidetza-neurriak eta beste neurri batzuk
9. artikulua
Pertsonen salerosketa prebenitzea
1. Estatu alderdiek ezarriko dituzte politikak, programak eta izaera zabaleko beste neurriak ere:
a) Pertsonen salerosketa prebenitzeko eta horri aurre egiteko; eta
b) Pertsonen salerosketaren biktimak babesteko, bereziki emakumeak eta haurrak, biktimizazio berri baterako arriskuaren aurka.
2. Estatu alderdiak ahaleginduko dira ikerketa-jarduerak eta informazio- eta hedatze-kanpainak aplikatzen, eta baita gizarte- eta ekonomia-ekimenak ere, pertsonen salerosketa prebenitzeko eta horri aurre egiteko.
3. Artikulu honen arabera onetsitako politikek, programek eta gainerako neurriek barneratuko dituzte, halakoa bidezkoa denean, gobernuz kanpoko erakundeekin, beste erakunde egokiekin eta gizarte zibileko gainerako sektoreekin egin beharreko lankidetza sustatzea.
4. Estatu alderdiek neurriak hartuko dituzte edo jada daudenak indartuko dituzte, gehienbat, bi aldetako edo alde anitzeko lankidetza baliatuta, pobrezia, azpigarapena eta bidezko aukera ezak arintzeko, horiek egiten baitituzte salerosketaren aurrean pertsonak ahulagoak izatea.
5. Estatu alderdiek legegintza-neurriak edo beste izaera batekoak hartuko dituzte, hala nola, hezkuntza-, gizarte- eta kultura-neurriak, edo jada daudenak indartuko dituzte, gehienbat, bi aldetako edo alde anitzeko lankidetza baliatuta, edozein esplotazio forma erakartzen duen eskabideak etsiarazteko, horien helburua denean pertsonen salerosketa, bereziki emakume eta haurrena.
10. artikulua
Informazioa eta trebakuntza trukatzea
1. Estatu alderdien agintariak, legea betearazteko ardura dutenak, eta immigrazio-agintariak edo beste agintari eskudunak, euren artean lankidetzan arituko dira, eta, behar denean ere, barneko zuzenbidearen arabera, informazioaren trukaketan, hurrengoak zehaztu ahal izateko:
a) Nazioarteko mugatik igarotzen diren edo igarotzen saiatzen diren pertsonak hirugarren pertsonei dagozkien bidaiatzeko agiriekin edo agiririk gabe, ea pertsonen salerosketaren egileak edo biktimak diren;
b) Pertsona batzuek, pertsonen salerosketaren helburuekin, nazioarteko mugatik igarotzeko erabili dituzten edo erabiltzen saiatu diren bidaiatzeko agiri-motak; eta
c) Pertsonen salerosketaren helburuekin antolatutako delitu-taldeak erabilitako baliabide eta metodoak, barne hartuta biltzea, garraioa, ibilbideak eta pertsonen eta salerosketan nahasitako taldeen arteko loturak, eta horiek antzemateko eman ahal diren neurriak.
2. Estatu alderdiek legea betearazteko ardura duten funtzionarioak, eta immigrazio eta beste funtzionario egokiak trebatuko dituzte pertsonen salerosketa prebenitzeko edo, behar denean, horien trebakuntza indartuko dute. Trebakuntza horrek oinarri hartuko ditu salerosketa prebenitzeko, trafikatzaileak epaitzeko eta biktimen eskubideak babesteko aplikatutako metodoak, trafikatzaileen aurrean biktimak izan behar duen babesa barne. Trebakuntzak kontuan hartu beharko ditu, halaber, giza eskubideak eta haurrari eta emakumeari dagozkien arazoak, eta, oro har, gobernuz kanpoko erakundeekin, beste erakunde egokiekin eta gizarte zibileko gainerako sektoreekin lankidetza sustatzea.
3. Informazio hori jaso duen estatu alderdi hartzaileak zein estatu alderdirengandik jaso informazioa eta horren eskabide oro beteko du, informazioaren erabilerari murrizketak ezartzeko asmoz.
11. artikulua
Mugen inguruko neurriak
1. Pertsonen joan-etorri askeari buruzko nazioarteko konpromisoak gutxietsi gabe, estatu alderdiek, ahal den neurrian, pertsonen salerosketa prebenitzeko eta antzemateko, mugako kontrolak indartuko dituzte.
2. Estatu alderdi bakoitzak legegintza-neurriak edo beste neurri egokiak hartuko ditu, ahal den neurrian, zertarako eta prebenitzeko merkataritza-garraiolariek ustiatutako garraiobideak erabiltzea, protokolo honen 5. artikuluaren arabera tipifikatutako delituak egiteko.
3. Behar denean eta nazioarteko konbentzio aplikagarriei kalterik egin gabe, neurri horien artean ezarriko da halako betebeharra, merkataritza-garraiolariek, garraio-enpresek barne, eta, oro har, edozein garraiobideren jabeek edo ustiatzaileek dutena, zertarako eta egiaztatzeko bidaiari guztiek eskura dituztela estatu hartzailearen barnean legez sartzeko eskatzen diren bidaia-agiriak.
4. Estatu alderdi bakoitzak beharrezko neurriak hartuko ditu, bere barneko zuzenbidearekin bat etorriz, zehapenak ezartzeko, artikulu honen 3. paragrafoan adierazitako betebeharra ez betetzeagatik.
5. Estatu alderdi bakoitzak kontuan hartuko du neurriak hartzeko aukera, bere barneko zuzenbidearekin bat etorriz, protokolo honen arabera tipifikatutako delituak egiteagatik nahasirik dauden pertsonei sarrera ukatzeko edo bisa baliogabetzeko.
6. Konbentzioaren 27. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, estatu alderdiek kontuan hartuko dute mugako kontrol-erakundeen arteko lankidetza indartzeko aukera, besteak beste, osterantzeko neurrien artean, zuzenean komunikatzeko bideak ezarriz eta artatuz.
12. artikulua
Agirien segurtasuna eta kontrola
Estatu alderdi bakoitzak, eskuragarri dituen baliabideak erabilita, behar diren neurriak hartuko ditu:
a) Egindako bidaia-agirien edo nortasun-agirien beharrezko kalitatea bermatzeko, horiek ez daitezen erraztasunez okerretara erabili, ez faltsutu edo aldatu, ez kopiatu edo zilegi ez den eran luzatu; eta
b) Estatuak egindako edo bere izenean egindako bidaia-agirien edo nortasun-agirien osotasuna eta segurtasuna bermatzeko, eta agiri horiek sortzea, egitea eta zilegi ez den erabilera galarazteko.
13. artikulua
Agirien legitimitatea eta balioa
Estatu alderdi batek hala eskatuta, estatu alderdi bakoitzak ziurtatuko ditu, bere barneko zuzenbidearekin bat etorriz eta zentzuzko epearen barruan, berak egindako edo ustez bere izenean egindako bidaia-agirien eta nortasun-agirien legitimitatea eta balioa, susmoa dagoenean pertsonen salerosketarako erabiltzen direla.
IV.- Azken xedapenak
14. artikulua
Babes-klausula
1. Protokolo honetan xedatutakoak ez du eraginik izango estatuen eta pertsonen eskubide, betebehar eta erantzukizunetan, nazioarteko zuzenbidearen arabera, barne hartuta nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta giza eskubideen nazioarteko araudia eta, batik bat, aplikagarriak direnean, 1951eko Errefuxiatuei buruzko Konbentzioa (4) eta 1967ko bere Protokoloa (5), eta instrumentu horietan ezarritako non-refoulement deituriko printzipioa.
2. Protokolo honetan ezarritako neurriak interpretatu eta aplikatuko dira inolako bereizkeriarik gabe, pertsonen salerosketaren biktimak izateagatik. Neurri horiek interpretatzeko eta aplikatzeko orduan, kontuan hartu beharko dira nazioarte-mailan onetsitako printzipioak, bereizkeriarik ezari buruzkoak .
15. artikulua
Eztabaidak konpontzea
1. Estatu alderdiak saiatuko dira negoziazio bidez konpontzen protokolo honen interpretazio eta aplikazioarekin zer ikusia duten eztabaidak.
2. Protokolo honen interpretazio edo aplikazioari buruz, bi estatu alderdiren edo gehiagoren eztabaida negoziazio bidez ezin bada konpondu, zentzuzko epe baten barruan, horietako estatu alderdi batek hala eskatuta, arbitrajearen menpe geratuko da eztabaida. Arbitrajea eskatu eta sei hilabete geroago, estatu alderdi horiek ez badatoz bat arbitrajearen antolamenduaren inguruan, estatu alderdietako edozeinek ahal izango du eztabaida Nazioarteko Justizia Gortera igorri, Gortearen estatutuaren araberako eskaera baten bidez.
__________________
4. Estatu Batuak, Treaty Series, liburukia, 2545 zk.
5. ibid. 606 liburukia, 8791 zk.
3. Estatu alderdi bakoitzak, protokolo hau sinatu, berretsi nahiz onesteko unean edo horri atxikimendua emateko unean, adierazi ahal izango du artikulu honetako 2. paragrafoak ez duela bere burua behartzen. Gainerako estatu alderdiak ez dira geratuko artikulu honen 2. paragrafoaren menpe, erreserba egin duen estatu alderdi orori dagokionez.
4. Artikulu honen 3. paragrafoarekin bat etorriz, erreserba egin duen estatu alderdi orok edozein unetan kendu ahal izango du hori, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari hala jakinarazita.
16. artikulua
Sinadura, berrespena, onarpena, onespena eta atxikimendua
1. Protokolo hau estatu guztiek sinatu ahal izango dute Palermon (Italia) 2000eko abenduaren 12tik 15era arte, eta data hori igaro eta gero New Yorken, Nazio Batuen egoitzan 2002ko abenduaren 12ra arte.
2. Berebat, protokoloa hau integrazio ekonomikoko erregio-erakundeek ere sinatu ahal izango dute, betiere gutxienez erakunde horietako estatu kide batek protokoloa sinatu badu, artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.
3. Protokolo hau berretsi, onartu eta onetsiko da.
Berrespen-, onarpen- edo onespen-instrumentuak Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren eskuetan gordailutuko dira. Integrazio ekonomikoko erregio-erakundeek ere berrespen-, onarpen- edo onespen-instrumentuak gordailutu ahal izango dituzte, gutxienez horien estatu kideetako batek era berean jardun badu. Berrespen-, onarpen- edo onespen-instrumentuetan, erakundeek euren eskumen-maila adieraziko dute, protokolo honek araututako gaiei dagokienez. Erakunde horiek, berebat, gordailuzainari jakinaraziko diote, kasuan kasuko, euren eskumen-mailan izandako edozein eraldaketa.
4. Protokolo honi estatu guztiek eta integrazio ekonomikoko erregio-erakundeek atxikimendua eman ahal izango diote, horiek, gutxienez, protokolo honen alderdi den estatu kide bat badute. Atxikimendu-instrumentuak Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utziko dira, horrek gordailutu ditzan. Integrazio ekonomikoko erregio-erakundeek atxikimendua ematen dioten unean, euren eskumen-maila adieraziko dute, protokolo honek araututako gaiei dagokienez. Erakunde horiek, berebat, gordailuzainari jakinaraziko diote, kasuan kasuko, euren eskumen-mailan izandako edozein eraldaketa.
17. artikulua
Indarrean jartzea
1. Protokolo hau indarrean jarriko da berrogeigarren berrespen-, onarpen-, onespen- edo atxikimendu-instrumentua noiz gordailutu eta hurrengo laurogeita hamargarren egunean, baldin eta Konbentzioa baino lehenago indarrean jartzen ez bada. Paragrafo honen ondorioetarako, integrazio ekonomikoko erregio-erakundeek gordailututako instrumentuak ez dira erakunde horren estatu kideek gordailutakoen osagarritzat hartuko.
2. Berrespen-, onarpen-, onespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik berrogeigarrena gordailutu ondoren, protokoloa berretsi, onartu edo onesten duen edo horri atxikimendua ematen dion estatu bakoitzarentzat eta integrazio ekonomikoko erregio-erakunde bakoitzarentzat, protokolo hau indarrean jarriko da, estatu edo erakunde horiek zein datatan gordailutu euren instrumentu egokia eta hurrengo hogeita hamargarren egunean edota indarrean jartzen den egunean, hori geroagokoa bada, artikulu honen 1. paragrafoaren arabera.
18. artikulua
Zuzenketa
1. Protokolo hau indarrean jarri eta bost urte igaro ondoren, protokolo honen estatu alderdiek idatzizko zuzenketak proposatu ahal izango dizkiote Nazio Batuen Idazkari Nagusiari eta horrek, jarraian, proposatutako zuzenketa guztiak jakinaraziko dizkie estatu alderdiei eta konbentzioaren alderdien konferentziari, horiek zuzenketok azter ditzaten eta horren inguruan erabaki ditzaten. Protokolo honen estatu alderdiek, alderdien konferentzian bilduta, ahal den guztia egingo dute zuzenketa bakoitzaren gainean adostasuna lortzeko.Adostasuna lortzeko aukera guztiak agortuta, adostasunik ez bada, zuzenketa onesteko, azken buruan, alderdien konferentziako bileran parte-hartzaile eta boto-emaileen artean, protokolo honen estatu alderdien bi hereneko gehiengoa beharko da
2. Integraziorako erregio-erakundeek, euren eskumeneko gaietan, boto-eskubidea egikarituko dute, artikulu honen arabera, euren estatu kideetarik zenbat izan protokolo honetako alderdi eta horrenbeste botorekin. Erakunde horiek ez dute boto-eskubiderik egikarituko, baldin eta estatu kideek euren boto-eskubidea egikaritzen badute, eta alderantziz.
3. Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera onetsitako zuzenketa oro estatu alderdiek berretsi, onartu edo onetsi beharko dute.
4. Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera berretsitako zuzenketa oro indarrean jarriko da, estatu alderdiari dagokionez, estatu alderdiak zuzenketaren berrespen-, onarpen- eta onespen-instrumentua zein datatan utzi Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku eta laurogeita hamar egun geroago.
5. Zuzenketa indarrean jartzen denetik loteslea izango da, horri adostasuna adierazi dioten estatu alderdientzat. Gainerako estatu alderdiak protokolo honen xedapenen menpe geratuko dira, eta beste edozein lehenagoko zuzenketaren menpe, halakorik berretsi, onartu edo onetsi badute.
19. artikulua
Salaketa
1. Estatu alderdiek protokolo hau salatu ahal izango dute, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari idatziz zuzendutako jakinarazpenaren bidez. Salaketak ondorioak sortuko ditu, Idazkari Nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera.
2. Integrazio ekonomikoko erregio-erakundeek protokolo honen alderdi izateari utziko diote, estatu kide orok salaketa egin ondoren.
20. artikulua
Gordailuzaina eta hizkuntzak
1. Nazio Batuen Idazkari Nagusia izango da protokolo honen gordailuzaina.
2. Protokolo honen jatorrizko testua Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utziko da, horrek gordailutu dezan; berebat, protokoloaren testuak kautoak izango dira, arabiarrez, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz egindakoak.
HORI GUZTIORI AITORTUZ, behean sinatzen duten ahalguztidunek, euren gobernuek behar bezala baimenduta daudela, protokolo hau sinatzen dute.
euskal legezalea