eskoziarenetorkizunaaukeratzea

Eskoziaren etorkizuna aukeratzea (proposamena)

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

ESKOZIAREN ETORKIZUNA AUKERATZEA.

NAZIO-EZTABAIDA.

Independentzia eta erantzukizuna gaurko munduan

Inork ez du eskubiderik nazio baten ibilerari muga ezartzeko; inork ez du eskubiderik bere herrialdeari hau esateko: “Hemen amaitzen da zure bidea, ez zara harantzago joango”

Charles Stewart Parnell (1846-1891).

© Crown copyright 2007.

ISBN 978-0-7559-5493-3.

2007ko abuztua

Eskoziako Gobernua

St Andrew’s House. Edinburgo EH1 3DG.

RR Dennelley-k B52638 08/07 Eskoziako Gobernuarentzat egina.

Eskoziako Gobernuak argitaratua, 2007ko abuztuan.

Agiri honetako orriak paper birziklagarrian daude inprimatuak eta % 100ean birzikla daitezke.

EDUKIAK.

Lehen ministroaren hitzaurrea iv.

Laburpena vi

1. Eskoziako Parlamentua 1

2. Eskoziar autonomia hedatzea 7.

3. Eskozia independientea 18.

4. Britaniar uharteetako konstituzio aldakorra 25

5. Legeria eta erreferendumak 31.

6. Nazio-eztabaida. 36.

A eranskina Eskoziaren legean Erresuma Batuarentzat atxikitako gaiak 41.

B Eranskina Eskoziari buruzko erreferendumaren egitasmogaia 44.

Hitzaurrea

Guk, Eskoziako Gobernuak, asmo handiak ditugu Eskoziaren etorkizunari buruz.{Uste dugu Eskoziaren subiranotasuna bere herrian datzala.{Herri subirano gisa, Eskoziako herriak, berak bakarrik, eskubidea du nola gobernatua izan nahi duen erabakitzeko.

Hain zuzen ere horrexegatik, aurten egitekoak diren Eskoziako Parlamenturako hauteskundeetarako argitaratu genuen adierazpenean, agintzari bat egin genion herriari: agintaldi honetan zehar, aukera bat emango genion Eskoziaren independentziaren asmoa aintzat har zezan erreferendum batean.

Eskoziako Parlamenturako hauteskunde horretan, herriak argi eta garbi eman zuen botoa gure burua gobernatzeko boterearen garapen handiago baten alde.

Gu, Eskoziako Gobernuko kideok, sinetsita gaude independentzia izango litzatekeela gure herrialdearentzat onena.{Beste batzuk autonomia zabalagoaren alde daude, edo zergetarako eta gastu publikorako ahalmen handiagoaren alde, edo federalismoaren alde.{Baina, alderdi politikoen arteko diferentziak gorabehera, hauteskundeetako emaitzek eman zuten mezua argi baino argiagoa izan zen: Eskoziak aurrera egin behar du bere konstituzio-estatusean.

Oraintsu, konstituzio-garapen historikoak gertatu dira Ipar Irlandan eta Galesen; alderdi berriak iritsi dira gobernura eta ahalmen berriak itzuli izan zaizkie herrialde horietako gobernuei.{Erresuma Batuko Gobernuak berriki eman du argitara Britainia Handiaren gobernamenduari buruzko txosten bat.

Eskoziako Lehen Ministroa naizen aldetik, konstituzioa aldatzeko aukerak aztertzeko eta horien gaineko eztabaida bideratzeko erantzukizuna dut.{Lehenbiziko aldia da Eskozia autonomiadun batean Scottish National Party alderdiak gobernua osatzen duela, eta ni neu naiz gobernu horren buru, eta, hala, independentziaren gaineko eztabaida abiaraziko dut, independentziaren onuren eta aukeren gainekoa, alegia.{Nolanahi ere, aitortu behar dut hainbat direla gure herriari buruzko ikuspuntuak eta ideiak, eta horiek badituzte beren ordezkariak Parlamentuan.

Eskoziak aspalditik du lotura Erresuma Batua osatzen duten gainerako nazioekin, batasun hori aspaldikoa da, eta, oinarria, 1603. urtean agituriko Koroen Batasuna eta 1707. urteko eta 1801. urteko Batasunaren Legeak ditu.{Irlandarekiko Batasunak, 1801. urtekoak, hainbat aldaketa izan ditu dagoeneko.{Eskozian dabilen eztabaida politikoa 1707. urteko Batasun Politikoari buruzkoa da: hura zuzendu edo baliogabeturik ere, Koroen Batasunak bere horretan iraungo luke.

Horrela bada, proposatzen dut nazio-eztabaida bat egin dezagula gure etorkizunari buruz; eman diezaioguna aukera Eskoziako herriari eztabaida eta gogoeta egin dezan, eta, ondoren, etorkizunerako hobekien prestatuko gaituen gobernu-mota erabaki dezan.{Txosten honen xedea eztabaida horretarako abiapuntua eta inspirazioa eskaintzea da.{Txosten honetan aztertzen dugu Eskoziak zein arlotan hartu ahal izango lituzkeen ahal gehiago, hala nola enplegu-gaietan, nazio-finantzetan, segurtasun publikoari buruzko legegintzan (su-armetan, adibidez); orobat ikertzen dugu independentziaren aukera bera, edo nola gara daitekeen Britainiako konstituzioa Eskoziak ahalmen handiagoa izan dezan.

Hamar urte dira oraintxe Eskoziako Parlamentua sortzeko erreferenduma egin zela. Ikusi dugu zer ahalmen duen gure herriaren nahikari eta beharrei erantzuteko.{Baina ikusi ditugu orobat orain aitortzen zaizkion ahalen mugak.{Sinetsita nago oraintxe dugula ordua, guk, Eskoziako herriak, gaurko mundu modernoan behar dugun etorkizunari buruz gogoeta egin eta erabakia hartzeko.

Alex Salmond jaun gorena, Eskoziako Parlamentuko kidea. Eskoziako lehen ministroa

Laburpena

Eskoziako Parlamentua sortu zenean 1998ko Eskoziako Legearen itzalpean, Eskoziako herriari zuzen-zuzeneko ahots demokratikoa eman zitzaion hainbat eta hainbat gobernu-jardueratan, lehendik ere Eskozian bertan kudeatzen ziren jarduera anitzen gainean, alegia.{Eskoziari ahalak itzultzeko hitzarmenak berariaz aitortu zuen aldatu egin zitezkeela 1999. urtean Eskoziako Parlamentuari eta Eskoziako Gobernuari esleitutako ahalak, eta tresna aski garrantzitsuak sartu ziren Legean, ahal gehiago itzuli ahal izateko.

Egun, botere garrantzitsuak daude atxikita Britainia Handiko Parlamentuarentzat eta Gobernuarentzat.{Arlo garrantzitsu horien gaineko ahal gehiago itzultzeak aukera emango lieke Eskoziako Parlamentuari eta Gobernuari gai horietan beren erabakiak hartzeko, betiere Eskoziaren alde eta Eskoziako herriaren irizpideak jasoz.{Arlo batzuetan, ahal gehiago itzultzeak koherentzia handiagoa emango lioke erabakiak hartzeko prozesuari, bai eta hautatutako politiken gaineko erantzukizun demokratikoari ere.

Autonomia indartuagoa baino harantzago joanez independentziaraino iritsiz gero, ahitu egingo litzateke Erresuma Batuko Parlamentuak Eskoziarako legeak egiteko duen ahala, eta Erresuma Batuko ministroek Eskoziari buruz betearazpen-ahalak baliatzeko duten legezko gaitasuna ere bai.{Eskoziaren Legean Erresuma Batuaren alde egindako atxikipenek ere ez lukete harrezkero eraginik izango, eta Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak barruko eta nazioarteko politika guztien gaineko erantzukizuna hartuko lukete beren gain, beste edonongo estatu beregainek bezalaxe, Europar Batasunaren itunetan ezarritako xedapenen pean eta beste itun batzuetan ondorengo izanik hartutako obligazioen pean.

Erresuma Batuaren konstituzioaren izaera aldakorra da.{Galesen eta Ipar Irlandan garapen historikoak gertatu dira, eta Erresuma Batuko Gobernuak Erresuma Batuaren gobernamendua areago garatzeko proposamenak argitaratu ditu.{Eskoziak, dela Erresuma Batuaren barnean dela Estatu beregain gisa, aitzindari izaten jarraituko luke auzoko herrialdeekiko harremanetan, egungo Erresuma Batuan diren gobernuekin eta Irlandako Errepublikarekin elkarlanean aritzeko bitartekoak hobetzeko aukera baliatuz.

Bai autonomia sendoagoak bai independentziak berariazko legeak beharko lituzkete, hala Westminster-en nola Holyrood-en, segur aski.{Eztabaidagarria da ea autonomia erruz sendotuak beharko ote lukeen Eskoziako herriak erreferendum bidez emandako baimena; baina independentziak bai, beharko luke, zalantzarik gabe.{Era horretako bozketa bat izango litzateke, nahiz eta Konstituzioaren arabera behartzeko indarrik ez izan, Eskoziaren etorkizun konstituzionala erabakitzeko bide zuzena; halaxe onartzen dute gehienek.{Hortaz, gogoeta egin beharko litzateke bi gai hauen inguruan: horrelako bozketa bat egiteko zer lege mota behar ote den, eta nola abiaraz ote dezakeen Eskoziako Parlamentuak erreferendum bat.

Eskoziako Gobernuaren iritziz, hiru dira aukera errealistak.{Lehenbizikoa, Eskoziaren Legeak (1998) zehaztutako autonomia-antolamenduari bere horretan eustea, botere gehiago eskuratzeko aukera irekita utziz, betiere botere horiek banan-banan hedatuz, abaguneak eskatua ahala.{Bigarrena, autonomia birmoldatzea Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak egun dituzten botereak hein jakin batean hedatuz, autonomia fiskala ere, seguru aski, horien artean delarik, baina independentzia osoraino garatzeko aukerarik gabe.{Hirugarrena, eta Eskoziako Gobernuaren begikoa, Eskoziako Parlamentuaren eta Eskoziako Gobernuaren ahalak independentziaraino hedatzea.{Hiru aukera horiek xehetasun handiagoz azaltzen ditugu aurrerago.

Txosten hau Eskoziaren etorkizunari buruzko nazio-eztabaida aski zabal baten lehenbiziko urratsa da.{Eztabaidak aukera emango dio Eskoziako herriari Eskoziaren etorkizunari buruzko aukera guztiak aztertu eta erabakiak jakinaren gainean hartzeko.{Txosten honetan gonbitea egiten zaio Eskoziako herriari nazio-eztabaida horretan parte har dezan, eta iradoki dezan nola egin beharko litzatekeen eztabaida hori parte-hartzea ahalik eta handiena izan dadin.

1.- ESKOZIAKO PARLAMENTUA

Laburpena.

Eskoziako Parlamentua sortu zenean 1998ko Eskoziako Legearen itzalpean, Eskoziako herriari zuzen-zuzeneko ahots demokratikoa eman zitzaion hainbat eta hainbat jardueratan, lehendik ere Eskozian bertan kudeatzen ziren jarduera anitzen gainean, alegia.{Eskoziari ahalak itzultzeko hitzarmenak berariaz aitortu zuen aldatu egin zitezkeela 1999. urtean Eskoziako Parlamentuari eta Eskoziako Gobernuari esleitutako ahalak, eta tresna aski garrantzitsuak sartu ziren Lege horretan ahal gehiago itzuli ahal izateko.

Sarrera

1.1. Eskoziako Parlamentua sortu aurretik ere, gobernu-jarduera anitz eta askotarikoak administratzen zituen Eskoziako Bulegoak Eskozian bertan, berariazko hitzarmenen itzalean, Erresuma Batuko gainerako lurralde eta herrialdeetarakoez besteko hitzarmenen itzalean, hain zuzen.{Nolanahi ere, kontrol demokratikorako ahalak eta legegintzarako ahalak Westminsteren esku jarraitzen dute oraindik ere.{Eskoziako Parlamentuak kontrol demokratikoa zuzen-zuzenean egiteko ahala eta legegintzarako ahalak ditu hainbat arlo eta jardueratan.{Nabarmendu beharrekoa da, hala ere, Eskoziaren Legeak (1998) ezarritako autonomia-antolamenduak –arlo jakin batzuk baizik ez daude atxikita Erresuma Batuarentzat- aukera ematen duela autonomia-hitzarmena garatuz joan dadin arlo berriak eta gai berriak agertu ahala.{Eskoziaren Legearen peko autonomia-hitzarmenak baditu, orobat, zenbait tresna, bai Eskoziako Parlamentuaren bai Gobernuaren ahalak garatu eta hedatzeko, eta Sewel hitzarmenak are bitarteko gehiagoz hornitzen ditu Eskoziako eta Erresuma Batuko parlamentuak beren eskumen horiek egokitu ditzaten.

AHALEN ITZULTZEAREN AURRETIK

1.2. 1885ean Eskoziarako Idazkaritzaren bulegoa sortu, 1939an Eskoziarako Bulegoa Londrestik Edinburgora aldatu eta 1999ko ahal-itzultzearen aurretik Eskoziarako Bulegoak bere azken eitea hartu zuen arte, administrazio-gobernamenduaren makinaria aski hazia eta garatuxea zen Eskozian.{Nolanahi ere, Eskoziar gobernu exekutiboa garatuz joan bazen ere, ez zen eratu horrekin batera kontrol demokratikorako eta legegintzarako organorik Eskozian, hots, egoitza Eskozian zeukanik.{Eskoziar Bulegoaren erantzukizun demokratikoa Westminsterren gauzatzen zen, egoitza Londresen zuten ministroek ematen baitzuten haren jardueraren kontu, hots, beren hauteskunde-barruti eta hautesleetatik urruti, Parlamentu urrutiko batean.{Eskoziarako legeak, haien edukia eta aplikazioa berezia izanik ere, Westminsterek ematen zituen, beste edozein lege bezala, eta Erresuma Batu osoaren araberako gehiengoa medio hartutako erabakien pean zeuden.

1.3. Egoera horrek, askoren ustez, “defizit demokratikoa” eragiten zuen Eskozian, herrialdearen gobernu exekutiboaren aginte-guneak Erresuma Batuko ministroen esku zeudenez gero, eta, usu, Eskozian babes oso txikia zuten alderdietako ministroen esku.{Eskoziarako legeak Westminsterren onartzen ziren, alderdi politikoek Erresuma Batu osoan erdiesten zituzten gehiengo-jokoen bitartez, Eskoziako hauteskunde-barrutietako ordezkari gisa parte hartzen zuten legebiltzarkideen gehiengoaren irizpideak kontuan hartu gabe.

1.4. Egoera honek eragiten zuen presioak ekarri zuen azkenean ahalak itzultzeko hitzarmen bat.{Eskoziaren Legearen pean (1998), Eskoziako Parlamentua sortu zen, Eskoziako Bulegoa zenak Eskozian gauzatzen zituen jardueren gaineko kontrol demokratiko zuzena gauzatzeko, eta jarduera-arlo horien gaineko legeak emateko.

ESKOZIAREN LEGEA, 1998KOA

1.5. Eskoziaren Legeak (1998) Eskoziako Parlamentuari eta Eskoziako Gobernuari (Eskoziar exekutibo izenarekin da ezagun) itzuli zizkion berariaz Erresuma Batuko Parlamentuarentzat eta Erresuma Batuko Gobernuarentzat atxiki gabeko arlo guztien gaineko ahalak.{Egiaz, itzuli zitzaizkion ahalak, gehienetan, lehenago Eskoziako Bulegoak esleiturik zituen berberak ziren, alegia, Eskoziako Bulegoko ministroen ardurapean (ministro horiek Erresuma Batuko Gobernuko kide ziren) Eskoziako Bulegoko agenteek Eskozian kudeatzen zituzten berberak.{Itzulitako ahalak arlo hauetakoak ziren: osasuna, hezkuntza, justizia, toki-administrazioa eta nekazaritza eta arrantza.

1.6. Erresuma Batuarentzat atxikitako arloak lehen ere Erresuma Batuko Gobernuko sailen ardurakoak ziren, arlo horietako zerbitzuak ematen baitzituzten Eskozian, hala nola gizarte-segurantzakoak, osasunekoak, segurtasunekoak eta zerga-bilketakoak, bai eta beste zenbait arlotakoak ere. Izan ere, uste zen garrantzitsua zela arlo horiek guztiek araubide bakarra izatea Erresuma Batu osoan, enpleguak eta merkataritza-legeek, esate baterako.{Horiez gain, Eskoziaren Legeak beste zenbait arlo atxikitzen zituen Erresuma Batuarentzat, hura Estatua izanik, funtsezko irizten baitzitzaien, hala nola Estatuaren Burutza eta Konstituzioa, hiritartasuna, kanpo-arazoak (Europar Batasunaren aurreko ordezkaritza barne), segurtasuna eta defentsa.

1.7 Erresuma Batuarentzat atxikitako arloak zehatzago azalduko ditugu hurrengo kapituluan.

AHALAK ITZULTZEKO HITZARMENA ALDATZEA

1.8. Eskoziaren Legeak berariaz atxiki gabeko arlo guztietako ahalak itzultzen dizkie Eskoziako erakundeei, baina, anartean, arlo eta gai berriak agertzen dira, hala nola klimaren aldaketa, eta horiek ere itzulitako ahalen eremuan sartzen dira, nahiz eta izan litekeen zenbait ezaugarri edukitzea, energia, esate baterako, Erresuma Batuarentzat atxiki beharrekoak.{Horrela bada, itzulitako nahiz atxikitako ahalen eremua aldatzeko berariazko legegintza-neurririk hartu gabe ere, ahalak itzultzeko hitzarmena bilakatu eta garatu egingo da denboran zehar, halabeharrez.{Bai Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuek bai Westminsterko eta Holyroodeko Parlamentuek harreman dinamikoa izan behar dute, itzulitako eta atxikitako ahalen eremuak gertakizunen eta bilakaeraren arabera garatu ahala.

1.9. Eskoziaren Legeak berak baditu zenbait xedapen, aski garrantzitsuak, ahalak itzultzeko hitzarmena lege bitartez aldatzeko aukera ematen dutenak, eta bidea irekitzen dutenak betearazpen- edo legegintza-ahalmenak Erresuma Batuaren Parlamentutik eta Gobernutik Eskoziako Parlamentuaren eta Gobernuaren eskuetara aldatzeko.{Ahal horiek Erresuma Batuko eta Eskoziako ministroek elkarri kontsulta egin ondoren eta Holyroodeko eta Westminsterko parlamentuek aztertu eta onartu ondoren balia daitezke.{Eskoziaren Legearen 30 (2) artikuluaren pean, aldatu egin daitezke 4. eta 5. zerrendak Holyroodi legegintza-ahalmena emateko lehen atxikiak ziren arloen gainean.{Eskoziaren Legearen 63. artikuluaren pean, aldatu egin daitezke eskumenak Erresuma Batuko Gobernuaren eskuetatik Eskoziako ministroen eskuetara.{Betearazpen-ahalak itzultzen direnean, ez zaio legegintza-eskumenik aldatzen Eskoziako Parlamentuari.{Nolanahi ere, Holyroodek behartu egin ditzake eskoziar ministroak ahal horien erabileraz kontu eman dezaten.

1.10 Kontuan hartzekoa da Eskoziaren Legeak berak ez diola inolako mugarik ezartzen xedapen horien erabilerari, alegia, itzulitako ahalen hedadura aldatzeko aukera ematen duten xedapen horien erabilerari.{Legeak, hortaz, ahal itzulien sistema mugagabe bat ezartzen du, eta, sistema horretan, Erresuma Batuarentzat atxikitako edozein arlo itzul dakioke Eskoziako Parlamentuari, Legean aurreikusita dauden tresnak erabiliz.{Ez litzateke lehen mailako legegintzarik beharko, inolakorik ere ez, ez Westminsterren ez Holyrooden.

WESTMINSTER ETA SEWEL HITZARMENA

1.11 Autonomia modu honekin, Erresuma Batuko Parlamentuak jarraitzen du subirano izaten, eta autonomiadun eskualdeetarako legeak egiteko ahala izaten jarraitzen du (hori ageriki onartzen da Eskoziaren Legearen 28(7) artikuluan.

Hortaz, bada, Eskoziarako legeak egiteko ahal erabatekoa bere esku izaten jarraitzen du, hala itzulitako ahalen eremuan nola atxikitako ahalen eremuan, eta ahal horretan sartzen da orobat Eskoziako Parlamentuaren eta Gobernuaren eskumenak aldatzeko eskumena.{Hori zuzen-zuzenean egin daiteke, Eskoziaren Legea berariaz aldatuz, edo zeharka, legeren bat onartuz nabarmenki bat ez datorrena Eskoziaren Legearekin, edo Erresuma Batuaren erregelamendu bateko xedapenarekin, edo Eskoziako Parlamentuaren Lege batekin.{Nolanahi ere, konstituzio-hitzarmen batekin, Sewel hitzarmenarekin, hain zuzen, Erresuma Batuko Gobernuak eta Parlamentuak eskualde autonomoetan legegintza-ahalik ez erabiltzeko betebeharra hartu dute beren gain, edo Eskoziako Parlamentuaren legegintza-eskumena edo Eskoziako ministroen betearazpen-eskumenak ez aldatzekoa, non eta Eskoziako Parlamentuak ez duen horretarako baimena ematen.{Hori Eskoziaren Legearen xedapenen eragiteko moduaren isla da, bermatzen baitu hala Westminster nola Holyrood adostu egin behar direla eskumenen aldaketa horiek eragina izaten hasi baino lehen.

ITZULITAKO AHAL ETA ESKUMENETAN ALDAKETAK EGITEA

1.12 Eskoziako ministroen eskumenak maiz aldatu izan dira Eskoziaren Legearen 63. artikuluaren eta Sewel hitzarmenaren babesean.{Aldaketa horiek hainbaten proposamenen konbinazioaren ondorio izan dira, alegia, Eskoziako ministroen, Erresuma Batuko gobernuaren eta horiez kanpoko beste zenbait interesdunen proposamenen konbinazio baten ondorio.{Eskumenak eskualdatzeko arrazoiak hainbat eratakoak izan dira, baina, oro har, joera bera izan dute, Eskoziako ministroei arlo jakin bateko politika-interesen aitzindaritza ezagutzekoa, eta, orobat, Eskoziako ministroei, eskualdatutako eskumen bati zegokion arlo baten ardura zutenean, koherentzia administratiboa aitortzekoa.

Hona hemen adibide batzuk:

- Argindarra sortzeko guneak eraiki, handiagotu edo abiarazteko baimena emateko eskumenak;

- Elikagaien segurtasunari eta estandarrei dagozkien eginkizunak;

- Piroteknia-gaiez hornitzeko edo horiek erosteko eta edukitzeko araudia;

- Ikerketarako Ahalen Legearen (2000) peko eginkizunak;

- Eskoziako Highlands eskualdearen eta Ipar Irlandaren artean bidaiariak garraiatzen dituzten itsasontzi-zerbitzuei dirulaguntzak ematea;

- Kontzesio-hitzarmenen pean ematen diren tren-zerbitzuen finantzaketa; eta

- Segurtasun zibileko agintaritzako langileen pentsioei buruzko eginkizunak.

1.13 Eskoziako Parlamentuaren legegintza-eskumena oso bakan aldatu izan da.{Adibide gisa, Eskoziako ministroek eta Eskoziako Parlamentuak trenbideen gainean zuten eskumenaren hedatzea aipa daiteke.{2004. urtean, agindu bat eman zen Eskoziaren Legearen 30(2) artikuluaren pean, eta agindu horren bitartez, ahalmena eman zitzaion Eskoziako Parlamentuari trenbide-garraioari buruzko eginkizunak Eskoziako ministroei esleitzeko legeak egin zitzan.{Era bertsuan, Sewel hitzarmenaren pean Holyroodek hartutako erabaki bati jarraituz, Trenbideei buruzko 2005 Legeak (Westminsterrek onartu zuen) bidaiarien trenbide-garraiorako kontzesioei buruzko eskumena eman zien Eskoziako ministroei, Eskozian gauzatzen diren kontzesioei buruzkoa, hain zuzen; orobat eman zien Eskozian gauzatzen diren trenbide-garraioko zerbitzuen horniketa, hobekuntza eta garapenari buruzko eskumenak, trenbide-azpiegiturak finantzatzekoa barne.

GEROKO ALDAKETETARAKO PROPOSAMENAK

1.14 Ahalak itzultzeko hitzarmena abiarazi zenetik, hainbat proposamen egin izan dira hura aldatzeko.

Gai askori buruzko aldaketak proposatu izan dira, hala gai zehatz-zehatzei buruzkoak (su-armak, esaterako), nola ahalak itzultzeko hitzarmenaren izaera aldatu eta federazio-sistema hartzea, edo independentzia osoa erdiestea.{Izan dira, orobat, hedadura handiko aldaketak egiteko prozedurak ezartzeko deiak, konstituzio-hitzarmen berri bat egiteko deia, esate baterako.

1.15 2007ean Eskoziako Parlamenturako egin ziren hauteskundeetan, alderdi nagusietako bakoitzak ahalak itzultzeko hitzarmenari buruzko proposamenak egin zituen.{Scottish National Party alderdiak, independentziari buruzko txosten bat proposatzeaz gain, proposamen zehatzak ere egin zituen autonomia-hitzarmena zabalagotzeko, honako eskumen hauek eskualdatuz: funtzio publikoaren gaineko eskumenak, Ipar itsasoko gasaren eta petrolioaren gainekoak edo irratiaren eta suzko armen gainekoak.{Scottish Liberal Democrats alderdiak konstituzio-hitzarmen berria egitea proposatu zuen, haren kariaz Holyroodi eskumen gehiago -zergei buruzkoak barne- itzultzeko modurik onena aztertzeko.{Halaber, beste gai hauen gaineko eskumenak ere eskualdatu egin beharko liratekeela proposatu zuen: hauteskunde-sistema, Parlamentua bera, funtzio publikoa, energia, garraioa eta itsas politikak.

Horrez gain, Scottish Liberal Democrats alderdiak proposatu zuen Holyrood eta Westminsterko parlamentuetako batzorde bateratu bat sortzea, honako gai hauetan elkarlanean aritzeko: erregelamenduak emateko ahalak, drogen erabilera txarra eta haien kontrola, suzko armen kontrola, nazioarteko babes eskubidea eta inmigrazioa, gizarte-ongizateko zerbitzuen planifikazioa eta enpleguari buruzko legeriaren zenbait alderdi.{Scottish Labour Party alderdiak honako hau nabarmendu zuen: Eskoziaren Legeak eskaintzen dituen tresnak jarraitasunez erabiltzea beharrezkoak izan litezkeen aldaketak egiteko.{Scottish Conservatives alderdiak adierazi zuen prest zegoela Eskoziako Parlamentuaren ahalei buruz eztabaida egiteko, hain zuzen ere erakunde horrek zerga-bilketari buruz eta gastu publikoari buruz duen erantzukizuna ziurtatze aldera.

1.16 Egin izan dira, orobat, autonomia-hitzarmenaren garapen handiagoaren gaineko azterketa sistematikoak.

2006ean, Steel Batzordeak, batzorde buru izandako Lord Steel of Aikwooden pean, gomendio aski zehatz eta zabalak egin zituen, batez ere politika fiskalari buruzkoak.{Proposamen horiek, gauzatuz gero, aldarazi egingo lukete Erresuma Batuaren konstituzio-egitura, federazio-sistema bilakaraziz.{Gomendio horiek ekarpen baten zati gisa egin ziren, hain zuzen ere bigarren konstituzio-biltzar baterako ekarpen baten zati gisa.

1.17 2005ean, Scottish National Party alderdiak Raising the Standard txostena argitaratu zuen, independentziari buruzko kontsulta-txosten bat, hain zuzen, Independentziari buruzko Biltzar baterako ekarpen baten zati gisa.{Txosten horretan Eskozia burujabe baten aldeko argudioak garatzen ziren, eta, ondoren, beste txosten bat atera zen, txostenari emandako erantzunak azaltzen zituena, bai eta independentziari buruzko erreferendum baten lege-egitasmogaia ere.

2 ESKOZIAR AUTONOMIA ZABALAGOTZEN

Laburpena

Egun, botere garrantzitsuak daude atxikita Britainia Handiko Parlamentuarentzat eta Gobernuarentzat.{Arlo garrantzitsu horiei buruzko ahal gehiago itzultzeak aukera emango lieke Eskoziako Parlamentuari eta Gobernuari gai horietan beren erabakiak hartzeko, betiere Eskoziaren alde eta Eskoziako herriaren iritziak jasoz.{Arlo batzuetan ahal gehiago itzultzeak koherentzia handiagoa emango lioke erabakiak hartzeko prozesuari, bai eta hautatutako politiken gaineko erantzukizun demokratikoari ere.

Sarrera

2.1. Eskoziaren Legeak ahal ugari atxikitzen ditu Erresuma Batuko Gobernuarentzat eta Parlamentuarentzat, betearazpen-ahalak lehenbizikoarentzat eta legegintza-ahalak bigarrenarentzat.{Betearazpen-ahalak Erresuma Batuko ministroek baizik ezin ditzakete balia, are ahalok Eskozia bererako baliatzen direnean ere.{Legegintza-ahalak ohiko parlamentu-prozeduraz balia daitezke, Erresuma Batuko Parlamentuko kideen gehiengoaren botoen bitartez.

ATXIKITAKO GAIAK.

2.2. Erresuma Batuarentzat atxikitako gai nagusiak honako hauek dira:

Konstituzioa, honako hauek barne: Koroa, Batasuna, Erresuma Batuko Parlamentua eta funtzio publikoa;

- Segurtasun nazionala, segurtasun- eta inteligentzia-zerbitzuak, nazioarteko harremanak eta defentsa;

- Politika fiskala eta ekonomia- eta diru-politika, bertan Ingalaterrako Bankua, dirua, zergak eta gastu publikoa sartzen direlarik;

- Immigrazioa eta nazionalitatea;

- Enpresak, osasuna eta segurtasuna, lan-arloko harremanak;

- Petrolioa, gasa, ikatza, energia nuklearra eta argindar-horniketa;

- Errepideak, trenbidea, itsas eta aire-garraioa;

- Gizarte-segurantza, haurrentzako laguntza eta pentsio-planak; eta

- Irrati eta telebista bidezko hedapena.

Eskoziaren legearen 5. eranskinean agertzen da zerrenda osoa, eta txosten honen eranskinean eman dugu laburturik.

2.3. Atxikitako gaietako batzuk Erresuma Batuarentzat funtsezko direla jo daiteke, Estatu denez geroztik, eta, hortaz, zaila izango litzateke horiek Eskoziako Parlamentuari eskualdatzea, Eskoziak Erresuma Batuaren barruan jarraitzen duen artean.{Gai horien artean sartzen dira: kanpo-arazoak eta defentsa; mugak eta hiritartasuna; Erresuma Batuko Parlamentua; dirua eta banku zentrala.{Nolanahi ere, gai horietako batzuei nazioarteko itunek eragiten diete, bai eta nazioarteko erakundeetako kide izateak ere, batez ere Europar Batasuneko kide izateak, eta horrek erakusten du gai horien gaineko erantzukizuna partekatu egin dezaketela gobernuak, bai eta elkarrekin kudeatu ere.

2.4. Atxikitako beste gai batzuk ez dira konstituzio-izaerakoak, baina funts-funtsezkoak dira Eskoziako ekonomia- eta gizarte-politikarako, hala nola: zergak, politika ekonomikoa eta fiskala; merkataritza eta industria, hor sartzen direlarik enplegua, gizarte-segurantza eta pentsioak ere; energia; garraioa; aukera-berdintasuna; irrati eta telebista bidezko hedapena eta beste gizarte-gai batzuk, abortua eta drogen erabilera okerra, esaterako.

2.5. Atxikitako gai zehatz gehiago eskualdatuz gero, Eskoziako Parlamentuak bere erabakiak hartu ahal izango lituzke gai horietako bakoitzean, eta hobeto jaso eta islatuko lituzke Eskozian eta gainerako Erresuma Batuan politika-arlo garrantzitsuei buruz diren irizpide ezberdinak, bai eta Eskoziaren barruan diren irizpide ezberdinak ere.{Kapitulu honetan Eskoziako Parlamentuari eta Gobernuari ahal gehiago itzul ote dakizkiokeen aztertzen da; orobat, ea nola erabil ote daitezkeen eskumen gehigarriak Eskoziarentzat lehentasun estrategikoa duten arloetan aldaketak eragiteko.{Nolanahi ere, ahal gehiago itzuliko balitzaizkio, etorkizunean Eskozian eratuko diren Parlamentuek aukera izango lukete, edozein izanik ere haien osaera, Eskoziaren interesen onerako politikak eta legeak egiten saiatzeko.

ERAGINKORTASUNA ETA ERANTZUKIZUNA

2.6. Ahal gehiago itzuliz gero, argiago geratuko litzateke zein eskumen dituen gobernuak bere politikak egiteko; politika horiek eraginkorragoak izango lirateke, eta politika horiengatik kontu ematea ere errazagoa izango litzateke.

2.7. Arlo batzuetan, Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuen arteko eskumen-partekatzea konplexua da, eta politikak gauzatzeko zailtasuna eragin dezake horrek.{Nahasmendua sor lezake, gainera, emaitzengatik kontu emateko orduan.{Esate baterako, klima-aldaketaren arloan, egungo gairik garrantzitsuenetako batean, hainbat arlotako eskumen atxiki nahiz itzuliek eragiten dute, ekonomia, ingurumen, energia, garraio eta etxegintzaren arlokoek, hain zuzen.

2.8. Eskoziako Parlamentuaren eta Gobernuaren eskumenak eta ahalak hedatu eta argituz gero, bi erakunde horiek eraginkortasun handiagoz beteko lukete, beharbada, Eskoziarentzat emaitzak erdiesteko eginkizuna.{Eskoziako Gobernuak malgutasun handiagoa eta aukera zabalagoa izango lituzke hainbat arlotako gobernu-eginkizunetarako ahalak eskatzen dituzten politikak gauzatzen saiatzeko.{Eta Eskoziako Parlamentuak politika horiengatik kontu ematera behartu ahal izango luke Eskoziako Gobernua.

2.9. Hala ere, Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuek elkarren ondo-ondoan lan egiten jarraitu beharko lukete arlo anitzetan, eta orobat gainerako administrazio autonomoekin, beste nazio batzuetako gobernuekin eta Europar Batasuneko erakundeekin, hala dagokionean.{Elkarlan horrekin batera, on litzateke politika-arloak ongi zehaztea, eta arlo bakoitzeko erantzukizunak eta eskumenak argitasun handiz zedarritzea.

ESKOZIA OPAROAGOA

2.10 Eskoziaren ekonomia-eraginkortasunari eragiten dioten hainbat politika-arloren gaineko eskumena dute Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak, hala nola hezkuntza, garraioa, planifikazioa eta ekonomia-garapena.

Nolanahi ere, ekonomiaren arloko beste eskumen asko, eta bertan politika makroekonomikoa erabat hartuta, Erresuma Batuarentzat atxikita daude.{Hala bada, Eskoziak ez ditu bere esku Eskozia aberatsagoa eraikitzeko behar diren tresna guzti-guztiak.{Esate baterako, politika fiskalaren eta ekonomikoaren gaineko ahala itzuliz gero, Eskoziako Gobernuak aukera izango luke Eskozian inbertsioa areagotzeko behar den sozietate-zergen sistema taxutzeko.{Eskumen horiek baliatzean, Erresuma Batuko Gobernuak Erresuma Batu osoa hartu behar du kontuan.{Esate baterako, Erresuma Batuaren ikuspegitik, zerga-sistema eskualdeka aldatzea ekonomia-jarduerarentzako behaztopatzat jo daiteke, Eskoziako edo nonahiko baldintza berezien arabera egokitutako garapen ekonomikoa eragiteko tresnatzat baino areago.

2.11 Zergen eta gastu publikoaren gaineko ahalak oso-osorik itzuliz gero –“autonomia fiskala” ere deitu izan zaio horri- Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak zerga-araubide osoa taxutzeko aukera izango lukete, Eskoziaren beharretarako egokiena irizten dioten gastu publikoaren mailaren arabera taxutzeko, alegia.{Eskoziako Gobernuak zergapetze-maila erabatekoaren kontu eman beharko luke Eskoziako Parlamentuaren eta herriaren aurrean, eta ez, egun bezala, zerga-sisteman aldaketak sartzeko duen ahal arras urriaren berri.

2.12 Autonomia fiskal horretan hainbat maila egon ahalko lirateke.{Zenbat eta zabalagoa zerga-bilketarako ahala, eta zenbat eta txikiagoa Erresuma Batuko Gobernuak egin beharreko diru-ekarpenaren garrantzia, orduan eta handiagoa Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak gozatuko luketen autonomia fiskala.{Autonomia fiskal osoak esan nahiko luke Eskozian ezartzen diren zerga guzti-guztien erantzukizun osoa izatea; nolanahi ere, mekanismo osagarri bat beharko litzateke, Eskoziak, bildutako zerga guztietatik, hein bat eman zezan Erresuma Batuak guztientzat ematen dituen zerbitzuen ordainetan.

2.13 Oraindik ere eztabaidagai dira Eskoziak bere politika fiskal eta ekonomikoarengatik behar duen erantzukizuna handitzeak ekarriko lituzkeen ondorioak.{Scottish National Party alderdiak egindako kalkuluen arabera, Europako beste nazio txiki batzuen hazkunde-tasara iritsiz gero, beste 19 mila milioi libera gehiago izango lituzke Eskoziaren ekonomiak 2015ean, edo, beste era batera esanda, Eskoziako biztanle bakoitzeko 4.000 £.{Autonomia zabalagoak ekonomiarako tresnak emango lizkieke Eskoziako Parlamentuari eta Gobernuari, Europako beste nazio burujabe batzuek dituztenen parekoak, eta aukera emango luke Eskoziak herrialde horiekin alderaturik duen maila ekonomikoa jasotzeko.

2.14 Sozietateei dagozkien zenbait gai, hala nola prestakuntza, haiei buruzko araudia eta kaudimenik eza, Erresuma Batuarentzat atxikiak dira gaur egun.{Gai horien gaineko eskumenak eta erantzukizunak eskualdatuz gero, Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak Eskoziaren interesak zaindu ahal izango lituzkete honakoei dagokienez: sozietateen gaineko araudia, Eskoziako industriaren lehiakortasunari dagokionean, edota lan-istripuen gaineko erantzukizunari dagokionean.{Araudi-esparru orokorak eragin egiten die sozietateei, eta araudi-esparru hori, gehienetan, edo Erresuma Batuarentzat atxikia da, edo Europar Batasunaren araudien eragin handiaren pean dago.{Baldin eta Eskoziak indar handiagoa izango balu era guztietako arau horien gaineko negoziazioetan, arau horiek norberaren ordenamendu juridikoan txertatzerakoan nahiz arau horiek aplikatu eta betearaztean, hobeto erantzun litzaieke Eskoziaren egoeraren ezaugarri berezkoei.

2.15 Lehiari buruzko legeria ere, ekonomiari eragiten dion ahala izaki, Erresuma Batuarentzat atxikitako ahalen artekoa da.{Lehia Bidezkoari buruzko Bulegoak ordezkaritza bat ezarri zuen berriki Eskozian, bere lanak Eskozian zuen alderdiari heltzeko; hala, arlo horren gaineko eskumena eta erantzukizuna Eskoziari eskualdatuz gero, merkatuaren beharrak eta ezaugarriak hobeto islatuko lirateke politika horretan, betiere, jakina, Europar Batasunak lehiari buruz emandako legeriaren pean.

2.16 Finantza-zerbitzuen sektorearen arauketa ere Erresuma Batuarentzat atxikitako ahala da.{Eskoziar ekonomiaren sektore garrantzitsua da hau, eta berari buruzko arauketa, geroz eta gehiago, Europar Batasunak egiten du.{Eskoziak zeregin handiagoa izango balu arauketa horretan, Eskoziako finantza-zerbitzuen sektoreak ere ahal handiagoa izango luke Europar Batasunaren araubidean eragiteko eta Eskoziaren berezko ezaugarriak hobeto jaso eta aintzat harrarazteko.

2.17 Eskoziak, orobat, eskumen eta erantzukizun handiagoa hartu ahal izango luke Eskoziako petrolio- eta gas-erreserben gainean, bai eta Eskoziako uren gainean ere, eta, hala, horiei buruzkoak arautzerakoan, petrolio- eta gas-produkzio ahalik eta egokiena eta handiena izatea eta Eskoziarentzat onurarik handiena izatea edukiko lituzke gogoan.{Eskoziako herriak hitza eta ahala izango lituzke horrela sortutako dirua nola erabil beharko litzatekeen erabakitzeko, eta, beharbada, Norvegiaren ereduari jarraitu ahal izango lioke, diru hori irabaziak sortzeko funts batean inbertituz eta irabaziak sorraraziz, gaur egunerako ez ezik, hamarraldietarako eta are etortzekoak diren belaunaldietarako ere.

2.18 Zein ere zabala den barne-autonomia, Erresuma Batuak, estatu izaten jarraituko lukeenez, diru bakarra edukitzen jarraitu beharko luke, dela libera esterlina, gaur bezala, edo dela euroa, etorkizunean noizbait.{Hala, euroa dirutzat hartzeko erabakiari dagokionez, Eskoziak Erresuma Batuko Gobernuaren pean jarraituko luke, Erresuma Batu osoan egin beharreko erreferendum baten pean, alegia; hau da, ezingo luke euroa dirutzat hartu Eskoziaren egoera eta ezaugarri ekonomikoei hobeki egokituko litzaiekeen unean.

ESKOZIA SEGURUAGOA

2.19 Zuzenbide penalari dagozkion hainbat gai Eskoziako Parlamentuaren eta Gobernuaren eskumenekoak dira dagoeneko, baina Erresuma Batuarentzat atxikitakoen artean, terrorismoaren aurkako legedira, suzko armen gaineko legeria eta drogen erabilera txarrari buruzkoa daude.{Arlo horien gaineko ahal gehiago itzuliz gero, Eskoziak bere esku izango luke terrorismoaren aurkako legeria herrialdeak berak duen arriskuaren edo mehatxuaren arabera egiteko aukera, gizabanakoen eskubideak eta nazioaren segurtasunaren beharrizanak orekatuz, betiere Eskoziaren beraren zuzenbide penaleko sistemarekin bat etorriz.{Erresuma Batuak eta Europa osoak terrorismoaren aurka egiten dituzten eginahal horietan eginkizun bete-betea jokatzen jarraitu ahal izango luke Eskoziak, inteligentzia-zerbitzuen informazioa partekatzea eta polizia-indarren arteko elkarlana ere eginahal horien artean direla, oraintsuko gertaeretan bezala.

2.20 Halaber, Eskoziako Parlamentuak erantzukizun osoa hartu ahal izango luke suzko armei buruzko legegintzaren gainean, eta, horrela, Eskoziak bere interes berezien arabera heldu ahal izango lioke suzko armen gaiari.{Halaber, Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak beren ikuspuntuen arabera heldu ahal izango liokete drogen erabilera txarraren gaineko legegintzari, eta erantzukizun zuzena hartuko lukete, Eskoziako herritarrei eta komunitateei babes hobea eta handiagoa emate aldera.

2.21 Edozein estatuk ditu osagai gisa segurtasuna eta indar armatuak, eta horiek Erresuma Batuarentzat atxikita jarraituko dute seguru aski, Eskoziak Erresuma Batuaren barnean jarraitzen duen artean, bederen.{Hurrengo kapituluan aztertzen dira sakonago kontuok.

ESKOZIA ZUZENAGOA

2.22 Eskoziak lan-arloko eta sindikatu-arloko gaiei buruzko legegintzaren eskumena hartu ahal izango luke, bai eta laneko osasun eta segurtasunari buruzkoa ere.{Eskoziako Parlamentuak, legegintza horretan, langileen eskubideen eta lan-baldintza moderno eta malguen beharrizanaren arteko oreka hartu ahal izango luke aintzat, bai eta adin guztietako langileen gutxieneko soldata-maila egokiak ezartzeko beharra ere.{Lan-arloko legerian geroz eta leku handiagoa du Europar Batasunaren araugintzak (hala nola lanaldiari buruzko zuzentarauak); hala, baldin eta Eskoziak parte hartzea izango balu araugintza horri buruzko negoziazioetan eta arau horiek norberaren antolamendu juridikoan txertatzeko prozesuetan, hobeto islatuko lirateke Eskoziaren berezitasunak.{Gai horiei buruzko legeriak Eskoziaren berezitasunak islatu ahal izango lituzke, hots, lan-harremanei buruz duen jarrera eta bere beharrizan ekonomiko bereziak, eta ez luke izan beharko, orain bezala, Erresuma Batu osoarentzat taxututako esparru baten zati soil bat.

2.23 Egun laneko osasunaren eta segurtasunaren gainean Erresuma Batuarentzat atxikirik dagoen legeriaren zati handi bat ikuskapen-agentzia autonomoen bitartez aplikatzen da – hala nola toki-administrazioko erakundeen bitartez-, eta Eskoziako epaitegien bitartez betearazten.{Laneko osasunaren eta segurtasunaren gaineko araugintzarako ahalak itzuliz gero, hobeto uztartu ahal izango lirateke arlo horietako araudia eta eskoziar legearen beste alderdi batzuk.{Dagoeneko eratu da eskoziar aholkularitza-erakunde berezi bat Osasunaren eta Segurtasunaren Agentzia – Eskoziako Osasun eta Segurtasunerako Partzuergoa (Health and Safety Executive – Partnership for Health and Safety Scotland) izeneko erakundearentzat.{Sozietateek lan-arloko heriotza-istripuei buruz duten erantzukizunari buruzko legeria ere izan zitekeen Eskoziako Parlamentuaren eskumeneko gai bat, egun bezala Westminsterko parlamentuarena izan ordez; hartara, koherentzia handiagoz heldu ahal izango litzaioke gai honi, hots, Eskoziar zuzenbide penalaren beste alderdi batzuekiko koherentzia handiagoz.

2.24 Halaber, Eskoziak eskumen osoa hartu ahal izango luke aukera-berdintasunari buruzko legegintzari buruz eta arlo horretako betearazpen-agentziei buruz; egun, Erresuma Batuarentzat daude atxikirik bi gai horiek, ia oso-osorik.{Hartara, Eskoziak era egokian heldu ahal izango lieke Eskoziari bereziki eragiten dioten gaiei, hala nola sektarismoaren kontuari.{Nolanahi ere, egungo legeriaren barruan, ezingo litzaioke Eskoziari eskualdatu 1701 urteko Act of Settlement delakoan (Koroaren ondorengotza arautzeko legea) bereizkeria dakarten xedapenak (egun 1707ko Act of Union delakoan jasoak) aldatzeko ahalmena.

2.25 Kontsumitzaileen babesari dagozkion gaiak Erresuma Batuarentzat atxikirik daude egun, eta, hortaz, Eskoziako Parlamentuak ezin die heldu kontsumitzaileek kalte-ordainak eskatzeko orduan dituzten zailtasunei (arlo honetan sartzen dira, orobat, kontsumoko kredituen arauketa eta gehiegizko zorpetzearen arazoei heltzeko politikak).{Arlo horretako legegintza-ekintza oro Westminsterren gauzatu beharko da.{Izan dira dagoeneko zailtasunak kontsumitzaileen hezkuntzari buruzko xedapenekin, Eskoziako Gobernuak, eskuarki, ezin baitu finantzatu era horretako ekintzarik.{Bada dagoeneko Kontsumitzaileen Eskoziar Kontseilu bat, eta aholkularitza-agentzia publiko batek ere, Consumer Direct izenekoak, ordezkaritza bereizia du Eskozian.{Gainerakoan, kontsumitzaileei buruzko legegintza betearaztea, hein handi-handi batean, toki-administrazioan arlo horretako eskumenak eskuratuak dituzten agintaritzetan lan egiten duten merkataritza-funtzionarioen eskumena da.

2.26 Posta-bulegoa, hala nola posta-zerbitzuak eta haien arauketa, Erresuma Batuarentzat atxikitako gaia da.{Erresuma Batuko beste leku batzuetan bezala, Eskoziako herri eta komunitateek posta-bulegoen sarearen behar ezinbestekoa dute pertsona adinduek eta gizarteko beste kide bereziki ahul batzuek bizitzeko behar dituzten zerbitzuak emateko.{Arlo horretako ahalak itzulita, malgutasun handiagoa izango lukete Eskoziako erakundeek Eskoziako posta-bulegoen sarea kudeatu eta zaintzeko.{Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak lehentasunak ezarri ahal izango lituzkete, alegia, baserrialdeetako eta hirialdeetako posta-bulegoen sareak atxikitzea ala gastu publikorako beste beharrizan batzuk lehenestea erabakiko lukete, eta ez litzateke orain bezala gertatuko, Eskoziako herri eta komunitateentzako berebiziko garrantzia duten erabakiak Erresuma Batuko gobernuak hartzen baititu.

Posta-zerbitzuak arautzeko moduak eta haiek zeharka finantzatzeko moduak eragina izan dezakete urrutiko baserrialdeetako biztanle-guneetan jarduten diren enpresen jardueran, batez ere Eskoziar uharteetan; bi arlo horiek zuzen-zuzenean Eskoziak kudeatzea ere azter daiteke.

2.27 Izan zitekeen, orobat, autonomia-maila jakin bat zergen eta gizarte-segurantzako zerbitzuen antolamenduan.{Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak eskumena hartu ahal izango lukete gizarte-segurantzaren zenbait prestazio edo zenbait zerga-onura jasotzeko eskubidearen arauei buruz.{Erresuma Batuko zerga-onurak eta zerga-kredituak Eskoziako bertako programekin osatu ahal izango lirateke, gizarte-xede jakinak sustatzearren; hona hemen batzuk: familientzako laguntza gehigarriak, haurrentzako laguntzak, gizatalde jakin batzuk laneratzeko laguntzak edo diru-sarrera txikiak dituzten familiei kosturik gabeko edo interes-tasa txikiko maileguak eskuratzen laguntzeko Eskoziar Gizarte Funtsa.{Egun, zerga-kredituak edo zerga-onurak jasotzen dituztenek, horiez besteko laguntza gehigarriak jasotzen badituzte, zigorra jaso dezakete; nolanahi ere, gai horiei buruzko legeak egiteko ahala eman ahal izango litzaioke Eskoziako Parlamentuari.{Hartara, posible izango litzateke gizarte-laguntzetarako programek, ikasteko edo haurrak zaintzeko diru-laguntzek, esaterako, ez eragitea beste prestazio edo zerga-kreditu batzuen galera.

2.28 Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak adineko pertsonen pentsioen mailari buruzko eskumena hartu ahal izango lukete, edota pentsio horiek jasotzen hasteko adina zehaztekoa.{Eskoziak, hartara, egungo erretiro-adinari eustea erabaki ahal izango luke, edo pentsio publikoak eta pribatuak ordaintzeko orduan gizabanakoei, estatuari edo enpresariei dagozkien erantzukizunen arteko oreka bilatzea.

2.29 Gizarte-segurantza eraginkortasunez gauzatzeko, arlo horretan hartutako erabakien finantza-ondorioen erantzukizun osoa eduki beharko luke Eskoziak.{Gizarte-segurantzari buruzko edozein ahal itzuliz gero, komeniko litzateke ahal horrekin batera zergapetze-ahal gehiago itzultzea (ikus gorago autonomia fiskalari buruz esandakoak), eta ez uztea kostu gehigarrien zama lehendik zeuden baliabideen gain.{Garrantzitsua izango litzateke, orobat, zerbitzu hauei buruzko hitzarmenak egiteko aukera kontuan hartzea, esate baterako, Erresuma Batuko Gizarte Zerbitzuen Agentziak eskoziar laguntza- edo pentsio-erregimen berezia kudeatzeko beharko lukeena.

ESKOZIA OSASUNTSUAGOA

2.30 Osasun ahula izan da Eskoziaren arazo iraunkorretako bat, eta herrialdearen arrakasta orokorraren aurka jokatzen duenetako bat.{Oraintsuko zenbait egitatek erakutsi izan dute osasun ahulak eragozten diola Eskoziari Europako beste herrialde antzeko batzuen eraginkortasunaren parera iristea.{Eskoziak osasun-zerbitzuen eta osasunaren sustapenaren gaineko eskumena gauzatu izan duen arren, Erresuma Batuko Gobernuak ezarritako aurrekontu orokor baten barruan egin izan du.{Autonomia handiagoak, batez ere autonomia fiskal handiagoak, aukera emango lioke Eskoziari malgutasun handiagoz jokatzeko honako gai hauek erabakitzean: zenbat baliabide izendatu osasun-zerbitzuetarako eta nola finantzatu baliabide horiek.

2.31 Ekonomiaren egoera eta berezitasunek eragin erabakigarria dute osasunaren gainean.{Eskoziako erakundeei tresna ekonomikoen gaineko ahal gehiago itzuliz gero Eskozia aberatsagoa eta bidezkoagoa bihurtzearren, nabarmena izango litzateke nazioaren osasunean gaineko eragina.

2.32 Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak osasun publikoari buruzko gai garrantzitsuen gaineko eskumenak hartu ahal izango lituzkete beren gain, egun Erresuma Batuarentzat atxikita dauden eskumenak, hain zuzen, osasun arloko lanbide garrantzitsuenen arauketa eta tabakoaren eta alkoholaren gaineko zergak barne.

ESKOZIA BERDEAGOA

2.33 Eskoziak Europako herrien artean kokalekurik onenetakoa du energia berri berriztagarrien eta karbono-kontsumo apaleko energien teknologiak garatzeko.{Eskoziaren uretan leku oso onak daude itsasertz ondoko uhin, haize eta itsasaldien indarra energia sortzeko baliatzeko eta karbonoa bildu eta gordetzeko.{Teknologia hauen garrantziak ezinbestean egingo du gora klima-aldaketak energia-horniketarekin duen zerikusia agerianago geratu ahala.

2.34 Egun, energia-politika Erresuma Batuko gobernuarentzat atxikirik dago hein oso handi batean, eta hark Britainia Handi osoaren beharrizanak hartu behar ditu kontuan etorkizuneko energia-politika erabakitzeko orduan, sektore publikoko inbertsioak non egin erabakitzeko politikak ere barnean direla.{Energia berriztagarrietarako eta bestelako energia-teknologia garbietarako duen ahalmena ikusirik, Eskoziak energia nuklearrik gabe eta zabor erradioaktiboa gehitu gabe egin ahal die aurre bere energia-beharrizanei.{Erresuma Batuko Gobernuak, energia nuklearrari buruz, bestelako erabakiak har ditzake Erresuma Batu osoa aintzat hartu beharrez, eta horrek eragina izan dezake energia-iturri alternatiboetan egin beharreko inbertsio publikoetan, batez ere energia berriztagarrietan egin beharrekoetan.{Kezka handia dago Eskozian energia berriztagarrien eta bestelako energien sortzaileen artean, energia-sare nagusia baliatu ahal izateko prezioen politikak ez ote dion Eskoziako energia-produkzioari kalterik egiten, nahiz eta Eskoziak, berez, bere kokalekuagatik, abantaila izan hainbat energia-teknologia berritarako.{Energia-gaien gaineko ahal gehiago itzuliz gero, Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak aukera izango lukete Eskoziaren baliabide naturalen erabilerarik egokienari lehentasuna emateko honako hauei buruz erabakitzean: etorkizuneko energia-iturriak, Eskoziaren energia-erabileraren eraginkortasuna hobetzea, eta Eskoziaren energia berdearen sektorearen hazkundea eragitea.{Ahal gehiago itzuliz gero, gainera, energia-politika eraginkor eta koherentea gauzatzeko behar diren arauketa- eta fiskalitate-tresna ezinbestekoak izango lituzke eskura Eskoziak.

2.35 Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak, orobat, hainbat gairen gaineko politiken eskumena eta erantzukizuna bereganatu ahal izango lituzkete, eta Eskozia aitzindari izango litzateke Europan gizarte berdeago bat sortzeko eginkizunean.{Une honetan, gai hauek guztiak Eskoziako Gobernuaren eta Erresuma Batuko Gobernuaren artean daude partekaturik. Esate baterako, Eskoziako ministroek zabortegien gaineko eskumena dute, baina ez ordea herrialde honetan zaborrik gehien eragiten duten gaien gainekoa, alegia, bilgarrien gainekoa.{Ahal gehiago itzuliz gero, koherentzia handiagoz erantzun ahal izango litzaieke gai hauei, eta Eskozia garbiago eta ingurumenaren aldetik iraunkorrago baten xedea gauzatzeko erantzukizuna ere argiagoa eta zehatzagoa izango litzateke.

2.36 Eskozia berdeagoa sortzeko eginkizun horretan bada beste arlo bat garrantzi handikoa, garraioena, hain zuzen ere; hor, erantzukizunak hainbaten artean daude banaturik, Europar Batasunaren, Eskoziako Gobernuaren eta Erresuma Batuko Gobernuaren artean, hain zuzen.{Erantzukizun horiek orekatzeko eginkizuna areago hartuko balitz aintzat, Eskoziako gobernuak politika berdeak taxutzeko aukera handiagoa izango luke, honako gai hauetan, esate baterako: gai arriskutsu edo kaltegarriak itsasoz garraiatzeko jarduera arautzea, edo beste garraio-modu batzuek ingurumenaren aldetik behar duten arauketa egitea.

2.37 Itsas ingurumena ere hartzen du politika berdeagoetarako aukera horrek.{Itsas ingurumenaren planifikazioaren eta zainketaren gaineko ahal gehiago itzuliz – itsas ingurumen horretan sartzen direlarik itsas bazterretik 12 eta 200 itsas mila bitarteko eremuan dauden urak-, Eskozia inguratzen duten uren kudeaketa koherentzia handiagoz egin ahal izango litzateke.{Hartara, bat etorrarazi ahalko lirateke itsas ingurumenari buruzko eginkizun berriak eta arrantza-baliabideen gainean lehendik gauzatzen diren eskumenak; orobat itzulitako erantzukizun-arlo berrien gaineko legeak, hala nola Eskoziako itsasbazterraren kudeaketa iraunkorraren gainekoak.

2.38 Zeregin handiagoa eskualdatu ahal izango litzaieke Eskoziako Parlamentuari eta Gobernuari gizabanakoek planetako baliabideak kudeatzeko orduan beren gain hartu behar duten erantzukizuna sustatzeari dagokionez, bertan sartuz kontsumoa bera edo biodibertsitatea eta habitatak zaintzeko eginkizuna.{Eskoziako Gobernuak helburu horiek iristeko behar dituen politiken beharrizanaren zabala dela-eta, ahal, eskumen eta erantzukizun anitz itzuli beharko litzaizkioke.

ESKOZIA KUALIFIKATUAGOA

2.39 Lanerako kualifikazioari buruzko eskumenak itzulirik daude dagoeneko, baina Erresuma Batuko Gobernuak aitzindaritza hartzen du sarri lan-arloko eta lanerako kualifikazioaren arloko politikak taxutzeko orduan.{Erresuma Batuko Gobernuak lan-arloari buruz eta gizarte-laguntzekin zerikusia duten arloei buruz hautatzen dituen politikek, eskuarki, Erresuma Batu osoko kualifikazio-beharrizanei begiratzen diete.{Eta, baldin eta ez badira guztiz aintzat hartuzen politika horiek Eskoziari eta gainerako administrazio autonomoei ekarri ahal dizkieten ondorioak, gerta liteke politika horiek egokiak ez izatea.

2.40 Eskoziako Gobernua bere estrategia taxutzen ari da Eskoziak kualifikazioen arloan dituen beharrizanei erantzuteko; hain zuzen ere, estrategia horietako batzuk gainerako Erresuma Batuan gauzatzen direnez bestekoak dira.{Enplegu-zerbitzuen arloko ahal gehiago itzuliz gero, koherentzia handiagoz jokatu ahal izango litzateke enpleguaren arloko eta kualifikazioen arloko politikak gauzatu eta horiez erantzuteko orduan.

ESKOZIA INDARTSUAGOA

2.41 Egungo hitzarmenen pean, Europar Batasunarekiko harremanak Erresuma Batuarentzat atxikitako gaia da, kanpo-arazoei dagokien gaitzat hartzen baitira.{Nolanahi ere, Europar Batasunari dagozkion zenbait gaik barne-politikako gaiekin dute zerikusia, eta gai horietako asko Eskoziako Parlamentuaren eskumenekoak dira dagoeneko.{Hala, Eskoziako Gobernuak, esate baterako, Eskoziako nekazaritza eta arrantzaren gaineko eskumena du, eta, hala eta ere, Eskoziako ministroak Erresuma Batuko ministroen menpe daude gai horiei buruz Europan egiten diren negoziazioetan.{Eskoziako ministroek Erresuma Batuko ministroen baimena behar dute Europar Batasuneko bileretan parte hartzeko, are bilera horiek baitezpadakoak direnean Eskoziaren interesetarako, eta Eskoziako ministroei oso bakan deitzen zaie era horretako bileretan hitz egitera joan daitezen.

2.42 Eskoziak Erresuma Batuaren barnean jarraitzen duen artean, Erresuma Batuko ministroek jarraituko dute Europar Batasunarekiko negoziazioetan buru izaten.{Eginkizun horretan, Erresuma Batuko ministroek Britainia Handi osoko interes ezberdin eta anitzak hartu behar dituzte kontuan, bizitza publikoaren arlo askotarikoetan ageri diren interesak, hain zuzen, eta Westminsterko Parlamentuan erantzun behar dute beren eginkizunaz.{Nolanahi ere, bada aukera Eskoziak negoziazioetan ekimen handiagoa izan dezan, Eskoziako Gobernuaren eta Erresuma Batuko Gobernuaren arteko hitzarmen baten bitartez, batez ere, Eskoziaren interes funts-funtsezkoak jokoan direnean; halaber, Erresuma Batuko Gobernua ados ager liteke Eskoziako Gobernuak ahots erabakigarriago eta ozenagoa izan dezan Erresuma Batuak negoziazioetan hartu behar duen jarrera zehazteko orduan, hala negoziazio-eztabaidaren aurretik nola negoziazio-eztabaida egin bitartean.{Hartara, Eskoziako ministroek zeresan handiago izango lukete, nahiz eta gainerako europar herrialdeetako ordezkarien maila berean eseri ez.{Antzeko hitzarmenak egin ahal izango lirateke gainerako administrazio autonomoetarako, hitzarmen horiek Erresuma Batuak Europar Batasunean duen ordezkaritzaren erreforma zabalago baten barruko osagai gisa hartuz.

2.43 Erresuma Batuko Gobernuak inmigrazioari eta hiritartasunari buruz hautatzen dituen politikek Britainia Handi osoko egoera islatu behar dute, batez ere Ingalaterra hego-ekialdeko egoera eta Londreskoa.{Eskozian, badira zenbait auzi, ekonomiaren, demografiaren eta gizartearen arlokoak, biztanleriaren eta inmigrazioaren gaiei eragiten dietenak.{Erresuma Batuaren barruan, baliteke zaila izatea Eskoziari inmigrazioaren eta hiritartasunaren arloko eskumenak eskualdatzea, baina, etorkin gehiago erakartzeko ahal handiagoak ukanez gero, Eskoziako Gobernuak era egokiagoan erantzun ahal izango lieke Eskoziaren beharrei.

BESTE GAI BATZUK

2.44. Irrati eta telebista bidezko hedapenaren gaineko eskumena eskualdatuz gero, Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak eskumena izango lukete honako hau ziurtatzeko :Eskoziaren interesak era egokian ordezkatuak izango direla nazioko hedabideetan, betiere, hedabide-sare horien arteko orekari atxikiz.{Aukera izango litzateke, orobat, Eskozian bertan egindako programazioaren ekoizpena sustatzeko, hedabideetan Eskoziako auziei arreta handiagoa jartzeko eta hedabide nazional horietan Eskoziaren kultur bizitzari arreta egokia jarri eta babes egokia emateko.

2.45 Funtzio publikoak Eskozian izan behar duen etorkizuna ere bada Eskoziako Parlamentuari eta Gobernuari eskualda dakiekeen arlo bat.{Ipar Irlandako funtzio publikoa bezala, Eskoziako funtzio publikoa ere Eskoziako gobernu-eginkizunean jardun ahal izango litzateke, eta, aldi berean, funtzio publiko horren independentzia eta alderdikeriarik eza bermatu ahal izango litzateke.

2.46 Hauteskundeen gaineko eskumena Eskoziako Parlamentuari eskualdaturik, parlamenturako hauteskundeen kudeaketa eta zuzendaritza Parlamentuak berak hartu ahal izango luke.{Hauteskundeak hobetzeko edozein ekintza, edo haren akatsak konpontzekoa, Eskozian bertan erabaki ahal izango litzateke, orain bezala Erresuma Batuko Parlamentuaren eta Gobernuaren menpeko gai bat izan ordez.

3 ESKOZIA BEREGAIN BAT

Laburpena

Autonomia indartuagoa baino harantzago joanez independentziaraino iritsiz gero, ahitu egingo litzateke Erresuma Batuko Parlamentuak Eskoziarako legeak egiteko duen ahala, eta Erresuma Batuko Ministroek Eskoziari buruz betearazpen-ahalak baliatzeko duten gaitasuna ere bai.{Eskoziaren Legean Erresuma Batuaren alde egindako atxikipenek ere ez lukete horrezkero eraginik izango, eta Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak barruko eta nazioarteko politika guztien gaineko erantzukizuna hartuko lukete beren gain, beste edonongo estatu beregainak bezalaxe, betiere Europar Batasunaren itunetan ezarritako xedapenen pean eta beste itun batzuetan ondorengo izanik hartutako obligazioen pean.

Sarrera

3.1 Aurreko kapituluan, Eskoziako Parlamentuari eta Gobernuari itzuli ahal izango litzaizkiekeen ahalak aztertu dira.{Kapitulu honetan aztertzen da zein beste urrats egin beharko liratekeen Eskozia erabat independente bihurtzeko, Europako eta urrunagoko beste herrialde batzuen gisara.{Hogeigarren mendean zehar, 150 baino estatu independente berri baino gehiago sortu ziren, horietako asko deskolonizazioaren bitartez eta Europa erdialdeko eta ekialdeko estatu komunista ohien hausturaren bitartez.

Independentzia, harrezkero, estatus konstituzional arrunta bilakatu da Eskozia bezalako herrialdeentzat, hala Europan nola mundu osoan, eta, gainera, estatu beregain eta subiranoen estatusa eta izaera ongi ulertzen dira.

ESKOZIA NAZIO GISA

3.2 Eskoziak Erresuma Batuko beste nazio batzuekin duen harremana aspaldikoa da, eta 1603ko Koroaren Batasunean eta 1707ko eta 1801ko Batasunaren Legeetan dago oinarriturik.{Hori da Eskoziak egun duen estatus konstituzionalaren euskarri politikoa eta legezkoa, betiere horien ondotik eman izan diren lege konstituzionalekin osaturik, hala nola Erreforma Legeak, Herriaren Ordezkapenaren Legeak, Parlamentuaren Legeak, Europako Erkidegoen legeak, Giza Eskubideen eta Informazio Askatasunaren Legeak eta Eskoziaren Legea.

3.3 Alabaina, lege horiek osatutako Batasunak ez zion kendu Eskoziako herriari bere etorkizun konstituzionalari buruz erabakitzeko eskubide politiko funtsezkoa.{Irlandako Errepublikak eta britainiar inperioa zeneko herrialdeek ere hartu zuten antzeko konstituzio-antolamenduetatik independentziara igarotzeko eskubidea.{Eskoziako herriak burujabe izaten jarraitzen du eta eskubide berbera du, alegia, bere gobernu-modua hautatzekoa, aldi batez beste estatu batzuekin baturik edo beste estatu batzuen barruan egon ondoren independentzia iritsi duten herriek bezala.

3.4. Batasunaren euskarri diren funtsezko legeekin alderatuz, 1801ean Irlandarekin egindako batasunak izan ditu dagoeneko hainbat aldaketa, aski sakonak.{Batasunaren Legea (1707) dugu beraz aldaketa sakonagoei edo egiazko indargabetze bati buruzko eztabaidaren abiapuntua; nolanahi ere, Koroen Batasunak (1603) indarrean jarraituko luke, are 1707ko Legea indargabetuz gero ere.

3.5. Eskozia politika- eta lurralde-entitate onartua eta ezagutua da, lege-sistema berezkoa du, bere mugak ditu, bai eta beste erakunde bereizi batzuk ere, eta horietako batzuei nahita eutsi zien Batasunaren barrun sartzeko baldintza gisa, eta baldintza horiek indarrean iraun zuten Batasunaren barruan egon zen bitartean.{Ez da eztabaidarik ez auzirik bere lurraldearen hedadura eta mugei buruz.{Eskoziaren itsas mugak eta arasa kontinentalean dagokion eremua idatziz eta dagokion eran zedarritu beharko lirateke; nolanahi ere, ondo ezarrita daude hori nola egin behar den arautzen duten legezko printzipioak.

3.6. Eskoziak, hortaz, baditu dagoeneko estatu batek behar dituen funtsezko osagaietako batzuk, hala nola: lurralde-hedadura onartu bat, auzirik eragiten ez duena, eta politika- eta erakunde-nortasun ezagutu bat.{Eskoziako herriak eskubide iraunkorra du bere eskubide konstituzionala erabakitzeko, zein ere den estatus hori, Estatu beregain eta subirano bati dagokiona edo, egun bezala, Erresuma Batuko kidearena, autonomia-antolamendu sendotuarekin edo gabe.

ESKOZIAKO PARLAMENTUA ESKOZIA BEREGAIN BATEAN

3.7. Eskoziak independentzia osoa eskuratzeko, Erresuma Batuak utzi egin beharko lioke Eskoziarako legeak egiteko eskumena izateari, eta Erresuma Batuko gobernuak utzi egin beharko lioke Eskozian betearazpen-jardunak gauzatzeko eskumena izateari.{Horren ordain gisa, nazioarteko legeriaren arabera estatu subirano bati dagozkion eskumen, eginkizun eta erantzukizun guztiak bereganatuko lituzkete Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak.

3.8. Erresuma Batuko Parlamentuak Eskoziarako legeak egiteko eskumenari uko egiteko, lege bat onartu beharko luke Parlamentu horrek berorrek, eta bere lurralde-eskumenetik kanpo utzi beharko luke Eskozia, berariaz, eta estatu beregain eta subirano gisa ezagutu Eskozia.{Horren ondorioz, House of Commons delakoaren (beheko ganbera) osaera aldatu egin beharko litzateke, eta eskoziar hauteskunde-barrutien ordezkaritza edegi hari.{Lege horren berorren xedapen zehaztuagoek eta Eskoziako Parlamentuaren legeria osagarriak Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuen arteko negoziazioen emaitzak islatu beharko lituzkete, alegia, Eskozia independentziara igaro aurretik egin beharreko negoziazioen emaitzak.

3.9. Eskumenen eskualdaketei buruz eta independentzia iristeari buruz eman beharreko legeriak beste oinarri bat beharko luke Eskoziako Parlamentuarentzat, Erresuma Batuko Parlamentuak emandakoaz bestekoa, hots, Eskoziaren Legeaz bestekoa.{Hasieran, ordea, ez legoke zertan Eskoziaren Legeak ezarritako esparruaren osagai funtsezkoak aldatu, Eskoziako Konstituzio Biltzarrak egindako lanen eta 1997. urteko erreferendumaren ondotik herrialdean erdietsi zen adostasun zabalak legitimatu baitzituen.

Parlamentuko kidetzak, hauteskundeek, ganbera- eta batzorde-egiturek eta prozedurek, jardun-arauek eta legegintza-prozedurek beren horretan jarraitu ahal izango lukete.{Beste alderdi batzuei dagokienez, legeak giza eskubideek ezarritako betebeharrekin bat ote datozen egiaztatzeko epaileek haien gain egin beharreko kontrolari dagokionez, esaterako, arau berriak eman beharko lirateke, independentziaren egoera berria jaso dezaten.

3.10 Halaber, egun Eskoziaren Legean boterearen betearazpen-adarrerako ezarrita dauden arauetan aurkitu ahal izango litzateke gobernu-eredu bat, hasierakoa, Eskozia independentearentzat.{Era berean, lege horretan ezarrita dagoen egiturak -lehen ministro (ministro burua), kabinetea, ministroak eta gobernuaren legelariak, eta haien ahalen eremua eta parlamentuari zor dioten erantzukizuna- jarduteko erakunde-esparru bat eskaini ahalko luke, nahiz eta euskarri duen legeria sakon berrikusi beharko litzatekeen, seguru aski.

3.11 Eskoziako auzitegiek eta botere judizialak oraintxe eraturik dauden bezala jarraituko lukete, baina ez legoke hel egiterik Eskoziako auzitegiez gorago, ez Lorden Ganberara ez eta Aholku Batzorde Juridikora ere, ez eta Erresuma Batuko Auzitegi Gorenera ere.{Adierazi dugunez, arauak eman beharko lirateke epaileen kontrol-eginkizunaren hedadurari buruz, hala Eskoziako Parlamentuaren legegintza-ahalen gainean egin behar duten kontrolari dagokionez nola ministroen betearazpen-ahalen gainean egin behar dutenari dagokionez.{Egokitzeak egin beharko lirateke botere judizialaren independentzia ziurtatzeko.

3.12 Eskozia independentea balitz, egun Erresuma Batuarentzat atxikita dauden arloen gaineko eskumen eta erantzukizun osoa hartuko luke Eskoziako Gobernuko ministroek Erresuma Batuko Gobernuko ministroengandik, lehendik eskuraturik zeuzkaten eskumen eta erantzukizunez gain, hain zuzen. Halaber, Eskoziako Parlamentuaren aurrean eman beharko lukete kontu eskumen eta erantzukizun horien erabileraz.{Gogoeta egin beharko litzateke eginkizun gehigarri horiei eusteko beharko litzatekeen ministerio- eta agintaritza-egituraz, eta Parlamentuak bere ikuskatze-eginkizuna betetzeko egin beharko liratekeen egokitzeez.{Baliteke horretarako Eskoziako Gobernuak egun duen ahalmena hedatu edo berrantolatu beharra, orobat Holyroodeko batzordeen egitura eta beste eginkizun batzuk.

3.13 Erresuma Batuko edo mugaz gaindiko agentzia publikoen jarraipenaz ere erabaki beharko litzateke, ahal dela lankidetza eraginkor iraunkorra ziurtatuz; hala, agentzia horiek, Eskozian jarduten diren heinean, Eskoziako Parlamentuaren eta Eskoziako Gobernuaren eskumenaren menpe ezarri beharko lirateke, hartara Eskozian gauzatzen dituzten jardueren kontu emango bailukete, eta jarduera horien gaineko kontrol demokratikoa egin ahalko bailitzateke.{Gogoeta egin beharko litzateke, orobat, lanean jarraituko luketen mugaz gaindiko zerbitzu-agentzietako langileen ordainsariei eta beste baldintza batzuei buruz, bai eta egun Erresuma Batu osoan indarrean diren ordainsari-hitzarmenei buruz ere.

ERRESUMA BATUKO GOBERNUAREKIKO ETA BESTE BATZUEKIKO NEGOZIAZIOAK.

3.14 Independentziara igarotze hori egiteko, Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuek negoziatu egin beharko lukete independentziaren baldintzei buruz, bai eta independentziara igarotzeko egin beharko liratekeen moldaketei buruz ere.{Erresuma Batuaren aktibo eta pasiboak Erresuma Batuko gainerako zatien eta Eskoziaren artean banatzeko aferari ere heldu beharko litzaieke negoziazio horietan.{Hor sartuko lirateke honako hauek ere: Estatuaren zorra heinean banatzea; aktibo bereiziak banatzea, hala nola Erresuma Batuaren erreserba ofizialak, BBC, eta Atzerriko Gaietako Ministerioaren atzerriko ordezkaritzak; pentsio publikoek etorkizunean izan ditzaketen finantza-obligazioak eta gizarte-segurantzaren prestazioak; defentsa ministerioaren higiezin-ondasunak eta indar armatuen hornidurak.

3.15 Elkarren intereseko gaiei heltzeko bitartekoak ezarri beharko lirateke, Koroaren ondorengotzaren gaiari heltzeko (Koroen Batasunak, 1603koak, jarraitu egingo lukeenez gero).{Hitzartu egin beharko litzateke Erresuma Batuarentzat atxikitako arloetako zerbitzu publikoetan ari diren pertsonek zein egoeratan geratuko liratekeen, batez ere zein aukera emango zaizkien indar armatuetako, diplomazia-zerbitzuetako, funtzio publikoko eta zerga-bilketa eta aduana zerbitzuetako langileei.{Halaber, Eskozia independente baten mugei dagokien kontu oro, bereziki arasa kontinentalari dagokiona, negoziatu egin beharko litzateke, betiere gai horien gaineko nazioarteko legeek ezarritako printzipioak errespetatuz.

3.16 Kontu hauek guztiak Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuen arteko erabateko hitzarmen batean lot litezke, Westminsterko eta Holyroodeko parlamentuek biek emandako legerian oinarriturik; hartara, bi parlamentu horiek aukera izango lukete bai Eskoziari bai Erresuma Batuari eragiten dieten gaiak aztertu eta horien gaineko hitzarmenak egiteko.

3.17 Era horretako negoziazio-prozesu baten hasieran, hitzarmenak egin beharko lirateke nazioarteko legeek ezarritako printzipioen peko arbitraia baliatuz aldeek elkarren arteko adostasunez ebatzi ezin dituzten auziak ebazteko.

3.18 Eskoziak (eta gainerako Erresuma Batuak) Europar Batasuneko kide izaten jarraitzeko baldintzei buruz ere negoziatu beharko litzateke, bai eta nazioarteko beste erakunde batzuetako kide izaten jarraitzeko ere, egun, Erresuma Batua osatzen duten nazioetakoa izaki, kide den bezala.{Negoziazio horietan, Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuek parte hartu beharko lukete nahitaez, biek ala biek, nazioarteko partzuerrekin batera.

INDEPENDENTZIAREN ONDORIOAK

3.19 Independentziaren ondorio nagusia izango litzateke Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak bere gain hartzea egun Erresuma Batuko Parlamentuarentzat eta Gobernuarentzat atxikirik dauden arloetako eskumenak eta erantzukizunak.{Azken kapituluan aipatu ditugun arlo eta gaietako zenbat eskumen eta erantzukizun gehigarri eskualdatu zaizkien lehenago Eskoziako Parlamentuari eta Gobernuari, halakoxea aldaketaren tamaina.{Nolanahi ere, Eskozia independente batek eskumena eta erantzukizuna izango lituzke makroekonomian, defentsan eta kanpo-arazoetan, hain zuzen ere Erresuma Batuaren osagai izaten jarraituz ezin izango lukeen era batean.

KANPO HARREMANAK

3.20 Eskozia independentea estatu gisa ezagutuko luke nazioarteko erkidegoak, bere eskubideaz baliatuz eratutako estatu gisa, alegia.{Bere kanpo-politika eduki ahal izango luke, nazioartean Eskoziaren interesak sustatzeko, eta beste Estatu batzuekin itunak buruz buru egiteko.{Nazioarteko erakundeetako kide bihurtzeko negoziazioak egin ahal izango lituzke, edo erakunde horietan sartu edo atera ahal izango litzateke, beste estatu independente batzuk bezalaxe.

3.21 Eskozia independente batek Europar Batasuneko kide izaten jarraituko luke, eta kideei dagozkien betebehar eta erantzukizunak izango lituzke.{Europar Batasuneko kide bihurtzeko baldintza zehatzen gaineko negoziazioen ondotik, tamainan bere antzekoak diren beste estatu kide batzuen egoera berbera edukiko luke Eskoziak Europar Batasunean.{Europar Batasuneko kide eskubide osokoa izanik, Europar Batasuneko erakundeetan ordezkaritza izateko eskubide arruntak izango lituzke Eskoziak, beste estatu kide batzuen estatus berberarekin.{Esate baterako, Eskoziak Danimarkaren antzeko ordezkaritza (14 ordezkari) izango luke Europako Parlamentuan, orain Eskozia ordezkatzen duten zazpi kide horien ordez (sei ere bihur daitezke aurki).{Europar Batasunaren legeen pean geratuko litzateke Eskozia, baina eskubide osoko kideen maila berean.{Eskoziak estatu kide gisa izango lituzkeen interes bereziak behar bezala defendatuko lirateke Ministroen Kontseiluan nahiz Kontseilu Europarrean, eta Eskozian eduki behar duten eragina aintzat hartuz txertatuko lirateke Europar zuzentarauak eta erregelamenduak Eskoziako antolamendu juridikoan.

3.22 Independentziarekin, Eskozia eskubide osoko kide izango litzateke Nazio Batuen Erakundean eta nazioarteko beste erakunde batzuetan, hala nola Commonwealth-en, Osasunaren Mundu Erakundean, Ekonomia, Lankidetza eta Garapeneko Antolakundean eta Munduko Merkataritza Antolakundean.{Horrela, Eskoziak bere ahotsa izango luke nazioarteko agertokian, Eskoziako herriak bere ikuspuntua eta irizpideak adierazi ahal izango lituzke gaurko munduak aurre egin beharreko hainbat eta hainbat gaitan, eta Eskoziako ministroek Eskoziaren interesak aldeztu ahal izango lituzkete nazioaren interesei zuzenean eragiten dieten nazioarteko negoziazioetan (nazioarteko merkataritzaren arloan, esate baterako).

DEFENTSA

3.23 Eskozia independente batek bere ahotsa izango luke, orobat, defentsaren arloan, eta bere ekarpen berezia egin ahal izango luke.{Eskoziak harro egoteko moduko tradizio militarra du. Tradizio horren erakusgarri dira eskoziar erregimentu historikoak, eta itsasoko, aireko eta lurreko armaden Eskoziako baseak, urteetan egoitza eskaini izan baitiete Erresuma Batuaren indar armatuei.{Independentziarekin, egungo nazioarteko defentsa-itunetako kide izaten jarraitzea erabaki ahal izango luke Eskoziak, batez ere NATOko kide; edo, bestela, defentsa-jarrera gisa, arma nukleardun aliantzetatik kanpo egotea hautatu ahal izango luke, Irlandak eta Suediak bezala, eta beste lankidetza-erakunde bateko kide izatea, hala nola Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Antolakundekoa, Mendebaldeko Europar Batasunekoa eta Bake Programarako Partzuergokoa.{Eskozia independentea balitz, gogoeta egin beharko luke bere indar armatuen eginkizunaz eta neurriaz, eta hautatu ahal izango luke nazioarteko bake-eginkizunak eta hondamendietan laguntzeko eginkizunak lehenestea.{Independentziarekin, Eskoziako herriak eta Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak izango lukete azken hitza gai horietan guztietan; orobat Eskoziaren indar armatuek ekintza militarretan, hala nola Iraken, parte hartu beharko ote luketen edo ez erabakitzeko orduan ere.

3.24 Eskozia independente batek arma nuklearrak ez ugaltzeko itunetan parte hartu ahal izango luke arma nuklearrik gabeko estatu gisa, arma nukleardun estatuetatik sortutako beste estatu batzuek bezala.{Eskoziak, hartara, ezingo luke arma nuklearrik eduki.{Errege Armadako itsaspeko nuklear armadunek alde egin beharko lukete Eskoziatik, eta beste nonbait kokatu.{Erresuma Batuaren gainerakoak eragozle nuklearrik edukitzen jarraitu beharko ote lukeen, Estatuak erabaki beharko luke.

BRITAINIA HANDIKO HERRIALDEAK ERRESUMA BATU GISA ETA EUROPAR KIDEAK.

3.25 Eskozia independente izanez gero, Erregina andreak jarraituko luke izaten Estatuko buru Eskozian.{Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren egungo batasun politiko eta parlamentarioa monarkiarik gabeko batasuna eta batasun soziala bihurtuko litzateke –Erresuma Batuak izango lirateke, Erresuma Batuaren ordez- eta eutsi egingo litzaioke 1603 urtean sortu zen Koroen Batasun lehenbizikoari.

3.26 Harreman horren barruan, beren horretan jarraituko lukete hainbat eta hainbat kultura-, gizarte- eta politika-ekimenek, eta litekeena da hala Eskozia independente batek nola gainerako Erresuma Batuak mugaz gaindiko hainbat zerbitzu eta agentziari eusteko modua aurkitu nahi izatea.{Europar Batasuneko kide gisa, zabalik izango lituzkete batak bestearen merkatuko ateak.{Eskozia independente bateko gobernuak, independentziaz geroko lankidetzarako, erabaki ahal izango luke egungo Erresuma Batuaren barruan lehendik ziren lan-harreman estuetan oinarritzea (eta orobat Irlandako Errepublikarekin lehendik zirenetan), eta Britainiar-Irlandar Kontseilu baten bidez eutsi ahal izango lioke partzuergoari eta lankidetzari (hurrengo kapituluan emango ditugu azalpen gehiago Britainiar-Irlandar Kontseiluari buruz).

3.27 Eskoziarentzako independentziak, 21. mendean, interdependentzia geroz eta handiagoaren egitatea erakutsi ahal izango luke: uharte hauen arteko elkartea, bai eta Europako herrien artekoa bera ere.

4. BRITAINIAR UHARTEEN KONSTITUZIO ALDAKORRA

Laburpena

Erresuma Batuaren konstituzioaren izaera aldakorra da.{Galesen eta Ipar Irlandan bilakaera historikoak izan dira, eta Erresuma Batuko Gobernuak Erresuma Batuaren gobernamendua areago garatzeko proposamenak argitaratu ditu.{Eskoziak, dela Erresuma Batuaren barnean dela Estatu independente gisa, aitzindari izaten jarraituko luke auzoko herrialdeekiko harremanetan, egungo Erresuma Batuan diren gobernuekiko eta Irlandako Errepublikarekiko elkarlanerako bitartekoak hobetzeko aukera baliatuz.

Sarrera

4.1. Erresuma Batuaren konstituzioan egindako lehenbiziko aldaketa garrantzitsuak 1997. urtean hasi ziren, Eskoziari eta Galesi ahalak itzultzeko erreferendumak egin zirenean; ondoren etorri ziren Lorden Ganberaren erreforma, Londresi ahalak itzultzea eta alkatea bitartekaririk gabeko hauteskundez hautatzea, edo Giza Eskubideen Europako Hitzarmena Britainia Handiko antolamendu juridikoan txertatzea.{Oraintsu, Galesko Gobernuaren 2006ko Lege berrian bilakaera historiko berriak izan dira; Galesko gobernuaren administrazio aldaketa; eta Ipar Irlandako legebiltzar autonomoa berrabiaraztea.{Erresuma Batuko Gobernuak liburu berde bat argitaratu du, The Governance of Britain (Britainia Handiaren gobernamendua) izenekoa, eta Erresuma Batu osoaren konstituzio-erreforma proposatu du bertan.

4.2. Gertaera hauek erakusten dute 1997. urtean hasitako konstituzio-aldaketen prozesuak jarraitu egiten duela oraindik ere.

Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan oraintsu izandako hauteskundeetan agerian geratu da Erresuma Batuaren konstituzioa are eta gehiago berraztertzearen alde daudela herritarrak, eta, hiru administrazio autonomo horietan gobernu berriak osatu direnean, beharrizan bat geratu da agerian, gobernuek bitarteko formalak behar dituztela Erresuma Batuaren barnean elkarrekin lan egiteko eta Ipar Irlandako errepublikarekin lan egiteko, hain zuzen.

ERRESUMA BATUAREN IZAERA EGUN

4.3. Erresuma Batuan, egun, hiru administrazio autonomo daude, Ipar Irlandan, Eskozian eta Galesen. Bakoitzak ahal eta erantzukizun ezberdinak ditu, eta administrazio bakoitzaren gobernuan alderdi politiko eta koalizio ezberdinak daude, Erresuma Batukoekin alderatuz ezberdinak, eta elkarren artean alderatuz ezberdinak.{Badira, gainera, zuzenean hautatutako udal-batzar bat eta alkate bat Londresen. Nolanahi ere, Ingalaterrako beste ezein eskualdek ez du erabaki zuzenean hautatutako batzar bat edukitzea.

4.4. Erresuma Batuan ez da eratu ohiko autonomia edo eredu federal bat, estatua osatzen duten unitateetako bakoitzak ez ditu ahal eta erantzukizun antzekoak edo berdinak, gobernu eta legebiltzar zentralak ez dute ahal-multzo koherente bat esleiturik.{Erresuma Batuaren ereduak, batzuetan autonomia asimetrikoa deitu izan baitzaio (Espainiako sistemari ere deitu izan zaio horrela), herrialde bakoitzaren izaera eta historia ezberdina onartzen du.{Nolanahi ere, irregulartasunak eta inkoherentziak ere eragiten ditu eskualdeen artean, eta horietan ezagunena West Lothian eskualdearen auzia da; Eskoziari legegintzarako ahalak itzuli zaizkio (legebiltzar autonomoa du, bere legeak onartzeko ahalarekin), baina ez berariaz Ingalaterrari.

4.5. Hala Ipar Irlandan eta Galesko Gobernuaren 2006ko lege berrian izandako bilakaerek nola Eskoziako hauteskundeetako emaitzek erakusten dute balitekeela Erresuma Batuko joera hau izatea: Erresuma Batuaren Gobernutik eta Parlamentutik ahal gehiago eskualdatzea eta autonomia zabalagoa aitortzea administrazio autonomoei.{Nolanahi ere, gertaera horiek ez dute oraindik inolako ahal-itzultzerik eragin Ingalaterrarentzat edo Ingalaterran.

4.6. Europar Batasunaren garapena ere bada sakonago aztertu beharreko gaia; bertan, estatu subiranoek beren subiranotasunaren osagaiak partzuer jartzen dituzte xede zehatz eta jakinetarako, merkatu bakar baterako, adibidez.{Analisi hau estatu federalei ere aplikatu ahal zaie; haietan, federazioa osatzen duten unitateak adostu egiten dira gobernu zentralak ukan behar dituen ahalen gainean.{Eskuarki, analisi hau ez zaie aplikatu izan Erresuma Batuaren erakundeei, hots, ez da uste izan Ingalaterrak, Eskoziak, Galesek eta Ipar Irlandak beren subiranotasuna iraunkorki partekatu dutenik Erresuma Batuko Gobernua eta Parlamentua osatzeko.

Aitzitik, ahalak eta erantzukizunak deszentralizatzeko prozesua, Erresuma Batua eratu zuen “atxikitze” horretan, autonomiatzat edo ahal-itzultzetzat jo eta deskribatu izan da.{Erresuma Batuan eskumen eta erantzukizun gehiago eskualdatu ahala, baliteke subiranotasuna partekatzearen kontzeptu hori aplikagarriago bihurtzea; orobat Erresuma Batua, Britainia Handiko eta Irlandako uharteetan, estatuen (edo eskualdeen) elkarte laxoago bilakatu behar balitz.

ERRESUMA BATUAREN LIBURU BERDEA – Bretainia Handiaren gobernamendua

4.7. 2007ko uztailaren 3an, Erresuma Batuko gobernuak liburu berde bat argitaratu zuen Erresuma Batuaren konstituzioari buruz, The Governance of Britain (Britainia Handiaren Gobernamendua) izenekoa.{Liburuak lau xede ditu:

- Demokrazia biziberritzea, maila guztietan parte hartu ahal izatearen harrotasuna eta poza gehituz;

- Toki-administrazioaren eta administrazio zentralaren eginkizunak argitzea;

- Gobernuaren eta Parlamentuaren arteko botere-banaketa berrorekatzea, parlamentuari ahal gehiago emanez gobernuari kontuak eskatzeko; eta

- Britainia Handiko herriarekin batera lan egitea britainiar izatearen esanahiari indar handiagoa emateko eta Erresuma Batuaren konstituzioaren etorkizunari buruzko eztabaida guztientzat ireki bat abiarazteko.

Lau xede horiek lau ataletan aztertzen dira:

- Gobernuaren ahala mugatzea: hemen sartzen da Parlamentuaren esku uztea zenbait ahal, hala nola indar armatuak atzerrira igortzea, itunak berrestea eta parlamentua desegitea;

- Gobernuaren gain kontu emateko erantzukizun handiagoa ezartzea: batez ere segurtasunaren eta inteligentziaren eremuetan, eta estatistikarenean eta gastuarenean.{Kapitulu horretan aztertzen dira, orobat, ministro berriek eskualdeetarako izango dituzten eginkizunak;

- Demokrazia biziberritzea: kapitulu honetan aztertzen dira House of Lords delakoaren (Goiko ganbera) eta House of Commons delakoaren (Beheko ganbera) erreforma, zuzeneko demokrazia, autonomian egin beharreko aldaketak; eta

- Britainia Handiaren etorkizuna: herritarrak eta estatua, nazio-nortasunari buruz egiten da gogoeta, eta Britainiar balioei buruzko adierazpen bat ere garatzen da.

4.8 Txosten horretan aztertzen diren gaietako asko Eskoziaren interesekoak dira, zuzen-zuzenean: batzuk ahal itzulien eremukoak dira, hala nola barkatzeko ahal esklusiboa baliatzea; beste batzuk Erresuma Batuarentzat atxikitakoak dira, baina Eskoziari eragiten diote zuzen-zuzen, hala nola funtzio publikoaren etorkizuna eta House of Lords delakoaren erreforma.{Britainiar balioei buruzko nazio-eztabaida ere interesatzen zaio Eskoziari, nahiz eta, Eskozian, berpizten ari den eskoziar nortasunari laguntzen dioten balioei buruzkoa ere izan beharko litzatekeen, britainiar balioak Erresuma Batuko beste edozein lekutan nagusi izango diren bezala.

4.9 Txostenak aztertzen dituen beste arlo batzuk Ingalaterraren eta Galesen interesekoak dira nagusiki, baina arlo horiek badituzte Eskozian beren kidekoak.{Hor sartzen dira fiskal nagusiaren eginkizuna, epaileak izendatzea, eta toki-mailako eta estatu-mailako demokrazia biziberritzea.{Beste arlo askotan, Ingalaterra eta Gales baino aurrerago dago Eskozia, eta Erresuma Batuko Gobernuak hainbat ikaskizun atera ditzake Eskoziako gobernuaren praktikatik, hala nola: Eskoziako Parlamentuan nola bideratzen diren eskaerak, edo lege-egitasmoak egiteko prozeduran nola biltzen dituen Eskoziako Parlamentuak datuak alderdi interesatuengandik.

4.10 Badira Erresuma Batuko Gobernuaren eginkizunen administrazioari buruzko proposamenak ere, hala nola galdeketa bat egitea Erreginaren Hitzaldiaz eta Parlamentuan Erresuma Batuko gobernu-sailen xedeen gainean urtero egiten diren eztabaidez.{Bi tresna horiek eredu baliagarriak izan litezke Eskoziako Gobernuaren jardunerako; gainera, Erresuma Batuko Gobernuak itzuli gabeko ahalen eremuko politikak erabaki behar dituenean, eta politika horiek Eskoziari eragiten diotenean, Eskoziako Gobernuak tresna horiek balia ditzake Erresuma Batuaren Gobernuari politika horiek zehazten laguntzeko.

4.11 Liburu berdeak ez ditu aztertzen gure txosten honetan agertzen ditugun gaiak Erresuma Batuaren ikuspuntutik, alegia, Eskoziaren autonomia areago garatzea, edo Erresuma Batuko beste eskualde batzuetakoa (esate baterako, ez da aztertzean West Lothian eskualdearen auzia).{Txostenak berretsi egiten ditu egun Erresuma Batuan indarrean diren konstituzio-antolamenduak, eta, berretsi egiten du, orobat, Erresuma Batuko Parlamentuak subirano izaten jarraitzen duela.

4.12 Eskoziako Gobernuak erantzun zehatza emango dio Erresuma Batuko Gobernuari bere proposamen horri buruz, dagokion unean.{Beharrezkoa izango da, orobat, Erresuma Batuko Gobernuarekin batera aztertzea nola koordinatu hark liburu berde horretan proposatzen duen nazio-eztabaida hori, eta nola lagundu eztabaida horretan.

MINISTRO-BATZORDE BATERATUAK.

4.13 Aurten administrazio autonomoetan egin diren hauteskundeen emaitzek nabarmen utzi dute beharrizan bat, alegia, Erresuma Batuko gobernuek elkarlanerako bitarteko formal irmoak behar dituztela.{Harremanetarako hitzarmenak Elkar Aditzerako Memorandumaren bidez sartu ziren autonomian, eta haren eranskinean dago jasota Ministro-batzorde Bateratua.{Ministro-batzorde Bateratuak eztabaidagune bat eman nahi zien Erresuma Batuko ministroei eta autonomietako ministroei elkarren intereseko gaiak eztabaidatzeko.

Osoko batzarra eta hainbat azpi-batzorde aurreikusten dira.

4.14 Etorkizunean, Ministro-batzorde Bateratua tresna bat izan ahalko litzateke, politika-lana koordinatzeko eta ministroek eta funtzionarioek elkarri kontsulta egiteko, beste harreman batzuen osagarri gisa.{Eskoziako Gobernuak Erresuma Batuko Gobernuarekin eta gainerako administrazio autonomoekin lan egitea proposatu ahal izango luke, Ministro-batzorde Bateratuari oinarri sendo bat eskaintzeko.{Horrekin batera, Ministro-batzorde Bateratuaren osoko batzarraren formatoa berrezartzea proposatu ahal izango litzateke, eta hainbat azpi-batzorde eratzea lan zehatzagoa zuzentzeko.{Ministro-batzorde Bateratuak ziurtatu ahal izango luke, orobat, Elkar Aditzearen Memorandumak eta alde biko hitzarmenek esparru tinko bat eskaintzea Erresuma Batuaren barruko elkarlanerako.

BRITAINIAR-IRLANDAR KONTSEILUA

4.15 Bada aukerarik elkarlan estuan aritzeko bai Erresuma Batuaren barruan bai eta Irlandar Errepublikarekin.{Britainiar-Irlandar Kontseiluak, 1998ko Ostiral Santuko Hitzarmenaren pean ezarri bezala, dagoeneko eskaintzen du hainbat arlotan elkarlanean jarduteko esparru bat, hala nola garraioan, ingurumenean, demografian, osasun telematikoan, jakintzaren ekonomian, turismoan, gizarteratzeko politiketan, drogen erabilera txarren gaian eta eremu eta erabilera urriko hizkuntzetan.{Eskoziak, egun, demografian egin beharreko lana zuzentzen du, bai eta, Galesekin batera, gizarteratzeko politiken adarra ere; eta eskatu ere egin du energiaren transmisioari buruzko beste azpibatzorde bat zuzentzea.{Kontseiluaren laguntzarako idazkaritzari eginkizun bat esleitu zaio oraintsu, hain zuzen ere Kontseiluaren lana berrikusi eta berritzekoa, eta idazkaritza horrek txosten bat aurkeztu beharko lioke hurrengo batzar nagusiari, 2007 urtearen amaieran edo 2008 urtearen hasieran.

Horrek lan-egitaraua hedatzea edo berrikustea ekar lezake, kide diren administrazio guztien onerako.

4.16 Eskoziako Gobernuak kide guztiekin lan egitea proposatzen du, alegia, Erresuma Batuko Gobernuarekin, administrazio autonomoekin, Koroak Man uhartean bere jabetzako dituen barrutiekin, Guernsey eta Jersey-rekin eta Irlandako Errepublikako Gobernuarekin, honako hau ziurtatzearren: Britainiar-Irlandar Kontseilua Britainia Handian eta Irlandan diren administrazio guztien arteko elkarlanerako foro egoki bilakatuko dela.{Eskoziako Gobernuak aukera bat izango du oso aurki bilakaera hori aitzinarazteko, hain zuzen ere, Britainiar-Irlandar Kontseiluak 2008ko batzar nagusiari abegi egingo dionean.

4.17 Egungo antolamenduak bi estatu subirano, hiru nazio autonomo eta koroaren hiru barruti biltzen ditu guztien intereseko gaietan elkarrekin lan egiteko.{Eredu ere izan liteke etorkizunerako, Britainia Handiaren eta Irlandaren arteko elkarlanerako, Eskozia independente bilakatuz gero ere; orduan, hiru estatu subirano bilduko lituzke, Eskozia burujabea ere tarteko, bai eta gainerako Erresuma Batua, nazio autonomoak eta uharteetako lurraldeak ere.{Horrela, Britainia Handiko eta Irlandako gobernuek bitarteko ofizial bat izango lukete elkarrekin lan egiteko, lehendik ere kulturaren eta gizarte-politiken arloetan uharteen artean diren harremanak osatu eta Koroen Batasunari jarraipena emate aldera.

5 LEGERIA ETA ERREFERENDUMAK

Laburpena

Bai autonomia indartuak bai independentziak berariazko legeak beharko lituzkete, hala Westminsterren nola Holyrooden, segur aski.{Eztabaidagarria da ea autonomia erruz sendotuak egiaz beharko ote lukeen Eskoziako herriak erreferendum bidez emandako baimena; independentziak bai, ordea, zalantzarik gabe.{Era horretako bozketa bat izango litzateke, nahiz eta Konstituzioaren arabera behartzeko indarrik ez izan, Eskoziaren etorkizun konstituzionala erabakitzeko bide zuzena; halaxe onartzen dute gehienek.{Hortaz, gogoeta egin beharko litzateke, jakitearren horrelako bozketa bat egiteko zer lege mota behar ote den, bai eta nola abiaraz ote dezakeen Eskoziako Parlamentuak erreferendum bat.

Sarrera

5.1 Eskoziaren autonomia zabalagoak edo independentzia osoak berariazko legeria beharko lukete, den Eskoziaren Legearen egungo xedapenen bidez emana edo den Eskoziako eta Erresuma Batuko parlamentuen lege berrien bidez emana.{Zer aukeratzen den, halakoxea legeria gehigarri hori emateko erabili beharreko bidea.{Eskoziako herriaren baimena beharko litzateke independentziara igarotzeko, eta erreferendum bat beharko litzateke jendeak bere iritzia emateko aukera izan dezan, eta, ondotik, Erresuma Batuaren eta Eskoziaren legeak.

AUTONOMIA ZABALAGOA ERDIESTEKO LEGE-AUKERAK

5.2. Lehen aipatu dugun bezala, Eskoziaren Legeak baditu dagoeneko zenbait prozedura Eskoziako Parlamentuari legegintza-eskumen zabalagoa emateko balia daitezkeenak.{Erresuma Batuaren legegintzaren bitartez ere erdiets daiteke hori, betiere Eskoziako Parlamentua ados agertzen bada (Sewel-go itunaren arabera).{Hau da nabarmendu beharreko kontu garrantzitsuena: bien adostasuna beharko litzateke, bai Eskoziako Parlamentuarena bai Erresuma Batukoarena, edozein dela ere baliatutako prozedura.

5.3 Aztertu beharrekoa litzateke ea autonomia zabaltzeko aukeretako edozein baliatuz gero, edo aukera horien konbinazio jakin bat baliatuz gero, Eskoziako herriak baimena eman beharko ote lukeen erreferendum bidez, edo baimen hori onuragarri izango ote litzaiekeen aukera horiei.

1997ko erreferenduma autonomia-printzipioari buruzkoa zen, eta txosten zuri batean egindako proposamenen ondotik egin zen.

Eskoziaren Legeak (goian azaldu dugun lez) hainbat xedapen ditu autonomia lehen mailako beste legerik eman beharrik gabe hedatzeko aukerari buruz, eta ez du inon esaten erreferendum bat behar denik.{Bestalde, 1997ko erreferendumak bazuen bigarren galdera bat ere, zerga-sisteman aldaketak egiteko ahalei buruzkoa, eta, hala, badirudi zenbait ahal aski garrantzitsuak direla, Eskoziako herriaren baimen berariazkoa eskatzeko bezain garrantzitsuak, alegia.{Nolanahi ere, zerga-sisteman aldaketak sartzeari buruzko bozketa printzipio orokor baten inguruan egin zen, ez proposamen zehatz baten inguruan.{Galesko Gobernuaren Legeak (2006) ere aukera ematen du beste erreferendum bat egiteko, Galesko Legebiltzarrari itzulitako ahalen hedadura berreste aldera. Hala ere, hori oso bestelako konstituzio-xedapen baten araberakoa da, legebiltzar horren legegintza-eskumenari buruzko konstituzio-xedapen baten araberakoa, hain zuzen.

5.4 Nahiz eta autonomia zabalago bati buruzko ezein neurrik ez lukeen erreferendumik beharko, autonomia-hitzarmenaren berrikuspen arras zabal batek bai, beharko luke erreferenduma.{Autonomia indartu baterako erreferendumik beharko ote litzatekeen erabakitzeko, kontuan hartu beharko lirateke proposamenaren maila eta izaera, bai eta herritarren iritzia ere, eta ezingo litzateke ezer erabaki horiek jakin artean.

INDEPENDENTZIARAKO LEGE-AUKERAK

5.5. Eskoziaren independentziak herrialdearen egungo konstituzio-estatusean aldaketa funtsezkoa egitea eskatuko luke, eta horrek ondorioak ekarriko lizkieke egungo Erresuma Batuan kide diren herrialdeei.{Orok edo ia orok onartzen du, ordea, Eskoziako herriak baimen osoa adierazi beharko lukeela erreferendum bidez.

5.6 Gogoeta egin beharko litzateke erreferendumean egin beharreko galderaz, bai eta erreferendum hori noiz egin eta denboran nola antolatu erabakitzeko ere, eta, orobat, erreferendumaren lege-oinarriaz.{Independentziari buruzko erreferendum batean egin ahalko liratekeen galderak hainbat dira; esate baterako, independentzia-printzipioarekiko adostasuna eska liteke, edo negoziatzeko adostasuna, edo Erresuma Batuko Gobernuarekin egindako itun edo lege batekiko adostasuna.{Horietako galdera batzuk une jakin batean baizik ezingo lirateke egin: negoziatzeko adostasuna negoziazioak hasi aurretik lortu beharko litzateke; Independentziari buruzko itun edo lege batekiko adostasuna itunaren baldintzak negoziatu ondoren edo legea onartu ondoren baizik ezingo litzateke agertu.

5.7 Autonomiari buruzko erreferenduma eredu ona izan liteke beste erreferendum batzuetarako, are independentziari buruzko baterako ere.{Erreferendum horrek aukera eman zion Eskoziako herriari txosten zuri batean adierazitako proposamen batean oinarrituta autonomia-printzipioari buruz bozkatzeko, eta, bozkatu ere, Eskoziaren Legearen xehetasunak ezarri aurretik bozkatzeko.{Agindu zehatza eta argia atera zen handik gobernu laboristarentzat: jarrai zezala aurrera 1998ko Eskoziaren Legearekin eta era zezala Eskoziako Parlamentua.

5.8 Posible izango litzateke aukera bat baino gehiagoko erreferendum bat antolatzea, eta, horrela, Eskoziako hautesleei aukera ematea honako hauen artean hautatzeko: independentzia, egungo egoera edo autonomia aski zabalagoa.{Nolanahi ere, ez dago autonomia zabalagorako proposamen aski garaturik une honetan, eta, hala, aukera anitzeko erreferendumerako proposamen hori ezin da, une honetan, proposamen errealistatzat onar.{Erreferendum horren taxuerak ere auzi teknikoak eragingo lituzke, ea aukera bakoitzaren aldeko jarreren hurrenkerarik egin beharko ote litzatekeen, esaterako.{Gogoetak gogoeta, gerta liteke aukera anitzeko erreferendum baterako proposamenak indarra galtzea nazio-eztabaida egin bitartean.

5.9 Erreferendumaren gaineko legegintzarako eskumenari dagokionez: Eskoziako Parlamentuaren Lege batek hartarako baimena emanez egin ahal izango litzateke erreferenduma, betiere erreferendumerako lege-egitasmoan egiten den proposamen zehatzaren arabera; edo Parlamentuaren eskumenean egin beharreko doiketak eginez, lege-egitasmoa onartzeko aurkeztu aurretik.{Erreferendum bat egiteko behar den legea Erresuma Batuko Parlamentuak ere onartu ahal izango luke, baina, seguru asko, lehenago Eskoziako Parlamentuari iritzia eskatuz.{Legeak erreferenduma antolatzeko eta egiteko xedapen zehatzak eman ahal izango lituzke, galdera bera eta beste kontu batzuk ere zehaztuz; edo, aldiz, Eskoziako eta Erresuma Batuko minstroei eman ahal izango lizkieke xehetasun horiek geroago, bigarren mailako legeen bidez proposatzeko ahalak.{Beste aukera bat izango litzateke Galesko Gobernuaren Legean (2006) ezarritakoaren antzeko mekanismo bat ezartzea, Eskoziako Parlamentuari eta Gobernuari (edo Parlamentuari bakarrik) berak hautatutako unean erreferendum baterako deia egiteko ahala emateko, Eskoziako edo Erresuma Batuko ministroek beren proposamenak egin behar ordez.{Lege-egitasmogai bat eman dugu B eranskinean, adibide gisa.

5.10 Legeriak besterik xedatu ezean, erreferendumean proposatutakoa onartutzat jotzen da baldin eta botoen gehiengo soila agertzen bada alde, alegia, % 50 gehi bat.{Erreferendum batzuetan onarpen-atalas garaiagoa ezartzen da, edo aldeko botoen ehuneko handiagoa eskatuz (Eskoziaren autonomiari buruz 1979an egindako erreferendumean bezala) edo botoa emateko eskubidea dutenen ehuneko bat eskatuz.{Independentziari buruzko erreferendum batean zehaztu beharreko kontuak aurreko erreferendumetakoak baino garrantzitsuagoak diren arren, xedea bat bera da, Eskoziako herriari bere iritzia emateko aukera ematea.{Atalas garaiago bat ezarrita, gerta liteke emaitza ez izatea hain argia, eta, gainera, atalas hori herritarren borondatea galarazteko trikimailu arbitrariotzat jotzea, 1979an autonomiari buruzko erreferendumean ezarritako atalasarekin gertatu zen bezala.

5.11 Bi erreferendum egin daitezkeela adierazi izan da: bata independentzia-printzipioari buruzkoa, Eskoziako Gobernuari negoziatzeko baimena emate aldera; eta, horren ondotik, Eskoziako eta Erresuma Batuko parlamentuek independentziari buruzko legeak emango lituzkete.{Bigarren erreferendumak nabarmendu egingo luke Eskoziak indepedente bihurtzeko hartuko lukeen erabakiaren garrantzia, eta aukera emango lioke Eskoziako herriari gai horri buruz azken hitza esateko.{Bestalde, badira arrazoibide indartsuak formula horren aurka.{Independentzia-printzipioari buruzko erreferendum bakar batek aski argitasun eta ziurtasun emango lizkieke Eskoziako Parlamentuari eta Gobernuari, herritarrek Eskozia estatu independente bihurtzeko duten nahiaz.{Beste erreferendum baten aukerak gutxitu egingo luke herritarrei erreferendumean aurkezten zaien proposamenaren ziurtasuna, eta gutxitu egingo luke, orobat, herritarrek erabakitakoaren indarra.{Ordezkaritza demokratikoan oinarritutako legegintza-organo gisa, Eskoziako Parlamentuak aurrera eraman ahal izango luke herritarren nahia, independentzia iristeko hitzarmenak egitekoa, alegia.

ERREFERENDUM BATERAKO LEGE-EGITASMOGAIA.

1. Eskoziako herriari bozkatzeko aurkeztuko litzaiokeen proposamenaren araberakoak izango lirateke erreferendum baten forma eta edukia, eta hori bera eztabaidarako gai bat izango litzateke.{B eranskinean lege-egitasmogai bat ageri da, eta erreferendumak nolako legea beharko lukeen erakutsi nahi du, alegia, Eskoziako herriak Eskoziako Gobernuari Erresuma Batuko Gobernuarekin Eskoziaren independentziaren baldintzak negoziatzeko baimenik ematen ote dion jakiteko egin beharreko erreferendumak beharko lukeen legea nolakoa izango litzatekeen.

2. Lege-egitasmogaiaren proposamena hau da:

Eskoziako Gobernuak hitzarmen bat negoziatu beharko luke Erresuma Batuko gobernuarekin Eskozia estatu independente bihur dadin.

Proposamenaren asmoa da argi eta garbi uztea hitzarmen berri hori ez dela Eskoziako Parlamentuari eta Gobernuari ahalak eskualdatzeko hitzarmen soil bat, baizik eta Eskoziaren independentzia osoa ekarriko lukeela.{Xedea da Eskoziako herriaren iritzi argi bat erdiestea independentzia-printzipioari buruz, eta negoziatzeko agindu esplizitu bat ere bai.{Lege-egitasmogaiak onartzen du gehiengo soil bat beharko litzatekeela horretarako.

3. Lege-egitasmogaiak egingo duen proposamen zehatzaren araberakoa izango litzateke Eskoziako Parlamentuak erreferendumari buruzko legea egiteko edukiko lukeen ahalmena, edo, bestela, lege-egitasmogaia parlamentuari aurkeztu aurretik parlamentuaren eskumen horretan egingo litzatekeen doitzearen araberakoa.{Une honetan, konstituzioa Erresuma Batuarentzat atxikitako gaia da, baina argudia daiteke atxikipen horren eremuan ez dela sartzen Eskoziako Gobernuak Erresuma Batuko Gobernuarekin independentziari buruzko negoziazioetan hasteko duen ahalmena.{Legegintza-jarduna beharko litzateke bietan, hala Holyrooden nola Westminsterren, Eskoziaren independentzia iristeko edo Erresuma Batuarentzat atxikitako gaien gaineko eskumen mamitsuak eskualdatzeko.

4. Lege-egitasmogaiak ezartzen ditu, orobat, honako hauei buruzko xedapenak, edo honako hauetarako ahalak:

- Erreferenduma denboran zehar antolatzea;

- Botoa emateko eskubidea nork duen zehaztea; eta

- erreferenduma kudeatzeko arau zehatzak ezartzea, hala kanpainaren hasierari buruz nola bozketari buruz, edo emaitzaren aldarrikapenari buruz..

5. Eskoziaren autonomiari buruzko 1997ko erreferendumean, botoa emateko eskubidearen oinarria Eskozian bizitzea zen, bizilekua bertan edukitzea, udal hauteskundeetako berbera, hain zuzen.{Lege-egitasmogaiak irizpide horri eusten dio, eta ez du sailkapenik egiten Eskoziaz kanpo bizi direlarik erreferendumean botoa emateko eskubidea izango luketen pertsonen artean; orobat, Eskozian bizi diren pertsonetako inor ez du baztertzen bozketatik.{Lege-egitasmogaiak Eskozia independiente bat aurreikusten du, Eskoziaren lurralde- eta politika-izantasunean oinarritua, ez jendearen sorleku edo talde etnikoan oinarritua.

6. NAZIO-EZTABAIDA

Laburpena

Txosten hau da Eskoziaren etorkizunari buruzko nazio-eztabaida aski zabal baten lehenbiziko urratsa.{Eztabaidak aukera emango dio Eskoziako herriari Eskoziaren etorkizunari buruzko aukera guztiak aztertu eta erabakiak jakinaren gainean hartzeko.{Txosten honetan gonbitea egiten zaio Eskoziako herriari nazio-eztabaida horretan parte hartzeko izena eman dezan, eta iradoki dezan nola egin beharko litzatekeen eztabaida hori parte-hartzea ahalik eta handiena izan dadin.

Sarrera

6.1 Eskoziako egungo gobernuak uste du Eskoziaren etorkizunik onena dela herrialde independente eta subiranoa izatea, Europako beste herrialde askoren moduan.{Nolanahi ere, erabaki hori Eskoziako herriak baizik ezin du hartu, bere buruarentzat, independentziaren alde ematen diren argudio guztien argitan eta beste konstituzio-aldaketa batzuekin erkaturik.{Eskoziako Gobernuak, beraz, hitz ematen du Eskoziaren etorkizunari buruzko naizio-eztabaida bat abiaraziko duela, eztabaida horrek irekiko baitu bidea Eskoziako herriak herrialdearen gobernamendua garatzeko aukera guztiak azter ditzan.

NAZIO-EZTABAIDA BATEN BEHARRA.

6.2 Badira hamar urte autonomiari buruzko erreferenduma egin zela, eta zortzi urte Eskoziako Parlamentua eratu zela.{Txosten honetan aztertu dugunez, konstituzioak hainbat bilakaera izan ditu oraintsu bai Galesen bai Ipar Irlandan, eta Erresuma Batuko Gobernuak aldaketarako proposamenak egin ditu berriki.{Garrantzitsuenen artea, aurten Eskoziako Parlamenturako egin hauteskundeetan hautatutako kideen gehiengoak adierazpenak egin zituen Eskoziari eskumen eta erantzukizun gehiago eskualdatzearen alde.{Hauteskunde horiez geroztik izandago gertaerek agerian utzi dituzte egungo konstituzio-antolamenduaren mugak, hauteskundeen euren antolaketaren ingurukoak, esate baterako.

6.3 Eskoziaren administrazio autonomoa jardunean izan den zortzi urte honetako esperientziari esker ikaskizun anitz atera dituzte Eskoziako Parlamentuak eta Gobernuak beren erantzukizun eta eskumenei buruz, bai eta egungo antolamenduaren mugei buruz ere.{Itzulitako ahal batzuk hedatu egin dira, baina hedapen horiek, alde batera, aski murritzak izan dira gehienetan.{Arrazoi onak daude, hortaz, Eskoziaren Legeak daraman konstituzio-hitzarmena berrikusteko.

6.4. Nolanahi ere, ez dago adostasunik Eskoziaren konstituzio-estatusa garatzeko eta aitzinarazteko egin beharko liratekeen urratsei buruz, eta Eskoziako Parlamenturako hautatuak izan diren alderdiek hainbat proposamen egin dituzte.

Argi dago beharrezkoa dela Eskoziako herria alde agertzea etorkizunerako aldaketak egiteko.

Hala bada, Eskoziako Gobernuak nazio-eztabaida bat proposatzen du, hartara, Eskoziako herriak aukera ezberdinak aztertu eta ulertu ahal izango baititu, bai eta bere etorkizunari buruz erabaki ere.

NAZIO-EZTABAIDAREN HELMENA

6.5. Eskoziako Gobernuak nazio-eztabaida bat egitea aurreikusi du, eta, bertan, Eskoziaren egungo konstituzio-hitzarmenean egin ahal diren aldaketa guztiak aztertuko dira.{Nazio-eztabaida horrek independentziari buruzko aukera behar beste informaziorekin eta jakinaren gainean egiteko aukera emango du, bai eta beste konstituzio-aldaketa batzuei buruzkoa ere.{Eskoziako Gobernua independentziaren aldeko arrazoiak ematen saiatuko litzateke, eta erreferendum baterako babesa bilatuko luke; baina konstituzioa aldatzeko beste aukera batzuetarako arrazoiak ere aurkeztuko lizkioke Eskoziako herriari. Hori guztia ekitaldi-egitarau baten bitartez bideratuko luke, eta ekitaldi horietan aukera bakoitzaren onurak sakontasun osoz aztertuko lirateke.{Beste alderdi politiko, talde eta gizabanako batzuek ere, iritzi ezberdinekikoek, parte hartze osoa izango lukete nazio-eztabaidan.

6.6. Eztabaidaren amaieran, Eskoziako Gobernuak aukera hauek ikusten ditu Eskoziarentzat:

- Egungo konstituzio-hitzarmenarekin jarraitzea, aldaketa gutxi eginez edo bat ere egin gabe;

- itzulitako ahalak, nazio-eztabaidan hautemandako arloetakoak, hedatzea; edo

- Eskozia herrialde guztiz independente bihurtzeko urratsak egitea.

NAZIO-EZTABAIDARAKO IZENA EMATEKO GONBIDAPENA.

6.7 Nazio-eztabaida honetan mahairatuko diren gaien garrantziak eskatzen du parte-hartzea ahalik eta handiena izan dadin, eta Eskoziako gobernuaren asmoa da ahalik eta eskoziar gehienek parte har dezatela bertan.

6.8 Lehenbiziko urrats gisa, Eskoziako gobernuak gonbitea egingo dio jendeari nazio-eztabaidarako izena eman dezan.{Eskoziako gobernua taldeei, erakundeei eta gizabanakoei ari zaie eskatzen nazio-eztabaidan parte hartzeko engaia daitezen, eta herritarrek eztabaida horretan egin nahiko lituzketen ekarpenen bila ari da.{Eskoziako gobernuak, gainera, pozik hartuko lituzke eztabaidaren berri izan nahi dutenen eta eztabaidarekin harremana izan nahi dutenen adierazpenak.{Engaiatzen direnei edo nolabaiteko interesa agertzen dutenei nazio-eztabaidaren bilakaera garrantzitsuenen berri emango zaie.

6.9 Eztabaida honen garrantziagatik, eta engaiamendu osoaren garrantziagatik, Eskoziako gobernuak pozik hartuko lituzke, orobat, honen inguruko iritziak: nola taxutu behar diren eztabaida horretarako galderak, prozedurak, materialak eta arrazoibideak, parte-hartzea ahalik eta handiena izan dadin.{Hona hemen aukera batzuk:

- Eskozian zehar Lehen Ministroarekin edo Eskoziako beste ministro batzuekin egin beharreko jendaurreko biltzar eta ekitaldiak, herritarren iritziak entzun eta haiekin iritzi-trukean aritzeko;

- Bestelako ekitaldi batzuk, gizarteko eta politikako beste lider batzuekin, edo enpresa-gizon eta –emakumeekin eta funtzionario publikoekin, unibertsitateko irakasle eta akademikoekin egitekoak;

- Herriei eta auzoei zuzendutako ekitaldiak, gazteentzako eta gutxiengoentzako ekitaldiak;

- Jendeak libreki parte hartzeko mintegiak, kalez kaleko erakusketak, herriz herriko erakusketak eta hitzaldiak;

- web-orrien bidezko informazioa eta bitarteko interaktiboak;

- idazkiekin eta bitarteko elektronikoekin parte hartzeko moduak;

- Iritzi-inkestak, eztabaida-taldeak eta bestelako ikerketa-metodo batzuk, hala nola herritarrek osatutako mahaiak; eta

- Nazio-eztabaidaren inguruan beren ekitaldi berezkoak antolatu nahi dituzten erakundeentzako, auzo eta herrientzako eta gizabanakoentzako laguntzak (baita gobernuz kanpoko erakundeentzat ere).

6.10 Eskoziako Gobernuak aukera hauei buruzko iritzia ematera gonbidatzen du herria, bai eta parte hartzeko beste metodo batzuk iradokitzera ere.

NOLA PARTE HARTU NAZIO-EZTABAIDAN.

6.11 Nazio-ezbaidarako izena emateko modurik onena, bai eta parte hartzeko ekitaldi edo metodoetarako iradokizunak egiteko ere, nazio-eztabaidaren web-orrian sartzea da; hona hemen helbidea: www.anationalconversation.com edo posta elektronikoa: joinin@anationalconversation.com.

6.12 Erantzunak posta arruntez ere bidal daitezke, honako helbide honetara:

A National Conversation Constitution Unit G-A North Victoria Quay Edinburgh EH6 6QQ

ERANSKINAK

A eranskina: Eskoziaren Legean (1998) Erresuma Batuarentzat atxikitako ahalak. Konstituzio-atxikipenak eta atxikipen orokorrak.

• Koroa, ondorengotza eta erregeordetza barne.

• Eskoziako eta Ingalaterrako Erresumen Batasuna.

• Erresuma Batuko Parlamentua, Beheko Ganberako kideak, Europako Parlamentukoak eta Eskoziako Parlamentukoak hautatzeko hauteskundeak.

• Auzitegi gorenak.

• Segurtasun-zerbitzua, inteligentzia-zerbitzu sekretua eta Government Communications Headquarters (Britainiar inteligentzia-agentzia) delakoa.

• Alderdi politikoen erregistroa eta finantzaketa.

• Kanpo-arazoak, nazioarteko harremanak eta ordezkapena.

• Funtzio publikoa.

• Defentsa.

• Traizioa.

Ekonomiaren eta fiskalitatearen arloan erresuma batuarentzat atxikitakoa ahalak.

• Fiskalitatearen, ekonomiaren eta diruaren arloko politika, dirua jaulkitzea eta diruaren zirkulazioa barne, zergak, oro har, eta muga-zergak, gobernuaren maileguak eta jesapenak, Erresuma Batuaren gastu publikoaren gaineko kontrola, truke-tasak eta Ingalaterrako Bankua.

• Txanpona: txanpona egitea, legezko txanpona eta banku-bileteak.

• Finantza-zerbitzuak.

• Finantza-merkatuak, titulu eta balioen kotizazioa eta eskaintza publikoa barne, titulu-balioak eskualdatzea eta eragimen-trafikoa.

Barne arazoak

• Drogen erabilera txarra.

• Datuak babestea.

• Suzko armak.

• Filmak eta bideoak sailkatzea.

• Inmigrazioa eta herritartasuna, babes politikoa eta bidaia-agiriak jaulkitzea barne.

• Animalia bizidunekin baliatzekoak diren zientzia-prozedurak.

• Nazioaren segurtasuna, komunikazioak bidean atzitzea, sekretu ofizialak eta terrorismoa.

• Apostuak, jokoak eta loteriak.

• Larrialdietako ahalak.

• Extradizioa..

Merkataritza eta industria

• Merkataritza-sozietate moten sorrera, jarduera, arauketa eta desegitea.

• Merkataritza-sozietateen kaudimengabezia.

• Lehiaren kontrako jardunak eta hitzarmenak arautzea; monopolioak eta enpresa bateginak merkatun duten nagusitasunaz gehiegikeriaz baliatzea.

• Jabetza intelektuala.

• Inportazioen eta esportazioen gaineko kontrola.

• Eskoziar eremuaz kanpoko itsas arrantza arautzea (eskoziar arrantza-ontziena izan ezik).

• Kontsumitzaileen babesa.

• Produktuen estandarrak, segurtasuna eta erantzukizuna.

• Pisuak eta neurriak.

• Telekomunikazioak eta kablerik gabeko telegrafia, internet-zerbitzuak barne.

• Posta-bulegoa, postak eta posta-zerbitzuak.

• Zientzia-ikerketarako agentzia publikoak.

• Eskualde ahulentzako laguntzak.

• Merkataritza- eta ekonomia-interesak babestea.

Energia

• Argindarra sortzea, transmititzea, banatzea eta hornitzea.

• Petrolioa eta gasa, petrolioaren eta gas naturalaren biltegien ustiapena eta itsaso zabaleko instalazioen eta garraio-hodien ustiapena.

• Ikatza, eta haren jabetza eta ustiapena, lurrazpiko eta aire zabaleko ikatz meak, eta ikatz meak hondoratzea.

• Energia nuklearra eta instalazio nuklearrak, bertan sartzen direlarik segurtasun nuklearra, segurtasuna eta babesa, eta larrialdi nuklearren erantzukizuna.

Garraioa

• Errepide bidezko garraioa.

• Trenbide-garraioa, eta trenbide-zerbitzuak ematea eta arautzea.

• Itsas garraioa, itsasketaren arloko eskubideak eta askatasunak barne.

• Aireko garraioa.

• Gai erradiaktiboen garraioa.

Gizarte-segurantza

• Gizarte-segurantzako programak

• Haurrentzako laguntza.

• Kontribuzio-pentsioen eta kontribuzioz besteko pentsioen arauketa, bertan sartzen direlarik programa horien kudeatzaileen edo gerenteen betebeharrak.

Lanbideen arauketa

• Arkitektoak, osasuneko profesionalak eta auditoreak.

Enplegua

• Lan-arloko eskubideak eta betebeharrak eta lan-harremanak.

• Osasuna eta segurtasuna.

• Enplegua bilatzea eta enplegua bilatzeko laguntza.

Osasuna eta sendagaiak

• Medikuntzako lanbideen arauketa.

• Abortua.

• Xenotxertaketa.

• Enbriologia, umetokien alokairua eta genetika.

• Botikak, medikuntzako produktuen horniketa eta pozoiak.

Hedabideak eta kultura

• Irrati eta telebista bidezko hedapena, BBC ere tartean dela.

• Kultur produktuen mailegu publikoetarako eskubidea.

• Museoei, arte-galeriei eta abarri maileguan emandako objektuen aseguru publikoa.

• Zergak ordaintzeko salgaiak onartzea.

Askotarikoak

• Ordainketa judizialak.

• Aukera-berdintasuna.

• Arma nuklear, biologiko eta kimikoen kontrola eta suntsipen handiko beste arma batzuen kontrola.

• Estatuaren kartografia-zerbitzua.

• Denbora-eskalak, ordu-eskualdeak eta Udako Ordutegiari buruzko 1972ko Legeari dagozkion gaiak.

• Egutegia, denbora-unitateak eta pazko-egunaren data.

• Espazioa.

B ERASKINA

ESKOZIARI BURUZKO ERREFERENDUMAREN LEGE-EGITASMOGAIA

Eskoziako Parlamentuaren lege batek arautuko du proposamen honi buruz Eskozian egin beharreko erreferenduma: Erresuma Batuko Gobernuarekin negoziatzea Eskoziaren independentzia eskuratzeko.

1 Independentziari buruzko negoziazioen gaineko erreferenduma.

(1) Halako egunetan (zehaztu data eta aurreko esapide horren gainean idatz), erreferendum bat egingo da Eskozian, jakiteko ea Eskoziako Gobernuak Eskoziaren independentzia erdiesteko negoziazioak egin beharko ote lituzkeen Erresuma Batuko Gobernuarekin,.

(2) Erreferendum horretan bozkatzeko aurkeztuko diren proposamenak eta erabiliko diren boto-paperen diseinua 1 eranskinean ageri dira zehaztuta.

(3) Honako hauek eman ahal izango dute botoa erreferendum horretan: erreferenduma egingo den egunean udal-hauteskundeak egingo balira, Eskoziako edozein hautes-barrutitan botoa emateko eskubidea edukiko luketen guztiek.

(4) Baldin eta hautesleen zerrendan aldaketak egiten badira Herriaren Ordezkaritzari buruzko 1983 urteko Legearen 13A(2) artikuluaren itzalpean (hautesle-zerrendetan aldaketak egitea) edo 57 (c.2) artikuluaren itzalpean (hautesleen zerrendaren aurkako errekurtsoak), aldaketa horiek ez dute eraginik izango erreferendum honi buruz, non eta ez diren egiten erreferendumerako izendatutako eguna baino 11 egun lehenago.

(5) Eskoziako ministroek boto-kontaketaren arduradun nagusi bat izendatu beharko dute.

(6) Boto-kontaketaren arduradun nagusiak boto-kontaketaren arduradun bat izendatuko du udal-barruti bakoitzerako.

(7) Boto-kontaketaren arduradun bakoitzak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

(a) Bere hautes-barruti horretan eman diren botoak kontatzea 2 eranskineko 9. paragrafoan ezarritakoari eta boto-kontaketaren arduradun nagusiak emandako jarraibide guztiei jarraituz, eta

(b) kontatutako botoen kopurua eta proposamen bakoitzaren alde emandako botoen kopurua egiaztatzea eta ziurtatzea.

(8) Boto-kontaketaren arduradun nagusiak honako hauek ziurtatu behar ditu:

(a) kontatutako botoen guztizko kopurua , eta

(b) Eskozia osoan proposamen bakoitzaren alde emandako botoen guztizko kopurua.

(9) 2. eranskinak arau gehiago ematen ditu erreferendumari eta haren kudeaketari buruz.

2 Lege-neurriak.

Ezein auzitegik ez du neurririk hartuko boto-kontaketaren arduradun nagusiak edo 1(6). artikuluaren arabera izendatutako boto-kontaketaren arduradun batek kontatu dituen edo ziurtatu dituen botoen kopurua auzitan jartzeko.

3 Izen laburtua.

Lege honen izen laburtua hau da: Eskoziaren gaineko Erreferendumari buruzko Legea.

1. ERANSKINA (1(2) artikuluan aipatua).

BOTO-PAPERAREN EITEA.

Eskoziako parlamentuak erabaki du Eskoziako herriari kontsulta egitea Eskoziako Gobernuak egindako proposamen honi buruz: Erresuma Batuarekin negoziatzea, Eskoziaren independentzia erdiesteko:

Jarri gurutze bat (x) dagokion laukian.

ADOS NAGO Eskoziako gobernuak Erresuma Batuko gobernuarekin hitzarmen bat negoziatu dezan Eskozia estatu independentea bihur dadin.

EZ NAGO ADOS Eskoziako Gobernuak Erresuma Batuko gobernuarekin hitzarmen bat negoziatu dezan Eskozia estatu independentea bihur dadin.

2. ERANSKINA (1(9) artikuluan aipatua).

ERREFERENDUMA NOLA ANTOLATU ETA KUDEATU ETA ABAR.

1 Eranskin honetako arauek 1. artikuluan aipatutako erreferendumari buruz izango dute eragina.

Denbora 2

(1) Denbora-eperen bat zenbatu behar bada Lege honetako edozein xedapenen ondorioetarako edo lege honen bitartez edo lege honen pean aplikatutako edozein xedapenen ondorioetarako, honako egun hauek ez dira kontuan hartuko:

(2) (a) Larunbatak edo igandeak, eta

(b), Eskozian, Bankuen eta Finantza Negozien gaineko 1971 Legearen (c. 80 artikulua) arabera bankuentzat jai diren egunak.

3 Iragarkiak

Berariaz erreferendumarekin zerikusia duten iragarkiak jarri behar direnean edozein lekutan, Hiri- eta Lurralde-planeamendurako (iragarkien kontrola) (Eskozia) 1984ko arauak (S.I 1984/467) aplikatuko dira, Erresuma Batuko Parlamenturako hauteskundeekin zerikusia duen iragarki bat ipini behar denean bezalaxe.

4 Erreferendumerako erabiliko diren lokalak.

Lokalei dagokienez, Herriaren Ordezkapenari buruzko 1983 Legearen 98. artikuluak (tarifarik gabeko lokalak) (c.2) eragina izango du, eta ulertuko da lege horretan pertsona baten hautagaitzaren alde egiten diren jendaurreko bilerei buruz aipatzen direnak erreferendumean emaitza jakin bat sustatzeko egiten diren jendaurreko bilerei buruz ere aipatzen direla.

5 Hauteskunde-arduradunak eta boto-zenbaketaren arduradunak

(1) Eranskin honen bitartez edo honen pean hauteskunde-arduradunei esleitutako eginkizunak honako pertsona honek gauzatu beharko ditu udal-barruti bakoitzean: Herriaren Ordezkapenaren 1983ko Legearen (c.2) 41 artikuluaren pean (Eskoziako udal-hauteskundeak), barruti horretako zinegotziak hautatzeko hauteskunde batean hauteskunde-arduradun izango litzatekeenak, edo haren eginkizunak beteko lituzkeenak.

(2) Hauteskunde-arduradun batek pertsona bat edo gehiago izenda ditzake hauteskunde-arduradunaren eginkizun guztiak edo batzuk betetzeko. Idatziz egin beharko du hori.

(3) Hauteskunde-arduradunak, erreferendum batean, honako hau du eginkizun orokorra: erreferenduma bideratzeko egin beharreko guztiak egitea eranskin honetan arautzen den eran.

6. Hauteskunde-barruti bateko udalak eskaini egin beharko ditu bere funtzionarioen zerbitzuak, eta barruti horretan hauteskunde-arduradun gisa edo boto-kontaketaren arduradun gisa ari diren guztien esku ipini beharko ditu.

7 Boto-kontaketaren arduradun batek pertsona bat edo gehiago izenda ditzake boto-kontaketaren arduradunaren eginkizun guztiak edo batzuk betetzeko. Idatziz egin beharko du hori.

8 Botoa noiz emanteko orduak

Botoa goizeko 7ak eta gaueko 10ak bitartean eman ahal izango da.

9 Botoak kontatzea eta abar

(1) Boto-kontaketaren arduradunek pertsona batzuk izendatu behar dituzte, boto-kontaketaren arduradun nagusiaren jarraibideen arabera, botoen kontaketa zaintzeko eta boto-paperen kontaketaren emaitzak egiaztatzeko.

(2) Inor ezingo da egon botoen kontaketa egiten den lekuan botoen kontaketa egin bitartean, non eta ez den:

(a) udal-barruti horretarako izendatutako boto-kontaketaren arduradun bat, edo arduradun horrek eranskin honen arabera izendatutako pertsona bat, edo

(b) Boto-kontaketaren arduradun nagusia, edo

(c) Eskoziako Parlamentuko kidea, barruti osoaren edo zati baten ordezkari gisa hautatua,

(d) Eskoziako Parlamentuko kidea, barruti hori osorik edo hein batean hartzen duen eskualde bateko ordezkari gisa hautatua,

(e) Erresuma Batuko Parlamentuko kidea, osorik edo hein batean barruti horretan kokatuta dagoen eremu bateko ordezkari gisa hautatua,

(f) barruti horretako boto-kontaketaren arduradunak 1 azpi-paragrafoaren arabera izendatutako behatzaile bat, edo

(g) barruti horretako boto-kontaketaren arduradunaren baimena duena kontaketan izateko.

(3) Boto-kontaketaren arduradun batek ahal beste bitarteko eman behar die behatzaileei neurriak bete ahal izateko, bai eta ahal beste informazio ere, bitarteko horiei buruzkoa; neurriak behar bezala gauzatzeko behar diren bitartekoez eta informazioaz ari gara, bai eta boto-kontaketaren arduradunak neurri horiei buruz dituen eginkizunak betetzeko behar direnez.

(4) Boto-kontaketaren arduradun batek, 1 (7) (b) artikuluaren araberako ziurtapen bat egin aurretik, edo kontaketaren emaitzari buruz jendaurrean edozein adierazpen egin aurretik, boto-kontaketaren arduradun nagusiari egin behar dio kontsulta, eta boto-kontaketaren arduradun nagusiak boto-paperak berriz kontatzea agin diezaioke hari.

10 Boto-kontaketaren arduradun batek, boto-kontaketaren arduradun nagusiak 1 (8) artikuluak eskatzen duen ziurtapena egin eta ahal bezain laster, honako hauek igorri behar dizkie Eskoziako ministroei:

a. bere esku dituen boto-paperen zorroak, eta

(b) 11(1) artikuluaren arabera eskatutako beste edozein agiri eta informazio; eta, gainera, zorro bakoitzean honako hauek ezarri beharko ditu agerian: edukiaren gaineko azalpena, eta boto-kontaketaren arduradunari esleitu zitzaion barrutiaren izena.

11 (1) Eskoziako ministroek, erregelamendu baten pean emandako agindu bidez, erreferendumari buruzko xedapen gehiago eman ahal izango dituzte.

(2) (1) azpiparagrafoaren arabera emandako agindu baten bidez, honako hauek egin daitezke, bereziki:

i. legeren bat aplikatu (aldaketekin edo aldaketarik gabe),

ii. xedapenak eman ( 1 (2) artikuluan eta 1 eranskinean boto-paperei buruz ezarritakoez gain),

iii. boto-kontaketaren arduradun batek 10 paragrafoaren pean Eskoziako ministroei zer agiri eta informazio igorri behar dizkien zehaztu, eta

iv. arau-hausteak zehazteko arauak eman.

(3) Ezin izango da (1) azpiparagrafoaren araberako agindurik eman, non eta ez den lehenago agindu hori daraman erregelamenduaren egitasmoa egin, eta ez den egitasmo hori Eskoziako Parlamentuaren ebazpen bidez onartu.

euskal legezalea