32008forulegea,

3/2008 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko 4/2000 Foru Legearen 2. artikulua aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

3/2008 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 2. artikulua aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ARARTEKOARI BURUZKO UZTAILAREN 3KO 4/2000 FORU LEGEAREN 2. ARTIKULUA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Gure antolamendu juridikoan, herritarren eskubide eta askatasunak aldeztea ahalbidetzen duen erakunde publikoetako bat da arartekoarena. Erakunde horren eginkizuna da behatzea nola jarduten duten administrazio autonomikoek, tokikoek nahiz ente eta enpresa publikoek edo administrazio horien menpekoek, eta, era berean, herritarren eskubideak modu eraginkorragoan babestea.

Nafarroako Foru Komunitateak eskumena baduenez arartekoaren erakundea sortzeko eta arautzeko, Konstituzioa buru duen egungo antolamendu juridikoak eta, bereziki, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1 artikuluak horrela aitortzen baitio, arartekoaren erakundea sortu eta arautu zuen. Arartekoak harreman zuzena du Nafarroako Parlamentuarekin; eginkizun propioak ditu eta koordinatu egiten ditu Gorte Nagusiek izendatutako arartekoak dauzkan eginkizunekin, horrela ezartzen baitu apirilaren 6ko 3/1981 Lege Organikoaren 12. artikuluak.

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak ikuskatu egiten du Nafarroako Foru Komunitatearen jarduera, toki administrazioarena eta baita horien eragileena ere; beraz, arartekoak, bere kabuz edo norbaitek hala eskaturik, administrazio publikoen egintza edo ebazpenak argitzea helburu duen edozein ikerketa hasi eta horrekin jarraitu ahalko du.

Edozein pertsona fisiko edo juridikok, inongo mugarik gabe, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoarengana jo ahalko du eta parte har dezala eskatu egintza, ebazpen eta jokabide jakin batzuk argitzen, horiek pertsona bat edo pertsona talde bat kaltetu dutenean eta Nafarroako foru edo toki administrazioan eman direnean.

Figura hau herritarrengandik gertu dagoen erakundea da, doanekoa, arina, eta kontrol-prozeduraren malgutasuna, ikerketa-metodoak eta arazoak ebazteko sistemak ditu ezaugarri nagusi.

Azken batean, legezkotasun printzipioak eta administrazio jarduketa arautzen dutenak aplikatuz, arartekoa administrazioa iristen ez den alorretara irits daiteke, herritarren mesederako, eta bereziki, babesgabeenen alde.

Horregatik guztiagatik funtsezkoa da arartekoa hautatzeko prozedurak berekin ekartzea erakunde horren garrantziaren aitorpena, eta izendapenak gehiengo kualifikatua behar izatea, horrela, adostasuna lortu beharko baita eta horrek arartekoa erakundeen interesen alde erabiltzeko asmoak uxatuko baititu. Arartekoak, izan ere, herritarrak aldeztu behar ditu erakundeekin izaniko arazoetan.

Hori horrela, 2. artikulua aldatzea proposatzen dugu, halako moduz non uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen jatorrizko testuak indarra hartuko bailukeen berriro ere, eta indarrik gabe geldituko litzatekeen, beraz, 3/2005 Foru Legeak eginiko aldaketa; izan ere, aldaketa hori egin zenean, Parlamentuko gehiengoa ez zegoen prest foru legearen jatorrizko testuak ezartzen zuen gehiengo kualifikatua lortzeko.

Horrenbestez, foru lege bat onesten da Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 2. artikulua, 3/2005 legeko testu indardunekoa, aldatzeko.

Artikulu bakarra. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 2. artikuluaren edukia hauxe izanen da aurrerantzean:

"2. artikulua.1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa Nafarroako Parlamentuak hautatuko du; sei urterako, hain zuzen. Arartekoak Parlamentura jotzen badu, Parlamentuko lehendakariaren bidez eginen du.

2. Foru Araubideko Batzordea arduratuko da Nafarroako Foru Komunitateko arartekoarekin harremanak izateaz, eta, halaber, batzorde horren ardura izanen da Osoko Bilkurari behar diren guztiak jakinaraztea.

3. Foru Araubideko Batzordeak, bere kideen hiru bostenen aldeko botoarekin, Nafarroako Foru Komunitateko ararteko izateko hautagaia proposatuko dio Legebiltzarraren Osoko Bilkurari.

4. Hautagaia proposatu, eta Osoko Bilkura deituko da, gutxienez, hamabost egunen buruan, bil dadin eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa hauta dezan. Parlamentarien botoen hiru bostenen gehiengoa nork lortu, hura izendatuko dute Nafarroako Foru Komunitateko ararteko.

5. Adierazi den gehiengo hori lortzen ez bada, batzordea berriz bilduko da, gehienez ere hilabeteko epean, proposamen berri bat egiteko.

6. Artikulu honetako 4. idatz-zatian adierazitako gehiengoa lortuz gero, hautagaia Nafarroako Foru Komunitateko ararteko izendatuko da".

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2008ko otsailaren 21ean.--Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea