trafikoalorrekozigorprozedurariburuzkoar

320/1994 Errege Dekretua, Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren alorreko zigor-prozedurari buruzko Araudia onartzen duena

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

320/1994 ERREGE DEKRETUA, OTSAILAREN 25EKOA, TRAFIKOAREN, IBILGAILU MOTORDUNEN ZIRKULAZIOAREN ETA BIDE-SEGURTASUNAREN ALORREKO ZIGOR-PROZEDURARI BURUZKO ARAUDIA ONARTZEN DUENA, URTARRILAREN 30EKO 116/1998 ERREGE DEKRETUAN, OTSAILAREN 4KO 137/2000 ERREGE DEKRETUAN ETA MARTXOAREN 14KO 318/2003 ERREGE DEKRETUAN EMANDAKO ERREDAKZIOAREN ARABERA.

EAO, Apirilaren 21ekoa

Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko hirugarren xedapen gehigarriak aginduta uzten duenez, araudi bidez egokitu behar dira lege horretara administrazio-prozedurak erregulatzen dituzten arauak, horien maila edozein dela ere.

Martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuarekin onartutako Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuaren VI. tituluak, bestalde, arautu egiten du trafikoari eta ibilgailu motordunen zirkulazioari buruzko zigorrak ezartzeko administrazio-prozedura, hain zuzen «Zigor-jardunbidea eta errekurtsoak» izenpeko kapituluan, eta Gobernuari ematen zaio hori garatzeko baimena testu artikulatu berorren azken xedapeneko 1. paragrafoan.

Araudi bidezko garapena egiteke dagoelako, eta egokitzapen-aldia irekita dagoela kontuan hartuta, beharrezkotzat jo da eginkizun bioi araudi-testu bakar batean ekitea. Bertan, ohiturari jarraituz, lehenengo eta behin, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuko artikuluak jasotzen dira, eta parentesi artean, lege horren testu artikulatuko artikuluaren zenbakia. Eta, beharrezkoa denean, indarrean dagoen Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legera egokitzen dira, hain zuzen azkenengo aipatutako lege horrek egindako deslegalizazioaren ondorioz posible delako egokitzapena egitea; jarraian, garatu ere egiten dira, araudi bidez gerora zehaztu eta esplizitatzea beharrezkoa zela iritzi izan den puntuetan.

Ondorioz, Barne ministroaren proposamenez, Administrazio Publikoetarako ministroak onartu ondoren, Estatuko Kontseiluarekin bat etorriz, eta Ministroen Kontseiluak 1994ko otsailaren 25eko bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.

Onartu egiten da trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko gaietako zigor-prozeduraren araudia, eta jarraian doa erantsita testua.

Xedapen iragankor bakarra.

1. Errege Dekretu honen bitartez onartzen den araudiaren aplikazio-eremuko zigor-prozedurak, araudia indarrean jarri aurretik hasitakoak badira, aurreko arauen arabera erabakiko dira.

2. Errekurtsoen araubidea hauxe izango da: batetik, Errege Dekretu honekin onartutako araubideko 17. artikuluan ezarritakoa, eta bestetik, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VII. tituluko II. kapituluan ezarritakoa.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Zirkulazioko Kodearen XVII. kapituluan jasota dauden 276, 277, 278, 279 I eta II, 280, 281, 282, 283, 284, 285, 286, 287 eta 289. artikuluak indargabetuta uzten dira, baita Errege Dekretu honen bidez onartutako Araudian xedatutakoaren kontra dauden beste agindu guztiak ere.

Azken xedapen bakarra.

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean Errege Dekretu hau.

TRAFIKOAREN, IBILGAILU MOTORDUNEN ZIRKULAZIOAREN ETA BIDE-SEGURTASUNAREN ALORREKO ZIGOR-PROZEDURARI BURUZKO ARAUDIA

1. artikulua. Aplikazio-eremua

Ez da inolako zigorrik ezarriko trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko legeetako aginduen kontrako arau-hausteengatik, Araudi honetan aurreikusitako arauen arabera izapidetutako prozeduraren indarrez ez bada.

Araudi honetan aurreikusi gabeko puntu guztietan, zigortzeko ahalmenaz baliatzeko prozedurako Araudian araututako prozedura aplikatuko da (abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaz onartu zen azken araudi hori).

2. artikulua. Administrazioaren jarduerak, eta jurisdikzio penaleko jarduerak.

(Martxoaren 14ko 318/2003 Errege Dekretuan emandako erredakzioaren arabera)

1. Administrazio-prozeduran zehar administrazioaren kabuz jazar daitekeen delitu edo falta penala dirudien egintza bat antzematen bada, administrazio-agintaritzak fiskaltzari jakinaraziko dio, egintza penalik gauzatu behar den begira dezan, eta aurrera egingo du prozedurarekin, baina ez du ebazpenik emango harik eta agintaritza judizialak epai irmoa edo prozedurari amaiera ematen dion ebazpena eman arte.

2. Prozedura penala erruztatuak kondenatzen dituen epai batekin amaitzen bada, behin administrazio-prozedura eteteko erabakia hartuta, administrazio-prozedura artxibatu egingo da erantzukizun-adierazpenik gabe.

Epaia absoluziozkoa bada edo prozedura penala beste ebazpen baten bitartez amaitzen bada eta ebazpen horretan ez bada erantzukizunik aitortzen eta ez bada egintzarik ezean oinarritzen, dagokion ebazpena emango da administrazio-prozeduran.

3. artikulua. Prozedurari hasiera ematea

Bi eratara eman dakioke hasiera zigor-prozedurari: batetik, ofizioz, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeko aginduen kontrako arau-hausteak izan daitezkeen egintzen berri jakin eta aginpideak dituzten agintariek hasita, eta, bestetik, trafikoa zaindu eta segurtasuna lortzeko ardura duten agintaritzaren agenteek egindako salaketen bidez.

Beste era batera ere eman diezaiokete hasiera prozedurari aginpidea duten agintariek, salaketa bidez, egintza horien berri daukan edozein pertsonak sartuta.

4. artikulua. Derrigorrezko salaketak, eta borondatezko salaketak

1. Agintaritzaren izenean trafikoa zaintzen duten agenteek bideetako zirkulazioa zaintzen eta kontrolatzen dihardutenean ikusitako arau-hausteak salatu egin behar dituzte (testu artikulatuaren 75. artikuluko 2. paragrafoa).

2. Edozein pertsonak ere egin ditzake salaketak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuko aginduen kontrako arau-hausteak izan daitezkeen egintzengatik bada.

5. artikulua. Salaketen edukia.

Zirkulazioko egintzak direla-eta egindako salaketetan honako datu hauek agertu behar dira: Ustezko arau-haustea egitean erabilitako ibilgailuaren identifikazioa; salatuaren identifikazioa, ezagutzen bada; egintzaren inguruan izandako gorabeheren azalpen zehatza, tokia, eguna eta ordua ahaztu gabe; eta salatzailearen izena, lanbidea eta egoitza.

Salatzailea agintaritzaren agente bat bada, azken datu horien ordez, identifikazio-zenbakia jaso daiteke (testu artikulatuaren 75. artikuluko 3. paragrafoko lehenengo eta bigarren lerroaldeak).

6. artikulua. Zirkulazioko egintzak direla-eta, derrigorrezko salaketak betetzeko modua

Salaketa-orriak betetzen direnean hiru ale erabili behar dira.

Ale bat salatzailearen esku gelditu behar da, bigarrena salatuari eman behar zaio, ahal bada, eta hirugarrena, azkenik, dagokion trafikoko buruzagitzara edo udaletxera bidali behar da.

Salatzaileak eta salatuak, biek izenpetu behar dituzte salaketa-orriak. Salatuak izenpetu arren, horrek ez du esan nahi salaketa eragin duten egintzekin ados dagoenik; beretzat den alea hartu duela baino ez du esan nahi.

Salatuak orria izenpetzen ez badu, edo izenpetzen ez badaki, horrela jasota utziko du salatzaileak.

7. artikulua. Zirkulazioko egintzak direla-eta, borondatezko salaketak betetzeko modua

a) Edo berbaz egin daiteke salaketa, egintza gertatu den tokitik hurbilen dauden bidezainei esanda, edo idatziz egin daiteke, arau-haustea gertatu den tokiko trafikoko buruzagitzara edo udaletxera bidaliz, espedienteari hasiera emateko aginpideak dituena bata ala bestea den kontuan hartuta.

b) Araudi honetako 5. artikuluan zehaztutako datu eta gorabeherak jaso behar dira salaketan.

c) Dena delako salaketa hori bidezainei aurkezten zaienean, bidezainek beteko dituzte agindutako salaketa-orriak, eta aurreko idatz-zatian zehaztutako betekizunez gain, salatutako arau-haustea beraiek egiaztatu duten edo ez adieraziko dute, eta salatzaile partikularraren izena eta helbidea. Gero, aginpideak dituen trafikoko buruzagitzara edo udaletxera bidaliko dute salaketa-orria, izapideak egiteko; hala ere, ahal bada, kopia bat emango diote salatuari.

8 artikulua. Zirkulaziokoak ez diren egintzen salaketak betetzeko modua.

1. Zirkulazioarekin zerikusirik ez duten egintzei buruzko salaketetan, bestalde, egintzok ahalik eta zuzenen azaltzeko beharrezko datu guztiak zehaztu beharko dira (testu artikulatuaren 75. artikuluko 3. paragrafoaren hirugarren lerroaldea).

2. Era horretako salaketetan, salatzailearen izena, helbidea, lanbidea eta izenpea jasoko dira.

9. artikulua. Salaketak izapidetzea

1. Trafikoko buruzagitzan edo udaletxean salaketa jaso eta gero, egintzak kalifikatu eta mailakatu egin behar dira, eta, salatzaile izan den bidezainak jarri baditu bai kalifikazioa eta bai isuna, egiaztatu egin behar dira. Ondoren, edo izapideekin jarraitzeko bidea zabalduko da, edo organo izapidegileak erabaki bat proposatuko die aginpideak dituzten agintariei, salatutako egintzekin arau-hausterik egin ez delako, arau-hausterik ez dagoela deklaratzeko, edo, egintzen egilea nor den ezagutzerik ez dagoenean, zigorra ezartzea bidezkoa ez dela deklaratzeko.

2. Salaketak anonimoak direnean, artxibatu egingo dira, eta ez da gerora izapiderik egin beharrik izango; hala ere, bide-segurtasunerako arriskuren bat sor badezakete, organo aginpidedunek salaketan aipatutako egintzak egiaztatu ahal izango dituzte.

10 artikulua. Salaketak jakinaraztea.

1. Agintaritzaren izenean trafikoa zaintzeko ardura duten agenteek nahitaezko salaketak egiten dituztenean, unean bertan jakinarazi behar dizkiete salatuei. Horixe da arau orokorra. Gainera, Araudi honetako 5. artikuluan aipatutako datuak jaso behar dira salaketa horietan. Salaketarekin batera, salatu bakoitzari espediente bana ireki zaiela jakinarazi behar diete, eta, ondorioz, hamabost eguneko epea dutela salatuek beren defentsarako egoki iritzitako alegazioak egiteko, eta komenigarri uste dituzten frogak aurkezteko.

Arrazoi zurigarririk badago, geroago ere jakinaraz dakieke salaketen berri, eta salaketetan jaso beharko dira arrazoiok.

2. Agintaritzaren izenean diharduten agenteek salatuei gerarazi gabe egindako salaketek balioko badute, salaketetan agertu behar dira ibilgailua geratu ezin izanaren berariazko arrazoi zehatzak, eta salatuei jakinarazi behar zaizkie.

3. Legezkoa da salaketaren jakinarazpena geroago egitea baldin eta zirkulazioa oso handia bada edo ibilgailua geldirik egoteagatik arrisku zehatza sor badaiteke, dela eguraldi txarragatik, lanengatik edo beste edozein gorabeherarengatik.

Halaber, salaketaren jakinarazpena geroago egin ahal izango da baldin eta agintaritzak imajinak hartu eta erreproduzitzeko sistema baimenduak erabili baditu egintzak ezagutzeko eta sistema horiek ibilgailua identifikatzea ahalbidetzen badute.

Ibilgailua aparkatuta badago eta gidaria aurrean ez badago ere, bidezkoa da salaketa geroago jakinaraztea.

(Martxoaren 14ko 318/2003 Errege Dekretuaren bitartez gehitutako paragrafoa)

11. artikulua. Jakinarazpenetarako egoitza

1. Jakinarazpenak egiteko, ibilgailuaren gidariak eta titularrak berariaz adierazitako egoitza hartuko da beren egoitzatzat. Halakorik egin ez badute, aldiz, hurrenez hurren, Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroan eta Ibilgailuen Erregistroan agertzen dena hartuko da egoitzatzat (testu artikulatuaren 78. artikuluko 1. paragrafoaren lehenengo lerroaldea).

Bai ibilgailuen titularrek, bai gidatzeko baimenen titularrek, egoitza aldatzen badute, jakinarazteko betebeharra daukate (testu artikulatuaren 78. artikuluko 1. paragrafoaren bigarren lerroaldea).

2. Salaketaren unean ematen ez diren jakinarazpenak, eta zigor-prozeduraren barruan egin daitezen beste jakinarazpenak ere, atal honetako aurreko paragrafoan aipatutako egoitzara bidaliko dira, eta Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako araubidea eta betekizunak kontuan hartuta egingo dira (testu artikulatuaren 78. artikuluko 2. paragrafoa).

3. Gidarien prestakuntzarako eta ezagupenetarako zentroen gainean egindako salaketak jakinarazteko erabiliko den egoitza zentro horien erregistroetan ageri dena izango da.

12. artikulua. Prozeduraren izapideak.

1. Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko buruzagitzetako organo aginpidedunak eta udalak izango dira espedientea egin behar dutenak, baita agiango arau-hausleari salaketen berri eman behar diotenak ere, salatzaileak halakorik egin ez badu. Eta hamabost eguneko epea emango diote agiango arau-hausleari bere defentsarako egokitzat daukana alega dezan, eta bidezko iritzitako frogak proposa ditzan.

2. Salaketaren jakinarazpenean adierazitako isuna ordaintzeak ?berdin dio zenbatekoa agenteak salaketa-unean jarri duen edota instrukzio-egileak jakinarazpenean adierazitakoa den? amaiera emango dio prozedurari baldin eta alegazioak egiteko izapidean salatuak ez badu bat ere aurkeztu eta, horrenbestez, espedientea ere amaitu egingo da, salbu eta gidatzeko baimena edo lizentzia eteteko erabakia hartzen bada eta, betiere, dagokion errekurtsoa jartzeko aukera irekita utzita.

Ebazpenean, jarritako isunaren zenbateko osoa agertuko da, eta kontuan hartuko da lehendik egindako ordainketa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko legearen testu artikulatuko 77.2 artikuluan prozeduraren amaierari dagokionez aurreikusitako ondorioetarako.

Dena dela, ezarritako isunaren zenbateko osoaren aurka egin ahal izango da dagokion errekurtsoaren bitartez, eta errekurtsoaren ebazpena ez da lotuta egongo aldez aurretik egindako ordainketari.

Ebazpena eman baino lehen aldez aurreko ordainketa egin izanagatik diru-zigorraren zenbatekoa gutxitzen denean, ateratzen den zenbateko horri ezin izango zaio beste inolako murrizketarik aplikatu berrezteko neurriak egiteagatik.

Dena dela, aldez aurretik ordaindu izanagatik diru-zigorraren zenbatekoa gutxitzea bateragarria izango da, berrezitzeko neurriak eginez gero, gidabaimena eteteko zigorraren murrizketarekin edo zigor horren zatiketarekin.

(Martxoaren 14ko 318/2003 Errege Dekretuaren bitartez gaineratutako paragrafoa).

3. Ondoren, salatuaren alegazioen berri emango zaio salatzaileari, baldin eta salatzaileak hasiera batean jasotako datuekin alderatuz berriak edo diferenteak badira, gehienez ere hamabost eguneko epe barruan irizpena eman dezan.

13. artikulua. Froga-aldia

1. Egintzak aztertzeko eta kalifikatzeko beharrezkoa denean, edo agiango erantzukizunak zehazteko beharrezkoa denean, izapidegileak froga-aldi bat hasteko erabakia har dezake, bidezkoak izan daitezen beste froga egiteko; aldia, gehienez, hogeita hamar egunekoa izango da, baina ez hamar egunetik beherakoa.

Interesatuek proposatutako frogak ezetsi, arrazoietan oinarritutako erabaki baten bidez baino ezin izango ditu ezetsi prozeduraren izapidegileak, bidezkoak ez direnean.

Interesatuak eskatuta, administrazioak bere gain hartu behar ez dituen gastuak sortzen dituzten frogak egin behar badira, gastuen aurrerakin bat eska dezake administrazioak, frogak egin eta gero behin betiko kitapena egiteko.

Gastuen kitapena egiteko, bestalde, gastuok benetan egin direla, eta gastuen zenbatekoa bera egiaztatzen duten ziurtagiriak bildu behar dira.

2. Prozeduraren instrukzioa amaitu, eta zegokion organoak interesdunari entzunaldia emandakoan, baldin eta bestelako gertakaririk edota, interesdunak egindakoez gain, bestelako alegazio nahiz probarik prozeduran agertzen ez bada, edo horiez gain ebazpenerako bestelakorik aintzat hartzen ez bada, instruktoreak ebazpen-proposamena igorriko dio zigor-eskumena duen organoari, eman behar den ebazpena eman dezan organo horrek.

(Otsailaren 4ko 137/2000 Errege Dekretuan emandako erredakzioaren arabera)

3. Gidatzeko administrazio-baimenaren balizko etendura dela-eta Estatuko Administrazio Orokorra isuna jarri duen toki edo autonomia administrazioko agintaritza eskudunak ebatzitako espedienteaz arduratu behar bada, agintaritza horrek, bere ebazpena irmo bihurtu denean, Estatuko Administrazio Orokorreko agintaritza eskudunari bidaliko dio espedientea.

Azken agintaritza horrek gidatzeko baimen edo lizentziaren etendura aurreikusten duen ebazpen-proposamena jakinaraziko dio interesatuari, eta entzunaldi-izapidea emango dio 15 egunez.

(Martxoaren 14ko 318/2003 Errege Dekretuaren bitartez gehitutako paragrafoa)

14. artikulua. Agintaritzaren agenteek egindako salaketak ustez egiazkoak dira

Agintaritzaren izenean trafikoa zaintzeko ardura daukaten agenteek egindako salaketek froga-balioa izango dute salatutako egintzei dagokienez. Baina, salatutako egintzaren gainean ahal diren froga-modu guztiak aurkeztu behar dituzte agenteek, eta salatutakoek ere beren eskubideak edo interesak defenditzeko frogak aipatu edo aurkeztu ahal izango dituzte.

15. artikulua. Ebazpena.

1. Gobernuaren ordezkariek edo ordezkariordeek eta alkateek ebazpena emango dute zigorra jartzeko edo arau-hausteagatiko erantzukizunik ez dagoela deklaratzeko.

Ebazpen hori idatziz emango da ?horrela xedatzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 55.1 artikuluak? salbu eta administrazio-organoek beren eskumena ahoz gauzatzen badute, baina kasu horretan, eskumenaren titularrak ahoz emandako ebazpenen zerrenda bat baimendu beharko du, bakoitzaren edukia azalduta, aipatutako legearen 55.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Ebazpena urtebeteko epean jakinarazi behar da prozedura hasten denetik. Arrazoitua izango da, eta interesatuek planteatutako arazo guztiak ebatziko ditu, baita prozeduratik datozen gainerako gorabeherak ere.

(Martxoaren 14ko 318/2003 Errege Dekretuan emandako erredakzioaren arabera)

2. Erabakian ezin izango dira kontuan hartu prozeduraren izapideetan zehaztutako egintzak baizik, nahiz eta balioespen juridikoa diferentea izan.

(Otsailaren 4ko 137/2000 Errege Dekretuan emandako erredakzioaren arabera)

3. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko zigor-eskumena esleituta duten agintariek beren eskumenak eskuordetzan utzi ahal dizkiete trafikoko probintzia-buruei eta herri-buruei edo, Gobernuaren ordezkariaren kasuan, horiei eta Gobernuaren ordezkariordeei.

Alkateek ere utz dezakete zehatzeko eskumena eskuordetzan, toki-administrazioari buruzko arauen arabera.

(Otsailaren 4ko 137/2000 Errege Dekretuan emandako erredakzioaren arabera)

16. artikulua. Iraungipena.

(Martxoaren 14ko 318/2003 Errege Dekretuan emandako erredakzioaren arabera)

Prozedura hasi eta urtebetean zehatzeko ebazpenik eman ez bada, prozedura iraungi egingo da, eta jarduketak artxibatu, interesaturen baten eskariz edo ebazpena emateko eskumena duen organoaren kabuz.

Jurisdikzio penalak egintzak jakin dituelako gelditu bada prozedura eta isuna jartzeko orduan beste agintaritza eskudun batek esku hartu badu eta espedientea Estatuko Administrazio Orokorrari bidali behar badio gidatzeko administrazio-baimena eten dezan, iraungitze-epea eten egingo da, eta berriz jarriko da martxan, epailearen edo administrazioaren ebazpena irmo bihurtzen denean, urtebetea burutu arte.

Iraungitze-epearen etendura ebazpena interesatuari jakinarazten zaionetik hasiko da kontatzen, eta berriro ekingo zaio ebazpena irmoa denean, dela interesatuak onartzen duelako, dela berorrek jarritako errekurtsoa ebatzi delako.

17. artikulua. Errekurtsoak.

(Martxoaren 14ko 318/2003 Errege Dekretuan emandako erredakzioaren arabera)

1. Gobernuak autonomia-erkidegoetan dituen ordezkarien eskumen diren zigor-espedienteen gaineko erabakien kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Barne ministroari hilabeteko epearen barruan.

Gobernuaren ordezkariordeek ezarritako zigorren aurka, berriz, errekurtsoa aurkeztu ahal zaio, epe berean, Gobernuaren ordezkariari.

Aurreko paragrafoan aipatutako gora jotzeko errekurtsoa ebazteko eskumena Trafikoko zuzendari nagusiari utzi ahal zaio eskuordetzan.

Gora jotzeko errekurtsoen ebazpenen aurka, errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, jurisdikzio hori arautzen duen legearen arabera.

Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu eta hiru hilabetetan ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, eta administrazioarekiko auzietarako bidea irekiko da.

2. Ibilgailu motordunen zirkulazioari eta trafikoari buruzko eskumen exekutiboak dituzten autonomia-erkidegoetako organo eskudunek eta, toki-entitateen kasuan, alkateek, zigor-espedienteei emandako ebazpenen aurka egiteko, dagokion araudian ezarritakoa beteko da.

18. artikulua. Preskripzioa.

1. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuan aurreikusitako arau-hausteen preskripzio-epea hiru hilabetekoa izango da arau-hauste arinentzat, sei hilabetekoa arau-hauste larrientzat eta urtebetekoa arau-hauste oso larrientzat eta testu artikulatu horren 67.2 artikuluan aurreikusitakoentzat.

Preskripzio-epea egintzak gertatu diren egunean hasten da kontatzen.

Preskripzioa, bestalde, eten egingo da, administrazioaren jarduketa edozein dela ere, baldin eta salatuak jarduketaren berri jasotzen badu, edo salatuaren identifikazioa edo helbidea jakiteko egiten bada, eta jarduketaren sorrerako bulegotik kanpora zabalduz egiten bada.

Halaber etengo da preskripzioa Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko testu artikulatuaren 78. artikuluan ezarritakoaren arabera egindako jakinarazpenagatik.

Salatuari egotz ezin dakiokeen arrazoiren bat medio, hilabete baino gehiago egoten bada geldituta jardunbidea, preskripzio-epea berriz hasiko da.

(Martxoaren 14ko 318/2003 Errege Dekretuan emandako erredakzioaren arabera)

2. Zigorrek urtebetean preskribituko dute, dena delako zigorra ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Preskripzioa eten egingo da baldin eta, interesatua jakinaren gainean egonda, exekuzio-prozedura hasten bada, baina arau-hausleari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik exekuzio-prozedura hilabetetik gora geldirik badago, preskripzio epea martxan jarriko da berriz.

(Martxoaren 14ko 318/2003 Errege Dekretuan emandako erredakzioaren arabera)

3. Espedientearen izapide-aldietan aginpideak dituzten organoek ofizioz aplikatuko dute preskripzioa.

19. artikulua. Zigor larri eta oso larrien idatzoharra.

1. Zigor larri eta oso larriak irmo egiten direnean, espedientearen instrukzioa egin duen trafikoko buruzagitzak horren idatzoharra egingo du Gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta, hala dagokionean, baita Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuaren 5.h) artikuluan aipatzen diren erregistroetan ere.

Zigor horiek alkateek edo autonomia erkidegoetako agintaritza eskudunek ezartzen dituztenean, horien jakinarazpena egingo zaie, irmo bihurtu ondorengo 15 egunetan, aipatutako erregistroei, horien idatzoharra egin dezaten.

Idatzoharrak ofizioz ezeztatuko dira, aurrekarien ondorioetarako, guztiz bete direnetik edo preskribitu dutenetik bi urte igaro direnean.

(Martxoaren 14ko 318/2003 Errege Dekretuan emandako erredakzioaren arabera)

2. Agintaritza judizialen edo bestelako administrazio-agintaritzen zigorren idatzoharrak kasuan kasuko barrutiko trafikoko buruzagitzak egingo ditu, salbu eta sistema informatiko bat jartzen bada Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko erregistroetan zuzenean egin ahal izateko.

(Martxoaren 14ko 318/2003 Errege Dekretuan emandako erredakzioaren arabera)

3. Zigorra erregistroan jasota uzten denean, eta horretarako eskabidea egiten denean, zigortuaren nortasun-agiri nazionala agertu behar da bertan, aplikatutako aginduarekin eta ezarritako zigorraren izaera eta iraupenarekin batera.

4. Interesatuak berak, epaitegietako agintariek edo trafiko-gaietan zigortzeko ahalmena duten administrazioko agintariek eskatzen dituztenean baino ezin izango dira egiaztatu erregistroetan idatziz jasotako zigorrei buruzko datuak. Artikulu honetako 1. zenbakian aipatutako epea igaro eta gero, bestalde, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak baino ezin izango ditu erabili, hain zuzen, estatistikak edo araututako kudeaketak egiteko.

20. artikulua. Zigorrak betetzea.

1. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuan aurreikusitako zigorrak ezin izango dira betearazi administrazio-bidean irmoak ez badira (testu artikulatuaren 83. artikuluko 1. paragrafoa).

2. Ezarritako zigorra behin irmo bihurtu eta gero, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuan araututako baimenak indargabe uzteko, agindua emango zaio arau-hausleari, adieraziko zaion agintaritzaren agentearen esku utz dezan agiria.

Agindu horri men egin ezik, epaileari pasatuko zaio auzia (testu artikulatuaren 83. artikuluko 2. paragrafoa).

3. Aurreko zenbakian aipatutakoa hala izanda ere, erregistroetan jaso behar da zenbat denborarako utzi den indargabe baimena.

Baimena indargabetuta dagoen denboraldian, baimenak bere baitan hartzen dituen jardueren arteko bat gauzatzen bada, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuko 60. artikuluan xedatutakoaren kontrako arau-haustea dela ulertuko da jarduera hori, ondorio guztietarako, nahiz eta agiria entregatu gabe egin (testu artikulatuaren 83. artikuluko 3. paragrafoa).

21. artikulua. Isunak kobratzea

1. Administrazio kudeatzailearen bilketa-organoei ordaindu behar zaizkie isunak, zuzenean edo banketxeen bidez, irmo egiten direnetik hamabost egun balioduneko epe barruan (testu artikulatuaren 84. artikuluko 1. paragrafoa).

2. Aurreko paragrafoan isuna ordaintzeko finkatutako epea bete eta gero, oraindik ordaindu gabe badago, premiamenduko jardunbidez egingo da ordainarazpena.

Xede horretarako, administrazio kudeatzailearen organo aginpidedunak egindako zorpekoen egiaztagiria betearazlea izango da (testu artikulatuaren 84. artikuluko 2. paragrafoa).

3. Estatuko administrazio nagusiak ezarritakoak badira isunak, Bilketarako Araudi Nagusian eta aplikagarri diren gainerako arauetan finkatutakoak izango dira derrigorrezko bilketa egingo duten organoak eta erabiliko diren prozedurak.

Bestelako kasuetan, aldiz, isunak ezarri dituzten agintariek aplika ditzaketen arauetan finkatutakoak izango dira (testu artikulatuaren 84. artikuluko 3. paragrafoa).

4. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua aplikatzeagatik ezarritako isunei dagokienez, Estatuko administrazio nagusiaren organoek premiamenduko bidetik bilketa egiteko gauzatutako kudeaketa-egintzak aurkatu egin ahal izango dira bide ekonomiko-administratiboa erabiliz (testu artikulatuaren 84. artikuluko 4. paragrafoa).

euskal legezalea