12009forulegea,

1/2009 Foru Legea, Nafarroako kontratu publikoei buruzko 6/2006 Foru Legeko 6. artikulua aldatzekoa

Nafarroako Parlamentua

1/2009 FORU LEGEA, otsailaren 19koa, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legeko 51. artikulua aldatzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, NAFARROAKO KONTRATU PUBLIKOEI BURUZKO 6/2006 FORU LEGEKO 51. ARTIKULUA ALDATZEKOA.

ZIOEN AZALPENA

Gizarteratze-tresna nagusietako bat bihurtu da enplegua. Soldatapeko jarduera ekonomikoa da gizarte bazterkeriaren aurkako borrokaren osagai eraginkorrenetako bat.

Gaur egun, ordea, langabezia-tasa txikia den arren, badira enplegagarritasun txiki edo oso txikiko eta batere enplegagarritasunik ez duten pertsonak, badira beste batzuk enplegu-prekarietatean daudenak, lan merkatuan etengabe sartu eta irteten, eta badira orobat, lana izanagatik, soldata oso txikiak jasotzen dituztenak, arauz kanpo edo ezkutuko ekonomian lan egiten dutenak; horiek denak gizarte bazterkerian edo gizarte bazterkeria pairatzeko arriskuan daude.

Enplegu-tresnak, oro har, gaitasun gehien dituzten pertsonei eta enplegua lortzeko aukera gehien dituztenei zuzentzen zaizkie, eta gizarte zerbitzuak, berriz, talderik ahulenez arduratzen dira. Baliabide gutxi dituzte lanean hasi ahal izateko, baina ekintza-multzo bat hedatzen dute horretarako: informazio eta orientazio zerbitzuak, laneko eta lan-aurreko prestakuntza, auto-enplegurako aholkularitza, gizarte-enplegu babestuko programak eta abar. Gizarteratzeko eta laneratzeko prozesua osatzeko neurriak behar dituzte ekintza horiek.

Izan ere, ekintza horietako gehienek "abiapuntuan" esku hartuta lortzen dute enplegua, hau da, oztopoak kenduz, trebetasunak eta gaitasunak hobetuz eta abar. Hori dena garrantzitsua da, baina oinarrizko alderdi bat falta da oraindik ere: "helmuga" edo enplegu zehatz bat lortzea.

Honela definitzen dira "gizarte-klausulak": kontratazio publikoko prozesuetan gizarte-politikaren elementuak txertatzea, eta zehazki enplegua sustatzea gizartean bazterturik edo baztertzeko arriskuan dauden pertsonentzat, pertsona horiei lan munduan sartzen laguntzearren. Logikoa denez, klausula horiek ezin dira tresna isolatu bat izan, beste jarduketa batzuen osagarri izan behar baitute. Horien balioa datza, hain zuzen ere, laneratzeko ibilbidea osatzeko izan ohi den zailtasuna enplegua lortzearen bidez gainditzeko beharrean. Halatan, "gizarte-klausulen" bitartez, lanpostu kopuru jakin bat erreserbatuko zaie gizartean bazterturik edo baztertzeko arriskuan dauden pertsonei, lan munduan sartzeko eta enplegua lortzeko sinergiak baliatuta.

Foru lege honi esker, gizarte-ezaugarriak gehitu ahalko zaizkie kontratuak esleitzeko irizpideei, 51. artikuluko 2. idatz-zatian zehazten den modu berrian.

Artikulu bakarra.

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeko 51. artikulua honela geldituko da idatzirik:

51. artikulua. Kontratua esleitzeko irizpideak.

1. Kontratuak esleitzeko oinarrizko irizpideak honako hauek izanen dira:

a) Eskainitako prezioa soilik.

b) Gainerako kasuetan, eskaintza onuragarriena zein den zehazteko, kontratuaren xedeari lotutako irizpideak erabiliko dira, hala nola kalitatea edo kalitatearen kontrolerako mekanismoak, prezioa, eskaintzaren balio teknikoa, ordezko produktuen eskuragarritasuna, ezaugarri estetiko eta funtzionalak, ingurumenari dagozkion ezaugarriak, funtzionamendu kostua, errentagarritasuna, salmenta ondoko zerbitzua eta laguntza teknikoa, emate data eta ematearen edo exekuzioaren epea, eta antzeko beste batzuk.

2. Kontratua eragin duen interes publikoa zein den, kontratazio organoek hartarako irizpide egokienak erabiliko dituzte. Honela:

a) Eskainitako prezioa elementu erabakigarri bakarra bada, hura soilik erabiliko da esleipenerako irizpide gisa. Betiere emakida kontratuak eskaintza onuragarrienari esleituko zaizkio.

b) 49. artikuluan jasotzen diren betekizunekin bat, eta administrazio klausula partikularren orrietan aldez aurretik definituta, aurkeztu den eskaintzaren gizarte-ezaugarriei buruzko irizpideak jaso ahalko dira.

c) Administrazio klausulen orrietan aldez aurretik definituta, eta kontratatu beharreko prestazioen erabiltzaile edo onuradun gisa azaltzen diren populazio-maila bereziki kaltetuen beharrizanak asetzea helburu, beharrizan horiei erantzuten dieten irizpideak jasoko dira, hala nola zuzentzen zaizkienak ezgaitasuna duten pertsonei, lan merkatuan kaltetutakoei eta enplegu-kolokatasunean daudenei edota zuzenduta daudenak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzera, Lanaren Nazioarteko Erakundearen hitzarmenak betearaztera edo pertsona ororentzako irisgarritasun eta diseinu unibertsaleko irizpideak ziurtatzera.

3. Administrazio klausula partikularren orrietan ezarritako esleipen irizpideak aplikatuta bi lizitatzailek edo gehiagok puntuazio bera lortzen dutenean, berdinketa hausteko ondoko irizpideak hartuko dira kontuan, hurrenkera honetan: langile ezinduen ehunekorik handiena duen enpresa, enpresako langileen 100eko 3k, gutxienez, ezgaitasunen bat baldin badu; halakorik ezean, edo berdinketak baldin badirau, behin-behineko langileen ehunekorik txikiena duen enpresa, enpresaren plantillan behin-behineko langileak 100eko 10 baino gehiago ez badira; eta halakorik ezean, edo berdinketak baldin badirau, genero arloko praktika onak egiten dituela frogatzen duen enpresa.

Horretarako, kontratazio mahaiak edo kontratua kudeatzen duen unitateak behar diren agiriak eskatuko dizkie enpresa ukituei, eta gutxienez bost eguneko epea emanen die agiriok aurkezteko.

Aurreko irizpide horiek aplikatu ondoren berdinketak irauten badu, zozketaren bidez hautsiko da.

Xedapen gehigarri bakarra

Foru lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean garatuko da erregelamendu bidez, zeinak zehaztuko baitu foru lege honetan zerrendatzen diren gizarte-klausulak baloratzeko modurik objektiboena eta hoberena.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2009ko otsailaren 19an.-Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea