52002forulegea,

5/2002 Foru Legea, Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legea aldatzekoa

Nafarroako Parlamentua

5/2002 FORU LEGEA, martxoaren 21ekoa, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, OSASUNARI BURUZKO AZAROAREN 23KO 10/1990 FORU LEGEA ALDATZEKOA.

ZIOEN AZALPENA

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 70. artikuluak dioenez, Estatuak eta autonomia erkidegoek osasun planak onetsiko dituzte beren eskumenen esparruan, eta bertan aurreikusiko dituzte osasun arloan urtean edo zenbait urtetan egin beharreko inbertsioak eta ekintzak.

Osasun arloko koordinazio orokorrean honako hau sartuko da:

-Osasun arloko langile, zentro edo zerbitzuei dagokienez dauden beharrak ebaluatzeko gutxieneko eta oinarrizko indize edo irizpide komunak, oro har, ezartzea, eta halaber, baliabide instituzionalen eta osasun langileen inbentarioa eta osasun mapak.

-Osasun arloko prebentzio, babes, sustapen eta laguntzaren gaietan gutxieneko helburu edo xede komunak zehaztea.

-Osasun sistema koherente, harmoniko eta solidarioa lortzeko jarduketen eta lehentasunen esparrua.

-Oro har ezartzea osasun programa, zentro edo zerbitzuen eraginkortasuna eta etekinak ebaluatu ahal izateko gutxieneko eta oinarrizko irizpide komunak.

Osasun planak beraz, osasun arloko politika eta hura osatzen duten programak gauzatu ahal izateko behar diren baliabideen aplikazioa gidatuko ditu denboran.

Osasunari buruzko Legea, V. kapituluan, Foru Komunitateko Osasun Plana taxutzeaz eta onesteko moduez mintzatzen da. 1991n onartu zen Nafarroako Foru Komunitaterako lehendabiziko osasun plana, 2001. urtera arte indarra izan zezan. Horrenbestez, beharrezkoa da osasun plan berri bat prestatzea, une hauetako errealitateari aurre egiteko.

Baliabideak atxikitzeak eta programak gauzatzeak berarekin ekartzen dutenez plana noizko prestatu den, denbora tarte horretarako aurekontu ekitaldi bakotzeko urteko kontsignazioa egin beharra, aurrekontuak onartzeko Parlamentuan ahal denik eta kontsentsurik handiena bilatzea beste biderik ez dago.

Era berean, beharrezkoa da Parlamentuan ahal den kontsentsurik handiena lortzea planean sartu beharreko programa eta helburuak definitzeko, Foru Komunitatean denbora tarte batean eginen diren osasun ekintzak gidatuko baititu eta herritar guztiengan izanen eragina.

Artikulu bakarra.-Azaroaren 23ko 10/1990 Legearen 22. artikulua aldatzea. Hauxe dio, hitzez hitz:

"22. artikulua. Gobernuak, Osasun Departamentuak proposaturik eta Nafarroako Osasun kontseiluak txostena eman ondotik, osasun plana igorriko du Nafarroako Parlamentura, eztabaidatu eta onesteko, indarra duen plana amaitzen den urtearen barrenean.

Osasun planak alderdi hauen ingurukoak bilduko ditu: osasun egoeraren analisia (osasuna baldintzatzen duena, osasunaren egoera, osasun zerbitzu eta prestazioen analisia); lehentasunak ezarri, helburuak eta gauzatu beharreko programak formulatu (xedeak eta eskuhartzeak osasun zerbitzuetan, xedeak eta eskuhartzeak garrantzizko osasun arazoetan sektore arteko ekintzekin); planaren metodologia eta ebaluazioa; kronograma eta entitate arduradunak; osasun planean aurreikusiriko ekintzak betetzeko behar diren baliabideak zenbatestea.

Osasun plana berrikusi ahal izanen da haren indarraldian zehar, baina beharrezkoa izanen da Parlamentuak onestea berrikuspen hori, Nafarroako Osasun Kontseiluak txostena eman ondotik.

Osasun Departamentuak planaren indarraldiaren urte bakoitzaren lehendabiziko hiruhilekoan igorriko du Nafarroako Parlamentura planaren helburuen ebaluazioa eta betetze mailaren analisia, bai eta hura betetzeko gauzatutako ekintzen txosten zehatza ere.

Plana amaitu eta hurrengo urteko lehen hiruhilekoan eta plan berria aurkeztu aurretik, Osasun Departamentuak Nafarroako Parlamentura igorriko du planaren ebaluazioa eta behin betiko analisia."

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitatearen intereseko politika zehatzei buruz egiten dituen eta aurrekontuetan eragina duten plan guztiak igorriko ditu Nafarroako Parlamentura, honek ezagutu eta onets ditzan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru lege proiektu hau izapidatzen ari dela, Gobernuak, Osasunari buruzko Foru Legearen 22. artikuluan xedatuaz baliatuz, osasun plan berria onartzen badu, ez da aplikatuko aldaketa honetan xedatzen den bezala izapidatu arte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau betearazi eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hogeita batean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea