122005forulegea,

12/2005 Foru Legea, Nafarroako Ubideak ureztatuko duen eremuko interes orokorreko azpiegituren eraikuntzari eta ustiapenari buruzkoa

Nafarroako Parlamentua

12/2005 FORU LEGEA, azaroaren 22koa, Nafarroako Ubideak ureztatuko duen eremuko interes orokorreko azpiegituren eraikuntzari eta ustiapenari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, NAFARROAKO UBIDEAK UREZTATUKO DUEN EREMUKO INTERES OROKORREKO AZPIEGITUREN ERAIKUNTZARI ETA USTIAPENARI BURUZKOA

ZIOEN AZALPENA

Lurrak ureztalur bihurtzeko politikak berebiziko garrantzia du Nafarroako Foru Komunitatean. Hain da hola ezen politika hau Nafarroako Foru Komunitateak nekazaritzaren arloan egindako jardueren adierazgarri nagusia bilakatu baita. Dauden proiektu guztietatik garrantzitsuena, bereziki, Nafarroako Ubidearen inguruko lurrak ureztalur bihurtzea da. Foru Komunitatearen ekimen honi lotua dago Nafarroako Ubidearen azpiegiturak eraikitzea, bai eta Nafarroako Ubideak bere fruitua eman dezan beharrezkoa den erregulazio obrari, hots, Itoizko urtegiari, emandako sostengua ere.

Nekazaritzaren arloko transformazio jarduketa hauen marko juridikoa aldatuz joan da denborak aurrera egin ahala. Aipatzekoa da, horri dagokionez, Nekazaritzako Azpiegiturak Berritzeari buruzko abenduaren 9ko 18/1994 Foru Legea, batik bat meritu hau izan baitu: lurrak ureztalur bihurtzeko politika modernizatu eta azkartzea, Estatuak nekazaritza berritu eta garatzeko zeukan legeria, 1973koa, askoz ere zurrunagoa baitzen. Ibilbide horretan gogoratzekoa da, bestetik, martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzkoa. Aipatu foru legean 2018. urtera bitartean garatu beharreko jarduketa multzo bat aipatzen zen. Jarduketa haien barrenean, ordurako, Nafarroako Ubidearen 53.000 hektarea garbi zeuden sarturik.

Bilakaera honen azkeneko emaitza izan da martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea, Nekazaritzako azpiegiturei buruzkoa. Azken lege honek arestian aipatutako 18/1994 Foru Legea indargabetu zuen eta jarraibide nagusia da gaur egun Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren nekazaritzaren arloko jarduketentzat, arlo honetako azpiegiturei dagokienez. Hain zuzen ere foru lege honi esker hasi ahal izan dira Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko zenbait azpiegitura, I. sektorea bereziki, gaur egun obretan.

Lege haien indarraldian izandako esperientzia eta Nafarroako Ubideak ureztagarri bihurtuko dituen lurren eraldaketaren ondorio sozioekonomiko handietan jarritako esperantzak aintzat hartuta, komenigarria eta bidezkoa da behar diren obrak egiteko prozesua azkartzea eta obra haiek Nafarroako Ubidea eraikitzeko erritmora egokitzea. Horretarako, eta Foru Komunitatearen aurrekontuen ohiko baliabideekin obra haiek egitea zail denez gero, komenigarritzat jo da ekimen pribatuari laguntza eskatzea, gaur egun lehentasunezko tresna bat baita herri lanen kontzesio kontratuaren bitartez. Lehentasunezko tresna da, bai, aukera ematen duelako bi elementuok uztartzeko: finantzatzeko gaitasuna eta azpiegituren eraikuntzaren eta ustiapenaren kudeaketa, biak ala biak, gainera, administrazioaren babespe zorrotzean. Kontratu mota honek bat egiten du, bete-betean, azpiegiturak garatzeko partizipazio-politikekin, eta Europar Batasunaren sostengu zalantzagabea du sektore pribatuak zein publikoak nork bere gaitasunak eskaintzeko formula gisara. Bestetik, bidezkoa dirudi kontratu horretaz baliatzeak, zeren, jarduera ororen kontrol publiko egokia gutxietsi gabe, kontzesio-hartzailearen esku uzten baitira eraikuntzaren eta ustiapenaren arriskua. Bestetik, gainera, hobetu egiten da eraginkortasuna aurrekontuari dagokionez, eta horrela betetzen da Europako Kontuen Sistemaren eta Europar Batasunaren estatistika bulegoaren, hots, Eurostaten irizpide eta arauak.

Herri lanen kontzesio-kontratu honek urruneko presentzia du ordenamendu juridikoan nahiz eta bere baliagarritasun handiena berriki antzeman den, Estatuak maiatzaren 23ko 13/2003 Legea promulgatu duenean (herri lanen kontzesio-kontratua arautzen duen legea), lege honek arau-multzo zabala bildu baitu, nahiz eta garapena beharko duten bestelako arau batzuen bitartez. Arau-multzoa ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Administrazio publikoen kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginean sarturik dago. Foru Komunitatean, bestetik, badugu halako kontratuaren berri, Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 15.artikuluan ageri baita, bai eta foru lege haren zenbait agindutan ere, nahiz eta ez duen kontratu hori modu sistematikotzat aintzat hartzen.

Horregatik, eta aurreko paragrafoan aipatutako arauetan, estatukoetan zein Foru Komunitatekoetan, egiten den erregulazio orokorretik abiatuta, beharrezkotzat jo da foru lege bat onestea, zeinaren bidez bultzatzen baita Nafarroako Ubidearen inguruko lurrak ureztalur bihurtzea, erabat edo partzialki, herri lanen kontzesio-kontratu batez baliatuz, Nafarroako Gobernuak programatutako erritmoen arabera. Foru lege hau garrantzitsua da oso, solemnitate osoz onartzen baita Nafarroaren geroko garapenarentzat munta handikoa den azpiegitura bat bultzatzeko. Lege honek, bestetik, segurtasun juridiko handiena ematen die aipatu kontratua prestatu, esleitu eta betearazi behar duten subjektu guztiei.

Horretaz gainera, foru lege honek honakook arautzen ditu: jarduketa honen araubide juridikoa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta Riegos del Canal de Navarra S.A. sozietate publikoaren arteko harremanak, herri lanaren kontzesio-kontratua, azpiegituren entrega eta obrak egiteko behar diren okupazio eta zortasunak. Halaber, gai hauei buruzko xedapenak ere biltzen ditu: azpiegituren erabiltzaileekiko lankidetza, Ureztatzaileen Komunitateen ordenantzetan kontzesio-hartzaileari ustiapen-kanon bat ordaindu behar zaiola jaso beharra, eta ureztaketa abian jartzeko aitorpena.

Foru lege honek ezartzen du Riegos del Canal de Navarra S.A. sozietate publikoa izanen dela obraren kontzesio-emailea. Erabaki honek, lehenik eta behin, sozietate horren izaera du oinarri, tresna eta zerbitzu teknikoa baita Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarentzat, bere ordenamendu juridiko berariazkoaren arabera. Bestetik, mota honetako sozietateek, kontratuei buruzko Nafarroako eta Estatuko ordenamenduan, kontrataziorako duten ahalmenean dago oinarritua erabakia, ez baitago debekatua inondik inora kontratazio hori herri lanen kontzesio-kontratura hedatzea. Azkenik, sozietate hori erabiltzeko erabakiak kontratuen garapena erraztu dezake, deusetan ukatu gabe ahalmen administratiboez baliatzea Foru Komunitateko administrazioari dagokiola espresuki.

Bestetik, eta orain eraiki eta ustiatu nahi diren azpiegituren erabiltzaileek garatu beharreko jarduketa multzoarekin izan beharreko afekzio eta inplikazioaren ondorio gisa, Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitatearekin harreman bereziak agintzen ditu foru lege honek.

Komenigarria da gehitzea kontratu hau erabiltzeak ez duela behartzen aldez aurretik Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitatearekin inolako itunik sinatzera, Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 68.3 artikuluan, bestela, aginduko lukeen bezala, Ureztatzaileen Komunitatearen Ordenantzetan jasoa baitago aukera hori. Sektoreko ureztatzaileen edozein komunitatek, Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitatean sartzeko, ezinbestekoa du, bestetik, obren exekuzioa herri lanen kontzesio-kontratu bidez onartzea eta behar den kontratua izenpetzea hala kontzesio-hartzailearekin nola ureztatzeko ura ematen duen sozietatearekin, hots, Canal de Navarra S.A. enpresarekin. Nolabait esanda, martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen ondoriozko alde biko hitzarmenaren ordez, foru lege honek behin betiko ezartzen duen kontratuaz baliatzeko aukera onartzen dute erabiltzaileek.

Foru lege hau Nafarroako Foru Komunitateak herri lanen, kontratuen eta nekazaritzako kontzesio administratiboen arloan dituen eskumenez baliatuz onesten da, hots, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.2, 49.1.d) eta 50.1.a) artikuluetan bildutako eskumenez baliatuz.

1. artikulua. Xedea.

1. Foru lege honek Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko interes orokorreko azpiegiturak eraiki eta ustiatzeko araubidea ezartzea du xedea.

2. Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresari dagokio azpiegitura horiek eraiki eta, bidezkoa bada, ustiatzea, betiere foru lege honek ezarritako moduan.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Azpiegitura hauen eraikuntza eta ustiapena herri lanen kontzesio kontratuaren bitartez eginen dira osorik eta partzialki, betiere Nafarroako Gobernuak finkatzen dituen denbora-programazioaren eta parametro tekniko eta ekonomikoen araberakoa.

Kontzesio kontratua herri lanen kontzesio kontratuak arautzen dituen araudiari loturik eginen da.

Kontzesioaren xede diren kontratuen gehieneko epea 30 urtekoa izanen da.

2. Obrak herri lanen kontzesio kontratu bidez egiten ez badira, Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritakoari lotuko zaizkio.

3. Nolanahi den, 1/2002 Foru Legeak partikularrei eta Ureztatzaileen Komunitateei ezartzen dizkien ekarpen ekonomikoak exijitzen ahalko dira. Ekarpen horiek Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresari eginen zaizkio, dirua sozietate horren kontu batean sartuz.

3. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresaren arteko harremanak.

1. Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko azpiegiturak eraiki eta ustiatzearren Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresak ezarritako harremanak, herri lanen kontzesio kontratu bidezkoak, baldintza hauei loturik egonen dira:

a) Kontratazioa Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresak eginen du, kontzesio-emailea izanen baita.

b) Herri lanen kontzesio kontratua erregulatzen duen araudian bildutako ahalmen administratiboak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren esku egonen dira.

c) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak aurrekontuetako fondo publikoen ekarpena eginen du, baita ekonomiko ez den ekarpena ere, herri lanen kontzesio kontratuaren ondoriozko konpromisoak bete daitezen. Ez da aplikatuko Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 41.3 artikuluan ezarritako denbora-muga, aurrekontuetako fondo publikoen ekarpenaren ondorioetarako.

d) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa kontzesio-emaile gisara subrogatuko litzateke baldin eta Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresak bere nortasun juridikoa galduko balu edo deuseztatuko balitz, edo bere helburua aldatuko balu jarduketa honekin bateraezin bihurtzeraino, edo kontzesio-emaile moduan jarraitzeko edozein traba sortuko balitz.

2. Harreman hauek finkatzeko, hitzarmen bat sinatuko dute Nafarroako Gobernuak eta Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresak.

4. artikulua. Herri lanen kontzesio kontratua.

1. Herri lanen kontzesio-kontratuaren xedea Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko interes orokorreko azpiegiturak eraiki eta ustiatzea da. Nafarroako Ubidetiko hartuneetatik ureztaketa unitateak hornitzen dituzten ur-hartuneetarainoak dira azpiegitura horiek. Kontzesio-kontratua sinatzerakoan Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarrian eginak dauden edo egiten ari diren azpiegiturei dagokienez, kontratuak ustiapenerako baizik ez du balioko, kontzesio-epea bukatu arte betiere. Ureztaketa unitateen barrenean egiten diren obrak ez dira kontzesio-kontratuaren xede izanen, nekazaritzako interes pribatua baitute.

Aurreko paragrafoan adierazitako ondorioetarako, ustiapenak elementu hauek hartuko ditu: obra eta instalazioak egitea eta haien mantentze-lana, kontserbazioa eta berrezarketa, kontratua bukatu bitartean, hori dena kontratuan berean adierazitako moduan.

2. Kontzesio-hartzaileak eskubidea izanen du herri lana ustiatzeko eta kontzesioaren denboran kontratuan aurreikusitako diru-ordaina jasotzeko, honako paragrafo honetan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ustiapen fasean eta kontzesio-hartzaileak egiten duen inbertsioaren eta azpiegituren ustiapen-kostuen ordain gisa, Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresak zenbait diru kopuru emanen dizkio kontzesio-hartzaileari. Kopuru horiek zenbait aldagairen arabera erabakiko dira: eremu ureztagarriko kontsumoak, herri lanaren kudeaketaren kalitate helburuen parametroak eta ureztatzeko uraren kudeaketa egokiaren parametroak. Hori dena kontratuan zehaztuko da, betiere arrisku eta mentura printzipioak errespetatuz. Ondorio horietarako, foru lege honen 3. artikuluak aipatzen duen aurrekontua jarriko da Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresaren esku.

Halaber, aipatu enpresak kontzesio-kontratuan ezartzen den kanona kobratuko die Ureztatzaileen Komunitateei.

4. Kontratua, errentagarritasun ekonomikoa edo soziala dela-eta, diruaz bestelako fondo edo ekarpenak ezartzen ahalko ditu, deusetan ukatu gabe, nolanahi ere, kontzesio-hartzaileak hartzen duen arriskuaren mantentzea. Halaber, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarrian lehendik eraikitako azpiegitura eta instalazioak erabiltzen uzten ahalko zaio kontzesio-hartzaileari, ustiapenera bil ditzan.

5. Kontzesio-hartzaileak arriskuok hartzen ditu: eraikuntza, eremu ureztagarriaren eskaera eta azpiegitura erabiltzeko baldintza egokietan edukitzea.

Erabiltzeko baldintza egokietan izateko arriskua loturik egonen da herri lanaren kudeaketaren kalitatearekin eta ureztatzeko uraren eskaeraren kudeaketa egokiarekin. Horretarako, foru lege honen 4.3 artikuluan aipatzen diren kalitate parametroak aplikatuko dira. Haiek lortu ezean, automatikoki eta nabarmen murriztuko zaizkio dirusarrerak, kontratuan ezartzen den moduari eta baldintzei jarraikiz.

5. artikulua. Azpiegiturak noiz eta nola eman.

1. Sektore bakoitzeko obrak bukaturik, obraren egiaztapen akta bat sinatuko dute kontzesio-hartzaileak eta Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresak. Aktaren sinadura da kontzesio-hartzailearentzat azpiegitura ustiatzen hasteko epearen hasiera. Egiaztapen partzialen aktak egiteko baimena eman liteke baldin eta Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresaren ustez teknikoki bermatuta badago azpiegituren erabilera.

2. Kontzesio-epea bukatzean Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresak obrak onartu eta Foru Komunitateko administrazioari emanen dizkio. Honek, azkenik, haietaz baliatuko diren Ureztatzaileen Komunitateei.

3. Foru Komunitateko administrazioak egindako azpiegiturak Ureztatzaileen Komunitateei ematea salbuetsirik geldituko da Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergatik.

Foru lege honetako 2. artikuluko 3. idatz-zatiak aipatzen dituen ekarpenak aurreko paragrafoan adierazitako entregaren aurretiko ordaintzat hartuko dira.

6. artikulua. Okupazioak eta zortasunak.

1. Aldi baterako okupazioa eta zortasun iraunkorren sorrera Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 66. artikuluan ezarritako moduan eginen dira.

2. Desjabetzapenik egin beharko balitz, martxoaren 16ko 7/1999 Foru Legeari lotuko zaio (Nafarroako Foru Komunitateko Ureztatze Planean sartutako ureztaketetako jarduketa eta obrei buruzko foru legea). Foru Komunitateko administrazioak bere gain hartuko ditu desjabetzapenen ondoriozko gastuak.

Lehen xedapen gehigarria. Azpiegituren erabiltzaileekiko elkarlana.

Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresak, une oro, Nafarroako Ubidearen eremu ureztagarriko azpiegiturak eraikitzeko, ustiatzeko eta administratzeko jardueren berri emanen dio Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitateari.

Bigarren xedapen gehigarria. Ureztatzaileen Komunitateen ordenantzak.

Ureztatzaileen Komunitateen ordenantzetan jasota egonen da komunitate horiek behartuta daudela kontzesio-hartzaileari ustiapen-kanon bat ordaintzera. Kanon horren bitartez estaliko dira kontzesio-hartzaileari ustiapenak sortzen dizkion gastuak. Kanonaren mugak eta ordaintzeko modua kontzesio-kontratuan finkatuko dira.

Hirugarren xedapen gehigarria. Ureztaketa abian jartzeko aitorpena.

Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresak eta kontzesio-hartzaileak obren egiaztapen osoaren edo partzialaren akta sinatuta, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak ureztaketa abian jartzeko aitorpena eginen du. Ureztaketa abian jartzeko aitorpenak banakako ustiapen tekniko eta ekonomikoa izan dezaketen unitateen multzo bat hartuko du. Ez da beharrezkoa izanen ureztaketa-sektorearen eremu ureztagarri oso-osoa hartzea.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2005eko azaroaren 22an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea