2816/1982 Errege Dekretua, Polizia Erregelamendu Nagusia

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

Abuztuaren 27ko 2816/1982 Errege Dekretua, jendaurreko ikuskizunetarako eta jolas-jardueretako Poliziaren Erregelamendu Nagusia onartzen duena.

267. BOE, 1982ko azaroaren 6koa.

Barne Ministerioa

Zalantzarik gabe, ikuskizunetarako Poliziaren erregelamendu berria emateko premia eta abagunea begi bistakoak dira; izan ere, 45 urte baino gehiago igaro dira indarrean dagoena onartu zutenetik (1935eko maiatzaren 3koa, hain justu), eta urte horietan guztietan nabarmen aldatu dira ikuskizunetako arazo nagusiak, ikuskizunak jasotzen dituen gizartearen kezkak eta jarrerak, bai eta ikuskizunei loturiko interes orokorra zaintzeaz arduratzen diren administrazio-egiturak ere.

Hala, 1935az geroztik arau ugari argitaratu dira eta aldaketa asko gertatu da, eta, gobernuaren aburuz, atzeraezina eta behar-beharrezkoa da lege formalen mailako hainbat xedapenetatik eratorritako gobernu-agintarien eskumenak –jendaurreko ikuskizun eta gainerako jolas-jardueren esparruan ordena publikoa zaindu eta pertsonak eta ondasunak babesteari dagozkienak– arautzen dituzten aginduak eguneratzea eta lehen aipatutako arauetara eta aldaketetara egokitzea.

Erregelamendu berria, bere izenak dioen bezala, ez da inola ere irteten herritarren segurtasunaren esparrutik eta zehatz-mehatz errespetatzen ditu ministerioetako sailei, autonomia-erkidegoei eta udalei dagozkien eskumenak; erakunde horien guztien aginpideak espresuki gordetzen dira, oro har, lehen artikuluan, eta modu zehatz eta berezian erregelamenduko artikuluetako beste arau batzuetan.

Arautu beharreko esparru materialak zehatza izan behar duela uste izan da, eta, jendaurreko ikuskizunak ez ezik, gainerako jolas-jarduerak eta establezimendu publikoak ere bildu behar dituela. Halaber, zenbait salbuespenetan izan ezik, erregelamendu berriak funtsean alderdi juridiko garbiak eta orokorrak bakarrik arautu behar dituela iritzi diogu; hala, erregelamendu berria oinarrizko esparru izango da ikuskizun edo ikuskizun multzo zehatzei dagozkien eta bereziki eduki teknikoa duten erregelamendu berezientzat; hau da, maila apalagoko xedapenen bitartez promulgatutako eta, beraz, teknika bakoitzaren etengabeko erritmoaren arabera gai bakoitzaren izaerari eta mugikortasunari egokitutako erregelamendu berezientzat.

Hori dela-eta, barne-ministroak proposaturik, Estatu Kontseiluaren esanak entzunik eta Ministro Kontseiluak 1982ko abuztuaren 27ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau xedatu dut:

Artikulu bakarra.

Onarturik gelditu da ikuskizunetarako eta jolas-jardueretako Poliziaren Erregelamendu Nagusia, hurrengo orrietan zehaztuta bezala.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bat.

Indargabeturik geldituko da 1935eko maiatzaren 3ko jendaurreko ikuskizunetarako Poliziaren Erregelamendua, bai eta honako erregelamendu honen maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak ere, erregelamendu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren heinean.

Bi.

Hainbat motatako ikuskizunen eta jolas-jardueren erregelamendu bereziek zehatz-mehatz finkatuko dituzte aurreko paragrafoaren eta bere arauen arabera indargabeturik geldituko diren xedapenak.

Mallorcako Palman emana, 1982ko abuztuaren 27an.- JUAN CARLOS E.

Barne ministroa

JENDAURREKO IKUSKIZUNETARAKO ETA JOLAS-JARDUERETAKO POLIZIAREN ERREGELAMENDU NAGUSIA

AURKIBIDEA

Atariko xedapena: Aplikazio-esparrua.

I. titulua:

Jendaurreko ikuskizunetarako eta jolasetarako erabiltzen diren lekuak, esparruak eta instalazioak.

I. kapitulua:

Estalitako eraikinak eta aretoak.

Lehen atala:

Eraikinak eta aretoak ikuskizunetarako eraikitzeko edota egokitzeko eska daitezkeen baldintzak eta betebeharrak.

Bigarren atala:

Mota guztietako eraikin eta areto estalietako argiak, berokuntza eta aireztapena.

Hirugarren atala:

Suteen aurkako neurriak.

Laugarren atala:

Auto-babesa.

II. kapitulua:

Kirol-zelaiak, esparruak eta behin-behineko instalazioak.

Lehen atala:

Areto irekiak eta aire zabaleko ikuskizun edo jolasetarako esparruak.

Bigarren atala:

Behin-behineko areto edo instalazio eramangarri edo desmuntagarriak.

III. kapitulua:

Eraikitzeko edo eraberritzeko lizentziak, eta irekitzeko lizentziak.

Lehen atala:

Eraikuntza berriko lanak eta egokitze edo eraberritzeak.

Bigarren atala:

Aretoak edo esparruak jendearentzat irekitzea eta behin-behineko instalazioak abian jartzea.

II. titulua:

Ikuskizunen eta jolas-jardueren antolaketa.

IV. kapitulua:

Ikuskizunetan edo jolas-jardueretan parte hartzen duten pertsonak.

Lehen atala:

Enpresa eta enpresako langileak.

Bigarren atala:

Antzezleak, kirolariak eta jolas-jarduera gauzatzen duten gainerako kideak.

Hirugarren atala:

Ikusleak, bertaratuak, erabiltzaileak eta ikus-entzuleak oro har.

V. kapitulua:

Ikuskizunak.

Lehen atala:

Kartelak edo programak.

Bigarren atala:

Sarrera-salmenta.

Hirugarren atala:

Ordutegiak.

Laugarren atala:

Debekuak eta bertan behera uzteak.

VI. kapitulua:

Gobernuko agintarien esku-hartzea.

Lehen atala:

Gobernuko agintarien eskumenak.

Bigarren atala:

Ikuskizunetarako eta jolas-jardueretako Poliziaren Aholku Batzorde Nagusia.

Hirugarren atala:

Jolas-jardueren zainketa berezia.

Laugarren atala:

Arau-hausteak eta zigorrak.

Eranskina:

Izendegia.

ATARIKO XEDAPENAK

Aplikazio-esparrua

1. artikulua.

Erregelamendu honetako arauak eranskinean aipatutako eta jendearentzat antolatutako ikuskizun, kirol, joko, jolas-eta establezimenduetan ezarri ahal izango dira, bai eta antzeko ezaugarriak dituzten gainerako jardueretan ere, kontuan hartu gabe publikoak edo pribatuak diren, edota irabazi asmorik duten ala ez.

Lehendabiziko tituluko I. kapituluaren lehen ataleko aginduak, bereziki ikuskizunetarako erabiliko diren aretoak eraiki edo eraldatzeko baldintzak arautzen dituztenak, erregelamendu berezien bitartez egokituko dira jendaurreko establezimendu eta gainerako jolas-jardueren eskakizunetara, antzeko printzipio eta helburuei loturik.

Erregelamendu hau eranskinean aipatutako jardueraren baten edo jarduera guztien inguruan emandako xedapen berezien osagarri modura ezarriko da, higienea, osasun publikoa eta herritarren segurtasuna bermatzeko, haurrak eta gazteak babesteko eta, oro har, ikus-entzuleen interesak defendatzeko, bai eta suteei eta bestelako arrisku kolektiboei aurrea hartzeko ere.

Erregelamendu honetan jendaurreko ikuskizun eta jolasetan erabiltzen diren leku, esparru eta instalazioetarako ezarritako baldintzek ez dituzte galaraziko ministerioetako sailek, autonomia-erkidegoek edota udalek beren eskumenak erabiliz ezar ditzaketen gainerako eskakizunak.

LEHENDABIZIKO TITULUA

Jendaurreko ikuskizunetarako eta jolasetarako erabiltzen diren lekuak, esparruak eta instalazioak.

LEHEN KAPITULUA.

Estalitako eraikinak eta aretoak

LEHEN ATALA.- ERAIKINAK ETA ARETOAK IKUSKIZUNETARAKO ERAIKITZEKO EDOTA EGOKITZEKO ESKA DAITEZKEEN BALDINTZAK ETA BETEBEHARRAK

2. artikulua.

Jendaurreko ikuskizunetarako eraikin eta areto guztiak eraikitzeko garaian, kontuan hartu beharko da fatxadek ibilgailuen zirkulaziorako egokiak diren bide publiko edo eremu irekietara irteerak izan beharko dituztela, eta horien gutxieneko kopurua eta zabalera, normalean fatxadaren erdigunetik neurtutakoa, honako hauek izango dira:

Edukiera 300 lagun baino gehiagokoa ez denean, fatxadak eta irteerak zazpi metro zabal duen bide publiko edo eremu ireki batera emango du.

Edukiera 300 eta 700 lagun bitartekoa denean, fatxadak eta irteerak 12,50 metro zabal duen bide publiko edo eremu ireki batera emango du.

Edukiera 700 eta 1.500 lagun bitartekoa denean, fatxadak eta irteerak gutxienez zazpi metro zabal eta orotara 30 metrotik gorakoa izango den bi bide publiko edo eremu irekietara emango du.

Edukiera 1.500 lagunetik gorakoa denean, fatxadak eta irteerak bi bide publiko edo eremu irekietara emango du, edo bi baino gehiagotara; gutxienez 12,50 metro zabal beharko dute eta, zabalera osoari dagokionez, 1.500 lagunetik gora edukiera 100 pertsona handitzen den bakoitzean metro bete gehiago erantsi beharko zaie aurreko 30 metroei.

Nolanahi ere, eraikineko edo aretoko irteerak bide publikoen edo eremu irekien artean banatuko dira, eta honako baldintza edukiko dute: bide edo eremu bakoitzerako irteeren kopurua eta neurriak eta bide edo eremu horien zabalera zuzenki proportzionalak izango dira.

3. artikulua.

Eraikinak edo aretoak bide publikora edo eremu irekira zuzenean irteteko izan behar duen ate kopurua eta eraikinak har dezakeen ikus-entzule kopurua proportzionalak izan beharko dira.

Zabalean gutxienez 1,20 metro beharko ditu.

Edukiera 50 pertsonatik gorakoa denean, 250 pertsonako 1,80 m-ko zabalera duten irteera-ateak izango ditu, eta 250 pertsonaren zatikiek proportzio hori gorde beharko dute.

Debekatua dago jendaurreko ikuskizunetarako erabiltzen diren aretoetako ateen aurrean ibilgailuak aparkatzea, eta ondo ikusten diren errotuluen bidez adierazi beharko da aparkatzeko debeku hori.

Era berean, debekaturik dago ate horien inguruan merkantziak edota bestelako edozer gauza uztea.

Sarrerarako, lehen aipatutako ate bat edo bi ireki ahal izango dira eta gainerakoak «izuaren aurkako» segurtasun-burdineriaz edo sarrailaz bakarrik itxi beharko dira; segurtasun-burdineria edo sarraila horiek bildutako edonork erraz erabiltzeko moduko garaieran ipini beharko dira, alarmak joz gero ateak berehala ireki ahal izateko.

Ate horiek irteera aldera irekiko dira eta, oro har, halaxe irekiko dira eraikineko ate guztiak ere, palkoetatik korridoreetarako ateak izan ezik; horiek palkoen barru aldera ireki ahal izango dira, korridoreetako joan-etorrietarako eremua inondik inora oztopa ez dezaten, ezta zatirik ñimiñoenean ere.

Ateak hustuketa-bideen kanpoaldera irekitzen diren guztietan, ateak ireki ahal izateko adina handitu beharko da bide horien zabalera.

Larrialdi-ateak aretoaren barruan egongo dira, ohiko ateetatik aldendurik; saihestekoa izango da aretora sartzeko atondoan bertan bi motatako ateak batera ipintzea.

Larrialdi-ateak behar bezala erabiltzeko moduan egongo dira beti eta aretoak lanean ari direnean arauzko sarrailaz bakarrik itxi ahal izango dira; ate horietako seinaleztapen- eta larrialdi-argien instalazioa egoera onean eduki beharko da, eta ate horietara heltzeko korridoreak inolako oztoporik gabe egongo dira beti.

Kanpora irteteko diren ateek eta barne-pasabideak, korridoreak, eskailerak, atondoak, eta gainerakoak ixten dituztenek goiko aldea gardena izan beharko dute, jendeari irteterakoan nondik nora joan laguntzeko.

Ateen gainean «irteera» edo «larrialdi-irteera» adierazpenak ere ipini beharko dira, dagokienaren arabera, ondo ikusteko moduko letrak erabilita eta seinaleztapen- eta larrialdi-argietako lanparen bidez argiztatuta.

Suhiltzaileak sartzeko, aparteko sarrerak ipiniko dira fatxadetan; sarrera horiek adreilu arinez edo antzeko osagaiez eginiko paretak izango dituzte, eta solairuen sarreran, kanpoaldean nahiz barrualdean ondo ikusteko moduko argibideak eduki beharko dituzte.

Solairuetara heltzeko, eskailera bertikalak edo hormetan sartutako burdinak ipiniko dira fatxadetan, lehen solairuaren paretik hasita.

Ate kopurua zehazteko, kontuan izango da eraikinak edo aretoak sarbide osagarririk ba ote duen (zerbitzu publikoko lurpeko galeriak, esaterako), horietako bakoitza sarbide osagarritzat hartuko baita.

Ibilgailuentzako sarrerarik izanez gero, gainerako sarreretatik apartekoa izango da.

4. artikulua.

Bide publikotik edo eremu irekitik areto edo esparru nagusira arteko sarreretan eta beste solairu guztietan atondoak ipiniko dira, solairu bakoitzean sar daitezkeen ikus-entzuleen edo jende kopuruaren araberako azalera –sei lagun bakoitzeko metro koadro bat– izango dutenak.

Galarazita egongo da atondo horietan, korridoreetan eta gainerako hustuketa-bideetan, aurreko paragrafoan adierazitako eremuak murriztu edo estutuko dituzten erakusmahaiak, kioskoak, lore edo egunkari saltokiak, zuresiak eta, oro har, altzari edota oztopoak ipintzea.

Atondoetan eraikineko solairu bakoitzaren edukieraren neurriko jantzizaindegiak ipini ahal izango dira.

5. artikulua.

Eskaileren zabalerak eserleku kopuruen eta solairuen araberakoak izango dira; gutxienez 1,80 metroko zabalera librea izan beharko dute, eskudelen, baranden edota hormen artean.

Eserlekuak leku garaietan dituzten eraikinak edo aretoak direnean, edo kaleko sestraren azpitik badaude, goialdeko eserleku horietara joateko aparteko bi eskailera eraikiko dira, sarrerako atondoen alboetan ipinita.

Goialdeko eserleku kopurua 500 ikus-entzuletik gorakoa ez denean, bi eskailera horiek gutxienez 1,80 metro izango dute zabalean, eta, edukiera handiagoa bada, eskailera 0,60 metro zabalagoa izango da 150 ikus-entzulerentzako tokia handitu ahala.

Aretoa kaleko sestraren azpitik badago, bertara sartzeko eskailerak eta larrialdietakoak 1,20 metro eduki beharko dute zabalean gutxienez, edukiera 250 lagunetik gorakoa ez bada.

Edukiera handiagoa bada, eskailerek 0,60 metro zabalago izan beharko dute edukiera 150 lagun handitu ahala; sarrerako eta irteerako ateei buruz xedatu edo agindutakoaren arabera betiere.

6. artikulua.

Ikusleentzako eskailera guztiak zuzenean loturik egongo dira kale aldera ematen duten atondoekin, goialde luzeko tarte lauak izango dituzte gutxienez tarte horien zabalera bereko solairu bakoitzeko eskailera-buruetan, eta tarte horien zabalera bereko ateen bitartez komunikatuko dira solairu bakoitzarekin.

Hala ere, onartuko dira gutxienez 28 zentimetroko maila-gaina duten eskailera makotuak, barne-muturretik 50 zentimetrora neurtuta eta maila-gain horrek 42 zentimetro baino gehiago neurtzen ez baditu kanpoko ertzean.

Eskailera-buruetako angeluak biribildu egingo dira.{Kurbaren erradioak, berriz, eskailerak duen zabaleraren adinako luzera izango du.

Eskaileretako hormetan eskudelak ipiniko dira.

Erdian ere ipini beharko dira eskudelak, baldin eta eskailerak 2,40 metro edo gehiago baditu zabalean.

Eskailera-atal bakoitzak gehienez ere hamazortzi maila izango ditu, eta gutxienez hiru.

Maila bakoitzak ez du 17 zentimetro baino gehiago edukiko garaieran, eta maila-gaina ez da 28 zentimetro baino laburragoa izango; labaintzeak eragozteko banda bat ere eduki beharko dute ertzean.

Sarbiderako baoren bat edo eskailera-zuloren bat izanez gero, gutxienez metro beteko eskailera-barrena edo eskailera-burua izan beharko du eskailera-zuloaren eta lehen mailaren artean.

Altuerak malda bidez gaindituz gero, malda horien inklinazioa ez da % 12 baino handiagoa izango.

7. artikulua.

Igogailuak ipini behar direnean, indarrean dagoen igogailuei buruzko araudiak ezarritako baldintzak betetzeaz gain, ez dira inoiz eskailera-zuloetan ipiniko, baizik eta eskailera-zuloetatik erabat aparte, nola eta ez dauden baoak behar bezala banaturik eta suari aurre egiteko modukoak ez diren.

Horma erregaitzez itxirik eta isolatuta geldituko dira, suaren kontrako ateak eta beira-ate armatuak dituztela.

Igogailuetako kabinak eta kabina horien eremuak, etenaldi edo matxuraren bat izanez gero ikus-entzuleak modu errazean ateratzeko edo ateratzen laguntzeko moduan ipiniko dira.

8. artikulua.

Solairu bakoitzeko zerbitzurako kanpoko korridoreak 1,80 metro zabal izango dira gutxienez.

Korridore horiek 500 ikus-entzulek edo bertaratuk baino gehiagok erabili behar badituzte, 0,60 metro zabalago izango dira ikus-entzule kopurua 250 lagunean edo zatikian handitu ahala.

Debekaturik egongo da korridoreetan eta aretoetan mailak ipintzea, eta mailen arteko aldeak 6.6 artikuluan ezarritakoa beteko duten aldapen bidez gaindituko dira.

Ez da onartuko jendea irteteko lekuetan irudiak islatuz ohiko irteera eragotz dezaketen ispiluak edo plakak ipintzea, ezta erosotasunez ibiltzea galaraz dezaketen altzari edo osagarriak jartzea ere.

Debekaturik dago, era berean, ateen baoa estutu dezaketen edo jendeari eroso ibiltzea galaraz diezaioketen eragin bikoitzeko ate gidaridunak, danbor birakariak, bionboak, manparak edo bestelako konponbideak ipintzea ere.

9. artikulua.

Armaduretako, teilatuetako eta solairuarteetako materialak, bai eta horma banatzaile eta kareletakoak ere, mota honetako eraikinetarako egokiak izango dira, indarrean dauden Oinarrizko Eraikuntza Arauetan eta bereziki «Eraikinetako Suteen aurkako Babes Baldintzetan» ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.

Jendaurreko ikuskizunetarako erabiliko diren aretoen gutxieneko garaiera librea 3,20 metro izango da, aretoaren zorutik sabairaino neurtuta.

Aretoko lekuren batean osagai mailadunak edo apaingarriak egoten badira, osagai horien garaiera librea ez da inola ere 2,80 metro baino txikiagoa izango.

Ikus-entzuleak edo jendea hartzeko erabiltzen diren aretoen edukiera kubikoa ez da, oro har, lau metro kubikokoa baino txikiagoa izango pertsonako; nolanahi ere, areto bakoitzeko aireztapen-baldintza nagusietara eta aretoan egiten diren ikuskizun edo jolas-motetara egokituko dira kasu bakoitzean.

11. artikulua.

Aretoaren edukiera 1.000tik gorakoa izan edo 100 lagun edo ikus-entzuletik gora daudenean, behar bezala hornitutako erizaindegia edo botika-kutxa izan beharko da hurrenez hurren, bat-bateko istripu edo gaixotasunen bat gertatuz gero lehen laguntza eman ahal izateko.

Erizaindegi eta botika-kutxa horiek indarrean dauden osasun-xedapenen arabera egongo dira kokaturik, eta dagozkien langilez, sendagaiz eta materialez horniturik egongo dira.

Erizaindegiaren ordez, botika-kutxa eta behar izanez gero bere lana egiteko prest egongo diren anbulantziak eduki ahal izango dira.

Zezenketak eta bereziki arriskutsuak diren bestelako jolas-jarduerak direnean, erizaindegiek, botika-kutxek eta anbulantziek izan beharreko langileak, sendagaiak eta materiala era berezian arautuko dira ikuskizun horiei dagozkien erregelamendu berezietan.

12. artikulua.

Solairu bakoitzean pixatokiak, komunak eta eskuak garbitzeko konketak ipiniko dira: lau pixatoki, bi komun eta eskuak garbitzeko bi konketa gizonezkoentzat, eta sei komun eta eskuak garbitzeko bi konketa emakumeentzat, 500 ikus-entzule edo zatiki bakoitzeko; kopuru hori erdira murriztuko da solairu bakoitzean 300 lagun edo gutxiago kabitzen direnean.

Elkarren artean bereizirik dauden gela horiek aretotik behar adina aldendurik kokatuko dira, ongi aireztatutako, argi arruntez eta seinaleztapen- eta larrialdi-argiz argiztatutako eta ur-hustuketa automatikoa duten komun-ontziz eta zoru iragazgaitzez hornitutako eremuetan; hormak, aldiz, iragazgaitzak izango dira eta beiraztatutako lauzaz estalirik egongo dira bi metroko garaierara arte gutxienez.

BIGARREN ATALA.- MOTA GUZTIETAKO ERAIKIN ETA ARETO ESTALIETAKO ARGIAK, BEROKUNTZA ETA AIREZTAPENA.

Argiztapena

13. artikulua.

Argiztapen elektrikoa ezinbestekoa izango da jendaurreko ikuskizun eta jolasetarako eraikin eta areto guztietan; ezohiko kasuetan eta azokak, berbenak edota behin-behineko instalazioak direnean, bestelako argiztapen sistemak ere baimendu ahal izango dira, udal agintariek izendatutako zerbitzu teknikoen aldez aurreko txostenarekin, horiek zehaztuko baitituzte pertsonen segurtasuna arriskuan ipini gabe argiztapen egokia lortzeko bete beharreko baldintzak.

Ikus-entzuleak hartzen dituzten aretoek ondo aztertutako argiztapena izango dute, eremu bakar bat ere ilunpean egon ez dadin; hala, zolaren eta zolatik bi metroko plano baten arteko gai guztiek uneoro bost luxeko gutxieneko argiztapena izan beharko dute dantzalekuetan eta hamar luxekoa kafetegi, taberna eta antzekoetan; lux bakar batera ere murriztu ahal izango da argiztapena, baina ikuskizunetako uneetan bakarrik.

14. artikulua.

Energia elektrikoa sortzen edo eraldatzen duten gailuak, halakorik dagoenean, pabiloi bakartuetan edo bereizitako guneetan ipiniko dira, mota horretako instalazioetarako ezarritako xedapenen arabera.

Eroaleak gai isolatzaile eta erregaitzez eginiko hodien barruan ipiniko dira; hodiek, aldiz, hodien barrutik iragan behar duen korrontearen intentsitateari egokitutako sekzioa izan beharko dute.

Debekaturik daude kable esekiak; baina ikuskizunaren edo jardueraren ezaugarriek salbuespen gisa hala eskatuko balute, material isolatzaile erregaitz eta iragazgaitzez estalirik ipini beharko lirateke.

Debekaturik dago burdinazko armadurak edo hodiak

lur modura erabiltzea korrontearen itzulerarako.

Eraikinaren atal guztietan argiak hainbat zirkuitu bereizitan banatuko dira, atal horietako batean matxuraren bat izanez gero, atal guztiak ilunpetan gera ez daitezen.

Zirkuitu horietako bakoitzaren hasieran, eroaleek duten sekzioaren arabera kalibratutako etengailuak eta fusibleak ipiniko dira.

Banaketa-koadroak agertokitik edo zinemetako kabinetatik ahalik eta lekurik aldenduenean ipiniko dira, eta edonola ere jendea egoten den lekutik kanpo.

Argiaren efektuak egokitzeko erabiltzen diren erresistentziek, eta zinemetako kabinetan, proiekzio-linternetan eta arku-lanparetan ipintzen direnek ez dute inolako gai erregairik izango eta modu egokian babestuko dira, lanean ari diren bitartean kalteren bat eragin dezakeen edozer anomalia galarazteko.

Debekaturik egongo da tresna eramangarriak erabiltzea.

Argiztapen-gailuak estaltzeko erabilitako materialak suteei aurre egiteko moduan egokitu beharko dira Industria eta Energia Ministerioak horretarako onartutako gairen bat erabiliz.

15. artikulua.

Ohiko argi elektrikoez gain, ikuskizunetako eraikin eta areto guztietan seinaleztapen-argiak eta larrialdietakoak ipiniko dira; argi horiek, elektrikoak edo beste edozer motatakoak izan daitezke, baina guztiz bazterturik daude likido edo gas sukoiak erabiltzen dituztenak.

Seinaleztapen-argiak pizturik egongo dira beti ikuskizunak irauten duen bitartean eta jendeak aretoa erabat husten duen arte.

Larrialdietako argiek, berriz, ohiko argiek huts egiten dutenean jendea irteteko adinako argia sortuko dute era automatikoan, jendeak nondik atera behar duen adierazita.

Larrialdi- eta seinaleztapen-argiak irteeretako ateen gainean ipiniko dira, eskailera, korridore eta atondoetan.

Aretoko gela osagarrietan ere ipiniko dira.

Aretoko maila bakoitzean seinaleztapen-argiak ipiniko dira –argi bat metro lineal edo zatiki bakoitzeko–, larrialdi-argiekin konektaturik eta maila-gaina argiztatu ahal izateko behar adinako intentsitatea dutela.

Larrialdi-argiek beren energia-iturri propioak izan beharko dituzte elikatzeko.

Energia-iturri hori metagailu-bateriaz edo tresna autonomo automatikoz osaturik dagoenean, kanpoko hornikuntza erabili ahal izango da energia-iturri hori kargatzeko.

Elikatze-iturriaren beraren autonomia gutxienez ere ordubetekoa izango da.

Onartuko dira pilaz edota banakako edo bakartutako metagailuz elikaturiko larrialdi- eta seinaleztapen-argiak, baina argi horien funtzionamendua behar bezala zaindu beharko da, aurreko ataleko baldintza berberak betez.

Argi-zirkuituren bat elikatzeko pilak edo metagailuak erabiliz gero, elektrolitoak ez erasotzeko moduko zorua duten ongi aireztatutako esparru berezietan ipiniko dira, pila lehorrak ez badira behintzat.

Hala dagokionean, pila edo metagailu horien funtzionamendurako behar izango diren azidoak eta gainerako produktu kimikoak giltzapean gorderik edukiko dira leku bereizi batean, eta gai horietatik sortutako urak neutralizatu egin beharko dira estolderiara isuri aurretik.

Seinaleztapen-argiek ohiko horniduraren bidez funtzionatu beharko dute, edo larrialdi-argien iturriak berak sortutakoaren bitartez bestela.

16. artikulua.

Jendaurreko ikuskizun edo jolasak antolatzeko erabiltzen diren areto guztietan, enpresariaren erantzukizuna izango da instalazio elektrikoen isolamendua etengabe egiaztatzea, eta horretarako beharrezko diren azterketak aginduko ditu aldian-aldian.

Berokuntza

17. artikulua.

Jendaurreko ikuskizun eta jolasetarako erabiltzen diren aretoak berotzeko, ur beroa, behe-presioko lurruna edo berokuntza elektrikoa erabili ahal izango dira, horretarako ezarritako baldintzak betez.

Berokuntza-gailuetarako tokiak, aretoarekin eta aretoko gelekin lotura zuzenik izan gabe, oso-osorik sua jasaten duten materialez eginik eta behar bezala aireztaturik dauden esparruetan ipiniko dira.

Erregai-biltegiak, dagokion alderdian egoteaz gain, baldintza berberak bete beharko ditu eta berokuntza-gailuen guneetatik behar bezain aldendurik egongo da.

Hodiak burdinazkoak izango dira, eta erradiadoreak ere bai; erradiadore horiek, jendearen zirkulazioa ez eragozteko moduko tokietan ipiniko dira, edota zoruan edo hormetan txertaturik bestela, saretak zoruaren mailan edo hormen paramentuetan dituztela. Osagarri guztiak ondo garbiturik eta behar bezala funtzionatzen dutela edukiko dira.

Ke-igoerak edo tximiniak ez dira inola ere agertokitik igaroko, ezta biltegi, areto eta jendea igarotzen den lekuetatik ere; horrezaz gain, adreiluzko fabrikaz edo material erregogorrez egingo dira eta garbi eduki beharko dira beti.

Ke-igoerak patioetako batean ipiniko dira, hormetatik bereizirik.

Guztiz debekaturik egongo da eraikinaren edozer eremutan berokuntza zuzenerako sua erabiltzen duten berogailu, bero-ontzi eta gainerako aparatu finko edo mugikorrak ipintzea.

Aireztapena eta aire-girotzea

18. artikulua.

Esparru itxiek haizagailuak, aire-instalazioa eta erauzgailuak izango dituzte areto eta geletan; aretoak 2.000 ikus-entzuletik gorako edukiera duenean, edukiera horren araberako potentzia duen aireztapen artifizialeko sistema bat izan beharko du.

Edukiera edozer izanik ere, aretoak aireztapen artifizialeko sistema bat eduki beharko du, baldin eta bertara sartzeko bidearen sestrapean badago oso-osorik edo neurri batean.

Xedapen Orokorra

19. artikulua.

Atal honetan bereziki aurreikusi gabeko gaietan, jendaurreko ikuskizun edo jolas-aretoetako argiek, berokuntzak, aireztapenak eta aire-girotzeak Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan eta arau osagarrietan xedatutakoa bete beharko dute, bai eta Berokuntza, aire girotze eta etxeko ur beroaren instalazio Erregelamenduan eta bere arau osagarrietan xedatutakoa ere.

HIRUGARREN ATALA.- SUTEEN AURKAKO NEURRIAK.

20. artikulua.

Oihalek, apaingarriek, sokek, zurak eta oro har modu errazean erre daitezkeen gai guztiek, jadanik probatutako eta dagozkien teknikariek onartutako prozedura eraginkor ezagunak jasan beharko dituzte suteei aurre egiteko moduan egokitzeko, harik eta UNE-23-727-80 Arauan ezarritako M-1 maila lortu arte; eta horrela jasota geldituko da ofizialki helburu horretarako homologatutako laborategiak emango duen ziurtagiriaren bitartez.

Ziurtagirian suteei aurre egiteko egokitzapenek igaro beharreko denbora adierazi beharko da, dagokien homologazioa edo, halakorik ezean, ekoizlearen nahitaezko egiaztatze esperimentala aipatuz.{Denbora hori igaro ondoren, hala dagokien materialak aldatu edo berriro suteei aurre egiteko moduan egokitu beharko dira, hala suteei aurre egiteko moduko hasierako egoera berriro lortu edo hobetu ahal izateko.

Erabat debekaturik dago ikuskizun- edo jolas-aretoan bertan suzko gaiak prestatzea.

Petardoak sare metalikozko estalki bakarra duten kaxa itxietan leherraraziko dira; bengala-argiak platertxoen gainean piztuko dira inguruan ura duen ontzi bat dutela, eta ekitaldiek hala eskatzen dutelako artistek zuziak eramaten dituztenean, zuzi horiek guztiz itzalita egon beharko dute geletan edo biltegietan sartu baino lehen; gela edo biltegi horietan su-itzalgailuak eduki beharko dira, larrialdiren bat izanez gero berehala erabili ahal izateko.

21. artikulua.

Jendaurreko ikuskizun edo jolasetarako erabiltzen diren establezimendu guztiek telefono eta txirrin elektrikoak eta alarma-seinalea emateko zerbitzu orokorrarekin konekta daitekeen suteen sistema ohartarazle bat edukiko dituzte, Eraikuntzaren Oinarrizko Arauan «Eraikinak Suteen aurrean Babesteko Baldintzei» buruz xedatutakoa ikusirik, suteen aurkako udal zerbitzuak –edo, halakorik ezean, probintziakoak– eginiko txostenaren arabera.

Areto horiek su-itzalgailuak ere izan beharko dituzte, su-itzalgailu bat 25 metroko eta gutxienez bi su-itzalgailu aretoko eremu bereizi bakoitzean; jendeak ikusteko moduan ipiniko dira, suteen aurkako zerbitzuen ikuskaritzapean eta Eraikuntzaren Oinarrizko Arauan «Eraikinak Suteen aurrean Babesteko Baldintzei» buruz xedatutakoaren arabera.

Su-itzalgailu horiek Industria eta Energia Ministerioak onartutako marka eta ereduetakoak izango dira, eta eskaileretan, agertokietan, oihaltegietan, kabinetan eta gainerako geletan banatuko dira, suteen aurkako zerbitzuaren zuzendaritzak adierazitako lekuetan eta gehienbat leku arriskutsuen sarreretan, kanpoaldean kokaturik.

22. artikulua.

Ikuskizun edo jolasetarako erabiltzen den eraikin edo areto estali bakoitzak suteetako ur-hartuneak izango ditu, eraikineko edo aretoko leku guztietara heltzeko adinako mahuka eta guzti.

Suteen aurkako zerbitzuaren zuzendaritzak azalera guztia hartzeko moduan kokaraziko ditu ur-hartuneak; mahukei dagokienez, 15etik 25 metrora bitartean eduki beharko dute luzeran 45 milimetroko diametroa baldin badute, eta 20tik 25 metrora bitartekoa 25 milimetroko diametroa dutenean.

Suteetako ur-hartune bakoitzeko mahuken luzerak jardun behar den eremua mendean edukitzeko egokiak izango dira, eta ahal den guztietan zerbitzuburuak erabakiko du, halakorik balego.

Suteak Itzaltzeko Zerbitzuak aretoko eta aretoaren instalazioetako plano guztien kopia bat eduki beharko du, bai eta suteei aurre egiteko eta suteak itzaltzeko dituen bitartekoen txosten bat ere uneoro.

25 metro baino garaiera handiagoko eraikinetan eta edonola ere zerbitzu teknikoek adierazitako lekuan sare publikoak behar adinako hornidura ematea bermaturik ez badago, derrigorrezkoa izango da gutxienez ur-andela bat ipintzea, bai eta zerbitzu tekniko horiek aretoak dituen garaieraren, edukieraren eta erabileraren arabera egoki iritzitako ihinztagailu eta zutabe lehorrak ipintzea ere.

Era berean, zerbitzu horiek erabakiko dute ikuskizun-aretoek –ikuskizunetarako bakarrik erabiltzen diren eraikinetan egonik, eraikin horietan; edota etxebizitzetara eta bestelako xedeetara zuzendutako eraikinetan egonik, eskura dituzten baliabideekin eskumenean izan dezaketen goiko solairuetan– izan behar dituzten kanpoko larrialdi-eskaileren edo bestelako hustuketa-bitarteko berezien kopurua, lekua eta baldintzak ere.

Uraren hoditeria nagusia eta ur-hartuneak herri bakoitzeko zerbitzu orokorraren diametro eta sistema berekoak izango dira.

Ur-hartuneek manometroak izango dituzte.

Era berean, dagokion manometroa izango duen hoditeria nagusiko sarrerak ere funtzionamendu bera izango du ekitaldi guztian, une oro hura ikusteko modua izateko.

500 metro koadro baino azalera txikiagoa duten establezimendu publikoei ezin eskatu ahal izango zaie artikulu honetako xedapenak betetzea, ezta aurreko artikuluko 1. paragrafoko xedapena betetzea ere.

23. artikulua.

Atal honetan bereziki aurreikusi ez diren gaietan, Eraikuntzaren Oinarrizko Arauan «Eraikinak Suteen aurka Babesteko Baldintzei» buruz modu orokorrean xedatutakoa ezarriko da.

LAUGARREN ATALA.- AUTO-BABESA

24. artikulua.

Ikuskizun-areto guztien titularrek larrialdietarako plan bat eginik eta auto-babesa antolaturik eduki beharko dute, Babes Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren proposamenez eta ikuskizunetarako eta jolas-jardueretarako Aholku Batzorde Zentralaren aldez aurreko txostenarekin, Barne Ministerioak onartuko duen Oinarrizko Arauaren arabera, eskura dituen bitartekoen bidez ezbeharrei aurre hartuko zaiela eta ezbehar horien kontrolean berehala esku hartuko dela ziurtatzeko.

25. artikulua.

Aipatutako oinarrizko arauak gutxienez honako hauek ukituko ditu:

Aretoaren kokapena, egitura, instalazioak, edukiera eta eginkizuna edo erabilera kontuan izanik, aurreikus daitezkeen arriskuak zehazteko eta sailkatzeko argibideak.

Aretoak dituen baliabide pertsonal eta materialak erabiliz auto-babesa antolatzeko irizpideak, buruzagitza, zerbitzu eragileak eta koordinazio-batzordea –buru nagusiak eta zerbitzuetako zuzendariek osatutakoa– oinarritzat harturik.

Larrialdietarako planak, berriz, honako dokumentu hauek izango ditu:

Areto batean, edozein unetan, larrialdi egoeretan mobilizatzeko moduan egon daitezkeen giza baliabideen eta bitarteko materialen, eta aretotik kanpo, baina noiznahi eskuratzeko moduan, eginkizun horretara atxikirik daudenen katalogoa.

Aretoan gerta daitezkeen edo aretoari eragin diezaioketen larrialdi egoeretan esku har dezaketen Babes Zibileko Zerbitzu Koordinatuen direktorioa.

Eraikinaren kokapen-planoa eta ikuskizun-aretoa dagoen pabiloien edo solairuen eta multzo osoaren planoak; istripuek, arrisku larriek, zorigaitzek edo hondamen publikoek eragindako larrialdi egoeretan interesgarria izan daitekeen guztia era berezian aipatuta.

Auto-babes zerbitzuen eginkizun, ekipamendu eta lanen azalpena.

Aretoko langile eta erabiltzaileek larrialdi-egoeretan kontuan izan beharreko aholkuak, aretoan Sute eta Salbamendu Zerbitzuek zehaztutako lekuetan ikusgai jarriko direnak.

Trebakuntza eta hobekuntza programak auto-babes zerbitzuetako langileentzat, bai eta gainerakoentzat ere, hala dagokionean.

Planoaren gaineko eta egiazko ariketa praktikoak adierazteko, programatzeko, burutzeko eta ebaluatzeko eta horiek guztiak zenbatean behin egingo diren zehazteko prozedura, langileek eta erabiltzaileek parte hartuz, hala baldin badagokie, bai eta gaiari loturiko Babes Zibileko Zerbitzu Koordinatuek ere.

II. KAPITULUA.

Kirol-zelaiak, esparruak eta behin-behineko instalazioak

LEHEN ATALA.- ARETO IREKIAK ETA AIRE ZABALEKO IKUSKIZUN ETA JOLASETARAKO ESPARRUAK

26. artikulua.

Kirol-zelaiak eta jendaurreko ikuskizun edo jolasetarako esparruak erraz iristeko moduko lekuetan kokatuko dira, eta hiriguneekin lotzeko premiazko komunikabideak edukiko dituzte.

Kirol-zelai edo esparru horien fatxadak edo fatxadek bide publikoetara edo ibilgailu-zirkulaziorako egokiak diren eremu irekietara begira egon behar dute.

Zelaien edo esparruen edukierak alboko bide publikoen edo eremu irekien zabalerei loturik egongo dira; hots, 200 lagun edo ikus-entzule, edota dagokion zatikia bestela, bide edo eremu horiek zabaleran duten metro bakoitzeko.

27. artikulua.

Zelaietako edo esparruetako sarreretako ateek 1,20 metro libre izango dituzte hartzen dituzten 400 ikus-entzuleko edo zatiki bakoitzeko, eta ate bakoitzak 1,80 metro libre izango ditu gutxienez zabalean.

Ibilgailuentzako sarrerak ipintzen badira, oinezkoen sarreretatik banandurik ipiniko dira.

Harmailek irteera zabalak izango dituzte, 200 ikus-entzule edo zatiki bakoitzeko 1,20 metro zabaleko eskailera edo malda leunekin; irteera horien kopurua ere edukieraren araberakoa izango da.

Goiko solairuetarako eskailerek 1,80 metro izango dituzte gutxienez zabalean.

450 ikus-entzule edo zatiki bakoitzeko eskailera bat egongo da, jendea zuzenean fatxadara edo fatxadetara bideratuko duena, edo korridore bereizietara bestela.

28. artikulua.

Zelai edo esparru guztietan, kategoria edozer izanik ere, jarlekuak finkoak izango dira eta eserlekuak, berriz, zenbakidunak; jarleku-ilarek 0,85 metro izango dute sakonean, horietatik 0,40 metro eserlekurako eta gainerako 0,45 metro pasabiderako, eta eserleku bakoitzak, gutxienez, 0,50 metro izango du zabalean.

Erdiko edo tarteko pasabideek 1,20 metro izango dute gutxienez zabalean.

Joan-etorrietarako galeriek edo korridoreek 1,80 metro izango dituzte 300 ikus-entzuleko, eta 0,60 metro gehiago 250 ikus-entzuleko edo zatikiko.

Ilara bakoitzak ezin izango ditu, bi pasabideren artean, 18 eserleku baino gehiago izan, eta 12 ilarako 2. paragrafoan adierazitako zabalera izango duen pasabide bat egon beharko da.

Jarlekuak maldan eta bete behar diren baldintzak betez ipiniko dira; hain zuzen ere, jarleku guztiak betetzen direnean edozer jarlekutatik jokalekua, zelaia edo lasterketa-zirkuitua oso-osorik ikusi ahal izateko moduan.

Jendea zutik egon ohi den terrazako jarlekuak bolumetrikoak izango dira –pertsona bat 0,50 metro koadroko– zelaiaren, jokalekuaren edo zirkuituaren pareko eremuan.

29. artikulua.

Debekaturik daude plano inklinatuak zutik egon behar duten ikus-entzuleentzat.

Ikus-entzule horientzat maila horizontaletako harmailak ipiniko dira, eta, lur hutsa izanik ere, material finko eta aski sendoz eginiko ertz bat izan beharko dute gutxienez.

Maila horiek 60 zentimetro garai izango dira, eta ikus-entzule bakoitzak 50 zentimetro zabal den tokia edukiko du.

Lehen ilaran eta sei ilaratatik sei ilaratara baranda sendoak ipiniko dira jendeari eusteko.

Arriskutsuak direnean, harmailen goialdean eta harmailetako pasabideetan ere ipiniko dira.

Harmailetan, ikuskizunaren garaian libre egon beharko duten metro beteko pasabideak egongo dira 14 metrotik 14 metrora.

Baranda edo itxitura batek bereiziko ditu jarlekuak eta jokalekua, zelaia edo zirkuitua, eta bi eremuen arteko tartea gutxienez 2,50 metrokoa izango da.

30. artikulua.

Zelaiak edo esparruak duen garrantziaren eta ikuskizun edo jolas-motaren arabera, agintariek zuzeneko argia eta aireztapena dituzten bainugela, gimnasioa, aldagela eta botika-kutxa edo erizaindegia izatea eskatuko dute.

Zelaiak, jokalekuak edo esparruak lotura zuzena izan beharko du gela horiekin, jendearen sarbideetatik bereizi eta banandutako sarreren bitartez.

31. artikulua.

Komunak eta pixatokiak jarleku guneen arabera banaturik ipiniko dira egoera higieniko eta txukunean.

Komunak zein pixatokiak estalita egongo dira, bai eta eraikin osoan modu homogeneoan banaturik eta sexuen arabera bereizita ere.

500 ikus-entzuleko lau komun egongo dira, erdiak emakumeentzat; eta 125 ikus-entzuleko pixatoki bat ere ipini beharko da.

Komun guztiek eskuak garbitzeko konketa izan beharko dute, guztira komun eta pixatoki guztien erdia.

32. artikulua.

Harmailek, eskailerek eta jendeak erabili beharreko mota guztietako gela eta aretoek, duten pisuaz gain, metro koadro horizontal bakoitzeko 400 kiloko gainkarga ere jasan beharko dute egoera normalean.

Hala dagokionean, agintariek egoki iritzitako erresistentzia-probak egitea aginduko dute, iraupen- eta segurtasun-baldintzak zehazteko.

33. artikulua.

Eraikin guztietako egiturak sua jasaten duten materialez eginikoak izango dira, indarrean dauden arauen arabera.

5.000 ikus-entzule baino gutxiagoko edukiera duten zelaietan bakarrik onartu ahal izango dira zurezko egiturak; nolanahi ere, behar bezala baimendutako enpresek edo laborategiek ezarrita egon beharko dute, eta Industria eta Energia Ministerioak suteei aurre egiteko modukotzat aitortu dituen gaiz horniturik eta babesturik.

34. artikulua.

Ahal den neurrian, aurreko artikuluetan aurreikusitako baldintza eta eskakizun berberak bete beharko dituzte aire zabaleko kiroletarako, ikuskizun nautiko eta aeronautikoetarako edo bestelako jolas-jardueretarako egokitutako eremu irekiek, baldin eta horietan jendearentzako harmailak, plataformak edo tribunak ipintzen badira, edota kirol edo ikuskizun horietan parte hartuko duten kirolari edo antzezleentzat gelak edo guneak prestatzen badira.

BIGARREN ATALA.- BEHIN-BEHINEKO ARETO EDO INSTALAZIO ERAMANGARRI EDO DESMUNTAGARRIEI BURUZKOA

35. artikulua.

Zirkuek, zezen-plaza eramangarriek eta behin-behineko barrakek, zaldiko-maldiko birakariek, karruselek, zabuek, tiro egiteko guneek eta antzeko instalazioek ikus-entzule edo erabiltzaileentzat eta ikuskizuna edo jolas-jarduera burutzen dutenentzat beharrezko diren segurtasun-, higiene- eta erosotasun-baldintzak bete beharko dituzte.

Horretarako, esparru edo instalazio horiek erregelamendu berezietako arauetara egokituta egongo dira, eta, analogiaz, erregelamendu honetan ezarritakoak aplikatuko zaizkie; horrezaz gain, agintari eskudunek esparru edo instalazio horien muntaketa ikuskatu eta funtzionamendua egiaztatzeko izendatutako profesionalen txostenak kontuan harturik erabakiko dituzten eskakizun eta baldintzak ere bete beharko dira.

III. KAPITULUA. Eraikitzeko edo eraberritzeko lizentziak, eta irekitzeko lizentziak.

LEHEN ATALA.- ARETO EDO ESPARRUETAKO ERAIKUNTZA BERRIKO LANEI ETA EGOKITZE EDO ERABERRITZEEI BURUZKOA

36. artikulua.

Eraikuntza berriko lanak.

Jendaurreko ikuskizun edo jolasetarako edozer eraikin, areto edo esparru eraikitzeko, dagokion lizentzia eskatu beharko zaio udalari, proiektuko sustatzaileak edo sustatzaile horren legezko ordezkariak sinatutako eskabidearen bitartez; eskabide horri, burutu nahi den eraikuntzari buruzko azalpen-txosten bat erantsi beharko zaio (hiru kopia eginda), eta bertan eraikinaren kokapena adieraziko da, bide publikoari edo bide publikoei eta horien zabalerei dagokienez, behar bezala mugaturik; eraikuntzari berari buruzko datuak ere zehaztuko dira: erabiliko diren materialak, zer motatako ikuskizun edo jolasetarako erabiliko den eta ipini behar diren argi eta gainerako zerbitzuak.

Era berean, eraikinaren solairu, fatxada eta ataletako 1:50, 1:100 edo 1:200 eskalara eginiko hiru kopiatako azalpen eta planoak ere erantsiko zaizkio eskaerari; xehetasun bereziei dagokienez, metro bakoitzeko bost zentimetroko eskala erabili beharko da.

Neurri nagusietan mugatutako plano horietan, jarleku guztietako eserlekuak ipiniko dira dagokien tamainan.

Eraikinean, aretoan edo esparruan ipiniko diren instalazio elektrikoen, berokuntzaren, aireztapenaren eta gainerakoen azalpen-txostenak eta planoak ere erantsiko dira (hiru kopia eginda), teknikari adituek sinaturik; dokumentu horietan zehazturik geldituko dira mota horretako instalazio guztiak, aurreko paragrafoan adierazitako eskala berberetan.

Proiektuan aurreikusitako segurtasun-, higiene- eta erosotasun-neurriak eta isolamendu akustikoa, erregelamendu honetan edo erregelamendu berezietan mota horretako aretoetarako eta izan behar dituzten instalazioetarako zehaztutakoak izan beharko dira gutxienez.

Neurri horiek aski ez badira, premiazkotzat iritziko direnak gehitu ahal izango zaizkie dagokien lizentzian, baldin eta aldez aurretik udalerriaren, aretoaren edo areto horretako instalazio eta zerbitzuen ezaugarriak oinarritzat harturik justifikatzen badira.

Espedientea jendaurreko informazioan ipiniko da hamar egunez eta epe horretan banaka edo talde modura aurkeztutako azalpen edo arrazoibide guztiak erantsiko zaizkio, dela aurkakoak, dela espedientea aldatzen edo zuzentzen dutenak; eta horiek guztiak kontuan hartuko dira espedientea ebazterakoan.

Egokitze edo eraberritze lanak.

Dagoeneko eraikita dagoen eraikin, areto edo esparru bateko, edota leize-zulo edo eremu natural bateko eraberritze edo egokitzeen kasuan, eraberritze- edo egokitze-lan horiek egiteko ere baimena eskatu beharko zaie udal agintariei. Kasu horretan ere, beharrezko txostenaren eta planoen hiruna ale aurkeztu beharko zaizkie agintariei, aurreko lerrokadetako baldintza berberak betez.

Lehenagotik jendaurreko ikuskizun edo jolasetarako erabiltzen ziren eraikin edo aretoetako eraberritze- edo egokitze-lan guztiek, eraberritu edo egokitutako atal, zerbitzu edo instalazioak erregelamendu honetan xedatukoaren arabera ipintzeko balio beharko dute; ez da onartuko, bada, lehengo ezaugarriak gordeko dituen eraberritze- edo egokitze-lanik, non eta lehengo ezaugarri horiek erregelamendu honetan xedatutakoarekin bat ez datozen.

Espedientea jendaurreko informazioan ipinikoa da a) idatz-zatiko hipotesietan bezala, baldin eta lehenago mota horretako ikuskizun edo jolas-jardueretan erabili gabeko aretoak badira.

Horrezaz gain, eraikinok zati batean beste erabilera batzuk badituzte, eraikin bereko gainerako erabiltzaileei ere beti entzungo zaie, beren oniritzia eman dezaten edota eskatutako baimena ematearen aurka dituzten arrazoi objektibo edo subjektiboak zehatz ditzaten (betiere behar bezala justifikatuta).

37. artikulua.

Ikuskizun edo jolas-jardueretako areto edo esparruetako eraikuntza berriko lanak edota egokitze edo eraberritzeak, Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko Erregelamenduaren aplikazio-esparruaren barruan daudenean, aurreko artikuluan aipatutako espedientea erregelamendu horretako 30. artikuluan aurreikusitakoaren arabera bideratuko da.

Kasu horietan, proiektu tekniko, txosten eta planoek, Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen Erregelamenduko 29. artikuluan aurreikusitako informazioaz gain, erregelamendu honetako 36. artikuluan eskatutako datuak erantsi eta horko baldintzak ere bete beharko dituzte.

38. artikulua.

Aurreko bi artikuluetan ezarritakoaren arabera aurkeztutako dokumentazio bakoitzaren ale bana eta udalek bideratu duten espedientearen kopia Gobernu Zibilera bidaliko dira, eta, Gobernu Zibilak premiazkoa dela iritziz gero, Alkatetzari jakinarazi ahal izango dizkio herritarren segurtasuna babesteko eta ordena publikoa mantentzeko bidezkotzat jotzen dituen lizentziaren baldintzak, jendaurreko ikuskizun eta jolasei buruz indarrean dagoen erregelamendua betetzeko berme modura.

Baldintza horiek derrigorrean erantsi beharko zaizkio lizentziari honako kasu hauetan:

Areto itxiak:

25.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, edukiera 500 jarlekutik gorakoa denean.

25.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, edukiera 250 jarlekutik gorakoa denean.

Leku irekiak edo aire zabaleko esparruak:

25.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, edukiera 10.000 jarlekutik gorakoa denean.

25.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, edukiera 2.500 jarlekutik gorakoa denean.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetan, Gobernu Zibilak Probintziako Gobernu Batzordearen txostenaren esku ipiniko du espedientea, eta Gobernu Batzorde horrek batzorde txostengile bat izendatu ahal izango du xede horretarako, batzordekideak gaiari buruzko prestakuntza eta trebakuntza tekniko berezia dutenen artean hautatuz; espedientea bideratu duen udalaren ordezkari batek ere beti egon beharko du batzorde horretan.

Dagokion txostena egiteko helburuarekin, batzordeak areto, esparru edo instalazioak aztertzeko eta ikuskatzeko bisitak antolatu eta bidezko iritzitako datuak eta informazioak emateko eskatu ahal izango du.

Probintziako Gobernu Batzordearen txostena bideratu ondoren, Gobernu Zibilak dagozkion baldintzak zehaztu eta udalari jakinaraziko dizkio.

Aurreko hori guztia, arauketa berezien arabera Estatuko, autonomia-erkidegoetako edo autonomia aurreko erakundeetako beste zerbitzu batzuek ikuskizun eta jolas-jardueretako aretoekin edo areto horietako zenbait instalazioekin loturik eman behar dituzten baimenei edo egin behar dituzten esku-hartzeei kalterik egin gabe, jakina.

39. artikulua.

Lan guztietako planoen diseinua eta lan horien zuzendaritza profesionala eskaera aurkezterakoan indarrean dauden lege eta xedapenetan ezarritako teknikariek egin beharko dituzte; dela eraikuntza berrikoak izan, dela egokitzeak edo eraberritzeak izan.

Teknikari adituek sinatutako

dokumentu, plano, txosten eta ziurtagiriek, dagokien elkargo profesionalaren oniritzia izan beharko dute.

BIGARREN ATALA.- ARETOAK EDO ESPARRUAK JENDEARENTZAT IREKI ETA IKUSKIZUN EDO JOLAS-JARDUERETARAKO INSTALAZIOAK ABIAN JARTZEARI BURUZKOA

40. artikulua.

Ikuskizunak aurkezteko edo jolas-jarduerak burutzeko soil-soilik edo nagusiki erabiliko diren eraikuntza berriko edo eraberritutako areto edo esparru guztiak irekitzeko, nahitaezkoa izango da udalari dagokion lizentzia eskatzea eta lizentzia hori lortzea, dagokion ikuskizuneko erregelamendu bereziek ezarritako gainerako eskakizun eta baldintzei kalterik egin gabe.

Eskaera bera egin beharko da lehenago beste mota bateko erabilera zuten aretoak aldatu eta modu etengabean ikuskizun edo jolas-jardueretarako erabili behar badira.

Adierazitako jarduerak ezin izango dira abian jarri aipatutako lizentzia lortu ezean.

Lizentzia horren helburua zera izango da, eraikuntzak, eraberritzeak eta instalazioek udalak, erregelamendu honetako 36. artikuluan aipatutako lan-lizentziak ematerakoan, onartutako proiektuko aurreikuspenak oso-osorik bete ote dituzten egiaztatzea, batez ere aretoetan eta aretoetako instalazioetan nahitaezkoak diren segurtasun-, osasun- eta erosotasun-neurriekin zerikusi zuzena duten areto eta instalazio horietako alderdi eta elementuei dagokienez.

41. artikulua.

Aurreko artikuluan aipatutako eskaera aretoa edo esparrua kokaturik dagoen herriko udalean egin beharko da, eta interesatutako pertsonak edo enpresak eskaera-orria aurkeztu beharko du; eskaera horretan, honako datu hauek azaldu eta egiaztatuko dira dokumentu bidez hala dagokionean:

Eskatzailearen izena, adina eta helbidea eta zer titulu edo karguren kariaz eskatzen duen baimena.

Aretoan edo esparruan burutu nahi den ikuskizun edo jolas-jarduerari buruzko aitorpena.

Ireki nahi den aretoaren edo esparruaren edukiera, gehienez ere hartuko dituen ikus-entzuleen kopurua zehaztuta.

42. artikulua.

Jendaurreko ikuskizun edo jolasetarako erabiliko den areto edo esparruren bat ireki eta funtzionamenduan jartzeko eskaera guztiei, eska daitezkeen segurtasun- eta higiene-neurriak egiaztatzeko, dagozkien titulu profesionala izanik gai bakoitzean egokienak diren teknikariek egindako ziurtagiriak erantsi beharko zaizkie, ziurtatuta dagozkien proiektuak behar bezala burutu direla eta pertsonentzat edo ondasunentzat arriskutsuak izan daitezkeen osagaiak edo instalazioak erregelamendu honetan eta erregelamendu honekin bat datozen edo erregelamendu honen osagarri diren gainerako arauetan eskatutako segurtasun- eta higiene-baliabideez horniturik daudela.

Aurreko atalean xedatutakoari kalterik egin gabe, alkateek beren agindupeko teknikariei aldez aurretik aretoak eta aretoetako instalazioak azterrarazteko aukera izango dute, bai eta dituen egitura eta eginkizunen eta erantsi zaizkion instalazio kopuruaren eta horien arriskugarritasunaren arabera, ikuskizun-areto bakoitzak bete behar dituen higiene eta segurtasun baldintzen gainean oinarri sendoagoz erabakitzeko ezinbestekotzat iritziko dituzten ziurtagiri profesional edo tekniko osagarriak eskatzeko ere.

Taberna, pub kafetegi, diskoteka edo dantzalekuetan ikus-entzunezko materiala jendaurrean erakutsi edo erabiltzeko, aldez aurretik Kultura Ministerioko zerbitzu probintzialaren txostena behar izango da, edo gai horri buruzko eskumenak lagata edo eskualdatuta jaso dituzten erakundeena bestela.

43. artikulua.

Espedientea aurreko artikuluetan aurreikusitakoaren arabera bideratu ostean, udalak eskatutako lizentziari buruzko erabakia hartuko du, eta eskatzaileari legeak agindu bezala erabakiaren berri eman eta probintziako Gobernu Zibilari berehala jakinaraziko dio.

Erabaki horretan, aretoak eta aretoko instalazio eta zerbitzuek dituzten ezaugarriak aintzat hartuta, honako alderdi hauek zehaztuko dira: baimendutako gehienezko edukiera; aretoan gehienez ere jardun dezakeen lagun kopurua eta aretoan eskain daitezkeen ikuskizun, jolas-jarduera edo zerbitzuen izaera; aurreikusten diren eta aretoaren edo esparruaren egoerak onartzen dituen mota guztietako instalazio teknikoak, materiala edo makineria; bai eta higienea, segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko Proiektuan jasotakoen osagarri modura ezarri nahi diren neurriak ere.

44. artikulua.

Eskatutako baimenari dagokionez, aretoko edo esparruko egitura-ezaugarri edo egitura-osagairen bat edo bat baino gehiago, edota instalazio edo zerbitzuren bat edo bat baino gehiago, konpondu edo aldatu egin behar dela iritziz gero, behin-behineko funtzionamendu-baimena eman ahal izango zaio erabakitako muga eta baldintzen pean, baldin eta ikus-entzuleen, jarduleen edo bertan lan egin behar duten langileen segurtasunerako arriskurik ez badago; hori guztia idatziz jasoko da espedientean, teknikari adituak sinatu eta dagokion elkargo profesionalak oniritzitako ziurtagiriaren bitartez.

Ofizioz edo eskatzailearen eskariz eman ahal izango den behin-behineko lizentziak sei hilabete iraungo du gehienez ere, eta behin bakarrik luzatu ahal izango da beste sei hilabetez, kasu justifikatua denean eta eskatzaileak hala eskaturik; epe hori igaro eta aipatutako konponketa edo aldaketak egin ez badira, behin-behineko lizentziak galdu egingo du bere eragina eta ukatutzat hartuko da hasieran egindako eskaera.

45. artikulua.

Aurreko artikuluetan aipatutako lizentziek lizentzia horietan idatzitako areto edo lekurako bakarrik balio izango dute.

Areto bakar batek ere ez du eskaintzerik izango bereziki baimendu dutenaz kanpoko ikuskizun, dibertsio edo zerbitzurik, non eta, lizentziaren funtsezko eskakizunei zorrozki loturik, gobernadore zibilak bestelako ikuskizun edo jarduerak burutzeko baimen berezirik ematen ez dion.

Areto bati irekitze- eta funtzionamendu-lizentzian aurreikusi gabeko instalazio osagarriak eransten bazaizkio, edota jarduera edo zerbitzu berriak burutu edo emateko egokitzen bada, lizentzia gehigarri bat eskatu, bideratu eta eman beharko da aurrekoaren antzera; lizentzia gehigarri hori bidezko baldintzak betez eman ahal izango da, baldin eta jarduera edo zerbitzu berria aldez aurretik baimendutako erabilerekin bateragarri bada, segurtasun- eta higiene-eskakizunei dagokienez.

46. artikulua.

Eskatutako lizentzia 43. artikuluko 2. atalean aurreikusitakoaren arabera emateko baldintzak bete ezean, emandako lizentzia baliogabetu egingo da, izan daitezkeen erantzukizun penal edo administratiboei kalterik egin gabe.

Era berean, lizentzia baliogabetu ere egin daiteke, baldin eta aretoak dituen ezaugarri, egoera, zerbitzu eta instalazioak nabarmen aldatzen badira, eta higiene eta segurtasun publikoa edota aretora joaten diren edo aretoan lan egiten duten pertsonena arriskuan jartzen badira.

Baldin eta aurreko atalak dioen kasu horretan eginiko aldaketak adierazitako arriskua eragiteko modukoak ez badira, eta konpongarriak edo zuzengarriak direla iritziz gero, aretoaren funtzionamendua eten egingo da denboraldi baterako, harik eta etena eragin duten arazoak konpondu arte.

Artikulu honetan erabakitakoari begira, udal-zerbitzu teknikoek beharrezkotzat jotzen dituzten azterketa eta ikuskapen-bisita guztiak egin ahal izango dituzte, batetik segurtasun- eta higiene-egoerak eta bestetik instalazioen eta zerbitzuen funtzionamendua egiaztatzeko.

47. artikulua.

Gobernadore zibilek eta alkateek modu iraunkorrean dituzten ikuskapen-ahalmenei kalterik egin gabe, alkateek jendaurreko ikuskizun edo jolasetarako aretoen nahitaezko azterketa aginduko dute, baldin eta, gutxienez sei hilabetean itxita egon ondoren, lehengo jardueretan berriro hasi nahi badute, irekitze- eta funtzionamendu-lizentzia ematerakoan kontuan hartu ziren segurtasun- eta osasun-neurriak indarrean irauten ote duten egiaztatzeko.

Aurreko atalean aipatutako jarduerarik ezari dagokionez, irekitze- eta funtzionamendu-lizentzia baliorik gabe geldituko da etenaldia gertatu edo hasi eta handik sei hilabetera, eta aretoaren jabeak edo enpresariak aretoaren aldez aurreko azterketa eskatu beharko du, martxan berriro hasi baino lehen.

Baldin eta, azterketa horren ondorioz, ikuskizun-aretoa berriro irekitzeak hasieran ezarritako segurtasun- eta osasun-neurriak berrikusi edo areagotu gabe saihets ezin daitezkeen arrisku-egoera gehigarriak sor ditzakeela egiaztatzen bada, ahalik eta azkarren ekingo zaio neurri horiek zehazteari.

Baldin eta artikulu honetan aipatutako azterketaren ondorioz aretoa aurreikusitako jendaurreko ikuskizun edo jolasak egiteko egokia dela egiaztatzen bada, edo aurreko atalaren arabera zehaztutako segurtasun- eta osasun-neurriak bete orduko bestela, irekitze- eta funtzionamendu-lizentziak bere ahalmen guztiak berreskuratuko ditu.

48. artikulua.

Era berean, alkatearen baimena beharko da behin-behineko barraketan edo aire zabalean aldi baterako instalazioak eta instalazio eramangarri edo desmuntagarriak funtzionamenduan jartzeko, bai eta, oro har, jendearentzako dibertsio txikiak funtzionamenduan jartzeko ere; esate baterako, azokak eta berbenak, zaldiko-maldiko birakariak, karruselak, zabuak, tiro egiteko guneak eta antzekoak.

Aurreko paragrafoan aipatutako dibertsio edo jolasetarako, etxolak, oholtzak edo bestelako eraikuntza edo egiturak muntatu edota arriskutsuak izan daitezkeen gailu mekaniko edo elektronikoak ipini behar badira, aldez aurretik profesional aditu batek aztertu beharko ditu guztiak, eta jendearen segurtasunari begira zer egoeratan dauden zehaztuko du txosten batean, bereziki animalia basatiak erakusten edo armak erabiltzen badira.

49. artikulua.

Baldin eta udalek kapitulu honetan ematen zaizkien eskumenak behar bezala burutzeko Estatuko Administrazioak probintzian dituen zerbitzuen laguntza ezinbestekoa dela irizten badiote, gobernadore zibilari eskatu ahal izango diote laguntza hori.

BIGARREN TITULUA Ikuskizunen eta jolas-jardueren antolaketa

IV. KAPITULUA.

Ikuskizunetan edo jolas-jardueretan parte hartzen duten pertsonak

LEHEN ATALA.- ENPRESA ETA ENPRESAKO LANGILEAK

50. artikulua.

Erregelamendu honen ondorioetarako, enpresatzat hartuko dira irabazi asmoarekin edo gabe eta eskuarki edo noizean behin

ikuskizunak edo jolas-jarduerak antolatzen eta agintarien zein jendearen aurrean erregelamendu honetan aurreikusitako ikuskizun edo jolas-jardueren antolaketari eta garapenari buruzko erantzukizun eta betebeharrak bere gain hartzen dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak, erakundeak, klubak eta elkarteak.

Elkarteak edo klubak badira, eraturik eta dagokien erregistro publikoetan izena emanik egon beharko dute, bai eta beren izaeraren arabera kasu bakoitzean aplika daitekeen legediaren araberako nortasun juridikoa eduki ere; elkartea edo kluba eratzeko beharrezkoa den dokumentazio legalean, berriz, espresuki adierazi beharko da ikuskizun edo jolas-jarduerak antolatzea elkarteak edo klubak dituen helburuen artean dagoela.

Enpresa guztiek dagokien gobernu- eta udal-agintariei jakinaraziko dizkiete, jendaurreko ikuskizun eta jolas-jardueretan hasi aurretik, enpresen izena eta helbidea, bai eta enpresetako zuzendari, gerente edo administratzaileenak ere, agintariak zuzenean berekin harremanetan jarri ahal izateko; beren eraketa- edo izendapen-dokumentuen kopia baimenduak eta ikuskizunak edo jolas-jarduerak antolatzeko dituzten areto edo esparruen zerrenda aurkeztuko dituzte; eta, hala dagokionean, izen eta helbideetan edota areto, esparru edo establezimenduetan izandako aldaketak ere adierazi beharko dituzte.

Enpresek emandako informazioa oinarritzat hartuz eta hala behar denean informazio hori argitu, egiaztatu edo osatu ondoren, udaletan, Gobernu Zibiletan eta Barne Ministerioan beren lurralde-esparruei dagozkien enpresa- eta areto-erregistroak ezarri eta etengabe eguneratuko dira, eta tresna modura ere erabiliko dira organo horiei eta Kultura Ministerioari gai honetan dagozkien eskumenak gauzatzeko.

Barne Ministerioak Kultura Ministerioari emango dio, azken horrek hala eskatutakoan, erregistroetan jasotako informazioa.

51. artikulua.

Enpresen betebeharrak izango dira:

Ikuskizunak egingo diren leku eta instalazioak eraikitzeko, irekitzeko eta abian jartzeko lizentzietan modu orokorrean edo bereziki aurreikusitako segurtasun-, higiene- eta lasaitasun-neurri guztiak hartzea, eta leku eta instalazio horiek erabilera- eta funtzionamendu-egoera onean izatea.

Agintari eskudunek aretoen egoera ona, aretoetako instalazioen funtzionamendu egokia, aretoen eta instalazioen garbitasuna eta txukuntasuna edota areto horietan egiten diren ikuskizunen moraltasuna eta zuzentasuna egiaztatzeko erabakiko dituzten ikuskapenak egiten uztea eta laguntzea.{Enpresetako arduradunek edo ordezkariek ikuskapen horietan egon beharko dute.

Hurrengo artikuluan aurreikusitako Kexa Liburua kudeatzea eta ikus-entzuleen, agintarien eta agintaritza-agenteen eskura izatea beti.

Antolaketarekin loturik edota ikuskizuna egitearen edo jarduera burutzearen ondorioz, parte hartzen edo ikusten ari direnei edota beste pertsona batzuei eragindako kalteengatik erantzutea, baldin eta kalteak beren aurreikuspen ezagatik, arduragabekeriagatik edo erregelamendu honetan aurreikusitako betebeharrak ez betetzeagatik gertatu badira; nolanahi ere, kalte horien nahitaezko aseguruak ez du inola ere baztertuko enpresa horien erantzukizun nagusi eta solidarioa.

Jabetza intelektualaren gaineko legediak ezarritako betebeharrak eta erregelamendu honetan, erregelamendu berezietan eta erregelamendu horiek gauzatuz emandako lizentzia eta baimenetan ezarritakoak betetzea.

52. artikulua.

Jendaurreko ikuskizun edo jolas-jardueretarako erabiltzen diren areto, esparru edo instalazio guztietan, Kexa Liburu bat egongo da ikus-entzuleen eskura; liburu horren orrialde guztiek zenbatuta egon beharko dute, bai eta Gobernu Zibilak edo Alkatetzak behar bezala zigilaturik ere.

Liburu bat baino gehiago izan eta aretoko edo esparruko ate guztietan ipini beharko dira, areto edo esparru horien edukiera 700 jarlekutik gorakoa bada.

Aretoetako iragarkiak erakusten diren tokietan iragarriko da Kexa Liburuak eskura daudela, ondo ikusteko moduko kartelak erabiliz.

Ikusle edo erabiltzaile guztiek erabili ahal izango dute Kexa Liburua (horretarako, enpresaren izenean artatu duenari nortasun agiri nazionala erakutsi eta agiri horren zenbakia, izen-deiturak eta helbidea idatzi beharko dizkiote), erregelamendu honetan xedatutakoari buruzko arau-hausteren bat ikusten dutenean, eta, bereziki,

honako kasu hauetan:

Ikuskizuna edo jarduera hasieratik bukaerara arte eta iragarritako era, baldintza eta orduetan gauzatu ez denean.

Eserlekuen prezioak edo establezimenduan saltzen diren gaienak jendaurrean jarritako zerrendetakoak baino garestiagoak direnean, edota zerrenda horiek jendaurrean erakustearen eginbidea hautsi denean.

Aretoak eskatutako zerbitzurik ez duenean, edo erregelamenduan zein eraikitze-, irekitze- eta funtzionamendu-lizentzietan ezarritako segurtasun-, higiene- eta erosotasun-neurriak alde batera utzi dituenean, edota erabilera- eta funtzionamendu-egoera onean ez dagoenean.

Horretarako, jendaurrean erakutsi beharko dira, eta leku nabarmenetan, gobernu-agintarien oniritziarekin zigilatutako lizentzia horren laburpenak, jendeak berri izateko.

Ikuskizuna edo jarduera burutzerakoan, ikuskizunaren edo jardueraren beraren izaerarekin lotuta dauden segurtasun-neurriak edota erabilitako elementu arriskutsuetatik ondoriozta daitezkeenak alde batera utzi direnean.

Adinen sailkapena, publizitatez eta ikusteko moduan, behar bezala erakutsi ez denean, edo erabiltzailearen ustetan ikuskizunari buruzko sailkapen hori nabarmen desegokia denean.

Kexa zentzuzkoa dela egiaztatuko balitz, agintariek salatutako akatsak zuzenaraziko lituzkete, legean ezarritako eran espedientea bideratu ondoren, dagokion zigorra ezartzeko aukera baztertu gabe.

53. artikulua.

Ehun lagunetik gora elkartu ditzaketen ikuskizun edo jolas-jarduera guztietan, enpresak zainketaz arduratuko diren langileak izan beharko ditu eta horien esku utziko du ikuskizuna era baketsuan burutzeko ardura.

Gobernu- eta udal-agintariei langile horien nortasun-datuak jakinaraziko zaizkie, bai eta horien alta eta bajei dagozkienak ere; langileok agintarien edo agintari horien agindupeko agenteen aginduak jaso ditzakete beren eginkizuna hobeto betetzeko.

BIGARREN ATALA.- ANTZEZLEAK, KIROLARIAK ETA JOLAS-JARDUERA GAUZATZEN DUTEN GAINERAKO KIDEAK.

54. artikulua.

Beren jardueren bitartez ikus-entzuleei dibertsioa, aisia eta jolasa ematen dizkieten pertsona guztiak hartuko dira antzezle, kirolari edo interpretatzailetzat,

erregelamendu honen ondorioetarako.

55. artikulua.

Antzezleek, artistek, kirolariek eta jolas-jarduera burutzen duten kideek berariaz debekaturik izango dute:

Beren lana jarduera arautzen duten arauak, programak edo gidoiak, edota zuzendaritzak edo enpresak ezarri dizkion eginkizun bereziak alde batera utzita burutzea.

Ikus-entzuleei zor zaien begirunea galtzea, ikus-entzuleei zor zaien begiramenik ez izatea edota beren jokabidearekin ikus-entzuleengan emanaldietako ohiko bilakaera nahas dezaketen erantzunak eragiteko bide ematea.

Bidezko kausaren batengatik edo behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, lan egiteari uko egitea.

Beren jardueraren edukia beren kabuz aldatzea, egilearen, zuzendariaren edo epailearen onespena agerikoa ez bada behintzat eta, kasu horretan, gizartean onartutako ordena moralaren mugak ez gainditzekotan.

56. artikulua.

Antzezleek, artistek, kirolariek edo interpretatzaileek, beren jarduera hasi baino lau ordu lehenago gutxienez, enpresa antolatzaileak ikuskizun edo jarduera bakoitzerako beharrezko edo nahitaezko diren osasun- eta segurtasun-neurriak hartu ote dituen egiaztatu ahal izango dute, eta, neurri horiek hartu ez baditu edo hartutako neurriak nahikoa ez badira, uko egin diezaiokete parte hartzeari harik eta aipatutako neurriak hartu edo osatu arte.

Enpresa izango da legeak ezarritako osasun- eta segurtasun-neurriak ez hartzeagatik, edo neurri horiek behar bezala ez ezartzeagatik, aktoreei, artistei, kirolariei edo interpretatzaileei zuzenki eragindako kalte edo galeren erantzule; alde batera utzita aktore, artista, kirolari edo interpretatzaile horiek neurriak aldez aurretik aztertu eta onartu dituzten ala ez.

57. artikulua.

Haurrak eta gazteak babesteko asmoz, neska-mutil artistak edo interpretatzaileak onartzeko adina hamasei urtekoa izango da eguneko lanetarako, eta hemezortzi urte gauekoetan (hots, gaueko hamarretatik aurrera egiten direnetan).

Artikulu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko haur eta kadete mailetako kirolariei, berei dagozkien lehiaketetan parte hartzen ari direnean.

HIRUGARREN ATALA.- IKUSLEAK, BERTARATUAK EDO ERABILTZAILEAK ETA IKUS-ENTZULEAK ORO HAR.

58. artikulua.

Emanaldiak ikusteko, jolas-jardueretan parte hartzeko edota dagozkien zerbitzuak erabiltzeko eskubideez gain, ikus-entzuleei, oro har, honako eskubide hauek ere aitortzen zaizkie:

Ikuskizuna edo jarduera oso-osorik hasieratik bukaerara arte eta iragarritako era eta baldintzetan gauzatzeko eskubidea.

Ikuskizunak edo jarduerak izandako aldaketekin edo enpresak ezarritako baldintza edo eskakizunekin ados ez badago, erregelamendu honetako artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, erositako sarreren zenbatekoa itzultzeko eskubidea, ikuskizuna hasita dagoenean eta aldaketa ezinbestekoa izan denean izan ezik.

Enpresak Kexa Liburua emateko eskubidea, liburu horretan egoki iritzitakoa idazteko 52. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Zerbitzu orokorrak enpresak erregelamenduaren arabera ezarri edo erabakitako eran eta mugekin erabili ahal izateko eskubidea.

59. artikulua.

Ikus-entzuleek:

Ez dute aldez aurretik iragarri gabeko programak, emanaldiak edo zerbitzuak eskatzerik izango; artisten, interpretatzaileen edo zuzendaritzaren borondatearen baitan egongo da lehen eman dutenaren zati edo pasarte baten errepikapena onartu edo ukatzea.

Ez dute zutik egoterik izango programa gauzatzen ari den bitartean, ez eserlekuetan, ez korridoreetan.

Korridore horietan agintariak, agintarien agindupeko agenteak edo enpresetako langileak bakarrik egon ahal izango dira, ikusleei ikuskizuna ikusi ahal izatea oztopatu edo galarazi gabe.

Ez dute erretzerik izango ikuskizunetarako erabiltzen diren areto itxietan; enpresak horretarako jarritako higiene eta aireztapen egokietako gune edo gela berezietan bakarrik erre ahal izango dute.

Ez dute, legezko lizentzia edo baimena izanik ere, inolako armarik eramaterik izango, ezta arma modura erabil daitekeen edota pertsonen segurtasunerako arriskutsu izan daitekeen bestelako tresnarik ere.

Debeku hori ez zaie ezarriko Segurtasun Indar eta Erakundeetako kideei, baldin eta beren karguari dagozkien eginkizunak betetzen ari badira, ezta erakunde armatuetako kideei ere, beren legedi bereziaren babesean, zenbait ekitaldi edo harrera-jaitan uniformez jantzita joaten direnean.

Ez dute esparruan edo aretoan sartzerik izango, enpresak sartzeko eskubidea onartzeko ezarritako baldintzak –iragarkien bidez eta sarbideetan ondo ikusteko moduan ipinitako kartelen bitartez argi eta garbi adierazitakoak– bete gabe.

Ez dute interpretatzaileak, artistak edo kirolariak ari diren agertoki, zelai edo jarduera lekuetara sartzerik izango jarduera horrek dirauen bitartean, espresuki aurreikusirik ez badago edo jardueraren izaerak berak hala eskatzen ez badu behintzat.

Enpresek edo enpresetako langileek aurreko debekuren bat hautsi dela sumatuko balute, agintarien agindupeko agenteei eskatu ahal izango liekete debekua ezartzeko laguntza.

Ikus-entzuleek, oro har, behar bezalako gizalegeari eutsi, eta arriskua nahiz haserrea eragin dezaketen, ikuskizunaren edo jardueraren garapena oztopa dezakeen edota aretoko instalazioak honda ditzakeen edozer ekintza uneoro saihestu beharko dituzte, bai eta zuzentasuna eta diziplina gorde ere, erregelamendu honetan ezarritako aginduen eta agintariek edo enpresak horretarako emandako aholku edo argibideen arabera.

60. artikulua.

Debekaturik dago hamasei urtez azpiko gazteak Kultura Ministerioak oro har edo bereziki hamasei urtetik gorakoentzat sailkatutako dantzaleku, diskoteka eta jendaurreko ikuskizun edo jolasetara sartu eta bertan egotea, bai eta gazte horien osasunari edo moralitateari erasan diezaieketen beste edozer leku edo establezimendu publikoetara sartu eta bertan egotea ere; eta hori, beste ministerio batzuen edo, hala dagokionean, autonomia-erkidegoen eskumeneko gaietan, arau bereziek ezar ditzaketen beste adin-muga batzuei kalterik egin gabe.

Aurreko ataleko debekuak bere baitan hartzen ez dituen establezimendu, ikuskizun edo jolasetara joandako hamasei urtez azpiko gazteei ezin izango zaie inolako edari alkoholikorik eman, eta ez zaie halakorik edaten utzi ere egingo.

Lehen paragrafoko establezimendu, ikuskizun edo jolasetako nagusi edo arduradunek, beren kabuz edota beren atezain edo langileen bitartez, establezimendu, ikuskizun edo jolas horietara sartzea galarazi beharko diete hamasei urtez azpiko gazteei, eta, barruan baldin badaude, bota egin beharko dituzte, behar izanez gero agintarien ardurapeko agenteen parte-hartzea eskatuz.

Aurreko paragrafoan adierazitako pertsonek, aipatutako establezimendu, ikuskizun edo jolasetara sartu diren edo sartu nahi duten gazteen adinari buruzko zalantzarik badute, nortasun agiri nazionala aurkezteko eskatu beharko diete adina egiaztatzeko.

Artikulu honetan adierazitako areto edo establezimenduetan, kanpoan –sarrerako ate eta leihatiletan, esaterako– zein barruan, ondo ikusteko moduko lekuetan ipini beharko dira «debekaturik dago hamasei urtez azpikoak sartzea» dioten kartelak.

Debeku hori bera idatzirik agertu beharko da aipatutako establezimendu, ikuskizun edo jolasetako propagandako kartel, liburuxka, programa edo inprimakietan ere.

61. artikulua.

Herriko jai, berbena edo ikuskizunetan izan ezik, erabat debekaturik egongo da gaueko orduetan establezimendu publiko edo jendaurreko ikuskizun edo jolas-areto guztietara hamasei urtez azpiko gazteak sartzea, nahiz eta berentzat egokia den ikuskizuna edo jarduera izan, non eta gazte horien segurtasunaz eta moralitateaz arduratuko diren pertsona helduekin ez doazen. Eta, horrelakoetan ere, aurreko artikuluko 3. eta 4. lerrokadetako arauak aplikatu beharko dira.

V. KAPITULUA. Ikuskizunak

LEHEN ATALA.- KARTELAK EDO PROGRAMAK

62. artikulua.

Jendaurreko ikuskizun edo jolas-jarduera bakar bat ere ez da egiterik izango, herriko alkateak jendeari jakinarazi baino hiru egun lehenago gutxienez kartelaren edo programaren berri izaten ez badu eta horiek aurkeztu izanaren berme modura dagokien zigilua ipini ez badie.

Horretarako, ikuskizunaren edo jardueraren enpresariak edo arduradunak behar den unean aurkeztuko ditu kartelaren edo programaren hiru ale, eta alkateak berehala bidaliko dio horietako bat probintziako gobernadore zibilari.{Lehen aipatutako hiru egun lehenagoko epe hori 24 ordura labur daiteke, baldin eta enpresariak edo arduradunak alkatearen aurrean egiaztatzen badu kartel edo programa horiek lehenago zuzenean Gobernu Zibilean aurkeztu izana.

Era berean, ikuskizunari dagokion araudi berezia betez, bidezko diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira, bai eta, bereziki, Kultura Ministerioak emandako adinei buruzko kalifikazioa egiaztatzen dutenak ere.

Baldintza hori bete ezean, ez da ikuskizuna egiterik izango.

Kartel guztietan, gutxienez ere, honako datu hauek adierazi beharko dira:

Gauzatu behar den ikuskizun edo jarduera motaren ohiko izena.

Lanen titulua eta egileen edo itzultzaileen izena, hala dagokionean.

Parte hartuko duten interpretatzaile, artista edo antzezleen izenak, eta, hala dagokionean, zein ordenatan parte hartuko duten.

Aurreikusitako emanaldi edo antzezpenen egunak eta orduak.

Mota guztietako sarreren prezioak, ezarritako zerga guztiak barne.

Hainbat emanalditarako abonamenduaren baldintzak eta, hala dagokionean, abonudunei aitortutako eskubideak.

Enpresaren izena eta helbidea, eta enpresa jabearen edo ordezkariaren izen-deiturak eta helbidea.

Filmen bat baldin bada, enpresa banatzailearen merkatu-izena edo izen soziala.

Kultura Ministerioak adinari buruz emandako ikuskizunaren kalifikazioa, hala dagokionean.

Programazioan jasotako eta publizitateak zabaldutako informazioa, edota Kultura Ministerioaren organoetatik edo beste bitarteko batzuetatik lor dezaketena oinarritzat harturik, gobernu- eta udal-agintariek, tokian tokiko edo behin-behineko egoerak kontuan izanik, salbuespen gisa debekatu ahal izango dute adingabeak joatea, eta ikuskizunaren aurkezpena atzeratu edo debekatu ere egin ahal izango dute, dagozkien eskumenak –ordena publikoa zaindu, herritarren segurtasuna bermatu eta pertsonak, bereziki haurrak eta gazteak, babestekoak– erabiliz.

Edozer gorabeheragatik enpresa aldez aurretik iragarritako ikuskizunaren edo jolas-jardueraren ordena, eguna, edukia edo antolaketa aldatu beharrean gertatuz gero, herriko alkateari emango dio aldaketaren berri, eta alkateak, berriz, probintziako gobernadore zibilari jakinaraziko dio; gero, berehala zabalduko du aldaketaren berria kartelak ipintzen diren ohiko lekuetan eta txartelak saltzen diren leihatilen gainean, eta aldaketa onartu ez duten ikus-entzuleei erositako sarreren zenbatekoa itzuli beharko die.

63. artikulua.

Enpresak, jendeari jakinarazi baino zortzi egun lehenago gutxienez, alkateei bidaliko dizkie hainbat emankizunetarako abonamenduaren baldintzak finkatzen dituzten kartelak edo programak, alkateek dagozkien zuzemenak egin ditzaten.

Abonudunek, abonamendua egiterako garaian enpresak denboraldi bakoitzerako programen eta kartelen bidez eman dizkien eskubideak izango dituzte; dena den, egingo ez diren ikuskizunengatik edo berek onartu gabeko aldaketak izan dituztenengatik ordaindu duten dirua itzultzeko eskubidea izango dute.

64. artikulua.

Ikuskizunak, kirol-ekitaldiak edo jolas-jarduerak, oso-osorik edo neurri batean, bide publikoetan egin behar direnean, aldez aurretik eskumena duten agintariek onartu beharko dituzte kartelak edo programak, eta agintari horiek berek ezarri beharko dituzte beharrezko diren baldintzak, ekitaldi horien izaera eta bide publikoen gainerako erabileretan izan ditzaketen eraginak kontuan harturik.

Udal agintariei dagokie programak onartzea; hala ere, probintziako gobernu-agintarien edo Barne Ministerioaren baimena behar izango da, baldin eta automobilen, motorren edo txirrindularien lehiaketa edo birak bezalako jarduerak badira, edota lasterketak, herri-maratoiak eta tankerako probak direnean, batzuen eta besteen ibilbide eta garapenetan, hurrenez hurren, udalerri edo probintzia bat baino gehiago zeharkatzen dituztenean.

BIGARREN ATALA.- SARRERA SALMENTA

65. artikulua.

Mota guztietako jendaurreko ikuskizun edo jolas-jardueretako enpresek, gutxienez ere sarrera guztien % 50 saldu beharko dizkiote zuzenean jendeari.

Salbuespen gisa, estreinaldiak, artisten debutak, emanaldi bakarrak eta Estatuko agintari gorenak buru dituzten ikuskizunak edo berek babestutakoak direnean, edota ongintzazkoak edo izaera berezikoak direnean, gobernadore zibilek edo alkateek % 25era murritz dezakete aurreko paragrafoan aurreikusitako muga mota guztietako sarreretan.

Ikuskizunak edo jolas-jarduerak klubek edo elkarteek antolatzen dituztenean, aurreko bi lerrokadetan adierazitako ehunekoak aldez aurretik klub edo elkarte horietako bazkideei eman edo saldu ez zaizkien sarreren arabera zehaztuko dira.

66. artikulua.

Ikuskizunak edo jarduerak burutzen diren eraikin, zelai edo esparruetan, sarrera kopuruaren arabera behar adina saltoki prestatuko dira, jendeari eragozpenik sortu gabe eta saltoki horien aurrean jendea gelditu edo pilatu gabe, sarrerak ahalik eta azkarren saltzeko; horretarako, ikuskizunak hasi baino behar adina denbora lehenago ireki beharko dira saltokiak.

Enpresek saltokiak ipini ahal izango dituzte areto itxietan herriko hainbat tokitan, jendeari eskatutako sarrerak lortzen laguntzeko, baina sarrerari dagokion zenbatekoaren gainean ezin izango da inolako errekargu edo kopururik jaso.

67. artikulua.

Enpresei txartelak errekargurik gabe saltoki berezietan saltzeko emandako baimena alkateari hala eskatu dioten elkarteei ere eman ahal izango zaie, honako arau hauek betez gero:

Enpresek, gehienez ere, abonamendukoa ez den sarrera mota bakoitzaren % 25 bakarrik banatu ahal izango dute, berriro saltzeko baimena duten erakundeen artean.

Berriro saltzeko errekargua ez da inola ere enpresak berak leihatiletan edo saltokietan jendeari zuzenean saltzeko ezarritako prezioaren % 20 baino handiagoa izango.

Berriro saltzeko asmoa duten erakundeek areto itxietan egin beharko dute, eta areto horiek irekitzeko alkateek emandako aldez aurreko baimen berezia behar izango da beti.

Lizentzia horrek urtebeteko balioa izango du, eta birsalmentan jarraitu ahal izateko urtero berritu beharko da.

Aurreko atalean aipatutako lizentzia ematerakoan, lehentasuna izango dute dituzten kultura, ongintza edo laguntza helburuengatik onura-publikotzat aitortutako elkarteek, bai eta ongintzazko elkarte berezi modura sailkatutako fundazioek ere; esate baterako, amei edo haurrei laguntzen, gazteen delinkuentzia saihesten, baztertuak bultzatzen, zaharrak zaintzen edota gutxitu fisiko edo psikikoak edo zentzumen urrikoak garatzen eta gizarteratzen dihardutenek.

Guztiz debekaturik dago txartelak kalean edo kalez kale saltzea edo birsaltzea.

Arau-hausleari, txartelak konfiskatzeaz gain, isuna ezarriko zaio erregelamendu honetako 81. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera, bereziki birsaltzen aritzen dena edo berriro birsaltzen aritu dena baldin bada.

HIRUGARREN ATALA.- ORDUTEGIAK

68. artikulua.

Ikuskizun guztiak karteletan eta programetan adierazitako orduan hasiko dira, nahitaez.

Emanaldi bat baino gehiago duten ikuskizun-aretoetan, emanaldi bakoitzerako iragarritako ordua hartuko da emankizunaren hasierako ordu modura.

69. artikulua.

Ikuskizun eta jolas-jardueretako aretoak, jarduerak hasi baino hamabost minutu lehenago gutxienez, eta kirol-zelaiak partidak hasi baino hogeita hamar minutu lehenago gutxienez –edota erregelamendu edo arau berezietan ezarritako garairako bestela–, irekita eta, hala dagokienean, behar bezala argiztaturik egongo dira.

Hala ere, batzuen eta besteen edukiera kontuan izanik edo gertakari bereziak direnean, udal- edo gobernu-agintariek zenbait areto edo esparru jarduera hasi baino bi ordu lehenago irekitzea agindu ahal izango dute.

70. artikulua.

Barne Ministerioaren Aginduak erabakiko ditu jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren ordutegi orokorrak, zenbait ministerio –Ekonomia eta Merkataritza; Lan eta Gizarte Segurantza; Garraioak, Turismoa eta Komunikazioak; Kultura eta Osasuna eta Kontsumoa– kontsultatu ondoren, eta aldez aurretik legearen arabera izen emandako Espainiako enpresari, interpretatzaile, kirolari eta artisten elkarteek esandakoa entzunez, bai eta familia elkarteek esandakoa ere.

Ordutegi horiek erabakitzeko, kontuan izango dira, besteak beste, honako xehetasun hauek:

Hainbat motatako ikuskizun, dibertsio edo jolasak eta batzuen eta besteen eskakizun bereziak burutzerako orduan.

Sortzerakoan bereziki gogoan izan dituzten ikus-entzuleen ezaugarriak.

Urtaroak eta hainbat motatako egunak: lanegunak, jaiegunak edo jai-bezperak.

Ordutegiak erabakitzeko aginduetan aurreikusiko da, gobernadore zibilek edo alkateek zer kasu eta baldintzetan luzatu ahal izango dituzten ordutegiak, herri, eskualde edo lurraldeen berezitasunak kontuan harturik eta, bereziki, turista-oldearekin eta ikuskizunaren iraupenarekin loturik.

LAUGARREN ATALA.- DEBEKUAK ETA BERTAN BEHERA UZTEAK

71. artikulua.

Xedapen bereziek ezarritakoari kalterik egin gabe, haur eta gazteentzat desegokiak edo arriskutsuak diren jendaurreko ikuskizun edo dibertsioak, delitu izan daitezkeenak edota ordena publikoari edo ohitura onei modu larrian erasotzen dietenak debekatu egin ahal izango dira.

Animaliekiko ankerkeria edo tratu txarra ekartzen duten edo ekar dezaketen ikuskizunak edo jarduerak ere debekatu ahal izango dira.

Gobernu edo udal-agintariek, delitu izan daitekeen jendaurreko ikuskizun edo jolasen bat egin nahi dela edo egiten ari dela jakin eta berehala, eskumena duen agintari judizialari emango diote horren berri fiskaltzaren bitartez.

Aldi berean, ikuskizun edo jolas-horien enpresari edo antolatzaileei ere adieraziko zaie jakinarazpenaren berri.

72. artikulua.

Aurreko artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, gobernadore zibilak edo udal-agintariek, hala dagokienean, debekatu egin beharko dituzte –kartelak edo programak aurkeztu ondorengo bi egun baliodunen barruan– ikuskizunak, kirolak edo jolas-jarduerak:

Ikuskizuna, kirola edo jolas-jarduera burutzeko aretoak, esparruak edo instalazioak horretarako behar izaten den lizentziarik edo baimenik ez duenean, edota burutu nahi den emankizunaren ezaugarri bereziak kontuan izanik eska daitekeen egokitasunik ez duenean.

Emankizunak direla-eta edo haien ondorioz, ordena publikoan nahasmendu larriak eragiteko benetako arriskua sortzen denean.

Emankizuna burutzeak pertsonei edo ondasunei kalteak eragin diezazkiekeenean.

Epidemia, osasun publikoarentzako arrisku larri, hondamendi publiko edo dolu kolektibo kasuetan.

Ikuskizunak, kirol-ekitaldiak edo jolas-jarduerak egitea debekatuko duen ebazpena berehala jakinarazi beharko zaie antolatzaileei, eta, egoki dela iritziz gero, gobernuko agintariek jakinarazi ahal izango dute debekuaren berri.

73. artikulua.

Gobernadore zibilak, udal-agintariek edota batzuen eta besteen ordezkariek bertan behera utzi ahal izango dituzte jadanik burutzen ari diren jendaurreko ikuskizun edo jolasak aurreko artikuluan adierazitako edozein kasutan, bai eta honako hauetan ere:

Ikuskizunaren edo jolas-jardueraren garaian, iskanbilak, nahasmenduak edo indarkeria izaten direnean eta nahasitako ordena berehala berrezartzeko aukerarik ez dagoenean.

Jende gehiegi dagoelako edo bestelako arrazoiengatik, aretoak edo esparruak behar diren segurtasun- eta higiene-baldintzak jadanik betetzen ez dituenean, pertsonak edo ondasunak arrisku larrian ipiniz.

Ikuskizuna edo jarduera egitean, Kultura Ministerioak emandako adinari buruzko sailkapena argi eta garbi urratzen denean, haurren eta gazteen kaltetan.

Jabetza intelektualeko legediaren arabera dagokion kasuetan, lege horietan aurreikusitako helburu eta ondorioekin.

VI. KAPITULUA.

Gobernuko agintarien esku-hartzea

LEHEN ATALA.- GOBERNUKO AGINTARIEN ESKUMENAK

74. artikulua.

Barne Ministerioari dagokio, gaiari buruzko eskumenak dituzten gainerako ministerioen aldez aurreko aldeko txostena eta ikuskizunetarako eta jolas-jardueretarako Poliziaren Aholku Batzorde Nagusiaren iritzia dituela, jendaurreko ikuskizun, joko, jolas, jarduera edo establezimenduen edota horietako multzoen gaineko Poliziaren erregelamendu bereziak emateko eskumena –herrialde osorako eta kasu bakoitzari aplika dakizkiokeen lege eta arauen arabera–.{Era berean, Barne Ministerioari dagokio Jendaurreko ikuskizunetako eta jolasetarako enpresa eta aretoen Erregistroa antolatzea eta abian jartzeko behar diren arauak onartzea eta promulgatzea ere.

Barne ministroari eta Estatuko segurtasun-zuzendariari dagokie, bai eta probintzietako gobernadore zibilei ere, beren esparruko lurraldeetan:

Jendaurreko jolas-jarduera eta establezimenduekin zerikusia duten polizia-neurri orokorrak edo bereziak hartzea, erregelamendu honetan eta jarduera edo establezimendu horien erregelamendu berezietan xedatutakoaren arabera.

Goi mailako zainketa- eta ikuskapen-eginkizunak antolatzea eta horiek burutzen direla kontrolatzea.

Segurtasunarekin, moralitatearekin edo ordena publikoarekin zerikusia duten arrazoi larriengatik, ikuskizunak edo jolas-jarduerak modu orokorrean edo kasu zehatzetan bertan behera utzi edo debekatzeko aukera.

Erregelamendu honetako 75. artikuluan adierazitako kasuetan, jarduerak baimentzea.

Erregelamendu nagusiaren, erregelamendu berezien edo agintariek berek xedatutako polizia-neurrien aurkako arau-hausteak zigortzea.

Toki Araubideko legedian xedatutakoaren arabera, gobernadore zibilek lan-lizentziak edo irekitze eta abian jartzekoak emateari buruz udalek hartutako erabakien aurka egin ahal izango dute, baldin eta erregelamendu honetan edota ikuskizun edo jolas-jardueretako erregelamendu berezietan xedatutakoa nabarmen urratuz hartu badira, eta erabaki horiek, pertsonentzat eta ondasunentzat, bereziki haur eta gazteentzat, kalte edo arrisku larriren bat ekar badezakete.

Aurreko zenbakian aurreikusitako helburuetarako, udal-agintariek berek emandako lizentzia guztien laburpenak jakinaraziko dizkiote gobernadore zibilari, baimendutako jarduera, titularraren datu pertsonalak eta aretoari, esparruari edo establezimenduari dagozkionak zehaztuz.

75. artikulua.

Udal-lizentziei kalterik egin gabe, gobernu-agintarien baimena ere behar izango da ikuskizunak edo jolas-jarduerak egin ahal izateko, honako kasu hauetan:

Ongintzako ikuskizun edo jarduerak, erregistratutako elkarteek antolatutakoak eta babes ofiziala izan nahi dutenak direnean.

Modu orokor edo berezian arautu gabeko ikuskizun edo jarduera bereziak edo ez ohikoak direnean, edota dituzten ezaugarriengatik emandako erregelamenduetatik kanpo gelditzen direnean.

Udalerri bat baino gehiago zeharkatzen dituzten jolas-jarduerak, lasterketak, karabanak edo kirol-ekitaldiak direnean.

Ausazko jokoak eta zezenketak batzuen eta besteen erregelamenduaren arabera antolatzen direnean.

BIGARREN ATALA.- IKUSKIZUN ETA JOLAS-JARDUERETAKO POLIZIARI BURUZKO AHOLKU BATZORDE NAGUSIA

76. artikulua.

Honako kide hauek osatuko dute ikuskizunetarako eta jolas-jardueretako Poliziaren Aholku Batzorde Nagusia:

Presidentea:

Estatuko segurtasun-zuzendaria.

Presidenteordea:

Barne Ministerioko idazkari nagusi teknikoa.

Batzordekideak:

Herri Lan eta Hirigintza Ministerioak eta Industria eta Energia arlokoak izendatutako ordezkari bana.

Turismo alorreko Estatu Idazkaritzaren eta Osasun arloko Idazkariordetzaren ordezkari bana.

Liburuaren eta Zinematografiaren Sustapeneko eta Musika eta Antzerki Zuzendaritza Nagusiko ordezkari bana, eta Kirol Kontseilu Gorenaren beste ordezkari bat.

Herritarren segurtasunerako komisario nagusia.

Barne Politikako Zuzendaritza Nagusiko ordezkari bat eta Babes Zibileko Zuzendaritza Nagusiko beste bat.

Jokoaren Batzorde Nazionaleko Kabinete Teknikoko burua.

Arkitekto bat, industri ingeniari bat eta Poliziaren Zuzendaritza Nagusiko mediku bat.

Idazkaria:

Barne Ministerioko Idazkaritza Nagusi Teknikoko funtzionario bat.

Jorratu beharreko gaien izaera kontuan izanik, batzordeko presidenteak honako hauei deitu ahal izango die berak erabakitako gaiak aztertzeko:

Dagokion ikuskizun edo jolas-jarduera alorreko Espainiako Enpresarien Elkarteko ordezkari bat.

Dagokion alorreko interpretatzaile, artista, antzezle edo kirolarien Espainiako elkarteetako ordezkari bana.

Ikuskizun edo jolas-jarduera bakoitzean gaitasun berezia duen pertsona bat, batzordeko presidenteak berak izendatutakoa.

Aurreko paragrafoan aipatutako ordezkariek edo pertsonek hitza bai baina botorik ez dute izango batzordearen bileretan, presidenteak kontrakoa erabakitzen ez badu behintzat.

Batzorde Nagusiaren barruan Batzorde Iraunkorra eratuko da, eta batzorde horren eginkizunak izango dira, besteak beste, Batzorde Nagusiaren bilkurak antolatzea eta Batzorde Nagusiak eskatutako gainerako lanak egitea.

77. artikulua.

Ikuskizunetako eta jolas-jardueretako Poliziaren Aholku Batzorde Nagusiak gaiari buruzko aholkuak emango dizkie gobernuko agintariei, eta horretarako Batzorde horren ardura izango da:

Ikuskizunetako eta jolas-jardueretako Poliziaren Erregelamendu Berezien proiektuak direla-eta, eman beharreko txostenak prestatzea.

Ikuskizunetarako eraikin eta aretoak eraiki, egokitu, eraberritu eta irekitzeari dagokionez, arauzko eta legezko araubidea aplikatzerakoan irizpide homogeneoak finkatzea.

Jendaurreko ikuskizunak arautzen dituzten xedapenak ulertu, erabili eta aldatzeari buruzko mozioak, proposamenak eta txostenak egitea.

Ikuskizunetako gaiei buruzko edo ikuskizunekin zerikusia duten ohitura-diziplinari buruzko txostenak edo ebazpen-proposamenak idaztea, probintzia bati baino gehiagori eragiten dietenean edo gobernadore zibilen eskumenak gainditzen dituzten zigorrak ezartzeari dagozkionean.

Jendaurreko ikuskizun eta establezimenduetako ordutegiari eta jarduera berezien kokalekuari buruzko txostenak egitea.

Oro har, gobernu zentraleko agintariek edota probintzietakoek jendaurreko ikuskizunen inguruan eginiko argibide-eskaera guztiak bideratzea.

HIRUGARREN ATALA.- JOLAS-JARDUEREN ZAINKETA BEREZIA

78. artikulua.

Estatuko Segurtasunaren Zuzendaritzak eta gobernu zibilek emandako agindu eta arauen arabera, Poliziaren Goi Buruzagitzak eta probintziako eta tokian tokiko komisario-etxeek, edota Guardia Zibilaren komandantziek beren aginpideko lurraldeetan modu berezian zaindu beharreko jardueratzat hartuko dituzte, oro har, jendaurreko ikuskizun eta jolasak. Hala, ohiko zainketa-zerbitzuak eskainiko dizkiete, bai ikuskizunei eta jolasei, bai ikuskizun eta jolas-horiek egiten ari diren aretoei, eta une eta leku bakoitzean zainketa horretaz arduratuko diren funtzionarioak izendatuko dituzte.

Udaltzainei ere badagokie beren agintariek emandako aginduen pean zainketa-lanak egitea, bereziki Estatuko Segurtasun Taldeetako Indarrek edo Unitateek egoitzarik ez duten udalerrietan.

Jendaurreko ikuskizun- eta jolas-aretoetan berariaz zainketa-zerbitzuak egitea agindu zaien agintarien ardurapeko agenteak modu librean eta doan sartu ahal izango dira areto horietara zainketa-lanetan ari direnean; bai jendaurreko emanaldi edo jardueren garaian, bai antzezpen, emanaldi edo jarduera horien jenderik gabeko saio, entsegu eta gainerako prestatze-ekitaldien garaian.

79. artikulua.

Poliziaren zainketa, aretoen eta aretoetako instalazioen egoera fisikoaz ez ezik, ikuskizun eta jardueren garapeneko ordenaz eta moralitateaz, emanaldien ordutegiaz, ikuskizun eta jarduera horietan parte hartzen duten pertsonen egoeraz eta, ikuskizun edo jarduera bakoitzari eman zaion kalifikazioa kontuan harturik, bertaratutako ikus-entzuleen adinaz ere arduratuko da.

Poliziak egindako zainketaren ondorioz, aretoetan edo aretoetako instalazioetan akats-zantzuak sumatuko balira eta horiek behar bezala antzemateko profesionalen edo funtzionario teknikoen esku hartzea nahitaezkoa balitz, agintarien ardurapeko agenteek hala jakinarazi beharko liekete eskumena duten erakundeei; zuzenean presazkoa denean, edo beren agintarien bitartez bestela, bidezko izan daitezkeen ikuskapenak egitea agindu dezaten.

80. artikulua.

Agintarien ardurapeko agenteek dagozkien administrazio-agintarien aurrean salatu beharko dituzte indarrean dauden xedapenen alorrean ikusi dituzten eta, ikuskizun- edo jolas-aretoetan edota areto horietako instalazioetan ez ezik, ikuskizun edo jolas-horien garapenean ere eragina izan ditzaketen arau-hauste guztiak.

Zainketa-lanak egiterakoan, agintarien ardurapeko agenteak burutu nahi den antzezpena, emanaldia edo jolas-jarduera eskandalu publikoa, erakunde edo pertsona ospetsu publikoen aurkako iraina edo beste edonolako delitu izan daitekeela ohartuko balira, berehala jakinaraziko liokete jolasaren edo ikuskizunaren arduradunari.

Jolasa edo ikuskizuna hasita balego, dagokion lekukotasun-agiria egin eta agintari judizialari bidaliko liokete ohiko moduan.

LAUGARREN ATALA.- ARAU HAUSTEAK ETA ZIGORRAK

81. artikulua.

Erregelamendu honi dagozkion arau-hausteak izango dira:

Aretoak, esparruak edo behin-behineko instalazioak udal-lizentziarik edo gobernu-baimenik gabe jendaurreko ikuskizun edo jolas-jardueretarako erabiltzea, baimen hori galdagarri denean.

Aretoak, esparruak edo instalazioak baimendutako ikuskizun edo jolas-jardueretako ez baina beste ikuskizun edo jolas-jarduera batzuetarako erabiltzea.

Aretoak edo esparruak, edota aretoetako edo esparruetako zerbitzu edo instalazioak, lizentziarik edo baimenik gabe aldatzea.

Atondoak, korridoreak, eskailerak edo irteerako ateak larrialdi egoeretan erabiltzea eragotz dezaketen instalazioak, altzariak edo beste nolanahiko oztopoak ipiniz trabatzea.

Ikuskizun-aretoen edo kirol-esparruen barruan edozer motatako saltoki edo jolas-makinak ipintzea, aldez aurretik dagokion lizentzia edo baimena eskuratu gabe, lizentzia edo baimen hori izatea nahitaezkoa bada.

Aretoen, instalazioen edo zerbitzuen egoera txarra, deserosotasuna eraginez edota eska daitekeen segurtasun edo higiene maila urrituz.

Aretoaren segurtasun- eta higiene-baldintzei buruzko neurri zuzentzaileak –lan-lizentzietan eta irekitze eta abian jartzekoetan ezarritakoak, edota arauketa berezietako baimen edo esku-hartzeetan xedatutakoak– ez betetzea.

Bainugelen eta komunen garbiketarik edo higienerik eza.

Jendearen erabilpenerako aurreikusitako igogailuak geldirik edukitzea edo gaizki ibiltzea.

Argiztapen, berokuntza, aireztapen edo aire-girotze zerbitzuen funtzionamenduan akatsak izatea, bai eta suteetako prebentzio, alarma eta itzaltze sistemetan edota salbamendu eta hustuketa instalazio eta zerbitzuen funtzionamenduan ere.

Hainbat une eta lekutan, aretoen argitasuna arauzko mugen azpitik murriztea.

Behar diren su-itzalgailuak erabilgarri ez izatea, edota horietako batzuk edo denak sua itzaltzeko gaitasunik ez edukitzea.

Irteera- edo larrialdi-ateak, edota ate horiek errazago erabiltzeko sarrailak edo elementuak gaizki funtzionatzea.

Berokuntza zuzenean suaren bidez lortzeko berogailuak edo bestelako bitarteko finko edo mugikorrak erabiltzea.

Aurreikusi gabeko uneetan edo beharrezko diren arreta-neurriak hartu gabe petardoak leherraraztea, edota su-armak, piztutako zuziak edo bengala-suak erabiltzea.

Erizaindegian edo botika-gelan gaixoei edo zaurituei ez laguntzea, edota erizaindegia edo botika-kutxa behar adina hornitu gabe edukitzea.

Agintariei ez jakinaraztea, ez enpresen edo enpresa-ordezkarien izenak eta helbideak, ez horien artean izandako aldaketak, ez ustiatzen dituzten areto edo establezimenduak.

Kexa Libururik ez izatea edo aurreikusitako baldintzak betetzen ez dituzten liburuak izatea.

Ikus-entzuleei, elkartutakoei edo erabiltzaileei Kexa Liburua ez ematea.

Hamasei urtez azpiko artista, kirolari edo interpretatzaileak parte hartzea, baimendutako kasuetan izan ezik.

Bidezko edo ezinbesteko kausarik izan gabe, artistek, kirolariek eta gainerako interpretatzaileek parte hartu nahi ez izatea.

Ikus-entzuleei begirunea galtzea edo ikus-entzuleengan ordena nahas dezaketen erantzunak nahita eragitea.

Ikus-entzuleek edo etorritakoek, artistei, kirolariei eta gainerako interpretatzaileei begirunea galtzea.

Lizentzietan edo baimenetan aretoen edukiera modura ezarritako kopurua baino ikus-entzule edo erabiltzaile gehiago elkartzea edo hartzea.

Ikuskizuna arauzko adinaren kalifikazioa izan gabe burutzea edo ikuskizunaren garaian kalifikazio horretatik nabarmen desbideratzea.

Hamasei urtez azpiko gazteei sartzea debekaturik duten establezimendu edo ikuskizunetara sartzen uztea, edo debeku horren osagarri diren betebeharrak ez betetzea.

Aretoen edo esparruen barruan, armak edo arma modura erabil daitezkeen bestelako tresnak eramatea.

Aretoetan, erretzeko ipinitako gune, gela edo lekuetatik kanpo erretzea.

Ikus-entzuleek, elkartutakoek edo erabiltzaileek aretoan eragindako ordenaren nahasmenduak.

Ikus-entzuleak, elkartutakoak edo erabiltzaileak artistentzat, kirolarientzat edo interpretatzaileentzat diren areto, eremu edo geletara sartzea.

Ikuskizunak edo jolas-jarduerak aurkeztu beharreko kartelak edo programak aldez aurretik aurkeztu gabe burutzea.

Karteletan edo programetan egiazkoak ez diren lanen tituluak, egileen izenak edo bestelako datuak ipintzea.

Programak edo kartelak aldez aurretik eskumena duten agintariei jakinarazi gabe edo ikus-entzuleei aditzera eman gabe aldatzea.

Txartelak edo sarrerak kalean edo kalez kale birsaltzea edota baimendutako baino gainprezio handiagoak kobratzea.

Aurreikusitako ordutegiei dagokienez, ikuskizunen hasiera edo amaiera atzeratzea, edota establezimendu publikoak beranduago ixtea.

Gobernu-agintariek debekatutako edo bertan behera utzitako ikuskizunak edo jolas-jarduerak burutzea.

Beren eginkizunak betetzen ari diren agintarien ardurapeko agenteei aretora edo esparrura sartzen ez uztea.

Aretoekin edo ikuskizunen garapenarekin loturik hartu beharreko neurriak direla-eta, gobernu- edo udal-agintarien arauzko erabakiak ez betetzea.

Erregelamendu honetan aurreikusitakoa betez emango diren erregelamendu bereizietan hutsegite modura sailkatutakoak.

82. artikulua.

Aretoen, esparruen, instalazioen edota zerbitzuen alorreko arau-hausteei, honako zigor hauek ezarriko zaizkie:

Isunak.

Lizentziak edo baimenak gehienez ere urtebeterako bertan behera uztea.

Lizentziak edo baimenak behin betiko baliogabetzea.

Lizentziarik edo baimenik ez duten aretoak ixtea.

Ikuskizunak edo jolas-jarduerak antolatu eta burutzerakoan egindako arau-hausteei honako zigor hauek ezarriko zaizkie:

Isunak.

Ikuskizun edo jarduera zehatzak bertan behera utzi edo debekatzea.

Enpresei dagokien erregistroetan baja eman eta gehienez ere urtebeterako ikuskizunen edo jardueren antolaketa debekatzea.

Aretoak ixtea.

Udal-agintariek toki araubidearen legedian baimendutako mugen barruan ezarri ahal izango dituzte isunak.

Gobernadore zibilek 500.000 pezeta arte (3.005,06 euro).

Eta barne-ministroak 1.000.000 pezeta arte (6.010,12 euro)

Gertaera berberengatik zigor bikoitza ezartzea saihesteko, udal-agintariek berek abiarazi eta ebatzitako espediente zigortzaileen berri emango diete probintziako gobernu-agintariei, eta gobernu-agintariek behar diren jakinarazpenak egingo dituzte udal-agintarien bitartez bideratuko dituzten espediente zigortzaileetan.

Udal-agintariek eta gobernu-agintariek ezarri beharreko zigorrak egokitzeko kontuan izango dituzte:

Beste pertsona batzuei eragindako deserosotasuna, arriskua, galerak edo kalteak.

Aretoaren, esparruaren, establezimenduaren edo instalazioen garrantzia edo kategoria, eta, oro har, arau-hauslearen ahalmen ekonomikoa.

Berriz egin edo errepikatu izana.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Erregelamendu hau promulgatu aurretik zeuden jendaurreko ikuskizun eta jolas-jardueretako aretoak promulgazio horren egunetik hasita bi urteren buruan egokitu beharko dira I. tituluko I. kapituluari dagozkion bigarren (argiak, berokuntza eta aireztapena) eta hirugarren ataletan (suteen aurkako neurriak) aurreikusitako eskakizunetara, baldin eta egokitzapen horretarako instalazioak edo eraikuntza-osagaiak aldatu behar badira; eta egun horretatik bertatik hasita urtebeteren buruan, adierazitako aldaketak egin beharrik ez badago.

ERANSKINA

Izendegia

I. Eraikin edo aretoetako jendaurreko ikuskizunak

Jendaurreko ikuskizunak eurak; bereziki:

Zinema.

Antzerkia.

Kontzertuak.

Zirkua.

Barietateak eta folklorea.

Zezenketak.

Telebista-klubak.

Antzerki, zinema, zirku eta gainerako ikuskizun ibiltariak.

Ikuskizunak eta kirol-jarduerak areto edo esparruetan; zehazki, honako hauetan:

Futbol-zelaiak.

Saskibaloi, eskubaloi eta boleibol jokalekuak.

Tenis-zelaiak.

Belar-hockey zelaiak, eta patinajerako eta patin-hockeyrako pistak.

Belodromoak.

Motoziklismo eta automobilismo lasterketetako zirkuituak.

Hipodromoak.

Zakur lasterketetarako pistak.

Tiro-eremuak.

Bolatokiak.

Pilotalekuak.

Gimnasioak eta atletismo-pistak.

Igerilekuak.

Boxeo-aretoak.

Beisbol-zelaiak.

II.

Bestelako ikuskizun eta kirol-jarduerak

Ikuskizunak eta kirol-jarduerak esparru irekietan eta bereziki:

Udako edo aire zabaleko antzerki, zinema eta gainerako ikuskizunak.

Estropadak eta uretako bestelako ikuskizun edo kirol-jarduerak.

Ikuskizun eta kirol-jarduera aeronautikoak.

Txirrindulari, motoziklismo eta automobilismo lasterketak bide publikoetan.

Moto-krosa.

Eski-jarduerak eta eski-lehiaketak.

Kirol-lehiaketetako korrika-lasterketak edo maratoiak eta herri-lasterketak.

III.

Jolas-jarduerak

Ausazko jokoak.

Joko-kasinoak.

Bingo-aretoak.

Jolas-makinak eta ausazkoak.

Tonbolak.

Jolas-aretoak.

Jolas-ikuskizunak, eta zehazki:

Barraketako jolas-ikuskizunak eta etxolak.

Jolas-parkeak.

Parke zoologikoak.

Safari-parkeak.

Bestelako jolas-jarduerak:

Herrietako dantzaldi eta jaiak.

Folklore-ekitaldiak.

Gazteen dantzalekuak.

Diskotekak eta dantza-aretoak.

Ikuskizun emanaldiak dituzten dantzalekuak.

Jaialdiak, kantu-lehiaketak edo antzekoak.

IV.

Establezimendu publikoak

Establezimendu publikoak; hala nola:

Jatetxeak.

Kafe-etxe eta kafetegiak.

Tabernak eta antzekoak.

Kantu-kafetegiak.

Antzerki-kafetegiak.

Kontzertu-kafetegiak.

Tablao flamenkoak.

Erakusketa- eta hitzaldi-aretoak.

euskal legezalea