19/2011 Errege Lege Dekretua, Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa eratzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretua aldatzen duena

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

19/2011 Errege Lege Dekretua, abenduaren 2koa, Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa eratzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretua aldatzen duena.

16/2011 Errege Lege Dekretuak, Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa eratzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretua aldatzen duenak, Espainiako gordailu-sistemaren erregulazioak erakundea eratu zenetik jasan duen aldaketarik handiena burutu zuen, helburu bikoitzarekin: alde batetik, finantza-sistema birkapitalizatzea eta, bestetik, berregituraketa burutzea.

Lehenengo, aldaketak ordura arteko gordailuen hiru berme-funtsak Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsean bateratzen zituen, ordezkatzen zituen hiru funtsen funtzioak eta ezaugarriak mantenduta. Bigarren, funts bateratuaren erabakitzeko funtzioa eguneratu eta indartu zen, erakundeen kaudimena eta funtzionamendua indartzeko jardunean malgua izango zela bermatzeko. Aldaketa horren funtsezko printzipioa da –nazioarteko finantza-erakundeek nahiz Gobernuak finantza-krisiaren aurreko esku-hartze gisa ezarri dutena– finantza-sektorearen berregituraketak eragindako kostuak sektoreak berak hartzea bere gain, sektore pribatuaren kostuak ez iristea altxor publikora, alegia, zergadunak ez ordaindu behar izatea, nahiz eta finantza-sistemaren egonkortasuna eta kaudimena mantendu beharko diren.

Errege lege-dekretu honek sistemaren aldaketa hori osatu eta indartzen du, erakundeek funtsari egin beharreko urteroko ekarpenetarako legez ezarritako muga berrikusita; milako 2tik 3ra igotzen da, Funtsari jarduteko gehieneko gaitasuna ematen zaiola bermatzeko. Horrez gain, berariaz indargabetzen dira indarrean zegoen legeriari jarraiki eta lehen hiru berme-funts egotearen ondorioz erakundeek egiten dituzten ekarpenei, erakunde-motaren arabera, milako 0,6, 0,8, eta 1eko hautazko beherapenak ezartzen zizkieten ministerio-aginduak. Aldaketa bien emaitza da, lege-mailako arau batean, milako 3ko muga ezartzea gordailu bermatuetako ekarpenetan eta milako 2ko ekarpen erreala egitea, aurrez adierazitako portzentajeetakoa beharrean.

Bigarren, errege lege-dekretu honen helburua da 16/2011 Errege Lege Dekretuaren teknika argitu eta hobetzea, ziurgabetasun juridikoa eragin dezaketen arloetan. Zehazki, Funtsak bere funtzioak betetzeko beharrezko baliabideak argitu eta sistematizatzen ditu eta ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuaren ondorioz banka-sektorea berregituratzeko jarduerek eragindako galerei aurre egiteko Funtsak erabil ditzakeen babes-tresnak argitzen ditu.

Errege lege-dekretu honek artikulu bakar bat du, Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa eratzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretua aldatzekoa, eta artikulu hori lau paragrafotan banatzen da.

Lehen paragrafoak, idazketa berria ematen dio urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretuaren 6.2 artikuluari, Funtsak bere funtzioak ondo betetzeko izango dituen baliabideak argitu eta sistematizatzeko. Baliabide horiek ekarpeneko erregimen arrunta, erreklama daitezkeen derramak eta, azkenik, Funtsaren zorpetzeko edozein finantza-eragiketaren bidez eskuratutako baliabideak izango dira. Gehigarri gisa, berariaz azpimarratzen da Funtsak bere ondarearen nahikotasuna berrezarri behar duela bere funtzioa betetzeko nahikoa ez denean.

Bigarren paragrafoak Funtsari atxikitako erakundeek ordaindu beharreko urteko ekarpenen muga milako 3ra igotzen du. Aldi berean, errege lege-dekretuan aurreikusitako araudiak indargabetzeak eragiten du automatikoki ekarpenak milako 2ra igotzea, Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsei buruzko abenduaren 20ko 2606/1996 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezartzen duen moduan. Arau hori indargabetzeak eragiten du ondoriorik gabe uztea ministro-agindu horietan ezarritako ekarpenak gutxitzeko erregimena.

Hirugarren paragrafoaren helburua da Funtsean erabakiak hartzeko egun indarrean dagoen erregimena mantentzea, aurreko paragrafoen ondoriozko kopuru-aldaketen arabera egokituta eta argituta idazketa.

Eta, azkenik, laugarren paragrafoak Funtsak erabil ditzakeen finantza-babeseko tresnak azaltzen ditu, urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretuaren 12. artikuluaren bitartez.

Errege lege-dekretu honetan jasotako neurriak hartzea eta, bereziki, ekarpenen legezko muga igotzea nahiz horiek jaisteko ministro-aginduak indargabetzea ezinbestekoa da gure finantza-sistemaren gaineko konfiantza indartu eta gure finantza-sistemaren birkapitalizazio- eta berregituraketa-prozesua altxor publikoarentzat ahalik eta kosturik txikienarekin egiteko. Beharrezkoa da Funtsa indartzea, baliabide gehiago izan ditzan erabilgarri, hala finantza-arloari nola gaitasunei dagokienez. Gainera, gordailuak bermatzeko sistemak aldatu direnetan gertatu den moduan, gaia bereziki korapilatsua izateak eragiten du araudiaren aldaketa-prozesu arruntaren ondoriozko balizko edozein zalantza guztiz uxatu behar izatea. Hori dela-eta, neurri horiek hartzeak eragiten du errege lege-dekretuaren prozedurara jotzea eta Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baldintzak betetzea, aparteko eta berehalako beharrari dagokionez.

Horren arabera, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliatuta, Gai Ekonomikoetako Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasuneko ministroaren proposamenez eta Ministro Kontseiluak abenduaren 2ko bileran eztabaidatu ondoren,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzea 16/2011 Errege Lege Dekretua, urriaren 14koa, Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa eratzen duena.

Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa eratzen duen urriaren 14ko 16/2011 Errege Lege Dekretuari honako aldaketa hauek egiten zaizkio:

Lehena. Honela geratuko da idatzita 6. artikuluko 2. paragrafoa:

«2. Bere funtzioak betetzeko, Funtsak honako baliabide hauek izango ditu:

a) Hurrengo paragrafoan aurreikusitako urteko ekarpenak.

b) Funtsak atxikitako erakundeen artean egiten dituen derramak, ekarpenak kalkulatzeko oinarriaren arabera banatuak.

c) Balore merkatuetan, maileguetan edo zorpetzeko beste edozein eragiketatan bildutako baliabideak.

Edonola ere, Funtsaren ondarea bere funtzioak burutu ahal izateko nahikoa ez denean, Funtsak berriz ere nahikotasuna berreskuratzeko beharrezko jarduerak burutuko ditu.»

Bigarrena. 6. artikuluari 3. paragrafoa erantsi zaio eta aurrerantzean honela geratuko da idatzita:

«3. Funtsak kide diren kreditu-erakundeen urteko ekarpenak jasoko ditu, arauz ezarritako baldintzetan, eta ekarpen horien zenbatekoa bermearen gordailuen milako 3 artekoa izango da, kreditu-erakundeen motaren arabera.

Funtsari egiten zaizkion ekarpenak eten egingo dira Funtsaren xede diren eragiketetan konprometitu gabeko ondare-funtsa atxikitako erakundeen gordailuen % 1 baino gehiago denean.»

Hirugarrena. 7. artikuluaren 5. paragrafoaren bigarren lerrokada honela geratuko da idatzita:

«Hala eta guztiz ere, bi hereneko gehienekoa beharko da 6.2.b) artikuluan aurreikusitako derramak burutzea erabakitzeko, eta 11. artikuluan aipatzen diren jarduera-planen inguruko neurriak hartzeko.»

Laugarrena. 12. artikulua honela geratuko da idatzita:

«12. artikulua. Erakunde baten baliabide propioak berregituratu eta indartzeko babes-neurriak.

1. Espainiako Bankuak (Bankaren berregituraketari eta kreditu-erakundeen baliabide propioak indartzeari buruzko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuaren 7.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan) onartutako plan baten arabera berregituratzen bada kreditu-erakunde bat, Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa Kudeatzeko Batzordeak 13.1 artikuluan aurreikusitako edozein jarduera burutu ahal izango du berregituraketan parte hartzen duten finantza-erakundeen alde, eragiketa horrek eragindako galeren mugarekin.

Halaber, kreditu-erakunde baten baliabide propioak indartzeko finantza-babeseko neurriak hartzen badira ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren arabera, Kreditu-erakundeen Gordailuak Bermatzeko Funtsa Kudeatzeko Batzordeak 13.1 artikuluan aurreikusitako edozein jarduera burutu ahal izango du eragiketan parte hartzen duten finantza-erakundeen alde, eragiketa horrek eragindako galeren mugarekin.

2. Funtsa Kudeatzeko Batzordeak erabaki ahal izango du aurreko paragrafoan aurreikusitakoa, atxikitako erakundeen sistemaren baterako onura kontuan izanda, betiere bere kargurako kostuak plana onartu zenean bermatutako zenbatekoak ordaindu balitu baino txikiagoak badira.»

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetutako arauak.

Indargabetuta geratzen dira errege lege-dekretu honetan aurreikusitakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko arauak eta, bereziki, otsailaren 14ko ECO/318/2002 Agindua, urriaren 3ko ECO/2801/2003 Agindua eta abenduaren 29ko EHA/3515/2009 Agindua.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-tituluak.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 6, 11 eta 13. arauetan xedatutakoaren babesean ematen da; artikulu horrek Estatuari esleitzen dio merkataritzako legeriari, kreditua, banka eta aseguruak antolatzeko oinarriei eta ekonomia-jardueraren plangintza orokorraren oinarriei eta koordinazioari buruzko eskumena, hurrenez hurren.

Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Madrilen emana, 2011ko abenduaren 2an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuaren lehendakaria,

JOSÉ LUIS RODRÍGUEZ ZAPATERO

euskal legezalea