42008forulegea,

4/2008 Foru Legea, Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen seigarren xedapen iragankorraren 2. idatz-zatia aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

4/2008 FORU LEGEA, martxoaren 25ekoa, Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen seigarren xedapen iragankorraren 2. idatz-zatia aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako,

FORU LEGEA, LURRALDEAREN ANTOLAMENDUARI ETA HIRIGINTZARI BURUZKO ABENDUAREN 20KO 35/2002 FORU LEGEAREN SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRAREN 2. IDATZ-ZATIA ALDATZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Eskualdeko hirigintza arauak, lurraldearen antolamendurako tresnetako bat, Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean arautu ziren, II. tituluaren III. kapituluan hain zuzen. Martxoaren 22ko 80/1999 Foru Dekretuaren bidez, behin betikoz onetsi ziren Iruñerriko eskualdeko hirigintza arauak, 10/1994 Foru Legeak indarra izan zuen bitartean onetsitako eskualdeko hirigintza arau bakarrak.

Nolanahi ere, Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak indarra hartzeak aldaketa garrantzitsua eragin zuen lurralde antolamenduaren tresnen arautzean. Alde batetik, tresnen artetik lurraldearen antolamenduko jarraibideak eta eskualdeko hirigintza arauak kendu ziren, eta bestetik, tresna berriak sortu, hala nola Nafarroako lurralde estrategia, lurraldearen antolamenduko planak eta lurralde ekintzako plan zuzentzaileak.

Horri dagokionez, Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen seigarren xedapen iragankorrak aurreikusten du eskualdeko hirigintza arauen indarraldia bost urtekoa izanen dela gehienez, deusetan galarazi gabe haien edukia lurraldearen antolamenduko planetan sartzea. Halere, foru lege horren seigarren xedapen gehigarriak sei urteko epea ezartzen du lurralde antolamenduko planak onesteko. Hortaz, aurreikusitako bi epeak legean bat ez datozenez, beharrezkoa da eskualdeko hirigintza arauen indarraldia luzatzea, eta, horretarako, 35/2002 Foru Legearen seigarren xedapen iragankorraren 2. idatz-zatiaren testua aldatzea.

Artikulu bakarra.-Eskualdeko hirigintza arauen indarraldia.

Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarria aldatu, 2. idatz-zatia hain zuzen, eta honela geldituko da:

"Eskualdeko hirigintza arauek, martxoaren 22ko 80/1999 Foru Dekretuaren bidez behin betikoz onetsitakoek, haien esparru geografikoa barne hartzen duen kasuan kasuko lurralde antolamenduko plana onetsi arte izanen dute indarra".

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2008ko martxoaren 25ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea