72007forulegea,

7/2007 Foru Legea, Eremu ez euskalduneko ikastolen finantzaketari buruzkoa

Nafarroako Parlamentua

7/2007 FORU LEGEA, martxoaren 23koa, Orain arte Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza hobetzeko neurriei buruzko uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legearen bidez finantzatu diren eremu ez euskalduneko ikastolen finantzaketari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK,

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela,

ORAIN ARTE UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IRAKASKUNTZA HOBETZEKO NEURRIEI BURUZKO UZTAILAREN 2KO 26/2002 FORU LEGEAREN BIDEZ FINANTZATU DIREN EREMU EZ EUSKALDUNEKO IKASTOLEN FINANTZAKETARI BURUZKO FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA

Uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legeak, Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza hobetzeko neurriei buruzkoak, xedapen iragankor bakarrean, 2001/2002 ikasturtean jardunean ziren eremu ez euskalduneko ikastolen finantzaketa-araubidea ezarri zuen, haien egoera legeria indardunera egokitu bitarte.

Xedapen iragankor bakar horrek aipatzen dituen ikastolak hauexek dira: "Arangoiti Sociedad Cooperativa Limitada", egoitza Irunberrin duena; "Sociedad Cooperativa de Enseñanza Argia Ikastola", egoitza Fontellasen duena; "Erentzun Ikastola Sociedad Cooperativa Limitada", egoitza Vianan duena; eta "Ibaialde Ikastola Sociedad Cooperativa", egoitza Lodosan duena.

Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emaniko 531/2006 Ebazpenaren bidez, lehen aipatutako ikastetxe pribatu horiek Nafarroako Gobernuaren itun araubidean sartu zirela deklaratu zen.

Deklarazio hori ikastetxe horiek ireki eta jarduteko baimena emateko prozesuan egin zen, eta ikastetxe horiek baimena jasotzeko behar diren baldintzak eta beharkizunak betetzeak baldintzatzen zuen.

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan aurreikusten den bezala, Nafarroako Foru Komunitateak hezkuntza arloan duen eskumenak irakaskuntza arautzea eta administratzea hartzen ditu bere baitan, irakaskuntza osoa alegia, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztiak, ezertan ukatu gabe Konstituzioan arlo honi buruzko aginduetan ezarritakoa, horiek garatzen dituzten lege organikoak eta Estatuak dituen eskumenak, ikasketa eta lanbide tituluak eskuratu, eman eta homologatzeko baldintzak arautzeari eta horiek bete eta bermatzeko goi mailako ikuskapena egiteari dagokienez.

Bestetik, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak hezkuntza administrazioen gain uzten du ikastetxe pribatu itundu batzuei baliabide gehiago emateko aukera, halakoak behar dituzten proiektuak direla-eta, edo eskolatzen duten populazioak premia berezia duela kontuan hartuta.

Foru lege honetan hizpide diren ikastolen ezaugarriak bereziak direnez, 5.000 biztanletik beherako herriei ematen baitiete zerbitzua, pentsatzekoa da ikastetxe horiek baimendu eta itunduta egonik ere, horien bideragarritasun ekonomikoa ez litzatekeela bermaturik egonen epe laburrean, eta horregatik beharrezkotzat jotzen da finantzaketa neurri bereziak ezartzea, ikastetxeek ematen duten laguntza eta hezkuntza zerbitzua hobetzeko bide eman dezaten.

Xede horrekin onetsi da foru lege hau, Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza hobetzeko neurriei buruzko uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrean aipatzen diren eremu ez euskalduneko ikastolen finantzaketa berezia arautzeko alegia, horiek baimendu ondoren eta 2006ko irailaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitarteko eperako gehienez ere.

1. artikulua. Xedea.

1. Foru lege honen xedea da eremu ez euskalduneko ikastolentzako finantzaketa berezia arautzea, horiek baimendu ondoren eta 2006ko irailaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitarteko eperako gehienez ere. Ikastola horiek Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza hobetzeko neurriei buruzko uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legean oinarritutako finantzaketa izan dute orain arte.

2. Foru lege honetan aurreikusten den finantzaketa berezia bidezkoa izanen da aplikazio esparruko ikastola bakoitzak bere baimena jasotzen duen unetik aurrera, betiere baimen hori 2006ko irailaren 1ekoa edo ondorengoa bada.

2. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.

1. Nafarroako Gobernuak, aurrekontuko kasuan kasuko kontusailen bidez, ikastetxe hauen gastu arrunten finantzaketan lagunduko du foru lege honek indarra duen bitartean, 2006ko irailaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra.

2. Nafarroako Gobernuak gehieneko diru kopuru bat ezarriko du urtero, taula honen arabera:

1. TAULA

Urtea Urteko gehieneko finantzaketa

2006 1.718.253,93

2007 1.798.724,07

2008 1.758.489,00

2009 1.758.489,00

2010 1.758.489,00

3. Zenbateko horiek ikastetxeen mantentzerako erabiliko dira. Finantzaketa berezi gisa aurrekontuan ezarriko den zenbatekoa zein den zehazteko, ikastetxe hauei, foru lege honen indarraldian, hezkuntza itunen ondorioz gastuetarako dagokien dirua kendu beharko da aurretik. 2006. urterako finantzaketa berezi gisa ezarri beharreko kopurua honelaxe lortuko da: aurreko taulan ekitaldi horretarako adierazi den gehieneko gastuaren zenbatekoari Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza hobetzeko neurriei buruzko uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legean aurreikusitako finantzaketaz baliatuz 2006ko gastuetarako jaso dutena kenduko zaio, bai eta ekitaldi horretarako hezkuntza itunen ondorioz dagokiena ere.

4. Ituneko gastu zenbatekoa kalkulatzeko, ikastola bakoitzean itundutako unitateen batuketa egin, eta emaitza unitateari dagokion hezkuntza mailaren urteko modulu ekonomikoaz biderkatuko da.

5. Foru lege honetan aurreikusitako finantzaketa berezia aplikatzekoa izanen da uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legean aipatzen diren eremu ez euskalduneko ikastolen itunen baturari dagokion zenbatekoa aurreko taulan aurreikusitako urteko gehieneko kopurura ailegatu arte, hortik aurrera foru lege hau ez baita aplikatzekoa izanen.

6. Finantzaketa bereziak bere baitan hartuko ditu unitate itunduei gehitutakoen gastu arruntak, irakasleen nominak, hezkuntza proiektuak eta funtzionamendu gastuak barne, betiere hezkuntza itunean sarturik ez dauden gastuak badira.

7. Foru lege honetan aurreikusitako finantzaketa bereziak dakarren gastua "Eremu ez-euskalduneko ikastolentzako dirulaguntza berezia" izeneko 432000-43200-4811-334100 kontusailari egotziko zaio 2006ko ekitaldian, eta hurrengo ekitaldietan Nafarroako aurrekontu orokorretan ezartzen den kontusailari; itunaren gastua "Irakaskuntza pribatuarentzako dirulaguntzak" izeneko 410003 proietuko kontusailei egotziko zaie 2006ko ekitaldian, eta hurrengo ekitaldietan berriz Nafarroako aurrekontu orokorretan xede horrekin ezartzen direnei.

3. artikulua. Ikastetxeen betebeharrak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitakoez gain, foru lege honetan aurreikusitako finantzaketa bereziaren araubideari atxikitzeko, ikastolen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza hobetzeko neurriei buruzko uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrean sarturik dauden eremu ez euskalduneko ikastolen titularrak izatea.

b) Ikastola horiek Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza administrazioak baimendutako ikastetxeak izatea.

c) Nafarroako Gobernuak ikastola hauentzat, Hezkuntza Departamentuarekin izenpetzen dituzten itunez edo xede hori bera duen beste edozein finantzabidez baliatuz, ezartzen duen finantzaketa urteko gehieneko zenbateko hauek ez gainditzea, taula honetan adierazi bezala:

2. TAULA

Urtea Urteko gehieneko finantzaketa

2006 1.718.253,93

2007 1.798.724,07

2008 1.758.489,00

2009 1.758.489,00

2010 1.758.489,00

4. artikulua. Betebeharrak frogatzeko modua.

1. Ikastetxeetako titularrek aurreko artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte Hezkuntza Departamentuan, honek ezartzen duen epean. Betebeharrak urte osoan bete beharko dira.

2. Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak zehaztuko du, dirulaguntza eman beharreko urtearen aurreko urteko azken hiruhilekoan, ikastetxe bakoitzari hezkuntza itunaz baliatuz dagokion urteko diru kopurua. Halatan egiaztatuko du guztien itunetik ateratzen den gastu zenbatekoa bigarren artikuluko bigarren idatz-zatian aurreikusitako gehieneko gastu zenbatekoa baino handiagoa ote den.

3. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak ondorio horiekin 2008. urterako eta hurrengoetarako egiten dituen aurreikuspenak egun indarra duen hitzarmenak amaituta irakaskuntza pribatuaren arloan izenpetuko diren lan hitzarmenetan ezarritakoaren menpe geldituko dira.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak emanen du ikastola horietan jardunean dauden unitateen kopuruari buruzko informazioa.

5. artikulua. Aurreikusitako laguntzak.

1. Foru lege honetan araututako dirulaguntzak 2006ko irailetik 2010eko abendura bitarteko finantzaketa berezirako erabiliko dira, hezkuntza maila hauetan:

Haur hezkuntza.

Lehen hezkuntza.

Derrigorrezko bigarren hezkuntza.

2. Finantzaketaren xede den aldirako, ikasgela bakoitzeko emanen diren dirulaguntzen moduluak ondokoak izanen dira, honela banaturik:

3. TAULA

Haur hezkuntzako 2. zikloa (urtarrila-abuztua)

1,12

37.527,64

72,13

5,980,66

11,49

8.522,49

16,38

52.030,78

Haur hezkuntza (iraila-abendua)

1,12

37.527,64

69,60

7.871,54

14,60

8.522,49

15,81

59.921,67

Lehen hezkuntza

1,28

42.888,72

71,54

8.030,78

13,40

9.033,94

15,07

59.953,44

DBHko lehen zikloa (urtarrila-abuztua)

1,52

52.177,17

73,23

8.366,55

11,74

10.707,57

15,03

71.251,29

DBHko bigarren zikloa (iraila-abendua)

1,52

52.177,17

70,63

10.990,13

14,88

10.707,57

14,49

73.874,87

DBHko bigarren zikloa

1,59

62.687,96

71,61

12.838,65

14,67

12.018,91

13,73

87.545,52

DBHko curriculum aniztasuneko unitatea

0,68

47.831,35

68,55

9.922,08

14,22

12.018,91

17,23

69.772,34

DBHko curriculum egokituko unitatea

0,88

55.716,62

70,27

11.549,36

14,57

12.018,91

15,16

79.284,89

Batxilergoa

1,52

59.389,76

70,14

13.267,76

15,67

12.018,91

14,19

84.676,43

Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko prestakuntza kurtsoa

1,40

55.196,93

69,65

12.029,78

15,18

12.018,91

15,17

79.245,62

a) Modulu horiek urtero gaurkotuko dira, ondorioak urtarrilaren 1etik aurrera izateko, ikastetxe baimendu eta itunduetako itunak eta dirulaguntzak gaurkotzen diren kopuru berberetan.

b) Ematen diren dirulaguntzak oso-osorik erabiliko dira diruz lagundutako ikastetxeen mantentze eta funtzionamendurako.

c) Aurrekontuetan urtero ezarriko den diru kopurua bi zatitan banatuko da, bata urtarriletik abuztura bitarteko eperako (8/12) eta bestea irailetik abendura bitarteko eperako (4/12).

d) Ikasketxe bakoitzean itundu gabe dauden unitate guztien ponderazioak eta hezkuntza maila bakoitzaren modulu ekonomikoaren zenbatekoak (3. taula) ezarriko dute dirulaguntzaren zenbatekoa. Banatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen, osotara, urtean aurrekontuan ezarritako gehienekoa baino handiagoa.

6. artikulua. Eskaerak egiteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Diruz lagundu daitekeen gastua justifikatzeko, onuradunek eskabidea aurkeztu beharko dute, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari zuzendua eta foru lege honen I. eranskinean ezarritakoaren araberakoa.

Eskabide hori hilabete bakoitzeko lehenbiziko hamabost egun naturalen barruan aurkeztu beharko da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusten diren bideetako bat erabiliz.

Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu beharko du dirulaguntza jasotzeko eskabidea. Honekin batera erakundearen estatutuak ere aurkeztuko dira.

Eskaerarekin batera honako dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Hezkuntza itunetik kanpokoko bikoizketetan aritzen diren ikastetxeko irakasleen plantilla, honako agiri hauek erantsirik:

a.1. Diruz lagundu beharreko aldiko lan kontratuaren eta nominen fotokopia konpultsatuak, langileen unitateko arduradunak edo parekoak izenpetuak. Bertan adieraziko dira izena, NANa, bikoizketan irakasteko gaikuntza ematen dion ikasketa titulua, maila, lan hitzarmen indardunaren arabera duen lanbide kategoria eta lan-antzinatasuna.

a.2. Irakasleei maila eta kurtso bakoitzean eskolak emateko bide ematen dieten titulu ofizialen egiaztagiriak, espezialitateen tituluak barne.

a.3. Epe horretan Gizarte Segurantzari kotizatutakoaren ziurtagiriak.

a.4. Epe horretan PFEZari dagozkion zenbatekoen atxikipenen ziurtagiriak.

a.5. Ikastetxeko arduradunak sinatutako asteko irakaslanaren orria, bertan adierazirik irakasleak ematen dituen orduak, kurtsotan banatuta.

b) Kasuan kasuko ikasturteko eskola-ordutegia, zuzendariak sinatua.

c) Dirulaguntza eskaera egin den itundu gabeko unitate bakoitzari buruzkoak:

c.1. Asteko eskola-orduak.

c.2. Irakasgai bakoitzeko irakasleak.

c.3. Unitateko ikasleen zerrenda.

Agiri guztiek ikastetxeko zuzendariak edo arduradunak sinatuak beharko dute.

d) Ikastetxeko dokumentazio pedagogikoa:

d.1. Haur hezkuntza eta Lehen hezkuntzako ikastetxeak.

d.1.1. Hezkuntza proiektua.

d.1.2. Curriculum proiektua.

d.1.3. Ikasgela bakoitzeko programazioa.

d.2. DBHko ikastetxeak.

d.2.1. Hezkuntza proiektua.

d.2.2. Curriculum proiektua.

d.2.3. Departamentuetako edo arloetako programazio didaktikoak, ikasturte bakoitzari dagozkionak.

d.3. Ikastetxeko pedagogiako karguen taula, ikasturte bakoitzari dagokiona, zuzendariak edo arduradunak sinatua.

e) Fakturak eta frogatarako baliokide diren gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa edo eraginkortasun administratiboa dutenak.

f) Eskola Kontseiluaren akta, II. eranskineko ereduaren araberakoa, bertan jasota aurkeztutako faktura guztien batura eta espresuki adierazirik faktura horiek ez daudela sartuta itunetako justifikazio gastuetan.

g) Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egiaztagiria, zergei dagokienez agiriak aurkezteko egunean betebeharrak beteak dituela ziurtatzen duena.

Onuradunek zergei buruzko datuak Hezkuntza Departamentuak (Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eskatzea nahi izanez gero, espresuki eskatu beharko dute, dagokion eranskina betez. (III. eranskina).

h) Ikastetxeko arduradunaren erantzukizuneko aitorpena, dokumentazioa aurkezten den egunean Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekin dituen betebeharrak egunean dituela dioena.

2. Ordainketa eskabidea baloratu ahal izateko behar bezala beterik ez badago, entitate eskatzaileari atzemandako akatsak zuzen ditzan eskatuko zaio, gehienez ere 10 egun naturalen barruan, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita. Eskatutako dokumentazioa zuzentzen ez bada, eskatzaileak dirulaguntzari uko egin diola ulertuko da, eta beste tramiterik gabe artxibatuko da.

3. Parte-hartzaileek jatorrizko agiriak edo notarioak nahiz administrazioak konpultsatutako kopiak aurkeztu beharko dituzte.

4. Ez da aurkeztu beharko Hezkuntza Departamentuak duen dokumentazioa, non eta ez diren aldatu bertako datuak.

5. Artikulu honen 1. idatz-zatian eskatutako dokumentazioa frogatzeko, hau da, nominak, Gizarte Segurantzaren kotizazioa eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren konturako atxikipenak, eta dokumentazioa aurkezteko epea amaitu aurretik aurkezterik ez badago, ikastetxeko zuzendariak sinatutako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da; bertan jasoko da kasuan kasuko aldian, irakasleekin loturiko gastuen zerrenda zehatz bat (azken egunera arte aurreikusitakoena), gastu bakoitzari dagokion diru zenbatekoarekin. Ziurtagiriak jasotzen dituen alderdiak frogatzen dituen dokumentazioa ondoren aurkeztu beharko da, egiaztatu ahal izateko.

7. artikulua. Laguntzen ordainketa.

1. 2006ko ekitaldian, foru lege honetan aipatzen diren dirulaguntzak Hezkuntza Departamentuko gastuen aurrekontuko "Eremu ez euskalduneko ikastolentzako dirulaguntza berezia" izeneko 432000-43200-4811-334100 kontusailaren kargura ordainduko dira, eta hurrengo ekitaldietan, berriz, Nafarroako aurrekontu orokorretan horretarako ezartzen diren kontusailetatik. Ordainketak ikastolek egindako gastuak frogatu ondoren eginen dira.

2. Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuak, aurkeztutako ziurtagiriak eta 5. artikuluan ezarritako dirulaguntza moduluak kontuan harturik, unitate bakoitzeko ordaindu beharreko dirulaguntza ezarriko du. Dirulaguntza egiaztatu eta erabiltzearen ondorioetarako foru lege honetan ezarritako irizpideei eta, ordezko izaeraz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoei jarraituko zaie.

8. artikulua. Beste laguntzekiko bateragarritasuna.

Foru lege honetan aurreikusitako finantzaketa-araubidea eta beste laguntza batzuk bateragarriak dira, lege honen 3.1 c) artikuluan aurreikusitako salbuespenarekin; beste laguntza batzuekin bateratuz gero, halere, horien kopurua, banaka nahiz beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo dirulaguntzaren xede den jarduerak dituen baliabide bereki batzuekin batera, ez da izanen onuradunak bete beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

9. artikulua. Ordezko zuzenbidea.

Foru lege honetan aurreikusi ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea izanen da aplikatzekoa, foru lege honekin bateraezina ez bada.

Azken xedapenetan lehenbizikoa._Erregelamendu bidezko garapena.

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena._Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra, eta atzeraeragina izanen du, 2006ko irailaren 1etik aurrera. Indarraldia 2010eko abenduaren 31 artekoa izanen da.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2007ko abenduaren 23an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Eskatzailearen datuak:

Eskatzailearen izena:

IFZ:

Helbidea: .............................................. Telefonoa:

Posta kodea: ................ Herria: ....................... Faxa:

Eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa:

_Irakasleen plantilla, kontratuak, nominak, Gizarte Segurantzaren ziurtagiriak, PFEZaren ziurtagiriak, asteko eskola-ordutegia.

_Ikasleen zerrenda orokorra.

_Ikasturteko egutegia.

_Ikasgelak: ordutegiak, irakasleak, ikasleak.

_Ikastetxeko dokumentazio pedagogikoa.

_Eskola Kontseiluaren akta (II. Eranskina).

_Jardueraren justifikazio ekonomikoari buruzko dokumentazioa: Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzarena, beste batzuena.

............................(e)n, 20 ...(e)ko ..................aren .............(e)an.

(Sinadura)

(*) Agiriek jatorrizkoak edo notario batek edo administrazioak konpultsaturiko fotokopiak izan beharko dute.

II. ERANSKINA

Gastuak justifikatzeko eskabidea

Ikastetxea:

Telefonoa:

Helbidea:

Posta elektronikoa:

Udalerria:

HHko unitate kopurua:

Hezkuntza maila:

LHko unitate kopurua:

DBHko unitate kopurua:

Funtzionamendu, zainketa, amortizazio gastuak justifikatzeko akta

Zuzendaria:

Ikastetxeko titularraren ordezkariak:

Irakasleen ordezkariak:

Gurasoen ordezkariak:

Ikasleen ordezkariak:

Administrazioko langileen ordezkariak:

.....................................(e)n, 20....(e)ko ...................................aren ...............(e)ko ............................e(t)an (ordua), aipatutako pertsonak bilduta, .......................................... ikastetxeko funtzionamendu, zainketa eta amortizazio gastuen kudeaketa egiaztatzeko zeregina bete behar duen eskola kontseiluko kide diren aldetik, hauxe egiaztatu dute:

20... /20... ikasturtean, 20....(e)ko hilabetean, .................................. ikastetxeak izandako funtzionamendu, zainketa eta amortizazio gastuek ............... euro egin dutela.

..........................(e)n, 20...ko .............aren ...............(e)an.

Zuzendaria Titularraren Ikasleen

ordezkariak ordezkariak

III. ERANSKINA

Baimen eskabidea

................................................................... J/Ak (NAN zenbakia ..............................), ................................ren legezko ordezkaria naizen aldetik,

Baimena ematen dut

Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak ..........................................k zerga betebeharrak beteak dituela adierazten duen agiria eska dezan Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, Orain arte Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza hobetzeko neurriei buruzko uztailaren 2ko 26/2002 Foru Legearen bidez finantzatu diren eremu ez euskalduneko ikastolen finantzaketari buruzko Foru Legeko 6.1.g) artikuluari jarraikiz.

Eta ondorioak izan ditzan ............................................(e)n sinatzen dut, 20..ko ...............................aren .......................(e)an.

Legezko ordezkaria

euskal legezalea