Enplegu-politikari buruzko Hitzarmena

Euslege

Enplegu-politikari buruzko Hitzarmena, 1964

Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak 1964. urteko uztailaren 9an egindako berrogeita zortzigarren bileran onetsia

Indarrean jartzea: 1966ko uztailaren 15ean, 5. artikuluarekin bat etorriz.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak,

Deitua izanik Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Administrazio Kontseiluak, Genevan egiteko, eta hiri horretan bilduta 1964ko ekainaren 17an, berrogeita zortzigarren bileran;

Kontuan hartuz Filadelfiako Adierazpenak Lanaren Nazioarteko Erakundeari munduko nazio guztien artean enplegu osoa eta bizi-maila jasotzeko programak sustatzeko betebehar solemnea ezartzen diola, eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konstituzioaren hitzaurrean langabeziaren aurkako borroka eta bizitzeko soldata egoki baten bermea ezartzen direla.

Kontuan hartuz, gainera, Filadelfiako Adierazpenaren arabera, Lanaren Nazioarteko Erakundeari dagokiola enplegu-politikari buruzko politika ekonomiko eta finantzarioen ondorioak aztertu eta gogoan hartzea, eta aintzat hartuta "gizaki orok duela eskubidea, arraza-, sinesmen- edo sexu-bereizketarik gabe, ongizate materiala eta garapen espirituala lortzeko, askatasun eta duintasun, ekonomia-segurtasun eta aukera-berdintasun baldintzetan”,

Kontuan hartuz Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak hurrengoa xedatzen duela “pertsona orok eskubidea du lanerako, lana askatasunez aukeratzeko, laneko baldintza bidezko eta egokiak izateko, eta langabeziaren aurkako babesa jasotzeko”,

Aintzat harturik enplegu-politikarekin zuzeneko lotura duten eta indarrean dauden lanaren nazioarteko hitzarmen eta gomendioen xedapenak, bereziki, Enpleguaren zerbitzuari buruzko Hitzarmena eta Gomendioa, 1948, Lanbide orientazioari buruzko Gomendioa, 1949, Lanbide heziketari buruzko Gomendioa, 1962, bai eta Bereizkeriari buruzko Hitzarmena eta Gomendioa (enplegua eta okupazioa), 1958,

Aintzat harturik instrumentu horiek hedatze ekonomikorako nazioarteko programa zabalago baten zati gisa ikusi behar direla, enplegu osoa, ekoizpenekoa eta askatasunez aukeratua oinarrian duena,

Erabaki ondoren bilerako aztergaien zerrendako zortzigarren puntuan jasotzen diren enplegu-politiken inguruko hainbat proposamen onestea, eta

Erabaki ondoren proposamen hauek nazioarteko hitzarmen forma izan dezaten,

Mila bederatziehun eta hirurogeita laugarren urteko uztailaren bederatziko datarekin, Hitzarmen hau onesten du, enplegu-politikari buruzko Hitzarmena, 1964 izenarekin aipatua izan daitekeena:

1. artikulua

1. Ekonomia-hazkundea eta -garapena suspertzeko xedearekin, bai eta bizi-maila jasotzeko ere, eskulanaren beharrizanak asetzeko eta langabezia eta azpienpleguaren arazoa konpontzeko, estatu kide orok enplegu osoa, ekoizpenekoa eta askatasunez aukeratua bultzatzera bideratutako politika aktiboa gauzatu eta burutu beharko du, garrantzi handiko xede gisa.

2. Aipatutako politika horrek ondorengoa bermatzera jo beharko du:

a) Lan egin dezaketen eta lan bila dabiltzan pertsona guztientzat lana izango dela;

b) Aipatu lan hori ahalik eta emankorrena izango dela;

c) Enplegua aukeratzeko askatasuna izango dela eta langile bakoitzak komeni zaion enplegua izateko beharrezko heziketa jasotzeko aukera izango duela eta enplegu horretan aurreko heziketa hori eta langileak berak dituen gaitasunak erabiltzeko aukera, bere arraza, larru-kolore, sexua, erlijioa, politika iritzia, nazio jatorria edo gizarte-jatorria kontuan izan gabe.

3. Lehenago aipaturiko politikak kontuan hartu beharko ditu ekonomiaren garapen maila eta etapa, bai eta enpleguaren xedeak eta gainontzeko ekonomia eta gizarte xedeen arteko harremanak, eta baldintza eta eginera nazionalei aplikatuko zaie metodo egokien bidez.

2. artikulua

Aipatutako metodoen bidez eta herrialdearen baldintzek horretarako bide ematen duten heinean, estatu kide orok ondorengoa egin beharko du:

a) Hartu beharreko neurriak aldizka zehaztu eta berrikusi, ekonomia eta gizarte politika koordinatu baten osagai gisa, 1. artikuluan ezarritako helburuak lortzeko;

b) Horrelako neurriak aplikatzeko beharrezkoak izan daitezkeen xedapenak onetsi, programen prestaketa barne, halakoa premiazkoa balitz.

3. artikulua

Hitzarmen honen aplikaziorako hartu beharko diren neurriei buruzko kontsulta egingo zaie pertsona interesdunen ordezkariei eta, enplegu politikari dagokionez, enplegatzaile eta langileen ordezkariei kontsulta egingo zaie bereziki, euren esperientzia eta iritziak osotasunean kontuan izateko helburuarekin eta, gainera, euren kooperazio osoa lortzeko asmoz, dela aipatu politika hori zehazteko orduan, dela politika hori betearazteko beharrezko den laguntza haiengandik eskuratzeko.

4. artikulua

Hitzarmen honen berrespen formalak Lanaren Nazioarteko Bulegoaren zuzendari nagusiari adieraziko zaizkio, erregistra ditzan.

5. artikulua

1. Zuzendari nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundearen kideen artetik zeintzuen berrespenak erregistratu eta berrespen horiek egin dituzten kideek bakarrik bete beharko dute hitzarmen hau.

2. Hitzarmena indarrean jarriko da, Zuzendari Nagusiak bi kideren berrespenak erregistratu eta hamabi hilabete geroago.

3. Une horretatik aurrera, estatu kide bakoitzarentzat, hitzarmen hau indarrean jarriko da, berrespena erregistratu eta hamabi hilabete geroago.

6. artikulua

1. Hitzarmen hau berretsi duen estatu kide orok hori salatu ahal izango du, hitzarmena estreinakoz indarrean jarri zenetik zenbatzen hasi eta hamar urteko epealdia amaitu ondoren, Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Zuzendari Nagusiari salaketa hori erregistratzeko akta adieraziz.Salaketak ez du ondoriorik izango, salaketa erregistratu eta urtebete igaro arte.

2. Hitzarmen hau berretsi duen estatu kide orok, aurreko paragrafoan aipatu hamar urteko epealdia amaitu ondoren, urtebeteko epean artikulu honetako salaketa-eskubidea egikaritzen ez badu, beste hamar urtez bete beharko du hitzarmena, eta, aurrerantzean, hitzarmena salatu ahal izango du hamar urteko aldi bakoitza amaitzean, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.

7. artikulua

1. Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Zuzendari Nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundearen kide guztiei jakinaraziko dizkie erakundeko kideek adierazitako berrespen, adierazpen eta salaketa guztien erregistroak.

2. Zuzendari Nagusiak berari adierazi beharreko berrespenetatik bigarrenaren erregistroa jakinarazten dienean erakundearen kideei, abisua emango die kide horiei, hitzarmen hau indarrean jartzeko dataren inguruan.

8. artikulua

Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Zuzendari Nagusiak, erregistro-ondorioetarako eta Nazio Batuen Gutuneko 102. artikuluarekin bat etorriz, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari informazio osoa adieraziko dio, aurreko artikuluekin bat etorriz erregistratu dituen berrespen, adierazpen eta salaketa-akta guztien gainean.

9. artikulua

Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Administrazio Kontseiluak, egokitzat jotzen duen bakoitzean, Konferentziari hitzarmenaren aplikazioari buruzko oroitidazkia aurkeztuko dio, eta hausnartuko du hitzarmena oso-osorik edo zati batean berrikusteko aukera Konferentziaren eguneko aztergaien zerrendara biltzearen komenigarritasuna.

10. artikulua

1. Konferentziak hitzarmen hau oso-osorik edo zati batean berrikusten duen hitzarmen berria eginez gero, eta hitzarmen berri horrek aurkako xedapenak izan ezean:

a) Estatu kide batek berrikuspen-hitzarmen berria berresteak berarekin ekarriko du, ipso iure, hitzarmen honen berehalako salaketa, 6. artikuluan jasotako xedapenak gorabehera, betiere, berrikuspen-hitzarmen berria indarrean jarri bada.

b) Berrikuspen-hitzarmen berria indarrean zein datatan jarri eta data horretatik aurrera hitzarmen honek irekia izateari utziko dio, estatu kideek berau berresteari dagokionez.

2. Edozein kasutan ere, hitzarmen honek indarrean jarraituko du, gaur egungo forma eta edukiekin, berau berretsi eta berrikuspen-hitzarmena berretsi ez duten estatu kideei begira.

11. artikulua

Hitzarmen honen testu ingelesa eta frantsesa kautoak dira maila berean.