Abokatuen eginkizunari buruzko oinarrizko Printzipioak

Euslege

Abokatuen Eginkizunari buruzko Oinarrizko Printzipioak

Delitua prebenitzeari eta delitugilea tratatzeari buruzko Nazio Batuen zortzigarren Biltzarra, Habanan (Kuban) egin zena, 1990. urteko abuztuaren 27tik irailaren 7ra arte, ONU Doc. A/CONF.144/28/Rev.1 p. 118 (1990).

Kontuan izanik Nazio Batuen Gutunean munduko herriek berresten dutela, besteak beste, euren borondatea zertarako eta, baldintzak sortzeko, horien mende gorde ahal dadin justizia eta egin ahal dadin nazioarteko lankidetza, giza eskubide eta oinarrizko askatasunekiko errespetua garatzeko eta suspertzeko asmoarekin, inolako bereizketarik gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza edo erlijio-arrazoiengatik,

Kontuan izanik Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak zehatz-mehatz adierazten dituela berdintasun-printzipioa legearen aurrean, eta pertsona orok dituen eskubideak errugabea dela uste izateko eta, justiziarekin bat etorriz, jendaurrean entzuna izateko auzitegi eskudun, independente eta inpartzial baten aurrean eta pertsona orok, delitu bat egiteagatik akusatua izan denak, berez duen eskubidea bere defentsarako beharrezko bermeak izateko,

Kontuan izanik gainera Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak aldarrikatzen duela pertsonek duten eskubidea bidegabeko atzeratzerik gabe epaitua izateko eta justiziarekin bat etorriz, jendaurrean entzuna izateko auzitegi eskudun, independente eta inpartzial baten aurrean, legeak horretarako ezarrita,

Kontuan izanik Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Itunak gogorazten duela Nazio Batuen Gutunak estatuei betebeharra ezarri diela, giza eskubideen eta askatasunen errespetu unibertsala eta eragingarria sustatzeko,

Kontuan izanik Atxilotuta edo espetxean dauden pertsonen babeserako printzipio-multzoa, horrek xedatzen baitu atxilotuta dagoen pertsona orok duela eskubidea abokatu bat izateko, berarekin harremanetan jartzeko eta berari kontsulta egiteko,

Kontuan izanik Giltzapetuak tratatzeko gutxiengo Erregelek gomendatzen dutela aurreneurrizko espetxea duten atxilotuei bermatzeko, batik bat, abokatuaren laguntza eta berarekin isilpeko harremanak izatea,

Kontuan izanik heriotza zigorra betetzera kondenatuak izan direnen eskubideen zaintza bermatzeko babesek berresten dutela zer eta, zigor horrekin zehatu dezakeen delitu bat egiteagatik susmagarria edo akusatua izan denak berez duen eskubidea, abokatuaren laguntza egokia izateko, prozesuaren aldi guztietan, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 14. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz,

Kontuan izanik delitu eta botere-abusuaren biktimentzat Justiziaren Oinarrizko Printzipioei buruzko Adierazpenean gomendatzen direla hartu beharreko neurriak, nazio- nahiz nazioarte-mailan, justiziara iristeko bidea hobetzeko eta, orobat, delituen biktimen mesederako bidezko tratua, itzulketa, ordainketa eta laguntza hobetzeko,

Kontuan izanik pertsona orok eska dezakeen babes egokia, giza eskubideei eta oinarrizko askatasunei begira, horiek ekonomikoak, sozialak, kulturalak edo zibilak nahiz politikoak izan, bakar-bakarrik lortzen dela pertsona guztiek zerbitzu juridikoak eskura dituztenean eta zerbitzu horiek abokatutza independente batek ematen dituenean,

Kontuan izanik abokatuen lanbide-elkarteen eginkizun garrantzitsua dela lanbide-arauak eta etika profesionala zaintzea, elkartekideak babestea bidegabeko jazarpen, murrizketa edo esku hartzetik, zerbitzu juridikoak erraztea halakoak behar dituzten guztiei, eta gobernu-erakundeekin eta bestelako erakundeekin lankidetzan aritzea, justiziaren helburuak eta interes publikoa sustatzeko,

Gobernuek kontuan hartu eta errespetatu egin beharko dituzte jarraian adieraziko diren Oinarrizko Printzipioak, abokatuen eginkizunari buruzkoak, legeria eta eginera nazionalen esparruan, eta juristei eta beste pertsona batzuei ere, hala nola, epaileei, fiskalei eta botere betearazlearen eta legegilearen kideei eta, oro har, jende guztiari adierazi beharko zaizkie printzipio horiek; izatez, estatu kideei euren zereginetan laguntzeko moldatu dira, hau da, abokatuen eginkizun egokia sustatzeko eta bermatzeko. Printzipio hauek aplikatuko zaizkie, berebat, bidezkoa denean, abokatu maila ofiziala ez izan arren, abokatuen eginkizunak betetzen dituzten pertsonei.

Abokatuaren laguntza eta zerbitzu juridikoak eskuratzea

1. Pertsona orok du eskubidea abokatu bat aukeratzeko eta horren laguntza jasotzeko, abokatuak haren eskubideak babes eta adieraz ditzan eta bera defenda dezan zigor-prozeduraren aldi guztietan.

2. Gobernuek ahaleginak egingo dituzte prozedura eraginkorrak eta mekanismo egokiak ezartzeko, euren lurraldean eta euren jurisdikziopean dauden pertsona guztiek izan dezaten eskura eta berdintasun-baldintzetan abokatu baten laguntza, inolako bereizketarik gabe eta inolako bereizkeriarik gabe arraza, larru-kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, iritzi politikoak edo bestelakoak, nazio- edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza, egoera ekonomikoa edo beste edozein baldintza direla bide.

3. Gobernuak arduratuko dira funts eta baliabide nahikoak errazten, laguntza juridikoa emateko pertsona behartsuei eta, behar denean, egoera ahulean dauden pertsonei ere. Abokatuen lanbide-elkarteek parte hartuko dute zerbitzuak, baliabide materialak eta bestelako baliabideak antolatzen eta ematen.

4. Gobernuek eta abokatuen lanbide-elkarteek sustatuko dituzte programak jendeari jakinarazteko euren eskubide eta betebeharrak, legearen arabera eta, orobat, abokatuek betetzen duten eginkizun garrantzitsua euren oinarrizko askatasunak babesteko. Arreta berezia jarri behar da pertsona behartsuei eta egoera ahulean dauden pertsonei emandako laguntza gaietan, pertsona horiek egiazta ditzaten euren eskubideak eta, beharrezkoa denean, abokatu baten laguntza eskatu.

Babes bereziak zigor-arloko gaietan

5. Gobernuen ardura izango da agintaritza eskudunak delitu bat egiteagatik akusatuta, atzituta edo atxilotuta dauden pertsonei berehala jakinaraztea legez duten eskubidea, euren aukerako abokatu baten laguntza jasotzeko.

6. Pertsona horiek, abokaturik ez dutenean, eskubidea dute abokatu bat izateko, betiere justiziaren interesak horrela eskatzen duenean; esleitzen zaizkien abokatuek, halaber, kasuan kasuko delitu-motak eskatzen dituen esperientzia eta gaitasuna izango dute, laguntza juridiko eraginkorra eta doakoa emateko, halako zerbitzuak ordaintzeko baliabide nahikorik ez dutenean.

7. Gobernuek bermatuko dute, gainera, atzituta edo atxilotuta dauden pertsona guztiak, zigor-arloko akusazioa izan edo ez, eskura dezaten berehala abokatu bat eta, edonola ere, atzipenaldia edo atxiloketa egin eta hurrengo 48 orduen barruan.

8. Atzituta, atxilotua edo espetxeratuta dagoen pertsona orori erraztuko zaizkio aukerak, denbora eta instalazio egokiak abokatu baten bisita izateko, berarekin elkarrizketatzeko eta berari kontsulta egiteko, atzerapenik gabe, eragozpen eta zentsurarik gabe eta betiere isilpean. Kontsulta horiek legea betearazteko ardura duten funtzionario baten zaintzapean eta haren begien bistan egin daitezke, funtzionarioak, hala ere, ezin izango du elkarrizketarik entzun.

Gaitasuna eta prestakuntza

9. Gobernuak, abokatuen lanbide-elkarteak eta irakaskuntza-erakundeak arduratuko dira abokatuek izan ditzaten heziketa eta prestakuntza egokiak eta har dezaten abokatuaren goi-asmo eta betebehar etikoen kontzientzia, eta, berebat, antolamendu juridikoak, nazionalak nahiz nazioartekoak, aitortzen dituen giza eskubide eta oinarrizko askatasunen kontzientzia.

10. Gobernuak, abokatuen lanbide-elkarteak eta irakaskuntza-erakundeak arduratuko dira inolako bereizkeriarik egon ez dadin pertsona baten aurka, lanbide horretan sartu eta jardun duenean, arraza, larru-kolore, sexu, jatorri etnikoa, erlijio, iritzi politikoak edo bestelakoak, nazio- edo gizarte-jatorria, ondarea, jaiotza, egoera ekonomikoa edo gizarte-baldintza direla bide; ez da uste bereizkeriazkoa denik, ordea, abokatua zein herrialdetan aritu eta herrialde horretako herritarra izan beharra.

11. Herrialde batean ez badira betetzen bertan dauden talde, erkidego edota erregioen premiak, zerbitzu juridikoei dagokienez, bereziki, talde horiek berezko kultura, tradizioak edo hizkuntza dituztenean edota iraganean bereizkeriaren biktimak izan direnean, orduan gobernuek eta abokatuen lanbide-elkarteek eta irakaskuntza-erakundeek neurri bereziak hartu beharko dituzte aukerak eskaintzeko talde horietatik datozen hautagaiei, hauek abokatuaren lanbidea har dezaten, eta arduratuko dira, halaber, horiek jaso dezaten heziketa egokia, taldeen beharrizanak asetzeko.

Betebeharrak eta erantzukizunak

12. Abokatuek uneoro zainduko dituzte euren lanbideari dagozkion ohorea eta duintasuna, justizia-administrazioaren oinarrizko agenteak diren heinean.

13. Abokatuen betebeharrak, euren bezeroei begira, hurrengoak dira:

a) Aholkularitza ematea euren eskubide eta betebeharrei dagokienez, bai eta funtzionamendu eta antolamendu juridikoari dagokionez, halakoa egokia denean bezeroen eskubideei eta betebeharrei begira;

b) Laguntza ematea era egoki guztietan, eta neurri juridikoak onartzea eurak babesteko edota euren interesak defendatzeko;

c) Laguntza ematea judiziozko auzitegietan, administrazio-auzitegietan edo -erakundeetan, hala denean.

14. Abokatuek euren bezeroen eskubideak babesten dituztenean eta auzia defendatzen dutenean lortu behar dute giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak, zuzenbide nazionalak nahiz nazioartekoak onetsiak, babestea, eta uneoro arituko dira askatasunez eta arreta handiz, eta, orobat, euren lanbidea arautzen duten lege, erregela eta arau etiko aitortuen arabera.

15. Abokatuek leialtasunez zainduko dituzte uneoro euren bezeroen interesak.

Lanbidean jarduteko bermeak

16. Gobernuek bermatuko dute abokatuek: a) bete ditzaten euren lanbide-eginkizunak larderia, eragozpen, jazarpen edota bidegabeko oztoporik gabe; b) egin ditzaten bidaiak euren bezeroekin, herrialdearen barruan nahiz kanpoan eta eurekin askatasun osoz komunikatu; eta c) ez dezaten pertsekuzio edo zehapen administratibo, ekonomiko edo beste izaerakorik pairatu, euren lanbideari aitortzen zaizkion betebehar, erregela eta arau etikoen arabera edozein neurri hartu dutelako.

17. Abokatuen segurtasuna, euren eginkizunen jarduna dela eta, arriskuan badago, orduan babes egokia jasoko dute agintaritzarengandik.

18. Abokatuak ezin izango dira identifikatu euren bezeroekin, ezta bezeroen auziekin ere, euren eginkizunen jardunaren ondorioz.

19. Abokatu baten laguntza izateko eskubidea aitortzen duten auzitegiek edo administrazio-erakundeek ezin izango diote uko egin abokatu bati berez duen eskubidea, auzitegi horien aurrean bere bezeroa ordezkatzeko, salbu eta abokatua desgaitua izan denean, nazio-lege eta -eginerekin bat etorriz eta printzipio hauekin ere bat etorriz.

20. Abokatuek ukiezintasuna izango dute, zibila nahiz penala, on ustez nahiz idatziz edo ahozko alegatuetan egindako adierazpenengatik, edota profesional gisa judiziozko auzitegi, bestelako auzitegi edo organo juridiko edo administrazio-organo baten aurrean agertzen direnean.

21. Agintaritza eskudunen betebeharra da arduratzea abokatuek eskura izan ditzaten agintaritzaren mende eta bere kontrolpean dauden informazioa, artxiboak eta agiri egokiak, aurrerapen nahikoarekin, euren bezeroei laguntza juridiko eraginkorra emateko. Eskuratze hori ahalik eta lasterren emango da.

22. Gobernuek aitortu eta errespetatuko dute abokatuen eta euren bezeroen arteko komunikazio eta kontsulta guztien isilpekotasuna, euren lanbide-harremanen esparruan.

Adierazpen-askatasuna eta elkartzeko askatasuna

23. Abokatuek, gainerako herritarren antzera, adierazpen-askatasuna, sinesmen-askatasuna eta elkartzeko eta biltzeko askatasuna egikaritzeko eskubidea dute. Batik bat, eztabaida publikoetan parte hartzeko eskubidea izango dute, legeriari, justizia-administrazioari eta giza eskubideak sustatu eta babesteari dagokionez, bai eta toki-, nazio- nahiz nazioarte-mailako erakundeekin bat egiteko edo horietan parte hartu eta euren bileretara joateko eskubidea, inolako lanbide-murrizketarik gabe, euren legezko jarduerengatik edota legezko erakunde baten kide izateagatik. Eskubide hauek egikaritzeko, abokatuek beti jardungo dute legearen arabera eta euren lanbideari aitortzen zaizkion erregela eta arau etikoaren arabera.

Abokatuen lanbide-elkarteak

24. Abokatuek ahalmena dute lanbide-elkarte autonomoak eratzeko eta elkarte horien kide izateko, betiere honako asmo hauekin: euren interesak ordezkatzea, euren etengabeko heziketa eta gaikuntza sustatzea eta euren osotasuna babestea, lanbide-mailan. Lanbide-elkarteen organo betearazlea elkartekideek aukeratuko dute eta bere eginkizunak kanpoko esku-hartze gabe beteko ditu.

25. Abokatuen lanbide-elkarteek gobernuekin lankidetzan jardungo dute zertarako eta, bermatzeko pertsona guztiek izan ditzaten eskura zerbitzu juridikoak, modu eraginkorrean eta berdintasun-baldintzetan eta abokatuak gai izan daitezen euren bezeroei aholkuak emateko bidegabeko esku-hartzerik gabe, legearen arabera eta euren lanbideari aitortzen zaizkion erregela eta arau etikoaren arabera.

Diziplina-jarduerak

26. Legeriak edo lanbide juridikoak, kasuan kasuko organoen bitartez, ezarriko dituzte abokatuentzako lanbidearen jokabide-kodeak, herrialdearen legea eta ohitura aintzat hartuta eta jada aitortuak diren nazioarteko erregelen eta arauen arabera.

27. Abokatuen aurkako akusazio edo erreklamazioak, euren lanbide-jardunari dagokionez, berehala eta inpartzialtasun osoz bideratuko dira, prozedura egokien bitartez. Abokatuek bidezko entzunaldia izateko eskubidea dute, eurek aukeratzen duen abokatuaren laguntza jasotzeko eskubidea barne.

28. Abokatuen aurkako diziplina-jarduerak gauzatuko dira lanbide juridikoak ezarritako diziplina-batzorde inpartzial baten aurrean eta legeak ezarritako erakunde independente baten aurrean, edo judiziozko auzitegi baten aurrean, eta berrikuspen judizial independentearen xede izango dira.

29. Diziplina-neurriak hartzeko prozedura oro lanbidearen jokaera-kodeak eta lanbideari aitortzen zaizkion beste erregela eta arau etikoek arautzen dute, eta printzipio hauek aintzat hartuko ditu.