europakoerkidegoaeratzekoituna(1957)

Europako Erkidegoa eratzeko Ituna

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

EUROPAKO ERKIDEGOA ERATZEKO ITUNA

(indarrean dagoen testu bateratua)

BELGIARREN ERREGE JAUN GURENAK, ALEMANIAKO ERREPUBLIKA FEDERALEKO LEHENDAKARIAK, FRANTZIAKO ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, ITALIAKO ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, LUXENBURGOKO DUKESA GOIEN ANDREAK, HERBEHEREETAKO ERREGINA ANDRE GURENAK,

ERABAKI dute Europako herrien arteko batasun gero eta estuago baterako oinarriak jartzea,

DELIBERATU dute bakoitzak bere herriaren ekonomiaren eta gizartearen aurrerapena bermatzea, ekintza bateratu baten bidez, Europa zatitzen duten oztopoak kenduz,

FINKATU dute beren herrietako bizitzako eta laneko baldintzak etengabe hobetzea dela beren eginahalen helburua,

AINTZATETSI dute ekonomiaren garapen egonkorra, merkataritzako trukaketa orekatua eta lehia leiala bermatuko dituen ekintza hitzartua egin behar dela, egon dauden oztopoak kentzeko,

KEZKA daukate beren ekonomien batasuna indartu eta ekonomia horien garapen harmoniatsua bermatzeko, eskualdeen arteko diferentziak eta onurarik gutxieneko eskualdeen atzerapena gutxituz,

NAHI dute nazioarteko trukaketetarako dauden murrizpenak arian-arian kentzen laguntzea, merkataritza-politika bateratua eginez,

ASMOA daukate itsasoz haraindiko herrialdeekin Europak daukan elkartasuna indartzeko, eta nahi dute herrialdeon oparotasunaren garapena bermatzea, Nazio Batuen Gutuneko printzipioekin bat etorriz,

ERABAKI dute, baliabide-multzo hau eratuz, bakearen eta askatasunaren defentsa sendotzea, eta hori bera gura duten Europako beste herriei ere eginahaletan berekin elkartzeko gonbita egiten diete,

DELIBERATU dute ahal denik eta jakintza-mailarik handienaren garapena sustatzea beren herrientzat, hezkuntzara iristeko bideak zabalduz, eta jakintzak etengabe eguneratuz, eta

EUROPAKO ERKIDEGOA SORTZEA erabaki dute, eta, xede horrekin, ahal osoko izendatu dituzte:

(ez da izenpetzaileen zerrenda jaso)

JAUN HORIEK, beren ahal osoak, egoki eta behar bezala aitorturik, elkarri agertu ondoren, xedapen hauek hitzartu dituzte:

LEHENENGO ZATIA

PRINTZIPIOAK

1. artikulua)

Itun honekin, ITUNGILE GORENEK EUROPAKO ERKIDEGOA eratzen dute beren artean.

2. artikulua

Erkidegoak, merkatu bateratua eta ekonomia eta diru batasuna ezarriz, eta 3 eta 4. artikuluetan aipatutako politika edo ekintza bateratuak eginez, daukan eginkizuna gai hauek sustatzea da: Erkidego osoan ekonomia-jardueren garapen harmoniatsu, orekatu eta iraunkorra; enplegua eta babes soziala, maila handian; emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna; hazkunde iraunkorra, eta inflaziorik gabea; ekonomiako emaitzen lehiakortasuna eta elkarganatzea, maila handian; ingurumenaren kalitatearen babesa eta hobekuntza, maila handian; bizitzaren maila eta kalitatea jasotzea; ekonomiaren eta gizartearen kohesioa; eta Erkidegoko estatuen arteko elkartasuna.

3. artikulua

1.- Goiko 2. artikuluan aipatutako helburuak lortzeko, ondorio hauek ekarriko ditu Erkidegoaren ekintzak, beti ere itun honetan aurreikusitako baldintzetan eta erritmoaren arabera:

a) Erkidegoko estatuen artean aduana-sariak izateko debekua, salgaiak sartu eta ateratzeko orduan salgai-kopuruak murrizteko debekua, eta balio bereko ondorioak dauzkan beste edozein neurri hartzeko debekua;

b) merkataritzari buruzko politika bateratua;

c) Erkidegoko estatuen artean salgaien, pertsonen, zerbitzuen eta kapitalen joan-etorri askerako oztopoak kenduta edukiko dituen barne-merkatua;

d) pertsonak sartu eta joan-etorrian ibiltzeari buruzko neurriak, IV. tituluko xedapenen arabera;

e) nekazaritza-arrantzei buruzko politika bateratua;

f) garraioei buruzko politika bateratua;

g) barne-merkatuko lehiakortasuna ez dela aizunduko bermatzeko sistema;

h) estatuen legediak elkarri hurbiltzea, merkatu bateratuaren jardunerako beharrezkoa den heinean;

i) Erkidegoko estatuen enplegu-gaietako politiken koordinazioa sustatzea, enplegurako estrategia koordinatua garatuz politika horien eraginkortasuna gehitzeko;

j) gizarteari buruzko politika, Europako Gizarte Funtsa barne dela;

k) ekonomiaren eta gizartearen kohesioa indartzea;

l) ingurumenari buruzko politika;

m) Erkidegoko industriaren lehiakortasuna indartzea;

n) ikerketa eta teknologiaren garapena sustatzea;

o) Europan batetik besterako sareak sortu eta garatzeko sustapena;

p) osasunaren babes-maila ona lortzen laguntzea;

q) kalitatezko irakaskuntza eta prestakuntza lortzen laguntzea, baita Erkidegoko estatuen kulturen garapen osoa lortzen ere;

r) garapenerako lankidetzari buruzko politika;

s) itsasoz haraindiko herrialdeen eta lurraldeen elkartea, elkarren arteko trukaketak gehitzeko, eta ekonomiaren eta gizartearen garapenaren aldeko ahaleginean batera jarraitzeko;

t) kontsumitzaileak indar gehiagoz babesten laguntzea;

u) energiari, babes zibilari eta turismoari buruzko neurriak.

2.- Artikulu honetan aurreikusitako jarduera guztietan, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak kendu eta berdintasuna sustatzea izango du helburu Erkidegoak.

4. artikulua

1.- Goiko 2. artikuluan aipatutako helburuak lortzeko, Erkidegoko estatuen ekonomiari buruzko politiken arteko koordinazio estuan, barne-merkatuan eta helburu bateratuak adostean oinarritutako ekonomia-politika ezartzea izango da Erkidegoko estatuen eta Erkidegoaren ekintza, lehia askeko merkatu-ekonomia irekiaren printzipioen arabera gidatuta, beti ere itun honetan aurreikusitako baldintzetan eta erritmoaren arabera.

2.- Horrekin batera, eta itun honetan aurreikusitako baldintza, erritmo eta prozeduren arabera, ekintza horrek, diru bakarra (ecua alegia) ezartzeko, ezeztaezineko moduan finkatuko ditu truke-tasak; era berean diru-politika eta truke-tasen politika bakarra zehaztu eta aplikatuko du, politika bion helburu nagusia prezioen egonkortasunari eustea izanik; eta, helburu horren kontra joan gabe, Erkidegoaren ekonomia-politika orokorrari laguntzea ere ekarriko du, lehia askeko merkatu-ekonomia irekiaren printzipioen arabera.

3.- Erkidegoko estatuen eta Erkidegoaren ekintza horiek printzipio gidari hauek errespetatzea eskatzen dute: prezio egonkorrak, finantza publiko eta diru-baldintza sendoak, eta ordainketa-balantza egonkorra.

5. artikulua

Itun honetan emandako eskumenen eta jarritako helburuen mugak izango ditu Erkidegoak bere jardunean.

Erkidegoaren eskumen esklusibokoak ez diren eremuetan, subsidiariotasun-printzipioaren arabera hartuko du parte Erkidegoak, beti ere Erkidegoko estatuek xede-ekintzaren helburuak ondo lortu ezin dituztenean, eta hein horretan; hain zuzen, xede-ekintzaren maila edo ondorioak direla-eta, Erkidegoaren bidez hobeto lortzeko modukoak direnean.

Erkidegoaren ekintzak ezin izango dira itun honen helburuak lortzeko beharrezkoa dena baino areago joan.

6. artikulua

Goiko 3. artikuluan aipatu diren Erkidegoko politikak eta ekintzak zehaztu eta gauzatzerakoan, ingurumena babesteko eskakizunak sartu behar dira bertan, batez ere garapen iraunkorra sustatzeko.

7. artikulua

1.- Erkidegoari izendatutako eginkizunak instituzio hauek beteko dituzte:

- EUROPAKO PARLAMENTUAK,

- KONTSEILUAK,

- BATZORDEAK,

- JUSTIZIA AUZITEGIAK,

- KONTUEN AUZITEGIAK.

Instituzio bakoitzak, ordea, itun honetan emandako eskumenen mugen barruan jardun behar du.

2.- Kontseiluak eta Batzordeak Ekonomia eta Gizarte Lantaldearen eta Eskualdeetako Lantaldearen laguntza izango dute, aholkularitza-lanetan.

8. artikulua

Itun honetan aurreikusitako prozeduren arabera, Banku Zentralen Europako Sistema (aurrerantzean BZES deituko zaio), eta Europako Banku Zentrala (aurrerantzean EBZ deituko zaio) sortuko dira; eta itun honetan eta erantsita doazen BZESren eta EBZren estatutuetan emandako eskumenen mugen barruan jardun behar dute biok. (5)

9. artikulua

Europako Inbertsio Bankua sortuko da; eta itun honetan eta erantsita doazen estatutuetan emandako eskumenen mugen barruan jardun behar du.

10. artikulua

Itun honetatik eratorri edo Erkidegoko instituzioen ekintzetatik sortutako betebeharrak beteko direla bermatzeko egokiak diren neurri orokor edo zehatzak hartu behar dituzte Erkidegoko estatuek. Erraztasunak eman behar dizkiote Erkidegoari bere eginkizunak betetzeko.

Erkidegoko estatuek alde batera utzi behar dituzte itun honetako helburuak gauzatzea arriskuan jar dezaketen neurri guztiak.

11. artikulua

1.- Itun honetan aipatutako edozein eremuetarako beren artean lankidetza indartua ezartzeko asmoa daukaten Erkidegoko estatuek eskabidea egin behar diote Batzordeari, eta horrek proposamena aurkez diezaioke Kontseiluari xede horrekin. Batzordeak proposamenik aurkezten ez badu, horretarako arrazoien berri eman behar die horretan interesatuta dauden Erkidegoko estatuei.

2.- Goiko 1. idatz-zatian aipatutako moduko lankidetza indartua burutzeko baimena Kontseiluak emango du, Europar Batasuna eratzeko Ituneko 43. artikulutik 45.era artekoak errespetatuz. Gehiengo kualifikatuz izan behar da hori, Batzordeak proposatuta, eta aurrez Europako Parlamentuari aholkua eskatuta. Aldiz, delako lankidetza indartu hori Itun honetako 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera arteztu beharreko eremuren batekoa bada, Europako Parlamentuaren aldeko irizpena beharko da.

Kontseiluko edozein kidek eska dezake gaia Kontseilu Europarrari bidaltzea. Azken aipatutako horri gaia helarazi ondoren, idatz-zati honetako lehenengo lerroaldean xedatutakoaren arabera erabaki lezake Kontseiluak.

3.- Lankidetza indartuko ekintzak garatzeko beharrezkoak diren egintzak eta erabakiak itun honetan horretaz jasotako xedapen guztietara egokitu behar dira, artikulu honetan eta Europar Batasuna eratzeko Ituneko 43. artikulutik 45.era artekoetan kontrakorik xedatu ezik.

11 A artikulua

Itun honetako 11. artikuluaren indarrez ezarritako lankidetza indarturen batean parte hartu nahi duen Erkidegoko edozein estatuk Kontseiluari eta Batzordeari jakinarazi behar die bere asmoa; eta Batzordeak irizpena igorriko dio Kontseiluari, jakinarazpena jaso ondorengo hiru hilabeteko epean. Jakinarazpena jaso ondorengo lau hilabeteko epean emango du ebazpena Batzordeak, baita beharrezko iritzi ditzan xedapen partikularrak gehitu ere.

12. artikulua

Itun honen aplikazio-eremuan, eta bertan aurreikusitako xedapen berezien kontra jarri gabe, herritartasuna dela-eta egindako edozein bereizkeria debekatuta dago.

Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, aipatutako bereizkeriak debekatzeko beharrezko arau guztiak ezar ditzake.

13. artikulua

1.- Itun honetako beste xedapenen kontra jarri gabe, eta itunak Erkidegoari emandako eskumenen mugen barruan, Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenaren gainean eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, sexua, arraza edo jatorria, erlijioa edo uste sendoak, ezgaitasuna, adina edo joera sexuala arrazoi dituen bereizkeriaren kontra borrokatzeko egokiak diren ekintzak onar ditzake.

2.- Goiko 1. idatz-zatian xedatutakoaren kontra jarri gabe, Kontseiluak, Erkidegoko estatuen legezko eta erregelamenduzko xedapenen arteko edozein harmonizazio baztertuta, Erkidego osorako neurri estimulatzaileak hartzen baditu, 1. idatz-zatian aipatutako helburuak lortzen laguntzeko Erkidegoko estatuek hasitako ekintzak sustatzeko, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera erabakiko du.

14. artikulua

1.- 1992ko abenduaren 31n amaituko den aldia igaro ahala, arian-arian barne-merkatua ezartzeko bideratutako neurriak onartuko ditu Erkidegoak, artikulu honetako, 15 eta 26. artikuluetako, 47. artikuluko 2. idatz-zatiko eta 49, 80, 93 eta 95. artikuluetako xedapenekin bat etorriz, eta itun honetako gainerako xedapenetan ezarritakoaren kontra jarri gabe.

2.- Barne-merkatuak barne-mugarik gabeko esparrua sortaraziko du, eta itun honetako xedapenen arabera bermatuko da bertan salgaien, pertsonen, zerbitzuen eta kapitalen joan-etorri askea.

3.- Aipatutako arlo guztietan aurrerapena orekatua izango dela bermatzeko norabideak eta beharrezko baldintzak zehaztuko ditu Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenaren gainean.

15. artikulua

Goiko 14. artikuluan aipatutako helburuak lortzeko bideratutako proposamenak egiterakoan, Batzordeak kontuan hartu behar du zein izango den garapen-maila diferentea daukaten zenbait ekonomiek barne-merkatua ezartzeko aldian egin beharko duten ahaleginaren tamaina, eta horretarako egokiak diren xedapenak proposatu ahal izango ditu.

Esandako xedapenak salbuespen moduan onartzen badira, aldi baterako izan beharko dira, eta ahal denik eta gutxien nahastu beharko dute merkatu bateratuaren jarduera.

16. artikulua

Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek, bakoitzak bere eskumenen arabera eta itun honen aplikazio-eremuan, 73, 86 eta 87. artikuluen kontra jarri gabe, eta Batasunaren balore bateratuen artean ekonomiari buruzko interes orokorreko zerbitzuek betetzen duten tokia, eta gizartearen eta lurraldearen kohesioa sustatzeko zerbitzuok jokatzen duten papera ikusita, aipatutako zerbitzuok beren eginkizunak betetzeko moduko printzipioen eta baldintzen arabera jardun dezaten jagongo dute.

BIGARREN ZATIA

BATASUNEKO HERRITARTASUNA

17. artikulua

1.- Batasuneko herritartasuna sortu da. Batasuneko estaturen bateko herritartasuna daukan pertsona oro izango da Batasuneko herritar. Batasuneko herritartasuna osagarria izango da, eta ez estatuko herritartasunaren ordezko.

2.- Batasuneko herritarrak itun honetan aurreikusitako eskubideen gozamendun eta betebeharren menpeko dira.

18. artikulua

1.- Batasuneko herritar orok Erkidegoko estatuetako lurraldean aske ibili eta bizi izateko eskubidea du, itun honetan eta ituna aplikatzeko onartutako xedapenetan aurreikusitako mugekin eta baldintzetan.

2.-.Helburu hori lortu ahal izateko Erkidegoaren ekintzaren bat beharrezkoa denean, 1. idatz-zatian aipatutako eskubideak gauzatzeko bideratutako xedapenak onar ditzake Kontseiluak, itun honek gai horretan ekiteko ahalmenak aurreikusi ez baditu. Eta 251. artikuluan aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz erabakiko du.

3.- Goiko 2. idatz-zatia ez zaie aplikatuko pasaporteen, nortasun-agirien, egoitza-baimenen zein antzeko beste edozein agiriren gaineko xedapenei, ez eta gizarte-segurantzaren nahiz gizarte-babesaren gaineko xedapenei ere.

19. artikulua

1.- Batasuneko herritar orok, bera bizi den Batasuneko estatuan bertako herritar izan ez arren, bizi den estatuko udal hauteskundeetan hautesle eta hautagai izateko eskubidea dauka, estatu horretako herritarren baldintza berberetan. Eskubide hori erabili, Batzordearen proposamenez eta Europako Parlamentuari iritzia eskatu ondoren Kontseiluak aho batez onar ditzan modalitateen kontra jarri gabe erabiliko da; modalitate horietan salbuespenak ezar daitezke Batasuneko estaturen bateko arazo bereziak nahiko arrazoi badira.

2.- Itun honetako 190. artikuluko 4. idatz-zatian xedatutakoaren kontra jarri gabe, Batasuneko herritar orok, bizi den Batasuneko estatuan bertako herritar izan ez arren, bizi den estatuan Europako Parlamenturako hauteskundeetan hautesle eta hautagai izateko eskubidea dauka, estatu horretako herritarren baldintza berberetan. Eskubide hori erabili, Batzordearen proposamenez eta Europako Parlamentuari iritzia eskatu ondoren Kontseiluak aho batez onar ditzan modalitateen kontra jarri gabe erabiliko da; modalitate horietan salbuespenak ezar daitezke Batasuneko estaturen bateko arazo bereziak nahiko arrazoi badira.

20. artikulua

Batasuneko herritar orok, bera herritar den Batasuneko estatuak ordezkaritzarik ez daukan beste herrialderen baten lurraldean, Batasuneko edozein estaturen agintari diplomatiko eta kontsularren babesa har dezake estatu horretako herritarren baldintza berberetan. Batasuneko estatuek babes hori bermatzeko behar diren arauak ezarriko dituzte beren artean, eta komeni diren nazioarteko negoziazioei ekingo diete.

21. artikulua

Batasuneko herritar orok Europako Parlamentuari eskabidea egiteko eskubidea edukiko du, 194. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Batasuneko herritar orok, halaber, 195. artikuluan xedatutakoaren indarrez eratutako Arartekoarengana jo dezake.

Batasuneko herritar orok, bestalde, artikulu honetan eta 7. artikuluan aipatutako edozein instituzio edo erakundetara jo dezake idatziz, 314. artikuluan aipatutako hizkuntzetakoren batean, eta hizkuntza berean jaso erantzuna.

22. artikulua

Batzordeak, hiru urtero, zati honetako xedapenen aplikazioaren berri eman behar die Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari. Txosten horretan Batasunaren bilakaera hartu behar da kontuan.

Hori oinarri dela, eta itun honetako gainerako xedapenen kontra jarri gabe, Batzordearen proposamenez eta Europako Parlamentuari iritzia eskatu ondoren, zati honetan aurreikusitako eskubideak osatzera bideratutako xedapenak onar ditzake Kontseiluak, aho batez, eta xedapen horiek onartzea gomenda diezaieke Erkidegoko estatuei, beti ere bakoitzaren konstituzioko arauen arabera.

HIRUGARREN ZATIA

ERKIDEGOAREN POLITIKAK

I. TITULUA

SALGAIEN ERAMAN EKARRI ASKEA

23. artikulua

1.- Erkidegoak oinarrian edukiko duen aduana-batasunak salgaien trukaketa guztiak hartuko ditu bere baitan, eta Erkidegoko estatuen arteko inportazio-esportazioetako aduana-sariak eta balio bereko ondorioak dituzten beste ordainarazpen guztiak debekatzea ekarriko du, baita beste herrialde batzuekiko harremanetarako aduanako tarifa bateratua onartzea ere.

2.- Itun honetako 25. artikuluko eta titulu honetako 2. kapituluko xedapenak Erkidegoko estatuetako produktuei, eta beste herrialde batzuetatik etorritakoak izan arren Erkidegoko estatuetan eraman-ekarri askean dabiltzan produktuei aplikatuko zaizkie.

24. artikulua

Beste herrialde batzuetatik etorritako produktuak Erkidegoko estaturen batean eraman-ekarri askean daudela ulertuko da, baldin eta, Erkidegoko estatu horretan, inportaziorako izapideak bete, eta aduana-sariak eta balio bereko ondorioak dauzkan beste edozein ordainarazpen ordaindu bada, eta eskubide eta ordainarazpen guztiak edo zati batzuk bihurtzeak dakarren onurarik jaso ez badute.

I. Kapitulua

ADUANA-BATASUNA

25. artikulua

Erkidegoko estatuen artean debekatuta daude inportazio-esportazioetako aduana-sariak eta balio bereko ondorioak dituzten ordainarazpenak. Zerga-izaerako aduana-sariei ere debeku hau aplikatuko zaie.

26. artikulua

Kontseiluak finkatuko ditu aduanako tarifa bateratuaren eskubideak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenaren gainean.

27. artikulua

Kapitulu honetan emandako eginkizunak betetzeko, Batzordeak hauek izango ditu gidari:

a) Erkidegoko estatuen eta beste herrialde batzuen artean merkataritzako trukaketak sustatu beharra;

b) lehia-baldintzen bilakaera, Erkidego barruan, bilakaera horrek enpresen lehiakortasuna gehitzea badakar ondorio moduan;

c) Erkidegoaren horniketa-premiak, lehen gaietan eta erdi elaboratutako produktuetan, hain zuzen amaitutako produktuen lehia-baldintzak aizundu ez daitezen Erkidegoko estatuen artean;

d) Erkidegoko estatuen ekonomian nahasmendu larriak ekidin beharra, eta Erkidegoan ekoizpena zentzuz garatu eta kontsumoa zabaltzea bermatu beharra.

II. Kapitulua

KOPURUAK MURRIZTEKO DEBEKUA ERKIDEGOKO ESTATUEN ARTEAN

28. artikulua

Erkidegoko estatuen artean debekatuta dago inportaziorako kopuruak murriztea, baita balio bereko ondorioak dauzkaten beste neurri guztiak ere.

29. artikulua

Erkidegoko estatuen artean debekatuta dago esportaziorako kopuruak murriztea, baita balio bereko ondorioak dauzkaten beste neurri guztiak ere.

30. artikulua

Aurreko 28 eta 29. artikuluetako xedapenak ezin dira izan inportazioa, esportazioa edo iragaitea debekatu edo murrizteko oztopo, baldin eta ordena publikoa, moraltasuna eta segurtasun publikoa, pertsonen eta animalien osasuna eta bizitza babestea, landaretza zaintzea, estatuko arte, historia edo arkeologiako ondarea babestea, edo industria eta merkataritzako jabetza babestea badira jokabide hori legeztatzeko arrazoi. Hala ere, debeku edo murrizpen horiek ezin dira bidegabekeriazko bereizkeria-modu bat izan, ez eta Erkidegoko estatuen artean merkataritza murrizteko ezkutuko bide ere.

31. artikulua

1.- Erkidegoko estatuek egokitu egin behar dituzte estatuko merkataritzako monopolioak, Erkidegoko estatuetako herritarren artean bereizkeria guztiak ezabatuko direla bermatzeko, horniketako eta merkatuko baldintzei dagokienean.

De iure edo de facto, zuzenean edo zeharka, Erkidegoko estaturen batek Erkidegoko estatuen arteko inportazioak edo esportazioak kontrolatu, zuzendu edo horietan nabarmen eragiteko erabil ditzan erakunde guztiei aplikatuko zaizkie artikulu honetako xedapenak. Estatuak beste batzuei utzitako monopolioei ere berdin aplikatuko zaizkie xedapen horiek.

2.- Erkidegoko estatuek ezin izango dute 1. idatz-zatian aipatutako printzipioen kontrako neurri berririk hartu, ez eta Erkidegoko estatuen arteko aduana-sariak zein kopuru-murrizketak debekatzeko artikuluen edukia murrizteko inolako neurririk ere.

3.- Merkataritzako monopolioren batek nekazaritzako produktuen merkaturatzea erraztu edo errentagarritasuna hobetzeko araudirik badarama berarekin batera, artikulu honetako arauak aplikatuz pareko bermeak ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira, horrekin zerikusia daukaten ekoizleen enplegurako eta bizitzaren mailarako.

II. TITULUA

NEKAZARITZA

32. artikulua

1.- Merkatu bateratuak nekazaritza eta nekazaritzako produktuen merkataritza hartuko ditu bere baitan. Nekazaritzako produktu dira lurreko, abeltzaintzako eta arrantzako produktuak, baita haiekin zerikusi zuzena eduki eta lehenengo transformaziokoak diren produktuak ere.

2.- Itun honetako 33. artikulutik 38. artikulura bitartekoetan, biok barne, kontrako xedapenik egon ezik, merkatu bateraturako aurreikusitako arauak aplikatuko zaizkie nekazaritzako produktuei ere.

3.- Itun honetako I. eranskineko zerrendan datozen produktuei aplikatuko zaizkie 33. artikulutik 38. artikulura bitartekoak, biok barne.

4.- Nekazaritzako produktuen merkatu bateratuaren jarduera eta garapenarekin batera, nekazaritzako politika bateratua ezarri behar da.

33. artikulua

1.- Nekazaritzako politika bateratuaren helburuak hauek dira:

a) nekazaritzako produktibitatea gehitzea, aurrerapen teknikoa sustatuz, eta nekazaritzako ekoizpena zentzuz garatu eta ekoizpen-faktoreak, batez ere, esku-lana, ahal denik eta ondoen erabil daitezela bermatuz;

b) nekazaritzako biztanleei bizitza-maila egokia bermatzea, batez ere nekazaritzan lan egiten duen bakoitzaren errenta gehituz;

c) merkatuak egonkor bihurtzea;

d) horniketak ziurtatzea;

e) kontsumitzaileari hornigaiak zentzuzko prezioetan bermatzea.

2.- Nekazaritzako politika bateratua eta horrek eska ditzakeen metodo bereziak egiteko, kontuan hartu beharrekoak dira:

a) nekazaritzako jarduerak ezaugarri bereziak dauzkala, nekazaritzaren gizarte-egituratik eta nekazaritzako eskualdeen arteko berezko eta egiturazko desberdintasunetatik sortuta;

b) egokitzapenak pausoka egin behar direla;

c) Erkidegoko estatuetan ekonomia osoarekin estu lotuta dagoen arloa dela nekazaritza.

34. artikulua

1.- Goiko 33. artikuluan aurreikusitako helburuak lortzeko, nekazaritzako merkatuen antolaketa bateratua sortzen da.

Produktuen arabera, modu hauetakoren bat hartuko du antolaketak:

a) lehiakortasunari buruzko arau bateratuak;

b) estatuko merkatu-antolaketen derrigorrezko koordinazioa;

c) Europako merkatu-antolaketa.

2.- Goiko 33. artikuluan zehaztutako helburuak lortzeko beharrezko neurri guztiak bil ditzake bere baitan 1. idatz-zatian aipatutako moduren batean ezarritako antolaketa bateratuak, berezi, prezioak arautzea, produktuak ekoiztu eta merkaturatzeko dirulaguntzak, biltegiratzeko sistemak eta gerakinak konpentsatzeko sistemak, eta inportazioak edo esportazioak egonkor bihurtzeko tresna bateratuak.

Goiko 33. artikuluan aipatutako helburuak lortzera mugatu behar da antolaketa bateratua, eta ezabatu egin behar ditu Erkidegoko ekoizleen edo kontsumitzaileen arteko bereizkeria guztiak.

Prezioen edozein politika bateratu irizpide bateratuetan eta era bereko kalkulu-metodoetan oinarritu behar da.

3.- Artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako antolaketa bateratuak bere helburuak lortu ahal izan ditzan, nekazaritza bideratu eta bermatzeko funts bat edo gehiago sortu ahal izango dira.

35. artikulua

Goiko 33. artikuluan zehaztutako helburuak lortzeko, neurri hauek aurreikus daitezke nekazaritzako politika bateratuan:

a) agronomiako jakintza-gaien lanbide-heziketan, ikerketan eta zabalkundean hasitako ahaleginen koordinazio eraginkorra, batera finantzatutako proiektuak edo instituzioak barne hartuta;

b) zenbait produkturen kontsumoa sustatzeko ekintza bateratuak.

36. artikulua

Lehiakortasun-arauei buruzko kapituluko xedapenak aplikatu ahal izango zaizkie nekazaritzako produktuak ekoiztu eta merkaturatzeari ere, baina Kontseiluak zehaztutako neurrian, eta 37. artikuluko 2 eta 3. idatz-zatietako xedapenen eremuan eta bertan aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz baino ez, beti ere 33. artikuluan aipatutako helburuak kontuan direla.

Kontseiluak berezi onar ditzake laguntzak:

a) berezko edo egiturazko baldintzak direla-eta onurarik gutxien daukaten ustiakuntzak babesteko; eta

b) ekonomiaren garapenerako egitarauen eremukoak izango dira.

37. artikulua

1.- Nekazaritzako politika bateratuaren gida-lerroak zehazteko, Erkidegoko estatuen biltzarrerako deia egingo du Batzordeak, ituna indarrean sartzen denetik aurrera, eta nekazaritzari buruz dauzkaten politikak eztabaidatu beharko dituzte bertan, berezi beren baliabideen eta premien egoera zehazteko.

2.- Batzordeak, 1. idatz-zatian aurreikusitako biltzarreko lanak kontuan hartuta, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, eta itun hau indarrean sartzetik urte biko epean, nekazaritzako politika bateratua egin eta martxan jartzeko proposamenak aurkeztuko ditu, estatuetako antolaketen ordez 34. artikuluko 1. idatz-zatian aurreikusitako antolaketa bateratuko moduren bat sartuz, eta titulu honetan zehaztutako neurriak aplikatuz.

Titulu honetan aipatutako nekazaritzako gaien elkarren arteko menpekotasuna eduki behar dute kontuan proposamen horiek.

Batzordearen proposamenez eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, erregelamenduak edo zuzentarauak onartuko ditu, edo erabakiak hartu, eta gomendioak ere egin ditzake.

3.- Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, eta aurreko idatz-zatian aurreikusitako baldintzetan, estatuetako merkatu-antolaketen ordez, 34. artikuluko 1. idatz-zatian aurreikusitako antolaketa bateratua ezar dezake:

a) baldin eta antolaketa bateratuarekin, neurri horren kontra jarri eta dena delako ekoizpenerako estatu barruko antolaketa bat daukaten Erkidegoko estatuei, ekoizleen enplegurako eta bizitza-mailarako balio bereko bermeak ematen bazaizkie, beti ere agiango egokitzapenen eta beharrezko berezitasunen erritmoa kontuan hartuta, eta

b) baldin eta antolaketa bateratuarekin, Erkidego barruko trukaketetarako, estatuko merkatuan dauden antzeko baldintzak bermatzen badira.

4.- Zenbait lehengaitarako antolaketa bateratua sortzen bada, eta horien eraldaketaz sortutako produktuetarako oraindik antolaketa bateraturik ez badago, beste herrialde batzuetara esportatzeko eraldatuko diren produktuetan erabiltzeko lehengai horiek Erkidego kanpotik inportatu ahal izango dira.

38. artikulua

Baldin eta Erkidegoko estaturen batean produkturen bat estatuko merkatu-antolaketa bati lotuta badago, edo balio berdineko barruko edozein araudiri lotuta badago, eta horrela Erkidegoko beste estaturen bateko antzerako ekoizpenen baten lehiari eragiten badio, beste estatuek karga osagarri bat ezarriko diote goian aipatutako antolaketa edo araudia daukan estatutik datorren produktuari, produktu horren irteeran, dagokion estatuak berak karga osagarririk aplikatu ezik.

Batzordeak finkatuko du karga horren zenbatekoa, oreka jartzeko beharrezkoa den heinean; eta beste neurri batzuk hartzeko baimena ere eman dezake, berak zehaztutako baldintza eta moduetan.

III. TITULUA

PERTSONA, ZERBITZU ETA KAPITALEN JOAN-ETORRI ASKEA

I. Kapitulua

LANGILEAK

39. artikulua

1.- Langileei bermatu egiten zaie joan-etorri askea, Erkidego barruan.

2.- Erkidegoko estatuetako langileen artean, herritartasunean oinarritutako bereizkeria guztien abolizioa dakar joan-etorri askeak, enpleguari, soldatei eta laneko gainerako baldintzei dagokienean.

3.- Ordena publikoa, segurtasun publikoa eta osasun publikoa arrazoi direla jarritako mugapenen kontra joan gabe, langileen joan-etorri askeak eskubide hauek dakartza:

a) benetako lan-eskaintzei erantzuteko eskubidea;

b) Erkidegoko estatuetako lurraldean aske ibiltzeko eskubidea, helburu horretarako;

c) Erkidegoko estaturen batean egoitza finkatzeko eskubidea, bertan lan egin ahal izateko, estatu horretako langileen enpleguari aplika dakizkiokeen legezko, erregelamenduzko eta administraziozko xedapenen arabera;

d) Erkidegoko estaturen bateko lurraldean enplegua eduki ondoren, bertan jarraitzeko eskubidea, Batzordeak ezarrita aplikatzekoak diren erregelamenduetan aurreikusitako baldintzetan.

4.- Artikulu honetako xedapenak ezin izango zaizkie aplikatu administrazio publikoko enpleguei.

40. artikulua

Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, langileen joan-etorri askea benetan gauzatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu, zuzentarau edo erregelamendu bidez, 39. artikuluan zehaztutako modukoa izan dadin; berezi:

a) estatuetako lan-administrazioen artean lankidetza estua ziurtatuko du;

b) langileen mugimenduak askatzeko eragozpen diren heinean, kendu egingo ditu administrazioaren prozedurak eta jarduerak, baita, aukeran dauden enpleguetara sartzeko, estatuko legedietatik edo estatuen artean aurrez lotutako akordioetatik sortutako sarrera-epeak ere;

c) estatuko legedietan edo estatuen artean aurrez lotutako akordioetan aurreikusitako epe guztiak eta gainerako murrizpenak kendu egingo ditu, baldin eta Erkidegoko beste estatuetako langileei, enpleguren bat askatasunez aukeratzeko, estatu horretako langileei ezarritako baldintzen ordez bestelakoak ezartzen badizkiete;

d) enplegu-eskaintzak eta enplegu-eskariak elkarren artean lotzeko eta orekatzeko egoki diren tresnak ezarriko ditu, eskualde eta industria batzuetako eta besteetako bizitza-maila eta enplegu-maila arrisku larrian jar ez daitezen.

41. artikulua

Erkidegoko estatuek, egitarau bateratu batean, langile gazteak elkarren artean trukatzeko aukerak zabalduko dituzte.

42. artikulua

Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, langileen joan-etorri askea ezartzeko beharrezko neurriak hartuko ditu gizarte-segurantzako gaietan, eta, berezi, langile etorkinei eta beren eskubidedunei ondorengo puntuak bermatzeko sistema sortuko du:

a) estatu bakoitzeko legedietan kontuan hartutako lan-aldi guztiak metatzea, gizarte-prestazioetarako eskubidea sortu eta gordetzeko, baita prestazioak kalkulatzeko ere;

b) Erkidegoko estatuetako lurraldeetan egoitza daukaten pertsonei prestazioak ordaintzea.

Kontseiluak aho batez erabaki behar du 251. artikuluan aurreikusitako prozedura guztian.

II. Kapitulua

KOKATZEKO ESKUBIDEA

43. artikulua

Hurrengo xedapenen eremuan, debekatuta utziko dira Erkidegoko estatu bateko herritarrek Erkidegoko beste estatu bateko lurraldean kokatzeko daukaten askatasunaren kontrako murrizpenak. Debeku hori, halaber, Erkidegoko estatu bateko lurraldean finkatutako Erkidegoko beste estatu bateko herritarrek agentziak, sukurtsalak edo ordezkaritzak irekitzeko daukaten askatasunaren murrizpenen kontra ere badoa.

Kokatzeko askatasunak berarekin dauka bakoitzak bere konturako enplegua sortu eta horretan aritu ahal izatea, baita enpresak eratu eta kudeatzea ere, batez ere, sozietateak, 48. artikuluko bigarren lerroaldean zehaztuta dauden moduan, bertako herritarrentzat herrialde bakoitzeko legediek jarritako baldintzetan, kapitalei buruzko kapituluko xedapenen kontra jarri gabe.

44. artikulua

1.- Jarduera zehatzen bat dela-eta kokatzeko askatasuna lortzeko, Kontseiluak erabakiko du, zuzentarau bidez, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren.

2.- Kontseiluak eta Batzordeak aurreko xedapenetan agindutako eginkizunak bete behar dituzte, batez ere:

a) orokorrean, lehentasuna eman behar diete ekoizpena eta trukaketak gehitzeko lagungarri diren jarduerei, kokatzeko askatasuna berariazko moduz horretarako baliagarria den heinean;

b) estatuetako administrazio eskudunen arteko lankidetza estua izango dela bermatu behar dute, hain zuzen,Erkidego barruan, eragindako direnak direlako jardueren egoera partikularrak ezagutu ahal izateko;

c) estatuko legedietatik edo estatuen artean aurrez lotutako akordioetatik sortutako administrazioko prozedurak eta jarduerak ezabatu egin behar dituzte, baldin eta horiei eusteak oztopoak jartzen badizkio kokatzeko askatasunari;

d) Erkidegoko estaturen bateko soldatapeko langile izanda, eta beste estaturen bateko lurraldean enplegatuta egonik, norbere kontura lanean jarri nahi duten langileek lurralde horretan jarraitu ahal izan dezaten jagon behar dute Kontseiluak eta Batzordeak, beti ere delako jarduera hori hasi nahi duten unean estatu horretan sartuko balira eskatuko litzaizkiekeen baldintzak betetzen badituzte;

e) Erkidegoko estaturen bateko lurraldean kokatutako jabetza higiezinak beste estatu bateko herritarren batek erosi eta aprobetxatzeko moduak aukeran utzi behar dituzte, 33. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako printzipioak hausten ez diren bitartean;

f) kokatzeko askatasunari jarritako murrizpenak arian-arian ezabatu egin behar dituzte, aipatutako jarduera-adar guztietan, bai Erkidegoko estatuetako lurraldeetan agentziak, sukurtsalak edo ordezkaritzak zabaltzeko baldintzei dagokienez, bai baltzu nagusiko langileak bere agentzia, sukurtsal edo ordezkaritzetako kudeaketa edo kontroleko organoetan onartzeko baldintzei dagokienez ere;

g) 48. artikuluko bigarren lerroaldean zehaztutako sozietateei Erkidegoko estatuetan eskatutako bermeak koordinatu egin behar dituzte, beharrezkoa den neurrian, baliokideak izan daitezen, eta, hala, kideen eta besteen interesak babesteko;

h) eta neurriak hartu behar dituzte kokatzeko baldintzak aizundu ez daitezen Erkidegoko estatuek emandako laguntzekin.

45. artikulua

Kapitulu honetako xedapenak ez zaizkie aplikatuko, interesa daukan Erkidegoko estatuari dagokionez, estatu horretan botere publikoa gauzatzearekin zerikusia daukaten jarduerei, nahiz eta zerikusi hori noizean behingoa izan.

Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenaren gainean, kapitulu honetako xedapenen aplikaziotik kanpo utz ditzake zenbait jarduera.

46. artikulua

1.- Kapitulu honetako xedapenek eta xedapenon indarrez hartutako neurriek ez dute zalantzan jarriko atzerritarrentzat araubide berezia ezartzen duten legezko, erregelamenduzko eta administraziozko xedapenak aplikatu daitezkeen ala ez, baldin eta ordena publikoa, segurtasun publikoa eta osasun publikoa direla-eta xedapenok arrazoizkoak badira.

2.- Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera erabakiz, aipatutako xedapenak koordinatzeko zuzentarauak onartuko ditu.

47. artikulua

1.- Pertsona bakoitzari bere konturako jarduerak sortu eta betetzeko erraztasunak emateko, Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, batak bestearen diplomak, ziurtagiriak eta beste titulu batzuk onartzeko zuzentarauak onartuko ditu.

2.- Helburu horrekin, halaber, Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera erabakiz, zuzentarauak onartuko ditu, pertsona bakoitzak bere konturako jarduerak sortu eta bete ditzan Erkidegoko estatuek dauzkaten legezko, erregelamenduzko eta administraziozko xedapenak koordinatzeko. Kontseiluak aho batez erabaki behar du 251. artikuluan aurreikusitako prozedura osoan, baldin eta zuzentarau horiek betetzeak, Erkidegoko estaturen batean gutxienez, lanbideen sistema orokorrari buruz indarrean dauden legezko printzipioen aldaketaren bat badakar, hain zuzen lanbideotarako prestakuntzari eta pertsona fisikoak horietara iristeko baldintzei dagokienean. Beste kasuetan gehiengo kualifikatuz erabakiko du Kontseiluak.

3.- Medikuntza, paramedikuntza eta farmaziako lanbideei dagokienean, arian-arian murrizpenak gutxitzen joateko, aurrez koordinatu egin behar dira Erkidegoko estatuetan lanbideok betetzeko eskatutako baldintzak.

48. artikulua

Baldin eta Erkidegoko estaturen bateko legearen arabera eratutako sozietateek beren egoitza nagusia, administrazio nagusia edo jarduera nagusiko zentroa Erkidegoan badaukate, Erkidegoko estatuetako herritar diren pertsona fisikoen parean jarriko dira, kapitulu honetako xedapenak aplikatzeko.

Sozietateak esatean zuzenbide zibileko edo merkataritza-zuzenbideko sozietateak ulertu behar dira, kooperatibak barne, baita zuzenbide publiko edo pribatuko gainerako pertsona juridikoak ere, irabazteko xederik ez daukatenak salbuespen izanda.

III. Kapitulua

ZERBITZUAK

49. artikulua

Hurrengo xedapenen eremuan, debekatuta utziko dira Erkidegoko herrialde batean kokatuta dauden Erkidegoko estaturen bateko herritarrei Erkidegoan zerbitzuak aske emateko murrizpenak, nahiz eta herrialde hori ez izan prestazio-hartzailea.

Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenaren gainean, beste estatu bateko herritarrak izan eta Erkidegoan kokatuta dauden zerbitzu-emaileei zabaldu ahal izango dizkie kapitulu honetako xedapenen onurak.

50. artikulua

Itun honen arabera, zerbitzutzat hartuko dira normalean ordainketa baten truke egindako prestazioak, baina salgai, kapital eta pertsonen joan-etorri askeari buruzko xedapenak arautzaile ez dituzten heinean.

Zerbitzuon artean sartzen dira, bereziki:

a) industriako jarduerak;

b) merkataritzako jarduerak;

c) eskulangintzako jarduerak;

d) lanbide liberaletako jarduerak.

Kokatzeko eskubideari buruzko kapituluko xedapenen kontra jarri gabe, zerbitzu-emaileak, prestazio hori gauzatzeko, prestazioa burutzen ari den estatuan bete dezake bere jarduera aldi batean, estatu horrek bertako herritarrei ezar diezazkien baldintza berberetan.

51. artikulua

1.- Garraioei buruzko zerbitzuak aske betetzeko, garraioei buruzko tituluko xedapenak izango dira arautzaile.

2.- Kapitalen joan-etorriaren liberalizazioarekin harmonizatuta egingo da kapital-mugimenduei lotutako banku eta aseguruetako zerbitzuen liberalizazioa.

52. artikulua

1.- Zerbitzuren baten liberalizazioa lortzeko, Kontseiluak, Batzordearen proposamenez eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Europako Parlamentuari aurrez aholkua eskatuta, zuzentarauz erabakiko du, gehiengo kualifikatuz.

2.- Goiko 1. idatz-zatian aurreikusitako zuzentarauak, orokorrean, lehentasunez ekoizpen-kostuetan eragin zuzena daukaten zerbitzuei buruzkoak izango dira, baita, liberalizatuta, salgaien trukaketa errazten duten zerbitzuei buruzkoak ere.

53. artikulua

Erkidegoko estatuek adierazten dutenez, gertu daude 52. artikuluko 1. idatz-zatia aplikatuz onartutako zuzentarauen indarrez eskatutako zerbitzu-liberalizazioa baino handiagoa egiteko, baldin eta beren ekonomiaren egoera orokorrak eta dena delako sektoreko egoerak uzten badiete.

Batzordeak, helburu horrekin, gomendioak egingo dizkie horretan interesatuta dauden estatuei.

54. artikulua

Harik eta zerbitzuak aske betetzeko murrizpenak ezabatu arte, 49. artikuluko lehenengo lerroaldean aipatutako zerbitzu-emaile guztiei aplika diezazkieke murrizpenok Erkidegoko estatu bakoitzak, herritartasunik edo egoitzarik kontuan hartu gabe.

55. artikulua

Biok barne direla, 45. artikulutik 48. artikulura artekoetako xedapenak aplika dakizkieke kapitulu honetan araututako gaiei.

IV. Kapitulua

KAPITALA ETA ORDAINKETAK

56. artikulua

1.- Kapitulu honetako xedapenen eremuan, debekatuta dago Erkidegoko estatuen arteko eta Erkidegoko estatuen eta beste herrialde batzuen arteko kapitalen joan-etorriei edozein murrizpen jartzea.

2.- Kapitulu honetako xedapenen eremuan, debekatuta dago Erkidegoko estatuen arteko eta Erkidegoko estatuen eta beste herrialde batzuen arteko ordainketei edozein murrizpen jartzea.

57. artikulua

1.- Goiko 56. artikuluan xedatutakoa ez da eragozpen izango, estatu bakoitzeko zuzenbidearen arabera edo Erkidegoko zuzenbidearen arabera kapitalen mugimenduei buruz 1993ko abenduaren 31n egon daitezen murrizpenak beste herrialde batzuei aplikatzeko, bai kapitalok beste herrialde batzuetara badoaz, zein herrialde horietatik badatoz ere, baldin eta zuzeneko inbertsioak badira -ondasun higiezinetakoak barne-, baita kokatzeko, finantza-zerbitzuak emateko edo kapitalen merkatuetan baloreak onartzeko badira ere. Estoniako eta Hungariako estatuetako legeriaren indarrez lehendik dauden murrizketei dagokienez, aplikatu beharreko eguna 1999ko abenduaren 31 izango da.

2.- Nahiz eta Erkidegoko estatuen eta beste herrialdeen arteko kapitalen joan-etorri askea lortzea izan helburu, eta itun honetako gainerako kapituluetan xedatutakoaren kontra jarri gabe, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenez, neurriak har ditzake kapitalen mugimenduei buruz, bai beste herrialde batzuetara badoaz, zein herrialde horietatik badatoz ere, baldin eta zuzeneko inbertsioak izan -ondasun higiezinetakoak barne-, eta kokatzeko, finantza-zerbitzuak emateko edo kapitalen merkatuetan baloreak onartzeko badira. Bai kapitalak beste herrialde batzuetara badoaz, nahiz herrialde horietatik etorri, Erkidegoko legedian kapitalen mugimenduei buruz jasotako liberalizazioari dagokionez idatz-zati honen indarrez hartutako neurriek atzerakadaren bat badakarte, aho batez hartu beharko dira neurriok.

58. artikulua

1.- Erkidegoko estatuen eskubide hauen kontra jarri gabe aplikatuko da 56. artikuluan xedatutakoa:

a) bizilekuaren arabera, edo kapitala ezarrita dagoen tokia dena delako, egoera diferenteetan aurkitzen diren zergadunen arteko bereizketa egiten duten zerga-zuzenbideko xedapenak aplikatzeko eskubidea;

b) estatu bakoitzeko zuzenbidea eta araubidea haustea galarazteko beharrezko neurriak hartzeko eskubidea, bereziki zerga-arloan eta finantza-erakundeen zuhurtziazko ikuskapen-arloan; administrazioko edo estatistikako informazioa lortzea xede izanik, kapitalen mugimenduen aitorpenak egiteko prozedurak ezartzeko eskubidea; edo ordena publikoa edo segurtasun publikoa dela-eta bidezkoak diren neurriak hartzeko eskubidea.

2.- Kapitulu honetako xedapenak ez dira oztopo izango kokapen-eskubideari buruz itun honekin bateragarri diren murrizpenak aplikatzeko.

3.- Goiko 1. eta 2. idatz-zatietan aipatutako neurriak eta prozedurak ezin izango dira izan ez bidegabekeriazko bereizkeria-modu bat, ez 56. artikuluan zehaztu den kapitalen eta ordainketen joan-etorri askea murrizteko estalki bat ere.

59. artikulua

Baldin eta, salbuespeneko egoeretan, kapitalen mugimenduek, bai beste herrialde batzuetara doazenak izan, zein herrialde horietatik datozenak izan, ekonomia eta diru batasunaren jarduerarako zailtasun larriak sortzen badituzte, edo sortzeko mehatxua agertzen badute, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordeak proposatuta eta EBZri aholkua eskatu ondoren, sei hilabete baino luzeago joko ez duen eperako, behar-beharrezko diren babes-neurriak har ditzake beste herrialde batzuekiko.

60. artikulua

1.- Baldin eta, 301. artikuluan jasotako kasuetan, Erkidegoaren ekintza beharrezkotzat jotzen bada, Kontseiluak, 301. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, kapitalen mugimenduei eta ordainketei buruz beharrezko diren presazko neurriak har ditzake direnak direlako beste herrialdeei dagokienez.

2.- Itun honetako 297. artikuluan xedatutakoaren kontra jarri gabe, eta harik eta Kontseiluak 1. idatz-zatiaren araberako neurriak hartu arte, Erkidegoko estatu batek, arrazoi politiko larriengatik eta presazko arrazoiak medio, beste herrialde baten aurkako neurriak har ditzake bere aldetik, kapitalen mugimenduei eta ordainketei dagokienez. Batzordeari eta Erkidegoko gainerako estatuei, beranduenez, esandako neurriok indarrean jartzen diren egunean eman beharko zaie neurrion berri.

Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenez, neurri horiek aldatu edo ezeztatzera behartu dezake dena delako estatua. Kontseiluko lehendakariak Europako Parlamentuari eman behar dio Kontseiluak hartutako neurrien berri.

IV. TITULUA

BISATUAK, ASILOA, INMIGRAZIOA, ETA PERTSONEN JOAN ETORRI ASKEAREKIN ZERIKUSIA DAUKATEN BESTE POLITIKA BATZUK

61. artikulua

Arian-arian askatasun, segurtasun eta justiziako eremu bat finkatzeko, Kontseiluak hauek onartuko ditu:

a) Amsterdamgo Ituna indarrean sartzen denetik bost urteko epean, 14. artikuluaren arabera pertsonen joan-etorri askea bermatzeko neurriak hartuko ditu, kanpoko mugen kontrolari, asiloari eta inmigrazioari dagokienean joan-etorri askearekin zuzenean lotuta dauden neurri laguntzaileekin batera, itun honetako 62. artikuluko 2 eta 3. puntuetan eta 63. artikuluko 1. puntuko a) puntuan eta 2. puntuko a) puntuan xedatutakoarekin bat etorriz, baita delitugintzari aurrea hartu eta bere kontra borrokatzeko neurriak ere, Europar Batasuna eratzeko Ituneko 31. artikuluko e) puntuan xedatutakoarekin bat etorriz;

b) beste herrialde batzuetako herritarren asilo eta inmigraziorako, eta beren eskubideak babesteko beste neurri batzuk, 63. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz;

c) justiziako lankidetzarako neurriak, arlo zibilean, 65. artikuluaren arabera;

d) administrazioko lankidetza sustatu eta areagotzeko egokiak diren neurriak, 66. artikuluaren arabera;

e) polizia- eta justizia-gaietako lankidetzako neurriak, zigor-arloan, Batasunean delitugintzari aurrea hartu eta bere kontra borrokatuz segurtasun-maila handia bermatzeko, Europar Batasuna eratzeko Itunean xedatutakoaren arabera.

62. artikulua

Kontseiluak, 67. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, hauek onartuko ditu Amsterdamgo Ituna indarrean jartzen den egunetik bost urteko epean:

1) barruko mugak zeharkatzeko, 14. artikuluarekin bat etorriz, pertsonen kontrolik eza bermatzeko neurriak, bai Batasuneko herritarren kasuan, zein beste herrialde batzuetakoenean ere;

2) Erkidegoko estatuetako kanpoko mugak zeharkatzeko neurriak; eta puntu hauek finkatuko dira:

a) muga horietan pertsonak kontrolatzeko, Erkidegoko estatuek aplikatu behar dituzten arauak eta prozedurak;

b) hiru hilabetetik gorakoak ez diren egonaldietako bisatuei aplikatu beharreko arauak; puntu hauek jaso behar dituzte:

i) kanpoko muga zeharkatzeko bisatua eduki behar duten herritarren herrialdeen izenen zerrenda, baita halakorik behar ez duten herritarren herrialdeena ere;

ii) Erkidegoko estatuek bisatuak emateko bete beharreko prozedurak eta baldintzak;

iii) bisaturako eredu bateratua;

iv) bisatu bateraturako arauak;

3) hiru hilabetekoa baino gehiagokoa ez den aldian Erkidegoko estatuetako lurraldean askatasunez bidaiatu dezaketen beste herrialde batzuetako herritarrentzako baldintzak ezartzeko neurriak.

63. artikulua

Kontseiluak, 67. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, hauek onartuko ditu Amsterdamgo Ituna indarrean sartzen den egunetik bost urteko epean:

1) asilorako neurriak onartuko ditu, errefuxiatuen egoerari buruzko 1951ko uztailaren 28ko Genebako Hitzarmenaren eta 1967ko urtarrilaren 31ko Protokoloaren arabera, eta gai horretako beste itunen arabera; hona eremuak:

a) beste herrialde bateko herritarren batek Erkidegoko estaturen batean aurkeztutako asilo-eskabidea aztertzeko erantzukizuna bere gain hartzen duen Erkidegoko estatua nor izango den zehazteko irizpideak eta tresnak,

b) Erkidegoko estatuetan asiloa eskatzen dutenak onartzeko gutxieneko arauak,

c) beste herrialde batzuetako herritarrei errefuxiatu-egoera onartzeko gutxieneko arauak,

d) errefuxiatu-egoera onartu edo kentzeko, Erkidegoko estatuek aplikatu behar dituzten prozeduretarako gutxieneko arauak;

2) errefuxiatuei eta erbesteratuei buruzko neurriak onartuko ditu; hona eremuak:

a) beste herrialde batzuetatik etorri eta jatorrira itzuli ezin diren erbesteratuei, eta beste arrazoi batzuk medio nazioarteko babesa behar duten pertsonei aldi baterako babesa emateko gutxieneko arauak,

b) errefuxiatuei eta erbesteratuei harrera egiteko eta aipatutako harreraren ondorioak jasaten dituzten Erkidegoko estatuen arteko ahaleginak orekatuak izan daitezen bideratutako neurriak;

3) inmigrazio-politikari buruzko neurriak; hona eremuak:

a) Erkidegoko estatuetan sartu eta egoitza finkatzeko baldintzak, eta Erkidegoko estatuek iraupen luzeko bisatuak eta egoitza-baimenak emateko prozedurei buruzko arauak, familiak biltzeko bideratutakoak barne direla,

b) legez kanpoko inmigrazioa eta egoitza, legez kanpoko egoiliarrak beren herrira itzularaztea barne dela;

4) Erkidegoko estaturen batean legezko egoitza daukaten beste herrialde batzuetako herritarrek Erkidegoko beste estatu batzuetan egoitza eduki ahal izateko baldintzak eta eskubideak zehaztuko dituzten neurriak.

Goiko 3 eta 4. puntuen indarrez Kontseiluak hartutako neurriak ez dira eragozpen izango Erkidegoko edozein estatuk estatu barruko xedapenei bere hartan eutsi edo berriak sartu ahal izateko, itun honekin eta nazioarteko akordioekin bateragarri diren heinean.

Goiko 2. puntuko b) puntuaren, 3. puntuko a) puntuaren eta 4. puntuaren arabera onartu behar diren neurriak ez dira goian aipatutako bost urteko epearen menpe egongo.

64. artikulua

1.- Titulu hau ez doa Erkidegoko estatuek ordena publikoa zaindu eta barne-segurtasuna babesteko dauzkaten erantzukizunak betetzearen kontra.

2.- Erkidegoko estaturen bat edo gehiago, beste herrialde batzuetako herritarrak tupustean iritsi direlako, larrialdi-egoeran aurkitzen bada edo badira, eta 1. idatz-zatiaren kontra joan gabe, Kontseiluak behin-behineko neurriak onartu ahal izango ditu, sei hilabeterako gehienez ere, dagokien Erkidegoko estatuen onerako, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenaren gainean.

65. artikulua

Arlo zibileko justizia-gaietako lankidetza-eremuko neurriek, baldin eta mugaz haraindiko ondorioak baditu lankidetzak, eta 67. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz onartu beharreko neurriok barne-merkatuaren jarduera zuzena izateko beharrezkoak diren heinean, puntu hauek jaso behar dituzte:

a) hobetu eta sinplifikatu:

- justizia-administraziotik eta hortik kanpo emandako agiriak mugaz haraindira elkarri jakinarazteko edo bidaltzeko sistema;

- frogak lortzeko lankidetza;

- gai zibiletako eta merkataritzako gaietako erabakiak onartu eta betetzea, justizia-administraziotik kanpokoak barne direla;

b) lege-gatazkei eta jurisdikzio-gatazkei buruz Erkidegoko estatuetan aplikagarri diren arauen bateragarritasuna sustatzea;

c) prozedura zibilen jarduera ona izateko, oztopoak kentzea, hain zuzen Erkidegoko estatuetan prozedura zibilean aplikagarri diren arauen bateragarritasuna sustatuz, premiazkoa izanez gero.

66. artikulua

Kontseiluak, 67. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, titulu honetan aurreikusitako eremuetarako, Erkidegoko estatuen administrazioetako zerbitzuen arteko lankidetza bermatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu, baita aipatutako zerbitzuen eta Batzordearen artekoa bermatzeko ere.

67. artikulua

1.- Amsterdamgo Ituna indarrean sartzen denetik bost urteko aldi baterako epean, Kontseiluak aho batez erabakiko du, Batzordearen proposamenez edo Erkidegoko estaturen baten ekimenez, Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren.

2.- Aipatutako bost urteko epea igaro ondoren:

- Batzordearen proposamenez erabakiko du Kontseiluak; Erkidegoko edozein estatuk Kontseiluari proposamenak egiteko aurkeztutako eskaera guztiak aztertuko ditu Batzordeak;

- Kontseiluak, aho batez eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, erabakia hartuko du, titulu honek hartzen dituen eremu guztiak edo horietako parte bat 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera arautzeko, eta Justizia Auzitegiak emandako eskumenei buruzko xedapenak egokitzeko.

3.- Aurreko 1. eta 2. idatz-zatietan xedatutakoa salbuespen dela, Amsterdamgo Ituna indarrean sartzen denetik aurrera, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordeak proposatuta eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, 62. artikuluko 2. puntuko b) puntuko i) eta iii) tarteetan aipatutako neurriak hartuko ditu.

4.- Aurreko 2. idatz-zatian xedatutakoa salbuespen dela, Amsterdamgo Ituna indarrean sartzen denetik bost urteko epea igaro ondoren, Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, 62. artikuluko 2. puntuko b) puntuko ii) eta iv) tarteetan aipatutako neurriak hartuko ditu.

5.- Artikulu honetako 1. idatz-zatian xedatutakoaren salbuespen moduan, 251. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz hartuko ditu Kontseiluak:

63. artikuluko 1. puntuan eta 63. artikuluko 2. puntuko a) letran aurreikusitako neurriak, baldin eta, artikulu honetako 1. idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz eta aldez aurretik, Kontseiluak Erkidego osorako legediren bat onartu badu, gai horiek arautzeko arau orokorrak eta funtsezko printzipioak zehaztuta;

65. artikuluan aurreikusitako neurriak, familiaren zuzenbideari dagozkion gaiak kanpoan utzita.

68. artikulua

1.- Titulu honi 234. artikulua aplikatuko zaio inguruabar eta baldintza hauetan: titulu honen interpretazioaz, edo titulu honetan oinarrituta Erkidegoko instituzioen egintzen balioaz edo interpretazioaz arazoren bat sortzen bada estatuko jurisdikzio-organoren batean erabaki gabe dagoen gairen baten inguruan, eta organo horren erabakiek estatu barruko Zuzenbidean auzibidezko beste errekurtsorik jaso ezin badute, aipatutako jurisdikzio-organoak jarrera bat hartzeko eskatuko dio Justizia Auzitegiari, berak bere ebazpena emateko beharrezkoa irizten badio erabaki horri.

2.- Justizia Auzitegiak, 62. artikuluko 1. puntuaren arabera ordena publikoa zaindu eta barne-segurtasuna babesteko onartutako neurriei edo erabakiei buruz, ez du inolako eskumenik edukiko inola ere.

3.- Kontseiluak, Batzordeak edo Erkidegoko edozein estatuk erabakia hartzeko eska diezaioke Justizia Auzitegiari titulu honen interpretazioaz, edo titulu honetan oinarrituta Erkidegoko instituzioen egintzen interpretazioaz arazorik badago. Eskaera horri erantzunez Justizia Auzitegiak emandako epaitza ez zaie aplikatuko Erkidegoko estatuetako jurisdikzio-organoen epaiei, gauza epaituaren indarra badaukate.

69. artikulua

Titulu honen aplikazioa Erresuma Batuaren eta Irlandaren jarrerari buruzko protokoloan eta Danimarkaren jarrerari buruzko protokoloan xedatutakoaren menpe dago, eta ulertu behar da ez dela Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 14. artikuluko zenbait alderdi Erresuma Batuari eta Irlandari aplikatzeari buruzko protokoloaren kontra jartzen.

V. TITULUA

GARRAIOAK

70. artikulua

Itun honetako helburuak lortzen saiatu behar dira Erkidegoko estatuak, titulu honetan araututako gaiari dagokionez, garraioei buruzko politika bateratuaren eremuan.

71. artikulua

1.- Aurreko 70. artikulua aplikatu ahal izateko, eta garraioen sektorearen berezitasunak kontuan hartuta, Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, hauek ezarriko ditu:

a) Erkidegoko estaturen bateko lurraldetik abiatuta edo bertara sartuta, edo Erkidegoko estaturen bateko edo gehiagoko lurraldean barrena egindako nazioarteko garraioei aplika dakizkiekeen arau bateratuak;

b) egoiliarrak ez diren garraiolariek Erkidegoko estatu batean garraio-zerbitzuak egiteko bete behar dituzten baldintzak;

c) garraioetan segurtasuna hobetzeko diren neurriak;

d) bidezko den beste edozein xedapen.

2.- Goiko 1. idatz-zatian aurreikusitako prozeduraren kontra jarri gabe, baldin eta garraioen sistemaren printzipioei buruzko xedapenek zenbait eskualdetako bizitzaren mailari eta enpleguari larri eragiten badiete, eta garraio-gaien ustiaketari ere eragiten badiete, Kontseiluak erabakiko ditu xedapenok, aho batez, Batzordearen proposamenez eta Europako Parlamentuari eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, merkatu bateratua ezartzetik sortutako ekonomiaren garapenera egokitu beharra kontuan hartuta.

72. artikulua

Itun honetako 71. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako xedapenak onartu artean, eta Kontseiluak aho batez beste akordiorik hartu ezean, Erkidegoko estatu batek ere ezin izango ditu onura gutxiagoko bihurtu, ez zuzenean ez zeharka, Erkidegoko beste estatuetako garraiolarien kaltetan eta estatu horretako garraiolarien mesederako, 1958ko urtarrilaren 1etik gai hori arautzen duten xedapenak, edo, geroago atxikitako estatuen kasuan, atxikipen egunetik arautzen dutenak.

73. artikulua

Itun honekin bateragarriak izango dira garraioak koordinatzeko premiei erantzuteko diren laguntzak, baita zerbitzu publiko kontzeptuari darizkion zenbait betebeharren diru-itzulketari dagozkion laguntzak ere.

74. artikulua

Itun honen eremuan garraioaren prezioei eta baldintzei buruz hartutako neurri guztiek garraiolarien ekonomiaren egoera eduki behar dute kontuan.

75. artikulua

1.- Erkidego barruko trafikoari dagokionez, salgai eta trafiko-harreman berdinak izanda, ezabatu egin behar dira garraiatutako produktuen jatorrizko herrialdea edo helburuko herrialdea dela-eta garraiolariek garraioari prezio eta baldintza diferenteak aplikatuta egindako bereizkeriak.

2.- Goiko 1. idatz-zatian esandakoak ez du kentzen Kontseiluak 71. artikuluko 1. idatz-zatia aplikatuz beste neurri batzuk hartu ahal izatea.

3.- Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenaren gainean eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatuta, 1. idatz-zatian xedatutakoa aplikatuko dela bermatzeko arauak ezarriko ditu.

Kontseiluak beharrezko xedapenak onartu ahal izango ditu, bereziki, 1. idatz-zatian xedatuta dagoena betetzen dela kontrola dezaten, eta xedapen horren onura osoak erabiltzaileei berma diezazkieten.

4.- Batzordeak, bere ekimenez edo Erkidegoko estaturen baten eskariz, 1. idatz-zatian aipatu diren bereizkeria kasu guztiak aztertuko ditu, eta, interesatuta dauden estatu guztiei aholkua eskatu ondoren, beharrezko iritzitako erabakiak hartuko ditu ezarritako arauen eremuan, 3. idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz.

76. artikulua

1.- Debekatuta dago Erkidegoko estatu batek enpresa edo industria partikular bati edo gehiagori babesa edo laguntza damaien prezio eta baldintzak ezartzea Erkidego barruko garraioan, laguntza hori edozelakoa izanda ere, Batzordearen baimenez ezarritakoa ez bada.

2.- Batzordeak, bere ekimenez edo Erkidegoko estaturen baten eskariz, 1. idatz-zatian aipatutako prezioak eta baldintzak aztertuko ditu, eta bereziki kontuan hartuko ditu, alde batetik, bai eskualdeetako ekonomiari buruz egokia den politika egiteak dakartzan eskakizunak, bai gutxi garatutako eskualdeen premiak eta bai gorabehera politikoek larri kaltetutako eskualdeen arazoak ere, eta, bestetik, prezio eta baldintza horiek garraio-mota guztien arteko lehian daukaten eragina.

Interesatuta dauden Erkidegoko estatu guztiei aholkua eskatu ondoren, Batzordeak hartuko ditu beharrezko erabakiak.

3.- Aurreko 1. idatz-zatian aipatutako debekuak ez dauka eraginik lehiako tarifetan.

77. artikulua

Garraioko prezioak alde batera utzita, mugak zeharkatzeagatik garraiolariek eskatutako eskubideak edo kanonak ezin izango dira arrazoizko maila batetik gorakoak izan, beti ere muga horietatik pasatzeak benetan sor ditzan gastuak kontuan hartuta.

Erkidegoko estatuak arian-arian gastu horiek gutxitzen saiatu behar dira.

Batzordeak gomendioak egin ahal izango dizkie Erkidegoko estatuei artikulu hau aplikatzeko.

78. artikulua

Titulu honetako xedapenak ez dira eragozpen izango Alemaniako Errepublika Federalean hartutako neurrientzat, baldin eta Alemaniak izandako banaketak Errepublika Federaleko zenbait eskualdetako ekonomiari sortutako desabantaila ekonomikoak orekatzeko badira neurriok, orduko banaketaren eraginpean dauden eskualdeetan.

79. artikulua

Batzordeari atxikita, Aholku Lantaldea sortzen da, Erkidegoko estatuetako gobernuek izendatutako adituz osatua. Batzordeak lantalde horri eskatuko dio aholkua garraio-gaietan, komenigarri irizten dion bakoitzean, Ekonomia eta Gizarte Lantaldearen eskurantzen kontra joan gabe.

80. artikulua

1.- Titulu honetako xedapenak trenbide, errepide eta bide nabigagarrietako garraioei aplikatuko zaizkie.

2.- Kontseiluak gehiengo kualifikatuz erabaki ahal izango du ea, itsasoko eta aireko nabigaziorako, egokiak diren xedapenak har daitezkeen, eta zer-nolako neurrian, eta zer-nolako prozeduraren arabera.

Itun honetako 71. artikuluko prozedura-arauak aplikatuko dira.

VI. TITULUA

LEHIARI, ZERGA-ARLOARI, ETA LEGEDIAK HURBILTZEARI BURUZKO ARAU BATERATUAK

I. Kapitulua

LEHIARI BURUZKO ARAUAK

LEHENENGO ATALA

ENPRESEI APLIKA DAKIZKIEKEEN XEDAPENAK

81. artikulua

1.- Merkatu bateratuarekin batera ezinak diren heinean, debekatuta daude: Erkidegoko estatuen arteko merkataritzari eragin diezaioketen, eta helburu edo ondorio moduan merkatu bateratuaren baitan lehiaren jokoa eragotzi, murriztu edo aizuntzea nahi duten enpresa arteko akordio guztiak, enpresa-elkarteen erabaki guztiak eta itundutako jarduera guztiak; eta, bereziki, hauek:

a) salerosketa-prezioak edo beste eragiketa-baldintza batzuk zuzenean edo zeharka finkatzea;

b) ekoizpena, merkatua, garapen teknikoa edo inbertsioak mugatu edo kontrolatzea;

c) merkatuak edo hornikuntza-iturriak elkarren artean banatzea;

d) beste kontratatzaile batzuei baldintza diferenteak aplikatzea balio bereko prestazioetarako, kontratatzaile horiei lehiarako desabantailak sortaraziz;

e) kontratuak itxi ahal izateko, berez eta merkataritzako ohituren arabera kontratu horiekin inolako loturarik ez daukaten beste prestazio osagarri batzuk onartu beharraren menpe jartzea beste kontratatzaileak.

2.- Artikulu honetan debekatutako akordio edo erabakiak erabat deusezak izango dira.

3.- Halere, 1. idatz-zatiko xedapenak ondorengo hauei ezin zaizkiela aplikatu deklaratu ahal izango da:

- enpresa arteko edozein akordio edo akordio-mailari;

- enpresa-elkarteen edozein erabaki edo erabaki-mailari;

- itundutako edozein jarduera edo itundutako edozein jarduera-mailari,

baldin eta produktuen ekoizpena edo banaketa hobetzeko badira, edo teknikaren edo ekonomiaren aurrerapena sustatzeko badira, eta, aldi berean, lortutako irabazietako bidezko parte bat erabiltzaileei gordetzen badiete; eta

a) horretan zerikusia daukaten enpresei helburu horiek lortzeko ezinbestekoak ez diren murrizpenak ezartzen ez badizkiete, eta

b) enpresa horiei, dena delako produktuen zati handi bati dagokionez, lehia ezabatzeko aukerarik ematen ez badiete.

82. artikulua

Erkidegoko estatuen arteko merkataritzari eragin diezaiokeen heinean, merkatu bateratuarekin batera ezina izango da, eta gehiegikeriaz egindako edozein ustiapen debekatu egingo da, baldin eta enpresaren batek edo gehiagok merkatu bateratuan edo merkatu horretako funtsezko zati baten gainean nagusitasun egoeratik jardun badu.

Gehiegikeriazko jokaera horiek, bereziki, hauek izango dira:

a) zuzenean edo zeharka bidezkoak ez diren salerosketa-prezioak edo beste eragiketa-baldintza batzuk ezartzea;

b) ekoizpena, merkatua edo garapen teknikoa kontsumitzaileen kaltetan mugatzea;

c) beste kontratatzaile batzuei baldintza diferenteak aplikatzea balio bereko prestazioetarako, kontratatzaile horiei lehiarako desabantailak sortaraziz horretara;

d) kontratuak itxi ahal izateko, berez eta merkataritzako ohituren arabera kontratu horiekin inolako loturarik ez daukaten beste prestazio osagarri batzuk onartu beharraren menpe jartzea beste kontratatzaileak.

83. artikulua

1.- Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenaren gainean eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, 81 eta 82. artikuluetan aipatutako printzipioak aplikatzeko egokiak diren erregelamendu edo zuzentarauak onartuko ditu.

2.- Goiko 1. idatz-zatian aipatutako xedapenen helburuak, bereziki, hauek dira:

a) 81. artikuluko 1. idatz-zatian eta 82. artikuluan aipatutako debekuak beteko direla bermatzea, isunak eta hertsatzeko isunak ezarriz;

b) 81. artikuluko 3. idatz-zatia aplikatzeko moduak finkatzea, alde batetik zaintza eraginkorra bermatzeko betebeharra kontuan hartuta, eta ahal den neurrian administrazioaren kontrola errazteko;

c) premiarik balego, 81 eta 82. artikuluen aplikazio-eremua zehaztea, ekonomiako arlo guztietarako;

d) Batzordeak eta Justizia Auzitegiak bakoitzak dauzkan eginkizunak zehaztea, idatz-zati honetan ezarritako xedapenak aplikatzeko ordurako;

e) alde batetik, estatu bakoitzeko legedien artean, eta, bestetik, atal honetako xedapenen eta artikulu hau aplikatuz onartutakoen artean dauden loturak zehaztea.

84. artikulua

Harik eta 83. artikulua aplikatuz onartutako xedapenak indarrean sartu arte, Erkidegoko estatuetako agintariek erabakiko dute ea akordioak, erabakiak eta itundutako jarduerak onargarriak diren ala ez, eta, era berean, merkatu bateratuan nagusitasun egoeraz baliatuta gehiegikeriazko ustiapenik egin den ala ez, bakoitzak bere zuzenbidearen arabera eta 81. artikuluko xedapenekin bat etorriz, bereziki 3. idatz-zatikoekin, eta 82. artikulukoekin.

85. artikulua

1.- Aurreko 84. artikuluan xedatutakoaren kontra joan gabe, 81 eta 82. artikuluetan finkatutako printzipioak aplikatzeko ardura hartuko du Batzordeak. Erkidegoko estaturen baten eskariz edo ofizioz, eta estatu bakoitzean eskumenak dauzkaten agintariekin lankidetzan arituz, laguntza emango baitiote agintariek Batzordeari, Batzordeak ikertuko ditu lehen aipatutako printzipioen gainean arau-hausterik egin ote den. Arau-hausterik egon dela egiaztatzen badu, jokabide horrekin amaitzeko egokiak diren neurriak proposatuko ditu.

2.- Arau-hausteari amaierarik ematen ez bazaio, arau-haustea dagoela jasoko du Batzordeak, arrazoietan oinarritutako erabaki batean. Eta erabaki hori argitaratu egin ahal izango du, baita Erkidegoko estatuei egoera hori konpontzeko beharrezko diren neurriak hartzeko baimena eman ere, berak zehaztutako baldintza eta moduetan.

86. artikulua

1.- Erkidegoko estatuek, eskubide berezi edo esklusiboak onartzen dizkieten enpresei eta enpresa publikoei dagokienez, ezin izango dute itun honetako arauen kontrako inolako neurririk ez hartu ez halakoei eutsi, bereziki 12. artikuluan eta, biok barne, 81. artikulutik 89. artikulura bitartekoetan aurreikusitako arauen kontrakorik.

2.- Ekonomiarako interes orokorreko zerbitzuen kudeaketaren ardura daukaten enpresak edo monopolio fiskala daukaten enpresak itun honetako arauen menpe daude, batez ere lehiari buruzko arauen menpe, aipatutako arauok, de facto edo de iure, enpresoi agindutako berariazko eginkizuna betetzeko eragozpen ez diren heinean. Trukaketen garapenari ezin izango zaio eragin Erkidegoaren interesen kontra.

3.- Batzordea arduratuko da artikulu honetako xedapenak aplikatzeaz, eta, beharrezkoa den heinean, egokiak diren zuzentarau edo erabakiak zuzenduko dizkie Erkidegoko estatuei.

BIGARREN ATALA

ESTATUEK EMANDAKO LAGUNTZAK

87. artikulua

1.- Itun honetan besterik xedatu ezik, estatuek emandako laguntzak edo estatuen funtsen bidez emandakoak, edozein modutakoak izanda ere, merkatu bateratuarekin batera ezinak izango dira Erkidegoko estatuen arteko merkataritzako trukaketei eragiten dieten heinean, baldin eta, zenbait enpresa edo ekoizpenen alde eginez, lehia aizuntzen badute edo aizuntzeko modukoak badira.

2.- Merkatu bateratuarekin bateragarriak izango dira:

a) banakako kontsumitzaileei emandako gizarte-laguntzak, produktuen jatorrian oinarritutako bereizkeriarik gabe ematen badira;

b) hondamendi naturalek edo salbuespeneko beste gertaera batzuek sortutako kalteak konpontzeko emandako laguntzak;

c) Alemaniako Errepublika Federaleko zenbait eskualdetako ekonomiaren alde egiteko emandako laguntzak, Alemaniak izandako banaketaren ondorioz sortutako desabantail ekonomikoak orekatzeko beharrezkoak diren heinean, orduko banaketaren eraginpean dauden eskualdeetan.

3.- Merkatu bateratuarekin bateragarritzat joko dira:

a) bizitzaren maila nabarmen apala daukaten eskualdeetako, edo lan-urritasun larria jasaten duten eskualdeetako ekonomia garatzeko laguntzak;

b) Europako interes orokorreko proiektu garrantzitsuren bat sustatzeko laguntzak, edo Erkidegoko estaturen bateko ekonomiaren nahasmendu larriren bat emendatzeko laguntzak;

c) ekonomiako zenbait jardueraren edo zenbait eskualderen garapena sustatzeko laguntzak, baldin eta trukaketako baldintzak interes orokorraren kontra jartzen ez badira;

d) kultura sustatu eta ondarea zaintzeko laguntzak, Erkidegoko trukaketetarako eta lehiarako baldintzak interes orokorraren kontra jartzen ez badira;

e) Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenaren gainean hartutako erabakiz zehaztutako gainerako laguntza-motak.

88. artikulua

1.- Batzordeak etenik gabe aztertuko ditu Erkidegoko estatuetan dauden laguntza-sistemak, estatuokin batera. Eta merkatu bateratuaren jarduerak edo arian-arian egindako garapenak eskatutako eta egokiak diren neurriak proposatuko dizkie.

2.- Baldin eta, interesatuei beren oharpenak egiteko dei egin ondoren, estatuak zuzenean edo estatuko funtsen bidez emandako laguntzaren bat 87. artikuluaren indarrez merkatu bateratuarekin batera ezina dela, edo gehiegikeriaz aplikatzen dela frogatzen badu Batzordeak, berak zehaztutako epean hura ezabaraztea edo aldaraztea eskatuko dio estatu horri.

Dena delako estatuak erabaki hori betetzen ez badu ezarritako epean, Batzordeak edo interesa daukan Erkidegoko beste edozein estatuk jo dezake zuzenean Justizia Auzitegira, 226 eta 227. artikuluetan xedatutakoaren gainetik.

Erkidegoko estaturen batek eskatuta, Kontseiluak, aho batez eta 87. artikuluan xedatutakoaren gainetik, edo 89. artikuluan aurreikusitako erregelamenduetan xedatutakoaren gainetik, estatu horrek eman duen edo emateko duen laguntza merkatu bateratuarekin bateragarria dela erabaki dezake, salbuespeneko gorabeherek bidezko egiten badute halako erabakia. Baldin eta Batzordeak, laguntza horri buruz, idatz-zati honetako lehenengo lerroaldean aurreikusitako prozedura hasi badu, dena delako estatuak Kontseiluari egindako eskariak prozedura hura etetea ekarriko du, harik eta Kontseiluak gai horretaz erabakia hartu arte.

Halere, eskaera egin eta hurrengo hiru hilabeteetan Kontseiluak erabakirik hartu ezik, Batzordeak hartuko du horren erabakia.

3.- Laguntzak eman edo aldatzeko proiektuen berri Batzordeari eman behar zaio, bere oharpenak aurkezteko denbora nahikorekin. Baldin eta Batzordeak proiekturen bati 87. artikuluaren arabera merkatu bateratuarekin batera ezina dela irizten badio, aurreko idatz-zatian aurreikusitako prozedurari ekingo dio luzamendurik gabe. Eta Erkidegoko estatu horrek ezin izango ditu gauzatu bere proiektuko neurriak, harik eta esandako prozeduran behin betiko erabakia hartu arte.

89. artikulua

Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenaren gainean eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, 87 eta 88. artikuluak aplikatzeko egokiak diren erregelamenduak onartu ahal izango ditu, baita 88. artikuluko 3. idatz-zatia aplikatzeko baldintzak eta prozedura horretatik kanpo uzten diren laguntza-motak zehaztu ere.

II. Kapitulua

ZERGA-ARLOKO XEDAPENAK

90. artikulua

Erkidegoko estatu batek ere ezin izango die kargarik ezarri Erkidegoko beste estatuetako produktuei, zeharka nahiz zuzenean, estatu barruko antzerako produktuei zuzenean nahiz zeharka ezarritako barruko karga baino gehiagoko zergak erabiliz, zergok edozelakoak izanda ere.

Era berean, Erkidegoko estatu batek ere ezin izango die kargarik ezarri Erkidegoko beste estatuetako produktuei, zeharka bada ere beste ekoizpen batzuk babestu ditzaketen barruko zergak erabiltzen baditu.

91. artikulua

Erkidegoko estatuetako baten lurraldera esportatutako produktuek ezin izango dute barruko zergen inolako itzulketa-onurarik jaso, produktuok zuzenean nahiz zeharka jaso duten kargaren zenbatekotik gora.

92. artikulua

Negozioen guztizkoaren gaineko zergak, kontsumo-produktu jakin batzuen gaineko zergak eta zeharkako beste zergak alde batera utzita, gainerako zergei dagokienez ezin izango da kargarik arindu ez diru-itzulketarik egin Erkidegoko beste estatuetara egindako esportazioengatik, ez eta Erkidegoko beste estatuetatik etorritako inportazioei konpentsazio-kargarik ezarri ere, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenaren gainean, proiektuan jasotako neurriok denbora mugatu baterako aurrez onartutakoak izan ezik.

93. artikulua

Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenaren gainean eta Europako Parlamentuari eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, negozioen guztizkoaren gaineko zergei, kontsumo-produktu jakin batzuen gaineko zergei eta zeharkako beste zergei buruzko legediak harmonizatzeko xedapenak onartuko ditu, aipatutako harmonizazioa beharrezkoa den heinean, 14. artikuluan aurreikusitako epean barne-merkatua ezarri eta jardunean jarriko dela bermatzeko.

III. Kapitulua

LEGEDIAK ELKARRI HURBILTZEA

94. artikulua

Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenaren gainean eta Europako Parlamentuari eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, Erkidegoko estatuetako legezko, erregelamenduzko eta administraziozko arloetako xedapenak elkarri hurbiltzeko zuzentarauak onartuko ditu, merkatu bateratua ezarri edo jardunean jartzeko eragin zuzena daukatenean.

95. artikulua

1.- Aurreko 94. artikuluan xedatutakoa bestelakoa izan arren, eta itun honetan besterik xedatzen ez den artean, ondorengo xedapenak aplikatuko dira 14. artikuluan aipatutako helburuak lortzeko. Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, Erkidegoko estatuetako legezko, erregelamenduzko eta administraziozko xedapenak elkarri hurbiltzeko neurriak hartuko ditu, barne-merkatua ezarri edo jardunean jartzeko helburua daukatenean.

2.- Goiko 1. idatz-zatia ez zaie aplikatuko zerga-xedapenei, ez pertsonen joan-etorri askeari buruzko xedapenei, ez inoren kontura lanean diharduten langileen eskubide eta interesei buruzkoei ere.

3.- Osasunari, segurtasunari, ingurumena babesteari eta kontsumitzaileak babesteari buruzko legediak hurbiltzeko 1. idatz-zatian aurreikusitako proposamenak egiteko, babes-maila handian oinarritu behar da Batzordea, gertaera zientifikoetan errotutako edozein berrikuntza bereziki kontuan hartuta. Europako Parlamentua eta Kontseilua ere helburu hori lortzen saiatu behar dira, bakoitza bere eskumenen eremuan.

4.- Baldin eta, harmonizaziorako neurriren bat Kontseiluak edo Batzordeak hartu ondoren, Erkidegoko estaturen batek estatuko xedapenei eustea beharrezkoa dela uste badu, beti ere 30. artikuluan aipatutako garrantzizko arrazoiren batean edo lana edo ingurumena babestearekin zerikusia daukatenetan nahiko arrazoi hartuta, aipatutako estatuak Batzordeari eman behar dio xedapen horien berri, baita haiei eusteko dauzkan arrazoiena ere.

5.- Era berean, eta 4. idatz-zatiaren kontra jarri gabe, Kontseiluak edo Batzordeak harmonizaziorako neurriren bat hartu ondoren, Erkidegoko estaturen batek estaturako xedapen berriak ezartzea beharrezkoa dela uste badu, beti ere lana edo ingurumena babestearekin zerikusia daukaten berrikuntza zientifikoetan arrazoi hartuta, eta harmonizaziorako neurria onartu ondoren Erkidegoko estatu horretan sortutako arazo jakin bati aurre egiteko, aipatutako estatuak Batzordeari eman behar dio aurreikusitako xedapenen berri, baita horiek onartzeko dauzkan arrazoiena ere.

6.- Goiko 4 eta 5. idatz-zatietan aipatutako jakinarazpenetatik sei hilabeteko epean, Batzordeak onartu edo baztertu egingo ditu aipatutako estatu barruko xedapenak, Erkidegoko estatuen arteko merkataritzarako bidegabekeriazko bereizkeria edo murrizpen estalia egiteko modua diren ala ez egiaztatu ondoren, eta barne-merkatuaren jarduerarako eragozpen diren ala ez egiaztatu ondoren.

Aipatutako epean Batzordeak erabakirik adierazten ez badu, onartutzat emango dira 4 eta 5. idatz-zatietan aipatu eta estatu barrukoak diren xedapenak.

Gaiaren konplexutasuna nahikoa arrazoi denean, eta giza osasunerako arriskurik ez dagoenean, idatz-zati honetan aipatutako epea beste sei hilabeterainoko aldi gehigarri batez luzatzen dela jakinarazi ahal izango dio Batzordeak dagokion estatuari.

7.- Goiko 6. idatz-zatiarekin bat etorriz, harmonizazio-neurri batetik urruntzen diren estatu barruko xedapenei eusteko edo xedapen berriak ezartzeko baimena ematen bazaio Erkidegoko estaturen bati, Batzordeak berehala aztertu behar du ea neurri hori egokitzea proposa daitekeen.

8.- Aldez aurretik harmonizazio-neurriak jaso dituen eremuren batean osasun publikoko arazo zehatzen bat planteatzen badu Erkidegoko estaturen batek, Batzordeari eman behar dio horren berri, eta Batzordeak berehala aztertu behar du ea egokiak diren neurriak Kontseiluari proposatzea komeni ez ote den.

9.- Itun honetako 226 eta 227. artikuluetan aurreikusitako prozeduraren salbuespen moduan, bai Batzordeak zein Erkidegoko edozein estatuk jo dezake zuzenean Justizia Auzitegira, baldin eta Erkidegoko beste estaturen batek, bere ustez, artikulu honetan aurreikusitako ahalmenak gehiegikeriaz erabiltzen baditu.

10.- Goian aipatutako harmonizazio-neurriek, dagozkien kasuetan, salbuespen-klausula bat edukiko dute, Erkidegoko estatuei behin-behineko neurriak hartzeko baimena emateko, 30. artikuluan aipatu eta ekonomiakoa ez den arrazoiren bat edo gehiagorengatik denean, eta Erkidegoaren kontrol-prozedura baten menpe egongo dira.

96. artikulua

Baldin eta, Erkidegoko estatuen legezko, erregelamenduzko edo administraziozko xedapenen artean, desadostasunen batek merkatu bateratuaren barruko lehia-baldintzak aizuntzen dituela, eta, hori dela eta, kendu beharreko distortsioren bat sortzen duela frogatzen badu Batzordeak, kontsultak egingo ditu kasuan kasuko estatuekin.

Kontsulta horiek egin arren, aipatutako distortsioa kentzeko akordiorik lortzen ez bada, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, eta Batzordearen proposamenaren gainean, helburu horretarako beharrezko zuzentarauak onartuko ditu. Batzordeak eta Kontseiluak egoki den beste edozein neurri onar dezakete itun honetan aurreikusitakoen artetik.

97. artikulua

1.- Baldin eta legezko, erregelamenduzko edo administraziozko xedapenen bat onartzeak edo aldatzeak 96. artikuluan zehaztutako moduko distortsioren bat sor dezakeela-eta beldur izateko arrazoirik badago, neurri horiek hartu nahi dituen Erkidegoko estatuak aholkua eskatu behar dio Batzordeari. Batzordeak, Erkidegoko estatuei aholkua eskatu ondoren, distortsio hura saihesteko egokiak diren neurriak gomendatuko dizkie interesatutako Erkidegoko estatuei.

2.- Baldin eta estatu barruko xedapenak onartu edo aldatu nahi dituen Erkidegoko estatuak Batzordeak egin dion gomendioari jaramonik egiten ez badio, Erkidegoko beste estatuei ezin izango zaie eskatu, 96. artikulua aplikatuz, bakoitzak bere estatu barruko xedapenak aldatzerik, aipatutako distortsioa saihesteko. Batzordearen gomendioa kontuan hartu ez duen Erkidegoko estatuak distortsioren bat sortzen badu, eta bere kalterako bada huts-hutsik, ezin izango dira aplikatu 96. artikuluko xedapenak.

VII. TITULUA

EKONOMIARI ETA DIRUARI BURUZKO POLITIKA

I. Kapitulua

EKONOMIARI BURUZKO POLITIKA

98. artikulua

Itun honetako 2. artikuluan zehaztu diren Erkidegoaren helburuak betetzen laguntzeko egingo dituzte Erkidegoko estatuek ekonomiari buruzko beren politikak, 99. artikuluko 2. idatz-zatian adierazitako orientabide orokorren esparruan. Erkidegoko estatuek eta Erkidegoak berak lehia askeko merkatu-ekonomia irekiaren printzipioa errespetatuz jardun behar dute, esleitutako baliabideak eraginkorrak izan daitezen, 4. artikuluan aipatutako printzipioen arabera.

99. artikulua

1.- Erkidegoko estatuek interes orokorreko gaitzat hartu behar dute ekonomiari buruz bakoitzak daukan politika, eta Kontseiluaren baitan koordinatu behar dituzte elkarrenak, 98. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.- Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen gomendioren bat oinarri dela, ekonomiari buruzko politiketarako orientabide nagusien egitasmoa egingo du Erkidegoko estatuentzat eta Erkidegoarentzat, eta Kontseilu Europarrari aurkeztuko dio horri buruzko txostena.

Kontseiluaren txostena oinarri dela, Erkidegoko estatuek eta Erkidegoak ekonomiari buruz dauzkaten politiken orientabide nagusien gaineko ondorioak eztabaidatuko ditu Kontseilu Europarrak.

Ondorio horien arabera, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, gomendioa onartuko du, eta aipatutako orientabideak finkatuko ditu bertan. Kontseiluak Europako Parlamentuari emango dio gomendio horren berri.

3.- Ekonomiari buruzko politiken arteko koordinazioa estuagoa dela bermatzeko, eta Erkidegoko estatuen ekonomiaren emaitzen elkarganatzea iraunkorra dela bermatzeko, Kontseiluak, Batzordeak aurkeztutako txostenetan oinarrituta, Erkidegoko estatu bakoitzaren eta Erkidegoaren ekonomiaren bilakaera ikuskatuko du, baita ekonomiari buruzko politiken eta 2. idatz-zatian adierazitako orientabide nagusien arteko koherentzia ere, eta ebaluazio orokor bat egingo du aldian-aldian.

Alderdi askotako ikuskapen horren ondorioetarako, Erkidegoko estatuek ekonomiari buruzko politikaren gainean hartutako garrantzizko neurrien berri eman behar diote Batzordeari, baita beharrezko iritzitako beste alderdi guztien berri ere.

4.- Baldin eta, 3. idatz-zatian aurreikusitako prozeduraren arabera, Erkidegoko estaturen bateko ekonomiari buruzko politika 2. idatz-zatian aipatutako orientabide nagusiekin kontraesanean dagoela frogatzen bada, edo ekonomia eta diru batasunak zuzen funtzionatu ahal izateko arriskua dakarrela frogatzen bada, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen gomendioren bat oinarri dela, beharrezko gomendioak egin ahal izango dizkio Erkidegoko delako estatu horri. Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordeak proposatuta, gomendio horiek argitaratzea erabaki dezake.

Kontseiluko lehendakariak eta Batzordeak Europako Parlamentuari emango diote alderdi askotako ikuskapenaren emaitzen berri. Baldin eta Kontseiluak bere gomendioak argitaratuta badauzka, Kontseiluko lehendakariari gonbitea egin ahal izango zaio, Europako Parlamentuan eskumenak dauzkan batzordearen aurrean aurkez dadin.

5.- Kontseiluak, 252. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, artikulu honetako 3 eta 4. idatz-zatietan adierazitako alderdi askotako ikuskapenerako prozedura-moduen gaineko arauak finkatu ahal izango ditu.

100. artikulua

1.- Itun honetan aurreikusitako beste prozeduren kontra joan gabe, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenaren gainean, ekonomiaren egoerari buruz egokiak diren neurriak erabaki ditzake, batez ere zenbait produktu hornitzerakoan zailtasun larriak sortzen badira.

2.- Baldin eta Erkidegoko estaturen batek, berak kontrolatu ezin dituen naturako hondamendien nahiz salbuespeneko gertaeren eraginez, zailtasunak badauzka edo zailtasun larriak edukitzeko arrisku bizian aurkitzen bada, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenaren gainean, Erkidegoko estatu horri, baldintza batzuen menpe, Erkidegoko finantza-laguntza bat ematea erabaki dezake. Kontseiluko lehendakariak emango dio Europako Parlamentuari hartutako erabakiaren berri.

101. artikulua

1.- Debekatuta dago Europako Banku Zentralak eta Erkidegoko estatuetako banku zentralek, "estatuko Banku Zentralak" deituko zaie aurrerantzean, zorpekoak onartzea edo beste edozein kreditu-mota ematea Erkidegoko instituzio edo erakundeei, gobernu zentralei, eskualdeko edo tokian tokiko agintariei edo beste agintari publiko batzuei, eta Erkidegoko estatuetako zuzenbide publikoko erakunde zein enpresa publikoei; debekatuta dago, halaber, EBZk edo estatuko Banku Zentralek aurreko guztiei zor-tresnak zuzenean erostea ere.

2.- Goiko 1. idatz-zatiko xedapenek ez dute eraginik izango kreditu-etxe publikoetan, hain zuzen, Banku Zentralek erreserbatarako hornidura egiterakoan, kreditu-etxe pribatuen modu-moduko tratua jaso behar baitute estatuko Banku Zentralen eta EBZren aldetik.

102. artikulua

1.- Debekatuta dago zuhurtziazko kontsiderazioetan oinarritzen ez den edozein neurri, Erkidegoko instituzio edo erakundeei, gobernu zentralei, eskualdeko edo tokian tokiko agintariei edo beste agintari publiko batzuei, eta Erkidegoko estatuetako zuzenbide publikoko erakunde zein enpresa publikoei finantza-etxeetara pribilejioz iristeko bide ematen badie.

2.- Kontseiluak 1994ko urtarrilaren 1a baino lehen zehaztuko ditu 1. idatz-zatian aipatutako debekua aplikatzeko definizioak, 252. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera.

103. artikulua

1.- Erkidegoak ez du ardurarik bereganatuko, eta ez du erantzukizunik hartuko, gobernu zentralen, eskualdeko edo tokian tokiko agintarien edo beste agintari publiko batzuen, eta Erkidegoko estatuetako zuzenbide publikoko erakunde zein enpresa publikoen konpromisoen gainean, nahiz eta elkarri finantza-bermeak eman proiektu jakin batzuk elkarrekin egiteko. Erkidegoko estatuek ez dute ardurarik bereganatuko, eta ez dute erantzukizunik hartuko, gobernu zentralen, eskualdeko edo tokian tokiko agintarien edo beste agintari publiko batzuen, eta Erkidegoko beste estatuetako zuzenbide publikoko erakunde zein enpresa publikoen konpromisoen gainean, nahiz eta elkarri finantza-bermeak eman proiektu jakin batzuk elkarrekin egiteko.

2.- Beharrezkoa izanez gero, 252. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, Kontseiluak definizioak zehaztu ahal izango ditu, 101. artikuluan eta artikulu honetan aipatutako debekuak aplikatzeko.

104. artikulua

1.- Erkidegoko estatuek saihestu egin behar dituzte gehiegizko defizit publikoak.

2.- Batzordeak aurrekontu-egoeraren eta Erkidegoko estatuen zorpetze publikoaren mailaren bilakaera ikuskatuko du, huts nabarmenak aurkitu ahal izateko. Batez ere, aurrekontuei buruzko diziplina bete den aztertuko du, irizpide bi hauek kontuan hartuta:

a) ea aurreikusitako edo benetako defizit publikoaren eta barne-produktu gordinaren arteko proportzioak erreferentziako balioa gainditzen duen, ez bada behintzat

- proportzioa funtsean eta jarraian jaitsi dela, eta erreferentziako baliora hurbildu dela; edo

- erreferentziako balioa salbuespenez eta aldi baterako baino ez dela gainditzen, eta proportzioa erreferentziako baliotik hurbil zaintzen dela;

b) ea zor publikoaren eta barne-produktu gordinaren arteko proportzioak erreferentziako balioa gainditzen duen, ez bada behintzat proportzioa behar beste jaisten dela, eta erreferentziako baliora erritmo egokian hurbiltzen ari dela.

Gehiegizko defizit kasuetan aplikatzeko prozedurari buruz itun honi erantsita doan protokoloan zehazten dira erreferentziako balioak.

3.- Erkidegoko estaturen batek bi irizpide horietako bateko edo bietako baldintzak bete ezik, Batzordeak txostena egingo du. Batzordearen txostenak, batetik, defizit publikoarekin inbertsioetako gastu publikoak gainditzen ote diren aztertuko du, eta, bestetik, dagozkion gainerako faktore guztiak hartuko ditu kontuan, estatu horren epe ertaineko ekonomiaren eta aurrekontuaren egoera barne hartuta.

Nahiz eta bi irizpide horiei darizkien baldintzak bete, Batzordeak txostena egin dezake Erkidegoko estaturen bat gehiegizko defizita izateko arriskuan dagoela uste badu.

4.- Itun honetako 114. artikuluan aurreikusitako lantaldeak irizpena emango du Batzordearen txostenaren gainean.

5.- Baldin eta Erkidegoko estaturen batek gehiegizko defizita daukala edo eduki dezakeela uste badu Batzordeak, Kontseiluari eman behar dio horren berri.

6.- Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen gomendioa oinarri dela, Erkidegoko dena delako estatuak egindako oharpenak kontuan hartu, eta balioespen orokorra egin ondoren, berak erabakiko du gehiegizko defizitik dagoen ala ez.

7.- Aurreko 6. idatz-zatiarekin bat etorriz, Kontseiluak gehiegizko defizita dagoela deklaratzea erabakitzen duenean, gomendioak igorriko dizkio Erkidegoko dena delako estatuari egoera horri epe jakin batean amaiera eman diezaion. Eta 8. idatz-zatian xedatutakoa salbuespen dela, gomendio horiek ez dira jendaurrera aterako.

8.- Baldin eta, finkatutako epean, Kontseiluak egindako gomendioak benetan bete ez direla egiaztatzen badu, jendaurrera atera ahal izango ditu.

9.- Baldin eta Erkidegoko estaturen bat Kontseiluaren gomendioak bete gabe uzten tematzen bada, Erkidegoko estatu horri ohartarazpena egiteko erabakia har dezake Kontseiluak, egoera konpontzeko, Kontseiluaren iritziz beharrezkoa den defizit-murriztapena lortzeko neurriak har ditzan, zehaztutako epe batean.

Kasu horretan, berariazko egutegi baten arabera txostenak aurkezteko eskatu ahal izango dio Kontseiluak Erkidegoko dena delako estatuari, esandako estatu horrek egokitzeko egindako ahaleginak aztertu ahal izateko.

10.- Artikulu honetako 1. idatz-zatitik 9. idatz-zatira artekoen eremuan, ezin izango da baliatu 226 eta 227. artikuluetan aurreikusitako errekurtso-eskubideaz.

11.- Erkidegoko estaturen batek bete gabe utziko balu 9. idatz-zatiaren arabera onartutako erabakiren bat, neurri hauetakoren bat edo gehiago aplikatzea, edo beharrezkoa bada, indartzea erabaki dezake Kontseiluak:

- obligazioak eta baloreak jaulki aurretik, Kontseiluak berak zehaztu behar duen informazio gehigarriren bat argitaratzea eska diezaioke Erkidegoko dena delako estatuari;

- gomendioa egin diezaioke EEBri, Erkidegoko dena delako estatuari buruz daukan mailegu-politika berrazter dezan;

- Erkidegoaren izenean gordailu bat jartzea eska diezaioke Erkidegoko dena delako estatuari, interesik sortuko ez duen kopuru egoki batez, harik eta Kontseiluak gehiegizko defizita konpondu dela iritzi arte;

- egoerari dagokion mailako isunak ezar diezazkioke.

Kontseiluko lehendakariak Europako Parlamentuari eman behar dio hartutako erabakien berri.

12.- Kontseiluak indargabetu egingo ditu 6, 7, 8, 9 eta 11. idatz-zatietan aipatu eta berak hartutako erabaki batzuk edo guztiak, bere ustez Erkidegoko dena delako estatuaren gehiegizko defizita konpondu bada. Baldin eta Kontseiluak aurrez bere gomendioak jendaurrera atera baditu, 8. idatz-zatiaren indarrez hartutako erabakia indargabetu eta gero, adierazpen publikoa egingo du Erkidegoko dena delako estatuaren gehiegizko defizita zuzendu egin dela baieztatzeko.

13.- Aurreko 7, 8, 9, 11 eta 12. idatz-zatietan aipatutako erabakiei dagokienez, Batzordearen gomendioren bat oinarri dela hartuko ditu Kontseiluak erabakiok, 205. artikuluko 2. idatz-zatiaren arabera haztatutako kideen botoen bi herenen gehiengoz, eta dena delako estatuko ordezkariaren botoak baztertuta.

14.- Gehiegizko defizit-kasuetan aplikatzeko prozedurari buruzko protokoloan jasotzen dira artikulu honetan adierazitako prozedura aplikatzearekin zerikusia daukaten xedapen gehigarriak, eta itun honi erantsita dator protokolo hori.

Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenaren gainean eta aldez aurretik Europako Parlamentuari eta EBZri aholkua eskatuta, aipatutako protokoloaren ordezkoak diren xedapen egokiak onartuko ditu.

Idatz-zati honetako gainerako xedapenen kontra jarri gabe, Kontseiluak, 1994ko urtarrilaren 1a baino lehenago, aipatutako protokoloko xedapenak aplikatzeko garapen-arauak eta definizioak zehaztu behar ditu, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenaren gainean eta aldez aurretik Europako Parlamentuari aholkua eskatuta.

II. Kapitulua

DIRUARI BURUZKO POLITIKA

105. artikulua

1.- BZESren helburu nagusia prezioen egonkortasunari eustea izango da. Helburu horren kontra jarri gabe, BZESk Erkidegoko ekonomiari buruzko politika orokorrei eutsiko die, 2. artikuluan Erkidegorako ezarritako helburuak lortzen laguntzeko. Lehia askeko merkatu-ekonomia irekia printzipio duela jardungo du BZESk, baliabideen esleipen eraginkorra sustatuz eta 4. artikuluan azaldutako printzipioekin bat etorriz.

2.- Hauek dira BZESek egin behar dituen oinarrizko eginkizunak:

- Erkidegoak diruari buruz daukan politika zehaztu eta gauzatzea;

- 111. artikuluko xedapenekin koherentzian dauden dibisetako eragiketak egitea;

- Erkidegoko estatuen dibisen erreserba ofizialak gorde eta kudeatzea;

- ordainketa-sistemek ondo funtziona dezaten sustapena egitea.

3.- Goiko 2. idatz-zatiko hirugarren marratxoan xedatutakoa ez doa Erkidegoko estatuetako gobernuek dibisatan laneko kapitalak eduki eta kudeatzearen kontra.

4.- Aholkua eskatuko zaio EBZri:

- bere eskumenen eremuan sartzen diren Erkidegoko egintzei buruzko edozein proposamenen gainean;

- estatu bakoitzeko agintariek ere eskatuko diote aholkua, beren eskumenen eremuan sartzen diren legezko xedapenei buruzko edozein proiekturen gainean, 107. artikuluko 6. idatz-zatian aurreikusitako prozeduraren arabera Kontseiluak ezarritako muga eta baldintzen barruan.

EBZk, bere eskumenen eremuan sartzen diren gaietan, irizpenak aurkez diezazkieke Erkidegoko instituzio edo erakundeei, edo estatu bakoitzean dagokien agintariei.

5.- Agintari eskudunek burututako politiken kudeaketa ona izan dadin laguntasuna emango du BZESk, kreditu-etxeen zuhurtziazko ikuskapenari eta finantza-sistemaren egonkortasunari buruz.

6.- Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenaren gainean, aldez aurretik EBZri aholkua eskatuta, eta Europako Parlamentuak emandako aldeko irizpena jaso ondoren, berariazko eginkizunak agindu ahal izango dizkio EBZri kreditu-etxeen eta beste finantza-etxe batzuen zuhurtziazko ikuskapenarekin zerikusia daukaten politiken gainean; aseguru-etxeak hortik kanpo uzten dira.

106. artikulua

1.- EBZk edukiko du Erkidegoan bankuko billeteak jaulkitzeko baimena emateko eskubide esklusiboa. EBZk eta estatuetako Banku Zentralek billeteak jaulki ditzakete. EBZk eta estatuetako Banku Zentralek jaulkitako billeteak izango dira Erkidegoan erabilera legaleko billete bakarrak.

2.- Erkidegoko estatuek txanponak jaulki ditzakete, baina EBZren onarpena beharko dute jaulkipenaren guztizkoari dagokionez. Kontseiluak, 252. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera eta EBZri aholkua eskatu ondoren, zirkulazioan jarritako txanpon guztien balio nominalak eta zehaztasun teknikoak harmonizatzeko neurriak har ditzake, Erkidegoaren baitan ondo zirkula dezaten beharrezkoa den heinean.

107. artikulua

1.- EBZren eta Erkidegoko estatuetako Banku Zentralen artean osatzen dute BZES.

2.- EBZk berezko nortasun juridikoa dauka.

3.- EBZko organo artezkariek zuzenduko dute BZES, hau da, Gobernu Kontseiluak eta Lantalde Eragileak.

4.- Itun honi erantsita datorren protokolo batean jasotzen dira BZESren estatutuak. (30)

5.- BZESren estatutuetako 5.1, 5.2, 5.3, 17, 18, 19.1, 22, 23, 24, 26, 32.2, 32.3, 32.4, 32.6, 33.1 a) eta 36. artikuluak alda ditzake Kontseiluak, edo, gehiengo kualifikatuz erabakiak hartuz, EBZren gomendioren baten gainean eta aldez aurretik Batzordeari aholkua eskatu zaionean, edo, aho batez, Batzordearen proposamenaren gainean eta aldez aurretik EBZri aholkua eskatu zaionean. Kasu biotan eskatu beharko zaio aldeko irizpena Europako Parlamentuari.

6.- Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, bai Batzordearen proposamenaren gainean eta aldez aurretik Europako Parlamentuari eta EBZri aholkua eskatuta, bai EBZren gomendioren baten gainean eta aldez aurretik Europako Parlamentuari eta Batzordeari aholkua eskatuta, BZESren estatutuetako 4, 5.4, 19.2, 20, 28.1, 29.2, 30.4 eta 34.3. artikuluetan aipatutako xedapenak onartuko ditu.

108. artikulua

Itun honek eta BZESren estatutuek emandako ahalmenez baliatzerakoan, eta itun honek eta BZESren estatutuek izendatutako eginkizunak eta betebeharrak betetzerakoan, ez EBZk, ez estatuetako Banku Zentralek, ez organo artezkarietako kide batek ere, ezin izango dute eskatu ez eta onartu ere Erkidegoko instituzio eta erakundeen jarraibiderik, ez Erkidegoko estatuetako gobernuenik, ez beste inolako organorenik ere. Erkidegoko instituzio eta erakundeek, eta Erkidegoko estatuetako gobernuek, printzipio hori errespetatzeko konpromisoaz batera, beren eginkizunak betetzerakoan, EBZko eta estatuetako Banku Zentraletako organo artezkarietako kideengan eraginik ez sortzeko konpromisoa ere hartzen dute.

109. artikulua)

Beranduen dela ere, BZES eratzen denean, Erkidegoko estatu bakoitzak bere estatuko legedia itun honekin eta BZESren estatutuekin bateragarria izateko ardura hartuko du, estatuko Banku Zentralaren estatutuak barne direla.

110. artikulua

1.- BZESri agindutako eginkizunak betetzeko, EBZk, itun honetako xedapenen arabera, eta BZESren estatutuetan aurreikusitako baldintzetan:

- erregelamenduak egingo ditu, BZESren estatutuetako 3.1. artikuluko lehenengo marratxoan eta 19.1, 22 eta 25.2 artikuluetan zehaztutako eginkizunak betetzeko beharrezkoa denean, eta 107. artikuluko 6. idatz-zatian aipatu eta Kontseiluak egindako egintzetan ezarritako kasuetan;

- itun honetan eta BZESren estatutuetan BZESri agindutako eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko ditu;

- gomendioak egin eta irizpenak emango ditu.

2.- Erregelamenduak irispide orokorra edukiko du. Bete beharrekoa izango da bere alderdi guztietan, eta Erkidegoko estatu bakoitzean zuzenean aplikatzekoa.

Gomendioak eta irizpenak ez dira lotesleak izango.

Erabakia bete beharrekoa izango da bere alderdi guztietan hartzaile guztientzat.

EBZk onartutako erregelamenduei eta hartutako erabakiei ituneko 253. artikulutik 256. artikulura artekoak aplikatuko zaizkie.

EBZk berak erabaki dezake ea bere erabakiak, gomendioak eta irizpenak jendaurrera aterako dituen.

3.- Itun honetako 107. artikuluko 6. idatz-zatian ezarritako prozeduraren arabera Kontseiluak finkatutako mugen barruan eta baldintzetan, EBZren erregelamenduei eta erabakiei dagozkien betebeharrak betetzen ez dituzten enpresei isunak eta hertsatzeko isunak ezartzeko baimena dauka EBZk.

111. artikulua

1.- Itun honetako 300. artikuluan xedatutakoaren kontra jarri gabe, Kontseiluak, aho batez, EBZren edo Batzordearen gomendio baten gainean, eta aldez aurretik EBZri aholkua eskatuta, prezioen egonkortasunarekin bateragarria den kontsentsuren bat lortzeko, akordio formalak egin ahal izango ditu, Erkidegokoak ez diren beste diru batzuekin ecua trukatzeko tasa-sistemari dagokionez, aldez aurretik Europako Parlamentuari aholkua eskatu eta 3. idatz-zatian aurreikusitako prozeduraren arabera, bertan aipatutako negoziazio-moduetarako. Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, EBZren edo Batzordearen gomendio baten gainean, eta aldez aurretik EBZri aholkua eskatuta, prezioen egonkortasunarekin bateragarria den kontsentsuren bat lortzeko, ecuaren tasa nagusiak onartu, egokitu edo alde batera utz ditzake truke-tasen sistemaren baitan. Kontseiluko lehendakariak Europako Parlamentuari eman behar dio ecuaren tasa nagusiak onartu, egokitu edo utzi izanaren berri.

2.- Goiko 1. idatz-zatian aipatutako moduan Erkidegokoa ez den diruren baterako edo gehiagotarako truke-tasen sistemarik ez badago, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, bai Batzordearen gomendioren bat oinarri hartuta eta EBZri aholkua eskatu ondoren, bai EBZren gomendioren bat oinarri hartuta, diru horiei buruzko truke-tasen politika finkatzeko orientabide orokorrak eman ditzake. Orientabide orokor horiek ez dira BZESk prezioen egonkortasuna zaintzeko daukan helburu nagusiaren kontrakoak izango.

3.- Itun honetako 300. artikuluan xedatutakoaren kontra jarri gabe, baldin eta estaturen edo nazioarteko erakunderen batekin edo gehiagorekin Erkidegoak diru-araubideari edo truke-araubideari buruzko akordioak lotu behar baditu, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen gomendio baten gainean, eta aldez aurretik EBZri aholkua eskatuta, akordio horiek negoziatzeko eta lotzeko moduei buruz erabakiko du. Aipatutako negoziazio-modu horiekin bermatuta utzi behar da Erkidegoak jarrera bakar bat adieraztea. Batzordea oso-osorik lotuko zaie negoziazioei.

Idatz-zati honen arabera egindako akordioak lotesleak izango dira Erkidegoko instituzioentzat, EBZrentzat eta Erkidegoko estatuentzat.

4.- Goiko 1. idatz-zatian xedatutakoaren kontra jarri gabe, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenaren gainean eta EBZri aholkua eskatu ondoren erabakiko du ekonomia eta diru batasunerako garrantzi berezia daukaten gaiei buruz Erkidegoak nazioartean eduki beharreko jarreraz, eta, 99 eta 105. artikuluetan aurreikusitako eskumen-banaketaren araberako bere ordezkaritzaz.

5.- Ekonomia eta diru batasunari buruz Erkidegoak dauzkan eskumenen eta lotutako akordioen kontra jarri gabe, Erkidegoko estatuek tratuak egin ditzakete nazioartean, baita nazioarteko akordioak lotu ere.

III. Kapitulua

INSTITUZIOEI BURUZKO XEDAPENAK

112. artikulua

1.- EBZko Gobernu Kontseilua EBZko Lantalde Eragileko kideek eta estatuetako Banku Zentraletako gobernadoreek osatuko dute.

2.- a) Lantalde Eragilea lehendakariak, lehendakariordeak eta beste lau kidek osatuko dute.

b) Diru-gaietan edo bankuko gaietan ospe eta lanbide-eskarmentu handia lortu duten pertsonen artean izendatuko dira Lantalde Eragileko lehendakaria, lehendakariordea eta beste kideak, Erkidegoko estatuetako gobernuen adostasunez, estatuko buruen edo gobernuko buruen erabakiz, Kontseiluaren gomendioa oinarri dela, eta Europako Parlamentuari eta EBZko Gobernu Kontseiluari aholkua eskatu ondoren.

Kideon agintaldia zortzi urtekoa izango da, eta ezin izango da berritu.

Erkidegoko estatuetako herritarrak baino ezin dira izan Lantalde Eragileko kide.

113. artikulua

1.- Kontseiluko lehendakariak eta batzordeko kide batek EBZko Gobernu Batzordeko bileretan parte har dezakete, baina boto-eskubiderik gabe.

Kontseiluko lehendakariak mozioa aurkez diezaioke EBZko Gobernu Kontseiluari, eztabaidatu dezan.

2.- BZESren helburuei eta eginkizunei buruzko gaiak eztabaidatzeko diren Kontseiluko bileretan parte hartzeko gonbitea egingo zaio EBZko lehendakariari.

3.- EBZk urtero txostena bidaliko die Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Batzordeari, baita Kontseilu Europarrari ere, BZESren jarduerak eta aurreko urteko eta urte bereko diru-politikak direla-eta. EBZko lehendakariak aurkeztuko die txosten hori Kontseiluari eta Europako Parlamentuari, eta eztabaida orokorra sortarazi dezake Parlamentuak oinarri horren gainean.

Europako Parlamentuan eskumenak dauzkaten batzordeek EBZko lehendakariari eta Lantalde Eragileko kideei entzun ahal izango diete, Europako Parlamentuak eskatuta edo beren ekimenez.

114. artikulua

1.- Barne-merkatuaren jardunerako beharrezkoa den neurrian Erkidegoko estatuen politiken koordinazioa sustatzeko, Diru Lantaldea sortzen da, eta aholku-emaile izango da.

Diru Lantaldeak eginkizun hauek edukiko ditu:

- Erkidegoak eta bere estatuek daukaten diruaren eta finantza-egoeraren jarraipena egitea, baita Erkidegoko estatuen ordainketa-sistema orokorrarena ere, eta aldian-aldian horien berri Kontseiluari eta Batzordeari ematea;

- irizpenak ematea, bai Kontseiluak edo Batzordeak eskatuta, bai bere ekimenez, aipatutako instituzio horientzat;

- itun honetako 207. artikuluan xedatutakoaren kontra jarri gabe, 59 eta 60. artikuluetan, 99. artikuluko 2, 3, 4, eta 5. idatz-zatietan, 100, 102, 103 eta 104. artikuluetan, 116. artikuluko 2. idatz-zatian, 117. artikuluko 6. idatz-zatian, 119 eta 120. artikuluetan, 121. artikuluko 2. idatz-zatian eta 122. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako lanak prestatzen Kontseiluari laguntzea;

- gutxienez urtean behin, kapitalen mugimenduari eta ordainketa-askatasunari buruzko egoera aztertzea, itun hau eta Kontseiluak hartutako neurriak aplikatzetik ondorioztatu daitekeenaren arabera. Kapitalen mugimenduei eta ordainketei buruzko neurri guztiak hartu behar ditu bere baitan azterketa horrek. Lantaldeak Batzordeari eta Kontseiluari eman behar die aipatutako azterketaren emaitzen berri.

Erkidegoko estatuetako bakoitzak eta Batzordeak kide bina izendatuko dituzte Diru Lantalderako.

2.- Hirugarren aldia hasten denean, Ekonomia eta Finantza Lantaldea sortuko da. Artikulu honetako 1. idatz-zatian aurreikusitako Diru Lantaldea desegin egingo da.

Ekonomia eta Finantza Lantaldeak eginkizun hauek edukiko ditu:

- irizpenak ematea, bai Kontseiluak edo Batzordeak eskatuta, bai bere ekimenez, aipatutako instituzio horientzat;

- Erkidegoak eta bere estatuek daukaten ekonomia eta finantza egoeraren jarraipena egitea, eta aldian-aldian Kontseiluari eta Batzordeari berri ematea, batez ere beste herrialde batzuekin eta nazioarteko instituzioekin izandako finantza-harremanak direla-eta;

- itun honetako 207. artikuluan xedatutakoaren kontra jarri gabe, 59 eta 60. artikuluetan, 99. artikuluko 2, 3, 4, eta 5. idatz-zatietan, 100, 102, 103 eta 104. artikuluetan, 105. artikuluko 6. idatz-zatian, 106. artikuluko 2. idatz-zatian, 107. artikuluko 5 eta 6. idatz-zatietan, 111 eta 119. artikuluetan, 120. artikuluko 2 eta 3. idatz-zatietan, 122. artikuluko 2. idatz-zatian eta 123. artikuluko 4 eta 5. idatz-zatietan aipatutako lanak prestatzen Kontseiluari laguntzea, eta Kontseiluak agindutako aholkularitzako eta prestaketako beste lanak burutzea;

- gutxienez urtean behin, kapitalen mugimenduari eta ordainketa-askatasunari buruzko egoera aztertzea, itun hau eta Kontseiluak hartutako neurriak aplikatzetik ondorioztatu daitekeenaren arabera. Kapitalen mugimenduei eta ordainketei buruzko neurri guztiak hartu behar ditu bere baitan azterketa horrek. Lantaldeak Batzordeari eta Kontseiluari eman behar die aipatutako azterketaren emaitzen berri.

Erkidegoko estatuetako bakoitzak, Batzordeak, eta EBZk gehienez ere kide bina izendatuko dituzte Lantalderako.

3.- Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenaren gainean eta EBZri eta artikulu honetan aipatutako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, Ekonomia eta Finantza Lantaldearen osakerari buruzko garapen-arauak finkatu behar ditu. Kontseiluko lehendakariak emango dio Europako Parlamentuari erabaki horren berri.

4.- Goiko 2. idatz-zatian adierazitako eginkizunez gain, baldin eta Erkidegoko estaturen bat edo gehiago badaude 122 eta 123. artikuluen araberako salbuespenen batek babestuta, eta hala dauden bitartean, aipatutako estatuon diruaren eta finantzen egoera eta ordainketen sistema orokorra ikuskatuko ditu Lantaldeak, eta aldian-aldian emango die horren berri Kontseiluari eta Batzordeari.

115. artikulua

Itun honetako 99. artikuluko 4. idatz-zatiaren, 104. artikuluaren (14. idatz-zatia salbu dela), 111, 121 eta 122. artikuluen eta 123. artikuluko 4 eta 5. idatz-zatien aplikazio-eremuan sartzen diren gaiei dagokienez, Kontseiluak edo Erkidegoko edozein estatuk, kasuen arabera, gomendioren bat edo proposamenen bat aurkezteko eska diezaioke Batzordeari. Batzordeak eskabidea aztertu, eta luzamendurik gabe aurkeztuko dizkio Kontseiluari bere ondorioak.

IV. Kapitulua

XEDAPEN IRAGANKORRAK

116. artikulua

1.- Ekonomia eta diru batasuna egiteko bigarren aldia 1994ko urtarrilaren 1ean hasiko da.

2.- Egun hori baino lehen:

a) Erkidegoko estatu bakoitzak:

- premiazkoa bada, 56. artikuluan, 101. artikuluan eta 102. artikuluko 1. idatz-zatian ezarritako debekuak betetzeko egokiak diren neurriak hartu behar ditu;

- premiazkoa bada, b) puntuan aurreikusitako ebaluazioa egin ahal izateko, ekonomia eta diru batasuna lortzeko beharrezkotzat jotzen den elkarganatze iraunkorra bermatzera zuzendutako anitz urtetako egitarauak prestatu behar ditu, batez ere prezioen egonkortasunari eta finantza publikoen sendotasunari dagokienez;

b) Kontseiluak, Batzordearen txostenean oinarrituta, ekonomiaren eta diruaren elkarganatze-prozesuan egindako aurrerapenak ebaluatu behar ditu, batez ere prezioen egonkortasunari eta finantza publikoen sendotasunari dagokienean, baita barne-merkatuari buruz Erkidegoko legedia aplikatzen egindako aurrerapena ere.

3.- Itun honetako 101. artikuluko xedapenak, eta 102. artikuluko 1. idatz-zatiko, 103. artikuluko 1. idatz-zatiko eta 104. artikuluko xedapenak, azken horretako 1, 9, 11 eta 14. idatz-zatiak salbuespen direla, bigarren aldia hasten denetik aplikatuko dira.

Itun honetako 100. artikuluko 2. idatz-zatiko xedapenak, eta 104. artikuluko 1, 9 eta 11. idatz-zatietako, 105, 106, 108, 111, 112 eta 113. artikuluetako eta 114. artikuluko 2 eta 4. idatz-zatietako xedapenak, hirugarren aldia hasten denetik aplikatuko dira.

4.- Bigarren aldian, Erkidegoko estatuak larregiko defizit publikoak saihesten ahalegindu behar dira.

5.- Bigarren aldian, Erkidegoko estatu bakoitzak, bidezkoa den moduan, bere Banku Zentrala independente izatera eramango duen prozesua hasi behar du, 109. artikuluko xedapenen arabera.

117. artikulua

1.- Bigarren aldia hasten denean, aurrerantzean "EDI" deituko den Europako Diru Institutua sortuko da, eta bere eginkizunak bereganatuko ditu; berezko nortasun juridikoa edukiko du, eta lehendakari batek eta estatuetako Banku Zentraletako gobernadoreek osatutako Kontseiluak beteko ditu institutuaren administrazioa eta kudeaketa; gobernadoreetako bat lehendakariorde izango da.

Erkidegoko estatuetako gobernuen adostasunez izendatuko da lehendakaria, estatuko buruen edo gobernuko buruen erabakiz, EDIko Kontseiluaren gomendioa oinarri dela, eta Europako Parlamentuari eta Kontseiluari aholkua eskatu ondoren. Diru-gaietan edo bankuko gaietan ospe eta lanbide-eskarmentu handia lortu duten pertsonen artean izendatuko da lehendakaria. Erkidegoko estatuetako herritarrak baino ezin dira iritsi EDIko lehendakari kargura. EDIko Kontseiluak izendatuko du lehendakariordea.

Itun honi erantsita datorren protokolo batean finkatzen dira EDIren estatutuak.

2.- EDIk:

- estatuetako Banku Zentralen arteko lankidetza indartuko du;

- Erkidegoko estatuen diru-politiken koordinazioa indartuko du, prezioen egonkortasuna bermatzeko;

- Europako diru-sistemaren jarduera ikuskatuko du;

- kontsultak egingo ditu estatuetako Banku Zentralen eskumenekoak izan eta finantza-etxeen eta finantza-merkatuen egonkortasunari eragiten dieten gaiei buruz;

- Diru Lankidetzako Europako Funtsaren eginkizunak bereganatuko ditu, eta funts hori desegin egingo da; desegiteko moduak EDIren estatutuetan finkatu dira;

- ecuaren erabilera erraztuko du eta ecuaren garapena ikuskatu, ecuaren konpentsazio-sistemaren jarduera zuzena barne.

3.- Hirugarren aldia prestatzeko, EDIk:

- hirugarren aldian diru-politika bakarra gauzatzeko beharrezko tresna eta prozedurak prestatuko ditu;

- bere eskumenekoak diren eremuetan, eta beharrezkoa denean, estatistikak bildu, pilatu eta banatzea arautzen duten arauak eta jarduerak harmonizatzea sustatuko du;

- BZESren eremuan estatuetako Banku Zentralek burutu behar dituzten eragiketen arautegia prestatuko du;

- muga arteko ordainketen eraginkortasuna sustatuko du;

- ecu billeteen prestakuntza teknikoa ikuskatuko du.

Beranduen dela 1996ko abenduaren 31n zehaztu behar du EDIk hirugarren aldian BZESk bere eginkizunak betetzeko beharrezkoak dituen arauen, antolamenduaren eta logistikaren eremuak.

Eremu hori eratzen den unean EBZri aurkeztuko zaio, eremuaz erabaki dezan.

4.- Bere kontseiluaren bi herenen gehiengoz, EDIk:

- irizpenak eman edo gomendioak egin ahal izango ditu diru-politikaren eta truke-politikaren gaineko joera nagusiari buruz, eta Erkidegoko estatu bakoitzean hartaz hartutako neurriei buruz;

- irizpenak eman edo gomendioak egin ahal izango dizkie gobernuei eta Kontseiluari Erkidegoko diruaren barruko edo kanpoko egoerari eragin diezaioketen politikei buruz, eta, bereziki, Europako diru-sistemaren jarduerari buruz;

- gomendioak egin ahal izango dizkie Erkidegoko estatuetako diru-agintariei beren diru-politiken kudeaketari buruz.

5.- EDIk, aho batez, bere irizpenak eta gomendioak jendaurrera ateratzea erabaki dezake.

6.- Kontseiluak EDIri eskatuko dio aholkua EDIren eskumenen eremuan proposatutako Erkidegoko egintza guztiei buruz.

Kontseiluak ezarritako mugen barruan eta baldintzetan, beti ere gehiengo kualifikatuz erabakiz Batzordearen proposamenaren gainean eta Europako Parlamentuari eta EDIri aholkua eskatu ondoren, Erkidegoko estatuetako agintariek EDIri eskatuko diote aholkua bere eskumenen eremuko lege-xedapenei buruzko edozein proiektu egiteko.

7.- Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenaren gainean eta Europako Parlamentuari eta EDIri aholkua eskatu ondoren, beste zeregin batzuk agindu ahal izango dizkio EDIri hirugarren aldia prestatzeko.

8.- Itun honetan EBZri aholkularitzako eginkizunak ematen zaizkion kasuetarako, harik eta EBZ sortu arte, EBZri buruz egindako aipamenak EDIri buruzkoak direla ulertu behar da.

9.- Bigarren aldian, 230, 232, 233, 234, 237 eta 288. artikuluetan EBZri egindako aipamenak EDIri buruzkoak direla ulertu behar da.

118. artikulua

Ecuaren saskiko diruen osaketa ez da aldatuko.

Hirugarren aldiaren hasieratik, ezeztaezineko moduan finkatuta geldituko da ecuaren balioa, 123. artikuluko 4. idatz-zatiko xedapenen arabera.

119. artikulua

1.- Baldin eta Erkidegoko estaturen batek ordainketa-balantzan zailtasunak badauzka edo zailtasunak edukitzeko mehatxu larriren baten pean badago, eta balantza horren desoreka orokorraren eraginez edo estatu horrek dauzkan dibisak diren modukoak direlako sortu badira, eta, bereziki, merkatu bateratuaren jarduera edo merkataritzarako politika bateratua arian-arian egitea arriskuan jartzen dutenak badira, Batzordeak, bere eskura dauzkan baliabide guztiak erabiliz, luzamendurik gabe aztertuko du estatu horren egoera, baita itun honetan xedatutakoaren arabera estatu horrek hasi duen edo hasi dezakeen ekintza ere. Batzordeak berak adierazitako neurriak hartzeko gomendioa egingo dio dagokion estatuari.

Erkidegoko estatuak hasitako ekintza eta Batzordeak proposatutako neurriak nahikoak ez badira aurkitutako zailtasunak edo zailtasun-mehatxuak gainditzeko, elkarren arteko laguntza eta metodo egokiak proposatuko dizkio Batzordeak Kontseiluari, 114. artikuluan aipatutako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren.

Batzordeak egoeraren eta bilakaeraren berri eman behar dio Kontseiluari aldian-aldian.

2.- Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, goian aipatutako elkarren laguntza onartuko du, eta laguntzaren baldintzak eta laguntza-motak zehazteko zuzentarauak edo erabakiak hartuko ditu. Elkarren arteko laguntza era hauetakoa izan daiteke, bereziki:

a) nazioarteko beste erakunde batzuekin itundutako ekintza bat, erakunde horietara jo badezakete Erkidegoko estatuek;

b) merkataritza-trafikoaren desbideraketak saihesteko beharrezko neurriak, zailtasunak dauzkan estatuak beste herrialde batzuekiko kopuru-murrizpenak badauzka edo berriro jartzen baditu;

c) Erkidegoko beste estatu batzuek kreditu mugatuak ematea, beti ere estatuon adostasunez.

3.- Baldin eta Batzordeak gomendatutako elkarren arteko laguntza Kontseiluak onartzen ez badu, edo onartutako elkarren arteko laguntza eta hartutako neurriak nahikoak ez badira, babes-neurriak hartzeko baimena emango dio Batzordeak zailtasunak dauzkan estatuari, beti ere berak zehaztutako baldintzetan eta moduan.

Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, ezetsi egin dezake baimen hori, eta aldatu baldintzak eta moduak.

4.- Itun honetako 122. artikuluko 6. idatz-zatian xedatutakoaren kontra jarri gabe, artikulu hau ez da gehiago aplikatuko hirugarren aldia hasten denetik aurrera.

120. artikulua

1.- Ordainketa-balantzan bat-bateko krisiren bat gertatu, eta, 119. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorriz, berehala erabaki bat hartu ezik, Erkidegoko dena delako estatu horrek beharrezko babes-neurriak hartu ahal izango ditu, badaezpada ere. Neurri horiek ahalik eta nahasmendurik txikiena sortu behar dute merkatu bateratuaren jarduteko moduan, eta edukiko duten irispidea ez da izango bat-batean sortutako zailtasunak gainditzeko ezinbestekoa eta behar-beharrezkoa baino gehiagokoa.

2.- Aipatutako babes-neurri horien berri jaso behar dute Batzordeak eta Erkidegoko beste estatuek, beranduenean ere, indarrean sartzen diren unean. Aurreko 119. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Batzordeak elkarren arteko laguntza emateko gomendioa egin diezaioke Kontseiluari.

3.- Batzordearen irizpena jaso ondoren eta 114. artikuluan aipatutako lantaldeari aholkua eskatu ondoren, dena delako estatuak lehen aipatu diren babes-neurriak aldatu, eten edo ezabatu egin behar dituela erabaki dezake Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz.

4.- Itun honetako 122. artikuluko 6. idatz-zatian xedatutakoaren kontra jarri gabe, artikulu hau ez da gehiago aplikatuko hirugarren aldia hasten denetik aurrera.

121. artikulua

1.- Batzordeak eta EDIk txostenak aurkeztuko dizkiote Kontseiluari ekonomia eta diru batasuna lortzeko, Erkidegoko estatu bakoitzak dauzkan betebeharrak betetzean estatuok egindako aurrerapenei buruz. Txosten horiek azterketa bat ere jasoko dute, ea Erkidegoko estatu bakoitzaren legedia, estatuko Banku Zentralaren estatutuak barne direla, itun honetako 108 eta 109. artikuluekin eta BZESren estatutuekin bateragarriak diren zehazteko. Txosten horietan, halaber, elkarganatze iraunkorra maila handian lortu ote den ere aztertuko da, Erkidegoko estatu bakoitzak ondorengo irizpideok norainoko neurrian bete dituen analizatuz:

- prezioen egonkortasun-maila handia lortu behar da: prezioen egonkortasunari dagokionez eraginkorren diren Erkidegoko hiru estatuen inflaziotik hurbil dagoen tasaren bidez gelditu behar da agerian hori, gehienez ere;

- finantza publikoak egoera egonkorrean aurkitu behar dira: larregiko defizit publikorik gabeko aurrekontu-egoera lortzean frogatuko da hori, 104. artikuluko 6. idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz zehaztuta dagoen moduan;

- Europako diru-sistemaren truke-tasen mekanismoan aurreikusitako fluktuazioko tarte arruntei bi urtez gutxienez eutsi behar zaie, Erkidegoko beste edozein estatuko diruarekiko debaluaziorik egin gabe;

- epe luzerako interes-tasen mailetan agertu behar da, batetik, Erkidegoko estatuak lortutako elkarganatzea iraunkorra dela, eta, bestetik, Europako diru-sistemaren truke-mekanismoan daukan partaidetza ere iraunkorra dela.

Idatz-zati honetan aipatutako lau irizpideak, eta irizpideok betetzeko finkatutako aldiak, itun honi erantsita doan protokolo batean zehazten dira gehiago. Batzordearen eta EDIren txostenetan kontuan hartu behar dira, halaber, ecuaren bilakaera, merkatuak batera biltzean lortutako emaitzak, kontu korronteko ordainketa-balantzen egoera eta bilakaera, eta unitatezko lan-kostuen eta beste prezio-indize batzuen bilakaeraren azterlana.

2.- Aipatutako txostenak oinarri hartuta, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen gomendioa oinarri dela, ebaluaketa hauek egingo ditu:

- ea, Erkidegoko estatu bakoitzaren kasuan, diru bakarra onartzeko beharrezko baldintzak betetzen ote dituen;

- ea Erkidegoko estatuen gehiengoak diru bakarra onartzeko beharrezko baldintzak betetzen ote dituen; eta Kontseiluari igorriko dizkio bere ondorioak, gomendio moduan, estatuko buruak edo gobernuko buruak Kontseiluan biltzen direnean.

Europako Parlamentuari aholkua eskatuko zaio, eta Kontseiluari igorriko dio bere irizpena, estatuko buruak edo gobernuko buruak Kontseiluan biltzen direnean.

3.- Goiko 1. idatz-zatian aipatutako txostenak eta 2. idatz-zatian aipatutako irizpena behar bezala kontuan hartuta, Europako Parlamentuarena alegia, Kontseiluak, beranduenean ere 1996ko abenduaren 31n, estatuko buruak edo gobernuko buruak bilduta direla, eta gehiengo kualifikatuz:

- goiko 2. idatz-zatian aipatu diren Kontseiluaren gomendioak oinarri moduan hartuta, orduan erabakiko du ea Erkidegoko estatuen gehiengoak diru bakarra onartzeko beharrezko baldintzak betetzen ote dituen;

- baita Erkidegoak hirugarren aldiari hasiera ematea egokia den ere orduan erabakiko du;

eta, hala bada,

- hirugarren aldia hasteko eguna finkatuko du.

4.- Baldin eta 1997. urte amaieran hirugarren aldia hasteko eguna oraindik finkatu barik badago, 1999ko urtarrilaren 1ean hasiko da. Beranduenean ere 1998ko uztailaren 1ean, Kontseiluan estatuko buruak edo gobernuko buruak bilduta direla, 2. idatz-zatiko bigarren marratxoa salbuespen dela 1 eta 2. idatz-zatietan ezarritako prozedura errepikatu ondoren, 1. idatz-zatian aipatutako txostenak eta Europako Parlamentuaren irizpena kontuan hartuta, gehiengo kualifikatuz eta 2. idatz-zatian aipatu diren Kontseiluaren gomendioak oinarri direla arituz, Kontseiluak sendetsiko du zeintzuk diren diru bakarra onartzeko beharrezko baldintzak betetzen dituzten Erkidegoko estatuak.

122. artikulua

1.- Baldin eta 121. artikuluko 3. idatz-zatiaren arabera hartu bada eguna finkatzeko erabakia, 121. artikuluko 2. idatz-zatiaren arabera Kontseiluak berak emandako gomendioetan oinarrituta, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen gomendioa oinarri dela, Kontseiluak erabakiko du artikulu honetako 3. idatz-zatian adierazitako salbuespenen bati lotuko ote zaion Erkidegoko estaturen bat, eta, erantzuna baiezkoa izanik, zein edo zeintzuk izango diren estatu horiek.

Erkidegoko estatu horiei itun honetan "salbuespen bati lotutako Erkidegoko estatu" deituko zaie.

Baldin eta Kontseiluak, 121. artikuluko 4. idatz-zatiarekin bat etorriz, diru bakarra onartzeko beharrezko baldintzak betetzen dituzten Erkidegoko estatuak zeintzuk diren sendetsi badu, baldintzak betetzen ez dituzten Erkidegoko estatuak salbuespen bati lotuta egongo dira, artikulu honetako 3. idatz-zatian aipatutako zentzuan. Erkidegoko estatu horiei itun honetan "salbuespen bati lotutako Erkidegoko estatu" deituko zaie.

2.- Gutxienez urte bitik behin, edo salbuespen bati lotuta dagoen Erkidegoko edozein estatuk eskatuta, Batzordeak eta EBZk txostena egingo diote Kontseiluari 121. artikuluko 1. idatz-zatiko prozeduraren arabera. Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, eta arazoa Kontseiluan eztabaidatu eta gero, Kontseiluan estatuko buruak edo gobernuko buruak bilduta direla, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenaren gainean, Kontseiluak erabakiko du zeintzuk diren salbuespen bati lotuta dauden Erkidegoko estatuen artean 121. artikuluko 1. idatz-zatian adierazitako irizpideen arabera beharrezko baldintzak betetzen dituztenak, eta Erkidegoko direnak direlako estatu horiei ezabatu egingo die salbuespena.

3.- Goiko 1. idatz-zatian aipatutako moduko salbuespena edukitzeak esan nahi du puntu hauek ez zaizkiola aplikatuko Erkidegoko dena delako estatuari: 104. artikuluko 9 eta 11. idatz-zatiak, 105. artikuluko 1, 2, 3 eta 5. idatz-zatiak, 106, 110 eta 111. artikuluak, eta 112. artikuluko 2. idatz-zatiko b) puntua. Erkidegoko estatu hori eta bere banku zentrala BZESko eskubide eta betebeharretik kanpo uztea BZESko estatutuetako IX. kapituluan ezartzen da.

4.- Itun honetako 105. artikuluko 1, 2, eta 3. idatz-zatietan, 106, 110 eta 111. artikuluetan, eta 112. artikuluko 2. idatz-zatiko b) puntuan "Erkidegoko estatu" esaten denean "salbuespen bati lotu gabeko Erkidegoko estatu" dela ulertu behar da.

5.- Salbuespen bati lotutako Erkidegoko estatuen boto-eskubideak etenda geldituko dira 3. idatz-zatian zerrendatu diren itun honetako artikuluetan aipatutako Kontseiluaren erabakietarako. Kasu horretan, 205. artikuluan eta 250. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoaren kontra jarri gabe, salbuespen bati lotu gabeko Erkidegoko estatuen ordezkarien botoen bi herenak dira gehiengo kualifikatua, beti ere 205. artikuluko 2. idatz-zatiaren arabera haztatuak, eta Erkidegoko estatu horien aho batezkoa behar da aho batezkoa behar duen edozein egintzarako.

6.- Itun honetako 119 eta 120. artikuluetan xedatutakoak berdin balio du salbuespen bati lotutako Erkidegoko estatuetarako ere.

123. artikulua

1.- Itun honetako 121. artikuluko 3. idatz-zatiarekin bat etorriz hirugarren aldiari hasiera emateko eguna erabaki eta berehala, edo, bestela, 1998ko uztailaren 1aren jarraian:

- itun honetako 107. artikuluko 6. idatz-zatian aurreikusitako xedapenak onartuko ditu Kontseiluak;

- salbuespen bati lotu gabe dauden Erkidegoko estatuetako gobernuek, BZESko estatutuetako 50. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, EBZko lehendakaria, lehendakariordea eta Lantalde Eragileko gainerako kideak izendatuko dituzte. Erkidegoko estaturen bat edo gehiago salbuespen egoera bati lotuta badaude, BZESko estatutuetako 11.1. artikuluan ezarritakoa baino txikiagoa izan daiteke Lantalde Eragileko kideen kopurua, baina inola ere ez lautik beherakoa.

Lantalde Eragilea izendatu bezain pronto, eratuta geldituko dira BZES eta EBZ, eta beren eginkizunak osorik betetzeko prestatuko dira, itun honetan eta BZESko estatutuetan azaldutako moduan. Hirugarren aldiko lehenengo egunetik hasiko da bakoitza bere eskumenak osorik gauzatzen.

2.- EBZ eratzearekin batera, EDIren eginkizunak hartuko ditu bere gain, premiazkoa bada. EDI likidatu egingo da EBZ eratzen denean; EDIren estatutuetan finkatu dira likidatzeko moduak.

3.- Erkidegoko estaturen bat salbuespen bati lotuta badago, eta harik eta hala dagoen bitartean, itun honetako 107. artikuluko 3. idatz-zatiaren kontra jarri gabe, BZESko estatutuetako 45. artikuluan aipatutako EBZko Kontseilu Nagusia EBZko hirugarren organo erabakitzaile moduan eratuko da.

4.- Hirugarren aldia indarrean sartzen denean, Kontseiluak, salbuespen bati lotuta ez dauden Erkidegoko estatuen aho batezkoarekin, Batzordearen proposamenez eta EBZri aholkua eskatu ondoren, Erkidegoko estatu bakoitzeko diruen bihurketa-tasak aldaezineko moduan finkatuta utziko ditu, baita, aipatutako diruok ordezkatzeko, ecuak edukiko duen aldaezineko tasa finkoa ere, eta ecua orduan diru bihurtuko da zentzu osoan. Neurri horrek berez ez du aldatzen ecuaren kanpoko balioa. Kontseiluak, aipatutako estatuen gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenez eta EBZri aholkua eskatu ondoren, ecua Erkidegoko estatuetako diru bakar moduan azkar sartzeko beharrezko gainerako neurriak hartuko ditu. Eta 122. artikuluko 5. idatz-zatiko bigarren esaldian xedatutakoa aplikatuko da.

5.- Baldin eta, 122. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusitako prozeduraren arabera, salbuespenen bat kentzeko erabakia hartzen bada, Kontseiluak, salbuespen bati lotuta ez dauden Erkidegoko estatuen eta dena delako estatuaren aho batezkoarekin, Batzordearen proposamenez eta EBZri aholkua eskatu ondoren, Erkidegoko dena delako estatuko dirua ecuarekin ordezkatzeko tasa onartuko du, baita ecua Erkidegoko estatu horretako diru bakar moduan azkar sartzeko beharrezko gainerako neurriak ere.

124. artikulua

1.- Hirugarren aldia hasi arte, Erkidegoko estatu bakoitzak interes orokorreko gaitzat hartu behar du bere truke-politika. Hori egiteko, Europako diru-sistemaren (EDS) eremuan izandako lankidetzaz eta ecuaren garapenari esker lortutako eskarmentuak hartu behar dituzte kontuan Erkidegoko estatuek, egon dauden eskumenak errespetatuz.

2.- Hirugarren aldia hasten denetik, eta Erkidegoko estaturen bat salbuespen bati lotuta dagoen bitartean, analogiaz aplikatuko zaizkio Erkidegoko estatu horretako truke-politikari 1. idatz-zatiko xedapenak.

VIII. TITULUA

ENPLEGUA

125. artikulua

Erkidegoko estatuak eta Erkidegoa, titulu honekin bat etorriz, enplegurako estrategia koordinatua garatzen ahaleginduko dira, batez ere langile gaitu, prestatu eta moldaerrazak sustatzeko, eta ekonomiaren aldaketei erantzuteko gai diren lan-merkatuak sustatzeko, Europar Batasuna eratzeko Ituneko 2. artikuluan eta itun honetako 2. artikuluan zehaztutako helburuak lortu ahal izan daitezen.

126. artikulua

1.- Erkidegoko estatuek, enplegurako beren politiken bidez, 125. artikuluan ohartemandako helburuak lortzen lagunduko dute, 99. artikuluko 2. idatz-zatiaren arabera Erkidegoko estatuek eta Erkidegoak ekonomiaren politikari buruz onartutako orientabide orokorrekin bat etorriz.

2.- Estatu barruan lan-munduko ordezkariek dauzkaten erantzukizunei buruzko jarduerak kontuan hartuta, Erkidegoko estatuek interes orokorreko gaitzat hartu behar dute enplegua sustatzea, eta Kontseiluaren baitan koordinatu behar dituzte gai horren inguruko beren jarduerak, 128. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

127. artikulua

1.- Enplegu-maila handia lortzen parte hartuko du Erkidegoak, Erkidegoko estatuen arteko lankidetza sustatuz, eta bakoitzaren jarduerei lagunduz, eta, premiazkoa bada, jarduerok osatuz. Hori egitean, errespetatu egin behar dira Erkidegoko estatuen eskumenak.

2.- Erkidegoko politikak eta neurriak zehaztu eta aplikatzerakoan enplegu-maila handia lortzea da kontuan hartu beharreko helburua.

128. artikulua

1.- Kontseilu Europarrak urtero aztertuko du zein den enpleguaren egoera Erkidegoan, eta horren gaineko ondorioak aterako ditu, Kontseiluak eta Batzordeak batera urtero egindako txostenean oinarrituta.

2.- Kontseilu Europarraren ondorioetan oinarrituta, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenaren gainean, Europako Parlamentuari, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari, Eskualdeetako Lantaldeari eta 130. artikuluan aurreikusitako Enplegu Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, orientabideak emango ditu urtero, eta kontuan hartu beharko dituzte Erkidegoko estatuek, bakoitzak enplegurako bere politika egiterakoan. Orientabide horiek 99. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoaren arabera onartutako orientabide orokorrekin bateratzeko modukoak izan behar dira.

3.- Erkidegoko estatuek txosten bana emango die urtero Kontseiluari eta Batzordeari, bakoitzak enplegurako bere politika martxan jartzeko hartutako neurri nagusien gainean, 2. idatz-zatian enpleguari buruz ohartemandako orientabideak kontuan hartuta.

4.- Kontseiluak, 3. idatz-zatian aipatutako txostenak oinarri dituela, eta Enplegu Lantaldearen iritziak jaso ondoren, Erkidegoko estatuen enplegu-politikak aplikatzeko moduei buruzko azterketa bat egingo du urtero, enplegurako emandako orientabideen ikuspuntutik. Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen gomendioa oinarri dela, gomendioak egin ahal izango dizkie Erkidegoko estatuei, aipatutako azterketa ikusita bidezkoa baderitzo.

5.- Aipatutako azterketaren emaitzak oinarri direla, Kontseiluak eta Batzordeak txostena prestatuko dute batera urtero Kontseilu Europarrarentzat, Erkidegoko enpleguaren egoera zein den eta enplegurako orientabideen aplikazio-maila zein den agertzeko.

129. artikulua

Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, sustapen-neurriak hartu ahal izango ditu Erkidegoko estatuen arteko lankidetza bultzatzeko eta estatuok enplegu-gaietan daukaten jarduerari laguntzeko, informazioa eta jarduera onak elkarren artean trukatzera zuzendutako ekimenen bidez, konparazioko analisiak eta aholkularitza emanez, eta planteamendu berritzaileak sustatu eta esperientziak ebaluatuz, bereziki ereduzko proiektuetara jota.

Neurri horiek ez dute inolako harmonizaziorik ekarriko Erkidegoko estatuen legezko eta erregelamenduzko xedapenei dagokienez.

130. artikulua

Kontseiluak, Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, aholku-emailea izango den Enplegu Lantaldea sortuko du Erkidegoko estatuen arteko koordinazioa sustatzeko, enplegurako eta lan-merkatuko politikei dagokienean. Hauek dira lantalde horren eginkizunak:

- Erkidegoko estatuetan eta Erkidegoan enpleguak daukan egoera, eta batzuek eta besteak enpleguari buruz dauzkaten politikak zeintzuk diren ikuskatzea;

- itun honetako 207. artikuluan xedatutakoaren kontra jarri gabe, Kontseiluaren edo Batzordearen eskariz, edo bere ekimenez, irizpenak ematea, eta 128. artikuluan aipatutako neurriak prestatzen Kontseiluari laguntzea.

Agindutakoak betetzeko, lan-munduko ordezkariei eskatu behar die aholkua lantaldeak.

Erkidegoko estatuetako bakoitzak eta Batzordeak kide bina izendatuko dituzte lantalderako.

IX. TITULUA

MERKATARITZARI BURUZKO POLITIKA BATERATUA

131. artikulua

Erkidegoko estatuek helburu hauek dauzkate: beren artean aduana-batasuna ezarriz, eta interes orokorraren arabera, munduko merkataritzaren garapen harmoniatsua lortzea, nazioarteko trukaketetarako murrizpenak arian-arian ezabatzea, eta aduanako tarifek sortarazitako oztopoak gutxitzea.

Merkataritzari buruzko politika bateratuak kontuan hartu behar du ea zenbaterainoko eragin ona izan dezakeen Erkidegoko estatuen arteko aduana-sariak ezabatzeak estatu horietako enpresen lehiakortasun-gaitasuna gehitzeko.

132. artikulua

1.- Erkidegoko estatuek nazioarteko beste erakunde batzuekin lotutako konpromisoak alde batera, Erkidegoko estatuek beste herrialde batzuetara esportatzeko emandako laguntzak harmonizatu egin behar dira arian-arian, Erkidegoko enpresen arteko lehia ez aizuntzeko beharrezkoa den heinean.

Batzordearen proposamenez, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, horretarako behar diren zuzentarauak onartuko ditu.

2.- Aurreko xedapenak ez zaizkie aplikatuko ez aduana-eskubideen itzulketei, ez balio bereko eragina daukaten ordainarazpenei, ez eta zeharkako zergen itzulketei ere, negozioen guztizkoaren gaineko zergak, kontsumo-produktu jakin batzuen gaineko zergak eta zeharkako gainerako zergak barne hartuta, baldin eta Erkidegoko estatu batetik beste herrialde batera salgairen bat esportatzeko unean emandakoak badira, hain zuzen esportatutako produktuen gainean zuzenean edo zeharka ezarritako kargak baino handiagoak ez diren heinean aipatutako itzulketok.

133. artikulua

1.- Merkataritzari buruzko politika bateratua era bereko printzipioetan oinarrituko da, batez ere aduanako tarifak aldatzeko, aduanako tarifen gaineko eta merkataritzako akordioak lotzeko, liberalizazio-neurriak era berekoak izatea lortzeko, eta esportazioari buruzko politikari, merkataritza babesteko neurriei, eta, horien artean, dumping kasuetan eta dirulaguntzen kasuetan hartu behar diren neurriei dagokienean.

2.- Merkataritzari buruzko politika bateratu hori gauzatzeko, Batzordeak proposamenak aurkeztuko dizkio Kontseiluari.

3.- Estatu edo nazioarteko erakunde batekin edo gehiagorekin akordioak lortzeko tratuak egin behar badira, Batzordeak gomendioak aurkeztuko dizkio Kontseiluari, eta Kontseiluak baimena emango dio hari beharrezko negoziazioak hasteko. Kontseiluari eta Batzordeari dagokie itundutako akordioak Erkidegoaren barruko politikekin eta arauekin bateragarri izan daitezen zaintzea.

Batzordeak egingo ditu aipatutako negoziazioak, lantalde berezi bati aholkua eskatuta; Kontseiluak izendatuko du lantaldea Batzordeari laguntza eman diezaion, Kontseiluak emandako zuzentarauen eremuan. Batzordeak aldiro eman behar dio lantalde bereziari negoziazioen egoeraren berri.

Itun honetako 300. artikuluko xedapenetatik kasu horretarako bidezkoak direnak aplikatu ahal izango dira.

4.- Artikulu honetan Kontseiluari emandako eskumenak gauzatzerakoan, gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak Kontseiluak.

5.- Artikulu honetako 1. idatz-zatitik 4.era artekoetan xedatutakoa aplikatuko da, halaber, zerbitzu-merkataritzaren eremuan eta jabetza intelektualaren merkataritza-aldeen eremuan egindako negoziazioetan eta lotutako akordioetan, baldin eta aipatutako akordioei buruz idatz-zati horietan ezer esaten ez bada, eta aldi berean 6. idatz-zatian xedatutakoaren kontrakoa ez bada.

Goiko 4. idatz-zatian xedatutakoaren aurka jarri gabe, Kontseiluak aho batez erabakiko du lehenengo lerroaldean aipatutako eremuren batean akordioren bat lotzeko eta negoziazioak egiteko denean, bai barne-arauak onartzeko aho batezkoa eskatzen duten xedapenak sartzen badira akordio horren barruan, zein itun honen indarrez gauzatzekoak izan arren, Erkidegoak barne-arauak onartu ez dituelako oraindik gauzatu gabe dituen eskumenen eremukoa bada akordio hori.

Kontseiluak aho batez erabakiko du negoziazio eta akordio horizontalak egin eta lotzeko denean, baldin eta aurreko lerroaldeari buruzkoa bada, nahiz 6. idatz-zatiko bigarren lerroaldeari buruzkoa bada ere.

Idatz-zati honetan xedatutakoak ez du eraginik Erkidegoko estatuek beste herrialde batzuekin nahiz nazioarteko erakundeekin akordioak egin eta akordioei eusteko daukaten eskubidearen gainean, baldin eta aipatutako akordio horiek Erkidegoaren Zuzenbidea eta nazioarteko gainerako akordioak errespetatzen badituzte.

6.- Kontseiluak ezin izango du akordiorik lotu, Erkidegoaren barne-eskumenen goitiko xedapenak sartzen badira akordioan, batez ere Erkidegoko estatuen legezko zein erregelamenduzko xedapenen harmonizazioa egin behar bada, itun honek kanpoan utzitako eremuren batekoa denean harmonizazio hori.

Gai horri dagokionez, 5. Idatz-zatiko lehenengo lerroaldean xedatutakoaren aurka jarri gabe, Erkidegoaren eta bertako estatuen eskumen erdi-banakoa izango da kulturako eta ikus-entzunezko zerbitzuen merkataritza-eremuko akordio oro, baita hezkuntzako, zein gizarte-zerbitzuetako eta giza osasuneko oro ere. Beraz, halako akordioen negoziazioa egiteko, 300. artikulutik bidezkoak diren xedapenekin bat etorriz Erkidegoak hartutako erabakiaz gain, Erkidegoko estatuen akordio adostua behar da. Era horretan negoziaturiko akordioak batera egingo dituzte Erkidegoak eta bertako estatuek.

Garraioen eremuan nazioarteko negoziazioak eta akordioak egiteko, V. tituluko eta 300. artikuluko xedapenak bete behar dira.

7.- Goragoko 6. idatz-zatiko lehenengo lerroaldean xedatutakoaren aurka jarri gabe, Kontseiluak, aho batez, Batzordeak proposatuta eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, jabetza intelektualari buruzko nazioarteko negoziazio eta akordioetara hedatu dezake 1. idatz-zatitik 4.era artekoen aplikazioa, 5. idatz-zatian jaso ez badira.

134. artikulua

Bai itun honekin bat etorriz Erkidegoko edozein estatuk merkataritzako politikan onartutako neurriak aplikatzea merkataritza-trafikoaren desbideraketekin eragotziko ez dela ziurtatzeko denean, eta bai Erkidegoko estatu batean edo gehiagotan neurri horien arteko diferentziek zailtasun ekonomikoak sorrarazten dituzten kasuetan ere, Batzordeak metodo batzuk gomendatuko ditu Erkidegoko beste estatuek beharrezkoa den lankidetza eman dezaten. Horrek huts egiten badu, beharrezko babes-neurriak hartzeko baimena emango die Batzordeak Erkidegoko estatuei, berak zehaztutako baldintzetan eta moduan.

Presazko kasuetan, beharrezko neurriak berek zuzenean hartzeko baimena eskatuko diote Batzordeari Erkidegoko estatuek, eta hark lehenbailehen emango du erabakia; jarraian, Erkidegoko dena delako estatu horrek Erkidegoko beste estatuei eman behar die horren berri. Batzordeak edonoiz agindu diezaioke Erkidegoko estatu horri goian esandako neurriak aldaraztea edo ezabaraztea.

Merkatu bateratuaren jardunari nahasmendurik gutxien sorrarazten dioten neurriak aukeratu behar dira lehentasunez.

X. TITULUA

ADUANETAKO LANKIDETZA

135. artikulua

Itun honen aplikazio eremuan, Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, Erkidegoko estatuen arteko eta estatuon eta Batzordearen arteko aduanetako lankidetza indartzeko neurriak hartuko ditu. Neurri horiek ez dira izango estatu barruko zigor-legea aplikatzeko, ez eta estatuko justizia administratzeko ere.

XI. TITULUA

GIZARTEARI, HEZKUNTZARI, LANBIDE-HEZIKETARI ETA GAZTEDIARI BURUZKO POLITIKA

I. Kapitulua

GIZARTEARI BURUZKO XEDAPENAK

136. artikulua

1961eko urriaren 18an Turinen izenpetutako Europako Gutun Sozialean eta Langileen oinarrizko eskubide sozialen Erkidegoko 1989ko Gutunean aipatutako oinarrizko eskubide sozialak gogoan hartuta, Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek helburu hauek dauzkate: enplegua sustatzea; bizitzako eta laneko baldintzak hobetzea, aurrerapenen bidetik langileak parekatzeko; babes sozial egokia; elkarrizketa soziala; giza baliabideen garapena, enplegu-maila handia eta iraunkorra lortzeko; eta bazterkeriaren kontra borrokatzea.

Helburu horretarako, estatuetako jarduera diferenteak kontuan hartuko dituzten ekintzak egingo dituzte Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek, batez ere hitzartutako harremanetan; kontuan hartu behar dute, halaber, Erkidegoaren ekonomiaren lehiakortasuna zaindu beharra ere.

Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek uste dutenez, bilakaera hori, batetik, merkatu bateratuaren jardueratik etorriko da, gizarte-sistemak harmonizatzea erraztuko baitu, eta bestetik, itun honetan aurreikusitako prozeduretatik eta legezko, erregelamenduzko eta administraziozko xedapenak elkarri hurbiltzetik.

137. artikulua

1.- Aurreko 136. artikuluko helburuak lortzeko, Erkidegoko estatuen ekintza babestu eta osatuko du Erkidegoak eremu hauetan:

a) zehazki, lan-giroa hobetzen, langileen osasuna eta segurtasuna babesteko;

b) lan-baldintzetan;

c) gizarte-segurantzan eta langileen gizarte-babesean;

d) lan-kontratua desegitean langileen babesean;

e) langileei informazioa eta aholkua ematen;

f) langileen eta enpresarien ordezkaritza egin eta guztion interesen defentsa egiten, kogestioa barne, 5. idatz-zatian xedatutakoaren aurka jarri gabe;

g) Erkidegoko lurraldean legezko egoitza daukaten beste herrialde batzuetako herritarren enplegu-baldintzen gainean;

h) lan-merkatutik kanpo dauden pertsonak lan-merkatuan sartzen, 150. artikuluaren kontra jarri gabe;

gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasunean, lan-merkatuko aukerei eta laneko tratuari dagokienean;

gizarteko bazterkeriaren kontrako borrokan;

gizarte-babeseko sistemak modernizatzen, c) letran esandakoaren aurka jarri gabe.

2.- Helburu horretarako, Kontseiluak:

Erkidegoko estatuen artean lankidetza sustatzeko neurriak hartu ahal izango ditu, jakintza hobetzeko, informazioa eta jokaera onak elkarren artean trukatzeko, berrikuntza formulak sustatzeko eta elkarren eskarmentua balioesteko ekimenak bultzatuz, beti ere Erkidegoko estatuen legezko eta erregelamenduzko xedapenak inola ere harmonizatu gabe;

1. idatz-zatiko a) eta i) letren artean aipatutako eremuetan, zuzentarauen bidez, arian-arian aplikatu beharko diren gutxieneko xedapenak onartu ahal izango ditu Kontseiluak, Erkidegoko estatu bakoitzean dauden baldintza eta araudi teknikoak kontuan hartuta. Enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko oztopo izan daitezkeen administrazio, finantza eta lege arloetako eragozpenik ez jartzeko modukoak izan behar dira zuzentarau horiek.

Itun honetako 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera erabakiko du Kontseiluak, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, artikulu honetako 1. idatz-zatiko c), d), f) eta g) letretan aipatutako eremuetan izan ezik, horietan Kontseiluak aho batez erabakiko du-eta, Batzordeak proposatuta eta Europako Parlamentuari eta aipatutako lantaldeei aholkua eskatu ondoren. Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenez eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, artikulu honetako 1. idatz-zatiko d), f) eta g) letrei 251. artikuluan aurreikusitako prozedura ezartzea erabaki lezake.

3.- Erkidegoko estatu bakoitzak lan-munduko ordezkarien esku utz dezake 2. idatz-zatiaren indarrez onartutako zuzentarauen aplikazioa, lan-munduko ordezkariek batera eskatzen badute.

Kasu horretan, 249. artikuluaren arabera zuzentarau bat aldatu behar denean beranduenean ere, lan-munduko ordezkariek, adostasunez, beharrezko xedapenak ezarrita dauzkatela ziurtatu behar du Erkidegoko estatu horrek; eta aipatutako zuzentarauarekin finkatutako emaitzak une oro bermatu ahal izateko beharrezko neurri guztiak hartu beharko ditu.

4.- Artikulu honen indarrez onartutako xedapenek:

ez dute eraginik izan behar Erkidegoko estatu bakoitzak bere gizarte-segurantzako sistemaren oinarrizko printzipioak zehazteko daukan eskumenaren gainean, ez eta estatu bakoitzaren finantza-orekaren gainean eragin nabarmenik izan ere;

eta ez dute eragozpen izan behar Erkidegoko estatuek itun honekin bateragarriak diren babes-neurri estuagoei eutsi diezaieten, edo halakoak sartzen has daitezen.

5.- Artikulu honetako xedapenak ez zaizkie aplikatuko ez lansariei, ez elkartzeko eta sindikatuko kide izateko eskubideari, ez greba-eskubideari, ez eta ugazabek itxiera ezartzeko eskubideari ere.

138. artikulua

1.- Batzordeak bere izango du lan-munduko ordezkariei Erkidego osorako gaiak direla-eta aholkua eskatzeko ohitura sustatzeko eginkizuna, eta elkarren arteko elkarrizketa errazteko beharrezko xedapenak onartzekoa; eta alderdi biek laguntza orekatua lor dezaten jagon behar du.

2.- Horretarako, Batzordeak, gizarteari buruzko politikako proposamenak aurkeztu aurretik, lan-munduko ordezkariei aholkua eskatu behar die, Erkidegoko ekintzaren baten agiango orientabidearen gainean.

3.- Aurreko puntuan aipatutako aholkua eskatu ostean, Batzordearen iritziz Erkidegoak ekintzaren bat egitea komeni bada, lan-munduko ordezkariei eskatuko die aholkua aurreikusitako proposamenaren edukiaz. Lan-munduko ordezkariek irizpena bidaliko diote Batzordeari, edo, hala badagokio, gomendioa.

4.- Kontsulta hori dela eta, 139. artikuluan aurreikusitako prozesua hasteko asmoa daukatela jakinarazi ahal izango diote lan-munduko ordezkariek Batzordeari. Artikulu honetan aurreikusitako prozeduraren iraupena ezin izango da izan 9 hilabetetik gorakoa, ez bada behintzat, Batzordearekin ados jarrita, kasu horretan zerikusia daukaten lan-munduko ordezkariek epea luzatzea erabakitzen dutela.

139. artikulua)

1.- Lan-munduko ordezkarien arteko elkarrizketa Erkidego osorako denean, berek nahi badute, hitzartutako harremanak ezartzera iritsi daiteke, akordioak barne hartuta.

2.- Erkidego osoari begira lotutako akordioen aplikazioa egingo da, edo lan-munduko ordezkariek eurek eta estatu kideek berezko dituzten prozedura eta ohituren arabera, edo, 137. artikuluari lotuta dauden arloetan, akordioa sinatu duten aldeek batera eskatzen badute, Batzordeak proposatuta Kontseiluak hartutako erabaki baten bitartez.

Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak, 137. artikuluko 2. idatz-zatiaren indarrez aho batezkoa behar duten eremuren bati buruzko xedapen bat edo gehiago daukan akordioa denean izan ezik. Kasu horretan, Kontseiluak aho batez erabaki behar du.

140. artikulua

Itun honetako 136. artikuluan adierazitako helburuak lortzeko, eta itun honetako beste xedapenen kontra jarri gabe, Batzordeak Erkidegoko estatuen arteko lankidetza sustatuko du, eta beren ekintzen koordinazioa erraztuko, kapitulu honetan gizarteari buruzko politika dela-eta landutako eremuetan, batez ere puntu hauekin zerikusia daukaten gaietan:

- enpleguarekin;

- Lan-zuzenbidearekin eta lan-baldintzekin;

- lanbide-heziketa eta lanbide-hobekuntzarekin;

- gizarte-segurantzarekin;

- laneko istripuen eta lanbide-gaixotasunen kontrako babesarekin;

- laneko higienearekin;

- sindikatuko kide izateko eskubidearekin, eta enpresaburuen eta langileen arteko negoziazio kolektiboekin.

Helburu horretarako, Batzordeak Erkidegoko estatuekin harreman estuan jardungo du, azterlanen eta irizpenen bidez eta kontsultak antolatuz, bai estatu barruan sortutako arazoetarako, zein nazioarteko antolakundeei dagozkienetarako.

Artikulu honetan aurreikusitako irizpenak eman aurretik, Batzordeak Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eskatuko dio aholkua.

141. artikulua

1.- Erkidegoko estatu bakoitzak, lana berdina bada edo balio bereko lana bada, langileak nahiz gizonezko nahiz emakumezko izan, lansari berdinaren printzipioa aplikatuko zaiela bermatu behar du.

2.- Artikulu honen arabera, enpresaburuak lan-harremanak direla-eta langileari emandako oinarrizko edo gutxieneko soldata edo alokairua, eta, zuzenean edo zeharka, dirutan zein gauzatan emandako beste eskersari guztiak dira lansari.

Sexu-bereizkeriarik gabe, lansari berdina dela esaterakoan hau adierazi nahi da:

a) egindako lan-unitateka ordaindutako lan berdinerako ezarritako lansaria neurri-unitate berbera oinarri dela finkatu behar dela;

b) denbora-unitateka ordaindutako lanerako ezarritako edozein lansarik berdina izan behar duela lanpostu berbererako denean.

3.- Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera arituz, eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, enplegu eta laneko gaietan gizonezkoei eta emakumezkoei aukera berberak eta tratu berbera aplikatzen zaizkiela bermatzeko neurriak hartuko ditu, lan berdinerako eta balio bereko lanerako lansari berdina bermatzea barne.

4.- Lan-bizitzak dirauen artean gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna benetakoa eta osoa izango dela bermatzeko, tratu-berdintasunak ez dio Erkidegoko estatu bati ere eragotziko ordezkaritzarik gutxien daukaten sexukoei lanbide-jardueretan parte hartzea errazteko abantaila zehatzak eskaintzen dizkieten neurriei eutsi edo halakoak onartzea, edo pertsona horiek lanbide-karreran dauzkaten desabantailak saihestu edo orekatzea.

142. artikulua

Ordaindutako oporren araubideen artean dagoen baliokidetzari eusten saiatuko dira Erkidegoko estatuak.

143. artikulua

Batzordeak txostena egingo du urtero, 136. artikuluko helburuak lortzeko izandako bilakaerari buruz, eta Erkidegoko demografiaren egoera jasoko du bertan. Batzordeak Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari bidaliko die txosten hori.

Europako Parlamentuak gonbitea egin ahal izango dio Batzordeari egoera sozialari buruzko arazo zehatzen gainean txostenak egin ditzan.

144. artikulua

Kontseiluak, Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, Gizarte-babeseko Lantalde aholku-emaile bat sortuko du, Erkidegoko estatuen eta Batzordearen artean gizarte-babeserako lankidetza sustatzeko. Eta lantaldearen eginkizun izango dira:

Erkidegoko estatuek eta Erkidegoak gizarte-babeserako dauzkaten politiken bilakaera eta gizartearen egoera begiratzea;

Erkidegoko estatuen eta Batzordearen artean informazioa, eskarmentua eta jokaera onak elkarren arteko trukatzeko erraztasunak ematea;

Itun honetako 207. artikuluan xedatutakoaren kontra jarri gabe, txostenak egitea, irizpenak ematea nahiz beste jarduera batzuk egitea bere eskumeneko eremuetan, bai Kontseiluak zein Batzordeak eskatuta, bai bere ekimenez ere.

Lantaldeak, berari agindu zaiona betetzeko, harreman egokietan lotuko da lan-munduko ordezkariekin.

Erkidegoko estatu bakoitzak eta Batzordeak kide bina izendatuko dituzte lantaldea osatzeko.

145. artikulua

Batzordeak Europako Parlamentuari urtero egin behar dion txostenean kapitulu berezi bat emango dio Erkidegoko egoera sozialaren bilakaerari.

Europako Parlamentuak gonbitea egin ahal izango dio Batzordeari egoera sozialari buruzko arazo zehatzen gainean txostenak egin ditzan.

II. Kapitulua

EUROPAKO GIZARTE FUNTSA

146. artikulua

Langileek barne-merkatuan enplegatzeko aukera hobeak izan ditzaten, eta horrela bizitzaren maila jasotzeko, hurrengo xedapenen eremuan, Europako Garapen Funtsa sortzen da, langileak Erkidego barruan enplegatzeko aukerak sustatzeko eta langileen toki- eta lanbide-mugigarritasuna sustatzeko, eta industrien eraldaketetara eta ekoizpen-sistemen aldaketetara langileak errazago egokitu daitezen, batez ere lanbide-heziketaren bidez, eta lanbidea birmoldatuz.

147. artikulua

Batzordeari dagokio Funtsa administratzea.

Lan horretan, Batzordeak lantalde baten laguntza edukiko du; Batzordeko kide bat izango da lehendakari, eta gobernuetako, langileen sindikatuetako eta enpresaburuen elkarteetako ordezkariek osatuko dute.

148. artikulua

Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, Europako Gizarte Funtsari aplikatzeko diren erabakiak hartuko ditu.

III. Kapitulua

HEZKUNTZA, LANBIDE-HEZIKETA ETA GAZTERIA

149. artikulua

1.- Erkidegoak kalitatezko hezkuntza garatzen lagunduko du, Erkidegoko estatuen arteko lankidetza sustatuz, eta, premiazkoa izanez gero, estatuon ekintza bultzatuz eta osatuz, beti ere estatuen erantzukizunak errespetatuz irakaskuntzaren edukiei eta hezkuntza-sistemaren antolamenduari dagokienez, eta kulturatan eta hizkuntzatan daukaten aniztasuna errespetatuz.

2.- Erkidegoaren ekintzak puntu hauek ditu jomuga:

- irakaskuntzan europartasuna garatzea, batez ere Erkidegoko estatuetako hizkuntzak ikasiz eta zabalduz;

- ikasleen eta irakasleen mugigarritasuna erraztea, batez ere tituluen eta ikastaldien onespen akademikoa sustatuz;

- ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea;

- Erkidegoko estatuetako heziketa-sistemetan dauden arazo berdinei buruzko informazioa eta eskarmentuak elkarren artean trukatzeko moduak garatzea;

- gazteen eta gizarte-hezkuntzetako eragileen arteko trukaketak gehitzeko moduak erraztea;

- urrutiko hezkuntza garatzeko bideak sustatzea.

3.- Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek lankidetza bultzatuko dute, batetik, beste herrialde batzuekin, bestetik, hezkuntza-gaietan eskumenak dauzkaten nazioarteko erakundeekin, eta batez ere Europako Kontseiluarekin.

4.- Artikulu honetan ohartemandako helburuak lortzen laguntzeko, Kontseiluak:

- 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, sustapen-neurriak hartuko ditu, Erkidegoko estatuetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahaleginak alde batera utzita;

- gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenez, gomendioak egingo ditu.

150. artikulua

1.- Erkidegoko estatuen ekintzak indartzeko eta osatzeko politika garatuko du Erkidegoak lanbide-heziketari dagokionean, lanbide-heziketaren edukiari eta antolamenduari buruz estatuek daukaten erantzukizuna osorik errespetatuz.

2.- Erkidegoaren ekintzak puntu hauek ditu jomuga:

- industriaren eraldaketetara egokitzeko modua erraztea, batez ere lanbide-heziketaren bidez eta lanbidea birmoldatuz;

- hasierako lanbide-heziketa eta etengabeko prestakuntza hobetzea, lan-merkatuan lehenengo aldiz eta hurrengoetan lanbideratzea errazteko;

- lanbide-heziketan sartzea erraztea, eta hezitzaileen eta prestakuntza-aldian aurkitzen direnen mugigarritasuna bultzatzea, batez ere gazteena;

- ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza akuilatzea, prestakuntza gaietan;

- Erkidegoko estatuetako heziketa-sistemetan dauden arazo berdinei buruzko informazioa eta esperientziak elkarren artean trukatzeko moduak garatzea.

3.- Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek lankidetza bultzatuko dute, batetik, beste herrialde batzuekin, eta, bestetik, lanbide-heziketako gaietan eskumenak dauzkaten nazioarteko erakundeekin.

4.- Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, artikulu honetan ezarritako helburuak lortzen laguntzeko neurriak hartuko ditu, Erkidegoko estatuetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahaleginak alde batera utzita.

XII. TITULUA

KULTURA

151. artikulua

1.- Erkidegoko estatuetako kulturak loratzen lagunduko du Erkidegoak, barruko nazio eta eskualdeetako aniztasuna errespetatuz, eta kultura-ondare orokorra nabarmenduz.

2.- Erkidegoaren ekintzak Erkidegoko estatuen arteko lankidetza suspertuko du, eta, beharrezkoa izanez gero, estatuon ekintza bultzatu eta osatuko du eremu hauetan:

- Europako herrien kultura eta historia hobeto ezagutu eta zabaltzen;

- Europarako garrantzizkoa den kultura-ondarea zaindu eta babesten;

- merkataritzakoak ez diren kultura-trukaketak egiten;

- arte eta literaturako sorkuntzan, ikus-entzunezkoen arloa barne hartuta.

3.- Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek lankidetza bultzatuko dute, batetik, beste herrialde batzuekin, bestetik, kultura-gaietan eskumenak dauzkaten nazioarteko erakundeekin, eta batez ere Europako Kontseiluarekin.

4.- Itun honetako beste xedapenen indarrez jardun behar duenean, Erkidegoak kultura-ikuspegiak hartuko ditu kontuan, bereziki bertako kulturen aniztasuna errespetatu eta sustatzeko.

5.- Artikulu honetan ohartemandako helburuak lortzen laguntzeko, Kontseiluak:

- itun honetako 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, sustapen-neurriak hartuko ditu, Erkidegoko estatuetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahaleginak alde batera utzita. Kontseiluak aho batez hartu behar ditu erabakiak 251. artikuluan aurreikusitako prozedura guztian;

- aho batez, eta Batzordearen proposamenez, gomendioak egingo ditu.

XIII. TITULUA

OSASUN PUBLIKOA

152. artikulua

1.- Erkidegoaren politika eta ekintza guztiak zehaztu eta gauzatzerakoan, giza osasunaren babes-maila handia bermatu behar da.

Erkidegoaren ekintzak, estatuetako politikak osatzeko izango dela kontuan hartuta, osasun publikoa hobetu, giza gaixotasunak eta afekzioak aurrezaindu eta giza osasunerako arrisku-iturriak saihestea izango ditu jomuga. Gaixotasunik larrienen kontra eta gehien zabalduta dauden gaixotasunen kontra borrokatzeko izango da ekintza hori, gaixotasunon etiologiaren, kutsatzeko moduaren eta gaixotasunok aurrezaintzeko moduaren ikerketa, eta osasunari buruzko informazioa eta heziketa bultzatuz.

Drogek osasunari eragindako kalteak gutxitzeko asmoz Erkidegoko estatuek prestatutako ekintza osatuko du Erkidegoak, informazioa eta aurrezaintza barne.

2.- Erkidegoko estatuen arteko lankidetza suspertuko du Erkidegoak, artikulu honetan ohartemandako eremuetarako, eta, beharrezkoa izanez gero, laguntza emango dio estatuon ekintzari.

Erkidegoko estatuek, Batzordearekin lankidetzan arituz, beren politikak eta egitarauak koordinatuko dituzte elkarren artean, 1. idatz-zatian aipatutako eremuetan. Batzordeak, Erkidegoko estatuekin lotura estuan arituz, aipatutako koordinazioa sustatzeko era guztietako ekimen baliagarriak onar ditzake.

3.- Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek lankidetza bultzatuko dute, batetik, beste herrialde batzuekin, eta, bestetik, osasun publikoari dagozkion gaietan eskumenak dauzkaten nazioarteko erakundeekin.

4.- Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, artikulu honetako helburuak lortzen lagunduko du, neurri hauek hartuta:

a) giza organoen eta sustantzien, eta odolaren eta odoletik eratorritakoen kalitatea eta segurtasuna maila handikoak izateko neurriak; neurri horiek ez diote Erkidegoko estatu bati ere eragotziko babes-neurri estuagoak jartzen jarraitzea edo sartzea;

b) itun honetako 37. artikuluan xedatutakoaren salbuespen moduan, zuzenean osasun publikoa babesteko diren neurriak, albaitaritzaren eta landare-osasunaren eremuetan;

c) giza osasuna babestu eta hobetzeko sustapen-neurriak, Erkidegoko estatuetako legezko eta erregelamenduzko xedapenak harmonizatzeko ahalegin guztiak baztertuta.

Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenaren gainean, artikulu honetan ezarri diren helburuetarako gomendioak ere onar ditzake.

5.- Osasun publikoaren eremuan Erkidegoak egindako ekintzak oso-osorik errespetatu behar ditu Erkidegoko estatuek osasun-zerbitzuak eta medikuen sorospena antolatu eta emateko dauzkaten erantzukizunak. Batez ere, goiko 4. idatz-zatiko a) puntuan aipatutako neurriek ezin izango diete eragin estatu barruko xedapenei, organoak eta odola emateari dagokionean, edo medikuek hortaz egindako erabilpenari dagokionean.

XIV. TITULUA

KONTSUMITZAILEEN BABESA

153. artikulua

1.- Kontsumitzaileen interesak sustatzeko, eta kontsumitzaileei babes-maila handia bermatzeko, Erkidegoak lagundu egingo du kontsumitzaileen osasuna, segurtasuna eta interes ekonomikoak babesten, eta kontsumitzaileok informazioa eta hezkuntza jasotzeko daukaten eskubidea sustatzen, eta beren interesak babestearren, beren artean antolatzeko daukaten eskubidea sustatzen.

2.- Erkidegoko beste politika eta ekintza batzuk zehaztu eta gauzatzerakoan, kontsumitzaileak babesteko eskakizunak hartu behar dira kontuan.

3.- Goiko 1. idatz-zatian aipatutako helburuak lortzen lagunduko du Erkidegoak:

a) barne-merkatua gauzatzeko, 95. artikuluaren indarrez onar ditzan neurriak hartuz;

b) Erkidegoko estatuek egindako politika bultzatu, osatu eta gainetik ikuskatzeko neurriak hartuz.

4.- Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, 3. idatz-zatiko b) puntuan aipatutako neurriak hartuko ditu.

5.- Goiko 4. idatz-zatiaren indarrez onartutako neurriak ez dira eragozpen izango Erkidegoko estatu bakoitzak babes gehiagoko neurriak erabiltzen jarraitzeko eta hasteko. Itun honekin bateragarriak izan behar dira neurri horiek. Batzordeari eman behar zaio neurrion berri.

XV. TITULUA

EUROPAN BATETIK BESTERAKO SAREAK

154. artikulua

1.- Itun honetako 14 eta 158. artikuluetan ohartemandako helburuak lortzen laguntzeko, eta barruko mugarik gabeko eremu bat sortzeak dakartzan onuretan Batasuneko herritarrek, eragile ekonomikoek, eta eskualdeetako eta tokian tokiko erakundeek oso-osorik parte hartu ahal izan dezaten, Europan batetik besterako sareak ezarri eta garatzen lagunduko du Erkidegoak, garraio, telekomunikazio eta energiako azpiegituretan.

2.- Merkatu ireki eta lehiakorren sistemaren baitan, estatu barruetako sareak elkarren artean lotzeko eta eraginkor bihurtzeko, eta sareotara iritsi ahal izateko bideratuko da Erkidegoaren ekintza. Ekintza horrek bereziki hartuko du kontuan, Erkidegoko irlek, kostarik gabeko eskualdeek eta eskualde periferikoek eta erdialdeko eskualdeek beren artean lotzeko daukaten premia.

155. artikulua (lehengo 129 C artikulua)

1.- Itun honetako 154. artikuluan aipatutako helburuak lortzeko, Erkidegoak:

- Europan batetik besterako sareak direla-eta aurreikusitako ekintzen helburuei, lehentasunei eta gida-lerroei buruzko orientabide-multzo bat egingo du; interes orokorreko proiektuak sartuko dira orientabide horietan;

- sareak elkarren artean eraginkor izango dorela bermatzeko beharrezko ekintzak egingo ditu, batez ere arau teknikoak harmonizatuz;

- lehenengo marratxoan aipatutako orientabideen arabera zehaztu eta Erkidegoko estatuek bultzatutako interes orokorreko proiektuak bultzatu ahal izango ditu, batez ere bideragarritasun-azterlanak eginez, mailegu-bermeak emanez, edo interesetarako hobariak eskainiz; 161. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz sortutako Lotura Funtsaren bidez dirulaguntzak ere eman ditzake Erkidegoak, Erkidegoko estatuen proiektu zehatzetarako, garraio-azpiegituretako eremuan.

Erkidegoaren ekintzak kontuan izango du, bestalde, ea proiektuok diruaren aldetik bideragarriak diren.

2.- Erkidegoko estatuek, Batzordearekin lankidetzan arituz, estatu barruan aplikatzen dituzten politikak koordinatuko dituzte beren artean, 154. artikuluan aurreikusitako helburuak betetzeko eragin nabaririk izan badezakete. Batzordeak, Erkidegoko estatuekin lankidetza estuan arituz, aipatutako koordinazioa sustatzeko baliagarri den edozein ekimen onar dezake.

3.- Erkidegoak beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzea erabaki dezake, interes orokorreko proiektuak sustatzeko eta sareak eraginkorrak izatea bermatzeko.

156. artikulua (lehengo 129 D artikulua)

Kontseiluak, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, eta 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, 155. artikuluko 1. idatz-zatian aurreikusitako orientabideak eta gainerako neurriak hartuko ditu.

Erkidegoko estatu bateko lurraldeari dagozkion interes orokorreko orientabideak eta proiektuak onartzeko, dena delako estatu horren onarpena behar da.

XVI. TITULUA

INDUSTRIA

157. artikulua

1.- Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek Erkidegoko industriaren lehiakortasunerako beharrezko baldintzak bermatu behar dituzte.

Helburu horrekin, merkatu ireki eta lehiakorren sistemaren baitan, hauek izango dira bere ekintzaren xedeak:

- egituren aldaketetara industria egokitzeko modua bizkortzea;

- Erkidego osoko enpresen ekimen eta garapenerako egokia den giroa sustatzea, batez ere, enpresa txiki eta ertainetarako;

- enpresen arteko lankidetzarako egokia den giroa sustatzea;

- teknologiaren berrikuntzarako, ikerketarako eta garapenerako politiken industria-potentziala hobeto aprobetxatzeko erraztasunak ematea.

2.- Erkidegoko estatuek aholkua eskatuko diote elkarri Batzordearekin lankidetzan arituz, eta, premiazkoa denean, koordinatu egingo dituzte beren ekintzak. Batzordeak edozein ekimen onar dezake aipatutako koordinazioa sustatzeko baliagarria bada.

3.- Erkidegoak, itun honetako beste xedapen batzuen indarrez burututako politiken eta jardueren bidez, 1. idatz-zatian ezarritako helburuak lortzen lagunduko du. Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bat etorriz eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, neurri bereziak har ditzake, 1. idatz-zatian aipatutako helburuak gauzatzeko Erkidegoko estatuek burututako ekintzei laguntza emateko.

Titulu hau ez da oinarri izango Erkidegoak lehiakortasuna aizuntzeko neurriak hartu ahal izateko, ez eta soldatako langileen eskubide eta interesei buruzko neurriak hartzeko, nahiz zerga-xedapenak sortzeko moduko neurriak hartzeko.

XVII. TITULUA

EKONOMIA ETA GIZARTE KOHESIOA

158. artikulua

Erkidego osoaren garapen harmoniatsua sustatzeko, ekonomiaren eta gizartearen kohesioa indartzeko bideratutako ekintza garatuko du Erkidegoak, eta horretan jarraituko du.

Erkidegoa, bereziki, eskualdeen garapen-mailen arteko diferentziak gutxitzen ahaleginduko da, baita, baserri-aldeak barne direla, onurarik gutxieneko eskualde edo irlen atzerapena gutxitzen ere(37).

159. artikulua

Erkidegoko estatuek ekonomiari buruz bideratu eta koordinatuko duten politika, 158. artikuluan aipatutako helburuak lortzeko ere izango da. Erkidegoaren politikak eta ekintzak egin eta garatzerakoan, eta barne-merkatua garatzerakoan, 158. artikuluan aipatutako helburuak hartuko dira kontuan, eta horiek lortzen hartuko dute parte. Erkidegoak, halaber, helburu horiek lortzen lagunduko du, egiturak helburu dituzten funtsekin egindako jardueren bidez (Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsa, "Bideratze" saila; Europako Gizarte Funtsa; Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsa), Europako Inbertsio Bankuaren bidez, eta egon dauden beste finantza-tresnak erabiliz.

Hiru urtetik behin, Batzordeak txostena aurkeztuko die Europako Parlamentuari, Kontseiluari, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari, ekonomiaren eta gizartearen kohesioa lortzeko egindako aitzinamenduei buruz, eta artikulu honetan finkatutako baliabideek aitzinamenduok lortzen nola lagundu duten adierazteko. Beharrezkoa izanez gero, egokiak diren proposamenak gehituko zaizkio txosten horri.

Funtsetatik aparte berariazko ekintzak egiteko premiarik agertuko balitz, eta Erkidegoko beste politiken esparruan erabakitako neurrien kontra jarri gabe, Kontseiluak 251. artikuluan aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz onar ditzake ekintza horiek, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren.

160. artikulua

Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsa Erkidego barruko eskualdeen arteko desoreka nagusiak zuzentzen laguntzeko da, gutxi garatutako eskualdeen garapenean eta egituren egokitzapenean, eta gainbeheran dauden industria-eskualdeen birmoldaketan parte hartuz.

161. artikulua

Itun honetako 162. artikuluan ezarritakoaren kontra jarri gabe, Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenaren gainean, Europako Parlamentuaren aldeko irizpena jaso ondoren eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, egiturak helburu dituzten funtsen eginkizunak, eta funtsen lehentasunezko helburuak eta antolaketa zehaztuko ditu; eta antolaketaren ondorioz, metatu egin ahal izango dira funtsak. Kontseiluak, prozedura berberari jarraituz, funtsei aplika dakizkiekeen arau orokorrak ere zehaztuko ditu, baita funtsen eraginkortasuna bermatzeko beharrezko xedapenak, eta funtsak beren artean eta egon dauden beste finantza-tresnekin koordinatzeko xedapenak ere.

Prozedura berberari jarraituz Kontseiluak sortutako Kohesio Funts batek finantza-laguntzak emango ditu ingurumen-arloetako proiektuetarako, eta Europan batetik besterako sareetarako, garraio-azpiegiturei dagokienean.

Datorren 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, Kontseiluak gehiengo kualifikatuz erabakiko du, Batzordearen proposamenaren gainean, Europako Parlamentuak aldeko irizpena eman ondoren, eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatuta, baldin eta egun horretan onartuta badaude bai 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatzeko diren urte anitzetako finantza-perspektibak eta bai horretarako den erakunde arteko akordioa. Horrela gertatzen ez bada, aurreko guztia onartzen den egunean hasita aplikatuko da lerroalde honetan aurreikusitako prozedura.

162. artikulua

Kontseiluak hartuko ditu Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsari buruz aplikagarri diren erabakiak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren.

Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsaren "Bideratze" sailari, eta Europako Gizarte Funtsari dagokienez, hurrenez hurren 37 eta 148. artikuluetako xedapenek jarraituko dute aplikagarri izaten.

XVIII. TITULUA

IKERKETA ETA TEKNOLOGIAREN GARAPENA

163. artikulua

1.- Erkidegoaren helburu dira, bere industriaren zientzia-teknologietako oinarriak sendotzea, nazioartean daukan lehiakortasunaren garapenari laguntzea, eta itun honen gainerako kapituluen indarrez beharrezkotzat jotako ikerketa-ekintza guztiak sustatzea.

2.- Erkidegoak, horretarako, unibertsitateak, ikerketa-zentroak eta, txikiak eta ertainak barne, enpresak akuilatuko ditu lurralde osoan, kalitate handiko ikerketan eta teknologiaren garapenean egiten ari diren ahaleginetan; lankidetzan aritzeko egiten ari diren ahaleginak bultzatuko ditu, eta, bereziki, helburu hau jarriko du: barne-merkatuko potentzialitateak oso-osorik erabiltzeko aukera ematea enpresei, zehazki, estatuko kontratazio publikoak irekiz, arau bateratuak zehaztuz, eta lankidetza horren aurkako eragozpen juridiko eta fiskalak ezabatuz.

3.- Itun honen indarrez ikerketan eta teknologiaren garapenean egin daitezen Erkidegoko ekintza guztiak, erakusketak barne, titulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz erabaki eta gauzatuko dira.

164. artikulua

Aipatutako helburuak lortzeko, Erkidegoak ekintza hauek egingo ditu, eta Erkidegoko estatuetan hasitako ekintzak osatzeko izango dira:

a) ikerketarako, teknologiaren garapenerako eta erakusketarako egitarauak egitea, enpresekin, ikerketa-zentroekin eta unibertsitateekin lankidetzan arituz, eta entitateon arteko lankidetza sustatuz;

b) Erkidegoko ikerketa, teknologiaren garapena eta erakusketa dela-eta beste herrialde batzuekin eta nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzeko sustapena;

c) Erkidegoko ikerketa, teknologiaren garapena eta erakusketa dela-eta egindako jardueren emaitzak zabaldu eta ustiatzea;

d) Erkidegoko ikertzaileen prestakuntza eta mugigarritasuna akuilatzea.

165. artikulua

1.- Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek koordinatu egingo dute beren ekintza ikerketa-gaietan eta teknologiaren garapen-gaietan, estatuetako politiken eta Erkidegoko politikaren arteko koherentzia bermatzeko.

2.- Batzordeak, Erkidegoko estatuekin lankidetza estuan arituz, 1. idatz-zatian aurreikusitako koordinazioa sustatzeko egoki den edozein ekimen onartu ahal izango du.

166. artikulua

1.- Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, anitz urtetako egitarau orokorra finkatuko du, Erkidegoaren ekintza guztiak barne hartuta.

Egitarau orokorrak:

- itun honetako 164. artikuluan aipatutako ekintzen bidez lortu behar diren zientzia-teknologietako helburuak eta dagozkien lehentasunak finkatuko ditu

- ekintza horien gida-lerro nagusiak adieraziko ditu;

- batetik, egitarauaren gehienezko zenbateko osoa, eta, bestetik, Erkidegoak horren finantzaketan izango duen partea finkatuko ditu, baita aurreikusitako ekintza bakoitzari dagokion ehunekoa ere.

2.- Egoeren bilakaeraren arabera egokitu edo osatuko da egitarau orokorra.

3.- Ekintza bakoitzaren barruan garatutako berariazko egitarauen bidez gauzatuko da egitarau orokorra. Berariazko egitarau bakoitzak zehaztuko ditu bera gauzatzeko moduak, baita iraupena finkatu eta beharrezko iritzitako baliabideak aurreikusi ere. Berariazko egitarauetarako zehaztu eta beharrezko iritzitako zenbatekoen batuketak ezin izango du gainditu egitarau orokorrerako eta ekintza bakoitzerako finkatutako gehienezko zenbateko osoa.

4.- Kontseiluak onartuko ditu berariazko egitarauak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenaren gainean, eta Europako Parlamentuari eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren.

167. artikulua

Anitz urtetako egitarau orokorra gauzatzeko, Kontseiluak:

- enpresek, ikerketa-zentroek eta unibertsitateek parte hartzeko arauak finkatuko ditu;

- ikerketaren emaitzak zabaltzeko aplikatu ahal izango diren arauak finkatuko ditu.

168. artikulua

Anitz urtetako egitarau orokorra gauzatzerakoan, egitarau osagarriak onartu ahal izango dira, baina egitarauon finantzaketa berma dezaten Erkidegoko estatuek baino ezin izango dute parte hartu horietan, nahiz eta agian Erkidegoak parte hartu ahal izango duen.

Kontseiluak ezarriko ditu egitarau osagarriei aplikatzeko arauak, batez ere ezagupenak zabaltzeko denean, eta Erkidegoko beste estatu batzuk horietara iristeko denean.

169. artikulua

Anitz urtetako egitarau orokorra gauzatzerakoan, Erkidegoak, horretan interesa daukaten Erkidegoko estatuekin bat etorriz, Erkidegoko estatu batzuen artean hasitako ikerketako eta garapeneko egitarauetan parte hartzea aurreikusita utz dezake, aipatutako egitarauak gauzatzeko sortutako egituretan parte hartzea barne dela.

170. artikulua

Anitz urtetako egitarau orokorra gauzatzerakoan, Erkidegoko ikerketa, teknologiaren garapena eta erakusketa dela-eta, Erkidegoak beste herrialde batzuekin edo nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzea aurreikus dezake.

Lankidetza horretarako moduak itundu egin ditzakete Erkidegoaren eta beste herrialde edo nazioarteko erakunde horien artean, baina 300. artikuluaren arabera negoziatu eta lotuko dira.

171. artikulua

Erkidegoak enpresa bateratuak sor ditzake, edo beste edozein egitura, baldin eta Erkidegoko ikerketarako, teknologiaren garapenerako eta erakusketarako egitarauak zuzen gauzatzeko beharrezkotzat jotzen badira.

172. artikulua

Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenaren gainean, eta Europako Parlamentuari eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, 171. artikuluan aurreikusitako xedapenak onartuko ditu.

Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, 167, 168 eta 169. artikuluetan adierazitako xedapenak onartuko ditu. Egitarau osagarriak onartzeko, horretan interesa daukaten Erkidegoko estatuen adostasuna behar da.

173. artikulua

Urte bakoitzaren hasieran, Batzordeak txostena aurkeztuko die Europako Parlamentuari eta Kontseiluari. Txosten horrek, bereziki, aurreko urtean teknologiaren ikerketan eta garapenean eta emaitzak zabaltzen egindako jarduerak aipatuko ditu, baita urterako prestatutako lan-egitaraua ere.

XIX. TITULUA

INGURUMENA

174. artikulua

1.- Erkidegoaren politika, ingurumena dela-eta, helburu hauek lortzeko izango da:

- ingurumena zaindu, babestu, eta ingurumenaren kalitatea hobetzea;

- pertsonen osasuna babestea;

- naturako baliabideak zuhurtziaz eta zentzuz erabiltzea;

- ingurumena dela-eta munduan edo eskualdeka dauden arazoei aurre egiteko neurriak sustatzea nazioartean.

2.- Ingurumena dela-eta Erkidegoaren politikak edukiko duen helburua babes-maila handia lortzea da, Erkidegoko eskualdeetan dauden egoerak diferenteak direla kontuan hartuta. Printzipio hauek izango dira oinarri: batetik, zuhurtasun eta aurrezaintza printzipioak, bestetik, ahal bada, sorreran bertan, ingurumenaren kontrako erasoak zuzentzeko printzipioa, eta, hurren, kutsatzen duenak ordaindu egingo duela dioen printzipioa.

Testuinguru horretan, ingurumena babesteko eskakizunei erantzuteko beharrezkoak diren harmonizazio-neurrien artean, bidezko kasuetan, babes-arau bat sartuko da, Erkidegoko estatuei behin-behineko neurriak hartzeko baimena emanez, beti ere ekonomikoak ez diren ingurumenko arrazoiengatik denean, eta Erkidegoaren kontrol-prozedura baten menpe.

3.- Ingurumenari buruzko politika prestatzerakoan, Erkidegoak kontuan edukiko ditu:

- eskuragarri dauden zientzia-tekniketako datuak;

- Erkidegoko eskualdeetan ingurumenak bizi dituen baldintzak;

- ekintzaren ondorioz, edo ekintzarik gabe sor daitezkeen alde onak eta kostuak;

- Erkidego osoaren ekonomiaren eta gizartearen garapena, eta Erkidegoko eskualdeen garapen orekatua.

4.- Erkidegoa eta Erkidegoko estatuak, bakoitza bere eskumenen eremuan, lankidetzan arituko dira beste herrialde batzuekin eta eskumenak dauzkaten nazioarteko erakundeekin. Erkidegoak eta interesatuta dauden beste parteek elkarren artean itundu ditzakete Erkidegoaren lankidetza-moduak, baina 300. artikuluaren arabera negoziatu eta lotu beharko dira.

Aurreko lerroaldearen esanahia ez doa Erkidegoko estatuek nazioarteko erakundeetan negoziatzeko eta nazioarteko akordioak lotzeko dauzkaten eskumenen kontra.

175. artikulua

1.- Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, berak erabakiko ditu 174. artikuluan finkatutako helburuak lortzeko asmoz Erkidegoak egin beharreko ekintzak.

2.- Goiko 1. idatz-zatian ohartemanda utzi den erabakiak hartzeko prozedura ahaztu gabe, eta 95. artikuluaren kontra joan gabe, Kontseiluak neurri eta erabaki hauek hartuko ditu aho batez, Batzordearen proposamenaren gainean, eta Europako Parlamentuari, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren:

a) batez ere zerga arlokoak diren xedapenak;

b) beste neurri batzuk, hala nola:

- lurralde-antolamenduari daragitenak;

- ur-baliabideen kudeaketa kuantitatiboari buruzkoak, nahiz baliabide horien erabilgarritasunari zuzenean zein zeharka daragitenak;

- eta lurraren erabilpenari buruzko neurriak, hondakinen kudeaketa salbuespen dela;

c) Erkidegoko estaturen batek energia-iturri diferenteen artean aukeratzeko orduan eta estatu horretako energia-horniduraren egitura orokorrean eragin nabaria daukaten neurriak.

Kontseiluak, beti ere lehenengo lerroaldean aurreikusitako baldintzetan diharduela, zehaztu egin dezake zeintzuk diren gehiengo kualifikatua behar duten erabakiak, idatz-zati honetan aipatutako gaiez erabakiak hartzeko.

3.- Beste eremu batzuetan, Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren, lortu beharreko lehentasunezko helburuak finkatuko dituzten ekintza-egitarau orokorrak onartuko ditu.

Kontseiluak, 1. idatz-zatian edo 2. idatz-zatian aurreikusitako baldintzetan, kasu bakoitzaren arabera, aipatutako egitarauak gauzatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu.

4.- Erkidego osorako zenbait neurriren kontra jarri gabe, Erkidegoko estatuek beren kontura edukiko dute ingurumenari buruzko politika finantzatu eta gauzatzea.

5.- Kutsatzen duenak ordaindu egingo duela dioen printzipioaren kontra joan gabe, 1. idatz-zatian xedatutakoaren arabera hartutako neurriren batek sortutako kostuak Erkidegoko estatu bateko herri-agintarientzat tamainaz kanpokoak direla uste izanez gero, Kontseiluak, aipatutako neurria hartzen den unean bertan, egokiak diren beste xedapen batzuk onartuko ditu:

- aldi baterako salbuespenak ezarriz,

- edo finantza-laguntzak emanez, 161. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz sortutako Kohesio Funtsaren pentzutan; edo aukera biak onar ditzake.

176. artikulua

Itun honetako 175. artikuluaren indarrez hartutako babes-neurriak ez dira eragozpen izango Erkidegoko estatu bakoitzak babes gehiagoko neurriak erabiltzen jarraitzeko eta halakoak hartzeko. Aipatutako neurriak itun honekin bateratzeko modukoak izan behar dira, eta Batzordeari eman behar zaio horien berri.

XX. TITULUA

GARAPENERAKO LANKIDETZA

177. artikulua

1.- Garapenerako lankidetzari buruz Erkidegoak daukan politika Erkidegoko estatuek dauzkaten politiken osagarri izango da, eta:

- garapen-bidean dauden herrialdeen ekonomiaren eta gizartearen garapen iraunkorraren alde jokatuko du, eta, batez ere, egoerarik txarrenean aurkitzen direnen garapenaren alde;

- garapen-bidean dauden herrialdeei munduko ekonomian harmonian eta arian-arian sartzen lagunduko die;

- garapen-bidean dauden herrialdeen pobreziaren kontra borrokatuko du.

2.- Eremu honetan Erkidegoak daukan politikak demokrazia eta zuzenbideko estatua garatu eta indartzeko helburu orokorra lortzen lagunduko du, baita giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatzen ere.

3.- Nazio Batuetan eta nazioarteko beste erakunde eskumendun batzuetan hartutako konpromisoak beteko dituzte Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek, eta haietan onartutako helburuak edukiko dituzte kontuan.

178. artikulua

Itun honetako 177. artikuluan adierazitako helburuak hartuko ditu kontuan Erkidegoak, garapen-bidean aurkitzen diren herrialdeei eragin diezaieketen politikak aplikatzeko orduan.

179. artikulua

1.- Itun honetako gainerako xedapenen kontra jarri gabe, Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, 177. artikuluan aipatutako helburuak lortzeko beharrezko neurriak hartuko ditu. Neurri horiek anitz urtetako egitarau moduan eratu ahal izango dira.

2.- Europako Inbertsio Bankuak, bere estatutuetan aurreikusitako baldintzetan, 1. idatz-zatian adierazitako ekintzak betetzen lagunduko du.

3.- Artikulu honetako xedapenek ez diote eragingo AKOB-EE Hitzarmenaren esparruan Afrikako, Karibeko eta Ozeano Bareko herrialdeekin itundutako lankidetzari.

180. artikulua

1.- Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek koordinatu egingo dituzte garapenerako lankidetzari buruzko beren politikak, eta itundu egingo dituzte beren laguntza-egitarauak, baita nazioarteko erakundeetan eta nazioarteko biltzarretan denean ere. Ekintza bateratuei heldu ahal izango diete.

Erkidegoko estatuek, beharrezkoa bada, Erkidegoko laguntza-egitarauak gauzatzen lagunduko dute.

2.- Batzordeak edozein ekimen onar dezake, 1. idatz-zatian aipatutako koordinazioa sustatzeko egokia bada.

181. artikulua

Bakoitzak bere eskumenen eremuan, Erkidegoa eta Erkidegoko estatuak lankidetzan arituko dira beste herrialde batzuekin eta eskumenak dauzkaten nazioarteko erakundeekin. Erkidegoaren lankidetza-moduak itundu egin ditzakete Erkidegoaren eta interesatuta dauden beste parteen artean, baina 300. artikuluaren arabera negoziatu eta lotu behar dira.

Aurreko lerroaldearen esanahia ez doa Erkidegoko estatuek nazioarteko erakundeetan negoziatzeko eta nazioarteko akordioak lotzeko dauzkaten eskumenen kontra.

XXI. TITULUA

BESTE HERRIALDEEKIKO LANKIDETZA; EKONOMIA, FINANTZETA ETA TEKNIKAKO ARLOETAN

181 A artikulua

1.- Itun honetako gainerako xedapenen eta batez ere XX. tituluko xedapenen aurka jarri gabe, Erkidegoak, bere eskumenen eremuan, beste herrialdeekiko lankidetza-ekintzak beteko ditu ekonomia, finantza eta teknikako arloetan. Erkidegoko estatuek egindakoen osagarri izango dira ekintza horiek eta Erkidegoaren garapen-politikaren baitan egindakoak.

Eremu horretan Erkidegoak egindako politikak demokrazia eta Zuzenbideko Estatua garatzeko eta sendotzeko helburu nagusia lortzen lagunduko du, baita giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatzen ere.

2.- Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordeak proposatuta eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, 1. idatz-zatia aplikatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu. Kontseiluak aho batez lotuko ditu 310. artikuluan aipatutako elkarteen gaineko akordioak, baita Batasunera atxikitzeko izangai diren estatuekin egin beharreko akordioak ere.

3.- Bakoitzak bere eskumenen eremutik irten gabe, Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek beste herrialdeekin eta nazioartean eskumenak dituzten erakundeekin lankidetzan jardungo dute. Erkidegoak akordio bidez lotu ahal izango ditu lankidetza-moduak beste herrialde eta erakundeekin, 300. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz negoziatu eta gauzatuta.

Lehenengo lerroaldeak ez du eraginik izango Erkidegoko estatuek nazioarteko erakundeekin negoziatzeko eta nazioarteko akordioak lotzeko dauzkan eskumenen gainean.

LAUGARREN ZATIA

ITSASOZ HARAINDIKO HERRIALDE ETA LURRALDEEN ELKARTEA

182. artikulua

Europakoak izan gabe, Danimarkarekin, Frantziarekin, Herbehereekin eta Erresuma Batuarekin harreman bereziak dauzkaten herrialdeak eta lurraldeak Erkidegoarekin elkartzea erabaki dute Erkidegoko estatuek. Aipatutako herrialde eta lurralde horiei aurrerantzean "herrialde eta lurralde" deituko zaie, eta itun honetako II. eranskina osatzen duen zerrendan jasotzen dira beren izenak.

Elkartearen helburua herrialdeen eta lurraldeen ekonomiaren eta gizartearen garapena sustatzea izango da, baita herrialde eta lurraldeok eta Erkidego osoak elkarren artean ekonomiari buruz harreman estuak ezartzea ere.

Itun honetako atarikoan adierazitako printzipioekin bat etorriz, elkarteak, lehenengo eta behin, herrialde eta lurralde horietako biztanleen interesak eta oparotasuna gehitzen lagundu behar du, lortu nahi duten garapena iritsi dezaten ekonomian, gizartean eta kulturan.

183. artikulua

Elkartea helburu hauek lortzen ahaleginduko da:

1.- Erkidegoko estatuek, herrialde eta lurralde horiekin izango dituzten merkataritzako trukaketetan, itun honen indarrez elkarren artean onartutako trukaketa-sistema aplikatuko dute.

2.- Herrialde edo lurralde bakoitzak, berarekin harreman bereziak dauzkan Europako estatuari aplikatzen dion trukaketa-sistema aplikatuko du Erkidegoko estatuekin eta beste herrialde eta lurraldeekin izango dituen merkataritzako trukaketetan ere.

3.- Herrialde eta lurralde horiek arian-arian garatzeko behar dituzten inbertsioak egiten lagunduko diete lurraldeoi Erkidegoko estatuek.

4.- Erkidegoak finantzatutako inbertsioen kasuan, Erkidegoko estatuetako edo herrialde eta lurralde horietako herritartasuna daukaten pertsona fisiko eta juridiko guztiei irekitzen zaie, baldintza berberetan, lanak, zerbitzuak eta horniketak esleitzeko deialdietan parte hartzeko aukera.

5.- Erkidegoko estatuen eta herrialde eta lurralde horien arteko harremanetan, herritarrek eta sozietateek kokatzeko daukaten eskubidea kokatzeko eskubideari buruzko kapituluan aurreikusitako xedapenekin eta prozedura-arauekin bat etorriz arautuko da, bereizkeriarik eza oinarrian dela, eta 187. artikuluaren indarrez onar daitezen xedapen berezien kontra joan gabe.

184. artikulua

1.- Herrialde eta lurralde horietako salgaien inportazioek, Erkidegoko estatuetan sartzen direnean, itun honetako xedapenekin bat etorriz Erkidegoko estatuen artean aduana-sariei ezarritako debekuaren onurak izango dituzte.

2.- Herrialde eta lurralde horietako bakoitzean Erkidegoko estatuetako eta beste herrialde eta lurraldeetako inportazioak sartzen direnean, inportazioak kargatzeko diren aduana-sariak debekatuta utziko dira, 25. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.- Hala ere, herrialde eta lurralde horiek aduana-sariak jaso ahal izango dituzte, beren garapen-premiak betetzeko eta beren industrializazioaren beharrizanak betetzeko badira, edo zerga izaerako sariak jaso ahal izango dituzte beren aurrekontuak hornitzeko badira.

Aurreko lerroaldean aipatutako eskubideak ezin dira izan herrialde edo lurralde bakoitzak harreman bereziak dauzkan Erkidegoko estatuko produktuen inportazioak kargatzeko aplikatzen direnak baino handiagoak.

4.- Nazioarteko betebehar berezietara lotuta daudela-eta bereizkeriarik gabeko aduanako tarifak aplikatzen ari diren herrialde eta lurraldeei ez zaie aplikatuko 2. idatz-zatia.

5.- Herrialde eta lurralde horiek inportatutako salgaiak kargatzeko aduana-sariak ezartzearekin edo aldatzearekin ez da zuzeneko edo zeharkako bereizkeriarik sortu behar, egitez edo zuzenbidez, Erkidegoko estatuetako inportazioen artean.

185. artikulua

Baldin eta beste hirugarren herrialde bateko salgaiak herrialde edo lurralde horietakoren batera sartzean aplika dakizkiekeen aduana-sarien zenbatekoa, 184. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoa kontuan hartuta, Erkidegoko estaturen baten kaltetan merkataritzako trafikoa desbiderarazteko bestekoa bada, estatu horrek eskabidea egin ahal izango dio Batzordeari, Erkidegoko beste estatuei egoera hura zuzentzeko beharrezko neurriak hartzeko proposamena egin diezaien.

186. artikulua

Osasun publikoari, segurtasun publikoari eta ordena publikoari buruzko xedapenen aurka jarri gabe, Erkidegoko estatuen aho bateko adostasuna beharko duten geroko hitzarmenak izango dira arau, herrialde eta lurralde horietako langileak Erkidegoko estatuetan askatasunez ibiltzeko, eta Erkidegoko estatuetako langileak herrialde eta lurralde horietan askatasunez ibiltzeko.

187. artikulua

Herrialde eta lurralde horiek Erkidegoarekin elkartzeko esparruan lortutako emaitzak ikusita, eta itun honetan jasotako printzipioak oinarri direla, Kontseiluak, aho batez, herrialde eta lurralde horiek Erkidegoarekin elkartzeko moduei eta prozedurari buruzko xedapenak onartuko ditu.

188. artikulua

Itun honetako 182. artikulutik 187. artikulura artekoetako xedapenak Groenlandiari aplikatu ahal izango zaizkio, Groenlandiari aplika dakiokeen araubide bereziari buruzko Protokoloan Groenlandiarako ageri diren berariazko xedapenen kontra joan gabe; itun honen eranskin moduan dator protokoloa.

BOSGARREN ZATIA

ERKIDEGOKO INSTITUZIOAK

I. TITULUA

INSTITUZIOEI BURUZKO XEDAPENAK

I. Kapitulua

INSTITUZIOAK

LEHENENGO ATALA

EUROPAKO PARLAMENTUA

189. artikulua

Europako Parlamentuak, Erkidegoan bildutako estatuetako herrietako ordezkariez osatuta, itun honek ematen dizkion eskumenak beteko ditu.

Europako Parlamentuko kideen kopurua ez da zazpiehun eta hogeita hamabitik gorakoa izango.

190. artikulua

1.- Erkidegoan bildutako estatuetako herriek Europako Parlamentuan izango dituzten ordezkariak guztien zuzeneko botoez hautatuko dira.

2.- Erkidegoko estatu bakoitzean hautatuko den ordezkari-kopurua hauxe da:

Belgikan 24

Txekiar Errepublikan 24

Danimarkan 14

Alemanian 99

Estonian 6

Grezian 24

Espainian 54

Frantzian 78

Irlandan 13

Italian 78

Zipren 6

Letonian 9

Lituanian 13

Luxenburgon 6

Hungarian 24

Maltan 5

Herbehereetan 27

Austrian 18

Polonian 54

Portugalen 24

Eslovenian 7

Eslovakian 14

Finlandian 14

Suedian 19

Erresuma Batuan 78

Idatz-zati honetan aldaketarik sartzen bada, Erkidegoan bildutako estatuetako herrien ordezkaritza egokia izango dela bermatu behar du Erkidegoko estatu bakoitzean hautatutako ordezkari-kopuruak.

3.- Bost urteko aldi baterako hautatuko dira ordezkariak.

4.- Europako Parlamentuak egitasmoa prestatuko du ordezkariak guztien zuzeneko botoez hautatu ahal izateko, hain zuzen Erkidegoko estatu guztietan prozedura berdina jarraituz, edo Erkidegoko estatu guztietarako jarritako printzipio bateratuekin bat etorriz hautatzeko.

Kontseiluak, Europako Parlamentuaren aldeko irizpena jaso ondoren -kideen gehiengoz hartu behar du erabaki hori Parlamentuak-, aho batez ezarriko ditu horretarako bidezko diren xedapenak, eta xedapenok onartzeko gomendioa egingo die Erkidegoko estatuei, bakoitzak bere konstituzioko arauekin bat etorriz hain zuzen ere.

5.- Europako Parlamentuak finkatuko ditu bertako kideen eginkizunak betetzeko baldintza orokorrak eta estatutua, Batzordearen irizpena jaso ondoren, eta Kontseiluak gehiengo kualifikatuz onartuta. Bai momentuko kideen zein aurretiko kideen zerga-araubideari buruzko arau eta baldintza guztiak Kontseiluak erabakiko ditu aho batez.

191. artikulua

Europa mailako alderdi politikoak garrantzi handikoak dira Batasunean, integratzeko faktore direlako. Europaren kontzientzia sortzen laguntzen dute alderdi horiek, eta Batasuneko herritarren gurari politikoak adierazten dituzte.

Itun honetako 251. artikuluan aurreikusitako prozedurarekin bat etorriz, Kontseiluak ezarriko ditu Europa mailako alderdi politikoen estatutua, eta bereziki alderdion finantzaketari buruzko arauak.

192. artikulua

Itun honetan horrela ezarrita dagoen heinean, Erkidegoaren egintzak onartzera daraman prozesuan hartuko du parte Europako Parlamentuak, bai 251 eta 252. artikuluetan aurreikusitako prozeduren eremuan bere eskurantzez baliatuz, eta bai aldeko irizpenak edo aholku-irizpenak emanez.

Europako Parlamentuak, bertako kideen gehiengoaren erabakiz, itun hau aplikatzeko, bere iritziz, Erkidegoaren egintzaren bat behar duen edozein gairi buruz proposamen egokiak aurkezteko eskatu ahal izango dio Batzordeari.

193. artikulua

Europako Parlamentuak, bere eginkizunak betetzerakoan, eta bertako kideen laurdenak hala eskatuta, ikerketarako aldi baterako batzordea eratu ahal izango du, itun honek beste instituzio edo organoei emandako eskumenen kontra joan gabe, Erkidegoko Zuzenbidea aplikatzerakoan arau-hausterik edo administrazio txarrik egon denentz ikusteko aurkeztutako alegazioak aztertzeko; alegatutako egintzen gainean jurisdikzio-organoren batek badihardu, salbuespen moduan hartu behar da, harik eta jurisdikzio-prozedura amaitu arte.

Ikerketarako aldi baterako batzordeak txostena aurkezteaz batera desegingo da batzorde hori.

Ikerketa-eskubidea gauzatzeko moduak Europako Parlamentuaren, Kontseiluaren eta Batzordearen artean zehaztuko dira, guztion adostasunez.

194. artikulua

Batasuneko edozein herritarrek, eta Erkidegoko estaturen batean bizi edo egoitza soziala daukan edozein pertsona fisiko zein juridikok, berak bakarrik edo beste herritar edo pertsona batzuekin elkartuta, eskubidea dauka Erkidegoaren jardun-eremuetako edozein gairi buruz Europako Parlamentuari eskabidea aurkezteko, berari zuzenean dagokion gaia bada.

195. artikulua

1.- Europako Parlamentuak Arartekoa izendatuko du; eta Batasuneko edozein herritarren, edo Erkidegoko estaturen batean bizi edo egoitza soziala daukan den edozein pertsona fisiko edo juridikoren erreklamazioak jasotzeko ahalmena izango du Arartekoak, Erkidegoko instituzioen edo organoen jardunean izandako administrazio txarreko kasuei buruz; Justizia Auzitegia eta Lehen Auzialdiko Auzitegia salbuespen dira beren jurisdikzioko eginkizunetan dihardutenean.

Arartekoak, bere eginbeharren arabera, bere ustez nahiko arrazoizkoak diren ikerketak egingo ditu, bai bere ekimenez, bai zuzenean edo Europako Parlamentuko kideren baten bidez jasotako erreklamazioak oinarri direla, alegatutako ekintza horiek jurisdikzio-prozeduraren baten xede badira edo izan badira izan ezik. Administrazio txarreko kasuren bat egon dela frogatzen badu Arartekoak, jakinaren gainean jarriko du dagokion instituzioa, eta horrek hiru hilabeteko epea izango du Arartekoari bere jarrera azaltzeko. Jarraian, Arartekoak txostena bidaliko die Europako Parlamentuari eta dagokion instituzioari. Erreklamazioa sortarazi duen pertsonari ikerketon emaitzaren berri emango zaio.

Arartekoak urtero aurkeztuko dio Europako Parlamentuari berak egindako ikerketen emaitzari buruzko txostena.

2.- Europako Parlamentua hautatzen den bakoitzean eta hautatu ondoren izendatuko da Arartekoa, legegintzaldi osorako. Arartekoaren agintaldia berritu egin daiteke.

Europako Parlamentuak eskatuta, Justizia Auzitegiak kargutik kendu lezake Arartekoa, baldin eta Arartekoak bere eginkizunak betetzeko beharrezko baldintzak betetzeari utzi badio, edo arau-hauste larriren bat egin badu.

3.- Lokabetasun osoz beteko ditu Arartekoak bere eginkizunak. Eginkizun horiek betetzeko ez du eskatuko, ez eta onartu ere inongo erakunderen jarraibiderik. Arartekoak, bere agintaldian, ezin izango du beste inolako lanbide-jarduerarik burutu, ez ordaindutakoa, ez ordaindu gabea izanda ere.

4.- Europako Parlamentuak finkatuko ditu Arartekoaren eginkizunak betetzeko baldintza orokorrak eta estatutua, Batzordearen irizpena jaso ondoren, eta Kontseiluak gehiengo kualifikatuz emandako onarpenarekin.

196. artikulua

Europako Parlamentuak bilkura-aldi bat egingo du urtero. Aldez aurretiko dei beharrik gabe, martxoko bigarren asteartean bilduko da.

Europako Parlamentua ohiz kanpoko bilkura-aldietan bildu ahal izango da, bertako kideen gehiengoak, Kontseiluak edo Batzordeak eskatuta.

197. artikulua

Europako Parlamentuak bertako kideen artetik izendatuko ditu lehendakaria eta Mahaia.

Bilkura guztietara joan daitezke Batzordeko kideak, eta Batzordearen izenean entzungo zaie, hala eskatzen badute.

Europako Parlamentuak edo bertako kideek egindako galdera guztiei erantzungo die Batzordeak hitzez edo idatziz.

Europako Parlamentuak Kontseiluari entzungo dio, Kontseiluak bere barne-erregelamenduan ezarritako baldintzetan.

198. artikulua

Itun honetan kontrakorik xedatu ezik, emandako botoen gehiengo osoz erabakiko du Europako Parlamentuak.

Barne-erregelamenduak finkatuko du quoruma.

199. artikulua

Europako Parlamentuak barne-erregelamendua finkatuko du, Parlamentua osatzen duten kideen gehiengoak onartuta.

Europako Parlamentuaren agiriak erregelamendu horretan aurreikusitako moduan argitaratuko dira.

200. artikulua

Europako Parlamentuak bilkura publikoan eztabaidatuko du Batzordeak aurkeztuko dion urteroko txosten orokorra.

201. artikulua

Europako Parlamentuak, Batzordearen kudeaketari buruzko gaitzespen-moziorik aurkezten bazaio, mozioa aurkezten zaionetik gutxienez hiru egun igaro arte ezin izango du erabaki, eta bozketa publikoan erabakiko du.

Baldin eta, Europako Parlamentua osatzen duten kideen gehiengoa ordezkatuz, emandako botoen bi herenen gehiengoz onartzen bada gaitzespen-mozioa, Batzordeko kideek, denek batera, uko egin behar diete karguei. Batzordeko kideok ohiko administrazioko gaiak erabakitzen jarraituko dute harik eta 214. artikuluaren arabera ordezkatuak izan arte. Kasu horretan, ordezkoa egiteko izendatutako Batzordeko kideen agintaldia amaitu, beren karguei denak batera uko egitera behartuta egon diren Batzordeko kideen agintaldia amaitzen den egunean amaituko da.

BIGARREN ATALA

KONTSEILUA

202. artikulua

Itun honetan ezarritako helburuak beteko direla bermatzeko, eta ituneko xedapenekin bat etorriz, Kontseiluak:

- Erkidegoko estatuen ekonomiari buruzko politika orokorren koordinazioa bermatuko du;

- erabakiak hartzeko ahalmena edukiko du;

- Kontseiluak berak ezarritako arauak betearazteko eskumenak emango dizkio Batzordeari, Kontseiluak onartutako egintzei dagokienean(47). Baldintza batzuen menpe jar ditzake Kontseiluak eskumen horiek gauzatzeko moduak. Kontseiluak, halaber, berariazko kasu batzuetan, beretzat gorde lezake arauak betearazteko eskumenak zuzenean gauzatzea. Batzordearen proposamenaren gainean eta Europako Parlamentuaren irizpena jaso ondoren, Kontseiluak aldez aurretik eta aho batez ezarritako printzipio eta arauen araberakoak izan behar dira goian aipatutako baldintzak.

203. artikulua

Erkidegoko estatu bakoitzeko ministro mailako ordezkari banaz osatuko da Kontseilua, eta ordezkari horrek Erkidegoko bere estatuko gobernua konprometitzeko ahalmena edukiko du.

Kontseiluan dauden Erkidegoko estatu guztiek banan-banan eta txandaka beteko dute lehendakaritza, sei hilabeteko aldietan, Kontseiluak aho batez onartutako hurrenkeraren arabera.

204. artikulua

Kontseiluko lehendakariak dei eginda bilduko da Kontseilua, lehendakariaren ekimenez, kideetako batek eskatuta, edo Batzordeak eskatuta.

205. artikulua

1.- Itun honetan kontrakorik xedatu ezik, Kontseilua osatzen duten kideen gehiengoz hartuko ditu Kontseiluak akordioak.

2.- Kontseiluak akordioren bat gehiengo kualifikatuz hartu behar duenean, honela haztatuko dira kideen botoak:

Belgika 12

Txekiar Errepublika 12

Danimarka 7

Alemania 29

Estonia 4

Grezia 12

Espainia 27

Frantzia 29

Irlanda 7

Italia 29

Zipre 4

Letonia 4

Lituania 7

Luxenburgo 4

Hungaria 12

Malta 3

Herbehereak 13

Austria 10

Polonia 27

Portugal 12

Eslovenia 4

Eslovakia 7

Finlandia 7

Suedia 10

Erresuma Batua 29

Kontseiluaren akordioak hartu ahal izateko, Itun honen arabera Batzordearen proposamenez onartuak izan behar dutenean, gutxienez, 232 boto beharko dira alde, betiere, kopuru horretan kideen gehiengoa ordezkatuta dagoela. Gainerako kasuetan, gutxienez, 232 boto beharko dira alde, kopuru horretan gutxienez kideen bi heren ordezkatuta daudela.

Kontseiluaren akordioak onartzeko, gutxienez:

- hirurogeita bi boto behar dira, itun honen indarrez Batzordearen proposamenaren gainean onartu behar direnean;

- hirurogeita bi boto behar dira, eta Erkidegoko hamar estaturen aldeko botoak adierazi behar dituzte gutxienez, beste kasu guztietan.

3.- Bildutako edo ordezkatutako kideen abstentzioek ez diote eragotziko Kontseiluari aho batezkoa behar duten akordioak hartzea.

4. Kontseiluak erabaki bat gehiengo kualifikatuz onartzen duenean, Kontseiluko edozein kidek eskatu ahal izango du egiazta dadin gehiengo kualifikatua osatzen duten estatu kideek gutxienez Batasuneko biztanleria osoaren % 62 ordezkatzen dutela. Baldintza hori betetzen ez dela agerian geratzen bada, aipatutako erabaki hori ez da onartuko.

206. artikulua (lehengo 150. artikulua)

Kontseiluko kide bakoitzak, bozketan, beste kideetako bakar baten ordezkotzan baino ezin du jardun.

207. artikulua

1.- Erkidegoko estatuetako ordezkari iraunkorrek osatutako lantaldea arduratuko da Kontseiluko lanak prestatzeaz, eta Kontseiluak agindutako eginkizunak betetzeaz. Lantaldeak prozeduraren gaineko erabakiak har ditzake, Kontseiluko barne- erregelamenduan ezarritako kasuetan.

2.- Kontseiluak idazkaritza nagusi bat edukiko du, idazkari nagusiaren zuzendaritzapean, eta atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratuko goi ordezkari izango da bera; hari idazkariorde nagusi batek lagunduko dio, eta idazkariordetza nagusiaren kudeaketaren arduraduna izango da. Kontseiluak izendatuko ditu idazkari nagusia eta idazkariorde nagusia, gehiengo kualifikatuz.

Kontseiluak erabakiko du idazkaritza nagusiaren antolaketa.

3.- Kontseiluak barne-erregelamendua egingo du.

Itun honetako 255. artikuluko 3. idatz-zatia aplikatu ahal izateko, erregelamendu horretan finkatuko ditu Kontseiluak herritarrek Kontseiluko agirietara iristeko bete beharreko baldintzak. Idatz-zati honen ondorioetarako, Kontseiluak zehaztuko du zein kasutan ulertu behar den legegintza-gaitasunaz diharduela Kontseiluak, kasu horietan agirietara errazago iritsi ahal izan dadin, erabakiak hartzeko prozesuaren eraginkortasuna gutxitu gabe. Nolanahi ere, Kontseiluak legegintza-gaitasunaz diharduenean, jendaurrera aterako dira bozketen emaitzak eta botoen azalpenak, baita aktan jasotako adierazpenak ere.

208. artikulua

Kontseiluaren ustez helburu bateratuak lortzeko bidezko diren azterlan guztiak egin ditzala eskatu ahal izango dio hark Batzordeari, eta kasu bakoitzean dagozkion proposamenak berari proposa diezazkiola.

209. artikulua

Kontseiluak ezarriko ditu itun honetan aurreikusitako lantaldeen estatutuak, Batzordearen irizpena jaso ondoren.

210. artikulua

Kontseiluak finkatuko ditu, gehiengo kualifikatuz, Batzordeko lehendakariaren eta kideen soldatak, sariak eta pentsioak, baita Justizia Auzitegiko lehendakariaren, epaileen, abokatu nagusien eta idazkariarenak, eta Lehen Auzialdiko Auzitegiko kideen eta idazkariarenak ere. Gehiengo horrekin finkatuko du, halaber, lansari gisako beste edozein ordainketa ere.

HIRUGARREN ATALA

BATZORDEA

211. artikulua

Merkatu bateratuaren jarduera eta garapena bermatzeko, Batzordeak:

- itun honetako xedapenak, eta itun honen indarrez instituzioek onartutako xedapenak aplikatzeko ardura hartuko du;

- itun honetan jasotako gaiei buruz gomendioak egingo ditu edo irizpenak emango ditu, itunean berariaz horrela aurreikusita badago, edo Batzordeak beharrezkotzat jotzen badu;

- erabakiak hartzeko berezko ahalmena edukiko du, eta Kontseiluko eta Europako Parlamentuko egintzak taxutzen hartuko du parte itun honetan aurreikusitako baldintzetan;

- Kontseiluak ezarritako arauak gauzatzeko berak emandako eskumenez baliatuko da.

212. artikulua

Batzordeak urtero argitaratuko du Erkidegoaren jarduerei buruzko txosten orokorra, Europako Parlamentuko bilkura-aldia ireki baino hilabete lehenago gutxienez.

213. artikulua

1.- Batzordea hogei kidek osatuko dute, beren gaitasun orokorragatik hautatuak, eta zalantzarik gabeko lokabetasuna agertu behar dute.

Batzordeko kideen kopurua aldatu egin lezake Kontseiluak, aho batez.

Erkidegoko estatuetako herritarrak baino ezin dira izan Batzordeko kide.

Erkidegoko estatuetako kide bana egon behar da gutxienez Batzordean, eta estatu bereko herritartasuna daukaten kideen kopurua ezin da izan bitik gorakoa.

2.- Batzordeko kideek erabateko lokabetasunez bete behar dituzte beren eginkizunak, eta Erkidegoaren interes orokorraren alde.

Batzordeko kideek, beren betebeharrak betetzerakoan, ezin izango dute eskatu ez eta onartu ere inongo gobernuren ez inongo erakunderen jarraibiderik. Beren eginkizunen izaerarekin bateragarriak ez diren egintza guztiak alde batera utziko dituzte. Erkidegoko estatu bakoitzak printzipio hori errespetatzeko konpromisoa hartzen du, eta Batzordeko kideengan eraginik ez sortzeko konpromisoa ere bai, kideok beren eginkizunak betetzen dihardutenean.

Batzordeko kideek, beren agintaldian, ezin izango dute beste inolako lanbide-jarduerarik burutu, ez ordaindutakorik, ez ordaindu gaberik. Batzordeko kideek, beren eginkizunak bereganatzerakoan, bai agintaldiak dirauen artean, eta bai agintaldia amaitu eta gero ere, beren kargutik sortutako betebeharrak errespetatzeko konpromisoa hartuko dute zinez, eta, bereziki, agintaldia amaitu ondoren zenbait eginkizun edo onura onartzeari dagokionez zintzotasunez eta zuhurtasunez jokatzeko konpromisoa. Betebehar horiek bete ezik, Kontseiluaren edo Batzordearen eskariz, kasuen arabera, delako kideak kargua utzi behar duela adieraz lezake Justizia Auzitegiak, 216. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, edo pentsioa edo ordezko beste edozein onura jasotzeko eskubiderik gabe utz lezake kidea.

214. artikulua

1.- Batzordeko kideak bost urterako izendatuko dira, 2. idatz-zatian aurreikusitako prozeduraren arabera, 201. artikuluan xedatutakoaren kontra jarri gabe, kasua hori bada.

Berritu egin daiteke Batzordeko kideen agintaldia.

2.- Kontseiluak, estatuburu edo gobernuburuak bilduta direla eta gehiengo kualifikatuz, Batzordeko lehendakari izendatzeko proposamena noren alde egin esango du; Europako Parlamentuak onartu beharko du izendapen hori.

Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz eta izendatutako lehendakariarekin bat etorriz, Batzordeko kide izendatzeko proposatutako pertsonen zerrenda onartuko du, eta Erkidegoko estatu bakoitzak aurkeztutako proposamenekin bat etorriz egin behar du zerrenda.

Era horretan aukeratutako batzordeko lehendakaria eta gainerako kideak, talde gisa, Europako Parlamentuaren onarpen-botoaren menpe jarriko dira. Behin Europako Parlamentuaren onarpena lortu eta gero, Kontseiluak izendatuko ditu Batzordeko lehendakaria eta gainerako kideak, gehiengo kualifikatuz.

215. artikulua

Aldikako berrikuntza-kasuak eta heriotza-kasuak alde batera utzita, Batzordeko kideen agintaldia banan-banan amaituko da, bakoitzak bere borondatez kargua uzten duenean, edo uztera behartzen denean.

Kontseiluak gehiengo kualifikatuz izendatutako kide berri batek ordezkatuko du kargua utzi, kargutik kendu edo hildako kidea, hari agintaldia amaitzeko falta zaion denborarako. Kontseiluak, aho batez, ordezkapen hori egiteko arrazoirik ez dagoela erabaki lezake.

Lehendakariak kargua uzten duenean, kargutik kentzen denean, zein hiltzen denean, agintaldia amaitzeko falta zaion denborarako ordezkatuko da. Eta 214. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusitako prozedura aplikatu ahal izango da ordezkapen horretarako.

Itun honetako 216. artikuluan aurreikusitako moduan norbait kargutik kentzen denean izan ezik, Batzordeko kideek karguan jarraituko dute ordezkapena egin arte, edo Kontseiluak, artikulu honetako bigarren lerroaldearekin bat etorriz, ordezkapenik ez egitea erabaki arte.

216. artikulua (lehengo 160. artikulua)

Kontseiluak edo Batzordeak eskatuta, Justizia Auzitegiak kargutik kendu lezake Batzordeko edozein kide, baldin eta kide horrek bere eginkizunak betetzeko beharrezko baldintzak betetzeari utzi badio, edo arau-hauste larriren bat egin badu.

217. artikulua

1.- Batzordeak bere lehendakariaren gidaritza politikoaren menpe beteko ditu bere funtzioak. Lehendakariak erabakiko du Batzordearen barne-antolaketa, Batzordearen ekintzaren koherentzia, eraginkortasuna eta kolegialtasuna bermatzeko.

2.- Lehendakariak egituratu eta banatuko ditu Batzordeari dagozkion erantzukizunak bertako kideen artean. Lehendakariak bere agintaldian erantzukizun horiek behin baino gehiagotan berrantolatzeko ahalmena du. Lehendakariak egotzitako funtzioak bete behar dituzte Batzordeko kideek, lehendakariaren agintaritzaren pean.

3.- Kolegioak aurrez onarpena emanda, lehendakariak izendatuko ditu lehendakariordeak Batzordeko kideen artetik.

4.- Batzordeko kide orok bere kargua utziko du, lehendakariak hala egitea eskatzen badie, beti ere Kolegioak aurrez onarpena emanda.

218. artikulua

1.- Kontseiluak eta Batzordeak aholkua eskatuko diote elkarri, eta elkarren arteko lankidetza-moduak zehaztuko dituzte, adostasunez.

2.- Batzordeak barne-erregelamendua ezarriko du bere jarduera eta bere zerbitzuen jarduera bermatzeko, itun honetan aurreikusitako baldintzetan. Batzordeak argitaratu egingo du erregelamendu hori.

219. artikulua

Itun honetako 213. artikuluan aurreikusitako kide-kopuruaren gehiengoz hartuko dira Batzordearen akordioak.

Batzordearen barne-erregelamenduan finkatutako kide-kopurua batzen denean baino ezin da balioz bildu Batzordea.

LAUGARREN ATALA

JUSTIZIA AUZITEGIA

220. artikulua

Justizia Auzitegiak eta Lehen Auzialdiko Auzitegiak, bakoitzak bere eskumenen eremuan, itun honen interpretazioan eta aplikazioan Zuzenbidea errespetatuko dela bermatuko dute.

Gainera, 225 A artikuluan ezarritako baldintzetan, Lehen Auzialdiko Auzitegiari jurisdikzio-salak gehitu ahal izango zaizkio, itun honetan aurreikusitako jurisdikzio-eskumenak bete ditzaten zenbait eremu zehatzetan.

221. artikulua

Justizia Auzitegia Erkidegoko estatu bakoitzeko epaile banaz osatuko da.

Justizia Auzitegiak salatan edo sala handian eratuta jardungo du, Justizia Auzitegiaren estatutuan horretarako ezarritako arauekin bat etorriz.

Justizia Auzitegiak Osoko Bilkuran eratuta ere jardun lezake, estatutuak hala xedatzen duen kasuetarako.

222. artikulua

Justizia Auzitegiak zortzi abokatu nagusiren laguntza edukiko du. Hala ere, Justizia Auzitegiak eskatzen badu, Kontseiluak, aho batez, gehitu egin lezake abokatu nagusien kopurua.

Abokatu nagusiaren eginkizuna da Justizia Auzitegiaren estatutuarekin bat etorriz bere parte-hartzea eskatzen duten gaiei buruz arrazoitutako ondorioak jendaurrean aurkeztea, inpartzialtasun eta independentzia osoz.

223. artikulua

Erkidegoko estatuetako gobernuek izendatuko dituzte epaileak eta abokatu nagusiak(55), gobernu guztiok ados jarrita, eta sei urterako izango da, beren independentziaren berme osoa adierazi, eta, bakoitzak bere herrialdean, jurisdikzioko eginkizunik gorenak betetzeko eskatutako baldintzak betetzen dituzten edo onartutako gaitasundun legelari diren pertsonen artean aukeratuta.

Hiru urtetik behin aldatuko dira epaileak eta abokatu nagusiak, zati batean, Justizia Auzitegiaren estatutuan ezarritako baldintzetan.

Epaileek beren artean aukeratuko dute Justizia Auzitegiko lehendakaria, hiru urterako. Lehendakariaren agintaldia berritu egin daiteke.

Berriro izendatu daitezke kargua uzten duten epaileak eta abokatu nagusiak.

Justizia Auzitegiak izendatuko du bertako idazkaria, eta Auzitegiak berak ezarriko du idazkariaren estatutua.

Justizia Auzitegiak ezarriko du prozedurako bere erregelamendua. Erregelamendu horrek Kontseiluaren onarpena behar du, gehiengo kualifikatuz.

224. artikulua

Lehen Auzialdiko Auzitegiak gutxienez epaile bana izango du Erkidegoko estatu bakoitzetik. Justizia Auzitegiaren estatutuak finkatuko du epaile-kopurua. Estatutuan ezarrita utz daiteke abokatu nagusien laguntza jaso dezakeela Lehen Auzialdiko Auzitegiak.

Lehen Auzialdiko Auzitegiko kideak independentzia-bermerik gorena eskain dezaten pertsonen artean aukeratuko dira, beti ere goi jurisdikzioko funtzioak betetzeko beharrezko gaitasunaren jabe badira. Erkidegoko estatuetako gobernuak ados jarrita izendatuko dira, sei urterako, eta hiru urtetik behin berrituko dira zati batean. Kargua uzten duten kideak berriz izendatu ahal izango dira.

Epailek beren artean aukeratuko dute Lehen Auzialdiko Auzitegiko lehendakaria, hiru urterako. Bere agintaldia berritu egin daiteke.

Lehen Auzialdiko Auzitegiak izendatuko du bertako idazkaria eta Auzitegiak ezarriko du idazkariaren estatutua.

Lehen Auzialdiko Auzitegiak ezarriko du prozedurako bere erregelamendua, Justizia Auzitegiarekin bat etorriz. Erregelamendu horrek Kontseiluaren onarpena behar du, gehiengo kualifikatuz.

Justizia Auzitegiaren estatutuan kontrakorik xedatu ezik, itun honetan Justizia Auzitegiari buruz jarritako xedapenak Lehen Auzialdiko Auzitegiari aplikatu ahal izango zaizkio.

225. artikulua

1.- Lehen Auzialdiko Auzitegiak izango du 230, 232, 235, 236 eta 238. artikuluetan ohartemandako errekurtsoak lehen auzialdian erabakitzeko eskumena, jurisdikzio-salaren bati egotzitakoak eta estatutuak Justizia Auzitegiarentzat gordetakoak salbuespen izanda. Estatutuan ezarrita utz daiteke Lehen Auzialdiko Auzitegia dela beste maila batzuetako errekurtsoen gainean eskumenak dituena.

Idatz-zati honen indarrez Lehen Auzialdiko Auzitegiak emandako ebazpenen aurka kasazio-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia Auzitegiari, Zuzenbideko gaiei lotuta, estatutuan finkatutako baldintzetan eta mugen barruan.

2.- Lehen Auzialdiko Auzitegiak izango du 225 A artikulua aplikatuz sortutako jurisdikzio-salen ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak erabakitzeko eskumena.

Idatz-zati honen indarrez Lehen Auzialdiko Auzitegiak emandako ebazpenak salbuespenez Justizia Auzitegiak berraztertu ahal izango ditu, estatutuak finkatutako baldintzetan eta mugen barruan, Erkidegoko zuzenbidearen batasuna nahiz koherentzia hausteko arrisku larririk badago.

3.- Lehen Auzialdiko Auzitegiak izango du 234. artikuluaren indarrez aurkeztutako epaiketa aurreko arazoak erabakitzeko eskumena, beti ere estatutuak zehaztutako gai zehatzetan.

Lehen Auzialdiko Auzitegiaren ustez gairen batek Erkidegoko Zuzenbidearen batasunari nahiz koherentziari eragin diezaiokeen printzipiozko ebazpenen bat behar badu, Justizia Auzitegiari bidali ahal izango dio gaia azken horrek erabaki dezan.

Lehen Auzialdiko Auzitegiak epaiketa aurreko arazoez emandako ebazpenak salbuespenez Justizia Auzitegiak berraztertu ahal izango ditu, estatutuan finkatutako baldintzetan eta mugen barruan, Erkidegoko zuzenbidearen batasuna nahiz koherentzia kaltetzeko arrisku larririk badago.

225 A artikulua

Kontseiluak, aho batez, Batzordeak proposatuta eta Europako Parlamentuari eta Justizia Auzitegiari aholkua eskatu ondoren, edo Justizia Auzitegiak eskatuta eta Europako Parlamentuari eta Batzordeari aholkua eskatu ondoren, jurisdikzio-salak sortu ahal izango ditu zenbait gairen gainean jarritako errekurtsoak lehen auzialdian aztertu ahal izateko.

Jurisdikzio-sala sortuko duen erabakiak berak finkatuko ditu sala hori osatzeko moduari buruzko arauak, eta salari egotziko zaizkion eskumenen irispena.

Jurisdikzio-salek emandako ebazpenen aurka kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lehen Auzialdiko Auzitegiari, Zuzenbideko gaiei mugatuta; sala sortzeko erabakian apelazio-errekurtsoa ere ohartemanda uzten bada, gertakariei buruz ere jar daiteke errekurtso hori.

Jurisdikzio-saletako kideak independentzia-bermerik gorena eskain dezaten pertsonen artean aukeratuko dira, beti ere goi jurisdikzioko funtzioak betetzeko beharrezko gaitasunaren jabe badira. Kontseiluak izendatuko ditu aho batez.

Jurisdikzio-salek ezarriko dute prozedurako beren erregelamendua, Justizia Auzitegiarekin bat etorriz. Erregelamendu horrek Kontseiluaren onarpena behar du, gehiengo kualifikatuz.

Jurisdikzio-sala sortzeko erabakian kontrakorik xedatu ezik, itun honetan Justizia Auzitegiari buruz jarritako xedapenak eta Justizia Auzitegiaren estatutuko xedapenak jurisdikzio-salei aplikatu ahal izango zaizkie.

226. artikulua

Batzordearen ustez Erkidegoko estaturen batek itun honen indarrez dagokion betebeharren bat bete gabe utzi badu, irizpen arrazoitua emango du Batzordeak gai horren gainean, aipatutako estatuari bere oharpenak aurkezteko aukera eman ondoren.

Baldin eta estatu hori, Batzordeak zehaztutako epean, irizpen horretara lotzen ez bada, Justizia Auzitegira jo dezake Batzordeak.

227. artikulua

Erkidegoko edozein estatuk jo dezake Justizia Auzitegira, baldin eta Erkidegoko beste estaturen batek itun honen indarrez dagokion betebeharren bat bete gabe utzi duela uste badu.

Erkidegoko estaturen baten ustez, itun honen indarrez Erkidegoko beste estatu bati dagokion betebeharren bat bete gabe utzi badu azken horrek, Batzordeari aurkeztu behar dio auzia, Erkidegoko beste estatu horren aurka errekurtsoa jarri aurretik.

Batzordeak irizpen arrazoitua emango du, interesa daukaten estatuek kontraesan-prozeduraz, bai idatziz eta bai hitzez, beren oharpenak egiteko aukera izan eta gero.

Irizpena eskatzen denetik hiru hilabeteko epean Batzordeak irizpenik ematen ez badu, irizpenik eza ez da eragozpen izango Justizia Auzitegira jotzeko.

228. artikulua

1.- Baldin eta Erkidegoko estaturen batek itun honen indarrez dagozkion betebeharretakoren bat bete gabe utzi duela aldarrikatzen badu Justizia Auzitegiak, Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko beharrezko neurriak hartu beharko ditu estatu horrek.

2.- Baldin eta Batzordearen iritziz Erkidegoko dena delako estatu horrek neurriak hartu ez baditu, aipatutako estatuari bere oharpenak aurkezteko aukera eman ondoren, irizpen arrazoitua emango du Batzordeak, Erkidegoko estatu horrek Justizia Auzitegiaren epaia zein puntutan bete ez duen zehazteko.

Baldin eta Erkidegoko estatu horrek Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko behar diren neurriak Batzordeak ezarritako epean hartu ez baditu, Justizia Auzitegiari aurkeztu ahal izango dio gaia Batzordeak. Batzordeak zehaztuko du zein den Erkidegoko estatu horrek kopuru orokorrez edo diru-isunez ordaindu behar duen zenbatekoa, inguru-abarren kontuan direla Batzordeak berak egoki iritzitakoaren arabera.

Erkidegoko estatu horrek Justizia Auzitegiaren epaia bete ez duela aldarrikatzen badu Justizia Auzitegiak, kopuru orokorrez edo diru-isunez ordaintzeko zenbateko bat ezarri ahal izango dio.

Prozedura hori ez doa 227. artikuluan xedatutakoaren kontra.

229. artikulua

Itun honetako xedapenen indarrez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak batera, edo Kontseiluak berak onartutako erregelamenduen bidez, jurisdikzioko eskumen osoa eman dakioke Justizia Auzitegiari erregelamendu horietan aurreikusitako zigorrei buruz.

229 A artikulua

Itun honetako gainerako xedapenen aurka jarri gabe, Kontseiluak, aho batez, Batzordeak proposatuta eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, Itun hau oinarri dela jabetza industrialeko Erkidegoko tituluak sortzeko egindako egintzen aplikazioari buruzko auziak erabakitzeko eskumena Justizia Auzitegiari emateko xedapenak onar ditzake, Kontseiluak zehaztutako neurrian eman ere. Kontseiluaren aholkua izango da xedapen horiek estatu bakoitzeko konstituzioko arauen arabera onartzea.

230. artikulua

Justizia Auzitegiak kontrolatuko du Europako Parlamentuak eta Kontseiluak biok batera onartutako egintzen legezkotasuna, baita gomendio edo irizpen ez diren Kontseiluaren, Batzordearen eta EBZren egintzena, eta beste batzuen aurrean ondorio juridikoak sorrarazteko diren Europako Parlamentuaren egintzena ere.

Horretarako, Erkidegoko estaturen batek, Europako Parlamentuak, Kontseiluak edo Batzordeak jarritako errekurtsoei buruz erabakitzeko eskumena edukiko du Justizia Auzitegiak, eskumenik eza, formazko funtsezko akatsak, itun hau haustea, edo ituna betetzeko edozein arau juridiko haustea, edo agintea oker erabiltzea arrazoi direla jarritakoak direnean.

Justizia Auzitegiak, baldintza berberetan, Kontuen Auzitegiak eta EBZk beren prerrogatibak babesteko jarritako errekurtsoei buruz erabakitzeko eskumena edukiko du.

Edozein pertsona fisiko edo juridikok jar ditzake errekurtsoak, baldintza berberetan, pertsona horri zuzendutako erabakien kontra, eta, nahiz eta beste pertsonaren bati zuzendutako erregelamendu edo erabaki itxura hartu, berari zuzenean eta bakarrean eragiten dioten erabakien kontra bada.

Artikulu honetan aurreikusitako errekurtsoak bi hilabeteko epean aurkeztu behar dira, kasuen arabera, egintza argitaratu zenetik, errekurtso-jartzaileari jakinarazi zitzaionetik, edo, jakinarazpenik egin ezean, errekurtso-jartzaileak horren berri izan duenetik kontatzen hasita.

231. artikulua

Errekurtsoak oinarririk badauka, aurkatutako egintza hori deuseza eta inolako baliorik eta ondoriorik gabea dela aldarrikatuko du Justizia Auzitegiak.

Halere, erregelamenduei buruz, Justizia Auzitegiak, beharrezkoa irizten badio, deuseza dela aldarrikatutako erregelamendutik behin betikotzat hartu behar diren ondorioak adierazita utziko ditu.

232. artikulua)

Baldin eta, itun honetan esandakoa hautsi arren, Europako Parlamentuak, Kontseiluak edo Batzordeak jarrerarik hartzen ez badute, Erkidegoko estatuek eta Erkidegoko gainerako instituzioek Justizia Auzitegira jo dezakete itun honetan esandakoa hautsi dela aldarrika dezan.

Errekurtso hori onartua izateko, dena delako instituzioari jardun dezala eskatu behar zaio aurrez. Errekerimendu horren ondoren bi hilabeteko epea igarota, instituzioak bere jarrera zehaztu ez badu, beste bi hilabeteko epean aurkeztu ahal izango da errekurtsoa.

Edozein pertsona fisiko edo juridikok kexa-errekurtsoa jar diezaioke Justizia Auzitegiari, aurreko lerroaldeetan aipatutako baldintzetan, Erkidegoko instituzioetako batek gomendioa edo irizpena ez den beste inolako egintzarik zuzendu ez diola-eta arrazoi hartuta.

Justizia Auzitegiak eskumena dauka, baldintza berberetan, EBZk bere eskumenen eremuan jarritako errekurtsoak edo EBZren kontra aurkeztutakoak erabakitzeko.

233. artikulua

Deuseztatutako egintza sortu duen edo duten instituzioak edo instituzioek nahitaez hartu beharko dituzte Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko beharrezko neurriak, eta berdin izango da instituzio horrek edo horiek parte ez hartzea itunaren kontrakoa dela aldarrikatu bada ere.

Betebehar hori ez doa 288. artikuluko bigarren lerroaldea aplikatzetik sor daitekeenaren kontra.

EBZri ere aplikatuko zaio artikulu hau.

234. artikulua (lehengo 177. artikulua)

Justizia Auzitegiak eskumena dauka epaiketa aurretik erabakitzeko:

a) itun honen interpretazioaz;

b) Erkidegoko instituzioek eta EBZk onartutako egintzen balioaz eta interpretazioaz;

c) Kontseiluaren egintza batekin sortutako erakundeetako estatutuen interpretazioaz, estatutuetan hala aurreikusita badago.

Erkidegoko estaturen bateko jurisdikzio-organoren bati era horretako arazoren bat aurkezten bazaio, organo horrek, bere erabakia emateko beharrezkotzat jotzen badu gaiaren gaineko jarreraren bat, Justizia Auzitegiari eska diezaioke gaiaz jarreraren bat hartzea.

Estatu barruko jurisdikzio-organo batean oraindik erabaki gabe dagoen gai baten gainean era horretako arazoren bat aurkezten denean, eta organo horren erabakiek barruko Zuzenbidean ezin badute gero beste auzi-bidezko errekurtsorik jaso, Justizia Auzitegiaren menpe jarri behar du arazoa organo horrek.

235. artikulua

Justizia Auzitegia izango da 228. artikuluko bigarren lerroaldean aipatutako kalte-ordainei buruzko auziak erabakitzeko eskumena edukiko duena.

236. artikulua

Justizia Auzitegia izango da Erkidegoaren eta Erkidegoko agenteen arteko edozein auziri buruz erabakitzeko eskumena edukiko duena, agenteen estatutuan ezarritako edo agenteei aplika dakiekeen araubidetik sortutako mugen barruan eta baldintzetan.

237. artikulua

Justizia Auzitegia izango da auzi hauei buruz erabakitzeko eskumena edukiko duena, jarraian aipatzen diren mugen barruan nolanahi ere:

a) Europako Inbertsio Bankuaren estatutuetatik sortuta, Erkidegoko estatuek dauzkaten betebeharrak bete ote dituzten erabakitzeko. Gai horri buruz, 226. artikuluak Batzordeari ematen dizkion eskumenak edukiko ditu Bankuko administrazio-kontseiluak;

b) Bankuko gobernadore-kontseiluaren akordioez erabakitzeko. Gai honen gainean, bai Erkidegoko edozein estatuk, zein Batzordeak eta Bankuko administrazio-kontseiluak jar ditzakete errekurtsoak, 230. artikuluan aurreikusitako baldintzetan;

c) Bankuko administrazio-kontseiluaren akordioez erabakitzeko. Akordio horien kontra, Erkidegoko estatuek edo Batzordeak baino ezin dute errekurtsorik jarri 230. artikuluan ezarritako baldintzetan, eta Bankuko estatutuetako 21. artikuluko 2, 5, 6 eta 7. idatz-zatietan aurreikusitako formazko akatsen bat dela-eta bakarrik;

d) itunetik eta EBZSko estatutuetatik sortuta, estatu bakoitzeko Banku Zentralek dauzkaten betebeharrak bete ote dituzten erabakitzeko. Gai horri buruz, 226. artikuluak Erkidegoko estatuak direla-eta Batzordeari ematen dizkion aginpideak edukiko ditu EBZko kontseiluak, estatu bakoitzeko Banku Zentralen gainetik. Baldin eta estaturen bateko Banku Zentralak itun honen indarrez dagozkion betebeharretakoren bat bete gabe utzi duela adierazten badu Justizia Auzitegiak, Justizia Auzitegiaren epaia betetzeko beharrezko neurriak hartu beharko ditu nahitaez banku horrek.

238. artikulua

Justizia Auzitegiak epaitzeko eskumena edukiko du, Erkidegoak nahiz Erkidegoaren kontura egindako Zuzenbide publiko zein Zuzenbide pribatuko kontratu batean jasotako abeniko-klausula baten indarrez.

239. artikulua

Itun honen xedea dela-eta Erkidegoko estatuen artean sortutako edozein eztabaidaz erabakitzeko eskumena dauka Justizia Auzitegiak, konpromiso baten indarrez berari aurkezten bazaio eztabaida hori.

240. artikulua

Itun honek Justizia Auzitegiari emandako eskumenen kontra jarri gabe, ezin izango dira estatuen jurisdikziokoak diren eskumenetatik kanpo utzi Erkidegoa tartean dela sortutako auziak, arrazoia horixe bera izanda.

241. artikulua

Itun honetako 230. artikuluko bosgarren lerroaldean aurreikusitako epea amaituta egon arren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak batera onartutako erregelamenduren bat edo Kontseiluaren, Batzordearen edo EBZren erregelamenduren bat auzitan jartzen duen auziren batean parte den edonork jo dezake Justizia Auzitegira, 230. artikuluko bigarren lerroaldean aurreikusitako arrazoiak direla-eta erregelamendu hori aplika ezinekoa dela alegatuz.

242. artikulua

Justizia Auzitegiari aurkeztutako errekurtsoek ez dute geldiarazteko ondoriorik edukiko. Hala ere, Justizia Auzitegiak, horrela egitea eskatzen duten inguruabarrak daudela irizten badio, aurkatutako egintza geldiaraztea agindu lezake.

243. artikulua

Justizia Auzitegiak beharrezkoak diren behin-behineko neurriak har ditzake berari aurkeztutako arazoetan.

244. artikulua

Justizia Auzitegiaren epaiek betearazteko indarra edukiko dute 256. artikuluak ezarritako baldintzetan.

245. artikulua

Justizia Auzitegiaren estatutua aparteko protokolo batean finkatuko da.

Kontseiluak, aho batez, Justizia Auzitegiak eskatuta eta Europako Parlamentuari eta Batzordeari aholkua eskatu ondoren, edo Batzordeak eskatuta eta Europako Parlamentuari eta Justizia Auzitegiari aholkua eskatu ondoren, estatutuko xedapenak aldatu ahal izango ditu, estatutuko I. titulua izan ezik.

BOSGARREN ATALA

KONTUEN AUZITEGIA

246. artikulua

Ikuskatzea, edo kontuen kontrola, Kontuen Auzitegiak egingo du.

247. artikulua

1.- Erkidegoko estatu bakoitzeko kide banaz osatuko da Kontuen Auzitegia.

2.- Herrialde bakoitzean kanpoko kontrol-instituzioetan parte hartzen ari diren edo aritu izan diren zein eginkizun horretarako berariazko moduz prestatutako pertsonen artean hautatuko dira Kontuen Auzitegiko kideak. Independentzia-berme osoa agertu behar dute pertsona horiek.

3.- Sei urterako izendatuko dira Kontuen Auzitegiko kideak. Kontseiluak gehiengo kualifikatuz eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren onartuko du Erkidegoko estatu bakoitzak aurkeztutako proposamenen arabera ezarritako kide-zerrenda. Kontuen Auzitegiko kideen agintaldia berritu egin daiteke.

Kideek hautatuko dute Kontuen Auzitegiko lehendakaria, beren artean, hiru urterako. Lehendakariaren agintaldia berritu egin daiteke.

4.- Kontuen Auzitegiko kideek independentzia osoz eta Erkidegoaren interes orokorraren alde bete behar dituzte beren eginkizunak.

Beren eginkizunak betetzeko, ez diote jarraibiderik eskatuko, ez eta onartu ere, ez gobernu bati, ez inolako erakunderi ere. Beren eginkizunekin batera ezinekoa den ekintza oro alde batera utziko dute.

5.- Kontuen Auzitegiko kideek, beren agintaldian, ezin izango dute beste inolako lanbide-jarduerarik burutu, ez ordaindutakoa, ez ordaindu gabea izanda ere. Batzordeko kideek, beren eginkizunak bereganatzerakoan, bai agintaldiak dirauen artean, eta bai agintaldia amaitu eta gero ere, beren kargutik sortutako betebeharrak errespetatzeko konpromisoa hartuko dute zinez, eta, bereziki, agintaldia amaitu ondoren zenbait eginkizun edo onura onartzeari dagokionez zintzotasunez eta zuhurtasunez jokatzeko konpromisoa.

6.- Aldikako berrikuntza-kasuak eta heriotza-kasuak alde batera utzita, Kontuen Auzitegiko kideen agintaldia banan-banan amaituko da, bakoitzak bere borondatez kargua uzten duenean, edo 7. idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriz Justizia Auzitegiak kargua uztera behartzen duenean.

Agintaldia amaitzeko falta zaion denborarako ordezkatuko da interesatua.

Kargua uzten den kasuetan izan ezik, Kontuen Auzitegiko kideek karguetan jarraituko dute harik eta ordezkatuak izan arte.

7.- Kontuen Auzitegiko kideak beren eginkizunetatik kentzeko, zein pentsioa edo ordezko beste edozein onura jasotzeko eskubiderik gabe uzteko, kide horiek beharrezko baldintzak betetzeari utzi diotela, edo beren karguen ondoriozko betebeharrak ez dituztela bete adierazi beharko du Justizia Auzitegiak, Kontuen Auzitegiaren eskariz.

8.- Kontseiluak finkatuko ditu, gehiengo kualifikatuz, Kontuen Auzitegiko lehendakariaren eta kideen soldatak, sariak eta pentsioak. Gehiengo horrekin finkatuko du, halaber, lansari gisako beste edozein ordainketa ere.

9.- Justizia Auzitegiko epaileei aplika dakizkiekeen Europako Erkidegoen pribilejio eta inmunitateei buruzko protokoloko xedapenak aplikatuko zaizkie Kontuen Auzitegiko kideei ere.

248. artikulua

1.- Kontuen Auzitegiak aztertuko ditu Erkidegoaren sarrera eta gastu guztien kontuak. Erkidegoak sortutako edozein erakunderen sarrera eta gastu guztien kontuak ere aztertuko ditu, baldin eta erakunde hori eratzeko egintzan azterketa-modu hori baztertzen ez bada.

Kontuen Auzitegiak adierazpena aurkeztuko die Europako Parlamentuari eta Kontseiluari kontuen fidagarritasunari buruz, eta dagozkien eragiketen erregulartasunari eta legezkotasunari buruz, eta Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko da. Erkidegoaren jardueraren eremu nagusi bakoitzaren gaineko oharpen zehatzekin osatu ahal izango da adierazpen hori.

2.- Kontuen Auzitegiak sarreren eta gastuen legezkotasuna eta erregulartasuna aztertuko ditu, baita finantzen kudeaketa ona bermatu ere. Hori egiterakoan, bereziki irregulartasun guztien berri emango du.

Likidazioak eta Erkidegoari emandako kopuruak oinarri direla egingo da sarreren kontrola.

Bereganatutako konpromisoak eta egindako ordainketak oinarri direla egingo da gastuen kontrola.

Kontrol-mota biok dena delako aurrekontu-ekitaldiko kontuak itxi aurretik egin daitezke.

3.- Kontabilitateko agirien gainean egingo da kontrola; eta, beharrezkoa bada, tokian bertan, Erkidegoko beste instituzioen bulegoetan, Erkidegoaren izenean sarrerak edo gastuak kudeatzen dituen edozein organoren bulegoetan, eta Erkidegoko estatuetan, aurrekontuko funtsak jasotzen dituen edozein pertsona fisiko zein juridikoren bulegoak barne hartuta. Kontrola, Erkidegoko estatuetan, estatuko kontrol-instituzioekin lankidetzan arituz egingo da, edo, instituzio horiek beharrezko eskumenik ez badaukate, estatuan eskumenak dauzkaten zerbitzuekin lankidetzan arituz. Kontuen Auzitegiak eta Erkidegoko estatuetako kontrol-instituzioek elkarrenganako konfiantzaz kooperatuko dute, eta batak bestearen independentzia errespetatuz. Instituzio edo zerbitzu horiek, baldin eta aipatutako kontrola egiten parte hartzeko asmorik badaukate, Kontuen Auzitegiari jakinarazi behar diote.

Kontuen Auzitegiak eskatuta, bere eginbeharrak betetzeko beharrezko dituen agiri edo informazio guztiak emango dizkiote auzitegi horri Erkidegoko beste instituzioek, Erkidegoaren izenean sarrerak eta gastuak kudeatzen dituzten organo guztiek, aurrekontuko funtsak jasotzen dituzten pertsona fisiko zein juridiko guztiek, eta estatuko kontrol-instituzioek, edo, instituzio horiek beharrezko eskumenik ez badaukate, estatuan eskumenak dauzkaten zerbitzuek.

Kontuen Auzitegiaren, Europako Inbertsio Bankuaren eta Batzordearen artean lotutako akordioan arautuko da Europako Inbertsio Bankuak dauzkan informazioetara iristeko Kontuen Auzitegiaren eskubidea, hain zuzen Erkidegoaren sarrerak eta gastuak kudeatzean Europako Inbertsio Bankuak izandako jarduerari buruz. Akordio hori lortu ez arren, Bankuak kudeatutako Erkidegoaren sarrerak eta gastuak kontrolatzeko beharrezko informazioetara iritsi ahal izango da Kontuen Auzitegia.

4.- Kontuen Auzitegiak, ekitaldi bakoitza itxi eta gero, urteko txostena egingo du. Txosten hori Erkidegoko instituzioetara bidaliko da eta Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko da, Kontuen Auzitegiak egindako oharpenei instituzio horiek emandako erantzunekin batera.

Kontuen Auzitegiak, halaber, noiznahi aurkez ditzake bere oharpenak, arazo partikularrei buruzko txosten bereziak eginez, eta irizpenak ere eman ditzake, Erkidegoko gainerako instituzioetakoren batek eskatuta.

Kontuen Auzitegiak bere urteko txostenak, txosten bereziak edo irizpenak onartzeko, auzitegia osatzen duten kideen gehiengoa behar du. Hala ere, salak sor ditzake bere baitan zenbait txosten-mota zein irizpen-mota onartzeko, bere barne-erregelamenduan aurreikusitako baldintzetan.

Kontuen Auzitegiak Europako Parlamentuari eta Kontseiluari lagunduko die aurrekontua nola bete den kontrolatzeko lanetan.

Kontuen Auzitegiak bere barne-erregelamendua egingo du. Erregelamendu horrek Kontseiluak gehiengo kualifikatuz emandako onarpena behar du.

II. Kapitulua

INSTITUZIO BATZUEI BURUZKO XEDAPEN BATERATUAK

249. artikulua

Beren eginbeharrak betetzeko, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, biok batera, eta Kontseiluak eta Batzordeak, erregelamenduak eta zuzentarauak onartu, erabakiak hartu, eta gomendioak egin edo irizpenak emango dituzte, itun honetan aurreikusitako baldintzetan.

Erregelamenduak irispide orokorra edukiko du. Erregelamenduaren osagarri guztiak dira betebeharrekoak, eta Erkidegoko estatu bakoitzean zuzenean aplikatzekoa da.

Zuzentaraua jasotzen duen Erkidegoko estatuari zuzentarauarekin ezartzen zaion betebeharra emaitza jakin bat lortzea da, baina estatuko agintarien aukeran uzten dira modua eta baliabideak.

Erabakia betebeharrekoak dira puntu guztietan eta hartzaile guztientzat.

Gomendioak eta irizpenak ez dira lotesleak.

250. artikulua

1.- Itun honen indarrez, Kontseiluko egintzaren bat Batzordearen proposamenaren gainean hartu behar denean, egintza horrek ezin dio inolako aldaketarik sartu aipatutako proposamenari, aho batez onartzen bada izan ezik, beti ere 251. artikuluko 4 eta 5. idatz-zatietan xedatutakoaren kontra jarri gabe.

2.- Harik eta Kontseiluak jarrerarik hartzen ez duen bitartean, Batzordeak aldatu egin dezake bere proposamena, Erkidegoko egintza bat onartzeko bideratutako prozedurek dirauten artean.

251. artikulua

1.- Egintzaren bat onartzeko, itun honetan artikulu hau aipatzen denean, ondorengo prozedura hau aplikatuko da.

2.- Batzordeak proposamena aurkeztuko die Europako Parlamentuari eta Kontseiluari.

Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Europako Parlamentuaren irizpena jaso ondoren,

- Europako Parlamentuaren irizpenean jasotako zuzenketa guztiak onartzen baditu, onartu egin dezake proposatutako egintza, horrela aldatuta;

- Europako Parlamentuak zuzenketarik proposatzen ez badu, onartu egin dezake proposatutako egintza;

- beste kasu guztietan, jarrera bateratua hartuko du, eta Europako Parlamentuari igorriko dio. Kontseiluak informazio osoa emango dio Europako Parlamentuari jarrera bateratua hartzeko izan dituen arrazoiak azalduz. Batzordeak informazio osoa emango dio Europako Parlamentuari bere jarrerari buruz.

Baldin eta, jakinarazpen horretatik hiru hilabete igaro eta gero, Europako Parlamentuak

a) jarrera bateratua onartzen badu, edo batere erabakirik hartzen ez badu, dena delako egintza hori aipatutako jarrera bateratuaren arabera onartu dela ulertu behar da;

b) bertako kideen gehiengo osoz atzera botatzen badu jarrera bateratua, proposatutako egintza hura ez dela onartu ulertu behar da;

c) bertako kideen gehiengo osoz zuzenketak proposatzen badizkio jarrera bateratuari, ondoren Kontseiluari eta Batzordeari bidaliko zaie horrela aldatutako testua, eta Batzordeak irizpena emango du zuzenketa horiei buruz.

3.- Europako Parlamentuaren zuzenketak jasotzen direnetik hiru hilabeteko epean zuzenketa guztiak onartzen baditu Kontseiluak gehiengo kualifikatuz, dena delako egintza hori horrela aldatutako jarrera bateratuaren arabera onartu dela ulertu behar da; hala ere, aho batezko erabakia eman behar du Kontseiluak Batzordearen kontrako irizpena jaso duten zuzenketei buruz. Kontseiluak zuzenketa guztiak onartu ezik, Kontseiluko lehendakariak, Europako Parlamentuko lehendakariarekin bat etorriz, Elkar aditzeko Lantaldearen bilerarako deia egingo du sei asteko epean.

4.- Kontseiluko kideek edo beren ordezkariek eta Europako Parlamentuko beste hainbesteko ordezkari-kopuru batek osatuko dute Elkar aditzeko Lantaldea. Testu bateratu baten inguruan adostasuna lortzen ahaleginduko da Elkar aditzeko Lantaldea, Kontseiluko kideen edo beren ordezkarien gehiengo kualifikatuz eta Europako Parlamentuko ordezkarien gehiengo soilez. Batzordeak Elkar aditzeko Lantaldearen lanetan hartuko du parte, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren jarrerak hurbiltzen laguntzeko beharrezko ekimen guztiak onartuko ditu. Eginbehar hori egiterakoan, Elkar aditzeko Lantaldeak jarrera bateratua aztertuko du Europako Parlamentuak proposatutako zuzenketak oinarri hartuta.

5.- Elkar aditzeko Lantaldeak, bilerarako deia egin ondorengo sei asteetan, testu bateratua onartzen badu, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak, onarpen horren ondoren, bakoitzak sei asteko epea edukiko du testu bateratuaren araberako egintza onartzeko: Europako Parlamentuak, emandako botoen gehiengo osoz, eta Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz. Baldin eta esandako epean instituzio bietako batek onartzen ez badu proposatutako egintza hori, ez dela onartu ulertu behar da.

6.- Elkar aditzeko Lantaldeak testu bateratua onartzen ez badu, proposatutako egintza hori ez dela onartu ulertu behar da.

7.- Artikulu honetan aipatutako hiru hilabeteko eta sei asteko aldiak luzatu egin daitezke, hilabetez eta bi astez hurrenez hurren, gehienez ere, Europako Parlamentuaren edo Kontseiluaren eskariz.

252. artikulua

Egintzaren bat onartzeko dela-eta, itun honetan artikulu hau aipatzen denean, ondorengo prozedura hau aplikatuko da.

a) Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenaren gainean eta Europako Parlamentuaren irizpena jaso ondoren, jarrera bateratu bat finkatuko du.

b) Kontseiluak jarrera bateratua lortzen duenean, Europako Parlamentuari emango zaio horren berri. Kontseiluak eta Batzordeak informazio osoa emango diote Europako Parlamentuari, Kontseiluak jarrera bateratua onartzeko izan dituen arrazoiak argitzeko, baita Batzordearen jarrera argitzeko ere.

Baldin eta, jakinarazpen horren ondoren hiru hilabeteko epean, aipatutako jarrera bateratua Europako Parlamentuak onartzen badu, edo esandako epean erabakirik hartzen ez badu, Kontseiluak behin betiko onartuko du egintza hori jarrera bateratuarekin bat etorriz.

c) Europako Parlamentuak, osatzen duten kideen gehiengo osoz eta b) puntuan aipatutako hiru hilabeteko epean, zuzenketak proposatu ahal izango dizkio Kontseiluaren jarrera bateratuari. Europako Parlamentuak, halaber, gehiengo berbera erabiliz, atzera bota dezake Kontseiluaren jarrera bateratua. Kontseiluari eta Batzordeari bidaliko zaie eztabaiden emaitza.

Baldin eta Europako Parlamentuak atzera botatzen badu Kontseiluaren jarrera bateratua, aho batezkoaz baino ezin izango du erabaki Kontseiluak bigarren irakurraldian.

d) Batzordeak, Europako Parlamentuak proposatutako zuzenketak kontuan hartuta, hilabeteko epean aztertuko du berriz Kontseiluak bere jarrera bateratua finkatzeko oinarri izan duen proposamena.

Batzordeak, berriz aztertutako proposamenarekin batera, Europako Parlamentuak egindako zuzenketetatik onartu ez dituenak bidaliko dizkio Kontseiluari, zuzenketoi buruzko bere irizpenarekin batera. Kontseiluak aho batez onar ditzake zuzenketa horiek.

e) Kontseiluak gehiengo kualifikatuz onartuko du Batzordeak berriz aztertutako proposamena.

Kontseiluak ezin izango du Batzordeak berriz aztertutako proposamena aldatu, aho batez ez bada.

f) Goiko c), d) eta e) puntuetan aipatutako kasuetan, hiru hilabeteko epean hartu beharko ditu erabakiak Kontseiluak. Epe horretan erabakirik hartu ezik, Batzordearen proposamena ez dela onartu ulertu behar da.

g) Goiko b) eta f) puntuetan aipatutako epeak hilabetez luza daitezke gehienez ere, Kontseilua eta Europako Parlamentua ados jartzen badira.

253. artikulua

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak biok batera onartutako erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak, eta Kontseiluak edo Batzordeak onartutako erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak, arrazoietan oinarrituta egon behar dira, eta itun hau aplikatzeko derrigorrez eskatu beharreko proposamenak edo irizpenak hartuko dituzte kontuan.

254. artikulua

1.- Itun honetako 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera onartutako erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak Europako Parlamentuko lehendakariak eta Kontseiluko lehendakariak izenpetuko dituzte, eta Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko dira. Bertan finkatutako egunean jarriko dira indarrean, eta, egunik jarri ezik, argitaratzen direnetik hogei egunera.

2.- Kontseiluaren eta Batzordearen erregelamenduak, eta Erkidegoko estatu guztientzat direnean instituzio horiek egindako zuzentarauak, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko dira. Bertan finkatutako egunean jarriko dira indarrean, eta, egunik jarri ezik, argitaratzen direnetik hogei egunera.

3.- Gainerako zuzentarauak, eta erabakiak, hartzaileei jakinaraziko zaizkie, eta jakinarazpenarekin batera sortuko dituzte ondorioak.

255. artikulua

1.- Batasuneko herritar guztiek, eta Erkidegoko estaturen batean bizi edo baltzu-egoitza daukaten pertsona fisiko edo juridiko guztiek, Europako Parlamentuaren, Kontseiluaren eta Batzordearen agirietara iristeko eskubidea daukate, 2 eta 3. idatz-zatiekin bat etorriz ezarriko diren printzipio eta baldintzen arabera.

2.- Amsterdamgo ituna indarrean jartzen denetik urte biko epean, Kontseiluak zehaztuko ditu, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, agirietara iristeko eskubide hori gauzatzeko modua arautuko duten printzipio orokorrak, eta interes publiko edo pribatuko arrazoiak direla medio, baita mugak ere.

3.- Aipatutako instituzioetako bakoitzak bere agirietara iristeko berariazko xedapenak jarriko ditu barne-erregelamenduan.

256. artikulua

Estatu ez diren pertsonei diruzko betebeharra ezartzen dieten Kontseiluaren edo Batzordearen erabakiak titulu betearazleak izango dira.

Nahitaezko betearazpena zein lurraldetan gauzatzen den kontuan dela, lurralde hori hartzen duen estatuan indarrean dagoen prozedura zibileko arauak izango dira betearazpena arautuko dutenak. Erkidegoko estatu bakoitzeko gobernuak izendatu behar ditu betearazpena gauzatzeko estatu barruko agintariak, eta horiek betearaziko dute agindua, titulua benetakoa dela egiaztatu hutsarekin; eta Batzordeari eta Justizia Auzitegiari jakinarazi behar diete gobernuek agintarion izena.

Interesatuak, bere eskariz formalismo horiek bete ondoren, barne Zuzenbidearen arabera bideratu lezake nahitaezko betearazpena, eskumenak dauzkan organora zuzenean jota.

Justizia Auzitegiaren erabaki baten indarrez baino ezin da eten nahitaezko betearazpena. Hala ere, estatu bakoitzeko jurisdikzioen eskumenekoa izango da betearazpen-neurriak Zuzenbidearekin bat datozen kontrolatzea.

III. Kapitulua

EKONOMIA ETA GIZARTE LANTALDEA

257. artikulua

Ekonomia eta Gizarte Lantaldea sortu da, aholkulari izateko.

Antolatutako sozietate zibileko ekonomia eta gizarte arloetako ordezkariz osatuko da lantalde hori, batez ere ekoizle, nekazari, garraiolari, langile, merkatari eta eskulangileen ordezkariz, eta lanbide liberaletan, kontsumitzaileen izenean eta interes orokorraren alde dihardutenen ordezkariz.

258. artikulua

Ekonomia eta Gizarte Lantaldeko kide-kopurua ez da hirurehun eta berrogeita hamarretik gorakoa izango(68):

Lantaldeko kide-kopurua hauxe izango da:

Belgika 12

Txekiar Errepublika 12

Danimarka 9

Alemania 24

Estonia 7

Grezia 12

Espainia 21

Frantzia 24

Irlanda 9

Italia 24

Zipre 6

Letonia 7

Lituania 9

Luxenburgo 6

Hungaria 12

Malta 5

Herbehereak 12

Austria 12

Polonia 21

Portugal 12

Eslovenia 7

Eslovakia 9

Finlandia 9

Suedia 12

Erresuma Batua 24

Ekonomia eta Gizarte Lantaldeko kideak ez dira inolako aginduzko manuri lotuta egongo. Independentzia osoz beteko dituzte beren eginkizunak, Erkidegoaren interes orokorraren alde.

Kontseiluak ezarriko ditu, gehiengo kualifikatuz, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeko kideen sariak.

259. artikulua (lehengo 195. artikulua)

1.- Erkidegoko estatuen proposamenez izendatuko dira Lantaldeko kideak, lau urterako. Erkidegoko estatu bakoitzak aurkeztutako proposamenen arabera egindako kide-zerrenda onartuko du Kontseiluak gehiengo kualifikatuz. Lantaldeko kideen agintaldia berritu egin daiteke.

2.- Kontseiluak Batzordeari eskatuko dio aholku. Erkidegoaren jardueretan zerikusia daukaten ekonomiaren eta gizartearen arloetako ordezkaritza betetzen duten Europako antolakundeen iritzia ere eska dezake.

260. artikulua (lehengo 196. artikulua)

Ekonomia eta Gizarte Lantaldeak berak izendatuko ditu bertako kideen artean lehendakaria eta mahaia, bi urterako.

Barne-erregelamendua egingo du.

Ekonomia eta Gizarte Lantaldeko lehendakariak egingo du lantaldeko bileretarako deia, Kontseiluaren nahiz Batzordearen eskariz. Lantaldea bere ekimenez ere bil daiteke.

261. artikulua (lehengo 197. artikulua)

Ekonomia eta Gizarte Lantaldeak sail berezituak edukiko ditu itun honetan ohartemandako gai nagusietarako.

Ekonomia eta Gizarte Lantaldearen eskumen orokorren eremuan beteko dute beren jarduera sail berezituek. Sail berezituei ezin izango zaie aholkurik eskatu Ekonomia eta Gizarte Lantaldea alde batera utzita.

Lantaldearen barruan, bestalde, azpi-lantaldeak sor daitezke zenbait gai edo arazori buruz irizpen-egitasmoak prestatzeko ardurarekin, eta lantaldeari aurkeztuko dizkiote eztabaidatu ditzan.

Barne-erregelamenduan ezarriko dira sail berezituak eta azpi-lantaldeak eratzeko moduak eta horien eskumenei buruzko arauak.

262. artikulua (lehengo 198. artikulua)

Kontseiluak, edo Batzordeak, derrigorrez eskatu behar diote aholkua Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari, itun honetan aurreikusitako kasuetan. Instituzio horiek bidezko iritzi diezaioten kasu guztietan ere eska diezaiokete aholkua lantaldeari. Ekonomia eta Gizarte Lantaldeak, bidezko iritzi diezaionean, irizpena eman dezake bere ekimenez.

Kontseiluak, edo Batzordeak, beharrezko irizten badiote, epe bat jarriko diote lantaldeari bere irizpena aurkez dezan; ez da hilabetetik beherakoa izango, lehendakariari horretarako jakinarazpena egiten zaionetik kontatuta. Irizpena jaso gabe amaitzen bada finkatutako epea, alde batera utz daiteke irizpena.

Ekonomia eta Gizarte Lantaldearen irizpena eta sail berezituaren irizpena Kontseiluari eta Batzordeari bidaliko zaizkie, eztabaiden aktarekin batera.

Europako Parlamentuak aholkua eska diezaioke Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari.

4. kapitulua

Eskualdeetako Lantaldea

263. artikulua (lehengo 198 A artikulua)

Aurrerantzean "Eskualdeetako Lantaldea" deituko den lantalde aholku-emaile bat sortu da, eskualde eta tokian tokiko erakundeetako ordezkariz osatuta, beti ere ordezkariok eskualdeko zein tokian tokiko erakunderen batean hauteskunde-agintaldiren bat badute, edo hautatutako biltzarren batean erantzukizun politikorik badute.

Eskualdeetako Lantaldearen kide.kopurua ez da hirurehun eta berrogeita hamarretik gorakoa izango.

Eskualdeetako Lantaldeko kide-kopurua hauxe da(69):

Belgika 12

Txekiar Errepublika 12

Danimarka 9

Alemania 24

Estonia 7

Grezia 12

Espainia 21

Frantzia 24

Irlanda 9

Italia 24

Zipre 6

Letonia 7

Lituania 9

Luxenburgo 6

Hungaria 12

Malta 5

Herbehereak 12

Austria 12

Polonia 21

Portugal 12

Eslovenia 7

Eslovakia 9

Finlandia 9

Suedia 12

Erresuma Batua 24

Eskualdeetako Lantaldeko kideak, eta beste hainbesteko kopurua ordezkotan ere, Erkidegoko estatu bakoitzaren proposamenez izendatuko dira, lau urterako. Kideon agintaldia berritu egin daiteke. Erkidegoko estatu bakoitzak aurkeztutako proposamenen arabera egindako zerrenda onartuko du Kontseiluak gehiengo kualifikatuz, bai kideen zein ordezkoen kasuan. Lerroalde honetako lehenengo pasartean aipatutako agintaldiaren indarrez proposatutakoen kasuan, agintaldi hori amaitzen denean berez eta besterik gabe amaituko da lantalde honetan duten agintaldia ere; eta lantalde honetako gainerako agintaldirako, prozedura berbera erabiliko da. Eskualdeetako Lantaldeko kide bat ere ezin da izan aldi berean Europako Parlamentuko kide.

Eskualdeetako Lantaldeko kideak ez dira inolako aginduzko manuri lotuta egongo. Independentzia osoz beteko dituzte beren eginkizunak, Erkidegoaren interes orokorraren alde.

264. artikulua (lehengo 198 B artikulua)

Eskualdeetako Lantaldeak berak izendatuko ditu bertako kideen artean lehendakaria eta mahaia, bi urterako.

Barne-erregelamendua egingo du.

Eskualdeetako Lantaldeko lehendakariak egingo du lantaldeko bileretarako deia, Kontseiluaren edo Batzordearen eskariz. Lantaldea bere ekimenez ere bil daiteke.

265. artikulua (lehengo 198 C artikulua)

Kontseiluak, edo Batzordeak, aholkua eskatuko diote Eskualdeetako Lantaldeari, itun honetan aurreikusitako kasuetan, baita instituzio bi horietako batek bidezko iritzi diezaion beste edozein kasutan ere, batez ere mugaz haraindiko lankidetzari dagozkionetan.

Kontseiluak, edo Batzordeak, beharrezko irizten badiote, epe bat jarriko diote lantaldeari bere irizpena aurkez dezan; ez da hilabetetik beherakoa izango, lehendakariari horretarako jakinarazpena egiten zaionetik kontatuta. Irizpena jaso gabe amaitzen bada finkatutako epea, alde batera utz daiteke irizpena.

Itun honetako 262. artikulua aplikatuz Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari aholkua eskatzen zaionean, Kontseiluak, edo Batzordeak, Eskualdeetako Lantaldeari jakinaraziko diote irizpena eskatu izan dela. Eskualdeetako Lantaldeak irizpena egin dezake gai horri buruz, baldin eta eskualdeetako berariazko interesak jokoan daudela irizten badio.

Europako Parlamentuak aholkua eska diezaioke Eskualdeetako Lantaldeari.

Eskualdeetako Lantaldeak, bidezko iritzi diezaionean, irizpena eman dezake bere ekimenez.

Eskualdeetako Lantaldearen irizpena Kontseiluari eta Batzordeari bidaliko zaie, eztabaiden aktarekin batera.

kapitulua

Europako Inbertsio Bankua

266. artikulua (lehengo 198 D artikulua)

Europako Inbertsio Bankuak nortasun juridikoa edukiko du.

Erkidegoko estatuak izango dira Europako Inbertsio Bankuko kide.

Europako Inbertsio Bankuaren estatutuak itun honi erantsita doan protokolo batean jasotzen dira. Kontseiluak, aho batez, Europako Inbertsio Bankuak eskatuta eta Europako Parlamentuari eta Batzordeari aholkua eskatu ondoren, zein Batzordeak eskatuta eta Europako Parlamentuari eta Europako Inbertsio Bankuari aholkua eskatu ondoren, Bankuaren estatutuetako 4, 11 eta 12. artikuluak eta 18. artikuluko 5. idatz-zatia aldatu egin ahal izango ditu.

267. artikulua (lehengo 198 E artikulua)

Europako Inbertsio Bankuaren eginbeharra hauxe da: Erkidegoaren interesen alde, kapital-merkatuez eta bere baliabide berekiez baliatuz, merkatu bateratuaren garapen orekatu eta egonkorra lortzen laguntzea. Bankuak, helburu horrekin, maileguak eta bermeak emanez, eta irabazteko xederik gabe, proiektu hauek finantzatzen lagunduko du, ekonomiaren arlo guztietan:

a) eskualde atzeratuenen garapenerako proiektuak;

b) enpresak berritzeko edo birmoldatzeko proiektuak, edo merkatu bateratua arian-arian ezartzeko beharrezko jarduera berriak sortzeko proiektuak, baldin eta, handiak direlako edo beren izaeragatik, Erkidegoko estatu bakoitzean dauden finantza-bideekin oso-osorik finantzatu ezin badira;

c) Erkidegoko estatu baten baino gehiagoren interes bateratuko proiektuak, baldin eta, handiak direlako edo beren izaeragatik, Erkidegoko estatu bakoitzean dauden finantza-bideekin oso-osorik finantzatu ezin badira.

Bankuak, bere eginbeharrak betetzerakoan, inbertsio-egitarauak finantzatzeko erraztasunak emango ditu, Erkidegoko egitura-funtsetako ekintzekin eta beste finantza-tresna batzuekin batera.

II. TITULUA

FINANTZA-XEDAPENAK

268. artikulua (lehengo 199. artikulua)

Erkidegoaren sarrera eta gastu guztiak, Europako Gizarte Funtsarenak barne, aurrekontu-ekitaldi bakoitzari dagozkion aurreikuspenetan jaso eta aurrekontuan zehaztuta utzi behar dira.

Atzerriari eta segurtasunari buruzko politika bateratua dela-eta, eta justiziaren eta barne-arazoen eremuetako lankidetza dela-eta, Europar Batasuna eratzeko Ituneko xedapenek instituzioei sorraraziko dizkieten administrazio-gastuak aurrekontuaren pentzutan izango dira. Aipatutako xedapenak gauzatzerako sortutako eragiketa-gastuak aurrekontuaren pentzutan izan daitezke, esandako xedapenetan ezarritako baldintzetan.

Sarrerak eta gastuak orekatu egin behar dira aurrekontuan.

269. artikulua (lehengo 201. artikulua)

Beste sarrera batzuk edukitzearen kontra jarri gabe, Erkidegoaren baliabide berekien pentzutan finantzatuko da oso-osorik aurrekontua.

Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenez, eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, Erkidegoaren baliabide berekien sistemari buruzko xedapenak onartuko ditu, eta Erkidegoko estatuei ere horiek onartzeko gomendioa egingo die, zeinek bere konstituzioko arauen arabera.

270. artikulua (lehengo 201 A artikulua)

Aurrekontuaren diziplina bermatzeko, Batzordeak ezin izango du Erkidegoko inolako ekintzarik proposatu, ezin izango du bere proposamenik aldatu, eta ezin izango du betearazteko inolako neurririk hartu, baldin eta proposamen edo neurri horrek aurrekontuan nabarmen eragin badezake, eta, era berean, 269. artikuluaren indarrez Kontseiluak finkatutako xedapenetan Erkidegoetako baliabide berekietarako ezarritako mugaren baitan finantzatu daitekeela bermatzen ez badu.

271. artikulua (lehengo 202. artikulua)

Aurrekontuan zehaztutako gastuak aurrekontu-ekitaldi baterako onartuko dira, 279. artikuluaren indarrez onartutako erregelamenduan kontrako xedapenik egon ezik.

Aurrekontu-ekitaldia amaitzen denean, langileen gastuetarako ez diren kredituak erabili gabe gelditzen badira, hurrengo ekitaldirako luzatu ahal izango dira, eta ekitaldi horretarako bakarrik, itun honetako 279. artikulua aplikatzerakoan zehaztuko diren baldintzak betez.

Kredituak kapituluka zehaztuko dira, eta beren izaeraren edo destinoaren arabera pilatuko dira gastuak kapituluotan; premiazkoa bada azpitaldeak egingo dira, 279. artikuluaren indarrez onartutako erregelamenduarekin bat etorriz.

Europako Parlamentuaren, Kontseiluaren, Batzordearen eta Justizia Auzitegiaren gastuak aurrekontuko aparteko kontuetan agertuko dira, nahiz eta sistema berezia eduki zenbait gastu bateraturako.

272. artikulua (lehengo 203. artikulua)

1.- Aurrekontu-ekitaldia urtarrilaren 1ean hasiko da, eta abenduaren 31n amaitu.

2.- Erkidegoko instituzio bakoitzak uztailaren 1a baino lehenago egingo du aurreikusitako gastuen egoera-orria. Batzordeak aurrekonturako aurre-egitasmo batean bilduko ditu aurreikuspen horiek, eta irizpena erantsiko dio; aurreikuspen diferenteak jaso daitezke irizpenean

Aurre-egitasmoan sarreren aurreikuspena eta gastuen aurreikuspena jaso behar dira.

3.- Beranduenean ere, aurrekontua bete aurreko urteko irailaren 1ean aurkeztuko dio Batzordeak Kontseiluari aurrekontuaren aurre-egitasmoa.

Kontseiluak Batzordeari eskatuko dio aholkua, baita, kasua gertatzen bada, horretan interesatuta dauden gainerako instituzioei ere, aurre-egitasmotik urruntzeko asmorik daukan guztietan.

Kontseiluak finkatutako du, gehiengo kualifikatuz, aurrekontuaren egitasmoa, eta Europako Parlamentuari bidaliko dio.

4.- Beranduenean ere, aurrekontua bete aurreko urteko urriaren 5ean aurkeztu behar zaio Europako Parlamentuari aurrekontuaren egitasmoa.

Europako Parlamentuak, alde batetik, osatzen duten kideen gehiengoz, aurrekontuaren egitasmoari zuzenketak egiteko eskubidea dauka, eta, bestetik, emandako botoen gehiengo osoz, Kontseiluari egitasmoaren aldaketak proposatzeko eskubidea, itunaren indarrez onartutako egintzen ondorioz edo itunetik derrigorrez sortu beharreko gastuei buruz.

Baldin eta Europako Parlamentuak, aurrekontuaren egitasmo horren jakinarazpena egiten denetik berrogeita bost eguneko epean, onarpena ematen badio egitasmoari, behin betiko onartuta geldituko da aurrekontua. Baldin eta Europako Parlamentuak, epe horretan, aurrekontuaren egitasmoari zuzenketarik egin ez badio, eta aldaketarik ere proposatu ez badio, aurrekontua behin betiko onartu dela ulertuko da.

Baldin eta Europako Parlamentuak, epe horretan, zuzenketak onartu baditu edo aldaketak proposatu baditu, Kontseiluari bidaliko zaio aurrekontuaren egitasmoa, zuzenketekin edo aldaketa-proposamenekin batera.

5.- Kontseiluak, aurrekontuaren egitasmo hori dela-eta, Batzordearekin, eta, kasua bada, horretan interesa daukaten gainerako instituzioekin eztabaidatu ondoren, baldintza hauetan jardungo du:

a) Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Europako Parlamentuak onartutako zuzenketa bakoitza aldatu egin dezake;

b) aldaketa-proposamenei dagokienez:

- Europako Parlamentuak egindako aldaketa-proposamenaren ondorioz instituzio baten gastuen zenbateko osoa gehitzen ez bada, batez ere gastuak gutxitzea ekar lezakeen beste aldaketa-proposamen batekin edo gehiagorekin berariaz orekatzen delako aldaketa horrek sor dezakeen gastu-gehikuntza, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, baztertu egin dezake aldaketa-proposamen hori. Ukapen-erabakirik hartzen ez badu, aldaketa-proposamena onartuta geldituko da;

- Europako Parlamentuak egindako aldaketa-proposamenaren ondorioz instituzio baten gastuen zenbateko osoa gehitu egiten bada, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, onartu egin dezake aldaketa-proposamen hori. Onarpen-erabakirik hartzen ez badu, aldaketa-proposamena baztertuta geldituko da;

- aurreko lerroalde bietako bateko xedapenak aplikatuz, Kontseiluak atzera botatzen badu aldaketa-proposamena, Kontseiluak berak, gehiengo kualifikatuz, edo eutsi egin diezaioke aurrekontuaren egitasmoan jasotako zenbatekoari, edo beste bat finkatu.

Aurrekontuaren egitasmoa Kontseiluak onartutako aldaketa-proposamenen arabera aldatuko da.

Baldin eta Kontseiluak, aurrekontuaren egitasmo horren jakinarazpena egiten denetik hamabost eguneko epean, Europako Parlamentuak onartutako zuzenketa bat ere aldatzen ez badu, eta Europako Parlamentuak aurkeztutako aldaketa-proposamen guztiak onartzen baditu, aurrekontua behin betiko onartu dela ulertuko da. Eta Kontseiluak Europako Parlamentuari jakinaraziko dio berak ez duela zuzenketa bat ere aldatu, eta aldaketa-proposamenak onartu egin dituela.

Baldin eta Kontseiluak, epe horretan, Europako Parlamentuak onartutako zuzenketaren bat edo gehiago aldatu badu, edo Europako Parlamentuak aurkeztutako aldaketa-proposamenak baztertu edo aldatu baditu, berriro bidaliko zaio aurrekontuaren egitasmoa Europako Parlamentuari, aldatuta. Eta Kontseiluak bere eztabaiden emaitza adieraziko dio Europako Parlamentuari.

6.- Aurrekontuaren egitasmo horren jakinarazpena egiten denetik hamabost eguneko epean, Europako Parlamentuak, berak egindako aldaketa-proposamenei eman zaien tratuaren berri jaso ondoren, zuzendu edo baztertu egin ditzake Kontseiluak bere zuzenketei egindako aldaketak, beti ere Europako Parlamentua osatzen duten kideen gehiengoz eta emandako botoen hiru bostenaz, eta, ondorioz, onartu egingo du aurrekontua. Baldin eta Europako Parlamentuak, epe horretan, erabakirik hartzen ez badu, aurrekontua behin betiko onartu dela ulertuko da.

7.- Artikulu honetan aurreikusitako prozedura amaitu ondoren, aurrekontua behin betiko onartu dela aldarrikatuko du Europako Parlamentuko lehendakariak.

8.- Hala ere, Europako Parlamentuak, osatzen duten kideen gehiengoz eta emandako botoen hiru bostenaz, garrantzi handiko arrazoiak direla-eta, atzera bota dezake aurrekontuaren egitasmoa, eta beste egitasmo berri bat aurkez dakiola eskatu.

9.- Urtero, itunaren indarrez onartutako egintzen ondorioz edo itunetik derrigorrez sortu beharreko gastuetatik diferenteak diren beste gastu guztien artean osatutako multzorako, gehienezko gehikuntza-tasa bat finkatuko da, burutzen ari den aurrekontu-ekitaldian izaera bera daukaten gastuen gainean.

Batzordeak ezarriko du gehienezko tasa hori, Ekonomia Politikarako Lantaldeari aholkua eskatu ondoren; eta honela aterako da:

- Erkidegoaren nazio-produktu gordinaren bolumenaren bilakaeratik,

- Erkidegoko estatuen aurrekontuen batez besteko aldaketatik,

eta

- azken ekitaldian zehar bizitzaren kostuak izandako bilakaeratik.

Gehienezko tasa maiatzaren 1aren aurretik jakinaraziko zaie Erkidegoko instituzio guztiei. Instituzioek errespetatu egin beharko dute aurrekontuaren prozeduran zehar, idatz-zati honetako laugarren eta bosgarren lerroaldeetan xedatutakoaren kontra joan gabe.

Baldin eta, itunaren indarrez onartutako egintzen ondorioz edo itunetik derrigorrez sortu beharreko gastuetatik diferenteak diren gastuetarako, Kontseiluak ezarritako aurrekontuaren egitasmotik ondorioztatutako gehikuntza-tasa gehienezko tasaren erdia baino handiagoa bada, Europako Parlamentuak, zuzenketak sartzeko daukan eskubideaz baliatuz, gastu horien zenbateko osoa gehitu egin dezake oraindik ere, gehienezko tasaren erdira iritsi arte.

Europako Parlamentuaren, Kontseiluaren edo Batzordearen iritziz, Erkidegoen jarduerak direla-eta, premiazkoa bada idatz-zati honetan ezarritako prozeduraren arabera zehaztutako tasa gainditzea, beste tasa bat finkatu ahal izango da Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren artean akordioa lortuz, lehenengoak, gehiengo kualifikatuz, eta bigarrenak, osatzen duten kideen gehiengoz eta emandako botoen hiru bostenaz.

10.- Artikulu honetan emandako eskumenez baliatuko dira instituzio guztiak, ituneko xedapenak eta itunaren indarrez onartutako egintzak errespetatuz, batez ere Erkidegoen baliabide berekiei eta sarreren eta gastuen arteko orekari dagokienean.

273. artikulua (lehengo 104. artikulua)

Baldin eta aurrekontu-ekitaldia hasten denean oraindik ere aurrekontuaren bozketa egin gabe badago, hilero egin ahal izango dira gastuak, kapituluka edo beste azpiatal baten bidez, 279. artikuluaren indarrez onartutako erregelamenduan xedatutakoaren arabera, aurreko ekitaldiko aurrekontuan zehaztutako kredituen hamabiren partea muga dela; neurri horrekin, ordea ezin izango da Batzordearen esku utzi prestatzen ari den aurrekontuaren egitasmoan aurreikusitakoaren hamabiren partea baino kreditu gehiagorik.

Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, hamabiren partetik gorako gastuak egiteko baimena eman dezake, lehenengo lerroaldean ezarritako gainerako baldintzak errespetatzen badira.

Baldin eta itunaren indarrez onartutako egintzen ondorioz edo itunetik derrigorrez sortu beharreko gastuetatik diferenteak diren gastuei buruzkoa bada erabaki hori, Kontseiluak berehala jakinaraziko dio Europako Parlamentuari. Hogeita hamar eguneko epean, Europako Parlamentuak, osatzen duten kideen gehiengoz eta emandako botoen hiru bostenaz, beste era bateko erabakia har dezake gastu horien gainean, lehenengo lerroaldean ohartemandako hamabiren partetik gorako parteari dagokionez. Kontseiluaren erabakiaren parte hori etenda geldituko da, harik eta Europako Parlamentuak erabakia hartu arte. Baldin eta, aipatutako epean, Europako Parlamentuak Kontseiluak hartutako erabakiaren bestelakoren bat hartzen ez badu, Kontseiluarena behin betiko onartu dela ulertuko da.

Bigarren eta hirugarren lerroaldeetan aipatutako erabakietan aurreikusita utzi behar dira artikulu hau aplikatuko dela bermatzeko baliabideei buruz beharrezkoak diren neurriak.

274. artikulua (lehengo 205. artikulua)

Batzordeak gauzatuko du aurrekontua, bere erantzukizunpean eta baimendutako kredituen muga barruan, 279. artikuluaren indarrez onartutako erregelamenduetako xedapenekin bat etorriz, finantzen kudeaketa ona printzipio arautzaile duela. Erkidegoko estatuek lankidetza emango diote Batzordeari, baimendutako kredituak finantzen kudeaketa onaren printzipio pean erabiliko direla bermatzeko.

Erregelamenduan zehaztuko da instituzio bakoitzak bere gastu berekiak gauzatzen parte hartzeko edukiko dituen berariazko moduak.

Aurrekontuaren barruan, Batzordeak kapitulutik kapitulura edo azpiataletik azpiatalera eskualdatu ahal izango ditu kredituak, 279. artikuluaren indarrez onartutako erregelamenduak ezarritako mugekin eta baldintzetan.

275. artikulua (lehengo 205 bis artikulua)

Batzordeak urtero aurkeztuko die amaitutako ekitaldiko aurrekontuko eragiketen kontuak Kontseiluari eta Europako Parlamentuari. Gainera, Erkidegoaren aktiboaren eta pasiboaren finantza-balantza ere bidaliko die.

276. artikulua (lehengo 206. artikulua)

1.- Europako Parlamentuak, Kontseiluaren gomendioz onartuko du Batzordeak aurrekontua gauzatzerakoan egindako kudeaketa -eta Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak-. Horretarako, Kontseiluak aztertu ondoren, agiri hauek aztertuko ditu Europako Parlamentuak: 275. artikuluan aipatutako kontuak eta finantza-balantza, Kontuen Auzitegiaren urteko txostena -kontrolatutako instituzioek Kontuen Auzitegiaren oharpenei emandako erantzunekin batera-, 248. artikuluko 1. idatz-zatiko bigarren lerroaldean aipatutako fidagarritasun-adierazpena, eta Kontuen Auzitegiaren txosten bereziak.

2.- Batzordearen kudeaketa onartu aurretik, edo Batzordeak aurrekontua gauzatzeko dauzkan eskurantzez baliatzearekin zerikusia daukan beste edozein helbururako, Europako Parlamentuak azalpenak eskatu ahal izango dizkio Batzordeari gastuei buruz edo finantzak ikuskatzeko sistemen jarduteko moduari buruz. Batzordeak beharrezko informazio guztia emango dio Europako Parlamentuari, Europako Parlamentuak hala eskatzen dionean.

3.- Batzordeak behar den guztia egingo du, bai kudeaketa onartzeko erabakiekin batera doazen oharpenak betetzeko, zein gastuak egiteko modua dela-eta Europako Parlamentuak egindako gainerako oharpenak betetzeko, eta Kontseiluak egindako onarpen-gomendioekin batera doazen iruzkinak betetzeko.

Europako Parlamentuaren edo Kontseiluaren eskariz, aipatutako oharpen eta iruzkinen ondorioz hartutako neurrien berri emango du Batzordeak, eta, bereziki, aurrekontua gauzatzeko ardura daukaten zerbitzuei emandako jarraibideen berri. Txosten horiek Kontuen Auzitegiari ere bidaliko zaizkio.

277. artikulua (lehengo 207. artikulua)

Itun honetako 279. artikuluaren indarrez onartutako erregelamenduko xedapenekin bat etorriz finkatutako kontu-unitatean ezarriko da aurrekontua.

278. artikulua (lehengo 208. artikulua)

Batzordeak Erkidegoko estaturen bateko dirura eskualdatu ditzake Erkidegoko beste estatu bateko dirutan dauzkan aktiboak, itun honek ezarritako helburuetarako erabiliak izateko beharrezkoak diren heinean, baina horretan zerikusia daukaten Erkidegoko estatuetan eskudun diren agintariei eman behar die horren berri. Batzordeak, ahal den neurrian, saihestu egingo ditu halako eskualdaketak, berak behar duen dirutan aktibo erabilgarriak edo bihurgarriak badauzka.

Erkidegoko estatu bakoitzarekin izango ditu harremanak Batzordeak, estatuok izendatutako agintarien bidez. Finantza-eragiketak egiteko, Erkidegoko dena delako estatuko jaulkipen-bankura edo horrek baimendutako beste finantza-instituzio batera joko du Batzordeak.

279. artikulua (lehengo 209. artikulua)

Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenez, eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu eta Kontuen Auzitegiaren irizpena jaso ondoren:

bereziki aurrekontua onartu eta gauzatzeko moduak, eta kontuak eman eta aztertzeko moduak zehaztu behar dituzten finantza-erregelamenduak onartuko ditu;

arauak zehaztuko ditu, eta kontu-hartzaileen, ordainketa-agintzaileen eta kontularien erantzukizunaren kontrola antolatuko du.

Datorren 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, Kontseiluak gehiengo kualifikatuz erabakiko du, Batzordearen proposamenaren gainean, Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, eta Kontuen Auzitegiaren irizpena jaso ondoren.

2.- Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenaren gainean, Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, eta Kontuen Auzitegiaren irizpena jaso ondoren, Erkidegoko baliabide berekien araubidean aurreikusitako aurrekontu-sarrerak Batzordearen eskura jartzeko moduak eta prozedura finkatuko ditu, eta, premia dagoenerako, altxortegi-beharrizanei aurre egiteko aplikatu beharreko neurriak zehaztuko ditu.

280. artikulua (lehengo 209 A artikulua)

1.- Erkidegoaren finantza-interesei eragin diezaieten iruzurraren kontra eta legez kanpoko jarduera guztien kontra borrokatuko dute Erkidegoak eta Erkidegoko estatuek, artikulu honetan xedatutakoaren indarrez hartutako neurriekin; eragin atzerarazlea eduki behar dute neurriok, eta Erkidegoko estatuetan babes eraginkorra emateko gai izan behar dira.

2.- Erkidegoko estatuek, Erkidegoaren finantza-interesei eragin diezaien iruzurraren kontra borrokatzeko, beren finantza-interes berekiei eragin diezaien iruzurraren kontra borrokatzeko har ditzaten neurri berberak hartuko dituzte(70).

3.- Itun honetako beste xedapen batzuen kontra jarri gabe, Erkidegoaren finantza-interesak iruzurretik babesteko bideratutako ekintzak koordinatu egingo dituzte Erkidegoko estatuek. Horretarako, Batzordearekin batera, lankidetza arautu eta estua antolatuko dute agintari eskudunen artean.

4.- Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, eta Kontuen Auzitegiari aholkua eskatu ondoren, Erkidegoaren finantza-interesei eragin diezaien iruzurrari aurrea hartu eta bere kontra borrokatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu, Erkidegoko estatu guztietan balio bereko babes eraginkorra emateko. Neurri horiek ez dira estatu barruko zigor-legediaren aplikazioari buruzkoak izango, ez eta estatuan justizia administratzeko moduei buruzkoa ere.

5.- Batzordeak, Erkidegoko estatuekin lankidetzan arituz, txostena aurkeztuko die urtero Europako Parlamentuari eta Kontseiluari, artikulu hau aplikatzeko hartutako neurriei buruz.

SEIGARREN ZATIA

XEDAPEN OROKORRAK, ETA AZKEN XEDAPENAK (71)

281. artikulua (lehengo 210. artikulua)

Erkidegoak nortasuna juridikoa dauka.

282. artikulua (lehengo 211. artikulua)

Estatu bakoitzeko legediak pertsona juridikoei onartzen dien gaitasun juridikorik handiena edukiko du Erkidegoak Erkidegoko estatu bakoitzean; bereziki, ondasun higigarri eta higiezinak erosi edo saldu, eta epaiketara aurkezteko gaitasuna. Horretarako, Batzordeak ordezkatuko du Erkidegoa.

283. artikulua (lehengo 212. artikulua)

Kontseiluak, Batzordearen proposamenaren gainean, eta horretan interesa daukaten gainerako instituzioei aholkua eskatu ondoren, gehiengo kualifikatuz, Europako Erkidegoetako funtzionarioen estatutua eta Erkidego horietako gainerako langileei aplikatzeko araubidea ezarriko ditu.

284. artikulua (lehengo 213. artikulua)

Batzordeak, berari agindutako eginbeharrak betetzeko, era guztietako informazioak eskatu eta beharrezko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu, itun honetako xedapenekin bat etorriz Kontseiluak finkatutako mugekin eta baldintzetan.

285. artikulua (lehengo 213 A artikulua)

1.- Banku Zentralen Europako Sistemaren eta Europako Banku Zentralaren estatutuei buruzko protokoloko 5. artikuluan xedatutakoaren kontra jarri gabe, Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, estatistikak egiteko neurriak hartuko ditu, Erkidegoaren jarduerak burutzeko beharrezkoak direnean.

2.- Erkidegoko estatistikak egiteko, inpartzialtasuna, fidagarritasuna, objetibotasuna, independentzia zientifikoa, errentagarritasuna eta estatistikari buruzko isilpekotasuna bete behar dira, eta ez zaie larregiko zamarik sortu behar eragile ekonomikoei.

286. artikulua (lehengo 213 B artikulua)

1.- 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera, pertsonen datuen tratamendua dela-eta pertsonak babesteko, eta datu horiek hara-hona askatasunez erabiltzeko Erkidegoak egin ditzan egintzak, itun honetan, edo ituna oinarri dela ezarritako instituzio eta erakundeei aplikatuko zaizkie.

2.- Goiko 1. idatz-zatian aipatutako eguna baino lehen, Kontseiluak, 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, zaintzarako erakunde independente bat ezarriko du, Erkidegoko instituzio eta erakundeei Erkidegoaren egintza horiek aplikatzeko modua kontrolatzeko erantzukizunarekin, eta, premiazkoa bada, bidezko izan dadin beste edozein xedapen ezarriko du.

287. artikulua (lehengo 214. artikulua)

Erkidegoko instituzioetako kideak, lantaldeetako kideak, eta Erkidegoko funtzionarioak eta langileak, guztiok egongo dira behartuta, baita beren karguak utzi eta gero ere, informazioen izaera dela-eta lanbide-isilpekotasunez babestutako informaziorik ez zabaltzera; batez ere, enpresen datuak, eta beren merkataritzako harremanei edo beren kostuen osagaiei buruzkoak direnean.

288. artikulua (lehengo 215. artikulua)

Kasuan kasuko kontratuari aplikatu behar zaion legeak arautuko du Erkidegoaren kontratu-erantzukizuna.

Kontratuz kanpoko erantzukizunari dagokionez, Erkidegoak konpondu beharko ditu Erkidegoko instituzioek edo bertako langileek beren eginkizunak betetzean sortutako kalteak, Erkidegoko estatuetako zuzenbideetan berdinak diren printzipio orokorrekin bat etorriz.

Bigarren lerroaldea baldintza berberetan aplikatuko zaie Europako Banku Zentralak edo bertako langileek beren eginkizunak betetzean sortutako kalteei ere.

Langileek Erkidegoarekiko daukaten erantzukizun pertsonala beren estatutuko edo aplikagarri zaien araubideko xedapenen arabera arautuko da.

289. artikulua (lehengo 216. artikulua) (72)

Erkidegoko instituzioen egoitza Erkidegoko estatuetako gobernuen adostasunez finkatuko da.

290. artikulua (lehengo 217. artikulua)

Kontseiluak finkatuko du Erkidegoko instituzioen hizkuntza-sistema, aho batez, Justizia Auzitegiaren estatutuan aurreikusitako xedapenen kontra jarri gabe.

291. artikulua (lehengo 218. artikulua)

Erkidegoko estatuen lurraldean bere eginbeharrak betetzeko beharrezko pribilejio eta inmunitateak izango ditu Erkidegoak, Europako Erkidegoen pribilejio eta inmunitateei buruzko 1965eko apirilaren 8ko protokoloan ezarritako baldintzetan. Eta beste horrenbeste Europako Banku Zentralerako, Europako Diru Instituturako eta Europako Inbertsio Bankurako ere.

292. artikulua (lehengo 219. artikulua)

Erkidegoko estatuek hitza ematen dute itun hau interpretatu edo aplikatzeko eztabaidak ez dituztela itun honetan bertan aurreikusitakoez bestelako irtenbide-prozeduraren menpe jarriko.

293. artikulua (lehengo 220. artikulua)

Premiazkoak badira, Erkidegoko estatuek negoziazioak egingo dituzte beren artean, herritarrei:

- pertsona moduan dagokien babesa, eta eskubideen gozamena bermatzeko, eta eskubideok ziurtatzeko, estatu bakoitzak bertako herritarrei onartutako baldintzetan;

- Erkidego barruan zerga-ezarpen bikoitza kentzeko;

- itun honetako 48. artikuluko bigarren lerroaldean zehaztutako sozietateen elkarren arteko onarpena bermatzeko, eta herrialde batetik bestera beren egoitza aldatuz gero nortasun juridikoari eusteko, eta estatu bat baino gehiagoren legeen menpe dauden sozietateak elkarrekin batean biltzeko aukera bermatzeko;

- epailearen erabakiak eta arbitrajezko laudoak elkarri onartu eta betetzeko jarrita dauden formalismoak erraztuko direla bermatzeko.

294. artikulua (lehengo 221. artikulua)

Erkidegoko estatuek beren herritarrei ematen dieten tratua emango diete Erkidegoko beste estatuetako herritarrei ere, hain zuzen 48. artikuluan zehaztutako sozietateetako kapitalean finantza-partaidetza izateari dagokionez, itun honetako gainerako xedapenak aplikatu beharraren kontra jarri gabe.

295. artikulua (lehengo 222. artikulua)

Itun honek inola ere ez du baldintzapean jartzen Erkidegoko estatuen jabetza-araubidea.

296. artikulua (lehengo 223. artikulua)

1.- Itun honetako xedapenak ez dira arau hauen kontrako oztopo izango:

a) Erkidegoko edozein estaturen ustez informazioren bat zabaltzea bere segurtasunerako funtsezko interesen kontra badoa, ezin izango da informazio hori ematera behartu;

b) Erkidegoko estatu guztiek har ditzakete beren segurtasunerako funtsezko interesak babesteko beharrezkotzat jo, eta armak, munizioak eta gerrako materialak ekoiztu edo merkaturatzeko diren neurriak; neurri horiek ezin izango dituzte aldatu merkatu bateratuko lehia-baldintzak, berariaz helburu militarretarako ez diren produktuei dagokienean.

2.- Kontseiluak, aho batez, eta Batzordearen proposamenez, aldaketak sar ditzake 1. idatz-zatiko b) puntuko xedapenen menpe dauden produktuekin 1958ko apirilaren 15ean egin zuen zerrendan.

297. artikulua (lehengo 224. artikulua)

Erkidegoko estatuek aholkua eskatuko diote elkarri, guztien adostasunez beharrezko neurriak hartzeko, Erkidegoko estaturen batek, bai bertako ordena publikoa asaldatu ditzaten barruko istilu larriek eraginda, zein gerra dela-eta edo nazioartean gerra-mehatxua sorrarazten duen tentsio-egoera larriak eraginda, nahiz bakea eta nazioarteko segurtasuna zaintzeko bereganatutako betebeharrei aurre egiteko derrigorrez hartu beharreko neurriek merkatu bateratuaren jarduerari kalterik sor ez diezaioten.

298. artikulua (lehengo 225. artikulua)

Itun honetako 296 eta 297. artikuluetan aurreikusitako kasuetan hartutako neurriren batzuek merkatu bateratuko lehia-baldintzak aldatzen badituzte, aipatutako neurriok itun honetan ezarritako arauetara egokitu ahal izateko baldintzak aztertuko ditu Batzordeak horretan interesa daukan estatuarekin batera.

Itun honetako 226 eta 227. artikuluetan aurreikusitako prozeduraren kontra jarri gabe, Batzordeak edo Erkidegoko edozein estatuk zuzenean jo dezake Justizia Auzitegira, baldin eta bere ustez Erkidegoko beste estaturen batek gehiegikeriaz erabiltzen baditu 296 eta 297. artikuluetan aurreikusitako ahalmenak. Justizia Auzitegiak ateak itxita erabakiko du.

299. artikulua (lehengo 227. artikulua)

1.- Itun hau ondorengoei aplikatuko zaie: Belgikako Erresumari, Txekiar Errepublikari, Danimarkako Erresumari, Alemaniako Errepublika Federalari, Estoniako Errepublikari, Heleniar Errepublikari, Espainiako Erresumari, Frantziako Errepublikari, Irlandari, Italiako Errepublikari, Zipreko Errepublikari, Letoniako Errepublikari, Lituaniako Errepublikari, Luxenburgoko Dukerri Handiari, Hungariako Errepublikari, Maltako Errepublikari, Herbehereetako Erresumari, Austriako Errepublikari, Poloniako Errepublikari, Portugalgo Errepublikari, Esloveniako Errepublikari, Eslovakiako Errepublikari, Finlandiako Errepublikari, Suediako Erresumari eta Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuari.

2.- Itun honetako xedapenak Itsasoz haraindiko Frantziako departamenduei, Azore uharteei, Madeirari eta Kanariar uharteei aplikatuko zaizkie(73).

Hala ere, Itsasoz haraindiko Frantziako departamenduetako, Azore uharteetako, Madeirako eta Kanariar uharteetako ekonomiaren eta gizartearen egituraren egoera kontuan hartuta, hau da, oso urruti daudela, uharteak, azalera txikikoak, eta erliebe eta egurats gogorrekoak direla, produktu-kopuru txiki baten menpe daukatela beren ekonomia, eta, alderdi horiek iraunkorrak eta denak batera agertzen direlako, kalte larria eragiten diotela beren garapenari, horiek guztiok kontuan hartuta, bada, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, Batzordearen proposamenez eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, itun hau eskualde horietan aplikatzeko baldintzak finkatzeko bereziki bideratutako berariazko neurriak hartuko ditu, politika bateratuak barne direla.

Kontseiluak, bigarren lerroaldean ohartemandako bidezko neurriak hartzerakoan, eremu hauek hartuko ditu kontuan: aduanei eta merkataritzari buruzko politikak, zergei buruzko politika, alderdi zerga-gabeak, nekazaritza-arrantzei buruzko politikak, lehen gaiak eta oinarrizko kontsumo-ondasunak hornitzeko baldintzak, laguntza publikoak, eta egitura-funtsetara eta Erkidegoko egitarau horizontaletara iristeko baldintzak.

Kontseiluak, bigarren lerroaldean ohartemandako neurriak hartzerakoan, eskualde ultraperiferikoen ezaugarri eta eskakizun bereziak izango ditu kontuan, baina Erkidegoaren zuzenbideko antolamenduaren osotasuna eta koherentzia arriskuan jarri gabe, eta barne-merkatua eta politika bateratuak tartean direla.

3.- Itsasoz haraindiko herrialdeak eta lurraldeak -itun honetako II. eranskinean dator horien zerrenda-, itun honetako laugarren zatian elkarterako zehaztutako araubide bereziaren menpe egongo dira.

Itun hau ez zaie aplikatuko lehen esandako zerrendan aipatu ez diren, eta Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuarekin harreman bereziak dauzkaten itsasoz haraindiko herrialde eta lurraldeei.

4.- Erkidegoko estaturen batek Europako zenbait lurralderen kanpo-harremanak bereganatuta badauzka, itun honetako xedapenak aplikatuko zaizkie lurralde horiei ere.

5.- Aland uharteei ere itun honetako xedapenak aplikatuko zaizkie, Austriako Errepublikaren, Finlandiako Errepublikaren eta Suediako Erresumaren atxikipen baldintzei buruzko Aktako 2. zenbakiko protokoloko xedapenekin bat etorriz.

6.- Aurreko idatz-zatietan xedatutakoaren kontra jarri gabe:

a) itun hau ez zaie aplikatuko Faroe uharteei;

b) itun hau ez da aplikatuko Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuak Txipren dauzkan subiranotasuneko aldeetan;

c) Kanaleko uharteei eta Man uharteari itun honetako xedapenak aplikatuko bazaizkie ere, Europako Ekonomia Erkidegora eta Atomo Energiaren Europako Erkidegora estatu berriak atxikitzeko 1972ko urtarrilaren 22an izenpetutako Itunean uharte horietarako aurreikusitako araubidea aplikatuko zaiela bermatzeko beharrezkoa den heinean egingo da.

300. artikulua (lehengo 228. artikulua)

1.- Itun honetako xedapenetan Erkidegoaren eta estatu nahiz nazioarteko erakunderen baten edo gehiagoren artean akordioak lotzea aurreikusten den kasuetan, Batzordeak gomendioak egingo dizkio Kontseiluari, eta Kontseiluak baimena emango dio Batzordeari beharrezko negoziazioak hasteko. Aipatutako negoziazioak Batzordeak eramango ditu aurrera, eginkizun horretan lagungarri izatearren Kontseiluak izendatutako lantalde bereziei aholkua eskatuz, eta Kontseiluak ezar diezazkion zuzentarauekin bat etorriz.

Idatz-zati honek Kontseiluari emandako eskumenez baliatuz, Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak, 2. idatz-zatiko lehenengo lerroaldean xedatutakoaren arabera Kontseiluak aho batez erabaki behar duenean izan ezik.

2.- Eremu honetan Batzordeak onartuta dauzkan eskumenen kontra jarri gabe, gehiengo kualifikatuz eta Batzordearen proposamenez, akordioak izenpetzeko eta lotzeko erabakia Kontseiluak hartuko du; izenpetzen denean, bestalde, akordioa indarrean jarri aurretik behin-behinean aplikatzeko erabakia har daiteke. Kontseiluak aho batez hartuko ditu erabakiak, barne-arauak onartzeko aho batezkoa beharrezkoa den eremuren bati buruzkoa denean akordioa, edo 310. artikuluan aipatutako akordioren bat denean.

Artikulu honetako 3. idatz-zatian xedatutakoa alde batera utzi gabe, prozedura berberak aplikatuko dira akordioren baten aplikazioa etetea erabakitzeko, eta akordioren baten bidez sortutako erakunderen batean Erkidegoaren izenean hartu behar diren jarrerak finkatzeko, baldin eta ondorio juridikoak sortzen dituen erabakiak hartu behar baditu aipatutako erakundeak, akordioaren instituzio-eremua osatu edo aldatzeko erabakiak salbuespen izanda.

Europako Parlamentuari berehala eta osorik emango zaio idatz-zati honen arabera onartutako erabaki guztien berri, akordioak behin-behinean aplikatzeari edo eteteari buruzkoak direnean, edo akordioren baten bidez sortutako erakunderen batean Erkidegoaren jarrera finkatzeari buruzkoak direnean.

3.- Itun honetako 133. artikuluko 3. idatz-zatian ohartemandako akordioetarako izan ezik, aldez aurretik Europako Parlamentuari aholkua eskatuta lotuko ditu akordioak Kontseiluak, baita 251. artikuluan ohartemandako prozedura beharrezkoa den eremuetan, eta, barne-arauak onartzeko, 252. artikuluan ohartemandako prozedura beharrezkoa den eremuetan ere. Europako Parlamentuak irizpena emango du, Kontseiluak presatasunaren arabera finka dezakeen epean. Epea amaitzen denean irizpenik eman ez bada, irizpenik gabe har dezake erabakia Kontseiluak.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa hala izan arren, Europako Parlamentuaren aldeko irizpena aldez aurretik jasota lotuko dira akordio hauek: 310. artikuluan ohartemandako akordioak, lankidetza-prozedurak antolatzerakoan berariazko instituzio-eremuren bat sortzen duten gainerako akordioak, Erkidegoko aurrekontuetarako garrantzi handiko ondorioak sorrarazten dituzten akordioak, eta 251. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera onartutako egintzaren bat aldatzen duten akordioak.

Larrialdietan, Kontseiluak eta Europako Parlamentuak aldeko irizpena emateko epe-muga bat finkatu ahal izango dute.

4.- Akordioa lotzerakoan, Kontseiluak, 2. idatz-zatian esandakoaren kontra jarri gabe, Erkidegoaren izenean egokitzapenak onartzeko baimena eman ahal izango dio Batzordeari, baldin eta aipatutako akordioan aurreikusitakoaren arabera prozedura erraztua behar bada, edo akordio horrekin sortutako organoren batek parte hartzea behar bada egokitzapenok egiteko; Kontseiluak, bestalde, berariazko baldintzak ezar diezazkioke baimen horri.

5.- Baldin eta itun honi zuzenketak ekarriko dizkioten akordioak lotu nahi baditu Kontseiluak, Europar Batasuna eratzeko Ituneko 48. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera onartu behar dira zuzenketok aldez aurretik.

6.- Europako Parlamentuak, Kontseiluak, Batzordeak edo Erkidegoko edozein estatuk eska diezaioke irizpena Justizia Auzitegiari, itun honetako xedapenekin aurreikusitako edozein akordioren bateragarritasunaren gainean. Baldin eta Justizia Auzitegiaren irizpena kontrakoa bada, Europar Batasuna eratzeko Ituneko 48. artikuluan ezarritako baldintzetan baino ezin izango da sartu indarrean akordio hori.

7.- Artikulu honetan aipatutako baldintzetan lotutako akordioak lotesleak izango dira Erkideko instituzioentzat, eta Erkidegoko estatuentzat.

301. artikulua (lehengo 228 A artikulua)

Baldin eta, atzerriari eta segurtasun bateratuari buruzko politika dela-eta, Europar Batasuna eratzeko Itunean jasotako xedapenen arabera hartutako jarrera bateraturen batek edo ekintza bateraturen batek Erkidegoaren ekintza bat sorrarazten badu, beste herrialde batekin edo gehiagorekin ekonomia-harremanak eten edo zati batean edo osorik gutxitzeko, beharrezko presazko neurriak hartuko ditu Kontseiluak. Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak, Batzordearen proposamenez.

302. artikulua (lehengo 229. artikulua)

Nazio Batuetako organoekin eta bertako erakunde espezialduekin era guztietako harreman egokiak edukiko direla bermatu behar du Batzordeak.

Batzordeak, halaber, nazioarteko erakunde guztiekin harreman egokiak edukiko ditu.

303. artikulua (lehengo 230. artikulua)

Erkidegoak era guztietako lankidetza-modu egokiak lotuko ditu Europako Kontseiluarekin.

304. artikulua (lehengo 231. artikulua)

Erkidegoak lankidetza estua edukiko du Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearekin, eta alde bien arteko adostasunez zehaztu dira horretarako moduak.

305. artikulua (lehengo 232. artikulua)

1.- Itun honetako xedapenek ez dituzte aldatuko Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko xedapenak, batez ere Erkidegoko estatuen eskubide eta betebeharrei dagokienean, eta Erkidego horretako instituzioen eskumenei, eta ikatzaren eta altzairuaren merkatu bateratuaren jarduteko moduaren gainean itun hartan ezarritako arauei dagokienean.

2.- Itun honetako xedapenek ez diete eragingo Atomo Energiaren Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko xedapenei.

306. artikulua (lehengo 233. artikulua)

Itun honetako xedapenek ez dute eragotziko Belgikaren eta Luxenburgoren artean, eta Belgikaren, Luxenburgoren eta Herbehereen artean dauden eskualde-batasunak bere hartan jarraitzea eta hobetzea, itun hau aplikatuta eskualde-batasun horien helburuak lortzen ez diren heinean.

307. artikulua (lehengo 234. artikulua)

Itun honetako xedapenek ez diete eraginik sortuko Erkidegoko estatu batek edo gehiagok bere artean edo beste estatu batekin edo batzuekin 1958ko urtarrilaren 1a baino lehenago lotutako hitzarmenetatik sortutako eskubide eta betebeharrei; eta geroago atxiki diren estatuen kasuan, atxiki aurretik lotutako hitzarmenei dagokienean.

Hitzarmen horiek itun honekin batera ezinak diren heinean, dena delako estatu horrek edo horiek nabaritu dituen edo dituzten bateraezintasunak garbitzeko egokiak diren bitarteko guztietara joko du edo dute. Beharrezkoa izanez gero, Erkidegoko estatuek elkarri lagunduko diote helburu hori lortzeko, eta, hala bada, jarrera bateratua hartuko dute.

Lehenengo lerroaldean aipatutako hitzarmenak aplikatuz, Erkidegoko estatu bakoitzak itun honetan onartutako abantailak Erkidegoa eratzeko parte osagarri direla hartu behar dute kontuan Erkidegoko estatuek, eta, horregatik, instituzio bateratuak sortzearekin, instituzio horiei eskumenak ematearekin, eta Erkidegoko gainerako estatuek abantaila berdinak eman beharrarekin lotuta daudela, banatu ezineko moduan.

308. artikulua (lehengo 235. artikulua)

Baldin eta, merkatu bateratuaren jardueran, Erkidegoaren helburuetako bat lotzeko, Erkidegoaren ekintza bat beharrezkoa izan arren, horretan ekiteko beharrezko aginterik aurreikusi ez bada itun honetan, Kontseiluak, aho batez, Batzordearen proposamenez, eta Europako Parlamentuari aholkua eskatu ondoren, bidezko izan daitezen xedapenak onartuko ditu.

309. artikulua (lehengo 236. artikulua)

1.- Europar Batasuna eratzeko Ituneko 7. artikuluko 3. idatz-zatian xedatutakoaren indarrez, Erkidegoko estaturen bateko gobernuko ordezkariaren boto-eskubideak etenda uzteko erabakirik hartzen bada, boto-eskubide horiek etenda geldituko dira baita itun honi dagokionez ere.

2.- Gainera, Erkidegoko estaturen batek, larri eta behin eta berriz, Europar Batasuna eratzeko Ituneko 6. artikuluko 2. idatz-zatian jasotako printzipioak hautsi dituela egiaztatzen denean itun horretako 7. artikuluko 1. idatz-zatiaren arabera, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, itun hau aplikatuta sortzen diren zenbait eskubide etenda uztea erabaki lezake Erkidegoko dena delako estatu horrentzat. Eskubideok etenda uzterakoan, Kontseiluak kontuan hartu behar ditu pertsona fisiko eta juridikoen eskubide eta betebeharrentzat sor daitezkeen ondorioak ere.

Erkidegoko dena delako estatu horri itun honen arabera dagozkion betebeharrak, nolanahi ere, lotesleak izango dira aurrerantzean ere estatu horrentzat.

3.- Kontseiluak, gerora, 2. idatz-zatiarekin bat etorriz onartutako neurriak aldatzea edo errebokatzea erabaki dezake, gehiengo kualifikatuz, neurriok ezartzeko izandako egoera aldatzen bada.

4.- Goiko 2 eta 3. idatz-zatietan aipatutako erabakiak hartzeko, Erkidegoko dena delako estatuko gobernuaren ordezkariaren botoak kontuan hartu gabe erabakiko du Kontseiluak.

Eta 205. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoaren salbuespen moduan, gehiengo kualifikatua esaten denean, 205. artikuluko 2. idatz-zatian finkatutako proportzioaren parekoa dela ulertu behar da horretan interesatuta dauden Kontseiluko kideen boto haztatuen proportzioa.

Artikulu honetako 1. idatz-zatiaren arabera boto-eskubideak etenda uzten diren kasuetan ere aplikatuko da idatz-zati hau. Horrelako kasuetan, erabakiak hartzeko, aho batezkoa behar denean, Erkidegoko dena delako estatuko gobernuko ordezkariaren botorik gabe hartuko dira.

310. artikulua (lehengo 238. artikulua)

Elkarte bat sor ditzaketen akordioak lotu ahal izango ditu Erkidegoak estatu batekin edo gehiagorekin nahiz nazioarteko erakunde batekin edo gehiagorekin, eta elkarte horrek elkarrenganako eskubideak eta betebeharrak, ekintza bateratuak eta prozedura partikularrak sortaraziko ditu.

311. artikulua (lehengo 239. artikulua)

Erkidegoko estatuen arteko adostasunez itun honi eranskin moduan gehitutako protokoloak ituna osatzen duten zati izango dira.

312. artikulua (lehengo 240. artikulua)

Itun hau epe-muga jakinik gabe egiten da.

AZKEN XEDAPENAK (74)

313. artikulua (lehengo 247. artikulua)

Itun hau itungile gorenek sendetsiko dute, bakoitzak bere konstituzioko arauen arabera(75). Berrespen-agiriak Italiako Errepublikako Gobernuak gordeko ditu.

Berrespen-agiria gordailuan uzteko formalismoa azkeneko bete dezan estatu sinatzailearen berrespen-agiria gordailuan utzi eta hurrengo hileko lehenengo egunean sartuko da indarrean itun hau. Baina, hurrengo hila hasteko hamabost egun baino gutxiago falta direla egiten bada gordailua, gordailua egiten denetik hurrengo bigarren hileko lehenengo egunera arte atzeratuko da itun hau indarrean sartzeko eguna.

314. artikulua (lehengo 248. artikulua)

Itun hau ale bakarrean idatzita dago, alemanez, frantsesez, italieraz eta nederlanderaz, eta testu horiek jatorrizkotasun bera daukate hizkuntza horietako bakoitzean. Ituna Italiako Errepublikako Gobernuaren agiritegietan gordeko da, eta legeztatutako kopia bana bidaliko dio hark ituna izenpetu duten gainerako estatuetako gobernu bakoitzari.

Atxikipen-itunen indarrez, itun honen danierako, espainierako, finlandierako, grekoko, ingeleseko, irlanderako, portugeseko eta suedierako bertsioek ere legezkotasun bera daukate.

Eta horren fede emanez, beheko sinatzaile ahal osokoek itun hau izenpetzen dute.

Erroman egina, mila bederatziehun eta berrogeita hamazazpiko martxoaren hogeita bostean.

(ez da izenpetzaileen zerrenda jaso)

euskal legezalea