16/1983 Legea, Herri Administrazioaren Euskal Erakundearen araubide juridikoa

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

16/1983 LEGEA, UZTAILAREN 27KOA, HERRI ADMINISTRAZIOAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARAUBIDE JURIDIKOARI BURUZKOA

(itzulpen eguneratua)

ZIOEN ADIERAZPENA

Langileak funtsezko alderdi gertatzen dira edozein herri-administraziotan. Esan dugun hori edozein administraziori dagokion arren, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren kasuan garrantzia berezia dauka.

Euskal Herriak autogobernua iritsi eta administrazio autonomiko berri bat sortu izanak autonomiagintzaren zerbitzura egongo den eta prestakuntza eta eraginkortasun tekniko altua izango duen langileria hautatzea eta prestatzea ezinbesteko bihurtzen du.

Administrazio autonomikoarekin batera, Euskadiko lurralde historikoek eta udalek ere eskabide berberak dituzte beren langileen gaitasun teknikoari eta prestakuntzari buruzkoetan. Eraginkortasun-eskakizun horri, Euskal Herriko administrazio guztiek ahobatez sentitzen duten funtzio publikoa sakonki euskalduntzeko behar gorria gehitu behar zaio. Guztienak diren behar eta gurari horiek, gure Herriaren berezitasun juridiko eta ekonomikoen ikerketa zientifikoa sustatu beharraren luzaezinarekin batean, Herri Administrazioaren Euskal Erakundea sortzea oinarritzen dute, Euskadiko herri-administrazio guztiak eraikitzeko oinarritzat jotzen dugun Erakundea, alegia.

Herri-Arduralaritzaren Ikasketetako Euskal Erakundea Euskal Herriko Kontseilu Nagusiaren 1980.eko otsailaren 26ko akordioz sortu zen, autonomia-aurreko garaiko langileen prestakuntza-beharrei erantzuteko, eta 1980ko otsailaren 26an onartu ziren haren estatatutuak (1980ko martxoaren 27ko EKNaren BO, 37. zkia.). Garai hartan Herri Administrazioaren Euskal Erakundeak zituen eskumen urriak kontuan hartuz, lege-nortasuna emango zion lege-mailarik gabe sortu zen. Oraingo lege honek hutsune hura bete nahi du. Ildo horretatik Herri-Administrazioaren Euskal Erakundea, herri-administrazioko beste zenbait erakunde ospetsu bezala, erakunde autonomiadun gisa eratzen da, lege-nortasunarekin eta Lehendakaritza Sailari atxikita. Euskadiko Autonomia Erkidego osoa izango du jardun-eremu. Herri Administrazioaren Euskal Erakundearen Legearen funtsezko lerroak honako alderdi nagusietan oinarritzen dira:

Lehenik eta behin, funtzionarioak hautatzea finkatzen du legeak Herri Administrazioaren Euskal Erakundearen xedeetako bat. Alde horretatik, legearen 4.1 artikuluak, bai Autonomia Erkidegoaren funtzio publikoaren alorreko eskumenak geroan ikutu dezaketen Estatu-mailako arauen, bai etorkizuneko Lurralde Historikoen Legearen eta Euskal Herriko Toki Administrazioaren Legearen testuen aurka ez egoten saiatzen da. Lege horien edukia dena dela, Herri Administrazioaren Euskal Erakundeak lege horiek izendatu diezaioten funtzionario-hautaketa egin ahal izango du, eta baita beste herri-administrazio baten eskuordetza bidez zein hitzarmen bidez egin ere.

Bigarrenez, erakunde autonomiaduna denez, Herri Administrazioaren Euskal Erakundeak dagozkion eginkizunak betetzeko aurrekontu berezi bat izan beharko du.

Herri Administrazioaren Euskal Erakundearen Legeak oinarrizko irizpide horietatik abiatuta arautzen du Erakunde hori, haren lana Euskal Herriko herri-administrazio osoarentzat funtsezkotzat jotzen dela.

I KAPITULUA

HERRI ADMINISTRAZIOAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARAUBIDE JURIDIKOA

Lehenengo artikulua

Herri Administrazioaren Euskal Erakundea sortzen da, Euskal Herriko erakunde-administrazioaren baitan. Herri Administrazioaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailari atxikitako erakunde autonomiadun gisa eratzen da.

2. artikulua

Herri Administrazioaren Euskal Erakundea lege-nortasunaren eta bere helburuak betetzeko behar diren baliabideen jabe da.

3. artikulua

Herri Administrazioaren Euskal Erakundeak Gasteizen du bere egoitza.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren azken xedapenetako lehenengoaren arabera aldatu eta idatzitako paragrafoa (EHAA 15/2008.01.22).

4. artikulua

Honako hauek ditu xede Herri Administrazioaren Euskal Erakundeak:

1.- Euskal Herriko administrazio autonomikoak kontratatu beharreko funtzionarioak hautatzea, alor horretako bere jarduna Lehendakaritza Saileko zerbitzuekin koordinatuz.

2.- Beste herri-administrazioren batek edo lege antolamenduak eskatzen dizkion funtzionarioak hautatzea.

3.- Euskal Herriko administrazio autonomikoko funtzionarioak eta kontratupeko langileak edota beste edozein herri-administraziok edo lege-antolamenduak eskatzen dizkionak prestatzea eta hobetzea.

4.- Lurralde historikoekin, udalekin eta Euskadiko toki-administrazioaren gainerako erakundeekin horien langileak prestatzeko eta hobetzeko lankidetza sustatzea.

5.- Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean agintzen dena betetzeko, euskara herri-administrazioan sarzea, hedatzea, erabiltzea eta normalizatzea, baita administrazio-hizkera finkatzea ere.

Ikusi: 38/2000 Dekretua, otsailaren 29koa, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arautzen duena (EHAA 57/2000.03.22).

6.- Euskal Herriko herri-administrazioen berezitasun juridiko, finantzazko eta estatistikoak ikertu, irakatsi eta ezagutaraztea.

7.- Administrazioaren zientzia ikertu, irakatsi eta ezagutaraztea, eta Euskal Herriko administrazioetan ezartzea.

8.- Espainiako zein atzerriko antzeko erakundeekin harremanak izatea eta hitzarmenak egitea.

5. artikulua

Bere helburuak lortzeko, herri-Administrazioaren Euskal Erakundeak honako hauek egin ahal izango ditu:

1.- Komenigarri iritzitako atal, sail eta zerbitzuak antolatzea.

2.- Horretarako gaitasuna izan eta ikastorduak, mintegiak edo hitzaldiak eman edo gai bereziei buruzko edo zientzia-mailako lanak egin ditzaketen pertsonen lankidetza eskatzea.

6. artikulua

Erakundeak diplomak eta ziurtagiriak emango ditu, hala dagokionean lehiaketa, oposizio eta langileak hautatzeko beste moduetan eta administrazio-karreran igotzeko merezimendu izan daitezkeenak.

7. artikulua

Autonomia Erkidegoko erakundeek Herri- Administrazioaren Euskal Erakundearengana joan ahal izango dute Euskal Herriko Herri-Arduralaritzaren egituraketari eta hobekuntzari buruzko aholku bila, galdezka eta arauak gerta diezaizkienaren eske.

II KAPITULUA

HERRI ADMINISTRAZIOAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ANTOLAKETA

Ikusi: 241/2003 Dekretua, urriaren 14koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituena (EHAA 206/2003.10.22)

8. artikulua

Erakundearen gobernu-organoak honeko hauek dira:

a) Zaingo-batzordearen Kontseilua.

b) Herri Administrazioaren Euskal Erakundeko zuzendaria.

9. artikulua

Honako hauek izango dira Zaingo-batzordearen Kontseiluko kideak:

Lehendakari: Lehendakaritzako sailburua.

Lehendakariorde: Toki Administrazioko sailburuordea.

Kideak: lurralde historikoetako ahaldun nagusiak; lurralde historiko bakoitzean administrazio autonomikoaren ordezkari bana; lurralde historiko bakoitzean Euskal Herriko Toki Administrazioaren ordezkari bana; Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoaren ordezkari bat, gutxienez zuzendari-mailakoa, eta Herri Administrazioaren Euskal Erakundeko zuzendaria. Herri Administrazioaren Euskal Erakundeko idazkari nagusiak egingo du idazkaritza, hitz egiteko eskubidez baina botorik gabe.

Zaingo-batzordearen Kontseiluak erabakiak hartzeko erabiliko dituen arauak, Administrazio Prozeduraren Legearen I. Tituluaren II. Kapituluan kide anitzeko organoentzat xedatutakoak izango dira.

10. artikulua

Honako hauek dira Zaingo-batzordearen Kontseiluaren eginkizunak: Erakundearen Garapen-plan orokorra onartzea; Herri Administrazioaren Institutu Nazionalarekin, Toki Administrazioko Ikaskuntza Institutuarekin, unibertsitateekin edota beste antzeko erakundeekin hitzarmenak onartzea; urteko Oroitza, ikasketa-plana, tituluak eta langileak hautatzeko eta hobetzeko moduak onartzea; aurrekontuaren aurre-egitasmoa onartzea, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailari bidaltzeko, eta Erakundearen zuzendaritzako gainerako gaiak.

11. artikulua

Herri Administrazioarn Euskal Erakundeko zuzendaria Jaurlaritzaren Dekretuz izendatuko da, eta kargugabetu, hala dagokionean, Lehendakaritzako sailburuaren proposamenez eta herri-administrazioaren alorrean ospe handiko pertsona ezagunen artetik.

Kargu horrek zuzendari-mailari dagokion estatutu pertsonala izango du, Jaurlaritzaren Legean xedatutakoaren arabera.

12. artikulua

Erakundeko zuzendariari dagokio jarduera guztien kudeaketa bateratua eta antolatua, zerbitzuen zuzendaritza eta langileen buruzagitza bere gain hartzea, eta baita Erakundearen ordezkaritza, ikasketa-plana, tituluak eta langileak hautatzeko eta hobetzeko moduak proposatzea, aurrekontuaren aurre-egitasmoa prestatzea, gastuak baimentzea eta ordainketak agintzea eta Erakundearen langile-errolda.

III KAPITULUA

DIRU-BALIABIDEAK

13. artikulua

Bere helburuak betetzeko Herri-Administrazioaren Euskal Erakundeak aurrekontu berezia izango du urtero, Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan sartuta.

14. artikulua

Honako baliabide hauek osatuko dituzte aurrekontuaren diru-sarrerak:

1.- Matrikulatze-sari, titulu, diploma, ziurtagiri eta zerbitzuegatiko gainerako ordain edo tasek.

2.- Argitalpenak, iragarkiek eta Erakundeak dirutruke egindako zerbitzuen emaitza.

3.- Edozein gizabanako zein erakundek emandako dirulaguntza, laguntzabide eta dohainek.

4.- Bere ogasunak emandako irabaziek, Euskadiko Ondarearen Legeak agintzen duenarekin bat.

Azken xedapenak

Lehenengoa

Lehendakaritza Saileko organo gisa ziharduen Herri-Arduralaritzaren Ikasketetako Euskal Erakundea ezabatzen da, eta horren giza eta gauza-baliabidak Lege honen bidez sortzen den erakunde autonomiadunari esleitzen zaizkio

Bigarrena

Eusko Jaurlaritzari, Lehendakaritza Sailburuaren proposamenez Lege hau garatzeko eta betearazteko behar diren arau-xedapen guztiak emateko eskua ematen zaio.

Indargabetzeko xedapena

Euskal Herriko Kontseilu Nagusiaren 1980.eko otsailaren 26ko erabakiz onartutako Herri-Ardularitzaren Ikasketetako Euskal Erakundearen Araudia indargabetuta gelditzen da, eta bai 1980.eko azaroaren 11ko Dekretua ere, Lege honek agintzen duenaren aurkako den guztietan.

euskal legezalea