3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako

Euslege

MARTXOAREN 22KO 3/2007 LEGE ORGANIKOA, EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUN ERAGINGARRIRAKO

(EAO, 71. zk., 2007ko martxoaren 23koa)

ZIOEN AZALPENA

I

Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak berdintasunerako eta sexuan oinarritutako bereizkeriarik ez izateko eskubidea aldarrikatu du.

Bestalde, 9.2 artikuluak sendotu du botere publikoen betebeharra, inguruabar zehatzak sustatzeko, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen.

Printzipio juridiko unibertsala da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, giza eskubideei buruzko nazioarteko hainbat testutan aitortu dena. Bada, halako testuen artean nabarmendu behar da emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioa, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 1979an onetsi eta Espainiak 1983an berretsitakoa. Esparru berean, goraipatu behar dira mundu-mailako konferentzia monografikoetan emandako aurrerapausoak, horren adibide izanik 1985ean Nairobin eta 1995ean Beijinen egindako konbentzioak.

Era berean, berdintasuna Europar Batasuneko oinarrizko printzipioa ere bada.

Egin-eginean ere, 1999ko maiatzaren 1ean, Amsterdamgo Tratatua indarrean jarri zenetik, Europar Batasunaren eta estatu kideen politika nahiz ekintza guztietara bildu beharreko helburu da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta batzuen zein besteen arteko desberdintasunak ezabatzea.

Erromako Tratatuaren 111. artikuluaren babesean, sexuen arteko berdintasunaren inguruan Europako Erkidegoko arau-multzoa garatu da, hedadura handiarekin eta eduki sakonarekin. Hain justu ere, lege honek helburu du, hein handi batean, horren transposizio egokia egitea

Bereziki, lege honek tratu-berdintasunaren arloko bi zuzentarau barneratu ditu Espainiako antolamendu juridikora. Bateko, 2002/73/EE Zuzentaraua, horren bidez eraldatu dela 76/207/EE Zuzentaraua, enplegua, prestakuntza eta lanbide-aurrerakuntza lortzeko orduan, eta lan-baldintzetan, gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa. Besteko, 2004/113/EE Zuzentaraua, ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean eta horietaz hornitzean gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa.

II

Legearen araberako berdintasun formala erabat aitortzea aurrerapauso handia izan da baina ez behar bestekoa.

Genero-indarkeriak, alokairu-bereizkeriak, alarguntasun-pentsioetan dauden desberdintasunak, emakumeen langabezia-tasa handiagoak, politika-, gizarte-, kultura- eta ekonomia-esparruetako ardura handiko postuetan oraindik ere emakume gutxi izateak edo norberaren bizitza, laneko bizitza eta familia-bizitza uztartzeko arazoek agertzen dute gaur egun oraindik gauzatzeke dagoela, tresna juridiko berrien zain, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erabateko eta eragingarria, alegia, duela 140 urte John Stuart Millen hitzetan «perfektua behar zuen berdintasuna, ez eragozteagatik batzuek boterea eta pribilegioa izatea eta beste batzuek ezgaitasuna».

Halatan, ekintza arauemailea beharrezkoa da, zuzenean edo zeharka sexuan oinarritutako bereizkeriaren agerpen guztiak borrokatzeko, oraindik ere horrelakoak dauden ginoan, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko, hori lortzea eragozten duten oztopoak eta gizarte-estereotipoak kenduz.

Konstituzio-antolamenduak ondorioztatzen du betekizun hori, eta betekizun horrek bere baitara biltzen du emakumeen berezko eskubidea. Halaber, betekizun hori Espainiako gizartea aberatsago egiten duen osagaia da, ekonomia garatzen eta enplegua gehitzen lagunduko duena.

Orobat, arreta berezia jarri da, bereizkeria bikoitzeko kasuetan eta ahulezia berezia duten emakumeen zailtasun zehatzetan; azken horien artean daude gutxiengoetara bildutako emakumeak, emakume emigranteak eta desgai diren emakumeak.

III

Nolanahi ere, lege honen berrikuntzarik handiena da bereizkeriazko jokabide horiek prebenitzea eta berdintasun-printzipioa eragingarri egiteko politika aktiboak ezartzea.

Aukera horrek berarekin dakar berdintasun-printzipioa nahitaez hedatzea errealitate sozial, kultural eta artistikoaren antolamenduko edozenbat esparrutara, horietan desberdintasuna sortu edo iraunaraz daitekeenean.

Hortik, bada, testu honetako oinarrizko printzipiotzat hartzea berdintasunaren zeharkako dimentsioa, bereizkeriaren aurkako eskubide garaikidearen ikurra.

Legeak kontuan hartu ditu Espainiako politika publiko guztiak, estatukoak eta autonomia-erkidegokoak nahiz toki-administraziokoak.

Hurrean ere, legeak hori egin du Konstituzioak eskumena eratxiki diolako estatuari, konstituzio-eskubideak egikaritzean espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautzeko. Dena den, legeak arauketa zehatzagoa jaso du, estatuak oinarrizko edo legegintza osoko eskumena duen esparruetan.

Berdintasun-printzipioaren norainoko horizontalak sortzen dituen zailtasunak igarri-igarrian daude, berebat, legearen egituran.

Legeak artikuluetan jaso du printzipio horren proiekzioa, araututako esparru desberdinetan; eta xedapen gehigarrietan zehaztu du ukitu diren lege desberdinen kasuan kasuko aldarazpena.

Modu horretara, lege hau sortu da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren kode-legea izateko asmoarekin.

Politika publikoen antolaketa orokorra, berdintasun-printzipioaren ikuspuntutik eta genero-ikuspegitik, gauzatu da botere publiko guztien jardute-irizpideak ezarriz, printzipio hori botere publikoetara bildu baita modu aktiboan, esanbidez eta eragingarritasunez; halaber, izaera bereziarekin edo sektorean sektoreko izaerarekin, berdintasunari begira mesedegarriak diren jarraibideak jaso dira politika batzuetan, hala nota, hezkuntza-politikan, osasun-politikan, politika artistiko eta kulturalean, informazio-gizartearen politikan, landa-garapenerako politikan edo etxebizitza-politikan, kirol-politikan, kultura-politikan, lurralde-antolakuntzarako politikan edo garapenerako nazioarteko lankidetzaren politikan.

Esangura horretan, eta Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan, oinarrizko tresnak izango dira Aukera Berdintasunaren Plan Estrategikoa; Berdintasunaren Ministerio Arteko Batzordea eratzea, koordinazio-ardurak izango dituena; genero-eraginaren gaineko txostenak, horiek nahitaez egin beharko direla lege-arauetan, bai eta ekonomian nahiz gizartean berebiziko garrantzia duten planetan ere; eta berdintasun-printzipioaren eragingarritasunari buruz aldian-aldian egiten diren txosten eta ebaluazioak.

Era berean, nabarmendu behar da legeak esparru orokorra ezarri duela, ekintza positiboak deritzenak garatzeko, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eragingarri hori lortzeko helburuarekin,

Ildo horretatik, botere publiko guztientzako agindua da egitezkoak eta nabariak diren desberdintasun-egoerak kentzea, halakoak ezin direnean zuzendu berdintasun juridikoaren edo berdintasun formalaren printzipioa bakarrik azalduz.

Eta ekintza horiek emakumeen mesedetan eskubide desberdina sor dezaketen heinean, kautelak eta baldintzak ezarri dira, halakoen konstituzio-zilegitasuna ziurtatzeko.

Gizartean benetakoa eta eragingarria den berdintasuna lortzeko subjektu publikoen konpromisoa behar da, baina subjektu pribatuen arteko harremanei begira ere berdintasuna irmotasunez sustatu behar da.

Ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeari buruzko arauketa ere aintzat hartu du legeak, kontratu-askatasun eta -autonomiaren printzipioak elkartuz emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna suspertzearekin.

Halaber, egokitzat jo da enpresa pribatuetan berdintasun eragingarria sustatzeko neurri jakin batzuk ezartzea; horren adibide dira kontratuak egiteko eta diru-laguntza publikoak emateko gaian edo administrazio-kontseiluei begira ezarritakoak.

Legeak arreta berezia jarri du desberdintasuna zuzentzeari dagokionez, lan-harremanen esparru berezian.

Xedapen batzuen bidez, norberaren, familiaren eta laneko bizitza uztartzeko eskubidea aitortu da, eta emakumeen eta gizonen artean ardurak gehiago hainbanatzea suspertu da familia-betebeharrak hartzeari dagokionez. Arau osoak oinarri hartzen dituen irizpideak dira horiek, eta esparru honetan zehazten dira modu esanguratsuan.

Legeak enpresetan berdintasunaren aldeko neurri zehatzak hartzea sustatu nahi du; halatan, neurri horiek negoziazio kolektiboaren esparruan kokatu ditu, alderdiak izan daitezen, askatasunez eta erantzukizunez, halako neurrien edukia akordatzen dutenak.

Enpleguaren esparru berean, baina ezaugarri propioekin, legeak neurri bereziak jaso ditu, Estatuko Administrazio Orokorreko hautaketa prozesuen eta lanpostuak betetzeko prozesuen inguruan.

Edu berean, berdintasunaren proiekzioa hedatzen da segurtasun-indar eta -kidegoetara eta Indar Armatuetara.

Hasian hasi, berdintasun eragingarriak gizartean duen norainokoaz arduratuta, ezin da ardura horretatik kanpo geratu partaidetza politikoaren esparrua, dela estatu-mailan, dela autonomia-erkidegoen mailan eta toki-mailan, dela garapenerako nazioarteko lankidetza-politikaren proiekzioan.

Legean jaso da orekatutako presentzia edo osaera deitzen den printzipioa, ziurtatu nahian ardurako organo eta karguetan bi sexuetako pertsonak izango direla, behar besteko kopuruan. Horrela, printzipio hori hauteskundeetarako araubide orokorrean ere aplikagarri egin da, behar besteko malgutasuna duen formula baten aldeko apustua eginez, uztartu daitezen Konstituzioaren 9.2 eta 14. artikuluek eratorritako betekizunak eta konstituzio-testuaren 23. artikuluko sufragio pasiborako eskubidearen betekizunak.

Horrenbestez, arlo horretako nazioarteko testurik berrienak bereganatu dira, eta urratsak eman dira, ordezkaritza politikoan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bermatzeko bidean, helburu nagusia izanik ordezkaritza horren kalitatea hobetzea, eta, horren bidez, gure demokraziarena.

IV

Legearen egitura osatu dute atariko tituluak, zortzi tituluk, hogeita hamaika xedapen gehigarrik, hamaika xedapen iragankorrek, xedapen indargabetzaile bakarrak eta zortzi azken xedapenek.

Atariko tituluak legearen xedea eta aplikazio-esparrua ezarri ditu.

Lehenengo tituluak, erreferentziazko zuzentarauen aipamenei jarraituz, berdintasunaren inguruko oinarrizko kontzeptu eta kategoria juridikoak definitu ditu; halakoen artean daude zuzeneko eta zeharkako bereizkeria, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena, eta ekintza positiboak.

Orobat, lehenengo tituluak bereizkeriazko jokabideen ondore juridikoak zehaztu ditu, eta izaera prozesaleko bermeak ezarri ditu, berdintasun-eskubidearen babes judiziala indartzeko.

Bigarren tituluko lehenengo kapituluan botere publikoek berdintasunari begira jarduteko jarraibide orokorrak ezarri dira, zeharkakotasunaren printzipioa definitu da, bai eta printzipio hori arauak egitean, betetzean eta aplikatzean aintzat hartzeko tresnak ere.

Halaber, emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa sendotu da, hauteskunde-zerrendetan eta botere publikoek egindako izendapenetan, Hauteskundeetarako Legearen xedapen gehigarrietan kasuan kasuko aldarazpenak eginez. Orobat, arautu dira genero-eraginaren txostenak eta berdintasunaren aldeko ekintzen plangintza publikoa; ekintza horiek, Estatuko Administrazio Orokorrean, Aukera Berdintasunaren Plan Estrategiko batean jasoko dira.

Titulu horretako II. kapituluan politika publikoek hezkuntza-, kultura- eta osasun-arloetan izan beharreko joeraren irizpideak ezarri dira.

Horrez gain, sustatu nahi da, emakumeak informazio-gizartean lanean hastea, eta etxebizitza eskuratzeko politiketara nahiz landa-ingurunea garatzeko politiketara neurriak biltzea, berdintasuna eragingarria izateko.

III. tituluak jaso ditu komunikabideetan berdintasuna suspertzeko neurriak, erregela bereziak ezarriz titulartasun publikoko komunikabideetarako, bai eta bereizkeriazko edukia izan dezakeen publizitatea kontrolatzeko tresnak ere.

IV. titulua arduratu da aukera berdinekin lan egiteko eskubideaz, neurriak jasoz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko, enplegua, prestakuntza eta lanbide-aurrerakuntza lortzeko orduan, eta lan-baldintzetan.

Gainera, langileen eskubideen artean jaso da sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako babesa, kontuan hartu gabe langile horiek gizonak edo emakumeak diren.

Enpresek lan-esparruan berdintasun-printzipioa errespetatzeko duten eginbehar orokorraz gain, modu berezian ezarri da berrehun eta berrogeita hamar langiletik gorako enpresetan berdintasun-planak negoziatzeko eginbeharra.

Berdintasun-planek duten garrantziaren ageriko da, berebat, enpresa txiki eta ertainetan halakoak borondatez ezar daitezen suspertzeko jaso den xedapena.

Emakumeak lan-merkatuan errazago sar daitezen, xede gisa ezarri da hoberantz egitea, emakumeek enplegua lortzeari eta enpleguari eusteari dagokienez, emakumeen prestakuntza-maila eta lan-merkatuaren eskakizunetara egokitzeko gaitasuna indartuz; esangura horretan, enpleguaren politika aktiboetan, emakumeak bildu ahal izango dira lehentasuna duen biztanle-taldera.

Era berean, legeak gizarte- eta lan-neurri zehatzak jaso ditu, legearen xedapen gehigarrietan arautu direnak.

Norberaren, familiaren eta laneko bizitza uztatzea errazteko neurririk berritzaileena aitatasun-baimena da; baimen horrek hamahiru eguneko iraupena izango du, eta erditze anitza dagoenean, hamahiru egun horiek beste bi egun gehiago luzatuko dira, seme edo alaba bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.

Aitaren eskubidea da, banakakoa eta esklusiboa, aitortzen dena aitatasuna biologikoa denean nahiz adopzioa eta familia-harrera daudenean.

Gaur egungo amatasun-baimenari begira ere hobekuntzak egin dira, baimen horren iraupena bi astez luzatu baita, semea edo alaba desgaia denenean; luzatze hori gurasoetarik edonork baliatu ahal izango du.

Hobekuntza horiek egin dira, berebat, langile autonomoei eta Gizarte Segurantzako beste araubide berezi batzuetako langileei begira.

Legezko zaintzarengatik lanaldia murriztearen inguruan, batetik, adingabearen gehieneko adinari dagokionez, luzatu egin da murrizketarako eskubidea ematen duen adina, sei urtetik zortzi urtera igaroz, eta, bestetik, murrizketa horren gutxieneko muga murriztu da, lanaldiaren zortzirenera.

Halaber, borondatezko eszedentziaren gutxieneko iraupena lau hilabetera murriztu da, eta bi urtetik lau urtera igo ahaideak zaintzeko eszedentziaren gehieneko iraupena.

Semea edo alaba zaintzearen ondoriozko eszedentzia edo ahaideak zaintzearen ondoriozkoa zatika izateko aukera aitortu da.

Era berean, bereizkeriarik ezaren gaiaren inguruko arau-hausteak nahiz zehapenak eta kontrol-mekanismoak egokitu dira, eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren egitekoa indartu da.

Esparru horretan, erabat berritzailea da, zehapen erantsien ordez berdintasun-planak ezartzeko aukera.

Lan-arloko aldarazpenek berrikuntza batzuk eragin dituzte Gizarte Segurantzaren arloan, legearen xedapen gehigarrietan jaso direnak.

Berrikuntza horien artean bereziki nabarmendu behar dira, dela amatasunaren ondoriozko prestazioa jaso ahal izateko aurretiazko kotizazio-betekizunak malgutzea, dela betekizun horiek egiaztatzen ez dituzten emakume langileentzat, arrazoi berberean oinarrituta, sorospen berri bat aitortzea, dela aitatasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa sortzea.

V. tituluaren I. kapituluan arautu da berdintasun-printzipioa enplegu publikoari begira, berdintasunaren alde jarduteko irizpide orokorrak ezarriz Administrazio publiko guztientzat. Bestalde, II. kapituluan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua arautu da, Estatuko Administrazio Orokorreko zuzendaritza-organoetarako izendapenei dagokienez; presentzia orekatu hori izan behar da, baita ere, langileak hautatu eta balioesteko organoei dagokienez, eta kide anitzeko organoetako, komiteetako eta Administrazioak zein enpresetako kapitalean parte hartu eta enpresa horietako administrazio-kontseiluetako kideak izendatzeari dagokionez.

Titulu horretako III. kapituluak enpleguko berdintasun-neurriez dihardu, Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan, sektore pribatuko lan-harremanei begira ezarritakoaren ildo beretik; eta, bereziki, agindu da sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka jarduteko protokoloa onestea.

IV eta V. kapituluek modu berezian arautu dute berdintasun-printzipioarekiko errespetua Indar Armatuetan eta estatuko segurtasun-indar eta -kidegoetan.

Legearen VI. tituluak tratu-berdintasunaz dihardu, ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean, aseguruei aipamen berezia eginez.

VII. tituluak jaso du enpresek gizarte-erantzukizuneko ekintzak borondatez gauzatzeko aukera berdintasun-arloan; halaber, halako ekintzak hitzartu ahal dira langileen ordezkariekin, kontsumitzaileen erakundeekin, berdintasuna defendatzeko elkarteekin edo berdintasun-antolakundeekin.

Bereziki, ekintza horien erabilera publizitate-helburuekin arautu da.

Titulu horretan, eta gizarte-erantzukizun korporatiboaren esparruan, ezarri da merkataritzako sozietateetako administrazio-kontseiluetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua suspertu behar dela, eta horretarako arrazoizko epea eman da.

Neurri horren xedea da kontseilariak sartzeko irizpide nagusia izatea lanbide-talentua eta -etekina; izan ere, prozesuan inpartzialtasunaren irizpidea nagusitzeko, sexua ez da oztopoa izan behar hautatze-inguruabar gisa.

Legearen VIII. tituluak antolaketari buruzko xedapenak jaso ditu, Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunaren Ministerio Arteko Batzordea eta ministerio bakoitzean berdintasun-unitateak eratuz.

Horrez landa, legeak Emakumearen Partaidetza Kontseilua eratu du; organo hori kide anitzekoa izango da, gai horietan instituzio-partaidetzarako bidea izanik.

Arestian azaldu bezala, xedapen gehigarriek jaso dituzte indarrean dauden legeetako manuen aldarazpen desberdinak, aldarazpenok beharrezkoak diren heinean, manu horiek lege honek eratorritako eskakizun eta xedapenetara egokitu daitezen.

Antolamenduaren aldarazpen horiekin batera, arauketa bereziak ere jaso dira, osaera edo presentzia orekatuaren printzipioa definitzeko; informazio-gizartearen arloan funts bat sortzeko; deuseztasun-kasu berriak ezartzeko, lan-harremanen zenbait azkentzeri begira; Emakumearen Institutua izendatzeko, transposizioa behar duten zuzentarauen ondoreetarako.

Xedapen iragankorrek ezarri dute legearen zenbait alderi behin-behinean aplikatu beharreko araubidea; alde horien artean daude izendapenak eta prozedurak, jazarpenaren prebentzio-neurriak Estatuko Administrazio Orokorrean, berdintasun-arloko enpresa-bereizgarria, hilkortasunaren eta bizirik irautearen taulak, amatasunaren eta aitatasunaren ondoriozko eskubide berriak, hauteskunde-zerrenden osaera orekatua. Halaber, xedapen iragankorrek ezarri dute hitzarmen kolektibo berrien negoziazioari behin-behinean aplikatu beharreko araubidea.

Azken xedapenek legearen izaera, legearen konstituzio-oinarria eta legeak Europako Erkidegoko antolamenduarekin dituen harremanak aipatu dituzte, erregelamendu bidezko garapenerako gaitzen dute, legea indarrean jartzeko datak ezarri dituzte eta berdintasun-arloan negoziazio kolektiboaren emaitzak ebaluatzeko agindua ezarri dute.

ATARIKO TITULUA

Legearen xedea eta esparrua

1. artikulua. Legearen xedea

Emakumeak eta gizonak berdinak dira giza duintasunari begira, eta berdinak dira eskubide eta eginbeharrei begira.

Legearen xedea da tratu- eta aukera-berdintasunaren eskubidea eragingarri egitea emakumeen eta gizonen artean, batez ere, emakumearen bereizkeria ezabatuz, emakumearen inguruabarrak eta egoera gorabehera, bizitzako edozein esparrutan, eta, bereziki, politika-, lan- ekonomia-, gizarte-, nahiz kultura-esparruetan eta esparru zibilean, Konstituzioaren 9.2 eta 14. artikuluak garatuz, gizarte demokratikoago, zuzenago eta solidarioagoa lortzeko.

Ondore horietarako, legeak botere publikoen jardute-printzipioak ezarri ditu, pertsona fisiko eta juridikoen eskubide eta eginbeharrak arautu ditu, azken horiek publikoak edo pribatuak diren kontuan hartu gabe, eta sektore publiko eta pribatuetan sexuan oinarritutako bereizkeria era guztiak ezabatu eta zuzentzeko neurriak jaso ditu.

2. artikulua. Aplikazio-esparrua

Pertsona guztiek izango dituzte tratu-berdintasunaren printzipioak eta sexuan oinarritutako bereizkeriaren debekuak ondorioztatutako eskubideak.

Lege honetan ezarritako betebeharrak Espainiako lurraldean dagoen edo jarduten duen pertsona orori aplikatuko zaio, pertsona hori fisikoa nahiz juridikoa izan, eta horren naziotasuna, egoitza edo bizilekua edozein dela.

LEHENENGO TITULUA

Berdintasun-printzipioa eta bereizkeriaren aurkako babesa

3. artikulua. Emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa

Emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunaren printzipioak berarekin dakar sexuan oinarritutako bereizkeriarik eza, bereizkeria hori zuzenekoa nahiz zeharkakoa izatea gorabehera, eta, bereziki, amatasun-egoeraren, familia-betebeharrak hartzearen eta egoera zibilaren ondoriozkoa.

4. artikulua. Berdintasun-printzipioa arauen interpretazio eta aplikaziora barneratzea

Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna antolamendu juridikoa eratzen duen printzipioa da; hori dela eta, arau juridikoen interpretazio eta aplikaziora bildu eta kontuan hartzekoa izango da.

5. artikulua. Tratu- eta aukera-berdintasuna, dela enplegua lortzean, prestakuntzan eta lanbide-aurrerakuntzan, dela lan-baldintzetan

Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa, enplegu pribatuaren nahiz enplegu publikoaren esparruan aplikagarri dena, bermatuko da, arautegi aplikagarrian ezarritakoaren arabera, enplegua lortzeko orduan, baita beregaineko lanaren kasuan ere; lanbide-prestakuntzan, lanbide-aurrerakuntzan, lan-baldintzetan, horien artean direla ordainsarien eta kaleratzeen ingurukoak; eta sindikatuen nahiz enpresaburuen erakundeetan afiliatu eta parte hartzean, edo beste edozein erakundetan, baldin eta erakunde horietako kideek lanbide jakin bat gauzatzen badute, bai eta erakunde horiek ematen dituzten prestazioetan ere.

Enplegua lortzeari dagokionez, horretara biltzen dela behar besteko prestakuntza lortzea ere, ez da bereizkeria izango sexuarekin zerikusia duen ezaugarria, baldin eta, kasuan kasuko lanbide-jardueraren izaera edo jarduera hori gauzatzeko ingurua dela bide, ezaugarri hori oinarrizkoa eta erabakigarria bada lanbide-betekizun gisa. Nolanahi ere, xedea legitimoa izan beharko da, eta lanbide-betekizuna proportzionala.

6. artikulua. Zuzeneko eta zeharkako bereizkeria

Sexuan oinarritutako zuzeneko bereizkeria da, antzeko egoera batean, sexuaren ondorioz, pertsona batek, beste batekin alderatuta, tratu ez hain mesedegarria jasatea, jasan izana edo jasateko arriskua izatea.

Sexuan oinarritutako zeharkako bereizkeria da, itxuraz neutroa den xedapen, irizpide edo eginera batek sexu jakin bateko pertsonentzat desabantaila jakin bat ekartzea beste sexuko pertsonei begira, non xedapen, irizpide edo eginera horiek modu objektiboan justifikatzen ez diren, xede legitimo batekin, betiere, xede horiek lortzeko bideak beharrezkoak eta egokiak izanda.

Nolanahi ere, bereizkeriatzat joko da zuzeneko nahiz zeharkako bereizkeria egiteko agindu oro, sexuan oinarritzeagatik.

7. artikulua. Sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena

Zigor-kodean ezarritakoari kalterik egin gabe, lege honen ondoreetarako, sexu-jazarpena da sexu-izaerako jokabide bat sortzea, ahozkoa edo fisikoa, xede nahiz ondore izateagatik pertsonaren duintasunaren aurka egitea, batez ere, larderiakoa, apalesgarria edo ofentsakoa den ingurua sortzen denean.

Sexuan oinarritutako jazarpena da pertsona jakin baten sexuarekin zerikusia duen edozein jokabide, xede nahiz ondore dituena pertsonaren duintasunaren aurka egitea eta larderiakoa, apalesgarria eta ofentsakoa den ingurua sortzea.

Edozein kasutan, bereizkeriatzat joko dira sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena.

Sexuan oinarritutako bereizkeriatzat joko da, halaber, eskubide bat edo eskubide-igurikimen bat eskuratzeko, aldez aurretik egoera jakin bat onartu behar izatea, egoera horrek berarekin dakarrenean sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena.

8. artikulua. Bereizkeria, haurdunaldiarengatik edo amatasunarengatik

Sexuan oinarritutako zuzeneko bereizkeria da emakume bati tratu kaltegarria ematea haurdunaldiarengatik edo amatasunarengatik.

9. artikulua. Ukigabetasuna errepresalien aurrean

Halaber, sexuan oinarritutako bereizkeria izango da pertsona baten aurkako edozein tratu edo ondore negatibo, halakoak gauzatzen badira pertsona horrek edozein motatako kexa, erreklamazio, salaketa, demanda edo errekurtsoa aurkezteagatik, bere pertsonaren aurkako bereizkeria eragozteko eta emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa eragingarritasunez betetzea galdatzeko.

10. artikulua. Bereizkeriazko jokabideen ondore juridikoak

Negozio juridikoetan, sexuan oinarritutako bereizkeria diren edo sortzen duten egintza eta klausulak deusezak eta ondorerik gabekoak izango dira, eta halakoek erantzukizuna eratorriko dute, benetakoak, eragingarriak eta proportzionalak diren konponketen edo kalte-ordainen sistema baten bidez, bai eta, hala denean, bereizkeriazko jokabideak gauzatzea prebenitzeko zehapen-sistema eragingarri eta disuasio-izaerakoaren bidez.

11. artikulua. Ekintza positiboak

Konstituzioan jaso den berdintasun-eskubidea eragingarri egiteko helburuarekin, botere publikoek neurri bereziak hartuko dituzte emakumeen mesedetan, gizonei begira egitezko desberdintasun-egoera nabariak zuzentzeko.

Halako neurriak, aplikagarri izango direnak egoera horiek iraun bitartean, zentzuzkoak eta proportzionalak izan beharko dira, kasu bakoitzean lortu nahi den helburuari dagokionez.

Pertsona fisiko eta pertsona juridiko pribatuek ere hartu ahal izango dituzte halako neurriak, lege honetan ezarritakoaren arabera.

12. artikulua. Babes judizial eragingarria

Edonork eskatu ahal izango die auzitegiei emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea babestea, Konstituzioaren 53.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz; ustez zein harremanetan gauzatu bereizkeria eta harreman horiek amaitu ondoren ere eskatu ahal izango da babesa.

Eskubide hori defendatzeko prozesu zibiletan, lan-arlokoetan eta administrazioarekiko auzibide-prozesuetan, parte hartzeko gaitasuna eta legitimazioa izango dute interes legitimodun pertsona fisiko eta juridikoek; prozesu horiek arautu dituzten legeek zehaztu dituzte pertsona horiek.

Jazarpena jasan duen pertsonak baino ez du legitimaziorik izango, sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruzko auzietan.

13. artikulua. Froga

Prozesu-legeekin bat etorriz, prozedura batean alderdi auzi-jartzailearen alegazioak bereizkeriazko jardueretan oinarritzen direnean, prozedura horretako pertsona demandatuak frogatu beharko du hartutako neurriak bereizkeriarik gabekoak eta proportzionalak direla.

Aurreko lerrokadan xedatutakoaren ondoreetarako, organo judizialak, alderdiek hala eskatuta, eskatu ahal izango du, erabilgarria eta egokia dela uste badu, antolakunde publiko eskudunen txosten edo irizpena.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa ez zaie aplikatuko prozesu penalei.

II. TITULUA

Berdintasunerako politika publikoak

LEHENENGO KAPITULUA

PRINTZIPIO OROKORRAK

14. artikulua. Botere publikoen jardute-irizpide orokorrak

Lege honen helburuetarako, botere publikoen jardute-irizpide orokorrak izango dira:

Konpromisoa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko konstituzio-eskubidearen eragingarritasunari dagokionez.

Tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa barneratzea, ekonomia-, lan-, gizarte-, nahiz kultura-politiketara eta politika artistikoetara, lan-arloko bereizketak saihestu eta ordainsarien inguruko bereizketak ezabatzeko helburuarekin, eta indartzea emakume enpresaburuen gehikuntza, esparru guztietan, politika guztiak kontuan hartuta, eta emakumeek egindako lanaren balioa, etxeko lanarena barne.

Administrazio publiko desberdinen arteko elkarlana eta lankidetza, tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa aplikatzean.

Emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua hauteskunde-zerrendetan eta erabakiak hartu behar direnean.

Genero-indarkeria, familia-indarkeria eta sexu-jazarpen nahiz sexuan oinarritutako jazarpen era guztiak ezabatzeko behar diren neurriak hartzea.

Kontuan hartzea ahulezia berezia duten kolektiboetako emakumeen zailtasun zehatzak; emakume horien artean daude gutxiengoetara bildutako emakumeak, emakume emigranteak, haurrak, desgai diren emakumeak, adineko emakumeak, emakume alargunak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak. Orobat, botere publikoek ekintza positiboko neurriak hartu ahal izango dituzte emakume horiei begira.

Amatasun-egoera babestea, arreta berezia jarriz, gizarteak beregana ditzan haurdunaldiaren, erditzearen eta edoskialdiaren ondoreak.

Emakumeen eta gizonen artean lana, norberaren bizitza eta familia-bizitza uztartzea ziurtatzen duten neurriak ezartzea, bai eta etxeko zereginak gauzatzean nahiz familiari arreta eskaintzean bi-bien ardura suspertzea ere.

Administrazio publiko desberdinak eta gizarte-eragileak, emakumeen elkarteak eta bestelako erakunde pribatuak elkarlanean aritzeko tresnak suspertzea.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioaren eragingarritasuna suspertzea subjektu pribatuen arteko harremanetan.

Administrazio-esparruan sexista ez den hizkera ezartzea, eta hizkera hori suspertzea harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan.

Artikulu honetan aipatu puntu guztiak modu berean sustatu eta barneratuko dira Espainiak garapenerako nazioarteko lankidetzan duen politikan.

15. artikulua. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioaren zeharkakotasuna

Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa kontuan hartuko da botere publiko guztien jardunean, zeharkakotasun-izaerarekin

Administrazio publikoek printzipio hori modu aktiboan barneratuko dute, euren arau-xedapenak ematean nahiz betetzean, esparru guztietako politika publikoak zehaztu eta horien inguruko aurrekontuak egitean, eta euren jarduera guztiak garatzean.

16. artikulua. Botere publikoek egindako izendapenak

Botere publikoek ahaleginak egingo dituzte, ardurako karguetarako egin behar dituzten izendapenetan emakumeen eta gizonen arteko presentzia orekatuaren printzipioa betetzeko.

17. artikulua. Aukera Berdintasunaren Plan Estrategikoa

Gobernuak, estatuaren eskumenekoak diren gaietan, aldizkakotasunez onetsiko du Aukera Berdintasunaren Plan Estrategikoa; plan horretara neurriak bilduko dira, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortu eta sexuan oinarritutako bereizkeria ezabatzeko xedea lortzeko.

18. artikulua. Aldizkako txostena

Erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, Gobernuak aldizkako txosten bat egingo du, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioaren eragingarritasunari begira gauzatutako jardueren inguruan.

Gorte Nagusiei emango zaie txosten horren berri.

19. artikulua. Genero-eraginaren txostenak

Izaera orokorreko xedapen-proiektuak eta berebiziko garrantzia duten plan ekonomiko, sozial, kultural eta artistikoak, Ministroen Kontseiluak onetsi behar dituenean, txosten bat izan beharko dute generoan oinarritutako eraginari buruz.

20. artikulua. Estatistiken eta ikerketen egokitzapena

Lege honetako xedapenak eragingarriak izan daitezen, eta genero-ikuspegia botere publikoen ohiko jardueran eragingarritasunez barneratu dadin, botere publikoek hurrengoak egin beharko dituzte euren azterketa eta estatistikak gauzatzean:

a) Sexu-aldagaia sistematikotasunez sartzea estatistiketan, inkestetan eta egiten dituzten datu-bilketetan.

b) Estatistika-eragiketetan adierazle berriak sartzea, ahalbidetuko dutenak hobeto ezagutzea emakumeen eta gizonen desberdintasunak, balore, eginkizun, egoera, baldintza, asmo eta beharrizanei dagokienez; halakoak zelan azaleratzen diren; eta aztertu beharreko errealitatean halakoek duten eragina.

c) Beharrezko adierazleak eta mekanismoak diseinatu eta sartzea, ahalbidetuko dutenak, Administrazio publikoek zein esparrutan esku hartu eta esparru horietan askotariko bereizkeria-egoerak sortzen dituzten beste aldagai batzuen berri izatea.

d) Behar besteko edukia duten laginak gauzatzea, sartutako aldagai desberdinak sexu-aldagaiaren arabera erabili eta aztertu ahal izateko.

e) Euren eskuetan dituzten datuak erabiltzea, Administrazioak zein esparrutan esku hartu eta esparru horietan jakin dadin emakumeek eta gizonek dituzten egoera, baldintza, asmo eta beharrizan desberdinak.

f) Eginda dauden estatistiketako definizioak aztertu eta, hala denean, egokitu, hori lagungarri izan dadin, emakumeen lana aitortu eta balioesteko, eta emakumeen zenbait kolektiboren gaineko estereotipo negatiboa saihesteko.

Salbuespenez, eta organo eskudunak onetsitako txosten ziodunaren bidez, justifikatu ahal izango da zehaztu berri diren betebeharretarik baten bat ez betetzea.

21. artikulua. Administrazio publikoen arteko elkarlana

Estatuko Administrazio Orokorra eta autonomia-erkidegoetako Administrazioak lankidetzan arituko dira, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-eskubidea euren eskumenetan barneratzeko eta, batik bat, euren jardueren plangintzetan.

Xede horrekin, Emakumearen Sektoreko Konferentzian batera jarduteko plan eta programak onetsi ahal izango dira.

Toki-erakundeek berdintasun-eskubidea barneratuko dute euren eskumenak gauzatzean, eta, horretarako, elkarlanean arituko dira gainerako Administrazio publikoekin.

22. artikulua. Denbora-tarteen plangintza modu zuzenean egiteko ekintzak

Emakumeen eta gizonen artean denbora-tarteak modu zuzenean banatzeko helburuarekin, toki-korporazioek hiriko denbora-tarteak antolatzeko udal-planak egin ahal izango dituzte.

Autonomia-erkidegoen eskumenei kalterik egin gabe, estatuak laguntza teknikoa eman ahal izango die halako planak egiteko.

II. KAPITULUA

BERDINTASUNERAKO ADMINISTRAZIO-EKINTZA

23. artikulua. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako hezkuntza

Hezkuntza-sistemak bere helburuen artean izango du ikasleak heztea, oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzeko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna errespetatzeko.

Era berean, hezkuntza-sistemak kalitate-printzipioen artean izango ditu emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarria eragozten duten oztopoak ezabatzea eta batzuen zein besteen artean berdintasun osoa suspertzea.

24. artikulua. Berdintasun-printzipioa hezkuntza-politikan barneratzea

Hezkuntza-administrazioek emakumeei eta gizonei hezkuntzarako eskubide bera bermatuko diete, tratu-berdintasunaren printzipioa modu aktiboan barneratuz, hezkuntza-helburu nahiz -jardueretan, eta emakumeen eta gizonen artean desberdintasunak sortzea saihestuz, jokabide sexistengatik edo halakoekin zerikusia duten gizarte-estereotipoengatik.

Hezkuntza-administrazioek, euren eskumenen esparruan, helburu horri begira, hurrengo jarduerak gauzatuko dituzte:

a) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko printzipioaren inguruan arreta berezia jartzea, curriculumetan eta hezkuntza-etapa guztietan.

b) Jokabide nahiz eduki sexistak eta emakumeen eta gizonen artean bereizkeria sortzen duten estereotipoak ezabatzea eta ezestea, batez ere, testu-liburuetan eta hezkuntza-materialetan.

c) Berdintasun-printzipioari buruzko ikasketa eta aplikazioa barneratzea irakasleen hasierako prestakuntzarako nahiz prestakuntza iraunkorrerako ikastaro eta programetan.

d) Emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatzea, irakaskuntza-zentroetako kontrol- eta gobernu-organoetan.

e) Lankidetzan aritzea gainerako hezkuntza-administrazioekin, proiektuak eta programak garatzeko, halakoek xede dutenean hezkuntza-erkidegoko pertsonen artean suspertzea baterako hezkuntzari eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarriari buruzko printzipioen ezagutza eta zabalkundea.

f) Hezkuntza-neurriak ezartzea, historian zehar emakumearen egitekoa aitortu eta irakastea xede dutenak.

25. artikulua. Berdintasuna goi-mailako hezkuntzaren esparruan

Goi-mailako hezkuntzan, Administrazio publikoek, euren eskumenak gauzatzean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esanahiari eta norainokoari buruzko irakaskuntza eta ikerketa suspertuko dituzte.

Bereziki, eta helburu horrekin, Administrazio publikoek hurrengoak sustatuko dituzte:

a) Ikasketa-planetan, bidezkoa denean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko irakaspenak sartzea.

b) Graduatu-ondoko bereziak sortzea.

c) Gaian espezializatutako ikasketak eta ikerketak egitea.

26. artikulua. Berdintasuna, sorkuntza eta ekoizpen artistiko nahiz intelektualaren esparruan

Agintari publikoek, euren eskumenen esparruan, zainduko dute emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa eragingarri izatea, sorkuntza eta ekoizpen artistiko nahiz intelektualari eta hori hedatzeari lotutako edozein aldetan.

Zuzenean edo zeharka, kultura-kudeaketaren sistema egituratzen duten antolakunde, agentzia, erakunde eta Administrazio publikoetako gainerako egiturek hurrengo jarduerak gauzatuko dituzte:

a) Kulturan emakumeen sustapen bereziaren alde egiteko ekimenak izatea, eta emakumeen bereizkeria, egiturazkoa edota difusoa, borrokatzea.

b) Emakumearen sorkuntza eta ekoizpen artistiko eta intelektuala laguntzeko politika aktiboak; politika horiek oinarrituko dira izaera ekonomikodun pizgarrietan, aukera-berdintasun eragingarrirako baldintzak sortzeko helburuarekin.

c) Eskaintza artistiko eta kultural publikoari dagokionez, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatzea.

d) Organigrama artistiko eta kulturalean dauden organoetan, halakoak kontsultakoak, zientifikoak nahiz erabaki-hartzaileak izatea gorabehera, ordezkaritza orekatua errespetatu eta bermatzea.

e) Emakumeen sorkuntza eta ekoizpen artistiko eta intelektualari begira ekintza positiboko neurriak hartzea, elkartruke kultural, intelektual eta artistiko nazionala nahiz nazioartekoa ahalbidetuz, eta hitzarmenak sinatzea antolakunde eskudunekin.

f) Orokorrean, eta lege honen 11. artikuluaren babesean, emakumeen ekoizpen eta sorkuntza intelektual, artistiko nahiz kulturalaren inguruko desberdintasun-egoera guztiak zuzentzeko beharrezko ekintza positibo guztiak.

27. artikulua. Berdintasun-printzipioa hezkuntza-politikan barneratzea

Osasun-politika, -estrategia eta -programak azaldu, garatu eta ebaluatzen direnean, horietara barneratuko dira emakumeen eta gizonen beharrizan desberdinak eta beharrizan horiei behar bezala aurre egiteko neurriak.

Hezkuntza-administrazioek emakumeei eta gizonei osasunerako eskubide bera bermatuko diete, tratu-berdintasunaren printzipioa modu aktiboan barneratuz, osasun-helburu nahiz -jardueretan, eta emakumeen eta gizonen artean bereizkeriak sortzea saihestuz, desberdintasun biologikoengatik edo halakoekin zerikusia duten gizarte-estereotipoengatik.

Administrazio publikoek, osasun-zerbitzuen eta kasuan kasuko organo eskudunen bidez, hurrengo jarduerak gauzatuko dituzte, aukera-berdintasunaren printzipioarekin bat etorriz:

a) Osasun-hezkuntzako ekintzetan, emakumeen osasuna modu berezian sustatzeko eta emakumeen bereizkeria prebenitzeko helburua duten ekimenei modu sistematikoan ekitea.

b) Ikerketa zientifikoa suspertzea, ikerketa horrek oinarri dituenean emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak, osasuna babesteko orduan, batik bat, osasunbideetara jotzeari eta diagnostiko aldetik nahiz alde terapeutikotik eginbeharreko esfortzuari dagokienez, saiakuntza klinikoan nahiz sorospen-saiakuntzan.

c) Laneko osasuna babestean, sustatzean eta hobetzean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena kontuan hartzea.

d) Berdintasun-printzipioa barneratzea osasun-arloko erakundeentzat zerbitzuak ematen dituzten langileen prestakuntzan, batez ere, langile horien gaitasuna bermatzeko, genero-indarkeriazko egoerak detektatu ditzaten eta egoera horietaz arduratu daitezen.

e) Osasunaren Sistema Nazionaleko zuzendaritza-postuetan eta lanbide-ardurako postuetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izatea.

f) Erregistroetako, inkestetako, estatistiketako edo mediku- nahiz osasun-informazioari buruzko beste sistema batzuetako datuak lortzea eta tratatzea, ahal izanez gero, datu horiek guztiak sexuaren arabera bananduz.

28. artikulua. Informazio-gizartea

Informazio-gizartea garatzeko programa publiko guztiek barneratuko dute emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren printzipioa, eragingarritasunez kontuan har dadin, programok diseinatzean nahiz gauzatzean.

Gobernuak sustatuko du emakumeak erabat sartzea informazio-gizartean, programa bereziak garatuz, bereziki, informazio- eta komunikabide-teknologiak eskuratu eta horiei begira prestatzeko; programa horietara bilduko dira bazterketa-arriskua duten kolektiboak eta landa-esparruko kolektiboak.

Gobernuak informazio-gizartearen esparruan emakumeek sortutako edukiak sustatuko ditu.

Informazio- eta komunikabide-teknologien esparruan, oso-osoan edo zati batean diru publikoarekin ordaindutako proiektuetan bermatuko da hizkera eta edukia sexistak ez izatea.

29. artikulua. Kirolak

Kirola garatzeko programa publiko guztiek barneratuko dute emakumeen eta gizonen artean benetakoa eta eragingarria den berdintasunaren printzipioa, eragingarritasunez kontuan har dadin, programok diseinatzean nahiz gauzatzean.

Gobernuak emakumeen kirola sustatuko du, eta ahaleginak egingo ditu emakumeek eragingarritasunez parte har dezaten kirol-mota gehiagotan; horretarako, programa bereziak garatuko ditu bizitzako garai eta maila desberdinetan, baita ardurako eta erabakiak hartzeko mailetan ere.

30. artikulua. Landa-garapena

Nekazaritzako sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eragingarria izan dadin, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eta Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioak baterako titulartasunaren erakunde juridikoa garatuko dute, erabat aitortu daitezen emakumeen eskubideak nekazaritzako sektorean, Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko babesa eta lana.

Landa-ingurunea garatzeko jardueretara bilduko dira emakumeen hezkuntza- eta prestakuntza-maila hobetzeko ekintzak, eta, bereziki, emakumea lan-merkatuan eta enpresetako nahiz elkarteetako zuzendaritza-organoetan sartzea ahalbidetzen duten ekintzak.

Administrazio publikoek lan-jarduera berriak sustatuko dituzte, emakumeen lana ahalbidetuko dutenak landa-esparruan.

Administrazio publikoek gizarte-zerbitzuen sare baten garapena sustatuko dute, adingabekoez, adinekoez eta mendekotasuna dutenez arduratzeko, laneko, familiako eta norberaren bizitza uztartzeko neurri gisa, landa-esparruko gizon eta emakumeei dagokienez.

Botere publikoek aukera-berdintasuna suspertuko dute, informazio- eta komunikabide-teknologiak eskuratzeko orduan, landa-esparruko emakumeari zuzendutako politika eta jarduerak erabiliz eta teknologia horien ordezko konponbideak aplikatuz, halako teknologiak heltzen ez diren tokietan.

31. artikulua. Hirigintza-politikak, lurralde-antolaketari eta etxebizitzari buruzkoak

Administrazio publikoetako politika eta planek, etxebizitza eskuratzeko gaian, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eragingarria izateko neurriak barneratuko dituzte.

Edu berean, hirigintzako eta lurralde-antolaketako politikek kontuan hartuko dituzte gizarte-talde desberdinen eta familia-egitura desberdinen beharrizanak, eta ahalbidetuko dute berdintasun-baldintzetan jotzea hirigintzako zerbitzu eta azpiegituretara.

Gobernuak, bere eskumenen esparruan, suspertuko du beharrizan-egoeran edo baztertuak izateko arriskuan dauden emakumeek, eta genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeek etxebizitza eskuratzea, bereziki, emakume horiek, kasu batean zein bestean, adingabeko seme-alabak dituztenean euren ardurapean bakarrik.

Administrazio publikoek, hiria diseinatzean, hirigintzako politiketan eta hirigintza-plangintza zehaztu nahiz betetzean, kontuan hartuko dute genero-ikuspegia; horretarako, bereziki, herritarren partaidetza eta gardentasuna suspertu eta ahalbidetzeko mekanismoak eta tresnak erabiliko dituzte.

32. artikulua. Espainiako politika, garapenerako lankidetzan

Espainiak garapenerako lankidetzari begira dituen politikek, planek, plangintza estrategikoko agiriek, halakoak sektorekoak nahiz geografikoak izan, eta plangintza operatiborako lanabesek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa barneratuko dute, euren lehentasunen arteko osagai gisa, eta horiek guztiek, euren edukiei dagokienez, lehentasunezko tratamendua izango dute, zeharkakoa eta berezia, neurri zehatzak jasoko baitituzte, Espainiak garapenerako lankidetzan berdintasun eragingarriari dagokionez lortutako emaitzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Halaber, Espainiaren lankidetzarako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko sektore-estrategia gauzatuko da, aldian-aldian eguneratuko dena, aurreko prozesuetan izandako lorpenak eta ikasitako irakaspenak abiapuntu.

Espainiako Administrazioak ezari-ezarian eta epe laburrean prozesu bat ezarriko du, kudeaketa-maila guztietan eragingarritasunez barneratzeko berdintasun-printzipioa eta garatzen ari den genero-ikuspegia (GED). Horren bidez lortu nahi da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko sektore-estrategiaren aplikazioa ahalbidetzea eta eragingarri egitea, Espainiako lankidetzaren jardunean zeharkakotasunez aritzeko jarduera bereziak aintzat hartzea, eta ekintza positiboko neurriak sustatzea, berdintasun-printzipioa ezartzeko unean aldaketa garrantzitsuak ahalbidetuko dituztenak, Administrazioaren baitan eta Espainiaren lankidetza garatzeko aginduan.

33. artikulua. Administrazio publikoetako kontratuak

Administrazio publikoek, euren eskumenen esparruan, kontratazio-organoen bidez, eta egiten dituzten kontratuak betetzeari dagokionez, baldintza bereziak ezarri ahal izango dituzte, lan-merkatuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko helburuarekin, sektore publikoko kontratuen legerian ezarritakoarekin bat etorriz.

34. artikulua. Estatuko Administrazio Orokorreko kontratuak

Urtero, berdintasun-politikek lan-merkatuan duten bilakaera eta eragina aintzat hartuta, Ministroen Kontseiluak zehaztuko ditu Estatuko Administrazio Orokorreko eta horren antolakunde publikoetako kontratuetarik, betearazpen-baldintzen artean, nahitaez neurriak jaso behar dituztenak, lan-merkatuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarria sustatzeko, sektore publikoko kontratuen legerian ezarritakoarekin bat etorriz.

Aurreko lerrokadak aipatu akordioan ezarri ahal izango dira, hala denean, agirietan jaso beharko diren baldintzen ezaugarriak, kontuan hartuz kontratuen izaera eta zerbitzuak emateko jarduera-sektorea.

Kontratazio-organoek administrazio-klausula zehatzen agirietan ezarri ahal izango dute kontratuak adjudikatzean lehentasuna ematea, kaudimen teknikoa edo lanbide-kaudimena egiaztatzeko unean, aurreko lerrokadako jarraibideak betetzen dituzten enpresen proposamenei, baldin eta proposamen horiek, adjudikazioa egiteko oinarri hartzen diren irizpide objektiboen ikuspuntutik, proposamen onuragarrienen parekoak badira; Halaber, beti errespetatu beharko da Administrazio Publikoetako Kontratuen Legeari buruzko testu bateginak, ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsitakoak, zortzigarren xedapen gehigarriaren lehenengo paragrafoan ezarritako hurrenkera.

35. artikulua. Diru-laguntza publikoak

Administrazio publikoek, euren eskumenen esparruan diru-laguntzen plan estrategikoak egiten dituztenean, esparruak zehaztuko dituzte, non, emakumeen eta gizonen artean aukera-desberdintasuna izateagatik, aukera ematen den, kasuan kasuko diru-laguntzen oinarri arauemaileetara bildu ahal izateko berdintasuna eragingarritasunez lortzeko jardueren balorazioa, diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeen artean.

Ondore horietarako balioetsi ahal izango dira, besteak beste, norberaren, laneko eta familiako bizitza uztartzeko neurriak, enpresaren gizarte-erantzukizunaren neurriak, edo berdintasun-arloan lege honetako IV. tituluko IV. kapituluan araututako enpresa-bereizgarria lortu izana.

III. TITULUA

Berdintasuna eta komunikabideak

36. artikulua. Berdintasuna titulartasun publikoko gizarte-komunikabideetan

Titulartasun publikoko gizarte-komunikabideek zainduko dute emakumeen eta gizonen inguruan gizartera helarazten den irudia berdintasunezkoa, anitza eta estereotipatu gabea izatea, eta sustatuko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioaren ezagutza eta zabalkundea.

37. artikulua. RTVE korporazioa

RTVE korporazioak, zerbitzu publiko gisa bete behar duen eginkizunean, hurrengo helburuak izango ditu bere programazioan:

a) Modu egokian islatzea emakumeen presentzia gizarte-bizitzako esparru desberdinetan.

b) Hizkera sexistarik ez erabiltzea.

c) Autoarauketaren bidez berdintasun-printzipioaren edukia helarazteko jokabide-kodeak egitea.

d) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta genero-indarkeria ezabatzeko instituzio-kanpainekin elkarlanean aritzea.

RTVE korporazioak sustatuko du emakumeak sartzea zuzendaritza- eta lanbide-ardurako postuetan.

Era berean, emakumeen elkarte eta taldeekin harremanak suspertuko ditu, horiek komunikabideen esparruan dituzten beharrizanak eta interesak identifikatzeko.

38. artikulua. EFE agentzia

EFE agentziak, bere jarduerak gauzatzean, zainduko du emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa errespetatzea eta, bereziki, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta bere jardunean hurrengoak izango ditu helburu:

a) Modu egokian islatzea emakumeen presentzia gizarte-bizitzako esparru desberdinetan.

b) Hizkera sexistarik ez erabiltzea.

c) Autoarauketaren bidez berdintasun-printzipioaren edukia helarazteko jokabide-kodeak egitea.

d) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta genero-indarkeria ezabatzeko instituzio-kanpainekin elkarlanean aritzea.

RTVE korporazioak sustatuko du emakumeak sartzea zuzendaritza- eta lanbide-ardurako postuetan.

Era berean, emakumeen elkarte eta taldeekin harremanak suspertuko ditu, horiek komunikabideen esparruan dituzten beharrizanak eta interesak identifikatzeko.

39. artikulua. Berdintasuna titulartasun pribatuko gizarte-komunikabideetan

Komunikabide guztiek errespetatuko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, edozein bereizkeria-mota saihestuz.

Administrazio publikoek sustatuko dute komunikabideek autoarauketa-akordioak egitea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko legeria betetzen laguntzeko; akordio horietara bilduko dira komunikabideetan gauzatzen diren salmenta- eta publizitate-jarduerak ere.

40. artikulua. Ikus-entzunezkoen agintariak

Ikus-entzunezko komunikabideek euren betebeharrak gauzatzen dituztela zaintzen duten agintariek bidezko neurriak hartuko dituzte, euren arauketarekin bat etorriz, emakumearen tratamendua bat etor dadin konstituzio-printzipio eta -balioekin.

41. artikulua. Berdintasuna eta publizitatea

Lege honen arabera bereizkeriazko jokabidea eragiten duen publizitatea ez-zilegitzat joko da, publizitateari eta instituzio-publizitate eta -komunikazioari buruzko legeria orokorrean ezarritakoarekin bat etorriz.

IV. TITULUA

Aukera berdinekin lan egiteko eskubidea

I. KAPITULUA

TRATU- ETA AUKERA-BERDINTASUNA LAN-ESPARRUAN

42. artikulua. Emakumeen enplegagarritasuna hobetzeko programak

Enplegu-politikek helburu nagusien artean izango dute lan-merkatuan emakumeen partaidetza gehitzea eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarrian aurrera egitea.

Horretarako, emakumeen enplegagarritasuna eta enplegu-iraunkortasuna hobetuko dira, euren prestakuntza-maila eta lan-merkatuaren betekizunetara egokitzeko gaitasuna indartuz.

Laneratze aktiborako programek jasoko dituzte emakumeen hezkuntza-maila eta adin guztiak, baita ere lanbide-prestakuntza, eskola-tailer eta ogibide-etxeak; azken horiek langabezian dauden pertsonentzako izan arren, lehentasunez bideratu ahal izango dira emakumeen kolektibo jakin batzuentzat edo horietan emakumeen kopuru jakin bat ezarri ahal izango da.

43. artikulua. Negoziazio kolektiboan berdintasuna sustatzea

Legean ezarritakoarekin bat etorriz, negoziazio kolektiboaren bidez ekintza positiboko neurriak ezarri ahal izango dira, emakumeei enplegua bilatzen laguntzeko eta lan-baldintzetan emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa eragingarritasunez aplikatzen laguntzeko.

II. KAPITULUA

BERDINTASUNA ETA UZTARTZEA

44. artikulua. Norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzeko eskubideak

Norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzeko eskubideak sexu bateko zein besteko langileei aitortuko zaizkie, familiako ardurak emakumeen eta gizonen artean modu orekatuan hartzea susta dadin, ardurok gauzatzean bereizkeria-mota oro saihestuz.

Amatasunaren ondoriozko baimena eta prestazioa lanaren eta Gizarte Segurantzaren arautegian ezarritakoaren arabera aitortuko dira.

Familiako ardurak modu orekatuagoan bana daitezen, aita direnei aitatasunaren ondoriozko baimenerako eta prestaziorako eskubidea aitortu zaie, lanaren eta Gizarte Segurantzaren arautegian ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA

ENPRESETAKO BERDINTASUN-PLANAK ETA BERDINTASUNA SUSTATZEKO BESTE NEURRI BATZUK

45. artikulua. Berdintasun-planak egin eta aplikatzea

Enpresek lan-esparruan tratu- eta aukera-berdintasuna errespetatzeko betebeharra dute, eta, helburu horrekin, neurriak hartu beharko dituzte emakumeen eta gizonen artean lan-izaerako edozein bereizkeria-mota saihesteko; halako neurriak negoziatu beharko dituzte, eta, hala denean, akordatu, langileen lege-ordezkariekin, lan-legerian ezarritakoaren arabera.

Berrehun eta berrogeita hamar langiletik gorako enpresen kasuan, aurreko paragrafoak aipatu berdintasun-neurriek xede izango dute berdintasun-plana egin eta aplikatzea, kapitulu honetan ezarritako norainoko eta edukiarekin; orobat, eduki hori negoziaziora bilduko da, lan-legerian ezarritakoaren arabera.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, enpresek berdintasun-plana egin eta aplikatu beharko dute, hala ezartzen denean aplikagarri den hitzarmen kolektiboan, eta horretan ezarritakoaren arabera.

Halaber, enpresek berdintasun-plana egin eta aplikatuko dute, hala denean, aurretiaz sexu bateko zein besteko langileen lege-ordezkaritzarekin negoziatuta edo lege-ordezkari horiek kontsultatuta, lan-agintariak, prozedura zehatzaile batean, erabakitzen duenean zehapen erantsien ordez plan hori egin eta aplikatzea, erabaki horretan ezarritako baldintzetan.

Gainerako enpresentzat borondatezkoa izango da berdintasun-planak egin eta ezartzea, aurretiaz sexu bateko zein besteko langileen lege-ordezkariak kontsultatuta.

46. artikulua. Enpresetako berdintasun-planen kontzeptua eta edukia

Enpresetako berdintasun-planak antolatutako neurri-multzoa dira; neurri horiek egoeraren diagnostiko bat egin ondoren hartuko dira, eta xede izango dute enpresan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna lortzea eta sexuan oinarritutako bereizkeria ezabatzea.

Berdintasun-planek ezarriko dituzte lortu beharreko berdintasun-helburu zehatzak, horretarako gauzatu beharreko estrategia eta eginerak, bai eta ezarritako helburuei jarraipena egiteko eta helburuok ebaluatzeko sistema eragingarriak ere.

Ezarritako helburuak lortzeko, berdintasun-planek jaso ahal izango dituzten gaien artean izango dira, besteak beste, enplegua lortzea; lanbide-sailkapena; aurrerakuntza eta prestakuntza; ordainsariak; lan-denboraren antolaketa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arabera laneko, norberaren eta familiako bizitza uztartu ahal izateko; eta sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren prebentzioa.

Berdintasun-planek osotasunean hartuko dute enpresa, kalterik egin gabe lantoki jakin batzuetan ekintza bereziak ezartzeari.

47. artikulua. Gardentasuna berdintasun-plana ezartzean

Bermatuko da langileen lege-ordezkariek edo, halakorik izan ezean, langileek eurek, informazioa eskuratzea, berdintasun-planen edukiari eta horren helburuak lortzeari buruz.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa gorabehera, hitzarmen kolektiboetako batzorde parekideek jarraipena egin ahal izango diote berdintasun-planen inguruko akordioen bilakaerari, hitzarmen kolektiboek eskumen horiek eratxiki dizkietenean.

48. artikulua. Neurri bereziak lanean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko

Enpresek sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena saihesteko lan-baldintzak sustatu beharko dituzte, eta prozedura bereziak ezarri, horiek prebenitzeko eta halakoak jasan dituztenen kasuan kasuko salaketa eta erreklamazioak bideratzeko.

Xede horrekin, langileen ordezkariekin negoziatu beharko diren neurriak ezarri ahal izango dira, hala nola, jardunbide egokien kodeak egin eta zabaltzea, informazio-kanpainak gauzatzea edo prestakuntza-ekintzak gauzatzea.

Langileen ordezkariek lagundu beharko dute lanean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzen, horren aurrean langileak sentsibilizatuz eta enpresa-zuzendaritza informatuz eurek ezagutzen dituzten jokabideen eta jarreren gainean, halakoek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena eragin dezaketenean.

49. artikulua. Berdintasun-planak borondatez ezartzeko laguntza

Berdintasun-planak borondatez ezar daitezen bultzatzeko, Gobernuak suspertze-neurriak ezarriko ditu, gehienbat, enpresa txiki eta ertainei begira; neurri horiek behar besteko laguntza teknikoa jasoko dute.

IV. KAPITULUA

ENPRESA-BEREIZGARRIA BERDINTASUN-ARLOAN

50. artikulua. Enpresentzako bereizgarria berdintasun-arloan

Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioak bereizgarri bat sortuko du, langileekin tratu- eta aukera-berdintasuneko politikak aplikatzeagatik nabarmentzen diren enpresak aitortzeko; bereizgarri hori erabili ahal izango da enpresaren merkataritzako trafikoan eta publizitate-helburuekin.

Bereizgarri hori lortzeko helburuarekin, edozein enpresak, kapital publikokoa nahiz pribatukoa izan, Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioari berdintasun-parametroen inguruko balantzea aurkeztu ahal izango dio, lan-harremanak eta eskainitako produktu eta zerbitzuen publizitatea aintzat hartuta.

Erregelamendu bidez ezarriko da bereizgarri horren izena, hori emateko prozedura eta baldintzak, hori lortzearen ondoriozko ahalmenak, eta hori lortzen duten enpresen eta enpresa horiek aplikatzen dituzten berdintasun-politiken instituzio-zabalkundea egiteko baldintzak.

Bereizgarri hori emateko orduan, kontuan hartuko diren irizpideen artean izango dira emakumeen eta gizonen presentzia orekatua enpresako zuzendaritza-organoetan eta enpresako lanbide-talde nahiz -kategoria desberdinetan; berdintasun-planak edo berdintasuna suspertzeko beste neurri berritzaile batzuk izatea; bai eta enpresaren produktuen nahiz zerbitzuen inguruko publizitatea sexista ez izatea ere.

Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioak kontrolatuko du bereizgarria lortzen duten enpresek euren langileekin etengabe aplikatzea tratu- eta aukera-berdintasunaren politikak eta, politika horiek bete ezean, bereizgarria kenduko die.

V. TITULUA

Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan

LEHENENGO KAPITULUA

ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN JARDUTE-IRIZPIDEAK

51. artikulua. Administrazio publikoen jardute-irizpideak

Administrazio publikoek, kasuan kasuko eskumenen esparruan, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa aplikatuz, hurrengo eginbeharrak izango dituzte:

a) Edozein bereizkeria-mota iraunaraztea eragiten duten oztopoak kentzea, emakumeen eta gizonen artean berdintasun eragingarrirako baldintzak eskaintzeko asmoarekin, enplegu publikoa lortzeari eta lanbide-karreraren garapenari dagokienez.

b) Erraztasunak ematea, norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzeko, lanbide-aurrerakuntzari kalterik egin gabe.

c) Berdintasun-arloko prestakuntza suspertzea, enplegu publikoa lortzean nahiz lanbide-karreran zehar.

d) Hautaketa- eta balorazio-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatzea.

e) Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako babes-neurri eragingarriak ezartzea.

f) Neurri eragingarriak ezartzea, ordainsariei dagokienez, zuzenean edo zeharka, sexuan oinarrituta egindako edozein bereizkeria ezabatzeko.

g) Aldizkakotasunez ebaluatzea berdintasun-printzipioaren eragingarritasuna, horrek jardun behar duen esparru zehatzetan.

II. KAPITULUA

PRESENTZIA OREKATUAREN PRINTZIPIOA ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORREAN ETA HORRI LOTUTAKO EDO HORREN MENDEKO ANTOLAKUNDE PUBLIKOETAN

52. artikulua. Zuzendaritza organoetako titularrak

Gobernuak aintzat hartuko du emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa, Estatuko Administrazio Orokorreko eta horrekin lotura duten edo horren mendeko diren antolakunde publikoetako zuzendaritza-organoetako pertsona titularrak izendatzean, halako organoak osotasunean hartuz, ardura hori dagokionean.

53. artikulua. Hautatze-organoak eta balorazio-batzordeak

Estatuko Administrazio Orokorreko eta horri lotuta dauden edo horren mendeko diren antolakunde publikoen hautatze-auzitegi nahiz -organoek, langileak hautatzean, emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa izango dute oinarri, salbu eta arrazoi oinarridun eta objektiboak daudenean, eta arrazoi horiek behar besteko zioen bidez azaldu direnean.

Era berean, Estatuko Administrazio Orokorraren eta horri lotutako edo horren mendeko antolakunde publikoen ordezkaritza, lanpostuak betetzeko merituen balorazio-batzordeetan, bat etorriko da bi sexuetako pertsonen araberako osaera orekatuaren printzipioarekin.

54. artikulua. Estatuko Administrazio Orokorreko ordezkariak izendatzea

Estatuko Administrazio Orokorrak eta horri lotutako edo horren mendeko antolakunde publikoek euren ordezkariak izendatuko dituzte, kide anitzeko organoetarako, pertsona adituen komiteetarako edo kontsulta-komiteetarako, halakoak nazionalak nahiz nazioartekoak izan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioarekin bat etorriz, salbu eta arrazoi oinarridun eta objektiboak daudenean, eta arrazoi horiek behar besteko zioen bidez azaldu direnean.

Era berean, Estatuko Administrazio Orokorrak eta horri lotutako edo horren mendeko antolakunde publikoek presentzia orekatuaren printzipioa beteko dute, zein enpresetako kapitalean izan partaidetza eta enpresa horietako administrazio-kontseiluetan egin beharreko izendapenetan.

III. KAPITULUA

ENPLEGUKO BERDINTASUN-NEURRIAK ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRARENTZAT ETA HORRI LOTUTAKO EDO HORREN MENDEKO ANTOLAKUNDE PUBLIKOENTZAT

55. artikulua. Genero-eraginaren txostena enplegu publikoa lortzeko probetan

Enplegu publikoa lortzeari begira egiten diren hautaketa-proben deialdien onarpenarekin batera genero-eraginaren txostena ekarri beharko da, presako kasuetan izan ezik, eta beti sexuan oinarritutako bereizkeriaren debekuari kalterik egin gabe.

56. artikulua. Amatasuna eta norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzea babesteko baimenak eta onurak

Estatuko Administrazio Orokorrak edo horri lotutako nahiz horren mendeko antolakunde publikoek Administrazio publikoaren zerbitzupeko langileen ordezkariekin zein akordio egin eta akordio horiek erator ditzaketen hobekuntzei kalterik egin gabe, horiei aplikatu beharreko arautegiak eszedentziak, lanaldien murrizketak, baimenak eta bestelako onura batzuk ezarriko ditu, amatasuna babesteko eta norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzea ahalbidetzeko.

Helburu berarekin, aitatasun-baimena aitortuko da, arautegi horrek ezarritakoaren arabera.

57. artikulua. Uztartzea eta lanpostuak betetzea

Lanpostuak betetzeko lehiaketetako oinarrietan zenbatuko dira, egindako lana eta kasuan kasuko merituak balioesteko, pertsona hautagaia aurreko artikuluko egoeretan izandako denbora.

58. artikulua. Haurdunaldi bitarteko arriskuaren eta edoskialdiaren ondoriozko lizentzia

Administrazio-mutualismora bildutako emakume funtzionario baten lanpostuaren baldintzek ondorio negatiboak izan ditzaketenean bere osasunean, edo bere seme nahiz alabaren osasunean, haurdunaldi bitarteko arriskuaren ondoriozko lizentzia eman ahal izango da, aplikagarri den arautegiko modu eta baldintza berberetan.

Kasu horietan, emakume funtzionarioaren eskubide ekonomiko guztiak bermatuko dira, lizentziak iraun bitartean, legeria berezian ezarritakoarekin bat etorriz.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa aplikatuko da, berebat, edoskialdi naturalak iraun bitartean.

59. artikulua. Oporrak

Estatuko Administrazio Orokorrak edo horri lotutako nahiz horren mendeko antolakunde publikoek Administrazio publikoaren zerbitzupeko langileen ordezkariekin zein akordio egin eta akordio horiek erator ditzaketen hobekuntzei kalterik egin gabe, oporraldiak bat egiten duenean haurdunaldiak, erditzeak edo edoskialdi naturalak eragin aldi baterako ezgaitasunarekin, edo amatasun-baimenarekin, edo edoskialdiaren luzapenarekin, enplegatu publikoa den emakumeak eskubidea izango du oporrak beste data batean izateko, nahiz eta opor horiei dagokien egutegiko urtea amaituta izan.

Eskubide hori izango dute aitatasun-baimena baliatzen ari direnek.

60. artikulua. Ekintza positiboak prestakuntza-jardueretan

Enplegatu publikoen ezagutzak eguneratzeko xedearekin, prestakuntza-ikastaroetan parte hartzeko postuen adjudikazioa egitean, urtebetez, lehentasuna emango zaie lanean berriro hasi direnei, amatasun- edo aitatasun-baimena izan ostean, edo lanean hasi direnei, eszedentzia-egoeran izan eta gero, adineko pertsonen edo desgai diren pertsonen legezko zaintzarengatik edo pertsona horien ardura izateagatik.

Enplegatu publiko diren emakumeen lanbide-aurrerakuntza eta emakume horiek Estatuko Administrazio Orokorreko edo horri lotutako nahiz horren mendeko antolakunde publikoetako zuzendaritza-postuak lortzea errazteko helburuarekin, kasuan kasuko prestakuntza-ikastaroetako deialdietan, gutxienez, postuen 100eko 40 erreserbatuko da, ezarritako betekizunak zein izan eta betekizunok gauzatzen dituzten emakumeei adjudikatzeko.

61. artikulua. Berdintasunerako prestakuntza

Estatuko Administrazio Orokorreko eta horri lotutako nahiz horren mendeko antolakunde publikoetako enplegu publikoa lortzeko proba guztiek ezarriko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa ikasi eta aplikatu beharra, funtzio publikoaren esparru desberdinetan.

Estatuko Administrazio Orokorrak eta horri lotutako nahiz horren mendeko antolakunde publiko guztiek prestakuntza-ikastaroak emango dituzte, emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren gainean eta genero-indarkeria prebenitzearen gainean, eta ikastaro horiek euren langile guztiei zuzenduko zaizkie.

62. artikulua. Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako jardute-protokoloa

Sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko, Administrazio publikoek langileen ordezkariekin negoziatuko dute jardute-protokoloa; protokolo horrek, gutxienez, hurrengo printzipioak jasoko ditu:

a) Estatuko Administrazio Orokorraren eta horri lotutako edo horren mendeko antolakunde publikoen konpromisoa, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta ez onartzeko.

b) Langile guztiei irakastea pertsonen duintasuna eta intimitaterako eskubidea errespetatzeko eginbeharra, bai eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna errespetatzeko eginbeharra ere.

c) Sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena eragin ditzaketen egitateen salaketei isilpeko tratamendua ematea, diziplina-araubidearen arautegian ezarritakoari kalterik egin gabe.

d) Kexa edo salaketa bat egiten duten langileez arduratzeko pertsonen identifikazioa.

63. artikulua. Berdintasunaren gaineko ebaluazioa enplegu publikoan

Ministerio-sail eta antolakunde publiko guztiek, gutxienez, urtean behin, Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioari eta Administrazio Publikoetako Ministerioari informazioa bidaliko diote emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioaren aplikazio eragingarriari buruz euretariko bakoitzean; informazio hori izango da plantillaren eraketa, titulazio-taldea, lanpostu-mailako osagarri eta langileen batez besteko ordainsariei buruzkoa, datu horiek guztiak sexuen arabera bananduz.

64. artikulua. Berdintasun-plana Estatuko Administrazio Orokorrean eta horri lotutako edo horren mendeko antolakunde publikoetan

Gobernuak, legealdi bakoitzaren hasieran, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plana onetsiko du Estatuko Administrazio Orokorrean eta horri lotutako edo horren mendeko antolakunde publikoetan.

Plan horrek ezarriko ditu lortu beharreko helburuak enplegu publikoan tratu- eta aukera-berdintasuna sustatzeari dagokionez, bai eta horiek lortzeko ezarri behar diren estrategia edo neurriak ere.

Plan hori negoziatu beharko da, eta hala denean akordatu, enplegatu publikoen lege-ordezkariekin, Administrazio publikoko negoziazio kolektiboaren legerian ezarritakoaren arabera, eta hori betetzen dela urtero ebaluatuko du Ministroen Kontseiluak.

IV. KAPITULUA

INDAR ARMATUAK

65. artikulua. Berdintasun-printzipioa errespetatzea

Indar Armatuetako langileei buruzko arauek ahaleginak egingo dituzte emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa eragingarria izateko, bereziki, lanpostua lortze, prestakuntza, maila-igoera, destino eta administrazio-egoerei dagokienez.

66. artikulua. Administrazio publikoetako langileei buruzko arauen aplikazioa

Administrazio publikoen zerbitzupeko langileen arauak, berdintasunari, genero-indarkeriaren prebentzioari eta norberaren, familiako nahiz lanbideko bizitza uztartzeari buruzkoak, Indar Armatuetan aplikatuko dira, beharrezkoak diren egokitzapenekin eta horien arautegi berezian ezarritakoaren arabera.

V. KAPITULUA

ESTATUKO SEGURTASUN-INDAR ETA -KIDEGOAK

67. artikulua. Berdintasun-printzipioa errespetatzea

Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoei buruzko arauek emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarria sustatuko dute, lanbidean izan daitekeen edozein bereizkeria-egoera saihestuz, bereziki, lanpostuak lortzeko sistemari, prestakuntzari, maila-igoerei, destinoei eta administrazio-egoerei dagokienez.

68. artikulua. Administrazio publikoetako langileei buruzko arauen aplikazioa

Administrazio publikoen zerbitzupeko langileen arauak, berdintasunari, genero-indarkeriaren prebentzioari eta norberaren, familiako nahiz lanbideko bizitza uztartzeari buruzkoak, estatuko segurtasun-indar eta -kidegoetan aplikatuko dira, hala denean, eratxikita dituzten eginkizunetara egokituta, horien arautegi berezian ezarritakoaren arabera.

VI. TITULUA

Tratu-berdintasuna ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean eta horietaz hornitzean

69. artikulua. Tratu-berdintasuna ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean

Sektore publikoan nahiz pribatuan, jendaurreko ondasunak edo zerbitzuak hornitzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztiek, ondasun eta zerbitzu horiek norberaren eta familiaren bizitza-esparrutik kanpo eskaintzen direnean, betebeharra izango dute, euren jardueretan eta horien ondoriozko transakzioetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa betetzeko, zuzenean edo zeharka, sexuan oinarritutako bereizkeriak saihestuz.

Aurreko paragrafoan ezarritakoak ez dio kalterik egingo kontratazio-askatasunari, ezta pertsonak duen askatasunari ere, beste kontratugilea aukeratzeko, betiere, aukeraketa hori ez badu sexuak baldintzatzen.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean tratu-bereizketak onargarriak izango dira, legitimoa den asmoa dela bide, eta asmo hori lortzeko bideak egokiak eta beharrezkoak direnean.

70. artikulua. Babesa haurdunaldi-egoeran

Ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean, kontratugileek ezin izango dute aztertu halakoak eskatu dituen emakume baten haurdunaldi-egoera, salbu eta emakume horren osasuna babesteko arrazoiak daudenean.

71. artikulua. Faktore aktuarialak

Debekatuta dago aseguru-kontratuak edo antzeko finantza-zerbitzuen kontratuak egitea, baldin eta, halakoetan, sexua prima eta prestazioak kalkulatzeko faktoretzat hartzeagatik, desberdintasunak sortzen badira aseguratutako pertsonen prima eta prestazioetan.

Hala ere, erregelamendu bidez, zehaztu ahal izango dira gizabanakoen prima eta prestazioen artean desberdintasun proportzionalak ezartzea onartzen dituzten egoerak, sexua arriskua ebaluatzeko inguruabar erabakigarria denean, datu aktuarial eta estatistiko egoki eta zehatzen arabera.

Haurdunaldiarekin eta amatasunarekin zerikusia duten kostuek ez dute eragingo desberdintasunik gizabanakoen prima nahiz prestazioetan, eta horren inguruan ezin izango dira desberdintasunak baimendu.

72. artikulua. Debekuak ez betetzearen ondorioak

Legeria zibilean eta merkataritzako legerian jasotako beste akzio eta eskubide batzuei kalterik egin gabe, 69. artikuluaren aplikazio-esparruan bereizkeriazko jokabidea jasaten duen pertsonak eskubidea izango du galeren ondoriozko kalte-ordaina jasotzeko.

Aseguru-kontratuen eta antzeko finantza-zerbitzuei buruzko kontratuen esparruan, eta lege honen 10. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, 71. artikuluan jasotako debekua ez betetzeak eskubidea sortuko du kontratugile kaltedunari begira, bere primak eta prestazioak berdinesteko onura gehien zein sexutako pertsonek izan eta pertsona horien prima eta prestazioekin; gainerakoan, kontratuaren baliagarritasun eta eragingarritasunari eutsiko zaio.

VII. TITULUA

Berdintasuna enpresen gizarte-erantzukizunean

73. artikulua. Enpresen gizarte-erantzukizuneko ekintzak berdintasun-arloan

Enpresek erabaki ahal izango dute gizarte-erantzukizuneko ekintzak borondatez gauzatzea; ekintza horiek ekonomia-, merkataritza-, lan- eta laguntza-izaerako neurrietan edo beste izaera bateko neurrietan oinarrituko dira, xede izango dutenek emakumeen eta gizonen artean berdintasun-baldintzak sustatzea, enpresan edo enpresaren gizarte-ingurunean.

Halako ekintzak gauzatzea hitzartu ahal izango dituzte langileen ordezkariekin, kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeekin, helburu nagusitzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna defendatzea duten elkarteekin eta berdintasun-antolakundeekin.

Langileen ordezkariei eurekin hitzartzen ez diren ekintzen berri emango zaie.

Lan-izaerako neurriak direla eta, enpresaburuek hartzen dituzten erabakiei eta egiten diren akordio kolektiboei lan-arautegia aplikatuko zaie.

74. artikulua. Berdintasun-arloko gizarte-erantzukizuneko ekintzen publizitatea

Enpresek berdintasun-arloan dituzten erantzukizun-ekintzen publizitatea egin ahal izango dute, publizitateari buruzko legeria orokorreko baldintzekin bat etorriz.

Emakumearen Institutuak, edo autonomia erkidegoetako organo baliokideek, legitimazioa izango dute bukarazte-akzioa egikaritzeko, uste dutenean engainuzko publizitatea egin dela.

75. artikulua. Emakumeen partaidetza merkataritzako sozietateetako administrazio-kontseiluetan

Galera-irabazien kontu ez-laburtua aurkezteko betebeharra duten sozietateek ahaleginak egingo dituzte administrazio-kontseiluan behar beste emakume sartzeko, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lortu ahal izateko, lege hau indarrean jarri eta zortzi urteko epean.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa kontuan hartuko da lege hau indarrean jarri aurretik izendatutako kontseilarien agintaldia amaitu ahala egin beharreko izendapenei begira.

VIII. TITULUA

Antolaketari buruzko xedapenak

76. artikulua. Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunaren Ministerio Arteko Batzordea

Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunaren Ministerio Arteko Batzordea kide anitzeko organoa da, ministerio-sailek erabakitako politika eta neurriak koordinatzeko ardura duena, emakumeen eta gizonen artean berdintasunerako eskubidea bermatzeko eta eskubide horren eragingarritasuna sustatzeko helburuarekin.

Horren osaera eta jardunbidea erregelamendu bidez zehaztuko dira.

77. artikulua. Berdintasun-unitateak

Ministerio guztietan zuzendaritza-organoetako bati eratxikiko zaio emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioarekin zerikusia duten eginkizunak garatzeko ardura, kasuan kasuko ministerioaren eskumeneko gaien esparruan eta, bereziki, honako eginkizun hauek:

a) Ministerioko organoek prestatutako estatistika-informazioa lortzea eta horiei aholkuak ematea estatistika horiek prestatzeari dagokionez.

b) Azterketak egitea saileko jardueraren esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko helburuarekin.

c) Saileko organo eskudunak aholkatzea, txostena egin behar dutenean, generoan oinarritutako eraginari buruz.

d) Saileko langileen artean berdintasun-printzipioaren norainokoaren eta esanahiaren gaineko ezagutza suspertzea, prestakuntza-ekintzei buruzko proposamenak eginez.

e) Lege hau betetzen dela eta berdintasun-printzipioa eragingarritasunez aplikatzen dela zaintzea.

78. artikulua. Emakumearen Partaidetza Kontseilua

Emakumearen Partaidetza Kontseilua sortu da, kontsultarako eta aholkularitzako kide anitzeko organo gisa, emakumeen partaidetzarako bidea izan dadin, emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa eragingarritasunez lortzeari dagokionez, eta sexuan oinarritutako bereizkeriaren aurkako borrokari dagokionez.

Erregelamendu bidez ezarriko dira beraren jardunbide-araubidea, eskumenak eta osaera, edozein kasutan bermatuz Administrazio publiko guztien eta estatu-mailako emakumeen elkarte nahiz erakundeen partaidetza.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

1. Presentzia edo osaera orekatua

Lege honen ondoreetarako, osaera orekatu gisa ulertuko da emakumeen eta gizonen presentzia, noiz eta, kasu bakoitzean erreferentziatzat hartzen den osotasunean, sexu jakin bateko pertsonak ez direnean 100eko 60 baino gehiago, ezta 100eko 40 baino gutxiago ere.

2. Hauteskundeei buruzko Araubide Orokorraren Lege Organikoa aldaraztea

Hauteskundeei buruzko Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa aldarazi da.

Bat.

44bis artikulua gehitu da; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

«44bis artikulua.

Kongresurako diputatuen hauteskundeetarako, udal-hauteskundeetarako eta Kanarietako uharte-kontseiluetako nahiz kabildoetako kideen hauteskundeetarako lege honetan ezarritakoaren arabera aurkezten diren hautagai-zerrendak, eta Europako Parlamenturako diputatuen eta autonomia-erkidekoetako legebiltzarretarako kideen hauteskundeetarako aurkezten diren hautagai-zerrendak modu orekatuan osatu beharko dira gizon- eta emakume-kopuruari dagokionez; horrenbestez, zerrenda osoan sexu bereko pertsonak gutxienez 100ko 40 izan beharko dira. Bost postu baino gutxiago bete behar direnean, emakumeen eta gizonen arteko proportzioa ahalik orekatuena izango da, batzuen eta besteen kopuruari dagokionez.

Autonomia-erkidegoetako legebiltzarretarako kideen hauteskundeetan, kasuan kasuko hauteskunde-araubideei buruzko legeek neurriak ezarri ahal izango dituzte, aipatu legebiltzarretako hauteskundeetara aurkezten diren hautagai-zerrendetan emakume gehiago izan daitezen ahalbidetzeko.

Halaber, 100eko 40ari eutsiko zaio gutxieneko proportzio gisa, bost postutik bost posturako tarte bakoitzean.

Zerrendaren azken tartean bost postu baino gutxiago daudenean, tarte horretan, emakumeen eta gizonen artean izan beharreko proportzio hori ahalik orekatuena izango da, batzuen eta besteen kopuruari dagokionez; edozein kasutan, zerrenda osoa kontuan hartzen denean, ezarritako proportzioari eutsi beharko zaio.

Ordezkoen zerrendei aurreko paragrafoetan jasotako erregelak aplikatuzko zaizkie.

Lege honen 171. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, senaturako hautagai-zerrendak hainbat zerrendetan batzen direnean, zerrenda horiek ere modu orekatuan osatu beharko dira, emakume- eta gizon-kopuruari dagokionez, batzuen eta besteen arteko proportzioa ahalik orekatuena izan dadin, kopuruaren aldetik».

Bi.

Lerrokada berria gehitu zaio 187. artikuluko 2. paragrafoari; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

«Lege honen 44bis artikuluan ezarritakoa ez da galdatuko 3.000 biztanle edo gutxiagoko udalerrietan aurkezten diren hautagai-zerrendetan».

Hiru.

Lerrokada berria gehitu zaio 201. artikuluko 3. paragrafoari; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

«Lege honen 44bis artikuluan ezarritakoa ez da galdatuko 5.000 biztanle edo gutxiagoko udalerrietan aurkezten diren hautagai-zerrendetan».

Lau.

Lehenengo xedapen gehigarriaren 2. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Konstituzioak estatuari erreserbatu dizkion eskumenak aplikatzeagatik, autonomia-erkidegoek euren legebiltzarretarako deitutako hauteskundeetan ere aplikatuko dira lege organiko honen lehenengo tituluko hurrengo artikuluak:

1.etik 42.erakoak; 44; 44.bis; 45; 46.1, 2, 4, 5, 6 eta 8; 47.4; 49; 51.2 eta 3; 52; 53; 54; 58; 59; 60; 61; 62; 63; 65; 66; 68; 69; 70.1 eta 3; 72; 73; 74; 75; 85; 86.1; 90; 91; 93; 94; 95.3; 96; 103.2; 108.2 eta 8; 109.etik 119.erakoak; 125.etik 130.erakoak; 131.2; 132; 135.etik 152.erakoak».

Bost.

Zazpigarren xedapen iragankorra gehitu da; xedapen horrek hurrengo idazkera izango du:

«2011 baino lehenago, udal-hauteskundeetarako egiten diren deialdietan, 44bis artikuluan ezarritakoa galdatuko da gutxienez 5.000 biztanle dituzten udalerrietan bakarrik; 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, lege honen 187. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren lerrokadan ezarritako biztanle-kopurua aplikatuko da».

3.

Botere Judizialaren Lege Organikoaren aldarazpenak

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldarazi da, hurrengoaren arabera:

Bat.

109. artikuluaren 1 paragrafoari azken tartekadura gehitu zaio; tartekadura horrek hurrengo idazkera izango du.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak urtero bidaliko die Gorte Nagusiei Kontseiluaren eta epaitegi nahiz auzitegien egoera, jardunbide eta jarduerei buruzko oroitidazkia.

Era berean, aipatuko ditu bere ustez dauden beharrizanak, langile, instalazio eta baliabideen inguruan, orokorrean, Konstituzioak eta legeek Botere Judizialari eratxiki dizkioten eginkizunak zuzen gauzatzeko.

Orobat, esparru judizialean generoaren eragina zelakoa den dioen kapitulu bat jasoko du».

Bi.

110. artikuluko 3. paragrafoari lerrokada berria gehitu zaio, lehenengo lerrokadaren eta hirugarrenaren artean; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

«Edozein kasutan, aurretiaz txosten bat egingo da genero-eraginari buruz».

Hiru.

122.1 artikuluan, «Kalifikazio Batzordearen» ondoren, «Berdintasun Batzordea» adierazmoldea gehitu da».

Lau.

136bis artikulua gehitu da, eta horrek II. liburuko II tituluko IV. kapituluaren 7. atala osatuko du, «Berdintasun Batzordea» idazpuruarekin; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

«136bis artikulua.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak urtero hautatuko ditu Berdintasun Batzordearen kideak, bere mahaikideen artean, hiru bosteneko gehiengoarekin, emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa aintzat hartuta; batzorde hori bost kidek osatuko dute.

Berdintasun Batzordeak jardun beharko du bere kide guztiak daudela eta gehiengoarekin hautatutako kidea lehendakaria dela.

Kideren baten aldian aldiko ezintasuna edo justifikatutako absentzia badago, kide hori ordeztuko du Kontseiluko beste mahaikide batek; ahal den neurrian, azken hori haren sexu berekoa izango da, eta batzorde iraunkorrak izendatuko du.

Berdintasun Batzordeak beharrezkoak edo egoki diren neurrien gainean aholkatuko du Osoko Bilkura, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa modu aktiboan barneratu dadin Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren jardunera; bereziki, Berdintasun Batzordeak gauzatuko ditu erregelamenduei begira aldez aurretik egin behar diren genero-eraginaren txostenak, eta karrera judizialean berdintasun-parametroak hobetzeko ardura izango du».

Bost.

310. artikulua aldarazi da; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

«Karrera judizial nahiz fiskalean sartzeko eta aurreratzeko egiten diren hautaketa-proba guztiek ezarriko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa ikasi eta printzipio hori jurisdikzio-eginkizunetan zeharkakotasunez aplikatu beharra; berdintasun-printzipioak bere baitan hartuko ditu genero-indarkeriaren aurkako neurriak».

Sei.

«e) Orobat, eskubidea izango dute hiru urtetik gorako iraupenik ez duen eszedentzia-aldirako, odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren gradurainoko ahaideak zaintzeaz arduratzeko, ahaide horiek euren kontura baliatzeko gaitasunik ez badute, adinarengatik, istripuarengatik edo gaixotasunarengatik, eta ordaindutako jarduerarik egiten ez badute».

Zazpi.

348. artikuluari e) paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

«e) Emakumearen aurkako indarkeriaren ondoriozko eszedentzia».

Zortzi.

357. artikulua aldarazi da; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

Auzitegi Goreneko magistratu batek borondatezko eszedentzia eskatu eta eszedentzia hori aitortzen zaionean, magistratu-izaera galduko du, salbu eta aurreko artikuluko d) eta e) paragrafoetan eta 360bis artikuluan jasotako kasuak gertatzen direnean.

Gainerako kasuetan, borondatezko eszedentzia-egoeran geratuko da, magistratu-kategoriarekin».

Bederatzi.

358.2 artikulua aldarazi da; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren salbuespen dira seme-alabak edo ahaideak zaintzeko 356. artikuluko d) eta e) paragrafoek aipatu dituzten borondatezko eszedentziak; egoera horietan izandako denbora zenbatuko da hirurtekoen eta eskubide pasiboen ondoreetarako.

Lehenengo bi urteetan eskubidea izango da, euren eginkizunen araberako postua erreserbatzeko eta antzinatasuna zenbatzeko.

Epe hori igaro ondoren, erreserbatuko da probintzia bereko eta kategoria bereko postua. Eszedentzia-egoeraren gehieneko epea amaitu baino hilabete lehenago eskatu beharko da zerbitzu aktiboan berriro sartzea; eskaera hori egin ezean, ofizioz adieraziko da interes pribatuaren ondorioz dagoela borondatezko eszedentzia-egoeran».

Hamar.

360bis artikulua gehitu da; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

«360bis artikulua.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakume epaile eta magistratuek eskubidea izango dute emakumearen aurkako indarkerian oinarritutako eszedentzia-egoera eskatzeko, aldez aurretik denbora jakin batez zerbitzurik eman beharrik gabe.

Administrazio-egoera horretan iraun ahal izango da, gehienez ere, hiru urtez.

Lehenengo sei hilabetean, eskubidea izango dute euren postua erreserbatzeko; aldi hori zenbatzeko modukoa izango da, maila-igoerei, hirurtekoei eta eskubide pasiboei dagokienez.

Hori gorabehera, babes judizialerako jardunaren ondorioz, biktimaren babes-eskubidea eragingarria izan dadin, beharrezkoa bada, hiru hilabeteko aldietan luzatu ahal izango da, gehienez ere hemezortzi hilabetera arte, aurreko lerrokadaren arabera, lanpostua erreserbatuta izateko aldia, lerrokada horretan aipatu ondore berberekin.

Emakume epaileak eta magistratuak emakumearen aurkako indarkerian oinarritutako eszedentzia-egoeran daudenean, eszedentzia-aldiko lehenengo bi hilabeteetan ordainsari osoak jasoko dituzte, eta, hala denean, semea edo alaba kargura izatearen ondoriozko familia-prestazioak.

Emakume epaileen eta magistratuen administrazio-egoera emakumearen aurkako indarkerian oinarritutako eszedentzia denean, eszedentzia hori sei hilabetetik beherakoa bada, epaile eta magistratu horiek zerbitzu aktiboan berriro sartuko dira, aldez aurretik zein postu izan eta postu hori erreserbatuta duten jurisdikzio-organo berean; eszedentzia-aldia sei hilabetetik gorakoa bada, zerbitzu aktiboan berriro sartzeko beharrezkoa izango da epaile eta magistratu horiek aurkeztea euren kategoriako postuak zein izan eta postu horiei begira iragartzen diren lehiaketa guztietara, harik eta destinoa lortu arte.

Hori egin ezean, adieraziko da interes pribatuaren ondorioz daudela borondatezko eszedentzia-egoeran».

Hamaika.

370. artikulua ezabatu da.

Hamabi.

373. artikuluko 5. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Epaile edo magistratuek hiru egun balioduneko baimena izan dezakete euren ezkontidearen, eurekin antzeko maitasun-harrenak dituen pertsonaren edo odol bidez nahiz ezkontza bidez lehen gradurainoko ahaidetasuna duen ahaidearen heriotzarengatik, istripu larriarengatik edo gaixotasun larriarengatik; baimen hori bost egun baliodunekoa izan daiteke, arrazoi horiengatik beste herri batera joan-etorria egin behar denean.

Baimen horiek bi eta lau egun baliodunekoak baino ez dira izango, hurrenez hurren, heriotzak eta aipatu gainerako inguruabarrek bigarren gradurainoko ahaideak, odol bidezkoak nahiz ezkontza bidezkoak, ukitzen dituztenean».

Hamahiru.

373. artikuluari 6. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Semea edo alaba jaiotzeagatik, familian hartzeagatik edo adoptatzeagatik, epaileak edo magistratuak eskubidea izango du aitatasunaren ondoriozko baimena izateko hamabost egunez, semea edo alaba jaiotzen denetik, familia-harreraren inguruko erabaki administratiboa nahiz judiziala hartzen denetik edo adopzioa eratu duen ebazpen judiziala ematen denetik».

Hamalau.

373. artikuluari 7. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Epaile eta magistratuek baimen eta lizentzietarako eskubidea izango dute, genero-indarkerian oinarrituta, norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzeko.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, erregelamendu bidez, karrera judizialaren berezitasunetara egokituko du Estatuko Administrazio Orokorraren indarreko arautegia, gai horri dagokionez».

Hamabost.

433bis artikuluari 5. paragrafoa gehitu zaio, eta horren idazkera hauxe da:

Karrera Judizialeko Etengabeko Prestakuntzarako Planak bere baitara bilduko du epaile eta magistratuen prestakuntza, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioari eta genero-ikuspegiari dagokienez.

Eskola Judizialak urtero emango ditu prestakuntza-ikastaroak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioaren eta genero-indarkeriaren jurisdikzio-babesari buruz».

Hamasei.

434. artikuluaren 2. paragrafoari bigarren lerrokada gehitu zaio; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

«Ikasketa Juridikoen Zentroak urtero emango ditu prestakuntza-ikastaroak, dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioari buruz eta karrera fiskaleko kideek, idazkarien kidegoak eta Justizia Administrazioaren gainerako langileek printzipio hori zeharkakotasunez aplikatzeari buruz, dela genero-indarkeriaren egoerak detektatu eta tratatzeari buruz».

4. Fiskaltzaren Estatutu Organikoa aldaraztea

Ondoren ezarritakoaren arabera aldarazi da abenduaren 30eko 50/1981 Legea, Fiskaltzaren Estatutu Organikoa onesteari buruzkoa:

14. artikuluko 1. paragrafoari azken idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«Fiskaltzaren Kontseilura berdintasun-batzorde bat bildu beharko da, karrera fiskalean berdintasun-parametroak zelan hobe daitezkeen aztertzeko; batzorde horren osaera zehaztuko du Fiskaltzaren Kontseiluaren eraketa eta jardunbideari buruzko arautegiak».

5. Prozedura Zibilaren Legearen aldarazpenak

Bat.

Urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeari, Prozedura Zibilari buruzkoari, 11bis artikulua gehitu zaio; artikulu horrek idazkera hau izango du:

«11bis artikulua.

Emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunerako eskubidea defendatzeko legitimazioa.

Emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunaren eskubidea defendatzeko legitimazioa izango dute, ukitutakoez gain, eta horien baimenarekin beti, hurrenez hurren, afiliatu eta elkartekideei dagokienez, sindikatuek eta legearen arabera eratutako elkarteek, horien helburu nagusia emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna defendatzea denean.

Ukitutakoak pertsona zehaztugabeak edo zehazgaitzak badira, halako interes zehaztugabeen defentsa auzitegietan salatzeko legitimazioa izango dute soil-soilik gai horretan eskumena duten antolakunde publikoek, ordezkaritza handieneko sindikatuek eta estatu-mailako elkarteek, horien helburu nagusia emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna denean. Ukitutakoak zehaztuta badaude, arestian aipatutakoak ez dio kalterik egingo ukitutako horiek duten prozesu-legitimazioari.

Jazarpena jasan duen pertsonak baino ez du legitimaziorik izango, sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruzko auzietan».

Bi.

Urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean, Prozedura Zibilari buruzkoan, 188. artikuluko 1. paragrafoaren 5. lerrokada aldarazi da; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

Etendura eskatu duen alderdiaren abokatuaren heriotza, gaixotasuna edo erabateko ezintasuna nahiz amatasunaren edo aitatasunaren ondoriozko baja gertatu bada. Egitate horiek, auzitegiaren iritziz, behar beste egiaztatu behar dira, eta ezinezkoa izan behar da beste data bat zehaztea, 183. artikuluan xedatutakoaren arabera. Edozein kasutan, etendura hori gauzatu ahal izango da babes judizial eragingarrirako eskubidea bermatzen bada eta defentsarik eza sortzen ez bada.

Orobat, aurreko kasuen baliokide dira, eta betekizun berberekin, antzeko beste egoera batzuk, gizarte-aurreikuspeneko beste sistema batzuetan ezarritakoak, eta Gizarte Segurantzaren legerian bajak eta baimenek eratorritako prestazioak zenbat denborarako eman eta horrenbeste iraungo dutenak».

Hiru.

Urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean, Prozedura Zibilari buruzkoan, 217. artikuluari 5. paragrafo berria gehitu zaio, egungo 5 eta 6. paragrafoak, hurrenez hurren, 6 eta 7.a izatera igaro direla; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

Prozesu-legeekin bat etorriz, prozedura batean alderdi auzi-jartzailearen alegazioak sexuaren ondoriozko bereizkeriazko jardueretan oinarritzen direnean, prozedura horretako pertsona demandatuak frogatu beharko du hartutako neurriak bereizkeriarik gabekoak eta proportzionalak direla.

Aurreko lerrokadan xedatutakoaren ondoreetarako, organo judizialak, alderdiek hala eskatuta, eskatu ahal izango du, erabilgarria eta egokia dela uste badu, antolakunde publiko eskudunen txosten edo irizpena».

6. Administrazioarekiko Auzi Jurisdikzioa arautu duen Legearen aldarazpenak

Ondoren ezarritakoaren arabera aldarazi da uztailaren 13ko 29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzi Jurisdikzioa Arautzeari buruzkoa:

Bat.

19. artikuluaren 1. paragrafoari i) idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«i) Emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunaren eskubidea defendatzeko legitimazioa izango dute, ukitutakoez gain, eta horien baimenarekin beti, hurrenez hurren, afiliatu eta elkartekideei dagokienez, sindikatuek eta legearen arabera eratutako elkarteek, horien helburu nagusia emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna defendatzea denean.

Ukitutakoak pertsona zehaztugabeak edo zehazgaitzak badira, halako interes zehaztugabeen defentsa auzitegietan salatzeko legitimazioa izango dute soil-soilik gai horretan eskumena duten antolakunde publikoek, ordezkaritza handieneko sindikatuek eta estatu-mailako elkarteek, horien helburu nagusia emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna denean. Ukitutakoak zehaztuta badaude, arestian aipatutakoak ez dio kalterik egingo ukitutako horiek duten prozesu-legitimazioari.

Jazarpena jasan duen pertsonak baino ez du legitimaziorik izango, sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruzko auzietan».

Bi.

60. artikuluari 7. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Prozesu-legeekin bat etorriz, prozedura batean alderdi auzi-jartzailearen alegazioak sexuaren ondoriozko bereizkeriazko jardueretan oinarritzen direnean, prozedura horretako pertsona demandatuak frogatu beharko du hartutako neurriak bereizkeriarik gabekoak eta proportzionalak direla.

Aurreko lerrokadan xedatutakoaren ondoreetarako, organo judizialak, alderdiek hala eskatuta, eskatu ahal izango du, erabilgarria eta egokia dela uste badu, antolakunde publiko eskudunen txosten edo irizpena».

7. Espainiako antolamendu juridikora 89/552/EEE Zuzentaraua barneratu duen Legearen aldarazpenak

Aldarazi da uztailaren 12ko 25/1994 Legea, Espainiako antolamendu juridikora barneratu duena 89/552/EEE Zuzentaraua, telebista bidezko irrati-hedapena gauzatzeari dagokionez estatu kideen lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak koordinatzeari buruzkoa; horren ondorioz, lege horren 16. artikuluko 1. paragrafoari e) idatz-zatia gehitu zaio, hurrengo idazkerarekin:

«e) Adingabekoei zuzendutako publizitateak edo tele-salmentak emakumeen eta gizonen inguruan helarazi beharko du berdintasunezkoa, anitza eta estereotipatu gabea den irudia».

8. Osasun Lege Orokorraren aldarazpenak

Bat.

Apirilaren 25eko 14/1986 Osasun Lege Orokorraren 3. artikuluari 4. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Osasun-arloko politika, estrategia eta programek modu aktiboan barneratuko dute euren helburu nahiz jardueretan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa; modu horretara saihestuko da, osasun-arloko helburu nahiz jardueretan euren artean bereizkeriak sortzea, desberdintasun fisikoengatik edo halakoekin zerikusia duten gizarte-estereotipoengatik».

Bi.

Apirilaren 25eko 14/1986 Osasun Lege Orokorraren 6. artikuluari 2. paragrafoa gehitu zaio, eta egungo edukia 1. paragrafora bilduko da; bigarren paragrafoak hurrengo idazkera izango du:

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzean, osasun-arloko Administrazio publikoek ziurtatuko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa aintzat hartzea, osasunerako eskubide bera bermatuz».

Hiru.

Apirilaren 25eko 14/1986 Osasun Lege Orokorraren 18. artikuluko 1, 4, 9, 14 eta 15. paragrafoak aldarazi dira, eta artikulu horri 17. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horiek, hurrenez hurren, idazkera hau izango dute:

Modu sistematikoan osasun-hezkuntzarako ekintzak gauzatzea, banakako nahiz taldeko osasuna hobetzeko oinarrizko osagai gisa; ekintza horietara bilduko dira emakumeen eta gizonen arrisku, ezaugarri eta beharrizanak bereizten dituen hezkuntza, eta emakumeen bereizkeriaren aurkako prestakuntza».

Beharrezko produktu terapeutikoak eskaintzea, emakumeen eta gizonen beharrizan desberdinak aintzat hartuz».

Lan-arloko osasuna babestu, sustatu eta hobetzea, arreta berezia jarriz sexu-jazarpenean eta sexuan oinarritutako jazarpenean».

Osasun-antolakundearen zerbitzupeko langileen prestakuntza-beharrizanak hobetzea eta egokitzea, langile horiek genero-indarkeria detektatu, prebenitu eta tratatzeko gai izatea bermatuko duten prestakuntza-jarduerak gauzatuz».

Ikerketa zientifikoa suspertzea osasun-arazoen esparru zehatzean, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak aintzat hartuta».

Erregistro, inkesta, estatistika edo mediku-informazioari buruzko beste sistema batzuetako datuak tratatzea, genero-azterketa ahalbidetzeko, ahal izanez gero, datu horiek guztiak sexuen arabera bananduz».

Lau.

Apirilaren 25eko 14/1986 Osasun Lege Orokorraren 21. artikuluko 1. paragrafoaren hasierako tartekadurari idazkera berria eman zaio; tartekadura horrek hurrengo idazkera izango du:

Lan-arloko osasun-jardunak genero-ikuspegia aintzat hartuko du beti, eta bere baitara bilduko ditu hurrengoak».

9. Osasunaren Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko Legearen aldarazpenak

Bat.

Maiatzaren 28ko 16/2003 Legean, Osasunaren Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzkoan, 2. artikuluko a) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«a) Osasunaren Sistema Nazionaleko erabiltzaileei zerbitzuak ematea berdintasun eragingarriko eta kalitateko baldintzetan, bereziki emakumeen eta gizonen arteko bereizkeria oro saihestuz osasun-jardueretan».

Bi.

11. artikuluko 2. paragrafoaren g) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«g) Lan-arloko osasuna sustatu eta babestea, arreta berezia jarriz emakume langileen arrisku eta beharrizan berezietan».

Hiru.

12. artikuluko 2. paragrafoaren f) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«f) Emakumeei begira hartu beharreko ardurak eta emakumeentzako zerbitzu bereziak. Halakoetara berariaz bilduko dira genero-indarkeriazko egoeren detekzioa eta tratamendua; haurtzaroa; nerabezaroa, nagusiak; hirugarren adinekoak; arriskuan dauden taldeak eta gaixo kronikoak».

Lau.

34. artikuluari e) idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«e) Genero-ikuspegia prestakuntza-jardueretan barneratzea».

Bost.

44. artikuluari f) idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«f) Osasun-arloko ikerketa sustatzea, emakumeen eta gizonen berezitasunak aintzat hartzeari dagokionez».

Sei.

53. artikuluko 2 eta 3. paragrafoak aldarazi dira; paragrafo horiek hurrengo idazkera izango dute:

Osasun-arloko informazio-sistemak jasoko du osasunaz arduratzen diren erakunde publiko eta pribatuetako prestazioen eta zerbitzu-multzoen gaineko informazioa, eta oinarrizko datu gisa barneratuko ditu babestutako biztanleak, giza baliabide eta baliabide materialak, gauzatutako jarduera, farmazia nahiz osasun-produktuak, finantzaketa eta lortutako emaitzak, bai eta herritarren igurikimenak eta iritzia ere; hori guztiori egingo da osasuna osotasunean kontuan hartuta, ahal den neurrian, datu guztiak sexuaren arabera bananduz».

Ematen den informazioa ahalik fidagarriena izan dadin, Osasun eta Kontsumo Ministerioak ezarriko ditu, aldez aurretik Osasunaren Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluarekin hala akordatuta, datu eta fluxuen definizioa eta normalizazioa, adierazleen hautaketa eta beharrezkoak diren betekizun teknikoak, informazioa barneratu eta aztertzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioaren ikuspegitik».

Zazpi.

63. artikuluaren amaieran hurrengo esaldia gehitu da:

«Txosten horrek berariazko azterketak jasoko ditu, emakumeen eta gizonen osasunaren inguruan».

10. Informazio-gizarterako funtsa

Lege honen 28. artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, funts berezia eratuko da, 2007, 2008 eta 2009ko aurrekontu-ekitaldi bakoitzean 3 milioi eurorekin hornituko dena.

11. Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren aldarazpenak

Ondoren ezarritakoaren arabera aldarazi da martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsi zuen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina:

Bat.

4. artikuluko 2. paragrafoaren e) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«e) Langileari dagokion intimitatea errespetatzeko eta duintasuna behar den moduan kontuan hartzeko eskubidea. Eskubide horretara biltzen dira, arrazaren, etniaren, erlijio edo sinesmenen, desgaitasunaren, adinaren zein sexu-joeraren ondoriozko jazarpenaren aurkako babesa, eta sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako babesa».

Bi.

17. artikuluko 1. paragrafoaren bigarren lerrokada aldarazi da eta artikulu horri 4 eta 5. paragrafoak gehitu zaizkio; lerrokada eta paragrafo horiek hurrengo idazkera izango dute:

«Era berean, deusezak izango dira, bereizkeria egiteko aginduak eta enpresaburuaren erabakiak, baldin eta erabaki horiek langilearentzat mesedegarri ez badira, langileak enpresan egindako erreklamazioarengatik edo egikaritutako administrazio-akzio edo akzio judizialarengatik, tratu-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa betetzeko».

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, negoziazio kolektiboak ekintza positiboko neurriak ezarri ahal izango ditu, emakumeak lanbide guztietan sar daitezen ahalbidetzeko.

Ondore horretarako, negoziazio kolektiboak erreserbak eta lehentasunak ezarri ahal izango ditu kontratazio-baldintzetan; edu horretan, gaitasun-baldintza berberetan, kontratuak egiteko orduan lehentasuna izango dute kasuan kasuko lanbide-talde edo -kategorian zein sexutako pertsonak egon gutxien eta pertsona horiek.

Era berean, negoziazio kolektiboak halako neurriak ezarri ahal izango ditu lanbide-sailkapenerako, aurrerakuntzarako eta prestakuntzarako baldintzetan; edu horretan, kasuan kasuko talde, lanbide-kategoria edo lanpostuan sartzea ahalbidetzeko, gaitasun-baldintza berberetan, lehentasuna izango dute horietan zein sexutako pertsonak egon gutxien eta pertsona horiek».

Enpresan berdintasun-planak ezarri behar direnean, plan horiek bat etorriko dira lege honetan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoan xedatutakoarekin».

Hiru.

34. artikuluari 8. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Langileak eskubidea izango du, lanaldiaren iraupena eta banaketa egokitzeko, norberaren, familiaren eta laneko bizitza uztartzeko duen eskubidea eragingarri bihurtzeko, negoziazio kolektiboan ezarritakoaren arabera, edo enpresaburuarekin egindako akordioan ezarritakoaren arabera; azken kasu horretan, hala denean, errespetatuko da negoziazio kolektiboan jasotakoa».

Lau.

37. artikuluko 3. paragrafoaren b) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«b) Bi egun, semea edo alaba jaiotzeagatik, eta bigarren gradurainoko odol bidezko zein ezkontza bidezko ahaideen heriotzarengatik, istripu edo gaixotasun larriarengatik, ospitaleratzearengatik, edo ospitaleratzerik behar ez duen ebazketa kirurgikoarengatik, etxeko atsedena behar bada.

Arrazoi horiek direla eta, langileak joan-etorriak egin behar dituenean, epea lau egunekoa izango da».

Bost.

37. artikuluko 4. paragrafoa eta 5. paragrafoko lehenengo idatz-zatia aldarazi dira; horiek hurrengo idazkera izango dute:

Emakume langileek, bederatzi hilabete baino gutxiagoko semea edo alaba edoskitzea dela eta, eskubidea izango dute lanean ordubetez absente izateko; ordubete hori bi zatitan banatu ahal izango dute.

Baimenaren iraupena modu proportzionalean luzatuko da erditze anitzeko kasuetan.

Emakumeak, bere borondatez, eskubide horren ordez ordu erdi gutxitu ahal izango du bere lanaldia helburu berarekin, edo eskubide horren araberako denbora lanaldi osoetan pilatu ahal izango du, negoziazio kolektiboan ezarritakoaren arabera, edo enpresaburuarekin egindako akordioan ezarritakoaren arabera; azken kasu horretan, hala denean, errespetatuko da negoziazio kolektiboan jasotakoa.

Gurasoetarik edonor baliatu ahal izango da baimen horretaz, baldin eta biek lan egiten badute».

Legezko zaintza dela bide, zortzi urte baino gutxiagoko adingabea edota desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenezkoa duen pertsona, ordaindutako jarduerarik egiten ez duena, zuzenean zaintzeko ardura zein pertsonak izan eta pertsona horrek izango du lanaldia murrizteko eskubidea, baina, halakoetan, alokairua ere modu proportzionalean gutxituko da; alokairua, gutxienez, lanaldiaren zortzirena gutxituko da, eta, gehienez, erdia».

Sei.

Bigarren lerrokada gehitu zaio 38. artikuluko 3. paragrafoari; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

Enpresaren oporretako egutegian, aurreko lerrokadan aipatutakoan, oporrak ezartzen dira; bada, opor horiek iraun bitartean, haurdunaldiak, erditzeak edo edoskitze naturalak aldi baterako ezgaitasuna eratortzen badu, edo lege honen 48.4 artikuluak kontratuari begira ezarri etenaldia badago, oporrak izateko eskubideari eutsiko zaio, aldi baterako ezgaitasunaren data desberdinetan edo manu horren araberako baimenaren data desberdinetan, etenaldia amaitu ondoren, nahiz eta opor horien egutegiko urtea amaituta egon».

Zazpi.

45. artikuluko 1. paragrafoaren d) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«d) Amatasuna, aitatasuna, haurdunaldi bitarteko arriskua, bederatzi hilabete baino gutxiagoko adingabearen edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskua, eta adopzioa edo familia-harrera, sei urtetik beherakoena, edo sei urte baino gehiagoko adingabeena, azken horiek desgaitasuna badute edo inguruabar eta esperientzia pertsonalengatik nahiz atzerritik etortzeagatik gizarteratzeko eta familian sartzeko zailtasun handiak badituzte, gizarte-zerbitzu eskudunek behar bezala egiaztatutakoaren arabera. Familia-harrera izan daiteke adopzioaren aurrekoa nahiz iraunkorra edo soila, Kode Zibilarekin edo autonomia-erkidegoetan familia-harrera arautzen duten lege zibilekin bat etorriz; edozein kasutan ere, familia-harrera horien iraupena urtebetetik gorakoa izan beharko da, nahiz eta horiek behin-behinekoak izan».

Zortzi.

46. artikuluko 2. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia aitor dakion; eszedentzia hori ezin da izan lau hilabetetik beherakoa eta bost urtetik gorakoa.

Langile berak eskubide hori beste behin bakarrik egikaritu ahal izango du, baldin eta lau urte igaro badira azken eszedentzia amaitu zenetik».

Bederatzi.

46. artikuluko 3. paragrafoaren lehenengo, bigarren eta hirugarren lerrokadak aldarazi dira; lerrokada horiek hurrengo idazkera izango dute:

Langileek eskubidea izango dute hiru urtetik gorako iraupenik ez duen eszedentzia-aldirako, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, horiek odolekoak zein adopzio bidezkoak izan, edo familia-harrera kasuetan, familia-harrera iraunkorra zein adopzioaren aurrekoa izan, eta horiek behin-behinekoak izatea gorabehera, jaiotza-datatik edo, hala denean, ebazpen judiziala edo administrazio-ebazpena eman denetik zenbatzen hasita.

Orobat, langileek eskubidea izango dute bi urtetik gorako iraupenik ez duen eszedentzia-aldirako, salbu eta negoziazio kolektiboan iraupen luzeagoa ezartzen denean, odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren gradurainoko ahaideak zaintzeaz arduratzeko, ahaide horiek euren kontura baliatzeko gaitasunik ez badute, adinarengatik, istripuarengatik, gaixotasunarengatik zein desgaitasunarengatik, eta ordaindutako jarduerarik egiten ez badute.

Paragrafo honetan jaso den eszedentzia langileen banakako eskubidea da, gizon zein emakumeena, eta eszedentzia horren iraunaldia zatitu ahal izango da.

Hala ere, subjektu berak eraginda, enpresa bereko bi langilek edo gehiagok badute eskubide hori, enpresaburuak mugatu ahal izango du langileok aldi berean egikaritzea eskubide hori, justifikatutako arrazoiak baldin badaude, enpresaren jardunbidean oinarrituta».

Hamar.

48. artikuluko 4 eta 5. paragrafoak aldarazi dira; paragrafo horiek hurrengo idazkera izango dute:

Erditze-kasuan, eteteak hamasei asteko iraupen etengabea izango du. Hamasei aste horiek, erditze anitzean, bigarren seme edo alabatik aurrera, seme edo alaba bakoitzeko bi aste gehiago luzatuko dira.

Etenaldia banatuko da emakume interesdunak aukeratutakoaren arabera, baina sei aste erditu ostean izango dira beti.

Ama hiltzen bada, horrek lan egiten zuen ala ez kontuan hartu gabe, beste gurasoa baliatu ahal izango da etenaldi osoaz edo, hala denean, etenalditik geratzen den zatiaz; horretarako, etenaldi horren iraupena erditze-datatik hasiko da zenbatzen, eta iraupen horretatik ez da kenduko amak erditzea baino lehenago izandako etenaldiaren iraupena.

Semea edo alaba hiltzen bada, etenaldia ez da murriztuko, salbu eta, sei hilabeteko nahitaezko atsedenaldia amaitu ondoren, amak bere lanpostuan berriro lanean hastea eskatzen duenean.

Aurrekoa gorabehera, eta erditu osteko lehenengo sei asteetan amak nahitaez hartu beharreko atsedenari kalterik egin gabe, bi gurasoek lan egiten badute, amatasunaren ondoriozko atsedenaldia hastean, amak aukeratu ahal izango du beste gurasoak erditu osteko aldi zehatz eta etengabean atsedenaldiaren zati bat hartzea, amaren atsedenaldiarekin batera edo amaren atsedenaldia amaitu ostean.

Beste gurasoak eutsi ahal izango dio amatasunaren ondorioz hasieran utzi zitzaion etenaldiari, nahiz eta ama, berriro lanean hasi behar den unean, aldi baterako ezgaitasun-egoeran izan.

Amak eskubiderik ez badu bere lanbide-jarduera eteteko, prestazioak jasotzeko eskubidearekin, jarduera horren arauketarengatik, beste gurasoak eskubidea izango du bere lan-kontratua eteteko, amaren lan-kontratuaren etenaldiak izango lukeen iraupenarekin, eta hori bateragarria izango da hurrengo artikuluan aitortutako eskubidea egikaritzearekin.

Garaia baino lehenagoko erditzea badago edo, beste edozein arrazoiren ondorioz, jaioberria ospitaleratuta egon behar bada erditu ostean, etenaldia zenbatu ahal izango da ospitaleko alta ematen den datatik aurrera, amak hala eskatuta edo, horrek eskatu ezean, beste gurasoak eskatuta.

Zenbaketa horretatik kanpo daude erditu osteko lehenengo sei asteak; amaren kontratua nahitaez eten behar da sei aste horietan.

Garaia baino lehenagoko erditzea jaioberriaren pisu faltarekin badago, eta jaioberria edozein arrazoi klinikorengatik erditu ostean ospitaleratu behar bada, zazpi egunetik gorako epealdian, etenaldia luzatuko da, jaioberria zenbat egunetan egon ospitaleratuta eta horrenbeste egunetan, baina gehienez ere hamahiru aste gehigarrietan, eta erregelamendu bidez garatutakoaren arabera.

Lege honen 45.1.d) artikuluaren araberako adopzioa eta familia-harrera dagoenean, etenaldiak etengabeko hamasei asteko iraupena izango du; adopzio edo familia-harrera anitza dagoenean, etenaldia bi aste gehiago luzatuko da adingabeko bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.

Etenaldi horrek ondoreak sortuko ditu, langileak egindako aukeraren arabera, adopzioa eratu duen ebazpen judiziala ematen denetik edo behin-behineko nahiz behin betiko familia-harreraren inguruko erabaki administratiboa zein judiziala hartzen denetik; hala ere, adingabeko berak ezin sor dezake etenaldi bat baino gehiago izateko eskubiderik.

Bi gurasoek lan egiten badute, interesdunek egindako aukeraren arabera banatuko da etenaldia; etenaldi hori izan ahal dute aldi berean edo elkarren segidan, baina etengabea eta aipatu mugen barruan izan beharko da beti.

Atsedenaldiak aldi berean hartzen direnean, atsedenaldi horien baturak ezin izango du gainditu aurreko lerrokadetan aipatu hamasei asteko iraupena edo erditze, adopzio nahiz familia-harrera anitzean har daitezkeen asteen iraupena.

Semeak nahiz alabak edo adoptatutako zein familian hartutako adingabeak desgaitasuna badu, paragrafo honek aipatu kontratu-eteteak bi asteko iraupen gehigarria izango du.

Bi gurasoek lan egiten badute, interesdunek egindako aukeraren arabera banatuko da etenaldi gehigarri hori; etenaldi hori izan ahal dute aldi berean edo elkarren segidan, baina etengabea izan beharko da beti.

Paragrafo honek aipatu dituen atsedenaldiak hartu ahal izango dira lanaldi osoan zein lanaldi partzialean, ukitutako enpresaburuek eta langileek aurretiaz horixe akordatu badute, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

Nazioarteko adopzioaren kasuetan, nahitaezkoa denean aldez aurretik gurasoak adoptatuaren herrialdera joatea, paragrafo honetan kasu bakoitzarentzat ezarritako etenaldia hasi ahal izango da adopzioa eratzeko ebazpena eman baino lau aste lehenago.

Paragrafo honek aipatu kasuetan, bai eta hurrengo paragrafoan eta 48bis artikuluan ezarritako kasuetan ere, kontratua etenda dagoen bitartean, langileak baliatuko dira lan-baldintzetan izandako hobekuntzetarik edozeinez, betiere horietarako eskubidea izan balute».

Haurdunaldi bitarteko arriskua edo edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskua dagoenean, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontratuaren etetea amaituko da amatasun biologikoaren ondoriozko kontratu-etetea hastean nahiz edoskitzaileak bederatzi hilabete betetzean, hurrenez hurren, edo, bi kasu horietan, langilea bere lanpostuan edo bere egoerarekin bat datorren beste lanpostu batean berriro lanean hasteko ezintasuna desagertzean».

Hamaika.

48bis artikulua gehitu da; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

«48bis artikulua.

Lan-kontratua etetea aitatasunaren ondorioz.

Lege honen 45.1.d) artikuluaren araberako jaiotza, adopzioa edo familia-harrera dagoenean, langilea den aitak lan-kontratua eteteko eskubidea izango du etengabeko hamahiru egunetan; erditze, adopzio edo familia-harrera anitza dagoenean, hamahiru egun horiek beste bi egun gehiago luzatuko dira, seme edo alaba bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.

Lan-kontratuaren etete hori independentea da, amatasunaren ondorioz 48.4 artikuluan araututako atsedenaldi elkar banatuei begira.

Erditzearen kasuan, etetea beste gurasoari bakarrik dagokio.

Adopzioaren edo familia-harreraren kasuetan, eskubide hori gurasoetarik batek bakarrik izango du, interesdunek egindako aukeraren arabera; hala ere, 48.4 artikuluan araututako atsedenaldia oso-osoan gurasoetarik batek bakarrik duenean, aitatasunaren ondoriozko atsedenaldi-eskubidea beste gurasoak bakarrik egikaritu ahal izango du.

Eskubide hori egikaritzen duen langileak, eskubide hori izango du, semea edo alaba jaiotzearen ondoriozko baimena, lege bidez zein hitzarmen bidez ezarritakoa, amaitzen denetik, edo adopzioa eratu duen ebazpen judiziala ematen denetik nahiz familia-harreraren inguruko erabaki administratiboa zein judiziala hartzen denetik, 48.4 artikuluan araututako kontratu-etetea amaitu arte, edo etete hori amaitu eta berehala.

Artikulu honek aipatu kontratu-etetea izango da lanaldi osokoa zein lanaldi partzialekoa, gutxienez 100eko 50ekoa, enpresaburuaren eta langilearen aurretiazko akordioarekin, eta erregelamendu bidez ezarritakoarekin bat etorriz.

Langileak enpresaburuari komunikatu beharko dio, behar besteko aurrerapenarekin, eskubide horren egikaritza, hala denean, hitzarmen kolektiboetan ezarritakoaren arabera».

Hamabi.

53. artikuluaren 4. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Enpresaburuak ez dituenean gauzatzen artikulu honen 1. paragrafoan jasotako betekizunak, edo enpresaburuaren erabaki azkentzailearen xedea Konstituzioan edo legean debekatutako bereizkeria-arrazoietako bat denean, edo erabaki azkentzailea hartzen denean langilearen oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak urratuz, erabaki azkentzailea deuseza izango da, eta lan-agintaritzak ofizioz adierazi beharko du hori.

Azkentzea ez da deuseztatuko aurreabisua ez emateagatik. Hala ere, enpresaburuak betebeharra izango du, bidezkoak diren gainerako ondoreak gorabehera, aldi horri dagozkion alokairuak ordaintzeko.

Enpresaburuak ez du ongituko hasierako erabaki azkentzailea, aldez aurretik gauzatu gabeko betekizunak gerogarrenean gauzatzeagatik. Betekizun horiek gauzatzen dituenean, erabaki azkentzaile berria izango da, eta erabaki horrek ondoreak sortuko ditu hartu den datatik.

Halaber, erabaki azkentzailea deuseza izango da ondoko kasuetan:

a) Langileek lan-kontratua etenda duten bitartean erabaki azkentzailea hartzen denean, baldin eta lan-kontratua eten bada lege honen 45. artikuluko 1. paragrafoaren d) idatz-zatian aipatu amatasuna, haurdunaldi bitarteko arriskua, edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskua, haurdunaldiak, erditzeak edo edoskitze naturalak sortutako gaixotasuna, adopzioa nahiz familia-harrera zein aitatasuna dela eta; edo, erabaki azkentzailea zein datatan jakinarazi den kontuan hartuta, aurreabisuaren epea aipatu egoeren ondorioz kontratua etenda dagoela amaitzen denean.

b) Erabaki azkentzailea hartzen denean haurdun dauden emakume langileen kasuan, haurdunaldiaren hasieratik a) idatz-zatiak aipatu duen etetealdia hasi arte, eta lege honen 37. artikuluko 4, 4bis eta 5. paragrafoetako baimenetako bat eskatu duten langileen kasuan, edo baimen hori duten langileen kasuan, bai eta lege honen 46. artikuluaren 3. paragrafoko eszedentzia eskatu duten langileen kasuan ere; eta erabaki azkentzailea hartzen denean genero-indarkeriaren biktima diren emakume langileen kasuan, emakume horiek euren eskubideak egikaritzeagatik, lan-denbora murriztu edo beste modu batean antolatzeko, mugigarritasun geografikoa izateko, lantokia aldatzeko edo lan-harremanak eteteko, lege honetan ezarritako modu eta baldintzen arabera.

Erabaki azkentzailea hartzen denean, langileak lanean berriro hasi eta gero, amatasunaren, adopzioaren zein familia-harreraren edo aitatasunaren ondoriozko kontratu-etenaldiak amaitu ostean, baldin eta bederatzi hilabete igaro ez badira semea edo alaba jaio, adoptatu edo familian hartu denetik.

Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa aplikatuko da, salbu eta kasu horietan erabaki azkentzailearen bidezkotasuna adierazten denean, haurdunaldiarekin edo baimenetarako eta eszedentziarako eskubidea egikaritzearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik».

Hamahiru.

54. artikuluko 2. paragrafoaren d) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«g) Enpresaburuaren edo enpresan lan egiten duten pertsonen aurkako jazarpena, arrazarengatik, etniarengatik, erlijioarengatik edo sinesmenengatik, desgaitasunarengatik, adinarengatik zein sexu-joerarengatik, eta sexu-jazarpena sexuagatik».

Hamalau.

55. artikuluko 5. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

«Deuseza izango da Konstituzioan edo legean zein bereizkeria-arrazoi debekatu eta horietako bat xedetzat duen kaleratzea, edo langilearen oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak urratuz egiten den kaleratzea.

Ondoko kasuetan ere kaleratzea deuseza izango da:

a) Langileek lan-kontratua etenda duten bitartean gauzatzen denean kaleratzea, baldin eta lan-kontratua eten bada lege honen 45. artikuluko 1. paragrafoaren d) idatz-zatian aipatu amatasuna, haurdunaldi bitarteko arriskua, edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskua, haurdunaldiak, erditzeak edo edoskitze naturalak sortutako gaixotasuna, adopzioa nahiz familia-harrera zein aitatasuna dela eta; edo, kaleratzea zein datatan jakinarazi den kontuan hartuta, aurreabisuaren epea aipatu egoeren ondorioz kontratua etenda dagoela amaitzen denean.

b) Kaleratzea gauzatzen denean haurdun dauden emakume langileen kasuan, haurdunaldiaren hasieratik a) idatz-zatiak aipatu duen etetealdia hasi arte, eta lege honen 37. artikuluko 4, 4bis eta 5. paragrafoetako baimenetako bat eskatu duten langileen kasuan, edo baimen hori duten langileen kasuan, bai eta lege honen 46. artikuluaren 3. paragrafoko eszedentzia eskatu duten langileen kasuan ere; eta kaleratzea gauzatzen denean genero-indarkeriaren biktima diren emakume langileen kasuan, emakume horiek euren eskubideak egikaritzeagatik, lan-denbora murriztu edo beste modu batean antolatzeko, mugigarritasun geografikoa izateko, lantokia aldatzeko edo lan-harremanak eteteko, lege honetan ezarritako modu eta baldintzen arabera.

c) Kaleratzea gauzatzen denean, langileak lanean berriro hasi eta gero, amatasunaren, adopzioaren zein familia-harreraren edo aitatasunaren ondoriozko kontratu-etenaldiak amaitu ostean, baldin eta bederatzi hilabete igaro ez badira semea edo alaba jaio, adoptatu edo familian hartu denetik.

Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa aplikatuko da, salbu eta kasu horietan kaleratzearen bidezkotasuna adierazten denean, haurdunaldiarekin edo baimenetarako eta eszedentziarako eskubidea egikaritzearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik.

Hamabost.

Bigarren lerrokada gehitu zaio 64. artikuluko 1. paragrafoaren lehenengo idatz-zatiari; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

«Halaber, gutxienez urtero, informazioa jasotzeko eskubidea izango du, emakumeen eta gizonen artean tratu- eta aukera-berdintasunaren eskubideak enpresan duen aplikazioaren gainean, informazio horretara bilduko direla lanbide-maila desberdinetan dauden emakumeen eta gizonen proportzio-datuak; eta, hala denean, baita ere, enpresan emakumeen eta gizonen artean berdintasuna suspertzeko hartu diren neurrien gainean, eta, berdintasun-plana ezarri bada, horren aplikazioaren gainean».

Hamasei.

64. artikuluko 1. paragrafoko 9. idatz-zatiari c) letra gehitu zaio, eta paragrafo berari 13. idatz-zatia ere gehitu zaio; letra eta idatz-zati horiek hurrengo idazkera izango dute:

«c) Zaintza-eginkizunak, emakumeen eta gizonen artean tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa errespetatu eta aplikatzen dela ziurtatzeko».

Enpresa-zuzendaritzarekin elkarlanean aritzea adiskidetze-neurriak ezarri eta abian jartzean».

Hamazazpi.

85. artikuluko 1. paragrafoari idatz-zati berria gehitu zaio; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«Alderdiek hitzarmen kolektiboaren edukia zehazteko duten askatasuna gorabehera, hitzarmen horien negoziazioan alderdiek nahitaez negoziatu beharko dituzte lan-esparruan emakumeen eta gizonen artean tratu- eta aukera-berdintasuna sustatzeko neurriak edo, hala denean, berdintasun-planak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoaren IV. tituluko III. kapituluan ezarri norainoko eta edukiarekin».

Hemezortzi.

85. artikuluko 2. paragrafoari idatz-zati berria gehitu zaio; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«Era berean, alderdiei aitortutako kontratazio-askatasunari kalterik egin gabe, negoziazio kolektiboaren bidez berrehun eta berrogeita hamar langiletik gorako enpresetan berdintasun-planak negoziatzeko eginbeharra ezarriko da, modu honetara:

a) Enpresa-esparruko hitzarmen kolektiboetan, negoziatzeko eginbeharra gauzatuko da hitzarmen kolektibo horien negoziazio-esparruan.

b) Enpresaz gaindiko hitzarmen kolektiboetan, negoziatzeko eginbeharra gauzatuko da enpresako negoziazio kolektiboaren bidez, negoziazio-eginbeharra betetzeko hitzarmen kolektibo horietan osagarritasun-erregela egokien bidez ezarri baldintzetan».

Hemeretzi.

90. artikuluari 6. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, lan-agintaritzak berdintasun-printzipioa errespetatzen dela zainduko du, sexuaren ondorioz zuzeneko edo zeharkako bereizkeriak jaso ditzaketen hitzarmen kolektiboetan.

Ondore horietarako, lan-agintaritzak Emakumearen Institutuaren aholkuak eskatu ahal izango ditu, edo autonomia-erkidegoetako berdintasun-antolakundeenak, hitzarmen kolektiboaren lurralde-esparruaren arabera bidezkoa dena kontuan hartuta.

Lan-agintaritzak jurisdikzio eskudunera jotzen duenean, hitzarmen kolektiboak bereizkeriazko klausulak izan ditzakeela uste izateagatik, horren berri emango dio Emakumearen Institutuari edo autonomia-erkidegoetako berdintasun-antolakundeei, hitzarmen kolektiboaren lurralde-esparruaren arabera, Lan Prozedurari buruzko Legearen 95. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe».

Hogei.

Hamazazpigarren xedapen gehigarria gehitu da; xedapen horrek hurrengo idazkera izango du:

«17.

Eztabaidak norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzeari dagokionez.

Enpresaburuen eta langileen artean sortutako eztabaidak, norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzeko eskubideak, legean zein hitzarmen kolektiboan aitortutakoak, egikaritzeari dagokionez, jurisdikzio eskudunak ebatziko ditu, Lan Prozedurari buruzko Legearen 138bis artikuluan ezarritako prozeduraren bidez.

Hogeita bat.

Hemezortzigarren xedapen gehigarria gehitu da; xedapen horrek hurrengo idazkera izango du:

«18.

Kalte-ordainak kalkulatzea, lanaldi murriztuaren zenbait kasutan.

Lege honen 37. artikuluan, 4bis, 5 eta 7. paragrafoetan, jaso lanaldi murriztuetan, lege honetako kalte-ordainak kalkulatzeko kontuan hartu beharreko alokairua izango da langileak izango lukeena, gauzatutako lanaldi murrizketa kontuan hartu gabe, baldin eta murrizketa horretarako legeak ezarri gehieneko epea igaro ez bada.

Orobat, aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da, 48.4 artikuluko hamargarren lerrokadan eta 48bis artikuluan ezarritako eskubideak lanaldi partzialean egikaritzen direnean».

12. Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen aldarazpenak

Ondoren ezarritakoaren arabera aldarazi da azaroaren 8ko 31/1995 Legea, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzkoa:

Bat.

5. artikuluari 4. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Administrazio publikoek sustatuko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioaren eragingarritasuna; horretarako, kontuan hartuko dituzte sexuarekin zerikusia duten aukera guztiak, hala datuak bildu eta tratatzeko sistemetan nola lan-arriskuak prebenitzeko gaian egiten diren azterketa eta ikerketa orokorretan, egoera jakin batzuk detektatu eta prebenitzeko xedearekin, egoera horietan lanak kalteak eratorri eta kalteok sexuari loturik egon daitezkeenean».

Bi.

26. artikuluko 2. paragrafoaren lehenengo lerrokada eta 4. paragrafoa aldarazi dira; horiek hurrengo idazkera izango dute.

Lan-baldintzak edo -denbora ezin direnean egokitu edo, egokitu arren, lanpostuaren baldintzek haurdun dagoen emakume langilearen edo fetuaren osasunean eragin negatiboa izan dezaketenean, eta hori berori ziurtatu dutenean Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko edo mutuetako mediku-zerbitzuek, enpresak lanbide-arriskuak zein erakunderekin dituen estalita aintzat hartuta, emakume langileari mediku-zerbitzuak ematen dizkion Osasuneko Zerbitzu Nazionalaren mediku-txostenarekin batera, emakume langileak bere egoerarekin bat datorren beste lanpostu edo eginkizun bat bete beharko du.

Enpresaburuak, langileen ordezkariekin kontsultatu ondoren, halako arriskuetatik kanpo dauden lanpostuak zehaztu beharko ditu».

Artikulu honetako 1 eta 2. paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko da, halaber, edoskialdi naturalak iraun bitartean, lan-baldintzek eragin negatiboa izan badezakete emakumearen edo semearen nahiz alabaren osasunean, eta, hala ziurtatzen badute Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko edo mutuetako mediku-zerbitzuek, enpresak lanbide-arriskuak zein erakunderekin dituen estalita aintzat hartuta, emakume langileari edo bere seme nahiz alabari mediku-zerbitzuak ematen dizkion Osasuneko Zerbitzu Nazionalaren mediku-txostenarekin batera.

Orobat, ukitutako emakume langilea Langileen Estatutuaren 45.1.d) artikuluko egoerara igarotzea adierazi ahal izango da, artikulu honen 3. paragrafoan ezarritako inguruabarrak badaude; egoera horretan lan-kontratua eteten da, bederatzi hilabete baino gutxiagoko seme-alaben edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuarengatik».

13. Lan Prozedurari buruzko Legearen aldarazpenak

Ondoren ezarritakoaren arabera aldarazi da apirilaren 7ko 2/1995 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsi zuen Lan Prozedurari buruzko Legearen testu bategina:

Bat.

27. artikuluko 2. paragrafoari bigarren lerrokada gehitu zaio; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

«Aurrekoak ez dio kalterik egingo, epaiketa horietan, lege honen 180 eta 181. artikuluekin bat etorriz, kalte-ordaina erreklamatzeko aukerari, bereizkeriaren edo oinarrizko eskubideak urratzearen ondorioz».

Bi.

108. artikuluaren 2. paragrafoak idazkera hau izango du:

Deuseza izango da Konstituzioan edo legean zein bereizkeria-arrazoi ezarri eta horietako bat xedetzat duen kaleratzea, edo langilearen oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak urratuz egiten den kaleratzea.

Ondoko kasuetan ere kaleratzea deuseza izango da:

a) Langileek lan-kontratua etenda duten bitartean gauzatzen denean kaleratzea, baldin eta lan-kontratua eten bada Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 45. artikuluko 1. paragrafoaren d) idatz-zatian aipatu amatasuna, haurdunaldi bitarteko arriskua, edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskua, haurdunaldiak, erditzeak edo edoskitze naturalak sortutako gaixotasuna, adopzioa nahiz familia-harrera zein aitatasuna dela eta; edo, kaleratzea zein datatan jakinarazi den kontuan hartuta, aurreabisuaren epea aipatu egoeren ondorioz kontratua etenda dagoela amaitzen denean.

b) Kaleratzea gauzatzen denean haurdun dauden emakume langileen kasuan, haurdunaldiaren hasieratik a) idatz-zatiak aipatu duen etetealdia hasi arte, eta Langileen Estatutuaren 37. artikuluko 4, 4bis eta 5. paragrafoetako baimenetako bat eskatu duten langileen kasuan, edo baimen hori duten langileen kasuan, bai eta Langileen Estatutuaren 46. artikuluaren 3. paragrafoko eszedentzia eskatu duten langileen kasuan ere; eta kaleratzea gauzatzen denean genero-indarkeriaren biktima diren emakume langileen kasuan, emakume horiek euren eskubideak egikaritzeagatik, lan-denbora murriztu edo beste modu batean antolatzeko, mugigarritasun geografikoa izateko, lantokia aldatzeko edo lan-harremanak eteteko, lege honetan ezarritako modu eta baldintzen arabera.

c) Kaleratzea gauzatzen denean, langileak lanean berriro hasi eta gero, amatasunaren, adopzioaren zein familia-harreraren edo aitatasunaren ondoriozko kontratu-etenaldiak amaitu ostean, baldin eta bederatzi hilabete igaro ez badira semea edo alaba jaio, adoptatu edo familian hartu denetik.

Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa aplikatuko da, salbu eta kasu horietan kaleratzearen bidezkotasuna adierazten denean, haurdunaldiarekin edo baimenetarako eta eszedentziarako eskubidea egikaritzearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik».

Hiru.

122. artikuluko 2. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Erabaki azkentzailea deuseza izango da:

a) Idatzizko komunikazioaren lege-formalitateak bete ez direnean, azkentze-arrazoia aipatuz.

b) Kasuan kasuko kalte-ordaina ez denean utzi langilearen esku, salbu eta legeak betekizun hori galdatu ez duenean.

c) Azkentzea langilearen oinarrizko eskubideen edo askatasun publikoei begira bereizkeriazkoa denean edo horien aurkakoa denean.

d) Azkentzea lege-maula eginez gauzatu denean, kaleratze kolektiboen inguruan ezarritako arauak bazter utzita, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 51.1 artikuluaren azken idatz-zatiak aipatu kasuetan.

Halaber, erabaki azkentzailea deuseza izango da ondoko kasuetan:

a) Langileek lan-kontratua etenda duten bitartean erabaki azkentzailea hartzen denean, baldin eta lan-kontratua eten bada Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 45. artikuluko 1. paragrafoaren d) idatz-zatian aipatu amatasuna, haurdunaldi bitarteko arriskua, edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskua, haurdunaldiak, erditzeak edo edoskitze naturalak sortutako gaixotasuna, adopzioa nahiz familia-harrera zein aitatasuna dela eta; edo, erabaki azkentzailea zein datatan jakinarazi den kontuan hartuta, aurreabisuaren epea aipatu egoeren ondorioz kontratua etenda dagoela amaitzen denean.

b) Erabaki azkentzailea hartzen denean haurdun dauden emakume langileen kasuan, haurdunaldiaren hasieratik a) idatz-zatiak aipatu duen etetealdia hasi arte, eta Langileen Estatutuaren 37. artikuluko 4, 4bis eta 5. paragrafoetako baimenetako bat eskatu duten langileen kasuan, edo baimen hori duten langileen kasuan, bai eta Langileen Estatutuaren 46. artikuluaren 3. paragrafoko eszedentzia eskatu duten langileen kasuan ere; eta erabaki azkentzailea hartzen denean genero-indarkeriaren biktima diren emakume langileen kasuan, emakume horiek euren eskubideak egikaritzeagatik, lan-denbora murriztu edo beste modu batean antolatzeko, mugigarritasun geografikoa izateko, lantokia aldatzeko edo lan-harremanak eteteko, lege honetan ezarritako modu eta baldintzen arabera.

c) Erabaki azkentzailea hartzen denean, langileak lanean berriro hasi eta gero, amatasunaren, adopzioaren zein familia-harreraren edo aitatasunaren ondoriozko kontratu-etenaldiak amaitu ostean, baldin eta bederatzi hilabete igaro ez badira semea edo alaba jaio, adoptatu edo familian hartu denetik.

Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa aplikatuko da, salbu eta kasu horietan erabaki azkentzailearen bidezkotasuna adierazten denean, haurdunaldiarekin edo baimenetarako eta eszedentziarako eskubidea egikaritzearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik».

Lau.

146. artikuluari d) idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«d) Sexuan oinarritutako bereizkeria egiaztatu ondoren, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egindako komunikazioen ondorioz; komunikazio horietan jasoko dira langileari begira zenbatetsitako kalteen oinarriak, kasuan kasuko kalte-ordaina zehaztu ahal izateko.

Kasu horretan, kasuan kasuko Ikuskatzailetzaren burutzak inguruabar horren berri eman beharko dio horren gaineko ardura duen lan-agintari eskudunari, horrek jurisdikzio-organo eskudunari helarazi diezaion, akzio-metaketaren ondoreetarako, baldin eta gerogarrenean hasten bada lege honetako 149. artikuluko 2. paragrafoak aipatu ofiziozko prozedura».

Bost.

149. artikuluaren 2. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Orobat, arau-hauste aktak badira abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege Dekretuak, Lan Arloko Arau Hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onestekoak, 7. artikuluaren 2, 6 eta 10. paragrafoetan eta 8. artikuluaren 2, 11 eta 12. paragrafoetan jasotako gaien ingurukoak, eta subjektu erantzuleak horiek aurkaratu baditu, alegatuz eta frogatuz arazoaren edukiaz lan-arloko jurisdikzio-ordena arduratu behar dela, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 9.5 artikuluaren arabera».

Sei.

180. artikuluko 1. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Epaiak salatutako arau-haustea dagoen ala ez adieraziko du.

Arau-haustea egonez gero, eta aldez aurretik enplegatzailearen, ugazaben elkartearen, Administrazio publikoaren edo beste edozein pertsona, erakunde edo korporazio publiko nahiz pribaturen jokabidea erabat deuseza dela adierazi ondoren, aginduko du sindikatuaren aurkako jokabidea gelditzea eta jokabide hori gertatu aurreko egoera berrezartzea, bai eta jokabide horrek eragindako ondorioak konpontzea ere, bidezkoa den kalte-ordaina ematea barne; kalte-ordain hori bateragarria izango da, hala denean, langileak izan dezakeenarekin, lan-kontratua aldarazteagatik edo azkentzeagatik, Langileen Estatutuan ezarritakoarekin bat etorriz».

Zazpi.

181 artikulua aldarazi da; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

«Gainerako oinarrizko eskubide eta askatasun publikoak babesteko demandak, eta horien artean bereizkeriaren eta jazarpenaren debekua babestekoak, kapitulu honetan ezarritako xedapenen arabera izapidetuko dira, demanda horiek egiten direnean lan-arloko jurisdikzio-ordenaren ardurapeko harreman juridikoetan.

Demanda horietan ustez urratu diren eskubide edo eskubideak adieraziko dira.

Epaiak eskubidea edo eskubideak urratu direla adierazten duenean, epaileak, hala denean, erabaki beharko du, langileari bereizkeria jasateagatik dagokion kalte-ordainaren zenbatekoa, baldin eta alderdien artean desadostasuna badago.

Kalte-ordain hori bateragarria izango da, hala denean, langileak izan dezakeenarekin, lan-kontratua aldarazteagatik edo azkentzeagatik, Langileen Estatutuan ezarritakoarekin bat etorriz».

14. Lan Arloko Arau Hauste eta Zehapenei buruzko Legearen aldarazpenak

Ondoren ezarritakoaren arabera aldarazi da abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzazko Errege Dekretua, Lan Arloko Arau Hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onestekoa:

Bat.

7. artikuluari 13. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Langileen Estatutuak edo aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboak berdintasun-planen inguruan zein betebehar ezarri eta betebeharrok ez gauzatzea».

Bi.

8. artikuluko 12 eta 13bis paragrafoak aldarazi dira, eta artikulu horri 17. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horiek hurrengo idazkera izango dute:

Enpresak alde bakarrez hartutako erabakiak, halakoek zuzeneko zein zeharkako bereizkeriak eragiten badituzte, adinaren zein desgaitasunaren ondorioz mesedegarri ez direnak, edo mesedegarri zein kaltegarri direnak, ordainsariei, lanaldiei, prestakuntzari, aurrerakuntzari eta laneko gainerako baldintzei begira, sexuagatik, jatorriarengatik, arraza- edo etnia-jatorria barne, egoera zibilarengatik, gizarte-egoerarengatik, erlijioarengatik zein sinesmenengatik, ideia politikoengatik, sexu-joerarengatik, sindikatuei edo horien erabakiei atxikitzeagatik edo ez atxikitzeagatik, enpresako beste langile batzuekin ahaidetasun-lotura izateagatik, eta hizkuntzarengatik, Espainiako estatu barruan. Halaber, enpresaburuaren erabakiak, baldin eta erabaki horiek langilearentzat mesedegarri ez badira, langileak enpresan egindako erreklamazioarengatik edo egikaritutako administrazio-akzio edo akzio judizialengatik, tratu-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa betetzeko».

«13bis.

Arraza, etnia, erlijio edo sinesmen, desgaitasun, adin zein sexu-joeran oinarritutako jazarpena, eta sexuan oinarritutako jazarpena, halakoak enpresaburuaren zuzendaritza-ahalmenen esparruan gauzatzen direnean, jazarpen horien subjektu aktiboa edozein dela, betiere, enpresaburuak horren berri izan eta jazarpena eragozteko beharrezko neurriak hartu ez baditu».

Berdintasun-plana ez egitea edo ez aplikatzea, edo ezarritakoa hautsiz aplikatzea, plan hori gauzatzeko betebeharra lege honen 46bis artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoan oinarritzen denean».

Hiru.

46. artikuluaren lehenengo paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

«40.1 artikuluak aipatu zehapenei kalterik egin gabe eta lege honen 46bis artikuluan ezarritakoa gorabehera, enpleguaren eta langabeziaren ondoriozko babesaren arloan, enpresaburuek egiten dituztenean lege honen 16 eta 23. artikuluetan arau-hauste oso astun gisa tipifikatutakoak».

Lau.

VI. kapituluko 2. atalari 3bis azpiatala gehitu zaio; azpiatal horrek 46bis artikulu berria jaso du, hurrengo idazkerarekin:

«Hiru bis azpiatala.

Erantzukizunak berdintasunaren arloan

46bis artikulua.

Enpresaburuen erantzukizun bereziak.

Enpresaburuek egiten dituztenean lege honen 8. artikuluko 12, 13 eta 13bis paragrafoetan eta 16. artikuluko 2. paragrafoan tipifikatutako arau-hauste oso astunak, hurrengo zehapen erantsiekin zehatuko dira, 40. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoa gorabehera:

a) Enplegu-programek eratorritako laguntza, hobari eta, orokorrean, onurak galtzea, arau-haustea egin zen unetik, eta

b) onura horietatik zuzenean baztertua izatea, sei hilabetez.

Aurrekoa gorabehera, lege honen 8. artikuluko 12. paragrafoan eta 16. artikuluko 2. paragrafoan tipifikatutako arau-hauste oso astunen kasuan, zuzenean edo zeharka sexuan oinarritutako bereizkeriei dagokienez, aurreko paragrafoak aipatu zehapen erantsiak ordeztu ahal izango dira, enpresan berdintasun-plana ezarrita, hala erabaki badu lan-agintari eskudunak, aurretiaz enpresak hori eskatuta eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharreko txostena jaso ondoren, erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzetan; halakoetan, eten egingo da zehapen erantsi horien preskripzio-epea.

Berdintasun-plana egin ez bada edo aplikatzen ez bada, edo lan-agintariaren ebazpenean ezarritako baldintzak modu nabarian bete gabe gauzatzen bada, lan-agintariak, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak hala proposatuta, ondorerik gabe utziko du zehapen erantsien ordezpena, eta zehapen horiek modu honetara aplikatuko dira, kalterik egin gabe 8. artikuluko 17. paragrafoak tipifikatutako arau-hausteagatiko zehapenari:

a) Aurreko paragrafoko a) idatz-zatiak laguntzak, hobariak eta onurak zuzenean galtzearen inguruan aipatutakoa aplikatuko da arau-haustea egin zen unetik;

b) Onura horietatik baztertuta geratzea sei hilabeterako izango da, lan-agintariak ebazpena ematen duen unetik, zehapen erantsien aplikazioa eten eta zehapenok aplikatzea erabakiz».

15. Amatasunaren, adopzioaren eta familia-harreraren ondoriozko atsedenaldietan, langileak ordezteko langabetuekin egiten diren bitarteko kontratuetan, Gizarte Segurantzari begira kuota-hobariak arautzeari buruzko Errege Lege-dekretua aldaraztea

Irailaren 4ko 11/1998 Errege Lege-dekretuan, amatasunaren, adopzioaren eta familia-harreraren ondoriozko atsedenaldietan, langileak ordezteko langabetuekin egiten diren bitarteko kontratuetan, Gizarte Segurantzari begira kuota-hobariak arautzeari buruzkoan, 1. artikulua aldarazi da; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

«Enpresaburuak Gizarte Segurantzan sartu beharreko kuotetan, baita lan-istripu eta lanbide-gaixotasunetarako kuotetan ere, eta enpresaburuek egin beharreko ekarpenetan, halakoak kuotekin batera biltzen direnean, 100eko 100eko hobaria izateko eskubidea aitortuko dute:

a) Langabetuekin egiten diren bitarteko kontratuek, haurdunaldi bitarteko arriskuarengatik edo edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuarengatik kontratua etenda duten emakume langileak ordezteko, harik eta, hurrenez hurren, amatasun biologikoarengatik kontratua eten arte, edo edoskitzaileak bederatzi hilabete egin arte, edo, bi kasu horietan, emakume langilea bere lanpostuan edo bere egoerarekin bat datorren beste lanpostu batean berriro lanean hasteko ezintasuna desagertu arte.

b) Langabetuekin egiten diren bitarteko kontratuek, kontratua etenda duten langileak ordezteko, langile horien atsedenaldiak iraun bitartean, amatasunarengatik, adopzioarengatik eta adopzioaren aurrekoa nahiz iraunkorra izan daitekeen familia-harrerarengatik, eta aitatasunaren ondorioz kontratua etenda duten langileak ordezteko, Langileen Estatutuaren 48.4 eta 48bis artikuluetan ezarritakoaren arabera.

b) idatz-zatian ezarritako hobarien gehieneko iraupena bat etorriko da aurreko lerrokadan zein artikulu aipatu eta artikulu horietan zehaztutako kontratu-eteteen iraupenekin.

Langileak amaitu ez badu bere eskubidearen araberako atsedenaldiaren edo baimenaldiaren iraupena, onurak azkenduko dira langilea enpresan hasten den unean.

c) Langabetuekin egiten diren bitarteko kontratuek, langile autonomoak edo kooperatiba-sozietateetako bazkide langileak nahiz laneko bazkideak ordezteko, haurdunaldi bitarteko arriskua edo edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskua dagoenean, atsedenaldiak daudenean, amatasunarengatik, adopzioarengatik eta adopzioaren aurrekoa nahiz iraunkorra izan daitekeen familia-harrerarengatik, edo aitatasunaren ondorioz kontratua eteten denean, aurreko idatz-zatietan ezarritakoaren arabera».

16.

Enplegua Gehitzeari eta Enpleguaren Kalitatea Hobetzeari dagokienez, Lan Merkatua Eraldatzeko Presako Neurriei buruzko Legearen aldarazpenak

Uztailaren 9ko 12/2001 Legean, Enplegua Gehitzeari eta Enpleguaren Kalitatea Hobetzeari dagokienez, Lan Merkatua Eraldatzeko Presako Neurriei buruzkoan, bigarren xedapen gehigarria aldarazi da; xedapen horrek hurrengo idazkera izango du:

«2. xedapen gehigarria.

Gizarte Segurantzaren kuoten hobariak langileei begira, langile horiek atsedenaldian daudenean, amatasunarengatik, adopzioarengatik, familia-harrerarengatik, haurdunaldi bitarteko arriskuarengatik, edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuarengatik edo aitatasunaren ondorioz kontratua etenda izateagatik.

Hurrengoa aplikatuko zaie langileen, kooperatiba-sozietateetako bazkide langileen edo laneko bazkideen eta beregaineko langileen edo langile autonomoen kotizazioei, langile horiek ordezten direnean, amatasunaren, adopzioaren, familia-harreraren, aitatasunaren, haurdunaldi bitarteko arriskuaren edo edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuaren ondoriozko atsedenaldietan, irailaren 4ko 11/1998 Errege Lege-dekretuko langabetuekin egiten diren bitarteko kontratu hobaridunen bidez:

a) Enpresaburuek Gizarte Segurantzan sartu beharreko kuotetan, baita lan-istripu eta lanbide-gaixotasunentzako kuotetan ere, eta enpresaburuek egin beharreko ekarpenetan, halakoak kuotekin batera biltzen direnean, 100eko 100eko hobaria, langileak Gizarte Segurantzan kokatzen direnean, inorentzat lan egiten duten langileentzako araubideren batean.

b) Kasuan kasuko gutxieneko oinarriaren edo oinarri finkoaren gainean Gizarte Segurantzako araubideetan beregaineko langileentzat nahitaez ezarritako kotizasio-tasa aplikatzearen ondoriozko kuotan 100eko 100eko hobaria.

Hobari hori aplikatuko da soil-soilik denboran bat egiten dutenean arrazoi horien ondoriozko jarduera-eteteak eta ordezkoaren bitarteko kontratuak; edozein kasutan, jarduera-eteteak zenbat iraun eta, gehienez ere, horrenbeste iraungo du hobariak».

17.

Enpleguari buruzko Legearen aldarazpenak

Abenduaren 16ko 56/2003 Legeari, Enpleguari buruzkoari, 22bis artikulua gehitu zaio; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du.

«22bis artikulua.

Bereizkeria enplegua lortzeko unean.

Enpleguaren zerbitzu publikoek, horien erakunde laguntzaileek eta irabazteko asmorik gabeko lanpostu-agentziek, lan-bitartekaritza kudeatzean, berebiziko arduraz jardun beharko dute, enplegua lortzeko unean bereizkeria saihets dadin.

Lan-bitartekaritzaren kudeatzaileek, lan-eskaintzetan bereizkeria antzematen dutenean, horren berri emango diote eskaintza egin dutenei.

Bereziki, bereizkeriatzat joko dira sexu jakin bateko pertsonei bakarrik egindako eskaintzak, salbu eta hori lanbide-izaerako betekizun bat denean, oinarrizkoa eta erabakigarria, gauzatu beharreko jarduerari begira.

Nolanahi ere, bereizkeriatzat joko da sexu jakin bateko pertsonei bakarrik egindako eskaintza, hori lanpostuaren betekizunetan oinarritzen denean, eta betekizunok esfortzu fisikoarekin zerikusia dutenean».

18. Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren aldarazpenak

Ondoren ezarritakoaren arabera aldarazi da, ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsi zuen Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina:

Bat.

38. artikuluko 1. paragrafoaren c) idatz-zatiko lehenengo lerrokada aldarazi da; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

«c) Prestazio ekonomikoak aldi baterako ezgaitasunean; amatasunean; aitatasunean; haurdunaldi bitarteko arriskuan; edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuan; baliaezintasunean, kontribuzio modalitatean nahiz kontribuziorik gabeko modalitatean; jubilazioan, kontribuzio modalitatean nahiz kontribuziorik gabeko modalitatean; langabezian, kontribuzio bidezko mailan nahiz laguntza-mailan; heriotza eta bizirik irautean; bai eta errege-dekretu bidez, erregelamenduetan, Lan eta Gizarte Arazoetarako ministroak hala proposatuta, zein gertakizun eta egoera berezi ezarri eta horietan emandako prestazioak ere».

Bi.

106. artikuluaren 4. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Kotizatzeko betebeharrari eutsiko zaio, aldi baterako ezgaitasun-egoeran, horren arrazoia edozein dela, amatasun-egoeran, aitatasun-egoeran, haurdunaldi bitarteko arrisku-egoeran eta edoskialdi naturalak iraun bitarteko arrisku-egoeran, bai eta 125. artikuluan ezarritako gainerako egoeretan ere, hala ezartzen denean erregelamendu bidez».

Hiru.

124. artikuluaren 3. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Aldi baterako ezgaitasun-egoerari, amatasun-egoerari, aitatasun-egoerari, haurdunaldi bitarteko arrisku-egoerari edo edoskialdi naturalak iraun bitarteko arrisku-egoerari dagozkien kuotak zenbatuko dira, prestazioak jasotzeko eskubidea izateko aldez aurretik egin beharreko kotizazioaldiari begira».

Lau.

124. artikuluari 6. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Lan-kontratua azkendu ondoren irauten duen amatasun- edo aitatasun-egoera, edo langabeziaren ondoriozko prestazioa jaso bitartean sortzen den amatasun- edo aitatasun-egoera benetan gauzatutako kotizazioalditzat joko da, jubilazioaren, ezgaitasun iraunkorraren, heriotza eta bizirik irautearen, amatasunaren eta aitatasunaren ondorioz Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko prestazioak jasotzeko».

Bost.

125. artikuluaren 1. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Erabateko legezko langabezia-egoera altarekin berdinetsitakoa izango da, langileak gertakizun horren ondoriozko prestazioa jaso bitartean.

Era berean, altarekin berdinetsitako egoera izango da, kotizazioari eutsita, haurdunaldi bitarteko arriskuaren eta edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuaren sorospen-kasuan izan ezik, langileak duen egoera, urteko opor ordainduek iraun bitartean, langile horrek ez duenean oporrik izan lan-kontratua amaitu aurretik».

Sei.

II. tituluko IVbis kapitulua aldarazi da; kapitulu horrek hurrengo idazkera izango du:

«IVBIS KAPITULUA»

AMATASUNA

1. ATALA

Egoera orokorra

«133bis artikulua.

Babestutako egoerak

Atal honetan ezarritako amatasun-prestazioaren ondoreetarako, babestutako egoerak izango dira amatasuna, adopzioa eta familia-harrera, adopzioaren aurrekoa nahiz iraunkorra edo soila, Kode Zibilarekin edo autonomia-erkidegoetan familia-harrera arautu duten lege zibilekin bat etorriz, halako egoeren ondorioz izaten diren atsedenaldiek iraun bitartean, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsi zuen Langileen Estatutuari buruzko testu bateginak, 48.4 artikuluan, eta abuztuaren 2ko 30/1984 Legeak, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoak, 30.3 artikuluan, ezarritakoaren arabera; alabaina, familia-harreraren iraupena urtebetetik gorakoa izan beharko da, nahiz eta familia-harrera horiek behin-behinekoak izan.

133ter artikulua.

Onuradunak.

Amatasun-sorospenaren onuradun izango dira inorentzat lan egiten duten langileak, euren sexua gorabehera, aurreko artikuluan aipatu atsedenaldiak dituztenean, betiere, 124.1 artikuluak galdatutako baldintza orokorra eta erregelamendu bidez ezarritako gainerako baldintzak betetzeaz gain, gutxieneko kotizazioaldi hauek egiaztatzen badituzte:

a) Langileak 21 urte baino gutxiago baditu, erditzea gertatzen denean edo familia-harreraren inguruko erabaki administratiboa zein judiziala hartzen denean, edo adopzioa eratu duen ebazpen judiziala ematen denean, ez da behar gutxieneko kotizazioaldirik.

b) Langileak 21 eta 26 urte bitarteko adina badu, erditzea gertatzen denean edo familia-harreraren inguruko erabaki administratiboa zein judiziala hartzen denean, edo adopzioa eratu duen ebazpen judiziala ematen denean, gutxieneko kotizazioaldia 90 egunekoa izan beharko da, atsedenaldia hasi aurreko zazpi urteetan.

Aipatu betekizun hori gauzatutzat joko da, baldin eta, alternatiba gisa, langileak egiaztatzen badu bere lan-bizitzan 180 egun kotizatu dituela, azken data horren aurretik.

c) Langilea 26 urtetik gorakoa bada, erditzea gertatzen denean edo familia-harreraren inguruko erabaki administratiboa zein judiziala hartzen denean, edo adopzioa eratu duen ebazpen judiziala ematen denean, gutxieneko kotizazioaldia 180 egunekoa izan beharko da, atsedenaldia hasi aurreko zazpi urteetan.

Aipatu betekizun hori gauzatutzat joko da, baldin eta, alternatiba gisa, langileak egiaztatzen badu bere lan-bizitzan 360 egun kotizatu dituela, azken data horren aurretik.

Erditzea gertatzen denean, eta ama biologikoari dagokionez bakarrik, aurreko paragrafoan aipatu adina izango da interesdunak duena atsedenaldiari ekitean; erditzea gertatzeko unea hartuko da erreferentziatzat, kasu bakoitzean gutxieneko kotizazioaldia egiaztatzeko.

Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsi zuen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginak, 48.4 artikuluaren azken-aurreneko lerrokadan, eta abuztuaren 2ko 30/1984 Legeak, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoak, 30.3 artikuluaren 8. lerrokadan, ezarritako kasuei dagokienez, 1. paragrafoak aipatu adina izango da interesdunek dutena atsedenaldiari ekiteko unean; ebazpenaren data hartuko da erreferentzia gisa, kasu bakoitzean gutxieneko kotizazioaldia egiaztatzeko.

133quarter artikulua.

Prestazio ekonomikoa.

Amatasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa izango da kasuan kasuko oinarri arauemailearen 100eko 100eko sorospena.

Ondore horietarako, oinarri arauemailea izango da gertakizun arruntek eratorritako aldi baterako ezgaitasunaren prestazioarentzat ezarritakoa.

133quinquies artikulua.

Amatasunaren ondoriozko sorospenerako eskubidea galtzea edo etetea.

Amatasunaren ondoriozko sorospena ukatu, deuseztatu edo eten ahal izango da, onuradunak iruzurrez jardun duenean, prestazio hori lortu edo horri eusteko, bai eta atsedenaldiak iraun bitartean beregainean edo inorentzat lan egin duenean ere.

2. ATALA

Kasu berezia

133sexies artikulua.

Onuradunak.

Amatasun ondoreetarako atal honetan jasotako sorospenaren onuradun izango dira inorentzat lan egiten duten emakumeak, baldin eta, erditzea gertatzen denean, aurreko atalean amatasunaren ondoriozko prestazioa izateko ezarri diren betekizun guztiak gauzatzen badituzte, 133ter artikuluak gutxieneko kotizazioaldiaren inguruan ezarritakoa izan ezik.

133 septies artikulua.

Prestazio ekonomikoa.

Prestazioaren zenbatekoa izango da Ondore Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoaren (IPREMaren) 100eko 100, kasu bakoitzean indarrean dagoen adierazlea aintzat hartuta, salbu eta 133quater artikuluaren edo zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera kalkulatutako oinarri arauemailea txikiagoa denean; azken kasu horretan oinarri arauemaile hori hartuko da kontuan.

86. artikuluaren ondoreetarako kontribuziorik gabekoa izango den prestazioak egutegiko 42 eguneko iraupena izango du, erditzea gertatzen denetik; eskubide hori ukatu, deuseztatu edo eten ahal izango da, 133quinquies artikuluan ezarri arrazoi berberengatik».

Zazpi.

II. tituluko IVter kapitulua aurrerantzean IVquater kapitulua izango da, eta titulu berean IVter kapitulu berria sartu da; kapitulu berri horrek hurrengo idazkera izango du:

«IVTER KAPITULUA»

AITATASUNA

133octies artikulua.

Babestutako egoerak

Aitatasun-prestazioaren ondoreetarako, babestutako egoerak izango dira semea edo alaba jaiotzea, adopzioa eta familia-harrera, adopzioaren aurrekoa nahiz iraunkorra edo soila, Kode Zibilarekin edo autonomia-erkidegoetan familia-harrera arautu duten lege zibilekin bat etorriz, halako egoeren ondorioz izaten diren atsedenaldiek iraun bitartean, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsi zuen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginak, 48bis artikuluan, eta abuztuaren 2ko 30/1984 Legeak, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoak, 30.1 artikuluan, ezarritakoaren arabera; alabaina, familia-harreraren iraupena urtebetetik gorakoa izan beharko da, nahiz eta familia-harrera horiek behin-behinekoak izan.

133nonies artikulua.

Onuradunak.

Aitatasun-sorospenaren onuradun izango dira inorentzat lan egiten duten langileak, aurreko artikuluan aipatu atsedenaldiak dituztenean, betiere, 124.1 artikuluak galdatutako baldintza orokorra betetzeaz gain, egiaztatzen badute, gutxienez 180 egun kotizatu dituztela, etete hori hasi aurreko zazpi urteetan, edo, alternatiba gisa, 360 egun euren lan-bizitzan zehar, aipatu dataren aurretik, eta erregelamendu bidez ezarritako gainerako baldintzak betetzen dituztela.

133decies artikulua.

Prestazio ekonomikoa.

Aitatasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoa sorospena izango da; sorospen hori zehaztuko da 133quater artikuluak amatasun-prestazioari begira ezarritakoaren arabera, eta ukatu, deuseztatu edo eten ahal izango da amatasun-prestaziorako ezarri arrazoi berberengatik».

Zortzi.

Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean, 134. artikulua aldarazi da; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

«134. artikulua. Babestutako egoera.

Haurdunaldi bitarteko arriskuaren ondoriozko prestazio ekonomikoari dagokionez, babestutako egoera izango da lan-kontratuaren etetealdia, emakume langileak bere lanpostua aldatu behar duenean, bere egoerarekin bateragarria den beste lanpostu batengatik, azaroaren 8ko 31/1995 Legeak, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzkoak, 26. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera, lanpostu-aldaketa hori teknikoki nahiz objektiboki ezin denean egin, edo justifikatutako arrazoien ondorioz ezin denean gauzatu.

Haurdunaldi bitarteko arrisku-egoeraren prestazioa lanbide-gertakizunek eratorritako prestaziotzat hartuko da».

Bederatzi.

Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean, 135. artikulua aldarazi da; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

135. artikulua. Prestazio ekonomikoa.

Haurdunaldi bitarteko arriskuaren ondoriozko prestazio ekonomikoa emango zaio emakume langileari, lege honetan lanbide-gaixotasunak aldi baterako ezgaitasuna eratortzen duenean, prestazio ekonomikoari begira ezarri modu eta baldintzetan, baina hurrengo paragrafoetan ezarritako berezitasunekin.

Prestazio ekonomikoa sortuko da lan-kontratua etenda geratzen den egunean, eta amaituko da amatasunaren ondorioz kontratua eten baino egun bat lehenago edo emakume langilea aurreko lanpostuan edo bere egoerarekin bateragarria den beste batean berriro lanean hasten denean.

Prestazio ekonomikoa izango da, kasuan kasuko oinarri arauemailearen 100eko 100eko sorospena.

Ondore horietarako, oinarri arauemailea izango da lanbide-gertakizunek eratorritako aldi baterako ezgaitasunaren prestazioarentzat ezarritakoa.

Erakunde kudeatzaileak edo Gizarte Segurantzaren Lan Istripu eta Lanbide Gaixotasunen Mutuak kudeatu eta ordainduko du haurdunaldi bitarteko arriskuaren ondoriozko prestazio ekonomikoa, kontuan hartuta enpresak zein erakunderekin egin duen hitzarmena lanbide-arriskuak estaltzeko».

Hamar.

II. tituluari IVquinquies kapitulua gehitu zaio; kapitulu horrek hurrengo idazkera izango du:

«IVQUINQUIES KAPITULUA»

EDOSKIALDI NATURALAK IRAUN BITARTEKO ARRISKUA

135bis artikulua.

Babestutako egoerak

Edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuaren ondoriozko prestazio ekonomikoari dagokionez, babestutako egoera izango da lan-kontratuaren etetealdia, emakume langileak bere lanpostua aldatu behar duenean, bere egoerarekin bateragarria den beste lanpostu batengatik, azaroaren 8ko 31/1995 Legeak, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzkoak, 26.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, lanpostu-aldaketa hori teknikoki nahiz objektiboki ezin denean egin, edo justifikatutako arrazoien ondorioz ezin denean gauzatu.

135ter artikulua.

Prestazio ekonomikoa.

Edoskialdi naturalak iraun bitarteko prestazio ekonomikoa emango zaio emakume langileari, lege honetan haurdunaldi bitarteko arriskuaren ondoriozko prestazio ekonomikoari begira ezarri modu eta baldintzetan, eta azkenduko da semeak edo alabak bederatzi hilabete egiten dituenean, salbu eta onuraduna lehenago hasi denean berriro lanean, bere lanpostuan edo bere egoerarekin bateragarria den beste batean».

Hamaika.

172. artikuluko 1. paragrafoaren b) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«b) Aldi baterako ezgaitasunaren, haurdunaldi bitarteko arriskuaren, amatasunaren, aitatasunaren edo edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuaren sorospenak jasotzen dituztenek, baldin eta kasu bakoitzean ezarritako kotizazioaldia betetzen badute».

Hamabi.

180 artikulua aldarazi da; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

«180. artikulua. Prestazioak.

Langileen Estatutuari buruzko Legearen 46.3 artikuluarekin bat etorriz, seme edo alaba bakoitza zaintzeagatik, edo familian hartutako adingabeko bakoitza zaintzeagatik, familia-harrera iraunkorraren nahiz adopzioaren aurreko familia-harreraren kasuetan, nahiz eta horiek behin-behinekoak izan, langileek duten eszedentzia-aldiaren lehenengo bi urteak benetan kotizatutako alditzat joko dira, Gizarte Segurantzaren prestazioak jasotzeko, jubilazioari, ezgaitasun iraunkorrari, heriotza eta bizirik irauteari, amatasunari eta aitatasunari dagokienez.

Aurreko lerrokadak aipatu benetako kotizazioaldiak 30 hilabeteko iraupena izango du, eszedentzia zein adingabeko zaintzeko eskatu eta adingabeko horren familia-unitatea kategoria orokorreko familia-ugaria denean; iraupena 36 hilabetekoa izango da, familia-ugariaren kategoria berezia denean.

Modu berean, benetan kotizatutako alditzat joko da, aurreko paragrafoan aipatu prestazioen ondoreetarako, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 46.3 artikuluarekin bat etorriz, langileek beste ahaide batzuk zaintzeagatik duten eszedentzia-aldiaren lehengo urtea, ahaide horiek euren kontura baliatzeko gaitasunik ez dutenean, adinarengatik, istripuarengatik, gaixotasunarengatik zein desgaitasunarengatik, eta ordaindutako jarduerarik egiten ez dutenean.

Langileen Estatutuari buruzko Legearen 37.5 artikuluan adingabekoa zaintzeagatik lanaldia murrizteko ezarri aldiaren lehenengo bi urteetako kotizazioak zenbatuko dira, 1. paragrafoan ezarritako prestazioen ondoreetarako; halaber, kotizazio horien zenbatekoa gehituko da, murrizketarik izan gabe lanaldiak eragingo lituzkeen kotizazioen 100eko 100 arte. Gehitze hori lehenengo urtean bakarrik gauzatuko da, aipatu artikuluak lanaldi-murrizketen inguruan jaso dituen gainerako kasuetan.

1 eta 2. paragrafoetan aipatu eszedentzia-egoerak aldez aurretik lanaldia murriztuta gertatzen direnean, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 37.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, kasuan kasuko eszedentzia-aldiak kotizatutakotzat jotzeari dagokionez, zenbatu egingo dira lanaldi-murrizketak iraun bitartean egindako kotizazioak, aintzat hartuta murrizketarik izan gabe lanaldiak eragingo lituzkeen kotizazioen 100eko 100 arteko gehikuntza».

Hamahiru.

211. artikuluari 5. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Langileen Estatutuari buruzko Legearen 37. artikuluko 4bis, 5 eta 7. paragrafoetan lanaldia murrizteari dagokionez ezarritako kasuetan, oinarri arauemailea kalkulatzeko, kotizazio-oinarriak zenbatuko dira, aintzat hartuta murrizketarik izan gabe lanaldi osoak edo partzialak eragingo lituzkeen zenbatekoen 100eko 100 arteko gehikuntza.

Legezko langabezia-egoera gertatzen bada, lanaldi-murrizketaren ondorioz langilea aipatu egoeretan dela, aurreko paragrafoetako gehieneko eta gutxieneko zenbatekoak zehaztuko dira Ondore Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoa kontuan hartuta, lanaldia murriztu aurretik lan egindako orduen arabera».

Hamalau.

217. artikuluaren 1. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Sorospenaren zenbatekoa izango da Ondore Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoaren 100eko 80, kasu bakoitzean indarrean dagoen adierazlea aintzat hartuta.

Lanaldi partzialeko lana galtzearen ondoriozko langabeziaren kasuan ere aipatu zenbateko hori jasoko da».

Hamabost.

222. artikuluaren 2. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Langilea amatasun- edo aitatasun-egoeran dela, lan-kontratua azkentzen bada, 208. artikuluaren 1. paragrafoan jaso arrazoiren batengatik, langile horrek amatasun- edo aitatasun-prestazioa jasotzen jarraituko du, egoera horiek azkendu arte; une horretan legezko langabezia-egoerara igaroko da, eta, beharrezko betekizunak gauzatuz gero, kasuan kasuko prestazioa jasoko du.

Kasu horretan, kontribuzio bidezko langabezia-prestazioaren zenbatekotik ez da kenduko amatasun- edo aitatasun-egoeran izandako denbora».

Hamasei.

222. artikuluko 3. paragrafoaren hirugarren eta laugarren lerrokadak aldarazi dira; lerrokada horiek hurrengo idazkera izango dute:

«Langilea erabateko langabeziaren prestazioa jasotzen ari dela igarotzen bada amatasun- edo aitatasun-egoerara, gertakizun horien ondoriozko prestazioa jasoko du, kasuan kasuko zenbatekoan.

Langabeziaren ondoriozko prestazioa jasotzeko aldia ez da luzatuko langilea aldi baterako ezgaitasun-egoerara igarotzeagatik.

Egoera horrek iraun bitartean, langabezia-prestazioez arduratzen den erakunde kudeatzaileak jarraituko du Gizarte Segurantzaren kotizazioak eginez, 206. artikuluaren 1. paragrafoko b) idatz-zatiak ezarritakoarekin bat etorriz».

Hamazazpi.

222. artikuluko 3. paragrafoari bosgarren lerrokada gehitu zaio; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

«Langilea amatasun- edo aitatasun-egoerara igarotzen bada, eten egingo dira langabeziaren ondoriozko prestazioa eta Gizarte Segurantzari begira lehen aipatu kotizazioa; halakoetan, langileak ekingo dio amatasunaren edo aitatasunaren ondoriozko prestazioa jasotzeari, eta prestazio hori zuzenean kudeatuko du bere erakunde kudeatzaileak.

Behin amatasunaren edo aitatasunaren ondoriozko prestazioa azkenduta, berriro hasiko da langabezia-prestazioa, 212.3.b) artikuluak ezarritakoaren arabera, hori jasotzen jarraitzeko geratzen den denbora amaitu arte, eta etete-unean prestazio horrek zuen zenbatekoan».

Hemezortzi.

Seigarren xedapen gehigarria aldarazi da; xedapen horrek hurrengo idazkera izango du:

«6. xedapen gehigarria.

Prestakuntzarako kontratatutako langileen babesa.

Prestakuntzarako kontratatutako langilearen Gizarte Segurantzaren babes-ekintzara ondoko gertakizun, babesteko moduko egoera eta prestazioak bilduko dira: lan-istripuek eta lanbide-gaixotasunek eratorritakoak; osasun-laguntza, gaixotasun edo istripu arruntaren eta amatasunaren kasuan; arrisku arruntek eratorri aldi baterako ezgaitasunaren, aitatasunaren nahiz amatasunaren, haurdunaldi bitarteko arriskuaren eta edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuaren ondoriozko prestazio ekonomikoak; eta pentsioak».

Hemeretzi.

Zazpigarren xedapen gehigarria aldarazi da, hurrengoaren arabera:

Zazpigarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoko bigarren erregelako a) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«a) Jubilazioaren, ezgaitasun iraunkorraren, heriotza eta bizirik irautearen, aldi baterako ezgaitasunaren, amatasunaren eta aitatasunaren prestazioetarako eskubidea sortzeari dagokionez beharrezkoak diren kotizazioaldiak egiaztatzeko, lan-orduen arabera egindako kotizazioak bakarrik zenbatuko dira, ordu horiek izan daitezkeela arruntak nahiz osagarriak; ordu horien baliokide gisa kalkulatuko dira kotizazio-egun teorikoak.

Helburu horrekin, benetan lan egindako orduak bostez zatituko dira, hori izanik urteko mila eta zortziehun eta hogeita sei orduren zenbatekoari dagokion eguneko baliokidea».

Zazpigarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoko hirugarren erregelako a) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«a) Jubilazioaren eta ezgaitasun iraunkorraren prestazioen oinarri arauemailea erregela orokorraren arabera kalkulatuko da.

Amatasunaren eta aitatasunaren ondoriozko prestazioei dagokienez, eguneko oinarri arauemailea izango da, egitate eragilea gertatu aurreko urtean zehar enpresan egiaztatutako kotizazio-oinarrien batura 365ez zatitu osteko emaitza».

Hogei.

Zortzigarren xedapen gehigarriaren 4. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

134, 135, 135bis, 135ter eta 166. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko zaie, hala denean, inorentzat lan egiten duten langileei, halakoak araubide berezietara biltzen direnean.

112bis eta 162.6 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko zaie, berebat, inorentzat lan egiten duten langileei, halakoak araubide berezietara biltzen direnean; salbuespenez, hori ez zaie aplikatuko nekazaritzako eta etxe-zerbitzarien araubideetara bildutako langileei.

Orobat, 134, 135, 135bis, 135ter eta 166 artikuluek xedatutakoa aplikatuko zaie beregainean lan egiten duten langileei, halakoak biltzen direnean, itsasoko, nekazaritzako eta langile autonomoen araubide berezietara, erregelamendu bidez ezarriko diren modu eta baldintzetan».

Hogeita bat.

Hamaikagarren bis xedapen gehigarria aldarazi da, xedapen horrek hurrengo idazkera izango du:

«11bis xedapen gehigarria.

Amatasunaren eta aitatasunaren ondoriozko prestazioak araubide berezietan.

Inorentzat lan egiten duten langileak eta beregaineko langileak sistemako araubide berezietara biltzen direnean, II. tituluko IVbis kapituluan eta IVter kapituluan ezarritako prestazioetarako eskubidea izango dute, kapitulu horietan araubide orokorreko langileentzat ezarri norainoko berberarekin eta modu eta baldintza berberetan.

Beregaineko langileen kasuan, amatasunaren eta aitatasunaren ondoriozko sorospenak jasotzeko eskubidearen egikaritze-aldiak bat etorriko dira, iraupenari nahiz banaketari dagokienez, inorentzat lan egiten duten langileen laneko atsedenaldiekin; aitatasunaren ondoriozko sorospena ordaintzeari ekin ahal izango zaio, semea edo alaba jaiotzen denetik.

Beregaineko langileek, berebat, amatasunaren eta aitatasunaren ondoriozko sorospena jaso ahal izango dute lanaldi partzialean, erregelamendu bidez ezarriko diren modu eta baldintzetan.

Beregaineko langileentzat, horiek araubide berezietara biltzen badira, eta etxe-zerbitzarien araubide berezira bildutako langileentzat, batzuek zein besteek kotizatzeko betebeharraren gaineko ardura dutenean, nahitaezko betekizuna izango da, prestazioa aitortu eta ordain dadin, interesdunek egunean izatea Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotak».

Hogeita bi.

Hamaikagarren ter xedapen gehigarria aldarazi da, xedapen horrek hurrengo idazkera izango du:

«11ter xedapen gehigarria.

Amatasunaren eta aitatasunaren ondoriozko prestazio ekonomikoen kudeaketa.

Lege honetan araututako amatasun- eta aitatasun-prestazioen kudeaketa zuzenean eta modu esklusiboan gauzatuko du kasuan kasuko erakunde kudeatzaileak».

Hogeita hiru.

Berrogeita laugarren xedapen gehigarria gehitu da; xedapen horrek hurrengo idazkera izango du:

«44. xedapen gehigarria.

Berdinetsitako kotizazioaldiak erditzeagatik.

Gizarte Segurantzaren edozein araubidetan, jubilazioaren eta ezgaitasun iraunkorraren kontribuzio bidezko pentsioak jasotzeko, zenbatuko dira, pentsioa eskatu duen emakume langilearen mesedetan, kotizatutako 112 egun osorik, seme edo alaba bakarraz erditzeagatik, eta 14 egun gehiago, bigarren seme edo alabatik aurrera, bigarrena barnean dela, seme edo alaba bakoitzeko, salbu eta, erditzeko unean, emakume langilea edo funtzionarioa izateagatik, hamasei asteetan zehar oso-osoan kotizatu denean, edo erditze ugaria izanez gero, behar adinako aldia kotizatu denean».

19. Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzko Legearen aldarazpenak

Abuztuaren 2ko 30/1984 Legean, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoan, hurrengo manuak aldarazi dira:

Bat.

29.4 artikuluaren bigarren lerrokada aldarazi da; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

«Orobat, funtzionarioek eskubidea izango dute hiru urtetik gorako iraupenik ez duen eszedentzia-aldirako, odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren gradurainoko ahaideak zaintzeaz arduratzeko, ahaide horiek euren kontura baliatzeko gaitasunik ez badute, adinarengatik, istripuarengatik, gaixotasunarengatik zein desgaitasunarengatik, eta ordaindutako jarduerarik egiten ez badute».

Bi.

29.4 artikuluaren bosgarren lerrokada aldarazi da; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

«Egoera horretan iraun bitarteko aldia kontuan hartuko da, hirurtekoei, gradu pertsonala sendotzeari eta eskubide pasiboei dagokienez.

Funtzionarioek parte hartu ahal izango dute Administrazioak deitutako prestakuntza-ikastaroetan.

Lehenengo bi urteetan, eskubidea izango dute gauzatzen duten lanpostua erreserbatzeko.

Behin aldi hori igarota, erreserba mugatuko da herri bereko eta maila nahiz ordainsari bereko lanpostu batera».

Hiru.

29.4 artikuluaren egungo seigarren lerrokada ezabatu da.

Lau.

29.8 artikuluaren izenburua aldarazi da; izenburu horrek hurrengo idazkera izango du:

«Emakume funtzionarioaren aurkako indarkerian oinarritutako eszedentzia».

Bost.

29.8 artikuluari lerrokada berria gehitu zaio, lehenengo lerrokadaren ondoren; lerrokada berri horrek hurrengo idazkera izango du:

«Era berean, emakume funtzionarioak eszedentzia-aldiko lehenengo bi hilabeteetan ordainsari osoak jasoko ditu, eta, hala denean, semea edo alaba kargura izatearen ondoriozko familia-prestazioak».

Sei.

30.1 artikuluko a) idatz-zatia aldarazi da; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

Baimenak emango dira, justifikatutako honako arrazoi hauengatik:

a) Semea edo alaba jaiotzeagatik, familian hartzeagatik edo adoptatzeagatik, aitak hamabost eguneko baimena izango du, semea edo alaba jaiotzen denetik, familia-harreraren inguruko erabaki administratiboa nahiz judiziala hartzen denetik edo adopzioa eratu duen ebazpen judiziala ematen denetik».

Zazpi.

30.1 artikuluari a bis) idatz-zati berria gehitu zaio; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«a bis) Odol bidez nahiz ezkontza bidez lehen gradurainoko ahaidetasuna duen ahaidearen heriotzarengatik, istripu larriarengatik edo gaixotasun larriarengatik, hiru egun baliodun, gertaera hori herri berean jazotzen denean, eta bost egun baliodun, beste herri batean jazo denean.

Odol bidez nahiz ezkontza bidez, bigarren gradurainoko ahaidetasuna duen ahaidearen heriotzarengatik, istripu larriarengatik edo gaixotasun larriarengatik, bi egun baliodun, gertaera hori herri berean jazotzen denean, eta lau egun baliodun, beste herri batean jazo denean».

Zortzi.

30.1 artikuluaren f) idatz-zatia aldarazi da, eta idatz-zati horri bi lerrokada gehitu zaizkio; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«Emakume funtzionarioak, hamabi hilabete baino gutxiagoko semea edo alaba edoskitzea dela eta, eskubidea izango du lanean ordubetez absente izateko; ordubete hori bi zatitan banatu ahal izango du.

Eskubide horren ordez ohiko lanaldia ordu erdi gutxitu ahal izango da lanaldiaren hasieran eta amaieran, edo ordubete lanaldiaren hasieran edo amaieran, helburu berarekin.

Eskubide hori gurasoetarik edonork egikaritu ahal izango du, bi-biek lan egiten badute.

Orobat, emakume funtzionarioak edoskialdiaren ordez ordaindutako baimena eskatu ahal izango du; baimen horren iraupena lanaldi osoetan pilatuko da.

Baimenaren iraupena modu proportzionalean luzatuko da erditze anitzeko kasuetan».

Bederatzi.

30.1 artikuluaren f bis) idatz-zatiaren lehenengo lerrokada aldarazi da; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

«f bis) Seme-alabak garaia baino lehenagokoak badira, edo, edozein arrazoi dela bide, jaio ondoren ospitalean geratu behar badira, funtzionarioa den amak edo aitak eskubidea izango du lanean gehienez ere bi orduz absente izateko, ordainsariak oso-osoan jasoz.

Edu berean, eskubidea izango dute lanaldia gehienez bi ordu murrizteko, nahiz eta ordainsariak ere horren arabera murriztu».

Hamar.

30.1 artikuluaren g) idatz-zatiaren lehenengo lerrokada aldarazi da; lerrokada horrek hurrengo idazkera izango du:

«g) Legezko zaintza dela bide, hamabi urte baino gutxiagoko adingabea, arreta berezia behar duen nagusia edo desgai izateaz gain, ordaindutako jarduerarik egiten ez duen pertsona zuzenean zaintzeko ardura zein funtzionariok izan eta funtzionario horrek izango du lanaldia murrizteko eskubidea».

Hamaika.

30.1 artikuluari g bis) idatz-zatia gehitu zaio; idatz-zati horrek hurrengo idazkera izango du:

«g bis) Lehen gradurainoko ahaide baten zaintzaz arduratu behar den funtzionarioak eskubidea izango du lanaldia 100eko 50 gutxitzeko, ordainsariak galdu gabe, baldin eta horren arrazoia gaixotasun oso larria bada; lanaldiaren gutxitzeak, gehienez, hilabeteko epea izango du.

Egitate eragile beraren ondorioz eskubide horren titular bat baino gehiago badago, lanaldiaren gutxitze hori lainduta baliatu ahal izango dute eskubidearen titularrek; edozein kasutan, errespetatu beharko da, lanaldiaren gutxitzeak gehienez hilabeteko epea izatea».

Hamabi.

30.2. artikuluaren amaieran hurrengoa gehitu da:

eta familiako eta laneko bizitza uztartzeak eratorritako eginbeharrengatik».

Hamahiru.

30.3 artikulua aldarazi da; artikulu horrek hurrengo idazkera izango du:

«Erditze-kasuan, baimenaldiak hamasei asteko iraupen etengabea izango du. Hamasei aste horiek, erditze anitzean, bigarren seme edo alabatik aurrera, seme edo alaba bakoitzeko bi aste gehiago luzatuko dira.

Baimenaldia banatuko da emakume funtzionarioak aukeratutakoaren arabera, baina sei aste erditu ostean izango dira beti.

Ama hiltzen bada, beste gurasoa baliatu ahal izango da baimenaldi osoaz edo, hala denean, baimenalditik geratzen den zatiaz.

Aurrekoa gorabehera, eta erditu osteko lehenengo sei asteetan amak nahitaez hartu beharreko atsedenari kalterik egin gabe, bi gurasoek lan egiten badute, amatasunaren ondoriozko atsedenaldia hastean, amak aukeratu ahal izango du beste gurasoak erditu osteko aldi zehatz eta etengabean atsedenaldiaren zati bat hartzea, amaren atsedenaldiarekin batera edo amaren atsedenaldia amaitu ostean.

Beste gurasoak eutsi ahal izango dio amatasunaren ondorioz hasieran utzi zitzaion baimenaldiari, nahiz eta ama, berriro lanean hasi behar den unean, aldi baterako ezgaitasun-egoeran izan.

Garaia baino lehenagoko erditzea badago, edo, beste edozein arrazoiren ondorioz, jaioberria ospitaleratuta egon behar bada erditu ostean, etenaldia luzatuko da, jaioberria zenbat egunetan egon ospitaleratuta eta horrenbeste egunetan, baina gehienez ere hamahiru aste gehigarrietan.

Adopzioa dagoenean edo adopzioaren aurrekoa nahiz iraunkorra edo soila izan daitekeen familia-harrera, Kode Zibilarekin eta autonomia-erkidegoetan halakoak arautzen dituzten legeekin bat etorriz, eta familia-harrera soilaren iraupena gehienez ere urtebetekoa denean, adingabekoaren adina gorabehera, baimenak etengabeko hamasei asteko iraupena izango du; adopzio edo familia-harrera anitza dagoenean, baimenaldia bi aste gehiago luzatuko da seme edo alaba bakoitzeko. Hamasei aste horiek zenbatzen hasiko dira, funtzionarioak egindako aukeraren arabera, familia-harreraren inguruko erabaki administratiboa zein judiziala hartzen denetik edo adopzioa eratu duen ebazpen judiziala eman denetik; hala ere, adingabeko berak ezin sor dezake baimenaldi bat baino gehiago izateko eskubiderik.

Bi gurasoek lan egiten badute, interesdunek egindako aukeraren arabera banatuko da baimenaldia; baimenaldi hori izan ahal dute aldi berean edo elkarren segidan, baina etengabea izan beharko da beti.

Semeak nahiz alabak edo adoptatutako zein familian hartutako adingabeak desgaitasuna badu, paragrafo honek aipatu baimenak bi asteko iraupen gehigarria izango du.

Bi gurasoek lan egiten badute, interesdunek egindako aukeraren arabera banatuko da baimenaldi gehigarri hori; baimenaldi hori izan ahal dute aldi berean edo elkarren segidan, baina etengabea izan beharko da beti.

Atsedenaldiak aldi berean hartzen direnean, atsedenaldi horien baturak ezin izango du gainditu aurreko lerrokadetan aipatu hamasei asteko iraupena edo, erditze, adopzio nahiz familia-harrera anitza dagoenean eta semea nahiz alaba edo adoptatutako zein familian hartutako adingabeak desgaitasuna duenean, har daitezkeen asteen iraupena.

Paragrafo honek aipatu dituen baimenaldiak hartu ahal izango dira lanaldi osoan zein lanaldi partzialean, funtzionarioek hala eskatuta, eta zerbitzuaren beharrizanek hori ahalbidetzen badute, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

Nazioarteko adopzioaren kasuetan, nahitaezkoa denean aldez aurretik gurasoak adoptatuaren herrialdera joatea, funtzionarioak eskubidea izango du, bi hilabete arteko baimenaldia izateko; aldi horretan oinarrizko ordainsariak bakarrik jasoko ditu.

Aurreko lerrokadako baimena gorabehera, eta lerrokada horretan jasotako kasuari dagokionez, adopzioarengatik eta adopzioaren aurrekoa nahiz iraunkorra edo soila izan daitekeen familia-harrerarengatik baimena dagoenean, Kode Zibilarekin eta autonomia-erkidegoetan halakoak arautzen dituzten legeekin bat etorriz, eta familia-harrera soilaren iraupena gehienez ere urtebetekoa denean, baimenaldia hasi ahal izango da adopzioa eratzen duen ebazpena eman baino lau aste lehenago.

Paragrafo honetan araututako baimenaldiak izan bitartean, parte hartu ahal izango da Administrazioak deitutako prestakuntza-ikastaroetan.

Paragrafo honetan ezarritako kasuetan, erditzearengatik edo amatasunarengatik izandako baimenaldiak kontuan hartuko dira, ondore guztietarako, benetako zerbitzuak emandako aldi gisa; halatan, emakume funtzionarioaren eskubide ekonomiko guztiak bermatuko dira, eta, hala denean, beste gurasoarenak ere bai, baimenaldiak iraun bitartean, eta, hala denean, baita baimenaldi hori izan eta gero ere, baldin eta aplikagarri den arautegiarekin bat etorriz, ordainsari-kontzepturen bat jasotzeko eskubidea baimenaldiaren arabera ezartzen bada.

Erditze- edo amatasun-baimena izan duten funtzionarioek eskubidea izango dute, baimenaldia bukatu ondoren, euren lanpostuan berriro lan egiten hasteko, kaltegarriagoak ez diren modu eta baldintzetan; eskubidea izango dute, orobat, absente izan bitartean lan-baldintzetan izan zezaketen edozein hobekuntza baliatzeko».

20. Indar Armatuetako Langileen Araubideari buruzko Legean aldarazpenak

Ondoren ezarritakoaren arabera aldarazi da maiatzaren 18ko 17/1999 Legea, Indar Armatuetako Langileen Araubideari buruzkoa:

Bat.

108,2 artikuluari idazkera berria eman zaio:

Erregelamendu bidez zehaztuko dira ebaluazio-organoen osaera, bateraezintasunak eta jardunbide-arauak; horiek guztiak, ahal den neurrian egokituko dira osaera orekatuaren printzipiora, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

Edozein kasutan, organo horiek osatuko dituzte enplegu aldetik ebaluatutakoak baino gehiago diren langile militarrek».

Bi.

112. artikuluari laugarren paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Emakumea modu berezian babestuko da, haurdunaldi, erditze eta erditu ondoko egoeretan, militar profesionalaren enplegu guztietara igotzeko behar diren baldintzak bete ditzan».

Hiru.

132. artikuluari idazkera berria eman zaio, hurrengoaren arabera:

«Haurdunaldiak iraun bitartean, eta aldez aurretik medikuak txostena egin eta gero, militar profesionala den emakumeari esleitu ahal izango zaio bere lanpostuaz besteko lanpostu organikoa edo egitekoa, egokia izango dena bere egoeraren inguruabarrei dagokienez.

Erditze- edo adopzio-kasuetan, aitari eta amari dagozkien baimenetarako eskubidea izango da, Administrazio publikoetako langileentzako indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz.

Kasu horiek aplikatzeagatik, ez da destinorik galduko».

Lau.

141.1.e) artikuluari idazkera berria eman zaio; artikulu hori horrela geratu da:

«e) Seme-alabak zaintzeko eskatzen badute, edo adopzioaren aurrekoa nahiz iraunkorra edo soila izan daitekeen familia-harrera dagoenean, Kode Zibilarekin eta autonomia-erkidegoetan halakoak arautzen dituzten legeekin bat etorriz, betiere, horien iraupena gutxienez urtebetekoa bada, nahiz eta halakoak behin-behinekoak izan, sei urte arteko adingabeen kasuan, edo sei urtetik gorako adingabeen kasuan, azken horiek desgaitasuna dutenean, edo inguruabar nahiz esperientzia pertsonalengatik edo atzerritik etortzeagatik, gizarteratzeko eta familiara biltzeko arazo larriak dituztenean, gizarte-zerbitzu eskudunek behar bezala egiaztatutakoak.

Orobat, eskubidea izango dute urtebetetik gorako iraupenik ez duen eszedentzia-aldirako, odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren gradurainoko ahaideak zaintzeaz arduratzeko, ahaide horiek euren kontura baliatzeko gaitasunik ez badute, adinarengatik, istripuarengatik edo gaixotasunarengatik, eta ordaindutako jarduerarik egiten ez badute.

Arrazoi horiengatik ezin izango da borondatezko eszedentzia-egoerarik aitortu, militarraren ezkontideari, militarrarekin antzeko maitasun-harremanak dituen pertsonari edo militarraren beste ahaide bati aitortu zaizkionean administrazio-egoera horrek eratorritako eskubideak, eta kausatzaile beraren ondorioz.

Borondatezko eszedentzia-egoerara igaroko da, halaber, familia elkartzeagatik, baldin eta ezkontidea beste udalerri batean bizi bada, edozein Administrazio publikotan behin betiko lanpostu bat edo 126. artikuluak aipatu destinoren bat lortzeagatik».

Bost.

148. artikuluari 6. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Militar osagarriak eta tropako nahiz marinelen arteko militar profesionalak, Indar Armatuekin zerbitzu-harremanak amaitzeko unean, zerbitzuak eratorritako istripuarengatik edo gaixotasunarengatik, aldi baterako ezgaitasun-egoeran badaude, edo haurdunaldi, erditze edo erditze ondoko egoeran, ez zaie bajarik emango Indar Armatuetan, eta euren konpromisoa luzatuko da egoera horiek amaitu arte».

21. Estatuko Funtzionario Zibilei buruzko Legearen aldarazpenak

Estatuko Funtzionario Zibilen Legearen testu artikuludunean, otsailaren 7ko 315/1964 Dekretuak onetsitakoan, 69. artikuluaren 3. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Azaroaren 8ko 31/1995 Legearen, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzkoaren, 26. artikuluko 3 eta 4. paragrafoetako inguruabarrek administrazio-mutualismoaren aplikazio-esparrura bildutako emakume funtzionario bat ukitzen dutenean, haurdunaldi bitarteko arriskuaren ondoriozko lizentzia edo edoskialdi bitarteko arriskuaren ondoriozko lizentzia eman ahal izango da, aurreko paragrafoetan ezarritako modu eta baldintza berberetan».

22. 55/2003 Legea, Osasun Zerbitzuetako Estatutu Izaerako Langileen Esparru Estatutuari buruzkoa, aldaraztea

Bat.

55/2003 Legean, Osasun Zerbitzuetako Estatutu Izaerako Langileen Esparru Estatutuari buruzkoan, 59. artikuluaren 3. paragrafoa aldarazia da; paragrafo horren testua hurrengo izango da:

Artikulu honetan ezarritako neurri bereziek ezin izango dituzte ukitu amatasunarengatik baimenaldia duten langileak edo haurdunaldi bitarteko arriskuarengatik nahiz edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuarengatik lizentzia duten langileak».

Bi.

55/2003 Legean, Osasun Zerbitzuetako Estatutu Izaerako Langileen Esparru Estatutuari buruzkoan, 61. artikuluaren 2. paragrafoa aldarazi da; paragrafo horren testua hurrengoa izango da:

Estatutu-izaerako langileek eskubidea izango dute, azaroaren 5eko 39/1999 Legeak, Langileen Familia- eta Lan-bizitza Uztartzeari buruzkoak, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoak, baimenen eta lizentzien inguruan, baita haurdunaldi bitarteko arriskuaren ondoriozko lizentziari dagokionez ere, funtzionario publikoentzako ezarri araubidea baliatzeko».

23. Estatuko Funtzionario Zibilen Gizarte Segurantzari buruzko Legean, ekainaren 23ko 4/2000 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsitakoan, 22 eta 12.b) artikuluak aldarazi dira; aurrerantzean, artikulu horiek hurrengo idazkera izango dute:

«22. artikulua. Haurdunaldi bitarteko arriskuaren edo edoskialdiak iraun bitarteko arriskuaren egoera.

«Aldi baterako ezgaitasun-egoeraren izaera eta ondore berberak izango ditu, Estatuko Funtzionario Zibilei buruzko Legearen testu artikuluduneko 69. artikuluaren arabera, haurdunaldi bitarteko arriskuarengatik edo bederatzi hilabete baino gutxiagoko seme-alaben edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuarengatik lizentzia lortu duen emakume funtzionarioaren egoerak».

«12. artikulua. Prestazioak b) Aldi baterako ezgaitasunaren, haurdunaldi bitarteko arriskuaren edo edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuaren ondoriozko sorospenak».

24.

Guardia Zibilaren Kidegoko Langileen Araubideari buruzko Legearen aldarazpenak

Ondoren ezarritakoaren arabera aldarazi da azaroaren 25eko 42/1999 Legea, Guardia Zibilaren Kidegoko Langileen Araubideari buruzkoa:

Bat.

56.2 artikuluari idazkera berria eman zaio:

Erregelamendu bidez zehaztuko dira ebaluazio-organoen osaera, bateraezintasunak eta jardunbide-arauak; horiek guztiak, ahal den neurrian egokituko dira osaera orekatuaren printzipiora, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

Edozein kasutan, organo horiek osatuko dituzte Guardia Zibilaren kidegoko langileek, enplegu aldetik ebaluatutakoak baino gehiago direnak, eta haiek baino antzinatasun gehiagokoak ere badirenak».

Bi.

60. artikuluari 6. paragrafoa gehitu zaio; paragrafo horrek hurrengo idazkera izango du:

Emakumea modu berezian babestuko da, haurdunaldi, erditze eta erditu ondoko egoeretan, Guardia Zibilaren kidegoko enplegu guztietara igotzeko behar diren baldintzak bete ditzan».

Hiru.

75 artikuluari idazkera berria eman zaio:

«Haurdunaldiak iraun bitartean, eta aldez aurretik medikuak txostena egin eta gero, Guardia Zibila den emakumeari eratxiki ahal izango zaio bere lanpostuaz besteko lanpostu organikoa edo egitekoa, egokia izango dena bere egoeraren inguruabarrei dagokienez.

Erditze- edo adopzio-kasuetan, aitatasun- eta amatasun-baimenetarako eskubidea izango da, Administrazio publikoetako langileentzako indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz.

Kasu horiek aplikatzeagatik, ez da destinorik galduko».

Lau.

83.1.e) artikuluari idazkera berria eman zaio; artikulu hori horrela geratu da:

«e) Seme-alabak zaintzeko eskatzen badute, edo adopzioaren aurrekoa nahiz iraunkorra edo soila izan daitekeen familia-harrera dagoenean, Kode Zibilarekin eta autonomia-erkidegoetan halakoak arautzen dituzten legeekin bat etorriz, betiere, horien iraupena gutxienez urtebetekoa bada, nahiz eta halakoak behin-behinekoak izan, sei urte arteko adingabeen kasuan, edo sei urtetik gorako adingabeen kasuan, azken horiek desgaitasuna dutenean, edo inguruabar nahiz esperientzia pertsonalengatik edo atzerritik etortzeagatik, gizarteratzeko eta familiara biltzeko arazo larriak dituztenean, gizarte-zerbitzu eskudunek behar bezala egiaztatutakoak.

Orobat, eskubidea izango dute urtebetetik gorako iraupenik ez duen eszedentzia-aldirako, odol bidezko edo ezkontza bidezko bigarren gradurainoko ahaideak zaintzeaz arduratzeko, ahaide horiek euren kontura baliatzeko gaitasunik ez badute, adinarengatik, istripuarengatik edo gaixotasunarengatik, eta ordaindutako jarduerarik egiten ez badute.

Eskubide horiek ezin izango dituzte aldi berean egikaritu bi guardia zibilek edo gehiagok, baldin eta kausatzaile bera badute».

25. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsari buruzko Lege Orokorra aldaraztea

Uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorrean, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsari buruzkoan, 34. artikuluko 10. paragrafoari idazkera berria eman zaio, eta egungo 10. paragrafoak duen edukia 11 paragrafoa izatera igaro da:

Ondasunak eskuratzean eta zerbitzuak ematean gauzatutako bereizkeriazko jokabideak, eta, halakoen artean, bereziki, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoan bereizkeriazko jokabidetzat hartutakoak».

26. Sozietate Anonimoen Legea aldaraztea

Sozietate Anonimoen Legean, abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsitako testu bateginean, 200. artikuluko 9. aipamena aldarazi da; aipamen horrek hurrengo idazkera izango du:

«Ekitaldian zehar enplegaturiko pertsonen batez besteko zenbatekoa, kategoriatan adierazita, baita ekitaldiko langile-gastuak ere, 189. artikuluak, A.3 idatz-zatian, ezarritakoaren arabera banatuta, gastuok ez direnean horrela agerrarazi galera-irabazien kontuan.

Ekitaldia amaitzean, sozietate-langileen sexuaren araberako banaketa, kategoriak eta mailak behar beste bereiziz; kategoria nahiz maila horien artean goi-zuzendariak eta kontseilariak agertuko dira».

27. Emakumearen Institutua sortzeko Legearen aldarazpenak

Urriaren 24ko 16/1983 Legean, Emakumearen Institutua sortzeari buruzkoan, 2bis artikulu berria gehitu da, hurrengoaren arabera:

«2bis artikulua.

Aurreko artikuluan eta indarrean dauden gainerako arauetan eratxikitako eginkizunez gain, Emakumearen Institutuak modu independentean egikarituko ditu hurrengo eginkizunak:

a) Bereizkeriaren biktimei laguntza eskaintzea, bereizkerian oinarritutako erreklamazioen izapideak egin ditzaten;

b) bereizkeriari buruzko azterketak egitea;

c) Bereizkeriarekin zerikusia duen edozein gairen inguruko txostenak argitaratzea eta gomendioak egitea».

28. Emakumearen Institutua izendatzea

Espainiako erresuman Emakumearen Institutua izango da antolakunde eskuduna, 1976ko otsailaren 9ko 76/207/EE Zuzentarauaren 8bis artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako, kontuan hartuta zuzentarau hori aldarazi zuela 2002ko irailaren 23ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002/73 Zuzentarauak, enplegua, prestakuntza eta lanbide-aurrerakuntza lortzeko orduan, eta lan-baldintzetan, gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoak; halaber, Emakumearen Institutua eskuduna izango da, 2004ko abenduaren 13ko Kontseiluaren 2004/113 Zuzentarauak, ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean eta horietaz hornitzean gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoak, 12. artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako.

29. Martxoaren 26ko 5/1984 Legean, Asilo Eskubidea eta Errefuxiatu Izaera Arautzeari buruzkoan, hirugarren xedapen gehigarri berria gehitu da, hurrengoaren arabera:

«3. xedapen gehigarria.

3. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie, genero-arrazoiengatik pertsekuzioa jasateko beldur oinarriduna izan eta euren jatorrizko herrialdeetatik ihes egiten duten ema­kume atzerritarrei».

30. Espetxeetako Kidego Bereziak Antolatzeko eta Espetxeetako Erakundeen Laguntzaile Kidegoa Eratzeko Legearen aldarazpenak

Ondoren ezarritakoaren arabera aldarazi da maiatzaren 23ko 36/1977 Legea, Espetxeetako Kidego Bereziak Antolatzeko eta Espetxeetako Erakundeen Laguntzaile Kidegoa Eratzeari buruzkoa:

Bat.

1 artikuluari idazkera berria eman zaio:

«Espetxeetako Erakundeen Laguntzaile Kidegoa funtzionarioek osatuko dute; kidego horretan Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoan ezarri baldintza berberen arabera sartzea bermatuko da».

Bi.

Idazkera berria eman zaio lehenengo Xedapen Iragankorrari:

«Espetxeetako Erakundeen Laguntzaile Kidegoan gaur egun gizonen eta emakumeen arabera dauden eskalak azkenduko dira, eta horietako funtzionarioak oso-osoan bilduko dira Espetxeetako Erakundeen Laguntzaile Kidegora».

31. Beste kolektibo batzuei hedatzea

Beharrezko xedapenak emango dira, Hamaikagarren.

Hamar xedapen gehigarrian, garaia baino lehenagoko erditzeen inguruan xedatutakoa aplikatzeko Langileen Estatutuaren aplikazio-esparrura bildu gabeko kolektiboei.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

1. Izendapenen araubide iragankorra

Lege honetan osaera eta ordezkaritza orekatuari buruz jasotako arauak aplikatuko zaizkie lege hau indarrean jarri osteko izendapenei, aldez aurretik egindakoak ukitu gabe.

2. Berdintasun-arloko enpresa-bereizgarriari dagokionez, erregelamendu bidezko arauketa iragankorra

Berdintasun-arloan, lege honen IV. tituluko IV. kapituluan arautu den enpresa-bereizgarria lortzearen inguruan, erregelamendu bidez zehaztuko dira aurreko arautegiaren arabera enpresei eratxikitako kalifikazioak baliozkotzeko baldintzak.

3. Prozeduren araubide iragankorra

Lege hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedura administratibo eta judizialei ez zaie aplikatuko lege hau; halako prozedurak aurreko arautegiaren mende izango dira.

4. Berdintasun-arloan negoziatzeko eginbeharra aplikatzeari buruzko araubidea

Langileen Estatutuaren 85. artikuluak, lege honek emandako idazkeraren arabera, berdintasun-arloan xedatutakoa aplikatuko da, lege hau indarrean jarri ondoren zein hitzarmen salatu lehenengo eta hitzarmen horren osteko negoziazioan.

5. Hilkortasunaren eta bizirik irautearen taulak

Lege honen 71.1 artikuluaren bigarren lerrokadako erregelamendu-xedapenak onesten ez diren bitartean, aseguru-erakundeek jarraitu ahal izango dituzte aplikatzen gaur eguneko hilkortasunaren eta bizirik irautearen taulak eta oinarri teknikoetako gainerako osagaiak, nahiz eta halakoetan, datu aktuarial eta estatistiko egoki eta zehatzen arabera, erabakigarria izan sexu jakin bateko pertsonak kontuan hartzea, arriskua ebaluatzeko.

6. Atzera-eragineko ondoreak uztartze-neurrientzako

Abuztuaren 2ko 30/1984 Legean, Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzkoan, ezarritako manuetatik lege honek aldarazitakoek atzera-eragina izango dute, Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan 2006ko urtarrilaren 1erako sortu eta data horretan indarrean jarraitzen zuten egitate eragileei dagokienez.

7. Araubide iragankorra, amatasunaren, aitatasunaren, eta haurdunaldi bitarteko arriskuaren arloko eskubide berriei dagokienez, eta Gizarte Segurantzaren ondoreetarako zenbait aldi kotizatutakotzat jotzeari dagokionez

Lege honek amatasunaren eta aitatasunaren ondorioz kontratua etetearen inguruan egindako arauketa aplikatuko zaie lege hau indarrean jarri ondoren gertatutako jaiotzei eta eratutako adopzio nahiz familia-harrerei.

Lege honek haurdunaldi bitarteko arriskuaren gaian egindako aldarazpenak aplikatuko zaizkie, lege hau indarrean jarri ondoren arrazoi horrengatik sortzen diren kontratu-etetei.

Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean, 124. artikuluko 6. paragrafoak eta berrogeita laugarren xedapen gehigarriak aipatu aldiak kotizatutakotzat joko dira, lege hau indarrean jarri ondoren sortutako prestazioei dagokienez ere.

Ondore berberak aplikatuko dira, arau bereko 180. artikuluko 1. paragrafoan kotizatutakotzat jotzen den aldia hedatzeari dagokionez, eta artikulu horren 3 eta 4. paragrafoek aipatu aldiak 100eko 100ean kotizatutakotzat jotzeari dagokionez.

8. Langabeziaren ondoriozko sorospenaren araubide iragankorra

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 217.1 artikuluaren bigarren lerrokadan, lege honek emandako idazkeraren arabera, langabezia-sorospenaren zenbatekoa ezarri da; zenbateko hori aplikatuko zaie lege hau indarrean jarri ondoren langabezia-sorospenerako sortzen diren eskubideei ere.

9. Lan-kontratuak etenda dirauen denbora luzatzea

Gobernuak etengabe eta arian-arian luzatuko du lege honen hamaikagarren xedapen gehigarriaren hamaikagarren paragrafoan, eta hemeretzigarren xedapen gehigarriren seigarren paragrafoan araututako denbora, lan-kontratua aitatasunarengatik etenda izateko; luzapen horrekin lortu nahi da, lege hau indarrean jarri eta seigarren urtera aitatasunaren ondoriozko baimena lau astekoa izatea.

10. Genero-eragina hedatzea.

Gobernuak, 2007an zehar, erregelamendu bidez garatuko du Genero Eraginaren Legea, txosten hori egiteko kontuan hartu behar diren adierazleak zehaztuta.

11. Gobernuak, 2007an zehar arautuko du, uztailaren 8ko 8/2005 Legeak, banantze eta dibortzioaren gaian Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea aldarazteari buruzkoak, xedapen gehigarri bakarrean aipatutako berme-funtsa, abenduaren 28ko 42/2006 Legeak, 2007. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoak, berrogeita hamahirugarren xedapen gehigarrian, sortu eta estreinakoz hornitu zuena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.

Indarrik gabe geratuko dira, lege honetan xedatutakoarekin bat ez datozen edo horren aurka dauden arau guztiak, lerrun berekoak nahiz beheragokoak.

AZKEN XEDAPENAK

1. Konstituzio-oinarria

Lege honen atariko tituluak, I. tituluak, II. tituluko I. kapituluak, 28.etik 31.era arteko artikuluek eta lehenengo xedapen gehigarriak eratzen dute, konstituzio-eskubideak egikaritzean eta konstituzio-eginbeharrak betetzean, espainiar guztien berdintasuna bermatzeko oinarrizko baldintzen arauketa, Konstituzioaren 149.1.1 artikuluarekin bat etorriz.

Lege honen 23.etik 25.era arteko artikuluek oinarrizko izaera dute, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluarekin bat etorriz.

Lege honen 27. artikuluak eta xedapen gehigarrietatik zortzigarrenak eta bederatzigarrenak oinarrizko izaera dute, Konstituzioaren 149.1.16 artikuluarekin bat etorriz.

Lege honen 36, 39 eta 40. artikuluek oinarrizko izaera dute, Konstituzioaren 149.1.27 artikuluarekin bat etorriz.

Lege honen 33, 35 eta 51. artikuluek, hemeretzigarren xedapen gehigarriko seigarren paragrafoak eta hemeretzigarren xedapen gehigarriaren hamahirugarren paragrafoan sartutako testuaren laugarren, zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren idatz-zatiek oinarrizko izaera dute, Konstituzioaren 149.1.18 artikuluarekin bat etorriz.

Xedapen gehigarrietatik hamabosgarrenak, hamaseigarrenak eta hemezortzigarrenak oinarrizko legeria eratzen dute Gizarte Segurantzaren arloan, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluarekin bat etorriz.

IV. tituluan eta xedapen gehigarrietatik hamaikagarrenean, hamabigarrenean, hamalaugarrenean eta hamazazpigarrenean jasotako manuek estatu osoan aplikatu beharreko lan-legeria eratzen dute, Konstituzioaren 149.1.7 artikuluarekin bat etorriz.

Lege honen 41. artikuluak, VI eta VII. tituluetan jasotako manuek eta xedapen gehigarrietatik hogeita bosgarrenak eta hogeita seigarrenak estatu osoan zuzenean aplikatu beharreko legeria eratzen dute, Konstituzioaren 149.1 artikuluko 6 eta 8. idatz-zatiekin bat etorriz.

Hirugarren xedapen gehigarritik zazpigarrenera artekoak eta hamahirugarren xedapen gehigarria eman dira prozesu-legegintzaren gaineko eskumenak egikaritzearen ondorioz, Konstituzioaren 149.1.6 artikuluarekin bat etorriz.

Lege honen gainerako manuak Estatuko Administrazio Orokorrari aplikatuko zaizkio.

2. Legearen izaera

Lege honen xedapen gehigarrietatik lehenengoak, bigarrenak eta hirugarrenak izaera organikoa dute.

Lege honetako gainerako manuek ez dute izaera hori.

3. Erregelamenduak egiteko baimenak

Gobernuak baimena du, lege hau aplikatu eta garatzeko behar den beste xedapen emateko, estatuaren eskumenekoak diren gaietan.

Erregelamendu bidez, sei hilabeteko epean, lege hau indarrean jarri ondoren:

Lege honen IV. tituluko IV. kapituluan berdintasun-arloari dagokionez ezarri enpresa-bereizgarriaren arauketa egingo da.

Europako Kontseiluaren 1992ko urriaren 19ko 92/85 Zuzentaraua, haurdun dagoen pertsonaren, haur batez erditu den pertsonaren edo edoskialdian dagoen pertsonaren laneko segurtasunaren eta osasunaren hobekuntza sustatzeko neurriak aplikatzeari buruzkoa, aintzat hartu eta horren eranskinetako edukiaren transposizioa egingo da.

Lan eta Gizarte Arazoetarako Ministerioak, errege-dekretua argitaratu eta sei hilabeteko epean, arriskua ebaluatzeari buruzko jarraibide batzuk egingo ditu.

Gobernuak, 2007ko abenduaren 21a baino lehenago eta errege-dekretu bidez finkatu ahal izango ditu lege honen 71.1 artikuluaren bigarren lerrokadak aipatu egoerak.

4. Zuzentarauen transposizioak

Lege honen bidez antolamendu juridikoan barneratu dira, dela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko irailaren 23ko 2002/73 Zuzentaraua, enplegua, prestakuntza eta lanbide-aurrerakuntza lortzeko orduan, eta lan-baldintzetan, gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa, berarekin ekarri duena 1976ko otsailaren 9ko 76/207 Zuzentaraua aldaraztea, dela Kontseiluaren 2004ko abenduaren 13ko 2004/113 Zuzentaraua, ondasunak eta zerbitzuak eskuratzean eta horietaz hornitzean gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa.

Era berean, lege honen bidez Kontseiluaren 1997ko abenduaren 15eko 97/80/EE Zuzentaraua, sexuan oinarritutako bereizkeria kasuetako forma-zamari buruzkoa, barneratu da urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean, Prozedura Zibilari buruzkoan, eta uztailaren 13ko 29/1998 Legean, Administrazioarekiko Auzi Jurisdikzioa Arautzeari buruzkoan.

5. Berdintasun-planak eta negoziazio kolektiboa

Lege hau indarrean jarri eta lau urte igaro ondoren, Gobernuak, ordezkaritza handieneko sindikatu eta enpresaburuen elkarteekin batera, ebaluatuko du negoziazio kolektiboaren egoera berdintasun-arloan, eta izandako bilakaeraren arabera, hala denean, neurri egokiak aztertuko ditu.

6. Estatuko Administrazio Orokorrean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezartzea

Sexu-jazarpenaren edo sexuan oinarritutako jazarpenaren inguruko neurriak direla eta, lege honen 62. artikuluan arautu den jardute-protokoloa aplikatuko da hori berori onesteko errege-dekretua indarrean jarri eta sei hilabeteko epean.

7. Kargu hautetsia duten pertsonei amatasun- eta aitatasun-baimenak ahalbidetzeko neurriak

Lege hau indarrean jarri ondoren, Gobernuak beharrezko akordioa sustatuko du, indarreko legeria aldaraziko duen prozesuari ekiteko, kargu hautetsia duten pertsonei ahalbidetzeko amatasun- eta aitatasun-baimenak.

8. Indarrean jartzea

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean; horren salbuespen izango da 71.2 artikuluan ezarritakoa, 2008ko abenduaren 31n indarrean jarriko dena.

euskal legezalea