Edozein atxiloketa edo espetxealdi-mota jasaten duten pertsonen babeserako printzipio-multzoa

Euslege

Edozein atxiloketa edo espetxealdi-mota jasaten duten pertsonen babeserako printzipio-multzoa

Biltzar Orokorrak onetsia, 1988ko abenduaren 9ko 43/173 ebazpenean

Printzipio-multzoaren aplikazio-esparrua

Printzipio hauen xedea da edozein atxiloketa- edo espetxealdi-mota jasaten duten pertsonak babestea.

Hitzen erabilera

Printzipio-multzoaren ondorioetarako:

a) “Atzipenaldia” hitza honetara ulertzen da: pertsona bat atxilotzeko burututako egintza, pertsona horrek ustez delitu bat egin duelako edo agintaritzak halakoa agindu duelako egintza baten bidez; b) “atxilotua” hitzak biltzen du askatasunaz gabetutako pertsona oro, salbu eta pertsona hori kondenatua izan denean, delitu bat egiteagatik; c) "preso" hitzak biltzen du askatasunaz gabetutako pertsona oro, delitu bat egiteagatik kondena betetzen denean; d) "atxiloketa" hitzak, atxilotutako pertsonen egoera biltzen du, gorago azaltzen den bezala; e) “espetxealdi” hitzak, presoen egoera biltzen du, gorago azaltzen den bezala; f) “epai edo beste agintaritza” hitzek biltzen dituzte epai-agintaritza edo legeak ezarritako beste agintaritza, horien izaera eta agintea direla bermerik zabalenak eskumen, inpartzialtasun eta independentziarako.

1. printzipioa

Atxiloketa- edo espetxealdi-mota baten mende dagoen pertsona oro tratatuko da gizatasunez eta gizakiari dagokion berezko duintasunari errespetua gordeta.

2. printzipioa

Atzipenaldia, atxiloketa edo espetxealdia bakar-bakarrik gauzatuko da legea betetzeko eta betiere horretarako baimena duten funtzionario eskudunek burutuko dituzte halakoak.

3. printzipioa

Edozein atxiloketa edo espetxealdi-mota jasaten duten pertsonen giza eskubideak, estatu batean aitortuak eta indarrean daudenak legeen, hitzarmenen, erregelamenduen edo ohituren arabera, ezin izango dira murriztu edo gutxitu, horretarako oinarri hartuta Printzipio-multzo honek eskubide horiek aitortzen ez dituela edo babes gutxiagorekin aitortzen dituela.

4. printzipioa

Atxiloketa- edo espetxealdi-mota oro eta edozein atxiloketa edo espetxealdi-mota baten mendeko pertsonen giza eskubideak ukitzen dituzten neurriak epaile edo beste agintaritza batek agindu beharko ditu edo epaile edo beste agintaritza baten fiskalizazio eraginkorraren pean geratu beharko dira.

5. printzipioa

1. Printzipio hauek pertsona guztiei aplikatuko zaizkie herrialde baten lurraldean, inolako bereizketarik gabe arraza, kolore, sexu, hizkuntza, erlijio edo sinesmen, politika edo bestelako iritziak, jatorri nazionala, etnikoa edo soziala, egoera ekonomikoa, jaiotza edota beste edozein baldintza direla bide.

2. Ez dira bereizkeriatzat joko legearen arabera aplikatzen diren neurriak eta xede dutenak bakar-bakarrik emakumearen eskubideak eta bere egoera berezia babestea, batik bat, haurdun dauden emakumeen eskubideak eta bular-emaileenak, haur eta gazteenak, adineko pertsonena, gaixo eta ezinduenak. Neurri horien beharra eta aplikazioa beti egongo dira epaile baten edo beste agintaritza baten berrikuspenaren mende.

6. printzipioa

Edozein atxiloketa- edo espetxealdi-mota jasan duen inork ez du torturarik edo bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarririk jasoko. Ezin izango da inolako inguruabarrik aipatu tortura edo bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak justifikatzeko.

7. printzipioa

1. Estatuek legez debekatu beharko dute printzipio hauetan adierazten diren eskubide eta eginbeharren aurkako egintza oro; halaber, egintza horiek kasuan kasuko zehapenen mende ezarri eta horien inguruan egindako salaketak inpartzialtasunez ikertu beharko dute.

2. Printzipio-multzo hau urratu egin dela edo laster batean urratuko dela uste izateko arrazoiak dituzten funtzionarioek euren goragokoei jakinaraziko die arazoa eta, beharrezkoa denean, fiskalizazio-eskumenak edo eskumen zuzentzaileak dituzten agintaritza edo organo eskudunei ere.

3. Beste edozein pertsonak ere, arrazoiak dituenean uste izateko printzipio-multzo hori urratu egin dela edo laster batean urratuko dela, eskubidea izango du arazoak ukitutako funtzionarioen goragokoei jakinarazteko, bai eta fiskalizazio-eskumenak edo eskumen zuzentzaileka dituzten beste agintaritza edo organo eskudunei ere.

8. printzipioa

Atxilotuek kondenatu gabeko pertsonentzat egokia den tratua jasoko dute. Horrenbestez, ahal den guztietan, presoengandik bereiziko dira.

9. printzipioa

Agintaritzak pertsona bat atzitu eta atxilotuta duen bitartean edota kasua ikertzen duen bitartean bakar-bakarrik legeak eman dizkion eskumenak egikari ahal izango ditu, eta eskumen horien egikaritza epailearen edo beste agintaritza baten aurrean aurkez daitekeen errekurtsoaren mende egongo da.

10. printzipioa

Atzitutako pertsona orori atzipenaldi-unean jakinaraziko zaio bere atzipenaldiaren arrazoia, eta egotzi zaion akusazioa lehenbailehen ohartaraziko.

11. printzipioa

1. Inor ez da atxilotuta egongo, epaile edo beste agintaritza batek bera entzuteko zinezko eta atzerapenik gabeko aukerarik ez duela. Atxilotuak bere burua defendatzeko edota abokatu baten laguntza izateko eskubidea du, legeak xedatutakoaren arabera.

2. Atxilotuak eta bere abokatuak, halakorik badu, berehala jasoko dute atxiloketa-aginduaren jakinarazpen osoa, horren oinarrizko arrazoiekin batera.

3. Epaile edo beste agintaritza bati ahalmena emango zaio kontuan har dezan kasuan-kasuan atxiloketa luzatzea.

12. printzipioa

1. Behar bezala agerraraziko dira:

a) Atzipenaldiaren arrazoiak; b) Pertsona zein ordutan atzitu den eta zaintza-lekura zein ordutan eraman den, bai eta epaile edo beste agintaritzaren aurrean izandako lehen agerraldiaren ordua; c) Legea betetzeko parte hartu duen funtzionario arduradunen nortasuna; d) Zaintza-lekuari buruzko informazio zehatza.

2. Jarduera horien agerraraztea atxilotuari edo bere abokatuari, halakorik badu, jakinaraziko zaio, legeak agindutakoaren arabera.

13. printzipioa

Pertsona baten atzipenaldi, atxiloketa edo espetxealdiaren agintaritza arduradunak eman beharko dizkio pertsona horri, atzipenaldi-unean, atxiloketa edo espetxealdiaren hasieran edo geroago, bere eskubideei buruzko informazioa eta azalpena, bai eta eskubide horiek egikaritzeko moduari buruzkoa ere.

14. printzipioa

Pertsona orok du eskubidea, atzipenaldia, atxiloketa edo espetxealdiaren agintaritza arduradunek erabilitako hizkuntza ulertzen ez duenean edo hizkuntza hori modu egokian hitz egiten ez duenean, zertarako eta, 10. printzipioan, 11. printzipioaren 2. paragrafoan, 12. printzipioaren 1. paragrafoan eta 13. printzipioan aipatu informazioa berehala jasotzeko, ulertzen duen hizkuntza batean eta, oro har, doako interprete baten laguntza izateko, halakoa beharrezkoa denean, atzipenaldia izan eta geroko jardun judizialetan.

15. printzipioa

16. printzipioaren 4. paragrafoan eta 18. printzipioaren 3. paragrafoan ezarritako salbuespenei kalterik egin gabe, presoari edo atxilotuari ezin izango zaio egun batzuk baino gehiago eten kanpokoekin izan behar duen komunikazioa, batik bat, bere familia edo bere abokatuarekin.

16. printzipioa

1. Atxilotuak edo espetxeratuak, atzitu bezain laster eta atxiloketa- edo espetxe-toki batetik beste batera lekualdatu bezain laster, eskubidea izango du bere familiari edo berak izendatu dituen beste pertsona egokiei jakinarazteko bere atzipenaldia , atxiloketa edo espetxealdia edota lekualdatzea eta zaintzapean dagoen tokia, eta, orobat, eskatzeko agintaritza eskudunak halakoa jakinarazi diezaien.

2. Atxilotua edo espetxeratua atzerritarra denean, pertsona horri lehenbailehen jakinaraziko zaio berez duen eskubidea, baliabide egokien bidez, kontsuletxeko bulegoarekin edo zein estatuko nazionala izan eta estatu horren diplomazia-misioarekin harremanetan jartzeko , edota, bestelako arrazoiengatik, zein estaturen esku dagoen jakinarazpen hori jasotzea, nazioarteko zuzenbiderekin bat etorriz edota nazioarteko erakunde eskudunaren ordezkariarekin bat etorriz, atxilotua edo espetxeratua errefuxiatua denean edo beste arrazoiren batengatik gobernuen arteko erakunde baten babespean dagoenean.

3. Atxilotua edo espetxeratua adingabekoa denean edota gai ez denean ulertzeko zein diren bere eskubideak, orduan agintaritza eskuduna arduratuko da bere kabuz egiteko printzipio honetan aipatu jakinarazpena. Ardura berezia hartuko da, gurasoak edo tutoreak jakinaren gainean egon daitezen.

4. Agintaritza eskudunak atzerapenik gabe egingo ditu printzipio honetan aipatu jakinarazpenak edo halakoak egitea ahalbidetuko du. Edonola ere, agintaritza eskudunak atzeratu ahal izango du jakinarazpen bat bidezko aldi baterako, ikerketaren salbuespenezko beharrizanek hala eskatzen dutenean.

17. printzipioa

1. Atxilotuek abokatu baten laguntza izateko eskubidea dute. Agintaritza eskudunak, atzitu bezain laster emango dio atxilotuari eskubide horren berri eta halakoa egikaritzeko baliabide egokiak erraztuko dizkio.

2. Atxilotuak bere aukerako abokatuaren laguntzarik ez baldin badu, orduan eskubidea izango du epaile batek edo beste agintaritza batek izendatu dezan delako abokatua, justiziaren interesak hala eskatzen dituen kasu guztietan eta betiere berarentzat inolako kosturik gabe, ordaintzeko baliabide nahikoak ez dituenean.

18. printzipioa

1. Atxilotu edo espetxeratu orok eskubidea izango du bere abokatuarekin harremanetan jartzeko eta berari kontsulta egiteko.

2. Atxilotu edo espetxeratuari denbora eta baliabide egokiak emango zaizkio, bere abokatuari kontsultak egiteko.

3. Atxilotuak edo espetxeratuak berez duen eskubidea, dela bere abokatuaren bisita izateko eta berari kontsulta egiteko, dela berarekin harremanetan jartzeko, atzerapenik gabe eta zentsurarik gabe, eta erabateko isil-gordean, ezin izango da eten edo murriztu, legeak edo zuzenbidearen arabera emandako erregelamenduetako salbuespenezko inguruabarretan izan ezik, epaile edo beste agintaritza batek hori ezinbestekotzat jotzen duenean segurtasuna eta ordena zaintzeko.

4. Atxilotuaren edo espetxeratuaren eta abokatuaren arteko elkarrizketak legea betearazten duen funtzionario arduradunaren aurrean egin ahal izango dira; nolanahi ere, funtzionarioa ezin izango da egon solasaldia entzuteko moduko hurbiltasunean.

5. Atxilotuaren edo espetxeratuaren eta abokatuaren arteko komunikazioak ezin izango dira erabili atxilotuaren edo espetxeratuaren aurkako froga gisa, salbu eta horiek zer ikusia dutenean jarraikako delitu batekin edo delitua egiteko asmoa dagoenean.

19. printzipioa

Atxilotuak edo espetxeratuak bisitak izateko eskubidea du, batik bat, bere familiarena, eta eurekin gutuneria izateko ere; halaber, aukera egokia izango dute kanpokoekin harremanak izateko, betiere legeak edo zuzenbidearen arabera emandako erregelamenduetako baldintzei eta bidezko murrizketei lotuta.

20. printzipioa

Atxilotua edo espetxeratua, ahal dela, bere ohiko egoitzatik bidezko distantziara dagoen atxiloketa-tokian edo espetxean egongo da, betiere berak hala eskatzen badu.

21. printzipioa

1. Debekatuta egongo da atxilotu edo espetxeratuaren egoera gehiegi baliatzea, pertsona hori behartzeko bere buruaren aurkako edo beste edozein pertsonaren aurkako aitorpenak eta adierazpenak egitera.

2. Atxilotutako inork ez du pairatuko, bere galdeketa aldian, indarkeriarik, mehatxurik edo bere erabaki-gaitasuna edo adimena kaltetu ditzakeen beste galdeketa-metodorik ere.

22. printzipioa

Atxilotu edo espetxeratutako inork ez du pairatuko, ezta bere adostasunarekin ere, bere osasunarentzat kaltegarri izan daitezkeen esperimentu mediko edo zientifikorik.

23. printzipioa

1. Atxilotuari edo espetxeratuari egiten zaion galdeketaren iraupena, galdeketa horien arteko bitarteak, bai eta galdeketa egin dioten funtzionarioen nortasuna eta bertan dauden beste pertsonena, erregistroetan jasoko dira eta legeak agindutakoaren arabera ziurtatuko dira.

2. Atxilotu edo espetxeratuak, edo bere abokatuak, legeak halakoa xedatzen duenean, eskura izango du printzipio honen 1. paragrafoan aipatu informazioa.

24. printzipioa

Atxilotu edo espetxeratu guztiei eskainiko zaie azterketa mediko egokia, atxiloketa-tokian edo espetxean sartu eta ahalik eta lasterren; geroko batean, pertsona horiek behar duten bakoitzean jasoko dituzte laguntza eta tratamendu medikoa. Laguntza hori eta tratamendu hori dohainik izango dira.

25. printzipioa

Atxilotu edo espetxeratuak edo bere abokatuak eskubidea izango du epaile edo beste agintaritza bati baimena eskatzeko bigarren azterketa medikoa egiteko edo bigarren iritzi medikoa jasotzeko, betiere, atxiloketa- tokiko edo espetxeko segurtasuna eta ordena bermatzen dituzten bidezko baldintzak beteta.

26. printzipioa

Atxilotu edo espetxeratu bati azterketa medikoa egiten zaionean, azterketa horren berri, medikuaren izena eta azterketaren emaitzak erregistroetan behar bezala jasota geratuko dira. Erregistro horien edukia eskura izatea bermatuko da. Horretarako moduak bat etorriko dira barneko zuzenbidearen kasuan kasuko arauekin.

27. printzipioa

Atxilotu edo espetxeratu baten aurkako frogei begira, printzipio hauek bete gabe uztea erabakigarria izango da froga horiek onartzeko orduan.

28. printzipioa

Atxilotu edo espetxeratuak eskubidea du bidezko hezkuntza-, kultura- eta informazio-material kopurua eskuratzeko, erabilgarri dauden baliabideen mugen barruan, iturriak publikoak direnean, betiere, atxiloketa- tokiko edo espetxeko segurtasuna eta ordena bermatzen dituzten baldintzak beteta.

29. printzipioa

1. Legeak eta kasuan kasuko erregelamenduak zehatz-mehatz betetzen direla zaintzeko, aditu eta esperientziadun pertsonek bisitatuko dituzte aldian-aldian atxiloketa-toki horiek; pertsona horiek agintaritza eskudunak izendatuko ditu, atxiloketa- tokiko edo espetxeko administrazioaren zuzeneko ardura zein agintaritzak izan eta bestelako agintaritza batek, eta bigarren horren mende egongo dira.

2. Atxilotu edo espetxeratuak eskubidea izango du askatasun osoz eta erabateko isil-gordean atxiloketa-tokiak edo espetxeak bisitatzen dituzten pertsonekin komunikatzeko, printzipio honen 1. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, betiere, atxiloketa- tokiko edo espetxeko segurtasuna eta ordena bermatzen dituzten baldintzak beteta.

30. printzipioa

1. Atxilotu edo espetxeratuaren jokabide desberdinak, halakoak diziplina arau-hausteak direnean atxiloketa edo espetxealdiak dirauen bitartean; aplika daitezkeen diziplina-zehapenen deskribapena eta iraupena eta zehapen horiek aplikatu behar dituzten agintaritza eskudunak, legearen bidez edota zuzenbidearen arabera emandako eta behar bezala argitaratutako erregelamenduen bidez zehaztuko dira.

2. Atxilotu edo espetxeratuak eskubidea izango du diziplina-neurriak hartu baino lehen bera entzun dezaten. Eskubidea izango du neurri horiek goragoko agintarien mende uzteko, aztertuak izan daitezen.

31. printzipioa

Agintaritza eskudunek ahaleginak egingo dituzte laguntza ziurtatzeko atxilotu eta espetxeratuen ardurapean dauden familiakoei, batik bat, adingabekoei, barneko zuzenbidearekin bat etorriz eta betiere halakoa beharrezkoa denean, eta ardura hartuko dute, bereziki, ikuskaritzarik gabe geratutako haurrak babesteko.

32. printzipioa

1. Atxilotuak edo bere abokatuak eskubidea du edozein unetan, barneko zuzenbidearen arabera, epaile edo beste agintaritza baten aurrean akzio bat aurkezteko, bere atxiloketaren legezkotasuna aurkaratzeko eta, atxiloketa hori legezkoa ez bada, berehala askatasuna lortzeko.

2. Printzipio honen 1. paragrafoan aurreikusitako prozedura xumea eta irekia izango da eta ez dio atxilotuari inolako gasturik ekarriko, horrek baliabide nahikoak ez baditu. Atxiloketa egin duen agintaritzak, arrazoi gabeko atzerapenean sartzeke, eramango du atxilotua kasua aztertu behar duen agintaritza arduradunaren aurrera.

33. printzipioa

1. Atxilotu edo espetxeratuak edo bere abokatuak eskubidea izango du eskaera bat edo errekurtso bat aurkezteko jaso duen tratua dela eta, batik bat, tortura kasuetan edota beste tratu krudel, anker edo apalesgarri kasuetan noren aurrean eta, atxiloketa-tokiko administrazioaren agintaritza arduradunen eta agintari nagusien aurrean eta, beharrezkoa denean, fiskalizazio-eskumenak edo eskumen zuzentzaileak dituzten agintari edo organo eskudunen aurrean.

2. Printzipio honen 1. paragrafoan aipatu eskubideak, atxilotu edo espetxeratuaren familiako batek nahiz kasua ezagutzen duen beste pertsona batek egikari ditzake, atxilotu edo espetxeratuak edo bere abokatuak horiek egikaritzeko aukerarik ez dutenean.

3. Eskaera edo errekurtsoa isilpekoa izango da, errekurtsogileak hala eskatzen badu.

4. Eskaera edo errekurtso guztiak atzerapenik gabe aztertuko dira eta arrazoi gabeko atzerapenean sartzeke, emango zaie erantzuna halakoei. Eskaera edo errekurtsoa ezetsi bada edota gehiegizko atzerapena egon bada, errekurtsogileak eskubidea du eskaera edo errekurtsoa epaile edo beste agintaritza baten aurrean aurkezteko. Atxilotuek edo espetxeratuek nahiz errekurtsogileek ez dute kalterik jasango eskaera edo errekurtsoa bat aurkezteagatik, printzipio honen 1. paragrafoarekin bat etorriz.

34. printzipioa

Atxilotu edo espetxeratua hil edo desagertzen bada atxiloketak edo espetxealdiak dirauten bitartean, epaile edo beste agintaritza batek, ofizioz edo pertsona horren familia-kide batek edo kasua ezagutzen duen pertsona batek hala eskatuta, ikertuko du heriotzaren edo desagertzearen arrazoia. Inguruabarrek hori justifikatzen badute, ikerketa bat egingo da, eta ikerketa hori hasiko da heriotza edo desagertzea atxiloketa edo espetxealdia bukatu eta berehala gertatzen den modu berean . Ikerketa horren emaitzak edo kasuan kasuko txostena eskatzen duenaren esku egongo dira, horrek oztopatzen ez badu aribidean dagoen zigor-auziaren instrukzioa.

35. printzipioa

1. Funtzionario publiko batek eragiten dituen kalteak bere egite edo ez-egiteengatik eta horiek printzipio hauetan aurreikusitako eskubideen aurkakoak badira, ordaindu egin behar dira, erantzukizun arloan aplikagarri diren barneko zuzenbidearen arauekin bat etorriz.

2. Printzipio hauen ondorioetarako, erregistroetan jasota geratu behar den informazioa eskuragarri egongo da, barneko zuzenbidean aurreikusitako prozedurekin bat etorriz, printzipio honen arabera kalte-ordaina galdatzen denean erabiltzeko.

36. printzipioa

1. Delitu bat egiteagatik susmagarri edo akusatua izan den pertsona oro, errugabea dela uste izango da eta errugabe gisa tratatuko da bere erruduntasuna frogatzen ez den bitartean, zuzenbidearen arabera, epaiketa publiko batean; epaiketa horretan, halaber, bere defentsarako beharrezko berme guztiak izango ditu.

2. Instrukzioaren eta epaiketaren zain dagoen pertsona bat bakar-bakarrik ahal izango da atzitu edo atxilotu justizia-administrazioaren beharrizanek hala eskatzen dutenean, legeak zehaztutako arrazoiengatik eta legearen baldintzen eta prozeduren arabera. Debekatuta egongo da pertsona horri murrizketak ezartzea, horiek modu hertsian justifikatuta ez badaude atxiloketaren helburuei begira edo instrukzio-prozesua edo justizia-administrazioa oztopatzea saihesteari begira, edota atxiloketa-tokiko segurtasuna eta ordena zaintzeari begira.

37. printzipioa

Zigor arau-hauste batengatik atxilotua izan den pertsona oro, atxilotu eta gero, atzerapenik gabe, legeak zehaztutako epai edo agintaritza baten aurrera eramango da. Agintaritza horrek erabakiko du atzerapenik gabe atxiloketa zilegia eta beharrezkoa den. Inor ezin izango da atxilotuta eduki instrukzio edo epaiketaren zain, salbu eta agintaritza horrek halakoa idatziz agintzen duenean. Atxilotu guztiek, agintaritza horren aurrean agertzen direnean, eskubidea izango dute adierazpen bat egiteko atxiloketak dirauen bitartean jasotako tratuari buruz.

38. printzipioa

Zigor arau-hauste batengatik atxilotua izan den pertsonak eskubidea izango du epaitua izateko bidezko epe baten barruan edo aske geratzeko epaiketa baten zain.

39. printzipioa

Legeak ezarritako kasu bereziak salbu, zigor arau-hauste batengatik atxilotua izan den pertsona orok izango du eskubidea aske geratzeko epaiketa baten zain, zuzenbidearen arabera ezarritako baldintzen mende, salbu eta epaile edo agintaritza batek aurkakoa erabakitzen ez duenean justizia-administrazioaren intereserako. Agintaritza horrek arian-arian aztertuko du atxiloketaren beharra.

Klausula orokorra

Printzipio-multzo hauen xedapenak ez dira ulertuko halako esanahian, horrek mugatu edo indargabetu egiten dituela Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean zehaztutako eskubideak.