14/2013 Legea, ekintzaileei eta beren nazioartekotzeari laguntzekoa

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

14/2013 Legea, irailaren 27koa, ekintzaileei eta beren nazioartekotzeari laguntzekoa.

JUAN CARLOS I.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

Atariko titulua. Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Xedea.

2. artikulua. Aplikazio-esparrua.

3. artikulua. Ekintzaileak.

I. titulua. Ekimen ekintzailea laguntzea.

I. kapitulua. Ekintzailetzaren arloan heztea.

4. artikulua. Ekintzailetza lehen eta bigarren hezkuntzan.

5. artikulua. Ekintzailetza unibertsitateko irakaskuntzetan.

6. artikulua. Irakasleak ekintzailetzaren arloan prestatzea.

II. kapitulua. Erantzukizun mugatuko ekintzailea.

7. artikulua. Erantzukizun mugatuko ekintzailearen erantzukizunaren muga.

8. artikulua. Erantzukizuna mugatzearen eraginkortasuna.

9. artikulua. Erantzukizun mugatuko ekintzailearen merkataritza-publizitatea.

10. artikulua. Erantzukizun-mugaren publizitatea Jabetza Erregistroan.

11. artikulua. Banako ekintzailearen urteko kontuak.

III. kapitulua. Ondoz ondoko eraketako sozietate mugatua.

12. artikulua. Ondoz ondoko eraketako sozietate mugatua.

IV. kapitulua. Jarduera ekintzailearen hasiera.

13. artikulua. Ekintzaileari arreta emateko guneak.

14. artikulua. Erantzukizun mugatuko ekintzaileak inskribatzea.

15. artikulua. Erantzukizun mugatuko sozietateak eskritura publiko eta estatutu tipoen bidez eratzea.

16. artikulua. Erantzukizun mugatuko sozietateak estatutu tiporik gabe eratzea.

17. artikulua. Banako enpresaburuen eta sozietateen jardueraren hasierarekin eta aritzearekin lotutako izapideak egitea.

18. artikulua. Liburuak legeztatzea.

19. artikulua. Erregistroen antolaketa.

20. artikulua. Ekintzaileen jardueraren sektorizazio unibertsala.

V. kapitulua. Ordainketen judizioz kanpoko akordioa.

21. artikulua. Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legea aldatzea.

22. artikulua. Ekintzaileari arreta emateko guneen zerbitzuak, jarduera uztea dela eta.

II. titulua. Ekintzaileentzako zerga arloko eta Gizarte Segurantza arloko laguntzak.

23. artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide berezia.

24. artikulua. Kutxa-irizpidearen araberako Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorraren sortzapenaren araubide berezia.

25. artikulua. Etekinak inbertitzegatiko zerga-pizgarriak.

26. artikulua. Ikerketa eta garapeneko eta berrikuntza teknologikoko jardueretarako, aktibo ukiezin jakin batzuetatik datozen errentetarako eta desgaitasuna duten langileentzat lana sortzeko zerga-pizgarriak.

27. artikulua. Zerga-pizgarriak sortu berriko enpresetan edo enpresa berrietan eginiko inbertsioetarako eta etekinak inbertitzegatik.

28. artikulua. Jarduera-aniztasuneko kasuetan, lanaldi osoa edo ehuneko 50etik gorako lanaldi partziala dutenean, norbere konturako langileen edo autonomoen araubide berezian jasotako langileei aplikatu beharreko kotizazioa.

29. artikulua. Norbere konturako langileei aplika dakizkiekeen Gizarte Segurantzako murrizketak.

30. artikulua. Desgaitasuna duten pertsonak norbere konturako langile bihurtzen direnerako murrizketak eta hobariak, Gizarte Segurantzaren kuotetan.

III. titulua. Ekintzaileen finantzaketa laguntzea.

31. artikulua. Birfinantzatzeko akordioak.

32. artikulua. Balore-merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea aldatzea.

33. artikulua. Finantza Sistema Erreformatzeko Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legea aldatzea.

34. artikulua. Nazioartekotzeko zedulak eta bonuak.

35. artikulua. Elkarren bermerako sozietateen gutxieneko kapital soziala.

IV. titulua. Enpresa-proiektuen hazkunde eta garapenerako laguntza.

I. kapitulua. Administrazio-kargak sinplifikatzea.

36. artikulua. Negozio-giroa berrikustea erregulazio-hobekuntzen bitartez. Adierazleak eta jardunbide egokiak trukatzea.

37. artikulua. Administrazio-kargak sinplifikatzea.

38. artikulua. Estatistikako kargak murriztea.

39. artikulua. Laneko arriskuen prebentzioa ETEetan.

40. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren bisita-liburu elektronikoa.

41. artikulua. Ahalordetze elektronikoak.

II. kapitulua. Ekintzaileekin kontratazio publikoa bultzatzeko neurriak.

42. artikulua. Enpresaburu-batasunak.

43. artikulua. Sailkapen-eskakizunerako gutxieneko mugak igotzea.

44. artikulua. Kontratazio publikorako bermeak.

45. artikulua. Kontratazio publikoko prozeduretan aurretiko kontratisten aldeko diskriminazioa debekatzea.

46. artikulua. Bermeak itzultzeko edo ezeztatzeko epea murriztea ETEentzat.

47. artikulua. Kontratistak kontratua indargabetu ahal izateko ordainketaren berandutza-epea murriztea.

III. kapitulua. Ekonomia- eta finantza-informaziorako beharrak sinplifikatzea.

48. artikulua. Enpresa jakin batzuen kontabilitatea.

49. artikulua. Urteko kontu laburtuak aurkeztea.

V. titulua. Espainiako ekonomia nazioartekotzea.

1. atala. Nazioartekotzea sustatzea.

1. kapitulua. Nazioartekotzea sustatzeko estrategia.

50. artikulua. Espainiako ekonomia nazioartekotzea sustatzea.

51. artikulua. Espainiako Ekonomia Nazioartekotzeko Plan Estrategikoa.

II. kapitulua. Merkataritzako eta enpresa laguntzeko tresnak eta erakundeak.

52. artikulua. Merkataritzako eta enpresa laguntzeko tresnak eta erakundeak.

53. artikulua. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Kanpo eta Lurralde Sarea.

54. artikulua. ICEX Espainia Esportazioa eta Inbertsioak.

III. kapitulua. Finantza-laguntzarako tresnak eta erakundeak.

55. artikulua. Enpresa nazioartekotzeko finantza-laguntza ofizialeko Espainiako sistema.

56. artikulua. Zerga, Administrazio eta Gizarte alorreko neurriei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legea aldatzea, Kanpo Inbertsioetarako Funtsa (FIEX) egokitzeko.

57. artikulua. Espainiako enpresa nazioartekotzeko finantza-laguntza sistema eraberritzeari buruzko ekainaren 28ko 11/2010 Legea aldatzea, Enpresa Nazioartekotzeko Funtsa (FIEM) egokitzeko.

58. artikulua. Interesen Elkarrekiko Doikuntzako Hitzarmena (CARI).

IV. kapitulua. Nazioartekotzea laguntzeko beste tresna eta erakunde batzuk.

59. artikulua. Espainiak nazioarteko finantza-erakundeetan parte hartzea.

60. artikulua. Europar Batasunaren kanpo-laguntzarako tresnen kudeaketa.

2. atala. Nazioarteko mugikortasuna.

I. kapitulua. Sarrera eta egonaldia erraztea.

61. artikulua. Espainian sartzea eta egotea, interes ekonomikoko arrazoiengatik.

62. artikulua. Egonaldi edo egoitzarako baldintza orokorrak.

II. kapitulua. Inbertitzaileak.

63. artikulua. Inbertitzaileentzako egoitza-bisa.

64. artikulua. Inbertsioa egiaztatzeko modua.

65. artikulua. Inbertitzaileentzako egoitza-bisaren eraginak.

66. artikulua. Inbertitzaileentzako egoitza-baimena.

67. artikulua. Inbertitzaileentzako egoitza-baimenaren iraupena.

III. kapitulua. Ekintzaileak eta enpresa-jarduera.

68. artikulua. Sarrera eta egonaldia enpresa-jarduera hasteko.

69. artikulua. Ekintzaileentzako egoitza.

70. artikulua. Ekintzailetza- eta enpresa-jardueraren definizioa.

IV. kapitulua. Kualifikazio handiko profesionalak.

71. artikulua. Kualifikazio handiko profesionalak.

72. artikulua. Prestakuntza, ikerketa, garapena eta berrikuntza.

V. kapitulua. Enpresa barruko lekualdaketa.

73. artikulua. Enpresa barruko lekualdaketagatiko egoitza-baimena.

74. artikulua. Profesional taldeen enpresa barruko lekualdaketak.

VI. kapitulua. Baimenak emateko prozeduraren arau orokorrak.

75. artikulua. Egonaldi- eta egoitza-bisak.

76. artikulua. Baimentze-prozedura.

Lehenengo xedapen gehigarria. Erantzukizun mugatuko ekintzailearen zuzenbide publikoko zorrak.

Bigarren xedapen gehigarria. Ekintzaileari arreta emateko guneetan leihatila bakarrak integratzea.

Hirugarren xedapen gehigarria. Beste sistema elektroniko batzuekin elkarlanean aritzea sozietateak eratzeko.

Laugarren xedapen gehigarria. Baimen bakarra.

Bosgarren xedapen gehigarria. Sektore estrategikoak.

Seigarren xedapen gehigarria. Espainian bizitzea, aldi batzuez lurralde horretatik kanpo egonik.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Eskakizunak mantentzea.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Kostu ekonomikoa.

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Minienpresa edo ikasleen enpresa.

Hamargarren xedapen gehigarria. Erregistroko eta notariotzako zergak.

Hamaikagarren xedapen gehigarria. FONPRODE funtsaren konturako ekarpenak eta garapenerako nazioarteko lankidetza-programak gauzatzeko beste batzuk.

Hamabigarren xedapen gehigarria. Egokitzea COFIDESeko Gizarte Estatutuetan.

Hamahirugarren xedapen gehigarria. Jabetza, Merkataritza eta Ondasun Higigarrien Erregistroak elektronikoki eramatea.

Hamalaugarren xedapen gehigarria. Enpresa txikiei eta ertainei aplikatu beharreko kapital-eskakizunak.

Hamabosgarren xedapen gehigarria. Erreferentziako interes-indizeak edo -tasak desagertzeko araubide iragankorra.

Hamaseigarren xedapen gehigarria. Irabazi-asmorik gabeko kirol-klub eta -erakundeetan garatutako jarduera.

Xedapen iragankor bakarra. Araubide iragankorra konkurtso arloan.

Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea.

Azken xedapenetako lehenengoa. Tabako-merkatua eta zerga-araudia antolatzeari buruzko maiatzaren 4ko 13/1998 Legea aldatzea.

Azken xedapenetako bigarrena. Aseguru pribatuak ordenatzeari eta gainbegiratzeari buruzko erregelamendua, azaroaren 20ko 2486/1998 Errege Dekretuaren bidez onartua, aldatzea.

Azken xedapenetako hirugarrena. Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorra aldatzea.

Azken xedapenetako laugarrena. Pentsio-planen eta -funtsen erregelamendua, otsailaren 20ko 304/2004 Errege Dekretuaren bidez onartua, aldatzea.

Azken xedapenetako bosgarrena. Langile Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legea aldatzea.

Azken xedapenetako seigarrena. Kapital Sozietateen Legearen testu bategina, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua, aldatzea.

Azken xedapenetako zazpigarrena. Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legea aldatzea.

Azken xedapenetako zortzigarrena. Ekintzaileari laguntzeko, hazkundea sustatzeko eta enplegua sortzeko neurriei buruzko uztailaren 26ko 11/2013 Legea aldatzea.

Azken xedapenetako bederatzigarrena. Eskumen-titulua.

Azken xedapenetako hamargarrena. Arauak onartzeko gaikuntza.

Azken xedapenetako hamaikagarrena. Jarraipena eta ebaluazioa.

Azken xedapenetako hamabigarrena. Erregelamenduzko xedapenak aldatzea.

Azken xedapenetako hamahirugarrena. Indarrean sartzea.

HITZAURREA

I

Espainia krisi ekonomiko larri eta luzea pairatzen ari da, eta ondorio itzelak ditu gizartean. 2008 eta 2012 bitartean, ia 1,9 milioi enpresa suntsitu dira Espainian –haietako ehuneko 99,5ek baino gehiagok 20 soldatapeko baino gutxiago zituztela–, eta 1,7 milioi enpresa sortu, Espainiako langabezia-egoera larria gorabehera.

Enpresaburu gazteak baino ez baditugu kontuan hartzen, Espainiako egoerak itxura bereziki dramatikoa hartzen du krisialdian; hala, erregistraturiko 15-39 urte arteko enpresaburuen kopurua ehuneko 30 baino gehiago murriztu da 2007tik 2012ra bitartean.

Egoera horrek berez justifikatzen du ekonomia hazteko eta suspertzeko erreformei ekiteko beharra. Erreformek jarduera modu koiuntural batez bultzatzeko xedea izan behar dute, baina, horretaz gain, Espainiako enpresa-inguruaren egiturazko arazoei ere heldu behar diete, enpresa-ehuna modu iraunkorrean indartzeko.

Horregatik, ezinbestekoa da gure enpresa-ehunaren ezaugarriei buruzko azterketa bat egitea, haren arazo nagusiak identifikatu ahal izan ditzagun.

Hasteko eta behin, Espainiako ekonomiaren eta gizartearen arazo larrietako bat gazteen langabezia-tasa handia da; izan ere, EB-27ko batez bestekoa bikoizten du, 25 urtetik beherako gazteen artean.

Horren oinarrian, batetik, gure lan-harremanen ereduko hutsune batzuk daude, eta, bestetik, gazteenen ekimen ekintzaile handiagorik eza; izan ere, besteren konturako lanari dagokionez aukera gutxi egotean, autoenplegu-maila handiagoak ekarriko zituen egoerak, eta azken horiek, aldi berean, enplegu gehiago sortzeko gauza izango ziren.

Egoera hori iraultzeko, mentalitate-aldaketa bat behar da, gizarteak balio handiagoa eman diezaien jarduera ekintzaileari eta arriskuak norberaren gain hartzeari. Aldaketa hori gertatzeko giltzarria, zalantzarik gabe, hezkuntza-sistema da.

Bigarrenik, enpresa-jardueren inguruan dauden arau eta erakundeak biziki garrantzitsuak dira produktibitate-irabaziak bultzatzeko eta egun esparru juridikoa betetzera bideratzen diren baliabideak aurrezteko.

Azken urteotan eginiko erreformek hobetu egin dute negozioak egiteko erraztasunari buruzko nazioarteko adierazle nagusien barruan Espainiak duen kokapena. Nolanahi ere, Espainiak arlo horretan duen posizioa oraindik ere ez da nahikoa, alderdi askotan.

Izan ere, esparru juridiko konplexua bete beharra dago jarduera ekonomikoei ekin ahal izateko; merkataritzako, sektoreko eta tokiko araudiak osatzen dute esparru hori, eta Europako araudian zein Estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko lege eta erregelamenduetan sakabanatuta dago.

Indarrean dagoen esparru juridikoa betetzeko, sarritan, aholkularitza-zerbitzuak kontratatu behar izaten dira, eta, horrez gain, giza baliabideak zuzendu behar dira xede horretara; hori guztia bereziki gogaikarria izaten da neurri txikiko enpresentzat. Gainera, operadoreentzako baimen-araubideek eta nahitaez bete beharreko baldintzak, askotan, merkatu jakin batzuetan sartzea eragozten duten hesiak dira.

Beste alde batetik, hobetu egin behar da erakundeek ekintzailetza laguntzeko abiarazitako politiken eraginkortasuna; besteak beste, honako politika hauek sartzen dira horien barruan: kultura ekintzailearen laguntza-, informazio-, aholku- eta sustapen-zerbitzuak eskaintzen dituzten ekimen publiko guztiak, bai eta, lankidetza-eskemen bidez edota laguntzak edo finantzaketa emanez, zerbitzu horiek arlo pribatuan ematea bultzatzen dutenak ere.

Hirugarrenik, enpresek aurre egin behar dioten egiturazko arazorik handienetako bat finantzaketa lortzeko zailtasuna da; horrenbestez, funtsezkoa da finantzaketa-kanalak bultzatzea, hala bankukoak nola bankuz kanpokoak, kredituaren murrizketak enpresen gainean dituen ondorioak nolabait leuntzen laguntzeko.

Laugarrenik, bada ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren ingurunea hobetzerik, bai eta informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera handitzerik ere; azken horiek funtsezkoak dira herrialde baten hazkunde eta lehiakortasunerako. Sektore pribatuak Espainian ikerketaren eta garapenaren arloetan egiten duen ahalegina txikiagoa da inguruko herrialdeetakoa baino, eta, aurrekontu-murrizketak ditugun egoera honetan, funtsezkoa da esparru egoki bat sortzea, arlo horretan inbertsio pribatua laguntzeko.

Bosgarrenik, nazioarteko merkatuak hazkunderako funtsezko iturri dira; bereziki, merkatuak gero eta integratuago dauden globalizazio-testuinguru honetan.

Krisi ekonomikoak agerian jarri du nazioartekoturiko enpresak portaera hobea izaten ari direla, eta, horrenbestez, nazioartekotzea faktore garrantzitsua dela hazkundeari eta arriskua dibertsifikatzeari begira. Nazioartekoturiko enpresek irabazkinak izaten dituzte produktibitatean, hobekuntzak egiten dituzte kudeaketan, finantzaketa lortzeko gaitasun handiagoa izaten dute, eta, azken batean, hazteko eta enplegua sortzeko aukera ugarien dauzkate. Nazioartekotzea, inoiz baino gehiago, Espainiako ekonomiaren epe luzeko hazkunde ekonomikoaren funtsezko motortzat hartzen da egun, lehiakortasunarekin eta produktibitate-hazkundearekin lotuta baitago.

Nazioarteko fluxuak, gainera, gure Administrazioak azken urteotan egin dituen egokitzapenak baino askoz ere abiadura handiagoan ari dira aldatzen. Enpresek politika eta praktika espezifikoak garatu behar dituzte beste herrialde batzuetan heda daitezen laguntzeko, eta Espainiako Administrazioak egokitu egin behar ditu bere prozesuak, mugimendu horiek eskala globalean bultzatzeko. Ildo horretatik, enpresen nazioartekotzea kudeatzeko beharrezko gaitasunak dituzten profesionalen eta zuzendarien kopurua, Espainian, txikiegia da zenbaitetan; horrenbestez, arlo oso berezietako profesional atzerritarrak ekarri behar izaten dira espainiarrak trebatzera, edota haiek beraiek Espainian trebatzera etorri.

Tradizionalki, immigrazio-politika lan-merkatuaren egoerara baino ez da bideratu; orain, aldiz, zabaldu egin behar dugu ikuspegi hori: barneko lan-merkatuaren egoera zehatza ez ezik, herrialdearen hazkunde ekonomikoari egiten zaion ekarpena ere hartu behar da kontuan. Immigrazio-politika lehiakortasun-elementu bat da; gero eta neurri handiagoan. Gure inguruko herrialdeetan, ohikoa da profesional kualifikatuak onartzea, eta joera horrek, mundu osoan, nazioarteko emigrazio ekonomikoaren ehuneko 30 hartzen duela zenbatesten da.

Errealitate horren aurrean, ELGAko herrialde gehienak arau-esparru berriak ezartzen ari dira, eta araudi horiek, zalantzarik gabe, lehiakortasun-elementu dira. ELGAk zehaztu duenez, harrera egiten duen Estatuko erakundeak eta araudiak ekintzailetza laguntzeko oinarrizko faktoreak dira. Horregatik, herrialde aurreratuenek inbertsioa eta talentua erakartzeko berariaz diseinaturiko sistemak dituzte jada; sistema horiek prozedura arinak eta bide espezializatuak dituzte ezaugarri.

II

Atariko tituluak («Xedapen orokorrak») ekintzailearen xedea, aplikazio-esparrua eta definizioa ezartzen ditu. Ekintzailearen kontzeptua, modu zabal batean, honela definitzen da: ekoizpeneko jarduera ekonomiko bat garatuko duen edo garatzen ari den pertsona, fisikoa zein juridikoa izan. Hala, legean jasotako neurriak enpresa guztientzat onuragarri izatea da helburua, edozein direla ere enpresa horien neurria eta zikloko fasea. Hala eta guztiz ere, legearen xedapen batzuek ekintzaile zehatz batzuentzat mugatuko dute neurri zenbaiten esparrua; bereziki, haien tamaina edo dauden fasea aintzat hartuta.

I. tituluak («Ekimen ekintzailea laguntzea») hainbat esparrutarako neurriak jasotzen ditu, kultura ekintzailea sustatzeko eta enpresa-jarduerak has daitezen errazteko.

I. kapituluan («Ekintzailetzaren arloan heztea»), hainbat neurri jaso dira, gazteek, hezkuntza-sistemaren bidez, ekiteko behar diren gaitasunak eta trebetasunak eskura ditzaten.

Hainbat hezkuntza-alditan, espresuki sartu da ekintzailearen eta enpresa-kulturaren ideia Espainiaren garapen ekonomiko eta sozialerako ezinbesteko elementu gisa; halere, elementu hori nabarmendu eta zabaldu egin behar da, eta helburu espezifiko gisa txertatu behar da oinarrizko hezkuntzako etapa guztietan, bai eta Lanbide Heziketan eta batxilergoan ere. Ondorioz, hezkuntza arautuko curriculumak berrikusteko eta helburu berri horietara egokitzeko agintzen zaie hezkuntza-administrazioei.

Ekintzailetzaren kultura sustatzeko, ezinbestekoa da unibertsitateko irakaskuntzei arreta berezia eskaintzea; horrela bada, unibertsitateek informazio- eta aholku-lanak egin behar dituzte, ikasleek ekintzailetzaren hastapenak ikas ditzaten.

Hezkuntza-sistemaren bitartez ekintzailetzaren kultura sustatzeko, funtsezkoa da irakasleek helburu hori eraginkortasunez betetzeko behar diren gaitasunak eta trebetasunak izatea; horretarako, irakasleen hasierako prestakuntzari zein etengabeko prestakuntzari lotutako hainbat neurri ezarriko dira, betiere autonomia-erkidegoekin elkarlanean.

Halaber, lege honek hezkuntza-esparruan ezartzen dituen neurriak Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoan zehaztutakoekin osatu behar dira; azken horrek espiritu ekintzailea sustatu nahi du, hezkuntza-ibilbide egokienak hautatzeko aukera emanez eta ikasle guztiek talentuak hartzeko eta adierazteko baldintzak sortuz.

II. kapituluan («Erantzukizun mugatuko ekintzailea»), erantzukizun mugatuko ekintzailearen figura berria sortzen da; horri esker, enpresa-zorren ondoriozko erantzukizunak ohiko etxebizitzan eragitea saihestu ahal izango dute pertsona fisikoek, baldintza jakin batzuetan.

Enpresaburuak erantzukizun mugatuko ekintzaile bihurtzeko askatasuna du, baina, hori eginez gero, esparru juridiko berrian ezarritako betebeharrak bete beharko ditu.

Figura hori sortzearekin batera, dagozkion bermeak ere ezartzen dira, hala hartzekodunei, nola merkataritza-trafikoko segurtasun juridikoari begira. Horrela bada, erantzukizuna mugatu ahal izateko, Merkataritza Erregistroan eta Jabetza Erregistroan inskribatu beharko dira.

Lege honen lehen xedapen gehigarriaren arabera, zuzenbide publikoko zorrak erantzukizun-muga horretatik kanpo gelditzen dira. Zor horiek kitatzeko prozedurak haien araudi berezian ezarritakoak izango dira, eta aipaturiko lehen xedapen gehigarrian jasotako berezitasunak izango dituzte.

III. kapituluak («Ondoz ondoko eraketako sozietate mugatua») sozietate mota berri bat sortzea aurreikusten du, ondoz ondoko eraketako sozietate mugatua alegia, gutxieneko kapitalik gabe; horren araubidea erantzukizun mugatuko sozietateek dutena bera izango da, hirugarrenak egoki babesteko betebehar bereziak salbuetsita. Figura hori gure inguruko beste herrialde batzuetan (Alemania, Belgika) eginiko erreformetan oinarritzen da, eta sozietate bat eratzeko hasierako kostua merkatzea du helburu. Hirugarrenak egoki babestuta daudela bermatzeko, araubide berezi bat ezarriko da sozietateen azpimota horrentzat, harik eta sozietateak bere borondatez erantzukizun mugatuko sozietate bat eratzeko gutxieneko kapital soziala lortzen duen arte.

Sozietate horiek hainbat muga eta betebehar izango dituzte berezko baliabideak sendotzeko, bai eta enpresa horiek autofinantzaketaren bidez haztea bultzatzeko ere (enpresa-jardueraren emaitzen inbertsioa). Zehazki, gogortu egiten da legezko zuzkidura-erreserbako betebeharra (mozkinaren ehuneko hogeiko zuzkidura egin beharko da beti), eta debekatu egiten da dibidenduak banatzea, harik eta ondare garbia erantzukizun mugatuko sozietateentzat eskatutako gutxieneko kapitalera iristen den arte. Horretaz gain, mugatu egiten da bazkideen eta administratzaileen urteko ordainsaria, ezin izango baitu ondare garbiaren mozkinaren ehuneko hogei gainditu. Halaber, likidazioa gertatuz gero, ondoz ondoko eraketako sozietate mugatuen bazkideak eta administratzaileak erantzukizun mugatuko sozietateentzat behar den gutxieneko kapitala ordaintzearen erantzule solidario izango dira, betiere ondarea ez bada nahikoa obligazioak ordaintzeko.

IV. kapituluak («Jarduera ekintzailearen hasiera») hainbat neurri ezartzen ditu ekintzaileen jarduera hasteko prozesua bizkortzeko.

Batetik, ekintzaileari arreta emateko guneak sortzen dira; leihatila bakar elektronikoak edo zuzenekoak izango dira, eta, haien bitartez, enpresa-jarduera hasteko, gauzatzeko eta uzteko izapide guztiak egin ahal izango dira. Industria, Energia eta Turismo Ministerioan, ekintzaileari arreta emateko gune bat gutxienez egongo da, eta lege honetan xedatutako zerbitzu guztiak emango ditu. Estatuan jarduera hasten laguntzeko dauden leihatila guztiak bat egitearen ondorioz sortu da gune hori. Bestetik, sistema telematikoen bitartez, erantzukizun mugatuko enpresaburu edota sozietate gisa eratzeko aukera izango dute ekintzaileek, modu azkar batez.

V. kapituluak («Ordainketen judizioz kanpoko akordioa») enpresaburuen (pertsona fisikoen zein juridikoen) zorrak judizioz kanpo negoziatzeko mekanismo bat aurreikusten du, inguruko herrialdeetan daudenen antzekoa. Egungo egoera ekonomikoan, aldaketak bultzatu behar dira enpresa-kulturan zein araudian, porrotak eragindako txirotzea eta frustrazioa ez daitezen enpresaburuarentzat beste proiektu bati ekiteko oztopo izan, eta ikasteko zein aurrera egiteko bitarteko bat izan dadin.

Zuzenbide konparatuko azterlan guztiek aholkatzen dutenarekin bat eginez, prozedura oso malgua da, eta, judizioz kanpo, epe labur-laburretan gauzatzen da, eskarmentu eta trebakuntza egokiak dituztelako ezin egokiagoak diren funtzionarioen aurrean (merkataritza-erregistratzailearen edo notarioaren aurrean, hain zuzen ere); hala ere, birfinantzatzeko akordioekin gertatzen den moduan, adostasuna bultzatuko duen profesional egoki eta independente bat izendatzera mugatuko dira, bai eta konponbide horrekin bilatzen diren xedeak behar bezala gauzatzeko behar diren argitaratze- eta publizitate-baldintzak betetzen direla bermatzera ere.

Aski xumea den prozedura baten izapideak bultzatzeaz arduratu behar da negoziatzailea; horretan, gutxienez zordun komunaren hartzekodun guztiei egin behar zaie dei, eta azken horiek bileran parte hartzea sustatu beharra dago. Bileran, negoziatzaileak aurreratutako proposamen batean oinarrituz, ordainketa-plana eztabaidatuko dute, edota zorrak ordaintzearren ondasunak lagatzeko balizko akordioa. Legea, bestalde, eskuzabala da zorrak negoziatzeko aukerak onartzeko garaian; izan ere, kredituen ehuneko hogeita bost arte kitatzeko eta hiru urte arte itxarotea hitzartzeko aukera ematen du.

Prozedurak porrot egingo du akordiorik lortzen ez bada edo negoziatzaileak berau ez dutela betetzen egiaztatzen badu. Horrelakoetan, konkurtsora bitarteko zubia bat izango da prozedura, berezitasun egoki batzuekin.

Erreformaren bidez, erregulazio nahikoa egiten da, halaber, hondar-zorretatik libratzearen gainean, zordunaren ondare-likidazioaren kasuetarako; baldin eta, zuzeneko edo jarraituko konkurtsoa deklaratuta, zorduna ez badute kaudimenaren erruduntzat jo, eta betiere pasiboaren gutxieneko kopuru bat ordainduta gelditzen bada.

II. tituluan («Ekintzaileentzako zerga arloko eta Gizarte Segurantza arloko laguntzak»), ekintzaileei laguntzeko zerga eta Gizarte Segurantza arloko hainbat neurri jasotzen dira.

Balio erantsiaren gaineko zergaren arloan, kutxa-irizpideko araubide berezi bat sortzen da, enpresek kreditua lortzeko eta likidezia arloan dituzten arazoak konpontzeko.

Araubide berezi hori hartzeko aukera Kontseiluaren 2006ko azaroaren 28ko 2006/112/EE Zuzentarauaren 167 bis artikuluan dago jasota (balio erantsiaren gaineko zergaren sistema komunari buruzkoa da zuzentaraua). Manu hori 2013ko urtarrilaren 1az geroztik da aplikatzekoa.

Europako Erkidegoko erregulazio berriak 2.000.000 eurotik gorako eragiketa-bolumenik ez duten subjektu pasiboentzat hautazko araubide bat ezartzera behartzen ditu estatu kideak; horri kutxa bikoitzeko irizpidea esaten zaio, eta, haren bidez, zergaren subjektu pasiboek merkataritzako eragiketa gehienetan jasanarazitako BEZaren sortzapena eta, ondorioz, hura aitortzea eta ordaintzea atzeratzen dituen sistema bat aukera dezakete, bezeroei zati batez edo osorik kobrantza egin arte; eragiketa horiek izan diren urtearen osteko abenduaren 31 izango da horretarako muga-eguna.

Edonola ere, merkataritzako betebeharrak betetzean atzerapenak sor ez daitezen, Europako Erkidegoko araudiak xedatzen du subjektu pasiboei ere atzeratu egingo zaiela erosketetan jasanarazitako BEZaren kenkaria, harik eta horiek hornitzaileei ordaintzen dizkieten arte; eragiketak egin dituzten urtearen osteko abenduaren 31 izango da horretarako muga-eguna, kasu horretan ere.

Subjektu pasiboarentzako hautazko araubide berezi berria eragiketa guztietan aplikatuko da, oro har, baina badira hainbat salbuespen; hala nola Erkidegoaren barruko eragiketak eta zergaren beste araubide berezi batzuen mende daudenak.

Azkenik, jasanarazitako kuotak sortzea eta jasandako kuotak kentzea ere aurreikusten da araubide berezia aplikatu zaien eragiketen gainean, baldin eta, hartzekodun-konkurtsoan egonik edo kreditu kobraezinengatik zerga-egitatea aldatu beharra dutenean, artean sortzeko edo kentzeko badaude.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, lehenik eta behin, enpresa-kapitalizazioa eta jarduera ekonomikoei lotutako ibilgetu materialaren edo higiezinetako inbertsioen aktibo berrietan inbertitzea sustatzeko, beste kenkari bat ezartzen da neurri txikiko enpresatzat hartutako erakundeentzat, mozkinak inbertitzeagatik, merkataritza-erreserba erabilezin bat sortzearekin lotuta. Neurri horrek zergapetze murriztuagoa ekarriko die inbertsiora bideratzen diren enpresa-mozkinei, banatu beharrekoen aldean; izan ere, lehenek, oro har, ehuneko hamabosteko karga-tasa bat izango dute.

Halaber, ikertzeko eta garatzeko jarduerekin lotutako zerga-pizgarrien aplikazio praktikoa hobetzeko beharra kontuan harturik, horiek aplikatzeko aukera ezartzen da, baina kenkari horrek ez du mugarik izango sozietateen gaineko zergaren kuota osoan, eta, hala badagokio, horien ordainketa egingo da, urtean 3 milioi euroko baterako gehieneko mugarekin, betiere kenkarirako hasieran aurreikusitako zenbatekoari deskontu-tasa bat aplikatuta. Aukera horretaz baliatzeko, etengabe eutsi behar zaie ikertzeko eta garatzeko jarduera horiei, bai eta enpresaren plantilla-mailari ere, gure herrialdean era horretako jardueren benetako aitzindariak diren erakundeentzat erabilgarri egon dadin.

Halaber, aldatu egiten da aktibo ukiezin jakin batzuetatik datozen errentei aplikatu beharreko zerga-araubidea, gure inguruko herrialdeetan dagoenarekin parekatzeko. Horrela bada, pizgarria lagatako aktibotik eratorritako errenta garbiari ezartzea da asmoa, eta ez horren ondoriozko diru-sarrerei, arauak nahi ez dituen balizko zergagabetzeak saihesteko. Bestalde, zerga-araubidearen aplikazioa zabaldu egiten da, eta erakunde lagatzailean modu esanguratsuan sortzen diren aktiboak eta aktibo ukiezinen transmisioak ere besarkatzen ditu. Azkenik, pizgarri hori aplikatzeko orduan segurtasun juridikoa egon dadin, aktiboak zerga-araubide honen ondorioetarako baliozkotzat jotzeko aldez aurretiko akordioak eskatu ahal izango zaizkio zerga-administrazioari, bai eta haiek lagatzearekin lotutako gastuen eta sarreren balorazioari buruzkoak ere, edota dagozkion sarrera eta gastuen balorazioari buruzkoak bakarrik.

Enpresa berriek edo sortu berriek funts propioak erakar ditzaten laguntzeko, zerga-pizgarri berri bat ezartzen da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, kapital finantzarioa ekartzeaz gain inbertitzen duten sozietatea garatzeko egokia den enpresa- edo lanbide-jakintza ere ekartzen duten zergadunen aldetik (hurbileko inbertitzailea edo business angel) edo kapitala baino ekarri nahi ez duten zergadunen aldetik (hazi-kapitala).

Enpresa berrian edo sortu berrian eginiko inbertsioa dela, PFEZaren estatu-kuotan kenkari baterako eskubidea egongo da. Hiru eta hamabi urte arteko epean egin beharko den ondorengo desinbertsioan, salbuetsita egongo da lortzen den ondarezko irabazia, horrelakorik badago, betiere beste erakunde berri edo sortu berri batean berriro inbertitzen bada.

Aurrekoaren ondorioz, ezabatu egiten da uztailaren 1eko 8/2011 Errege Lege Dekretuak enpresa berrientzat edo sortu berrientzat ezarritako zerga-araubidea –arau hori hipoteka-zordunei laguntzeko neurriei buruzkoa da, gastu publikoa kontrolatzeari buruzkoa, tokiko erakundeek enpresekin eta autonomoekin hartutako zorrak kitatzeari buruzkoa, enpresa-jarduera sustatzeari eta birgaitzea bultzatzeari buruzkoa, eta sinplifikazio administratiboari buruzkoa–; hala ere, segurtasun juridikoaren printzipioaren izanean, araubide iragankor bat ezarriko da aldez aurretik egindako inbertsioentzat.

Halaber, beharrezko diren aldaketak sartzen dira, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ordaintzaileei mozkinak inbertitzeagatiko kenkari berri bat aplikatzeko.

Azkenik, Gizarte Segurantzako kuotak murriztu egiten dira, eta jarduera-aniztasuna sustatzen da, Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta berriak estimulatuz, Erregimen Orokorrean kotizatzen duten eta ordezko jarduera ekonomiko bat egiten dutenean beste Erregimen batean lanaldi osoan kotizatu behar duten langileak gehiegi ez zigortzearren. Horrek erraztu egingo luke aitortu gabeko jardueren gaineko kontrola, horrelakoak aitortzen dituzten autonomoentzat bidegabeko lehia larria baitira.

III. tituluak («Ekintzaileen finantzaketa laguntzea») ekintzaileen finantzaketa laguntzeko neurriak jasotzen ditu.

Konkurtso Legea berriro finantzatzeko akordioen aurrekonkurtso arloan aldatuko da, asmo bikoitzarekin: lehenik, adituak izendatzeko erregistro-prozedura modu osoago eta, aldi berean, malguago batean arautzeko, erregistratzaileari haiek izendatzeko eskatu eta prozedura jarraitu ahal izateko, akordioa bukatuta edo bideragarritasun-plana itxita egon beharrik gabe; bigarrenik, akordioa izenpetzen duen pasiboaren gehiengoaren zenbaketaren arau malgu eta argiago bat jasotzeko (hori legezko gutxieneko eskakizuna da haren hautazko homologazio judizialerako).

Horretaz gain, aurrekontu-oreka bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuak finantza-tresna berri bat erantsi zuen, kreditu-erakundeek eman beharrekoa: «nazioartekotzeko zedulak». Erakundeak emandako maileguengatiko aktibo bermatu bat da, eta enpresak nazioartekotzera zuzenduta dago.

Orain egindako aldaketen bidez, bi helburu bete nahi ditugu. Batetik, nazioartekotzeko zedulen erregulazio-esparrua hobetzea, estaldura gisa balio duten aktiboei argitasun handiagoa emanda. Bestetik, tresna berri bat sortzea, «nazioartekotzeko bonuak» hain zuzen ere, nazioartekotzearekin lotutako maileguak estalduratzat dituzten tituluen jaulkipenari malgutasun handiagoa ematearren.

IV. titulua («Enpresa-proiektuen hazkunde eta garapenerako laguntza») enpresen hazkundea sustatzeko neurriei buruzkoa da.

I. kapituluak («Administrazio-kargak sinplifikatzea») administrazio-kargak murrizteko hainbat neurri aurreikusten ditu. Lehenik eta behin, negozio-giroa berrikusiko da, jarduera ekonomikoen erregulazioa hobetuz. Bigarrenik, ekintzaileek aurre egin behar dieten administrazio-kargak murrizteko, hauxe xedatzen da: herri-administrazioek gutxienez karga bat ezeztatu beharko dute sartzen duten karga bakoitzeko, eta beti kostu baliokidekoak izango dituzte horiek.

Hirugarrenik, enpresaburuek, berrogeita hamar langile baino gutxiago badituzte, jardueraren lehen urtean gehienez Espainiako Estatistikako Erakundearen inkesta bat erantzun beharko dutela bermatzen da. Halaber, Estatistikako Funtzio Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legearekin bat etorriz, enpresa-ibilbidea hasten ari direnean ekintzaileei etengabeko kontsultak egitea ahal den neurrian saihestuta, herri-administrazioen administrazio-iturrietan jasota dauden datuak eskuragarri izango dituzte estatistikako Espainiako zerbitzuek estatu-xedeetarako estatistikak egiteko.

Laugarrenik, ETEek lan-arriskuen prebentzioa zuzenean beren gain har ditzaketen kasuak zabalduko dira, lantoki bakar bat eta gehienez hogeita bost langile dituzten enpresaburuen kasuetan.

Bosgarrenik, enpresek lantoki bakoitzean Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako funtzionarioen esku bisita-liburu bat eduki beharra ezabatuko da. Horren ordez, Laneko Ikuskatzailetza arduratuko da informazio hori edukitzeaz Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Agintaritza Nagusiak garatzen duen liburu elektronikoaren bidez.

Ekintzaileek kontratazio publikora jotzeko dituzten oztopoak ezabatzeko neurriak jasotzen ditu II. kapituluak («Ekintzaileekin kontratazio publikoa bultzatzeko neurriak»), era horretan enpresak hedatzeko eta sendotzeko egiazko palanka gisa jardun dezan.

Lehenik, enpresaburuek Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Estatuko Erregistro Ofizialean alta emateko aukera aurreikusten da jarduera berean aritzen diren ekintzaile txikiak harremanetan jartzeko. Neurri horiek enpresaburuen batasunen sorrera sustatzea dute helburutzat, taldean kontratazio-agirietan eskatutako baldintzak lor ditzaten.

Bigarrenik, obren eta zerbitzuen kontratuetan sailkapena eskatzeko mugak handituko dira; izan ere, oztopoa izaten da enpresa askorentzat, bereziki txikienentzat edo sortu berrientzat, ez baitute lortzen dagokion sailkapena lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzea.

Zehazki, obra-kontratuetan 150.000 euroan igoko da muga, 350.000 eurotik 500.000 eurora, eta 80.000 euroan zerbitzu-kontratuetarako muga, 120.000 eurotik 200.000 eurora.

Hirugarrenik, obra-kontratuetan bermea prezioko atxikipenaren bidez aurkeztu ahal izatea aurreikusten da, eta bermeak itzultzeko epeak murrizten dira; hala, 12 hilabetetik sei hilabetera igaroko dira enpresa esleipenduna enpresa txiki eta ertain bat izanez gero.

Laugarrenik, kontratazio publikoko prozeduretan aldez aurretiko kontratisten alde bereizteko debekua jaso da Legean, eta abantaila horiek ematen dituzten egintzak eta xedapenak erabat baliogabeak izango dira.

Enpresek administrazio-kontratazioko prozeduretan jasan behar dituzten administrazio-kargak murrizteko, orobat, xedatzen da lizitatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dutela administrazioarekin kontratatzeko legez ezarritako baldintzak betetzen dituztela adierazita. Hala, esleitzeko proposamena egiten zaion lizitatzaileak baino ez ditu aurkeztu beharko aipatutako baldintza horiek betetzen dituelako egiaztagiri guztiak.

Azkenik, berankortasunaren aurka borrokatzeko, murriztu egiten da kontratua indargabetu dadin eskatzeko berandutza-epea 8 hilabetetik 6 hilabetera, baldin eta enpresa esleipenduna ETE bat bada; halaber, beste artikulu bat ere gehitzen da herri-administrazioek are gehiago kontrolatu ditzaten kontratista esleipendunek azpikontratistei egin beharreko ordainketak.

III. kapituluan («Ekonomia- eta finantza-informaziorako beharrak sinplifikatzea»), malgutu egiten dira neurri txikieneko enpresen kontabilitate-eskakizunak, proportzionaltasun-printzipioa betez.

Kapitulu horretan, nabarmentzekoa da balantze laburtua formulatzeko mugak handitu egiten direla, Erkidegoko zuzentarauen mugetara hurbilduta, enpresa gehiagok izan dezaten memoria laburtua formulatzeko aukera, eta Eskudiru Fluxuen Egoera-orria egitetik salbuetsita egon daitezen.

V. tituluak («Espainiako ekonomia nazioartekotzea») bi atal ditu.

1. atalak («Nazioartekotzea sustatzea») nazioartekotzea sustatzeko erakunde-esparrua indartzen du, bai eta berau laguntzeko finantza-tresna nagusi batzuk ere.

I. kapituluak («Nazioartekotzea sustatzeko estrategia») Espainiako nazioartekotze-estrategia bat sektore publikoaren eta pribatuaren artean elkarrekin definitzeko prozesu garden bat eransten du; berau Espainiako Ekonomia Nazioartekotzeko Plan Estrategikoan islatuko da, periodikotasun zehatz batekin, eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak zuzenduta.

II. kapituluak («Merkataritzako eta enpresa laguntzeko tresnak eta erakundeak») Estatuaren Kanpo Zerbitzua eta nazioartekotzea laguntzeko erakundeak indartzea du xede; batetik, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Kanpo eta Lurralde Sarearen jarduera sendotuz (Misio Diplomatikoetan edo Ordezkaritza Iraunkorretan integratuta dauden Espainiaren Kanpoko Ekonomia eta Merkataritza Bulegoek eta Ekonomia eta Merkataritzako Lurralde eta Probintzia Zuzendaritzek osatzen dute), eta, bestetik, ICEX Espainia Esportazioa eta Inbertsioak erakundearen eginkizuna sendotuz, Espainiako enpresen nazioartekotzea eta lehiakortasuna nazioartekotzeko fase guztietan bultzatzeko erakunde gisa.

III. kapituluak («Finantza-laguntzarako tresnak eta erakundeak») konponbidea eman nahi dio Espainiako enpresek kreditua eskuratzeko duten zailtasunari. Hartarako, sistematizatu egiten dira Gobernuaren ekintzaren finantza-erakundeak, Espainiako ekonomia eta enpresak nazioartekotzeko arloan (Kreditu Ofizialeko Institutua, Garapena Finantzatzeko Espainiako Konpainia eta Esportaziorako Kreditu Aseguruen Espainiako Konpainia, SA), bai eta finantza-laguntzarako tresnak ere. Hori lortzeko, nazioartekotzeko arloan sektore publikoko aktoreentzat erabilgarri dauden tresnak indartu beharra dago; bereziki, honako erakunde hauen esku daudenak: Kreditu Ofizialeko Institutua (ICO), Garapena Finantzatzeko Espainiako Konpainia COFIDES, SA (COFIDES), Enpresa Nazioartekotzeko Funtsa (FIEM) eta Esportaziorako Kreditu Aseguruen Espainiako Konpainia (CESCE).

Horretaz gain, finantza-laguntzarako tresna horietako batzuk indartu egiten dira (Kanpo Inbertsioetarako Funtsa [FIEX], Enpresa Nazioartekotzeko Funtsa [FIEM] eta Interesen Elkarrekiko Doikuntzako Hitzarmena), haien kudeaketa hobetzera, murrizketa jakin batzuk ezabatzera eta jardun-eremua handitzera bideratutako aldaketak eginez.

IV. kapituluan («Nazioartekotzea laguntzeko beste tresna eta erakunde batzuk»), hainbat mekanismo garatzen dira, Espainiako enpresek aukera handiagoa izan dezaten nazioarteko finantza-erakundeek beste herrialde batzuetan lehiaketara irekitako proiektuetara jotzeko.

2. atalak («Nazioarteko mugikortasuna») bisak, egoitza-bisak eta egoitza-baimenak errazago eta bizkorrago emateko kasu jakin batzuk arautzen ditu, ekonomia-intereseko arrazoiek bultzatuta, Espainiara inbertsioa eta talentua erakartzearren. Inbertsiogileentzat, ekintzaileentzat, enpresen arteko mugimenduak egiten dituzten langileentzat, kalifikazio handiko profesional eta ikertzaileentzat zein ezkontide eta seme-alaba nagusientzat bideratzen da neurri hori, agintari bakar baten aurreko prozedura arin eta azkar baten bitartez, eta kasuak kasu aldatzen den epearekin. Egoitza-baimen horiek Espainiako lurralde osoan izango dute balioa.

Xedapen gehigarriei dagokienez, lehenengoak erantzukizun mugatuko ekintzaileen zuzenbide publikoko zorrei aplikatu beharreko araubidea ezartzen du. Zor horiek kobratzeko, ohiko etxebizitza bahitu ahal izango da, araudi espezifikoan xedatutako prozedura bereziaren arabera.

Gainerako xedapen gehigarrien bidez, ondokoak aurreikusten dira: Estatuan dauden leihatila bakarrak ekintzaileari arreta emateko gunean integratzea, sozietateak eratzeko orduan beste sistema elektroniko batzuekin elkarlanean aritzea, dokumentu elektroniko bakarra erabiliz, bai eta hainbat xedapen ere, V. tituluaren 2. atala aplikatzeko; besteak beste, baimen bakar bat eskatzeko prozedura bakarraren bidez baimenak izapidetzea eta araututako baimenentzat egoera nazionaleko irizpidea ez aplikatzea nabarmentzen dira. Era berean, «minienpresa» edo ikasleen enpresa tresna pedagogikotzat hartzen da, eta, haren bidez, transakzio ekonomikoak eta diruzkoak zein fakturak egin ahal izango dira, eta bankuko kontuak ireki. Enpresa horiek urtebeteko iraupena izango lukete, bi urtera luzatzeko aukerarekin, eta likidatu egingo lirateke epea amaitutakoan. Ikasleek, horien bitartez, transakzio errealak egiteko aukera izango lukete, enpresa erreal bat sortzeak dakarren arriskua hartu beharrik gabe. Azkenik, araubide iragankorra arautzen da, izaera ofizialeko indizio edo erreferentzia-tasa jakin batzuk guztiz desagertzeko banku-zerbitzuen gardentasunaren eta bezeroen babeserako urriaren 28ko EHA/2899/2011 Aginduaren bidez.

Xedapen indargabetzaileak ondoko hauek indargabetzen ditu, espresuki: Esportazioa sustatzeko neurri finantzarioen abuztuaren 16ko 11/1983 Legea; Finantza-sistema erreformatzeko neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legearen 13 bis artikulua; 2009ko urtarrilaren 28ko ITC/138/2009 Aginduaren, interesen elkarrekiko doikuntzako hitzarmenen bidez esportaziorako kredituari babes ofiziala ematearekin lotutako zenbat alderdi arautzekoaren, 9.2 artikulua; abenduaren 3ko 13/2010 Errege Dekretu Legearen, inbertsioa bultzatzeko eta enplegua sortzeko zerga eta lan arloko jarduerei eta jarduera liberalizatzaileei buruzkoaren, 5. artikuluaren bat paragrafoaren a) eta f) arteko letrak, biak barne, bi paragrafoaren a) eta b) letrak eta hiru paragrafoa; eta, azkenik, ondorioak 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako dituela, indargabetu egiten da martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarriaren 3. paragrafoa.

Azken xedapenen edukiari dagokionez, arau bakoitza aldatzen duen eskumen-titulua zehazten da, eta, Langile Autonomoaren Estatutuaren aldaketaren bidez, neurri gehigarri bat xedatzen da, zorrak betearazteko administrazio-prozedura batek eragindako autonomoei bigarren aukera bat emateko; horren bidez, bahitzeko lehen eginbidetik enkantea, konkurtsoa edo besterentzeko beste edozer bide administratibo materialki egin arteko epea urtebetetik bi urtera luzatzen da, baldin eta autonomo baten ohiko bizilekuari eragiten badio.

Halaber, aldatu egiten da abenduaren 26ko 12/2012 Legea, merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa, udal-lizentziatik salbuetsita egongo diren establezimenduen gehieneko azaleraren muga 300 metro koadrotik 500era handitzeko, bai eta lege horren eranskina berrogeita hiru jarduera gehigarrira handitzeko ere; eranskin horretan, udal-lizentzia eskatzetik salbuetsita dauden jardueren zerrenda dago jasota.

Azkenik, legea garatzeko beharrezko diren xedapenak emateko ahalmena ematen zaio Gobernuari, eta legea indarrean noiz sartuko den xedatzen da. Legea, oro har, argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean, ondoko hauek izan ezik: I. tituluaren V. kapitulua (Ordainketen judizioz kanpoko akordioa), tributu-neurriak eta 35. artikulua, elkarren bermerako sozietateen gutxieneko sozietate-kapitalari buruzkoa; salbuespen horiei dagokienez, beste data batzuk finkatzen dira, indarrean sartzeko.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lege honek hauxe du xede: ekintzaileari eta enpresa-jarduerari babesa ematea; garatzen, hazten eta nazioartekotzen laguntzea; eta kultura ekintzailearen zein jarduera ekonomikoaren aldeko ingurune bat sustatzea, bai jarduera hastean, bai ondorengo garapenean, hazkundean eta nazioartekotzean.

2. artikulua. Aplikazio-esparrua.

Ekintzaileek Espainiako lurraldean eginiko jarduera ekonomiko guztiei eta nazioartekotzea sustatzekoei aplikatuko zaie lege hau.

3. artikulua. Ekintzaileak.

Hauek hartzen dira ekintzailetzat: lege honetan ezarritako moduan enpresa- edo lanbide-jarduera ekonomiko bat garatzen duten pertsonak, horiek pertsona fisikoak edo juridikoak izan.

I. TITULUA

Ekimen ekintzailea laguntzea

I. KAPITULUA

Ekintzailetzaren arloan heztea

4. artikulua. Ekintzailetza lehen eta bigarren hezkuntzan.

1. Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako curriculumetan, espiritu ekintzailea garatzera eta sendotzera bideratutako helburuak, gaitasunak, edukiak eta prestakuntza ebaluatzeko irizpideak jasoko dira, bai eta enpresa-eredu ezberdinak sortzeko eta garatzeko gaitasunak eskuratzera, aukera-berdintasuna bultzatzera, ekintzailea eta enpresaburua errespetatzera, eta enpresa-etikarekin bat egitera bideratutakoak ere.

2. Ikasleek espiritu ekintzailea eta enpresa-ekimena finkatu ahal izateko neurriak sustatuko dituzte hezkuntza-administrazioek; hartarako, sormena, ekimena, taldeko lana, nork bere buruan konfiantza izatea eta zentzu kritikoa lan daitezela bultzatuko dute, besteak beste.

5. artikulua. Ekintzailetza unibertsitateko irakaskuntzetan.

1. Unibertsitate-esparruan, ekintzailetzako ekimenak sustatuko dira, unibertsitario gazteak enpresa-mundura hurbiltzeko.

2. Unibertsitateek enpresa-proiektuak hastea sustatuko dute; hartarako, ikasleei informazioa eta laguntza emango dizkiete, eta ekintzaileekin topaketak egitea ere sustatuko dute.

6. artikulua. Irakasleak ekintzailetzan prestatzea.

1. Hezkuntza-sistemaren barruko irakasleek ekintzailetzari, enpresa-ekimenari, enpresa-inguruneko aukera-berdintasunari eta enpresen sorrera eta garapenari lotutako gaitasunak eta trebetasunak eskuratu beharko dituzte, hasierako prestakuntzan edota etengabeko prestakuntzan.

2. Irakasleak etengabe prestatzeko programetan ekintzailetzari, enpresa-ekimenari eta enpresen sorrera eta garapenari buruzko edukiak jasotzea sustatuko du Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak, autonomia-erkidegoekin elkarlanean.

II. KAPITULUA

Erantzukizun mugatuko ekintzailea

7. artikulua. Erantzukizun mugatuko ekintzailearen erantzukizunaren muga.

Ekintzaileak, pertsona fisikoa bada, eta haren jarduera edozein dela ere, mugatu egin ahal izango du enpresa- edo lanbide-jarduera horren ondorioz sorturiko zorrengatiko izan lezakeen erantzukizuna, baldin eta «erantzukizun mugatuko ekintzaile» bihurtzen bada, kapitulu honetan ezarritako baldintzak betez.

8. artikulua. Erantzukizuna mugatzearen eraginkortasuna.

1. Kode Zibilaren 1.911 artikuluak eta Merkataritzako Kodearen 6. artikuluak xedatutako salbuespenetan oinarrituz, erantzukizun mugatuko ekintzaileak lortu ahal izango du enpresa- edo lanbide-zorren ondorioz sortzen den erantzukizunak eta hartzekodunaren akzioak ez eragitea 2. paragrafoaren arabera lotuta ez dagoen ondasunean, betiere lotura hori ez dagoela lege honetan ezarritako moduan argitaratzen bada.

2. Zordunaren ohiko etxebizitzak erantzukizun-muga horren onura jaso ahal izango du, betiere 300.000 eurotik gorako baliorik ez badu, berau Merkataritza Erregistroan inskribatzeko unean ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren tributu-oinarrian xedatutakoaren arabera baloratuta.

Baldin eta etxebizitzak 1.000.000 biztanletik gorako udalerri batean badaude, 1,5eko koefizientea aplikatuko zaio aurreko lerrokadan adierazitako balioari.

3. Ekintzaileak Merkataritza Erregistroan bizilekuari dagokionez egiten duen inskripzioan adieraziko du enpresa- edo lanbide-norabidearen ondorioek behartuta geldi dadin nahi ez den ondasun higiezina, propioa edo komuna, artikulu honen 2. paragrafoa betetzen duena.

4. Baldin eta hirugarrenekiko betebeharrak betetzeko orduan iruzurra edo zabarkeria larria egin badu zordunak, ezin izango da erantzukizun-mugaz baliatu, betiere epai irmo batek horrela egiaztatzen badu edota konkurtsoan errudun jotzen badute.

9. artikulua. Erantzukizun mugatuko ekintzailearen merkataritza-publizitatea.

1. Ekintzailearen bizilekuari dagokion Merkataritza Erregistroan ekintzaileari eskainitako orrian haren erantzukizun mugatua jasotzean hartuko du ekintzaileak erantzukizun mugatuko ekintzaile izaera. Ohiko egoerez gain, lege honen 8. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoen arabera lotuta gelditzen ez den aktiboaren berri ere emango du inskripzioak, eta banako enpresaburua inskribatzeko xedatutako moduan eta baldintzekin egingo da. Erantzun mugatuko ekintzailea immatrikulatzeko titulua hau izango da: Merkataritza Erregistroan baimentzeko egunean bertan edo hurrengo egun baliodunean notarioak telematikoki nahitaez aurkeztu beharreko notario-agiria edo enpresaburuaren sinadura elektroniko aitortuaz sinatu eta erregistro horretara telematikoki igorritako eskaera.

2. Inskribatutako ekintzaileak, erregistroko datuak adierazita, «erantzukizun mugatuko ekintzailea» dela jaso beharko du dokumentu guztietan edota, bestela, «EME» siglak gehitu beharko ditu bere izen, abizen eta identifikazio fiskaleko datuetan.

3. Hartzekodunek adostasuna espresuki eman ezean, zordunaren erantzukizun unibertsalak bere horretan iraungo du Merkataritza Erregistroan erantzukizun mugatuko banako ekintzaile gisa immatrikulatu aurretik hartutako zorrei dagokienez.

4. Erregistratzaileen Elkargoak, Justizia Ministerioak gainbegiratuta, sarbide libreko atari publiko bat edukiko du, eta immatrikulatuta dauden erantzukizun mugatuko ekintzaileei buruzko datuak zabalduko dira horretan, erabiltzaileari kosturik ekarri gabe.

10. artikulua. Erantzukizun-mugaren publizitatea Jabetza Erregistroan.

1. Hirugarrenen aurka baliatzeko, Jabetza Erregistroan inskribatu beharko da, ondasunari irekitako orrian, ohiko etxebizitza enpresa- edo lanbide-ondorioei lotuta ez dagoela.

2. Erantzun mugatuko ekintzailea immatrikulatutakoan, merkataritza-erregistratzaileak ziurtagiri bat egingo du, eta berehala jabetza-erregistratzaileari igorriko dio, telematikoki, egun baliodun beraren barruan, ekintzaile haren ohiko etxebizitzaren inskripzio-idazpenean jasota gera dadin.

3. Artikulu honen lehen paragrafoan aipatutako inskripzioa egin ondoren, erregistratzaileak uko egingo dio lotu gabeko ondasunaren gaineko bahituraren prebentzioko idatzoharra egiteari, ondoko kasuetan izan ezik: aginduaren bidez ondorioztatzen bada enpresa edo lanbidekoak ez diren zorrak segurtatzen direla, edo erantzukizun-muga inskribatu aurretik hartutako enpresa- edo lanbide-zorrak direla, edo zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak direla.

4. Lotu gabeko ondasunak hirugarren bati besterenduz gero, ondasun horiekiko loturarik eza iraungi egingo da trafikoaren ondorioetarako; eraginik eza subrogatutako ondasunetara aldatu ahal izango da, interesdunaren alta-adierazpen berriaren bidez.

11. artikulua. Banako ekintzailearen urteko kontuak.

1. Erantzukizun mugatuko ekintzaileak bere enpresa- edo lanbide-jarduerari dagozkion urteko kontuak formulatu beharko ditu eta, hala badagokio, horien gaineko ikuskaritza egin beharko du erantzukizun mugatuko pertsona bakarreko sozietateentzat xedatutakoaren arabera.

2. Erantzukizun mugatuko ekintzaileak Merkataritza Erregistroan utzi beharko ditu urteko kontuak.

3. Ekitaldi soziala amaitzen denetik zazpi hilabeteko epean ez baditu urteko kontuak Merkataritza Erregistroan utzi, ekintzaileak galdu egingo du erantzukizuna mugatzearen onura, epe hori bukatu ondoren hartutako zorrei dagokienez. Horiek aurkeztu ondoren, berreskuratu egingo du onura hori.

4. Hala eta guztiz ere, erantzukizun mugatuko ekintzaile bihurtzea aukeratzen duten enpresaburuek eta profesionalek, baldin eta zergak zenbatespen objektiboko erregimenean ordaintzen badituzte, artikulu honetan xedatutako kontuen kontabilitate- eta gordailu-betebeharrak bete ahal izango dituzte erregimen fiskalean ezarritako betebehar formalak betez eta asmo bikoitzeko (zerga eta merkataritzakoa) eredu estandarizatu baten gordailua eginez, betiere erregelamenduz xedatutako moduan.

III. KAPITULUA

Ondoz ondoko eraketako sozietate mugatua

12. artikulua. Ondoz ondoko eraketako sozietate mugatua.

Hona nola geratzen den idatzita Kapital Sozietateen Legearen testu bategina, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua:

Bat. Aldatu egiten da 4. artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

«4 artikulua. Gutxieneko sozietate-kapitala.

1. Erantzukizun mugatuko sozietatearen kapitala ez da hiru mila eurotik beherakoa izango, eta espresuki moneta horretan adieraziko da.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, legezko gutxieneko sozietate-kapitala baino txikiagoa duten kapitalarekin eratu ahal izango dira erantzukizun mugatuko sozietateak, hurrengo artikuluan xedatutako moduan.

3. Sozietate anonimoaren sozietate-kapitala ez da hirurogei mila eurotik beherakoa izango, eta espresuki moneta horretan adieraziko da.»

Bi. Beste artikulu bat eransten da (4 bis), eta hauxe dio:

«4 bis artikulua. Ondoz ondoko eraketa-araubideko sozietateak.

1. 4. artikuluaren Bat paragrafoan finkatutako gutxieneko sozietate-kapitalaren zenbatekoa lortzen ez den bitartean, ondoz ondoko eraketa-araubidea bete beharko du erantzukizun mugatuko sozietateak, arau hauen arabera betiere:

a) Ekitaldiaren etekinaren ehuneko 20 gutxienez bideratu beharko da legezko erreserbara, zenbateko-mugarik gabe.

b) Lege- edo estatutu-betebeharrak bete ondoren, bazkideei ezin izango zaie dibidendurik banatu, baldin eta ondarearen balio garbia, berez edo banaketaren ondorioz, gutxieneko lege-kapitalaren ehuneko 60 baino txikiagoa bada.

c) Ekitaldi horietan bazkideei eta administratzaileei kargu horiek betetzeagatik emandako ordainsarien urteko batura ez da dagokion ekitaldiko ondare garbiaren ehuneko 20tik gorakoa izango; alde batera utziko da, halere, sozietateko besteren konturako langile gisa edo sozietateak berak bazkide eta administratzaile horiekin hitzartzen dituen lanbide-zerbitzuak emanez legokiekeen ordainsaria.

2. Borondatezko edo nahitaezko likidazioa gertatuz gero, sozietatearen bazkideak eta administratzaileak legean ezarritako gutxieneko kapitala ordaintzearen erantzule solidario izango dira, betiere sozietatearen ondarea ez bada nahikoa haren betebeharrak ordaintzeko.

3. Ondoz ondoko eraketako erantzukizun mugatuko sozietateak eratzean bazkideek egindako diru-ekarpenak benetan izan direla egiaztatzeko beharrik ez da egongo. Sortzaileak eta eratzeko orduan partaidetzaren bat eskuratzen dutenak ekarpen horien egiazkotasunaren erantzule solidario izango dira sozietatearen eta hartzekodun sozialen aurrean.»

Hiru. Aldatu egiten da 5. artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

«5. artikulua. Legezko gutxienetik beherako kapitala debekatzea.

1. Kapital-sozietateak eratzeko eskriturak ez dira baimenduko, legez ezarritakoa baino sozietate-kapital txikiagoa badute, eta sozietatearen kapitala aldatzeko eskriturak ere ez dira baimenduko, kapitala zenbateko horretatik behera murriztuta uzten badute; nolanahi ere, bi kasuok lege bat betetzearen ondorio direnean, baimena emango da.

2. Ondoz ondoko eraketa-araubideko erantzukizun mugatuko sozietateei dagokienez, 4. eta 4 bis artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.»

Lau. Berridatzi egiten da 23. artikulua, eta honela gelditzen da:

«23. artikulua. Sozietate-estatutuak.

Kapital-sozietateen funtzionamendua arautu behar duten estatutuetan, alderdi hauek jasoko dira:

a) Sozietatearen izena.

b) Sozietatearen xedea, berau osatzen duten jarduerak zehaztuta.

c) Sozietatearen helbidea.

d) Sozietate-kapitala, berau banatzen den partaidetzak edo akzioak, balio nominala eta zenbaki korrelatiboak. Ondoz ondoko eraketa-araubideko erantzukizun mugatuko sozietateei dagokienez, kapitala 4. artikuluan finkatutako gutxienekoa baino txikiagoa den bitartean, sozietatea araubide horri lotuta dagoela espresuki adieraziko dute estatutuek. Merkataritza-erregistratzaileek, ofizioz, horren berri jasoko dute sozietateari buruzko inskribatzeko moduko edozer dokumenturen idatzagiri-oharretan, bai eta egiten dituzten ziurtagirietan ere.

Erantzukizun mugatuko sozietatea izanez gero, hauek ere adieraziko ditu: sozietate-kapitala banatuta dagoen partaidetza kopurua, horien balio nominala, zenbaki korrelatiboak eta, desberdinak badira, horietako bakoitzak bazkideei ematen dizkien eskubideak eta horien zenbatekoa edo hedadura ere.

Sozietate anonimoa baldin bada, berriz, hauek adieraziko ditu: akzio motak eta serieak, horrelakorik badago; ordaintzeko dagoen balio nominalaren zatia, bai eta hori ordaintzeko modua eta gehieneko epea ere, eta akzioak titulu bidez edo kontuko idatzoharren bidez adierazita dauden. Tituluen bidez adieraziz gero, akzio izendunak edo eramailearenak diren zehaztu beharko da, edota titulu anizkoitzak jaulkitzea aurreikusten den.

e) Sozietatearen administrazioa antolatzeko modua edo moduak, administratzaile kopurua edo, gutxienez, gehieneko eta gutxieneko kopurua, bai eta karguaren iraupen-epea eta ordainsari-sistema ere, horrelakorik badago.

Akziokako sozietate komanditarioetan, gainera, bazkide kolektiboen nortasuna ere adieraziko da.

f) Sozietatearen kide anitzeko organoen eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko modua.»

IV. KAPITULUA

Jarduera ekintzailearen hasiera

13. artikulua. Ekintzaileari arreta emateko guneak.

1. Ekintzaileari arreta emateko guneak hauek izango dira: erakunde publiko eta pribatuen bulegoak, notariotzak barne, bai eta eskabideak telematikoki informatzeko eta izapidetzeko gune birtualak ere.

2. Enpresa berriak sortzeaz zein haien jarduera eta garapena benetan hasteaz arduratuko dira ekintzaileari arreta emateko guneak; hainbat zerbitzu emango dituzte horretarako (informazioa, dokumentazioa izapidetzea, aholkularitza, prestakuntza eta enpresa-finantzaketarako laguntza).

3. CIRCE Enpresen Informazio Gunea eta Enpresen Sorrera Sarearen izapidetze telematikorako sistema erabiliko dute ekintzaileari arreta emateko guneek; horren egoitza elektronikoa Industria, Energia eta Turismo Ministerioan egongo da.

Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuaren, hirugarren xedapen gehigarrian araututako dokumentu elektroniko bakarraren (DUE) izapideak hasi beharko lituzkete haietan.

4. Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren ekintzaileari arreta emateko gune elektronikoaren bitartez egin ahal izango dira sozietateak eratzeko, jarduera ekonomiko bat berez hasteko eta ekintzaileek horretan jarduteko behar diren izapide guztiak.

5. Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren ekintzaileari arreta emateko guneak, edonola ere, hau hartuko du barnean:

a) Jarduerari ekiteko behar diren informazio eta inprimaki guztiak.

b) Behar diren agiri eta eskabide guztiak aurkezteko aukera.

c) Interesdunak diren prozeduren izapideen egoera ezagutzeko aukera eta, hala badagokio, nahitaezko egintza-izapideen jakinarazpen egokia eta eskudun administrazio-organoak horien gainean emandako ebazpena jasotzea.

d) Estatuan, autonomia-erkidegoetan eta toki-erakundeetan dena delako jarduera ekonomikorako eskuragarri dauden laguntzei, diru-laguntzei eta finantza-laguntza emateko beste era batzuei buruzko informazio guztia.

e) Lege honen bidez zein gainerako antolamendu juridikoaren bidez ematen zaizkion gainontzeko funtzionaltasunak.

6. Aurreko paragrafoan aipatutako zerbitzu guztiak edo batzuk eman ahal izango dituzte ekintzaileari arreta emateko guneek (zuzenekoek zein elektronikoek), betiere Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuaren, hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa betez.

14. artikulua. Erantzukizun mugatuko ekintzaileak inskribatzea.

1. Erantzukizun mugatuko ekintzailea erregistroan inskribatzeko behar diren izapideak CIRCEren (enpresen informazio gunea eta enpresen sorrera sarea) eta DUEren (dokumentu elektroniko bakarra) bitartez egin ahal izango dira; azken hori Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuaren, hirugarren xedapen gehigarrian eta hori garatzeko araudian dago araututa.

2. Ekintzaileak aurreko paragrafoan aipatutako sistema erabiltzen badu inskripzioa egiteko, honako arau hauek bete beharko ditu prozedurak:

a) Ekintzaileari arreta emateko gunean DUEren informazio guztia beteko dute; horretaz gain, beharrezko dokumentazio guztia emango dute Merkataritza Erregistroan, bai eta Jabetza Erregistroan ere, inskripzioa egiteko.

b) Ekintzaileari arreta emateko guneak DUE Merkataritza Erregistroari dagokion dokumentazioarekin batera igorriko dio berehala, baita erantzukizun mugatuko enpresaburuaren inskripzioa eskatuko ere. Merkataritza Erregistroak 6 ordu baliodun izango du inskripzioa egiteko eta horren ziurtagiria CIRCEren izapidetze-sistemara telematikoki igortzeko; azken horrek berau eskudun zerga-agintariari bidaliko dio.

c) Inskripzioaren ziurtagiria jasota, merkataritza-erregistratzaileak, lanbide- edo enpresa-zorrengatik bahitu ezin diren ondasunei dagokienez, Jabetza Erregistroan horren berri jasotzeko eskatuko du, merkataritza-erregistratzaileak emandako ziurtagiria aurkeztuta.

d) Jabetza-erregistratzaileak 6 ordu balioduneko epea izango du inskripzioa egiteko, eskaera jasotzen denetik hasita, eta egindako inskripzioaren berri berehala emango dio CIRCEren izapidetze telematikoaren sistemari; azken horrek eskuduna den zerga-agintariei helaraziko die.

e) Izapideak hasi dituen ekintzaileari arreta emateko gunearen bitartez haien egoeraren berri jaso ahal izango du uneoro ekintzaileak.

15. artikulua. Erantzukizun mugatuko sozietateak eratzea eskritura publiko eta estatutu tipoen bidez.

1. Erantzukizun mugatuko elkarte baten sortzaileek sozietatea eskritura publikoaren bidez eratzea aukeratu ahal izango dute, formatu estandarizatuko estatutu tipoak eginda (horien edukia erregelamenduz garatuko da).

2. Horrelakoetan hauek erabiliko dira:

a) Dokumentu elektroniko bakarra (DUE), Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuaren, hirugarren xedapen gehigarrian araututakoa.

b) CIRCEren (enpresen informazio gunea eta enpresen sorrera sarea) izapidetze telematikoko sistema.

c) Formatu estandarizatuko estatutu tipoen eredu sinplifikatuak; haien edukia erregelamenduz garatuko da.

3. Ekintzaileari arreta emateko guneetan, eta aldi berean:

a) Dokumentu elektroniko bakarra beteko da, eta izapidetze telematikoari ekingo zaio; hala, esku hartzen duen organismo bakoitzari, bide elektronikoz, bere eskumeneko izapidea egiteko dagokion DUEren zatia bidaliko zaio.

b) Izena erreserbatzeko eskatuko zaio Merkataritza Erregistro Zentralari, gutxienez sozietatearen ordezko beste bost izen gehiago ere jasota; Merkataritza Erregistro Zentralak horietatik izenaren ziurtagiri negatibo egokia emango du, eskatzaileak proposatutako hurrenkerari jarraikiz, eta eskaera egin ondoko 6 ordu balioduneko epearen barruan.

Uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duenaren, azken xedapenetako lehenean aurreikusitako erreserba duten izenen poltsakoa izan ahalko da izen hori.

c) Eratzeko eskritura emateko data berehala adostuko da notario-agenda elektronikoarekin denbora errealean eginiko komunikazio baten bidez; era horretan notariotzaren datuak zein emateko eguna eta ordua lortuko dira. Emateko eguna eta data, gehienez ere, 12 ordu baliodunekoa izango da, a) letraren arabera izapidetze telematikoa hasten denetik aurrera.

4. Notarioak:

a) 3. paragrafoaren c) hizkian zehaztutako datan baimenduko du eratzeko eskritura, eta kapital soziala ordaintzearen egiaztagiria emango zaio.

Aurrekoa gorabehera, ez da beharrezkoa izango diruzko ekarpenak benetan izan direla egiaztatzea, baldin eta sortzaileek eskrituran adierazten badute sozietatearen aurrean eta hartzekodun sozialen aurrean haien egiazkotasunaren erantzule solidario izango direla.

b) CIRCEren izapidetze telematikoko sistemaren bitartez eskrituraren kopia bat berehala bidaliko dio Zerga Administrazioari, eta identifikazio fiskaleko zenbaki bat behin-behineko esleitzeko ere eskatuko du.

c) Eratzeko eskrituraren kopia baimendu bat helbide sozialaren merkataritza-erregistroari igorriko dio CIRCEren izapidetze telematikoko sistemaren bitartez.

d) Egilesleei, hala eskatuz gero, eskrituraren kopia sinple elektroniko bat emango die, kostu gehigarririk gabe. Ekintzaileari arreta emateko gunean eskuragarri egongo da kopia hori.

5. CIRCEren bitartez eratzeko eskrituraren kopia elektronikoa jasota, esleitutako behin-behineko IFZrekin eta ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren –sozietateen eragiketen modalitatean– salbuespenaren egiaztagiriarekin batera, hau egingo du merkataritza-erregistratzaileak:

a) Kalifikatzeari eta inskribatzeari ekingo die eskritura telematikoki jaso ondoko 6 ordu balioduneko epearen barruan; ondorio horietarako ordu balioduntzat hartuko dira erregistroetarako finkatutako irekiera-ordutegiaren barruan sartzen direnak.

b) Inskripzioaren egun berean egindako inskripzioaren ziurtagiria igorriko dio CIRCEri (enpresen informazio gunea eta enpresen sorrera sarea).

c) Behin betiko identifikazio fiskaleko zenbakia eskatuko dio Zerga Administrazioari CIRCEren bitartez.

Aurreko paragrafoan aipatutako ziurtagiri elektronikoa edo paperezko formatukoa berehala emango die horrela eskatzen duten sortzaileei eta eratzeko eskritura baimendu duen notarioari CIRCEren izapidetze telematikoko sistemak, kostu gehigarririk gabe.

Ziurtagiri hori beharrezkoa izango da sozietateak erregistroan behar bezala inskribatu direla egiaztatzeko, bai eta eskrituran izendatutako administratzaileen izendapena inskribatu dela egiaztatzeko ere.

Halaber, sozietatea inskribatutakoan, interesdunak edonoiz eskatu ahal izango du haren erregistro-orriaren edukiaren ziurtagiri eguneratua; ziurtagiri hori erregistratzaileak emango du, bere sinadura elektronikoarekin, eta balidazio-kode bat ere izango du, informazio jarraitua duten ziurtagirietarako aurreikusitakoari jarraituz.

6. Zerga-agintari eskudunak telematikoki jakinaraziko dio CIRCEren izapidetze telematikoko sistemari identifikazio fiskaleko zenbakia behin betikoa dela. Azken horrek berehala jakinaraziko die sortzaileei.

7. Erregistratzaileak kalifikazioan nabaritutako hutsegiteak elektronikoki zuzentzeko ahalmena eman ahal izango diote sortzaileek notarioari, betiere hura kalifikaziora eta alderdiek adierazitako borondatera egokitzen bada.

8. Ekintzaileari arreta emateko gunetik jarduerari hasiera emateari buruzko izapideak egingo dira DUEn dagoen informazioa honako erakunde hauei bidaliz: zerga-agintariei, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrari eta, hala badagokio, tokiko eta autonomia-erkidegoko administrazioei, enpresa martxan jartzeko behar diren komunikazioak, erregistroak eta baimen- zein lizentzia-eskaerak egiteko.

16. artikulua. Erantzukizun mugatuko sozietateak estatutu tiporik gabe eratzea.

Sortzaileek estatutu tiporik gabeko erantzukizun mugatuko sozietate bat eratzea erabakitzen badute, lege honen 15. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, berezitasun hauekin:

1. Ekintzaileari arreta emateko guneen bitartez, izena erreserbatzeko eskatu ahal izango dute sortzaileek, bai eta eratzeko eskritura emateko data hitzartu ere.

2. a) Notarioak 15. artikuluaren 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera jardungo du.

3. Merkataritza-erregistratzaileak, eratzeko eskrituraren kopia elektronikoa jasotakoan, sozietatearen hasierako inskripzioa egingo du Merkataritza Erregistroan, 6 ordu balioduneko epean; bertan, hautatutako izenari, helbide eta xede sozialari zein kapital sozialari eta administrazio-organoari buruzko datuak baino ez ditu adierazi beharko.

Immatrikulazio horretatik aurrera, sozietatea Kapital Sozietateen Legearen bidez arautuko da.

4. Eman den moduan inskribatuko da eratzeko eskritura behin betiko ohiko kalifikazio-epearen barruan, eta bigarren inskripzio horrek estatutuak aldatzeko balio duela ulertuko da. Behin betiko inskripzioa aurkezte-idazpena indarrean dagoenean egiten bada, ondorioek egun horretara arteko atzeraeragina izango dute.

5. Behin betiko inskripzioa egindakoan, merkataritza-erregistratzaileak sozietatearen inskripzioa telematikoki jakinaraziko dio eskuduna den zerga-agintariari, eta behin betiko identifikazio fiskaleko zenbakia eskatuko dio.

6. Sozietateen erregistroan hasierako edo behin betiko inskripzioa behar bezala egin dela egiaztatzeko, bai eta eskrituran izendatutako administratzaileen izendapenaren inskripzioa frogatzeko ere, nahikoa izango da merkataritza-erregistratzaileak hasierako edo behin betiko inskripzioaren egun berean, interesdunak eskatuta eta kostu gehigarririk gabe, emandako ziurtagiri elektronikoa edo paperezkoa.

7. Estatutu tiporik gabeko erantzukizun mugatuko sozietate bat eratzea aukeratzen badute sortzaileek, eraketaren izapideak egiteko dokumentu elektroniko bakarra eta CIRCEren izapidetze telematikoko sistema erabili ahal izango dira.

17. artikulua. Banako enpresaburuen eta sozietateen jardueraren hasierarekin eta aritzearekin lotutako izapideak egitea.

1. Banako enpresaburuen eta merkataritza-sozietateen jardueraren alta egin eta berau hasteko behar diren izapideak DUEren (dokumentu elektroniko bakarra) bitartez egin ahal izango dira; azken hori Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuaren, hirugarren xedapen gehigarrian eta hori garatzeko araudian dago araututa.

2. Prozedurak arau hauek bete beharko ditu:

a) Ekintzaileari arreta emateko gunean dagokion Gizarte Segurantzako Araubidean alta izapidetzeko behar diren datu guztiak jasoko dituzte dokumentu elektroniko bakarrean (DUE), bai eta, horietaz gain, jarduera-hasieraren errolda-aitorpena eta, hala badagokio, lantokia irekitzeko jakinarazpena ere; horiek guztiak eskudun agintariei bidaliko dizkiete CIRCEren izapidetze telematikoko sistemaren bidez.

b) Alta-eskaerak bidaltzearekin batera, CIRCEren izapidetze telematikoko sistemak honako agiri hauek bidaliko dizkio autonomia-erkidegoari: jarduera-hasieraren jakinarazpena, erantzukizunpeko adierazpen bat edo baimenaren edo lizentziaren eskaera, enpresaburuak jarduera kokatu behar duen autonomia-erkidegoak izapide horietakoren bat eskatuz gero.

c) Autonomia-erkidegoari jarduera-hasieraren jakinarazpena edo erantzukizunpeko adierazpena bidaltzearekin batera, edo autonomia-erkidegoak baimena edo lizentzia emandakoan, CIRCEren izapidetze telematikoko sistemak enpresaburua ezarri behar den udalari bide telematikoz igorriko dizkio hauek: jarduera-hasieraren jakinarazpena, enpresaren erantzukizunpeko adierazpena edo lizentzia-eskaera, kasuak kasu, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70 bis artikuluaren 4. paragrafoaren, 84 bis artikuluaren eta 84 ter artikuluaren aurreikuspenei eta aplikatu beharreko gainerako legediari jarraituz.

d) Jarduera-hasieraren jakinarazpena edo erantzukizunpeko adierazpena udalari igorritakoan, edo udal-baimena edo -lizentzia emandakoan, ekintzaileari arreta emateko guneak jarduera hasteko behar diren izapideak amaitu direla berehala jakinaraziko dio enpresaburuari.

e) Izapideak hasteko eskaerarekin, eskudun agintariek eskatzen dituzten tasa guztiei dagokien zenbatekoa ordainduko du enpresaburuak, horrelakorik badago. Bankuko transferentzia bidez edo kreditu- edo zordunketa-txartel bidez egin ahal izango da ordainketa hori.

3. Jarduera egin bitartean, ekintzaileari arreta emateko guneen bitartez, jarduera-garapenarekin lotutako beharrezko beste edozer izapide egin ahal izango du ekintzaileak Estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko agintarien aurrean, bai eta establezimendu edo instalazio berriak irekitzeko baimenak eskatzea eta jakinarazpenen eta erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztea ere.

Aurreko lerrokadan xedatutakotik kanpo geldituko dira zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta kontratazio publikoko eta diru-laguntzak eta laguntzak eskatzeko prozedurekin lotutako izapideak ere.

18. artikulua. Liburuak legeztatzea.

1. Enpresaburuek aplikagarri zaizkien lege-xedapenen arabera nahitaez eraman behar dituzten liburu guztiak (batzarren eta kide anitzeko gainerako organoen akta-liburuak edo bazkideen eta akzio izendunen erregistro-liburuak barne) telematikoki legeztatuko dira Merkataritza Erregistroan, euskarri elektronikoan bete ondoren, eta ekitaldia amaitu ondoko lau hilabeteko epea bukatu aurretik.

2. Enpresaburuek beren borondatez legeztatu ahal izango dituzte osatutako akten edo akta taldeen xehetasun-liburuak, urtean behin baino gutxiagoan, baldin eta erregistratzaileak esku hartutako egitatea eta data modu frogagarrian egiaztatu beharra badago.

3. Erregistratzaileak eskakizun formalak betetzen direla egiaztatuko du, bai eta klase bakoitzaren barruan eratutakoak ondoren modu erregularren eratzen direla ere; halaber, bere esku-hartzea elektronikoki ziurtatuko du, eta dagokion balidazio-kodea adieraziko da horretan.

19. artikulua. Erregistroen antolaketa.

Jabetza Erregistroa eta Merkataritza Erregistroa astelehenetik ostiralera egongo dira herritarrentzat irekita, ondorio guztietarako (dokumentuak aurkezteko ere bai), goizeko bederatzietatik arratsaldeko bostak arte; nolanahi ere, abuztuan eta abenduaren 24an eta 31n goizeko bederatzietatik arratsaldeko ordu biak arte egongo dira zabalik.

Jabetza Erregistro bakoitza erregistratzaile baten edo batzuen esku egongo da. Irizpide objektiboen arabera zehaztuko da zenbat arduradun izango dituen Jabetza Erregistro bakoitzak, banaketa pertsonaleko erregimenean; kopuru hori errege-dekretu bidez finkatuko da, Justizia Ministerioak egindako proposamenari jarraiki.

Jabetza-erregistroak, merkataritza-erregistroak eta ondasun higigarrien erregistroak formatu elektronikoan egingo dira, sistema informatiko bakar baten bidez, eta erregelamenduz zehaztutako moduan. Sistema informatiko horren bidez, herri-administrazioek eta organo judizialek, beren eskumenak erabiltzean eta beren ardurapean, Jabetza, Merkataritza eta Ondasun Higigarrien Erregistroetan jasota dauden datuak eskuratzeko aukera izan beharko dute, baina, herri-administrazioen kasuan, bereziki babestutako datuei buruzko salbuespenak errespetatuta. Datuok eskuratzeko, prozedura elektronikoak erabiliko dira, betiere elkarreragingarritasun eta segurtasuneko Espainiako eskemen barruan ezarritako eskakizunak eta agindu teknikoak betez.

20. artikulua. Ekintzaileen jardueraren sektorizazio unibertsala.

1. Herri-administrazioekin, horiei dagozkien eskumenak erabiltzeko orduan, dituzten harremanetan, ekintzaileek beren jarduera nagusia berau hoberen deskribatzen duen jarduera ekonomikoaren kodeari erreferentzia eginez identifikatu beharko dute; horretaz gain, Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalean nahikoa den banakapena ere erabili beharko dute. Jardueraren sektorizazio bakar bat erabiliko da administrazio osoarentzat.

2. Hartarako, inskribatzeko moduko agirietan eta dagozkion entitateen gainean eskudun erregistro publikoetan egiten den lehen inskripzioan inskribatzeko moduko entitate bakoitzaren xede sozialari dagozkion jardueren kodeak adieraziko dira. Utzi beharreko urteko kontuetan ekitaldian garatutako jarduera nagusi bakarra zein den adieraziko da dagokion kodeari erreferentzia eginez.

3. Urteko kontuak uzten diren erregistro publikoak herri-administrazio guztien esku jarri beharko dituzte indarreko jarduera-kodeak. Espainiako Estatistikako Erakundearen ebazpen bidez ebatziko dira haien zuzentasunari buruzko zalantzak, erregistratzaileak horren mende jarriko baitu azken erabakia.

V. KAPITULUA

Ordainketen judizioz kanpoko akordioa

21. artikulua. Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legea aldatzea.

Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legea honela aldatzen da:

Bat. Aldatu egiten da 3. artikuluaren 1. paragrafoa, eta honela idatzita gelditzen da:

«1. Hauek daude legitimaturik konkurtso-deklarazioa eskatzeko: zorduna, horren edozer hartzekodun, eta konkurtso-bitartekaria, baldin eta lege honen X. tituluan araututako prozedura bada.»

Bi. Aldatu egiten dira 5 bis artikuluaren 1, 3 eta 4. paragrafoak, eta honela idatzita gelditzen dira:

«1. Haren konkurtsoa deklaratzeko eskuduna den epaitegiari jakinarazi ahal izango dio zordunak berriro finantzatzeko edo hitzarmenaren proposamen aurreratu baterako atxikipenak lortzeko negoziazioak hasi dituela, lege honetan xedatutako moduan.

Ordaintzeko judizioz kanpoko akordio bat eskatuz gero, proposatutako konkurtso-bitartekariak kargua onartutakoan, konkurtso-bitartekaria izendatzeko eskatu zaion merkataritza-erregistratzaileak edo notarioak, ofizioz, negozioak hasi direla jakinarazi beharko dio konkurtsoa deklaratzeko eskuduna den epaitegiari.»

«3. Idazkari judizialak, beste izapiderik gabe, zordunak edo, ordaintzeko judizioz kanpoko akordio bat negoziatzeko kasuetan, notarioak edo merkataritza-erregistratzaileak aurkeztutako jakinarazpenaren berri jasoko du.»

«4. Epaitegiari jakinarazi eta hiru hilabetera, zordunak konkurtso-deklarazioa eskatu beharko du hurrengo hilabetearen barruan, berriro finantzatzeko akordio bat, ordaintzeko judizioz kanpoko akordio bat edo hitzarmenaren proposamen aurreratu bat izapidetzera onartzeko beharrezko atxikipenak lortu edo ez, betiere konkurtso-bitartekariak ez badu aurretik eskatu edo kaudimengabeziako egoeran ez badago.»

Hiru. Aldatu egiten da 15. artikuluaren 3. paragrafoaren lehen lerrokada, eta honela idatzita gelditzen da:

«3. 5 bis artikuluan xedatutako jakinarazpena egindakoan, eta manu horretan aurreikusitako hiru hilabeteko epea igaro bitartean, ez da konkurtso-eskaerarik onartuko, baldin eta horiek zorduna ez den edo, lege honen X. tituluan xedatutako prozeduran, zorduna edo konkurtso-bitartekaria ez den beste legitimatu batek egiten baditu.»

Lau. Aldatu egiten da 71. artikuluaren 6. paragrafoaren 2. zenbakia, eta honela idatzita gelditzen da:

«2. Zordunaren helbideari dagokion merkataritza-erregistratzaileak izendatutako aditu independente batek, 28. artikuluko baldintzak betetzen dituenak, akordioaren aldeko txostena egin izana. Berriro finantzatzeko akordioak talde bereko hainbat sozietatetan eragingo balu, aski izango da aditu bakar batek eginiko txostena, aditu hori sozietate menderatzailearen helbideari –akordioak horri eragiten badio– edo, bestela, taldeko edozer sozietateren helbideari dagokion erregistratzaileak izendatuta egonik. Adituaren txostenak honen gaineko iritzi teknikoa emango du: zordunak emandako informazioa nahikoa den, lehen lerrokadan zehaztutako baldintzetan plana arrazoizkoa eta egingarria den, eta akordioa sinatzeko unean zeuden merkatuko baldintza normalen arabera bermeak proportzionalak diren. Txostenak inolako erreserbarik edo mugarik jasotzen badu, akordioaren sinatzaileek espresuki aztertu beharko dute horien garrantzia.»

Bost. Aldatu egiten da 178. artikuluaren 2. paragrafoa, eta honela idatzita gelditzen da:

«2. Zordunaren konkurtsoa, hura pertsona naturala denean, masa aktiboa likidatzeagatik amaitu dela deklaratzen duen ebazpen judizialak ordaindu gabeko zorren barkamena ere deklaratuko du, betiere konkurtsoan berau ez badute erruduntzat jo edo zigortu Zigor Kodearen 260. artikuluan xedatutako delituagatik edo konkurtsoarekin bereziki zerikusia duen beste edozer delituagatik, eta masaren kontrako kreditu guztiak ordaindu badira, bai eta konkurtsoko pribilegiozko kredituak eta gutxienez konkurtsoko kreditu arrunten zenbatekoaren ehuneko 25 ere. Zorduna arrakastarik gabe saiatu bada ordainketen judizioz kanpoko akordio bat egitea, gainerako kredituen barkamena lortu ahal izango du, baldin eta masaren kontrako kreditu guztiak eta konkurtsoko pribilegiozko kreditu guztiak ordaindu baditu.»

Sei. Aldatu egiten da 198. artikuluaren 1. paragrafoa, eta honela idatzita gelditzen da:

«1. Justizia Ministerioaren mende egingo da Konkurtsoen Erregistro Publikoa, eta hiru atal izango ditu:

a) Lehen atalean (konkurtsoen ediktuak), 23. artikuluan xedatutakoaren arabera eta idazkari judizialak igorritako agindua betez argitaratu beharreko ebazpenak txertatuko dira, konkurtsopekoen eta daten arabera ordenatuta.

b) Bigarren atalean (erregistro-publizitatea), 24.1, 2 eta 3 artikuluetan aipatutako pertsonen erregistro publikoetan jasotako edo inskribatutako erregistro-ebazpen guztiak jasoko dira, konkurtsopekoen eta daten arabera ordenatuta, baita konkurtsopekoak erruduntzat jotzen dituztenak edo konkurtsoko administratzaileak izendatzea edo ezgaitzea erabakitzen dutenak ere, betiere erregistroaren arduradunak dagokion idazpena egin ondoren ofizioz igortzen dituen ziurtagirien arabera.

c) Hirugarren atalean (judizioz kanpoko akordioak), akordio horiek lortzeko negoziazioen hasiera eta amaiera jasoko dira.»

Zazpi. X. titulua erantsi zaio Konkurtso Legeari, hauxe dioena:

«X. TITULUA

Ordainketen judizioz kanpoko akordioa

231. artikulua. Aurrekontuak.

1. Enpresaburua pertsona naturala denean, baldin eta kaudimengabeziako egoeran badago, lege honen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, edo bere betebeharrei erregulartasunez ezin izango diela erantzun aurreikusten badu, hartzekodunekin ordainketen judizioz kanpoko akordio bat lortzeko prozedura bati ekin ahal izango dio, betiere justifikatzen badu bere pasiboa ez dela bost milioi eurotik gorakoa, hartarako dagokion balantzea aurkeztuz.

Titulu honen ondorioetarako, enpresaburuak pertsona naturaltzat hartuko dira merkataritzako legediaren arabera halakotzat hartzen badira, eta horrelakotzat ere hartuko dira jarduera profesionalak dituztenak edo Gizarte Segurantzaren legediaren ondorioetarako horrelakotzat hartzen direnak, bai eta langile autonomoak ere.

2. Akordio bera ere eskatu ahal izango du baldintza hauek betetzen dituen pertsona juridiko orok, kapitaleko sozietatea izan edo ez:

a) Kaudimengabeziako egoera izatea.

b) Konkurtsoko deklarazioa badute ere, berau ez bada bereziki konplexua lege honen 190. artikuluan xedatutako moduan.

c) Akordioaren gastuak ordaintzeko aktibo likido nahikoak edukitzea.

d) Duten ondareagatik eta aurreikusitako diru-sarrerengatik ordainketa-akordio bat arrakastako aukerekin lortu ahal izatea 236. artikuluaren 1. paragrafoan xedatutako moduan.

3. Hauek ezin izango dute judizioz kanpoko akordio bat lortzeko eskaerarik egin:

1. Epai irmo batean delitu hauetakoren batengatik zigortutakoek: ondarearen aurkakoa, ordena sozioekonomikoaren aurkakoa, dokumentuak faltsutzekoa, Herri Ogasunaren aurkakoa, Gizarte Segurantzaren aurkakoa edo langileen eskubideen aurkakoa.

2. Aldez aurretik inskribatuta ez dauden eta Merkataritza Erregistroan nahitaez inskribatu beharrekoek.

3. Eskaeraren aurreko hiru ekitaldietan, legez horretara behartuta egonik ere, kontabilitatea eraman ez dutenek edo ekitaldi horietakoren batean urteko kontuen gordailua egiteko betebeharra bete ez dutenek.

4. Azken hiru urteetan hartzekodunekin judizioz kanpoko akordio bat lortu duten pertsonek, berriro finantzatzeko akordio baten homologazio judiziala lortu dutenek edo hartzekodun konkurtsoan deklaratutakoek.

4. Hartzekodunekin berriro finantzatzeko akordio bat negoziatzen ari direnek ezin izango dute ordainketen judizioz kanpoko akordiorik lortu, ezta konkurtso-eskaera izapidetzera onartuta dutenek ere.

5. Judizioz kanpoko akordioa ere ezin izango da hasi, baldin eta zordunaren edozer hartzekodun, akordioak ezinbestean lotuta dagoenak, konkurtsoa deklaratu badu.

Judizioz kanpoko akordioak ez du eraginik izango zuzenbide publikoko kredituetan. Haien titulartasuna duten hartzekodunek horrela erabakitzen badute baino ez dira sartuko berme errealeko kredituak judizioz kanpoko akordioan eta horren eraginpean; hartarako, 234. artikuluaren 4. paragrafoan xedatutako esanbidezko jakinarazpena egin beharko dute.

Titulu honetan xedatutako prozedura ezin izango dute baliatu erakunde aseguratzaileek eta berraseguratzaileek.

232. artikulua. Ordainketen judizioz kanpoko akordioaren eskaera.

1. Konkurtso-bitartekari bat izendatzeko eskatuko du hartzekodunekin ordainketen judizioz kanpoko akordio bat erdietsi nahi duen zordunak.

Zorduna pertsona juridikoa denean, administrazioko organoak edo likidatzaileak izango du eskumena eskaeraz erabakitzeko.

2. Zordunak sinatutako instantziaren bidez egingo da eskaera; bere eskudirua eta aktibo likidoak jasoko ditu zordunak horretan, bai eta titularra den ondasunak eta eskubideak, aurreikusitako diru-sarrera erregularrak, hartzekodunen zerrenda (dagozkien kredituen zenbatekoa eta muga-eguna zehaztuta), indarreko kontratuen zerrenda eta aurreikusitako hileko gastuen zerrenda ere. Hartzekodunen zerrenda horretan berme errealeko edo zuzenbide publikoko maileguen edo kredituen titularrak jasoko dira, nahiz eta akordioak horiei ez eragin.

Baldin eta zorduna ezkonduta badago, ondasunen banantze-erregimenean egon ezean, ezkontidearen nortasuna jakinaraziko du, ezkontzaren erregimen ekonomikoa adierazita, eta kontabilitatea eramatera legez behartuta badago, azken hiru ekitaldietako urteko kontuak ere aurkeztu beharko ditu.

3. Baldin eta zordunak inskribatu moduko enpresaburu edo erakunde badira, zordunaren helbideari dagokion merkataritza-erregistratzaileari eskatuko zaio bitartekaria izendatzeko (telematikoki egin ahal izango da horretarako eskaera), eta hura arduratuko da dagokion orria irekitzeko, inskribatuta egon ezean. Gainerako kasuetan, zordunaren helbideari dagokion notarioari eskatuko zaio hura izendatzeko. Eskaera ez da onartuko zordunak ez badu justifikatzen judizioz kanpoko akordio bat lortzeko eskatutako baldintzak betetzen direla, zorduna lege honen 3. edo 4. paragrafoetan aurreikusitako egoeraren batean badago eta eskatutako agiriren bat falta bada edo aurkeztutakoak osatu gabeak badira.

233. artikulua. Konkurtso-bitartekaria izendatzea.

1. Konkurtso-bitartekari izendatuko da Estatuko Aldizkari Ofizialaren dagokion atarian argitaratuko den zerrenda ofizialean ageri direnen artetik modu sekuentzialean dagokion pertsona naturala edo juridikoa; Justizia Ministerioaren Bitartekarien eta Bitartekotza Erakundeen Erregistroak emango du zerrenda hori.

Auzi Zibil eta Merkataritzakoetako Bitartekotzari buruzko uztailaren 6ko 5/2012 Legearen araberako baldintza horretaz gain, 27. artikuluaren 1. paragrafoan adierazitakoren bat ere bete beharko du konkurtso-bitartekariak.

Lege honetan konkurtso-bitartekariari buruz aurreikusi gabeko guztiari dagokionez, aditu independenteak izendatzeko arloan xedatutakoa beteko da.

2. Konkurtso-bitartekariak, izendapena onartzean, lege honen 29.6 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen helbide elektroniko bat eman beharko dio merkataritza-erregistratzaileari edo notarioari; helbide horretan, edozer komunikazio edo jakinarazpen egin ahal izango dute hartzekodunek.

3. Erregistratzaileak edo notarioak izendatuko du konkurtso-bitartekaria. Konkurtso-bitartekariak kargua onartutakoan, merkataritza-erregistratzaileak edo notarioak ziurtagiri edo kopia bidez emango du horren berri, eta erregistroko dagokion orrian prebentzioko idatzoharra egiteko eskudun diren ondasunen erregistro publikoei, bai eta Erregistro Zibilari eta egokiak diren gainerako erregistro publikoei ere, igorriko die ziurtagiria edo kopia. Halaber, negoziazioak ireki izana ofizioz jakinaraziko dio konkurtsoa deklaratzeko eskuduna den epaileari, eta Konkurtsoen Erregistro Publikoan argitaratzea ere aginduko du.

4. Horretaz gain, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrari jakinarazpen bat bidaliko die, bitarteko elektronikoak erabiliz haien egoitza elektronikoetan ezartzen dituzten bideetatik –hartzekodunak izan edo ez–, non hauek jasoko diren: zordunaren identifikazioa (izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia) eta bitartekariarena (izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbide elektronikoa, baita kargua onartu zuen eguna ere). Langileen ordezkaritzari ere bidaliko zaio komunikazio bat, halako ordezkaritzarik badago, eta prozeduran agertzeko eskubidea dutela jakinaraziko zaio.

234. artikulua. Hartzekodunei deialdia.

1. Kargua onartu osteko hamar egunetan, krediturik baden eta zenbatekoak diren egiaztatuko du konkurtso-bitartekariak, eta bilera batera deituko ditu zorduna eta horrek aurkeztutako zerrendan agertzen diren hartzekodunak, betiere akordioak horiengan eragin badezake. Bilera hori kargua onartu osteko bi hilabeteen barruan egingo da, zordunak bizilekua duen udalerrian. Zuzenbide publikoko hartzekodunak deialditik kanpo geldituko dira beti.

2. Deialdia notario bidez egingo da, hura jaso izana ziurta dezakeen edozer komunikazio-bide (banakoa eta idatzia) erabiliz. Hartzekodunek euren helbide elektronikoa adierazi badiote konkurtso-bitartekariari, 235. artikuluaren 4. paragrafoan adierazitako moduan, helbide horretara bidaliko zaie komunikazioa.

3. Deialdian, bileraren tokia, eguna eta ordua adieraziko dira, baita ordaintzeko akordio bat lortzeko xedea eta deitutako hartzekodun bakoitzaren nortasuna ere; halaber, kredituaren zenbatekoa, emateko eta iraungitzeko data, eta eratutako berme pertsonalak edo errealak ere adieraziko dira.

4. Berme errealeko kredituen hartzekodun titularrek, judizioz kanpoko akordioan beren borondatez esku hartzeko asmoa badute, deialdia jasotzen dutenetik hilabeteko epean jakinarazi beharko diote asmo hori bitartekariari, espresuki.

235. artikulua. Espedientea hastearen ondorioak.

1. Espedientea irekitzeko eskaera egin ondoren, zordunak lan-, enpresa- edo lanbide-jardueran jarraitu ahal izango du. Eskaera aurkezten denetik, zordunak ezin izango du mailegu edo krediturik eskatu, bere titulartasuneko kreditu-txartelak erakundeari itzuliko dizkio, eta ezin izango du bitarteko elektronikorik erabili ordainketak egiteko.

2. Espedientea ireki dela argitaratzen denetik, ordainketen judizioz kanpoko balizko akordioak eragin ditzakeen hartzekodunek ezin izango dute hasi edo jarraitu ezein exekuzio zordunaren ondarearen gainean judizioz kanpoko akordioa negoziatu bitartean, gehienez hiru hilabetera arte. Salbuetsita egongo dira berme errealeko kredituen hartzekodunak; horien kasuan, exekuzioa hastea edo jarraitzea hartzekodunaren erabakiaren mende egongo da. Prozedura hastea edo jarraitzea erabakitzen duen berme errealeko hartzekodunak ezin izango du judizioz kanpoko akordioan parte hartu. Ondasunen erregistro publikoetan prozedura irekitzearen idatzohar egokia egin ondoren, berau eskatzen duen zordunaren ondasunen gainean ezin izango da bahitura edo bahiketen oharrik egin konkurtso-bitartekaria izendatzeko eskaera aurkeztu eta gero; betiere, judizioz kanpoko akordioan parte hartzen ez duten zuzenbide publikoko hartzekodunek eta berme errealeko kredituen titularren hartzekodunek jarraitutako prozeduren barruan izan litezkeenak ez badira.

3. Espedientearen irekiera argitaratzen denetik, akordioaren eraginpean egon daitezkeen hartzekodunek ezin izango dute zordun komunarekiko duten egoera hobetzeko ekintzarik egin.

4. Espedientearen irekiera argitaratzen denetik, egoki deritzoten hartzekodunek helbide elektroniko bat eman ahal izango diote konkurtso-bitartekariari, hark behar edo komeni diren komunikazio guztiak helarazteko; hala, ondorio guztiak sortuko dituzte emandako helbidera bidalitako komunikazioek.

5. Kreditua ordaintzeko berme pertsonala duen hartzekodunak berau erabili ahal izango du, betiere zordunaren kontrako kreditua iraungi bada. Bermea exekutatzeko, bermatzaileek ezin izango dute zordunaren eskaera exekutatzailearen kalterako aldarrikatu.

6. Judizioz kanpoko akordio bat negoziatzen ari den zordunaren gainean ezin izango da konkurtsoa deklaratu, betiere 5 bis artikuluan aurreikusitako egoerarik ez badago.

236. artikulua. Ordainketa-plana.

1. Ahalik eta lasterren, eta betiere bilera egin baino gutxienez hogei egun naturaleko aurrerapenaz, eskaeraren egunean ordaintzeke dauden kredituak ordaintzeko plan bat igorriko die hartzekodunei konkurtso-bitartekariak, zordunaren adostasunarekin; plan horretan, itxarote edo luzamendua ez da hiru urte baino gehiagokoa izango, ezta kredituen zenbatekoaren ehuneko 25etik gorakoa ere zor-kitatzea edo barkamena.

Ordainketen planarekin batera, bideragarritasun-plan bat ere egingo da; horretan, betebehar berriak betetzeko proposamen bat jasoko da; halaber, hala badagokio, zenbateko bat finkatuko da zordunarentzat eta haren familiarentzako elikagaien kontzeptuan; azkenik, garatzen den lanbide- edo enpresa-jarduera jarraitzeko plan bat jasoko da.

Ordainketen planak maileguen eta kredituen baldintzak negoziatzeko proposamen bat jaso beharko du, baita zuzenbide publikoko kredituak geroratzeko eskaera edo akordioaren kopia ere, edo, gutxienez, horiek ordaintzeko egunena, betiere iraungitzeko epean ordainduko ez badira.

2. Proposamenean, hartzekodunei ondasunak lagatzea ere jaso ahal izango da, zorrak ordaintzeko.

3. Konkurtso-bitartekariak hartzekodunei akordio-proposamena bidali ondorengo hamar egun naturalen barruan, hartzekodunek ordezko proposamenak edo aldatzeko proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Aipatutako epea amaituta, zordunak onarturiko azken ordainketa- eta bideragarritasun-plana igorriko die konkurtso-bitartekariak hartzekodunei.

4. Konkurtso-bitartekariak hartzekodunen konkurtsoa berehala deklaratzeko eskatu beharko du, baldin eta, artikulu honen 3. paragrafoan aipatutako epearen barruan, akordioak eragin dezakeen pasiboaren gehiengoa gutxienez ordezkatzen duten hartzekodunek negoziazioak uztea erabakitzen badute, alde batera utzita bertan parte hartzeko asmoa jakinarazi ez duten titularren berme errealeko kredituak edo zuzenbide publikoko edozer hartzekodun.

237. artikulua. Hartzekodunen bilera.

1. Deitutako hartzekodunek bilerara joan beharko dute; betiere, ez badute onespena edota aurkakotasuna agertu bileraren aurreko hamar egun naturaleko epearen barruan. Haien alde berme erreala eratuta dutenak kenduta, hartzekoduna ez bada bilerara joaten deialdia jaso ondoren, eta aurreko hamar egun naturaleko epean ez badu onespena edota aurkakotasuna agertu, haren titularitateko kredituak mendekotzat joko dira, baldin eta, negoziazioak porrot eginda, zordun komunaren konkurtsoa deklaratzen bada.

2. Bileran, aldaketak egin ahal izango zaizkie ordainketen planari eta bideragarritasun-planari; betiere, aurreko hamar egun naturaleko epean onespena agertu dutelako bilerara bertaratu ez diren hartzekodunei ordaintzeko baldintzak aldatzen ez badira.

238. artikulua. Ordainketen judizioz kanpoko akordioa.

1. Ordainketen plana onartutzat jo dadin, gutxienez pasiboaren ehuneko 60ren titular diren hartzekodunek horren alde bozkatu beharko dute. Ordainketa-planak zorrak ordaintzeko zordunaren ondasunak lagatzea badakar, pasiboaren ehuneko hirurogeita hamabosta ordezkatzen duten hartzekodunek onartu beharko dute plan hori, bai eta haien alde ondasun horien gaineko berme erreala eratuta duten hartzekodunak edo hartzekodunek ere, horrelakorik badago. Bi kasuotan, akordioak eragin behar duen pasiboa eta horren hartzekodunak baino ez dira kontuan hartuko gehiengo horiek osatzeko orduan.

2. Hartzekodunek plana onartzen badute, akordioa eskritura publiko bihurtuko da berehala, eta notarioak irekitako espedientea amaituko du horrek. Merkataritza-erregistratzaileak irekitakoei dagokienez, eskrituraren kopia bat aurkeztuko da Merkataritza Erregistroaren aurrean, erregistratzaileak espedientea itxi ahal izan dezan. Notarioak edo erregistratzaileak espedientearen itxiera jakinaraziko dio konkurtsoa izapidetu behar zuen epaitegiari. Ondasunen erregistro publiko eskudunei ere horren berri emango zaie, igorritako ziurtagiri edo kopia bidez, egindako idatzoharrak ezezta ditzaten. Halaber, akordioa Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Konkurtsoen Erregistro Publikoan argitaratuko du iragarki baten bidez; horretan, zorduna identifikatzeko datuak jasoko dira, hauek ere barne hartuta: identifikazio fiskaleko zenbakia, erregistratzaile edo notario eskuduna, bitartekaria izendatzeko espedientearen zenbakia, konkurtso-bitartekariaren izena, horren identifikazio fiskaleko zenbakia barne, eta espedientea dagokion Merkataritza Erregistroan edo notariotzan hartzekodunen eskuragarri dagoela haren edukiaren publizitatea egiteko.

3. Plana onartzen ez bada, eta zorduna oraindik kaudimengabea bada, konkurtso-bitartekariak konkurtsoa deklaratzeko eskatuko dio berehala eskudun epaileari, eta epaileak berehala hartuko du horren inguruko erabakia. Hala badagokio, konkurtsoa amaitzeko ere eskatuko dio epaileari, masa aktiboa ez bada nahikoa, lege honen 176 bis artikuluan xedatutako moduan.

239. artikulua. Akordioa aurkaratzea.

1. Deialdia jaso ez duen hartzekodunak, akordioaren aldeko botoa eman ez duenak, edota, 237.1 artikuluan ezarritako moduan, aldez aurretik aurka dagoela adierazi duenak, akordioa aurkaratzeko eskubidea izango du; zordunaren konkurtsoa epaitzeko eskuduna den epaitegiaren aurrean egin ahal izango du hori, akordioa argitaratu ondoko hamar eguneko epearen barruan.

2. Aurkaratzeak ez du akordioaren exekuzioa etengo, eta ondoko arrazoi hauetan baino ezin izango da oinarritu: akordioa hartzeko eskatutako gehiengorik ez egotea, hartarako deitu gabeko hartzekodunak kontuan harturik; 236.1 artikuluan ezarritako mugak gainditzea, edota eskatutako zor-kitatzea edo luzamendua neurrigabea izatea.

3. Aurkaratze guztiak batera izapidetuko dira, intzidente konkurtsaleko prozeduraren bidez.

4. Akordioa indargabetzeko epaia Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Konkurtsoen Erregistro Publikoan argitaratuko da.

5. Aurkaratzea ebazten duen epaiaren kontra lehentasunez izapidetzeko apelazio-errekurtsoa jarri ahal izango da.

6. Akordioa indargabetzean, 242. artikuluan araututako konkurtso kontsekutiboa bideratuko da.

240. artikulua. Akordioak hartzekodunen gainean dituen ondorioak.

1. Akordioak eragindako hartzekodunek ezin izango dute espedientearen irekiera argitaratu aurreko zorrengatik zordunaren aurkako exekuziorik hasi edo jarraitu. Horrelakoak agindu dituen epailearen bahiturak ezeztatzeko eskatu ahal izango du zordunak.

2. Judizioz kanpoko akordioa betez, kredituak hitzartutakoaren arabera geroratuta eta kitatuta geldituko dira.

Hartzekodunei ondasunik lagaz gero, kredituak guztiz edo zati batez iraungita daudela joko da, hitzartutakoaren arabera.

3. Hartzekodunek dagozkien akzioak atxikiko dituzte obligaziodun solidarioen eta zordunaren bermatzaile pertsonalen kontrako kreditu guztiengatik.

241. artikulua. Akordioa betetzea eta ez betetzea.

1. Konkurtso-bitartekariak akordioa betetzen dela ikuskatu beharko du.

2. Ordainketa-plana osotasunean betez gero, konkurtso-bitartekariak Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Konkurtsoen Erregistro Publikoan argitaratuko den notario-aktan emango du horren berri.

3. Ordainketen judizioz kanpoko akordioa bete ezean, konkurtso-bitartekariak konkurtsoa eskatu beharko du, eta bete ez duen zorduna kaudimengabeziako egoeran dagoela joko da.

242. artikulua. Konkurtso kontsekutiboaren berezitasunak.

1. Konkurtso kontsekutibotzat hau hartuko da: konkurtso-bitartekariak, zordunak edo hartzekodunek eskatuta deklaratzen dena, ordainketen judizioz kanpoko akordio bat lortzea ezinezkoa delako edo hitzartutako ordainketen plana ez betetzeagatik.

Konkurtso kontsekutibotzat joko da, halaber, lortutako judizioz kanpoko akordioa indargabetzearen ondorioa dena.

2. Konkurtso kontsekutiboan, Legearen 176 bis artikuluan xedatutako moduan masa aktibo nahikorik ez dagoenean izan ezik, likidazio-fasea ezinbestean eta aldi berean irekiko da, lege honen V. tituluan xedatutakoaren arabera, eta berezitasun hauekin:

1. Bidezko kausarik ezean, epaileak konkurtsoaren administratzaile izendatuko du konkurtso-bitartekaria; azken horrek judizioz kanpoko akordioaren espedientean finkatutakoa baino ez du jasoko kontzeptu horrengatik, betiere epaileak besterik erabakitzen ez badu salbuespenezko zirkunstantziengatik.

2. Masaren kontrako kreditutzat ere hartuko dira judizioz kanpoko espedientearen gastuak eta berau izapidetzean sortzen diren eta ordainduta ez dauden gainerako kredituak, baldin eta, lege honen 84. artikuluaren arabera, kredituaren kontrako kreditutzat hartzen badira.

3. Egintza hutsalgarriak zehazteko bi urteko epea zordunak merkataritza-erregistratzaileari edo notarioari eginiko eskaeratik zenbatuko da.

4. Judizioz kanpoko akordioa sinatu duten kredituen titularrek ez dute errekonozimendurik eskatu beharko.

5. Pertsona naturala den enpresari zordunari dagokionez, konkurtsoa ezustekotzat hartuz gero, likidazioan ordaintzen ez diren zor guztien barkamena deklaratuko du epaileak, Zuzenbide publikokoak izan ezik, betiere masaren kontrako kredituak eta konkurtsoen kreditu pribilegiatuak guztiz ordaintzen badira.»

Zortzi. Xedapen gehigarri bat eransten da. Honela egongo da idatzita:

«Zazpigarren xedapen gehigarria. Zuzenbide publikoko kredituen tratamendua, ordainketen judizioz kanpoko akordiorik egonez gero.

1. Lege honen X. tituluan xedatutakoa ez zaie zuzenbide publikoko kredituei aplikatuko, baldin eta horien zerga-bilketa egiteko lege hauetan xedatutakoa aplikatu behar bada: Tributuei buruzko 58/2003 Lege Orokorra, abenduaren 17koa; Aurrekontuei buruzko 47/2003 Lege Orokorra, azaroaren 26koa, edo ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretua, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzekoa.

2. 231. artikuluan aipaturiko pertsona naturala edo juridikoa den zordunak aurreko paragrafoan aurreikusitako zorrak baditu, 232. artikuluan araututako ordainketen judizioz kanpoko akordioaren eskaera onartutakoan, data horretan ordaindu gabe dauden zorrak geroratzeko edo zatikatzeko eskatu beharko dio eskumena duen herri-administraziori, betiere aplikatu beharreko araudian ezarritako epean berau egitea aurreikusita ez badu.

3. Herri Ogasunarekiko zorrei dagokienez, aurreko paragrafoan aipatutako geroratzeko edo zatikatzeko eskaerak Tributuei buruzko Lege Orokorrean eta berau garatzeko araudian xedatutakoaren arabera izapidetuko dira, berezitasun hauekin:

a) Geroratzea edo zatikatzea ebazteko akordioa eman ahal izateko, formalizatuta egon beharko da ordainketen judizioz kanpoko akordioa. Nolanahi ere, horren aurretik ebatzi ahal izango da hiru hilabete igarotzen badira eskaera aurkezten denetik Estatuko Aldizkari Ofizialean akordio hori argitaratu gabe edo konkurtsoa deklaratzen bada.

b) Administrazioak bere iritziz hautemandako zenbateko-arrazoiengatik kontrakorik xedatu ezean, ordainketen judizioz kanpoko akordioan jasotako gehieneko epea izango du geroratzea edo zatikatzea emateko akordioak, baina epeen aldizkakotasuna ezberdina izan ahalko da.

Bere garaian emandako eta geroratzeko edo zatikatzeko eskaera, aurreko 2. paragrafoan aipatutakoa, aurkezteko egunean indarrean dauden ordainketen geroratzeek eta zatikatzeek ondorio guztiak izango dituzte oraindik ere, baldintzak aldatzeko eskaerak aurkezteko aukera baztertu gabe betiere; horrelakorik eginez gero, dagozkien zorrak eskaera horretan erantsiko dira.

Edonola ere, geroratzeko edo zatikatzeko eskaeran sartuko dira berau aurkezteko egunean ebatzi gabe dauden eskaeretan jasotako zorrak.

4. Gizarte Segurantzarekiko zorrei dagokienez, aurreko 2. paragrafoan aipatutako geroratzeko edo zatikatzeko eskaerak Gizarte Segurantzari buruzko Legean eta berau garatzeko araudian xedatutakoaren arabera izapidetuko dira, berezitasun hauekin:

a) Geroratzea ebazteko akordioa eman ahal izateko, formalizatuta egon beharko da ordainketen judizioz kanpoko akordioa. Nolanahi ere, horren aurretik ebatzi ahal izango da hiru hilabete igarotzen badira eskaera aurkezten denetik Estatuko Aldizkari Ofizialean akordio hori argitaratu gabe edo konkurtsoa deklaratzen bada.

b) Administrazioak bere iritziz hautemandako zenbateko-arrazoiengatik kontrakorik xedatu ezean, ordainketen judizioz kanpoko akordioan jasotako gehieneko epea izango du geroratzea emateko akordioak, baina epeen aldizkakotasuna ezberdina izan ahalko da.

Arduradunak ordainketaren geroratze bat indarrean badu judizioz kanpoko akordioaren eskaera aurkezten duen egunean, ondorio guztiak izango ditu horrek oraindik, betiere geroratzean zor arrunteko aldiren bat jasotzeko edo amortizazioaren baldintzaren bat aldatzeko eska daitezkeen aldaketak edo berraztertzeak baztertu gabe.»

Bederatzi. Xedapen gehigarri bat eransten da. Honela egongo da idatzita:

«Zortzigarren xedapen gehigarria. Konkurtso-bitartekarien ordainsaria.

Lege honek aipatzen dituen konkurtso-bitartekariei ordaintzeko orduan, konkurtso-administratzaileei ordaintzeko ezarrita dauden edo ezarriko diren arauak aplikatuko dira.»

22. artikulua. Ekintzaileari arreta emateko guneen zerbitzuak, jarduera uztea dela eta.

1. Pertsona fisikoek eta juridikoek bide telematikoz egin ahal izango dituzte banako enpresaburuen jarduera uzteko eta merkataritza-sozietateen jarduera amaitzeko eta uzteko behar diren administrazio-izapide guztiak, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren ekintzaileari arreta emateko gunearen bidez eta horretarako sinatutako hitzarmenaren arabera zerbitzu hori eskaintzen duten gainerakoen bidez.

Zehazki, izapide hauek eginarazi ahal izango dituzte:

a) Sozietatearen desegitea, likidazioa eta iraungitzea inskribatzeko eskatzea Merkataritza Erregistroari, baita likidatzaileen izendapena, sukurtsalen itxiera eta, oro har, gainerako erregistro-idazpenen ezeztapena ere.

b) Enpresa desegitea edo jarduera behin betiko uztea eta bere zerbitzu peko langileen baja jakinaraztea Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiko Probintziako Zuzendaritzari.

c) Baja deklaratzea enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldan, eta baja deklaratzea jarduera ekonomikoen gaineko zergan.

d) Enpresa edo bere instalazioak inskribatu diren Estatuko, autonomia-erkidegoko eta udaleko erregistro sektorialetan baja jakinaraztea.

e) Jarduera uztea Estatuko, autonomia-erkidegoko eta udaleko agintariei jakinaraztea, hori nahitaezkoa denean.

f) Erantzukizun mugatuko enpresaburuei dagokienez, beharrezko diren inskripzioak ezeztatzeko eskatzea Merkataritza Erregistroan, Jabetza Erregistroan, Ondasun Higigarrien Erregistroan eta enpresa- edo lanbide-zorrengatik ondasun enbargaezinak immatrikulatuta dauden beste edozer erregistrotan.

2. Eskabidea formatu elektronikoan eskuragarri egongo da; bertan, interesdunak izapideren bat edo batzuk ez egiteko eskatu ahal izango du, espresuki.

II. TITULUA

Ekintzaileentzako zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko laguntzak

23. artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide berezia.

Honela geratzen da aldatuta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea:

Bat. Aldatu egiten da 120. artikuluaren Bat paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«Bat. Balio erantsiaren gaineko zergaren erregimen bereziak hauek dira:

1. Erregimen sinplifikatua.

2. Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezia.

3. Ondasun erabilien, artelanen, zaharkinen eta bildumako objektuen araubide berezia.

4. Inbertsio-urrearekin eginiko eragiketei aplikatu beharreko araubide berezia.

5. Bidaia-agentzien araubide berezia.

6. Baliokidetasun-errekarguaren araubide berezia.

7. Bide elektronikoz eskainitako zerbitzuei aplikatu beharreko araubide berezia.

8. Erakunde-taldeen baliokidetasun-errekarguaren araubide berezia.

9. Kutxa-irizpidearen araubide berezia.»

Bi. X. kapitulu bat erantsi zaio IX. tituluari. Honela egongo da idatzita:

«X. KAPITULUA

Kutxa-irizpidearen araubide berezia

163 decies artikulua. Aplikatzeko eskakizun subjektiboak.

Bat. Aurreko urte naturalean gehienez 2.000.000 euroko eragiketa-bolumena izan duten subjektu pasiboek kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatu ahal izango dute.

Bi. Subjektu pasiboak enpresa- edo lanbide-jarduerak aurreko urte naturalean hasi baditu, eragiketa-bolumenaren zenbatekoak urtebetekoa izan beharko du.

Hiru. Subjektu pasiboak enpresa- edo lanbide-jarduerak aurreko urte naturalean hasi ez baditu, dagoen urte naturalean aplikatu ahal izango du araubide berezia.

Lau. Aurreko paragrafoetan aipatutako subjektu pasiboak egindako eragiketen bolumena zehazteko, horiek egintzat joko dira balio erantsiaren gaineko zerga sortzen denean edo, hala badagokio, horrela sortu denean, betiere eragiketa horiei ez bazaie aplikatu kutxa-irizpidearen araubide berezia.

Bost. Subjektu pasiboak kutxa-irizpidetik kanpo geldituko dira, baldin eta urte naturalaren barruan hartzaile beragandik jasotzen dituzten eskudiruzko kobrantzek erregelamenduz xedatutako zenbatekoa gainditzen badute.

163 undecies artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzeko baldintzak.

Aurreko artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten subjektu pasiboek kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatu ahal izango dute, betiere erregelamenduz xedatutako moduan aplikatzea aukeratzen badute. Aukera hori luzatutzat joko da uko egin ezean, azken hori erregelamenduz ezarritako baldintzetan eginda betiere. Uko horrek gutxienez 3 urteko balioa izango du.

163 duodecies artikulua. Aplikatzeko eskakizun objektiboak.

Bat. 163 decies artikuluan aipatutako subjektu pasiboek aplikatu ahal izango dute kutxa-irizpidearen araubide berezia zergaren aplikazio-eremuan egiten diren eragiketetan.

Subjektu pasiboak egindako eragiketa guztiei aplikatuko zaie kutxa-irizpidearen araubide berezia, artikulu honen hurrengo paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Bi. Kutxa-irizpidearen araubide berezitik kanpo gelditzen dira eragiketa hauek:

a) Araubide berezi hauei heldutakoak: sinplifikatuari, nekazaritzako, abeltzaintza eta arrantzako araubide bereziari, baliokidetasun-errekarguarenari, inbertsio-urrearenari, bide elektronikoz emandako zerbitzuei aplikatu beharreko araubide bereziari eta erakunde-taldearen araubide bereziari.

b) Lege honen 21., 22., 23., 24. eta 25. artikuluek aipatutako ondasunen emate salbuetsiak.

c) Ondasunak Erkidego barruan eskuratzea.

d) Zergaren subjektu pasiboa eragiketa egiten den enpresaburua edo profesionala duten horiek, lege honen 84. artikuluaren Bat paragrafoko 2., 3. eta 4. zenbakiekin bat etorriz.

e) Inportazioak eta inportazioei asimilatutako eragiketak.

f) Lege honen 9.1. eta 12. artikuluek aipatutako horiek.

163 terdecies artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide bereziaren edukia.

Bat. Araubide berezi hori aplikatu beharreko eragiketetan, benetan jasotako zenbatekoengatiko prezioaren kobrantza oso edo partzialaren unean sortuko da zerga, edo horrelakorik gertatu ez bada, sortzapena eragiketa egin osteko urteko abenduaren 31n izango da.

Ondorio horietarako, eragiketaren prezioa kobratzeko unea, osoa edo partziala, egiaztatu beharko da.

Bi. Araubide berezi hori aplikatu beharreko eragiketetan zerga jasanarazi beharko da dagokion faktura egin eta emateko unean, baina eragiketaren sortzapenaren unean joko da egintzat, berau aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera zehaztuta.

Hiru. Araubide berezi hori aplikatu beharreko subjektu pasiboek kenkariak egin ahal izango dituzte lege honen VIII. tituluan ezarritako moduan, berezitasun hauekin:

a) Araubide berezi horri heldutako subjektu pasiboek jasandako kuoten kenkarirako eskubidea benetan jasotako zenbatekoengatiko prezioaren kobrantza oso edo partzialaren unean sortzen da, edo horrelakorik gertatu ez bada, eragiketa egin osteko urteko abenduaren 31n.

Aurrekoa aplikatuko da zergapeko egitatea egintzat jotzen den momentua edozer dela ere.

Ondorio horietarako, eragiketaren prezioa ordaintzeko unea, osoa edo partziala, egiaztatu beharko da.

b) Jasandako kuoten kenkarirako eskubidea sortu den likidazio-aldiari dagokion aitorpen-likidazioan edo hurrengoetan baino ezin izango da gauzatu kenkarirako eskubidea, baldin eta eskubide hori sortzen denetik hasita lau urteko epea igaro ez bada.

c) Jasandako kuoten kenkarirako eskubidea iraungitzen da titularrak ez badu berau gauzatu aurreko hizkian ezarritako epean.

Lau. Araubide berezi hori aplikatzen duten subjektu pasiboek bete behar dituzten obligazio formalak erregelamenduz zehaztuko dira.

163 quaterdecies artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide berezia ukatzearen edo baztertzearen ondorioak.

Kutxa-irizpidearen araubide bereziaren aplikazioa ukatzeak edo baztertzeak bertan araututako arauak horren indarraldian eginiko eragiketei dagokienez mantentzea ekarriko du aurreko artikuluan xedatutako moduan.

163 quinquiesdecies artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide bereziak eragindako eragiketak.

Bat. Kutxa-irizpidearen araubide bereziari heldu gabeko subjektu pasiboen kenkarirako eskubidea, subjektu horiek bertan jasotako eragiketen hartzaileak badira, eragiketa horiek jasandako kuotei dagokienez, haien ordainketa oso edo partzialaren unean sortuko da, benetan ordaindutako zenbatekoengatik, edo horrelakorik ez bada gertatu, eragiketa egin osteko urteko abenduaren 31n.

Aurrekoa aplikatuko da zergapeko egitatea egintzat jotzen den momentua edozer dela ere.

Ondorio horietarako, eragiketaren prezioa ordaintzeko unea, osoa edo partziala, egiaztatu beharko da.

Kutxa-irizpidearen araubide bereziak eragindako eragiketen hartzaileak diren subjektu pasiboek bete beharreko obligazio formalak erregelamenduz zehaztuko dira.

Bi. Lege honen 80. artikuluaren laugarren paragrafoak aipatutako tributu-oinarria aldatzeak, kutxa-irizpidearen araubide bereziari heldu gabe dauden subjektu pasiboek eginda, araubide berezi horri helduta dagoen subjektu pasibo zordunak jasandako kuoten kenkarirako eskubidea sortzea ekarriko du aldatutako eragiketei dagokienez, betiere kenkariak oraindik gauzatu gabe badituzte tributu-oinarriaren aldaketa hori egiteko egunean.

163 sexiesdecies artikulua. Konkurtsoa deklaratzeko autoaren ondorioak.

Kutxa-irizpidearen araubide bereziari heldutako subjektu pasiboak edo horren eragiketen hartzailea den subjektu pasiboak konkurtsoa deklaratzeak hau ekarriko du konkurtsoa deklaratzeko autoaren egunean:

a) Kutxa-irizpidearen araubide bereziari heldutako subjektu pasiboak jasanarazitako kuoten sortzapena, oraindik sortu gabe badaude data horretan.

b) Subjektu pasiboak jasandako kuoten kenkarirako eskubidea sortzea hartzailea izan den eta kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatutako eragiketei dagokienez, betiere ordaindu gabe badaude eta ez bada 163 terdecies.Hiru artikuluaren a) hizkian aurreikusitako epea igaro data horretan.

c) Kutxa-irizpidearen araubide bereziari heldutako subjektu pasibo konkurtsatuak jasandako kuoten kenkarirako eskubidea sortzea hartzailea izan den eta araubide berezi horri helduta ez dauden eragiketei dagokienez, betiere ordaindu gabe badaude eta ez bada 163 terdecies.Hiru artikuluaren a) hizkian aurreikusitako epea igaro data horretan.

Konkurtsoan dagoen subjektu pasiboak sortutako kuotak aitortu beharko ditu eta aurreko lerrokadetan aipatutako jasandako kuoten kenkaria gauzatu beharko du erregelamenduz aurreikusitako likidazio-aitorpenean, hori guztia konkurtsoa deklaratu aurretiko zergapeko egitateei dagokienez. Halaber, data horretan kenkaria gauzatuta ez duten gainerako kuotak ere aitortu beharko ditu subjektu pasiboak likidazio-aitorpen horretan.»

24. artikulua. Kutxa-irizpidearen araberako Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorraren sortzapenaren araubide berezia.

Ondorioak 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera edukita, IX. kapitulu berri bat sartzen da Kanarietako ekonomia- eta zerga-erregimenaren zenbait alderdi aldatzen dituen ekainaren 7ko 20/1991 Legearen III. tituluan; honela idatzita egongo da:

«IX. KAPITULUA

Kutxa-irizpidearen araubide berezia

58 nonies artikulua. Aplikatzeko eskakizun subjektiboak.

Bat. Aurreko urte naturalean gehienez 2.000.000 euroko eragiketa-bolumena izan duten subjektu pasiboek kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatu ahal izango dute.

Bi. Subjektu pasiboak enpresa- edo lanbide-jarduerak aurreko urte naturalean hasi baditu, eragiketa-bolumenaren zenbatekoak urtebetekoa izan beharko du.

Hiru. Subjektu pasiboak enpresa- edo lanbide-jarduerak aurreko urte naturalean hasi baditu, eragiketa-bolumenaren zenbatekoak urtebetekoa izan beharko du.

Lau. Aurreko paragrafoetan aipatutako subjektu pasiboak egindako eragiketen bolumena zehazteko, horiek egintzat joko dira Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorra sortzen denean edo, hala badagokio, horrela sortu denean, betiere eragiketa horiei ez bazaie aplikatu kutxa-irizpidearen araubide berezia.

Bost. Subjektu pasiboak kutxa-irizpidearen araubidetik kanpo geldituko dira, baldin eta urte naturalaren barruan hartzaile beragandik jasotzen dituzten eskudiruzko kobrantzek Kanarietako Gobernuak erregelamenduz xedatutako zenbatekoa gainditzen badute.

58 decies artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzeko baldintzak.

Aurreko artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten subjektu pasiboek kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatu ahal izango dute, betiere Kanarietako Gobernuak erregelamenduz xedatutako moduan aplikatzea aukeratzen badute. Aukera hori luzatutzat joko da uko egin ezean, azken hori Kanarietako Gobernuak erregelamenduz ezarritako baldintzetan eginda betiere. Uko horrek gutxienez 3 urteko balioa izango du.

58 undecies artikulua. Aplikatzeko eskakizun objektiboak.

Bat. 58 nonies artikuluan aipatutako subjektu pasiboek aplikatu ahal izango dute kutxa-irizpidearen araubide berezia zergaren aplikazio-eremuan egiten diren eragiketetan.

Subjektu pasiboak egindako eragiketa guztiei aplikatuko zaie kutxa-irizpidearen araubide berezia, artikulu honen hurrengo paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Bi. Kutxa-irizpidearen araubide berezitik kanpo gelditzen dira eragiketa hauek:

a) Araubide berezi sinplifikatuari, nekazaritza eta abeltzaintzakoari, inbertsio-urrearen araubide bereziari eta erakunde-taldearenari heldutakoak.

b) Lege honen 11., 12., eta 13. artikuluek aipatutako ondasunen emate salbuetsiak.

c) Zergaren subjektu pasiboa eragiketa egiten den enpresaburua edo profesionala duten horiek, lege honen 19. artikuluaren 1 zenbakiko 2. paragrafoarekin bat etorriz.

d) Inportazioak eta inportazioei asimilatutako eragiketak.

58 duodecies artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide bereziaren edukia.

Bat. Araubide berezi hori aplikatu beharreko eragiketetan, benetan jasotako zenbatekoengatiko prezioaren kobrantza oso edo partzialaren unean sortuko da zerga, edo horrelakorik gertatu ez bada, sortzapena eragiketa egin osteko urteko abenduaren 31n izango da.

Ondorio horietarako, eragiketaren prezioa kobratzeko unea, osoa edo partziala, egiaztatu beharko da.

Bi. Araubide berezi hori aplikatu beharreko eragiketetan zerga jasanarazi beharko da dagokion faktura egin eta emateko unean, baina eragiketaren sortzapenaren unean joko da egintzat, berau aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera zehaztuta.

Hiru. Araubide berezi hori aplikatu beharreko subjektu pasiboek kenkariak egin ahal izango dituzte lege honen II. tituluan ezarritako moduan, berezitasun hauekin:

a) Araubide berezi horri heldutako subjektu pasiboek jasandako kuoten kenkarirako eskubidea benetan jasotako zenbatekoengatiko prezioaren kobrantza oso edo partzialaren unean sortzen da, edo horrelakorik gertatu ez bada, eragiketa egin osteko urteko abenduaren 31n.

Aurrekoa aplikatuko da zergapeko egitatea egintzat jotzen den momentua edozer dela ere.

Ondorio horietarako, eragiketaren prezioa ordaintzeko unea, osoa edo partziala, egiaztatu beharko da.

b) Jasandako kuoten kenkarirako eskubidea sortu den likidazio-aldiari dagokion aitorpen-likidazioan edo hurrengoetan baino ezin izango da gauzatu kenkarirako eskubidea, baldin eta eskubide hori sortzen denetik hasita lau urteko epea igaro ez bada.

c) Jasandako kuoten kenkarirako eskubidea iraungitzen da titularrak ez badu berau gauzatu aurreko hizkian ezarritako epean.

Lau. Araubide berezi hori aplikatzen duten subjektu pasiboek bete behar dituzten obligazio formalak erregelamenduz zehaztuko ditu Kanarietako Gobernuak.

58 terdecies artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide berezia ukatzearen edo baztertzearen ondorioak.

Kutxa-irizpidearen araubide bereziaren aplikazioa ukatzeak edo baztertzeak bertan araututako arauak horren indarraldian eginiko eragiketei dagokienez mantentzea ekarriko du aurreko artikuluan xedatutako moduan.

58 quaterdecies artikulua. Kutxa-irizpidearen araubide bereziak eragindako eragiketak.

Bat. Kutxa-irizpidearen araubide bereziari heldu gabeko subjektu pasiboen kenkarirako eskubidea, subjektu horiek bertan jasotako eragiketen hartzaileak badira, eragiketa horiek jasandako kuotei dagokienez, haien ordainketa oso edo partzialaren unean sortuko da, benetan ordaindutako zenbatekoengatik, edo horrelakorik ez bada gertatu, eragiketa egin osteko urteko abenduaren 31n.

Aurrekoa aplikatuko da zergapeko egitatea egintzat jotzen den momentua edozer dela ere.

Ondorio horietarako, eragiketaren prezioa ordaintzeko unea, osoa edo partziala, egiaztatu beharko da.

Kutxa-irizpidearen araubide bereziak eragindako eragiketen hartzaileak diren subjektu pasiboek bete beharreko obligazio formalak erregelamenduz zehaztuko ditu Kanarietako Gobernuak.

Bi. Lege honen 22. artikuluaren 7 zenbakiak aipatutako tributu-oinarria aldatzeak, kutxa-irizpidearen araubide bereziari heldu gabe dauden subjektu pasiboek eginda, araubide berezi horri helduta dagoen subjektu pasibo zordunak jasandako kuoten kenkarirako eskubidea sortzea ekarriko du aldatutako eragiketei dagokienez, betiere kenkariak oraindik gauzatu gabe badituzte tributu-oinarriaren aldaketa hori egiteko egunean.

58 quinquiesdecies artikulua. Konkurtsoa deklaratzeko autoaren ondorioak.

Kutxa-irizpidearen araubide bereziari heldutako subjektu pasiboak edo horren eragiketen hartzailea den subjektu pasiboak konkurtsoa deklaratzeak hau ekarriko du konkurtsoa deklaratzeko autoaren egunean:

a) Kutxa-irizpidearen araubide bereziari heldutako subjektu pasiboak jasanarazitako kuoten sortzapena, oraindik sortu gabe badaude data horretan.

b) Subjektu pasiboak jasandako kuoten kenkarirako eskubidea sortzea hartzailea izan den eta kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatutako eragiketei dagokienez, betiere ordaindu gabe badaude eta ez bada 58 duodecies.Hiru artikuluaren a) hizkian aurreikusitako epea igaro data horretan.

c) Kutxa-irizpidearen araubide bereziari heldutako subjektu pasibo konkurtsatuak jasandako kuoten kenkarirako eskubidea sortzea hartzailea izan den eta araubide berezi horri helduta ez dauden eragiketei dagokienez, betiere ordaindu gabe badaude eta ez bada 58 duodecies.Hiru artikuluaren a) hizkian aurreikusitako epea igaro data horretan.

Konkurtsoan dagoen subjektu pasiboak sortutako kuotak aitortu beharko ditu eta aurreko lerrokadetan aipatutako jasandako kuoten kenkaria gauzatu beharko du Kanarietako Gobernuak erregelamenduz aurreikusitako likidazio-aitorpenean, hori guztia konkurtsoa deklaratu aurretiko zergapeko egitateei dagokienez. Halaber, data horretan kenkaria gauzatuta ez duten gainerako kuotak ere aitortu beharko ditu subjektu pasiboak likidazio-aitorpen horretan.»

25. artikulua. Etekinak inbertitzegatiko zerga-pizgarriak.

Aldatu egiten da martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 37. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«37. artikulua. Kenkaria etekinak inbertitzeagatik.

1. Lege honen 108. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten erakundeek, baldin eta zergak lege honen 114. artikuluan aurreikusitako karga-eskalaren arabera ordaintzen badituzte, ekitaldiko etekinen ehuneko 10eko kenkari bateko eskubidea izango dute kuota osoan, sozietateen gaineko zergaren kontabilizazioa barnean sartu gabe; hartarako, etekinak ibilgetu materialaren elementu berrietan inbertitu beharko dira edo jarduera ekonomikoei atxikitako higiezinen inbertsioetan, betiere artikulu honetan ezarritako baldintzak betez gero.

Kenkari hori ehuneko 5ekoa izango da lege honen hamabigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako karga-eskalaren arabera zergak ordaintzen dituzten erakundeen kasuan.

Ondare-elementuak eskura jartzean joko da egintzat inbertsioa, baita finantza-errentamendu kontratuen xede diren ondare-elementuen kasuan ere; kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoak aipatzen ditu horiek. Nolanahi ere, azken kasu horretan erosteko aukera gauzatzeari baldintzatuta egongo da kenkaria, eta erabakigarria izango da.

Zerga-kontsolidazioaren erregimenean zergak ordaintzen dituzten erakundeei dagokienez, inbertsioa taldeko kide den edozer erakundek egin ahal izango du.

2. Inbertsioaren xede diren onurak lortzen diren zergaldiaren eta horren osteko bi urteko epean egin beharko da jarduera ekonomikoei atxikitako ondare-elementuen inbertsioa edo, salbuespenez, subjektu pasiboak proposatuta zerga-administrazioak onartzen duen inbertsio-plan berezi baten arabera.

3. Inbertsioa egiten den zergaldiari dagokion kuota osoan egingo da kenkaria.

4. Kenkariaren oinarria lortzeko inbertsioaren xede den ekitaldiko etekinen zenbatekoari, sozietateen gaineko zergaren kontabilizazioa jaso gabe, hauek zehaztutako koefiziente bat aplikatuko zaio:

a) Zenbakitzailean: ekitaldian lortutako etekinak, sozietateen gaineko zergaren kontabilizazioa jaso gabe, lege honen 15.9 artikuluaren salbuespena, murrizketa, hobaria, kenketa duten errentak edo diru-sarrerak edo zergapetze bikoitzeko kenkaria dutenak gutxituta, soilik tributu-oinarrian salbuespena, murrizketa, hobaria edo kenkaria izan duen zatian, edota kuota osoan kenkarirako eskubidea sortu duen horretan.

b) Izendatzailean: ekitaldian lortutako onurak, sozietateen gaineko zergaren kontabilizazioa jaso gabe.

Ateratzen den koefizientea bi dezimalekin hartuko da, behera biribilduta.

Zerga-kontsolidazioaren erregimenean zergak ordaintzen dituzten erakundeei dagokienez, koefizientea kalkulatuko da lege honen galdu-irabazien kontuan ageri diren etekinak aintzat hartuta, eta aurreko a) hizkiak aipatutako doikuntzak ere hartuko dira kontuan zerga-taldeko kide diren erakunde guztiei dagokienez, etekinen partaide ez direnak alde batera utzita betiere.

5. Kenkari hori aplikatzen duten erakundeek inbertsioetarako erreserba bat ezarri beharko dute, kenkariaren oinarriaren zenbateko berekoa; hori ez da erabiltzeko moduan egongo, inbertsioa egiten den ondare-elementuek erakundean gelditu behar diren bitartean.

Inbertitu beharreko zenbatekoa duten ekitaldiko etekinekin hornitu beharko da inbertsioetarako erreserba.

Zerga-kontsolidazioaren erregimenean zergak ordaintzen dituzten erakundeei dagokienez, erreserba hori inbertsioa egiten duen erakundeak hornituko du, betiere ezinezko ez bazaio, orduan zerga-taldeko beste erakunde batek hornitu beharko baitu.

6. Inbertsioa jasoko duten ondare-elementuek jardueran jarraitu beharko dute erakundearen ondarean, justifikatutako galerarik ezean, 5 urteko epe batez, edo horren bizitza baliagarrian txikiagoa bada.

Nolanahi ere, kenkaria ez da galduko inbertsioa jasotzen duten ondare-elementuak eskualdatzen badira aurreko lerrokadan adierazitako epea amaitu aurretik eta eskuratutako zenbatekoa edo kontabilitateko balio garbia, txikiagoa bada, artikulu honetan ezarritako moduan inbertitzen bada.

7. Kenkari hori ez da bateragarria amortizazio-askatasunaren aplikazioarekin, Kanarietako ekonomia- eta zerga-erregimenaren zenbait alderdi aldatzen dituen ekainaren 7ko 20/1991 Legearen 94. artikuluan araututako inbertsioetarako kenkariarekin eta Kanarietako inbertsioetarako erreserbarekin (Kanarietako ekonomia- eta zerga-erregimena aldatzeko uztailaren 6ko 19/1994 Legearen 27. artikuluan araututa).

8. Subjektu pasiboek informazio hau jasoko dute urteko kontuen memorian:

a) Kenkaria izan duten etekinen zenbatekoa, eta horiek lortu ziren ekitaldia.

b) Hornituta egon beharreko erreserba erabilezina.

c) Eskuratutako elementuen identifikazioa eta zenbatekoa.

d) Elementuak eskuratu diren data edo datak eta jarduera ekonomikoan duen eragina.

Memoriako aipamen hori egin beharko da artikulu honen 6. paragrafoan aipatutako mantentze-epea betetzen den arte.

9. Artikulu honetan aurreikusitako edozer eskakizun ez betetzeak kenkari horretarako eskubidea galtzea ekarriko du, bai eta lege honen 137.3 artikuluan ezarritako moduan erregularizatzea ere.»

26. artikulua. Ikerketa eta garapeneko eta berrikuntza teknologikoko jardueretarako, aktibo ukiezin jakin batzuetatik datozen errentetarako eta desgaitasuna duten langileentzat lana sortzeko zerga-pizgarriak.

Aldatu egiten da martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bategina, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. Aldatu egiten dira 44. artikuluaren 2 eta 3. paragrafoak; 3. zena 4. izango da hemendik aurrera, eta honela geratzen dira idatzita:

«2. Nolanahi ere, karga-tasa orokorra, ehuneko 35eko tasa edo lege honen 114. artikuluan xedatutako karga-eskala aplikatu beharreko erakundeen kasuan, lege honen 35. artikuluaren 1 eta 2. paragrafoetan ikerketa eta garapen eta berrikuntza teknologikoko jarduerengatik aipatutako kenkariak, baldin eta 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan sortzen badira, aukeran, aurreko paragrafoko azken lerrokadan ezarritako mugatik salbuetsita gelditu ahal izango dira, eta haien zenbatekoaren ehuneko 20ko deskontu batekin aplikatu ahal izango dira paragrafo honetan ezarritako moduan. Baldin eta kuota ez bada nahikoa, Zerga Administrazioari berau ordaintzeko eskatu ahal izango zaio zerga horren aitorpenaren bidez, hurrengo a) hizkiak aipatzen duen epea amaitutakoan. Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera zuzenduko da ordainketa hori, 2. paragrafoak aipatzen duen berandutzako interesen sortzapenik gertatu gabe.

Aplikatu edo ordaindutako kenkariaren zenbatekoa, paragrafo honetan xedatutakoarekin bat etorriz, ez da batera urteko milioi 1 eurotik gorakoa izango berrikuntza teknologikoko jardueren kasuan. Halaber, ikerketa eta garapen eta berrikuntza teknologikoko jarduerengatik aplikatu edo ordaindutako kenkariaren zenbatekoa, paragrafo honetan xedatutakoaren arabera, ez da elkarrekin, eta kontzeptu guztiengatik, 3 milioi eurotik gorakoa izango urtean. Muga horiek sozietateen talde osoari aplikatuko zaizkio, baldin eta talde bereko kide diren erakundeak badira Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

Paragrafo honetan xedatutakoa aplikatzeko, eskakizun hauek bete beharko dira:

a) Gutxienez urtebete igarotzea kenkaria sortu zen zergaldia amaitzen denetik, berau aplikatu gabe.

b) Batez besteko plantilla edo, bestela, ikerketa eta garapen eta berrikuntza teknologikoko jardueretara atxikitako batez besteko plantilla, ez murriztea kenkaria sortu zen zergaldiaren amaieratik hurrengo c) hizkiak aipatzen duen epea amaitu arte.

c) Aplikatu edo ordaindutako kenkariaren zenbateko bera bideratzea ikerketa eta garapen eta berrikuntza teknologikoko jardueretara edota jarduera horietara bakarrik atxikitako ibilgetu materialaren edo aktibo ukiezinaren elementuetako inbertsioetara, dagokion aplikazioa edo ordainketa egiten den aitorpeneko zergaldia amaitu ondoko 24 hilabeteetan.

d) Erakundeak jarduera ikerketa eta garapen edo berrikuntza teknologiko gisa kalifikatzeari buruzko txosten arrazoitu bat lortu izana edota jarduera horiei dagozkien gastuak eta inbertsioak baloratzeko aurretiko akordio bat, lege honen 35. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako moduan.

Eskakizun horietako bat ez betetzeak behar ez den moduan aplikatu edo ordaindutako kantitateak erregularizatzea ekarriko du, lege honen 137.3 artikuluan ezarritako moduan.

3. Inbertsio berak ezin izango du ekarri erakunde berean kenkari bat baino gehiago aplikatzea, hori berariaz adierazten bada salbu, eta ez du kenkari bat aplikatzea ekarriko erakunde batean baino gehiagotan.»

Bi. Aldatu egiten da 23. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«23. artikulua. Aktibo ukiezin jakin batzuetatik datozen errentak murriztea.

1. Patenteak, marrazki edo modeloak, planoak, formulak edo prozedura sekretuak erabiltzeko edo ustiatzeko eskubidea lagatzetik datozen errentak, industriako, merkataritzako edo zientziako esperientziei buruzko informazioen gaineko eskubideenak, zenbatekoaren ehuneko 40an baino ez dira sartuko tributu-oinarrian, baldin eta eskakizun hauek betetzen badira:

a) Erakunde lagatzaileak laga beharreko aktiboak sortu baditu gutxienez kostuaren ehuneko 25ean.

b) Lagapen-hartzaileak erabiltzeko edo ustiatzeko eskubideak erabiltzea jarduera ekonomiko baten garapenean, eta erabilera horren emaitzak ez gauzatzea lagapen-hartzaileak erakunde lagatzaileak fiskalki kengarriak diren gastuak sortzen dituzten ondasunak ematean edo zerbitzuak eskaintzean, betiere, azken kasu horretan, erakunde hori lagapen-hartzailearekin lotuta badago.

c) Lagapen-hartzailea zergarik gabeko herri edo lurralde batean edo paradisu fiskaltzat hartutako batean ez bizitzea, betiere Europar Batasuneko estatu kide batean kokatuta ez badago eta subjektu pasiboak eragiketa baliozko arrazoi ekonomikoen ondorio dela egiaztatzen ez badu.

d) Lagapen-kontratu batek zerbitzuen prestazio osagarriak jasotzen baditu, kontratu horretan horiei dagokien ordaina bereizi beharko da.

e) Erakundeak beharrezko kontabilitate-erregistroak edukitzea laga beharreko aktiboei dagozkien sarrera eta gastuak, zuzenak eta zeharkakoak, zehaztu ahal izateko.

Paragrafo honetan xedatutakoa aplikatu ere egin beharko da bertan aipatutako aktibo ukiezinak eskualdatuz gero, baldin eta eskualdaketa sozietate taldeko kide ez diren erakundeen artean egiten bada, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, bizilekua eta urteko kontu kontsolidatuak formulatzeko betebeharra kontuan hartu gabe.

2. Aktibo ukiezinak lagatzeari dagokionez, aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, hauen arteko diferentzia positiboa hartuko da errentatzat: aktiboak erabiltzeko edo ustiatzeko eskubidea lagatzearen ondorioz sortutako ekitaldiko sarreren eta lege honen 11.4 edo 12.7 artikuluak aplikatzeagatik, hondatzeengatik eta lagatako aktiboarekin lotura zuzena duten ekitaldiko gastuengatik horretan deduzitutako kantitateen artekoa.

Nolanahi ere, erakundearen balantzean aitortu gabeko aktiboei dagokionez, errentatzat joko da horiek lagatzetik datozen sarreren ehuneko 80.

3. Murrizketa hori kontuan hartu beharko da lege honen 31.1.b) artikuluak aipatutako kuota osoaren zenbatekoa zehazteko orduan.

4. Zerga-kontsolidazioaren erregimenean zergak ordaintzen dituzten erakundeen kasuan, artikulu honetan xedatutakoa aplikatzea dakarten eragiketek lege honen 16. artikuluaren 2. paragrafoan aipatutako betebeharrak izango dituzte.

5. Hauek erabiltzeko edo ustiatzeko edo eskualdatzeko eskubidea lagatzetik datozen errentek ez dute inola ere murrizketarako eskubiderik emango: markak, literatura-, arte- edo zientzia-lanak, film zinematografikoak barne, laga daitezkeen eskubide pertsonalak, hala nola irudi-eskubideak, informatikako programak, industria-, merkataritza- edo zientzia-ekipoak, ezta 1. paragrafoan adierazita ez dagoen beste edozer eskubide edo aktibo ere.

6. Eragiketak egin aurretik murrizketa hau aplikatu ahal izateko, subjektu pasiboak baloratzeko aurretiko akordio bat hartzeko eskatu ahal izango dio Administrazioari aktiboak lagatzetik etorritako sarrerei eta lotutako gastuei dagokienez, bai eta eskualdaketan sortutako errenten gainean ere. Eskaera horrekin batera balorazio-proposamen bat ere egingo da, merkatuko balioan oinarrituta.

Proposamena ezetsitzat joko da ebazteko epea igarotzen denean.

Paragrafo honetan aipatutako baloratzeko aurretiko akordioak ebazteko prozedura erregelamenduz finkatuko da.

7. Halaber, eragiketak egin aurretik, aktiboak kalifikatzeko aurretiko akordio bat eskatu ahal izango dio subjektu pasiboak zerga-administrazioari (artikulu honen 1. paragrafoan aipatutako kategorietako baten barruan daudela jotzeko), eta baloratzeko akordio bat haien lagapenetik datozen sarrerei eta lotutako gastuei dagokionez, bai eta eskualdaketan sortutako errenten gainean ere. Eskaera horrekin batera balorazio-proposamen bat ere egingo da, merkatuko balioan oinarrituta.

Proposamena ezetsitzat joko da ebazteko epea igarotzen denean.

Akordio horren ebazpenak txosten lotesle bat beharko du, Tributuen Zuzendaritza Nagusiaren aldetik, aktiboen kalifikazioari dagokionez. Bidezkotzat joz gero, Tributuen Zuzendaritza Nagusiak horren gaineko iritzi ez loteslea eskatu ahal izango dio Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari.

Paragrafo honetan aipatutako kalifikatzeko eta baloratzeko aurretiko akordioak ebazteko prozedura erregelamenduz finkatuko da.

8. Artikulu honen 1. paragrafoaren azken lerrokadan xedatutakoa aplikatzea ez da bateragarria lege honen 42. artikuluan araututako ezohiko etekinen berrinbertsioagatiko kenkariarekin.»

Hiru. Hona nola geratzen den idatzita 41. artikulua:

«41. artikulua. Desgaitasuna duten langileentzat enplegua sortzeagatiko kenkaria.

1. Kuota osotik 9.000 euro kendu ahal izango dira gutxienez ehuneko 33ko eta gehienez ehuneko 65eko desgaitasuna duten langileen plantillaren batez bestekoa handitzeko pertsona/urte bakoitzeko, subjektu pasiboak horiek zergaldian kontratatuta, erreferentziatzat aurreko aldian izaera bereko langileen batez besteko plantilla hartuta betiere.

2. Kuota osotik 12.000 euro kendu ahal izango dira gutxienez ehuneko 65eko desgaitasuna duten langileen plantillaren batez bestekoa handitzeko pertsona/urte bakoitzeko, subjektu pasiboak horiek zergaldian kontratatuta, erreferentziatzat aurreko aldian izaera bereko langileen batez besteko plantilla hartuta betiere.

3. Artikulu honetan aurreikusitako kenkarirako eskubidea ematen duten kontratatutako langileak ez dira zenbatuko lege honen 109. artikuluan enplegua sortuta araututako amortizazio-askatasunaren ondorioetarako.»

Lau. Berrogeigarren xedapen iragankorra eransten da, eta honela idatzita geratzen da:

«Berrogeigarren xedapen iragankorra. Aktibo ukiezin jakin batzuetatik datozen sarreren murrizketaren araubide iragankorra.

Ekintzaileei eta horien nazioartekotzeari laguntzeko 14/2013 Legea indarrean hasi aurretik eginiko aktibo ukiezinak erabiltzeko edo ustiatzeko eskubidearen lagapenak lege honen 23. artikuluan ezarritakoaren bidez arautuko dira, zortzigarren xedapen gehigarriak horri emandako idazketaren arabera. Nazioarteko bateratzea lortzeko Europar Batasuneko araudian oinarritutako kontabilitate-gaien inguruko merkataritza-legeriaren erreformarako eta egokitzapenerako uztailaren 4ko 16/2007 Legearen zortzia.»

27. artikulua. Zerga-pizgarriak sortu berriko enpresetan edo enpresa berrietan eginiko inbertsioetarako eta etekinak inbertitzegatik.

Aldaketa hauek sartuko dira azaroaren 28ko 35/2005 Legean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzkoan eta sozietateen gaineko zergaren, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren gaineko legeen partezko aldaketari buruzkoan:

Bat. Ezabatu egiten da 33.artikuluaren 4. paragrafoaren d) hizkia.

Bi. Aldatu egiten da 38. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«38. artikulua. Berrinbertsioa ohiko etxebizitza edo berriak edo berriki sortuak diren enpresen akzioak edo partaidetzak eskualdatzeko kasuetan.

1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzetik lortutako ondarezko irabaziak kargatik salbuetsi ahal izango dira, betiere eskualdatzean lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada erregelamenduz xedatutako baldintzetan.

Berrinbertitutako zenbatekoa eskualdaketaren bidez jasotakoa baino txikiagoa bada, berrinbertitutako zenbatekoari dagokion ondarezko irabaziaren zati proportzionala baino ez da salbuetsiko zergak ordaintzetik.

2. Lege honen 68.1 artikuluan aurreikusitako kenkaria izan duten akzioak edo partaidetzak eskualdatzean agerian jartzen diren ondarezko irabaziak kargatik salbuetsi ahal izango dira, betiere horiek eskualdatzean lortutako zenbateko osoa aipatutako erakundeen akzioak edo partaidetzak eskuratzeko berrinbertitzen bada erregelamenduz xedatutako baldintzetan.

Berrinbertitutako zenbatekoa eskualdaketaren bidez jasotakoa baino txikiagoa bada, berrinbertitutako zenbatekoari dagokion ondarezko irabaziaren zati proportzionala baino ez da salbuetsiko zergak ordaintzetik.

Paragrafo honetan xedatutakoa ez da aplikatuko honako kasu hauetan:

a) Baldin eta zergadunak balio homogeneoak eskuratu baditu akzioak edo partaidetzak eskualdatu aurreko edo ondorengo urtean. Kasu horretan, salbuespena ez da bidezkoa izango eskuratze horren ondorioz zergadunaren ondarean gelditzen diren balioei dagokienez.

b) Baldin eta akzioak edo partaidetzak hauetako bati eskualdatzen bazaizkio: bere ezkontideari; zergadunari ahaidetasunez, zuzeneko edo zeharkako lerroan, lotutako edozer pertsonari, odolkidetasunez edo bigarren mailaraino, hori barne; zergadunarekin edo aurretik aipatutako edozer pertsonarekin Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako gorabeheraren bat gertatzen den erakunde bati (bizilekua eta urteko kontu kontsolidatuak formulatzeko beharra alde batera utzita), partaidetzak eskualdatzen diren erakundea ez denari.»

Hiru. Aldatu egiten da 67. artikuluaren 1. paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«1. Zergaren kuota likido estatala Estatuko kuota osoa hauen baturan gutxitzearen emaitza izango da:

a) Lege honen 68. artikuluaren lehen paragrafoan aurreikusitako enpresa berrietako edo sortu berrietako inbertitzeagatiko kenkaria.

b) Lege honen 68. artikuluaren 2, 3, 4, 5, 6 eta 7. paragrafoetan aurreikusitako kenkarien zenbateko osoaren ehuneko 50.»

Lau. 68. artikuluari 1. paragrafo berri bat eransten zaio, eta honela idatzita gelditzen da:

«1. Enpresa berri edo sortu berrietako inbertsioagatiko kenkaria.

1. Enpresa berrien edo sortu berrien akzioak edo partaidetzak harpidetzeagatik dagokion aldian ordaindutako kantitateen ehuneko 20ko kenkaria izan ahalko dute zergadunek, baldin eta paragrafo honen 2. eta 3. zenbakietan xedatutakoa betetzen bada; halaber, kapitalerako denborazko ekarpenaz gain, inbertitzen duten erakundea garatzeko egokia den beren enpresa- edo lanbide-jakintza ere eman ahal izango dute zergadunaren eta erakundearen arteko inbertsio-akordioak xedatutako moduan.

Kenkariaren gehieneko oinarria urteko 50.000 eurokoa izango da, eta harpidetutako akzioen edo partaidetzen eskuratze-balioak osatuta egongo da.

Ez da kenkari-oinarriaren parte izango aurrezki-enpresa kontuaren saldoarekin eskuratutako akzioen edo partaidetzen zenbatekoa, saldo horrek kenkaririk izan badu, ezta akzioak edo partaidetzak harpidetzeko ordaindutako kopuruak ere, baldin eta araubide erkideko autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien finantzaketa-sistema arautzen duen 22/2009 Legean aurreikusitako eskumenak erabiliz autonomia-erkidegoak ezarritako kenkari bat aplikatu badu zergadunak kopuru horiei dagokienez.

2. Eskuratzen diren akzioen edo partaidetzen erakundeak eskakizun hauek bete beharko ditu:

a) Sozietate anonimoa, erantzukizun mugatuko sozietatea, lan-sozietate anonimoa edo erantzukizun mugatuko lan-sozietatea izatea Kapital Sozietateen Legearen testu bateginean, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuan, eta Lan Sozietateei buruzko martxoaren 24ko 4/1997 Legean aurreikusitako moduan, eta negoziatzeko onartuta ez egotea ezein merkatu antolatutan.

Akzioa edo partaidetza edukitzeko urte guztietan bete beharko da eskakizun hori.

b) Berau garatzeko bitarteko material eta giza baliabide guztiak dituen jarduera ekonomiko batean aritzea. Zehazki, ezin izango du jardueragatik eduki Ondarearen gaineko Zergaren 19/1991 Legearen, ekainaren 6koaren, 4.8.Bi.a) artikuluak aipatutako ondare higigarri edo higiezin baten kudeaketarik, partaidetza eskualdatu aurretik amaitutako erakundearen ezein zergalditan.

c) Erakundearen funts propioen zifraren zenbatekoa ez da 400.000 eurotik gorakoa izango zergadunak akzioak edo partaidetzak eskuratzen dituen zergaldiaren hasieran.

Erakundea sozietate talde bateko kidea denean, Merkataritza Kodearen 42. artikuluaren ildotik, funts propioen zenbatekoa talde horretako kide diren erakunde guztiena izango da, bizilekua eta urteko kontu kontsolidatuak formalizatzeko beharra kontuan hartu gabe.

3. Aurreko 1. paragrafoan xedatutakoa aplikatzearen ondorioetarako, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Erakundea eratzeko momentuan edo eratu osteko lehen hiru urteetan egindako kapital-handitzearen bidez eskuratu beharko ditu zergadunak erakundearen akzioak edo partaidetzak, eta bere ondarean atxikiko ditu gutxienez hiru urtez eta gehienez hamabi urtez.

b) Zergadunaren zuzeneko edo zeharkako partaidetza erakundearen kapital sozialaren edo bozkatzeko eskubideen ehuneko 40tik gorakoa ez da izango, erakunde berean horren ezkontideak edo zergadunarekin ahaidetasunez lotutako edozer pertsonak dutena barne hartuta (zeharkako edo zuzeneko lerroan, odolkidetasunez, bigarren mailara arte, hori barne), partaidetza hori duen urte naturaletako egun guztietan.

c) Aurretiaz beste titularitate baten bidez egiten zen jarduera bera egiten den erakunde baten akzioak edo partaidetzak ez izatea.

4. Zergadunak akzioak edo partaidetzak eskualdatzen dituenean, eta lege honen 38. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutako salbuespena aplikatzea aukeratzen duenean, harpidetutako akzio edo partaidetza berriei dagokien kenkariaren oinarriaren parte haien eskualdaketan lortutako zenbateko osoa gainditzen duen berrinbertsioaren zatia baino ez da izango. Akzio edo partaidetza berriengatiko kenkaririk ezin izango da inola ere gauzatu inbertitutako kantitateek ez badute aipatutako zenbateko hori gainditzen.

5. Kenkaria gauzatzeko eskuratu diren akzioen edo partaidetzen erakundeak emandako ziurtagiri bat eskuratu beharko da; horren bidez haiek eskuratu ziren zergaldian aurreko 2. zenbakian adierazitako eskakizunak betetzen zirela adieraziko da.»

Bost. Aldatu egiten da 68. artikuluaren bigarren paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«2. Kenkariak jarduera ekonomikoetan.

Zerga horren zergadunei, jarduera ekonomikoak garatzen badituzte, sozietateen gaineko zergaren araudian ezarritako edo ezartzen diren pizgarriak eta enpresa-inbertsiorako estimuluak aplikatuko zaizkie kenkariko ehuneko eta muga beretan, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginaren 42. eta 44.2 artikuluetan xedatutakoa salbuetsita.

Sozietateen gaineko zergari buruzko Legearen testu bateginaren 37. artikuluan aurreikusitako kenkaria berezitasun hauekin aplikatuko da:

1. Zergadunak garatutako jarduera ekonomikoetara lotutako ibilgetu materialaren edo inbertsio higiezinen elementu berrietan inbertitzen diren zergaldiko jarduera ekonomikoen etekin garbiek kenkarirako eskubidea emango dute.

Ondorio horietarako zergaldiko jarduera ekonomikoen etekin garbiak inbertsioaren xede direla joko dira, baldin eta, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginaren 37. artikuluan xedatutako moduan, etekin horiei dagokien zergaldiko oinarri likidagarri orokor positiboaren zatiaren zenbateko baliabide bat inbertitzen bada, baina zenbateko bera ezin da inola ere aktibo batean baino gehiagotan inbertitutzat jo.

Kenkariaren oinarria aurreko lerrokadan aipatutako zenbatekoa izango da.

2. Kenkariaren ehunekoa ehuneko 5 izango da, baldin eta zergadunak gauzatu badu lege honen 32. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutako murrizketa edo Lege honen hogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, edota Ceutan eta Melillan lortutako errentak badira, eta haiei lege honen 68.4 artikuluan aurreikusitako kenkaria aplikatu bazaie.

3. Aurreko 1. zenbakian adierazitako jarduera ekonomikoen etekin garbiak lortu ziren zergaldiko Estatuko eta autonomia-erkidegoko kuota osoaren batura baino handiagoa ez da izango kenkariaren zenbatekoa.

4. Ez da aplikatzekoa izango Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginaren 37. artikuluaren 5 eta 8. paragrafoetan xedatutakoa.

Nolanahi ere, baldin eta zerga horren ordaintzaileek jarduera ekonomikoak egiten badituzte eta errendimendu garbia estimazio objektiboko metodoaren bidez zehazten badituzte, aipatutako metodo horren ezaugarriak eta betebeharrak kontuan hartuta erregelamenduz horrela ezartzen denean baino ez dira aplikatuko 2. paragrafo honetan aipatutako pizgarriak.»

Sei. Aldatu egiten da 69. artikuluaren 2. paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«2. Sozietateen gaineko zergaren araudiak enpresa-inbertsiorako pizgarri eta estimuluentzat ezarritako mugak izango dira lege honen 68. artikuluaren 2. paragrafoan aipatutako kenkariaren mugak. Mugok honako eragiketa hau egin ondoren ateratako kuotaren gainean aplikatuko dira: enpresa berrietako edo sortu berrietako inbertsioagatiko kenkariaren –lege honen 68.1 artikuluan aurreikusita–, eta Espainiako Ondare Historikoa eta Munduko Ondare izendatutako hiriak, multzoak eta ondasunak babesteko eta hedatzeko jarduerengatiko kenkariaren –lege honen 68.5 artikuluan aurreikusitakoa– zenbatekoari kuota osoak, Estatukoa zein autonomia-erkidegoetakoa, kentzea.»

Zazpi. Aldatu egiten da 70. artikuluaren 1. paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«1. Aurrezki-enpresa kontuagatiko kenkaria eta enpresa berrietako edo sortu berrietako inbertsioagatiko kenkaria aplikatu ahal izateko, zergadunaren ondarearen zenbateko egiaztatuak, zergaldiaren amaieran, horren hasieran egiaztatutako balioa gainditu behar du, gutxienez eginiko inbertsioen zenbatekoan.»

Zortzi. Aldatu egiten da 77. artikuluaren 1. paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«1. Kuota oso autonomikoa hauen baturan gutxitzearen emaitza izango da kuota likido autonomikoa:

a) Lege honen 68. artikuluaren 2, 3, 4, 5, 6 eta 7. paragrafoetan aurreikusitako kenkarien zenbateko osoaren ehuneko 50, haren 69. eta 70. artikuluetan aurreikusitako ondare-egoeraren mugekin eta eskakizunekin.

b) Autonomia-erkidegoak abenduaren 18ko 22/2009 Legean aurreikusitako eskumenak erabiliz ezarritako kenkarien zenbatekoa; horren bidez araubide erkideko autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien finantzaketa-sistema arautzen da eta zerga-arau batzuk aldatzen dira.»

Bederatzi. Aldatu egiten da 105. artikuluaren 2. paragrafoaren e) hizkia, eta honela idatzita geratzen da:

«e) Lege honen 68.1 artikuluak aipatzen dituen erakundeentzat, baldin eta horien bazkideek edo akziodunek bertan aurreikusitako ziurtagiria eskatu badute.»

Hamar. Ezabatu egiten da hogeita hamalaugarren xedapen gehigarria.

Hamaika. Aldatu egiten da hogeita hemezortzigarren xedapen gehigarria, eta honela idatzita geratzen da:

«Hogeita hemezortzigarren xedapen gehigarria. Zerga-pizgarri jakin batzuk aplikatzea.

1. Lege honen 32. artikuluaren 3. paragrafoan aurreikusitakoa 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera jarduera ekonomiko bat hasi duten zergadunei baino ez zaie aplikatuko.

2. Lege honen 38.2 eta 68.1 artikuluetan aurreikusitakoa Ekintzaileei eta horien nazioartekotzeari laguntzeko 14/2013 Legea indarrean sartu ondoren harpidetutako akzio edo partaidetzei dagokienez baino ez da aplikatuko.

3. Lege honen 68.2 artikuluak aipatzen duen Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 37. artikuluan aurreikusitako kenkaria 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera lortutako jarduera ekonomikoen etekin garbiei dagokienez baino ez da aplikatzekoa izango.»

Hamabi. Hogeita zazpigarren xedapen iragankor bat eransten da, eta honela dio:

«Hogeita zazpigarren xedapen iragankorra. Ekintzaileei eta horien nazioartekotzeari laguntzeko 14/2013 Legea indarrean sartu aurretik eskuratutako erakunde berrien edo sortu berrien akzioak edo partaidetzak.

14/2013 Legea indarrean sartu aurretik eskuratutako akzioak edo partaidetzak direla-eta nabarmentzen diren ondarezko irabaziak lortzen dituzten zergadunek lege honen hogeita hamalaugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako salbuespena aplikatu ahal izango dute –2012ko abenduaren 31n indarrean dagoen idazketan–, betiere xedapen gehigarri horretan ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen badira.»

28. artikulua. Jarduera-aniztasuneko kasuetan, lanaldi osoa edo ehuneko 50etik gorako lanaldi partziala dutenean, norbere konturako langileen edo autonomoen araubide berezian jasotako langileei aplikatu beharreko kotizazioa.

1. Norbere Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzaren Erregimen Berezian lehen aldiz alta ematen duten langileek, baldin eta horregatik jarduera-aniztasuna badute arau hau indarrean sartzen denetik, une horretako kotizazio-oinarri gisa Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean urtero oro har ezarritako kotizazioko gutxieneko oinarriaren ehuneko 50aren, lehen hemezortzi hiletan, eta, hurrengo hemezortzi hiletan, ehuneko 75aren artekoa hautatu ahal izango dute, Erregimen Berezi horretarako ezarritako gehieneko oinarrira iritsi arte.

2. Baldin eta jarduera-aniztasuna duten langileek besteren konturako lan-jarduera lanaldi partzialean badute, eta berau lanaldi osoko langile parekagarri bati dagokionaren ehuneko 50etik gorakoa bada, alta emateko orduan, kotizazio-oinarritzat honako bi hauen artekoa hautatu ahal izango da: Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean urtero oro har ezarritako kotizazioko gutxieneko oinarriaren ehuneko 50aren, lehen hemezortzi hiletan, edota, hurrengo hemezortzi hiletan, ehuneko 75aren artekoa, Erregimen Berezi horretarako ezarritako gehieneko oinarrira iritsi arte.

3. Neurri horren aplikazioa ez da bateragarria enplegu autonomoa sustatzeko neurri gisa ezarritako beste edozer hobari edo murrizketarekin, ezta 2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2012 Legearen 113 Bost.7 artikuluan, edo Estatuko Aurrekontuei buruzko ondorengo Legeen artikulu baliokideetan, aurreikusitakoarekin ere.

29. artikulua. Norbere konturako langileei aplika dakizkiekeen Gizarte Segurantzako murrizketak.

Hogeita hamabosgarren bis xedapen gehigarri bat eransten zaio Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginari, ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutakoari; honela dio:

«Hogeita hamabosgarren bis xedapen gehigarria. Norbere konturako langileei aplika dakizkiekeen Gizarte Segurantzako murrizketak.

1. Norbere konturako langileek, gutxienez 30 urte badituzte eta hasierako alta ematen badute edo alta-egoeran egon ez badira aurreko bost urteetan, alta indarrean hasten den egunetik zenbatuta, Norbere Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzaren Erregimen Berezian, hurrengo murrizketa hauek aplikatu ahal izango dituzte gertakari arrunten kuotaren gainean; murriztu beharreko kuota eragiketa honen emaitza izango da: dagokion kotizazioko gutxieneko oinarriari une bakoitzean indarrean dagoen kotizazioko gutxieneko tasa aplikatzearen emaitza, aldi baterako ezintasuna barne, gehienez 18 hilabetez, honako eskala honen arabera:

a) Kuotaren ehuneko 80ko murrizketa, alta indarrean hasten den egunaren osteko 6 hilabeteetan.

b) Kuotaren ehuneko 50eko murrizketa, a) hizkian adierazitako aldiaren osteko 6 hilabeteetan.

c) Kuotaren ehuneko 30eko murrizketa, b) hizkian adierazitako aldiaren osteko 6 hilabeteetan.

Paragrafo honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko besteren konturako langileak enplegatzen dituzten norbere konturako langileei.

2. Aurreko paragrafoko sistema aukeratzen duten norbere konturako langileek hogeita hamabosgarren xedapen gehigarriaren hobariei eta murrizketei heldu ahal izango diete.

3. Norbere Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzaren Erregimen Berezian sailkatuta dauden lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileei ere aplikatuko zaie aurreko paragrafoetan xedatutakoa, betiere haietan xedatutako eskakizunak betetzen badituzte.

4. Gizarte Segurantzako sarreren aurrekontuak jasango ditu xedapen gehigarri honetan aurreikusitako kuoten murrizketak.»

30. artikulua. Desgaitasuna duten pertsonak norbere konturako langile bihurtzen direnerako murrizketak eta hobariak Gizarte Segurantzaren kuotetan.

Aldatu egiten da abenduaren 12ko 45/2012 Legearen, Langabeziagatiko babes-sistema erreformatzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoaren, hamaikagarren xedapen gehigarria, eta honela idatzita gelditzen da:

«Hamaikagarren xedapen gehigarria. Desgaitasuna duten pertsonak norbere konturako langile bihurtzen direnerako murrizketak eta hobariak Gizarte Segurantzaren kuotetan.

1. Norbere Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzaren Erregimen Berezian hasierako alta ematen duten eta gutxienez ehuneko 33ko desgaitasun-maila duten pertsonek, alta indarrean jartzen den egunaren osteko bost urteetan, murrizketa eta hobari hauek izango dituzte gertakari arrunten kuotaren gainean; murriztu beharreko kuota ateratzeko, dagokion kotizazioko gutxieneko oinarriari une bakoitzean indarrean dagoen kotizazioko gutxieneko tasa aplikatuko zaio, aldi baterako ezintasuna barne, gehienez 5 urtez, eta eskala honen arabera:

a) Kuotaren ehuneko 80ko murrizketa bat, alta indarrean hasten den egunaren osteko 6 hilabeteetan.

a) hizki honetan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko besteren konturako langileak enplegatzen dituzten norbere konturako langile desgaituei.

b) Kuotaren ehuneko 50eko hobari bat, ondorengo 54 hilabeteetan.

2. Norbere konturako langileek, gutxienez ehuneko 33ko desgaitasun-maila dutenek, gehienez 35 urte badituzte eta hasierako alta ematen badute edo alta-egoeran egon ez badira aurreko bost urteetan, alta indarrean hasten den egunetik zenbatuta, Norbere Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzaren Erregimen Berezian, hurrengo murrizketa hauek aplikatu ahal izango dituzte gertakari arrunten kuotaren gainean; murriztu beharreko kuota ateratzeko dagokion kotizazioko gutxieneko oinarriari une bakoitzean indarrean dagoen kotizazioko gutxieneko tasa aplikatuko zaio, aldi baterako ezintasuna barne, gehienez 5 urtez, honako eskala honen arabera:

a) Kuotaren ehuneko 80ko murrizketa bat, alta indarrean hasten den egunaren osteko 12 hilabeteetan.

b) Kuotaren ehuneko 50eko hobari bat, ondorengo lau urteetan.

Paragrafo honetan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko besteren konturako langileak enplegatzen dituzten norbere konturako langile desgaituei.

3. Aurreko paragrafoan aipatutako norbere konturako langile desgaituek, bertan deskribatutako sistema aukeratu badute, ondoren, hala badagokio, 1. paragrafoaren murrizketei eta hobariei heldu ahal izango diete, betiere horien zenbateko osoak 60 hilerokoko gehieneko epea gainditzen ez badu.

4. Norbere Konturako Langileen edo Autonomoen Gizarte Segurantzaren Erregimen Berezian sailkatuta dauden lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileei ere aplikatuko zaie aurreko paragrafoetan xedatutakoa, betiere xedapen gehigarri honen aurreko paragrafoetako eskakizunak betetzen badituzte.

5. Xedapen gehigarri horretan aurreikusitako kuoten hobariak eta murrizketak Estatuko enplegu-zerbitzu publikoaren aurrekontu-partida egokiaren kontura finantzatuko dira, eta Gizarte Segurantzaren sarreren aurrekontuak jasango ditu, hurrenez hurren.»

III. TITULUA

Ekintzaileen finantzaketa laguntzea

31. artikulua. Birfinantzatzeko akordioak.

Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legea honela gelditzen da, aldaketa eginda:

Bat. Beste artikulu bat eransten da (71 bis); hauxe dio:

«71 bis artikulua. Erregistratzaileak aditua izendatzea.

Birfinantzatzeko akordioak egiaztatu behar dituen aditu independentea izendatzean, aurreikuspen hauetara egokitu beharko da:

1. Zordunaren helbideari dagokion merkataritza-erregistratzaileak izango du izapidetzeko eskumena. Taldeko akordio bat izango balitz eta txosten bakar bat beharko balitz, sozietate menderatzailearen helbideari dagokion erregistratzaileak izendatuko du aditua –akordioak horri eragiten badio– eta, haren ezean, taldeko edozer sozietateren helbideari dagokion erregistratzaileak.

2. Izendatzeko eskaera zordunak sinatutako eskariaren bidez egingo da, baita akordioa amaituta eta behin betiko plana idatzita egon aurretik ere; eskari hori telematikoki bete daiteke eta eskudun merkataritza-erregistratzaileari zuzen dakioke, taldeko eskatzaileak edo eskatzaileek sinatuta, eta hauxe adieraziko da bertan:

1. Eskatzailearen edo eskatzaileen erregistro-identifikazioaren datuak eta izena, hala badagokio, bai eta bakoitzaren helbidea ere. Eskaerak eragindako sozietateen eremua zehaztuko du edonola ere, dauden talde-harremanak behar bezala adierazita, bai eta amaitu gabeko edo amaitutako negoziazioen egoeraren xehetasun nahikoa emanda ere, bat egitea aurreikusten den hartzekodun taldearen gaineko ideia bat egin ahal izateko.

2. Adituak iritzia eman ahal izateko behar dituen agiriak. Akordioa ez badago oraindik sinatuta eta haren negoziazioa egiteko badago, akordioaren eta bideragarritasun-planaren proiektu bat aurkeztu beharko da edo, gutxienez, negoziazioaren baldintzak finkatzen dituen esparru-akordioa edo aurretiko ituna.

3. Zordunaren hartzekodunen eta eraginda dauden taldeko erakundeen zerrenda bat, ordena alfabetikoan eta Konkurtso Legearen 6. artikuluan aurreikusitako moduan.

3. Erregistratzaileak, izendapena egin aurretik, hainbat aurrekontu eskatu ahal izango dizkie profesional egoki bati edo batzuei, ondoren egokiena hautatu ahal izateko.

4. Aditua izendatzeko bateraezintasun-kausak Kontu Ikuskaritza Legean kontu-ikuskarientzat ezarritakoak dira. Ezin da aditu independente izendatu zordunaren edo taldeko eragindako edozer sozietateren kontu-ikuskaria dena, ezta bideragarritasun-plana egin duena ere.

5. Eskatzaileak adierazitako epean egin beharko da txostena, eta, edonola ere, hilabeteko epean, izendapena onartzen denetik zenbatuta; hala ere, justifikatutako kausengatik, luzapen bat edo ondoz ondoko luzapenak egon ahalko dira. Txostena epearen barruan egiten ez bada, enkargua iraungitzat joko da, eta erregistratzaileak beste izendapen bat egin beharko du.

6. Aditu bera izendatu ahalko da zordun eta talde berak hitzartutako lehen edo aurreko birfinantzaketaren ondoren planteatzen den beste edozer birfinantzaketan, nahiz eta sinatzen duten hartzekodunak neurri batean aldatu.»

Bi. Laugarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoa honela idatzita gelditzen da:

«1. Birfinantzatzeko akordioa judizialki homologatu ahal izango da, baldin eta, finantza-erakundeen titulartasuneko pasiboaren ehuneko 55 gutxienez ordezkatzen duten hartzekodunek sinatuta egonik, berau hartzeko unean akordioak lege honen 71.6 artikuluaren baldintzak betetzen baditu aditu independentea izendatzeari eta instrumentu publiko bihurtzeari dagokienez. Homologazio judizialaren bidez, berau sinatu duten finantza-erakundeentzat itundutako itxaronaldiaren ondorioak berme errealeko krediturik ez duten finantza-erakunde ez parte-hartzaile edo disidenteentzat ere zabalduko dira.»

32. artikulua. Balore-merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legea aldatzea.

Balore-merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 2.1 artikuluaren l) hizkia honela aldatzen da:

«l) Nazioartekotzeko zedulak eta bonuak.»

33. artikulua. Finantza Sistema Erreformatzeko Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legea aldatzea.

Finantza Sistema Erreformatzeko Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legea honela aldatzen da:

Bat. Aldatu egiten da 13. artikuluaren lehen paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«Lehenengoa. Kreditu-erakundeek errenta finkoko baloreak jaulki ahal izango dituzte «Lurralde Zedulak» izen bakarrarekin, eta horien kapitala eta interesak hauek bereziki bermatuta egongo dira:

a) Jaulkitzaileak Estatuari, autonomia-erkidegoei, tokiko erakundeei, bai eta erakunde autonomoei eta haien mendeko enpresa-entitate publikoei ere emandako maileguek eta kredituek.

b) Jaulkitzaileak administrazio zentralei, eskualdeko administrazioei, tokiko agintariei, bai eta erakunde autonomoei, enpresako entitate publikoei eta Espainiako Estatukoak ez diren Europako Esparru Ekonomikoko antzeko izaerako beste entitate batzuei emandako maileguek eta kredituek, betiere mailegu horiek ez badaude lotuta ondasunak eta zerbitzuak esportatzeko kontratuak finantzatzearekin, ezta enpresak nazioartekotzearekin ere.»

Bi. Aldatu egiten da 13. artikuluaren laugarren paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«Laugarrena. Zedulen edukitzaileek lehentasunezko eskubidea izango dute lehen paragrafoan aipatutako entitate jaulkitzailearen kreditu-eskubideen gainean, balore horien gainean duten tituluaren ondoriozko eskubideak kobratzeko, Kode Zibilaren 1.922 artikuluaren terminoetan.»

34. artikulua. Nazioartekotzeko zedulak eta bonuak.

1. Ondoren zehaztutako entitateek lege honetan araututako nazioartekotzeko zedulak eta bonuak jaulki ahal izango dituzte, erregelamenduz xedatutako baldintzetan:

a) Bankuek eta Kreditu Ofizialeko Institutuak,

b) Aurrezki-kutxek,

c) Kreditu-kooperatibek,

d) Kredituko finantza-erakundeek.

2. 1. paragrafoan aipatutako erakundeek errenta finkoko baloreak jaulki ahal izango dituzte «Nazioartekotzeko zedulak» edo «Nazioarteko bonuak» izen bakarrarekin, seriean edo bereiz, eta xedatzen dituzten finantza-ezaugarriekin, lege honetan xedatutakoaren arabera. Zehazki, nazioartekotzeko zedulek eta bonuek amortizazio aurreratuko klausulak jaso ahal izango dituzte, jaulkitzailearen esku jaulkipenaren baldintzetan zehaztutakoaren arabera. Balore-merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legean aurreikusitako araubidera egokituko dira jaulkipen horiek, betiere, horrekin bat etorriz, aplikatu beharrekoa bada.

3. Ondasunak eta zerbitzuak esportatzeko kontratuak edo enpresak nazioartekotzea finantzatzearekin lotutako kreditu eta mailegu guztiek bereziki bermatuko dituzte nazioartekotzeko zedulen kapitala eta interesak, betiere 6 eta 7. paragrafoetan ezarritako eskakizunak betetzen badituzte, momentu bakoitzean entitate jaulkitzailearen balantzean aktibo gisa jasota badaude eta nazioartekotzeko bonoak jaulkitzeari lotuta ez badaude; eta, horrelakorik badago, baita 9. paragrafoan jasotako ordezkapen-aktiboek eta jaulkipen bakoitzari lotutako ondoriozko finantza-tresnek sortutako fluxu ekonomikoek ere, erregelamenduz xedatutako baldintzetan. Hori guztia jaulkitzailearen ondarezko erantzukizun unibertsalari kalterik egin gabe.

4. Nazioartekotzeko bonuen kapitala eta interesak, berriz, bereziki bermatuko dituzte ondasunak eta zerbitzuak esportatzeko kontratuak finantzatzearekin edo 8. paragrafoan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten enpresak nazioartekotzearekin lotutako maileguek eta kredituek, eskritura publikoan jasotzen direnek, eta, horrelakorik badago, eskritura publikoan jasotzen diren 9. paragrafoko ordezkapen-aktiboek eta eskritura publikoan jasotzen diren jaulkipen bakoitzari lotutako ondoriozko finantza-tresnek, erregelamenduz xedatzen diren baldintzetan. Hori guztia jaulkitzailearen ondarezko erantzukizun unibertsalari kalterik egin gabe.

5. Bonuak seriean jaulkitzen direnean, horien edukitzaileen sindikatu bat eratu ahal izango da; horrelakoetan, entitate jaulkitzaileak komisario bat izendatuko du artikulu honen 4. paragrafoan aipatutako eskritura publikoa ematean parte har dezan bonuen etorkizuneko edukitzaileen izenean. Pertsona hori, zeinaren izendapena bonuen edukitzaileen biltzarrak berretsi beharko duen, sindikatuaren presidentea izango da, eta, eskritura horretan eman zaizkion edo aipatutako biltzarrak egozten dizkion ahalmenez gain, sindikatuaren legezko ordezkaritza izango du, 12. paragrafoak aipatzen duen ehunekoari eusten zaion egiaztatu ahal izango du eta hari dagozkion ekintzak egin ahal izango ditu.

Presidenteak, baita sindikatuak ere bere osaerari, ahalmenei eta eskumenei dagokienez, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duenaren, XI. tituluaren xedapenak beteko ditu, betiere lege honetan jasotakoaren aurkakoak ez badira.

6. Nazioartekotzeko zedulen jaulkipenak bermatu ahal izango dituzte hurrengo mailegu eta kreditu hauek edo horien zatiak, baldin eta aktibo gisa jasota badaude entitate jaulkitzailearen balantzean eta eskakizun hauek betetzen badituzte:

a) Espainiako edo beste nazionalitate bateko ondasunak eta zerbitzuak esportatzeko kontratuak finantzatzeari edo Espainian edo beste herrialde batzuetan egoitza duten enpresak nazioartekotzeari lotuta egotea.

b) Kreditu-kalitate handia edukitzea.

c) Honelakoren bat gertatzea:

1. Europar Batasuneko administrazio zentralei, banku zentralei, eskualdeko administrazioei, tokiko agintariei edo sektore publikoko entitateei eman bazaizkie; betiere mailegu-hartzailea Espainiako sektore publikoko entitate bat ez bada.

2. Europar Batasunekoak ez diren administrazio zentralei, banku zentralei, eskualdeko administrazioei, tokiko agintariei edo sektore publikoko entitateei eman bazaizkie edo alde askotako garapeneko bankuei edo nazioarteko erakundeei.

3. Mailegu-hartzailea edozein izanik ere, berme pertsonalak badituzte, baita hauetatik datozenak ere: kreditu-aseguru, administrazio zentral, banku zentral, eskualdeko administrazio, tokiko agintari, sektore publikoko entitate edo esportaziorako kreditu-agentzia edo herri-administrazio baten kontura jarduten duten antzeko izaerako erakunde batetik, betiere bermatzailea edo aseguratzailea Europar Batasunean kokatuta badago.

4. Mailegu-hartzailea edozein izanik ere, berme pertsonalak badituzte, baita hauetatik datozenak ere: kreditu-aseguru, administrazio zentral, banku zentral, eskualdeko administrazio, tokiko agintari, sektore publikoko entitate edo esportaziorako kreditu-agentzia edo herri-administrazio baten kontura jarduten duten antzeko izaerako erakunde batetik, betiere Europar Batasunekoak ez badira, edota alde askotako garapeneko bankuetatik edo nazioarteko erakundeetatik.

Halaber, nazioartekotzeko zedulen jaulkipenak bermatu ahal izango dituzte 9. paragrafoan jasotako ordezkapen-aktiboek eta jaulkipen bakoitzari lotutako ondoriozko finantza-tresnek sortutako fluxu ekonomikoen, eta bereziki, kanbio-tasaren arriskua eta interes-tasaren arriskua estaltzeko balio dutenek, erregelamenduz xedatzen diren baldintzetan.

7. 6. paragrafoaren b) hizkian xedatutakoaren ondorioetarako, kreditu-kalitate handiko mailegu eta kreditutzat hauek hartuko dira:

a) 6. paragrafoaren c) hizkiaren 1. puntuan jasotakoak.

b) 6. paragrafoaren c) hizkiaren 2. puntuan jasotakoak, betiere nazioartekotzeko zedulak edo bonuak kreditu-entitateen kaudimen-araudian bermatutako bonuei emandako lehentasunezko tratamendua jaso ahal izateko eskatzen den gutxieneko kreditu-kalitatea badu mailegu-hartzaileak.

c) 6. paragrafoaren c) hizkiaren 3. puntuan jasotakoak.

d) 6. paragrafoaren c) hizkiaren 4. puntuan jasotakoak, betiere nazioartekotzeko zedulak edo bonuak kreditu-entitateen kaudimen-araudian bermatutako bonuei emandako lehentasunezko tratamendua jaso ahal izateko eskatzen den gutxieneko kreditu-kalitatea badu bermatzaileak edo aseguratzaileak.

Ekonomiako eta Lehiakortasuneko ministroak eskakizun zorrotzagoak finkatu ahal izango ditu aktibo bat kreditu-kalitate handikotzat har dadin, merkatuko egoeraren arabera eta aktiboen bermearen ahalik eta kaudimenik handiena egon dadin.

8. Nazioartekotzeko bonuen jaulkipenak bermatu ahal izango dituzte mailegu eta kreditu horiek edo beren zatiak, baldin eta aktibo gisa jasota badaude entitate jaulkitzailearen balantzean eta 6 eta 7. paragrafoetan ezarritako eskakizun hauek betetzen badituzte.

Halaber, jaulkipen horiek bermatu ahal izango dituzte Espainiako edo beste nazionalitate bateko ondasunak eta zerbitzuak esportatzeko kontratuak finantzatzeari edo Espainian edo beste herrialde batzuetan egoitza duten enpresak nazioartekotzea finantzatzeari lotutako enpresei emandako maileguek edo kredituek, betiere gehienez ehuneko 50eko arrisku-haztapena jasotzen badute, kreditu-entitateen kaudimen-araudian ezarritako kreditu-arriskuagatiko baliabide propioen betekizunak kalkulatzeko ondorioetarako.

Aurreko lerrokadan azaldutako maileguen kategorian jasota daudela joko dira Kreditu Ofizialeko Institutuak nazioartekotzeko bitartekotza-lerroen esparruan finantza-erakundeei ematen dizkien maileguak, betiere gehienez ehuneko 50eko arrisku-haztapena jasotzen badute, kreditu-arriskuagatiko baliabide propioen betekizunak kalkulatzeko ondorioetarako.

9. Honako ordezkapen-aktibo hauek jaulkitako nagusiaren ehuneko 5 eta 10eko muga batera arte bermatuta, egon ahal izango dira nazioartekotzeko zedulak eta bonuak, hurrenez hurren:

a) Estatuak edo Europar Batasuneko beste estatu kide batzuek jaulkitako errenta finkoko baloreek, kontuko idatzoharrez adierazita daudenek.

b) Europar Batasuneko estatu kideek bermatutako errenta finkoko baloreek, merkatu arautu batean kotizatzeko onartuta daudenek.

c) Kreditu Ofizialeko Institutuak jaulkitako errenta finkoko baloreek, betiere Kreditu Ofizialeko Institutua bera ez bada nazioartekotzeko zedula edo bonuen jaulkitzailea.

Merkatu arautu batean kotizatzeko onartutako hipoteka-zedulek, betiere zedula horiek ez baditu bermatzen nazioartekotzeko zedula edo bonuen jaulkitzaileak berak edo bere taldeko beste entitate batzuek emandako hipoteka-bermedun ezein mailegu edo kredituk.

e) Merkatu arautu batean kotizatzeko onartutako hipoteka-bonuek, kreditu-kalitate handikoek, betiere balore horiek ez baditu bermatzen nazioartekotzeko zedula edo bonuen erakunde jaulkitzaileak berak edo bere taldeko beste entitate batzuek emandako hipoteka-bermedun ezein mailegu edo kredituk.

f) Merkatu arautu batean kotizatzeko onartutako lurralde-zedulek, betiere zedula horiek ez baditu bermatzen nazioartekotzeko zedula edo bonuen erakunde jaulkitzaileak berak edo bere taldeko beste entitate batzuek emandako ezein mailegu edo kredituk.

g) Merkatu arautu batean kotizatzeko onartutako nazioartekotzeko zedulek, betiere zedula horiek ez baditu bermatzen nazioartekotzeko zedula edo bonuen erakunde jaulkitzaileak berak edo bere taldeko beste entitate batzuek emandako ezein mailegu edo kredituk.

h) Merkatu arautu batean kotizatzeko onartutako nazioartekotzeko bonuek, kreditu-kalitate handikoek, betiere bonu horiek ez baditu bermatzen nazioartekotzeko zedula edo bonuen erakunde jaulkitzaileak berak edo bere taldeko beste entitate batzuek emandako ezein mailegu edo kredituk.

i) Merkatu arautu batean kotizatzeko onartutako errenta finkoko beste balore batzuek, kreditu-kalitate handikoek, betiere balore horiek ez badira titulizazio-bonuak, eta ez baditu jaulki nazioartekotzeko zedula edo bonuen erakunde jaulkitzaileak berak edo bere taldeko beste entitate batzuek.

j) Erregelamenduz xeda daitezkeen arrisku txikiko eta likidezia handiko beste aktibo batzuek.

Paragrafo honen ondorioetarako kreditu-kalitate handiko aktibotzat hartuko dira gehienez ehuneko 50eko arrisku-haztapen bat jasotzen dutenak, kreditu-erakundeen kaudimen-araudian ezarritako kreditu-arriskuagatiko baliabide propioen betekizunen ondorioetarako. Ekonomiako eta Lehiakortasuneko ministroak eskakizun zorrotzagoak ezarri ahal izango ditu aktibo bat kreditu-kalitate handikotzat har dadin, merkatuko egoeraren arabera eta aktiboen bermearen ahalik eta kaudimenik handiena egon dadin.

10. Nazioartekotzeko zedulak jaulkitzeko ez da beharrezkoa izango eskritura publikorik ematea, eta ez da inskribatu beharko Merkataritza Erregistroan. Halaber, horri ez zaizkio aplikatuko Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuaren, XI. tituluan jasotako arauak, ezta abenduaren 24ko 211/1964 Legean aurreikusitakoak ere (sozietate anonimoaren izaera juridikoa hartu ez duten sozietateen, elkarteen eta bestelako pertsona juridikoen obligazio-jaulkipenak eta obligaziodunen sindikatuaren eraketa arautzeari buruzkoa da 211/1964 Legea).

11. Kreditu-erakunde batek jaulkitako nazioartekotzeko zedulen zenbateko osoa gehienez amortizatu gabeko maileguen eta kredituen zenbatekoaren ehuneko 70 izango da, betiere horiek 6 eta 7. paragrafoetan aurreikusitako eskakizunak betetzen badituzte; une bakoitzean aktibo gisa jasota badaude erakunde jaulkitzailearen balantzean, eta nazioartekotzeko bonuak jaulkitzeari lotu ez badira. Jaulkitzailearen beraren esku dauden nazioartekotzeko zedulak, muga hori betetzeko ondorioetarako, espezifikotzat jotzea xedatu ahal izango da erregelamenduz.

12. Nazioartekotzeko bonuen balio eguneratua eragindako mailegu eta kredituen balio eguneratua baino ehuneko 2 txikiagoa izango da gutxienez. Balio eguneratua kalkulatzeko modua erregelamenduz zehaztuko da.

13. Nazioartekotzeko zedulen eta bonuen zenbatekoak, gerora sortutako kausaren batengatik, 11 eta 12. paragrafoetan adierazitako mugak gainditzen baditu, gehienez hiru hilabeteko epea izango dute erakunde jaulkitzaileek muga horiek berreskuratzeko, hartarako bide hauetakoren bat erabiliz:

a) Nazioartekotzeko beren bonuak edo zedulak eskuratuz erregelamenduz xedatutako mugara arte, ondoren amortizatzeko.

b) Nazioartekotzeko zedulen edo bonuen ordainketari 9. paragrafoan jasotako ordezkapen-aktibo berriak atxikiz, betiere paragrafo horretan ezarritako mugak betetzen badira.

c) Nazioartekotzeko zedulei dagokienez, 6 eta 7. paragrafoekin bat etorriz berma daitezkeen mailegu edo kredituen zorroa handituz.

d) Nazioartekotzeko bonuei dagokienez, 8. paragrafoarekin bat etorriz berma daitezkeen beste mailegu edo kreditu batzuk eskritura publiko bidez lotuz.

Bitartean, erakundeak diferentzia estali beharko du Espainiako Bankuan eginiko eskudiru edo funts publikoen gordailu baten bidez.

14. Kode Zibilaren 1.922 artikuluan xedatutako moduan, nazioartekotzeko zedulen eta bonuen edukitzaileak lehentasun bereziko hartzekoduntzat hartuko dira beste edozein hartzekodunen aurrean erakunde jaulkitzailearen balantzean aktibo gisa jasota dauden mailegu eta kreditu guztiei dagokienez, baldin eta 6 eta 7. paragrafoetan ezarritako eskakizunak betetzen badituzte nazioartekotzeko zedulak direnean, nazioartekotzeko bonuen estaldura gisa balio dutenak izan ezik; eta 8. paragrafoaren eskakizunak betetzen dituzten eta jaulkipenera atxiki diren maileguei eta kredituei dagokienez, nazioartekotzeko bonuak direnean, eta, bi kasuotan, jaulkipenekin lotutako ondoriozko finantza-tresnek sortutako ordezkapen-aktiboekin eta fluxu ekonomikoekin lotuta, horrelakorik badago.

Jaulkipen bateko nazioartekotzeko bonuen edukitzaileek lehentasuna izango dute nazioartekotzeko zedulen edukitzaileen gainetik, baldin eta jaulkipen horri lotutako mailegu edo kreditu baten gainekoak badira.

Nazioartekotzeko zedulen edukitzaile guztiek, beren jaulkipen-data edozein dela ere, lehentasun bera izango dute bermatzen dituzten maileguen eta kredituen gainean eta, horrelakorik badago, baita jaulkipenei lotutako ondoriozko finantza-tresnek sortutako ordezkapen-aktiboen eta fluxu ekonomikoen gainean ere.

Zedulek eta bonuek izaera exekutiboa izango dute Prozedura Zibilaren Legean aurreikusitako moduan.

15. Kreditu-erakunde batek jaulkitako nazioartekotzeko zedulek eta bonuek, amortizatu gabekoek, hipoteka-zedulek eta -bonuek duten tratu bera izango dute, 1082/2012 Errege Dekretuaren, uztailaren 13koaren, inbertsio kolektiboko erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legea garatzeko erregelamendua onartzen duenaren, 50. artikuluaren 2. paragrafoaren c) hizkiaren ondorioetarako.

16. Jaulkitako nazioartekotzeko zedulak eta bonuak balore-merkatuetan negoziatzeko onartu ahal izango dira, Balore-merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Haiek beraiek edo beren taldeko erakundeek jaulkitako nazioartekotzeko zedulak edo bonuak eskuratu ahal izango dituzte jaulkitzaileek. Jaulkitzaileak bere tituluen gainean bigarren mailako merkatuan egiten dituen eragiketei mugak ezarri ahal izango zaizkie erregelamenduz.

17. Lege honetan araututako nazioartekotzeko zedulak eta bonuak merkataritzako sozietateen eta enpresen nahitaezko erreserbak inbertsio gisa onartuko dira, eta ondorio horietarako burtsan kotizatutako baloreetara parekatuko dira.

Zehazki, xede hauetarako onartuko dira:

a) Erakunde aseguratzaileen eta berraseguratzaileen hornidura teknikoak estaltzeko inbertsioak egiteko, betiere zedulak edo bonuak Europako Esparru Ekonomikoan ezarritako sozietateek jaulki badituzte.

b) Pentsio-funtsetarako gai diren inbertsioak egiteko.

c) Inbertsio Higigarriko Funtsen eta Sozietateen baliabideen inbertsioa egiteko.

d) Gizarte Segurantzako Erakundeen erreserba-funtsen inbertsioa egiteko.

Nazioartekotzeko zedulen eta bonuen titulu adierazgarriak eskualdatu ahal izango dira zuzenbidean onartutako edozer bidez, eta fede-emaile publikoak esku hartzeko edo zordunari jakinarazteko beharrik gabe. Izendunak direnean titulu berean idatzitako adierazpen bidez eskualdatu ahal izango dira. Eramailearen tituluak izanez gero, horien jabea interesen azken jasotzailea dela joko da.

18. Konkurtsoa egonez gero, nazioartekotzeko zedulen eta bonuen edukitzaileek Konkurtso Legearen 90. artikuluaren 1. paragrafoaren 1. zenbakian ezarritako pribilegio berezia izango dute.

Aurrekoari kalterik egin gabe, Konkurtso Legearen 84. artikuluaren 2. paragrafoaren 7. zenbakian aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta masaren kontrako kreditu gisa, konkurtsoa eskatzeko datan jaulkitako eta amortizatu gabe dauden nazioartekotzeko zedulen eta bonuen kapitalaren eta interesen amortizazioagatik egokiak diren ordainketak gauzatuko dira konkurtsoan, harik eta konkurtsatuak zedulak eta bonuak bermatzen dituzten mailegu eta kredituetatik eta, halakorik badago, jaulkipenarekin lotutako ondoriozko finantza-tresnetatik etorritako ordezkapen-aktibo eta fluxu ekonomikoetatik jasotako sarreren zenbatekoa osatu arte.

19. Nazioartekotzeko zedulen eta bonuen erakunde jaulkitzaileak kontabilitateko erregistro berezi bat eramango du; bertan jaulkipenen bermetzat balio duten mailegu eta kreditu guztiak idatzi beharko ditu eta, halakorik badago, horiei estaldura emateko ibilgetutako ordezkapen-aktiboak, bai eta jaulkipen bakoitzari lotutako ondoriozko finantza-tresnak ere. Erakunde jaulkitzailearen urteko kontuek, erregelamenduz xedatzen den moduan, erregistro horren funtsezko datuak jasoko dituzte.

20. Lege honetan araututako nazioartekotzeko zedulak eta bonuak jaulkitzeak, eskualdatzeak eta ezeztatzeak, bai eta ordaintzeak ere, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Legean ezarritako salbuespena izango dute.

35. artikulua. Elkarren Bermerako Sozietateen gutxieneko Gizarte Kapitala.

Aldatu egiten da Elkarren Bermerako Sozietateen Araubide Juridikoari buruzko martxoaren 11ko 1/1994 Legearen 8. artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

«8 artikulua. Ordaindutako gizarte-kapitalaren eta baliabide propio konputagarrien gutxieneko zifra.

1. Elkarren bermerako sozietateen gutxieneko gizarte-kapitala ez da 10.000.000 eurotik beherakoa izango.

2. Elkarren bermerako sozietateen likidezia eta kaudimena bermatzeko, finantza-erakundeak diren aldetik, aldatu ahal izango da aurreko paragrafoan adierazitako kapitala, kreditu-erakundeen diziplinari eta haietan esku hartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legearen 47.1.a) artikuluan ezarritako moduan.

3. Elkarren bermerako sozietateen baliabide propio konputagarrien zenbatekoa ez da 15.000.000 eurotik beherakoa izango. Paragrafo honen ondorioetarako, baliabide propio konputagarrien zifra Espainiako Bankuak finkatzen duen definizioaren arabera kalkulatuko da.»

IV. TITULUA

Enpresa-proiektuen hazkunde eta garapenerako laguntza

I. KAPITULUA

Administrazio-kargak sinplifikatzea

36. artikulua. Negozio-giroa berrikustea erregulazio-hobekuntzen bitartez. Adierazleak eta jardunbide egokiak trukatzea.

1. Urtean behin, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak ekoizpen-inbertsiorako negozio-giroa hobetzeko proposamenak bildu eta aztertuko ditu eragile ekonomikoen, ministerio-departamentuen eta autonomia- eta toki-administrazioen aldetik. Horretaz gain, lehiakortasunaren eta negozio-giroaren nazioarteko adierazleen sistema nagusietan Espainiako ekonomiak duen posizio erlatiboa ere aztertuko da.

2. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak aurretiazko txosten bat egingo du urtero Espainiako ekonomiaren negozio-giroa eta lehiakortasuna hobetzeko erregulazioa erreformatzeko proposamenak jasota. Nazioartekotzeko Plan Estrategikoan –50. artikuluan jasota– txertatuko dira proposamen horiek.

3. Administrazioen esparruan ekoizpen-inbertsiorako erregulazio onaren eta negoziazio-giroaren adierazleen garapena eta publizitatea bultzatuko ditu Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak, autonomia- eta toki-administrazioekin elkarlanean, eta Erregulazioaz Hobetzeko Batzordearen esparruan, bai eta jarduera ekonomikoa laguntzen duen ingurune bati mesede egiten dioten jardunbide egokien elkartrukea ere.

37. artikulua. Administrazio-kargak sinplifikatzea.

Herri-administrazioek dagozkien eskumenak erabiliz enpresentzat administrazio-karga berriak sortzen badituzte, lehendik zegoen kostu baliokideko karga bat gutxienez kenduko dute.

38. artikulua. Estatistikako kargak murriztea.

1. Ekintzaileek jasaten dituzten estatistika-karga murrizteko neurriak hartuko dituzte estatistikako estatu-zerbitzuek beren jardueren barruan; era horretan erraztu egingo dute estatistika-xedez informazioa emateko beharra betetzea, bai eta sortutako estatistikako informazioak eduki beharreko kalitatea ere.

2. Estatistika-kargen murrizketa hori gauzatzeko neurri zehatzak:

a) Estatistikako Funtzio Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legeak ezarritako baldintzetan jo ahal izango dute estatistikako estatu-zerbitzuek Estatuko Administrazio Orokorraren erregistroetan dagoen informaziora Estatistika Plan Nazionalean jasotako eragiketak egiteko.

b) Galdetegiak bide telematikoak erabiliz aurkeztea sustatuko da.

c) 50 soldatapeko baino gutxiago kontratatzen dituen enpresa bat sortzen den lehen urtean, Estatistika Institutu Nazionalak bakar batera mugatuko du enpresa hori hauta daitekeen nahitaez bete beharreko inkesten kopurua.

Inkesta baten gainean bete beharreko galdetegi kopurua periodikotasunaren araberakoa izango da: hilekoa, hiruhilekoa edo urtekoa.

39. artikulua. Laneko arriskuen prebentzioa ETEetan.

Honela geratzen da aldatuta Lan-arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea:

Bat. Aldatu egiten da 30.5 artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«5. Hamar langile arteko enpresetan, enpresaburuak 1. paragrafoan adierazitako eginkizunak bere gain hartu ahal izango ditu zuzenean, betiere jarduera lantokian garatzen ohi badu eta beharrezko gaitasuna badu, langileek jasaten dituzten arriskuen eta jardueren arriskugarritasunaren arabera, eta lege honen 6.1.e) artikuluak aipatutako xedapenetan zehaztutako irismenarekin. Aukera bera onartzen zaio enpresaburuari, baldin eta, eskakizun horiek beteta, 25 langile arte okupatzen baditu, betiere enpresak lantoki bakar bat badu.»

Bi. Hamazazpigarren xedapen gehigarri bat eransten zaio, eta honako hau dio:

«Hamazazpigarren xedapen gehigarria. Aholkularitza teknikoa, hogeita bost langile arteko enpresei.

Lege honen 5. artikuluaren 5. paragrafoa zein 7. eta 8. artikuluak betez, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak eta Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalak, autonomia-erkidegoekin eta gizarte-eragileekin elkarlanean, laneko segurtasun eta osasun arloko aholkularitza tekniko berezia emango diete hogeita bost langile arteko enpresei.

Jarduera horren bidez sistema bat abiaraziko da enpresaburuari beharreko aholkularitza emateko prebentzioko jarduerak antolatzeko orduan, era horretan prebentzioko betebeharrak eraginkortasunez eta erraz betetzea bultzatuta.»

40. artikulua. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Bisita Liburu elektronikoa.

Aldatu egiten da Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza antolatzeko azaroaren 14ko 42/1997 Legearen 14. artikuluaren 3. paragrafoa, eta honela gelditzen da idatzita:

«3. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Agintaritza Nagusiak enpresen esku, ofizioz eta alta eskatzeko beharrik gabe, Bisita Liburu Elektroniko bana jarriko du lantoki bakoitzerako; hala, lantokira egindako bisita bakoitzagatik edo ikuskatutako subjektua dependentzia publiko egokietara egindako bisita bakoitzagatik, jarduketa horren eginbidea jasoko dute bertan funtzionario jarduleek.

Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren aginduaren bidez Bisita Liburu elektronikoan idatzi beharreko gertaerak eta ekintzak zehaztuko dira, bai eta horretara behartutakoak, horietara igortzeko modua eta haren osotasuna elektronikoki egiaztatzeko sistemak ere. Halaber, Bisita Liburu elektronikoa edukitzetik salbuetsitako kasuak, horren ordez zer egongo den eta neurria aplikatzeko araubide iragankorra ere ezarriko dira.»

41. artikulua. Ahalordetze elektronikoak.

Merkataritza-sozietateen administratzaileek edo ahaldunek edo erantzukizun mugatuko ekintzaileek emandako ahalordetzeak eta horien ezeztatzeak ere eman ahal izango dira dokumentu elektronikoan, betiere ahalordetzeko dokumentua ahalorde-emailearen sinadura elektroniko egiaztatuaz izenpetzen bada. Dokumentu hori zuzenean bide elektronikoz igorri ahal izango da dagokion erregistrora.

II. KAPITULUA

Ekintzaileekin kontratazio publikoa bultzatzeko neurriak

42. artikulua. Enpresaburu-batasunak.

Aldatu egiten da Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 59.1 artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

«1. Horretarako aldi baterako eratzen diren enpresaburuen batasunek kontratatu ahal izango dute sektore publikoarekin, eta ez dituzte horiek eskritura publikoan formalizatu beharko kontratua haien alde esleitu arte.

Aurreko lerrokadak aipatzen dituen batasunak eratzeko interesa duten enpresaburuek alta eman ahal izango dute Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Estatuko Erregistro Ofizialean, eta hark horren berri jasoko du.»

43. artikulua. Sailkapen-eskakizunerako mugak igotzea.

Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, honela aldatuta geldituko da:

Bat. Aldatu egiten da 65. artikuluaren lehenengo paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«1. Herri-administrazioekin 500.000 euroko edo gehiagoko balio zenbatetsia duten obra-kontratuak egiteko, edota 200.000 euroko edo gehiagoko balio zenbatetsia duten zerbitzu-kontratuak egiteko, nahitaezko baldintza izango da enpresaburua behar bezala sailkatuta egotea. Alabaina, ez da beharrezkoa izango sailkapenik II. eranskineko 6, 8, 21, 26 eta 27 kategorietan sartzen diren zerbitzu-kontratuak egiteko.

Kontratuaren xede den prestazioaren zati bat gaikuntza edo baimen profesional jakin bat duten enpresa espezializatuek egin behar badute, espezializazio horri dagokion azpitaldeko sailkapen horren ordez, horrelakorik eskatuz gero, nahikoa izango da enpresaburuak beharrezko gaikuntza eta, hala badagokio, sailkapen horiek dituzten beste enpresaburu batzuekin zati horren gauzapena azpikontratatzeko konpromisoa hartzea, betiere haiek gauzatu beharreko zatiaren zenbatekoa kontratu-prezioaren ehuneko 50etik gorakoa ez bada.»

Bi. Aldatu egiten da 65. artikuluaren 5. paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«5. Herri-administrazio ez diren sektore publikoko erakundeek sailkapen jakin bat eskatu ahal izango diete lizitatzaileei dagokion kontratua egiteko beharrezko kaudimen-baldintzak zehazteko, 65. artikuluaren 1. paragrafoaren kasuetan.»

Hiru. Aldatu egin da laugarren xedapen iragankorra, eta honela idatzita geratzen da:

«Laugarren xedapen iragankorra. Enpresen sailkapena eskatu beharreko kasuak zehaztea.

65. artikuluaren 1. paragrafoa, aurretiko sailkapena behar duten kontratuak zehazten dituen aldetik, lege hau garatzeko arauetan kontratu horiek sailkatuko diren taldeak, azpitaldeak eta kategoriak zehazten dituzten erregelamenduzko arauetan ezarritakoaren arabera jarriko da indarrean; ordura arte, baina, indarrean egongo da Herri Administrazioen Kontratuen Legearen testu bateginaren 25. artikuluaren 1. paragrafoaren lehen lerrokada.

Aurrekoa gorabehera, obra-kontratuetan ez da sailkapenik eskatuko,baldin eta balio zenbatetsia 500.000 eurotik beherakoa bada, ezta zerbitzu-kontratuetan ere, horien balio zenbatetsia 200.000 eurotik beherakoa bada.»

44. artikulua. Kontratazio publikorako bermeak.

Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, honela aldatuta geldituko da:

Bat. Aldatu egiten dira 96. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoak, eta honela geratzen dira idatzita:

«2. Agirietan horrela aurreikusten denean, obra-, hornidura- eta zerbitzu-kontratuetako bermea, bai eta, tarifak administrazio kontratatzaileak ordaintzen dituenean, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuetakoa ere, prezioan atxikipena eginez eratu ahal izango da. Atxikipenaren forma eta baldintzak agirian bertan finkatuko dira.

3. Bermearen eraketa egiaztatzeko, bide elektronikoak erabili ahal izango dira, betiere agirian kontrakorik adierazi ezean.»

Bi. 146. artikuluari 4. eta 5. paragrafoak erantsi zaizkio, eta honela idatzita geldituko da:

«4. Kontratazio-organoak, egoki iritziz gero, administrazio-klausula zehatzen agirian xedatu ahal izango du 1. paragrafoan ezarritako dokumentazioaren hasierako ekarpenaren ordez lizitatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat egitea administrazioarekin kontratatzeko legez ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazita. Horrelakoetan, esleipen-proposamena jasotzen duen lizitatzaileak, kontratua esleitu aurretik, eskatutako dokumentuen jabetza eta baliozkotasuna egiaztatu beharko ditu kontratazio-organoaren aurrean. Nolanahi ere, erantzukizunpeko adierazpen hori aski izango da obra-kontratuetan, haien balio zenbatetsia 1.000.000 eurotik beherakoa bada, baita hornidura- eta zerbitzu-kontratuetan ere, balio zenbatetsia 90.000 eurotik beherakoa bada.

Kontratazio-organoak, edonola ere, prozedura ongi bukatzea bermatzearren, esleitzeko proposamena hartu aurretiko edozer unetan, eskatu ahal izango du lizitatzaileek kontratuaren esleipenduna izateko ezarritako baldintzak betetzearen egiaztagiriak aurkez ditzaten.

5. Administrazioarekin kontratatzeko eskatutako gaitasunaren eta kaudimenaren eskakizunak betetzen direla balioesteko une erabakigarria proposamenak aurkezteko epea amaitzen denekoa izango da.»

Hiru. 32. artikuluari d) hizkia eransten zaio, honako hau dioena:

«d) Herri-administrazioetako edozer organoren xedapen, egintza edo ebazpen guztiak, aldez aurretik edozer administraziorekin kontratatu duten enpresei abantailak, zuzenean edo zeharka, ematen dizkietenak.»

45. artikulua. Kontratazio publikoko prozeduretan aurretiko kontratisten aldeko diskriminazioa debekatzea.

1. Sektore publikoa osatzen duten erakunde, organismo eta entitateek, kontratatzeko prozeduretan, ezin izango diete zuzeneko edo zeharkako abantailarik eman aldez aurretik edozer administrazioarekin kontratatu duten enpresei.

2. Aldez aurretik edozer administrazioarekin kontratatu duten enpresei, zuzenean edo zeharka, abantailak ematen dizkieten xedapen guztiak, lege-indarra duten edo ez duten arauzko xedapenetan zein sektore publikoko edozer organok emandako egintza edo ebazpenetan jasotakoak, erabat deusezak izango dira.

46. artikulua. Bermeak itzultzeko edo ezeztatzeko epea murriztea ETEentzat.

Aldatu egiten da azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 102. artikuluaren 5. paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

«5. Kontratua amaitzen denetik urtebete igaro ostean, onarpen formala eta likidazioa kontratistari egotzi ezin zaizkion kausengatik egin gabe badaude, bermeak gehiago luzatu gabe itzuli edo ezereztuko dira, betiere 100. artikuluak aipatutako erantzukizunak garbitu ondoren.

Epe hori sei hilabetera murriztuko da kasu hauetan: kontratuaren zenbatekoa 1.000.000 eurotik beherakoa denean, obra-kontratuei dagokienez, edo 100.000 eurotik beherakoa, beste kontratuei dagokienez, edo enpresa lizitatzaileek enpresa txiki edo ertaineko eskakizunak betetzen dituztenean –berau hemen zehaztuta dago: Batzordearen 800/2008 zenbakidun Erregelamendua (EE), 2008ko abuztuaren 6koa, zenbait laguntza-kategoria merkatu komunarekin bateragarritzat jotzen dituena, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz–, eta eskakizun horiek betetzen ez dituen beste enpresa batek zuzenean edo zeharka kontrolaturik ez daudenean.»

47. artikulua. Kontratistak kontratua indargabetu ahal izateko ordainketaren berandutza-epea murriztea.

Aldatu egiten da Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua, eta honela geratzen da idatzita:

Bat. Aldatu egiten da 216. artikuluaren 6. paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«6. Administrazioa sei hilabetetik gora berandutzen bada, kontratistak kontratua suntsiarazteko eskubidea ere izango du, baita horren ondorioz sortutako galeren kalte-ordainak jasotzeko ere.»

Bi. Aldatu egiten da 216. artikuluaren 8. paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«8. Autonomia-erkidegoek murriztu ahal izango dituzte artikulu honen 4., 5. eta 6. paragrafoetan ezarritako hogeita hamar eguneko, lau hilabeteko eta sei hilabeteko epeak.»

Hiru. Beste artikulu bat eransten zaio (228 bis); hauxe dio:

«228 bis artikulua. Azpikontratistei edo hornitzaileei eginiko ordainketak egiaztatzea.

Herri-administrazioek eta gainerako erakunde publiko kontratatzaileek egiaztatu ahal izango dute kontratu publikoen kontratista esleipendunek, 5. artikuluan halakotzat hartutakoek, haietan parte hartzen duten azpikontratista edo hornitzaile guztiei egin behar dizkieten ordainketak zorrozki betetzen dituztela.

Horrelakoetan, kontratista esleipendunek erakunde publiko kontratatzaileari, eskatzen duenean, kontratuan parte hartzen duten azpikontratisten edo hornitzaileen zerrenda zehatza bidaliko diote haiek parte hartzeko kontratua gauzatzen denean, eta horrekin batera baita haietako bakoitzaren azpikontratazio- edo hornidura-baldintzak ere, betiere ordaintzeko epearekin zerikusi zuzena badute. Halaber, erakunde publiko kontratatzaileak eskatuta, haiei egin beharreko ordainketen egiaztagiriak ere aurkeztu beharko dituzte, prestazioa bukatuta, eta 228. artikuluan eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean ordaintzeko ezarritako legezko epeen barruan, aplikagarri zaionean. Betebehar horiek, lizitazio-iragarkietan eta dagozkien baldintza-agirietan edo kontratuetan jasoko direnak, exekuzioko baldintza berezitzat jotzen dira; horiek ez betetzeak, beraz, agirian horretarako jasotako zigorrak ezartzea ekarriko du, antolamendu juridikoak aurreikusitako ondorioez gain.»

III. KAPITULUA

Ekonomia- eta finantza-informaziorako beharrak sinplifikatzea

48. artikulua. Enpresa jakin batzuen kontabilitatea.

Aldatu egiten da 1885eko Merkataritza Kodearen 28. artikuluaren 2 paragrafoa, eta honela idatzita gelditzen da:

«2. Egunkari Liburuan enpresaren jarduerari dagozkion eragiketa guztiak jasoko dira egunero. Nolanahi ere, eragiketen guztizkoak, gehienez hiruhilekoko aldietakoak, batera jaso ahal izango dira, betiere haien xehetasuna bat datozen beste liburu edo erregistro batzuetan agertzen bada, dena delako jarduerarekin bat etorriz.»

49. artikulua. Urteko kontu laburtuen aurkezpena.

Hona nola geratzen den idatzita Kapital Sozietateen Legearen testu bategina, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua:

Bat. Legearen 257. artikuluaren 1. paragrafoa aldatu egiten da; aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. Bi ekitaldiz jarraian, horietako bakoitzaren amaiera-datan, gutxienez baldintza hauetako bi betetzen dituzten sozietateek ondare garbiaren balantze eta aldaketa-egoera laburtuak formulatu ahal izango dituzte:

a) Aktiboaren partiden guztizkoa gehienez lau milioi eurokoa izatea.

b) Negozioen urteko zifraren zenbateko garbia gehienez zortzi milioi eurokoa izatea.

c) Ekitaldian enplegatutako langileen batez besteko kopurua gehienez berrogeita hamar izatea.

Sozietateek ahalmen hori galduko dute, baldin eta, bi ekitaldiz jarraian, aurreko lerrokadan aipatutako baldintzetako bi betetzeari uzten badiote.»

Bi. Aldatu egiten da 263. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«263. artikulua. Kontu-ikuskaria.

1. Kontu-ikuskari batek berrikusi beharko ditu urteko kontuak eta, hala badagokio, kudeaketa-txostena.

2. Betebehar horretatik salbuetsita egongo dira bi ekitaldiz jarraian, horietako bakoitzaren amaiera-datan, gutxienez baldintza hauetako bi betetzen dituzten sozietateak:

a) Aktiboaren partiden guztizkoa gehienez bi milioi zortziehun eta berrogeita hamar mila eurokoa izatea.

b) Negozioen urteko zifraren zenbateko garbia gehienez bost milioi eurokoa izatea.

c) Ekitaldian enplegatutako langileen batez besteko kopurua gehienez berrogeita hamar izatea.

Sozietateek ahalmen hori galduko dute, baldin eta, bi ekitaldiz jarraian, aurreko lerrokadan aipatutako baldintzetako bi betetzeari uzten badiote.

3. Eraketa, eraldaketa edo bat-egitetik aurrerako lehen ekitaldi sozialean, sozietateak ikuskapena egitetik salbuetsita geldituko dira, baldin eta, ekitaldi horren itxieran, aurreko paragrafoan adierazitako hiru baldintzetako bi gutxienez betetzen badituzte.»

V. TITULUA

Espainiako ekonomia nazioartekotzea

1. atala. Nazioartekotzea sustatzea

I. KAPITULUA

Nazioartekotzea sustatzeko estrategia

50. artikulua. Espainiako ekonomia nazioartekotzea sustatzea.

1. Sektore publikoak, sektore pribatuarekin batera, egonkortasun, hazkunde eta enplegu-sorrerarako faktore gisa, Espainiako ekonomiaren nazioarteko dimentsioa errazteko eta indartzeko eta enpresen eta ekintzaileen kanpoko presentzia sustatzeko garatzen dituen jarduerak dira Espainiako ekonomia eta enpresa nazioartekotzea sustatzeko politikak. Dimentsio hori, halaber, alde biko eta alde anitzeko foroetako ekintza ekonomiko instituzionalera zabaltzen da, bai eta atzerriko inbertsioa Espainian eta Espainiakoa kanpoan sustatzeko ekintzetara ere.

2. Gobernuak Espainiako ekonomia eta enpresa nazioartekotzea sustatzeko politikak zuzentzen ditu; horiek koordinatzea Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren esku dago, antolamendu juridikoak ministerioei eta autonomia-erkidegoei ematen dizkien eskumenei kalterik egin gabe.

51. artikulua. Espainiako Ekonomia Nazioartekotzeko Plan Estrategikoa.

1. Gobernuak nazioartekotzea sustatzearen arloan gauzatu beharreko ekintza, aurreko artikuluan aurreikusitako moduan, Espainiako Ekonomia Nazioartekotzeko Plan Estrategikoan islatuko da.

2. Espainiako Ekonomia Nazioartekotzeko Plan Estrategikoaren helburua hauxe izango da: lehiakortasuna hobetzea eta kanpoko sektoreak hazkundeari eta enplegu-sorrerari egindako ekarpena ahalik eta handiena izatea. Plan horren barruan ekimenak jasoko dira Espainiako ekonomiaren nazioartekotzea sustatzeko, bai eta lehiakortasuna hobetzea sustatzeko ere; lehentasun geografikoak eta sektorialak ezarriko dira, eta azkenik, arloan eskumena duten erakundeen jardun-planak ere finkatuko dira.

3. Printzipio hauek jarraituko ditu planak:

a) Herri-administrazioen ekintzaren koherentzia eta koordinazioa, ekintzaileen nazioartekotzea bultzatzeko ekimenei arreta berezia jarrita.

b) Osagarritasuna sektore pribatuaren jarduerarekin.

4. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak bi urtean behin egingo du Plan Estrategikoa, Espainiako enpresaren Nazioartekotzea Laguntzeko Ministerio arteko Taldearen barruan, eta sektore pribatuak eta autonomia-erkidegoek parte hartuko dute beren eskumenen esparruan, betiere Gobernuaren Kanpo Politikaren xede eta helburuekin bat etorriz.

Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak proposatuta onartuko da plana, Ministro Kontseiluaren erabakiz, eta Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak txostena egin ostean.

Plana Gorteetara bidaliko da, eta Merkataritzaren Estatu Idazkariak aurkeztuko du Diputatuen Kongresuko eta Senatuko dagokion batzordean.

5. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak Nazioartekotze Plan Estrategikoa osatzen duten tresnak ebaluatzeko eta kontrolatzeko sistema bat ezarriko du, nazioartekotzeko jardueren kalitatea eta eraginkortasuna ziurtatzeko. Ebaluazioen emaitza jendaurrekoa izango da, eta Planaren hurrengo bertsioetan erantsiko diren arau-aldaketak zein tresnak eta erakundeak kudeatzeko aldaketak egiteko oinarritzat balio izango du.

II. KAPITULUA

Merkataritzako eta enpresa laguntzeko tresnak eta erakundeak

52. artikulua. Merkataritzako eta enpresa laguntzeko tresnak eta erakundeak.

1. Hauek dira ekonomia eta enpresa nazioartekotzea laguntzeko merkataritza-instrumentu espezializatuak:

a) Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan, hauek:

i) Kanpoko Sarea, Misio Diplomatikoetan eta Ordezkaritza Iraunkorretan integratuta, eta Lurralde Sarea, biak Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren mendekoak.

ii) ICEX Espainia Esportazioa eta Inbertsioak enpresa-erakunde publikoa (ICEX), apirilaren 8ko 4/2011 Errege Lege Dekretuaren bidez sortua.

b) Atzerrian dauden Espainiako merkataritza-ganberek, ofizialki onartuta daudenean, Espainiako ekonomia eta enpresa nazioartekotzea ere babestuko dute.

2. Estatuko Kanpo Zerbitzuak enpresak kanpoan babesten lagunduko du.

53. artikulua. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Kanpo eta Lurralde Sarea.

1. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Kanpo eta Lurralde Sarea oinarrizko euskarria da enpresak eta ekintzaileak nazioartekotzeko prozesuan; izan ere, jatorri eta helmugako merkatuetatik hurbil dago. Ekonomia eta Merkataritza Bulegoek eta Ekonomia eta Merkataritzako Lurralde eta Probintziako Zuzendaritzek osatuta dago sare hori.

2. Espainiaren Kanpoko Ekonomia eta Merkataritza Bulegoak, Misio Diplomatikoetan edo Ordezkaritza Iraunkorretan integratuta, Estatuko Administrazio Orokorraren tresna dira kanpoan arlo hauetako lanak garatzeko: ekonomia, merkataritza, finantza eta enpresaren nazioartekotzea laguntzea.

3. Merkataritzako Lurralde eta Probintzia Zuzendaritzen enpresa eta ekintzaileak nazioartekotzea babesten du kanpoko merkataritza sustatzeko eta Espainiako enpresen inbertsioen sustatzeko estatu-politika ezarriz.

4. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak, Merkataritzaren Estatuko Idazkaritzaren bitartez, enpresa nazioartekotzea laguntzeko Kanpo eta Lurralde Sarearen kudeatzaile gisa, horren lana ahalik eta eraginkortasun handienaz egiteko behar diren giza baliabideak eta bitarteko materialak esleituko ditu, betiere nazioartekotzearen arloko ekimenei arreta integrala ematea bermatuta.

54. artikulua. ICEX Espainia Esportazioa eta Inbertsioak.

1. ICEX erakundeak, sektore pribatuarekin eta autonomia-erkidegoekin elkarlanean, Espainiako ekonomiaren eta enpresen nazioartekotzea eta lehiakortasuna bultzatuko ditu, bereziki enpresa txiki eta ertainei dagokienez, nazioartekotzeko prozesuaren fase guztietan; halaber, kanpoan dauden enpresa espainiarren inbertsioak zein Espainian atzerritarrenak sustatzea eta nazioarteko lankidetza laguntzea ere babestuko ditu , Merkataritzaren Estatuko Idazkaritzak ekonomia, merkataritza, finantza, informazio eta prestakuntza arloan eskatzen dizkion zerbitzuak, aholkularitzak, programak edo babesak emanez.

2. Nazioartekotzearekin lotutako babes-tresnak ezagutzeko edo eskuratzeko interesa duten enpresen edo erakundeen kontsultak, eskaerak, ekimenak edo eskariak bideratuko ditu ICEX erakundeak. Ondorio horietarako, ICEX erakundeak beharrezko akordioak, kontratuak eta hitzarmenak ezarriko ditu Estatuko Administrazio Orokorrarekin zein nazioartekotzearekin eta inbertsioak erakartzearekin zerikusia duten eginkizunak garatzen dituzten sektore publikoko erakundeekin.

3. 51. artikuluaren 4. paragrafoan xedatutakoa betetzeko, ICEX erakundeak beharrezko diren giza baliabideak eta bitarteko materialak emango dizkie Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren bulego-sareari eta Merkataritzako Lurralde eta Probintzia Zuzendaritzei, ICEXen eginkizunak Merkataritzaren Estatu Idazkaritzaren jarraibideen arabera zuzen garatzea bermatzeko.

III. KAPITULUA

Finantza-laguntzarako tresnak eta erakundeak

55. artikulua. Enpresa nazioartekotzeko finantza-laguntza ofizialeko Espainiako sistema.

1. Honako erakunde hauek osatzen dute enpresa nazioartekotzeko finantza-laguntza ofizialeko Espainiako sistema:

a) Espainiako ekonomiaren eta enpresen nazioartekotze arloko Gobernuaren ekintzaren finantza-erakunde hauek:

i) Kreditu Ofizialeko Institutua (ICO), defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu, tributu eta finantza arloko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 12/1995 Errege Lege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriak sortua.

ii) Garapena Finantzatzeko Espainiako Konpainia COFIDES, SA (COFIDES), 1988ko otsailaren 12ko Ministro Kontseiluaren erabakiz sortua. Bere helburuak lortzeko eta Espainiako enpresak eta ekonomia nazioartekotzen laguntzeko, COFIDESek, halaber, nazioartekotzeko finantzaketa emango die Espainiako enpresei; besteak beste, kapital edo kuasikapitaleko tresnen bidez zein Espainiako enpresa edo ekonomia nazioartekotzen laguntzen duten inbertsio publiko edo pribatuko funtsetan parte hartuz.

iii) Estatuak nazioartekotzearen arriskuen estaldura kudeatzeko izendatutako kudeatzailea.

b) Espainiako ekonomia eta enpresak nazioartekotzeko finantza-laguntzarako tresna hauek:

i) Kanpo Inbertsioetarako Funtsa (FIEX) eta Enpresa Txiki eta Ertainaren Kanpo Inbertsioetarako Eragiketen Funtsa (FONPYME), Zerga, Administrazio eta Gizarte alorreko neurriei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen bidez sortuak.

ii) Enpresa Nazioartekotzeko Funtsa (FIEM), Espainiako enpresa nazioartekotzeko finantza-laguntza sistema eraberritzeari buruzko ekainaren 28ko 11/2010 Legearen bidez sortua.

iii) Interesen elkarrekiko doikuntzako hitzarmena (CARI), Esportazioa sustatzeko neurri finantzarioen abuztuaren 16ko 11/1983 Legearen bidez sortua, zeina Zerga-, administrazio- eta gizarte-alorreko neurri fiskalei buruzko abenduaren 29ko 14/2000 Legeak aldatu zuen, interesen elkarrekiko doikuntzako hitzarmena egokitzeko.

iv) Indarreko araudiaren arabera nazioartekotzearen arrisku-estaldura Estatuaren kontura bere gain hartzen duen tresna.

c) Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak proposatuta nazioartekotzea laguntzeko sor daitekeen beste edozer erakunde.

2. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak, Merkataritzaren Estatuko Idazkariaren bidez, enpresa nazioartekotzeko finantza-laguntza ofizialeko Espainiako sistema osatzen duten erakundeen eta tresnen kudeaketa eraginkorra eta koordinatua sustatuko du; hartarako, erakunde kudeatzaileak espezializatuko ditu, eta sistema osatzen duten tresnak koordinatuko ditu merkataritza-politikarekin bat datozela bermatzeko.

56. artikulua. Zerga, Administrazio eta Gizarte alorreko neurriei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legea aldatzea, Kanpo Inbertsioetarako Funtsa (FIEX) egokitzeko.

Aldatu egin da Zerga-, administrazio- eta gizarte-alorreko neurri fiskalei buruzko abenduaren 30eko 66/1997 Legearen 114. artikuluaren lehen paragrafoa, eta honela geldituko da idatzita:

«Bat. Kanpoko inbertsioetarako funts bat sortzen da enpresen jarduera eta, oro har, Espainiako ekonomia nazioartekotzea sustatzeko, hartarako Espainiako enpresen gizarte-kapitalean, horiek nazioartekotzeko, edo kanpoan kokaturiko enpresetan, aldi baterako eta zuzeneko gutxiengo partaidetzak hartuz eta, oro har, aurretik aipatutako enpresen funts propioetako partaidetzen bidez eta parte hartzeko edozer tresnaren bitartez.

Funtsaren kontura aldi baterako eta gutxiengo zuzeneko partaidetzak ere hartu ahal izango dira lehendik dauden edo ezartzen diren kapital hedapeneko funtsetan edo inbertsio pribatuko funtsetan, baldin eta Espainiako enpresa edo ekonomia nazioartekotzea sustatzen badute.

Lege honen 116. artikuluaren Bi paragrafoak aipatzen duen kudeatzaileak ez du zuzenean esku hartuko funtsak partaidetutako enpresen kudeaketa operatiboan, salbu eta, Funtsaren Batzorde Exekutiboaren baimenaren ostean, beharrezkotzat jotzen bada FIEX erakundearen xedeak betetzen direla kontrolatzeko. Salbuespenez, Ekonomiako eta Lehiakortasuneko ministroak, Merkataritzaren Estatuko Idazkariak proposatuta, partaidetza gehiengoduna hartzea baimendu ahal izango dio, eta kudeatzaileari baimena eman ahal izango dio funtsak partaidetutako enpresaren kudeaketa operatiboa bere gain har dezan, betiere FIEX erakundearen xedeak betetzeko beharrezkotzat jotzen bada.»

57. artikulua. Espainiako enpresa nazioartekotzeko finantza-laguntza sistema eraberritzeari buruzko ekainaren 28ko 11/2010 Legea aldatzea, Enpresa Nazioartekotzeko Funtsa (FIEM) egokitzeko.

Espainiako enpresa nazioartekotzeko finantza-laguntza sistema eraberritzeari buruzko ekainaren 28ko 11/2010 Legea honela aldatuta gelditzen da:

Bat. Aldatu egiten da 4. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«4. artikulua. Finantzaketa.

1. Espainiako ekonomia nazioartekotzeko estrategiarentzat interes berezia duten eragiketak eta proiektuak finantzatuko ditu FIEMek, bai eta eragiketa eta proiektu horiek behar dituzten laguntza teknikoak ere. Halaber, nazioartekotzeko estrategiarentzat interes berezia duten laguntza teknikoak eta aholkularitzak ere finantzatu ahal izango dira FIEMen kontura; horrelakoak bideragarritasun-, egingarritasun- eta aurregingarritasun-azterlanak zein sektore ekonomikoak edo eskualdeak modernizatzearekin zerikusia duten azterlanak egiteko izango dira, bai eta izaera ekonomikoko modernizazio instituzionalera bideratutako aholkularitzak egiteko ere Espainiako enpresentzat bereziki interesgarriak diren herrialdeetan.

2. Inbertsio eta esportazioko proiektuentzako finantza-laguntza, gehienbat, mailegu, kreditu eta kreditu-lerro moduan emango da, bai eta Espainiako enpresak nazioartekotzen erregelamenduz ezarritako baldintzetan lagun ditzaketen inbertsio-funtsetarako ekarpen itzulgarri moduan ere. Aurrekoari kalterik eman gabe, laguntza teknikoak eta aholkularitzak zein proiektuak eta eragiketak modu ez-itzulgarrian finantzatu ahal izango dira, baldin eta horien egoera bereziak horrela eskatzen badu. Egoera horiek erregelamenduz zehaztuko dira.

3. FIEMen kontura erakunde edo funtsetarako ekarpenak egin ahal izango dira esportatzaileen aldeko bermeak edo kontrabermeak ematea errazteko, betiere FIEMek erakunde edo funts horietan duen partaidetzak eragin nabarmena badu Espainiako enpresen nazioartekotzearen gainean.

4. FIEMen kontura ez da finantzatuko defentsako materiala, paramilitarra eta poliziala esportatzeko eragiketarik, baldin eta horrelakoak armadek, polizia- eta segurtasun-indarrek edo terrorismoaren aurkako zerbitzuek erabiltzeko badira. Gainerako materialak finantzatu ahal izango dira, betiere legez ezarritako kontrolak betetzen badituzte.

5. FIEMen kontura ez da finantzatutako oinarrizko gizarte-zerbitzu jakin batzuekin lotutako proiekturik (hala nola hezkuntza, osasun eta nutrizioarekin lotutakorik). Era horretako proiektuetarako ekipamendua hornitzea eta martxan jartzea finantzatu ahal izango dira, baldin eta eduki teknologiko handia atxikita daraman erakartze-efektu handia badute nazioartekotzearen gainean.

6. Indarreko legeria aplikatzeari kalterik egin gabe, ondoren bermeak emateko kredituek, maileguek edo ekarpenek edota FIEMen konturako baldintza komertzialetako kreditu-lerro itzulgarriek esportaziorako kredituen nazioarteko araudian xedatutakoa bete beharko dute, eta bereziki Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen babes ofiziala duen esportaziorako kreditu arloko gidalerroei buruzko akordio orokorrean xedatutakoa. Hala kreditu komertzialeko eragiketetan (interes-tasa aldakorra edo finkoa aplikatuko dute horiek) nola emakida-kredituko eragiketetan, finantza-baldintzak eta, ondorioz, aplikatu beharreko interes-tasak honako erregelamendu honek arautuko ditu: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko azaroaren 16ko 1233/2011 zenbakidun EB erregelamenduak, babes ofiziala duten esportaziorako kreditu arloko gidalerro jakin batzuk aplikatzeari buruzkoak, eta Kontseiluaren 2001/76/EE eta 2001/77/EE erabakiak indargabetzen dituenak.»

Bi. Aldatu egiten da 5. artikuluaren 1. paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:

«1. Funtsaren konturako finantzaketaren onuradunak hauek izan ahalko dira: Estatuak; eskualdeko, probintziako eta tokiko herri-administrazio atzerritarrak; atzerriko erakunde publikoak, bai eta herrialde garatuetako zein garapen bidean dauden herrialdeetako enpresa, talde, enpresa-partzuergo publiko eta pribatu atzerritarrak.

Kreditu-eragiketak berme subiranoa emanez bermatu beharko dira; halere, beste berme batzuk ere onartu ahal izango dira mailegu-eragiketetan, erregelamenduz finkatzen diren terminoetan eta baldintzetan.

Zorpetze handia duten herrialde pobreei ezin izango zaie inolako finantzaketa itzulgarririk eman. Horrela bada, HIPC ekimenaren (ingelesezko sigletan) burutzeko puntura iritsi diren herrialdeak salbuespen gisa baino ez dira izango era horretako eragiketa itzulgarrien onuradun, betiere Ministroen Kontseiluak horrela espresuki baimentzen badu.»

Hiru. Hona hemen nola geratzen den idatzita 7. artikulua:

«7. artikulua. Kudeaketa.

1. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak egingo du Enpresa Nazioartekotzeko Funtsaren kudeaketa, Merkataritzaren Estatuko Idazkaritzaren bitartez.

Funtsaren kudeatzaileak zeregin hauek egin beharko ditu, besteak beste: funtsaren kontura finantzatu beharreko proiektuak hautatzea, eta, finantzaketaren onuradunekin adostuta, proiektu horiek aztertzeko behar diren bideragarritasun-profilak eta azterlanak egitea, finantzaketa-proposamenak baloratzea eta ondoren Funtsaren Batzordeari aurkeztea onar ditzan, bai eta aipatutako proiektuen gauzapena ikuskatzea eta horiek ebaluatzea ere.

Funtsaren kudeatzailearen esku ere egongo da prebentzioko neurriak ezartzea Nazioartekotzeko Funtsaren kontura egindako eragiketen azterlanean zehazten diren garapeneko inpaktu negatiboak arintzearren. Horretaz gain, kapital-zuriketaren prebentzio arloko jardun-protokolo bat onartzeaz eta jarraitzeaz ere arduratuko da kudeatzailea.

2. Merkataritzaren Estatuko Idazkaritzak funtsaren baliabideak eraginkortasunez erabiltzen direla bermatuko du eskura dituen baliabide guztiekin; hartarako, egokitzat jotzen diren laguntza teknikoak eta kudeaketa-gomendioak finantzatu ahal izango dira funtsaren beraren kontura.

3. COFIDESen eginkizunen artean arrisku pribatua duten inbertsio-eragiketak ebaluatzea eta inbertsio-funtsetan parte hartzeko akordioak izenpetzea daude, besteak beste. CESCEren eginkizunen artean, berriz, hauek daude, besteak beste: kreditu-arriskuaren analisia eta kobrantza-kudeaketa egitea, birfinantzaketak, Estatuaren kontura estaltzen dituen eragiketetan jatorria duten zorren luzamenduak eta izan litezkeen lagapenak. COFIDES eta CESCE erakundeek eginkizun horiek FIEMentzat egin ahal izango dituzte horren komiteak eskatuta, betiere Merkataritzaren Estatuko Idazkaritzak proposatu ondoren. Hori guztia ICOk betetzen duen FIEMen agente finantzario bakarraren lanari kalterik egin gabe, lege honen 11. artikuluarekin bat etorriz.

4. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak, FIEMen kudeatzaile gisa, eskura dituen baliabide guztiekin bultzatuko du gardentasun, publizitate eta lehiako printzipioak aplikatzea herrialde onuradunek esleitzeko prozesuetan, eta beharrezko baliabideak jarri ahal izango ditu haien esku eragiketak identifikatu, hautatu eta esleitzeko prozeduran eraginkortasuna bermatuta egon dadin.

5. Gerora, erregelamenduz garatuko dira hauei buruzko gainerako hizpaketak: kudeaketa, kredituen finantza-baldintzak barne, tokiko gastuen finantzaketa, atzerriko materialaren parte-hartzea edo merkataritza-komisioen finantzaketa, bai eta FIEMen konturako eragiketetan kontuan hartu beharreko beste edozer gorabehera ere.»

Lau. Aldatu egiten da 11. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:

«11. artikulua. Finantza-agentea eta kudeaketa-kostuak.

1. Kreditu Ofizialeko Institutuak, Espainiako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz, eta Estatuaren kontura, dagozkion kreditu-, mailegu- edo dohaintza-hitzarmenak formalizatuko ditu. Halaber, bideratze teknikoko zerbitzuak, kontabilitatekoak, kutxakoak, agente ordaintzailekoak, kontrolekoak eta, oro har, FIEMen kontura baimendutako eragiketei dagozkien izaera finantzarioko zerbitzu guztiak emango ditu, Aurrekontuei buruzko 47/2003 Lege Orokorrean eta indarrean dagoen gainerako legezko araudian kontrol arloan ezarrita dauden eskumenei kalterik egin gabe.

2. Kreditu Ofizialeko Institutuak, FIEMen finantza-kudeaketa optimizatzearren, Altxor eta Finantza Politikaren Zuzendaritza Nagusiak baimena eman ondoren, FIEMen diruzaintzako kontuen baliabideak Espainiako Bankuaren bestelako finantza-erakundeetan ipini ahal izango ditu; horrelakoak arlo hauetan nazioarteko arauak betetzen dituzten herrialdeetan helbideratuta egongo dira: finantza-gardentasuna, kapital-zuriketaren prebentzioa eta ihes fiskalaren aurkako borroka. Orobat, Kreditu Ofizialeko Institutuak, baimentzeko eta baldintzen prozedura berari jarraikiz, inbertsio-eragiketak egin ahal izango ditu, bai eta arriskuak estaltzeko finantza-trukerako eragiketak ere.

3. FIEMen kontura eta ministroen kontseiluaren erabakiz baimendu ostean, Kreditu Ofizialeko Institutuari ordaina emango zaio funtsaren finantza-agente gisa gauzatutako lanean izandako gastuengatik, bai eta agindu ahal zaion aholkularitzaren ondoriozko gastuengatik ere.

4. Halaber, FIEMen kontura eta ministroen kontseiluaren erabakiz baimendu ostean, COFIDES eta CESCE erakundeei ordaina emango zaie lege honen 7. artikuluaren 2. paragrafoan adierazitakoa betez eskatzen zaizkien lanen gastuengatik.»

58. artikulua. Interesen Elkarrekiko Doikuntzako Hitzarmena (CARI).

1. Finantza-erakundeek emandako kredituak, Espainiako ondasunen eta zerbitzuen esportazioa finantzatzera bideratuak, doitu ahal izango dira Kreditu Ofizialeko Institutuaren bitartez erregelamenduz ezarritako baldintzetan eta moduan; hartarako, interesen elkarrekiko doikuntzako hitzarmen bat erabiliko da.

2. Aurreko paragrafoan adierazitako ondorioetarako, hauek hartzen dira finantza-erakundetzat: kreditu-kooperatiba kalifikatuak, Espainiako aurrezki-kutxak, Espainiako bankuak, Kreditu Ofizialeko Institutua eta atzerriko kreditu-erakundeak.

3. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak hitzarmen horiek formalizatzea baimendu beharko du, edota lagatzea, jada sinatuta daudenen kasuan. Baldin eta CARI sisteman ICOren kontrapartida baten baloraziotik sistema horrentzat arrisku edo ziurgabetasun gehigarriak sor badaitezke, Merkataritzaren Estatuko Idazkaritzak, hitzarmena, edo haren lagapena, baimendu aurretiko baldintza gisa, arrisku gehigarri horiek estaltzeko bermeak eratzeko eskatu ahal izango dio erakunde parte-hartzaileari. Nolanahi ere, baimen berezitzat hartuko da esportazio-eragiketa Kreditu Ofizialeko Institutuak ere finantzatzen duenean.

4. Esportazio-eragiketa finantzatzeko beharrezko baliabideen merkatuko kostuaren eta finantza-erakundean horren ondorioz eskuratzen duen produktuaren arteko aldea estaliko du artikulu honen 1 paragrafoak aipatzen duen doikuntzak, maileguaren zenbatekoaren gaineko urteko portzentajezko marjina gehituta betiere. Urteko marjina eta lehen aipatutako finantza-erakundearen produktuaren eta baliabideen kostua zehazteko prozedurak erregelamenduz ezarriko dira.

5. Interesen Elkarrekiko Doikuntzako Hitzarmena (CARI) sistemaren barruan kontratatutako eragiketei dagokienez, baldin eta CESCEren Estatuaren konturako ehuneko 95etik gorako aseguru-estaldura bat badute, kreditu baten zordunak ordaindu gabe dituen eta CESCEren aseguruak estaltzen ez dituen ICOren aldeko interesen doikuntzak indargabetu ahal izango dira, betiere mugaegunetik 110 egun baino gehiago igaro badira eta berau ordaindu gabe badago.

6. Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legean, urtero, dagokion kreditu hedagarria emango zaio Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari, lege honetan aurreikusitako xedeak betetzeko. Halaber, Kreditu Ofizialeko Institutuaren sarreren eta gastuen aurrekontuetan dagozkion aurrekontu-kontzeptuak ezarriko dira doikuntza horietatik datozen eragiketak biltzeko.

IV. KAPITULUA

Nazioartekotzea laguntzeko beste tresna eta erakunde batzuk

59. artikulua. Espainiak nazioarteko finantza-erakundeetan parte hartzea.

1. Estatuko Administrazio Orokorraren eta mendeko erakundeen ekarpena duten nazioarteko finantza-erakundeen programa eta funtsetan erakunde horiek garapen bidean dauden herrialdeetan lehiaketara irekitako proiektuetan enpresa espainiarrek parte hartzea sustatuko da, sustapen-lan hori erakunde horiek duten nazioarteko finantza-sistemaren garapen ekonomikoa eta egonkortasuna sustatzeko funtsezko helburuen osagarria izango da. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak beharrezko mekanismoak garatuko ditu, enpresa espainiarrek nazioarteko finantza-erakundeen lizitazio-merkatuetan parte har dezaten sustatzeko.

2. Ministerioek edo beren mendeko erakundeek erakundeetan ipinitako funtsetarako ekarpen zuzeneko ekimenek Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen onespena eduki beharko dute; azken horrek ekimenen koordinazioa zainduko du, bai eta Estatuaren aurrekontu-ekarpena proposatzen den funtsen kostu-eraginkortasunaren balorazioa ere.

60. artikulua. Europar Batasunaren kanpo-laguntzarako tresnen kudeaketa.

1. Urtero, Europar Batasunaren kanpo-laguntzarako tresnak kudeatzeko programa bat egingo da; arlo horretan Europar Batasunak sustatzen dituen proiektu-zorroan enpresa espainiarrek parte-hartze egokia izan dezaten lortzea izango du lehentasunezko helburuen artean.

Ministro Kontseiluaren erabakiz onartuko da programa, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak batera proposatuta, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak txostena egin ondoren.

2. Programak arrazionalizatu egingo du Europar Batasunaren kanpo-laguntzarako tresnak kudeatzeko organoetan Espainiak duen ordezkaritza.

3. ICEX erakundeak enpresa espainiarrei informazioa eta aholkularitza emango dizkie proiektu horietan parte har dezaten, 54.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. atala. Nazioarteko mugikortasuna

I. KAPITULUA

Sarrera eta egonaldia erraztea

61. artikulua. Espainian sartzea eta egotea interes ekonomikoko arrazoiengatik.

1. Espainian sartu edo bizi nahi duten, edo jada bizi diren atzerritarrei Espainiako lurraldean sartzea eta egotea erraztuko zaizkie interes ekonomikoko arrazoiengatik, atal honetan ezarritakoaren arabera, eta hauetakoren bat direla egiaztatzen duten kasuetan:

a) Inbertitzaileak.

b) Ekintzaileak.

c) Kualifikazio handiko profesionalak.

d) Ikertzaileak.

e) Enpresa edo enpresa talde beraren barruan enpresa barruko mugimenduak egiten dituzten langileak.

2. Atal honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko Europar Batasuneko herritarrei, ez eta Europar Batasunaren Zuzenbidea aplikagarri zaien atzerritarrei ere, zirkulazio eta egoitza askerako eskubideen onuradun badira.

62. artikulua. Egonaldi edo egoitzarako baldintza orokorrak.

1. Bisa edo baimen bakoitzerako aurreikusitako eskakizun bereziak egiaztatzeari kalterik egin gabe, atal honetan aipatutako atzerritarrek, gehienez hiru hilabeteko egonaldietarako, martxoaren 15eko 562/2006 (EE) Erregelamenduan aurreikusitako sarrera-baldintzak bete beharko dituzte (pertsonek mugak zeharkatzeko arauan erkidegoko kodea ezartzen du erregelamendu horrek: Schengen Muga Kodea).

2. Egonaldi-bisen kasuetan, gainera, uztailaren 13ko 810/2009 (EE) Erregelamenduan aurreikusitako eskakizunak ere egiaztatu beharko dituzte; horren bidez bisen gaineko erkidegoko kode bat ezartzen da (Bisen kodea).

3. 265/2010 (EB) Erregelamenduan, Schengeneko Akordioa aplikatzeko hitzarmena eta, iraupen luzeko bisak dituzten pertsonen zirkulazioari zein egoitza-baimenei dagokienez, martxoaren 15eko 562/2006 (EE) Erregelamendua aldatzekoan, aurreikusitako bisen kasuetan, eskatzaileak eskakizun hauek betetzen dituela egiaztatu beharko du:

a) Espainiako lurraldean egoera irregularrean ez egotea.

b) 18 urtetik gorakoa izatea.

c) Espainian eta azkeneko bost urteetan bizi izan den herrialdeetan aurrekari penalik ez edukitzea Espainiako antolamendu juridikoan aurreikusitako delituengatik.

d) Baztergarri gisa ez agertzea Espainiak zentzu horretako hitzarmen bat sinatu duen herrialdeen lurralde-esparruan.

e) Espainian aritzeko baimena duen aseguru-entitate batekin itundutako eritasun-aseguru pribatu bat edo aseguru publiko bat edukitzea.

f) Baliabide ekonomiko nahikoak edukitzea berarentzat eta familiako kideentzat Espainiako egoitza-aldian.

g) Baimena edo bisa izapidetzeko tasa ordaintzea.

4. 61. artikuluaren 1. paragrafoan aipatutako atzerritarrekin biltzen diren edo haiei laguntzen dieten ezkontideak eta 18 urtetik beherako seme-alabek edo osasun-egoeragatik objektiboki beren premiak asetzeko gauza ez diren adin horretatik gorakoek baimena eta, hala badagokio, bisa eskatu ahal izango dute, batera eta aldi berean edo segidan. Horretarako, aurreko paragrafoan xedatutako eskakizunak betetzen direla egiaztatu beharko da.

5. Lege honetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo behartutako subjektuek apirilaren 28ko 10/2010 Legean, kapital-zuriketaren eta terrorismoaren finantzaketaren prebentzioari buruzkoan, ezarritako betebeharrak eta dagozkion zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari.

6. Misio diplomatikoek eta kontsuletxeetako bulegoek, egoitza-bisen eskaerak jasotzean, Poliziaren Zuzendaritza Nagusiari beharrezko kontsultak egingo dizkiote, eskatzailea segurtasun-arloan arriskutsua den egiaztatzeko.

Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak gehienez zazpi eguneko epean eman beharko du erantzuna, kontsulta jasotzen denetik hasita; epe horretan erantzunik ematen ez badu, berau aldekoa dela ulertuko da.

II. KAPITULUA

Inbertitzaileak

63. artikulua. Inbertitzaileentzako egoitza-bisa.

1. Kapital-inbertsio adierazgarri bat egiteko Espainiako lurraldean sartu nahi duten atzerritar ez-egoiliarrek inbertitzaileentzako egonaldi-bisa edo, bestela, egoitza-bisa eskatu ahal izango dute.

2. Kapital-inbertsio adierazgarritzat hartuko da hurrengo baldintzetakoren bat betetzen duena:

a) Gutxienez 2 milioi euroko hasierako inbertsio bat Espainiako zor publikoaren titulutan, edota gutxienez milioi bat euroko bat enpresa espainiarren akzio edo partaidetza sozialetan, edo finantza-erakunde espainiarren banku-gordailuetan.

b) Espainian ondasun higiezinak eskuratzea, eskatzaile bakoitzeko gutxienez 500.000 euroko inbertsioa eginda.

c) Espainian garatu beharreko enpresa-proiektu bat, interes orokorrekotzat hartzen eta egiaztatzen dena; hartarako, hurrengo baldintzetako bat gutxienez betetzea baloratuko da:

1. Lanpostuak sortzea.

2. Jarduera garatu beharreko eremu geografikoan eragin sozioekonomiko handia duen inbertsio bat egitea.

3. Berrikuntza zientifikoari eta/edo teknologikoari ekarpen nabarmena egitea.

3. Bisa eskatzen duen atzerritarrak kapital-inbertsio adierazgarri bat egin duela ere ulertuko da, baldin eta inbertsioa pertsona juridiko batek, Espainiako araudiaren arabera paradisu fiskaltzat hartzen ez den lurralde batean helbideratuak, egiten badu, eta atzerritarrak, zuzenean edo zeharka, haren boto-eskubide gehienak baditu eta administrazio-organoaren kide gehienak izendatzeko edo kargugabetzeko ahalmena badu.

64. artikulua. Inbertsioa egiaztatzeko modua.

Inbertitzaileentzako egoitza-bisa emateko, eskakizun hauek bete beharko dira:

a) 63. artikuluaren 2. paragrafoaren a) hizkian aurreikusitako kasuan, inbertsioa eskatutako gutxieneko kopuruan egin izana egiaztatu beharko du eskatzaileak, gehienez eskabidea aurkeztu aurreko 60 eguneko epe batean, eta modu honetan:

1. Inbertsioa kotizatu gabeko akzioetan edo partaidetza sozialetan bada, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Kanpo Inbertsioen Erregistroan egindako inbertsio-aitorpenaren alea aurkeztuko du.

2. Inbertsioa akzio kotizatutan bada, finantza-bitartekariaren ziurtagiri bat aurkeztuko du; Espainiako Balore Merkatuaren Batzordean edo Espainiako Bankuan behar bezala erregistratuta egon beharko da, eta interesdunak inbertsioa arau honen ondorioetarako egin duela jasoko du.

3. Inbertsioa zor publikoan bada, finantza-erakundearen edo Espainiako Bankuaren ziurtagiri bat aurkeztuko du; horren bidez adieraziko da eskatzailea inbertsioaren titular bakarra dela gutxienez 5 urteko aldi baterako.

4. Inbertsioa banku-gordailuan bada, finantza-erakundearen ziurtagiri bat aurkeztuko du; horren bidez adieraziko da eskatzailea banku-gordailuaren titular bakarra dela.

b) 63. artikuluaren 2. paragrafoaren b) hizkian aurreikusitako kasuan, eskatzaileak ondasun higiezinen jabetza eskuratu izana egiaztatu beharko du higiezinari edo higiezinei dagokion edo dagokien Jabetza Erregistroaren jabari eta kargen informazio jarraitua ematen duen ziurtagiri bidez. Ziurtagiriak egiaztatzeko kode elektroniko bat ere izango du, linean kontsultatu ahal izateko.

Bisa eskatzeko unean higiezinen eskuratzea Jabetza Erregistroan inskribatzeko izapidean badago, aski izango da eskuratzeko dokumentua aurkezteko idazpena indarrean jasota dagoen ziurtagiri hori aurkeztea, dagozkion tributuak ordaindu izanaren egiaztagiriekin batera.

Eskatzaileak ondasun higiezinetan 500.000 euroko inbertsio bat, inolako kargarik gabe, duela egiaztatu beharko du. Eskatutako zenbatekoa gainditzen duen inbertsioaren zatia kargaren mende egon ahal izango da.

c) 63. artikuluaren 2. paragrafoaren c) hizkian aurreikusitako kasuan, aldeko txosten bat aurkeztu beharko da aurkeztutako enpresa-proiektuan interes orokorreko arrazoiak daudela egiaztatzeko. Inbertitzaileak bisa-eskabidea aurkezten duen mugapen geografikoko eremuko Ekonomia eta Merkataritza Bulegoak egingo du txosten hori.

65. artikulua. Inbertitzaileentzako egoitza-bisaren eraginak.

Inbertitzaileentzako egoitza-bisa ematea titulu nahikoa izango da Espainian gutxienez urtebetez bizitzeko.

66. artikulua. Inbertitzaileentzako egoitza-baimena.

1. Espainian urtebete baino gehiagoz bizi nahi duten inbertitzaile atzerritarrei inbertitzaileentzako egoitza-baimen bat eman ahalko zaie; Espainiako lurralde osoan balio izango du horrek.

2. Inbertitzaileentzako egoitza-baimen bat eskatzeko, 62. artikuluan aurreikusitako eskakizun orokorrez gain, eskatzaileak baldintza hauek ere bete behar ditu:

a) Indarrean dagoen inbertitzaileentzako egoitza-bisa baten titularra izatea edo hori iraungi osteko laurogeita hamar egun naturaleko epearen barruan egotea.

b) Espainiara gutxienez behin bidaiatu izana bertan bizitzeko baimendutako aldian.

c) 63. artikuluaren 2. paragrafoaren a) hizkian aurreikusitako kasuan, eskatutako gutxieneko kopuruko inbertsio bati gutxienez eutsi diola frogatu beharko du inbertitzaileak.

1. Kotizatu gabeko akzioen edo partaidetza sozialen kasuan, aurreko erreferentzia-aldian inbertitzaileen bisa eskuratzea ahalbidetu zioten kotizatu gabeko akzioen edo partaidetza sozialen jabetzari eutsi diola frogatu beharko du inbertitzaileak notario-ziurtagiri bat aurkeztuz. Ziurtagiriak eskabidea aurkeztu aurreko 30 eguneko epearen barruko data eduki beharko du.

2. Akzio kotizatuko inbertsioaren kasuan, finantza-erakunde baten ziurtagiri bat aurkeztu beharko da; interesdunak aurreko erreferentzia-aldian gutxienez akzio kotizatuko milioi bat euroko batez besteko balioa mantendu duela jasoko da ziurtagiri horretan. Ziurtagiriak eskabidea aurkeztu aurreko 30 eguneko epearen barruko data eduki beharko du.

3. Zor publikoko tituluetako inbertsioaren kasuan, finantza-erakunde baten edo Espainiako Bankuaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko da; horren bidez egiaztatuko da aurreko erreferentzia-aldian mantendu edo handitu dela inbertitzaileak hasierako inbertsioa egin zuenean eskuratutako zor publikoko titulu kopurua. Ziurtagiriak eskabidea aurkeztu aurreko 30 eguneko epearen barruko data eduki beharko du.

4. Banku-gordailuko inbertsioaren kasuan, finantza-erakundearen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da; interesdunak aurreko erreferentzia-aldian gordailua mantendu, edo handitu, duela egiaztatuko da ziurtagiri horretan. Ziurtagiriak eskabidea aurkeztu aurreko 30 eguneko epearen barruko data eduki beharko du.

d) 63. artikuluaren 2. paragrafoaren b) hizkian aurreikusitako kasuan, inbertitzailea artikulu horretan eskatutako gutxieneko kopuruko ondasunaren edo ondasun higiezinen jabea dela frogatu beharko du eskatzaileak. Hartarako, higiezinari edo higiezinei dagokion edo dagokien Jabetza Erregistroaren jabariaren ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu; betiere, eskabidea aurkeztu aurreko 90 eguneko epearen barruko data izan beharko dute.

e) 63. artikuluaren 2. paragrafoaren c) hizkian aurreikusitako kasuetan, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Merkataritza eta Inbertsio Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txosten bat aurkeztu beharko da, hasiera batean egiaztatutako interes orokorreko arrazoiek beren horretan dirautela egiaztatzeko.

f) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea.

67. artikulua. Inbertitzaileentzako egoitza-baimenaren iraupena.

1. Inbertitzaileentzako egoitzaren hasierako baimenak bi urteko iraupena izango du.

2. Epe hori betetakoan, inbertitzaileentzako egoitza-baimena bi urteko epe beraz berritzeko eskatu ahal izango dute Espainian iraupen luzeagoz bizi nahi duten atzerriko inbertitzaileek.

III. KAPITULUA

Ekintzaileak eta enpresa-jarduera

68. artikulua. Enpresa-jarduera hasteko sarrera eta egonaldia.

1. Atzerritarrek bisa bat eskatu ahal izango dute Espainian sartzeko eta bertan urtebetez egoteko, jarduera ekintzaile bat garatu ahal izan aurretiko izapideak egiteko xede bakar edo nagusiarekin.

2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako bisaren titularrek atal honetan xedatutako ekintzaileentzako egoitza-egoera lortu ahal izango dute, bisa eskatzeko beharrik gabe eta aurretik gutxieneko aldi bat egon beharrik gabe, baldin eta bisa eskatu zen enpresa-jarduera aurretik hasi dela justifikatzen bada.

69. artikulua. Ekintzaileentzako egoitza.

1. Espainian sartzea eskatzen duten atzerritarrei edo egonaldi- edo egoitza-baimen edo bisa baten titularrak izanik ekintzaile gisa jarduera ekonomiko bat hasi, garatu edo zuzendu nahi dutenei enpresa-jarduerarako egoitza-baimen bat eman ahal izango zaie; baimen horrek Espainiako lurralde osoan izango du balioa.

2. Eskatzaileek 62. artikuluan aurreikusitako eskakizun orokorrak bete beharko dituzte, baita jarduera hasteko beharrezko diren legezko eskakizunak ere; dagokion sektoreko araudian ezarritakoak izango dira azken horiek.

70. artikulua. Ekintzailetza- eta enpresa-jardueraren definizioa.

1. Espainiarentzat interes ekonomiko berezia duen jarduera berritzailea hartuko da jarduera ekintzailetzat, eta, horrez gain, Estatuko Administrazio Orokorraren eskudun organoaren aldeko txosten bat duena.

2. Balorazioa egiteko, Espainian lanpostuak sortzea hartuko da kontuan bereziki eta lehentasunez. Halaber, hauek ere hartuko dira kontuan:

a) Eskatzailearen profil profesionala.

b) Negozio-plana, merkatuaren, zerbitzuaren edo produktuaren analisia barne hartuta, bai eta finantzaketa ere.

c) Espainiako ekonomiarentzat duen balio erantsia; berrikuntza edo inbertsio-aukerak.

IV. KAPITULUA

Kualifikazio handiko profesionalak

71. artikulua. Kualifikazio handiko profesionalak.

Honako kasu hauetakoren batean jasotako lan- edo lanbide-harreman bat garatzeko atzerriko profesionalak Espainiako lurraldean sartzeko beharra duten enpresek kualifikazio handiko profesionalentzako egoitza-baimen bat eskatu ahal izango dute –baimen horrek Espainiako lurralde osoan izango du balioa–:

a) Zuzendaritzako kideak edo kalifikazio handikoak, enpresak edo enpresa taldeak honako ezaugarrietako bat betetzen badu:

1. Eskabidea aurkeztu aurreko hiru hilabeteetan, Espainian 250 langile baino gehiagoko plantillaren batez bestekoa edukitzea, dagokion Gizarte Segurantzaren araubidean alta emanda.

2. Negozioen urteko zifra garbiaren bolumena, Espainian, 50 milioi eurotik gorakoa izatea; edo funts propioen edo ondare garbiaren bolumena, Espainian, 43 milioi eurotik gorakoa izatea.

3. Kanpotik etorritako urteko batez besteko inbertsio gordina gutxienez milioi 1 eurokoa izatea, eskabidea aurkeztu aurreko hiru urteetan.

4. Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Kanpoko Inbertsioen Erregistroko azken datuen arabera 3 milioi eurotik gorako stock inbertitzailearen balioa edo posizioa duten enpresak.

5. Espainian kokatutako enpresa txiki eta ertainei dagokienez, estrategikotzat jotako sektore batekoa izatea.

b) Zuzendaritzako kideak edo kalifikazio handikoak, hau dakarren enpresa-proiektu bateko kide direnak, betiere kasu horretan oinarriturik alegatutako baldintza interes orokorrekotzat hartu eta egiaztatutakoa bada:

1. Kontratazioa eskatzen duen enpresaren aldetik, zuzeneko lanpostuen sorreraren hazkunde adierazgarria.

2. Enplegua mantentzea.

3. Lanpostuen sorreraren hazkunde adierazgarria lan-jarduera garatu behar den jarduera-sektorean edo esparru geografikoan.

4. Lan-jarduera garatu beharreko eremu geografikoan eragin sozioekonomiko handia duen aparteko inbertsio bat egitea.

5. Espainiako merkataritza- eta inbertsio-politikarentzat interes-arrazoiak egotea.

6. Berrikuntza zientifikoari eta/edo teknologikoari ekarpen nabarmena egitea.

c) Izen handiko unibertsitate eta negozio-eskoletako gradudunak zein graduatu ondokoak.

72. artikulua. Prestakuntza, ikerketa, garapena eta berrikuntza.

Espainian sartu nahi duten atzerritarrek edo, egonaldi- eta egoitza-baimen baten titularrak izanik, erakunde publiko edo pribatuetan prestakuntza, ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerak egin nahi dituztenek dagokion bisa edo prestakuntza eta ikerketarako egoitza-baimena eduki beharko dute –Espainiako lurralde osoan izango du balioa– kasu hauetan:

a) Zientziari, teknologiari eta berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 13. artikuluan eta lehenengo xedapen gehigarrian aipatutako ikertzaileak.

b) Espainian kokatutako enpresa-erakundeetan edo I+G+Bko zentroetan zientzia-ikerketako, garapeneko eta berrikuntza teknologikoko lanak egiten dituzten langile zientifikoak eta teknikoak.

c) Ikerketarako erakunde publikoek edo pribatuek hitzarmen baten barruan hartutako ikertzaileak, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.

d) Espainian kokatutako unibertsitateek, goi mailako hezkuntza eta ikerketako organo edo zentroek edota negozio-eskolek kontratatutako irakasleak, erregelamenduz ezartzen diren irizpideen arabera.

V. KAPITULUA

Enpresa barruko lekualdaketa

73. artikulua. Enpresa barruko lekualdaketagatiko egoitza-baimena.

1. Espainian edo beste herrialde batean kokatutako enpresa edo enpresa talde batekin eginiko lan- edo lanbide-harreman baten barruan edo prestakuntza profesionaleko arrazoiengatik Espainiara joaten diren atzerritarrek dagokion bisa eduki beharko dute, lekualdaketak irauten duenaren arabera, bai eta enpresa barruko lekualdaketagatiko egoitza-baimen bat ere; baimen horrek Espainiako lurralde osoan izango du balioa.

2. Eskakizun hauek egiaztatu beharko dira 60. artikuluaren eskakizun orokorrez gainera:

a) Enpresa-jarduera erreal bat egotea eta, hala badagokio, enpresa taldea ere egotea.

b) Goi-mailako titulazioa edo baliokidea izatea, edo, hala badagokio, gutxienez 3 urteko esperientzia profesionala.

c) Aldez aurretik taldeko enpresa batekin edo hainbatekin 3 hilabeteko lan- edo lanbide-harreman jarraitu bat egotea.

d) Lekualdaketa egiaztatzen duen enpresaren dokumentazioa.

74. artikulua. Profesional taldeen enpresa barruko lekualdaketak.

71. artikuluaren a) hizkian ezarritako eskakizunak betetzen dituzten enpresek edo enpresa taldeek baimenen izapidetze kolektiboa eskatu ahal izango dute; berau enpresak edo enpresa taldeak aurkeztutako baimenen denbora-kupo baten kudeaketa planifikatuan oinarriturik egongo da.

VI. KAPITULUA

Baimenak emateko prozeduraren arau orokorrak

75. artikulua. Egonaldi- eta egoitza-bisak.

1. Espainiako misio diplomatikoek eta kontsuletxeetako bulegoek emango dituzte nazioarteko mugikortasunari buruzko bigarren atal honetan aipatutako egonaldi- eta egoitza-bisak, ondorengo hauetan aurreikusitakoaren arabera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 810/2009 (EE) Erregelamendua (Bisen Kodea); Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren 2010eko martxoaren 25eko 265/2010 (EB) Erregelamendua, Schengeneko Akordioa aplikatzeko hitzarmena aldatzekoa, eta 562/2006 (EE) Erregelamendua, iraupen luzeko bisak dituzten pertsonen zirkulazioari dagokionez.

2. Bisa uniformea sarrera baterako, birako edo askotarako jaulki ahal izango da. Gehienez bost urteko balioa izango du. Bisa horren balio-epea eta baimendutako egonaldiaren iraupena zehazteko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 810/2009 (EE) Erregelamenduaren 21. artikuluarekin bat etorriz eginiko azterketa hartuko da oinarritzat.

3. Lurralde-balio mugatuko bisa interes nazionaleko baldintzak betetzen direnean emango da, Bisen Kodearen 25. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 810/2009 [EE] Erregelamendua).

4. Atal honetan aurreikusitako egoitza-bisak ondorengo bi erregelamendu hauetan xedatutakoaren arabera emango dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko martxoaren 25eko 265/2010 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, zeinaren bidez aldatu egiten baiten Schengeneko Akordioa aplikatzeko hitzarmena; eta 562/2006 (EE) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, iraupen luzeko bisak dituzten pertsonen zirkulazioari dagokionez. Bisa horiek urtebeteko balioa izango dute, eta egoitza Espainian izateko baimena emango diote titularrari, atzerritarraren nortasun-txartela izapidetzeko beharrik gabe.

5. Bisa-eskaerak 10 egun balioduneko epearen barruan ebatzi eta jakinaraziko dira, Bisen Kodearen 22. artikuluan aurreikusitako kontsultaren mendeko eskatzaileei dagokienez izan ezik; horrelakoetan, ebazteko epea Kode horretan oro har aurreikusitakoa izango da.

76. artikulua. Baimentze-prozedura.

1. Atal honetan aurreikusitako egoitza-baimenen izapideak Enpresa Handien eta Kolektibo Estrategikoen Unitateak egingo ditu, eta bitarteko telematikoak erabili ahal izango ditu horretarako; horiek ematea, bestalde, Migrazioen Zuzendaritza Nagusiaren esku egongo da.

Ebazteko gehieneko epea hogei egunekoa izango da, eskabidea aurkezten denetik zenbatuta. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, baimena administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela joko da. Ebazpenak arrazoituak izango dira, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da horien aurka, Herri Administrazioen eta Administrazio Prozedura Erkidearen Araubide Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2. Atal honetan araututako baimen baten titular direnek bi urteko aldietarako egin ahal izango dute berritzeko eskaera, betiere eskubidea sortu zuten baldintzei eusten badiete.

Lehenengo xedapen gehigarria. Erantzukizun mugatuko ekintzailearen zuzenbide publikoko zorrak.

1. Lege honen I. tituluaren II. tituluan xedatutakoa ez zaie aplikatuko titulartzat erantzukizun mugatuko ekintzailea duten zuzenbide publikoko zorrei, baldin eta, horien zerga-bilketa egiteko, lege hauetan xedatutakoa aplikatu behar bada: Tributuei buruzko 58/2003 Lege Orokorra, abenduaren 17koa; Aurrekontuei buruzko 47/2003 Lege Orokorra, azaroaren 26koa, edo ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretua, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzekoa.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako zuzenbide publikoko zorrei dagokienez, bertan adierazitako araudian ezarritako kobrantza-jarduerak garatu ahal izango ditu eskudun herri-administrazioak, hurrengo paragrafoan araututako berezitasunekin.

3. Baldin eta bahitutako ondasunen artean erantzukizun mugatuko ekintzailearen ohiko etxebizitza badago, lege honen 8. artikuluaren 2. paragrafoaren baldintzetan, haren exekuzioa ondoko kasuotan gauzatu ahal izango da:

a) Zordunaren beste ondasunik ezagutzen ez denean, premiamenduzko prozeduran berehala diru bihurtzeko modukorik eta baterako balorazio nahikoa duenik.

b) Ondasuna bahitzeko lehen eginbidearen jakinarazpenaren eta berau besterentzeko prozeduraren gauzatze materialaren artean gutxienez bi urteko epea dagoenean. Epe hori ez da inola ere etengo edo bertan behera utziko jatorrizko bahitura zabaltzen bada edo erregistroko idatzoharrak luzatzen badira.

Bigarren xedapen gehigarria. Ekintzaileari arreta emateko guneetan leihatila bakarrak integratzea.

1. Aholkularitza emateko eta izapideak hasteko guneek (PAIT), hemendik aurrera, ekintzaileari arreta emateko guneak (PAE) izena hartuko dute.

Halaber, ekintzaileari arreta emateko guneetan txertatuko dira Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren eugo.es (VUDS) Zerbitzuen Zuzentarauaren enpresako leihatila bakarreko zentroak eta Leihatila Bakarra. Horiek txertatzeko modua erregelamenduz xedatuko da.

2. Industria, Energia eta Turismo Ministerioak, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari entzunda, ekintzaileari arreta emateko guneak ezartzeko hitzarmenak egin ahal izango ditu beste herri-administrazio eta erakunde pribatu batzuekin. Hitzarmenetan, eskaini beharreko zerbitzuen katalogoak ezarriko dira, eta doakoak diren edota ordain ekonomikoa emanez eskaintzen diren ere adierazi beharko da. Eskaini beharreko zerbitzuen artean, lege honen 13.2 artikuluan adierazitako zerbitzu guztiak edo batzuk jaso ahal izango dira.

3. Estatuko Administrazio Orokorraren eta erakunde publiko eta pribatuen artean egun sinatuta dauden hitzarmenak indarrean daudela joko dira, ekintzaileari arreta emateko guneen hitzarmen berriei kalterik egin gabe.

4. Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren ekintzaileari arreta emateko gune elektronikoak lege honen arabera eskaini beharreko zerbitzu guztiak ezartzeko behar diren jarduera guztiak gauzatuko dituzte herri-administrazioek, lege hau indarrean sartzen denetik gehienez urtebeteko epearen barruan.

Hirugarren xedapen gehigarria. Beste sistema elektroniko batzuekin elkarlanean aritzea, sozietateak eratzeko.

1. Justizia Ministerioak eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioak notario-agenda elektronikoaren erabilera ezarriko dute erantzukizun mugatuko sozietateak telematikoki eratzeko, bai eta Dokumentu Elektroniko Bakarrean erregelamenduz eransten den beste edozer forma juridikorako ere; azken hori Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuaren, hirugarren xedapen gehigarrian araututa dago.

2. Notarioak nahitaez erabili beharko du notario-agenda elektronikoa; hortaz, agenda horren bidez finkatutako hitzorduek ondorioak izango dituzte lege honen 15. eta 16. artikuluetan ezarritako epeak zenbatzeko garaian.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez betetzeagatik ezarriko diren zehapen-neurriak erregelamendu bidez finkatuko dira.

Laugarren xedapen gehigarria. Baimen bakarra.

1. Arau honetan aurreikusitako egoitza-baimenak 2011ko abenduaren 13ko 2011/98/EB Zuzentarauan ezarritakoaren arabera izapidetuko dira; horren bidez baimen bakar bat eskatzeko prozedura bakar bat ezartzen da, zeinak hirugarren herrialdeetako nazionalei baimena ematen dien estatu kide bateko lurraldean egoteko eta lan egiteko, eta estatu kide batean legalki bizi diren hirugarren herrialdeetako langileentzat eskubide komun batzuk ezartzen dituen.

2. Baimen bakar horiek emateko, aldatzeko edo berritzeko eskabideak eskabide-prozedura bakar baten bidez aurkeztuko dira.

3. Baimen bakar horiek emateko, aldatzeko edo berritzeko erabakiek administrazio-egintza bakar bat osatuko dute, dagokion bisa emateko prozedurari kalterik egin gabe.

Bosgarren xedapen gehigarria. Sektore estrategikoak.

1. V. tituluaren 2. atalean araututako baimenetan, ez da enpleguko egoera nazionala kontuan hartuko.

2. Halaber, Presidentetza Ministerioaren ministro-agindu bidez, Enplegu eta Gizarte Segurantza eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioen baterako ekimenez, enpleguko egoera nazionala ez aplikatzea xedatu ahal izango da, estrategikotzat jotako sektoreetan atzerritarrak kontratatzeko. Agindu horretan, kontratazioen urteko kupo bat hitzartu ahal izango da.

Seigarren xedapen gehigarria. Espainiako egoitza, aldi batzuez lurralde horretatik kanpo egonik.

Egoitza berritu ahal izango da urtean sei hilabetetik gora kanpoan egonik ere, baldin eta egoitza-bisak eta baimenak inbertitzaile atzerritarrentzat eta eragiketa-basea Espainian finkatuta duten baina jarduerak atzerrian egiten dituzten enpresetako langile atzerritarrentzat badira; hori guztia iraupen luzeko egoitza edo Espainiako nazionalitatea eskuratzeko Espainiako egoitzaren jarraipena, indarreko legediaren arabera, egiaztatzeko beharrari kalterik egin gabe.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Eskakizunei eustea.

1. Atzerritarrek bisak edo baimenak eskuratzeko eskubidea eman zieten baldintzak mantendu beharko dituzte haien indarraldian.

2. Estatuko Administrazio Orokorraren eskudun organoek egoki deritzeten egiaztapenak egin ahal izango dituzte indarreko legedia betetzen dela egiaztatzeko.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Kostu ekonomikoa.

Dauden giza baliabideak eta baliabide materialak erabiliko dira lege honetan jasotako aurreikuspenak, gastu publikoaren gainean eragina izan dezaketenak, aplikatzeko. Zehazki, 13., 19., 22., 38., 39. artikuluetan, 40. artikuluaren V. tituluaren 2. atalean eta bigarren xedapen gehigarrian jasotako aurreikuspenak aplikatzeak ez du gastu publikoa areagotzerik eragingo; izan ere, sortzen diren organoen eta tresnen funtzionamendua lehendik dauden giza baliabideekin eta baliabide materialekin antolatuko da.

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Minienpresa edo ikasleen enpresa.

1. Minienpresa edo ikasleen enpresa tresna pedagogikotzat hartzen da.

2. Minienpresaren edo ikasleen enpresaren estatutuaren mugak, eskakizunak eta haien zerga- eta kontabilitate-betebeharrak betetzea erraztuko duten ereduak erregelamenduz zehaztuko dira.

3. Minienpresa programa sustatzen duen erakundeak hartarako ezarriko den erregistroan inskribatu beharko du minienpresa edo ikasleen enpresa; horri esker, minienpresak transakzio ekonomikoak eta diruzkoak zein fakturak egin ahal izango ditu, bai eta bankuko kontuak ireki ere.

4. Minienpresak edo ikasleen enpresak ikasturte bat baino ez du iraungo, eta gehienez bi ikasturtetara luzatu ahal izango da iraupen mugatu hori. Ikasturtearen amaieran, likidatu egin beharko da, dagokion likidazio- eta desegite-akta aurkeztuz.

5. Erantzukizun zibileko aseguru bat izango du minienpresak edo ikasleen enpresak, edota erakunde sustatzaileak sinatutako beste berme baliokide bat.

Hamargarren xedapen gehigarria. Erregistroko eta notariotzako zergak.

1. Ez da zergarik ordaindu beharko ezein erregistro-eragiketa egiteko, publizitate formala barne, baldin eta, zerga-arauen arabera berau ordaindu behar duen azken arduraduna Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 2. artikuluaren 1. paragrafoan adierazitako erakundeetako bat bada. Erregistroko mugapena egiten den momentuan jarriko da indarrean salbuespen hori; berau, 19. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, errege-dekretu bidez onartuko da.

2. Erantzukizun mugatuko ekintzailea Merkataritza Erregistroan eta Jabetza Erregistroan inskribatzeko erregistro-zergak hauek izango dira:

a) Merkataritza Erregistroa: 40 euro.

b) Jabetza Erregistroa: 24 euro.

Erantzukizun mugatuko ekintzailearen inskripzioa Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean argitaratzea tasak ordaintzetik salbuetsita egongo da.

Hamaikagarren xedapen gehigarria. FONPRODE funtsaren konturako ekarpenak eta garapenerako nazioarteko lankidetza-programak gauzatzeko beste batzuk.

Legearen 59.2 artikuluan xedatutakoa ez zaie aplikatuko lege hauen babesean egiten diren ekarpenei: Garapena Sustatzeko Funtsari buruzko urriaren 22ko 36/2010 Legea eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzari buruzko uztailaren 7ko 23/1998 Legea.

Hamabigarren xedapen gehigarria. Egokitzea COFIDESeko Gizarte Estatutuetan.

Garapena Finantzatzeko Konpainiak (COFIDES) beharrezko egokitzapenak egingo ditu sozietate-estatutuetan, lege honetan xedatutakoaren arabera betiere.

Hamahirugarren xedapen gehigarria. Jabetza-erregistroak, merkataritza-erregistroak eta ondasun higigarrien erregistroak elektronikoki eramatea.

Lege honen 19. artikuluarekin bat etorriz, jabetza-erregistroak, merkataritza-erregistroak eta ondasun higigarrien erregistroak formatu elektronikoan eraman beharko dira nahitaez; behar horrek urtebetean izango ditu ondorioak, legea indarrean sartzen denetik zenbatuta.

Hamalaugarren xedapen gehigarria. Enpresa txikiei eta ertainei aplikatu beharreko kapital-eskakizunak.

1. Kreditu-erakundeen baliabide propioen eta kapital nagusiaren eskakizunak kalkulatzeko ondorioetarako, enpresa txiki eta ertainen kreditu-arriskuagatiko esposizio haztatuak 0,7619ko faktore zuzentzaile batekin biderkatuko dira; finantza-bitartekarien inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei eta informazio-betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legearen seigarren artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztuta egongo dira aurrenekoak.

2. Aurreko paragrafoan ezarritako faktorea aplikatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 zenbakiko (EB) Erregelamenduaren 501.2 artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan; erregelamendu hori kreditu-erakundeen eta inbertsio-enpresen zuhurtzia-eskakizunei buruzkoa da, eta 648/2012 zenbakiko (EB) Erregelamendua aldatzen du.

Hamabosgarren xedapen gehigarria. Erreferentziako interes-indizeak edo -tasak desagertzeko araubide iragankorra.

1. 2013ko azaroaren 1etik aurrera, Espainiako Bankuak utzi egingo dio indarreko legediaren arabera hipoteka-maileguei edo -kredituei aplikatu beharreko indize ofizial hauek bere egoitza elektronikoan argitaratzeari, eta guztiz desagertuko dira:

a) Bankuek etxebizitza librea eskuratzeko emandako hiru urte baino gehiagorako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.

b) Aurrezki-kutxek etxebizitza librea eskuratzeko emandako hiru urte baino gehiagorako hipoteka-maileguen batez besteko tasa.

c) Aurrezki-kutxen erreferentziako tasa aktiboa.

2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako tasei egindako aipamenak kontratuan aurreikusitako ordezko erreferentziako tasa edo indizeei egingo zaizkie, aplikatu beharreko tasen hurrengo berrikuspenetik aurrera.

3. Kontratuan aurreikusitako erreferentziako tasa edo indizerik ezean, edo berau desagertu beharreko indize edo tasetakoren bat izango balitz, horien ordez «Espainian kreditu-erakundeek etxebizitza librea eskuratzeko emandako hiru urte baino gehiagorako hipoteka-maileguen batez besteko tasa» izeneko interes-tasa ofiziala erabiliko da; gainera, desagertu beharreko tasaren eta aurretik kalkulatutakoaren arteko diferentzien batez besteko aritmetikoaren baliokideko diferentzial bat aplikatuko zaio horri, kontratua egilesteko dataren eta tasa benetan ordezkatzen den dataren artean erabilgarri dauden datuekin kalkulaturik.

Paragrafo honetan aurreikusitakoaren arabera tasak ordezkatzeak kontratua automatikoki berritzea ekarriko du, inskribatutako hipotekaren maila aldatzea edo galtzea ekarri gabe.

4. Aldeek ez dute akziorik izango mailegua edo kreditua aldatzeko, unilateralki eraldatzeko edo iraungitzeko eskatzeko, xedapen honetan ezarritakoa aplikatzearen ordain gisa.

Hamaseigarren xedapen gehigarria. Irabazi-asmorik gabeko kirol-klub eta -erakundeetan garatutako jarduera.

Lege hau onartu eta 4 hilabeteko epearen barruan, Gobernuak azterlan bat egingo du, irabazi-asmorik gabeko kirol-klub eta -entitateetan garatutako jardueraren harreman juridikoaren izaeraren gainekoa, bai eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzaren aplikazio-eremuan duen kokapenaren gainekoa ere, irabazi hori bazterrekotzat jo daitekeenean eta funtsezko bizibidea ez denean.

Xedapen iragankorra. Konkurtso-arloko araubide iragankorra.

Arau hau indarrean sartu aurretik deklaratutako konkurtsoak, I. tituluaren V. kapituluan ezarritako arauei dagokienez, lege honen aurreko konkurtso-araudiaren arabera zuzenduko dira, amaitzen diren arte.

Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea.

Indargabeturik gelditzen dira lege honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo maila apalagoko xedapen guztiak, eta, zehazki, ondoko hauek:

a) 11/1983 Legea, abuztuaren 16koa, esportazioa sustatzeko neurri finantzarioei buruzkoa.

b) Finantza Sistema Erreformatzeko Neurriei buruzko azaroaren 22ko 44/2002 Legearen 13 bis artikulua.

c) 2009ko urtarrilaren 28ko ITC/138/2009 Aginduaren, interesen elkarrekiko doikuntzako hitzarmenen bidez esportaziorako kredituari babes ofiziala ematearekin lotutako zenbat alderdi arautzekoaren, 9.2 artikulua.

d) Abenduaren 3ko 13/2010 Errege Dekretu Legearen, inbertsioa bultzatzeko eta enplegua sortzeko zerga- eta lan arloko jarduerei eta jarduera liberalizatzaileei buruzkoaren, 5. artikuluaren Bat paragrafoaren a) eta f) arteko hizkiak, biak barne, Bi paragrafoaren a) eta b) hizkiak eta Hiru paragrafoa.

e) 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioekin, indargabetu egiten da Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen, martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoaren, testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarriaren 3. paragrafoa.

Azken xedapenetako lehenengoa. Tabako-merkatua eta zerga-araudia antolatzeari buruzko maiatzaren 4ko 13/1998 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Tabako-merkatua eta zerga-araudia antolatzeari buruzko maiatzaren 4ko 13/1998 Legea, eta honela gelditzen da idatzita:

Bat. Azkenaurreko lerrokada eransten zaio Zioen azalpenari:

«Lege honek Europar Batasunaren barruko zirkulazio-askatasunaren printzipioaren dotrina ere ezartzen du saltzaileen txikizkako salmentaren arloan; kasu horretan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2012ko apirilaren 26ko Epaiak, C-456/10 Gaian emanak, eta Auzitegi Gorenaren Epaiak, 2012ko azaroaren 8koak, eta 1/59/2007 zenbakiko administrazioarekiko auzi-errekurtsoan emanak, ezarrita.»

Bi. Hona nola gelditzen den idatzita 1. artikuluaren Bi paragrafoaren c) hizkia:

«c) Tabako- eta tinbre-saltoki baten, errekargudun salmenta-gune baten baimen baten edo lege honen zazpigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako araubide bereziko tabako-saltoki baten titularra izatea. Muga hori ez da indarrean egongo tabako- eta tinbre-saltokien titularrek lege honen aplikazio-lurraldean 1992ko urriaren 12ko 2913/1992 zenbakiko (EEE) Erregelamenduaren, Erkidegoko aduana-kodea onartzekoaren, 4.7 artikuluaren arabera erkidegoko salgaitzat hartzen diren tabako-laboreak, Europar Batasuneko beste estatu batzuetatik datozenak, sartzeari dagokionez; aplikatu beharreko zerga-araudia betetzeari kalterik egin gabe, betiere.»

Hiru. Hona nola gelditzen den idatzita 4. artikuluaren Hiru paragrafoa:

«Hiru. Estatuko emakidaduntzat hartuko dira tabako- eta tinbre-saltzaileak, zeinak ezinbestean pertsona fisikoak izango diren, eta, betiere, Europar Batasuneko edozer estatutako nazional. Saltzaileak ezin izango dira egon lege honen 1. artikuluaren Bi paragrafoaren a) eta b) hizkietan aurreikusitako ezein egoeratan, ezta horrelakorik egin ere; ez dira beste saltoki edo errekargudun salmenta-gune baten titularrak izango, eta ezin izango dute lan- edo lanbide-loturarik izan tabako-merkatuko handizkako ezein inportatzaile, fabrikatzaile edo banatzailerekin, betiere lotura hori saltokia behin betiko esleitu aurretik amaitzen ez bada. Nolanahi ere, tabako- eta tinbre-saltokien titularrek handizkako beste operadore batzuekin lan- edo lanbide-lotura bat eduki ahal izango dute, baina lege honen 1.Bi.c) artikuluan aurreikusitako tabako-laboreak sartzeko bakarrik.»

Lau. Hona nola gelditzen den idatzita 4. artikuluaren Lau paragrafoaren bosgarren lerrokada:

«Azken bost urteetan arau-hauste oso larri batengatik edota azken hiru urteetan bi arau-hauste larrirengatik zehapena jaso duten saltokien titularrek ezin izango dute eskualdaketarik eskatu, ezta enkanteetan parte hartu ere, betiere zehapen horiek administrazio-bidean irmoak badira.»

Bost. Azken lerrokada bat eransten zaio 4. artikuluaren Lau paragrafoari:

«Horretaz gain, tabakoen merkatu arloko zehapen-prozeduretan murgilduta dauden saltokien titularrek ere ezin izango dute eskualdaketarik eskatu, harik eta horiek ebatzi eta artxibatu arte.»

Sei. 4. artikuluaren Bost paragrafoaren bigarren lerrokadan, ezabatu egiten da «edo, hala badagokio, toki-erakunde txikiagoa» tartekia.

Zazpi. Aldatu egiten da 4. artikuluaren Zazpi paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:

«Saltzaileek tabako-laboreen salmentengatik izango duten marjina publikoarentzako salmenta-prezioaren ehuneko 8,5 izango da. Labore horiek gaitutako banatzaileren bati eskuratu beharko dizkiote ezinbestean, haien prezioa edo klasea, jatorria edo hornitzen dituen handizkako merkataria dena delakoa izan; betiere, tabako- eta tinbre-saltokien titularrek lege honen 1.Bi.c) artikuluan aurreikusitako tabako-laboreak zuzenean sartzeko aukerari kalterik egin gabe. Hartarako, handizkako operadoreen araubide orokorra aplikatuko zaie. Aurrekoa gorabehera, zigarroen salmentak ehuneko 9ko marjina ekarriko dio saltzaileari.»

Zortzi. 4. artikuluari Bederatzi paragrafoa eransten zaio, eta honela gelditzen da idatzita:

«Debekaturik dago tabako-produktuak saltzea eta hornitzea zuzeneko salmenta pertsonala ez den beste edozer metodo erabiliz edo saltzeko makinen bidez; azken horiek abenduaren 26ko 28/2005 Legearen, tabakismoaren kontrako osasun-neurriak ematekoaren eta tabakoaren salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzekoaren, 4. artikuluan adierazitako baldintzak bete behar dituzte. Nolanahi ere, tabako- eta tinbre-saltokien titularrek Batasuneko beste estatu kide batean bizi diren pertsonei urrutitik tabako-laboreak saldu ahal izango dizkiete, baldin eta horrelakoak «erkidegoko salgai»tzat hartzen badira 1992ko urriaren 12ko 2913/1992 zenbakiko (EEE) Erregelamenduaren, Erkidegoko aduana-kodea onartzekoaren, 4.7 artikuluaren arabera; betiere, aplikatu beharreko zerga-araudia betetzeari kalterik egin gabe.»

Bederatzi. Aldatu egiten da 5. artikuluaren Lau paragrafoaren l) hizkia:

«l) Zehatzeko ahalmena erabiltzea, lege honen 7. artikuluan aurreikusitako moduan.»

Hamar. Bi lerrokada gehitzen zaizkio 5. artikuluaren Hamar paragrafoaren amaierari:

«Zehazki, tabako-merkaturako mandatariak artikulu honen Lau “b” paragrafoan ezarritako ikuskatzeko eskumena egoki gauzatu ahal izateko, errekargudun salmenta-gunei eta partikularrei egindako tabako-laboreen eguneko salmenten informazio banakatua bildu ahal izango du tabako- eta tinbre-saltzaileen aldetik. Hartarako, informazio hori igortzeko eskatu ahal izango du, horretarako hamar eguneko epea emanda, edota, zuzenean, eguneratutako informazioa jasotzen duen artxibo informatikoaren kopia eskuratu ahal izango du, saltokietan egindako ikuskapenaren barruan. Azken aurreikuspen horrek baliabide informatikoak dituzten saltzaileei baino ez die eragingo.

Eskatutako informazioa epe horretan ez igortzea edo ikuskapen-unean ez ematea arau-hauste larritzat hartuko da, lege honen 7. Hiru 2. «d» artikuluan xedatutakoa betez. Horrelako kasuetan, eta, gainera, desbideratze esanguratsuak badaude saltokiak egindako salmenten eta eremuko eskari normalari legozkiokeenen artean, mandatariak, dagokion zehapen-prozedura hasteko erabakian, tabako-laboreen hornidurari kupo bat jartzeko behin-behineko neurria hartu ahal izango du, haren erosketak udalerri bereko saltokiek aurreko urtean izandako batez besteko erosketetara mugatuta, saltoki orokorrak badira, edo probintziako batez bestekora mugatuta, saltoki osagarriak badira, normalean azken horiek baino ez baitira egoten dagokien udalerrian.»

Hamaika. Aldatu egiten dira 7. artikuluaren Hiru paragrafoaren 1. puntuaren a) eta b) hizkiak, eta honela idatzita gelditzen dira:

«a) Saltzaileek jarduera uztea, saltokia legez kanpo lagatzea, legez baimenduta ez dauden ordainsariak onartzea, legez finkatutakoak ez diren prezioetan saltzea, saltokia baimenik gabe tokiz aldatzea, saltzaileak esleitu gabeko hamar errekargudun salmenta-gunetara baino gehiagotara hornitzea, bai eta esleitu gabeko errekargudun salmenta-gune batera hornitu edo garraiatzeagatik saltzaileak bi arau-hauste larri edo gehiago egitea ere.

b) Errekargudun salmenta-guneetan, baimendu gabeko ordainsariak onartzea.»

Hamabi. Aldatu egiten da 7. artikuluaren Hiru paragrafoaren 2. puntuaren a) hizkia, eta honela idatzita gelditzen da:

«a) Saltzaileek emakida-estatutuan honelakoei dagozkien betebeharrak ez betetzea: establezimendua irekitzeko egunak eta ordutegia, zuzeneko kudeaketa pertsonaleko eta bertan bizitzeko derrigortasuna, zerbitzu publikoak eskatutako izakinen gutxieneko maila edukitzea, partikularrei hornitzeko eta errekargudun salmenta-guneetara hornitzeko baldintzak ez betetzea, bai eta esleitu gabeko errekargudun salmenta-gune baterako garraioa ere.»

Hamahiru. Aldatu egiten da 7. artikuluaren Hiru paragrafoaren 2. puntuaren c) hizkia, eta honela idatzita gelditzen da:

«c) Errekargudun salmenta-guneetan gehien eskatutako laboreen izakinak behin eta berriz ez egotea, errekargudun salmenta-guneetan finkatuak ez diren prezioetan saltzea, bai eta salmenta-gunea dagoen establezimenduaren kanpoaldean logotipo, errotulu edo fabrikatzaile, markista edo banatzaileen identifikazio-elementuen bidez identifikatzea eta haien marken edo establezimenduaren kanpoaldean produktuen publizitatea egitea ere.»

Hamalau. Aldatu egiten da bederatzigarren xedapen gehigarriaren lehen lerrokada, eta honela idatzita gelditzen da:

«Kontrabandoko arau-hauste administratiboan edo delitu-prozeduran atzemandako edo konfiskatutako tabako-laboreak, bai eta Herri Ogasunaren alde berariaz edo tazituki utzi direnak ere, eskura dituen Espainiako lurralde osoko agintari judizial edo administratiboak tabako-merkaturako mandatariaren esku jartzeko aginduko du, haiek suntsi daitezen. Nolanahi ere, dagokion agintariak dagokion eginbidea egingo du, eta mandatariaren esku jarritako tabako-laboreen izaera eta ezaugarriak jasoko ditu jarduketetan.»

Hamabost. Hamargarren xedapen gehigarria gehitzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

«Hamargarren xedapen gehigarria. Saltzaileen baliabide informatikoak egokitzea.

Baliabide informatikoak dituzten saltzaileek hiru hilabete izango dituzte, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera, lege honen 5. artikuluaren Hamar paragrafoan aurreikusitakora egokitzeko; hala, artxibo espezifiko bat sortu beharko dute, paragrafo horretan aipatutako informazioa jasota, mandatariaren eta haren agenteen esku berehala eta modu iraunkorrean egon dadin.»

Hamasei. Hona nola gelditzen den idatzita bosgarren xedapen iragankorraren azkenaurreko lerrokada:

«Azken bost urteetan arau-hauste oso larri batengatik edota azken hiru urteetan bi arau-hauste larrirengatik zehapena jaso duten saltokien titularrek ezin izango dute eskualdaketarik eskatu, ezta enkanteetan parte hartu ere, betiere zehapen horiek administrazio-bidean irmoak badira. Horretaz gain, tabakoen merkatu arloko zehapen-prozeduretan murgilduta dauden saltokien titularrek ere ezin izango dute eskualdaketarik eskatu, harik eta horiek ebatzi eta artxibatu arte.»

Hamazazpi. Hona nola gelditzen den idatzita Legearen eranskinaren 1.b) puntua:

«b) Legearen 4. artikuluaren Bost paragrafoan aipatutako tabako-laboreen errekargudun salmenta-gune bakoitzaren baimena eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzea, bai eta aipatutako baldintza horiek berrikustea ere baimenaren ondorengo berritzeetan.»

Hemezortzi. Hona nola gelditzen den idatzita Legearen eranskinaren 4. puntua:

«Tasak, kasuen arabera, momentu hauetan sortuko dira: saltokiak emateko enkanterako eskabideak aurkezteko unean, errekargudun salmenta-jarduera baimentzeko edo berritzeko eskabidea aurkezteko unean, edo instalazioak homologatzeko egintza ematekoan.»

Azken xedapenetako bigarrena. Aseguru pribatuak ordenatzeari eta gainbegiratzeari buruzko Erregelamendua, azaroaren 20ko 2486/1998 Errege Dekretuaren bidez onartua, aldatzea.

Aseguru pribatuak ordenatzeari eta gainbegiratzeari buruzko Erregelamendua, azaroaren 20ko 2486/1998 Errege Dekretuaren bidez onartua, aurrerantzean honela geratuko da idatzita:

Bat. Hona nola gelditzen den idatzita 50. artikuluaren 5. paragrafoaren c) hizkia:

«c) Ordezko Burtsa Merkatuan eta Errenta Finkoko Ordezko Merkatuan negoziatutako baloreak eta eskubideak.»

Bi. Hona nola gelditzen den idatzita 53. artikuluaren Lau paragrafoaren seigarren lerrokada:

«Hauek ezin izango dira zenbatu estali beharreko hornidura tekniko guztien ehuneko 10etik gorako zenbateko batekin: Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) esparruan araututako merkatuetan negoziatzeko onartuta ez dauden balore edo eskubide higigarrietako inbertsioa, eta horiekin batera, inbertsio libreko inbertsio kolektiboko erakundeetako eta inbertsio libreko inbertsio kolektiboko erakundeen inbertsio kolektiboko erakundeetako akzio eta partaidetzak (erakundeok 50. artikuluaren 5.a.2. paragrafoan jasota), arrisku-kapitaleko sozietate eta funtsetako akzioak eta partaidetzak (erakundeok 50. artikuluaren 5.a.3. paragrafoan aipatuta), eta Ordezko Burtsa Merkatuan edo Errenta Finkoko Ordezko Merkatuan negoziatutako balore edo eskubideetako inbertsioa. Muga hori ehuneko 30 izango da, baldin eta erakunde berraseguratzaileak badira, eta Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) esparruan araututako merkatuetan negoziatzeko onartuta ez dauden balore edo eskubide higigarrietako inbertsiorako soilik.»

Hiru. Hona nola gelditzen den idatzita 53. artikuluaren Lau paragrafoaren zortzigarren lerrokada:

«Hauek ezin izango dira zenbatu estali beharreko hornidura tekniko guztien ehuneko 5etik gorako zenbateko batekin: inbertsio libreko inbertsio kolektiboko erakunde bateko edo inbertsio libreko inbertsio kolektiboko erakundeen inbertsio kolektiboko erakunde bateko akzio eta partaidetza guztiak (erakundeok 50. artikuluaren 5.a.2. paragrafoan jasota), edota arrisku-kapitaleko sozietate edo funts bateko akzioak eta partaidetza guztiak (erakundeok 50. artikuluaren 5.a.3. paragrafoan aipatuta).» Arrisku-kapitaleko erakunde bakar batek jaulkitako akzio eta partaidetzetako inbertsioak eta Ordezko Burtsa Merkatuan edo Errenta Finkoko Ordezko Merkatuan negoziatutako balore edo eskubideetako inbertsioak (horiek erakunde bakar batek jaulkita), batera hartuta, ez dituzte estali beharreko hornidura teknikoen ehuneko 3 gaindituko. Ehuneko 3ko muga hori ehuneko 6koa izango da, baldin eta arrisku-kapitaleko erakundeek jaulkitako akzio eta partaidetzetako inbertsioan eta Ordezko Burtsa Merkatuan edo Errenta Finkoko Ordezko Merkatuan negoziatutako balore eta eskubideetako inbertsioan horiek talde bereko erakundeek jaulkita edo abalatuta badaude.»

Azken xedapenetako hirugarrena. Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorra aldatzea.

Aldatu egiten da bosgarren xedapen gehigarriaren 8. paragrafoa, eta honela idatzita gelditzen da:

«8. Eratzen ari diren sozietateak eta eratzeko eta jarduera hasteko izapideak telematikoki egiteko dokumentu bakar elektronikoa aurkezten duten banako enpresaburuak, Ekintzaileei eta horien nazioartekotzeari laguntzeko 14/2013 Legean aurreikusitakoaren arabera, salbuetsita geldituko dira alta eman izanaren errolda-aitorpena aurkeztetik; nolanahi ere, egokiak diren baja edo aldaketaren aitorpenak aurkeztu beharko dituzte ondoren dokumentu bakar elektroniko horretan jasotako informazioa edo egoera aldatzen edo handitu behar den neurrian, betiere ekintzaileak izapide horiek aipatutako dokumentuaren bidez egiten ez baditu.»

Azken xedapenetako laugarrena. Pentsio-planen eta -funtsen Erregelamendua, otsailaren 20ko 304/2004 Errege Dekretuaren bidez onartua, aldatzea.

Pentsio-planen eta -funtsen Erregelamendua, otsailaren 20ko 304/2004 Errege Dekretuaren bidez onartua, aurrerantzean honela geratuko da idatzita:

Bat. Aldatu egiten da 70. artikuluaren 9. paragrafoaren d) hizkia, eta honela idatzita gelditzen da:

«d) Ordezko Burtsa Merkatuan eta Errenta Finkoko Ordezko Merkatuan negoziatutako baloreak eta eskubideak.»

Bi. Hona nola gelditzen den idatzita 72. artikuluaren b) hizkia:

«b) Erakunde berak jaulkitako balore edo finantza-tresnetako inbertsioa, horri emandako edo hark abalatu edo bermatutako kredituak gehituta, ez da pentsio-funtsaren aktiboaren ehuneko 5etik gorakoa izango.

Nolanahi ere, aurreko muga ehuneko 10 izango da erakunde jaulkitzaile, mailegu-hartzaile edo bermatzaile bakoitzeko, betiere funtsak ez baditu aktiboaren ehuneko 40 baino gehiago inbertitzen funtsaren aktiboaren ehuneko 5 gainditzen dituzten erakundeetan.

Funtsak talde bereko hainbat enpresatan inbertitu ahal izango du, baina taldeko inbertsio osoa ez da funtsaren aktiboaren ehuneko 10 baino handiagoa izango.

Pentsio-funtsek ezin izango dute aktiboaren ehuneko 2tik gora inbertitu araututako merkatuetan kotizatzeko onartu gabeko balore edo finantza-tresnetan edo, araututako merkatuetan negoziatzeko onartuta egonik ere, trafiko orokor eta inpertsonala izaterik ez duten balore edo finantza-tresnetan, baldin eta horiek erakunde berak jaulki edo abalatu baditu. Aurreko muga ehuneko 4 izango da aipatutako balore edo finantza-tresnentzat, baldin eta talde bereko erakundeek jaulkita edo abalatuta badaude.

Aurrekoa gorabehera, pentsio-funtsaren aktiboaren ehuneko 3ra iritsi ahal izango da erakunde berak jaulkitako balore edo eskubideetako inbertsioa, horiek Ordezko Burtsa Merkatuan edo Errenta Finkoko Ordezko Merkatuan negoziatuta badaude, bai eta arrisku-kapitaleko erakunde bakar batek jaulkitako akzio eta partaidetzetako inbertsioa ere.

Ehuneko 3ko aurreko muga ehuneko 6koa izango da aipatutako baloreentzat edo beste finantza-tresna batzuentzat, baldin eta talde bereko erakundeek jaulkita badaude.

Kreditu-erakundeetako gordailuek ez dituzte bete beharko b) hizki honetan aurreikusitako mugak, betiere artikulu honen f) hizkian aipatutako baterako muga aplikatzeari kalterik egin gabe.»

Azken xedapenetako bosgarrena. Langile Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da Langile Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 10. artikuluaren 5. paragrafoa, eta honela gelditzen da idatzita:

«5. Zerga-arloko zorrak eta Gizarte Segurantzaren Sistemaren esparruan bildu beharreko edozer zor mota ordaintzeko eta kobratzeko ondorioetarako, ondasun higiezin bat administratiboki bahituta, langile autonomoak era sinesgarrian egiaztatzen badu etxebizitza hori ohiko bizilekua dela, bi baldintza egongo dira bahitura gauzatzeko: lehenik, prozedura exekutiboan berehala diru bihur daitezkeen zordunaren beste ondasun batzuk, nahikoak direnak, ez ezagutzea, eta, bigarrenik, gutxienez bi urteko epea igarotzea bahitzeko lehen eginbidearen eta enkantearen, konkurtsoaren edo besterentzeko beste edozein bide administratiboren gauzatze materialaren artean. Epe hori ez da inola ere etengo edo bertan behera utziko jatorrizko bahitura zabaltzean edota erregistroko idatzoharrak luzatzean.»

Azken xedapenetako seigarrena. Kapital Sozietateen Legearen testu bategina, uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua, aldatzea.

Aldatu egiten da uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kapital Sozietateen Legearen testu bateginaren hirugarren xedapen gehigarria, eta honela geratzen da idatzita:

«Hirugarren xedapen gehigarria. Dokumentu Bakar Elektronikoa (DUE).

1. Legediaren arabera, honako jarduera hauetarako eskumena duten erregistro juridikoetara eta herri-administrazioetara igorri beharreko datu guztiak jasotzen dituen dokumentua da Dokumentu Bakar Elektronikoa (DUE):

a) Erantzukizun mugatuko sozietateak eratzeko.

b) Erantzukizun mugatuko ekintzaileak Merkataritza Erregistroan inskribatzeko.

c) Banako enpresaburuen eta merkataritza-sozietateen jarduera hastearekin lotutako zergen eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak betetzeko.

d) Jarduera hastearekin edo egitearekin lotutako Estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko agintarien aurrean beste edozer izapide egiteko, edozer baimen emateko, jakinarazpenak eta erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztea eta jarduera uztearekin lotutako izapideak barne hartuta.

Aurreko lerrokadan xedatutakotik kanpo geldituko dira jarduera egiten den bitarteko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta kontratazio publikoko eta diru-laguntzak eta laguntzak eskatzeko prozedurekin lotutako izapideak ere.

2. Dagokion organismoaren eskumeneko izapideak egiteko beharrezko diren datuekin baino ez da DUE igorri edo jasoko.

Edozer sozietate mota eratzeko DUE erabiltzeko zehaztapenak eta baldintzak erregelamenduz ezarriko dira edo, hala badagokio, eskudun herri-administrazioen arteko hitzarmen egokiak eginez, eta guztiz beteko da sozietate mota horiek arautzen dituen funtsezko eta publizitateari buruzko araudian xedatutakoa, betiere laugarren xedapen gehigarriaren 6. paragrafoan aipatutako araudia kontuan harturik.

3. Teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiliko dira DUE igortzeko, aplikatu beharreko arauek horrelako teknikak erabiltzearen inguruan xedatutakoari jarraituz, eta berariazko legedietan aurreikusitakoa kontuan harturik.

4. Erantzukizun mugatuko sozietatearen bazkide sortzaileek, eratzeko eskritura eman aurretik, bere kabuz izapideak egiteko eta DUEn jasotako datuak jakinarazteko interesa agertu ahal izango diote notarioari, edota ordezkari bat izendatu ahal izango dute hori guztia egiteko; azken kasu horretan, ez da aplikatu beharko xedapen gehigarri honetan sozietatea eratzeari buruz ezarritakoa.

5. DUE dokumentua Ministroen Kontseiluak onartuko du, Industriako, Energiako eta Turismoko ministroak proposatuta, eta arlo horretan eskudun diren gainerako ministerioek txostena egin ondoren. Dokumentu hori Espainiako hizkuntza ofizial guztietan egongo da eskuragarri.

6. Ekintzaileari arreta emateko guneak hauek izango dira: erakunde publiko eta pribatuen bulegoak, bai eta eskabideak telematikoki informatzeko eta izapidetzeko gune birtualak ere.

Enpresa berriak sortzeaz zein haien jarduera eta garapena benetan hasteaz arduratuko dira ekintzaileari arreta emateko guneak; hainbat zerbitzu emango dituzte horretarako (informazioa, dokumentazioa izapidetzea, aholkularitza, prestakuntza eta enpresa-finantzaketarako laguntza), dagozkion hitzarmenetan ezarritakoaren arabera, eta horietan hasiko dira DUEren izapideak.

7. Industria, Energia eta Turismo Ministerioak, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari entzunda, ekintzaileari arreta emateko guneak ezartzeko hitzarmenak egin ahal izango ditu beste herri-administrazio eta erakunde pribatu batzuekin.

8. Herri-administrazioek beharrezko informazio-trukeak egiteko beharrezko prozedura elektronikoak ezarriko dituzte horretarako.»

Azken xedapenetako zazpigarrena. Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legea aldatzea.

Hona nola geratzen den idatzita abenduaren 26ko 12/2012 Legea, merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa:

Bat. Honela geratzen da idatzita 2. artikuluaren 1. paragrafoa:

«1. Lege honen I. tituluan jasotako xedapenak txikizkako merkataritza-jarduerei eta lege honen eranskinean aurreikusitako zerbitzu jakin batzuei aplikatu zaizkie, baldin eta horiek Espainiako lurraldeko edozer tokitan kokatutako establezimendu iraunkorren bitartez egiten badira, eta erakusteko eta publikoari saltzeko duten azalera erabilgarria 500 metro koadro baino handiagoa ez bada.»

Bi. Eranskina aldatzea.

Honako jarduera hauek gehitzen dira abenduaren 26ko 12/2012 Legearen eranskinera, irailaren 28ko 1175/1990 Legegintzako Errege Dekretuak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren tarifak eta instrukzioa onartzekoak, ezarritako gakoekin eta baldintzetan:

43. multzoa. Ehungintza-industria.

435. taldea. Puntuzko generoen fabrikazioa.

435.2. epigrafea. Galtzerdigintza. [Epigrafe honen barruan, galtzerdien (ortopedikoak izan ezik) eta era guztietako antzeko janzkien fabrikazioa, emakume, gizon zein umeentzat, sartzen da].

439. taldea. Bestelako ehungintza-industriak.

439.2. epigrafea. Feltro, tul, parpaila, oihal-apaingarri, eta abarren fabrikazioa (Epigrafe honen barruan, hauen fabrikazioa sartzen da: kakorratzaz edo presioaz egindako feltroa, feltroaren motako oihalak; tulak, parpailak, brodatu mekanikoak eta antzeko artikuluak; eho gabeko oihalak fabrikatzea; hodiak, feltroak, gerrikoak eta oihalezko zingilak; zintak, begiztak, txirikordak eta eskudelak, eta abar).

44. multzoa. Larruaren industria.

442. taldea. Larruz eta antzekoez artikuluak fabrikatzea.

442.9. epigrafea. Larruzko beste artikulu batzuk fabrikatzea, b.i.s.g. [Epigrafe honen barruan, beste epigrafe batzuetan zehaztu gabeko larruzko artikuluen fabrikazioa sartzen da, hala nola industria-erabileretarako larruzko artikuluak (uhalak, takoak, tiratakoak, eta abar); larrugintzako artikuluak (uhalak, bastak, zelak, zigorrak, ustak, eta abar), zahato-industriako artikuluak (zahatoak eta zahagiak), gerrikoak egiteko industria, militarren ekipoa, kirol-artikuluak, eta abar; bai eta larruaren suzedaneoz eta mailuz landutako larruaz eginiko artikuluak fabrikatzea].

47. multzoa. Papergintza eta paperezko artikuluen fabrikazioa; arte grafikoak eta edizioa.

474. taldea. Arte grafikoak (inprimaketa grafikoa).

474.3. epigrafea. Testuak edo irudiak hurrengo prozeduren bitartez inprimatzea: multikopistak, elektrostatika eta argazki prozedura bidezko fotokopiak, planoak kopiatzeko sistemak, eta horrelako prozedurak erabilita.

49. multzoa. Manufakturako beste industria batzuk.

491. taldea. Bitxigintza eta bisuteria.

491.1. epigrafea. Bitxigintza. [Epigrafe honetan, hurrengoak sartzen dira: harri bitxiak, erdi-bitxiak eta perlak lantzea (ebaki, tailatu, leuntzea eta abar); txanponak egitea; bitxiak egitea, urregintza, mahai-tresneria, dominak eta kondekorazioak metal bitxietan, legezko zilarretan edo metal arrunt xaflatuetan egitea eta bitxigintzako piezak eta osagarriak fabrikatzea].

491.2. epigrafea. Bisuteria. [Epigrafe honetan, hurrengoak fabrikatzea sartzen da: bisuteriako artikuluak, ikurrak, bereizgarriak, ezaugarriak eta antzekoak, eta apaintzeko objektu txikiak (lore eta fruta artifizialak, lumak, luma apaingarriak, eta abar)].

495. taldea. Hainbat manufaktura-industria.

495.9. epigrafea. Beste artikulu batzuk fabrikatzea, b.i.s.g. (Epigrafe honetan, hurrengoak fabrikatzea sartzen da: erlijio-artikuluak; boli, anbar, hezur, adar, nakar eta koral, eta abarrezko artikuluak; argizariz, parafinaz, modelatzeko oreaz eta antzekoez egiten diren artikuluak; erretzaileentzako artikuluak; lanparen pantailak; estatuak, figurinak, manikiak, eta abar; apaintzeko luxuzko artikuluak. Epigrafe honi dagokionez, lege honetan xedatutakoa aplikatzetik kanpo geldituko dira taxidermiako tailerrak, naturalistak, disekatzekoak; prestakin anatomikoak eta aurretik zehaztu ez diren bestelako hainbat manufaktura-industria batzuk ere).

61. multzoa. Handizkako merkataritza.

615. taldea. Kontsumo iraunkorreko gaien handizkako merkataritza.

615.6. epigrafea. Arte-galeriak.

64. multzoa. Establezimendu iraunkorretan egiten den jangaien, edarien eta tabakoaren txikizkako merkataritza.

646. taldea. Tabako-laboreen eta erretzaileentzako gauzen txikizkako merkataritza.

646.8. epigrafea. Erretzaileentzako gauzen txikizkako merkataritza. [Epigrafe honek hurrengo produktuak aleka eta kopuru txikietan saltzeko baimena ematen du: idazteko materiala, hala nola karpetak, gutun-azalak eta paper-orri solteak, lumak, arkatzak, boligrafoak, borragomak, lakreak, tinta-poteak, libretak, blokak, kartak, estanpak eta postalak, baldin eta aipatutako gai horiek metal bitxirik ez badute. (Tabakoa ez da barnean hartzen)].

647. taldea. Oro har, jangaien eta edarien txikizkako merkataritza.

647.4. epigrafea. Supermerkatuetan egiten den mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, autozerbitzuko erregimenean nahiz erregimen mistoan, saltzeko gelak gutxienez 400 metro koadro dituenean.

66. multzoa. Merkataritza mistoa edo integratua; merkataritzako establezimendu iraunkorretik kanpoko txikizkako merkataritza (ibiltaria, azoka txikiak eta aldi baterako edo aldizkako azokak); gordailuko erakusmahaiak dituen merkataritza eta aparatu automatikoen bitartezko merkataritza; hainbat produktu postaz eta katalogoz txikizka saltzea.

66. multzoaren oharra: Salmenta ibiltaria ez da barnean sartzen, baimena behar duelako ezinbestean, jabari publikoa okupatzea baitakar.

662. taldea. Txikizkako merkataritza mistoa edo integratua.

662.1. epigrafea. Era guztietako artikuluak ekonomatoetan eta kontsumo-kooperatibetan saltzea.

662.2. epigrafea. 661. taldean eta 662.1. epigrafean zehazten ez diren establezimenduetan mota guztietako artikuluak (jangaiak eta edariak barne) txikizka saltzea.

662. taldearen oharra: Tabakoa saltzea ez da talde honen barruan sartzen, jarduera horrek berariazko baimen-araubidea baitu.

665. taldea. Hainbat produktu postaz edo katalogoz txikizka saltzea.

69. multzoa. Konponketak.

691. taldea. Etxerako artikulu elektrikoak ibilgailu automobilak eta beste kontsumo-ondasun batzuk konpontzea.

691.9. epigrafea. Beste kontsumo-ondasun batzuk konpontzea, b.i.s.g. OHARRA: Epigrafe honetan, aurreko epigrafeetan zehaztu ez diren kontsumo-ondasunak konpontzea sartzen da, eta, besteak beste, honako hauek: oinetakoak, larruzko artikuluak eta antzekoak konpontzea, eta hainbat gauza kopuru txikietan saltzea (oinetakoentzako betunak, kremak, txirikordatxoak, barne-zolak, oinetakoak sartzekoak eta antzeko efektuak, gomazko zolak eta takoiak), erlojuak konpontzea, artelanak eta antigoaleko objektuak zaharberritzea, idazteko makinak, josteko makinak eta puntua egiteko makinak konpontzea eta zaintzea, argazki makinak eta optikako makinak, musika tresnak, jostailuak, aiztoak, artaziak, aterkiak, luma estilografikoak, altzariak eta abar konpontzea eta zaintzea. Era berean, epigrafe honek giltzak kopiatzeko ahalmena ematen du.

84. multzoa. Enpresei ematen zaizkien zerbitzuak.

841. taldea. Zerbitzu juridikoak.

842. taldea. Finantza eta kontabilitateko zerbitzuak.

843. taldea. Zerbitzu teknikoak (ingeniaritza, arkitektura, hirigintza...).

843.1. epigrafea. Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak.

843.2. epigrafea. Arkitektura eta hirigintzako zerbitzu teknikoak.

843.5. epigrafea. Delineazioko zerbitzu teknikoak.

844. taldea. Publizitateko, harreman publikoetako eta antzeko zerbitzuak.

849. taldea. Enpresei ematen zaizkien beste zerbitzu batzuk, b.i.s.g.

849.1. epigrafea. Zorrak kobratzea eta ordainagiriak egitea.

849.2. epigrafea. Zerbitzu mekanografikoak, takigrafikoak, eta idazkiak, planoak eta agiriak erreproduzitzeko zerbitzuak.

849.3. epigrafea. Itzulpen-zerbitzuak eta antzekoak.

849.7. epigrafea. Administrazio-kudeaketako zerbitzuak.

85. multzoa. Ondasun higigarriak alokatzea

854. taldea. Automobilak gidaririk gabe alokatzea.

854.1. epigrafea. Automobilak gidaririk gabe alokatzea.

854.2. epigrafea. Automobilak gidaririk gabe alokatzea, renting erregimenean.

855. taldea. Bestelako garraiobideak gidaririk gabe alokatzea.

855.3. epigrafea. Bizikletak alokatzea.

856. taldea. Kontsumo-ondasunak alokatzea.

856.1. epigrafea. Kontsumo-ondasunak alokatzea.

856.2. epigrafea. Bideo-filmak alokatzea.

93. multzoa. Irakaskuntza eta ikerketa.

932. taldea. Lanbide-hezkuntza eta hobekuntzako irakaskuntza eta goi-mailako irakaskuntza arautu gabea.

932.1. epigrafea. Lanbide-hezkuntza eta hobekuntzako irakaskuntza, goi-mailakoa ez dena.

932.2. epigrafea. Goi-mailako lanbide-hezkuntza eta hobekuntzako irakaskuntza.

933. taldea. Irakaskuntzako beste jarduera batzuk.

933.1. epigrafea. Lurreko eta uretako ibilgailuak eta ibilgailu aeronautikoak eta abar gidatzen irakastea.

933.2. epigrafea. Atzerrian egiten diren ikastaroak eta ikasketak sustatzea.

933.9. epigrafea. Irakaskuntzako beste jarduera batzuk, hala nola hizkuntzak, ebaketa eta jantzigintza, mekanografia, takigrafia, azterketak eta oposaketak prestatzea eta antzekoak, b.i.s.g.

96. multzoa. Jolas- eta kultura-zerbitzuak.

962. taldea. Zinemako filmak eta bideoak banatzea.

962.1. epigrafea. Zinemako filmak banatzea eta saltzea, zinta magnetoskopikoa euskarri duten horiek izan ezik. OHARRA: Epigrafe honek baimena ematen du filmak alokatzeko.

966. taldea. Liburutegiak, artxibategiak, museoak, lorategi botanikoak eta zoologikoak.

966.1. epigrafea. Liburutegiak eta museoak.

97. multzoa. Zerbitzu pertsonalak.

974. taldea. Etxeko zerbitzuak emateko agentziak.

979. taldea. Beste zerbitzu pertsonal batzuk, b.i.s.g.

979.1. epigrafea. Hileta-zerbitzuak.

979.2. epigrafea. Tenpluak eta bestelako lokalak apaintzea.

979.3. epigrafea. Ezkontza-agentziak eta gizarte-harremanetarako beste zerbitzu batzuk.

979.9. epigrafea. Beste zerbitzu pertsonal batzuk, b.i.s.g.

98. multzoa. Aisialdi-parkeak, feriak eta ikuskizunekin zerikusia duten bestelako zerbitzuak. Kongresuak antolatzea. Parkeak edo erakustazokak.

989. taldea. Ikuskizunarekin eta turismoarekin loturiko beste jarduera batzuk. Kongresuak, parkeak edo erakustazokak antolatzea.

989.1. epigrafea. Ikuskizun publikoetarako txartelak saltzea.

99. multzoa. Beste errubrika batzuetan sailkaturik ez dauden zerbitzuak.

999. taldea. Beste zerbitzu batzuk, b.i.s.g.

Mintzalekuak.»

Azken xedapenetako zortzigarrena. Ekintzaileari laguntzeko, hazkundea sustatzeko eta enplegua sortzeko neurriei buruzko uztailaren 26ko 11/2013 Legea aldatzea.

Aldatu egiten da ekintzaileari laguntzeko, hazkundea sustatzeko eta enplegua sortzeko neurriei buruzko uztailaren 26ko 11/2013 Legearen 7. artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:

«7. artikulua. Erakunde sortu berrientzako pizgarriak.

2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioekin, hemeretzigarren xedapen gehigarri bat gehituko da Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen, martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoaren, testu bateginean; honela idatzita egongo da:

“Hemeretzigarren xedapen gehigarria. Erakunde sortu berriak.

1. 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako erakunde berriek, jarduera ekonomikoak egiten badituzte, eskala honen arabera ordainduko dituzte zergak, tributu-oinarria positiboa den lehen zergaldian eta hurrengoan, betiere lege honen 28. artikuluan xedatutakoaren arabera zergak tasa txikiago batean ordaindu behar ez badituzte:

a) 0 eta 300.000 euro bitarteko tributu-oinarriagatik, ehuneko 15eko tasan.

b) Gainerako tributu-oinarriaren zatiagatik, ehuneko 20ko tasan.

Zergaldiak urtebete baino gutxiago irauten duenean, zergak ehuneko 15eko tasan ordainduko dituzte tributu-oinarriaren zati honengatik: 300.000 eurori zergaldiko egunen proportzioa, 365 egunetatik, edo zergaldiaren tributu-oinarria berau txikiagoa denean, aplikatu ondoren ateratzen denagatik.

... (gainerakoa, berdin)...”»

Azken xedapenetako bederatzigarrena. Eskumen-titulua.

Lege hau, oro har, Konstituzioaren 149.1.6 artikuluak ezarritakoaren babesean eman da; artikulu horrek merkataritza-legediaren gaineko eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari, jarraian azaldutako tituluak, kapituluak edo artikuluak, edo haien atalak, izan ezik:

I. tituluaren I. kapitulua eta hamargarren xedapen gehigarria Konstituzioaren 149.1.3 artikuluaren babesean eman dira; artikulu horrek Estatuari esleitzen dio Konstituzioaren 27. artikulua garatzeko oinarrizko arauak ezartzeko eskumena, botere publikoek alor horretan dituzten betebeharrak betetzen direla bermatzeko.

19. artikulua eta hamahirugarren xedapen gehigarria Konstituzioaren 149.1.8 artikuluaren babesean eman dira; erregistro eta agerkari publikoen antolakuntzari buruzkoa da artikulu hori.

13., 17. eta 22. artikuluak eta bigarren xedapen gehigarria Konstituzioaren 149.1.18 artikuluaren babesean eman dira; artikulu horrek administrazio-prozedura erkideari buruzko eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari.

28., 29. eta 30. artikuluak eta hamaseigarren xedapen gehigarria Konstituzioaren 149.1.17 artikuluaren babesean eman dira; Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoari buruzkoa da artikulu hori.

34. artikulua, hamalaugarren eta hamabosgarren xedapen gehigarriak, eta azken xedapenetako lehena, bigarrena eta laugarrena Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 11. eta 13. paragrafoen babesean eman dira; kredituak, bankuak eta aseguruak antolatzeari eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak zehaztu eta horren koordinazioa egiteari buruzkoak dira paragrafo horiek, hurrenez hurren.

36. eta 37. artikuluak, V. tituluaren 1. atalaren I. kapitulua, eta azken xedapenetako zortzigarrena Konstituzioaren 149.1.13 artikuluaren babesean eman dira; jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarriak zehaztu eta horren koordinazioa egiteari buruzkoa da artikulu hori.

38. artikulua Estatu-helburuetarako estatistikari buruzko Konstituzioaren 149.1.31 artikuluarekin lotzen da.

45. artikulua Konstituzioaren 149.1.18 artikuluaren babesean eman da; artikulu hori administrazio-kontratu eta -emakidei buruzko oinarrizko legegintzari buruzkoa da.

V. tituluaren 2. atala eta laugarren, bosgarren, seigarren eta zazpigarren xedapen gehigarriak Konstituzioaren 149.1.2 artikuluaren babesean eman dira, nazionalitatearen, immigrazioaren, atzerritartasunaren eta asilo-eskubidearen arloetan.

Indarreko arauak aldatzea dakarten artikuluak aldatu beharreko arauetan ageri den eskumen-tituluaren babesean emanda daudela joko dira.

Azken xedapenetako hamargarrena. Arauak onartzeko gaikuntza.

1. Gobernuari lege hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko gaikuntza ematen zaio.

2. Justizia Ministerioaren aginduz, eratzeko eskritura arautuko da, formatu estandarizatu batekin eta kodetutako eremuekin.

Sozietatea Merkataritza Erregistroan inskribatzeko ezinbestekoak diren gutxieneko datuak betetzea ahalbidetuko dute kodetutako eremuek. Aipatutako ministro-agindu horrek gaitutakoen zerrendan ageri den bat edo batzuk hautatuz identifikatuko da sozietatearen xedea, Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalean dagokion deskribapenarekin. Halaber, sozietatea ondoz ondoko eraketaren araubidean dagoen ere adieraziko da.

3. Arau hau indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean, Gobernuak Merkataritza Erregistroaren Erregelamendu berri bat onartuko du, bai eta Hipoteka Erregelamenduaren beharrezko aldaketa ere.

4. Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioari, Ekonomiako eta Lehiakortasuneko Ministerioari, Barne Arazoetako Ministerioari, eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioari baimena ematen zaie V. tituluaren 2. atalean aurreikusitakoa aplikatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren baterako aginduak eta ebazpenak emateko.

Azken xedapenetako hamaikagarrena. Jarraipena eta ebaluazioa.

Urtero, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak lege honen V. tituluaren 2. atalaren aplikazioari buruzko txosten bat aurkeztuko du Ministroen Kontseiluan; horretarako, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak, Barne Arazoetako Ministerioak, eta Ekonomiako eta Lehiakortasuneko Ministerioak batera egindako proposamena hartuko du aintzat.

Ebaluazio horrekin bat etorriz, lege honetan espezifikoki aurreikusita ez dauden kasuetan interes nazionaleko arrazoi ekonomikoengatik sartzeko eta egoteko prozedura ezartzeko jarraibideak onartu ahal izango ditu Ministroen Kontseiluak.

Azken xedapenetako hamabigarrena. Erregelamenduzko xedapenak aldatzea.

Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera lege honen bidez aldatzen diren erregelamenduzko arauak arau horien maila bereko erregelamendu-arauen bidez aldatu ahal izango dira.

Azken xedapenetako hamahirugarrena. Indarrean sartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean. Hala ere:

a) I. tituluaren V. kapitulua, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera sartuko da indarrean.

b) Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen manuei emandako idazketak 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

c) Martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 37. artikuluari emandako idazketak, 25. artikuluan jasota dagoenak, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan sortzen diren etekinentzat izango ditu ondorioak.

d) Martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 44. artikuluaren 2 eta 3 paragrafoei eta 41. artikuluari emandako idazketak, 26. artikuluaren Bat eta Hiru paragrafoetan jasotakoak, hurrenez hurren, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izango ditu ondorioak.

e) Martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 23. artikuluari emandako idazketak, 26.Bi artikuluan jasota dagoenak, lege hau indarrean sartzen denetik aurrera egiten diren aktibo ukiezinen lagapenentzat izango ditu ondorioak.

f) Azaroaren 28ko 35/2005 Legearen, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzkoaren, eta sozietateen gaineko zergaren, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren gaineko legeen partezko aldaketari buruzkoaren, 68. artikuluaren 2 paragrafoari emandako idazketak, 27. artikuluaren bost paragrafoaren bidez gauzatutakoak, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

g) 35. artikuluan aurreikusitakoa, elkarren bermerako sozietateetatik ordaindutako kapital sozialaren gutxieneko zifrarako eskatutako zenbatekoari buruzkoa, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 9 hilabetera sartuko da indarrean.

Beraz,

Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.

Madrilen, 2013ko irailaren 27an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

euskal legezalea