14/2012 Legea, Transexualen eskubideak aitortzeari buruzkoa
Eusko Legebiltzarra
14/2012 LEGEA, EKAINAREN 28KOA, TRANSEXUALAK GENERO IDENTITATEAGATIK EZ BAZTERTZEARI ETA HAIEN ESKUBIDEAK AITORTZEARI BURUZKOA
(EHAA 132/2012.07.06)
ZIOEN AZALPENA
I
Transexualitatea ez da gaur egungo kontua. Aspalditik dator eta hainbat kulturatan agertzen da. Transexual hitza 1940. urtean hasi zen erabiltzen sexuari dagokion disoziazio bat bizi duten pertsonak izendatzeko; disoziazio hori jaiotzean duten sexua eta haiek sentitzen dutena bat ez izatean datza.
1980. urtetik, transexualitatea buru-nahasmendu gisa dago sailkatuta. Gaur egun ere, buruko gaitzei buruzko nazioarteko bi eskuliburutan (DSM-IV-R eta CIE-10, hain zuzen ere, hurrenez hurren APA American Psychiatric Association-ek eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak eginak) horren berri ematen da, eta, bertan, "identitate sexualaren nahasmendutzat" nahiz "genero-identitatearen nahasmendutzat" jotzen da. Sailkapen horren ondorioz, diagnostiko mediko bat erantsi zaio sexu biologikoaren eta gizartean esleitutako generoaren arteko disoziazioari: genero-disforia.
Gaixotasunen diagnostikoari buruzko nazioarteko sailkapen nagusiek genero-disforia nahaste edo gaixotasun mentalen barruan sartzen badute ere, gero eta gehiago dira etiketa patologiko horiek ezabatu beharra dagoelako iritzi sendoa duten izen handiko ikertzaile eta adituak, Eusko Legebiltzarrak 2010eko irailaren 30ean hartutako erabakiaren ildotik, non eskatzen baitzen abiaraz zitezela hainbat ekintza, Osasunaren Mundu Erakundean, transexualitatea gaixotasun mentalen sailkapenetik erretiratzeko. Nahita ez bada ere, gauza jakina da etiketatze horien ondorioz ugari direla transexualen oinarrizko eskubideen urraketak (eraso fisiko eta psikikoak, bazterkeria, bakardadea, isolamendua…).
Egiaz, transexualek ez dute laguntza eskatzen patologia edo nahasteren bat dutelako, baizik eta oinarrizkoenak diren eskubideak askatasunez garatzeko orduan oztopoak izaten dituztelako gizartean, eta zailtasun horiek haien bizitzak minez eta larritasunez betetzen dituztelako. Ondorioz, abiarazteko premisak, nahitaez, honako hau jaso behar du: jaiotzean ageri diren kanpoko organo genitalek erakusten duten irudi hutsetik harago doa pertsona baten sexua. Beraz, transexualitateak lotura du sexuaren kontzeptu ez erabat biologiko batekin –hala erabaki zuen aho batez Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2002ko bi epai garrantzitsutan–, baizik eta, batez ere, kontzeptu psikosozial batekin; izan ere, aitortzen da pertsonon izaera egituratzen duten ezaugarri psikologikoak gailentzen direla azkenean pertsonengan, eta horiek direla giza borondateari nagusitasuna ematen diotenak, edozein kontu fisikoren gainetik.
Horrekin lotuta, ezin da inondik ere alde batera utzi orientazio sexualari edo genero-nortasunari buruzko giza eskubideen nazioarteko legeria aplikatzearen gaineko Yogyakartako printzipioetan aipatzen dena –printzipio horiek 2007ko martxoaren 26an aurkeztu ziren, Genevan (Suitza) egin zen Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluaren laugarren bilkuraren barruan, Legelarien Nazioarteko Batzordeak eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zerbitzuak proposatuta–: "Kontrakoa dioen edozein sailkapen dena delakoa izanik ere, pertsona baten sexu-joera eta genero-identitatea ez dira, berez, medikuek aztertu beharreko egoerak eta, beraz, ezin izango dira ez tratatu, ez sendatu, ez eta ezabatu ere". Ildo horretatik, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak, 2011ko uztailean, pertsonek beren joera sexualagatik edo genero-identitateagatik jasaten duten bereizkeria geldiaraztearen aldeko ebazpena onartu zuen. Nazio Batuen ebazpenak azterlan bat egiteko eskatu zion Navi Pillay andreari, Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen arlorako duen goi-komisarioari, "informazioa jaso zezan sexu-joeragatik eta genero-identitateagatik pertsonen aurkako bereizkeria eragiten zuten lege eta praktikei nahiz indarkeria-egintzei buruz".
Egia esanda, azken urteotan aurrerapausoak eman dira transexualitatea despatologizatzeko eskariaren bidetik. Bi mailatan eman dira aurrerapauso horiek. Batetik, gaixotasunen eskuliburuetan nahasmendu gisa agertu ez dadin saiatu dira. Bestetik, tratamendu medikoren bat behar dutenean, transexualak dena delako tratamenduan protagonista eta subjektu aktibo bihurtu dira, eta gaitasuna eta legitimitatea aitortu zaizkie beren erabakiak hartzeko orduan, autonomiaz eta beren gorputzekiko erantzukizunaz.
Eskakizun horiekin batera, genero-identitateari dagokionez, azken urteotan ikuspegi soziojuridiko berritzaile bat ere agertu da, eta horren bidez, oinarrizko giza eskubidetzat hartu da pertsona bakoitzak bere generoa zein den askatasunez adieraztea. Ikuspegi hori nazioarteko hainbat agiri eta txostenetan jaso da, eta haien artean nabarmentzekoak dira Yogyakartako printzipioak, lehen ere aipatuak, eta "Giza eskubideak eta genero-identitatea" txostena, Thomas Hammarberg Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak idatzia, eta 2009ko uztailean argitaratua. Testu horietan adierazten da identitate transexualak gaixotasun mental edo organikotzat hartzen jarraitzeak pertsonen giza eskubideen urraketa dakarrela.
II
Testuingurua hori izanik, ezin da ukatu Espainiako Estatuan ere joera garbia egon dela transexualitatea patologien sailkapenetatik ateratzeko. Horren erakusle, hasteko, Konstituzioaren 149.1.8) artikuluak Estatuari erregistro eta agiri publikoak antolatzeko eskumen esklusiboak ematen dizkionez, Diputatuen Kongresuak, 2007ko martxoaren 15ean, Pertsonen Sexuaren Aipamena Erregistro Zibilean Zuzentzea Arautzen duen martxoaren 15eko 3/2007 Legea onetsi zuen. Arau horren asmoa, dena den, hein batean mugatua zen: Erregistro Zibilean sexuaz egiten den aipamena aldatu ahal izateko baldintzak arautu nahi zituen, erregistro horretan esaten dena ez badator bat eskaera egin duen pertsonak sentitzen duen genero-identitatearekin. Horrekin batera, hala nahi duen pertsonak bere izena aldatzeko aukera ere baduela jasotzen du legeak, izen hori ez dadin izan nahasgarria eskatzen den sexu-aukerarekiko. 2007. urteko Estatuko araudi murritz hori zabalago egiteko asmoz idatzi da, hain zuzen ere, lege-proiektu hau, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den edozein transexuali aplikatu ahal izateko.
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, bere 9.2 artikuluan, euskal botere publikoei agintzen die herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilera egokia zaintzea eta bermatzea, bai eta gizakien eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan daitezen baldintzak eragitera eta oztopoak desagerraraztera zuzendutako neurri oro hartzea ere, Euskal Herriko politika-, ekonomia-, kultura- eta gizarte-arloetako bizitzan herritar guztien partaidetza bideratuz.
Euskal Autonomia Erkidegoak transexualei eragiten dien hainbat arlotan ditu eskumenak, Autonomia Estatutuaren I. tituluan ikus daitekeenez, eta horien artean daude, esate baterako, adingabeen babes-kuradoretzako erakunde eta etxeen antolaketa, araubidea eta jarduera (10.14 artikulua), Erkidegoaren barruko osasun-arloa (18.1 artikulua) eta, bereziki, gizarte-laguntza (10.12 artikulua). Ondorioz, Zuzenbide positiboan, esplizituki aipatu behar da diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikagarri zaiola giza nortasunaren garapen askeari eta, zehazki, genero-identitateari, horrela Autonomia Erkidegoko ordenamendu juridikoa interpretatu eta aplikatzeko orduan inork ez dezan bereizkeriarik jasan transexuala izateagatik.
Lege honek helburu du transexualei, transexual izateagatik edo izate horrek sortzen dien egoera pertsonal zein sozialagatik, legedian oraindik ere eragiten zaizkien bereizketa mota guztiak gainditzera bidean laguntzea eta aurreratzea, eta, horrekin batera, Konstituzioan aipatzen diren zenbait printzipioren arau-garapena hobetzea, alegia, diskriminaziorik eza, nortasunaren garapen askea eta pertsonaren, familiaren eta taldearen babes sozial, ekonomiko eta juridikoa jasotzen dituzten printzipioen arau-garapena hobetzea, horretarako aplikatzekoa den araudia gizarteak bizi duen garai historiakoari egokituz.
III
Lege honen asmoa transexualitatearen izaera zehaztea da, zalantzan jarri gabe, agerikoa denez, Estatuak eskumen esklusiboa duela, Erregistro Zibilaren arloan, sexuari dagokion erregistroko marka eta horrekin batera doan izena aldatzeko bete behar diren baldintzak arautzeko. Dena den, lege honek ez du zehazten zein baldintza bete behar dituen transexual batek erregistroan izena aldatzeko; transexuala nor den zehazten du, eta baita hori nola egiaztatzen den ere, hain zuzen ere lege honetan jasotzen diren eskubideak benetakoak izan daitezen Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan.
Hori dela eta, urrats garrantzitsua da, baina ez nahikoa, Diputatuen Kongresuak Pertsonen Sexuaren Aipamena Erregistro Zibilean Zuzentzea Arautzen duen martxoaren 15eko 3/2007 Legea onetsi izana, lege horrek bide eman duelako transexualek Erregistro Zibilean dituzten sexua eta izen berezia aldatu ahal izan ditzaten, era horretara errazagoa izan dadin pertsona horien izenean dauden administrazio-agiri guztiak beren egiazko genero-identitatera egokitzea. Horiek horrela izanik ere, transexualitateari modu integralean erantzuteko orduan garrantzi handikoak diren arlo batzuk ez ditu arautu aipatu legeak.
Izan ere, transexualen egoera oso konplexua da eta arreta integrala eskatzen du, erregistroetako aldaketez harago doan arreta: genero-identitatea, nortasunaren eskubideen zati den aldetik, pertsonaren duintasunerako eskubidearekin lotzen da, Espainiako Konstituzio Auzitegiak, apirilaren 11ko 53/1985 epaiaren bidez, duintasunaz egin zuen definizio honen arabera: "Pertsonari datxekion balio espiritual eta morala, bereziki adierazten dena norberaren bizitzaren autodeterminazio kontziente eta arduratsuan, eta besteen aldetiko errespetu-nahia dakarrena", eta, halaber, nortasunaren garapen askeari buruzko eskubideekin eta osasunerako, integritate psikofisikorako, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubideekin ere lotzen da. Puntu honetan, aipamen berezia merezi dute transexual etorkinen babesgabetasun-egoera larriek eta haien bizi-baldintza zailek, izan ere, berariaz 3/2007 Legetik kanpo geratzen direnez, diskriminazio bikoitza pairatzen jarraituko dute, ez baitute erregistroko sexu-aipamena aldatzeko aukerarik.
Pertsona guztiek ez dute berdin bizi beren transexualitatea. Horregatik, transexualen kolektiboan egiten den esku-hartzea ezin da homogeneoa izan, eta, modu berean, era horretako esku-hartzeak ezin dira beste talde batzuetara ere eraman. Alde horretatik, lege honek kontuan hartzen du aniztasun hori, eta aitortzen du beharrezkoa dela irizpide mediko, sozial eta psikologiko indibidualizatuak eta pertsona bakoitzari egokituak ezartzea, transexualaren genero-identitatea erabat errespetatuz. Horrenbestez, legeak, lehenik eta behin, pertsona batek legezko sexua ondorio guztietarako aldatzeko duen borondatea aitortu ez ezik, orobat aitortu behar du transexualek badutela barru-barruko beharrizana, askatasunez hala adierazten denean, tratu mediko egokia jasotzeko eta bere sentitzen duten sexura fisikoki ahalik eta gehien gerturatzeko. Horrekin lotuta, transexualen osasunari arreta integrala emateak berekin dakar psikologia kliniko kolegiatuak, medikuntzak eta sexologiak zehazten dituzten prozedurak aintzat hartzea, transexualek egoki ahal izan diezazkioten, kasu bakoitzaren arabera, lehen eta bigarren mailako sexu-karaktereak beren genero-identitateari, betiere kontuan hartuta transexualen artean askotariko jokamolde eta erantzunak izaten direla.
Eman beharreko arretaren muina eta oinarria ez da, besterik gabe, sexua berriro esleitzeko kirurgia; izan ere, kasu batzuetan halako kirurgia ez da berresleipen orokorraren zati garrantzitsuena. Horregatik, arreta beste arlo batzuetan ere ipini behar da, esate baterako, autolaguntzako mekanismoak lantzean, gizarte- eta familia-ingurunearen gaitzespenari eta gizarte- edota lan-bazterketari aurre egiteko; ordezko hormona-terapietan, sexu biologikoa norberaren genero-identitatera egokitzeko; ebakuntza plastiko-kirurgikoetan, batzuetan beharrezkoak izan baitaitezke pertsonaren identifikazioan nabarmentzen diren ezaugarri morfologikoak (hala nola gorputz-enborra edo zintzur-sagarra) aldatzeko, eta, halaber, beste faktore batzuekin, esaterako, ahotsaren tonuarekin eta modulazioarekin, edota aurpegiko ilearekin, zerikusia duten prestazio osagarri batzuetan ere eman behar da arreta.
Botere publikoek erreparoak izan dituzte sexua berriro esleitzeko prozesu konplexuari arreta integrala emateko orduan, eta, dudarik gabe, horrek areagotu egin ditu arretaren diziplinartekotasuna eta berezko zailtasunen zerrenda. Hogeita bost urte baino ez dira igaro transexualentzako genitalen ebakuntzak Zigor Kodean despenalizatu zirenetik. Hori dela eta, beharrezkoa da transexualitatearen arloko ikerketa zientifikoa sustatzea eta arlo klinikoan etengabeko eguneratzea bultzatzea, transexualitatearekin zerikusia duten tratamenduetako aurrerapen zientifiko eta teknologikoei dagokienez. Gai honen inguruan, gogora ekarri beharra dago Europako Legebiltzarraren 1989ko irailaren 12ko ebazpena, transexualen diskriminazioari buruzkoa; ebazpen horretan, pertsona bakoitzak aitorturik dauka gizaki gisa duen identitatearen zehaztasunak ezartzeko eskubidea, baina horrekin batera, estatuei zenbait neurri hartzeko eskatzen zaie, eskubide hori garatu ahal izateko. Neurri horien artean, hauek dira aipagarrienak: sexua aldatzeko tratamenduak kasuan kasuko osasun-sistema nazionalean sartzea, gizarte-laguntzak ematea sexu-egokitzapena dela-eta lana edo etxebizitza galdu duten transexualei, kontsultategiak jartzea transexualentzat, autolaguntzarako erakundeei laguntza finantzarioa ematea, neurri bereziak hartzea transexualek lana izan dezaten sustatzeko, eta jaiotza-agirian eta nortasun-agirian izena aldatzeko eta sexu-marka inskribatzeko eskubidea onartzea.
Horrenbestez, lege honen xedea da, alde batetik, kolektibo honen berezitasunei erantzutea, eta, bestetik, berezitasun horiek kontuan hartuta, erantzutea transexualek duten berdintasun-beharrari beren eskubide mediko eta sozialak ziurtatzerakoan. Era berean, intersexualitate-maila handiago edo txikiagoa duten pertsonen eskubideei ere erantzun nahi zaie. Eta, horrez gain, Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluaren espiritua ere jasotzen du. Izan ere, artikulu horretan xedatutakoaren arabera, "botere publikoei dagokie inguruabar zehatzak sustatzea, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, baita ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere". Hori dela eta, oraingo arau autonomiko honek izaera integrala izan nahi du, bere xedea delako, hain zuzen, transexualek Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herritarrek dituzten bizi-baldintzak berdinak izatea. Horretarako, medikuntzaren arloko neurriez gainera, lan-arloko ekintza positiboa ere aurreikusi behar da, jada eratuta dauden sinergiez baliatuta. Halaber, hezkuntzaren arloan eta funtzionarioen esparruan aintzat hartu behar da lege honetan aldarrikatzen den aniztasuna.
IV
Legeak egitura hau du: zioen azalpena, bost kapitulu, bi xedapen gehigarri eta bi azken xedapen. Lehenengo kapituluan, xedapen orokor batzuk jasotzen dira, eta, horietan, legearen xedea eman, ezarpen-eremua zehaztu eta transexual izatea zer den definitzen da.
Bigarren kapituluan, transexualitatearen arloko politika publikoaren oinarriak jartzen dira. Horretarako, hartu eta garatu beharreko zenbait neurri aipatzen dira, genero-identitateagatik bereizkeria eragiten duten jarrerei aurre egiteko; transexual, senitarteko eta gertuko lagunentzako informazio-, orientazio- eta aholkularitza-zerbitzu bat jarri da; eta amaitzeko, sexua berriro esleitzeko prozesuak irauten duen bitartean, administrazio-agiri egokiak izateko aukera jasotzen da, transexualek integrazio hobea izan dezaten eta sufrimendua edo diskriminazioa eragiten dien egoerarik gerta ez dadin.
Hirugarren kapituluan, transexualek osasun-arloan izango dituzten eskubideen berri jasotzen da. Erregelamenduz arautuko da Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan transexualitatearen arloko erreferentziako unitate bat izatea. Osasun-arretako, erizaintzako eta arreta psikologiko, psikoterapeutiko eta sexologikoko profesionalek osatuko dute unitate hori. Era berean, transexualen arretarako gida kliniko bat sortzea aipatzen da, gaiarekin zerikusia duten arloetako profesionalen arteko adostasun nahikoa lortzeko. Amaitzeko, berariaz aipatzen dira adingabe transexualek dituzten eskubideak, eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren bidez estatistikak egin beharko direla esaten da, egiten diren tratamenduen emaitzen berri jasotzeko.
Laugarren kapituluan, irizpide orokor bat ezartzen da, eta, horren arabera, Euskadiko herri-administrazioek, haiei atxikitako erakunde publikoek eta haien mendeko erakundeek ziurtatuko dute ez dela bereizkeriarik egingo genero-identitatea dela-eta, eta horren inguruan, ekintza positiboko plan eta neurri egokiak prestatu eta aplikatuko dituzte, transexualen kontratazioa eta enplegua sustatzeko.
Bosgarren kapituluan, hezkuntzaren arloan transexualitatearen eta transexualen inguruan egin beharreko hainbat ekimen jasotzen dira.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea
Lege honen xedea da transexualei bermatzea Euskadiko herri-administrazioetatik arreta integrala eta beren beharrizan mediko, psikologiko, juridiko eta bestelakoetara egokitua jasotzeko eskubidea, gainerako herritarrek jasotzen duten moduan. Gainera, babesa ematea beren askatasuna erabil dezaten, oro har, bizitza sozialeko eremuetan eta, bereziki, zerbitzu publikoetan.
2. artikulua. Aplikazio-eremua
Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan benetan bizi diren eta, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera, transexualak diren guztiei aplikatuko zaie.
3. artikulua. Transexualak
Lege honen ondorioetarako, transexual izango da Erregistro Zibileko sexu-aipamena zuzendu duena edo zuzentzen ari dena, Pertsonen Sexuaren Aipamena Erregistro Zibilean Zuzentzea Arautzen duen martxoaren 15eko 3/2007 Legean xedatutakoaren arabera, eta mediku edo psikologo elkargokideen txostenaren bidez jarraian aipatzen diren alderdiak egiaztatzen dituena ere:
a)Ez duela nortasun-nahasmendurik, adierazten duen eta aitortzea nahi duen genero-identitatearen inguruko okerrik izatera eragiten dionik, eta horren aurrean erakusten duen borondatea sendoa, zalantzarik gabekoa eta iraunkorra dela.
b)Ez datozela bat sexu biologikoa eta bere sentitzen duen genero-identitatea, eta disonantzia horrek modu egonkorrean eta iraunkorrean bizi duela gutxienez sei hilabetean.
II. KAPITULUA
TRANSEXUALITATEAREN INGURUKO POLITIKA PUBLIKORAKO OINARRIAK
4. artikulua. Euskadiko herri-administrazioen trataera
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek beren jardunean eta kasu guztietan aintzat hartuko dute pertsonei zor zaien tratua genero-identitatearen araberakoa izango dela eta genero-identitate hori egokitzen zaiola bakoitzak bere sentitzen duen sexuari.
5. artikulua. Transfobiaren aurkako neurriak
Euskadiko herri-administrazioek, transexualen elkarteekin lehentasunezko lankidetzan eta, hala badagokio, genero-identitatearen arloan jarduten duten erakundeekin:
a)Sistematikoki, politika proaktiboa diseinatu, ezarri eta ebaluatuko dute, transexualek behar dituzten laguntzei dagokienez. Politika horrek bideragarria izateko beharrezko tresna eta egiturak izango ditu, eta transbertsala izango da.
b)Trebatzeko, sentsibilizatzeko eta bestelako programak garatu eta ezarriko dituzte, genero-identitatearen ondorioz sortzen diren diskriminazio-jarrerei, aurreiritziei eta estereotipo nagusiei aurre egiteko, era horretara lagunduz pertsonek elkar ezagut dezaten, elkarrekin harremana izan dezaten eta euren burua onets dezaten eta era berean sustatuz autoestimua eta duintasuna.
c)Sentsibilizazio-kanpainak abiaraziko dituzte herritar guztientzat, genero-identitatearekin loturiko indarkeriaren azpian dauden aurreiritziak desagerrarazteko eta transexualen genero-identitatea errespeta dadin sustatzeko.
d)Trebatze- eta sentsibilizazio-programak abiaraziko dituzte generoagatik diskriminaziorik ez izateko printzipioaren inguruan, Euskadiko administrazio, organismo, sozietate eta erakunde publikoetako funtzionarioei, lan-kontratudun langileei, estatutupekoei eta pertsonal sanitarioari zuzenduak.
e)Ziurtatuko dute titulartasun publikoko nahiz pribatuko hedabideen ekoizpena eta antolamendua pluralista eta ez baztertzailea izango dela, genero-identitatearekin zerikusia duten gaiei dagokienez.
f)Transexualen eskubideak sustatu eta babesten dituzten elkarte, talde eta erakundeen aitortza eta kreditatzea babestuko dute.
g)Euskadiko unibertsitateetako esparru akademiko guztietan transexualitateari buruzko prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa jasotzea eta sustatzea bultzatuko dute, eta lankidetza-hitzarmenak egingo dituzte honako xede hauekin:
-Ikerketa eta sakontze teorikoa sustatzea, transexualen genero-identitatea ukatzen duten teoriak eta ideologiak zabal daitezen saihesteko.
-Transexualen errealitateari buruzko azterlan soziologikoak eta hainbat arlotakoak prestatzea.
-Transexualen prestakuntzarako eta enplegurako planak egiteko orientabidea eta laguntza ematea.
-Prestakuntza-planak egitea osasun-arloko eta transexualitatearekin harremana duten beste ezagutza-arlo batzuetako profesionalentzat.
h)Gizartean parte hartzea eta jolas- eta kirol-arloan gehiago integratzea bultzatuko dute.
6. artikulua. Aholkularitza- eta laguntza-zerbitzua transexualentzat, familientzat eta hurbilekoentzat
1.Euskal Autonomia Erkidegoan, transexualek honako zerbitzu hauek izango dituzte:
a)informazioa, orientazioa eta aholkularitza ematekoak, bai eta lege-zerbitzua ere, transexualei, haien familiei eta hurbilekoei, transexual izateari lotutako berariazko babes-beharren inguruan.
b)kolektibo honen eskubideak defendatzeko eta gizartearen, kulturaren, lanaren eta hezkuntzaren esparruan jasaten duen diskriminazioari aurre egin dakion sustatzekoak.
2.Erantzukizun publikoko zerbitzuen kudeaketari buruzko araudiaren esparruan, transexualen elkarteen lehentasunezko parte-hartzea sustatuko da zerbitzu horien kudeaketan, eta, hala badagokio, genero-identitatearen arloan jarduten duten erakundeena. Gizon eta emakume transexualek zerbitzu horien kudeaketan parte-hartze orekatua izatea sustatuko da.
3.Emakume sentitzen den pertsona orok, baldin eta hori hala dela hirugarren artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatzen badu, eta indarkeria matxistaren biktima bada, laguntzako baliabideetara jo ahal izango du, baldintza berdinetan.
4.Artikulu honetan aipatzen diren zerbitzuek pertsona intersexualei ere emango diete arreta espezifikoa.
7. artikulua. Administrazio-agiriak
1.Erregelamenduz ezarriko da transexualek, sexua berriro esleitzeko prozesuak irauten duen bitartean, administrazio-agiri egokiak eskuratu ahal izatea, prozesu horretan integrazio hobea izan dezaten eta sufrimenduko edo diskriminazioko egoerak saihets ditzaten.
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren etorkin transexualei dagokienez, aurreko lerrokadan aipatzen diren administrazio-agiriak indarrekotzat joko dira jatorriko herrialdeko erregistroan aldaketa egiteko aukera izaten duten arte.
2.Aurreko paragrafoan aipatutako agiriak ematen direnean, eta, zehazki, transexualak bere sentitzen duen sexua islatzen duen nortasun-agiri nazionala ematen denean, Administrazioaren artxibo, datu-base eta gainerako fitxategietatik pertsonaren lehengo identifikazioa edo transexuala dela adierazten duen edozein datu desagerrarazteko beharrezko administrazio-tresnak baliatuko dituzte, era koordinatuan, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, toki-administrazioek eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein erakunde publikok; ezabatuko ez diren erreferentzia bakarrak izango dira Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak arreta ematen dion pertsona horren historial medikorako beharrezkoak direnak.
III. KAPITULUA
TRANSEXUALEN OSASUN ARLOKO ARRETA
8. artikulua. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren bitartez emandako laguntza
1.Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak, osasun publikoaren doako prestazioen esparruan, diagnostikoak, hormona-tratamenduak eta interbentzio plastiko-kirurgikoak egingo ditu, bai eta, lege hau garatzeko, gorputz-garapena pertsonak bere sentitzen duen generoaren aurka joateagatik sortzen diren arazoak konpontzeko ezartzen diren tratamenduak ere.
2.Erregelamendu bidez arautuko da Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan transexualitatearen arloko erreferentziako unitate bat, ezartzen diren osasun-arretako zein erizaintzako profesionalez eta orobat psikologia, psikoterapia eta sexologiaren arloetako profesionalez osatua. Erreferentziako unitateak definituko du transexualak jarraitu beharreko prozesua, eta horretarako aintzat hartuko ditu haren inguruabar pertsonalak, osasun-egoera eta, agerpen biologikoan, bere sentitzen duen sexuaren araberako aldaketa egiteko nahiak.
9. artikulua. Gida klinikoa
1.Erregelamendu bidez ezarriko da transexualen arretarako gida kliniko bat, xede izango duena profesionalen arteko adostasun nahikoa lortzea psikologiaren, medikuntzaren, kirurgiaren eta sexologiaren arloan. Gida hori lehentasunezko lankidetzan egingo da transexualen elkarteekin eta, hala badagokio, genero-identitatearen arloan jarduten duten erakundeekin, eta arlo horretako nazioarteko laguntza-irizpide objektibo eta estandarrak bildu beharko ditu; gainera, jarduera mota bakoitzerako profesionalen beharrezko prestakuntza zehaztuko du eta deribazio-bide egokienak ezarriko. Gidan jasoko da, halaber, pertsonak bere tratamenduaren inguruko erabakietan parte har dezan jarraitu beharreko prozedura.
2.Arreta psikologikoaren eta psikoterapeutikoaren arloan, aplikatzekoa izango den gida klinikoak sustatu beharko du transexualak lor dezan behar besteko osotasun emozionala bere egin duen generoaren rolean bizitzeko, gorputz-tratamenduak ematen dizkion aukeren eta mugen balorazio errealista eginda, eta, aldi berean, erraztasunak eman dakizkion gizarte- eta familia-egokitzapenerako prozesuan, izan lezakeen gizarte-gaitzespenari edo diskriminazioari aurre egiteko baliabideak emanez.
3.Aipatutako gida klinikoak honako ildo hauek jaso beharko ditu gutxienez:
a)Transexualei aitortuko zaie eskubidea dutela beren berariazko beharrizan eta helburuetarako egokienak diren tratamenduak jasotzeko, bai eta beren garapen pertsonala erraztuko duen osasun-arloko arreta integrala jasotzeko ere.
b)Transexualek bermatuta izango dute eragiten dieten tratamenduen formulazioan parte hartzeko eskubidea, betiere haien autonomia aitortzetik abiatuta, genero-identitateagatiko diskriminaziorik gabe eta errespetu osoz.
c)Bermatuko da hormona-terapiak, interbentzio plastiko-kirurgikoak eta gainerako prozedura osagarriak momentu egokian emango direla, eta profesionalen eta zerbitzu horiek eskatzen dituztenen artean adostuko direla.
4.Hormona-tratamendua edo tratamendu plastiko-kirurgikoak aldez aurretik egin izana ezin izango da baldintza gisa jarri bestelako tratamendu osagarriak jasotzeko.
10. artikulua. Transexualen eskubideak
Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 10. artikuluan jasotako eskubideen titularrak dira transexualak. Bereziki, ondoko eskubide hauek dituzte ospitale eta erietxe publiko zein pribatuetan:
a)Bere sentitzen duten sexuari dagokion genero-identitatearen araberako tratua jasotzea; identitate horri dagozkion geletan edo zentroetan ingresatuak izatea, sexuaren araberako areto desberdinak badaude, eta, azken batean, beren genero-identitateari dagokion tratua jasotzea.
b)Esperientzia nahikoa duten profesionalen arreta jasotzea, nola tratamenduari dagokioen espezialitate zehatzean hala transexualitatearen arloan oro har.
c)Eragiten dieten tratamenduen inguruan informazioa jasotzea eta kontsultatuak izatea.
d)Zalantzarik badute, bigarren iritzi bat eskatzea beste mediku bati, tratamendua edo interbentzio kirurgikoa egin aurretik.
11. artikulua. Adingabe transexualen arreta
Transexual adingabeek erabateko eskubidea dute beren transexualitateari buruzko diagnostiko eta tratamendu mediko egokia jasotzeko, bereziki hormonen bidezko terapia. Adingabeei eman beharreko osasun-arretan aintzat hartuko da, adingabeak diren aldetik, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak ezartzen duena, eta halaber, pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen 2002ko azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legean ezarritakoa.
12. artikulua. Estatistikak eta datuen tratamendua
1.Transexualen osasun-arloko arretaren jarraipenean sartuko da, halaber, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak estatistikak sortzea egiten diren tratamendu, terapia eta ebakuntzen emaitzei buruz. Estatistika horietan zehaztuko dira erabilitako teknikak, izandako arazoak eta erreklamazioak, bai eta laguntzaren kalitatearen balorazioa ere.
2.Artikulu honen 1. paragrafoan aurreikusitako estatistikak egiteko, Osabide Global fitxategia erabiliko da. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua da fitxategi horren titularra, eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa aplikatuko du.
13. artikulua. Profesionalen prestakuntza
Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Administrazioak neurri egokiak ezarriko ditu, dagozkion profesionalen elkarteekin, unibertsitateekin, transexualen elkarteekin eta, hala badagokio, genero-identitatearen arloan jarduten duten elkarteekin elkarlanean, profesionalei transexualitateaz eta emakume eta gizonen arteko berdintasunaz berariazko prestakuntza jasotzeko duten eskubidea bermatzeko, eta, orobat, transexualei arlo horretan esperientzia nahikoa eta egiaztatua duten profesionalen arreta jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.
IV. KAPITULUA
LAN ESPARRUAN EZ DISKRIMINATZEA
14. artikulua. Lan-esparruan ez diskriminatzeko printzipioa
Euskadiko herri-administrazioek, haiei atxikitako erakunde publikoek eta haien mendeko erakundeek ziurtatuko dute langileen kontratazioan eta sustapen-politiketan ez dela diskriminaziorik egingo genero-identitatea dela-eta.
15. artikulua. Ekintza positiboko neurriak enpleguaren arloan
Euskadiko herri-administrazioek ekintza positiboko plan eta neurri egokiak prestatu eta aplikatuko dituzte, jada indarrean dauden enplegu-baliabideak erabilita, transexualen kontratazioa eta enplegua sustatzeko.
V. KAPITULUA
TRANSEXUALITATEAREN TRATAMENDUA HEZKUNTZA SISTEMAN
16. artikulua. Transexualitatearen tratamendua oinarrizko hezkuntzan
Euskadiko Administrazio publikoak bermatuko du hezkuntzako metodo, curriculum eta baliabideek genero-identitateen dibertsitatea ulertu eta errespetatzen laguntzen dutela, ikasleen eta gurasoen eta senitartekoen behar bereziak kontuan izanda.
17. artikulua. Transexualitatearen arloko jarduerak
Euskadiko Hezkuntza Administrazioak, transexualen elkarteekin lehentasunezko lankidetzan eta, hala badagokio, genero-identitatearen arloan jarduten duten erakundeekin:
a)Trebatze- eta sentsibilizazio-programetan sartuko ditu, giza eskubideen gaineko nazioarteko arauei eta berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioei buruzkoekin batera, genero-identitatearen gaineko programak, hezkuntza publikoko maila guztietako ikasle eta irakasleentzat.
b)Neurri egoki eta beharrezko guztiak hartuko ditu, hezkuntza- eta trebakuntza-programak barne direla, genero-identitatean oinarritutako edozein diskriminazio desagerrarazteko.
18. artikulua. Transexualei buruzko jarduerak
Euskadiko Hezkuntza Administrazioak bermatuko du, beharrezko diren neurriak hartuta, babes egokia emango diela ikasle, langile eta irakasle transexualei diskriminazio, gizarte-bazterketa eta indarkeria ororen aurka, bai eta jazarpenaren eta erasoen aurka ere, eskolaren eremuan.
Xedapen Gehigarriak
Lehena. Gida klinikoa
Gehienez ere sei hilabeteko epean, adituen batzorde bat jarriko da abian, eta, transexualen elkarteekin eta, hala badagokio, genero-identitatearen arloan jarduten duten erakundeekin lankidetzan, transexualen arretarako gida klinikoa prestatuko du, lege honen 9.1 artikuluak xedatzen duen moduan.
Bigarrena. Erreferentziako unitatea
Lege hau indarrean sartu eta gehienez ere sei hilabeteko epean jarriko da abian, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan, transexualitatearen arloko erreferentziako unitatea, lege honen 8.2 artikuluan ezarritakoari jarraiki.
Azken Xedapenak
Lehenengoa. Erregelamendu bidezko garapena
Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau aplikatu eta garatzeak eskatzen dituen erregelamendu-mailako xedapen guztiak eman ditzan.
Bigarrena. Indarrean sartzea
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean.
euskal legezalea