europarbatasunarentratatua(testubaterabi

Europar Batasunaren Tratatua (testu baterabildua)

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

EUROPAR BATASUNAREN

TRATATUA

(Testu baterabildua)

ATARIKOA

BELGIARREN ERREGE JAUN GURENAK, DANIMARKAKO ERREGINA ANDRE GURENAK,

ALEMANIAKO ERREPUBLIKA FEDERALEKO LEHENDAKARIAK, IRLANDAKO

LEHENDAKARIAK, HELENIAR ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, ESPAINIAKO ERREGE

JAUN GURENAK, FRANTZIAKO ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, ITALIAKO

ERREPUBLIKAKO LEHENDAKARIAK, LUXENBURGOKO DUKE GOIEN JAUNAK,

HERBEHEREETAKO ERREGINA ANDRE GURENAK, PORTUGALGO ERREPUBLIKAKO

LEHENDAKARIAK, BRITAINIA HANDIKO ETA IPAR IRLANDAKO ERRESUMA BATUKO

ERREGINA ANDRE GURENAK 1

,

ERABAKI dute Europako Erkidegoak eratzearekin Europa osatzeko hasitako bidean urrats

berri bat egitea,

ITURRITZAT HARTUTA Europaren oinordetza kulturazko, erlijiozko eta humanista, hortik

abiatuta garatu baitira gizakiaren eskubide urraezin eta utziezinak, askatasuna, demokrazia,

berdintasuna eta zuzenbide-estatua bezalako balio unibertsalak,

GOGOAN dute Europako kontinentearen zatibanaketari amaiera ematea garrantzi handikoa

dela historiaren ikuspegitik, eta etorkizuneko Europa eraikitzeko oinarri sendoak jarri behar

direla,

BERRETSI dute beren atxikimendua, bai askatasunaren, demokraziaren eta giza eskubideen

eta oinarrizko askatasunen errespetuaren printzipioekiko, eta bai zuzenbideko estatuaren

printzipioarekiko ere,

BERRETSI dute beren atxikimendua oinarrizko eskubide sozialekiko, 1961eko urriaren 18an

Turinen izenpetutako Europako Gutun Sozialean eta langileen oinarrizko eskubide sozialen

Erkidegoko 1989ko Gutunean zehaztutako moduan hartuta,

NAHI dute, beren herrien historia, kultura eta tradizioak errespetaturik, herrion arteko

elkartasuna areagotu,

NAHI dute instituzioen jarduera demokratikoa eta eraginkorra sendotu, instituzioen arteko

esparru bakar batean, berei agindutako eginbeharrak hobeto bete ditzaten,

ERABAKI dute beren ekonomiak indartu eta elkarganatzea, eta, tratatu honetan eta Europar

Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan xedatutakoaren arabera, diru egonkor eta

bakarra edukiko duen ekonomia eta diru-batasuna sortzea,

1 Geroago, Bulgariako Errepublika, Txekiar Errepublika, Estoniako Errepublika, Zipreko Errepublika, Letoniako

Errepublika, Lituaniako Errepublika, Hungariako Errepublika, Maltako Errepublika, Austriako

Errepublika, Poloniako Errepublika, Errumania, Esloveniako Errepublika, Eslovakiako Errepublika,

Finlandiako Errepublika eta Suediako Erresuma Europar Batasuneko kide egin ziren.

DELIBERATU dute beren herrien gizartearen eta ekonomiaren aurrerapena sustatzea, garapen

iraunkorraren printzipioa kontuan hartuta, barne-merkatua hezurmamituz, eta kohesioa eta

ingurumenaren babesa indartuz, eta ekonomiaren integrazioan izandako aitzinamenduekin

batera beste eremu batzuetan ere pareko aurrerapenak gertatuko direla bermatuko duten

politikak garatzea,

ERABAKI dute beren herrialdeetako herritarrei herritartasun bakarra ematea,

ERABAKI dute atzerriari eta segurtasunari buruzko politika erkidea garatzea, defentsari

buruzko politika erkidea arian-arian eratzea barne hartuta, politika horrekin agian 42.

artikuluko xedapenen araberako defentsa bateratura iritsi ahal izateko, eta Europaren

nortasuna eta burujabetasuna sendotuz, Europan eta munduan bakea, segurtasuna eta

aurrerapena sustatzeko,

ERABAKI dute pertsonen zirkulazio askea bultzatzea eta beren herrien segurtasuna eta babesa

bermatzea aldi berean, askatasun, segurtasun eta justiziako eremu bat ezarrita, tratatu

honetako eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko xedapenen arabera,

ERABAKI dute Europako herrien arteko batasun gero eta estuagoa sortzeko bidean jarraitzea,

bertan erabakiak herritarrengandik ahalik eta hurbilen hartzeko, subsidiariotasunprintzipioaren

arabera,

KONTUAN HARTURIK Europaren integrazioko bidean aurrera egiteko eman beharreko biharetziko

urratsak,

ERABAKI DUTE Europar Batasuna sortzea, eta, xede horrekin, ahal osoko izendatu dituzte:

(ez da ahal osokoen zerrenda jaso)

PERTSONA HORIEK, beren ahal osoak, egoki eta behar bezala aitorturik, elkarri agertu

ondoren, ondorengo xedapen hauek hitzartu dituzte:

I. TITULUA

XEDAPEN ERKIDEAK

1. artikulua

(lehengo 1. artikulua EBT) 1

Tratatu honen bitartez, TRATATUGILE GORENEK EUROPAR BATASUN bat eratzen

dute elkarrekin —aurrerantzean «Batasuna»— eta estatu kideek eskumenak emango dizkiote

helburu erkideak lortzeko.

1 Erreferentzia hau ohartarazteko da. Informazio zabalagoa izateko, ikusi tratatuen lehengo eta oraingo

zenbakikuntzaren arteko korrespondentzia-taulak

Tratatu hau beste urrats bat da Europako herrien artean gero eta batasun estuagoa sortzeko

bidean, zeinetan erabakiak ahalik eta modurik irekienean eta herritarrengandik ahalik eta

hurbilen hartuko baitira.

Tratatu hau eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua (aurrerantzean

«Tratatuak») izango ditu oinarri Batasunak. Tratatu biek balio juridiko berbera dute.

Batasunak Europako Erkidegoa ordezkatuko du eta haren ondorengo izango da.

2. artikulua

Batasunak oinarrizko balio ditu gizakiaren duintasunaren begirunea, askatasuna, demokrazia,

berdintasuna, zuzenbide-estatua eta giza eskubideen errespetua, gutxiengoetako pertsonen

eskubideak ere barnean direla. Estatu kide guztiek erkide dituzte balio horiek, aniztasuna,

bereizkeriarik eza, tolerantzia, justizia, elkartasuna eta emakume eta gizonen arteko

berdintasuna ezaugarri dituen gizartearen baitan.

3. artikulua

(lehengo 2. artikulua EBT)

1. Batasunak bakea, bere balioak eta bere herrien ongizatea sustatzea du helburu

2. Batasunak askatasun, segurtasun eta justiziako eremua eskainiko die bere herritarrei,

barneko mugarik gabe, bertan pertsonen zirkulazio askea bermatuta egon dadin, kanpoko

mugen kontrolerako, asilorako, inmigraziorako, eta delitugintzari aurrea hartu eta bere kontra

borrokatzeko egokiak diren neurriak hartzearekin batera.

3. Batasunak barne-merkatua ezarriko du. Europaren garapen iraunkorraren alde egingo

du lan, horretarako oinarritzat hartuta ekonomia-hazkunde orekatua eta prezioen

egonkortasuna, enplegu betea eta gizartearen aurrerabidea jomuga dituen lehiakortasun

handiko merkatuko ekonomia soziala, eta ingurumenaren babes-maila eta kalitatearen

hobekuntza-maila handia. Era berean, aurrerabide zientifikoa eta teknikoa ere sustatuko ditu.

Batasunak gizarteko bazterkeriaren eta bereizkeriaren aurka egingo du eta gizarte-justizia eta

-babesa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, belaunaldien arteko elkartasuna eta

haurren eskubideen babesa sustatuko ditu.

Batasunak estatu kideen arteko ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa eta elkartasuna

bultzatuko ditu.

Batasunak bere kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna errespetatuko du eta

Europaren kultura-ondarea zaintzeko eta garatzeko ardura izango du.

4. Batasunak ekonomia- eta diru-batasuna ezarriko ditu; dirua euroa izango da.

5. Munduko gainerakoekin dituen harremanetan Batasunak bere balioak eta interesak

indartu eta sustatuko ditu, eta bere herritarren babesa bultzako du. Bakea, segurtasuna,

Lurraren garapen iraunkorra, herrien arteko elkartasuna eta errespetua, merkataritza aske eta

zuzena, pobretasuna ezabatzea eta giza eskubideak —batez ere haurren eskubideak—

babestea, nazioarteko zuzenbidea zorrotz bete eta garatzea, eta, bereziki, Nazio Batuen

Gutunaren printzipioen errespetua bultzatuko ditu.

6. Batasunak bitarteko egokiak erabiliko ditu bere helburuak lortzeko, Tratatuetan

ematen zaizkion eskumenen arabera.

4. artikulua

1. Tratatu honetako 5. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Tratatuetan Batasunari ematen

ez zaizkion eskumenak estatu kideei dagozkie.

2. Batasunak estatu kideak tratatuen aurrean berdinak izatea errespetatuko du, eta bai

estatu horien funtsezko egitura politikoari eta konstituzio-egiturari lotuta dagoen nazionortasuna

ere, toki- eta eskualde-autonomiari dagokionetan barne. Batasunak estatuaren

funtsezko egitekoak errespetatuko ditu, eta, bereziki, estatuaren lurralde-osotasuna

bermatzea, ordena publikoa jagotea eta estatu-segurtasuna zaintzea xede dutenak. Bereziki,

estatu kide bakoitza izango da bere estatu-segurtasunaren erantzule bakarra.

3. Lankidetza leialaren printzipioaren arabera, Batasunak eta estatu kideek elkar

errespetatuko dute eta elkarri lagunduko diote Tratatuetatik eratortzen diren xedeak

betetzeko.

Estatu kideek egoki diren neurri orokor zein berezi guztiak hartuko dituzte, Tratatuetatik

eratorritako betebeharrak eta Batasuneko instituzioen ekintzen ondorioz sortutakoak beteko

direla bermatuta egon dadin.

Estatu kideek Batasunaren xedea betetzen lagunduko dute, eta ez dute parte hartuko

Batasuneko helburuak lortzea arriskuan jar dezakeen ezein neurritan.

5. artikulua

(lehengo 5. artikulua EET)

1. Eskumenak emateko printzipioak agintzen du Batasunaren eskumenak mugatzeko

orduan. Subsidiariotasun- eta heinekotasun-printzipioak agintzen du Batasunaren eskumenak

baliatzeko orduan.

2. Batasunak, eskumenak emateko printzipioaren indarrez, estatu kideek tratatuetan

esleitu dizkioten eskumenen mugen barruan jarduten du, Tratatuetan ezarritako helburuak

betetzeko. Tratatuetan Batasunari esleitu ez zaion eskumen oro estatu kideei dagokie.

3. Estatu kideek, nahiz beren gobernu zentralaren bidez, nahiz eskualde- zein tokierakundeen

bidez, xede-ekintzaren helburuak ondo lortu ezin dituztenean, eta, xedeekintzaren

maila edo ondorioak direla-eta, helburuak Batasunaren bidez hobeto lortzeko

modukoak direnean, orduantxe bakarrik, eta hein horretan, subsidiariotasun-printzipioaren

indarrez hartuko du parte Batasunak bere eskumen esklusibokoak ez diren eremuetan.

Subsidiariotasun- eta heinekotasun-printzipioen aplikazioari buruzko protokoloan

ezarritakoaren arabera aplikatuko dute Batasuneko instituzioek subsidiariotasun-printzipioa.

Estatu kideetako parlamentuek subsidiariotasun-printzipio hori errespetatuko dela jagongo

dute protokolo horretan ezarritako prozeduraren arabera.

4. Heinekotasun-printzipioaren indarrez, Batasunaren ekintzaren edukia eta forma ez dira

izango tratatuen helburuak lortzeko beharrezko den neurri horretatik gorakoak.

Subsidiariotasun- eta heinekotasun-printzipioen aplikazioari buruzko protokoloan

ezarritakoaren arabera aplikatuko dute Batasuneko instituzioek heinekotasun-printzipioa.

6. artikulua

(lehengo 6. artikulua EBT)

1. Batasunak 2000ko abenduaren 7ko Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen

Gutunean ezarritako eskubideak, askatasunak eta printzipioak aitortzen ditu, 2007ko

abenduaren 12an Estrasburgon onartu zen bezala, Tratatuen balio juridiko berbera izango

duelarik.

Gutuneko xedapenek ez dituzte inola ere zabalduko Tratatuetan Batasunari aitortzen zaizkion

eskumenak.

Gutunean ezarritako eskubideak, askatasunak eta printzipioak Tratatuen interpretazioa eta

aplikazioa arautzen duen Gutuneko VII. tituluko xedapen orokorrekin bat ulertuko dira.

Behar bezala eduki behar dira kontuan Gutunean adierazten diren azalpenak, xedapen horien

iturriak adierazten dituzte eta.

2. Batasuna Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako

Hitzarmenari atxikiko zaio. Atxikitze horrek ez ditu aldaraziko Tratatuetan zehazten diren

Batasunaren eskumenak.

3. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenak

bermatzen dituen oinarrizko eskubideak eta estatu kideen konstituzio-tradizio erkideetatik

datozenak Batasunaren Zuzenbidearen osagai izango dira, printzipio orokor direnez.

7. artikulua

(lehengo 7. artikulua EBT)

1. Estatu kideetako heren batek, zein Europako Parlamentuko nahiz Batzordeko heren

batek arrazoietan oinarritutako proposamena egin ondoren, Kontseiluak, bertako kideen lau

bostenen gehiengoaz, eta Europako Parlamentuak onartu ondoren, estatu kideren batek 2.

artikuluan jasotako balioak larri hausteko arrisku argia dagoela adierazi ahal izango du.

Adierazpen hori egin baino lehen, Kontseiluak estatu kideari entzungo dio eta, prozedura

berbera erabiliz, gomendio egokiak egin ahal izango dizkio.

Kontseiluak aldiro aztertu beharko du ea adierazpena egiteko erabilitako arrazoiak lehen

bezain baliozkoak diren.

2. Kontseilu Europarrak, Batzordearen edo estatu kideen heren baten proposamenez, eta

Europako Parlamentuak onartu ondoren, estatu kideetako batek 2. artikuluan adierazten diren

balioak larri eta behin eta berriz hausten dituela adieraz dezake, aho batez; horren aurretik,

dagokion estatu kide horri gonbit egingo dio horri buruz dituen oharpenak aurkez ditzan.

3. Goiko 2. paragrafoan aipatutako adierazpena egin denean, Kontseiluak, gehiengo

kualifikatuz, kasuan kasuko estatu kideari Tratatuak aplikatzetik sortutako zenbait eskubide

etetea erabaki dezake, estatu kide horretako gobernuak Kontseiluan duen ordezkariaren botoeskubideak

barne. Etendura hori egiteko orduan, Kontseiluak kontuan hartuko ditu pertsona

fisiko eta juridikoen eskubide eta betebeharretan sor ditzakeen ondorioak ere.

Tratatuen ondorioz dena delako estatu kideak dituen betebeharrek lotesleak izaten jarraituko

dute, nolanahi ere, estatu horrentzat.

4. Kontseiluak gerora, gehiengo kualifikatuz, 3. paragrafoaren arabera hartutako neurriak

aldatu edo baliogabetzea erabaki dezake, neurriok ezartzeko arrazoi izandako egoeran

gertatutako aldaketei erantzunez.

5. Artikulu honen ondorioetarako, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko

Tratatuaren 354. artikuluan ezartzen dira Europako Parlamenturako, Kontseilu Europarrerako

eta Kontseilurako aplikaziokoak izango diren boto-modalitateak.

8. artikulua

1. Batasunak lehentasunezko harremanak garatuko ditu auzoko herrialdeekin,

oparotasun-gunea eta auzoarte jatorreko esparrua ezartzeko, betiere, Batasunaren balioak

oinarri, eta lankidetzan eraikitako harreman estu eta baketsuak ezaugarri dituela.

2. Batasunak, 1. paragrafoaren ondorioetarako, berariazko akordioak sinatu ahal izango

ditu herrialde horiekin. Akordio horietan elkarrekiko eskubideak eta betebeharrak sartu ahal

izango dira, baita elkarrekin ekintzak burutzeko aukera ere. Hitzarmenak aplikatzean,

kontzertazioak egin beharko dira aldiro-aldiro.

II. TITULUA

PRINTZIPIO DEMOKRATIKOEI BURUZKO XEDAPENAK

9. artikulua

Batasunak bere herritarren berdintasunaren printzipioa errespetatuko du bere jardun

guztietan, eta herritar guztiek berdin jasoko dute Batasuneko instituzio, organo eta

organismoen arreta. Estatu kideren bateko nazionalitatea daukan pertsona oro izango da

Batasuneko herritar. Batasuneko herritartasuna erantsi egiten zaio estatu kide bakoitzeko

herritar izaerari ordeztu gabe.

10. artikulua

1. Batasunaren funtzionamendua demokrazia ordezkatzailean oinarrituta dago.

2. Herritarrek zuzeneko ordezkaritza izango dute Batasunean Europako Parlamentuaren

bitartez.

Estatu kideetako bakoitza bere estatuburuak edo gobernuburuak ordezkatuta egongo da

Kontseilu Europarrean, eta Kontseiluan, berriz, bere gobernuak ordezkatuta; ordezkari horiek

demokratikoki erantzule izango dira estatu kide bakoitzeko parlamentuan zein beren

herritarren aurrean.

3. Herritar orok du Batasuneko bizitza demokratikoan parte hartzeko eskubidea.

Herritarrengandik ahalik hurbilen eta herritarrentzat ahalik irekien hartuko dira erabakiak.

4. Europa mailako alderdi politikoek Europaren kontzientzia politikoa sortzen eta

Batasuneko herritarren gurariak adierazten lagunduko dute.

11. artikulua

1. Instituzioek Batasunaren jardun-eremu guztietan herritarrei eta gizartea ordezkatzen

duten elkarteei beren iritziak jendaurrean adierazteko eta elkarrekin trukatzeko aukera

emango diete, horretarako bide egokiak erabilita.

2. Instituzioek aldiro-aldiro elkarrizketa irekia eta gardena izango dute gizartea

ordezkatzen duten elkarteekin eta gizarte zibilarekin.

3. Batasunaren ekintzak koherenteak eta gardenak direla bermatzeko, Europako

Batzordeak kontsulta zabalak egingo ditu alderdi interesdunekin.

4. Batasuneko herritar-multzo batek, gutxienez milioi bat herritarrez osatua eta estatu

kideen kopuru esanguratsua ordezkatzen duena, Europako Batzordeari gonbit egiteko

ekimena bultzatu ahal izango du, bere eskurantza-esparruaren barruan, proposamen egokia

aurkez dezan, herritar horien iritziz Tratatuen aplikazio-xedeetarako Batasunaren egintza

juridikoa behar duten gaiei buruz.

Mota honetako ekimen bat aurkezteko prozedurak eta baldintzak Europar Batasunaren

Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 24. artikuluko lehenengo lerrokadaren arabera

ezarriko dira.

12. artikulua

Estatuetako parlamentuek Europar Batasunak ondo funtziona dezan lagunduko dute, eta

horretarako:

a) Batasuneko instituzioetatik informazioa jasoko dute eta Batasunaren legegintzako

egintzen berri ere bai, Estatuetako parlamentuek Europar Batasunean duten egitekoari

buruzko protokoloaren arabera.

b) subsidiariotasun-printzipioa errespetatu beharra zainduko dute, subsidiariotasun- eta

heinekotasun-printzipioak aplikatzeari buruzko protokoloan ezarritako prozeduren

arabera.

c) parte hartuko dute askatasun-, segurtasun- eta justizia-esparruaren barruan, Batasuneko

politikak esparru horretan duten aplikazioa ebaluatzeko mekanismoetan, Europar

Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 70. artikuluaren arabera; era

berean, Europol-en kontrol politikoari eta Eurojust-en jardueren ebaluazioari uztartuta

egongo dira, tratatu horretako 88. eta 85. artikuluekin bat.

d) Tratatuak berrikuspen-prozeduretan parte hartuko dute, Tratatu honetako 48. artikuluaren

arabera.

e) Batasunari atxikitzeko eskabideen berri jasoko dute, tratatu honetako 49. artikuluaren

arabera.

f) estatuetako parlamentuen eta Europako Parlamentuaren arteko lankidetzan parte hartuko

dute, Europar Batasuneko estatuetako parlamentuek duten egitekoari buruzko

protokoloaren arabera.

III. TITULUA

INSTITUZIOEI BURUZKO XEDAPENAK

13. artikulua

1. Batasunak badu instituzio-esparrua bere balioak sustatzeko; bere helburuak lortzeko;

bere interesak eta bere herritarren eta estatu kideen interesak defendatzeko; eta bai bere

politiken eta ekintzen koherentzia, eraginkortasuna eta jarraipena bermatzeko ere.

Honako hauek dira Batasuneko instituzioak:

— Europako Parlamentua

— Kontseilu Europarra

— Kontseilua

— Europako Batzordea (aurrerantzean, “Batzordea”)

— Europar Batasuneko Justizia Auzitegia

— Europako Banku Zentrala

— Kontu Auzitegia

2. Instituzio horietako bakoitzak Tratatuek emandako eskurantzen mugen barruan

jardungo du, betiere, Tratatuetan ezarritako prozedurak, baldintzak eta helburuak oinarri

dituela. Instituzioek elkarrekiko lankidetzan leial jokatuko dute beti.

3. Europako Banku Zentralari eta Kontu Auzitegiari buruzko xedapenak eta gainerako

instituzioei buruzko xedapen xehatuak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko

Tratatuan daude jasota.

4. Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak laguntzaile izango dituzte

Ekonomia eta Gizarte Komitea eta Eskualdeetako Komitea, aholkularitza-eginkizunetan

jardungo baitute.

14. artikulua

1. Europako Parlamentuak legegintza eta aurrekontugintza beteko ditu Kontseiluarekin

batera. Kontrol politikoa egiteko eta aholku emateko eginkizunak beteko ditu, Tratatuek

ezarritako baldintzetan. Batzordeko lehendakaria hautatuko du.

2. Batasuneko herritarren ordezkariek osatuko dute Europako Parlamentua. Ordezkarien

kopurua, gehienez ere, zazpiehun eta berrogeita hamarrekoa izango da, lehendakaria kopuru

horretatik kanpo gelditzen dela.. Herritarren ordezkaritza beheranzko proportziozkoa izango

da, eta estatu kide bakoitzeko gutxienez sei diputatu izango dira. Estatu kideetako bati ere ez

zaio emango laurogeita hamasei eserleku baino gehiago.

Kontseilu Europarrak, Europako Parlamentuaren ekimenez eta haren onespenarekin,

lehenengo lerrokadan adierazten diren printzipioen arabera, Europako Parlamentuaren osaera

finkatzeko erabakia hartuko du aho batez.

3. Europako Parlamentuko diputatuak zuzeneko sugragio unibertsal aske eta isilpekoz

hautatuko dira, bost urteko agintaldi baterako.

4. Europako Parlamentuak bere diputatuen artetik hautatuko ditu lehendakaria eta

Mahaia.

15. artikulua

1. Kontseilu Europarrak Batasunaren garapena bultzatu, eta Batasunaren norabide eta

lehentasun politiko orokorrak zehaztuko ditu. Ez du inolako legegintza-eginkizunik beteko.

2. Estatu kideetako estatuburuek edo gobernuburuek, Kontseiluko lehendakariak eta

Batzordeko lehendakariak osatuko dute Kontseilu Europarra. Atzerri- eta segurtasun-politika

erkideko goi-ordezkariak ere hartuko du parte Kontseiluaren lanetan.

3. Kontseilu Europarra bi aldiz bilduko da sei hilabetero, Kontseiluko lehendakariak

deituta. Eguneko gai-zerrendak hala eskatzen duenean, Kontseilu Europarreko kideek erabaki

ahal izango dute euretariko bakoitzak ministro bana izatea laguntzaile, eta Batzordeko

buruak, berriz, Batzordeko kide bat eraman ahal izango du laguntzaile. Egoeraren arabera

beharrezkoa denean, Kontseiluko lehendakariak Kontseilu Europarraren bilera berezia

egiteko deia egingo du.

4. Kontseilu Europarrak adostasunez hartuko ditu erabakiak, Tratatuek bestelakorik

xedatu ezean.

5. Kontseilu Europarrak gehiengo kualifikatuz hautatuko du lehendakaria bi urte eta

erdiko agintaldi baterako; kargu hori beste behin bakarrik bete ahal izango du pertsona berak.

Eragozpen edo falta larriren bat gertatuz gero, Kontseilu Europarrak prozedura bera erabiliz

eman ahal izango dio amaiera lehendakariaren agintaldiari.

6. Kontseilu Europarreko lehendakaria:

a) Kontseilu Europarraren lanetan bera izango da buru eta sustatzaile;

b) Kontseilu Europarraren lanak prestatzeko eta horiei jarraipena emateko ardura izango du,

Batzordearen lehendakariarekin batera lankidetzan eta Gai Orokorren Kontseiluaren

lanetan oinarrituta;

c) Kontseilu Europarraren barnean kohesioa eta adostasuna sendotzen ahaleginduko da;

d) Kontseilu Europarraren bileretako bakoitza amaitutakoan, txostena aurkeztuko dio

Europako Parlamentuari.

Kontseilu Europarreko lehendakariak, bere mailari eta izaerari dagokienez, Batasunaren

atzerri-ordezkaritza hartuko du bere gain atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen gaietan,

Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak dituen eskurantzei

kalterik egin gabe.

Kontseilu Europarraren lehendakariak ezin izango du estatu kideetan inolako aginterik izan.

16. artikulua

1. Kontseiluak legegintza eta aurrekontugintza beteko ditu Europako Parlamentuarekin

batera. Politikak zehazteko eta koordinazio-lana egiteko eginkizunak beteko ditu, Tratatuek

ezarritako baldintzetan.

2. Kontseilua osatzeko orduan estatu kideetako bakoitzak ordezkari bat izango du,

ministro-mailakoa. Ordezkari horiek bakoitzak bere estatuko gobernua konprometitzeko

adinako ahalmena izango dute, baita botoa emateko eskubidea ere.

3. Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak, Tratatuek bestelakorik

xedatu ezean.

4. 2014ko azaroaren 1etik aurrera, gehiengo kualifikatuak gutxienez Kontseiluko kideen

% 55 bilduko du, gutxienez hamabost kide barne dituela, eta estatu horiek gutxienez

Batasuneko biztanleriaren % 65 hartu behar dute barne.

Blokeo-gutxiengoak Kontseiluko lau kide bildu behar ditu gutxienez; horrelakorik ezean,

gehiengo kualifikatua lortutzat joko da.

Gehiengo kualifikatua lortzeko botoa arautzen duten gainerako modalitateak Europar

Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluko 2. paragrafoan daude

jasota.

5. Gehiengo kualifikatuaren definizioari buruzko xedapen iragankorrak 2014ko urriaren

31 arte izango dira aplikaziokoak; xedapen horiek eta 2014ko urriaren 31ren eta 2017ko

martxoaren 31ren artean aplikagarriak direnak xedapen iragankorrei buruzko protokoloan

ezarriko dira.

6. Kontseilua osaera ezberdinak hartuta bilduko da, Batasunaren Funtzionamenduari

buruzko Tratatuaren 236. artikuluarekin bat.

Gai Orokorren Kontseiluak zainduko du Kontseiluaren osaera guztietan egindako lanak euren

artean koherenteak izan daitezen. Kontseilu Europarraren bilerak prestatuko ditu eta bileren

ondorengo jarduna betetzen dela bermatuko du, Kontseilu Europarreko lehendakariarekin eta

Batzordearekin harremanetan dagoela.

Atzerri Arazoetako Kontseiluak Batasunaren atzerri-ekintza landuko du, Kontseilu

Europarrak zehaztutako jarraibide estrategikoak aintzakotzat hartuta, eta Batasunaren jarduna

koherentea izan dadin jagongo du.

7. Estatu kideen Gobernuetako Ordezkari Iraunkorren Komitea arduratuko da

Kontseiluko lanak prestatzeaz.

8. Kontseilua jendaurrean bilduko da legegintzako egintzaren proiektu bati buruz

eztabaidatu eta botoa eman behar duenean. Hori betetze aldera, Kontseiluaren saio bakoitzak

bi zati izango ditu, bata, Batasunaren legegintzako egintzei buruz eztabaidatzeko, eta, bestea,

legegintzakoak ez diren jardueretan aritzeko.

9. Kontseiluan estatu kideen ordezkari direnek osatuko dute lehendakaritza

Kontseiluaren osaeretan, Atzerri Arazoetako osaeran izan ezik, eta, horretarako,

berdintasunezko txandakatze-sistema bat erabiliko dute, Europar Batasunaren

Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 236. artikuluetan ezarritako baldintzen arabera.

17. artikulua

1. Batzordeak Batasunaren interes orokorra sustatuko du eta horretarako ekimen egokiak

bideratuko ditu. Tratatuak aplikatzen direla eta instituzioek tratatuen arabera hartutako

neurriak aplikatzen direla begiratuko du. Batasuneko Zuzenbidea aplikatzen dela

gainbegiratuko du, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren kontrolpean. Aurrekontua

gauzatuko du eta programak kudeatuko ditu. Era berean, koordinatze-, gauzatze- eta

kudeatze-eginkizunak ere beteko ditu, Tratatuek ezartzen dutenaren arabera. Atzerri- eta

segurtasun-politika erkidearen kasuan eta Tratatuek jasotako gainerako kasuetan izan ezik,

Batasunaren atzerri-ordezkaritzaz arduratuko da. Batasunaren urteko programen eta urte

anitzeko programen ekimenak onartuko ditu, instituzio arteko akordioak lortzeko asmoz.

2. Batasunaren legegintzako egintzak Batzordearen proposamenez baino ezingo dira

onartu, Tratatuek bestelakorik xedatu ezean. Bestelako egintzak Batzordearen proposamenez

onartuko dira Tratatuek hala ezartzen dutenean.

3. Batzordearen agintaldia bost urtekoa izango da.

Beren gaitasun orokorra eta Europarekiko duten konpromisoa aintzakotzat izanik hautatuko

dituzte Batzordeko kideak, zalantzarik gabeko independentzia agertzen duten pertsonen

artetik aukeratuta.

Batzordeak independentzia osoz beteko ditu bere erantzukizunak. Batzordeko kideek, 18.

artikuluaren 2. paragrafoak xedatutakoari kalterik egin gabe, ez dute eskatuko ez onartuko

inongo gobernu, instituzio, organo zein organismoren jarraibiderik. Ez dute parte hartuko

beren betebeharrekin edo beren eginkizunak betetzearekin bateraezina den ezein egintzatan.

4. Lisboako tratatua indarrean jartzen denetik 2014ko urriaren 31ra bitartean izendatuko

den Batzordea estatu kideetako herritar banak osatuko dute, lehendakaria eta Batasuneko

atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria barne hartuta. Atzerri- eta segurtasunpolitika

erkideko goi-ordezkaria lehendakariordeetako bat izango da.

5. 2014ko azaroaren 1etik aurrera, Batzordeak honako kide-kopuru hau izango du: estatu

kideen kopuruaren bi heren, Batzordeko lehendakaria eta atzerri- eta segurtasun-politika

erkideko goi-ordezkaria barne direla, baldin eta Kontseilu Europarrak zenbateko hori aho

batez aldatzea erabakitzen ez badu.

Batzordeko kideak estatu kideetako herritarren artetik hautatuko dira, estatu kide guztien

aniztasun demografiko eta geografikoa kontuan hartzea ahalbidetuko duen txandaketasistema

guztiz berdina erabilita estatu kide guztien artean. Sistema aho batez ezarriko du

Kontseilu Europarrak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 244.

artikuluaren arabera.

6. Batzordeko lehendakariak:

a) norabideak zehaztuko ditu, Batzordeak horien arabera beteko baititu bere betebeharrak.

b) Batzordearen barne-antolamendua erabakiko du, eta begiratuko du Batzordeak

koherentziaz, eraginkortasunez eta kide anitzeko organo modura jardun dezan.

c) lehendakariordeak izendatuko ditu Batzordeko kideen artetik, Batasuneko atzerri- eta

segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria izan ezik.

Batzordeko kideak dimisioa aurkeztuko du, baldin eta lehendakariak hala egiteko eskatzen

badio. Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak dimisioa

aurkeztuko du, 18. artikuluaren 1. paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera, baldin eta

lehendakariak hala egiteko eskatzen badio.

7. Europako Parlamenturako hauteskundeen emaitzak aintzat hartuta, eta egoki diren

kontsultak eginda, Kontseilu Europarrak, gehiengo kualifikatuz, Batzordeko lehendakarikargua

betetzeko hautagaia proposatuko dio Europako Parlamentuari. Europako

Parlamentuak hautagaia aukeratuko du, Parlamentua osatzen duten kideen gehiengoz.

Hautagaiak beharrezko den gehiengoa lortzen ez badu, Kontseilu Europarrak, gehiengo

kualifikatuz, beste hautagai bat proposatuko du hilabeteko epean; ondoren, Europako

Parlamentuak aukeratu beharko du prozedura bera erabilita.

Kontseiluak, lehendakari hautetsiarekin ados jarrita, Batzordeko kide izendatzeko

proposatuko diren gainerako pertsonen zerrenda onartuko du. Estatu kideek aurkeztutako

proposamenetatik abiatuta aukeratuko dira pertsona horiek, betiere, 3. paragrafoaren bigarren

lerrokadan eta 5. paragrafoaren bigarren lerrokadan adierazitako irizpideekin bat etorrita.

Batzordeko lehendakaria, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria

eta gainerako kideak Europako Parlamentuaren onarpen-botoaren menpe jarriko dira kide

anitzeko organo modura. Onespen hori oinarritzat hartuta, Kontseilu Europarrak izendatuko

du Batzordea, gehiengo kualifikatuz.

8. Batzordeak kide anitzeko organo modura izango du erantzukizuna Europako

Parlamentuaren aurrean. Europako Parlamentuak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari

buruzko Tratatuaren 234. artikuluarekin bat etorriz, Batzordearen aurkako zentsura-mozio bat

bozkatu ahal izango du. Zentsura-mozio hori onartzen bada, Batzordeko kideek talde gisa

eman beharko dute dimisioa, eta Batasuneko eta atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goiordezkariak

ere Batzordean betetzen duen kargua utzi egin beharko du.

18. artikulua

1. Kontseilu Europarrak, Batzordeko lehendakariaren onespenaz, gehiengo kualifikatuz

izendatuko du Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria. Kontseilu

Europarrak prozedura bera erabiliz amaiarazi ahal izango du haren agintaldia.

2. Goi-ordezkaria arduratuko da Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideaz.

Bere proposamenen bidez politika hori egiten lagunduko du, eta Kontseiluaren mandatari

denez, politika hori gauzatuko du. Berdin jokatuko du segurtasun- eta defentsa-politika

erkideari dagokionez.

3. Goi-ordezkaria izango da Atzerri Arazoetako Kontseiluaren buru.

4. Goi-ordezkaria Batzordeko lehendakariordeetako bat izango da. Batasunaren atzerriekintzaren

koherentziaz arduratuko da. Batzordearen barruan, atzerri-harremanen eremuan

Batzordeari dagozkion erantzukizunez eta Batzordearen atzerri-ekintzaren beste alderdi

batzuk koordinatzeaz ere arduratuko da. Batzordearen barruan dituen erantzukizun horiek

betetzean, eta soilik erantzukizun horiei dagokienez, goi-ordezkaria Batzordearen

funtzionamendua arautzen duten prozedurei atxikita egongo da, baldin eta hori bateragarria

bada 2. eta 3. paragrafoekin.

19. artikulua

1. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak bere baitan hartuko ditu Justizia Auzitegia,

Auzitegi Orokorra eta auzitegi espezializatuak. Tratatuen interpretazioan eta aplikazioan

Zuzenbidea errespetatzen dela bermatuko du.

Estatu kideek beharrezko diren errekurtso-bide guztiak ezarriko dituzte Batasuneko

Zuzenbideak babestutako eremuetan babes judizial eragingarria berma dadin.

2. Justizia Auzitegia Batasuneko estatu bakoitzeko epaile banaz osatuko da. Abokatu

nagusien laguntza izango du.

Auzitegi Orokorrak, gutxienez, estatu kide bakoitzeko epaile bana izango du.

Justizia Auzitegiko epaile eta abokatu nagusiak eta Auzitegi Orokorreko epaileak

aukeratzean, zalantzarik gabeko independentzia agertzen duten pertsonak eta Europar

Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 253. eta 254. artikuluetan ezarritako

baldintzak betetzen dituzten hautagaiak hartuko dira. Estatu kideetako gobernuek izendatuko

dituzte, denak ados jarrita, sei urteko epe baterako. Epaile eta abokatu nagusi horiek, epe hori

bukatutakoan, berriro ere izendatu ahal izango dira.

3. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, Tratatuen arabera, hauei buruz emango ditu

ebazpenak:

a) Estatu kideren batek, instituzioren batek edo pertsona fisiko zein juridikoren batek

aurkeztutako errekurtsoei buruz;

b) epaitu aurreko arazoen kasuan, estatu kideetako jurisdikzio-organoek halaxe eskatuta,

Batasuneko Zuzenbidearen interpretazioari buruz edo instituzioek onartutako egintzen

baliozkotasunari buruz;

c) Tratatuetan jasotako gainerako kasuetan.

IV. TITULUA

LANKIDETZA INDARTUEI BURUZKO XEDAPENAK

20. artikulua

(lehengo 27 Aa 27 E, 40 a 40 B eta 43 a 45 artikuluak EBT eta lehengo 11 eta 11 A artikuluak EET)

1. Estatu kideek, baldin eta Batasunaren eskumen esklusiboak ez diren gaien esparruan

elkarrekin lankidetza indartua ezarri nahi badute, Batasunaren instituzioak erabili eta

eskumen horiek baliatu ahal izango dituzte Tratatuetako xedapen egokiak aplikatuta, eta,

betiere, artikulu honetan eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 326.

artikulutik 334. artikulura bitartekoetan jasotako mugen barruan eta hor zehaztutako

modalitateen arabera.

Lankidetza indartuen helburua Batasunaren xedeak sustatzea, bere interesak babestea eta

integrazio-prozedura sendotzea izango da. Lankidetza indartuak estatu kide guztientzat irekita

egongo dira beti, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 328.

artikuluaren arabera.

2. Lankidetza indartu bat baimentzeko erabakia Kontseiluak azken irtenbide moduan

onartu behar du, ondorio gisa argi ikusten duenean lankidetza horrek zituen helburuak

Batasunak bere osotasunean ezin dituela zentzuzko epe batean lortu, eta lankidetza horretan,

gutxienez, bederatzi estatu kidek parte hartzekotan. Kontseiluak Europar Batasunaren

Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 329. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera

erabakiko du.

3. Kontseiluko kide guztiek parte hartu ahal izango dute eztabaidan; bozketan, ordea,

lankidetza indartu batean partaide diren estatu kideek Kontseiluan dituzten ordezkariek,

horiexek bakarrik hartu ahal izango dute parte. Batasunaren Funtzionamenduari buruzko

Tratatuaren 330. artikuluan ezartzen dira bozkatzeko moduak.

4. Lankidetza indartu baten esparruan onartutako egintzak lotura-indarrekoak izango dira

horretan partaide diren estatu kideentzat; horientzat bakarrik. Egintza horiek ez dira joko

estatu atxikigaien onartu beharreko altxortzat.

V. TITULUA

BATASUNAREN ATZERRI-EKINTZARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK ETA

ATZERRIARI ETA SEGURTASUNARI BURUZKO POLITIKA ERKIDEAREN GAINEKO

BERARIAZKO XEDAPENAK

1. KAPITULUA

BATASUNAREN ATZERRI-EKINTZARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

21. artikulua

1. Sortzeko, garatzeko eta zabaltzeko orduan sustagarri izan dituen printzipio berberak

izango dira Batasunaren ekintzaren oinarri nazioartean diharduenean ere, mundu osora

zabaldu nahi dituelako hauek: demokrazia; zuzenbide-estatua; giza eskubideen eta oinarrizko

askatasunen unibertsaltasuna eta zatiezintasuna; giza duintasunaren errespetua; berdintasuneta

elkartasun-printzipioak, eta Nazio Batuen Gutuneko nahiz nazioarteko zuzenbideko

printzipioen errespetua.

Lehen lerrokadan aipaturiko printzipioak beretzat ere badituzten hirugarren herrialdeekin,

nazioarteko antolakundeekin, eskualdeetako antolakundeekin edo munduko antolakundeekin

harremanak garatzen eta elkarteak sortzen saiatuko da Batasuna. Arazo erkideei alde

askotako konponbidea ematen saiatuko da, Nazio Batuen esparruan bereziki.

2. Nazioarteko harremanen eremu guztietan, Batasunak politika erkideak eta ekintzak

zehaztu eta gauzatuko ditu, eta lankidetza-maila handia lortzen saiatuko da, honetarako:

a) bere balioen, funtsezko interesen, segurtasunaren, independentziaren eta osotasunaren

alde egiteko;

b) demokrazia, zuzenbide-estatua, giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbideko

printzipioak sendotzeko eta babesteko;

c) bakeari eusteko, gatazkei aurrea hartzeko eta nazioarteko segurtasuna sendotzeko, Nazio

Batuen Gutunaren helburuen eta printzipioen arabera, Helsinkiko Azken Aktako

printzipioen arabera eta Parisko Gutunaren helburuen arabera, kanpoko mugekin

zerikusia dutenak barne;

d) garatzeko bidean dauden herrialdeetako ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren

garapen iraunkorraren alde egiteko, helburu nagusi batekin: pobrezia desagerraraztea;

e) herrialde guztiak munduko ekonomiara biltzeko ahaleginak egiteko, besteak beste

nazioarteko merkataritzak dituen oztopoak arian-arian ezabatuz;

f) ingurumenaren kalitatea eta munduko baliabide naturalen kudeaketa iraunkorra

babesteko eta hobetzeko nazioarteko neurriak antolatzen laguntzeko, garapen iraunkorra

lortze aldera;

g) hondamendiren bat jasaten duten jendarteei, herrialdeei eta eskualdeei laguntzeko, berdin

naturak eragindakoa edo gizakiak eragindakoa den; eta

h) alde askotako lankidetza sendoa eta munduaren gobernamendu zuzena oinarritzat dituen

nazioarteko sistema baten alde egiteko.

3. Batasunak 1. eta 2. paragrafoetan aipaturik dauden printzipioak errespetatuko ditu, eta

horko helburuak lortzen saiatuko da, titulu honetan eta Europar Batasunaren

Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren bosgarren zatian jasota dauden eremuetako atzerriekintza

eta bere gainerako politiketako atzerri-gaiak zehaztu eta aurrera eraman behar

dituenean.

Batasunak begiratuko du koherentziari eusten zaiola, bai bere atzerri-ekintzaren eremu

guztien artean, bai eremu horien eta bere gainerako politiken artean ere. Kontseiluak eta

Batzordeak bermatuko dute koherentzia hori, eta lankidetzan jardungo dute horretarako,

Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak lagundurik.

22. artikulua

1. Kontseilu Europarrak zehaztuko ditu Batasunaren interes eta helburu estrategikoak,

21. artikuluan zehazturik dauden printzipioetan eta helburuetan oinarriturik.

Batasunaren interes eta helburu estrategikoak direla-eta Kontseilu Europarrak hartzen dituen

erabakiak atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruzkoak eta Batasunaren atzerriekintzaren

beste eremu batzuei buruzkoak izango dira. Batasunaren eta herrialde edo

eskualde baten arteko harremanei buruzkoak izango dira batzuk, edo gai jakin bati buruzkoak

beste batzuk. Noiz arte balio duten eta Batasunak eta estatu kideek eman beharreko

baliabideak ere zehaztu beharko dute.

Kontseilu Europarrak aho batez erabakiko du, Kontseiluaren gomendio batean oinarriturik;

esparrua zein, halako modalitatea erabiliko du Kontseiluak gomendio hori emateko.

Tratatuetan jasota datozen prozeduren arabera gauzatu beharko dira Kontseilu Europarraren

erabakiak.

2. Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak eta Batzordeak

Kontseiluan proposamenak batera aurkez ditzakete, goi-ordezkariak atzerri- eta segurtasunpolitika

erkidearen eremuan, eta Batzordeak, berriz, atzerri-ekintzaren gainerako esparruetan.

2. KAPITULUA

ATZERRIARI ETA SEGURTASUNARI BURUZKO POLITIKA ERKIDEAREN

GAINEKO BERARIAZKO XEDAPENAK

1. ATALA

XEDAPEN ERKIDEAK

23. artikulua

Kapitulu honen indarrez, lehenengo kapituluan aurreikusitako xedapen orokorretako

printzipioak dira Batasunaren ekintzaren oinarri nazioartean diharduenean, Batasunaren

ekintza xedapen horien helburuen bila dabil eta xedapen horien arabera egingo da.

24. artikulua

(lehengo 11. artikulua EBT)

1. Atzerri- eta segurtasun-politika erkidean Batasunak duen eskumenak Batasunaren

atzerri-politikaren eremu guztiak eta segurtasunari buruzko gai guztiak hartuko ditu bere

baitan, defentsa erkidea ekar dezakeen defentsa-politika erkidea arian-arian eratzea barnean

hartuta.

Berariazko arau eta prozedurek arautuko dute atzerri- eta segurtasun-politika erkidea.

Kontseilu Europarrak eta Kontseiluak zehaztu eta aplikatuko dute, eta aho batez hartu

beharko dituzte erabakiak, Tratatuek bestelakorik diotenean izan ezik. Kanpo geratzen da

legegintzako egintzak onartzea. Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goiordezkariak

eta estatu kideek gauzatuko dute atzerri- eta segurtasun-politika erkidea,

Tratatuen arabera. Europako Parlamentuaren eta Batzordearen berariazko egitekoa arlo

horretan Tratatuetan zehazten da. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ez du eskumenik

izango xedapen hauei dagokienez, baina bai izango du eskumena tratatu honetako 40.

artikulua errespetatzen dela kontrolatzeko eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari

buruzko Tratatuaren 275. artikuluko bigarren lerrokadan aipatutako zenbait erabakiren

legezkotasuna kontrolatzeko.

2. Batasunak, atzerri-ekintzarako dituen printzipioen eta helburuen eremuaren barruan,

atzerri- eta segurtasun-politika erkidea zuzendu, definitu eta gauzatuko du, eta zeregin

horretan, oinarri gisa, estatu kideen arteko elkartasun politikoa garatuko du, interes

orokorrekoak diren gaiak zehaztu eta estatu kideen ekintzaren elkarganatze gero eta

zabalagoa lortuko du.

3. Estatu kideek biziki eta baldintzarik jarri gabe bultzatuko dute Batasunaren atzerri- eta

segurtasun-politika elkarrenganako leialtasunez eta elkartasunez, eta Batasunak eremu

horretan egiten duena errespetatuko dute.

Estatu kideek batera jardungo dute elkarren arteko elkartasun politikoa indartu eta garatzeko.

Ez dute parte hartuko ez Batasunaren interesen aurkako ezein ekintzatan, ez eta Batasunak

nazioarteko harremanetan kohesio-indar gisa duen eraginkortasuna kalte dezakeen ezein

ekintzatan.

Printzipio horiek betetzen direla jagongo dute Kontseiluak eta goi-ordezkariak.

25. artikulua

(lehengo 12. artikulua EBT)

Batasunak honela gidatuko du atzerri- eta segurtasun-politika erkidea:

a) bere norabide nagusiak definituz;

b) erabakiak hartuz, gauza hauek xedatzeko:

i) Batasunak egingo dituen ekintzak,

ii) Batasunak izango dituen jarrerak;

iii) aurreko i) eta ii) tartekietan zehazturik dauden erabakiak betearazteko

modalitateak;

eta

c) estatu kideen arteko lankidetza sistematikoa indartuz, politikak aurrera eramateko orduan.

26. artikulua

(lehengo 13. artikulua EBT)

1. Kontseilu Europarrak Batasunaren interes estrategikoak ezarriko ditu, helburuak

finkatuko ditu eta atzerri- eta segurtasun-politika erkideko norabide orokorrak zehaztuko ditu,

defentsako eremuan eraginak dauzkaten gaiak barne hartuta. Beharrezko erabakiak hartuko

ditu.

Nazioarteko gertakariren batek hala eskatzen badu, Kontseilu Europarreko lehendakariak

Kontseilu Europarraren aparteko bilera baterako deia egingo du, gertakari hori dela-eta

Batasunaren politikak zein ildo estrategikori jarraitu behar dion zehazteko.

2. Kontseilu Europarrak definituriko norabide nagusietan eta ildo estrategikoetan

oinarriturik, Kontseiluak landuko du atzerri- eta segurtasun-politika erkidea, eta politika hori

definitzeko eta aplikatzeko beharrezko erabakiak hartuko ditu.

Kontseiluak eta atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak Batasunaren

ekintzaren batasuna, koherentzia eta eraginkortasuna jagongo dituzte.

3. Goi-ordezkariak eta estatu kideek gauzatuko dute atzerri- eta segurtasun-politika

erkidea, estatu bakoitzaren eta Batasunaren bitartekoak erabilita.

27. artikulua

1. Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak ere lagunduko

du, proposamenak eginez, atzerri- eta segurtasun-politika erkidea osatzen, eta bere

ardurapean izango du Kontseilu Europarrak eta Kontseiluak hartutako erabakiak gauzatzea.

Ordezkari hori izango da Atzerri Arazoetako Kontseiluko lehendakaria.

2. Atzerri- eta segurtasun-politika erkideari buruzko gaietan, goi-ordezkaria izango da

Batasunaren ordezkaria. Hark zuzenduko du, Batasunaren izenean, hirugarren herrialdeekiko

elkarrizketa politikoa, eta hark adieraziko du Batasunaren jarrera, nazioarteko erakundeetan

eta nazioarteko biltzarretan.

3. Bere aginte-lanak aurrera eramateko, goi-ordezkariak atzerri-ekintzarako zerbitzu

europar bat izango du lagungarri. Zerbitzu hori estatu kideetako zerbitzu diplomatikoekin

lankidetzan arituko da, eta, osaera dela-eta, Kontseiluko Idazkaritza Nagusiko eta Batzordeko

zerbitzu eskudunetako hainbat funtzionariok eta estatuetako zerbitzu diplomatikoetatik

zerbitzu-eginkizunetan etorritako hainbat langilek osatuko dute. Atzerri-ekintzarako zerbitzu

europarraren antolaketa eta funtzionamendua erabaki bidez zehaztuko da; erabaki hori, goiordezkariaren

proposamenez, Kontseiluak hartuko du, Europako Parlamentuari aurretiaz

kontsulta eginda eta Batzordeak aurretiaz onespena emanda.

28. artikulua

(lehengo 14. artikulua EBT)

1. Nazioarteko egoera jakin batek Batasunaren ekintza operatibo bat eskatzen badu,

Kontseiluak beharrezko diren erabakiak hartuko ditu. Erabaki horietan zehaztuko dira

helburuak, helmena eta Batasunak horretarako jarri beharreko baliabideak, baita ekintza

betearazteko baldintzak eta, beharrezkoa bada, iraupena ere.

Egoera-aldaketaren bat gertatuz gero, horrek eragin nabarmena badu erabakiaren xede den

gairen batean, Kontseiluak erabaki horren printzipioak eta helburuak berrikusiko ditu, eta

behar diren erabakiak hartuko ditu.

2. Lehenengo paragrafoko erabakiak lotesleak izango dira estatu kideentzat, jarrerak

hartzen dituztenean, eta beren ekintzak garatzen dituztenean.

3. Lehenengo paragrafoan aipaturiko erabakietako bat aplikatzean, estatu-jarrera bat

hartzeko edo ekintza nazional bati ekiteko plan bat baldin badago, dagokion estatuak

informazioa eman beharko du, behar besteko epea emanda, hala behar izanez gero,

Kontseiluak erabaki bat adosteko astia izan dezan. Aurrez informazioa emateko betebeharra

ez zaie aplikatuko Kontseiluaren erabakiak estatu-eremura ekartzeko transposizio hutsak

diren neurriei.

4. Egoeraren bilakaeraren ondorioz premia larrian badaude, eta 1. paragrafoan aipaturiko

Kontseiluaren erabakietako baten berrikusketa egiten ez bada, estatu kideek beharrezko

neurriak hartzeko aukera izango dute berehala, erabakiaren helburu orokorrak gogoan

harturik. Dena delako estatu kideak neurri horiei buruzko informazioa emango dio

Kontseiluari berehala.

5. Baldin eta estatu kideren batek garrantzi handiko zailtasunak badauzka artikulu

honetan aipatutako erabaki bat aplikatzeko, horretaz eztabaidatu eta irtenbide egokiak

bilatzeko eskatuko dio Kontseiluari. Irtenbide horiekin ezin izango da 1. paragrafoan

aipatutako erabakiaren helburuen aurka jokatu, ez eta ekintzaren eraginkortasuna murriztu

ere.

29. artikulua

(lehengo 15. artikulua EBT)

Geografiaren arloko edo beste gai bati buruzko auzi jakinetan, Batasunaren ikuspuntua

zehazteko, Kontseiluak erabakiak hartuko ditu. Estatu kideek jagongo dute beren estatupolitikak

Batasunaren jarreraren araberakoak izan daitezen.

30. artikulua

(lehengo 22. artikulua EBT)

1. Edozein estatu kidek, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goiordezkariak,

edo goi-ordezkariak Batzordearen babesarekin, atzerri- eta segurtasun-politika

erkideari buruzko edozein gai eraman dezake Kontseilura, baita, hurrenez hurren, ekimenak

edo proposamenak aurkeztu ere Kontseiluari.

2. Erabakia arin eman behar den kasuetan, goi-ordezkariak, bere kabuz edo estatu

kideren batek eskatuta, Kontseiluaren bilera berezirako deia egin dezake, berrogeita zortzi

orduko epean, edo, larrialdia erabatekoa bada, epe laburragoan.

31. artikulua

(lehengo 23. artikulua EBT)

1. Kontseilu Europarrak eta Kontseiluak aho batez hartu behar dituzte kapitulu honetan

aipatzen diren erabakiak, kapitulu honetan bertan besterik xedatzen denean izan ezik. Kanpo

geratzen da legegintzako egintzak onartzea.

Kontseiluko kideren batek bozketan abstentzioa egiten badu, adierazpen formala gehi

diezaioke abstentzioari, lerrokada honen arabera eginda. Kasu horretan, bera ez dago erabakia

aplikatzera behartuta, baina Batasunarentzat loteslea dela onartu behar du. Elkarrenganako

elkartasunez, ordea, dena delako estatu kideak ezin izango du inolako ekintzarik egin, erabaki

horretan oinarrituta Batasunak erabakitako ekintza eragotzi edo galarazteko, eta beste estatu

kideek ere errespetatu egin behar dute haren jarrera. Baldin eta, abstenitzeaz gain adierazpen

hori egiten duten kontseiluko kideen kopurua gutxienez estatu kideen herena eta Batasuneko

populazioaren herena ordezkatzen badute, erabaki hori ez da onartuko.

2. Goiko 1. paragrafoan xedatutakoa salbuetsita, gehiengo kualifikatuz jardungo du

Kontseiluak:

— Batasunaren interes eta helburu estrategikoei buruz Kontseilu Europarrak hartutako

erabaki batetik abiaturik (22. artikuluaren 1. paragrafoan dago jasota erabaki horien berri),

Batasunaren ekintza edo jarrera bat zehazteko erabaki bat hartu behar duenean;

— Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak Kontseilu

Europarraren berariazko eskari bati erantzuteko aurkeztutako proposamen batetik abiaturik

(berdin dio eskari hori bere kabuz edo goi-ordezkariaren ekimenez egin dion), Batasunaren

ekintza edo jarrera bat zehazteko erabaki bat hartu behar duenean;

— Batasunaren ekintza edo jarrera bat zehazten duen erabaki bat aplikatzeko edozein

erabaki hartu behar duenean;

— ordezkari berezi bat izendatzeko erabakia hartu behar duenean, 33. artikuluaren

arabera.

Kontseiluko kide batek, estatu-politikako ezinbesteko eta ageri-ageriko arrazoiak direla-eta,

deklaratzen badu gehiengo kualifikatuz onartu beharreko erabaki jakin bat hartzearen aurka

agertuko dela, ez da bozketa egingo. Kasuan kasuko estatu kide horrekin harreman estuan,

goi-ordezkaria estatu horrek onartzeko moduko konponbide bat aurkitzen saiatuko da.

Ezinezkoa bada konponbide hori aurkitzea, Kontseiluak, gehiengo kualifikatuz, gai hori

Kontseilu Europarrera bidaltzeko eska dezake, han erabaki bat har dezaten, aho batez.

3. Kontseilu Europarrak erabaki bat hartu ahal izango du aho batez, Kontseiluak

gehiengo kualifikatuz erabaki behar duela ezartzeko 2. paragrafoan agertzen direnez

bestelako kasuetan.

4. Goiko 2. eta 3. paragrafoak ez zaizkie aplikatuko eremu militarrean edo defentsaeremuan

ondorioak dituzten erabakiei.

5. Kontseilua osatzen duten kideen gehiengoz ebatziko du Kontseiluak, prozeduragaietan.

32. artikulua

(lehengo 16. artikulua EBT)

Estatu kideek, Kontseilu Europarraren eta Kontseiluaren baitan, kontsultak egingo dizkiote

elkarri interes orokorra daukaten atzerri- eta segurtasun-politikako edozein gairen gainean,

betiere, ikuspegi erkidea zehazte aldera. Nazioarteko esparruan edozein jardunetan hasi

aurretik edo Batasunaren interesetan eragina izan dezakeen edozein konpromiso hartu

aurretik, estatu kide bakoitzak gainerakoei kontsulta egingo die Kontseilu Europarraren edo

Kontseiluaren baitan. Estatu kideek, beren jarduna elkarganatuz, bermatu egin behar dute

Batasunak nazioarteko esparruan bere interesak eta balioak defendatzeko modua izan dezan.

Estatu kideek elkartasunez jokatuko dute beren artean.

Kontseilu Europarrak edo Kontseiluak zehaztuta badute Batasunaren ikuspuntu erkidea,

lehenengo lerrokadan dioen moduan, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko

goi-ordezkariak eta estatu kideetako Atzerri Arazoetako ministroek koordinaturik lan egingo

dute Kontseiluan.

Estatu kideen ordezkaritza diplomatikoek eta Batasunak hirugarren herrialdeetan eta

nazioarteko erakundeetan dituen ordezkaritzek elkarri lagundu beharko diote, eta ikuspuntu

erkide hori zehazten eta abian jartzen lagunduko dute.

33. artikulua

(lehengo 18. artikulua EBT)

Atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren proposamenez, Kontseiluak

ordezkari berezi bat izenda dezake, gai politiko zehatzei buruzko mandatua izango duena.

Ordezkari bereziak goi-ordezkariaren agintaritzapean beteko du bere agintaldia.

34. artikulua

(lehengo 19. artikulua EBT)

1. Estatu kideek nazioarteko erakundeetan koordinatuko dute beren ekintza, baita

nazioarteko biltzarrak egiten direnean ere. Estatu kideek Batasunaren jarrera defendatu behar

dute eztabaida-bilera horietan. Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goiordezkariak

antolatuko du koordinazio hori.

Estatu kide guztiek parte hartzen ez duten nazioarteko erakundeetan eta nazioarteko

biltzarretan, parte hartzen dutenek Batasunaren jarrera defendatu behar dute.

2. Nazioarteko erakunde edo nazioarteko biltzarren batean estatu kide guztiek parte

hartzen ez dutenean, interes erkideko gairen bat bada tartean, ordezkaturik dauden estatuek

gainerakoak jakinaren gainean edukiko dituzte, baita goi-ordezkaria ere, 24. artikuluko 3.

paragrafoarekin bat.

Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko kide ere badiren estatu kideek beren artean abenikoa

lortu eta erabat informatuta eduki behar dituzte Batasuneko gainerako estatuak eta goiordezkaria.

Segurtasun Kontseiluko kide diren estatu kideek, beren egitekoak betetzerakoan,

Batasunaren jarrerak eta interesak defendatuko dituzte, Nazio Batuen Gutuneko xedapenen

indarrez dagozkien erantzukizunei kalterik egin gabe.

Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluaren gai-zerrendan jasotako gairen batean Batasunak

zehaztua badu bere jarrera, Kontseilu horretako kideak diren estatu kideek goi-ordezkariari

Batasunaren jarrera azaltzeko gonbit egiteko eskatuko dute.

35. artikulua

(lehengo 20. artikulua EBT)

Batasunak kapitulu honen indarrez hartutako jarrerak eta ekintzak zehazten dituzten

erabakiak direla-eta, estatu kideen ordezkaritza diplomatiko eta kontsularrek, baita Batasunak

hirugarren herrialdeetan nahiz nazioarteko biltzarretan dauzkan ordezkaritzek, eta nazioarteko

erakundeetan dauzkaten ordezkaritzek ere, lankidetzan jardun behar dute erabaki horiek

errespetatu eta gauzatuko direla bermatzeko.

Beren arteko lankidetza gehiago indartzeko, informazioa trukatu eta hainbat balorazio batera

egingo dute.

Batasuneko herritarrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 20.

artikuluko 2. paragrafoko c) idatz-zatian jasota duten eskubidea —hirugarren herrialdeetako

lurraldean babesa izateko eskubidea— aplikatzen lagunduko dute, baita Tratatu horretako 23.

artikulua aplikatu beharrez hartutako neurriak ere.

36. artikulua

(lehengo 21. artikulua EBT)

Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak aldian-aldian kontsulta

egingo dio Europako Parlamentuari atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen alderdi

nagusien eta oinarrizko aukeren gainean, eta segurtasun- eta defentsa-politika erkidearen

gainean; politika horien bilakaeraren berri emango dio. Europako Parlamentuaren iritziak

behar bezala kontuan har daitezen zainduko du. Ordezkari bereziak Europako Parlamentuari

emandako informazioari loturik egon ahal izango dira.

Europako Parlamentuak galderak egin edo gomendioak aurkez diezazkieke Kontseiluari eta

goi-ordezkariari. Bi urtetik behin, atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen garapenean

egindako aurrerapenak eztabaidatuko ditu, segurtasun- eta defentsa-politika erkidea barne

hartuta.

37. artikulua

(lehengo 24. artikulua EBT)

Kapitulu honetan jasota dauden esparruetan, Batasunak estatu batekin edo bat baino

gehiagorekin edo nazioarteko erakundeekin akordioak sinatu ahal izango ditu.

38. artikulua

(lehengo 25. artikulua EBT)

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 240. artikuluko xedapenei

kalterik egin gabe, Politika eta Segurtasun Komite batek nazioarteko egoeraren jarraipena

egingo du atzerri- eta segurtasun-politika erkideari dagozkion eremuetan, eta, Kontseiluak

berak eskatuta, edo atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak eskatuta zein

bere ekimenez, Kontseiluari zuzendutako irizpenak emanda, politika zehazten lagunduko du.

Adostutako politikak gauzatzea ere berak ikuskatuko du, goi-ordezkariak dauzkan eskumenei

kalterik egin gabe.

Kapitulu honen esparruan, Politika eta Segurtasun Komite horren lana izango da,

Kontseiluaren eta goi-ordezkariaren ardurapean, 43. artikuluan krisiak kudeatzeko jasotako

operazioak politikoki kontrolatzea eta estrategikoki zuzentzea.

Krisiak kudeatzeko lanak egiteko, eta lan horiek dirauten beste denborarako, Kontseiluak

zehaztutako moduan, Kontseiluak baimena eman diezaioke Komiteari lanen kontrol

politikoari eta zuzendaritza estrategikoari dagozkien bidezko erabakiak har ditzan.

39. artikulua

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 16. artikuluaren arabera, eta 2.

paragrafoak xedatutakoa gorabehera, Kontseiluak erabaki bat hartuko du pertsona fisikoak

babesteko arauak finkatzeko estatu kideek kapitulu honen aplikazio-eremuan burutzen

dituzten jardunetan pertsona bakoitzaren datuei eman behar zaien tratamenduari dagokionez;

datu horiek askatasunez zirkulatzeko arauak ere emango ditu. Arau horiek errespetatzen diren

ala ez agintaritza independente batek kontrolatuko du.

40. artikulua

(lehengo 47. artikulua EBT)

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 3. artikulutik 6.era, Batasunak

hainbat eskumen du aitorturik, eta, eskumen horiek baliatzeko, Tratatuen arabera hainbat

prozedura erabil daiteke eta instituzioek hainbat eskurantza daukate aitorturik, eta atzerri- eta

segurtasun-politika erkidea gauzatzeak ez du inolako eraginik izango ez prozedura horien

aplikazioan ez eskurantza horien helmenean.

Era berean, Batasunak kapitulu honen indarrez dituen eskumenak baliatze aldera, Tratatuen

arabera hainbat prozedura erabil daiteke eta instituzioek hainbat eskurantza daukate

aitorturik, eta artikulu horietan aipaturiko politikak gauzatzeak ez du inolako eraginik izango

ez prozedura horien aplikazioan ez eskurantza horien helmenean.

41. artikulua

(lehengo 28. artikulua EBT)

1. Kapitulu hau aplikatzeak instituzioei eragiten dizkien administrazio-gastuak

Batasunaren Aurrekontuaren pentzutan izango dira.

2. Kapitulu hau aplikatzetik sortutako eragiketa-gastuak ere Batasunaren aurrekontuaren

pentzutan izango dira, baina eremu militarrean edo defentsako eremuan eragin dezaketen

eragiketei buruzkoak, eta Kontseiluak, aho batez, beste gauzaren bat erabakitzen duen

kasuetakoak, salbuespen izango dira.

Kontseiluak beste zer edo zer erabakitzen ez badu, gasturen bat Batasunaren Aurrekontuari

egozten ez zaionean, estatu kideek ordaindu beharko dute, barne-produktu gordinean

oinarrituriko banaketa-klabe baten arabera. Eremu militarrean edo defentsa-eremuan eragina

daukaten operazioetatik sortutako gastuei dagokienez, baldin eta 31. artikuluko 1.

paragrafoko bigarren lerrokadaren araberako adierazpen formala egin badute ordezkariek

Kontseiluan, estatu kideek ez dute gastuen finantzaketan laguntzeko betebeharrik.

3. Batasunaren Aurrekontuan atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen esparruko

ekimenak finantzatzeko eta, batez ere, 42. artikuluko 1. paragrafoan eta 43. artikuluan

zehazturiko misioetako bat prestatzeko dauden kredituetara bizkor iristeko aukera

bermatzeko, Kontseiluak erabaki bat hartuko du, eta aukera hori gauzatzeko berariazko

prozedurak zehaztuko ditu erabaki horretan. Europako Parlamentuari aurretiaz kontsulta

eginda erabakiko du Kontseiluak.

Misio batzuk, 42. artikuluko 1. paragrafoan eta 309. artikuluan zehaztutakoak, estatu kideen

ekarpenek osatutako hasierako funts batetik ordainduko dira, baldin eta gastu horiek

Batasunaren Aurrekontuari egozten ez bazaizkio.

Kontseiluak gai hauek erabaki bidez zehaztuko ditu, eta erabaki horiek gehiengo kualifikatuz

onartu beharko ditu, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren

proposamen bati jarraiki, hauek dira zehaztu beharrekoak:

a) hasierako funts hori osatzeko eta finantzatzeko modalitateak, funtsari atxikitako finantzazenbatekoak

bereziki;

b) hasierako funts hori kudeatzeko modalitateak;

c) finantza-kontrolerako modalitateak.

42. artikuluko 1. paragrafoaren eta 43. artikuluaren arabera agindutako misioa ezin bada

Batasunaren Aurrekontutik ordaindu, Kontseiluak goi-ordezkariari funts hori erabiltzeko

baimena emango dio. Goi-ordezkariak Kontseiluari manu honen betearazpenaren berri

emango dio.

2. ATALA

SEGURTASUN- ETA DEFENTSA-POLITIKA ERKIDEARI BURUZKO XEDAPENAK

42. artikulua

(lehengo 17. artikulua EBT)

1. Segurtasun- eta defentsa-politika erkidea atzerri- eta segurtasun-politika erkidearen

zati osoa da. Batasunari bitarteko zibil eta militarretan oinarritutako ahalbide operatiboa

eskainiko dio. Batasunak bitarteko horiek erabili ahal izango ditu Batasunetik kanpoko

misioetan ere, misio horien helburua bakea gordeko dela bermatzea, gatazkei aurre hartzea

eta nazioarteko segurtasuna indartzea denean, Nazio Batuen Gutunaren printzipioekin bat

etorriz. Zeregin horiek betetzean, estatu kideek emandako ahalbideetatik hartuko da laguntza.

2. Segurtasun- eta defentsa-politika erkideak bere baitan hartuko du Batasunaren

defentsa-politika erkidea arian-arian eratzea ere. Horrek defentsa erkidea ekarriko du,

Kontseilu Europarrak hori aho batez erabakitakoan. Orduan, Kontseilu Europarrak

gomendioa egingo die estatu kideei ildo horretatik erabaki bat har dezaten, bakoitzak bere

konstituzioko arauekin bat etorriz.

Atal honen arabera, Batasunaren politikak ez dio eragingo zenbait estatu kideren segurtasuneta

defentsa-politikaren izaera bereziari; defentsa erkidea Ipar Atlantikoko Tratatuaren

Erakundearen barruan (NATO) egin behar dutela uste duten estatu kide batzuentzat Ipar

Atlantikoko Tratatutik sortutako betebeharrak errespetatu egingo ditu; eta esparru horretan

segurtasunari eta defentsari buruz ezarritako politika bateratuarekin bateragarri izan behar da

Batasunaren politika.

3. Estatu kideek, segurtasun- eta defentsa-politika erkidea aplikatzeko asmoz, ahalbide

zibilak eta militarrak utziko dituzte Batasunaren esku, Kontseiluak zehaztutako helburuak

betetzen laguntze aldera. Halaber, beren artean indar-talde multinazionalak osatzen dituzten

estatu kideek ere segurtasun- eta defentsa-politika erkidearen esku utzi ahal izango dituzte

ahalmenok.

Estatu kideek arian-arian beren ahalbide militarrak hobetzen joateko konpromisoa hartzen

dute. Defentsa-ahalmena, ikerkuntza, eskurapena eta armagintza garatzeko esparruko

Agentziak (aurrerantzean «Europako Defentsa Agentzia») honako hauek egingo ditu: behar

operatiboak zehaztu; horiek betetzeko neurriak sustatu; defentsa-arloko industria- eta

teknologia-oinarria indartzeko egoki diren neurri guztiak zehaztu, eta, hala dagokionean,

aplikatu; armagintzari eta ahalbideei buruzko Europako politika definitzen lagundu eta

ahalbide militarrak hobetzeko zereginak ebaluatzean Kontseiluari lagundu.

4. Kontseiluak, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariaren

proposamenez edo estatu kide baten ekimenez, aho batez onartuko ditu segurtasun- eta

defentsa-politika erkideari dagozkion erabakiak, artikulu honetan jasotako misioetako bati

hasiera ematekoak ere barnean direla. Goi-ordezkariak estatuetako bitartekoak eta

Batasunaren tresnak erabiltzeko proposamena egin ahal izango du, hala dagokionean,

Batzordearekin batera.

5. Kontseiluak, Batasunaren esparruaren barruan, misio bat burutu dezan agindu ahal

izango dio estatu kideen talde bati Batasunaren balioak defendatzeko eta bere interesen alde

jokatzeko. Misio hori burutzean, 44. artikulua izango da arau.

6. Ahalbide militarretan goreneko irizpideak bete eta, misiorik zorrotz-estuenak burutze

aldera, arlo horretan konpromiso lotuagoak sinatu dituzten estatu kideek lankidetza egituratu

iraunkorra eratuko dute Batasunaren esparruaren barruan. Lankidetza horrek 46. artikulua

izango du arau, eta ez du eraginik izango 43. artikuluan xedatutako horretan.

7. Baldin eta estatu kide bati armaz erasotzen badiote bere lurraldean, gainerako estatu

kideek laguntza eta sorospena eman beharko dizkiote, bakoitzak dituen bitarteko guztiak

erabilita, Nazio Batuen Gutunaren 51. artikuluaren arabera. Hori halaxe izango da, baina

zenbait estatu kideren segurtasun- eta defentsa-politikaren berariazko izaerari kalterik egin

gabe.

Esparru honetako konpromisoak eta lankidetzak gero ere Ipar Atlantikoko Tratatuaren

Erakundearen barruan hartutako konpromisoei egokituko zaizkie, erakunde hori izango baita

aurrerantzean ere, erakundea osatzen duten estatu kideentzat, beren defentsa kolektiboaren

oinarri eta defentsa hori burutzeko organismo.

43. artikulua

1. Batasunak, 42. artikuluko 1. paragrafoan zehazturik dauden misio horietan, baliabide

zibilak eta militarrak ere erabili ahal izango ditu; jardun hauek daude misio horien barruan:

desarme-lanetarako jarduera bateratuak, misio humanitarioak eta erreskate-misioak, kontu

militarretan aholkuak eta laguntza emateko misioak, gatazkei aurrea hartzeko eta bakeari

eusteko misioak, krisia kudeatze aldera borroka-indarren parte hartzea eskatzen duten

misioak, lekuren bat atzera bake-bidean jartzeko misioak eta gatazkak amaitu ondorengo

egoerak egonkortzeko operazioetarako misioak. Misio horiek denak izan daitezke

terrorismoaren aurkako borrokarako lagungarri, besteak beste, hirugarren herrialdeei beren

lurrean horren aurka borrokatzen lagunduz.

2. Goiko 1. paragrafoan aipaturiko misioei buruzko erabakiak Kontseiluak hartuko ditu,

eta, erabaki horietan, misioaren xedea, helmena eta betetzeko arau orokorrak ere zehaztu

beharko ditu. Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkariak izango

du, Kontseiluaren agintaritzapean, eta Politika eta Segurtasun Komitearekin etengabeko

harreman estuan dagoela, misio horien alderdi zibilak eta militarrak koordinatzeko ardura.

44. artikulua

1. Kontseiluak, 43. artikuluarekin bat hartzen dituen erabakien esparruan, bere esku

izango du estatu kide batzuei misio jakin bat burutzeko agintzea. Horrelakoetan, misio hori

egiteko nahia eta nahikoa ahalbide izan behar dute estatuek. Estatu kide horien artean

adostuko dute misioaren kudeaketa, Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goiordezkariarekin

elkarturik.

2. Misio horietan parte hartzen duten estatu kideek, beren ekimenez edo estatu kide batek

eskaturik, misioaren garapenaren berri emango diote Kontseiluari aldian-aldian. Misioa

burutzeak ondorio garrantzitsuak badakartza, edo 1. paragrafoan aipatutako erabakian misio

horretarako zehazturiko xedea, helmena edo baldintzak aldatzea nahitaezkoa bada, parte

hartzen ari diren estatu kideek berehala jakinarazi beharko diote Kontseiluari. Halakoetan,

Kontseiluak beharrezko diren erabakiak hartuko ditu.

45. artikulua

1. Europako Defentsa Agentzia, 42. artikuluko 3. paragrafoan aipatua, Kontseiluaren

agintaritzapean egongo da, eta eginkizun hauek izango ditu:

a) estatu kideen ahalbide militarren inguruko helburuak finkatzen laguntzea eta estatu

kideek ahalbide horiei dagokienez harturiko konpromisoak betetzen ote dituzten

ebaluatzen laguntzea;

b) premia operatiboen harmonizazioa bultzatzea eta eskuraketa-metodo eraginkorrak eta

bateragarriak erabil daitezen bultzatzea;

c) ahalbide militarren inguruko helburuak betetzeko, alderdi askotako proiektuak

proposatzea eta estatu kideek aurrera daramatzaten programak eta lankidetza-programa

jakinen kudeaketa koordinatzea;

d) defentsa-teknologia ikertzeko ahaleginak babestea; ikerketa-jarduera bateratuak

koordinatzea eta planifikatzea eta etorkizuneko premia operatiboei erantzuteko

konponbide teknikoak aurkitzeko azterlanak koordinatzea eta planifikatzea;

e) defentsa-arloko industria- eta teknologia-oinarria sendotzeko eta gastu militarren

eraginkortasuna hobetzeko edozein neurri egoki finkatzen, eta, hala dagokionean,

aplikatzen, laguntzea.

2. Hala nahi duten estatu kide guztiek parte har dezakete Europako Defentsa Agentzian.

Agentziaren estatutua, egoitza eta funtzionamendu-modua erabaki baten bidez zehaztuko

dira. Kontseiluak hartuko du erabaki hori, gehiengo kualifikatuz. Agentziaren jardueretan

estatuek benetan zenbateraino parte hartzen duten ere izango du kontuan erabaki horrek.

Proiektuetan batera dabiltzan estatu kideek berariazko hainbat talde osatuko dute Agentzia

barruan. Eginkizunak betetzeko orduan, beharrezkoa bada, Agentzia Batzordearekin

harremanetan egongo da.

46. artikulua

1. Goiko 42. artikuluko 6. paragrafoan aipaturik dagoen lankidetza egituratu

iraunkorrean parte hartu nahi duten estatu kideek, lankidetza egituratu iraunkorrari buruzko

protokoloan ahalbide militarrak direla-eta jasota dauden irizpideak betetzen eta

konpromisoak onartzen badituzte, Kontseiluari eta Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika

erkideko goi-ordezkariari eman beharko diote beren asmoaren berri.

2. Goiko 1. paragrafoan aipaturiko jakinarazpena egin ondorengo hiru hilabeteko epean,

Kontseiluak erabaki bat hartu beharko du. Erabaki horretan zehaztuko du lankidetza egituratu

iraunkorra, baita partaide diren estatu kideen zerrenda ere. Kontseiluak, goi-ordezkariari

kontsulta egin ondoren, gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak.

3. Gerora, beste estatu kideren batek parte hartu nahi badu lankidetza egituratu

iraunkorrean, Kontseiluari eta goi-ordezkariari jakinarazi beharko die.

Kasuan kasuko estatu horren parte hartzea berresteko, Kontseiluak erabaki bat hartuko du.

Estatu horrek lankidetza egituratu iraunkorrari buruzko protokoloko 1. eta 2. artikuluan jasota

dauden irizpideak bete eta konpromisoak onartu beharko ditu. Kontseiluak, goi-ordezkariari

kontsulta egin ondoren, gehiengo kualifikatuz hartuko ditu erabakiak. Kontseiluko kideen

artetik, estatu kide parte-hartzaileen ordezkariek besterik ez dute parte hartuko bozketan.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluko 3.

paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da gehiengo kualifikatua.

4. Estatu kide parte-hartzaile batek ez baditu lankidetza egituratu iraunkorrari buruzko

protokoloko 1. eta 2. artikuluetan jasota dauden irizpideak betetzen, edo ez badago horko

konpromisoak onartzeko moduan, Kontseiluak erabakia hartu ahal izango du, estatu horren

partaidetza eteteko.

Kontseiluak gehiengo kualifikatuz hartuko du erabaki hori. Kontseiluko kideen artetik, estatu

kide parte-hartzaileen ordezkariek besterik ez dute parte hartuko bozketan, kasuan kasuko

estatua alde batera utzita.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluko 3.

paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da gehiengo kualifikatua.

5. Estatu kide parte-hartzaileetako batek lankidetza egituratu iraunkorra uztea

erabakitzen badu, Kontseiluari jakinarazi beharko dio erabaki hori; Kontseiluak aintzakotzat

hartuko du estatu kide horren partaidetza amaitu dela.

6. Kontseiluak lankidetza egituratu iraunkorraren esparruan hartu beharreko erabakiak

eta gomendioak, 2. paragrafotik 5.era bitartean jasota daudenez bestelakoak, aho batez

onetsiko dira. Paragrafo hau aplikatzeko orduan, partaide diren estatu kideen ordezkarien

botoek besterik ez dute osatuko ahobatezkotasun hori.

VI. TITULUA

AZKEN XEDAPENAK

47. artikulua

Batasunak nortasun juridikoa du.

48. artikulua

(lehengo 48. artikulua EBT)

1. Tratatuak aldatu ahal izango dira berrikuspen-prozedura arrunt baten arabera.

Berrikuspen-prozedura erraztuen arabera ere aldatu ahal izango dira.

Berrikuspen-prozedura arrunta

2. Estatu kideetako gobernuek, Europako Parlamentuak edo Batzordeak Tratatuak

berrikusteko proiektuak aurkez diezazkiokete Kontseiluari. Proiektu horien xede izan daiteke,

besteak beste, Batasunari Tratatuek esleitutako eskumenak gehitzea edo murriztea.

Kontseiluak Kontseilu Europarrari helaraziko dizkio proiektuok, eta estatuetako parlamentuei

ere horien berri emango die.

3. Kontseilu Europarrak, Europako Parlamentuari eta Batzordeari aurretiaz kontsulta

eginda, eta gehiengo soilez, proposatutako aldaketak aztertzearen aldeko irizpena onartzen

badu, Kontseilu Europarreko lehendakariak Konbentzio baterako dei egingo du; estatuetako

parlamentuen, estatu kideetako estatuburu edo gobernuburuen, Europako Parlamentuaren eta

Batzordearen ordezkariak izango dira Konbentzioko kide. Diru-eremuko instituzioei

buruzkoak badira aldaketak, Europako Banku Zentralari ere egingo zaio kontsulta.

Konbentzioak, berrikuspen-proiektuak aztertu, eta adostasunez onartuko du estatu kideetako

gobernuen ordezkarien Biltzarrarentzako gomendioa; 4. paragrafoaren arabera.

Kontseilu Europarrak gehiengo soilez erabaki dezake, Europako Parlamentuak aurretiaz

onespena emanda, Konbentzioa ez deitzea, aldaketen garrantziak ez badu horrelakorik

justifikatzen. Azken kasu horretan, Kontseilu Europarrak estatu kideetako gobernuen

ordezkarien Biltzarrerako manua emango du.

4. Kontseiluko lehendakariak estatu kideetako gobernuen ordezkarien Biltzarra deituko

du, tratatuetan sartu beharreko aldaketak adostasunez onar daitezen.

Aldaketak estatu kide guztiek, bakoitzak bere konstituzioko arauen arabera berretsi eta gero

sartuko dira indarrean.

5. Tratatuak aldatzeko tratatu bat sinatu eta bi urteko epea igarota, estatu kideetako

bostetik lauk Tratatua berretsi badute eta estatu kideetako batek edo batzuek oztopoak izan

badituzte berrespen horretarako, auzia Kontseilu Europarrak aztertuko du.

Berrikuspen-prozedura erraztuak

6. Estatu kideetako gobernuek, Europako Parlamentuak edo Batzordeak Europar

Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren hirugarren zatiko xedapenak,

Batasunaren barne-politika eta -ekintzei buruzkoak, guztiz edo zati batean berrikusteko

proiektuak aurkez diezazkiokete Kontseilu Europarrari.

Kontseilu Europarrak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren

hirugarren zatiko xedapenak guztiz edo zati batean aldatuko duen erabakia har dezake.

Kontseilu Europarrak aho batez erabakiko du, Europako Parlamentuari, Batzordeari eta

Europako Banku Zentralari aurretiaz kontsulta eginda, diru-eremuko instituzioei buruzko

aldaketak badira. Estatu kideek onartzen dutenean sartuko da indarrean erabaki hori, eta

estatu bakoitzak bere konstituzio-arauetan ezarritakoari jarraituz onartu beharko du.

Bigarren lerrokadan jasotzen den erabakiak ezin izango ditu Tratatuek Batasunari esleitzen

dizkioten eskumenak gehitu.

7. Baldin eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak edo Tratatu

honetako V. tituluak xedatzen badute Kontseiluak aho batez erabaki behar duela eremu edo

gai jakin batean, Kontseilu Europarrak erabaki bat hartu ahal izango du, horren bidez,

Kontseiluari eremu edo gai horretan gehiengo kualifikatuz erabakitzeko baimena emateko.

Lerrokada hau ez zaie aplikatuko eremu militarrean edo defentsako eremuan eragin dezaketen

erabakiei.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak xedatzen duenean Kontseiluak

legegintza-prozedura berezi baten arabera hartuko dituela legegintzako egintzak, Kontseilu

Europarrak egintza horiek legegintzako prozedura arruntaren arabera hartzea baimentzen

duen erabakia hartu ahal izango du.

Kontseilu Europarrak lehenengo edo bigarren lerrokaden indarrez hartutako ekimenak

estatuetako parlamentuei helaraziko zaizkie. Ekimena parlamentuei helarazi zaienetik hasita

sei hilabeteko epean estaturen bateko parlamentuak jakinarazten badu kontra dagoela, ez da

lehenengo edo bigarren lerrokadetan adierazten den erabakia hartuko. Kontra dagoenik egon

ezean, Kontseilu Europarrak aipatu erabakia hartu ahal izango du.

Lehen eta bigarren lerrokadetan adierazten diren erabakiak hartzeko, Kontseilu Europarrak

aho batez erabaki behar du, Europako Parlamentuak aurretiaz onespena emanda, eta hori

kideen gehiengoz egingo du Parlamentuak.

49. artikulua

(lehengo 49. artikulua EBT)

Europako edozein estatuk, 2. artikuluan aipatzen diren balioak errespetatzen baditu eta balio

horiek sustatzeko konpromisoa hartzen badu, Batasuneko kide izateko eskabidea egin dezake.

Eskaera horren berri emango zaie Europako Parlamentuari eta estatu kideetako parlamentuei.

Eskabidea egin nahi duen estatuak Kontseiluari zuzenduko dio eskaria, eta horrek aho batez

erabaki behar du, Batzordeari kontsulta egin ondoren eta Europako Parlamentuak eskaria

onartu ondoren; Parlamentuak kideen gehiengoz erabakiko du. Kontuan izango dira

Kontseilu Europarrak onartutako hautagarritasun-irizpideak.

Batasunaren oinarri diren tratatuei dagokienez, onarpen horrek dakartzan onarpen-baldintzak

eta egokitzapenak estatu kideen eta eskaera egin duen estatuaren arteko akordio batez

zehaztuko dira. Akordio hori estatu kontratugile guztiei aurkeztuko zaie sendets dezaten,

bakoitzak bere konstituzioko arauen arabera.

50. artikulua

1. Estatu kideetako edozeinek erabaki ahal izango du, bere konstituzio-arauekin bat

etorrita, Batasuna uztea.

2. Batasuna uztea erabaki duen estatu kideak Kontseilu Europarrari eman behar dio asmo

horren berri. Kontseilu Europarrak emandako argibideak oinarri, Batasunak akordio bat

negoziatu eta sinatuko du estatu kide horrekin Batasuna uzteko modua ezartzeko, betiere,

estatu horrek Batasunarekin etorkizunean izango duen harreman-esparrua aintzat hartuta.

Akordio hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 218. artikuluko

3. paragrafoaren arabera negoziatuko da. Kontseiluak sinatuko du hitzarmena Batasunaren

izenean gehiengo kualifikatuz, Europako Parlamentuak aurretiaz onespena emanda.

3. Tratatuak kasuan kasuko estatuan aplikatzeari utziko zaio Batasunetik bereizteko

akordioa indarrean sartzen den egunean edo, horrelakorik ezean, 2. paragrafoan zehaztutako

jakinarazpena egin eta handik bi urtera, baldin eta Kontseilu Europarrak, bereizi nahi duen

estatu horrekin ados jarrita, aho batez epe hori luzatzea erabakitzen ez badu.

4. Batasunetik bereizi nahi duen estatuak Kontseilu Europarrean eta Kontseiluan duen

ordezkariak, 2. eta 3. paragrafoen ondorioetarako, ez du parte hartuko Kontseilu Europarrean

edo Kontseiluan estatu horri buruz egiten diren eztabaidetan ezta hartzen diren erabakietan

ere.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 238. artikuluko 3. paragrafoko

b) idatz-zatiaren arabera zehaztuko da gehiengo kualifikatua.

5. Batasunetik bereizi den estatu kideak berriz ere Batasunari atxikitzea eskatzen badu,

bere eskaera hori 49. artikuluan ezarritako prozeduren arabera bideratuko da.

51. artikulua

Tratatuetako protokoloak eta eranskinak tratatuetako zati dira.

52. artikulua

1. Tratatuak ondorengoei aplikatuko zaizkie: Belgikako Erresumari, Bulgariako

Errepublikari, Txekiar Errepublikari, Danimarkako Erresumari, Alemaniako Errepublika

Federalari, Estoniako Errepublikari, Irlandari, Heleniar Errepublikari, Espainiako Erresumari,

Frantziako Errepublikari, Italiako Errepublikari, Zipreko Errepublikari, Letoniako

Errepublikari, Lituaniako Errepublikari, Luxenburgoko Dukerri Handiari, Hungariako

Errepublikari, Maltako Errepublikari, Herbehereetako Erresumari, Austriako Errepublikari,

Poloniako Errepublikari, Portugalgo Errepublikari, Errumaniari, Esloveniako Errepublikari,

Eslovakiako Errepublikari, Finlandiako Errepublikari, Suediako Erresumari eta Britainia

Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuari.

2. Tratatuen aplikaziorako lurralde-eremua Europar Batasunaren Funtzionamenduari

buruzko Tratatuko 355. artikuluan zehazten da.

53. artikulua

(lehengo 51. artikulua EBT)

Tratatu hau epe-muga jakinik gabe egiten da.

54. artikulua

(lehengo 52. artikulua EBT)

1. Tratatu hau tratatugile gorenek berretsiko dute, bakoitzak bere konstituzio-arauen

arabera. Berrespen-agiriak Italiako Errepublikako Gobernuak gordeko ditu.

2. Tratatu hau 1993ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, baldin eta berrespen-agiri

guztiak gordetzeko eman badira; edo, horrela izan ez bada, sinatzen azkena izan den estatuak

berrespen-agiria gordetzeko eman, eta ondorengo hilaren lehenengo egunean.

55. artikulua

(lehengo 53. artikulua EBT)

1. Tratatu hau ale bakar batean idatzi da hurrengo hizkuntzetan: alemanez, bulgarieraz,

txekieraz, danieraz, eslovakieraz, eslovenieraz, espainieraz, estonieraz, finlandieraz,

frantsesez, grezieraz, hungarieraz, ingelesez, irlanderaz, italieraz, letonieraz, lituanieraz,

malteraz, nederlanderaz, polonieraz, portugesez, errumanieraz eta suedieraz. Testu horiek

guztiak kautoak dira, eta Italiako Errepublikako Gobernuaren artxiboan jasoko dira. Gobernu

horrek kopia kautotu bana igorriko die gainerako gobernu sinatzaileei.

2. Tratatu hau estatu kideek zehaztuko dituzten beste hizkuntza batzuetara ere itzuli ahal

izango da, baldin eta estatu horietako konstituzio-ordenamenduaren arabera maila ofiziala

badute lurralde osoan edo zati batean. Kasuan kasuko estatu kideak itzulpen horien kopia

ziurtatua bidaliko du, Kontseiluaren artxiboetan gordetzeko.

HORREN FEDE EMANEZ, beheko sinatzaile ahal osokoek izenpetzen dute tratatu hau.

Maastrichten egina, mila bederatziehun eta laurogeita hamabiko otsailaren zazpian

(Ez da sinatzaileen zerrenda jaso).

euskal legezalea