92006forulegea,

9/2006 Foru Legea, Bolondres lana buruzko 2/1998 Foru Legea aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

9/2006 FORU LEGEA, uztailaren 5ekoa, Bolondres lana buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA naizen honek

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela.

FORU LEGEA, BOLONDRES LANARI BURUZKO MARTXOAREN 27KO 2/1998 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko boluntarioen lana arautu zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluko 17., 14. eta 18. zenbakiek Nafarroari erabateko eskumena esleitu baitzioten gizarte laguntzaren, aisialdiaren erabilera egokiaren, komunitatearen garapenaren eta hirugarren adinekoen politikaren arloetan.

Aipaturiko legeak boluntarioen entitateei aseguru-poliza bat izenpetzeko betebeharra, besteak beste, ezartzen zien, boluntarioek boluntario lanetan aritzen ziren bitartean jasaten ahal zituzten eritasun arriskuei aurre egiteko.

Foru lege horrek indarra hartu zuenetik izaniko esperientziak direla-eta, boluntarioen entitateek poliza horiek izenpetzerik eta, hortaz, baldintza hori betetzerik ez dutela frogatu da. Beraz, onetsitako araudia ezin da bete.

Hori dela kausa, Nafarroako Gobernuak foru lege proiektu bat bidali zion Parlamentuari arau haren aldaketa proposatzeko, batetik, boluntarioen entitateei ezarritako betebeharrak merkatuko benetako aukeretara egokitzeko eta, bestetik, argi uzteko hirugarrenei eragiten zaizkien kalte-galerak ere bere gain hartu beharko dituela estaldurak.

Hala ere, Bolondres lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legea hein batean aldatu zuen apirilaren 4ko 4/2006 Foru Legeak boluntarioen eritasunak estaltzeko aseguru bat ezartzera behartzen zituen entitateak berriro ere, nahiz eta, proiektu haren zioen azalpenean adierazi eta Parlamentuak hitzez hitz onetsi bezala, betebehar hori betetzea ezinezkoa duten, merkatuan ez baitago horrelakorik estaltzen duen inolako polizarik.

Horregatik, kontuan harturik boluntarioen erakundeek beste testu arau-emaile bat onesteko egin duten eskaera, legearen kontrako egoera batean aritu behar ez izateko, bidezkoa da Bolondres lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legea aldatzea, boluntarioen eritasunak estaltzeko aseguru poliza bat sinatzearen beharkizuna kentzeko.

Artikulu bakarra._Bolondres lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legea aldatzea.

Bolondres lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 6.3.b) eta 11.2 artikuluak aldatu dira. Honelaxe idatzita gelditu dira:

Bat._6.3 artikulua.

" b) Boluntarioen lanaren zuzeneko ondorioak diren istripu eta kalte-galera arriskuen kontra aseguratuak izatea, erregelamenduz ezartzen diren ezaugarri eta diru kopuruen arabera."

Bi._11. artikulua.

"2. Aipatu entitateek aseguru-poliza bat izenpetu beharko dute, boluntarioek boluntario lanetan aritzen diren bitartean izaten ahal dituzten istripu arriskuei aurre egiteko, eta beren jardueraren ondorioz eragin ditzaketen kalte-galerengatik hirugarrenen aurrean erantzukizuna hartzeko."

Azken xedapen bakarra. Indar hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2006ko uztailaren 5ean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea