Adingabeen justizia-administraziorako Nazio Batuen gutxieneko Erregelak (Beijingo erregelak)

Euslege

Adingabeen justizia-administraziorako Nazio Batuen gutxieneko Erregelak (Beijingo Erregelak)

Biltzar Orokorrak onetsiak, 1985eko azaroaren 28ko 40/33 ebazpenean

Lehenengo zatia

Printzipio orokorrak

1. Oinarrizko orientazioak

1.1 Estatu kideak saiatuko dira, kasuan kasuko euren interes orokorrekin bat etorriz, adingabearen eta bere familiaren ongizatea sustatzen.

1.2 Estatu kideek ahaleginak egingo dituzte honako baldintzak sortzeko, adingabeari bermatuko diotenak bizitza esanguratsua erkidegoan; horretarako, adinaren aldetik eta bere portaerari begira zein izan adingabearentzat sasoirik okerrena eta aldi horretan bultzatuko dute prozesu bat garapen pertsonalerako eta hezkuntzarako, delitu eta delinkuentziatik kanpo egongo dena.

1.3 Adingabearen ongizatea sustatzeko helburuarekin, legearen arabera esku hartzeko premia gutxitzeko, eta legearekin arazoak dituen adingabeari tratamendu eraginkorra, gizatiarra eta bidezkoa ezartzeko, behar den garrantzia emango zaio neurri zehatzak hartzeari, neurri horiek ahalbidetzen dutenean baliabide erabilgarri guztiak erabat kontuan hartzea, besteak beste, familia, boluntarioak eta beste erkidego-izaeradun taldeak, bai eta eskolak eta erkidegoaren beste erakundeak.

1.4 Adingabeen justizia sortu behar da herrialde bakoitzaren nazio-garapenerako prozesuaren osagai gisa eta administratu behar da adingabe guztien justizia sozialaren esparru orokorrean, lagungarri izan dadin gazteak babesten eta gizartearen orden baketsua gordetzen.

1.5 Erregela hauek aplikatuko dira kontuan hartuta Estatu kide bakoitzean nagusi diren baldintza ekonomikoak, sozialak eta kulturalak.

1.6 Adingabeen justizia-zerbitzuak modu egituratu batean hobetu eta koordinatuko dira, zerbitzu horien funtzionarioen gaitasuna igotzeko eta horiei eusteko, baita erabilitako metodoak eta ikuspegiak eta hartutako jarrerak ere.

Iruzkina

Oinarrizko orientazio hauek orokorrak dira eta politika sozialari dagozkio bere osotasunean eta horien xedea da adingabearen ongizatea sustatzea, ahalik eta neurririk zabalenean, horrek ahalbidetuko baitu gutxienera murriztea adingabeen justizia-sistemak bere gain hartu behar dituen kasuak; horretara ere, gutxienera murriztuko dira orokorrean edozein motatako esku hartzeak eragiten dituen kalteak. Adingabeen arreta izateko neurri horiek, delitu-izaerako bizitza hasi aurretik delitua bera prebenitzeko xedea dutenak, politikaren oinarrizko baldintzak dira eta bideratuta daude alde batera uztera Erregela hauek aplikatzeko premia.

1.1etik 1.3arteko erregelek adierazten dute politika sozial eraikitzaile batek egin dezakeen lan garrantzitsua, adingabeari dagokionez, besteak beste, gazteen delituak eta delinkuentzia prebenitzeko. 1.4 erregelak adierazten du adingabeen justizia dela adingabeentzako justizia sozialaren zati osagarria; 1.6 erregelak, ordea, adingabeen justizia modu iraunkorrean hobetzeko beharra aipatzen du, berori geratu ez dadin, adingabeari dagokionez, orokorrean aurrera doan politika sozial baten bilakaeraren atzean, aintzat hartuta langileen zerbitzuak modu bateragarrian hobetzeko beharra.

1.5 erregelan, bestalde, ahaleginak egiten dira Estatu kideetan nagusi diren baldintzak aintzat hartzeko, horiek eragin dezaketelako estatu kideetako batean erregela zehatz batzuk aplikatzeko modua, nahitaez, beste estatu batzuetan onartutako modutik desberdintzea.

2. Erregelen noranahikoa eta erabilitako definizioak

2.1 Jarraian aipatuko diren gutxieneko erregelak adingabeko delitugileei inpartzialtasun osoz aplikatuko zaizkie, inolako bereizketarik gabe, esaterako, arraza, kolore, sexu, hizkuntza edo erlijioagatik, politikako edo bestelako iritziagatik, jatorri nazionala edo sozialagatik, egoera ekonomikoagatik, jaiotza edota beste edozein baldintzagatik.

2.2 Erregela hauen helburuetarako, Estatu kideek aplikatuko dituzte hurrengo definizioak, kasuan kasuko sistema eta kontzeptu juridikoekin bateragarriak izango direnak:

a) Adingabea da, kasuan kasuko sistema juridikoaren arabera, haur edo gazte oro, delitu batengatik zigortu daitekeena halako modu batez, heldu bati ezar dakiokeen zigorra baino desberdina. b) Delitua da portaera oro (egite edo ez egitea), legeak zigortua, zein izan sistema juridikoa eta horren arabera; eta

c) Delitugile adingabea da haur edo gazte oro, horri egotzi zaionean delitu bat egin duela edo uste izan denean delitu bat egiteagatik erruduna dela.

2.3 Nazio-jurisdikzio bakoitzean ahaleginak egingo dira lege-, arau- eta xedapen-multzo bat aldarrikatzeko, beren-beregi adingabeko delitugileei aplikagarriak direnak, bai eta adingabeen justizia-administrazioaren ardura duten organo eta erakundeei ere; multzo horren xedea izango da:

a) Adingabeko delitugileen beharrizan desberdinei erantzutea, eta, era berean, euren oinarrizko eskubideak babestea;

b) Gizartearen beharrizanak asetzea;

c) Zentzutasunez eta justiziaren arabera aplikatzea jarraian aipatuko diren erregelak.

Iruzkina

Gutxieneko erregelak hala nahita egin dira, aplikagarriak izan daitezen adingabeko delitugileen tratamenduan, gazte kontzeptuaren edozein definizioren arabera eta adingabeko delitugileen tratamendurako edozein sistemaren arabera. Erregelak beti aplikatuko dira inpartzialtasun osoz eta inolako bereizketarik gabe.

Hartara, 2.1 erregelak azpimarratzen du zein garrantzitsu den erregelak beti aplikatzea, inpartzialtasun osoz eta bereizketarik gabe Erregela hori eratzeko oinarri gisa hartu da Haurren Eskubideen Adierazpenaren 2. Printzipioa.

2.2 erregelak "adingabe" eta "delitu" hitzak definitzen ditu "adingabe delitugile" kontzeptuaren osagai gisa; izan ere, kontzeptu hori da gutxieneko Erregela hauen xedea (dena dela, ikus 3 eta 4. erregelak ere). Azpimarratzekoa da erregelok beren-beregi xedatzen dutela nazio-sistema juridiko bakoitzari dagokiola finkatzea ondorio hauetarako gutxieneko eta gehieneko adina eta zuhurtasunez errespetatzea estatu kideen sistema ekonomiko, sozial, politiko, kultural eta juridikoak. Horrek esan nahi du “adingabe” kontzeptua aplikatuko zaiela adin desberdinetako gazteei, hau da, 7 urtetik 18 urtera edo adin horretatik goragokoei ere. Malgutasun horrek saihestezina ematen du nazio bakoitzaren sistema juridikoen aniztasuna aintzat hartuta; hainbatez, horrek ez ditu mugatzen gutxieneko Erregelen ondorioak.

2.3 erregelak xede du gutxieneko Erregelen aplikaziorako nazio-legeak izateko premiari erantzuna ematea, ikuspuntu juridikotik nahiz praktikotik.

3. Erregelen aplikazio-esparrua zabaltzea

3.1 Erregelen xedapen egokiak ez dira aplikatuko bakar-bakarrik adingabeko delitugileei, baita prozesatuak izan daitezkeenei ere, edozein egintza zehatz gauzatzearren, egintza hori zigorgarria ez denean, helduen jokabideari dagokionez.

3.2 Ahaleginak egingo dira Erregeletan jasotako printzipioen noranahikoa zabaltzeko, adingabearen laguntza eta ongizateari buruzko prozeduretan barneratuta dauden adingabe guztiengana.

3.3 Ahaleginak egingo dira, halaber, Erregeletan jasotako printzipioen noranahikoa zabaltzeko delitugile heldu gazteei.

Iruzkina

3 erregelak zabaldu egiten du aplikazio-esparrua, adingabeen justizia-administraziorako gutxieneko Erregelek emandako babesari begira, horren barruan har ditzan:

a) “Euren izaera dela eta, eginiko delituak” deiturikoak, halakoak nazio-sistema juridiko desberdinek aurreikusten dituzte; sistema horien arabera, adingabeen delitutzat jotzen da halako jokabide bat, desberdina dena, eta orokorrean, helduen kasuan baino zabalagoa (esaterako, arrazoirik gabeko absentziak, desobedientzia eskolan eta familian, mozkorkeria jendaurrean, eta abar) (3.1 erregela);

b) Adingabeei arreta emateko eta ongizateari buruzko prozedurak (3.2 erregela);

c) Delitugile heldu gazteen auziperatzea, nahiz eta kasu honetan Erregelak aplikatzea adin nagusitasunari buruzko xedapen egokien mende egongo den (3.3 erregela)

Badira arrazoiak Erregelen aplikazio-esparrua zabaltzeko eta lehenago aipatu hiru eremuak horren barruan sartzeko. 3.1 erregelak gutxieneko bermeak aurreikusten ditu eremu horietan, eta uste ohi da 3.2 erregela urrats garrantzitsua dela justizia-sistema inpartzialagoa, ekitate handiagokoa eta gizalege zabalagokoa ezartzeko, legea urratzen duten adingabe guztientzako.

4. Zigor arloko adin nagusitasuna

4.1 Zigor arloko adin nagusitasun kontzeptua aitortzen duten sistema juridikoek, adingabeei dagokienez, ezin izango dute finkatu adin horren hasiera adineko urte gutxiegietan, kontuan izanik heldutasun emozional, mental eta intelektualak dakartzaten inguruabarrak.

Iruzkina

Zigor-erantzukizunaren ondorioetarako gutxieneko adina nabarmen aldatzen da faktore historiko eta kulturalen arabera. Egungo ikuspegian barruratzen da aztertzea, zer eta, ea haurrek zinez aintzat hartzen dituzten zigor-erantzukizunaren osagai moral eta psikologikoak; hau da, ea pentsa daitekeen haurra dela, berari dagokion gizabanakoaren bereizmen eta ulermenaren arabera, gizartearen aurkako jokabidearen erantzule. Zigor arloko adin nagusitasuna finkatzen bada adineko urte gutxiegietan edo inolako gutxieneko adinik ezartzen ez bada, orduan erantzukizun kontzeptuak galdu egingo du bere esanahia. Orokorrean, oso lotura sendoa dago delitu-jokabidearen edo jokabide kriminalaren ondoriozko erantzukizun kontzeptuaren eta beste eskubide eta gizarte-erantzukizunen artean (besteak beste, egoera zibila, adin nagusitasuna ondorio zibiletarako, eta abar).

Horrenbestez, behar-beharrezkoa da ahaleginak egitea arrazoizko gutxieneko adin bat adosteko, nazioarte-mailan aplikatua izan dadin.

5. Adingabeen justiziaren xedeak

5.1 Adingabeen justizia-sistemak azpimarratuko du horien ongizatea eta bermatuko du adingabeko delitugilearekiko erantzun oro proportziozkoa izango dela, delitugilearen eta delituaren inguruabarrak uneoro aintzat hartuta.

Iruzkina

5 erregelari dagozkio adingabeen justiziaren xedeetatik garrantzitsuenetako bi. Lehenengo xedea da adingabearen ongizatea sustatzea. Hauxe da, izan ere, sistema juridikoen ikuspunturik garrantzitsuena, sistema horien ondorioz adingabeko delitugileak familia-auzitegiek edo beste administrazio-agintaritzek auziperatzen dituztela; hala ere, azpimarratu egin behar da, orobat, adingabeen ongizatea sistema judizialetan, horiek zigor-auzitegiaren eredua jarraitzen badute; hartara, lagundu egingo da zigor-zehapen hutsak saihestea. (Ikus 14. erregela ere)

Bigarren xedea da “proportzionaltasunaren printzipioa”. Printzipio hau ezaguna da zigor-zehapenak murrizteko instrumentu gisa, eta nagusiki adierazten da halako formula batez, bertan egileak merezi duena izan behar duela, delituaren larritasunaren arabera. Delitugile gazteei erantzuna emateko oinarriak dira delituaren larritasunaren azterketa eta inguruabar pertsonalak. Delitugilearen inguruabar pertsonalek (esaterako, bere gizarte-egoera, bere familia-egoera, delituak eragindako kaltea edo beste faktore batzuk, inguruabar pertsonalekin zer ikusia dutenak) eragina izan behar dute erantzunaren proportzionaltasunean (esaterako, kontuan hartuta delitugilearen ahaleginak biktimari kalte-ordaina emateko edota bere jarrera ona, bizitza onuragarria eta probetxugarria hasteko).

Arrazoi berberagatik, delitugile gaztearen ongizatea ziurtatzera bideratutako erantzunek gainditu dezakete behar-beharrezkoa dena eta, hainbatez, gaztearen oinarrizko eskubideak urratu, adingabeen justizia-sistema batzuetan gertatu denaren antzera. Alderdi honetatik egokia da, halaber, erantzunaren proportzionaltasuna zaintzea, delitugilearen eta delituaren inguruabarrei dagokienez, biktimarenak barne.

Laburbilduz, 5 erregelak bakar-bakarrik eskatzen du adingabeen delinkuentzia edo kriminaltasun kasu zehatzei emandako erantzuna egokia izatea, ez gehiago, ez gutxiago. Erregelek zein gai lotetsi euren artean eta gai horiek lagundu dezakete aurrerapenak sustatzen bi norabidetan: erantzun-mota berriak eta berritzaileak beharrezkoak dira eta, era berean, halako aurreneurriak, helburu dutenak zer eta, saihestea, adingabeen gaineko kontrol sozial ofizialaren sarea modu bidegabe batez zabaltzea.

6. Nahieraren araberako ahalmenen noranahikoa

6.1 Kontuan hartuta adingabeen beharrizan berezi desberdinak, bai eta erabilgarri dauden neurrien aniztasuna, tarte nahikoa utziko da nahieraren araberako ahalmenak egikari daitezen epaiketen saio desberdinetan eta adingabeen justizia-administrazioaren maila desberdinetan, barne hartuta ikerketa-, auziperatze- eta epai-mailak eta erabakien neurri-osagarrien mailak.

6.2 Edonola ere, ahaleginak egingo dira behar besteko eskumena bermatzeko saio eta maila guztietan, nahieraren araberako ahalmenen horietako edozein egikaritzean.

6.3 Ahalmen horiek egikaritzen dituztenek prestakuntza edo gaitasun berezia izango dute, zuhurtasunez eta kasuan kasuko eginkizunen eta aginduen arabera jardun dezaten.

Iruzkina

6.1, 6.2 eta 6.3 erregelek alderdi garrantzitsuak aipatzen dituzte, adingabeen justizia-administrazio eraginkor, zuzen eta humanitarioari buruz:Nahieraren araberako ahalmenak prozeduraren maila guztietan egikaritzea baimentzeko beharra, erabakiak hartzen dituztenek har ditzaten kasu jakin bakoitzean egokiak irizten zaizkien neurriak, eta kontrolak eta orekak aurreikusteko beharra, nahieraren araberako ahalmenen edozein gehiegikeria gutxitzeko eta adingabeko delitugilearen eskubideak babesteko. Gaitasuna eta profesionaltasuna dira instrumenturik egokienak ahalmen horiek gehiegikeriaz ez egikaritzeko. Horregatik, beren-beregi azpimarratzen dira lanbide-egokitasuna eta adituen gaikuntza, baliabide baliotsu gisa, adingabeen delinkuentziari begira, nahieraren araberako ahalmen horiek zuhurtziaz egikaritzea ziurtatu dadin. (Ikus 1.6 eta 2.2 erregelak ere)Testuinguru honetan, agerian geratzen da ahalmen horiek egikaritzeko norabide zehatza ezartzea eta berrikuspenerako eta gora jotzeko sistemak edota beste antzeko sistema ezartzea, erabakien eta eskumenaren azterketa zehatza bideratzeko. Mekanismo horiek ez dira agiri honetan zehazten, ez baita erraza halakoak nazioarteko gutxieneko erregeletan txertatzea; horiek, bestalde, ezin izango dituzte barruratu sistema judizialetan dauden desberdintasunak.

7. Adingabeen eskubideak

7.1 Prozesuaren aldi guztietan errespetatuko dira prozesuko oinarrizko bermeak, hala nola, errugabetasun-presuntzioa, egotzitako akusazioen berri jakiteko eskubidea, erantzunik ez emateko eskubidea, aholkularitza-eskubidea, gurasoak edo tutoreak aurrean egoteko eskubidea, lekukoak aurrean izateko eta horiek esandakoa egiaztatzeko eta horiei galderak egiteko eskubidea eta goragoko agintaritzarengana gora jotzeko eskubidea.

Iruzkina

7.1 erregelak alderdi garrantzitsu batzuk azpimarratzen ditu; horiek epaiketa inpartzial eta zuzen ororen oinarrizko osagaiak adierazten dituzte, nazioarte-mailan ezagutzen direnak indarrean dauden giza eskubideen instrumentuetan. (Ikus 14. erregela ere) Errugabetasun-presuntzioa, esaterako, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 11. artikuluan ere agertzen da eta baita Eskubide zibil eta politikoen Nazioarteko Itunaren 14. artikuluaren 2. paragrafoan ere.

Gutxieneko Erregela hauen 14. erregelak eta hurrengoek garrantzitsuak diren gaiak zehazten dituzte, batik bat adingabeen arazoen prozedurari dagokionez; 7.1 erregelak, ordea, orokorrean berresten ditu prozesuaren berme oinarrizkoenak.

8. Intimitatearen babesa

8.1 Bidegabeko publizitatea edota adingabeak kaltetu ditzakeen difamazio-prozesua saihesteko, aldi guztietan errespetatuko zaie adingabeei euren intimitaterako eskubidea.

8.2 Hainbatez, ez da inolako informaziorik argitaratuko, halakoak bidea ematen badu adingabeko delitugilea nor den jakiteko.

Iruzkina

8. erregelak azpimarratzen du adingabeen intimitaterako eskubidea babestearen garrantzia Gazteak bereziki ahulak dira difamazioaren aurrean.Difamazio-prozesuei buruzko kriminologia azterketek frogak ekarri dituzte ondorio kaltegarrien inguruan (mota desberdinetakoak); izan ere, ondorio horiek sortzen dira gazteak etengabe eta guztien aurrean aurkeztuak baitira “delitugile” eta "kriminal” gisa.

8. erregelak ere azpimarratzen du zein garrantzitsu den adingabeak euren aurkako ondorioetatik babestea, ondorio horiek sortu direla kasuari buruzko informazioa komunikabideetan argitaratu delako (esaterako, adingabeen izena, susmoa dagoenean horiek delitugileak direla edo kondenatuak izan direla). Beharrezkoa da, hasieran behinik behin, pertsonaren interesa babestu eta defendatzea. (8 erregelaren eduki orokorra 21 erregelak zehazten jarraitzen du)

9. Salbuespen-klausulak

9.1 Erregela hauetan jasotako xedapenak ezin izango dira interpretatu adingabeak baztertzeko nondik eta, giltzapetuen tratamendurako gutxieneko Erregela hauen aplikazioaren esparrutik, erregela horiek Nazio Batuek onetsiak direla, ezta nazioarteko erkidegoak aitortutako beste instrumentu eta arauetatik baztertzeko ere, gazteen zaintza eta babesari dagokionez.

Iruzkina

9 erregelaren xedea da esanahiaren aldeko oker oro saihestea, Erregela hauen interpretazio eta aplikazioari dagokionez, kasuan kasuko nazioarteko instrumentu eta arauen arabera, -indarrean edo garapen bidean daudenak- giza eskubideei begira, hala nola, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Ekonomia-, Gizarte- eta Kultura-eskubideen Nazioarteko Ituna eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, Haurraren Eskubideen Adierazpena eta haurraren eskubideei buruzko konbentzioaren proiektua. Beharrezkoa da zehaztea Erregela hauen aplikazioak ez duela salbuesten nazioarteko edozein instrumentu betetzea, horietan jasotzen badira aplikazio zabalagoko xedapenak. (Ikus 27. erregela ere)

Bigarren zatia

Ikerketa eta auziperatzea

10. Lehenengo harremanak

10.1 Adingabe bat atxilotzen den bakoitzean, atxiloketa horren berri berehala jakinaraziko zaie bere gurasoei edo tutoreari, eta berehalako jakinarazpen hori egin ezin denean, ahalik eta epe laburrenean jakinaraziko zaie gurasoei edo tutoreari.

10.2 Epaileak, funtzionarioak edo erakunde eskudunak atzerapenik gabe aztertuko du adingabea aske uzteko aukera.

10.3 Kasu bakoitzaren inguruabarrak gorabehera, harremanetan jarriko dira legea betearazteko ardura duten erakundeak eta adingabeko delitugileak, adingabearen egoera juridikoa babesteko, haren ongizatea sustatzeko eta hark kalterik izatea saihesteko.

Iruzkina

Hainbatez, 10.1 erregela giltzapetuen tratamendurako gutxieneko Erregelen 92 erregelan jasotzen da.

Adingabea aske uzteko aukera (10.2 erregela) atzerapenik gabe epaileak edo beste funtzionario eskudunek aztertu behar dute. Funtzionario eskudunak dira pertsona edo erakunde oro, hitz horren zentzurik zabalenean, barne hartuta erkidegoaren batzak eta polizia-agintariak, ahalmenik badute atxilotutakoak aske uzteko. (Ikus Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 9. artikuluaren 3. paragrafoa ere)

10.3 erregelak auzipetzearen eta jokabidearen oinarrizko alderdi batzuk aipatzen ditu; besteak beste, polizia-agenteek eta legea betearazteko ardura duten beste funtzionarioek gorde behar duten jokabidea, adingabeko delinkuentzia kasuetan. “Kaltea… saihestea” esamoldea formula malgua da eta barruan hartzen ditu euren artean gerta daitekeen elkarrekintzaren hainbat alderdi (esaterako, hizkuntza gogorra erabiltzea, indarkeria fisikoa, ingurunearekiko harremanak). Justiziaren jardunetan parte hartzeak adingabeei berez “kaltea” eragin diezaieketenean, “kaltea… saihestea” esamoldea interpretatu behar da hitzaren zentzurik zabalenean, adingabeari kaltea gutxienera murrizteko lehen auzialdian, bai eta beste edozein kalte osagarri edo beharrezkoa ez dena ere. Hori guztia bereziki garrantzitsua da legea betearazteko ardura duten erakundeekiko lehenengo harremanetan, harreman horiek eragin handia izan dezaketelako adingabeak duen Estatuarekiko eta gizartearekiko jarreran. Bestalde, beste edozein esku hartzearen arrakasta, neurri handi batean, lehenengo harreman horien pentzutan dago. Kasu horietan, harrera ona eta irmotasun amultsua garrantzitsuak dira.

11. Kasuak igortzea

11.1 Hala denean, aztertuko da aukera berezia, adingabeko delitugileei erantzukizunak eskatzeko, eta 14.1 infra erregelan aipatu agintaritza eskudunengana ez jotzeko, horiek adingabeak modu ofizialean epaitzeko eskumena badute.

11.2 Polizia, Fiskaltza eta adingabeen delinkuentzia-kasuen ardura duten beste erakundeek ahalmenak izango dituzte kasu horiek iritziaren arabera epaitzeko, ikustaldi beharrik gabe, horretarako kasuan kasuko sistema juridikoetan ezarritako irizpideen arabera eta baita Erregela hauetan jasotako printzipioekin bat etorriz.

11.3 Adingabea erkidegoaren kasuan kasuko erakundeen edo beste motako erakunde baten esku uzteko igorpen oro dago adingabearen edo bere gurasoen edo bere tutorearen adostasunaren mendean; edonola ere, kasuaren igorpenari buruzko erabakia agintaritza eskudunaren azterketaren mende geratuko da, hala eskatzen denean.

11.4 Adingabeen kasuen nahieraren araberako izapidetzea errazteko, ahaleginak egingo dira erkidegoak izan ditzan aldi baterako gainbegiratze- eta orientatze-programak, eta biktimentzako itzultze- eta konpentsazio-programak.

Iruzkina

Igorpenak berarekin dakar zigor arloko justiziaren aurrean prozedura ezabatzea eta, sarri askotan, berori birbideratzea erkidegoak babesten dituen zerbitzuetara; igorpena, halaber, sistema juridiko askotan praktikatzen da eskuarki, izaera ofizial nahi ez-ofizialarekin. Praktika honek balio du prozeduraren jarraipenaren ondorio ezkorrak arintzeko, adingabeen justizia-administrazioan (esaterako, kondena edo epaiaren estigma). Kasu askotan eskua ez hartzea izango litzateke erantzunik hoberena. Horregatik, hasieratik bertatik igortzea izan daiteke erantzunik egokiena, ordezko zerbitzuetara (zerbitzu sozialak) bidali gabe. Horrela gertatzen da beren-beregi delitua astuna ez denean eta familiak, eskolak edo kontrol sozial ez-ofizialeko beste erakundeek erantzuten dutenean modu egoki eta eraikitzailean edota horrela erantzutea gerta daitekeelako ustea dagoenean.

11.2 erregelan aurreikusitakoaren arabera, igorpena erabil daiteke prozesuaren edozein unetan, poliziak, fiskaltzak edo beste organoek, hala nola epaitegiek, batzek edo kontseiluek erabakiak hartu behar dituztenean. Igorpena, orobat, agintaritza batek, batzuek edo guztiek egin dezakete, kasuan kasuko erregelen eta arauen arabera eta Erregela hauekin bat etorriz. Igorpena ez da mugatu behar nahitaez adingabeen kasuetara; izan ere, igorpena instrumentu garrantzitsua bihurtu behar da aurrekoaren ondorioz.

11.3 erregelak beren-beregi azpimarratzen du lehentasunezko baldintza, adingabeko delitugilearen adostasuna ziurtatzeko (edo bere gurasoen edo tutorearena), igorpenaren inguruan gomendatutako neurriei dagokienez (izan ere, igorpena bada aipatu adostasun gabe erkidegoari zerbitzuak ematea, hori nahitaezko lana ezabatzeari buruzko Hitzarmenaren arau-haustea izango litzateke). Zernahi gisaz, beharrezkoa da adostasunaren balioa aurkaratu ahal izatea, batzuetan gerta daitekeelako adingabeak adostasuna ematea etsipen hutsagatik. Erregelak azpimarratzen du kontu handiz hartu behar direla gutxienera ekartzeko hertsadura- eta larderia-aukerak, igorpen-prozesuaren maila guztietan. Adingabeak ez dira presiopean sentitu behar (esaterako, auzitegiaren aurrean agertzea saihesteko), eta, oro har, ez dira behartuko euren adostasuna lortzeko igorpen-programetan. Horregatik, gomendatzen da neurriak hartzea ebaluazio objektiboa egiteko, ea komenigarria den “agintaritza eskudun batek, horrela eskatzen denean” eskua sartzea adingabeko delitugileei dagozkien jardunetan. (“Agintaritza eskuduna” 14 erregelan aipatzen dena baino, bestelakoa ere izan daiteke).

11.4 erregelak gomendatzen du aurreikus daitezela auzipetzearen ordezko aukera bideragarriak, adingabeen justiziaren aurrean, erkidegoan oinarritutako igorpen gisa. Gomendatzen dira bereziki bat etortzea dakarren programak, biktimaren kalte-ordainaren bitartez, eta bihar-etziko lege-hausteak saihesten dituztenak, aldi baterako gainbegiratzeari eta orientatzeari esker. Kasu berezien funtsezko aurrekariek zehaztuko dute igorpenaren izaera egokia, delitu astunenak egin arren ere (esaterako, lehenengo delitua, adingabearen lagunen presiopean egin izana, eta abar).

12. Poliziak espezializatzea

12.1 Polizia-agenteek, sarri edo modu esklusiboan adingabeekin tratu dutenek edota batez ere adingabeen delinkuentzia prebenitzeko lanean ari direnek, euren eginkizunak hobeto betetzeko, heziketa eta gaikuntza bereziak jasoko dituzte. Hiri handietan polizia-talde bereziak egongo dira helburu horretarako.

Iruzkina

12 erregelak adierazten du heziketa espezializatua emateko beharra, legea betearazteko ardura duten funtzionarioei eta adingabeen justizia-administrazioan parte hartzen dutenei. Polizia denez gero lehen ukigunea adingabeen justizia-administrazioaren sistemarekin, oso garrantzitsua da hura bere jardueretarako modu informatu eta egoki batez aritzea.

Hiri izaeraren eta delituaren arteko estekadura, zalantzarik gabe, konplexua izan arren, gazteen delinkuentzia areagotzea lotuta dago hiri handien hazkundeari, batik bat hazkunde hori azkarra eta planifikatu gabekoa bada. Horrenbestez, nahitaezkoak dira polizia-talde espezializatuak, ez bakarrik instrumentu honetan aurreikusitako printzipio zehatzen aplikazioa bermatzeko (1.6 erregela), baizik eta orokorrean gazteen delinkuentziaren prebentzioa eta errepresioa hobetzeko eta adingabeko delitugileen tratamendua hobetzeko ere.

13. Aurreneurrizko espetxealdia

13.1 Aurreneurrizko espetxealdia azken baliabide gisa aplikatuko da, ahalik eta epe laburrenean.

13.2 Ahal den guztietan, aurreneurrizko espetxealdiaren ordezko neurriak hartuko dira, hala nola, gainbegiratze hertsia, zaintza iraunkorra, familia bati esleitzea edo familia batera edo hezkuntza-erakunde batera lekualdatzea.

13.3 Aurreneurrizko espetxealdia betetzen duten adingabeek eskubide eta berme guztiak izango dituzte, giltzapetuen tratamendurako gutxieneko Erregeletan aurreikusita daudenak eta Nazio Batuek onetsi dituztenak.

13.4 Aurreneurrizko espetxealdia betetzen dauden adingabeak helduengandik bananduta egongo dira; halakoak bestelako establezimenduetan giltzapetuko dituzte edota helduak atxilotuta dauden establezimenduetan, esparru bereizietan.

13.5 Zaintzapean dauden adingabeek, egoera horretan iraun bitartean, behar dituzten besteko zaintza, babesa eta laguntza -soziala, hezkuntza- eta lanbide-laguntza, psikologikoa, medikoa eta fisikoa- jasoko dituzte, kontuan hartuta euren adina, sexua eta bakoitzaren ezaugarriak.

Iruzkina

Ezin da gutxietsi adingabeek duten arriskua “ustelkeriazko eraginak” pairatzeko, aurreneurrizko espetxealdian dauden bitartean. Hortik, bada, ordezko neurrien premian sakontzeko garrantzia. Horrela, 13.1 erregelak bultzatzen du ideia berriak eta berritzaileak asmatzea, horien bitartez ahalbidetzeko aurreneurrizko espetxealdi hori saihestea, adingabearen ongizatearen mesedetan.

Aurreneurrizko espetxealdian dauden adingabeek eskubide eta berme guztiak izango dituzte, giltzapetuen tratamendurako gutxieneko Erregeletan aurreikusten direnak, bai eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean aurreikusten direnak ere, bereziki 9. artikuluan, 10. artikuluaren 2. paragrafoaren b tartekaduran eta artikulu honen 3. paragrafoan.

13.4 erregelak ez die galaraziko estatuei beste neurri batzuk hartzea heldu delitugileen eragin ezezkorraren aurka, neurri horiek badira gutxienez erregela honetan aipatutakoen besteko eraginkorrak.

Beharrezkoak izan daitezkeen laguntza-forma desberdinak aipatu dira laguntza eman behar zaien gazte giltzapetuen beharrizan zehatzen sorta zabala adierazteko (esaterako gizon-emakumeak, toxikomanoak, alkoholikoak, buruko gaixotasunak dituzten gazteak, atxiloketak berak utzitako trauma jasaten duten gazteak eta abar).

Giltzapetuta dauden gazteen ezaugarri fisiko eta psikologiko desberdinek justifikatzen dituzte gazteak sailkatzeko neurriak; izan ere, giltzapetu batzuk bananduta egoten dira aurreneurrizko espetxealdian dauden bitartean, horrek laguntzen baitu beste giltzapetuen biktima bihurtzeko arriskutik saihestea eta, era berean, ahalbidetzen baitu laguntza egokiagoa ematea.

Nazio Batuen Seigarren Kongresuak, Delitua prebenitzeko eta Delitugilearen tratamenduari buruzkoak, bere 4 ebazpenean, adingabearen justiziaren arauak emateari buruzkoan, zehaztu zuen erregela horiek, besteak beste, adierazi behar zutela honako oinarrizko printzipio hau, aurreneurrizko espetxealdia bakar-bakarrik azken baliabide gisa erabili behar dela; ezin dela gazterik eduki inolako erakundean, erakunde horretan giltzapetu helduen eragin ezezkorrak egoera ahulean uzten badu gazte hori, eta kontuan hartu behar direla beti haren berezko garapen-egoeraren beharrizanak.

Hirugarren zatia

Epaia eta ebazpena

14. Epaia emateko agintaritza eskuduna

14.1 Adingabeko delitugile oro, bere kasua igorpenaren mende ez dagoenean (11 erregelaren arabera) agintaritza eskudunaren esku geratuko da (gortea, auzitegia, batza, kontseilua, eta abar), eta agintaritza horrek erabakiko du epaiketa inpartzial eta ekitatearen araberako printzipioak ezarrita.

14.2 Prozedura adingabearen interesen mesederako izango da eta harrera-giroan gauzatuko da, ahalbidetzeko gazteak parte har dezan bertan eta askatasunez hitz egin.

Iruzkina

Ez da erraza definitzea zer den epaia emateko organo edo pertsona eskuduna, onespen unibertsala duena. “Agintaritza eskuduna” esamoldearekin izendatzen da gorte edo auzitegietako buru diren pertsonak, horiek pertsona bakarrekoak edo elkartuak izan, epaileak, letradu nahiz ez letraduak barne, bai eta administrazioko pertsonak (esaterako Eskozia eta Eskandinaviako sistemetan) edota arbitrajerako erkidegoko erakundeak, ofiziosoagoak direnak, euren izaeragatik epaiak emateko ahalmena dutenak.

Edonola ere, adingabeko delitugileei aplikatu beharreko prozedura gutxieneko erregelei egokitu behar zaie, horiek baitira ia mundu guztian aplikatzen zaizkionak delitugile orori, "zor zaion lege-prozesu" izenarekin ezagutzen den zigor-prozeduraren araberako defentsa duenari. Zor zaion prozesuaren arabera, “epaiketa inpartzial eta ekitatearen araberako” batean honako bermeak eman behar dira: errugabetasun-presuntzioa, lekukoen aurkezpena eta azterketa, berdintasuna defentsa judizialaren baliabideen arloan, ez erantzuteko eskubidea, ikustaldian azken hitza esateko eskubidea, gora jotzeko eskubidea eta abar. (Ikus 7,1. erregela ere)

15. Aholkularitza juridikoa eta gurasoen eta tutoreen eskubideak

15.1 Adingabea aholkulari juridiko batek ordezkatu dezake, horretarako eskubidea baitu edota doako laguntza juridikoa eskatzeko ere, halako laguntza ematea aurreikusita dagoenean herrialde horretan.

15.2 Gurasoek eta tutoreek eskubidea dute jardueretan parte hartzeko eta agintaritza eskudunak eska dezake eurak aurrean egotea, adingabearen defentsan. Nolanahi ere, agintaritza eskudunak uka dezake parte hartzea, arrazoiak badaude uste izateko baztertze hori beharrezkoa dela adingabearen defentsarako.

Iruzkina

15.1 erregelan eta giltzapetuen tratamendurako gutxieneko Erregelen 93 erregelan erabilitako terminologia antzekoak dira. Aholkularitza juridikoa eta doako laguntza judiziala beharrezkoak izan arren adingabearen laguntza judiziala bermatzeko, gurasoen eta tutoreen parte hartzeko eskubidea, 15.2 erregelan adierazitakoaren arabera, adingabearekiko laguntza orokor gisa hartzen da, izaera psikologikoa eta emoziozkoa duen laguntza eta prozesu osora zabaltzen dena.

Agintaritza eskudunak, kasu bati dagokion epai zuzena emateko, erabilgarri izan dezake ondorio egokietarako, batez ere, adingabearen lege-ordezkarien laguntza (edota, ondorio berberetarako, adingabeak izan dezakeen beste laguntzaile pertsonal batena, baldin eta adingabeak horrengan jarri ahal badu edo jarri badu bere konfiantza osoa). Interes hori zapuztu daiteke gurasoek edo tutoreek ikustaldietan aurrean egoteak eragin makurra badu, esaterako, adingabearekiko kontrako jarrera adierazten badute; hartara, aurreikusi egin behar da eurak ikustaldietatik baztertzeko aukera.

16. Ikerketa sozialei buruzko txostenak

16,1 Agintaritza eskudunari errazteko berak erabaki zuzen bat hartzea, eta delitu arinak izan ezik, agintaritza horrek behin betiko ebazpena eman baino lehen, ikerketa oso bat egingo da adingabearen ingurune sozialari buruz eta bere bizi-baldintzei buruz eta delitua zein inguruabarretan egin eta inguruabar horiei buruz.

Iruzkina

Izaera sozialeko ikerketak oinarri hartuta prestatu diren txostenak (txosten sozialak edo epaia eman aurreko txostenak) nahitaezko laguntzak dira adingabeko delitugileei hasitako prozesu gehienetan. Agintaritza eskudunak jakin behar ditu adingabearen aurrekari sozialak eta familiakoak, bere eskola-ibilbidea, hezkuntza-esperientziak eta abar. Helburu horrekin, esparru judizial batzuetan zerbitzu sozial berezietara jotzen dute edota auzitegien edo batzen mende dauden langile espezializatuengana. Beste langile batzuek, zaintzapeko askatasun-agenteek kasu, eginkizun berberak egikari dezakete. Hartara, erregelak eskatzen du egon daitezen gizarte-zerbitzu egokiak, txosten espezializatuak prestatuko dituztenak, izaera sozialeko ikerketetan oinarrituak.

17. Epaiaren eta ebazpenaren printzipio artezkariak

17.1 Agintaritza eskudunaren erabakia hurrengo printzipioetara egokituko da:

a) Delituari ematen zaion erantzuna beti izango da proportziozkoa, aintzat hartuta, ez bakarrik, delituaren inguruabarrak eta horren larritasuna, baizik eta adingabearen inguruabarrak eta beharrizanak, bai eta gizartearen beharrizanak ere.

b) Adingabearen askatasunari murrizketak ezarriko zaizkio bakar-bakarrik azterketa zehatz baten ondoren, eta murriztu ere, ahal den gutxienera murriztuko dira.

c) Askatasun-gabetzea bakar-bakarrik ezarriko da adingabea egintza astun batengatik kondenatua izan den kasuetan, egintza horretan beste pertsona baten aurka indarkeria erabili bada, edota beste delitu astun batzuk behin eta berriro egiteagatik, eta betiere bestelako erantzun egokirik ez badago;

d) Kasuen azterketan adingabearen ongizatea lehenetsiko da.

17.2 Adingabeek egindako delituak ez dira zigortuko, inola ere, heriotza-zigorrarekin.

17.3 Adingabeei ezin izango zaie gorputz-zigorrik ezarri.

17.4 Agintaritza eskudunak edozein unetan eten dezake prozesua.

Iruzkina

Adingabeen kasuak direla eta, ebazpen judizialerako ildoak moldatzeko orduan, arazo nagusiena da ebatzi gabe egotea gatazka batzuk oinarrizko aukeren artean, hala nola, hurrengoak:

A) Birgaikuntza, merezi duen zigorraren aurrean;

b) Laguntza, errepresioaren eta zigorraren aurrean;

c) Kasu bakoitzaren inguruabar zehatzen araberako erantzuna, orokorrean gizartearen babesaren araberako erantzunaren aurrean;

d) Izaera orokorreko disuasioa, banakako ezgaitasunaren aurrean.

Aukera horien arteko gatazkak nabarmenagoak dira adingabeen kasuetan, helduen kasuetan baino. Gazteen delinkuentziaren arrazoi eta erantzun anitzak dira horren ezaugarriak; hartara, horien arteko estekadura bilbatua gertatzen da arlo horretan.

Adingabeen justizia-administraziorako gutxieneko Erregela hauei ez dagokie jarraitu beharreko ikuspuntua ematea, baizik eta, nazioarteko mailan onetsitako printzipioen arabera, horiekin bateragarrien den ikuspuntua zehaztea. Horrenbestez, 17.1 erregelan ezarritako oinarrizko osagaiak, bereziki a eta c tartekaduretakoak, hartu behar dira ildo praktiko nagusi gisa abiapuntu erkidea ezartzeko; agintaritza egokiak horien arabera aritzen badira (ikus 5 erregela ere) laguntza handia eman ahal izango dute adingabeko delitugileen oinarrizko eskubideak babesteko orduan, batik bat, hezkuntzarako eta nortasuna garatzeko oinarrizko eskubideak.

17.1 Erregelen b tartekadurak esan nahi du hertsi-hertsian zigortzaileak diren ikuspuntuak ez direla egokiak. Helduen kasuetan eta, beharbada baita adingabeek egindako delitu astunen kasuetan, izan dezake halako justifikazio bat ondo merezitakoaren ideiak eta ordainsarien zehapenen ideiak; adingabeen kasuetan, ordea, beti izango dute pisu handiagoa gaztearen ongizateak eta etorkizuna bermatzeko interesak.

Nazio Batuen seigarren Kongresuaren 8. Ebazpenarekin bat etorriz, aipatu tartekadurak bultzatzen du, ahalik eta neurri zabalenean giltzapetzearen ordezko neurriak erabiltzea espetxeetan, betiere kontuan hartuta gazteen beharrizan zehatzei erantzuteko agindua. Horrenbestez, dauden ordezko zehapen mota guztiak erabili behar dira, eta beste zehapen berriak ezarri, segurtasun publikoa baztertu gabe. Zaintzapeko askatasuna erabili beharko da ahalik eta neurri zabalenean, eta kondenak, baldintzapeko kondenak, batzen aginduak eta bestelako ebazpenak eten.

Seigarren Kongresuaren 4. Ebazpena osatzen duten ebazpen artezkarietako bati dagokio 17.1 erregelaren c tartekadura, horrek sustatzen duela gazteen espetxeratzea saihestea, salbu eta segurtasun publikoa babesteko beste erantzun egokirik ez daudenean.

Heriotza-zigorra debekatzen duen xedapena, 17.2 erregelan ezarritakoa, bat dator Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 6. artikuluaren 5. paragrafoarekin.

Gorputz-zigorra debekatzen duen xedapena (17.3 erregela) bat dator Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 7. artikuluarekin eta Pertsona guztiak torturaren eta beste tratu edo zigor krudel, anker eta apalesgarrien aurka babesteari buruzko Adierazpenarekin, bai eta tortura eta beste tratu krudel, anker eta apalesgarrien aurkako Konbentzioarekin eta haurraren eskubideei buruzko konbentzioaren proiektuarekin ere.

Prozesua edozein unetan eteteko ahalmena (17.4 erregela) gazteei emandako tratamenduari dagokion ezaugarri bat da, helduei emandakoaren aurrean. Agintaritza eskudunak, ustez prozesua behin betiko etetea gomendatzen dituen inguruabarren berri edozein unetan izan dezake.

18. Neurri erabakigarrien aniztasuna

18.1 Malgutasun handiagoari begira eta ahal den neurrian espetxeetan konfinamendua saihesteko, agintaritza eskudunak erabaki desberdin batzuk hartu.ahal izango ditu Erabaki horien artean, batzuk aldi berean aplikatu daitezkeela, hurrengoak daude:

a) Arreta-, orientazio- eta gainbegiratze-aginduak;

b) Zaintzapeko askatasuna;

c) Erkidegoari zerbitzuak emateko aginduak;

d) Zehapen ekonomikoak, kalte-ordainak eta itzultzeak;

e) Bitarteko tratamendu-aginduak eta beste tratamendu-motak;

f) Aholkularitza kolektiboko bilkuretan eta beste antzeko jardueretan parte hartzeko aginduak;

g) Zaintza-etxeei, bizi-elkartasunei edo beste hezkuntza-establezimenduei buruzko aginduak;

h) Beste agindu egokiak.

18.2 Adingabea ezin izango da bere gurasoen gainbegiratzetik kanpo utzi, kasuaren inguruabarrek halakoa behar beharrezkoa egiten ez badute.

Iruzkina

18.1 erregela da halako ahalegina, gaur arte erabili diren erantzun eta zehapen esanguratsuak zerrendaratzeko, aurreko horien emaitza onak sistema juridiko desberdinetan egiaztatu ahal izan direla. Izan ere, aukera horiek etorkizun handikoak dira eta komenigarria da horiek hedatzea eta hobetzea. Erregelak ez du aipatzen langileen premia zein den, erregio batzuetan aurreikusten baita langile egokien gabezia; erregio horietan, bestalde, bestelako neurriak probatu eta landu daitezke, horiek aplikatzeko langile gutxiago eskatzen baitute.

18.1 erregelan aipatu adibideek erkidean dute, batik bat, erkidegoan oinarri izatea eta erkidegoari berari deialdia egitea, horrek parte har dezan erabaki alternatiboen aplikazio eraginkorrean. Erkidegoan aplikatutako zuzenketak tradiziozko neurriak dira, eta egun ikuspegi ugariak biltzen dituzte.Hartara, kasuan kasuko agintaritzak bultzatu behar dira erkidegoan oinarritzen diren zerbitzuak ematera.

18.2 erregelak aipatzen du familiaren garrantzia, Ekonomia-, Gizarte- eta Kultura-eskubideen Nazioarteko Itunaren 10. artikuluaren 1. paragrafoarekin bat etorriz, izatez, familia baita “gizartearen osagai natural eta oinarrizkoa”. Familiaren barruan, gurasoek dute, ez bakarrik eskubidea, ez bada erantzukizuna ere, euren seme-alabak zaindu eta gainbegiratzeko. Horrenbestez, 18.2 erregelak ezartzen du seme-alabak gurasoengandik banantzea dela azken baliabide gisa aplikatzeko neurria. Neurri hori bakar-bakarrik baliatuko da kasua osatzen duten egitateek argi eta garbi eskatzen badute neurri astun hori hartzea (esaterako, adingabeen aurkako abusua)

19. Espetxeetan konfinatzea eta horren salbuespenezko izaera

19.1 Adingabeak espetxeetan konfinatzea uneoro erabiliko da azken baliabide gisa, betiere ahal den eperik laburrenerako.

Iruzkina

Kriminologo aurreratuenak espetxeetatik kanpoko tratamenduaren alde agertzen dira. Espetxeetan konfinatzearen eraginkortasun maila konfinatzea bera baztertzen duten neurriekin alderatuz gero, horien arteko desberdintasunak txikiak edota hutsalak dira. Nabaria da, izan ere, espetxeetako giroak gizakiarengan nahitaez sor ditzakeen eragin ezkor desberdinak ezin direla leundu tratamenduan arreta handiagoa jarrita ere.Horrela gertatzen da adingabeen kasuan, horiek baitira bereziki ahulak eragin ezkorren aurrean; are gehiago, adingabe horien garapen-etapa goiztiarra dela eta, zalantzarik gabe askatasuna galtzeak nahiz euren ohiko inguru sozialetik isolatuta egoteak larriagotu egiten dituzte eragin ezkor horiek.

19. erregelak gogoan du espetxeetako konfinamendua murriztea, bi ikuspegi kontuan hartuta: kopurua (“azken baliabide gisa”) eta denbora (“ahal den eperik laburrenerako”). 19 erregelak biltzen du Nazio Batuen Seigarren Kongresuaren 4. ebazpenaren oinarrizko printzipio artezkarietako bat: adingabeko delitugilea ezin da espetxeratu, beste erantzun egokirik ez dagoenean izan ezik. Erregelak, hainbatez, honako printzipio hau aldarrikatzen du: adingabea espetxean konfinatu behar bada, askatasun galtzea ahalik eta gutxiengo mailara murriztuko da; aldi berean, erakunde-mailan akordio bereziak egingo dira konfinatzeari begira, betiere ahaztu gabe delitugile-, delitu- eta espetxe-moten arteko desberdintasunak. Labur esanda, espetxe “irekiak” hobetsi behar dira “itxien” aurrean. Bestalde, instalazio batek kartzela-ezaugarriak baino, eite zuzengarria edo hezigarria behar du izan.

20. Beharrezkoak ez diren atzerapenak prebenitzea

20.1 Kasu guztiak hasiera-hasieratik izapidetuko dira oztoporik eta premiarik gabeko atzerapenik gabe.

Iruzkina

Adingabeen kasuak azkar bideratzea oso garrantzitsua da. Horrela egin ezean, arriskuan jar daitezke prozedurak eta ebazpenak sorrarazi ditzaketen ondorio onak. Denbora pasatu ahala, adingabeak gero eta zailtasun intelektual eta psikologiko handiagoak izango ditu, gainditu ezinak ez esatearren, lotura bat ezartzeko prozeduraren eta ebazpenaren artean, batetik, eta delituaren artean, bestetik.

21. Erregistroak

21.1 Adingabeko delitugileen erregistroak guztiz isilpekoak izango dira eta halakoak ezin izango dituzte hirugarrenek kontsultatu. Artxibo horiek eskuratu ahal izango dituzte bakar-bakarrik aribidean dagoen kasuaren izapidean zuzenean parte hartu duten pertsonek edo behar bezala baimenduta dauden beste pertsona batzuek.

21.2 Adingabeko delitugileen erregistroak ezin izango dira erabili helduen prozesuetan, geroko kasuei dagokienetan, kasu horietan adingabeko delitugile berak zer ikusia badu ere.

Iruzkina

Erregelaren funtsa da transakzioa egitea interes kontrajarrien artean, erregistro eta espedienteen inguruan: bateko, polizia-zerbitzuek, Fiskaltzak eta beste agintaritzek zaintza areagotzeko interesak, eta, besteko, delitugilearen interesak. (Ikus 8. erregela ere) “Behar bezala baimenduta dauden beste pertsona batzuek" esamoldea, besteak beste, ikertzaileei aplikatzen zaie.

22. Langile espezializatu eta trebatuen beharra

22.1 Adingabeen kasuen ardura duten langile guztiei bermatzeko beharrezko lanbide-gaitasuna eskuratzea eta horri eusteko, lanbide-heziketa, zerbitzuan ari diren bitarteko gaikuntza-ikastaroak eta errepaso-ikastaroak emango dira eta, orobat, heziketa-sistema egokiak erabiliko dira.

22.2 Adingabeen justizia administratzeko ardura duten langileak gai izango dira aipatu sistemarekin harremanetan jartzen diren adingabeen ezaugarri desberdinei erantzuna emateko. Ahaleginak egingo dira adingabeen justizia-erakundeetan, emakumeen eta gutxiengoen ordezkaritza nahikoa bermatzeko.

Iruzkina

Kasu hauek aztertzeko gai diren pertsona eskudunak jatorri desberdinetakoak izan daitezke (udal-epaileak Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuan eta herrialde horretako sistema juridikoaren eragina izan duten erregioetan; heziketa juridikoa duten epaileak, zuzenbide erromatarra jarraitzen duten herrialdeetan eta horren eragina duten erregioetan; heziketa juridikoa duten pertsonak edo halakoa ez dutenak, hautaketa bidez izendatuak izan direnak edota administrazioak izendatu dituenak, erkidego-batzarkideak eta abar, bestelako erregioetan). Nahitaezkoa da pertsona horiek gutxieneko heziketa izatea, besteak beste, honako arloetan: zuzenbidea, soziologia, psikologia, kriminologia eta portaera zientziak. Gai honi espezializazio organikoari eta agintaritza eskudunaren independentziari ematen zaien besteko garrantzia ematen zaio.

Gizarte-langileen eta zaintzapeko askatasunaren agenteen esparruan, gerta daiteke bideragarri ez izatea aldez aurretiko lanbide espezializazioa eskatzea, gazteen delinkuentziaren arloan eginkizunak betetzeko. Hartara, lortu beharreko gutxieneko titulazioa lanbide-heziketaren bitartez lortuko da, lanean bertan.

Lanbide-titulazioak oinarrizko osagaiak dira adingabeen justizia inpartzialtasunez eta modu eraginkorrean administratzen dela bermatzeko. Horrenbestez, behar-beharrezkoa da langileen kontratazio-sistemak, maila-igoera eta lanbide-gaikuntza hobetzea eta haien eskura jartzea beharrezko baliabideak, euren eginkizunak ondo bete ditzaten.

Adingabeen justizia inpartzialtasunez administratzea lortzeko, saihestu behar da bereizkeria-mota oro, politika-, gizarte-, sexu-, arraza-, erlijio-, kultura- arrazoiak edo bestelakoak direla bide, adingabeen justiziaren ardura duten langileak hautatu, kontratatu edo mailaz igotzeko. Gomendio hori egin zuen Seigarren Kongresuak. Bestalde, Seigarren Kongresuak dei egin zien estatu kideei, horiek berma zezaten emakumeen tratamendu zuzena eta ekitatearen araberakoa, zigor arloko justizia administratzeko ardura duten langile gisa, eta gomendioa egin zuen har zitezen neurri bereziak adingabeen justizia-administrazioan langile emakumeak kontratatzeko, horiei gaikuntza emateko eta mailaz igotzea errazteko.

Laugarren zatia

Espetxeetatik kanpoko tratamendua

23. Erabakia eragingarritasunez betearaztea

23.1 Xedapen egokiak onartuko dira, 14.1 erregelan aipatzen diren eta agintaritza eskudunak eman dituen aginduak agintaritzak berak edo beste batek betearazteko, inguruabarrek hala eskatzen badute.

23.2 Xedapen horiek barneratuko dute agintaritza eskudunari eman zaion ahalmena, aldian-aldian agindu horiek eraldatzeko, egoki iruditzen zaionean, baldin eta eraldaketa egiten denean Erregela hauetan aipatu printzipioen arabera.

Iruzkina

Adingabeen kasuetan, helduenetan baino gehiago, erabakiek joera dute adingabearen bizitzan luzaroko eragina izateko. Horregatik da garrantzitsua agintaritza eskudunak edo organo independente batek (berbapeko askatasunaren batzak, zaintzapeko askatasuna ikuskatzeko agintaritza arduradunak, gazteen ongizaterako erakundeak edo beste agintaritzek) epaiaren betearazpena ikuskatzea, betiere organo horrek jatorriz kasua ezagutu zuen agintaritza eskudunaren kalifikazio berberak baditu. Izan ere, zigorrak betearazteko epaile kargua sortzearen arrazoia asmo horretan datza.

Agintaritzaren osaketa, ahalmenak eta eginkizunak malguak izan behar dira, 23 erregelan deskribatzen dira orokorrean, horien onarpen zabala errazteko helburuarekin.

24. Laguntza ematea

24.1 Ahaleginak egingo dira adingabeei laguntza emateko, prozeduraren aldi guztietan, honako esparruetan: ostatua, irakaskuntza edo lanbide-heziketa, enplegua edota beste edozein laguntza-mota, erabilgarria eta praktikoa, betiere, birgaikuntza-prozesua errazteko.

Iruzkina

Punturik garrantzitsuena da adingabearen ongizatea sustatzea. Horrenbestez, 24 erregelak azpimarratzen du instalazioak, zerbitzuak eta behar den laguntza errazteak duen garrantzia, halakoek eragina dutenean adingabearen interes onenetan, birgaikuntza-prozesuak dirauen bitartean.

25. Boluntarioak eta erkidego-izaera duten beste zerbitzu batzuk mugiaraztea

25.1 Boluntarioak, boluntarioen erakundeak, tokiko erakundeak eta erkidegoaren beste baliabide batzuk baliatuko dira, horiek eragingarritasunez lagundu dezaten adingabearen birgaikuntzan, betiere, erkidego-giroan, eta ahal den moduan ere, familia-unitatearen barruan.

Iruzkina

Erregela honek adierazten du adingabeko delitugileekin zer ikusia duten jarduera guztiak birgaikuntzara bideratuta egoteko premia. Erkidegoaren lankidetza nahitaezkoa da agintaritza eskudunaren jarraibideak eragingarritasunez gauzatzeko. Boluntarioak eta borondatezko zerbitzuak, batik bat, jarduera erabilgarrien iturriak dira; izatez, horiek egun ez dira behar bezala erabiltzen. Kasu batzuetan, delitugile ohien lankidetza (toxikomano ohiak barne) oso baliagarria izan daiteke.

25 erregela dator 1.1 eta 1.6 erregelen artean xedatutako printzipioetatik eta Eskubide Zibilen eta Politikoen Nazioarteko Itunaren xedapen egokiak jarraitzen ditu.

Bosgarren zatia

Espetxeetako tratamendua

26. Espetxeetako tratamenduaren xedeak

26.1 Espetxeetan konfinatuta dauden adingabeen gaikuntza eta tratamenduaren xedea da euren zaintza eta babesa bermatzea, bai eta euren hezkuntza eta lanbide-heziketa ere, horren bitartez gizartean bete dezaten lan onuragarria eta emankorra.

26.2 Espetxeetan konfinatutako adingabeek behar dituzten zaintza, babesa eta laguntza -soziala, hezkuntza- eta lanbide-laguntza, psikologikoa, medikoa eta fisikoa- jasoko dute, kontuan hartuta euren adina, sexua eta nortasuna, betiere euren garapen osasuntsuaren mesedetan.

26.3 Espetxeetan konfinatuta dauden adingabeak helduengandik bananduta egongo dira eta aparteko establezimendu batean egongo dira atxilotua edota helduak espetxeratuta dauden establezimendu batean, baina gune bereizi batean.

26.4 Delitugile izatearren espetxe batean konfinatuta dagoen emakume gazteak arreta berezia behar du, bere beharrizanei eta arazo pertsonalei dagokienez. Inola ere ez du jasoko delitugile den gizonezko gazteak baino arreta, babes, laguntza, tratamendu edo gaikuntza gutxiago. Ekitatezko tratamendua bermatuko zaio.

26.5 Espetxe batean konfinatuta dagoen adingabearen interes eta ongizateari begira, gurasoek edo tutoreek bertan sartzeko eskubidea izango dute.

26.6 Ministerioen eta departamenduen arteko lankidetza sustatuko da heziketa akademikoa edo, hala denean, lanbide-heziketa egokia emateko espetxe batean konfinatuta dagoen adingabeari, adingabe horrek bere burua egoera okerragoan aurkitu ez dezan, hezkuntzari dagokionez, espetxetik ateratzen denean.

Iruzkina

Espetxeetako tratamenduaren xedeak, 26.1 eta 26.2 erregeletan adierazitakoaren arabera, onargarriak izan daitezke edozein sistema edo kulturari begira. Edonola ere, xede horiek ez dira toki guztietan erdietsi eta oraindik asko geratzen da egiteko horren inguruan.

Laguntza medikoa eta, batik bat, psikologikoa oso garrantzitsua da espetxeetan konfinatuta dauden toxikomanoentzat eta, oro har, bortitzak diren gazteentzat eta buruko gaixotasuna dutenentzat.

Delitugile helduek sor ditzaketen eragin ezezkorrak saihestea eta adingabearen ongizatea espetxe-giroan babestea, 26.3 erregelak xedatutakoaren arabera, bat datoz Seigarren Kongresuak bere 4. ebazpenean ezarritako Erregelen oinarrizko printzipio artezkariekin. Erregela horrek ez die estatuei eragotziko beste neurri batzuk hartzea, delitugile helduek sor ditzakeen eragin ezezkorren aurka, neurri horiek badute, gutxienez, erregelan aipatutakoen besteko indarra. (Ikus 13,4. erregela ere)

26.4 erregelaren arrazoia da delitugile emakumezkoek gizonezkoek baino arreta gutxiago jasotzen dutela eskuarki, Seigarren Kongresuak adierazitzakoaren arabera. Batik bat Seigarren Kongresuaren 9 ebazpenean eskatzen da ekitatezko tratamendua delitugile emakumezkoarentzat, zigor arloko justizia-prozesuaren aldi guztietan eta arreta berezia jartzeko euren arazo eta beharrizanetan, konfinatuta dauden bitartean. Bestalde, erregela hau kontuan hartu beharko da Seigarren Kongresuaren Caracaseko Adierazpenari begira, adierazpen horretan eskatzen baita, besteak beste, tratamendu berdina zigor arloko justizia-administrazioan; eta, oro har, emakumearen aurkako bereizkeria ezabatzeari buruzko Adierazpena eta emakumearen aurkako bereizkeria forma guztiak ezabatzeari buruzko Konbentzioa.

Espetxeetarako sarbidea (26.5 erregela) 7.1, 10.1, 15.2 eta 18.2 erregelen xedapenetatik dator. Ministerioen eta departamentuen arteko lankidetza (26.6 erregela) oso garrantzitsua da espetxeetan orokorrean tratamenduaren eta gaikuntzaren kalitatea hobetzeko.

27. Giltzapetuen tratamenduari begira, Nazio Batuek onetsitako gutxieneko Erregelak aplikatzea

27.1 Hainbatez, giltzapetuen tratamendurako gutxieneko Erregelak eta horiei lotutako gomendioak aplikagarriak dira, kasuan kasuko neurrian, espetxeetan dauden adingabeko delitugileen tratamenduan, bai eta aurreneurrizko espetxealdian dauden delitugileen tratamenduan ere.

27.2 Adingabearen beharrizanak, bere adinari, sexuari eta izaerari dagozkienak asetzeko, ahaleginak egingo dira, gutxieneko Erregeletan aipatu printzipio egokiak ahal den neurrian aplikatzeko, giltzapetuen tratamenduari begira.

Iruzkina

Giltzapetuen tratamendurako gutxieneko Erregelak dira Nazio Batuek aldarrikatu dituzten mota honetako lehenengo instrumentuak. Orokorrean, aitortu egiten da Erregela horiek mundu-mailako ondorioak izan dituztela. Herrialde batzuetan horiek aplikatzea errealitatea baino, jomuga izan arren, Erregela horiek eragin handia dute zentzategien administrazio humanitario eta ekitatezkoari begira.

Espetxeetan dauden adingabeko delitugileei buruzko oinarrizko printzipio batzuk giltzapetuen tratamendurako gutxieneko Erregeletan barneratzen dira (ostaturako gelak, gelen ezaugarri arkitektonikoa, oheak, arropak, kexak eta eskaerak, kanpo-harremanak, elikadura, laguntza medikoa, erlijio-zerbitzuak, adinaren araberako banantzea, langileak, lana, eta abar), bai eta zigor-, diziplina- eta hertsadura-neurriei buruzkoak, delitugile arriskutsuei aplika dakizkiekeenak. Desegokia izango litzateke gutxieneko Erregela horiek eraldatzea, hori egiten bada adingabeen espetxeek zein ezaugarri berezi izan behar duten kontuan hartuta, betiere, adingabeen justizia-administraziorako gutxieneko Erregela hauen esparruan.

27 erregelak biltzen ditu espetxe batean konfinatuta dagoen adingabeari aplikagarri zaizkion beharrezko baldintzak (27.1 erregela), bai eta bestelako beharrizanak ere, haren adinari, sexuari eta izaerari dagozkionak (27.2 erregela). Horrenbestez, erregelaren xedeek eta edukiak zer ikusia dute giltzapetuen tratamendurako gutxieneko Erregelen xedapen egokiekin.

28. Baldintzapeko askatasuna maiztasunez eta azkar ematea

28.1 Agintaritza eskudunak baldintzapeko askatasuna baliatuko du ahalik eta neurri zabalenean eta berori emango du ahalik eta lasterren.

28.2 Baldintzapeko askatasunean dauden adingabeak kasuan-kasuan zein funtzionarioren gainbegiratzepean egon, eta funtzionario horrengandik jasoko dute laguntza, eta, oro har, erkidegoaren babes osoa.

Iruzkina

Baldintzapeko askatasuna emateko ahalmena 14.1 erregelan aipatu agintaritzak izango du edota bestelako agintaritza batek. Hartara, kasu honetan bidezkoa da “kasuan kasuan” delakoaz hitz egitea eta agintaritza “eskuduna”z.

Inguruabarrek halakoa ahalbidetzen badute, baldintzapeko askatasuna emateko aukeratu beharko da, adingabea zigor osoa betetzen utzi gabe. Frogak daudenean birgaikuntzarako bidea aurrera doala modu egokian, ahal den guztietan baldintzapeko askatasuna eman ahal izango da, baita espetxe batean konfinatzeko unean, arriskutsu iritzi diren delitugileei ere. Baldintzapeko askatasuna, zaintzapeko askatasuna bezala, agintaritza eskudunak zehaztutako baldintzak modu egokian betetzearen mende egon daiteke, aginduak berak xedatutako epealdian, esaterako, delitugilearen “jokabide ona”, erkidego-programetan parte hartzea, igarotze-establezimenduetan bizitzea eta abarren mende.

Delitugile bati baldintzapeko askatasuna ematen zaionean, zaintzapeko askatasun-agente bat edo beste funtzionario bat izendatu beharko da, delitugilearen jokabidea gainbegiratzeko eta berari laguntza emateko (batik bat zaintzapeko askatasun erregimena ezarri ez bazaio), eta, oro har, erkidegoaren babesa bultzatzeko.

29. Bitarteko sistemak

29.1 Ahaleginak egingo dira bitarteko sistemak ezartzeko, hala nola, igarotze-establezimenduak, hezkuntza-familiak, eguneko gaikuntza-zentroak eta bestelako sistema egokiak, adingabeen gizarteratze egokia ahalbidetzen dutenak.

Iruzkina

Kartzela osteko laguntzaren garrantzia azpimarratu beharrik ez dago . Erregela honek azpimarratzen du bitarteko mekanismoen sarea ezartzeko beharra.

Erregela honek nabarmentzen du, halaber, instalazio eta zerbitzuen beharra, etxera itzuli den gazte delitugilearen beharrizanak asetzeko eta berari errazteko egituraren inguruko aholkularitza eta babesa, modu egokian gizarteratzeko urrats garrantzitsu gisa.

Seigarren zatia

Politiken ikerketa, plangintza, adierazpena eta ebaluazioa

30. Ikerketa da politiken plangintza, formulazioa eta ebaluazioa egiteko oinarria

30.1 Ahaleginak egingo dira behar diren ikerketak antolatu eta sustatzeko, politika eragingarrien plangintza- eta adierazpen-oinarri gisa.

30.2 Ahaleginak egingo dira, halaber, aldian-aldian berrikusi eta ebaluatzeko adingabeen delinkuentzia eta kriminalitatearen joerak, arazoak eta zergatiak, bai eta zaintzapean dagoen adingabearen beharrizan bereziak.

30.3 Ahaleginak egingo dira adingabeen justizia-administrazioaren sisteman ebaluazio- eta ikerketa-mekanismo bat erregulartasunez ezartzeko, eta kasuan kasuko datuak eta informazioa batu eta aztertzeko, betiere, mekanismo horren helburuak direla sistema horren geroko ebaluazio egokia eta hobekuntza.

30.4 Adingabeen justizia-administrazioan zerbitzuak ematea modu sistematikoan prestatu eta gauzatuko da, nazio-garapenerako ahaleginen osagai gisa.

Iruzkina

Zabaltasun osoz aitortu da ikerketa erabiltzea adingabeen justiziaren arrazoizko politika baterako oinarri gisa, ikerketa baita mekanismo garrantzitsua lortzeko neurri praktikoek kontuan har ditzatela adingabeen justizia-sistemaren etengabeko bilakaera eta hobekuntza. Adingabeen delinkuentziaren esparruan, bereziki garrantzitsua da ikerketaren eta politiken arteko elkarrekiko eragina. Kontuan hartuta gaztediaren bizimoduan gertatzen diren aldaketa azkarrak eta, sarritan, nabarmenak ere, eta, orobat, adingabeen kriminalitatearen moduak eta neurriak, gizartearen eta justiziaren erantzuna berehala geratzen da zaharkituta eta lekuz kanpo, adingabeen kriminalitatearen eta delinkuentziaren aurrean.

Horrenbestez, 30 erregelak ezartzen ditu ikerketa barneratzeko irizpideak, adingabeen justizia-administrazioaren politiken adierazpen- eta aplikazio-prozesuan. Erregelak azpimarratzen du batik bat egungo programak eta neurriak erregulartasunez gainbegiratzeko eta ebaluatzeko premia eta, oro har, plangintza baten premia ere, garapenaren xede globalen testuinguru zabalenean.

Adingabearen beharrizanen etengabeko ebaluazioa eta delinkuentzia-joeren eta -arazoen ebaluazioa lehen baldintza da politika egokien adierazpen-metodoak hobetzeko eta esku hartze egokiak ezartzeko, horiek egituratuak nahiz ez egituratuak izan arren. Testuinguru honetan, pertsonak eta organo independenteak egindako ikerketak, agentzia eskudunen babesa behar du izan eta horretarako baliagarria izan daiteke adingabearen beraren iritziak jakitea eta horiek kontuan hartzea, eta ez bakarrik sistemarekin kontaktuan daudenenak.

Plangintza-prozesuak azpimarratu behar du batez ere sistema bera eraginkorragoa eta ekitatearen araberakoagoa izatea, beharrezko zerbitzuen hornikuntza gauzatzerakoan. Horretarako zehatz-mehatz eta erregulartasunez ebaluatu behar dira adingabearen beharrizan eta arazo bereziak eta lehentasunak zehatz ezarri. Horren inguruan, komenigarria da dauden baliabideen erabilera koordinatzea, bereziki, ordezko neurriak eta erkidegoaren babesa, horien bitartez prozedura zehatzak moldatzeko, ezarritako programak aplikatzera eta gainbegiratzera bideratuta daudenak.