82007forulegea,nafarroakopolizieiburuzko

8/2007 Foru Legea, Nafarroako poliziei buruzkoa

Nafarroako Parlamentua

8/2007 FORU LEGEA, martxoaren 23koa, Nafarroako poliziei buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

NAFARROAKO POLIZIEI BURUZKO FORU LEGEA

ZIOEN AZALPENA

I

Modernoa, gero eta anitzagoa eta, harremanei dagokienez, gero eta konplexuagoa den egungo gizarteak polizia ere modernoa behar du, teknika, psikologia eta giza harremanen arloetan hobeki prestatua, datozkion eginkizun berriei aurre egiteko modukoa. Polizia berri horrek gizarte zibilak eskatzen dituen balioak bere egin behar ditu eta prestakuntza integrala behar du. Poliziaren eginkizunak ez dira arrazoi historiko edo medialengatik mugatu behar, aitzitik, gizartearen eskarien haritik, biztanleriaren zerbitzura egon behar du, hark segurtasun publikoaren arloan dituen beharrak ikuspegi partzial, lerratu edo murriztailerik gabe asetzeko. Herritarrek nahi luketen segurtasun publikoa lortzeko, polizia berriak integrala izan behar du ezinbestean, herritar horiek nahi duten segurtasun publikoa ere integrala baita. Delituen, administrazio arau-hausteen edo gizartearen elkarbizitza okertzen duten jokabide jakin batzuei aurrea hartzeko eta, baita ere, egileei jazarri eta atxilotzeko, ikuspegi orokorra behar da eta, horrenbestez, polizia orokorrak. Horregatik ez da bidezkoa haien eginkizunak mugatzea, polizia lanaren antzinako ikuspegi zaharkitu batean oinarrituz.

Gizartearen eskari horiei erantzuteko, polizia eredu berri bat behar dela ikusirik, hots, polizia zibil eta integrala, gizartearen zerbitzura egonen dena eta segurtasun publikoaren zerbitzu publikoa emanen duena, premiazkoa da Nafarroako polizien egungo araubidea eguneratu eta modernizatzea, are gehiago orain, Nafarroako Parlamentuak Segurtasun publikoari buruzko Foru Legea onetsi berri baitu, non printzipio horiek arau juridiko lotzaile batean artikulaturik agertzen diren.

II

XIX. mendean Nafarroako Foruak aldatu zirenetik, Nafarroak bere erakundeak eguneratzen eta garai berrietako beharretara egokitzen jakin du beti. Erresuma zaharra izateagatik, Nafarroak, bere funtsezko eginkizunen artean, arlo batzuetako polizia lanari eutsi ahal izan dio mende eta erdiz, besteak beste, eraikinak babesteko, agintariak zaintzeko, errepideak eta bideak zaintzeko, garraioak antolatzeko, eta abar. Lan horiek Nafarroako Foruzaingoaren baitan bildu ziren, hots, Nafarroako Foru Diputazioak 1982. urtera arte izan zuen polizia kidegoan, foru araubideari lotuta.

Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriak foru lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatuko direla ezartzen du. Eskubide historiko horietako bat polizia lana da, zalantzarik gabe. Babes hori Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan gauzatu zen. Zehazki, 51. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan dagokion eskumenaren gako batzuk agertzen dira: Foruzaingoa arautzea Nafarroari dagokio; gutxien-gutxienez, Foruzaingoak orain arte izan dituen eginkizunak errespetatzen dira; Foru Komunitateak Foruzaingoaren helburu eta zerbitzuak handitzeko ahalmena du, dagokion lege organikoaren esparruan; eta, azkenik, Nafarroak udaltzaingoak koordinatzen ditu, deusetan galarazi gabe tokian tokiko udaleko edo kontzejuko agintarienganako menpekotasuna.

Segurtasun indar eta kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoak araubidea mugatzeko zirkulua ixten du; izan ere, azken xedapenetan hirugarrenean adierazten da lege organiko hori Foruzaingoaren gaineko araubide osagarria dela, 5., 6., 7., 8., 43. eta 46. artikuluak izan ezik, horiek zuzenean aplikatzen baitira. Lege organiko horren 38. eta 39. artikuluak aplikatzea aukerakoa da foru legegilearentzat, baina hortik ezin da interpretatu Nafarroako Foruzaingoaren eginkizun eta zerbitzuak handitzeko inolako baldintzarik dagoenik. Gainera, balizko eginkizun handitze hori foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan aurreikusten da eta foru erakundeei dagokie.

III

Arau multzo horrekin batera, ezin da alde batera utzi Konstituzio Auzitegiaren irailaren 20ko 140/1990 epaian Nafarroako eskubide historikoei buruz egiten den interpretazioak berebiziko garrantzia duela; izan ere, epai hori Nafarroako Foruzaingoaren gaineko eskumenari aplikatzen ahal zaio goitik behera: Nafarroak bere eskubide historikoen indarrez arlo batzuen gaineko eskumenak erabili dituenez, bidezkoa da eskumenen esparru horretan Foruzaingoaren garai bateko araubidetzat har daitekeen guztia sartzea, eta haren barrenean daude, orobat, araubidean sartuta daudela jotzen diren alderdiak, aurretik arautu gabe egonda ere.

IV

Funtsean, Konstituzioak babestu eta errespetatzen duen Nafarroako foru araubidetik datorren eskumen esparru zabalari esker, Nafarroako Foru Komunitateak bere Foruzaingoa eguneratzeko ahalmena du, kidego horren eginkizunei ikuspegi moderno eta integrala emateko eta Nafarroako udaltzaingoekiko koordinazioa sendotzeko. Koordinazio horrek, bistan da, kudeaketa administratiboaz gainera, araugintzaren esparrua ere hartzen du.

Adierazitako eskumen esparru horretan, foru lege honek hiru helburu ditu: Nafarroako Foruzaingoaren araubidea eguneratu eta finkatzea; Nafarroako udaltzaingoen koordinazio normatibo eta administratiboa Segurtasun publikoari buruzko Foru Legeak arautu ez dituen alderdietan, eta, orobat, udal agenteen eta Nafarroako udaltzaingoetako laguntzaileen araubide berariazkoa ematea eta, azkenik, Nafarroako polizia kidegoetako langileen estatutu berezia arautzea.

Nafarroako polizietan dagoen bitasuna, batzuk Nafarroako Gobernuaren menpe baitaude eta beste batzuk toki entitateen menpe, ez da aitzakia jarduteko printzipio ezberdinak izateko. Printzipio horiek komunak izan behar dira eta segurtasun publikoaren indar eta kidego guztietako oinarrizko jarduketa irizpideekin bat etorri behar dute.

V

Nafarroako Foruzaingoaren araubideari dagokionez, kidego hori gaur dituen ezaugarrien araberako erakunde gisa hartzen da, hots: Foru Komunitatearen erakunde armatu bat, modu hierarkizatuan antolatua dagoena. Aurretik esandakoaren ildotik, azpimarratu beharra dago polizia propioa dela, integrala eta Nafarroako Foru Komunitatearentzat erreferentziala, hau da, gaur eguneko polizia modernoa, garai bateko irudikapen sinboliko eta historikoetatik bereizia, antolamendu juridikoak Estatuko segurtasun indar eta kidegoei esleitzen dizkien eskumenekin erabat bateragarria. Horregatik, eginkizun historiko eta klasikoez gainera, polizia integral bati dagozkionak ere izanen ditu, hau da, Foru Komunitatearen esparruan segurtasun publikoa bermatzea noiznahi eta nonahi, eskubide eta askatasun publikoak modu baketsuan erabili ahal izateko, hala nola pertsona eta ondasun guztiak defendatzea.

Oraingo araubide honek ez du Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legean jasota dagoen Foruzaingoaren lehengo araubidearen tabula rasa egiten; aitzitik, gorde beharrekotzat hartu dena bere egin du erabat eta beste zenbait alderdi aldatu ditu, egungo egoerara egokitzeko.

Polizien eskubide eta betebeharren multzoa lehengo araubidean oinarritzen da eta baita, Nafarroako gainerako funtzionario publikoen araubide orokorrarekin alderatuta, kidego horrek dituen berezitasunetan ere. Baina, eskubideen arloko aurrerapenik handiena polizia zerbitzua emateko baldintzak ezartzeko orduan langileek duten ordezkaritzaren eta parte-hartzearen esparruan gertatu da; izan ere, Foruzaingoaren plantillak azken urteotan izan duen igoera dela eta, ezinbestekoa gertatu da administrazioarentzako eta kidego horretako kideentzako ordezkaritza organo kolegiatu bat sortzea, bitarteko lana egiteko, parte-hartzea bideratzeko eta aholku, informazio edo proposamenak egiteko, Polizia Nazionalak edo polizia autonomikoek dutenaren antzekoa. Organo horretako alderdi soziala kideek demokratikoki aukeratuko dute eta horrela poliziaren kolektiboaren zuzeneko ordezkaritza berariazkoa bermatzen da.

VI

Udaltzaingoen araubideak ere ez du aldaketa handirik izanen. Aipagarriena, agian, figura berri baten sorrera litzateke, "udaltzain laguntzaileak" hain zuzen, udaltzaingoa duten udalerrientzat pentsatua, udaltzainen eginkizunen eraginkortasuna bermatzeko langileak behar dituztenerako, absentismoak edo lanpostu hutsen kopuruak plantillari eragiten badio, edo segurtasun publikoaren arloan salbuespenez edo behin-behinekoz gertatzen diren beharrei kasu egiteko langile finkoekin aski ez dutenean. Administrazio araubidean kontratatuko diren aldi baterako langileak izanen dira, laguntzarako eginkizun batzuk izanen dituztenak. Ezin dute su-armarik eraman. Merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraikiz hautatuko dira eta Nafarroako Segurtasun Eskolak antolaturiko gaitasun azterketa bat gainditu beharko dute. Aldi baterako administrazio langile horien kategoriaren sorrera Nafarroak bere araubide historikoaren indarrez langileriaren arloan duen eskumenaren adierazgarri bat da. Eskumen hori Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren bidez garatu zen.

VII

Foru legearen beste berrikuntza batzuk IV. tituluan biltzen dira, Polizia kidegoetako langileen Estatutuari dagokionez hain zuzen; izan ere, kidego horientzako estatutu berezi eta berariazko bat onesten da, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutu orokorretik bereizia.

Foru legean lanpostuen izenak aldatzen dira eta poliziak hautatzeko printzipioak sinplifikatzen dira. Funtsezko aldaketak egitea baino gehiago, prozesua erraztea da arlo horretan egin dena, hautapenaren kudeaketa errazteko, deusetan galarazi gabe publikotasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak. Horrez gainera, polizien karrera profesional berria finkatzen da, beheko maila eta kategorietatik goragoko maila eta kategorietara igotzeko aukera ematen duena, funtzionarioen merezimenduen, gaitasunaren eta antzinatasunaren arabera.

Polizien administrazio egoera berrien artean, zehatz-mehatz azaltzen da "bigarren jardueran" izenekoa, poliziaren eginkizunak denboraren joanak haren sasoi fisikoan ezinbestean eragiten dizkion aldaketetara egokitzeko aukera ematen duena. Egoera horretara igarotzen direnek beste zerbitzu osagarri batzuk eginen dituzte beren kidegoan, beste polizia kidego batzuetan edo administrazio bereko beste lanpostu batzuetan, lato sensu polizia administratiboaren inguruko jardueretan aritzeko.

VIII

Polizia funtzionarioen diziplina araubidea ere berregin da, eguneratu eta oso-osorik arautzeko, erregelamenduzko garapenaren beharrik gabe. Arau-hausteen sailkapena azken urteotan hartutako eskarmentuan oinarritzen da. Gainera, bi zehapen prozedura bereizten dira: bata, arau-hauste larri eta oso larrientzat, zeinaren arintasuna gainerako herritarrek beste zehapen prozedura batzuetan dituzten lege-berme berberen menpe dagoen (horrela, herritarrek dituzten bermeak polizia kidegora hedatzen dira); eta bestea, arau-hauste arinentzako prozedura, non prozeduraren sumariotasunak ez duen galarazten idatzizko prozedura bat aplikatzea eta interesdunari entzunaldia ematea.

ATARIKO TITULUA

Xedea eta definizioak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honek ondoko helburuak ditu, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.b) eta 51. artikuluak garatuz eta Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriaren babesean:

a) Nafarroako Foruzaingoaren araubidea eguneratzea eta ezartzea.

b) Nafarroako polizien koordinazio normatibo eta administratiboa, Segurtasun publikoari buruzko Foru Legeak arautu ez dituen alderdietan eta orobat, udal agenteen eta Nafarroako udaltzaingoetako udaltzain laguntzaileen araubide berariazkoa ezartzea.

c) Nafarroako polizia kidegoen langileen estatutua arautzea.

2. artikulua. Definizioak.

Foru lege honek agintzen duenerako, honako definizioak hartuko dira aintzat:

a) "Polizia kidegoa": Segurtasun publikoaren ardura duten zerbitzuen multzoa, izaera zibileko polizia-buru batek eta poliziek osatua, batasuna eta egitura hierarkizatuak dituena.

b) "Nafarroako polizia kidegoak": Nafarroako Foruzaingoa eta Nafarroako udaltzaingoak.

c) "Nafarroako Foruzaingoa": Nafarroako Foru Komunitateko polizia kidego propioa.

d) "Udaltzaingoa": Nafarroako toki entitate baten menpe dagoen polizia kidegoa.

e) "Polizia": Segurtasun publikoa zaintzeko ardura duen funtzionario publikoa, kasuan kasuko polizia kidegoan sartua eta legeek horretarako ematen dioten agintea duena.

f) "Udal agentea": Udaltzaingorik ez duen toki entitate bateko langileak, foru lege honetan ezarritako eginkizunak bere gain hartzen dituztenak, lanpostuak izendapen hori bera izan edo beste bat.

g) "Udaltzain laguntzailea": Udaltzaingoa duten toki entitateek administrazio araubidean aldi baterako kontratatzen dituzten langileak, kidego horretako langileak ordezkatzeko, absentismoaren eraginez, plantilla organikoan hutsik dauden lanpostuak betetzeko edo segurtasun publikoaren arloan une jakin batzuetan gertatzen diren beharrei kasu egiteko langile finkoekin aski ez dutenean kontratatzeko.

h) "Kontseilari eskuduna": Nafarroako Gobernuko lehendakariaren foru dekretu baten bidez segurtasun publikoaren, Foruzaingoaren edo Nafarroako udaltzaingoen koordinazioaren arloko eginkizun eta eskumenak esleiturik dituen Nafarroako Gobernuko departamentuaren titular den kontseilaria.

I. TITULUA

Nafarroako poliziak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

3. artikulua. Nafarroako polizia kidegoen helburua.

Hauexek dira Nafarroako polizia kidegoen helburuak:

a) Ordenamendu juridikoaren arabera, pertsonek aitorturik dituzten askatasun eta eskubideak babestea eta begiratzea.

b) Segurtasun eta lasaitasun publikoa zaintzea, legeak errespetatzen direla bermatzea eta gizartearen ordena gordetzea.

c) Delinkuentziari aurre egitea eta haren kontra borrokatzea.

d) Herritarrei laguntza eta zerbitzuak ematea.

4. artikulua. Nafarroako polizia kidegoetako kideen jardunaren oinarrizko printzipioak.

Nafarroako polizia kidegoetako kideak ondoko oinarrizko printzipio hauei jarraikiz arituko dira:

a) Konstituzioak, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoak eta antolamendu juridikoak agintzen dutena bete eta betearaziko dute.

b) Erabateko neutraltasun politikoz eta inpartzialtasunez jokatuko dute eta, horrenbestez, arraza, erlijioa, iritzia, sexua, hizkuntza, jaioterria, bizitokia edo beste edozein gizarte egoera edo inguruabar pertsonal dela kausa inolako bazterketarik egin gabe.

c) Osotasunez eta duintasunez jokatuko dute eta ustelkeriazko egintza orori aurre eginen diote irmoki.

d) Hierarkia eta menpekotasun printzipioei men eginen diete. Dena dela, beharrezko obedientzia hori ezin izanen da baliatu delitua dakarren edo nabarmen legeen kontra doan zerbait egiteko aginduren bat babesteko.

e) Zerbitzua dela-eta egiten dituzten jarduketen berri emanen diete kidegoko buruei, hala nola lan horien kausa eta zergatikoen berri ere.

f) Justizia administrazioari laguntzea indarreko arauetan ezarrita dagoen moduan.

g) Abusuan, arbitrariotasunean edo bazterkerian oinarritzen diren jokabideak galaraziko dituzte, horrek indarkeria fisiko edo morala ekartzen badu.

h) Herritarrekiko tratuan egoki eta adeitasunez jokatuko dute beti eta beharrezkoa denean edo herritarrek eskatzen dutenetan haiek laguntzen eta babesten ahaleginduko dira, eta egiten dituzten esku-hartzeen kausa eta helburuei buruz behar den informazioa emanen diete.

i) Kementsu eta azkar jokatuko dute, jokabide hori kalte larri, berehalako edo konponezin bat saihesteko beharrezkoa denean. Horrelakoetan, koherentzia, egokitasun eta proportzionaltasun printzipioen arabera erabiliko dituzte eskura dituzten baliabideak.

j) Erregelamenduzko armak beren edo beste pertsona batzuen bizia edo osotasun fisikoa benetan arrisku larrian dagoenean baino ez dituzte erabiliko, edo herritarren segurtasunerako arrisku larria dagoen egoeretan.

k) Atxiloketa bat egiten dutenean, beren burua kasuan kasuko polizia kidegoko kide gisa identifikatuko dute, bai, halaber, beren jokabideak herritarrek legez dituzten eskubide eta askatasun publikoak mugatzen dituen egoera guztietan.

l) Atxiloturik dauden edo zaintzapean dituen pertsonen bizia eta osotasun fisikoa begiratuko dute eta haien ohorea eta duintasuna errespetatuko.

m) Pertsona bat atxilotzen den kasuetarako, antolamendu juridikoak ezartzen dituen izapide, epe eta betebeharrak behar bezala bete eta begiratuko dituzte, epaileen aurrean lehenbailehen eramateko.

n) Lan dedikazioari dagokionez, erabateko dedikazioan arituko dira, eta, hortaz, pertsonen bizia eta osotasuna, legea eta herritarren segurtasuna defendatu behar diren guztietan esku hartuko dute, nonahi egonda, lanean izan ala ez izan, baita edozein delitu saihesteko ere.

ñ) Lanbideko sekretuari dagokionez, laneko jarduna dela bide eskuratzen duten informazioa isilpean gordeko dute zorrozki, informazio-iturrien berri eman gabe, salbu eta dagozkien eginkizunengatik edo lege-xedapenak aginduta beharrezkoa denean.

o) Lanbide jardueran legezko arauak, beren lanbidea arautzen duten erregelamenduzko arauak edo artikulu honetako printzipioak urratuz egiten dituzten egintzen erantzule zuzenak izanen dira, deusetan galarazi gabe administrazio publikoei egokitzen ahal zaien ondare-erantzukizuna.

II. KAPITULUA

Nafarroako polizia kidegoen antolaketa

5. artikulua. Nafarroako polizia kidegoak antolatzeko irizpide nagusiak.

Nafarroako polizia kidegoak ondoko oinarrizko irizpide hauen arabera eratuko dira:

a) Dagokien lana segurtasunaren arloko eskumena esleiturik duten agintari publikoen agindupean eginen dute, eta beren erregelamendu organikoek ezarriko dute zenbaterainoko autonomia operatiboa izanen duten.

b) Aginte kate bat behar bezala zehaztua izanen dute. Kidegoko kide guztiek, beren hierarkia maila edozein dela ere, beren egintzen, ez-egiteen eta menpekoei ematen dizkieten aginduen erantzule izan beharko dute.

c) Polizia kideen eta herritarren arteko harremanak onak izateko lan eginen dute, segurtasun publikoaren arloko zerbitzuak ematen dituzten profesionalak baitira, eta herritarrengandik ahalik eta hurbilen egoten saiatuko dira, herritarren eta poliziaren arteko komunikazioa eta elkar-ulertzea sustatzeko.

d) Maila guztietako kideen hautapena zerbitzuaren helburuak betetzeko dituzten gaitasunetan oinarrituz eginen da, irizpide objektibo eta ez-baztertzaileei jarraikiz, kidegoko langileek gizarteari bere zerbitzura daudela erakusteko. Langile horiek lanean jarduteko behar den oinarrizko prestakuntza jasoko dute, eta horren ondotik etengabeko prestakuntza eta prestakuntza espezializatua, eta, behar izanez gero, baita aginterako eta kudeaketarako prestakuntza ere.

e) Kideei dagozkien eskubideak aitortuko zaizkie eta foru lege honetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezartzen diren eginkizunak betetzeko eskatuko zaie.

f) Kideen osotasuna bermatzeko eta lanean zintzo jokatzen dutela bermatzeko behar diren diziplina neurriak hartuko dira.

6. artikulua. Egitura.

1. Nafarroako polizia kidegoak honela antolatuko dira:

a) Kidegoko burua.

b) Ondoko lan kategoria guztiak edo batzuk: komisario nagusia, komisarioa, inspektorea, inspektore-ordea, kaboa eta polizia.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako kategoriak hierarkikoki ordenatuak daude.

3. Kidego guztietarako, mugapen hauek ezarri dira:

a) Komisario nagusi bat ehun kideko.

b) Komisario bat berrogeita hamar kideko edo hogeita bost kidetik gorako hondarreko.

c) Inspektore bat hogeita hamar kideko edo hamabost kidetik gorako hondarreko.

d) Inspektore-orde bat hogei kideko edo hamar kidetik gorako hondarreko.

e) Kabo bat lau eta zazpi kideren bitarteko talde bakoitzeko edo horren hondarreko, administrazio bakoitzak finkatzen duen bezala.

Nafarroako Gobernuak, foru dekretu baten bidez, zenbateko horiek aldatzeko ahalmena izanen du, giza baliabideak hobeki antolatzeko. Udaltzaingoei dagokienez, toki entitateek eskatu ahalko dute aldaketa, betiere Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak adostasun txostena eman ondoren.

II. TITULUA

Nafarroako Foruzaingoa

I. KAPITULUA

Antolamendua eta eginkizunak

7. artikulua. Izaera.

1. Nafarroako Foruzaingoa Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren menpeko erakunde armatua eta zibila da, egitura eta antolaketa hierarkizatuak dituena.

2. Nafarroako Foruzaingoa polizia integrala da, eta Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan betetzen ditu bere eginkizunak, deusetan galarazi gabe ordenamendu juridikoak udaltzaingoei eta Estatuko segurtasun indar eta kidegoei esleitzen dizkien eskumenak.

8. artikulua. Goreneko agintea.

1. Nafarroako Gobernuari dagokio, lehendakariaren bidez, Nafarroako Foruzaingoaren goreneko agintea.

2. Nafarroako Foruzaingoaren goi zuzendaritza kontseilari eskudunari dagokio.

9. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Foruzaingoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Herritarren segurtasuna, eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua eta pertsonen eta ondasunen babesa bermatzea.

b) Legeak eta Foru Komunitatearen eskumeneko arloei aplikatu beharreko gainerako xedapen orokorrak, eta, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko organoen egintzak betetzen direla begiratzea, ikuskapenak eginez, salatuz eta nahitaez betearaziz.

c) Foru Komunitateko agintarien babesaz eta segurtasunaz arduratzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko erakundeen eta bere entitate instrumentalen menpe dauden pertsona, eraikin eta instalazioen babesaz eta segurtasunaz arduratzea.

e) Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoak diren oinarrizko zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia bermatzea.

f) Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean zirkulazioa antolatzea, eskumenak banatzeko Estatuarekin izenpetzen diren eta unean-unean indarra duten hitzarmenekin bat, salbu eta eskumena legez udaltzaingoari badagokio.

g) Garraioen arloan jardun eta ikuskapenak egitea, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

h) Herritarren segurtasunari eta ordenari eustea eta, bidezkoa denean, ordena bere onera ekartzea, behar diren esku-hartzeen bitartez, eta bereziki, espazio publikoak zaintzea, manifestazioak babestu eta antolatzea eta jendearen elkarretaratze handietan ordenari eustea.

i) Ondasunak eta pertsonak babestea eta haiei laguntzea, batez ere istripua dagoenean eta larrialdietan, xedapenen eta, bidezkoa denean, babes zibileko planen arabera.

j) Trafiko istripuetan atestatuak instruitzea, f) letran ezarritako eginkizunen esparruan.

k) Delituei aurrea hartzea eta delituak galarazteko behar diren eginbideak egitea.

l) Polizia judizialaren lana, legeek adierazten dituzten kasu eta moduetan.

m) Nafarroako toki entitateetako agintariekin elkarlanean aritzea eta elkarri laguntzea, baldin eta haiek eskatzen badute, aplikatzekoak diren xedapenetan ezartzen den moduan.

n) Beste segurtasun indar eta kidego batzuekin elkarlanean aritzea eta elkarri laguntzea, legeek ezarritako kasuetan.

ñ) Segurtasun indar eta kidego guztiekin lankidetzan aritzea polizientzat interesgarria den informazioa biltzen, tratatzen eta elkarri ematen.

o) Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan aritzen diren segurtasun pribatuko enpresak ikuskatzea eta haien zerbitzu, jarduketa, baliabide eta langileak kontrolatzea, indarreko legeetan ezarrita dagoenari jarraikiz.

p) Gatazka pribatuak adiskidetasunez konpontzen laguntzea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

q) Legeek esleitzen dizkion gainerako eginkizunak, eta zehazki, legeek autonomia erkidegoetako segurtasun kidegoei esleitzen dizkietenak.

10. artikulua. Aginte operatiboa.

Ekintzei dagokienez, Nafarroako Foruzaingoa foruzainburuaren menpean egonen da.

11. artikulua. Uniformea, ezaugarriak, kredentzialak, agurrak eta ohoreak.

1. Nafarroako Foruzaingoko kideek, lanean dihardutela, uniformea jantziko dute beti. Kontseilari eskudunak, zerbitzuak hala eskatzen duenean, Foruzaingoko kide edo unitate jakin batzuek uniformea jantzi gabe jarduteko baimena emanen du. Nolanahi ere, laneko identifikazioa eraman beharko dute.

2. Foru agindu bidez, kontseilari eskudunak uniformeari, ezaugarriei, kredentzialei, agurrei eta ohoreei buruzko arauak emanen ditu. Era berean, poliziaren bulegoetan, ibilgailuetan eta baliabide ibiltarietan erabili beharreko adierazgarriak arautuko dira.

12. artikulua. Armak.

Kontseilari eskudunak Nafarroako Foruzaingoko kideen armak erabiltzeko araubidea emanen du, aplikagarria den estatuko legedia errespetatuz.

13. artikulua. Polizia judiziala.

1. Nafarroako Foruzaingoko kideek antolamendu juridikoak polizia judizialaren arloan esleitzen dizkien eginkizun orokorrak eginen dituzte eta, bidezko bideak erabiliz, agintari judizialek edo Ministerio Fiskalak eskatzen duten lankidetza emanen dute, delituak ikertzeko edo gaizkileak aurkitu edo harrapatzeko asmoz.

2. Kontseilari eskudunak, Foruzaingoaren egitura organikoaren barruan, polizia judizialaren arloko eginkizunak izanen dituzten unitateak arautzen ahalko ditu, eta epaitegiei edo auzitegiei edo Ministerio Fiskalari atxikitzen ahalko dizkie. Horrelakoak sortzeko, delituen espezializazioaren gaineko irizpideak aintzat hartzen ahalko ditu.

3. Polizia judizialeko eginkizun espezializatuetan aritzeko, dagokion diploma beharko da, Nafarroako Segurtasun Eskolak edo baliokide batek emana, espezializazio ikastaroa edo azterketa gainditu ondoren.

4. Polizia judizialeko unitateei atxikitako kideak ikertzen ari den auziaren ardura duen epailearen, epaitegiaren edo Ministerio Fiskalaren menpe egonen dira, eginkizunei dagokienez.

5. Polizia judizialeko unitateetako kideak ezin izanen dira aginduta duten ikerkuntza lanetik baztertu edo bereizi, salbu eta Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarrita dauden kasuetan.

6. Polizia judizialeko unitateetan sartzen diren kideen araubidea foru lege honetan ezarritakoa izanen da eta, oro har, Nafarroako Foruzaingoaren gainerako kideei aplikatzekoa.

II. KAPITULUA

Nafarroako Foruzaingoaren Kontseilua

14. artikulua. Izaera eta eginkizunak.

1. Nafarroako Foruzaingoak organo paritario bat izanen du, hots, Nafarroako Foruzaingoaren Kontseilua.

2. Nafarroako Foruzaingoaren Kontseilua, kontseilari eskudunaren edo horren eskuordetza hartzen duen agintariaren lehendakaritzapean, Foruzaingoaren deliberazio, kontsulta eta proposamen organoa izanen da.

3. Hauek dira Nafarroako Foruzaingoaren Kontseiluaren eginkizunak:

a) Polizia lana egiteko baldintzak finkatzeko eztabaidetan parte hartzea.

b) Lanbidearen estatutuari buruzko galderak bideratzea.

c) Artikulu honetan aipatzen diren gaiei buruzko xedapen orokorren proiektuen gaineko txostenak egitea, hala eskatzen zaionean.

d) Foruzaingoak ematen duen zerbitzua hobetzeko balio duen edozein eginkizuna.

e) Legeek eta xedapen orokorrek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

4. Nafarroako Foruzaingoaren Kontseiluaren txostena jasota, kontseilari eskudunak kontseiluaren funtzionamendu eta antolamendurako erregelamendua onetsiko du.

15. artikulua. Kideak eta hautaketa.

1. Nafarroako Foruzaingoaren Kontseiluak administrazioko zortzi ordezkari izanen ditu, kontseilari eskudunak izendatuak _horien artean kontseilaria bera edo horren eskuordetza hartzen duen agintaria_ eta Foruzaingoko kideen beste zortzi ordezkari.

2. Foruzaingoaren Kontseiluko idazkari lana Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko funtzionario batek eginen du, zuzenbideko lizentziatu titulua izan beharko duenak. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

3. Foruzaingoaren Kontseiluan Foruzaingoak dituen kideak ondoko idatz-zatietan xedatutakoaren arabera hautatuko dira. Zortzigarrena Foruzaingoko Langileen Batzordeak hautatuko du, bere kideen artetik.

4. Foruzaingoak Kontseiluan izanen dituen ordezkariak hautatzeko deialdia egitea eta horretarako arauak onestea kontseilari eskudunari dagokio.

5. Hauteskunde prozesua hasten den egunean jardunean, bigarren jardueran, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian dauden Foruzaingoko funtzionarioak izaten ahalko dira hautesle eta hautagai. Eginkizunez gabetuak dauden Foruzaingoko kideak ere hautesle eta hautagai izan daitezke, ebazpena onartu edo bide jurisdikzionalean irmo bilakatu bitartean, salbu eta prozedura jurisdikzional baten ondoriozko behin-behineko eginkizun-gabetzea denean edo, hutsegite oso larri bat dela kausa egindako epaiketan agindutako eginkizun-gabetze irmoa denean.

6. Foruzaingoak Kontseiluan izanen dituen ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak mailaz maila eginen dira, Foruzaingoko kideek boto pertsonala, zuzena eta sekretua emanez. Hauteskundeak egiteko deialdia egiteko foru aginduan maila bakoitzean zenbat ordezkari hautatuko diren finkatuko da, proportzionaltasun irizpideen arabera. Nolanahi ere, maila bakoitzeko gutxienez ordezkari bat hautatzeko aukera bermatuko da.

7. Sindikatuek edo kasuan kasuko mailako hautesleen 100eko 5ek gutxienez, hautagaiak zerrendetan aurkeztuko dituzte. Zerrenda horietan, aukeratu beharreko ordezkariak adina hautagai azalduko dira, gehi bi ordezko.

8. Nafarroako Foruzaingoaren Kontseiluan Foruzaingoko kideek izanen dituzten ordezkariak aukeratzeko, maila guztietan ordezkaritza proportzionalaren sistema erabiliko da; izan ere, baliozko botoen ehuneko bost edo gehiago lortzen duen zerrenda bakoitzari ondoko eragiketa matematikoen arabera dagozkion postuak esleituko zaizkio:

Lehena._Baliozko botoen ehuneko bost edo gehiago lortu duten zerrendetako baliozko boto guztiak batuko dira.

Bigarrena._Baliozko boto guztien kopurua zati bete beharreko postuen kopurua eginen da.

Hirugarrena._Zerrenda bakoitzak lorturiko baliozko botoen kopurua zati aurreko eragiketan lorturiko zatidura eginen da, eta gero eragiketa horretako emaitzaren zenbaki osoa zein den, horrenbeste ordezkari esleituko zaizkio kasuko zerrendari.

Laugarrena._Esleitu gabeko posturik gelditzen bada, adierazitako eragiketaren emaitzan hondarrik handiena duen zerrendari esleituko zaio.

Ordezkariak hautagai-zerrendan jarri diren ordena berean hautatuko dira.

9. Ordezkarien kargu-aldia lau urtekoa izanen da, hautetsiak aldarrikatzen direnetik aurrera. Kontseiluko tokiren bat hutsik gelditzen bada, kasuan kasuko zerrendan agertzen den hurrengo hautagaiak beteko du, baita ordezko denean ere.

10. Praktiketako funtzionarioei ez zaie aplikatuko artikulu honetan xedatu dena.

16. artikulua. Foruzaingoaren kidegoaren ordezkariaren izaera galtzea.

Hautatzen diren ordezkariek honako kasu hauetan galduko dute ordezkari izaera:

a) Karguari propio uko egitea, departamentu eskudunari jakinaraziz.

b) Kargu-aldia bukatzea.

c) Hautatu zeneko mailatik aldatzea.

d) Funtzionario izaera galtzea.

e) Heriotza.

III. TITULUA

Udaltzaingoak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

17. artikulua. Udaltzaingoak sortzea.

1. Bost mila bizilagun eskubidedun edo gehiago dituzten Nafarroako udalek beren udaltzaingoak sortzen ahalko dituzte.

2. Halaber, toki administrazioari buruzko foru araudiaren arabera eratutako beste toki entitateek ere sortzen ahalko dituzte udaltzaingoak, betiere horretarako eskumena badute eta aurreko idatz-zatian eskatzen den bizilagun kopurua badute.

3. Nafarroako Gobernuak baimena eman dezake aurreko idatz-zatietan adierazitako baldintza betetzen ez duten toki entitateen udaltzaingoak eratzeko, herritarren segurtasuna dela-eta beharrezkoa edo egokia denean.

4. Toki entitate bakoitzean udaltzaingo bakarra izanen da.

18. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako udaltzaingoak, toki entitateko alkatearen edo buruaren goi agintearen pean, toki administrazioari buruzko legedian eta segurtasun indar eta kidegoei buruzko arauetan ezarritakoari jarraikiz arituko dira.

19. artikulua. Udaltzain laguntzaileak.

1. Udaltzaingoa duten toki entitateek zilegi izanen dute administrazio araubidean aldi baterako langileak kontratatzea, udaltzain laguntzailearen izenarekin, udaltzainen eginkizunen eraginkortasuna helburu, plantilla organikoari udaltzainen absentismoak edo aldi baterako hutsik dauden lanpostuen kopuruak eragiten dionean, lanpostu hutsak betetzeko edo segurtasun publikoaren arloan gertatzen diren salbuespenezko edo behin-behineko beharrei kasu egiteko.

2. Udaltzain laguntzaileek kidegoko funtzionarioei laguntzeko lanak beteko dituzte, eta haien zuzendaritzapean arituko dira. Langile horiek beteko dituzten eginkizunak soilik izanen dira ondasunen, zerbitzuen, instalazioen eta egoitza ofizialen zaintza, trafiko arauei jarraituz bide-trafikoa antolatzea, herritarren sorospen-eginkizunetan eta babes zibilaren arlokoetan parte hartzea eta administrazio izaera duten arauak bete daitezen zaintzea. Eginkizun horietarako, agintaritzaren agentetzat hartuko dira.

3. Udaltzain laguntzaileek behar bezala identifikatzeko moduko ezaugarriak eramanen dituzte aldean eta behar den dokumentazioaren bidez frogatuko dute udaltzain izaera. Ez dute sekula eramanen su-armarik.

4. Kontratazioa egiteko orduan, Nafarroako Segurtasun Eskolak berariaz ematen duen udaltzain laguntzailearen gaikuntza ez dutenak ezin izanen dira kontratatu udaltzain laguntzaile gisa aritzeko. Eskolak gaikuntza emanen die propio prestatzen diren berariaz gainditzen dituztenei bakar-bakarrik. Gaikuntza lortzeko bi bide daude: Eskolak aldian behin egiten dituen deialdi publiko berariazkoak edo toki entitateak sustatzen duen hautapen prozesua. Gaikuntzak bost urterako balioko du.

5. Toki entitateak sustatutako hautapen prozesuetan izangaiek gaitasun fisikoa ebaluatzeko azterketa bat eta jakintza tekniko eta juridiko orokorra neurtzeko azterketa bat gainditu beharko dituzte, eta horrela aurreikusiz gero, baita bidezko diren proba psikoteknikoak ere.

6. Udaltzain laguntzaile baten kontratazioa plantilla organikoan udaltzain lanpostu bat hutsik dagoelako egiten denean, toki entitateak lanpostu hori behin betikoz betetzeko deialdia kontratazioa egin eta gehienez urtebeteko epean egin beharko du. Eskaini ezean, urtebeteko epea betetzen den egun berean administrazio kontratua iraungiko da zuzenean, eta toki entitateak behar den likidazioa egin beharko dio.

7. Artikulu honetan aipatzen diren langileei aplikatu beharreko araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan administrazio araubidean kontratatzen diren langileentzat ezarritakoa izanen da, foru lege honetan ezarritako salbuespenekin, eta Estatutu horretako D mailan sartuko da.

20. artikulua. Udal agenteak.

1. Udaltzaingorik ez duten toki entitateek zilegi dute 3. idatz-zatian aipatzen diren eginkizunak, esklusibotasunez edo polizia arlokoak ez diren beste batzuekin batera, zaindari, zaintzaile, agente, gauzain, albiente edo antzeko izendapena duten funtzionario publikoei esleitzea. Langile horien multzoak "udal agenteak" izen generikoa hartuko du eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren C mailan sartuko dira.

2. Udal agenteak, armak dituztela edo ez, beren eginkizunetan dihardutenean, agintaritzaren agentetzat joko dira eta horixe frogatuko dute behar diren agirien eta ezaugarrien bidez.

3. Udal agenteek, polizia arlotik kanpora dituzten eginkizunez gain, hauek betetzen ahalko dituzte:

a) Udalaren ondasun, zerbitzu, instalazio eta bulegoak zaindu eta begiratzea.

b) Herrigunean zirkulazioa antolatzea, zirkulazio arauekin bat.

c) Herritarrei lagundu eta babes zibileko lanetan parte hartzea, legeetan xedatutakoarekin bat.

d) Udalaren erregelamendu, ordenantza, bando eta ebazpenak betearaztea, baita gainerako xedapen eta egintzak ere.

e) Espazio publikoak zaintzea eta jaialdi, kultur ekitaldi eta antzeko elkarretaratze handietan ordenari eusten laguntzea Foruzaingoari.

f) Gatazka pribatuak konpontzen laguntzea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

g) Segurtasun indar eta kidegoei uneoro laguntzea.

4. Udal agenteen araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan ezarritakoa izanen da, salbu eta foru lege honetan haientzat propio zehazten diren kontuetan.

5. Udal agente lanpostuetan sartzeko hautaprobetan onartua izateko, foru lege honen 30. artikuluan polizia lanposturako eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak bete beharko dira. Albienteak hautatzeko prozeduran, izendatuak izan aitzin, ezinbesteko betebehar gisa, prestakuntzarako berariazko ikastaro bat gainditu beharko dute Nafarroako Segurtasun Eskolan.

6. Toki entitate batek udaltzaingoa eratzen duenean, plantilla organikoan poliziari dagozkion eginkizunak betetzen dituzten zaindari, zaintzaile, agente, albiente, gauzain edo antzeko lanpostuak baditu, langile horiek kidego berrian sartuko ditu, ondoko arau hauei jarraikiz:

a) Polizia eginkizunak baizik ez badituzte, zuzenean sartuko dira udaltzaingoan, udaltzain gisa, eta jatorrizko plaza amortizatu eginen da.

b) Polizia eginkizunez gain, beste lan batzuk esleituak bazituzten, toki entitateak erabakiko du zein lanpostu sartzen diren udaltzaingoan (udaltzain gisa) eta zein birmoldatzen diren polizia eginkizunik gabe uzteko. Lanpostu birmoldaketarekin batera, lanpostua maila baxuagoko batean sailkatzen bada, funtzionarioari lehengo maila gordeko zaio, iraungi beharreko egoera pertsonal gisara.

c) Udaltzain lanpostuak aipatutako funtzionarioen arteko merezimendu lehiaketa bidez beteko dira. Dena dela, merezimendu lehiaketan egiten den lanpostu birmoldatuen esleipenean parte-hartzaile guztien asmoak asetzen ez badira, funtzionario horiek gero batean sortzen diren horrelako lanpostu hutsak eskuratzeko eskubidea izanen dute, baina behin bakarrik.

d) Integrazio prozesuaren barrenean, Nafarroako Segurtasun Eskolan prestakuntza ikastaro bat egitea eskatuko da. Lehenagotik egindako ikastaroak baliozkotzen ahalko dira, osorik edo partez, Eskolak edukiak balio berekoak direla erabakiz gero.

21. artikulua. Hautatzeko irizpide komunak.

1. Departamentu eskudunak deialdiak onetsi eta hautapen prozedurak gauzatu ahalko ditu udaltzaingoan sartzeko, udal agentea izateko edo udaltzain laguntzaileak kontratatzeko, baldin eta toki entitate batek bere borondatez eta bidezko erabakiaren bidez departamentuari hala eskatu eta hark eskaera onartzen badu. Hori helburu, zilegi izanen da deialdi bat bera egitea toki entitate baterako baino gehiagotarako, Foruzaingoan sartzeko deialdiekin batera egitea edo horietan txertatzea.

2. Deialdi komun batean parte hartzen dutenei dagozkien lanpostuak interesdunen nahien arabera esleituko dira, hautapen probetan lortutako ordenaren arabera.

II. KAPITULUA

Antolamendua

22. artikulua. Antolamenduaren erregelamendua.

Udaltzaingoa duten toki entitateek hura antolatzeko erregelamendua prestatuko dute. Horretan kategoriak edo mailak eta, kasua bada, kidegoko unitateak agertuko dira. Halaber, unitate bakoitzaren berariazko eginkizunak eta kidego horietan sartzeko beharrezkoak diren baldintzak ezarriko dira.

23. artikulua. Aginte operatiboa.

1. Udaltzaingoaren aginte operatiboa udaltzainburuak izanen du.

2. Toki entitateko alkateak edo buruak izendatuko du udaltzainburua.

24. artikulua. Uniformea, ezaugarriak, armak eta kredentzialak.

1. Udaltzaingoetako kideek, lanean dihardutela, uniformea jantziko dute beti. Zerbitzua dela-eta beharrezkoa bada, toki entitateko alkateak edo buruak baimena emanen die kide batzuei beren eginkizunetan uniformea jantzi gabe aritzeko.

2. Toki entitateek ahalmena dute uniformeari, kredentzialei, ezaugarriei eta, bidezko bada, agurrei buruzko arau berariazkoak emateko, Udaltzaingoen Koordinazio Batzordeak txostena eman ondoren Nafarroako Gobernuak ezartzen dituen xedapen orokorrei jarraikiz.

3. Udaltzaingoetako kideek, beren eginkizunetan dihardutela, erregelamenduen bidez ezartzen diren armak eramanen dituzte.

4. Armak aplikatzekoa den legedi orokorrean xedatutakoari jarraituz erabiliko dira.

IV. TITULUA

Nafarroako polizia kidegoetako langileen Estatutua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

25. artikulua. Plantilla organikoak.

1. Udaltzaingoa duten Nafarroako administrazio publikoek beren plantilla organikoan sartuko dituzte kidego horretan dauden langileen lanpostuak.

2. Nafarroako Gobernuari dagokio Nafarroako Foruzaingoaren plantilla onetsi eta kidego hori osatzen duten lanpostuak zehaztea.

3. Udaltzaingoak osatzen dituzten lanpostuak zehaztu eta haien plantillak onestea udalaren osoko bilkurari edo toki administrazioaren gaineko legedian ezartzen den organoari dagokio.

II. KAPITULUA

Polizia kidegoko burua

26. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Polizia kidegoko burua aldi baterako kargua da, izendapen librekoa. Izendapena eta kargu-uztea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu behar dira.

2. Polizia kidegoko buruaren kargua bateraezina da administrazio publikoaren beste edozeinekin, baita beste edozein lan, merkataritzako jarduera edo lanbiderekin ere.

27. artikulua. Foruzainburua.

Foruzainburua izendatzea eta kargutik kentzea Nafarroako Gobernuari dagokio, kontseilari eskudunak proposaturik.

Foruzainburua Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko goi kargutzat hartuko da eta zuzendari nagusien araubide juridikoa aplikatuko zaie, zuzendari nagusiaren menpekotasun organiko eta funtzionala deusetan galarazi gabe.

III. KAPITULUA

Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioak

1. ATALA

Hautapena

28. artikulua. Deialdi publikoa.

1. Nafarroako polizia kidegoetan funtzionario gisa sartzeko izangaien hautapena deialdi publikoan iragarri beharreko oposizio bidez edo oposizio-lehiaketa bidez eginen da, publikotasun, merezimendu eta gaitasun irizpideei jarraituz.

2. Hautapena deialdiko arauei jarraikiz eginen da eta horien edukia erregelamenduz zehaztuko da. Deialdiak eta haien arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira eta administrazioak, hautaprobetako epaimahaikideek eta parte-hartzaile guztiek bete beharko dituzte.

29. artikulua. Hautaprobak.

1. Hautaprobak teorikoak eta praktikoak izanen dira eta, horien artean, gutxienez, gaitasun fisikoa neurtzeko probak, eskaturiko ikasketa mailarekin bat datozen jakite-mailako probak eta proba psikoteknikoak sartuko dira.

2. Hautaproben artean, betiere, prestakuntza ikastaro bat egonen da, Nafarroako Segurtasun Eskolak emana. Nafarroako polizia kidegoetako funtzionario bihurtzeko nahitaezko betebeharra izanen da ikastaro hori gainditzea.

3. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako ondorioetarako, izangaiak deialdiak eskatu eta Nafarroako Segurtasun Eskolak antolatutako ikastaroaren baliokide den beste bat gainditua badu, aski izanen du Nafarroako Segurtasun Eskolak ikastaroa baliozkotzea; ikastaroa baliokidea dela frogatzeko, ikastaroen edukiak berdinak edo baliokideak direla egiaztatzen duen agiri ofiziala, interesdunak eskatuta Eskolak emanen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako notak.

30. artikulua. Baldintzak.

1. Nafarroako polizia kidegoetako lanpostuetan edo funtzionario gisa sartzeko hautaprobetan onartua izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Nazionalitatez espainiarra izatea.

b) Adinez nagusia izatea eta erregelamendu bidez ezarritako adina ez gainditzea.

c) Lanbiderako eskatzen den ikasketa titulua edo kategoria izatea.

Hala ere, polizia gisa sartzeko nahiko izanen da eskola graduatua, lehen mailako lanbide heziketa edo baliokidea izatea, halako moduz non, sartzeko prestakuntza ikastaroa, Segurtasun Eskolak emanikoa, gaindituta, teknikoki baliokideak izanen baitira oinarrizko ikastaro hori eta batxilergoa, bigarren mailako lanbide heziketa edo horien baliokidea; baliokidetasun hori, hala ere, ondorio administratiboetarako baizik ez da izanen, hau da, polizia kidegoko udal agente edo C mailako funtzionario izendatzeko, eta ez du baliorik izanen ez arlo akademikoan, ez irakaskuntzaren edo hezkuntzaren arloan, ez eta administrazioaren beste esparru batzuetako maila horretako lanpostuak betetzeko ere.

d) Eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea eta arlo honetan eskumena duen kontseilariaren foru aginduaren bidez onartuko den baztertzeko arrazoi medikoen taulan ez egotea.

e) Erregelamendu bidez ezartzen den gutxieneko garaiera izatea.

f) Doluzko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

g) Erregelamendu bidez ezartzen den ibilgailu mota gidatzeko baimena edukitzea.

2. Betebehar hauek eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen bete behar dira, g) letrakoa izan ezik, prestakuntza ikastaroan onarturiko hautagaien zerrenda argitaratzen den egunean bete beharko baita.

31. artikulua. Ikasketa tituluak.

1. Aurreko artikuluko 1. idatz-zatiko c) letran eta barne-igoera eta lanbide karrera arautzen duten aginduetan xedatutakoa galarazi gabe, Nafarroako polizia kidegoetako kategorietan sartzeko eskatuko den ikasketa titulua 42. artikuluan ezarritako mailei dagokiena izanen da.

2. Nafarroako polizia kidegoetako plantillako langileek, barne igoerarako, eskatutako tituluaren ordez aurreko kategorian emandako urteak aurkezten ahalko dituzte, foru lege honetan ezarritakoaren arabera.

32. artikulua. Polizia kategorian sartzea.

Polizia kategorian hasteko, polizia kidegoetan sartzeko hautaprobak gainditu beharko dira.

Hori horrela izanik ere, udaltzaingoa duten toki entitateek lanpostu hutsen 100eko 30 erreserbatzen ahalko dituzte beste udaltzaingo batzuetako funtzionarioen arteko oposizio-lehiaketa bidez betetzeko. Horrelako izangaiei azkeneko udaltzaingoan bost urteko zerbitzualdia benetan egina izatea eskatuko zaie. Funtzionario horiei Nafarroako Segurtasun Eskolako prestakuntza ikastaroa baliozkotzeari dagokionez 29. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoa aplikatuko zaie. Txanda horretan betetzen ez diren lanpostuak txanda irekiko lanpostuei gehituko zaizkie.

33. artikulua. Kabo kategorian sartzea.

1. Kabo lanpostu hutsak polizia kategoria dutenen kategoria-igoeraren prozeduraren bidez beteko dira. Lehiaketa horretan parte hartzeko, hiru urteko edo gehiagoko antzinatasuna eskatuko da polizia kategorian.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren deialdietan polizia kidego bereko kideentzako barne igoerako txanda bat ezarriko da, eta beste txanda bat gainontzeko lanpostu-hutsekin, Nafarroako polizia kidego guztietako kideei irekia, baldin eta eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Txanda irekian betetzen ez diren postuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio. Idatz-zati hau aplikatzeko, hiru lanpostu hutsetatik lehendabizikoa eta hirugarrena barne igoera txandakoak izanen dira eta bigarrena txanda irekikoa.

34. artikulua. Inspektore-ordearen kategorian sartzea.

1. Inspektore-orde lanpostu hutsak kabo kategoria dutenen barne-igoeraren bidez beteko dira. Horretarako, oposizio-lehiaketa eginen da. Oposizio-lehiaketa horretan parte hartzeko, kabo kategorian hiru urteko edo gehiagoko antzinatasuna eskatuko da eta, orobat, erdi mailako ikasketa titulua. Titulurik ez badute, kategoria hartan bost urteko edo gehiagoko antzinatasuna izatea.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren lanpostu hutsak betetzeko deialdietan, polizia kidegoko kideentzako barne igoerarako txanda bat ezarriko da, eta beste txanda bat gainerako lanpostu hutsekin, ezarririko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako polizia kidegoetako kide guztientzat irekia. Txanda irekian betetzen ez diren postuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio. Idatz-zati honen aplikazioaren ondorioetarako, hiru lanpostu hutsetik lehendabizikoa eta hirugarrena barne igoera txandakoak izanen dira eta bigarrena txanda irekikoa.

35. artikulua. Inspektore kategorian sartzea.

Inspektore kategorian sartzeko prozedura hau erabiliko da:

a) Kategoria horretako lanpostuen 100eko 60 gutxienez barne- igoeraren bidez beteko dira, Nafarroako polizia kidegoetako inspektore-ordeen arteko kategoria-igoeraren lehiaketa eginda. Izangaiei hiru urteko edo gehiagoko antzinatasuna eskatuko zaie inspektore-orde kategorian eta, orobat, erdi mailako titulua. Titulurik ezean, kategoria horretan bost urteko edo gehiagoko antzinatasuna beharko dute.

b) Lanpostu hutsen 100eko 20, gehienez, bete ahalko da Nafarroako polizia kidegoetakoak ez diren beste segurtasun indar eta kidego batzuetako kideen artean, merezimendu lehiaketa eta lanaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktiko baztertzaile baten bidez; izangaiek, betiere, B mailakoak edo horri asimilatutako mailakoak izan beharko dute, eta maila horretarako behar den erdi mailako titulua izan; gainera, ari diren lanean hiru urteko antzinatasuna izan beharko dute. Era berean, proba psikoteknikoak ere jarri ahalko dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoari zenbateraino egokitzen zaizkion neurtzeko.

Prozedura hori gauzatzen ez bada, lanpostuak barne igoeraren txandari gehituko zaizkio.

c) Lanpostu hutsen 100eko 20 polizia kidegoetan sartzeko hautaproben bidez beteko dira; horretarako, erdi mailako titulua izan eta deialdian ezarritako gainerako baldintzak bete beharko dira.

d) Idatz-zati honetako b) eta c) letretan aipatutako txanden bidez betetzen ez diren lanpostu hutsak barne-igoeraren bidez beteko dira.

36. artikulua. Komisario kategorian sartzea.

Komisario kategorian sartzeko modua eta prozedura honakoak izanen dira:

a) Deitutako lanpostuen 100eko 70, gutxienez, barne-igoeraren bidez beteko da goi mailako titulua izan eta lan horretan gutxienez hiru urteko antzinatasuna duten Nafarroako polizia kidegoetako inspektoreen artean oposizio-lehiaketa eginda. Era berean, erdi mailako titulua dutenek ere parte hartu ahalko dute, baldin eta gutxienez ere bost urteko antzinatasuna badute inspektore lanpostuan.

b) Deitutako lanpostuen 100eko 30, gutxienez, Nafarroako polizia kidegoetakoak ez diren A mailako edo horri asimilatutako mailako beste segurtasun indar eta kidego batzuetako kideekin bete ahalko dira, oposizio-lehiaketa bidez; horretarako, goi mailako titulua eta hiru zerbitzu-urte beharko dira. Prozedura hori ez bada abian jartzen edo, abian jarrita, lanpostuak ez badira betetzen, hutsik gelditutako lanpostuak aurrekoari gehituko zaizkio.

c) 39. artikuluko 4. idatz-zatian jasotako gaitasun-ikastaroa egin behar dutenak gutxiago badira deialdian jasotako lanpostu kopurua baino, gainerakoekin beste deialdi bat egin ahalko da, lanpostu horiek oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta deialdi horretan Nafarroako polizia kidegoetako kideek parte hartu ahalko dute, baldin eta goi mailako titulua badute eta kidego horietan hamar zerbitzu-urte baino gehiago egin badituzte.

37. artikulua. Komisario nagusiaren kategorian sartzea.

Komisario nagusiaren kategoriako deialdiko lanpostu hutsak betetzeko, Nafarroako polizia kidegoetako komisarioentzako oposizio-lehiaketa murriztua eginen da. Izangaiei hiru urteko edo gehiagoko antzinatasuna eskatuko zaie inspektore kategorian eta, orobat, goi-mailako ikasketa titulua eduki beharko dute.

38. artikulua. Lanpostuen esleipena.

1. Deialdi batean parte hartzen dutenei dagozkien lanpostuen esleipena interesdunen nahien arabera eginen da, hautaprobetan lortutako puntuazioaren ordenari jarraikiz eta plantilla organikoan lanpostu horiek betetzeko ezarritako baldintzak errespetatuz.

2. 35. eta 36. artikuluetan adierazitako kasuetan, barne-igoerako txandatik datozen izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako segurtasun indar eta kidegoetako txandetatik datozenen aurretik, eta, kasua bada, azken horiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik.

3. Kategoria bat eskuratzeak ez dakar inolaz ere lanpostu edo destino jakin batean aritzeko eskubiderik, ez eta zerbitzua toki edo arlo jakin batean emateko inolako aurreikuspenik, ez bada kategoria horri berez dagozkion eginkizun orokorretan.

39. artikulua. Lanpostuak eskuratzeko prozedurak.

1. Lanpostuak eskuratzeko foru lege honetan jasotako prozeduren lehiaketa fasean, gutxienez ere, honakoak baloratuko dira: administrazio publikoetan emaniko zerbitzuak, polizia-eginkizunarekin zerikusia duten prestakuntza-, irakaskuntza- eta ikerkuntza-jarduerak, hizkuntzak jakitea eta betetako lanpostuak baldin eta erregelamenduz horren balorazio objektiboa egiteko prozedura ezarri bada.

2. Oposizio-lehiaketako prozeduretako oposizio faseak, gutxienez, eskatzen den maila akademikoarekin eta bete nahi den lanpostuarekin bat datozen proba praktikoak eta ezagutzakoak izanen ditu, eta proba psikoteknikoak, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoari zenbateraino egokitzen zaizkion neurtzeko.

3. Kategoria-igoeraren lehiaketako prozedurek, 1. idatz-zatian ezarritakoaz gain, lortu nahi den lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktiko baztertzaile bat izanen dute, gutxienez. Era berean, proba psikoteknikoak ere izan ditzakete, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoari zenbateraino egokitzen zaizkion neurtzeko.

4. Foru lege honetan lanpostuak eskuratzeko prozedura guztietan izanen da eskuratu nahi den lanposturako gaitasun-ikastaro bat gainditu beharra, Nafarroako Segurtasun Eskolak emana.

5. Aurreko idatz-zatietan jasotako xedapenak erregelamenduz garatuko dira Nafarroako polizia kidegoetako lanpostu bakoitzerako.

2. ATALA

Nafarroako polizia kidegoetako funtzionario izaera eskuratu eta galtzea

40. artikulua. Araubide orokorra.

Nafarroako polizia kidegoetako funtzionario izaera eskuratu eta galtzeko moduari dagokionez, Nafarroako administrazio publikoetako beste funtzionarioentzako xedapen orokorretan ezarritako arau berberei jarraituko zaie, hurrengo artikuluan xedatzen dena deusetan galarazi gabe.

41. artikulua. Praktiketako funtzionarioak.

1. Nafarroako polizia kidegoetako polizia, inspektore edo komisario kategorietan sartzeko Nafarroako Segurtasun Eskolak ematen duen prestakuntza ikastaroa egitera onartzen diren izangaiak, ikastaroa egin bitartean eta, gaindituz gero, administrazioak behin betiko lanpostuaren jabetza hartzeko finkatzen duen egunera arte, praktiketako funtzionarioak izanen dira, non eta jadanik ez diren Nafarroako polizia kidego bateko funtzionarioak. Erregelamendu bidez arautuko dira egoera horri dagozkion baldintza, eskubide eta betebeharrak.

2. Praktiketako funtzionarioek kasuan kasuko lanpostuari dagokion mailari dagozkien oinarrizko ordainsariak jasoko dituzte.

3. Nafarroako polizia kidegoetan sartzeko Nafarroako Segurtasun Eskolak ematen duen prestakuntza ikastaroa egitera onartzen diren eta jada Nafarroako polizia kidegoetako bateko funtzionarioak diren izangaiak zerbitzu aktiboan egonen dira ikastaroak irauten duen bitartean, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzen arabera.

3. ATALA

Mailak

42. artikulua. Mailak.

Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan ezarritako maila hauetako batean sartuko dira:

a) Komisario nagusia eta komisarioa, A mailan.

b) Inspektorea eta inspektore-ordea, B mailan.

c) Kabo eta polizia, C mailan.

4. ATALA

Prestakuntza

43. artikulua. Nafarroako polizien prestakuntza.

1. Nafarroako Segurtasun Eskolak prestatuko ditu, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren menpe baitago, Nafarroako polizia kidegoetako kideak, udal agenteak eta udaltzain laguntzaileak, eta, era berean, horiek hautatzeko prozesuetan ere parte hartuko du.

2. Erregelamenduz ezarriko da zein izanen den aurreko idatz-zatian aipatutako langileen prestakuntza-araubidea, eta, bereziki, horiek izanen dituzten eskubideak eta betebeharrak; arau horiek, betiere, oinarri izanen dituzte objektibotasunaren printzipioa, gardentasunarena, aukera berdintasunarena, espezialitatearena eta publikotasunarena.

3. Nafarroako Segurtasun Eskolaren eginkizunen artean eginkizun berberak edo antzekoak dituzten erakunde publikoek emandako ikastaro eta diplomak osorik edo partez baliozkotzearena izanen da, baita eskolak berak lehenago emandakoak ere, betiere edukiak berdinak badira. Horrelakoetan, behar den puntuazioa esleituko zaio tituluari.

5. ATALA

Lanbide sustapena

44. artikulua. Barne-igoera.

1. Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioen gora egiteko modua bitakoa da: kategoriaz igotzea, foru lege honetan ezartzen diren prozeduren bitartez, edo graduz igotzea, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan ezarrita dauden arau orokorretan agindutakoaren bidez.

2. Nafarroako polizia kidegoetako kideek Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioentzako igoera txandako prozeduretan parte hartzen ahalko dute, baina egiazki zortzi zerbitzu-urte ematen dituztenetik aurrera.

3. Foru lege honetan adierazitako kasuez aparte, Nafarroako polizia kidegoetako kideek ezin izanen dute parte hartu poliziaren lanbide izaera edo polizia lanpostua galdu edo aldatzea dakarten lanpostuetarako lekualdatzeetan.

45. artikulua. Destinoen banaketa.

Polizia kidegoetan destinoen banaketa kasuan kasuko erregelamenduan ezartzen denari jarraikiz eginen da, plantilla organikoan finkatzen diren betebeharren arabera.

6. ATALA

Egoera administratiboak

46. artikulua. Egoera administratiboak.

Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioen egoera administratiboak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuari buruzko arau orokorretan ezarritakoari jarraituz arautuko dira, deusetan galarazi gabe foru lege honetan ezartzen dena.

47. artikulua. Bigarren jarduera.

1. Hauxe da bigarren jardueraren helburua: Nafarroako polizia kidegoan jardunean dauden langileen eraginkortasuna bermatzea eta lanbide karrera denboraren joanean edo gaitasun fisikoak edo psikikoak ustekabean murriztean gertatzen diren aldaketetara egokitzea.

2. Adin batera iritsita (betiere berrogeita hamabost urtetik gora), edo gaitasun fisikoak edo psikikoak murrizten diren kasuetan, Nafarroako polizia kidegoetako kideei beste destino bat ematen ahalko zaie, interesdunak eskatuta edo ofizioz, erretiroa hartu aurretik ondoko batean bigarren jardueran aritzeko:

a) Kidegoan berean.

b) Nafarroako beste polizia batzuetan, betiere bi administrazioek bidezko lankidetza hitzarmena sinatu badute.

c) Administrazio bereko beste lanpostu batean, segurtasun arloko politikekin edo polizia administratiboko jarduerekin (adierarik zabalenean) zerikusi zuzena duena, administrazio horren eskumenen esparruan; konparazio batera, zehapen espedienteak izapidetzen laguntzea, lan administratibo edo exekutiboak, zaintza, kontrola, ikuskapenak eta bestelakoak, betiere langilearen mailarentzat eta jakintzarentzat egokiak badira eta ahalegin fisiko, arrisku edo zailtasun gutxiagokoak badira.

3. Plantilla organikoetan adierazi beharko dira bigarren jarduerako multzoan sartu ahal izanen diren lanpostuak, eskatzen duten ahalegin fisiko, arrisku edo zailtasun txikiagoan oinarriturik.

4. Erregelamenduz finkatuko da bigarren jarduerako zerbitzuak noiz eta nola eman behar diren, bai eta egoera horretara igarotzea ekar dezaketen ezgaitasun medikoen maila ere.

5. Bigarren jarduerako egoeran dauden Nafarroako polizia kidegoetako kideek, beren kategoriari dagozkion oinarrizko ordainsariak eta aitorturik dituzten ordainsari pertsonalak jasoko dituzte, egiazki betetzen duten lanpostuak dituen osagarriez gainera.

Dena dela, bigarren jarduerara igarotzea administrazioak ofizioz agindu badu uste duelako lanbidean aritzearen ondorioz langilearen gaitasun fisiko edo psikikoa nabarmen jaitsi dela, eta lanpostu berriaren oinarrizko ordainsariak eta osagarriak egoera horretara igaro zen unean bestean jasotzen zituenak baino baxuagoak badira, funtzionarioak aldi baterako osagarri pertsonala jasotzeko eskubidea izanen du, bi ordainsarien arteko aldea adinakoa.

6. Bigarren egoeran emandako denbora, antzinatasunaren eta eskubide pasiboen ondorioetarako, egoera horretara igaro aurretik zuen lanpostuan emana balitz bezala konputatuko da.

7. Bigarren jardueran dagoen funtzionarioak ezin izanen du kategoriaz igotzeko prozesuetan parte hartu.

48. artikulua. Gaitasun fisikoak edo psikikoak murriztu direla deklaratzea.

1. Zerbitzua ohi bezala egitea galarazten duen gaitasun fisiko edo psikikoen murrizketa Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren epaitegi mediko batek adieraziko du, ofizioz edo alderdi batek eskatuta.

2. Epaimahaiak irizpen medikoa prestatu eta organo eskudunari igorriko dio, behar den ebazpena eman dezan.

7. ATALA

Eskubideak eta eginbeharrak

49. artikulua. Araubide orokorra eta espezialitateak.

Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioen eskubide eta eginbeharrak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan ezarritakoak izanen dira, foru lege honen ondoriozko berezitasunekin, hauekin bereziki:

a) Zin egitea edo hitz ematea Konstituzioari, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoari eta legeei men eginen diela.

b) Foru lege honen 4. artikuluan ezarritako oinarrizko jarduketa printzipioen ondoriozko eginkizunak betetzea.

c) Beren interesak defendatze aldera, sindikatuetan afiliatzeko eskubidea izanen dute eta, orobat, sindikatuetatik atera eta beste erakunde batzuk sortzeko, betiere askatasun sindikalari buruzko legediak ezarritako baldintzak betez gero.

d) Grebarako eskubidea segurtasun indar eta kidegoentzat eskubide horren gainean ezarrita dauden xedapenen arabera gauzatuko da.

e) Lanaldia eta oporrak eta baimenak hartzeko berariazko modua erregelamendu bidez xedatuko dira. Nolanahi ere, polizia lanak dituen ezaugarri berezien menpe eta segurtasun publikoaren eta babes zibilaren arloan dauden beharren edo larrialdietan eman beharreko laguntzaren menpe egonen dira. Lanaldia eguneko edo gaueko txanda edo guardietan banatzen ahalko da, eta jaiegunetan lan egin beharra ezar daiteke.

f) Ordainsarien kontzeptuak eta zenbatekoak hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaizkio.

g) Beren eginkizunetan egindakoengatik erantzukizuna eskatzen zaien auzi guztietan, atxikita duen administrazio publikoak izendatutako profesionalek ordezkatu eta aldezteko eskubidea izanen dute, administrazioaren kontura.

h) Non diren jakiteko biderik zuzenena jakinarazi beharko diote administrazioari.

i) Polizia izateagatik kalte pertsonal edo materialak jasanez gero, erregelamenduz ezarriko den kalte-ordainen sistemaren onuradun izateko eskubidea izanen dute.

j) Beren eginkizunetan ari direnean, herritarrek hala eskatzen badiete, beren buruak identifikatu beharko dituzte.

50. artikulua. Ordainsariak.

1. Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioek ondoko kontzeptu hauei dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, ez besterik:

A) Bakoitzaren oinarrizko ordainsariak:

a) Mailari dagokion hasierako soldata.

b) Graduari dagokion ordainsaria.

c) Antzinatasun saria.

B) Ordainsari osagarriak:

a) Berariazko osagarria.

b) Lanpostuaren osagarria.

c) Aldi baterako osagarri pertsonala bigarren jardueran aritzeagatik.

C) Bestelako ordainsariak:

a) Zerbitzuan izandako gastuen kalte-ordaina.

b) Egindako bidaien kalte-ordaina.

c) Bizilekua aldatzea dakarren nahitaezko lekualdatzeagatik ematen den kalte-ordaina.

d) Familia laguntza.

e) Aparteko orduen konpentsazioa.

f) Jaiegunetan lan egitearen konpentsazioa.

g) Gauaz lan egitearen konpentsazioa.

h) Langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartzeagatik eta prestakuntza ikastaroak emateagatik ematen diren konpentsazioak.

i) Lehenagoko ordainsariak foru lege honetan adierazitakoa aplikatuz ateratzen dena baino handiagoak izateagatik ematen diren konpentsazioak.

2. Norberaren oinarrizko ordainsariak eta aurreko C) letran adierazitakoak Nafarroako administrazio publikoetako gainerako funtzionarioei oro har aplikatzekoak zaizkien arauen arabera banatuko dira.

51. artikulua. Lansari osagarriak.

1. Berariazko osagarria Nafarroako polizia kidegoetako kide guztiei ordainduko zaie eta haren gehieneko zenbatekoa kasuan kasuko mailako hasierako soldataren 100eko 55 izanen da. Osagarri hori kobratzearen ondorioz, debekaturik izanen dute irabazizko inolako jarduerarik egitea, ez sektore publikoan, ez eta pribatuan ere, non ez den irakasle lana unibertsitateko zentroetan, norberaren edo familiaren ondarea administratzea, lan zientifiko eta teknikoak edo literatur eta arte lanak ekoitzi eta sortzea, eztabaida eta programetan noizbehinka parte hartzea, ikastaro profesionaletan noizbehinka lagundu eta parte hartzea eta baimendurik dauden beste jarduera batzuetan aritzea. Berariazko osagarriaren barrenean, arrisku bereziaren eta txandakako lanaren kontzeptuak sartzen dira.

2. Lanpostuko osagarriaren bidez zailtasuna, dedikazioa, erantzukizuna eta agindu beharra saritzen dira, bai eta eskatzen den prestakuntza tekniko berezia ere.

Lanpostuko osagarria izanen dute, orobat, kategoria baten barrenean aginte lan berezia egin behar duten lanpostuek, eta horrela jasoko da plantilla organikoan. Kontzeptu horri dagokion saria ezin izanen da mailako hasierako soldataren 100eko 10etik gorakoa izan.

Lanpostuko osagarriak ezin izanen du kasuan kasuko mailako hasierako soldataren 100eko 85 gainditu.

3. Bigarren jardueran aritzeagatik ordaintzen den aldi baterako osagarri pertsonala foru lege honen 47.5 artikuluaren bigarren lerroaldean ezarritako kasuetan aplikatuko da. Horretarako baldintzak eta prozedura erregelamendu bidez finkatuko dira.

4. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak adostasun txostena eman ondoren, erregelamendu bidez zehazten ahalko ditu Nafarroako udaltzaingoetako kideei ordaindu beharreko ordainsari osagarriak, foru lege honetako xedapenekin bat.

52. artikulua. Egoitza.

1. Polizia kidegoetako funtzionarioek destinoko herrian bizi beharko dute, salbu eta espresuki beste herri batean bizitzeko baimena ematen bazaie, horrek ez badie eragozten karguaren eginbehar eta eginkizunak betetzea. Baimenean baldintza batzuk ezartzen ahalko dira, eta, behin eta berriz ikusiz gero beste herri batean bizitzea bere eginkizunetarako kaltegarria dela edo zerbitzua baldintzatzen duela, baimena bertan behera utz daiteke, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.

2. Kanpoan bizitzeko baimena ematea, Foruzaingoaren kasuan, egitura organikoa ezartzeko foru dekretuan adierazten den organoari egokituko zaio eta, udaltzaingoen kasuan, toki entitateko alkateari edo buruari.

53. artikulua. Agintaritzaren agenteak.

1. Beren eginkizunetan dihardutela, Nafarroako poliziak, legezko ondorio guztietarako, agintaritzat joko dira.

2. Atentatu delitu bat gertatzen denean suzko armak, lehergailuak edo arrisku bereko beste baliabide erasogarriak erabiliz, eta horren ondorioz Nafarroako polizietako kideen gorputz osotasuna arrisku larrian jarri bada, zigor arloko ondorioetarako, poliziak agintaritzat joko dira.

8. ATALA

Esker onak, ohoreak eta sariak

54. artikulua. Erregelamendu bidez arautzea.

1. Nafarroako polizia kidegoetako kideen esker onak, ohoreak eta sariak erregelamendu bidez arautuko dira.

2. Nafarroako polizia kidegoetako kideei ematen zaizkien esker on, ohore eta sari guztiak norberaren espedientean jasoko dira.

9. ATALA

Eskubide pasiboak

55. artikulua. Eskubide pasiboak.

Polizia kidegoetako funtzionarioen eskubide pasiboak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko gainerako funtzionarioentzat ezarritako arauei lotuko zaizkie.

10. ATALA

Ordezkaritza, negoziazio kolektiboa eta lan baldintzetan parte hartzea

56. artikulua. Aplikatu beharreko araubidea.

Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioen ordezkaritzari, negoziazio kolektiboari eta lan baldintzetan finkatzeko eztabaidetan parte hartzeari dagokienez, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan ezarrita dagoenari segituko zaio.

11. ATALA

Diziplina araubidea

57. artikulua. Legezkotasun eta erantzukizun printzipioak.

1. Nafarroako polizia kidegoetako langileak beren eginbeharrak ez betetzeagatik zehatuko dira bakar-bakarrik ez-betetze hori, foru lege honen arabera, diziplina hutsegitea denean.

2. Diziplina erantzukizunak ez du galarazten funtzionarioak izan dezakeen erantzukizun zibil edo penala.

3. Hutsegitea egitera bultzatzen dutenek eta hutsegitea onartzen duten nagusiek egileen erantzukizun berbera izanen dute. Era berean, hutsegite bat estaltzen dutenek maila baxuagoko hutsegitea eginen dute. Estalitako hutsegitea arina bada, maila bereko hutsegitea egotziko zaio estaltzaileari, eta ohartarazpena eginez zehatuko da.

Hutsegitea dakarren egintza baten berri izanda, hierarkian gora dagoen nagusi eskudunari lehenbailehen ez jakinaraztea estalketatzat hartuko da.

4. Diziplina erantzukizuna kasu hauetan iraungiko da: zehapena beteta, hilez gero, hutsegitea edo zehapena preskribatuta edo indultuaren edo amnistiaren ondorioz.

58. artikulua. Diziplina hutsegiteen sailkapena eta preskripzioa.

1. Diziplina hutsegiteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Hutsegite arinek bi hilabeteren buruan preskribituko dute, larriek urtebeteren buruan eta oso larriek hiru urteren buruan.

2. Hutsegiteen preskripzio epea hutsegitea egin den egunean hasten da kontatzen.

3. Preskripzioa diziplina prozedura hasten denean etenen da.

59. artikulua. Hutsegite arinak.

Hauek dira hutsegite arinak:

a) Hiru hilabeteko epean, gehienez ere sei aldiz berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.

b) Hiru hilabeteko epean behin ez joatea lanera bidezko arrazoirik gabe, hutsegite larriagotzat jotzen ez bada.

c) Hiru hilabeteko epean behin ez egitea lanaldi osoa, bidezko arrazoirik gabe, hutsegite larriagotzat jotzen ez bada.

d) Herritarrekin, agintariekin, nagusiekin, lankide edo menpekoekiko harremanetan desegoki jokatzea.

e) Zerbitzuko lokalak, instalazioak, ibilgailuak, materialak eta dokumentazioa gaizki erabiltzea edo axolagabekeriaz zaintzea, betiere kalte larririk eragiten ez bazaie.

f) Edozein eskaera edo erreklamazio erregelamenduzko bidetik aparte egitea, premiazko kasuetan ez bada.

g) Lanean dihardutela edari alkoholdunak edatea.

h) Lanerako baliabide informatiko eta materialak desegoki erabiltzea eta erabilera arauak ez betetzea, hala nola sistema informatikoetan sartzeko gakoak gaizki erabiltzea.

i) Norberaren garbiketari edo itxurari dagokienez, utzikeriaz jokatzea eta, orobat, uniformeari eta agurrari buruzko arauak ez betetzea.

j) Tresna edo baliabide ofizialak norberaren onerako erabiltzea edo horrelako erabilera baimentzea, edo horretarako bidea hirugarrenei erraztea, bidezko arrazoirik gabe eta nagusiari jakinarazi gabe.

k) Lanbide kredentzialak bidezko arrazoirik gabe erakustea.

l) Lanbide kredentziala galtzea, ustekabean edo lapurretaren ondorioz.

m) Foru lege honen 4. artikuluan ezarritako printzipioen ondoriozko eginbeharrak ez betetzea, betiere hutsegitea larria edo oso larria ez bada, eta, orobat, polizia lanari dagozkion eginbehar eta betebeharretan berandu iristea edo zabarkeriaz edo utzikeriaz jokatzea, hutsegitea larriagotzat jotzen ez bada.

60. artikulua. Hutsegite larriak.

Hauek dira hutsegite larriak:

a) Hiru hilabeteko epean, sei aldiz baino gehiagotan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.

b) Hiru hilabeteko epean lanera ez joatea lau aldiz gehienez, bidezko arrazoirik gabe, hutsegite larriagotzat jotzen ez bada.

c) Hiru hilabeteko epean, gehienez ere lau aldiz ez egitea lanaldi osoa, bidezko arrazoirik gabe, hutsegite larriagotzat jotzen ez bada.

d) Herritarrei, agintariei, nagusiei, lankide edo menpekoei begirunerik ez izatea.

e) Zerbitzuetako bulegoetan, instalazioetan, ibilgailuetan, materialean eta agirietan kalte larriak eragitea utzikeriaz erabiltzeagatik.

f) Zerbitzuaren berezko arloetan nagusiek idatziz edo ahoz emandako aginduak ez betetzea.

g) Legeek abstenitzeko ezarritako arrazoiren bat gertatzen denean, prozedura administratiboren batean parte hartzea.

h) Lanean dihardutela iskanbilak edo liskarrak sortu edo horrelakoetan parte hartzea.

i) Beren kargua dela-eta ezagutzen dituzten gaietan lanbideko sekretuaren betebeharra ez betetzea edo informazioa isilpean ez edukitzea, polizia lanari edo hirugarrenei kalterik eragiten ez zaienean.

j) Kidegotik kanpoko pertsonei edo komunikabideei eginiko adierazpen publikoak, zerbitzu-ematea modu larri eta nabarmenean kaltetzen dutenak.

k) Beren eskurantzez gehiegikeriaz baliatzea, herritarren kaltean, hutsegite larriagotzat hartzen ez bada.

l) Zerbitzuari buruz txosten edo erabaki gezurrezko edo alderdikoiak egin edo hartzea, larriagotzat hartzen ez bada.

m) Nagusiei ez jakinaraztea haiek jakin behar duten edo lehenbailehen erabaki behar duten edozein kontu.

n) Arauzko armak zerbitzutik kanpo edo haiek erabiltzeko arauak hautsiz erabiltzea, gauzei edo pertsonei kalte egin gabe.

ñ) Dolozko delitua den edozein jokabide izatea, askatasuna kentzeko zigorra ez badakar edo, baldin badakar, zigor hori urtebetetik beherakoa bada.

o) Zuhurtziagabekeriak eragindako delitu bat edo dolozko hutsegite penala egitea, polizia eginkizunetan ari dela, edo foru lege honen 4. artikuluan aurreikusitako jarduketa arau funtsezkoei eragiten badie.

p) Bakarka nahiz taldeka obedientzia ukatzeko egintzak prestatzea.

q) Zerbitzuan mozkortzea edo droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak kontsumitzea zerbitzutik kanpo baina poliziaren edo funtzio publikoaren irudiari kalte eginez; bidezkoak diren egiaztapen teknikoak egiteari uko egitea.

r) Arrazoirik gabe, esleitutako zerbitzuan ez egotea edo bertatik alde egitea, lokartzea edo emandako zerbitzuak eskatzen duen arreta desbideratzen duen beste zerbaitetan aritzea.

s) Errendimendurik eza behin eta berriz eta arrazoirik gabe gertatzea, zerbitzuen eraginkortasunaren kaltetan bada, eta zerbitzurik ez ematea ustezko eritasuna izatearen aitzakian edo duen eritasuna baino larriagoaren plantak egitea, edo sendatzea eragotzi edo luzatzen duten jardueretan aritzea.

t) Eginkizunekin bateraezinak diren jarduera publiko edo pribatuetan aritzea.

u) Zabarkeria arinaren ondorioz armak galtzea, istripuz nahiz lapurtuta.

v) Menpekoak beren eskubideez balia daitezen galaraztea.

w) Gertaera edo inguruabar larrietan lehenbailehen laguntzarik ez ematea, horretara beharturik egonez gero.

x) Polizia lanetan aritzeak dakartzan betebeharrak eta beharkizunak ez betetzea zabarkeria larriaren ondorioz.

y) Organo eskudunak zehapen administratiboa ezarri izana herritarren segurtasunari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege organikoaren 25.1 eta 23 c) artikuluetan tipifikaturiko jokabideetakoren baten ondorioz.

61. artikulua. Hutsegite oso larriak.

Hutsegite oso larriak:

a) Hiru hilabeteko epean lanera ez joatea lau aldiz baino gehiago, bidezko arrazoirik gabe.

b) Hiru hilabeteko epean, lau aldiz baino gehiagotan ez egitea lanaldi osoa, bidezko arrazoirik gabe.

c) Dolozko delitua den edozein jokabide izatea, askatasuna kentzeko zigorra, urtebetetik gorakoa, baldin badakar.

d) Kargua dela-eta ezagutzen dituen aferetan, sekretu profesionala eta isilpea urratzea, poliziaren eginkizunei edo edonori kaltea eragiten zaienean.

e) Entitateen edo partikularren eskupekoak eskatu edo onartzea, emaniko zerbitzuen esker onez edo oparitako.

f) Bakarka nahiz taldeka ez obeditzea.

g) Eginkizunetan ari dela, Nafarroako foru eraentzari zor zaion begirunea ez izatea eta Konstituzioari eta legeei ez men egitea.

h) Lanuzteetan edo hitzarturiko ekintzetan parte hartzea, zerbitzuen funtzionamendu egokia galarazteko helburuarekin.

i) Neutraltasun edo independentzia politikoa urratzea, esleituriko ahalmenak edonolako edo edonongo hauteskundeetan erabiliz.

j) Herritarrei, menpekoei edo administrazioari kalte larria eragiten dien agintekeria, bai eta zaintzapean dituen pertsonak torturatzea edo gizalegez ez tratatzea, mespretxatuz, diskriminatuz edo laidotuz.

k) Droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak kontsumitzea zerbitzuan ari dela edo horretarako ohitura izatea; egoera fisiko edo psikiko ez-ohikoan egonik, uko egitea bidezkoak diren egiaztapen teknikoak egiteari.

l) Arauzko armak zerbitzutik kanpo edo zerbitzuko egintzetatik kanpo erabiltzeari buruzko arauak hautsiz erakutsi edo erabiltzea, horren ondorioz gauzei edo pertsonei kalte egiten bazaie edo alarma publikoa gertatu bada.

m) Zabarkeria larriaren ondorioz armak galtzea, istripuz nahiz lapurtuta.

n) Edozein eginbehar profesional ez betetzea, zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia nabarmen eragotziz gero edo administrazioari edo herritarrei kalte larriak eraginez gero edo pertsona edo ondasunentzat edo segurtasun publikoarentzat arrisku nabarmena sorraraziz gero.

62. artikulua. Zehapenak.

1. Hutsegite arinek zehapen hauek jaso ditzakete:

a) Ohartarazpena.

b) Enplegu-soldaten etenaldia, egun batetik zortzi egunera bitartekoa, antzinatasuna galdu gabe, ondorio guztietarako.

2. Hutsegite larriek zehapen hauek jaso ditzakete:

a) Beste lanpostu batera aldatzea, beste herri batean edo herri berean, eta kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik gabe.

b) Enplegu-soldaten etenaldia, bederatzi egunetik hogeita hamarrera bitartekoa, antzinatasuna galdu gabe, ondorio guztietarako.

c) Eginkizunen etenaldia, hiru hilabetez gehienez.

3. Hutsegite oso larriek zehapen hauek jaso ditzakete:

a) Eginkizunen etenaldia, hiru hilabetetik hiru urtera bitartekoa.

b) Zerbitzutik kentzea.

4. Zerbitzutik kentzeko zehapenak funtzionario izaera galtzea ekarriko du berekin.

Eginkizunen etenaldiko zehapenak funtzionario izaerari dagozkion eskubide guztiak galtzea ekarriko dio zehapena jaso duen funtzionarioari, zehaztuko den denborarako.

5. Zehapen espedientea irekitzen zaien funtzionarioak Nafarroako Polizía kidegoetako igoera edo hautapen prozeduretara aurkeztu ahalko dira. Halere, lanpostu berriaren jabetza ez da hartuko espedientea ebatzi arte, eta bitarte horretan ez da inolako kalte-ordainik jasotzerik izanen.

6. Diziplina-zehapen baten ondorioz eginkizunez gabetuak dauden funtzionarioak ezin izanen dira aurkeztu Nafarroako polizia kidegoetako igoera edo hautapen prozeduretara aurrekari horiek deuseztatzen ez diren bitartean.

7. Ez dira zehapena izanen puntualitatean atzeratzeagatik edo lanera arrazoirik gabe ez etortzeagatik lansariei proportzioan eginiko murrizketak. Murrizketak zuzenean eginen dira eta beti.

8. Diziplina zehapenak espediente pertsonaletan jasoko dira, zer hutsegitek eragin dituzten adierazirik.

9. Zehapenak mailakatzeko kontuan hartuko dira, betetze eta ez-betetzeez gain, honakoak ere, proportzionaltasunaren printzipioarekin bat:

a) Nahita egitea.

b) Zerbitzuen funtzionamendu egokian sortutako nahasmendua.

c) Administrazioari edo herritarrei eragindako kalte eta galerak.

d) Hutsegiteetan berrerortzea.

e) Hutsegitean edo ez-betetzean izandako parte-hartzearen maila.

f) Segurtasun publikoari begira izandako garrantzia.

g) Administrazioaren edo polizia zerbitzuen irudiari eragindako kaltea.

10. Hutsegite oso larriengatik ezarritako zehapenak lau urteren buruan preskribatzen dira, hutsegite larriengatik ezarritakoek bi urtera eta hutsegite arinengatik ezarritakoek bi hilabetera.

63. artikulua. Berrerortzea eta aurrekariak deuseztatzea.

1. Hauxe da berrerortzea: hutsegitearen unean funtzionarioak beste zehapen bat duenean, ebazpen irmoaren bidez ezarria hutsegite larriago batengatik edo larritasun bereko edo deuseztatu ez diren larritasun txikiagoko bi hutsegiterengatik.

2. Deuseztapena ofizioz eginen da zehapena bete eta bi edo lau urte iraganik, hutsegite larrien edo oso larrien kasuan, hurrenez hurren, betiere zerbitzutik bereizteko zehapena jaso ez badute.

3. Hutsegite arinengatik ezarritako ohartarazpenak ofizioz deuseztatuko dira bete eta sei hilabetera.

4. Deuseztatzearen ondorioz, ohartarazpena baliogabetu eginen da, eta ez da haren ziurtagiririk egiterik izanen, salbu eta agintari eskudunek eskatzen badute eta espediente pertsonalaren ondorioetarako soilik.

64. artikulua. Hutsegite larrien eta oso larriengatik diziplina espedienteak ireki eta zehapenak ezaritzeko eskumena.

1. Honako hauena da hutsegite larrien eta oso larriengatik diziplina espedienteak ireki eta zehapenak ezartzeko eskumena:

a) Nafarroako Foruzaingoan, kasuan kasuko foru dekretuan ezartzen den zuzendari nagusiarena.

b) Udaltzaingoetan, alkatearena edo toki entitateko buruarena.

2. Zehapen larriak edo oso larriak ezartzeko eskumena arau hauen menpe egonen da:

a) Nafarroako Foruzaingoan, Nafarroako Gobernuak izanen du zerbitzutik bereizteko zehapena ezartzeko eskumena, kontseilari eskudunak hutsegite oso larriengatik zehapenak ezartzekoa, eta zuzendari nagusi eskudunak hutsegite larriengatik zehapena ezartzekoa.

b) Udaltzaingoetan, eskumena kasu guztietan alkatearena edo toki entitateko buruarena izanen da.

65. artikulua. Hutsegite larriak edo oso larriak ezartzeko prozedura.

1. Hutsegite larri edo oso larriengatiko diziplina espedientea irekitzeko eskumena duen organoak behin-behineko etenaldia edo beste lanpostu batera atxikitzea erabaki dezake, kautelazko neurri gisa. Behin-behineko neurriak hartzeko ebazpena eman baino lehen, interesdunari entzunaldia emanen zaio, hiru egun baliodunez. Nolanahi ere, presa edo arrisku handiko kasuetan, buruak edo ofizialak arma eta kredentziala kendu ahalko dizkiote funtzionarioari kautelazko neurri gisa, eta etenaldirako eskumena duen organoak hiru egun balioduneko epean, gehienez ere, berretsi beharko du erabaki hori.

2. Behin-behineko etenaldiak edo beste lanpostu bati behin-behinekoz atxikitzeak espedientaturik edo auzipeturik dagoen funtzionarioak arma, kredentziala eta uniformea behin-behinekoz galtzea ekar dezake, bai eta bere kidegoko instalazioetara baimenik gabe sartzeko debekua ere. Kautelazko neurriei eutsi edo horiek bertan behera uzteari buruzko ebazpena ematerakoan egindakoen larritasuna baloratuko da, bai eta kasu bakoitzaren inguruabar zehatzak eta espedientaturiko funtzionarioaren espediente pertsonala. Kautelazko neurriak ezarri edo luzatzea erabakitzen duen ebazpena arrazoitua izan beharko da.

3. Behin-behineko etenaldia erabakitzen bada, hilabetekoa izanen da, eta epe hori beste hilabetez luzatu ahalko da, sei hilabete egin arte gehienez.

4. Behin-behineko etenaldian dauden funtzionarioek eskubidea izanen dute, soilik, beren mailako hasierako soldatari, graduari, antzinatasuneko sariari eta familia laguntzari dagozkien lansariak. Behin-behineko etenaldiaren denbora kontuan hartuko da eginkizunen etenaldiaren zehapena betetzearen ondorioetarako, zehapen hori ezartzen bada. Behin-behineko etenaldia irmo bilakatuko ez balitz, funtzionarioari kendu zaizkion eskubide guztiak aitortuko zaizkio.

Espedientaturiko funtzionarioa beste lanpostu bati behin-behinekoz atxikirik egon beharreko denbora ez da izanen diziplina espedientearen iraupena baino luzeagoa.

5. Hutsegite larri edo oso larriengatiko zehapen espedientea hasi baino lehen, diziplina espedientea irekitzeko eskumena duen organoak, gertaerak argitze aldera, aurretiazko informazio-aldi bat irekitzeko agindu ahalko du, kasu zehatzaren zer-nolakoak ikertu eta prozedura abiarazi behar den ala ez den erabakitzeko.

Zilegi izanen da aurretiazko informazio hori erreserbatua izatea, eta ez da hilabete batetik goiti luzatuko, non eta espresuki ez den erabakitzen beste epe jakin baterako edo batzuetarako luzatzea.

Idatz-zati honetan aipatzen diren aurretiazko jarduketengatik ez da zehapen prozedura irekitzat hartuko.

6. Prozedura diziplina espedientea irekitzeko eskumena duen organoak hala ebatzirik irekiko da, ofizioz edo salaketaren ondorioz gauzatutako jarduketez baliatuz.

Diziplina espedientea hasten duen ebazpenak egintzetarako instrukzio-egilea izendatuko du eta ustezko arau-hausleari jakinaraziko zaio eta, salatzailerik izan bada, hari ere bai.

Funtzionario edo kontratudun bat izendatuko da instrukzio-egile, hautapen prozeduran zuzenbideko lizentziatuaren titulua eskatu zaienetako bat hain zuzen. Ustez larriak diren hutsegiteen kasuan, goragoko lanpostua duen polizia kidegoko kide bat izendatu ahalko da horretarako.

7. Instrukzio-egileak karguen plegu bat idatziko du, zehapen proposamena eta guzti, eta ustezko arau-hausleari jakinaraziko zaio. Hark hamar egun balioduneko epea izanen du bere eskubideen alde bidezko iruditzen zaizkion alegazioak egiteko eta datuak, informazioak edo dokumentuak aurkezteko, bai eta kasurako iruditzen zaion froga proposatzeko.

Karguen pleguan beti honako jakingaiak ezarriko dira:

a) Ustezko arau-hausleen identifikazioa.

b) Egitate egiaztatuak, arau-hausteak tipifikatzeko eta zehapenak mailakatzeko garrantzia dutenak nabarmendurik.

c) Ustezko arau-haustea, hautsitako araua edo arauak zein diren zehazturik.

d) Zehapenik tokatzen bada, zein den, zenbatekoa den eta zein mailatakoa den.

e) Zein organok duen prozedura ebazteko eskumena eta zein arauk ematen dion eskumen hori.

8. Espedientatuak bere borondatez aitortzen badu erantzulea dela, instrukzio-egileak organo eskudunari igorriko dio espedientea, ebazpena eman dezan, ezertan galarazi gabe izapidetzen segitzea, iruzur zantzu arrazoizkorik badago edo beste pertsona edo entitate errudunen bat isilpean geratu den susmoa badago, edo prozedura hasteak sortu duen kontua ororen interesekoa bada.

9. Ofizioz edo ustezko arau-hausleak eskatuta, behar adina froga egin edo onartuko dira, gertatutakoak eta erantzukizunak finkatzeko. Gertaerekin duten loturagatik azken ebazpena ustezko arau-hauslearen alde aldatu ezin duten frogak soilik ukatu ahalko dira.

10. Alegazioak aurkezteko aurreikusitako epea iraganik, frogarik egin behar bada frogak eginik, eta beharrezko irizten zaien eginbideak egin ondoren ere, instrukzio-egileak karguen plegua jakinarazpenean bezala mantentzen badu, organo eskudunari igorriko dio espedientea, eta horrek gehienez hilabeteko epean eman beharko du kasuko ebazpena edo bestela instrukzio-egileari aginduko dio beharrezko iruditzen zaizkion eginbide osagarriak egin ditzala.

Egindako alegazio eta frogen ondorioz gertaera berririk edo bestelakorik azaltzen bada, edo karguen pleguan aipatzen dena baino larriagoko kalifikazioa sortzen bada, instrukzio-egileak karguen plegu berria eginen du bidezko den zehapenarekin eta interesdunari jakinaraziko dio, hark hamar egun balioduneko epean bidezko iruditzen zaion guztia alega dezan.

Aurreko lerroaldean agindu denetik kanpo uzten dira kasu horiek baldin eta gertaera berriak edo hutsegitearen nahiz zehapenaren kalifikazio berriak alegazioen edo espedientean interesdunak hala eskatuta egindako frogen ondoriozkoak badira, ezarri beharreko zehapena hasiera batean proposatutakoa baino larriagoa ez denean.

11. Organo eskudunak bidezkoa den ebazpena emanen du, ebazpen arrazoitua alegia. Ebazpenean espedientean planteaturiko gai guztiak ebatziko dira.

Ez da zilegi izanen prozeduran barna egiaztatu direnez kanpoko gertaerarik onartzea ebazpenean, nahiz eta beste balorazio juridiko bat izan.

Diziplina prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean egindako frogen balorazioa jasoko da, bereziki erabakia oinarritzeko erabili direnena, eta bertan finkatuko da zein izan diren egitateak eta zein erantzulea edo erantzuleak, egindako hutsegiteak eta ezarritako zehapena edo zehapenak.

Ebazpena administrazio bidean irmo bihurtzen denean izanen da betearaztekoa.

Ebazpenean, hala erabakitzen bada, behar diren kautelazko neurriak hartuko dira betearazi artean ebazpenaren eraginkortasuna segurtatzeko.

12. Diziplina prozedura ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, espedientea irekitzeko ebazpena eman zen egunetik hasita. Epe hori gehienez ere beste sei hilabetez luzatu ahalko da, organo eskudunak emandako ebazpen arrazoituaren bidez. Epe horren ondorioetarako ez da inolaz ere kontuan hartuko diziplina espedientea ustezko erantzuleari egotzi ahal zaion arrazoiengatik geldiarazirik dagoen denbora.

66. artikulua. Hutsegite arinak.

1. Diziplina espedienteak ireki eta hutsegite arinak ezartzeko eskumena honako hauena izanen da:

a) Nafarroako Foruzaingoan, Foruzaingoko buruarena.

b) Udaltzaingoetan, udaltzaingoko buruarena.

2. Hutsegite arinengatik zehapenak ezartzeko prozedura laburtua hauxe izanen da:

Organo eskudunak hutsegitearen ustezko erantzuleari karguen plegu bat jakinaraziko dio, bertan jasota egozten zaizkion egitateak eta zehapen proposamena, eta adierazirik zein arautan ageri den hutsegitea.

Inputatuak hiru egun balioduneko epea izanen du idatziz bere interesen alde egoki dena organo eskudunari alegatzeko.

Epe horretan alegaziorik egiten ez bada, proposaturiko zehapena behin betikoa izanen da.

Alegaziorik egiten bada, organo eskudunak horiek ikusirik egotzitako egitateak kendu, aldatu edo berretsi eginen ditu, eta idatziz ezarriko du bidezkoa den zehapena.

67. artikulua. Jakinarazpena eta idazpena.

Interesdunari eta behar diren administrazio organoei diziplina espedienteari amaiera emanen dion ebazpena edo egintza jakinaraziko zaie, eta zehapena ezartzen badu haren espediente pertsonalean idatziko da.

Lehenbiziko xedapen gehigarria._Langileak atxikitzea Nafarroako Foruzaingoaren unitate organikoari.

Zerbitzuaren beharrek hala justifikatuz gero, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko funtzio publikoaren eskumena duen organoak polizia ez diren langileak atxiki ahalko dizkio Nafarroako Foruzaingoko unitate organikoari, administrazio horretako funtzionarioen artean libreki hautatu ondoren, eginkizun teknikoetan aritzeko edo laguntza administratiboa edo exekutiboa emateko. Langile horiek Foruzaingoko buruaren eta gainerako aginteen menpe egonen dira.

Bigarren xedapen gehigarria._Toki entitateetako polizia kidegoen antolaketa araudiak.

Polizia kidegoak dituzten toki entitateek antolaketa araudiak egin edo egokituko dituzte, foru lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean.

Hirugarren xedapen gehigarria._Datu basea.

Nafarroako polizia guztiek erabiltzen dituzten giza baliabideen datu base eguneratua izanen du departamentu eskudunak.

Laugarren xedapen gehigarria._Aplikazio osagarria.

Foru lege honetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Nafarroako polizia kidegoetako langileei Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren arau orokorretan ezarritakoa izanen zaie aplikatzekoa, betiere aplikazio hori ez bada haien aurreikuspenen edo printzipio orokorren kontrakoa.

Bosgarren xedapen gehigarria._Elkarrekikotasunaren printzipioa sustapenean.

Sustapen prozeduretan, 35. eta 36. artikuluetako b) letretan ageri den lanpostu erreserba aplikatzeko beste administrazio publiko batzuetako funtzionarioei, Nafarroako Gobernuak gai honetan elkarrekikotasun akordioak izan beharko ditu administrazio publiko horiekin.

Seigarren xedapen gehigarria._Udal agenteak poliziekin parekatzea.

Nafarroako polizia kidegoetako polizia eta kabo kategorian sartzeko prozedurei dagokienez _foru lege honetako 32. eta 33 artikuluetan daude araututa_ poliziei parekatuta daudela joko da Nafarroako Segurtasun Eskolak polizia izateko ematen duen prestakuntzako oinarrizko ikastaroa gainditua duten udal agenteak; Nafarroako Segurtasun Eskolak emandako ziurtagiriaren bidez frogatu beharko dute ikastaroa egina dutela.

Lehenbiziko xedapen iragankorra._Lanpostu hutsak betetzeko prozedurak.

Sartu eta lanpostu hutsak betetzeko foru lege honek indarra hartu aurretik abiatutako prozedurek deialdiaren unean erabili zen araudiaren menpe segituko dute.

Bigarren xedapen iragankorra._Nafarroako Foruzaingoaren Kontseiluaren eraketa.

Nafarroako Foruzaingoaren Kontseilua foru lege honek indarra hartu eta urtebeteko epean eratuko da.

Hirugarren xedapen iragankorra._Diziplina espedienteak.

Foru lege honek indarra hartzen duenean izapidetzen ari diren diziplina espedienteak aurreko xedapenek arautuko dituzte, salbu eta arau hau onuragarriagoa baldin bada.

Laugarren xedapen iragankorra._Poliziaren langileak hautatzeko prozesuak amaituta geratzen diren lanpostu hutsen aldez aurretiko deialdia eta suhiltzaileentzako arau-homogeneizazioa.

Polizia kidegoa edo Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua duten Nafarroako administrazio publikoek, horietan lanpostu hutsak badituzte eta lanpostu horiek lan eskaintza publikoan sartzen badira betetzeko, beren egitura hierarkikoetan maila apalagokoak diren beste batzuk gehitu ahalko dizkiete aurrekoei deialdi publikoan, hasierako lanpostuak bete ondoren geratu diren lanpostu hutsetarako aurrekontuan dagoen diru kopuruaren kargura.

Bosgarren xedapen iragankorra._Burutzako osagarria.

Foru lege honek indarra hartzean plantilla organikoan burutzako osagarria duten Foruzaingoko kideek -Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamenduko 20. artikuluan dago jasota; urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamendua-, osagarri hori kobratzen jarraituko dute, harik eta organo eskudunak plantilla organikoa foru lege honetan ezarritakora egokitzen duen arte.

Seigarren xedapen iragankorra._Lanpostuak eskuratzeko araubide iragankorra.

Foru lege honetako 39 artikuluko 5. idatz-zatian aurreikusitako erregelamendua onetsi bitartean, erregelamendu horrek indarra hartu aurretik aplikatzekoak diren xedapenen arabera eskuratuko dira Nafarroako polizia kidegoetako lanpostuak.

Zazpigarren xedapen iragankorra._Baliokidetzeen taula.

Foru lege honek indarra hartzean Nafarroako polizia kidegoetakoak diren funtzionarioak 42. artikuluan ezarritako lanpostu eta maila hauetan sartuko dira:

a) Komisario nagusia: ofiziala.

b) Komisarioa: inspektorea.

c) Inspektorea: inspektore-ordea.

d) Inspektore-ordea: sarjentua.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Indargabetzen diren arauak.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak. Zehazki, honakoak gelditu dira indarrik gabe:

a) Urriaren 14ko 213/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako polizia kidegoei buruzko Foru Legearen Testu Bategina.

b) Nafarroako babes zibilari eta larrialdien kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarria.

Azken xedapenetan lehenbizikoa._Erregelamendu bidezko garapena.

1. Foru lege honetan arloko eskumena duen kontseilariari, espresuki, erregelamenduzko garapena egiteko esleitzen zaizkion eskumenak galarazi gabe, Nafarroako Gobernuak foru lege honen xedapenak garatu eta aplikatzeko behar diren erregelamenduzko arauak emanen ditu.

2. Foru lege hau garatzen duten erregelamenduek indarra hartu arte, aurretik emandakoak eta indarra dutenak izanen dira aplikatzekoak, honi kontra egiten ez dioten guztian.

Azken xedapenetan bigarrena._Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2007ko martxoaren 23an.__Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea