prozedurazibilarenlegea(iii.etaiv.liburu

Prozedura Zibilaren Legea (III. eta IV. Liburuak)

© Egileak: Aiora Aristondo, Alberto Atxabal, Ana

Otadui, Arantza Libano, Anjel Lobera, Andres Urrutia, Esther

Urrutia, Javier Arrieta

© Euskarazko testua eta aurkibide analitikoak: Deustuko Unibertsitatea. Euskal

Gaien Institutua

© Euskarazko testua eta aurkibide analitikoak: Euskal Autonomia Erkidegoaren

Administrazioa. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza

Saila

III. LIBURUA

NAHITAEZKO BETEARAZPENA ETA KAUTELA-NEURRIAK

LEHENENGO TITULUA

TITULU BETEARAZLEAK

LEHENENGO KAPITULUA

Epaiak eta gainerako titulu betearazleak

517. artikulua.

Akzio betearazlea. Titulu betearazleak

1. Akzio betearazlearen oinarri izan behar du betearazpena dakarren tituluak.

2. Honako titulu hauek bakarrik dakarte betearazpena:

1.) Kondena-epai irmoak.

2.) Tartekaritza-laudo edo -ebazpenek.

3.) Transakzio judizialak eta prozesuan lortutako hitzarmenak onetsi edo homologatzen dituzten ebazpen judizialek; hala behar bada, jardunaren lekukotza ere ekarriko da, ebazpenon eduki zehatza jasotzeko.

4.) Eskritura publikoek, baldin eta horiek lehenengo kopia badira; edo, bigarren kopia izanez gero, hori manamendu judizialaren ondorioz eman bada, kaltea jasan behar duen pertsonari edo horren kausatzaileari zitazioa eginez, edo alderdi guztiak bat etorrita luzatu bada.

5.) Alderdiek eta esku hartu duten merkataritza-artekari elkargokideek sinatutako merkataritza-kontratuen polizek, horiekin batera ekarri bada artekariak luzatu ziurtagiria, eta horren bitartez egiaztatzen bada poliza bat datorrela erregistro-liburuko idazkunekin eta horien datarekin.

6.) Legebidez luzatu eta muga-eguneratutako obligazioak ordezkatzeko tituluek, eramailearentzako direnek nahiz izendunek, bai eta titulu horien kupoi muga-eguneratuek ere, baldin eta kupoiak bat badatoz tituluekin, eta tituluok, beti, taloitegi-liburuekin.

Aurkaratze-ekitaldian tituluaren faltsutasunaren aurka egindako protestak, egokia izanez gero, ez du eragotziko betearazpena agintzea; hala ere, zorduna, gerogarrenean, betearazpenaren aurka jar daiteke, tituluaren faltsutasuna alegatuz.

7.) Balore-Merkatuari buruzko Legearen arabera, kontuko idatzoharraren bidez zein balore ordezkatu eta balore horien inguruan kontabilitate-erregistroen gaineko ardura duten erakundeek luzatutako ziurtagiri iraungigabeek, baldin eta horiekin batera ekartzen bada baloreak ordezkatzeko eskritura publikoaren kopia, edo, indarreko legeriaren arabera beharrezkoa bada, jaulkipenari dagokion eskrituraren kopia.

Betearazpena eskatu eta agindu ondoren, ez dira iraungiko aurreko lerrokadan aipatu ziurtagiriak.

8.) Gehienez erreklama daitekeen kalte-ordaina zein autok ezarri eta berorrek, hori eman bada, ibilgailu motordunen erabilera edo zirkulazioa dela eta, Erantzukizun Zibileko Nahitaezko Aseguruak babestutako egitateen ondorioz hasitako zigor-prozesuetan, betiere akusatua auzi-ihesean dagoenean, edo absoluzio-epaia nahiz largespena eman denean.

9.) Lege honek edo beste batek ezarritakoaren ariora, betearazpena dakarten gainerako ebazpen judizialek eta agiriek.

518. artikulua.

Epai judizialean edo tartekaritza-ebazpenean oinarritutako akzio betearazlea iraungitzea

Epaian, eta transakzio judiziala nahiz prozesuan lortutako hitzarmena onetsi duen ebazpen judizialean, bai eta tartekaritza-ebazpenean ere, zein akzio betearazle oinarritu eta hori iraungiko da, epaia edo ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo bost urteetan, kasuan kasuko demanda betearazlea jarri ez bada.

519. artikulua.

Onuradunak banaka zehaztu gabe kondena-epaia ematea, eta, epai horretan oinarrituta, kontsumitzaile eta erabiltzaileek akzio betearazlea izatea

221. artikuluaren lehenengo erregelan aipatu kondena-epaiak banakako kontsumitzaile eta erabiltzaile onuradunak zehaztu ez dituenean, epaia betearazteko auzitegi eskudunak autoa emango du, interesdun batek edo batzuek hala eskatu eta kondenatua entzun ondoren; auto horrek ebatziko du eskatzaileak kondenaren onuradunak diren ala ez, epaiak ezarri datu, ezaugarri eta betekizunak aintzat hartuta.

Auto horren lekukotzarekin, aitortutako subjektuek betearazpena eska dezakete.

520. artikulua.

Titulu judizial eta tartekaritzako titulu ez direnetan oinarrituta, akzio betearazlea izatea

1. 517. artikuluaren 2. paragrafoko 4, 5, 6 eta 7. zenbakietan zein titulu betearazle ezarri eta titulu horiei dagokienez, betearazpena agin daiteke, soil-soilik, baldin eta horren kopuru zehatzak 50 000 pezeta gainditzen badu eta kopuru hori eman bada*:

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak 300 euroko kopurua ezarri du atal horretarako.

1.) Eskudirutan.

2.) Atzerriko diru bihurgarrian, betiere horrela ordaintzeko betebeharra baimenduta dagoenean edo legeak onartzen duenean.

3.) Diruz zenbatzeko moduko gauza edo espeziean.

2. Aurreko paragrafoko kopurura heltzeko, batu daitezke paragrafo horretan jasotako titulu betearazleetatik batzuk.

521. artikulua.

Epai adierazle hutsak eta epai eratzaileak

1. Ez da aginduko epai adierazle hutsak eta epai eratzaileak betearaztea.

2. Ziurtagirien, eta, hala denean, manamendu judizial egokien bidez, epai eratzaile irmoek inskripzioak eta aldarazpenak ahalbide ditzakete erregistro publikoetan, betearazpena agindu beharrik gabe.

3. Epai eratzaileak kondena-erabakiak jasotzen baditu, erabakiok betearaziko dira lege honetan ezarri moduan.

522. artikulua.

Epai eratzaileei men egin eta horiek betetzea. Beharrezko jardun judiziala eskatzea

1. Pertsona eta agintari guztiek, eta, batez ere, erregistro publikoen gaineko ardura dutenek, epai eratzaileetan ezarritakoari men egin behar diote, horietan ezarritakoa bete behar dute, eta epaiok sortutako egoera juridikoak aintzat hartu behar dituzte, salbu eta Erregistroko legeria bereziak oztopoak ezartzen dituenean.

2. Prozesuan alderdi izan direnek edo zuzeneko interes legitimoa egiaztatzen dutenek auzitegiari jardun egokia eska diezaiokete, epai eratzaileak eragingarriak izan daitezen, eta epaiotan zer ezarri eta horren aurkako balizko jazarpenak gaindi daitezen.

II. KAPITULUA

Atzerriko titulu betearazleak

523. artikulua.

Indar betearazlea Espainian. Prozedurari aplikatu beharreko legea

1. Atzerriko epai irmoak eta gainerako titulu betearazleak Espainian betearazteko, kontuan izan behar da nazioarteko itunetan eta nazioarteko lankidetza juridikoari buruzko lege-xedapenetan ezarritakoa.

2. Atzerriko epai eta titulu betearazleak Espainian betearaziko dira, lege honen xedapenen arabera, Espainian indarrean dauden nazioarteko itunetan besterik agintzen ez denetan.

II. TITULUA

EBAZPEN JUDIZIALAK BEHIN-BEHINEAN BETEARAZTEA

LEHENENGO KAPITULUA

Behin-behineko betearazpena: xedapen orokorrak

524. artikulua.

Behin-behineko betearazpena: demanda eta edukia

1. Behin-behineko betearazpena demanda bidez eskatuko da, lege honen 549. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Lehen auzialdirako zein auzitegi eskudun izan, eta horrek agindu eta gauzatuko du, betearazpen arruntean bezala, irmo ez diren kondena-epaien behin-behineko betearazpena.

3. Kondena-epaiak behin-behinean betearaztean, alderdiek betearazpen arruntean prozesuko zein eskubide eta ahalmen izan, eta horiek beroriek izango dituzte.

4. Epaiak irmo ez diren bitartean, edo, irmo izanda, auzi-ihesean emandako epaiaren aurka hutsaltze-akzioa egikaritzeko lege honetan ezarri epeak igaro ez badira, epaien aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke, soil-soilik, epai horiek erregistro publikoetako idazkunak inskribatzea edo ezereztea agintzen edo baimentzen badute.

5. Lehenespeneko da oinarrizko eskubideak babesten dituzten epaien behin-behineko betearazpena.

525. artikulua.

Behin-behinean betearazi ezin daitezkeen epaiak

1. Ezin izango dira inola ere behinbehinean betearazi:

1.) Aitatasun, amatasun, seme-alabatasun, ezkontza-deuseztasun, banantze eta dibortzio, gaitasun eta egoera zibilari eta ohorezko eskubideei buruzko prozesuetan emandako epaiak, salbu eta prozesuaren objektu nagusiari zein ondare-betebehar eta -harreman lotu, eta horiek arautu dituzten erabakiei dagokienez.

2.) Borondatezko adierazpena egiteko kondena ezartzen duten epaiak.

3.) Industria-jabetzari buruzko tituluen deuseztasuna edo iraungitzea adierazten duten epaiak.

2. Irmo ez diren atzerriko epaiak ere ezin dira behin-behinean betearazi, Espainian indarrean dauden nazioarteko itunetan esanbidez aurkakoa xedatu ezik.

3. Behin-behineko betearazpena ez da bidezkoa izango, kalte-ordaina emateko erabakietan, horiek jaso badira ohorerako eskubidea, pertsona eta familiaren bizitza pribaturako eskubidea, eta norberaren irudirako eskubidea hautsi direla adierazten duten epaietan.

II. KAPITULUA

Lehen auzialdian emandako kondena-epaiak behin-behinean betearaztea

LEHENENGO ATALA

Behin-behineko betearazpena eta horren aurka jartzea

526. artikulua.

Lehen auzialdian emandako kondena-epaien behin-behineko betearazpena. Legitimazioa

Aurreko artikuluan aipatu kasuetan izan ezik, lehen auzialdian emandako kondena-epaian bere aldeko erabakia nork izan, eta horrek eska eta lor dezake, aldi berean kauziorik eman gabe, epaia behin-behinean betearaztea. Behin-behineko betearazpena egingo da, hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.

527. artikulua.

Behin-behineko betearazpena eskatzea, hori agintzea eta errekurtsoak

1. Behin-behineko betearazpena edozein unetan eska daiteke, gora jotzeko errekurtsoa prestatutzat zein probidentziatan jo eta hori jakinarazi denetik, edo, hala denean, alderdi gora-joleari idazkia jakinarazi zaionetik, bertan gora-jotzea jasan behar duen alderdia errekurtsoari atxikiz; eta, betiere, gora jotzeko errekurtsoan epaia eman aurretik.

2. Gora-jotzea ebazteko auzitegi eskuduna zein izan eta horri autoak igortzen bazaizkio, eta, horren ondoren, behin-behineko betearazpena eskatzen bada, eskatzaileak aurretiaz auzitegiari eskatu behar dio betearazpenerako beharrezko denaren lekukotza hori, eta berori eskaerari batu behar zaio.

Behin-behineko betearazpena eskatzen bada aurreko lerrokadan aipatu auzi-paperak igorri baino lehen, lehen auzialdiko auzitegiak luzatuko du lekukotza, igorpena egin baino lehen.

3. Epaia behin-behinean betearaztea eskatu ondoren, auzitegiak betearazpena aginduko du, salbu eta epai hori 525. artikuluan jasotakoetatik bat denean edo eskatzailearen aldeko kondena- epairik ez badakar.

4. Behin-behineko betearazpena zein autok ukatu eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, berori lehenespenez izapidetu eta ebatziz.

Behin-behineko betearazpena zein autok agindu eta horren aurka ezin da errekurtsorik jarri, alderdi exekutatuak hurrengo artikuluaren arabera aurkez dezakeen aurka-jartzea gorabehera.

528. artikulua.

Behin-behineko betearazpenaren eta jardun betearazle zehatzaren aurka jartzea

1. Alderdi exekutatua behin-behineko betearazpenaren aurka jar daiteke, bakarrik, berori agindua izan eta gero.

2. Behin-behineko betearazpenaren aurka jartzea honako arrazoi hauetan bakarrik oinarri daiteke:

1.) Betiere, behin-behineko betearazpena agintzea, aurreko artikuluan ezarritakoa hautsiz.

2.) Kondena-epaia diruzkoa izan ez, eta, jardun betearazlearen izaera aintzat hartuta, ezinezkoa edo oso zaila bada, epaia ezeztatu kasurako, behin-behineko betearazpenaren aurreko egoera berrezartzea edo alderdi exekutatuari konpentsazio ekonomikoa ematea, berari eragindako kalte-galeren ordaina emanez.

3. Kondena-epaia diruzkoa bada, alderdi exekutatua ezin da behin-behineko betearazpenaren aurka jarri; aitzitik, premiamendu-prozeduraren jardun betearazle zehatzaren aurka bakarrik jar daiteke. Hori gertatuko da, alderdi exekutatuak uste badu jardun horrek egoera konponezina edo kalte-galerak ordainduta konpentsazio ekonomikori ez duen egoera sortuko duela.

Neurri betearazle zehatzen inguruko aurka-jartzea aurkeztean, alderdi exekutatuak beste neurri edo jardun betearazle batzuk direnak zehaztu beharko ditu, posible, eta, alderdiaren ustez, aurka-jartzera bildutako jarduna edo neurriak zein egoera sortu eta horren antzekorik eragiten ez dutenak. Gainera, alderdi exekutatuak behar besteko kauzioa eman behar du, betearazpenaren atzerapenari aurre egiteko, auzitegiak neurri alternatiboak onartu ez eta gerogarrenean diruzko kondenaren erabakia berresten duenerako.

Alderdi exekutatuak ez badu neurri alternatiborik zehazten, ezta behar besteko kauziorik ematen ere, ezin daiteke betearazpenaren aurka jar, eta horixe aginduko da berehala, errekurtsoa jartzeko aukerarik gabe.

529. artikulua.

Behin-behineko betearazpenaren edo jardun betearazle zehatzaren aurka-jartzea gauzatzea

1. Behin-behineko betearazpenaren aurkako idazkia betearazpen-auzitegian aurkeztu beharko da, aurka-jartzeak ukitutako ebazpena jakinarazi eta hurrengo bost egunetan, ebazpen horretan betearazpena agindu edo jardun zehatza ezartzen bada.

2. Betearazpenaren aurkako idazkia eta horrekin batera ekarritako agiriak, alderdi betearazleari eta behin-behineko betearazpenean bertaratu direnei helaraziko zaizkie, bost eguneko epean, horiek egokitzat jotzen dutena adieraz eta egiazta dezaten.

3. Diruzkoa ez den kondena-epaia behin-behinean betearazten denean, 528. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren arrazoia alegatu bada, behin-behineko betearazpenaren aurka jartzeko, orduan behin-behineko betearazpena nork eskatu eta horrek behar besteko kauzioa eman dezake, betearazpenaren aurka alegatu dena aurkaratzeaz gain; kauzio horrekin bermatuko da, epaia ezeztatuz gero, aurreko egoera berrezarriko dela, edo, hori ezinezkoa bada, sortutako kalte-galeren ordaina emango dela.

Kauzioa eskudirutan eman daiteke edo iraupen zehaztugabeko abal solidarioa erabilita, berori kreditu-erakundeak nahiz elkarrekiko berme-sozietateak egindako lehen agindeian ordainduz. Halaber, auzitegiaren ustez kasuan kasuko kopurua berehala eskuratu ahal izatea zein bidek bermatu eta hori ere erabil daiteke.

530. artikulua.

Behin-behineko betearazpenaren eta neurri betearazle zehatzen aurka jartzeari buruzko erabakia. Errekurtsoa jartzeko ezintasuna

1. 528. artikuluaren 2. paragrafoko lehenengo arrazoian oinarritutako aurka-jartzeari on iritzi bazaio, auto bitartez ebatziko da behin-behineko betearazpenaren aurka-jartzea. Auto horretan adieraziko da behin-behineko betearazpenaren geldiarazpena, erabakitako enbargo, traba eta berme-neurriak deseginez.

2. Diruzkoa ez den kondena-epaia behin-behinean betearaztean aurka-jartzea aurkeztu bada, eta auzitegiak uste badu, gerogarrenean kondena ezeztatuz gero, ezinezkoa edo oso zaila izango dela behin-behineko betearazpenaren aurreko egoera berrezartzea edo betearazpena eskatu duenak egin dezakeen kauzioarekin ordainketa bermatzea, orduan autoa emango du, betearazpena eten eginez; baina erabakitako enbargoek eta berme-neurriek indarrean iraungo dute, eta egokitzat jotzen diren berme-neurriak hartuko dira, 700. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Kondena-epaia diruzkoa izan eta aurka-jartzea jarduera betearazle zehatzaren kontra aurkezten bada, auzitegiak aurka-jartzeari on iritziko dio, uste badu behin-behineko alderdi exekutatuak zehaztutako jarduera edo neurri alternatiboak posible direla eta hasierako jardueren antzeko eragingarritasuna dutela. Era berean, auzitegiak aurka-jartzeari on iritziko dio, behin-behineko alderdi exekutatuak betearazpenaren atzerapenari aurre egiteko behar besteko kauzioa eman ondoren, auzitegiak uste badu, kondena ezeztatuz gero, guztiz ezinezkoa izango dela betearazpenaren aurreko egoera berrezartzea edo behin-behineko alderdi exekutatuari konpentsazio ekonomikoa ematea, geroago horri kalte-galeren ordaina emanez.

Aurka-jartze horri on iriztearen ondorioz, ukatu egingo da aurka-jartzearen objektu den jarduera betearazle zehatza gauzatzeko aukera; hala ere, premiamendu-prozedurak aurrera egingo du, lege honetan ezarritakoari helduta.

4. Behin-behineko betearazpenaren edo neurri betearazle zehatzen aurka-jartzeari buruz zein autok erabaki eta horren aurka ezin da errekurtsorik jarri.

531. artikulua.

Behin-behineko betearazpena etetea, diruzko kondena-epaietan

Diru-kopuru likidoak ordaintzeko kondena-erabakien behin-behineko betearazpena eten egingo da, alderdi exekutatuak epaitegiaren esku uzten baditu kondenatzat ezarri diru-kopurua, kasuan kasuko korrituak eta une hori arte eragindako kostuak, horiek guztiak alderdi betearazleari emateko, hurrengo atalean ezarritakoa gorabehera.

Korrituen likidazioa eta kostuen tasazioa egin ondoren, auzitegiak erabakiko du betearazpenak aurrera egin behar duen ala hori artxibatu behar den.

2. ATALA

Behin-behinean betearazitako epaia ezeztatzea edo berrestea

532. artikulua.

Behin-behinean betearazitako ebazpena berrestea

Epaia ematen bada behin-behinean betearazi erabakiak berresteko, betearazpenak aurrera egingo du, betearazpen hori oraindik amaitzeko badago, salbu eta alderdi betearazleak esanbidez atzera egiten duenean.

Berrespen-epaiaren aurka ezin bada errekurtsorik jarri edo errekurtsorik jartzen ez bada, betearazpenak, atzera egin denean izan ezik, aurrera egingo du, behin betikoa balitz legez.

533. artikulua.

Diru-kopurua ordaintzeko kondenak ezeztatzea

1. Behin-behinean betearazitako erabakia dirua ordaintzeko kondena izan eta erabaki hori erabat ezeztatzen bada, behin-behineko betearazpena largetsi egingo da. Halakoetan, alderdi betearazleak, hala denean, jasotako diru-kopurua itzuli beharko du; alderdi exekutatuari behin-behineko betearazpenagatik zein kostu ordaindu eta horiek itzuliko dizkio; eta exekutatuari betearazpenak zein kalte-galera eragin eta horiek ordainduko dizkio.

2. Epaia zati batez ezeztatzen bada, alderdi betearazleak jasotako diru-kopuruaren eta epaia zati batez berrestearen ondoriozko diru-kopuruaren arteko aldea bakarrik itzuliko da; alabaina, alde horri gehitu behar zaio, kopurua noiz jaso eta ordutik, urtero-urtero, diruari aplikatu beharreko legezko korritu-tasa.

3. Ezeztatze-epaia irmoa ez bada, premiamendu-bidera jo daiteke, artikulu honen aurreko paragrafoetan aipatu kopuru eta gehikuntzak jasotzeko; eskaera egingo da, behin-behineko betearazpena gauzatu duen auzitegian. Kalte- galerak likidatuko dira, lege honen 712. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

Diru-kopurua eta kostuak itzultzeko, eta kalte-ordainak emateko betebeharra nork izan eta hori premiamendu-jardun zehatzaren aurka jar daiteke, 528. artikuluaren 3. paragrafoan agindutakoaren ildotik.

534. artikulua.

Diruzkoak ez diren kondenak ezeztatzea

1. Behin-behinean betearazi eta gero, ezeztatutako ebazpenak ondasun jakin bat emateko kondena ezarri badu, ondasun hori exekutatuari itzuliko zaio, alderdi horrek izan duen modu berean; ondasunarekin batera itzuli behar dira, halaber, errentak, fruituak nahiz ekoizkinak, edo ondasunaren erabilerak duen diruzko balioa.

Ondasuna itzultzea ezinezkoa bada egitez nahiz zuzenbidez, exekutatuak kalte-galeren ondoriozko ordaina eska dezake, eta kalte-galerok likidatuko dira, 712. artikuluan ezarri prozedura erabiliz.

2. Zerbait egiteko kondena ezarri duen ebazpena ezeztatzen bada, eta egite hori jada bete bada, eska daiteke egindakoa desegitea eta sortutako kalte- galeren ondoriozko ordaina ematea.

3. Ezeztatze-epaia irmoa ez bada, aurreko paragrafoetan ezarri bezala, betearazpen-bidera joko da, gauza itzultzeko, txarto egindakoa suntsitzeko edo kalte-galerak ordainarazteko; hori egingo da, behin-behineko betearazpenean eskumena duen auzitegian.

4. Aurreko paragrafoetan ezarri kasuetan, itzultzeko, desegiteko edo kalte- ordaina emateko betebeharra duena betebehar horren aurka jar daiteke, betearazpen- bidera jota, lege honen 528. artikuluan ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA

Bigarren auzialdian emandako kondena-epaiak behin-behinean betearaztea

535. artikulua.

Bigarren auzialdian emandako epaiak behin-behinean betearaztea

1. Lege honen aurreko kapituluan xedatutakoaren arabera arautuko da bigarren auzialdian eman eta irmo ez diren epaien betearazpena, baita betearazpen horren aurka jartzea ere.

2. Aurreko paragrafoan aipatu kasuetan, behin-behineko betearazpena edozein unetan eska daiteke, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia edo kasazio-errekurtsoa prestatutzat jo duen ebazpena jakinarazi denetik, eta, betiere, errekurtso horien ondoriozko epaia eman aurretik.

Lehenengo auzialdian prozesuaren gaineko ardura zein auzitegik izan eta horretan aurkeztuko da eskabidea. Eskabidearekin batera, behin-behinean betearazi nahi den epaiaren ziurtagiria ekarriko da, baita beharrezkotzat jotzen diren alde guztien lekukotza ere. Gora jotzeko epaia zein auzitegik eman eta horretatik, edota gora jotzeko epaiaren aurka jarritako errekurtsoaren gain eskumena zein organok izan eta horretatik eskuratu beharko dira ziurtagiria eta lekukotza.

3. Behin-behineko betarazpenaren eta neurri betearazle zehatzen aurka jartzea, bigarren auzialdian, lege honen 528. artikulutik 531.erakoek arautuko dute.

536. artikulua.

Behin-behinean betearazitako ebazpena bigarren auzialdian berrestea

Bigarren auzialdiko epaia behin-behinean betearazi eta erabaki guztietan berresten bada, 532. artikuluko bigarren lerrokadan xedatutakoaren arabera jardungo da.

537. artikulua.

Bigarren auzialdian behin-behinean betearazitako ebazpena ezeztatzea

Bigarren auzialdian eman eta behin-behinean betearazitako epaia ezeztatzen bada, 533 eta 534. artikuluak aplikatuko dira.

III. TITULUA

BETEARAZPENA: XEDAPEN OROKORRAK

LEHENENGO KAPITULUA

Betearazpeneko alderdiak

538. artikulua.

Nahitaezko betearazpenaren alderdiak eta subjektuak

1. Betearazpen-prozesuan alderdi dira betearazpena agintzea eskatu eta lortu duena edo dutenak, bai eta agindutako betearazpena jasan behar duen pertsona edo pertsonak ere.

2. 540. artikulutik 544.erakoetan xedatutakoari kalterik egin gabe, titulu betearazlearen araberako hartzekodunak hala eskatuta, honako subjektu hauen aurka bakarrik agin daiteke betearazpena:

1.) Titulu horren arabera zorduna denaren aurka.

2.) Titulu betearazlearen arabera zorduna izan ez arren, zorraren gaineko erantzukizun pertsonala duenaren aurka, legeak horrela xedatzen duelako edo agiri publikoaren bitartez egiaztatutako fidantza dagoelako.

3.) Titulu betearazlearen arabera zorduna izan ez arren, zorra ordaintzeari beren beregi lotuta dauden ondasunen jabearen aurka, betiere lotura hori legeak agintzen duenean edo agiri fede-emaileak egiaztatzen duenean.

Pertsona horiei dagokienez, betearazpena mugatuko da, beren beregi lotutako ondasunetara.

3. Legeak alderdi exekutatuari zein defentsa-bide eman eta bide horiek erabil ditzakete betearazpen-aginduan aipatu ez diren pertsonek; horixe egingo da, auzitegiak ezartzen badu betearazpena pertsona horien ondasunetara hedatzea, ondasunok alderdi exekutatuarenak izan ez arren, prozeduraren hasieran zein betebehar izan eta ondasunok betebehar horri lotuta daudela uste duelako auzitegiak.

4. Alderdi betearazleak auzitegiari induzitu badio betearazpena hedatzera, tituluaren edo legearen arabera betearazpena gerta ezin daitekeen pertsona edo ondasunen aurka, orduan alderdi betearazleak izango du kalte-galeren gaineko erantzukizuna.

539. artikulua.

Ordezkaritza eta defentsa. Betearazpenaren kostuak eta gastuak

1. Abokatuak zuzendu eta prokuradoreak ordezkatu behar dituzte alderdi betearazlea eta alderdi exekutatua, salbu eta betearazi beharreko ebazpenak eman direnean profesional horiek nahitaez parte hartu behar ez duten prozesuetan.

Aurka-jartzerik gabeko prozesu monitorioen ondorioz betearazpena gauzatzeko, nahitaezkoa da abokatuak eta prokuradoreak parte hartzea, baldin eta agindutako betearazpenaren kopurua 900 eurotik gorakoa bada.

2. Lege honek, esanbidez, kostuen inguruko erabakia betearazpen-prozesuko zein jardunerako ezarri eta jardun horretan alderdiek ordaindu behar dituzte lege honen 241. artikuluan xedatu gastuak eta kostuak, betiere auzitegiak kostuen inguruan hartutako erabakiaren ondorioz egin beharreko itzulketak gorabehera.

Alderdi exekutatuak ordainduko ditu betearazpen-prozesuari begira aurreko lerrokadan jaso ez diren kostuak, hori esanbidez agindu beharrik gabe; halere, kostuok likidatu arte, alderdi betearazleak ordaindu beharko ditu prozesuak aurrera egin ahala sortutako gastuak eta kostuak. Zernahi gisaz, alderdi exekutatuak edo beste subjektu batzuek hala eskatuta zein jardunak gastu eta kostuak sortu eta horiek ordaindu beharko dituzte kasuan kasuko jarduna eskatu dutenek.

540. artikulua.

Alderdi betearazlea eta alderdi exekutatua oinordetza-kasuetan

1. Betearazpena agin daiteke, titulu betearazlean alderdi betearazle gisa nor agertu eta horren oinordeko dela egiaztatzen duenaren mesederako; eta tituluan alderdi exekutatu gisa nor agertu eta horren oinordekoa dela egiaztatzen duenaren aurka.

2. Aurreko paragrafoaren ondoreetarako, oinordetza egiazta dadin, oinordetza hori jaso duten agiri fede-emaileak aurkeztu beharko zaizkio auzitegiari.

Auzitegiak, ondore horietarako, egokitzat jotzen baditu agiriok, horien arabera oinordekoa nor den aintzat hartu eta horren mesederako edo horren aurka aginduko du betearazpena, besterik gabe.

3. Oinordetza agiri fede-emaileetan jasotzen ez bada edo auzitegiak agiriok behar bestekotzat jotzen ez baditu, tituluan alderdi exekutatu gisa agertzen denari eta horren oinordeko moduan bere burua aurkezten duenari helaraziko zaie alderdi betearazlearen eskaera; horiek guztiak agerraldian entzun ondoren, auzitegiak oinordetzaren inguruan bidezkoa dena erabakiko du, betearazpena agintze-ondoreetarako soil-soilean.

541. artikulua.

Betearazpena irabazpidezko ondasunetan

1. Irabazpidezko erkidegoaren aurka, ez da betearazpenik aginduko.

2. Betearazpena oinarritzen bada ezkontideetatik batek hartutako zorretan, eta zor horien gaineko erantzukizuna irabazpidezko sozietateak badu, demanda betearazlea jar daiteke ezkontide zordunaren aurka bakarrik; baina irabazpidezko ondasunen enbargoa beste ezkontideari jakinarazi beharko zaio. Beste ezkontide horri demanda betearazlea eta betearazpena agindu duen autoa helaraziko zaizkio, ezkontide horrek, epe arruntean, betearazpenaren aurka jartzeko aukera izan dezan.

Betearazpenaren aurka jartzeko arrazoiak izan daitezke alderdi exekutatuak dituen arrazoi berberak, eta, gainera, betearazpena zein zorren ondorioz agindu eta zor horrengatik irabazpidezko ondasunekin erantzun behar ez izatea.

Aurka-jartzea azken arrazoi horretan oinarritzen bada, hartzekodunari dagokio irabazpidezko ondasunen erantzukizuna frogatzea.

Erantzukizun hori egiaztatzen ez bada, alderdi exekutatuaren ezkontideak ezkontza-sozietatea desegitea eska dezake, hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera.

3. Betearazpena ezkontideetatik batenak bakarrik diren zorretan oinarritzen bada, eta, ezkontide horrek ondasun pribatiborik ez izateagatik edo horiek behar beste ez izateagatik, ondasun erkideen aurka jotzen bada, ondasun erkide horien enbargoa jakinaraziko zaio zordun ez den ezkontideari.

Hori dela eta, zordun ez den ezkontideak erabakitzen badu ezkontza-sozietatea desegitea, auzitegiak, ezkontideak entzun ondoren, ondarea banatzearen inguruan bidezkoa dena ebatziko du. Hala badagokio, auzitegiak erabakiko du banatzea lege honetan xedatutakoaren arabera gauzatzea; bien bitartean, ondasun erkideen gaineko betearazpena eten egingo da.

4. Aurreko paragrafoen kasuetan, enbargoa zein ezkontideri jakinarazi eta horrek alderdi exekutatuak dituen errekurtsoak jar eta aurkaratze-bideak erabil ditzake, irabazpidezko erkidegoaren interesak defendatzeko.

542. artikulua.

Zordun solidarioaren aurkako betearazpena

1. Zordun solidario baten edo batzuen aurka bakarrik lortutako epai, laudo eta beste titulu betearazle judizialek ez dute titulu betearazle gisa baliorik izango, prozesuko alderdi izan ez diren zordun solidarioen aurka.

2. Titulu betearazleak epaiketaz kanpokoak badira, betearazpena agin daiteke, bakarrik, titulu horietan edo zorraren izaera solidarioa egiaztatu eta legearen araberako betearazpena dakarren beste agiri batean zordun solidarioa nor izan eta horren aurka.

3. Titulu betearazlean zordun solidario batzuk badaude, zordun horietako baten, batzuen edo guztien aurka eska daiteke betearazpena agintzea, zorren, korrituen eta kostuen zenbateko osoan.

543. artikulua.

Aldi baterako elkarteak edo erakundeak

1. Titulu betearazlearen arabera enpresa edo erakunde desberdinen arteko elkarte edo taldeak badira zordunak, orduan, horien bazkide, kide nahiz partaideen aurka betearazpena agindu ahal izateko, nahitaezkoa da horiek guztiek elkartearen edo taldearen egintzen ondoriozko erantzukizun solidarioa izatea, eurek hala erabaki dutelako edo legeak horrela agindu duelako.

2. Legeak esanbidez ezartzen badu aurreko paragrafoan aipatu elkarte edo taldeetako kide nahiz partaideen erantzukizun subsidiarioa, orduan, horien aurkako betearazpena agintzeko, nahitaezkoa izango da elkartearen edo taldearen kaudimengabezia egiaztatzea.

544. artikulua.

Nortasun juridikorik gabeko erakundeak

Nortasun juridikorik gabeko erakundeek trafikoan subjektu bereizi gisa jardun eta euren aurkako titulu betearazleen kasuan, erakundearen izenean trafiko juridikoan zein bazkide, kide eta kudeatzailek jardun eta horien aurka agin daiteke betearazpena, auzitegiaren ustez behar bezala egiaztatzen bada bazkide-, kide- edo kudeatzaile-izaera, baita hirugarrenei begira erakundearen izenean jardun dela ere.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa ez zaie aplikatuko jabetza horizontalaren araubidepean dauden ondasun higiezinen jabe-erkidegoei.

II. KAPITULUA

Auzitegi eskuduna

545. artikulua.

Auzitegi eskuduna. Ebazpenen forma, nahitaezko betearazpenean

1. Ebazpen judizialak, eta epaiketan homologatu edo onetsitako transakzio eta hitzarmenak betearazteko, auzitegi eskuduna izango da lehen auzialdian auziaren gaineko eskumena izan zuena, edo transakzioa nahiz hitzarmena onetsi zuena.

2. Titulua tartekaritza-laudoa bada, laudo hori zein tokitan eman eta bertako lehen auzialdiko epaitegiak izango du betearazteko eskumena.

3. Aurreko paragrafoetan aipatu diren tituluez beste batzuk betearazteko, eskumena izango du lege honen 50 eta 51. artikuluen arabera kontuan hartu behar den tokiko lehen auzialdiko epaitegiak.

Halaber, alderdi betearazleak hala aukeratuta, betearazpena eska daiteke, tituluaren ariora betebeharra zein tokitan bete behar eta bertako lehen auzialdiko epaitegian, edo alderdi exekutatuaren ondasunetatik enbargatzeko modukoak zein tokitan egon eta toki horietatik edozeinetako lehen auzialdiko epaitegian. Inola ere ez dira aplikatuko I. liburuaren II. tituluko II. kapituluaren 2. atalak jasotako erregelak, esanbidez edo isilbidez eskumendean jartzeari buruzkoak.

Alderdi exekutatu batzuk badaude, auzitegi eskuduna izango da, aurreko lerrokadaren arabera, alderdi exekutatuari begira eskudun izan daitezkeen horietatik edozein, eta, horien artean, alderdi betearazleak aukeratzen duena.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, beren beregi hipotekatutako edo bahitutako ondasunak bakarrik betearazi behar badira, eskumena zehaztuko da, lege honen 684. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. Betearazpen-prozesuetan auto-forma izango dute auzitegiaren ebazpenek, horiek behin-behineko edo behin betiko betearazpena agintzea erabakitzen badute, enbargoa edo horren desegitea agintzen badute, betearazpenaren aurka-jartzea, etendura, largespena edo betearazpenarekin aurrera egitea agintzen badute, edota hirugarrengotzen inguruan erabakitzen badute; gainerako ebazpenek ere auto-forma izango dute, lege honetan hala xedatuz gero.

Esanbidez ezarritako egoeretan, auzitegiak probidentzia bidez emango du erabakia, eta, gainerako kasuetan, idazkari judizialak emango ditu kasuan kasuko ebazpenak, antolaketarako eginbideen bitartez.

546. artikulua.

Lurralde-eskumena ofizioz aztertzea

1. Betearazpena agindu aurretik, auzitegiak ofizioz aztertuko du bere lurralde-eskumena, eta, titulu betearazlearekin eta demandarekin batera ekarritako gainerako agiriak aintzat hartuta, auzitegiak ulertzen badu ez duela lurralde-eskumenik, autoa eman, eta, betearazpena ez agintzeaz gain, demandatzaileari adieraziko dio zein auzitegitan aurkeztu behar duen demanda.

Ebazpen horren aurka errekurtsoa jar daiteke, 552. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

2. Betearazpena agindu ondoren, auzitegiak ezin izango du bere lurralde- eskumena ofizioz berrikusi.

547. artikulua.

Deklinatoria, nahitaezko betearazpenean

Alderdi exekutatuak auzitegiaren eskumena aurkara dezake, deklinatoria proposatuz, betearazpen-prozesuaren lehenengo jakinarazpena jaso eta hurrengo bost egunetan.

Deklinatoria gauzatu eta erabakiko da, lege honen 65. artikuluan ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA

Betearazpena agintzea

548. artikulua.

Ebazpen judizialak eta tartekaritza-ebazpenak betearazteko itxaronaldia

Auzitegiak ez du aginduko ebazpen judizialak, tartekaritza-ebazpenak edo epaiketan onetsitako hitzarmenak betearaztea, kondena-ebazpena edo hitzarmena onesteko ebazpena alderdi exekutatuari jakinarazi eta hurrengo hogei egunetan.

549. artikulua.

Demanda betearazlea. Edukia

1. Alderdiak hala eskatuta bakarrik aginduko da betearazpena, demanda bitartez, eta, bertan, honako hauek jasota:

1.) Alderdi betearazleak oinarri duen titulua.

2.) Eskatutako babes betearazlea, hori ekarri titulu betearazleari lotuta dagoela; hala denean, lege honen 575. artikuluaren arabera erreklamatu kopurua zehaztuko da.

3.) Alderdi betearazleak dakienaren arabera, alderdi exekutatuaren ondasunetatik enbarga daitezkeenak, eta, hala denean, alderdi betearazleak betearazpena gauzatzeko ondasunok behar bestekotzat jotzen dituen ala ez.

4.) Kasuan-kasuan, ondasunak aurkitu eta ikertzeko neurriak, lege honen 590. artikuluaren arabera.

5.) Betearazpena zein pertsonaren aurka agintzea eskatu eta pertsona hori edo horiek identifikatzeko inguruabarrak, pertsona horiek tituluaren arabera zordunak direlako edo lege honen 538. artikulutik 544.erakoen arabera betearazpena jasan behar dutelako.

2. Titulu betearazlea bada betearazpenaren gaineko eskumena duen auzitegiak emandako epaia edo ebazpena, nahikoa izango da demanda betearazleak betearazpena agintzeko eskabidea jasotzea, betearazi beharreko epaia edo ebazpena zehaztuz.

550. artikulua.

Demanda betearazlearekin batera ekarri beharreko agiriak

1. Demanda betearazlearekin batera, honako hauek ekarriko dira:

1.) Titulu betearazlea, salbu eta betearazpena oinarritzen denean epaian, edo auzi-paperetan jasotako hitzarmenean nahiz transakzioan.

Titulua laudoa bada, demandarekin batera ekarri beharko dira, orobat, tartekaritza- hitzarmena eta laudo hori alderdiei jakinarazi zaiela egiaztatzeko agiriak.

2.) Prokuradoreari egiletsitako ahalordea, betiere ordezkaritza «apud acta» eman ez denean edo hori jardunean jada jasota ez dagoenean. Horixe egingo da, epaiak, edo epaiketan onetsitako transakzioak nahiz hitzarmenak betearaztea eskatzen denean.

3.) Diruzkoak ez diren zorretan, horiek diruz zenbatzeko zein prezio edo kotizazio aplikatu behar eta horiek egiaztatzen dituzten agiriak, baldin eta datu ofizialak edo jendaurrekoak ez badira.

4.) Betearazpena agintzeko, legeak ezarritako gainerako agiriak.

2. Demanda betearazlearekin batera, ekar daitezke, halaber, alderdi betearazlearen ustez betearazpena gauzatzeko erabilgarri edo egoki diren agiriak, eta betearazpena agintzeko datu interesgarriak jasotzen dituztenak.

551. artikulua.

Betearazpena agintzea. Errekurtsoak jartzeko ezintasuna

1. Demanda betearazlea aurkeztu ondoren, auzitegiak beti aginduko du betearazpena, horretarako prozesu-baldintzak eta -betekizunak gertatzen badira, titulu betearazleak forma-irregulartasunik ez badu, eta eskatu jardun betearazlea tituluaren izaera eta edukiarekin bat badator.

2. Betearazpena auto bitartez aginduko da, errekurtsoak jartzeko aukerarik gabe. Horrek ez dio kalterik egingo alderdi exekutatuak lege honen arabera aurka-jartzea aurkezteari.

552. artikulua.

Betearazpenaren gaineko agindua ukatzea. Errekurtsoak

1. Auzitegiak ulertzen badu betearazpena agintzeko legezko baldintzak eta betekizunak ez direla gertatzen, autoa emango du, betearazpenaren gaineko agindua ukatuz.

2. Betearazpena agintzeari ezetza zein autok eman eta hori zuzenean gora jo daiteke, gora-jotzea hartzekodunarekin bakarrik gauzatuz.

Era berean, hartzekodunak, hala eskatzen badu, gora jotzeko errekurtsoa jarri aurretik, birjartze-errekurtsoa aurkez dezake.

3. Betearazpena agintzeari ezetza zein autok eman eta hori irmoa bada, hartzekodunak kasuan kasuko prozesu arruntean bakarrik balia ditzake bere eskubideak, prozesu arrunt hori eragotzi ez badu epai edo ebazpen irmoaren ondoriozko gauza epaituak, epai edo ebazpen hori betearazpen-demandaren oinarri izanik.

553. artikulua.

Betearazpena agintzen duen autoa. Edukia eta jakinarazpena

1. Betearazpena agindu duen autoak honako alde hauek jaso beharko ditu:

1.) Betearazpena zein pertsonaren aurka agindu den; betearazpena modu solidarioan ala mankomunatuan agindu den; eta, betearazpenaren alderdiei nahiz betearazpenaren edukiari dagokienez, bidezko diren beste zehaztasunetatik edozein.

2.) Kasuan-kasuan, zein kopurutan agindu den betearazpena.

3.) Alderdi exekutatuaren ondasunak aurkitzeko eta ikertzeko hartu beharreko neurriak, lege honen 589 eta 590. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.) Une horretatik aurrera erabaki beharreko jardun judizial betearazlea, eta, horren barruan, ahal izanez gero, ondasun zehatzak enbargatzea.

5.) Zordunari egin behar zaion ordainketa- agindeiaren edukia, legeak agindei hori xedatu kasuetan.

2. Betearazpena agindu duen autoa, demanda betearazlearen kopiarekin batera, alderdi exekutatuari jakinaraziko zaio, zitazio eta epatzerik gabe, alderdi hori edozein unetan betearazpenean bertaratu dadin; alderdi exekutatua bertaratuz gero, geroagoko jarduna berarekin gauzatuko da.

554. artikulua.

Betearazpena agindu eta berehalako neurriak

1. Ordainketa-agindeirik ezarri ez bada, aurreko artikuluaren 1. paragrafoko 3. zenbakian aipatu neurriak berehala gauzatuko dira, aurretiaz alderdi exekutatua entzun gabe, eta betearazpena zein autok agindu eta horren jakinarazpenaren zain egon gabe.

2. Ordainketa-agindeia egin behar bada ere, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera jokatuko da, alderdi betearazleak hori eskatzen badu; halakoetan, alderdi betearazleak, auzitegiaren ustez, egiaztatu beharko du ondasunak aurkitzeko eta ikertzeko atzerapenetatik edozeinek betearazpenaren emaitza ona desegin dezakeela.

555. artikulua.

Betearazpenak metatzea

1. Edozein alderdik hala eskatuta, aginduko da hartzekodun betearazle eta zordun exekutatu berberen artean erabakitzeko dauden prozesu betearazleak metatzea.

2. Alderdi betearazleetatik edozeinek hala eskatuta, alderdi exekutatu beraren aurkako prozesu betearazle guztiak meta daitezke, baldin eta antzinatasun gehiena duen prozesuko auzitegi eskudunak egokiagotzat jotzen badu hori, hartzekodun betearazle guztientzat.

3. Metatze-eskaera gauzatuko da, 74. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera.

4. Betearazpenak ukitzen baditu beren beregi hipotekatutako ondasunak soil-soilik, orduan, horren inguruko prozesua beste betearazpen-prozesu batzuekin meta dadin, nahitaezkoa da beste prozesu horiek xedetzat izatea ondasun berberen gaineko beste hipoteka- berme batzuen eragingarritasuna.

IV. KAPITULUA

Betearazpenaren aurka jartzea eta legearen edo titulu betearazlearen aurkako betearazpen-egintzak aurkaratzea

556. artikulua.

Ebazpen judizialen edo tartekaritza-ebazpenen eta epaiketan onetsitako transakzio eta hitzarmenen aurka jartzea

1. Titulu betearazlea bada kondena- epaia, kondena-ebazpen judiziala, tartekaritzako kondena-ebazpena edo prozesuan lortutako transakzio nahiz hitzarmena onetsi duen epai, ebazpen judizial edo tartekaritza-ebazpena, orduan, alderdi exekutatua horren aurka jar daiteke, betearazpena agindu duen autoa jakinarazi eta hurrengo hamar egunetan; horretarako, idatziz alegatu eta agiri bitartez egiaztatu behar du epaian agindutakoa ordaindu edo bete duela.

Halaber, aurka-jartzea oinarri daiteke akzio betearazlearen iraungitzean eta betearazpena saihets dadin hitzartutako itun eta transakzioetan, baldin eta itun eta transakzio horiek agiri publikoan jasotzen badira.

2. Aurreko paragrafoak aipatu kasuetan aurkeztutako aurka-jartzeak ez du betearazpena etengo.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, betearazpena 517. artikuluaren 2. paragrafoko 8. zenbakian aipatu autoaren bitartez agintzen bada, alderdi exekutatuaren aurka-jartzeak betearazpena etengo du; gainera, aurka-jartze hori, hurrengo artikuluan ezarri arrazoietatik edozeinetan ez ezik, honako arrazoi hauetan ere oinarri daiteke:

1.) Biktimak bakarrik errua izatea.

2.) Ibilgailua gidatzearekin edo ibilgailuaren jardunbidearekin zerikusirik ez duen ezinbesteko kasua.

3.) Erruak metatzea.

557. artikulua.

Betearazpenaren aurka jartzea, titulu judizialak eta tartekaritzako tituluak ez diren horietan oinarrituta

1. Betearazpena agintzen bada 517. artikuluaren 2. paragrafoko 4, 5, 6 eta 7. zenbakietan ezarri tituluetan, eta 9. zenbakian aipatu indar betearazlea duten agiriak oinarri hartuta, alderdi exekutatua betearazpen horren aurka jar daiteke, aurreko artikuluan ezarri epe eta forman, honako arrazoi hauek oinarri hartuta bakarrik:

1.) Ordainketa, alderdi exekutatuak hori agiri bitartez egiazta badezake.

2.) Kreditu likidoa konpentsatzea, hori indar betearazlea duen agiriak ondorioztatzen badu.

3.) Gauzazko zorrak diruz zenbatzean, gehiegi eskatzea edo gaindikina eskatzea.

4.) Preskripzioa eta iraungitzea.

5.) Agirian jasotako kita, itxarotea edo ez eskatzeko ituna nahiz hitzematea.

6.) Transakzioa, hori agiri publikoan jasotzen bada.

2. Aurreko paragrafoan ezarri aurka- jartzea aurkezten bada, betearazpena eten egingo da.

558. artikulua.

Aurka-jartzea, gehiegi eskatzeagatik. Berezitasunak

1. Aurka-jartzea gehiegi edo sobera eskatzean oinarritzen bada, aurka-jartze horrek ez du betearazpenaren bidea etengo, salbu eta alderdi exekutatuak bere ustez zor duen kopurua auzitegiaren esku jartzen duenean, auzitegiak kopuru hori berehala eman diezaion alderdi betearazleari.

Azken kasu horretatik kanpo, betearazpenak aurrera egingo du; baina enbargatutako ondasunak saltzearen ondorioz zer lortu eta hori ez zaio alderdi betearazleari emango, aurka-jartzea erabaki arte, lortu denak alderdi exekutatuak aitortutako zorra gainditzen duen kopuruan.

2. 572 eta 574. artikuluek aipatu kasuetan, kontuen saldoei eta korritu aldakorrei buruzkoetan, auzitegiak, alderdi exekutatuak hala eskatu eta probidentzia bitartez, aditua izenda dezake, horrek zorraren zenbatekoari buruz irizpena eman dezan.

Kasu horretan, irizpena bi alderdiei helaraziko zaie, eta ez da ikustaldirik egingo, irizpena helarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, hamar egun igaro arte.

559. artikulua.

Prozesuko akatsen ondorioz aurka-jartzea gauzatzea eta ebaztea

1. Alderdi exekutatua, honako akats hauek alegatuta, betearazpenaren aurka jar daiteke:

1.) Alderdi exekutatuak demandatu- izaerarik edo -ordezkaritzarik ez izatea.

2.) Alderdi betearazleak gaitasunik edo ordezkaritzarik ez izatea, edota demandatzaile- izaera edo ordezkaritza ez egiaztatzea.

3.) Agindutako betearazpena erabat deuseza izatea, epaiak edo tartekaritzalaudoak kondena-erabakirik ez jasotzeagatik, aurkeztutako agiriak betearazpena eragiteko legezko eskakizunak ez betetzeagatik edo betearazpena agintzean lege honen 250. artikuluan xedatutakoa hausteagatik.

4.) Titulu betearazlea notarioaren protokoloan jaso ez den tartekaritza-laudoa bada, hori kautoa ez izatea.

2. Alderdi exekutatuaren aurka-jartzea prozesuko akatsetan soil-soilik oinarritzen bada, edo horietan eta beste zio eta arrazoi batzuetan, alderdi betearazleak prozesuko akatson inguruko alegazioak aurkez ditzake, bost eguneko epean.

Auzitegiak ulertzen badu akatsa ongi daitekeela, probidentzia bitartez hamar eguneko epea emango dio alderdi betearazleari, horrek akatsok ongi ditzan.

Akatsa edo falta ezin bada ongitu edo epe horretan ongitzen ez bada, autoa emango da, agindutako betearazpena ondorerik gabe utziz eta alderdi betearazleari kostuak ezarriz.

Auzitegiak erabakitzen badu aurka-jartzean prozesuko akatsik ez dagoela, autoa emango du, aurka-jartzeari gaitz iritziz eta betearazpenak aurrera egitea aginduz, eta alderdi exekutatuari ezarriko dizkio aurka-jartzearen inguruko kostuak.

560. artikulua.

Funtsaren inguruko zioengatik aurka-jartzea gauzatzea

Betearazpenaren aurka-jartzea prozesuko zioetan oinarritu bada edo zio horiek ez badira alegatu, alderdi betearazleak aurkara dezake funtsaren inguruko zioetan oinarritutako aurka-jartzea horretarako, bost eguneko epea du, prozesuko zio horien gainetako ebazpena noiz jakinarazi edo aurka-jartzearen idazkia noiz helarazi eta ordutik zenbatzen hasita.

Alderdi exekutatuak edo alderdi betearazleak ikustaldia egitea eska dezake, aurka jartzeko idazkian, eta aurkajartzea aurkaratzeko idazkian hurrenez hurren. Auzitegiak probidentzia bitartez aginduko du ikustaldia egitea, baldin eta aurka-jartzeari buruzko eztabaida ezin bada konpondu ekarritako agiriekin; halakoetan, auzitegiak ikustaldia egiteko eguna ezarriko du, aurkaratzeko izapidea amaitu eta hurrengo hamar egunetan.

Ikustaldi hori eskatzen ez bada edo auzitegiak uste badu hori egitea ez dela komeni, besterik gabe ebatziko da aurka- jartzearen inguruan, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ikustaldia egitea agindu ondoren, eta alderdi exekutatua agertzen ez bada, auzitegiak ulertuko du alderdi exekutatuak aurka-jartzean atzera egin duela, eta 442. artikuluko 1. paragrafoan ezarri ebazpenak emango ditu.

Alderdi betearazlea agertzen ez bada, auzitegiak alderdi hori entzun gabe ebatziko du betearazpenaren aurka-jartzea.

Bi alderdiak agertuz gero, ikustaldia egingo da, hitzezko epaiketarako ezarritakoaren arabera. Ikustaldia egin ondoren, kasuan kasuko ebazpena emango da, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera.

561. artikulua.

Aurka-jartzea ebazteko autoa, funtsaren inguruko zioetan oinarrituta

1. Prozesuko akatsetan oinarritu gabeko aurka-jartzearen inguruan alderdiek esan beharrekoa entzun ondoren, eta, hala denean, ikustaldia egin ondoren, auzitegiak auto bitartez honako ebazpen hauetatik bat emango du, betearazpenaren ondoreetarako soilik:

1.) Betearazpenak aurrera egin dezan bidezkotzat jotzea, betearazpena zein kopurutan agindu eta kopuru horretan, aurka-jartzeari oso-osorik gaitz iritzi bazaio.

Aurka-jartzea gehiegi eskatzean oinarritu eta aurka-jartze horri zati batez gaitziritzia eman bazaio, betearazpena bidezkotzat joko da, kasuan kasuko kopuruari dagokionez bakarrik.

Aurka-jartzeari oso-osorik gaitz iritzi dion autoak alderdi exekutatua kondenatuko du aurka-jartzearen ondoriozko kostuak ordaintzera, 394. artikuluan kostuak ordaintzeko kondenarako zer xedatu eta horri jarraituz.

2.) Betearazpena bidezkoa ez dela adieraztea, 556 eta 557. artikuluetan betearazpenaren aurka jartzeko zerrendatu zioetatik bati on irizteagatik, edo 558. artikuluaren arabera gehiegi eskatzea onartu eta hori behar bezala oinarrituta egoteagatik.

2. Betearazpenaren aurka jartzeari on irizten bazaio, betearazpena ondorerik gabe utziko da, eta enbargoak eta ukitutako ondasunen gain ezarri berme-neurriak desegitea aginduko da. Halakoetan, betearazpena agindu aurreko egoeran utziko da alderdi exekutatua, 533 eta 534. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Halaber, alderdi betearazlea kondenatuko da aurka- jartzearen ondoriozko kostuak ordaintzera.

3. Aurka-jartzea ebatzi duen autoaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke. Errekurtso horrek ez du betearazpena etengo, baldin eta errekurtsoa zein ebazpenen aurka aurkeztu eta horretan gaitz iritzi bazaio aurka-jartzeari.

Errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta horretan aurka-jartzeari gaitz iritzi bazaio, alderdi betearazleak eska dezake enbargoei eta hartutako berme-neurriei eustea, baita lege honen 697. artikuluan xedatutakoaren arabera bidezkoak diren neurriak hartzea ere. Auzitegiak hori aginduko du probidentzia bitartez, alderdi betearazleak behar besteko kauzioa ematen badu. Kauzio hori ebazpenean bertan zehaztuko da, alderdi exekutatuak kasuan-kasuan eman beharreko kalte-ordaina bermatzeko, aurka-jartzeari emandako oniritzia berresten denerako.

562. artikulua.

Betearazpenean zehar lege-hausteak aurkaratzea

1. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera, alderdi exekutatua betearazpenaren aurka jartzea kontuan izan gabe, 538. artikuluan aipatu pertsona guztiek sala dezakete betearazpen- prozesuaren egintza zehatzei buruzko arauak hautsi direla:

1.) Lege honetan ezarri birjartze-errekurtsoaren bidez, arau-haustea jasotzen edo gauzatzen bada betearazpen- auzitegiak emandako ebazpenean.

2.) Gora jotzeko errekurtsoaren bidez, lege honek esanbidez ezarri kasuetan.

3.) Epaitegira idazkia zuzenduz, errekurtsoa jartzeko esanbidezko ebazpenik ez badago. Aipatu idazkian, argi eta garbi jaso beharko da zein arau-hauste alegatu eta hori saihesteko eskatu den ebazpena edo jarduna.

2. Arau-hausteak jardunaren deuseztasuna dakarrela alegatzen bada edo auzitegiak hala ulertuz gero, kontuan hartuko da 225. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoa.

563. artikulua.

Titulu betearazle judizialarekin bat ez datozen betearazpen-egintzak

1. Epai edo ebazpen judizialen ondorioz betearazpena agintzen bada eta betearazpenerako auzitegi eskudunaren betearazpen-egintza titulu betearazlearekin bat ez badator, alderdi kaltedunak birjartze-errekurtsoa jar dezake, eta, horri gaitz iritziz gero, gora jotzeko errekurtsoa.

2. Aurreko paragrafoaren kasuetan, alderdi errekurtsogileak eska dezake aurkaratu jarduera betearazle zehatzaren etendura. Auzitegiak eskaera onartuko du, errekurtsogileak behar besteko kauzioa ematen badu, atzerapenak beste alderdiari ekar diezazkiokeen kalteei aurre egiteko.

Kauzioa era daiteke, 529. artikuluaren 3. paragrafoko 2. lerrokadan ezarri moduetatik edozeini jarraituz.

564. artikulua.

Alderdi exekutatuaren defentsa juridikoa, horren oinarriak direnean betearazpenaren aurka egiteko arrazoien artean jaso gabe dauden egitate eta egintzak

Epaiketan alegazio-aukeren preklusioa gertatu edo epaiketaz kanpoko titulua sortu ondoren, lege honek betearazpenaren aurka jartzeko arrazoien artean jaso ez dituen egitate edo egintzak gertatzen badira, horien eragingarritasun juridikoa baliozkoa izan daiteke, kasuan kasuko prozesuan, baldin eta egitate edo egintzok zuzenbidearen arabera garrantzitsuak badira, alderdi betearazleak alderdi exekutatuari begira dituen eskubideentzat edo alderdi exekutatuak alderdi betearazleari begira dituen eginbeharrentzat.

V. KAPITULUA

Betearazpena etetea eta amaitzea

565. artikulua.

Betearazpena etetearen norainokoa eta etendura horri buruzko arau orokorra

1. Betearazpena eten egingo da, bakarrik, legeak esanbidez hala agintzen duenean edo betearazpenean bertaratutako alderdi guztiek hori erabakitzen dutenean.

2. Halere, betearazpenaren etendura agindu ondoren, erabakitako enbargoetarako berme-neurriak har daitezke edo jada daudenei eutsi, eta, beti, dagoeneko agindu enbargoak gauzatuko dira.

566. artikulua.

Epai irmoaren hutsaltze eta berrikuste kasuetan, betearazpena etetea, largestea eta horrek aurrera egitea

1. Betearazpena agindu ondoren, berrikuspen-demanda edo auzi-ihesean emandako epai irmoa hutsaltzeko demanda jarri eta onartzen bada, betearazpenaren gaineko eskumena zein auzitegik izan eta horrek agin dezake epaia betearazteko jarduna etetea; horixe egingo da, alderdiren batek hala eskatzen badu, eta, egoeraren inguruabarrak aintzat hartuta, betearazpena etetea komeni bada.

Etendura agintzeko, hori zeinek eskatu eta berari galdatuko dio auzitegiak kauzioa ematea; kauziora bildu behar dira auziaren balioa eta epaia betearazi gabe uzteagatik eragin daitezkeen kalte-galerak.

Berrikusi beharreko epaiaren betearazpena eteteari buruz erabaki aurretik, auzitegiak Fiskaltzaren iritzia entzungo du.

Aurreko lerrokadan aipatu kauzioa eman daiteke, 529. artikuluaren 3. paragrafoko bigarren lerrokadan ezarri moduetatik edozeinetan.

2. Etendura desegitea eta betearazpenak aurrera egitea aginduko da, baldin eta betearazpen-auzitegiak jakin badaki berrikuspenari edo auzi-ihesean emandako epaia hutsaltzeko demandari gaitz iritzi zaiola.

3. Betearazpena largetsiko da, berrikuspenari on irizten bazaio, edo, auzi-ihesean emandako epaia hutsaldu ondoren, demandatuaren aldeko absoluzio- epaia ematen bada.

4. Auzi-ihesean emandako epaia hutsaldu ondoren, eduki bera duen beste epai bat ematen bada, edo, eduki desberdina izan arren, beste epai horrek kondena-erabakiak jasotzen baditu, betearazpenari ekin egingo zaio; halakoetan, aurretiazko betearazpen-egintzak baliozko eta eragingarri direla ulertuko da, horiek azken epai horren erabakien eragingarritasunerako lagungarri badira.

567. artikulua.

Errekurtso arruntak jartzea eta etendura

Errekurtso arruntak jartzearen ondorioz, jardun betearazleak ez du, berez, bere bidea etengo.

Hala ere, alderdi exekutatuak jardun zehatz baten aurka errekurtsoa jarri eta horren etendura eska diezaioke auzitegiari, alderdi horrek egiaztatzen badu errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta horrek kalte konpongaitza eragiten diola. Horrez gain, alderdi exekutatuak behar besteko kauzioa eman behar du lege honetan xedatutakoaren arabera, atzerapenak eragin ditzakeen kalteei aurre egiteko.

568. artikulua.

Etendura, konkurtso-egoeretan

Auzitegiak betearazpena etengo du, hura dagoen moduan, alderdi exekutatua konkurtsoan dagoela auzitegiari jakinarazi bezain laster.

Konkurtso Legean ezarritakoaren arabera egingo dira hipotekatu eta bahitutako ondasunen aurka soilik zuzendutako betearazpenaren hasiera eta jada hasitako prozeduraren jarraipena.

569. artikulua.

Zigor-arloko epaitu aurrekotasunaren ondorioz, betearazpena etetea

1. Salaketa aurkezteak edo kereila jartzeak, bertan delitu-itxurako egitateak azaltzen direnean eta egitate horiek titulu betearazleari edo nahitaezko betearazpena agintzeari loturik daudenean, ez du berez ekarriko betearazpenaren etendura.

Halere, delitu-itxurako egitateak ikertzeko auzi kriminala erabakitzeko badago, eta egitateok, egiazkoak izanez gero, tituluaren faltsutasuna nahiz deuseztasuna, edo betearazpen-aginduaren baliogabetasuna nahiz ez-zilegitasuna badakarte, orduan auzi horretako auzitegi eskudunak betearazpena etetea aginduko du, alderdiak eta Fiskaltza entzun ondoren.

2. Aurreko paragrafoan aipatu auzi kriminala zein ebazpenek amaitu eta horrek adierazten badu egitaterik ez dagoela edo egitateak ez duela zigor-izaerarik, orduan alderdi betearazleak kalte-galeren ondoriozko kalte-ordaina eska dezake, 40. artikuluaren zazpigarren paragrafoan zehaztu bezala.

3. Artikulu honen lehen paragrafoan xedatutakoa gorabehera, betearazpenak aurrera egin dezake, alderdi betearazleak behar besteko kauzioa ematen badu, 529. artikuluaren 3. paragrafoko bigarren lerrokadan ezarri moduetatik edozeinetan. Kauzio horrek bermatuko ditu alderdi betearazleak jaso dezakeena eta betearazpenak alderdi exekutatuari eragin diezazkiokeen kalte-galerak.

570. artikulua.

Betearazpena amaitzea

Nahitaezko betearazpena amaituko da, soilik, hartzekodun betearazleari oso-osorik ordaintzen zaionean.

IV. TITULUA

DIRUZKO BETEARAZPENA

LEHENENGO KAPITULUA

Diruzko betearazpena: xedapen orokorrak

571. artikulua.

Titulu honen eremua

Titulu honen xedapenak aplikatuko dira, nahitaezko betearazpena oinarritzen bada, zuzenean edo zeharka, diru-kopuru likidoa emateko eginbeharra dakarren titulu betearazlean.

572. artikulua.

Kopuru likidoa. Betearazpena, eragiketen saldoa aintzat hartuta

1. Betearazpena agin dadin, likidotzat joko da tituluan letra, zifra edo zenbaki ulergarriekin adierazitako diru-kopuru zehatz oro. Kopurua adierazteko modu desberdinak euren artean bat ez badatoz, letraz adierazitako kopurua hobetsiko da.

Halere, betearazpena agintzeko ez da beharrezkoa alderdi betearazleak eskatu kopurua likidoa izatea, betearazpen bidezko korrituak eta betearazpenak sortutako kostuak direla eta.

2. Era berean, agindutako betearazpenaren zenbatekoa izan daiteke eragiketen ondoriozko saldoa, eragiketa horien kontratuak formalizatu badira eskritura publikoaren bitartez edo merkataritza- artekari elkargokideek esku hartutako polizaren bitartez. Horretarako, tituluan bertan itundu behar da betearazpenaren ondorioz eska daitekeen kopurua hartzekodunak berak titulu betearazlean egindako likidaziotik aterako dela, alderdiek titulu betearazlean bertan hitzartutakoaren arabera.

Kasu horretan, betearazpena aginduko da, bakarrik, hartzekodunak egiaztatzen badu alderdi exekutatuari, eta, halakoa izanez gero, fidatzaileari ere, aurretiaz jakinarazi diola likidazioaren arabera eskatutako kopurua.

573. artikulua.

Kontuen saldoa dela eta, demanda betearazlearekin batera ekarri beharreko agiriak

1. Aurreko artikuluko bigarren paragrafoan aipatu kasuetan, demanda betearazlearekin batera ekarri behar dira, titulu betearazlea eta 550. artikuluan jaso agiriak ez eze, honako agiri hauek ere:

1.) Hartzekodunak zein likidazio egin eta horretatik sortu den saldoa adierazten duen agiria edo agiriak; halaber, zorduntze- eta abonamendu-kopuruen laburpenak, eta betearazpena agintzeko saldoa zein kopurutan zehaztu eta horien korrituak aplikatzeari buruzko kopuruak.

2.) Alderdiek titulu betearazlean zer itundu eta horren arabera likidazioa egin dela egiaztatzeko agiri fede-emailea.

3.) Eskatutako kopurua zordunari, eta, halakoa izanez gero, fidatzaileari ere, aurretiaz jakinarazi zaiela egiaztatzeko agiria.

2. Halaber, demandarekin batera ekar daitezke zorduntze- eta abonamendu- kopuruen ziurtagiriak, alderdi betearazleak egokitzat jotzen badu hori.

3. Hartzekodunarentzat zalantzazkoa bada kopuru bat zinezkoa edo eskatzeko modukoa izatea, edo horren benetako kopurua, orduan zalantzagabeko kopurua zein izan eta horren betearazpena eska dezake hartzekodunak, eta gainerakoa kasuan kasuko prozesu adierazlean erreklamatzeko erreserba. Prozesu adierazle hori eta betearazpena aldi berean gauza daitezke.

574. artikulua.

Betearazpena, korritu aldakorren kasuan

1. Alderdi betearazleak adieraziko du, demanda betearazlean, berak eskatu betearazpena agintzeko zein kalkulu- eragiketa egin behar diren; berak adieraziko du kalkulu-eragiketak ondorioztatzen duen saldoa, agindutako betearazpenaren kopuru zehatz gisa, honako kasu hauetan:

1.) Erreklamatu duen kopuruaren jatorria korritu aldakorrarekin itundutako mailegua edo kreditua izatea.

2.) Erreklamatutako kopuruaren jatorria mailegua edo kreditua izan eta horretan nahitaezko gertatzea diru desberdinen artean eta euron korritu-tasen artean parekotasuna ezartzea.

2. Aurreko kasu guztietan aplikatu behar da, aurreko artikuluaren lehenengo paragrafoko bigarren eta hirugarren zenbakietan, eta, orobat, artikulu horren bigarren eta hirugarren paragrafoetan xedatutakoa.

575. artikulua.

Betearazpenaren kopurua zehaztea eta betearazpena agintzea

1. Demanda betearazlean zein kopuru erreklamatu eta horren betearazpena aginduko da. Kopuru horretara bilduko dira kopuru nagusia eta muga-eguneratutako korritu arruntak nahiz berandutza-korrituak. Zenbateko horri gehitu beharko zaio, halaber, betearazpenean sor daitezkeen korrituei eta betearazpenaren kostuei aurre egiteko zehaztu kopurua.

Bi kontzeptu horientzat zehaztu kopurua behin-behinean ezarriko da, eta kopuru horrek ezin izango du gainditu demanda betearazlean eskatu kopuruaren 100eko 30, geroko likidazioa gorabehera.

Salbuespenez, eta betearazpenak iraun dezakeena kontuan hartuta, alderdi betearazleak egiaztatzen badu betearazpenean sor daitezkeen korrituek eta betearazpenaren kostuek aurreko lerrokadan ezarritako muga gaindituko dutela, orduan muga hori gaindi dezake kontzeptu horientzat behin-behinean ezarri kopuruak.

2. Alderdi exekutatuak gehiegi eskatzea alegatzeari kalterik egin gabe, auzitegiak ezin du betearazpenaren agindua ukatu, zor den kopurua eta alderdi betearazleak demanda betearazlean ezarri kopurua bat ez datozela ulertzeagatik.

3. Dena den, ez da betearazpenik aginduko, demanda betearazleak ez baditu jasotzen aurreko artikuluetan aipatu kalkuluak, edo demandarekin batera ez badira ekarri manuotan agindu agiriak.

576. artikulua.

Prozesuko berandutzaren korrituak

1. Diru-kopuru likidoa ordaintzeko kondena ezarri duen epai edo ebazpen orok, lehen auzialdian eman denetik, hartzekodunaren mesederako ekarriko du urteko korritua sortzea. Korritu hori izango da diruaren legezko korritua, bi puntu gehituta, edo alderdiek itundutakoa, edo legearen xedapen bereziak ezarritakoa.

2. Zati bateko ezeztapenaren kasuetan, auzitegiak, bere sen onaren arabera, ebazpena emango du prozesuko atzerapenaren korrituei buruz, betiere horretarako arrazoiak emanez.

3. Aurreko paragrafoetan ezarritakoa aplikatuko zaie edozein jurisdikzio- ordenatako ebazpen judizial mota guztiei, ebazpenok kopuru likidoa ordaintzera kondenatzen badute. Halere, aintzat hartu behar dira ogasun publikoentzat legeak ezarri berezitasunak.

577. artikulua.

Zorra, atzerriko diruan

1. Tituluak atzerriko diruan finkatzen badu diru-kopurua, betearazpena aginduko da, kopuru hori lortzeko eta emateko.

Kostuak, gastuak eta prozesuko atzerapenaren korrituak estatuko diruz ordainduko dira.

2. Enbargatu beharreko ondasunak kalkulatzeko, betearazpena zein egunetan agindu eta egun horretako trukaneurri ofizialaren arabera zenbatuko da atzerriko diru-kopurua.

Atzerriko diruak kotizazio ofizialik ez badu, zenbaketa egingo da, auzitegiak egoki ulertu trukaneurrian, alderdi betearazleak demandara ekarritako alegazio eta agiriak kontuan hartuz. Horrek ez dio kalterik egingo gerogarrenean kondena likidatzeari, lege honen 714. artikulutik 716.erakoetan xedatutakoaren arabera.

578. artikulua.

Epe berriak edo zor guztia muga-eguneratzea

1. Kopuru likidoko zorraren ondorioz betearazpena agindu ondoren, betebehar beraren eperen bat edo betebeharra oso-osoan muga-eguneratzen bada, orduan ulertuko da betearazpena areagotu egin dela, beraren baitara betebehar nagusiaren eta korrituen muga-egun berriak bilduta, betiere auzi-jartzaileak hori eskatu duenean; halakoetan, prozedura ez da atzera ekarri behar.

2. Demanda betearazlean eska daiteke betearazpena areagotzea.

Kasu horretan, betearazpena zein autoren bitartez agindu eta auto hori alderdi exekutatuari jakinaraztean, ohartaraziko zaio betearazpena zuzenean areagotzen dela, baldin eta muga-egunetan epaitegiaren zainpean uzten ez badira kasuan kasuko kopuruak.

Alderdi betearazleak betearazpena zuzenean areagotzea eskatzen badu, zorraren azken likidazioa aurkeztu beharko du, zor nagusiaren muga-egunak eta betearazpenean sortutako korrituak barne.

Likidazio hori titulu betearazlearekin bat badator eta likidazioan jasotako muga-egunen zenbatekoa zainpean uzten ez bada, orduan alderdi betearazleari ordainketa egingo zaio, aurkeztutako likidazioa aintzat hartuz.

3. Betearazpena areagotzea enbargoa hobetzeko arrazoi nahikoa da, eta hori enbargoaren aurreneurrizko idatzoharrean jaso daiteke, lege honen 613. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Aurreko paragrafoan aipatu kasuan, betearazpena areagotzeak ez du ekarriko neurri horiek zuzenean hartzea. Neurriok aginduko dira, bakarrik, hori bidezkoa bada, alderdi betearazleak horiek eskatzen dituenean, aintzat hartu gabeko muga-egun bakoitza igaro ondoren.

579. artikulua.

Diruzko betearazpena, bereziki hipotekatu edo bahitutako ondasunetan

Betearazpena zuzentzen bada soilsoilik diruzko zorra bermatzeko hipotekatu edo bahitu diren ondasunen aurka, orduan titulu honen V. kapituluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

Hipotekatu edo bahitutako ondasunak enkantera atera ostean, horien emaitza nahikoa ez bada kreditua estaltzeko, alderdi betearazleak enbargoa eska dezake falta den kopuruarengatik, eta betearazpenak aurrera egingo du, betearazpen orori aplikatu beharreko arau arrunten arabera.

II. KAPITULUA

Ordainketa-agindeia

580. artikulua.

Ordainketa-agindeia noiz ez den bidezkoa

Titulu betearazlearen oinarri badira diru-kopuru zehatzak emateko betebeharra ezarri duten ebazpen judizialak, tartekaritza-ebazpenak, edo prozesuan lortutako transakzioak nahiz hitzarmenak onesteko ebazpenak, orduan ez da beharrezkoa izango alderdi exekutatuari beraren ondasunak enbargatzeko ordainketa- agindeirik egitea.

581. artikulua.

Ordainketa-agindeia noiz den bidezkoa

1. Diru-kopuru zehatzak emateko betearazpena ez bada oinarritu ebazpen judizialetan, tartekaritza-ebazpenetan, edo epaiketan onetsitako transakzio nahiz hitzarmenetan, orduan ordainketa- agindeia egingo zaio alderdi exekutatuari, betearazpena agindu ondoren, erreklamazio nagusiaren ondorioz, eta, hala denean, sortutako korrituen ondorioz, demandaren data artekoak barne. Alderdi exekutatuak kopuru hori berehala ordaintzen ez badu, auzitegiak alderdi exekutatuaren behar besteko ondasunak enbargatuko ditu, agindu betearazpenaren kopuruari eta betearazpenaren kostuei ondasun horiekin aurre egiteko.

2. Aurreko paragrafoan ezarri agindeia ez da gauzatuko, baldin eta demanda betearazlearekin batera ekarri bada alderdi exekutatuari zein ordainketa- agindei egin eta hori egiaztatzeko notario-akta; ordainketa-agindei hori, gutxienez, hamar eguneko aurrerapenarekin egin behar zaio alderdi exekutatuari.

582. artikulua.

Ordainketa-agindeia egiteko tokia

Ordainketa-agindeia egingo da, titulu betearazlean jasotako egoitzan.

Baina, alderdi betearazleak hala eskatzen badu, agindeia egin daiteke alderdi exekutatua zein tokitan bilatu eta toki horretan, bertan ezustean badago ere.

Alderdi exekutatua ez badago titulu betearazlean jaso egoitzan, orduan enbargoa egin daiteke, alderdi betearazleak hala eskatuz gero. Dena den, ahaleginak egin daitezke berriro agindeia gauzatzeko; horretarako, kontuan hartuko da lege honek xedatutakoa, ebazpena edo zedula emanez gauzatu komunikazio- egintzen inguruan, eta, hala denean, ediktu bidezko komunikazioaren inguruan.

583. artikulua.

Alderdi exekutatuak ordaintzea. Kostuak

1. Alderdi exekutatuak ordaintzen badu, agindeia jasotzean edo betearazpena agindu aurretik, kasuan kasuko diru-kopurua alderdi betearazlearen esku jarriko da; alderdi exekutatuari egindako ordainketaren ziurtagiria emango zaio; eta, hala denean, betearazpena ere amaitutzat joko da.

2. Zordunak agindeia jasotzean ordaindu arren, beraren kontura izango dira sortutako kostu guztiak, salbu eta zordunak egiaztatzen duenean, berari egotzi ezin zaion arrazoia dela bide, ezin izan duela ordainketarik egin, hartzekodunak betearazpena eragin aurretik.

III. KAPITULUA

Ondasunak enbargatzea

LEHENENGO ATALA

Ondasunak trabatzea

584. artikulua.

Enbargoaren norainoko objektiboa eta nahikotasuna

Ezin dira enbargatu, ustez, agindu betearazpenaren kopurua baino baliotsuagoak diren ondasunak, salbu eta alderdi exekutatuaren ondarean betearazpenaren kopurua baino balio handiagoko ondasunak bakarrik egon eta betearazpenaren xedearentzat beharrezkoa denean ondasunok ukitzea.

585. artikulua.

Enbargoa saihestea, kopurua zainpean jarriz

Betearazpena agindu ondoren, ondasunak enbargatzeari ekingo zaio, lege honetan xedatutakoaren arabera. Halere, alderdi exekutatuak zainpean uzten badu agindutako betearazpenaren kopurua, enbargoa eten egingo da.

Enbargoa egin aurretik, alderdi exekutatuak ez badu kopurua zainpean uzten, edozein unetan hori egin dezake, betiere betearazpenaren aurka-jartzea erabaki aurretik.

Kasu horretan, kopurua zainpean jarri ondoren, trabatutako enbargoak desegingo dira.

586. artikulua.

Zainpean jarritako kopuruaren destinoa

Alderdi exekutatuak aurka-jartzea aurkezten badu, horretarako zehaztu establezimenduan gordailutuko da aurreko artikuluaren arabera zainpean jarritako kopurua, eta enbargoak etenda iraungo du.

Alderdi exekutatuak aurka-jartzea aurkezten ez badu, enbargoa saihesteko zein kopuru zainpean jarri eta hori emango zaio alderdi betearazleari, geroago korrituak eta kostuak likidatu behar badira ere.

587. artikulua.

Enbargatzeko unea

1. Enbargoa egindakotzat joko da, ebazpen judizialak enbargo hori agintzen duenetik edo enbargo-eginbidearen aktan ondasun bat deskribatzen denetik, nahiz eta traba bermatzeko edo iragartzeko neurriak oraindik hartu ez.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez die kalterik egingo hirugarren onustedunaren babeserako aplikatu beharreko arauei.

588. artikulua.

Zehaztu gabeko enbargoaren deuseztasuna

1. Ondasun eta eskubideen gaineko enbargoa deuseza izango da, ondasun eta eskubideok badirela egiaztatzen ez bada.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, banku-gordailuak eta kreditu- erakundeetako kontuetan dauden saldo positiboak enbarga daitezke, baldin eta, titulu betearazlea dela eta, auto bitartez kopuru jakin bat zehazten bada gehieneko mugatzat.

Muga horretatik gorakoa askatasunez xeda dezake alderdi exekutatuak.

589. artikulua.

Alderdi exekutatuak ondasunak erakustea

1. Alderdi betearazleak ondasun batzuk adierazi eta betearazpenaren xedearentzat ondasunon enbargoa nahikoa dela adierazten duenean izan ezik, auzitegiak ofizioz eta probidentzia bitartez aginduko dio alderdi exekutatuari, horrek betearazpenaren kopurua estaltzeko adina ondasun eta eskubide zerrenda ditzan; alderdi exekutatuak adierazi beharko ditu kasuan kasuko zamak eta kargak, eta, ondasun higiezinei dagokienez, okupatuta badaude, zein pertsonak okupatzen dituen horiek eta zer-nolako tituluarekin.

2. Alderdi exekutatuari bere ondasunak agertzeko zein agindei egin eta horretan jaso beharko da hari ezar dakizkiokeen zehapenen ohartarazpena. Zehapenok ezarriko zaizkio, desobedientzia astunarengatik behintzat, bere ondasunen zerrenda aurkezten ez badu, zerrendan bere ondasunak ez direnak adierazten baditu, enbarga daitezkeen ondasunak baztertzen baditu, edo ondasunon gaineko zama eta kargak aipatzen ez baditu.

3. Auzitegiak, probidentzia bitartez, aldizkako isun hertsatzaileak ezar diezazkioke aurreko paragrafoan aipatu alderdi exekutatuari, horrek behar bezala erantzuten ez badio agindeiari.

Isunen zenbatekoa zehazteko, aintzat hartuko dira agindutako betearazpenaren kopurua, ondasunen zerrenda aurkezteko jazarpena eta agindeia jaso duenaren ahalbide ekonomikoa. Bestalde, premiamendu ekonomikoa eraldatu edo eraginik gabe utz daiteke, agindeia jaso duenaren jokabidea eta horrek bere burua justifikatzeko egin ditzakeen alegazioak kontuan hartuta.

590. artikulua.

Alderdi exekutatuaren ondareari buruzko ikerketa judiziala

Alderdi betearazleak hala eskatzen badu, berak ezin duelako betearazpenerako alderdi exekutatuaren behar besteko ondasunik zehaztu, auzitegiak probidentzia bitartez aginduko du alderdi betearazleak aipatu finantza-erakundeetara, bestelako erakunde, eta erregistro publikoetara, eta pertsona fisiko eta juridikoengana jotzea, horiek alderdi exekutatuaren ondasun edo eskubideak zein diren jakinez gero, horien zerrenda eman dezaten.

Eskabidea egitean, alderdi betearazleak labur azaldu behar du zein arrazoi duen, kasuan kasuko erakundeak, erregistroak edo pertsonak alderdi exekutatuaren ondareari buruzko informazioa duela uste izateko.

Auzitegiak ez dizkie datuak erreklamatuko erakunde eta erregistroei, alderdi betearazleak datuok lor baditzake, bere kabuz edo bere prokuradorearen bitartez, horrek ahalorde-emaileak emandako ahalmena izanez gero.

591. artikulua.

Elkarlanean aritzeko eginbeharra

1. Pertsona eta erakunde publiko nahiz pribatu guztiek betebeharra dute, betearazpen-jardunean elkarlanean aritzeko, eta auzitegiari eurek dituzten agiri eta datu guztiak emateko. Betebehar horren muga bakarrak dira oinarrizko eskubideak errespetatzea, edo legeak kasu zehatz batzuetarako esanbidez ezarritako mugak.

2. Auzitegiak, interesdunek esan beharrekoa entzun ondoren, eta probidentzia bidez, aldizkako isun hertsatzaileak ezar diezazkieke aurreko paragrafoaren arabera agindu elkarlanean aritu ez diren pertsona eta erakundeei.

Premiamendu horiek ezartzean, auzitegiak kontuan hartuko ditu 589. artikuluko 3. paragrafoan ezarri irizpideak.

3. Artikulu honen lehenengo paragrafoan xedatutakoaren arabera, auzitegiak betearazpenaren xedearekin zerikusirik ez duten datuak jasotzen baditu, behar besteko neurriak hartuko ditu, datuon isil-gordea bermatzeko.

592. artikulua.

Enbargoen arteko hurrenkera. Enpresak enbargatzea

1. Hartzekodunak eta zordunak besterik itundu ezean, betearazpenean nahiz betearazpenetik kanpo, auzitegiak alderdi exekutatuaren ondasunak enbargatzeko aintzat hartuko du exekutatuak ondasunok besterentzeko duen erraztasuna eta enbargoak alderdi horri gutxieneko kaltea eragitea.

2. Betearazpenaren inguruabarrak direla bide, ezinezkoa edo oso zaila bada aurreko paragrafoan ezarri irizpideak aplikatzea, orduan ondasunok honako hurrenkera honetan enbargatuko dira:

1.) Dirua nahiz edozein motatako kontu-korronteak.

2.) Berehala edo epe laburrera diru bihur daitezkeen kreditu eta eskubideak, eta bigarren mailako balore-merkatu ofizialean negozia daitezkeen titulu, balore eta beste finantza-tresna batzuk.

3.) Bitxiak eta erti-lanak.

4.) Diru-errentak, horien jatorria eta horiek sortzeko arrazoia edozein izanik ere.

5.) Mota guztietako korrituak, errentak eta fruituak.

6.) Ondasun higigarriak edo abereak, akzioak, kotizazio ofizialean onartzen ez diren titulu edo baloreak eta sozietate- partaidetzak.

7.) Ondasun higiezinak.

8.) Soldatak, alokairuak, pentsioak, eta lanbide-jarduera eta merkataritza- jarduera autonomoek eratorritako diru-sarrerak.

9.) Epe ertain eta luzera diru bihur daitezkeen kreditu, eskubide eta baloreak.

3. Enpresak enbargatzea ere agin daiteke, inguruabar guztiak aintzat hartuta komenigarriagoa bada enpresa osoa enbargatzea, ez, ordea, enpresaren ondareko osagai ezberdinak.

2. ATALA

Hirugarrenen ondasunak enbargatzea eta jabari hirugarrengotza

593. artikulua.

Alderdi exekutatuaren jabetza. Enbargoa ofizioz desegiteko debekua

1. Enbargatu nahi diren ondasunak alderdi exekutatuari dagozkion ala ez erabakitzeko, auzitegia oinarrituko da zentzuz hori ondorioztatzeko lagungarri izan daitezkeen ageriko zantzu eta ezaugarrietan, ikerketarik eta bestelako jarduna egin gabe.

2. Zuzeneko oharmenaren edo alderdi exekutatuaren nahiz beste pertsona batzuen adierazpenen ondorioz, auzitegiak zentzuzko arrazoiak baditu trabatu nahi dituen ondasunak hirugarren batenak direla uste izateko, probidentzia bitartez aginduko du hirugarren horri trabaren berehala egingo delako berri ematea.

Hirugarrena bost eguneko epean ez bada auzitegian agertzen edo ez agertzeko zioak ematen ez baditu, auzitegiak probidentziaren bidez aginduko du ondasunak trabatzea. Hori ez da gertatuko, alderdiek, hirugarrenari emandako epe berean, auzitegiari adierazten badiote enbargoa ez gauzatzearekin bat datozela.

Hirugarrena enbargoaren aurka zentzuz jartzen bada, bere eskubidea oinarritzeko agiriak, hala denean, ekarriz, auzitegiak bidezkoa dena ebatziko du, alderdiak entzun ondoren.

3. Ondasunen jabaria erregistroan inskriba badaiteke, haien enbargoa aginduko da, salbu eta hirugarrenak egiaztatzen duenean erregistratzaileak emandako ziurtagiriaren bitartez, erregistroko titularra dela. Inskribatu gabeko titularrek ere euron eskubidea egikari dezakete pertsona egokiaren aurka eta behar den moduan.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa gorabehera, enbargatu beharreko ondasuna hirugarrenaren familia-etxebizitza bada, eta hirugarrenak auzitegian aurkezten badu etxebizitza berak eskuratu duela egiaztatzeko agiri pribatua, agiri hori alderdiei helaraziko zaie; alderdiok, bost eguneko epean, enbargoa ez gauzatzearekin bat datozela adieraziz gero, auzitegiak ez du enbargoa aginduko.

594. artikulua.

Alderdi exekutatuarenak ez diren ondasun enbargatuak geroago eskualdatzea

1. Alderdi exekutatuarenak ez diren ondasunen gaineko enbargoa, hala ere, eragingarria da.

Benetako titularrak bere eskubideak baliatzen ez baditu jabari- hirugarrengotzaren bidez, ezin izango du aurkaratu enbargatutako ondasunen besterentzea, erremategileak edo adjudikazio-hartzaileak ondasunak eskuratu baditu erreibindikatu ezineko moduan, legeria substantiboan ezarritakoaren arabera.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoak ez die kalterik egingo medeapen-akzioei, bidegabeko aberastearen ondoriozko akzioei, ezta besterentzearen deuseztasun-akzioei ere ez.

595. artikulua.

Jabari hirugarrengotza. Legitimazioa

1. Jabari-hirugarrengotza demanda bitartez jar dezake, betearazpeneko alderdi izan gabe, alderdi exekutatuaren ondasun gisa enbargatutako ondasunaren jabe dela esan duenak, betiere, enbargoa trabatu ondoren, ondasuna alderdi exekutatuarengandik jaso ez duenean.

2. Halaber, enbargoa desegiteko hirugarrengotza jar dezakete, legeak beren beregi ezarritakoaren arabera, ondasun bat edo batzuk alderdi exekutatuarenak direlakoan enbargatu eta enbargatutakoak nahitaez diru-bihurtzearen aurkako eskubideen titular direnek.

3. Jabari-hirugarrengotzaren demandarekin batera, hirugarrengotza duenaren uzia zein izan eta horren oinarriaren idatzizko froga-hastapena ekarri beharko da.

596. artikulua.

Jabari-hirugarrengotza jartzeko unea eta hirugarrengotza hori erabat ukatu ahal izatea

1. Jabari-hirugarrengotza jar daiteke, horrek ukitutako ondasuna edo ondasunak enbargatu direnetik, enbargoa aurreneurrizkoa bada ere.

2. Auzitegiak, auto bitartez, erabat ukatuko du eta ez du gauzatuko jabari-hirugarrengotzaren demanda, baldin eta horrekin batera ez bada ekartzen aurreko artikuluko 3. paragrafoan ezarri froga-hastapena. Auzitegiak gauza bera egingo du, legeria zibilaren arabera ondasuna jendaurreko enkantean eskuratu duen hartzekodun edo hirugarrenaren kasuan, ondasuna eskualdatzeko unea zein izan eta horren ostean aurkezten bada jabari-hirugarrengotzaren demanda.

597. artikulua.

Hirugarrengotza bi edo gehiago izateko debekua

Ez da onartuko ondasun berberen gain hirugarrengotza bi edo gehiago izatea, lehenengo hirugarrengotza aurkeztu duenak bigarrena edo ondorengoak oinarritzen baditu lehenengoa aurkezteko unean jada bereak zituen titulu nahiz eskubideetan.

598. artikulua.

Hirugarrengotza onartzearen ziozko ondoreak

1. Hirugarrengotzaren demanda onartzeak betearazpena etengo du, bakarrik, berak ukitzen duen ondasunari begira.

2. Auzitegiak, alderdiak entzun ondoren eta horri beharrezko baderitzo, hirugarrengotzaren demanda onartzeko baldintza gisa ezar dezake hirugarrengotza duenak kauzioa ematea, hartzekodun betearazleari eragin diezazkiokeen kalte-galerengatik.

Kauzio hori eman daiteke, 529. artikuluaren 3. paragrafoko bigarren lerrokadan xedatu moduetatik edozeinetan.

3. Jabari-hirugarrengotza onartzea arrazoi nahikoa da, auzitegiak, alderdi batek hala eskatuta, probidentzia bitartez enbargoa areagotzea agintzeko.

599. artikulua.

Eskumena eta gauzatzea

Jabari-hirugarrengotza gauzatuko da, betearazpenaren gaineko eskumena duen auzitegian eta epaiketa arrunterako ezarri izapideen bitartez.

600. artikulua.

Legitimazio pasiboa. Borondatezko auzikidetza. Demandatua ez den alderdi exekutatuak parte hartzea

Hirugarrengotzaren demanda hartzekodun betearazlearen aurka jarriko da, baita alderdi exekutatuaren aurka ere, ukitu ondasuna alderdi exekutatuak aukeratu badu.

Hirugarrengotzaren demanda alderdi exekutatuaren aurka zuzendu ez bada ere, alderdi exekutatuak prozeduran har dezake parte, hartu ere, hirugarrengotzako alderdiek prozesuan dituzten eskubide berberekin.

601. artikulua.

Jabari-hirugarrengotzaren objektua

1. Jabari-hirugarrengotzan enbargoa desegitea da hirugarrengotza duenak izan dezakeen uzi bakarra.

2. Enbargoari eustea edo hirugarrengotzaren objektu den ondasuna betearaztea da alderdi betearazleak, eta, hala denean, alderdi exekutatuak jabari hirugarrengotzan eska dezaketena.

602. artikulua.

Ez erantzuteak dituen ondoreak

Demandatuek ez badiote erantzuten jabari hirugarrengotzaren demandari, ulertuko da demandan alegatutako egitateak onartzen dituztela.

603. artikulua.

Hirugarrengotzaren gaineko ebazpena

Jabari-hirugarrengotza auto bitartez ebatziko da. Auto horrek adieraziko du ondasuna nori dagokion eta ondasun hori enbargatzea bidezkoa den. Halere, auto horrek hasita dagoen betearazpenari begira bakarrik izango ditu ondoreak, ondasunaren titulartasunari buruz gauza epaituaren ondoreak sortu gabe.

Hirugarrengotza ebatzi autoak kostuen inguruan erabakiko du, lege honen 394. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

Demandari erantzun ez dioten demandatuei ez zaizkie kostuak ezarriko, salbu eta auzitegiak aintzat hartzen duenean, berori behar bezala arrazoituz, demandatuek gaitzustez jardun dutela; horretarako, auzitegiak kontuan har dezake 593. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan jaso jardunean demandatuek izan duten parte-hartzea.

604. artikulua.

Hirugarrengotzari on irizten dion ebazpena eta enbargoa desegitea

Jabari-hirugarrengotzari on iritzi dion autoak aginduko du traba eta gordailua desegitea, baita aurreneurrizko idatzoharra ezereztea eta hirugarrengotzak ukitu ondasunaren enbargoa bermatzeko edozein neurri harzea ere.

3. ATALA

Ondasun enbargaezinak

605. artikulua.

Ondasun guztiz enbargaezinak

Honako ondasun hauek ezin dira inola ere enbargatu:

1.) Besterenduezintzat jo diren ondasunak.

2.) Eskubide nagusiarekin batera ez bada, besterendu ezin diren eskubide erantsiak.

3.) Berez, ondare-edukirik ez duten ondasunak.

4.) Legezko xedapenen batek esanbidez enbargaezintzat jo dituen ondasunak.

606. artikulua.

Alderdi exekutatuaren ondasun enbargaezinak

Halaber, enbargaezinak dira:

1.) Altzariak eta etxerako tresneria, baita alderdi exekutatuaren eta beraren familiaren jantziak ere, horiek beharrezkoak diren heinean.

Oro har, janariak, erregaiak, eta auzitegiaren iritziz alderdi exekutatuak eta beraren mende dauden pertsonek duintasunez bizitzeko beharrezko dituzten gainerako ondasunak.

2.) Alderdi exekutatuaren lanbide, arte edo ogibiderako beharrezko diren liburu eta lanabesak, horien balioak proportziorik ez duenean erreklamatu zorraren zenbatekoarekin.

3.) Ondasun sakratuak eta legearen arabera erregistratutako erlijioek euren kultu-zereginetan erabiltzen dituztenak.

4.) Legeak esanbidez enbargaezintzat jo dituen kopuruak.

5.) Espainiak berretsitako itunek enbargaezintzat jo dituzten ondasun eta kopuruak.

607. artikulua.

Soldatak eta pentsioak enbargatzea

1. Enbargaezina da lanbidearteko gutxieneko alokairua gainditzen ez duen alokairua, soldata, pentsioa, ordainsaria edo parekoa.

2. Lanbidearteko gutxieneko alokairua gainditzen duten alokairu, soldata, egunsari, ordainsari edo pentsioak honako eskala honen arabera enbargatuko dira:

1.) Lanbidearteko gutxieneko alokairua gainditu eta hori bikoiztu arteko zenbatekoari dagokionez, 100eko 30 enbargatuko da.

2.) Lanbidearteko gutxieneko alokairua hirukoizten duen zenbatekoari dagokionez, 100eko 50.

3.) Lanbidearteko gutxieneko alokairua laukoizten duen zenbatekoari dagokionez, 100eko 60.

4.) Lanbidearteko gutxieneko alokairua baino bost aldiz handiagoa den zenbatekoari dagokionez, 100eko 75.

5.) Aurreko muntatik gora, 100eko 90.

3. Alderdi exekutatua hartukizun batzuen onuradun bada, hartukizun guztiak metatuko dira zati enbargaezina behingoz kentzeko.

Ezkontideen alokairuak, soldatak, pentsioak, ordainsariak edo parekoak ere meta daitezke, ezkontzako ondasun-eraentza ez bada mota guztietako ondasunak eta errentak banantzekoa; ezkontideek auzitegian egiaztatu beharko dute azken inguruabar hori.

4. Alderdi exekutatuak dituen familia- zamak aintzat hartuz, auzitegiak 100eko 10etik 100eko 15a arteko beherapena egin dezake artikulu honen 2. paragrafoko 1, 2, 3 eta 4. zenbakiek ezarri ehunekoetan.

5. Alokairuak, soldatak, pentsioak edo ordainsariak izaera publikoko deskontu iraunkor edo iragankorrekin kargatuta badaude, zergei, tributuei eta Gizarte Segurantzari buruzko legeria dela eta, enbargoa arautzeko tasa izango da alderdi exekutatuak jasotako kopuru likidoa, deskontuok kenduta.

6. Artikulu honen aurreko paragrafoak aplikatuko zaizkie lanbide-jarduera eta merkataritza-jarduera autonomoetan jatorria duten sarrerei.

608. artikulua.

Mantenua emateko kondena eta horren betearazpena

Aurreko artikuluan ezarritakoa ez da aplikatuko, mantenua ordaintzeko kondena ezarri duen epaia betearaztean. Hori gertatuko da, legeak mantenua ordaintzeko betebeharra zuzenean ezartzen duen kasu guztietan; kasu horien artean daude, halaber, deuseztasun-, banantze- eta dibortzio-prozesuetan emandako epaien erabakiak, horiek ezkontideari edo seme-alabei zor zaien mantenuaren ingurukoak badira.

Kasu horietan, baita kautela-neurri egokiak daudenean ere, auzitegiak finkatuko du enbarga daitekeen kopurua.

609. artikulua.

Ondasun enbargaezinen gaineko trabaren ondoreak

Erabat deuseza da ondasun enbargaezinen gaineko enbargoa.

Alderdi exekutatuak deuseztasun hori auzitegian sala dezake, errekurtso arruntak aurkeztuz, edo, alderdi exekutatua betearazpenean bertaratu ez bada edo bertaratu nahi ez bada, auzitegian agertuz.

610. artikulua.

Berrenbargatzea. Ondoreak

1. Enbargatutako ondasun edo eskubideak berrenbarga daitezke; berrenbargatzearen ondorioz, berrenbargatzaileak eskubidea izango du, berrenbargatutako ondasunak diru bihurtzean lortutako emaitza jasotzeko. Alabaina, alderdi betearazleek aurretiaz enbargoak eskatu badituzte eta auzitegiak enbargo horiek agindu baditu, lehenengo bete behar dira alderdion eskubideok; halere, hurrengo paragrafoaren bigarren lerrokadak jasotako kasuan, ez da beharrezkoa lehendabizi eskubideok betetzea.

2. Edozein arrazoi dela bide, lehenengo enbargoa desegiten bada, lehen berrenbargoa zein prozesutan gauzatu eta horren alderdi betearazlea izango da lehen alderdi betearazlearen egoeran geratuko dena; berak izango du aukera, berrenbargatutako ondasunak nahitaez diru bihurtzea eskatzeko.

Nolanahi ere, berrenbargatzaileak berrenbargatutako ondasunak nahitaez diru bihurtzea eska dezake, aurreko enbargoa edo enbargoak desegin beharrik gabe, diru-bihurtzeak aurreko enbargatzaileen eskubideak ukitzen ez baditu.

Berrenbargoa zein prozesutan agindu eta prozesu horietako alderdi betearazleek eska diezaiokete auzitegiari traba horren inguruko berme-neurriak hartzea, baldin eta neurriok aurreko betearazpenen bat eragozten ez badute eta lehenengo enbargoa lortu zuenaren mesederako hartutako neurriekin bat badatoz.

611. artikulua.

Soberakina enbargatzea

588. artikuluan xedatutakoa gorabehera, aurretiaz agindutako beste betearazpen baten ondorioz ondasunak nahitaez diru bihurtzean geratu soberakina enbargatzea eska daiteke.

Horrela lortutako kopurua sartuko da, gordailutu eta zainpean uzteko kontuan, soberakina enbargatzea agindu zuen epaitegiaren eskura.

Ondasun higiezinak badira diru bihurtutako ondasunak, aipatu kontuan sartuko da alderdi betearazleari ordaindu ostean geratu den kopurua; aurretiaz ordaindu behar zaie, hartzekodun izan eta euren eskubidea alderdi betearazlearen eskubidea baino geroago inskribatuta edo idatzohartuta egoteaz gain, soberakina enbargatzea zein hartzekodunen mesederako agindu eta horri begira lehenespena dutenei.

612. artikulua.

Enbargoa hobetzea, gutxitzea eta aldaraztea

1. 598 eta 604. artikuluetan, hurrenez hurren, jabari-hirugarrengotza onartu eta horri on iriztearen inguruan ezarritakoaz gain, alderdi betearazleak enbargoa edo hartutako berme-neurriak hobetzea nahiz aldaraztea eska dezake, inguruabarrak aldatzearen ondorioz eta alderdi exekutatuari ezarritako erantzukizuna kontuan hartuta, eta enbargatutako ondasunak nahiko izango ez direlako zalantza sortzen bada.

Alderdi exekutatuak ere eska dezake enbargoa eta horren bermeak gutxitzea edo aldaraztea, horiek alda badaitezke betearazpenaren xedeei kalterik egin gabe, lege honetako 584. artikuluak ezarri irizpideen arabera.

Auzitegiak erabakiko du eskaera horien inguruan, bere irizpideetan oinarrituz eta probidentzia bitartez, eta erabakion aurka ezin izango da errekurtsorik jarri.

2. Hurrengo artikuluaren laugarren paragrafoak jaso kasuetan ere erabaki daiteke enbargoa hobetzea.

4. ATALA

Enbargatzailearen lehentasuna eta eskubide hobeko hirugarrengotza

613. artikulua.

Enbargoaren ondoreak. Aurreneurrizko idatzoharrak eta hirugarren edukitzaileak

1. Enbargoak hartzekodun betearazleari eskubidea ematen dio, zein ondasun enbargatu eta hori diru bihurtzean lortutako emaitza eskuratzeko, eta, horrela, tituluan jaso zorraren zenbatekoa, kasuan kasuko korrituak eta betearazpenaren kostuak kobratzeko.

2. Alderdi betearazleak ez baditu jaso bere kredituaren kapitala eta korrituak, eta betearazpenaren kostu guztiak, diru bihurtutako zenbatekoak ezin izango dira beste helburu baterako erabili, salbu eta eskubide hobeko hirugarrengotzan emandako epaiak adierazten duenean beste helburu hori lehenespenekoa dela.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, ondasunen izaerak ahalbidetzen badu ondasunon gaineko enbargoa aurreneurriz idatzohartzea, orduan ondasun horiek beste betearazpen batean zein hirugarren edukitzailek eskuratu eta edukitzaile horiek erantzukizuna izango dute, eta erantzukizun horrek barneratuko ditu, bakar-bakarrik betebehar nagusirako idatzoharrean, haiek ondasunen eskuraketa inskribatzeko unean, printzipala, korrituak eta kostuak ordaintzeko jasotako kopuruak.

4. Alderdi betearazleak eska dezake enbargoaren aurreneurrizko idatzoharrean ager dadila betearazpenak iraun bitartean sortu korrituak eta betearazpenaren kostuak gehitu direla aurreikusitakoen aldean; horretarako, alderdi betearazleak egiaztatu behar du korrituek eta kostuek gainditu dutela aurreko idatzoharrean jasotako kopurua.

614. artikulua.

Eskubide hobeko hirugarrengotza. Helburua. Bigarren hirugarrengotzarako debekua

1. Hartzekodun betearazleak kreditua izan, eta, horrek baino lehenago, beste kreditu bat kobratzeko eskubidea duela dioenak eskubide hobeko hirugarrengotzaren demanda jar dezake; demandarekin batera ekarri beharko du horretarako lehenespeneko kreditu moduan aurkeztutakoaren froga-hastapena.

2. Eskubide hobeko hirugarrengotzaren demanda ez da onartuko, horrekin batera ez bada ekarri aurreko paragrafoan aipatu froga-hastapenik.

Gainera, inola ere ez da onartuko eskubide hobeko bi hirugarrengotza izatea, lehenengo hirugarrengotza aurkeztu duenak bigarren hirugarrengotza oinarritzen badu lehenengoa aurkeztean zituen titulu nahiz eskubideetan.

615. artikulua.

Eskubide hobeko hirugarrengotza aurkezteko aldia

1. Eskubide hobeko hirugarrengotza aurkez daiteke, lehentasunak ukitutako ondasuna enbargatu denetik, lehentasuna berezia bada; edo, betearazpena agindu denetik, lehentasuna orokorra bada.

2. Ez da eskubide hobeko hirugarrengotzaren demandarik onartuko, nahitaezko betearazpenarekin lortutako kopurua alderdi betearazleari eman ondoren; edo, enbargatutako ondasunak alderdi betearazleari adjudikatu bazaizkio, horrek legeria zibilean xedatutakoaren arabera ondasun horien titulartasuna eskuratu ondoren.

616. artikulua.

Eskubide hobeko hirugarrengotzaren ondoreak

1. Eskubide hobeko hirugarrengotza aurkeztu ondoren, nahitaezko betearazpenak aurrera egingo du, enbargatutako ondasunak diru bihurtu arte. Gordailutu eta zainpean uzteko kontuan gordailutuko da bildutakoa, betearazpenaren kostuak alderdi betearazleari itzultzeko eta hirugarrengotza ebaztean zehaztu lehentasun-hurrenkeraren arabera hartzekodunei ordaintzeko.

2. Eskubide hobeko hirugarrengotza duenak bere kreditua jasotzen duen titulu betearazlea badu, betearazpenean har dezake parte, hirugarrengotzaren demanda onartu denetik.

Hirugarrengotza duenak titulu betearazlerik ez badu, orduan, demanda onartu arte, hala denean, ezin izango du betearazpenean parterik hartu.

617. artikulua.

Prozedura, legitimazio pasiboa eta auzikidetza

1. Eskubide hobeko hirugarrengotza epaiketa arruntaren bitartez gauzatuko da, eta hartzekodun betearazlearen aurka zuzenduko da beti.

2. Alderdi exekutatuak hirugarrengotzaren inguruko prozeduran har dezake parte, prozesuko eskubide guztiekin. Alderdi exekutatua demandatu beharko da, titulu betearazlean agertzen ez bada hirugarrengotza duenak alegatutako lehenespeneko kreditua.

618. artikulua.

Erantzun ezaren ondoreak

Demandatuek ez badiote erantzun eskubide hobeko hirugarrengotzaren demandari, ulertuko da demandan alegatutako egitateak onartzen dituztela.

619. artikulua.

Alderdi betearazleak amore ematea eta atzera egitea. Lehenespeneko hirugarrengotza duenak betearazpenaren kostuetan parte hartzea

1. Hirugarrengotza duenaren kreditua titulu betearazlean jasotzen bada, eta alderdi betearazleak eskubide hobeko hirugarrengotzaren aurrean amore ematen badu, autoa emango da besterik gabe. Auto horren bidez aginduko da betearazpenak aurrera egitea, lehen-lehenik, hirugarrengotza duenari ordaintzeko. Dena den, hirugarrengotza duenari ez zaio ezer emango, aurretiaz alderdi betearazleari ez bazaizkio ordaindu horrek eskatutako jardunaren ondorioz sortu kostu eta gastuen hiru bostenak. Horretarako, aintzat hartuko da jarduna hasi eta alderdi betearazlearen kontura egindako kostuak eta gastuak, hirugarrengotzaren demanda jakinarazi artekoak.

Hirugarrengotza duenaren kreditua titulu betearazlean jasotzen ez bada, hirugarrengotzan bertaratutako alderdi exekutatuak bere adostasuna edo desadostasuna adierazi beharko du, alderdi betearazlearen amore-emateari dagokionez, amore emateko idazkia helarazi eta hurrengo bost egunetan.

Alderdi exekutatua bat badator amore-ematearekin, edo bost eguneko epea igarotzen uzten badu bere desadostasuna adierazi gabe, orduan aurreko lerrokadan xedatutakoa beteko da.

Alderdi exekutatua amore-ematearen aurka jartzen bada, autoa emango da, eta horretan aginduko da alderdi betearazlea amore- emailetzat jotzea eta hirugarrengotzak alderdi exekutatuarekin aurrera egitea.

2. Hirugarrengotzaren demanda jakinarazi ondoren, alderdi betearazleak betearazpenean atzera egiten badu, aurreko paragrafoan ezarritakoa beteko da, alderdi exekutatuaren adostasunik gabe, betiere hirugarrengotza duenaren kreditua titulu betearazlean jaso denean.

Hori gertatzen ez bada, auzitegiak betearazpen-prozesuan atzera egiteko autoa eman eta betearazpena amaitutzat joko du, salbu eta, hirugarrengotza duenaren kreditua ordain dadin, alderdi exekutatua bat datorrenean betearazpenak aurrera egitearekin.

620. artikulua.

Epaiaren ondoreak. Hirugarrengotzaren kostuak eta hirugarrengotza duenak betearazpen-kostuetan parte hartzea

1. Eskubide hobeko hirugarrengotzan emandako epaiak pribilegioa dagoen ala ez ebatziko du, baita epaia zein betearazpenetan eman eta horretan kredituak zer-nolako hurrenkeran ordaindu behar diren ere; baina epaiak ez ditu baldintzatuko aurretiaz bakoitzak izan ditzakeen akzioak, eta, bereziki, aberaste-akzioak.

Halaber, epaian hirugarrengotzari gaitz irizten bazaio, hirugarrengotzaren kostu guztiak ordaintzera kondenatuko da hirugarrengotza duena.

Epaiak hirugarrengotzari on irizten badio, demandari zein alderdi betearazlek erantzun eta horri ezarriko zaizkio kostuak. Alabaina, alderdi exekutatuak hirugarrengotzan parte hartu badu, hirugarrengotzaren aurka jarriz, erdi bana ordainduko dituzte kostuak alderdi betearazleak eta alderdi exekutatuak. Ez da hori gertatuko, alderdi betearazleak hirugarrengotzan amore ematen badu eta hirugarrengotza alderdi exekutatuarekin bakarrik gauzatzen bada; kasu horretan, kostu guztiak alderdi exekutatuari ezarriko zaizkio.

2. Epaian eskubide hobeko hirugarrengotzari on iritziz gero, hirugarrengotza duenari ez zaio emango betearazpenean lortutako kopururik, betearazpenean epai hori eman arte sortutako kostuen hiru bostenak alderdi betearazleari ordaindu arte.

5. ATALA

Ondasun higigarrien eta eskubideen traba-bermea

621. artikulua.

Diruaren, kontu-korronteen eta alokairuen gaineko enbargoak dituen bermeak

1. Dirua bera edo dibisa bihurgarria enbargatzen bada, hori sartuko da Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontuan.

2. Kreditu-, aurrezki- edo finantza-erakundeetan ireki kontuetatik edozeinen saldo positiboak enbargatzen badira, auzitegiak erakundeari agindua emango dio, enbargatutako kopuru zehatzak edo 588. artikuluko bigarren paragrafoan aipatu gehieneko mugaren araberako kopuruak atxikitzeko.

3. Alokairuak, pentsioak edo aldizkako beste prestazio batzuk enbargatzen badira, horiek ordaindu behar dituen pertsona, erakunde edo bulegoari aginduko zaio ordaindu beharrekoa auzitegiaren eskura atxikitzea, eta Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontura transferitzea.

622. artikulua.

Korrituen, errenten eta

fruituen gaineko enbargoak duen bermea

1. Korrituak, errentak nahiz edozein motatako fruituak enbargatzen badira, atxikipen-agindua igorriko zaio horiek ordaindu behar edo zuzenean jasoko dituenari, bera alderdi exekutatua bada ere; agindu hori dela medio, Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontuan sartuko ditu korrituak, sortzapenean, edo, bestelakoak badira, auzitegiaren eskura atxikiko ditu.

2. Auzitegiak, probidentzia bidez, administrazio judiziala aginduko du, fruitu eta errenten gaineko enbargoa bermatzeko, soil-soilik, ondasun eta eskubide emankorren izaerak, enbargatutako korritu, errenta nahiz fruituen garrantziak edo alderdi exekutatuaren inguruabarrek horretara eragiten dutenean.

3. Auzitegiak, halaber, administrazio judiziala agin dezake, egiaztatzen bada ordainketa egin behar duen erakundeak nahiz erakunde jasotzaileak, edo, hala denean, alderdi exekutatuak berak, ez duela bete artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatu fruitu eta errenten atxikipen-agindua edo horiek kontuan sartzeko agindua.

623. artikulua.

Baloreen eta finantza-tresnen enbargoak duen bermea

1. Baloreak edo beste finantza-tresna batzuk enbargatu badira, enbargoa jakinaraziko zaio ordainketa hori egin behar duenari, ordainketa aldizka edo data jakinean egin behar bada; edo, erakunde igorleari, balore edo finantza-tresnak berriro eros badaitezke edo horien ukandun edo jabearen borondatez amortizatzekoak badira.

Enbargoaren jakinarazpenarekin batera, agindeia egingo da, balore edo finantza- tresna muga-eguneratzean, edo, horrek muga-egunik ez badu, jakinarazpena jasotzean, auzitegiaren esku atxiki daitezen balorearen nahiz finantza-tresnaren zenbatekoa, edo balorea nahiz finantza-tresna bera, baita kasuan-kasuan horiek sortutako korrituak eta dibidenduak ere.

2. Bigarren mailako merkatu ofizialetan zein balore edo finantza-tresna kotizatu eta horiek enbargatzen badira, enbargoa organo artezkariari jakinaraziko zaio, aurreko lerrokadan xedatu ondoreetarako; eta, hala denean, organo artezkariak enbargoa jakinaraziko dio konpentsazio eta likidazioaren erakunde arduradunari.

3. Sozietate zibil, kolektibo, komanditako sozietate nahiz erantzukizun mugatuko sozietateetako partaidetzak, edo bigarren mailako merkatu ofizialetan kotizatzen ez duten akzioak enbargatzen badira, enbargoa sozietateko administratzaileei jakinaraziko zaie; administratzaileok auzitegiari eman behar diote akzioak askatasunez eskualdatzea mugatzeko itunen berri, baita enbargatutako akzioak ukitzen dituzten estatutu- nahiz kontratu-klausuletatik beste edozeinen berri ere.

624. artikulua.

Ondasun higigarrien gaineko enbargo-eginbidea. Enbargo-bermea

1. Ondasun higigarriak enbargatu behar badira, enbargo-eginbidearen aktan honako hauek jasoko dira:

1.) Enbargatutako ondasunen zerrenda, horien forma eta itxura, ezaugarri nagusiak, eta erabilera- eta artapen-egoera ahalik xeheen deskribatuz; era berean, ondasunen balioa gutxi dezaketen akatsak edo narrioak deskribatu behar dira, horiek agerikoak badira.

Horretarako, ondasunen deskripzioa agirian jartzeko epaitegiak dituen bide grafiko nahiz ikusmenaren baliabideak erabiliko dira, edo alderdiek ondasunak hobeto identifikatzeko ekarritakoak.

2.) Enbargoan parte hartu dutenen adierazpenak, batez ere enbargatutako gauzen titulartasunaren eta hirugarrenek izan ditzaketen eskubideen ingurukoak.

3.) Nor izendatu den gordailuzain eta non gordailutu diren ondasunak.

2. Alderdiei emango zaie ondasun higigarrien enbargo-eginbidea jasotzen duen aktaren kopia.

625. artikulua.

Efektu edo ondasun publikotzat jotzea

Enbargatutako diru-kopuruak eta gainerako ondasunak efektu edo ondasun publikotzat joko dira, gordailutu direnetik edo horiek atxikitzea agindu denetik.

626. artikulua.

Gordailu judiziala. Gordailuzaina izendatzea

1. Balore-tituluak edo balio handiko objektuak nahiz artapen berezia behar dutenak enbargatzen badira, horiek gordailu daitezke, establezimendu publiko edo pribatu egokienean.

2. Enbargatutako ondasun higigarriak hirugarren batek baditu, auzitegiak probidentzia bitartez aginduko dio hirugarren horri ondasunak auzitegiaren esku artatzea; eta auzitegiak berori gordailuzain judizial izendatuko du, salbu eta, zioak emanez, besterik ebazten duenean.

3. Alderdi exekutatua gordailuzain izendatuko da, ondasun enbargatuak erabiltzen baditu ekoizpen-jarduera batean, edo ondasunok garraiatzea nahiz biltegiratzea zaila edo garestia bada.

4. Aurreko paragrafoetan jaso kasuetatik at, edo komenigarriagotzat jotzen bada, auzitegiak probidentzia bitartez hartzekodun betearazlea, edo, horrek esan beharrekoa entzun ondoren, hirugarren bat, izenda dezake enbargatutako ondasunen gordailuzain.

Prokuradoreen elkargoak izenda daitezke gordailuzain, baldin eta elkargo horiek zerbitzu egokia badute, legearen aginduz gordailuzain orok izan behar dituen erantzukizunak hartzeko.

5. Kontuko idatzoharretan jasotako baloreen enbargoa jakinaraziko zaio kontuko idatzoharren erregistroaz arduratzen den organo edo erakundeari, horrek enbargo hori liburu egokian jaso dezan.

627. artikulua.

Gordailuzainaren erantzukizunak. Behin-behineko gordailuzainak

1. Gordailuzain judizialak behar besteko arretarekin artatu behar ditu ondasunak epaitegiaren esku; epaitegiak agindu baldintzetan erakutsi behar ditu ondasunok; eta auzitegiak izendatu pertsonari eman behar dizkio horiek.

Auzitegiak, probidentzia bidez, kargutik ken dezake gordailuzaina, alderdiek hala eskatuta edo ofizioz, gordailuzainak ez baditu betetzen bere betebeharrak; halakoetan, auzitegiak beste gordailuzain bat izendatuko du, kendutako gordailuzainak izan dezakeen erantzukizun penal eta zibilari kalterik egin gabe.

2. Gordailuzaina izendatu eta horri ondasunak eman arte, alderdi exekutatuari dagokio gordailuak eratorritako betebeharrei eta erantzukizunei aurre egitea, aurretiazko onarpenik eta agindeirik gabe. Halaber, betebehar eta erantzukizunei aurre egin beharko diete enbargoaren berri duten administratzaileek, ordezkariek nahiz arduradunek, bai eta ondasunak dituen hirugarrenak ere.

628. artikulua.

Gordailuaren gastuak

1. Gordailuzaina ez bada alderdi betearazlea, alderdi exekutatua edo gordailututako ondasun higigarria duen hirugarrena, gordailuzain horrek eskubidea du, ondasunak garraiatu, artatu, zaindu, erakutsi eta administratzearen ondorioz gastatutakoa berreskuratzeko. Gainera, auzitegiak probidentzia bitartez agin dezake alderdi betearazleak kopuru batzuk aurreratzea, alderdi horrek kostuak direla- bide eta kopuru horiek berreskuratzeko izan dezakeen eskubideari kalterik egin gabe.

Halaber, hirugarren-gordailuzainak eskubidea du, gordailuaren ondoriozko kalte-galerak jasotzeko.

2. Gauzak erakunde edo establezimendu egokian gordailutzen badira, 626. artikuluko 1. paragrafoan ezarrtiakoaren arabera, orduan auzitegiak ezarriko du, probidentzia bidez, ogibide-saria, berori bat datorrela ohiko tarifa eta prezioekin.

Alderdi betearazleak ogibide-sariok ordaindu beharko ditu; horrek ez dio kalterik egingo alderdi betearazleak, kostuak direla bide, ogibide-sarion zenbatekoa berreskuratzeko izan dezakeen eskubideari.

6. ATALA

Ondasun higiezinak eta inskriba daitezkeen beste ondasun batzuk enbargatzeko bermea

629. artikulua.

Enbargoaren aurreneurrizko idatzoharra egitea

1. Ondasun higiezinak edo erregistroan inskriba daitezkeen beste ondasun nahiz eskubideak enbargatzen badira, auzitegiak manamendua luzatuko du, alderdi betearazleak hala eskatuta, Jabetza Erregistroan enbargoaren aurreneurrizko idatzoharra edo kasuan kasuko erregistroan eragingarritasun bera duen idatzoharra egin dadin.

Manamendua noiz luzatu eta egun horretan bertan, hori igorriko da, fax bidez, auzitegitik Jabetza Erregistrora. Jabetza Erregistroan aurkezte-idazkuna luzatuko da, eta idatzoharra gauzatzeko izapidea eten egingo da, jatorrizko agiria hipoteka-legeriak ezarri moduan aurkeztu arte.

2. Ondasuna immatrikulatuta ez badago, edo ondasuna alderdi exekutatua ez den pertsonaren mesederako inskribatuta egon eta alderdi exekutatuak pertsona horrengandik bere eskubidea eskuratu badu, enbargoaren idatzoharra eteteko aurreneurrizko idatzoharra egin daiteke, hipoteka-legeriak ezarri moduan eta ondoreekin.

7. ATALA

Administrazio judiziala

630. artikulua.

Noiz den bidezkoa

1. Administrazio judiziala era daiteke, enpresa nahiz enpresa-taldea enbargatzen bada, edo sozietate-kapitalaren, ondare erkidearen nahiz enpresetako edo euron ustiapenari lotutako ondasun edo eskubideen gehiengoa ordezkatzen duten akzioak nahiz partaidetzak enbargatzen badira.

2. Era berean, administrazio judiziala era daiteke, fruitu eta errenten enbargoa bermatzeko, 622. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan ezarri kasuetan.

631. artikulua.

Administrazioa eratzea. Administratzailea eta kontu-hartzaileak izendatzea

1. Administrazio judiziala eratzeko, agerraldirako zitazioa egingo zaie alderdiei, baita, kasuan-kasuan, sozietateak alderdi exekutatuak ez direnean, sozietateetako administratzaileei eta enbargatu gabeko akzio edo partaidetzen bazkide nahiz partaideei ere. Horixe egingo da, administratzailearen izendapenari, kargua bete behar duen pertsonari, kauzioa ezarri behar izateari, jarduteko moduari, aurretiazko administrazioak irauteari, kontuak emateari eta kasuan kasuko ordainsariei buruz hitzarmena lor dezaten, edo kasuan kasuko alegazioak eta frogak gauza ditzaten.

Arrazoirirk gabe interesdun batzuk agertzen ez badira, ulertuko da horiek ados daudela agertutako interesdunek erabakitakoarekin.

Adostasunik lortu ez den aldeetan edo alderdiren bat aurka jarri den aldeetan, auzitegiak, probidentzia bidez ebatziko du, administrazio judizialaren inguruan bidezkotzat jotzen duena.

2. Auzitegiak enpresa baten edo enpresa- talde baten administrazio judiziala agintzen badu, enbargatutako enpresaren edo enpresen titularrak edo titularrek, kontu-hartzailea izendatuko dute; alabaina, sozietatearen kapital gehiena, edo enpresa bateko edo bere ustiapenari lotutako ondasun edo eskubide gehienak soilik enbargatzen badira, bi kontu-hartzaile izendatuko dira, bata, gehien ukitutakoek izendatuta, eta, bestea, gutxien ukitutakoek izendatuta.

3. Administratzaile judizialaren izendapena, bidezkoa denean, Merkataritza Erregistroan inskribatuko da. Administrazio judiziala, halaber, Jabetza Erregistroan inskribatuko da, administrazio horrek ondasun higiezinak ukitzen baditu.

632. artikulua.

Administratzaile-karguaren edukia

1. Administratzaile judizialak aurreko administratzaileak ordezten baditu eta besterik xedatzen ez bada, berak izango ditu ordeztuek izan ohi dituzten eskubide, betebehar, ahalmen eta erantzukizun berberak. Halere, administratzaile judizialak baimen judiziala beharko du, enpresaren partaidetzak edo enpresak beste enpresa batzuetan dituenak, ondasun higiezinak, eta organo judizialak, euren izaera edo garrantzia dela eta, esanbidez aipatu ondasunak, besterendu edo kargatzeko.

2. Ukitutakoek izendatutako kontu-hartzaileak badaude, orduan, kasuan kasuko besterentzeak egiteko edo kargak ezartzeko, administratzaileak agerraldira deituko die horiei, eta bertan erabakitakoaren berri emango zaio auzitegiari; auzitegiak probidentzia bitartez ebatziko du horren inguruan.

633. artikulua.

Administratzaileak jarduteko modua

1. Administrazio judiziala agindu ondoren, berehala emango zaio edukitza izendatuari; eta alderdi exekutatuari aginduko zaio ordu arte eraman duen administrazioa uztea.

2. Auzitegiak, ukitutakoak entzun ondoren, probidentzia bitartez ebatziko ditu administratzailearen egintzen inguruan sor daitezkeen desadostasunak; horrek ez dio kalterik egingo administratzaileak eman beharreko azken kontuaren aurka jartzeko eskubideari.

3. Administratzaileak aurkeztutako azken kontu egiaztatua ikusgai jarriko da, alderdientzat eta kontu-hartzaileentzat. Alderdiek eta kontu-hartzaileek bost eguneko epea dute, azken kontu hori aurkaratzeko; edonola ere, azken kontuaren konplexutasuna kontuan hartuta, epe hori hogeita hamar egun arte luza daiteke.

Aurka-jartzea izanez gero, hori ebatziko da, agerraldian interesa izan dezaketenei zitazioa egin ondoren.

Emandako autoaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.

IV. KAPITULUA

Premiamendu-prozedura

LEHENENGO ATALA

Enbargatutako ondasunak diru bihurtzeko xedapen orokorrak

634. artikulua.

Ondasunak alderdi betearazleari zuzenean ematea

1. Auzitegiak zuzenean emango dizkio alderdi betearazleari enbargatutako ondasunak, euren balio izendunean eman ere, ondasunok honako hauek badira:

1.) Eskudirua.

2.) Kontu-korronteen eta berehala eskura daitezkeen beste kontu batzuen saldoak.

3.) Dibisa bihurgarriak, kasuan-kasuan, aurretiaz bihurtuta.

4.) Beste edozein ondasun, baldin eta horren balio izenduna eta merkatu-balioa bat badatoz, edo, balio izenduna merkatu-balioa baino txikiagoa izan arren, hartzekodunak ondasunaren balio izenduna ematea onartzen badu.

2. Kontuko saldo positiboek muga-egun geroratua dutenean, auzitegiak neurri egokiak hartuko ditu, saldo horiek kobratzeko; administratzailea izenda daiteke, hori komenigarria edo beharrezkoa bada, saldo horiek diru bihurtzeko.

3. Ondasun higigarrien eperako salmenta- kontratuak ez betetzearen ondorioz zein kopuru zordundu eta kopuru horiek ordaintzera kondenatzen duten epaiak betearaztean, alderdi betearazleari berehala emango zaizkio, berak hala eskatuz gero, epeka saldutako edo finantzatutako ondasun higigarriak, kontratuan ezarri balio-galeraren inguruko erreferentzia-taula edo -indizeen araberako balioan.

635. artikulua.

Akzioak eta sozietate-partaidetzen beste forma batzuk

1. Enbargatutako ondasunak akzioak, obligazioak edo bigarren mailako merkatuetan negozia daitezkeen beste balore batzuk badira, horien besterentzea aginduko da, bigarren mailako merkatuei buruzko legeetan ezarritakoaren arabera.

Gauza bera egingo da, enbargatutako ondasunak edozein merkatu araututan kotizatzen badu, edo aukera badu prezio ofizialak dituen merkatuan sartzeko.

2. Akzioek nahiz edozein motatako sozietate-partaidetzek Burtsan kotizatzen ez badute eta enbargatzen badira, orduan, horiek diru bihur daitezen, aintzat hartu behar dira akzioak edo partaidetzak besterentzeko estatutuek eta legeek ezarri xedapenak, eta, bereziki, lehenespenez eskuratzeko eskubideak.

Xedapen berezirik izan ezean, notarioaren edo merkataritza-artekari elkargokidearen bitartez diru bihurtuko dira enbargatutako ondasunak.

636. artikulua.

Aurreko artikuluetan jaso gabeko ondasunak edo eskubideak diru bihurtzea

1. Aurreko artikuluetan jaso gabeko ondasun edo eskubideak diru bihurtuko dira, alderdiek eta interesdunek adostutakoaren arabera; auzitegiak onetsi beharko du adostutako hori, lege honetan ezarritakoari helduta.

2. Diru bihurtzeko hitzarmenik izan ezean, honako prozedura hauetatik bat erabiliko da, enbargatutako ondasunak besterentzeko:

1.) Espezializatutako pertsonak edo erakundeak egindako besterentzea, lege honek ezarri kasuetan eta moduan.

2.) Enkante judiziala.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoari kalterik egin gabe, ondasunak enbargatu ondoren, horien enkante judizialerako beharrezkoa den jarduna gauzatuko da. Enkante judiziala zehaztu egunean egingo da, baldin eta aurretik ez bada eskatu eta agindu, lege honetan ezarritakoaren arabera, nahitaezko dirubihurtzea beste era batera gauzatzea.

2. ATALA

Enbargatutako ondasunak baloratzea

637. artikulua.

Ondasunak baloratzea

Enbargatutako ondasunak ez badira 634 eta 635. artikuluetan aipatutakoak, horien balorazioa egingo da, salbu eta alderdi betearazlea eta alderdi exekutatua ondasunon balioaren gainean ados jarri direnean, betearazpena baino lehenago edo betearazpenean bertan.

638. artikulua.

Aditu-tasatzailea izendatzea, ezestea, eta alderdi betearazleak eta alderdi exekutatuak tasazioan parte hartzea

1. Ondasunak baloratzeko, kasuan kasuko aditu-tasatzailea izendatuko da, Justizia Administrazioan zerbitzuak egiten dituztenen artetik.

Horrelako aditurik ez badago, tasazioa egitea eska dakieke administrazio publikoen mende dauden erakunde edo zerbitzu teknikoei, baldin eta horiek pertsonal kualifikatua izan eta ondore horietarako Justizia Administrazioarekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu badute. Erakunde edo zerbitzu horietara ere ezin bada jo, zerrenda batean jaso pertsona fisiko nahiz juridikoen artetik izendatuko da aditu-tasatzailea. Zerrenda hori osatuko da, ondasunak baloratzeko baimenak ematen dituzten erakunde publiko eskudunek emandako zerrendekin, bai eta legearen arabera ondasunak baloratzeko gaitasuna duten kideez osatutako lanbide-elkargoek ekarritakoekin ere.

2. Alderdi betearazleak eta agertu den alderdi exekutatuak ezets dezakete auzitegiak izendatutako aditua.

639. artikulua.

Izendatutako adituaren jarduna, eta alderdiek eta geroagoko hartzekodunek tasazioan parte hartzea

1. Izendapena jakinaraziko zaio izendatutako adituari, eta horrek hurrengo egunean onartuko du izendapena, hori eragozten duen abstentzio-arrazoirik ez badago.

2. Adituak, enkargua onartu duenetik, zortzi egunetako epean emango dio auzitegiari enbargatu ondasunen balorazioa.

Epe hori luza daiteke, bakarrik, baloratu beharrekoaren zenbatekoa edo balorazioaren beraren konplexutasuna kontuan hartuta, auzitegiak probidentzia bitartez ezarritako arrazoi egiaztatuen ondorioz.

3. Ondasun edo eskubideen tasazioa egingo da, horiek merkatuan duten balioaren arabera. Ondasun higiezinen kasuan, ez dira aintzat hartuko horiek izan ditzaketen zama eta kargak; zama eta karga horiei begira, 666. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

4. Auzitegiak izendatutako adituak ondasunen balorazioa noiz eman eta hurrengo bost egunetan, alderdiek eta 658. artikuluan aipatu hartzekodunek aurkez ditzakete balorazio horren gaineko alegazioak, bai eta baloratu beharreko ondasunaren edo ondasunen balorazio ekonomikoa jaso duten txostenak ere, horiek aditu-tasatzaileak sinatuta.

Kasu horretan, auzitegiak errekurtsorik onartzen ez duen probidentzia bitartez zehaztuko du betearazpena gauzatzeko behin betiko balorazioa, aurkeztutako alegazioak aztertuz eta txosten guztiak kritika zintzoaren erregelen arabera kontuan hartuta.

3. ATALA

Diru bihurtzeko hitzarmena

640. artikulua.

Diru bihurtzeko hitzarmena, epaiketan onetsitakoa

1. Alderdi betearazleak, alderdi exekutatuak eta betearazpenean zuzeneko interesa egiaztatzen duenak auzitegiari eska diezaiokete agerraldia deitzea, hipotekatu, bahitu edo enbargatutako ondasunak diru bihurtzeko modurik eragingarriena euren artean hitzar dezaten, betearazpena noren aurka zuzendu eta horiei begira.

2. Alderdi betearazlea agerraldiarekin bat badator eta auzitegiarentzat agerraldia ukatzeko arrazoirik ez badago, auzitegiak probidentzia bitartez onartuko du hori, ez du betearazpenik etengo, eta alderdiei eta prozesuan interesa izan dezaketenei deituko die.

Agerraldira, alderdi betearazleak edo exekutatuak gonbidatutako pertsonak joan daitezke, eta agertutako horiek guztiek proposa dezakete betearazpeneko ondasunak diru bihurtzeko edozein modu; agertutakoek aurkez dezakete, orobat, pertsona zehatz bat, pertsona horrek bere burua eskaintzen duela ondasunak eskuratzeko, enkante judizialean ustez lortuko den prezioa baino handiagoa zainpean jarriz edo horren fidantza emanez.

Halaber, alderdi betearazlearen eskubidea asetzeko beste modu batzuk ere aurkez daitezke.

3. Alderdi betearazleak eta alderdi exekutatuak hitzarmena lortzen badute, eta hitzarmen horrek ez badio kalterik egiten lege honetan babestu eskubideak dituen hirugarrenari, auzitegiak auto bitartez onetsiko du hitzarmena, eta betearazpena etengo du, hitzarmenaren objektu den ondasunari edo ondasunei dagokienez. Halaber, auzitegiak hitzarmena onetsiko du, eta ondore etengarri berberak sortuko dira, baldin eta hitzarmenak jasotzen badu alderdi betearazlea eta alderdi exekutatua ez diren subjektu ukituen adostasuna.

Hitzarmenak ukitzen baditu erregistroan inskriba daitezkeen ondasunak, orduan, hitzarmen hori onets dadin, nahitaezkoa da hartzekodunak eta hirugarren edukitzaileak hitzarmenarekin ados egotea, baldin eta euren eskubideak erregistro eskudunean inskribatu edo idatzohartu badituzte, betearazi beharreko kargaren ostean.

4. Hitzarmena bete dela egiaztatzen bada, ukitutako ondasunaren edo ondasunen betearazpena largetsiko da. Hitzarmena ez bada betetzen itundutako epean, edota, edozein arrazoi dela bide, alderdi betearazleari ez bazaio itundutakoaren arabera ordaintzen, alderdi betearazleak eskatu ahal izango du betearazpenaren etendura desegitea, eta, lege honetan ezarritakoaren arabera, enkantea gauzatzea.

5. Artikulu honen hirugarren paragrafoak aipatu hitzarmenik ez bada lortzen, baina, auzitegiaren ustez, kasuaren inguruabarrak direla eta, ondasunak diru bihurtzeko hobe bada, orduan hitzarmena lortzeko beste agerraldi bat egin daiteke, artikulu honen lehenengo bi paragrafoetan jaso baldintzekin.

4. ATALA

Pertsona edo erakunde espezializatuak ondasunak diru bihurtzea

641. artikulua.

Ondasunak pertsona edo erakunde espezializatuak diru bihurtzea

1. Alderdi betearazleak, edo alderdi exekutatuak alderdi betearazlearen adostasunarekin, hala eskatzen badu, eta enbargatutako ondasunaren ezaugarrien arabera hori komeni bada, auzitegiak probidentzia bitartez agindu ahal izango du ondasuna pertsona espezializatuak diru bihurtzea; pertsona espezializatu horrek ezagutu behar du ondasun horiek erosten eta saltzen diren merkatua, eta bete behar ditu kasuan kasuko merkatuan aritzeko legeak agindu eskakizunak.

Halaber, auzitegiak agin dezake ondasuna erakunde espezializatu publiko edo pribatuak besterentzea, baldin eta hori eskatu bada, aurreko lerrokadan ezarritakoaren arabera.

Hori agintzen denean, besterentzea bat etorriko da, ondasunak enkantean atera edo besterendu dituen etxearen nahiz erakundearen erregela eta usadioekin, betiere erregela eta usadio horiek bateraezinak ez direnean betearazpenaren helburuarekin, eta alderdi betearazle eta alderdi exekutatuaren interesak behar bezala babestearekin.

2. Aurreko paragrafoan jasotako kasuetan, pertsona edo erakunde espezializatuak auzitegiak ezarritako kauzioa eman behar du, enkargua beteko duela ziurtatzeko.

Ez da kauziorik ezarriko, erakunde publiko bati eratxiki bazaio ondasunak diru bihurtzeko ardura.

3. Ondasunak diru bihurtzeko ardura eratxikiko zaio eskabidean izendatutako pertsona edo erakundeari, horrek betetzen baditu legeak agindutako eskakizunak.

Ebazpen berean ezarriko da ondasunak zein baldintzatan bihurtu behar diren diru, horren inguruan alderdiek erabaki dutena aintzat hartuz.

Hitzarmenik izan ezean, ondasunak ezin izango dira besterendu, euron balioaren 100eko 50 baino prezio merkeagoan.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, diru bihurtu beharreko ondasunak higiezinak badira, ondasunak diru bihurtu behar dituen pertsona edo erakundea zehazteko eta ondasunak zein baldintzatan bihurtu behar diren diru finkatzeko, aurretiaz agerraldia egingo da, eta bertara deituko zaie alderdiei eta prozesuan interesa izan dezaketenei.

Auzitegiak probidentzia bitartez bidezkoa dena ebatziko du, agerraldira agertutakoen adierazpenak kontuan hartuz. Dena den, ondasun higiezinaren balioa 666. artikuluan ezarritakoaren arabera zehaztuko da, eta auzitegiak ezin du baimendu ondasuna balio horren 100eko 70 baino prezio merkeagoan besterentzea, salbu eta alderdi eta interesdun guztiek hori adostu dutela jasotzen denean, agerraldira agertu diren ala ez kontuan hartu gabe.

4. Ondasunak diru bihurtu ondoren, kasuan kasuko pertsona edo erakundeak Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontuan sartuko du lortutako kopurua; baina kopuru horretatik kendu beharko dira gastuak eta kasuan kasuko pertsonak edo erakundeak, bere parte-hartzea dela eta, jaso behar duen zenbatekoa.

Auzitegiak eragiketa onetsi beharko du, edo, hala denean, ondasunak diru bihurtzearen eta horren inguruabarren gaineko justifikazioak eskatuko ditu.

Eragiketa onetsi ondoren, ondasunak diru bihurtzeko ardura zein pertsonak edo erakundek izan eta horri itzuliko zaio emandako kauzioa.

5. Enkargua egin denetik sei hilabete igaro badira ondasunak diru bihurtu gabe, auzitegiak autoa emango du, enkargua ezeztatzeko. Halere, auzitegiak ez du autorik emango, ondasunak diru bihurtzeko enkargua jaso duen pertsonak edo erakundeak egiaztatzen badu berari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ondasunak ezin izan direla epe horretan diru bihurtu, eta, arrazoi horiek desagertzeagatik edo laster desagertuko direla aurreikusteagatik, enkargua eskainitako epean beteko dela, gehienez jota, hurrengo sei hilabeteetan.

Azken epe hori igaro ostean, enkargua ez bada bete, behin betiko ezeztatuko da.

Enkargua ezeztatu ondoren, betearazpenaren helburuetarako erabiliko da kauzioa, salbu eta kauzio hori eman duen pertsonak edo erakundeak egiaztatzen duenean berari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ondasuna ezin izan dela diru bihurtu.

642. artikulua.

Zamak irautea eta ezereztea

1. Zamak irautearen eta ezereztearen inguruan lege honek ezarri xedapenak aplikatuko dira, orobat, hipotekatutako edo bahitutako ondasun higiezinen titulartasuna eskualdatzen bada, atal honetan eta aurrekoan xedatutakoaren arabera.

2. Aurreko paragrafoan xedatu ondoreetarako, betearazpenaren auzitegiak probidentzia bitartez onetsi beharko ditu aurreko bi artikuluen arabera gauzatutako besterentzeak; horretarako, auzitegiak aurretiaz egiaztatu beharko du ondasuna eskualdatzean eskuratzaileak bazekiela, zamen ziurtagiria dela eta, zein zen ondasunaren erregistro-egoera.

Eskualdaketa onetsi ondoren, eta bildutako kopuruak banatzeari, eskuratzailearen eskubidea inskribatzeari eta kargak ezerezteko manamenduari dagokienez, aintzat hartuko da ondasun higiezinen enkanteari buruz xedatutakoa.

5. ATALA

Ondasun higigarrien enkantea

643. artikulua.

Enkantea prestatzea. Balio handirik gabeko ondasun enbargatuak

1. Enkantearen xedea da ondasun bat, batzuk edo ondasun-erloak saltzea, betearazpenaren emaitza onerako komenigarriena dena kontuan hartuz.

Idazkari judizialari dagokio ondasunerloak osatzea, alderdiak entzun eta gero.

Ondore horretarako, enkantea iragarri aurretik, alderdiak bost egunetan epatuko dira, enkanterako ondasun-erloak osatzearen inguruan egokitzat jotzen dutena alega dezaten.

2. Ez da ondasunen edo ondasun-erloen enkanterako deialdirik egingo, ondasunon behin betiko tasazioaren edo balorazioaren arabera aurreikus badaiteke ondasuna diru bihurtuta ez dela lortuko, gutxienez, enkantearen gastuak gainditzeko beste diru-kopururik.

644. artikulua.

Enkanterako deialdia

Enbargatutako ondasun higigarriak balioetsi ondoren, enkantea egiteko data ezarriko da, ordua eta tokia adieraziz.

645. artikulua.

Publizitatea

1. Enkante orok publizitatea izango du, auzitegiaren egoitzako toki nabari, publiko eta begi-bistakoan, eta ohiko leku publikoetan ezarritako ediktuen bitartez.

Horrez gain, alderdi betearazleak edo alderdi exekutatuak hala eskatzen badu, eta auzitegiak hori komenigarritzat jotzen badu, enkanteari zentzuzko publizitatea emango zaio probidentzia bitartez, diru bihurtu nahi diren ondasunen izaera eta balioa kontuan hartuta egokienak diren bide publiko eta pribatuak erabiliz.

2. Alderdi bakoitzak nahitaez ordaindu behar ditu enkanteari publizitatea emateko zein neurri eskatu eta neurri horiek eragindako gastuak. Horri kalterik egin gabe, kostuen likidazioan sartu ahal izango dira kontzeptu horren ondorioz betearazleak jasan dituen gastuak.

646. artikulua.

Iragarkien edukia

Aurreko artikuluko lehenengo paragrafoak aipatu ediktuetan, agiria jasoko da, enkantearen inguruko baldintza guztiekin, orokorrak, eta, hala izanez gero, bereziak, eta enkantea gauzatzeko garrantzitsuak diren datu eta inguruabar guztiekin.

Beste bide batzuk erabiliz egindako publizitatearen edukia bat etorri behar da kasuan-kasuan erabilitako bidearen izaerarekin, eta ahaleginak egin behar dira kostuen ekonomikotasuna ahalik handiena izan dadin. Horrela, publizitatearen edukia muga daiteke ondasunak edo ondasun-erloak, horien tasazio- balioa, ondasun higiezinen kasuan 661. artikuluan xedatutakoaren araberako edukitza-egoera, enkantea gauzatzeko tokia eta data, eta ediktuak argitaratuta dauden tokia edo tokiak identifikatzeko datuetara.

647. artikulua.

Enkantean norgehiagoka aritzeko betekizunak. Alderdi betearazle lizitatzailea

1. Lizitatzaileek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte, enkantean parte hartzeko:

1.) Euren burua behar beste identifikatzea.

2.) Enkantearen baldintza orokorrak eta bereziak ezagutzen dituztela adieraztea.

3.) Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontuan ondasunen tasazio-balioaren 100eko 20 gordailutu dutela edo kopuru horren banku-abala eman dutela ziurtatzeko gordekina aurkeztea.

Lizitatzaileak gordailua gauzatzen badu, osorik nahiz zati batez, hirugarren batek emandako kopuruekin, gordekinean jasoko da hori, 652. artikuluko 2. paragrafoan xedatu ondoreetarako.

2. Alderdi betearazleak enkantean har dezake parte, bakarrik, lizitatzaileak daudenean; hala bada, alderdi betearazleak hobe ditzake lizitatzaileek egindako posturak, zainpean kopururik jarri beharrik gabe.

3. Alderdi betearazleak postura egin dezake, bakarrik, errematea hirugarren bati lagatzeko ahalmena erreserbatuz.

Lagatzea auzitegian agertuz egiaztatuko da, bertan lagapen-hartzailea egon beharko dela eta horrek lagapena onartu beharko duela. Hori guztia egingo da, errematearen prezioa ordaindu aurretik edo ordaintzeko unean bertan.

Ahalmen bera izango du alderdi betearazleak, lege honetan ezarritakoaren arabera eskatzen bada enbargatutako ondasunak adjudikatzea.

648. artikulua.

Idatzizko posturak

Enkantea iragarri denetik eta enkantea egin arte, idatzizko posturak egin daitezke, gutunazal itxian eta aurreko artikuluan ezarri baldintzekin.

Idazkari judizialak itxita izango ditu gutunazalak, eta horiek enkantea hastean zabalduko dira.

Gutunazaletan dauden posturak gainerakoekin batera agerraraziko dira, eta ahoz egindako posturen ondore berberak izango dituzte.

649. artikulua.

Enkantea egitea eta amaitzea

1. Enkantea hasiko da, idazkari judiziala mahaiburu dela, ondasun-zerrenda, edo, kasuan-kasuan, ondasun-erloak eta enkantearen baldintza bereziak irakurriz.

Ondasun-erlo bakoitza bananduta aterako da enkantera.

2. Idazkari judizialak ahots ozenez iragarriko du enkantera ateratako ondasuna edo ondasun-erloak, baita bata bestearen atzetik egindako posturak ere.

3. Enkantea amaituko da, posturarik onena eta postura hori egin duenaren izenak iragarriz.

Enkantea amaitu ondoren, horren akta jasoko da, bertan parte-hartzaileen izenak eta egindako posturak adieraziz.

650. artikulua.

Errematea onestea. Ordainketa. Ondasunak adjudikatzea

1. Posturarik onena balorazioaren 100eko 50 edo handiagoa bada, auzitegiak, auto bitartez eta egun berean edo hurrengoan, errematea onetsiko du, posturagilerik onenaren mesederako.

Erremategileak postura horren zenbatekoa, gordailuarena kenduta, zainpean jarri beharko du, hamar eguneko epean; eta, zainpean jarri ostean, ondasunen edukitza emango zaio erremategileari.

2. Alderdi betearazleak egiten badu posturarik onena, berori balorazioaren 100eko 50 edo handiagoa dela, orduan, errematea onetsi ondoren, idazkari judizialak zor nagusia eta korrituak likidatuko ditu. Likidazio hori jakinarazi ondoren, aldea egonez gero, alderdi betearazleak zainpean jarriko du berori, hamar eguneko epean, kostuak likidatu arte.

3. Egindako postura guztiak balorazioaren 100eko 50 baino handiagoak badira, baina eskaintzen bada ordainketa epeka egitea, goren mugako prezioa behar beste bermatuz, bankunahiz hipoteka-bermeekin, orduan horren berri emango zaio alderdi betearazleari. Alderdi betearazleak bost eguneko epea izango du, ondasunen adjudikazioa eskatzeko, balorazioaren 100eko 50ean.

Alderdi betearazleak ez badu eskubide hori baliatzen, errematea onetsiko da, postura horietatik onenaren mesederako.

4. Enkantean eskainitako posturarik onena balorazioaren 100eko 50 baino txikiagoa bada, alderdi exekutatuak, hamar eguneko epean, postura hobetzeko hirugarrena aurkez dezake. Hirugarren horrek eskain dezake tasazio-balioaren 100eko 50 baino kopuru handiagoa, edo, kopuru hori baino txikiagoa izan arren, alderdi betearazlearen eskubidea oso-osoan ordaintzeko beste den kopurua.

Aipatu epea igaro bada eta alderdi exekutatuak ez badu egin aurreko lerrokadan ezarritakoa, orduan alderdi betearazleak, bost eguneko epean, ondasunak adjudikatzea eska dezake, tasazio- balioaren erdiarengatik edo kontzeptu guztien ondorioz zordundutako kopuruarengatik, betiere kopuru hori posturarik onena baino handiagoa denean.

Alderdi betearazleak ez badu ahalmen hori baliatu, errematea posturagilerik onenaren mesederako onetsiko da, betiere eskainitako kopuruak tasazio- balioaren 100eko 30 gainditzen duenean, edo, txikiagoa izan arren, gutxienez, agindutako betearazpenaren kopurua estaltzen duenean, korrituen eta kostuen aurreikuspena barne.

Posturarik onenak ez baditu eskakizun horiek betetzen, auzitegiak, alderdiak entzun ondoren, errematea onestearen inguruan ebatziko du, kasuan kasuko inguruabarrak aztertuz. Batez ere, kontuan hartuko ditu zordunak duen jarrera, betebeharra betetzeari dagokionez; hartzekodunari ordaintzeko izan daitezkeen aukerak, beste ondasun batzuk diru bihurtuz; errematea onestearen ondorioz zordunak ondarean jasan behar dituen galerak; eta, orobat, hartzekodunak errematearen ondorioz lortutako onura.

Auzitegiak errematea onesteari ezezkoa ematen badio, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

5. Errematea onetsi edo hartzekodunari ondasuna adjudikatu baino lehen, zordunak edozein unetan aska ditzake bere ondasunak, alderdi betearazleari zor zaion betebehar nagusia, korrituak eta kostuak oso-osoan ordainduz.

651. artikulua.

Posturagilerik gabeko enkantea

Enkantean posturagilerik ez badago, hartzekodunak eska dezake ondasunak adjudikatzea, tasazio-balioaren 100eko 30ean edo kontzeptu guztien ondorioz zordundutako kopuruan.

Hartzekodunak, hogei eguneko epean, ez badu ahalmen hori baliatu, enbargoa desegingo da, alderdi exekutatuak hala eskatuta.

652. artikulua.

Enkantean norgehiagokarako eratu gordailuen erabilera

1. Errematea onetsi ondoren, gordailututako kopuruak posturagileei itzuliko zaizkie, posturagilerik onenaren kopurua izan ezik; kopuru hori gordailuan erreserbatuko da, posturagile onenaren betebeharra bermatzeko, eta, hala denean, salmentako prezioan barneratzeko.

Hala ere, gainerako posturagileek hala eskatuz gero, eurok gordailututako kopuruak ere auzitegiaren esku geratuko dira, zertarako eta, erremategileak gainerako prezioa epean ematen ez badu, errematea haren atzetik daudenen alde onets dadin, kasuan kasuko posturen hurrenkerari segiz.

2. Aurreko paragrafoaren arabera bidezkoak diren itzulketak egingo zaizkio gordailua egin zuen posturagileari edo horrek kasuan kasuko kopurua Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontuan sartzean izendatutako pertsonari.

Izendapen hori egin bada, itzulketa izendatutako pertsonari bakarrik egin dakioke.

653. artikulua.

Enkantearen porrota

1. Aurreko artikuluan aipatu erremategileetatik inork ez badu prezioa zainpean jartzen ezarritako epean, edo euren erruz salmenta ondorerik gabe geratzen bada, galdu egingo dute egindako gordailua, eta beste enkante bat gauzatuko da, salbu eta erremategile horiek eratu gordailuekin ordain daitezkeenean alderdi betearazlearen kapitala, kredituaren korrituak eta kostuak.

2. Betearazpenaren helburuetarako erabiliko dira enkantearen porrota eragin duten erremategileen gordailuak, 654 eta 672. artikuluetan xedatutakoaren arabera; baina soberakina, halakoa izanez gero, gordailugileei itzuliko zaie.

Gordailuak ez badira nahiko alderdi betearazlearen eskubidea eta kostuak ordaintzeko, orduan gordailuak erabiliko dira, lehendabizi, beste enkante horrek eragindako gastuak ordaintzeko, eta gainerakoa enkante horretan lortutako kopuruei batuko zaie, eta 654 eta 672. artikuluetan xedatutakoaren arabera erabiliko da.

Azken kasu horretan, soberakina izanez gero, alderdi exekutatuari emango zaio, enkantean eskainitako prezioa osatu arte, eta, hala denean, konpentsazioa emango zaio, beste erremate horretan prezioak izan duen beherakadarengatik; konpentsazio hori gauzatu ostean eta orduan bakarrik itzuliko zaie gordailugileei geratzen dena.

3. Aurreko artikuluko bigarren paragrafoan aipatu izendapena erremategileak egin, errematearen prezioa ordaintzeko ezarri epea igarotzen utzi, eta ordainketarik egiten ez badu, gordailuaren itzulketa jasotzeko izendatu pertsonak eska dezake errematea onesteko autoa beraren alde ematea; horretarako, aldi berean zainpean jarri beharko du gordailututako kopuruaren eta errematearen prezioaren artean dagoen aldea, erremategileari ordainketa egiteko eman epea izango duela, erremategilearen epea ahitzen denetik zenbatzen hasita.

654. artikulua.

Alderdi betearazleari ordaintzea eta gerakinaren erabilera

1. Errematearen prezioa alderdi betearazleari emango zaio, agindutako betearazpenaren kopuruan, eta, prezioak kopuru hori gainditzen badu, gerakina auzitegiaren esku utziko da, alderdi betearazleari azkenean zor zaiona eta betearazpenaren kostuen zenbatekoa likidatu arte.

2. Alderdi exekutatuari emango zaio kasuan-kasuan izan daitekeen gerakina, ondasunak nahitaez diru bihurtu, eta alderdi betearazleari zor zaion guztia eta kostuak ordaindu ostean.

6. ATALA

Ondasun higiezinen enkantea

655. artikulua.

Atal honen aplikazio-eremua eta aurreko ataleko xedapenak ordezko moduan aplikatzea

1. Atal honen arauak aplikatuko zaizkie ondasun higiezinen enkanteei, eta, ondasun higiezinen antzera, erregistro- publizitatearen mende dauden ondasun higigarrien enkanteei.

2. Aurreko paragrafoan aipatu enkanteetan aplikatuko dira ondasun higigarrien enkanteari buruzko arauak, hurrengo artikuluetan ezarri berezitasunak gorabehera.

656. artikulua.

Jabariaren eta zamei buruzko ziurtagiria

1. Enkantearen objektua atal honen eremuan badago, auzitegiak manamendua luzatuko dio kasuan kasuko erregistroaren ardura duen erregistratzaileari, horrek epaitegiari luza diezaion honako alde hauek jaso behar dituen ziurtagiria:

1.) Jabariari eta kargatutako ondasunaren edo eskubidearen gaineko eskubide errealei buruzko titulartasuna.

2.) Enbargatutako erregistro-ondasunaren gainean dauden eskubideak, horien izaera edozein dela; eta, batez ere, ondasuna kargatzen duten zama guztiak, edo, hala denean, ondasunak zamarik ez izatea.

2. Erregistratzaileak bazterreko oharraren bitartez jasoko du aurreko paragrafoan aipatu ziurtagiria luzatu dela, betiere ziurtagiria luzatzeko data eta prozedura adieraziz.

657. artikulua.

Azkendutako edo beheratutako zamen inguruko informazioa

1. Alderdi betearazleak hala eskatuta, auzitegia zuzenduko zaie betearazpena agintzeko balio izan zuen kreditua baino lehenagokoak izan eta lehenespenekoak diren kredituen titularrei, titular horiek informazioa eman dezaten bermatutako kredituak iraun eta horren egungo zenbatekoaren inguruan.

Informazio hori zein hartzekoduni erreklamatu eta hartzekodun horiek ahalik zehatzen adierazi behar dute kredituak dirauen, edo, edozein arrazoi dela bide, azkendu den; kredituak iraunez gero, ordaintzeko dagoen kopurua, muga-eguna, eta, hala denean, ordainketa egiteko epeak eta baldintzak.

Kreditua muga-eguneratuta eta ordaintzeko badago, muga-eguneratutako berandutza- korrituen eta atzeratutako egun bakoitzeko sortu korrituen berri ere emango da.

Kredituen lehentasuna aurretiazko enbargoaren idatzoharrean oinarritzen bada, betebehar nagusia ordaintzeko falta den kopurua eta informazioa emateko unean muga-eguneratuta dauden korrituak adieraziko dira, baita hartzekodunari ordaindu gabe igarotzen den egun bakoitzeko sortu berandutza-korrituen kopurua eta kostuen aurreikuspena ere.

Aurreko lerrokadan xedatutakoaren arabera ofizioak luzatu eta ofizio horiek alderdi betearazlearen prokuradoreari emango zaizkio, horiek betetzeaz ardura dadin.

2. Aurreko paragrafoan aipatu hartzekodunek kredituen iraupenari eta horien egungo zenbatekoari buruz adierazitakoa aintzat hartuz, auzitegiak luzatuko ditu, alderdi betearazleak hala eskatuta, Hipoteka Legearen 144. artikuluan ezarri ondoreetarako behar diren manamenduak.

658. artikulua.

Alderdi exekutatua ez den pertsonaren izenean inskribatutako ondasuna

Erregistratzaileak luzatutako ziurtagiriaren arabera, enbargatutako ondasuna alderdi exekutatua ez den beste norbaiten izenean inskribatuta badago, orduan, bertaratutako alderdiak entzun ondoren, auzitegiak enbargoa desegitea aginduko du; auzitegiak ez du, ordea, hori aginduko, erregistroan jabe gisa nor agertu eta horren jaraunsle den alderdi exekutatuaren aurka egin bada prozedura, edo enbargoa berori kontuan hartuz trabatu bada.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, jabaria alderdi exekutatua ez den pertsonaren izenean inskribatzen bada, eta inskripzio hori baino lehenago enbargoaren idatzoharra badago, enbargoari eutsiko zaio, eta 662. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

659. artikulua.

Geroago inskribatutako eskubideen titularrak

1. Erregistratzaileak betearazpena komunikatuko die zamen ziurtagirian agertzen diren eskubideen titularrei, horiek alderdi betearazlearen eskubidea baino geroagoko idazkunetan agertzen badira, betiere titularron egoitza erregistroan jasota dagoenean.

2. Jabariaren eta zamen ziurtagiria luzatu ondoren zein eskubide inskribatu eta eskubide horien titularrei ez zaie komunikaziorik egingo; baina, euren eskubidea inskribatuta dagoela egiaztatuz gero, parte hartuko dute balorazioan eta eurengan eragina duen gainerako prozedura-jardunean.

3. Betearazi beharreko karga baino geroago inskribatutako eskubideen titularrek, kreditua, korrituak eta kostuak ordaintzen badituzte errematea egin aurretik eta erregistroaren araberako erantzukizun mugaren barruan, orduan auzi-jartzailearen eskubideetan subrogatuko dira, ordaindutako zenbatekoei dagokienez.

Ordainketa eta subrogazioa jasoko dira, hartzekodunak zein kargatan subrogatu eta horren inskripzio edo idatzoharraren bazterrean, bai eta hartzekodun horien kreditu edo eskubideen inskripzioan ere. Horretarako, erregistroan aurkeztuko da aipatu kopuruak eman direla jasotzen duen notario-akta, edo, hala denean, kasuan kasuko manamendu judiziala.

660. artikulua.

Komunikazioak egiteko modua

1. Aurreko artikuluan aipatu komunikazioak Erregistroan jasotako egoitzan egingo dira, postaz edo telegrafoz, hartu izanaren agiriarekin, edo beste bide fede-emaileren bat erabiliz.

Komunikazio hori igorri dela adieraziko da 656. artikuluan aipatu ziurtagirian.

Erregistroan egoitza agertzen ez bada, edo, edozein arrazoirengatik, komunikazioa erregistrora itzultzen bada, erregistratzaileak beste komunikazio bat egingo du, ediktu bitartez. Ediktu hori erregistroko iragarki-taulan argitaratuko da hamabost egunez.

2. Erregistroak komunikaziorik egin ez arren edo komunikazioek formaakatsak izan arren, betearazpenean ondasun higiezina nork eskuratu eta horrek bere eskubidea inskribatu ahal izango du.

661. artikulua.

Betearazpena errentariei eta egitezko okupatzaileei komunikatzea. Edukitza-egoeraren publizitatea, enkantearen iragarkian

1. Alderdi betearazleak hala zehaztuta nahiz beste edozein modutan, alderdi exekutatuak bere ondasunak adierazten baditu, eta prozeduran jaso bada enbargatutako ondasun higiezina alderdi exekutatua ez den beste pertsona batzuek okupatzen dutela, orduan betearazpena jakinaraziko zaie guztiei, hamar eguneko epean, auzitegiari euren egoera egiaztatzeko tituluak aurkez diezazkioten.

Enkantearen iragarkian, ahalik eta zehaztasun handienarekin adieraziko da zein den ondasun higiezinaren edukitza- egoera edo ondasun higiezina okupatu gabe dagoela, inguruabar hori betearazpenaren auzitegiari behar bezala egiaztatzen bazaio.

2. Enkantea iragarri aurretik, alderdi betearazleak eska dezake auzitegiak adieraztea okupatzaileak edo okupatzaileek ez dutela eskubiderik ondasun higiezinean irauteko, ondasun hori betearazpenean besterendu ondoren.

Eskaeraren izapideak 675. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera egingo dira, eta, okupatzailea edo okupatzaileak egitezkotzat edo behar besteko titulurik gabekotzat jo daitezkeenean, auzitegiak eskaera onartu eta eskatutako adierazpena egingo du, errekurtsorik izango ez duen autoaren bitartez.

Bestelakoetan, auzitegiak adieraziko du, errekurtsorik izango ez duen autoaren bitartez, okupatzaileak edo okupatzaileek ondasun higiezinean irauteko eskubidea dutela, etorkizunean ondasunon eskuratzaileak okupatzaileak irtenarazteko izan ditzakeen akzioak gorabehera.

Aurreko lerrokadan aipatu adierazpenak enkantearen iragarkian jasotzea aginduko da.

662. artikulua.

Hirugarren edukitzailea

1. Ondasun higiezina betearazpenean saldu edo adjudikatu baino lehenago, eta ondasun horren enbargoa idatzohartu edo premiamendu-prozedura hasi dela erregistroan jaso ostean, ondasun higiezina hirugarren edukitzaile batek eskuratzen badu, hirugarren edukitzaile horrek idazkaritzan eska dezake, bere tituluaren inskripzioa egiaztatuz, autoak erakustea. Eskabide hori aginduko da, prozedura eta geroko jarduna geldiarazi gabe.

2. Era berean, hirugarren edukitzailea da, aurreko paragrafoan aipatu denboran, hipotekatutako edo enbargatutako finkaren gozamena nahiz jabari erabilgarria soil-soilik eskuratzen duena, edo jabetza soila nahiz zuzeneko jabaria eskuratzen duena.

3. Errematea onetsi edo hartzekodunari adjudikazioa egin baino lehenago, hirugarren edukitzaileak edozein unetan aska dezake ondasuna, hartzekodunari betebehar nagusiaren, korrituen eta kostuen ondorioz zor zaiona ordainduta, betiere ondasunarekin aurre egin beharreko erantzukizunaren zenbatekoa kontuan hartuta, eta, hala denean, lege honetan 613. artikuluko 3. paragrafoa aplikatuta.

663. artikulua.

Enbargatutako ondasun higiezinen tituluak aurkeztea

Ebazpenak agintzen duenean enbargatutako ondasun higiezinen jabariari eta zamei buruzko ziurtagiria luzatzea, ebazpen horretan bertan, auzitegiak, probidentzia bitartez, ofizioz nahiz alderdiek hala eskatuta, alderdi exekutatuari agindeia egin diezaioke hamar eguneko epean berak dituen jabetza-tituluak aurkezteko, baldin eta ondasuna erregistroan inskribatuta badago.

Alderdi betearazleari tituluak aurkeztu direla komunikatuko zaio, tituluak behar bestekoak diren adieraz ala nabaritutako akatsak ongitzea proposa dezan.

664. artikulua.

Titulurik ez aurkeztea edo ez izatea

Alderdi exekutatuak ez baditu tituluak aurkezten lehen aipatu epean, auzitegia, alderdi betearazleak hala eskatuta, premiamenduez balia daiteke, alderdi exekutatua tituluak aurkeztera behartzeko, eta, hala denean, titulu horiek kasuan kasuko erregistro edo artxiboetatik lortzeko, alderdi betearazlearen prokuradoreari horretarako ahalmena emanez.

Jabari-titulurik ez badago, titulurik ez hori gainditzeko erabil daitezke Hipoteka Legearen VI. tituluan ezarri bideak.

Ondore horretarako zein jardun judizial gauzatu behar eta jardun hori onartzeko eskumena badu betearazpenaren auzitegiak, jarduna betearazpen-prozesuan gauzatuko da.

665. artikulua.

Titulurik eza gainditu gabe egindako enkantea

Hartzekodunak hala eskatuta, ondasunak enkante publikora atera daitezke, aurretiaz jabetza titulurik eza gainditu gabe eta inguruabar hori ediktuetan jasoz.

Kasu horretan, Hipoteka Legea betearazteko erregelamenduaren 140. artikuluko 5. erregelan ezarritakoa hartuko da kontuan.

666. artikulua.

Enkantera ateratzeko ondasun higiezinak baloratzea

1. Ondasun higiezinak enkantera aterako dira, lege honen 637. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera; eta, horretarako, baloraziotik kenduko da betearazpena agintzea ekarri duen karga baino lehenagoko zama eta eskubide guztien zenbatekoa, horien lehenespena ondorioztatzen badu jabariaren eta erregistro-zamen ziurtagiriak.

Eragiketa hori idazkari judizialak egingo du, ondasun higiezinaren tasazio- baliotik kenduta zamen ziurtagiriak ondorioztatutako zenbateko bermatua, edo, hala denean, erregistroan agerrarazi den zenbatekoa, 657. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoa aintzat hartuta.

2. Zamen edo kargen balioa ondasunari eratxikitako bera edo handiagoa bada, auzitegiak enbargoa desegingo du.

667. artikulua.

Enkantea iragartzea

Enkantea noiz egin behar eta data hori baino hogei egunetako aurrerapenarekin, gutxienez, iragarriko da enkante hori.

Aurrerapen berarekin jakinaraziko zaizkio alderdi exekutatuari enkantea egiteko tokia, eguna eta ordua, titulu betearazlean jasotako egoitzan.

668. artikulua.

Enkanteari buruzko iragarkiaren edukia

Enkantea 646. artikuluan ezarritakoaren arabera iragarriko da, eta ediktuetan jasoko dira, labur-labur, finkaren identifikazioa, enkantea egiteko hasierako balorazioa, hori 666. artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztuta, eta honako alde hauek:

1.) Erregistroko ziurtagiria, eta, hala denean, enbargatutako ondasun higiezinaren edo higiezinen tituluak, idazkaritzan agerian daudela.

2.) Ulertuko da lizitatzaile orok onartzen duela dauden tituluak behar bestekoak direla edo titulurik ez dagoela.

3.) Auzi-jartzailearen kreditua baino lehenagoko zama eta kargek, horiek izanez gero, iraun egingo dutela, eta lizitatzaileak, enkantean parte hartze hutsarengatik, horiek onartu eta horiek eratorritako erantzukizunean subrogatuta geratzea ontzat hartzen duela, errematea haren mesederako adjudikatzen bada.

669. artikulua.

Enkantearen baldintza bereziak

1. Enkantean parte hartzeko, posturagileek aurretiaz gordailutu behar dute lege honen 666. artikuluan ezarritakoaren arabera ondasunei eratxiki zaien balioaren 100eko 30.

Gordailua egingo da, 647. artikuluaren 1. paragrafoko 3. zenbakian xedatutakoari helduta.

2. Enkantean parte hartze hutsarengatik ulertuko da posturagileek behar bestekotzat jotzen dituztela auzi-paperetan jasotako tituluak edo onartzen dutela titulurik eza, baita betearazpena eragin duen kreditua baino lehenagoko zametan subrogatzea ere, errematea euren mesederako adjudikatzen bada.

670. artikulua.

Errematea onestea. Ordainketa. Ondasunak hartzekodunari adjudikatzea

1. Posturarik onena bada ondasunak enkantera ateratzeko balioaren 100eko 70 edo hori baino gehiago, auzitegiak, auto bitartez, egun berean edo biharamunean, posturagilerik onenaren mesederako onetsiko du errematea.

Hogei eguneko epean, gordailututakoaren eta errematearen prezio osoaren arteko aldea zainpean jarri beharko du erremategileak, Gordailutu eta Zainpean Uzteko Kontuan.

2. Alderdi betearazlea bada posturarik onena egin duena, eta postura hori bada ondasuna enkantera ateratzeko balioaren 100eko 70 edo hori baino gehiago, idazkari judizialak likidatuko ditu betebehar nagusia, korrituak eta kostuak, eta, likidazio hori jakinarazi ondoren, aldea izanez gero, alderdi betearazleak horixe utziko du zainpean.

3. Egindako postura guztiek gainditzen badute ondasunak enkantera ateratzeko balioaren 100eko 70, baina epeka ordaintzea eskaintzen badute, geroratutako prezioa behar beste bermatuz, banku- nahiz hipoteka-bermeekin, orduan alderdi betearazleari emango zaio posturon berri. Alderdi betearazleak, hurrengo hogei egunetan, ondasun higiezina adjudikatzea eska dezake, hori enkantera ateratzeko balioaren 100eko 70ean.

Alderdi betearazleak ez badu eskubide hori egikaritzen, posturarik onenaren mesederako onetsiko da errematea, postura horretan eskainitako ordainketa-baldintza eta bermeekin.

4. Enkantean eskainitako posturarik onena bada ondasunak enkantera ateratzeko balioaren 100eko 70 baino gutxiago, alderdi exekutatuak, hamar eguneko epean, aurkez dezake postura hobetuko duen hirugarrena; hirugarrenaren posturak gainditu behar du ondasunaren tasazio-balioaren 100eko 70, edo, kopuru horren azpitik egon arren, alderdi betearazlearen eskubidea asetzeko behar bestekoa.

Aipatu epea igaro eta alderdi exekutatuak ez badu egiten aurreko lerrokadan ezarritakoa, alderdi betearazleak, bost eguneko epean, ondasun higiezina adjudikatzea eska dezake, tasazio-balioaren 100eko 70ean edo kontzeptu guztien ondorioz zordundutako kopuruan, betiere kopuru hori posturarik onena baino handiagoa denean.

Alderdi betearazleak ez badu ahalmen hori baliatzen, errematea posturagilerik onenaren mesederako onetsiko da, baldin eta eskainitako kopurua tasazio-balioaren 100eko 50 baino gehiago bada, edo, gutxiago izan arren, gutxienez, agindutako betearazpenaren kopurua estaltzen badu, korrituen eta kostuen aurreikuspena barne.

Posturarik onenak ez baditu eskakizun horiek betetzen, auzitegiak, alderdiak entzun ostean, errematea onestearen inguruan ebazpena emango du, kasuan kasuko inguruabarrak aztertuz, eta, batez ere, kontuan hartuz betebeharra betetzeari dagokionez zordunak duen jarrera, hartzekodunari ordaintzeko egon daitezkeen aukerak beste ondasun batzuk diru bihurtuz, errematea onestearen ondorioz zordunak ondarean jasan beharreko galerak, eta, orobat, hartzekodunak errematearen ondorioz lortutako onura.

Auzitegiak errematea onestea ukatzen badu, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

5. Aurreko paragrafoen arabera ondasun higiezinaren adjudikazio-hartzailea nor izan eta horrek onartuko ditu aurretiazko zamak edo kargak, eta horiek eratorri erantzukizunetan subrogatuko da.

6. Erreklamazioa egiten bada Hipoteka Legearen 107. artikuluko 12. zenbakian aipatu hipoteka eratzeko, idazkari judizialak berehala luzatuko du errematea onesteko autoaren lekukotza, prezioa ordaintzeko egon arren, bertan luzapenaren xedea jasoz.

Eskabideak eten egingo du errematearen prezioa ordaintzeko epea, eta epe horrek ez du aurrera egingo lekukotza eskatzaileari eman arte.

7. Errematea onetsi edo hartzekodunari ondasuna adjudikatu baino lehenago, zordunak edozein unetan aska ditzake bere ondasunak, alderdi betearazleari betebehar nagusia, korrituak eta kostuak oso-osorik ordainduz.

671. artikulua.

Posturagilerik gabeko enkantea

Enkantean posturagilerik ez badago, hartzekodunak ondasunak adjudikatzea eska dezake, euron tasazio-balioaren 100eko 50etan edo kontzeptu guztien ondorioz zordundutako kopuruan.

Hartzekodunak, hogei eguneko epean, ez badu ahalmen hori baliatzen, enbargoa desegingo da, alderdi exekutatuak hala eskatuta.

672. artikulua.

Ondasun higiezinen enkantean lortutako zenbatekoen erabilera

1. Errematearen prezioa 654. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera erabiliko da; baina gerakina, hori izanez gero, atxiki egingo da, eskubideak alderdi betearazleak baino geroago inskribatuta edo idatzohartuta dituztenei ordaintzeko.

Horiei ordaindu ondoren oraindik gerakina badago, alderdi exekutatuari edo hirugarren edukitzaileari emango zaio gerakin hori.

Artikulu honetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo beste betearazpen berezi batean nahiz edozein konkurtso-prozesutan gerakina atxikitzea agindu eta gerakin horrek izan dezakeen erabilerari.

2. Edozein interesdunek auzitegiari eska diezaioke geroagoko kredituen titularrei agintzea, hogeita hamar eguneko epean, euron kredituen iraupena eta galdagarritasuna egiazta ditzaten, eta kredituen likidazioa aurkez dezaten.

Aurkeztutako likidazioak helaraziko zaizkio intzidentea eragin duenari, horrek bere eskubideekin bat datorrena alega, eta, hamar eguneko epean, agiri-froga ekar dezan.

Auzitegiak, jarraian, errekurtsorik izango ez duen autoaren bitartez bidezkoa dena ebatziko du, betearazpenean bildutako kopuruak banatzeko ondoreetarako soilik. Hala ere, ez zaie kalterik egingo geroagoko hartzekodunek euron eskubideak behar bezala baliatu eta kasuan kasuko subjektuen aurka egiteko izan ditzaketen akzioei.

Aipatu epea igaro ondoren, hartzekodunetatik inork ez badu kredituaren likidaziorik aurkezten, gerakinak izango du aurreko paragrafoan ezarri erabilera.

673. artikulua.

Aldi bereko enkantea

Inguruabarren arabera hori komeni bada, eta alderdietatik edozeinek hala eskatzen badu, auzitegiak agin dezake, probidentzia bitartez, enkantea aldi berean iragartzea eta egitea, epaitegi betearazlearen egoitzan, eta, exhorto bitartez, enkantera ateratako ondasun higiezin guztiak edo batzuk epai-barruti desberdinetan egon eta barruti horietako epaitegi batean edo batzuetan.

Halakoetan, posturagileak askatasunez joan daitezke enkantea egiteko egoitzetatik edozeinetara, eta auzitegi betearazleak ez du errematea onetsiko, edozein komunikabideren ondorioz egoitza guztietan egindako posturen berri izan arte. Auzitegi betearazleak buruz buruko zitazioa egingo die postura bera egin duten posturagileei, auzitegian agertu eta euren artean lizitazio ebazlea egin dezaten, posturen arteko berdinketa ezin izan bada hautsi telefono bidezko komunikazioarekin, nahiz beste edozein motatako komunikazioarekin, aldi bereko enkanteak egitean.

674. artikulua.

Eskuraketa inskribatzea: titulua. Zamak ezereztea

1. Jabetza Erregistroan inskribatzeko titulu nahikoa da idazkari judizialak luzatu lekukotza. Lekukotza horretan autoa jasoko da, auto horrek onesten dituela errematea, ondasunak hartzekodunari adjudikatzea edota diru-bihurtzeko hitzarmenaren bitartez edo pertsona nahiz erakunde espezializatuaren bitartez egindako eskualdaketa. Gainera, hala denean, lekukotza horrek jaso beharko du prezioa zainpean utzi dela, baita hipoteka-legeriaren arabera inskripzioa egiteko behar diren gainerako inguruabarrak ere.

Kasuan-kasuan, lekukotzak jasoko du erremategileak kreditua lortu duela, errematearen prezioari, eta, hala denean, aurretiazko gordailuari, aurre egiteko; berebat, Hipoteka Legearen 134. artikuluan ezarri ondoreetarako, finantzatutako zenbatekoak eta mailegua egin duen erakundea zehaztu beharko dira.

2. Eskuratzaileak hala eskatuta, errematea edo adjudikazioa eragin duen zamaren inskripzioa, edo, hala denean, idatzoharra ezerezteko manamendua luzatuko da.

Era berean, geroago egin diren inskripzio eta idatzohar guztiak ezereztea aginduko da, 656. artikuluan ezarri ziurtagiria luzatu ostean egindakoak barne. Manamendu horretan jasoko da saldutako edo adjudikatutako ondasunaren balioa auzi-jartzailearen kreditua bestekoa edo txikiagoa dela, eta, ondasunaren balioa kreditu horren zenbatekoa baino handiagoa bada, gerakina interesdunentzat atxiki dela.

Manamenduan jasoko dira, halaber, ezereztea inskriba dadin hipoteka-legeriak xedatu gainerako inguruabarrak.

675. artikulua.

Edukitza judiziala eta ondasun higiezinaren okupatzaileak

1. Eskuratzaileak hala eskatuz gero, berari emango zaio okupatu gabe dagoen ondasun higiezinaren edukitza.

2. Ondasun higiezina okupatuta badago, berehala botako dira okupatzaileak, 661. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritakoaren arabera, auzitegiak ebazten badu okupatzaileak edo okupatzaileek ez dutela ondasun higiezinean egoteko eskubiderik.

Irtenarazitako okupatzaileek kasuan kasuko epaiketan egikari ditzakete euren ustez eurei dagozkien eskubideak.

Ondasun higiezina okupatuta badago eta aurretiaz ez bada kontuan hartu 661. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa, eskuratzaileak betearazpenaren auzitegiari eska diezaioke 661. artikuluan xedatutakoaren arabera egitate hutseko edo behar besteko titulurik gabeko okupatzailetzat jo daitezkeenak botatzea.

Eskaera urtebetean egin behar da, erremategileak edo adjudikazio- hartzaileak ondasun higiezina eskuratu duenetik; epe hori igaro ondoren, irtenarazte-uzia kasuan kasuko epaiketan bakarrik egikaritu ahal izango da.

3. Aurreko paragrafoan aipatu botatze- eskaera jakinaraziko zaie eskuratzaileak zehaztu okupatzaileei, hamar eguneko epean, ikustaldirako zitazioa eginez. Ikustaldian, okupatzaileek duten egoeraren inguruan euren ustez egoki dena alegatu eta frogatu ahal izango dute.

Auzitegiak, errekurtsorik izango ez duen auto bitartez, ebatziko du botatzea agindu ala ez; eta, zitatutako okupatzailea edo okupatzaileak arrazoi zuzenik gabe agertzen ez badira, horiek botatzea aginduko du beti.

4. Ondasun higiezinaren okupatzaileak botatzearen inguruan zein autok ebatzi eta auto horrek ez ditu ukituko interesdunen eskubideak, horien edukia edozein dela. Interesdunek kasuan kasuko epaiketan egikaritu ahal izango dituzte eskubideok.

7. ATALA

Ordaintzeko administrazioa

676. artikulua.

Administrazioa eratzea

1. Alderdi betearazleak edozein unetan eska diezaioke auzitegiari enbargatutako ondasun guztiak edo batzuk berari administrazioan ematea, ondasunon etekinarekin betebehar nagusia, korrituak eta betearazpenaren kostuak ordaintzeko.

2. Auzitegiak, probidentzia bitartez, ordaintzeko administrazioa aginduko du, hori ondasunen izaeraren arabera komenigarria bada; halakoetan, inbentarioa egin ostean, auzitegiak aginduko dio alderdi betearazleari ondasunen edukitza ematea eta alderdi betearazleak berak zehaztu pertsonak jakinaren gainean jartzea.

Administrazioa agindu baino lehenago, hala denean, entzun egingo dira enbargatutako ondasunaren gainean alderdi betearazlearen eskubidearen ondoren inskribatu edo idatzohartutako eskubideen titular diren hirugarrenak.

3. Auzitegiak, alderdi betearazleak hala eskatuta, isun hertsatzaileak ezar diezazkieke administratzailearen ahalmenak egikaritzea eragozten edo oztopatzen duen alderdi exekutatuari edo hirugarrenei, alderdi exekutatuak edo hirugarrenek izan ditzaketen gainerako erantzukizunak gorabehera.

677. artikulua.

Administrazioa egiteko modua

Ordaintzeko administrazioak bete behar du alderdi betearazleak eta alderdi exekutatuak itundutakoa; itunik izan ezean, ulertuko da ondasunak administratu behar direla herrialdeko ohituraren arabera.

678. artikulua.

Kontu-arrazoiak ematea

1. Hartzekodunak, urtero-urtero, ordaintzeko administrazioaren inguruko kontu-arrazoiak emango dizkio idazkari judizialari, auzitegiak beste zerbait agindu edo alderdiek besterik itundu ezean.

Hartzekodunak aurkeztutako kontuak alderdi exekutatuaren esku jarriko dira, hamabost eguneko epean.

Alderdi exekutatuak alegazioak aurkezten baditu, alderdi betearazleari helaraziko zaizkio horiek, bederatzi eguneko epean, alegaziookin bat datorren ala ez adieraz dezan.

2. Alderdien arteko adostasunik ez badago, alderdiei agerraldira deituko zaie bost eguneko epean. Agerraldian, proposatutako frogak onartuko dira, eta, horiek erabilgarritzat eta egokitzat jotzen badira, frogak gauza daitezen behar besteko denbora ezarriko da, betiere hamar egun gainditu gabe.

Onartutako froga gauzatu ostean, auzitegiak, bost eguneko epean, autoa eman eta bertan ebatziko du, aurkeztutako kontuak onestea bidezkoa den ala kontuok zuzendu behar diren.

679. artikulua.

Administrazioaren inguruko eztabaidak

Kontu-arrazoiak ematearen inguruko eztabaidak gorabehera, enbargatutako finkak administratzearen ondorioz, hartzekodunaren eta alderdi exekutatuaren artean beste arazo batzuk sortzen badira, arazook gauzatuko dira, hitzezko epaiketarako ezarri izapideen bitartez.

680. artikulua.

Administrazioa amaitzea

1. Alderdi betearazleak bere kreditua, korrituak eta kostuak kobratzen baditu administratutako ondasunen emaitzarekin, ondasunok alderdi exekutatuaren esku geratuko dira ostera ere.

2. Alderdi exekutatuak edozein unetan ordain dezake bere zorra pagatzeko falta zaiona, hartzekodunak aurkeztutako azken kontuen egoera aintzat hartuta. Kasu horretan, alderdi exekutatuari berriro ere emango zaio bere ondasunen edukitza, eta hartzekodunak ondasunon administrazioari utzi egingo dio, hurrengo hamabost egunetan eman behar duen kontu orokorra gorabehera, eta hartzekodunaren edo alderdi exekutatuaren ustez egin daitezkeen gainerako erreklamazioak gorabehera.

3. Alderdi betearazleak administrazioaren bitartez ez badu bere eskubidea asetzen, auzitegiari eska diezaioke administrazioa amaitzea eta beste bide batzuk erabiliz nahitaezko betearazpena gauzatzea, aurretiaz kontu-arrazoiak emanez.

V. KAPITULUA

Berezitasunak, hipotekatutako edo bahitutako ondasunak betearaztean

681. artikulua.

Bahiarekin edo hipotekarekin bermatutako zorren ordainketa eskatzeko prozedura

1. Bahiarekin edo hipotekarekin bermatutako zorren ordainketa eskatzeko akzioa zuzenean egikari daiteke, bahitutako edo hipotekatutako ondasunen aurka. Akzio hori egikarituko da, titulu honetan xedatutakoaren arabera, betiere kapitulu honetan ezarritako berezitasunekin.

2. Ontzien gaineko hipotekarekin bermatutako zorren ordainketa erreklamatzen bada, aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie Ontzien gaineko Hipoteka Legearen 39. artikuluko lehenengo bi kasuei bakarrik.

682. artikulua.

Kapitulu honen eremua

1. Kapitulu honen arauak aplikatuko dira, betearazpena zuzentzen bada, soil-soilik, ordaindu beharreko zorra bermatzen duten ondasun bahituen eta hipotekatuen aurka.

2. Hipotekatutako ondasunen aurka betearazpena zuzenduz gero, beti aplikatuko dira kapitulu honen xedapenak, baldin eta, aurreko paragrafoan xedatutakoaz gain, honako eskakizun hauek betetzen badira:

1.) Hipoteka eratzeko eskrituran interesdunek zehaztea hipotekatutako finka edo ondasunak zein prezio izango duen tasazioaren arabera, prezio hori enkantean oinarri gisa erabil dadin.

2.) Eskritura berean, zordunak zehaztutako egoitza jasotzea, bertan agindeiak eta jakinarazpenak egiteko.

Merkataritzako establezimenduen gaineko hipotekan, nahitaez hartuko da egoitza gisa hipotekatutako establezimendua zein lokaletan kokatu eta berori.

3. Erregistratzaileak hipotekaren inskripzioan jasoko ditu aurreko paragrafoan aipatu inguruabarrak.

683. artikulua.

Agindeiak eta jakinarazpenak egiteko zehaztu egoitza aldatzea

1. Zordunak eta zordun ez den hipotekatzaileak alda dezakete agindeiak eta jakinarazpenak egiteko zehaztu egoitza, honako erregela hauek betez:

1.) Hipotekatutako ondasunak higiezinak badira, ez da hartzekodunaren adostasunik behar, aldaketa eskrituran zehaztutako herri berberaren barruan eginez gero, edo aldaketa finkak zein barrutitan egon eta barruti horretan kokatutako beste edozein herritara eginez gero, eta mugarte horrek balio duenean epaitegiaren eskumena zehazteko.

Aipatu tokietatik kanpora egoitza aldatzeko, beharrezkoa da hartzekodunaren adostasuna.

2.) Ondasun higigarrien gaineko hipoteka bada, ezin da egoitza aldatu, hartzekodunaren adostasunik gabe.

3.) Ontzien gaineko hipoteka bada, nahikoa da hartzekodunari egoitza-aldaketaren berri ematea.

2. Aurreko paragrafoan aipatu egoitza- aldaketak jasoko dira, notario-aktaren bitartez, eta, kasuan kasuko erregistroan, hipotekari buruzko inskripzioaren bazterrean egindako oharraren bitartez.

3. Agindei eta jakinarazpenaren ondoreetarako, hipotekatutako ondasunak eskuratu dituzten hirugarrenen egoitza izango da euron eskuraketari buruzko inskripzioan zehaztutakoa.

Hirugarren eskuratzaileak edozein unetan alda dezake egoitza hori, aurreko zenbakian ezarritakoaren arabera.

684. artikulua.

Eskumena

1. Kapitulu honek arautu prozeduretan, organo eskuduna izango da:

1.) Hipotekatutako ondasunak higiezinak badira, finka zein tokitan egon eta bertako lehen auzialdiko epaitegia. Finka barruti judizial batean baino gehiagotan egonez gero, finka batzuk izan eta barruti desberdinetan daudenean bezala, barruti horietatik edozeinetako lehen auzialdiko epaitegia izango da eskuduna, demandatzaileak hala aukeratuta, eta ez dira aplikagarri izango lege honetan esanbidez edo isilbidez eskumendean jartzeari buruz jasotako arauak.

2.) Hipotekatutako ondasunak ontziak badira, hipoteka eratzeko tituluan alderdiek lehen auzialdiko zein epaitegiren eskumendean jartzea erabaki eta horixe; eta, ezer erabaki ezean, hipoteka eratu den tokiko epaitegia, hipotekatutako ontzia dagoen portuko epaitegia, demandatuaren egoitzako epaitegia edo hipoteka inskribatu den erregistroko epaitegia, auzi-jartzaileak hala aukeratuta.

3.) Hipotekatutako ondasunak higigarriak badira, hipoteka eratzeko eskrituran alderdiek lehen auzialdiko zein epaitegiren eskumendean jartzea erabaki eta horixe; eta, ezer erabaki ezean, hipoteka inskribatu den barruti judizialeko epaitegia.

Hipotekatutako ondasun bat baino gehiago izan eta ondasunok erregistro desberdinetan inskribatuta badaude, kasuan kasuko barruti judizialetatik edozeinetako lehen auzialdiko epaitegia izango da eskuduna, demandatzaileak hala aukeratuta.

4.) Bahitutako ondasunen kasuan, bermea eratzeko eskrituran edo polizan alderdiek lehen auzialdiko zein epaitegiren eskumendean jartzea erabaki eta horixe; eta, ezer erabaki ezean, ondasunak dauden tokiko epaitegia, edo ondasunok biltegiratuta dauden nahiz gordailututzat jo daitezkeen tokiko epaitegia.

2. Auzitegiak ofizioz aztertuko du bere lurralde-eskumena.

685. artikulua.

Demanda betearazlea eta horrekin batera ekarri beharreko agiriak

1. Demanda betearazlea zordunaren aurka zuzendu behar da, eta, hala denean, zordun ez den hipotekatzailearen edo hipotekatutako ondasunen hirugarren edukitzailearen aurka, betiere azken horrek hartzekodunari egiaztatzen dionean ondasun horiek eskuratu dituela.

2. Demandarekin batera ekarriko dira kredituaren titulua edo tituluak, lege honek betearazpena agintzeko ezarri betekizunekin, baita lege honen 550. artikuluan, eta, kasuan-kasuan, 573 eta 574. artikuluetan, aipatu agiriekin ere.

Hipotekatutako ondasunak edo edukitzaren lekualdaketarik gabeko bahiaren araubidepeko ondasunak betearazten direnean, ezin bada inskribatutako titulua aurkeztu, demandarekin batera ekarriko da hipotekaren inskripzioa eta iraupena egiaztatzen dituen erregistro-ziurtagiria.

3. Kapitulu honetan arautu prozeduraren ondoreetarako, betearazpena agintzeko behar besteko titulua da Ontzien gaineko Hipoteka Legearen 3. artikuluaren arabera erregistroan inskribatu ontzien gainean hipoteka eratzeko agiri pribatua.

4. Hipotekak ondasun higiezinen gainean eratzen badira, legearen arabera hipoteka-zedulak jaulki ditzakeen erakundearen mesederako, edo, prozedura hastean, hipoteka-bonuen jaulkipenari lotutako kredituak eta maileguak bermatzen dituzten erakundeen mesederako, orduan, hipoteka horiek betearaz daitezen, nahikoa da Jabetza Erregistroaren ziurtagiria aurkeztea hipotekaren inskripzioa eta iraupena egiaztatzeko.

Ziurtagiri hori osatuko da, hipoteka-eskrituraren kopia eskuetsietatik edozein; kopia hori zatikakoa izan daiteke, betearazpenaren mendeko finka edo finkak bakarrik jasotzen dituena.

686. artikulua.

Ordainketa-agindeia

1. Betearazpena agindu duen auto berean aginduko da zordunari, eta, hala denean, demandaren jasotzaile izan eta zordun ez den hipotekatzaileari edo hirugarren edukitzaileari ordaintzeko agindeia egitea, erregistroaren arabera indarrean dagoen egoitzan.

2. Zordunari betearazpena agindu dela jakinarazteari kalterik egin gabe, aurreko paragrafoan aipatu agindeia ez da gauzatuko, baldin eta egiaztatzen bada agindeia edo agindeiak epaiketaz kanpo egin direla, 581. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Ondore horietarako, epaiketaz kanpoko agindeia egin behar da, erregistroaren arabera indarrean dagoen egoitzan, agindeia egin beharreko zordunari, zordun ez den hipotekatzaileari edo hirugarren edukitzaileari, zuzen-zuzenean, horiek egoitzan badaude, edo aipatu pertsona horien bizilekuan dagoen eta hamalau urtetik gora dituen ahaide hurbilenekoari, senideari edo langileari, eta, bizilekuan inor ez badago, atezainari edo aurkitu den auzotar hurbilenekoari.

687. artikulua.

Hipotekatutako ibilgailu motordunen eta bahitutako ondasunen gordailua

1. Ibilgailu motordunen bahiarekin edo hipotekarekin bermatutako zorrei buruzkoa bada prozedura, aginduko da bahitutako edo hipotekatutako ondasunak hartzekodunaren edo horrek izendatu pertsonaren esku gordailutzea.

Gordailututako ibilgailuak prezintatu egingo dira, eta ezin izango dira erabili, salbu eta xedapen bereziak direla-bide hori ezinezkoa denean; azken kasu horretan, kontu-hartzailea izendatuko da.

2. Aurreko paragrafoan aipatu gordailua betearazpena agintzen duen auto berean aginduko da, zordunari epaiketaz kanpoko agindeia egin bazaio.

Bestela, lege honetan ezarritakoaren arabera zordunari ordaintzeko agindeia egitea aginduko da, eta, zordunak agindeiari jaramonik egiten ez badio, gordailua eratzea aginduko da.

3. Bahitutako ondasunak atzeman ezin badira eta ondasunon gordailua ere ezin bada eratu, prozedurak ez du aurrera egingo.

688. artikulua.

Jabariari eta zamei buruzko ziurtagiria. Betearazpena largestea, hipotekarik ez dagoelako edo berori ezereztu delako

1. Hipotekatutako ondasunak betearazi behar badira, erregistratzaileari ziurtagiria erreklamatuko zaio. Ziurtagiri horretan jasoko dira, 656. artikuluaren 1. paragrafoko aldeak ez eze, alderdi betearazlearen mesederako eratu hipoteka indarrean eta ezereztu gabe dagoela, edo, hala denean, erregistroan jasotako ezerezpena nahiz aldarazpenak ere.

2. Erregistratzaileak hipoteka-inskripzioan jasoko du, bazterrean oharra eginez, jabariari eta zamei buruzko ziurtagiria luzatu dela, luzapenaren data eta ziurtagiriak aipatzen duen prozedura badagoela adieraziz.

Bazterreko ohar hori manamendu judizialaren bidez ezerezten ez den bitartean, erregistratzaileak ezin izango du hipoteka ezereztu, betearazpenaz besteko arrazoien ondorioz.

3. Ziurtagiriak ondorioztatzen badu alderdi betearazlearen erreklamazioaren oinarri den hipoteka ez dagoela edo hipoteka hori ezereztu egin dela, auzitegiak autoa emango du, betearazpena amaitzeko.

Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.

689. artikulua. Inskribatutako titularrarieta geroagoko hartzekodunei prozedura komunikatzea

1. Erregistroko ziurtagiriaren arabera jabariaren azken inskripzioa zein pertsonaren mesederako gauzatu eta horri aurreko artikuluetan jaso formen arabera ez bazaio egin ordaintzeko agindeirik, ez notario bidez, ezta epaiketa bidez ere, orduan pertsona horri, Erregistroan jasotako egoitzan, prozedura badagoela jakinaraziko zaio; horrela, komeni bazaio, betearazpenean parte hartuko du, 662. artikuluan xedatutakoaren ariora, edo errematea baino lehen kredituaren, korrituen eta kostuen zenbatekoa ordainduko du, bere finkaren hipotekarekin ziurtatutako zatian.

2. Auzi-jartzailearen kreditua zein hipotekak bermatu eta hipoteka horren ondoren eratutako zamak edo eskubide errealak daudenean, 659. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

690. artikulua.

Hipotekatutako finka edo ondasuna administratzea

1. Ordainketa-agindeia egiten denetik, edo betearazpena agintzen denetik, agindeia epaiketaz kanpo egiten bada, hamar egun igaro ondoren, hartzekodunak hipotekatutako finka edo ondasunaren behin-behineko administrazioa edo edukitza berari ematea eska dezake.

Kasu horretan, hartzekodunak jasoko ditu muga-eguneratu baina ordaindu gabeko errentak, horrela itundu bada, baita geroko fruituak, errentak eta ekoizkinak ere; horrekin guztiarekin, ondasunen artapen- eta ustiapen-gastuak eta, gero, hartzekodunaren kreditua, estaliko dira.

Aurretiaz ezarri ondoreetarako, behin-behineko administrazioa jakinaraziko zaio ondasun higiezinaren okupatzaileari; jabeari zein ordainketa egin behar eta ordainketa horiek administratzaileari egiteko aginduko zaio okupatzaileari.

Ondasun higiezinak okupatu gabe badaude, ondasunon edukitza materiala, behin-behinean, administratzaileari eratxikiko zaio.

2. Hartzekodunak bat baino gehiago izanez gero, erregistroaren arabera lehentasuna zeinek izan eta horri dagokio administrazioa; eta, hartzekodunek lehentasun bera badute, euretatik edonork eska dezake administrazioa, guztien onurarako. Halakoetan, fruituek, errentek eta ekoizkinek izango dute aurreko paragrafoan ezarritako erabilera, betiere lainean, auzi-jartzaile guztien kredituak aintzat hartuz.

Lehentasun bera duten hartzekodun batzuek administrazioa eskatuz gero, auzitegiak probidentzia bitartez erabakiko du, bere sen onaren arabera.

3. Hartzekodunari emandako behin-behineko administrazioaren eta edukitzaren iraupena, oro har, ez da bi urtetik gorakoa izango, hipoteka ondasun higiezinen gainekoa bada, eta, hipoteka ondasun higigarrien edo ontzien gainekoa bada, ez da urtebetetik gorakoa izango.

Behin-behineko administrazioa eta edukitza amaituta, hartzekodunak kudeaketaren inguruko kontuak emango dizkio auzitegiari, eta, bidezkoa izanez gero, auzitegiak horiek onetsiko ditu.

Betekizun hori izan ezean, betearazpenak ezin izango du aurrera egin.

4. Ibilgailu motordunaren gaineko hipotekarekin bermatzen bada zorra, prozedura horietan aurreko paragrafoek aipatu administrazioa agin dadin, nahitaezkoa da administrazioa eskatu duen hartzekodunak behar besteko kauzioa ematea, 529. artikuluaren 3. paragrafoko bigarren lerrokadan ezarri moduetatik edozein erabiliz.

5. Hipoteka-betearazpena eta konkurtso- prozesua metatzen badira, orduan, behin-behineko administrazioari edo edukitzari dagokionez, konkurtso-prozesuan eskumena duen auzitegiak zer ezarri eta hori beteko da, konkurtso-prozesuari buruzko arauak aintzat hartuta.

691. artikulua.

Hipotekatutako ondasunen enkanterako deialdia. Deialdiaren publizitatea

1. Aurreko artikuluetan xedatutakoa bete, ordainketa-agindeia eta aipatu jakinarazpenak egin, eta hogeita hamar egun igaro ondoren, hipotekatutako finka edo ondasuna enkantera aterako da, auzi-jartzaileak, zordunak edo hirugarren edukitzaileak hala eskatuta.

2. Enkantea, gutxienez, hogei eguneko aurrerapenarekin iragarriko da.

Errematea egiteko tokia, eguna eta ordua aurrerapen berberarekin jakinaraziko zaizkio zordunari, erregistroan jasotako egoitzan.

3. Merkataritzako establezimenduaren gaineko hipotekarekin bermatzen bada zorra, prozedura horretan iragarkiak zehaztuko du eskuratzaileak bete beharko duela Hiri-errentamenduen Legean xedatutakoa, eta, hala denean, kontratua lagatzearen ondorioz errentatzaileak errenta igotzeko duen eskubidea onartu beharko duela.

4. Hipotekatutako ondasunen enkantea, ondasunak higigarriak izan nahiz higiezinak izan, lege honetan ondasun higiezinen enkanteari buruz xedatutakoaren arabera egingo da.

5. Kapitulu honek aipatu betearazpen- prozesuetan ere erabil daiteke titulu honen IV. kapituluko 3 eta 4. ataletan arautu hitzarmen bidezko diru-bihurtzea, bai eta espezializatutako pertsona nahiz erakundearen bidezko diru-bihurtzea ere.

692. artikulua.

Hipoteka-kreditua ordaintzea eta soberakinaren erabilera

1. Errematearen prezioa erabiliko da, luzapenik gabe, auzi-jartzaileari beraren kredituaren ondoriozko betebehar nagusia, sortutako korrituak eta eragindako kostuak ordaintzeko. Hartzekodunari kontzeptu horietako bakoitzarengatik emandako zenbatekoek ezin dute gainditu kasuan kasuko hipotekak estalitakoa; gaindikina, halakoa izanez gero, gordailutu egingo da hipotekatutako ondasunaren gainean geroago inskribatu edo idatzohartutako eskubideen titularren esku. Geroagoko hartzekodunei ordaindu ondoren, hala denean, hipotekatutako ondasunaren jabeari itzuliko zaio gerakina.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, hipotekatutako ondasunaren jabea zorduna bada, errematearen prezioa erabiliko da, hipotekak estalitakoa gainditu kopuruan, alderdi betearazleari betearazpeneko kredituaren ondorioz zor zaion guztia ordaintzeko. Horixe egingo da, hipotekaren ondoren inskribatutako edo idatzohartutako kredituak ordaindu ondoren, betiere zorduna ordainketa-etenduran, konkurtsoan edo porrotean ez dagoenean.

2. Geroagoko hartzekodunei ordaindu ostean gerakina egon, gerakin hori jasotzeko eskubidea duela nork uste eta horrek eragin dezake 672. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako intzidentea.

Paragrafo honetan eta aurrekoan xedatutakoak ez dio kalterik egingo gerakinak izan beharreko erabilerari, baldin eta gerakin hori atxikitzea agindu bada beste betearazpen bereziren batean nahiz edozein konkurtso-prozesutan.

3. Alderdi betearazlearen kreditua bermatzen duen hipoteka ezerezteko, eta, kasuan-kasuan, geroagoko inskripzioak eta idatzoharrak ezerezteko, manamendua luzatzen denean, manamendu horrek, 674. artikuluan xedatutakoaz gain, adieraziko du 689. artikuluan aipatu jakinarazpenak egin direla.

693. artikulua.

Epe desberdinetan ordaindu beharreko kapitalaren zati bat edo korrituen zati bat erreklamatzea. Epekako zorren muga-eguneratze aurreratua

1. Kapitulu honetan xedatutakoa aplikatuko da, kredituaren kapitala edo korrituak zati batez ordaintzen ez direnean, baldin eta kapital hori edo korritu horiek epe desberdinetan ordaindu behar badira, eta horietako bat zordunak bere betebeharra bete gabe muga-eguneratu bada, betiere hizpaketa hori Erregistroan inskribatu denean.

Kapitalaren edo korrituen eperen bat ordain dadin, ondasun hipotekatua besterentzea beharrezkoa bada, eta oraindik betebeharraren epe batzuk muga-eguneratzeko badaude, orduan salmenta gauzatuko da, eta finka erosleari transferituko zaio, ordaindu gabeko kredituaren zatiari dagokion hipoteka eta guzti.

2. Kapitalaren eta korrituen ondorioz zor den guztia erreklama daiteke, baldin eta, eperen bat ordaintzen ez den kasuetarako, erabateko muga-eguneratzea hitzartu eta hitzarmen hori erregistroan inskribatu bada.

3. Aurreko paragrafoak aipatu kasuan, zordundutako guztiaren ondorioz betearazpena agindu arren, hartzekodunak eska dezake zordunari komunikatzea, enkantea egiteko ezarri eguna arteko epea duela, ondasuna askatu ahal izateko. Zordunak ondasuna aska dezan, zainpean jarri beharko du demanda aurkeztean betebehar nagusiaren eta korrituen ondorioz muga-eguneratuta dagoen kopuru zehatza, eta, kasuan-kasuan, kopuru horri gehitu beharko dizkio prozedurak iraun bitartean sortu eta oso-osorik edo zati batez ordaindu gabe dauden mailegu muga-eguneratuak eta atzerapen-korrituak.

Ondore horietarako, hartzekodunak eska dezake 578. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoa betetzea.

Hipotekatutako ondasuna familia-etxebizitza bada, zordunak, behingoz, eta hartzekodunaren adostasunik izan ez arren, ondasuna askatu ahal izango du, aurreko lerrokadan aipatu kopuruak zainpean jarriz.

Zordunak ordainketa egiten badu aurreko paragrafoan ezarri baldintzetan, kostuak likidatuko dira, eta, kostuak ordaindu ostean, auzitegiak probidentzia emango du, prozedura amaitu dela adieraziz.

Gauza bera aginduko da, ordainketa hirugarren batek egiten duenean, alderdi betearazlearen adostasunarekin.

694. artikulua.

Bahitutako ondasunak diru bihurtzea

1. Bahitutako ondasunen gordailua eratu ondoren, ondasunok diru bihurtuko dira, lege honetan premiamendu-prozedurarako ezarritakoaren arabera.

2. Bahitutako ondasunak ez badira titulu honen IV. kapituluko 1. atalean aipatutakoak, enkantea iragartzea aginduko da, lege honen 645. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

Ondasunen enkanterako balioa izango da bahia eratzeko eskrituran edo polizan ezarritakoa; eta, bertan baliorik ezarri ez bada, ondasunen balioa izango da erreklamazio nagusiaren, korrituen eta kostuen zenbateko osoa.

695. artikulua.

Betearazpenaren aurka jartzea

1. Kapitulu honek aipatu prozesuetan, alderdi exekutatuaren aurka-jartzea onartuko da, soil-soilik, horren arrazoiak hurrengoak direnean:

1.) Bermea edo bermatutako betebeharra azkentzea, baldin eta Erregistroko ziurtagiria aurkezten bada, bertan hipotekaren ezereztea, edo, hala denean, edukitzaren lekualdaketarik gabeko bahiaren ezereztea jasota, edo ordainagiriaren nahiz bermea ezereztu izanaren eskritura publikoa aurkezten bada.

2.) Eskatu beharreko kopurua zehaztean okerra izatea, baldin eta bermatutako zorra bada alderdi betearazlearen eta alderdi exekutatuaren arteko kontu bat ixtean dagoen saldoa.

Alderdi exekutatuak kontuaren idazkunak jasotzen dituen libretaren alea ekarri beharko du, eta aurka-jartzea onartuko da, soil-soilik, bat ez datozenean libreta horrek jasotako saldoa eta alderdi betearazleak aurkeztutako libretaren alean jasotakoa.

Ez dago zertan libretarik ekarri, baldin eta, kreditu-, aurrezki- edo finantzaketa- erakundeek merkataritza-kontratuak eman badituzte eta kontratu horiek eratorritako kontu-korronteak edo antzeko eragiketak ixtearen ondoriozko saldoaren gainekoa bada prozedura, betiere kontratuotan adostu denean betearazpen-kasuan eskatu beharreko kopurua erakunde hartzekodunak luzatu ziurtagirian jasotakoa izango dela. Halere, alderdi exekutatuak behar besteko zehaztasunarekin adierazi beharko du zein aldetan ez datorren bat erakundeak egindako likidazioarekin.

3.) Ondasun higigarri hipotekatuak edo edukitzaren lekualdaketarik gabeko bahia duten ondasunak betearazi behar direnean, ondasunok prozedura eragin duen karga baino lehenagoko bahiari, hipoteka higigarri nahiz higiezinari edo enbargoari lotuta egotea; lotura hori kasuan kasuko erregistro-ziurtagiriarekin egiaztatu behar da.

2. Aurreko paragrafoan aipatu aurka- jartzea aurkeztu ondoren, betearazpena eten egingo da.

Auzitegiak, probidentzia bitartez, alderdiak agerraldira deituko ditu, lau egunetako tartea izan behar dela zitazioa egin denetik. Halakoetan, auzitegiak alderdiak entzungo ditu, aurkeztutako agiriak onartuko ditu, eta auto bitartez bi egunetan bidezkoa dena aginduko du.

3. Autoak on irizten dionean artikulu honen 1. paragrafoko 1 eta 3. arrazoietan oinarritutako aurka-jartzeari, betearazpena largestea aginduko du; 2. arrazoian oinarritutako aurka-jartzeari on irizten dion autoak betearazpenaren kopurua ezarriko du.

4. Betearazpena largestea zein autok agindu eta horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.

Kasu horretatik at, ezin zaie errekurtsorik jarri artikulu honetan aipatu aurka-jartzea ebazten duten autoei.

696. artikulua.

Jabari-hirugarrengotzak

1. Kapitulu honetan araututako prozeduretan, jabari-hirugarrengotza onar dadin, demandarekin batera jabetza-titulua ekarri behar da; jabetza-titulu horren data fede-emailea bermea eratu baino lehenagokoa izan behar da.

Ondasunen jabaria erregistroan inskriba badaiteke, titulu hori hirugarrengotza duenaren edo beraren kausatzailearen mesederako egon behar da inskribatuta, eta inskripzio horren data bermearen inskripzioarena baino lehenagokoa izan behar da. Lehentasun hori egiaztatuko da, hirugarrengotza duenaren edo beraren kausatzailearen titulua inskribatuta dagoela jasotzen duen erregistro-ziurtagiriaren bidez, eta kasuan kasuko jabari- idazkuna erregistroan azkendu edo ezereztu gabe dagoela jasotzen duen ziurtagiriaren bidez.

2. Hirugarrengotzaren demanda onartzean, hirugarrengotzak ukitu ondasunen betearazpena eten egingo da; eta, ondasunok bermatutakoaren zati bat besterik ez badira, prozedurak aurrera egingo du, gainerako ondasunei dagokienez, hartzekodunak hala eskatu badu.

697. artikulua.

Betearazpenaren etendura, zigor-arloko epaitu aurrekotasunarengatik

Aurreko bi artikuluek aipatu kasuetatik at, kapitulu honek aipatu prozedurak eten egingo dira, bakarrik, zigor-arloko epaitu aurrekotasunaren ondorioz. Hori gertatuko da, lege honen 569. artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatzen bada auzi kriminala dagoela delitu-itxurako egitateetatik edozeinen inguruan, eta egitate horrek dakarrela tituluaren faltsutasuna edo betearazpen-aginduaren baliogabetasuna nahiz ez-zilegitasuna.

698. artikulua.

Aurreko artikuluetan jaso gabeko erreklamazioak

1. Zordunak, hirugarren edukitzaileak eta interesdun orok aurkez ditzaketen erreklamazioetatik, betiere aurreko artikuluetan jasotakoa ez denean, kasuan kasuko epaiketan aztertu eta ebatziko da, kapitulu honetan ezarritako prozedura inoiz eten edo oztopatu gabe. Erreklamazio horien artean daude, halaber, tituluaren deuseztasunari edo zorraren muga-eguneratze, egiazkotasun, azkentze eta zenbatekoari buruzkoak.

Prozesu honen gaineko eskumena zehaztuko da, erregela arrunten bitartez.

2. Aurreko paragrafoan aipatu erreklamazioa aurkeztean edo erreklamazio horren ondoriozko epaiketan, eman beharreko epaiaren eragingarritasuna aseguratzea eska daiteke, kapitulu honetan araututako prozeduraren bidez hartzekodunari zein kopuru eman behar eta hori oso-osorik edo zati batez atxikiz.

Auzitegiak, probidentzia bitartez, atxikitze hori aginduko du, aurkeztutako agiriak aztertu ondoren.

Atxikitzea eskatu duenak kaudimen agerikorik eta nahikorik ez badu, auzitegiak aurretiazko eta behar besteko bermea galdatu beharko dio, atzeratze-korrituei eta hartzekodunak izan ditzakeen kalte-galeretatik beste edozeinen medeapenari aurre egiteko.

3. Hartzekodunak auzitegiak agindutakoari men egiten badio, eta, lehenengo paragrafoan aipatu epaiketaren ondoreetarako, atxikitzea bermatzen badu, auzitegiak agindu kopuruan, atxikitzea desegingo da.

V. TITULUA

DIRUZKOA EZ DEN BETEARAZPENA

LEHENENGO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

699. artikulua.

Betearazpena agintzea

Titulu betearazleak jasotzen badu zerbait egiteko, ez egiteko edo diru-kopurua ez den gauza emateko kondena nahiz betebeharra, orduan, betearazpena agintzeko autoan, alderdi exekutatuari agindeia egingo zaio, titulu betearazleak ezarritakoa behar bezala betetzeko, auzitegiak horretarako egokitzat jo epean.

Agindeian, auzitegiak ohartarazpena egin diezaioke alderdi exekutatuari, horretarako banakako premiamenduak edo diruzko isunak erabiliz.

700. artikulua.

Berme gisa egindako enbargoa eta ordezko kauzioa

Zerbait egiteko, ez egiteko edo dirukopurua ez den gauza emateko agindeia egin eta hori ezin bada zuzenean bete, auzitegiak berme-neurri egokiak agin ditzake alderdi betearazleak hala eskatuta kondena eragingarria izan dadin.

Alderdi betearazleak hala eskatzen badu, alderdi exekutatuaren ondasunak enbargatzea aginduko da beti, kasuan-kasuan ordezko kalte-ordainak eta betearazpenaren kostuak ordainduko direla ziurtatzeko.

Enbargoa desegingo da, alderdi exekutatuak behar besteko kauzioa ematen badu, 529. artikuluaren 3. paragrafoko 2. lerrokadan xedatu moduetatik edozeinetan. Auzitegiak, enbargoa agintzean, kauzio horren zenbatekoa ezarriko du.

II. KAPITULUA

Gauzak emateko eginbeharren ondoriozko betearazpena

701. artikulua.

Gauza higigarri zehatza ematea

1. Titulu betearazleak ondorioztatzen badu egiazkoa eta zehatza den gauza higigarria emateko eginbeharra, eta alderdi exekutatuak ez badu gauza hori ematen horretarako ezarri zaion epean, auzitegiak alderdi betearazleari emango dio zordundutako gauzaren edukitza. Horretarako, auzitegiak behar besteko premiamenduak erabiliko ditu, toki itxietan sartzea aginduko du, eta, hala behar izanez gero, indar publikoaren laguntza izango du.

Ondasun higiezinen antzeko erregistro- publizitatearen araubidea duten ondasun higigarriei dagokienez, egoki dena ezarriko da, kasuan kasuko erregistroa titulu betearazlearekin bat etor dadin.

2. Gauza non dagoen jakiterik ez badago, edo berori egon beharreko tokian bilatu ondoren, aurkitzen ez bada, auzitegiak, desobedientzian erortzeko ohartarazpena eginda, alderdi exekutatuari edo hirugarrenei itaunduko die, gauza eurek duten ala ez, eta ea dakiten hori non dagoen.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera jardun ondoren, gauza ezin izan bada aurkitu, auzitegiak probidentzia bitartez aginduko du, alderdi betearazleak hala eskatuta, diruzko konpentsazio zuzena ematea, zor den gauzaren edo zor diren gauzen ordez; konpentsazio hori 712. artikuluaren eta ondorengoen arabera ezarriko da.

702. artikulua.

Gauza generikoak edo zehaztugabeak ematea

1. Titulu betearazleak aipatzen badu merkatuetan eskura daitezkeen gauza generikoak edo zehaztugabeak ematea, eta, epea igaro ondoren, agindeia betetzen ez bada, alderdi betearazleak eska dezake zor zaizkion gauzen edukitza berari ematea edo gauzok alderdi exekutatuaren kontura eskuratzeko bera ahalduntzea; aldi berean, alderdi betearazleak eskuraketa ordaintzeko beste ondasun enbargatzea aginduko du, eta, gerogarrenean, eskuraketa horren kontu- arrazoiak emango ditu.

2. Alderdi betearazleak adierazten badu, aurreko paragrafoaren ariora, gauza generikoak edo zehaztugabeak berandu eskuratzearen ondorioz, jadanik eskuraketa horrek ez duela bere interes legitimoa asetzen, orduan auzitegiak, probidentzia bitartez, eskuraketa horren diruzko baliokidea zehaztuko du, alderdi betearazleari sortu ahal izan zaizkion kalte-galerak ere kontuan hartuz; kalte-galera horiek 712. artikuluaren eta ondorengoen arabera likidatuko dira.

703. artikulua.

Ondasun higiezinak ematea

1. Tituluak ondasun higiezina eskualdatzea edo ematea xedatzen badu, auzitegiak berehala aginduko du kondenaren edukiaren arabera bidezkoa dena, eta, hala denean, beharrezkoa dena xedatuko du, erregistroa titulu betearazlearekin bat etor dadin.

Eman beharreko ondasun higiezinean tituluaren objektu ez diren gauzak egonez gero, auzitegiak agindeia egingo dio alderdi exekutatuari, ezarri epean gauzok ken ditzan. Alderdi exekutatuak ondasunok kentzen ez baditu, horiek bertan behera utzitako ondasuntzat joko dira ondore guztietarako.

2. Botatze-ekitaldian, finkatik irten behar duenak erreibindikatzen badu banandu ezin diren gauzen titulartasuna, eta gauzok ondasun higiezinaren erabilera arrunterako ezinbesteko landaketak edo instalazioak badira, orduan betearazpenean ebatziko da ondasunon balioa ordaintzeko betebeharra, interesdunek hori eskatzen badute, irtenaraztea gertatu eta bost egunetako epean.

3. Botatzean agerrarazten bada alderdi exekutatuak edo okupatzaileek kalteak eragin dituztela ondasun higiezinean jasoz gero, balizko erantzulearen behar beste ondasun atxikitzea eta gordailutzea erabaki daiteke, sortutako kalte-galerei aurre egiteko; kasuan- kasuan, kalte-galerok likidatuko dira, alderdi betearazleak hala eskatuta, 712. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera.

4. Maizterra botatzeko zehaztu den data baino lehenago, titulua bada errentatzaileari zordundutako kopuruen edo errentak ez ordaintzearen ondorioz hirifinkatik maizter-botzatzeko epaiketan emandako epaia, autoa emango da, epaia betearazi dela adieraziz eta eginbidea ezereztuz. Horretarako, zehaztu maizter-botatzearen data baino lehenago, demandatzaileari benetako edukitza eman beharko zaio, eta errentatzaileak auzitegian hori egiaztatu beharko du. Horrek ez dio kalterik egingo demandatzaileak eginbide horren iraunaraztea eskatzeari, finkaren egoerari buruzko akta jaso dadin.

704. artikulua.

Eman beharreko ondasun higiezinen okupatzaileak

1. Ondasun higiezinaren gaineko edukitza eman behar bada eta ondasun higiezin hori alderdi exekutatuaren edo horren mende daudenen ohiko etxebizitza bada, subjektu horiei hilabeteko epea emango zaie bertatik irteteko.

Oinarrizko zioa izanez gero, epe hori beste hil bat luza daiteke.

Aipatu epeak igaro ondoren, berehala ekingo zaio botatzeari. Hasierako ebazpenean edo luzapena agindu duen ebazpenean, botatzearen data ezarriko da.

2. Titulu betearazleak zein ondasun higiezin ematera behartu eta hori okupatzen badute alderdi exekutatuaz nahiz berarekin ondasun higiezinaren erabilera duten horiez besteko gizabanakoek, auzitegiak betearazpena agindu dela edo hori erabakitzeko dagoela jakinaraziko die horiei, hamar eguneko epean, euren egoera egiaztatzeko tituluak aurkez diezazkioten. Auzitegiak pertsona horiei jakinarazpena egingo die, horiek ondasun higiezinean daudela jakin bezain laster.

Alderdi betearazleak auzitegiari eska diezaioke egitate hutseko okupatzaileak edo behar besteko titulurik ez dutenak botatzea.

Eskaera hori helaraziko zaie alderdi betearazleak izendatu pertsonei, eta jardunak aurrera egingo du, 675. artikuluko 3 eta 4. paragrafoetan ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA

Zerbait egiteko eta ez egiteko betebeharrak betearaztea

705. artikulua.

Agindeia, eta epea zehaztea

Titulu betearazleak zerbait egitera behartzen badu, auzitegiak zordunari aginduko dio ezarri epean hori egiteko, egitekoaren izaera eta inguruabarrak kontuan hartuta.

706. artikulua.

Bere-berezkoa ez dena egiteko kondena

1. Titulu betearazleak agindutako egitekoa bere-berezkoa ez bada eta alderdi exekutatuak ez badu hori gauzatzen, auzitegiak ezarri epean, orduan alderdi betearazleak eska dezake egitekoa hirugarren bati enkargatu ahal izatea, alderdi exekutatuaren kontura, edo, bestela, kalte-galeren medeapena erreklama dezake.

Tituluak esanbidezko xedapena jaso badu zordunaren ez-betetzea gertatzen denerako, tituluan ezarritakoa hartuko da kontuan, eta alderdi betearazleak ezin izango du aukeratu hirugarrenak egitekoa betetzea ala medeapena jasotzea.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera, alderdi betearazleak aukeratzen badu egitekoa hirugarren bati enkargatzea, lehendabizi, auzitegiak izendatu aditu-tasatzaileak baloratuko du egiteko horren kostua, eta, alderdi exekutatuak gordailutu ezean auzitegiak probidentzia bitartez onetsi kopurua, edo ordainketaren fidantza eman ezean, ondasunak berehala enbargatu eta nahitaez diru bihurtuko dira, beharrezko zenbatekoa lortu arte.

Alderdi betearazleak kalte-galeren medeapena aukeratzen badu, kalte-galerok zenbatuko dira, 712. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera.

707. artikulua.

Epaia komunikabideetan argitaratzea

Epaiak agintzen badu bere edukia, osorik edo zati batez, komunikabideetan argitaratzea edo zabaltzea, prozesuan zein alderdi galtzaile izan eta horren kontura, betearazpena agin daiteke, erabaki horren eragingarritasuna lortzeko. Halakoetan, alderdi exekutatuari aginduko zaio iragarki egokiak kontratatzea.

Ezarritako epean alderdi exekutatuak ez badu agindeia betetzen, alderdi betearazleak publizitatea kontrata dezake; baina aurretiaz beharrezko dirua lortu behar du alderdi exekutatuaren ondaretik, aurreko artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

708. artikulua.

Borondate-adierazpena egiteko kondena

1. Ebazpen judizialak edo tartekaritza- ebazpen irmoak borondate-adierazpena egitera kondenatu, eta, 548. artikuluan ezarri hogei eguneko epea igaro ondoren, alderdi exekutatuak ez badu borondate-adierazpenik egiten, auzitegiak, auto bitartez, egindakotzat joko du hori, betiere negozioaren oinarrizko osagaiak aurretik zehaztuta daudenean.

Borondate- adierazpena egin ondoren, alderdi betearazleak eska dezake, autoaren lekukotzarekin, manamendua luzatzea, borondate-adierazpenaren edukiarekin eta objektuarekin bat datorren erregistroan edo erregistroetan, adierazpen horren idatzoharra edo inskripzioa egin dadin.

Aurrekoak ez dio kalterik egingo egintza eta negozio juridikoen formaren inguruan eta horiek agirietan jasotzearen inguruan arau zibilek eta merkataritzako arauek ezarritakoari.

2. Aurreko paragrafoaren kasuetan, aurretiaz ez badaude zehaztuta borondate- adierazpenak ukitu behar duen negozio edo kontratuaren osagai ez-oinarrizkoak, orduan auzitegiak, alderdiak entzun ondoren, osagaiok zehaztuko ditu, borondate-adierazpena egindakotzat jotzen duen ebazpenean, merkatuan edo trafiko juridikoan egin ohi denaren arabera.

Zehaztugabetasunak eragina badu borondate-adierazpenak ukitu behar duen negozio edo kontratuaren oinarrizko osagaietan, eta kondenatuak ez badu borondate-adierazpen hori egiten, betearazpena gauzatuko da alderdi betearazleari eragindako kalte-galeren ondorioz. Kalte-galerok 712. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera likidatuko dira.

709. artikulua.

Bere-berezkoa egiteko kondena

1. Titulu betearazlea bere-berezko egitekoari buruzkoa bada, orduan, 699. artikuluan aipatu agindeia betetzeko epean, alderdi exekutatuak auzitegiari adieraz diezazkioke tituluan xedatutakoa ez egiteko arrazoiak, eta egokitzat jotzen duena alega dezake, zordundutako prestazioa bere-berezkoa izateari edo ez izateari buruz.

Epe hori igaro ondoren, alderdi exekutatuak ez badu prestaziorik egin, alderdi betearazleak eska dezake, betearazpenak aurrera eginez, zerbait egiteko prestazioaren diruzko baliokidea jasotzea ala alderdi exekutatuari isuna ordaintzeko premiamendua egitea, egitekoa gauzatzeko epea noiz amaitu eta hortik egitekoa gauzatu gabe igaro hil bakoitzeko.

Auzitegiak auto bitartez bidezkoa dena ebatziko du, eta alderdi betearazleak eskatutakoa onartuko du, auzitegiak uste izanez gero, kondenaren objektu den prestazioak bere-berezko egitekoaren ezaugarri bereziak dituela.

Bestelako kasuetan, auzitegiak betearazpenak aurrera egitea aginduko du, 706. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Zor den prestazioaren diruzko baliokidea lortzeko, betearazpenak aurrera egitea agintzen bada, ebazpen berean isun bakarra ezarriko zaio alderdi exekutatuari, 711. artikuluan xedatutakoa aintzat hartuz.

3. Alderdi exekutatuari hileko isunak ordaindu behar dituelako premiamendua eginez gero, agindeiak hiru hilabetero errepikatuko dira, lehenengo agindeia egin zenetik urtebete igaro arte.

Urtea igaro ondoren, alderdi exekutatuak tituluan xedatutakoa egiteari ezezkoa ematen badio, betearazpenak aurrera egingo du, alderdi betearazleari prestazioaren diruzko baliokidea emateko edo alderdi betearazlea asetzeko egoki diren neurrietatik edozein hartzeko. Auzitegiak neurriok har ditzake, alderdi betearazleak hala eskatuta eta alderdi exekutatuak esan beharrekoa entzun ondoren.

4. Artikulu honen aurreko paragrafoetako xedapenak ez dira aplikatuko, titulu betearazleak esanbidezko xedapena jasotzen badu zordunaren ez-betetzea dagoenerako.

Kasu horretan, titulu betearazlean xedatutakoa hartuko da kontuan.

710. artikulua.

Zerbait ez egiteko kondenak

1. Zerbait ez egitera nor kondenatua izan eta horrek ez badu epaia betetzen, agindeia egingo zaio, alderdi betearazleak hala eskatuta, ahal bada gaizki egindakoa desegin dezan, eragindako kalte-ordainak ordain ditzan, eta, hala denean, epaia ostera ere bete gabe utz ez dezan. Halaber, ohartaraziko zaio agintaritza judizialari desobeditzearen ondoriozko delitua egin dezakeela.

Gauza bera egingo da, kondenatuak kondena betetzen ez duen bakoitzean, eta, gaizki egindakoa desegin dezan, auzitegiak mehatxatuko du isunak ezartzearekin, gaizki egindakoa desegin gabe igaro hil bakoitzeko.

2. Zerbait ez egiteko kondenaren izaera kontuan hartuz, ezin bada berriro bete, bete gabe utzi den kondena, eta gaizki egindakoa ere ezin bada desegin, betearazpena gauzatuko da, alderdi betearazleari eragin zaizkion kalte-galerak medeatzeko.

711. artikulua.

Isun hertsagarrien zenbatekoa

1. Aurreko artikuluetan ezarri isunen zenbatekoa zehazteko, auzitegiak, probidentzia bitartez, kontuan hartuko du titulu betearazlean bere-berezko egitekoari ezarritako prezioa edo kontraprestazioa. Prezioa edo kontraprestazioa titulu betearazlean jasotzen ez bada edo gaizki egindakoa desegin nahi bada, auzitegiak kontuan hartuko du, jokabide horiek merkatuan duten diruzko kostua.

Hileko isunak prezio edo balioaren %20 izan daitezke, eta isun bakarra, prezio edo balio horren %50.

2. Hala ere, kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes kolektiboak eta zehaztugabeak babesteko bukarazte-akzioari on irizten dion epaiak aginduko du seiehun euro eta hirurogei mila euro arteko isuna, epaian ebazpen judiziala betearazteko zein epe adierazi eta horretan atzeratu egun bakoitzeko, sortutako kaltearen izaera, eta garrantziaren eta kondenatuaren ahalbide ekonomikoaren arabera.

Isun hori Altxor Publikoan sartu beharko da.

IV. KAPITULUA

Kalte-galerak, fruituak eta errentak likidatzea, eta kontu-arrazoiak ematea

712. artikulua.

Prozeduraren aplikazio-eremua

Hurrengo artikuluek agindutakoaren arabera jardungo da, baldin eta, lege honekin bat, nahitaezko betearazpenean diruzkoa ez den prestazioaren diruzko baliokidea zehaztu behar bada, edo, kalte- galerak, fruituak, errentak, onurak nahiz edozein motatako ekoizkinak direla bide, zordundutako kopurua zehaztu behar bada, edo administrazioarengatik kontu-arrazoiak eman eta horren saldoa zehaztu behar bada.

713. artikulua.

Likidatzeko eskaera, eta kalte-galeren zerrenda aurkeztea

1. Kalte-galerak jasan dituenak aurkeztu behar du, epaiketan kalte-galerok zehazteko eskabide ziodunarekin batera, kalte-galeron balorazioa jasotzen duen zerrenda xehea; horrez gain, beraren ustez egoki diren irizpenak eta agiriak ekar ditzake.

2. Idazkia, kalte-galeren zerrenda eta gainerako agiriak helaraziko zaizkio kalte-galerok ordaindu behar dituenari, hamar eguneko epean, egokitzat jotzen duena erantzun dezan.

714. artikulua.

Zorduna kalte-galeren zerrendarekin ados egotea

1. Zorduna kalte-galeren zerrendarekin eta horren zenbatekoarekin ados badago, auzitegiak errekurtsorik izango ez duen probidentzia bitartez onetsiko du zerrenda, eta adostutako zenbatekoa diru bihurtuko da, 571. artikuluan eta ondorengoetan diruzko betearazpenari buruz ezarritakoaren arabera.

2. Ulertuko da alderdi betearazleak alegatutako egitateekin ados dagoela zorduna, baldin eta hamar eguneko epea igarotzen utzi eta zordun horrek ezer esaten ez badu, edo kalte-galerak oro har ukatzen baditu, hartzekodunak aurkeztu zerrendatik batera ez datozen aldeak zehaztu gabe, eta bat ez etortzearen arrazoiak eta norainokoa adierazi gabe.

715. artikulua.

Zordunaren aurkajartzea

Legezko epean, zorduna, arrazoiak emanez, auzi-jartzailearen eskaeraren aurka jartzen bada, kalte-galeren kopuruei dagokienez edo diruzko balorazioari dagokionez, kalte-galeren likidazioa gauzatuko da, 441. artikuluan eta ondorengoetan hitzezko epaiketetarako ezarri izapideen bitartez. Halere, auzitegiak, alderdiak hala eskatuta edo ofizioz, beharrezkotzat jotzen badu, probidentzia bitartez aditua izenda dezake, horrek kalteak benetan sortu diren erabaki eta kalteon diruzko balorazioari buruzko irizpena eman dezan.

Kasu horretan, auzitegiak zehaztuko du adituak irizpena emateko eta irizpen hori epaitegian uzteko epea. Ahozko ikustaldia ez da egingo, irizpena alderdiei zein egunetan helarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hamar egun igaro arte.

716. artikulua.

Kopuru zehatza finkatzeko autoa

Ikustaldia egin eta hurrengo bost egunetan, auzitegiak bidezkotzat jotzen duen ebazpena emango du auto bitartez. Ebazpenean zehaztuko du kalte- galeren ondorioz hartzekodunari ordaindu beharreko kopurua.

Auto horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, errekurtso horrek ez du ondore etengarririk, eta kostuak ezartzeko esanbidezko adierazpena jaso behar du, lege honen 394. artikuluan xedatutakoaren arabera.

717. artikulua.

Diruzkoa ez den prestazioaren diruzko baliokidea zehazteko eskaera

Diru-kopurua ematea ez den prestazioaren diruzko baliokidea zehaztea eskatuz gero, prestazio horren diruzko balioespenak adieraziko dira, baita horien oinarri diren arrazoiak ere. Gainera, eskatzaileak ekarriko ditu eskaera oinarritzeko egokitzat jotzen dituen agiriak. Eskaera zordunari helaraziko zaio, horrek hamar eguneko epean egokitzat jotzen duena erantzun dezan.

Eskabidea gauzatu eta ebatziko da, kalte-galerak likidatzeko 714. artikulutik 716.erakoetan ezarritakoari helduta.

718. artikulua.

Fruituak eta errentak likidatzea. Eskaera, eta zordunari agindeia egitea

Fruituak, errentak, onurak nahiz edozein motatako ekoizkinak direla-bide zordundutako kopurua zehaztea eskatuz gero, auzitegiak, probidentzia bitartez, zordunari agindeia egingo dio, horrek likidazioa aurkez dezan, kasuan kasuko inguruabarren arabera ezarri epean, eta, hala denean, tituluak ezarri oinarriak kontuan hartuta.

719. artikulua.

Hartzekodunak aurkeztutako likidazioa eta likidazio hori zordunari helaraztea

1. Zordunak aurkezten badu aurreko artikuluan aipatu fruituen, errenten, onuren nahiz edozein motatako ekoizkinen likidazioa, likidazio hori hartzekodunari helaraziko zaio, eta, hartzekoduna horrekin bat etorriz gero, likidazioa onetsiko da, errekurtsorik jartzeko aukerarik gabe; adostutako zenbatekoa diru bihurtuko da, 571. artikuluan eta ondorengoetan diruzko betearazpenari buruz ezarritakoaren arabera.

Hartzekoduna ez badago likidazioarekin ados, likidazioa gauzatuko da, lege honen 715. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Ezarri epean zordunak ez badu aurreko paragrafoan aipatutako likidaziorik aurkezten, hartzekodunari agindeia egingo zaio, bidezkotzat jotzen duen likidazioa aurkez dezan, eta likidazio hori alderdi exekutatuari helaraziko zaio. Jardunak aurrera egingo du 714. artikulutik 716.erakoetan ezarritakoaren arabera.

720. artikulua.

Administrazioaren ondorioz kontu-arrazoiak ematea

718 eta 719. artikuluetako xedapenak aplikatuko dira, titulu betearazlea bada administrazioaren ondorioz kontu- arrazoiak eta horien saldoa emateko eginbeharrari buruzkoa. Halere, auzitegiak, probidentzia bitartez, epeak luza ditzake, auziaren garrantzia eta konplexutasuna kontuan hartuta, eta hori beharrezkotzat joz gero.

VI. TITULUA

KAUTELA-NEURRIAK

LEHENENGO KAPITULUA

Kautela-neurriak: xedapen orokorrak

721. artikulua.

Alderdiak hala eskatu beharra

1. Auzi-jartzaile orok, nagusiak nahiz errekonbentzio bidezkoak, auzitegiari eska diezaioke, bere erantzukizunpean eta titulu honetan xedatutakoarekin bat, beharrezkotzat jotzen dituen kautela-neurriak hartzea, kasuan kasuko uziari epaiak on iritzi eta epai horrek eman dezakeen babes judizialaren eragingarritasuna ziurtatzeko.

2. Auzitegiak ezin ditu inoiz ofizioz agindu titulu honetan ezarri kautela-neurriak, prozesu berezietarako xedatutakoari kalterik egin gabe.

Halaber, auzitegiak ezin ditu hartu eskatutako neurriak baino astunagoak direnak.

722. artikulua.

Kautela-neurriak, tartekaritza-prozeduran eta atzerriko auzietan

Auzitegiari kautela-neurriak eska diezazkioke Espainian ebazteke dagoen tartekaritza-prozesuan alderdi dela, edo, hala denean, Tartekaritza Legearen 38. artikuluan aipatu formalizazio judiziala eskatu duela egiaztatzen duenak; orobat, erakunde-tartekaritzari dagokionez, kasuan kasuko erakundeari beraren erregelamenduaren araberako eskabide edo enkargu egokia aurkeztu diola egiaztatzen duenak ere.

Halaber, aplikatu beharreko itun eta hitzarmenen arabera, atzerrian gauzatu jurisdikzio- edo tartekaritza-prozesuko alderdi dela egiaztatzen duenak Espainiako auzitegiari eska diezaioke kautela-neurriak hartzea, Espainiako auzitegiei soil-soilean ez badagokie auzi nagusiaren gaineko eskumena.

723. artikulua.

Eskumena

1. Kautela-neurrien inguruko eskabideei dagokienez, lehen auzialdian auziaren gaineko ardura duen auzitegia da eskuduna, edo, prozesua ez bada hasi, demanda nagusiaren gaineko ardura duen auzitegia.

2. Bigarren auzialdia gauzatzean edo prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia nahiz kasazio- errekurtsoa gauzatzean, kautela-neurrien inguruan zein eskabide aurkeztu eta eskabide horiek aztertzeko eskuduna da bigarren auzialdiaren edo errekurtso horien gaineko ardura duen auzitegia.

724. artikulua.

Eskumena, kasu berezietan

Kautela-neurriak eskatzen badira tartekaritza-prozesua edo tartekaritzaren formalizazio judiziala amaitzeko dagoela, auzitegi eskuduna izango da laudoa betearazi behar den tokikoa, eta, halakorik izan ezean, kautela-neurriek eragingarritasuna izan behar duten tokikoa.

Gauza bera beteko da, prozesua atzerriko auzitegian gauzatzean, itunetan ezarritakoa gorabehera.

725. artikulua.

Eskumena ofizioz aztertzea. Kautela-neurriak aurreneurri moduan hartzea

1. Kautela-neurriak demanda baino lehenago eskatzen badira, ez da onartuko lurralde-eskumenik eza oinarritzat duen deklinatoriarik; dena dela, auzitegiak ofizioz aztertuko ditu bere jurisdikzioa, eskumen objektiboa eta lurralde-eskumena.

Fiskaltza eta kautela-neurriak eskatu dituena entzun ondoren, auzitegiak uste badu jurisdikziorik edo eskumen objektiborik ez duela, autoa emango du, auziaren gaineko ardurarik ez duela adieraziz. Horrez gain, auzitegiak alderdiei igorriko die autoa, euron eskubideak egikari ditzaten auziaren gaineko eskumena duen auzitegian, baldin eta abstentzio horren oinarria bada Espainiako auzitegien jurisdikziorik eza.

Gauza bera aginduko da kautela-neurrien eskabidea egiten duenak epaiketa nagusian zer erreklamatu nahi duen aintzat hartu eta horren arabera aplikagarri diren legezko foruak, horiek aginduzkoak izan ala ez, ezin badira izan auzitegiaren lurralde-eskumenaren oinarri.

Halere, legezko foru aplikagarria esku-emailea izanez gero, auzitegiak ez du bere eskumena bertan behera utziko, baldin eta alderdiak esanbidez jarri badira auzitegi horren jurisdikziopean, auzi nagusiari dagokionez.

2. Aurreko paragrafoak aipatu kasuetan, auzitegiak, lurralde-eskumenik ez duela uste izan arren, aurreneurri gisa, presa gehien duten kautela-neurriak agin ditzake, kasuan kasuko inguruabarren arabera hori komeni bada; gerogarrenean, auzitegi eskudunari igorriko dizkio auzi-paperak.

726. artikulua.

Kautela-neurrien ezaugarriak

1. Demandatuaren ondasunei eta eskubideei dagokienez, auzitegiak honako ezaugarri hauek duen jarduna, zuzenekoa nahiz zeharkakoa, agin dezake, kautela-neurri gisa:

1.) Helburua izatea uziari on irizten dion balizko epaian eman daitekeen babes judizialaren eragingarritasuna ahalbidetzea, eta, ondorenez, kasuan kasuko prozesua erabakitzeko dagoen bitartean zein egoera gertatu eta egoera horiek babes judiziala ez eragoztea edo oztopatzea.

2.) Aurreko paragrafoaren ondoreetarako, ezinezkoa izatea jardun horren ordez beste neurri bat hartzea, ordeztutako neurriaren eragingarritasun bera duena, baina demandatuarentzat arinagoa dena edo galera gutxiago dakarrena.

2. Kautela-neurriak aldi baterakoak, behin-behinekoak, baldintzapekoak, aldatzeko modukoak eta desegiteko modukoak dira lege honetan; auzitegiak kautela-neurri gisa agin ditzake prozesuko uziaren antzeko edukia duten aginduak eta debekuak, azkenean emango den epaia aurretik baldintzatu gabe.

727. artikulua.

Kautela-neurri zehatzak

Aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat, besteak beste, honako kautela-neurri hauek agin daitezke:

1.) Ondasunak aurreneurriz enbargatzea. Hori egingo da, diru-kopuruak edo prezio zehatzak aplikatuta, diruz zenba daitezkeen fruituak, errentak eta gauza suntsikorrak ematera zein epaik kondenatu eta horien betearazpena ziurtatzeko.

Aurreko lerrokadako kasuetatik at, aurreneurrizko enbargoa bidezkoa ere izango da, baldin eta, hori neurri egokia izateaz gain, beraren ordez ezin bada hartu eragingarritasun bera edo handiagoa duen eta demandatuarentzat karga gutxiago duen beste neurririk.

2.) Ondasun emankorren gaineko esku-hartzea edo administrazio judiziala, baldin eta kondena-epaia lortu nahi bada ondasunok eman daitezen jabe gisa, gozamendun gisa, nahiz emankortasunari eustean edota hori hobetzean interes legitimoa duen beste edozein bezala, edo, emankortasuna bermatzeak berebiziko interesa badu ezar daitekeen kondenaren eragingarritasunaren gain.

3.) Ondasun higigarria gordailutzea. Hori egingo da, demandan ondasun higigarria ematea eskatzen bada, eta ondasun hori demandatuaren esku badago.

4.) Ondasunen inbentarioak egitea, auzitegiak horretarako xedatu baldintzetan.

5.) Demandaren aurreneurrizko idatzoharra, demanda hori erregistro publikoetan inskriba daitezkeen ondasunei edo eskubideei buruzkoa izanez gero.

6.) Erregistroko beste idatzohar batzuk, erregistroko publizitatea erabilgarri izanez gero, betearazpenaren xede onerako.

7.) Jarduera behin-behinean uzteko agindu judiziala; aldi batez jokabidea ez gauzatzeko agindu judiziala; edo gauzatzen ari den prestazioa geldiarazteko edo uzteko aldi baterako debekua.

8.) Ez-zilegitzat jotzen den jardueraren bidez lortu sarreretan kontu hartzea eta sarrerok gordailutzea; hori egingo da, demandan erreklamatzen bada jarduera hori debekatzea nahiz uztea. Halaber, jabetza intelektuala ordaintzeko kopuruak zainpean uztea edo gordailutzea ere.

9.) Jabetza intelektualaren eta industria- jabetzaren arauak hautsiz zein lan edo objektu ekoitzi eta horien aleak aldi baterako gordailutzea, eta horiek ekoizteko erabilitako materiala gordailutzea.

10.) Aurkaratutako sozietate-erabakiak etetea. Hori egingo da, demandatzaileak edo demandatzaileek sozietate-kapitalaren 100eko 1 edo 5 ordezkatzen badute, demandatutako sozietateak aurkaratze- unean bigarren mailako merkatu ofizialean negozia daitezkeen baloreak jaulki dituen edo ez kontuan hartuta.

11.) Legeek eskubide batzuk babesteko esanbidez ezarri neurriak, edo epaiketan uziari on irizten dion epaian eman daitekeen babes judizialaren eragingarritasuna ziurtatzeko beharrezkotzat jotako neurriak.

728. artikulua.

Prozesuko berandutzaren ondoriozko arriskua. Eskubide onaren itxura. Kauzioa

1. Kautela-neurriak har daitezen, nahitaezkoa da neurriok nork eskatu eta horrek egiaztatzea, kasuan-kasuan, eskatu neurriak hartu ezean, prozesua erabakitzeko dagoen bitartean uziari on irizten dion epaian eman daitekeen babesaren eragingarritasuna eragotzi nahiz oztopatzen duten egoerak sor daitezkeela.

Ez da kautela-neurririk hartuko, horien bidez aldatu nahi badira eskatzaileak luzaroan onartu dituen egitezko egoerak, salbu eta eskatzaile horrek behar bezala egiaztatzen duenean ordu arte neurriok ez eskatzeko arrazoiak.

2. Halaber, kautela-neurriak nork eskatu eta horrek aurkeztu behar ditu datuak, argudioak eta agiri bidezko egiaztapenak, horiek auzitegia bidera dezaten eskatzailearen uziak duen oinarriari behin-behinekoa eta zantzuen araberakoa den aldeko epaiketa ematera, betiere auziaren edukia aurretik epaitu gabe.

Agiri bitarteko egiaztatzerik izan ezean, eskatzaileak beste bide batzuk erabil ditzake, hori lortzeko.

3. Esanbidez besterik xedatu ezean, behar besteko kauzioa eman behar du kautela-neurria eskatu duenak; hori egingo du, kautela-neurria hartzeagatik demandatuaren ondareari sor dakizkiokeen kalte-galerei, azkar eta eragingarritasunez, aurre egiteko.

Auzitegiak, kauzioa ezartzeko, aintzat hartuko ditu uziaren izaera eta edukia, eta neurria eskatzeko oinarriaren inguruan aurreko paragrafoaren arabera egin balorazioa.

Aurreko lerrokadan aipatu kauzioa eman daiteke, 529. artikuluaren 3. paragrafoko 2. lerrokadan xedatu moduetatik edozeinetan.

Kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes kolektibo eta zehaztugabeak babesteko bukarazte-akzioa zein prozeduratan egikaritu eta prozedura horietan, auzitegiak kauzioa ematetik salbuets dezake kautela-neurriaren eskatzailea; horretarako, kontuan izango ditu kasuan kasuko inguruabarrak, eta ukitutako interes ezberdinen garrantzi ekonomikoa eta horien gizarte-eragina.

729. artikulua.

Hirugarrengotzak, aurreneurrizko enbargoaren kasuetan

Aurreneurrizko enbargoan jabarihirugarrengotza jar daiteke, baina ez da onartuko eskubide hobeko hirugarrengotzarik. Horrek ez dio kalterik egingo eskubide hobeko hirugarrengotza onartzeari, hori jartzen badu beste prozesu batean zordun berari diru-kopuru bat ematea eskatu dionak.

Aurreneurrizko enbargoa agindu duen auzitegiak du aurreko lerrokadan aipatu hirugarrengotzen gaineko eskumena.

II. KAPITULUA

Kautela-neurriak hartzeko prozedura

730. artikulua.

Kautela-neurriak eskatzeko aldiak

1. Oro har, kautela-neurriak demanda nagusiarekin batera eskatuko dira.

2. Halaber, kautela-neurriak demanda jarri aurretik eska daitezke, baldin eta aldi horretan neurriok eskatu dituenak presa- edo beharrizan-arrazoiak alegatzen eta egiaztatzen baditu.

Kasu horretan, agindu neurriak ondorerik gabe utziko dira, demanda jartzen ez bada, neurrion eskabideari buruzko ardura izan duen auzitegian, neurriok hartu eta hurrengo hogei egunetan.

Auzitegiak auto bitartez eta ofizioz aginduko du gauzatutako betetze- egintzak desegitea edo ezeztatzea; eskatzailea kostuak ordaintzera kondenatuko du; eta eskatzaile hori erantzule egingo du, eskatutako neurriak nork jasan eta horri sortu zaizkion kalte-galerei dagokienez.

3. Aurreko paragrafoan aipatu denbora- osagaia ez da aintzat hartuko, tartekaritzaren edo erakunde-tartekaritzaren formalizazio judiziala dagoenean.

Halakoetan, kautela-neurriari eusteko, nahikoa izango da alderdi onuradunak tartekaritza-prozedura hasteko jardun osoa gauzatzea.

4. Demanda jarri ondoren edo errekurtsoa ebazteke dagoenean, kautela-neurriak hartzea eska daiteke, soilik, eskaera oinarritzen bada une horretan eskabidea egiaztatzen duten egitate eta inguruabarretan.

Eskabide horren izapideak egingo dira, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera.

731. artikulua.

Kautela-neurriak erantsiak izatea. Behin-behineko betearazpena eta kautela-neurriak

1. Ez zaio kautela-neurriari eutsiko, prozesu nagusia bukatzen bada, kondena-epaia edo horren pareko autoa ez den arrazoi bat dela bide. Prozesua kondena-epaiarekin edo horren pareko autoarekin bukatzen bada, ordea, agindu neurriei eutsiko zaie, lege honen 548. artikuluan aipatu epea igaro arte.

Epe hori igaro ondoren, betearazpena eskatzen ez bada, hartu neurriak desegingo dira.

Horrez gain, ezin dakioke kautela-neurriari eutsi, prozesua sei hilabete baino gehiago etenda geratzen bada, neurria eskatu duenari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik.

2. Epaia behin-behinean betearaztea aginduz gero, hartutako kautela-neurriak desegingo dira, horiek betearazpenari lotuta badaude.

732. artikulua.

Kautela-neurriak eskatzea

1. Kautela-neurriak modu argian eta zehaztasunez eskatuko dira. Gainera, bete-betean egiaztatuko da izan badirela neurriok hartzeko legean ezarri baldintzak.

2. Eskabidearekin batera ekarriko dira hori oinarritzeko agiriak; edo beste bide batzuk gauzatzea eskainiko da, kautela-neurriak hartzea baimendu duten baldintzak egiaztatzeko.

Kautela-neurriak eskatzen badira jarduera ez-zilegiak debekatzeko edo bukarazteko demandekin hasitako prozesuetan, auzitegiari proposa dakioke, presaz eta eskabide-idazkia helarazi gabe, txostenak eskatzea edo eskatzaileak ekar nahiz gauza ezin ditzakeen ikerketak agintzea, ikerketok beharrezkoak badira eskabidea ebazteko.

Auzi-jartzaileak froga proposatzeko aukera galduko du, kautela-neurriak eskatzean.

3. Eskaera-idazkian, kauzioa ematea eskaini behar da, eskainitako kauzio- mota edo -motak zehaztuz eta proposatu zenbatekoa egiaztatuz.

733. artikulua.

Demandatua entzutea. Salbuespenak

1. Erregela orokor gisa, auzitegiak ebazpena emango du kautela-neurriak eskatzearen inguruan, demandatua entzun ostean.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, neurriak nork eskatu, eta horrek hala eskatu eta egiaztatu badu presa-arrazoiak daudela edo aurretiaz demandatua entzutearen ondorioz kautela- neurriaren emaitza ona arriskuan jar daitekeela, orduan auzitegiak, besterik gabe eta auto bitartez, kautela-neurria har dezake, bost eguneko epean. Dena dela, auzitegiak banan-banan arrazoitu beharko du, bai zeintzuk izan diren kautela-neurriaren betekizunak badirela, bai kautela-neurria demandatua entzun gabe hartzea eragin duten arrazoiak.

Demandatua entzun gabe kautela-neurriak hartzea zein autok agindu eta horren aurka ezin da errekurtsorik jarri, eta titulu honen III. kapituluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

734. artikulua.

Alderdiak entzuteko ikustaldia

1. Eskabidea jaso ondoren, eta aurreko artikuluaren bigarren lerrokadako kasuetan izan ezik, auzitegiak, probidentzia bitartez, ikustaldira deituko ditu alderdiak, bost egunetako epean, eskabidea demandatuari jakinarazi zaionetik zenbatzen hasita. Ikustaldia hurrengo hamar egunetan egingo da, ebazteke dauden auzien hurrenkerari heldu beharrik gabe, kautela-neurriaren eragingarritasunak hala behar badu.

2. Ikustaldian, auzi-jartzaileak eta demandatuak euren eskubideentzat egoki dena azal dezakete. Horretarako, auzi-jartzaileak eta demandatuak zein froga izan, eta horiek guztiak erabiliko dituzte. Froga horiek onetsi eta gauzatuko dira, kautela-neurrien baldintzei jarraituz.

Halaber, haiek azterketa judiziala egitea eska dezakete, hori alde garrantzitsuak egiaztatzeko beharrezkoa bada. Azterketa judiziala egokitzat jo eta ikustaldi-ekitaldian gauzatu ezin bada, bost eguneko epean gauzatuko da.

Era berean, kauzio-motari eta zenbatekoari buruz alegazioak azal daitezke.

Kautela-neurria jasan behar duenak auzitegiari eska diezaioke ordezko kauzioa agintzea, kautela-neurriaren ordez, lege honen 746. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Agerraldiak aurrera egiteari, horren edukiari eta proposatutako frogari buruzko auzitegi-ebazpenen aurka, ezin da errekurtsorik jarri. Edozelan ere, aurretiaz protesta eginez gero, agerraldian gauzatu arau-hausteak alega daitezke, kautela-neurrien inguruan ebatzi autoaren aurkako errekurtsoan.

735. artikulua.

Kautela-neurriak hartzeko autoa

1. Ikustaldia bukatu ondoren, auzitegiak, auto bitartez, kautela-neurrien eskabideari buruz erabakiko du, bost eguneko epean.

2. Auzitegiak uste badu ezarri betekizun guztiak badirela, eta, alegazioak eta egiaztapenak aintzat hartuta, frogatu bada prozesua atzeratzeko arriskua badagoela, orduan auzitegiak onetsiko ditu eskatu neurriak. Horretarako, eskubide onaren itxura kontuan hartuta, auzitegiak zehaztasun handienarekin finkatuko ditu agindutako kautela-neurriak; neurrion araubidea ezarriko du; eta, hala denean, eskatzaileak eman beharreko kauzioaren forma, zenbatekoa eta denbora zehaztuko ditu.

Kautela-neurriak hartzea agindu duen autoaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, ondore etengarririk gabe.

736. artikulua.

Kautela-neurriei gaitz irizten dien autoa. Eskabidea errepikatzea, inguruabarrak aldatuz gero

1. Kautela-neurriari gaitz iritziz auzitegiak zein auto eman eta horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa soil-soilik jar daiteke, errekurtso horren izapideak lehenespenekoak direla.

Kostuak 394. artikuluan jaso irizpideen arabera ezarriko dira.

2. Kautela-neurrien eskaera ukatu arren, auzi-jartzaileak eskabidea berriro egin dezake, eskaera egiteko unean zeuden inguruabarrak aldatzen badira.

737. artikulua.

Kauzioa ematea

Kauzioa eman behar da, beti, hartutako kautela-neurria betetzeko egintzetatik edozein gauzatu baino lehen.

Auzitegiak probidentzia bitartez erabakiko du, kauzioaren zenbatekoaren egokitasunari eta nahikotasunari buruz.

738. artikulua.

Kautela-neurria betearaztea

1. Kautela-neurria agindu eta kauzioa eman ondoren, auzitegiak ofizioz eta berehala betearaziko du kautela-neurria. Horretarako, beharrezko bideak erabiliko ditu, epaiak betearazteko ezarritakoak barne.

2. Aurreneurrizko enbargoa aginduz gero, 584. artikuluan eta ondorengoetan betearazpen-prozesuetarako ezarritakoaren arabera jardungo da; baina zordunak ez du zertan adierazi 589. artikuluan xedatu ondasunak.

Administrazio judiziala ezarriz gero, 630. artikuluaren eta ondorengoen arabera jardungo da.

Aurreneurrizko idatzoharra aginduz gero, erregistro eskudunaren arauen arabera jardungo da.

3. Kautela-neurriak ukitu ondasun edo eskubideen gordailuzainek, administratzaile judizialek edo erantzuleek besteren ditzakete ondasun edo eskubideok, bakarrik, auzitegiak probidentzia bitartez hori baimendu ondoren, eta, salbuespeneko inguruabarrak direla bide, demandatuaren ondarearentzat astunagoa bada ondasunei edo eskubideei eustea, horiek besterentzea baino.

III. KAPITULUA

Demandatua entzun gabe hartu kautela-neurrien aurka jartzea

739. artikulua.

Kautela-neurriaren aurka jartzea

Kautela-neurria demandatua entzun gabe hartu bada, demandatua horren aurka jar daiteke, hogei egunetako epean, kautela-neurriak agindu autoa jakinarazi denetik zenbatzen hasita.

740. artikulua.

Aurka jartzeko arrazoiak. Ordezko kauzioa eskaintzea

Kautela-neurriaren aurka jarri denak, aurka jartzeko arrazoi gisa azal ditzake eragingarritasunez hartu kautela-neurriaren edo neurrien egokitasunaren, betekizunen, norainokoaren, motaren eta gainerako inguruabarren aurkako egitate eta arrazoiak, mugarik gabe.

Horrez gain, ordezko kauzioa eskain daiteke, titulu honen V. kapituluan xedatutakoaren arabera.

741. artikulua.

Neurriak eskatu dituenari aurka-jartzea helaraztea, ikustaldian agertzea eta erabakia

1. Aurka jartzeko idazkia helaraziko zaio kautela-neurriak eskatu dituenari; eta, ondoren, 734. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.

2. Ikustaldia egin ondoren, auzitegiak, bost eguneko epean, auto bitartez erabakiko du aurka-jartzearen inguruan.

Auzitegiak hartutako kautela-neurriei eutsiz gero, aurka-jartzailea kondenatuko du aurka-jartzeak eragin kostuak ordaintzera.

Auzitegiak kautela-neurriak desegiten baditu, auzi-jartzailea kondenatuko du kautela-neurriek eragindako kostuak eta kalte-galerak ordaintzera.

3. Aurka-jartzea erabaki duen autoa gora jo daiteke, ondore etengarririk gabe.

742. artikulua.

Kalte-galerak ordainaraztea

Aurka-jartzeari on iritzi dion autoa irmo bihurtu ondoren, ezeztatutako kautela- neurriak kasuan-kasuan sortu dituen kalte-galerak zehaztuko dira, demandatuak hala eskatuta, eta 712. artikuluan eta ondorengoetan ezarri izapideen bitartez. Kalte-galerok zehaztu ondoren, kautela-neurria eskatu duenari horiek ordaintzea aginduko zaio, eta, ordaintzen ez baditu, nahitaez eta berehala ordainaraziko dira.

IV. KAPITULUA

Kautela-neurriak aldaraztea eta desegitea

743. artikulua.

Kautela-neurriak aldatu ahal izatea

Kautela-neurriak aldaraz daitezke, alegatu eta frogatzen badira neurriok hartzeko edo neurrion aurka jartzeko unean kontuan hartu ezin izan diren egitateak eta inguruabarrak.

Aldarazte-eskabidea gauzatu eta ebatziko da, 734. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera.

744. artikulua.

Kautela-neurria desegitea, irmo ez den epaiaren ondoren

1. Demandatua lehenengo edo bigarren auzialdian absolbitu ondoren, auzitegiak berehala aginduko du hartu diren kautela-neurriak desegitea, salbu eta errekurtsogileak neurriari eustea edo bestelako neurriren bat hartzea eskatu eta auzitegiak auto bitartez eskabidea bidezkotzat jo duenean, aurkako alderdiak esan beharrekoa entzun ondoren, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan izanda eta kauzioaren zenbatekoa gehituta.

2. Demandari zati batez on iritziz gero, auzitegiak auto bitartez ebatziko du, aurkako alderdiak esan beharrekoa entzun ondoren, hartu diren kautela-neurriei eustearen, neurriok desegitearen edo aldaraztearen inguruan.

745. artikulua.

Neurriak desegitea, absoluzio-epai irmoaren ondoren

Funtsean nahiz auzialdian, absoluzio- epaia irmo egin ondoren, hartutako kautela-neurri guztiak ofizioz desegingo dira, eta, demandatuak jasandako kalte-galerei dagokienez, 742. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

Gauza bera aginduko da, akzioari uko egitean edo auzialdian atzera egitean.

V. KAPITULUA

Kautela-neurrien ordezko kauzioa

746. artikulua.

Ordezko kauzioa

1. Kautela-neurriak noren aurka eskatu edo hartu eta horrek eska diezaioke auzitegiari kautela-neurrien ordez berak emandako kauzioa onartzea, uziari on iritzi dion epaia eragingarritasunez betetzeko; kauzio hori auzitegiaren iritziz behar bestekoa izan behar da.

2. Auzitegiak, ordezko kauzioaren eskaerari buruz erabaki dezan, aztertuko ditu kautela-neurriak eskatzeko oinarria, kondena-uziaren izaera eta edukia, eta demandatuaren jarrerak izan dezakeen itxura juridiko onuragarria.

Halaber, auzitegiak kontuan hartuko du kautela-neurriak demandatuaren ondare- edo ekonomia-jarduera modu larrian eta proportziorik gabe murriztu edo oztopatu behar duen, betiere neurriak eskatzailearentzat dakarren ziurtasunarekin alderatuta.

747. artikulua.

Ordezko kauzioa eskatzea

1. Kautela-neurriaren ordezko kauzioa emateko eskabidea azal daiteke, 734. artikuluan ezarritakoaren arabera, edo, kautela-neurria dagoeneko hartuta badago, aurka-jartzeko izapidean edo idazki ziodunaren bitartez. Idazki ziodun horrekin batera ekar daitezke kaudimenari eta neurria hartzearen ondorioei buruzko agiriak, bai eta prozesuko berandutzaren arriskua ahalik zehatzen baloratzeko egoki diren agiriak ere.

Kautela-neurria eskatu duenari idazkia helarazi eta bost egun igaro ondoren, alderdiak deituko dira ordezko kauzioaren eskabideari buruzko ikustaldirako, 734. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ikustaldia egin ondoren, auzitegiak bidezkotzat jotzen duena ebatziko du, auto bitartez, beste bost eguneko epean.

2. Ezin da errekurtsorik jarri, ordezko kauzioa onartzea edo ez onartzea ebatzi duen autoaren aurka.

3. Kautela-neurriaren ordezko kauzioa eman daiteke, 529. artikuluaren 3. paragrafoko bigarren lerrokadan ezarri moduetatik edozeinetan.

IV. LIBURUA

PROZESU BEREZIAK

LEHENENGO TITULUA

GAITASUNARI, SEME-ALABATASUNARI, EZKONTZARI ETA ADINGABEEI BURUZKO PROZESUAK

LEHENENGO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

748. artikulua.

Titulu honen aplikazio-eremua

Titulu honetako xedapenak hurrengo prozesu hauetan aplikatuko dira:

1.) Pertsonen gaitasunari eta zarrastelkeria- adierazpenari buruzkoetan.

2.) Seme-alabatasunari, aitatasunari eta amatasunari buruzkoetan.

3.) Ezkontza-deuseztasunari, banantzeari eta dibortzioari buruzkoetan, eta horietan hartutako neurriak aldarazteari buruzkoetan.

4.) Soil-soilik seme-alaba adingabeak zaintzearen eta jagotearen ingurukoetan, edo seme-alaba adingabeen izenean gurasoetako batek besteari erreklamatu mantenuaren ingurukoetan.

5.) Elizak ezkontzaren artean emandako ebazpenei edo hartutako erabakiei eragingarritasun zibila aitortzeari buruzkoetan.

6.) Adingabeak babesteari dagokionez, administrazio-ebazpenen aurka jartzea xedetzat duten horietan.

7.) Adopzioari baiezkoa eman beharraren ingurukoetan.

749. artikulua.

Fiskaltzak esku hartzea

1. Ezgaiketari, ezkontza-deuseztasunari, eta seme-alabatasuna zehazteari eta aurkaratzeari buruzko prozesuetan, Fiskaltza beti izango da alderdi, nahiz eta berak prozesuok hasi ez eta legearen arabera alderdiren bat defendatzeko betebeharrik izan ez.

2. Titulu honek aipatu gainerako prozesuetan, nahitaezkoa da Fiskaltzak esku hartzea, betiere prozesuko interesdunetako bat adingabea nahiz ezgaitua denean edo legezko absentzia-egoera duenean.

750. artikulua.

Alderdiak ordezkatzea eta defendatzea

1. Legearen arabera Fiskaltzak alderdiak defendatu beharreko kasuetatik at, titulu honek aipatu prozesuetan, alderdiek jardungo dute, abokatuak lagundurik eta prokuradoreak ordezkatuta.

2. Ezkontideek defentsa eta ordezkaritza bakarra izan dezakete, biek batera etorriz eskatu banantze- edo dibortzio- prozeduretan.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, auzitegiak ez badu onesten ezkontide batek proposatu ituna, alderdiei agindeia egingo zaie, bost eguneko epean adieraz dezaten defentsa eta ordezkaritza bakarrari eutsi nahi dioten, edo, kontrara, auzian bakoitzak bere defentsa eta ordezkaritzarekin jardun nahi duen.

Halaber, alderdiek sinatu eta auzitegiak homologatu hitzarmena izan arren, alderdietako batek hitzarmenaren betearazpen judiziala eskatuz gero, beste alderdiari agindeia egingo zaio, bera defendatuko duen abokatua eta ordezkatuko duen prokuradorea izenda ditzan.

751. artikulua.

Prozesuko objektua xedatzeko ezintasuna

1. Uko-egiteak, amore-emateak eta transakzioak ez dute ondorerik izango, titulu honek aipatu prozesuetan.

2. Atzera-egiteak Fiskaltzaren adostasuna behar du, hurrengo kasu hauetan izan ezik:

1.) Zarrastelkeria adierazteko prozesuetan, baita seme-alabatasunari, aitatasunari eta amatasunari buruzko prozesuetan ere, prozeduran interesa duen adingabe, ezgaitu edo absenterik ez badago.

2.) Adingabetasunaren ondoriozko ezkontza-deuseztasunari buruzko prozesuetan, deuseztasun-akzioa egikaritu badu adingabe zela, ezkondutako ezkontideak adin-nagusitasuna lortu ondoren.

3.) Okerraren, derrigortzearen edo beldur larriaren ondoriozko ezkontzadeuseztasunari buruzko prozesuetan.

4.) Banantze- eta dibortzio-prozesuetan.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, titulu honek aipatu prozesuetan zenbait uzi azaltzen badira, eta, aplikatu beharreko legeria zibilaren arabera, uziok alderdiek askatasunez xeda ditzaketen gaiak ukitzen badituzte, orduan, uzi horien inguruan uko egiteko, amore emateko, transakziorako edo atzera egiteko aukera dago, lege honetan I. liburuko I. tituluaren IV. kapituluan ezarritakoaren arabera.

752. artikulua.

Froga

1. Titulu honetan aipatu prozesuak erabakiko dira, eztabaidatu eta frogatutako egitateen arabera, egitateok prozeduran zein unetan alegatu edo nola sartu diren aintzat hartu gabe.

Fiskaltzak eta gainerako alderdiek hala eskatu eta gauzatutako frogei kalterik egin gabe, auzitegiak ofizioz agin ditzake egokitzat jotzen dituen froga guztiak.

2. Egitateei buruzko alderdi-adostasuna ez da lotestea izango auzitegiarentzat. Gainera, auzitegiak ezin du auzigaia erabaki, aipatu adostasunean edo aurkako alderdiak alegatu egitateei buruzko isiltasunean nahiz erantzun iheskorretan bakarrik oinarrituz.

Era berean, titulu honek aipatu prozesuetan, auzitegiarentzat ez da loteslea izango lege honen alderdi-galdeketaren, agiri publikoen eta aitortutako agiri pribatuen indar frogatzaileari buruz ezarritako xedapenak.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa bigarren auzialdian ere aplikatuko da.

4. Titulu honek aipatu prozesuetan zenbait uzi azaldu, eta, aplikatu beharreko legeria zibilaren arabera, uziok alderdiek askatasunez xeda ditzaketen gaiak ukitzen badituzte, ez dira aplikatuko aurreko paragrafoetan jaso berezitasunak.

753. artikulua.

Izapidetza

Esanbidez besterik xedatu ezean, titulu honek aipatu prozesuak hitzezko epaiketaren izapideei jarraituz gauzatuko dira. Halere, demanda helaraziko zaie Fiskaltzari, bidezkoa denean, eta legearen arabera prozeduran alderdi izan behar duten gainerako pertsonei, horiek demandatuak izan zein izan ez; horiek epatuko dira, hogei eguneko epean demandari erantzun diezaioten, lege honen 405. artikuluan ezarritakoaren arabera.

754. artikulua.

Publizitatea baztertzea

Titulu honek aipatu prozesuetan, auzitegiek, probidentzia bitartez, erabaki dezakete, ofizioz edo alderdiek hala eskatuta, ekitaldiak eta ikustaldiak ateak itxita egitea eta jarduna isilpekoa izatea, inguruabarren arabera hori komenigarri bada, nahiz eta lege honen 138. artikuluko 2. paragrafoan jaso kasuak gertatu ez.

755. artikulua.

Epaiak erregistro publikoei komunikatzea

Bidezkoa denean, titulu honek aipatu prozeduretan zein epai edo ebazpen eman eta horiek ofizioz komunikatuko zaizkie erregistro zibilei, horietan kasuan kasuko idazkunak egin daitezen.

Alderdiek hala eskatuta, epaiok eta ebazpenok beste edozein erregistro publikori ere komunikatuko zaizkio, kasuan- kasuan bidezkoak diren ondoreetarako.

II. KAPITULUA

Pertsonen gaitasunari buruzko prozesuak

756. artikulua.

Eskumena

Gaitasunari eta zarrastelkeria-adierazpenari buruzko demandak aztertzeko eskuduna da eskatu adierazpena zein pertsonaren gainekoa izan eta hori bizi den tokiko lehen auzialdiko epailea.

757. artikulua.

Legitimazioa, ezgaiketari eta zarrastelkeria-adierazpenari buruzko prozesuetan

1. Ezgaitasun-adierazpena eragin dezakete ustezko ezgaituak, ustezko ezgaiaren ezkontideak edo antzeko egitezko egoera duenak, ondorengoek, aurrekoek edo neba-arrebek.

2. Fiskaltzak ezgaiketa eragin behar du, aurreko paragrafoan aipatu pertsonak izan ezean edo horiek ezgaiketa eskatu ezean.

3. Edozeinek eman diezaioke Fiskaltzari ezgaiketarako erabakigarri izan daitezkeen egitateen berri.

Agintariek eta funtzionario publikoek, euren kargua dela eta, pertsona bat ezgaitzeko ustezko arrazoia dagoela jakin badakite, horren berri eman behar diote Fiskaltzari.

4. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, guraso-ahala edo tutoretza egikaritzen dutenek bakar-bakarrik eragin dezakete adingabeen ezgaiketa, legearen arabera hori bidezko denetan.

5. Ustezko zarrastelarengandik mantenua jasotzen duten edo mantenua erreklama dezaketen ezkontideak, ondorengoek, aurrekoek edo horien legezko ordezkariek bakarrik eska dezakete zarrastelkeria-adierazpena.

Legezko ordezkariek zarrastelkeria-adierazpena eskatu ezean, Fiskaltzak eskatuko du.

758. artikulua.

Demandatua bertaratzea

Ustezko ezgaia edo zarrastelkeria-adierazpenerako eskabideak ukitzen duen pertsona prozesuan ager daiteke, bere defentsa eta ordezkaritzarekin.

Hori egin ezean, Fiskaltzak defendatuko ditu halakoak, betiere berak ez duenean prozedura eragin.

Bestelako kasuetan, defendatzaile judiziala izendatuko da, aldez aurretik izendatuta ez badago.

759. artikulua.

Manuzko froga eta entzunaldiak, ezgaiketa-prozesuetan

1. Ezgaiketa-prozesuetan, 752. artikuluan xedatutakoaren arabera gauzatutako frogez gain, auzitegiak ustezko ezgaiaren ahaiderik hurbilenak entzun, ezgaia bere kabuz aztertu, eta demandako uzien eta legeek ezarritako gainerako neurrien arabera beharrezko eta egoki diren aditu-irizpenak aginduko ditu.

Ez da inoiz ezgaiketari buruzko erabakirik hartuko, auzitegiak agindutako mediku-irizpenik gabe.

2. Ezgaiketa-demandan ustezko ezgaiari lagundu edo hura ordezkatu eta zainduko duen pertsona edo pertsonak izendatzea eskatzen bada, entzungo dira ustezko ezgaiaren ahaiderik hurbilenak, ustezko ezgaia bera, horrek adimen nahikoa izanez gero, eta auzitegiak egokitzat jotzen dituen gainerako pertsonak.

3. Ezgaiketari buruz zein epaik erabaki eta hori gora jotzen bada, bigarren auzialdian ere ofizioz aginduko da artikulu honen aurreko paragrafoetan aipatu manuzko frogak gauzatzea.

760. artikulua.

Epaia

1. Ezgaiketa zein epaik adierazi eta horrek zehaztuko ditu ezgaiketaren hedadura eta mugak, baita ezgaituaren tutoretza- edo zaintza-araubidea ere. Horrez gain, hala denean, epaiak barnealdiaren beharrizanari buruzko erabakia emango du, 763. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2. Aurreko artikuluaren 2. paragrafoak aipatu kasuan, auzitegiak eskabidea onartuz gero, ezgaiketa edo zarrastelkeria zein epaitan adierazi eta horretan izendatuko dira, legearen arabera, ezgaiari lagundu edo hura ordezkatu eta zaindu behar duen pertsona edo pertsonak.

3. Zarrastelkeria zein epaitan adierazi eta horrek zehaztuko ditu zarrastelak laguntzailearen adostasunik gabe gauzatu ezin dituen egintzak.

761. artikulua.

Gaitasuna berreskuratzea eta ezgaiketaren norainokoa aldaraztea

1. Ezgaiketa-epaiak ez du eragotziko, inguruabar berriak agertzekotan, beste prozesu bat eskatzea, jada ezarri den ezgaiketa ondorerik gabe uzteko edo horren norainokoa aldarazteko.

2. Aurreko paragrafoko prozesua hasteko eskaera egin behar dute 757. artikuluko 1. paragrafoan aipatu pertsonek, babes kargua dutenek edo ezgaitua zainpean dutenek, Fiskaltzak eta ezgaituak berak.

Ezgaitua epaiketan agertzeko gaitasunaz gabetua izan bada, epailearen esanbidezko baimena lortu beharko du prozesuan bere kabuz jarduteko.

3. Artikulu honek aipatu prozesuetan ofizioz gauzatuko dira 759. artikuluan aipatu manuzko frogak, lehenengo auzialdian, eta, kasuan-kasuan, bigarren auzialdian ere bai.

Eman beharreko epaiak erabaki behar du ezgaiketa ondorerik gabe uztea bidezkoa den, edo ezgaiketaren hedadura eta mugak aldarazi behar diren.

762. artikulua.

Kautela-neurriak

1. Auzitegi eskudunak norbait ezgaitzeko ustezko arrazoia egon daitekeela jakin badaki, neurri egokiak hartuko ditu ofizioz, ustezko ezgaia edo horren ondarea egoki babesteko. Gainera, auzitegiak Fiskaltzari emango dio egitatearen berri, azken horrek, bidezkotzat jotzen badu, ezgaiketa eragin dezan.

2. Halaber, Fiskaltzak, norbait ezgaitzeko arrazoia dagoela jakin bezain laster, auzitegiari eska diezaioke aurreko paragrafoan aipatu neurriak berehala hartzea.

Neurri berberak har daitezke, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta, ezgaiketa-prozeduraren edozein unetan.

3. Erregela gisa, aurreko paragrafoetan aipatu neurriak hartuko dira, ukitu pertsonak entzun ondoren.

Horretarako, lege honen 734, 735 eta 736. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

763. artikulua.

Borondatezkoa ez den barneratzea, buru-nahastearen ondorioz

1. Norbaitek, buru-nahasketa dela eta, ezin badu bere kabuz barneratzea erabaki, bera barneratzeko epailearen baimena behar da, pertsona hori guraso ahalpean edo tutoretzapean egon arren. Baimena eskatuko zaio barneratzeak zein pertsona ukitu eta horren egoitzaren tokiko auzitegiari.

Baimena eman behar da aipatu barnealdiaren aurretik, salbu eta neurria presako arrazoiengatik berehala hartu behar denean.

Kasu horretan, barnealdia egin den zentroko arduradunak ahalik arinen emango dio barnealdiaren berri auzitegi eskudunari, eta beti hogeita lau orduko epean, neurri horren manuzko berrespena egiteko. Berrespen hori egin behar da, hirurogeita hamabi orduko epean, auzitegiak barnealdiaren berri duenetik zenbatuta.

Presako barneratzeetan, barneratze-zentroaren tokiko auzitegiak du neurria berresteko eskumena.

Auzitegi horrek jardun behar du, hala denean, lege honen 757. artikuluko 3. paragrafoaren arabera.

2. Adingabeak beti barneratuko dira euren adinaren arabera egoki den buru-osasunerako establezimenduan, adingabeari laguntza emateko zerbitzuek txostena egin ondoren.

3. Baimena eman aurretik edo jada egin den barnealdia berretsi aurretik, auzitegiak entzungo ditu erabakiak ukitu pertsona, Fiskaltza eta beste edozein pertsona, baldin eta auzitegiak azken horren agerraldia egokitzat jotzen badu edo neurriak ukitu pertsonak hala eskatzen badu.

Gainera, kasuan-kasuan garrantzitsu izan daitezkeen frogetatik beste edozein gauzatzeari kalterik egin gabe, auzitegiak bere kabuz aztertu beharko du barnealdia jasango duen pertsona, eta berak izendatu duen medikuaren irizpena entzungo du.

Barnealdi-neurriak ukitu pertsonak ordezkaritza eta defentsa izan ditzake jardun guztitan, lege honen 758. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Edozein kasutan ere, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke auzitegiak barnealdiaren inguruan hartu erabakiari.

4. Barnealdia agindu ebazpen berean adieraziko da, barneratuta dagoen pertsonaren zaintzaz arduratutako medikuek auzitegiari aldizka informazioa eman behar diotela neurria iraunarazteko beharrizanari buruz; horri kalterik egin gabe, auzitegiak beste txosten batzuk eska ditzake, egokitzat jotzen baditu.

Aldizkako txostenak sei hilabetero emango dira, auzitegiak epe laburragoa adierazi ezean, barnealdia eragin zuen nahastearen izaera kontuan izanik.

Aipatu txostenak jaso ondoren, auzitegiak, bere ustez nahitaezko jarduna gauzatu eta gero, barnealdiari eustearen inguruan bidezkoa dena aginduko du.

Aurreko lerrokadetan xedatutakoari kalterik egin gabe, barneratutako pertsona zaintzen duten medikuek uste badute ez dela beharrezkoa barnealdiari eustea, gaixoari alta eman eta berehala auzitegi eskudunari komunikatuko diote hori.

III. KAPITULUA

Seme-alabatasunari, aitatasunari eta amatasunari buruzko prozesuak

764. artikulua.

Seme-alabatasuna legez zehaztea, epai irmoaren bitartez

1. Auzitegiei eska dakieke seme-alabatasuna legez zehaztea; bestalde, legez zehaztu seme-alabatasuna aurkara daiteke auzitegietan, legeria zibilak ezarri kasuetan.

2. Auzitegiek ez dute onartuko demandaren izapidetzarik, horrekin aurkaratu nahi bada, edo epai irmo bidez zehaztu seme-alabatasunarekin bat ez datorren seme-alabatasuna ezarri nahi bada.

Epai irmo hori prozesua hasi ondoren egiaztatzen bada, auzitegiak besterik gabe artxibatuko du prozesua.

765. artikulua.

Seme edo alaba adingabeari nahiz ezgaituari dagozkion akzioak egikaritzea eta prozesuko oinordetza

1. Seme edo alaba adingabearen nahiz ezgaituaren legezko ordezkariak edo Fiskaltzak egikari ditzakete seme edo alaba horri seme-alabatasuna zehazteko edo aurkaratzeko dagozkion akzioak, legeria zibilean xedatutakoaren arabera.

2. Kapitulu honek aipatu prozesu guztietan, auzi-jartzailea hiltzean, jaraunsleek aurrera egin dezakete jada azaldu akzioekin.

766. artikulua.

Legitimazio pasiboa

Kapitulu honek aipatu prozesuetan, alderdi demandatu izango dira, seme-alabatasuna zehaztea eskatzen bada, demandan guraso-, seme- edo alaba-izaera nori eratxiki eta horiek, demanda jarri ez badute; eta, seme-alabatasuna aurkaratzen bada, legez zehaztu seme-alabatasunaren arabera guraso, seme edo alaba gisa agertzen direnak.

Horietatik edozein hilda egonez gero, horien jaraunsleak izango dira alderdi demandatu.

767. artikulua.

Prozeduraren eta frogaren inguruko berezitasunak

1. Ez da demandarik onartuko seme-alabatasuna zehazteko edo aurkaratzeko, baldin eta, demandarekin batera, horren oinarri diren egitateen froga-hastapena aurkezten ez bada.

2. Seme-alabatasunari buruzko epaiketetan onargarria da froga-mota guztiak erabiltzea, biologikoak barne, aitatasuna eta amatasuna ikertzeko.

3. Zuzeneko frogarik izan ez arren, seme-alabatasuna adieraz daiteke, hori ondorioztatzen badute esanbidezko edo isilbidezko aitorpenak, edukitza-egoerak, ernalketa-garaian amarekin bizitzeak, edo, era bertsuan, seme-alabatasuna dakarten beste egitate batzuek.

4. Aitatasun- edo amatasun-froga biologikoa egiteari ezetza emateak, hori justifikaziorik gabekoa bada, auzitegiari ahalbidetuko dio erreklamatu seme-alabatasuna adieraztea, betiere aitatasunaren edo amatasunaren aldeko beste zantzu batzuk daudenean eta beste bide batzuk erabiliz aitatasunaren edo amatasunaren froga lortu ez denean.

768. artikulua.

Kautela-neurriak

1. Seme-alabatasuna aurkaratzeko prozedurak iraun bitartean, auzitegiak neurri egokiak hartuko ditu, guraso gisa nor agertu eta horren ahalpean dagoen pertsona bera eta horren ondasunak babesteko.

2. Seme-alabatasuna epaiketa bitartez erreklamatu ondoren, auzitegiak agin ditzake demandatuak behin-behineko mantenua ematea eta, hala denean, aurreko paragrafoan aipatu babes-neurriak hartzea.

3. Erregela gisa, aurreko paragrafoetan aipatu neurriak hartuko dira, neurriok uki ditzaketen pertsonak entzun ondoren.

Horretarako, lege honen 734, 735 eta 736. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Dena den, presako arrazoiak izanez gero, neurriak besterik gabe har daitezke, eta interesdunei agerraldirako zitazioa egitea aginduko da. Agerraldi hori hurrengo hamar egunetan egingo da, eta auzitegiak auto bitartez ebatziko du hartu neurrien bidezkotasunaren inguruan, betiere, agertutakoen alegazioak entzun ondoren.

Prozesu hauetan kautela-neurriak hartzeko, ez dago zertan kauziorik galdatu neurriok eskatu dituenari.

IV. KAPITULUA

Ezkontzari eta adingabeei buruzko prozesuak

769. artikulua.

Eskumena

1. Esanbidez besterik xedatu ezean, kapitulu honetan aipatu prozedurez arduratzeko eskumena izango du ezkontideen egoitza zein tokitan izan eta toki horretako lehen auzialdiko epaitegiak.

Ezkontideak epai-barruti berean bizi ez badira, auzitegi eskuduna izango da ezkontideen azken egoitzari edo demandatuaren bizilekuari dagokion auzitegia, demandatzaileak edo banantzea nahiz dibortzioa adostasunez eskatu duten ezkontideek hala aukeratuta.

Egoitza edo bizileku finkorik ez dutenak demanda daitezke, demandatzaileak hala aukeratuta, dauden tokian edo euren azken bizilekuan. Era horretara ere ezin bada eskumenik zehaztu, eskumena izango du auzi-jartzailearen egoitzari dagokion auzitegiak.

2. 777. artikuluan aipatu bezala, elkarren arteko adostasunez egindako banantze- edo dibortzio-prozeduran, eskuduna izango da ezkontideen azken egoitza erkideari nahiz eskatzaileetatik edozeinen egoitzari dagokion auzitegia.

3. Seme-alaba adingabeak zaintzeari eta jagoteari buruzko prozesuetan, edo guraso batek seme-alaba adingabeen izenean beste gurasoari erreklamatu mantenuari buruzko prozesuetan, eskuduna izango da gurasoen azken egoitza erkideari dagokion lehen auzialdiko epaitegia.

Gurasoak epai-barruti berean bizi ez badira, demandatuaren egoitzaren tokiko edo adingabearen bizilekuaren tokiko auzitegia izango da eskuduna, demandatzaileak hala aukeratuta.

4. Auzitegiak ofizioz aztertuko du bere eskumena.

Deusezak dira alderdien hitzarmenak, horiek artikulu honetan xedatutakoaren aurkakoak badira.

770. artikulua.

Prozedura

Banantze- eta dibortzio-demandak, 777. artikuluan ezarritakoak izan ezik, ezkontzaren deuseztasunari buruzkoak eta Kode Zibilaren I. liburuko IV. tituluaren babesean aurkeztutakoak, hitzezko epaiketaren izapideen arabera gauzatuko dira, titulu honen I. kapituluan ezarritakoari jarraituz. Gainera, demandek honako erregela hauek beteko dituzte:

1.) Demandarekin batera, ezkontzaren inskripzioari buruzko ziurtagiria ekarri behar da, eta, hala badagokio, seme-alaben jaiotzari buruz Erregistro Zibilean egindako inskripzioaren ziurtagiria, baita ezkontideak bere eskubideak oinarritzeko dituen agiriak ere.

Ondare-izaerako neurriak eskatuz gero, auzi-jartzaileak ekarri behar ditu eskura dituen eta ezkontideen eta, kasuan-kasuan, seme-alaben egoera ekonomikoa baloratzeko balio duten agiriak, hala nola, zerga-aitorpenak, nominak, bankuko ziurtagiriak, jabetza-tituluak edo erregistroko ziurtagiriak.

2.) Errekonbentzioa onartuko da, horren oinarria bada ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa eragin dezaketen arrazoietatik bat. Errekonbentzioa onartuko da, halaber, demandatutako ezkontideak nahi badu demandan eskatu ez eta auzitegiak ofizioz erabaki behar ez dituen behin betiko neurriak hartzea.

Errekonbentzioa proposatuko da, hala denean, demandari erantzuna ematearekin batera, eta auzi-jartzaileak hamar egun izango ditu errekonbentzio horri erantzuteko.

3.) Alderdiak euren kabuz agertu behar dira ikustaldian, eta ohartarazi egingo zaie justifikaziorik gabe ez agertzeak ekar dezakeela agertu alderdiak alegatutako egitateak onartzea, alderdi hori agertzen bada ondare-izaerako behin betiko neurrien eskaerak oinarritzeko.

Nahitaezkoa da, orobat, bertan alderdi bakoitzaren abokatua egotea.

4.) Ikustaldi-ekitaldian gauzatu ezin diren frogak auzitegiak zehaztu epean gauzatuko dira, eta epe hori, gehienez jota, hogeita hamar egunekoa izango da.

Epe horretan, auzitegiak ofizioz agin ditzake egokitzat jotzen dituen frogak. Froga horien xedea da ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa agintzeko kasuan-kasuan Kode Zibilak zein inguruabar ezarri eta inguruabar horiek gertatzen diren egiaztatzea; baita seme-alaba adingabeak edo ezgaituak zein neurrik ukitu eta neurri horiei buruzko erabakiak oinarritzeko egitateen inguruabarrak egiaztatzea ere, legeria zibil aplikagarriaren arabera.

Seme-alaba adingabeak edo ezgaituak egonez gero, horiek entzungo dira, behar besteko adimena badute, eta, beti, hamabi urtetik gorakoak badira.

5.) Prozesuaren edozein unetan, 777. artikuluan ezarri baldintzak betetzen badira, alderdiek eska dezakete prozedurak aurrera egitea, artikulu horretan ezarri izapideen bitartez.

6.) Soil-soilik seme-alaba adingabeak zaintzeari eta jagoteari buruzko prozesuetan, edo seme-alaba adingabeen izenean mantenua erreklamatzeari buruzko prozesuetan, prozesu horiekin bat datozen kautela-neurri egokiak har daitezen, lege honetan ezarritakoa beteko da. Horixe egingo da, deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-prozesuetan aurretiazko, aldi bereko edo behin betiko neurriak hartzeko ezarri izapideei dagokienez.

771. artikulua.

Behin-behineko neurriak, deuseztasun-, banantze- edo dibortzio- demanda baino lehenagokoak. Eskabidea, agerraldia eta ebazpena

1. Ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa lortzeko demanda jarri nahi duen ezkontideak eska ditzake Kode Zibilaren 102 eta 103. artikuluetan aipatu ondore eta neurriak, bere egoitzari dagokion auzitegian.

Prokuradoreak eta abokatuak ez dute parterik hartu behar eskabide hori aurkezteko; baina prokuradorearen eta abokatuaren parte-hartzea beharrezkoa da geroagoko idazki eta jardun guztietan.

2. Eskabidea kontuan hartuta, auzitegiak aginduko du ezkontideei agerraldirako zitazioa egitea, eta Fiskaltzari ere bai, seme-alaba adingabeak edo ezgaituak egonez gero; agerraldi hori hurrengo hamar egunetan egingo da.

Agerraldi horretara joan behar da demandatutako ezkontidea, bere abokatuak lagundurik eta bere prokuradoreak ordezkatuta.

Auzitegiak berehala agin ditzake, ebazpen berean, Kode Zibilaren 102. artikuluan aipatu ondoreak, eta seme-alabak jagoteari, eta familiaren etxebizitza eta ostilamendua erabiltzeari buruz egokitzat jotzen duena, kasuaren presa dela eta, hori komeni bada.

Ebazpen horren aurka, ez dago errekurtsorik.

3. Aurreko paragrafoan aipatu agerraldi- ekitaldian, ezkontideen artean adostasunik ez badago hartu beharreko neurrien gainean, edo, hala denean, Fiskaltza entzun ondoren, auzitegiak harako hitzarmena onesten ez badu, oso-osorik edo zati batez, orduan bertan daudenen alegazioak entzungo dira, eta horiek proposatu froga gauzatuko da, alferrekoa edo desegokia ez bada, eta auzitegiak ofizioz agindutako froga ere.

Frogaren bat ezin bada agerraldian gauzatu, froga hori gauzatzeko data zehaztuko da, hurrengo hamar egunetan.

Ezkontideren bat justifikaziorik gabe agerraldira bertaratzen ez bada, ez agertze horrek ekar dezake agertutako ezkontideak alegatu egitateak onartzea, egitateok ondare-izaerako behin-behineko neurrien eskabideak oinarrituz gero.

4. Agerraldia bukatu ondoren, edo, hala denean, agerraldian gauzatu ezin izan den froga gauzatzeko zehaztu ekitaldia bukatu ondoren, auzitegiak auto bitartez emango du ebazpena hiru eguneko epean. Auto horren aurka, ez dago errekurtsorik.

5. Artikulu honen arabera agindutako ondore eta neurriek indarrean iraungo dute, soil-soilik, ondore eta neurriok hartu eta hurrengo hogeita hamar egunetan, deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-demanda aurkezten bada.

772. artikulua.

Demanda baino lehenagoko behin-behineko neurriak berrestea edo aldaraztea, demanda onartzen denean

1. Demanda baino lehenago neurriak hartu badira, orduan, demanda onartu ondoren, neurriok hartzeari buruzko jarduna lotuko zaie deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-prozesuaren auzi-paperei. Horretarako, kasuan kasuko lekukotza eskatuko da, neurriei buruzko jarduna gauzatu bada demandaz arduratzen ez den auzitegian.

2. Auzitegiak uste badu aldez aurretik hartu neurriak osatzea edo aldaraztea bidezkoa dela, agerraldira deituko ditu alderdiak. Agerraldi hori aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera gauzatuko da.

Emandako autoaren aurka ez dago errekurtsorik.

773. artikulua.

Behin-behineko neurriak, deuseztasun-, banantze- edo dibortzio- demanda onartzearen ondoriozkoak

1. Ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa eskatu duen ezkontideak demandan egoki dena eska dezake hartu beharreko behin-behineko neurriei buruz, neurriok aldez aurretik hartu ez badira.

Halaber, bi ezkontideek arazo horien inguruan lortutako hitzarmena auzitegiari aurkez diezaiokete, auzitegiak hori onets dezan.

Hitzarmen hori ez da loteslea izango, alderdi bakoitzaren uziekiko, ezta behin betiko neurrien inguruan auzitegiak har dezakeen erabakiarekiko ere.

2. Demanda onartu ondoren, auzitegiak ebatziko du aurreko paragrafoan aipatu eskaeren inguruan, eta, halakorik izan ezean, bidezkoa dena aginduko du, betiere Kode Zibilaren 103. artikuluan xedatutakoa betez.

3. Aurreko paragrafoan aipatu ebazpena eman aurretik, agerraldira deituko dira ezkontideak, eta, hala badagokio, Fiskaltza ere bai. Agerraldi hori 771. artikuluan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

Emandako autoaren aurka ez dago errekurtsorik.

4. Demandatutako ezkontideak ere eska ditzake behin-behineko neurriak, neurriok aurretiaz hartu ez badira edo auzi-jartzaileak horiek eskatu ez baditu, aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera.

Eskabide hori egin behar da demandari erantzutean, eta ikustaldi nagusian gauzatuko da, ikustaldi horren data zehazten bada erantzuna noiz izan eta hurrengo hamar egunetan. Epaia ezin bada eman ikustaldia egin eta berehala, auzitegiak errekurtsorik izango ez duen auto bitartez ebatziko du.

Epe horretan ezin bada ikustaldirako data zehaztu, artikulu honen 3. paragrafoko agerraldia deituko da.

5. Behin-behineko neurriak ondorerik gabe geratuko dira, epaiak, horien ordez, behin betiko neurriak ezartzen baditu, edo prozedura beste modu batean bukatzen bada.

774. artikulua.

Behin betiko neurriak

1. Ezkontideek, auzitegiari aurkez diezazkiokete deuseztasunaren, banantzearen edo dibortzioaren ondorioak arautzeko zein hitzarmen lortu eta horiek. Halaber, ezkontideek hitzarmen horien bidezkotasuna zehazteko komenigarritzat jotzen duten froga proposa diezaiokete auzitegiari. Hori guztia, lehenago egin ez bada, epaiketaren ikustaldian egingo da, aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2. Hitzarmenik izan ezean, ezkontideek edo Fiskaltzak proposatutako froga erabilgarri eta egokia gauzatuko da, baita auzitegiak ofizioz agindutako froga ere, hartu beharreko neurriak erabakitzeko garrantzitsu diren egitateen inguruan.

3. Auzitegiak ebatziko du ezkontideak bat etorriz eskatu neurrien gainean, hala neurri horiek dagoeneko hartu badira behin-behineko izaerarekin, nola horiek geroago proposatu badira.

4. Ezkontideen arteko hitzarmenik izan ezean edo hitzarmena onetsi ezean, auzitegiak epaian ezarriko ditu seme-alaben, familia-etxebizitzaren, ezkontzako zamen, ezkontzaren ondasun-eraentza desegitearen eta kasuan kasuko kautela edo bermeen inguruan aldez aurretik hartutako neurriak ordezteko beharrezko neurriak; era berean, kontzeptu horien inguruan neurririk hartu ez bada, bidezko neurriak ezarriko ditu.

5. Legearekin bat, epaiaren aurka jarritako errekurtsoek ez dute etengo epaian hartutako neurrien eragingarritasuna.

Aurkaratzeak neurrien gaineko erabakiak bakarrik ukitzen baditu, orduan deuseztasunari, banantzeari edo dibortzioari buruzko erabakiaren irmotasuna adieraziko da.

775. artikulua.

Behin betiko neurriak aldaraztea

1. Fiskaltzak, seme-alaba adingabeak edo ezgaituak egonez gero, eta ezkontideek, beti, auzitegiari eska diezaiokete ezkontideek hitzartu neurriak edo hitzarmenik izan ezean hartutakoak aldaraztea, baldin eta funtsean aldatu badira neurriok onestean edo erabakitzean aintzat hartutako inguruabarrak.

2. Eskaera horien izapideak 771. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo dira.

Dena den, eskaera egiten bada bi ezkontideak batera etorriz edo batak bestearen adostasunarekin, eta hitzarmen arau-emailea ekarriz, hurrengo artikuluan ezarri prozedurari ekingo zaio.

3. Alderdiek demandan edo demandari erantzutean eska dezakete aurreko auzi batean emandako behin betiko neurriak behin-behinean aldaraztea.

Eskaera hori 773. artikuluan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

776. artikulua.

Neurrien gaineko erabakiak nahitaez betearaztea

Neurrien gaineko erabakiak lege honen III. liburuan xedatutakoaren arabera betearaziko dira, honako berezitasun hauekin:

1.) Ezkontide edo guraso batek behin eta berriro hausten badu berari dagozkion kopuruak ordaintzeko betebeharra, isun hertsagarriak ezar dakizkioke, 711. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horrek ez dio kalterik egingo, zordunduta baina ordaindu gabe dauden kopuruak kobratzeko, ezkontide edo guraso horren ondarea erabiltzeari.

2.) Bere-berezko izaera duten eta diruzkoak ez diren betebeharrak haustean, horien ordez ez da zuzenean emango 709. artikuluko hirugarren paragrafoko diruzko baliokidea, eta hileko isun hertsagarriei euts dakieke, manu horretan ezarri urtebeteko epetik gora behar beste denbora.

3.) Guraso zaintzaileak edo zaintzaile ez denak behin eta berriro hausten baditu bisita-araubideak eratorritako betebeharrak, horrek eragin dezake zaintza eta bisiten araubidea aldaraztea.

777. artikulua.

Ezkontideak batera etorriz edo batak bestearen adostasunarekin eskatutako banantzea edo dibortzioa

1. Ezkontideek batera etorriz edo ezkontide batak bestearen adostasunarekin aurkeztutako banantze- edo dibortzio- eskaeren izapideak egingo dira, artikulu honetan ezarri prozeduraren bitartez.

2. Prozedura eragiteko idazkiarekin batera ekarri behar dira ezkontza-inskripzioari buruzko ziurtagiria, eta, kasuan- kasuan, seme-alaben jaiotzari buruz Erregistro Zibilean egindako inskripzioaren ziurtagiriak, baita hitzarmen arau-emailearen proposamena legeria zibilaren arabera, eta ezkontideak edo ezkontideek beren eskubideak oinarritzeko agiriak ere.

Egitate garrantzitsuren bat ezin bada agiri bitartez frogatu, idazki horretan proposatuko da ezkontideek egitate hori egiaztatzeko baliatu nahi duten froga.

3. Banantze- edo dibortzio-eskabidea kontuan hartuta, ezkontideei zitazioa egitea aginduko da, hurrengo hiru egunetan, euren eskaera banan-banan berrets dezaten.

Ezkontideren batek eskaera berresten ez badu, berehala aginduko da jarduna artxibatzea; erabaki horren aurka ez dago errekurtsorik. Dena den, ezkontideek banantzea edo dibortzioa eragiteko eskubidea izango dute, 770. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. Ezkontideek eskabidea berretsi ondoren, ekarritako agiriak nahiko ez badira, auzitegiak, probidentzia bitartez, hamar eguneko epea emango die eskatzaileei eskabidea osatzeko.

Epe horretan gauzatuko da, hala denean, ezkontideek proposatu froga eta auzitegiak beharrezkotzat jo dituen gainerako frogak ere bai, Kode Zibilak kasuan-kasuan ezarri inguruabarrak badirela egiaztatzeko eta hitzarmen arau-emailea onestea bidezkoa den ala ez erabakitzeko.

5. Seme-alaba adingabeak edo ezgaituak egonez gero, auzitegiak Fiskaltzari eskatuko dio hitzarmenak seme-alabei buruz ezarritakoaren gaineko txostena, eta seme-alabak entzungo ditu, baldin eta behar besteko adimena badute, eta, beti, hamabi urtetik gorakoak badira.

Jardun hori gauzatuko da, aurreko paragrafoan aipatu epean, edo, epe hori ireki ez bada, bost eguneko epean.

6. Aurreko bi paragrafoetan xedatutakoa bete ondoren, edo, hori beharrezkoa ez bada, ezkontideek berrespena egin ondoren, auzitegiak epaia emango du, banantzea edo dibortzioa onartuz edo ukatuz, eta, hala denean, hitzarmen arau-emaileari buruzko erabakia hartuz.

7. Banantzea edo dibortzioa onartu ondoren, epaiak hitzarmen arau-emailea onesten ez badu oso-osorik edo zati batez, hamar eguneko epea emango zaie alderdiei, horiek beste hitzarmen bat proposa dezaten. Beste hitzarmen horrek, hala denean, auzitegiak onetsi ez dituen aldeak bakarrik jasoko ditu.

Proposamena aurkeztu ondoren edo emandako epea proposamenik aurkeztu gabe igaro ondoren, auzitegiak autoa emango du, hiru eguneko epean, bidezkoa dena ebatziz.

8. Gora jotzeko errekurtsoa jar dakieke banantzea edo dibortzioa ukatu duen epaiari, eta ezkontideek zein hitzarmen arau-emaile proposatu eta horretatik aldentzeko neurriren bat agindu duen autoari.

Neurrien inguruan erabaki duen autoaren aurka zein errekurtso aurkeztu eta horrek ez du neurrion eragingarritasuna etengo, eta errekurtso horrek ez du ukituko banantzeari edo dibortzioari buruzko epaiaren irmotasuna.

Hitzarmen arau-emailearen proposamena osorik onetsi duen epaiaren edo autoaren aurka errekurtsoa jar dezake Fiskaltzak bakarrik, eta seme-alaba adingabeen edo ezgaituen intereserako jarri ere.

9. Artikulu honek aipatu prozeduretan, hitzarmen arau-emailea edo auzitegiak agindu neurriak aldaraziko dira, artikulu honetan xedatutakoaren arabera, aldarazpena ezkontideek batera etorriz edo batak bestearen adostasunarekin eskatu eta beste hitzarmen arau-emaile bat proposatzen badute.

Bestela, 775. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

778. artikulua.

Eliza-auzitegietan ebazpenak edo ezkontza rato eta burutugabeei buruzko erabaki pontifizioak. Horien guztien eragingarritasun zibila

1. Demandak jartzen direnean ezkontza kanonikoen deuseztasunari buruz eliza-auzitegiek emandako ebazpenen edota ezkontza rato eta burutugabeari buruzko erabaki pontifizioen eragingarritasun zibila eskatzeko, neurriak hartzea edo aldaraztea eskatzen ez bada, auzitegiak hamar eguneko epean beste ezkontidea eta Fiskaltza entzun, eta auto bitartez bidezkoa dena ebatziko du, Elizaren ebazpenak edo erabakiak ordena zibilean duen eragingarritasunaren inguruan.

2. Demandan neurriak hartzea edo aldaraztea eskatu bada, ebazpen edo erabaki kanonikoak eragingarritasun zibila izateko eskaera gauzatuko da, neurrien inguruko eskaerarekin batera, 770. artikuluaren arabera jarraitu beharreko prozedurari jarraituz.

V. KAPITULUA

Adingabeak babesteari buruzko administrazio-ebazpenen aurka jartzea, eta adopzioari baiezkoa eman behar zaion erabakitzeko prozedura

779. artikulua.

Eskumena

Kapitulu honetan aipatu prozedurez arduratzeko eskumena du babes-erakundearen egoitzari dagokion lehen auzialdiko epaitegiak, eta, halakorik izan ezean, edo Kode Zibilaren 179 eta 180. artikuluetako kasuetan, adopzio-hartzailearen egoitzari dagokion auzitegiak.

780. artikulua.

Adingabeak babesteari buruzko administrazio-ebazpenen aurka jartzea

1. Ez da aurretiaz administrazio-bidean erreklamaziorik egin behar, Administrazioak adingabeak babesteko eman ebazpenen aurka auzitegi zibiletan jartzeko.

2. Adingabeak babesteari buruzko administrazio-ebazpenaren aurka nor jarri nahi eta horrek aurkeztuko du hasierako idazkia, eta bertan jasoko ditu, labur-labur, bere uzia eta aurka jarritako ebazpena.

3. Auzitegiak administrazio-erakundeari espedientearen lekukotza osoa erreklamatuko dio. Lekukotza hori hogei eguneko epean eman beharko da.

Administrazio-espedientearen lekukotza jaso ondoren, auzi-jartzailea hogei eguneko epean epatuko da, demanda aurkez dezan. Demanda horren izapideak egingo dira, 753. artikuluan ezarritakoaren arabera.

781. artikulua.

Adopzioari baiezkoa eman behar zaion erabakitzeko prozedura

1. Gurasoek adopziorako euren baiezkoa behar dela badiote, espedientearen gaineko ardura duen auzitegira jo eta hori adieraz dezakete.

Auzitegiak espedientea eten eta beharrezkotzat jotzen duen epea ezarriko du demanda aurkezteko. Epe hori ez da izango hogei egunekoa baino laburragoa, ezta berrogei egunekoa baino luzeagoa ere.

Demanda aurkeztu ondoren, horren izapideak 753. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da.

2. Demanda aurkezten ez bada auzitegiak ezarri epean, autoa eman eta izapidetza amaitutzat joko da.

Ebazpen hori eman ostean, ez da onartuko subjektu berberak erreklamazioa egitea, kasuan kasuko adopzioari baiezkoa eman beharraren inguruan.

II. TITULUA

ONDAREEN ZATIKETA JUDIZIALA

LEHENENGO KAPITULUA

Jarauntsiaren zatiketa

LEHENENGO ATALA

Jarauntsia zatitzeko prozedura

782. artikulua.

Jarauntsia epaiketa bitartez zatitzeko eskabidea

1. Edozein jaraunskidek edo zati alikuotaren legatu-hartzailek epaiketa bitartez erreklama dezake jarauntsiaren zatiketa, baldin eta zatiketa hori gauzatu behar ez badu testamentugileak izendatutako komisario edo kontulari-banatzaileak, edo zatiketa jaraunskideen arteko hitzarmenaren nahiz ebazpen judizialaren ondorioz gauzatu behar ez bada.

2. Eskabidearekin batera ekarri behar dira kasuan kasuko oinordetzaren kausatzailearen heriotza-ziurtagiria eta eskatzailea jaraunslea edo legatu-hartzailea dela egiaztatzeko agiria.

3. Hartzekodunek ezin dute zatiketa eskatu. Halere, hartzekodunek eurei dagozkien akzioak egikari ditzakete jarauntsiaren, jarauntsi-erkidegoaren edo jaraunskideen aurka. Akzio horiek epaiketa adierazlean egikarituko dira, jarauntsia zatitzeko jarduna eten eta oztopatu gabe.

4. Dena den, testamentuan bertan aitortutako hartzekodunak, jaraunskideek aitortutakoak eta euren eskubidea titulu betearazlean jasota dutenak jarauntsia zatitzearen aurka jar daitezke, euren kredituen zenbatekoa ordaindu edo horien gaineko fidantza eman arte.

Eskaera hori edozein unetan egin daiteke, jaraunsle bakoitzari adjudikatutako ondasunak eman aurretik.

5. Jaraunskide baten edo gehiagoren hartzekodunek euren kontura har dezakete parte zatiketan, zatiketa hori euren eskubideei maula edo kalte eginez gauza ez dadin.

783. artikulua.

Batza deitzea, kontularia eta adituak izendatzeko

1. Jarauntsia epaiketan zatitzea eskatu ondoren, aginduko da jarauntsiko ondasunak esku hartzea eta inbentarioa egitea, hala eskatu eta hori bidezkoa bada.

2. Aurreko jarduna gauzatu ostean, edo, hori beharrezkoa izan ezean, jarauntsia epaiketan zatitzeko eskabidea kontuan hartuta, aginduko da jaraunsleak, zati alikuotako legatu-hartzaileak eta alarguna batzara deitzea. Batza hurrengo hamar egunetan egingo da.

3. Dagoeneko jardunean bertaratu diren interesdunei prokuradore bitartez zitazioa egingo zaie.

Bertaratu ez direnei zuzenean egingo zaie zitazioa, euren egoitza zein den jakinez gero.

Egoitza zein den jakin ezean, ediktu bitartez deituko dira, 164. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. Fiskaltza ere deituko da, horrek ordezka ditzan jarauntsian interesa izan baina ordezkaritza legitimorik ez duten adingabe edo ezgaituak eta toki ezezagunean dauden absenteak.

Fiskaltzaren ordezkaritza bukatuko da, adingabeek edo ezgaituek legezko ordezkaria edo defendatzaile judiziala lortzen dutenean eta absenteak epaiketan agertzen direnean edo horiei zitazioa zuzenean egin dakiekeenean, nahiz eta gero berriro absente egon.

5. Aurreko artikuluko 5. paragrafoan aipatu hartzekodunak batzara deituko dira, prozeduran bertaratu badira.

Bertaratu ez direnei ez zaie zitaziorik egingo; baina batzan har dezakete parte, batzarako ezarri egunean bertan agertu eta euron kredituak egiaztatzeko tituluak ekartzen badituzte.

784. artikulua.

Kontularia eta adituak izendatzea

1. Ezarri egunean eta orduan egingo da batza, bertan agertzen direnekin. Idazkari judiziala izango da batzaburu.

2. Interesdunek ados egon behar dute kontularia izendatzeko, horrek ondasunok zatitzeko eragiketak egin ditzan, baita ondasunak baloratzean parte hartu behar duten adituak izendatzeko ere.

Ezin da aditu bat baino gehiago izendatu, baloratu beharreko ondasun-mota bakoitzeko.

3. Batzan kontularia izendatzeko hitzarmenik ez bada lortzen, kontularia zozketa bidez izendatuko da, 341. artikuluan xedatutakoaren arabera. Halakoetan, kontulari hori izendatuko da jarduneko abokatu direnen artetik, abokatu horiek, gaiaren inguruko jakite berezia izateaz gain, bulego profesionala badute epaiketa egingo den tokian.

Adituen gaineko hitzarmenik izan ezean, kontulariak edo kontulariek balorazioak egiteko beharrezkotzat jotzen duten beste aditu izendatuko dira, prozedura berari ekinez; baina inola ere ez aditu bat baino gehiago, tasazioa egin beharreko ondasun- mota bakoitzeko.

4. Zozketa bidez izendatutako kontulariari, adituak ezesteko zer xedatu eta hori aplikatuko zaio.

785. artikulua.

Kontulariari agiriak ematea. Onartutako enkargua betetzeko betebeharra eta epea

1. Kontularia, eta, kasuan-kasuan, adituak aukeratu eta horiek kargua onartu ondoren, auzi-paperak kontulariari emango zaizkio, eta kontulariaren eta adituen esku jarriko dira inbentarioa, hori egiteke egonez gero, balorazioa eta likidazioa egiteko, eta jarauntsiko ondasunak zatitzeko behar diren objektuak, agiriak eta paperak.

2. Kontulariak bere kargua onartuz gero, interesdun bakoitzak eskubidea izango du, kontularia bere enkargua betetzera behartzeko.

3. Alderdiak hala eskatuta, auzitegiak, probidentzia bitartez, kontulariari ezar diezaioke zatiketaren eragiketak aurkezteko epea. Kontulariak epe hori betetzen ez badu, kalte-galeren gaineko erantzukizuna izango du.

786. artikulua.

Zatiketa-eragiketak gauzatzea

1. Kontulariak zatiketa-eragiketak gauzatuko ditu, kausatzailearen oinordetzari aplikatu beharreko legean xedatutakoaren arabera. Halere, testamentugileak beste erregela batzuk ezarri baditu bere ondasunen inbentarioa, balorazioa, likidazioa eta zatiketa egiteko, erregelotan ezarritakoa hartuko da kontuan, betiere erregela horiek nahitaezko jaraunsleen seniparteei kalterik egiten ez dietenean.

Edozein kasutan, kontulariak saihestuko ditu indibisioa eta finkak gehiegi zatitzea.

2. Zatiketa-eragiketak hasi eta, gehienez jota, bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira. Eragiketok kontulariak sinatutako idazkira bilduko dira, eta idazki horretan honako hauek adieraziko dira:

1.) Banatzeko moduko ondasunen zerrenda.

2.) Zerrenda horretara bildutako ondasunen balorazioa.

3.) Ondasunen likidazioa, zatiketa eta partaide bakoitzari egin beharreko adjudikazioa.

787. artikulua.

Zatiketa-eragiketak onestea. Eragiketon aurka-jartzea

1. Zatiketa-eragiketak alderdiei helaraziko zaizkie, eta alderdiok epatuko dira, hamar eguneko epean aurka jar daitezen. Epe horretan, alderdiek auzi-paperak eta zatiketa-eragiketak azter ditzakete idazkaritzan, baita eurek eskatu kopiak lortu ere, kopiok euren kontura izan arren.

Aurka-jartzea idatziz aurkeztu behar da, eta bertan adierazi behar da aurka-jartzeak zatiketa-eragiketan ukitu aldeak eta aurka-jartze hori oinarritzeko arrazoiak.

2. Epe-muga hori igaro ostean, aurka- jartzerik aurkezten ez bada edo interesdunek ados daudela adierazten badute, auzitegiak auzi-paperak ikustaldira ekarriko ditu, eta autoa emango du, zatiketa- eragiketak onetsiz eta horiek protokoloan jasotzea aginduz.

3. Denbora baliodunean zatiketa-eragiketen aurka jarriz gero, auzitegiak aginduko du kontularia eta alderdiak agerraldira deitzea. Agerraldi hori hurrengo hamar egunetan gauzatuko da.

4. Agerraldian interesdunek eragindako arazo guztien gaineko adostasuna lortuz gero, erabakitakoa betearaziko da, eta hitzartutako aldaketak egingo ditu kontulariak zatiketa-eragiketetan. Auzitegiak aldaketok onetsiko ditu, artikulu honen 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

5. Adostasunik izan ezean, auzitegiak alderdiak entzun eta horiek proposatutako frogak onartuko ditu, baldin eta froga horiek desegokiak edo alferrekoak ez badira. Prozedurak aurrera egingo du, hitzezko epaiketari buruz xedatutakoaren arabera.

Emandako epaia betearaziko da, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera. Halere, epai horrek ez du gauza epaituaren eragingarritasunik izango. Interesdunek balia ditzakete kasuan kasuko epaiketa arruntean adjudikatutako ondasunen gainean ustez dituzten eskubideak.

6. Lege honen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera, jarduna eten bada, eta, auzi kriminala erabakitzeko egoteagatik, jarauntsiko ondasunak baloratzean egindako funtzionario-eroskeria delitua ikertzen ari bada, etendura ezerezean geratuko da, ebazpen irmoaren bitartez auziaren bukaerari itxaron gabe, interesdunek aurkaratutako balorazioa alde batera utziz eta ados jarrita beste balorazio bat aurkeztu bezain laster. Kasu horretan, azken balorazioak zer ondorioztatu eta horren arabera emango da epaia.

788. artikulua.

Adjudikatutako ondasunak jaraunsle bakoitzari ematea

1. Banaketak behin betiko onetsi ondoren, interesdun bakoitzari emango zaizkio banaketan adjudikatu zaiona eta jabetza-tituluak; aurretiaz, aktuarioak jabetza-tituluetan ezarriko ditu adjudikazioaren ohar adierazgarriak.

Banaketak protokoloan jaso ostean, parte-hartzaileei euren hartzekoaren eta adjudikazioaren lekukotza-agiriak emango zaizkie, eurek hala eskatzen badute.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, jarauntsiaren hartzekodunen batek 782. artikuluko 4. paragrafoan aipatu eskaera eginez gero, ez zaie jaraunsleei eta legatu-hartzaileei ondasunik emango, hartzekodunei euren kredituen zenbatekoa oso-osorik ordaindu edo horiek bermatu arte.

789. artikulua.

Prozedura bukatzea, jaraunskideen arteko hitzarmenaren ondorioz

Epaiketaren edozein unetan, interesdunak prozeduratik banan daitezke, eta egokitzat jotzen dituzten hitzarmenak agin ditzakete.

Auzitegiak epaiketa largestea eta ondasunak jaraunsleen esku uztea aginduko du, interesdunek elkarren artean bat etorriz hori eskatzen badute.

2. ATALA

Jarauntsiko ondasunak esku hartzea

790. artikulua.

Jarauntsiko ondasunak eta hildakoaren agiriak aseguratzea

1. Auzitegiak, norbait hil dela jakin, eta, testamenturik ez agertzeaz gain, hildakoaren aurrekorik, ondorengorik, ezkontiderik nahiz antzeko egitezko egoeran dagoen pertsonarik edo laugarren gradurainoko albokorik agertu ezean, ofizioz hartuko ditu behar-beharrezko neurriak, hildakoa lurperatzeko, hori beharrezkoa izanez gero, eta ostu nahiz ezkuta daitezkeen ondasunak, liburuak, paperak, postatrukea eta efektuak ziurtatzeko.

Era berean jardungo da, aurreko lerrokadan aipatu pertsonak absente badaude, edo horietako bat adingabea edo ezgaitua izan eta legezko ordezkaririk ez badu.

2. Artikulu honek aipatu kasuetan, ahaideak agertu ondoren edo adingabe nahiz ezgaituentzat legezko ordezkaria izendatu ondoren, horiei hildakoaren ondasunak eta efektuak emango zaizkie, eta esku-hartze judiziala bukatuko da, hurrengo artikuluan xedatutakoa gorabehera.

791. artikulua.

Jarauntsiaren gaineko esku-hartze judiziala, testamenturik edo oinordetza legitimora deitutako ahaiderik agertzen ez denerako

1. Aurreko artikuluaren 1. paragrafoak aipatu kasuan, bertan adierazi jarduna gauzatu ondoren, auzitegiak, probidentzia bitartez, neurri egokienak hartuko ditu, oinordetzaren kausatzailea testamentu-xedapenarekin edo xedapenik gabe hil den ikertzeko. Horretarako, aginduko du auzi-paperetara ekartzea Azken Nahietako Egintzen Erregistro Orokorraren ziurtagiria, eta, ahal izanez gero, heriotza-ziurtagiria.

Beste biderik izan ezean, auzitegiak probidentzia bitartez aginduko du hildakoaren ahaide, lagun edo auzokideengana jotzea, hildakoa abintestato hil den eta oinordetza legitimorako eskubidearekin ahaiderik dagoen aztertzeko.

2. Hildakoa testamenturik egin gabe hil bada eta legezko oinordeko izateko ahaiderik ez badu, auzitegiak auto bitartez honako hau aginduko du:

1.) Hildakoaren liburuak, paperak eta postatrukea okupatzea.

2.) Ondasunen inbentarioa egitea eta ondasunok gordailutzea, ondasunak administratzearen inguruan bidezkoa dena xedatuz, lege honetan ezarritakoaren arabera.

Auzitegiak pertsona jakin bat izenda dezake, jarauntsiko ondasunen kontura inbentarioa eta gordailutzea egiteko eta bermatzeko.

Auzitegiak, ebazpen berean, ofizioz aginduko du pieza banandua irekitzea, abintestato jaraunsleen inguruko adierazpena egiteko.

792. artikulua.

Jarauntsiaren gaineko esku-hartze judiziala, jaraunsle-adierazpenaren izapideak egin bitartean edo jarauntsiaren zatiketa epaiketa bidez egin bitartean. Esku-hartzea, jarauntsiaren hartzekodunek hala eskatuta

1. Aurreko artikuluko 2. paragrafoan aipatu jarduna agin daiteke honako alderdi hauek hala eskatzen badute:

1.) Ezkontideak edo oinordetza legitimorako eskubidea dutela uste duten ahaideetatik edozeinek, horiek egiaztatu badute abintestato jaraunsleen inguruko adierazpena notarioaren aurrean eragin dutela, edo, jaraunsle-adierazpen judiziala eragitean jarauntsiko ondasunak esku hartzea eskatzen bada.

2.) Edozein jaraunskidek edo zati alikuotaren legatu-hartzailek, jarauntsia epaiketan zatitzea eskatzean, salbu eta testamentu-xedapenak esanbidez debekatu duenean esku-hartze hori.

2. Halaber, jarauntsiko ondasunetan esku hartzea eska dezakete, aurreko artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera, testamentuan bertan aitortutako hartzekodunek edo jaraunskideek aitortutakoek eta euren eskubidea titulu betearazlean jasota dutenek.

793. artikulua.

Lehenengo jarduna, eta inbentarioa egiteko interesdunei zitazioa egitea

1. Aurreko artikuluek aipatu kasuetatik edozeinetan, jarauntsiko ondasunetan esku hartzea erabaki ondoren, auzitegiak auto bitartez aginduko du, nahitaezkoa izanez gero eta aldez aurretik egin ez bada, behar-beharrezko neurriak hartzea, ondasunen segurtasunerako, baita ostu edo ezkuta daitezkeen liburuen, paperen, postatrukearen eta efektuen segurtasunerako ere.

2. Ebazpen berean, auzitegiak inbentarioa egiteko eguna eta ordua ezarriko ditu, eta interesdunei zitazioa egitea aginduko du.

3. Inbentarioa egiteko, honako hauei egin behar zaie zitazioa:

1.) Alargunari.

2.) Jarauntsirako eskubidea izan dezaketen ahaide ezagunei, baldin eta testamenturik agertzen ez bada eta abintestato jaraunsleen inguruko adierazpena egin ez bada.

3.) Jaraunsleei edo zati alikuotaren legatu-hartzaileei.

4.) Jarauntsiko ondasunetan esku hartzea agintzeko eskabidea egin duten hartzekodunei, eta, kasuan-kasuan, jarauntsia banatzeko prozeduran bertaratu direnei.

5.) Fiskaltzari, baldin eta oinordetza legitimorako eskubidea duten ahaide ezezagunak egon badaitezke; edo, jarauntsirako eskubidea duen ahaide ezagun bati, jaraunsle bati edo zati alikuotaren legatu-hartzaile bati zuzenean ezin bazaio zitaziorik egin, bere bizilekua zein den ez jakiteagatik; edota, interesdunetako bat adingabea edo ezgaitua bada eta legezko ordezkaririk ez badu.

6.) Estatuaren abokatuari, edo, legeak ezarri kasuetan, autonomia erkidegoen zerbitzu juridikoei, testamenturik ez agertzeaz gain, ezkontiderik nahiz oinordetza legitimorako eskubidea izan dezakeen ahaiderik ez badago.

794. artikulua.

Inbentarioa egitea

1. Aurreko artikuluan aipatu guztiei ezarritako egunean eta orduan zitazioa egin ondoren, idazkari judizialak inbentarioa egingo du, bertan agertzen direnekin. Inbentario horretara bilduko da jarauntsiko ondasunen zerrenda, baita aurkitutako eskritura, agiri eta paper garrantzitsuen zerrenda ere.

2. Testamentu-xedapenen bitartez erregela bereziak ezarri badira jarauntsiko ondasunen inbentarioa egiteko, erregela horiek aintzat hartuta egingo da inbentarioa.

3. Ezarri egunean ezin bada inbentarioa bukatu, hurrengo egunetan jarraituko da.

4. Inbentarioan ondasunak sartzeari edo ez sartzeari buruzko eztabaida sortuz gero, ikustaldirako zitazioa egingo zaie interesdunei, eta izapidetzak aurrera egingo du, hitzezko epaiketarako ezarritakoaren arabera.

Inbentarioan ondasunak sartzeari edo ez sartzeari buruz zein epaitan erabaki eta epai horrek ez die kalterik egingo hirugarrenen eskubideei.

795. artikulua.

Jarauntsiko ondasunak administratzeari, zaintzeari eta artatzeari buruzko ebazpena

Inbentarioa egin ondoren, auzitegiak auto bitartez aginduko du inguruabarren arabera ondasunak administratzeari, zaintzeari eta artatzeari buruz egoki dena, eta, kasuan-kasuan, aintzat hartuko du gai horien inguruan testamentugileak xedatutakoa. Testamentugileak ezer xedatu ezean, honako erregela hauek hartuko ditu kontuan:

1.) Eskudirua eta efektu publikoak zuzenbidearen arabera gordailutuko dira.

2.) Alarguna administratzaile izendatuko da, eta, alargunik izan ezean, jarauntsian zatirik handiena duen jaraunslea edo zati alikuotaren legatu-hartzailea.

Halakorik ere ez badago, edo, auzitegiaren ustez, horiek karguan jarduteko behar besteko gaitasunik ez badute, auzitegiak administratzaile izenda dezake edozein jaraunsle nahiz zati alikuotaren legatu-hartzaile, halakoa bada, edo hirugarren bat.

3.) Administratzaileak behar besteko kauzioa eman beharko du, lege honek ahalbidetutako moduetatik edozeinetan. Kauzio hori da administratzaileari zein ondasun eman eta ondasunoi aurre egiteko; auzitegiak zehaztuko du kauzio horren zenbatekoa.

Dena den, auzitegiak kauzioa ematetik salbuets dezake administratzaile izendatutako alarguna edo jaraunslea, horrek behar beste ondasunik badu berari eman zaizkion ondasunei aurre egiteko.

4.) Jaraunsleek eta zati alikuotaren legatu-hartzaileek administratzailea salbuets dezakete kauzioa emateko betebeharretik.

Horren inguruko adostasunik izan ezean, kauzioak proportzioa izango du adostasunik eman ez dutenek ondasunetan izan dezaketen interesarekin.

Beti eratuko da kauzioa, legezko ordezkaririk ez duten adingabeak edo ezgaituak jarauntsian parte hartzeari dagokionez, baita, non dauden ez jakiteagatik, zitaziorik izan ez duten absenteei dagokienez ere.

796. artikulua.

Jarauntsiaren gaineko esku-hartze judiziala amaitzea

1. Jarauntsiaren gaineko esku-hartze judiziala amaituko da, jaraunsle-adierazpena egitean, salbu eta jaraunsleetatik batek jarauntsia epaiketan zatitzea eskatzen duenean; kasu horretan, eskuhartzeak iraun dezake, hala eskatzen bada, jaraunsle bakoitzari adjudikatu zaizkion ondasunak eman arte.

2. Jarauntsia epaiketan zatitzeko prozedura gauzatu bitartean, jaraunsleek batera etorriz eska dezakete esku-hartze judiziala amaitzea.

Auzitegiak hori aginduko du, salbu eta interesdunetatik bat adingabea edo ezgaitua denean eta legezko ordezkaririk ez duenean, edo, non dagoen ez jakiteagatik, zitazioa izan ez duen jaraunsle absentea dagoenean.

3. Testamentuan bertan aitortutako hartzekodunek nahiz jaraunskideek aitortutakoak badaude, edo titulu betearazlean jasotako eskubidea dutenak badaude, eta horiek jarauntsia banatzearen aurka jartzen badira, ez da aginduko esku-hartzea amaitzea, euren kredituen zenbatekoa ordaindu edo horien gaineko fidantza eman arte.

3. ATALA

Jarauntsiko ondasunak administratzea

797. artikulua.

Jarauntsiaren administratzailea karguaz jabetzea

1. Administratzailea izendatu eta horrek kauzioa eman ostean, karguaz jabetuko da. Administratzaileak bere egitekoa gauzatzeko zein pertsonarekin harremanak izan behar eta horietatik berak izendatutakoei emango zaie karguaren berri.

2. Administratzaileari lekukotza emango zaio, bere ordezkaritza egiaztatu ahal izateko. Lekukotzan agertuko dira administratzailearen izendapena eta administratzailea karguaz jabetu izana.

3. Jabetza Erregistroan agerraraz daitezke jarauntsiko finken administrazio- egoera eta administratzailearen izendapena, hipoteka-legerian ezarritako betekizunekin bat datorren manamendu judizialaren bitartez.

798. artikulua.

Administratzaileak jarauntsia ordezkatzea

Jaraunsleek jarauntsia onartzen ez duten bitartean, ondasunen administratzaileak jarauntsia ordezkatuko du, kausatzailea hiltzean eraginda edo jada hasita zeuden auzi guztietan. Halaber, administratzaileak hildakoari zegozkion akzioak egikarituko ditu ordezkaritza horretan, jaraunsle-adierazpena egin arte.

Jarauntsia onartu ondoren, administratzaileak jarauntsiaren gaineko ordezkaritza izango du, ondasunak administratzeari, zaintzeari eta artatzeari dagokienez bakarrik; horretarako, egokia den kudeaketa egin beharko du, bidezko akzioak egikarituz.

799. artikulua.

Kontu-arrazoiak aldizka ematea

1. Administratzaileak egiaztatutako kontu-arrazoiak emango ditu, auzitegiak ezarri epeetan. Epe horiek proportzioa izango dute ondasunen garrantziarekin eta baldintzekin; epeok, gehienez jota, urtebetekoak izango dira.

2. Kontu-arrazoiak ematean, administratzaileak zainpean jarriko du emate horrek eratorri saldoa, edo jatorrizko gordekina aurkeztuko du saldoa ezarri establezimenduan gordailutu duela egiaztatzeko.

Lehenengo kasuan, auzitegiak, probidentzia bitartez, berehala aginduko du gordailua; eta, bigarrenean, gordailuaren datari eta gordailututako zenbatekoari buruzko eginbide adierazgarria auzi-paperetan jasotzea.

3. Kontu-arrazoien ondoriozko izapideak egiteko, bai eta administrazioa ikuskatu edo kontu-arrazoiok zuzentzeari nahiz onesteari buruzko neurriak sustatzeko ere, haiek idazkaritzan erakutsiko dira, edozein unetan, horiek eskatu dituen alderdiari.

800. artikulua.

Azken kontu-arrazoiak ematea. Kontu-arrazoiak aurkaratzea

1. Administratzaileak, jada aurkeztutako kontu-arrazoien gainean, azken kontu-arrazoi osagarria emango du, kargua uztean.

2. Administratzailearen kontu-arrazoi guztiak, azken kontu-arrazoia barne, alderdiei erakutsiko zaizkie idazkaritzan, administratzaileak kargua uztean. Horretarako, auzitegiak, probidentzia bitartez, epe bakarra ezarriko du, kontu-arrazoien garrantzia aintzat hartuz.

3. Epe hori igaro bada kontuen aurka jarri gabe, auzitegiak autoa emango du, kontuak onesteko eta administratzaileak erantzukizunik ez duela adierazteko.

Auto berean, auzitegiak aginduko du administratzaileari itzultzea horrek emandako kauzioa.

4. Kontu-arrazoiak denbora baliodunean aurkaratu badira, aurkaratzeko idazkia helaraziko zaio kontu-arrazoien emaileari, horrek erantzun dezan 404. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera, eta izapidetzak aurrera egingo du, hitzezko epaiketarako xedatutakoaren arabera.

801. artikulua.

Jarauntsiko ondasunak artatzea

1. Administratzaileak jarauntsiko ondasunak artatu behar ditu bere erantzukizunpean, ondasunoi kalterik egin gabe. Halaber, ahaleginak egingo ditu, jarauntsiko ondasunek errenta, ekoizkin eta onura egokiak eman ditzaten.

2. Horretarako, ondasunak artatzeko behar-beharrezko diren konponketa arruntak egin behar ditu administratzaileak.

Konponketa edo gastu bereziak beharrezkoak badira, epaitegiari emango dio horren berri administratzaileak. Epaitegiak agerraldian entzungo ditu 793. artikuluko 3. paragrafoan aipatu interesdunak, eta, adituek egoera aztertu eta aurrekontua eratu ondoren, bidezkotzat jotzen duena ebatziko du, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuz.

802. artikulua.

Administratzaileak karguan jardutean bildutako kopuruen erabilera

1. Administratzaileak, luzapenik gabe, epaitegiaren esanetara gordailututako ditu bere karguan jardutean bildutako kopuruak, eta atxikiko ditu, soilik- soilik, auzien gastuei, kontribuzioei eta gainerako arreta arruntei aurre egiteko beharrezkoak direnak.

2. Aurreko artikuluan aipatu gastu bereziei aurre egiteko, auzitegiak, probidentzia bitartez, administratzailearen esku utz dezake beharrezko kopurua. Sarrera arruntak nahiko ez badira kopuru hori ordaintzeko, kopurua gordailutik ateratzea aginduko du.

Azken hori aginduko da, orobat, gastu arrunten bat egin behar bada eta jarauntsiaren administrazioak eratorritako kopuru nahikorik ez badu administratzaileak.

803. artikulua.

Inbentarioko ondasunak besterentzeko debekua. Debeku horren salbuespenak

1. Administratzaileak ezin ditu inbentarioko ondasunak besterendu, ezta kargatu ere.

2. Erregela horren salbuespen dira honako ondasun hauek:

1.) Narria daitezkeenak.

2.) Artatzeko zail eta garestiak direnak.

3.) Fruituak, horiek besterentzeko inguruabar abantailatsuak badaude.

4.) Zorrak edo jarauntsi-administrazioaren beste arreta batzuk ordaintzeko besterendu behar diren gainerako ondasunak.

3. Auzitegiak probidentzia bitartez agin dezake ondasun horietatik edozein saltzea, administratzaileak hala eskatuta eta 793. artikuluko 3. paragrafoan aipatu interesdunak entzun ondoren. Salmenta enkante publikoan gauzatuko da, notario-legerian edo borondatezko jurisdikzio prozeduran ezarritakoaren arabera.

Kotizazio ofiziala duten baloreak merkatu horretan salduko dira.

804. artikulua.

Administratzaileari ordaintzea

1. Administratzaileak honako ordainsari hauek soil-soilik jaso ditzake:

1.) Inbentariora zein fruitu eta beste ondasun higigarri bildu eta horien salmentatik lortutako ekoizkin likidoaren %2.

2.) Ondasun higiezinen salmentatik eta edozein motatako baloreak kobratzetik lortutako ekoizkin likidoaren %1.

3.) Efektu publikoen salmentatik lortutako ekoizkin likidoaren % 0,5.

4.) Administrazioaren gainerako sarrerei dagokienez, aurreko lerrokadetan ezarri ez diren kontzeptuak direla eta, auzitegiak 100eko 4tik 100eko 10era zehaztutakoa, ondasunen ekoizkinak eta administrazioaren lana aintzat hartuz.

2. Halaber, auzitegiak probidentzia bitartez agin dezake, bidezkotzat jotzen badu, administratzaileari ordaintzea beraren karguan jarduteko egin behar izan dituen bidaia-gastuak.

805. artikulua.

Mendeko administrazioak

1. Hildakoak bere ondasunak zaintzeko mendeko zein administrazio izan eta administrazio horiei eutsiko zaie, hildakoak halakoei aitortutako ordainsari eta ahalmen berberekin.

2. Administratzaile horiek kontu-arrazoiak emango dituzte, eta bildutakoa administratzaile judizialari igorriko diote. Administratzaileok administratzaile judizialaren mendekotzat joko dira; halere, administratzaile judizialak horiek banan ditzan, nahitaezkoa da arrazoi zuzena egotea eta auzitegiak probidentzia bitartez baimena ematea.

3. Administratzaile judizialak baimen berarekin bete ditzake, bere erantzukizunpean, bete gabe gera daitezkeen karguak.

II. KAPITULUA

Ezkontzaren ondasun-eraentza likidatzeko prozedura

806. artikulua.

Aplikazio-eremua

Ezkontzaren edozein ondasun-eraentza likidatzeko, horrek badakar ezkontzako itunen edo lege-xedapenaren bitartez zama eta betebehar batzuen mendeko ondasun eta eskubideen masa erkidea izatea, aintzat hartuko dira, ezkontideen arteko hitzarmenik ez badago, kapitulu honetan xedatutakoa eta aplikagarri diren arau zibilak.

807. artikulua.

Eskumena

Likidazio-prozeduraz arduratzeko eskumena du deuseztasun-, banantzeedo dibortzio-prozesuaz arduratzen ari den edo arduratu den lehen auzialdiko epaitegiak, edo legeria zibilean ezarritako arrazoien ondorioz ezkontzaren ondasun-eraentza desegitearen inguruko jardunaz arduratzen ari denak edo arduratu denak.

808. artikulua.

Inbentarioa eskatzea

1. Deuseztasun-, banantze- edo dibortzio- demanda onartu ondoren, edo ezkontzaren ondasun-eraentza desegitea zein prozesutan eskatu eta hori hasi ondoren, ezkontideetatik edozeinek eska dezake inbentarioa eratzea.

2. Aurreko paragrafoan aipatu eskabidearekin batera, proposamena ekarriko da; proposamen horretan jasoko dira, behar bezala bananduta, legeria zibilaren arabera inbentariora bildu beharreko kopuru guztiak.

Eskabide horrekin batera ekarriko dira proposamenera bildutako zenbateko guztiak egiaztatzeko agiriak.

809. artikulua.

Inbentarioa egitea

1. Aurreko artikuluan aipatu eskabidea kontuan hartuz, eguna eta ordua ezarriko dira, hamar eguneko epean gehienez jota, inbentarioa egin dadin; horretarako, ezkontideei zitazioa egitea aginduko da.

Zehaztu egun eta orduan, idazkari judizialak, ezkontideekin batera, ezkontza- erkidegoaren inbentarioa egingo du, legeria zibilak kasuan kasuko ezkontzaren ondasun-eraentzarentzat xedatutakoaren arabera.

Egiaztatutako arrazoirik egon gabe, ezkontideetatik bat agertzen ez bada ezarri egunean, ulertuko da ados dagoela agertu ezkontideak egindako inbentario- proposamenarekin.

Kasu horretan, baita bi ezkontideak agertu eta hitzarmena lortzen badute ere, hitzarmena aktan jaso eta ekitaldia bukatuko da.

Egun berean edo hurrengo egunean ebatziko da inbentariora zein ondasun bildu, eta ondasun horien administrazioari eta xedapenari buruz bidezkoa dena.

2. Inbentarioan kontzepturen bat sartzeari edo ez sartzeari nahiz edozein kopururen zenbatekoari buruzko eztabaida sortuz gero, interesdunei ikustaldirako zitazioa egingo zaie, eta izapidetzak aurrera egingo du, hitzezko epaiketarako ezarritakoaren arabera.

Epaian sortutako arazo guztien inguruan ebatzi eta ezkontza-erkidegoaren inbentarioa onetsiko da. Horrez gain, epaian bidezkoa dena aginduko da, ondasun erkideak administratzearen eta xedatzearen inguruan.

810. artikulua.

Ezkontzaren ondasun-eraentza likidatzea

1. Inbentarioa burutu bada, eta ezkontzaren ondasun-eraentza desegin dela zein ebazpenetan adierazi eta hori irmoa bada, ezkontideetatik edozeinek eska dezake ezkontzaren ondasun-eraentza likidatzea.

2. Eskabidearekin batera, likidazio-proposamena ekarri beharko da. Likidazio- proposamenera bildu behar dira ezkontide bakoitzari zordundutako kalte- galerak eta itzulketak ordaintzea, eta bai gerakina proportzio egokian banatzea ere. Erloak eratzeko, kontuan hartuko dira arau zibil aplikagarrietan ezarri lehenespenak.

3. Likidazio-eskabidearen izapidetza onartu ondoren, hamar eguneko epean gehienez jota, ezkontideak idazkari judizialaren aurrean agertzeko eguna eta ordua ezarriko dira. Agerraldi hori egingo da ezkontideek hitzarmena lor dezaten, eta, hitzarmenik lortu ezean, kontularia izenda dadin, eta, kasuan-kasuan, adituak izenda daitezen, horiek zatiketa-eragiketak gauza ditzaten.

4. Egiaztatutako arrazoirik egon gabe, ezkontideetako bat agertzen ez bada ezarri egunean, ulertuko da ados dagoela agertu ezkontideak egindako likidazio-proposamenarekin.

Kasu horretan, baita bi ezkontideak agertu eta hitzarmena lortzen badute ere, hitzarmena aktan jaso, ekitaldia bukatu eta gauzatuko da, lege honen 788. artikuluko lehenengo bi paragrafoen arabera adostutakoa.

5. Ezkontideak ados jartzen ez badira ezkontzaren ondasun-eraentza likidatzeko, kontularia izendatuko da probidentzia bitartez, eta, kasuan-kasuan, adituak izendatuko dira, lege honen 784. artikuluan ezarritakoaren arabera. Izapidetzak aurrera egingo du, 785. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

811. artikulua.

Partaidetza-eraentza likidatzea

1. Ezin da eskatu partaidetza-eraentza likidatzea, ezkontzaren ondasun-eraentza desegin dela zein ebazpenetan adierazi eta hori irmoa izan arte.

2. Eskabidearekin batera, likidazio-proposamena aurkeztu behar da. Proposamen horretara bilduko da ezkontide bakoitzaren hasierako eta amaierako ondarearen zenbatespena, eta, hala badagokio, bertan adierazi behar da ondare- gehikuntzarik handiena izan duen ezkontideak ordaindu beharreko kopurua.

3. Likidazio-eskabidea kontuan hartuta, hamar eguneko epean gehienez jota, ezkontideak idazkari judizialaren aurrean agertzeko eguna eta ordua ezarriko dira, ezkontideek hitzarmena lor dezaten.

4. Egiaztatutako arrazoirik egon gabe, ezkontideetako bat agertzen ez bada ezarri egunean, ulertuko da berori ados dagoela agertu ezkontideak egindako likidazio-proposamenarekin.

Kasu horretan, baita bi ezkontideak agertu eta hitzarmena lortu badute ere, hitzarmena aktan jaso eta ekitaldia bukatuko da.

5. Ezkontideak ados jartzen ez badira, horiei ikustaldirako zitazioa egingo zaie, eta izapidetzak aurrera egingo du, hitzezko epaiketarako ezarritakoaren arabera.

Epaian sortu diren arazo guztien ebazpena emango da, eta ezkontide bakoitzaren hasierako eta amaierako ondareak zehaztuko dira. Halaber, epaian adieraziko da, hala badagokio, ondare-gehikuntzarik handiena izan duen ezkontideak ordaindu beharreko kopurua eta ordainketa egiteko modua.

III. TITULUA

PROZESU MONITORIOA ETA KANBIO-PROZESUA

LEHENENGO KAPITULUA

Prozesu monitorioa

812. artikulua.

Prozesu monitorioa noiz den bidezkoa

1. Prozesu monitoriora jo dezake muga-eguneratuta dagoen eta eska daitekeen diruzko zorra berari ordaintzea nahi duenak, baldin eta zor horren kopurua zehatza bada, 5 000 000 pezeta gainditzen ez baditu eta zorraren kopurua honako bide hauen bitartez egiaztatzen bada*:

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak 30 000 euroko kopurua ezarri du atal horretarako.

1.) Zordunak sinatu dituen agirien bitartez, agirion forma eta mota edo euskarri fisikoa edozein dela, edo zordunaren zigilua, lorratz nahiz marka edo beste edozein ikur, fisiko zein elektroniko duten agirien bitartez.

2.) Fakturen, emate-albaranen, ziurtagirien, telegramen, telefaxaren edo beste edozein agiriren bitartez, nahiz eta horiek hartzekodunak alde bakarrez sortu, baldin eta hartzekodunaren eta zordunaren arteko harremanetako kredituak eta zorrak jaso ohi dituztenak badira.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, eta paragrafo horretan ezarri eskakizunak betetzen dituzten zorrak izanez gero, honako kasu hauetan ere prozesu monitoriora jo daiteke: 1.) Zorra jasotzen duen agiriarekin batera, ekartzen badira aurretiazko egoera iraunkorra egiaztatzeko merkataritzako agiriak.

2.) Zorra egiaztatzen bada, hiri-lurreko ondasun higiezinetako jabe-erkidegoen gastu erkide gisa, zorrean dauden kopuruak ez ordaintzeari buruzko ziurtagirien bitartez.

813. artikulua.

Eskumena

Zordunaren egoitzari edo bizilekuari dagokion lehen auzialdiko epaileak bakarrik du prozesu monitorioaren gaineko eskumena; edo, egoitza nahiz bizileku horiek ezezagunak badira, auzitegiak ordainketa-agindeia egiteko ondoreetarako, eskuduna da zorduna aurki daitekeen tokiko lehen auzialdiko epailea, salbu eta 812. artikuluaren 2. paragrafoko 2. zenbakian aipatu zorraren erreklamazioa denean. Kasu horretan, finka dagoen tokiko auzitegia ere izango da eskuduna, eskatzaileak hala aukeratuta.

Edozein kasutan, ez dira aplikatuko I. liburuko II. tituluaren II. kapituluko 2. atalera esanbidezko nahiz isilbidezko eskumenpean jartzeari buruz bildutako arauak.

814. artikulua.

Prozedura monitorioaren hasierako eskaera

1. Prozedura monitorioa hasiko da, hartzekodunak hala eskatuta. Eskaera horretan adieraziko dira zordunaren nortasuna, hartzekodunaren eta zordunaren egoitza edo egoitzak, horien bizilekua edo horiek aurki daitezkeen tokia, eta zorraren jatorria eta zenbatekoa. Horrekin batera, 812. artikuluan aipatu agiria edo agiriak ekarri behar dira.

Eskaera egin daiteke inprimaki edo formularioan, horrek ahalbidetzen badu aurreko paragrafoan aipatu aldeak adieraztea.

2. Ez dago abokatuaren edo prokuradorearen beharrik, prozedura monitorioaren hasierako eskaera aurkezteko.

815. artikulua.

Eskaera onartzea eta ordainketa-agindeia

1. Eskaerarekin batera aurkeztutako agiriak 812. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoak badira, edo, auzitegiaren ustez, agiriok eskaeragileak duen eskubidearen froga-hastapena eratzen badute eskaeran adierazitakoa berretsiz, orduan zordunari agindeia egingo zaio probidentzia bitartez. Agindei horretan, hogei eguneko epea emango zaio zordunari, eskaeragileari ordain diezaion eta auzitegian hori egiazta dezan, edo zorduna auzitegian agertu eta aurka-jartzeko idazkian arrazoiak laburki eman ditzan, erreklamatutako kopurua oso-osorik nahiz zati batez zor ez izateko.

Agindeia lege honen 161. artikuluan ezarritakoaren arabera jakinaraziko da, eta zordunari ohartaraziko zaio beraren aurkako betearazpena aginduko dela hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta ordaintzen ez badu edo agertu ez eta ez ordaintzeko arrazoiak ematen ez baditu.

2. 812. artikuluko 2. paragrafoko 2. zenbakian aipatu zorren erreklamazioetan, jakinarazpena egin beharko da zordunak aldez aurretik izendatutako egoitzan, jabeen erkidegoari buruzko gaiekin zerikusia duten jakinarazpen eta zitazio guztietarako.

Egoitza hori izendatu ez bada, ahaleginak egingo dira komunikazioa pisuan edo lokalean egiteko, eta, horrela ere ezin bada komunikaziorik gauzatu, jakinarazpena egingo da, lege honetako 164. artikuluan xedatutakoaren arabera.

816. artikulua.

Zordunari agindeia egitea, bera ez agertzea eta betearazpena agintzea. Korrituak

1. Agindeia zein zorduni egin eta hori auzitegian agertzen ez bada, auzitegiak autoa emango du, zordundutako kopuruaren betearazpena aginduz.

2. Betearazpena agindu ondoren, horrek aurrera egingo du, epai judizialak betearazteko xedatutakoaren arabera. Gainera, kasu horietarako ezarri aurka-jartzea azal daiteke. Dena den, prozesu monitorioaren eskatzaileak eta exekutatutako zordunak geroko prozesu arruntean ezin izango dute erreklamatu monitorioan erreklamatutako kopurua edo betearazpenaren bitartez lortutako kopurua itzultzea.

Betearazpena zein autotan agindu eta hori ematen denetik, zorrak sortuko ditu 576. artikuluan aipatu korrituak.

817. artikulua.

Zordunak egindako ordainketa

Zordunak ordainketa-agindeia betetzen badu, orduan, hori egiaztatu bezain laster, ordaindu izanaren ziurtagiria eman eta jarduna artxibatuko da.

818. artikulua.

Zorduna aurka jartzea

1. Zordunak garaiz aurkezten badu aurka-jartzeko idazkia, gaia behin betiko ebatziko da kasuan kasuko epaiketan, eta epaiketa horretan emandako epaiak gauza epaituaren indarra izango du.

Abokatuak eta prokuradoreak aurka-jartzeko idazkia sinatu beharko dute, erregela orokorren arabera euren parte-hartzea, munta dela eta, beharrezkoa bada.

Zordunak bere aurka-jartzea gehiegi eskatzean oinarritzen badu, lege honen 21. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera jardungo da, zor gisa aitortutako zenbatekoari dagokionez.

2. Uziaren zenbatekoak hitzezko epaiketaren zenbatekoa gainditzen ez badu, auzitegiak berehala egingo du ikustaldirako deialdia.

Erreklamazioak zenbateko hori gainditu, eta eskaeragileak kasuan kasuko demanda jartzen ez badu hilabeteko epean, aurka-jartzeko idazkia helarazi denetik, orduan jarduna largetsi eta hartzekoduna kostuak ordaintzera kondenatuko da.

Demanda aurkeztuz gero, demandatuari helaraziko zaio hori, lege honen 404. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoaren arabera.

II. KAPITULUA

Kanbio-epaiketa

819. artikulua.

Kanbio-epaiketa noiz den bidezkoa

Kanbio-epaiketa bidezkoa izango da, soil-soilik, epaiketa hastean aurkeztu bada kanbio-letra, txekea edo ordaindukoa, horrek dituela Kanbio-Letra eta Txekearen Legean ezarri baldintzak.

820. artikulua.

Eskumena

Kanbio-epaiketan eskumena du demandatuaren egoitzako lehen auzialdiko epaitegiak.

Tituluaren ukandunak zordun bat baino gehiago demandatzen badu eta zordunon betebeharra titulu beretik sortzen bada, eskuduna izango da horietatik edozeinen egoitzako lehen auzialdiko epaitegia. Zordunak epaiketan ager daitezke, ordezkaritza independentearekin.

Ez dira aplikatuko I. liburuko II. Tituluaren II. kapituluko 2. atalera esanbidezko edo isilbidezko eskumenpean jartzeari buruz bildutako arauak.

821. artikulua.

Hasiera. Demanda. Ordainketa-agindeia eta aurreneurrizko enbargoa

1. Kanbio-epaiketa demanda laburrarekin hasiko da, horrekin batera kanbio-titulua ekarriz.

2. Auzitegiak, auto bitartez, kanbio-tituluaren forma-egokitasuna aztertuko du, eta, egokia bada, besterik gabe hartuko ditu honako neurri hauek:

1.) Zordunari agindeia egitea, horrek hamar eguneko epean ordain dezan.

2.) Zordunaren ondasunen berehalako aurreneurrizko enbargoa agintzea, titulu betearazlean jasotako kopuruan, baita atzerapen-korrituei, gastuei eta kostuei aurre egiteko kopuruan ere, ordainketa- agindeia betetzen ez denerako.

3. Demandatzaileak 552. artikuluko 2. paragrafoan aipatu errekurtsoak jar ditzake, aurreko paragrafoko neurriak hartzea ukatu duen autoaren aurka.

822. artikulua.

Ordainketa

Kanbio-zordunak ordainketa-agindeia betetzen badu, 583. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da. Halere, kostuak zordunaren kontura izango dira.

823. artikulua.

Enbargoa desegitea

1. Zorduna bere kabuz edo ordezkariaren bitartez bertaratzen bada, ordaintzeko agindeia egin zaionetik bost egunetako epean, eta bere sinaduraren kautotasuna oso-osorik ukatzen badu edo erabateko ordezkaritzarik eza alegatzen badu, auzitegiak agindutako enbargoak desegin ditzake, kasuan kasuko inguruabarrak eta ekarritako agiriak kontuan hartuta. Halakoetan, auzitegiak kauzioa edo berme egokia eska dezake, hori komenigarritzat joz gero.

2. Enbargoa ez da desegingo honako kasu hauetan:

1.) Merkataritzako artekari elkargokideak igorpenean, onarpenean, abalean edo endosuan esku hartu badu, data adieraziz, edo notarioak kasuan kasuko sinadurak legitimatzen baditu letran bertan.

2.) Kanbio-zordunak protestoan edo notario bidezko ordainketa-agindeian oso-osorik ukatu ez badu tituluan jasotako bere sinaduraren kautotasuna edo alegatu ez badu erabateko ordezkaritza eza.

3.) Kanbio-betebeharpekoak bere sinadura aitortzen badu epaiketan edo agiri publikoan.

824. artikulua.

Aurka-jartze kanbiarioa

1. Aurreko artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, zordunak kanbio-epaiketaren aurka jartzeko demanda aurkez dezake, ordainketa-agindeia egin eta hurrengo hamar egunetan.

2. Aurka-jartzeak demandaren forma izango du. Kanbio-zordunak letraren, txekearen edo ordaindukoaren ukandunari aurka jar diezazkioke Kanbio-Letra eta Txekearen Legearen 67. artikuluan aurka jartzeko ezarri arrazoi edo zio guztiak.

825. artikulua.

Aurka ez jartzearen ondoreak

Zordunak ez badu aurka-jartzeko demandarik aurkezten ezarri epean, erreklamatutako kopuruak betearaztea agindu eta enbargoa trabatuko da, hori aldez aurretik ezin izan bada gauzatu, edo, 823. artikuluan ezarritakoaren arabera, hori desegin bada.

Kasu horretan, agindutako betearazpena gauzatuko da, lege honetan epaiak eta ebazpen judizialak nahiz tartekaritza-ebazpenak betearazteko ezarritakoaren arabera.

826. artikulua.

Aurka-jartze kanbiarioa gauzatzea

Zordunak aurka-jartzeko idazkia aurkeztu ondoren, idazki hori hartzekodunari helarazi eta ikustaldirako zitazioa egingo zaio, hitzezko epaiketetarako 440. artikuluaren lehenengo paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Ikustaldia egingo da, 443. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zorduna agertzen ez bada, auzitegiak ulertuko du aurka-jartzean atzera egin duela, eta aurreko artikuluan ezarritako ebazpenak aginduko ditu.

Hartzekoduna agertzen ez bada, auzitegiak aurka-jartzearen inguruan ebazpena emango du, hartzekoduna entzun gabe.

827. artikulua.

Aurka-jartzeari buruzko epaia. Eragingarritasuna

1. Hamar eguneko epean, auzitegiak epaia emango du, aurka-jartzearen inguruan ebazpena emanez.

Aurka-jartzeari gaitz iritzi eta epaiari errekurtsoa jartzen bazaio, epaia behin-behinean betearaziko da, lege honetan xedatutakoaren arabera.

2. Aurka-jartzeari on iritzi dion epaiaren aurka errekurtsoa jartzen bada, 744. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuko da, trabatu diren aurreneurrizko enbargoei dagokienez.

3. Kanbio-epaiketan emandako epai irmoak gauza epaituaren ondoreak sortuko ditu, epaiketa horretan alega eta eztabaida zitezkeen arazoei dagokienez. Gainerako arazoak kasuan kasuko epaiketan aurkez daitezke.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.

Eskumen-titulua

Lege hau ematen da Espainiako Konstituzioaren 149.1.6 artikuluaren arabera estatuari dagokion eskumenaren babespean; horrek ez dio kalterik egingo autonomia-erkidegoen zuzenbide substantiboaren berezitasunek ondorioztatutako espezialitateei.

Bigarrena.

Zenbatekoak eguneratzea

1. Gobernuak, errege dekretuaren bitartez, lege honetan ezarritako zenbatekoak egunera ditzake, bost urterik behin, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena egin eta Estatuko Kontseiluak irizpena eman ondoren.

2. Europako dirua (euroa) bete-betean ezarri aurretik, sei hilabete lehenago gutxienez, Gobernuak diru horretara bihurtuko ditu lege honek pezetetan jasotako zenbatekoak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena egin eta Estatuko Kontseiluak irizpena eman ondoren. Kasu horretan, diru horren zatikiak ezabatu eta zenbatekoak euroetan ezarriko dira, Espainiako legeetan gertatu ohi den bezala, horiek erraz erabiltzeko modukoak izan daitezen.

Aurrekoa gorabehera, Europako diruaren araberako zenbateko berriekin batera, eutsi egingo zaie lege honek epaiketa- mota zehazteari eta errekurtsoak baliatzeari buruzko erregeletan pezetetan ezarritako zenbatekoei*.

Bihurketa hori burutu du abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak (EAO, 310. zk., abenduaren 27koa).

Hirugarrena.

Baliabide materialak eta giza baliabideak, ikustaldiak, entzunaldiak eta agerraldiak jasotzeko

Lege hau onetsi denetik urte beteko epean, Estatuko Gobernuak eta eskumenak transferituak dituzten autonomia- erkidegoetako gobernu-kontseiluek beharrezko neurriak hartuko dituzte, epaitegiek eta auzitegiek premiazko baliabide materialak eta giza baliabideak izan ditzaten, lege honen 147. artikuluan xedatutakoaren arabera ahozko jarduna jasotzeko.

Laugarrena.

Agirien eta tresnen kopiak lortzearen ondoriozko tasak

Lege hau onetsi eta hurrengo sei hilabeteetan, Estatuko Gobernuak errege dekretu bitartez onetsiko du prezio tasatuen sistema, auzi-paperetan jasotako eta prozesuko alderdiek eskatutako agiri nahiz tresnen kopia soilak lortzeari buruzkoa.

Bosgarrena.

Prozesu zibil zehatz batzuk bizkortzeko neurriak

1. Justizia Ministerioak, arloan arloko eskumenak dituzten autonomiaerkidegoekin bat etorriz, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak baiezko txostena eman ondoren, data berehala zehazteko bulegoak sor ditzake, lehen auzialdiko epaitegiak eta instrukzioko epaitegiak banatuta dituzten epai-barrutietan.

Bulego horiek prozesuko zerbitzu erkideen izaera dute, eta horietan beteko dira, xedapen gehigarri honen prozedurei dagokienez, erregistro-, eta banaketa- eginkizunak, bai eta ikustaldien, agerraldien eta jardunaren data zehaztekoak ere.

2. Data berehala zehazteko bulegoak zein epai-barrutitan sortu eta barruti horietan aurkeztuko dira honako gai hauek jasotzen dituzten demandak eta eskabideak:

a) Lege honen 250. artikuluko 2. paragrafoan aipatu muntari buruzko erreklamazioak.

b) Zordundutako errentak edo kopuruak ez ordaintzeagatik hiri-finkatik maizterra botatzeak, eta, hala denean, errenta edo kopuru horien erreklamazioak, erreklamazio akzioa metatzen bada maizterra botatzeko akzioarekin.

c) Demanda baino lehenagoko edo aldi bereko kautela-neurriak, horiek 770. artikuluko 6. erregelan xedatutakoak badira.

d) Deuseztasun, banantze edo dibortzioaren inguruko behin-behineko neurriak, horiek demanda baino lehenagokoak edo aldi berekoak izan, eta 771 eta 773.1. artikuluetan ezarri badira.

e) Bi ezkontideak batera etorriz edo batak bestearen adostasunarekin eskatutako deuseztasun-, banantze- edo dibortzio- demandak.

3. Data berehala zehazteko bulegoetan demanda eta eskabideak aurkeztu, eta horien izapideak egingo dira, lege honen arauekin bat, berezitasun hauekin:

Lehenengoa. Demandaren izapidetza onartu baino lehen, data berehala zehazteko bulegoetan, eta eginbide berean, honako hauek egingo dira:

a) Erregistratuko dira bertan aurkeztu eta aurreko paragrafoan aipatutako demandak edo eskabideak.

b) Horiek epaitegi eskudunari banatzea aginduko da, eta zuzenean zehaztuko da 440.1 artikuluko ikustaldiaren data, 771.2 eta 773.3 artikuluetan ezarri agerraldia, 777.3. artikuluko demanda berresteko agerraldia, eta maizter-botatzearen data eta ordua, 440.3 artikuluaren kasuan.

c) Zitazio eta ofizio egokien gauzatzea aginduko da, horiek ondore horretarako luzatuz. Zitazio eta ofizio horiek gauzatuko dira, jakinarazpen-zerbitzu erkidearen bitartez, edo, hala denean, hori eskatu duen prokuradorearen bidez; eta, horiek bete ondoren, epaitegi eskudunari emango zaizkio zuzenean.

d) Aurkeztu demanda edo eskabidea berehala igorriko zaio epaitegi eskudunari.

Bigarrena. Aurreko erregelan aipatu agerraldi eta ikustaldietarako zitazioetan jasoko dira lege honetan kasuankasuan ezarri agindei eta oharrak.

Halaber, 440. artikuluko 3. paragrafoan aipatu gaiak adieraziko dira.

Era berean, zitazioan adieraziko da, demandatuak doako laguntza juridikorako eskubidearen aitorpena edo 33.2 artikuluan xedatu ofiziozko abokatu eta prokuradorea eskatzen duenerako, zitazioa noiz jaso eta hiru egunetako epean epaitegian egin beharko duela eskaera hori.

Hirugarrena. Demanda edo eskabidea jaso ondoren, epaitegiak aginduko du horren izapidetza onartzearen inguruan bidezkoa dena. Hala denean, epaitegiak aginduko du prozesuko akatsak ongituak izan daitezen, hiru eguneko epean gehienez.

Demanda onartuz gero, jada egindako data-zehazteari eutsiko zaio.

Demandaren izapidetza onartzen ez bada, data-zehaztea ondorerik gabe utziko da, eta epaitegiak inguruabar hori komunikatu beharko die dagoeneko zitazioa jaso dutenei.

Alderdietako batek doako laguntza juridikorako eskubidearen aitorpena edo ofiziozko abokatu eta prokuradorea eskatu badu, lehen auzialdiko epaitegiak aginduko du profesionalak berehala izendatzea, 33. artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Kasu horretan, izendapena egingo da ikustaldi edo agerraldirako egokitu profesionalen mesederako, abokatu eta prokuradoreen elkargoetan horretarako ezarri laguntza-txanda bereziari jarraituz.

Laugarrena. Data berehala zehazteko bulegoetan egingo dira xedapen honen, lehenengo ataleko 3. paragrafoaren b) lerrokadan aipatu data-zehazteak, txandari jarraikiz egoki den lehen auzialdiko epaitegian. Horixe egingo da, data zehazteko programa-sistemaren arabera, egun eta ordu baliodun gertuenetan, betiere honako epe hauetan:

a) 440.1 artikuluko ikustaldien data zehazteak egingo dira artikulu horretan zehaztu epeetan, horiek zenbatzen hasita, data berehala zehazteko bulegoetan demanda aurkeztu eta bosgarren egunetik aurrera.

b) 771.2 eta 773.3 artikuluetako agerraldien data-zehazteak gauzatuko dira, data berehala zehazteko bulegoetan eskabidea edo demanda aurkeztu eta bosgarren egunetik hamargarren egunaren artean.

c) 777.3 artikuluan xedatu demanda berresteko agerraldien data-zehazteak gauzatuko dira, demanda egokia aurkeztu eta hurrengo hiru egunetan.

d) 440. artikuluaren 3. paragrafoko azken tartekaduraren araberako maizter- botatzearen data eta ordua finkatzea gauzatuko da, kasuan kasuko ikustaldiaren data zein izan eta hortik hilabetea baino gutxiagoko epean.

Bosgarrena. Epai-barrutietan data berehala zehazteko bulegoak sortzen direnean, lehen auzialdiko epaitegi bakoitzak agenda osoa erreserbatu beharko du, jarraikako laguntza-txandan berari dagozkion datetan; horixe egingo da, Data Berehala Zehazteko Bulegoak data-zehazte horiek zuzenean gauzatu ahal izateko.

Justizia Ministerioak baiezko txostena eman ondoren, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak beharrezko diren araudiak emango ditu, data zehazteko programa-sistemaren antolaketa eta jardunbidea, eta lehen auzialdiko epaitegien jarraikako laguntza-txanda arautzeko, bai eta data-zehazteak zuzenean gauza daitezen ordutegi-tarteetan zatikatzeko ere.

Seigarrena. Epai-barrutietan data berehala zehazteko bulegoak zein diren finkatzeko, banaketa-arauek ezarriko dute xedapen honen 2. paragrafoko prozedurak aztertzea lehen auzialdiko zein epaitegiri eratxikiko zaion; horrelakoetan, lehen auzialdiko epaitegia izango da jarraikako laguntza-txandaren arabera jardun behar duena, noiz eta laugarren erregelan aipatu ikustaldi eta agerraldien data-zehazteak egin beharreko egunetan.

4. Xedapen gehigarri honen esparruan gauzatutako jardunean, bertaratutako alderdien prokuradoreek, hala eskatzen badute eta ordezkatzen duten alderdiaren kontura, jakinarazpenak, zitazioak, epatzeak eta agindeiak egin ditzakete, lege honetan oro har onartutako moduetatik edozein erabiliz.

Komunikazio-egintza horiek baliozkotasunez egin direla ulertuko da, pertsona egokiari egin zaizkiola edo jasotzailearen egoitzan gauzatu direla behar beste agerrarazten bada.

Ondore horietarako, prokuradoreak egiaztatuko ditu, bere erantzukizun pertsonalpean, komunikazio-egintzaren hartzailearen nortasuna eta izaera; ahaleginak egingo ditu, kopian agerraraz daitezen haren sinadura eta komunikazioa gauzatzeko eguna.

Ebazpenaren kopia edo zedula ematearen bitartezko komunikazioetan, horiek jasotzailearen egoitzan egin behar badira, 161. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da, berori aplikagarri denean. Prokuradoreak egiaztatu beharko du artikulu horretako inguruabarrak gertatzen direla, eta, horretarako, bi lekukoren laguntzaz edo bestelako bide egokiez balia daiteke.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.

Errekurtsoen araubidea, horiek jartzen direnean ebazpen interlokutorioen edo behin-behineko ebazpenen aurka

Lege hau indarrean jarri ondoren, prozesu eta auzialdi guztietan zein ebazpen interlokutorio edo behin-behineko eman eta horiei aplikatuko zaie lege honetako errekurtso arrunten araubidea.

Bigarrena.

Lehen auzialdiko prozesuak

Lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoa gorabehera, lege hau indarrean jartzean lehenengo auzialdian dauden prozesu adierazleak gauzatuko dira, aurreko prozesu-legeriaren arabera, auzialdi horretan epaia eman arte.

Gora jotzeari, bigarren auzialdiari, betearazpenari, behin-behinekoa barne, eta errekurtso bereziei dagokienez, lege honen xedapenak aplikatuko dira.

Hirugarrena.

Bigarren auzialdiko prozesuak

Lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoa gorabehera, lege hau indarrean jartzean prozesu adierazleak bigarren auzialdian badaude, auzialdi hori gauzatuko da, aurreko legearen arabera; baina, epaia eman ondoren, lege hau aplikatuko da ondore guztietarako.

Dena den, eska daiteke gora jotako uziari oniritzia eman dion epaia behin-behinean betearaztea, lege honetan xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.

Kasazioko auziak

Lege hau indarrean jartzean, kasazio- errekurtsoa ebazteke duten auziak aurreko legearen arabera gauzatu eta erabakiko dira. Halere, eska daiteke kasaziopeko uziari oniritzia eman dion epaia behin-behinean betearaztea, lege honen arabera.

Bosgarrena.

Epaiketa betearazleak

Lege hau indarrean jartzean ebazteke dauden epaiketa betearazleak aurreko legearen arabera izapidetuko dira, epaiketa horiek oinarritzeko titulua edozein izanda ere. Dena den, jarduna premiamendu-prozedurara heldu ez bada, une hori iristean lege hau aplikatuko da, prozedura horri dagokionez.

Seigarrena.

Nahitaezko betearazpena

Lege hau indarrean jartzean jada hasita dauden betearazpen-prozesuetan, lege honek zer xedatu eta horixe aplikatuko da, alderdi betearazlea guztiz asetzeko oraindik gauza edo aldaraz daitekeen jardun betearazleari dagokionez.

Zazpigarrena.

Kautela-neurriak

1. Lege hau indarrean jarri ondoren eskatu kautela-neurrietan, lege honetan zer xedatu eta horixe aplikatuko da, lege hau indarrean jarri baino lehen hasitako prozesuetan.

2. Lege hau indarrean jarri baino lehen hartutako kautela-neurriei aurreko legeko xedapenak aplikatuko zaizkie; baina lege honen arabera eska daiteke neurriok berrikustea eta aldaraztea.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

1. Prozedura Zibilaren Legea, 1881eko otsailaren 3ko Errege Dekretuak onetsitakoa, indarrik gabe geratzen da, honako salbuespen hauekin:

1.) II. liburuko XII eta XIII. tituluak, eta III. liburua. Horiek indarrean iraungo dute, Konkurtso Legea eta Borondatezko Jurisdikzioaren Legea indarrean jarri arte; salbuespenez, Prozedura Zibilari buruzko 1881eko Legearen 1827. artikulua eta 1880. artikulutik 1900.erakoak indarrik gabe geratzen dira.

Halaber, aipatu legeak indarrean jarri arte, indarrean iraungo dute Prozedura Zibilari buruzko 1881eko Legearen 4. artikuluko 1 eta 5. zenbakiak, 10. artikuluko 1 eta 3. zenbakiak, eta 63. artikuluko 8, 9, 16, 17, 18, 19, 22, 23, 24, 25, 26 eta 27. erregelek.

Konkurtso Legea indarrean jarri arte, konkurtso-prozesuetan sortutako intzidenteei aplikatuko zaie lege honetan intzidenteen izapidetza egiteko zer xedatu eta horixe.

Borondatezko Jurisdikzioaren Legea indarrean jarri arte, ulertuko da III. liburuan administrazioarekiko prozedura egokiaren inguruan jasotako aipamenak hitzezko epaiketaren gainekoak direla.

2.) II. liburuko I. titulua eta 11. artikulua, adiskidetzeari buruzkoak, eta II. liburuko IX. tituluko 2. atala, abintestato jaraunsleen inguruko adierazpenari buruzkoa. Halere, horiek guztiak indarrean egongo dira, bi gai horien inguruan Borondatezko Jurisdikzioaren Legean araututakoa indarrean jarri arte.

3.) 951. artikulutik 958.erakoak, atzerriko auzitegien epaiek Espainian duten eragingarritasunari buruzkoak. Halere, indarrean egongo dira Arlo Zibileko Nazioarteko Lankidetza Juridikoaren Legea indarrean jarri arte.

2. Honako manu, lege edo xedapen hauek ere indarrik gabe geratzen dira:

1.) Kode Zibilaren 8. artikuluko 2. paragrafoa; 12. artikuluko seigarren paragrafoaren bigarren lerrokada; 127. artikulutik 130.erakoak, azken hori barne; 134. artikuluko bigarren paragrafoa eta 135. artikulua; 202. artikulutik 214.erakoak, azken hori barne; 294. artikulutik 296.erakoak, azken hori barne, eta 298. artikulua; 1214, 1215, 1226 eta 1231. artikulutik 1253.erakoak, azken hori barne.

2.) Sozietate Anonimoei buruzko Legearen 119, 120, 121 eta 122.1 artikuluak, lege hori abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzazko Errege-dekretuak onetsitako testu bateginak jasotzen duela.

3.) Gizakiaren Oinarrizko Eskubideen gaineko Jurisdikzio-Babesari buruzko abenduaren 26ko 62/1978 Legearen 11, 12, 13, 14 eta 15. artikuluak.

4.) 1908ko uztailaren 23ko Legearen 2, 8, 12 eta 13. artikuluak, mailegu- kontratu batzuen deuseztasunari buruzkoak.

5.) Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Segurtasunari buruzko Legearen 17 eta 18. artikuluak, lege hori martxoaren 21eko 632/1968 Dekretuak onetsitako testu bateginak jasotzen duela.

6.) Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 38. artikulutik 40.erakoak, azken hori barne.

7.) Landa Errentamenduei buruzko abenduaren 31ko 83/1980 Legearen 123. artikulutik 137.erakoak.

8.) Ondasun Higigarrien gaineko Hipoteka eta Edukitzaren lekualdaketarik gabeko Bahiari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 82, 83, 84, 85, 92 eta 93. artikuluak.

9.) Ontzien gaineko Hipotekari buruzko 1893ko abuzturaren 21eko Legearen 41 eta 42. artikuluak.

10.) Uztailaren 7ko 30/1981 Legearen 1. xedapen gehigarritik 9.erakoak; lege horrek Kode Zibilaren ezkontzaren arauketa aldarazi, eta deuseztasun-, banantze- edo dibortzio-auzietan jarraitu beharreko prozedura jasotzen du.

11.) Elkarlehia Desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legearen 23, 25 eta 26. artikuluak.

12.) Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorraren 29, 30 eta 33. artikuluak.

13.) Jabetza Intelektualari buruzko Legearen 142. artikulua, lege hori apirilaren 12ko 1/1996 LegegintzazkoErrege-dekretuaren testu bateginak jasotzen duela.

14.) Patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen 125. artikuluko hirugarren eta laugarren paragrafoak, 133. artikuluko bigarren paragrafoa, 135. artikulua, eta 136. artikuluko lehenengo eta bigarren paragrafoak.

15.) Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legearen 9. artikuluko hirugarren paragrafoa, eta 14, 15, 18 eta 20. artikuluak.

16.) Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 Legearen 12. artikulua.

17.) Enpresak Enbargatzeko Administrazio Judizialari buruzko urriaren 20ko 18/1969 Dekretu-legea.

18.) 1952ko azaroaren 21eko Dekretua, udal-justizian aplikagarriak diren arau prozesalei buruzko 1944ko uztailaren 19ko Legearen hamargarren oinarria garatzen duena.

19.) Arlo Zibilean Probintziako Audientziei Eskumenak eratxikitzeari buruzko ekainaren 20ko 10/1968 Legea.

20.) Auzi-paperak eta Jardun Judiziala Berregiteari buruzko 1940ko otsailaren 23ko Dekretua.

21.) Epaiketaren Ondoreetarako Abuztuko Egun guztiak Egun baliogabe Adierazteari buruzko uztailaren 17ko 5/1973 Dekretu-legea.

3. Halaber, lege honetan xedatutakoaren aurkakoak edo bateraezinak diren arau guztiak indarrik gabe geratzen dira, Kode Zibilaren 2. artikuluko bigarren paragrafoaren arabera.

Azaroaren 27ko 52/1997 Legeak, Estatuari eta Herri Erakundeei Laguntza Juridikoa emateari buruzkoak, indarrean dirau.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.

Jabetza Horizontalaren Legea eraldatzea

1. Apirilaren 6ko 8/1999 Legeak egindako aldarazpenarekin, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 7. artikuluko 2. paragrafoaren hirugarren lerrokadak idazkera hau izango du:

«Urratzaileak bere jokabideari ekiten badio, jabeen batzarako arauzko deialdia egingo da, eta, horrek baimena eman eta gero, lehendakariak bukarazte-akzioa jarri ahal izango du haren aurka; artikulu honetan beren beregi agindu ez diren arazoetan, akzio hori epaiketa arruntaren bitartez gauzatuko da.»

2. Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 21. artikuluak idazkera hau izango du:

«1. Etxebizitza edo lokalaren jabeak bete beharko ditu 9. artikuluko e) eta f) idatz-zatiek aipatzen dituzten betebeharrak, batzak ezarritako epean eta moduan. Bestela, lehendakariak edo administratzaileak, jabeen batzak hala erabakitzen badu, epaiketa bidez eska diezaioke betetzea jabeari, prozesu monitorioaren bitartez.

2. Prozedura monitorioa erabiltzeko, aldez aurretik batzaren erabakiari buruzko ziurtagiria lortu behar da. Erabaki horretan onartu behar da jabeen erkidegoarekin izandako zorraren likidazioa; erkidegoan idazkari zeregina betetzen duenak egingo du likidazio hori, lehendakariaren ikusonespenarekin. Horrez gain, prozedura monitorioa erabiltzeko nahitaezkoa izango da ukitutako jabe guztiei erabakia jakinaraztea, 9. artikuluan ezarritako moduan.

3. Aurreko paragrafoaren arabera, kopuru zehatza erreklamatzen denean, kopuru horri gehitu behar zaizkio aurretiazko ordainketa-agindeiaren gastuak, baldin eta dokumentu bidez egiaztatzen bada agindei hori egin dela, eta, eskariarekin batera, egintza horien egiaztagiria aurkezten bada.

4. Etxebizitzaren edo lokalaren aurreko titularrak erantzukizun solidarioa duenean zorraren ordainketaren gainean, horren aurka zuzen daiteke hasierako eskaria, horrek egungo jabearen aurka duen berreskaera-eskubideari kalterik egin gabe.

Erreklamazioa egin dakioke, halaber, Erregistroko titularrari, eta horrek ere izango du aurretiaz aipatutako eskubide berbera.

Kasu horietan guztietan, hasierako eskaera betebeharpekoetatik edozeinen aurka jar daiteke edo, bestela, betebeharpeko guztien aurka aldi berean.

5. Zorduna prozesu monitorioaren hasierako eskariaren aurka jartzen denean, hartzekodunak eska dezake, beharrezkoa den neurrian, haren ondasunen gaineko aurreneurrizko enbargoa, horrekin erreklamaziopeko kopuruari, korrituei eta kostuei aurre egiteko.

Edozein kasutan ere, epaitegiak aurreneurrizko enbargoa erabakiko du, eta ez da beharrezkoa izango hartzekodunak kauzioa ematea.

Edonola ere, zordunak ezerezean utz dezake enbargoa, horretarako banku-abala ematen badu, epaileak dekretatu izan duen kopuru horretan.

6. Prozesu monitorioaren hasierako eskarian, abokatuaren eta prokuradorearen lanbide-zerbitzuak erabiltzen direnean, erkidegoari zor zaizkion kopuruak erreklamatzeko, zordunak ordaindu beharko ditu bi-bion esku-hartzearen ondorioz sortutako zerbitzu-sariak eta eskubideak, bai zordunak ordainketa-agindeiari kasu egiten dionean, bai auzitegian agertzen ez denean ere; edozein kasutan ere, Prozedura Zibilari buruzko Legearen 394. artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritako mugak errespetatu beharko dira.

Aurkakotasuna dagoen kasuetan, erregela orokorrak aplikatuko dira kostuen arloan; baina epaia hartzekodunaren interesentzat guztiz onuragarria baldin bada, kostu horien artean sartu beharko dira abokatuaren zerbitzu-sariak eta prokuradorearen eskubideak, horiek esku hartu badute, nahiz eta esku-hartze hori aginduzkoa izan ez.»

Bigarrena.

Jabetza Intelektualaren Legea eraldatzea

1. Jabetza Intelektualari buruzko Legearen, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzazko Errege-dekretuaren Testu Bategina den horren, 25.20 artikuluak idazkera hau izango du:

«20. Aurreko paragrafoak ezarri kasuan eta zerbitzu-saria ordaintzen ez denetan, kudeaketarako erakundeak nahiz erakundeek, edo, kasuan-kasuan, kudeaketarako ordezkaritzak edo elkarteak, auzitegiari eska diezaiokete, haiek izan ditzaketen akzio zibilak eta penalak gorabehera, kautela-neurri egokiak hartzea, Prozedura Zibilaren Legean xedatutakoaren arabera, eta, zehatzago, kasuan kasuko ekipoak, aparatuak eta materialak enbargatzea.

Horrela enbargatutako ondasunak erabiliko dira, erreklamatutako ordainsaria eta kasuan kasuko kalte-galerak ordaintzeko.»

2. Jabetza Intelektualaren Legearen, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzazko Errege-dekretuaren Testu Bategina den horren, 103. artikuluak idazkera hau izango du:

«103. artikulua.—Babes-neurriak

Titulu honetan aitortutako eskubideen titularrak eska ditzake lege honen III. liburuko I. tituluan orokorrean xedatu akzioak eta prozedurak, baita kautela- neurri egokiak ere, Prozedura Zibilaren Legean xedatutakoaren arabera.»

3. Jabetza intelektualari buruzko Legearen, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzazko Errege-dekretuaren Testu Bategina den horren, 143. artikuluak idazkera hau izango du:

«143. artikulua.—Auzi kriminalak

Lege honetan aitortutako eskubideak hausteagatik egoten diren auzi kriminaletan prozesu zibiletan bidezkoak diren kautela-neurriak har daitezke, Prozedura Zibilaren Legean xedatutakoarekin bat. Neurri horiek ez dute eragotziko zigor-arloko prozesu-legerian ezarritako neurrietatik beste edozein hartzea.»

4. Jabetza Intelektualaren Legearen, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzazko Errege-dekretuaren Testu Bategina den horren, 150. artikuluak idazkera hau izango du:

«150. artikulua.—Legitimazioa

Kudeaketarako erakundeek, baimena lortu ondoren, legitimazioa dute, eurek kudeatu behar dituzten eskubideak egikaritzeko eta administrazio-prozedura nahiz prozedura judizial guztietan eskubideok baliatzeko, euren estatutuetan ezarritakoaren arabera.

Legitimazio hori egiaztatzeko, kudeaketarako erakundeak, prozesua hastean, bere estatutuen kopia eta administrazio- baimenaren egiaztatze-ziurtagiria bakarrik ekarri beharko ditu.

Demandatuaren aurka-jartzearen oinarri bakarrak izan daitezke auzi-jartzailearen ordezkaritzarik eza, eskubide esklusiboa duen titularraren baimena edo kasuan kasuko zerbitzu-saria ez ordaintzea.»

Hirugarrena.

Sozietate Anonimoen Legea eraldatzea

1. Abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzazko Errege-dekretuaren, Sozietate Anonimoen Legeari buruzko testu bategina onetsi duen horren, 118. artikuluak idazkera hau izango du:

«Sozietatearen erabakiak aurkaratzeko, epaiketa arruntaren izapideak eta Prozedura Zibilaren Legean jasotako xedapenak beteko dira.»

2. Sozietate Anonimoei buruzko Legearen 122. artikuluko bigarren eta hirugarren lerrokadak artikulu horren lehenengo eta bigarren lerrokada bihurtuko dira, hurrenez hurren.

Laugarrena.

Elkarlehia Desleialaren Legea eraldatzea

Elkarlehia Desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legearen 22. artikuluak idazkera hau izango du:

«22. artikulua.—Prozedura

Elkarlehia desleialari buruzko prozesuaren izapideak egingo dira, Prozedura Zibilaren Legean epaiketa arrunterako xedatutakoaren arabera.»

Bosgarrena.

Patenteen Legea eraldatzea

1. Patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen 125. artikuluko 1. paragrafoak idazkera hau izango du:

«1. Lege honen babespean sor daitezkeen auzi zibilak ebatziko dira, Prozedura Zibilaren Legearen arabera egoki den epaiketaren bidez.»

2. Patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen 133. artikuluak idazkera hau izango du:

«Lege honetan ezarritako akzioetatik bat egikaritzen duenak edo egikarituko duenak akzio horretaz arduratuko den organo judizialari eska diezaioke akzio horren eragingarritasuna bermatzeko kautela-neurriak hartzea, betiere, egiaztatzen duenean akzioaren objektu den patentea ustiatzen duela, lege honen 83. artikuluaren arabera, edo ondore horretarako prestatze-egintza benetakoak eta eragingarriak hasi dituela.»

Seigarrena.

Kontratazioaren Baldintza Orokorren Legea eraldatzea

1. Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legearen 12. artikuluko bigarren paragrafoak idazkera hau izango du:

«2. Bukarazte-akzioak epaia lortu nahi du; epai horretan, demandatua kondenatuko da baldintza orokorretatik deusez direnak kentzera eta baldintza deusez horiek aurrerantzean erabiltzeaz abstenitzera. Halaber, egoki izanez gero, epaiak zehaztu edo argituko du baliozkotzat eta eragingarritzat jo beharreko kontratu-edukia.

Bukarazte-akzioari eranskin gisa meta dakioke, epaia zein baldintzaren gainekoa izan eta baldintza horien arabera kobratu diren zenbatekoak itzultzeko akzioa, bai eta baldintza horiek aplikatzearen ondorioz eragindako kalte- galerak ordaintzeko akzioa ere.»

2. Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legearen 12. artikuluko 3. paragrafoak idazkera hau izango du:

«3. Atzera jotzeko akzioaren xede izango da epai batek demandatuari adierazi eta ezartzea, hori ados egon zein egon ez, deuseztzat hartutako baldintza orokorren klausulak erabiltzeko gomendioan atzera egin, eta, klausulok etorkizunean gomendatzeari uzteko eginbeharra.»

3. Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legearen 12. artikuluko 4. paragrafoak idazkera hau izango du:

«4. Akzio adierazlearen xedea izango da klausula bat aitortzea kontrataziorako baldintza orokor gisa eta klausula horren inskripzioa agintzen duen epaia lortzea; inskripzio hori bidezkoa izanez gero, egin egingo da, lege honen 11. artikuluaren 2. paragrafoko azken tartekaduran ezarritakoaren arabera.»

4. Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legearen 16. artikuluaren bukaerari beste lerrokada bat gehitu zaio, eta lerrokada horren idazkera hauxe da:

«Artikulu honetan aipatu erakunde guztiak bertara daitezke horietatik edozeinek eragindako prozesuetan, hori egokitzat jotzen badute, eurek ordezkatzen dituzten interesak defendatzeko.»

5. Kontratazioaren Baldintza Orokorrei buruzko apirilaren 13ko 7/1998 Legeari laugarren xedapen gehigarria gehitu zaio, eta xedapen gehigarri horren idazkera hauxe da:

«Laugarren xedapen gehigarria

Prozedura Zibilaren Legean kontsumitzaileei eta erabiltzaileei egindako aipamenak atxikitzaile orori buruzkoak direla ulertuko da, atxikitzaile hori kontsumitzaile edo erabiltzaile izan ala ez, kontratazioaren baldintza orokorrei buruzko lege honek eratorritako banakako akzioak edo akzio kolektiboak egikaritu auzietan.

Halaber, kontratazioaren baldintza orokorrei buruzko lege honetako akzio kolektiboak egikaritu auzietan, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteei buruzko aipamenak aplikatu behar zaizkie akzio kolektibo horiek egikaritzeko legitimazio aktiboa duten gainerako pertsona eta erakundeei.»

Zazpigarrena.

Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko Legea eraldatzea

1. Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 Legearen 15. artikuluaren 3. paragrafoko lehenengo lerrokadak idazkera hau izango du:

«3. Ondasun higigarrien aurreneurrizko enbargoa edo nahitaezko betearazpena gertatzen denean, ondasun horien, eta euren ekoizkin nahiz errenten gaineko premiamendu-prozedura largetsiko da. Horixe egingo da, erregistratzailearen ziurtagiriaren bitartez, autoetan jaso bezain laster, aipatu ondasunen gainean eskubideak inskribatuta daudela, enbargoa edo prozedura zein pertsonaren aurka jarraitu eta pertsona hori ez den beste baten mesederako. Aitzitik, ez da prozedura largetsiko, enbargoa edo prozedura jasan behar duen pertsonaren aurka egikaritutako akzioan pertsona hori jo bada erregistroaren arabera jabe denaren jaraunsletzat.

Hartzekodun betearazleak bere akzioari eutsiko dio, epaiketa berean zordunaren beste ondasun batzuen aurka jotzeko, eta kasuan kasuko epaiketan prozedura zein ondasuni dagokionez eten eta horren gainean ustez duen eskubidea aztertu eta erabakitzeko.»

2. Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 Legearen 16. artikuluko lehenengo paragrafoak idazkera hau izango du:

«1. Hartzekodunak eska dezake lege honetan zein kontratu araututa egon eta kontratu horrek eratorri betebeharrak betetzea, prozesu adierazle arruntekin, prozesu monitorioarekin edo betearazpen-prozesuarekin bat datozen akzioak egikarituz, Prozedura Zibilaren Legean ezarritakoaren arabera.

Zordunaren ondarearen gaineko betearazpen-akzioa oinarritzeko, behar besteko tituluak izango dira, soil-soilik, Prozedura Zibilaren Legeko 517. artikuluaren 2. paragrafoko 4 eta 5. zenbakietan aipatu agirietatik batean ondasun higigarriak epeka saltzeari buruz jasotako kontratuak.»

3. Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 Legearen 16. artikuluko bigarren paragrafoaren d) letrak idazkera hau izango du:

«d) Zordunak berari eskatutako kopurua ordaintzen ez badu edo ondasunak ematen ez baditu aurreko letran aipatu enkante publikoan besteren daitezen, hartzekodunak auzitegi eskudunari erreklama diezaioke bere eskubidearen babes sumarioa, Prozedura Zibilaren Legeko 250. artikuluaren lehenengo paragrafoko 10 eta 11. zenbakietan ezarri akzioak egikarituz.»

4. Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren bigarren paragrafoak idazkera hau izango du:

«Finantza-errentatzaileak eska dezake lege honetan arautu kontratuek eratorri betebeharrak betetzea, prozesu adierazle arruntekin, prozesu monitorioarekin edo prozesu betearazlearekin bat datozen akzioak egikarituz, Prozedura Zibilaren Legean ezarritakoaren arabera.

Zordunaren ondarearen gaineko betearazpen- akzioa oinarritzeko, behar besteko tituluak izango dira, soil-soilik, Prozedura Zibilaren Legeko 517. artikuluaren 2. paragrafoko 4 eta 5. zenbakietan aipatu agirietatik batean jasotako finantza-errentamendu kontratuak.»

4. Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 13ko 28/1998 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren 3. paragrafoko lehenengo lerrokadak eta c) letrak idazkera hau izango dute:

«3. Prozedura Zibilaren Legearen 517. artikuluko 2. paragrafoaren 4 eta 5. zenbakietan aipatu agirietatik batean jasotako, edo Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko Erregistroan inskribatu eta eredu ofizialean formalizatutako finantza-errentamendu kontratua ez betetzean, errentatzaileak ondasuna berreskuratzea eska dezake honako erregela hauek beteta:

c) Zordunak berari eskatutako kopurua ordaintzen ez badu eta ondasunak finantza-errentatzaileari ez badizkio ematen, finantza-errentatzaile horrek auzitegi eskudunari erreklama diezaioke finantza-errentamenduan lagatako ondasunak berehala berreskuratzea, Prozedura Zibilaren Legean jaso 250. artikuluaren lehenengo paragrafoko 11. zenbakian ezarri akzioak egikarituz.»

Zortzigarrena.

Tartekaritzaren Legea eraldatzea

Ezabatua, Tartekaritzari buruzko abenduaren 23ko 60/2003 Legearen ondorioz.

Bederatzigarrena.

Hipoteka Legea eraldatzea

1946ko otsailaren 8ko Hipoteka Legearen 41, 86, 107, 129, 130, 131, 132, 133, 134 eta 135. artikuluak aldarazi dira, eta euren idazkera hau izango dute:

1. 41. artikulua: «Erregistroan inskribatutako eskubideek eratortzen dituzten akzio errealak egikaritzeko, Prozedura Zibilaren Legean araututako ahozko epaiketa gauzatu behar da ondokoen aurka: Erregistroan inskribatutako titulurik izan gabe, bertan inskribaturiko eskubideen aurka jardun edo eskubide horien egikaritza oztopatzen duten guztien kontra.

Akzio horien oinarria da 38. artikuluak aintzatetsitako erregistro legitimazioa, eta, halakoak egikaritu ahal izateko, Erregistroko ziurtagiri bidez egiaztatu behar da kasuan kasuko idazkuna indarrean dagoela, inolako kontraesanik gabe.»

2. 86. artikulua: «Aurreneurrizko idatzoharren jatorria edozein izanda ere, horiek egin eta lau urteko epearen buruan iraungitzen dira, salbu eta legearen aginduz epe laburragoa dagoenean.

Dena dela, idatzoharron indarraldia beste lau urtetan luza daiteke, baldin eta interesdunek hala eskatzen badute, edota idatzoharra agindu zuen agintariak hala ezartzen badu. Horretarako, luzapen-agindua aurkeztu behar da, idazkuna iraungi baino lehen.

Luzatutako idatzoharra lau urteko epean iraungitzen da, luzapenaren idatzoharra egin zenetik zenbatzen hasita. Gero, jarraikako luzapenak egin daitezke, baldintza berberetan.

Aurreneurrizko idatzoharren iraungitzea Erregistroan agerrarazi behar da, ondasun higiezin edo eskubide erreal ukituaren ugazabak halaxe eskatuta.»

3. 107.12 artikulua: «12.) Enkante judizialean adjudikatu diren ondasun higiezinen gain errematatzaileak duen eskubidea. Behin errematearen prezioa ordaindu eta jabaria errematatzailearen izenean inskribatu ostean, hipotekak bere horretan irauten du, adjudikaturiko ondasunen gain.»

4. 129. artikulua: «Hipoteka-akzioa zuzenean egikari daiteke ondasun hipotekatuen aurka; kasu horretan, Prozedura Zibilaren Legeko III. liburuaren IV. tituluan xedatutakoa bete behar da, V. kapituluan ezarritako berezitasunak kontuan izanda.

Horrez gain, hipotekaren eskritura eratzailean baliozkotasunez itun daiteke bermaturiko betebeharra betetzen ez bada, epaiketatik kanpoko exekuzio-prozedura gauzatuko dela, Kode Zibilaren 1858. artikuluaren ariora.

Epaiketatik kanpoko salmenta notario bidez egin behar da, Hipoteka Erregelamenduan ezarritako formalitateak kontuan izanda.»

5. 130. artikulua: «Ondasun hipotekatuen aurkako zuzeneko exekuzio-prozedura hipoteka inskribatua gauzatzeko bakarrik erabil daiteke; inskripzioa eratzailea denez gero, kasuan kasuko idazkunean jasotako datuak hartu behar dira prozedura horren oinarritzat.»

6. 131. artikulua: «Hipotekaren deuseztasun demandari buruzko aurreneurrizko idatzoharrak eta exekuzioa eteteko arrazoiren batean oinarritzen ez direnak 133. artikuluko ezerezte-manamenduaren bitartez ezerezten dira, baldin eta zamen ziurtagiria egin dela agerrarazten duten bazterreko oharren ostekoak badira idatzohar horiek.

Ezin daiteke hipotekaren inguruko ordainagiririk inskriba, bazterreko ohar hori manamendu judizialaren bitartez ezereztu arte.»

7. 132. artikulua: «Ondasun hipotekatuen gaineko zuzeneko exekuzio-prozedurak dakartzan inskripzio nahiz ezerezteen ondoreetarako, erregistratzaileak ondoko atalok kalifikatu behar ditu:

1.) Demanda eta ordainketa-agindua bidali zaizkiola, bai zordunari, bai zordun ez den hipotekatzaileari, bai hirugarren edukitzaileei, azken horiek euren eskubidea Erregistroan inskribatuta badute, prozeduran zamen ziurtagiria egiten den unean.

2.) Hartzekodun nahiz hirugarrenei prozedura jakinarazi zaiela, horien eskubidearen inskripzioa edo idatzoharra hipotekaren ostean egin bada; zamak ziurtatzeko bazterreko oharra egin ostean agertu diren hartzekodun eta edukitzaileen kasuan, jakinarazpena ez da beharrezkoa, bazterreko oharrak horren ondoreak sortzen dituelako.

3.) Hartzekodunari kredituaren printzipala, korrituak eta kostuak ordaintzeko eman zaionak ez duela gainditzen kasuan kasuko hipotekaren estaldura.

4.) Saldu edo adjudikaturikoaren balioa auzi-jartzaileak duen kreditu osoaren bestekoa edo txikiagoa dela, edota handiagoa izanez gero, gaindikina horrexetarako establezimendu publiko bateko agintariaren zainpean utzi dela, geroko hartzekodunen esku.»

8. 133. artikulua: «Idazkari judizialak erremate edo adjudikazioari buruzko autoa jasotzen duen lekukotza egin behar du, eta, batzuetan, lekukotza horrek dakar prezioa zainpean utzi behar izatea. Lekukotza titulu askietsia da adjudikatutako finka edo eskubidea errematatzaile nahiz adjudikaziodunaren izenean inskribatzeko, baldin eta lekukotza horrekin batera zamak ezerezteko manamendua aurkezten bada, Prozedura Zibilaren Legeko 674. artikuluak aipatu bezala.

Zamak ezerezteko manamendu judiziala eta erremate edo adjudikazioari buruzko autoaren lekukotza agiri bakarrera bil daitezke; betiere, agiri horretan agerrarazi behar da inskripzioa zein ezereztea egiteko aurreko artikuluak aipatzen dituen betekizunak eta inguruabarrak betetzen direla.»

9. 134. artikulua: «Adjudikazio autoari buruzko lekukotzak eta zamak ezerezteko manamenduak dakarte finka zein eskubidea adjudikaziodunaren izenean inskribatzea eta exekuzioa eragin zuen hipoteka ezereztea. Halaber, geroko zamak, kargak zein hirugarren edukitzailearen aldeko inskripzioak ezereztuko dira, inolako salbuespenik gabe, bai eta prozeduran zamen ziurtagiria eman delako bazterreko oharraren ostean egindakoak ere.

Geroko obra berrien adierazpenek eta zatiketa horizontalek bakarrik iraungo dute indarrean, baldin eta hipoteka- inskripzioak eratortzen badu hipoteka hori eraikin berrietara hedatzen dela, legearen aginduz zein itun bidez.»

10. 135. artikulua: «Exekuzio-prozedura zein epaileren aurrean gauzatu eta erregistratzaileak epaile horri eman behar dio geroko idazkunen berri, baldin eta idazkunok exekuzioa uki badezakete. Hori horrela izango da, prozedura ondasun hipotekatuen kontrakoa denean ere.»

Hamargarrena.

Kanbio Letra eta Txekearen Legea eraldatzea

1. Kanbio Letra eta Txekeari buruzko uztailaren 16ko 19/1985 Legearen 67. artikuluko azken lerrokada aldarazi da, eta lerrokada horren idazkera hauxe da:

«Kanbio-akzioa egikaritzearen aurka, artikulu honetan adierazi salbuespenak bakarrik onar daitezke.»

2. Kanbio Letra eta Txekeari buruzko uztailaren 16ko 19/1985 Legearen 49. artikuluko bigarren lerrokada aldarazi da, «… betearazpen-bidean bezala…» esamoldearen ordez, «… kanbio-prozesu bereziaren bitartez…» esamoldea ezarriz.

3. Kanbio Letra eta Txekeari buruzko uztailaren 16ko 19/1985 Legearen 66. artikulua aldarazi da, eta artikulu horren idazkera hauxe da:

«Kanbio-letrak betearazpena ekarriko du, Prozedura Zibilaren Legean jaso IV. liburuko III. tituluaren II. kapituluan arautu kanbio-prozeduraren bidez, tituluan zehaztutako kopuruan eta osterantzeko kopuruetan, lege honen 58, 59 eta 62. artikuluen arabera, sinaduren inguruko epaile bidezko aitorpenik gabe.»

4. Kanbio Letra eta Txekeari buruzko uztailaren 16ko 19/1985 Legearen 68. artikulua aldarazi da, eta artikulu horren idazkera hauxe da:

«Kanbio-akzioa egikaritzea, kanbio- prozesu bereziaren bitartez, Prozedura Zibilaren Legean ezarritako prozeduraren mende dago.»

Hamaikagarrena.

Lan Prozeduraren Legea eraldatzea

Apirilaren 7ko 2/1995 Legegintzazko Errege-dekretuaren, Lan Prozeduraren Legearen testu bategina onetsi duen horren, 2, 15, 47, 50, 183, 186, 234, 235 eta 261. artikuluak aldarazi dira, eta euren idazkera hauxe da: 1. 2. artikulua:

«d) Elkartuen eta mutualitateen artean, lanbide-elkargoek dituztenak izan ezik, Aseguru Pribatuak Antolatzeari eta Ikuskatzeari buruzko azaroaren 8ko 30/1995 Legearen 64. artikuluan eta ondorengoetan, eta hamabosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, bai eta lan-fundazioen artean edo lan-fundazioen eta horien onuradunen artean ere, erakunde horien berezko helburu eta betebeharrei lotutako betebehar zehatzak eta ondare-izaerako eskubideak betetzeari, izateari edo aitortzeari dagokionez.»

2. 15. artikulua: «1. Botere Judizialari buruzko Lege Organikoak arautuko ditu abstentzioaren eta ezespenaren arrazoiak; eta, Prozedura Zibilaren Legeak, prozedura.

Aurrekoa gorabehera, ezespena proposatu behar da, auzialdian, adiskidetze- eta epaiketa-ekitaldien aurretik; eta, errekurtsoetan, bozketarako, epaitzarako, edo, hala denean, ikustaldirako ezarri eguna baino lehenago.

Edozein kasutan ere, ezespena proposatzeagatik ez da betearazpena etengo.

2. Ezespen-intzidenteen instrukzioa egingo dute honako hauek:

a) Auzitegi Gorenaren, auzitegi nagusien edo Audientzia Nazionalaren lan-arloko salen burua edo magistratu bat edo gehiago ezesten badira, ezetsia zein salatakoa izan eta horretako magistratu batek, antzinatasunaren araberako txandaren bidez izendatuko denak.

b) Justizia-sala bateko magistratu guztiak ezesten badira, kasuan kasuko auzitegiko magistratuak, horietatik antzinatasunean oinarritutako txandaren arabera izendatutakoak, betiere ezespenak magistratu hori ukitu ez duenean. Kasuan kasuko auzitegiaren lan-arloko salan magistratu guztiak ezesten badira, administrazioarekiko prozesuetarako sala zein magistratuk osatu eta horietatik zozketa bitartez izendatutako magistratuak.

c) Lan-arloko epailea ezesten bada, Auzitegi Nagusiaren lan-arloko salako magistratu batek, antzinatasunean oinarritutako txandaren arabera izendatuko denak.

Antzinatasuna aplikatuko da karrera judizialeko lerrun-hurrenkeraren arabera.

Aurreko lerrokadetan ezarritakoa ezin bada bete, kasuan kasuko auzitegiaren gobernu-salak instruktorea izendatuko du, eta ahaleginak egingo ditu instruktore hori ezetsitakoa baino kategoria handiagokoa, edo, behintzat, antzinatasun gehiagokoa izan dadin.

3. Ezespen-intzidenteak erabakiko dituzte honako hauek:

a) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 61. artikuluan ezarri salak, lan-arloko salaren burua edo sala horretako bi magistratu edo gehiago ezesten badira.

b) Auzitegi Gorenaren lan-arloko salak, sala horretako magistraturen bat ezesten bada.

c) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 77. artikuluan aipatu salak, Auzitegi Nagusiaren lan-arloko salaren burua ezesten bada.

d) Botere Judizialari buruzko Legearen 69. artikuluan aipatu salak, Audientzia Nazionalaren lan-arloko salaren burua edo sala horretako atal bateko bi magistratu baino gehiago ezesten badira.

e) Audientzia Nazionalaren lan-arloko salaren magistratu bat edo bi ezesten badira, ezetsitako magistratua zein ataletakoa izan eta beste atalak, edo ezetsitako magistratua zein ataletakoa izan eta zenbakizko hurrenkeran horren atzetik dagoen atalak.

f) Auzitegi nagusien lan-arloko salaren magistratu bat edo bi ezesten badira, sala osoak, hori ataletan banatuta ez badago, edo, ataletan banatuta egonez gero, ezetsitako magistratua zein ataletakoa izan eta besteak, edo zenbakizko hurrenkeran atzetik dagoen atalak.

g) Lan-arloko epailea ezetsi bada, kasuan kasuko Auzitegi Nagusiaren lan-arloko sala osoak, hori ataletan banatuta ez badago, edo, ataletan banatuta egonez gero, lehenengo atalak.»

3. 47.2 artikulua: «2. Interesdun orok azter dezake Prozedura Zibilaren Legean jaso 213. artikuluan aipatu epaien liburua.»

4. 50.1 artikulua: «1. Epaileak, epaiketa bukatzean, ozenki eman dezake epaia. Epai hori aktan jasoko da, Prozedura Zibilaren Legean ezarri eduki eta betekizunekin.

Halaber, epaileak epaitza soil-soilik eman dezake; epaitza hori aktan jasoko da, idazkari judizialak fede emanez, gerogarrenean legeak ezarri epean eta forman epaia idazteari kalterik egin gabe.»

5. 183. artikuluko lehenengo lerrokada: «Prozedura Zibilaren Legean jaso II. liburuko V. tituluan jasotako arauak aplikatuko zaizkie demandatua agertu gabe bideratu prozesuei, honako berezitasun hauekin:»

6. 183. artikuluaren 3. erregela: «Hiru hilabetekoa da entzunaldia eskatzeko epea, epaia kasuan kasuko «Aldizkari Ofizialean» jakinarazi denetik, Prozedura Zibilaren Legean jaso 501. artikuluan ezarri kasu eta baldintzetan.»

7. 186. artikulua: «Birjartze-errekurtsoa eta erreguerrekurtsoa gauzatuko dira, Prozedura Zibilaren Legean birjartze-errekurtsoaren inguruan ezarritakoaren arabera.»

8. 234. artikulua: «Gizarte jurisdikzio-ordenako organoek emandako edozein epairen aurka, bidezkoa da Prozedura Zibilaren Legean ezarri berrikuspen-errekurtsoa.

Errekurtso hori Auzitegi Gorenaren lan-arloko salan jarriko da. Sala horrek errekurtsoaren inguruan ebazpena emango du, Prozedura Zibilaren Legean xedatutakoaren arabera. Halere, errekurtsoa jartzeko gordailutu behar da lege honetan kasazioko errekurtsoentzat ezarritako zenbatekoa.»

9. 235.1 artikulua: «1. Epai irmoak gauzatuko dira, Prozedura Zibilaren Legean epaiak betearazteko xedatutakoaren arabera, lege honetan ezarri berezitasunak kontuan hartuz.»

10. 261.2. artikulua: «2. Baloreak enbargatuz gero, baloreok salduko dira, Prozedura Zibilaren Legean eurentzat ezarritakoaren arabera.»

Hamabigarrena.

Prozedura Kriminalaren Legea eraldatzea

1882ko irailaren 14ko Errege Dekretuaren, Prozedura Kriminalaren Legea aldarrikatu duen horren 54, 56, 63, 68, 201 eta 852. artikuluek idazkera hau izango dute:

1. 54. artikulua: «Botere Judizialaren Lege Organikoak arautuko ditu abstentzioaren eta ezespenaren arrazoiak; eta, Prozedura Zibilaren Legeak, prozedura.»

2. 56. artikulua: «Ezespena proposatu behar da, ezespenaren oinarri den arrazoiaren berri izan bezain laster; bestela, berori ez da horren izapidetza onartuko.

Zehatzago esanda, ez dira ezespenak onartuko:

1.) Prozesuaren edozein alditan estreinako agertzean edo parte-hartzean horiek proposatzen ez badira, betiere ezespen-arrazoia ezaguna denean, prozesua hasi baino lehen.

2.) Prozesua hasi ondoren horiek proposatzen badira, betiere ezespen-arrazoia ezaguna denean, ezespena proposatu unea baino lehen.»

3. 63. artikulua: «Ezespen-intzidenteen instrukzioa egingo dute honako hauek:

a) Auzitegi Gorenaren, auzitegi nagusien edo Audientzia Nazionalaren zigor-arloko salaren burua edo magistratu bat edo gehiago ezesten badira, ezetsia zein salatakoa izan eta horretako magistratu batek, antzinatasunaren araberako txandaren bitartez izendatuko denak.

b) Probintziako audientziako burua edo magistratu bat edo gehiago ezesten badira, ezetsia zein ataletakoa izan eta beste atal bateko magistratu batek, antzinatasunaren araberako txandaren bitartez izendatuko denak.

Atal bakarra egonez gero, Prozedura Zibilaren Legean jaso 107. artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera jardungo da.

c) Justizia-sala bateko magistratu guztiak ezesten badira, kasuan kasuko auzitegia zein magistratuk osatu eta magistratu horietatik antzinatasunaren araberako txandaren bitartez izendatutakoak, betiere ezespenak magistratu hori ukitu ez duenean. Kasuan kasuko auzitegi-salako magistratu guztiak ezesten badira, lurralde-esparru bereko auzitegiek osatzen dituzten gainerako jurisdikzio-ordenetako magistratu guztietatik, zozketa bitartez izendatutako magistratuak.

d) Zigor-epaile zentrala edo instrukzioko epaile zentrala ezesten bada, Audientzia Nazionaleko zigor-arloko salako magistratu batek, antzinatasunaren araberako txandaren bitartez izendatuko denak.

e) Instrukzioko epailea edo zigor-epailea ezesten bada, probintziako audientzia eskuduneko magistratu batek, antzinatasunean oinarritutako txandaren arabera izendatuko denak.

f) Bake-epailea ezesten bada, kasuan kasuko epai-barrutiko instrukzioko epaileak, edo, epai-barruti horretan instrukzioko zenbait epaitegi izanez gero, epaile titularrak, antzinatasunaren araberako txandaren bitartez izendatuko denak.»

4. 68. artikulua: «Ezespen-intzidenteak erabakiko dituzte honako hauek:

a) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 61. artikuluan ezarri salak, Auzitegi Goreneko burua, zigor-arloko salaren burua edo sala bereko bi magistratu edo gehiago ezesten badira.

b) Auzitegi Gorenaren zigor-arloko salak, sala horretako magistraturen bat ezesten bada.

c) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 77. artikuluan aipatu salak, ezesten badira Auzitegi Nagusiko burua, Auzitegi bereko arlo zibil eta zigor-arloko salaren burua edo autonomia- erkidegoan egoitza duen probintzia- audientziako burua edo probintzia- audientziako sala edo atal bateko magistratu bi edo gehiago.

d) Botere Judizialaren Lege Organikoaren 69. artikuluan aipatu salak, ezesten badira Audientzia Nazionaleko burua, auzitegi horretako zigor-arloko salaren burua edo sala horretako atal bateko magistratu bi baino gehiago.

e) Audientzia Nazionaleko zigor arloko salak, bertako magistratu bat edo bi ezesten badira.

f) Auzitegi Nagusietako arlo zibil eta zigor-arloko salak, bertako magistratu bat ezesten bada.

g) Probintziako audientziako magistratu bat ezesten bada, probintziako audientzia osoak, edo, probintziako audientziak bi atal edo gehiago izanez gero, ezetsia zein ataletakoa izan eta beste atalak, edo ezetsia zein ataletakoa izan eta horren atzetik zenbakizko hurrenkeran dagoen atalak.

h) Epaile zentrala ezesten bada, ezespena erabakiko du, txandaren arabera, Audientzia Nazionaleko zigor-arloko salaren atalak. Txanda hori audientzia horretako gobernu-salak ezarriko du, eta txanda horretatik baztertuko da ezetsia zein epaitegitako titular izan eta horrek emandako errekurtsoen gaineko ardura duen atala.

i) Zigor-epailea edo instrukzioko epailea ezesten bada, probintziako audientziak, edo, probintziako audientziak bi atal edo gehiago izanez gero, bigarren atalak.

j) Bake-epailea ezetsi bada, ezespen- intzidentearen epaile instruktoreak berak emango du ebazpena.»

5. 201. artikulua: «Urteko egun eta ordu guztiak baliodunak izango dira, auzi kriminalen instrukzioa egiteko, baliodunak egiteko premiarik gabe.»

6. 852. artikulua: «Edozein kasutan, kasazio-errekurtsoa jar daiteke, horren oinarri bada Konstituzioaren manuren bat haustea.»

Hamahirugarrena.

Ibilgailu Motordunen Zirkulazioko Erantzukizun Zibilari eta Aseguruari buruzko Legea eraldatzea*

Indargabetuta, urriaren 29ko 8/2004 Errege Lege-dekretuaren ondorioz.

Hamalaugarrena.

Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioari buruzko Legea eraldatzea

Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8. artikuluaren 5. paragrafoari bigarren lerrokada gehitu zaio, eta lerrokada horren idazkera hauxe da:

«Halaber, administraziorekiko auzibideen epaitegiei dagokie agintari sanitarioek herri-osasunerako presakoak eta beharrezkoak jotzen dituzten neurriak baimentzea edo berrestea, baldin eta neurriok badakarte askatasuna edo beste oinarrizko eskubide bat kentzea edo murriztea.»

2. Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 87. artikuluko 3. paragrafoak idazkera hau izango du:

«3. Aurreko paragrafoetan ezarri kasuetan, kasazio-errekurtsoa prestatu ahal izateko, behar-beharrezko betekizuna da aldez aurretik erregu-errekurtsoa jartzea.»

Hamabosgarrena.

Doako Laguntza Juridikoaren Legea eraldatzea

Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6. artikuluko 6. zenbakia aldarazi da, eta horren idazkera hauxe da:

«6. Adituaren doako laguntza, prozesuan zehar, jurisdikzio-organoei atxikitako langile teknikoen kontura, edo, halakorik izan ezean, herri-administrazioetako funtzionarioen, erakundeen edo zerbitzu teknikoen kontura.

Salbuespenez, eta kasuan kasuko gaian teknikorik ez izateagatik, jurisdikzio- organoetako edo herri-administrazioetako adituen laguntza ezinezkoa bada, laguntza emango dute, kasuan kasuko tekniko pribatuen artetik, prozesuko legeetan ezarritakoaren arabera izendatu adituek; horixe egingo da, epaileak edo auzitegiak egokitzat jotzen badu, ebazpen ziodunean.»

Hamaseigarrena.

Errekurtso berezien inguruko araubide iragankorra

1. Auzitegi nagusiei prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziaren gaineko eskumena ematen ez zaien bitartean, errekurtso hori bidezkoa izango da, 469. artikuluan ezarri zioengatik, kasazio-errekurtsoa izan dezaketen ebazpenei dagokienez, 477. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia prestatzeko, jartzeko eta ebazteko, honako erregela hauek beteko dira:

1.) Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziaren gaineko eskumena du Auzitegi Gorenaren arlo zibileko salak; baina, kasazio-errekurtsoaren gaineko eskumena auzitegi nagusien arlo zibil eta zigor-arloko salari badagokio, zein ebazpenen aurka errekurtsoa jarri eta ebazpen horiek ere aurkara daitezke, lege honen 469. artikuluan ezarri zioen ondorioz.

2.) Kasazio-errekurtsoa jarri gabe soil-soilik aurkez daiteke prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia, lege honen 477. artikuluaren 2. paragrafoko 1 eta 2. zenbakietan aipatu bezala, kasazio-errekurtsoa izan dezaketen ebazpenen aurka.

3.) Auzilari batek ebazpenaren aurka prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa eta kasazio-errekurtsoa jarri nahi baditu, bi errekurtsoak idazki berean prestatu eta jarri beharko ditu.

Errekurtso horiek prestatu eta jartzeko, eta auzi-paperak igortzeko, 479, 481 eta 482. artikuluetan ezarri epeak aplikatuko dira, hurrenez hurren.

4.) Ebazpen beraren aurka prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa eta kasazio-errekurtsoa prestatzen badira, bien izapideak prozedura bakarrean egingo dira.

Auzilari desberdinek aurkeztu errekurtsoak izanez gero, horiek metatu egingo dira.

5.) Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa eta kasazio-errekurtsoa batera izapidetuz gero, salak, lehendabizi, aurkaratu ebazpenari kasazio- errekurtsoa jar dakiokeen aztertuko du, eta, kasazio-errekurtsorik ezin bada jarri, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa ez onartzea aginduko du.

Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa aurkezten bada, horren bidezkotasuna 477. artikuluaren bigarren paragrafoko 3. zenbakian bakarrik oinarrituta, orduan salak kasazio-errekurtsoa onartzea edo ez onartzea bidezkoa den ebatziko du. Errekurtso hori ez onartzea aginduz gero, besterik gabe, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa ez da onartuko.

Kasazio-errekurtsoa onartzen denean bakarrik ebatziko da prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia onartzearen inguruan.

6.) Aurreko erregelan aipatu errekurtsoak onartu ondoren, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoaren inguruan ebatziko da beti lehenengo; eta errekurtso hori onartzen ez denean bakarrik aztertu eta ebatziko da kasazio-errekurtsoaren inguruan.

Kasu horretan, epai berera bilduko dira prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoa ez onartzea eta kasazio-errekurtsoari buruzko erabakia.

7.) Prozesuko arau-haustearen ondoriozko epaiari errekurtsoa jarri bazaio, 469. artikuluaren lehenengo paragrafoko bigarren zioan oinarrituta, orduan salak, arrazoi horretan oinarritutako errekurtsoa onartuz gero, beste epai bat emango du, hala denean, kasazio- errekurtsoa oinarritzeko alegatu dena aintzat hartuz.

Hori berori ebatziko du salak, baldin eta Konstituzioaren 24. artikulua hautsi dela eta arau-hauste horrek epaia bakarrik ukitzen duela alegatzen bada eta horri on irizten bazaio.

8.) Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziak eta kasazio- errekurtsoak zein epaitan ebatzi eta epai horien aurka ez dago errekurtsorik.

2. Auzitegi nagusien arlo zibil eta zigor-arloko salek prozesuko arauhaustearen ondoriozko errekurtso berezien gaineko eskumenik ez duten bitartean, ez dira aplikatuko 466, 468 eta 472. artikuluak, ezta 488.etik 493.erartekoak eta 476. artikuluko 4. paragrafoa ere.

476. artikuluaren 2. paragrafoko azken lerrokadan xedatutakoa ez da aplikatuko prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziari on irizten zaionetan; alabaina, errekurtso berezi horren oinarri izan behar dira 469. artikuluaren 1. paragrafoko 2. zioa edo Konstituzioaren 24. artikulua haustea, arau-hausteok ukitzen badute errekurtsoa zein epairen aurka jarri eta hori soil-soilik.

Ulertuko da kasazio-errekurtsoaren gaineko eskumena zein salak izan eta horri buruzkoak direla 470. artikuluko 4. paragrafoan eta 472. artikuluan auzitegi nagusiei egindako aipamenak.

Hamazazpigarrena.

Abstentzioari eta ezespenari, jardunaren deuseztasunari, eta ebazpenak argitzeari eta zuzentzeari buruzko araubide iragankorra

Botere Judizialaren Lege Organikoa eraldatzen ez den bitartean, epaileak, lege honen 101. artikulutik 119.erakoak, magistratuak eta idazkari judizialak abstenitzeari eta ezesteari buruzkoak, ez dira aplikatuko, ezta azken xedapenetatik hamaikagarrenaren 2. paragrafoa eta azken xedapenetatik hamabigarrenaren 1, 2, 3 eta 4. paragrafoak ere.

Halaber, aipatu lege organikoa eraldatu arte, ez dira aplikatuko lege honen 225. artikulutik 230.erakoak eta 214. artikulua, hurrenez hurren, jardunaren deuseztasunari eta ebazpenak argitu eta zuzentzeari buruzkoak.

Hemezortzigarrena.

Borondatezko Jurisdikzioaren lege-proiektua

Lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, Gobernuak borondatezko jurisdikzioari buruzko lege-proiektua igorriko die Gorte Nagusiei.

Hemeretzigarrena.

Konkurtsoaren lege-proiektua

Lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Gobernuak konkurtsoari buruzko lege-proiektua igorriko die Gorte Nagusiei.

Hogeigarrena.

Arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikoaren lege-proiektua

Lege hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Gobernuak arlo zibileko nazioarteko lankidetza juridikoari buruzko lege-proiektua igorriko die Gorte Nagusiei.

Hogeita batgarrena.

Indarrean jartzea

Lege hau indarrean jarriko da, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta urtebete igarota.

euskal legezalea