Justiziaren oinarrizko printzipioei buruzko Adierazpena, delitu eta botere-abusuaren biktima direnentzat

Euslege

Justiziaren oinarrizko printzipioei buruzko Adierazpena, delitu eta botere-abusuaren biktima direnentzat.

Biltzar Orokorrak onetsia, 1985eko azaroaren 29eko 40/34 ebazpenean

A) Delituen biktimak

1. Ulertuko da “biktimak” direla, banaka edo taldean, kalteak jaso dituzten pertsona guztiak, kalte horiek direnean lesio fisiko edo mentalak, sufrimendu emozionala, galera ekonomikoak edota euren oinarrizko eskubideen galera esanguratsua, eta zein egite edo ez egitek eragin halakoak eta horiek direnean estatu kideen zigor legeria urratzen dutenak, botere-abusua debekatzen duena barne.

2. Pertsona bat “biktima” izan daiteke, adierazpen honen arabera, kontuan hartu gabe urraketaren egilea identifikatua, atxilotua, epaitua edo kondenatua izan ala ez eta, orobat, kontuan hartu gabe egilearen eta biktimaren artean egon daitezkeen familia-harremanak ere. “Biktima" hitzak biltzen ditu, halaber, biktimaren familiartekoak edo bere ardurapean dauden pertsonak, zuzeneko biktimarekin hurbileko harremanak dituztenak eta arriskuan zegoen biktimari laguntzeko edota biktimizazioa prebenitzeko,kalteak jasan dituzten pertsonak ere.

3. Adierazpen honen xedapenak aplikatuko zaizkie pertsona guztiei, inolako bereizketarik gabe, arraza, larru-kolorea, sexua, adina, hizkuntza, erlijioa, naziotasuna, iritzi politikoa edo beste izaera batekoa, kultura-sinesmenak edo -eginerak, egoera ekonomikoa, jaiotza edo familia-egoera, arraza- edo gizarte-jatorria, edota eragozpen fisikoak direla bide.

Justiziarako sarbidea eta tratu zuzena izatea

4. Biktimak errukitasunez eta errespetu osoz tratatuko dira, euren duintasunari begira. Eskubidea izango dute justizia-mekanismoak eskuratzeko eta pairatu duten kaltearen ordaina jasotzeko, nazio-legerian xedatutakoren arabera.

5. Biktimen ordaina lortzea ahalbidetzen duten mekanismo judizialak eta administrazio-mekanismoak ezarriko dira eta beharrezkoa bada, indartu ere egingo dira , prozedura ofizial nahiz ofiziosoen bitartez, baldin eta, halakoak irekiak, zuzenak, kostu gutxikoak eta eskuragarriak badira. Biktimei jakinaraziko zaie eskubideak dituztela ordaina jasotzeko, mekanismo horien bitartez.

6. Erraztuko da, halaber, prozedura judizial eta administrazio-prozedurak egokitzea, biktimen premiak aintzat hartuta:

a) Biktimei jakinaraziko zaizkie euren zeregina eta jardueren noranahikoa, garapen kronologikoa eta bilakaera, bai eta auzien erabakia, batik bat delituak larriak direnean eta eurek informazio hori eskatu dutenean;

b) Biktimei onartuko zaie euren iritziak eta kezkak aurkeztea jardueren une egokietan, horiek aztertuak izan daitezen, euren interesak arriskuan daudenean, akusatuari kalterik egin gabe eta dagokion zigor-justiziaren sistema aintzat hartuta;

c) Biktimei laguntza egokia emango zaie, prozesu judizialak irauten duen bitartean;

d) Neurriak hartuko dira biktimei eragindako eragozpenak murrizteko, euren intimitatea babesteko, halakoa beharrezkoa denean, eta euren segurtasuna bermatzeko, bai eta euren familiartekoena eta euren aldeko lekukoena, larderia- nahiz errepresalia-egintza ororen aurka;

e) Alferrikako atzerapenak eragotziko dira hala auzien ebazpenean nola biktimei kalte-ordaina zein mandamendu edo dekretuk aitortu eta horren betearazpenean.

7. Mekanismo ofiziosoak erabiliko dira, hala denean, eztabaidak konpontzeko, barne hartuta bitartekaritza, arbitrajea eta justizia-eginerak, horiek ohiturazkoak nahiz lekuan lekukoak izan, elkar aditzea eta biktimen mesederako ordaina errazteko.

Ordaina

8. Delitugileek edo horien jokabidearen erantzule diren hirugarrenek, ekitatearen arabera ordainduko dituzte biktimak, euren familiartekoak edo euren ardurapean dauden pertsonak. Ordain horrek barnean hartzen ditu ondasunak itzultzea edo jasandako kalteak edo galerak ordaintzea, biktimizazioaren ondorioz egindako gastuen dirua itzultzea, zerbitzuak ematea eta eskubideak lehengoratzea.

9. Gobernuek euren eginerak, araudiak eta legeak berrikusiko dituzte, zigor-gaietan ordaina gauzatzeko moduko epaia izan dadin, bestelako zigor-zehapenez gain.

10. Ingurumenean kalte esanguratsuak eragiten direnean, eskatzen den ordainak barnean hartuko ditu, ahal den neurrian, ingurumena lehengoratzea, azpiegitura berreraikitzea, erkidegoko instalazioak birjartzea eta birkokapenaren gastuak ordaintzea, kalte horiek erkidego baten sakabanaketa eragin dutenean.

11. Funtzionario publikoek edo beste agenteek, titulu ofizial edo kuasiofizialaren bidez aritu eta zigor arloko nazio-legeria urratzen dutenean, kalteak eragin dituzten funtzionarioak edo agenteak zein estatukoak izan eta estatu horrek ordainduko ditu biktimak. Biktimak eragin dituzten egite edo ez egiteak zein gobernupean gertatu eta gobernu hori desagertu bada, orduan ondorengo estatu edo gobernuak emango die ordaina biktimei.

Kalte-ordaina

12. Delitugilearengandik edo beste iturri batzuetatik datorren kalte-ordaina nahikoa ez denean, estatuek jarraikoei ordaindu beharko diete kalte-ordaina, finantza-mailan:

a) Delituen biktimei, delitu horien ondorioz gorputzaren lesio larriak edota osasun fisiko edo mentalean galerak jaso dituztenei;

b) Biktimen familiari, batik bat, biktimen ardurapean daudenei, biktimizazioaren ondorioz biktima horiek hil badira edo gorputzean zein buruan ezgaituta geratu badira.

13. Nazio-funtsak ezartzea, indartzea eta zabaltzea sustatuko da, biktimei kalte-ordainak emateko. Bidezkoa denean, beste funts batzuk ere ezarriko dira asmo berberarekin, barne hartuta biktimaren naziotasuna zein estatukoa izan eta estatu horrek biktimei, jasandako kalteagatik, kalte-ordaina eman ezin dien kasuak ere.

Laguntza

14. Biktimek behar den laguntza materiala, medikoa, psikologikoa eta soziala jasoko dute, baliabide batzuen bitartez, halakoak gobernukoak, borondatezkoak, erkidegokoak nahiz tokikoak direla.

15. Biktimei jakinaraziko zaie osasun-zerbitzu eta gizarte-zerbitzu edota bestelako laguntza egokiaren eskuragarritasuna eta horiek eskuratzeko bidea erraztuko zaie.

16. Polizia-, justizia- eta osasun-arloetako langileak eta gizarte-zerbitzuetakoak eta bestelako langile interesdunak trebatu behar dira, irekiak izan daitezen biktimen premiei begira eta laguntza egokia eta azkarra bermatzen dituzten jarraibideei begira.

17. Biktimei zerbitzuak eta laguntza ematerakoan, arreta jarriko da premia bereziak dituztenengan, horiek jasan dituzten kalteen izaeragatik edota 3 supra paragrafoan aipatu faktoreengatik.

B.- Botere-abusuaren biktimak

18. Ulertuko da “biktimak” direla, banaka edo taldean, kalteak jaso dituzten pertsona guztiak, kalte horiek direnean lesio fisiko edo mentalak, sufrimendu emozionala, galera ekonomikoak edota euren oinarrizko eskubideen galera esanguratsua, eta zein egite edo ez egitek eragin halakoak eta horiek ez direnean estatu kideen zigor legeriaren urraketak, baina bai, ordea, giza eskubideei dagozkien nazioarte mailako xedapenen urraketak.

19. Estatuek kontuan hartu beharko dute nazio-legerian botere-abusuak galarazten dituzten arauak barneratzeko aukera eta abusu horien biktimak direnei konponbideak emateko aukera. Konponbide horiek, batik bat, ordaina eta kalte-ordaina barneratuko dituzte, bai eta beharrezkoak diren laguntza eta babes materialak, medikoak, psikologikoak eta sozialak.

20. Estatuek aintzat hartu beharko dute biktimei buruzko itunak negoziatzeko aukera, nazioartekoak eta aldeaniztunak, 18. paragrafoan zehaztutakoak.

21. Estatuek aldian-aldian berrikusiko dituzte indarrean dauden legeria eta eginerak, horiek inguruabar aldakorrei egokitzen zaizkiela ziurtatzeko eta, bidezkoa denean, legeak eman eta aplikatuko dituzte botere-abusu larriak, politikoak nahiz ekonomikoak diren egintzak galarazteko eta egintza horiek prebenitzeko neurriak eta mekanismoak sustatzeko eta, oro har, egintza horien biktima direnentzako eskubide eta baliabide egokiak ezarriko dituzte, eta biktimei halakoak erabiltzea erraztuko diete.