prozedurazibilarenlegea(ii.liburua)

Prozedura Zibilaren Legea (II. Liburua)

© Egileak: Aiora Aristondo, Alberto Atxabal, Ana

Otadui, Arantza Libano, Anjel Lobera, Andres Urrutia, Esther

Urrutia, Javier Arrieta

© Euskarazko testua eta aurkibide analitikoak: Deustuko Unibertsitatea. Euskal

Gaien Institutua

© Euskarazko testua eta aurkibide analitikoak: Euskal Autonomia Erkidegoaren

Administrazioa. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza

Saila

II. LIBURUA

PROZESU ADIERAZLEAK

LEHENENGO TITULUA

PROZESU ADIERAZLE GUZTIETARAKO XEDAPENAK

LEHENENGO KAPITULUA

Prozesu egokia zehazteko erregelak

248. artikulua.

Prozesu adierazleen motak

1. Legeak bestelako izapidetzarik ezartzen ez badu, alderdien arteko auzi-liskar oro bideratu eta erabakiko da prozesu adierazle egokian.

2. Prozesu adierazleak dira:

1) Epaiketa arrunta.

2) Hitzezko epaiketa.

3) Epaiketa-mota zehazteko arauak muntaren arabera aplikatuko dira, gaia dela-eta araurik ez dagoenean bakarrik.

249. artikulua.

Epaiketa arruntaren eremua

1. Honako hauek epaiketa arruntean erabakiko dira, euren munta edozein izanik ere:

1.) Pertsonaren ohorezko eskubideei buruzko demandak.

2.) Ohorerako, bizitza pribaturako eta norberaren irudirako eskubideen babesa eskatu duten demandak, eta oinarrizko eskubideetatik beste edozeinen babes judizial zibila eskatu dutenak, zuzenketa-eskubideari buruzkoak izan ezik.

Prozesu horietan,Fiskaltza alderdi izango da beti, eta prozesuon izapidetzak lehentasuna izango du.

3.) Sozietatearen erabakiak aurkaratzeari buruzko demandak, erabakiok hartu badituzte, batza nahiz biltza orokorrek, bazkideen nahiz obligaziodunen batza bereziek, edota merkataritzako erakundeen kide anitzeko administrazio- organoek.

4.) Elkarlehia desleial, industria-jabetza, jabetza intelektual eta publizitatearen inguruko demandak, horiek muntari buruzko erreklamazio hutsak ez badira; halakoak izanez gero, izapideak egingo dira erreklamatutako muntari dagokion prozeduraren arabera.

Dena den, 250. artikuluaren 1. paragrafoko 12. zenbakian xedatutakoa beteko da, publizitatearen arloan bukarazte-akzioa egikaritzen denean, kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes kolektibo eta zehaztugabeak babesteko.

5.) Kontratazioaren baldintza orokorrei buruzko akzioak egikaritzeko demandak, arlo horren gaineko legeriak ezarri kasuetan, 250. artikuluaren 1. paragrafoko 12. zenbakian xedatutakoa gorabehera.

6.) Ondasun higiezinen gaineko hiri- edo landa-errentamenduen autuetatik edozeini buruzko demandak, ez ordaintzeagatiko edo errentamendu-harremanen epea azkentzeagatiko botatze- kasuetan izan ezik.

7.) Edozein motatako atzera-eskuratze akzioa egikaritzeko demandak.

8.) Jabetza Horizontalaren Legeak jabeen batzei eta jabeei eurei aitortutako akzioak egikaritzeko demandak, horiek muntari buruzko erreklamazio hutsak ez badira; halakoak izanez gero, izapideak egingo dira erreklamatutako muntari dagokion prozeduraren arabera.

2. Epaiketa arruntean erabakiko dira, berebat, 500 000 pezetatik gorako munta duten demandak eta gutxi gorabehera ere kalkulatu ezin den interes ekonomikoa dutenak*.

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak 3 000 euroko kopurua ezarri du atal horretarako.

250. artikulua. Hitzezko epaiketaren eremua

1. Hitzezko epaiketan erabakiko dira, euren munta edozein izanik ere, honako demanda hauek:

1.) Errentariak errenta edo zorretan dituen kopuruak ez ordaintzea, edo kontratuan ezarritako epea igarotzea oinarri izanda, jabeak, gozamendunak edo landa- nahiz hiri-lurretako finka edukitzeko eskubidea duten pertsonetatik beste edozeinek aurkeztutako demandak, finka horren edukitza berreskuratzeko; betiere, finka hori errentamendu arruntean, finantza-errentamenduan edo apartzerian eman denean.

2.) Jabeak, gozamendunak edo finka edukitzeko eskubidea duten pertsonetatik beste edozeinek landa- edo hiri-lurretako finkaren edukitza osoa berreskuratzeko demandak, finka hori prekarioan laga denean.

3.) Ondasunak jarauntsiaren bidez eskuratu dituen pertsonak ondasun horien edukitza eskatzeko demandak, ondasunon edukitzailerik ez badago ugazaba edo gozamendun gisa.

4.) Gauza edo eskubidea nori kendu edo gauza nahiz eskubide horretan nahasmendua nork jasan, eta horrek aurkeztu demandak, ukantzaren edo edukitzaren babes sumarioa lortzeko.

5.) Auzitegiak, era sumarioan, obra berriaren etendurari buruz erabaki dezan jarritako demandak.

6.) Auzitegiak, era sumarioan, obra, eraikin, zuhaitz, zutabe edo aurrian dagoen antzeko objektu baten errauste edo eraisteari buruz erabaki dezan jarritako demandak, horrekin demandatzaileari kalteak eragin badakizkioke.

7.) Jabetza Erregistroan inskribatutako eskubide errealen titularrek eragin dituzten demandak, eskubideon eragingarritasuna lortzeko, eskubideon aurka jarri edo horien egikaritza nahasi dutenen aurka, aurka-jartze edo nahasmendu horretarako titulu legitimo eta inskribatua izan gabe.

8.) Lege-xedapen edo bestelako titulu baten bidez, zor den mantenua eskatzeko demandak.

9.) Egitate zehaztugabe edo kaltegarrien zuzenketa-akzioa egikaritzeko demandak.

10.) Auzitegiak, era sumarioan, ebatz dezan jarritako demandak, Ondasun Higigarrien Eperako Salmenta Erregistroan inskribatutako kontratuen kasuetan eta ondore horretarako inprimaki ofizialean gauzatutako kontratuen kasuetan, baldin eta erosleak ez baditu bete kontratu horiek eratorritako eskakizunak. Halakoetan, demanda horren xedea kondena-epaia lortzea izango da, eta epai horrek ahalbidetuko du exekuzioa epetan eskuratu edo finantzatu ondasunaren edo ondasunen gainean soilik.

11.) Auzitegiak, era sumarioan, ebatz dezan jarritako demandak, baldin eta finantza- errentamenduko kontratua edo jabari-erreserbapeko eperako salmenta- -kontratua bete ez bada, betiere bi kasuotan Ondasun Higigarrien Eperako Salmenta Erregistroan inskribatutako kontratuak eta ondore horretarako inprimaki ofizialean gauzatutako kontratuak direnean. Akzioaren egikaritzak xede izango du finantza-errentatzaileak, saltzaileak nahiz finantza-emaileak ondasuna berehala jasotzea, kontratuan zehaztu tokian, eta, hala denean, aurretik kontratuaren suntsitze-adierazpena lortzea.

12.) Kode Zibilaren 160. artikuluan aitortu eskubideak eragingarriak izan daitezen jarritako demandak.

Kasu horietan, ahozko epaiketa egingo da lege honen IV. liburuko I. tituluaren I. kapituluan xedatutako berezitasunen arabera.

2. Hitzezko epaiketan erabakiko dira, halaber, 500 000 pezetatik gorako munta ez duten demandak, baldin eta horiek aurreko artikuluko 1. paragrafoan ezarri gaiei buruzkoak ez badira*.

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak 3 000 euroko kopurua ezarri du atal horretarako.

251. artikulua.

Munta zehazteko erregelak

Munta zehaztuko da, demandaren interes ekonomikoaren arabera, interes ekonomiko hori honako erregela hauen arabera kalkulatuko dela:

1. Diru-kopuru zehatza erreklamatzen bada, demandaren muntak zehaztuko du kopuru hori. Zehaztapenik ez badago, ezta gutxi gorabeherakoa ere, ulertuko da demandak munta zehaztugabea duela.

2. Prozesuaren xedea bada ondasun higigarri nahiz higiezinak emateko kondena, erreklamazioa eskubide errealetan oinarritu nahiz pertsonaletan oinarritu, demanda aurkezteko unean ondasunok duten balioa aintzat hartuko da, mota horretako ondasunek merkatuan edo kontratazioan dituzten prezio arrunten arabera.

Aurreko kalkulua egiteko, auzilariak erabil dezake ondasun auzigaien balorazio ofizialetatik edozein, baldin eta haien balioa zehazteko beste baliabiderik ez bada. Ondasun higiezinei dagokienez, katastroan ageri balioa baino txikiagorik ezin dakieke ondasunoi eratxiki.

3. Aurreko kalkulu-erregela aplikatuko da honako kasu hauetan ere:

1.) Jabariak eratorri ahalmenen egikaritza bermatzeko demandetan.

2.) Jabari-tituluaren baliozkotasun, deuseztasun nahiz eragingarritasuna, edota jabariaren beraren izate edo hedadura ukitzen duten demandetan.

3.) Aurreko bi kasuotan zehaztu eskaerez bestelakoetan, baldin eta, uzia betetzeko, demandatzaileak egiaztatu behar badu jabea dela.

4.) Ondasun bat edo ondasun-multzo bat dela eta, horren gaineko jabetza eskuratzeko eskubidean oinarritutako demandetan, dela hori aitortu duen kreditu-eskubidea izateagatik, dela jabetza eskuratzeko bideetatik edozeinengatik, dela atzera-eskuratze eta eroslehentasun- eskubideengatik, dela erosteko aukerengatik. Ondasuna erreklamatzen bada salerosketaren objektu izateagatik, balorazio-irizpideetan lehentasuna du kontratuan itundutako prezioak, betiere berori katastro-balioa baino txikiagoa ez denean, ondasun higiezinen kasuan.

5.) Prozesua edukitzari buruzkoa denean, artikulu honetako beste erregelaren bat aplikagarri ez bada.

6.) Mugaketa-akzioan, mugarriak jartzeko akzioan eta gauza erkidea zatitzeko akzioan.

4. Erreklamazioa gozamenari, jabetza soilari, erabiltzeari, biztantzeari, txandakako aprobetxamendu-eskubideari edo jabaria mugatzen duten eskubide errealetatik beste bati buruzkoa bada, erregela berezirik izan gabe, orduan demandaren balioa zehaztuko da eskubideon eraketa edo eskualdaketaren gaineko zergari dagokion zerga-oinarria kontuan izanik.

5. Zortasun baten inguruko demandaren balioa izango da berori eratzeko ordaindu prezioa, hori egiazta badaiteke eta haren eratze-data aurreko bost urteetakoa bada. Osterantzean, kontuan izango dira auziaren unean eratze-prezioa finkatzeko diren legezko erregelak, zortasuna eskuratzeko modua edozein izanda ere; eta, erregelarik izan ezean, lur nagusiaren eta zortasunpeko lurraren balioaren hogeirena, artikulu honen bigarren erregelan ondasun higigarri eta higiezinentzat ezarritakoa kontuan izanik.

6. Berme-eskubide erreal baten izate, ez izate, baliozkotasun edo eragingarritasunaren inguruko demandetan, balioa izango da kontzeptu guztiengatik bermatu kopuruaren zenbatekoa.

7. Aldizkako prestazioak galdatzeko eskubidearen inguruko epaiketetan, balioa kalkulatuko da urteko baten zenbatekoa bider hamar eginez, prestaziook aldi baterakoak izan nahiz bizi artekoak izan; prestazioaren epea urtea baino laburragoa denean, prestazioaren zenbateko osoa izango da kontuan.

8. Betebehar-izaerako titulu baten izate, baliozkotasun edo eragingarritasunari buruzko epaiketetan, titulu horren balioa kalkulatuko da, zor den guztia kontuan izanik, nahiz eta berori epeka ordaindu behar.

Balorazio-irizpide hori aplikatuko da, prozesuaren xedea bada betebehar-izaerako tituluaren edo izaera pertsonala duen eskubidearen eratze, aldatze nahiz azkentzea, betiere artikulu honen beste erregela bat aplikagarri ez denean.

9. Ondasunen gaineko errentamenduei buruzko epaiketetan, errenta muga- -eguneratuak erreklamatzeko helburua dutenean izan ezik, demandaren munta izango da urteko errenta baten zenbatekoa, kontratuan zehaztu aldizkakotasuna edozein izanik ere. Dena den, errentapeko ondasunaren edukitza erreklamatzen denean, artikulu honen hirugarren erregelan xedatutakoa beteko da.

10. Burtsan negoziatutako baloreei buruzko demandaren kasuan, munta zehaztuko da, baloreen batez besteko trukaneurri ponderatuaren batez bestekoaren arabera; trukaneurri hori zehaztuko da, demanda jarri baino egutegiko aurreko urteko legeria aplikagarriaren arabera, edota burtsan negoziatu aldian baloreek izan duten batez besteko trukaneurri ponderatuaren batez bestekoaren arabera, aldi hori urtea baino laburragoa bada.

Baloreak bigarren mailako beste merkatu batean negoziatu badira, munta zehaztuko da, demanda jarri baino egutegiko aurreko urtean baloreek batez beste izan duten negoziazio-trukaneurriaren arabera, baloreok bigarren mailako zein merkatutan negoziatu diren merkatua aintzat hartuta, edota bigarren mailako merkatuan negoziatu bitartean baloreek batez beste izan duten negoziazio-trukaneurriaren arabera, baloreak merkatu horretan negoziatu izan badira urtea baino epe laburragoan.

Batez besteko negoziazio-trukaneurria, edo, hala denean, batez besteko trukaneurri ponderatuaren batez bestekoa egiaztatuko da bigarren mailako merkatu horren organo artezkariak luzatutako ziurtagiriaren bidez.

Baloreak negoziatzen ez badira, munta kalkulatuko da, demanda jartzean kontabilitateari buruz indarrean dauden balorazio-arauak kontuan izanik.

11. Zerbait egiteko prestazioari buruzko demandetan, horren munta izango da egin nahi den horren kostua edo hori ez egiteak sortutako kalte-galeren zenbatekoa; azken kasu horretan, ezin dira kopuru biok metatu, salbu eta, prestazioa betetzea eragiteaz gain, kalte-ordaina eskatu denean.

Kalte-galeren zenbatekoa edo kalkulua kontuan hartu beharko da, prestazioa norberak bete beharrekoa bada edo prestazioa zerbait ez egitekoa bada, nahiz eta prestazioa betetzea eskatu, uzi nagusi legez.

12. Jarauntsiari edo ondare-masen nahiz ondare bananduen multzoei buruzko auzietan, aurreko erregelak aplikatuko dira, auzipeko jarauntsiaren edo ondarearen ondasun, eskubide nahiz kredituei dagokienez.

252. artikulua.

Erregela bereziak, prozesuko objektuak edo alderdiak anitz direnean

Prozesuan objektu edo alderdi anitz badira, demandaren munta kalkulatuko da erregela hauen arabera:

1.) Demandan akzio nagusi batzuk metatu badira, eta horien jatorria titulu bera ez bada, demandaren munta zehaztuko da, balio handieneko akzioaren muntaren arabera.

Irizpide bera erabiliko da, akzioak balizko moduan metatu badira ere.

2.) Metatu akzioen jatorria titulu bera bada, edo, akzio nagusiarekin batera, korrituak, fruituak, errentak edo kalte-galerak eskatzen badira, munta zehaztuko da, metatu akzio guztien balioen batuketaren arabera.

Baina akzio horietatik edozeinen zenbatekoa zehatz eta likidoa ez bada, kontuan hartuko da zenbateko zehatz eta likidoa duten akzioen balioa bakarrik.

Balioa zehazteko, ez dira kontuan hartuko etorkizuneko fruitu, korritu edo errentak, muga-eguneratuta ez badaude.

Halaber, ez da kontuan hartuko kostuetarako kondenaren eskaera.

3.) Demanda berean ondasun higigarri edo higiezin bati buruzko zenbait akzio erreal metatzen badira, demandak ez du inoiz izango auzigaiaren balioa baino goragoko muntarik.

4.) Betebehar beraren epe muga- -eguneratu batzuk eskatzen badira, munta moduan kontuan hartuko da erreklamatu zenbatekoen batura, salbu eta demandan betebeharraren baliozkotasun edo eragingarritasunari buruzko esanbidezko adierazpena eskatu denean; azken kasu horretan, betebehar horren balio osoa hartuko da kontuan.

Eperen baten zenbatekoa zehatza ez bada, hori muntaren kalkulutik baztertuko da.

5.) Errekonbentzioak edo autoen metaketak ez du eraginik izango demandaren muntaren gain, ez eta muntaren ondoriozko epaiketa-motaren gain ere.

6.) Demanda berean demandatzaile edo demandatu batzuk badaude, horrek ez du inolako eraginik izango muntaren zehaztapenean, betiere eskaera bera denean demandatzaile edo demandatu guztientzat.

Gauza bera gertatuko da, demandatzaile edo demandatuen artean solidaritate-loturarik badago.

7.) Alderdi anitz izateak berarekin badakar egikaritu akzioen aniztasuna, munta zehaztuko da, artikulu honetan munta zehazteko jaso erregelen arabera.

8.) Demanda zabaltzen denean ere, aurreko erregeletan xedatutakoa beteko da.

253. artikulua.

Munta demandan adieraztea

1. Auzi-jartzaileak hasierako idazkian adieraziko du demandaren munta, hori arrazoituta.

Dena den, munta hori kalkulatuko da, aurreko artikuluetako erregelen arabera.

Demanda jarri ostean, auziaren objektu diren ondasunen balioa aldatzen bada ere, ez da aldatuko epaiketaren munta edo epaiketa-mota.

2. Demandaren munta argi eta zehatz adierazi beharko da.

Zernahi gisaz, gutxi gorabehera adieraz daiteke, auzi-jartzaileak behar bezala egiaztatu badu auziaren interes ekonomikoa epaiketa arruntaren gutxieneko muntaren parekoa dela gutxienez, edo ez duela gainditzen hitzezko epaiketaren gehieneko munta.

Auzi-jartzaileak ezin izango du inola ere epaiketa-mota besterik gabe adierazi, eta, berebat, auzi-jartzaileak ezingo dio demandatuari ezarri munta frogatzeko zama.

3. Demanda epaiketa arruntaren izapideetatik bideratuko da, baldin eta auzi-jartzaileak munta zehazterik ez badu, ezta gutxi gorabehera ere, objektuak interes ekonomikorik ez duelako, interes hori ezin delako kalkulatu munta zehazteko legezko erregelen bidez, edota, kalkulua egiteko erregela aplikagarria izan arren, munta hori demanda jartzean zehazterik ez dagoelako.

254. artikulua.

Auzitegiak ofizioz kontrolatzea muntaren ondoriozko epaiketa- mota

1. Hasieran epaiketaren izapideak egingo dira, auzi-jartzaileak demandan adierazitakoaren arabera.

Aurrekoa gorabehera, demandaren alegazioak kontuan izanda, auzitegiak uste badu auzi-jartzaileak aukeratu epaiketak ez duela zehaztutako balioa edo epaiketa hori ez datorrela bat demandan adierazi gaiarekin, orduan auzitegiak auziari emango dio berorri dagokion izapidetza egokia, probidentzia bitartez, demandan eskatu epaiketa-mota loteslea ez delako.

2. Auzi-jartzaileak adierazitakoaren aurka, auzitegiak uste badu demandaren munta egin dela balioetsi edo ezin dela zehaztu, ezta gutxi gorabehera ere, eta, horren ondorioz, hitzezko epaiketaren izapideak egoki ez direla, orduan auzitegiak ofizioz emango dio auziari epaiketa arruntaren izapidetza, probidentzia bitartez, betiere prokuradorearen izendapena eta abokatuaren sinadura jaso direnean.

3. Ofizioz zuzen daitezke auzi-jartzaileak munta zehaztean egindako oker aritmetikoak.

Halaber, zuzen daitezke munta kalkulatzeko legezko erregela aukeratzean egindako okerrak, demandan egitezko eta behar besteko osagairik badago, munta eragiketa matematiko hutsen bidez egoki zehazteko.

Munta behar bezala kalkulatu ondoren, prozesuari bide egokia emango zaio.

4. Muntaren ondoriozko prozedura desegokia dela uste badu ere, auzitegiak demanda onartuko du beti. Hala ere, demandak epaiketa-mota zehazten badu besterik gabe, edo, zehaztu munta okerra dela ofizioz adierazi ondoren, berori egoki kalkulatzeko behar besteko osagairik ez badago demandan, auzi-paperei ez zaie biderik emango, auzi-jartzaileak akatsa ongitu arte.

Akatsa ongitzeko epea hamar egunekoa da, eta, hori igaro ondoren, demanda behin betiko artxibatuko da.

255. artikulua.

Munta bera eta horren ondoriozko epaiketa-mota aurkaratzea

1. Demandatuak demandaren munta aurkara dezake, baldin eta ulertzen badu, munta behar bezala zehaztuz gero, bestelako prozedura gauzatuko litzatekeela edo kasazio-errekurtsoa bidezkoa izango litzatekeela.

2. Epaiketa arruntean, muntaren ondoriozko prozeduraren egokitasuna aurkaratuko da demandari erantzutean, eta arazoa ebatziko da, epaiketa aurreko entzunaldian.

3. Hitzezko epaiketan, demandatuak munta edo muntaren ondoriozko epaiketa-mota aurkaratuko du ikustaldian, eta auzitegiak berehala ebatziko du arazoa, auziaren funtsean sartu aurretik eta auzi-jartzaileak esan beharrekoa entzun ondoren.

II. KAPITULUA

Atariko eginbideak

256. artikulua.

Atariko eginbideak eta horiek eskatzea

1. Epaiketa oro presta daiteke:

1.) Demanda nori zuzendu eta horri egindako eskaeraren bidez, horrek egia esango duela zin egin edo hitz eman, eta bere gaitasun, ordezkaritza edo legitimazioari buruzko egitateren baten inguruan adierazpena egin dezan, baldin eta egitate hori jakitea auzirako beharrezkoa bada, edota gaitasun, ordezkaritza nahiz legitimazio hori jaso duten agiriak erakuts ditzan.

2.) Demandatu nahi den pertsonari egindako eskabidearen bidez, horrek bere esku duen gauza erakuts dezan, epaiketa gauza horri buruzkoa denean.

3.) Bere burua jaraunsle, jaraunskide edo legatu-hartzailetzat duenak egindako eskaeraren bidez, jarauntsi edo legatuaren kausatzaileak azken- -nahiaren egintza burutu eta egintza hori bere esku duenak halakoa erakuts dezan.

4.) Bazkide edo erkide baten eskaeraren bidez, sozietate edo erkidegoaren agiri eta kontu guztiak erakuts daitezen; aurreko eskaera hori zuzenduko zaio sozietate nahiz erkidegoari, edo agiriok eta kontuok bere esku dituen bazkide nahiz jabekideari.

5.) Bere burua kalteduntzat duenak egindako eskaeraren bidez, erantzukizun zibileko aseguruak estal dezakeen gertaera batek kalteak eragin dizkionean, aseguru-kontratua bere esku duenak berori erakuts dezan.

6.) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes kolektiboak defendatzeko prozesua hasi nahi duenak egindako eskaeraren bidez, ukitutakoen taldeko kideak zehazteko, baldin eta, horiek zehaztuta egon ez arren, erraz zehatz badaitezke.

Ondore horretarako, auzitegiak neurri egokiak hartuko ditu, taldekideei buruzko ikerketak egiteko, kasuan kasuko inguruabarrak eta eskatzaileak ekarritako datuak kontuan izanik; halaber, demandatuari agindeia egingo zaio, zehaztapen horretan lagun dezan.

7.) Eginbide eta ikerketen inguruan egindako eskaeraren bidez, lege bereziek eginbide eta ikerketa horiek agintzen badituzte, eskubide zehatz batzuk babesteko.

2. Atariko eginbideen eskabidean, horien oinarriak adieraziko dira, prestatu nahi den epaiketaren auzigaiari buruzko inguruabarrak bertan zehaztuz.

3. Eginbideetan parte hartu behar duten pertsonei eragindako gastuak, eginbideon eskatzailearen kontura izango dira.

Eginbideok eskatzean, eskatzaile horrek kauzioa emango du, eragin daitezkeen gastuen nahiz kalte-galeren ondorioz erantzuteko.

Eskatzaileak kauzioa galduko du, aipatu pertsonen mesederako, baldin eta eginbideak bukatu zirenetik hilabetea igaro eta demandarik aurkeztu izan ez bada, auzitegiaren ustez hori behar bezala justifikatu gabe.

Kauzioa eman daiteke, lege honen 64. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren lerrokadan xedatutakoaren arabera.

257. artikulua.

Eskumena

1. Aurreko artikuluan aipatu eskaera eta eskabideak ebazteko, eskudun izango da lehen auzialdiko epailea, epaiketa prestatzeko jardunean adierazpena egin, zerbait erakutsi edo beste era batean parte hartu behar duen pertsonaren egoitzakoa bada.

Aurreko artikuluko lehen paragrafoaren seigarren zenbakiaren kasuan, eskudun izango da demanda zehatza non aurkeztu behar eta bertako auzitegia.

2. Ez da deklinatoriarik onartuko atariko eginbideetan; hala ere, eginbideak zein epaileri eskatu eta epaile horrek ofizioz berrikusiko du bere eskumena, eta, eskabidearen gaineko ardura ez dagokiola uste badu, ardura horretaz abstenituko da, eta eskatzaileari adieraziko dio lehen auzialdiko zein epaitegitara jo behar duen.

Azken epaitegi horrek ere bere eskumenari uzten badio, epaitegi bien artean dagoen goragoko auzitegi erkideak gatazka negatiboa erabakiko du, lege honen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera.

258. artikulua.

Atariko eginbideei buruzko erabakia eta errekurtsoa

1. Auzitegiak uste badu eginbidea eskatzailearen helbururako egokia dela, eta eskabideak arrazoi zuzena eta interes legitimoa jasotzen dituela, orduan auzitegiak uzia onartuko du, eman beharreko kauzioa zehaztuz.

Auzitegiak, ordea, ez du onartuko aurkeztu eginbideen eskaera, baldin eta eginbideok bidezkoak ez direla uste badu. Eskabidearen inguruko ebazpena eman beharko du, hori aurkeztu eta hurrengo bost egunetan.

2. Eginbideak agindu dituen autoaren aurka, ez dago errekurtsorik.

Eginbideak ukatu dituenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke.

3. Auzitegiak agindu kauzioa hiru egunetan ematen ez bada, eginbideak onartu dituen autoa eman denetik zenbatzen hasita, jarduna behin betiko artxibatzea erabakiko da.

259. artikulua.

Atariko eginbideak egiteko zitazioa

1. Eskabidea onartu duen autoan, zitazioa eta agindeia egingo zaizkie interesdunei, horiek, auzitegiaren egoitzan edo toki eta modu egokian, eta hurrengo hamar egunetako epean, eskatu eta onartu den eginbidea gauza dezaten.

2. 256. artikuluaren 1. paragrafoko eginbideetan aipatu agiri eta tituluen azterketa egiteko, auzitegiaren egoitzara jo dezake eskatzaileak, gaian aditu den pertsona baten laguntzarekin, azken horrek beti eskatzailearen kontura diharduela.

260. artikulua.

Demanda aurreko eginbideak gauzatzearen aurka jartzea. Erabakiaren ondoreak

1. Zitazioa jaso denetik hurrengo bost egunetan, atariko eginbideak gauzatzeko errekeritua izan den pertsona eginbideon aurka jar daiteke; halakoetan, alderdiak ikustaldi baterako zitatuko dira, eta ikustaldi hori hitzezko epaiketarako ezarritakoaren arabera egingo da.

2. Ikustaldia egin ondoren, auzitegiak auto bidez ebatziko du aurka-jartzea bidezkoa edo bidegabea den.

3. Auzitegiak uste badu aurka-jartzea bidegabea dela, errekeritua kondenatuko du intzidenteak sortutako kostuak ordaintzera.

Erabaki hori auto bidez aginduko da, eta ez dago horren aurkako errekurtsorik.

4. Auzitegiak aurka-jartzea bidezkoa dela uste badu, hala adieraziko du auto bidez, berori gora jotzean aurkara daitekeela.

261. artikulua.

Eginbideak gauzatzeari ezezkoa ematea

Zitatua eta errekeritua izan denak agindeiari jaramonik egiten ez badio eta aurka jartzen ez bada, auzitegiak, probidentzia bidez, honako neurri hauek aginduko ditu:

1.) Adierazpena eskatu bada zitatua nor izan eta horren gaitasun, ordezkaritza edo legitimazioari buruzko egitateen inguruan, ulertuko da eskatzaileak egin nahi zituen galderek baiezko erantzuna jaso dutela; horrela, egitateak geroko epaiketaren ondoreetarako onartutzat joko dira.

2.) Titulu eta agiriak erakustea eskatu bada eta auzitegiak antzematen badu zantzu nahiko dagoela horiek toki zehatz batean daudela uste izateko, toki horretan sartu eta bertan erregistratze aginduko du. Titulu eta agiriok bertan badaude, agiriok hartuko dira, eta eskatzailearen esku jarriko dira auzitegiaren egoitzan.

3.) Gauza bat erakustea eskatu bada eta berori dagoen tokia ezaguna bada edo toki batean dagoela zentzuz uste bada, aurreko zenbakian ezarritakoaren arabera jardungo da, eta eskatzaileari gauza erakutsiko zaio. Eskatzaileak eska dezake gauza gordailuan jartzea edo berori artatzeko berme-neurririk egokiena hartzea.

4.) Kontabilitate-agiriak erakustea eskatu bada, egiazkotzat joko dira, geroko epaiketaren ondoreetarako, eskatzaileak aurkeztu kontu eta datuak.

5.) 256. artikuluaren 1. paragrafoko 6. zenbakian ezarri eginbidearen kasuan, taldeko kideak zehazteko errekeritua izan denak edo laguntza eman dezaketen pertsonetatik beste edozeinek ezetza ematen badu, auzitegiak aginduko du neurri esku-hartzaileak hartzea, finketan sartu eta bertakoa erregistratzea barne, behar diren agiri eta datuak aurkitzeko; betiere agintaritza judizialari desobeditzeagatik zor daitekeen zigor erantzukizunari kalterik egin gabe.

262. artikulua.

Kauzioa ezartzeari buruzko erabakia

1. Agindutako eginbideak gauzatu badira, edo auzitegiak eginbideok egitea ukatzen badu, aurka-jartzea bidezkoa dela ulertzen duelako, orduan auzitegiak auto bidez kauzioa aplikatzeari buruzko erabakia hartuko du, bost eguneko epean, horretarako aurkeztu zaizkion kalte-ordainaren eskaera eta gastuen justifikazioa kontuan izanik, eta eskatzaileak esan beharrekoa entzun ondoren.

Kauzioa ezartzeari buruzko erabakiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke etendura-ondorerik gabe.

2. Aurreko paragrafoaren arabera kauzioa ezarri ondoren, gerakinik badago, berori ez zaio eginbideen eskatzaileari itzuliko, 256. artikuluko 3. paragrafoan ezarri hilabetea igaro arte.

263. artikulua.

Lege berezietan araututako atariko eginbideak

256. artikuluaren lehen paragrafoko 7. zenbakian aipatu eginbideetan, kapitulu honetako manuak aplikatuko dira, manuok ez badira gaiari buruzko legeria berezian xedatutakoaren aurkakoak.

III. KAPITULUA

Agiriak, irizpenak, txostenak, eta beste baliabide eta tresna batzuk aurkeztea

264. artikulua.

Prozesuko agiriak

Demandarekin batera, erantzunarekin batera, edo, hala denean, hitzezko epaiketaren ikustaldira agertzean, honako hauek aurkeztu beharko dira:

1.) Prokuradoreari emandako notario- ahalordea, prokuradoreak auzian parte hartzen badu eta ordezkaritza «apud acta» egilesten ez bada.

2.) Auzilariak bere buruari eratxikitzen dion ordezkaritza egiaztatzeko agiriak.

3.) Auzigaiaren balioa egiaztatzen duten agiri edo irizpenak, eskumena eta prozedura zehazteko ondoreetarako.

265. artikulua.

Auziaren funtsari buruzko agiriak, eta bestelako idazki eta objektuak

Demanda edo erantzun orori honako hauek batu beharko zaizkio:

11.) Alderdiek nahi duten babes judizialerako eskubidea oinarritzeko agiriak.

2.) 299. artikuluko 2. paragrafoan aipatu baliabideak eta tresnak, horietan oinarri badute alderdiek aurkeztu babes-uziek.

3.) Erregistro-idazkunetatik edozeini buruzko edota edozein motatako erregistro-liburu, jardun edo espedienteen edukiari buruzko ziurtagiriak eta oharrak.

4.) Alderdiek euren uziak oinarritzeko erabili dituzten aditu-irizpenak, lege honen 337 eta 339. artikuluetan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Alderdietako bat doako laguntza juridikorako eskubidearen titularra bada, alderdi horrek ez du irizpena aurkeztu behar demanda edo erantzunarekin batera, hori iragarri baino, 339. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

5.) Ikerketa pribatuko profesionalek, legez horretarako gaituta badaude, egindako txostenak; txostenok izango dira alderdiek euren uziak oinarritzeko erabili dituzten egitate garrantzitsuei buruzkoak.

Egitateoi buruzko lekukotza- froga gauzatuko da, baldin eta horiek egiazkoak direla aitortu ez bada.

2. Demanda edo erantzuna aurkeztean, alderdiek ezin badituzte eskuratu aurreko paragrafoaren lehen hiru zenbakietan aipatu agiri, baliabide eta tresnak, orduan zehaztuko dute horiek dauden artxibo, protokolo edo tokia, edota ziurtagiria lortzeko erregistro, erregistro-liburu, jardun nahiz espedientea.

Prozesura zer ekarri nahi eta berori artxibo, protokolo, espediente edo erregistroan badago, eta horren kopia fede-emaileak eska eta lor badaitezke, orduan ulertuko da auzi-jartzaileak eskura duela hori eta demandarekin batera aurkeztu behar duela; halakoetan, ez da nahiko izango aurreko lerrokadan aipatu zehaztapena.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, epaiketa baino lehenagoko entzunaldian, auzi-jartzaileak auziaren funtsari buruzko agiriak, baliabideak, tresnak, irizpenak eta txostenak aurkez ditzake, horien interesa edo garrantzia agerrarazi bada bakarrik demandatuak demanda erantzutean egindako alegazioengatik.

4. Hitzezko epaiketetan, demandatuak ikustaldi-ekitaldira ekarriko ditu 1. paragrafoan aipatu agiri, baliabide, tresna, irizpen eta txostenak.

266. artikulua.

Kasu berezietan eskatutako agiriak

Demandari honako hauek batu beharko zaizkio:

1.) Prozesua bukatu dela eta bertan erreklamazioa edo errekurtsoa jarri dela egiaztatzeko ziurtagiri eta lekukotzak, epaile eta magistratuen aurka erantzukizun zibilari buruzko demanda aurkezten denean, horiek euren eginkizunak betetzean doloz, erruz edo ez-jakite desenkusaezinez sortutako kalte- -galeren ondorioz.

2.) Mantenua eskatzeko titulua behar bezala egiaztatzeko agiriak, hori demandaren helburua bada.

3.) Atzera-eskuratzeari buruzko demandetan, horiek oinarritzeko tituluaren froga-hastapenak diren agiriak. Prezioa zainpean uztea legez edo kontratu bidez galdatuz gero, atzera-eskuratzearen mendeko gauzaren prezio hori zainpean jarri dela egiaztatzeko agiria, baldin eta prezio hori ezaguna bada, edo prezioa jakitera zainpean uztea bermatuko duen kauzioa egiaztatzeko agiria.

4.) Demandatzailearen aldeko «mortis causa» oinordetza modu sinesgarrian agerrarazi duen agiria, eta jabe nahiz gozamendun moduan edukitzailerik ez dela adieraz dezaketen lekukoen zerrenda; horixe egingo da, auzitegiari eskatu bazaio demandatzailea ondasun batzuen edukitzan jartzea, demandatzaile horrek adierazten duenean oinordetza horren ondorioz, berak eskuratu dituela ondasunok.

5.) Demanda onartzeko lege honek edo beste batek esanbidez agindutako beste agiriak.

267. artikulua.

Agiri publikoak aurkezteko modua

265. artikuluaren arabera ekarri beharreko agiriak publikoak badira, kopia soilean aurkez daitezke. Agirion kautotasuna aurkaratuz gero, auzi-paperetera agiriaren jatorrizkoa, kopia edo ziurtagiria eraman daiteke, froga- -ondoreak sortzeko nahitaezko diren betekizunekin.

268. artikulua.

Agiri pribatuak aurkezteko modua

1. Ekarri beharreko agiri pribatuei dagokienez, horien jatorrizkoak edo fede-emaile publiko eskudunak kautotutako kopiak aurkeztuko dira; agiriok auzi-paperei batuko zaizkie edo horien lekukotza egingo da, aurkeztutako jatorrizkoak edo kopia fede-emaileak itzuliz, baldin eta interesdunek hori eskatu badute.

2. Alderdiak agiri pribatuaren kopia soila baino ez badu, berori aurkez dezake, eta horrek jatorrizko agiriaren ondoreak izango ditu, gainerako alderdietatik edozeinek zalantzan jartzen ez badu kopia soila jatorrizkoarekin bat datorrela.

3. Agiri pribatuaren jatorrizkoa espediente, protokolo, artxibo edo erregistro publiko batean badago, kopia kautoa aurkeztu edo artxiboa, protokoloa edo erregistroa zehaztuko da, 265. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

269. artikulua.

Hasierako aurkezpenik ezaren ondorioak. Kasu bereziak

1. Demandarekin batera, erantzunarekin batera, edo, hala denean, epaiketa baino lehenagoko entzunaldian, agiri, baliabide, tresna, irizpen eta txostenetatik bat aurkezten ez bada, eta, lege honetako manuen arabera, horiek une horretan ekarri behar badira, edo agiria dagoen tokia zehazten ez bada, agiria eskura ez dagoenean, orduan alderdiak ezin izango du agiria geroago aurkeztu, ezta auzi-paperetera berori ekarri ere, hurrengo artikuluan ezarri kasuetan izan ezik.

2. Ez dira demandak onartuko, horiei batu ez bazaizkie 266. artikuluan aipatu agiriak.

270. artikulua.

Agiriak aurkeztea, prozesuaren hasierako unea ez denea

1. Demanda eta erantzunaren ondoren, edo, hala denean, epaiketa baino lehenagoko entzunaldiaren ondoren, auzitegiak onartuko dizkio auzi-jartzaile edo demandatuari auziaren edukiari buruzko agiri, baliabide eta tresnak, horiek honako kasu hauetako batean daudenean bakarrik:

1.) Demandaren nahiz erantzunaren, edo, hala denean, epaiketa baino lehenagoko entzunaldiaren ondorengo data dutenean horiek, betiere agiri, bitarteko edo tresnok ezin izan badira prestatu edo lortu prozesuko une horiek baino lehenago.

2.) Demandaren nahiz erantzunaren, edo, hala denean, epaiketa baino lehenagoko entzunaldiaren aurretiazko agiri, baliabide edo tresnak direnean, baldin eta horiek aurkeztu alderdiak egiaztatzen badu ez duela lehenago jakin horiek bazirela.

3.) Alderdiari egotzi ezin dakizkiokeen arrazoien ondorioz, agiri, baliabide edo tresnak ezin izan direnean lehenago lortu, baldin eta 265. artikuluaren 2. paragrafoko zehaztapena, edo, hala denean, lege honen 265. artikuluaren lehen paragrafoko 4. zenbakian aipatu iragarpena garaiz egin badu alderdiak.

2. Auziaren funtsari buruzko egitateen kasuan, egitate horien gaineko agiri, bitarteko edo tresnen bat aurkezten bada aurreko paragrafoko egintzen preklusioa gertatu ondoren, gainerako alderdiek epaiketan edo ikustaldian alega dezakete hori kontuan hartzea ez dela bidezkoa, aurreko paragrafoan aipatu kasuetatik batean ere ez dagoelako.

Halakoetan, auzitegiak berehala emango du ebazpena, eta, gainera, agiria aurkeztean prozesua luzatzeko asmoa edo prozesu- -gaitzustea antzematen badu auzitegiak, erantzuleari 180 eurotik 1 200 euro isuna ezar diezaioke.

271. artikulua.

Aurkezpenaren behin betiko preklusioa eta erregelaren salbuespenak

1. Ez da onartuko alderdiek ikustaldi edo epaiketa ostean aurkeztu agiri, bitarteko, tresna, txosten edo irizpenik; horrek ez dio kalterik egingo 435. artikuluko hirugarren erregelan epaiketa arruntaren azken eginbideen inguruan xedatutakoari.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakotik salbuetsiko dira epaiak edo ebazpen judizialak nahiz Administrazioko agintarienak, baldin eta horiek eman edo jakinarazi ez badira ondorioak azaltzeko unea baino lehen, betiere horiek baldintzatzaile edo erabakigarri izan daitezkeenean lehen auzialdia nahiz edozein errekurtso ebazteko.

Ebazpenok epaia emateko epean ere aurkez daitezke, gainerako alderdiei horiek helaraziz, alderdiok bost eguneko epe erkidean bidezkotzat jotzen dutena alegatu eta eskatu ahal izateko, epaia emateko epea eten egingo delarik.

Auzitegiak epaian bertan ebazpena hartuko du agiriaren onartzeari buruz eta horren norainokoari buruz.

272. artikulua.

Prozesuaren hasierako unea ez denean arrazoirik gabe agiria aurkeztu eta hori ez onartzea

Kasu eta inguruabar ezberdinen arabera, lege honetan xedatu prozesu- -uneen ostean agiriren bat aurkezten bada, auzitegiak, probidentzia bidez, ez du hori onartuko, dela ofizioz dela alderdiak hala eskaturik, eta aginduko du aurkeztu duenari hori itzultzea.

Agiria ez onartzea agindu ebazpenaren aurka, ez dago errekurtsorik, bigarren auzialdian horretaz baliatzeari kalterik egin gabe.

IV. KAPITULUA

Idazki eta agirien kopiak, eta horiek helaraztea

273. artikulua.

Idazki eta agirien kopiak aurkeztea

Epaiketetara ekarri edo horietan aurkeztu idazki eta agiri guztiei batuko zaizkie alderdiak beste hitzez-hitzezko kopia.

274. artikulua.

Auzitegiak beste alderdi interesdunei kopiak helaraztea, prokuradoreek parte-hartzerik ez duten kasuetan

Alderdiek prokuradorearen ordezkaritzarik gabe jarduten badute, alderdiek eurek sinatuko dituzte aurkeztu idazki eta agirien kopiak, horien zehaztasunaren erantzule izanik, eta auzitegiak kopia horiek emango dizkie aurkako alderdiari edo alderdiei.

275. artikulua.

Kopiak ez aurkeztearen ondoreak

Aurreko artikuluan aipatu kasuetan, idazki eta agirien kopiak ez aurkeztea ez da izango idazki eta agiriok ez onartzeko zioa.

Kopiak ez aurkeztea alderdiari ohartaraziko zaio, bost eguneko epean aurkezpena egin dezan.

Epe horretan aurkezpena egiten ez bada, idazkari judizialak idazki eta agirien kopiak egingo ditu, horiek aurkeztu ez dituen alderdiaren kontura. Horixe egingo da, demanda eta erantzunaren idazki, edo horiekin batera aurkeztu beharreko agirien kasuan izan ezik; halakoetan, ondore guztietarako ulertuko da demanda edo erantzuna aurkeztu ez dela edo horiekin batera aurkeztu beharreko agiriak ekarri ez direla.

276. artikulua.

Idazki eta agirien kopiak helaraztea, prokuradoreak parte hartzen duenean. Auzitegiak demandaren idazkia eta antzekoak helaraztea

1. Prokuradoreek alderdi guztiak ordezkatzen badituzte, prokuradore bakoitzak gainerako alderdien prokuradoreei helarazi beharko dizkie, aldez aurretik, auzitegiari aurkeztuko dizkion idazki eta agirien kopiak.

2. Prokuradoreak helarazpena egingo du, 28. artikuluko 3. paragrafoan aipatu jakinarazpenak jasotzeko zerbitzuan; prokuradoreak bertan utziko dizkie gainerako alderdi eta auzikideen prokuradoreei idazki eta agirien kopiak.

Idazkari judizialak edo izendatutako ofizialak jasoko ditu aurkeztu kopiak, eta kopiok zerbitzuaren arduradunari emango dizkio, data eta zigilua jarri ondoren. Idazkari judizial edo ofizial horrek sinatu behar du helarazpena egin delako egiaztagiria.

Egiaztagiri hori auzitegiari eman beharko zaio, horri aurkeztutako idazki eta agiriekin batera.

3. Artikulu honen aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez da aplikatuko demanda edo epaiketako lehen agerraldiak sor ditzaketen idazkietatik beste edozein helarazten denean.

Halakoetan, prokuradoreak aurkeztu beharko ditu idazki horien kopiak, eta idazkiei batu zaizkien agirien kopiak, eta auzitegiak lege honen 273 eta 274. artikuluetan xedatutakoaren araberako helarazpena egingo du.

Prokuradoreak kopia horiek aurkezten ez baditu, ondore guztietarako ulertuko da idazkiok aurkeztu ez direla edo agiriok ekarri ez direla.

277. artikulua.

Prokuradorearen bitartezko helarazpena ez egitearen ondoreak

Aurreko artikuluko lehen paragrafo biak aplikatzeko modukoak direnean, ez da onartuko idazki eta agiriak aurkeztea, baldin eta bertaratutako gainerako alderdiei kopiak helarazi zaizkiela agerrarazten ez bada.

278. artikulua.

Helarazpenaren ondoreak, epeen bidean eta zenbaketan

Egintzaren helarazpena egin bada 276. artikuluan ezarri moduan, eta egintza horrek, legearen arabera, prozesuko jardun zehatzaren epea hastea eragiten badu, orduan epe horrek bere bidea hasiko du, auzitegiaren esku-hartzerik gabe; demandako kopietan zein data agerrarazi eta data horren biharamunean zenbatzen hasiko da epe hori.

279. artikulua.

Kopien eginkizuna

Alderdien uziak ondorioztatuko dira, idazki, agiri eta auzitegiko ebazpenen kopiak kontuan hartuz; horiek guztiak auzilari bakoitzak gorde behar ditu bere esku.

2. Alderdiei ez zaizkie jatorrizko auzi-paperak emango; hala ere, alderdiok, euren kontura, idazki edo agiriren baten kopiak lor ditzakete.

280. artikulua.

Kopia baten zehaztugabetasuna salatzea eta horren ondoreak

Auzilari bati emandako kopia eta jatorrizkoa bat ez datozela salatzen bada, auzitegiak, gainerako alderdiek esan beharrekoa entzun ondoren, kopia noiz eman eta hortik aurrera jardun denaren deuseztasuna adieraziko du, baldin eta zehaztugabetasunak eragina izan badu alderdiaren defentsaren gain; horrek ez dio kalterik egingo kopia zehaztugabea aurkeztu duenak izan dezakeen erantzukizunari.

Deuseztasuna adieraztean, auzitegiak aginduko du jatorrizkoarekin bat datorren kopia ematea, kasuan-kasuan bidezko diren ondoreetarako.

V. KAPITULUA

Froga: xedapen orokorrak

LEHENENGO ATALA

Frogaren objektua, beharra eta ekimena

281. artikulua.

Frogaren objektu eta beharra

1. Frogaren objektu izango dira prozesuan lortu nahi den babes judizialari lotutako egitateak.

2. Frogaren objektu izango dira, halaber, ohitura eta atzerriko zuzenbidea.

Ez da ohitura frogatu behar, alderdiak ados badaude ohitura horren izate eta edukiarekin, eta ohituraren arauek ordena publikoa ukitzen ez badute.

Atzerriko zuzenbidea frogatu behar da beraren eduki eta indarraldiari dagokionez; atzerriko zuzenbide hori aplikatzeko, auzitegiak behar besteko ikerketa-bideak erabil ditzake.

3. Egitateei buruzko frogarik ez da egin behar, alderdiak erabat ados badaude egitateen gainean, prozesuaren gaia auzilarien xedatze-ahalmenetik kanpo dagoenean izan ezik.

4. Ez da frogarik egin beharko nabaritasun handi eta orokorreko egitateei buruz.

282. artikulua.

Frogak eskatzeko ekimena

Frogak gauzatuko dira, alderdiak hala eskaturik.

Nolanahi ere, auzitegiak ofizioz agin dezake zenbait froga gauzatzea edo agiriak, irizpenak nahiz bestelako frogabide eta tresnak ekartzea, legeak hori ezartzen badu.

283. artikulua.

Froga-jarduera desegokia edo alferrekoa izatea

1. Froga, prozesuaren objektuarekin loturarik ez izateagatik, desegokitzat jo behar bada, ez da onartu beharko.

2. Arrazoizko eta zalantzarik gabeko erregela eta irizpideen arabera, egitate eztabaidagarriak argitzeko lagungarriak ez diren frogak ere ez dira onartuko, horiek alferreko izateagatik.

3. Ez da froga gisa onartuko legeak debekatutako jardueretatik edozein.

2. ATALA

Proposamena eta onarpena

284. artikulua.

Froga proposatzeko modua

Frogabide ezberdinak proposatuko dira, frogabideok banan-banan adieraziz.

Halaber, frogabide bakoitza gauzatzeko, zitazioa inori egin behar bazaio, pertsona horien egoitza edo bizilekua jasoko da.

Epaiketa arruntean, froga proposatzeko unean alderdiek ez badute pertsona horien daturen bat, auzitegira ekarri ahal izango dituzte datuok, hurrengo bost egunetan.

285. artikulua.

Proposatutako frogen onargarritasunari buruzko ebazpena

1. Auzitegiak ebatziko du proposatutako froga bakoitza onartzea ala ez.

2. Ebazpen horren aurka, birjartze- -errekurtsoa soilik jar daiteke; errekurtso hori berehala bideratu eta ebatziko da, eta, gaitziritzia ematen bazaio, alderdiak protesta aurkez dezake, bigarren auzialdian bere eskubideak baliatu ahal izateko.

286. artikulua.

Egitate berriak edo jakin berriak. Froga

1. Lege honetan ezarri alegazio- -egintzen preklusioa gertatu ondoren eta epaia emateko epea hasi aurretik, auzia erabakitzeko garrantzitsu izan daitekeen egitateren bat gertatu edo ezagutzen bada, alderdiek berori balia dezakete. Halakoetan, alderdiek berehala alegatu behar dute egitate hori, idazki baten bitartez, idazki horrek egitateen zabaltze izena duela, alegazioa epaiketa- edo ikustaldi-ekitaldian egin daitekeenean izan ezik;

azken kasu horretan, hurrengo paragrafoetan ezarritakoa egingo da ekitaldiotan.

2. Egitateak zabaltzeko idazkia helaraziko zaio aurkako alderdiari, horrek bost egunetan adieraz dezan alegatu egitatea egiazkoa dela onartu edo ukatzen duen.

Kasu horretan, zabaltze- -idazkian azal daiteke adierazitako egitatea argitu edo ezerezean utz dezakeen guztia.

3. Egitate berria edo jakin berria egiazkoa ez dela ulertzen bada, froga egoki eta erabilgarria proposatu eta gauzatuko da, lege honetan prozedura- -mota bakoitzarentzat zehaztu moduan, baldin eta jardunaren egoeragatik berori gauza badaiteke.

Bestela, epaiketa arruntean azken eginbideentzat xedatutakoaren arabera jardungo da.

4. Auzitegiak, probidentzia bidez, ez du onartuko alegazio-egintzen osteko egitateen alegazioa, baldin eta inguruabar hori behar bezala egiaztatu ez bada alegazioa aurkeztean eta, egintzon preklusioa gertatu eta gero, egitateren bat alegatzen bada, berori geroago ezagutu dela adieraziz, auzitegiak agin dezake, probidentzia bidez, hori aintzat hartzea bidegabea dela, baldin eta, gainerako alderdien inguruabar eta alegazioak kontuan izanik, egiaztatu gabe agertu bada egitate hori ezin izan dela alegatu prozesuan halakoetarako ezarri uneetan.

Azken kasu horretan, auzitegiak antzematen badu alegazioan auzia luzatzeko asmoa edo prozesuko gaitzustea dagoela, erantzuleari 120 eurotik 600 eurorako isuna ezar diezaioke.

287. artikulua.

Froga zilegia ez izatea

1. Alderdietako batek ulertzen badu, onartutako frogaren bat lortzeko unean edo frogaren jatorrian, oinarrizko eskubideak hautsi direla, berehala alegatu beharko du hori, gainerako alderdiei, hala badagokie, helaraziz.

Arazo hori auzitegiak ere eragin dezake ofizioz, eta berori epaiketa-ekitaldian ebatziko da, edo, hitzezko epaiketa bada, ikustaldiaren hasieran, frogaldia hasi aurretik.

Horretarako, alderdiek esan beharrekoa entzungo da, eta, hala denean, ekitaldian gauzatuko dira ez- -zilegitasunari buruzko froga egoki eta erabilgarriak.

2. Aurreko paragrafoan aipatu ebazpenaren aurka, birjartze-errekurtsoa bakarrik jar daiteke. Errekurtso hori epaiketa- edo ikustaldi-ekitaldian bertan jarri, bideratu eta ebatziko da; horrek ez dio kalterik egingo alderdiek duten eskubideari, froga ez-zilegia berriro aurkaratzeko, behin betiko epaia gora jotzean.

288. artikulua.

Froga garaiz ez gauzatzeagatiko zehapena

1. Onartutako froga garaiz gauzatzen ez bada auzilari baten erruz, auzitegiak isuna ezarriko dio auzilari horri; isuna 60 eurokoa gutxienez eta 600 eurokoa gehienez izango da. Horixe egingo da, auzilari horrek errurik izan ez duela egiaztatu ezik edo berak froga proposatu eta hori gauzatzean atzera egiten duenean izan ezik.

2. Epaiketa- edo ikustaldi-ekitaldian ezarriko da aurreko paragrafoan zehaztu isuna, alderdiek esan beharrekoa entzun ondoren.

3. ATALA

Froga gauzatzeari buruzko beste xedapen orokor batzuk

289. artikulua.

Frogak gauzatzeko modua

1. Frogak alderdien arteko aurkakotasunez gauzatuko dira, jendaurreko ikustaldian, edo, auzitegiaren egoitzan burutzen ez badira, antzeko publizitate eta agirian jarriz.

2. Epaile edo magistratuek nahitaez egon behar dute alderdi eta lekukoen galdeketan; toki, objektu edo pertsonen azterketan; hitzak, soinuak, irudiak, eta, hala denean, zenbaki eta datuak erreproduzitzean; eta adituen irizpenei buruzko azalpen, aurkarapen, zuzenketa edo zabaltzetan.

3. Idazkari judizialari aurkeztuko zaizkio jatorrizko agiriak edo kopia kautoak; berari ekarriko zaizkio frogarako beste baliabide edo tresnak; agiri pribatu baten kautotasuna aitortuko zaio; idazkera-alderatzea egiteko idazketa- multzoak haren aurrean eratuko dira; eta haren aurrean, orobat, adituaren irizpenaren egiletasuna berretsiko da.

Baina auzitegiak berak aztertu beharko ditu agiri-froga, idatzizko txosten eta irizpenak, eta epaiketara ekarritako bestelako bitarteko eta tresnak.

290. artikulua.

Banan-banan gauzatu

beharreko froga-egintzen data zehaztea

Froga guztiak ekitaldi batean gauzatuko dira. Salbuespenez, auzitegiak zehaztuko ditu, probidentzia bidez, bost egun lehenago gutxienez, epaiketan edo ikustaldian gauzatu ezin diren froga-egintzen eguna eta ordua. Salbuespen gisa, froga ez bada gauzatzen auzitegiaren egoitzan, horretarako tokia zehaztu eta jakinaraziko da.

Froga horiek, edozein kasutan, epaiketa edo ikustaldia baino lehen gauzatuko dira.

291. artikulua.

Alderdien zitazioa eta

euren balizko parte-hartzea, epaiketatik kanpo frogak gauzatzean

Frogaren subjektu edo objektu ez badira ere, alderdiei zitazioa egingo zaie, behar besteko aurrerapenarekin, eta, gutxienez, berrogeita zortzi ordukoa izanik, epaiketa edo ikustalditik kanpo egin beharreko froga guztiak gauzatzeko.

Alderdiek eta euren abokatuek froga- jardunean izango dute legeak kasuan frogabidearentzat baimendu parte- hartzea.

292. artikulua.

Entzunaldira nahitaez

agertu beharra. Isunak

1. Zehaztutako epaiketa edo ikustaldian agertzeko beharra izango dute lekuko eta aditu zitatuek.

Eginbehar hori haustea 180 eurotik 600 eurorako isunarekin zigortuko da, bost egunetan entzunaldia egin ondoren.

2. Aurreko paragrafoko isuna ezartzean, auzitegiak probidentzia bidez agindeia egingo dio isuna jaso duenari berriro zitazioa egiten zaionean ager dadin, eta agintaritzari desobeditzeagatik beraren aurka jardungo dela ohartaraziko zaio.

3. Lekuko edo adituren bat epaiketa edo ikustaldian agertu ez bada, aurretiazko desenkusarik gabe, auzitegiak, agertutako alderdiek esan beharrekoa entzun ondoren, erabakiko du, probidentzia bidez, entzunaldia eten behar den edo horri eutsi behar zaion.

4. Halaber, aurretiazko desenkusarik gabe, galdeketari erantzuteko zitazioa jaso duen auzilaria agertzen ez bada, 304. artikuluan xedatutakoa beteko da, eta auzilari horri artikulu honen 1. paragrafoan zehaztu isuna ezarriko zaio.

4. ATALA

Froga aurreratzea eta ziurtatzea

293. artikulua.

Froga aurreratzeko kasu eta arrazoiak. Eskumena

1. Edozein prozesu hasi aurretik, hori hasi nahi duenak, edo alderdietatik edozeinek, prozesuan zehar, auzitegiari eska diezaioke froga-jardunaren aurreratzea, baldin eta, pertsona edo gauzen egoera dela eta, beldur oinarriduna badago, jardun hori ezin izango delako gauzatu orokorrean berarentzat zehaztu prozesu-unean.

2. Froga-jarduna aurreratzeko eskaera aurkezten bada prozesua hasi aurretik, eskaera hori zuzenduko zaio auzigai nagusian bere burua eskudun jo duen auzitegiari.

Auzitegi horrek ofizioz bere jurisdikzioa eta eskumen objektiboa zainduko ditu, baita aginduzko arauetan oinarritutako lurralde-eskumena ere, eta deklinatoria ez da onargarria izango.

Prozesua hasi ondoren, froga aurreratzeko eskaera zuzenduko zaio auziaren gaineko ardura duen auzitegiari.

294. artikulua.

Froga aurreratua proposatu eta onartzea; aldia eta errekurtsoak

1. Frogak aurreratzeko proposamena egingo da, lege honetan froga horietako bakoitzarentzat xedatutakoaren arabera, eskaeraren oinarri diren arrazoiak azalduz.

2. Auzitegiak ulertzen badu eskaera oinarriduna dela, hori onartuko du, eta probidentzia bitartez xedatuko du beharrezkotzat jo den unean jarduna gauzatzeko, betiere hori epaiketa edo ikustaldia gauzatu aurretik izango dela.

295. artikulua.

Froga aurreratua alderdien arteko aurkakotasunez gauzatzea

1. Prozesua hasi baino lehen, froga aurreratzeko eskatu eta hori gauzatzea agintzen bada, froga eskatu duenak zehaztuko du sasoia denean nortzuk demandatuko dituen. Horiek zitazioa jasoko dute, bost egun lehenago gutxienez, froga-jarduna gauzatzean parte har dezaten, lege honek kasuko frogabideari buruz baimentzen duenaren arabera.

2. Prozesua erabakitzeko dagoen bitartean, aurreraturiko froga gauzatu behar bada, alderdiek froga horretan parte har dezakete, lege honetan frogabide bakoitzerako xedatutakoaren arabera.

3. Artikulu honen 1. paragrafoaren arabera froga gauzatu denean, jardunak ez du froga-baliorik izango, demanda aurkezten ez bada froga aurreratua gauzatu zenetik bi hilabeteko epean, epe horretan egiaztatu ezean prozesua ezin izan zela hasi ezinbesteko kasuarengatik edo garrantzi bereko arrazoietatik beste edozeinengatik.

4. Froga aurreratua gauzatu bada ere, berriro egin daiteke, froga proposatzeko unean berori gauza badaiteke, eta alderdietatik batek horixe eskatzen badu.

Halakoetan, auzitegiak onartuko du froga hori gauzatzea, eta balioetsiko ditu, kritika zintzoaren erregelen arabera, bai froga aurreratua bai geroago gauzatutakoa.

296. artikulua.

Froga aurreratuetako jardunaren materialak gordetzea

1. Froga zein auzitegik agindu eta auzitegi horretako idazkariaren zaintzapean geratuko dira froga aurreratuek osatu agiriak eta gainerako konbentzimendu-piezak edo froga horietatik lortutakoak, baita gauzatu froga-jarduna eta horren emaitzak zehatz-mehatz erakusten dituzten materialak ere; hala izango da demanda aurkeztu arte, eta haiek guztiak horri batuko zaizkio, edo horiek kontuan hartzeko eta balioesteko prozesu-unea heldu arte.

2. Demandaren arduradun ez bada froga aurreratua agindu edo gauzatu duen auzitegia, orduan azken horri erreklamatuko dio, alderdiak hala eskaturik, aktak, agiriak eta jardunaren gainerako materialak bide ofizialetik igortzea.

297. artikulua.

Froga ziurtatzeko neurriak

1. Edozein prozesu hasi aurretik, berori hasi nahi duenak, edo auzilarietatik edozeinek prozesuan zehar, froga ziurtatzeko neurriak hartzea eska diezaioke auzitegiari. Auzitegiak aseguramendu- neurri erabilgarriak hartu ahal izango ditu probidentzia bidez, froga garrantzitsu baten aurkezpena edo proposamena ezinezkoa edo alferrekoa izatea saihets dezaten, betiere objektu materialak edo gauzen egoerak alda edo suntsi ditzaketen giza jokaeren edota izadiko gertaeren ondorioz.

2. Neurriak izango dira, auzitegiaren iritziz gauzak edo egoerak artatzeko edo horien izatea eta ezaugarriak modu sinesgarrian agerrarazten dituzten xedapenak.

Froga ziurtatzeko asmoz, zerbait egiteko edo ez egiteko manamenduak ere agin daitezke, manamenduok bete ezean agintaritzari desobeditzeagatik jardungo dela ohartarazita.

3. Froga ziurtatzeko jurisdikzio eta eskumenari dagokionez, froga aurreratuaren kasuan xedatutakoaren arabera jardungo da.

298. artikulua.

Froga ziurtatzeko neurrien betekizunak. Kontrakautelak

1. Auzitegiak aginduko ditu, probidentzia bidez, kasuan kasuko neurri egokiak, honako betekizun hauek gertatzen badira:

1.) Ziurtatu nahi den froga proposatzean, berori egingarri, egoki eta erabilgarria izatea.

2.) Arrazoi edo zioak egotea froga ziurtatzeko neurriok hartu ezean, etorkizunean froga hori gauzatzea ezinezko gertatuko dela uste izateko.

3.) Proposatutako ziurtatze-neurria edo auzitegiak hobesten duen eta helburu bera duen beste bat, egoki dela iritzi eta epe laburrean gauzatu ahal izatea hori, nahasirik dauden pertsonei nahiz hirugarrenei kalte larri eta neurrigabeak sortu gabe.

2. Frogaren aseguramendu-neurriak hartzeari buruz erabakitzeko, auzitegiak, kontuan hartzeaz gain, onartu ahal izango du neurriaren eskatzaileak behin-behineko bermea ematea, neurri horrek sortu ahal izan dituen kalte-galeren gain.

3. Halaber, auzitegiak agin dezake, probidentzia bidez, froga ziurtatzeko neurriaren ordez, neurria nork jasan behar eta horrek egindako eskaintza, horrek kauzio nahikoa aurkezten badu, 64. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren lerrokadan zehaztu eran, ziurtatu nahi den froga gauzatuko dela erantzuteko.

VI. KAPITULUA

Frogabideak eta presuntzioak

299. artikulua.

Frogabideak

1. Honako hauek dira epaiketan erabil daitezkeen frogabideak:

1.) Alderdien galdeketa.

2.) Agiri publikoak.

3.) Agiri pribatuak.

4.) Adituen irizpena.

5.) Azterketa judiziala.

6.) Lekukoen galdeketa.

2. Lege honetan xedatutakoaren arabera, auzitegiak onartuko ditu, halaber, hitza, soinua eta irudia erreproduzitzeko baliabideak, eta berbak, datuak, zenbakiak eta kontabilitate- -helburuaz nahiz bestelakoaz egindako eragiketa matematikoak artxibatzea, ezagutzea eta erreproduzitzea ahalbidetzen duten tresnak, horiek prozesurako garrantzitsu badira.

3. Artikulu honen aurreko paragrafoetan esanbidez zehaztu ez den bitartekoren baten bidez egitate garrantzitsuen inguruan egiazkotasuna lor badaiteke, auzitegiak, alderdiak hala eskaturik, froga gisa onartuko du hori, kasuan-kasuan beharrezko diren neurriak hartuz.

300. artikulua.

Frogabideak gauzatzeko hurrenkera

1. Auzitegiak, ofizioz edo alderdiak hala eskaturik, bestelako hurrenkera agindu ezean, frogak epaiketan edo ikustaldian gauzatuko dira, honako hurrenkera honi jarraituz:

1.) Alderdien galdeketa.

2.) Lekukoen galdeketa.

3.) Adituek euren irizpenen inguruan eginiko adierazpenak edo irizpenon aurkezpena, baldin eta, salbuespen gisa, une horretan onartu behar badira horiek.

4.) Azterketa judiziala, hori auzitegiaren egoitzatik kanpo gauzatu behar ez bada.

5.) Auzitegian bertan filmazio, grabazio edo antzeko beste tresnen bitartez lortutako hitzak, irudiak eta soinuak erreproduzitzea.

2. Onartutako frogen artean baten bat ezin bada entzunaldian gauzatu, entzunaldiak aurrera egingo du gainerakoak gauzatzeko, bidezko hurrenkerari jarraituz.

LEHENENGO ATALA

Alderdien galdeketa

301. artikulua.

Alderdien galdeketari buruzko kontzeptua eta subjektuak

1. Alderdi bakoitzak auzitegiari eska diezaioke gainerako alderdien galdeketa, epaiketaren objektuari lotuta dauden egitate eta inguruabarren berri badute.

Auzikide batek beste auzikide baten galdeketa eska dezake, baldin eta, prozesuan, bion arteko aurka- jartze edo interesen gatazka bada.

2. Alderdi legitimatua, epaiketan jardule izanda, harreman juridiko eztabaidatuen subjektua ez bada, edo akzioa eragiteko eskubidearen titularra ez bada, orduan subjektu edo titular horren galdeketa eska daiteke.

302. artikulua.

Galdeketaren edukia eta galderak onartzea

1. Galdeketaren itaunak ahoz eta baiezkoan egingo dira, eta behar bezalako argitasun eta zehaztasunarekin.

Galderok ez dute balorazio edo kalifikaziorik barneratu behar, eta, hori egiten bada, egin ez direla ulertuko da.

2. Auzitegiak egiaztatuko du itaunak egitateei buruzkoak direla, galdeketa egitate horiei buruz onartu bada; eta, galdeketaren ekitaldian bertan, auzitegiak erabakiko du galderen onargarritasunari buruz.

303. artikulua.

Egindako galderak aurkaratzea

Galdeketari erantzun behar dion alderdiak eta beraren abokatuak galderen onargarritasuna aurkara dezakete berehala, eta galderotan dauden balorazio eta kalifikazioak azpimarra ditzakete, euren ustez horiek bidegabeak badira eta jarri izan ez direla ulertu behar bada.

304. artikulua.

Ez agertzea eta egitateak isilbidez onartzea

Galdeketarako zitazioa zein alderdik jaso eta hori epaiketan agertzen ez bada, auzitegiak egiazkotzat har ditzake alderdi horren parte-hartze pertsonala izan duten egitateak, egitateok egiazkotzat jotzea alderdi horrentzat erabat kaltegarri bada ere. Halaber, lege honen 292. artikuluko laugarren paragrafoan aipatu isuna ezarriko zaio alderdi horri.

Zitazioan interesdunari ohartaraziko zaio, arrazoirik gabe agertzen ez bada, aurreko lerrokadan aipatu ondorea gertatuko dela.

305. artikulua.

Galdeketari erantzuteko era

1. Galdeketa zein alderdiri egin eta horrek erantzungo du, erantzun-zirriborrorik gabe; hala ere, ekitaldian agiriak eta oharrak begira ditzake, auzitegiaren ustez horiek oroimenarentzat lagungarri izan badaitezke.

2. Erantzunek baiezkoak edo ezezkoak izan behar dute, eta, galderak kontuan hartuz hori ezinezkoa bada, orduan erantzunak zehatz-zehatzak izango dira.

Edozein kasutan, adierazleak egokitzat jo dituen azalpenak gehi ditzake, horiek egindako galderei lotuta badaude.

306. artikulua.

Auzitegiaren ahalmenak eta abokatuen parte-hartzea. Elkarren arteko galdeketa

1. Froga eskatu zuen alderdiaren abokatuak galderak egin eta horiei erantzun ondoren, gainerako alderdien abokatuek eta adierazpena egin duen horrenak, hurrenez hurren, beste galdera batzuk egin diezazkiokete adierazleari egitateak zehazteko.

Auzitegiak ukatu beharko ditu egoki edo erabilgarri ez diren galderak.

Auzitegiak, halaber, galderak egin diezazkioke adieraztera deitua izan den alderdiari, adierazitakoa argitu eta areagotzeko.

2. Abokatuaren parte-hartzea manuzkoa ez bada, alderdiek, auzitegiaren baimenarekin, elkarri egin diezazkiokete prozesuan garrantzitsu diren egitateak zehazteko galderak eta oharrak; halakoetan, auzitegiak zainduko du alderdiek elkarri etendurarik edo geldiarazpenik ez egitea.

Auzitegiak, orobat, ukatu egingo ditu egoki eta erabilgarri ez diren parte-hartzeak, eta adierazpena egiteko deitu den alderdiari galderak egin diezazkioke.

3. Adierazleak eta beraren abokatuak berehala aurkara ditzakete manu honen aurreko paragrafoetan aipatu galderak.

Halaber, 303. artikuluan zehaztu oharrak egin ditzakete.

Auzitegiak bidezko dena ebatziko du, erantzuteko hitza eman aurretik.

307. artikulua.

Adierazpena egiteari ezezkoa ematea, erantzun iheskorrak eta zehaztugabeak, eta norberaren egitateak onartzea

1. Adierazpena egitera deitu alderdiak hori egiteari ezezkoa ematen badio, auzitegiak berehala ohartaraziko dio, sekretua gordetzeko lege-betebeharrik izan ezean, egiazkotzat har ditzakeela alderdi horren parte-hartze pertsonal izan duten egitateak, egitateok egiazkotzat jotzea horrentzat erabat edo zati batez kaltegarri izan badaiteke ere.

2. Adierazleak eman erantzunak iheskor edo zehaztugabeak badira, auzitegiak, ofizioz edo alderdiak hala eskaturik, aurreko paragrafoan ezarri ohartarazpena egingo dio.

308. artikulua.

Norberaren egitateez bestelakoei buruz adierazpena egitea

Galderaren bat egiten bazaio adierazleari, bere egitateez bestelakoei buruz, orduan adierazleak bere jakiteen arabera erantzun beharko du, horren jatorria azalduz. Halakoetan, adierazleak proposa dezake hirugarren batek galdera horri erantzutea, hirugarren horrek bere kabuz ezagutzen baditu egitateok, gaiarekin duen lotura dela eta; adierazleak hirugarren horren adierazpenaren ondorioak onartuko ditu.

Ordezpen hori onartua izan dadin, froga zein alderdik proposatu eta horrek onetsi beharko du ordezpena.

Ordezpena onartu ezean, adierazleak eska dezake aipatu hirugarrenari galdeketa egitea, lekuko gisa; auzitegiak bidezkotzat jotzen duena erabakiko du.

309. artikulua.

Pertsona juridikoari edo nortasun juridikorik gabeko erakundeei egindako galdeketa

1. Alderdi adierazlea pertsona juridikoa edo nortasunik gabeko erakundea bada, eta horren ordezkariak parte hartu izan ez badu prozesuan eztabaidatzen diren egitateetan, inguruabar hori epaiketa baino lehenagoko entzunaldian alegatu beharko du; eta adierazi, galdeketa zein pertsona juridikori edo erakunderi egin eta horren izenean nork parte hartu zuen, berorrek epaiketarako zitazioa jaso dezan.

Ordezkariak eska dezake pertsona horrek lekuko gisa zitazioa jasotzea, baldin eta hori dagoeneko ez bada pertsona juridiko edo nortasunik gabeko erakundearen kide.

2. Pertsona juridikoaren edo nortasunik gabeko erakundearen ordezkariari galdetzen bazaio beraren parte- -hartzea izan ez duten egitateei buruz, galdera horri erantzun beharko dio bere ezagupenen arabera, horien jatorria zein den eta egitateotan alderdiaren izenean parte hartu izan duen pertsona nor izan den adieraziz.

Auzitegiak pertsona horri zitazioa egingo dio, epaiketaz kanpoko galdeketa egiteko, azken eginbide gisa, 435. artikuluko 1. paragrafoaren bigarren erregelan xedatutakoaren arabera.

3. Aurreko paragrafoetan zehaztu kasuetan, pertsona juridikoaren edo nortasunik gabeko erakundearen ordezkariak ez badaki egitateetan zein pertsonak parte hartu zuen, auzitegiak ulertuko du adierazpen hori erantzun iheskorra dela edo adierazpena egiteari ezezkoa ematen zaiola, 307. artikuluko 1 eta 2. paragrafoetan ezarritako ondoreekin.

310. artikulua.

Adierazleen arteko komunikaziorik eza

Egitate eztabaidagarriak berberak izanik, alderdi bik edo gehiagok, edo, 301. artikuluko bigarren paragrafoaren arabera, alderdiei parekatutako pertsona bik edo gehiagok, adierazpena egin behar badute, beharrezko neurriak hartuko dira, elkarren artean komunikaziorik ez egoteko, eta galdera eta erantzunen edukia aldez aurretik ez jakiteko.

Antzeko neurria hartuko da, berebat, galdeketari erantzun behar badiote auzikide batzuek.

311. artikulua.

Adierazlearen egoitzan eginiko galdeketa

1. Galderak erantzun behar dituen pertsona ezin bada auzitegiaren egoitzara agertu, gaixotasunaren ondorioz edo bestelako inguruabar bereziengatik, orduan, alderdiak hala eskaturik edo ofizioz, adierazlearen egoitzan nahiz bizilekuan egin daiteke adierazpena, epailearen edo auzitegiko kide egokiaren aurrean, idazkari judiziala ere bertan izanik.

2. Adierazlearen egoitzako galdeketan, gainerako alderdiak eta euren abokatuak egon daitezke, inguruabarren arabera berori ezinezkoa ez bada edo erabat desegokia ez bada.

Baina, auzitegiaren ustez, pertsona nahiz tokiaren inguruabarrak kontuan izanda, bidezkoa ez bada gainerako alderdiak eta euren abokatuak bertan egotea, orduan galdeketa egingo da auzitegian eta idazkari judizialaren aurrean. Halakoetan, galdeketa proposatu duen alderdiak galdera-agiria aurkez dezake, auzitegiak galderok egin ditzan, horiek egokitzat jotzen badira.

312. artikulua.

Adierazlearen egoitzako galdeketa aktan agertzea

Aurreko artikuluko kasuetan, idazkari judizialak galdera eta erantzunen akta egingo du, horiei buruz beharrezkoak diren inguruabarrak jasota. Akta hori irakur dezake adierazpena egin duen pertsonak berak.

Pertsona horrek ez badaki irakurtzen edo ez badu irakurri nahi, idazkari judizialak irakurriko dio akta, eta auzitegiak itaunduko dio zerbait gehitu edo aldatu nahi duen galdeketa erantzun duenari, pertsona horrek esandakoa idatziz jasoko dela.

Ondoren, adierazleak eta bertan egon direnek sinatuko dute akta, idazkari judizialaren fedepean.

313. artikulua.

Laguntza judizialaren bitartez, adierazlearen egoitzan eginiko galdeketa

Galdeketari erantzun behar dion alderdiak bizilekua badu auzitegiaren mugape judizialaz kanpo, eta 169. artikuluko laugarren paragrafoaren bigarren lerrokadan zehaztu inguruabarretatik bat gertatzen bada, orduan laguntza judizialaren bitartez azter daiteke alderdi horrek esan beharrekoa.

Halakoetan, idatzagiriari batuko zaio galdeketa proposatu duen alderdiak eginiko galderen zerrenda, baldin eta horrek hala eskatu badu galdeketa-ekitaldira joan ezin izateagatik.

Auziaren gaineko ardura duen auzitegiak adierazi beharko du galderak egokiak direla.

314. artikulua.

Alderdien galdeketa errepikatzeko debekua

Ez da bidezkoa izango 301. artikuluko 2. paragrafoan aipatu alderdi edo pertsonei egindako galdeketa, baldin eta alderdi edo pertsona horiek jada adierazpena egin, eta adierazpen hori eta galdeketa egitate berberei buruzkoak badira.

315. artikulua.

Kasu berezietan egindako galdeketa

1. Prozesuan alderdi badira estatua, autonomia-erkidegoa, toki erakundea eta beste herri-erakunde bat, eta auzitegiak horien adierazpena onartzen badu, horiei galderen zerrenda igorriko zaie, epaiketa edo ikustaldiari itxaron gabe, baldin eta auzitegiak egokitzat jotzen baditu alderdi proposatzaileak froga onartzeko unean aurkeztu dituen galderak; halakoetan, galderok idatziz erantzungo dira, eta auzitegiari erantzuna emango zaio, epaiketa edo ikustaldiaren data aurretik.

2. Idatzizko erantzunak epaiketa- -ekitaldian edo ikustaldian irakurri ondoren, auzitegiak egoki eta erabilgarritzat jotzen dituen galdera osagarriak egingo dizkio erantzunak igorri dituen alderdiaren prozesu-ordezkariari; ordezkari horrek behar bezala egiaztatzen badu ezin dituela eman eskatu zaizkion erantzunak, beste galdeketa bat igorriko da idatziz, azken eginbide gisa.

3. 307. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio artikulu honetan arautu adierazpenari.

316. artikulua.

Alderdien galdeketa baloratzea

1. Gainerako frogen emaitzetatik kontrakoa ateratzen ez bada, epaian egiazkotzat joko dira alderdi batek egiazkotzat jo dituenak, baldin eta alderdi horrek parte-hartze pertsonala izan badu egitateotan eta horiek egiazkotzat jotzea erabat kaltegarri izan badakioke ere.

2. Gainerakoan, auzitegiek baloratuko dituzte, kritika zintzoaren erregelen arabera, alderdien eta 301. artikuluko 2. paragrafoan aipatu pertsonen adierazpenak, 304 eta 307. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2. ATALA

Agiri publikoak

317. artikulua.

Agiri publikoen motak

Prozesuan froga-ondoreetarako, agiri publikotzat joko dira honako hauek:

1.) Edozein motatako jardun judizialaren ebazpen eta eginbideak, eta horien inguruan idazkari judizialek egindako lekukotzak.

2.) Notarioak zuzenbidearen arabera eskuetsitakoak.

3.) Merkataritzako artekari elkargokideek eskuetsi dituztenak eta horiek eskuetsi eragiketen ziurtagiriak, ziurtagiriok artekariek luzatutakoak badira eta zuzenbidearen arabera eraman beharreko erregistro-liburuaren aipamena badute.

4.) Jabetza- eta merkataritza-erregistratzaileek erregistro-idazkunei buruz luzatu ziurtagiriak.

5.) Fede emateko legezko ahalmena duten funtzionario publikoek luzatutakoak, baldin eta agiriok euren eginkizunen egikaritzari buruzkoak badira.

6.) Estatuko, herri-administrazioetako edo zuzenbide publikoko beste erakunde batzuen artxibo eta erregistroei buruzko agiriak izanda, organo, administrazio edo erakunde horien xedapenei eta jardunari buruz fede emateko ahalmena zein funtzionariok izan eta horiek luzatutakoak.

318. artikulua.

Agiri publikoekin froga eratzeko modua

Agiri publikoek izango dute 319. artikuluan ezarri froga-indarra, baldin eta prozesura ekartzen bada horien jatorrizkoa, edo beraren kopia nahiz ziurtagiri fede-emailea; edo kopia soila, hori aurkeztu izan bada 267. artikuluan zehaztutakoaren arabera, eta kopia soil horren kautotasuna aurkaratu ez bada.

319. artikulua.

Agiri publikoen froga-indarra

1. Hurrengo artikuluetako betekizun eta kasuetan, 317. artikuluaren 1. zenbakitik 6.etara zehaztu agiri publikoek froga osoa eratuko dute agirian jaso egitate, egintza edo gauzen egoerari buruz, agiriok egin zireneko datari buruz, fede-emaileen nortasunari buruz, eta, hala denean, agiriotan parte hartu duten gainerako pertsonen nortasunari buruz.

2. 317. artikuluko 5 eta 6. zenbakietara bildu ez diren administrazio-agirien froga-indarrari dagokionez, legeek izaera publikoa eman badiete, agiriok izango dute legeek eman dieten froga-indarra.

Legeotan esanbidezko xedapenik izan ezean, emango den epaiaren ondoreetarako ulertuko da aipatu agiriotara bildutako egitate, egintza edo gauzen egoerak egiazkoak direla, salbu eta bestelako frogabideek ezerezean utzi dutenean agirion egiazkotasuna.

3. Lukurreriaren arloan, auzitegiek kasuan-kasuan emango dute ebazpena, euren ustea askatasunez eratuz, artikulu honen lehen paragrafoan xedatutakoa loteslea izan gabe.

320. artikulua.

Agiri publikoaren froga-

balioa aurkaratzea. Alderatzea edo egiaztatzea

1. Agiri publikoaren kautotasuna aurkaratzen bada, agiri horrek froga osoa era dezan, honela jardungo da: 1.) Kopiak, ziurtagiriak edo lekukotza fede-emaileak jatorrizkoekin alderatuko dira, jatorrizkoak dauden tokian daudela.

2.) Merkataritzako artekari elkargokideek eskuetsitako polizak alderatuko dira euren erregistro-liburuko idazkunekin.

2. Idazkari judizialak alderatu edo egiaztatuko ditu agiri publikoak eta euren jatorrizkoak, horretarako jatorrizkoa edo matrizea zein artxibo edo tokitan egon eta bertara joanez; halakoetan, zitazioa jasoko dute alderdiek eta euren defendatzaileek, eta, bertara agertzen badira, euren aurrean egingo du idazkari judizialak agirion alderatzea edo egiaztatzea.

3. Alderatzea edo egiaztatzea egin ondoren, aurkaratu izan den kopia edo lekukotza kautoa eta zehatza dela ulertzen bada, alderatze edo egiaztatze horren kostu, gastu eta eskubideak ordainduko ditu aurkaratzea eskatu duenak soilik;

auzitegiaren ustez, aurkaratzea ausartegia izan bada, horri ezar diezaioke, gainera, 120 eurotik 600rako isuna.

321. artikulua.

Lekukotza edo ziurtagiri osatugabea

Agiriaren zati bati buruzko lekukotza edo ziurtagiri fede-emaileek ez du froga osoa eratuko, agiri hori zein auzilarirentzat kaltegarria izan eta auzilari horrek eskatu eranskinekin hura osatu arte.

322. artikulua.

Aldera edo egiazta ezin daitezkeen agiri publikoak

1. Hurrengoek froga osoa eratuko dute, egiaztatu edo alderatu beharrik gabe, aurkako frogarik ezean, eta, ahal bada, idazkera alderatzeko ahalmena eskatu ezean:

1.) Protokolorik ez duten eskritura publiko zaharrek eta euren protokolo edo matrizea desagertuta dutenek.

2.) Beste edozein agiri publikok, baldin eta bere izaerarengatik jatorrizkorik ez badu, edo hori alderatu nahiz egiaztatzeko erregistrorik ez badago.

2. Protokoloa, matrizea edo jatorrizko espedienteak desagertu direnean, Kode Zibilaren 1 221. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

323. artikulua.

Atzerriko agiri publikoak

1. Prozesuaren ondoreetarako, atzerriko agiriak publikoak direla ulertuko da, baldin eta horiei lege honen 319. artikuluko froga-indarra eman behar bazaie, nazioarteko itun nahiz hitzarmenak edo lege bereziak direla bide.

2. Nazioarteko itun edo hitzarmenak nahiz lege bereziak aplika ezin badaitezke, agiri publikotzat joko dira honako betekizun hauek dituztenak:

1.) Agiria egiletsi edo egitean, berori zein herrialdetan egiletsi eta bertako eskakizunak bete izatea, agiriak epaiketan froga osoa eratu ahal izateko.

2.) Agiriak izatea Espainian kautotzat jotzeko legeztapena edo apostila, eta beharrezkoak diren gainerako betekizunak.

3. Artikulu honen aurreko paragrafoetan aipatu atzerriko agiriek boron-

datezko adierazpenak jasotzen badituzte, adierazpenok badirela frogatutzat joko da, baina euren eragingarritasuna izango da, negozio juridikoen gaitasun-, objektu- eta forma-arloetan Espainiako eta atzerriko arauek zehaztutakoa.

3. ATALA

Agiri pribatuak

324. artikulua.

Agiri pribatuen motak

Prozesuan froga-ondoreetarako, agiri pribatutzat joko dira 317. artikuluko kasuetatik batean ere ez daudenak.

325. artikulua.

Froga eratzeko modua

Agiri pribatuak aurkeztuko dira, lege honen 268. artikuluan xedatutako moduan.

326. artikulua.

Agiri pribatuen froga--indarra

1. Agiri pribatuek prozesuan froga osoa eratuko dute, 319. artikuluan zehaztu bezala, baldin eta agirion kautotasunak zein alderdiri kalte egin eta horrek kautotasuna aurkaratzen ez badu.

2. Agiri pribatuaren kautotasuna aurkaratzen bada, agiria nork aurkeztu eta horrek eska dezake aditu batek idazkera alderatzea, edo proposa dezake ondore horretarako erabilgarri eta egoki izan daitezkeen frogabideetatik beste edozein.

Alderatzeak edo beste frogabideak agiriaren kautotasuna ondorioztatzen badu, 320. artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

Agiri horren kautotasuna ezin badaiteke horrela ondoriozta, edo frogarik proposatu ez bada, auzitegiak hori baloratuko du, kritika zintzoaren erregelen arabera.

3. Agiri elektronikoaren eragingarritasunean zein alderdik interesa izan eta horrek hala eskatzen badu, edo agiriaren kautotasuna aurkaratzen bada, Sinadura Elektronikoari buruzko Legearen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

327. artikulua.

Merkatarien liburuak

Merkatarien liburuak frogabide gisa erabili behar badira, merkataritza-legeetan xedatutakoaren arabera jardungo da.

Zioak emanez eta salbuespen gisa, auzitegiak erreklama dezake liburuak edo euren euskarri informatikoa bere aurrean aurkeztea, baldin eta aztertu beharreko idazkunak halakoetan zehazten badira.

4. ATALA

Aurreko atal bietarako xedapenak

328. artikulua.

Alderdiek elkarri agiriak erakusteko beharra

1. Alderdi bakoitzak gainerakoei eska diezaieke bere esku ez dituen agiriak erakustea, agiriok prozesuaren objektuari edo frogabideen eragingarritasunari buruzkoak badira.

2. Agiria erakusteko eskabideari batuko zaio agiriaren kopia soila, eta, halakorik ez bada edo berori eskatzailearen esku ez badago, orduan agiri horren edukia ahalik eta modu zehatzenean adieraziko da.

329. artikulua.

Agiria erakusteari ezezkoa eman eta ezezko horrek dakartzan ondoreak

1. Aurreko artikuluko erakusketa egiteari bidegabe ezezkoa emanez gero, auzitegiak, gainerako frogak kontuan izanik, froga-balioa eman diezaioke erakusketa eskatu duenak aurkeztutako kopia soilari edo horrek agiriaren edukiaren inguruan emandako bertsioari.

2. Aurreko paragrafoan aipatu bidegabeko ezezkoa gertatzen denean, eta paragrafo horretan xedatutakoaren ordez, auzitegiak agindeia agin dezake, probidentzia bidez, zein agiri erakustea eskatu eta agiri horiek prozesura ekartzeko; horixe egingo da, agiriak prozesura ekartzea komenigarria bada, agirion ezaugarriak, ekarritako gainerako frogak, alderdi eskatzaileak aurkeztu uzien edukia eta uziok oinarritzeko alegatutakoa kontuan hartuta.

330. artikulua.

Hirugarrenek agiriak erakustea

1. Lege honetan hasierako eginbideei buruz xedatutakoa izan ezik, auzilari ez diren hirugarrenei euren agiriak erakusteko agindeia bakarrik egingo zaie, baldin eta, alderdietako batek hala eskatuta, auzitegiak ulertzen badu epaia emateko erabat garrantzitsua dela agiriok ezagutzea.

Halakoetan, auzitegiak aginduko du, probidentzia bidez, agiriok noren esku egon eta hori bertan agertzeko aginduko du, eta, horrek esan beharrekoa entzun ondoren, bidezkoa dena ebatziko du auzitegiak.

Ebazpen horren aurka ez da errekurtsorik onartuko, baina interesa duen alderdiak bigarren auzialdian egin dezake berriro eskaera.

Hirugarrenak, euren borondatez, agiriok erakusteko prest badaude, ez dira behartuko agiriok idazkaritzan aurkeztera; alabaina, eurek hala galdatzen badute, idazkari judiziala euren egoitzara joango da, agirion lekukotza egitera.

2. Aurreko paragrafoaren ondoreetarako, ez dira hirugarrentzat joko harreman juridiko eztabaidatuen titularrak edo horiek eragindako harreman juridikoen titularrak, nahiz eta epaiketan alderdi izan ez.

331. artikulua.

Erakutsitako agirien lekukotzak

Aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera erakusketa nori eskatu eta horrek ez badu agiria utzi nahi, berori auzi-paperei eransteko, idazkari judizialak agiri horren lekukotza emango du auzitegiaren egoitzan, baldin eta hala eskatu badu agiria erakutsi behar duenak.

332. artikulua.

Erakunde ofizialek agiriak erakusteko duten eginbeharra

1. Estatuaren, autonomia-erkidegoen, probintzien, toki-erakundeen eta zuzenbide publikoko gainerako erakundeen bulegoek ezin izango diete auzitegiei ukatu, auzitegiok eskatu ziurtagiri etalekukotzak luzatzea, ezta euren bulego eta artxiboetan dauden agiriak erakustea ere. Salbuespena izango da agiriak legez adierazi edo sailkatuta egotea, isilpeko agiri edo agiri sekretu gisa;

halakoetan, auzitegiari zuzenduko diote izaera horren gaineko azalpen zioduna.

2. Sekretuari edo isilpekotasunari buruzko lege-eginbehar berezirik izan ezean, agiriak erakusteko betebeharra izango dute, baita ziurtagiriak eta lekukotzak luzatzekoa ere, aurreko paragrafoan zehaztu bezala, estatuaren, autonomia- erkidegoen, probintzien, udalerrien eta gainerako toki-erakundeen jardunaren gaineko ardura izan edo zerbitzu publikoak gauzatzen dituzten erakunde eta enpresek.

333. artikulua.

Idatzizkoak ez diren agirien kopiak egitea

Marrazkien, argazkien, krokisen, planoen, mapen eta nagusiki idatzizko testurik ez duten beste agirien kasuan, jatorrizkoa baino ez bada, alderdiak horren kopia eska dezake erakusketa egiteko unean; halakoetan, idazkari judizialaren aurrean kopia egingo da, eta idazkari judizialak berori jatorrizkoaren erreprodukzio zehatza delako fede emango du.

334. artikulua.

Kopia erreprografikoen froga-balioa eta alderatzea

1. Kopia erreprografikoen bidez aurkeztu agiriak zein alderdiri kalte egin eta horrek aurkaratzen badu erreprodukzioaren zehaztasuna, kopia hori jatorrizkoarekin alderatuko da, ahal bada; eta, hori ezinezkoa bada, beraren froga-balioa zehaztuko da, kritika zintzoaren erregelen arabera, gainerako frogen emaitza kontuan izanik.

2. Artikulu honen aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie, berebat, marrazki, argazki, margolan, krokis, plano, mapa eta antzeko agiriei.

3. Idazkari judizialak gauzatuko du artikulu honetan aipatu alderatzea, alderdiek aditu-froga proposatzeko duten eskubideari kalterik egin gabe.

5. ATALA

Adituen irizpena

335. artikulua.

Aditu-irizpenaren objektua eta helburua. Objektibotasunez jarduteko zin-egitea edo hitzematea

1. Zientzia- edo erti-jakiteak nahiz jakite tekniko edo praktikoak behar badira auzirako egitate edo inguruabar garrantzitsuak baloratzeko edo horiek egiaztatzeko, alderdiek prozesura ekar dezakete jakite horiek dituen adituaren irizpena, edo alderdiok eska dezakete, lege honek xedatu kasuetan, auzitegiak izendaturiko adituak irizpena ematea.

2. Irizpena ematean, aditu orok adierazi behar du, egia esateko zin-egite edo hitzematearen mende, ahalik eta objektibotasun handienarekin jardun duela eta, kasuan-kasuan, hala jardungo duela; horretarako, kontuan izango du alderdietatik edozeinen aldeko nahiz aurkako guztia. Halaber, adierazi behar du, badakiela zein zigor-zehapen jar dakiokeen aditu gisa duen eginbeharra hautsiz gero.

336. artikulua.

Demanda eta erantzunarekin batera, alderdiek izendatu adituen irizpenak ekartzea

1. Auzilariek irizpenak badituzte, eurek izendatu adituek eginak, eta euren eskubideak defendatzeko beharrezko edo egokiak direla ulertzen badute, demanda edo erantzunarekin batera ekarri beharko dituzte irizpenok, baldin eta erantzuna idatziz egin behar bada, lege honen 337. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2. Irizpenak idatziz aurkeztuko dira, eta, hala denean, horiei batuko zaizkie adituak aditu-lanaren objektuari buruz bere iritzia azaltzeko egoki diren gainerako agiri, tresna edo materialak.

Material edo tresnok ekartzea ezinezkoa bada edo egoki ez bada, irizpen- -idazkiak behar den besteko azalpena jasoko du horiei buruz.

Irizpenari batu dakizkioke, halaber, berori hobeto baloratzeko egokitzat jotzen diren agiriak.

3. Demandatzaileak zein aditu izendatu eta horrek idatzitako irizpenak demandari batu dakizkiokeela ulertuko da, salbu eta demandatzaileak behar bezala egiaztatu duenean bere eskubidea defendatzeko demanda aurkeztu behar izan duela, eta ezin izan duela aurkezpen hori atzeratu, adituaren irizpena lortu arte.

4. Demanda idatziz erantzun beharreko epaiketetan, demandatuak ezin badu idatzizko irizpenik ekarri, demandaren erantzunarekin batera, orduan egiaztatu beharko du erantzuteko epean, irizpenok eskatu eta lortzea ezinezkoa dela.

337. artikulua.

Demanda edo erantzunarekin batera ekarri ezin diren irizpenak iragartzea. Irizpenok geroago ekartzea

1. Alderdiek demanda edo erantzunarekin batera ezin badituzte ekarri eurek izendatu adituek egindako irizpenak, orduan demandan edo erantzunean zehaztuko dituzte eurek kasuan-kasuan baliatu nahi dituzten irizpenak. Irizpenok lortu bezain laster ekarri behar dituzte, aurkako alderdiari helarazteko, betiere epaiketa arrunta baino lehenagoko entzunaldia hasi baino lehen edo hitzezko epaiketako ikustaldiaren aurretik.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera, irizpenok ekarri ondoren, alderdiek adierazi behar dute irizpenen egileak agertzea nahi duten lege honen 431. artikuluan eta ondorengoetan arautu epaiketan, edo, hala bada, hitzezko epaiketaren ikustaldian. Halakoetan, alderdiek adierazi beharko dute adituek irizpena azaldu behar duten; edo adituok galderei, eragozpenei edo zuzentzeko proposamenei erantzun behar dieten; edota, auzigaiaren objektuari begira, irizpena ulertu eta baloratzeko beste modu erabilgarriren batean parte hartu behar duten.

338. artikulua.

Demandaren osteko

prozesu-jardunaren ondorioz, irizpenak ekartzea. Adituek epaiketan edo ikustaldian parte hartzeko eskabidea

1. Aurreko artikuluan xedatutakoa ez da aplikatuko, baldin eta irizpenen beharra edo erabilgarritasuna azpimarratzen bada, demandatuak demandari erantzutean egindako alegazioen ondorioz edo entzunaldian onartu alegazio edo uzi osagarrien ondorioz, lege honen 426. artikuluaren arabera.

2. Irizpenak beharrezko edo erabilgarri badira, demandaren erantzunaren ondorioz edo epaiketa baino lehenagoko entzunaldian alegatu eta eskatutakoaren ondorioz, orduan alderdiek ekarriko dituzte horiek, aurkako alderdiei helarazteko, hitzezko epaiketetan epaiketa edo ikustaldia egin baino bost egun lehenago gutxienez; alderdiek auzitegiari adieraziko diote irizpenen egileak epaiketa edo ikustaldira joatea beharrezkotzat jotzen duten, 337. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa adieraziz.

Kasu horretan, auzitegiak agin dezake, gainera, epaiketa edo ikustaldian adituak egotea, aurreko artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

339. artikulua.

Auzitegiari adituak

izendatzeko eskabidea egitea eta eskabide horri buruzko ebazpen judiziala.

Auzitegiak adituak izendatzea, alderdiak hala eskatu gabe

1. Alderdietatik edozein doako laguntza juridikorako eskubidearen titularra bada, alderdi horrek ez du ekarri beharko adituaren irizpena demanda edo erantzunarekin batera, berori iragarri baino, adituaren izendapen judiziala gauzatze-ondoreetarako, Doako Laguntza Juridikoaren Legean ezarritakoaren arabera.

2. Halaber, demandatzaile edo demandatuak aurreko paragrafoko kasuan ez badaude ere, bakoitzak bere hasierako idazkian eska dezake adituaren izendapen judiziala gauzatzea, baldin eta uste badute adituaren txostena euren interesentzat egoki edo beharrezkoa izan daitekeela.

-

Irizpena nork eskatu eta horren kontura izango da berori, kostuen arloan agin daitekeenari kalterik egin gabe.

Demanda edo erantzunaren ostean ezin izango da eskatu auzitegiak izendatu adituak egindako txostena, txosten hori demandan ez dauden alegazio edo uziei buruzkoa denean izan ezik.

Demandaren erantzuna noiz aurkeztu eta handik bost egunera egin beharko da adituaren izendapen judiziala, izendapena nork eskatu duen kontuan izan gabe.

Alderdi biek hasieran izendapen hori eskatu badute, auzitegiak aditu bakarra izenda dezake eskatu txostena egiteko, alderdiok ados badaude;

halakoetan, adituari auzilari biek ordainduko diote erdi bana, kostuen arloan agin daitekeenari kalterik egin gabe.

3. Epaiketa arruntean, entzunaldian baimendutako alegazio edo uzi osagarrien ondorioz, alderdiek eskatzen badute auzitegiak irizpena egingo duen aditua izendatzea, 427. artikuluko laugarren paragrafoan xedatutakoaren arabera, auzitegiak hala aginduko du, betiere auzitegiak irizpena egoki eta erabilgarritzat jotzen duenean, eta alderdi biak ados daudenean aditu-lanaren objektuarekin eta auzitegiak izendatu adituaren irizpena onartzearekin.

Auzitegiak hori egin dezake, halaber, hitzezko epaiketan, baldin eta alderdiek adituaren izendapena eskatzen badute, aurreko lerrokadako betekizunekin.

4. Aurreko paragrafo bietan adierazi kasuetan, zein alderdik eskatu auzitegiak aditua izendatzea eta alderdi horiek ados badaude irizpena pertsona edo erakunde zehatz batek egitean, hala aginduko du auzitegiak.

Alderdiak ados ez badaude, aditua izendatuko da 341. artikuluan xedatutako prozeduraren bitartez.

5. Auzitegiak ofizioz izenda dezake aditua, baldin eta aditu-lana egoki bada, prozesua seme-alabatasun, aitatasun eta amatasunaren adierazpen edo aurkarapenari buruzkoa izanik, pertsonen gaitasunari buruzkoa izanik, edo ezkontzaren ingurukoa izanik.

6. Auzitegiak aditu-lanaren arazo bakoitzeko edo arazo-multzo bakoitzeko, aditu titular bat baino ez du izendatuko, baldin eta arazootan aditu ezberdinen iritzia behar ez bada, gaiaren aniztasuna dela eta.

340. artikulua.

Adituen baldintzak

1. Adituek izan behar dute irizpena zein gairi buruzkoa izan eta zein izaeratakoa, eta gai eta izaera horiei dagokien titulu ofiziala.

Lanbide-titulu ofizialik ez duten gaietan, adituak izendatuko dira, gaiotako jakitun direnen artean.

2. Halaber, aditu-lana zein gairi buruzkoa izan eta horren ikerketan aritzen diren akademiei eta kultura- nahiz zientzia-erakundeei irizpena eska dakieke.

Arazo zehatzen inguruan legez gaitutako pertsona juridikoek ere irizpena egin dezakete.

3. Aurreko paragrafoko kasuetan, irizpena zein erakunderi eskatu eta horrek lehenbailehen adierazi behar du irizpena noren edo nortzuen zuzeneko ardurapean egongo den; pertsona horiei galdatuko zaie 335. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutako zin-egite edo hitzematea.

341. artikulua.

Auzitegiak aditua izendatzeko prozedura

1. Urtero-urtero, urtarrilean, lanbide elkargoei, edo, horiek ezean, antzeko erakundeei, eta aurreko artikuluko bigarren paragrafoan aipatu akademia eta kultura- nahiz zientzia-erakundeei eskatuko zaie aditu gisa jarduteko prest dauden elkargokide edo elkarkideen zerrenda.

Zerrenda bakoitzaren lehen izendapena zozketa bidez egingo da, berori idazkari judizialaren aurrean egingo dela, eta, izendapen horretatik hasita hurrenez hurren, ondorengo izendapenak egingo dira.

2. Titulu ofizialik ez duen pertsonaren bat izendatu behar bada aditu, gaian trebe edo jakitun delako, orduan, alderdien aurretiazko zitazioa egin ondoren, izendapena egingo da, aurreko paragrafoan zehaztu prozeduraren bitartez. Halakoetan, urtero-urtero sindikatu, elkarte eta erakunde egokiei eskatu zerrenda erabiliko da bat, zerrenda horiek bost pertsonak osatuko dutela gutxienez.

Irizpenaren gaia zein izan eta horren berezitasuna dela eta, pertsona trebe edo jakitun bakar baten izena baino ez badago, alderdiei eskatuko zaie euren adostasuna, ta alderdi guztiak ados daudenean bakarrik izendatuko da pertsona hori aditu gisa.

342. artikulua.

Izendatutako aditua deitzea, horren onarpena eta izendapena. Funts-hornikuntza

1. Izendapenetik bost egunetako epean, hori komunikatuko zaio aditu titularrari, eta, beste bost egunetako epean, aginduko zaio kargua onartzen duen adieraz dezan.

Baiezko kasuan, izendapena egingo da, eta adituak egingo du, xedatutako eran, 335. artikuluko 2. paragrafoan agindu zin-egitearen edo hitzematearen adierazpena.

2. Izendatutako adituak onarpena eragozten duen arrazoi zuzena eman, eta auzitegiak arrazoi hori behar bestekotzat jotzen badu, zerrendan hurrengoa nor izan eta horrek ordeztuko du izendatutako aditua, eta horrela, hurrenez hurren, adituaren izendapena lortu arte.

3. Izendatutako adituak eska dezake, bere izendapenetik hurrengo hiru egunetan, beharrezkotzat jotzen duen funts-hornikuntza, hori azken likidazioaren kontura izango dela.

Auzitegiak, probidentzia bidez, eskatu hornikuntzaren inguruan erabakia hartuko du, eta, alderdiak edo alderdiek doako laguntza juridikorako eskubiderik ez badute, zeinek aditu-froga proposatu eta horrek edo horiek ordaindu beharko dute kopuru hori, bost eguneko epean, auzitegiaren gordailuetarako eta zainpean uzteko kontuan.

Epe hori igaro ondoren, zehaztu kopurua ez bada gordailuan jarri, aditua irizpena emateko salbuetsita geratuko da, beste izendapenik egitea ezin izango dela.

Aditua alderdien adostasunez izendatua izan bada, eta auzilarietatik batek berari dagokiona zainpean uzten ez badu, beste auzilariari aukera emango zaio, dela faltan den kopurua jartzeko, halakoetan berak adieraziz zein diren irizpenaren gaiak, dela gordailuan jarritako kopurua berreskuratzeko, halakoetan aurreko lerrokadan xedatutakoa aplikatuz.

343. artikulua.

Adituak narriopean jartzea. Narrioen aldia eta modua

1. Auzitegiak izendatu adituak bakarrik izan daitezke ezetsiak.

Ezetsi ezin diren adituak, ordea, narriopean jar daitezke, honako inguruabar hauetako bat gertatzen bada:

1.) Alderdi baten edo horren abokatu nahiz prokuradoreen ezkontide edo senide izatea laugarren gradu zibilean, dela odol bidez, dela ezkontza bidez.

2.) Auzian edo horren antzeko beste batean, zuzeneko edo zeharkako interesa izatea.

3.) Alderdiren batekin edo horren abokatu nahiz prokuradoreekin, une horretan edo iraganean, mendekotasun- egoera, erkidegoa edo interes-gatazka izatea.

4.) Alderdietatik edozeinekin edo horien prokuradore nahiz abokatuekin, adiskidetasun estua edo areriotasuna izatea.

5.) Lanbidean galera dakarten inguruabarretatik beste edozein gertatzea, hori behar bezala egiaztatuz.

2. Epaiketaren ondoren, edo ikustaldiaren ondoren, hitzezko epaiketetan ezin izango dira narrioak aurkeztu.

Epaiketa arruntaren kasuan, demanda edo erantzunarekin batera ekarritako irizpenen egile diren adituen narrioak proposatuko dira, epaiketa baino lehenagoko entzunaldian.

Adituen narrioak aurkeztean, horiek egiaztatzeko frogak proposatuko dira, lekukoen froga izan ezik.

344. artikulua.

Narrioaren aurka jartzea eta hori baloratzea. Zehapena, narrio ausart edo desleialaren kasuan

1. Interesa duten alderdietatik edozein auzitegiari zuzen dakioke, narrioa ukatu edo gezurtatzeko, ondore horretarako egoki diren agiriak ekarriz.

Narrioak adituaren ospe onari kalte egiten badio, beraren lanbidean nahiz eremu pertsonalean, aditu horrek auzitegiari eska diezaioke narrioak oinarririk ez duela adieraz dezan, prozesua bukatu ondoren, probidentzia bidez.

2. Izapide gehiagorik gabe, auzitegiak kontuan izango ditu froga baloratzean narrioa eta horren balizko ukatze edo gezurtatzea, eta, hala denean, aurkeztuko du aurreko paragrafoan xedatu narrioaren oinarririk ezaren adierazpena, probidentzia bidez.

Narrioan prozesuko ausarkeria edo desleialtasuna aintzat hartzen badu auzitegiak, narrio hori nola arrazoitu den edo noiz aurkeztu den ikusita, alderdi erantzuleari ezar diezaioke, alderdi horrek esan behar duena entzun ondoren, 60 eurotik 600 eurorako isuna.

345. artikulua.

Aditu-lanaren eragiketak eta alderdiek horietan parte hartu ahal izatea

1. Irizpena egiteko, toki, objektu edo pertsonen azterketa egin behar bada, edo antzeko eragiketak egin behar badira, alderdiak eta euren defendatzaileak azterketa horietan eta eragiketotan egon daitezke, baldin eta horrek adituaren lana eragotzi edo oztopatzen ez badu, eta irizpenaren zuzentasuna eta alderdikeriarik eza berma badaiteke.

2. Alderdietatik edozeinek eskatzen badu aurreko paragrafoko eragiketetan egotea, auzitegiak bidezkoa dena erabakiko du; auzitegiak egote hori onartuz gero, adituari aginduko dio alderdiei zuzeneko abisua eman diezaien, eragiketok gauzatuko diren egun, ordu eta tokiaren inguruan, berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez.

346. artikulua.

Auzitegiak izendatu adituak irizpena egitea eta berori berrestea

Auzitegiak izendatu adituak idatziz egingo du bere irizpena, eta auzitegiari helaraziko dio irizpen hori, auzitegiak adierazi epean.

Irizpena alderdiei helaraziko zaie, alderdiok uste izan dezaketelako aditua epaiketa edo ikustaldian agertzea beharrezkoa dela, argibide-ondoreetarako edo azalpen egokiak emate-ondoreetarako

edozein kasutan auzitegiak agin dezake, probidentzia bidez, aditua epaiketa edo ikustaldian agertzea beharrezkotzat jotzen duela, egindako irizpena hobeto ulertu eta baloratzeko.

347. artikulua.

Adituen parte-hartzea epaiketa edo ikustaldian

1. Adituek epaiketa edo ikustaldian izango dute alderdiek eskatu parte-hartzea, baldin eta auzitegiak hori onartu badu.

Auzitegiak parte-hartzearen inguruko eskabideak baztertuko ditu, bakarrik, horiek desegokiak badira edo erabilgarriak ez badira, euren helburu eta edukiagatik.

Bereziki alderdiek eta euren defendatzaileek eska dezakete:

1.) Irizpenaren azalpen osoa, baldin eta azalpen horrek beste eragiketa batzuk gauzatzea badakar, eragiketok ekarritako idazkiaren osagarri izanik, 336. artikuluko 2. paragrafoan aipatu agiri, material eta bestelako osagaiak erabiliz.

2.) Irizpena edo horren zati batzuk azaltzea, baldin eta horien esanahia froga-ondoreetarako guztiz adierazgarria ez bada.

3.) Galderei eta eragozpenei erantzuna ematea, horiek irizpenaren metodo, premisa, ondorio eta bestelakoei buruzkoak izanik.

4.) Irizpenak zein gairekin lotura izan eta gai horietara irizpena zabaltzearekin zerikusia duten eskabideei erantzuna ematea, horiek ekitaldi berean gauza badaitezke, eta, edozein kasutan, adituaren iritzia ezagutzeko asmoarekin, zabaltze horren aukera eta erabilgarritasun, eta berori gauzatzeko beharrezko epearen inguruan.

5.) Aurkako alderdiaren adituak irizpenari egindako kritika.

6.) Aditua uki dezaketen narrioak adieraztea.

2. Auzitegiak ere galderak egin diezazkieke adituei eta ekarritako irizpenaren objektuari buruzko azalpenak eskatuko dizkie; baina auzitegiak ezin dezake ofizioz agindu irizpena zabaltzea, salbu eta auzitegiak izendatu dituen adituak direnean, 339. artikuluko 5. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

348. artikulua.

Adituaren irizpena baloratzea

Auzitegiak baloratuko ditu adituen irizpenak, kritika zintzoaren erregelen arabera.

349. artikulua.

Idazkera alderatzea

1. Adituak idazkera alderatuko du, baldin eta agiri pribatuak zein alderdiri kalte egin eta horrek agiriaren kautotasuna onartzen ez badu edo zalantzan jartzen badu.

2. Idazkera aldera daiteke, halaber, Kode Zibilaren 1.221. artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta matrizerik edo kopia fede-emailerik ez duten agiri publikoetatik edozeinen kautotasuna onartu ez bada edo hori zalantzan jarri bada; hala jardungo da, baldin eta agiri publiko hori luzatu duen funtzionarioak edo fede-emaile parte-hartzaile gisa agertzen denak ezin badu berori aitortu.

3. Idazkera alderatuko du auzitegiak izendatu adituak, lege honen 341 eta 342. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

350. artikulua.

Alderatzea egiteko, zalantzarik gabeko agiriak edo idazketa- multzoa

1. Idazkera zein alderdik alderatu eta horrek adieraziko du, berori zein agiri zalantzagaberekin egin behar den.

2. Idazkera alderatzeko, ulertuko da honako hauek zalantzarik gabeko agiriak direla:

1.) Aditu-frogak zein alderdi ukitu eta alderdi horiek guztiek halakotzat aitortu dituzten agiriak.

2.) Eskritura publikoak eta nortasun- agiri nazionalari buruz artxibo publikoetan ageri direnak.

3.) Zalantzagarritasuna eratxikitzen zaion alderdiak agiri pribatuek daramaten letra edota sinadura epaiketan aitortzea.

4.) Aurkaratutako idazkia, berorrek nori kalte egin eta horrek idazkera berea dela onartu zatian.

3. Aurreko paragrafoan aipatu agirietatik kanpo, aurkaratutako agiria, edo agiria baimentzen duen sinadura zein alderdiri eratxiki eta horri errekeritu ahal izango zaio, aurkako alderdiak hala eskatuta, idazketa-multzoa egiteko, berori auzitegiak edo idazkari judizialak diktatuz.

Errekerituak idazketa-multzoa egiteari ezezkoa ematen badio, ulertuko da aurkaratu agiria aitortu dela.

4. Zalantzarik gabeko agiririk ez badago eta idazketa-multzoarekin alderatzea ezinezkoa bada, berori egin behar zuena hilda edo absente dagoelako, aurkaratu agiriaren balioa aintzat hartuko du auzitegiak, kritika zintzoaren erregelen arabera.

351. artikulua.

Idazkera alderatzeari buruzko irizpena gauzatzea eta baloratzea

1. Idazkera alderatzea zein adituk egin eta horrek idatziz jasoko ditu egiaztapen-eragiketak eta euren emaitzak.

2. Idazkera alderatzeari buruzko aditu-irizpenari aplikatuko zaio lege honen 346, 347 eta 348. artikuluetan xedatutakoa.

352. artikulua.

Beste froga batzuen gaineko aditu-irizpenak

Frogaren edukia edo esangura jakiteko edo horren balorazioa hobeto egiteko beharrezkoa edo egoki bada, alderdiek ekar edo proposa ditzakete auzitegiak onartutako beste frogabide batzuen gaineko aditu-irizpenak, 299. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan xedatutakoaren arabera.

6. ATALA

Azterketa judiziala

353. artikulua.

Azterketa judizialaren objektua eta helburua, eta horretarako ekimena

1. Azterketa judiziala aginduko da, egitateak argitu eta aintzat hartzeko beharrezko edo egoki bada auzitegiak berak toki, objektu edo pertsonaren bat aztertzea.

2. Auzitegiak azterketa judizialaren zabaltasunaz uste duenari kalterik egin gabe, azterketa zein alderdik eskatu eta alderdi horrek adierazi beharko ditu azterketaren gai garrantzitsuenak eta ekitaldira arlo horretan teknikari edo praktiko batekin agertzeko asmorik duen.

Beste alderdiak proposa ditzake, azterketa judiziala gauzatu aurretik, bere intereseko dituen beste gai batzuk; alderdi horrek adierazi beharko du, halaber, ekitaldira aurreko lerrokadan adierazi pertsona batekin agertzeko asmorik duen.

3. Auzitegiak, bost egun lehenago gutxienez, azterketa judiziala gauzatu beharreko egun eta ordua adieraziko ditu.

354. artikulua.

Azterketa judiziala gauzatzea, eta alderdien eta adituen parte-hartzea

1. Auzitegiak agin dezake azterketaren eragingarritasuna lortzeko beharrezko diren neurrietatik edozein, kasurako, aztertu beharreko tokian sartzeko agindua edo aztertu beharreko objektua edo pertsona zein tokitan egon eta bertara sartzekoa.

2. Alderdiak, euren prokuradoreak eta abokatuak azterketa judizialera joan daitezke, eta auzitegiari ahoz egin diezazkiokete egokitzat dituzten oharrak.

3. Auzitegiak, ofizioz edo alderdiak hala eskatuta, uste badu egokia dela aurreko artikuluko 2. paragrafoan aipatu pertsonen oharrak edo adierazpenak entzutea, orduan horiei aldez aurretik jasoko die egia esateko zin-egitea edo hitzematea.

355. artikulua.

Pertsonen gaineko azterketa

1. Pertsona zehatz bati buruzko azterketa judiziala gauzatuko da, auzitegiak egindako galdeketaren bidez; galdeketa hori kasuan kasuko beharrizanaren araberakoa izango da.

Alderdiek galdeketa horretan parte har dezakete, auzitegiaren ustez parte-hartze horrek nahasmendurik eragiten ez badu, eginbidea behar den moduan gauzatzeko; galdeketa hori egin daiteke, ateak itxita edo auzitegiaren egoitzatik kanpo, inguruabarren arabera hori komenigarri bada.

2. Edozein kasutan ere, azterketa judiziala gauzatzean, bermatuko da pertsonaren duintasunari eta bizitza pribatuari zor zaien errespetua.

356. artikulua.

Azterketa judiziala eta adituaren azterketa aldi berean egitea

1. Auzitegiak egokitzat jotzen badu, probidentzia bidez agin dezake ekitaldi berean azterketa judiziala eta adituarena gauzatzea, azterketok toki, objektu edo pertsona berari buruzkoak izanez gero; halakoetan, atal honetan xedatutako prozedura beteko da.

2. Alderdiek ere eska dezakete azterketa biak aldi berean gauzatzea, eta auzitegiak, bidezkotzat jotzen badu, horixe aginduko du.

357. artikulua.

Azterketa judiziala eta lekuko-froga aldi berean egitea

1. Auzitegiak zehatz dezake, probidentzia bidez, alderdiak hala eskatuta eta horren kontura, lekukoak aztertuak izatea, azterketa judiziala egin eta berehala, baldin eta tokiari, gauzei edo pertsonei so egiteak argitasuna ekar badezake lekukotzaren inguruan.

2. Halaber, alderdiak hala eskatuta, aurkako alderdiaren galdeketa gauza daiteke, aurreko paragrafoko inguruabarrak gertatuz gero.

358. artikulua.

Azterketa judizialaren akta

1. Idazkari judizialak jasoko du gauzatu azterketa judizialaren akta xehea; bertan argiro jasoko ditu auzitegiaren usteak eta balorazioak, bai eta alderdiek eta 354. artikuluan aipatu pertsonek egindako oharrak ere.

2. Aktan jasoko da, halaber, azterketa judizialaren ekitaldian bertan gauzatu gainerako froga-jarduna, 356 eta 357. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

359. artikulua.

Azterketa judiziala agerrarazteko, baliabide teknikoak erabiltzea

Azterketa judizialaren objektua eta horretan parte hartzen dutenen adierazpenak agerrarazteko, irudia eta soinua grabatzeko baliabideak edo antzeko beste tresna batzuk erabiliko dira; gainera, akta egin beharko da, eta horretan jasoko dira grabazioak, erreprodukzioak edo azterketak identifikatzeko beharrezko den guztia. Auzitegiak gorde beharko ditu horiek guztiak, aldaketarik izan ez dezaten.

Aurreko baliabide edo tresnen bitartez grabatu edo aldez aurretik jasotakoa erreproduzitzeko modukoa bada, kautotasun- bermeak izanik, kopia hori zein alderdiren interesekoa izan, eta alderdi horrek auzitegiari eska diezaioke kopia, eta berarengandik lortu ere, alderdi horren kontura.

7. ATALA

Lekukoen galdeketa

360. artikulua.

Frogaren edukia

Alderdiek eska dezakete lekuko gisa adierazpena egin dezaten egitate eztabaidagarrien berri duten pertsonek, egitateok epaiketaren objektuari buruzkoak badira.

361. artikulua.

Lekuko izateko egokitasuna

Pertsona guztiak izan daitezke lekuko, arrazoimenez edo zentzumenen erabileraz era iraunkorrean gabetutakoak izan ezik, zentzumen horien bitartez bakar-bakarrik jakin daitezkeen egitateen kasuan.

Hamalau urtekoak baino gazteagoak direnek lekuko gisa adieraz dezakete, auzitegiaren ustez adimena badute, era egiazkoan ezagutzeko eta adierazteko.

362. artikulua.

Lekukoak izendatzea

Lekuko-froga proposatzean, adieraziko da lekukoen nortasuna, eta, ahal bada, izen-abizenak, lanbidea, eta euren egoitza edo bizilekua.

Halaber, lekukoa izenda daiteke, berorren kargua edo berori identifikatzeko balio duten inguruabarretatik beste edozein aipatuz, baita lekuko horri zitazioa egiteko tokia adieraziz ere.

363. artikulua.

Lekukoen kopurua mugatzea

Alderdiek zenbat lekuko egokitzat jo eta horiek guztiak proposa ditzakete; alabaina, egitate eztabaidagarri bakoitzeko hiru baino gehiago proposatuz gero, hirutik gorakoen gastuak lekukook aurkeztu alderdiaren kontura izango dira.

Auzitegiak, egitate eztabaidagarri bati buruz, gutxienez hiru lekukoren lekukotza entzun badu, egitate horrekiko faltan diren lekuko-adierazpenak alde batera utz ditzake, baldin eta egindakoen bidez nahiko argi geratu bada harakoa.

364. artikulua.

Lekukoaren adierazpena beraren egoitzan

1. Gaixotasunarengatik edo 169. artikuluaren 4. paragrafoko bigarren lerrokadan aipatu zioetatik beste edozeinengatik, auzitegiak uste badu lekukoren bat ezin dela agertu auzitegiaren egoitzan, orduan lekuko horri beraren egoitzan hartuko zaio adierazpena, zuzenean edo laguntza judizialaren bitartez, lekukoaren egoitza auzitegiaren mugapean dagoen ala ez kontuan hartuta.

Adierazpen horretara ager daitezke alderdiak eta euren abokatuak; eta, agertu ezin badira, horiei baimenduko zaie aurretiazko galdeketa idatzia aurkeztea, galdeketa jaso behar duen lekukoari egin beharreko itaunekin.

2. Kasuan kasuko inguruabarrak kontuan izanik, auzitegiak uste badu ez dela zuhurra alderdi eta euren abokatuei baimena ematea, egoitzan egiteko den adierazpenera joan daitezen, lekukoak zein erantzun eman eta erantzun horiek helaraziko zaizkie alderdioi, hiru eguneko epean; epe horretan, alderdiek beste galdera osagarri batzuk egin diezazkiokete lekukoari, eta argibide egokiak eska diezazkiokete, 372. artikuluan xedatutakoaren arabera.

365. artikulua.

Lekukoen zin-egitea edo hitzematea

1. Adierazpena egin aurretik, lekuko bakoitzak egia esango duelako zin egin edo hitz emango du, auzi zibilean lekukotza faltsuaren delituarentzat xedatu zigorrekin hura ohartaraziz; zigor horien inguruan, auzitegiak lekukoari azalpenak emango dizkio, lekuko horrek zigorrei buruzko jakiterik ez duela adierazten badu.

2. Lekuko adingabeen kasuan, ez zaie horiei galdatuko egia esango dutelako zin-egitea edo hitzematea.

366. artikulua.

Lekukoek nola egin behar duten adierazpena

1. Lekukoek banan-banan eta hurrenez hurren egingo dute adierazpena, proposamenen hurrenkerari jarraituz, auzitegiak hori aldatzeko ziorik aurkitu ezean.

2. Lekukoek ezin izango dute euren artean komunikaziorik izan, eta batzuk ezin izango dira besteen adierazpenetara joan.

Helburu horretarako, beharrezko diren neurriak hartuko dira.

367. artikulua.

Lekukoari egin beharreko galdera orokorrak

1. Auzitegiak beti galdetuko dio lekuko bakoitzari hasieran:

1.) Zeintzuk diren beraren izen- -abizenak, adina, egoera, lanbidea eta egoitza.

2.) Auzilari baten edo horren abokatu nahiz prokuradoreen ezkontidea edo senidea den ala izan den; hala bada, gradua adieraziz, dela odol bidez dela ezkontza bidez; edo haiekin adopzio-, tutoretza- edo antzeko loturak dituen.

3.) Lekukoa proposatu duen alderdiaren, edo horren prokuradore nahiz abokatuaren mendeko den ala izan den, edota horien zerbitzupean aritu izan den edo ari den, edota haiekin interes erkide edo kontrajarriko harremanak dituen ala izan dituen.

4.) Auzi horretan edo antzeko batean zuzeneko nahiz zeharkako interesa duen.

5.) Auzilarietatik baten edo horren prokuradore nahiz abokatuen lagun mina edo arerioa den.

6.) Lekukotza faltsuarengatik noizbait kondenatua izan den.

2. Aurreko paragrafoko galderei lekukoak emandako erantzunak kontuan izanik, alderdiek auzitegiari adieraz diezazkiokete lekuko horren alderdikeriarik ezari buruzko inguruabarrak.

Auzitegiak lekukoari galderak egin diezaizkioke inguruabarron inguruan, eta horretarako aginduko du galderak eta erantzunak aktan jasotzea, epaia ematean adierazpenen balorazioa egin ahal izateko.

368. artikulua.

Egindako galderen edukia eta onargarritasuna

1. Lekukoari aurkeztu galderak ahoz eta baiezkoan egingo dira, eta behar bezalako argitasun eta zehaztasunarekin.

Galderok ez dute balorazio edo kalifikaziorik barneratu behar, eta, halakoak barruratzen badira, jarri ez direla ulertuko da.

2. Auzitegiak galdeketa-ekitaldian bertan erabakiko du aurkeztu galderen inguruan, egitate eta inguruabar eztabaidagarriak ikertzeko erabilgarri izan daitezkeenak onartuz, baldin eta horiek epaiketaren objektuei lotuta badaude.

Ez dira onartuko 360. artikuluaren arabera lekukoaren berezko jakiteei buruzkoak ez diren galderak.

3. Galderaren bat onartu ez baina horri erantzuna ematen bazaio, aktan ez da erantzuna jasoko.

369. artikulua.

Galderen onarpena aurkaratzea eta ez-onartzearen aurkako protesta

1. Galdeketa-ekitaldian bertan, galdera zein alderdik egin ez eta alderdi horiek aurkara dezakete horren onarpena, eta galderan dauden balorazio eta kalifikazioak azpimarra ditzakete, euren ustez bidegabe badira eta egin izan ez direla ulertu behar bada.

2. Galderak ez onartzearekin ados ez dagoen alderdiak hala adierazi eta bere protesta aktan jasotzea eska dezake.

370. artikulua.

Onartutako galderei buruz lekukoa aztertzea. Lekuko-aditua

1. Galdera orokorrak erantzun ondoren, lekukoa zein alderdik proposatu eta alderdi hori hasiko da lekukoa aztertzen; eta alderdi biek proposatu badute lekukoa, azterketa hasiko da demandatzaileak egindako galderekin.

2. Lekukoak berak ahoz erantzungo du, erantzunen zirriborrorik gabe.

Kontu, liburu edo agiriei buruzkoa bada galdera, lekukoak horiek kontsulta ditzake erantzun aurretik.

3. Erantzun bakoitzean lekukoak zer adierazi eta hori nola jakin duen azalduko du.

4. Lekukoak zientzia-jakiteak edo jakite teknikoak, erti-jakiteak edo jakite praktikoak baditu, jakiteok galdeketaren egitateei buruzkoak izanik, auzitegiak onartuko ditu egitate horiei buruzko erantzunetan lekukoak, jakiteok direla eta, erantsitako adierazpenak.

Adierazpen horietan, alderdiek auzitegiari adieraz diezaiokete lege honen 343. artikuluan aipatu narrio-inguruabarretatik edozein gertatzen dela.

371. artikulua.

Sekretua gordetzeko beharra duten lekukoak

1. Lekukoak galdeketaren egitateei buruz sekretua gordetzeko beharra badu, bere egoera edo lanbidearengatik, horixe adieraziko du arrazoiak emanez, eta auzitegiak zuzenbidean egoki dena ebatziko du, probidentzia bidez adierazpena egiteko ezetzaren oinarria kontuan izanik.

Lekukoa erantzuna ematetik askatu bada, hori jasoko da aktan.

2. Lekukoak alegatzen badu galdetutako egitateak legez isilpeko gisa edo sekretu gisa adierazi edo sailkatutako arlo bati buruzkoak direla, eta auzitegiak uste badu Justizia Administrazioaren interesak asetzeko beharrezkoa dela, orduan, ofizioz eskatuko dio organo eskudunari, probidentzia bidez, izaera hori egiaztatzeko agiri ofiziala.

Auzitegiak isilpeko izaerari edo sekretu izaerari buruz egindako alegazioaren arrazoia egiaztatu ondoren, aginduko du agiri hori auzi-paperei batzea, sekretu ofizialak ukitutako galderak zeintzuk diren agerraraziz.

372. artikulua.

Alderdiek galdeketan parte hartzea eta galdeketa zabaltzea

1. Lekuko-froga proposatu duen alderdiaren abokatuak galderak egin eta galdera horiei erantzuna eman ondoren, gainerako alderdietatik edozeinen abokatuek egitateak zehazteko beste galdera batzuk egin diezazkiokete lekukoari.

Auzitegiak errefusatu egin beharko ditu egoki edo erabilgarri ez diren galderak.

Galderok onartzen ez badira, 369. artikuluko 2. paragrafoan ez-onartzearekin ados ez egoteari buruz xedatutakoa aplikatuko da.

2. Auzitegiak ere galdeketa egin diezaioke lekukoari, behar diren argibideak eta eransketak lortzeko.

373. artikulua.

Lekukoen arteko bekaldura, eta lekukoen eta alderdien artekoa

1. Lekukoak kontraesan larrietan erortzen badira, auzitegiak agin dezake, ofizioz edo alderdiak hala eskaturik, lekukoon arteko bekaldura.

2. Halaber, kasuan kasuko adierazpenak kontuan izanik, alderdien eta lekuko baten nahiz batzuen arteko bekaldura egitea agin daiteke.

3. Artikulu honek aipatutako jarduna eskatu behar da galdeketa amaitzean, eta, halakoetan, lekukoari alde egiteko debekuaz ohartaraziko zaio, jardun hori jarraian gauza dadin.

374. artikulua.

Lekukoen adierazpenak jasotzeko modua

Ikustaldian edo epaiketan egindako lekuko-adierazpenak agirietan jarriko dira, 146. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

375. artikulua.

Lekukoentzako kalteordainak

1. Adierazpena egin duten lekukoek eskubidea dute, lekukook zein alderdik proposatu eta horrengandik kalte-ordaina jasotzeko, agerraldiak eurei eragin dizkien gastu eta kalteengatik, kostuen arloan erabaki daitekeenari kalterik egin gabe.

Alderdi batek baino gehiagok lekuko bera proposatu badute, kalte- ordainaren zenbatekoa horien artean hainbanatuko da.

2. Auzitegiak, auto bidez, zehaztuko du kalte-ordainaren zenbatekoa, horretarako ekarritako datu eta inguruabarrak kontuan hartuz.

Auto hori epaiketa edo ikustaldia amaitu ondoren emango da, eta horren aurka birjartze-errekurtsoa baino ezin da jarri.

Kalte-ordaina eman behar duen alderdiak edo alderdiek hori egiten ez badute, aurreko lerrokadan aipatu ebazpena irmo denetik hamar egunetako epean, lekukoak zuzenean jo dezake premiamendu- prozedurara.

376. artikulua.

Lekukoen adierazpenak baloratzea

Auzitegiek baloratuko dute lekukoek egindako adierazpenen froga-indarra, kritika zintzoaren erregelen arabera. Horretarako, kontuan izango dituzte horiek emandako jakintza-modua, lekukoon inguruabarrak, eta, hala denean, aurkeztu narrioak eta narrioen gainean gauzatu frogen emaitzak.

377. artikulua.

Lekukoak narriopean jartzea

. 367. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, alderdi bakoitzak narriopean jar ditzake aurkako alderdiak proposatu lekukoak, baldin eta, lekukooi dagokienez, honako arrazoietatik bat gertatzen bada:

11.) Aurkeztutako auzilariaren edo horren abokatu nahiz prokuradorearen ezkontidea edo senidea izatea, orain edo iraganean, laugarren gradu zibilean, dela odol bidez dela ezkontza bidez, edo horiekin adopzio-, tutoretza- edo antzeko lotura izatea.

2.) Lekukoa, adierazpena egitean, berori proposatu alderdiaren, horren prokuradorearen nahiz abokatuaren mendeko izatea, edo horien zerbitzupean aritzea, edota horiekin edozein sozietate- nahiz interes-harremanak izatea.

3.) Auzian zuzeneko edo zeharkako interesa izatea.

4.) Auzilarietatik baten edo horren abokatu nahiz prokuradorearen lagun mina edo arerioa izatea.

5.) Lekukoa kondenatua izatea, lekukotza faltsuarengatik.

2. Halaber, lekukoa zein alderdik proposatu eta horrek jar diezazkioke lekukoari narrioak, baldin eta proposamenaren ondoren jakin izan badu aurreko paragrafoan ezarri narrio-arrazoiren bat dagoela.

378. artikulua.

Narrioetarako sasoia

Narrioak aurkeztu beharko dira, lekuko- froga onartu denetik epaiketa edo ikustaldia hasi arte. Horrek ez dio kalterik egingo lekukoek galdeketan edozein narrio-arrazoi aitortzeko duten betebeharrari, lege honen 367. artikuluan xedatutakoaren arabera; halakoetan, artikulu horren 2. paragrafoan xedatutakoari helduta jardun daiteke.

379. artikulua.

Narrioen inguruko froga eta aurka-jartzea

1. Narrioak alegatzean, horiek egiaztatzeko froga proposa daiteke, lekuko- -froga izan ezik.

2. Lekuko baten aurkako narrioa aurkeztu ondoren, gainerako alderdi horren aurka jartzen ez badira, berori aurkeztu eta hiru egunetan, ulertuko da alderdiok aitortzen dutela narrioaren oinarria.

Aurka jarriz gero, egoki deritzetena alegatuko dute, eta agiriak ekarri ahal izango dituzte.

3. Narrioa eta lekuko-adierazpena baloratzeko, 344. artikuluko 2. paragrafoan eta 376. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

380. artikulua.

Txosten idatzietako egitateei buruz galdeketa egitea

1. 265. artikuluaren 1. paragrafoko 4. zenbakiaren arabera, edo geroagoko une batean, artikulu horren hirugarren paragrafoari eutsiz, auzi-paperetera ekarri badira egitateei buruzko txostenak, eta txosten horiek zein alderdirentzat kaltegarri izan eta alderdi horiek guztiek ez badituzte egitateok egiazkotzat jo, orduan txostenon egileei lekuko gisa galdeketa egingo zaie, legean xedatutakoaren arabera, honako erregela berezi hauek aplikatuta:

1.) Lekukoaren narrioa ez da bidezkoa izango, auzian interesa izateagatik, baldin eta txostena egin izan bada alderdietatik baten aginduz.

2.) Txostenaren egileak, bere lanbide- gaikuntza egiaztatu ondoren, txosten hori aitortu eta beraren edukia berretsi behar du, egingo zaizkion galderei erantzuna eman aurretik.

3.) Galdeketa txostenetan jaso diren egitateetara mugatuko da.

2. Txostenetan egileen jakite zientifikoetan, erti-jakiteetan nahiz jakite tekniko edo praktikoetan oinarritutako balioespenak badaude, 370. artikuluko 4. paragrafoan lekuko-adituari buruz zer xedatu eta horren arabera jardungo da.

381. artikulua.

Pertsona juridiko eta erakunde publikoen idatzizko erantzunak

1. Prozesurako egokia bada pertsona juridikoek eta erakunde publikoek garrantzitsu diren egitateen berri ematea, egitateok euren jarduerarekin lotuta daudelako, eta prozesurako interesgarri den hori jakiteko ezin bada edo beharrezkoa ez bada pertsona fisiko zehatzak bakoiztea, orduan froga horretan interesa duen alderdiak proposa dezake pertsona juridiko edo erakunde horrek, auzitegiak hala errekerituz, idatziz egitateoi buruz erantzuna ematea, epaiketa edo ikustaldia baino hamar egun lehenago.

2. Aurreko paragrafoan aipatu froga- proposamenean argi eta garbi adieraziko dira adierazpen edo txosten idatziaren gaiak.

Gainerako alderdiek egoki deritzetena alega dezakete, eta, zehazki, adierazpen idatziaren eskaeran beste gai batzuk gehitzea edo froga proposatu duenak adierazitako gaiok zuzentzea edo osatzea nahi duten.

Auzitegiak, alderdiak entzun ondoren, hala denean, proposamenaren egokitasun eta erabilgarritasunari buruz ebazpena emango du; pertsona juridikoaren edo erakundearen adierazpenaren gai den arazo edo diren arazoak zehaztuko ditu, eta agindeia egingo zaio horri adierazpena egin dezan eta zehaztu aldian auzitegiari berori igor diezaion, 150 eurotik 600 eurorako isunohartarazpena eginda, eta ez-egitearen erantzulearen aurka agintaritzari desobeditzeagatik jardungo dela ohartaraziz.

Froga hau gauzatzeak ez du aribideko prozedura etengo, auzitegiak alderdi baten edo bien defentsarik eza eragozteko beharrezkoa dela jotzen duenean izan ezik.

Idatzizko erantzunak jaso ondoren, alderdiei horiek helaraziko zaizkie, hurrengo paragrafoan ezarri ondoreetarako.

3. Idatzizko erantzunak kontuan izanda, edo horiek egiteko ezetza jaso bada edo ez-egitea gertatu bada, auzitegiak probidentzia bidez agin dezake, ofizioz edo alderdietatik edozeinek hala eskaturik, zein pertsonaren lekukotza egoki eta erabakigarri izan, eta pertsona horiek epaiketa edo ikustaldira zitatuak izatea, pertsona juridikoaren edo erakundearen adierazpen iluna edo osatugabea argitu edo osatzeko.

Halaber, auzitegiak onar dezake, alderdiak hala eskaturik, adierazpen hori gezurtatzeko froga egoki eta erabilgarrietatik edozein.

4. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez zaie erakunde publikoei aplikatuko, baldin eta, 1. paragrafoan xedatu zehaztasunak dituzten egitateak jakiteko, erakundeok luzatutako ziurtagiri edo lekukotzak ekar badaitezke agiri-froga gisa.

5. Aurreko paragrafoetan araututako adierazpenei, ahal den neurrian, atal honen gainerako arauak aplikatuko zaizkie.

8. ATALA

Hitza, soinua eta irudia erreproduzitzea, eta prozesurako zein datu garrantzitsu izan, eta horien artxiboa eta ezagutza ahalbidetzen duten tresnak

382. artikulua.

Filmatzeko tresnak, grabaziorako balio dutenak eta antzekoak

1. Alderdiek frogabide gisa proposa dezakete auzitegiaren aurrean hitzak, irudiak eta soinuak erreproduzitzea, horiek jaso badira filmatzeko, grabaziorako eta antzeko tresnen bidez.

Froga hori proposatzean, alderdiak, hala badagokio, ekar dezake kasuan kasuko euskarrian jasotako hitzen transkripzio idatzia, horiek kasurako erabakigarri badira.

2. Frogabide hori zein alderdik proposatu eta horrek ekar ditzake komenigarritzat jotzen dituen irizpenak eta tresna bidezko frogabideak.

Beste alderdiek ere irizpenak eta frogabideak ekar ditzakete, erreproduzitutakoaren kautotasuna eta zehaztasuna zalantzan jartzen badute.

3. Auzitegiak baloratuko ditu artikulu honen 1. paragrafoko erreprodukzioak, kritika zintzoaren erregelen arabera.

383. artikulua.

Erreprodukzioaren akta eta kasuan kasuko materialak zaintzea

1. Aurreko artikulua aplikatuz zein egintza gauzatu eta egintza horien inguruko akta jasoko da. Bertan agertuko da filmatze, grabazio eta erreprodukzioak identifikatzeko beharrezko den guztia, eta, hala denean, ekarritako egiaztapenak eta irizpenak, edota gauzatutako frogak.

Auzitegiak probidentzia bidez agin dezake filmatu edo grabatutako berben nahiz ahotsen hitzez-hitzezko transkripzioa, hori kasurako garrantzitsua bada, transkripzio hori aktari batuz.

2. Erreproduzitutako hitza, irudia edo soinua zein materialetan egon, eta hori auzitegiak gorde beharko du, epaiketaren autoei aipamena eginez, aldaketarik jaso ez dezan.

384. artikulua.

Prozesurako zein datu garrantzitsu izan eta datu horiek artxibatu, ezagutu edo erreproduzitzea ahalbidetzen duten tresnak

1. Auzitegiak aztertuko ditu prozesurako garrantzitsu izateagatik froga gisa zein hitz, datu, zenbaki eta kontabilitate- helburuaz nahiz bestelakoaz egindako matematika-eragiketa onartu eta horiek artxibatzea, ezagutzea eta erreproduzitzea ahalbidetzen duten tresnak. Halakoetan, alderdi proposatzaileak ekarritako baliabideak edo auzitegiak agindutakoak erabiliko dira, eta prozesuko gainerako alderdiei ahalbidetu behar zaie euren eskubideari dagokiona alegatu eta proposatu ahal izatea.

Aurreko paragrafoan aipatu tresnei aplikatuko zaie 382. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa.

2. Auzi-paperetan dokumentazioa egingo da, tresnaren izaera kontuan hartuta egokien den moduan, idazkari judizialaren fedepean; idazkari horrek, hala badagokio, beharrezko diren zaintza-neurriak hartuko ditu.

3. Auzitegiak baloratuko ditu artikulu honen lehen paragrafoan aipatu tresnak, tresnok zein izaera eduki eta izaera horri aplikagarri zaizkion kritika zintzoaren erregelak kontuan izanik.

9. ATALA

Presuntzioak

385. artikulua.

Legez ezarritako presuntzioak

1. Legeak ezarritako presuntzioen kasuan, presuntzio-egitatea zein alderdiren aldeko izan eta alderdi hori egitateak frogatzetik askatuta geratzen da.

Presuntzio horiek onargarri izango dira, bakarrik, onarpen edo froga bidez zehaztu bada presuntzioaren jatorri den egitate-zantzuaren egiazkotasuna.

2. Legeak ezartzen badu aurkako froga onartzen duen presuntzio bat, froga hori zuzen daiteke presuntzio-egitatea gertatu ez dela frogatzera, edo, kasuan- kasuan, presuntzio-egitatearen eta presuntzio horren oinarri den egitate frogatu edo onartuaren artean loturarik ez dagoela frogatzera.

3. Legez ezarritako presuntzioek aurkako froga onartuko dute, legeak berori esanbidez debekatu kasuetan izan ezik.

386. artikulua.

Epaiketa bidezko presuntzioak

1. Onartu edo frogatutako egitate batetik abiatu eta beste egitate baten egiazkotasuna uste izan dezake auzitegiak, prozesuaren ondoreetarako, onartu edo frogatuaren eta presuntzio bidezkoaren artean lotura zehatz eta zuzenekoa badago, giza irizpidearen erregelen arabera.

Aurreko lerrokada zein epaitan aplikatu eta epai horrek barneratuko du auzitegiak presuntzioa ezartzeko erabili duen arrazoinamendua.

2. Epaiketa bidezko presuntzioaren aurka, auzilari kaltedunak aurkako froga gauza dezake, aurreko artikuluko 2. paragrafoan aipatu bezala.

VII. KAPITULUA

Intzidente-arazoak

387. artikulua.

Intzidente-arazoenkontzeptua

Intzidente-arazoak dira, auziaren xede nagusia osatzen ez badute ere, horrekin zuzeneko harremanak dituztenak, eta prozesuko zein baldintza eta betekizun eragile izan, eta baldintza eta betekizun horiei loturikoak.

388. artikulua.

Prozedurari buruzko arau orokorra

Intzidente-arazoek ez badaukate beste izapidetzarik zehaztuta lege honetan, orduan horiek bideratuko dira, kapitulu honetan xedatutakoaren arabera.

389. artikulua.

Erabaki berezia behar duten intzidente-arazoak

Intzidente-arazoek erabaki berezia izan behar dute, baldin eta horietan nahitaezkoa bada auzitegiak epaian horien inguruan era bananduan erabakitzea, auziaren objektu nagusia ebatzi baino lehenago.

Arazo horiek ez dute prozesuaren bide arrunta etengo.

390. artikulua.

Aurretiaz erabaki beharreko intzidente-arazoak. Demandaren bidea etetea

Arazoak, euren izaera dela medio, oztopo badira epaiketak aurrera egin dezan, bere izapide arrunten bidez, orduan jardunaren bidea etengo da, arazook ebatzi arte.

391. artikulua.

Aurretiaz erabaki beharreko arazoak. Kasuak

Legean esanbidez zehaztutako arazoen gain, ulertuko da aurreko kasuan daudela honako intzidente-arazo hauek:

1.) Auzilarietatik edozeinen gaitasun eta ordezkaritzari buruzkoak, egitateak gertatu badira 414. artikuluan eta ondorengoetan arautu entzunaldiaren ostean.

2.) Prozesuko beste baldintzaren bat ez izateari edo izaera bereko beste oztoporen bat agertzeari buruzkoak, baldin eta horiek aurreko zenbakian aipatu artikuluetako entzunaldiaren ostekoak badira.

3.) Epaiketan izandako gertaeretatik beste edozeini buruzkoak, baldin eta horren ebazpena erabat beharrezkoa bada, egitez edo zuzenbidez, epaiketak bere izapide arrunten bidez aurrera egin behar duen edo amaitu behar den erabakitzeko.

392. artikulua.

Intzidente-arazoak planteatzea. Intzidente-arazo ez direnak ez onartzea

1. Intzidente-arazoak idatziz aurkeztuko dira, eta horiei agiri egokiak batuko zaizkie; eta, idazkian, beharrezko froga proposatuko da, eta adieraziko da, arazoa proposatu duenaren ustez, intzidente-arazo hori ebatzi arte jardunaren bide arrunta eten behar den ala ez.

2. Auzitegiak baztertuko du, auto bidez, aurreko kasuetan ez dagoen arazoaren planteamendua.

393. artikulua.

Intzidente-arazoak onartu, gauzatu eta erabakitzea

1. Prozedura arruntean ez da intzidente- arazoen planteamendurik onartuko, epaiketa hasi bada, eta, hitzezkoan, proposatutako froga onartu bada.

2. Arazoaren planteamendua onartzen duen probidentzian, horren zioak labur emateaz gain, ebatziko da arazo hori aurretiaz erabaki beharrekoa den edo erabaki berezikoa den; aurretiaz erabaki beharreko arazoa bada, jardunaren bide arrunta etengo da.

3. Arazoa zein idazkitan planteatu eta idazki hori helaraziko zaie gainerako alderdiei, eta alderdiok bost eguneko epea izango dute egoki deritzetena erantzuteko; epe hori igaro ondoren, auzitegiak alderdiei zitazioa egingo die agerraldi baterako, agerraldi hori hitzezko epaiketetako ikustaldietarako xedatutakoaren arabera egingo dela.

4. Alegazioak aurkeztu, eta, hala denean, ikustaldian bertan onartutako froga gauzatu ondoren, arazoa aurretiaz erabaki beharrekoa bada, autoa emango da hamar eguneko epean, arazo hori ebatziz eta prozesuaren jarraipenari buruz bidezkoa dena xedatuz.

Arazoa erabaki berezikoa bada, hori behin betiko epaian ebatziko da, arazoa behar bezala bananduz.

5. Arazoa auto bidez ebazten bada, eta auto horrek prozesuaren amaiera agintzen badu, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da; eta, auto horrek prozesuaren jarraipena erabakitzen badu, orduan ez da errekurtsorik egongo. Horrek ez dio kalterik egingo, alderdi kaltedunak ebazpen hori aurkaratu ahal izateari, behin betiko epaia gora jotzean.

VIII. KAPITULUA

Kostuetarako kondena

394. artikulua.

Kostuetarako kondenalehen auzialdian

1. Prozesu adierazleetan, lehen auzialdiko kostuak ezarriko zaizkio bere uzi guztiak baztertuta ikusi dituen alderdiari, salbu eta auzitegiak aintzat hartu duenean, hala arrazoituz, kasuak egitezko edo zuzenbideko zalantza larriak zituela.

Kostuetarako kondenaren ondoreak direla eta, kontuan izango da antzeko kasuetako jurisprudentzia, kasua zuzenbidearen arabera zalantzazkoa zela aintzat hartzeko.

2. Uzien zati batzuei oniritzia edo gaitziritzia eman bazaie, alderdi bakoitzak ordainduko ditu berak sortutako kostuak, eta kostu erkideak, erdi bana. Horrek ez dio kalterik egingo, alderdietatik batek ausarkeriaz auzitan jardun badu, berorri kostuak ezartzeari, horretarako arrazoiak badaude.

3. Artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoa aplikatuz, auzilari galtzaileari kostuak ezartzen bazaizkio, abokatuaren eta tarifapean nahiz arantzelpean ez dauden gainerako profesionalen zerbitzu- sarien kopurutik, ordaindu beharko du, bakarrik, prozesuaren munta zein izan eta horren herena baino gehiago ez den guztizko kopurua, erabaki hori lortu duen auzilari bakoitzeko; ondore horietarako soilik, 18 000 euroko balioespena izango dute zenbatetsi ezin diren uziek, salbu eta auzitegiak gaiaren zailtasuna dela-eta besterik xedatzen duenean.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa ez da aplikatuko, auzitegiak adierazten badu kostuetarako kondena jaso duen auzilariaren ausarkeria.

Kostuetara kondenatua izan dena doako laguntza juridikoari buruzko eskubidearen titularra bada, behartuta egongo da, aurkako alderdiak bere defentsan sortu kostuak bakarrik ordaintzera, Doako Laguntza Juridikoaren Legean esanbidez zehaztu kasuetan.

4. Fiskaltzak alderdi gisa zein prozesutan esku hartu eta horietan ezin izango zaizkio hari kostuak ezarri.

395. artikulua.

Kostuetarako kondena, amore-emate kasuan

1. Demandatuak demandaren inguruan amore ematen badu, horri erantzuna eman aurretik, ez da bidezkoa izango kostuak ezartzea, salbu eta auzitegiak demandatuaren gaitzustea aintzat hartzen duenean, hori behar bezala arrazoituz.

Edozein kasutan ere, gaitzustea dagoela ulertuko da, baldin eta demanda aurkeztu aurretik demandatuari ordaintzeko agindei fede-emailea egin bazaio, edo beraren aurka adiskidetze-demanda zuzendu bada.

2. Amore-ematea gertatzen bada demandari erantzuna eman ondoren, aurreko artikuluaren 1. paragrafoa aplikatuko da.

396. artikulua.

Kostuetarako kondena, prozesua atzera-egitearen bidez bukatzen denean

1. Prozesua amaitzen bada auzi-jartzaileak atzera egin duelako, eta demandatua atzera egite horrekin ados ez badago, auzi-jartzaile hori kostu guztiak ordaintzera kondenatua izango da.

2. Prozesuari amaiera emateko atzera- egitearen inguruan demandatua edo demandatuak ados badaude, ez da auzilarietatik inor kondenatuko kostuak ordaintzera.

397. artikulua.

Kostuen arloko gorajotzea

394. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da bigarren auzialdian gora-jotze errekurtsoa ebazteko, horretan lehen auzialdiko kostuetarako kondena edo kondenarik eza aurkaratuz.

398. artikulua.

Kostuak gora-jotzean, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia eta kasazioa

1. Gora jotzeko errekurtsoaren, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziaren edo kasazio-errekurtsoaren uzi guztiei gaitz iritzi bazaie, 394. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, errekurtsoaren kostuei dagokienez.

2. Gora jotzeko errekurtsoari, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziari edo kasazio-errekurtsoari oso-osorik edo zati batez on iritzi bazaio, errekurtso horren kostuetan ez da auzilarietatik inor kondenatuko.

II. TITULUA

EPAIKETA ARRUNTA

LEHENENGO KAPITULUA

Hasierako alegazioak

LEHENENGO ATALA

Demanda eta beraren objektua

399. artikulua.

Demanda eta beraren edukia

1. Epaiketa demandaren bitartez hasiko da; demanda horretan, 155. artikuluaren arabera jasotako datuak, eta auzi-jartzailea eta demandatua identifikatzeko datu eta inguruabarrak, eta horiek epatzeko egoitza edo bizilekua agertuko dira. Demandan era banandu eta zenbakituan azalduko dira egitateak eta zuzenbideko oinarriak, eta argi eta zehatz finkatuko da eskatzen den hori.

2. Auzi-jartzailearen izendapenarekin batera aipatuko dira prokuradore eta abokatuaren izen-abizenak, horiek parte hartzen badute.

3. Egitateen narrazioa egingo da era antolatu eta argian, demandatuari erantzutean egitateon onarpena edo ukatzea errazteko asmoz.

Era antolatu eta argian adieraziko dira, halaber, ekarritako agiri, baliabide eta tresnak, horiek uziaren oinarri diren egitateei lotuta badaude; eta, azkenik, egitateen inguruko balorazioak edo arrazoinamenduak egingo dira, horiek auzilariaren eskubidearentzat egokiak badira.

4. Zuzenbideko oinarrietara, planteatu auziaren funtsari buruzkoez gain, bilduko dira, behar bezala bananduz, alderdien gaitasunari, euren nahiz prokuradorearen ordezkaritzari, jurisdikzioari, eskumenari eta demanda bideratuko duen epaiketa-motari buruz bidezko diren alegazioak, eta epaiketaren baliozkotasuna eta auziaren funtsari buruzko epaiaren bidezkotasuna zein egitateren mende egon eta egitate horiek ere bilduko dira.

5. Eskaeran behar bezala bananduta adieraziko dira, eskatutako erabaki judizialak, horiek bat baino gehiago badira.

Eskaera nagusiei gaitziritzia ematen zaienerako, modu subsidiarioan aurkeztu eskaerak euren hurrenkeraren arabera eta banandurik jasoko dira.

400. artikulua.

Egitateak eta zuzenbideko oinarriak alegatzeko preklusioa

1. Demandan zer eskatu eta hori egitate edo oinarri nahiz titulu juridiko ezberdinetan oinarri badaiteke, demandan jaso behar dira berori jartzean ezagun direnak edo alega daitezkeenak, eta ez da onargarria geroko prozesu batean alegatzeko erreserba.

Aurreko lerrokadan aipatu alegazio- -zamak ez die kalterik egingo lege honek demanda eta erantzunaren osteko uneetan baimendutako alegazio osagarriei, ezta egitate berrien nahiz jakinberrien alegazioei ere.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera, auzibitartearen eta gauza epaituaren ondoreetarako ulertuko da auzi batean emandako egitateak eta zuzenbideko oinarriak, eta aurreko epaiketa batean alegatutakoak berdinak direla, baldin eta aurreko epaiketa horretan alegatu ahal izan badira.

401. artikulua.

Akzioak metatzeko preklusio-unea. Demandaren zabaltze objektibo eta subjektiboa

1. Demandari erantzun ondoren, ez da akzioen metaketa onartuko.

2. Erantzun baino lehenago demanda zabal daiteke, dela egikaritutako akzioei beste akzio batzuk metatzeko, dela egikaritutako akzioak beste demandatu batzuen aurka zuzentzeko.

Kasu horretan, demandari erantzuteko epea berriro zenbatzen hasiko da, demandaren zabaltzea helarazi denetik.

402. artikulua.

Akzio-metaketaren aurka jartzea

Eskatu metaketaren aurka jar daiteke demandatua, demandari erantzutean, baldin eta metaketa horrek betetzen ez badu lege honen 71. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoa. Aurka-jartze horren inguruko ebazpena emango da, epaiketa baino lehenagoko entzunaldian.

403. artikulua.

Demandaren onarpena eta berori ez onartzeko salbuespeneko kasuak

1. Demandak ez dira onartuko lege honetan esanbidez ezarri kasu eta arrazoiengatik baino.

2. Ez dira onartuko, epaile eta magistratuen aurkako erantzukizun-demandak, horiek doloz, erruz edo ez-jakite desenkusaezinaz sortutako kalte-galerengatik, epaile edo magistratuok euren eginkizunetan aritzean eragin badituzte horiek, laidoa zein prozesutan sortu eta horrekin amaitzeko ebazpena irmoa izan arte.

Halaber, ez dira demanda horiek onartuko, prozesuan garaiz kalte-galeren sorburu den egite edo ez- -egitearen aurka erreklamazioa egin edo errekurtsoa jarri ez bada.

3. Halaber, ez dira demandak onartuko, horiei ez bazaizkie batu legeak demanda onartzeko esanbidez galdatu agiriak, edota ez badira ahaleginak egin adiskidetzea lortzeko, edo kasu berezietan galdatu agindeiak, erreklamazioak edo zainpean uzteak egin ez badira.

404. artikulua.

Demandaren onarpena, demandatua epatzea eta erantzuteko epea

Auzitegiak, ofizioz, bere jurisdikzioa eta eskumen objektiboa, eta, bidezkoa bada, lurralde-eskumena aztertu ondoren, autoa emango du demanda onartuz, eta berori helaraziko dio demandatuari, horrek hogei eguneko epean demandari erantzun diezaion.

2. ATALA

Demandaren erantzuna eta errekonbentzioa

405. artikulua.

Erantzuna eta demandari erantzuteko modua

1. Demandari erantzutean, erantzun hori 399. artikuluan xedatutakoaren arabera idatziko da, eta, bertan, auzi-jartzaileak zein uzi izan eta uzi horien aurka jartzeko oinarriak azalduko ditu demandatuak, demandatu horrek egokitzat dituen salbuespen materialak alegatuz.

Akzioen metaketa onargarri ez dela ulertzen badu demandatuak, hala adieraziko du, onargarritasunik ezaren arrazoiak azalduz.

Halaber, erantzunean adieraz dezake auzi-jartzaileak alegatu uzi batzuen inguruan amore ematen duela, baita auzi-jartzaileak alegatu uzi bakarraren zati batean amore ematen duela ere.

2. Demandari erantzutean, ukatu edo onartu beharko dira auzi-jartzaileak alegatu egitateak.

Auzitegiak isilbidezko onarpen gisa har dezake demandatuarentzat kaltegarri izan daitezkeen egitateei buruzko isiltasuna edo erantzun iheskorrak.

3. Halaber, prozesuko zein salbuespenek eta gainerako alegazioek prozesuaren baliozko jarraipena eta amaiera auziaren funtsari buruzko epaiaren bidez oztopatu eta horiek alegatuko ditu demandatuak, demandari erantzutean.

406. artikulua.

Errekonbentzioaren eduki eta forma. Demandari lotuta ez dagoen errekonbentzioaren eta esan gabe doan errekonbentzioaren onargarritasunik eza

1. Demandari erantzutean, demandatuak uste badu demandatzaileari begira zenbait uzi dagozkiola, uzi horiek aurkez ditzake, errekonbentzioaren bitartez.

Errekonbentzioa onartuko da, bakarrik demandatuaren uzien eta demanda nagusiaren objektu direnen artean lotura badago.

2. Errekonbentzioa ez da onartuko, epaitegiak gaiaren nahiz muntaren ondoriozko eskumen objektiborik ez badu, edota egikaritu akzioa beste mota edo izaera bateko epaiketan gauzatu behar bada.

Hala ere, errekonbentzioaren bitartez egikari daiteke lotuta dagoen akzioa, berori, munta dela eta, hitzezko epaiketan gauzatu behar bada.

3. Errekonbentzioa erantzunaren ostean proposatuko da, eta 399. artikuluan demandarentzat xedatutako horretara moldatuko da.

Errekonbentzioak argi eta garbi adierazi behar du eskatutako babes judizial zehatza, auzi-jartzaileari eta kasuan kasuko beste subjektuei dagokienez.

Ezin izango da ulertu demandatuak bere idazkian errekonbentzioa jarri duela, baldin eta demandatuak idazki hori amaitu badu, demanda nagusiaren uziari edo uziei buruzko absoluzioa eskatuz.

4. Errekonbentzioan aplikatuko da 400. artikuluan demandari buruz xedatutakoa.

407. artikulua.

Errekonbentzio-demandaren jasotzaileak. Errekonbentzioari erantzutea

1. Errekonbentzioa zuzen daiteke demandatzaile ez diren subjektuen aurka ere, baldin eta horiek auzi-jartzaile errekonbentzio-hartzailearen borondatezko edo beharrezko auzikideak direla uler badaiteke, errekonbentzio- -demandaren objektuarekin duten loturarengatik.

2. Auzi-jartzaile errekonbentzio- -hartzaileak eta aurreko paragrafoan aipatu subjektuek errekonbentzioari erantzun diezaiokete, errekonbentzio- -demandaren jakinarazpenetik hasita hogei egunetako epean.

Erantzun hori 405. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.

408. artikulua.

Konpentsazioaren alegazioa prozesuaren barruan eta demandaren oinarri den negozio juridikoaren deuseztasuna. Gauza epaitua

1. Auzi-jartzailearen uzia bada diru- -kopurua ordaintzeko kondena, eta horren aurrean demandatuak alegatzen badu konpentsa daitekeen kreditua, alegazio hori eztabaida dezake auzi- -jartzaileak, errekonbentzioaren erantzunarentzat ezarritakoaren arabera, nahiz eta demandatuak bere absoluzioa bakarrik eskatu, eta ez bere mesederako egon daitekeen kopuruko kondena.

2. Demandatuak bere defentsarako alegatzen baditu negozioaren erabateko deuseztasuna eragin duten egitateak, eta horietan oinarritzen badira auzi-jartzailearen uzia edo uziak, eta demandan negozio horren baliozkotasuna jakinekotzat hartu bada, auzi-jartzaileak eska diezaioke auzitegiari, eta berorrek hala aginduko du probidentzia bitartez, deuseztasun-alegazio horri erantzutea errekonbentzioaren erantzunerako ezarri epe berean.

3. Azkenean ematen den epaian ebatzi beharko dira artikulu honen aurreko paragrafoetan aipatu gaiak, eta gai horiei buruzko epaiaren erabakiek gauza epaituaren indarra izango dute.

409. artikulua.

Erantzuneko eta errekonbentzioko uzien gauzatzea eta horien gain erabakitzea

Demandatuak erantzunean eta, hala denean, errekonbentzioan eskatu uziak gauzatu eta ebatziko dira, demanda nagusiaren objektu diren uziak gauzatu eta ebazteko une eta modu berean.

3. ATALA

Prozesua erabakitzeko dagoelako ondoreak

410. artikulua.

Auzibitartearen hasiera

Auzibitartea, beraren prozesu-ondore guztiekin, demanda noiz jarri eta orduan gertatzen da, baldin eta demanda hori geroago onartzen bada.

411. artikulua.

Jurisdikzioaren iraunkortasuna

Prozesua hasi ondoren gertatu aldaketak alderdien egoitzari, auzigaiaren egoerari eta epaiketaren objektuari buruzkoak badira, aldaketa horiek ez dituzte jurisdikzioa eta eskumena aldatuko; jurisdikzioa eta eskumena zehaztuko dira, auzibitartearen hasierako unean zer egiaztatu eta horren arabera.

412. artikulua.

Demanda aldatzeko debekua eta aldarazpen onargarriak

1. Demandan, erantzunean, eta, hala denean, errekonbentzioan ere, prozesuaren objektua zehaztu ondoren, alderdiek ezin izango dute hori gerogarrenean aldatu.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa ulertuko da, alegazio osagarriak aurkezteko ahalmenari kalterik egin gabe, lege honetan ezarritakoaren arabera.

413. artikulua.

Auziaren funtsari buruzko epaian, inguruabarren aldaketak duen eragina. Prozesutik kanpoko betetzea. Interes legitimoa galtzea

1. Ez dira epaian kontuan izango epaiketa hasi eta gero alderdiek edo hirugarrenek sartu berrikuntzak, horiek demandaren, eta, hala denean, errekonbentzioaren jatorrian izandako gauza edo pertsonen egoerari buruzkoak badira. Salbuespen gisa hartu behar da berrikuntzak behin betiko desagerraraztea demandan edo errekonbentzioan eskatu uzien interes legitimoa, uziok prozesutik kanpo edo beste edozein arrazoirengatik bete izan direlako.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, uziek euren interes legitimoa galdu badute, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

II. KAPITULUA

Epaiketa baino lehenagoko entzunaldia

414. artikulua.

Entzunaldiaren helburua, prozesu-unea eta subjektu parte- -hartzaileak

1. Demandari, eta, hala denean, errekonbentzioari erantzun ondoren, edo kasuan kasuko epeak igaro ondoren, auzitegiak, hiru eguneko epean, alderdiei deituko die entzunaldira, entzunaldi hori deialdia noiz egin eta handik hogei egunetako epera egin beharko da.

Entzunaldi hori gauzatu behar da, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, zertarako eta prozesuarekin amaituko duen alderdien arteko hitzarmena edo transakzioa lortzen saiatzeko, prozesuak aurrera egitea edota prozesuaren objektuari buruzko epaiarekin amaitzea oztopa dezaketen prozesu- -arazoak aztertzeko, objektu hori eta alderdien artean gatazka eragiten duten egitezko edo zuzenbideko gaiak zehatz finkatzeko, eta, hala denean, froga proposatu eta onartzeko.

2. Alderdiak abokatuaren laguntzarekin agertu behar dira entzunaldian.

Konponketa edo transakzioa lortzen saiatzeko, alderdiak euren kabuz agertzen ez badira, baizik eta euren prokuradorearen bidez, prokuradore horri eman beharko diote uko egiteko, amore emateko edo transakzioa egiteko ahalordea.

Alderdiok euren kabuz agertzen ez badira edo ahalorde hori ematen ez badute, entzunaldian ez agertutzat joko dira.

3. Alderdietako bat ere ez bada agertzen entzunaldian, akta jasoko da hori agerraraziz, eta auzitegiak, besterik gabe, prozesuaren largespen-autoa emango du, jarduna artxibatzeko aginduz.

Halaber, entzunaldian demandatua bakarrik agertzen bada, prozesua largetsiko da, baldin eta demandatu horrek ez badu prozesuarekin jarraitzeko interes legitimorik alegatzen.

Demandatua bada agertu ez dena, entzunaldia auzi- -jartzailearekin egingo da, bidezko den horretan.

4. Demandatzailearen abokatua entzunaldian agertzen ez bada, prozesua largetsiko da, salbu eta demandatuak prozedurarekin jarraitzeko interes legitimoa alegatzen duenean, auziaren funtsari buruzko epaia eman dadin.

Demandatuaren abokatua agertzen ez bada, entzunaldia auzi-jartzailearekin egingo da, bidezko den horretan.

415. artikulua.

Adiskidetzea edo transakzioalortzen saiatzea. Largespena, alde biko atzera egitearengatik. Hitzarmenaren homologazioa eta eragingarritasuna

1. Behin alderdiak agertuta, auzitegiak adieraziko du ekitaldia irekita dagoela eta euren artean oraindik auzia badela egiaztatuko du.

Alderdiek adierazten badute ados jarri direla edo berehala adostasuna lortzeko prest daudela, alderdiok prozesuan atzera egin dezakete edo auzitegiari eska diezaiokete hitzarmenaren homologazioa.

Halakoetan, auzitegiak aurretiaz aztertuko ditu gaitasun juridikoaren eta xedatze-ahalmenaren betekizunak ematen diren, ekitaldian zein alderdi edo behar bezala egiaztatutako ordezkari agertu eta horien inguruan.

2. Epaiketan homologatutako hitzarmenak izango ditu legeak epaiketa bidezko transakzioari eratxiki ondoreak, eta hitzarmen hori gauza daiteke, epaiak eta epaiketan onartutako hitzarmenak betearazteko izapideen bidez.

Hitzarmena aurkara daiteke, transakzio judizialarentzat ezarri arrazoiengatik eta moduan.

3. Alderdiek hitzarmenik lortu ez badute edo hori berehala lortzeko prest ez badaude, entzunaldiak aurrera egingo du, ondorengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

416. artikulua.

Prozesu-arazoak aztertu eta ebaztea, jurisdikzio eta eskumenari buruzkoak izan ezik

1. Alderdien arteko adostasuna lortzen ez bada, auzitegiak ebatziko du, ondorengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, prozesuak modu egokian aurrera egitea eta edukiaren gaineko epai bidez amaitzea oztopa dezaketen inguruabarrei buruz, eta, batez ere, ondorengoei buruz:

1.) Auzilarien gaitasunik eza edo ordezkaritzarik eza, horretarako mota ezberdinak kontuan hartuz;

2.) Gauza epaitua edo auzibitartea;

3.) Beharrezko auzikidetzarik eza;

4.) Prozeduraren egokitasunik eza;

5.) Demanda, edo, hala denean, errekonbentzioa proposatzeko moduan, legezko akatsa, argitasunik edo zehaztasunik ez izateagatik alderdiak zehaztean edo eskaeran.

2. Entzunaldian, demandatuak ezin du aurkaratu auzitegiaren jurisdikziorik edo eskumenik eza; halakoak deklinatoria- forman proposatu behar izan zituen demandatuak, lege honen 63. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa ulertuko da, auzitegiak, ofizioz, bere jurisdikziorik edo eskumenik eza aintzat hartzearen inguruan legean ezarritakoari kalterik egin gabe.

417. artikulua.

Prozesu-arazoak aztertzeko hurrenkera eta horien inguruko ebazpena

1. Entzunaldia aurreko artikuluan aipatu inguruabar batzuen ingurukoa bada, horiek aztertu eta ebatziko dira, ondorengo artikuluetako hurrenkerari jarraituz.

2. Aurreko artikuluaren arazo eta inguruabarrak bat baino gehiago badira, eta guztiak ere entzunaldiaren objektu, orduan auzitegiak, entzunaldiaren hurrengo bost egunetan, auto berean erabakiko du entzunaldian bertan ahoz ebatziko ez dituen arazo eta inguruabar guztien inguruan, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

418. artikulua.

Gaitasun edo ordezkaritzari buruzko akatsak. Akats horiek ez ongitzeak edo ez zuzentzeak dituen ondoreak. Auzi-ihesaren adierazpena

1. Demandatuak erantzunean edo auzi-jartzaileak entzunaldian alegatzen baditu gaitasun edo ordezkaritzari buruzko akatsak, eta horiek ongitzeko edo zuzentzeko modukoak badira, berehala ongitu edo zuzenduko dira; eta une horretan ezin bada halakorik egin, horretarako hamar eguneko epea emango da gehienez, bien bitartean entzunaldia eten eginez.

2. Gaitasun edo ordezkaritzari buruzko akatsa edo hutsunea ongitu edo zuzendu ezin bada, edo hori ongitu edo zuzentzen ez bada horretarako emandako epean, entzunaldia amaitutzat joko da, eta prozesua amaitzeko autoa emango, artikulu honen hurrengo paragrafoan xedatutakoa salbuetsita.

3. Ongitu ez den akatsak ukitzen badu demandatua forma egokiz bertaratzea, demandatu hori auzi-ihesean dagoela adieraziko da, eta berak gauzatu jarduna ez da auzi-paperetan agerraraziko.

419. artikulua.

Akzioen metaketa onartzea

Gaitasun eta ordezkaritzari buruzko arazoak eragin eta, hala denean, ebatzi ondoren, demandan akzio batzuk metatu badira, eta demandatua bere erantzunean metaketa horren aurka jarri bada zioak emanez, orduan auzitegiak, entzunaldian bertan, ahoz ebatziko du, aurretiaz auzi-jartzailea entzunez, metaketaren bidezkotasun eta onargarritasunaren inguruan.

Entzunaldiak eta prozesuak aurrera egingo dute, ebazpen judizialaren arabera, prozesuaren objektu izan daitekeen edo daitezkeen akzio edo akzioei dagokienez.

420. artikulua.

Auzia borondatez osatu ahal izatea. Ebazpena, beharrezko auzikidetzari buruzko kasu eztabaidagarrietan

1. Demandatuak erantzunean beharrezko auzikidetzarik eza alegatu badu, entzunaldian auzi-jartzaileak idazkia aurkez dezake, egoki diren kopiekin, demandatuaren ustez bere auzikide izan behar diren horiei demanda zuzenduz. Auzitegiak auzikidetzari bidezko baderitzo, hala adieraziko du, beste demandatu horiek epatzeko aginduz, horiek demandari erantzun diezaioten; halakoetan, entzunaldia eten egingo da.

Demandatzaileak, auzikideei demanda zuzentzean, hasierako demandan alegatutakoari gehi diezazkioke, bakarrik, beste demandatu horien aurkako uziak justifikatzeko ezinbesteko diren alegazioak, eskatzeko arrazoia funtsez aldatu gabe.

2. Auzi-jartzailea auzikidetzarik ezaren aurka jartzen bada, berori demandatuak alegatu izan du, auzitegiak alderdiak entzungo ditu gai horretaz, eta, gaiaren zailtasunaren arabera komenigarri bada, auto bidez horren inguruan ebatz dezake, auto hori entzunaldia egin denetik hurrengo bost egunetako epean eman beharko dela.

Edozein kasutan, entzunaldiak aurrera egin behar du, bere gainerako helburuak direla eta.

3. Auzitegiak ulertzen badu auzikidetza bidezkoa dela, auzi-jartzaileari emango dio hori eratzeko egoki deritzon epea; epe horrek gutxienez hamar egunekoa izan behar du.

Beste demandatu horiek demandari erantzun diezaiokete, 404. artikuluan ezarri epean, bien bitartean, jardunaren bidea eten egingo da, hasierako demandatzaile eta demandatuarentzat.

4. Auzi-jartzaileari auzikidetza eratzeko eman epea igaro bada eta auzijartzaile horrek ez baditu ekarri beste demandatu horientzat demandaren eta agiri eratxikien kopiak, prozesua amaituko da, eta jardunaren behin betiko artxiboari ekingo zaio.

421. artikulua.

Ebazpena, auzibitartearen edo gauza epaituaren kasuetan

1. Auzitegiak aintzat hartzen badu beste epaiketa bat erabakitzeko dagoela edo objektu berari buruzko epai irmoa badela, 222. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan xedatutakoaren arabera, orduan entzunaldia amaitutzat joko du, eta, hurrengo bost eguneko epean, largespen- autoa emango du.

Hala ere, prozesua ez da largetsiko, baldin eta, 222. artikuluko 4. paragrafoaren arabera, aurreko epai irmoaren ondorea loteslea bada, ondorengo prozesuaren gaineko ardura duen auzitegiarentzat.

2. Auzitegiak ulertzen badu auzibitarterik edo gauza epaiturik ez dagoela, berehala hala adieraziko du hori, zioak emanez, eta entzunaldiak aurrera egitea erabakiko du, bere gainerako helburuak direla eta.

3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, auzibitartearen edo gauza epaituaren inguruan eragin arazoen zailtasunarengatik komeni bada, arazoon inguruan auto bidez ere ebatz dezake auzitegiak, entzunaldiaren hurrengo bost egunetan; entzunaldiak, edozein kasutan, aurrera egingo du bere gainerako helburuak direla eta.

Egitezko arazoren baten inguruan ebaztea beharrezkoa bada, aipatu epean gauzatuko da auzitegiak agindutako jardun egokia.

422. artikulua.

Ebazpena, muntaren ondorioz prozedura egokia ez izateagatik

1. Demandaren erantzunean alegatu bada prozedura desegokia dela, eta alegazio horren oinarria bada auzigaiaren balioari buruz dagoen desadostasuna, edo demandaren interes ekonomikoa legezko erregelen arabera zenbatzeko era, orduan auzitegiak alderdiak entzungo ditu entzunaldian, eta berehala bidezkoa dena ebatziko du; horrelakoetan, auzitegiak, hala denean, eutsiko dio alderdiek auzigaiaren balioaren inguruan lor dezaketen hitzarmenari.

2. Auzigaiaren balioari buruz hitzarmenik lortzen ez bada, auzitegiak, entzunaldian bertan, bidezkoa dena erabakiko du, ahoz eta zioak emanez. Horretarako, kontuan izango ditu alderdiek ekarri agiriak, txostenak eta balioa zenbatzeko erabilgarri izan daitezkeen osagaietatik beste edozein.

Hitzezko epaiketaren izapideak jarraitzea bidezkoa bada, entzunaldia amaituko da, alderdiei epaiketa horren ikustaldirako zitazioa eginez. Hori egingo da, salbu eta demanda jarri denean legeak, gaiaren ondorioz, ezarri iraungitze-epetik kanpo;

kasu horretan, prozesuaren largespena adieraziko da.

423. artikulua.

Ebazpena, gaiaren ondorioz prozedura egokia ez izateagatik

1. Prozedura desegokia dela alegatu eta alegazio horren oinarria bada prozesuaren objektu den gaia, auzitegiak, entzunaldian alderdiak entzun ondoren, berehala erabaki dezake zioak emanez, bidezkotzat jotzen duena; eta, alegazioa oinarririk ez duela uste badu, entzunaldiak aurrera egingo du, horren gainerako helburuak direla eta.

2. Halaber, auzitegiak erabaki dezake, auziaren zailtasunaren arabera komenigarri bada, jarraitu beharreko prozeduraren inguruan bidezkoa dena, entzunaldiaren hurrengo bost egunetan; halakoetan, entzunaldiak aurrera egingo du, horren gainerako helburuak direla eta.

3. Prozedura egokia hitzezko epaiketa bada, hori adieraztean alderdien ikustaldirako zitazioa aginduko da. Hori egingo da, salbu eta demanda jarri denean legeak, gaiaren ondorioz, ezarri iraungitze-epetik kanpo;

kasu horretan, prozesuaren largespena adieraziko da.

Halaber, largespena aginduko da, baldin eta, legeek, gaiaren ondorioz, demanda onartzeko zein baldintza berezi galdatu eta horiek bete ez badira ikustaldiaren hasieran.

424. artikulua.

Jarduera eta ebazpena, demanda akastunaren kasuan

1. Demandatuak, demandari erantzuna ematean, alegatzen badu alderdiak zehaztean edo eskatu uzietan demanda argia edo zehatza ez dela, edota auzi-jartzaileak entzunaldian akats horiek alegatzen baditu erantzunari edo errekonbentzioari dagokionez, edota, ofizioz, auzitegiak akats horietatik bat aintzat hartzen badu, orduan auzitegiak entzunaldi-ekitaldian onartuko ditu argibide eta zehaztasun egokiak.

2. Argibideak eta zehaztasunak aurkezten ez badira, auzitegiak auziaren largespena aginduko du, bakarrik, erabat ezinezkoa denean auzi-jartzailearen uziak, edo, hala badagokio, demandatuarenak errekonbentzioan zehaztea, edota uziak zein subjektu juridikoren aurka aurkeztu diren zehaztea.

425. artikulua.

Erabaki judiziala, prozesu-inguruabarrak esanbidez xedatutakoen antzekoak direnean

Ofizioz alegatu edo adierazitako inguruabarrak ebatziko dira, horiek 416. artikulukoak ez badira, inguruabarron antzekoak direnentzat manu hauetan ezarri erregelen bidez.

426. artikulua.

Alegazio osagarri eta argigarriak. Uzi osagarriak. Demanda eta erantzunaren ostean gertatutako edo jakindako egitateak. Gai horien inguruan agiriak aurkeztea

1. Entzunaldian, auzilariek alegazio osagarriak egin ditzakete, euren idazkietan azaldu uziak edo uzion oinarriak funtsez aldatu gabe, eta aurkako alderdiak adierazitakoa kontuan izanik.

2. Halaber, alderdiek argi ditzakete aurkeztu alegazioak, eta zuzen ditzakete euren uzietan funtsezko ez diren gaiak, uziok eta euren oinarriak aldatzen ez badituzte.

3. Alderdi batek bere idazkietan zein eskaera aurkeztu eta eskaera horiekin erantsia edo osagarria den eskaeraren bat gehitu nahi badu, gehitze hori onartuko da, baldin eta aurkako alderdia horrekin ados badago.

Aurkako alderdia horren aurka jartzen bada, auzitegiak erabakiko du gehitze horren onargarritasunaren inguruan. Halakoetan, gehitzea aginduko da, bakarrik, auzitegiak ulertzen badu entzunaldian berori planteatzeak ez duela eragotziko aurkako alderdiak bere defentsa-eskubidea berdintasun-egoeran egikaritzea.

4. Demanda edo erantzunaren ondoren, auziko alderdien uziak oinarritzeko garrantzitsu den egitateren bat gertatzen bada, edo alderdiek horrelako ezaugarriak dituen egitateren baten berri orduan izaten badute, entzunaldian alega dezakete hori.

Egitate berria edo jakinberria alegatzean, 286. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da.

5. Entzunaldiko ekitaldian, alderdiek agiri eta irizpenak ekar ditzakete, horiek justifikatzen badira artikulu honen aurreko paragrafoetan zein alegazio osagarri, zuzenketa, eskaera, eransketa eta egitate berri aipatu eta horiek kontuan izanik.

Agiri horiek aurkeztean aplikatuko da, euren mota kontuan izanda, lege honen 267 eta 268. artikuluetan xedatutakoa.

6. Halaber, auzitegiak alderdiei agindeia egin diezaieke, euren demanda- edo erantzun-idazkietako egitate eta argudioei buruz beharrezko argibideak edo zehaztasunak eman ditzaten.

Argibide edo zehaztasunok egiten ez badira, auzitegiak alderdiei ohartaraziko die, alderdion aurka zein egitate eta argudio aurkeztu, eta horiekin alderdiok ados daudela uler dezakeela auzitegiak.

427. artikulua.

Alderdien jarrera, aurkeztu agiri eta irizpenei begira

1. Entzunaldian, alderdi bakoitzak bere iritzia emango du, aurkako alderdiek ordu arte ekarri agiriei buruz. Halakoetan, alderdi bakoitzak adieraziko du agiriok onartu edo aurkaratu nahiz aitortu edota, kasuan-kasuan, horien kautotasunari buruzko froga proposatzen duen.

2. Alderdiek, hala denean, adieraziko dute ordu arte aurkeztu aditu-irizpenen inguruan euren eskubideei komeni zaiena, irizpenok onartuz, kontrakoa esanez edo zehaztu gaietan horien zabaltzea proposatuz.

Halaber, euren iritzia emango dute, 265. artikuluaren 1. paragrafoko 5. zenbakiaren arabera ekarri txostenei dagokienez.

3. 426. artikuluko lehen hiru paragrafoetan aipatu alegazio edo uziek alderdiren batean edo guztietan eragiten badute aditu-irizpenen bat prozesura ekartzeko beharra, alderdiok berori egin dezakete, 338. artikuluko bigarren paragrafoan zehaztu epean.

4. Aurreko paragrafoaren kasu berean, entzunaldian agertu alderdiek eska dezakete, entzunaldian bertan, borondatez izendatu adituaren irizpena ekarri ordez, irizpena emango duen aditua auzitegiak izendatzea.

Eskabide hori ebatziko da, lege honen II. Liburuko I. tituluaren VI. kapituluko 5. atalean xedatutakoaren arabera.

428. artikulua.

Egitate eztabaidagarriak finkatzea eta berehalako epaia eman ahal izatea

1. Hala denean, entzunaldiak aurrera egingo du, alderdiek edo euren defendatzaileek, auzitegiarekin batera, finka ditzaten auzilariek adostutako egitateak eta adostu ez dituztenak.

2. Eztabaidaren objektua kontuan izanik, auzitegiak alderdiei edo euren ordezkari eta abokatuei aholka diezaieke auzia amaituko duen hitzarmen batera heltzea. Kasuan-kasuan, lege honen 415. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

3. Alderdiek, aurreko paragrafoaren arabera, auzia hitzarmen bitartez amaitzen ez badute, baina egitate guztiekin ados badaude, eta desadostasuna arazo juridikoei begira gertatzen bada, auzitegiak epaia emango du, entzunaldia zein egunetan amaitu eta egun horren biharamunetik hogei egunetan.

429. artikulua.

Froga proposatu eta onartzea. Epaiketaren data zehaztea

1. Auzia amaitzeko alderdien arteko hitzarmenik ez badago edo egitateen inguruan adostasunik ez badago, entzunaldiak aurrera egingo du froga proposatu eta onartzeko.

Auzitegiak ulertzen badu ez direla nahiko alderdiek egitate eztabaidagarriak argitzeko proposatu frogak, orduan hori adieraziko die alderdiei, bere ustez froga askiezak ukitu ahal dituen egitateak zehaztuz.

Adierazpen hori egitean, auzitegiak adieraz ditzake, orobat, gauzatzeko egokitzat jotako froga edo frogak, auzi-paperek zein froga-osagai ondorioztatu eta horiek bakarrik kontuan izanda.

Aurreko lerrokadan aipatu kasuan, alderdiek osa edo alda ditzakete euren froga-proposamenak, auzitegiak adierazitakoa kontuan izanik.

2. Froga egoki eta erabilgarriak onartu ondoren, auzitegiak epaiketaren data zehaztuko du, entzunaldia noiz bukatu eta hilabeteko epean gauzatu beharko dela.

3. Alderdiak hala eskaturik, froga guztia edo gehiena gauzatu behar bada auziaren gaineko ardura zein auzitegik izan eta horrek egoitza duen tokitik kanpo, auzitegiak agin dezake epaiketa bi hilabeteko epean gauzatzea.

4. Epaiketa-ekitaldian gauzatu behar ez diren frogak, hori baino lehen burutuko dira.

5. Alderdiek adierazi beharko dute epaiketan zein lekuko eta aditu aurkezteko konpromisoa hartu duten, eta zein zitatu beharko duen auzitegiak.

Zitazioa entzunaldian aginduko da, eta berori behar besteko aurrerapenarekin gauzatuko da.

Halaber, alderdiek adierazi beharko dute euren ustez zein adierazpen eta galdeketa gauzatu behar diren laguntza judizialaren bitartez.

Auzitegiak horren inguruan bidezkoa dena ebatziko du, eta laguntza judiziala eskatu behar dela uste badu, berehala aginduko du exhorto egokiak igortzea; halakoetan, alderdiei hiru eguneko epea emango zaie, horiek, beharrezkoa bada, galderen zerrenda aurkez dezaten.

Edozein kasutan, exhorto horiek ez badira betetzen, horrek ez du epaiketa-ekitaldia etengo.

6. Ez da beharrezkoa izango alderdiei epaiketarako zitazioa egitea, baldin eta alderdiok epaiketa aurreko entzunaldian agertu badira, dela euren kabuz, dela euren prokuradorearen bitartez.

7. Salbuespen gisa eta zioak emanez, eta onartutako frogak kontuan izanda, aurreikus badaiteke epaiketa ezin izango dela amaitu zehaztu egunean eta saio batekin, zitazioan hala adieraziko da, eta bertan zehaztuko da hurrengo saioa edo saioak ondorengo egunean edo egunetan edo beste batzuetan gauzatuko diren; halakoetan, beti adieraziko da epaiketako saioen hasierako ordua.

8. Onartutako froga bakarra agiriena bada, eta agiriok epaiketara ekarri izan badira aurkaratuak izan gabe, edo adituen txostenak aurkeztu badira eta alderdiek edo auzitegiak ez badute eskatu adituok epaiketan agertzea euren txostena berresteko, orduan auzitegiak epaia emango du, entzunaldia noiz amaitu eta hogei egunera, epaiketa aldez aurretik egin gabe.

430. artikulua.

Epaiketarako beste data zehazteko eskaera egitea

Epaiketa-ekitaldira joan behar dutenetatik edozein ezin bada horretan agertu, ezinbesteko kasuaren ondorioz edo antzeko garrantzia duten zioetatik beste edozeinen ondorioz, eska dezake epaiketarako beste data bat zehaztea.

Eskabide hori 183. artikuluan xedatutakoaren arabera gauzatu eta ebatziko da.

III. KAPITULUA

Epaiketa

431. artikulua.

Epaiketaren helburua

Epaiketaren helburua da alderdien adierazpen-frogak, lekuko-frogak, adituen ahozko eta kontraesaneko txostenak, epailearen azterketa, hala denean, eta hitzak, irudiak eta soinuak erreproduzitzeko frogak gauzatzea.

Halaber, behin frogak gauzatu ondoren, epaiketan aurkeztuko dira haiei buruzko ondorioak.

432. artikulua.

Alderdiak agertzea eta ez agertzea

1. Zein galdeketa onartu eta horretan alderdiek beren kabuz parte hartzeari kalterik egin gabe, alderdiak epaiketan agertuko dira, prokuradoreak ordezkatuta eta abokatuaren laguntzarekin.

2. Alderdietatik edozein epaiketan agertzen ez bada, akta jasoko da hori agerraraziz, eta auzitegiak besterik gabe adieraziko du auzia epaia emateko moduan dagoela.

Alderdietako bat bakarrik agertzen bada, epaiketari ekingo zaio.

433. artikulua.

Epaiketa-ekitaldia garatzea

1. Epaiketa hasiko da, onartu frogak gauzatuz, 299. artikulu eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera; hala ere, frogaren bat lortzean edo horren jatorrian, oinarrizko eskubideak hautsi direlako zalantza sortu bada edo sortzen bada, orduan lehenengo arazo hori ebatziko da.

Halaber, frogak gauzatu baino lehen, aurretiazko entzunaldiaren ondoren gertatutako edo jakindako egitateak alegatu badira edo alegatzen badira, orduan alderdiak entzuteari eta 286. artikuluan aipatu frogak proposatu eta onartzeari ekingo zaio.

2. Frogak gauzatu ondoren, alderdiek ahoz aurkeztuko dituzte egitate eztabaidatuen inguruan euren ondorioak, eta era antolatu, argi eta zehatzean azalduko dute, euren ustez, egitate garrantzitsuak onartuak izan diren edo izan behar duten eta, kasuan-kasuan, horiek frogatuak izan diren edo izan behar duten, edota zehaztugabeak diren edo izan behar duten.

Helburu horretarako, alderdi bakoitzak egingo du egitate horien inguruan gauzatu froga bakoitzaren laburpena, eta, kasuan-kasuan, epaiketaren auzipaperei igorpen xehea egingo zaie.

Egitateren bat presuntzio bidez egiazkoa dela ulertu behar bada, hala adieraziko dute alderdiok, euren irizpena oinarrituz.

Halaber, zalantzazkotzat jotzen dituzten egitateen inguruan froga-zamak zer ondorioztatu eta hori alega dezakete alderdiok.

Frogen emaitzari buruz eta presuntzioei edo froga-zamari buruz, alderdi bakoitza hasiko da beraren uzien alde alegatu egitateekin, eta berak jarraituko du, aurkako alderdiak alegatu egitateekin zerikusia duenarekin.

3. Egitate eztabaidagarrien ondorioak aurkeztu ondoren, alderdi bakoitzak txostena egin dezake, bere uzien oinarri diren argudio juridikoei buruz, eta uziok ezin dira une horretan aldatu.

4. Auzitegiak kasuari dagokionez bere burua nahiko jakitun ikusten ez badu, aurreko paragrafoetan aipatu ondorioztapen eta txostenei begira, orduan hitza emango die alderdiei, alderdiok informazioa eman dezaten, auzitegiak beharrezko jotzen duen beste aldiz, eta berak adierazi arazoen inguruan.

IV. KAPITULUA

Epaia

434. artikulua.

Epaia

1. Epaia emango da, epaiketa noiz amaitu eta hurrengo hogei egunetan.

2. Epaia emateko epean eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, azken eginbideak agintzen badira, epaia emateko epea eten egingo da.

435. artikulua.

Azken eginbideak. Bidezkoak izatea

1. Alderdiak hala eskaturik bakarrik agin dezake auzitegiak, auto bidez, azken eginbide gisa, froga-jarduna gauzatzea, honako erregela hauen arabera:

1.) Ez dira gauzatuko, azken eginbide gisa, alderdiek garaiz eta behar bezala proposatu ahal izan dituzten frogak; horren barne dira 429. artikuluko 1. paragrafoan aipatu auzitegi-adierazpenaren ostean proposatu ahal izan direnak.

2.) Froga zein alderdik proposatu eta horren esku ez dauden arrazoiengatik, onartutako frogetatik bat ezin izan denean gauzatu.

3.) Halaber, froga egoki eta erabilgarriak onartu eta gauzatuko dira, horiek 286. artikuluan xedatutako egitate berri edo jakinberriei buruzkoak badira.

2. Salbuespen gisa, auzitegiak agin dezake, ofizioz edo alderdiak hala eskaturik, egitate garrantzitsuei buruzko frogak berriro gauzatzea, horiek garaiz alegatu badira, eta aurretiazko froga-jarduna ez bada ondorio-sortzaile izan, jada desagertu diren, eta alderdien borondate eta arretarekin zerikusia ez duten inguruabarrengatik. Halakoetan, zio oinarridunak izan behar dira, jardun berriak egitate horiei buruzko egiazkotasuna eskuratzea ahalbidetuko duela uste izateko.

Kasu horretan, eginbideak gauzatzea zein autotan agindu eta horretan xehetasunez adierazi behar dira inguruabar eta zio horiek.

436. artikulua.

Azken eginbideak gauzatzeko epea. Geroko epaia

Aurreko artikuluetan zer xedatu eta horren arabera agindu eginbideak gauzatuko dira hogei eguneko epean, legean mota horretako frogetarako ezarritakoaren arabera.

Eginbideok gauzatu ondoren, alderdiek, bost egunetan, idazkia aurkez dezakete, eginbideon emaitza laburtuz eta balioetsiz.

2. Epaia emateko hogei eguneko epea berriz zenbatzen hasiko da, aurreko paragrafoan aipatu idazkia alderdiek aurkezteko duten epea igaro ondoren.

III. TITULUA

HITZEZKO EPAIKETA

437. artikulua.

Demandaren forma

1. Hitzezko epaiketa demanda laburraren bidez hasiko da; demanda horretan jasoko dira auzi-jartzailearen eta demandatuaren identifikazio-datu eta -ezaugarriak, eta horiek zitatzeko egoitza edo egoitzak, eta eskatutakoa argi eta zehatz adieraziko da.

2. 900 eurotik beherako kopurua duten hitzezko epaiketetan, demandatzaileak demanda jar dezake, ondore horretarako dauden inprimaki normalizatuak betez; inprimakiok haren esku egongo dira kasuan kasuko auzitegian.

3. Demandan eskatzen bada hiri-finkatik errentaria botatzea, errentatzaileari zordundutako errentak edo kopuruak ez ordaintzeagatik, demandatzaileak iragar dezake, demandan bertan, errentariari zor guztia edo zati bat eta kostuak barkatzea; halakoetan, barkatze hori baldintzatuta dago adierazi epean borondatezko irtenaraztera, epe hori demanda jakinarazi eta hilabetekoa gutxienez izan behar dela.

438. artikulua.

Errekonbentzioa, eta akzioen metaketa objektibo eta subjektiboa

1. Ez da errekonbentziorik onartuko, legearen arabera gauza epaituaren ondorerik gabe amaitu behar diren hitzezko epaiketetan.

Hitzezko gainerako epaiketetan, errekonbentzioa onartuko da, bakarrik, hori auzi-jartzaileari jakinarazten bazaio ikustaldia baino bost egun lehenago gutxienez, hitzezko epaiketan bidegabe izatea ez badakar, eta errekonbentzioko uzien eta demanda nagusiko uzien artean lotura badago.

2. Hitzezko epaiketetan, demandatuak alegatzen badu konpentsa daitekeen kreditua, hori jakinarazi beharko dio auzi-jartzaileari, ikustaldia baino bost egun lehenago gutxienez.

Konpentsa daitekeen kredituaren inguruan, hitzezko epaiketarekin jarraitu ahal izateko munta baino handiagoa bada demandatuaren alegazioa, auzitegiak alegazio hori egin ez dela ulertuko du, demandatuari hala ohartaraziz, horrek bere eskubidea auzitegi eskudunean eta izapide egokiak erabiliz balia dezan.

3. Hitzezko epaiketetan, ez da akzioen metaketa objektiborik onartuko, salbuespen hauek izan ezik:

1.) Egitate berberetan oinarritu akzioen metaketa, baldin eta hitzezko epaiketak bidezkoa izaten jarraitzen badu.

2.) Kalte-galeren ordaina emateko akzioa beste akzio bati metatzean, beste akzio hori hura epaitu aurrekoa bada.

3.) Errentei edo antzeko munta muga-eguneratu eta ez ordainduei buruzko erreklamazioen akzio-metaketa, ordainketarik ezaren ondorioz finkatik maizterra botatzeko epaiketetan, eskatutako kopurua kontuan izan gabe*.

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuaren arabera, hitzezko epaiketetan akzioak metatzeko gehieneko kopurua 500 000 pezetakoa (300 eurokoa) da.

4. Subjektu batek subjektu anitzen aurka edo subjektu anitzek subjektu baten aurka dituzten akzioak meta daitezke, lege honen 72. artikuluko eta 73. artikuluko 1. paragrafoko eskakizunak betetzen badira.

439. artikulua.

Demanda ez onartzea kasu berezietan

1. Ez dira demandak onartuko, baldin eta horiekin edukitza atxiki edo berreskuratu nahi bada eta demanda horiek aurkeztu badira, nahasmendu- edo kentze-egintza noiz gertatu eta urte bateko epean.

2. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 7. zenbakiaren kasuetan, ez dira demandak onartuko honako kasu hauetan:

1.) Demandetan azaldu ez badira eman beharreko epaiaren eragingarritasuna ziurtatzeko beharrezkotzat jotako neurriak.

2.) Demandatzailearen uko-egitea salbuetsiz, uko-egite hori demandan azalduko dela, demandan adierazten ez bada 64. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren lerrokadaren arabera demandatuak eman beharreko kauzioa, berori agertu eta erantzuten duen kasurako; hori egingo da, demandatuak behar ez bezala jaso dituen fruituez, sortu dituen kalte-galerez eta epaiketaren kostuez erantzuteko.

3.) Demandari batu ez bazaio Jabetza Erregistroaren hitzez-hitzezko ziurtagiria, bertan beren beregi agerraraziz, aurkakotasunik gabe, demandatzailea legitimatzen duen idazkunaren indarraldia.

3. Ez dira onartuko hiri-finkatik errentaria botatzeko demandak, errentari horrek zor dituen errentak edo kopuruak ez ordaintzeagatik, baldin eta errentatzaileak adierazten ez baditu kasu horretan maizter-botatzea ezerezean uztea ahalbide dezaketen inguruabarrak.

4. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 10 eta 11. zenbakien kasuetan, egikaritutako akzioaren oinarria bada ondasun higigarrien eperako salmenta-kontratua ez betetzea, orduan ez dira demandak onartuko, demandarekin batera ez bada aurkezten zordunari egindako ordainketa- agindeiaren egiaztapena, ordaindu ez delako eta ondasuna eman ez delako eginbidearekin, Ondasun Higigarrien Eperako Salmenta Legearen 16. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera; demandarekin batera aurkeztu behar da, orobat, ondasunok Ondasun Higigarrien Eperako Salmenta Erregistroan inskribatzeko ziurtagiria, ondasunok erregistro horretan inskriba badaitezke.

Finantza-errentamenduaren kontratua ez betetzean oinarritutako akzioak egikaritzen badira, ez dira demandak onartuko, horiei batu ez bazaie zordunari egindako ordainketa-agindeiaren egiaztapena, ordaindu ez delako eta ondasuna eman ez delako eginbidearekin, Ondasun Higigarrien Eperako Salmenta Legearen lehen xedapen gehigarriko hirugarren paragrafoan xedatutakoaren arabera.

5. Halaber, hitzezko epaiketaren demandak ez dira onartuko, horiek betetzen ez badituzte legeetan kasu berezietarako ezarri onargarritasun-baldintzak.

440. artikulua.

Demanda laburra onartu eta helaraztea, eta ikustaldirako zitazioa

1. Auzitegiak, bost eguneko epean, bere jurisdikzioa eta eskumen objektiboa, eta, hala denean, lurralde-eskumena aurretik aztertuta, autoa emango du. Auto horretan aginduko du, kasuan-kasuan, demanda onartzea eta demandatuari berori helaraztea, eta alderdiei ikustaldirako zitazioa egingo die, eguna eta ordua adieraziz; halakoetan, hamar egun gutxienez eta hogei egun gehienez izan behar dira, zitazio egunaren biharamunean eta ikustaldiaren artean.

Zitazioan agerrarazi behar da ikustaldia ez dela etengo demandatua bertan ez agertzeagatik, eta auzilariei ohartaraziko zaie baliatu nahi dituzten frogabideekin agertu behar direla, bertan ohartaraziz, auzilariok agertzen ez badira, eta euren adierazpena proposatu eta onartu bada, galdeketaren egitateak onartutzat jo daitezkeela, 304. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Halaber, demandatzaileari eta demandatuari ohartaraziko zaie, horiek ikustaldian ez agertze-kasurako 442. artikuluan xedatutakoarekin.

Zitazioan ere alderdiei adieraziko zaie, zitazioa noiz jaso eta hurrengo hiru egunetako epean, horiek euren kabuz aurkeztu ezin dituzten pertsonak zehatz ditzaten, auzitegiak horiei zitazioa egiteko, pertsona horiek ikustaldian alderdi edo aditu gisa adierazpena egite aldera. Helburu horretarako, zitazioa egiteko beharrezko diren datu eta inguruabar guztiak emango dira.

2. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 7. zenbakiaren kasuetan, ikustaldirako zitazioan demandatuari ohartaraziko zaio, ez-agertze kasuan, epaia emango dela, auzi-jartzaileak inskribatu eskubidearen eragingarritasunerako zein jardun eskatu eta jardun hori aginduz.

Halaber, demandatuari ohartaraziko zaio, hala denean, epai hori emango dela, nahiz eta demandatua ikustaldi-ekitaldira agertu, demandatu horrek kauzioa ematen ez badu, auzitegiak, demandatua entzun ondoren, zehaztu kopurukoa, berori auzi-jartzaileak eskatu duen kopuruaren barne egongo dela.

3. Zorrean diren errentak edo kopuruak ez ordaintzeagatik, hiri-finkatik maizterra botatzeko demandak jartzen direnean, auzitegiak adieraziko du, hala denean, ikustaldirako zitazioan, maizterbotatzea ezerezean uzteko aukera, lege honen 22. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Halakoetan, auzitegiak adieraziko du, berebat, demandatzaileak demandan 437. artikuluaren 3. paragrafoko konpromisoa hartu badu, konpromiso horren onarpena 21. artikuluko ondoreak dituen amore-ematearen parekoa izango dela. Auzitegiak bost eguneko epea emango dio demandatuari, horrek agindeia onartzen duen adieraz dezan.

Halaber, demandatuari ohartaraziko zaio, ikustaldian agertzen ez bada, maizter-botatzea besterik gabe adieraziko dela.

Era berean, auzitegiak, onartze-autoan, botatzea gauzatzeko eguna eta ordua zehaztuko ditu, hori guztia ikustaldiaren datatik zenbatzen hasita hilabete baino lehenago egin daitekeela. Demandatuari ohartaraziko zaio, epaia kondenatzailea bada eta horren aurka errekurtsorik aurkezten ez bada, botatzea zehaztu epean gauzatuko dela, demandatzaileak hori eskatzen badu 549. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

441. artikulua.

Ikustaldi aurreko jarduna, kasu berezietan

1. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 3. zenbakiaren kasuan, demanda jarri ondoren, auzitegiak deituko die demandatzaileak proposatu lekukoei, eta, euren adierazpenak kontuan izanda, autoa emango du, eskatu edukitza ukatuz edo emanez, ondore horretarako egoki den jarduna gauzatuz; horrek ez dio kalterik egingo eskubide hobeari.

Autoa ediktuen bidez argitaratuko da, auzitegiaren egoitzan, ageriko toki batean, baita probintziako «Aldizkari Ofizialean» eta probintzian zabalkunde handieneko egunkari batean ere, demandatzailearen kontura. Halakoetan, interesdunei erreklamatuko zaie, demandatzailearen eskubidea baino hobea dutela uste badute, bertan ager daitezela eta erreklamazioa egin dezatela, berrogei eguneko epean.

Inor agertzen ez bada, demandatzaileari edukitzan berretsiko zaio; baina erreklamatzaileak agertzen badira, euren idazkiak demandatzaileari helarazi ondoren, horri ikustaldirako zitazioa egingo zaio, agertu diren guztiekin batera, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera jarduna gauzatuz.

2. Demanda jarri bada obra berri baten etendurari buruz, izaera sumarioarekin ebazpen judiziala lortzeko, auzitegiak, ikustaldirako zitazioa baino lehenago ere, obraren jabe edo arduradunari berehala zuzenduko dio etendura- agindua. Jabe edo arduradun horrek kauzioa eman dezake obra jarraitzeko, eta jada eraikitakoa mantentze aldera beharrezko diren obrak gauzatzeko.

Auzitegiak agin dezake azterketa judiziala, adituarena, edo biena, ikustaldia egin baino lehen.

Kauzioa eman daiteke, lege honen 64. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren lerrokadan xedatutakoaren arabera.

3. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 7. zenbakiaren kasuetan, auzitegiak, demanda onartu bezain laster, eskatu neurriak hartuko ditu, horiek, inguruabarrak kontuan izanda, beharrezkoak badira eman litekeen epaiaren betetzea bermatzeko.

4. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 10. zenbakiaren kasuan, auzitegiak, demanda onartzean, aginduko du ondasunak edukitzaileari erakustea, agintaritza judizialari desobeditzeagatik beraren aurka jardungo dela ohartarazpena hari eginez. Auzitegiak aginduko du, halaber, aurreneurrizko eta berehalako enbargoa ondasunen gainean, berori gordailutzearen bidez bermatuko dela, lege honetan xedatutakoaren arabera.

250. artikuluaren 1. paragrafoko 11. zenbakian xedatutakoaren arabera, egikaritutako akzioen oinarria bada finantza- errentamenduaren kontratua edo jabari-erreserbapeko eperako salmenta- kontratua, orduan auzitegiak aginduko du, demanda onartzean, zein ondasun ematea eskatu eta hori gordailutzea.

Demandatzaileari ez zaio kauzioa galdatuko, kautela-neurri horiek hartzeko, eta ez da horien inguruan demandatuaren aurka-jartzea onartuko.

Halaber, ez dira onartuko neurriok kauzioarekin aldatu edo ordeztea.

Aurreko lerrokadan xedatutakoaz gain, demandatua bost egunez epatuko da, jardunean prokuradorearen bidez bertara dadin, demandari beraren aurka- jartzea iragartzeko, 444. artikuluko 3. paragrafoan xedatutako arrazoietatik batengatik.

Demandatuak epe hori igarotzen utzi badu, bere aurka-jartzea iragarri gabe, edo aurka-jartze hori 444. artikuluko 3. paragrafoan bilduta ez dauden zioetatik batean oinarritu nahi badu, auzitegiak besterik gabe emango du auzi-jartzailearen uzien aldeko epaia.

Demandatuak erreklamazioari buruzko aurka-jartzea iragartzen badu, aurreko lerrokadan xedatutakoaren arabera, alderdiei ikustaldirako zitazioa egingo zaie, eta, demandatua ikustaldi horretara agertzen ez bada arrazoi zuzenik gabe, edo, agertzen bada, baina aurka- jartzerik aurkezten ez badu, edo aurka-jartzea oinarritu nahi badu 444. artikuluko 3. paragrafoko zioez beste batean, orduan, besterik gabe, auzi-jartzailearen uzien aldeko epaia emango du auzitegiak.

Halakoetan, erreklamazioaren balioa zein izan eta horren bosten baterainoko isun-zehapena ezarriko zaio demandatuari, hori 180 eurokoa gutxienez izango dela.

Aurreko lerrokadetan aipatu aurka-jartzerik gabeko kasuetan, emandako epaiaren aurka ez dago errekurtsorik.

442. artikulua.

Alderdiak ikustaldian ez agertzea

1. Demandatzailea ikustaldian agertzen ez bada, eta demandatuak prozesuaren jarraipenean interes legitimorik alegatzen ez badu funtsari buruzko epaia eman dadin, berehala ulertuko da demandatzaileak demandan atzera egin duela; eragindako kostuak ezarriko zaizkio eta kondenatuko zaio agertu den demandatuari kalte-ordaina ematera, horrek hori eskatu eta jasandako kalte-galerak egiaztatzen baditu.

2. Demandatua agertzen ez bada, auzi-ihesean dagoela adieraziko da, eta, zitazioa berriro egin gabe, epaiketak bere bidea jarraituko du.

443. artikulua.

Ikustaldiaren garapena

1. Ikustaldia hasiko da, demandatzaileak eskatutakoaren oinarriak azalduz, edo, demanda aurkeztu bada epaiketa arrunterako xedatutakoaren arabera, hark demandan azaldutako oinarriak berretsiz.

2. Jarraian, demandatuak aurkez ditzake bere eskubideei dagozkien alegazioak. Kasu horretan, hala denean, alegazioak hasiko dira, onargarri ez diren akzioen metatzearekin, eta beste edozein egitate edo inguruabarrekin, baldin eta egitate edo inguruabar horrek eragotz badezake prozesuak jarraitzea eta prozesu hori edukiari buruzko epaiarekin amaitzea.

Demandatuak une horretan ezin du aurkaratu auzitegiaren jurisdikziorik edo eskumenik eza; horiek deklinatoria- formarekin aurkeztu behar izan zituen, lege honen 64. artikuluan xedatutakoaren arabera, auzitegiak ofizioz bere jurisdikziorik edo eskumenik eza aintzat hartzeari kalterik egin gabe.

3. Demandatzaileari aurreko paragrafoan aipatu arazoen inguruan entzun egingo zaio, eta demandatuaren nortasun eta ordezkaritzaren inguruan behin hori egin eta gero, auzitegiak bidezkoa dena ebatziko du, eta, epaiketarekin jarraitzea agintzen badu, demandatuak eska dezake bere desadostasuna aktan jasotzea, eman litekeen epaiaren aurka gora-jotze ondoreetarako.

4. Aurreko paragrafoetan aipatu prozesu-arazoak eragiten ez badira, edo, horiek eragin ondoren, auzitegiak epaiketarekin jarraitzea ebatzi badu, alderdiei hitza emango zaie, alderdiok euren uziak zein egitate garrantzitsutan oinarritu, eta horiek argi eta garbi zehatz ditzaten.

Egitateon inguruan adostasunik ez badago, frogak proposatuko dira, eta, egoki edo erabilgarri direnak onartu ondoren, jarraian gauzatuko dira.

Alderdien froga-proposamena osa daiteke, 429. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

444. artikulua.

Ikustaldiaren edukiari buruzko erregela bereziak

1. Hitzezko epaiketan eskatzen bada errentapeko hiri- edo landa-finka berreskuratzea, errenta edo antzeko kopurua ez ordaintzeagatik, orduan demandatuari baimenduko zaio, bakarrik, ordainketa bera edo hori ezerezean uzteko inguruabarrak alegatu eta frogatzea.

2. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 7. zenbakiaren kasuetan, demandatua demandaren aurka jar daiteke, bakarrik, baldin eta, kasuan-kasuan, auzitegiak zehaztu kauzioa ematen badu, lege honen 64. artikuluaren 2. paragrafoko bigarren lerrokadan xedatutako moduetatik edozein erabiliz.

Demandatuaren aurka-jartzea, oinarri gisa, honako arrazoi hauetatik bat bakarrik izan daiteke:

1.) Erregistroko ziurtagiriaren faltsutzea edo ziurtagirian inskribatutako eskubide edo baldintzak bertan ez agertzea, horiek egikaritu akzioa ezerezean uzten badute.

2.) Demandatuak eztabaidatu finka edukitzea edo eskubidea egikaritzea kontratu bidez, azken titularrarekin edo aurreko titularrekin izandako zuzeneko harreman juridikoetatik edozeinen bidez edo preskripzio bidez, baldin eta preskripzioak kalte egin ahal badio inskribatutako titularrari.

3.) Finka edo eskubidea demandatuaren mesederako inskribatuta egotea eta hori egiaztatzea, Jabetza Erregistroko inskripzioa indarrean dagoelako egiaztatze-ziurtagiria aurkeztuz.

4.) Demandatuak zein finka benetan eduki eta hori inskribatutakoa ez izatea.

3. 250. artikuluaren 1. paragrafoko 10 eta 11. zenbakien kasuetan, demandatuaren aurka-jartzeak oinarri gisa honako arrazoi hauetatik bat bakarrik izan dezake:

1.) Auzitegiaren jurisdikziorik edo eskumenik eza.

2.) Agiri bidez egiaztatutako ordainketa.

3.) Demandatuaren adostasunik eza edo adostasun horren baliozkotasunik eza, sinaduraren faltsutzea barne dela.

4.) Kontratua zein agiritan formalizatu eta horren faltsutzea.

445. artikulua.

Froga eta presuntzioak, hitzezko epaiketetan

Froga- eta presuntzio-arloetan, hitzezko epaiketei aplikatuko zaie liburu honen I. tituluko V eta VI. kapituluetan ezarritakoa.

446. artikulua.

Frogari buruzko ebazpenak, eta errekurtsoak

Auzitegiaren ebazpenen aurka, horiek frogak ez onartzearen ingurukoak badira, edo, frogak onartzearen ingurukoak izanda ere, oinarrizko eskubideak hautsiz lortu direla salatzen bada, alderdiek protesta aurkez dezakete, bigarren auzialdian euren eskubideak baliatze-ondorerako.

447. artikulua.

Epaia. Gauza epaiturik eza, kasu berezietan

1. Frogak proposatu eta onartu badira, horiek gauzatu ondoren, edo, bestelako kasuan, alderdiek alegazioak aurkeztu ondoren, ikustaldia amaitutzat joko da, eta auzitegiak epaia emango du hurrengo hamar egunetan.

Hitzezko epaiketak salbuesten dira, horietan hiri-finkatik maizterra botatzea eskatzen bada; hitzezko epaiketa horietan, epaia hurrengo bost egunetan emango da, ikustaldi-ekitaldian alderdiak auzitegiaren egoitzara deituz, horiek epaiaren jakinarazpena jaso dezaten.

2. Epaiek ez dituzte gauza epaituaren ondoreak sortuko, horiekin amaiera ematen bazaie edukitzaren babes sumarioaren inguruko hitzezko epaiketei; hiri- nahiz landa-finkatik maizterra botatzeko edo finka hori berreskuratzeko uzien inguruan erabakitzen badute, finka hori errentamenduan eman eta errenta edo alogera ordaindu ez denean; eta, era berean, lege honek babes sumario gisa kalifikatu beste uzi batzuen ingurukoak badira.

3. Halaber, hitzezko epaiketetan emaniko epaiek ez dituzte gauza epaituaren ondoreak izango, epaiketa horietan eskatu bada inskribatutako eskubide errealen eragingarritasuna, titulurik inskribatuta izan gabe, eskubideon aurka jarri direnen edo eskubideon egikaritza nahasi dutenen kontra.

4. Halaber, ebazpen judizialek ez dituzte gauza epaituaren ondoreak izango, legeek, kasu zehatzetan, ondore horiek ukatu badizkiete.

IV. TITULUA

ERREKURTSOAK

LEHENENGO KAPITULUA

Errekurtsoak: xedapen orokorrak

448. artikulua.

Errekurtsoak jartzeko eskubidea

1. Alderdiek jar dezakete legean ezarri errekurtsoa, eurei kalte egiten dieten ebazpen judizialen kontra.

2. Errekurtsoa jartzeko epeak zenbatuko dira, errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta horren jakinarazpenaren biharamunetik, edo, hala denean, ebazpenaren argitzea noiz jakinarazi edo argitze horren ukatzea noiz jakinarazi eta egun horren biharamunetik.

449. artikulua.

Errekurtsoa jartzeko eskubidea, kasu berezietan

1. Botatzea dakarten prozesuetan, ez zaio demandatuari onartuko gora jotzeko errekurtsoa, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia edo kasazio-errekurtsoa, baldin eta, horiek prestatzean, adierazten ez badu, idatziz egiaztatuz, errenta muga-eguneratuak eta kontratuaren arabera aldez aurretik ordaindu beharrekoak jada ordaindu dituela.

2. Aurreko paragrafoan aipatu gora jotzeko errekurtsoa, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia nahiz kasazio-errekurtsoa ezerezean daudela ulertuko da, horien egoera edozein izanik ere, errekurtsook gauzatzean demandatu errekurtsogileak uzten badio muga-eguneratutako epeak edo aurreratu beharrekoak ordaintzeari.

Errentariak aurrera dezake edo zainpean jar dezake muga-eguneratu gabeko zenbait aldiren ordainketa, eta aldi horien likidazioa epaia irmo denean egingo da.

Edozein kasutan, kopuru horien ordainketa ez da kontratuaren berritze gisa ulertuko.

3. Prozesuetan eskatzen bada ibilgailu motordunak gidatzearen ondoriozko kalte-galerak ordaintzeko kondena, kalte- ordaina ordaintzera kondenatua izan denari ez zaio onartuko gora jotzeko errekurtsoa, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia edo kasazio- errekurtsoa, baldin eta, horiek prestatzean, egiaztatzen ez badu gordailua eratu duela; gordailu horren kopuruak bere barruan hartuko ditu kondena gehi korrituak eta galda daitezkeen errekarguak, horretarako ezarri establezimenduan.

Gordailu horrek ez du eragotziko, hala denean, emandako ebazpenaren behin-behineko betearazpena.

4. Prozesuetan eskatzen bada auzotarren erkidegoari jabe batek zor dizkion kopuruak ordaintzeko kondena, ez zaio kondenatuari gora jotzeko errekurtsoa, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia edo kasazio- errekurtsoa onartuko, baldin eta, horiek prestatzean, egiaztatzen ez badu kondena-epaiko kopuru likidoa ordaindu edo zainpean jarri duela.

Kopuru hori zainpean uzteak ez du eragotziko, hala denean, emandako ebazpenaren behin-behineko betearazpena.

5. Aurreko paragrafoetan galdatu gordailua edo zainpean uztea egin daiteke, orobat, lehen agindeian ordain daitekeen eta iraupen zehaztugabea duen abal solidarioaren bidez, abal hori ematen badu kreditu-erakunde batek nahiz elkarrekiko berme-sozietate batek; egin daiteke beste edozein modutan ere, kasuan-kasuan bermatzen bada, auzitegiaren iritziz, zainpean edo gordailuan jarritako kopuru hori berehala eskura daitekeela.

6. Aurreko paragrafoetako kasuetan, errekurtsoak ukatu edo ezerezean daudela adierazi aurretik, lege honen 231. artikuluan xedatutakoa beteko da, errekurtsogileak berari dagozkion kopuruak ordaintzeko, zainpean edo gordailuan jartzeko nahiz abala emateko borondatea azaldu badu, baina auzitegiaren iritziz, agiri bidez egiaztatu ez badu eskakizun horien betetzea.

450. artikulua.

Errekurtsoetan atzera egitea

1. Errekurtsogile orok errekurtsoan atzera egin dezake, horri buruzko ebazpena eman aurretik.

2. Errekurtsogile batzuk badaude, eta euretako batek edo batzuek bakarrik atzera egiten badute, errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta ebazpen hori ez da irmoa izango atzera-egite horrengatik; baina, halakoetan, atzera egin dutenei dagozkien aurkaratze-uziak bertan behera geratu direla ulertuko da.

II. KAPITULUA

Birjartze-errekurtsoa

451. artikulua.

Errekurtsopeko ebazpenak. Ondore etengarririk ez izatea

Birjartze-errekurtsoa bidezkoa izango da edozein auzitegi zibilek emandako probidentzien aurka eta behin betiko auto ez direnen aurka, errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta hori eman zuen auzitegian bertan; errekurtso horri kalterik egin gabe, agindutakoa beteko da.

452. artikulua.

Epea, modua eta ez onartzea

Birjartze-errekurtsoa bost eguneko epean jarri beharko da, birjartze-errekurtso horretan errekurtsogilearen ustez zein ebazpenen arau-haustea gertatu eta hori azalduz.

Aipatu betekizun biak gertatzen ez badira, probidentzia bidez ez da errekurtsoa onartuko; probidentzia horren aurka ez dago errekurtsorik.

453. artikulua.

Errekurtsoa zein alderdiri jarri eta alderdi horiei entzunaldia egitea, eta errekurtsoaren ebazpena

1. Birjartze-errekurtsoaren izapidetza onartu ondoren, bertaratutako gainerako alderdiei bost eguneko epe erkidea emango zaie, hura aurkaratzeko, horri egoki baderitzote.

2. Aurkaratze-epea igaro ondoren, idazkiak aurkeztu badira nahiz aurkeztu ez, auzitegiak, besterik gabe, bost eguneko epean ebazpena emango du auto bidez.

454. artikulua.

Birjartzea ebatzi duen autoaren aurka errekurtsoa jartzeko ezintasuna

Kexa-errekurtsoa bidezko denean izan ezik, birjartze-errekurtsoa ebatzi duen autoaren aurka ez dago errekurtsorik; horrek ez dio kalterik egiten, behin betiko ebazpenaren aurka errekurtsoa jartzean bidezkoa bada, birjartze-errekurtsopeko arazoa errepikatzeari.

III. KAPITULUA

Gora jotzeko errekurtsoa eta bigarren auzialdia

LEHENENGO ATALA

Gora jotzeko errekurtsoa eta bigarren auzialdia: xedapen orokorrak

455. artikulua.

Gora jotzea ahalbidetzen duten ebazpenak. Eskumena eta lehenespeneko izapidetza

1. Bost eguneko epean gora jo daitezke edozein motatako epaiketetan emandako epaiak, behin betiko autoak eta legeak beren beregi adierazitako bestelako autoak.

2. Gora jotzeko errekurtsoen gaineko ardura dute:

1.) Lehen auzialdiko epaitegiek, gora jo daitezkeen ebazpenak euren epai-barrutiko bake epaitegiek eman badituzte.

2.) Probintziako audientziek, gora jo daitezkeen ebazpenak euren mugabarruko lehen auzialdiko epaitegiek eman badituzte.

3. Gora jotzeko errekurtsoek lehentasuneko izapidetza izango dute, legez ezarritakoak badira, eta demandak onartu ez dituzten autoen aurkakoak badira, legeak kasu berezietarako galdatu eskakizunak bete ez izateagatik.

456. artikulua.

Gora jotzeko errekurtsoaren eremua eta ondoreak

1. Gora jotzeko errekurtsoaren bidez, eska daiteke, lehen auzialdiko auzitegian aurkeztu uzien egitezko nahiz zuzenbideko oinarrien arabera, auto edo epaiaren ezeztatzea, eta, horren ordez, errekurtsogilearen aldeko beste auto edo epai bat ematea, lehen auzialdiko auzitegian gauzatu jarduna berriro aztertuz, eta, lege honetan xedatu kasuen arabera, gora jotzeko auzitegian gauzatu froga kontuan izanik.

2. Demandari gaitziritzia ematen dioten epaien kontrako eta prozesuarekin amaitzen duten autoen kontrako gora-jotzeak ez du ondore etengarririk izango, eta ebatzitakoaren aurka jardutea ez da inoiz ere bidezkoa izango.

3. Demandari oniritzia ematen dioten epaien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen bada, epai horiek lege honen III. liburuko II. tituluan ezarri eragingarritasuna izango dute, euren erabakien izaera eta edukiaren arabera.

2. ATALA

Gora-jotzea gauzatzea

457. artikulua.

Gora-jotzea prestatzea

1. Gora jotzeko errekurtsoa prestatuko da aurkaratutako ebazpena eman duen auzitegian, bost egunetako epean, ebazpen hori noiz jakinarazi eta egun horren biharamunean zenbatzen hasita.

2. Prestatze-idazkian, gora-joleak gora jo den ebazpena bakarrik aipatuko du, eta adieraziko, errekurtsoa jartzeko borondatea, aurkaratutako erabakiak aipatuz.

3. Aurkaratutako ebazpena gora jo badaiteke eta errekurtsoa garaiz prestatu bada, auzitegiak errekurtsoa prestatu dela ulertuko du, eta alderdi errekurtsogilea hogei egunez epatuko du, alderdi horrek errekurtsoa aurkez dezan, 458. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

4. Aurreko paragrafoan errekurtsoa prestatzeari buruz aipatu eskakizunak betetzen ez badira, auzitegiak autoa emango du, prestatze hori ukatuz.

Auto horren aurka, kexa-errekurtsoa baino ez dago.

5. Gora-jotzea prestatu dela ulertu duen probidentziaren aurka ez dago errekurtsorik; baina errekurtsoa jasan behar duen alderdiak gora-jotzearen onargarritasunik eza alega dezake, lege honen 461. artikuluan aipatu errekurtsoaren aurka-jartze izapidean.

458. artikulua.

Errekurtsoa jartzea

1. Aurreko artikuluan ezarri epean, gora-joleak gora-jotzea jarri behar du, errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta hori eman duen auzitegian.

Gora-jotze hori idazkiaren bidez gauzatuko da, horretan aurkaratzearen oinarri diren alegazioak aurkeztuz.

2. Gora-joleak errekurtsoa jartzeko idazkia garaiz aurkezten ez badu, gora jotzeko errekurtsoa ezerezean dagoela ulertuko da, eta errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta hori irmo izango da.

Gora-jotzea ezerezean dagoela adierazi diren ebazpenak gora-joleari ezarriko dizkio sortutako kostuak, horrelakoak badaude.

459. artikulua.

Arauak edo prozesuko bermeak hausteagatiko gora-jotzea

Gora jotzeko errekurtsoan alega daiteke lehen auzialdian arauak edo prozesuko bermeak hautsi izana.

Halakoetan, errekurtsoa jartzeko idazkian aipatuko da hautsi direla ulertu arauak, eta alegatuko da, hala denean, jasandako defentsarik eza.

Gora-joleak egiaztatu behar du, halaber, arau-haustea garaiz salatu zuela, prozesuan horretarako aukera izan badu.

460. artikulua.

Errekurtsoa jartzeko idazkiarekin batera aurkez daitezkeen agiriak. Frogak eskatzea

1. Errekurtsoa jartzeko idazkiarekin batera 270. artikuluko kasuetan aipatu agiriak aurkez daitezke, bakarrik, agiriok lehen auzialdian ekarri ezin izan badira.

2. Errekurtsoa jartzeko idazkian eska daiteke, gainera, bigarren auzialdian honako froga hauek gauzatzea:

1.) Lehen auzialdian bidegabe ukatutakoak, ukatua izan den ebazpenaren birjartzea saiatu bada edo ikustaldian protesta egokia aurkeztu bada.

2.) Lehen auzialdian proposatu eta onartutakoak, baldin eta frogak gauzatu ezin izan badira, ezta azken eginbide gisa ere, frogok eskatu dituenari egotz ezin dakizkiokeen arrazoietatik edozeinengatik.

3.) Auzia erabakitzeko garrantzitsu diren egitateei buruzkoak, horiek gertatu badira lehen auzialdian epaia emateko epea ireki ondoren, edo epe-muga hori baino lehen gertatu badira, azken kasu horretan alderdiak egiaztatzen duenean egitateok geroago jakin dituela.

3. Demandatua auzi-ihesean dela adierazi bada, berari egotz ezin dakizkiokeen arrazoietatik edozeinengatik, eta demandatu hori bertaratu bada auzi-paperetan lehen auzialdian froga proposatzeko ezarri unearen ondoren, bigarren auzialdian eska dezake bere eskubideei dagokien froga gauzatzea.

461. artikulua.

Gora-jotzea jasan behar duen alderdiari errekurtsoa jartzeko idazkia helaraztea. Errekurtsoaren aurka jartzea eta epaia aurkaratzea

1. Gora jotze-errekurtsoa jartzeko idazkia gainerako alderdiei helaraziko zaie, azken horiek hamar eguneko epean epatuz, gora jotzeko errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta hori eman zuen auzitegian aurka jartzeko idazkia, edo, hala denean, gora jo den ebazpena aurkaratzeko idazkia aurkez dezaten, eurei kalte egiten dien horretan.

2. Errekurtsoaren aurkako idazkiak, eta, hala denean, hasieran errekurtsoa jarri ez duenak epaia aurkaratzeko eginiko idazkiak, aurkeztuko dira, errekurtsoa jartzeko idazkiari buruz xedatutakoaren arabera.

3. Gora-jotzea jasan behar duen alderdiak edo alderdiek beharrezko direla ulertu agiriak batu eta frogak eska daitezke, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera; eta ekarritako agirien onargarritasunaren inguruan eta gora-joleak proposatu frogen inguruan egoki diren alegazioak ere aurkez daitezke.

4. Artikulu honen 1 eta 2. paragrafoetan aipatu aurkaratze-idazkiak gora-jole nagusiari helaraziko zaizkio, horrek hamar eguneko epean egokitzat jotzen duena adieraz dezan.

462. artikulua.

Lehen auzialdiko auzitegiaren eskumena gora jotzean

Gora jotzeko errekurtsoa gauzatzean, errekurtsopeko ebazpena zein auzitegik eman eta horren jurisdikzioak barne hartuko du, bakarrik, gora jo izan den ebazpenaren behin-behineko betearazpena gauzatzeko jarduna.

463. artikulua.

Auzi-paperak igortzea

1. Gora jotzeko errekurtsoak jarri ondoren, eta, kasuan-kasuan, aurka jartzeedo aurkaratze-idazkiak aurkeztu ondoren, gora jo den ebazpena zein auzitegik eman eta horrek aginduko du auzi-paperak auzitegi eskudunari igortzea, azken horrek gora-jotzearen inguruan ebazpena eman dezan, alderdiak 30 egunez epatuz; baina, behin-behineko betearazpena eskatu bada, lehen auzialdiko auzitegian utziko da betearazpen horretarako beharrezko denari buruzko lekukotza.

2. Gora-jotzea ebazteko auzitegi eskudunari auzi-paperak igorri ondoren, behin-behineko betearazpena eskatzen bada, eskatzaileak lehenago lortu behar du betearazpenerako beharrezko zer izan eta horri buruzko lekukotza.

464. artikulua.

Frogak onartzea eta ikustaldirako data zehaztea

1. Gora-jotzea ebatzi behar duen auzitegiak auzi-paperak jaso ondoren, agiri berriak ekarri badira edo froga proposatu bada, hori onartzearen inguruan bidezko dena aginduko da, hamar eguneko epean.

Froga gauzatu behar bada, ikustaldirako eguna zehaztuko da froga zein ebazpenetan onartu eta horretan bertan; ikustaldi hori hurrengo hilabetean, hitzezko epaiketarako ezarritakoaren arabera egingo da.

2. Froga proposatu ez bada edo proposatu den guztia onartu ez bada, probidentzia bidez ikustaldia egitea ere agin daiteke, alderdietako batek hori eskatzen badu edo auzitegiak hori beharrezko dela ulertzen badu.

465. artikulua.

Gora jotzeko epaia

1. Auzitegiak gora jotzeko errekurtsoaren inguruan ebazpena emango du, ikustaldia noiz amaitu eta hurrengo hamar egunetan.

Ikustaldia egin ez bada, epaia eman behar da hilabeteko epean, auzitegi eskudunak auzi-paperak noiz jaso eta egun horren biharamunetik zenbatzen hasita.

2. Prozesuko arau-haustea alegatu eta arau-hauste hori lehen auzialdiko epaia ematean egin bada, gora jotzeko auzitegiak prozesuaren objektu den arazoari edo diren arazoei buruz emango du ebazpena, gora jo den epaia ezeztatu ondoren.

3. Artikulu honen aurreko paragrafoan ezarritakoa ezin bada aplikatu, eta prozesuko arau-haustea bada jardun osoaren edo horren zati baten erabateko deuseztasuna sortzen duten horietakoa, auzitegiak hori adieraziko du probidentzia bidez, eta arau-haustea noiz sortu eta orduko egoerara ekarriko da jarduna.

Ez da jardunaren deuseztasuna adieraziko, prozesuko akatsa bigarren auzialdian ongi badaiteke; horretarako, auzitegiak hamar egunekoa baino luzeago ez den epea emango du, salbu eta akatsa ikustaldian agerrarazi denean eta ekitaldian ongi daitekeenean.

Ongitzea gertatu ondoren, eta, kasuan-kasuan, alderdiak entzun ondoren eta froga onargarria gauzatu ondoren, gora jotzeko auzitegiak auziaren objektua den arazoari edo diren arazoei buruzko epaia emango du.

4. Gora-jotzean emandako epaiak erabaki behar ditu, bakarrik, errekurtsoan, eta, hala denean, 461. artikuluan aipatu aurka jartze- edo aurkaratze-idazkietan planteatu gai edo arazoak.

Epaiak ezin izango dio gora-joleari kalterik egin, salbu eta kaltea badator auzitegiak aurkaratutako ebazpenari oniritzia emateagatik, hori hasieran gora-jotzea jasan behar izan duenak aurkeztu duenean.

466. artikulua.

Bigarren auzialdiko epaiaren aurkako errekurtsoak

1. Edozein prozesu zibiletako bigarren auzialdian, probintziako audientziak eman epaien aurka, alderdi legitimoek aukera dezakete prozesuko arau-haustearen errekurtso berezia edo kasazio-errekurtsoa jartzea.

2. Alderdi berberak, ebazpen beraren aurka, aurreko paragrafoan aipatu errekurtso biak prestatzen baditu, kasazio- errekurtsoa ez da onartuko.

3. Prozesu bereko auzilari ezberdinek aukeratzen badute errekurtso berezien artean mota ezberdina, lege honen 488. artikuluan xedatutakoa beteko da.

467. artikulua.

Kasazio-errekurtsoa, probintziako audientziek emandako epaien aurka, prozesuko arau-haustearen errekurtso bereziari oniritzia eman ondoren

Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, probintziako audientziek emandako epaien aurka, prozesuko arau-haustearen errekurtso bereziari oniritzia eman bazaio, ez da errekurtso berezi hori berriro onartuko, salbu eta errekurtso hori oinarritu denean lehen errekurtsoa zein arau-hauste eta arazotan oinarritu, eta horiek ez diren beste batzuetan.

IV. KAPITULUA

Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia

468. artikulua.

Organo eskuduna eta errekurtsopeko ebazpenak

Auzitegi nagusietako arlo zibileko eta zigor-arloko salek, arlo zibileko sala gisa, eskumena dute, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoetan, probintziako audientziek bigarren auzialdia amaitzeko eman epai eta autoen aurka.

469. artikulua.

Zioak. Auzialdian aldez aurretik eginiko salaketa

1. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia honako zio hauetan bakarrik oinarri daiteke:

1.) Jurisdikzioari eta eskumen objektibo edo funtzionalari buruzko arauak haustean.

2.) Epaiari buruzko arau prozesalak haustean.

3.) Prozesuko egintza eta bermeei buruzko lege-arauak haustean, arau-hausteak legearen arabera deuseztasuna badakar edo defentsarik eza eragin badezake.

4.) Prozesu zibilean, Konstituzioaren 24. artikuluan aitortutako oinarrizko eskubideak urratzean.

2. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia bidezkoa izango da, bakarrik, arau-hauste hori edo Konstituzioaren 24. artikulua hautsi izana auzialdian salatu bada, eta, hori lehen auzialdian gertaturik, salaketa bigarren auzialdian errepikatuz gero.

Halaber, oinarrizko eskubidea hausteak ongi daitekeen falta edo akatsa sortu badu, ongitze hori auzialdi egokian edo egokietan eskatu behar da.

470. artikulua.

Prestatzea

1. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia prestatuko da, epaia edo autoa eman duen auzitegian, epai edo auto hori noiz jakinarazi eta bost egunetako epean.

2. Errekurtsoa prestatzeko idazkia aurkeztu ondoren, eta alderdi guztiek prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia prestatzeko zein epe izan eta horiek igaro ondoren, auzitegiak aurkeztutzat joko du errekurtso hori, ebazpena errekurtsopekoa bada, 469. artikuluan aipatu zioren bat alegatu bada, eta, hala denean, artikulu horren 2. paragrafoaren arabera jardun bada.

3. Prestatze-idazkiak artikulu honen 2. paragrafoan xedatu eskakizunak betetzen ez baditu, auzitegiak autoa emango du, errekurtso berezia ukatuz. Auto horren aurka, kexa-errekurtsoa bakarrik jar daiteke.

4. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia zein probidentziaren bidez prestatutzat jo eta horren aurka ezin izango du errekurtsorik jarri errekurtsoa jasan duen alderdiak; baina alderdi hori aurka jar daiteke prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia onartzearen inguruan, auzitegi nagusian agertzen denean.

471. artikulua.

Errekurtsoa jartzea

Errekurtsoa prestatutzat noiz jo eta hurrengo hogei egunetan aurkeztu beharko da, errekurtsoa zein epairen aurka jarri eta hori eman duen auzitegian, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia jartzeko idazkia; idazki horretan arau-haustearen zioak azalduko dira, eta, hala denean, prozesuaren emaitzan arau-hauste horrek izandako eragina adieraziko da.

Halaber, errekurtsoa jartzeko idazkian eska daiteke, bai beharrezko den froga bat gauzatzea, egindako arau-haustea egiaztatzeko, bai ikustaldia egitea.

Errekurtsoa jartzeko epea amaitu ondoren, errekurtsoa jartzeko idazkia aurkeztu ez bada, orduan errekurtsoa ezerezean dagoela adieraziko da, eta errekurtsogilea kondenatuko da berak eragin dituen kostuak ordaintzera.

472. artikulua.

Auzi-paperak igortzea

Errekurtsoa jartzeko idazkia aurkeztu ondoren, jatorrizko auzi-paper guztiak igorriko zaizkio, hurrengo bost egunetan, 468. artikuluan aipatu salari, alderdiak 30 egunez bertan epatuz. Horrek ez dio kalterik egingo, auzi-paperak igorri behar izateari, errekurtsogile ez den auzilari batek edo batzuek kasazio- errekurtsoa prestatu badute epai horren aurka. Halakoetan, kasazio-errekurtsoaren gaineko ardura duen sala eskudunari igorriko zaio epaiaren eta kasazio-errekurtsogileak eskatu xehetasunez inguruko lekukotza; bertan, ohar baten bidez, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia prestatu dela adieraziko da, lege honen 488. artikuluan xedatu ondoreetarako.

473. artikulua.

Errekurtsoa onartzea

1. Auzitegiak auzi-paperak jaso ondoren, magistratu txostengileari emango zaio jarduna, horrek hori azter dezan eta salaren erabakipean jar, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia onartu edo ez onartzearen inguruan ebatzi beharrekoa.

2. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia ez da honako kasu hauetan onartuko:

1.) Errekurtsoa prestatutzat jo arren, izapide honetan 467, 468 eta 469. artikuluetan xedatu betekizunak bete ez direla aintzat hartzen bada.

2.) Errekurtsoak ageri-agerian oinarririk ez badu.

Salak, ebazpena eman aurretik, errekurtsoa ez onartzeko balizko arrazoia adieraziko die bertaratutako alderdiei, horiek, hamar eguneko epean, bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten.

Salak ulertzen badu errekurtsoa ez onartzeko arrazoietatik bat gertatzen dela, autoa emango du, errekurtsoa onartu ez dela eta errekurtsopeko ebazpena irmoa dela adieraziz.

Errekurtsoa ez onartzeko arrazoiak eragina badu alegatutako arau-hausteren batean bakarrik, auto bidez ebatziko du salak, errekurtsoak salatu gainerako arauhausteak onartzearen inguruan.

3. Prozesuko arau-haustearen errekurtso berezia onartzeari buruz zein autok ebazpena eman eta horren aurka ez dago errekurtsorik.

474. artikulua.

Errekurtsoa jasan duten alderdien aurka-jartzea

Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia osorik edo zati batez onartu ondoren, errekurtsoa jarri delako idazkia emango zaie errekurtsoa jasan duten alderdiei, bertaratu badira, horiek idatziz aurkez dezaten euren aurka- jartzea, hogei eguneko epean.

Epe horretan jarduna ikusgai egongo da idazkaritzan.

Aurka-jartzeko idazkian alega daitezke, halaber, errekurtsoaren onargarritasunik ezaren arrazoiak, horiek gertatzen direla ulertzen bada eta auzitegiak horiek ukatu ez baditu; zein froga beharrezkotzat jo eta horiek eska daitezke, eta ikustaldia egitea ere eska daiteke.

475. artikulua.

Ikustaldia eta froga

1. Aurreko artikuluan aipatu epea igaro ondoren, aurka-jartze idazkiak aurkeztu nahiz aurkeztu ez, salak probidentzia bidez zehaztuko ditu eguna eta ordua, hurrengo hogeita hamar egunetan, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezian ikustaldia egiteko, edo, hala denean, horren botazio eta epaitzarako.

2. Frogaren bat gauzatzea eskatu eta onartu bada, edo salak, ofizioz nahiz alderdiak hala eskaturik, justizia hobeto emateko egoki dela uste badu, errekurtso berezian ikustaldia egitea aginduko da; ikustaldi hori hasiko da alderdi errekurtsogilearen txostenarekin, ondoren errekurtsoa jasan behar duen alderdiarenarekin jarraituz.

Alderdi errekurtsogile batzuk badaude, errekurtsoak zein hurrenkeratan jarri eta hori kontuan izango da, eta, errekurtsoa jasan behar duten alderdiak batzuk badira, agertze-hurrenkera izango da kontuan.

3. Frogen gauzatzeari aplikatuko zaio lege honetan hitzezko epaiketen ikustaldirako xedatutakoa.

476. artikulua.

Epaia. Ondoreak

1. Salak epaia emango du, ikustaldia amaitu denetik edo botazio eta epaitzarako zehaztu datatik hurrengo hogei egunetan.

2. Errekurtsoa oinarritu bada jurisdikzioaren edo eskumen objektibo nahiz funtzionalaren arauak haustean, lehendabizi zio hori aztertu eta erabakiko da.

Jurisdikziorik edo eskumen objektiborik eza salatu bada, eta errekurtsoari on iritzi bazaio, aurkaratutako ebazpenaren kasazioa egingo du salak; horrek ez dio kalterik egingo alderdiek duten eskubideari, euren uziak leku egokian egikaritzeko.

Errekurtsoa jarri bada jurisdikziorik edo eskumenik eza berretsi edo adierazi duen epaiaren aurka, eta salak horri on iritzi badio, epaiaren kasazioa egin ondoren, auzitegi eskudunari aginduko dio auziaren ardurarekin hasi edo jarraitzeko. Hori egingo da, salbu eta jurisdikziorik ezari okerraren ondorioz oniritzia eman bazaio, demandari erantzun eta frogak gauzatu ondoren; horrelakoetan, auzitegi eskudunari aginduko zaio auziaren funtsari buruz ebazpena emateko.

Gainerako kasuetan, alegatu arauhauste guztien edo baten gaineko errekurtsoari on iritzi bazaio, salak errekurtsoa zein ebazpenen aurka jarri eta hori deuseztatuko du, eta jarduna arau-haustea gertatu egoerara eta unera itzultzea aginduko du.

3. Alegatutako zioetatik bat ere bidezko ez direla ulertzen badu salak, errekurtsoari gaitz iritziko dio, eta jarduna itzuliko dio hori zein auzitegitatik etorri eta horri.

4. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziaren epaiaren aurka, ez dago errekurtsorik, Auzitegi Goreneko sala zibilean legearen intereserako errekurtsoari buruz xedatutakoa izan ezik.

V. KAPITULUA

Kasazio-errekurtsoa

477. artikulua.

Kasazio-errekurtsoaren zioa eta kasazioan errekurtsoa jartzeko ebazpenak

1. Kasazio-errekurtsoaren oinarria behar da, zio bakar gisa, prozesuaren objektu diren arazoak ebazteko arau aplikagarriak haustea.

2. Kasazio-errekurtsopekoak izango dira, bigarren auzialdian probintziako audientziek emandako epaiak honako kasu hauetan:

1.) Oinarrizko eskubideen babes judizial zibilerako ematen direnean, Konstituzioaren 24. artikuluan aitortutakoak izan ezik.

2.) Auziaren munta 25 000 000 milioi pezetakoa baino handiagoa denean*.

* Abenduaren 17ko 1.417/2001 Errege Dekretuak 150 000 euroko kopurua ezarri du atal horretarako.

3.) Errekurtsoaren ebazpenak kasaziorako intereseko direnean.

3. Errekurtsoak kasaziorako interesa duela ulertuko da, baldin eta errekurtsoa hartu duen epaia Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia-doktrinaren aurkakoa bada; edo epai horrek ebatzi baditu probintziako audientzien kontraesaneko jurisprudentziaren gai eta arazoak; edota bost urte baino gehiago indarrean egon ez diren arauak aplikatzen baditu, betiere, ez dago Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia-doktrinarik, azken kasu horretan, eduki bereko edo antzeko edukia duten aurretiazko arauei buruz.

Errekurtsoa bada auzitegi nagusiaren ardurapekoa izan behar duen horietakoa, orduan ere kasazio-interesa dagoela ulertuko da, baldin eta errekurtsoa hartu duen epaia jurisprudentzia-doktrinaren aurkakoa bada edo auzitegi nagusian halako doktrinarik ez badago, kasuan kasuko autonomia erkidegoaren zuzenbide bereziari buruzko arauei dagokienez.

478. artikulua.

Eskumena. Errekurtsoen aldiberekotasuna

1. Arlo zibilean, kasazio-errekurtsoaren gaineko ardura dagokio Auzitegi Goreneko lehen salari.

Dena den, auzitegi nagusietako arlo zibileko eta zigor-arloko salak dira kasazio- errekurtsoen arduradunak, errekurtso horiek autonomia erkidegoan egoitza duten auzitegi zibilen ebazpenen aurkakoak badira, betiere errekurtso horren oinarria denean, zio bakar gisa edo beste zioekin batera, erkidego horretako zuzenbide zibila, foru-zuzenbidea edo zuzenbide berezia, eta kasuan kasuko autonomia-estatutuak eskumen hori xedatu duenean.

2. Alderdi berberak, epai beraren aurka, kasazio-errekurtsoak prestatzen baditu Auzitegi Gorenean eta Auzitegi Nagusian, lehena probidentzia bidez ez aurkeztutzat joko da, behin inguruabar hori egiaztatuta.

479. artikulua.

Errekurtsoa prestatzea

1. Kasazio-errekurtsoa prestatuko da, epaia zein auzitegik eman eta bertan, epai hori jakinarazi denetik hurrengo bost egunetan.

2. 477. artikuluko 2. paragrafoaren 1. zenbakian ezarri epaietatik baten aurka errekurtsoa jarri nahi bada, prestatze- idazkia mugatuko da oinarrizko eskubidearen arau-haustea laburki azaltzera.

3. 477. artikuluaren 2. paragrafoko 2. zenbakiaren arabera, epairen baten aurkako errekurtsoa jarri nahi bada, prestatze-idazkiak adierazi beharko du gauzatu arau-haustea bakarrik.

4. 477. artikuluaren 2. paragrafoko 3. zenbakiaren arabera, epairen baten aurkako errekurtsoa jarri nahi bada, prestatze-idazkiak adierazi beharko du, gauzatu arau-hausteaz gain, alegatutako kasazio-interesa oinarritzeko jurisprudentzia- doktrina edo kontraesaneko jurisprudentzia.

480. artikulua.

Errekurtsoa prestatzeari buruzko ebazpena

1. Zein kasazio-errekurtso prestatu eta errekurtso horiek aurreko artikuluan ezarri eskakizunak bete badituzte, auzitegiak ulertuko du horiek prestatu direla.

Eskakizunak bete ez badira, auzitegiak autoa emango du, errekurtsoa ukatuz. Auto horren aurka, kexaerrekurtsoa baino ezin daiteke jar.

2. Kasazio-errekurtsoa prestatutzat jo duen probidentziaren aurka, errekurtsoa jasan behar duen alderdiak ezin izango du errekurtsorik jarri; baina, alderdi hori kasazio-auzitegian agertzean, errekurtsoa onartzearen aurka jar daiteke.

481. artikulua.

Errekurtsoa jartzea

1. Kasazio-errekurtsoa prestatutzat noiz jo eta hurrengo hogei egunetako epean, errekurtsopeko epaia zein auzitegik eman eta horretan aurkeztu beharko da errekurtsoa jartzeko idazkia. Idazki horretan, behar besteko zabaltasunarekin azalduko dira errekurtsoaren oinarriak, eta bertan ikustaldia egitea eska daiteke.

2. Errekurtsoa jartzeko idazkiari batuko zaio aurkaratutako epaiaren ziurtagiria, eta, bidezkoa bada, kasazio-interesaren oinarri gisa alegatutako epaien testua.

3. Hala denean, errekurtsoa jartzeko idazkian, kasazio-errekurtsoa oinarritzeaz gain, era arrazoituan adierazi beharko da arauaren indarraldiari buruz egoki den guztia, bai eta ustez hautsi den araua zein izan eta horri buruzko jurisprudentzia-doktrinarik ez izatea ere.

4. Kasazio-errekurtsoa jartzeko epea amaitu bada, errekurtsoa jartzeko idazkirik aurkeztu gabe, errekurtsoa ezerezean dagoela adieraziko da, eta sortutako kostuak ezarriko zaizkio errekurtsogileari, halako kosturik badago.

482. artikulua.

Auzi-paperak igortzea. Ziurtagiriak luzatzeari ezezkoa ematea

1. Errekurtsoa jartzeko idazkia aurkeztu ondoren, hurrengo bost egunetan auzi-paper guztiak igorriko zaizkio kasazio- errekurtsoaren gaineko ardura duen auzitegi eskudunari, alderdiak 30 egunez hartara joateko epatuz.

2. Errekurtsogileak ezin izan badu 481. artikuluan aipatu epaiaren ziurtagiria lortu, aurreko paragrafoan ezarri auzi-paperen igorpena egingo da.

Ziurtagiria luzatzeko ezezkoa edo erresistentzia diziplina bidez zuzenduko da, eta, beharrezkoa bada, kasazio-salak ziurtagiri hori erreklamatuko dio berori luzatu behar duen auzitegiari edo auzitegiei.

483. artikulua.

Errekurtsoaren onarpenari buruzko erabakia

1. Auzitegiak auzi-paperak jaso ondoren, magistratu txostengileari emango zaio jarduna, horrek hori azter dezan eta salaren erabakipean jar, kasazio-errekurtsoa onartu edo ez onartzearen inguruan ebatzi beharrekoa.

2. Kasazio-errekurtsoaren onarpena ez da bidezko izango, honako kasu hauetan:

1.) Errekurtsoa prestatutzat jo arren, bidezko ez bada, epaia errekurtsopekoa ez delako edo errekurtsoa prestatzean ongitu ezin diren forma-akatsetatik edozein egin delako.

2.) Errekurtsoa jartzeko idazkiak ez baditu betetzen legeak kasuan-kasuan xedatu eskakizunak.

3.) Auzia eskatutako muntara iristen ez bada, edo kasazio-interesik ez badago, jurisprudentzia-doktrinari buruzko aurka-jartzerik ez dagoelako edo kontraesaneko jurisprudentziarik ez dagoelako, edo ustez zein arau hautsi eta hori bost urte baino gehiago indarrean egon bada, edo, salaren ustez, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia-doktrina badago arau horri buruz edo eduki bera edo antzeko edukia duen hori baino aurretiazko arau bati buruz.

Halaber, errekurtsoa ez da onartuko 477. artikuluko 3. paragrafoaren bigarren lerrokadako kasuetan, auzitegi nagusi eskudunak ulertzen badu doktrina eman duela eztabaidatu arauari buruz edo eduki bera edo antzeko edukia duen hori baino aurretiazko beste bati buruz.

3. Salak, ebazpena eman aurretik, errekurtsoa ez onartzeko balizko arrazoia adieraziko die probidentzia bidez bertaratutako alderdiei, horiek hamar eguneko epean, bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten.

4. Salak ulertzen badu errekurtsoa ez onartzeko arrazoietatik bat gertatzen dela, autoa emango du, kasazio-errekurtsoa onartu ez dela eta errekurtsopeko ebazpena irmoa dela adieraziz.

Errekurtsoa ez onartzeko arrazoiak eragina badu alegatutako arau-hausteren batean bakarrik, auto bidez ebazpena emango du salak, errekurtsoak salatu gainerako arau-hausteak onartzearen inguruan.

5. Kasazio-errekurtsoa onartzearen inguruko ebazpena zein autoren bidez eman eta horren aurka ez dago errekurtsorik.

484. artikulua.

Eskumenari buruzko erabakia, onartze-izapidean

1. Aurreko artikuluan aipatu onartze- izapidean, salak aztertuko du kasazio- errekurtsoaren gaineko ardura izateko eskumenik duen, errekurtso horren onargarritasunaren inguruan erabaki aurretik.

Salak bere burua eskuduntzat jotzen ez badu, aginduko du, alderdiak hamar egunez entzun ondoren, bere burua eskuduntzat jotzen duen salari jarduna igortzea eta alderdiak epatzea, horiek hamar eguneko epean sala horretan ager daitezen.

2. Aurreko paragrafoan aipatu kasuan, bere burua eskuduntzat jo duen salak jarduna jaso eta alderdiak sala horretan bertaratu ondoren, errekurtsoaren gauzatzeak aurrera egingo du, onartze-izapidetik bertatik.

3. Auzitegi nagusietako salek ezin izango diote ezetzik eman kasazio-errekurtsoen gaineko ardura izateari, errekurtsook Auzitegi Goreneko lehen salak igorri badizkie sala horiei.

485. artikulua.

Kasazio-errekurtsoa onartzea eta gainerako alderdiei helaraztea

Kasazio-errekurtsoa onartu ondoren, errekurtsoa jartzeko idazkia helaraziko zaie, erantsitako agiriekin batera, errekurtsoa jasan behar duen alderdiari edo alderdiei, horiek idatziz aurka-jartzea formaliza dezaten, hogei eguneko epean, eta ikustaldia beharrezkoa dela uste duten ala ez adieraz dezaten.

Aurka-jartze idazkian alega daitezke, halaber, errekurtsoaren onargarritasunik ezaren arrazoiak, horiek gertatzen direla ulertzen bada eta auzitegiak jada horiek ukatu ez baditu.

486. artikulua.

Botazioa eta epaitza. Balizko ikustaldia

1. Aurreko artikuluan aipatu epea igaro ondoren, aurka-jartze idazkiak aurkeztu nahiz aurkeztu ez, salak probidentzia bidez zehaztuko ditu eguna eta ordua, hurrengo hogeita hamar egunetan, kasazio-errekurtsoan ikustaldia egiteko, edo, hala denean, horren botazio eta epaitzarako.

2. Auzitegiak erabakiko du justizia hobeto emateko ikustaldia egiteari buruz egokiena dena. Ikustaldi hori, edozein kasutan, egin behar da, alderdi guztiek hori eskatzen badute, eta berori errekurtsogilearen txostenarekin hasiko da, ondoren errekurtsoa jasan behar duen alderdiarenarekin jarraituz.

Alderdi errekurtsogile batzuk badaude, errekurtsoak zein hurrenkeratan jarri eta hori kontuan izango da, eta errekurtsoa jasan behar duten alderdiak batzuk badira, agertze-hurrenkera izango da kontuan.

487. artikulua.

Epaia. Ondoreak

1. Salak kasazio-errekurtsoaren inguruko epaia emango du, ikustaldia amaitu denetik edo botazio eta epaitzarako zehaztu datatik hurrengo hogei egunetan.

2. 477. artikuluaren 2. paragrafoko 1 eta 2. zenbakietan aipatu kasazio-errekurtsoak badira, kasazio-errekurtsopean jarritako epaiak hori oso-osorik edo zati batez berretsi edo horren kasazioa egingo du.

3. Kasazio-errekurtsoa 477. artikuluaren 2. paragrafoko 3. zenbakian aipatu horietatik bat bada, eta epaiak aintzat hartzen badu errekurtsoa oinarriduna dela, aurkaratutako ebazpenaren kasazioa egingo du, eta kasuaren inguruan ebazpena emango du, jurisprudentzia-doktrinaren aurka-jartzea edo jurisprudentziaren aurkakotasuna nahiz desadostasuna kontuan izanik, egoki dena adieraziz.

Kasazioan emandako epaiaren erabakiek ez dituzte ukituko aurkaratutakoaz beste zein epai alegatu eta epai horiek sortu dituzten egoera juridikoak.

488. artikulua.

Kasazio-errekurtsoa eta prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia gauzatzea eta erabakitzea, epaiketa bereko auzilariek errekurtso berezi ezberdina aukeratu dutenean

1. Prozesu bereko auzilari desberdinek errekurtso berezietatik mota ezberdina aukeratu badute, prozesuko arau-haustean oinarritutakoa lehenespenez gauzatuko du auzitegi eskudunak; hala ere, kasazio-errekurtsoaren izapidetza hasiko da, eta, beraren onarpena erabaki arte, izapidetza horrek aurrera egingo du, gerora kasazio-errekurtsoa eten egingo dela.

2. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtsoari buruzko epaia ematen bada, eta, horretan, erabateko gaitziritzia eman bazaio errekurtsoari, kasaziorako auzitegi eskudunari berehala egingo zaio komunikazioa, kasazio- errekurtsoaren etendura berehala deseginez eta kapitulu honetan xedatutakoaren arabera berori gauzatuz.

3. Prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziari oniritzia eman bazaio, aurkeztu kasazio-errekurtsoa ondorerik gabe geratuko da, lege honen 467. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

489. artikulua.

Foru-kasazioko errekurtsoa eta prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia gauzatzea eta erabakitzea, auzi bereko auzilariek errekurtso berezi ezberdina aukeratzen dutenean

Prozesu bereko auzilari desberdinek errekurtso berezietatik mota ezberdina aukeratu badute, batek prozesuko arauak hausteagatik, eta besteak autonomia-erkidegoko foru-zuzenbide zibilaren edo bertako berezko zuzenbide bereziaren arauak hausteagatik, errekurtso biak gauzatu eta erabakiko dira, pieza batean metatuta, salak epai batean bakarrik ebatziz; salak kontuan izango du kasazio-errekurtsoari buruzko erabakia bakarrik eman daitekeela, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziari gaitz iritzi bazaio.

VI. KAPITULUA

Legearen intereserako errekurtsoa

490. artikulua.

Legearen intereserako errekurtsopekoak izan daitezkeen ebazpenak

1. Legearen intereserako errekurtsoa jar daiteke, jurisprudentzia-doktrinaren batasunerako, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso bereziak ebatzi dituzten epaiei buruz, baldin eta auzitegi nagusietako arlo zibileko eta zigor- arloko salek irizpide ezberdinak badituzte, prozesuko arauen interpretazioaren inguruan.

2. Ez da bidezkoa izango legearen intereserako errekurtsoa, Konstituzio Auzitegian babes-errekurtsopean jarritako epaien aurka.

491. artikulua.

Legearen intereserako errekurtsoa jartzeko legitimazioa

Edozein kasutan, legearen intereserako errekurtsoa jar dezakete Fiskaltzak eta Herriaren Defendatzaileak.

Halaber, errekurtso hori jar dezakete zuzenbide publikoko pertsona juridikoek, euren jarduera eta eginkizunak direla eta, errekurtsoarekin lotutako prozesuko arazoen inguruan, baldin eta horiek arazoon jurisprudentzia-batasunean interes legitimoa egiaztatzen badute.

492. artikulua.

Errekurtsoa jartzea eta gauzatzea

1. Legearen intereserako errekurtsoak jarriko dira, antzinatasun gutxieneko epaia noiz eman eta urtebeteko epean, zuzenean Auzitegi Goreneko arlo zibileko salan.

2. Legearen intereserako errekurtsoa zein idazkitan jarri eta hori aurkeztuko da honako agiriekin batera:

1.) Alegatutako desadostasuna adierazten duten ebazpenen kopia ziurtatua edo lekukotza.

2.) Konstituzio Auzitegiak luzatu ziurtagiria, horrek egiaztatzen badu, babes- errekurtsopean jartzeko epea igaro ondoren, errekurtso hori ez dela jarri alegatu epaietatik baten aurka.

3. Errekurtsoa jartzeko idazkia edo idazkiak, erantsitako agiriekin batera, helaraziko zaizkie errekurtsoaren objektu zein epai izan eta horiek eman ziren prozesuetan alderdi gisa bertaratutakoei, horiek, hogei eguneko epean, alegazioak aurkez ditzaten, euren ustez oinarririk handiena duten irizpide juridikoak adieraziz.

493. artikulua.

Epaia

Legearen intereserako errekurtsoetan emandako epaiak beti errespetatuko ditu alegatutako epaiek ondorioztatu dituzten egoera juridiko bereziak, eta, epai horrek oniritzia jasotzen badu, jurisprudentzia-doktrina zehaztuko da epaitzan.

Halakoetan, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko da, eta, horretan jarri denetik, antolamendu juridikoa osatuko du, arlo zibileko jurisdikzio- ordenako epaile eta auzitegi guztientzat, Auzitegi Gorenarentzat izan ezik, lotesle izanik.

VII. KAPITULUA

Kexa-errekurtsoa

494. artikulua.

Kexa-errekurtsopeko ebazpenak

Ebazpena zein auzitegik eman eta horren autoen aurka, gora jotzeko errekurtsoa, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia edo kasazio- errekurtsoaren izapidetza ukatu bada, kexa-errekurtsoa jar daiteke, izapidetzarik izan ez duen errekurtso hori ebatzi behar duen organoan.

Kexa-errekurtsoak lehenespenez izapidetu eta ebatziko dira.

495. artikulua.

Gauzatzea eta erabakitzea

1. Kexa-errekurtsoa prestatuko da, bosgarren egunaren barruan, errekurtsopeko autoaren birjartzea eskatuz; eta birjartze horri gaitziritzia ematen zaionerako, ebazpen bien lekukotza eskatuko da.

2. Auzitegiak birjartzea onartzen ez badu, aginduko du alderdi interesdunari, hurrengo bost egunen barruan, lekukotza hori ematea; idazkari judizialak, jarraian, emate-data egiaztatuko du.

3. Lekukotza eman eta hurrengo hamar egunetan, hori eskatu alderdiak kexa-errekurtsoa aurkeztu beharko du organo eskudunean, lortutako lekukotza ekarriz.

4. Errekurtsoa eta lekukotza garaiz aurkeztu badira, auzitegiak bost eguneko epean emango du errekurtso horren inguruan ebazpena.

Auzitegiak errekurtsoaren izapidetza ukatzea egokia dela ulertzen badu, kasuan kasuko auzitegiari ezagutaraziko dio hori, auzi-paperetan hala agerrarazteko.

Auzitegiak izapidetza hori ukatzea bidezkoa dela ulertzen badu, kasuan kasuko auzitegiari aginduko dio izapidetzarekin aurrera egiteko.

5. Kexa-errekurtsoa zein autok ebatzi eta auto horren aurka ez dago errekurtsorik.

V. TITULUA

AUZI-IHESA ETA EPAI IRMOAK HUTSALTZEA, ETA AUZI-IHESEAN DAGOEN DEMANDATUA BERRIRO ERE ENTZUTEA

496. artikulua.

Auzi-ihesari buruzko adierazpena eta horren ondoreak

1. Zitazioan eta epatzean zehaztu datan edo epean behar bezala agertu ez den demandatua auzi-ihesean dagoela adieraziko da.

2. Auzi-ihesari buruzko adierazpena ez da ulertuko amore-emate gisa edo demandan jasotako egitateen onarpen gisa, legeak esanbidez aurkakoa xedatzen duenean izan ezik.

497. artikulua.

Jakinarazpenen araubidea

1. Auzi-ihesa adierazi ebazpena demandatuari jakinaraziko zaio postaz, beraren egoitza ezaguna bada, eta, ediktuen bidez, halakoa ezaguna ez bada.

Jakinarazpena egin ondoren, ez zaio horri beste jakinarazpenik egingo, prozesuari amaiera eman dion ebazpenari buruzkoa izan ezik.

2. Prozesuari amaiera emateko epaia edo ebazpena demandatuari berari jakinaraziko zaio, lege honen 161. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Baina demandatua non dagoen jakiterik ez badago, jakinarazpena ediktu bidez egingo da, berori «Estatuko Aldizkari Ofizialean » argitaratuz.

Gauza bera aplikatuko zaie gora-jotzean, prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezian edo kasazioan emandako epaiei.

498. artikulua.

Ediktuen bidez, zitazioa jaso duen edo epatua izan den demandatu auzi-iheslariari prozesua badela komunikatzea

Demandatu auzi-iheslariak egoitza ezagunik ez duelako edo non dagoen jakiterik ez dagoelako, ediktuen bidez bertaratzeko zitazioa jaso badu edo epatua izan bada, prozesua erabakitzeko dagoela komunikatuko zaio, ofizioz edo bertaratutako alderdietatik edozeinek hala eskaturik, komunikazioa egiteko tokiaren berri izan bezain laster.

499. artikulua.

Demandatua geroago agertzea

Demandatu auzi-iheslaria agertzen bada prozesuaren egoera edozein izanik ere, izapidetza egingo da bera kontuan izanda, izapidetzan inola ere atzera egin gabe.

500. artikulua.

Demandatu auzi-iheslariak errekurtso arruntak jartzea

Demandatu auzi-iheslariari berari epaia jakinarazi bazaio, epai horren aurka balia ditzake, bakarrik, gora-jotzeko errekurtsoa, eta prozesuko arau-haustearen ondoriozko errekurtso berezia nahiz kasazio-errekurtsoa, horiek bidezko badira eta legezko epean jartzen badira.

Errekurtso horiek balia ditzake demandatu auzi-iheslariak, epaia demandatuari berari jakinarazi ez bazaio; baina, kasu horretan, errekurtsook jartzeko epea zenbatuko da, epaia jakinarazteko ediktua «Estatuko Aldizkari Ofizialen », Autonomia Erkidegokoan edo probintziakoan noiz argitaratu eta egun horren biharamunetik hasita.

501. artikulua.

Auzi-iheslariak hala eskatuta, epai irmoa hutsaltzea. Noiz den bidezkoa

Etengabe auzi-ihesean egondako demandatuek epai irmoa eman duen auzitegiari eska diezaiokete epai hori hutsaltzea, honako kasu hauetan:

1.) Ezinbesteko kasu etengabean, horrek auzi-iheslariari agertzea eragotzi badio, nahiz eta auzi-iheslari horrek auziari buruzko ezagutza izan, behar bezala zitazioa jaso edo epatua izan delako.

2.) Demanda eta auziaren berri izan ez denean, zitazioa edo epatzea 161. artikuluaren araberako zedula bidez egin izan bada, baina zedula hori demandatu auzi-iheslariaren eskura heldu ez bada, berorri egotzi ezin zaizkion arrazoien ondorioz.

3.) Demanda eta auziaren berri izan ez denean, demandatu auzi-iheslariak ediktuen bidez zitazioa jaso badu edo epatua izan bada, baina absente egon bada prozesua non gertatu eta bertatik, edota Estatuko nahiz Autonomia Erkidegoko beste edozein tokitatik, ediktuak haietako aldizkari ofizialetan argitaratu badira.

502. artikulua.

Hutsaltze-akzioaren iraungitze-epeak

1. Demandatu auzi-iheslariak hala eskatuta, epai irmoaren hutsalketa bidezkoa izango da, bakarrik, hori hurrengo epeetan eskatzen bada:

1.) Hogei egunetako epean, epai irmoaren jakinarazpenetik hasita, jakinarazpen hori demandatu auzi-iheslariari berari egin bazaio.

2.) Lau hilabeteko epean, epai irmoa jakinarazteko ediktua argitaratu denetik, epai hori demandatu auzi-iheslariari berari jakinarazi ez bazaio.

2. Aurreko paragrafoko epeak luza daitezke, 134. artikuluko bigarren paragrafoaren arabera, baldin eta ezinbesteko kasuak badirau, eta horrek auzi-iheslariari agertzea eragotzi badio; baina hutsalketa-akzioa ezin izango da inola ere egikaritu, epaiaren jakinarazpenetik hamasei hilabete igaro ondoren.

503. artikulua.

Hutsaltzerik eza, gauza epaituaren ondorerik gabeko epaietan

Ez da epai irmoen hutsalketarik gertatuko, baldin eta epaiok, lege-xedapenaren bitartez, gauza epaituaren ondoreak ez badituzte.

504. artikulua.

Betearazpenaren balizko etendura. Hutsaltze-prozedura

1. Auzi-ihesean emandako epai irmoak hutsaltzeko demandek ez dute euren betearazpena etengo, lege honen 566. artikuluan xedatutakoa gorabehera.

2. Demandatu auzi-iheslariaren uzia, epai irmoa hutsaltzeko, epaiketa arruntean ezarri izapideen bidez gauzatuko da, berori prozesuan alderdi izan direnek has dezaketela.

505. artikulua.

Hutsalketa-epaia

1. Epaiketa egin ondoren, horretan hutsalketa egiaztatzeko arrazoien inguruan froga egokia gauzatuz, auzitegiak epai bidez hutsalketari buruzko ebazpena emango du, eta epai horrek ez du errekurtsorik onartuko.

2. Alderdiak hala eskatuta, betearazpenaren auzitegiak agindu beharko du hutsaldu epaiaren betearazpena etetea, baldin eta, 566. artikuluan xedatutakoaren arabera, auzitegi horrek jada etendura agindu ez badu.

506. artikulua.

Kostuak

1. Auzi-ihesean kondenatua izan den auzilariak hutsalketa eskatzen badu, eta auzitegiak hutsalketa hori bidezkoa ez dela adierazten badu, auzilari horri ezarriko zaizkio prozeduraren kostu guztiak.

2. Hutsalketa bidezkoa delako epaia ematen bada, auzilarietatik inori ez zaizkio kostuak ezarriko, salbu eta auzitegiak horietako batean ausarkeria badela aitortzen duenean.

507. artikulua.

Prozedura gauzatzea, uziari oniritzia ematen dion epaiaren ondoren

1. Demandatu auzi-iheslariaren uziari on iritzi ondoren, hutsalketa bidezkotzat zein epaitan jo eta epai horren ziurtagiria igorriko zaio auziaren gaineko ardura lehen auzialdian izan duen auzitegiari, eta, bertan, honako erregela hauen arabera jardungo da:

1.) Demandatuari auzi-paperak hamar egunez emango zaizkio, beraren eskubideei dagokiena azaldu eta eskatu ahal izateko, demanda erantzuteari buruz xedatutakoaren arabera.

2.) Demandatuak azaldu eta eskatutakoa aurkako alderdiari helaraziko zaio, beste hamar egunez, horri idazki eta agirien kopiak emanez.

3.) Aurrerantzean, kasuan kasuko epaiketa adierazlearen izapideak egingo dira, bidezko epaia eman arte; epai horren aurka, lege honetan xedatu errekurtsoak jar daitezke.

2. Ez da beharrezkoa izango lehen auzialdiko auzitegiari aurreko paragrafoan aipatu ziurtagiria igortzea, auzitegi hori izan bada hutsalketa bidezkotzat jo duena.

508. artikulua.

Demandatuaren jarduerarik eza eta beste epai bat

Demandatuak aurreko alegazio eta eskaerak aurkezten ez baditu artikuluko lehen erregelan aipatu izapidean, ulertuko da entzuna izateari uko egin diola, eta beste epai bat emango da, hutsaldu den epaiaren esanahiarekin.

Epai horren aurka ez dago errekurtsorik.

VI. TITULUA

EPAI IRMOAK BERRIKUSTEA

509. artikulua.

Organo eskuduna eta errekurtsopeko ebazpenak

Epai irmoen berrikuspena Auzitegi Goreneko sala zibilari edo Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor-arloko salei eskatuko zaie, Botere Judizialaren Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

510. artikulua.

Zioak

Epai irmoa honako zio hauengatik berrikus daiteke:

1.) Epai irmoa eman ondoren, agiri erabakigarriak berreskuratu edo lortu badira, horiek ezinbesteko kasuarengatik edo epaia aldeko izan duen alderdiaren erruz erabili ezin izan badira.

2.) Epai irmoa eman bada, agiriak kontuan izanik, baldin eta zigor-prozesu batean agiriok faltsuak direla adierazi izan bada, alderdietako batek hori jakin gabe, edo agirion faltsutzea geroago zigor-arloan adierazten bada.

3.) Epai irmoa eman bada, lekuko- edo aditu-frogen arabera, eta lekukoak edo adituak kondenatuak izan badira, epaiaren oinarri zein adierazpen izan eta adierazpen horietan emandako lekukotza faltsuarengatik.

4.) Auzia irabazi bada, zuzena ez den eran, funtzionario-eroskeriaz, indarkeriaz edo iruzurrez.

511. artikulua.

Legitimazio aktiboa

Berrikuspena eska dezake aurkaratutako epai irmoaren ondorioz kaltedun gertatu den alderdiak.

512. artikulua.

Berrikuspena jartzeko epea

1. Aurkaratu nahi den epaia argitaratu ondoren bost urte igaro badira, ezin izango da inola ere berrikuspena eskatu.

Epe hori igaro ostean aurkeztu berrikuspen oro ez da onartuko.

2. Aurreko paragrafoan zehaztu epean, berrikuspena eska daiteke, baldin eta hiru hilabete igaro ez badira agiri erabakigarriak, funtzionario-eroskeria, indarkeria edo iruzurra aurkitu direnetik, edota faltsutzea aitortu edo adierazi denetik.

513. artikulua.

Gordailua

1. Berrikuspen-demanda jarri ahal izateko, demandari batu behar zaio, ondore horretarako establezimenduan 300 euro gordailuan jarri direla egiaztatzeko agiria.

Kopuru hori itzuliko da, auzitegiak berrikuspen-demandari on irizten badio.

2. Aipatu gordailua egiten ez bada edo nahiko ez bada, eta hori ongitzen ez bada, auzitegiak, probidentzia bidez adierazi epean, epe hori inola ere bost egunekoa baino luzeagoa izango ez dela, besterik gabe baztertuko du demanda hori.

514. artikulua.

Gauzatzea

1. Berrikuspen-demanda aurkeztu eta onartu ondoren, auzitegiak eskatuko du zein auzitako epaia aurkaratu eta horri buruzko jardun guztia igortzea; eta horretan auzian aritu diren guztiak edo horien kausadunak epatuko ditu, hogei eguneko epean demandari erantzuteko, euren eskubideei dagokiena alegatuz.

2. Berrikuspen-demandari erantzun ondoren, edo aurreko epea igaro bada horri erantzun gabe, jardunari emango zaio hitzezko epaiketetarako xedatu izapidetza.

3. Edozein kasutan, Fiskaltzak informatu behar du berrikuspenaren inguruan, demandari buruz oniritzia edo gaitziritzia jasotzen duen epaia eman aurretik.

4. Berrikuspena izapidetu bitartean zigor-arloko epaitu aurreko arazoak eragiten badira, lege honen 40. artikuluan ezarri arau orokorrak aplikatuko dira; ez da aplikatuko, ordea, 512. artikuluko 1. paragrafoan aipatu iraungitzeari buruzko epe orokorra.

515. artikulua.

Betearazpenaren balizko etendura

Berrikuspen-demandek ez dute etengo horien oinarri diren epai irmoen betearazpena, lege honen 566. artikuluan xedatutakoa gorabehera.

516. artikulua.

Erabakia

1. Auzitegiak berrikuspena bidezkoa dela aintzat hartzen badu, hori adieraziko du, eta aurkaratu epaia hutsaltzeari ekingo dio.

Ondoren, epaitzaren ziurtagiria luzatzea aginduko du, eta auzi-paperak itzuliko dizkio horiek zein auzitegitatik etorri eta berorri, alderdiek epaiketa egokian euren eskubideak balia ditzaten, alderdioi dagokienaren arabera.

Epaiketa horretan, oinarri gisa hartuko dira, eta ezin izango dira eztabaidatu berrikuspen-epaian egindako adierazpenak.

2. Auzitegiak berrikuspenari gaitz irizten badio, kostuak ordaintzera kondenatuko da demandatua, eta aurretiaz egindako gordailua galduko du.

3. Berrikuspen-auzitegiak zein epai eman eta horren aurka ez dago errekurtsorik.

euskal legezalea