Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek indarkeria eta suzko armak erabiltzeari buruzko Oinarrizko Printzipioak

Euslege

Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek indarkeria eta suzko armak erabiltzeari buruzko Oinarrizko Printzipioak

Nazio Batuek onetsiak, Delitua prebenitzeari eta delitugilea tratatzeari buruzko bere zortzigarren Biltzarrean, Habanan (Kuban) egin zena, 1990. urteko abuztuaren 27tik irailaren 7ra arte

Aintzat harturik legea betearazteko ardura duten funtzionarioen zeregina gizarte-zerbitzu bat dela, garrantzi handia duena eta, horrenbestez, behar-beharrezkoa dela halakoa zaintzea eta beharrezkoa den guztietan, funtzionario horien lan-baldintzak eta egoera hobetzea,

Aintzat harturik legea betearazteko ardura duten funtzionarioen bizitza eta segurtasuna mehatxatzea gizarte osoaren egonkortasuna mehatxatzea dela,

Aintzat harturik legea betearazteko ardura duten funtzionarioek egindako lana oinarrizkoa dela pertsonen bizitza-eskubidea eta askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea babesteko, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak bermatzen duenaren arabera eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak berretsitakoaren arabera,

Kontuan harturik, Giltzapetuak tratatzeko gutxieneko Erregeletan aurreikusten dela espetxeetako funtzionarioek zein inguruabarretan erabili dezakeen indarkeria euren eginkizunak betetzeko,

Kontuan harturik, legea betearazteko ardura duten funtzionarioentzako jokabide-kodearen 3. artikuluak xedatzen duela funtzionario horiek ezin izango dutela indarkeriarik erabili, behar beharrezkoa denean izan ezik eta euren zereginetan jarduteko behar den neurrian,

Kontuan harturik Nazio Batuek, Delitua Prebenitzeari eta Delitugilea tratatzeari buruzko Zazpigarren Biltzarra prestatzeko bileran, Italiako Varennan egina, erabaki zela zein osagai ziren kontuan hartu beharrekoak, legea betearazteko ardura duten funtzionarioek indarkeria eta suzko armak erabiltzeko mugei buruzko lanen jarraipenean,

Kontuan harturik Zazpigarren Biltzarrak, bere 14 ebazpenean, besteak beste, azpimarratzen duela legea betearazteko ardura duten funtzionarioek indarkeria eta suzko armak erabiltzea eta giza eskubideei datxezkion errespetua bateratu egin behar direla.

Kontuan harturik Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak, 1986. urteko maiatzaren 21eko 1986/10 ebazpenean, IX atalean, estatu kideei gonbitea luzatu ziela arreta berezia jartzeko Kodearen aplikazioan, bereziki, legea betearazteko ardura duten funtzionarioek indarkeria eta suzko armak erabiltzeari dagokionean; kontuan harturik, halaber, Biltzar Orokorrak, 1986. urteko abenduaren 4ko 41/149 ebazpenean, besteak beste, Kontseiluak egindako gomendio hau begi onez ikusi zuela,

Aintzat harturik egokia dela legea betearazteko ardura duten funtzionarioen egitekoa aintzakotzat hartzea, euren segurtasun pertsonala baztertu gabe, justizia-administrazioari, pertsonen bizitza-eskubidea eta askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea babesteari, segurtasun publikoa eta gizarte-bakea zaintzeko erantzukizunari eta euren kalifikazio, gaikuntza eta jokabideari dagokienez,

Jarraian adierazten diren oinarrizko printzipioak ezarri dira estatu kideei laguntza emateko euren jardunetan, jardun horiek bideratuta daudenean legea betearazteko ardura duten funtzionarioen zeregina ziurtatzeko eta sustatzeko; horrenbestez, gobernuek kontuan hartu eta errespetatu egin beharko dituzte printzipio horiek, kasuan kasuko legeria eta eginera nazionalen markoan; halaber, legea betearazteko ardura duten funtzionarioei adierazi behar zaizkie, bai eta beste pertsona batzuei ere, hala nola, epaileei, fiskalei, abokatuei eta botere betearazlearen eta legegilearen kideei, eta, oro har, jende guztiari.

Xedapen orokorrak

1. Gobernuek eta legea betearazteko ardura duten funtzionarioek onartu eta aplikatu beharko dituzte arauak eta erregelamenduak; arau eta erregelamendu horiek direla legea betearazteko ardura duten funtzionarioek indarkeria eta suzko armak pertsonen aurka erabiltzeari buruzkoak. Arau eta xedapen horiek ezarri ondoren, gobernuek eta legea betearazteko ardura duten erakundeek etengabe aztertuko dituzte arazo etikoak, zer ikusia dutenak indarkeria eta suzko armen erabilerarekin.

2. Gobernuek eta legea betearazteko ardura duten erakundeek ezarriko dituzte metodo batzuk, ahalik eta zabalenak eta kasuan kasuko funtzionarioei emango dizkiete arma eta munizio desberdinak, funtzionario horiek erabili ditzaten indarkeria eta suzko armak modu egokian. Arma horien artean arma ezgaitzaileak, hilgarriak ez direnak, egon beharko lirateke, egokia denean halakoak erabili ahal izatea, lesioak edo heriotza eragin dezaketen baliabideen erabilera gero eta murritzagoa izateko asmoz. Helburu berberarekin, onartu beharko litzateke legea betearazteko ardura duten funtzionarioek euren buruen babeserako ekipoak edukitzea, esaterako, ezkutuak, kaskoak, armen kontrako txalekoak, edozein motatako armen beharra murrizteko helburuarekin.

3. Hilgarriak ez diren arma ezgaitzaileen fabrikazio eta banaketaren ebaluazio zehatza egingo da, egitateekin zer ikusirik ez duten pertsonei lesioak eragiteko arriskua gutxienera murrizteko eta, orobat, arma horien erabilera kontu handiz kontrolatuko da.

4. Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek, euren eginkizunak betetzeko, ahal den neurrian bortitzak ez diren baliabideak erabiliko dituzte, indarkeria eta suzko armak erabili aurretik. Indarkeria eta suzko armak bakar-bakarrik erabiliko dituzte beste baliabideak eraginkorrak ez direnean edo bermatzen ez dutenean aurreikusitako emaitzarik.

5. Suzko armak erabiltzea saihestezina denean, legea betearazteko ardura duten funtzionarioek:

a) Zuhurtzia erakutsiko dute eta delituaren astuntasunaren arabera jardungo dute eta, zein izan lortu nahi den bidezko helburua eta helburu horren arabera;

b) Gutxienera murriztuko dituzte kalteak eta lesioak eta giza bizitza errespetatu eta babestuko dute;

c) Ahalik eta arinen jardungo dute, zaurituei eta ukitutako pertsonei laguntza eta zerbitzu medikoak emateko;

d) Saiatuko dira, ahalik eta arinen, gertatutakoaren berri ematen zaurituen eta ukitutako pertsonen senideei edo lagun minei.

6. Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek indarkeria edo suzko armak erabiltzeagatik lesioak edo heriotza eragiten badute, berehala emango diete horren berri euren goragokoei, 22. printzipioarekin bat etorriz.

7. Gobernuek beharrezko neurriak hartuko dituzte legeriak zigor dezan delitu gisa, legea betearazteko ardura duten funtzionarioek indarkeria edo suzko armak erabiltzea nahierara edo abusuz.

8. Ezin izango dira aipatu salbuespenezko inguruabarrak, hala nola,barneko ezegonkortasun politikoa edota larrialdiko edozein egoera publiko, oinarrizko printzipio horien haustura justifikatzeko.

Xedapen bereziak

9. Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek ez dute suzko armarik erabiliko pertsonen aurka, ez bada euren buruak edo beste pertsona batzuk defendatzeko, hiltzeko arriskua gertu-gertu dutenean edo lesio larrien kasuan, edota delitu astun bat egitea saihesteko asmoa dutenean, delitu horrek bizitza arrisku larrian jartzen badu, edo pertsona bat atxilotzeko helburuarekin, pertsona hori arriskutsua delako edo agintaritzari aurre egin diolako, edo horren ihes egitea saihesteko, eta bakar-bakarrik aipatu helburuak lortzeko neurri arinagoak nahikoak ez direnean. Edozein modutan ere, arma hilgarriak hala nahita erabili daitezke, bakar-bakarrik, bizitza bat babesteko halakoak erabiltzea saihestezina denean.

10. 9. printzipioan ezarritako inguruabarretan, legea betearazteko ardura duten funtzionarioak funtzionario gisa identifikatuko dira eta zehatz ohartaraziko dute suzko armak erabiltzeko duten asmoa; ohartarazpen hori kontuan hartzeko beste denborarekin egingo da, salbu eta ohartarazpena egiterakoan legea betearazteko ardura duten funtzionarioak arriskuan geratzen direnean, beste pertsona batzuk heriotza-arriskuan geratzen direnean edo horiei kalte larriak eragin ahal zaizkienean, edota argi ikusten denean horrela jokatzea ezegokia eta alferrekoa dela, kasuaren inguruabarrak ikusirik.

11. Legea betearazteko ardura duten funtzionarioei buruzko arauek eta erregelamenduek, suzko armak erabiltzearen alorrean honako jarraibideak bildu beharko dituzte:

a) Zehaztu behar dituzte zein inguruabarretan duten baimena legea betearazteko ardura duten funtzionarioek suzko armak eramateko eta, halaber, agindu behar dute zein motatako suzko armak edo munizioak dauden baimenduta.

B) Ziurtatu behar dute suzko armak inguruabar egokietan erabiliko direla soil-soilik, beharrezkoak ez diren kalteak eragiteko arriskua gutxitzeko;

c) Debekatu behar dute suzko armak edo munizioak erabiltzea, horiek nahi ez diren lesioak eragin ditzaketenean edo bidegabeko arriskua ekartzen dutenean.

d) Arautu behar dituzte suzko armen kontrola, biltegia eta banaketa, bai eta prozedurak ere, ziurtatzeko legea betearazteko ardura duten funtzionarioak eurak direla eskura eman zaizkien suzko armen edo munizioen erantzuleak.

e) Adierazi behar dituzte egin beharreko ohartarazpenak, hala denean, suzko arma bat erabili aurretik;

f) Ezarri behar dute txostenak aurkezteko sistema bat, legea betearazteko ardura duten funtzionarioek, euren eginkizunak betetzeko, suzko arma bat erabili behar dutenean.

Zilegiak ez diren bilerei buruzko jokaera

12. Aintzat hartuta pertsona guztiek dutela baimena bilera zilegi eta baketsuetan parte hartzeko, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean ezarritako printzipioekin bat etorriz, gobernuek eta legea betearazteko ardura duten erakundeek aitortuko dute indarkeria eta suzko armak bakar-bakarrik erabili daitezkeela 13 eta 14. Printzipioen arabera.

13. Zilegi ez diren baina indarkeriarik gabeko bilerak sakabanatzeko orduan, legea betearazteko ardura duten funtzionarioek indarkeria erabiltzea saihestuko dute eta hori ezinezkoa denean, behar den gutxienera murriztuko dute halakoa.

14. Indarkeriazko bilerak sakabanatzeko orduan, legea betearazteko ardura duten funtzionarioek erabili ditzakete suzko armak, arrisku gutxiago duten baliabideak erabili ezin direnean, betiere behar den neurri txikienean. Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek ezin izango dute suzko armarik erabili kasu horietan, 9 printzipioan aurreikusitako inguruabarretan izan ezik.

Zaintzapean edo atxilotuta dauden pertsonen zaintza

15. Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek, zaintzapean edo atxilotuta dauden pertsonekin duten harremanetan ezin izango dute indarkeriarik erabili, salbu eta behar-beharrezkoa denean establezimenduetako segurtasuna eta ordena zaintzeko edota pertsonen osotasun fisikoa arriskuan dagoenean.

16. Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek, zaintzapean edo atxilotuta dauden pertsonekin duten harremanetan ez dute suzko armarik erabiliko, euren burua defendatzeko edo hirugarren pertsonak defendatzeko izan ezik, edo behar-beharrezkoa izan ezik zaintzapean edo atxilotuta dagoen pertsona baten ihesa eragoztea, pertsona hori 9. printzipioan aipatu arriskuaren barruan badago.

17. Aurreko printzipioak aplikatuko dira espetxeetako funtzionarioen eskubide, betebehar eta erantzukizunei kalterik egin gabe, Giltzapetuak tratatzeko gutxieneko Erregeletan ezarritakoaren arabera, gehienbat 33, 34 eta 35. erregeletan ezarritakoa.

Kalifikazioak, gaikuntza eta aholkularitza

18. Gobernuak eta legea betearazteko ardura duten erakundeak saiatuko dira legea betearazteko ardura duten funtzionarioak izan daitezen hautatuak prozedura egokien bitartez, eta eduki ditzaten gaitasun etiko, psikologiko eta fisiko egokiak euren eginkizunak modu eraginkorrean egikaritzeko eta har dezaten lanbide-gaikuntza osoa eta etengabekoa. Eginkizun horiek egikaritzeko gaitasunak aldian-aldian aztertuko dira.

19. Gobernuak eta legea betearazteko ardura duten erakundeak saiatuko dira legea betearazteko ardura duten funtzionarioek gaikuntza har dezaten indarkeriaren erabileran eta izan daitezen aztertuak ebaluazio-arau egokien arabera. Suzko armak eraman behar dituzten funtzionarioek baimena izan behar dute horretarako eta baimen hori bakar-bakarrik emango zaie armak erabiltzeko gaikuntza espezializatua hartzen dutenean.

20. Legea betearazteko ardura duten funtzionarioen gaikuntzan, gobernuek eta kasuan kasuko erakundeek arreta berezia jarriko dute polizia-etikaren eta giza eskubideen gaietan, batik bat ikerketa-prozesuan, eta, berebat, indarkeriaren eta suzko armen erabilera ordeztu dezaketen baliabideetan, horiek dira esaterako, gatazken irtenbide baketsua, jendetzaren jokabidearen azterketa eta pertsuasio-, negoziazio- eta bitartekaritza-teknikak, bai eta baliabide teknikoak, indarkeria eta suzko armen erabilera murriztearen aldera. Legea betearazteko ardura duten erakundeek euren gaikuntza-programak eta prozedura operatiboak kasu zehatzen arabera aztertu behar dituzte.

21. Gobernuek eta legea betearazteko ardura duten erakundeek orientazioa emango diete funtzionarioei, indarkeria edo suzko armak erabili behar diren egoeretan parte hartzen dutenean, egoera horien berezko tentsioei aurre egiteko.

Txostenak eta errekurtsoak aurkezteko prozedurak

22. Gobernuek eta legea betearazteko ardura duten erakundeek prozedura eraginkorrak ezarriko dituzte txostenak eta errekurtsoak aurkezteko, 6 eta 11 f) printzipioetan aipatu kasu guztiei dagokienez. Printzipio horiekin bat etorriz zein kasu jakinarazi eta kasu horientzat, gobernuek eta legea betearazteko ardura duten erakundeek ziurtatuko dute berrikuste-prozedura eraginkorra ezar dadin eta administrazio-agintaritzek edo agintaritza judizial independenteek izan dezaten eskumena inguruabar egokietan. Heriotza eta lesio larrien kasuan edota beste ondorio garrantzitsuetan, berehala igorriko zaie txosten zehatz bat agintaritza eskudunei, berrikuste administratiboa eta gainbegiratze judiziala egiteko.

23. Indarkeria eta suzko armen erabileraren ondorioz ukitutako pertsonek edo euren ordezkariek eskura izango dute prozesu independente bat, prozesu judiziala barne. Pertsona horiek hiltzen badira, xedapen hau euren oinordekoei aplikatuko zaie.

24. Gobernuek eta legea betearazteko ardura duten funtzionarioek beharrezko neurriak hartuko dituzte goragoko funtzionarioek euren gain har dezaten bidezko erantzukizuna, noiz eta, jakiten dutenean, edo jakin beharko luketenean, euren mende dauden funtzionarioek indarkeria eta suzko armen bidegabeko erabilera baliatu dutela, eta erabilera hori saihesteko, ezabatzeko edo salatzeko eskura dituzten neurri guztiak hartzen ez dituztenean.

25. Gobernuek eta legea betearazteko ardura duten erakundeek beharrezko neurriak onartuko dituzte zigor- edo diziplina-zehapenik ezar ez dakien legea betearazteko ardura duten funtzionarioei, baldin eta horiek, kasuan kasuko jokabide-kodea eta oinarrizko printzipio hauek betetzeko unean indarkeria edo suzko armak erabiltzeko ordena gauzatzeari uko egiten badiote edo salatu egiten badute beste funtzionario batzuek halakoak erabiltzea.

26. Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek ezin izango dute goragokoen aginduei obedientzia alegatu, horren ondorioz, pertsona baten heriotza edo zauri larriak suertatu badira, jakin bazekiten indarkeria edo suzko armak erabiltzeko agindua ez zela zilegia eta bazutela arrazoizko aukera bat, agindu hori betetzeari uko egiteko. Edozein modutan ere, zilegiak ez ziren aginduak eman zituzten goragokoak ere horren erantzule dira.

-----------

*Jokabide-kodearen 1. artikuluaren iruzkinarekin bat etorriz, “legea betearazteko ardura duten funtzionarioak” esamoldeak biltzen ditu legearen agente guztiak, horiek izendatuak edo hautatuak izan, polizia eginkizunetan dihardutenak, batik bat, jendea atzitu edo atxilotzeko ahalmenak dituztenak. Polizia eginkizunak agintaritza militarrek, horiek uniformatuak izan edo ez, edota Estatuko segurtasun-indarrek betetzen dituzten herrialdeetan, uste izango da legea betearazteko ardura duten funtzionarioen multzoak osatzen dituztela zerbitzu horietako funtzionarioek.