162007forulegea,

16/2007 Foru Legea, 2007ko martxoan eta apirilean Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako uholdeak direla-eta kaltetuendako laguntza neurriak ezartzen dituena

Nafarroako Parlamentua

16/2007 FORU LEGEA, maiatzaren 4koa, 2007ko martxoan eta apirilean Nafarroako Foru Komunitatean gertatutako uholdeak direla-eta kaltetuendako laguntza neurriak ezartzen dituena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK,

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, 2007KO MARTXOAN ETA APIRILEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN GERTATUTAKO UHOLDEAK DIRELA-ETA KALTETUENDAKO LAGUNTZA NEURRIAK EZARTZEN DITUENA.

Aurtengo martxoan eta apirilean gertatu diren uholdeen ondorioz, Foru Komunitateko zenbait udalerrik kalteak eta galerak jasan dituzte auzoen ondareetan eta jarduera ekonomikoaren hainbat sektoretan. Hori dela medio, ukitutako pertsonek eta entitateek izandako kalteak arintzeko neurriak hartu beharrak dira.

Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz, Nafarroako toki entitateen tributuetako zerga hobariak foru lege horretan edo beste foru lege batean baino ezin dira onartu.

Halaber, ezartzen du, toki entitateen tributuei dagokienez, aipatu foru legean xedatutako zerga hobariak ez beste batzuk ezartzen dituzten foru legeek konpentsazio formulak finkatu beharko dituztela.

Foru lege honen asmoa da 2007ko martxoan eta apirilean Nafarroako Foru Komunitateko zenbait udalerritan izandako uholdeak direla-eta kalte hartu zuten herritarrak lurraren gaineko kontribuzioaren zerga ordaintzetik salbuestea 2007. urtean.

Horrez gainera, beste neurri bat hartzen da uholde horien ondorioz hondatu ziren azpiegitura edo ekipamenduak konpontzeko kostuak kreditu-eragiketen bidez finantzatzeko bidea errazagoa izan dadin toki entitateentzat.

1. artikulua. Foru lege honen xede da aurtengo martxoko eta apirileko uholdeetan kalte hartutako pertsona eta entitateen aldeko neurri batzuk ezartzea, euriteek kalteak eragin baitituzte Nafarroako Foru Komunitateko herri batzuetan. Nafarroako Gobernuak onetsiko duen zerrendan agertuko dira pertsona eta udalerri horiek.

2. artikulua. 1. Aurtengo martxoko eta apirileko uholdeak direla-eta kalte hartu duten ondasun higiezinak, aurreko artikuluan aipatu udalerritakoak izanez gero, salbuetsirik egonen dira 2007. urtean lurraren gaineko kontribuzioa ordaintzetik.

Landalurreko ondasunak badira, salbuespena aplikatzeko, kalteak higiezinean, uztetan edo aziendetan gertatu eta horiek enpresa jarduera bati lotuak egon beharko dute.

Hirilurreko ondasunen kasuan, salbuespena aplikatzeko frogatu beharko da bertako pertsonak edo ondasunak, guztiak edo bakar batzuk, beste etxebizitza edo lokal batzuetara eraman behar izan direla kalteak konpondu arte.

Kasua bada, salbuespenak barne hartuko ditu legeak baimendutako errekarguak.

2. Aurreko idatz-zatiko salbuespenerako eskubidea izanik 2007ko ekitaldiko erreziboren bat ordaindu duten subjektu pasiboek pagatutako zenbatekoak itzultzeko eskatzen ahalko dute.

3. Aurrekoan xedatutakoaren ondorioz udalen diru-sarrerak murriztuz gero, uztailaren 15eko 220/2003 Foru Dekretuan araututako prozeduraren bidez konpentsatuko dira, eta 2007ko edo 2008ko aurrekontuetako "Toki entitateendako konpentsazioak toki tributuetako hobariengatik" izeneko kontusailaren kargura.

3. artikulua. Martxoko eta apirileko uholdeek eragindako kalteak direla-eta azpiegiturak eta ekipamenduak konpondu edo berriro jartzeko obren finantzaziorako kreditu eragiketetarako, foru lege honen 1. artikuluan aipatutako udalerriek ez dute Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 130. artikuluan adierazitako baimena lortu beharrik izanen.

4. artikulua. Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 73.1 c) artikuluan adierazitako ondorioetarako, premia larriko egoera dagoela ondorioztatuko da eta, horrenbestez, Europar Batasunaren aldez aurreko publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiltzen ahalko da ukitutako toki entitateen azpiegitura eta ekipamenduak konpondu edo berriro jartzeko obren, horniduren eta laguntzen kontratazioa egiteko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Garapenerako baimena.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena._Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 4an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea