13/2010 Foru Legea, 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Planaren Ohiz kanpoko Planari buruzkoa

Nafarroako Parlamentua

13/2010 FORU LEGEA, ekainaren 17koa, 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Planaren Ohiz kanpoko Planari buruzkoa.

NAO 77.- 2010ko ekainaren 25a

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako.

FORU LEGEA, 2009-2012 EPERAKO TOKI INBERTSIOEN PLANAREN OHIZ KANPOKO PLANARI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Urriaren 24ko 16/2008 Foru Legeak 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Plana onetsi zuen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoarekin bat; plana toki entitateekiko lankidetza ekonomikorako tresna da, eta xede nagusitzat du Foru Komunitate osoan nahitaezko udal zerbitzuak eman daitezen bermatzea.

Aipatutako 16/2008 Foru Legearen 1.2 artikuluan ezartzen da Toki Inbertsioen Planak bi zati izanen dituela: ohiko plana eta ohiz kanpoko plana; horrez gain, 6. artikuluan dio Inbertsio Planaren indarraldiko bigarren urteko lehen seihilekoa amaitu aurretik, Nafarroako Gobernuak foru lege proiektu bat onetsiko duela, toki inbertsioen ohiz kanpoko plan bat arautzeko, bere zuzkidura eta guzti. Ohiz kanpoko planaren helburua izanen da honako toki azpiegituretan egin beharreko inbertsioei aurre egitea: batetik, toki entitateek eskatu bai, baina ohiko planeko plan zuzendarietan eta toki programazioan sartu ez ziren toki azpiegiturak, eta bestetik, oinarrizko zerbitzuak emateko xedea eta banakako defizitaren gehieneko kalifikazioa duten azpiegiturak, horiek ez betetzeak arriskuan jartzen badu aipatutako xedea, eta lurraldean desorekak sortzen baditu, ukitutako populazioa eta toki entitatea kokatuta dagoen eskualdeko baldintza sozio-ekonomikoak kontuan hartuta ohiz kanpoko tratamendua behar duten desorekak alegia. Halaber, ohiz kanpoko planera bideratutako funtsekin "zeharbideen urbanizazioa" atalean sartutako jarduketak finantzatzea aurreikusten du, baldin eta jarduketa horien exekuzioa Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarekin koordinaturik eginen dela bermatzen badu Gobernuak ohiko planak indarra hartu ondoren.

Ohiko planaren exekuzioa oso egokia izan da orain arte, baina zenbait gorabehera ere atzeman dira, eskaerak zein izanen diren aldez aurretik ez jakiteak eta horietan lehentasunak ezarri beharrak eragindakoak, lurralde desorekak gertatzen baitira, hain zuzen ere ohiz kanpoko plan honetan bideratu beharrekoak.

Esandakoaren haritik, zuzendu beharreko egoera hauek atzeman dira:

-Badira ohiko planean sartutako zenbait obra, plan zuzendari eta toki programaziokoak, dagokien araubide bereziko ekarpena eskuratu ez dutenak, planean jasotzen den aurrekontu muga dela eta.

-Ohiko planean sartutako sareetako obra batzuk ezin daitezke egin, sartu gabeko zoladura lanekin lotuta daudelako.

-Era berean, 16/2008 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarrian finkatzen den mugaren ondorioz -populazioaren araberako gehieneko portzentajeak-, 10.000 biztanletik beherako toki entitateetako obrak eta sareen arloko eskumena duten mankomunitateetakoak ez dira sartu, eta beharrezkoa da egoera horiek zuzentzea, populazioaren araberako diskriminazio negatiboa dakarrelako.

-Azkenik, 16/2008 Foru Legearen aipatutako aurreikuspena dela eta, zeharbideak urbanizatzeko Toki Administrazioko eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio departamentuen artean koordinatuta egiten diren obrak aintzat hartu behar dira, Herri Lanetako Departamentuak inbertsio plana onetsi ondoren onartu dituenen kasuan.

Ohiz kanpoko planaren zuzkidura 9.000.000 eurokoa da, 2011ko eta 2012ko ekitaldietan erdibana eginda, 16/2008 Foru Legearen III. eranskinean horretarako aurreikusitakoarekin bat.

Horrenbestez, 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Planaren Ohiz kanpoko Plana Toki Inbertsioen Ohiko Planaren aplikazioan eragindako lurralde desorekak zuzentzeko garatuko da, 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 31ko 16/2008 Foru Legearen III. eranskinean aurreikusitako zuzkidurarekin.

1. artikulua.-Ohiz kanpoko Planaren xedea.

Foru lege honen xedea da Toki Inbertsioen Ohiz kanpoko Plan bat ezartzea, 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legearen 6. artikuluan xedatutakoarekin bat, toki entitateek eskatu bai baina aipatutako eperako ohiko planean sartu ez ziren toki azpiegituretan egin beharreko inbertsioei aurre egiteko.

2. artikulua.-Toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kargurako ekarpenak.

Ohiz kanpoko plan honi Nafarroako Aurrekontu Orokorretako kapital transferentzien kargura eginen zaizkion ekarpenak, 9.000.000 euroko balioa dutenak, bi urterako dira, 2011 eta 2012rako, haietako bakoitzean 4.500.000 euro.

3. artikulua.-Ohiz kanpoko planean sar daitezkeen inbertsioak.

Plan berezian sar daitezkeen inbertsioak kasu hauetakoren baterako ekarpenak izan beharko dira:

a) 100eko 10 handitzea, gehienez ere 2.100.000 euro egin arte, plan zuzendarietako eta toki programazioko obretarako ekarpenak, ohiko planean sartuta daudenak baina, plan horretan dagoen aurrekontu mugaren ondorioz, horiek jaso behar dituzten toki entitateei dagokien araubide bereziko ekarpena egin gabe.

b) Aurrekontu mugaren ondorioz ohiko planean sartu ez ziren zoladura lanak, planean sartutako sareetako lanekin lotuta daudenak, sartzea, gehienez ere 500.000 euroko ekarpenarekin.

c) 10.000 biztanletik beherako toki entitateek sustatutako obrak, Toki Inbertsioei buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarrian ezarritako gehieneko portzentajeen aplikazioak mugatutako ekarpenak dituztenak, osorik sartzeko finantzazioa osatzea, gehienez ere 2.200.000 euroko ekarpenarekin.

d) Udalez gaindiko toki entitateek sustatutako sareetako obrak sartzea eta, halakorik badago, haiekin lotutako zoladura lanak ere, baldin eta ohiko planean sartu gabekoak eta azpiegitura bakoitzaren eskumena duten toki entitateek eskatuak badira.

Halaber, Nafarroako Gobernuaren Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren erabakiz exekuzio koordinatua bermatuta duten eta Toki Inbertsioen Ohiko Planak indarra hartu ondokoak diren "zeharbideak urbanizatzeko" jarduketei aurre egitea.

Horretarako, ohiz kanpoko plan honen zuzkiduraren eta aurreko lerroaldeetan jasotako kasuetarako onetsi diren ekarpenenen baturaren arteko aldea erabiliko da, kontuan hartuta foru lege honen lehen xedapen gehigarrian aurreikusitako erreserba.

4. artikulua.-Prozedura.

Nafarroako Gobernuak ohiz kanpoko plana onetsiko du foru lege honetan ezarritako betebeharrak kontuan hartuta, eta une horretatik aurrera, plan horren garapen, kudeaketa eta exekuziorako prozedura 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legean eta hori garatzeko Erregelamenduan ezarritakoa izanen da.

Nolanahi ere, foru lege honen 3. artikuluko d) atalean aurreikusitako kasuetan ez dira aplikatuko 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarrian, arestian aipatutakoan, ezarritako gehieneko ekarpenen mugak.

5. artikulua.-Finantza, ekonomia eta aurrekontuen arloko arauak.

Ohiz kanpoko planaren ekarpenen finantzaketa ekonomikoaren eta aurrekontuenaren araubidea Nafarroako toki entitateek tributuetan parte hartzeko funtsaren kapital transferentziak kudeatzeko ezarritako arauen araberakoa izanen da.

Lehen xedapen gehigarria.-Inbertsioetako aurrekontuak handitzea.

Ohiz kanpoko planean sartzen diren inbertsioen zenbatekoa 100eko 10 bitarte handitu ahalko da, toki ogasunen funtsaren kargurako konpromiso ekonomikoa finkatzen den unean; hori dela eta, foru lege honen 2. artikuluan ezartzen diren ekarpenen 100eko 7,5 erreserban utziko da.

Bigarren xedapen gehigarria.-Sareetarako baliabide ekonomikoen banaketa.

Foru lege honen 3. artikuluko d) atalean aurreikusitako sareetako obretarako baliabide ekonomikoa, salbu eta zeharbideei dagokiena, sareen arloko eskumena duten mankomunitateen artean banatuko da, portzentaje muga hauekin:

-Iruñerriko Mankomunitatea: 100eko 45.

-Jurramendiko Mankomunitatea: 100eko 25.

-Erdialdea-Mairagako Mankomunitatea: 100eko 10.

-Moncayoko Mankomunitatea: 100eko 10.

-Izarbeibarko Mankomunitatea: 100eko 10.

Hirugarren xedapen gehigarria. Dokumentazioa aurkezteko epea.

2011n eta 2012an egin beharreko inbertsioetarako dokumentazioa aurkezteko epea 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legearen 16.1 artikuluan urte horietarako ezarritako bera izanen da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe geratuko dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2010eko ekainaren 17an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea