Herri indigenei eta tribalei buruzko Hitzarmena

Euslege

Herri indigenei eta tribalei buruzko Hitzarmena

Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorrak:

Deitua izanik Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Administrazio Kontseiluak Genevan egiteko, eta hiri horretan bilduta 1989ko ekainaren 7an, hirurogeita hamazazpigarren bileran;

Kontuan harturik herri indigenei eta tribalei buruzko Hitzarmenean eta Gomendioan, 1957, adierazitako nazioarteko arauak,

Gogoratuz Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala; Ekonomia-, Gizarte- eta Kultura-eskubideen Nazioarteko Ituna; Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Ituna eta bereizkeria prebenitzeari buruzko hainbat nazioarteko instrumentu;

Kontuan harturik, 1957. urtetik, munduko erregio guztietan, nazioarteko zuzenbidearen bilakaerak eta herri indigenen eta tribalen egoerak izan dituzten aldaketen ondorioz, gomendagarria dela arlo horretan nazioarteko beste arau batzuk onestea, aurreko arauen asimilazio joera ezabatzeko;

Aitortuz herri horiek dituzten asmoak, euren gain hartzeko euren erakundeen, bizimoduen eta garapen ekonomikoaren kontrola, eta euren nortasuna, hizkuntzak eta erlijioak gordetzeko eta indartzeko, zein estatutan bizi eta estatu horien markoaren barnean.

Ikusirik munduko toki askotan herri horiek ezin dituztela oinarrizko giza eskubideak gozatu, ez behintzat estatuen beste herritarren maila berean eta euren legeek, baloreek, ohiturek eta aukerek sarritan jaso dutela gainbeheraren bat;

Gogoratuz herri indigenen eta tribalen ekarpena kultura-aniztasunari, gizateriaren harmonia sozial eta ekologikoari eta nazioarteko lankidetza eta elkar ulertzeari;

Ikusirik jarraiko xedapenak maila egokietan eta kasuan kasuko arloetan halako erakundeen lankidetzarekin ezarri direla, hala nola, Nazio Batuak, Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundea, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako Nazio Batuen Erakundea eta Osasunerako Munduko Erakundea, bai eta Institutu Indigenista Interamerikarra, eta lankidetza horrekin jarraitzeko asmoa dagoela, xedapen horien aplikazioa sustatzeko eta ziurtatzeko;

Erabaki ondoren hainbat proposamen onestea, herri indigenei eta tribalei buruzko Hitzarmena (1957, 107 zk.) zati batean berrikustearen inguruan; bileraren aztergaien artean laugarren puntua dena.

Erabaki ondoren proposamen horiek nazioarteko hitzarmen baten forma izango dutela, horren bitartez herri indigenei eta tribalei buruzko Hitzarmena (1957) berrikusiko duena,

Mila bederatziehun eta laurogeita bederatzigarren urteko ekainaren hogeita zazpiko datarekin, ondorengo Hitzarmena onesten du, herri indigenei eta tribalei buruzko Hitzarmena (1989) izenarekin aipatua izan daitekeena:

I. Zatia. Politika orokorra

1. artikulua

1. Hitzarmen hau aplikatuko zaie:

a) herri tribalei herrialde independenteetan, herri horien gizarte-, kultura- eta ekonomia-baldintzek horiek nazioko beste sektore batzuengandik desberdinak egiten badituzte, eta oso-osorik edo zati batean euren ohitura edo tradizioek edota legeria bereziak arautzen badituzte.

b) herrialde independenteetan herri indigena gisa hartzen diren herriei, horiek direlako konkista edo kolonizazio garaian edo egungo estatu-mugak ezarri ziren garaian, herrialde batean edo herrialde baten erregio geografiko batean bizi ziren herritarren ondorengoak eta euren egoera juridikoa edozein izanda ere, euren gizarte-, ekonomia-, kultura- eta politika-erakundeak osorik edo zati batean gorde dituztenak.

2. Indigena edo tribala izanaren kontzientzia hartu beharko da oinarrizko irizpide gisa, Hitzarmen honen xedapenak zein talderi aplikatu behar zaizkion zehazteko.

3. Hitzarmen honetan erabiltzen den “herriak” hitza ezin izango da interpretatu halako esanahian, horrek ondoriorik izango balu, nazioarteko zuzenbidean hitz horri eman ahal zaizkion eskubideei dagokienez.

2. artikulua

1. Gobernuek, herri interesdunekin batera, euren gain hartuko dute ekintza koordinatu eta sistematikoa garatzeko erantzukizuna, herri horien eskubideak babesteko eta segurtasunaren errespetua bermatzeko.

2. Ekintza horrek halako neurriak bildu behar ditu:

a) herri horien kideei ziurtatzea, nazio-legeriak biztanleriaren gainerako kideei ematen dizkien eskubide eta aukera guztiak maila berean gozatuko dituztela;

b) herri horien gizarte-, ekonomia- eta kultura-eskubideen erabateko eraginkortasuna sustatzea eta gizarte- nahiz kultura-nortasuna, ohiturak eta tradizioak eta erakundeak errespetatzea;

c) herri interesdunen kideei laguntzea, ezaba ditzaten indigenen eta nazio-erkidegoaren gainerako kideen artean egon daitezkeen desberdintasun sozioekonomikoak, euren asmo eta bizimoduekin bateragarria den moduan.

3. artikulua

1. Herri indigenek eta tribalek giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak izango dituzte, eragozpen eta bereizkeriarik gabe. Hitzarmen honen xedapenak bereizkeriarik gabe aplikatuko zaizkie herri horien gizon eta emakumeei.

2. Ezin izango da erabili inolako indarkeria- edo hertsadura-formarik, halakoek herri interesdunen giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak urratzen badituzte, Hitzarmen honetan dauden eskubideak barne.

4. artikulua

1. Beharrezko neurri bereziak hartu beharko dira herri interesdunen pertsonak, erakundeak, ondareak, lana, kulturak eta ingurumena zaintzeko.

2. Neurri berezi horiek ez dira izango herri interesdunek askatasun osoz adierazitako nahien aurkakoak.

3. Neurri berezi horien ondorioek ez dute kalterik sortuko herritarrentzat, eskubide orokorrak bereizkeriarik gabe gozatzeko orduan.

5. artikulua

Hitzarmen honen xedapenak aplikatzen direnean:

a) aitortu eta babestu egin beharko dira balore eta eginera sozialak, kulturalak, erlijiosoak eta espiritualak, herri horiek berez dituztenak eta, berebat, behar bezala aintzat hartu beharko da herri horiek, modu kolektiboan edo banaka, dituzten arazoen izaera;

b) herri horien balore, eginera eta erakundeen osotasuna errespetatu beharko da;

c) halako neurriak hartu beharko dira, herri interesdunen partaidetza eta lankidetzarekin, neurri horiek bideratuta egongo direla, herri horien zailtasunak arintzera, bizitza- eta lan-baldintza berriei aurre egiteko orduan.

6. artikulua

1. Hitzarmen honen xedapenak aplikatzen direnean, gobernuek egin beharko dute:

a) herri interesdunei kontsulta egin, prozedura egokien bitartez eta bereziki ordezkaritza-erakundeen bitartez, legegintza- edo administrazio-neurriak aurreikusten diren bakoitzean, halakoek herriok zuzenean ukitu ditzaketenean;

b) baliabideak ezarri, horien bitartez herri interesdunek erabakiak hartzeko orduan parte har dezaten askatasun osoz eta gutxienez ere, biztanleriaren beste sektoreek parte hartzen duten neurri berean eta, orobat,maila guztietan; erabakiak hartze hori izan daiteke dela hautapen bidezko erakundeetan, dela administrazio-erakundeetan, dela beste izaera batekoetan, horiek herrioi dagozkien politika eta programen arduradunak badira;

c) baliabideak ezarri herri horien erakundeak eta ekimenak garatu daitezen, eta kasu egokietan helburu horretarako beharrezko baliabideak eman.

2. Hitzarmen hau aplikatzeko gauzatzen diren kontsultak uste onean egin beharko dira eta, betiere, inguruabarrak kontuan hartuta, zertarako eta, akordio batera iristeko edo adostasuna lortzeko, proposatutako neurrien inguruan.

7. artikulua

1. Herri interesdunek euren lehentasunak erabakitzeko eskubidea izan beharko dute, euren garapen-prozesuari dagokionez, garapen horrek euren bizitzak, sinesmenak, erakundeak eta ongizate espirituala eta batera zein bestera okupatu edo erabilitako lurrak ukitzen dituen heinean; eta, orobat, ahal den neurrian, euren ekonomia-, gizarte- eta kultura-garapena kontrolatzeko eskubidea. Gainera, herri horiek nazio- eta erregio-garapenerako planak eta programak egiten, aplikatzen eta ebaluatzen parte hartu behar dute, halakoek zuzenean eurok ukitu ditzaketelako.

2. Herri interesdunen bizitza- eta lan-baldintzak eta osasun- eta hezkuntza-maila hobetzea, herri horien partaidetza eta lankidetzarekin, lehentasunezkoa izan behar da, herriok zein erregiotan bizi eta, erregio horien garapen ekonomiko eta globalaren egitasmoetan. Era berean, erregio horien garapenerako proiektu bereziak hobekuntza hori sustatzeko moduan egin beharko dira.

3. Gobernuen ardura izango da, halakoak egiteko aukera badago, azterketak egitea herri interesdunen lankidetzarekin, zertarako eta, garaperenerako aurreikusitako jarduerek herri horien gain izan dezaketen eragin sozial, espiritual eta kulturala eta, orobat, ingurumenari buruzkoa ebaluatzeko. Azterketa horien emaitzak oinarrizko irizpideak izango dira aipatu jarduerak gauzatzeko.

4. Gobernuek neurriak hartu beharko dituzte herri interesdunen lankidetzarekin, herri horiek zein lurraldetan bizi eta, lurralde horien ingurumena babestu eta zaintzeko.

8. artikulua

1. Herri interesdunei nazio-legeria aplikatzen zaienean, behar bezala hartu beharko dira kontuan euren ohiturak eta ohiturazko zuzenbidea.

2. Herri horiek euren ohiturak eta erakundeak gordetzeko eskubidea izan beharko dute, betiere, eskubide horiek ez badira bateraezinak nazioko sistema juridikoak xedatutako oinarrizko eskubideekin, ezta nazioarteko mailan aitortutako giza eskubideekin ere. Beharrezkoa den guztian, prozedurak ezarri beharko dira, printzipio hau aplikatzerakoan sor daitezkeen gatazkak konpontzeko.

3. Artikulu honen 1 eta 2. paragrafoen aplikazioak ezin izango die herri horien kideei eragotzi herrialdearen herritar guztiei aitortutako eskubideak egikaritzea eta kasuan kasuko betebeharrak euren gain hartzea.

9. artikulua

1. Herri interesdunek, euren kideek egindako delituak zigortzeko, tradizioz erabiltzen dituzten metodoak errespetatu beharko dira, hori bateragarria den heinean, nazioko sistema juridikoarekin eta nazioartean aitortutako giza eskubideekin.

2. Zigor-kontuei buruzko erabakiak hartzeko deituak izan diren agintariek eta auzitegiek aintzat hartu beharko dituzte gai horren inguruan herri horien ohiturak.

10. artikulua

1. Legeria orokorrak aurreikusitako zigor-zehapenak ezartzen zaizkienean herri horien kideei, kontuan hartu beharko dira euren ekonomia-, gizarte- eta kultura-ezaugarriak.

2. Lehentasuna eman beharko zaie kartzelaratzea ez den bestelako zehapen-motei.

11. artikulua

Legeak debekatu eta zigortu egin behar du zer eta, herri interesdunen kideei nahitaezko edozein izaerako zerbitzu pertsonalak ezartzea, horiek ordainduak edo ez ordainduak izan, salbu eta legeak halakoak herritar guztientzat aurreikusten dituenean.

12. artikulua

Herri interesdunek babesa izan beharko dute euren eskubideak urratu ez daitezen, eta, orobat, lege-prozedurak hasi ahal izango dituzte, modu pertsonalean nahiz ordezkaritza-erakundeen bitartez, eskubide horien errespetu eraginkorra ziurtatzeko. Neurriak hartu beharko dira bermatzeko herri horien kideek ulertzen dutela eta ulertarazten dutela lege-prozeduretan; eta, beharrezkoa denean, interpreteak edo baliabide eraginkorrak emango zaizkie.

II. zatia Lurrak

13. artikulua

1. Hitzarmenaren zati honen xedapenak aplikatzen direnean, gobernuek errespetatu beharko dute, herri interesdunen kultura eta balore espiritualei begira, garrantzi berezia duten harremanak, eurek okupatu edo beste modu batean erabiltzen dituzten lurrekin edo lurraldeekin, edo bata zein bestearekin, kasuan-kasuan izan ditzaketenak, eta, batik bat, harreman horien alderdi kolektiboak.

2. 15 eta 16. artikuluan aipatu “lurrak” hitzaren erabilerak "lurraldeak” kontzeptua barneratu behar du, kontzeptu horrek herri interesdunek zein erregio okupatu edo beste modu batean erabili eta erregio horietako bizilekua oso-osorik estaltzen baitu.

14. artikulua

1. Herri interesdunei aitortu beharko zaie tradizioz okupatzen dituzten lurren gaineko jabetza- eta edukitze-eskubidea. Halaber, kasu egokietan, neurriak hartu beharko dira zaintzeko herri interesdunen eskubidea, zertarako eta, haiek modu esklusiboan okupatu ez arren, euren tradiziozko jardueretan eta biziraupenean eskura izan dituzten lurrak erabiltzeko. Horren inguruan, arreta berezia jarri beharko zaio herri nomaden eta nekazari ibiltarien egoerari.

2. Gobernuek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte herri interesdunek tradizioz okupatutako lurrak zehazteko eta horiei dagozkien jabetza- eta edukitze-eskubideak bermatzeko.

3. Prozedura egokiak ezarri beharko dira nazioko sistema juridikoaren arloan, herri interesdunek egindako lur-errebindikazioak konpontzeko.

15. artikulua

1. Herri interesdunen eskubideak, euren lurretan dauden baliabide naturalak izateko bereziki babestu beharko dira. Eskubide horiek barneratzen dute herrien eskubidea baliabideok erabili, administratu eta gordetzeko.

2. Mineralen edo lurpeko baliabideen jabetza edo lurretan dauden beste baliabideen gaineko eskubideak estatuen esku daudenean, orduan gobernuek prozedurak ezarriko dituzte eta horiei eutsi, herri interesdunei kontsulta egiteko asmoarekin, zertarako eta, jakiteko herri horien interesak kaltetuko liratekeen, eta zein neurritan kaltetu ere, lurretan dauden baliabideen edozein prospekzio edo ustiapen-programa hasi edo baimendu baino lehen. Herri interesdunek, ahal den guztian, jarduera horiek emandako onurak izango dituzte, eta jarduera horien ondorioz pairatu dezaketen edozein kalterengatik ekitatearen araberako kalte-ordaina jasoko dute.

16. artikulua

1. Artikulu honen ondorengo paragrafoetan xedatutakoari kalterik egin gabe, herri interesdunak ezin izango dira lekualdatu eurek okupatutako lurretatik.

2. Uste bada, salbuespenez, herri horien lekualdatze eta birkokatze behar-beharrezkoak direla, halakoak bakar-bakarrik egin daitezke herri horien adostasun askearekin, herriok jakinaren gainean daudela. Euren adostasuna lortu ezin denean, lekualdatzea eta birkokatzea bakar-bakarrik egingo dira nazio-legeriak ezarritako prozedura egokiaren amaieran, inkesta publikoak barne, halakoak egitea bidezkoa denean, herri interesdunek aukera dutela inkesta horietan modu efektiboan ordezkatuta egoteko.

3. Ahal den guztian, herri horiek euren betiko lurretara itzultzeko eskubidea izan beharko dute, lekualdatze eta birkokatzea eragin duten arrazoiak desagertzen direnean.

4. Akordioak zehazten duenaren arabera edo, akordio horren faltan, prozedura egokien arabera Itzultzea ezinezkoa denean, herri horiek, ahal diren kasu guztietan, lurrak jaso beharko dituzte, eta lur horiek gutxienez aurretiaz haiek okupatutako lurren kalitate eta estatutu juridiko berekoak izango dira, eta horiek ahalbidetuko dituzte euren beharrizanak estaltzea eta etorkizuneko garapena bermatzea. Herri interesdunek nahiago dutenean kalte-ordaina diruz edo gauzaz jasotzea, haiei kalte-ordain hori berme egokiekin eman beharko zaie.

5. Lekualdatu eta birkokatuak izan diren pertsonei kalte-ordaina eman beharko zaie, lekualdatzearen ondorioz pairatutako edozein galera edo kalterengatik.

17. artikulua

1. Errespetatu egin beharko dira herri interesdunen kideen artean lurraren gaineko eskubideak eskualdatzeko modalitateak, herriek eurek ezarriak.

2. Herri interesdunei kontsulta egin beharko zaie, lurrak besterentzeko edo beste modu batean lur horien gaineko eskubideak eskualdatzeko gaitasuna, euren erkidegotik kanpo dagoela uste den guztietan.

3. Galarazi egin beharko da herri horietatik kanpoko pertsonak herri horien kideek izan dezaketen herrien ohiturei edo legeei buruzko ez jakintasuna baliatzea, pertsona horiek beregana dezaten, besterik gabe, herrioi dagozkien lurren jabetza, edukitza edo erabilera.

18. artikulua

Legeak zehapen egokiak aurreikusi beharko ditu herri interesdunen lurretan baimenik gabe sartzearren edota lur horiek baimenik gabe erabiltzearren, lurrokin zer ikusirik ez duten kanpoko pertsonen aldetik; halaber, gobernuek neurriak hartu beharko dituzte arau-hauste horiek galarazteko.

19. artikulua

Nazioko nekazaritza-programek biztanleriaren beste sektoreek dituzten baldintza baliokideak bermatu behar dizkiete herri interesdunei, ondorio hauetarako:

a) herri horiei lur osagarriak emateko, eurek dituzten lurrak nahiko ez direnean bermatzeko zer eta, ohiko bizitza egiteko baliabideak edota kopuruaren aldetik egon daitekeen hazkuntzari aurre egiteko.

b) beharrezko baliabideak emateko, herri horiek aurretiaz dituzten lurren garapenerako.

III. zatia Kontratazioa eta enplegu-baldintzak

20. artikulua

1. Gobernuek neurri bereziak hartu beharko dituzte, nazio-legeriaren markoan eta herri interesdunen lankidetzarekin, zertarako eta, herri horien langileei babes osoa bermatzeko kontratazio eta enplegu-baldintzen inguruan, langile horiek, orokorrean langileei aplikatzen zaien legeriak behar bezala babesten ez dituen neurrian.

2. Gobernuek euren esku dagoen guztia egin beharko dute, herri interesdunen langileen eta gainontzeko langileen artean edozein bereizkeria saihesteko, batik bat, ondorengoei dagokienez:

a) enplegua lortzeari buruz, enplegu kalifikatuak eta sustatze- eta igotze-neurriak barne;

b) ordainsari bera jasotzeari buruz, balio bereko lanagatik;

c) mediku- eta gizarte-laguntzari buruz, laneko segurtasunari eta higieneari buruz, gizarte segurantzaren prestazio guztiak eta enpleguaren inguruko gainontzeko prestazioei buruz, bai eta etxebizitzari buruz;

d) elkartzeko eskubideari buruz, sindikatu-jardueretan askatasunez eta zilegi diren helburuekin aritzeko eskubideari buruz, eta enplegatzaile soil edo enplegatzaile-erakundeekin hitzarmen kolektiboak adosteko eskubideari buruz.

3. Hartutako neurriak, batik bat, hauxe bermatu beharko dute:

a) herri interesdunen langileek, barne hartuta sasoiko langileek, aldi batekoek eta nekazaritzan edo beste jardueretako enplegatu migratzaileek, eta eskulan-kontratistek enplegatutakoek izan dezaten nazioko legeriak eta eginerak maila bereko langileei, sektore berberetan ematen dieten babesa, eta jaso dezaten erabateko informazioa euren eskubideen inguruan, lan-legeriaren eta eskuragarri dituzten baliabideen arabera;

b) herri horietako langileen lan-baldintzak ez daitezen arriskutsuak izan haien osasunarentzat, batik bat, pestizida edo beste gai toxikoekin lan egitearen ondorioz;

c) herri horietako langileak ez daitezen egon kontratazio-sistema hertsagarrien mende, barne hartuta zorrengatiko morrontza-forma guztiak.

d) herri horietako langileek izan ditzaten aukera eta tratu berberak enplegua lortzeko orduan, gizona nahiz emakumea izan, eta sexu-jazarpenaren aurkako babes bera.

4. Arreta berezia emango zaio zerbitzu egokiak sortzeari, herri interesdunen soldatapeko langileek, zein erregioetan lan egin eta, lan hori ikuskatzeko, Hitzarmenaren zati honen xedapenak betetzen direla bermatzeko.

IV. zatia Lanbide Heziketa, Artisautza eta Nekazaritza-guneetako Industriak

21. artikulua

Herri interesdunen kideek gainontzeko herritarrek dituzten baliabide berberak izan beharko dituzte lanbide-heziketaren inguruan.

22. artikulua

1. Neurriak hartu beharko dira herri interesdunen kideen borondatezko partaidetza sustatzeko, aplikazio orokorreko lanbide-heziketaren programetan.

2. Aplikazio orokorreko lanbide-heziketarako programek ez badituzte herri interesdunen beharrizanak asetzen, orduan gobernuek, herri horiekin batera, ziurtatu beharko dute herri horientzat eskuragarri ezartzea lanbide-programa eta -baliabide bereziak.

3. Lanbide-programa berezi horiek inguru ekonomikoa, gizarte- eta kultura-baldintzak eta herri interesdunen beharrizan zehatzak hartu beharko dituzte oinarri. Horren inguruko azterketa oro herri horien lankidetzarekin egin beharko da, programen antolakuntza eta funtzionamenduari buruz, horiei kontsulta eginez. Ahal denean, herri horiek euren gain hartuko dute arian-arian lanbide-programa berezien antolakuntzaren eta funtzionamenduaren erantzukizuna, horrela erabakitzen badute.

23. artikulua

1. Artisautza, nekazaritza-guneetako eta erkidegoetako industriak eta tradiziozko jarduerak, herri interesdunek bizirauteko ekonomiarekin zer ikusia dutenak, hala nola, ehiza, arrantza, tranpa-ehiza eta bilketa, faktore garrantzitsu gisa aitortu beharko dira, euren kulturari eta autoasetzeari eta garapen ekonomikoari eusteko. Herri horien partaidetzarekin, eta halakoa egitea komeni bada, gobernuen ardura izango da jarduera horiek indartzea eta sustatzea.

2. Herri interesdunek hala eskatuta, ahal denean, laguntza teknikoa eta finantza-laguntza egokiak emango zaizkie herri horiei, aintzat hartzen dituztenak herri horien tradiziozko teknikak, herrien kultura-ezaugarriak eta garapen iraunkorraren eta ekitatearen araberako garrantzia.

V. zatia. Gizarte Segurantza eta osasuna

24. artikulua

Gizarte segurantzaren araubideak pausoz pauso zabaldu behar dira herri interesdunengana eta halakoak eurei aplikatu, inolako bereizkeriarik gabe .

25. artikulua

1. Gobernuen ardura izango da herri interesdunen esku jartzea osasun-zerbitzu egokiak edo herri horiei ematea zerbitzuok antolatzea eta prestatzea ahalbidetzen duten baliabideak, euren erantzukizun eta kontrolpean, osasun fisiko eta mentalaren aldetik, ahalik eta mailarik gorena goza dezaten.

2. Osasun-zerbitzuak, ahal den neurrian, erkidego-mailan antolatu beharko dira. Zerbitzu horiek herri interesdunen lankidetzarekin antolatu eta administratu beharko dira, aintzat hartuta herrien ekonomia-, geografia-, gizarte- eta kultura-baldintzak, eta baita euren prebentzio-metodoak, eginera sendatzaileak eta tradiziozko sendagaiak.

3. Osasun-laguntzaren sistemak lehentasuna eman beharko dizkie tokiko erkidegoaren osasun-langileen heziketa eta enpleguari eta osasunerako lehen zainketan arreta jarri, eta, era berean, osasun-laguntzaren beste arloetako lotura estuei eutsi.

4. Osasun-zerbitzu horien prestazioa herrialdean hartutako gainerako gizarte-, ekonomia- eta kultura-neurriekin koordinatu beharko da.

VI. zatia Hezkuntza eta Komunikabideak

26. artikulua

Neurriak hartu beharko dira herri interesdunen kideei bermatzeko hezkuntza maila guztiak eskura izateko aukera, gutxienez ere, gainontzeko nazioko erkidegoaren maila berean.

27. artikulua

1. Herri interesdunei zuzendutako hezkuntza-programa eta -zerbitzuak, horien lankidetzarekin garatu eta aplikatu beharko dira, bakoitzaren beharrizanei erantzuteko helburuarekin, eta, orobat, halakoek barneratu beharko dituzte euren historia, euren ezaguerak eta teknikak, euren balore-sistemak eta bestelako gizarte-, ekonomia- eta kultura-asmo guztiak.

2. Agintari eskudunak ziurtatu beharko du herri horien kideen heziketa eta horien parte hartzea hezkuntza-programak prestatzen eta gauzatzen, pausoz pauso herri horiei transmititzeko programa horiek egiteko erantzukizuna, halakoa gertatzen denean.

3. Gainera, gobernuek aitortu beharko dute herri horiek duten eskubidea, euren hezkuntza-erakundeak eta -baliabideak sortzeko, betiere, erakundeok betetzen badituzte agintari eskudunak, herriei kontsulta eginez, ezarritako gutxiengo arauak. Helburu horretarako baliabide egokiak eman beharko zaizkie.

28. artikulua

1. Bideragarria den guztietan, herri interesdunen haurrei euren hizkuntza indigenan edo haurrak, zein taldetakoak izan eta talde horrek gehienetan hitz egiten duen hizkuntzan irakurtzen eta idazten irakatsi behar zaie. Halakoa bideragarria ez denean, agintari eskudunek kontsulta egingo diete herri horiei, zertarako eta, helburu horiek lortze aldera, zein neurri hartu behar diren erabakitzeko.

2. Neurri egokiak hartu beharko dira ziurtatzeko, zer eta, herri horiek aukera dutela nazio-hizkuntzaz edo lurraldearen hizkuntza ofizialez jabetzeko.

3. Xedapenak hartu beharko dira herri interesdunen hizkuntza indigenak babesteko eta halakoen garapena eta erabilera sustatzeko.

29. artikulua

Herri interesdunen haurren hezkuntzaren helburuetako bat izan behar da haurrei ematea, zer eta, ezaguera orokorrak eta gaitasunak, horiek lagunduko baitiete euren erkidegoaren eta nazio-erkidegoaren bizitzan erabateko parte hartzea bermatzen, berdintasun-baldintzetan.

30. artikulua

1. Gobernuek herri interesdunen tradizio eta kulturekin bat datozen neurriak hartu beharko dituzte, herriei ezagutarazteko euren eskubide eta betebeharrak, batik bat, hauexei dagokienez, lanari, aukera ekonomikoei, hezkuntza- eta osasun-kontuei, gizarte-zerbitzuei eta, oro har, Hitzarmen honetatik datozen eskubideei dagokienez.

2. Helburu horretarako, beharrezkoa bada, itzulpen idatziak eta komunikabide zabalen erabilera baliatu beharko dira, herri horien hizkuntzetan egiten direnak.

31. artikulua

Hezkuntza-arloko neurriak hartu beharko dira nazio-erkidegoaren sektore guztietan, batik bat, herri interesdunekin zuzenean harremanetan daudenetan, herri horiekiko izan daitezkeen aurreiritziak ezabatzeko. Helburu horretarako, ahaleginak egin beharko dira ziurtatzeko historiako liburuek eta gainerako material didaktikoak eskaini ditzaten herri interesdunen gizarte eta kulturen deskribapen zuzena, zehatza eta irakasgarria.

VII. zatia Mugaz bestaldeko harremanak eta lankidetza

32. artikulua

Gobernuek neurri egokiak hartu beharko dituzte, baita nazioarteko akordioen bitartez ere, zertarako eta, herri indigenen eta tribalen arteko harremanak eta lankidetza errazteko, mugaz bestalde, barne hartuta ekonomia-, gizarte-, kultura- espiritu- eta ingurumen-esparruetako jarduerak.

VII. zatia Administrazioa

33. artikulua

1. Hitzarmen honek biltzen dituen gaien inguruan, gobernuaren agintari arduradunak ziurtatuko beharko du badaudela erakunde eta mekanismo egokiak, herri interesdunak ukitzen dituzten programak administratzeko, eta, berebat, erakunde eta mekanismo horiek badituztela beharrezko baliabideak euren eginkizunak zehatz betetzeko.

2. Programa horiek barneratu beharko dute:

Hitzarmen honetan aurreikusitako neurriak planifikatu, koordinatu, gauzatu eta ebaluatzea, herri interesdunen lankidetzarekin;

b) agintari eskudunei proposatzea legegintza-neurriak eta bestelako izaerakoak eta, berebat, herri interesdunen lankidetzarekin hartutako neurrien aplikazioa kontrolatzea.

IX. zatia Xedapen orokorrak

34. artikulua

Hitzarmen honen ondorioetarako hartutako neurrien izaera eta nondik norakoak malgutasun osoz zehaztu beharko dira, aintzat hartuta lurralde bakoitzaren berezko baldintzak.

35. artikulua

Hitzarmen honen xedapenen aplikazioak ezin izango ditu gutxietsi herri interesdunek halakoen arabera bermatuta dituzten eskubide eta onurak, beste hitzarmen edo gomendio, nazioarteko instrumentu, itun, edo lege, laudo, ohitura edo nazioko akordioen bidez.

X. zatia. Azken xedapenak

36. artikulua

Hitzarmen honek herri indigenei eta tribalei buruzko 1957ko Hitzarmena berrikusten du.

37. artikulua

Hitzarmen honen berrespen formalak Lanaren Nazioarteko Bulegoko Zuzendari Nagusiari komunikatuko zaizkio, horrek erregistra ditzan.

38. artikulua

1. Zuzendari Nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundearen kideen artetik zeintzuen berrespenak erregistratu eta, berrespen horiek egin dituzten kideek bakarrik bete beharko dute hitzarmen hau.

2. Hitzarmena indarrean jarriko da, Zuzendari Nagusiak bi kideren berrespenak erregistratu eta hamabi hilabetera.

3. Une horretatik aurrera, estatu kide bakoitzarentzat, hitzarmen hau indarrean jarriko da, berrespena erregistratu eta hamabi hilabetera.

39. artikulua

1. Hitzarmen hau berretsi duen estatu kide orok hori salatu ahal izango du, hitzarmena estreinakoz indarrean jarri zenetik zenbatzen hasi eta hamar urteko epealdia amaitu ondoren, Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Zuzendari Nagusiari salaketa hori erregistratzeko akta komunikatuz. Salaketak ez du ondoriorik izango, salaketa erregistratu eta urtebete igaro arte.

2. Hitzarmen hau berretsi duen kide orok, aurreko paragrafoan aipatu hamar urteko epealdia amaitu ondoren, urtebeteko epean artikulu honetako salaketa-eskubidea egikaritzen ez badu, beste hamar urtez bete beharko du hitzarmena, eta, aurrerantzean, hitzarmena salatu ahal izango du hamar urteko aldi bakoitza amaitzean, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.

40. artikulua

1. Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Zuzendari Nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundearen kide guztiei jakinaraziko dizkie erakundearen kideek komunikatutako berrespen, adierazpen eta salaketa guztien erregistroak.

2. Zuzendari Nagusiak berari komunikatu beharreko berrespenetatik bigarrenaren erregistroa jakinarazten dienean erakundearen kideei, abisua emango die kide horiei, hitzarmen hau indarrean jartzeko dataren inguruan.

41. artikulua

Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Zuzendari Nagusiak, erregistro-ondorioetarako eta Nazio Batuen Gutunaren 102. artikuluarekin bat etorriz, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari informazio osoa komunikatuko dio, aurreko artikuluekin bat etorriz erregistratu dituen berrespen, adierazpen eta salaketa-akta guztien gainean.

42. artikulua

Lanaren Nazioarteko Bulegoaren Administrazio Kontseiluak, egokitzat jotzen duen bakoitzean, Hitzarmenaren aplikazioari buruzko oroitidazkia aurkeztuko dio Konferentziari, eta hausnartuko du hitzarmena oso-osorik edo zati batean berrikusteko aukera, Konferentziaren eguneko aztergaien zerrendara biltzearen komenigarritasuna.

43. artikulua

1. Konferentziak hitzarmen hau oso-osorik edo zati batean berrikusten duen hitzarmen berria eginez gero, eta hitzarmen berri horrek aurkako xedapenak izan ezean:

a) Estatu kide batek berrikuspen-hitzarmen berria berresteak berarekin ekarriko du, ipso iure, hitzarmen honen berehalako salaketa, 39. artikuluan jasotako xedapenak gorabehera, betiere, berrikuspen-hitzarmen berria indarrean jarri bada;

b) berrikuspen-hitzarmen berria indarrean zein datatan jarri eta data horretatik aurrera hitzarmen honek irekia izateari utziko dio, estatu kideek berau berresteari dagokionez.

2. Edozein kasutan ere, hitzarmen honek indarrean jarraituko du, gaur egungo forma eta edukiekin, berori berretsi duten eta, aldiz, berrikuspen-hitzarmena berretsi ez duten estatu kideei begira.

44. artikulua

Hitzarmen honen testuaren bertsioak, ingelesez eta frantsesez, kautoak dira maila berean.