Espainiako Errepublikaren Konstituzioa (1931)
Ezezaguna
ESPAINIAKO ERREPUBLIKAREN KONSTITUZIOA
Gorte Konstituziogileek 1931ko abenduaren 9an onetsia.
Gorte Konstituziogileen Presidente naizen aldetik eta haien izenean, tinko eta zinez aitortzen dut horiek, burujabetzan inbestituta daudelarik, honako hau dekretatu eta berronetsi dutela:
ESPAINIAK, BURUJABETZA BAITU, ETA GORTE KONSTITUZIOGILEEK ORDEZKATUTA, KONSTITUZIO HAU DEKRETATU ETA BERRONETSI DU
ATARIKO TITULUA Xedapen orokorrak
1. Artikulua
Espainia klase guztietako langileen Errepublika demokratikoa da, Askatasun eta Justizia erregimenean antolatua.
Errepublikaren organo guztien botereak herritik sortzen dira.
Errepublikak Estatu integrala osatzen du, berau Udalen eta Eskualdeen autonomiarekin bateragarria izanik.
Espainiako Errepublikaren bandera gorria, horia eta morea da.
2. Artikulua
Legearen aurrean espainiar guztiak berdinak dira.
3. Artikulua
Espainiako Estatuak ez du erlijio ofizialik.
4. Artikulua
Gaztelania da Errepublikaren hizkuntza ofiziala.
Espainiar orok du gaztelania jakiteko eginbeharra eta erabiltzeko eskubidea, Estatuaren legeek probintzia edo lurraldeetako hizkuntzei aitortuko dizkieten eskubideei kalterik egin gabe.
Lege berezietan bestelakorik erabaki ezean, ezin eskatuko zaio inori hizkuntza erregionalik jakitea ez eta erabiltzea ere.
5. Artikulua
Madril da Errepublikako hiriburua.
6. Artikulua
Gerrari uko egiten dio Espainiak nazio politikarako tresna gisa.
7. Artikulua
Nazioarteko Zuzenbidearen arau unibertsalak onartuko ditu Espainiako Estatuak, bere zuzenbide positiboan harrera eginez.
I. TITULUA Nazio antolakuntza
8. Artikulua
Espainiako Estatua, bere egungo lurraldearen muga txikiagotu ezinen barruan, probintzietan mankomunaturiko Udalerriek eta autonomia erregimen gisa era daitezen eskualdeek osatuko dute.
Ipar Afrikan haren menpean dauden lurraldeak Botere zentralarekin zuzenean loturiko erregimen autonomoan antolatuko dira.
9. Artikulua
Errepublikako Udalerri guztiak beren eskumenen arloan autonomoak izango dira, eta haien Udalak sufragio unibertsal, berdin, zuzeneko eta isilpekoaren bidez hautatuko dituzte, Kontzeju irekiko erregimenaren arabera dihardutenean izan ezik.
Zuzenean hautatuko dituzte beti Udalek edo Herriak Alkateak.
10. Artikulua
Udal mankomunatuek osatuko dituzte probintziak, haien erregimena, funtzioak eta politika eta administrazio-helburuei begira xedatuko duten organo kudeatzailea hautatzeko era zehaztuko dituen legearen arabera.
Haien lege-esparruaren barruan sartuko dira egun osatzen dituzten Udalak, legeak, beharrekoez horniturik, onartuko dituen salbuespenetan izan ezik.
Kanariar Uharteetan, gainera, kategoria organiko bakarra osatuko du uharte bakoitzak, Uharteko Abildua lekuan lekuko interes berezien kudeatzailea izango delarik. Probintziei egokituko zaizkien pareko administrazio-funtzio eta ahalmenak izango dituzte betiere.
Antzeko erregimen baterako aukera izango dute Balear Uharteek.
11. Artikulua
Probintzia batek edo mugakide diren zenbait probintziak, historia-, kultura- eta ekonomia-ezaugarri berdintsuak edukita, adostuko balute eskualde autonomo gisa antolatzea, horrela Espainiako Estatuaren baitan nukleo politikoadministratibo bat osatzeko, 12. artikuluaren araberako Estatutua aurkeztuko dute.
Estatutu horretan, zati batean edo osorik beretu ahal izango dituzte Konstituzio honen 15., 16. eta 18. artikuluetan zehazten diren eskuduntzak, funtsezko Kode honetan zehaztu den prozeduraren bitartez gainerako guztiak edo beste batzuk beretzeko aukera ere bigarren kasu batean zabalik gelditzen delarik.
Uharte-lurraldeen arteko harremanetan ez da mugakidetasuna ezinbesteko baldintzatzat hartzen.
Behin Estatutua onarturik, lurralde autonomoaren oinarrizko legea izango da, eta Espainiako Estatuak hala aitortuko eta babestuko du, bere antolamendu juridikoaren osagai gisa.
12. Artikulua
Lurralde autonomoaren Estatutua onartzeko, ondoko baldintza hauek bete behar dira:
a) Udal gehienek proposatzea, edo gutxienez, eskualde horretako hauteskundeerroldaren bi heren biltzen dituzten udalerriek.
b) Hauteskunde-legeak esan dezakeen prozeduraren bitartez, gutxienez, eskualde horretako erroldan izena emanda daukaten hautesleen bi herenek ontzat ematea.{Plebiszituaren emaitza ezezkoa izatekotan, ezingo da autonomiaproposamen berririk egin handik eta bost urte igaro arte.
c) Gorteek onartzea.
Eskualdeen Estatutuak Kongresuak onartuko ditu, titulu honi egokituak eta, inondik ere, Konstituzioaren aurkako agindurik ez badaukate, eta eskualdebotereari ezin transmiti dakizkiokeen materietan Estatuak egin ditzakeen lege organikoen kontra ez badoaz, 15 eta 16. artikuluetan Gorteei aitortzen zaion ahalmenari kalterik egin gabe.
13. Artikulua
Inolaz ere ez da erregio autonomoen federazioa onartuko.
14. Artikulua
Estatuaren eskumen esklusibokoak dira honako gai hauen legegintza eta betearazpen zuzena:
1. Herritartasuna eskuratzea eta galtzea, eta konstituzio-eskubide eta eginbeharren erregulazioa.
2. Elizen eta Estatuaren arteko harremana, eta gurtzen araubidea.
3. Ordezkaritza diplomatikoa eta kontsularra, eta orokorrean, Estatuaren ordezkaritza kanpoan; gerra aldarrikatzea; Bake itunak egitea; Kolonia eta Protektoratuen araubidea, eta nazioarteko harreman mota oro.
4. Segurtasun publikoaren defentsa erregioez gaineko edo kanpoko gatazketan.
5. Itsas arrantza.
6. Estatuaren zorra.
7. Gudarostea, itsas Armada eta nazioaren Defentsa.
8. Arantzelen araubidea, Merkataritza Itunak, Aduanak eta merkatu-gaien zirkulazio askea.
9. Merkataritza-ontzien banderatzea, haien eskubideak eta etekinak eta itsasbazterren argiztatzea.
10. Estradizio-erregimena.
11. Auzitegi Gorenaren jurisdikzioa, erregioetako Botereei onartu ahal izango zaizkien eskuduntzetan izan ezik.
12. Diru-sistema, jaulkitze fiduziarioa eta bankuen antolaketa orokorra.
13. Komunikabideen, aire-lerroen, postaren, telegrafoen, itsaspeko kableen eta irratikomunikazioaren araubide orokorra.
14. Uren eta instalazio elektrikoen baliakuntza, urek erregio autonomotik kanpo kurritzen dutenean edo energia-garraioa haren lurraldetik irteten denean.
15. Osasunaren babesa erregioz kanpoko interesen menpean gertatzen denean.
16. Mugetako polizia, immigrazioa, emigrazioa eta atzerritartasuna.
17. Estatuaren Ogasun nagusia.
18. Armen ekoizpenaren eta merkataritzaren fiskalizazioa.
15. Artikulua
Estatuari dagokio legegintza, eta eskualde autonomoei egokitu ahal zaie berorien betearazpena, Gorteen iritziaren arabera, honako gai hauetan:
1. Zigor-, gizarte-, merkataritza- eta prozesu-legegintza, eta legegintza zibilari dagokionean, ezkontze modua, erregistro eta hipoteken antolaketa, kontratuen araberako obligazioen oinarriak eta pertsona mailako Estatutu erreal eta formalen araubidea, aplikazioa koordinatzeko eta Espainiako legeria zibilen arteko desberdintasunen araberako gatazkak erabakitzeko.{Errepublikako Gobernuak begiratuko du gizarte legeen exekuzioa, haien eta une bakoitzean eragina luketen nazioarteko hitzarmenen betetze zehatza bermatzeko.
2. Jabetza intelektualari eta industria-jabetzari buruzko legeria.
3. Agiri ofizialen eta dokumentu publikoen eraginkortasuna.
4. Pisuak eta neurriak.
5. Meatzeen erregimena eta gutxieneko oinarriak mendi, nekazaritza eta abeltzaintza arloetan, aberastasunaren babesean eta ekonomia nazionalaren koordinazioan eragina duten puntu guztietan.
6. Burdinbideak, errepideak, ubideak, telefonoak eta interes nagusiko portuak, lehenen itzultzea eta zaintza, eta bere gain har lezakeen zuzeneko ekinbidea Estatuaren esku gelditzen direlarik.
7. Barne osasunerako legeriaren oinarri nagusiak.
8. Gizarte aseguruen eta aseguru orokorren erregimena.
9. Uren eta ibai uretako ehiza eta arrantzaren legeria.
10. Prentsa, Elkarte, bilera eta ikuskizun publikoen araubidea.
11. Besterentzeko eskubidea, Estatuak lan berezietarako ahalmena bere esku edukirik betiere.
12. Naturako aberastasunen eta enpresa ekonomikoen sozializazioa. Legez mugatuko dira Estatuaren eta erregioen jabetza eta ahalmenak.
13. Zerbitzuak, aire hegazkintza eta irratien zabalkundea.
16. Artikulua
Aurreko bi artikuluetan jaso gabeko gaietan legegintza esklusiboaren eta betearazpen zuzenaren eskumenak eskualde autonomoei egokitu ahal zaizkie, Gorteek onarturiko beraien Estatutuen arabera.
17. Artikulua
Lurralde autonomoetan ezingo da ezein materia arautu tratu desberdina ezarriz eskualde bertakoen eta gainerako espainiarren artean.
18. Artikulua
Lurralde autonomoari bere Estatutuan esplizituki aitortzen ez zaizkion gai guztiak Estatuaren konpetentziakoak izango dira, baina honek lege baten bitartez banatu edo eskualdatu ahal izango ditu ahalmen horiek.
19. Artikulua
Estatuak lege baten bitartez zehaztu ahal izango ditu lurralde autonomietako lege-xedapenak egokitu beharko diren oinarriak, tokian tokiko interesen eta Errepublikaren interes orokorraren arteko harmoniak hala eskatuz gero.
Konstituzio Bermeetarako Auzitegiari dagokio beharkizun hau aurrez xedatzea.
Lege hori onartu ahal izateko Gorteetako Diputatuen bi herenek eman beharko dute haren aldeko botoa.
Errepublikaren Oinarrien Legeak arauturiko gaietan, behar dena xedatu ahal izango dute erregioek, lege eta ordenantza baten bidez.
20. Artikulua
Tokian tokiko agintariek bete eta betearaziko dituzte lurralde autonomoetan Errepublikako legeak, aplikazioa erakunde berezien bitartez bideratu behar diren edo testuan kontrako zerbait xedatu den legeen aplikazioan izan ezik. Titulu honetan zehazturikoa beteko da nolanahi ere.
Araudiak xedatu ahal izango ditu Errepublikako Gobernuak bere legeen exekuzioari begira, bai eta exekuzio hori lurraldeko agintarien eskumena denean ere.
21. Artikulua
Espainiako estatuaren zuzenbidea lurralde autonomoenaren gainetik egongo da betiere, autonomia horiek tokian tokiko Estatutuetan eskuduntza esklusiboa ez duten gai guztietan.
22. Artikulua
Lurralde autonomo bat edo horren zati bat osatzen duen edozein probintziak du bere erregimenari uko egiteko eta Botere zentralari zuzenean loturiko probintzia berriro izateko eskubidea.{Erabaki hori hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da bertako Udal gehienek hala proposatzea eta probintziako erroldan inskribaturiko hautesleen gutxienez bi herenek onartzea.
II. TITULUA Herritartasuna
23. Artikulua
Espainiarrak dira:
1. Espainia barruan edo kanpoan sorturikoak, aita edo ama espainiarra badute.
2. Espainian atzerriko gurasoengandik sorturikoak, herritartasun espainiarraren aukera legeek arauturiko moduan egiten badute.
3. Espainian guraso ezezagunengandik sorturikoak.
4. Herritartasuna lortuko duten atzerritarrak, eta hura gabe Errepublikako edozein herritan auzoko edo hiritar legeen arabera bihurtu direnak.
Gizon espainiarrarekin ezkonduriko emakume atzerritarrak bere jatorrizko herritartasunari eutsiko dio edo senarraren hartuko du, legeek nazioarteko hitzarmenen arabera aurrez arauturiko aukeraren bati jarraiki betiere.
Lege batek zehaztuko du atzerrian bizi diren jatorri espainiarreko pertsonen herritartasuna hartzea erraztuko duen prozedura.
24. Artikulua
Espainiartasuna galtzen da:
1. Atzerriko herri baten aldeko arma-zerbitzuan Espainiako estatuaren baimenik gabe aritzeagatik, edo beste Gobernu baten aldetik aginte edo jurisdikzioaren exekuzioa eskatzen duen lanbideren bat onartzeagatik.
2. Atzerriko herritartasunen bat berariaz hartzeagatik.
Nazioarteko elkarrekikotasun eraginkor batean oinarrituz eta lege batek zehaztuko dituen baldintza eta tramiteen bitartez, herritartasuna onartuko zaie Portugalen eta Ameriketako herri hispaniarretan , baita Brasilen ere, sorturiko hiritarrei, hala eskatzen badute eta Espainiako lurrean bizi badira. Ez dute orduan beren jatorrizko herritartasuna galduko eta ez aldatuko.
Bertako legeek ez badute horrelakorik debekatzen eta elkarrekikotasunerako eskubide hori ez onartuagatik ere, herri horietako herritartasuna eduki ahal izango dute espainiarrek beren jatorrizko herritartasuna galdu gabe.
III. TITULUA Espainiarren Eskubide eta Eginbeharrak
LEHEN KAPITULUA Banakoen bermeak eta berme politikoak
25. Artikulua
Ezin izango dira pribilegio juridikoaren oinarri: jaioterria, seme-alabatasuna, sexua, klase soziala, aberastasuna, ideia politikoak, eta erlijio-sinesmenak.
Estatuak ez ditu noblezia berezitasunik eta titulurik onartzen.
26. Artikulua
Erlijio-erakunde guztiak lege berezi baten menpeko Elkartetzat edukiko dira.
Estatuak, eskualdeek, probintziek eta Udalerriek ez dute ekonomikoki eutsiko, faboratuko ezta lagunduko ere ezein Eliza, Elkarte edo Erakunde erlijioso.
-
Estatutarioki hiru boto kanonikoez gain, Estatuarekiko obedientzia zilegiaz gaindiko beste autoritate batekiko obedientzia boto berezia ezartzen duten Ordena erlijiosoak deseginak geratzen dira.{Haien ondasunak nazionalizatuak izango dira eta ongintza eta hezkuntza helburuetarako erabiliko dira.
Gainerako Ordena erlijiosoak Gorte Konstituziogile hauek bozkaturiko lege berezi baten menpe egongo dira, oinarri hauen arabera:
1. Beren jarduerengatik Estatuaren segurtasunerako arriskugarri diren Ordena erlijiosoen desegitea.
2. Iraun behar duten Ordena erlijiosoen inskripzioa Justizia Ministerioaren menpeko Erregistro berezi batean.
3. Ordena erlijiosoek, berenez edo bitarteko pertsona bidez, ondasun gehiago eskuratzeko eta mantentzeko ezgaitasuna, salbu, aurretiaz justifikaturik, beren bizileku gisa edo helburu pribatu zuzenak betetzeko erabiltzeko direnean.
4. Industria, merkataritza edo irakaskuntza arloan aritzeko galarazpena.
5. Herrialdeko zerga-lege guztiak bete beharra.
6. Elkarteak dituen helburuen arabera bere ondasunen inbertsioez urtero Estatuari kontua emateko eginbeharra.
Ordena erlijiosoen ondasunak nazionalizatu ahalko dira.
27. Artikulua
Kontzientzia askatasuna eta edozein erlijio libreki izateko eta praktikatzeko eskubidea bermatzen dira Espainiako lurraldean, moral publikoaren eskakizunei zor zaien errespetua mantenduz beti ere.
Hilerriak jurisdikzio zibilaren menpe egongo dira modu esklusiboan.{Beraietan ezingo da esparru banaketarik egon arrazoi erlijiosoengatik.
Erlijio guztiek egin ahalko dituzte beren gurtzak modu pribatuan.{Gurtzaren adierazpen publikoak, kasu bakoitzean, Gobernuak baimendu beharko ditu.
Ezin izango da inor behartu bere erlijio-sinesmenei buruzko adierazpenak ofizialki egitera.
Erlijio-kontzientziak ezin aldaraziko du inoren nortasun zibila edo politikoa. Bestela jokatuko da Konstituzio honek Errepublikako Presidentearen edo Ministroen Kontseiluko Buruaren izendapenari begira xedaturikoaren kasuan.
28. Artikulua
Legeak aurrez zigorgarritzat jotako ekintzak baizik ez dira zigortu ahal izango.{Epaile eskudunak baizik ez du inor epaituko, eta legezko tramiteen arabera betiere.
29. Artikulua
Inor ez da atxilo edo preso hartua izango deliturik ez badu egin.{Atxilotu oro aske geratuko da edo epailearen aurrera eramana izango da, atxilo gertatu ondoko hogeita lau orduen barruko epean.
Atxiloketa oro bertan behera geldituko da edo kartzelaratzea ekarriko du atxilotua epaile eskudunarengana eraman ondoko hirurogeita bi orduen barruko epean.
Epaile-autu baten bidez zehaztuko da erabakia eta epe horretan berean jakinaraziko zaio interesatuari haren berri.
Egoeraren erantzule izango dira beren aginduez artikulu hau hautsiko luketen agintariek, bai eta, jakinik legez kanpo ari direla, agindu horiek gauzatuko lituzketen agenteek eta funtzionarioek ere.
Publikoa izango da lege-hauste hauen kontrako ekinbidea, eta ez da inolako berme edo fidantzarik jarri beharko horretarako.
30. Artikulua
Estatuak ez du lege-hausle politiko-sozialen estradizioa lukeen nazioarteko hitzarmenik izenpetuko.
31. Artikulua
Espainiar oro ibili ahal izango da aske nazio lurrean eta hartan aukeratu ahal izango du egoitza eta etxebizitza, eta inork ezin behartuko du aldatzera, tartean epai baten exekuzioa ez badago.
Orok du emigratzeko edo immigratzeko eskubidea eta legeak ezartzen dituen baino muga gehiagorik ez du izango.
Lege berezi batek zehaztu ditu atzerritarrak Espainiako lurretik kanporatzeko bermeak.
Bortxaezina da espainiar ororen edo Espainian bizi den hiritar ororen etxea.
Inor ezin sartu izango da hartan, epaile eskudunaren agindurik gabe.{Paper eta pusken erregistroa interesatuaren edo familiako kide baten edo, halakorik ezin bada, herri bereko bi auzokoen presentzian egingo da beti.
32. Artikulua
Era guztietan bermatzen da postaren bortxaezintasuna, epailearen autu batek kontrakoa esaten ez duen bitartean.
33. Artikulua
Nahi duen lanbidea hautatzeko askatasuna du pertsona orok.{Industria eta merkataritza askatasuna onartzen da legeek, interes orokorreko arrazoi ekonomiko eta sozialengatik, xedaturiko salbuespen-kasuetan izan ezik.
34. Artikulua
Pertsona orok du bere ideia eta iritziak adierazteko eskubidea, edonolako hedabideak erabiliz, aurretiko zentsuraren menpe egon gabe.
Inolaz ere ezingo da liburu eta egunkarien edizioa bahitu ez bada epaile eskudunaren aginduz.{Epai irmorik ez badago, ezin utziko da inongo egunkaria argitaratzeko biderik gabe.
35. Artikulua
Eskaerak egin ahala izango ditu espainiar orok, bere izenean edo talde baten izenean, Botere Publikoen eta agintarien aurrean.{Eskubide hau ezin gauzatuko da inolako indar arakaturen bitartez.
36. Artikulua
Hogeita hiru urte baino gehiago dituzten sexu bateko zein besteko herritarrek hauteskunde-eskubide berberak izango dituzte legeek ezartzen duten moduaren arabera.
37. Artikulua
Legeen arabera betiere, hiritar oro behartu ahal izango du estatuak zerbitzu zibilak edo militarrak ematera.
Gobernuak hala eskatuta, kontingente militarra zehaztuko dute Gorteek urtero.
38. Artikulua
Bilera baketsu eta armarik gabekoak egiteko eskubidea aitorturik geratzen da.
Lege berezi batek arautuko du bilerak kanpoan egiteko eta manifestazioak burutzeko eskubidea.
39. Artikulua
Espainiarrak giza bizitzaren helburu desberdinetarako libreki elkartu eta sindikatu ahalko dira, Estatuaren legeen arabera.
Sindikatuak eta Elkarteak dagokien Erregistro publikoan inskribatzera behartuta daude, legearen arabera.
40. Artikulua
Espainiar guztiak, sexu bereizkeriarik gabe, enplegu eta kargu publikoetan onargarriak dira beren meritu eta gaitasunen arabera, legeek ezarritako bateraezintasunik ez bada.
41. Artikulua
Legeen arabera bideratuko dira funtzionario publikoen izendapenak, lanutzialdiak eta erretiroak.{Konstituzioak bermatzen du haien postutik kendu ezina.{Legeak aurreikusiriko kasuetan baizik ez dira zerbitzutik bereizteak, postutik kentzeak eta lekuz aldatzeak gertatuko.
Ezin higuindu edo jazarriko da funtzionario publikorik bere politika, gizarte edo erlijio ideiengatik.
Funtzionario publiko batek, lanean ari dela, bere egitekoetan huts egiten badu beste hirugarren baten kaltetan, Estatua edo zerbitzatzen ari den Erakundea izango dira modu subsidiarioan egiteko horiek eraginiko kalteen erantzule, legeak zehaztuko duen bezala.
Elkarte profesionalak eratu ahal izango dituzte funtzionario zibilek, ardurapena duten zerbitzu publikoan interferentziarik sorrarazten ez duten bitartean.{Lege batez arautuko dira funtzionarioen Elkarte profesionalak.{Elkarte hauek Auzitegien aurrera jo ahal izango dute goiko agintarien erabakien kontra, funtzionarioen eskubideak urratzen badituzte.
42. Artikulua
Gobernuaren dekretuz, bertan behera utzi ahal izango dira osorik nahiz zati batean 29., 31., 34., 38. eta 39. artikuluak, nazio-lurralde osoan edo haren zati batean, Estatuaren segurtasunak hala eskatzen duenean, ageriko eta berehalako larritasun-kasuetan.
Gorteak bildurik badaude, erabakia ere hartuko dute Gobernuak xedaturiko suspentsioaren gainean.
Itxirik badaude, deitu egingo ditu Gobernuak zortzi eguneko epe gorenean bil daitezen.{Deialdirik egiten ez bada, bederatzigarren egunean bilduko dira automatikoki.{Gorteak ezin disolbatu egingo dira erabaki hartu baino lehen, bermeek bertan behera dirauten bitartean.
Disolbaturik badaude, berehala errendatuko dizkio Gobernuak erabaki horren gaineko kontuak Diputazio Iraunkorrari, 62. artikuluan xedatu bezala. Erabakia hartuko du orduan honek, Gorteen ahalmen berberaz.
Konstituzio-bermeak bertan behera egongo diren epea ez da hogeita hamar egunetik gorakoa izango.{Gorteen edo, hala behar badu, Diputazio Iraunkorraren aurreko baimena beharko da suspentsioaren zeinahi luzapenerako.
Suspentsioaren garaian, Ordena Publikoaren legea bideratuko da bermeak bertan behera egongo diren lurraldean.
Gobernuak inolaz ere ezin kanporatu edo deportatuko ditu, ez eta deserritu ere, espainiarrak, etxetik 250 kilometrotik gorako urruntasunean.
II. KAPITULUA Familia, ekonomia eta kultura
43. Artikulua
Familia Estatuaren babes bereziaren pean dago.{Ezkontza sexu bien eskubide berdintasunean oinarritzen da, eta alde bien akordioz desegin ahalko da, edo ezkontideetako baten eskariz, bidezko kausa argudiatuz kasu honetan.
Gurasoak beharturik daude beren seme-alabak elikatzera, laguntzera, heztera eta eskolatzera.{Estatuak bereziki zainduko du eginbehar hauek betetzen direla eta subsidiarioki bere burua behartzen du hauek betearaztera.
Gurasoek ezkontzaz kanpo izaniko seme-alabekiko ezkontza barruan izaniko seme-alabekin dituzten eginbehar berberak dituzte.
Lege zibilek arautuko dute gurasotasunaren ikerketa.
Jaiotze agirietan eta beste edozein seme-alabatasun agiritan ez da jaiotzeen legezkotasunari edo legezkotasun ezari buruzko adierazpenik zehatuko.
Estatuak laguntza eskainiko die gaixoei eta zaharrei, eta babesa amatasunari eta haurrei, “Genevako Adierazpena” edo umearen eskubideen taula bere eginez.
44. Artikulua
Herrialdeko aberastasun oro, nornahi delarik ere bere jabea, ekonomia nazionalaren interesen menpe dago eta karga publikoei aurre egitea dagokio, Konstituzioaren eta legeen arabera.
Era guztietako ondasunen jabetza nahitaez desjabetu daiteke gizarte-onurako arrazoiak daudenean, betiere kalte-ordain egokia emanez, Gorteetan gehiengo absolutuaren botoak alde eduki dituen lege batek bestela ez dioen bitartean.
Baldintza beretan, sozializatu egin ahal izango da jabetza.
Gizarte premiak hala eskatzen duen kasuetan, nazionalizatu ahal izango dira interes komunean eragina duten zerbitzu publikoak eta ustiakuntzak.
Legez parte hartu ahal izango du Estatuak industria eta enpresen ustiaketen eta koordinazioan, ekoizpenaren arrazionalizazioak eta nazio-ekonomiaren interesek hala eskatzen badute.
Inoiz ez ondasunen konfiskazioa zigortzat bideratuko.
45. Artikulua
Haren jabea nornahi izanik ere, Nazioaren kultura altxorra da herrialdeko arte eta historia-aberastasun oro, eta Estatuaren babespean egongo da. Halatan, haren kanporatzea eta besterentzea debekatu ahal izango ditu Estatuak, eta xedatu ere ahal izango ditu babesari begira bidezko jo litzakeen desjabetzeak.
Arte eta historia-aberastasunaren erregistroa antolatuko du Estatuak, egoera hoberenean eutsiz eta haren babesa arreta osoz zainduz.
Berezko edertasunarengatik edo duten arte nahiz historia-balioagatik ikusgarriak diren lekuak ere babestuko ditu Estatuak.
46. Artikulua
Lana, bere agerpen desberdinetan, gizarte-eginbehar bat da eta legeen babesa izango du.
Errepublikak langile orori bermatuko dizkio bizitza duina izateko baldintzak.
Bere gizarte-legegintzak arautuko ditu: gaixotasunagatiko aseguru kasuak, istripuak, derrigorrezko geldialdiak, zahartzaroa, baliaezintasuna eta heriotza; emakumeen lana eta gazteena, eta bereziki amatasunaren babesa; laneguna eta gutxieneko soldata zein familia-soldata; ordainduriko urteko oporrak; espainiar langilearen baldintzak atzerrian; elkarlan erakundeak; produkzioa osatzen duten faktoreen harreman ekonomiko-juridikoa; langileen parte hartzea enpresetako zuzendaritzan, administrazioan eta mozkinetan, eta langileriaren defentsari dagokion oro.
47. Artikulua
Errepublikak nekazaria babestuko du eta helburu horrekin egingo ditu legeak, besteak beste, honako gai eta arlo hauek arautzeko: familia-ondare bahiezina eta inolako zergapetzerik ez duena, nekazaritza-kreditua, uztak galtzeagatik izango diren kalte-ordainak, ekoizpen eta kontsumorako kooperatibak, aurreikuste kutxak, nekazaritza eskola praktikoak eta nekazaritza eta abeltzaintzarako esperimentazio-landetxeak, ureztatzerako lanak eta landa eremuetako komunikabideak.
Molde berean babestuko ditu Errepublikak arrantzaleak.
48. Artikulua
Kultura zerbitzua Estatuaren oinarrizko aginpidea da, eta zerbitzu hori eskainiko du eskola bateratuaren sisteman lotuak egongo diren hezkuntza erakundeen bitartez.
Lehen hezkuntza doakoa eta derrigorrezkoa izango da.
Hezkuntza ofizialeko maisuak, irakasleak eta katedradunak funtzionario publikoak dira.{Katedra askatasuna aitorturik eta bermaturik dago.
Errepublikak legeak egingo ditu ekonomikoki beharrean dauden espainiarrei maila guztietako irakaskuntzara sarrera errazteko, egokitasuna eta bokazioaz beste baldintzak eragin ez diezaien.
Irakaskuntza laikoa izango da, lana bihurtuko du bere jarduera metodologikoaren ardatz eta giza elkartasunaren idealetan inspiratuko da.
Elizei beren egoitzetan beren doktrinak irakasteko eskubidea aitortzen zaie, Estatuaren ikuskatzepean.
49. Artikulua
Estatuari dagokio esklusiboki akademia eta lanbide tituluak ematea. Estatuak zehaztuko ditu horiek lortzeko gainditu beharreko probak eta baldintzak, bai eta ikasketa-agiriak lurralde autonomoetako ikastetxeetatik datozenean ere.
Herri Hezkuntzarako lege batek zehaztuko ditu maila bakoitzerako eskola-adina, eskolatze epeen iraupena, plan pedagogikoen edukia eta ikastetxe pribatuetan irakaskuntza baimendu ahal izateko bete beharreko baldintzak.
50. Artikulua
Eskualde autonomoek irakaskuntza beren hizkuntzan antolatu ahalko dute, beren Estatutuek emandako ahalmenen arabera.{Beharrezkoa da gaztelania ikastea, eta berau ere irakaskuntza tresna gisa erabiliko da eskualde autonomoetako lehen eta bigarren hezkuntzako Ikastetxe guztietan.{Estatuak Errepublikaren hizkuntza ofizialean ari diren maila guztietako irakaskuntza erakundeak eutsi eta sortu ahalko ditu eskualde autonomoetan.
Goi ikuskaritza bideratuko du Estatuak nazio-lurralde osoan, artikulu honetan eta aurreko bietan zehazturiko xedapenen betetzea ziurtatzearren.
Estatuak Espainiaren kultura hedapena zaindu eta bultzatuko du Atzerrian, herri hispanoamerikarretan bereziki, ordezkaritzak eta ikaskuntza eta irakaskuntza etxeak sortuz.
IV. TITULUA Gorteak
51. Artikulua
Legegintza-ahala herrian datza, eta ahal hori Gorteen edo Diputatuen Kongresuaren bitartez gauzatzen du herriak.
52. Artikulua
Diputatuen Kongresua sufragio unibertsal, berdin, zuzeneko eta isilpekoaren bidez hautaturiko ordezkariekin osatzen da.
53. Artikulua
Diputatu izateko hautagarriak izango dira hogeita hiru urte baino gehiago dituzten Errepublikako herritar guztiak, sexu edo egoera zibilagatiko bereizkeriarik gabe, Hauteskunde legeak ezartzen dituen baldintzak betez gero.
Diputatuek, behin hautatuak direnean, Nazioa ordezkatzen dute.{Agintaldiaren legezko iraupena lau urtekoa izango da, hauteskunde orokorrak egin ziren egunetik hasita.
Guztiz berrituko da Kongresua epe hori bukatutakoan.{Agintaldia bukatu edo Gorteak disolbatu ondoko hirurogei eguneko epean egin beharko dira hauteskunde berriak.{Hauteskunde egunetik, hogeita hamar egun igaroko dira gehienez Kongresua berriro ere bildu arte.
Mugarik gabe hautetsi ahal izango dira Diputatuak.
54. Artikulua
Legeak zehaztuko ditu Diputatuen bateraezintasun kasuak, eta haien sariak.
55. Artikulua
Bortxaezinak dira Diputatuak, beren karguaren jardunean emaniko boto eta iritziengatik.
56. Artikulua
Ageriko delitua egin dutelako baizik ez dira Diputatuak atxilotu ahal izango.{Berehala jakinaraziko zaio Ganberari edo Diputazio Iraunkorrari atxiloketaren berri.
Epaile edo Auzitegi batek Diputatu bat auzipetu behar duela iritziz gero, gogo horren berri jakinaraziko dio Kongresuari, erabaki horren funtsa azaltzeko.
Ganberak gogo horren berri ukan duen egunetik hirurogei egun igaro direnean haren gainean inolako erabakirik hartu ez bada, erregu horri uko egin zaiola ulertu beharko da.
Ondoriorik gabe geratuko da Diputatu baten atxilotze edo auzipetze oro Kongresuak, bildu bada, edo Diputazio Iraunkorrak, bilerak bertan behera daudenean edo Ganbera disolbaturik denean, hala erabaki badu.
Kongresuak edo, arestian aipatu diren kasuetan, Diputazio Iraunkorrak, prozedura oro bertan behera uzteko eskatu ahal izango diote epaileari, epailearen ekinbideak helburutzat hartu duen Diputatuaren parlamentu-agintaldia iraungi arte.
Baliogabetzat joko dira Diputazio Iraunkorraren erabakiak, Kongresuak ondoko hogei bileretako batean ez baditu espresuki berresten.
57. Artikulua
Bere hautetsien hautapenaren balioaz eta gaitasunaz erabakitzeko eta barne erregimenerako Araudia xedatzeko ahalmena izango du Diputatuen Kongresuak.
58. Artikulua
Deialdia egin beharrik gabe bilduko dira Gorteak urteroko otsail eta urriaren lehen egunetan eta lanean iraungo dute gutxienez hiru hilabetez lehen epealdian eta bi hilabetez bigarrenean.
59. Artikulua
Disolbaturiko Gorteak eskubide betean bilduko dira, Estatuaren legezko Botere gisa dagokien ahalmenez, Presidenteak hauteskunde berrietarako deia egiteko obligazioa epearen barruan betetzen ez badu.
60. Artikulua
Legegintzan aitzindari izateko ahalmena dute Gobernuak eta Diputatuen Kongresuak.
61. Artikulua
Baimena eman ahal izango dio Kongresuak Gobernuari Botere Legegilearen eskumenean dauden gaietan legeak Ministro Kontseiluak erabakitako dekretuez egiteko.
Baimen horiek ez dira izaera orokorrekoak izango eta haien arabera xedaturiko dekretuak guztiz egokituko dira Kongresuak gai eta arlo zehatz bakoitzean xedaturiko oinarrietara.
Kongresuak horrela xedaturiko dekretuak ezagutzeko eskatu ahal izango du, berak xedaturiko oinarrietara egokitzen diren ala ez iritzi ahal izateko.
Modu honetan lan eginik, inolaz ere ez da gastu-emendiorik onartuko.
62. Artikulua
Gorteen Diputazio Iraunkorra izendatuko du Kongresuak bere baitan. 21 ordezkari izango ditu gehienez eta alderdi politikoen ordezkariak bilduko ditu, kopuru-indarren arabera.
Diputazio honek Kongresuko Burua izango du Presidente, eta honako kasu hauetan jardungo du:
1. 42. artikuluan aurreikusitako konstituzio-bermeak bertan behera geratu direnean.
2. Konstituzio honen 80. artikuluan dekretu-legeen arloan aipatzen diren kasuetan.
3. Diputatuen atxilotze eta auzipetze kasuetan.
4. Ganberaren Araudian egokitu zaizkion gainerako gai eta arloetan.
63. Artikulua
Kongresuan ahotsa izango dute Ministro Kontseiluko Buruak eta Ministroek, Diputatu ez badira ere.
Ezin uko egingo diote Kongresuan azaltzeari, Ganberak hala eskatuz gero.
64. Artikulua
Kongresuak zentsura-botoa erabaki ahal izango du Gobernuaren edo haren Ministroren baten kontra.
Karguan dauden berrogeita hamar Diputatuen sinadura beharko dira gutxienez Kongresuak zentsura-botoa, behar bezala arrazoitua eta idatziz aurkeztua, erabaki ahal izateko.
Diputatu guztiei jakinaraziko zaie proposamen hori eta aurkeztu ondoren bost egunek igaro beharko dute gutxienez eztabaidatu eta bozkatu ahal izateko.
Gobernua edo Ministroa ez da dimisioa aurkeztera beharturik izango zentsurabotoa Ganbera osatzen duten Diputatuen gehiengo absolutuaren babesa jaso ez duenean.
Berme berberak hartuko dira kontuan zentsura-botoa zeharka dakarkeen beste edozein proposamenen aurrean.
65. Artikulua
Espainiak berretsi eta Nazioen Elkartean inskribatu diren Nazioarteko Hitzarmen guztiak hartuko dira Espainiako legeriaren berezko osagarritzat, nazioarteko lege izaera dutenean. Egokitu egingo da legeria espainiarra haietan xedatzen denera.
Estatuaren antolamendu juridikoan eragina duen nazioarteko hitzarmen bat berretsi ondoren, luze gabe aurkeztuko dizkio Gobernuak Diputatuen Kongresuari egin beharrekoak egiteko behar diren lege-proiektu guztiak.
Ezin xedatuko da Hitzarmen horien aurka letorkeen legerik, hitzarmen horiek aurrez eta haietan zehazturiko prozeduraz ez badira sakatu.
Gorteek berretsi beharko dute salaketarako ekimena.
66. Artikulua
Bere erabakiaren menpean ezarri ahal izango ditu herriak Gorteek bozkaturiko legeak, “erreferendum” bidez.
Erreferenduma egiteko eskatu beharko dute horretarako hautesle guztien %15ek.
Ezin izango dira baliabide honen helburu Konstituzioa, haren lege osagarriak, Nazioen Elkartean inskribaturiko Nazioarteko Hitzarmenen berrespena, erregioetako Estatutuak eta zerga-legeak.
Ekimenerako eskubidea gauzaturik, lege-proposamen bat aurkeztu ahal izango du herriak, hautesleen gutxienez %15ek hala eskatuz gero.
Lege berezi batek arautuko ditu “erreferendumaren” eta herri ekimenaren prozedura eta bermeak.
V. TITULUA Errepublikako Presidentzia
67. Artikulua
Errepublikako Presidentea Estatuko Burua da eta Nazioa pertsonifikatzen du.
Legeak zehaztuko ditu haren hornikuntza eta ohoreak, haren agintaldian zehar ezin aldatuko direnak.
68. Artikulua
Errepublikako Presidentea elkarrekin hautatuko dute Gorteek eta diputatuak adina izango diren konpromisarioek.
Konpromisarioak sufragio unibertsal, berdin, zuzeneko eta isilpekoaren bidez hautatuko dira legeak ezartzen duen prozeduraren arabera.{Konstituzio Bermeen Auzitegiari dagokio konpromisarioen botereak aztertzea eta onartzea.
69. Artikulua
Errepublikako Presidente izateko hautagarriak izango dira soilik beren eskubide zibil eta politikoen erabilera osoa duten berrogei urte baino gehiagoko espainiar herritarrak.
70. Artikulua
Ez dira hautagarriak izango ezta hautagai gisa proposatuko ere:
Jardunean edo erreserban dauden militarrak, ezta militar erretiratuak ere egoera horretan gutxienez hamar urte ez badaramatzate behintzat.
Elizgizonak, erlijio desberdinetako ministroak eta botoak egin dituzten erlijiosoak.
Ezein herrialdetako errege-familietako kideak, edo errege ohi familietakoak, zeinahi delarik ere kide horien eta familiako buruaren artean dagoen senidetasun maila.
71. Artikulua
Errepublikako Presidentearen agintaldiak sei urte iraungo ditu.
Errepublikako Presidentea ez da berraukeratu ahal izango aurreko agintaldiko sei urteak igaro aurretik.
72. Artikulua
Handikiro bilduriko Gorteen aurrean hitz emango du Errepublikako Presidenteak leial izango dela Errepublikari eta Konstituzioari.
Hitz eman ondoren hasitzat hartuko da presidentearen agintaldi berria.
73. Artikulua
Presidentearen agintaldia iraungi baino hogeita hamar egun lehenago egingo da Errepublikako Presidente berriaren hautespen-ospakizuna.
74. Artikulua
Errepublikako Presidentea aldi batez ezindurik edo kanpoan badago, Gorteen Presidenteak hartuko du, jardunean, haren ordea, eta Kongresuko Presidenteordeak hartuko du, aldi berean, harena.{Era berean, jardunean hartuko du Parlamentuko Buruak Errepublikako Presidentearen ordea, Presidentetza hori hutsik geratuz gero. Kasu horretan, Presidente berriaren hautapenerako deia egingo da zortzi eguneko epe luzaezinean, 68. artikuluan xedaturikoari jarraiki, eta deialdiaren ondoko hogeita hamar eguneko epearen barruan hautatuko da presidente berria.
Errepublikako Presidentea hautatzeko dagoenean, beren ahaletan daude betiere Gorteak, disolbaturik egon arren.
75. Artikulua
Errepublikako Presidenteak libreki izendatu eta kenduko du Gobernuko Presidentea, eta, azken honen proposamenez, izendatu eta kenduko ditu Ministroak.{Ezinbestez kendu beharko dira Gorteek konfiantza argi eta garbi ukatzen badiete.
76. Artikulua
Errepublikako Presidenteari dagokio halaber:
Gerrara dei egitea, ondoko artikuluko betekizunen arabera, eta bakea sinatzea.
Enplegu zibilak eta militarrak egokitzea eta lanbide-tituluak ematea, lege eta araudien arabera.
Bere sinaduraz, unean uneko Ministroak aurkezturiko dekretuak baimentzea, Gobernuaren aurreko akordioaz. Erabaki ahal izango du Presidenteak dekretuproiektuak Gorteetara eramatea, indarrean dagoen lege baten kontra daudela uste badu.
Nazioaren batasunaren eta segurtasunaren defentsak eskatuko dituen premiazko neurriak agintzea, Gorteei haien kontuak berehala emanez.
Edozein gairen gaineko Nazioarteko Itun eta Hitzarmenak negoziatzea, sinatzea eta berrestea, eta haien betetzea nazio-lurralde osoan begiratzea.
Gorteek onartu ezik, ez dute izaera politikoko, merkataritzakoek, Ogasun publikoari edo, banan-banan harturik, hiritar espainiarrei zergapetzea dakarkieten hitzarmenek eta, oro har, exekuzioan lege mailako neurriak eskatzen duten hitzarmenek Nazioa behartuko.
Urtebeteko edo, egoera berezien kasuan, hemezortzi hilabeteko epean eramango dira Lanaren Nazioarteko Erakundearen hitzarmen-proiektuak Gorteetara, onartu diren Konferentziaren amaiera-egunetik kontatzen hasita.{Parlamentuak onartu eta gero berretsiko ditu Errepublikako Presidenteak, eta berrespen horren berri jakinaraziko zaio, erregistroari begira, Nazioen Elkarteari.
Elkartearen Itunaren 18. artikuluari jarraiki, Nazioen Elkartean erregistratu beharko dira halaber Espainiak berretsi dituen gainerako nazioarteko Itun eta Hitzarmenak, haietan aurreikusitako ondorioei begira.
Ez dute Nazioa behartuko isilpeko Itunek eta Hitzarmenek, ez eta zeinahi Itun edo Hitzarmenen isilpeko klausulek ere.
77. Artikulua
Errepublikako Presidenteak ezin du gerrarako inolako deialdirik egin, ez bada Nazioen Elkartearen Itunean aurreikusitako baldintzetan, ez eta gerra-izaerarik ez duten defentsa-bitarteko eta Espainia parte den eta Nazioen Elkartean erregistraturik dauden nazioarteko hitzarmenen araberako epaiketa, baketze eta bitartekaritza prozedura guztietarako biderik gabe gelditu aurretik ere.
Nazioak beste herri batzuekiko baketze eta bitartekaritza hitzarmen berezi batzuen bidez loturak baditu, horiexek bideratuko dira une oroz Hitzarmen Orokorren kontrakarrean ez datozen puntu guztietan.
Aurreko baldintzak betetzez geroz, lege baiten bidezko baimena lortu behar du Errepublikako Presidenteak gerrarako deia egin ahal izateko.
78. Artikulua
Errepublikako Presidenteak ezin adieraziko du Espainiak Nazioen Elkartea utziko duelakoa, ez badu Elkarte horren Itunean zehazten den lehengotasunaz iragarri. Gorteek gehiengo absolutuaz bozkaturiko lege berezi baten baimena beharko du nolanahi ere horretarako.
79. Artikulua
Gobernuak hala eskatuta, beharreko dekretuak, araudiak eta aginduak bideratuko ditu Errepublikako Presidenteak legeen exekuzioari begira.
80. Artikulua
Kongresua bildurik ez delarik, Presidenteak, Gobernuak aho batez hala eskatuta eta Diputazio Iraunkorraren bi herenen aldeko botoez, dekretuz erabaki ahal izango du Gorteek berentzat dituzten gaietan, premiazko erabakia behar den kasu guztiz berezietan, edo Errepublikaren babesak hala eskatzen duenean.
Horrenbestez xedaturiko dekretuak behin-behinekoak baizik ez dira izango, eta Kongresuak gai horren gainean erabakia hartu edo legeztatu bitartean baizik ez dira indarrean egongo.
81. Artikulua
Errepublikako Presidenteak egoki deritzon guztietan Kongresua ezohiko izaeraz biltzeko deia egin ahalko du.
Errepublikako Presidenteak Kongresuaren ohiko bilerak eten ahalko ditu legegintzaldi bakoitzean, soilik hilabetez lehen aldian eta hamabost egunez bigarrenean, 58. artikuluak xedaturikoa betetzen den bitartean.
Errepublikako Presidenteak Gorteak desegin ahalko ditu gehienez bi hilabetez bere agintaldian, egoki deritzonean, baldintza hauen arabera:
a) Arrazoituriko dekretuagatik.
b) Desegite dekretuarekin batera hauteskunde berrien deialdia aurkeztuz hirurogei eguneko gehienezko epean.
Bigarren desegitea gertatzekotan, Gorte berrien lehen ekintza aurreko Gorteen desegite dekretuaren beharra aztertzea eta ebaztea izango da.{Gorteen gehiengo absolutuak desegite dekretu horren aurkako bozka emango balu, horrek Presidentea kargutik kentzea lekarke.
82. Artikulua
Agintaldia bukatu aurretik kendu ahal izango da Presidentea kargutik.
Kongresua osatzen duten diputatuen gutxienez hiru bostenen proposamenaren ondorioa izango da kargutik kentzeko ekimena, eta ordutik aurrera ez du Presidenteak zegozkion egitekoetan jarduteko aukerarik izango.
Zortzi eguneko epean egingo da konpromisarioen hautapenerako deia Presidentearen hautapenerako aurreikusitako eran.{Gorteetan bildurik erabakiko dute konpromisarioek Gorteek eginiko proposamenaren gainean.
Biltzarrak kargutik kentzearen alde bozkatuz gero, disolbatu egingo da Kongresua.{Bestela, Biltzar horrek berak hautatuko du presidente berria.
83. Artikulua
Kongresuak ontzat harturiko legeak aldarrikatuko ditu Presidenteak, hamabost eguneko epean, ontzat hartzeko erabakia jakinarazi zaion egunetik aurrera kontatuta.
Kongresuak emaniko botoen bi herenek legea premiazkotzat jotzen badute, berehala aldarrikatuko du Presidenteak lege hori.
Premiazkotzat jo ez diren legeak aldarrikatu baino lehen, mezu arrazoitu baten bidez eskatu ahal izango dio Presidenteak Kongresuari, berriro ere eztabaidatuak izan daitezela.{Boto-emaileen bi herenek berriro alde bozkatzea erabakiko balute, ezinbestez aldarrikatu beharko lituzke Presidenteak.
84. Artikulua
Hutsak eta eraginik gabeak izango dira Presidentearen ekintzak eta aginduak, Ministro batek ez baditu babesten eta berresten.
Erantzukizun penalaren pean geratuko da agindu horien exekuzioa.
Errepublikako Presidentearen ekintzak eta aginduak babesten eta berresten dituzten Ministroek erantzukizun politiko eta zibili osoa izango dute, eta parte izango dira halaber ondorioz etor litekeen erantzukizun kriminalean.
85. Artikulua
Errepublikako Presidentea bere konstituzio-obligazioen delitu-hausteen erantzulea izango da maila kriminalean.
Kongresuak, diputatuen hiru bostenek hala eskatuz gero, erabaki ahal izango du Errepublikako Presidentea Konstituzio Bermeen Auzitegiaren aurrera eramatea.
Kongresuak salaketari eusten badio, Auzitegiak erabakiko du salaketa onartzen duen ala ez.{Hala gertatuz gero, kargutik kanpo gertatuko da Presidentea ezbairik gabe, eta beste bat hautatu beharko da, kausak bere tramiteetan dirauen bitartean.
Salaketa onartzen ez bada, disolbatu egingo da Kongresua eta hauteskunde berrietarako deia egin.
Konstituzio izaerako lege batek zehaztuko du Errepublikako Presidentearen erantzun kriminala eskatzeko prozedura.
VI. TITULUA Gobernua
86. Artikulua
Kontseiluko Presidenteak eta Ministroek osatzen dute Gobernua.
87. Artikulua
Ministroen Kontseiluko Presidenteak zuzentzen eta ordezkatzen du Gobernuaren politika orokorra.
70. artikuluan Errepublikako Presidentetzarako zehaztu diren bateraezintasun berberek dute honetan ere eragina.
Ministroen kargu daude ministerio-sailei dagozkien zerbitzu publikoen goizuzendaritza eta kudeaketa.
88. Artikulua
Kontseiluaren presidenteak hala eskatuta, arlo jakinik gabeko Ministro bat edo gehiago izendatu ahal izango du Errepublikako Presidenteak.
89. Artikulua
Gorteek zehaztuko duten hornikuntza edukiko dute Gobernuko kideek.
Beren egitekoetan ari direlarik, ezin izango dute beste lanbiderik eta ez dute zuzenean nahiz zeharka inongo eta inolako enpresatan edo elkarte pribatutan parte hartuko.
90. Artikulua
Ministro Kontseiluari dagokio, nagusiki, Parlamentuaren erabakimenean ezarriko diren lege-proiektuak lantzea, bai eta dekretuak xedatzea, arautzeko ahalmena eta interes publikoko afera guztiez eztabaidatzea ere.
91. Artikulua
Kongresuaren aurrean erantzun beharra daukate Kontseiluko kideek: Gobernuaren politikaz, kontseiluko partaide gisa, eta ministro-gestioaz, beren izenean.
92. Artikulua
Kontseiluko Presidentea eta Ministroak erantzule dira, halaber, ordenamendu zibilean eta kriminalean, Konstituzio eta legeetan bidera litzaketen hausteengatik.
Delitua badago, salaketa bideratuko du Kongresuak Konstituzio Bermeen Auzitegiaren aurrean, legeak zehaztuko duen eran.
93. Artikulua
Lege berezi batek arautuko ditu Administrazio, Gobernu eta Gorteen aholkularitza eta antolakuntza ekonomikorako erakundeen sorrera eta jardunbidea.
Erakunde horien artean egongo dira Errepublikaren goi aholkularitzarako erakunde bat, Gobernu eta Administrazio arazoei begira. Aipaturiko legeak arautuko ditu haren osaketa, eskuduntzak eta funtzionamendua.
VII. TITULUA Justizia
94. Artikulua
Justizia Estatuaren izenean administratzen da.
Errepublikak ekonomikoki beharrean dauden auzilariei Justiziaren doakotasuna ziurtatuko die.
Epaileak independenteak dira beren funtzioan.{Legearen menpe besterik ez daude.
95. Artikulua
Egun dauden jurisdikzio guztiak hartuko ditu Justizia Administrazioak, eta beharreko legeen bitartez arautuko dira.
Delitu militarretara, arma-zerbitzuetara eta Institutu armatu guztien diziplinara mugatuko da jurisdikzio penal militarra.
Ez da pertsonen edo lekuen araberako foru berezirik ezarriko.{Salbuespena da gerra-egoera, Ordena Publikorako legearen arabera.
Bertan behera gelditzen dira Ohorezko Epaitegi guztiak, hala zibilak nola militarrak.
96. Artikulua
Estatu Buruak izendatuko du Auzitegi Goreneko presidentea, legeak zehaztutako eran osatuko den Biltzarraren proposamena kontuan harturik.
Auzitegi Goreneko presidente karguaren jabe izateko hauxe baizik ez da behar izango: espainiarra, berrogei urtetik gorakoa eta Zuzenbidean lizentziatu izatea.
Gainerako epaile-funtzionarioentzat zehaturiko ezintasunak eta bateraezintasunak izango ditu.
Hamar urtez luzatuko da haren magistraturak.
97. Artikulua
Berezkoez gainera, honako ahalmen hauek izango ditu Auzitegi Goreneko presidenteak.
Erreforma judizialerako eta prozedura kodeetarako legeak prestatu eta proposatuko dizkie Ministroari eta Parlamentuko Justizia Batzordeari.
Abokatutzan ari ez direnen artean, epaile, magistratu eta funtzionario fiskalen maila-goratzeak eta leku-aldatzeak proposatuko dizkio Ministroari, proposamen hori Gobernu Aretoarekin eta legeak xedatuko dituen aholkulari juridikoekin hitzartutakoan.
Auzitegi Goreneko presidenteak eta Errepublikako Fiskal Nagusiak ahoz eta botoz hartuko dute etengabe parte Parlamentuko Justizia Batzordean, gorabehera horrengatik Ganberako kide ez badira ere.
98. Artikulua
Epaileak eta magistratuak ezin jubilatu, baztertu eta egitekoetatik aldenaraziko dira, ez eta beren postuetatik kendu ere, ez bada legeek diotenaren arabera. Beharreko bermeak xedatuko dituzte lege horiek Auzitegian independentzia benetakoa izan dadin.
99. Artikulua
Auzitegi Gorenaren aurrean kargu hartu ahal izango da epaile, magistratu eta fiskalek beren egitekoetan edo haien ondorioz eduki lezaketen erantzukizun zibila eta kriminala, eta Epaimahai berezi bat antolatuko da horretarako. Legeak arautuko du haren izendapena, gaitasuna eta independentzia.{Baztertu egiten da honetatik epaile karreratik kanpoko udal epaile eta fiskalen erantzukizun zibila eta kriminala.
Konstituzio Bermeen Auzitegiak baizik ez die kargu hartu ahal izango Auzitegi Goreneko eta Errepublikako Fiskaltzako presidente eta magistratuei beren erantzukizun kriminalarengatik.
100. Artikulua
Justizia Auzitegi batek ustez Konstituzioaren kontrako lege bat aplikatu behar duenean, bertan behera utziko du prozedura eta kontsultan zuzenduko da Konstituzio Bermeen Auzitegira.
101. Artikulua
Errekurtsoak aurreikusiko ditu legeak Administrazioak arauzko ahalmenen arabera bideraturiko ekintzen edo luzaturiko xedapenen legezkotasun ezaren kontra, baita eta Administrazioak arautik kanpo bideraturiko ekintzen kontra ere, boterekeriatzat hartuak direnean.
102. Artikulua
Parlamentuak baizik ez ditu amnistiak erabakiko.{Ez da indultu orokorrik emango.{Banakoak emango ditu Auzitegi Gorenak epai-emailearen, Presondegi Batzordeko fiskalaren edo alde baten proposamenari bidea eginez.
Delitu guztiz larrietan, Errepublikako Presidenteak izango du indultatzeko aukera, Gobernu arduradunaren proposamenari bidea eginez eta Auzitegi Gorenak aurrez prestaturiko txostena kontuan hartuz.
103. Artikulua
Justizia Administrazioan hartuko du parte herriak Zinpekoen Epaimahaiaren instituzioaren bitartez. Lege berezi batek zehatuko ditu haren antolakuntza eta jarduna.
104. Artikulua
Legeen betetze zehatza eta gizartearen interesa zainduko ditu Fiskaltzak.
Gorputz bakar bat osatuko du eta Justizia Administrazioaren independentzi berme berak izango ditu.
105. Artikulua
Premiazko Auzitegiak antolatuko ditu legeak gizabanakoen bermeen babeserako eskubidea gauzatzearren.
106. Artikulua
Espainiar orok du kalte-ordainak jasotzeko eskubidea epailearen oker batengatik edo funtzionario judizialek beren karguen araberako egitekoetan egin litzaketen delituengatik, legeek zehaztuko dutenaren arabera.
Kalte-ordainen erantzulea izango da Estatua modu subsidiarioan.
VIII. TITULUA Ogasun Publikoa
107. Artikulua
Gobernuaren egitekoa da Aurrekontuen proiektua prestatzea; Gorteena hura onartzea.{Urteroko Urriaren lehengo hamabostaldian aurkeztuko die Gobernuak Gorteei Estatuak hurrengo ekitaldi ekonomikoan baliatuko dituen Aurrekontu orokorren proiektua.
Urte batez egongo da indarrean Aurrekontu hori.
Hurrengo urte ekonomikoko lehen eguna baino lehen bozkatu ez bada, hiruhilabetetan luzatuko da azken Aurrekontuaren indarraldia. Luzapen hauek inoiz ez dira lau baino gehiago izango.
108. Artikulua
Gorteek ezin aurkeztuko dute Aurrekontuaren proiektuko artikuluetan edo kapituluetan kreditu-emendiorik ekar lezakeen zuzenketarik, ez bada kide guztien hamarren baten sinadurarekin.
Kongresuko gehiengo absolutuaren alde botoa beharko da Aurrekontua onartzeko.
109. Artikulua
Aurrekontu bakar bat baizik ez da izango urte ekonomiko bakoitzean, eta hartan zehaztuko dira, ohiko sarrerak eta gastuak.
Premia larriak hala behartuta, Aurrekontu berezi bat bideratu ahal izango da, Kongresuko gehiengo absolutuak hala erabakitzen badu.
Urtero emango zaizkio Estatuko kontuak Errepublikako Kontuen Auzitegiari, balioets ditzan. Bere erabakiak direnak direla, Gorteei jakinaraziko dizkie Kontuen Auzitegiak bere iritziz ministerioetan izaniko arau-hausteen edo erantzukizunen berri.
110. Artikulua
Gorteen botoa jaso eta indarrean hasiko da Aurrekontu orokorra. Beraz, indarrean egoteko ez du Estatu Buruak aldarrikatzerik behar.
111. Artikulua
Aurrekontuak zehaztuko du Gobernuak urte ekonomikoaren barruak jaulki ahal izango duen zor higikorra, Aurrekontuaren legezko bizitzan iraungiko dena.
112. Artikulua
Aurreko artikuluan xedaturikoa izan ezik, Gobernuari maileguan diru-kopuruak hartzeko baimena emango duen lege orok beharko ditu mailegurako, baita interes tipo nominala ere, eta, halakorik bada, Zorraren amortizaziorako baldintzak zehaztu.
Gobernuari arlo honetan emaniko baimenen zehaztapenak baldintzetara eta negoziazio modura mugatuko dira, Gorteek hala jokatzeari bidezko irizten badiote.
113. Artikulua
Aurrekontuak ez dio Gobernuari inolako baimenik emango gastuan zehazturiko kopuru absolutua gainditzeko, gerraren kasuan ez bada.{Beraz, ezin bideratuko dira zabalgarri deitu kredituak.
114. Artikulua
Gastuen estatuan zehaztuko diren kredituak zerbitzu bakoitzari egokituriko balio gorenak dira, eta Gobernuak ezin aldatu edo gaindituko ditu.{Salbuespen gisa, Gorteak bildurik ez daudenean, bere ardurapean emana ahal izango ditu Gobernuak kredituak edo kreditu osagarriak, honako kasu hauetakoren batean:
a) Gerrarako edo gerra saihesteko.
b) Ordena publikoan nahaste larriak edo haien arrisku bizia.
c) Hondamendi publikoak.
d) Nazioarteko konpromisoak.
Lege berezien bitartez bideratuko dira kreditu hauek.
115. Artikulua
Inork ez du Gorteek edo legez horretarako baimena duten Erakundeek bozkatu ez duten zergarik ordaindu behar.
Indarrean dauden legeen arabera, baimendutzat joko dira kontribuzio, zerga eta tasen kobrantza, eta salmentak eta kreditu-operazioak, baina ezin eskatuko zaizkio inori eta ezin bideratuko dira inolaz ere aurrez Aurrekontuaren sarreren estatuan baimendu ez badira.
Halarik ere, baimendutzat joko dira aurreko administrazio-operazioak, legeen bidez ordenatuak.
116. Artikulua
Hala jokatzea beharrezkotzat joz gero, Aurrekontuen legeak aintzat hartuko duen Aurrekontuaren exekuzioan bideratuko diren arauak baizik ez ditu zehaztuko.
-
117. Artikulua
Lege batek baimendu behar du Gobernua Estatuaren jabetzez arduratzeko eta Nazioaren kredituaren ordainetan diru-kopuruak maileguan hartzeko.{Baliorik ez du izango arau hau hautsiko duen operazio orok eta ez du Estatua ekar litzakeen amortizazioa eta interesak ordaintzera behartuko.
118. Artikulua
Estatuaren babespean dago Zor Publikoa.{Interesak eta kapitalak ordaintzeko behar diren kredituak Aurrekontuaren gastuen estatuan zehazturik daudela ulertuko da beti, eta ez dira eztabaidagai izango, haien jaulkipena onartzen duten legeetara xuxen egokitzen diren bitartean.{Berme berberak izango ditu, oro har, zuzenean edo zeharbidez Altxorraren erantzukizun ekonomikoa dakarkeen operazio oro, legeen aurrean hipotesi berean egonez gero.
119. Artikulua
Honako arau hauetara egokituko da Amortizaziorako Kutxarako bidea zabalduko duen lege oro:
1. Autonomia osoa emango dio Kutxari kudeaketarako.
2. Zehatz-mehatz izendatuko ditu hornikuntzarako izango dituen baliabideak.{Kutxaren baliabideak eta kapitalak ezin bideratuko dira Estatuaren beste helburu batera.
3. Amortizaziorako aintzat harturiko Zorra edo Zorrak zehaztuko du/ditu.
Ogasun Ministroaren onarpena beharko du Kutxaren urteko aurrekontuak indarrean hasi ahal izateko.{Errepublikako Kontuen Auzitegiari emango zaizkio kontuak.{Balioespen horren emaitzen berri izango dute Gorteek.
120. Artikulua
Ekonomiaren kudeaketaren erakunde ikuskatzailea da Errepublikako Kontuen Auzitegia.{Gorteen menpean jardungo du zuzenean eta haien funtzioak beteko ditu, ordezkari gisa, Estatuaren kontuen ezagutzan eta amaierako onarpenean.
Lege berezi batek arautuko ditu haren antolakuntza, ahalmena eta funtzioak.{Konstituzio Bermeen Auzitegiaren erabakimenaren menpean geldituko dira beste erakundeekin izan litzakeen gatazkak.
IX. TITULUA Konstituzioaren Bermeak eta eraldaketa
121. Artikulua
Jurisdikzioa Errepublikaren lurralde osoan izango duen Konstituzio Bermeen Auzitegi bat sortzen da. Honako arlo eta gai hauetan izango du ahalmena:
a) Legeen konstituzionaltasun ezaren aurkako errekurtsoa.
b) Gizabanakoen bermeen aldeko babes-errekurtsoa, beste agintari batzuen aurreko erreklamazioak ondoriorik ekarri ez duenean.
c) Lege-ahalmenen arteko gatazkak, eta Estatuaren eta erregio autonomoen eta horien artean sor litezkeenak.
d) Gorteekin batera Errepublikako Presidentea hautatzen duten konpromisarioen ahalmenen azterketa eta onarpena.
e) Estatu Buruaren, Kontseiluko Presidentearen eta Ministroen erantzukizun kriminala.
f) Auzitegi Goreneko presidente eta magistratuen eta Errepublikako Fiskalaren erantzukizun kriminala.
122. Artikulua
Auzitegi honetako kideak izango dira:
- Presidente bat, Parlamentuak hautatua, Diputatua edo ez.
- Errepublikako Goi Aholkularitza Gorputzeko presidentea, 93. artikuluan aipatzen dena.
- Errepublikako Kontuen Auzitegiko presidentea.
- Bi Diputatu, Gorteek libreki hautatuak.
- Espainiako Erregioen ordezkari bana, legeak zehaztuko duen bezala hautatua.
- Errepublikako Abokatu Kolegio guztiek bozketan hautaturiko bi kide.
- Zuzenbide Fakultateko lau irakasle, Espainiako fakultatu guztietan prozedura berberaz hautatuak.
123. Artikulua
Gai dira Konstituzio Bermeen Auzitegiaren aurrera jotzeko:
1. Fiskaltza
2. Epaileak eta auzitegiak 100. artikuluaren kasuan.
3. Errepublikako Gobernua.
4. Espainiako Erregioak.
5. Pertsona oro, banaka nahiz taldeka, zuzenean iraindu ez badute ere.
124. Artikulua
Gorteek bozkaturiko lege organiko berezi batek zehaztuko ditu Auzitegiko kideen ukiezintasunak eta pribilegioak eta 121. artikuluak aipagai dituen errekurtsoen hedadura eta ondorioak.
125. Artikulua
Eraldatu ahal izango da Konstituzioa:
a) Gobernuaren proposamenari bide eginez.
b) Parlamentuko kideen laurdenak hala eskatuta.
Nolanahi ere, kendu, aldatu edo erantsi behar den/diren artikulua/artikuluak zehaztuko du/ditu proposamenak. Lege baten tramiteak izango dira harenak, eta karguan dauden Diputatuen bi herenen aldeko botoa beharko ditu Konstituzioaren aurreneko lau urteetan eta gehiengo absolutua ordutik aurrera.
Eraldaketaren beharra modu horretan onartu denean, automatikoki disolbatuko da Kongresua eta hauteskunde berrietarako deia egingo da ondoko hirurogei eguneko epearen barruan.
Horrenbestez hautatu den Ganberak, Biltzar Konstituziogile bilakatu eta proposaturiko eraldaketaz erabakiko du. Ohiko Gorteen moduan jardungo du ondoren.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehena.
Errepublikako lehen Presidentea hautatuko dute, isilpeko bozketan, egungo Gorte Konstituziogileek.{Errepublikako Presidentea aldarrikatu ahal izateko, karguan dauden Diputatuen gehiengo absolutua beharko du hautagai batek.
Hautagaietako bakar batek ere ez badu botoen gehiengo absolutua lortzen, beste botazio bat egingo da eta bozka gehien lorturiko hautagaia izendatuko dute Errepublikako Presidente.
Bigarrena.
Joan den abuztuaren 26ko legeak, Erantzukizunen Batzordearen ahalmenak zehazten dituenak, konstituzio-izaera iragankorra izango du egokitu zitzaion egitekoa bururatu arte. Joan den urriaren 21ekoak konstituzio-indarrean iraungo du era berean egungo Gorte Konstituziogileek iraun bitartean, hauek lehenago espresuki indargabetzen ez badute.
Halatan, Gorte Konstituziogileen ordez agintzen diet espainiar guztiei, agintari nahiz partikularrei, Konstituzio honi euts diezaioten eta eutsaraz dezaten, Errepublikaren funtsezko arau den aldetik.
Gorte Konstituziogileen Jauregia, mila bederatziehun eta hogeita hamaikako abenduaren bederatzian.
Julian Besteiro, Presidenteak
euskal legezalea