52009forulegea

5/2009 Foru Legea, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea hein batean aldatzekoa

Nafarroako Parlamentua

5/2009 Foru Legea, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea hein batean aldatzekoa

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, NAFARROAKO POLIZIEI BURUZKO MARTXOAREN 23KO 8/2007 FORU LEGEA HEIN BATEAN ALDATZEKOA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 30. artikuluak Nafarroako polizia kidegoetako lanpostuetan edo funtzionario gisa sartzeko hautaprobetan onartua izateko baldintzak ezartzen ditu, besteak beste ondokoa: "erregelamendu bidez ezartzen den gutxieneko garaiera izatea".

Garaiera hori lanpostuak betetzeko kasuan kasuko deialdian zehazten da. Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko 2006ko deialdian 1,70 metroko gutxieneko garaiera ezarri zen gizonezkoentzat, eta 1,65 metrokoa, berriz, emakumezkoentzat.

Gizonezkoen batez besteko garaiera 1,73 metrokoa da, eskatzen dena baino apur bat gehiago. Emakumezkoen batez besteko garaiera 1,61 metrokoa da -eskatutakoa baino txikiagoa da, beraz-, eta emakumeen ia 100eko 30 dago 1,60 metrotik beheiti.

Kontuan hartu beharra dago, orobat, batez besteko zer garaiera eskatzen den beste polizia autonomiko batzuetan nahiz Polizia Nazionalaren Kidegoan sartzeko. Kasu horietan, aldatuz joan dira hautapen prozesuetako erregelamenduak, eta eskatzen den gutxieneko garaiera 1,65 metrokoa da gizonezkoen kasuan, eta 1,60koa, berriz, emakumezkoenean.

Hortaz, hurrengo deialdietan orain arte eskatutakoa eskatzea baztertzailea da, hala gizonezkoen eta emakumeen artean egiten den bereizketagatik -askoz gehiago dira batez bestekora iristen diren gizonezkoak, emakumezkoak baino-, nola beste autonomia erkidego batzuetan eskatzen denagatik.

Gure ustez, beraz, beharrezkoa da foru lege horretako 30. artikulua aldatzea eta gaurkotzea.

Artikulu bakarra. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeko 30. artikuluko 1. idatz-zatiko e) letra aldatu eta honela geldituko da:

"e) Gutxienez ere 1,65 metroko garaiera izatea gizonezkoek, eta 1,60 metrokoa, berriz, emakumezkoek."

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetu egiten da foru lege honek xedatuari kontra egiten dion maila bereko ala apalagoko arau oro.

Azken xedapena.-Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra foru lege honek.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 29an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea