12007forulegea,

1/2007 Foru Legea, Nafarroako toki administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea toki kontratazioari dagokionez aldatzekoa

Nafarroako Parlamentua

1/2007 FORU LEGEA, otsailaren 14koa, Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea toki kontratazioari dagokionez aldatzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK,

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOARI BURUZKO UZTAILAREN 2KO 6/1990 FORU LEGEA TOKI KONTRATAZIOARI DAGOKIONEZ ALDATZEKO FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA

1

Foru legearen justifikazioa, eskumena eta legegintzako aurrekariak

Nafarroan, Toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea onetsi zen arte, toki kontratazioari buruzko arauak Nafarroako udal administrazioari buruzko 1928ko Erregelamenduan jasotzen ziren. Aipatu foru legeak indarra hartu zuenetik, kontratazio publikoa arautzen duen foru araudira pasatu zen arau horien zati bat, orokorra hain zuzen ere, foru legeak Foru Komunitateko administrazioaren kontratazioen araubidera igortzen baitzuen. Nafarroako toki entitateetan kontratazioak egiteko berezitasunak, berriz, Toki araubideari buruzko foru legerian gelditu ziren.

Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea indarrean sartu arte, toki kontratazioaren araubidea Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legean zegoen ezarrita, bai eta Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legearen seigarren tituluan ere. Orain, aipatu foru legea osatu da toki eremuari begira, foru legeak berak emandako aginduarekin bat, eta kasuan kasuko berezitasunak ezarri.

Eremu horretarako legegintza eskumena erabiltzen da, toki administrazioari dagokionez, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 46. artikuluan xedatutakoaren babesean eta, kontratuen arloari dagokionez, berriz, 49.1.d) artikuluan xedatutakoaren babesean, errespetatuz betiere Estatuko oinarrizko legediaren funtsezko printzipioak eta kontratazio publikoari buruzko erkidegoaren printzipioak eta arauak.

Hain zuzen ere, Kontratu publikoei buruzko Foru Legeak orain arte zuzentarauei loturik zeuden kontratu publikoak esleitzeko prozeduren koordinazioari buruzko zuzentarau berriaren transposizioa egin du, eta halatan, obra, zerbitzu eta hornidura kontratuei buruzko araudia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko martxoaren 31ko 2004/18/EE Zuzentarauan bategin da.

Era berean, Kontratu publikoei buruzko Foru Legean Kontratazio Publikorako Batzordeari kontratazio publikoaren arloan kautelazko neurriak aldez aurretik eskatzeko araubidea eta batzorde horretan erreklamazioa aurkeztekoa jaso dira, hain zuzen ere Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2003ko maiatzaren 15eko epaitik heldu diren terminoetan, 1989ko abenduaren 21eko 89/665/CE Zuzentarauaren transposizioa egite aldera -zuzentaraua horniduren eta obren kontratu publikoak esleitzearen arloan errekurtsoak aurkezteko prozedurak aplikatzeari buruzkoa da, eta ondotik zerbitzuen kontratu publikoak gehitu behar izan ziren-. Hirugarren xedapen iragankorrean, toki entitateei ahalmena ematen zaie, foru lege hau indarrean sartu arte, haien lizitazioak aipatu erreklamazioaren xede izan daitezen, baldin eta administrazio klausulen orrian aukera hori jasotzen bada.

2

Foru legearen helburuak eta edukia

Foru lege honek hurrengo helburu nagusiak ditu: batetik, toki kontratazioaren eremuan jada agertzen diren berezitasunak Nafarroako administrazio publiko guztietako eta haiei lotutako entitateetako toki kontratazioaren araubide orokor berrira egokitzea, zeina egokiturik baitago kontratazio publikoari buruzko zuzentarau berrira; bestetik, Nafarroako toki entitateen eta horiei lotutako entitateen ezaugarriei erreparatuta beharrezkoak diren berezitasunak arautzea, foru eta erkidegoa esparru berrian entitate kontratugileak diren aldetik, eta azkenik, arau-esparru berriak eskaintzen dituen zenbait tresna garatzea, bai tokiko kontrataziorako oro har, bai zur eta egurretako aprobetxamenduen eremuko ondare-kontrataziorako.

Lehenik eta behin, Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legean, toki entitateen ondasunei buruzko tituluko herri ondasunei buruzko kapituluko bigarren ataleko laugarren azpiatala aldatzen da, zuraren salmenta modernizatu eta arintzea helburu.

Zerbitzu publikoen zuzeneko kudeaketa-moduen araubidean aintzat hartzen da zein den toki entitateen arteko sozietateen errealitatea, sozietate horietako zenbaitetatik heldu den kapital soilik publikoz osatuta baitaude.

Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legeak seigarren tituluan dituen berezitasunen eremuan, askotariko forma juridikoetatik heldu diren alderdiak arautzeari ekin zaio, hala antolatzen baitira, kontratazio publikoaren subjektu aktiboak diren aldetik, toki entitateak. Halaber, aurreikuspenak garatu dira, bai erkidegoarenak, bai foru komunitatearenak, kontratazio publikoa baliatzeko gizarte-helburuak lor daitezen, baldin eta aldi berean entitate kontratugilearentzat abantailatsuak badira.

Aukera berriak garatu dira, hala nola 2.000 biztanle baino gutxiagoko entitateetan bateraezintasun-araubide berriarekin kontratatzea edo erosketa-zentralen bidez lizitazio bateratuak egitea.

Arau eta printzipio orokorrak egokitu dira _hala nola eskumenari, Kontratazio Mahaiari, bermeei, formalizazioari, obrak hartzeari edo publizitateari buruzkoak_ toki entitateen berezitasunetara, administrazioak diren aldetik.

Azkenik, kontratazio publikoaren arloko errekurtsoei buruzko zuzentarauaren transposizioa egin da eta kontuan hartu dira oraingoan ere Nafarroako toki entitateen berezko egitura juridikoa eta antolamendu-egitura.

1. artikulua. Zur eta egurretako aprobetxamenduak.

Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko laugarren tituluko II. kapituluko bigarren ataleko laugarren azpiatalari testu berria eman zaio, ondokoa hain zuzen ere:

"LAUGARREN AZPIATALA

Zur eta egurretako aprobetxamenduak

163. artikulua. Herri-mendietako aprobetxamenduak oihanen arloan foru araudiak ezarritako baldintzen eta baimenen arabera eginen dira. Administrazioen arteko lankidetzaren eremuan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan oihanen arloko eskumena duen departamentuak, toki entitateak eskatuta, aprobetxamenduaren balorazio ekonomikoari buruzko txostena emanen du. Balorazioa orientabide modura eginen da eta ez da loteslea izanen.

164. artikulua. Toki entitateek ordenantza bidez finkatuko dituzte etxeetako egurretako nahiz materialetako auzo-aprobetxamenduen zenbatekoa, epeak eta gainerako baldintzak, eta ez da inolaz ere baimenduko horien salmenta.

165. artikulua. Toki entitateek, Foru Komunitateko administrazioak baimendu ondoren, oihan loteen aprobetxamenduak eman ahalko dituzte, tokian tokiko usadio eta ohituren arabera. 142. artikuluan xedatutako baldintza orokorrez gain, tokiko ordenantzek hurrengo betekizunak ezarriko dituzte:

a) Onuradunak izan daitezke honako bizilagunak: famili unitatearen kide bakoitzeko lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 30etik behera jasotzen dutenak edo famili unitatearen dirusarrera guztiak aipatu soldata gehi erdiaren azpitik dutenak.

Famili unitatean kideren batek ezintasun fisikoa edo mentala izanez gero, honako dirusarrera zenbatuko da ezintasuna duen kide bakoitzeko: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 60.

b) Oinarrizko lotearen bolumena etxeko bost metro kubiko izanen da.

Onuradunei eman beharreko loteak oinarrizko loteari hurrengo koefizienteak aplikatuz lortuko dira:

_Hiru kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea.

_Lau kidetik seira bitarteko famili unitateak, 1,5 koefizientea.

_Zazpi kidetik bederatzira bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea.

_Bederatzi kidetik gorako famili unitateak, 2,5 koefizientea.

_Lote guztiek ez dute inolaz ere gaindituko mendiaren urteko errentaren edo ahalmenaren 100eko 25.

c) Toki entitateek, beren herri ondasunen ezaugarriak eta udalerriko baldintza sozialak kontuan hartuta, proportzionalki eta justifikatuta jaitsi ahal izanen dute a) eta b) letretan ezarritakoa, baina ez igo.

d) Oihaneko produktuen lote horiek ezin izanen dira bakarka ustiatu, toki entitateek batera ustiatu beharko baitituzte. Besterendu eginen dituzte eta onuradunei salmentaren zenbatekoa emanen diete, markatzearen eta enkantearen gastuak kendu ondoren.

166. artikulua. 1. Oro har, enkante publikoaren sistema erabiliko da, 143. artikuluko 2. idatz-zatian eta tokiko kontratazioaren arloan ezarritakoarekin bat, azpiatal honetan ezarritako berezitasunei jarraikiz.

2. Enkantea hutsik geldituz gero, eta bakarrik zur eta egurretako aprobetxamenduen ondorioetarako soilik, bigarren enkantea eta, beharrezkoa bada, hirugarrena ere egin ahal izanen dira; tasazioaren hasierako prezioa 100eko 10 merkatuko da bigarren enkantean, eta 100eko 30era bitarte, berriz, hirugarrenean.

3. Ez baldin bada aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatzen edo azkeneko enkantea izan ondoren hutsik gelditzen bada eta toki entitateak haren balio ekonomikoari buruzko txostena eskatzen badio oihan administrazioari. Kasu horretan, toki entitateak foru lege honetako 170. artikuluan xedatutakoari jarraikiz besterendu ahalko ditu zur eta egurretako aprobetxamenduak.

167. artikulua. 1. Toki entitateek eskatuta, zur eta egurretako oihan aprobetxamenduak lote desberdinetan zatitu ahal izanen dira, ondoren errazago saldu ahal izateko.

2. Toki entitateen zur eta egurretako aprobetxamenduak lote bakarrean bildu ahal izanen dira, besterentzeko. Horretarako, eta zur eta egurretako produktuak saltzearen ondorioetarako, salmenta-zentralak erabili ahal izanen dira, kontratu publikoei buruzko foru legeriak eta foru lege honek salmenta-zentraletarako xedatutakoari jarraikiz.

168. artikulua. Ez du edukirik.

169. artikulua. 1. Toki entitateek esparru-akordioak egin ahal izanen dituzte enpresa batekin edo gehiagorekin zur eta egurretako produktuen aprobetxamenduaren ondorioetarako. Esparru-akordioetan gutxienez honako hauek zehaztu beharko dira: indarraldia, baldintza tekniko eta administratibo orokorrak, ezaugarri bolumetrikoak eta aprobetxamenduen produktu-motak eta prezioak.

2. Esparru-akordio horiek onesteko prozedura erregelamenduz garatuko da.

Osagarri moduan, eta zur eta egurretako produktuak saltzearen ondorioetarako, kontratu publikoei buruzko foru legeriak xedatutakoari erreparatuko zaio.

170. artikulua. 1. Toki entitateek zur eta egurretako aprobetxamenduak besterentzen ahalko dituzte, enkantearen tramitea egin gabe, hurrengo kasuetan:

a) Lote bakarraz osatuak daudenean eta kubikazioak erregelamenduz zehaztutakoak direnean.

b) Presakotzat jotzen diren herri-lanak edo lan pribatuak direla-eta egiten badira eta interes publikoari eragiten badiote.

c) Oihaneko suteak, izurriteak eta gaitzak edo zuhaiztiaren egonkortasunerako arriskuak direla-eta mendiko produktuak premiaz erauzi behar badira.

d) Foru lege honetako 166.3 artikuluan ezarritakoetan.

2. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) eta c) letretan aurreikusten diren kasuetan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan oihanen arloko eskumena duen departamentuak txostena egin beharko du eta loteslea izanen da."

2. artikulua. Zerbitzu publikoak kudeatzeko moduak.

Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 192. artikuluko 2. idatz-zatiko d) letrak testu berria du. Hona:

"d) Merkataritza-sozietateak kudeatzea. Sozietatearen kapitala oso-osorik toki entitate batena edo batzuena izan daiteke, edo horren edo horien menpekoak diren entitate publiko batena edo batzuena."

3. artikulua. Toki kontratazioaren berezitasunak.

Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko seigarren tituluak testu berria du. Hona:

"SEIGARREN TITULUA

Kontratazioa

224. artikulua. 1. Nafarroako toki entitateek egindako kontratuek Nafarroako administrazio publikoei aplikatzekoa zaien legezko araubidea bete beharko dute eta foru lege honetan agertzen diren berezitasunak izanen dituzte.

2. Obra, hornidura nahiz laguntza kontratuak eta herri-lanen nahiz zerbitzuen kontzesioak Nafarroako toki entitateen menpeko edo horiei lotutako gainerako pertsona eta entitateek eginez gero, edo haien dirulaguntzarekin eginez gero, eta kontratu publikoei buruzko foru legedia bete behar badute, subjektu eta entitate horien kontratu publikoetarako legeria horretan xedatutakoarekin bat prestatu eta esleituko dira, foru lege honek dituen berezitasunekin bat.

3. Nafarroako toki entitateen edo horiei lotutako entitateen zerbitzu publiko bat kudeatzeko kontratuei zerbitzuen emakida kontratuetarako ezarritako araubide juridikoa aplikatuko zaie, baldin eta kontratistari eman beharreko ordainsaria ez bada zerbitzuaren ustiapen ekonomikoa edo ustiapenarekin batera prezio bat ordaintzea, ondoko salbuespenak salbuespen:

a) Luzapenak barne, epea ez da hamar urtetik gorakoa izanen, hitzarmenetan izan ezik.

b) Europar Batasuneko publizitatearen betebeharra aplikatuko da, baldin eta, zerbitzu motaren arabera betebehar hori beharrezkoa izaki, kontratuaren balio zenbatetsiak Europar Batasuneko atalasea gainditzen badu.

4. Toki entitateak edo hari lotutako entitateek kontratu publikoei buruzko foru legediko xedapen aplikagarriekin bat hautatuko dituzte bazkide pribatu edo pribatuak, zerbitzu publiko bat merkataritza-sozietate baten edo kooperatiba baten bidez kudeatzeko, baldin eta kapitala hein batean soilik bada toki entitatearena.

5. Merkataritza sozietateak entitatearen edo entitateen entitate instrumental berekitzat hartuko dira, baldin eta sozietatearen kapitala oso-osorik toki entitate batena edo batzuena edo horren edo horien menpeko entitate publiko batena edo batzuena bada. Halatan, entitate instrumental horiei mandatuak egiten zaizkienean obra, hornidura edo laguntza kontratuei dagozkien prestazioak egin ditzaten, ez zaie kontratu publikoei buruzko foru legedia aplikatuko, baldin eta hurrengo baldintzak betetzen badituzte:

a) Bere kabuz erabakitzeko ahalmenik ez izatea, entitate mandatu-egileak kontrolatzen duelako, bere zerbitzu edo unitateak kontrolatzen dituen antzera.

b) Jarduera gehiena entitate mandatu-egilearentzat egitea.

6. Toki entitateek eta horiei lotutako entitateek kontratuen esleipenerako prozeduretan parte hartzeko aukera erreserbatu ahal izanen diete tailer babestuei, edo kontratuen gauzatzea zenbait enpresarentzat erreserbatu ahal izanen dute enplegu babestuko programen esparruan, ukitutako langile gehienek ezgaitasunen bat izan eta, beren ezgaitasun motagatik edo larritasunagatik, lanbide-jarduera bat baldintza normaletan egiteko modurik ez dutenean, edota erreserba hori egin ahal izanen dute, orobat, gizartetik bazterturik geratzeko arriskua duten pertsonak laneratzea helburu duten enpresentzat. Kasua bada, erreserba hori udalerrian bertan dauden enpresentzat egin ahal izanen da. Erreserbatzen diren kontratuen zenbatekoa, gehienez, aurreko aurrekontu-ekitaldian esleitutako kontratuen zenbatekoaren 100eko 20 izanen da. Erreserbatzen diren kontratuen lizitazioari buruzko iragarkietan aipatu egin beharko da honako xedapen hau.

225. artikulua. Nafarroako toki entitateetan, 2.000 biztanle baino gutxiago badituzte, abstentziorako arrazoia izanen da hautapen bidezko karguen bateraezintasuna, kasuan kasuko ordenantzak hala xedatzen duen kasuetan edo, halakorik ezean, osoko bilkurak, korporazioko legezko kide-kopuruaren gehiengo osoz, erabakitzen duenetan.

226. artikulua. Toki entitateetako ondoko organoei dagokie kontratatzeko eskumena:

1. Udaletan, foru lege honetako 8. artikuluan xedatutakoarekin bat dagokienei.

2. Kontzejuetan, usadio eta ohituren arabera dagokionari, eta halakorik ezean:

a) Kontzejuburuari:

1) Urteko kontratazioak, baldin eta zenbatekoak aurrekontuetako dirusarrera arrunten %10 gainditzen ez badu.

2) Urte anitzetarako kontratazioak, baldin eta gastua aplikatzen den ekitaldien kopurua lautik gorakoa ez bada, eta urte guztietako zenbatekoa baturik arestian aipatutako ehunekoa gainditzen ez badu.

b) Batzarrari edo kontzeju irekiari, gainerako kasuetan.

3. Mankomunitate, tradiziozko batasun eta elkarte izaerako bestelako toki entitateetan, bakoitzaren estatutuetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta arestiko idatz-zatian kontzejuentzat ezarritakoa ordezko gisa aplikatuko da.

227. artikulua. 1. Toki entitateek administrazio klausula orokorren orriak eta agindu tekniko orokorren orriak ezarri ahalko dituzte. Orri horiek onestea Osoko Bilkurari edo entitatearen organo gorenari dagokio.

Administrazio klausula partikularren orriek eta agindu tekniko partikularren orriek ezin izanen dute izan orri orokorretan ezartzen denaren aurkako hizpaketarik, salbu eta orri horiek onesteko organo eskudunak baimentzen dituen kasuetan.

2. Toki entitate batek edo batzuek edo haiei lotuta dauden edo menpekoak diren entitate edo erakundeek salmenta-zentralak sortu edo eratzen badituzte edo Nafarroako beste administrazio publiko batzuek sustatutakoetara atxikitzen badira, aipatu zentralek lizitazio bakarrean entitate baten edo batzuen kontratu bat edo batzuk esleitu ahalko dituzte. Horretarako, loteak eginen dituzte irizpide geografikoei, ekonomikoei, prestazioen homogeneotasunari edo bestelako arrazoiei erreparatuz, betiere esleipen hartzaileak hautatzeko edo entitateei behar dituzten prestazioak emateko aukera eman beharko dutenak, eraginkortasunaren printzipioarekin bat.

Obra, hornidura edo laguntza kontratu batzuk batera baina lote berezituetan adjudikatzen badira, horiek denak edo horien parte bat ez direla aldi berean eginen ezartzen ahalko da, eta lizitatzaileei exijitu ahalko zaie lote batzuetarako edo guztietarako eskaintzak aurkez ditzaten. Nolanahi ere, hori guztia zehaztu beharko da administrazio klausula partikularren orrian edo kontratuaren baldintzetan eta lizitazioaren iragarkian adierazi beharko da.

3. Larrialdiko espedienteen tramitazio berezian, kontratazio organoa entitateko burua izaten ahalko da kasu guztietan, zeinak ondoren egiten den lehenbiziko osoko bilkuran eman beharko baitu egindakoaren berri.

228. artikulua. 1. Emakida kontratuak adjudikatzeko Kontratazio Mahaia eratu beharko da nahitaez beti, bai eta obra kontratuen balio zenbatetsia 300.000 eurotik goitikoa bada (BEZa kanpo) eta hornidura eta laguntza kontratuen zenbatekoa 60.000 eurokoa edo gehiagokoa bada ere (BEZa kanpo. Gainerako kasuetan, administrazio klausulen orriak kontratazio mahai bat ezarri ahalko du.

2. Kontratazio mahaiaren buru korporaziokoa bera izanen da, edo korporazioko kideetatik hark eskuordetutakoa, eta mahaiko partaide izanen dira, gutxienez, kontratazio organoak izendatzen dituen bi kide; horietako bat entitateko idazkaria izanen da, edo zuzenbidean lizentziatua den funtzionario bat, betetzen ari den lanposturako titulazio hori exijitzen bada, eta hura arituko da idazkari.

Kontratazio organoak izendatzen dituen kideak ez badira teknikari adituak kontratuak xede duen gaian, mahaiak behar diren txosten teknikoak eskatu beharko ditu, esleipen proposamena haietan oinarritzeko.

3. Artikulu honetako 1. idatz-zatiarekin bat, kontratazio mahaiaren eraketa aukerakoa izan eta mahaia ez bada eratzen, kontratua kudeatzeko ardura duen unitatearen ardura izanen da lizitatzaileak onartzea eta esleipen proposamena egitea, idazkariak proposatuta, eta bata zein bestea kasuan kasuko txosten teknikoetan oinarritu beharko dira.

Kontratazio mahaia eratzen bada, eraketa horrek balio ahalko du prozesu osorako edo bakar-bakarrik esleipen proposamena egiteko. Azken kasu horretan, aurreko lerrokadan ezarritakoaren arabera eginen dira kalifikazioa eta onarpena.

229. artikulua. 1. Administrazio klausula partikularren orrian esleipen irizpideen ponderaziorik ezarri ez bada, ezin izanen da haietako bakoitza balioetsi garrantziaren ordenaren arabera haren ondotik ezarritako irizpiderako aplikatutakoaren 100eko 10eko ponderaziotik goiti.

2. Toki entitateek esleipen irizpideak aplikatu ondotik sortzen diren berdinketak ebazteko irizpideak ezarri ahalko dituzte, oro har nahiz kontratu bakoitzerako. Irizpide horiek aplikatuta berdinketak jarraituz gero, zozketaz ebatziko da. Irizpiderik ezarri ezean, berriz, kontratu publikoei buruzko foru legediak finkatutako irizpideekin bat ebatziko da berdinketa.

3. Prozedura negoziatu batean, kontratuen funtsezko baldintzen agiriak ondokoak arautuko ditu gutxienez ere: kontratuaren xedea, zenbatekoa eta epea eta gauzatzeko beharrezkoak diren zehaztasun teknikoak; kontratazio organoaren, kontratua kudeatzeko ardura duen unitatearen eta, halakorik baldin bada, Kontratazio Mahaiaren identifikazioa; gutxieneko kaudimen-baldintzak; esleipen irizpideak; ordaintzeko modua eta, kasua bada, prezioak berraztertzeko modua.

4. Prezioan soilik oinarrituta esleitu behar diren prozedura irekiak ahoz egiten ahalko dira, lizitatzaileen hitzezko proposamen eta posturen bidez, herriko ohitura eta usadioei jarraituz.

Aipatu kontratazioetan, kontratu publikoei buruzko foru legedian jasotzen diren betekizunak aplikatuko dira. Proposamen ekonomikoak idatziz aurkeztu ordez, hitzezko proposamen eta posturak eginen dira jendaurreko ekitaldian.

5. Ondareko edo herrilurretako ondasunak aprobetxatu edo besterentzeko ahozko enkanteetan parte hartu ahal izateko, lizitatzaileek bete beharko duten baldintza bakarra da administrazio klausula partikularren orrian eskatzen den behin-behineko bermea gordailuan uztea.

Adjudikatu aitzin, administrazio klausula partikularren orrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Esleipen proposamena irabazten duen lizitatzaileari, baldintza horiek bete ezik, behin-behineko bermea bahituko zaio eta gainera esleipenaren aldeagatik administrazio lizitatzaileari egindako kalte eta galeren ardura hartuko du bere gain.

Enkanteetako esleipen egintzaren emaitza berehala jarriko da entitateko iragarki-oholean.

6. Ondarea edo herrilurrak aprobetxatu edo besterentzeko enkanteak prozedura irekiaren bidez eginez gero, esleipenaren proposamena jasotzen duen eskaintza, gutxienez zenbateko osoaren seitik bat gehituz hobetu ahalko da. Sesta emateko, arau hauei jarraituko zaie:

a) Enkanterako iragarritako ordutik hasi eta ondoko sei egunetan egin beharko da eta seigarren eguneko ordu berean amaituko, jaiegunak ere barne direla.

b) Enkantean lizitatzaile izan ez bada ere, legezko ahalmena duen edonork egiten ahalko du; betiere, aurrez behin-behineko bermea jarri badu.

c) Idatziz nahiz idazkariaren aurrean hitzez egin ahalko da. Edozein modutan ere, idazkariak eginbide bat idatziko du, aurkeztu den eguna eta ordua adieraziko duena, eta interesdunak sinatuko du.

d) Sesta ematea amaitu ondoren, horretarako jarritako epea bukatu eta ondoren lau egun baliodun izanen dira beste enkante bat egiteko. Toki entitateak esleipenaren proposamenaren hartzaileari bere postura seiren bat hobetua izan dela jakinarazi beharko dio eta behin betiko enkantea noiz eginen den espresuki adierazi.

e) Behin betiko enkantea egiteko tasazio preziotzat, egindako hobekuntzatik ateratakoa hartuko da eta kasuan kasuko iragarkia jarriko iragarki oholean, hurrengo enkantea zein egun eta ordutan izanen den gutxienez bi egun natural aurretik zehaztuta. Hasierakoaren modu berean eginen da enkantea. Lizitatzailerik ez badago, kontratua sesta-emaleari eslei dakiola proposatuko da.

f) Enkante berriari buruzko akta idatziko da eta artikulu honetako 5. idatz-zatiko azken lerrokadan aurreikusi bezalaxe iragarriko da emaitza.

g) Esleipenaren proposamenaren ondorengo hiru egun baliodunetan edonork erreklamazioa egin ahalko du idatziz, lizitatzaile izan gabe ere, lizitazioaren tramitazio akatsen eta, bereziki, lizitatzaileen gaitasun juridikoaren kontra, eta bere iritziz esleipena egiteko bidezko den ebazpena eman dadila eskatu ahalko du.

7. Lizitazioaren eta adjudikazioaren iragarkiak kasuan kasuko toki entitatearen iragarki oholean jarriko dira, kontratu publikoei buruzko foru legediarekin bat jarri beharreko hedabideetan jartzeaz gain.

8. Nafarroako toki entitateek eta horiei lotutako entitateek nahitaez iragarri beharko dute Kontratazioaren Atarian prozedura negoziatu bat abian dela, baldin eta kontratuaren zenbatekoak, obra kontratuen kasuan, 300.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen baditu, eta, hornidura eta laguntza kontratuen kasuan, 60.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen baditu.

Kasu horietan, kontratua arautzeko baldintzetan ezarritako irizpideekin bat eskaintzak aurkezteko gonbita jasoko duten lizitatzaileen kopurua muga dezake administrazioak, hori horrela dela adieraziz kontratua arautzeko baldintzetan eta lizitazioaren iragarkian.

230. artikulua. 1. Nafarroako toki entitateek eta haiei lotutako entitateek ondoko arauei jarraikiz formalizatuko dituzte kontratuak:

1) Administrazio klausula partikularren orrietan edo kontratuaren baldintzetan kontratuak formalizatzea exijitu ahalko da.

2) Kontratua formalizatu beharra ezartzen den kasuetan, entitateko idazkariak eskuetsi beharko ditu kontratua formalizatzeko administrazio-agiriak.

3) Kontratua formalizatu beharra ezartzen ez den kasuetan, administrazio klausula partikularren orrian edo baldintzetan adierazi beharko da zer epetan jarri beharko den bermea, bermea jarri behar baldin bada, eta orobat adieraziko da zein epetan hasi behar den kontratua betetzen edo, obra kontratuen kasuan, zein epetan egiaztatu behar den zuinketa.

4) Kontratua formalizatu ez den kasuetan, epeak zenbatzen hasiko dira administrazio klausula partikularren orrietan edo kontratuaren baldintzetan ezarritako egunetik edo aldeek kontratua betetzen hasteko adostutako egunetik aitzina, kontratuei buruzko legediak kontratua formalizatzen den egunetik aitzina zenbatu beharra ezartzen baitu.

5) Kontratua formalizatu ez den kasuetan, esleipenaren ebazpena edo erabakia edozein erregistro publikotan sarrera izateko behar adinako titulua izanen da.

2. Administrazio klausula partikularren orriak ezarri beharko du betebeharrei aurre egiteko bermea jarri beharra kontratua formalizatu baino lehen, baldin eta, obra kontratuen kasuan, zenbatekoa 300.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo) bada, eta hornidura eta laguntza kontratuen kasuan, berriz, zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo) bada, eta betiere, kontratuaren izaera eta zenbatekoa zein ere diren, esleipen-hartzaileak kontratu publikoei buruzko foru legediaren arabera ohi baino eskaintza baxuagotzat jo daitekeena aurkeztu badu; halakoetan, esleipenaren prezioaren 100eko 50eko bermea jarriko da, eta hori ez da eragozpen izanen zenbateko hori kontratua jaso aurretik itzuli edo hein batean ezeztatu dadin, kontratua kudeatzeko ardura duen unitateak txostena egin ondoren eta esleipenaren prezioaren 100eko 25eko mugarekin.

Toki entitateen kontratuetan lizitatu edo betebeharrak betetze aldera exijitzen diren bermeak entitate kontratugilearen diruzaintzan jarri beharko dira.

3. Entitateek, kontratatzeko orduan foru lege honek xedatutakoa bete behar badute, Kontratazio Publikorako Batzordeari jakinaraziko dizkiote kontratu guztiak, nahiz eta formalizatu ez, salbu eta exijitzen ahal den dokumentazio bakarra faktura den prozeduretan esleitutakoak, eta ezertan ere ukatu gabe larrialdietako kontratazioetarako ezarritakoa.

231. artikulua. Obren onarpenean egon beharko dute entitateko buruak edo hark eskuordetutako kideak, entitateko idazkariak, obren zuzendaritzako arduradunak, egoki iritziz gero bere fakultatiboa lagun duela, eta kontu-hartzailetzako lanak egiten dituenak.

232. artikulua. 1. Obra, hornidura eta laguntza kontratuen lizitazioan edo esleipenean interesatuta dauden enpresek eta profesionalek horiei buruzko kautelazko neurriak eskatu ahalko dituzte betiere, bitarteko telematikoen nahiz konbentzionalen bidez, baldin eta kontratuak foru lege honetan xedatutakoari lotu behar bazaio eta Europar Batasuneko atalasea gainditzen badu; entitate kontratugileak xedatuz gero, berriz, kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa jarri ahal izanen dute hilabeteko epean, kontratu publikoei buruzko foru legedian ezarritakoari jarraikiz, toki entitateak berak edo elkarren artean nahiz Nafarroako beste administrazio publiko batzuekin elkartutako zenbait toki entitatek xede horrekin eratutako organoari -ebazteko eginkizunetan independentea eta jarraibide hierarkikoei lotuta ez dagoena- zuzendua.

Eskaera eta, kasua bada, kautelazko neurriak indarrik gabe geldituko dira, baldin eta ez bada jartzen foru lege honetako 335. artikuluan aipatzen dituen administrazio errekurtsoetarik bat edo, bestela, kasuan kasuko epeen barruan kontratazio publikoaren arloko erreklamaziorik jartzen ez bada.

2. Europar Batasuneko atalaseak gainditzen ez dituzten kontratuen kasuan, lizitatzaileek erreklamazioa jarri ahalko dute eta aldez aurretik kautelazko neurriak eskatu, honen aurreko lerrokadan ezarritako moduan, baldin eta toki entitateak edo hari lotutako entitateek administrazio klausula partikularren orrian edo kontratuaren baldintzetan hala xedatzen bada.

3. Toki kontratazio publikoaren arloan ebazteko eskumena duen organoak, 1. idatz-zatian aipatutakoak, toki entitate kontratugileko zinegotzi bat izanen du buru, eta haren kide izanen dira, gutxienez ere, toki entitate kontratugileko osoko bilkurak izendatutako bi kide. Horietatik bat kontratuaren gaian aditua den teknikari bat izanen da, eta bestea entitate kontratugilearen idazkaria edo entitateko funtzionario bat, zuzenbidean lizentziatua eta titulazio hori exijitzen den lanpostua betetzen duena, edo, kasua bada, toki entitate elkartuetariko edozeinetakoa, zeina idazkari lanetan arituko baita. Nolanahi ere, kide gehienek kontratazio publikoaren arloan edo kontratuaren xedearen arloan prestakuntza berezia dutela bermatu beharko da.

4. Entitate kontratugileak honen aurreko idatz-zatian aipatzen den organoa izendatzen ez badu, kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa jarri ahalko da, Kontratazio Publikorako Batzordeari zuzendua, Kontratu publikoei buruzko foru legeko hirugarren liburuan ezarritako moduan.

5. Kasu guztietan, toki entitateek edo haiei lotutako entitateek administrazio klausula partikularren orrian edo kontratuaren baldintzetan adierazi beharko dute zein organori zuzentzen ahal zaion errekurtsoa edo erreklamazioa eta eskatzen ahal zaion kontratazio publikoaren arloko kautelazko neurriak ezar ditzan eta, kasua bada, orobat adieraziko dute lizitatzaileak behartuta daudela helbide elektroniko bat ematera jakinarazpenak bitarteko telematikoen bidez egin daitezen, baldin eta kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa aurkeztu bada edo kautelazko neurriak ezar daitezen eskatu bada.

Betebehar hori ezartzea bidezkoa den kasuetan, lizitatzaileek ezin izanen dute erreklamazioa jarri betebehar hori bete ezean."

Xedapen iragankor bakarra._Foru lege honen aplikazioa.

Kontratuen administrazio klausula partikularren orriak edo baldintzak foru lege honek indarra hartu baino lehen onartu baldin badira, kontratu horiei ez zaie aplikatuko foru lege honetan xedatutakoa, eta onetsi ziren unean indarrean zegoen araudia aplikatuko zaie.

Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hogei egunen buruan hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2007ko otsailaren 14an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea