12004legea,kidegoaketaeskalakantolatzeko
1/2004 Legea, Kidegoak eta eskalak antolatzekoa
Eusko Legebiltzarra
1/2004 LEGEA, otsailaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen Erakunde Autonomiadunetako Kidegoak eta Eskalak Antolatzekoa.
Eusko Legebiltzarrak otsailaren 25eko 1/2004 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen Erakunde Autonomiadunetako Kidegoak eta Eskalak Antolatzekoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
OTSAILAREN 25EKO 1/2004 LEGEA, Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen Erakunde
Autonomiadunetako Kidegoak eta
Eskalak AntolatzekoA
ZIOEN ADIERAZPENA
I
Herri-administrazioetako giza baliabideak administrazio horiek egokiro jardutea ahalbidetzen duten eta zerbitzu publikoen kalitatea bermatzen duten osagaiak dira. Hartara, giza baliabideen antolamenduak eta egituraketak funtsezko garrantzia dute. Baliabide horiek ondo antolatuta erantzun hobea eman dakieke herritarren beharrei zerbitzuak eskatzen dituzten eremuetan. Era berean, antolaketa-beharrekin bat datozen bideen bitartez, hautespena arrazionalizatzea ahalbidetzen du antolamendu horrek.
Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak funtzionarioak kidego eta eskaletan biltzea aurreikusi zuen, lanpostu-zerrendak antolatzeko beharrezko osagarria zelako eta sarbide-proba komunak eta barne-promozioa arrazionalizatzen zituelako hain zuzen ere. Legeak, halaber, kidegoen funtzioa eta funtzio publikoaren egituran txertatzeko modua zehaztu zituen eta lanpostu-zerrenda euskal funtzio publikoaren elementu egituratzaile bihurtu zuen. Kidegoetan sartzeko exijitutako titulazio-mailaren eta bete beharreko funtzioen izaera homogeneoaren arabera egokitzat hartu zen kidego-kopurua sortu zen. Ildo honetan, administrazio-jardunaren oinarrizko funtzioak zein betetzeko lanbide edo prestakuntza akademiko jakin baten berezko eta berariazko ezagutzak eskatzen dituztenak esleitzen dituen kidegoen egitura bat onartu zen.
Urte hauetan guztietan, lanpostu-zerrenden bitartez egituratu dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren giza baliabideak. Zerrenda horietan lanpostu eta jarduera-arlo bakoitzari dagozkion lanbide-perfilak zehaztu dira. Ildo honetan, esperientziak eta perfilen azterketak erakutsi dutenez, dauden helburuak lortzeko beharrezkoak diren lanbide-espezializazioen eta jarduera-arloen ugaritasuna kidego, eskala eta espezialitateen behar bezala antolatutako egitura batean islatu beharra dago, era honetan Euskadiko Administrazio orokorraren funtzio publikorako sarbidea eta promozioa are neurri handiagoan argitzeko.
II
Giza baliabideak Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eskumenak kontuan izanda bete beharreko erantzukizunen arabera kidego eta eskalatan antolatzea Eusko Legebiltzarrari dagokio, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean bilduriko legezko erreserbaren arabera. Lege horretako 40.1 artikuluak ezartzen du legezko arauaren bidez soilik sortu, aldatu edo kendu ahal izango direla, artikulu horretan bilduriko eskakizunen arabera.
Legeak, bere I. kapituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidegoak eta eskalak antolatzeko kontzeptu orokorrak eta aplikazio-eremua definitzen ditu lehenik. Azpimarratu beharra dago "eskala" eta "espezialitate" kontzeptuak argitu egiten direla; izan ere, kontzeptu horiek, kontuan hartuta bazeuden ere Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean, inoiz ez zuten berariazko tratamendurik izan-eta.
Legeak bi kategoria handitan biltzen ditu kidegoak: kidego orokorrak eta kidego bereziak. Horrela, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak egindako taldeketa errespetatzen du baina zenbakizkoaz harago doan izendapen bat ematen dio. Kidegoak bi multzo handitan katalogatzeko, kidegoei esleitutako oinarrizko funtzioak hartu dira kontuan. Horrela, kidego orokorrak eratzeko kontuan hartzen diren funtzioak administrazio-jardueraren arloetara mugatuta daudenak dira. Kidego bereziak, berriz, lanbide-jarduera edo prestakuntza akademiko zehatzen berezko funtzioen inguruan biltzen dira.
Kidego berezien eraketari dagokionez, beren izaera azpimarratu beharra dago. 1989ko legean ez zen titulazio akademiko, lanbide edo ofizio bakoitzeko kidego bat sortu; horren ordez, kidego berezi handiak sortu ziren, titulazio-multzo bakoitzaren barruan ahal ziren prestakuntza akademiko guztiak sartuta, eta lanpostu-zerrendei eman zitzaien lanpostu bakoitza egoki betetzeko prestakuntza akademikoak zehazteko eginkizuna. Horrexegatik, hezkuntza-sistema orokorrak eskaintzen dituen titulazio ofizial adina azpizatiketa daude kidego berezietan. Ildo horretan, "aukera" terminoa ezartzen du lege honek kontzeptu hori argitzeko, titulazio ofizial jakin bakarra eskatzen den kidego berezietako lanpostuak eskuratzeko bideari modu jakin batean izena emateko. Ildo horretan, "aukera" terminoa eskaturiko titulazioaren sinonimoa da.
Kidego horiek lanbide bati dagozkion zeregin propioen inguruan egituratzen dira, eta hartan aritzeko titulazio akademiko jakin batek emandako gaikuntza behar da. Horregatik, kidego berezietan, betiere eskalak ez badira, hezkuntza sistema orokorrak eskaintzen dituen titulazio ofizial adina aukera daude, teorian. Ez dira titulazio jakinak eratzen, sistemari zurruntasun handiegia emango bailioke horrek. Hortaz, lanpostu-zerrendek zehaztuko dute, hala badagokio, zein titulazio eska dezaketen edo ditzaketen lanpostua behar bezala betetzeko.
Kapitulu berean, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean zehaztutako "eskala" kontzeptua jasotzen da eta eskalak zein kasutan sor daitezkeen zehazten da. Sortzeko arrazoiek kidego berezien funtzioen espezializazioaren irizpideari jarraitzen diote, baina eskala horiek eratu ahal izateko beharrezkoa da titulazio zehatz eta jakin bat eskatu ordez hainbat alorretako profesionalak bilduko lituzkeen talde zabal batek betetzeko moduko edukiak bilduko dituen lanbide-esparru bat izatea.
Legeak "espezialitate" kontzeptua ezartzen du, lanpostu jakinen eduki tekniko eta zehatzak kidegoen eta eskalen funtzioak espezializazio handiagoarekin betetzea eskatzen duela kontuan hartuta. Espezialitatearen kontzeptua bera ulertzeko, Herri Administrazioa herritarren zerbitzurako antolamendua dela hartu behar du abiapuntuko kontzeptutzat. Horren arabera, lanpostu-zerrenda Administrazioak eman beharreko zerbitzuaren argitan ikusi behar da. Zerbitzu hori emateko garaian antolatu behar ditu Administrazioak bere gain hartzen dituen erantzukizunak, hartarako eskumenak dituen ingurunean. Are gehiago, mundu aldakor eta balioanitzaren egungo kontzepzioaren eraginez, oraingo eta gerora izan litezkeen erantzukizunak nork bere gain hartze dinamiko bezala ikusi behar da lanpostua, antolamenduak jarduten duen inguruneari buruz erabakitako esparru estrategikoetan.
Kontuak kontu, ordenatzeko eta harremanen egitura formal bat ezartzeko erantzukizunean kokatzen da espezialitatearen kontzeptua, eta hortik sortuko da lanpostu batek bere gain harturiko funtzioa. Garrantzitsua da bereiztea zer egin behar den, funtzioa adierazten baitu, eta nola egin behar den, zereginarekin identifikatzen baita. Ikuspegi hori baliagarria da espezialitatearen kontzeptua erantzukizunean edo funtzioan kokatzeko, baina kidegoen eta eskalen erantzukizun orokorren ikuspegi zehaztu edo espezializatutik; erantzukizun horiek partekatuak edo kidego eta eskala zenbaitetan esklusiboak izan litezke, funtzio-sareak kidego edo eskala jakinei esklusiboki atxikita ez dauden lanpostuen bidez bete daitezkeen erantzukizunak barne hartzen baditu. Kidegoen eta eskalen funtzioen definizio orokorrari berari esker koka daitezke haien barruan funtzio zehaztu eta espezializatuagoak, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 40 1.d) artikuluan zehaztu zenez; sortu, desagertu eta taldekatu egiten diren funtzio zehaztuak dira, eta funtzio publikoko giza baliabideek bete behar baitituzte.
Ildo horretan, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean ezarritakoari jarraiki, lege honek erregelamendu bidez garatu behar diren gaiak bide horretatik garatzeko irizpideak zehaztu behar ditu. Espezialitateen oinarrizko alderdiak eta horien garapenean bildu beharreko edukiak arautzen dira. Adierazi beharra dago espezializazio jakin baten akreditazioak ezein kasutan ez duela ukatzen funtzionarioek lanpostu jakin edo esklusiboak betetzeko eskubiderik eta ez duela mugatzen beste lanpostu batzuk eskuratzeko aukera, espezialitatea eskakizuntzat duten lanpostuetan gutxieneko iraunaldia ezartzeko aukera izan ezik.
III
II. kapituluak kidego eta eskalak sortzen ditu, eta kidegoetan eta eskaletan sartzeko eskatutako funtzioak eta titulazioak ezartzen.
Bestalde, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritako kidegoen funtzioak eguneratzen dira, komenigarriagotzat hartzen baita xedapen horretan jasotako kontzeptuak sakontzea eta eguneratzea.
Titulazio-taldeketako izaera bati erantzuten dion eskala-kopuru mugatu bat sortzen da, lanbide-esparru horiek hainbat alorretako profesionalek bete baititzakete. Ildo honetan, eskalak sortzea beharrezko tresnatzat hartzen da funtzionarioen kokapena finkatzeko eta antolamendu-beharrei jarraiki hautespen-baldintzak ezartzeko.
Xedapen gehigarrien helburua funtzionarioak eta lanpostuak arau honetan xedatutakoari jarraiki egokitu eta ordenatzea da. Lehenengoak kidegoetan eta, hala badagokio, eskaletan edo aukeretan haiekin bat datozen plazak eskuratu zituzten funtzionarioen integrazio automatikoa xedatzen du. Bigarrenak, bestalde, eskala jakinei atxikitako lanpostuak dituzten funtzionarioen borondatezko integrazioa ahalbidetzen du, betiere hautespen-proben bitartez sartzeko aukerarik izan ez bazuten, une horretan ez baitzeuden horrela eratuta, kidego berezietako aukera bezala baizik.
Gainerako xedapen gehigarrietan, legearen eduki arau-emailea moldatzeko eta ziurtatzeko egin beharreko egokitzapen eta zehaztapenak adierazten dira.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea
Lege honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidegoak eta eskalak antolatzea eta arrazionalizatzea da.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua
Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako funtzionarioei aplikatuko zaie.
3. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidegoak
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidegoak, bertan sartzeko exijitutako titulazio-mailari jarraiki, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 43. artikuluan ezarritako taldeetan biltzen dira.
2.– Kidegoak, bete beharreko funtzioen izaera homogeneoari jarraiki, kidego orokor eta kidego berezietan sailkatuta daude.
3.– Kidegoen barruan eskalak edo aukerak egon daitezke.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako funtzionario izateak parte hartu deneko deialdian zehazturiko kidegoan eta, hala badagokio, eskalan edo aukeran sartzea ekarriko du.
4. artikulua.– Kidego berezietako eskalak
Kidego berezien barruan eskalak egon daitezke funtzioek lanbide-kualifikazio bat eskatu eta hura betetzea titulazio akademiko bakarrarekin bat ez datorrenean, baizik eta hainbat titulazio akademikorekin bete daitezkeen edukiak biltzen dituenean.
5. artikulua.– Kidego berezietako aukerak
Kidego berezien barruan aukerak egon daitezke; lege honen ondorioetarako, haietako plazak eskuratzeko eskaturiko titulazio ofizialarekin bat datoz, betiere prestakuntza akademiko bakar eta jakin bateko ezagutza propio eta berariazkoak eskatzen badituzte.
6. artikulua.– Kidegoen eta eskalen espezialitateak
Lanpostu jakinen eduki tekniko eta zehaztuak hura betetzeko baldintza gisa kidegoen eta eskalen funtzioen espezializazio handiagoa eskatzen duenean, espezialitateak sortu ahal izango dira.
7. artikulua.– Espezialitateak arautzea
1.– Espezialitateak Jaurlaritzaren Kontseiluaren dekretuz sortu, aldatu, bateratu edo kenduko dira, ondokoak ezarrita:
a) Espezialitateen izena.
b) Espezialitateak akreditatzeko eta, hala badagokio, galtzeko prozedurak eta exijitutako baldintzak.
c) Espezialitateen funtzioak.
2.– Halaber, espezialitateari atxikitako lanpostuak betetzen egoteko gutxieneko denboraldi bat ezarri ahal izango da espezialitateari atxiki gabeko lanpostuak betetzeko. Denboraldi hori, prestakuntza-mailaren arabera, gutxienez bi urtekoa eta gehienez zortzi urtekoa izango da.
3.– Espezialitateak honako prozeduren arabera akreditatu ahal izango dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako funtzionarioen kidegoan sartzeko hautaprobetan; gainditu egin beharko dira horretarako egingo diren berariazko probak eta parte hartu deneko kidegoari eta, hala badagokio, eskalari edo aukerari dagozkienak.
b) Integrazioz:
1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako funtzionarioentzat, dagoeneko espezialitateren bat akreditatuta baldin badaukate espezialitateak sortu, aldatu, bateratu edo kentzearen ondorioz.
2. Antzerako funtzioak betetzen dituzten kidego, eskala edo espezialitateetako beste administrazio publikoetako funtzionarioentzat; hala badagokio, hauei, gainera, egokitzapen-ikastaro bat gainditzea eskatu ahal izango zaie.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen autonomiadun erakundeetako funtzionarioentzat horretarako deituko diren berariazko proben bidez. Gainditu beharreko probak ariketa teoriko-praktikoen bidez edo ikastaro selektibo baten bidez egin ahal izango dira; proba horietan ez dira sartuko funtzio publikoan sartzerakoan gainditutako gaiak. Hala badagokio, hautaprobak egiteko, hainbat kasutan, aurretiazko esperientzia akreditatu beharko da.
d) Arauei jarraiki zehazten diren prozedura objektiboen bidez, baldin eta, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraiki, akreditatu nahi den espezialitateak eskatzen dituen lanpostuak betetzeko nahikoa gaitasun funtzional eta profesional egiaztatzen bada.
8. artikulua.– Lanpostuak kidegoei eta eskalei atxikitzea
1.– Lege honetan arautzen diren kidegoen eta eskalen berezko funtzioek ez dute ezein kasutan lanpostu jakin batzuk kidego eta eskala horietarako erreserbatzea ekarriko.
2.– Lanpostuak, beren ezaugarrien arabera, kidego eta, hala badagokio, eskala edo aukera bati edo gehiagori atxikita egon daitezke. Atxikipena, nolanahi ere, dagokion lanpostu-zerrendaren bitartez egingo da.
II. KAPITULUA
KIDEGOAK ETA ESKALAK
9. artikulua.– Kidego-motak
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidegoak ondoko eran sailkatuta daude:
a) Kidego orokorrak, funtsean administrazio-jarduerari lotuta dauden funtzioak betetzen dituztenean (kudeaketa, ikuskapen, aholkularitza, kontrol eta betearazpen funtzioak eta antzekoak barne).
b) Kidego bereziak, funtsean lanbide edo titulazio akademiko bati dagozkion funtzioak betetzen dituztenean.
10. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidego orokorrak
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidego orokorrak ondokoak dira:
a) A Taldearen barruan, Administrazioko Goi Mailako Kidegoa edo A-1.
b) B Taldearen barruan, Administrazio Kudeaketako Kidegoa edo B-1.
c) C Taldearen barruan, Administrarien Kidegoa edo C-1.
d) D Taldearen barruan, Administrari Laguntzaileen Kidegoa edo D-1.
e) E Taldearen barruan, Mendekoen Kidegoa edo E-1.
11. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidego bereziak
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidego bereziak ondokoak dira:
a) A Taldearen barruan, Goi Mailako Teknikarien Kidegoa edo A-2.
b) B Taldearen barruan, Erdi Mailako Teknikarien Kidegoa edo B-2.
c) C Taldearen barruan, Laguntzaile Teknikoen Kidegoa edo C-2.
12. artikulua.– Kidegoen funtzioak
Kidegoei dagozkien oinarrizko funtzioak ondokoak dira:
a) Administrazioko Goi Mailako Kidegoari, programazio, kudeaketa, betearazpen, ikuskapen edo kontrol arloetan administrazio-jardueran komunak diren goi-mailako azterketa, ordezkaritza, administrazioa, aholkularitza, koordinazioa eta proposamen eta txostenak egitea.
b) Administrazio Kudeaketako Kidegoari, goi-mailakoekiko lankidetza teknikoa; araudia aplikatzea; espediente normalizatuak ebazteko proposamenak, eta goi-mailako zereginei ez dagozkien azterketa eta txostenak egitea.
c) Administrarien Kidegoari, goi-mailakoak prestatzeko edo horien ondoriozko lankidetza; dokumentazioa egiaztatu, kudeatu, eguneratu eta bideratzea eta bere konplexutasunagatik goi-mailako kidegoei ez dagokiena prestatzea; datuak landu eta administratzea; ondasunen eta materialen inbentarioa egitea; jarduerak ikuskatzea; zeregin ofimatikoak, eskuzkoak zein zenbakizko kalkulukoak, eta jendearentzako informazioa eta arreta ematea.
d) Administrari Laguntzaileen Kidegoari, administrazio-jardueraren arloetan laguntzea; ofimatika eta korrespondentzia; kalkulu sinpleak; dokumentuen transkripzioa eta izapideak; artxibatzea, sailkapena eta erregistroa; fitxategiak, jendearentzako arreta eta antzekoak.
e) Mendekoen Kidegoari, ondasun publikoak zaindu eta gordetzea; bulego edo zentro publikoetan sartzen diren pertsonen kontrola; lokalen kokapenari buruzko informazioa; materiala, altzariak eta instalazioak zaindu, kontrolatu, mantendu eta ikuskatzea; korrespondentzia sailkatu eta banatzea; makina erreproduzitzaileak erabiltzea; dokumentuak, altzariak, materiala eta pertsonak lekualdatzea; jakinarazpenak ematea, eta, oro har, zaintzaile edo atezainen berezkoak.
f) Goi Mailako Teknikarien Kidegoari, kidegoan sartzeko exijitutako titulazioari dagokion lanbidearen berezko azterketa, ordezkaritza, administrazioa, aholkularitza, koordinazioa eta proposamena eta txostenak egitea, bai eta prestakuntza akademiko zehatz baten berezko eta berariazko ezagutzak eskatzen dituzten eginkizunak ere.
g) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoari, goi-mailakoekiko lankidetza teknikoa; araudia aplikatzea; espediente normalizatuak ebazteko proposamenak egitea; azterketak eta txostenak egitea –dena ere kidegoan sartzeko exijitutako titulazioari dagokion lanbideko berezko funtzioak direnean–, eta prestakuntza akademiko zehatz baten berezko eta berariazko ezagutzak eskatzen dituzten eginkizunak betetzea.
h) Laguntzaile Teknikoen Kidegoari, goi-mailakoak prestatzeko edo horien ondoriozko lankidetza; informazioa kudeatzea; proiektuak lantzea; jarduerak ikuskatzea; dokumentazioa eguneratu eta bideratzea; datuak landu eta administratzea; ekipoen eta aplikazioen inbentarioa egitea eta mantentzea –dena ere kidegoan sartzeko exijitutako titulazioari dagokion lanbideko berezko funtzioak direnean–, eta prestakuntza akademiko zehatz baten berezko eta berariazko ezagutzak eskatzen dituzten eginkizunak betetzea.
13. artikulua.– Kidegoetako aukerak
Goi Mailako eta Erdi Mailako Teknikarien kidegoetan eta Laguntzaile Teknikoen Kidegoan, indarrean dauden titulazio ofizial adina aukera egon daitezke.
14. artikulua.– Kidegoetako eskalak
Kidego berezien barruan ondoko eskalak sortzen dira:
A) Goi Mailako Teknikarien Kidegoa:
1) Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskala.
2) Epidemiologia Eskala.
3) Estatistika Eskala.
4) Informazioaren Sistema eta Teknologietako Eskala.
5) Laborategi Eskala.
6) Hizkuntza Normalizazioko Eskala.
7) Osasun Publikoko Eskala.
8) Itzulpen Eskala.
B) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoa:
1) Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskala.
2) Estatistika Eskala.
3) Informazioaren Sistema eta Teknologietako Eskala.
4) Hizkuntza Normalizazioko Eskala.
5) Itzulpen Eskala.
C) Laguntzaile Teknikoen Kidegoa:
1) Laborategi Eskala.
2) Itzulpen Eskala.
15. artikulua.– Kidego eta eskaletan sartzeko titulazio-baldintzak
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidegoetan sartzeko, ezinbesteko baldintza izango da ondoko titulazioren bat izatea:
a) Administrazioko Goi Mailako Kidegoan, A Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
b) Goi Mailako Teknikarien Kidegoan, A Talderako gaitzen duen eta sartzean exijitu den titulazioa, aukera bakoitzari jarraiki.
c) Administrazio Kudeaketako Kidegoan, B Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
d) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoan, B Talderako gaitzen duen eta sartzean exijitu den titulazioa, aukera bakoitzari jarraiki
e) Administrarien Kidegoan, C Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
f) Laguntzaile Teknikoen Kidegoan, C Talderako gaitzen duen eta sartzean exijitu den titulazioa, aukera bakoitzari jarraiki.
g) Administrari Laguntzaileen Kidegoan, D Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
h) Mendekoen Kidegoan, E Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako eskaletan sartzeko, ezinbesteko baldintza izango da ondoko titulazioren bat izatea:
a) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskalan, A Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
b) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Epidemiologia Eskalan, Biologiako lizentziadunari, Soziologiako lizentziadunari, Farmaziako lizentziadunari, Medikuntzako lizentziadunari edo Albaitaritzako lizentziadunari dagokion titulazioa edo horiekin ofizialki homologatutako titulazioak.
c) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Estatistika Eskalan, A Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
d) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Informazioaren Sistema eta Teknologietako Eskalan, A Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
e) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Laborategi Eskalan, Biologiako lizentziadunari, Kimikako lizentziadunari, Biokimikako lizentziadunari, Elikagaien Zientzia eta Teknologiako lizentziadunari, Farmaziako lizentziadunari, Medikuntzako lizentziadunari edo Albaitaritzako lizentziadunari dagokion titulazioa edo horiekin ofizialki homologatutako titulazioak.
f) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalan, A Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
g) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Osasun Publikoko Eskalan, Biologiako lizentziadunari, Elikagaien Zientzia eta Teknologiako lizentziadunari, Farmaziako lizentziadunari, Medikuntzako lizentziadunari, Kimikako lizentziadunari, Albaitaritzako lizentziadunari edo Biokimikako lizentziadunari dagokion titulazioa edo horiekin ofizialki homologatutako titulazioak.
h) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Itzulpen Eskalan, A Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
i) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskalan, B Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
j) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Estatistika Eskalan, B Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
k) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Informazioaren Sistema eta Teknologietako Eskalan, B Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
l) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalan, B Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
m) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Itzulpen Eskalan, B Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
n) Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Laborategi Eskalan, Bigarren Mailako Lanbide Heziketaren Kimika Adarreko teknikari espezialistari dagokion titulazioa, edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketaren Osasun Adarreko teknikari espezialistari dagokioa, Laborategiko edo Ingurumen Osasuneko espezialitateetakoa, edota ondorio akademiko eta profesionaletarako aurrekoen baliokideak diren titulazioak.
ñ) Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Itzulpen Eskalan, C Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
16. artikulua.– Eskalen funtzioak
Eskalei dagozkien oinarrizko funtzioak ondokoak dira:
a) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskalari, bibliotekonomiaren eta artxibistikaren esparruko zerbitzuak eta baliabideak planifikatu, kudeatu eta koordinatzea, informazioa berreskuratzeko tresnak sortzea, arau teknikoen aplikazioa zaintzea, teknologia berriak martxan jartzea eta arlo hauetan irizpideak ezartzea.
b) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Epidemiologia Eskalari, azterketa, txosten, koordinazio, aholkularitza, plangintza, zaintza eta analisi epidemiologikoak eta gaixotasunen prebentzioa (txertaketa-programen plangintza eta kudeaketa barne), bai eta estatistika-informazioa landu, kudeatu eta tratatzea ere.
c) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Laborategi Eskalari, osasun publikoko arazoei edo eraginari lotutako lagin guztien analisia egitea eta hori egin ahal izateko beharrezkoak diren teknika analitikoak garatzea.
d) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Estatistika Eskalari, estatistika-lanen zuzendaritza (prestaketa, ikuskapena eta banaketa barne), estatistikako proiektu eta sistemak landu eta diseinatzea, estatistika-lanetan erabilitako metodologiaren azterketa eta analisia egitea, estatistika-emaitzen analisi eta interpretazioa egitea eta estatistika-informazioko beharrak identifikatzea.
e) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Informazioaren Sistema eta Teknologietako Eskalari, informazio-sistemetan aholkatzea eta irizpideak ezartzea; informatika-sistemen plangintza, analisi, programazio eta eragiketa egitea; komunikazio eta telekomunikazio sistema orokorrak planifikatu, instalatu, mantendu eta ustiatzea; aplikazioak diseinatzea, eta informazio-sistemen segurtasuna eta inbentarioa kudeatzea.
f) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalari, hizkuntza-plangintza egitea; euskara-planak kudeatu, landu eta sustatzea eta horretarako irizpideak ezartzea eta aholkatzea; hizkuntza-normalizazioaren esparruan ezagutzak ebaluatzea, jarduerak kudeatzea eta prestakuntza-diseinuak, kontrola eta ikuskapena egitea.
g) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Osasun Publikoko Eskalari, aztertu eta ikertzea, planak eta programak lantzea, metodoak diseinatzea eta kudeatze, burutze, proposatze eta ikuskatzea, goi-mailako teknikarien funtzio diren heinean, osasun publikoaren sustapen eta babesari dagokionez (elikadurari lotutako segurtasuna eta higienea, ingurumen-osasuna eta osasunerako hezkuntza barne hartuta).
h) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Itzulpen Eskalari, euskarazko itzulpen, interpretazio eta terminologia funtzioak betetzea eta esparru horietan prestakuntza ematea, azterketak egitea, irizpideak ezartzea eta ikuskapena egitea ere.
i) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskalari, deskribapen artxibistiko eta bibliografikoko funtzio teknikoak betetzea, datu-baseak kudeatzea eta bilduma dokumental eta bibliografikoak garatzea, bai eta zerbitzu hauek zabaltzea eta erabiltzaileei arreta eskaintzea ere.
j) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Estatistika Eskalari, estatistika-lanak egin, prestatu, ikuskatu eta banatzeko funtzio teknikoak, estatistika proiektu eta sistemak landu eta diseinatzekoak, estatistika-lanetan erabilitako metodologiaren azterketa eta analisia egitekoak, estatistika-emaitzen analisi eta interpretazioa egitekoak eta estatistika-informazioko beharrak identifikatzekoak.
k) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Informazioaren Sistema eta Teknologietako Eskalari, sistema informatikoen plangintza, analisi, programazio eta eragiketa egitea eta aholkatzea; komunikazio eta telekomunikazio sistema orokorrak planifikatu, instalatu, mantendu eta ustiatzea; aplikazioak diseinatzea, eta informazio-sistemen segurtasuna eta inbentarioa kudeatzea.
l) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalari, euskara-planak kudeatu, landu eta sustatzeko eta aholkatzeko funtzio teknikoak betetzea; hizkuntza-normalizazioaren esparruan ezagutzak ebaluatzea, jarduerak kudeatzea eta prestakuntza-diseinuak, kontrola eta ikuskapena egitea, eta hizkuntza-plangintza egitea.
m) Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Itzulpen Eskalari, euskarazko itzulpen, interpretazio eta terminologiako funtzio teknikoak betetzea eta esparru horietan prestakuntza ematea, azterketak egitea eta ikuskapena egitea.
n) Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Laborategi Eskalari, osasun publikoko arazoei edo eraginari lotutako lagin guztien analitika egiteko lankidetza-funtzioak betetzea eta hori egin ahal izateko beharrezkoak diren teknikak garatzea.
ñ) Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Itzulpen Eskalari, prestaketa eta lankidetza funtzioak betetzea euskarazko itzulpen, interpretazio eta terminologian, bai eta esparru horietan prestakuntza ematen, azterlanak egiten eta ikuskapena egiten ere.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena.– Integrazio automatikoa
1.– Ondoko kidegoetan automatikoki integratuta geratzen dira haietan lanpostu bat eskuratu zuten funtzionarioak:
a) Integrazio edo deialdi publiko bidez Administrazioko Goi Mailako Kidegoan, Administrazio Kudeaketako Kidegoan, Administrarien Kidegoan, Administrari Laguntzaileen Kidegoan eta Mendekoen Kidegoan plazak eskuratu zituzten funtzionarioak kidego horietan integratuta geratzen dira.
b) Integrazio edo deialdi publiko bidez Goi Mailako Teknikarien Kidegoan, Erdi Mailako Teknikarien Kidegoan eta Laguntzaile Teknikoen Kidegoan, titulazio jakin bakar bat eskatzen zitzaiela, plazak eskuratu zituzten funtzionarioak kidego horietan integratuta geratzen dira, euren titulazioari dagokion aukeraren barruan.
2.– Dena delako kidegoetan plazak eskuratu zituzten funtzionarioak ondoko eskaletan automatikoki integratuta geratzen dira:
a) Integrazio edo deialdi publiko bidez Goi Mailako Teknikarien Kidegoko artxibozain, liburuzain eta dokumentalista plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskalan integratuta geratzen dira.
b) Integrazio edo deialdi publiko bidez Goi Mailako Teknikarien Kidegoko estatistikari-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Estatistika Eskalan integratuta geratzen dira.
c) Integrazio edo deialdi publiko bidez Goi Mailako Teknikarien Kidegoko informatikari-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Informazioaren Sistema eta Teknologietako Eskalan integratuta geratzen dira.
d) Integrazio edo deialdi publiko bidez Goi Mailako Teknikarien Kidegoko hizkuntza-normalizazioko teknikari-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalan integratuta geratzen dira.
e) Integrazio edo deialdi publiko bidez Goi Mailako Teknikarien Kidegoko itzultzaile-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Itzulpen Eskalan integratuta geratzen dira.
f) Integrazio edo deialdi publiko bidez Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko artxibozain, liburuzain eta dokumentalista plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskalan integratuta geratzen dira.
g) Integrazio edo deialdi publiko bidez Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko estatistikari-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Estatistika Eskalan integratuta geratzen dira.
h) Integrazio edo deialdi publiko bidez Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko informatikari-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Informazioaren Sistema eta Teknologietako Eskalan integratuta geratzen dira.
i) Integrazio edo deialdi publiko bidez Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko hizkuntza-normalizazioko teknikari-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalan integratuta geratzen dira.
j) Integrazio edo deialdi publiko bidez Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko itzultzaile-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Itzulpen Eskalan integratuta geratzen dira.
k) Integrazio edo deialdi publiko bidez Laguntzaile Teknikoen Kidegoko laborategi-laguntzaile plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Laborategi Eskalan integratuta geratzen dira.
l) Integrazio edo deialdi publiko bidez Laguntzaile Teknikoen Kidegoko itzultzaile-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Itzulpen Eskalan integratuta geratzen dira.
Bigarrena.– Borondatezko integrazioa
1.– Integrazio edo deialdi publiko bidez dena delako kidegoetan plazak eskuratu zituzten eta jarraian zehaztuko diren baldintzak betetzen dituzten funtzionarioak ondoko eskaletan integratu ahal izango dira, hala nahi izanez gero:
a) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Epidemiologia Eskalan integratu ahal izango dira Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Biologiako, Soziologiako, Farmaziako, Medikuntzako edo Albaitaritzako lizentziatu-plazak edo lizentziatura horiekin ofizialki homologaturiko titulazioko plazak integrazio edo deialdi publiko bidez eskuratu zituzten eta lege hau indarrean sartu aurreko bi urteetan euren behin betiko destinoa aipatutako eskalari atxikiriko lanpostuetan izan duten funtzionarioak.
b) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Laborategi Eskalan integratu ahal izango dira Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Biologiako Elikagaien Zientzia eta Teknologiako, Kimikako, Farmaziako, Albaitaritzako edo Medikuntzako lizentziatu-plazak edo lizentziatura horiekin ofizialki homologaturiko titulazioko plazak integrazio edo deialdi publiko bidez eskuratu zituzten eta lege hau indarrean sartu aurreko bi urteetan euren behin betiko destinoa aipatutako eskalari atxikiriko lanpostuetan izan duten funtzionarioak.
c) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalan integratu ahal izango dira Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Euskal Filologiako lizentziatu-plazak integrazio edo deialdi publiko bidez eskuratu zituzten funtzionarioak.
d) Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Osasun Publikoko Eskalan integratu ahal izango dira Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Biologiako, Elikagaien Zientzia eta Teknologiako, Farmaziako, Medikuntzako, Kimikako edo Albaitaritzako lizentziatu-plazak edo lizentziatura horiekin ofizialki homologaturiko titulazioko plazak integrazio edo deialdi publiko bidez eskuratu zituzten eta lege hau indarrean sartu aurreko bi urteetan euren behin betiko destinoa aipatutako eskalari atxikiriko lanpostuetan izan duten funtzionarioak.
e) Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Laborategi Eskalan integratu ahal izango dira Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Bigarren Mailako Lanbide Heziketaren Kimika Adarreko teknikari espezialistako eta Bigarren Mailako Lanbide Heziketaren Osasun Adarreko Laborategiko edo Ingurumen Osasuneko teknikari espezialistako plazak, edo ondorio akademiko eta profesionaletarako horien titulazio baliokideko plazak, integrazio edo deialdi publiko bidez eskuratu zituzten eta lege hau indarrean sartu aurreko bi urteetan euren behin betiko destinoa aipatutako eskalari atxikiriko lanpostuetan izan duten funtzionarioak.
2.– Eskala bakoitzean integratzeko aukera lanpostu-zerrenda lege honetara egokitu izana argitaratzen denetik sei hilabeteko epean gauzatuko da.
3.– Borondatez integratzeko aukera erabiltzen ez dutenek ordura arteko baldintza beretan eutsiko diete euren lanpostuei, eta lege honen lehen xedapen gehigarrian xedaturikoa aplikatuko zaie integrazioari dagokionez.
Hirugarrena.– Lanpostuei espezialitateak esleitzea
Lanpostu-zerrenden bidez esleituko dira espezialitateak, lanpostuen ezaugarriak kontuan hartuta, lege honetan adierazitakoaren arabera arautzen dituen dekretuan zehaztutakoarekin bat etorriz.
Laugarrena.– Kidego berezietako aukeren zehaztapena
Kidego berezietako aukeren zehaztapena dagozkien lanpostu-zerrendetan egingo da, lanpostuen ezaugarriak kontuan hartuta.
Bosgarrena.– Lanpostu-zerrenden egokitzapena
Funtzio publikoaren arloan eskumena duen saileko titularrari ahalmena ematen zaio lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean lanpostu-zerrendak arau honetan aurreikusitakoari egokitzeko agindu bat eman dezan.
Seigarrena.– Egungo eskaletan titulazio ofizial berriak sartzea
Legeak sorturiko zenbait eskalari dagozkien funtzioak betetzeko titulazio ofizial berriak onesten badira, Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez, eskala haietan sartzeko gaitzen duten titulazioen artean jarri ahalko ditu titulazio berri horiek.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Bakarra.– Bidean diren deialdiak
Bidean diren deialdien bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta honen erakunde autonomiadunen funtzio publikoan sartzen diren funtzionarioak lortu nahi duten plazari dagokion kidegoan eta, hala badagokio, eskalan edo aukeran integratuta geratuko dira, lege honetan ezarritako irizpideei jarraiki.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen lehen xedapen gehigarria eta lege honi aurka egiten dion beste edozein xedapen indargabetuta geratzen dira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Arau-garapena
Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.
Bigarrena.– Indarrean sartzea
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2004ko otsailaren 26a.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.