52009forudekretua,

5/2009 Foru Dekretua, 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko 16/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena

Nafarroako Gobernua

5/2009 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena.

NAO, 21. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 18a

ZIOEN AZALPENA

Urriaren 24ko 16/2008 Foru Legeak 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Plana onetsi du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak bere 61. artikuluan xedatutakoaren arabera. Izan ere, horrek agintzen du Nafarroako Gobernuak, hartarako gaitasuna ematen dion Foru Lege bat oinarri, inbertsio planak ezarriko dituela toki entitateekin lankidetzan aritzeko tresnatzat, eta plan horien helburu nagusia izanen dela Nafarroako lurralde osoan nahitaezko udal zerbitzuak segurtatzea.

Zenbait aldek -hala nola toki programazioko eta zeharkaleen urbanizazioko obren zerrenda eta lehentasuna, erabaki askeko inbertsioetako komunikazio eta ordainketa formulen zehaztapena, Nafarroako Gobernuaren ekarpenen salbuespenezko araubidea edo hainbat prozeduraren zehazpena- foru lege horretan aurreikusi garapena edo araubide osagarria behar dute.

Toki Administrazioko Departamentuak foru dekretuaren proiektua aurkeztu du, 16/2008 Foru Legearen garapen erregelamendua jaso eta honela egituratzen duena:

-Lehenengo titulua. Xedapen orokorrak.

-Bigarren titulua. Plan gidarien, toki programazioaren eta zeharkaleen urbanizazioaren arloko jarduketak. Honela antolatzen da:

I. kapitulua: plan gidariak.

II. kapitulua: toki programazioa.

III. kapitulua: zeharkaleen urbanizazioa.

IV. kapitulua: ekonomia eta finantza araubidea.

V. kapitulua: prozedura orokorra.

VI. kapitulua: prozedura bereziak.

VII. kapitulua: toki inbertsioen plana baztertzea.

-Hirugarren titulua. Erabaki askeko inbertsioak.

Toki Araubideko Foru Batzordeak eta Nafarroako Kontseiluak erregelamendu hori aztertu dute eta biek aldeko txostena eta irizpena eman dizkiote.

Horiek horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren irizpenarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2009ko urtarrilaren 19an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.-2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onestea.

2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onestea. Testua foru dekretu honen amaieran erantsi da.

Azken xedapenetako lehena.-Gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Toki Administrazioko kontseilariari foru dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.-Indarra hartzea.

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 19an.-Nafarroako Gobernuko lehenbiziko lehendakariordea, Javier Caballero Martínez.-Toki Administrazioko kontseilaria, Amelia Salanueva Murguialday.

2009-2012 ALDIRAKO TOKI INBERTSIOEN PLANARI BURUZKO URRIAREN 24KO 16/2008 FORU LEGEA GARATZEKO ERREGELAMENDUA

LEHENENGO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburuak.

2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planaren barnean sartuko dira Nafarroako udal eta kontzejuen eskumeneko zerbitzuei dagozkien zenbait azpiegitura eta gainerako inbertsioak paratu, hobetu eta berritzeko jarduketak. Lan horiek aipatu aldian eginen dira, 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legean ezarritako beharkizunei, programazioari, ekonomia eta finantza araubideari eta kudeaketa araubideari loturik.

2. artikulua. Oinarrizko edukia.

Toki Inbertsioen Plana onesten duen foru legearen determinazioen arabera, plana plan arrunt baten moduan egituratu eta banatu da. Honako arloetan aurreikusi inbertsioek osatzen dute: a) plan gidariak, b) toki programazioa, c) zeharkaleen urbanizazioa, d) erabaki askea. Era berean, badu ohiz kanpoko plana, foru lege batek xedatu bezala, plan arruntean adierazi ez diren plan gidarien, toki programazioaren eta zeharkaleen urbanizazioaren inbertsioei erantzuteko.

BIGARREN TITULUA

Plan gidarien, toki programazioaren eta zeharkaleen urbanizazioaren arloko jarduketak

I. KAPITULUA

Plan gidariak

3. artikulua. Plan gidariak. Esparrua.

Plan gidariak, Toki Inbertsioen Planaren osagai direnez, aipagai dituzten gaietan plangintza orokorreko agiriak dira. Horietan zehazten dira, helburu dituzten gaietarako, teknika, denbora, espazio eta finantza arloetan behar diren zuzentarauak.

Plan horietan egiten diren aldaketek behar den publizitatea izanen dute, ukitutako Administrazioek aldaketa horietatik ondorioztatzen diren jarduketak beteko dituztela ziurtatzeko.

4. artikulua. Plan gidarien kudeaketa.

1. Toki entitateei dagokie plan gidarietan aurreikusitako obrak kudeatu eta zerbitzuak ustiatzea, horiek behar bezala aplikatzeko Nafarroako Gobernuarekiko koordinazio beharrezkoa galarazi gabe.

2. Plan gidariek ukitutako toki entitateek obren kudeaketa eta zerbitzuen ustiakuntza osoa beren gain hartuko dutelako borondatea adierazi beharko dute edo, bestela bada, jarduera horiek Nafarroako Gobernuarekin lankidetza araubidean egiteko asmoa dutela agertu. Hori adierazi edo eskatzeko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planaren proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizial ean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bi kasuetan eta aurretik aipatu den epearen barnean, toki entitateek finantzaketak estaltzen ez duen inbertsioaren zatia Nafarroako tributuetan -partaidetza funtsaren kontura, hain zuzen- finantzatzeko konpromisoa agertzen duen akordio korporatiboa bermatu beharko dute, 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legearen 7. artikuluan ezarri gainerako baliabideen bidez.

3. Era berean, Nafarroako Gobernuak bere gain har dezake obren kudeaketa, subrogazioz, toki entitateek plangintza orokorraren esparruan ezarritako aurreikuspenak beraiei egotzi ahal zaizkien arrazoiengatik betetzen ez dituztenean edo teknikoki betetzerik ez dutenean.

5. artikulua. Subrogazio espedienteen prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusi subrogazio espedienteen izapideak egitea Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 60. artikuluan aurreikusitako prozeduraren menpe egonen da. Behin betiko ebazpena eman aitzin, espedientea Toki Araubideko Foru Batzordeari igorriko zaio, hark bere iritzia eman dezan.

6. artikulua. Subrogazio bidezko ordainketak.

Inbertsioen Planean barne hartzen diren obren kudeaketan subrogazioa ematen bada, Toki Administrazioko Departamentuak behar diren jarduketak eginen ditu. Toki entitateen kargu izanen dira 16/2008 Foru Legean ezarritako ekonomia eta finantza araubidea aplikatzearen ondorio diren betebehar ekonomikoak.

7. artikulua. Plan gidarien finantzaketa.

1. Goi presioko ur hornidurarako eta hiri hondakin solidoen eta berariazkoen bilketa eta tratamendurako plan gidariak finantzatzeko, 16/2008 Foru Legearen 7. artikuluan aurreikusitako baliabideak erabiliko dira, lege beraren 12. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2. Ibaien saneamendu eta arazketarako plan gidaria, berriz, Nafarroako hondakin uren saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean ezarritakoari eta toki inbertsioen plana arautzen duen foru legean horretarako ezarritako ekarpenei jarraikiz finantzatuko da; ekarpen horiek plan gidariak une bakoitzean antolatzen dituen inbertsioetarako erabiliko dira.

II. KAPITULUA

Toki programazioa

8. artikulua. Toki programazioaren obrak hautatu eta lehenesteko formula.

1. Toki programazioaren obrak hautatu eta lehenesteko formula hau erabiliko da:

HLK = AIG 0,75 + TPAOG 0,10 + IE 0,10 + EM 0,05

Azalpena:

HLK: hautatu eta lehenesteko koefizientea.

AIG: azpiegitura indibidualaren gabeziaren adierazlea da, toki entitate interesdunak planean sartu nahi duen lan zehatzaren gainean duena, mota bereko azpiegiturei dagokienez.

TPAOG: toki programazioaren azpiegitura orokorraren gabeziaren adierazlea da, toki entitatearena eta Inbertsioen Planak toki programazioari buruzko kapituluaren barnean aztertzen dituen hornidura eta saneamendu, zolaketa, argiteria publiko, udal eraikin eta elektrifikazioaren toki sareen azpiegiturei buruzkoa.

IE: toki entitate bakoitzean biztanle bakoitzeko egiten den inbertsioaren errentagarritasuna adierazten duen koefizientea da. Hori kalkulatzeko, erregelamendu honen 22. artikuluan ezarri formula erabiltzen da.

EM: 1993tik 2008ra bitarteko Toki Azpiegituren Planen kargura Toki Administrazioko Departamentuak kudeatu dituen kapital transferentzien bidez hartutako ekarpenen multzoaren adierazlea da (plan gidariei lotutakoak izan ezik). Oinarritzat hartzen du 2008ko abenduaren 1ean behin betiko sartutakoa, edo, egun horretan behin betiko sartuta egon ezean, behin-behinean sartutakoa biztanle bakoitzeko, eurotan, eta biztanleriari buruz argitaratutako azken datu ofizialen arabera. Adierazle hori kalkulatzeko, erregelamendu honen 23. artikuluan horretarako ezarri irizpideak hartuko dira aintzat.

2. Aurreko zenbakian zehaztu diren koefiziente guztiek 0 eta 10 bitarteko balioak hartuko dituzte.

3. AIG koefizientea aldagai diskretua da eta gabeziaren sakontasunaren arabera izan dezakeen balioa 1, 4, 7 edo 10 da. Nolanahi ere, toki programazioaren edozein azpiegituraren "epe laburrerako beharrezko obra"tzat (AIG=10) jotako inbertsioak lehentasunez sartuko dira, "epe ertainerako beharrezko obra"tzat (AIG=7) jo diren inbertsioen kalterako.

4. "Sareak " eta "Zolaketa" ataletako obren arteko loturaren berariazko araubidea.

16/2008 Foru Legearen 11. artikuluaren 3. idatz-zatian aurreikusitakoa kontuan hartuta, honako espezifikotasun hauek ezarri dira:

a) Fatxaden edo eraikigarritasun lerroen arteko batez besteko zabalera 15 metrokoa edo txikiagoa duten kale edo plaza zolatuetan "hornidura eta saneamendu sareak berritzeko" obrak planean sartzen badira, nahitaez "zoladura berritzeari" dagozkion obrak ere sartu beharko dira, hala eskatzen bada.

b) Lehentasun irizpideen arabera planean sartzen ez diren hornidura eta saneamendu sareak berritzeko eskabideek "zoladura berritzeari" dagozkion obrak ez sartzea ekarriko dute, horiek duten HLK kontuan hartu gabe.

c) Nolanahi ere, kaleen zolaketari buruzko obrak hasieran sartzeko, haien hornidura eta saneamendu azpiegiturak behar bezala daudela egiaztatu beharko da.

Horretarako, planean sartzeko eskabidearekin batera, sareen arloan eskumena duen toki entitateak egindako ziurtagiria aurkeztuko da, 16/2008 Foru Legearen 13.B.3 artikuluaren d) letran edo, hala badagokio, e) letran adierazi bezala.

d) "Hornidura eta saneamendu sareak berritzeko" obrak eskatzen dituzten toki entitateek zangek ukituriko zoladura berritzeko kostua sartu beharko dute inbertsioaren proiektuaren aurrekontuan, modu xehatuan. Halaber, eskabidearekin batera, agiri batzuk aurkeztu beharko dira, sareak berritzeak ukituriko kaleen zoladura berritzearen arloan eskumena duen toki entitateak eskabide hori egiteko asmoaren berri izan duela egiaztatzen dutenak.

9. artikulua. Azpiegitura indibidualaren gabezia.

Azpiegitura indibidualaren gabeziak ondokoari jarraikiz sailkatuko dira:

AIG = 10, obrak epe laburrean egin beharrekoak badira.

AIG = 7, obrak epe ertainean egin beharrekoak badira.

AIG = 4, obrak komenigarriak badira.

AIG = 1, obrek lehentasunik ez badute.

10. artikulua. Ura banatzeko eta saneamendurako hiri sareak.

1. Azpiegitura indibidualaren gabezia zehazteko, ura banatzeko sareetan eta saneamendu sareetan ondokoak hartuko dira kontuan:

a) Epe laburrean egin beharreko obrak:

-Ura banatzeko sareak edo saneamendu sareak dituzten herrietarako proiektatutakoak, kontsumo puntuetan presio egokiak bermatzeko nahikoak ez direnean.

-Egoera txarrean dauden sareak eta 50 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten instalazioak.

-Osasun arazo larriak sortzen dituzten edo sortu ahal dituzten banaketa edo saneamendu sareak.

-Hondakin urak tratatzeko sisteman emari handiegiak sortutako disfuntzioak dituzten baterako saneamendu sareak (ur beltzak eta euri urak hodi beretik husten dituztenak) barne hartzen dituztenak.

b) Epe ertainean egin beharreko obrak:

-Nola-halako egoeran dauden sareak dituzten herrietarako aurreikusitakoak.

-Ustiakuntza elementuak, besteak beste, balbulak, kontagailuak, hustubideak, bentosak eta abar nahikoak eta egokiak ez dituzten sareak.

-Osasun arazo arinak sor ditzaketen saneamendu sareak edo erregistro-putzu txarrak dituztenak.

-Hondakin urak tratatzeko sisteman emari handiegiak sortutako disfuntziorik ez duten baterako saneamendu sareak (ur beltzak eta euri urak hodi beretik husten dituztenak) barne hartzen dituztenak.

c) Obra komenigarriak:

Gaur egun dauden sareak osatu edo hobetzeko helburua dutenak, saretuz edo edukiera handiagoa emanez, indarra duen planeamenduan aurreikusten den hiri handitzea dela eta.

d) Lehentasunik gabeko obrak:

Arestian aipatutako kasuetan sartzen ez direnak.

2. Azpiegitura indibidualaren gabezia zehazteko, euri uren sarean ondokoak hartuko dira kontuan:

a) Epe laburrean egin beharreko obrak:

-Herrietarako aurreikusitakoak, hodien ahalmen hidraulikoa nahikoa ez denean hiri arroan sorturiko isurketa-urak husteko, ur horiek populatutako guneetan uholdeak eta horiekin batera kalteak sor baditzakete.

-Edo euri uren sarearen edo kainozuloen gabezia duten guneak badira, populatutako guneetan uholdeak eta horiekin batera kalteak gerta badaitezke.

b) Epe ertainean egin beharreko obrak:

Herrietarako aurreikusitakoak, horietan gabezi edo ahalmen eza hidraulikoa badago hiri arroan sorturiko isurketa-urak husteko, ur horiek populatutako guneetan kalterik gabeko uholdeak sor baditzakete.

c) Obra komenigarriak:

Kalte arinak sortzen dituzten egungo sareak osatu edo hobetzekoak.

d) Lehentasunik gabeko obrak:

Arestian aipatutako kasuetan sartzen ez direnak.

11. artikulua. Argiteria publikoa.

Azpiegitura indibidualaren gabezia zehazteko, argiteria publikoko obretan ondokoak hartuko dira kontuan:

a) Epe laburrean egin beharreko obrak:

Hiri kaleetan argiteriarik ez duten herrietarako proiektatuak, eta instalazioak berritzekoak, bai haien osagarriak zaharkituak daudelako, bai haiek falta direlako, instalazio horiek erregelamendu, jarraibide eta gomendioetako xedapen eta arauak bete ez eta arrisku larriak sortzen badituzte.

b) Epe ertainean egin beharreko obrak:

Instalazioak berritzekoak, haien osagaien antzinatasunagatik erregelamendu, jarraibide eta gomendioetako xedapen eta arauak bete ez eta arrisku arinak sortzen badituzte.

c) Obra komenigarriak:

Egun dauden instalazioak osatu eta hobetzekoak, jadanik plangintza egina duten hirigintza eremuen zabalkuntzak aurreikusteko asmoz, horien eraikuntza toki erakundeei dagokienean behinik behin.

d) Lehentasunik gabeko obrak:

Beste obra batzuk, arestiko hiru multzoetan sartzen ez direnak.

12. artikulua. Zolaketak.

Azpiegitura indibidualaren gabezia zehazteko, zolaketa lanetan ondokoak hartuko dira kontuan:

a) Epe laburrean egin beharreko obrak:

Proiektaturik daudenak: eraikitako hiri eremu finkatuetan karrika eta plazetarakoak, zoladurarik ez dutenak edo hori egoera txarrean egoteaz gain, bertan ibiltzen diren pertsona eta/edo ibilgailuak asko badira eta gune publikoetan edo bide publikoen lerrokadurak aldatzeagatik eraikuntza berriko guneetan kokaturiko eustormak, hornidura edo saneamendu sareak berritzeko obren ondorioz egoera txarrean badaude.

b) Epe ertainean egin beharreko obrak:

Eraikitako hiri eremu finkatuetan karrika eta plazetarako direnak, nola-halako egoeran egoteaz gain, bertan ibiltzen diren pertsona eta/edo ibilgailuak asko direnean, edo egoera txarrean egoteaz gain, bertan ibiltzen diren pertsona eta/edo ibilgailuak ez asko ez gutxi direnean.

c) Obra komenigarriak:

Eraikitako hiri eremu finkatuetan karrika eta plazetarako aurreikusitakoak, egoera txarrean egoteaz gain, bertan ibiltzen diren pertsona eta/edo ibilgailuak gutxi direnean, edo nola-halako egoeran egoteaz gain, bertan ibiltzen diren pertsona eta/edo ibilgailuak ez asko ez gutxi direnean, baita lorategiak sortu eta kentzekoak ere.

d) Lehentasunik gabeko obrak:

Zolaketei dagozkien beste obra batzuk, aurreko hiru multzo horietan sartu gabekoak.

13. artikulua. Udal eraikinak.

Udal eraikintzat hartuko dira udal eta kontzejuen administrazio egoitzak eta administrazio zerbitzuetako mankomunitate eta elkarteen zein plan gidarien edo toki programazioen beste obra batzuei lotutako zerbitzuak bere eskumenen helburu dituzten mankomunitateen egoitzak hartzeko direnak.

Azpiegitura indibidualaren gabezia zehazteko, udal eraikinetan kontuan hartuko dira administrazio egoitzak, kargudun hautatuen eta udal taldeen bulegoak, idazkaritza bulegoa, bilera aretoa, batzordeen aretoak, bulegoak, artxibategiak, biltegiak, komunak eta, hala badagokio, udaltzaingoaren bulegoak.

Udal eraikinen gabezia zehazteko, ondokoak hartuko dira kontuan:

1. Eraikin berriak:

a) Epe laburrean egin beharreko obrak:

-Hornidurarik ez badago edo dagoena hornidura estandarraren %75era iristen ez bada.

-Dagoen hornidura kontserbazio egoera txarrean badago.

b) Epe ertainean egin beharreko obrak:

-Dagoen hornidurak hornidura estandarraren %75etik %90era bitartean hartzen badu.

-Dagoen hornidura nola-halako kontserbazio egoeran badago.

c) Obra komenigarriak:

-Dagoen hornidurak hornidura estandarraren %90etik %100era bitartean hartzen badu.

d) Lehentasunik gabeko obrak:

-Dagoen hornidurak hornidura estandarra hartzen badu, eta kontserbazio egoera onean badago.

2. Zaharberritu beharreko eraikinak: jarduketa mota desberdinei ondoko baremoa aplikatuko zaie: egitura, teilatua, fatxada, barneak eta instalazioak.

Azpiegituren gabezia zehazteko, ondokoak hartuko dira kontuan:

a) Epe laburrean egin beharreko obrak:

Behar den obra zatia egin gabe badago, edo, duen kontserbazio egoera orokorra txarra izateagatik, instalazioen eraikuntza eta/edo funtzionamendu elementuak mantentzeko arazo larriak sortzen badira.

b) Epe ertainean egin beharreko obrak:

Nola-halako kontserbazio egoera izateagatik, instalazioen eraikuntza eta/edo funtzionamendu elementuak mantentzeko arazo arinak sortzen badira.

c) Obra komenigarriak:

Duten kontserbazio egoera on antzekoa izanik, instalazioen mantentze eta/edo funtzionamendu arazorik sortzen ez denean.

d) Lehentasunik gabeko obrak:

-Kontserbazio egoera ona denean.

Udaletxe eta kontzejuetxeetan egin beharreko obrei dagokienez, batez besteko estandartzat hartu behar diren azalera eraikiak 16/2008 Foru Legeak indarra hartzean balioa zuten azken biztanleria-datu ofizialen arabera finkatzen dira, ondoko laukiari jarraikiz, erregelamendu honen 27.1 artikuluaren azken paragrafoan ezarritakoa galarazi gabe:

> 5.000 0,15 m²/biztanle

2.001 - 5.000 400 m² - 750 m²

701 - 2.000 200 m² - 400 m²

351 - 700 200 m²

101 - 350 100 m² - 200 m²

26 - 100 50 m² - 100 m²

25 edo gutxiago 50 m²

14. artikulua. Hilerriak.

1. Hilerrietako obretan kontuan hartuko dira hilerri berriak egiteko obrak edo handitu edo berritzekoak, itxiturak, kanpoko eta barneko urbanizazioak, azpiegiturak eta eraikin osagarria ukitzen dituztenak.

Azpiegituren gabezia zehazteko, ondokoak hartuko dira kontuan:

a) Epe laburrean egin beharreko obrak:

-Dagoen hornidurak ez badu hornidura estandarraren %75 hartzen.

-Hornidura aurri egoeran badago, hornidurarik ez badago, edo kontserbazio egoera orokorra txarra izateagatik instalazioa mantendu, antolatu, hilobiak jarri eta/edo funtzionatzeko arazo larriak sortzen badira.

b) Epe ertainean egin beharreko obrak:

-Dagoen hornidurak hornidura estandarraren %75etik %90era bitartean hartzen duenean.

-Dagoen hornidura nola-halako kontserbazio egoeran badago eta instalazioa mantendu eta/edo funtzionatzeko arazo arinak sortzen baditu edo sor baditzake.

c) Obra komenigarriak:

-Dagoen hornidurak hornidura estandarraren %90etik %100era bitartean hartzen duenean.

-Kontserbazio egoera onargarria denean eta instalazioa mantendu eta/edo funtzionatzeko arazorik sortzen ez badu.

d) Lehentasunik gabeko obrak:

-Dagoen hornidurak hornidura estandarra hartzen badu, eta kontserbazio egoera onean badago.

Hornidura estandarra izanen da 2 metro karratu biztanle bakoitzeko, eta 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko Foru Legeak indarra hartzean balioa zuten azken biztanleria-datu ofizialen arabera aplikatuko da.

Kontuan hartu beharreko gutxieneko azalera 50 metro karratu izanen da.

2. Hilerria barnetik antolatuta ere behar bezalako espaziorik ez dagoela egiaztatzen denean, hornidura estandarra eta aurreko idatz-zatian ezarri gutxieneko azalera %50 handituko dira.

15. artikulua. Toki bideak.

Azpiegitura indibidualaren gabezia zehazteko, toki bideetako obretan ondokoak hartuko dira kontuan:

a) Epe laburrean egin beharreko obrak:

Jendea iraunkorki bizi den populazioguneei sarbidea emateko aurreikusitako obrak; aipatutako bide horiek hobetzeko obrak, eta udalaren edo kontzejuaren eskumeneko zerbitzuei lotutako toki horniduretara iristeko erabiltzen diren herri bideak hobetzekoak, egoera txarrean egoteaz gain, horniduretara iristeko beste bide egokirik ez badago.

b) Epe ertainean egin beharreko obrak:

Sarbide horiek hobetzeko proiektatu direnak, horien egoera nola-halakoa denean, eta etxeetara sartzea helburu bakarra duten obrak, haien titularren bizileku ohikoak eta iraunkorrak badira.

c) Obra komenigarriak:

Nahitaezko izaera ez duten bestelako horniduretarako sarrera hobetzeko proiektatu direnak.

d) Lehentasunik gabekoak:

Toki bideei dagozkien gainerako obrak, aurreko hiru multzo horietan sartu gabekoak.

16. artikulua. Toki programazioaren azpiegitura orokorraren gabezia

1. Toki entitateen toki programazioaren azpiegitura orokorraren gabezia (TPAOG) ondoko formula aplikatu ondoren aterako da:

TPAOG = (HSA + EA + APA + ZOLA + UKEA) / 0,5.

2. Mankomunitateek eta udal kontzejudunek aurkezturiko eskabideetan, horiek osatzen dituzten toki entitateetako TPAOG guztien batezbesteko aritmetikoa hartuko da kontuan, haien biztanleriaren arabera ponderaturik.

17. artikulua. HSA.

HSA erraten zaio ura banatzeko herriko sareen eta saneamendukoen egoera adierazten duen koefizienteari. GUAren antzera, 5 azpiadierazlez osaturik dago, A.1etik hasi eta A.5era bitarte. Azpiadierazle horiek sare horien funtzionamendu eta egoerari buruzko alderdi desberdinak hartzen dituzte kontuan. HSA, beraz, tarteko adierazle horiek herri bakoitzean dituzten balioen batezbestekoa da.

A.1. A.1-ek ura banatzeko sarearen horniketa maila neurtzen du; 0 eta 1 bitarteko balioak ematen ditu, ur zerbitzua hartuko duten aldeei dagokienez aipatu sare horrek duen instalazio kopuruaren arabera.

A.2. A.2-k gaur egun dauden instalazioen egoera eta ura banatzeko sareak dituen gabeziak baloratzen ditu.

Hartu ahal dituen balioak ondokoak dira:

A.2 = 0, multzo hori ona bada.

A.2 = 0,5, multzo hori nola-halakoa bada.

A.2 = 1, multzo hori txarra bada.

A.3. A.3-k ura banatzeko sareak duen ur presioaren kalitatea baloratzen du. Ondoko balioak hartu ahal ditu:

A.3 = 0, presioa ona bada.

A.3 = 0,5, presioa alderen batean nahikoa ez bada edo sarearen presioa gehiegizkoa bada.

A.3 = 1, herri osoan ur presioa nahikoa ez bada.

A.4. A.4-k saneamenduko sarearen horniketa maila neurtzen du; 0 eta 1 bitarteko balioak ematen ditu, zerbitzua hartuko duten aldeei dagokienean aipatu sare horrek duen instalazio kopuruaren arabera.

A.5. A.5-ek gaur egun dauden instalazioen egoera eta saneamendu sareak dituen gabeziak baloratzen ditu.

Hartu ahal dituen balioak ondokoak dira:

A.5 = 0, multzo hori ona bada.

A.5 = 0,5, multzo hori nola-halakoa bada.

A.5 = 1, multzo hori txarra bada.

Batez besteko koefiziente horien balioak lorturik, ondoko formula aplikatu ondoren HSA daukagu:

HSA = (A.1 + A.2 + A.3 + A.4 + A.5) / 5.

18. artikulua. EA

EA erraten zaio elektrifikazioa adierazten duen koefizienteari. A.1 eta A.2 adierazleak kalkulatuz lortzen da.

-A.1. A.1-ek elektrifikazio instalazioen horniketa maila zenbakatzen du; 0 eta 1 bitarteko balioak ematen ditu, zerbitzua hartuko duten aldeei dagokienez aipatu instalazio horiek duten instalazio kopuruaren arabera.

-A.2. A.2-k gaur egun dauden instalazioen egoera eta goi edo behe tentsioko sareetan eta eraldaketa zentroetan dauden gabeziak baloratzen ditu.

A.2 = 0, multzo hori ona bada.

A.2 = 0,5, multzo hori nola-halakoa bada.

A.2 = 1, multzo hori txarra bada.

Koefiziente horiek kalkulatu ondoren, EAren balioa aterako da ondoko formula aplikatuz:

EA = (A.1 + A.2) / 2

19. artikulua. APA

APA erraten zaio argiteria publikoan dagoen gabeziaren adierazleari eta haren kalkulua bi adierazle partzialen bidez eskuratzen da: A.1 eta A.2.

-A.1. A.1-ek argiteria publikoko instalazioen horniketa maila neurtzen du, 0tik 1era bitarteko balioak aplikatuz, hornitu beharreko eskualdeen aldean diren instalazioen hedaduraren arabera.

-A.2. A.2-k gaur egungo instalazioen egoera eta argiteria publikoko azpiegituran dauden gabeziak baloratzen ditu.

A.2 = 0, multzo hori ona bada.

A.2 = 0,5, multzo hori nola-halakoa bada.

A.2 = 1, multzo hori txarra bada.

Azaldutako datuen arabera APA ondoko formula aplikatuz eskuratzen da:

APA = (A.1 + A.2) / 2

20. artikulua. ZOLA

ZOLA erraten zaio karrika, plaza, zeharkale eta herriguneetan diren beste bideetako zoladuren egoeraren adierazleari. A.1 eta A.2 adierazleak kalkulatuz lortzen da.

-A.1. A.1-ek zoladuraren horniketa maila neurtzen du 0tik 1era bitarteko balioak aplikatuz hornitu beharreko eskualdeen aldean diren instalazioen hedaduraren arabera.

-A.2. A.2-k gaur egungo zoladuraren egoera eta argiteria publikoko azpiegituran dauden gabeziak baloratzen ditu.

A.2 = 0, multzo hori ona bada.

A.2 = 0,5, multzo hori nola-halakoa bada.

A.2 = 1, multzo hori txarra bada.

Azaldutako datuen arabera ZOLA ondoko formula aplikatuz lortzen da:

ZOLA = (A.1 + A.2) / 2

21. artikulua. UKEA

UKEA erraten zaio udaletxe eta kontzejuetxeetan dagoen gabeziaren adierazleari.

Administrazio zentroetan dagoen gabeziaren koefizientea A.1 eta A.2 koefizienteei batezbesteko aritmetikoa aplikatzearen emaitza da, eta horiek hala eskuratzen dira:

-A.1. A.1-ek azalera eraikiaren araberako horniketa neurtzen du, den hornidura zati hornidura estandarra eginez.

-A.2. A.2-k horniduraren kontserbazio egoera baloratzen du, hiru mailatan:

A.2 = 0, multzo hori ona bada.

A.2 = 0,5, multzo hori nola-halakoa bada.

A.2 = 1, multzo hori txarra bada.

Azaldutako datuen arabera UKEA ondoko formula aplikatuz lortzen da:

UKEA = (A.1 + A.2) / 2

Administrazio zentrorik ez duten herrietan A.2-ren balioa 1 izanen da, eta horren ondorioz, UKEA gehienez ere 1 izanen da herri beraren barnean.

Estandarrak erregelamendu honen 27.1 artikuluan agertzen diren berak dira.

22. artikulua. IE

IE adierazlea honela kalkulatuko da:

Azpiegitura mota bakoitzean, biztanle bakoitzeko inbertsioen batez besteko kostutzat (Kb) ondoko hauek hartuko dira, biztanleria tarteen arabera kalkulatuta, taulan ageri den moduan:

BIZTANLERIA TARTEAK

Hornidura eta saneamendu sareak5.877 4.997 3.611 2.789 2.231 1.880 1.449 1.035

Argiteria publikoa 2.202 1.875 1.432 1.047 840 707 546 391

Zolaketak 5.877 4.997 3.611 2.789 2.231 1.880 1.449 1.035

Udal eraikinak 1.731 1.466 1.121 822 656 552 426 305

Hilerriak 518 443 339 247 196 167 127 92

Toki bideak 1.731 1.466 1.121 822 656 552 426 305

Batez besteko kostu hori (Kb) kalkulatzeko, interpolazio lineala eginen da kasuan kasuko biztanleria tarteko bi muturren artean.

IE kalkulatzeko, toki entitateak azpiegitura berari buruz egin dituen eskaera guztien aurrekontuen batuketa eginen da, eta biztanle bakoitzeko kostu unitarioa, azpiegitura bakoitzari dagokiona, kalkulatuko da ondoko formulari jarraikiz:

Ku= E / K

Ku: biztanle bakoitzeko kostu unitarioa da.

E: toki entitateak azpiegitura berari dagokionez eginiko eskaera guztien batura da.

K: herriko biztanleen kopurua da, biztanleriari buruz argitaratutako azken datu ofizialen arabera.

Mankomunitateek aurkezturiko eskabideen koefizientea kalkulatzeko, horiek osatzen dituzten toki entitateetako biztanleen batura hartuko da kontuan.

Udal kontzejudunek aurkezturiko eskabideen koefizientea kalkulatzeko, udalerri osoko biztanleria hartuko da kontuan.

Azkenik, biztanle bakoitzeko kostu unitarioa alderatu eginen da azpiegitura bakoitzean biztanle bakoitzeko hautatzen diren batez besteko inbertsio kostuekin, ondoko taulari jarraikiz:

Ku-REN BALIOA IE

Ku <= 0,2 Kb 10

0,2 Kb <= Ku <= 0,4 Kb 8

0,4 Kb <= Ku <= 0,8 Kb 6

0,8 Kb <= Ku <= 1,2 Kb 5

1,2 Kb <= Ku <= 2,0 Kb 4

2,0 Kb <= Ku <= 4,0 Kb 2

4,0 Kb <= Ku 1

23. artikulua. EM

Erregelamendu honen 8.1 artikuluan zehazturiko koefiziente hori kalkulatzeko, udal kontzejudunek aurkezturiko eskabideetan, udalari eta udalerria osatzen duten kontzejuei aitorturiko ekarpenen batura hartuko da kontuan.

Koefizienteak ondoko tauletatik ateratzen diren balioak izanen ditu:

a) 3.000 biztanle baino gehiago:

BIZTANLEKO EMANDAKO EUROEN EKARPENA EM

000,00 - 149,00 10

149,01 - 209,00 9

209,01 - 269,00 8

269,01 - 354,00 7

354,01 - 450,00 6

450,01 - 540,00 5

540,01 - 600,00 4

600,01 - 660,00 3

660,01 - 720,00 2

720,01 - 780,00 1

> 780,00 0

b) 500 eta 3.000 biztanle bitartean:

BIZTANLEKO EMANDAKO EUROEN EKARPENA EM

000,00 - 209,00 10

209,01 - 354,00 9

354,01 - 450,00 8

450,01 - 510,00 7

510,01 - 630,00 6

630,01 - 750,00 5

750,01 - 1.201,00 4

1.201,01 - 1.401,00 3

1.401,01 - 1.521,00 2

1.521,01 - 1.641,00 1

> 1.641,00 0

c) 500 biztanle baino gutxiago:

BIZTANLEKO EMANDAKO EUROEN EKARPENA EM

000,00 - 660,00 10

660,01 - 840,00 9

840,01 - 1.141,00 8

1.141,01 - 1.622,00 7

1.622,01 - 2.283,00 6

2.283,01 - 3.004,00 5

3.004,01 - 4.206,00 4

4.206,01 - 5.409,00 3

5.409,01 - 6.612,00 2

6.612,01 - 7.815,00 1

> 7.815,00 0

III. KAPITULUA

Hiri zeharkaleen urbanizazioa

24. artikulua. Obrak hautatu eta lehenesteko formula:

Hiri zeharkaleen urbanizazioari buruzko obrak lehenesteko formula hau erabiliko da:

ZLK = 0,50 H + 0,30 ZAIG + 0,20 ZAOG

Azalpena:

ZLK: zeharkaleak lehenesteko koefizientea.

H: eskatu den zeharkalearen jarduketa eremuak barne hartzen dituen obrak egiteko, Herri Lan Departamentuarekin egin eta haren eskumeneko jarduketak bermatzen dituen hitzarmena edo toki azpiegituren aurreko planen kontura gastu aitorpena edo konpromisoa egotearen ala ez egotearen arabera baloratzen den koefizientea.

Koefiziente horrek ondoko balioak hartu ahal izanen ditu:

10: Herri Lan Departamentuarekin sinatutako hitzarmena badago.

5: eskatu den zeharkalearen jarduketa eremuak barne hartzen dituen obrak egiteko, toki inbertsioen aurreko planen kontura gastu aitorpena edo konpromisoa badago.

0: aurreko kasuetako bat ez bada.

ZAIG: azpiegitura indibidualaren gabeziaren adierazlea da, toki entitate interesdunak planean sartu nahi duen zeharkale lan zehatzaren gainean duena, mota bereko azpiegiturei dagokienez.

Koefiziente hori eskatutako azpiegitura bakoitzaren (sareak, zolaketa eta argiteria publikoa) azpiegitura indibidualaren gabezien batezbeste aritmetiko gisa kalkulatuko da.

Era berean, gabezia indibidual horiek toki programazioaren inbertsioak direla eta ezarri diren irizpideei eta iritziei jarraiki kalifikatuko dira.

ZAOG: zeharkaleen azpiegitura orokorraren gabeziaren adierazlea da, toki entitateak urbanizazioak ukituriko azpiegituren (hau da, hornidura eta saneamenduko toki sareak, zolaketa eta argiteria publikoa) gainean duena.

Koefiziente hori (ZAOG) ondoko formula hau aplikatuz kalkulatuko da:

ZAOG = (HSA + APA + ZOLA) / 0,3

Mankomunitateek eta udal kontzejudunek aurkezturiko eskabideen koefiziente hori kalkulatzeko, horiek osatzen dituzten toki entitateetako ZAOG guztien batezbesteko aritmetikoa hartuko da kontuan, haien biztanleriaren arabera ponderaturik.

IV. KAPITULUA

Inbertsioen ekonomia eta finantza araubidea

1. ATALA

Xedapen orokorra

25. artikulua. Ekarpenen araubidea.

1. Kapital transferentzien funtsetik 2009-2012 aldian egin beharreko ekarpenen portzentajeak, 16/2008 Foru Legearen 12. artikuluan ezarritakoak izanen dira.

2. Portzentaje horiek laguntza oinarriei aplikatuko zaizkie, inbertsio mota bakoitzean, hurrengo artikuluetan dauden arauei jarraikiz.

3. Ekarpenaren portzentajea guztizko laguntza zenbatekoari aplikatuko zaio, BEZa ere sartuta, jasandako BEZa kengarria ez den obretan.

BEZaren kargapeko jarduerei loturiko inbertsio eta obretan, jasandako BEZaren itzulketarako eskubidea badago, aipatu ekarpen portzentajea laguntza zenbatekoari dagokion zerga oinarriaren gain aplikatuko da (BEZa kanpo).

2. ATALA

Laguntza oinarriak

26. artikulua. Zolaketa obren finantzaketa

1. Zolaketa obretan, laguntza oinarria kalkulatu ahal izateko, ondoko hiru kasu hauek kontuan hartuko dira:

A) "Interes kulturaleko ondasun" deklaratutako hirigune zaharrak:

Galtzadako zoladuraren metro karratuaren gehieneko kostua: 109,00 euro.

Espaloietako eta oinezkoentzako eremuetako zoladuraren metro karratuaren gehieneko kostua: 163,00 euro.

B) Hirigune zaharrak, duten garrantzi historiko-artistikoagatik tratamendu berezia eskatzen dutenak badira, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak emanen duen txostenarekin bat etorriz.

Galtzadako zoladuraren metro karratuaren gehieneko kostua: 87,00 euro.

Espaloietako eta oinezkoentzako eremuetako zoladuraren metro karratuaren gehieneko kostua: 116,00 euro.

C) Gainerako hiriguneak:

Galtzadako zoladuraren metro karratuaren gehieneko kostua: 40,00 euro.

Espaloietako eta oinezkoentzako eremuetako zoladuraren metro karratuaren gehieneko kostua: 61,00 euro.

2. Espaloietako zoladuraren metro karratuaren gehieneko kostuan hauek ere sartuko dira: lauzak edo baldosak, oinarriko hormigoia, morteroa, zintarriak eta antzeko materialak.

Galtzadetako zoladuraren gehieneko kostuen barnean lan hauek ez dira sartuko: dagoen zoladura kentzeko obrak, eta oinarriko edo azpioinarriko alezko geruzak emateko obrak.

Arestion adierazi diren prezioak exekuzio materialekoak dira.

Toki entitate interesdunek behar diren kasuetan aurkeztu beharko dute "Vianako Printzea Erakundea"-Kultura eta Turismo Departamentuak emandako txostena; ekarri beharreko dokumentazioan txosten hori sartzen ez bada, C) idatz-zatiko prezioak aplikatuko dira beti.

3. Zolaketa obretan, laguntza zenbatekoa kalkulatu ahal izateko, argiteria publikoaren lur azpiko kanalizazioari dagokiona hartuko da kontuan eta eroaleen kableak kalkulu horretatik kanpo egonen dira berariaz.

27. artikulua. Udal eraikinetako obren finantzaketa.

Obrarengatiko laguntza portzentajea ondoko prozedurari jarraikiz zehaztuko da:

1. Udaletxe eta kontzejuetxeei dagokienez obrarengatiko laguntza portzentajea kalkulatzeko, 16/2008 Foru Legeak indarra hartzean balioa zuten biztanleria-datu ofizialen arabera toki entitateentzat finkatu diren hornidura azalerak abiapuntutzat hartuko dira, ondoko taularen arabera:

> 5.000 0,15 m²/biztanle

2.001 - 5.000 400 m² - 750 m²

701 - 2.000 200 m² - 400 m²

351 - 700 200 m²

101 - 350 100 m² - 200 m²

26 - 100 50 m² - 100 m²

25 edo gutxiago 50 m²

Hornidura azalera finkatzeko, 16/2008 Foru Legeak indarra hartzean balioa zuten datu ofizialen ordez beste datu batzuk erabili ahal izanen dira, baldin eta toki entitateak biztanle kopuruaren gehikuntza aurreikusten badu plan horren indarraldirako. Gainera, hirigintza antolatzeko agiria aurkeztu beharko du onetsita, aipatu hazkundeari aurre egiteko egin beharko diren etxebizitzen aurreikuspena dakarrena, eta inola ere ez da onartuko ehuneko 30etik gorako gehikuntzarik; hornidura azaleraren gehikuntza gehienez ere horixe izanen da, nahiz eta aurreikuspena handiagoa izan, eta ez da onartuko kontzeptu horrengatik berrikuspenik egitea plana indarrean dagoen bitartean.

2. Oinplano berriko udaletxe eta kontzejuetxeetarako laguntza portzentajea ondoko formula aplikatuz kalkulatuko da:

3. Udaletxe eta kontzejuetxe diren eraikin finkatuen gaineko jarduketetan hornidura azalera finkatzeko, kontuan hartuko da lehendik dagoen eta egoitza politiko-administratibotzat har daitekeen hornidura azalera.

Hornidura azalerak ukituriko egoitza administratiboez gain bestelakoak ere badituzten eraikin finkatuetan obrarengatiko laguntza portzentajea kalkulatzeko, egin daitezkeen obrak bi multzo hauetan sailkatuko dira:

a) Barnealdean eta instalazioetan egindako obrak.

b) Teilatuan, fatxadan eta egituran egindako obrak eta oztopo arkitektonikoak kentzea.

Lehen multzoko obretarako laguntza portzentajea ondoko formula hau aplikatuz kalkulatuko da:

Teilatuan, fatxadan edo egituran egiten diren obretarako eta oztopo arkitektonikoak kentzeko, laguntza portzentajea haien kostuaren ehuneko 100 izanen da.

Egin beharreko obrak aipatutako bi multzoetakoak direnean, aurkeztutako zenbateko osoa kontuan hartuta obrarengatiko laguntza portzentajea kalkulatzeko, obra bakoitzaren aurrekontua obrari dagokion laguntza portzentajeaz biderkatuko da, biderkadurak batu eginen dira eta batura hori aurrekontuen zenbateko osoaz zatituko da.

4. Nolanahi ere, toki entitate bakoitzaren gehieneko laguntza zenbatekoa hornidura azalera 1.360 euroz biderkatzearen emaitza izanen da. Kopuru horrek jasandako BEZa eta obren proiektua idazteko zein obren zuzendaritza fakultatiborako ordainsariak barne hartzen ditu.

28. artikulua. Hilerrietako obren finantzaketa.

1. Obrarengatiko laguntza portzentajea kalkulatzeko, toki entitate bakoitzari esleitzen zaion hornidura azalera hartuko da abiapuntutzat, hots, 2 metro karratu biztanleko, 16/2008 Foru Legeak indarra hartzean balioa zuten biztanle-kopuru ofizialen gain aplikatuta.

16/2008 Foru Legeak indarra hartzean balioa zuten biztanleria-datu ofizialen ordez toki entitateren batek beste biztanleria-datu batzuk erabili nahi baditu hornidura azalera kalkulatzeko, erregelamendu honen 27.1 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Oinplano berriko hilerrietarako laguntza portzentajea formula honen arabera lortuko da:

Oinplano berria lehen zegoen hilerriaren zabalkuntza baldin bada, jarduketaren xede den azalera lehen zegoenaren eta zabalkuntzaren batura izanen da.

3. Egungo hornidurak berritzeko obretarako laguntzaren xede izan daitekeen obraren portzentajea artikulu honetako idazpuruan aipatzen diren elementuetan honelaxe finkatuko da:

BIDERKADURA % LAGUNTZA

0 - %30 %70

31 - %40 %75

41 - %65 %80

%65 baino gehiago %100

Egin beharreko obrek aipatutako bi multzoetako bat baino gehiago ukitzen dituztenean, aurkeztutako zenbateko osoa kontuan hartuta obrarengatiko laguntza portzentajea kalkulatzeko, obra bakoitzaren aurrekontua obrari dagokion laguntza portzentajeaz biderkatuko da, biderkadurak batu eginen dira eta batura hori aurrekontuen zenbateko osoaz zatituko da.

29. artikulua. Lansariak eta beste gastu batzuk.

A.-Laguntza teknikoarengatiko lansariak:

1. Proiektuaren prestakuntzako eta obra zuzendaritzako lansarien laguntza oinarria (ikus-onespenak barne) eta behar diren gainerako laguntzen oinarria gehienez ere kontrata bidezko exekuzioaren aurrekontuaren ehuneko 8koa izanen da, udal eraikinetako inbertsioena izan ezik, hori ehuneko 10ekoa izanen baita.

2. Beren baliabideez proiektua egin eta obra zuzentzen duten toki entitateentzat, proiektuak idazteko lansariak exekuzio materialeko aurrekontuetan sartutako obren aurrekontuen %2 izanen dira, eta obren zuzendaritza fakultatiboko lansariak, berriz, lan horien exekuzioaren azkeneko zenbatekoen %4, aipatu lan horiek plantillako teknikari finko edo aldi baterakoek osorik edo partzialki egiten badituzte; portzentaje horiek aplikatu ondoren ateratzen diren zenbatekoetan sartuta geldituko dira teknikarien esku-hartzeak, maila guztietakoak eta kontzeptu guztietakoak.

Laguntza teknikoko lansarien zenbatekoa gastu konpromisoari buruzko ebazpenean ezarritakoa izanen da. Ikus-onetsitako ordainagiriak eta minutak aurkeztutakoan ordainduko dira lansari horiek.

3. Obrek ukitzen dituzten lurren desjabetzapenak kudeatzeko kanpoan kontratatzen den laguntza teknikoko lansariak laguntzen xede izan ahal izanen dira, gehienez ere 120 euro (BEZa barne) okupaturiko finkako.

B.-Hornidurak:

Kontratazio libreko obretan, materialak toki entitateek berek ekartzen dituztenetan, kontzeptu hori dela eta aurkeztutako fakturen zenbatekoa %4 gehituko da, gastu orokorren sailean.

C.-Ukipenak:

Planean sartutako jarduketen laguntza zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira obrek ondasunetan eta eskubideetan sortutako ukipenarengatiko kalte-ordainak, toki entitate onuradunen titulartasunekoak direnak izan ezik.

3. ATALA

Salbuespenezko araubidea

30. artikulua. Esparrua.

16/2008 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako salbuespenezko araubidea toki entitateen jarduketei aplikatuko zaie, udalaren gelditasuna ikusita kontzejuek aurkeztutakoei izan ezik. Toki erakunde egilearen gaitasun ekonomikoa aztertu ondoren, jarduketa horietan laguntza zenbatekoari edo, hala badagokio, gutxieneko exekutagarriari dagokion zenbatekoan egitea bideraezina izan da, horretarako Toki Administrazioko Departamentuak egin beharko duen txostenaren edukiaren arabera.

31. artikulua. Helburua.

Salbuespenezko araubidearen helburua da aurreko artikuluan aipatzen diren inbertsioak finantzatzeko oro har ezarririko ekarpenak handitzeko jarduketa batzuk antolatzea.

Gehikuntza horren aurretik, toki entitateek neurri batzuk hartuko dituzte beren dirusarrerak egokitzeko edo aurrekontuaren orekari eusteko (aurrezki garbi gisa neurtuta); hartara, baldintza hori bete ondoren, ekarpen bereziak inbertsioaren bideragarritasun ekonomikoa bermatu behar du, aurrekontuaren oreka galarazi gabe.

32. artikulua. Salbuespenezko araubideko hornidura.

Araubide hau finantzatzeko behar den hornidura ekonomikoa 16/2008 Foru Legearen 9.2 artikuluan ezartzen diren erreserbetatik hartuko da.

33. artikulua. Toki entitate onuradunak.

30. artikuluan aipatutako txostenaren arabera zenbatekoa doitu ondoren, obren titularrak diren toki entitateak finantzaketaren salbuespenezko araubidearen onuradunak izanen dira, obra horiek finantzatzeko balizko kreditu beharren ondoriozko zama finantzarioa lorturiko aurrezki gordina baino handiagoa bada, aurrezki gordin horri erregelamendu honetan ezartzen den moduan finkaturiko dirusarerra finkoak gaineraturik eta pasibo finantzarioen zerrendatik hurrengo ekitaldietarako ondorioztatzen den zama finantzarioa kendurik. Toki entitateak abiarazitako obrei edo Toki Administrazioko Departamentuak aurreko ekitaldietan toki azpiegituren planetan sartutakoei dagokien zama finantzarioa ere kenduko da, baita Diruzaintzako soberakin negatiboa pagatzeko erregelamendu honetan zehazten den moduan kalkulatzen dena ere.

34. artikulua. Kalkulatzeko prozedurak.

1. Toki entitateek hartu beharreko balizko mailegu beharren finantza zama.

Urteroko balizko finantza zama kalkulatzeko, kredituak bi hauen arteko aldearen arabera kalkulatuko dira:

a) Toki entitate onuradunaren obren zenbatekoa eta

b) Toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzeko Funtsaren konturako ekarpenak, izan litezkeen bestelako dirusarrerak, gastu orokorretarako diruzaintzako soberakin likidoa edo bestelako funts propioak gehiturik.

Urteroko balizko finantza zama hasiera batean kalkulatuko da lorturiko kreditu teorikoei emaitzazko interesaren portzentajea aplikatuz, erregelamendu honen 44.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Lorturiko aurrezki gordina.

a) Toki entitatearen aurrezki gordina kalkulatzeko, azken ekitaldiko kontuen espedientea erabiliko da, Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen arabera Toki Administrazioko Departamentuan aurkezturik egonen baita; edo bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 227.2 artikuluaren arabera, ekitaldi horretako aurrekontuaren likidazioaren espedientea erabiliko da.

Toki entitate bakoitzaren aurrezki gordina kalkulatzeko, aurrekontuko 1etik 5era bitarteko kapitulu ekonomikoetako dirusarrera arrunt likidatuen eta 1., 2. eta 4. kapitulu ekonomikoetako funtzionamendu gastu aitortuen arteko kenketa eginen da, irailaren 21eko 271/98 Foru Dekretuak ezarri zuen egituraren arabera.

b) Artikulu honen aurreko letran aipatzen den aurrezki gordinaren zenbatekoa gastu eta dirusarreren arabera gehitu edo gutxituko da, alegia, hurrengo ekitaldietan etengabe sortzetik geldituko diren edo sortu eginen diren gastu eta dirusarreren arabera.

c) Inbertsioa toki entitateak egin eta zenbatzen badu, kalkulua entitate horrentzat eginen da, haren erakunde autonomoak kanpo utzita.

Inbertsioa zerbitzua ematen duen erakunde autonomoak egin eta zenbatzen badu, hasieran kalkulua eginen da kontuan harturik, ondorio guztietarako, erakunde autonomo horren inbertsioak eta ekonomia eta finantza egoera, eta gero bateratu eginen dira, ondorio guztietarako, toki entitatearen eta erakunde autonomoaren inbertsioak eta finantza egoera, erakunde autonomoaren inbertsioa finantzatzeko konponbideak hala eskatzen badu.

3. Udal eta kontzejuen dirusarrera propioek izan dezaketen gehikuntzaren kalkulua.

Hiri ondasunetako lurralde kontribuzioaren dirusarreren gaitasuna aztertuko da, likidazio-oinarriari behar den karga-tasa aplikatuta, jarraian ezartzen den moduan:

a) Lurralde kontribuzioaren likidazio-oinarria: zergaren azkeneko likidaziorako erabilitakoa aplikatuko da, baldin eta oinarri horrek eguneratze irizpideak betetzen baditu, indarra duen araudiaren ariora.

Hala ez bada, likidazio-oinarria merkatuko balioen araberako doikuntza-koefizienteaz biderkatuko da, etxebizitzen kasuan, balorazio txostena azken 5 urtean eguneratu duten udalerrien batez besteko merkatu balioaren indizeagatik pondeaturik. Batzuk zein besteak Nafarroako Gobernuaren Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak emanen ditu.

b) Urteko karga-tasa ehuneko 0,30 izanen da.

Dirubilketa autonomoaren gehitze potentziala aipatu den prozeduraren bidez kalkulaturiko gaitasunari aurrekontuetako likidazioaren azkeneko espedientean kontzeptu horiengatik izandako likidazioa kentzetik aterako da, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Legearen 227.2 artikuluan eta kontabilitateko jarraibideei buruzko 272/98 eta 273/98 Foru Dekretuetan xedaturikoarekin bat.

Kontzejuei dagokienez, beren udalaren dirubilketaren gehitze potentziala lehen azaldu bezala kalkulatuko da. Gero, udalerriko biztanle bakoitzeko dirubilketaren gehitze potentziala kalkulatuko da.

Kontzejuaren dirubilketaren gehitze potentziala, berriz, udalerriko biztanle bakoitzeko gehikuntza kontzeju horretako biztanleen kopuruaz biderkatuz lortuko da.

4. Diruzaintzako soberakin negatiboaren finantzaketa.

Diruzaintzako soberakina kalkulatzeko, aurrekontu eta gastu publikoaren arloko irailaren 21eko 270/98 Foru Dekretuaren V. kapituluaren hirugarren atalean ezarri bezala eginen da.

Foru dekretu horren 103. artikuluaren 1. puntuan ezarririko epe luzerako kreditu eragiketei dagokienez, zama finantzarioa kalkulatzeko 20 urterako sari iraunkor bat aplikatuko da. Legegintzaldiko kreditu eragiketei dagokienez, finantza zama kalkulatzeko sari iraunkor bat aplikatuko da legegintzalditik falta diren urteetarako, dekretu beraren 103. artikuluaren 2. puntuarekin bat. Bi kasuetan erregelamendu honen 44.3 artikuluan ezarritakoaren arabera ateratzen den interes portzentajea aplikatuko da.

35. artikulua. Udalek hartu beharreko konpromisoak eta salbuespenezko araubideko funtsaren ekarpena zehazteko era.

1. Salbuespenezko araubidea eskatu bai baina onuradun izaterik lortu ez duten udalak.

Erregelamendu honen aurreko artikuluekin bat kalkuluak egin ondoren, zehazturiko finantza zama baino aurrezki handiagoa duten udalak autofinantzatutzat joko dira.

Udal autofinantzatuek osoko bilkuran erabaki beharko dute itundu eta aurkezturiko finantzaketa formula mantendu eta errespetatuko dutela, aurreko paragrafoan aipatutako aurrezkia ekarriko duten baliabideak lortzeko behar adinako zenbatekoan, eta, egoki bada, lurralde kontribuzioaren balorazio txostena eta karga-tasak onetsiko dituzte.

Erabaki horien ondorioz, entitate horren bideragarritasun plana positibotzat joko da eta gastu konpromisoari buruzko ebazpena emanen da. Toki entitateak hautaturiko finantzaketa formula eta gehieneko diru ekarpena agerraraziko dira.

Erabaki hori hartu ezik, toki entitateak aukerako neurriak proposatu beharko ditu edo 2009-2012 aldirako inbertsioa gutxitu, behar den ber. Osoko bilkuraren erabakia izanen da proposamen horren oinarria.

Toki entitateek proposamenik egiten ez badute, Toki Administrazioko Departamentua ofizioz arituko da eta Toki Azpiegituren Planetik baztertzeko prozedura abiaraziko du edo hasiera batean sarturiko inbertsioak gutxituko ditu, bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa bermatzeko moduan.

2. Salbuespenezko araubidea eskatu eta haren onuradun diren udalak.

Funtsaren ekarpenen onuradun diren udalek osoko bilkuran erabaki beharko dute ondoko konpromiso hauek hartzea salbuespenezko araubidean sartu eta hurrengo ekitaldietarako eta, betiere, obrak amaitu arteko ekitaldietarako:

a) Egoki bada, lurralde kontribuzioaren balorazio txostenaren egunerapena onestea, indarra duen araudiarekin bat.

Aipatutako ekitaldietarako 0,30eko gutxieneko karga-tasa onestea.

Era berean, kalkulatu den aurrezkia bermatzeko, udalek ezin izanen dute onetsi edo aplikatu murrizketarik lurralde kontribuzioaren zerga oinarrian, balorazio txostenetik ondorioztatutako katastro balorazioa gehitzearen ondorioz.

b) Salbuespenezko araubidea duten obrak amaitu arte, Toki Administrazioko Departamentuak oinarrizko azpiegituretan sarturiko obrak egitea bakarrik inbertsio moduan, eta ez ituntzea kreditu edo finantza zama gehiago, Toki Administrazioko Departamentuak espresuki baimendu ezik, eta bakarrik inbertsioa beharrezkoa denean salbuespenezko gorabeherengatik edo bermaturik dagoenean haren finantzaketak ez duela geroan defizitik sortuko.

c) Salbuespenezko araubidean sartzeko ezarri bezala baliabide propioak atxikitzea.

3. Salbuespenezko araubidearen ekarpena zehazteko era.

a) 33. artikuluan eta 34. artikuluaren 2., 3. eta 4. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera kalkulatu den aurrezkia positiboa bada, aurrezki hori 34. artikuluaren 1. idatz-zatian adierazitakoaren arabera zehaztutako finantza zamara mugatuko da.

Eragiketa horren emaitza 44. artikuluaren 33. idatz-zatian ezarri bezala kapitalizatuko da eta emaitzazko zenbatekoa salbuespenezko araubideak eman beharreko ekarpena izanen da.

b) 33. artikuluan eta 34. artikuluaren 2., 3. eta 4. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera kalkulatu den aurrezkia nulua edo negatiboa bada, salbuespenezko araubideak eman beharreko ekarpena finantza zama kapitalizatuz kalkulatuko da; finantza zama 34. artikuluaren 1. idatz-zatian adierazitakoaren arabera kalkulatuko da, 44. artikuluaren 3. idatz-zatian ezarri bezala.

36. artikulua. Kontzejuek hartu beharreko konpromisoak eta salbuespenezko araubideko funtsaren ekarpena zehazteko era.

.Hartu beharreko konpromisoak:

1. Kontzejuak diferenteki tratatuko dira inbertsio motaren arabera:

a) Kontzejuen eskumena diren inbertsioei dagokienez, aurreko artikuluaren 2. puntuaren b) eta c) letretan aipatzen diren neurriak hartzeko konpromisoa hartuko dute eta, hala bada, 34. artikuluaren 3. idatz-zatian aurreikusitakoa aplikatuz kalkulaturiko zenbatekoa eginen duen kontribuzio berezia edo entitate eskatzailearen esku jarritako auzo ekarpena ezarriko.

Aurreko kalkuluak egin ondoren, 34.1 artikuluan ezarririko finantza zama baino handiagoa den aurrezkia lortzen duten kontzejuak autofinantzatutzat joko dira. Hala bada, kontribuzio bereziaren zenbatekoa egokitu ahal izanen dute aurrezki positiboa bermatzen duen zenbatekora eta ez da beharrezkoa izanen salbuespenezko araubideko funtsetik ekarpenak hartzea.

b) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluaren 3. idatz-zatian ezarritakoaren arabera delegaturiko obrei dagokienez, kontzejuek itun bat erdietsi beharko dute udalarekin. Haren arabera, udalak konpromisoa hartu beharko du kontzejuaren aurrezkia positibo bihurtzeko zenbatekoa ekartzeko. Salbuespenezko araubidearen barruan konpromisoa onartzeko, udalaren bideragarritasun ekonomikoa izanen da, baldintza ekarpen hori egiteko. Bestela, udalei buruz salbuespenezko araubidean arauturik dagoena aplikatuko da.

Udalaren erabakian horrek konpromisoa hartuko du kontzejuari pagatzeko aurrezkia positibo bihurtzeko zenbatekoa, transferentzia bidez.

Azken erabaki horrekin batera Nafarroako Gobernuaren baimena aurkeztuko da Nafarroako zergetan partaidetza funtsetik zenbateko hori kentzeko, kontzejuari pagatzeko.

Kasu horretan, kontzejuek 35. artikuluaren 2. idatz-zatiaren b) eta c) letretan aipatutako neurriak hartzeko konpromisoa hartuko dute.

2. Salbuespenezko araubideko funtsaren ekarpena zehazteko, 34. artikuluaren 1. idatz-zatian zehazten den finantza zamari kontzejuaren aurrezkia kenduko zaio, artikulu honen aurreko puntuaren a) eta b) letrekin bat kalkulatua, inbertsio motaren arabera, positiboa izanez gero. Gero, alde positiboa kapitalizatuko da 36. artikuluan aipatzen diren baldintzetan. Kalkulu horren emaitza izanen da salbuespenezko araubideak eman beharreko ekarpena.

3. Udala salbuespenezko araubidearen onuradun bada, hark ere bete egin beharko ditu 35. artikuluan eskatutako konpromisoak eta horretan oinarrituta zehaztuko da udal horrek ezin pagatu dezakeen ekarpen zati gehigarria. Zenbateko hori kontzejuari esleitu ahal zaion funtsaren ekarpena izanen da.

37. artikulua. Mankomunitateen araubidea.

Urteroko balizko finantza zama mankomunitateak lorturiko aurrezki gordinaren zenbatekoa baino handiagoa denean -hurrengo ekitaldirako finantza-pasiboen zerrendatik ondorioztatzen den finantza zama eta Toki Administrazioko Departamentuak aurreko ekitaldietan sartu dituen obrak ordaintzeko eta, egonez gero, diruzaintzako soberakin negatiboa finantzatzeko hitzartu beharreko maileguei dagokiena kenduta (hori dena salbuespenezko araubide honetarako ezarririko arauen arabera kalkulaturik)-, inbertsioak, gutxienez ere, inbertsioen aurreikuspenaren hasierako mailarekin legokiekeen 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planean eskuarki ezarririko ekarpenetara egokituko dira.

Mankomunitateko zuzendaritza organoek eginen dute egokitzapen hori.

38. artikulua. Salbuespenezko araubidean parte hartzeko eskabiderako epea.

Salbuespenezko finantzaketa araubidean sartzeko toki entitateek eskabidea aurkeztu beharko diote Toki Administrazioko Departamentuari, 15 egun balioduneko epean, bideraezintzat jo dituztela jakinarazten zaienetik hasita, 44. artikuluaren 4. idatz-zatian ezarri bezala.

39. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Salbuespenezko araubidean parte hartzeko eskabidearekin batera toki entitateek agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Aurretik aurkeztu ez badute, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen arabera Toki Administrazioko Departamentuan aurkezturik behar duen azkeneko ekitaldiko kontuen espedientea edo bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 227.2 artikuluaren arabera, ekitaldi horretako aurrekontuaren likidazioaren espedientea. Agiri horietatik gaur egungo zorpetzea eta haren baldintzak ondorioztatzen ez badira, finantza-pasiboen polizak aurkeztu beharko dira, horiek -eskaera egunera arte ondoren hitzartu direnak zein jada daudenen geroko balizko aldaketak- agertuta.

b) Hirilurraren gaineko kontribuziorako eginiko azken balorazio txostenaren aplikazio urtearen ziurtagiria.

c) Hirilurraren gaineko kontribuziorako onetsitako azken tasak. Aplikazio urtea adierazi behar da.

2. Bideragarritasun azterlanak dirauen bitartean, eskabideak ebatzi baino lehen toki entitate bakoitzaren erabakiak aurkeztuko dira, salbuespenezko araubide hau garatzean ezarri diren neurriak biltzen dituztenak, Toki Administrazioko Departamentuak inbertsio planen bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa zehazteko behar adina agiri eskatzearen kalterik gabe.

40. artikulua. Eskabideen ebazpena eta ordainketa.

1. Toki Administrazioko Departamentuaren ebazpen baten bidez eskabideak ebatziko dira eta gastu konpromisoa finkatuko da.

2. Toki entitateek salbuespenezko araubideko funtsetik hartu beharreko kopuruak obraren azken ordainketarekin batera ordainduko dira eta horretarako baldintza izanen da erregelamendu honetan adierazitakoaren arabera hartutako konpromisoak betetzea.

41. artikulua. Egiaztapenak eta eskubide ekonomikoen galera.

Toki entitateek arauak betetzen ez badituzte, erregelamendu honen 52. artikuluan xedatu bezala eginen da.

V. KAPITULUA

Prozedura orokorra

42. artikulua. 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planaren eraketa.

1. Toki Administrazioko Departamentuak 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Plana eratuko du, plan gidariak eta 16/2008 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako epean aurkeztutako eskabideak kontuan harturik, foru lege horretan aurreikusitako ekonomia eta finantza araubidea eta, egoki bada, hautatzeko eta lehenesteko formula aplikatuz, eta bertan ezarritako baldintzak betez.

2. Toki Administrazioko Departamentuak 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planaren proposamena onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, jendaurrean azaltzeko. Alegazioak aurkezteko 15 egun balioduneko epea egonen da, proposamena argitaratu eta biharamunetik hasita.

43. artikulua. 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planaren onespena.

1. Aurreko artikuluan ezarritako jendaurreko epea amaiturik, Nafarroako Gobernuak Toki Inbertsioen Plana onetsiko du, kontuan izanik aurkeztutako alegazioak eta 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen Foru Legearen 15.2 artikuluan aurreikusitako erreserbatik gelditzen dena.

2. 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Plana onesteko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta bertan agertu beharko dute bai hura osatzen duten inbertsioek eta bai kanpo utzitako inbertsioek ere, lortutako hautapen eta lehenespen koefizienteekin. Planean sartzen ez diren inbertsioak erreserban geldituko dira koefizienteen araberako hurrenkeran, handienetik txikienera, litekeena delako gerora plana handitzea, hura arautzen duen foru legean aurreikusitakoaren arabera.

44. artikulua. Gastu konpromisoa.

1. Nafarroako Gobernuak onetsitako planean inbertsioak sartuta dituzten toki entitateek hurrengo atalean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dituzte 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen Foru Legean ezarritako epean, eta foru lege horren 9.3 artikuluan aurreikusitako zabalkuntzak direla bide gerora inbertsioak planean sartzen zaizkien toki entitateek agiri berak aurkeztu beharko dituzte 4 hilabeteko epean, zabalkuntza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planean inbertsioak sartzen zaizkien toki entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Toki Administrazioko Departamentuari:

a) Obrak egiteko proiektua.

b) Egin beharreko obren finantza plana. Laguntza zenbatekoaren finantzaketa eta gauzatzekoa den inbertsioaren finantzaketa bereizi behar dira. Horrekin batera, toki entitate eskatzailearen erabakia eman behar da, plana onetsi dela egiaztatzen duena.

c) Aurretik aurkeztu ez badute, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen arabera Toki Administrazioko Departamentuan aurkezturik behar duen azkeneko ekitaldiko kontuen espedientea edo bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 227.2 artikuluaren arabera, ekitaldi horretako aurrekontuaren likidazioaren espedientea. Agiri horietatik gaur egungo zorpetzea eta haren baldintzak ondorioztatzen ez badira, finantza-pasiboen polizak aurkeztu beharko dira, horiek -eskaera egunera arte ondoren hitzartu direnak zein jada daudenen geroko balizko aldaketak- agertuta.

3. Toki Administrazioko Departamentuak, proiektuaren egokitasun tekniko eta ekonomikoa eta bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa egiaztatu ondoren, ebazpena emanen du, hurrengo idatz-zatiaren kasuetan izan ezik, eta bertan ezarriko du Inbertsioen Planaren kargura egin beharreko diru ekarpenaren gehieneko zenbatekoa. Ekarpena behin-behinekoa izanen da harik eta behar den kontratua adjudikatu arte; hori egindakoan Toki Administrazioko Departamentuak ekarpena erregularizatuko du lortutako beherapenaren arabera, halakorik badago.

Proiektuaren egokitasun tekniko eta ekonomikoa aurreko paragrafoan aurreikusi den gehieneko diru ekarpena finkatzeko oinarri erabiltzen den laguntza zenbatekoaren zehaztapena dela eta egiaztatuko da.

Bideragarritasun ekonomikoa aurrezki garbi positiboaren arabera neurtuko da.

Jada agindu diren baldintzen ordez, kreditua aurkezten bada finantza aukera gisa, interes portzentajea (euriborra gehi puntu bat) eta 20 urterako amortizazioa (urteko sari iraunkorraz kalkulatutakoa) dituen kreditu bati dagokion urteko balizko finantza zama aplikatuko da bideragarritasun ekonomikorako.

2009ko inbertsioetarako 2008ko abenduaren 31n ezarritako euriborra aplikatuko da; 2010eko eta 2011ko inbertsioetarako, aldiz, 2009ko abenduaren 31n ezarritako euriborra; eta 2012ko inbertsioetarako, ordea, 2010eko abenduaren 31n ezarritakoa.

4. Bideragarritasun ekonomikoaren askitasuna zehazterik ez bada, hamabost egun balioduneko epea ezarriko da, zirkunstantzia hori jakinarazten zaienetik aurrera, ukituriko toki entitateek agiri osagarriak aurkez ditzaten bideragarritasun ekonomiko hori lortzeko, eta, hala badagokio, finantzaketa formula mantendu eta errespetatzeko osoko bilkuran harturiko konpromisoak betetzeko.

Bideragarritasun ekonomikoa finantzaketaren aukerako formulen bidez edo IV. kapituluaren 3. atalean arautzen den salbuespenezko araubidean sartzeko eskabidearen bidez lortu ahal izanen da.

45. artikulua. Obren hasiera.

1. Gastu konpromisoari buruzko ebazpenak ekarpena ezarritakoan, horien xede diren obrak toki entitate bakoitzak esleitu beharko ditu, horiek foru legearen 17. artikuluan bildu den aurreikuspenetik ondorioztatzen diren eta legez ezarrita dauden gehieneko epeen barnean abiarazteko.

2. Entitatearen baliabide propioen bidez obrak egin ahal izateko, Toki Administrazioko Departamentuak eman beharko du baimena.

46. artikulua. Obrak egiteko epea.

Obrak egiteko epea esleipenean bertan edo aurreko artikuluaren bigarren paragrafoan ezarri baimenean zehazten dena izanen da. Epea luzatzen bada edo obrak aldi baterako eteten badira, lehenbailehen jakinarazi beharko zaio Toki Administrazioko Departamentuari.

47. artikulua. Ekarpenen ordainketa.

a) Ekarpenen onuradun diren toki entitateei honela eginen zaie ordainketa:

-%40 obraren hasieran.

-%40, obren erdiak eginak direnean.

-Gainerakoa, obrak bukatzean. Ekarpena murriztu eginen da obrak egiteko ordaindu beharreko zenbatekoa esleipenaren zenbatekoa baino txikiagoa bada.

b) Desjabetzapenak izan baldin badira, partikularrei ordaindu zaiela frogatu ondotik ordainduko da kostua, obrak bukatutakoan.

c) Zerbitzuei dagozkien inbertsio eta obretan, BEZa ordaintzen duten prezioak eta/edo tasak helburu dituztenetan -toki entitateak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bidez berreskuratuko du BEZ hori-, burututako obraren ziurtagiriei doazkien soluzio partzialen abonuetan sartu ahal izanen da, aurrerakin modura, soluzio partzial bakoitzari dagokion BEZa finkatutako ekarpenaren portzentajeaz biderkatu ondoren ateratako zenbatekoa.

Aurrerakin gisa ordaindutako zenbatekoak, BEZari dagozkionak, azken ordainketan erregularizatuko dira.

48. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Obren hasierari dagokion zenbatekoa kobratu ahal izateko, toki entitateak hauxe aurkeztu beharko du:

a) Ondokoak azaltzen dituen ziurtagiria:

-Lizitazioko eta obra esleitzeko aurrekontua; izandako aldaketa-koefizientea adierazi behar da.

-Proiektu teknikoa idazteko zein zuzendaritza fakultatiborako lizitazioaren eta esleipenaren aurrekontua; izandako aldaketa-koefizientea adierazi behar da.

-Finkatutako exekuzio epea.

-Obren esleipen-hartzailearen izen edo helbide soziala eta identifikazio fiskala.

b) Zuinketa egiaztatzeko eta obrari hasiera emateko aktaren kopia.

2. Ekarpenaren %40 kobratu ahal izateko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Jatorrizko ziurtagiria, neurketa zehatzak eta esleipenaren baldintzei lotuak izanen dituena, eta ziurtagiri bakoitzari dagokion fakturaren kopia eginbidetuak.

3. Obrak bukatu ondoren, ekarpenaren gainerakoa eskatuko da ondoko agiri hauek aurkeztuz:

a) Obra hartzeko aktaren kopia edo ziurtagiria.

b) Obra amaierako memoria eta amaierako egoeraren planoak.

c) Materialekin egindako saioen eta instalazioetan egindako proben ziurtagiriak, zerrenda eta emaitzak.

d) Obraren azken ziurtagiria, jatorrizkoa, neurketa zehatzak eta esleipenaren baldintzei lotuak izanen dituena, baita prezio kontrajarrien aktak ere, Administrazio kontratatzaileak, kontratistak eta zuzendaritza fakultatiboak behar bezala gauzatutakoak.

e) Ziurtagiri bakoitzari dagozkion fakturen kopia eginbidetuak eta laguntza teknikoko lansariei zein ukituriko ondasunen eta eskubideen ondorioz -horiek baldin badaude- sortzen diren kalte-ordainei buruzkoak.

f) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuek eginiko diru ekarpenei buruzko baiezko edo ezezko ziurtagiria.

4. Ekarpenak kobratzeko dokumentazioa Toki Administrazioko Departamentuan aurkeztu beharko da, eta horrek ordaintzeko agindua emanen du, zerbitzu teknikoen eta obraren ikuskatzaileen txostena eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren. Horretarako, behar diren egiaztapenak egin eta egoki irizten den dokumentazio osagarria eskatu ahal izanen da.

VI. KAPITULUA

Prozedura bereziak

49. artikulua. Hasteko baimena.

16/2008 Foru Legearen 10. artikuluaren a) idatz-zatian aurreikusitako baimena, hau da, obrak hasteko baimena, Toki Administrazioko Departamentuaren ebazpen baten bidez emanen da, aurretik toki entitate interesdunak eskatuta. Baimenaren eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko ditu:

Aipatutako Foru Legearen 13.B.3 artikuluaren f) idatz-zatian aipatutako agiriak:

Obra egiteko proiektua eta inbertsioaren ekonomia eta finantza plana, erregelamendu honen 44.2 artikuluan ezarritako agiriekin batera, obraren finantzaketa toki entitateari osorik dagokiola kontuan hartuta.

50. artikulua. Presako prozedura.

Toki Administrazioko Departamentuak presakotzat jotzen dituen obrak toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kargura finantzatu ahal izanen dira, Departamentu horrek gastu konpromisoari buruzko ebazpena eman ondoren.

Obra presakotzat jo dadin, toki entitate interesdunak 16/2008 Foru Legearen 13.B.3 artikuluaren b) eta f) idatz-zatietan aipatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, presaren justifikazioarekin batera. Inbertsio bat presakotzat jo eta gero, ebazpena jasotzen denetik 3 hilabeteko epean toki entitate interesdunak erregelamendu honen 44. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatietan eta, hala badagokio, 16/2008 Foru Legearen 13 B).3 artikuluaren c), d) eta e) idatz-zatietan ezarritako agiriak aurkeztu beharko ditu.

51. artikulua. Larrialdiko prozedura.

16/2008 Foru Legearen 14. artikuluan aurreikusten den moduan toki azpiegiturak konpondu edo berritzeko obrak larrialdikotzat jotzen direnean, toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kargura finantzatu ahal izanen dira, Toki Administrazioko Departamentuak emanen duen ebazpenaren bidez. Ebazpen horretan gastu konpromisoa finkatuko du. Toki entitateak eskabidea aurkeztu beharko du horretarako, larrialdia zergatik sortu den azaltzen duen ziurtagiriarekin batera. Halaber, egin behar den gastua adierazi beharko du eta erregelamendu honen 39. artikuluan aipatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, salbuespenezko araubidea eskatzen badu.

VII. KAPITULUA

Toki inbertsioen plana baztertzea

52. artikulua. Baztertzeko prozedura.

1. Behar den espedientea tramitatuko da, Toki Inbertsioen Plana 16/2008 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritako arrazoiak oinarri hartuta baztertu aurretik. Toki Administrazioko Departamentuaren ebazpen batek abiaraziko du espedientea. Gero hamabost eguneko entzunaldia emanen zaio toki entitate interesdunari, eta espedientea abiarazi zuen organoak berak behin betiko ebatziko du. Prozedurari hasiera ematen bazaio kobratu gabe dauden ekarpenak bertan behera geldituko dira.

2. Artikulu honetan ezarritako arrazoiengatik planetik baztertzen badira, entitateen azpiegiturak, inbertsioa eginda dagoen kasuetan izan ezik, 16/2008 Foru Legean aurreikusitako erreserbako zerrendan sartuko dira, azken-azkenean.

HIRUGARREN TITULUA

Erabaki askeko inbertsioak

53. artikulua. Arauak.

2009-2012 aldirako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legearen II. eranskinean erabaki askeko ekarpenak ezarri eta zenbatu dira toki entitate bakoitzerako. Ekarpen horiek jasotzen dituzten toki entitateek honako arauak bete beharko dituzte, foru lege horren 5. eta 13. artikuluetan adierazten diren betekizunekin batera:

1. Inbertsioen planaren jarduketei lotutako edo Toki Administrazioko Departamentuak, beste Departamentu batzuek edo beste edozein Administrazio Publikok diruz lagundutako erabaki askeko inbertsioek, horiek laguntzen ez dituztenek, egokitzapen txostena beharko dute eta, txostenik ezean, haien egiaztapena, aipatutako foru legearen 13.C) artikuluaren 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

2. Toki Inbertsioen Planean sartzen diren, erabaki askeko ekarpenen bidez finantzatuko diren eta, horiek oinarri hartuta, erregelamendu honen 44. artikuluan ezarritako gehieneko diru ekarpena aitortu baino lehen bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa lortu duten inbertsioak dituzten toki entitateek ezin izanen dute helburua aldatu, inbertsioak aurreztu, uko egin edo baztertu ezean.

3. Erabaki askeko funtsak ordainduko dira, entitate eskatzaileak hurrengo aldeak egiaztatzen dituzten agiriak aurkezten baldin baditu:

a) Egindako jarduketari edo jarduketei buruz eman diren fakturen deskribapen xehatua eta kopia eginbidetuak eta, hala badagokio, fakturak 16/2008 Foru Legearen 5.1 artikuluaren lehenengo paragrafoan bildutako irizpideetara moldatzen direla egiaztatzeko eskabidea.

b) Deskribatutako jarduketa edo jarduketak planak irauten duen bitartean eta araudi aplikagarrian ezarritako aurreikuspenen arabera burutu dela edo direla adierazten duen egiaztagiria.

54. artikulua. Ordainketa.

Toki Administrazioko Departamentuak eskatutako erabaki askeko ekarpenak ordainduko dizkio entitate eskatzaile bakoitzari, arauak eta aurreko artikuluetan bildutako gainerako irizpideak betetzen direla egiaztatu ondoren.

Udal edo kontzeju batek baino gehiagok batera sustatutako erabaki askeko inbertsioei dagokienez, horrek eragindako ekarpenak ordainduko dira, aurreko paragrafoan aurreikusitako egiaztapenak egin ondoren, entitate sustatzaileek osoko bilkuretan horretarako hartu dituzten erabakietan bildutako baldintzen arabera.

55. artikulua. Ukatzeko prozedura.

Legez eta erregelamenduz ezarririko betekizunak eta prozedura betetzen ez dituzten erabaki askeko jarduketak ordaintzeko eskabideak ukatuko dira, Toki Administrazioko Departamentuaren ebazpen baten bidez, espedientea tramitatu ondoren. Gero hamabost eguneko entzunaldia emanen zaio toki entitate interesdunari, eta espedientea abiarazi zuen organoak berak espedientearen behin betiko ebazpena emanen du.

euskal legezalea