12005forulegea,

1/2005 Foru Legea, Nafarroako Lan Terapeuten Elkargo Ofiziala sortzekoa

Nafarroako Parlamentua

1/2005 FORU LEGEA, otsailaren 22koa, Nafarroako Lan Terapeuten Elkargo Ofiziala sortzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, NAFARROAKO LAN TERAPEUTEN ELKARGO OFIZIALA SORTZEKOA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44.26 artikuluan, xedatzen du Nafarroak eskumen osoa duela elkargo ofizialen eta lanbide tituludunen jardueren arloetan, legeria orokorrari jarraikiz betiere.

Artikulu horretan xedaturikoaren babesean, Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartu dituen eskumenak ikusirik, Nafarroako lanbide elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea eman zen. Abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez garatu zen erregelamenduei dagokienez. Foru dekretu horren bidez Nafarroako lanbide elkargoei buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen. Arautegi horren babesean, Nafarroako Lan Terapeuten Elkargoa sortzeko eskaera aurkeztu da. Eskaera hori foru erkidegoan egoitza duten profesionalik gehienek izenpetu dute. Izan ere, haiexek dira titulu ofizial horren jabe eta horretan aritzeko eskatu dute elkargoa sor dadila. Foru lege proiektu hau elkargo hori sortzeko izapidaketaren ondorioa da.

Urriaren 26ko 1420/1990 Errege Dekretuaren bidez, lan terapiako diplomatuendako unibertsitate-titulu ofiziala eta titulu hori lortzeko ikasketen planetako jarraibide orokorrak ezarri ziren. Titulu horren helburua da prestakuntza teoriko-praktiko egokia ematea, gutxitutako edo galdutako gaitasun fisiko edo psikikoak indartu eta ordezteko eta jarduera fisiko nahiz psikikoak bideratu eta bultzatzeko.

Osasun-lanbideen antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legeak 2.2.b) artikuluan dioenez, diplomatura mailako osasun-lanbide tituluduna da lan terapia. Bestalde, 7.2.c) artikuluan lan terapeuten zeregintzat jotzen ditu, osasun-lanbide bakoitzari bere tituluaren eta gaitasun berezien arabera dagozkionez gain, gutxitutako edo galdutako gaitasun fisiko edo psikikoak indartu eta ordezteko, eta jarduera fisiko nahiz psikikoak bideratu eta bultzatzeko teknikak aplikatzea, bai eta horretarako lan-jarduerak gauzatzea ere.

Aipatu den arau eta lanbide-autonomia kontuan hartuz, komenigarritzat eta beharrezkotzat jo da lanbide-elkargo bat sortzea, Nafarroako Foru Komunitateko lan terapeutak bilduko dituena. Elkargo horrek lanbidea eta bazkideen lanbide-interesak ordezkatu eta aldeztuko ditu, gizartearen interes orokorrekin bat, eta, ezarririko legeen barrenean, lanbide horretan jarduteko manera ere antolatuko du.

Azaldutakoa ikusirik, eta Nafarroako Lan Terapeuten Elkargo Ofiziala sortzeko interes publikoko arrazoiak badirela kontuan harturik, foru lege honen bidez aipatu elkargoa sortzen da.

1. artikulua. Helburua eta ezaugarriak.

1. Nafarroako Lan Terapeuten Elkargo Ofiziala sortzen da; zuzenbide publikoko korporazioa da, bere nortasun juridikoa duena eta bere helburuak betetzeko eta bere eginkizunetan aritzeko gaitasun osoa.

2. Lanbide-elkargoak, foru lege honek indarra hartutakoan, nortasun juridikoa izanen du, eta, gobernu organoak osatutakoan, jarduteko gaitasuna.

2. artikulua. Jarduteko eremua.

Nafarroako Lan Terapeuten Elkargo Ofizialaren jarduteko eremua Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea izanen da.

3. artikulua. Kide izateko eskubideak.

Nafarroako Lan Terapeuten Elkargo Ofizialean sartzen ahal dira lan terapiako diplomatu titulua dutenak. Titulu hori lan terapiako diplomatuendako unibertsitate-titulua eta hura eskuratzeko ikasketen planetarako jarraibide orokor berariazkoak ezartzen dituen martxoaren 20ko 1420/1990 Errege Dekretuak arautzen du.

4. artikulua. Lanbide-jarduera.

Nafarroako Foru Komunitatean lan terapeuta lanbidean aritu ahal izateko derrigorrezkoa izanen da Nafarroako Lan Terapeuten Elkargo Ofizialeko kide izatea edo, bestela, beste lurralde bateko lan terapeuten elkargoko kide izan eta hori frogatzea.

5. artikulua. Arau erregulatzaileak.

Nafarroako Lan Terapeuten Elkargo Ofiziala lanbide-elkargoen legeriak, bere estatutuek eta, halakorik balego, barne araubideko erregelamenduak arautuko dute.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Elkargoaren estatutuak

1. Nafarroako Lan Terapeuten Elkarteak, foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Lan Terapeuten Elkargo Ofizialaren behin-behineko estatutuak onetsi beharko ditu, honako hauek arautzeko:

a) goko kide izateko baldintzak; elkargoaren eratze batzarrean, kide izanda parte hartu ahal izanen da.

b) Eratze batzarrerako deia nola egin eta batzarra nola eraman. Deialdi hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

2. Nafarroako Lan Terapeuten Elkargo Ofizialaren eratze batzarrak egin beharko du:

a) Elkargoko behin betiko estatutuak onetsi.

b) Elkargoko gobernu organoetako kideak hautatu.

3. Elkargoko behin betiko estatutuak _behin onetsita_ eta eratze batzarraren aktaren ziurtagiria Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura igorriko dira eta haren titularrak, Departamentuko organo eskudunak legezkotasuna berretsi ondotik, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarrean sartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2005eko otsailaren 22an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea