2006771erabakia

2006/771/EE Erabakia, Bidezko gizarte baterantz - Guztiontzako Aukera Berdintasunaren Europako urtea (2007) ezartzen duena

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

2006/771/EE ERABAKIA, EUROPAKO PARLAMENTUARENA ETA KONTSEILUARENA, 2006ko maiatzaren 17koa, Bidezko gizarte baterantz - Guztiontzako Aukera Berdintasunaren Europako Urtea (2007) ezartzen duena< xml="true" ns="urn:schemas-microsoft-com:office:office" prefix="o" namespace="">

(EBren Egunkari Ofiziala, L 146 2006/05/31koa)

EUROPAKO PARLAMENTUAK ETA EUROPAR BATASUNAREN KONTSEILUAK

Europako Erkidegoa eratzen duen Ituna, eta, bereziki, haren 13. artikuluaren 2. paragrafoa aztertu dute,

Batzordearen proposamena aztertu dute,

Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen irizpena[1] aztertu dute,

Eskualdeetako Komitearen irizpena[2] aztertu dute,

Itunaren 251. artikuluan ezarritako prozedurari[3] jarraiki,

Honako hauek kontuan hartuta:

(1) Diskriminaziorik eza Europar Batasunaren oinarrizko printzipioa da. Printzipio hori Europar Batasunaren politika guztietan aintzat hartu beharko da.

(2) Itunaren 13. artikulua oinarri harturik, Kontseiluak zuzentarau hauek onartu zituen: 2000/43/EE Zuzentaraua, 2000ko ekainaren 29koa, pertsonei tratu berdina emateko printzipioa ezartzen duena[4], arraza edo jatorri etnikoa kontuan izan gabe eta laneko, lanbide-heziketako, hezkuntzako, ondasun eta zerbitzuetako, gizarte-babeseko eta antzeko arloetan; 2000/78/EE Zuzentaraua, 2000ko azaroaren 27koa, lanean eta jardunean tratu-berdintasunerako esparru orokor bat ezartzen duena[5], erlijioagatik edo sinesmenengatik, urritasun, adin edo sexu-joeragatik diskriminatzea debekatuz; eta 2004/113/EE Zuzentaraua, 2004ko abenduaren 13koa, ondasunak eta zerbitzuak baliatzean eta horiek hornitzean gizon eta emakumeen tratu-berdintasunaren printzipioa ezartzen duena[6].

(3) Gizonen eta emakumeen berdintasuna sustatzea da Europako Erkidegoaren funtsezko xedeetako bat, Itunaren 2. artikuluan jasota dagoena, hain zuzen. Era berean, Itunaren 3. artikuluaren 2. paragrafoak xedatzen du Erkidegoak bere jarduera guztietan helburu gisa ezarri beharko duela gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak ezabatzea eta berdintasuna sustatzea.

(4) Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko 21. artikuluak hainbat arrazoirengatik eragindako diskriminazioa debekatzen du, eta 23. artikuluak, berriz, xedatzen du gizon eta emakumeen berdintasunak alor guztietan bermaturik egon behar duela.

(5) Tratu-berdintasunari eta diskriminazio ezari buruzko Europako legeriak Europar Batasuneko pertsona guztiak babesten ditu.

(6) 2005-2010 urteetarako Agenda Sozialak, Lisboako estrategia osatzen eta bultzatzen duenak, funtsezko rola jokatzen du hazkunde ekonomikoaren alderdi sozialaren sustapenean. Aipatu Agendaren lehentasun bat aukera-berdintasuna sustatzea da, ikuspegi sozialetik gizarte integratzaileago bat erdiesteko bidean.

(7) 2007an, Arrazakeriaren aurkako Europako Urtea burutu zenetik hamar urte beteko dira. Ekimen hari esker, arrazagatiko diskriminazioa erauzteko aurrerapauso handiak eman ziren.

(8) Europako legeriak nabarmen areagotu ditu, Europar Batasun osoan, bermatutako berdintasun-maila nahiz desberdintasunen eta diskriminazioaren aurreko babes-maila, eta berdintasunezko eta diskriminazioaren aurkako ikuspegi koherenteagoa, eskubideetan oinarritua, garatzeko katalizatzaile gisa jokatu du. Hala eta guztiz ere, Europar Batasuneko herritarrek diskriminazioarekin eta desberdintasunezko tratuarekin topo egiten dute eguneroko bizitzan.

(9) Guztiontzako Aukera Berdintasunaren Europako Urteak (aurrerantzean «Europako Urtea») Estatu kideek tratu-berdintasunari eta diskriminazio ezari buruzko Erkidegoko legeria aplikatzeko egiten dituzten ahaleginak bultzatzeko dinamika bat sortu behar du.

(10) Arraza edo jatorri etnikoaren, erlijio edo sinesmenen, urritasun, adin edo sexu-joeraren inguruko ekintzetan, funtsezkoa da generoan oinarritzen diren desberdintasunak oso aintzat hartzea.

(11) Batzordeak antolatutako kontsultak, 2004ko maiatzaren 28an aurkeztutako ‘Berdintasuna eta Diskriminazio eza Europar Batasun hedatuan’ izenburudun Liburu Berdean jasoa, erakusten du galdetutako pertsona gehien-gehienen iritziz Batasunak ahalegin handiagoak egin behar dituela sexuagatik, arraza edo jatorri etnikoagatik, erlijio edo sinesmenengatik, urritasun, adin edo sexu-joerarengatik eragindako diskriminazioaren aurka.

(12) 2005eko apirilaren 28ko Ebazpenean, ijitoek Europar Batasunean bizi duten egoerari buruzkoan[7], Europako Parlamentuak adierazi zuen ijitoen aurkako arrazagatiko gorrotoak bere horretan dirauela, eta horrek Europar Batasuneko gutxiengo etniko arbuiatuenarengan diskriminazioa eragiten duela, enpleguan, hezkuntzan eta gizarte-zerbitzuetan.

(13) Erkidegoaren diskriminazioaren aurkako arau-esparruaren arrakasta jendartearen onespen zabalean eta egiazko borondate politikoan datza. Testuinguru horretan, gizarte-eragileek, tokiko eta eskualdeko erakundeek eta GKEek funtsezko zeregina dute betetzeko. Europako Urte honek sentsibilizatzeko eta ekimena sustatzeko katalizatzaile gisa jokatu behar du. Espero da Estatu kide guztietan arreta politikoa erakartzeko eta interesa duten guztiak mugiarazteko balio izatea, Europar Batasunak diskriminazio ezaren eta aukera-berdintasunaren inguruan moldatu duen estrategia berria aitzinarazteko, baita 2007tik aurrera ere.

(14) Bestalde, Europako Urtea diskriminazio anitzeko arazoak, hau da, Itunaren 13. artikuluan aipatutako arrazoietako bi edo gehiagorengatik jasandakoak, zuzentzen saiatuko da, eta artikulu horretan aipatutako arrazoi guztien tratamendu orekatua bultzatzen.

(15) Estatuetan erdietsi diren aurrerapen-maila ezberdinei begira, beharrezkoa da berdintasunaren eta diskriminazio ezaren alorrean premiazko esku-hartze bat abiatzea, bai Europa osoaren mailan bai estatu-mailan. Subsidiariotasun-printzipioari jarraiki, Europako Urteko ekintza gehienak estatu-mailara deszentralizatu behar dira.

(16) Europako Urtean parte hartu ahal izango dute Estatu kideek, herrialde atxikiek, atxiki aurreko estrategia baten onuradun diren herrialdeek, EFTA/EEEko Estatuek Europako Ekonomi Esparruari buruzko Hitzarmenean ezarritako baldintzen arabera, Mendebaldeko Balkanetako herrialdeek, horietako bakoitzarekin hitzartutako erabakietan ezarritako baldintzak betez, eta Europako auzotasun-politikak babestutako herrialdeek, 2004ko maiatzeko estrategia-dokumentuaren eta herrialdeen ekintza-planen xedapenak betez.

(17) Beharrezkoa da jarduerak Erkidegoko beste jarduerekiko koherenteak eta osagarriak izatea, batez ere diskriminazioaren eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzera eta oinarrizko eskubideak, hezkuntza eta heziketa, kultura eta kulturarteko elkarrizketa, gazteria, herritartasuna, immigrazio- eta asilo-politika eta gizon eta emakumeen berdintasuna bultzatzera bideratutako jarduerekiko.

(18) Erabaki honek finantza-esparru bat ezartzen du programak irauten duen aldi osorako; finantza-esparru hori erreferentzia nagusia izango da Aurrekontu Agintaritzarentzat urteko aurrekontu-prozeduraren esparruan, Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak aurrekontu-diziplinari eta aurrekontu-prozeduraren hobekuntzari buruz lortutako 1999ko maiatzaren 6ko erakundearteko Hitzarmenaren[8] 33. puntuak xedatutakoaren arabera.

(19) Erabaki hau gauzatzeko neurriak Batzordeari esleitutako betearazteko eskumenak baliatzeko prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28koa,[9] 1999/468/EE Erabakian xedatutakoaren arabera onartu behar dira.

(20) Estatu kideek ezin dituzte Erabaki honen helburuak behar den neurrian lortu, besteak beste horretarako beharrezkoa delako askotariko alderdien elkarketak eratzea, informazioa trukatzea eta Erkidego mailan jarduera egokiak hedatzea; beraz, ekintzaren munta ikusirik, helburuak hobeto lor daitezke Erkidegoaren esparruan, han posible baita neurriak hartzea Itunaren 5. artikuluan ezarritako subsidiariotasun-printzipioari jarraituz. Artikulu horretan azaldutako proportzionaltasun-printzipioari jarraiki, Erabaki hau ez doa helburu horiek lortzeko beharrezkoa denaz harago.

ERABAKI DUTE:

1. artikulua

Europako Urtea

2007. urtea «Guztiontzako Aukera Berdintasunaren Europako Urtea» izendatuko da.

2. artikulua

Helburuak

Hauek izan dira Europako Urtearen helburuak:

a) Eskubideak: Berdintasunerako eta diskriminaziorik ez pairatzeko eskubideaz nahiz diskriminazio anitzaren arazoaz kontzientzia harraraztea. Europako Urteak mezu nagusi bat azpimarratzen du, alegia pertsona guztiek tratu bera jasotzeko eskubidea dutela, sexuagatik, arraza edo jatorri etnikoagatik, erlijio edo sinesmenengatik, urritasun, adin edo sexu-joerarengatik bereizkeriarik egin gabe. Europako Urteak beren eskubideak nahiz diskriminazio ezaren inguruko Europako legeria hobeto ezagutzeko aukera eskaini behar die diskriminazioa jasateko arriskupean dauden herritarrei.

b) Ordezkaritza: Eztabaida akuilatzea, diskriminazioa pairatzen duten taldeek gizartean duten parte-hartzea handiagoa eta gizon eta emakumeen parte-hartzea orekatuagoa izan dadin lortzeko moduen inguruan. Europako Urteak gogoeta eta eztabaida bultzatuko ditu talde horiek gizartean parte-hartze handiagoa izan dezaten sustatzeko, eta horiek alor guztietan zein maila guztietan diskriminazioaren aurka borrokatzeko, ekintzetan inplikatzeko premiaren inguruan.

c) Aintzatespena: Aniztasuna eta berdintasuna erraztu eta gorestea. Pertsonek gizarteari oro har egin diezaioketen ekarpen positiboa nabarmenduko du Europako Urteak, haien sexua, arraza edo jatorri etnikoa, erlijioa edo sinesmenak, urritasuna, adina edo sexu-joera edozein direlarik ere.

d) Errespetua: Kohesio handiagoko gizarte bat sustatzea. Europako Urteak kontzientziazioa bultzatuko du estereotipoak, aurreiritziak eta indarkeria ezabatzeko, gizarteko kide guztien artean harreman onak sustatzeko, batez ere gazteen artean, eta diskriminazioaren aurkako borrokaren oinarrian dauden balioak bultzatu eta hedatzeko.

3. artikulua

Neurrien edukia

1. Bigarren artikuluan adierazitako helburuak lortzeko neurrien artean egon litezke honakoen antolaketa edo sustapena:

a) bilerak eta ekitaldiak;

b) informazio-, promozio- eta heziketa-kanpainak;

c) Erkidego- edo estatu-mailako inkestak eta ikerlanak.

2. Lehenengo atalean aipatutako neurriak eranskinean zehazten dira.

4. artikulua

Generoaren dimentsioa txertatzea

Europako Urteak kontuan hartuko ditu gizonek eta emakumeek arraza edo jatorri etnikoagatik, erlijio edo sinesmenengatik, urritasun, adin edo sexu-joerarengatik eragindako diskriminazioa bizitzeko modu guztiak.

5. artikulua

Lankidetza eta gauzapena Erkidegoan

Batzordeak begiratuko du Erabaki honek barne hartzen dituen Erkidegoko neurriak eranskinean jasotakoaren arabera gauzatuko direla, zehazki Itunaren 13. artikuluan eta Erabaki honen 2. artikuluan adierazitako diskriminazio-molde guztiak modu bidezkoan aintzat hartuak eta tratatuak izango direla bermatuz.

Bereziki, Batzordeak Erkidegoaren ekintza eta ekimenen koherentzia eta osagarritasuna, 10. artikuluan aipagai direnak, bermatzeko beharrezko diren xedapenak ezarriko ditu, 2. artikuluan ezarritako helburuak lortze aldera.

Aldian-aldian, Batzordeak iritziak trukatuko ditu alderdi interesdunekin –diskriminazioa pairatu duten taldeak eta gizarte zibila ordezkatzen dituzten GKEak–, batik bat Europa mailan, Europako Urtearen diseinu, gauzapen, jarraipen eta ebaluazioari buruz. Xede horrekin, alderdi horien esku jarriko du dagokion informazioa. Batzordeak bere iritziak 7. artikuluaren 1. atalari jarraiki eratutako Komiteari helaraziko dizkio.

6. artikulua

Lankidetza eta gauzapena Estatuetan

1. Estatu kide bakoitzak Europako Urtean bere partaidetza antolatzeko estatu-mailako erakunde bat ezarri edo izendatuko du. Estatu kide bakoitzak Batzordeari jakinaraziko dio izendapena, beranduenik ere 2006ko ekainaren 17rako. Estatu-mailako erakundea estatu horrek Europako Urterako dituen estrategia eta lehentasunak zehazteaz eta Erkidegoaren finantzaketa eskuratu ahal izateko proposatuko diren neurri indibidualak hautatzeaz arduratuko da. Estatuak Europako Urterako dituen estrategia eta lehentasunak 2. artikuluan zerrendatutako helburuei jarraiki ezarriko dira, eta artikulu horretan aipatutako diskriminaziorako arrazoi guztiak modu orekatuan tratatuko direla bermatuko dute.

Eranskinaren II. atalean finkatzen da Erkidegoaren aurrekontuetan estatu-mailako neurrietarako aurreikusitako finantzaketa lortzeko prozedura.

2. Bere zereginak garatzean, estatu-mailako gauzatze-erakundeak aldizka gizarte zibilaren iritzia bilduko du eta horrekin elkarlanean ariko da, besteak beste diskriminazioa jasateko arriskupean dauden pertsonen interesak defendatzen edo ordezkatzen dituzten erakundeekin eta bestelako alderdi interesdunekin.

7. artikulua

Komitea

1. Batzordeak komite baten laguntza izango du (aurrerantzean «Komitea» deitua).

2. Artikulu hau aipagai den kasuetan, 1999/468/EE Erabakiaren 3. eta 7. artikuluak izango dira aplikagarri, Erabaki horren 8. artikuluan xedatutakoa betez.

3. Komiteak bere barne-araudia onartuko du.

4. Komitean dauden Estatu kideetako ordezkariak 6. artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusitako estatu-mailako gauzatze-erakundeek izendatuko dituzte, lehentasunez.

8. artikulua

Finantza-xedapenak

1. Eranskinean jasotako neurriak % 80an finantzatu ahal izango dira, edo Europar Batasunaren aurrekontu orokorrak finantzatutako kontratu publikoak egin.

2. Eranskinaren II. ataleko 6. puntuan jasotako tokiko, eskualdeko edo estatu-mailako neurriak Europar Batasunaren aurrekontu orokorrak finantzatu ahal izango ditu, gehienez ere tokiko, eskualdeko edo estatu-mailako ekintzen guztizko kostu kontsolidatuen % 50ean, eta eranskinaren II. atalean ezarritako prozedurari jarraiki.

9. artikulua

Hautagaitza eta hautaketa-prozedura

1. Batzordeak 8. artikuluaren 1. paragrafoan jasotako neurrien finantzaketari buruzko erabakiak hartuko ditu, 7. artikuluaren 2. paragrafoak xedatzen duen prozedurari jarraiki.

2. Zortzigarren artikuluaren 2. paragrafoan aipatu neurrientzat diru-laguntza jasotzeko eskaerak Batzordeari zuzenduko dizkiete estatu-mailako gauzatze-erakundeek, eranskinaren II. atalean ezarritako prozedurari jarraiki.

10. artikulua

Koherentzia eta osagarritasuna

Batzordeak eta Estatu kideek begiratuko dute Erabaki honetan ezarritako neurriak eta Erkidegoko, estatu-mailako eta eskualdeko bestelako ekintzak eta ekimenak elkarrekiko koherenteak direla.

Ahaleginduko dira Europako Urtea Erkidegoko, estatu-mailako eta eskualdeko bestelako ekintza eta ekimenekiko ahalik eta osagarriena izan dadin, ekintza eta ekimen horiek Europako Urtearen helburuak lortzeko lagungarriak diren heinean.

11. artikulua

Kide ez diren Estatuen partaidetza

Europako Urtean parte hartu ahal izango dute:

a) Europar Batasunarekin Atxikitze Itun bat sinatu duten herrialdeek;

b) atxiki aurreko estrategia baten onuradun diren herrialde kidegaiek, herrialde horiek Erkidegoko programetan parte hartzeko dituzten printzipio eta baldintza orokorren arabera; printzipio eta baldintza horiek Esparru-hitzarmenak eta Elkartze Kontseiluen Erabakiek ezarri dituzte, hurrenez hurren.

c) EEE Hitzarmenaren baitan dauden EFTAko Estatuek, Hitzarmen horretan xedatutakoaren arabera;

d) Mendebaldeko Balkanetako herrialdeek, horien Esparru-hitzarmenetan Erkidegoko programetan parte hartzeko ezartzen diren printzipio orokorren arabera;

e) {0><}66{>Europako auzotasun-politikako kide diren herrialdeek, 2004ko maiatzeko estrategia-dokumentuan eta herrialdeetako ekintza-planetan Erkidegoko programetan parte hartzeko ezarritako printzipio eta baldintza orokorren arabera.<0} {0>Erkidegoak Europako auzotasun-politikako kide diren herrialdeek bultzatutako ekintzei dirulaguntzak eskainiz gero, laguntza horiek osoki Europako auzotasun-politikako Tresnaren kontu joango dira, herrialde horiekiko lankidetza orokorrean xedatutako lehentasun eta prozeduren arabera.

<0}

12. artikulua

Aurrekontua

Erabaki honetan aurreikusitako neurriak gauzatzeko finantza-esparrua 15.000.000 eurokoa izango da 2006ko urtarrilaren 1etik 2007ko abenduaren 31ra doan aldirako; kopuru horretatik, 6.000.000 euro 2006ko abenduaren 31n amaitzen den aldirako da. Hortik aurrerako aldirako, kopurua gutxi gorabeherakoa da, eta fase horretarako aurreikusitako aurrekontua 2007ko urtarrilaren 1ean hasten den hainbat urtetarako finantza-esparruarekiko koherentea den egiaztatu beharko da.

13. artikulua

Nazioarteko lankidetza

Europako Urtearen esparruan, Batzordea dagokien nazioarteko erakundeekin elkarlanean ari daiteke; zehazki, Europako Kontseiluarekin eta Nazio Batuen Erakundearekin.

14. artikulua

Jarraipena eta ebaluazioa

Beranduenik 2008ko abenduaren 31n, Batzordeak Erabaki honetan aurreikusitako neurrien aplikazioari, emaitzei eta ebaluazio orokorrari buruzko txosten bat aurkeztuko die Europako Parlamentuari, Kontseiluari, Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Komiteari.

15. artikulua

Indarrean jartzea

Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratzen denetik hogei egunera jarriko da indarrean Erabaki hau.

Estrasburgon egina, 2006ko maiatzaren 17an.

Europako Parlamentuaren izenean

Presidentea

J. BORRELL FONTELLES

Kontseiluaren izenean

Presidentea

H. WINKLER

ERANSKINA

3. artikuluak aipatzen dituen neurrien zenbait alderdi

I. Erkidego-mailako neurriak

1. Bilerak eta ekitaldiak

a) Bileren antolaketa Europar Erkidegoan

b) Europako Urtearen helburuei buruzko kontzientziazio-ekintzen antolaketa, Europako Urtearen hasierako eta amaierako konferentziak barne, txandakako presidentzia betetzen duten Estatu kideei eta urtero burutzekoa den lehen «Berdintasunari buruzko Goi Bilera»-ren antolatzaileei eskainitako laguntzaren bidez.

2. Informazio- eta sustapen-kanpainak

a) Europako Urtearen logotipo ulerterraz eta formatu ezberdinetan eskuragarri bat nahiz ikurritzak sortzea, Europako Urtearekin zerikusia duten neurri guztietan erabiliak izateko.

b) Erkidego-mailako informazio-kanpaina bat;

c) emaitzak nabarmentzeko eta Europako Urtearen helburuak lortze aldera lagungarri diren Erkidegoko ekintzak eta ekimenak azpimarratzeko neurri egokiak;

d) Europako Urtearen inguruko gaietan lorpenak eta esperientziak nabarmenduko dituzten Europa mailako lehiaketen antolaketa.

3. Beste neurri batzuk

Erkidego-mailako inkestak eta ikerlanak, Europako Urtearen inpaktua ebaluatzeko zenbait galdera sartuz, Eurobarometroaren inkesta batean eta Europako Urtearen eraginkortasun eta oihartzunari buruzko ebaluazio-txosten batean ager daitezen.

4. Finantzaketa modu hauetara egin ahal izango da:

¾ ondasunak eta zerbitzuak zuzenean erosiz, bereziki komunikazioen alorrean, enkantean hartzeko eskaintza ireki edo mugatuen bidez.

¾ aholkularitza-zerbitzuak zuzenean erosiz, enkantean hartzeko eskaintza ireki edo mugatuen bidez.

¾ Europako Urtea nabarmentzea eta ezagutzera ematea helburu duten Europa mailako ekitaldi berezietako gastuei erantzuteko dirulaguntzak ematea. Finantzamendu horrek ez du onuradunak egindako guztizko gastuaren % 80 baino gehiago estaliko.

Batzordeak laguntza tekniko edo administratiboa eskatu ahal izango du bere alde edo Estatu kideentzat, adibidez berariazko gai bati buruz kanpoko adituen aholkularitza finantzatuz.

II. Estatu-mailako neurriak

1. Tokiko, eskualdeko edo estatu-mailako neurriek Erkidegoaren finantzaketa eskuratu ahal izango dute, guztizko kostuen % 50eko mugaz Estatu kide bakoitzean.

2. Erabaki hau onartu ondoren, Batzordeak proposamenen deialdi mugatua igorriko die estatu-mailako gauzatze-erakundeei.

3. Estatu-mailako gauzatze-erakunde bakoitzak Erkidegoaren finantzaketa-eskaera bakarra aurkeztuko du proposamenen deialdira. Dirulaguntzen eskaera honetan azaldu beharko dira Europako Urterako estatu-mailako estrategia eta lehentasunak, dagokion Estatu kidean finantzaketa jasotzeko proposatutako neurriak eta neurri indibidual bakoitza ezartzearen ardura duten erakundeak. Dirulaguntzen eskaerarekin batera, aurrekontu xehakatu bat erantsi beharko da, eta aurrekontu horretan, proposatutako neurrien guztizko kostuak eta baterako finantzaketaren zenbatekoa eta iturriak jaso beharko dira. Dirulaguntza jaso dezaketen kostuen artean, estatu-mailako gauzatze-erakundeak egin dituen orotariko pertsonaleko eta administrazioko gastuak sar daitezke.

4. Estatuak Europako Urterako dituen estrategia eta lehentasunak 2. artikuluan zerrendatutako helburuei jarraiki onartuko dira, eta artikulu horretan aipatutako diskriminaziorako arrazoi guztiak modu orekatuan tratatuko direla bermatuko dute.

5. Batzordeak ebaluazio bat egingo du eta, beharrezkoa izanez gero, estatu-mailako gauzatze-erakundeek Erkidegoaren finantzaketa jasotze aldera aurkeztutako eskaerak aldatuak izan daitezen eskatuko du. Erakunde horiek izango dira estatu-mailako neurrien koordinazio eta kontrolaren arduradunak.

6. Tokiko, eskualdeko edo estatu-mailako neurriek barne hartu ahal izango dituzte:

a) Europako Urtearen helburuekin zerikusia duten bilerak eta ekitaldiak, Europako Urteari hasiera emateko ekitaldi bat barne;

b) informazio- eta heziketa-kanpainak, eta Europako Urteak goresten dituen funtsezko printzipio eta balioak hedatzeko neurriak estatu-mailan, lehiaketak antolatzea eta sariak ematea barne;

c) I. Atalaren 3. puntuan aipatutakoez bestelako inkestak eta ikerlanak.

III. Europar Batasunaren aurrekontu orokorretik finantzaketarik jaso ezin izango duten neurriak

Erkidegoak babes morala emango die, Europako Urtearen logotipoa eta harekin zerikusia duten beste material batzuk erabiltzeko baimen idatzia barne, erakunde publiko eta pribatuen ekimenei, betiere erakunde horiek frogatu ahal badute, Batzordearen onespena jasoz, ekimenak Europako Urtean zehar abiatu direla edo abiatuko direla eta Europako Urte horren helburu bat edo batzuk lortze aldera ekarpen esanguratsua egin dezaketela.

[1] EO C 65, 2006.3.17koa, 70. or.

[2] 2005eko azaroaren 16ko Irizpena (oraindik Egunkari Ofizialean argitaratu gabea).

[3] Europako Parlamentuaren Irizpena, 2005eko abenduaren 13koa (oraindik Egunkari Ofizialean argitaratu gabea) eta Kontseiluaren Erabakia, 2006ko apirilaren 28koa.

[4] EO L 180, 2000.7.19koa, 22. or.

[5] EO L 303, 2000.12.2koa, 16. or.

[6] EO L 373, 2004.12.21ekoa, 37. or.

[7] EO C 45 E, 2006.2.23koa, 129. or.

[8] EO C 172, 1999.6.18koa, 1. or. Erakundearteko Hitzarmena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003/429/EE Erabakiak, 2003ko maiatzaren 19koa, aldatua, handitzerako finantza-aurreikuspenak doitzeari buruzkoa (EO L 147, 2003.6.14koa, 25.or.)

[9] EO L 184, 1999.7.17koa, 23. or.

euskal legezalea