52006forulegea,
5/2006 Foru Legea, Nafarroako kooperatibei buruzko 12/1996 Foru Legea aldatzekoa
Nafarroako Parlamentua
5/2006 FORU LEGEA, apirilaren 11koa, Nafarroako kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legea aldatzekoa, gizarte ekimeneko kooperatiben araubidea gehitzeko xedearekin.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela
FORU LEGEA, NAFARROAKO KOOPERATIBEI BURUZKO UZTAILAREN 2KO 12/1996 FORU LEGEA ALDATZEKOA, GIZARTE EKIMENEKO KOOPERATIBEN ARAUBIDEA GEHITZEKO XEDEAREKIN
ZIOEN AZALPENA
Nafarroako kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 64. artikuluan ezartzen denez, lan elkartuko kooperatibak dira pertsona fisikoek nahiz juridikoek osatutakoak, eta haien lanaren bitartez ondasun edo zerbitzuen produkzioan jarduera ekonomikoa edo lanbidezkoa egiten dutenak, horrela enplegu finkoa eskainiz. Bestalde, Kooperatiben zerga-araubidea arautzen duen ekainaren 21eko 9/1994 Foru Legearen 7. artikuluan aurreikusten denez, lan elkartuko kooperatibek babes berezia izanen dute baldintza jakin batzuk betez gero; horien artean, oinarrizkoa da ondasunak eta zerbitzuak ekoiztea hirugarrenentzat.
Gaur egun indarrean dagoen arauak lan elkartuko kooperatibei babesa ematen die, hirugarrenentzat ondasunak eta zerbitzuak ekoiztea xede badute; hala ere, ez ditu formula kooperatibistak garatzen, ezta bereizten ere, kooperatibaren xede diren zerbitzu edo jardueren arabera, eta, jakina, zerbitzu horien artean oso esanguratsuak dira irabazi asmorik gabe eskaintzen diren gizarte zerbitzuak.
Hori dela eta, gaur egungo autonomia erkidegoetako arau askotan gizarte ekimeneko kooperatibak jasotzen dira eta haien xedea zehazten; hain zuzen, haurren eta gazteen babesarekin zerikusia duten zerbitzuak ematea, zaharrei laguntza ematea, hezkuntza berezia, mendekotasuna duten pertsonei laguntza ematea eta abar.
Kooperatiba mota hori eratzea ahalbidetu den autonomia erkidegoetan, hainbat esparru bete dituzte, hala nola egoera ahulean dauden kolektiboentzako enplegurako eta laneratzeko prestakuntza, zaharrei eta haurrei laguntza emateko zerbitzuak, enplegu iturri berriak, laneko segurtasuna eta higienea, ingurumena eta aisialdia.
Autonomia erkidegoetako araubide guztien ezaugarri nagusia, aukeratzen den forma alde batera utzita, irabazi asmorik gabeko kooperatibak izatea da. Halaber, bereizgarria da, kooperatiben berezko izaeraren ondorioz, irabazi horiek banatzeko eta inbertitzeko modua; izan ere, hiru arlo hartzen baitira kontuan: alde batetik, ekonomikoa, irabaziak gizartearen garapenean eta jardueraren hobekuntzan inbertitzeko; bestetik, sozietateena, lan elkartuaren bidez pertsonak sustatzeko eta, jakina, ikuspuntu soziala, kohesioa eta gizarte-justizia sustatzeko.
Horrenbestez, figura horrek abantailak ditu elkartearen aldean; izan ere, kooperatibak asetzen du erakundeari enpresa-egitura taxutuagoa emateko beharrizana. Horretaz gain, horren azpian badira printzipio batzuk, eta printzipio horiek gauzatzeko bazkide guztiek parte hartzen dute helburu sozialak lortu ahal izateko eta kooperatibaren kudeaketa errazteko erabakiak hartzerakoan, kasuan kasuko organoen bidez.
Hori dela eta, kooperatiba mota horren araubideak, arestian azaldutakoekin koherentea izateko, eskatzen du une bakoitzean dagoen edo gizarte zerbitzuei buruzko legediak ezartzen duen erregistroan inskribatzeko aukera ematea eta zerga-araubidea irabazi asmorik gabeko fundazioek, elkarteek eta gainerako entitateek dutenarekin parekatzea.
Hori guztia egin daiteke Nafarroako kooperatibei buruzko uztailaren 2ko Foru Legean aldaketa soil bat eginda, artikulu berri bat gehituz, 74. bis artikulua, alegia, zeinak jasotzen baititu kooperatiba mota horren kontzeptua eta ezaugarriak eta erregistroko inskripzioaren gaia. Horrelako kooperatibei eman beharreko zerga-trataerari dagokionez, azken xedapenetako lehenean ezartzen da Nafarroako Gobernuak kasuko foru lege proiektua igortzea.
Artikulu bakarra. Nafarroako kooperatibei buruzko uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legeari beste artikulu bat gehituko zaio:
74. bis artikulua. Gizarte ekimeneko kooperatibak.
1. Gizarte ekimeneko kooperatibatzat hartuko dira, edozein motatakoak izanda ere, ondoko xede sozialak dituzten kooperatibak: haurren eta gazteen babesarekin zerikusia duten laguntza arloko gizarte zerbitzuak ematea, zaharrei laguntza ematea, hezkuntza berezia, minusbaliotasuna duten pertsonei laguntza ematea, gutxiengo etnikoei, errefuxiatuei, babestu politikoei, partekatu gabeko familia zamak dituzten pertsonei, preso ohiei, alkoholikoei eta toxikomanoei laguntza ematea, gizarteratzea eta delinkuentziari aurrea hartzea edota edozein motatako gizarte bazterkeria jasaten duten pertsonen laneratzea helburu duten jarduera ekonomikoak garatzea, eta oro har, merkatuak asetzen ez dituen gizarte beharrei erantzutea.
2. Ondorio horietarako, irabazi asmorik gabeko kooperatibatzat hartuko dira ondoko baldintzak euren estatutuetan espresuki jaso eta betetzen dituztenak:
a) Izandako irabaziak ezin banatu izatea bazkideen artean.
b) Bazkideek kapital sozialari eginiko ekarpenek, bai nahitaezkoek bai borondatezkoek, ezin sorrarazi izatea diruaren interes legala baino interes handiagorik; hori, halere, ez da oztopo izanen ekarpen horiek gaurkotzeko.
c) Zuzendaritza kontseiluko karguak ordainsaririk jaso gabe betetzea; hori, halere, ez da oztopo izanen kontseilarien lanak sortutako gastuengatik bidezkoak diren ordain ekonomikoak jasotzeko.
d) Bazkide langileen edo, kasua bada, lan-bazkideen eta besteren konturako langileen ordainsariak ez izatea altuagoak sektore horretako besteren konturako langileei aplikagarri zaien hitzarmen kolektiboan jardueraren eta lortutako maila profesionalaren arabera ezarritako ordainsarien 100eko 150 baino.
3. Entitate eta erakunde publikoek bazkide gisa parte hartzen ahalko dute estatutuei jarraikiz ezarriko den moduan.
4. Gizarte ekimeneko kooperatibei, zein motatako kooperatiba izan, hari aplikagarri zaion araudia aplikatuko zaie.
5. 2. idatz-zatian azaldutako baldintzak betetzen dituzten kooperatibek, edozein motatakoak izanda ere, euren izenean agertuko dute "gizarte ekimena" aipamena, betiere Nafarroako Kooperatiben Erregistroak kalifikazio hori eman badie.
6. Artikulu honetan araututako kooperatibek, gizarte-zerbitzuen alorrean jarduteko asmoa baldin badute, une bakoitzean dagoen edo gizarte-zerbitzuen alorreko araudi sektorialak ezartzen duen erregistroan izena eman beharko dute.
Azken xedapenetan lehena._Gobernuak legegintza-ekimena igortzea.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentuari igorriko dio, 2006. urtea bukatu baino lehenago, kooperatiben zerga-araubidea arautzen duen ekainaren 21eko 9/1994 Foru Legea aldatzeko foru lege proiektu bat, gizarte ekimeneko kooperatiben zerga-araubidea ezarriko duena.
Azken xedapenetan bigarrena._Indarrean sartzea.
Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.
Iruñean, 2006ko apirilaren 11n._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.