4/2010 Foru Legea, Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legea aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

4/2010 FORU LEGEA, apirilaren 6koa, Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legea aldatzen duena.

NAO 46.- 2010ko apirilaren 14a

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako,

FORU LEGEA, GARAPENAREN ALDEKO LANKIDETZARI BURUZKO MARTXOAREN 9KO 5/2001 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Parlamentuak Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legea onetsi zuen 2001. urtean, Nafarroako Foru Komunitateak garapen bidean dauden herrialdeekin elkartasunez jokatzeko politika publikoa arautzeko.

Nafarroako Lankidetzarako lehenengo Plan Zuzentzaileak bere ildo estrategikoen artean kudeaketaren kalitatea hobetzea sartu du, eta beste helburu estrategiko batzuen ondoan dago Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren aldeko diru-laguntzen arloan indarra duen araudia egokitu eta garatzea.

Xede horretarako, beharrezkoa da Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legea gaur egungo egoerari egokitzea, zenbait agindu aldatuz. Hala, IV. kapitulua moldatuko da lehenik, Nafarroako Lankidetzarako Plan Zuzentzailearen arabera egokitzeko, bertan lankidetzarako aurreikusi diren modalitateak eta baliabideak jasoz. Halaber, ekitatearen printzipioa jaso da, jada ezarrita zegoen eraginkortasunaren printzipioaz gainera, garapenerako laguntza ofizialaren izaera banatzailea kontuan hartuta. Kapitulu horretan berean sartu dira garapenerako lankidetzari dagokionez diru-laguntzen arloan beharrezkoak diren espezialitateak, laguntza hauek eraginkorragoak izan daitezen eta onuradunentzat bideragarriagoak.

V. kapituluan lankidetzarako eragiletzat jotzen dira garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak, lankidetzarako funtsen 100eko 95 baino gehiago erakunde horiek kudeatzen baitituzte. Gainera, erakunde horiek nahitaezkoa izanen dute Kanpo Arazoetarako eta Lankidetzarako Ministerioko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuta egotea, funts publikoak lortu nahi badituzte.

Zerga arloan, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen zerga araubidea fundazioen araubidearekin (uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean arautuarekin) parekatu da.

VI. kapituluan estilo eta argitasun arrazoiengatik egin dira aldaketak, eta mugatu egin dira lankidetzarako kontu-sailekin ordaintzen ahal diren gastuak.

Azkenik, VII. kapitulua aldatu da, garapenaren nazioarteko lankidetzaren arloko arau-hausteak eta zehapenak eguneratzeko, bai isunen zenbatekoak bai zehapen prozeduraren erregulazioa.

Artikulu bakarra.-Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legea aldatzea.

Garapenaren aldeko lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legean aldaketa hauek egin dira:

Bat.-Honela idatzita agertuko da 3.h) artikulua:

"h) Garapenerako lankidetzaren arloan eskumenak dituzten Nafarroako administrazio publiko guztiak elkarlanean arituko dira, guztiek batera eskura dituzten baliabide publikoak ahalik eta hobekien aprobetxatzeko".

Bi.-Honela idatzita agertuko da 10. artikulua:

"10. artikulua. Nafarroako Garapenaren aldeko Kontseilua.

Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseilua Administrazioaren kide anitzeko organo aholku-emaile eta parte-hartzailea da, Nafarroako Foru Komunitatearen nazioarteko garapenerako lankidetzaren arloko politika zehazterakoan."

Hiru.-Honela idatzita agertuko da 11. artikulua:

"11. artikulua. Kontseiluan ordezkariak izanen dituzten entitateak edo organoak.

1. Kontseiluak departamentu eskuduneko kontseilaria izanen du buru eta honakoek izanen dute eskubidea bertan ordezkaritza izateko: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, zeinak ez baitu inolaz ere izanen kideen gehiengoa; Parlamentuko taldeak (Nafarroako Parlamentuko kide diren edo ez diren ordezkarien bidez); Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa; Nafarroan dauden unibertsitateak; Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten sindikatuak eta enpresa elkarteak eta Nafarroako garapenerako lankidetzako gobernuz kanpoko erakundeak.

Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen kasuan, haien ordezkaritza Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen Koordinakundearen barruan hautatuko da.

Kontseiluko kideak izendatzean, gizonen eta emakumeen ordezkaritza paritarioa sustatuko da.

2. Kontseiluak lehendakariorde bat ere izanen du, kontseiluak berak hautatuko duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari ez direnen artetik.

3. Kontseiluaren barruan Batzorde Iraunkorra eratuko da. Beste batzorde edo lan taldeak ere eratu ahalko dira.

4. Kontseiluaren osaketa, antolamendua eta jardunbidea erregelamendu bidez ezarriko dira, Kontseiluan ordezkaritza duten erakundeak entzun ondoren.

5. Batzorde Iraunkorraren eta, kasua bada, batzordeen eta lan taldeen osaketa, antolamendua eta jardunbidea Kontseiluaren erabaki bidez ezarriko dira, lehendakariaren proposamenari jarraikiz.

6. Kontseilua biltzen ahal izanen da gizarte entitateen ordezkaritzak eskatuta, erregelamendu bidez ezarriko denari jarraikiz.

7. Kontseiluak zilegi izanen du garapenerako lankidetzaren arloko adituen aholkularitza eskatzea."

Lau.-IV. kapituluaren izenburua honako hau izanen da:

"IV. KAPITULUA

Baliabideen esparrua"

Bost.-Honela idatzita agertuko da 13. artikulua:

"13. artikulua. Garapenerako lankidetzaren modalitateak.

Nafarroako administrazio publikoak, garapenerako lankidetzaren esparruan, modalitate hauen bidez arituko dira:

a) Lankidetza ekonomikoa: funts ekonomikoak erabiltzea giza garapen integral, parte-hartzaile eta jasangarrirako programak eta proiektuak sustatzeko, honako arlo hauetan: soziokulturala, instituzionala, ekonomiko-finantzarioa, zientifiko-teknikoa, hezkuntzakoa eta ingurumenekoa; horietan gizarte zibilaren sendotzea bultzatuko da eta giza eskubideak errespetatuko dira.

b) Lankidetza teknikoa: milurte honetako garapen helburuak lortzeko beharrezkoak diren gaitasunak sendotzea bultzatzen duten proiektuetan laguntzea, bai eta herrialde pobretuen garapen endogenoan zuzenean edo zeharka aritzen diren pertsonen eta antolakundeen gaitasuna sendotzeko proiektuetan ere, aholkularitza teknikoaren, prestakuntzaren eta trebakuntzaren eta ikerketa aplikatuaren bidez, eta hori guztia Nafarroako eta herrialde bazkideetako profesionalen eta adituen artean ezagutza trukatuz eta transferituz.

c) Laguntza humanitarioa: laguntza ekonomikoa ematea dela hondamendi naturalengatik dela giza ekintzagatik larrialdian edo berehalako arrisku larrian dauden giza taldeak lagundu eta birgaitzeko proiektuei. Gainera, egoera horietan dauden giza talde zaurgarrien bizitza babesteko helburua ere badu, xede bereizezinak baitira laguntza, babesa eta prebentzioa.

d) Garapenerako hezkuntza: garapenerako hezkuntzako programak eta proiektuak egitea, bai eta iritzi publikoa eta Nafarroako gizartea oro har sentsibilizatzeko ekintzak eta kanpainak ere. Horiek guztiak garapen bidean dauden herrialdeen egoera ulertzera eta haiekiko elkartasuna bultzatzera bideratuta egonen dira. Eragin eta konpromiso politiko eta sozialeko ekintzak ere sartzen dira, bai erakunde publikoenak bai gizarte zibilarenak; eta jarrera etiko eta arduratsuak bultzatzen dituzten ekintzak".

Sei.-Honela idatzita agertuko da 14. artikulua:

"14. artikulua. Jarduteko baliabideak.

Aurreko artikuluan deskribatu diren garapenerako lankidetza modalitateak gauzatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek honako baliabide hauek izaten ahalko dituzte jarduteko, eta horiek erregelamendu bidez garatzen ahalko dira:

a) Garapenerako lankidetza ekintzak sustatzeko funts publikoak erabili ahal izatea.

b) Nafarroako administrazio publikoen lankidetza teknikoa, dela bakarka arituz dela Espainiako aldebiko lankidetzarekin eta alde askotako lankidetzarekin batera arituz.

c) Erakundeen adierazpenak, eta garapen orokor, iraunkor eta harmonikoa sustatzen duten herri ekimenei laguntza ematea".

Zazpi.-Honela idatzita agertuko da 15. artikulua:

"15. artikulua. Eraginkortasuna eta ekitatea.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 5.1 artikuluan ageri diren printzipioez gainera, garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloko diru-laguntzak ekitatearen printzipioari eta aberastasuna birbanatzearen printzipioei jarraikiz emanen dira, foru lege honen 3. artikuluan aipatzen den izaera solidarioarekin bat.

2. Helburuak hobeki erdiesteko eta baliabideei etekin handiagoa ateratzeko, Nafarroako administrazio publikoek kofinantziazio araubidean eginen dituzte ekintzak, lehentasunez; zilegi izanen dute zenbait administrazioren ekarpenekin funtsak eratzea programa edo proiektu komunetarako, eta, bestalde, garapenerako lankidetzan ari diren eragileen arteko informazio trukea bultzatuko dute."

Zortzi.-Honela idatzita agertuko da 16. artikulua:

"16. artikulua. Garapenerako lankidetzan aritzeko diru-laguntzak.

1. Garapenerako lankidetzan aritzeko diru-laguntza guztiak azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren araberakoak izanen dira, eta espezialitate hauetakoak:

a) Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarrietan kontrakorik agertzen ez bada, aurrerakin gisa ordainduko dira.

b) Baldin eta diru-laguntzen aurrerakinak 1.000.000 eurokoak edo handiagoak badira urtean, beharrezkoa den kalifikazioa eduki beharko da edo, bestela, bermeak ezartzea eskatu ahalko da. Kopuru txikiagoak izanez gero, ez da beharrezkoa izanen bermeak ezartzea.

c) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko epeak zenbatzerakoan, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren data hartuko da hasierako datatzat.

Ekintza horiek gauzatzeko epeak hasieran emandako denbora halako bira bitarte luzatzen ahalko dira, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzetan.

d) Baldin eta, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaz gain, funts edo baliabide berekiak nahiz pribatuak edo bestelako diru-laguntza publikoak erabiltzen badira jarduerak kofinantzatzeko, frogatu egin beharko dira funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretara aplikatu izana, entitateak berak emandako ziurtagiriaren bidez funts pribatuen kasuan edo zenbatekoa eta proiektua zehazten dituen aldeko ebazpenaren kopiaren bidez diru-laguntza publikoen kasuan.

e) Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.

f) Laguntzak hartzen dituzten herrialdeetako toki entitateen agiriak egiaztatzeari dagokionez, elkarrekikotasun printzipioa errespetatuko da, haien baliabide fisiko eta materialen errealitatea aintzat hartuta. Ez da inolaz ere eskatuko Espainiako administrazio publiko bati eskatzen zaiona baino agiri gehiago, non eta Kanpo Arazoetarako Ministerioak kontrakoa gomendatzen ez duen.

g) Deialdietako oinarrietan ezarri ahalko da frogagiri gisa onartzea kontabilitateko auditoretzak, baldin eta kontuen zinpeko aztertzaileek eginak badira.

Kontu-auditoreek atzerrian aztertzen badituzte justifikazio-kontuak, azterketa egiten den herrialdean jarduten duten auditoreek egin ahalko dute azterketa hori, baldin eta herrialde horretan lanbidean jarduteko habilitazio-araubidea badago.

Herrialde horretan lanbidean jarduteko habilitazio-araubiderik ez badago, han kokatutako auditore batek egin ahalko du idatz-zati honetan aurreikusitako azterketa, baldin eta Administrazioko organo emaileak berresten badu, hartzailearen proposamenari jarraikiz, haren izendapena, behar bezalako kalitatea ziurtatzen duten irizpide teknikoekin bat.

2. Edozer arrazoi dela eta, Nafarroako aurrekontu orokorretan ezarritako lankidetza-funtsaren gerakin bat baldin badago esleitu gabe, diru-laguntzetarako presako deialdia onetsiko da berriz ere, Nafarroako foru lege honetan ezarritakoan oinarrituz.

Epeei dagozkien arrazoiengatik nahiz beste inguruabar batzuengatik beste deialdi hori egitea ezinezkoa baldin bada, gerakineko kopuru esleitu gabea Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak kudeatuko du zuzenean.

3. Deialdietako oinarrietan zehaztu beharko dira gehieneko epeak, emandako diru-laguntzen balorazioa, ebazpena, azken txostena eta ordainketa egiteko. Prozesu eta epe horiek egokiak eta duden lankidetza-tresnei eta errealitateei egokituak izan beharko dute.

4. Deialdian ezarritako ebazpen- eta ordainketa-epeak betetzen ez badira, emandako kopurua handitu beharko du Administrazioak, entitateek ordaindu behar izan dituzten banku-abalen kostua jaso arte hain zuzen ere.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak behar diren kontrol eta ebaluazio tresnak ezarriko ditu funts publikoak erabiltzean legezkotasuna eta eraginkortasuna berma daitezen, Comptos Ganberak legez bere dituen eskumenak ezertan galarazi gabe".

Bederatzi.-Honela idatzita agertuko da 19. artikulua:

"19. artikulua. Lankidetzaren eragileak.

Foru lege honen ondorioetarako, lankidetzaren eragileak ondoko hauek izanen dira:

-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa.

-Nafarroako toki administrazioak.

-Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak, hau da, legez eratuta dauden eta irabazi asmorik ez duten entitate pribatuak, baldin eta bere helburuen artean edo berariazko xede gisa -beraien estatutuen edo dokumentu baliokidearen arabera- badute garapenerako nazioarteko lankidetzaren jarduketa esparruekin -foru lege honen seigarren artikuluan aipatuekin- lotutako jarduerak gauzatzea. Erakunde horiek Nafarroako Foru Komunitateak garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan dituen solaskide iraunkorrak eta lehentasunezkoak dira; solaskidetasun hori foru lege honen 11. artikuluan xedatutako arloan da eragingarria.

-Entitate eta pertsona juridikoak, beren berariazko helburuen artean garapenerako lankidetza bada, nahiz eta xedeetan irabazi asmoa izan; dena den, irabazi asmoa ez dute aplikatzen ahalko garapenerako lankidetzaren jardueretan, foru lege honen 3. artikuluko i) atalean ezarritako doakotasunaren printzipioari jarraikiz.

-Garapen bideko zein herrialderekin ezarri den lankidetza, herrialde horietako tokiko bazkideak edo kontraparteak".

Hamar.-Honela idatzita agertuko da 21. artikulua:

"21. artikulua. Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen erregistroa.

Garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan eskuduna den Ministerioko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatzea ezinbesteko baldintza da administrazio publikoek ematen dituzten diru-laguntzak edo garapenareko laguntza ofizial gisa konputatzen direnak jasotzeko."

Hamaika.-Honela idatzita agertuko da 22. artikulua:

"22. artikulua. Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen eta haientzako ekarpenen zerga araubidea.

1. Fundazioen tributu araubidea, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean arautzen dena, aplikatuko zaie, Sozietateen gaineko Zergari, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari eta Toki Tributuei dagokienez, foru lege honen 21. artikuluan aipatzen den erregistroan inskribaturik dauden garapenerako gobernuz kanpoko erakundeei.

2. Foru lege honen 6. artikuluak ezartzen dituen ekintza arloetako jarduerak gizarte laguntzatzat hartzen dira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.1.17 artikuluan ezartzen den salbuespena izateari begira.

3. Pertsona fisiko eta juridikoek 21. artikuluan aipatutako erregistroan inskribatuta dauden garapenerako gobernuz kanpoko erakundeei egiten dizkieten ekarpenek eskubidea emanen dute uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen II. tituluko I. eta II. kapituluetan aipatzen diren pizgarriak izateko, bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrietan ezarritakoa kontuan hartuta.

4. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, 21. artikuluan aipatzen den erregistroan inskribatutako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeei aplikatu beharreko zerga araubidea, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean eskatutako baldintzak betetzen ez direnean, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen X. tituluko XII. kapituluan ezarritakoa izanen da."

Hamabi.-Honela idatzita agertuko da 24. artikulua:

"24. artikulua. Administrazio publikoetako langileak.

1. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileek zilegi izanen dute garapenerako lankidetza ekintzetan parte hartzea, bai administrazio horien beren programetan edo proiektuetan bai garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, nazioarteko erakundeen edo beste administrazio publiko batzuen programa edo proiektuetan.

2. Langile horiek beren administrazio publikoaren programa edo proiektuetan parte hartzen dutenean, aldi baterako zerbitzu eginkizuna emanen zaie, eta jarduneko zerbitzuan jarraituko dute ondorio guztietarako, non eta horrek ez dakarren beren lanpostuan ordezkatu beharra.

Kasuan kasuko administrazioak garapenerako nazioarteko lankidetzari begira jartzen dituen kontu-sailen kargura ordainduko dira langile horien parte-hartzeak sortzen dituen joan-etorri, mantenu eta material kostuak.

Administrazio publiko bakoitzak komeni diren aseguru osagarriez hornituko ditu langileak, kasuan kasuko programen edo proiektuen aurrekontuaren kargura.

3. Langile horiek boluntario edo borondatezko lankide gisa parte hartzen badute Nafarroako administrazio publikoen funts publikoekin finantzatutako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen proiektuetan, nazioarteko erakundeen proiektuetan edo beste administrazio publiko batzuen proiektuetan, eta parte-hartze horrek urtean hilabete baino gehiago irauten badu, lanpostuan ordezkatu beharra izan edo ez, zerbitzu berezietara pasatuko dira, aplikatzekoa den araudian administrazio egoera horretarako ezarritako ondorioekin; eta parte-hartze hori urtean hilabete edo gutxiago irauten badu, aldi baterako zerbitzu eginkizuna emanen zaie langileei antolamendu arloko beharrizanek horretarako bide ematen badute, eta ezezkoa ematen bada, berriz, behar bezala arrazoitu beharko da.

Langile horiek zein departamentukoak diren, departamentu horrexek hartu beharko ditu bere gain egoera horietatik heldu diren langile-kostuak, eta nazioarteko erakundeek definitutako Nafarroako Gobernuaren garapenerako laguntza ofizial gisa hartu ahalko dira."

Hamahiru.-Honela idatzita agertuko da 29. artikuluaren 1. idatz-zatia:

"29. artikulua. Garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloko arau-hausteak.

1. Garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloko arau-hausteak dira foru lege honetan eta berau garatzeko arauetan xedatutakoari kontra egiten dioten egite edo ez-egite guztiak."

Hamalau.-Honela idatzita agertuko da 33. artikulua:

"33. artikulua. Zehapenak.

1. Garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloko arau-hausteak ondokoaren arabera zehatuko dira:

1.1. Arau-hauste oso larriek 10.000 eurotik 150.000 eurora bitarteko isuna izanen dute. Zehapenak ezartzeko eskumena duen agintaritzak erabaki dezake, horrez gain, foru lege honen 6. artikuluari dagozkion jardueren finantziaziorako diru-laguntzak lortzeko eskubidea kentzea hiru urtetik bost urtera bitarteko epean.

1.2. Arau-hauste larriek 6.000 eurotik 9.999 bitarteko isuna izanen dute. Zehapenak ezartzeko eskumena duen agintaritzak erabaki dezake, horrez gain, foru lege honen 6. artikuluari dagozkion jardueren finantziaziorako diru-laguntzak lortzeko eskubidea kentzea urte batetik hiru urtera bitarteko epean.

1.3. Arau-hauste arinek 600 eurotik 5.999 eurora bitarteko isuna izanen dute, eta gainera ohartarazpena".

Hamabost.-Honela idatzita agertuko da 36. artikulua:

"36. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da."

Hamasei.-Bigarren xedapen gehigarria horrela geldituko da.

"Bigarren xedapen gehigarria.-Salbuespenezko eta lehentasunezko laguntzak.

Edozein motatako hondamenditatik heldu diren salbuespenezko inguruabarrak edo egoerak gertatzen baldin badira, Nafarroako Gobernuak bereziki hartuko ditu kontuan inguruabar horiek garapenerako lankidetzara bideratutako laguntzak eta herrialdea berreraikitzen laguntzen duten proiektuak sustatzera kudeatzerakoan".

Hamazazpi.-Azken xedapenetako bigarrena honela idatzita agertuko da:

"Azken xedapenetako bigarrena.-Baimena ematen zaio garapenerako lankidetzaren arloko kontseilari eskudunari, Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluari entzun ondoren, epez epe berritzeko foru lege honetan ezarri diren isunen zenbatekoak".

Lehen xedapen iragankorra.-Hasitako prozeduretako diru-laguntzen tramitazioa.

Foru lege honek indarra hartu aurretik hasi diren diru-laguntza prozedurek aurreko legeriaren araberako tramitazioarekin segituko dute, nahiz eta horrek ez duen galaraziko foru lege hau aplikatzea onuradunentzat egokiagoak diren arloetan.

Azken xedapenetan lehena.-Erregelamendu bidezko garapena.

Foru lege honek indarra hartu eta lau hilabeteko epean, erregelamendu bidez garatuko da bermeen sistema, hau da, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16. artikuluko 1.b) atalean aipatzen dena.

Azken xedapenetan bigarrena.-Foru lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean onetsiko da Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluaren osaera eta jardunbidea arautuko duen erregelamendua.

Azken xedapenetan hirugarrena.-Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea aldatzea.

2010eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldien ondorioetarako, Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarriko 1. idatz-zatiaren 3. zenbakia honela idatzita agertuko da:

"3. Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak, garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan eskuduna den Ministerioko Erregistroan inskribatuak nahiz erregistro horretan inskribatu gabe egon arren inskribatzeko eskabide formala egin dutenak, fundazioaren edo elkartearen forma juridikoa badute eta foru lege honetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen badituzte.

Inskribaturik ez daudenen kasuan, inskribatzeko eskabidea egiten denetik sei hilabete igarota inskripziorik egin ez badute, lortutako onura fiskalak eta eskubideak ezeztatuko zaizkie."

Azken xedapenetan laugarrena.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2010eko apirilaren 6an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea