euskadikoerkidegoarenestatutupolitikoa

Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa (2004)

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

EUSKADIKO ERKIDEGOAREN ESTATUTU POLITIKOA

HITZAURREA

Euskal Herria Europako herri guztien artean berezko nortasuna duen herria da, historia, gizarte eta kulturako ondare berezi baten gordailu; bi estatutan kokatuta eta gaur egun hiru eremu juridiko-politiko ezberdinetan antolatuta dauden zazpi lurraldetan du bere leku geografikoa.

Euskal Herriak eskubidea du bere etorkizuna erabakitzeko, Eusko Legebiltzarrean 1990eko otsailaren 15ean gehiengo osoz onartu zen bezala, eta nazioartean aitortuta dagoen herrien autodeterminazio-eskubidearekin bat etorriz, besteak beste Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean eta Ekonomia, Gizarte eta Kulturako Eskubideen Nazioarteko Itunean onetsita baitago.

Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen erabilera honela gauzatzen da: Euskal Herria egun antolatua dagoen hiru eremu juridiko-politikoetako herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko kontsultatuak izateko duten eskubidea errespetatuz, hau da, egungo Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren erabakia errespetatuz, Nafarroako Foru Komunitateko herritarren erabakia errespetatuz eta Iparraldeko euskal lurraldeetako herritarren erabakia –Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrena– errespetatuz.

Hiru zutabe horiekin bat etorriz, eta Euskal Herriaren zati osagarri garenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeek osatutako egungo Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrok, geure borondate demokratikoa erabiliz eta Gernikako Estatutuan eta Espainiako Konstituzioan jasotako gure eskubide historikoak errespetatuz eta eguneratuz, elkarbizitzarako itun politiko berri bat gauzatzeko borondatea adierazten dugu.

Itun politiko hau Espainiako Estatuarekiko harremanerako eredu berri batean gauzatzen da, elkartasun askean oinarritutako eta estatu konposatu, nazio anitzeko eta asimetriko bat garatzeko aukerekin bateragarri den eredu batean.

Aurreko guztiaren ondorioz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrok Estatutu político hau berresten dugu:

ESTATUTU POLITIKOA

ATARIKO TITULUA

1. artikulua.- Euskadiko Erkidegoa

Euskal Herriaren zati osagarri direnez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskal lurraldeak osatzen dituzten herritarrek, antolaketa eta harreman politikoetarako beren esparru propioa askatasunez eta demokraziaz erabakitzeko duten eskubidea erabiliz, euskal nazioaren adierazgarri eta autogobernuaren bermagarri, Espainiako Estatuarekin askatasunez elkartutako euskal erkidego gisa eratzen dute beren burua, Estatua osatzen duten herriekiko solidaritate askean, Euskadiko Erkidegoa edo Euskadi izenarekin, Estatutu honen ondorioetarako.

2. artikulua.- Lurraldea

1.- Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa, Nafarroa Behere eta Zuberoako euskal lurraldeei eskubidea aitortzen zaie harremanetarako lurralde-esparru erkide batean elkarri lotzeko, bakoitza bere lurraldeko herritarren borondatearekin bat etorriz.

2.- Euskadiko Erkidegoaren lurralde-eremuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoek osatzen dituzten egungo mugarteei dagozkien muga geografiko eta administratiboak hartzen ditu. Nolanahi ere, bere hartan dirau Konstituzioko laugarren xedapen iragankorrean jasotako aurreikuspenak.

3.- Euskadiko Erkidegoari atxiki ahal izango zaizkio Trebiñu eta Villaverde Turtzioz barrendegiak, Erkidego horretan integratzearen alde askatasunez eta demokraziaz agertzen direnean, honako prozedura hau betez:

a) Interesa duten udalek eska dezatela Euskadiko Erkidegoan sartzea.

b) Barrendegiko udalerrietako biztanleek hala erabaki dezatela berariaz deitutako erreferendumean emandako baliozko botoen gehiengoz.

c) Eusko Legebiltzarrak eta Estatuko Gorte Nagusiek onar dezatela erabaki hori.

d) Aurreko letran aipatutako instituzioetakoren batek barrendegia Euskadiko Erkidegoan integratzea onartzen ez badu, bitariko batzorde bat sortu beharko dute bi aldeen artean –instituzio horiek izendatutako ordezkariek eta barrendegiko udal ordezkaritzak osatua–, sei hilabeteren barruan negoziazio-prozesu bat aurrera eraman dadin segregazioari buruz –eta, kasua hori bada, atxikitze eztabaidatuari buruz–, barrendegiko herritarren borondate demokratikoa adostasunez gauzatzeko aukera emango duten baldintza politikoak ezartzeko.

3. artikulua.- Ikurrak

1.- Euskadik bere ikur bereziak izango ditu bere nazio-nortasuna irudikatzeko, bai barruan bai kanpoan. Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez arautuko da ikur politikoei zer erabilera eta lehentasun-ordena dagokien Euskadin.

2.- Euskadiko ikurrina gurutze bikoa da, hondo gorrian zeharkako gurutze berdea eta gainean gurutze zuria dituena. Orobat, onartzen dira Euskadi osatzen duten lurralde historikoen bandera eta ikur bereziak.

3.- Eusko Legebiltzarrari dagokio Euskadiren zein bere instituzio propioen hizkuntza-izendapenari buruz egoki iritzitako aldaketak onartzea. Era berean, lurralde historiko bakoitzeko instituzioei dagokie Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren eta beren foru-instituzioen hizkuntza-izendapenei buruz egoki iritzitako aldaketak onartzea.

4. artikulua.- Euskal herritartasuna eta naziotasuna

1.- Euskal herritartasuna dagokie Euskadiko Erkidegoko udalerrietakoren batean administrazio-auzotasuna duten pertsona guztiei. Euskal herritar guztiek, inolako bereizkeriarik gabe, Estatutu honek eta indarrean dagoen antolamendu juridikoak aitortutako eskubide eta betebeharrak izango dituzte Euskadiko Erkidegoan.

2.- Ofizialki aitortzen zaie euskal naziotasuna euskal herritar guztiei, Espainiako Estatuaren nazio-aniztasunarekin bat etorriz. Euskal naziotasuna lortu, gorde eta galtzea, baita egiaztatzea ere, Eusko Legebiltzarreko lege batek arautuko du, Estatuko legeetan Espainiako naziotasunerako ezarritako eskakizun berberei lotuta, eta naziotasun baten eta bestearen gozamena edo egiaztapena bateragarriak izango dira eta legeetan zehaztutako ondorio juridiko guztiak sortuko dituzte.

3.- Inori ere ez zaio bereizkeriarik egingo bere naziotasuna dela-eta, eta nahierara kendu ere ez zaio egingo bere naziotasuna.

5. artikulua.- Euskal diaspora

1.- Euskadiko Erkidegoan beren azken administrazio-auzotasuna izan eta kanpoan bizilekua duten pertsona guztiek, baita horien ondorengoek ere, eskatzen badute, euskal naziotasuna nahiz euskal herritarrei dagozkien eskubide politikoak izan ditzakete, legeek xedatutakoarekin bat etorriz.

2.- Aurreko paragrafoan xedatutakoa bere hartan dela, kanpoan dauden euskal giza talde eta zentroetako kideekin gizarte, ekonomia eta kulturako loturak sustatuko dituzte euskal instituzioek, osotasun-ikuspegia erabiliz. Eusko Legebiltzarraren lege batek arautuko ditu horiekiko harremanak, baita egoki iritzitako eskubide eta prestazioak ere.

3.- Kanpoan dauden euskal giza taldeetako kideei beharrezko laguntza eman ahal izateko, euskal instituzioek lankidetzarako hitzarmen eta itunak izenpetu ahal izango dituzte taldeok dauden herrialdeetako instituzio publiko zein pribatuekin.

6. artikulua.- Nafarroako Foru Komunitatearekiko harremanak

1.- Euskadiko Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak beren herritarren garapenerako eta gizarte, ekonomia eta kulturako ongizaterako egokien irizten dieten lotura politikoak eta barne-harremanak ezarri ahal izango dituzte udalerri eta lurralde mailan, muga bakarra herritarren beren borondatea dela.

2.- Horretarako, erkidego bien artean lankidetzarako hitzarmen eta akordioak egin ahal izango dira bien intereseko arloak garatu eta kudeatzeko; lankidetzarako tresna erkideak ezartzeko aukera ere izan daiteke, horrela onartzen badute erkidego bateko eta besteko autogobernu-instituzioek. Betiere Estatuak errespetatu egingo du erkidego bien artean lankidetzarako hitzarmen eta akordioak egitea, eta, beraz, harreman horiei ez zaie aplikatuko Konstituzioko 145. artikuluan xedatutakoa.

3.- Etorkizunean Euskadiko Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko herritarrek, beren borondatea adieraziz, askatasunez erabakitzen badute elkarri lotzea edo esparru politiko erkide bat eratzea, negoziazio-prozesu bat ezarriko da erkidego bateko eta besteko instituzioen adostasunez, Espainiako Estatuarekin egongo den antolaketa eta harreman politikoetarako esparru berria –kasua hori bada– egituratzeko; nolanahi ere, erkidego bietako herritarrek berretsi beharko dute esparru berri hori.

7. artikulua.- Iparraldeko euskal lurraldeekiko harremanak

1.- Euskal instituzioek lehentasuna emango diete Iparraldeko euskal lurraldeekiko harremanei. Hartarako, Europar Batasunaren esparruan, Pirinioen bi aldeetan kokatutako euskal lurralde eta giza taldeek, mugaz gaindiko lankidetzarako egungo zein etorkizuneko araudiak eskainitako aukerak ahalik eta erarik zabalenean erabili ahal izateko beharrezko akordio eta itunak sinatzea sustatuko da, Euskadiko Erkidegoaren eta Frantziako Estatuan kokatutako euskal lurralde eta giza taldeen artean historia, gizarte eta kulturako lotura bereziak estutzeko, udalerri eta lurralde mailako lankidetzarako tresnak ezartzeko gaitasuna barne dela, alde bakoitzeko herritarren borondatea errespetatuz.

2.- Artikulu honetan xedatutakoaren esparruan, Euskadiko Erkidegoak Euskal Herri osoko behar komunei aurre egiteko lankidetza-organo baten jarduera sustatuko du. Organo horretan, Frantziako Estatuan dauden euskal lurraldeekin batera arituko da Euskadiko Erkidegoa, eta Nafarroako Foru Komunitatearekin batera.

8. artikulua.- Euskara

1.- Euskara, Euskal Herriaren hizkuntza propioa eta Euskal Herri osoaren ondarea, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek dute hizkuntza biok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

2.- Euskal instituzioek, aniztasun soziolinguistikoa kontuan hartuz, hizkuntza bion erabilera bermatuko dute, bion ofizialtasuna arautuz, eta haien ezagutza ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak bideratu eta arautuko dituzte.

3.- Inor ere ezin izango da hizkuntza dela-eta diskriminatu. Beraz, euskal herritar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatuko dira.

4.- Euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia da instituzio aholku-emaile ofiziala.

5.- Euskara beste euskal lurralde eta giza talde batzuen ondare den aldetik, eta erakunde akademiko eta kulturalen arteko harreman eta loturez gain, Euskadiko Erkidegoak lurralde eta giza talde horiekin kultura-harremanak izateko akordio edo hitzarmenak izenpetuko ditu, euskara zaindu eta bultzatze aldera.

6.- Espainiako Estatuak, hizkuntza anitzeko estatua dela aintzat hartuz, euskara errespetatu, sustatu eta babestu egingo du erakunde-eremu guztietan, baita Europar Batasunean eta nazioarteko foroetan ere.

9. artikulua.- Euskal autogobernuaren balioak

Euskal autogobernuaren erabileran, askatasuna, justizia, berdintasuna eta aniztasun politikoa izango dira balio arautzaile; horrez gain, giza eskubideak adierazten diren kanon unibertsaletan jasotako oinarrizko eskubide eta betebeharrak aitortu eta bermatuko dira, eta zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoaren funtsezko printzipioak errespetatuko, kontuan izanik halako estatuaren xede nagusietako bat tolerantziaz eta solidaritatez jokatuko duen gizarte baketsu bat sustatzea dela.

10. artikulua.- Giza eskubideak eta askatasunak

1.- Euskal herritarrek bere dituzte Konstituzioan ezarritako oinarrizko eskubide eta betebeharrak; Europar Batasuneko itunetan ezarritako eskubide eta betebeharrak, Europako herritar direlako dagozkienak, eta, orobat, nazioartean aitortutako banakoen eta taldeen giza eskubideak, bereziki honako hauek: Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean, Ekonomia, Gizarte eta Kulturako Eskubideen Nazioarteko Itunean eta Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean berariaz jasotakoak.

2.- Eusko Legebiltzarrak kontuan hartuko du pertsona guztien giza eskubideak eta askatasun publikoak defendatu eta babesteak euskal instituzioentzat duen lehentasuna. Eusko Legebiltzarraren lege batek arautuko du giza eskubideen eta askatasunen euskal behatoki bat sortzea, pertsona guztien defentsa –inor bereizi gabe egin beharrekoa– zaintzen duen tresna independentea izateko.

11. artikulua.- Euskal herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharrak

1.- Euskal aginte publikoek, beren eskumen-eremuan:

a) Herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilera egokia garatu, zaindu eta bermatuko dute.

b) Euskadiko Erkidegoko politika, ekonomia, kultura eta gizarteko bizitzan herritar guztiek parte har dezaten lagunduko dute, eta gizonezkoek eta emakumeek esparru guztietan benetako berdintasuna izatea zainduko.

c) Gizabanakoen eta giza taldeen askatasuna, segurtasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izateko baldintzak sustatzera eta oztopoak kentzera bideratutako neurriak hartuko dituzte.

d) Bereziki, norberaren nortasuna garatzera, ongizatea handitzera eta bizitzako eta laneko baldintzak hobetzera zuzendutako politika bultzatuko dute.

e) Enplegu betea, ekonomiaren egonkortasuna eta ekonomiaren garapen zuzen eta iraunkorra sustatzera zuzendutako neurriak hartuko dituzte.

2.- Alderdi politikoen, langileen sindikatuen eta enpresaburu-elkarteen bidez herritarrak ordezkatzea nahiz herritarrek politika, ekonomia eta gizarteko bizitzan parte artesa bermatzen duten oinarrizko eskubide eta betebeharrak direla eta, euskal instituzioen esku uzten da eskubide eta betebehar horien erabilerari dagokionez Konstituzioa garatzea Euskadiko Erkidegoaren eremuan.

Ondorio horietarako, Eusko Legebiltzarraren lege batek ezarriko du Euskadiko Erkidegoan alderdi politikoak, langileen sindikatuak eta enpresaburuen elkarteak sortu, aitortu, antolatu eta iraungitzeko araubidea. Estatuko lege organikoek bermatuko dute antolakunde horiek Estatuko Administrazioaren instituzio eta organoen aurrean ordezkaritza eta partaidetza bereizia izatea.

3.- Euskadiko Erkidegoari dagokio Arartekoa instituzioa sortu eta arautzea, Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez. Legebiltzarrak izendatuko du, berari atxikitako organo berezi gisa, herri-administrazioen jarduera ikuskatuz euskal herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharrak defenda ditzan. Arartekoak Legebiltzarrari berari eman behar dizkio kontuak.

I. TITULUA

ESPAINIAKO ESTATUAREKIKO HARREMAN POLITIKORAKO ARAUBIDEA ETA BERMEAK

Lehenengo kapitulua

Elkartasun askeko estatusa

12. artikulua.- Elkartasun askeko araubidea

Euskadiko Erkidegoko herritarrek, beren autodeterminazio-eskubidea erabiliz eta Konstituzioko lehenengo xedapen gehigarrian jasotako eskubide historikoak errespetatuz eta eguneratuz, Espainiako Estatuarekiko harreman politikorako araubide berezi baten bidez iristen dute autogobernua, elkartasun askean oinarrituta. Euskadiko Erkidegoak eta haren ordezkaritza-instituzioek elkarrenganako errespetutik eta elkarren onarpenetik abiatuta ezartzen dute elkartasun askeko harreman hori; nolanahi ere, berrazter daitekeen harremana da, Estatutu politiko honetan ezarritakoaren arabera, Estatutu hau izango baita oinarrizko arau instituzionala aipatutako ondorioetarako.

13. artikulua.- Erabakitzeko eskubidea demokraziaz erabiltzea

1.- Euskal herritarrek askatasunez erabakitzeko eskubidea demokraziaz erabiltzeko, hortik dator-eta Estatutu honen zilegitasun demokratikoa, euskal herritarrei erreferendum bidez kontsulta demokratikoak egitea arautu eta kudeatzeko ahala daukate Euskadiko Erkidegoko instituzioek, bai beren eskumen-eremuko gaiei dagokienez, bai beste euskal lurralde eta giza talde batzuekin izan nahi dituzten harremanei dagokienez, bai eta Espainiako Estatuarekiko eta bertako autonomia-erkidegoekiko harremanei eta Europako eta nazioarteko eremuko harremanei dagokienez ere.

2.- Euskadiko Erkidegoko instituzioek, Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez, erreferendum bidezko kontsultarako eskubidearen erabilera arautuko dute beren lurralde-eremuan, eta, horretarako, erreferendum-motak, kasu bakoitzean jarraitu beharreko prozedura, emaitzak baliozkoak izateko baldintzak eta emaitza horiek antolamendu juridikoan sartzea ezarriko dituzte.

3.- Euskal herritarrek, berariaz egin zaien kontsultan beren erabaki askea demokraziaz erabilita, beren borondate argi eta zalantzarik gabea –baliozkotzat jotako botoen gehiengo osoan oinarritua– adierazten dutenean Estatutu honetan arautzen diren Espainiako Estatuarekiko harreman politikoaren eredua eta araubidea osorik edo funtsean aldatzeko, baita Europarekiko eta nazioartearekiko harremanak aldatzeko ere, euskal instituzioek eta Estatukoek beren buruak behartutzat joko dituzte euskal gizartearen borondate demokratikoa adostasunez gauzatzeko aukera emango duten baldintza politiko berriak ezartzearen alde negoziazio-prozesu bat bermatzera.

Bigarren kapitulua

Autogobernuaren bermeak

14. artikulua.- Estatuarekiko harreman politikorako printzipioak

1.- Estatutu honetan Euskadiko Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren arteko harremanetarako jasotako araubidea instituzioen arteko elkarrekiko leialtasunaren printzipioan, lankidetza-printzipioan eta aginteen arteko orekaren printzipioan oinarritzen den berme juridikoen araubide bat ezartzeari lotzen zaio.

2.- Harremanetarako araubide horrek itun politikoaren izaera duenez, Estatutu honetan lankidetzarako eta gatazkei aurrea hartzeko ezarritako tresna guztiak agortu beharko dituzte bai Euskadik eta bai Estatuak. Beraz, ez batak ez besteak ez du alde bakarreko erabakiz ezarriko edo erabiliko beste aldeak nahitaez bete beharreko hertsatze-neurridun lege-xedapenik.

3.- Orokorrean, Estatuak eta Euskadiko Erkidegoak aldez aurreko kontsultaren eta lankidetza-gutunen bideak erabiliko direla bermatuko dute. Bide horietatik, instituzioek informazioa eta lankidetza eska diezaiokete elkarri askatasunez, beren jarduerak harmonizatzeko eta gerta litezkeen gatazka-egoerei aurrea hartzeko beharrezkoak direnean.

15. artikulua.- Euskadi-Estatua Bitariko Batzordea

1.- Euskadi-Estatua Bitariko Batzordea sortzen da, Estatuko Gobernuak eta Eusko

Jaurlaritzak izendatutako ordezkari-kopuru beraz osatuta.

2.- Euskadi-Estatua Bitariko Batzordea orokorrean gobernuen arteko lankidetzako instituzioharremanez arduratuko da, eta harreman horiek harmonizatuko ditu. Zehazki, honako eginkizunok izango ditu:

a) Oinarrizko eskubide eta betebeharren garapenari eragiten dioten lege-proiektuak aztertu eta horien gaineko txostenak egitea.

b) Gorte Nagusietan edo Eusko Legebiltzarrean araugintzako lankidetzarako errekerimenduak kudeatzea, legeak, arau-xedapenak edo lege-indarreko egintzak izapidetzean Estatuaren eta Euskadiko Erkidegoaren arteko harremanen eta eskumen-banaketaren araubidea urra daitekeela nabaritzen bada.

c) Kanpo-harremanen arloko jardueren koordinazioa eta jarraipena.

d) Estatutu honen arabera legozkiokeen eginkizun guztiak.

3.- Euskadi-Estatua Bitariko Batzordeak bere eginkizunak betetzeaz gainera, Estatutu honetan aurreikusitako politika eta gai zehatzak koordinatzeko beste erakunde bereziek beraiei dagozkienak beteko dituzte.

16. artikulua.- Euskadiren eta Estatuaren arteko Gatazken Auzitegia

Konstituzio Auzitegiaren antolamendu juridiko eta prozesalerako neurri berezi hauek ezartzen dira Euskadiko Erkidegoari dagokionez:

1.- Konstituzio Auzitegian sala berezi berri bat sortzen da, Euskadiren eta Estatuaren arteko Gatazken Auzitegi modura eratuko dena; Euskadiko Erkidegoko instituzio eta aginteekin zerikusia duten konstituzio-kontrakotasuna adierazteko prozedurez eta konstituzio-gatazkez arduratuko da, eta horretarako bereganatu egingo ditu aipatutako ahalen artean Konstituzio Auzitegiaren Osoko Bilkurari dagozkionak.

2.- Euskadiren eta Estatuaren arteko Gatazken Auzitegi modura eratutako Konstituzio Auzitegiko sala berezia sei magistratuz osatuko da. Lehenengo hirurak Konstituzio Auzitegiak izendatuko ditu osoko bilkuran, Senatuak proposatuta, auzitegiko kide diren magistratuen artetik. Beste hirurak izendapen berrikoak izango dira; Erregek edo Erreginak izendatuko ditu, Eusko Legebiltzarrak proposatuta, euskal juristen artetik, eta auzitegiko magistratuek besteko gaitasuna izan beharko dute jurista moduan. Sala bereziko lehendakari, bertako magistratu bat arituko da, txandaka, eta kalitateko botoa izango du.

3.- Eskumen-gatazka negatiboaren prozedura berri bat ezartzen da Konstituzio Auzitegirako; prozedura horretan Eusko Jaurlaritza izango da auzi-jartzaile eta Estatuko Gobernua organo errekeritu, Konstituzioak zein legeek Euskadiko Erkidegoari buruz ematen dizkioten eskurantzak erabiltzeko eskumenik gabekotzat jotzen duenean bere burua azken horrek. Auzitegiaren epaiak errekerimendua bidezkoa ez dela edo, aitzitik, bidezkoa dela ebatz lezake, eta azken kasu horretan epe bat ezarriko du errekeritutako eskurantza epe horretan erabiltzeko.

4.- Euskadiko Erkidegoko aginte eta instituzioek konstituzio-akzio bat aurkeztu ahal izando diote Gatazken Auzitegiari, parte izan ez diren prozesuetan emandako epaiek euskal autogobernuari eragiten ote dioten ebazteko. Akzioa idazki bakar baten bidez izapidetuko da epai horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabeteko epean, epaiak Euskadiko Erkidegoaren eremuan ondoriorik sorrarazten ote duen erabaki dezan Euskadiren eta Estatuaren arteko Gatazken Auzitegiak.

5.- Estatutu politiko honen arabera, euskal instituzioak parte diren konstituzio-prozeduretan era berezian bermatu behar da aginteen arteko orekaren printzipioa, hala, Estatuko Gobernuak euskal instituzioek onartutako arau-xedapenen eta erabakien aurka egiten duenean, xedapen eta erabaki horiek berehala eta besterik gabe etenda gera ez daitezen, Konstituzioko 161.2 artikuluak orokorrean aurreikusi bezala.

Hirugarren kapitulua

Estatutu politikoa aldatzea eta eguneratzea

17. artikulua.- Aldatzeko eta eguneratzeko prozedura

Erabakitzeko eskubidea demokraziaz erabiltzea arautzean ezarritako berezitasunak bere hartan direla, hona Estatutu politiko hau aldatu eta eguneratzeko jarraituko den prozedura:

a) Ekimena Eusko Legebiltzarrari dagokio, legebiltzarkideen bostenaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzari edo Estatuko Gorte Nagusiei.

b) Proposamena Eusko Legebiltzarrak onartu beharko du, gehiengo osoz.

c) Proposamena onartu ondoren, negoziazio-prozesu bat hasiko da euskal instituzioen eta Estatukoen artean, eta gehienez sei hilabeteko epean amaitu beharko da.

d) Akordioak, lortzen bada, Eusko Legebiltzarraren eta Gorte Nagusien onarpena beharko du, eta euskal gizartearen behin betiko berrespena Eusko Jaurlaritzak berariaz deitutako erreferendumean.

e) Akordiorik lortzen ez bada, hasieran onartutako proposamena erreferendum bidez euskal gizarteak berresteko bidean jartzeko eska diezaioke Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari.

f) Euskal gizarteak proposamena berresten badu, Estatuko instituzioekin negoziazio-prozesu berri bati ekingo zaio euskal gizartearen borondate demokratikoa antolamendu juridikoan sartzeko.

II. TITULUA

EUSKADIKO ERKIDEGOAREN AGINTEAK

18. artikulua.- Euskadiren aginteak

1.- Euskadiren aginteak bertako herritarrengandik datoz, eta herritar horiek dute, betiere, beren autogobernu-instituzio propioen bidez aginteok antolatu eta erabiltzeko zilegitasuna.

2.- Euskadiko Erkidegoak Eusko Legebiltzarraren bidez erabiltzen du aginte legegilea, Eusko Jaurlaritzaren eta lehendakariaren bidez aginte betearazlea, eta Aginte Judizialeko Euskadiko instituzioen bidez aginte judiziala, lurralde historikoen foru-araubide berezia errespetatuz eta sistema demokratikoa oinarritzen duten independentziaren eta aginte-banaketaren printzipioekin bat etorriz.

3.- Euskal instituzioek eta Estatuko instituzioek, bakoitzak berari dagokion eremuan, Estatuto honetan xedatutakoarekin bat etorriz erabiliko dituzte beren aginteak, lankidetzan eta elkarrenganako errespetuan oinarritutako alde biko esparruan.

Lehenengo kapitulua

Aginte legegilea. Eusko Legebiltzarra

19. artikulua.- Eginkizunak

1.- Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Erkidegoaren legegintzako ahala erabiltzen du, haren aurrekontuak onartzen ditu eta Eusko Jaurlaritzaren ekintza bultzatu eta kontrolatzen du, betiere lurralde historikoetako foru-instituzioen eskurantza eta eskumenak errespetatuz.

Era berean, Estatutu honek haren ardurapean utzitako gainerako eskurantza eta eskumenak erabiliko ditu.

2.- Eusko Legebiltzarrari dagokio, halaber

a) Euskadiko Erkidegoaren ordezkari izango diren senatariak izendatzea. Eusko Legebiltzarraren beraren lege batek finkatuko du horretarako prozedura, proportziozko ordezkaritza egokia ziurtatuz.

b) Estatuko Gobernuari lege-proiektu bat onar dezala eskatzea edota Kongresuko Mahaiari lege-proposamen bat helaraztea, proiektua edo proposamena Ganbera horretan aldeztuko duten legebiltzarkideak ordezkari izendatuta.

c) Konstituzio-kontrakotasunaren errekurtsoa jartzea.

20. artikulua.- Izaera, osaera eta hautaketa-araubidea

1.- Eusko Legebiltzarra bortxaezina da.

2.- Lurralde historiko bakoitzeko ordezkari-kopuru beraz osatuko da Eusko Legebiltzarra.

Ordezkariok bozketa orokor, aske, zuzeneko eta isilpekoaren bidez hautatuko dira.

3.- Lurralde historikoa da hauteskunde-barrutia.

4.- Proportziozko ordezkaritzaren irizpideari jarraituz egingo da hautaketa lurralde historiko bakoitzean.

5.- Eusko Legebiltzarra lau urterako hautatuko da. Epe hori amaitu aurretik Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Legebiltzarra desegin ahal izango du, eta hauteskundeetara deitu, Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez ezarriko den moduan.

6.- Eusko Legebiltzarraren hauteskunde-lege batek arautuko du legebiltzarkideen hautaketa, eta lege berean finkatuko dira Legebiltzar horren lurralde-eremuan betetako postu edo karguei dagozkien hautaezintasun eta bateraezintasun arrazoiak.

21. artikulua.- Legebiltzarkideen estatutua

1.- Legebiltzarkideak euskal herritarren ordezkari dira.

2.- Botoa pertsonala eta eskuordeezina da.

3.- Euskal legebiltzarkideak bortxaezinak dira, baita beren kargu-aldia amaitu eta gero ere, beren eginkizunak betetzean adierazitako iritziengatik.

4.- Euskal legebiltzarkideak, beren kargu-aldian zehar, ukiezinak izango dira, eta ageriageriko delituengatik bakarrik izan daitezke atxilotuak. Ezin zaie errurik egotzi, ez eta auziperatu ere, Eusko Legebiltzarraren aldez aurretiko baimenik gabe.

5.- Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, jakiten badu euskal legebiltzarkide bat atxilotua izan dela edo epaileen edo Gobernuaren jardueraren batek legebiltzarkidearen ordezkari-lana oztopa dezakeela, behar diren neurriak hartuko ditu berehala Eusko Legebiltzarraren eta legebiltzarkideen eskubideak eta abantailak zaintzeko.

6.- Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez, dagokion araubide juridikoa onartuko da legebiltzarkideei errua egotzi, auziperatu, espetxeratu eta epaitzeko Eusko Legebiltzarrak eman beharreko baimenari buruz.

7.- Euskadiko Erkidegoaren lurralde-eremuan egindako delituei buruz erabakitzeko eskumena Euskadiko Auzitegi Nagusiak du. Euskadiko Erkidegoaren lurralde-eremutik kanpo, Auzitegi Goreneko Zigor arloko Salan eskatu ahal izango da erantzukizun penala, modu berean.

22. artikulua.- Antolaketa eta jarduteko era

1.- Eusko Legebiltzarrak bertako lehendakaria, Mahaia eta Diputazio Iraunkorra hautatuko ditu bere kideen artetik, eta osoko bilkuratan eta batzordetan jardungo du. Berak finkatuko du bere barne-araudia, eta legebiltzarkideen gehiengo osoz onartu beharko da. Berak onartuko ditu bere aurrekontua eta bere langileen estatutua.

2.- Bilkura-aldi arruntek Eusko Legebiltzarraren Araudiak ezarritako iraupena izango dute.

3.- Legebiltzarrak ohiz kanpoko bilkurak egin ahal izango ditu Jaurlaritzaren eskariz, Diputazio Iraunkorraren eskariz nahiz legebiltzarkideen herenaren eskariz. Ohiz kanpoko bilkuretara deitzen denean, gai-zerrendak itxia izan beharko du, eta gai-zerrenda hori amaitutakoan bukatutzat emango dira bilkurak.

4.- Legegintzako ekimena legebiltzarkideei, Jaurlaritzari eta lurralde historikoetako foruinstituzioei dagokie, legeek ezarritako moduan. Legebiltzarkideek eskariak, galderak, interpelazioak eta mozioak aurkeztu ahal izango dituzte, bai osoko bilkuretan bai batzordeetan, araudi bidez ezarritako eran.

5.- Eusko Legebiltzarrak izapidetu beharreko lege-proposamenak aurkezteko herritarren ekimena Legebiltzar horren lege baten bidez arautuko da, gai hori euskal instituzioen eskumen-eremu esklusiboko gaia dela kontuan hartuta. Lege horrek ezin izango du inola ere herritarren hogei mila sinaduraz beheko gutxienekorik eskatu herritarren legeekimenaren tramitazioa onartzeko, eta, betiere, bermatu egin beharko du herritarren ekimenaren ordezkari batek ekimenari buruzko legebiltzar-eztabaidan parte hartzea.

6.- Berebiziko eta presako premia-kasuetan, Jaurlaritzak behin-behineko lege-xedapenak eman ahal izango ditu lege-dekretu eran; xedapenok ezin izango diete eragin Euskadiko Erkidegoko oinarrizko instituzioen antolamenduari, herritarren eskubide, betebehar eta askatasunei, lurralde historikoekiko harremanen eta eskumen-banaketaren araubideari, ez eta barneko hauteskunde-araubideari ere.

Lege-dekretuak berehala eztabaidatu beharko dira Eusko Legebiltzarrean, eta haien testu osoari buruzko botazioa egin beharko da; Legebiltzarra bildurik ez badago, horretarako deia egingo da, lege-dekretua noiz aldarrikatu eta hurrengo hogeita hamar egunean.

Legebiltzarrak, epe horren barruan, lege-dekretua balioetsi edo indargabetzeko erabakia hartu beharko du beren beregi; horretarako, Araudiak prozedura berezi eta sumarioa ezarriko du. Era berean, aipatutako epe horretan bertan, lege-proiektu gisa izapidetzeari ekin dakioke presako prozeduraren bidez.

7.- Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aldarrikatuko ditu Legebiltzarraren legeak, eta onartu eta hamabost eguneko epean Euskadiko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du.

Bigarren kapitulua

Aginte betearazlea. Eusko Jaurlaritza eta lehendakaria

23. artikulua.- Izaera eta eginkizunak

Eusko Jaurlaritza Euskadiren eginkizun betearazle eta administratiboak dituen kide anitzeko organoa da.

24. artikulua.- Antolaketa

1.- Eusko Legebiltzarrak arautuko ditu bai Jaurlaritzaren eskurantzak eta haren antolaketa, oinarritzat lehendakaria eta sailburuak dituena, eta bai Jaurlaritzako kideen estatutua ere.

2.- Euskal herritarrei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak onartuko du grazia-eskubidea, eta antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera erabiliko du.

25. artikulua.- Eginkizunak uzteko araubidea eta erantzukizuna

1.- Eusko Jaurlaritzak bere eginkizunak utziko ditu Legebiltzarrerako hauteskundeak egin ondoren, Legebiltzarraren babesa galtzean edota lehendakariak dimisioa aurkezten duenean edo hiltzen denean.

2.- Eginkizunak utzi dituen Jaurlaritzak jardunean jarraituko du Jaurlaritza berria karguaz jabetu arte.

3.- Jaurlaritzak, bere osoan, Eusko Legebiltzarraren aurrean erantzungo du politikoki bere ekintzez, kide bakoitzak bere kudeaketaren gainean duen zuzeneko erantzukizuna gorabehera.

4.- Jaurlaritzako lehendakaria eta sailburuak beren kargu-aldian ezin izango dira atxilotu ez atxiki Euskadiko Erkidegoaren lurralde-eremuan egindako delituengatik, ageri-ageriko delituak ez badira; betiere, Euskadiko Auzitegi Nagusiari dagokio kargudun horien erruegozte, espetxeratze, auziperatze eta epaitzeari buruz erabakitzea. Euskadiko Erkidegoaren lurralde-eremutik kanpo, Auzitegi Goreneko Zigor arloko Salan argitu ahal izango da erantzukizun penala, modu berean.

26. artikulua.- Lehendakaria

1.- Jaurlaritzako lehendakaria Eusko Legebiltzarrak hautatuko du bere kideen artetik eta Erregek edo Erreginak izendatuko du. Euskal tradizio eta nortasun-ikurren arabera ekitaldi ospetsu batean karguaz jabetu ostean hartuko du indarra lehendakariaren izendapenak.

2.- Eusko Legebiltzarrak lege bidez finkatuko ditu lehendakaria hautatzeko modua, haren eskurantzak eta Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren arteko harremanak.

3.- Lehendakariak izendatu eta bereiziko ditu Jaurlaritzako sailburuak, berak zuzenduko du Jaurlaritzaren lan-jarduna eta berak du, era berean, Euskadiko Erkidegoaren ordezkaritza gorena.

Hirugarren kapitulua

Aginte judiziala. Euskal Kontseilu Judiziala

27. artikulua.- Eskumenak eta jurisdikzio-organoak

1.- Euskal antolaketa judizialak Euskadiko Auzitegi Nagusian du gailurra, eta Euskadiko Erkidegoaren lurralde osoan izango ditu eskumenak; prozesuko instantzia guztiak auzitegi horretan agortuko dira, kasazio-errekurtsoak zein jurisdikzioko arlo guztietako azken instantzia barne.

2.- Euskadiko Erkidegoko jurisdikzio-organoen eskumena, aplikatutako Zuzenbidea zeinahi dela ere, arlo, instantzia eta maila guztietara hedatzen da, eta Estatu osoan salbuespen bakarra Auzitegi Gorenaren jurisdikzioa izango da.

3.- Euskadiko Erkidegoko jurisdikzio-organoen eskumenari buruz, Auzitegi Gorenari dagokio, Aginte judizialeko organo gorena denez, doktrina bateratzea, baldin Zuzenbidea argi eta garbi kontraesanez aplikatzen bada zenbait organo judizialen artean edo Auzitegi Gorenaren beraren jurisprudentziaren aldean. Auzitegi horri dagokio, era berean, Euskadiko Erkidegoko organo judizialen eta Estatuko beste organoen arteko eskumenarazoez eta jurisdikzio-arazoez arduratzea ere.

4.- Euskadiko Erkidegoko jurisdikzio-organoen eskumenari buruz, halaber, artikulu honetan aurreikusi direnak gorabehera, bere hartan dirau oinarrizko eskubideak babestu eta zaintzeaz Konstituzio Auzitegiari dagokion jurisdikzioak, bai eta egun egoísta Estrasburgon duen Giza Eskubideen Europako Auzitegiari dagokionak ere, indarrean dauden bakoitzaren erregulazioen arabera.

28. artikulua.- Aginte judizialaren gobernua. Euskal Kontseilu Judiziala

1.- Euskadiko Erkidegoaren eremuan, Euskal Kontseilu Judiziala deritzon euskal instituzioari dagokio Aginte judizialaren gobernua; Estatuko Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin lankidetza estuan jardunez erabiliko ditu bere eskumenak eta eginkizunak, jurisdikzio batasun eta independentziaren printzipioak babesteko. Nolanahi ere, Euskal Kontseilu Judizialaren eskumenak gorabehera, bere hartan diraute auzitegietako lehendakariei eta gainerako jurisdikzio-organoen titularrei beren eremu organikoan dagozkien eskurantzek.

2.- Euskal Kontseilu Judizialak izendatuko du Euskadiko Auzitegi Nagusiko lehendakaria.

Kontseilu horri dagozkio, halaber, epaitegiak eta auzitegiak ikuskatzeko ahalak, baita Euskadiko Erkidegoan Aginte judizialari eragiten dioten gaietan iritzia ematea eta txostenak egitea ere. Era berean, Euskal Kontseilu Judizialari dagokio, Aginte Judizialaren Lege Organikoan finkatutako oinarrizko eta funtsezko irizpideekin bat etorriz, Eusko Legebiltzarreko legeetan xedatutakoa aplikatzea Euskadiko idazkari, epaile, magistratu eta fiskalen hautaketa, hornidura, karrera eta prestakuntzari dagokienez eta horien diziplina eta ordainketa araubideari dagokionez ere, kontuan hartuta, horretarako, Euskal Zuzenbidea eta euskara jakiteak duen lehentasuna.

3.- Euskal Kontseilu Judiziala Euskadiko Auzitegi Nagusiko lehendakariak eta beste kidetalde batek osatuko dute, eta Auzitegi Nagusiko lehendakaria izango da kontseiluburu. Kide-taldearen osaera eta estatutu juridikoa Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez arautuko dira; horretarako, kideen gaitasuna hartuko da kontuan, batetik, eta kideetako batzuk beren eginkizunak Euskadiko Erkidegoan betetzen ari diren epaile eta magistratuen artetik hautatzea bermatuko duen irizpide mistoa, bestetik.

29. artikulua.- Fiskaltza

1.- Fiskaltzak Euskadiko Erkidegoan izango duen antolaketa eta jarduteko era Eusko Legebiltzarraren lege batek arautuko du, eta legezkotasuna bere osotasunean defendatzeko aginduko dio, jurisdikzioko arlo guztietan antolamendu juridikoak haren ardurapean utzitako akzio guztiak erabiliz.

2.- Euskadiko Auzitegi Nagusiko fiskalburua Euskal Kontseilu Judizialak izendatuko du. Fiskalburu horrek beteko du Euskadiko Erkidegoko fiskaltza guztien eta haien antolaketaren gaineko zuzeneko burutza. Berari dagokio, era berean, fiskalen izendapenerako eta karrerarako proposamena egitea, Euskal Kontseilu Judizialak izenda ditzan, eta, horrekin batera, karguaren berezko gainerako ahalmenak.

30. artikulua.- Justizia Administrazioa

1.- Justizia Administrazioari buruz antolamendu juridikoak zehaztutako ahalmen betearazle eta organiko guztiak erabiliko ditu Euskadiko Erkidegoak bere lurraldean, herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharrak babestea bermatzeko Estatuan indarrean dauden printzipio eta lege prozesal berberak aplikatuz.

2.- Justizia doakoa izango da Euskadiko Erkidegoan, legeak ezarritako moduan; hala izando da, betiere, ekonomia-baliabide nahikorik ez dutela egiaztatzen dutenentzat, defentsa profesional eta independenterako eskubidea bermatuta izan dezaten legeak agintzen duen prozesu guztietan.

3.- Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez garatuko da euskal herritarrek Justizia Administrazioan Zinpekoen Epaimahaiaren bitartez parte hartzeko araubidea.

4.- Euskadiko Erkidegoak eskumen esklusiboa du aginte judizialaren antolamendurako eta lurralde-barrutiak eta hiriburua finkatzeko gaietan; horretarako, epaitegi eta sail berriak sortzeko ahalmena du, baita organo judizial guztiak beharrezko baliabide material, organiko eta pertsonalez hornitzekoa ere.

5.- Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez sortuko dira Euskadiko Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen funtzionario-kidegoak; modu berean ezarriko dira haien estatutu juridikoa eta haien zerbitzu-harremanen araubidea ere.

6.- Eusko Jaurlaritzaren eta Justizia Ministerioaren arteko lankidetzarako beharrezko esparrua ezarriko da, Euskadiko Erkidegoko Justizia Administrazioa ordenaz kudeatzeko eta Estatuko eta Europako eremuekin koordinatzeko.

31. artikulua.- Polizia judiziala

Euskadiko Erkidegoaren eremuan, Ertzaintza izango da Polizia judiziala ondorio guztietarako. Polizia judizial gisa diharduenean, Aginte judizialaren zerbitzuan arituko da, lege prozesalek xedatutako moduan.

III. TITULUA

EUSKADIKO ERKIDEGOAREN EREMUKO HARREMAN POLITIKO ETA INSTITUZIONALERAKO ARAUBIDEA

Lehenengo kapitulua

Euskal instituzioak

32. artikulua.- Euskal instituzioak

Euskal instituzioek Euskadiko Erkidegoaren aginteak erabiliko dituzte, Estatutu honek eta legeek emandako eskurantzekin bat etorriz.

Estatutu honen ondorioetarako, Erkidego osorako instituzio dira Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza eta lehendakaria, eta Euskadiko Erkidegoko Aginte judizialeko instituzioak.

Euskal instituzio dira, halaber, lurralde historikoetako foru-instituzio bereziak, batzar nagusiak eta foru-aldundiak.

Era berean, Euskadiko Erkidegoko instituzio-esparruaren parte dira bertako udal-instituzioak ere.

33.- Hiriburua

Euskadiko Erkidegoko hiriburua, baita Erkidego osorako instituzioen egoitza ere, Eusko Legebiltzarrak izendatuko ditu lege bidez.

Bigarren kapitulua

Instituzionalizazioa eta barne-harremanak

34. artikulua.- Lurralde historikoak

1.- Euskadiko Erkidegoa osatzen duten lurralde historikoetarik bakoitzak bere antolakuntza eta bere autogobernuko instituzio propioak gorde eta eguneratu ahal izango ditu bere eremuan. Historiako tradizioari jarraituz, batzar nagusiak eta foru-aldundiak dira lurralde historiko bakoitzeko foru-instituzioak.

2.- Lurralde historikoetako ordezkaritza-organoak hautatzerakoan, bozketa orokor, aske, zuzeneko eta isilpekoaren eta proportziozko ordezkaritzaren irizpideei jarraituko zaie eta lurralde bakoitzeko eskualde guztiei ordezkaritza egokia bideratuko dieten hauteskundebarrutiak erabiliko dira.

35. artikulua.- Harremanen eta eskumen-banaketaren araubidea

1.- Lurralde historikoen foru-araubide berezia errespetatuz, Erkidego osorako instituzioen eta foru-instituzioen arteko harremanetarako eta eskumenen banaketarako, lankidetza, solidaritatea, subsidiariotasuna eta betearazpeneko federalismoa izango dira kontuan hartu beharreko printzipioak.

2.- Eusko Legebiltzarraren lege batek arautuko ditu harremanen araubidea eta euskal instituzioen arteko eskurantza eta eskumenen banaketa, Estatutu honetan aitortutako ahalmenak eta eskumenak erabiltzeko.

3.- Politika publikoetarako funtzionaltasuna hobetzeko eta modernizatzeko irizpideei jarraituz, lurralde historiko bakoitzaren eskumenen araubide berezia osatuko duen eskumenesparru bat gorde eta eguneratuko dela bermatuko da. Hona eskumen-araubide horretako gaiak:

a) Autogobernuko bere instituzio propioen antolaketa, araubidea eta jarduteko era.

b) Lurraldeko mugak gainditzen ez dituzten udalaz gaindiko lurralde-barrutiak.

c) Udal-hauteskundeen araubidea.

d) Lurralde eta udalerrietako ondasunen araubidea.

e) Errepideak eta bideak.

f) Bere lurraldean zerga-araubidea ezarri eta arautzea, dagozkion zergen ordainarazpen, kudeaketa, kitapen, ikuskapen, berrikuste eta bilketarekin batera, Estatutu honetan euskal instituzioei aitortutako zerga-ahalaren esparruan eta Eusko Legebiltzarrak zerga-harmonizaziorako, koordinaziorako eta lankidetzarako ezarritako arauen esparruan.

g) Eusko Legebiltzarrak legez agindutako beste guztiak.

4.- Foru-instituzioek finantza eta aurrekontuetarako autonomia izango dute, baita beren ogasuna ere, beren ahalmen eta eskumenak egoki erabili eta finantza ditzaten. Era berean, urtero egin eta onartuko du bakoitzak bere aurrekontua, eta bakoitzaren jarduera publikoko diru-sarrera eta gastu guztiak jasoko dira bertan.

5.- Euskadiko Ogasun Nagusiaren eta foru-instituzioen ogasunaren arteko koordinazioa eta harmonizazioa Eusko Legebiltzarrak horretarako emandako arauekin bat etorriz egingo da.

36. artikulua.- Arbitraje-batzordea

Euskadiko Erkidego osorako instituzioen eta lurralde historiko bakoitzekoen artean sortutako eskumen-gatazkak arbitraje-batzorde batek ebatziko ditu, Eusko Legebiltzarrak lege bidez finkatutako prozedurari jarraituz. Batzordea Eusko Jaurlaritzak eta doakion lurraldeko foru-aldundiak askatasunez izendatutako kide-kopuru beraz osatuko da, eta Euskadiko Auzitegi Nagusiko lehendakaria izango du buru.

37. artikulua.- Euskal udalerriak

1.- Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez ezarriko dira euskal udalerrien araubide juridikoa eta haien eskumenen araubidea, baita haien autonomia eta finantza-gaitasuna arautu eta babestuko ere.

2.- Udalerriei buruzko legeak kontuan hartu beharko ditu Tokiko Autonomiaren Europako Gutunean ezarritako oinarrizko printzipioak. Era berean, udal-autonomia bermatu beharko du, erregelamenduak egiteko ahala, bakoitzak bere burua antolatzekoa, finantzatzekoa eta zeinek bere eskumenak kudeatzekoa biltzen dituena, eta, orobat, instituzioen arteko harremanen euskal esparruan parte hartzeko eta politika publikoak taxutzen eta koordinatzen parte hartzeko bermea eman beharko du. Bestalde, udal-instituzioen eta gainerako euskal instituzioen arteko eskumen-gatazkak konpontzeko araubidea ezarriko du.

3.- Eusko Legebiltzarraren legeek ematen dizkieten eskumenak izango dituzte euskal udalerriek, eta subsidiariotasun-printzipioa haztatuz emango dira betiere eskumenok.

IV. TITULUA

AGINTE PUBLIKOAREN ERABILERA EUSKADIKO ERKIDEGOAN

Lehenengo kapitulua

Euskal autogobernua erabiltzea

38. artikulua.- Gizarte eta ekonomia esparrua zuzenduko duten balioak

Euskal aginte publikoek, eragile sozial eta ekonomikoekin batera, ongizateko gizarte-esparru bat bultzatu behar dute solidaritatearen, kohesioaren eta aurrerapen sozial, kultural, ekonomiko eta materialaren printzipioetan oinarritua.

Horrekin bat etorriz, euskal autogobernua aurrerapen etikoko esparru sozial eta ekonomiko batean garatuko da, balio hauek oinarri dituela:

- Pertsonen ongizatea eta bizi-kalitatea.

- Justizia soziala, eta premia handiena duten pertsonekiko solidaritatea.

- Pertsona guztiak hezkuntza, osasun eta gizarte-babeseko sistema egoki eta kalitateko batera iristeko bermea.

- Gizonezkoen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna alor guztietan.

- Aberastasuna ekitatez banatzean oinarritutako gizarte-esparrua.

- Enplegu betea lortzea eta enplegu duina eskuratzeko bermea.

- Lurraldeen arteko eta gizarteko oreka eta kohesioa.

- Euskal instituzio guztiek tolerantzia eta balio demokratikoak bultzatzea.

- Gizarte zibilaren aniztasunaren eta partaidetza demokratikoaren errespetua.

- Garapen iraunkorra.

- Enpresa-askatasuna eta aberastasun-sorkuntza.

- Enpresan parte hartzea eta enpresen arteko lankidetza.

39. artikulua.- Gobernu onerako eta administrazio onerako eskubidea

1.- Euskal aginte publikoek, beren eginkizunak betetzen ari direnean, honako alderdiok zainduko dituzte: arbitrariotasunaren debekua administrazioetan, administrazioen jarduera ona izateko eskubidea, eta helburu politiko-administratiboen eginkizun soziala kudeaketa publikoan.

Horrekin bat etorriz, gobernu onerako eta administrazio onerako eskubidea bermatuko zaie euskal herritar guztiei, eta eduki hauek garatuz gauzatuko da eskubide hori:

- Administrazioaren jarduteko era gardena, eskubideen eta prozeduren gaineko informazioa, erregistro publikoetara iristeko aukera eta administrazioaren jardueraren arrazoi nahikoa.

- Hizkuntza-koofizialtasunaren berme eraginkorra.

- Administrazio-prozeduren funtzionaltasuna, eraginkortasuna eta bakuntasuna, eta saihets litekeen atzerapenik gabeko izapidetzea.

- Administratuek beti fede onez dihardutelako ustea aplikatzea, Administrazioak kontrakorik frogatzen ez duen artean.

- Eragimenaren aldetik, zerbitzu publikoen kostuaren, horien justifikazio sozialaren eta lortutako emaitzen artean egokitasuna izatea.

- Administrazioek jarduera bakoitzean kalitateko ereduen aplikazioa zaindu beharra; horretarako, ematen dituzten zerbitzuen kanpoko ebaluaziorako tresnak ezartzea, administrazio-kontrolez haratago.

- Administrazio-jarduera eskasagatiko erantzukizun oso eta eraginkorra, legeekin bat etorriz.

2.- Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez, euskal herri-administrazioek –zeinek bere araubidearen arabera– eskaini beharreko zerbitzu publikoen gutuna ezarriko da. Gutun horretan, Europako Gizarte Eskubideen Gutunean ezarritako zerbitzuak jasoko dira, eta, halaber, zehatzeko araubide bat ere ezarri ahal izango da betebeharren batzuk ez betetzeak erantzukizun pertsonalik eza edo komunitatearekiko solidaritaterik eza erakusten duen kasuetarako.

40. artikulua.- Gizarte zibilaren parte-hartzea

1.- Euskal aginte publikoek bide egokiak ezarriko dituzte herritarrei gai publikoetan parte hartzea errazteko eta horretara bultzatzeko, bai arlo sozioekonomikoari eta bai gizarte, kultura eta hezkuntzako arloei dagokienez, Eusko Legebiltzarraren lege batek zein beraren arlokako legeek zehaztutako tresnen bidez.

2.- Eusko Legebiltzarrak arautuko du banaka nahiz taldeka eskariak egiteko eskubidea.

Bigarren kapitulua

Aginte publikoa erabiltzeko araubide orokorra

41. artikulua.- Estatuarekiko administrazio-harremanerako printzipioak

Ondorengoak izango dira Euskadiko Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren arteko administrazio-harremanaren oinarrizko printzipioak, bakoitzak bere eskumen edo eskurantzak erabiltzeari dagokionez:

a) Informazio-trukea, koordinazioa eta lankidetza, instituzioen arteko leialtasunarekin bat etorriz eta Estatutu honetan elkarlanerako eta elkarrenganako bermeak izateko ezarritako bideak erabiliz.

b) Alde bakoitzaren ahalen erabilera eta eskumen-eremuak errespetatzea eta bata bestearen eremuan ez sartzea, Estatutu honetan egindako esleipen eta banaketarekin bat etorriz.

c) Subsidiariotasuna, administraziorik egokienaren irizpideari jarraituz, betearazteko ahal publiko guztiak erabiltzerakoan.

d) Jarduerak harmonizatzea, alde bateko eta besteko instituzioen artean desadostasunak sortzen direnean, Estatutu honetan azarritako berme-sistema eta jarduteko modua aplikatzeari utzi gabe, betiere.

42. artikulua.- Politika publikoak eskumenen banaketan

1.- Euskadiko Erkidegoan aginte publikoa nori esleitu eta nola banatu zehazteko orduan, lehentasuna izango du politika publikoak banatzeko irizpideak; gaien banaketa modu subsidiarioan egingo da, eta politika publiko jakin batean jasotzeko.

2.- Estatutu honi dagokionez, honako hau da politika publikoa: euskal herritarrei zerbitzu integrala emateko, instituzioek, behar diren legegintzako eta betearazteko ahalak erabiliz, erabat hezurmamitu eta garatu ditzaketen eskumen-gai eta administrazio-jardueren multzoa.

43. artikulua.- Legegintzako ahalak euskal instituzioen esku uztea

1.- Euskadiko Erkidegoaren eginkizuna izango da bere lurraldean legegintzako ahala erabiltzea Estatutu honetan berariaz Estatuaren esku utzi ez diren politika publiko eta eskumen-eremu guztietan.

2.- Oso-osorik Euskadiko Erkidegoaren esku utzitako politika publiko eta eskumen-eremuetan, horiei buruzko araugintza, legegintza eta erregelamendugintzako edo garapenerako ahalak berarenak baino ez dira izango. Eremu horietan euskal instituzioek sortutako Zuzenbidea izango da Euskadiko Erkidegoan aplikatuko den bakarra; hala dagokionean, ordea, Europako Zuzenbidea aplikatuko da zuzenean, eta orduan euskal instituzioen eginkizuna izango da Europako xedapenak Euskadiko Erkidegoko ordenamendu juridikora ekartzea, beharrezkoa bada.

3.- Estatutu honen arabera, Estatuko lege organikoentzat gordetako gaietan araututakoa Euskadiko Erkidegoan aplikatzekoa bada ere, errespetatu egin beharko da euskal legeek instituzioei buruz araututakoa eta oso-osorik Euskadiko Erkidegoaren esku utzitako politika publiko eta eskumen-eremuei buruz araututakoa.

44. artikulua.- Betearazteko ahalak euskal instituzioen esku uztea

1.- Estatutu honen arabera, Euskadiko Erkidegoarenak dira, orokorrean eta haren lurraldean, politika publiko guztiak betearazteko ahalak, non eta ez diren Euskadiko Erkidegoan bertan ere oso-osorik Estatuaren esku utzitako politika publikoak, Estatutu honetan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.- Euskal instituzioen esku utzitako betearazteko ahaletan sartzen dira betearazte guztiak, bai Estatuko kasuan kasuko legeak betearaztea bai euskal legeak betearaztea; ahal horietan sartzen da legeak garatu, betearazi eta antolatzeko erregelamenduak emateko ahala ere, eta orobat zerbitzuak oso-osorik kudeatu eta administratu ahal izatea, ikuskatu eta berrikusteko eginkizuna barne dela. Horren ondorioz, Euskadiko Erkidegoaren lurralde-eremuan, euskal instituzioek eta instituzio horietako agintariek emandako erregelamendu eta jarraibideak baino ez dira aplikatuko.

3.- Estatutu honetan aurreikusten diren Euskadiko Erkidegoaren eskurantza eta eskumenak Erkidego horren lurralde-eremurako direla ulertu behar da. Euskal instituzioek beren ahal horiek arautzeak edo erabiltzeak kanpoko beste lurralde-eremuren batean eragin badezake, Estatuko edo autonomia-erkidegoko kasuan kasuko agintariekin elkarlan eta lankidetzarako hitzarmenak bideratu beharko dira.

4.- Estatuak bermatu egin beharko du Euskadiko Erkidegoak administrazio-aginte beregainetan, finantza-erakundeetan eta Espainiako enpresa publikoetan zuzendaritza-mailarik gorenean parte hartuko duten ordezkariak izendatzeko duen eskubidea, baldin eta antolakunde horien jardunak Euskadiren eskumen eta interesetan zuzenean zein zeharka eragiten badu.

Hirugarren kapitulua

Estatuaren politika publiko esklusiboak

45. artikulua.- Euskadiko Erkidegoan Estatuaren esku izango diren politika publikoak

1.- Euskadiko Erkidegoarekin duen harremanean, oso-osorik Estatuarenak izango dira legegintzako eta betearazteko ahalak, ondoren zehazten den moduan, jarraian aipatzen diren arloetako politika publikoak taxutu, betearazi eta kontrolatzeko:

a) Espainiako naziotasuna, atzerritartasuna eta asilo-eskubidea, nahiz eta emigrazio eta immigrazioarekin zerikusia duten politikak partekatuak izango diren, Euskadiko Erkidegoaren politika sektorial esklusiboetan eragina duten neurrian.

b) Defentsa eta indar armatuak.

c) Armak eta lehergailuak ekoitzi, salerosi, eduki eta erabiltzeko araubidea.

d) Diru-sistema.

e) Muga eta muga-sarien araubidea.

f) Merkataritzako nabigazioa; ontziei bandera jartzea eta aireontziak matrikulatzea, eta aireko espazioa kontrolatzea.

g) Nazioarteko harremanak, baina, atzerrian eragina duten jarduerei dagokienez, Estatutu honetan Euskadiko Erkidegoari aitortzen zaizkion jarduerek bere hartan dirautela.

2.- Era berean, Euskadiko Erkidegoarekin duen harremanean, Estatuaren esku gelditzen da oinarrizko eskubideen funtsezko edukiaren defentsa bermatuko duten lege komunak emateko ahala, nahiz eta euskal instituzioek izango duten lege horiek garatu eta Euskal Zuzenbide substantiboari egokitzeko gaitasuna, baita lege horiek aplikatzekoa eta dagozkien betearazteko ahalak erabiltzekoa ere.

Hori hala izanik, Estatuari dagokio:

a) Zigor eta prozesu arloko legeria, baina Euskal Zuzenbide substantiboaren berezitasunek bere hartan dirautela.

b) Merkataritzako legeria, salbu merkataritza-izaera duten kontratu-betebeharren oinarrien garapena eta, hala badagokio, administrazio kontratu eta emakiden oinarriena.

c) Legeria zibila, baina Zuzenbide pribatu zibil foralak edo Euskadiko berezkoak bere hartan dirauela.

d) Jabetza intelektualari eta industria-jabetzari buruzko legeria.

e) Pisu eta neurriak, metalen kontrastea, eta ordu ofiziala zehaztea.

Laugarren kapitulua

Euskadiko Erkidegoaren politika publiko esklusiboak

46. artikulua.- Instituzionalizazio eta autogobernuko politikak Euskadiko Erkidegoari dagozkio oso-osorik instituzionalizazio eta autogobernuko politika publikoak. Politika publiko horiek taxutu, betearazi eta kontrolatzeko, euskal instituzioek legegintzako eta betearazteko ahal guztiak izango dituzte honako gai eta eremuetan:

a) Beren buruen antolaketarako eta jarduteko araubide berezia, ikurrak eta autogobernuko instituzioak.

b) Euskadiko Erkidegoko lurralde-barrutiak.

c) Hauteskundeen araubidea.

d) Funtzionarioen estatutu juridikoa.

e) Zuzenbidetik eta berezko antolaketatik datorren administrazio-prozedura; Euskadiko Erkidegoko herri-administrazio guztien erantzukizun-sistema, nahitaez jabetza kentzeko sistema, ondarea eta araubide juridikoa.

f) Elkarteak eta fundazioak.

g) Euskadiko Zuzenbide pribatu zibil foral edo berezkoa. Horren barruan egongo dira:

- Euskadiko Erkidegoaren lurraldean Zuzenbide hori nori ezarriko zaion jakiteko araubidea zehaztea.

- Euskadiko Erkidegoko erregistro eta agerkari publiko zibil guztiak antolatu eta kudeatzea, euskal instituzioen menpean badaude administratiboki edo judizialki.

- Familia Zuzenbideari dagozkion harreman juridiko-zibilak antolatzea, eta horren barruan sartzen dira ezkontza-araubidearen ordezko diren pertsonen arteko elkartze iraunkorrak arautzearen ondorioak ere.

- Ekonomiarekin eta ondarearekin zerikusia duten harreman juridiko-zibilak antolatzea, Estatuak kontratu-betebeharrentzat ezarritako oinarriak errespetatuta.

47. artikulua.- Hezkuntza eta kultura arloko politikak

1.- Euskadiko Erkidegoaren eginkizuna izango da oinarrizko eskubide eta betebeharren garapen konstituzionala, ondorengo arloetako araubide juridikoaz ari garela: hizkuntzen erabilera, adierazpen eta komunikazio askatasuna, hezkuntza-eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna.

2.- Euskadiko Erkidegoaren eskumen esklusibo diren hezkuntza eta kultura arloko politika publikoak taxutu, betearazi eta kontrolatzeko, euskal instituzioek legegintzako eta betearazteko ahal guztiak izango dituzte ondorengo arlo eta eremuetan:

a) Unibertsitateaz kanpoko zein unibertsitateko irakaskuntza, arlo, maila, gradu, molde eta espezialitate guztietan, etengabeko ikaskuntza barne.

b) Lanbide-heziketa, eta horren barruan sartzen dira kualifikazioko eta lanbide-heziketa arautu, okupazional eta etengabeko prestakuntzako azpisistema guztiak.

c) Ikasketa-tituluak eta lanbideetarako tituluak lortu, eman eta homologatzea.

d) Kultura, arte eta monumentu ondarea defendatu eta babestea.

e) Eskulangintza.

f) Museo, liburutegi eta artxiboak.

g) Zinema, arte eszenikoak, kirola eta ikuskizunak.

h) Prentsaren, irratiaren eta telebistaren araubidea, eta, orokorrean, gizarte-hedabide guztiena.

3.- Euskadiko Erkidegoaren kultur nortasun eta ordezkaritzarekin zerikusia duten gaiei dagokienez, Estatuak bermatuko du euskal nortasuna nazioartean ordezkatua egongo dela kirolaren arloko kultur adierazpide guztietan, eta orobat literatura, arte, zientzia eta teknikaren industria, produkzio eta sormenaren arlokoetan, Euskadiko Erkidegoaren ordezkaritza nazioarteko organoetan sartuz eta euskal kultura atzerrian sustatuz.

Horretarako, akordioak izenpetu ahal izango ditu nazioarteko nahiz beste herrialde batzuetako instituzio eta erakundeekin.

4.- Euskadik kirol arloko selekzio nazionalak izateko eskubidea du, eta selekziook nazioarteko lehiaketetan ofizialki parte hartu ahal izango dute.

48. artikulua.- Gizarte eta osasun arloko politikak

Euskadiko Erkidegoari dagozkio oso-osorik gizarte eta osasun arloko politika publikoak.

Politika publiko horiek taxutu, betearazi eta kontrolatzeko, euskal instituzioek legegintzako eta betearazteko ahal guztiak izango dituzte ondorengo gai eta eremuetan:

a) Barruko eta kanpoko osasuna.

b) Farmazia-antolamendua eta osasun arloko eta farmaziako produktuak.

c) Gizarte-laguntza.

d) Adingabeak babestu eta zaintzeko instituzio eta egoitzak.

e) Espetxe eta gizarteratzeko instituzioak eta horien araubidea.

f) Garapen komunitarioa.

g) Genero-berdintasuneko politikak.

h) Haur, gazte eta adinekoen aldeko politika.

i) Immigrazio-politikak.

j) Gizartean eta lan-munduan sartzeko politikak.

k) Aukera-berdintasunerako politikak.

l) Familia babesteko politikak.

49. artikulua.- Ekonomia eta finantzen arloko politika sektorialak

Euskadiko Erkidegoari dagozkio oso-osorik ekonomia eta finantzen arloko politika publiko sektorialak. Politika publiko horiek taxutu, betearazi eta kontrolatzeko, euskal instituzioek legegintzako eta betearazteko ahal guztiak izango dituzte ondorengo gai eta eremuetan:

a) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsa.

b) Energia sortu, banatu eta garraiatzeko instalazioak.

c) Meategien eta energiaren araubidea, eta baliabide geotermikoak.

d) Nekazaritza eta abeltzaintza.

e) Mendiak, baso ustiapen eta zerbitzuak, abelbideak eta larreak.

f) Itsas arrantza eta arrantza-arloaren antolamendua; itsaski-bilketa eta arrain-hazkuntza; ehiza, eta ibai eta aintziretako arrantza.

g) Industria.

h) Telekomunikazioak.

i) Informazioaren eta jakintzaren gizartearekin zerikusia duten teknologia berrien araubidea.

j) Zientzia eta teknika arloko ikerketa.

k) Barruko eta kanpoko merkataritza; feria eta azokak; jatorri-izenak, eta iragarkiak.

l) Zuzenbide publikoko korporazioak, arrantzaleen kofradiak bereziki, eta merkataritza, industria eta nabigazioko ganberak.

m) Elkargo profesionalak eta tituludun lanbideetan aritzea; notarioen, jabetzaerregistratzaileen, truke eta burtsako agenteen eta merkataritza-artekarien araubidea.

n) Turismoa, aisia eta olgeta.

o) Kasinoak, jokoak eta apustuak.

p) Kredituaren, bankuen eta aseguruen antolamendua.

q) Kooperatibak eta Gizarte Segurantzan ez dauden mutualitateak.

r) Kreditu-erakundeak eta aurrezki-kutxak.

s) Merkataritzako burtsak eta salgai eta balioak kontratatzeko gainerako zentroak.

t) Estatistika.

50. artikulua.- Naturako baliabideen, lurralde-antolamenduaren, etxebizitzaren eta ingurumenaren arloko politikak

1.- Euskadiko Erkidegoari dagozkio oso-osorik naturako baliabideen, lurraldeantolamenduaren, etxebizitzaren eta ingurumenaren arloko politika publikoak. Política publiko horiek taxutu, betearazi eta kontrolatzeko, euskal instituzioek legegintzako eta betearazteko ahal guztiak izango dituzte ondorengo gai eta eremuetan:

a) Ingurumena eta ekologia.

b) Industriako isurpenak eta isurpen kutsagarriak.

c) Meteorologiako zerbitzua.

d) Ustiapen hidraulikoak, ubideak eta ureztatzeak, eta ur mineralak, ur beroak eta lurpeko urak.

e) Lurraldearen eta itsasbazterraren antolamendua.

f) Hirigintza eta etxebizitza.

2.- Estatutu honen arabera, Euskadiko Erkidegoaren jabari publikoko ondasun izango dira haren lurraldean dauden naturako baliabideak, eta, bereziki, itsasertza eta hondartzak, itsasoa –hamabi miliaren barruan– eta horietan guztietan dauden baliabide naturalak.

Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez, nazioarteko arau eta itunak errespetatu eta Estatuko legeriaren funtsezko printzipio eta helburuak beteta, ondasun horiek nola administratu, babestu eta zaindu arautuko da.

51. artikulua.- Azpiegitura eta garraio arloko politikak

1.- Euskadiko Erkidegoari dagozkio oso-osorik azpiegitura eta garraio arloko politika publikoak. Politika publiko horiek taxutu, betearazi eta kontrolatzeko, euskal instituzioek legegintzako eta betearazteko ahal guztiak izango dituzte ondorengo gai eta eremuetan:

a) Trenbideak.

b) Lurreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioa.

c) Portuak, heliportuak eta aireportuak.

d) Garraio-gaietako kontratazio-guneak eta zama-terminalak.

e) Herri-lanak.

2.- Estatutu honen arabera, Euskadiko Erkidegoaren erabateko jabetzakoak izango dira osorik edo zati batean Erkidegoaren lurraldean dauden herri-lan eta azpiegitura guztiak, kontuan izan gabe interes orokorrekotzat jota dauden edo ez, eta horien artean daude garraio eta komunikazio sistemen euskarri diren azpiegiturak ere, Erkidegoaren lurraldean dauden edo lurraldetik igarotzen diren zatiei dagokienez.

3.- Euskal instituzioek Estatuarekin eta autonomia-erkidegoekin koordinaturik eta elkarlanean jardungo dute, nork bere interesak babesteko, eta interes orokorreko azpiegitura eta herrilanei buruzko Estatuko oinarrizko legeria eta gai berari buruzko legeria berezia aplikatuko dute, Estatutu honetan xedatuta dagoena betez betiere.

52. artikulua.- Herritarren segurtasunaren eta babes zibilaren arloko politikak

1.- Euskadiko Erkidegoari dagozkio oso-osorik, pertsonak eta ondasunak babesteari begira, segurtasun arloko politika publikoak. Politika publiko horiek taxutu, betearazi eta kontrolatzeko, euskal instituzioek legegintzako eta betearazteko ahal guztiak izango dituzte ondorengo gai eta eremuetan:

a) Agintaritzari eta segurtasunari buruzko eginkizunak.

b) Ertzaintzaren araubidea.

c) Babes zibila.

d) Itsas salbamendua.

e) Motordun ibilgailuen trafiko eta zirkulazioa.

2.- Estatuko segurtasun-indar eta kidegoen esku geratuko dira, Euskadiko Erkidegoan aurrera eramateko, oso-osorik Estatuaren esku utzitako politika publikoak kontrolatzeari lotuta dauden polizia-zerbitzuak, eta horiek baino ez.

3.- Lehendakaria izango da Ertzaintzaren agintari gorena.

4.- Estatuko eta Euskadiko Erkidegoko kide-kopuru beraz osatutako segurtasun-batzorde batek Ertzaintzaren eta Estatuko segurtasun indar eta kidegoen arteko koordinazioa bermatuko du, delituak Euskadiko Erkidegoari eta Estatuari, biei, eragiten dienean.

53. artikulua.- Gizarte, lan eta enplegu arloko politikak

1.- Euskadiko Erkidegoaren esku uzten dira gizarte eta lan arloko eremu propioa ezarri eta arautzeko beharrezko diren ahal eta eginkizun publiko guztiak. Gizarte eta lan arloan dituen eskumenak erabiltzeko, kontuan izango ditu langile eta enpresaburuen oinarrizko eskubide eta betebeharrak, Estatuan eta Europa mailan zehaztuta daudenak.

2.- Euskadiko Erkidegoari dagozkio legegintzako eta betearazteko ahalak lan, enplegu eta prestakuntza arloan eta laneko arriskuei aurrea hartzekoan. Horretarako, eta bere lurraldean, Euskadiko Erkidegoak aipatu diren arlo horiekin zerikusia duten zerbitzu guztiak antolatu, kudeatu eta zaindu ahal izango ditu, horien artean ikuskaritza dela, betiere Estatuarekiko elkarlanean eta lankidetzan.

3.- Euskal instituzioek eskumena izango dute, beren lurralde-eremuan, sindikatuen eta enpresaburu-elkarteen ordezkaritza zehazteko, irizpide erabat demokratikoak erabilita, bai eta negoziazio kolektiboaren araubidea eta eraginkortasuna zehazteko ere, Euskadiko Erkidegoko sindikatuek eta enpresaburu-elkarteek hitzartutakoa errespetatuz.

4.- Euskal instituzioek behar diren alde biko tresnak ezarriko dituzte, bai Estatuarekin eta bai Europar Batasunarekin, lan arloko eskumenak erabiltzerakoan elkarlanean eta lankidetzan aritzeko. Eskumen horiek erabiltzearen ondorioz finantza arloan sortzen diren harremanak, Estatuko edo Europako funtsetan parte hartzea barne, Estatutu honetan aurreikusitako Ekonomia Itunaren sistemari lotu beharko zaizkio, solidaritate-printzipioa kontuan hartuta.

5.- Lan arloko eskumenak erabiltzerakoan, sindikatuen eta enpresaburu-elkarteen partehartze demokratikoaren irizpideei jarraituz jardungo dute euskal aginte publikoek; horrekin batera, lan-baldintzak gizartearen garapen eta aurrerapen mailarekin bat etor daitezen saiatuko dira, eta langileen kualifikazio eta etengabeko prestakuntza sustatuko dute, langileok lanean emango dituzten urte guztietan zehar.

6.- Gizarte eta lan arloko gaietan, Lan Harremanen Euskal Kontseilua izango da euskal instituzioentzako erakunde aholku-emailea, eta sindikatuen eta enpresaburukonfederazioen arteko bilera eta elkarrizketarako organo iraunkorra izango da Euskadiko Erkidegoan. Kontseilu horren helburua negoziazio kolektiboa sustatzea eta lan arloan sortzen diren gatazketan bitartekotza eta arbitrajea bultzatzea da.

Lan Harremanen Euskal Kontseiluak nortasun juridiko propioa eta independentea izango du jaso dituen eskurantzak garatzeko. Eskurantza horiek Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez arautuko dira.

54. artikulua.- Gizarte-babeseko politikak

1.- Euskal aginte publikoek gizarte-segurantzako erregimen publiko bat mantenduko dute herritar guztientzat, eta horren bidez premia sortzen denean behar besteko laguntza eta gizarte-prestazioak izatea bermatuko da.

2.- Euskal instituzioen eginkizuna izango da Estatuak gizarte-aurreikuspenaren eta gizarte-segurantzaren arloan duen legeria garatzea, eta baita gizarte-segurantzaren sistema publikoa kudeatzea ere Erkidegoan; hori guztia aurrekontu propioa izanda egingo da, eta Euskadiko Erkidegoan sorrarazitako kotizazioak eskuratzeko eginkizuna eta bertan egon eta sistemari atxikita dagoen ondarea kudeatzeko eginkizuna ere izango dute euskal instituzioek.

3.- Estatu osoko gizarte-segurantzaren sistemako baliabideen titulartasunaren batasunaren printzipioa bermatuko dute euskal instituzioek. Hori hala izanik, euskal instituzioek sistema horretan parte hartzeko, Estatutu honetan aurreikusitako Ekonomia Itunaren sistemari jarraituko zaio; itun horretan baliabide ekonomikoen joan-etorriak eta ikuskabideak zehaztuta egongo dira, Estatu osoko herritarren arteko solidaritatearen eta bereizkeriarik ezaren printzipioak bermatzeko moduan.

4.- Euskadiko Erkidegoak artikulu honetan aipatu diren arloekin zerikusia duten zerbitzu guztiak antolatu eta administratu ahal izango ditu bere lurraldean, eta gizarte-segurantzaren inguruko instituzio, erakunde eta fundazioen gaineko zaintza egingo du.

V. TITULUA

EKONOMIA, OGASUNA ETA ONDAREA EUSKADIKO ERKIDEGOAN

Lehenengo kapitulua

Aginte publikoaren erabilera ekonomiaren eremuan

55. artikulua.- Estatuarekiko harreman ekonomikorako printzipioak

1.- Estatutu honetan zehazten den eta gaiaren inguruan Eusko Legebiltzarrak emango dituen arauetan zehaztuko den harremanen eta eskumen-banaketaren araubidearekin bat etorriz erabiliko dituzte euskal instituzioek titulu honetan aitortzen zaizkien ahalmen eta eskumenak.

2.- Bestalde, Konstituzioak ematen dizkion ahalmen eta eskumenen erabilera titulu honetan xedatutakoari egokitu beharko dio Estatuak Euskadiko Erkidegoan diharduenean.

3.- Euskadiko Erkidegoaren eta Estatuaren arteko ekonomia eta finantza arloko harremanak, bakoitzak bere ahalmen eta eskumenak erabiltzearen ondorio direnak, bi aldeen artean eramango dira aurrera, eta, horretarako, sistema foral tradizionala erabiliko da, hau da, Ekonomia Ituna, kasuan-kasuan hitzartutako lege edo erregelamendu xedapenen bidez.

4.- Sortzen diren gatazka eta desadostasunak bitariko batzorde batean aztertuko dira, eta, ahal bada, bertan konponduko. Batzordea Euskadiko Erkidegoko eta Estatuko instituzioen ordezkariek osatuko dute, bi aldeek kopuru bera dutela, eta, haren barruan, alde biek osatutako koordinazio, harmonizazio eta elkarlanerako tresnak jarriko dira titulu honetan aitortzen diren ahalmen eta eskumen guztiak behar bezala erabiltzeko eta Estatuko eta Europar Batasuneko politika publikoei egokitzeko.

5.- Bereziki, behar diren bideak irekiko dira euskal instituzioek Europar Batasunean parte hartu ahal izateko, Batasuneko politika ekonomikoa definitzen lagun dezaten, bai eta nazioarteko itun eta hitzarmenetan parte hartu ahal izateko ere, baldin itun eta hitzarmenok eraginik badute titulu honetan aitortzen diren ahalmen eta eskumenen erabileran.

6.- Aurreko paragrafoetan aurreikusitako prozeduraren arabera zehazten den moduan, euskal aginte publikoek, titulu honetan aitortzen zaizkien ahalmen eta eskumenak erabiltzerakoan, solidaritatearen eta lurralde arteko oreka ekonomikoaren printzipioa bete beharko dute, eta, horrekin batera, pertsonek mugitzeko eta kokatzeko duten askatasuna eta ondasun, kapital eta zerbitzuak mugitzeko askatasuna errespetatu eta bermatu beharko dituzte, inolako bereizkeriarik sortu gabe eta enpresen arteko lehia askerako aukerak murriztu gabe.

Bigarren kapitulua

Euskadiko ekonomiaren eta finantzen antolamendua

56. artikulua.- Ekonomiaren jarduera antolatu eta planifikatzea

1.- Euskal instituzioei dagokie oso-osorik jarduera ekonomikoa antolatu eta planifikatzea eta Euskadiko Erkidegoko ekonomiaren garapena sustatu eta bultzatzea, betiere jabetza pribatua izateko eskubidearekin eta enpresen askatasuna errespetatzearekin bat etorriz, merkatu-ekonomiaren esparruan.

2.- Euskal instituzioek jarduera ekonomikoan ekimen publikoa erabili ahal izateko, Eusko Legebiltzarrak baino ez du izango ahalmena oinarrizko baliabide edo zerbitzu batzuk lege bidez sektore publikoaren esku uzteko –bereziki monopolioa legokeen kasuan– eta, interes orokorrak hala eskatuko balu, enpresen gaineko esku-hartzea erabakitzeko.

3.- Ildo beretik, eta Estatuko legeriaren oinarrizko printzipioak errespetatuta, Eusko Legebiltzarraren eginkizuna izango da jabetza pribatuaren eginkizun sozialaren mugak arautzea. Halaber, Eusko Legebiltzarrari dagokio jabetza pribatuaren ondoriozko eskubideen erabileraren mugatze oro arautzea, onura publikoagatik edo gizarteinteresagatik horretarako arrazoi nahikoa baldin badago; dena den, kasu guztietan kalteordaina eman beharko da.

4.- Estatuak behar diren bideak irekiko ditu euskal instituzioek Erkidegoaz gaindiko jarduera ekonomikoaren plangintzan parte hartzeko aukera izan dezaten.

5.- Era berean, euskal instituzioek Estatuko sektore publiko ekonomikoaren kudeaketan parte hartuko dute Erkidegoaren lurralde-eremuan, eta, Estatuarekin ados jarrita, beren ordezkariak izendatuko dituzte Estatuko eta, behar izanez gero, Europar Batasuneko erakunde ekonomikoetarako, kontrol-organoetarako, finantza-erakundeetarako eta Estatuko enpresa publikoetarako, antolakunde horien eskumenak edo eragina Euskadiko Erkidegoaren lurralde-eremura iristen badira.

6.- Euskal instituzioek izango dute lehiaren defentsaren arloan legegintzako eta betearazteko ahala, eta hori hala izango dela zainduko duen erakundea sortuko dute. Erakunde horrek Lehia Babesteko Estatuko Auzitegiarekin eta Europan eta nazioartean gai horretarako dauden erakundeekin koordinatuta jardungo du.

7.- Interes ekonomiko eta sozial guztiek Euskadiko Erkidegoko politika ekonomikoan benetan parte hartu ahal izan dezaten, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Kontseilua izango da euskal instituzioen organo aholku-emailea. Kontseiluak berezko nortasun juridikoa eta bere helburuak betetzeko erabateko gaitasuna eta independentzia izango ditu. Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez arautuko da kontseilua nola osatuko den eta zein eginkizun izango dituen.

57. artikulua.- Finantza-sistema

1.- Euskal instituzioei dagokie oso-osorik Euskadiko Erkidegoko finantza-sistema arautu eta ikuskatzea. Eginkizun horiek betetzeko, kreditu, banku eta aseguruak antolatzeari dagokionez, euskal instituzioak bat etorriko dira Europar Batasuneko eta Estatutu honetan Estatuaren esku uzten den merkataritza-legeria komunaren oinarrizko esparruarekin.

2.- Euskadiko Erkidegoak, Estatuarekin ados jarrita, Estatuko eta, behar izanez gero, Europar Batasuneko finantza-sistema kontrolatzeko instituzio eta erakundeetan parte hartuko du eta horietarako ordezkariak izendatuko ditu, antolakundeon eskumenak edo eragina Euskadiko Erkidegoaren lurralde-eremura iristen badira.

Hirugarren kapitulua

Euskadiko ogasuna eta ondarea

58. artikulua.- Euskadiko Ogasun Nagusia

1.- Euskadiko Erkidegoa titular duten ekonomia-izaerako eskubide eta betebehar guztien multzoak osatuko du Euskadiko Ogasun Nagusia.

2.- Eusko Legebiltzarrak arautuko ditu, lege bidez, Euskadiko Ogasun Nagusiari dagozkion gaiak.

3.- Euskadiko Ogasun Nagusiaren sarrerak honako hauek izango dira:

a) Foru-instituzioek Euskadiko Erkidegoko karga orokor guztiei aurre egiteko egindako ekarpenak, Eusko Legebiltzarraren lege batean xedatuko denarekin bat etorriz.

b) Eusko Legebiltzarrak ezarriko dituen zerga propioen etekinak, Estatutu honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

c) Jabari publikoa erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasa, ondare-prestazio eta beste eskubide ekonomiko batzuen emaitza.

d) Euskadiko Erkidegoan aplikatzekoak diren zergei Eusko Legebiltzarrak ezarritako gainordainak, halakorik erabakiko balu.

e) Europar Batasunetik jasotako transferentziak.

f) Estatuko Aurrekontu Orokorren kontura jasotako transferentziak eta beste diruesleipen batzuk.

g) Beraren ondareak ematen dituen etekinak eta Zuzenbide pribatuko diru-sarrerak.

h) Estatutu honetan aitortzen den ahalaz baliatuta egindako kreditu-eragiketen eta zor-jaulkipenen emaitza.

i) Estatutu honetan eta Eusko Legebiltzarraren legeetan xedatutakoaren arabera ezar litezkeen beste diru-sarrerak.

4.- Euskadiko Erkidegoak, bere eskumen-eremuan diharduela eta bertako Ogasun Nagusiari dagokionez, Estatuari aitortzen zaizkion prerrogatiba berak izango ditu.

59. artikulua.- Euskadiko Aurrekontu Orokorrak

1.- Euskadiko Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek jarduera publiko orokorrean izango diren diru-sarrera eta gastu guztiak jasoko dituzte. Eusko Jaurlaritzak egingo ditu Aurrekontuok, eta Eusko Legebiltzarrak onartuko, berak ezarritako arauekin bat etorriz.

2.- Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez arautuko da Aurrekontu Orokorrak nola egin, aztertu, zuzendu, onartu, aldatu, erabili, likidatu eta kontrolatu, baita, beharrezkoa bada, Aurrekontuok nola luzatu ere.

3.- Euskadiko Erkidegoko aurrekontu-politika Estatukoarekin koordinatu eta harmonizatzeko, hain zuzen ere ekonomiaren eta aurrekontuen egonkortasuna bermatu ahal izateko, Estatutu honetan ekonomia-harremanerako ezartzen diren printzipio eta tresnekin bat etorriz jardungo da.

60. artikulua.- Finantza-autonomia

1.- Euskadiko Erkidegoak zergen eta finantzen arloan autonomia izango du Estatutu honetan aitortzen zaizkion eskumenak garatu eta betearazteko.

2.- Euskadiko Erkidegoaren finantza-jarduera Estatuarenarekin koordinatu eta harmonizatuko da, Estatutu honetan aurreikusten denarekin bat etorriz. Horren arabera, Euskadiko Erkidegoak eta Estatuak finantza arloan elkarrekin lankidetzan jarduteko moduak ezarriko dira, bereziki Erkidegoak Estatuko karga orokorrei aurre egiteko zer-nolako ekarpenak egin beharko dituen, Estatuko diru-sarreretatik zenbat eskuratuko duen eta inbertsio publikoen politikan zer-nolako elkarlana izango duten zehazteko.

3.- Euskadiko Erkidegoak, Estatutu honetan ezarritakoarekin bat etorriz, kupo orokor bat ordainduko du Ekonomia Itunean hitzartutakoaren esparruan, Estatuak Erkidegoaren lurralde-eremuan aurrera eramandako politikei dagozkien karga orokorrak finantzatzeko.

Aipatutako kupo orokorra finkatzeko, bitariko batzorde bat osatuko da; batzordean, alde batetik, ordezkari bana izango dute foru-aldundiek, eta haiek guztira adina Eusko Jaurlaritzak, eta, beste aldetik, gainerako guztiek adina ordezkari Estatuko Administrazioak.

61. artikulua.- Zerga arloko ahala

1.- Euskal instituzioek beren zerga sistema eta araubidea mantendu, ezarri eta arautzeko ahala daukate, beren lurraldean ari direla; sistema hori inola ere ez da izando konfiskatzezkoa, eta berdintasun, progresibitate, ekonomia-gaitasun eta finantza-nahikotasunaren printzipioak izango ditu gidari.

2.- Euskadiko Erkidegoko zerga-sistema osatzen dut en zerga-mota guztiak ordainarazi, kudeatu, likidatu, ikuskatu, berrikusi eta biltzea euskal instituzio eskudunei dagokie.

3.- Artikulu honetan aipatzen den zerga-ahala erabiltzean, euskal instituzio eskudunek honako hauek errespetatu beharko dituzte: Espainiako Estatuak sinatu eta berretsiak dituen nazioarteko hitzarmen eta itunetan edo atxiki zaien haietan xedatutakoa, bai eta Europar Batasuneko zerga-harmonizaziorako arauak ere.

62. artikulua.- Kreditua eta Zor Publikoa

1.- Euskal instituzioek Zor Publikoa jaulki nahiz kredituak eskatu ahal izango dituzte inbertsio-gastuak finantzatzeko, Eusko Legebiltzarrak lege bidez ezarritako moduan.

2.- Euskadiko Erkidegoaren Zor Publikoa eta euskal instituzioek jaulkitako titulu baliokideak funts publikotzat joko dira ondorio guztietarako, eta Estatuko Zor Publikoak dituen anura eta baldintza berak izango dituzte.

63. artikulua.- Ondarea

1.- Euskadiko Erkidegoaren ondarean sartuko dira, inolako salbuespenik gabe, Estatuto honen arabera euskal instituzioek bere egin dituzten eskumen eta zerbitzuei lotuta dauden eskubide eta ondasun guztiak.

2.- Eusko Legebiltzarrak erabakiko du zein euskal instituzioren esku utzi ondasun eta eskubideon jabetza edo erabilera.

3.- Eusko Legebiltzarrak arautuko ditu honako gai hauek: jabari publikoko ondasunen eta herri-ondasunen araubide juridikoa –besterenduezintasun, preskribaezintasun eta enbargaezintasunaren oinarrizko printzipioak errespetatuta– eta ondasun horien jaregitea; jabari pribatuko ondasunen araubide juridikoa; administrazio-emakidak –kontratu-betebeharren oinarriak errespetatuta–, eta Euskadiko Erkidegoaren ondarea administratu, babestu eta zaintzeko modua.

4.- Euskal instituzioek Euskadiren ondare historiko, kultural eta artistikoa nahiz ondare horretako ondasunak zaintzea bermatuko dute, eta ondare eta ondasunon aberastea sustatuko, horien araubidea eta titulartasuna edozein izanda ere.

64. artikulua.- Herri Kontuen Euskal Epaitegia

1.- Herri Kontuen Euskal Epaitegia izango da Euskadiko Erkidegoko sektore publikoaren ekonomia eta finantza jarduera ikuskatuko duen organo goren eta bakarra.

2.- Zuzenean Eusko Legebiltzarraren menpe dagoen organoa den aldetik, bere eginkizunak Legebiltzarraren izenean eramaten ditu aurrera, eta Euskadiko Erkidegoaren lurralde osoan du jurisdikzioa.

3.- Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kideek epaileek duten independentzia eta aldaezintasun bera izango dute.

4.- Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez arautuko da epaitegia nortzuek osatuko duten, nola antolatuko den eta zein eginkizun izango dituen, baita zer-nolako berme eta prozedurak izango diren ere ikuskatze-lana aurrera eramateko eta kontabilitate-erantzukizuna auzipetzeko.

VI. TITULUA

EUROPAKO ETA NAZIOARTEKO EREMUAREKIKO HARREMAN POLITIKORAKO ARAUBIDEA

Lehenengo kapitulua

Europarekiko harremanak

65. artikulua.- Europar Batasuna

1.- Estatutu honetatik sortutako konpromisoak Europar Batasuneko itunetan jasoko ditu Estatuak, beharrezkoa den moduan, Europan konpromiso horiek aitortu eta errespetatuko dituztela bermatzeko.

2.- Europar Batasuneko araudiarekin bat etorriz, Euskadiko Erkidegoak zuzeneko ordezkaritza izango du Europar Batasuneko organoetan. Horretarako, Espainiako Gobernuak behar diren bideak irekiko ditu Eusko Jaurlaritzak Batasuneko instituzioetako erabakiak hartzeko prozeduretan modu aktiboan parte hartzeko aukera izan dezan, erabakiok Erkidegoaren eskumeneko gaiei eragiten badiete.

Era berean, euskal instituzioen ordezkariak Estatuak Europar Batasuneko Ministroen Kontseilurako izendatuko dituen ordezkaritzetako kide izango dira, oso-osorik Erkidegoaren eskumenekoak diren politika publikoei buruzko gaiak direnean kontseilukoak.

3.- Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak beharrezko koordinazio-sistemak jarriko dituzte Batasuneko funtsak taxutu, programatu, banatu eta betearazteko prozesuetan benetan parte hartzeko aukera bermatuta izan dezan Euskadiko Erkidegoak.

4.- Euskal instituzioen eginkizuna izango da Batasuneko zuzentarauak legerian txertatzea beren eskumen-eremuan.

5.- Euskal instituzioek Europako Justizia Auzitegira jotzeko aukera izatea bermatuko du Estatuak, haiek zuzenean jotzeko eskubidea Europako araudian aurreikusita ez dagoen guztietan.

6.- Euskadiko Erkidegoa hauteskunde-barruti bakarra izango da Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan.

66. artikulua.- Europako mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza

1.- Euskal instituzioek, subsidiariotasun-printzipioa oinarri hartuta, mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza bultzatuko dute Europar Batasunaren eremuan, lankidetza hori baita printzipio demokratiko, sozial eta federatiboetan oinarritutako Europa eraikitzeko oinarrizko tresna. Europa horretako herriak eta eskualdeetako giza taldeak osatzen dituzten herritarren aitormenak kultura aberastea eta demokrazian sakontzea dakar.

2.- Euskadiko Erkidegoak Europar Batasunaren esparruan euroeskualde bat sortzea bultzatuko du. Euroeskualde horretan, Euskal Herria osatzen duten lurralde historiko guztiak sartuko dira, bai eta, hala badagokio, Euskal Herriarekin lotura historiko, sozial, ekonomiko eta kultural garrantzitsuak dituzten hurbileko beste eskualde batzuk ere.

Bigarren kapitulua

Kanpo-harremanak

67.- artikulua.- Kanpo-ordezkaritza

1.- Euskadiko Erkidegoaren lurraldetik kanpo, euskal instituzio publikoek behar diren jarduerak eramango dituzte aurrera euskal herritarren interesak defendatu eta sustatzeko, eta, horretarako, akordio, hitzarmen eta protokoloak izenpetu ahal izango dituzte nazioarteko instituzio eta erakundeekin beren eskumen-eremuetan.

2.- Helburu horiek lortzeko, behar diren giza baliabideak eta bitarteko materialak jarriko dira Eusko Jaurlaritzaren kanpo-ekintzarako; beharrezkoak badira, ordezkaritza-bulegoak eta ordezkaritzak sortuko dira atzerrian, eta horien estatutua Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez arautuko da.

3.- Euskadiko Erkidegoak zuzeneko ordezkaritza eduki ahal izango du nazioarteko erakundeetan, bereziki hizkuntza, kultura, bake, giza eskubideen defentsa nahiz lankidetza, garapen iraunkor eta ingurumenarekin zerikusia dutenetan, erakunde horien araubideak berak kide izateko eta parte hartzeko aukera ematen badu.

4.- Atzerriko euskal etxeek aitormen ofiziala izango dute, eta funtsezko tresna izango dira Euskadiko Erkidegoaren eta atzerrian bizi diren euskal giza taldeetako kideen arteko loturei eusteko, baita berak dauden herrialdeekin merkataritza, kultura, politika nahiz instituzio arloko harremanak garatu eta bultzatzeko ere.

68. artikulua.- Nazioarteko itun eta hitzarmenak

1.- Espainiako Gobernuak Euskadiko Erkidego osorako instituzioen baimena behar izando du, aldez aurretik, Estatutu politiko honetan jasotako eskumenak aldatu edo mugatzea dakarten nazioarteko itun edo hitzarmenak izenpetzeko.

2.- Eusko Jaurlaritzak parte hartuko du Espainiako Gobernuak nazioarteko itun eta hitzarmenak lortzeko egingo dituen negoziazioetan, horietan inplikatuta dagoen heinean, bai eta mugen arloko legegintzako proiektuetan ere, Euskadiko Erkidegoarentzat interes berezia duten gaiei dagozkienean.

3.- Euskadiko Erkidegoak betearaziko ditu nazioarteko itun eta hitzarmenak haren eskurantza eta eskumenei eragiten dien guztian.

Hirugarren kapitulua

Garapenerako lankidetza

69. artikulua.- Solidaritatea eta garapenerako lankidetza

Euskadiko Erkidegoak garapen bidean diren herrialdeekiko solidaritate eta lankidetzako politika garatu ahal izango du bere kabuz, eta, horretarako, beharrezko akordio eta programak ezarriko ditu hartzaile izango diren herrialde eta eskualdeekin, baita gobernuz kanpoko erakunde eta instituzio publiko eta pribatuekin ere, lankidetza-politikok eraginkorrak izango direla bermatzeko beharrezkoa denean.

Xedapen gehigarria.- Eskubide-erreserba

Estatutu hau onartzeak ez du esan nahi Euskal Herriak bere historiaren arabera dagozkion eskubideei uko egiten diela, ezta bere borondate demokratikoaren arabera askatasunez erabakitzeko eskubidea erabiltzeari uko egiten diola ere.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.- Estatutu hau indarrean sartu eta gehienez ere sei hilabete igaro baino lehen, Euskadiko Erkidegoa bere autogobernu-araubidearen arabera dagozkion ahal, eginkizun eta zerbitzu guztiak materialki bere egin eta horiek osotasunean erabiltzen hasiko da, eta hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoak dagoeneko bere eginda dituen eskumenak erabiltzen jarraitu eta horietan guztiz subrogatuta.

2.- Sei hilabeteko epe horretan, Eusko Jaurlaritzako eta Estatuko Gobernuko kide-kopuru berberaz osatutako transferentzien bitariko batzorde batek, aldi batean eta behin betiko, behar diren akordioak ezarriko ditu zerbitzu publikoek jarraituko dutela bermatzeko eta Estatua titular duten giza baliabideak eta bitarteko materialak eskualdatzeko, eta, hori eginda, hurrenez hurren Euskadiko Erkidegoan integratuta geratuko dira edo Erkidegoa bihurtuko da haien titular bakar, autogobernu-araubidearen arabera. Ondorio horietarako, bitariko batzordearen aktak eta Estatuaren inbentario eta agiri ofizialetarako egindako egiaztagiriak nahikoa izango dira ondasunok kasuan kasuko errolda ofizialetan titulazioa jasota uzteko eta inskribatzeko.

Aipatutako bitariko batzorde horrek Euskadiko Erkidegoaren eta Estatuaren arteko kasuan kasuko finantza arloko akordioak onartu eta finantzon joan-etorria erregularizatuko du.

Bitariko batzordean akordiorik ez badago ere, beretutako eskurantza edo eskumenak erabili ahal izango ditu Euskadiko Erkidegoak; eskura dituen finantza baliabide eta bitartekoekin erabili ahal izango ditu, baina aukera izango du, gerora, Estatuari atzerapenaren ondorioz sortu diren kalte eta galeren ordaina eskatzeko, Euskadiko Auzitegi Nagusira jota.

3.- Estatutu hau indarrean sartzen denean, indarrean jarraituko du une horretan Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den Zuzenbideak, Estatutu honetatik sortutako Zuzenbidea aldarrikatzen den arte, Erkidegoaren autogobernu-araubidearen arabera dagokion unean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa

Estatutu politiko honetan Euskadiko Erkidegoaren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman politikorako eredua eta araubidea arautzen dira. Estatutu hau, indarrean sartzen denean, Euskal Herrirako Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako ereduaren eta araubidearen ondorengoa eta ordezkoa izango da, eta Estatutu honetan jasotakoaren aurka doazen lege eta xedapen guztiak indargabetuta geldituko dira.

Bigarrena

Estatutu politiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko abenduaren 30a.

euskal legezalea