82008legea,gizartebazterkeriarenaurkakol

8/2008 Legea, Gizarte bazterkeriaren aurkako Legea eta Gizarte eskubideen Agiriaren Legea aldatzekoa

Eusko Legebiltzarra

8/2008 LEGEA, EKAINAREN 25EKOA, GIZARTE BAZTERKERIAREN AURKAKO LEGEA ETA GIZARTE ESKUBIDEEN AGIRIAREN LEGEA ALDATZEKOA

EHAA 127/2008.07.04

ZIOEN AZALPENA

Maiatzaren 22ko 12/1998 Legeak, gizarte-bazterkeriaren aurkakoak (honako lege hauek aldatu zuten ondoren: 8/2000 Legeak eta 9/2000 Legeak, biak azaroaren 10ekoak; ekainaren 25eko 4/2003 legeak; eta otsailaren 18ko 4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak) bazterkeria pertsonalaren, sozialaren eta lanekoaren arriskuei aurre egiteko eta bizimodu beregaina egiteko baliabide pertsonal, sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenak gizarteratzen laguntzeko behar ziren lanabesa sozialak eta prestazio ekonomikoak ezarri zituen.

Era berean, abenduaren 27ko Gizarte Eskubideen Agiriaren 10/2000 Legeak ere eragin dio Gizarte Bazterkeriaren aurkako Legeari, aurka ez doan guztian. Lege honek oinarrizko errenta baterako eskubidea aitortzen du, eta, horretarako, alde batetik, prestazioa bera bermatzen du, eta, bestetik, pertsona guztiek eskubidea izango dutela diru-sarrera batzuk eskuratzeko, beren herritar-eskubideak eta oinarrizko eskubide sozialak gauzatzeko eta kausa ekonomikoek eragindako gizarte-bazterkeria saihesteko, eta, era horretan, pobrezia-egoerak ezabatzeko.

4/2007 Legea, ekainaren 22koa, Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea eta Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea aldatzekoa.

Hala, 8/2000 Legeak erantsitako aldaketa horrek aukera eman zuen oinarrizko errenta hori 60 urtetik gorako pertsonentzat ere hedatzeko, ordura arte babes-neurri horretatik kanpo baitzeuden. Azken baldintza horri eustearen ondorioz, oinarrizko errentaren zenbait eskubidedunek, adin hori iritsita, galdu egiten zuten delako prestazio hori jasotzeko eskubidea, eta beste laguntza eta prestazio batzuk (ekonomikoak, medikuntzakoak, farmaziakoak eta sozialak) jasotzeko eskubidea hartzen. Baina horrek, aldi berean, kalte nabarmena eta bidegabea eragiten zien beren gizarte-eskubideak baliatzeko babesa eta laguntza bereziki behar zuten pertsona horiei; kalte ekonomikoa eragin ez ezik, gizarteratzeko oztopoa ere jartzen zien.

Egoera oker hori konpontzeko, Eusko Legebiltzarrak, 1999ko azaroaren 26an hartutako erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioei eskatu zien egin zitzatela beharrezkoak ziren legezko aldaketa guztiak honako helburu hau lortze aldera: errenta hori lortzeko baldintza guztiak –gehienezko adina izan ezik– betetzen zituzten pertsona guztiek aukera izatea oinarrizko errentaren bidez oinarrizko beharrak eta gizarteratze-prozesuak eragindako beharrak asetzeko. Legebiltzarraren erabakian esaten zenez, aldaketa horren ondorio ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura joan behar zuten.

Harrezkero, babes- eta gizarteratze-neurrien gainean hurrenez hurren egin diren ebaluazio-azterlanek argi erakutsi dute 60 urtetik gorako pertsonek eta pentsionistek (oro har) duten garrantzi geroz eta handiagoa, lehendik aurreikusita zeuden tresnen esparruan. Egun, Oinarrizko Errenta jasotzen duten Pertsonen gaineko Azterlanak emandako datuen arabera (Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Sailak argitaratu du berriki), oinarrizko errentarako eskubidea duten guztien % 15 pentsiodunak dira.

Horren zifra garrantzitsu batek zalantzarik gabe erakusten du diru-sarrerak beste bide batzuetatik osa­tzeko aukera gutxi dituzten pertsonei pentsioen bidez bermatzen zaizkien diru-sarrerak ez direla aski, zeren eta, kasu batzuetan izan ezik, dagoeneko ezin baitute lan-merkatura sartu, dela adinagatik edo dela lanik ezin egiteagatik.

Pertsona horiei prestazioa eskuratzeko aukera ematea aurrerako pausu bat izan da, zalantzarik gabe, baina egun oinarrizko errenta arauturik dagoen eran, prestazioa egiaz eskuratzeko aukera aski urriturik dago, pertsona horien diru-sarreren maila txikiak kasu bakarrean ematen baitie eskubidea: elkarbizitza-unitateak guztira jasotzen dituen diru-sarrerak aski ez direnean, hain zuzen ere. Ikuspegi horretatik begiraturik, beharrezkotzat jo da kasu horietarako tratu berezi bat ezartzea. Izan ere, guztirako diru-sarreren arau orokor horrek familia-elkartasunaren logikari eta elkarbizitza-unitateen eskala-ekonomiako arrazoiei jarraitzen dien arren, egia da orobat pentsio bat jasotzen duten pertsonek oso aukera gutxi dituztela beren egoera ekonomikoa beste diru-iturri batzuen bitartez aldatzeko, eta beregaintasunerako eta nork bere burua aski izateko aukerak oso urriturik geratzen direla.

Euskadiko Autonomia Estatutuak (Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa) I. tituluaren ("Euskal Herriari dagozkion eskumenak" izenekoa) 10. artikuluko 12. eta 39. paragrafoetan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio gizarte-laguntzaren arloko eta hirugarren adinekoen aldeko politikaren arloko eskumen esklusiboa. Oinarrizko errenta babes-neurri bat izanik, autonomia-erkidegoak gizarte-laguntzarako duen eskumenean oinarriturik arautzen eta gauzatzen da, babesten dituen egoera guztien ezaugarri erkidea horixe baita: laguntza hori hartuko duen elkarbizitza-unitatearen diru-sarreren mailaren eskasia, alde batera utzita nolabaiteko diru-sarrerarik duen edo ez, eta, diru-sarreraren bat baldin badute, horien jatorria zein den. Aurrekoarekin bat etorriz, oinarrizko errenta hori pentsiorako eskubidea duten pertsonentzat denean, prestazio horretarako eskubidea edukitzea edo ez edukitzea ez datza pentsiorako eskubidearen titular izatean, baizik eta diru-sarreren eskasia egiaztatzean; horretarako, lanbide arteko gutxieneko soldata hartzen da atalasetzat. Laguntza berezi bat eskaintzea da azken xedea, pentsioen eskubidedun direnek osatutako edo pentsioen eskubidedunen kontura osatutako zenbait elkarbizitza-unitateren diru-sarrera eskasia arintzearren.

Hala bada, oinarri juridiko horretan oinarriturik, honako lege honek Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea eta Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea aldatzen ditu, bi dituelarik xede nagusiak: alde batetik, pentsiodunen kasurako ere berariaz jasotzea elkarbizitza-unitatearen izaera, are beste senide batzuekin bizi direnean ere, eta, beste alde batetik, kasu horietarako prestazioaren gehienezko kopurua gehitzea, pertsona horiek lan-merkatura sartu eta beren diru-sarreren maila handitzeko duten ezintasuna dela-eta.

Artikulu bakarra - Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea aldatzekoa.

Lehena - Gizarte Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legearen 7. artikulua era berri batez idazten da:

"1. Oinarrizko errentaren zenbatekoa urteko diru-sarrera hauek ziurtatzeko behar dena izango da: urteko lanbide arteko gutxieneko soldataren % 88, hamabi hilabetetan emana, pertsona bakar batentzat, gehi soldata horren % 25 bigarren pertsonarentzat, gehi soldata beraren % 10 hirugarren pertsonarentzat eta harengandik aurrerako bakoitzarentzat.

2. Oinarrizko errentaren hileroko kopurua, Gizarte Bazterkeriaren kontrako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea 3. artikuluaren 2. paragrafoan arautzen diren kotizaziodun pentsioen edo kotizazio gabeko pentsioen onuradun diren pertsonentzat, honako hau izango da:

a) Lanbide arteko gutxieneko soldataren % 100 pertsona bakarreko elkarbizitza-unitateentzat.

b) Lanbide arteko gutxieneko soldataren % 125 bi pertsonako elkarbizitza-unitateentzat.

c) Lanbide arteko gutxieneko soldataren % 135 hiru pertsona edo gehiagoko elkarbizitza-unitateentzat.

3. Ezein elkarbizitza-unitatek ez du jasoko oinarrizko errenta gisa lanbide arteko soldataren % 125 baino kopuru handiagoa. Salbuespen gisa, muga hori gainditu egin daiteke pentsio-eskubidedunek osatutako elkarbizitza-unitateetan, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 135era arte; orobat gainditu ahal izango da Eusko Jaurlaritzak beharrizanen bilakaera ikusirik arautuko dituen kasuetan.

4. Artikulu honetan ezarritako oinarrizko errenta euskal herritarrei eragin liezaieketen pobrezia-egoerak desagerrarazteko nahiaren barruan kokatzen da. Nahi hori betetzen dela egiaztatu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoen erakunde ofizialek herritar horien esku jarriko dute garrantzizko izan litekeen datu eta informazio guztia.

Horretarako, kontuan hartuko dira pobrezia-egoerak gainditzeko euskal administrazio publikoek, maila ekonomiko eta sozial batzuetan eta besteetan, martxan jartzen dituzten politika guztiak".

Bigarrena - Idatz-zati bat gehitzen zaio Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legearen 3. artikuluaren 2. paragrafoari. Horrenbestez, artikulu hori honela geratuko litzateke idatzita:

"1. Lege honen ondorioetarako, etxebizitza edo bizitoki batean bizi diren pertsona hauek edo pertsona-talde hauek joko dira elkarbizitza-unitate ekonomiko beregaintzat:

a) Etxebizitza edo bizitoki batean bakarrik bizi diren pertsonak.

b) Etxebizitza edo bizitoki batean elkarrekin bizi diren bi pertsona edo gehiago, honako harreman hauetakoren baten bidez elkarturik daudenean: ezkontza edo ezkontzaren antzeko beste harreman-mota iraunkor bat, adopzioa, 4. gradura arteko ahaidetasuna odol bidez edo 2. gradura arteko ahaidetasuna ezkontza bidez.

Lege honen ondorioetarako, ezkontzaren antzeko harreman iraunkorra fede emateko eran egiaztatu beharko da.

c) Behar larriagatik etxebizitza edo bizitoki berean bizi diren bi pertsona edo gehiago, nahiz eta ez egon elkarturik aurreko paragrafoan aipatutako harremanetako ezeinen bidez; nolanahi ere, behar larriak egiaztatu ahal izateko modukoa izan beharko du.

2. Salbuespen gisa, elkarbizitza-unitate ekonomiko beregaintzat jo ahal izango dira etxebizitza edo bizitoki berean aurreko zenbakian aipatutako erako unitateekin batera bizi diren pertsonak.

Betiere, halakotzat joko dira zahartzaro-, baliaezintasun- edo alargun-pentsio kotizaziodun edo kotizaziorik gabekoen onuradunak, bai eta haien ezkontideak edo haiekin ezkontzaren antzeko harreman iraunkorra duten pertsonak, eta ekonomikoki haien mendeko diren pertsonak.

3. Halaber, elkarbizitza-unitate ekonomiko beregaintzat joko dira tratu txarrengatik beren ohiko bizilekua utzi eta beste pertsona batzuen bizileku batean bizitzera jarri behar izan duten pertsonak, beste pertsona horiek senitarteko izan edo ez.

4. Lege honen ondorioetarako, etxebizitza edo bizitokitzat joko da beregainki eta agintaritza baten edo araubide erkide baten pean egon gabe bizi nahi duen pertsona batek ohiko egoitzatzat erabiltzen duen leku fisikoa, edo beregainki eta agintaritza baten edo araubide erkide baten pean egon gabe elkarrekin bizi nahi duten pertsona batzuek ohik egoitzatzat darabilten leku fisikoa.

Erregelamendu bidez zehaztu ahal izango da zein kasutan jo ahal izango diren, lege honen ondorioetarako, egoitza kolektiboko leku fisikoak etxebizitza edo bizitoki beregaintzat".

Azken Xedapenak

Lehenengoa - Erregelamendu bidezko garapena

Eusko Jaurlaritzak baimena du lege hau garatu eta ezartzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Bigarrena - Indarrean sartzea

Lege hau, oinarrizko errentaren hileroko kopuruari dagokionez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Elkarbizitza-unitatearen aldaketari dagokionez, honako Lege hau 2009ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

euskal legezalea