102008forulegea,

10/2008 Foru Legea, Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legeko 5. artikulua aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

10/2008 FORU LEGEA, maiatzaren 30ekoa, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 5. artikulua aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, OSASUNARI BURUZKO AZAROAREN 23KO 10/1990 FORU LEGEKO 5. ARTIKULUA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, bere printzipio gidarien artean, honakoak ezartzen ditu: osasunaren kontzeptu integrala eta prestazioen efizientzia soziala. Halaber, 5. artikuluan, herritarrek osasun zerbitzuak direla-eta dauzkaten eskubideen zerrenda labur bat ageri da.

Egungo egoeran, beharrezkoa da osasunari buruzko araudi orokor hori gizarteak egun eskatzen dituen prestazioen arabera egokitzea. Halaber, herritarren eskubideen zerrenda gaurkotu beharra dago, administrazioak osasun publikoaren arloan eta, kasua bada, itunpeko osasunaren arloan, eskaini behar dituen kasuan kasuko prestazioekin koherenteak izateko.

Gainera, artikulu horren izenburua, "Herritarren eskubideak", gizarteak gaur egun eskatzen dituen prestazioen arabera gaurkotu eta egokitu beharra dago.

Maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legea -laguntza-informazioari, informazio publikoari, gaixoaren, haren senideen eta hurbilekoen intimitateari eta sendagilea hautatzeari eta tratamendua dela-eta gaixoak adostasuna eta bere borondatea adierazteari dagozkien eskubide pertsonalak arautzen ditu- ere kontuan hartu beharra dago administrazioak osasunaren arloan eskaini beharreko prestazioen katalogoa gaurkotzerakoan.

Bestalde, otsailaren 21eko 71/1991 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko osasun laguntza ororenganatzea ezarri zuen. Osasuna ororenganatzearen oinarrizko printzipio hori gaurkotu beharrekoa da, bai ikuspuntu subjektibotik, bai ikuspuntu objektibotik ere. Hau da, osasuna ororenganatzea, ongizatearen estatu batean, ezinbestez interpretatu behar da ez soilik herritar guztiei dagokien neurrian, baizik eta herritar guztiek legez exiji ditzaketen eta gizarteak eman behar dituen prestazio guztiak hartzearen ikuspuntutik ere. Osasuna salbuespenik onartzen ez duen eskubide bat da ongizatearen gizartean.

Osasun prestazioei buruzko eskubideen katalogoa gaurkotu beharra dago horrenbestez, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 5. artikuluari testu berria emanez, betiere kontuan hartuz maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legean -gaixoaren zenbait eskubide, hain zuzen ere biziaren gaineko aurretiazko borondateak egitekoa eta informazioa eta agiri klinikoak eskuratzekoa, arautzen dituena- ezarritako guztia eta, besteak beste, legez ezarritako kasuetan haurdunaldiaren borondatezko eteteari dagokion osasun prestazioa ere bertan sartuz.

Eginiko azterlanetan eta estatistiketan eta emandako prestazioei buruzko datuetan agerian geratzen den eskari sozialak justifikatzen du legez ezarritako kasuetan haurdunaldiaren etetea osasun publikoan egiteko beharra.

Artikulu bakarra. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 5. artikuluko hasierako paragrafoa eta 5. eta 14. idatz-zatiak aldatzen dira. Hona haien testu berria:

"Foru erkidegoko osasun sistema dela eta, Nafarroan egoitza duten herritarrak ondoko eskubideen titularrak izan eta haietaz baliatu ahalko dira:

5. Gaixoak eta bere senideek eta hurbilekoek prozesuari buruzko informazio osoa eta jarraitua edukitzeko eskubidea, horren barne dela diagnosia, pronostikoa eta tratamendurako aukerak; hori guztia maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legeko 2., 3. eta 4. artikuluetan ezarritako terminoetan.

14. Gaixotasun fisiko nahiz psikiko guztien osasun estaldura orokorra edukitzeko eskubidea, legeek ezarritakoaren barruan. Gaixo batek, eskubideen subjektu gisa, aitortuak ditu Nafarroako osasun publikoaren barruan eta itunpeko osasunaren barruan, besteak beste, haurdunaldiaren borondatezko etetea, betiere legez aurreikusitako baldintzetan. Foru erkidegoko osasun administrazioak prestazio osagarriak ezarri ahalko ditu, eta haiek gauzatuko dira programazio espresa eta berariazko aurrekontu-zuzkidura egin ondoren. Prestazio horien helburua izanen da berariazko arrisku-faktoreak dituzten gizarte-taldeak babestea, lan osasunari arreta berezia eskainiz".

Azken xedapen bakarra.-Erregelamendu bidezko garapena.

Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko titularrari behar diren ebazpenak eman ditzan, abian jartzeko, profesionalen kontzientzia eragozpen pertsonala zorrotz errespetatuz, behar adinako egitura profesional bat, duintasunez emanen duena haurdunaldiaren borondatezko eteteari berez dagokion osasun zerbitzuaren prestazioa, legez ezarritako baldintzetan, Nafarroako osasun sistema publikoaren barruan.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea