Herri indigenen eskubideei buruzko Nazio Batuen Adierazpena

Euslege

Herri indigenen eskubideei buruzko Nazio Batuen Adierazpena,

Biltzar Orokorrak,

Kontuan hartuta Giza Eskubideen Kontseiluaren 1/2 Ebazpenak, 2006. urteko ekainaren 29koak adierazitako gomendioa, bertan Kontseiluak onetsi zuela herri indigenen eskubideei buruzko Nazio Batuen Adierazpenaren testua,

Gogoratuz 2006. urteko abenduaren 20ko 61/178 Ebazpena, Biltzarrak bertan erabaki baitzuen Adierazpenari buruzko neurrien azterketa eta onespena luzatzea, denbora gehiago izateko horren inguruan kontsultak egiten jarraitzeko eta, berebat, Adierazpenaren azterketa bukatzea, bileren hirurogeita batgarren aldia amaitu baino lehen,

Onesten du herri indigenen eskubideei buruzko Nazio Batuen Adierazpena, Ebazpen honen eranskinean jasotzen dena.

107. osoko bilkura, 2007. urteko irailaren 13an

Eranskina

Herri indigenen eskubideei buruzko Nazio Batuen Adierazpena

Biltzar Orokorrak,

Jarraiturik Nazio Batuen Gutunaren asmo eta printzipioak eta estatuek hartutako betebeharrak Gutunaren arabera beteko dituztelako uste ona,

Baieztatuz herri indigenak beste herri guztiak bezalakoak direla eta aitortuz, era berean, herriek duten eskubidea desberdinak izateko, euren buruak desberdinak ikusteko eta desberdintasun horretan errespetatuak izateko,

Baieztatuz, halaber, herri guztiak direla ekarle zibilizazio eta kulturen aniztasunari eta aberastasunari begira, eta horiek osatzen dutela gizateriaren ondare erkidea,

Baieztatuz, gainera, doktrina, politika eta eginera guztiak, halakoak herri edo norbanako zehatz batzuen nagusitasunean oinarritzen direnean edo nagusitasun hori sustatzen dutenean, horretarako arraza-, erlijio- etnia- edo kultura-desberdintasunen inguruko arrazoiak emanez, arrazistak direla, zientziaren arabera faltsuak, legearen arabera baliogabeak, moralaren arabera gaitzesgarriak eta gizarteari begira bidegabekoak,

Berretsiz herri indigenak bereizkeria modu guztietatik aske egon behar direla, euren eskubideak egikaritzen dituztenean,

Kezkaturik herri indigenek historian injustiziak jaso dituztelako, besteak beste, kolonizazioak eraginda eta, berebat, lurrak, lurraldeak eta baliabideak kendu dizkietelako, horrek eragotzi diela, batik bat, garapenerako eskubidea euren beharrizan eta interesen arabera egikaritzea,

Aitortuz premiazko beharrizana herri indigenek berez dituzten eskubideak errespetatu eta sustatzeko, eskubide horiek sortzen direla euren politika-, ekonomia-, gizarte- eta kultura-egituretatik, tradizio espiritualetatik, historia eta filosofiatik, batez ere, lurrak, lurraldeak eta baliabideak izateko eskubidea.

Aitortuz,halaber, premiazko beharrizana herri indigenen giza eskubideak errespetatu eta sustatzeko, horiek baieztatuak izan baitira estatuekin egindako tratatu, akordio eta beste konponketa aberasgarrietan,

Goratuz herri indigenak antolatzen ari direla politika-, ekonomia-, gizarte- eta kultura-garapena sustatzeko eta bereizkeria- eta zapalkuntza-forma guztiei amaiera emateko, horiek nonahi gertatzen direla,

Sinetsita herri indigenek euren buruak, lurrak eta lurraldeak ukitzen dituzten gertaerak kontrolatzen badituzte, orduan euren erakundeak, kulturak eta tradizioak indartu ahal izango dituztela eta, oro har, garapena sustatu, euren asmo eta beharrizanen arabera,

Aitortuz indigenen ezaguerak, kulturak eta tradiziozko eginerak errespetatzea lagungarri dela garapen iraunkor eta ekitatearen araberakoarentzat eta ingurumenaren antolamendu egokiarentzat,

Azpimarratuz herri indigenen lurrak eta lurraldeak desmilitarizatzea lagungarri dela besteak beste, bakea, aurrerapen eta garapen ekonomiko eta sozialarentzat eta munduko nazio eta herrien adiskidetasun-harremanentzat,

Aitortuz batez ere, familia eta erkidego indigenek duten eskubidea seme-alaben hazkuntza, heziketa, hezkuntza eta ongizatearen erantzukizuna partekatzeko, haurraren eskubideekin bat etorriz,

Aintzat hartuta estatuen eta herri indigenen arteko tratatu, akordio eta bestelako konponketa aberasgarrietan baieztatutako eskubideak badirela, egoera zehatz batzuetan, kezkak, interesa eta erantzukizuna sortzeko modukoak, batez ere, nazioarteko mailan ,

Aintzat hartuta, halaber, tratatu, akordio eta gainontzeko konponketa aberasgarriak eta horiek adierazten dituzten harremanak direla herri indigenen eta estatuen arteko elkartasuna indartzeko oinarria,

Aitortuz Nazio Batuen Gutunak, Ekonomia-, Gizarte- eta Kultura-eskubideen Nazioarteko Itunak eta Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunak, bai eta Vienako Adierazpen eta Egintza Programak, herriek determinazio askerako duten eskubidearen oinarrizko garrantzia baieztatzen dutela, eskubide horren ondorioz herri horiek askatasun osoz erabakitzen baitute euren egoera politikoa eta askatasunez ere bilatzen baitute ekonomia-, gizarte- eta kultura-garapena,

Kontuan izanik Adierazpen honen edukia ezin izango dela,inola ere, erabili herriei determinazio askerako eskubidea ukatzeko, halakoa nazioarteko eskubidearen arabera egikaritzen baita,

Sinetsita herri indigenen eskubideak Adierazpen honetan onesteak estatuen eta herri indigenen arteko harreman orekatuak eta lankidetza-harremanak sustatuko dituela, besteak beste, justizia, demokrazia, giza eskubideen errespetua, bereizkeriarik eza eta on ustearen printzipioan oinarritzen direnak,

Bultzatuz estatuek errespeta eta bete ditzaten modu eraginkorrean herri indigenenarekiko betebeharrak, nazioarteko instrumentuetatik eratorriak, batik bat, giza eskubideei buruzkoak,herri interesdunei kontsulta eginez eta horien lankidetzarekin,

Azpimarratuz Nazio Batuei dagokiela zeregin nagusia eta etengabea, herri indigenen eskubideak sustatzeko eta babesteko,

Uste izanik Adierazpen hau aurrerapauso handia dela herri indigenen eskubideak eta askatasunak aitortu, sustatu eta babesteko eta esparru honetan, Nazio Batuen sistemaren kasuan kasuko jarduerak garatzeko,

Aitortuz eta berretsiz indigenek nazioarteko zuzenbidean aitortutako giza eskubide guztiak badituztela, inolako bereizkeriarik gabe, eta herri indigenek eskubide kolektiboak badituztela, nahitaezkoak direnak, herri bezala bizitzeko eta ongizate eta garapen osoa izateko,

Aitortuz herri indigenen egoera aldatu egiten dela erregio batetik edota herri batetik bestera eta kontuan hartu behar dela zein esanguratsu diren nazio eta erregioen berezitasunak eta tradizio historiko edo kultural desberdinak,

Ospe handiz aldarrikatzen du herri indigenei buruzko Nazio Batuen Adierazpena, asmo erkide gisa lortu behar dena, elkartasunean eta elkarrekiko errespetuan oinarrituta; Adierazpenaren testua hurrengoa da:

1. artikulua

Indigenek eskubidea dute, herri nahiz norbanako gisa, giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak oso-osorik gozatzeko, hain zuzen ere, Nazio Batuen Gutunak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak eta giza eskubideen nazioarteko arauak aitortzen dituztenak, .

2. artikulua

Herri eta norbanako indigenak askeak eta berdinak dira gainontzeko herri eta pertsonei begira eta euren eskubideak egikaritzeko orduan, eskubidea dute inolako bereizkeriaren xede ez izateko, batik bat, bereizkeria hori oinarritzen bada indigenen jatorrian edo nortasunean.

3. artikulua

Herri indigenek determinazio askerako eskubidea dute. Eskubide horren ondorioz askatasun osoz erabakitzen dute euren egoera politikoa eta askatasun osoz bilatu ahal dute euren ekonomia-, gizarte- eta kultura-garapena.

4. artikulua

Herri indigenek, determinazio askerako eskubidea egikaritzeko, eskubidea dute autonomia edo autogobernua izateko, barruko edo tokiko gaiekin zer ikusia duten kontuetan, bai eta eginkizun autonomiko horiek finantzatzeko baliabideak edukitzeko ere.

5. artikulua

Herri indigenek eskubidea dute, berez dituzten erakunde politiko, juridiko, ekonomiko, sozial eta kulturalei eusteko eta horiek indartzeko, eta, era berean, estatuaren bizitza politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalean bete-betean parte hartzeko eskubideari eusteko, hala nahi badute.

6. artikulua

Indigena orok du eskubidea naziotasun bat izateko.

7. artikulua

1. Indigena orok du bizitza, osotasun fisiko eta mentala, askatasuna eta segurtasuna izateko eskubidea.

2. Herri indigenek eskubide kolektiboa dute aske, bakean eta segurtasunean bizitzeko herri desberdin gisa, eta ezin izango dute pairatu inolako genozidio- edota bestelako indarkeria-egintzarik, barne hartuta haurrak behartuta eramatea talde batetik bestera.

8. artikulua

1. Herri eta norbanako indigenek eskubidea dute nahitaezko asimilaziorik ez pairatzeko eta euren kultura suntsitua ez izateko.

2. Estatuek mekanismo eraginkorrak ezarriko dituzte jarraikoak prebenitu eta horien ordaina jaso dadin:

a) Egintza oro, horren xede edo ondorioa bada herri desberdin gisa duten osotasuna, balore kulturalak edota etnia-nortasuna ukatzea;

b) Egintza oro, horren xede edo ondorioa bada haiei lurrak, lurraldeak eta baliabideak kentzea;

c) Biztanleria behartuta lekualdatzeko forma oro, horren xede edo ondorioa bada haien eskubideetatik edozein urratu edo kaltetzea;

d) Nahitaezko asimilazio- edo gizarteratze-forma oro;

e) Propaganda-forma oro, horren xedea bada euren aurka bideratutako arraza- edo etnia-bereizkeria sustatzea eta bultzatzea.

9. artikulua

Herri eta norbanako indigenek eskubidea dute erkidego edota nazio indigena baten partaide izateko, erkidego edo nazio hori, zein izan eta, horien tradizio eta ohiturekin bat etorriz. Eskubide hori egikaritzeak ezin du inolako bereizkeriarik sortu.

10. artikulua

Herri indigenak ezin izango dira lekualdatu euren lur edo lurraldeetatik, indarkeria erabilita. Ezin izango da inolako lekualdaketarik egin herri indigena interesdunen aurretiazko adostasun aske eta jakitun izan gabe, ezta kalte-ordain zuzen eta ekitatearen araberakoa aurretiaz adostu gabe eta, ahal den guztian, lehengo lekura itzultzeko aukera adostu gabe.

11. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute euren tradizioak eta kultura -ohiturak praktikatu eta indartzeko. Horrek barneratzen ditu kulturen iraganeko, gaurko eta geroko adierazpenei eusteko eta halakoak babestu eta garatzeko eskubidea, hala nola, toki arkeologikoak eta historikoak, objektuak, diseinuak, zeremoniak, teknologiak, ikus- eta interpretazio-arteak eta literaturak.

2. Estatuek ordaina eman beharko diete herri indigenei, horiekin batera ezarritako mekanismo eraginkorren bitartez, itzulketa ere barne, aurretiazko adostasun aske eta jakitun izan gabe edota euren legeak, tradizioak eta ohiturak urratuz kendu dizkieten ondare kultural, intelektual, erlijioso eta espiritualei dagokienez.

12. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute euren tradizio, ohitura eta zeremonia espiritual eta erlijiosoak adierazi, praktikatu, garatu eta erakusteko; erlijio- eta kultu-tokiak gorde eta babesteko eta halakoak eskura izateko modu pribatuan; kultu-objektuak erabili eta kontrolatzeko eta giza hondarrak aberriratzeko.

2. Estatuak ahaleginduko dira kultu-objektuak eta giza hondarrak eskura jartzen edota aberriratzen, herri indigena interesdunekin batera ezarritako mekanismo zuzen, garden eta eraginkorrak erabilita.

13. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute euren historiak, hizkuntzak, ahozko tradizioak, filosofiak, idazkera- eta literatura-sistemak indartu, erabili eta sustatzeko eta geroko belaunaldiei halakoak transmititzeko, eta erkidegoei, tokiei eta pertsonei izenak jartzeko, bai eta horiek gordetzeko ere.

2. Estatuek neurri eraginkorrak hartuko dituzte eskubide horren babesa ziurtatzeko eta baita herri indigenak ulertu ahal izateko eta ulertarazteko jarduera politiko, juridiko eta administratiboetan; horretarako, behar denean, interpretazio-zerbitzuak edo bestelako baliabide egokiak emango dituzte.

14. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute euren irakaskuntza-sistemak eta -erakundeak ezarri eta kontrolatzeko euren hizkuntzetan irakasteko orduan, euren irakaskuntza eta ikaskuntza kultura-metodoekin bat etorriz.

2. Indigenek, batez ere haurrek, eskubidea dute estatuko hezkuntza-maila eta forma guztiak izateko, bereizkeriarik gabe.

3. Estatuek neurri eraginkorrak hartuko dituzte herri indigenekin batera, pertsona horiek, batez ere haurrek, erkidegoetatik kanpo bizi direnek barne, eskura izan dezaten, ahal delarik, euren kulturaren eta hizkuntzaren bidezko hezkuntza.

15. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute euren kulturen duintasuna eta aniztasuna, tradizioak, historiak eta asmoak behar bezala islatuak izan daitezen hezkuntzan eta informazio publikoan.

2. Estatuek neurri eraginkorrak hartuko dituzte, herri indigena interesdunei kontsulta eginez eta euren lankidetzarekin, aurreiritzien aurka egiteko eta bereizkeria ezabatzeko eta tolerantzia eta herri indigenen eta gizartearen gainontzeko sektoreen arteko elkar ulertzea eta harreman onak sustatzeko.

16. artikulua

1. Herri indigenek euren komunikabideak euren hizkuntzetan ezartzeko eskubidea dute eta indigenak ez diren komunikabide guztiak bereizkeriarik gabe eskura izateko eskubidea ere.

2. Estatuek neurri eraginkorrak hartuko dituzte ziurtatzeko komunikabide publikoek behar bezala isla dezaten kultura indigenaren aniztasuna.Estatuek, adierazpen-askatasuna erabat ziurtatzeko betebeharrari kalterik egin gabe, komunikabide pribatuak bultzatu beharko dituzte, horiek behar bezala isla dezaten kultura indigenaren aniztasuna.

17. artikulua

1. Norbanakoek eta herri indigenek eskubidea dute nazioarteko eta aplikagarri den nazioko lan-zuzenbidean ezarritako eskubide guztiak oso-osorik gozatzeko.

2. Estatuek, herri indigenei kontsulta eginez eta haien lankidetzarekin, neurri bereziak hartuko dituzte haur indigenak babesteko, ustiapen ekonomikoaren aurka eta lan ororen aurka, hori arriskutsua denean edo haurren hezkuntzan eragina duenean edota kaltegarria izan daitekeenean haurren osasun edo garapen fisiko, mental, espiritual, moral edo sozialerako, kontuan hartuta haurren ahultasun berezia eta hezkuntzaren garrantzia, euren buruaren jabe egiteko orduan.

3. Pertsona indigenek eskubidea dute lanean bereizkeria-baldintzarik ez nozitzeko, besteak beste, enplegu edo soldatari dagokionean.

18. artikulua

Herri indigenek euren eskubideekin zer ikusia duten gaien inguruko erabakietan parte hartzeko eskubidea dute, euren prozeduren arabera eurek aukeratutako ordezkarien bitartez, bai eta erabakiak hartzeko dituzten berezko erakundeei eutsi eta horiek garatzeko ere.

19. artikulua

Estatuek herri indigena interesdunei kontsultak egin eta eurekin on ustean jardungo dute lankidetzan, herri horien ordezkaritza-erakundeen bitartez, herriok ukitzen dituzten legegintza- edo administrazio-neurriak hartu eta aplikatu baino lehen, aurretiaz adostasun aske eta jakituna lortzeko helburuarekin.

20. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute politika-, ekonomia- eta gizarte-sistemei edo -erakundeei eusteko eta horiek garatzeko, euren baliabideei modu seguruan onura ateratzeko, biziraupenari eta garapenari begira, eta askatasun osoz ekiteko tradiziozko edo beste motako jarduera guztiei.

2. Herri indigenek ordain zuzena eta ekitatearen araberakoa jasotzeko eskubidea dute, bizirauteko edo garapenerako baliabideak kendu zaizkienean.

21. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute, bereizkeriarik gabe, ekonomia- eta gizarte-baldintzak hobetzeko, besteak beste, halako esparruetan: hezkuntza, enplegua, lanbide-gaikuntza eta -trebakuntza, etxebizitza, saneamendua, osasuna eta gizarte segurantza.

2. Estatuek neurri eraginkorrak hartuko dituzte eta, hala denean, neurri bereziak ere ekonomia- eta gizarte-baldintzak etengabe hobetzen direla ziurtatzeko. Arreta berezia emango zaizkie zahar, emakume, gazte, haur eta desgaitu indigenen eskubide eta beharrizanei.

22. artikulua

1. Adierazpen hau aplikatzerakoan, arreta berezia emango zaizkie zahar, emakume, gazte, haur eta desgaitu indigenen eskubide eta beharrizanei.

2. Estatuek neurriak hartuko dituzte, herri indigenekin batera, emakume eta haur indigenek erabateko babesa eta bermeak dituztela ziurtatzeko, indarkeria eta bereizkeriaren forma guztien aurka.

23. artikulua

Herri indigenek eskubidea dute lehentasunak eta estrategiak zehaztu eta moldatzeko, garapenerako eskubidea egikaritzeari begira. Bereziki, herri indigenek eskubidea dute modu aktiboan parte hartzeko eurei dagozkien osasun- eta etxebizitza-programak eta bestelako ekonomia- eta gizarte-programak moldatzen eta zehazten, eta, ahal dela, programa horiek kudeatzen, euren berezko erakundeen bitartez.

24. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute euren tradiziozko sendagaiak izateko eta euren osasun-eginerei eusteko, eta, oro har, berebiziko interesa duten sendabelarrak, animaliak eta mineralak gordetzeko. Herri indigenek, halaber, eskubidea dute, inolako bereizkeriarik gabe, gizarte- eta osasun-zerbitzu guztiak eskura izateko.

2. Pertsona indigenek eskubide berbera dute, ahalik eta osasun-maila gorena izateko, fisikoa nahiz mentala. Estatuek beharrezko neurriak hartuko dituzte arian-arian lortzeko eskubide hori bete-betean gauzatzea.

25. artikulua

Herri indigenek eskubidea dute tradizioz izan, okupatu eta erabili dituzten lur, lurralde, itsaso, itsasertz eta beste baliabideekiko harreman espiritualei eusteko eta horiek indartzeko eta, orobat, euren gain hartzeko horien inguruan dagozkien erantzukizunak, geroko belaunaldiei begira.

26. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute tradizioz izan, okupatu edo erabili edota erositako lur, lurralde eta baliabideak izateko.

2. Herri indigenek eskubidea dute lurrak, lurraldeak eta baliabideak eduki, erabili, garatu eta kontrolatzeko, halakoak badituzte tradizioan oinarrituriko jabetzaren edota beste mota bateko okupazio edo erabileraren ondorioz, bai eta beste modu batera eskuratutakoak ere.

3. Estatuek ziurtatuko dute lur, lurralde eta baliabide horiek legearen aldetik aitortzea eta babestea. Aitortza horrek behar bezala errespetatuko ditu kasuan kasuko herri indigenen ohiturak, tradizioak eta lurrak edukitzeko sistemak.

27. artikulua

Estatuek, kasuan kasuko herri indigenekin batera, ekitatearen araberako prozesu bat ezarri eta aplikatuko dute, independentea, inpartziala, irekia eta gardena; prozesu horrek behar bezala aitortu beharko ditu herri indigenen lege, tradizio, ohitura eta lurrak edukitzeko sistemak, zertarako eta, herri indigenen eskubideak aitortu eta esleitzeko lur, lurralde eta baliabideei buruz, barnean hartuta tradizioz izan, okupatu edo erabili dituztenak. Herri indigenek eskubidea izango dute prozesu horretan parte hartzeko.

28. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute ordaina jasotzeko, dela itzulketaren bidez, dela, halakorik ezin denean, kalte-ordain zuzena eta ekitatearen araberakoaren bidez, tradizioz izan edo okupatu eta erabili dituzten lur, lurralde eta baliabideengatik, horiek konfiskatu, hartu, okupatu, erabili edo kaltetu badituzte euren aurretiazko adostasun aske eta jakituna izan gabe.

2. Herri interesdunek beste zerbait erabaki ezean, kalte-ordaina eman daiteke kalitate, hedadura eta egoera juridiko bereko lur, lurralde eta baliabidetan edo dirutan edota bestelako ordain egokian.

29. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute ingurumena zaindu eta babesteko eta baita euren lurrak edo lurraldeak eta baliabideak ekoizteko gaikuntza zaindu eta babesteko ere. Estatuek laguntza-programak ezarri eta gauzatu behar dituzte herri indigenen mesedetan, zaintza eta babes horiek ziurtatzeko, bereizkeriarik gabe.

2. Estatuek neurri eraginkorrak hartuko dituzte herri indigenen lur eta lurraldeetan ez dadin material arriskutsurik bildu edo ezabatu, euren aurretiazko adostasun aske eta jakituna izan gabe.

3. Estatuek, halaber, neurri eraginkorrak hartuko dituzte, beharrezkoa denean, ziurtatzeko behar bezala aplikatuko direla material horiek ukitutako herri indigenen osasuna kontrolatzeko, zaintzeko eta berrezartzeko programak; programok, halaber, herri horiek moldatu eta gauzatuko dituzte.

30. artikulua

1. Ezin izango da inolako jarduera militarrik egin herri indigenen lur eta lurraldeetan, baldin eta halakoa justifikatzen ez badu interes publikoko arrazoiren batek edo herri indigena interesdunekin adostu ez bada, edota horiek hala eskatu ez badute.

2. Estatuek kontsulta eraginkorrak egingo dizkiete herri indigena interesdunei, prozedura egokiak erabilita eta batik bat, euren ordezkaritza-erakundeen bitartez, lurrak edo lurraldeak jarduera militarretarako erabili aurretik.

31. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute zertarako eta, gorde, kontrolatu, babestu eta garatzeko euren kultura-ondarea, tradiziozko ezaguerak, tradiziozko kultura-adierazpideak, zientzia-, teknologia- eta kultura-adierazpenak, giza baliabideak eta baliabide genetikoak, haziak, sendagaiak, animalia eta landareen ezaugarrien ezaguera, ahozko tradizioak, literaturak, diseinuak, tradiziozko kirol eta jokoak eta ikus- eta interpretazio-arteak . Halaber, eskubidea dute kultura-ondarearen jabetza intelektuala, tradiziozko ezaguerak eta tradiziozko kultura-adierazpideak gorde, kontrolatu, babestu eta garatzeko.

2. Herri indigenekin batera, estatuek neurri eraginkorrak hartuko dituzte eskubide horien egikaritza aitortu eta babesteko.

32. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute lehentasunak eta estrategiak erabaki eta moldatzeko, euren lurrak edo lurraldeak nahiz bestelako baliabideak garatze eta erabiltzeari begira.

2. Estatuek herri indigena interesdunei kontsultak egin eta eurekin on ustean jardungo dute lankidetzan herri horien ordezkaritza-erakundeen bitartez, herri horien lurrak edo lurraldeak edo bestelako baliabideak ukitzen dituzten edozein proiektu onetsi aurretik, herrion adostasun aske eta jakituna lortzeko helburuarekin, batez ere, baliabide mineralak, hidrikoak edo beste izaerakoak garatu, erabili edo ustiatzeari dagokionez.

3. Estatuek mekanismo eraginkorrak sortuko dituzte aipatu jarduera horietatik edozeinek ordain zuzena eta ekitatearen araberakoa izan dezan, eta neurri egokiak hartuko dituzte ingurumen-, ekonomia-, gizarte-, kultura- edo espiritu-mailako ondorio kaltegarriak arintzeko.

33. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute erabakitzeko euren berezko nortasuna edo kidetza, euren ohitura eta tradizioen arabera. Horrek ez dio kalterik egiten indigenak zein estatutan bizi eta, estatu horren herritartasuna izateko eskubideari.

2. Herri indigenek eskubidea dute euren erakundeen egiturak zehazteko eta horien osaketa aukeratzeko, euren berezko prozedurekin bat etorriz.

34. artikulua

Herri indigenek eskubidea dute sustatzeko, garatzeko eta zaintzeko zer eta, euren erakunde-egiturak eta ohiturak, espiritualtasuna, tradizioak, prozedurak, eginerak eta, halakoak direnean, euren ohiturak edo sistema juridikoak ere, giza eskubideei buruzko nazioarteko arauekin bat etorriz.

35. artikulua

Herri indigenek eskubidea dute norbanakoek euren erkidegoekiko dituzten erantzukizunak zehazteko.

36. artikulua

1. Herri indigenek, batez ere, nazioarteko mugen bidez banatuta daudenek, eskubidea dute mugen gainetik euren kideekin eta bestelako herriekin dituzten tratu, harreman eta lankidetza gordetzeko eta garatzeko, espiritu-, kultura-, politika-, ekonomia- eta gizarte-jarduerak barne.

2. Estatuek, herri indigenei kontsulta egin eta horien lankidetzarekin dihardutela, neurri eraginkorrak hartuko dituzte eskubide horren egikaritza erraztu eta aplikazioa ziurtatzeko.

37. artikulua

1. Herri indigenek eskubidea dute estatuekin edo ondorengoekin hitzartutako tratatu, akordio eta bestelako konponketa aberasgarriak aitortu, bete eta aplikatu daitezen eta estatuek ontzat hartu eta errespeta ditzaten tratatu, akordio eta bestelako konponketa aberasgarriok.

2. Adierazpen honetan barruratutako deus ere ezin izango da interpretatu halako esanahian, horrek gutxietsi edo ezabatzen baditu herri indigenen eskubideak, tratatuek, akordioek eta bestelako konponketa aberasgarriek adierazitakoak.

38. artikulua

Estatuek, herri indigenei kontsulta egin eta horien lankidetzarekin dihardutela, neurri egokiak hartuko dituzte, legegintza-neurriak barne, Adierazpen honen helburuak lortzeko.

39. artikulua

Herri indigenek eskubidea dute finantza-laguntza eta laguntza teknikoa jasotzeko estatu nahiz nazioarteko lankidetzaren bitartez, Adierazpen honetan adierazitako eskubideak gozatzeko.

40. artikulua

Herri indigenek eskubidea dute ekitatearen araberako prozedurak eta prozedura zuzenak izateko estatuekin edo beste alderdiekin dituzten gatazkak eta eztabaidak konpontzeko, eta gatazka horien inguruan erabakiak arin hartzeko, bai eta ordaina jasotzeko, banakako eskubideak eta eskubide kolektiboak kaltetzen badira. Halako erabakiak hartzeko orduan, aintzat hartuko dira herri indigena interesdunen ohiturak, tradizioak, arauak eta sistema juridikoak eta giza eskubideen nazioarteko arauak.

41. artikulua

Nazio Batuen sistemaren organo eta erakunde espezializatuek eta bestelako gobernuz kanpoko erakundeek lagunduko dute, besteak beste, finantza-lankidetzaren eta laguntza teknikoaren mobilizazioaren bidez, Adierazpen honen xedapenak oso-osorik aplikatu daitezen.

Baliabideak ezarriko dira herri indigenen parte hartzea ziurtatzeko, eurei dagozkien gaien inguruan.

42. artikulua

Estatu Batuek, bere organoek, Gai Indigenen inguruko Foro Iraunkorra barne, eta erakunde espezializatuek, toki-mailakoak barne, eta estatuek sustatuko dute Adierazpen honen xedapenak errespetatzea eta horiek bete-betean aplikatzea eta, orobat, adierazpenaren eraginkortasunaz arduratuko dira.

43. artikulua

Adierazpen honetan aitortutako eskubideak gutxieneko arauak dira, munduko herri indigenen biziraupena, duintasuna eta ongizateari begira.

44. artikulua

Adierazpen honetan aitortutako eskubide eta askatasun guztiak gizon nahiz emakume indigenei bermatzen zaizkie neurri berean.

45. artikulua

Adierazpen honetan xedatutako deus ere ezin izango da interpretatu halako esanahian, horrek gutxietsi edo ezabatzen baditu herri indigenek egun dituzten eskubideak, edota geroago izan ditzaketenak.

46. artikulua

1. Adierazpen honetan xedatutako deus ere ezin izango da interpretatu halako esanahian, horrek estatu, herri, talde edo pertsona bati ematen badio eskubidea Nazio Batuen Gutunaren aurkako jarduera eta egintzak egiteko, ezta baimendu edo bultzatzen badu estatu subirano eta independenteen lurralde-osotasuna edo batasun politikoa, osorik edo zati batean urratu eta gutxiestera bideratutako egintzaren bat.

2. Adierazpen honetan ezarritako eskubideak egikaritzeko orduan, guztien giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatu behar dira.Adierazpen honetan ezarritako eskubideen egikaritza legeak zehaztutako mugen mende dago soil-soilean, betiere, giza eskubideei buruz nazioarteko betebeharrekin bat etorriz. Muga horiek ezin dira bereizkeriazkoak izan, eta hertsi-hertsian barruratuko dituzte besteen eskubide eta askatasunei zor zaizkien aitorpena eta errespetua bermatzeko beharrezkoak direnak, eta, orobat, gizarte demokratikoaren bidezko eta premiazko beharrizanak asetzekoak.

3. Adierazpen honetan aipatu xedapenak printzipio hauen arabera interpretatuko dira, hala nola, justizia, demokrazia, giza eskubideen errespetua, berdintasuna, bereizkeriarik eza, gobernantza egokia eta on ustearen printzipioak.