zigorkodea

Zigor Kodea

© Testuaren itzulpena eta aurkibide analitikoak: Alexander Contreras, Cesar

Gallastegi, Aitziber Irigoras, Jon Landa, Anjel Lobera, Rafael Sainz de Rozas, Andres Urrutia, Esther Urrutia eta IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

© Testuaren itzulpena eta aurkibide analitikoak: Deustuko Unibertsitatea. Euskal Gaien Institutua

© Testuaren itzulpena eta aurkibide analitikoak: IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

Azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa, Zigor Kodeari buruzkoa

ZIOEN AZALPENA

Antolamendu juridikoa indarraren erabilera arautzen duen arau multzo gisa definitu bada, erraz uler daiteke Zigor Kodeak edozein gizarte zibilizatutan duen garrantzia. Zigor kriminala da, izan ere, estatuaren derrigortze-ahalmenak izan dezakeen gorengo maila. Bada, zigor kriminala ezartzeko beharrezkoak diren delitu eta faltak definitzen ditu Zigor Kodeak. Hori dela eta, Zigor Kodeak lehentasunezko lekua dauka antolamendu multzoan eta, arrazoiarekin ere, ezezko konstituzio gisa hartu da. Zigor Kodeak gizartearen elkarbizitzaren oinarrizko balio eta printzipioak babestu behar ditu. Balio eta printzipio horiek aldatzen direnean, bera ere aldatu behar da. Dena den, gure herrian gizarte, ekonomia eta politikaren ikuspegitik aldarazpen sakonak gertatu arren, indarreko testua xix. mendekoa da, bere oinarrizko muinean behinik behin. Hori kontuan izanik, argi dago Zigor Kodea eraldatu behar dela.

Demokrazia ezarri zenetik Zigor Kodea eraldatzeko egin diren ahalegin ezberdinak oinarri hartuz, Gobernuak proiektu bat egin du eta Ganberei aurkeztu die, horiek eztabaida eta onets dezaten. Hori dela eta, Gobernuak, modu laburrean bada ere, proiektu horren irizpideak azaldu behar ditu, nahiz eta horiek testuaren irakurketatik erraztasunez atera ahal.

Irizpide horien ardatza, logikoa denez, Zigor Kode berria Konstituzioaren balioei moldatzea izan da. Helburu hori lortzeko, proiektu honek egin dituen aldaketak ezin zenbatu daitezke; hala ere, horietako batzuk aipatzea merezi du.

Lehenengoz, gaur egungo zigorren sistema guztiz eraldatzea proposatzen da, Konstituzioak Zigor Kodeari espetxeratuak berriro gizarteratzeko esleitzen dizkion helburuak, ahal den neurrian, lortzeko. Proposatzen den sistemak, batetik, zigor askatasun-gabetzaileen arauketa errazten du, horien ordez beste zigor batzuk, hain zuzen ere, horren oinarrizkoak ez diren ondasun juridikoak ukitzen dituztenak, ezartzeko aukerak handituz; bestetik, diru zigorretan aldaketak sartzen ditu, isun-egunen sistema eta gizartearentzako lanak ezarriz.

Bigarrenez, gutxieneko esku-hartze printzipioaren eta, geroz eta konplexuagoa izateagatik, gizarteak dituen babeserako beharrizanen artean dagoen aurkakotasunari aurre egin zaio delitugintza era berriak, modu zuhurrean, kontuan hartuz eta oinarria galdu duten delitu-figurak ezabatuz. Delitugintza era berriei dagokienez, merezi du bereiztea gizarte eta ekonomiaren aurkako delituen sarrera edo lurralde-antolamenduaren eta izadiko baliabideen inguruko delituen arauketa berria. Bestalde, oinarria galdu duten delitu-figurei dagokienez, lapurreta-figura konplexu batzuk desagertu egin dira, lapurtzeko indarkeria eta larderia erabiltzen dituztenak hain zuzen; lapurreta-figura horiek bidelapurreriari aurre egiteko sortuak ziren eta desagertu behar dira, erregela orokorrak aplikatu ahal izateko.

Hirugarrenez, garrantzi berezia eman zaio oinarrizko eskubideen babesari. Horrezaz gain, eskubide horietatik edozeinen egikaritza jokoan dagoen kasuetan, ahaleginak egin dira zigorraren baliabidea tentuz eta neurriz erabil dadin. Adibide gisa aipa ditzakegu: osotasun moralaren babes berezia eta ohorearen aurkako delituen arauketa berria. Osotasun morala modu zehatz batean arautzean, herritarrari babes handiagoa ematen zaio torturaren aurka. Bestalde ere, ohorearen aurkako delituak proposatutako moduan eratzean, adierazpen-askatasunari ematen zaio erregimen demokratiko batek aurreko hori aintzatetsi ahal eta behar dion garrantzi osoa ere.

Laugarrenez, orain arte funtzionario publikoek izan duten pribilejioa, herritarren eskubide eta askatasunetan bidezko ez den moduan eskua sartzean, ezabatu da, oinarrizko eskubideak babestu eta errespetatzeko helburua kontuan hartuz. Hori dela eta, proposatzen da agintaritza edo funtzionario publikoak egindako atxiloketak edo egoitzetan egindako sarrerak zein miaketak delitu arrunt bakoitzaren modu astungarri gisa hartzea, baldin eta legeak baimendutako kasuetatik at egiten badira, eta ez, ordea, orain arte hartu diren gisa, hau da, inolako arrazoirik gabe arinduta dauden delitu berezien gisa.

Bosgarrenez, Konstituzioak botere publikoei ezartzen dien eginkizuna betetzeko ahaleginak egin dira, benetako berdintasunaren bidean aurrera egiteko. Egiatan, Zigor Kodea ez da tresnarik garrantzitsuena eginkizun hori burutzeko; dena den, eginkizun horretan parte har dezake, hori burutzeko oztopo diren arauketak ezabatuz edo bereizkeria egoerei aurre egiteko, babes neurriak sartuz. Hemen, sexu-askatasunaren aurkako delituen arauketa berria aipatu behar da; horrez gain, bereizkeriarako joera duten jardueren aurrean, arauek babes zehatza ematen dute. Arauketa berri horrekin tipo penalak egokitu nahi dira babesturiko ondasun juridikoen arabera; babesturiko ondasun juridiko hori, historian zehar emakumearen onestasuna izan zena, gaur egun herritar guztien sexu-askatasuna da. Emakumearen onestasunaren babespean onartezineko egoera laidogarria ezkutatzen zen, proposatzen den arauketak guztiz ezabatzen duena. Erabilitako zigortze-teknika berriek harridura eragin ahal badute ere, kasu honetan, egoki dirudi tradiziotik urruntzea.

Printzipioen eremua alde batera utziz, eta egiteko teknikak kontuan hartuz, proiektu hau aurrekoetatik ezberdintzen da, beraren uzien artean unibertsaltasunarena ez baitago. Estatuak zigortzeko duen boterea Zigor Kodeak guztiz arautu behar zuelako ideia zegoen, baina ideia hori gauzatzeko oztopoa zen, hain zuzen ere, Espainian Administrazioak zehatzeko duen ahalaren garrantzia. Horrezaz gain, ideia hori ez zen beharrezkoa, eta nahasgarri gertatzen zen.

Ez zen beharrezkoa, Zigor Kodearen aldeko eta lege berezien aurkako hemeretzigarren mendeko aukerak hurrengo egitate ukaezinak oinarri gisa hartzen zituelako: alde batetik, legegileak, kode bat egitean, Konstituzioaren printzipioak errespetatu behar zituen, gizartean garrantzia zuten kanpo-arrazoiengatik; bestetik, aurreko hori ez zen gertatzen lege berezi baten kasuan, edo neurri txikiagoan gertatzen zen halakoetan. Kodearen erabateko unibertsaltasuna oinarritzeko aurreko argumentu hori garrantzi berezikoa zen, konstituzionalismo malgu baten esparruan. Hala ere, gaur egun, Zigor Kodea eta lege bereziak hierarkikoki Konstituzioaren menpe daude eta Konstituzioaren menpe jartzera behartuta daude, bai hierarkia horrengatik, bai eta jurisdikziozko kontrola egoteagatik ere. Horren ondorioz, lege bereziek ezin dute sortu historian zehar eragin izan duten kezka.

Ukaezin gertatzen da, kode batek izen hori merezi izateko, zigor-arau gehienak eta edozein zigor-arauketa janzten duten printzipioak bildu behar izatea; alabaina, aurreko ideia hori nahasgarri gertatzen da, kode batean nekez sartu ahal diren gaiak egoteagatik. Kodeari unibertsaltasun uziaz gain, egonkortasun eta irmotasun gogoak datxezkio, baina eremu batzuetan egonkortasun eta irmotasun horiek ezinezkoak dira, bai gainerako antolamenduaren egoera bereziarengatik, bai eta gauzen izaerarengatik ere. Kanbioen kontrolari buruzko delituak izango lirateke aipatu dugun horren guztiaren adibide. Delitu horietan, ekonomia-baldintzen etengabeko aldarazpenak eta delituon nahitaezko arau-testuinguruarenak eragiten dute zigor-arauak testuinguru horretan kokatzea eta, horrela, Zigor Kodetik kanpo uztea. Hori da Espainiako tradizioa, eta Espainiaren inguruko herrietan ere horren antzeko jardueren adibideak ikusten ditugu.

Hainbatez, erabaki da egokiak diren lege berezien esku uztea gai bakoitzari dagokion zigor-arauketa. Teknika berbera erabili da, haurdunaldia borondatez geldiarazteari zigorra kentzen dioten arauen inguruan. Kasu horretan, aurretik azaldutako horren antzeko arrazoiez gain, esan daiteke ez direla arau hobendagarriak, hobendapen eza arautzen duten arauak baizik. Konstituzio Auzitegiak galdatu zuen kasu horiek eratzean Zigor Kodekoak baino gehiago beste arau mota batekoak ziruditen bermeak ezartzeko.

Helburua ez da izan lan bikaina egitea, lan erabilgarria baizik. Gobernuak ez du azken hitza, lehenengoa baino. Horren ondorioz, Gobernuak, proiektu honen arabera, indar politiko eta herritar guztiak gonbidatu behar ditu, Zigor Kodea hobetu eta eginkizun horretan elkarlanean aritzeko. Guztiok Zigor Kode hobea izan nahi badugu, eta gure parte-hartzearekin lortzen badugu, helburu oso garrantzitsua lortuko dugu elkarbizitzarako eta Konstituzioak aldarrikatzen dituen eskubide eta askatasunak modu baketsuan izateko.

ATARIKO TITULUA

ZIGOR-BERMEAK

ETA ZIGOR-LEGEAREN APLIKAZIOA

1. artikulua

1. Ez da egiterik zigortuko, ezta ez-egiterik ere, horiek gauzatu baino lehenagoko lege batean delitu edo falta gisa ezarrita ez badaude.

2. Segurtasun-neurriak ezarri ahal izango dira, legeak aurretik ezarritako baldintzak betetzen direnean bakarrik.

2. artikulua

1. Ez da deliturik ez faltarik zigortuko, horiek egin baino lehenagoko lege batek ezarritako zigorraz ez bada. Segurtasun-neurriak ezartzen dituzten legeek ere ez dute atzeraeraginik izango.

2. Dena den, errudunarentzat mesedegarriak diren legeek atzeraeragina izango dute, horiek indarrean sartu orduko epaia irmoa izan arren, eta subjektua kondena betetzen egon arren. Errudunarentzat mesedegarrien den legeari buruz zalantzak egonez gero, errudunak esan beharrekoa entzun beharko da. Aldi baterako lege bat indarrean dagoen bitartean gauzatutako egitateak epaituko dira, ordea, lege horren arabera, salbu eta aurkakoa beren beregi xedatzen denean.

3. artikulua

1. Ezin izango da zigorrik ez segurtasun-neurririk betearazi, epaile edo auzitegi eskudunak prozesu-legeen arabera emandako epai irmoaz ez bada.

2. Halaber, ezin izango da zigorrik ez segurtasun-neurririk betearazi, legeak eta legea garatzen duten erregelamenduek ezarri moduan eta lege eta araudi horien testuan ezarritako inguruabarrekin edo ezaugarriekin ez bada. Zigorraren edo segurtasun-neurriaren betearazpena auzitegi eta epaile eskudunen kontrolpean egingo da.

4. artikulua

1. Zigor-legeak ez zaizkie aplikatuko beraien baitara beren beregi bilduta ez dauden kasuei.

2. Epaile edo auzitegiak, bere jurisdikzioan diharduela, legeak zigortu ez duen egite edo ez-egite bat dagoela jakiten badu, eta zigortzeko modukoa dela uste badu, ez du prozedurarik hasiko egite edo ez-egite horren inguruan eta Gobernuari azalduko dio zeintzuk diren egite edo ez-egite horri zigorra ezartzeko dauden arrazoiak.

3. Era berean, Gobernura joko du manuaren indargabetze zein aldarazteari edo indultu emateari buruz egokia dena azalduz, epaia berehala betearazteari kalterik egin gabe, baldin eta legearen xedapenak modu zorrotzean aplikatzearen ondorioz egite edo ez-egite bat zigortzen bada, eta epaile edo auzitegiak uste badu egite edo ez-egite hori ez dela zigortu behar; edo, zigorra modu nabarian gehiegizkoa bada, arau-hausteak eragindako kaltea eta errudunaren beraren inguruabarrak kontuan izanik.

4. Indultu-eskaera egiten bada, epaile edo auzitegiak zigorraren betearazpena eten egingo du, indultu-eskaerak erabaki bat jasotzen ez duen bitartean, baldin eta oinarridun ebazpenaz adierazten badu, bere ustez, zigorraren betearazpenak prozesuan bidegabeko luzapenik ez izateko eskubidea hauts dezakeela.

Epaile edo auzitegiak zigorraren betearazpena ere eten ahal izango du, indultu-eskaerak erabaki bat jasotzen ez duen bitartean, baldin eta epaia betearaztearen ondorioz indultuaren helburua zentzugabekoa gertatu ahal bada.

5. artikulua

Dolo edo zuhurtziagabekeriarik gabe ez dago zigorrik.

6. artikulua

1. Segurtasun-neurriak oinarritzen dira, horien ezarpena jasan duen subjektuaren arriskutsutasun kriminalean. Arriskutsutasun kriminal hori agertzen da delitu gisa ezarritako egitatea gauzatzen denean.

2. Segurtasun-neurriak ezin dira izan astunagoak edo luzeagoak gauzatu egitateari dagokion zigor abstraktua baino, eta ezin dute gainditu egilearen arriskutsutasuna aurretik zaintzeko beharrezkoa denaren muga.

7. artikulua

Denboran zehar aplikatu behar den zigor-legea zehazteko, delitu eta faltak egindakotzat hartzen dira subjektuak ekintza gauzatzen duenean, edo gauzatu behar zuen egintza gauzatzen ez duenean.

8. artikulua

Kode honen bi manu edo gehiagoren arabera kalifikatu ahal diren egitateak hurrengo erregela hauen arabera zigortuko dira, baldin eta egitate horiek 73. artikulutik 77.erakoen barnean ez badaude:

1.) Manu orokorraren aurrean, bereziak du aplikatzeko lehentasuna.

2.) Manu subsidiarioa manu nagusirik ez dagoenean bakarrik aplikatuko da, bai beren beregi subsidiarioa dela adierazten bada, bai isilbidez subsidiarioa dela ondorioztatu ahal bada.

3.) Manu penal zabalenak edo konplexuenak baitaratuko ditu bere baitan irentsitako arau-hausteak zigortzen dituzten manuak.

4.) Aurreko irizpiderik ezean, manu penal astunenak baztertuko ditu egitatea zigor arinagoarekin zigortzen duten manuak.

9. artikulua

Titulu honen xedapenak aplikatuko zaizkie lege bereziek zigortzen dituzten delitu eta faltei. Kode honen gainerako xedapenak, ordeztaile gisa, aplikatuko zaizkie lege bereziek beren beregi arautzen ez dituzten kasuei.

I. LIBURUA

DELITU ETA FALTEI, PERTSONA ERANTZULEI, ZIGORREI, SEGURTASUN-NEURRIEI ETA ARAU-HAUSTE PENALAREN GAINERAKO ONDORIOEI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

I. TITULUA

ARAU-HAUSTE PENALA

I. KAPITULUA

Delituak eta faltak

10. artikulua

Delitu edo faltak dira legeak zigortzen dituen dolo edo zuhurtziagabekeriazko egite eta ez-egiteak.

11. artikulua

Emaitza sortzea den delitu edo faltak, bakarrik joko dira ez-egiteagatik gauzatutzat, emaitza saiheste eza emaitza sortzea bestekoa bada, egilearen eginbehar juridiko berezi bat hausteagatik, legearen testuak duen esanahiaren arabera. Ondore horretarako, ez-egitea egitearekin parekatuko da hurrengo kasuetan:

a) Legez edo kontratuz jarduteko betebehar zehatza dagoenean.

b) Ez-egileak arrisku egoera sortu duenean, zuzenbideak babestutako ondasunarentzat, aurreko egite edo ez-egite baten bidez.

12. artikulua

Zuhurtziagabekeriazko egite nahiz ez-egiteak zigortuko dira legeak hala xedatzen duenean bakarrik.

13. artikulua

1. Delitu astunak dira legeak zigor astunarekin zigortzen dituen arau-hausteak.

2. Astuntasun txikiagoko delituak dira legeak astuntasun txikiagoko zigorrarekin zigortzen dituen arau-hausteak.

3. Faltak dira legeak zigor arinarekin zigortzen dituen arau-hausteak.

4. Zigorra, bere hedadura dela eta, aldi berean, artikulu honen 1 eta 2. paragrafoetan aipatu zigorren artean sartu ahal bada, delitua astuntzat hartuko da, edozein kasutan.

14. artikulua

1. Arau-hauste penala osatzen duten egitateetatik edozeini buruzko oker gaindiezinak erantzukizun kriminala baztertzen du. Okerra gaindi daitekeenean, egitatearen eta egilearen beraren inguruabarrak kontuan izanik, arau-haustea zuhurtziagabekeriazkotzat hartuko da, eta hala zigortuko da, hala badagokio.

2. Arau-haustea kualifikatzen duen egitateari edo inguruabar astungarri bati buruzkoa bada okerra, orduan, egitate edo inguruabar hori ez da aintzat hartuko.

3. Egitate baten ez-zilegitasunari buruzko oker gaindiezina egon eta egitate hori arau-hauste penala bada, orduan, okerrak erantzukizun kriminala baztertuko du. Okerra gaindigarria bada, delituari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoa ezarriko da.

15. artikulua

1. Zigortzeko modukoak dira delitu burutua eta delitu-saiakuntza.

2. Faltak zigortuko dira burutu direnean bakarrik, pertsona edo ondarearen aurka egindako falta-saiakuntzak izan ezik.

16. artikulua

1. Delitu-saiakuntza dago, subjektua zuzenean delitu egiten hasten bada kanpoko egitateen bidez, emaitza modu objektiboan sortarazi beharko luketen egitate guztiak edo egitate batzuk gauzatuz, eta emaitza sortzen ez bada egilearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik.

2. Delitu-saiakuntzaren ondorioz sorturiko erantzukizun penaletik salbuetsita geratuko da delitua burutzea borondatez galarazten duena, bai hasitako delituan atzera eginez, bai eta emaitza sortzea eragotziz ere; horrek ez dio kalterik egingo egintza gauzatuen ondorioz dagokion erantzukizunari, jadanik egintza horiek beste delitu edo falta bat badira.

3. Egitate batean subjektu batek baino gehiagok esku hartzen dutenean, erantzukizun penaletik salbuetsita geratuko dira hasitako gauzatzean atzera egin eta egitatea burutzea benaz, irmotasunez eta etsi-etsian eragotzi edo eragozten ahalegintzen direnak; horrek ez dio kalterik egingo egintza gauzatuen ondorioz dagokien erantzukizunari, jadanik egintza horiek beste delitu edo falta bat badira.

17. artikulua

1. Konspirazioa dago, pertsona bi edo gehiago delitu bat egiteko ados jarri eta delitu egitea erabakitzen dutenean.

2. Proposamena dago, delitu egitea erabaki duenak delitu egitera pertsona bat edo batzuk gonbidatzen dituenean.

3. Delitu egiteko konspirazioa eta proposamena legeak beren beregi araututako kasuetan bakarrik zigortuko dira.

18. artikulua

1. Zirikatzea dago, delitu bat egitera zuzenean bultzatzen denean inprimatze, irrati-hedatze edo horien antzeko eragingarritasuna duten bideetatik beste edozein erabiliz, baldin eta publizitatea errazten duen bidea bada, bai eta delitu bat egitera bultzatzen denean pertsona multzo baten aurrean ere.

Apologia da, kode honen ondoreetarako, krimena edo haren egilea goratzen duten ideiak edota doktrinak azaltzea, pertsona multzo baten aurrean jardunda, edozein hedabide erabilita ere. Apologia zirikatze-era gisa bakarrik joko da delitutzat, betiere, haren izaera eta inguruabarrak kontuan izanik, delitu egitera zuzenean bultzatzea den neurrian.

2. Legeak arautu kasuetan bakarrik zigortuko da zirikatzea.

Zirikatzearen ostean delitu egiten bada, zirikatze hori indukzio gisa zigortuko da.

II. KAPITULUA

Erantzukizun kriminaletik salbuesten duten arrazoiak

19. artikulua*

Hemezortzi urte baino gutxiago dutenek ez dute erantzukizun kriminalik izango kode honen arabera.

Adin hori baino gutxiago duenak delitua gauzatzen duenean, bera izan daiteke erantzule adingabearen erantzukizun penala arautzen duen legearen arabera.

20. artikulua

Erantzukizun kriminaletik salbuetsita daude hurrengo hauek:

1.) Arau-hauste penala egitean, egitatea zilegizkoa ez dela ulertu ezin duena edo ulermen horren arabera jardun ezin duena, edozein anomalia edo aldakuntza psikikok eraginda.

Buru-nahaste iragankorrak ez du zigorretik salbuetsiko subjektuak berak hori eragin duenean delitu egiteko asmoz, edo subjektuak delitu egitea aurreikusi duenean, edo aurreikusi behar izango zuenean.

2.) Arau-hauste penala egitean guztiz toxikatuta dagoena, edari alkoholdun, droga toxiko, sorgorgarri, gai psikotropiko edo horien antzeko ondoreak sortzen dituzten bestelako gaiak kontsumitzeagatik, baldin eta subjektuak egoera hori eragin ez badu arau-hauste penala egiteko asmoz, edota subjektuak delitu egitea aurreikusi ez badu, edo aurreikusi behar izan ez balu; edota abstinentzia-sindromepean dagoena, gai horiekiko mendekotasunak eraginda, baldin eta sindrome horrek egitatea zilegia ez dela ulertzea edo ulermen horren arabera jardutea eragozten badio.

3.) Errealitatearen kontzientzia modu larrian aldatuta duena, jaiotzatik edo haurtzarotik oharmenean aldakuntzak jasateagatik.

4.) Pertsona edo norberaren nahiz beste baten eskubideak defendatzeko jarduten duena, baldin eta hurrengo betekizun hauek pilatzen badira:

Lehenengoa. Bidezkoa ez den erasoa. Ondasunak defendatzeko kasuan, bidezko ez den erasotzat hartuko da beraien aurkako erasoa, baldin eta eraso hori delitua edo falta bada, eta ondasunok narriatzeko edo galtzeko arrisku larrian jartzen baditu. Bizilekua edo beraren gelak defendatzeko kasuan, bidezko ez den erasotzat hartuko da bizilekuan edo beraren geletan bidegabe sartzea.

Bigarrena. Bidezko ez den erasoa eragotzi edo horri aurre egiteko erabili den bidearen zentzuzko beharrizana.

Hirugarrena. Defentsariak behar besteko zirikatzerik ez egitea.

5.) Beharrizan-egoeran izanik, bere edo beste baten aurkako kaltea saihesteko beste pertsona baten ondasun juridiko bat lesionatzen duena, edo eginbehar bat hausten duena, betiere hurrengo betekizun hauek pilatzen direnean:

Lehenengoa. Eragindako kaltea saihestu nahi dena baino handiagoa ez izatea.

Bigarrena. Subjektuak beharrizan-egoera asmoarekin eragin ez izatea.

Hirugarrena. Beharrizana duenak bere burua sakrifikatzeko betebeharrik ez izatea, bere ogibide edo kargua dela eta.

6.) Beldur gaindiezinak bultzatuta jokatzen duena.

7.) Eginbeharra betetzean, edota bidezko eran eskubidea egikaritu nahiz ogibide edo karguan aritzean jokatzen duena.

Lehenengo hiru zenbakien kasuetan, hala denean, kode honetako segurtasun-neurriak ezarriko dira.

III. KAPITULUA

Erantzukizun kriminala arintzen duten inguruabarrak

21. artikulua

Inguruabar aringarriak dira hurrengo hauek:

1.) Aurreko kapituluan azaldu arrazoiak, bakoitzaren kasuan erantzukizunetik salbuesteko behar diren betekizun guztiak gertatzen ez direnean.

2.) Errudunak jardutea, aurreko artikuluaren 2. zenbakian aipatutako gaiekiko duen mendekotasun larriak eraginda.

3.) Arrazoi edo bultzagarri oso indartsuengatik jardutea, halakoek euren indarraren ondorioz zoroaldia, itsualdia edo horien antzeko tenorekoa den beste grinaldi bat sortarazi badute.

4.) Errudunak, prozedura judiziala beraren aurka doala jakin aurretik, agintaritzari aitortzea egin duen arau-haustea.

5.) Errudunak, prozeduraren edozein unetan, eta ahozko epaiketa egin aurretik, biktimari eragindako kaltea konpondu edo horren ondoreak murrizteari ekitea.

6.) Aurrekoen antzeko esanahia duten inguruabarretatik beste edozein.

IV. KAPITULUA

Erantzukizun kriminala astuntzen duten inguruabarrak

22. artikulua

Inguruabar astungarriak dira hurrengo hauek:

1.) Egitatea maltzurkeriaz gauzatzea.

Maltzurkeria dago errudunak, pertsonen aurkako delituetatik edozeinetan, horiek zuzenean edo beren beregi ziurtatzeko asmatu bideak, moduak edo erak erabiltzen baditu, berarentzat arriskurik sor ez dadin ofendituak egiten duen defentsatik.

2.) Egitatea gauzatzea mozorroa erabiliz nahiz nagusitasun-abusuz; edo leku- zein denbora-inguruabarrak edota beste pertsona batzuen laguntza aprobetxatuz gauzatzea, halakoek ofendituaren defentsa ahuldu edo delitugilearen zigorgabetasuna errazten badute.

3.) Prezio, sari edo hitzematearen bidez egitatea gauzatzea.

4.) Delitu egitea arrazakeria nahiz zio antisemitengatik edo bereizkeriako beste mota batengatik, baldin eta hori biktimaren ideologia, erlijio edo sinesmen, etnia, arraza, nazio, sexu zein sexu-joera, gaixotasun edo elbarritasunari buruzkoa bada.

5.) Nahita eta bihotz-gogorrez handitzea biktimaren sufrimendua, delitu egiteko behar ez diren pairamenak eraginez.

6.) Konfiantza-abusuz aritzea.

7.) Errudunak duen izaera publikoaz baliatzea.

8.) Berrerorlea izatea.

Berrerortzea dago, erruduna, delitu egiten duenerako, kondenatua izan bada kode honen titulu berera bildutako delitu baten ondorioz, baldin eta delitu hori izaera berekoa bada.

Zenbaki honen ondoreetarako, ezereztu diren edo ezereztu beharko liratekeen zigor-aurrekariak ez dira zenbatuko.

V. KAPITULUA

Senidetasun-inguruabar mistoa

23. artikulua

Erantzukizuna arindu edo astundu ahal du, delituaren izaera, zio eta ondoreen arabera, laidotua ezkontidea izateak edo antzeko maitasun-harremanez egonkor loturik dagoen pertsona izateak; edota odol, adopzio zein ezkontza bidezko senidetasuna dela medio, aurreko, ondorengo nahiz neba-arreba izateak, ofentsagilearen gradu berberetan.

VI. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

24. artikulua

1. Zigor-ondoreetarako, agintaritzat hartuko da, bera bakarrik edo korporazio, auzitegi nahiz kide anitzeko organo baten kide gisa agintea izan edo berezko jurisdikzioan jarduten duena. Edozein modutan, Diputatuen Kongresuko, Senatuko, Autonomia Erkidegoetako legebiltzarretako eta Europako Parlamentuko kideak agintaritzat hartuko dira. Fiskaltzaren kideak ere agintaritzat hartuko dira.

2. Funtzionario publikotzat hartuko da, legearen zuzeneko xedapenaren bidez, hautaketa bidez edo agintaritza eskudunak egiten duen izendapenaren bidez, funtzio publikoak betetzen dituenetatik edozein.

25. artikulua

Kode honen ondoreetarako, ezgaitzat hartuko da, beraren ezgaikuntza adierazia izan ala ez, gaixotasun iraunkorrak jotako pertsonetatik edozein, baldin eta ezgaitasun horrek beraren burua edo ondasunak gobernatzen eragozten badio.

26. artikulua

Kode honen ondoreetarako, agiritzat hartzen da datuak, egitateak edo kontaketak adierazi edo barneratzen dituzten euskarri materialetatik edozein, baldin eta datu, egitate edo kontaketok froga-eragingarritasuna edo beste edozein motatako garrantzi juridikoa badute.

II. TITULUA

DELITU ETA FALTEI DAGOKIENEZ ERANTZUKIZUN KRIMINALA DUTEN PERTSONAK

27. artikulua

Delitu eta faltengatik erantzukizun kriminala dute egile eta sopikunek.

28. artikulua

Egile dira, egitatea eurek bakarrik, taldeka edo beste edonor bitarteko gisa erabiliz, gauzatzen dutenak.

Egiletzat hartuko dira hurrengo hauek ere:

a) Beste bat edo beste batzuk egitatea gauzatzera zuzenean induzitzen dituztenak.

b) Egitatea gauzatzeko egintza baten bitartez laguntzen dutenak, baldin eta egintza hori ezinbestekoa bazen egitatea gauzatu zedin.

29. artikulua

Sopikunak dira, aurreko artikulura bilduta egon barik, egitatea gauzatzen, aurreko edo aldi bereko egintzekin laguntzen dutenak.

30. artikulua

1. Hedapenerako bide edo euskarri mekanikoak erabiliz egindako delitu eta falten ondorioz, ez dute modu kriminalean erantzungo sopikunek ezta, euren kabuz edo euren ondasunez, delitu eta falta horiek faboratu dituztenek.

2. 28. artikuluak aipatu egileek modu mailakatu, baztergarri eta subsidiarioan erantzungo dute, hurrengo hurrenkera honen arabera:

1.) Testua edo zeinua benetan idatzi edo sortu dutenek eta eurak hori egitera induzitu dituztenek.

2.) Testua edo zeinua hedatu duen argitalpen edo saioaren zuzendariek.

3.) Enpresa argitaratzaile, zabaltzaile edo hedatzailearen zuzendariek.

4.) Enpresa irarle, erreproduzitzaile edo inprimatzailearen zuzendariek.

3. Aurreko paragrafoko zenbakietatik batean agertzen diren pertsonetatik bat ere ezin bada pertsegitu, erantzukizun penala azkentzea ez den beste edozein zio dela eta, auzi-iheslari adierazpena eta Espainiatik kanpo bizilekua izatea barne direlarik, orduan, prozedura bideratuko da hurrengo zenbakian aipatzen diren pertsonen aurka.

31. artikulua

Norbaitek, pertsona juridiko baten egitezko edo zuzenbideko administratzaile gisa, edo legezko nahiz borondatezko ordezkaritzaren bitartez, beste baten izenean jarduten badu, orduan, erantzukizun pertsonala izango du, nahiz eta berari dagokion delitu edo faltaren subjektu aktiboa izateko baldintza, ezaugarri edo harremanak bete ez, baldin eta inguruabarrok erakunde edo pertsona ordezkatuarengan badira.

III. titulua

ZIGORRAK

I. KAPITULUA

Zigorrak, zigor-motak eta ondoreak

I. Atala

Zigorrak eta zigor-motak

32. artikulua

Kode honen arabera, bai nagusi legez bai erantsi gisa, ezar daitezkeen zigorrak dira askatasunaz gabetzen dutenak, beste eskubide batzuez gabetzen dutenak eta isuna.

33. artikulua

1. Zigorrak nolakoak diren eta zein iraupen duten aintzat hartuta, honela sailkatzen dira: zigor astunak, ez hain astunak eta arinak.

2. Zigor astunak hurrengo hauek dira:

a) Hiru urte baino gehiagoko espetxealdia.

b) Erabateko desgaikuntza.

c) Hiru urte baino gehiagorako desgaikuntza bereziak.

d) Norbaiti enplegu edo kargualdi publikoa hiru urte baino gehiagorako etetea.

e) Ibilgailu motordun edo motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz sei urte baino gehiagorako gabetzea.

f) Armak eduki eta eramateko eskubideaz sei urte baino gehiagorako gabetzea.

g) Leku jakin batzuetan bizilekua izateko edo leku horietara joateko eskubideaz hiru urte baino gehiagorako gabetzea, edota biktimarengana edo epaile nahiz auzitegiak zehazten dituen biktimaren senide edo beste pertsonengana hurbiltzeko edota horiekin komunikatzeko debekua ezartzea, hiru urte baino denbora gehiagorako.

3. Zigor ez hain astunak hurrengo hauek dira:

a) Sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdia.

b) Hiru urte arteko desgaikuntza bereziak.

c) Norbaiti enplegu edo kargualdi publikoa hiru urte arte etetea.

d) Ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz urtebete eta egun batetik sei arte gabetzea.

e) Armak eduki eta eramateko eskubideaz urtebete eta egun batetik sei arte gabetzea.

f) Leku jakin batzuetan bizilekua izateko edo leku horietara joateko eskubideaz sei hilabetetik hiru urte arteko epean gabetzea, edota biktimarengana edo epaile nahiz auzitegiak zehazten dituen biktimaren senide edo beste pertsonengana hurbiltzeko edota horiekin komunikatzeko debekua ezartzea, sei hilabetetik hiru urte arteko epean.

g) Bi hilabete baino gehiagoko isuna.

h) Proportziozko isuna, zenbatekoa edozein izanda ere.

i) Zazpi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldia.

j) Laurogeita hamaseitik hirurehun eta laurogeita lau ordura gizartearentzako lanak egitea.

4. Zigor arinak hurrengoak dira:

a) Ibilgailu motordunak edo motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz hiru hilabetetik urtebetera gabetzea.

b) Armak eduki eta eramateko eskubideaz hiru hilabetetik urtebetera gabetzea

b) bis. Leku jakin batzuetan bizilekua izateko edo leku horietara joateko eskubideaz sei hilabete baino denbora gutxiagorako gabetzea, edo biktimarengana nahiz epaile nahiz auzitegiak zehazten dituen biktimaren senide edo beste pertsonengana hurbiltzeko edo horiekin komunikatzeko debekua ezartzea, sei hilabete baino denbora gutxiagorako.

c) Bost egunetik bi hilabeterako isuna.

d) Asteburu batetik sei arteko atzipenaldia.

e) Hamasei ordutik laurogeita hamasei ordura gizartearentzako lanak egitea.

5. Isuna ez ordaintzeagatik erantzukizun pertsonal subsidiarioa sortzen bada, erantzukizun hori ez hain astuna edo arina izango da, ordezturiko zigorraren izaeraren arabera.

6. Zigor erantsiek iraungo dute zigor nagusiak, kasuan-kasuan, dirauen beste.

34. artikulua

Ez dira zigortzat hartuko hurrengo hauek:

1. Atxiloketa, aurreneurrizko espetxealdia eta zigor-izaerako beste kautela-neurriak.

2. Gobernu- edo diziplina-aginpideak erabiliz, menpekoei eta administratuei ezartzen zaizkien isunak eta gainerako zuzengarriak.

3. Lege zibilek edo administrazio-legeek ezarri eskubide-gabetze eta konpontze-zehapenak.

II. Atala

Zigor askatasun-gabetzaileak

35. artikulua

Zigor askatasun-gabetzaileak dira espetxealdia, asteburuko atzipenaldia, eta isuna ez ordaintzeagatik sorturiko erantzukizun pertsonal subsidiarioa.

36. artikulua

Espetxealdi-zigorrak sei hilabete iraungo du gutxienez, eta gehienez hogei urte, salbu eta kode honen beste manu batzuek, salbuespen gisa, besterik xedatzen dutenean.

Espetxealdi-zigorra bete eta kondena laburtzea dakarten espetxe-onurak ezarri, legeetan eta kode honetan xedatutakoaren arabera bete eta ezarriko dira.

37. artikulua

1. Asteburuko atzipenaldiak hogeita hamasei orduz iraungo du eta, edozein kasutan, askatasunaz bi egunetan gabetzea beste izango da. Gehienez, hogeita lau asteburuko atzipenaldia bakarrik ezarri ahal izango da, salbu eta zigorra beste zigor askatasun-gabetzaile baten ordezko gisa ezartzen denean. Kasu horretan, zigorraren iraupena kode honen 88. artikuluan ezarritako erregelen aplikaziotik ateratzen dena izango da.

2. Zigorra ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan beteko da atzituaren egoitzatik hurbilen dagoen espetxean.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, inguruabarren arabera hala komeni bada, epaile edo auzitegi epai-emaileak, erruduna ados dagoelarik, eta Fiskaltzak esan beharrekoa entzunda, asteburuko atzipenaldia asteko beste egun batzuetan betetzea agindu ahal izango du, bai eta udal gordailuetan betetzea ere, ahal den neurrian, zigortuak bizilekua duen epaitegi-barrutian espetxerik ez badago.

3. Kondenatua, asteburuko atzipenaldia betetzeko, inolako arrazoirik gabe, birritan aurkezten ez bada, zaintza-epaileak atzipenaldia etengabe betearaztea erabaki ahal izango du, kondena urratzeagatik lekukotza egiteari kalterik egin gabe.

4. Betearazpenari buruzko gainerako inguruabarrak erregelamenduz ezarriko dira, espetxe-legean xedatutakoaren arabera. Lege horren arauak ordeztaile gisa aplikatuko dira kode honek beren beregi ezer ezartzen ez duenetan.

38. artikulua

1. Erruduna preso dagoenean, epai kondenatzailea irmo den egunetik hasiko da zenbatzen zigorren iraupena.

2. Preso ez dagoenean, erruduna zigorra betetzeko egokia den establezimenduan sartzen denetik hasiko da zenbatzen zigorren iraupena.

III. Atala

Eskubideez gabetzeko zigorrak

39. artikulua

Eskubideez gabetzeko zigorrak hurrengo hauek dira:

a) Erabateko desgaikuntza.

b) Enplegu edo kargu publikorako, lanbide, ogibide, industria nahiz merkataritzarako desgaikuntza berezia, edota guraso-ahalaren eskubidea edo tutoretza-, zaintza- nahiz kuradoretza- -eskubideak, hautagai izateko eskubidea zein beste edozein eskubide egikaritzeko desgaikuntza berezia.

c) Norbaiti enplegu edo kargualdi publikoa etetea.

d) Ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz gabetzea.

e) Armak eduki eta eramateko eskubideaz gabetzea.

f) Leku jakin batzuetan bizilekua izateko edo leku horietara joateko eskubideaz gabetzea, edota biktimarengana nahiz epaile nahiz auzitegiak zehazten dituen biktimaren senide edo beste pertsonengana hurbiltzeko edo horiekin komunikatzeko debekua ezartzea.

g) Gizartearentzako lanak egitea.

40. artikulua

Erabateko desgaikuntza-zigorrak sei urtetik hogei arte dirau, kode honen beste manu batzuek salbuespenez xedatzen dutena gorabehera; desgaikuntza bereziko zigorrek, sei hilabetetik hogei urtera; enplegu edo kargualdi publikoa eteteko zigorrek, sei hilabetetik sei urtera; ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz gabetzen duten zigorrek, hiru hilabetetik hamar urtera, bai eta armak eduki eta eramateko eskubidea kentzen duten zigorrek ere; leku jakin batzuetan bizilekua izateko eskubidea edo leku horietara joateko eskubidea kentzen duten zigorrek, sei hilabetetik bost urtera; eta gizartearentzako lanari buruzko zigorrek, egun batetik urtebetera.

41. artikulua

Erabateko desgaikuntza-zigorrak zigortuak dituen ohore, enplegu eta kargu publiko guztiez behin betiko gabetzea dakar, nahiz eta hautapenekoak izan. Horrezaz gain, zigorrak ezgaitasuna dakar horiek guztiak lortzeko edo beste edozein ohore, kargu edo enplegu publiko lortzeko eta kargu publiko baterako hautagai izateko, kondenaren aldi bitartean.

42. artikulua

Enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza bereziko zigorrak desgaikuntzari dagokion enplegu edo karguaz behin betiko gabetzea dakar, bai eta enplegu edo kargu horri datxezkion ohoreak kentzea ere. Horrezaz gain, zigor horrek kondenaren aldi bitartean enplegu edo kargu publikoa edo horren antzeko beste batzuk lortzeko ezgaitasuna dakar. Epaian desgaikuntzak barneratzen dituen enplegu, kargu eta ohoreak zehaztu beharko dira.

43. artikulua

Enplegu edo kargualdi publikoa eteteak zigortua horretan aritzeaz gabetzen du, kondenaren aldi bitartean.

44. artikulua

Hautagai izateko eskubiderako desgaikuntza bereziak zigortua, kondenaren aldi bitartean, kargu publikoetarako hautagai izateko eskubideaz gabetzen du.

45. artikulua

Lanbide, ogibide, industria, merkataritza edo beste edozein eskubidetarako desgaikuntza berezia, beren beregi eta zioak emanez, azaldu behar da epaian. Bada, desgaikuntza bereziak ahalmenaz gabetzen du zigortua, eskubide horiek kondenaren aldi bitartean egikaritzeko.

46. artikulua

Guraso-ahala, tutoretza, kuradoretza, zaintza eta harrera egikaritzeko desgaikuntza bereziak guraso-ahalari datxezkion eskubideez gabetzen du zigortua, eta tutoretza, kuradoretza, zaintza eta harrera azkentzen ditu. Era berean, desgaikuntza bereziak, kondenaren aldi bitartean, kargu horietarako izendapena lortzeko ezgaitasuna dakar.

47. artikulua

Ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz gabetzen duen zigorra ezarriz gero, zigortua bi eskubide horiek egikaritzeko desgaituta gelditzen da, epaian zehaztutako denboran.

Armak eduki eta eramateko eskubideaz gabetzen duen zigorra ezarriz gero, zigortuak, epaian zehaztutako denboran, eskubide hori egikaritzeko desgaikuntza izango du.

48. artikulua

Leku jakin batzuetan bizilekua izateko eskubidea edo leku horietara joateko eskubideaz gabetzen duen zigorrak eragozten dio zigortuari delitu egin duen lekura edo, leku bera ez bada, biktimak nahiz beraren familiak bizilekua duten lekura itzultzea.

Biktimarengana edo epaile nahiz auzitegiak zehazten dituen biktimaren senide edo beste pertsonengana hurbiltzeko debekuak zigortuari eragozten dio horiei hurreratzea, edozein lekutan badaude ere, bai eta pertsona horien egoitza, lan egiten duten leku edo sarritan joaten diren lekuetara hurreratzea ere.

Biktimarekin edo epaile nahiz auzitegiak zehazten dituen biktimaren senide edo beste pertsonekin komunikatzeko debekuak eragozten dio zigortuari, edozein komunikazio-bide edo informatika- zein telematika-bide erabiliz, harreman idatziak, hitzezkoak edo begizkoak izatea.

49. artikulua

Gizartearentzako lanak ezartzeko, zigortuaren adostasuna beharrezkoa da. Lan horiek zigortua behartzen dute herri-onurako jarduera jakin batzuetan ordaindu gabeko laguntza ematera. Zigortua gizartearentzako lanetan ezin da egunean zortzi ordu baino gehiago aritu hurrengo baldintza hauetan:

1.) Lana egingo da, epaile edo auzitegi epai-emailearen kontrolpean. Ondore horretarako, epaile edo auzitegiak zerbitzugintzan ari den Administrazio, erakunde publiko edo interes orokorreko elkarteari zigortuak egiten dituen lanen txostenak eskatu ahal izango dizkio.

2.) Lana ez da zigortuaren duintasunaren aurkakoa izango.

3.) Administrazioak gizartearentzako lana hornituko du. Helburu horretarako, hitzarmen egokiak ezarri ahal izango ditu Administrazioak.

4.) Gizarte Segurantzaren arloan espetxe-legeriak zigortuei eskaintzen dien babes bera izango du.

5.) Lana ez da interes ekonomikoak lortzeko helburupean jarriko.

Lana egiteko beste inguruabarrak, erregelamendu bidez, espetxe-legeak xedatzen duenaren arabera ezarriko dira. Zigor Kodeak beren beregi ezartzen ez dituen kasuetan ordeztaile gisa aplikatuko dira espetxe-legearen xedapenak.

IV. Atala

Isun-zigorra

50. artikulua

1. Isun-zigorra kondenatuari diru zehapen bat ezartzea da.

2. Isun-zigorra, legeak besterik xedatu ezean, isun-egunen sistemaren bidez ezarriko da.

3. Isunaren iraupena, gutxienez, bost egunekoa izango da, eta, gehienez, bi urtekoa. Gehieneko muga hori ez da aplikatuko, isuna beste zigor baten ordez ezartzen denean. Kasu horretan, 88. artikuluko erregelaren aplikazioak ondorioztatzen duen iraupena izango du zigorrak.

4. Eguneko kuota, gutxienez, berrehun pezetakoa da, eta, gehienez, berrogeita hamar mila pezetakoa. Zenbaketa egiteko, iraupena hilabeteka edo urteka ezartzen denean, hilak hogeita hamar egunekoak eta urteak hirurehun eta hirurogeikoak direla ulertzen da.

5. Epaile edo auzitegiek zigorraren iraupena zioak emanez zehaztuko dute, delitu bakoitzari ezarritako mugen barnean eta titulu honen II. kapituluaren erregelen arabera. Era berean, epaile edo auzitegiek epaian kuoten zenbatekoa ezarriko dute. Horretarako egoera ekonomikoa besterik ez da kontuan hartuko, errudunaren ondarea, sarrerak, betebeharrak, familia-zamak eta berari dagozkion bestelako inguruabarrak oinarri hartuta.

6. Auzitegiak kuotak ordaintzeko denbora eta modua zehaztuko ditu epaian.

51. artikulua

Epaiaren ostean zigortuaren egoera ekonomikoak txarrera egiten badu, epaile edo auzitegiak salbuespen gisa kuoten zenbatekoa gutxitu dezake, zigortuaren ahalbide ekonomikoa ikertu eta gero.

52. artikulua

1. Aurreko artikuluetan xedatutakoa gorabehera, kodeak horrela ezartzen badu, delituak eragindako kaltearen, delituaren objektuak duen balioaren edo delituak dakarren onuraren arabera ezarriko da isuna.

2. Kasu horietan, isunak ezartzeko, legeak baimentzen duen esparru osoan mugitu ahal izango dira epaile eta auzitegiak, eta kasuan-kasuan isunen zenbatekoa zehazteko, egitatea arintzen edo astuntzen duten inguruabarrez gain, nagusiki, errudunaren egoera ekonomikoa hartuko dute kontuan.

53. artikulua

1. Kondenatuak isuna ordaintzen ez badu, bere borondatez edo premiamenduaren bidez, erantzukizun pertsonal subsidiarioa izango du. Erantzukizun hori eguneko bi kuota ez ordaintzeagatik askatasuna egun batez gabetzean da, eta asteburuko atzipenaldien bidez bete daiteke.

Epaile edo auzitegiak, zigortua ados badago, erabaki dezake erantzukizun pertsonal subdidiarioa gizartearentzako lanak eginez betetzeko. Kasu horretan askatasunik gabeko egun bakoitzak eta egun bateko lansaioak balio bera izango dute.

2. Proportziozko isunaren kasuan, epaile eta auzitegiek, euren sen onaren arabera, urtebete baino gehiago iraun ezin duen erantzukizun subsidiarioa ezarriko dute. Epaile edo auzitegiak, zigortua ados badago, erabaki dezake isun proportzionala gizartearentzako lanak eginez betetzeko.

3. Erantzukizun subsidiario hori ez zaie ezarriko, zigor askatasun-gabetzailearengatik lau urte baino gehiagorako kondenatuta daudenei.

4. Erantzukizun subsidiarioa betetakoan, isuna ordaintzeko betebeharra azkentzen da, nahiz eta gerora errudunaren egoera ekonomikoa hobetu.

V. Atala

Zigor erantsiak

54. artikulua

Desgaikuntza-zigorrak erantsiak dira, legeak, halakoak beren beregi ezarri barik, adierazten duenean beste zigor batzuek haiek barneratzen dituztela.

55. artikulua

Hamar urte edo gehiagorako espetxealdi-zigorrak erabateko desgaikuntza ekarriko du, kondenaren aldi bitartean, salbu eta erabateko desgaikuntza-zigor nagusi gisa ezarrita dagoenean.

56. artikulua

Hamar urte arteko espetxealdi-zigorretan, epaile edo auzitegiek, delituaren astuntasuna kontuan hartuz, hurrengo hauetako bat ezarriko dute zigor erantsi gisa: enplegu edo kargualdi publikoa etetea, kondenaren aldi bitartean hautagai izateko desgaikuntza berezia, edota enplegu nahiz kargu publikorako, lanbide, ogibide, industria edo merkataritzarako nahiz beste edozein eskubidetarako desgaikuntza berezia, eskubideok zuzeneko lotura izan badute egindako delituarekin; lotura hori epaian zehaztu beharko da beren beregi.

57. artikulua

Epaile edo auzitegiek, giza hilketa, abortu eta lesio-delituetan, askatasunaren aurkako delituan, tortura-delituan, eta osotasun moralaren, sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren, bizitza pribatuaren eta norberaren irudirako eskubidearen aurkako delituetan, bai eta egoitzaren bortxaezintasunaren, ohorearen eta ondarearen aurkako delituetan, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkakoetan ere, egitateen larritasuna eta delitugilearen arriskutsutasuna kontuan hartuta, euren epaietan erabaki dezakete hurrengo debekuetatik bat edo batzuk ezartzea, eurek adierazi eta inoiz ere bost urte baino gehiago iraungo ez duen epealdirako:

a) Biktimarengana edo epaile nahiz auzitegiak zehazten dituen biktimaren senide edo beste pertsonengana hurbiltzeko debekua.

b) Biktimarekin edo epaile nahiz auzitegiak zehazten dituen biktimaren senide edo beste pertsonekin komunikatzeko debekua.

c) Delitua egin den lekura itzultzeko debekua, edo biktimak edo beraren familiak bizilekua duen lekura joateko debekua, betiere azken leku hori eta delitua egin den lekua ezberdinak direnean.

Artikulu honetako debekuak ezarri ahal izango dira, berebat, sei hilabete baino gehiago iraun ezin duen epealdirako, baldin eta arau-haustea egin bada eta arau-hauste hori pertsonen aurkako falta gisa kalifikatuta badago kode honen 617 eta 620. artikuluetan.

VI. Atala

Guztietarako xedapenak

58. artikulua

1. Askatasunik gabe aurreneurriz jasandako denbora osorik ordainduko da, askatasunaz gabetzea erabaki den auzian ezarritako zigorra edo zigorrak betetzeko, edo, auzi horretan zigorrik izan ezean, beste auzi batzuetan errudunari ezarri ahal zaizkion zigorrak betetzeko, baldin eta zigor horiek espetxean sartu baino lehenagoko egitateei badagozkie.

2. Era berean, eskubideez gabetzea kautela gisa erabakitzen denean, gabe-tzea oso-osorik ordainduko da ezarritako zigorra betetzeko.

59. artikulua

Jasandako kautela-neurriak eta ezarritako zigorra izaera ezberdinekoak badira, epaile edo auzitegiak aginduko du ezarri zigorraren zati bat, bere iritziz ordaindurik dagoen zatian, betetzat jotzea.

60. artikulua

1. Epai irmoa eman eta gero, zigortuari buru-nahaste iraunkor eta larria antzematen zaionean eta, horren ondorioz, zigorraren esanahia ulertu ezin duenean, zigor askatasun-gabetzailearen betearazpena eten egingo da, eta epaile edo auzitegiak beharrezko osasun-laguntza izatea bermatuko dio.

2. Zigortuak, behin buru-osasuna berreskuratu eta gero, zigorra beteko du, zigorraren preskripzioa gertatu ez bada; horrek ez dio kalterik egingo epaile edo auzitegiak, ekitateagatik, kondena azkendutzat emateari edo kondenaren iraupena laburtzeari, zigorra betetzea beharrezkoa ez den neurrian edo hura betetzea ez betetzea baino kaltegarriagoa den neurrian.

II. KAPITULUA

Zigorren ezarpena

I. Atala

Zigorrak ezartzeko erregela orokorrak

61. artikulua

Legeak zigorra ezartzen duenean, arau-hauste burutuaren egileei ezartzen diela ulertu behar da.

62. artikulua

Legeak delitu burutuarentzat ezarri zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoa ezarriko zaie delitu-saiakuntzarako egileei. Horretarako, zigorra ezarriko da neurriz egoki uste den hainbatean, saiakuntzak berez ekarritako arriskua eta lortutako egikaritza maila kontuan hartuz.

63. artikulua

Delitu burutuaren sopikunei edo delitu egiten saiatzen denaren sopikunei, delitu horren egileei legeak ezarritako zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko zaie.

64. artikulua

Aurreko erregelak ez dira aplikatuko, legeak delitu-saiakuntza eta sopikuntza modu berezian zigortzen dituen kasuetan.

65. artikulua

1. Delitugilearen jarrera moral, delitugileak ofendituarekin dituen harreman partikular edo bestelako arrazoi pertsonaletan dautzan inguruabar astungarri edo aringarriek, bakarrik balioko dute horiek dagozkien pertsonen erantzukizuna astundu edo arintzeko.

2. Egitatearen egikaritza materialean edo egikaritza hori gauzatzeko erabili diren bideetan dautzanek, bakarrik balioko dute, ekintza edo laguntzaren unean inguruabar horien berri izan dutenen erantzukizuna astuntzeko edo arintzeko.

66. artikulua

Zigorra ezartzean, epaile edo auzitegiek, inguruabar aringarri edo astungarriak dauden ala ez kontuan harturik, hurrengo erregelak beteko dituzte:

1.) Inguruabar aringarri edo astungarririk gertatzen ez bada edo batzuk eta besteak aldi berean pilatzen badira, epaile edo auzitegiek bakoiztu egingo dute zigorra. Horretarako, legeak adierazitako zigorra neurri egokian ezarriko dute, delitugilearen inguruabar pertsonalen eta egitatearen gehiagoko edo gutxiagoko larritasunaren arabera, betiere epaian arrazoiak emanez.

2.) Inguruabar aringarri bat bakarrik gertatzen denean, epaile edo auzitegiek, zigorra ezartzean, ezin izango dute gainditu legeak delitu horri ezarri dion zigorraren beheko erdia.

3.) Inguruabar astungarri bat edo batzuk gertatzen direnean, epaile edo auzitegiek legeak delituari ezarri dion zigorra goiko erdian ezarriko dute.

4.) Inguruabar aringarrietatik bi edo gehiago direnean, edo oso kualifikatua den inguruabar aringarri bakarra denean, epaile edo auzitegiek, epaian arrazoiak emanez, eta inguruabar horien kopurua eta garrantzia kontuan izanik, legeak ezarritako zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoa ezarri ahal izango dute, neurriz egoki uste duten hainbatean.

67. artikulua

Aurreko artikuluaren erregelak ez zaizkie aplikatuko legeak arau-hauste bat deskribatzean edo zigortzean kontuan izan dituen inguruabar astungarri edo aringarriei, ezta delituari datxezkion inguruabarrei, baldin eta delitu egiteko nahitaezkoak badira.

68. artikulua

21. artikuluko 1. inguruabarrean ezarri kasuetan, epaile edo auzitegiek, epaian horretarako arrazoiak emanez, legeak adierazitako zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoa ezarri ahal izango dute, neurriz egoki uste duten hainbatean. Epaile edo auzitegiek kontuan izango dituzte, zigorra ezartzeko, diren edo ez diren betekizunen kopuru eta garrantzia, egilearen beraren inguruabarrak, eta, hala badagokio, gainerako inguruabar astungarri eta aringarriak.

69. artikulua*

Hemezortzi urtekoa baino nagusiagoa eta hogeita bat urtekoa baino gazteagoa denari, egitatea gauzatuz gero, aplikatu ahal izango zaizkio adingabearen erantzukizun penala arautzen duen legearen xedapenak, lege horretan ezarritako kasuetan eta beraren betekizunei jarraituz.

70. artikulua

1. Legeak edozein delitutarako ezarritako zigorra baino gradu bat gehiagoko edo gutxiagoko zigorraren hedadura hurrengo erregelen aplikazioak zehaztuko du:

1.) Gradu bat gehiagoko zigorra eratzeko legeak delitu bakoitzari ezarri gehieneko zenbakiari beraren zenbatekoaren erdia gehituko zaio, eta hortik ateratzen den batura goiko graduko zigorraren gehieneko muga izango da.

2.) Gradu bat gutxiagoko zigorra eratzeko legeak delitu bakoitzari ezarri gutxieneko zenbakiari beraren zenbatekoaren erdia kenduko zaio, eta hortik ateratzen den kendura beheko graduko zigorraren gutxieneko muga izango da.

2. Artikulu honen 1. paragrafoko 1. zenbakian ezarri erregela aplikatuz, gradu bat gehiagoko zigorrak gainditzen baditu kode honetako zigor bakoitzari ezarri zaizkion gehieneko mugak, orduan, zigor hauek izango dira haiek baino handiagoxeak:

1.) Zehazturiko zigorra espetxealdikoa bada, zigor bera hartuko da handiagoxetzat, beraren gehieneko iraupena hogeita hamar urtekoa izango delako klausularekin.

2.) Zehazturiko zigorra erabateko desgaikuntza edo desgaikuntza berezia bada, zigor bera hartuko da handiagoxetzat, beraren gehieneko iraupena hogeita bost urtekoa izango delako klausularekin.

3.) Zehazturiko zigorrak ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gida-tzeko edo armak edukitzeko eta eramateko eskubideaz gabetzen badu, zigor berberak handiagoxetzat hartuko dira, beraien iraupena hamabost urtekoa izango delako klausularekin.

4.) Zehazturiko zigorra isuna bada, zigor bera hartuko da handiagoxetzat, beraren gehieneko iraupena hogeita hamar hilabetekoa izango delako klausularekin.

5.) Zehazturiko zigorra asteburuko atzipenaldia bada, atzipenaldi bera, beraren gehieneko iraupena hogeita hamasei asteburukoa izango delako klausularekin.

71. artikulua

1. Delitu bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat gutxiagokoa zehaztean, epaile edo auzitegientzat ez dira muga izango legeak zigor-mota bakoitzari ezartzen dizkion gutxieneko zenbatekoak. Alabaina, epaile eta auzitegiek zigor horiek laburtu ahal izango dituzte, erregela egokiaren aplikazioak zehazten duen eran.

2. Dena den, aurreko erregelen aplikazioa dela eta, sei hilabete baino gutxiagoko espetxealdi-zigorra ezarri behar denean, zigor hori titulu honen III. kapituluko 2. atalean xedatutakoaren arabera ordeztuko da; horrek ez dio kalterik egingo zigorraren betearazpena eteteari, bidezko gertatzen den kasuetan.

72. artikulua

Legeak ezarri zigorrak titulu honetan beren beregi agindutako era bat ez duenean, zigorra bakoiztu eta kasuan-kasuan ezarriko da, aurreko erregelak analogiaz erabilita.

II. Atala

Zigorrak ezartzeko erregela bereziak

73. artikulua

Delitu nahiz falta bi edo gehiagoren erantzuleari ezarriko zaizkio beraren arau-hausteei dagozkien zigor guztiak, batera bete ditzan, baldin eta batera bete badaitezke, zigor horien izaera eta ondoreak direla eta.

74. artikulua

1. Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, aldez aurretik pentsatutako plan bat betez edo aukera bera aprobetxatuz, subjektu baten edo batzuen aurkako egite edo ez-egite batzuk gauza-tzen dituenari, astunena den arau-hausteari dagokion zigorra ezarriko zaio, goiko erdian, delitu edo falta jarraitu baten egile gisa, baldin eta egite edo ez-egite horiek zigor-manu bera nahiz izaera bereko edo antzeko manuak hausten badituzte.

2. Arau-hausteak ondarearen aurkakoak badira, zigorra ezartzeko, eragindako kalte osoa hartuko da kontuan. Epaile edo auzitegiak, zioak emanez eta egoki uste duen hainbatean, delituari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi handiagoa ezarriko du, baldin eta egitateak larritasun nabaria badu eta pertsona askori egiten badie kalte.

3. Aurreko paragrafoetan ezartzen denetik salbuetsita geratzen dira pertsonaren bere-berezkoak diren ondasunen aurkako ofentsak, ohore eta sexu-askatasunaren aurkakoak izan ezik; kasu horietan, delituan jarraituari buruzko xedapenak ezartzeko edo ez ezartzeko, egitatearen eta hautsitako manuaren izaerak hartuko dira kontuan.

75. artikulua

Kondenatuak arau-hausteei dagozkien zigor guztiak edo zigor batzuk ezin dituenean batera bete, ahal den neurrian, bata bestearen ondoren beteko ditu beraien astuntasunaren hurrenkeraren arabera.

76. artikulua

1. Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, errudunak benetan beteko duen kondenaren gehieneko iraupenak ezin du gainditu errudunari ezarri zaizkion zigorretatik astunenak dirauen denbora baino hiru halakoa. Horrela, jadanik ezarritako zigorrak gehieneko muga horretaraino iristen direnetik, bete beharreko beste guztiak azkendu-tzat hartuko dira. Dena den, muga hori ezin izango da hogei urte baino gehiagokoa izan. Salbuespen gisa, gehieneko muga hurrengoa izango da:

a) Hogeita bost urtekoa, baldin eta subjektuari delitu bi edo gehiago egiteagatik ezarri bazaio kondena, eta, horrezaz gain, legeak delitu horietatik bati hogei urte arteko espetxealdi-zigorra ezartzen badio.

b) Hogeita hamar urtekoa, baldin eta subjektuari delitu bi edo gehiago egiteagatik ezarri bazaio kondena, eta, horrezaz gain, legeak delitu horietatik bati hogei urte baino gehiagoko espetxealdi-zigorra ezartzen badio.

2. Aurreko muga aplikatuko da, nahiz eta zigorrak prozesu ezberdinetan ezarri, baldin eta egitateak, beraien loturarengatik, prozesu bakarrean epaitu ahal izan balira.

77. artikulua

1. Aurreko bi artikuluetan ezarritakoa ez da aplikatuko, egitate bakarra arau-hauste bi edo gehiago denean, edo arau-hauste horietako bat bestea egiteko beharrezko bidea denean.

2. Kasu horietan arau-hauste astunenari ezarri zigorra goiko erdian ezarriko da. Zigor horrek ezin du gainditu, arau-hausteak banaturik zigortuz gero ezarri beharreko zigorren baturak dakarren zigorra.

3. Horrela zenbatutako zigorrak muga hori gainditzen duenean, arau-hausteak banaturik zigortuko dira.

78. artikulua

76. artikuluan ezarri mugen ondorioz, bete behar den zigorra guztira ezarritako zigor-baturaren erdia baino txikiagoa bada, epaile edo auzitegiak, zigortuaren arriskutsutasun kriminala kontuan izanik, eta horretarako zioak emanez, erabaki dezake espetxe-onurak eta baldintzapeko askatasunerako denboraren zenbaketa epaietan ezarritako zigor guztien baturaren arabera kalkulatzea; horrek ez dio kalterik egingo tratamenduaren arabera bidezko gerta litekeenari.

Azken kasu horretan, espetxe-zain-tzarako epaileak, behar denean, errudunaren beraren inguruabarrak, berrezibidearen bilakaera eta gizartean birsartzeko pronostikoa balioetsiko ditu, eta, horretarako arrazoiak emanez, zigorra betetzeari buruzko eraentza orokorra ezartzea erabaki dezake, Fiskaltzak esan beharrekoak entzun eta gero.

79. artikulua

Epaile edo auzitegiek ezartzen dutenean zigor erantsiak barneratzen dituen zigorra, erruduna kondenatuko dute, beren beregi, zigor erantsiak betetzera.

III. KAPITULUA

Zigor askatasun-gabetzaileak betearazteko ordezko erak

I. Atala

Zigor askatasun-gabetzaileen betearazpena etetea

80. artikulua

1. Epaile edo auzitegiek, ziodun ebazpenaren bitartez, eten dezakete bi urte baino denbora laburragorako zigor askatasun-gabetzaileen betearazpena, gehienbat subjektuaren arriskutsutasun kriminala kontuan hartuz.

2. Bi urte baino denbora laburragorako zigor askatasun-gabetzaileen kasuan, etendura-epea bi urtetik bost artekoa izango da, eta hiru hilabetetik urtebete artekoa zigor arinen kasuan. Epaile edo auzitegiek ezarriko dute etendura-epea, alderdiek esan beharrekoa entzun eta gero, delitugilearen beraren inguruabarrak, egitatearen berezitasunak eta zigorraren iraupena kontuan izanik.

3. Zigorraren betearazpena eteten denean, etendura hori ez da zabalduko delitu edo falta zigortuaren ondoriozko erantzukizun zibilera.

4. Epaile eta auzitegi epai-emaileek inolako betekizunik gabe erabaki dezakete ezarrita dauden zigorretatik edozein etetea, baldin eta zigortuak gaixotasun oso larria badu, sendaezinezko jasankizunekin, salbu eta delitu egitean beste zigor bat arrazoi berberagatik duenean etenda.

81. artikulua

Zigorraren betearazpena eteteko, beharrezko baldintzak izango dira honako hauek:

1.) Kondenatuak delitu egin duen lehenengo aldia izatea. Ondore horretarako, ez dira kontuan hartuko zuhur-tziagabekeriazko delituen ondorioz aurretik ezarrita dauden kondenak ezta, kode honen 136. artikuluaren arabera, ezereztu diren edo ezereztu beharko liratekeen zigor-aurrekariak ere.

2.) Ezarritako zigorrak, edo epai berean ezarritako zigorren baturak, bi urte baino denbora luzeagorako askatasunaz ez gabetzea.

3.) Sortarazitako erantzukizun zibilak ordainduta egotea, salbu eta epaile edo auzitegi epai-emaileak, interesdunek eta Fiskaltzak esan beharrekoak entzun eta gero, adierazten duenean kondenatuak ezin diola aurre egin erantzukizun zibil osoari edo erantzukizun zibil horren zati bati.

82. artikulua

Epaiaren irmotasuna adierazi eta aurreko artikuluan ezarritako betekizunak egiaztatu eta gero, epaile edo auzitegiek ahalik eta arinen erabakiko dute zigorraren betearazpena etetea baimentzen duten ala ez. Bitartean, Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari ez diote inolako aurrekarien berririk emango.

Epaile edo auzitegiak zigorraren betearazpena etetea erabakitzen badu, eteten duen zigorraren inskripzioa erregistro horren atal berezi, banatu eta isilpekoan egingo da. Epaile eta auzitegiak dira atal horri aurrekariak eska diezazkioketen bakarrak.

83. artikulua

1. Zigorraren betearazpenaren etendura beti egongo da errudunak deliturik ez egiteko baldintzapean, epaile edo auzitegiak kode honen 80.2 artikuluaren arabera ezarritako epean. Horrezaz gain, eteten den zigorra espetxealdikoa bada eta epaile edo auzitegi epai-emaileak beharrezko baderitzo, errudunari jarraian zerrendatuko diren betebehar eta eginbeharren artean ezarritakoak betetzea galdatu ahal izango dio, zigorraren betearazpena eteteko baldintza gisa:

1.) Leku jakin batzuetara joateko debekua.

1. bis) Biktimarengana edo epaile nahiz auzitegiak zehazten dituen biktimaren senide edo beste pertsonengana hurbiltzeko edo horiekin komunikatzeko debekua.

2.) Bizilekua duen tokitik irteteko debekua, epaile edo auzitegiaren baimenik izan gabe.

3.) Epaitegira edo auzitegira edo horiek adierazten duten Administrazio-zerbitzura bere buruz agertzea, bere jardueren berri emateko eta jarduera horiek frogatzeko.

4.) Heziketa, lan, kultura, bide-hezkuntza zein sexu-hezkuntzako programetan eta horien antzekoetan parte hartzea.

5.) Zigortua gizartean birgaitzeko, epaile edo auzitegiak egoki deritzen beste eginbeharrak betetzea, baldin eta zigortua ados badago eta eginbehar horiek ez badira zigortuak pertsona gisa duen duintasunaren aurkakoak.

2. Eskudun Administrazioaren zerbitzuek, gutxienez hiru hilabetean behin, ezarritako jokarauak betetzen diren ala ez esango diote epaia eman duen epaile edo auzitegiari.

84. artikulua

1. Ezarritako etendura-epean zehar subjektuak delitu egiten badu, epaile edo auzitegiak zigorraren betearazpena etetea ezeztatuko du.

2. Subjektuak hausten baditu etendura-epean zehar ezarritako betebehar edo eginbeharrak, orduan, epaile edo auzitegiak, alderdiek esan beharrekoa entzun eta gero, kasuan-kasuan, hurrengoa egin ahal izango du:

a) Ezarritako jokarauaren ordez beste bat ezartzea.

b) Etendura-epea luzatzea, baina inoiz ere ez bost urte baino gehiagorako.

c) Zigorraren betearazpenaren etendura ezeztatzea, behin eta berriz eginbehar eta betebeharrak urratzen badira.

85. artikulua

1. Etendura ezeztatu eta gero, zigorra betearaztea aginduko da, bai eta Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusian inskribatzea ere.

2. Behin etendura-epea amaituta subjektuak deliturik egin gabe, eta epaile edo auzitegiak ezar ditzakeen jokarauak betetzen baditu, epaile edo auzitegi horrek zigorra kentzea erabakiko du. Era berean, Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiko atal berezian egindako inskripzioa ezereztea aginduko du. Zigor-aurrekari hori ez da inongo ondoretarako ere kontuan hartuko.

86. artikulua

Delitua pertsegitzeko bide bakarra ofendituaren salaketa edo kereila denean, epaile edo auzitegiek, zigorraren betearazpena eteteak dituen onurak eman baino lehenago, ofendituak eta, hala denean, beraren ordezkariak ere esan beharrekoa entzungo dute.

87. artikulua

1. Zigortuak delitu egiten badu, 20. artikuluko 2. zenbakian adierazten diren gaiekiko mendekotasunak eraginda, epaile edo auzitegiak, alderdiei entzunaldia emanda, hiru urte baino luzeagoak ez diren zigor askatasun-gabetzaileen betearazpena etetea erabaki dezake, 81. artikuluan ezarritako 1 eta 2. baldintzak gertatzen ez badira ere, baldin eta inguruabar hauek betetzen badira:

1.) Behar bezala egiaztatua edo homologatua den zentro edo zerbitzu publiko edo pribatuak behar beste ziurtatzea, etetea erabakitzen den unean, kondenatuak mendekotasuna gainditu duela edo mendekotasuna gainditzeko sendabidean dagoela.

2.) Ohiko errudunak ez izatea.

2. Kondenatua berrerorlea denean, epaile edo auzitegiak, egitatearen eta egilearen inguruabarrak kontuan izanik, ziodun ebazpenaren bidez balioetsiko du zigorraren betearazpena eteteak dakarren onura ematea egokia denentz.

3. Zigorraren betearazpena eteteko baldintza da beti errudunak deliturik ez egitea adierazten den epealdian. Epealdi hori hiru urtetik bost artekoa izango da.

4. Kondenatua bere mendekotasuna gainditzeko sendabidean dagoenean, zigorraren betearazpena eteteko beste baldintza bat izango da sendabidea amaitu arte ez uztea. Sendabidearen arduradunak diren zentro edo zerbitzuek beharrezko informazioa eman behar diote epaile edo auzitegi epai-emaileari. Informazioa epaile edo auzitegi horrek zehazturiko epeetan eman behar da, sendabidea noiz hasten den egiaztatzeko, eta sendabideak aldian-aldian duen bilakaera, jasan behar dituen aldarazpenak eta beraren amaiera jakiteko.

5. Epaile edo auzitegiak zigorraren betearazpenaren etendura ezeztatuko du, zigortuak betetzen ez badu ezarritako baldintzetatik edozein.

Behin etendura-epea amaituta, subjektuak deliturik egin gabe, epaile edo auzitegiak zigorra kentzea erabakiko du, baldin eta egiaztatzen bada errudunak mendekotasuna gainditu duela edo sendabidean dirauela. Osterantzean, epaile edo auzitegiak zigorra betetzeko aginduko du, txostenak entzun eta gero, sendabidean irautea beharrezkoa dela uste duenean izan ezik. Kasu horretan, arrazoiak emanez, etendura-epea luza dezake bi urte baino gehiago iraun ezin duen denboran.

II. Atala

Zigor askatasun-gabetzaileak ordeztea

88. artikulua

1. Epaile edo auzitegiek, alderdiei entzunaldia eman eta gero, urtebete baino gehiago ez dirauten espetxealdi-zigorren ordez asteburuko atzipenaldia edo isuna ezarri ahal izango dute, nahiz eta legeak deliturako zigor horiek ezarri ez, baldin eta horretara eragiten badute errudunaren beraren inguruabarrek, egitatearen izaerak, errudunaren jokaerak eta, bereziki, eragindako kaltea konpontzeko errudunak egindako ahaleginak, betiere ohiko erruduna ez denean. Ordezpen hori epaian bertan edo geroagoko ziodun auto batean egin dezakete, zigorra betearazi aurretik. Espetxealdiko aste bakoitzaren ordez asteburuko bi atzipenaldi ezarriko dira, eta espetxealdiko egun bakoitzaren ordez isuneko bi kuota. Kasu horietan, epaile edo auzitegiak kode honen 83. artikuluan ezarritako betebehar edo eginbeharretatik bat edo batzuk betetzeko agindu ahal izango dio zigortuari.

Ohikoak ez diren errudunen kasuan, salbuespen gisa, epaile edo auzitegiek, ordeztu ahal izango dituzte bi urte baino gehiago ez dirauten espetxealdi-zigorrak, baldin eta egitatearen eta errudunaren inguruabarretatik antzematen bada zigorrak betetzeak beraiek dituzten aurrezaintzako eta gizartean birsartzeko helburuak zapuztuko dituela. Kasu horietan, ordezpena aurreko lerrokadan ezarritako betekizun berberekin eta bihurtze-modu eta -modulu berberen arabera egingo da.

2. Halaber, epaile eta auzitegiek, erruduna ados egonez gero, asteburuko atzipenaldi-zigorren ordez, isuna edo gizartearentzako lanak ezarri ahal izango dituzte. Kasu horretan asteburuko atzipenaldi bakoitzaren ordez, isuneko lau kuota edo eguneko lansaio bi ezarriko dira.

3. Ordezko zigor osoa edo beraren zati bat urratu edo betetzen ez denean, hasieratik ezarritako espetxealdi-zigorra edo asteburuko atzipenaldi-zigorra betearaziko da eta, hala denean, bete den denbora kenduko da, aurreko paragrafoetan kasuan-kasuan ezarritako bihurtze-erregelen arabera.

4. Ezin izango dira inoiz ere ordeztu beste zigorren ordezkoak diren zigorrak.

89. artikulua

1. Espainian legez bizilekurik ez duen atzerritarra sei urte baino gutxiagorako askatasunaz gabetzen bada, zigor horren ordez, zigortua nazio-lurraldetik kanporatua izan daiteke. Era berean, epaile edo auzitegiek, Fiskaltzak hala eskaturik, sei urteko edo sei urte baino gehiagoko kondena duen atzerritarra nazio-lurraldetik kanporatzea erabaki dezakete, kondenaren hiru laurdenak bete baditu. Bi kasu horietan zigortuak esan beharrekoa entzun beharko da aurretik.

2. Atzerritarra, ezarritako zigorraren iraupena kontuan izanik, ezin izango da Espainiara itzuli hiru urtetik hamar arteko epean, kanporaketa egunetik zenbatuta. Epe-muga hori amaitu baino lehenago itzultzen bada, ordeztu zaizkion zigorrak beteko ditu.

3. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, gobernu-agintaritzak atzerritarra nazio-lurraldetik kanporatuko du, epaileak atzerritar hori kanporatzea erabaki duenean eta Espainiako lurraldera itzultzea beren beregi debekatu dionean, baldin eta atzerritar hori epailearen erabakia urratzen saiatzen bada eta mugan harrapatzen badute.

4. Aurreko paragrafoetan ezarritako xedapenak ez zaizkie atzerritarrei aplikatuko, baldin eta atzerritarrok kondenatuak izan badira, Zigor Kodearen 312, 318 bis, 515.6, 517 eta 518. artikuluetan aipatutako delituak egiteagatik.

III. Atala

Baldintzapeko askatasuna

90. artikulua

1. Zigor askatasun-gabetzaileetan baldintzapeko askatasuna ezartzen da, hurrengo inguruabarrak biltzen dituzten epaituentzat:

1.) Espetxe-zaintzarako hirugarren graduan daudenentzat.

2.) Ezarritako kondenaren hiru laurdenak bete dituztenentzat.

3.) Jokabide ona eta gizartean birsartzeko euren aldeko iragarpen bakoiztua dutenentzat. Pronostiko hori zaintza-epaileak egokiesten dituen adituek emango dute.

2. Zaintza-epaileak, baldintzapeko askatasuna dekretatzean, kode honen 105. artikuluko jokarau bat edo batzuk bete beharra ezar diezaieke zigortuei.

91. artikulua

Salbuespen gisa, espetxe-zaintzarako epaileak askatasunaz gabetuak izan direnei baldintzapeko askatasuna eman ahal izango die, baldin eta, aurreko artikuluaren 1. paragrafoaren 1 eta 3. inguruabarrak eta kondenaren bi herenak bete dituztelarik, onura hori merezi badute, lan, kultura eta zereginetako jardueretan etengabe aritzeagatik.

92. artikulua

Aurreko artikuluetan xedatutakoa gorabehera, epaituek, hirurogeita hamar urte bete dituztenean edo kondena betetzen ari direla hirurogeita hamar urte betetzen dituztenean, baldintzapeko askatasuna lortu ahal izango dute, nahiz eta kondenaren hiru laurdenak edo, hala badagokio, bi herenak bete ez, baldin eta beste betekizunak biltzen badituzte.

Irizpide bera aplikatuko da, medikuaren txostenaren arabera, oso larri dauden gaixoekin, sendaezinezko jasankizunak badituzte.

93. artikulua

Baldintzapeko askatasunaren epealdia izango da subjektuari kondena betetzeko gelditzen zaion denborakoa. Epealdi horretan errudunak delitu egiten badu, edo ezarri zaizkion jokarauak betetzen ez baditu, orduan, espetxe-zaintzarako epaileak emandako askatasuna ezeztatuko du, eta zigortua berriro sartuko da espetxean, dagokion epealdirako edo espetxe-gradu egokian, baldintzapeko askatasunean igarotako denbora zenbatzeari kalterik egin gabe.

IV. Atala

Guztietarako xedapenak

94. artikulua

Kapitulu honen 1 eta 2. ataletan ezarritakoaren ondoreetarako, ohiko erruduntzat hartuko dira, kapitulu bereko hiru delitu edo gehiago egin dituztenak, bost urte arteko epean, baldin eta horren ondorioz kondena jaso badute.

IV. TITULUA

SEGURTASUN-NEURRIAK

I. KAPITULUA

Segurtasun-neurriak orokorrean

95. artikulua

1. Epaile edo auzitegiak, egokitzat hartzen dituen txostenak eskatu eta gero, kode honen hurrengo kapituluko kasuetan dauden pertsonei segurtasun-neurriak ezarriko dizkie, baldin eta hurrengo inguruabarrak gertatzen badira:

1.) Subjektuak, delitu gisa ezarritako egitatea gauzatu izana.

2.) Egitateak eta subjektuaren beraren inguruabarrek ondorioztatu ahal izatea etorkizunean subjektuak delitu berriak egin ditzakeela erakusten duen jokabide-iragarpena.

2. Egindako delituaren ondorioz ezar zitekeen zigorra, zigor askatasun-gabetzailea ez denean, 105. artikuluko neurrietatik bat edo batzuk bakarrik ezarri ahal izango ditu epaile edo auzitegi epai-emaileak.

96. artikulua

1. Kode honen arabera ezar daitezkeen segurtasun-neurriak askatasunaz gabetzen dutenak eta ez dutenak dira.

2. Neurri askatasun-gabetzaileak honako hauek dira:

1.) Pertsona zentro psikiatriko batean barneratzea.

2.) Pertsona mendekotasuna gainditzeko zentroan barneratzea.

3.) Pertsona heziketa bereziko zentroan barneratzea.

3. Askatasunaz gabetzen ez duten neurriak honako hauek dira:

1.) Leku jakin batzuetan egoteko eta bizilekua izateko debekua.

2.) Ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz gabetzea.

3.) Armen lizentzia edo baimenaz gabetzea.

4.) Lanbiderako desgaikuntza.

5.) Legez Espainian bizilekurik ez duten atzerritarrak nazio-lurraldetik kanporatzea.

6.) Kode honen 105. artikuluan ezartzen diren gainerako neurriak.

97. artikulua

Epaia betearazten den bitartean, epaile edo auzitegi epai-emaileak, alderdien aurkakotasuneko prozeduraren bidez, eta espetxe-zaintzarako epaileak proposatu eta gero, hurrengoa egin ahal izango du:

a) Ezarritako segurtasun-neurrietatik edozein buka dadin dekretatzea, subjektuaren arriskutsutasun kriminala desagertu bezain laster.

b) Segurtasun-neurriaren ordez, kasuari ezar dakizkiokeen segurtasun-neurrien artean, egokiagotzat hartzen duen beste bat jartzea. Segurtasun-neurria ordeztea erabakitzen bada eta subjektuak txarrera egiten badu, segurtasun-neurri hori ondorerik gabe utzi beharko da.

c) Segurtasun-neurria ezartzeagatik lortutako emaitza kontuan izanik, neurriaren betearazpena etetea. Etete hori ezin da izan epaiak ezarritako gehieneko epea betetzeko falta den epea baino luzeagoa. Etendura ezarritako epearen barnean subjektuak deliturik ez egitera baldintzatuko da, eta ondore barik utzi ahal izango da, baldin eta kode honen 95. artikuluan ezarritako inguruabarretatik edozein berriro egiaztatzen bada.

Ondore horietarako, espetxe-zaintzarako epaileak aurkeztu beharko du, gutxienez urtean behin, ezarritako segurtasun-neurri askatasun-gabetzaileari eusteko proposamena edo segurtasun-neurri hori bukatu, ordeztu edo eteteko proposamena.

98. artikulua

Segurtasun-neurriaren menpekoari laguntza ematen dioten aditu eta profesionalen txostenak dira espetxe-zaintzarako epaileak balioetsi beharko dituenak aurreko artikuluaren proposamena egiteko; bai eta, hala denean, horretarako agintzen duen jardunaren emaitza ere.

99. artikulua

Askatasunaz gabetzen duten zigor eta segurtasun-neurriak elkarrekin pilatzen direnean, epaile edo auzitegiak segurtasun-neurria betetzeko aginduko du. Horrela, subjektua segurtasun-neurria betetzen egon den denbora zigorra betetzeko denboratik kenduko da. Segurtasun-neurria bukatu eta gero, horren bidez lorturiko ondoreak zigorraren betearazpenak arriskuan jartzen baditu, epaile edo auzitegiak zigorra betetzeko falta den denbora eten ahal izango du zigorraren iraupena baino luzeagoa ez den eperako, edo 105. artikuluko neurrietatik bat ezarri.

100. artikulua

1. Barnealdiko segurtasun-neurria urratzeak ekarriko du, ihes egin duen subjektua zentro berean edo beraren egoerari dagokion zentroan berriro sartzea; horrek ez dio kalterik egingo, hauste horri buruz, lekukotza egiteari, kode honen 104. artikuluaren ondorioz segurtasun-neurriaren menpe daudenen kasuan.

2. Segurtasun-neurriak bestelakoak badira, epaile edo auzitegiak erabaki ahal izango du urratutako segurtasun-neurriaren ordez barnealdiko segurtasun-neurria ezartzea, baldin eta barnealdiko segurtasun-neurria kasu horretarako ezarrita badago, eta hausteak segurtasun-neurri horren premia erakusten badu.

II. KAPITULUA

Segurtasun-neurrien ezarpena

I. Atala

Neurri askatasun-gabetzaileak

101. artikulua

1. Beharrezkoa bada, 20. artikuluaren 1. zenbakiaren arabera erantzukizun kriminaletik salbuetsita dagoen subjektuari barnealdiko segurtasun-neurria ezarri ahal izango zaio, subjektuari antzematen zaion anomalia edo aldakuntza psikiko mota kontuan hartuz, osasun-sendabidea edo hezkuntza berezia jaso dezan establezimendu egokian, edo 96. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako segurtasun-neurrietatik beste edozein ezarri ahal izango zaio. Barnealdia ezin da izan subjektua erantzulea dela adierazi izan balitz zigor askatasun-gabetzaileak iraungo zukeen denbora baino luzeagoa; eta, ondore horretarako, epaile edo auzitegiak gehieneko muga hori epaian ezarriko du.

2. Barnealdiko neurriaren menpe dagoenak ezin izango du establezimendua utzi epaile edo auzitegi epai-emailearen baimenik gabe, kode honen 97. artikuluan ezarritakoaren arabera.

102. artikulua

1. Beharrezkoa bada, 20. artikuluaren 2. zenbakiaren arabera erantzukizun penaletik salbuetsita daudenei barnealdiko segurtasun-neurria ezarriko zaie, subjektua behar bezala egiaztatuta edo homologatuta dagoen zentro publiko edo pribatuan sartuz, mendekotasuna gaindi dezan, edo 96. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako segurtasun-neurrietatik beste edozein ezarriko zaie. Barnealdia ezin da izan subjektua erantzulea dela adierazi izan balitz zigor askatasun-gabetzaileak iraungo zukeen denbora baino luzeagoa; eta, ondore horretarako, epaile edo auzitegiak gehieneko muga hori epaian ezarriko du.

2. Barnealdiko neurriaren menpe dagoenak ezin izango du establezimendua utzi epaile edo auzitegi epai-emailearen baimenik gabe, kode honen 97. artikuluan ezarritakoaren arabera.

103. artikulua

1. Beharrezkoa bada, 20. artikuluaren 3. zenbakiaren arabera erantzukizunetik salbuetsita daudenei barnealdiko neurria ezarri ahal izango zaie, subjektua hezkuntza-zentro berezian sartuz, edo 96. artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritako neurrietatik beste edozein ezarri ahal izango zaie. Barnealdia ezin da izan subjektua erantzulea dela adierazi izan balitz zigor askatasun-gabetzaileak iraungo zukeen denbora baino luzeagoa; eta, ondore horretarako, epaile edo auzitegiak gehieneko muga hori epaian ezarriko du.

2. Barnealdiko neurriaren menpe dagoenak ezin izango du establezimendua utzi epaile edo auzitegi epai-emailearen baimenik gabe, kode honen 97. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. Kasu horretan, 97. artikuluak aipatzen duen proposamena ikastaldi edo hezkuntza-maila bakoitza amaitutakoan egin beharko da.

104. artikulua

Salbuesle osatugabearen kasuetan, kasuan kasuko zigorraz gain, 101, 102 eta 103. artikuluetako neurriak ezarri ahal izango ditu epaile edo auzitegiak, baldin eta salbuesle osatugabearen kasu horiek 20. artikuluko 1, 2 eta 3. zenbakiekin loturik badaude. Dena den, barnealdiko neurria ezartzeko, epaian ezarritako zigorrak zigor askatasun-gabetzailea izan behar du, eta neurri horrek ezin izango du iraun Kodeak delituari ezartzen dion zigorrak baino gehiago. Neurria ezartzeko, 99. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

II. Atala

Askatasunaz gabetzen ez duten neurriak

105. artikulua

101. artikulutik 104.erakoetan ezarritako kasuetan, epaile edo auzitegiak, zioak emanez, erabaki ahal izango du, hasieratik edo epaia betearazten den bitartean, hurrengo neurrietatik bat edo batzuk bete beharra ezartzea:

1. Bost urte baino gehiago irauten ez duen denboraldirako:

a) Medikuntza-zentroetan edo gizarte-osasun izaera duten establezimenduetan kanpoko sendabidearen menpe jartzea.

b) Bizilekua leku jakin batean izateko betebeharra.

c) Izendaturiko leku edo lurraldean bizilekua izateko debekua. Kasu horretan subjektua behartuta egongo da aukeratzen duen egoitza eta gertatzen diren aldaketak adieraztera.

d) Leku jakin batzuetara joateko debekua edo edari alkoholdunen saltokiak bisitatzeko debekua.

e) Familia-zaintza. Izendatzen den eta zaintza onartzen duen senideak neurri horren menpe dagoena jagon eta zaindu beharko du, eta zaintza hori egikarituko du zaintza-epailearekin harremanetan jarrita, zaintzapekoaren eskola edo lan-jarduerei kalterik egin barik.

f) Heziketa, kultura, hezkuntza, lanbide, sexu-hezkuntza eta horien antzeko egitarauen menpe jartzea.

g) Biktimarengana edo epaile nahiz auzitegiak zehazten dituen biktimaren senide edo beste pertsonengana hurbiltzeko edo horiekin komunikatzeko debekua.

2. Hamar urte arteko denboraldirako:

a) Armen lizentziaz edo baimenaz gabetzea.

b) Ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz gabetzea.

Espetxe-zaintzarako epaileak, edo Justizia eta Barne Arazoetako Ministerioaren edo Autonomia Administrazioaren zerbitzu eskudunek neurri horien betearazpenaren berri emango diote epaile edo auzitegi epai-emaileari.

106. artikulua

Aurreko artikuluko kasuetan, epaile edo auzitegi epai-emaileak xedatuko du askatasunaz gabetzen ez duten neurrien menpe dagoenak behar duen eta legez berari dagokion laguntza eman diezaioten gizarte-laguntzako zerbitzu eskudunek.

107. artikulua

Epaile edo auzitegiak, horretarako zioak emanez, dekreta dezake eskubide jakin bat egikaritzeko desgaikuntza neurria, urtebetetik bost artekoa, bai eta lanbide, ogibide, industria edo merkataritzan, eta kargu edo enplegu jakin batean aritzeko desgaikuntza neurria ere, iraupen berdinarekin, baldin eta subjektuak delitu egin badu eskubide horren egikaritzaz abusatuz edo eskubide horren egikaritzaren inguruan, edota delitua egin badu lanbide, ogibide, industria edo merkataritzan, kargu edo enplegu jakin horretan aritzean edo aritze horren inguruan, eta batera dauden inguruabarrak balioetsita, atera badaiteke subjektuak delitu bera edo horren antzekoak berriro egiteko arriskua dagoela. Hala gertatuko da, subjektuari dagokion zigorra ezin zaionean ezarri, 20. artikuluaren 1, 2 edo 3. zenbakietan ezarritako kasuetatik batean dagoelako.

108. artikulua

1. Subjektua bada Espainian legez bizilekurik ez duen atzerritarra, epaile edo auzitegiak, subjektuari entzunaldia eman eta gero, erabaki ahal izango du atzerritarra nazio-lurraldetik kanporatzea, segurtasun-neurri askatasun-gabetzaileak ezarri beharrean.

2. Neurri horren menpe dagoena ezin izango da, ezarritako epean, Espainian sartu. Hala ere, epe hori gehienez hamar urtekoa izango da.

V. TITULUA

DELITU ETA FALTEN ONDORIOZ SORTURIKO ERANTZUKIZUN ZIBILA. PROZESUKO KOSTUAK

I. KAPITULUA

Erantzukizun zibila

eta horren hedadura

109. artikulua

1. Legeak delitu edo falta gisa azaldutako egitatea gauzatzeak behartzen du berak eragindako kalte-galerak konpontzera, legean ezarritakoaren arabera.

2. Edozein kasutan, kaltedunak aukeran izango du erantzukizun zibila jurisdikzio zibilean galdatzea.

110. artikulua

Aurreko artikuluan ezarritako erantzukizunak hurrengoa dakar:

1.) Itzulketa.

2.) Kaltearen konponketa.

3.) Kalte material eta moralen ordaina ematea.

111. artikulua

1. Ahal denetan, ondasun bera itzuli beharko da, epaile edo auzitegiak zehazten dituen narriadura eta urripenak ordainduz. Itzulketa egingo da, nahiz eta ondasuna, legez eta onustez eskuratuta, hirugarren batek bere esku eduki. Hala ere, hirugarren horrek pertsona egokiaren aurka berreskaera-eskubidea izango du eta, hala denean, delitu edo falten ondorioz erantzukizun zibila duenarengandik kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ere bai.

2. Aurreko xedapen hori ezin da aplikatu, hirugarrenak ondasuna eskuratu badu erreibindikaezina izateko legeek ezarritako era eta betekizunak errespetatuta.

112. artikulua

Kaltea konpontzea zerbait emateko, egiteko edo ez egiteko betebeharra izan daiteke. Betebehar horiek epaile edo auzitegiak ezarriko ditu, kaltearen izaera eta errudunaren beraren inguruabarrak nahiz beraren ondarearenak kontuan izanik. Era berean, erabakiko du betebeharrak errudunak berak bete behar dituen ala beraren kontura betearazi ahal diren.

113. artikulua

Kalte moral eta materialen ordainak bere barnean hartuko ditu laidotuari eragindakoak, eta beraren senideei eta gainerakoei eragindakoak ere bai.

114. artikulua

Biktimak bere jokabidearekin lagundu badu jasandako kalte edo galera sortzen, epaile edo auzitegiek kalte edo galeraren konponketa edo kalte-ordainaren zenbatekoa murriztu ahal izango dute.

115. artikulua

Epaile eta auzitegiek, erantzukizun zibila badela adierazten dutenean, euren ebazpenetan ezarriko dute, horretarako zioak emanez, zein oinarri erabili duten kalteen eta horien ordainen zenbatekoa funtsatzeko; zenbateko hori ebazpenean bertan nahiz hori betearaztean finka dezakete.

II. KAPITULUA

Erantzukizun zibila duten

pertsonak

116. artikulua

1. Delitu edo faltarengatik erantzukizun kriminala duen pertsona orok erantzukizun zibila ere badu izan, baldin eta egitateak kalte edo galerak ekartzen baditu. Delitu edo faltaren ondorioz erantzuleak bi edo gehiago badira, epaile edo auzitegiek ezarriko dute bakoitzari dagokion erantzukizun-kuota.

2. Egile eta sopikunek, nork bere motakoen barnean, euren kuotengatik era solidarioan erantzungo dute, eta gainerako erantzuleei dagozkien kuotengatik, berriz, modu subsidiarioan.

Erantzukizun subsidiarioa ordainduko da, lehenengoz egileen ondasunen bidez, eta gero sopikunen ondasunen bidez.

Erantzukizun solidario nahiz subsidiarioaren bidez ordaintzen den kasuetan, ordaindu duenak berreskaera-eskubidea izango du gainerakoen aurka, bakoitzari dagokion kuotaren arabera.

117. artikulua

Aseguratzaileek edozein ondasun, enpresa, industria edo jardueraren erabilera edo ustiapenetatik sortzen den diruzko erantzukizunen arriskua berenganatzen badute, eta asegurupeko arriskuaren barruan badago kode honetan ezarritako egitatearen ondorioz gertatzen den jazokuntza, orduan, beraiek zuzeneko erantzukizun zibila izango dute, legearen bidez ezarritako edo hitzarmenaren bidez itundutako kalte-ordainaren mugaraino, dagokion pertsonaren aurkako berreskaera-eskubideari kalterik egin gabe.

118. artikulua

1. 20. artikuluaren 1, 2, 3, 5 eta 6. zenbakietan adierazitako erantzukizun kriminalaren salbuespenak ez du eran-tzukizun zibilarena barneratuko, eta erantzukizun zibil hori ordainduko da hurrengo erregelen arabera:

1.) 20. artikuluaren 1 eta 3. zenbakien kasuetan, zigor-erantzukizunetik salbuetsita daudenak norbaiten ahalpean edota legezko nahiz egitezko zaintzapean badaude, orduan, ahal edo zaintzaren ardura duenak ere erantzukizuna izango du, haiek gauzatutako egitateengatik, baldin eta erruz edo zabarkeriaz jardun badu; horrek ez dio kalterik egingo subjektu egozgarriei ezar dakiekeen zuzeneko erantzukizun zibilari.

Epaile edo auzitegiek ekitatez mailakatuko dute horietako subjektu bakoitzak duen erantzukizuna, beraren ondasunekin erantzuteko.

2.) Era berean, 2. zenbakiaren kasuan erantzuleak dira mozkorra eta toxikatua.

3.) 5. zenbakiaren kasuan, kalteari aurre hartzen zaionean pertsona batzuen alde, pertsona horiek zuzeneko erantzukizun zibila izango dute, euren alde kaltea saihestu den proportzioan, baldin eta kaltea antzeman badaiteke; bestela, zuzeneko erantzukizun zibila izango dute, epaile edo auzitegiak, bere sen onaren arabera, ezartzen duen proportzioan.

Interesdunak kuota batzuengatik erantzun behar duenean, eta epaile edo auzitegiak kuota horiek ezin dituenean ekitatez esleitu, ezta hurbilketaren bidez ere; edo erantzukizuna Herri Administrazioari zein herri bateko biztanleriaren gehiengoari zabaltzen zaienean; eta, edozein kasutan, kaltea agintaritzaren edo beraren agenteen adostasunarekin eragin denean, kalte-ordaina legeek eta erregelamendu bereziek ezartzen duten modura egitea erabakiko da, halakorik badenean.

4.) 6. zenbakiaren kasuan, erantzukizun nagusia izango dute beldurra eragin dutenek, eta, horrelakorik izan ezean, egitatea gauzatu dutenek.

2. 14. artikuluaren kasuan, egitatea gauzatu dutenek izango dute erantzukizun zibila.

119. artikulua

Aurreko artikuluaren kasu guztietan, epaile edo auzitegiak aipaturiko salbuespen-arrazoietatik bat gertatzen dela uste badu, eta horren ondorioz absolbitzeko epaia ematen badu, erantzukizun zibilak ezarriko ditu, salbu eta beren beregi akzioak gorde direnean erantzukizun horiek bide egokian eskatzeko.

120. artikulua

Hurrengo hauek ere erantzukizun zibila dutenak dira, erantzukizun kriminala dutenen lekuan:

1.) Guraso edo tutoreak; hemezortzi urte baino gehiago izan, guraso-ahalpean edo tutoretzapean egon eta horiekin bizi direnek, delitu edo faltak gauzatu eta kalte-galerak eragin badituzte, betiere erantzuleen errua edo zabarkeria dagoenean.

2.) Argitaletxe, egunkari, aldizkari, irrati edo telebista-kateen titularrak edo idatzitako, ahozko edo ikusmenezko beste edozein hedabideren titularrak diren pertsona natural edo juridikoak; euren komunikabideez baliaturik, egindako delitu edo faltengatik, kode honen 212. artikuluan xedatutakoa baztertu barik.

3.) Establezimenduen titularrak diren pertsona natural edo juridikoak; euren establezimenduetan egiten diren delitu edota faltengatik, establezimendu horiek zuzendu edo administratzen dituztenek, edo euren menpekoek edo enplegatuek, poliziaren erregelamenduak edo agintaritzaren xedapenak hausten dituztenean, betiere, hautsitako erregelamendu edo xedapen horiek gauzatu eta zigortzekoa den egitatearekin loturik daudenean, aipatutako arau-hausterik gabe egitate hori gertatu ez balitz.

4.) Edozein motatako industria edo merkataritzan aritzen diren pertsona natural edo juridikoak; euren enplegatuek edo menpekoek, ordezkariek edo kudeatzaileek betebeharrak edo zerbi-tzuak betetzean egin dituzten delitu edota faltengatik.

5.) Gainerakoentzat arriskua sor dezaketen ibilgailuen titularrak, pertsona natural edo juridikoak; euren menpekoek edo ordezkariek edo baimendutako pertsonek ibilgailu horiek erabiltzean egiten dituzten delitu edo faltengatik.

121. artikulua

Estatuak, autonomia erkidegoak, probintziak, uharteak, udalerriak eta gainerako herri-erakundeek, kasuan-kasuan, erantzukizun subsidiarioa dute, doloz edo erruz egindako delituen erantzule penalek eragiten dituzten kalteengatik, baldin eta erantzule horiek beren kargu edo funtzioetan diharduten agintaritza, agintaritzaren agente eta kontratudunak, edota funtzionario publikoak badira, betiere, lesioa euren esku utzitako zerbitzu publikoen jardunbidearen zuzeneko ondorioa denean. Horrek ez dio kalterik egingo zerbitzu horien ohiko edo ez-ohiko jardunbidearen ondoriozko ondare-erantzukizunari; erantzukizun hori galda daiteke administrazio-prozedurari buruzko arauen arabera, baina ezin izango da inoiz ere kalte-ordaina bi aldiz eman.

Agintaritza, beraren agente eta kontratudunen edo funtzionario publikoen erantzukizun zibila galdatzen bada zigor-zuzenbideko prozesuan, uzia aldi berean bideratu behar da ustez erantzukizun zibil subsidiarioa duen Administrazio edo herri-erakundearen aurka.

122. artikulua

Norbaitek, irabaziaren truk, delitu edo faltaren ondoreetan parte hartu badu, gauza itzultzera edo kalte-ordaina ematera behartuta dago bere partaidetzaren zenbatekoaren neurrian.

III. KAPITULUA

Prozesuko kostuak

123. artikulua

Legeak edozein delitu edo faltarengatik erantzukizun kriminala duten guztiei prozesuko kostuak ezartzen dizkiela ulertzen da.

124. artikulua

Prozesuko kostuek jardun judizialean sortarazitako eskubide eta kalte-ordainak barnean hartuko dituzte, bai eta akusazio partikularraren lansariak ere, alderdiak hala eskaturik bakarrik pertsegi daitezkeen delituak badira.

IV. KAPITULUA

Erantzukizun zibila eta diruzko beste erantzukizunak betetzea

125. artikulua

Erantzule zibilak nahikoa ondasunik ez duenean diruzko erantzukizun guztiak batera ordaintzeko, epaile edo auzitegiak, kaltedunari entzunaldia eman eta gero, ordainketa zatitu ahal izango du, eta, bere sen onaren arabera, epeen aldia eta zenbatekoa ezarriko ditu, kaltedunaren beharrizanak eta erantzulearen ahalbide ekonomikoak kontuan izanik.

126. artikulua

1. Zigortuak edo erantzule zibil subsidiarioak eginiko ordainketak hurrengo hurrenkeraren arabera egotziko dira:

1.) Eragindako kaltearen konponketa eta galeren ordaina.

2.) Estatuari dagokion kalte-ordaina, auzian zehar beraren kontura egin diren gastuen zenbatekoan.

3.) Akusatzaile partikular edo pribatuaren kostuak, epaian ezartzen bada kostu horien ordainketa.

4.) Prozesuko gainerako kostuak, auziperatuaren defentsakoak barne, interesdunen arteko lehenespen barik.

5.) Isuna.

2. Alderdiak eskaturik bakarrik pertsegi daitezkeen delituetatik bat denean, akusatzaile pribatuaren kostuak ordainduko dira estatuari dagokion kalte-ordaina baino lehenago.

VI. TITULUA

ZIGORRARI ERANTSITAKO ONDORIOAK

127. artikulua

Dolozko delitu edo faltarengatik ezarritako zigor guztiek ekarriko dute delitu edo falta horren efektuen galera, delitu edo falta hori egikaritzeko erabili diren tresnen galera eta delitu horretatik datozen irabaziena, edozein transformazio izan badute ere. Batzuk zein besteak konfiskatuko dira, onustedun hirugarrenarenak direnean izan ezik, delituaren ondorioz erantzukizunik ez badu, eta legez eskuratu baditu. Konfiskatzen direnak saldu egingo dira, merkataritza zilegiko objektuak badira, eta salmentan lortzen denarekin zigortuaren erantzukizun zibilak ordainduko dira; aldiz, halakoak ez badira, erregelamenduen arabera xedatutakoa egingo da beraietan eta, ezer xedatu ezean, deuseztatu egingo dira.

128. artikulua

Aipaturiko efektu eta tresnak merkataritza zilegikoak direnean eta horien balioa arau-hauste penalaren izate edo astuntasunarekin proportzioaren araberakoa ez denean, edo erantzukizun zibilak guztiz ordaindu direnean, epaile edo auzitegiak erabaki dezake konfiskazioa ez dekretatzea, edo zati batean dekretatzea.

129. artikulua

1. Epaile edo auzitegiak, zioak emanez, hurrengo ondorioak ezarri ahal izango ditu kode honetan ezarritako kasuetan, titularrei edo horien lege-ordezkariei entzunaldia eman eta gero:

a) Enpresa, beraren lokal edo establezimenduak aldi baterako edo behin betiko ixtea. Dena den, aldi baterako itxiz gero, itxialdiak ezin izango du bost urte baino gehiago iraun.

b) Sozietate, elkarte edo fundazioa desegitea.

c) Sozietate, enpresa, fundazio edo elkartearen jarduerak etetea, baina etendura-epeak ezin izango du bost urte baino gehiago iraun.

d) Etorkizunean jarduerak, merkataritzako eragiketak edo negozioak egitea debekatzea, baldin eta jarduera mota horiek gauzatzean edo merkataritzako eragiketa zein negozio mota horiek gauzatzean delitua egin, ahalbideratu edo estali bada. Debeku hori aldi baterakoa edo behin betikoa izan daiteke. Aldi baterako debekuak ezin izango du bost urte baino gehiago iraun.

e) Enpresaren gaineko esku-hartzea, langileen eta hartzekodunen eskubideak zaintzeko, beharrezkoa den denboran zehar. Esku-hartze horrek ezin du bost urte baino gehiago iraun.

2. Instrukzioko epaileak erabaki ahal izango du, auziaren izapideak egiten diren bitartean ere, aurreko paragrafoaren a) idatz-zatiko aldi baterako itxiera eta c) idatz-zatiko etendura ezartzea.

3. Artikulu honetan ezarritako ondorio erantsiak bideratuta egongo dira delitugintzan jarduten jarraitzea eta horren ondoreak aurrez zaintzera.

VII. TITULUA

ERANTZUKIZUN KRIMINALA AZKENTZEA ETA HORREN ONDOREAK

I. KAPITULUA

Erantzukizun kriminala azkentzen duten arrazoiak

130. artikulua

Hurrengo hauek dira erantzukizun kriminala azkentzen dutenak:

1.) Errudunaren heriotza.

2.) Kondena betetzea.

3.) Indultua.

4.) Ofendituaren barkamena, legeak hala ezartzen duenean. Barkamena beren beregi eman behar da, ezarritako zigorra betearazten hasi baino lehenago. Horretarako, epaia irmoa dela adierazi eta gero, ofendituak esan beharrekoa entzungo du epaile edo auzitegi epai-emaileak, zigorra betearaz dadin agindu aurretik.

Adingabeen edo ezgaituen aurkako delitu edo faltetan, epaile edo auzitegiek, Fiskaltzak esan beharrekoak entzun eta gero, eragingarritasunik gabe utzi ahal izango dute haien ordezkariek emandako barkamena eta, ondoren, aginduko dute, Fiskaltzaren esku-hartzearekin, prozedurak aurrera egitea edo kondena betetzea.

Aurreko lerrokadan aipatzen den barkamena eragingarritasunik gabe uzteko, epaile edo auzitegiak berriz entzun beharko du adingabearen edo ezgaiaren ordezkariak esan beharrekoa.

5.) Delituaren preskripzioa.

6.) Zigorraren preskripzioa.

131. artikulua

1. Delituen preskripzio-denbora hauxe da:

Hogei urtekoa, baldin eta delituari ezarririko gehieneko zigorra hamabost urteko edo denbora luzeagoko espetxealdia bada.

Hamabost urtekoa, baldin eta legeak ezarririko gehieneko zigorra hamar urtekoa baino denbora luzeagoko desgaikuntza bada, edo hamar urte baino denbora luzeagoko eta hamabostekoa baino laburragoko espetxealdia bada.

Hamar urtekoa, baldin eta legeak ezarririko gehieneko zigorra sei urtekoa baino denbora luzeagoko eta hamarrekoa baino laburragoko desgaikuntza edo bost urte baino denbora luzeagoko eta hamarrekoa baino laburragoko espetxealdia bada.

Bost urtekoa, gainerako delitu astunen kasuan.

Hiru urtekoa, hain astunak ez diren delituen kasuan.

Urtebetekoa, kalumnia- eta irain-delituen kasuan.

2. Falten preskripzio-denbora sei hilabetekoa da.

3. Legeak ezarritako zigorra elkartua denean, artikulu honetara bildutako erregelak aplikatzeko, kontuan hartuko da preskripzio-denborarik luzeena behar duen zigorra.

4. Genozidio-delituak ez dauka inoiz ere preskripziorik.

132. artikulua

1. Aurreko artikuluan ezarritako epe-mugak zenbatuko dira zigortzekoa den arau-haustea egiten den egunetik. Delitu jarraituaren eta delitu iraunkorraren kasuetan, epe-muga horiek zenbatuko dira, hurrenez hurren, azken arau-haustea egiten den egunetik eta zilegi ez den egoera ezabatzen denetik.

Giza hilketaren saiakuntzan, eta adostasunik gabeko abortuan, lesio-delituan, askatasunaren aurkako delituan, tortura-delituan, eta osotasun moralaren, sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren, bizitza pribatuaren eta norberaren irudirako eskubidearen aurkako delituetan, bai eta egoitzaren bortxaezintasunaren aurkako delituetan ere, biktima adingabea bada, epe-mugak zenbatuko dira biktimak adin-nagusitasuna lortzen duen egunetik, edo heriotza-egunetik, adin-nagusitasuna lortu aurretik, biktima hiltzen bada.

2. Preskripzio-denbora geldiarazi egingo da, prozedura errudunaren aurka bideratzen denean, eta igarotako denborak ez du ondorerik izango; baina prozedura gerarazten denetik edo prozedura kondena barik amaitzen denetik epe-muga berriz zenbatzen hasiko da.

133. artikulua

1. Epai irmoaren bidez ezarritako zigorren preskripzio-denbora hurrengoa da:

Hogeita bost urtekoa, hamabost urte edo denbora luzeagoko espetxealdi-zigorren kasuan.

Hogei urtekoa, hamar urte baino denbora luzeagoko desgaikuntzako zigorren kasuan, eta hamar urte baino denbora luzeagoko eta hamabost urte baino denbora laburragoko espetxealdi-zigorren kasuan.

Hamabost urtekoa, sei urte baino denbora luzeagoko eta hamar urte baino denbora laburragoko desgaikuntzako zigorren kasuan, eta bost urte baino denbora luzeagoko eta hamar urte baino denbora laburragoko espetxealdi-zigorren kasuan.

Hamar urtekoa, gainerako zigor astunen kasuan.

Bost urtekoa, hain astunak ez diren zigorren kasuan.

Urtebetekoa, zigor arinen kasuan.

2. Genozidio-delituaren ondorioz ezarritako zigorrak ez dira inoiz ere preskribatuko.

134. artikulua

Zigorraren preskripzio-denbora epaia irmoa denetik zenbatuko da eta kondena betetzen hasi bada, zigorraren preskripzio-denbora kondena urratu denetik zenbatuko da.

135. artikulua

1. Segurtasun-neurrien preskripzio-denbora hamar urtekoa izango da, askatasunaz hiru urte baino denbora luzeagorako gabetzen badute; eta bost urtekoa, askatasunaz hiru urte edo gutxiagorako gabetzen badute, edo bestelako edukia badute.

2. Preskripzio-denbora zenbatuko da segurtasun-neurria ezartzen duen ebazpena irmoa den egunetik eta ondoz ondo betetzearen kasuan, preskripzio-denbora ebazpena betetzen hasi behar zenetik zenbatuko da.

3. Segurtasun-neurri bat zigorraren ostean betetzen bada, epea zigorra azkentzen denetik zenbatuko da.

II. KAPITULUA

Delitu-aurrekariak ezereztea

136. artikulua

1. Kondenatuek erantzukizun penala azkendu badute, eskubidea dute Justizia eta Barne Arazoetako Ministeriotik euren zigor-aurrekarien ezereztea lortzeko, ofizioz edo kondenatuak hala eskaturik, epaile edo auzitegi epai-emaileak bere txostena eman eta gero.

2. Eskubide hori aintzat hartzeko hurrengo hauek ezinbesteko betekizunak izango dira:

1.) Arau-haustearen ondorioz sorturiko erantzukizun zibilak ordainduta egotea, epaile edo auzitegi epai-emaileak kaudimengabezia dagoela adierazten duen kasuetan izan ezik, salbu eta errudunaren egoera ekonomikoak hobera jo duenean.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, 125. artikuluaren kasuan nahikoa izango da epaile edo auzitegiak adierazi zatikako ordainketak errudunak egunean izatea, eta, epaile edo auzitegiaren iritziz, errudunak geroratutako kopurua ordaintzeko nahikoa berme ematea.

2.) Epe hauek igarotzea, errudunak berriro deliturik egin barik: sei hilabete, zigor arinen kasuan; bi urte, hamabi hilabete baino luzeagoak ez diren zigorren kasuan eta zuhurtziagabekeriazko delituengatik ezarritako zigorren kasuan; hiru urte, hain astunak ez diren zigorren kasuan; eta bost urte, zigor astunen kasuan.

3. Epe horiek zigorra azkentzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasiko dira, baldintzapeko kondena ezeztatzen den kasua horren barne delarik.

4. Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiaren ataletako zigor-aurrekarien inskripzioak ez dira publikoak izango. Inskripzioak indarrean dauden bitartean, ziurtagiriak emango dira erregistroaren arau bereziek ezarritako muga eta bermeekin eta legeak ezarritako kasuetan bakarrik. Edozein kasutan, epaile edo auzitegiek eskatutako ziurtagiriak emango dira, ezereztutako edota ezereztu gabeko inskripzioei buruzkoak badira ere, baina ezereztutako inskripzioa denean inguruabar hori beren beregi agertaraziko da.

5. Interesdunak eskaturik nahiz Justizia eta Barne Arazoetako Ministerioak ofizioz, aurrekariak ezerezteko artikulu honetan ezartzen diren betekizunak gertatzen direnean, ezereztea, ordea, gertatu ez bada, epaile edo auzitegiak aurrekariok ezerezteko aginduko du, inguruabar horiek egiaztatu eta gero, eta ez ditu aurrekari horiek kontuan hartuko.

137. artikulua

Kode honetan edo beste zigor-lege batzuetan xedatutakoaren arabera ezarritako segurtasun-neurrien idatzoharrak ezereztuko dira segurtasun-neurri bakoitza betetzen edo preskripzioa gertatzen denean; bitartean, legeak ezarritako kasuetan, Erregistroak epaile, auzitegi edo Administrazioko agintariei luzatzen dizkien ziurtagirietan bakarrik agertuko dira idatzoharrok.

II. LIBURUA

DELITUAK ETA HORIEI DAGOZKIEN ZIGORRAK

I. TITULUA

GIZA HILKETA ETA GIZA HILKETAREN FORMAK

138. artikulua

Norbaitek beste bat hiltzen badu, giza hilketaren errudun gisa, hamar urtetik hamabost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

139. artikulua

Hamabost urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio beste bat hiltzen duenari, erailketaren errudun gisa, baldin eta hurrengo inguruabarretatik bat gertatzen bada:

1.) Maltzurkeria.

2.) Prezioa, saria edo hitzematea.

3.) Ankerkeriaren bidez ofendituaren mina nahita eta bihotz-gogorrez handitzea.

140. artikulua

Erailketa batean aurreko artikuluan ezarri inguruabarretatik bat baino gehiago gertatzen denean, hogei urtetik hogeita bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

141. artikulua

Aurreko hiru artikuluetako delituak egiteko zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortuko dira, bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin.

142. artikulua

1. Norbaitek, zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz, beste baten heriotza eragiten badu, zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren errudun gisa urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

2. Zuhurtziagabekeriazko giza hilketa ibilgailu motordun, motor-bizikleta edo su-arma erabiliz egiten denean, kasuan-kasuan, ibilgailu motordun eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz edo su-armak edukitzeko edo eramateko eskubideaz gabetzen duen zigorra ezarriko da, urtebetetik sei artekoa.

3. Horrezaz gain, giza hilketa lanbide-zuhurtziagabekeriaren ondorioz egiten denean, lanbide, ogibide edo karguan aritzeko desgaikuntza bereziko zigorra ezarriko da, hiru urtetik sei artekoa.

143. artikulua

1. Norbaitek inor bere buruaz beste egitera induzitzen badu, lau urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

2. Bi urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio pertsona batek bere buruaz beste egiteko beharrezko egintzekin laguntzen duenari.

3. Sei urtetik hamar arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio pertsona baten heriotza eragin arte laguntzen duenari.

4. Norbaitek beste baten heriotza eragiten badu edo beste hori hil dadin beharrezkoak eta zuzenekoak diren egintzekin modu aktiboan laguntzen badu, eta biktimak beren beregi, benaz eta zalantzarik gabe hiltzeko laguntza eskatu badio, heriotza eragingo dion gaixotasun larria duelako edo gaixotasun larriaren ondorioz pairamen etengabe eta jasanezinak dituelako, orduan, pertsona horri artikulu honen 2 eta 3. paragrafoetan ezarritako zigorrak baino gradu bat edo bi gutxiagokoak ezarriko zaizkio.

II. titulua

ABORTUA *

144. artikulua

Norbaitek andrazko bati, beraren adostasunik gabe, abortua eragiten badio, lau urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta desgaikuntza berezia ere, hiru urtetik hamar artekoa, osasun-lanbideetatik edozeinetan aritzeko, edo ginekologiako klinika, gaixotegi edo kontsulta publiko edo pribatuetan mota guztietako zerbitzuak eskaintzeko.

Zigor berberak ezarriko zaizkio abortua andrazkoaren adostasunarekin egiten duenari, adostasuna indarkeria, mehatxu edo engainuaren bidez lortu badu.

145. artikulua

1. Norbaitek andrazko bati, beraren adostasunarekin eta legeak onartzen dituen kasuetatik kanpo, abortua eragiten badio, urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta desgaikuntza berezia ere, urtebetetik sei artekoa, osasun-lanbideetatik edozeinetan aritzeko, edo ginekologiako klinika, gaixotegi edo kontsulta publiko edo pribatuetan mota guztietako zerbitzuak eskaintzeko.

2. Andrazkoak, legeak onartzen dituen kasuetatik kanpo, bere buruari abortua eragiten badio, edo abortua beste pertsona batek eragitea onartzen badu, sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio.

146. artikulua

Norbaitek, zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz abortua eragiten badu, hamabi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldi-zigorra ezarriko zaio.

Era berean, abortua lanbide-zuhurtziagabekeriaren ondorioz eragiten denean, lanbide, ogibide edo karguan aritzeko desgaikuntza berezia ezarriko da, urtebetetik hiru artekoa.

Haurdunari ez zaio zigorrik ezarriko manu honen arabera.

III. titulua

LESIOAK

147. artikulua

1. Norbaitek, edozein bide edo prozedura erabiliz, beste bati lesioa eragiten badio, gorputz-osotasunean, osasun fisikoan edo buru-osasunean kalte eginez, orduan, pertsona horri sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, lesio-delituaren errudun gisa, baldin eta lesio hori objektiboki sendatzeko, medikuntza-sendabidea edo sendabide kirurgikoa behar badu, adituen lehenengo laguntzaz gain. Adituak lesioaren inguruan egiten duen zaintza edo jarraipen hutsa ez da medikuntza-sendabidetzat hartuko.

2. Dena den, aurreko paragrafoan azaldutako egitatea zazpi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldiarekin edo hiru hilabetetik hamabi arteko isunarekin zigortuko da, baldin eta larritasun txikiagokoa bada, erabilitako bidea edo sorturiko emaitza kontuan izanik.

148. artikulua

Aurreko artikuluaren 1. paragrafoan ezarritako lesioak bi urtetik bost arteko zigortu daitezke, eragiten duten emaitza edo sortzen duten arriskua kontuan izanik:

1.) Lesionatuaren bizitzarako edo beraren osasun fisiko edo psikikorako zehazki arriskutsuak diren arma, tresna, gauza, bide, metodo edo erak erabili badira erasoan.

2.) Ankerkeria badago.

3.) Biktimak hamabi urte baino gutxiago baditu, edo gai ez bada.

149. artikulua

Norbaitek, edozein bide edo prozedura erabiliz, beste bati eragiten badio organo nahiz gorputz-adar nagusi edo zentzumen baten galera nahiz gauzaeza, edo inpotentzia, antzutasuna, itxuragabetasun larria, edo gaixotasun psikiko edo somatiko larria, orduan, pertsona horri sei urtetik hamabi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

150. artikulua

Norbaitek beste bati eragiten badio nagusi ez den organo edo gorputz-adar baten galera edo gauzaeza nahiz itxuragabetasuna, orduan, pertsona horri hiru urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

151. artikulua

Titulu honen aurreko artikuluetan ezarritako delituak egiteko zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortuko dira, bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin.

152. artikulua

1. Norbaitek, zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz, aurreko artikuluetan ezarritako lesioetako bat eragiten badu, hurrengo zigorrak ezarriko zaizkio:

1.) Zazpi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldia, 147.1 artikuluko lesioen kasuan.

2.) Urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra, 149. artikuluko lesioen kasuan.

3.) Sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra, 150. artikuluko lesioen kasuan.

2. Era berean, artikulu honetan aipatutako egitateak ibilgailu motordun, motor-bizikleta edo su-arma erabiliz gauzatzen direnean, urtebetetik hiru arteko epe-mugan, kasuan-kasuan, ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz, edo armak edukitzeko eta eramateko eskubideaz gabetzen duen zigorra ezarriko da.

3. Era berean, lesioak lanbide-zuhurtziagabekeriaren ondorioz gauzatzen direnean, lanbide, ogibide edo karguan aritzeko desgaikuntza berezia ezarriko da, urtebetetik lau artekoa.

153. artikulua

Norbaitek ohikotasunez indarkeria fisiko edo psikikoa erabiltzen badu bere ezkontidearen edo bere ezkontidea izan denaren aurka edo antzeko maitasun-harremanen bidez era iraunkorrean lotuta dagoenaren edo egon denaren aurka, edo bere seme-alaben, ezkontidearen seme-alaben edo bizikidearen seme-alaben aurka, edo berarekin bizi diren tutoretzapeko, aurreko edo ezgaien aurka, edo beraren nahiz bizikidearen guraso-ahal, tutoretza, kuradoretza edo egitezko zaintzaren menpe dauden tutoretzapeko, aurreko edo ezgaien aurka, orduan, pertsona horri sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio; horrek ez dio kalterik egingo indarkeria psikiko edo fisikozko egintzen ondorioz gertatutako delitu edo faltei dagozkien zigorrak ezartzeari.

Aurreko lerrokadak aipatzen duen ohikotasuna aintzat hartzeko, egiaztatutako indarkeriazko egintzen kopurua eta egintza horien denborazko hurbiltasuna hartuko da kontuan, indarkeria hori artikulu honetara bildutako biktima beraren edo ezberdinen aurka egin bada ere, eta indarkeriazko egintzak aurretik egindako prozesuetan epaitu badira eta ez badira ere.

154. artikulua

Elkarri modu nahasian erasoka liskarretan aritzen direnei, liskarrean parte hartzeagatik, sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra edo bi hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaie, baldin eta pertsonen bizia edo osotasuna arriskuan jartzen duten bideak edo tresnak erabiltzen badituzte.

155. artikulua

Lesio-delituetan, ofendituak adostasuna balio osoz, askatasunez, berez eta beren beregi ematen badu, gradu bat edo bitan txikiagoa den zigorra ezarriko da.

Ez da baliozkoa izango adingabe edo ezgaiak emandako adostasuna.

156. artikulua

Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, adostasuna ematen bada balio osoz, askatasunez, kontzientziaz eta beren beregi, erantzukizun penaletik salbuesten du, legearen arabera egindako organo-birlandaketetan eta adituek egindako antzutzeko eta sexu-aldaketako kirurgiako ebakuntzetan, salbu eta adostasuna akatsen bidez edo prezio nahiz sariaren bidez lortu denean, edo adostasuna eman duena adingabea edo ezgaia denean; kasu horretan, ez da baliozkoa izango adingabeak eta ezgaiak edo euren lege-ordezkariek emandako adostasuna.

Dena den, ez da zigortzekoa izango pertsona ezgaitua antzutzea, pertsona horrek urritasun psikiko larria badu, baldin eta, epaileak, ezgaiari komeni zaiona irizpide artezkari gisa harturik, antzutze hori baimendu badu, bai ezgaikuntza prozeduran bertan, bai, ezgaiaren lege-ordezkariak eskaturik, ondoren borondatezko jurisdikzio-espedientearen izapideak egiten direnean, bi adituren irizpena eta Fiskaltzak esan beharrekoak entzun eta gero, ezgaia aurretiaz aztertuta.

IV. TITULUA

FETUARI ERAGINDAKO LESIOAK

157. artikulua

Norbaitek, edozein bide edo prozedura erabiliz, fetuari lesio edo gaixotasuna eragiten badio, eta lesio nahiz gaixotasun horrek fetuaren beraren ohiko garapenari kalte larria edo fetuari akats fisiko zein psikiko larria eragiten badio, orduan, pertsona horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta desgaikuntza berezia ere, bi urtetik zortzi artekoa, osasun-lanbideetatik edozeinetan aritzeko, edo kliniketan, edo ginekologiako establezimendu edo kontsulta publiko edo pribatuetan mota guztietako zerbitzuak eskaintzeko.

158. artikulua

Norbaitek, zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz, aurreko artikuluan azaldutako egitateak gauzatzen baditu, zazpi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldia ezarriko zaio.

Era berean, aurreko artikuluan azaldutako egitateak lanbide-zuhurtziagabekeriaren ondorioz egiten direnean, lanbidean, ogibidean edo karguan aritzeko desgaikuntza berezia ezarriko da sei hilabetetik bi urte artekoa.

Haurdunari ez zaio zigorrik ezarriko manu honen arabera.

V. TITULUA

MANIPULAZIO GENETIKOARI BURUZKO DELITUAK

159. artikulua

1. Bi urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia ere, zazpi urtetik hamar artekoa, akats edo gaixotasun larriak kendu edo gutxitu ez beste edozein helbururekin giza geneak genotipoa aldatuz manipulatzen dituztenei.

2. Genotipoaren aldakuntza zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz egiten bada, sei hilabetetik hamabost arteko isuna ezarriko da eta enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia, urtebetetik hiru artekoa.

160. artikulua

Genetika-ingeniaritza erabiltzen bada arma biologikoak edo giza espeziea hiltzen dutenak ekoizteko, orduan, erabiltze hori zigortuko da hiru urtetik zazpi arteko espetxealdi-zigorrarekin eta enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibidean aritzeko hiru urtetik zazpi arteko desgaikuntza bereziarekin.

161. artikulua

1. Urtebetetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia ere, sei urtetik hamar artekoa, giza ugalketa ez beste edozein helbururekin giza obuluak ernaltzen dituztenei.

2. Zigor bera ezarriko da, gizaki berdinak egiten badira klonazioaren bidez edo arraza aukeratzeko bideratuta dauden bestelako prozeduren kasuan.

162. artikulua

1. Norbaitek andrazko bati, beraren adostasunik gabe, lagundutako ugalketa egiten badio, orduan, horri bi urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia, urtebetetik lau artekoa.

2. Delitu honen prozedurari hasiera emateko beharrezkoa da laidotuaren edo beraren lege-ordezkariaren salaketa. Laidotua adingabea, ezgaia edo babesgabea denean, Fiskaltzak ere salaketa egin ahal izango du.

VI. TITULUA

ASKATASUNAREN AURKAKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Legearen aurkako atxiloketak eta bahiketak

163. artikulua

1. Norbanako batek beste bat giltzaperatu edo atxilotzen badu, askatasuna kenduta, lau urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

2. Errudunak giltzaperatuari edo atxilotuari askatasuna ematen badio atxiloketaren lehenengo hiru egunetan, helburu gisa zuen objektua lortu barik, orduan, errudunari aurreko idatz-zatian ezarritako zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko zaio.

3. Bost urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, itxialdiak edo atxiloketak hamabost egun baino gehiago iraun badu.

4. Norbanakoak, legeak baimentzen dituen kasuetatik kanpo, pertsona bat harrapatzen badu agintaritzari berehala aurkezteko, orduan, norbanakoari hiru hilabetetik sei arteko isun-zigorra ezarriko zaio.

164. artikulua

Pertsona bat bahitu eta pertsona hori askatzeko baldintzetako bat galdatzea zigortuko da sei urtetik hamar arteko espetxealdi-zigorrarekin. Bahiketan 163.3 artikuluaren inguruabarra gertatzen bada, gradu bat gehiagoko zigorra ezarriko da, eta 163.2 artikuluaren baldintzak gertatzen badira, gradu bat gutxiagoko zigorra.

165. artikulua

Aurreko artikuluetako zigorrak, kasuan-kasuan, goiko erdian ezarriko dira, baldin eta legearen aurkako atxiloketa edo bahiketa egiten bada, agintaritza edo funtzio publikoa dela itxura eginez, edo biktima adingabea edo ezgaia edo bere eginkizunak betetzen diharduen funtzionario publikoa bada.

166. artikulua

Legearen aurkako atxiloketa edo bahiketaren errudunak ez badu esaten atxilotutako pertsona non dagoen, orduan, errudun horri, kasuan-kasuan, kapitulu honen aurreko artikuluetan ezarritako zigorrak baino gradu bat gehiagokoak ezarriko zaizkio, askatu duenean izan ezik.

167. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, legean baimentzen diren kasuetatik kanpo eta delituaren ondorioz auzirik egon gabe, aurreko artikuluetan azaldutako egitateetako bat gauzatzen badu, orduan, horri, artikuluotan ezarritako zigorrak goiko erdian ezartzeaz gain, erabateko desgaikuntza ezarriko zaio, zortzi urtetik hamabi artekoa.

168. artikulua

Kapitulu honetan ezarritako delituak egiteko zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortuko dira, delitu bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin.

II. KAPITULUA

Mehatxuak

169. artikulua

Norbaitek beste bati mehatxu egiten badio, berari, beraren familiari edo berari estu loturik dauden beste pertsona batzuei kalte egingo diela, eta kalte hori bada giza hilketa, lesio edo abortu delitua, askatasunaren aurkako delitua, tortura-delitua nahiz osotasun moralaren, sexu-askatasunaren, bizitza pribatuaren, ohorearen, ondarearen, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delitua, orduan, mehatxatzaileari zigor hauek ezarriko zaizkio:

1.) Urtebetetik bost arteko espetxealdi-zigorra, baldin eta, bere helburua lortu duelarik, mehatxua ez betetzeko kopuru bat galdatu badu edo beste edozein baldintza ezarri badu, baldintza zilegia bada ere. Helburua lortu ez duenean, sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

Aurreko paragrafoaren zigorrak goiko erdian ezarriko dira, baldin eta mehatxuak idatziz, telefonoz edo komunikatzeko nahiz kopiatzeko bideetatik edozein erabiliz, edo egiazko zein ustezko erakunde edo taldeen izenean egiten badira.

2.) Sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra, mehatxua baldintzapekoa izan ez bada.

170. artikulua

1. Delitua den kaltearekin mehatxatzen bada, mehatxu horiek bideratuta badaude herri baten biztanleak, talde etnikoa edo kultura-, erlijio-, gizarte- nahiz lanbide-taldea edo beste edozein pertsona-talde beldurtzera, eta mehatxu horiek beldurra sortarazteko behar besteko larritasuna badute, orduan, kasuan-kasuan, aurreko artikuluan ezarritako zigorrak baino gradu bat gehiagokoak ezarriko dira.

2. Zazpi asteburutik hemezortzi arteko atzipenaldi-zigorra edo sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaie, aurretik aipatu helburu eta larritasun berarekin, banda armatu, antolakunde edo talde terroristei indarkeriazko egintzak gauzatzea jendaurrean eskatzen dizkietenei.

171. artikulua

1. Delitua ez den kaltearekin mehatxatzea zigortuko da sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorrarekin edo hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isunarekin, egitatearen larritasuna eta inguruabarra kontuan harturik, mehatxua baldintzapekoa izan eta baldintza ez bada zor den jokabidea. Errudunak bere helburua lortu badu, aurreko zigorra goiko erdian ezarriko zaio.

2. Norbaitek beste bati diru kopuru bat edo sari bat galdatu badio, beraren bizitza pribatu edo familia-harremanei buruz agerikoak ez diren egitateak agertarazteko edo hedatzeko mehatxupean, eta egitate horiek mehatxatuaren ospea, izena edo interesa uki badezakete, mehatxatzaileari bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, baldin eta galdatutakoa oso-osoan edo zati batean jaso badu, edo sei hilabetetik bi urte artekoa, lortu ez badu.

3. Aurreko paragrafoan azaldutako egitatea delitu bat agertarazteko edo delitu bati buruzko salaketa egiteko mehatxua bada, Fiskaltzak, mehatxua errazago zigortzeko, mehatxuaren objektu den delituarengatik ez akusatzea erabaki dezake, salbu eta delitu horrek ezarrita duen zehapena bi urte baino gehiagoko espetxealdi-zigorra denean. Azken kasu horretan, epaile edo auzitegiak zehapenari gradu bat edo bi jaitsi ahal izango dizkio.

III. KAPITULUA

Derrigortzeak

172. artikulua

Norbaitek, bidezko baimenik gabe, beste bati, indarkeriaren bidez, legeak debekatzen ez duena egitea eragozten badio edo egin nahi ez duena egitera behartzen badu, zuzena izan zein ez, orduan, pertsona horri sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio, derrigortzearen edo erabilitako bideen larritasunaren arabera.

Egindako derrigortzea oinarrizko eskubide baten egikaritza eragoztean datzanean, orduan, zigorrak goiko erdian ezarriko dira, salbu eta egitateak zigor handiagoa duenean kode honen beste manu batean.

VII. TITULUA

TORTURAK ETA OSOTASUN MORALAREN AURKAKO BESTE DELITUAK

173. artikulua

Norbaitek beste pertsona bati, beraren osotasun moralari kalte larria eginez, tratu apalesgarria ematen badio, sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

174. artikulua

1. Agintari edo funtzionario publikoak tortura egiten du, bere karguaz abusatuz, pertsona baten aitortza edo informazioa lortzeko helburuarekin edo pertsona horrek gauzatu duen edo gauzatu duela susmatzen den egitatearengatik zigortzeko helburuarekin, pertsonari baldintzak edo prozedurak ezartzen dizkionean, beren izaera, iraupena edo bestelako inguruabarren ondorioz, gorputzeko edo buruko sufrimenduak eragiten dizkiotenak, ezagutu, bereizi edo erabakitzeko ahalmenak ezabatu edo gutxitzen dizkiotenak, edo beste edozein modutan pertsonaren osotasun moralaren aurka atentatu egiten dutenak. Torturaren errudunari bi urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio atentatua larria bada; bestela, urtebetetik hiru artekoa. Edozein kasutan, adierazitako zigorrez gain, erabateko desgaikuntza-zigorra ezarriko zaio, zortzi urtetik hamabi artekoa.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio, hurrenez hurren, espetxeetako edo adingabeen babes-etxe nahiz zentzatokietako agintari edo funtzionarioari, aurreko paragrafoan azaldutako egitateak gauzatzen baditu atxilotu, barneratu edo presoen inguruan.

175. artikulua

Agintari edo funtzionarioak, bere karguaz abusatuz eta aurreko artikuluan ezarritako kasuetatik kanpo, pertsona baten osotasun moralaren aurka atentatu egin badu, orduan, horri bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, atentatua larria bada, eta ez bada sei hilabetetik bi urte artekoa ezarriko zaio. Edozein kasutan, adierazitako zigorrez gain, egileari enplegu edo kargu publikoan aritzeko desgaikuntza berezia ezarriko zaio, bi urtetik lau artekoa.

176. artikulua

Aurreko artikuluetako zigorrak ezarriko zaizkio, hurrenez hurren, agintari edo funtzionarioari, bere karguko eginbeharrak bete barik, beste pertsona batzuei bide ematen badie aurreko artikulu horietan ezarritako egitateak gauzatzeko.

177. artikulua

Aurreko artikuluetan azaldutako delituen kasuan, osotasun moralaren aurkako atentatuaz gain, biktimaren nahiz beste inoren bizitzan, osotasun fisikoan, osasunean, sexu-askatasunean nahiz ondasunetan lesio edo kaltea gertatzen bada, egitateok bananduta zigortuko dira egin diren delitu edo faltei dagokien zigorrarekin, salbu eta legeak atentatua beren beregi zigortzen duenean.

VIII. TITULUA

SEXU-ASKATASUN ETA

-UKIGABETASUNAREN AURKAKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Sexu-erasoak

178. artikulua

Norbaitek, indarkeriaz edo larderiaz, beste pertsona baten sexu-askatasunaren aurka atentatu egiten badu, orduan, sexu-erasoaren erantzule gisa, urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

179. artikulua

Sexu-erasoa maginatik, uzkitik zein ahotik haragitzea denean, edota lehenengo bi bide horietako batetik gauzak sartzea denean, erantzuleari, bortxaketaren errudun gisa, sei urtetik hamabi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

180. artikulua

Aurreko jokabideei lau urtetik hamar arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie 178. artikuluko erasoak badira, eta hamabi urtetik hamabost artekoa 179. artikulukoak badira, inguruabar hauetako bat gertatzen denean:

1.) Erabilitako indarkeria edo larderia bereziki apalesgarria edo isekagarria denean.

2.) Egitateak pertsona bik edo gehiagok taldean gauzatzen dituztenean.

3.) Biktima, bere adin, gaixotasun edo egoera dela eta, bereziki, pertsona ahula denean, eta, edozein kasutan, hamahiru urte baino gutxiago dituenean.

4.) Nagusitasun- edo senidetasun-harremanez baliatzen denean erantzulea delitu egiteko, odolez edo adopzioz biktimaren aurreko, ondorengo edo neba-arreba izateagatik, edota ezkonsenidetasuna izateagatik.

5.) Egileak armak edo arrisku bereko bideak erabiltzen dituenean, heriotza edo 149 eta 150. artikuluetan ezarritako lesioetatik bat eragin dezaketenetarikoak, eragindako heriotza edo lesioengatik dagokion zigorrari kalterik egin gabe.

Aurreko inguruabarretako bi edo gehiago pilatzen badira, artikulu honetako zigorrak goiko erdian ezarriko dira.

II. KAPITULUA

Sexu-abusuak

181. artikulua

1. Norbaitek, indarkeria, larderia eta adostasunik gabe, beste pertsona baten sexu-askatasun edo ukigabetasunaren aurka atentatu egiten duten egitateak gauzatzen baditu, sexu-abusuaren erantzule gisa, urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra edo hemezortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio.

2. Aurreko paragrafoaren ondoreetarako, adostu gabeko sexu-abusutzat hartuko da hamahiru urte baino gutxiago dutenen aurkakoa, konorterik gabe dauden pertsonen aurkakoa edo euren buru-nahasteaz abusatuz gauzatzen dena.

3. Erantzuleak biktimaren adostasuna lortzen badu, biktima horri askatasuna murrizten dion nagusitasun-egoera nabariaz baliatuz, orduan, erantzuleari zigor berbera ezarriko zaio.

4. Artikulu honetako zigorrak goiko erdian ezarriko dira, kode honen 180. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako 3 edo 4. inguruabarra gertatzen bada.

182. artikulua

1. Aurreko artikuluaren kasu guztietan, sexu-abusua maginatik, uzkitik zein ahotik haragitzea denean, edota lehenengo bi bide horietako batetik gauzak sartzea denean, erantzuleari lau urtetik hamar arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

2. Aurreko paragrafoan ezarritako zigorra goiko erdian ezarriko da, kode honen 180.1 artikuluan ezarritako 3 edo 4. inguruabarra gertatzen denean.

183. artikulua

1. Norbaitek, engainuaren bidez, hamahiru urtekoa baino nagusiagoa eta hamaseikoa baino gazteagoa den pertsona bati sexu-abusua egiten badio, orduan, urtebetetik bi arteko espetxealdi-zigorra edo hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio.

2. Sexu-abusua maginatik, uzkitik zein ahotik haragitzea denean, edota lehenengo bi bide horietako batetik gauzak sartzea denean, bi urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da. Zigor hori goiko erdian ezarriko da, kode honen 180.1 artikuluan ezarritako 3 edo 4. inguruabarra gertatzen bada.

III. KAPITULUA

Sexu-jazarpena

184. artikulua

Norbaitek berarentzat edo beste batentzat sexu-mesedeak eskatzen baditu, laneko, irakaskuntzako edo zerbitzu-eskaintzako harreman jarraitu edo ohikoen eremuan, eta jokabide horrekin biktima jartzen badu larderiako, etsaigoko edo umilazioko egoera objektibo eta larrian, orduan, pertsona horri, sexu-jazarpenaren egile gisa, sei asteburutik hamabi arteko atzipenaldi-zigorra edo hiru hilabetetik sei arteko isuna ezarriko zaio.

2. Sexu-jazarpenaren errudunak egitatea gauzatu badu, laneko, irakaskuntzako edo hierarkiako nagusitasun-egoeraz baliatuz, edo biktimari, esanbidez edo isilbidez, harreman horien inguruan izan ditzakeen bidezko igurikimenei kalte eragingo diela mehatxu eginez, orduan, hamabi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldi-zigorra edo sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio.

3. Biktima, bere adin, gaixotasun edo egoera dela eta, bereziki, ahula denean, hamabi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldi-zigorra edo sei hilabetetik hamabi arteko isun-zigorra ezarriko da 1. paragrafoan ezarritako kasuetan, eta sei hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra artikulu honen 2. paragrafoko kasuetan.

IV. KAPITULUA

Erakuts-zalekeria eta sexu-zirikatze delituak

185. artikulua

Norbaitek adingabe edo ezgaien aurrean erakuspen-egintza lizunak gauzatzen baditu, edo beste batzuk behartzen baditu egintza horiek gauzatzera, orduan, pertsona horri sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio.

186. artikulua

Norbaitek, zuzeneko edozein bide erabiliz, adingabeen edo ezgaien artean pornografiazko materiala saldu, hedatu edo erakusten badu, orduan, horri sei hilabetetik hamabi arteko isun-zigorra ezarriko zaio.

V. KAPITULUA

Adingabeen prostituzio eta usteltzeari buruzko delituak

187. artikulua

1. Norbaitek adingabea edo ezgaia den pertsona prostituziora induzitu edo hura sustatu, faboratu edo errazten badu, urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

2. Aurreko paragrafoan adierazitako espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, goiko erdian, bai eta erabateko desgaikuntza ere, sei urtetik hamabi artekoa, egitateok gauzatzen dituztenei, horretarako euren agintaritza-izaeraz edo agintaritza horren agente nahiz funtzionario publiko izateaz baliatzen badira.

3. Aurreko paragrafoetan ezarritako zigorrak baino gradu bat gehiagokoak ezarriko dira, kasuan-kasuan, erruduna jarduera horiek egiten dituen antolakunde edo elkarte baten bazkidea denean, antolakunde edo elkarte hori iragankorra bada ere.

188. artikulua

1. Norbaitek, indarkeria, larderia edo engainua erabiliz, edota nagusitasun- zein beharrizan-egoeraz nahiz biktimaren ahuleziaz abusatuz, adin nagusikoa prostituzioan jardutera edo horretan irautera derrigortzen badu, orduan, pertsona horri bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio indarkeria, larderia edo engainua erabiliz, edota nagusitasun- zein beharrizan-egoeraz nahiz biktimaren ahuleziaz abusatuz, zuzenean edo zeharka, nazio-lurraldean pertsonak sexu ustiapenerako asmoarekin sartzea, egotea edo irtetea faboratzen duenari.

3. Zigor egokiak beraien goiko erdian ezartzeaz gain, sei urtetik hamabi arteko erabateko desgaikuntza ezarriko zaie, kasuan-kasuan, aurreko paragrafoetan adierazitako jokabideak egiteko euren agintaritza-izaeraz edo agintaritza horren agente nahiz funtzionario publiko izateaz baliatzen badira.

4. Jokabide horiek adingabearekin edo ezgaiarekin egiten badira, prostituzio-egoera hasteko edo horretan irauteko, orduan, erantzuleari aurreko paragrafoen arabera dagokion zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarriko zaio.

5. Adierazitako zigorrak kasuan-kasuan ezarriko dira, baina horiek ez diete kalterik egingo prostituzioa nork jasan eta horren aurka egindako sexu-eraso edo -abusuei dagozkien zigorrei.

189. artikulua

1. Urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio:

a) Adingabeak edo ezgaiak erabiltzen dituenari erakuts-zalekeriazko edo pornografiazko helburuekin edo halako ikuskizun publiko nahiz pribatuetan, edota edozein motatako pornografiazko materiala egiteko, bai eta jarduera horietatik edozein finantzatzen duenari ere.

b) Pornografiazko materiala egin, saldu, banatu, erakutsi edota, edozein bide erabiliz, hori egitea, saltzea, hedatzea edo erakustea errazten duenari, betiere material hori egiteko adingabeak edo ezgaiak erabili direnean, nahiz eta materiala atzerrian egin edo jatorri ezezagunekoa izan.

Jokabide horietatik edozein egiteko, material hori edukitzen duenari zigorra beheko erdian ezarriko zaio.

2. Gradu bat gehiagoko zigorra ezarriko da, erruduna jarduera horiek egiten dituen antolakunde edo elkarte baten bazkidea denean, antolakunde edo elkarte hori iragankorra bada ere.

3. Norbaitek adingabeari edo ezgaiari sexu-izaerako jokabide batean parte harrarazten badio, eta jokabide horrek adingabe edo ezgai horren nortasunaren bilakaera edo garapenari kalte egiten badio, orduan, pertsona horri sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio.

4. Norbaitek bere ahal, tutoretza, zaintza edo harrerapean adingabea edo ezgaia badu, eta, adingabe edo ezgai horren prostituzio- edo usteltze-egoera zein den jakinda, ahal duena egiten ez badu egoera hura utzarazteko, edota egoera hori uzteko helburu berberarekin agintaritzarengana ez badoa, adingabea edo ezgaia zaintzeko baliabideak izan ezean, orduan, pertsona horri hiru hilabetetik hamar arteko isun-zigorra ezarriko zaio.

5. Fiskaltzak ekintza egokiak sustatuko ditu aurreko paragrafoan adierazitako jokabideetatik bat egiten duenari, hala denean, guraso-ahalaz, tutoretzaz, zaintzaz edo harreraz gabetzeko.

190. artikulua

Kapitulu honetara bildutako delituengatik atzerriko epaile edo auzitegiak ezartzen duen kondenak eta Espainiako epaile edo auzitegiek ematen dituzten epaiek balio bera izango dute, berrerortze astungarria ezartzeko.

VI. KAPITULUA

Aurreko kapitulu guztietarako xedapenak

191. artikulua

1. Sexu-eraso, sexu-jazarpen edo sexu-abusuzko delituen kasuan, prozedurari hasiera emateko beharrezkoa izango da laidotuaren nahiz beraren lege-ordezkariaren salaketa, edo Fiskaltzaren kereila, Fiskaltzak bertan gertatzen diren bidezko interesak haztatuko baititu. Biktima adingabea, ezgaia edo babesgabea denean, Fiskaltzaren salaketa nahikoa izango da.

2. Delitu horietan, ofendituaren edo beraren lege-ordezkariaren barkamenak ez du akzio penalik ezta erantzukizun penalik ere azkentzen.

192. artikulua

1. Aurrekoek, tutoreek, kuradoreek, zaintzaileek, irakasleek edo adingabeaz zein ezgaiaz, egitez nahiz zuzenbidez, arduratzen diren pertsonetatik edozeinek ere esku hartu badu titulu honetara bildutako delituak gauzatzean egile edo sopikun gisa, orduan, horiei zigor egokia ezarriko zaie, goiko erdian.

Erregela hori ez da aplikatuko tipo penal bakoitzak modu zehatzean arautzen duenean erregela hori aplikatzeko beharrezkoa den inguruabarra.

2. Horrezaz gain, epaile edo auzitegiak, horretarako arrazoiak emanez, desgaikuntza berezia ezar dezake, sei hilabetetik sei urte artekoa, guraso-ahalari, tutoretzari, kuradoretzari edo zaintzari buruzko eskubideak egikaritzeko, bai eta enplegu nahiz kargu publikoan edo lanbidean nahiz ogibidean aritzeko ere.

193. artikulua

Sexu-askatasunaren aurkako delituen ondorioz ezartzen diren epai kondenatzaileetan, erantzukizun zibilari buruz esan beharrekoaz gain, hala denean, seme-alabatasuna eta mantenua ezartzeko egoki dena ere adieraziko da.

194. artikulua

Titulu honen IV eta V. kapituluetan tipifikatutako kasuetan, egintzak gauzatzeko jendaurrean zabalik edo itxita dauden establezimendu zein lokalak erabiltzen badira, epai kondenatzailean dekretatu ahal izango da horiek aldi baterako edo betiko ixtea. Aldi baterako itxiera, bost urte baino gehiago iraun ezin duena, kautela gisa ere ezarri ahal izango da.

IX. TITULUA

SOROSPEN-EGINBEHARRA EZ BETETZEA

195. artikulua

1. Norbaitek ez badu sorosten babesik gabe eta arrisku nabari eta larrian dagoen pertsona, eta pertsona hori sorosteak arriskurik ez badakar berarentzat, ezta besteentzat ere, orduan, horri hiru hilabetetik hamabi arteko isun-zigorra ezarriko zaio.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio sorosteko ezinduta dagoenari, presaz eskatzen ez badu beste baten laguntza.

3. Istripua halabeharrez eragin eta biktimari lagundu ez dionari ezarriko zaizkio sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna; eta istripua zuhurtziagabekeriaren ondorioz eragin badu, sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra eta sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna.

196. artikulua

Profesionalak, behartuta egonik, osasun-laguntza emateari uko egiten badio edo osasun-zerbitzuak bertan behera uzten baditu, ez emate edo uzte horren ondorioz pertsonen osasuna arrisku larrian jartzen denean, orduan, profesional horri aurreko artikuluko zigorrak goiko erdian ezarriko zaizkio eta, horiekin batera, enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia, sei hilabetetik hiru urte artekoa.

X. TITULUA

BIZITZA PRIBATUAREN, NORBERAREN IRUDIRAKO ESKUBIDEAREN ETA EGOITZAREN BORTXAEZINTASUNAREN AURKAKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Sekretuak ezagutarazi

eta agertaraztea

197. artikulua

1. Norbaitek, beste baten sekretuak agertarazteko edo beste horren bizitza pribatuaren aurka joateko, berorren adostasunik gabe, paperak, gutunak, posta elektronikoko mezuak edo beste edozein agiri nahiz efektu pertsonal harrapatzen badizkio, telekomunikazioen artean esku sartzen badio, edo trikimailu teknikoak erabiltzen baditu, soinua, irudia edo beste edozein komunikazio-seinale entzun, igorri, irarri edo kopiatzeko, orduan, horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio, baimenik gabe, beste baten kalterako, izaera pertsonaleko edo familiako inoren datu erreserbatuak harrapatu, erabili nahiz aldatzen dituenari, betiere erregistraturik daudenean fitxategi edo euskarri informatiko, elektroniko zein telematikoetan, edo beste edozein motatako artxibo nahiz erregistro publiko edo pribatuetan. Zigor berberak ezarriko zaizkie edozein bide erabilita datu erreserbatuak lortzen dituenari, baimenik gabe jokatzen badu, eta datu horiek aldatzen edo erabiltzen dituenari, datuen titularraren edo beste inoren kalterako.

3. Bi urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, baldin eta agertarazitako datu zein egitateak edo hartutako irudiak gainerakoei hedatu, ezagutarazi edo lagatzen bazaizkie, eta datu, egitate edo irudi horiek aurreko paragrafoetan aipatutakoak badira.

Urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaizkio zilegi ez den jatorria jakinda eta agertarazpenean parte hartu gabe aurreko lerrokadan azaldutako jokabidea egiten duenari.

4. Fitxategi, euskarri informatiko, elektroniko zein telematiko, artxibo nahiz erregistroen arduradun edo erantzuleek artikulu honen 1 eta 2. paragrafoetan azaldutako egitateak gauzatzen badituzte, orduan, horiei hiru urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, eta datu erreserbatuak hedatu, laga edo agertarazten badira, zigorra goiko erdian ezarriko zaie.

5. Era berean, aurreko paragrafoetan azaldutako egitateek izaera pertsonaleko datuak ukitzen badituzte, ideologia, erlijioa, sinesmenak, osasuna, arraza-jatorria edo sexu-bizimodua ezagutarazten dituztenak, edota biktima adingabea edo ezgaia bada, zigor horiek goiko erdian ezarriko dira.

6. Egitateak gauzatzen badira irabaziak lortzeko helburuarekin, artikulu honen 1. paragrafotik 4.era bitartean ezarritako zigorrak goiko erdian ezarriko dira. Horrezaz gain, egitate horiek 5. paragrafoko datuak ukitzen badituzte, lau urtetik zazpi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

198. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, legeak baimentzen dituen kasuetatik kanpo, delituaren ondorioz legezko auzirik egon gabe eta bere karguaz baliatuz, aurreko artikuluan azaldutako jokabideetatik edozein egiten badu, orduan, horri artikulu horretan azaldutako zigorrak ezarriko zaizkio, hurrenez hurren, goiko erdian eta, horiekin batera, sei urtetik hamabi arteko desgaikuntza erabatekoa.

199. artikulua

1. Norbaitek, bere ogibide edo lan-harremanen ondorioz, inoren sekretuak badakizki, eta horiek ezagutarazten baditu, orduan, horri urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere.

2. Profesionalak, bere isilgordezko edo erreserbazko betebeharra hautsi eta beste pertsona baten sekretuak zabaltzen baditu, orduan, horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna, eta lanbide horretarako desgaikuntza berezia, bi urtetik sei artekoa.

200. artikulua

Kapitulu honetan xedatutakoa aplikatuko zaio, pertsona juridikoen ordezkarien adostasunik gabe, pertsona juridiko horien datu erreserbatuak agerrarazi, ezagutarazi edo lagatzen dituenari, kode honen beste manu batzuetan xedatutakoa salbu.

201. artikulua

1. Kapitulu honetan ezarritako delituen ondorioz prozedurari hasiera emateko, laidotuaren edo beraren lege-ordezkariaren salaketa beharrezkoa izango da. Fiskaltzak ere salaketa egin ahal izango du, laidotua adingabea, ezgaia edo babesgabea denean.

2. Aurreko paragrafoan galdatutako salaketa ez da beharrezkoa izango kode honen 198. artikuluan azaldutako egitateen kasuan, ezta delitua egiteak interes orokorrak edo pertsona franko ukitzen dituenean ere.

3. Ofendituaren barkamenak edo beraren lege-ordezkariarenak, hala denean, akzio penala edo ezarritako zigorra azkentzen du, 130. artikuluaren 4. zenbakiaren bigarren lerrokadan xedatutakoari kalterik egin gabe.

II. KAPITULUA

Bizilekua, pertsona juridikoen egoitza eta jendaurrean zabalik dauden establezimenduak bortxatzea

202. artikulua

1. Norbanakoa beste baten bizilekuan sartzen bada, bertan bizi gabe, edo beste baten bizileku barruan irauten badu bertako bizilagunaren borondatearen aurka, orduan, norbanako horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

2. Egitatea indarkeria edo larderia erabiliz gauzatzen bada, urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere.

203. artikulua

1. Sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hamar arteko isuna ere, pertsona juridiko publiko zein pribatuaren egoitzan, lanbide-idazgelan nahiz bulegoan edota jendaurrean zabalik dagoen merkataritzako establezimenduan zein lokalean, zabalik dagoen orduetatik kanpo, titularraren borondatearen aurka sartzen denari.

2. Sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, indarkeria edo larderia erabiliz, pertsona juridiko publiko edo pribatuaren egoitzan, lanbide-idazgelan nahiz bulegoan edota jendaurrean zabalik dagoen merkataritzako establezimenduan zein lokalean, titularraren borondatearen aurka sartu edo bertan irauten duenari.

204. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, legeak baimentzen dituen kasuetatik kanpo eta delituaren ondorioz legezko auzirik egon gabe, aurreko bi artikuluetan azaldutako egitateetatik edozein gauzatzen badu, orduan, horri artikulu horietan ezarritako zigorra hurrenez hurren ezarriko zaio goiko erdian eta, horrekin batera, sei urtetik hamabi arteko desgaikuntza erabatekoa.

XI. TITULUA

OHOREAREN AURKAKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Kalumnia

205. artikulua

Kalumnia dago pertsona batek beste bati delitu bat egozten dionean faltsua dela jakinda edota egia ausartegi mespretxatuz.

206. artikulua

Kalumniak sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorrarekin edo sei hilabetetik hogeita lau arteko isunarekin zigortuko dira, publizitatearen bidez zabaltzen badira eta, bestela, lau hilabetetik hamar arteko isunarekin.

207. artikulua

Kalumnia-delitupeko akusatua zigorretik salbuetsita geratuko da, egotzi duen egitate kriminala frogatzen badu.

II. KAPITULUA

Iraina

208. artikulua

Iraina da beste pertsona baten duintasuna hausten duen ekintza edo adierazpena, pertsona horren ospeari kalte egiten diona edo beraren estimazioaren aurka atentatu egiten duena.

Irainak delitu izango dira, bakar-bakarrik, euren izaera, ondore eta inguruabarren arabera jendeak larritzat hartzen dituenean.

Irainak ez dira larritzat hartuko egitateak egozte hutsak badira, irainok egitateen faltsutasuna jakinda edota egia ausartegi mespretxatuz gauzatu direnean izan ezik.

209. artikulua

Irain larriak sei hilabetetik hamalau arteko isunarekin zigortuko dira, publizitatearen bidez egiten badira, eta, bestela, hiru hilabetetik zazpi artekoarekin.

210. artikulua

Irainaren ondoriozko akusatua erantzukizunetik salbuetsita geratuko da, egozpenak egiazkoak direla frogatzen bada, egozpenok funtzionario publikoen aurkakoak diren kasuetan, betiere, funtzionarioek euren karguetan aritzearekin zerikusia duten egitateei buruzkoak edo zigor-zuzenbideko falta edo administrazioko arau-haustea egiteari buruzkoak direnean.

III. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

211. artikulua

Kalumnia eta iraina publizitatearen bidez egin direla ulertuko da, baldin eta inprimatze, irrati-hedatze edo horien antzeko eragingarritasuna duten bideetatik beste edozein erabiliz zabaltzen badira.

212. artikulua

Aurreko artikuluko kasuetan, kalumnia edo iraina zabaltzeko bide izan den informazio-enpresaren jabeak, pertsona fisiko nahiz juridikoa izan, erantzukizun zibil solidarioa izango du.

213. artikulua

Kalumnia edo iraina prezio, sari edo hitzematearen bidez egiten badira, auzitegiek, delitu bakoitzari dagozkion zigorrez gain, kode honen 42 edo 45. artikuluetan ezartzen den desgaikuntza berezia ezarriko dute, sei hilabetetik bi urte artekoa.

214. artikulua

Kalumnia edo irainaren ondoriozko akusatuak aitortzen badu, agintaritza judizialaren aurrean, egozpenak faltsuak direla edo egiazkoak ez direla, eta horietan atzera jotzen badu, epaile edo auzitegiak gradu bat gutxiagoko zigorra ezarriko du, eta aurreko artikuluko desgaikuntza-zigorra ez ezartzea erabaki ahal izango du.

Epaile edo auzitegiak, aitorpena beraren aurrean egin bada, atzera jotzeari buruzko lekukotza ofendituari emateko aginduko du. Ofendituak hala eskatuz gero, atzera jotzeari buruzko lekukotza kalumnia edo iraina egin den hedabide berean argitaratzeko aginduko du, hedatzeko erabili den saio berdin edo antzekoan, eta epaile edo auzitegi epai-emaileak ezartzen duen epean.

215. artikulua

1. Ofendituaren edo beraren lege-ordezkariaren kereila beharrezkoa izango da, kalumnia- edo irain-delituaren ondorioz inori zigorra ezartzeko. Salaketa nahikoa izango da, ofentsa funtzionario publiko, agintaritza edo agintaritzaren agentearen aurkakoa den kasuan eta euren karguetan aritzearekin zerikusia duten egitateei buruzkoa bada.

2. Inork ezingo du akziorik jarri epaiketan botatako kalumnia edo irainaren ondorioz, epaiketa horretan eskuduna den edota izan den epaile edo auzitegiaren lizentziarik gabe.

3. Kalumnia edo irainpeko erruduna erantzukizun kriminaletik salbuetsita geratuko da, baldin eta delituaren ondoriozko ofendituak edo beraren lege-ordezkariak barkatzen badio; horrek ez dio kalterik egingo kode honen 130. artikuluko 4. zenbakiaren bigarren lerrokadan xedatutakoari.

216. artikulua

Kalumnia- edo irain-delituetan kaltearen konponketak epai kondenatzailea argitaratzea edo zabaltzea ere barne hartzen duela ulertzen da. Delituengatik kondenatua izan denaren kontura argitaratu edo zabalduko da epaia, epaile edo auzitegiaren ustez kaltea konpontzeko epe eta erarik egokienean, eta bi alderdiek esan beharrekoa entzun eta gero.

XII. TITULUA

FAMILIA-HARREMANEN AURKAKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Legearen aurkako ezkontzak

217. artikulua

Norbait bigarren edo hurrengo aldiz ezkontzen bada, aurreko ezkontzak legez dirauela jakinda, sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

218. artikulua

1. Norbaitek, bere ezkontideari kalte egiteko, ezkontza baliogabea egiten badu, sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

2. Hori egin ondoren ezkontza baliozkotzen bada, erantzulea zigorretik salbuetsita geratuko da.

219. artikulua

1. Norbaitek, ageriko edo espedientean salaturiko deuseztasun-arrazoia izanik, ezkontza baimentzen badu, orduan, pertsona horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, bi urtetik sei artekoa.

2. Deuseztasun arrazoia kentzeko modukoa bada, orduan, zigorra enplegu edo kargualdi publikoa sei hilabetetik bi urtera etetea izango da.

II. KAPITULUA

Erditzea gertatu dela sinestaraztea eta adingabearen gurasoak edota adingabe horren egoera nahiz

izatea aldaraztea

220. artikulua

1. Erditzea gertatu dela sinestarazi duenak sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra jasoko du.

2. Zigor bera ezarriko zaio semea edo alaba ezkutatu edo besteren bati ematen dionari, beraren seme-alabatasuna aldatzeko edo aldarazteko.

3. Ume baten ordez beste bat jartzen denean, urtebetetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

4. Odolez edo adopzioz aurrekoak direnek aurreko hiru paragrafoek azaldutako egitateak gauzatzen badituzte, desgaikuntza berezia ere ezarri ahal izango zaie, lau urtetik hamar artekoa, sinestarazitako, ezkutatutako, emandako edo ordeztutako seme, alaba edo ondorengoaren gain guraso-ahalaren eskubidea egikaritzeko eta, hala denean, gainerako seme, alaba edo ondorengoen gain ere guraso-ahalaren eskubidea egikaritzeko.

5. Gaixotegian edo gizarte-osasun zentroetan umeen identifikazio eta zaintzaren erantzuleei sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, baldin eta euren zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz ume baten ordez beste bat jartzen bada.

221. artikulua

1. Norbaitzuek, seme-alabatasunaren antzeko harremanak ezartzeko helburuarekin eta konpentsazio ekonomikoa dela medio, beste pertsona bati ematen badiote seme, alaba zein ondorengo bat edota, seme-alabatasun nahiz senidetasunezko harremanak izan ez arren, adingabe bat, eta horretarako zaintza, harrera edo adopziorako lege-prozedurei itzuri egiten badiete, orduan, halakoei urtebetetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie eta guraso-ahalaren eskubidea egikaritzeko desgaikuntza berezia, lau urtetik hamar artekoa.

2. Adingabea atzerrian ematen bada ere, zigor bera ezarriko zaie adingabea jasotzen duenari eta bitartekoari.

3. Egitateak gauzatzen badira haurtzaindegiak, ikastetxeak edo umeak jasotzen dituzten bestelako lokalak nahiz etxeak erabiliz, errudunei jarduera horiek gauzatzeko desgaikuntza berezia ezarriko zaie, bi urtetik sei artekoa. Horrezaz gain, epaileak haur-etxe horiek aldi baterako edo betiko ixtea erabaki dezake. Aldi baterako itxierak ezin izango du bost urte baino gehiago iraun.

222. artikulua

Hezitzaile, aditu, agintari edo funtzionario publikoak, bere lanbidean edo karguan aritzean, aurreko bi artikuluetan azaldutako jokabideetatik bat egiten badu, orduan, horri artikuluotako zigorra ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publiko, lanbide zein ogibiderako desgaikuntza berezia, bi urtetik sei artekoa.

Artikulu honen ondoreetarako, aditu hitzak barne hartzen ditu osagileak, emaginak, erizaintzako langileak eta osasuneko edo gizarte-osasuneko jarduerak egiten dituzten pertsonetatik beste edozein.

III. KAPITULUA

Familia-eskubideen eta

-eginbeharren aurkako delituak

I. Atala

Zaintza-eginbeharra ez betetzea eta adingabeek egoitza utz dezaten induzitzea

223. artikulua

Norbaitek bere ardurapean adingabe edo ezgai baten zaintza badu eta, adingabearen gurasoek edo ezgaiaren zaintzaileek hala eskaturik eta arrazoirik gabe, adingabe edo ezgai hori aurkezten ez badie, orduan, pertsona horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, egitateok beste delitu astunagoa ere izateari kalterik egin gabe.

224. artikulua

Norbaitek adingabea edo ezgaia induzitzen badu familiaren egoitza edo bizilekua uztera edota guraso, tutore edo zaintzaileen adostasunarekin bizi den lekua uztera, orduan, pertsona horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

225. artikulua

Atal honetan ezarritako delituen erantzuleak adingabea edo ezgaia beraren egoitza nahiz bizilekura itzultzen duenean, edo leku ezagun eta ziurrean uzten duenean, horri inolako isekarik, krudelkeriarik ez delitu-egintzarik gauzatu gabe, edo bizitza, osasuna, osotasun fisikoa nahiz sexu-askatasuna arriskuan jarri gabe, orduan, pertsona horri sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra edo lau hilabetetik zortzi arteko isuna ezarriko zaio, baldin eta guraso, tutore edo zaintzaileei adingabea edo ezgaia non egon den jakinarazi badie, edo absentziak ez badu hogeita lau ordu baino gehiago iraun.

II. Atala

Familia, adingabeak edo ezgaiak bertan behera uztea

226. artikulua

1. Norbaitek guraso-ahalari, tutoretzari, zaintzari edo familia-harrerari datxezkion laguntzeko lege-eginbeharrak betetzeari uzten badio, edo bere ondorengoak, aurrekoak edo ezkontidea mantentzeko legez ezarritako beharrezko laguntza emateari uzten badio, horiek behartsuak izanik, orduan, pertsona horri zortzi asteburutik hogei arteko atzipenaldi-zigorra ezarriko zaio.

2. Epaile edo auzitegiak, zioak emanez, guraso-ahalaren, tutoretzaren, zaintzaren edo familia-harreraren eskubidea egikaritzeko, desgaikuntza berezia ezarri ahal izango dio errudunari, lau urtetik hamar artekoa.

227. artikulua

1. Norbaitek, ondoz ondoko bi hilabetetan zehar edo jarraigabeko lau hilabetetan zehar, ezkontide edo seme-alabentzat ezarritako prestazio ekonomikoetatik edozein ordaintzeari uzten badio, eta prestazio hori onespen judiziala duen hitzarmenaren bidez edo epaile-ebazpenaren bidez ezarri bada, legezko banantzean, dibortzioan, ezkontzaren deuseztasunari buruzko adierazpenean, seme-alabatasunari buruzko prozesuan edo seme-alabentzako mantenu prozesuko kasuan, orduan, pertsona horri zortzi asteburutik hogei arteko atzipenaldi-zigorra ezarriko zaio.

2. Zigor berbera ezarriko zaio batera edo bakarka ezarritako prestazio ekonomikoetatik beste edozein ordaintzeari uzten dionari, baldin eta prestazio ekonomiko hori aurreko paragrafoko kasuetan ezarrita badago.

3. Delituak sortarazitako kaltea konpontzeko beti ordainduko dira zordundutako zenbatekoak.

228. artikulua

Aurreko bi artikuluetan ezarritako delituak pertsegitzeko, laidotuaren edo beraren lege-ordezkariaren salaketa beharrezkoa izango da. Fiskaltzak ere salaketa egin ahal izango du, laidotua adingabea, ezgaia edo babesgabea denean.

229. artikulua

1. Adingabearen edo ezgaiaren zaintzaz arduratzen denari urtebetetik bi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, baldin eta adingabe edo ezgai hori bertan behera uzten badu.

2. Guraso, tutore edo legezko zaintzaileak badira adingabea edo ezgaia bertan behera uzten dutenak, hemezortzi hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

3. Bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, baldin eta bertan behera uzte horren inguruabarrak direla eta, adingabe edo ezgaiaren bizia, osasuna, osotasun fisikoa edo sexu-askatasuna arrisku zehatzean jarri bada; horrek ez dio kalterik egingo, egitatea delitu astunagoa bada, delitu horri dagokion zigorra ezartzeari.

230. artikulua

Adingabea edo ezgaia aldi baterako bertan behera uztea, kasuan-kasuan, aurreko artikuluan ezarritako zigorrak baino gradu bat gutxiagokoekin zigortuko da.

231. artikulua

1. Norbaitek, adingabe edo ezgai baten hazkuntza zein heziketa bere ardurapean duelarik, beste baten eskuetan edo establezimendu publiko batean uzten badu, adingabea edo ezgai hori bere esku utzi duenaren adostasunik gabe edo, hala denean, agintaritzaren adostasunik gabe, orduan, pertsona horri sei hilabetetik hamabi arteko isun-zigorra ezarriko zaio.

2. Adingabea edo ezgaia emateak arrisku zehatzean jartzen badu haren bizitza, osasuna, osotasun fisikoa edo sexu-askatasuna, sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

232. artikulua

1. Norbaitzuek eskean aritzeko adingabe edo ezgaiak erabili edo inoren eskuetan uzten badituzte, sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, eskekotasuna estalia bada ere.

2. Aurreko paragrafoko helburuak lortzeko, adingabeak edo ezgaiak trafikagai hartzen dituztenei; horien aurka indarkeria edo larderia erabiltzen dutenei; edota osasunerako gai kaltegarriak ematen dizkietenei, urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie.

233. artikulua

1. Epaile edo auzitegiak, adingabearen inguruabarrak kontuan izanik egokia dela uste badu, 229. artikulutik 232.era bitartean ezarritako delituen erantzule direnei, guraso-ahala, edo zaintzako, tutoretzako, kuradoretzako zein familia-harrerako eskubideak egikaritzeko desgaikuntza berezia ezar diezaieke, lau urtetik hamar artekoa.

2. Erruduna funtzionario publikoa izateagatik adingabearen zaintzaz arduratzen bada, enplegu edo kargu publikoan aritzeko desgaikuntza berezia ere ezarriko zaio, bi urtetik sei artekoa.

3. Edozein kasutan, adingabea behar bezala zaindu eta babesteko neurri egokiak harraraziko dizkio Fiskaltzak agintaritza eskudunari.

XIII. TITULUA

ONDAREAREN, ETA GIZARTE ETA EKONOMIAREN ORDENAREN AURKAKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Ebasketak

234. artikulua

Norbaitek, irabaziak lortzeko asmoz, beste baten gauza higigarriak hartzen baditu jabearen borondatearik gabe, sei hilabetetik hemezortzi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, ebasketaren errudun gisa, baldin eta ostu duenaren zenbatekoa berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa bada.

235. artikulua

Ebasketa egiten duenari urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio hurrengo kasuetan:

1. Erti-, historia-, kultura- edo zientzia-balioa duten gauzak osten direnean.

2. Oinarrizko beharrizanetarako edo zerbitzu publikorako gauzak direnean, gauza horiek osteak zerbitzu publikoa modu larrian urratzen badu, edo hornidurarik ez izatea eragiten badu.

3. Ostutako efektuen balioa kontuan izanik, ebasketa larritasun berezikoa denean, edo astuntasun bereziko kalteak sortarazten direnean.

4. Ebasketak biktima edo beraren familia egoera ekonomiko larrian jartzen duenean, edo ebasketa biktimaren beraren inguruabarrez abusatuz egiten denean.

236. artikulua

Hiru hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio gauza higigarri baten jabea denari edo jabearen adostasunarekin jarduten duenari, gauza hori ostu badio bere eskuetan bidezko eran daukanari, pertsona horri edo beste inori kalte eginez; betiere gauza horren balioa berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa denean.

II. KAPITULUA

Lapurretak

237. artikulua

Lapurreta-delitupeko errudunak dira, irabaziak lortzeko asmoz, beste baten gauza higigarriak harrapatzen dituztenak, baldin eta, gauza horiek dauden lekura sartzeko, gauzetan indarra erabiltzen badute edota pertsonen aurka indarkeria edo larderia.

238. artikulua

Gauzetan indarra erabiliz egindako lapurreta-delituaren errudunak dira egitatea gauzatu dutenak hurrengo inguruabarretatik bat gertatzen denean:

1.) Eskalatzea.

2.) Horma, sabaia edo lurzorua apurtzea, edo atea edo leihoa haustea.

3.) Lapurreta egiten den lekuan nahiz beste leku batean, armairuak, diru-kutxak edo bestelako altzari zein objektu itxi edo zigilatuak haustea, horien sarrailak bortxatzea edota horien kodeak asmatzea, euren edukia osteko.

4.) Giltza faltsuak erabiltzea.

5.) Alarma- edo zaintza-sistema bereziak deuseztatzea.

239. artikulua

Hurrengo hauek giltza faltsutzat hartzen dira:

1.) Gakordeak edo horien antzeko beste tresnak.

2.) Jabeak galdutako giltza bidezkoak, edo zigor-zuzenbideko arau bat hautsiz lortzen direnak.

3.) Errudunak bortxatutako sarraila irekitzeko, jabeak erabiltzen dituen giltzak ez, bestelako edozein.

Artikulu honen ondoreetarako, giltzatzat hartzen dira txartel magnetiko zein zulatuak, eta urrunetik irekitzeko aginte nahiz tresnak.

240. artikulua

Gauzetan indarra erabiliz egindako lapurretaren errudunari urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

241. artikulua

1. Bi urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, egitatean 235. artikuluan ezarritako inguruabarretatik bat gertatzen denean, edo lapurreta etxe biztanledunean, jendaurrean zabalik dagoen eraikin zein lokalean, edota horietako edozein gelatan egiten denean.

2. Etxe biztanleduntzat hartzen da edozein aterpe, pertsona bat edo gehiagoren bizilekua bada, nahiz eta lapurreta gertatzen denean, edozer dela eta, pertsona hori edo horiek etxebizitzatik kanpo egon.

3. Etxe biztanleduneko edo jendaurrean zabalik dauden eraikin zein lokaleko gelatzat hartzen dira euren patioak eta garajeak, bai eta gainerako atal edo lekuak ere, hesituak badira, eraikinaren ondoan eta barrutik lotuta badaude eta eraikinarekin batera batasun fisikoa osatzen badute.

242. artikulua

1. Pertsonen aurkako indarkeriaz edo larderiaz egindako lapurretaren errudunari bi urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio; horrek ez dio kalterik egingo bestelako zigorra ezarri ahal izateari, baldin eta zigor hori badagokie hark indarkeria fisikoa erabilita gauzatzen dituen egintzei.

2. Aurreko paragrafoko zigorra goiko erdian ezarriko da, baldin eta delitugileak aldean daramatzan armak edo arrisku bereko bitartekoak erabiltzen baditu, bai delitu egitean bai bere ihesa babesteko ere, eta errudunak biktima laguntzeko hurbiltzen direnei edota bere atzetik doazenei eraso egiten dienean.

3. Erabilitako indarkeria edo larderia astuntasun txikiagokoa dela kontuan hartuz, eta egitatearen gainerako inguruabarrak ere balioetsiz, artikulu honen lehenengo paragrafoan ezarritako zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarri ahal izango da.

III. KAPITULUA

Estortsioa

243. artikulua

Norbaitek, irabaziak lortzeko asmoz eta indarkeria edo larderia erabiliz, beste bat egintza edo negozio juridikoa egitera edo ez egitera behartzen badu, beraren edo beste inoren ondarearen kalterako, orduan, pertsona horri urtebetetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio; horrek ez dio kalterik egingo bestelako zigorrak ezarri ahal izateari, baldin eta zigor horiek badagozkie hark indarkeria fisikoa erabiliz gauzatzen dituen egintzei.

IV. KAPITULUA

Ibilgailua erabiltzeko lapurreta

eta ebasketa

244. artikulua

1. Norbaitek beste baten ibilgailu motorduna edo motor-bizikleta, berrogeita hamar mila pezeta baino gehiago balio duena, osten badu, jabetzeko asmorik gabe, orduan, horri hamabi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldi-zigorra ezarriko zaio, edo hiru hilabetetik zortzi arteko isuna, baldin eta, zuzenean edo zeharka, berrogeita zortzi ordu baino luzeagoa ez den epean bihurtzen badu. Edozein kasutan, ezarritako zigorra ezin da izan ibilgailuaz betiko jabetzeari dagokion zigorra bestekoa, ezta zigor hori baino handiagoa.

2. Egitatea gauzatzen bada gauzetan indarra erabiliz, zigorra goiko erdian ezarriko da.

3. Aipatu epean bihurketa egiten ez bada, kasuan-kasuan, egitatea ebasketa edo lapurreta gisa zigortuko da.

4. Egitatea pertsonen aurka indarkeria edo larderia erabiliz gauzatzen bada, edozein kasutan, 242. artikuluko zigorrak ezarriko dira.

V. KAPITULUA

Usurpazioa

245. artikulua

1. Pertsonen aurkako indarkeria edo larderia erabiliz, beste baten gauza higiezina okupatzen edo ondasun higiezinen gaineko beste baten eskubide erreala usurpatzen duenari, berak erabiltzen dituen indarkerien ondorioz dagozkion zigorrez gain, sei hilabetetik hemezortzi arteko isuna ezarriko zaio, lortutako onura eta eragindako kaltea kontuan izanik.

2. Norbaitek, behar bezalako baimenik gabe, bizilekua ez den eta beste batena den ondasun higiezina, etxebizitza edo eraikina okupatzen badu, edota euren titularraren borondatearen aurka horietan irauten badu, orduan, pertsona horri hiru hilabetetik sei arteko isun-zigorra ezarriko zaio.

246. artikulua

Norbaitek herri edo landen mugarteak nahiz mugak aldatzen baditu, edota elkarren ondoko jabetza edo lur-sail publiko nahiz pribatuen mugak edo mugapeak zedarritzeko seinaleak edo mugarriak aldatzen baditu, horiek edozein motakoak direla ere, orduan, pertsona horri hiru hilabetetik hemezortzi arteko isuna ezarriko zaio, baldin eta lortzen duen edo lortu nahi izan duen onura berrogeita hamar mila pezetakoa baino handiagoa bada.

247. artikulua

Norbaitek, baimenik gabe, bere buruaren edo beste inoren onurarako, erabilera publikoko nahiz pribatuko uren ibilbidea aldatzen badu, orduan, horri hiru hilabetetik sei arteko isuna ezarriko zaio, berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagoko onura lortu badu.

VI. KAPITULUA

Iruzur egitea

I. Atala

Maulak

248. artikulua

1. Maula egiten dute irabaziak lortzeko asmoz beste bati okerra eragiteko engainu nahikoa erabiltzen dutenek, bere buruaren edo beste baten kaltean xedatze-egintzak gauzatzera induzituz.

2. Halaber, maularen erruduntzat hartzen dira, irabazia lortzeko asmoz edozein manipulazio informatikoz edo horren antzeko trikimailuz baliatuta, nolanahiko ondare-aktibo adostasunik gabe beste baten kaltean eskualdatzea lortzen dutenak.

249. artikulua

Maulapeko errudunei sei hilabetetik lau urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, baldin eta iruzurraren zenbatekoa berrogeita hamar mila pezetakoa baino gehiagokoa bada. Zigorra ezartzeko, iruzurraren zenbatekoa hartuko da kontuan, bai eta kaltedunari eragindako galera ekonomikoa, kaltedunaren eta iruzurgilearen arteko harremanak, iruzurgileak erabiltzen dituen bideak, eta arau-haustearen astuntasuna balioesteko balio duten beste inguruabar guztiak ere.

250. artikulua

1. Maula delitua urtebetetik sei arteko espetxealdi-zigorrarekin zigortuko da, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isunarekin ere:

1.) Oinarrizko beharrizanetarako gauzen, etxebizitzen edo gizarte onura aintzatetsita duten ondasunetatik beste edozeinen gainekoa denean.

2.) Auzia dagoen itxura eginez edo prozesuko beste edozein iruzurren bidez egiten denean.

3.) Txeke, ordainduko, kanbio-letra zuri edo gezurrezko kanbio-negozioaren bidez egiten denean.

4.) Beste baten sinaduraz abusatuz, edo prozesua, espedientea, protokoloa edota edozein motatako agiri publiko zein ofizial, oso-osoan edo zati batean, ostu, ezkutatu edo deuseztatuz egiten denean.

5.) Erti-, historia-, kultura- edo zientzia-ondarea osatzen duten ondasunen gainekoa denean.

6.) Larritasun berezikoa denean, kontuan izanik egindako iruzurraren balioa, kaltearen garrantzia eta biktimari edo beraren familiari uzten dion egoera ekonomikoa.

7.) Biktimaren eta iruzurgilearen arteko harreman pertsonalez abusatzen denean, edo iruzurgilea beraren enpresa- edo lanbide-sinesgarritasunaz baliatzen denean.

2. Aurreko zenbakiaren 6 edo 7. inguruabarrak zenbaki horren 1. inguruabarrarekin pilatzen badira, lau urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

251. artikulua

Urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio:

1.) Gauza higigarri edo higiezin baten gaineko xedatze-ahalmena, inoiz izan ez duena edo jadanik egikaritu duena, bere buruarentzat faltsutasunez hartuz, gauzok beste bati berorren edo beste inoren kaltean besterendu, kargatu edo errentan ematen dizkionari.

2.) Gauza higigarri edo higiezina xedatzen duenari, horren gaineko zametatik edozein ezkutatuz, edo gauza aske gisa besterentzen duenari, baldin eta eskuratzaileari behin betiko eskualdatu baino lehen berriro kargatzen edo besterentzen badu, eskuratzaile horren edo beste inoren kaltean.

3.) Beste baten kaltean itxurazko kontratua egiten duenari.

II. Atala

Bidegabe jabetzea

252. artikulua

249 edo, hala denean, 250. artikuluko zigorrak ezarriko zaizkie beste baten kaltean diruaz, efektuez, baloreez nahiz beste edozein gauza higigarriz edo ondare-aktiboz jabetzen direnei edota horiek gaizpideratu edota jaso dituztela ukatzen dutenei, baldin eta horien guztien zenbatekoa berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa bada, eta jasotzen badituzte gordetzeko, komisioan edo administratzeko; edota emateko edo itzultzeko betebeharra sortarazten duen beste edozein tituluren ondorioz. Artikulu honen zigorra goiko erdian ezarriko da, beharrezko gordailuaren edo hondamendiaren zioz egindako gordailuaren kasuan.

253. artikulua

Hiru hilabetetik sei arteko isuna ezarriko zaie, irabaziak lortzeko asmoz, galdutako gauzaz edo jabe ezagunik ez duenaz jabetzen direnei, baldin eta bi kasu horietan gauzaren balioa berrogeita hamar mila pezetakoa baino gehiagokoa bada. Gauzok erti-, historia-, kultura- edo zientzia-balioa badute, espetxealdi-zigorra sei hilabetetik bi urte artekoa izango da.

254. artikulua

Hiru hilabetetik sei arteko isuna ezarriko zaio, eskualdatzailearen okerragatik, dirua edo gauza higigarri bat bidegabe jasotzen duenari, baldin eta jaso duela ukatzen badu edo okerra egiaztatu eta gero itzultzen ez badu, betiere jasotakoaren zenbatekoa berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa denean.

III. Atala

Elektrizitatean eragindako iruzurrak eta horien antzekoak

255. artikulua

Hiru hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio, beste baten elektrizitatea, gasa, ura, telekomunikazioak edo beste edozein gai, energia zein jariakin erabiliz, berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagoko iruzurra egiten duenari, hurrengo hauetariko baten bidez:

1.) Iruzurra egiteko ezarritako mekanismoak erabiliz.

2.) Adierazpenak edo kontagailuak asmo gaiztoz aldatuz.

3.) Bestelako bide klandestinoak erabiliz.

256. artikulua

Norbaitek telekomunikaziorako ekipo terminaletatik edozein erabiltzen badu, beraren titularraren adostasunik gabe, eta ekipoaren titularrari berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagoko kaltea eragiten badio, orduan, pertsona horri hiru hilabetetik hamabi arteko isun-zigorra ezarriko zaio.

VII. KAPITULUA

Zigortzekoak diren kaudimengabeziak

257. artikulua

1. Urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere:

1.) Hartzekodunen kaltean bere ondasunak ostentzen dituenari.

2.) Helburu berarekin, ondarea xedatzeko edo betebeharrak sortarazteko edozein egintza gauzatzen duenari, baldin eta egintza horrek luzatu, zailago bihurtu edo eragozten badu enbargo baten edota betearazpen nahiz premiamenduko prozedura baten eragingarritasuna, betiere, enbargoa edo epaiketako nahiz epaiketatik kanpoko prozedura edo Administrazioarena hasita egonik edo horren hasiera aurreikusteko modukoa izanik.

2. Artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko da, betetzea edo ordaintzea saihesten ahalegintzen den betebehar edo zorraren izaera edo jatorria edozein dela ere, langileen eskubide ekonomikoak barne daudelarik. Ez da kontuan hartuko, hartzekoduna norbanakoa edo pertsona juridikoa izatea, dela publikoa, dela pribatua.

3. Delitu hori pertsegitu egingo da, hura egin eta gero konkurtsoaren betearazpena hasi bada ere.

258. artikulua

Edozein delitu-egitatearen erantzuleak, egitate hori gauzatu ondoren eta horrek ondorioztatzen dituen erantzukizun zibilak ez betetzeko helburuarekin, bere ondarea gutxitzen duten xedatze-egintzak gauzatzen baditu edo betebeharrak hartzen baditu, oso-osoan edo zati batean kaudimengabe bihurtuz, orduan, horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

259. artikulua

Urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere, ondarea xedatzeko edo betebeharrak sortarazteko edozein egintza gauzatzen duen zordunari, baldin eta, egintza hori gauzatzen badu porroteko, konkurtsoko edo ordainketa-etendurarako eskabidearen izapidetza onartu ondoren, epailearen edo organo konkurtsalen baimenik gabe, eta legeak baimentzen dituen kasuetatik kanpo, lehenespena duen edo ez duen hartzekodun bati edo batzuei ordaintzeko, gainerakoen ordainketa atzeratuz.

260. artikulua

1. Norbaitek porrotaren, konkurtsoaren edo ordainketa-etenduraren adierazpena jasotzen badu, bi urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta zortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere, baldin eta zordunak edo beraren izenean diharduenak doloz eragiten edo astuntzen badu krisi ekonomikoaren egoera edo kaudimengabezia.

2. Zigorra graduatzeko, kontuan hartuko da hartzekodunei eragindako kaltearen zenbatekoa, hartzekodunak zenbat diren eta euren egoera ekonomikoa zein den.

3. Delitu hori eta horri loturiko banakako delituak pertsegitu ahal izango dira prozesu zibilaren amaiera arte itxaron gabe eta prozesu zibilak aurrera egiteari kalterik egin gabe, delitu horiek zordunak edo beraren izenean jardun duenak egin baditu. Delitu horien ondoriozko erantzukizun zibilaren zenbatekoa, halakorik bada, masari erantsi beharko zaio.

4. Prozesu zibilean egindako kaudimengabeziaren kalifikazioak ez du inoiz jurisdikzio penala lotzen.

261. artikulua

Norbaitek porrot- zein konkurtso-prozeduran edo ordainketa-etenduraren espedientean, kontabilitate egoerari buruzko datu faltsuak aurkezten baditu, jakinaren gainean egonik, eta beraren helburua bada porrotaren, konkurtsoaren edo ordainketa-etenduraren bidegabeko adierazpena jasotzea, orduan, horri urtebetetik bi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere.

VIII. KAPITULUA

Jendaurreko lehiaketa eta enkanteetan prezioak aldatzea

262. artikulua

Norbaitzuek emariak edo hitzemateak eskatzen badituzte jendaurreko lehiaketa edo enkante batean parterik ez hartzeko; norbaitzuk eskaintzariak lehiaketa edo enkantetik urruntzen saiatzen badira mehatxu, emari, hitzemate edo beste edozein trikimailuren bidez; norbaitzuk errematearen prezioa aldatzeko helburuarekin, euren artean ados jartzen badira; edota norbaitzuek, adjudikazioa lortu ondoren, iruzur eginez enkantea urratzen edo uzten badute, orduan, halakoei urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna, bai eta enkante judizialetan lehiatzeko desgaikuntza berezia ere, hiru urtetik bost artekoa. Administrazioek edo herri-erakundeek deitutako lehiaketa edo enkantea bada, agenteari eta horrek ordezkatzen duen pertsona edo enpresari ere desgaikuntza berezia ezarriko zaie, eta desgaikuntza horrek, edozein kasutan, herri-administrazioekin kontratatzeko eskubidea barne hartuko du, hiru urtetik bost arteko epean.

IX. KAPITULUA

Kalteak

263. artikulua

Norbaitek beste baten jabetzari eragiten badizkio kode honen beste titulu batzuetara bilduta ez dauden kalteak, orduan, horri sei hilabetetik hogeita lau arteko isun-zigorra ezarriko zaio, biktimaren egoera ekonomikoa eta kaltearen zenbatekoa kontuan harturik, azken hori berrogeita hamar mila pezetakoa baino handiagoa bada.

264. artikulua

1. Urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere, aurreko artikuluan azaldutako kalteak eragiten dituenari, baldin eta hurrengo kasuetatik bat gertatzen bada:

1.) Kalteak egiten badira agintaritzaren erabilera askea eragozteko edo agintaritzaren aginduengatik mendekua hartzeko, bai delitua funtzionario publikoen aurka eginez, bai, lekuko gisa edo beste edozein modutan, legeak edo xedapen orokorrak betearazten edo aplikatzen lagundu duten edo lagundu dezaketen norbanakoen aurka eginez.

2.) Edozein bide erabilita azienda infektatu edo kutsatzen bada.

3.) Gai pozoitsuak edo hortzikagaiak erabiltzen badira.

4.) Eragindako kalteek herri- nahiz auzo-jabariko edo erabilerako ondasunak ukitzen badituzte.

5.) Eragindako kalteen ondorioz kaltedunak porrot egiten badu, edo kalteduna egoera ekonomiko larrian geratzen bada.

2. Zigor bera ezarriko zaio edozein bide erabilita beste baten datu, programa edo agiri elektronikoak suntsitu, aldatu, deuseztatu edo beste edozein modutan horiei kalte egiten dienari, baldin eta horiek sare, euskarri edo sistema informatikoetara bilduta badaude.

265. artikulua

Norbaitek suntsitu, kalte larria egin edo zerbitzurako deuseztatzen baditu, aldi baterako bada ere, obra, establezimendu edo instalazio militarrak, gerraontziak, aireontzi militarrak, garraiobide edo igorgailu militarrak, gerrarako materiala, hornigaiak edota Indar Armatuen nahiz Segurtasun Indar edo Kidegoen zerbitzupeko bestelako bitarteko edo baliabideak, orduan, pertsona horri bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, baldin eta eragin duen kaltea berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa bada.

266. artikulua

1. Urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio 263. artikuluan azaldutako kalteak egiten dituenari, baldin eta sutearen bitartez, leherketak eraginez, horien antzeko ahalmen suntsitzailea duten bideetatik beste edozein erabiliz edota pertsonen bizia nahiz osotasuna arriskuan jarriz, egiten badu hori.

2. Hiru urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaizkio 264. artikuluan azaldutako kalteak egiten dituenari, aurreko paragrafoan aipatutako inguruabarretatik edozeinetan egiten badu hori.

3. Lau urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio 265, 323 eta 560. artikuluan azaldutako kalteak egiten dituenari, artikulu honen 1. paragrafoan aipatutako inguruabarretatik edozeinetan egiten badu hori.

4. Aurreko paragrafoetako kasuetatik edozeinetan, kalteak egiten badira leherketak eraginez edo horien antzeko ahalmen suntsitzailea duten bideetatik beste edozein erabiliz eta, horrez gain, arriskuan jartzen bada pertsonen bizia nahiz osotasuna, orduan, zigorra goiko erdian ezarriko da.

Sute kasuetan, 351. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

267. artikulua

Zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz eragindako kalteak hamar milioi pezeta baino gehiagokoak badira, orduan, kalte horiei hiru hilabetetik bederatzi arteko isun-zigorra ezarriko zaie, beraien garrantzia kontuan harturik.

Artikulu honek aipatzen dituen arau-hausteak pertsegitzeko, beharrezkoa izango da laidotuaren edo beraren lege-ordezkariaren aurretiazko salaketa. Fiskaltzak ere salaketa egin ahal izango du, laidotua adingabea, ezgaia edo babesgabea denean.

Aurreko kasu horietan, pertsona laidotuaren edo beraren lege-ordezkariaren barkamenak zigorra edo akzio penala azkenduko du, kode honen 130. artikuluko 4. zenbakiaren bigarren lerrokadan xedatutakoari kalterik egin gabe.

X. KAPITULUA

Aurreko kapitulu guztietarako xedapenak

268. artikulua

1. Legez zein egitez banandurik dauden ezkontideak, edo banantzeko, dibortziatzeko nahiz ezkontzaren deuseztasuna lortzeko prozesu judizialean daudenak; odolez edo adopzioz aurrekoak, ondorengoak eta neba-arrebak direnak; edota elkarrekin bizi izanik, lehenengo graduan ezkonsenidetasuna dutenak, erantzukizun kriminaletik salbuetsita daude, elkarri eragindako ondare-delituen ondorioz, eta erantzukizun zibila bakarrik dute, baldin eta indarkeria edo larderiarik erabiltzen ez badute.

2. Aurreko xedapen hori ez zaie aplikatuko delituan parte hartzen duten kanpokoei.

269. artikulua

Lapurreta, estortsio, maula edo bidegabe jabetzeko delituen zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortuko dira, bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin.

XI. KAPITULUA

Jabetza intelektualari eta industria-jabetzari, merkatuari eta kontsumitzaileei buruzko delituak

I. Atala

Jabetza intelektualari buruzko delituak

270. artikulua

Sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio, irabaziak lortzeko asmoz, inoren kaltean, jabetza intelektualeko eskubideen titularren edo lagapen-hartzaileen baimenik gabe, oso-osoan edo zati batean, literatura, erti edo zientziako lanen bat kopiatu, plagiatu, banatu edo jendaurrean zabaltzen duenari; edota, edozein motatako euskarrian edo jendaurrean edozein motatako bide erabilita zabaldurik, lan horren transformazio, interpretazio edo antzezpen artistikoaren inguruan gauza bera egiten duenari.

Zigor bera ezarriko zaio, baimen hori eduki gabe eta hala nahita, lan horien aleak edo ekoizpen edo antzezpenak inportatu, esportatu edo biltzen dituenari.

Halaber, zigor bera ezarriko zaio edozein bitarteko fabrikatu, zirkulazioan jarri edo edukitzen duenari, baldin eta horren helburu zehatza bada ordenagailuen programak babesteko erabiltzen diren eragingailu teknikoetatik edozein baimenik gabe ezaba edo neutraliza dadin erraztea.

271. artikulua

Urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, bai eta zortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna eta egindako delituari loturik dagoen lanbidean aritzeko bi urtetik bost arteko desgaikuntza berezia ere, hurrengo inguruabarretako bat gertatzen denean:

a) Lortutako onurak garrantzi ekonomiko berezia duenean.

b) Eragindako kaltea larritasun berezikoa denean.

Era berean, epaile edo auzitegiak, aurreko kasu horietan, kondenatuaren industria edo establezimendua aldi baterako zein betiko ixteko dekreta dezake. Aldi baterako itxierak ezin izango du bost urte baino gehiago iraun.

272. artikulua

1. Jabetza Intelektualari buruzko Legean zilegi ez den jarduera amaitzeari eta kalte-galeren ordaina emateari buruz ezarritako xedapenek eraenduko dute aurreko bi artikuluetan tipifikatutako delituen ondoriozko erantzukizun zibilaren hedapena.

2. Epai kondenatzailearen kasuan, epaile edo auzitegiak, araua hausten duenaren kontura, epaia aldizkari ofizial batean argitaratzeko dekretatu ahal izango du.

II. Atala

Industria-jabetzari buruzko delituak

273. artikulua

1. Sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere, industria edo merkataritzako helburuak izanik, patentea edo baliagarritasun modeloa duen titularraren adostasunik gabe eta hori erregistraturik dagoela jakinda, eskubide horren babespeko objektuak egin, inportatu, eduki, erabili, eskaini edo merkatuan sartzen dituenari.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio, modu berean eta helburu berberak lortzeko, patentepeko prozedura erabiltzen edo erabilera hori eskaintzen duenari, edota patentaturiko prozeduraren bidez zuzenean lortutako ekoizkina eduki, eskaini, merkatuan sartu edo erabiltzen duenari.

3. Zigor berberak ezarriko zaizkio artikulu honen lehenengo paragrafoan tipifikatutako egintzetatik edozein gauzatzen duenari, baldin eta inguruabar berberak gertatzen badira, modelo edo marrazki industrial nahiz artistiko batek edo ekoizkin erdieroale baten topografiak beste inoren mesederako babestutako objektuei dagokienez.

274. artikulua

1. Sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere, industria edo merkataritzako helburuak izanik, marka-legeriaren arabera erregistraturik dagoen industria-jabetzako eskubide baten titularraren adostasunik gabe, eta eskubidea erregistraturik dagoela jakinda, zeinu bereizgarri bera edo berarekin nahastekoa den zeinu bereizgarria kopiatu, imitatu, aldatu edo beste edozein modutara erabiltzen duenari, erregistraturik dagoen industria-jabetzako ekoizkin, zerbitzu, jarduera edo establezimendu berberak edo horien antzekoak ezberdintzeko.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio, jakinaren gainean egonik, merkaturatzeko ekoizkin edo zerbitzuak dituenari edo horiek merkatuan sartzen dituenari, baldin eta, artikulu honen 1. paragrafoaren arabera, horien zeinu bereizgarriek euren titularren eskubide esklusiboak hausten badituzte, atzerritik inportatutako ekoizkinak badira ere.

275. artikulua

Aurreko artikuluko zigor berberak ezarriko zaizkio, baimenik gabe, nahita eta legez babesturik dagoela jakinda, ekonomia-trafikoan sor-marka edo adierazpen geografiko bat erabiltzen duenari, baldin eta jatorrizko izendazio edo adierazpen geografiko hori kalitate berezi baten adierazgarria bada, eta legeak izendazio edo adierazpen hori babesten badu, babespeko ekoizkinak bereizteko.

276. artikulua

1. Aurreko artikuluetan tipifikatutako delituak astuntasun berezikoak badira, zilegi ez den moduan ekoitzitako objektuen balioa eta eragindako kalteen garrantzi berezia kontuan izanik, bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da eta zortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna, bai eta egindako delituari loturik dagoen lanbidean aritzeko desgaikuntza berezia ere, bi urtetik bost artekoa.

2. Kasu horretan, epaileak kondenatuaren industria edo establezimendua aldi baterako edo betiko ixteko dekreta dezake. Aldi baterako itxierak ezin du bost urte baino gehiago iraun.

277. artikulua

Sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere, patente-legeriak xedatutakoa urratuz, patente-sekretuko eskabidearen gai den asmakuntza hala nahita zabaltzen duenari, baldin eta zabalkuntza hori nazio-defentsaren kaltean bada.

III. Atala

Merkatuari eta kontsumitzaileei buruzko delituak

278. artikulua

1. Norbaitek, enpresaren sekretu bat ezagutarazteko, edozein bide erabiliz, sekretu horri buruzko datuak, agiri idatzi zein elektronikoak, euskarri informatikoak edo bestelako objektuak harrapatzen baditu, edo pertsona horrek 197. artikuluaren 1. paragrafoan adierazitako bide edo tresnetatik bat erabiltzen badu, orduan, horri bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

2. Hiru urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere, baldin eta besteei hedatu, agertarazi edo lagatzen bazaizkie ezagutaraziko sekretuak.

3. Euskarri informatikoak harrapatzeagatik edo euskarri horiek suntsitzeagatik ezar daitezkeen zigorrei kalterik egin gabe ulertuko da artikulu honetan xedatutakoa.

279. artikulua

Legez edo kontratuz isilpea zaintzeko betebeharra izanik, enpresaren sekretu bat hedatu, agertarazi edo lagatzen duenari bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

Sekretua norberaren onurarako erabiltzen bada, zigorrak beheko erdian ezarriko dira.

280. artikulua

Norbaitek, jatorria zilegia ez dela jakinda eta ezagutarazpenean parte hartu gabe, aurreko bi artikuluetan azaldutako jokabideetako bat egiten badu, orduan, horri urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

281. artikulua

1. Norbaitek, merkatuko lehengaiak edo oinarrizko beharrizanetarako ekoizkinak murrizten baditu, merkatuaren arlo batean hornidurak ez izateko, prezioak aldarazteko edo kontsumitzaileei kalte larria egiteko asmoarekin, orduan, horri urtebetetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

2. Aurreko egitate hori beharrizan larriko edo hondameneko egoeretan gauzatzen bada, hari dagokion zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarriko da.

282. artikulua

Sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hemezortzi arteko isuna ezarriko zaie fabrikatzaile edo merkatariei, baldin eta euren ekoizkin edo zerbitzuak eskaintzean edo horiei buruz publizitatea egitean alegazio faltsuak egiten badituzte, edo ziurrak ez diren ezaugarriak adierazten badituzte, kontsumitzaileei kalte larri eta nabaria eragiteko moduan; horrek ez dio kalterik egingo bestelako delitua egiteagatik egokia izan daitekeen zigorra ezartzeari.

283. artikulua

Sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hemezortzi arteko isuna ere, kontsumitzailearen kaltean, ekoizkin edo zerbitzuengatik behar baino kopuru handiagoak fakturatzen dituztenei, baldin eta horien prezio edo kostua aparatu automatikoen bidez neurtzen bada, aparatu horiek aldatu edo manipulatuz.

284. artikulua

Sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hemezortzi arteko isuna ezarriko zaie kontratagai diren ekoizkin, merkatu-gai, balore-titulu, zerbitzu edo beste edozein gauza higigarri edo higiezinen lehia asketik aterako litzatekeen prezioa aldatzen saiatzen direnei, berri faltsuak hedatuz, indarkeria, mehatxua edo engainua erabiliz edota lehen eskuko informazioaz baliatuz; horrek ez dio kalterik egingo bestelako delitua egiteagatik egokia izan daitekeen zigorra ezartzeari.

285. artikulua

Edozein motatako balore edo agiri negoziatuak kotizatzeko, informazio garrantzitsu bat zuzenean edo pertsona baten bidez erabiltzen duenari merkatu antolatu, ofizial edo aintzatetsian, edo informazio hori ematen duenari, bere buruarentzat edo beste batentzat hirurogeita hamabost milioi pezeta baino gehiagoko onura ekonomikoa lortuz edo kopuru bereko kalte ekonomikoa eginez, urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta isuna ere, lortutako edo eragindako onura ekonomikotik horren hiru halako artekoa, betiere informazio hori isilpean jaso duenean, bere lanbide edo enpresa jardueran aritzearen ondorioz.

286. artikulua

Lau urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere, baldin eta aurreko artikuluan azaldutako jokabideetan inguruabar hauetako bat gertatzen bada:

1.) Subjektuek gehiegizko eginera horiek ohikotasunez egiten badituzte.

2.) Lortutako onura garrantzi handikoa bada.

3.) Interes orokorrei kalte larria eragiten bazaie.

IV. Atala

Aurreko atal guztietarako xedapenak

287. artikulua

1. Kapitulu honen aurreko artikuluetan ezarritako delituak pertsegitzeko laidotuaren edo beraren lege-ordezkarien salaketa beharrezkoa izango da. Fiskaltzak ere salaketa egin ahal izango du, laidotua adingabea, ezgaia edo babesgabea denean.

2. Aurreko paragrafoan galdatutako salaketa ez da beharrezkoa izango, egindako delituak interes orokorrak edo pertsona franko ukitzen dituenean.

288. artikulua

Aurreko artikuluetan ezarritako kasuetan, epaia aldizkari ofizialetan argitaratzeko aginduko da, eta epaile edo auzitegiak, kaltedunak hala eskatuz gero, epaia, oso-osoan edo zati batean, beste edozein hedabidetan sartzea agindu ahal izango du, kondenatuaren kontura.

Horrezaz gain, epaile edo auzitegiak, kasuaren inguruabarrak kontuan izanik, kode honen 129. artikuluko neurriak ezar ditzake.

XII. KAPITULUA

Norberaren gauza gizarte- edo kultura-onuratik itzuraraztea

289. artikulua

Norbaitek gizarte- edo kultura-onurako bere gauza bat suntsitu, deuseztatu edo apurtzen badu, edo komunitatearen intereserako ezarri diren lege-eginbeharrak betetzetik bere ondasun hori edozein modutan itzurarazten badu, orduan, horri zazpi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldi-zigorra edo lau hilabetetik hamasei arteko isuna ezarriko zaio.

XIII. KAPITULUA

Delitu sozietarioak

290. artikulua

Eratuta edo eratze-bidean dagoen sozietatearen egitezko edo zuzenbideko administratzaileek urteko kontuak edo erakundearen egoera juridiko zein ekonomikoa agertu behar duten bestelako agiriak faltsutzen badituzte, eta faltsutze hori egokia bada erakundeari, beraren bazkide bati, edo besteren bati kalte ekonomikoa eragiteko, orduan, halakoei urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere.

Kalte ekonomikoa eragiten bada, zigorrak goiko erdian ezarriko dira.

291. artikulua

Norbaitzuek, eratuta edo eratze-bidean dauden sozietateetatik edozeinetan, abusuzko erabakiak ezartzen badituzte, akziodunen batzan edo administrazio organoan duten gehiengoaz baliatuz, eurentzat edo beste batentzat irabaziak lortzeko asmoarekin, beste bazkideen kaltean eta sozietateari onurarik ekarri gabe, orduan, halakoei sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, edo isuna, lortutako onuratik onura horren hiru halako artekoa.

292. artikulua

Aurreko artikuluko zigor bera ezarriko zaie, sozietatearen edo bazkideen baten kaltean, gezurrezko gehiengo batek hartutako erabaki kaltegarria ezartzen dutenei, edo erabaki horretatik eurentzat edo beste batentzat probetxua ateratzen dutenei, baldin eta gehiengo hori lortzen bada zurian egindako sinaduraz abusatuz, legearen arabera boto-eskubiderik ez dutenei eskubide hori bidegabe eratxikiz, eskubide hori legearen arabera aintzatetsita dutenei boto-eskubidearen egikaritza zilegi ez den moduan ukatuz edo horien antzeko beste edozein bide zein prozedura erabiliz; horrek ez dio kalterik egingo egitateari dagokion zigorra ezartzeari, egitate hori bestelako delitua bada.

293. artikulua

Eratuta edo eratze-bidean dauden sozietateetatik edozeinen egitezko edo zuzenbideko administratzaileek, legezko arrazoirik gabe, bazkide bati ukatzen edo eragozten badiote legeek aintzat hartzen dituzten informazio-eskubidearen egikaritza edo sozietate-jardueraren kudeaketan nahiz kontrolean parte hartzeko edo akzioak lehenespenez harpidetzeko eskubideen egikaritza, orduan, halakoei sei hilabetetik hamabi arteko isun-zigorra ezarriko zaie.

294. artikulua

Norbaitzuek, eratuta edo eratze-bidean dauden sozietateetatik edozeinen egitezko edo zuzenbideko administratzaile gisa, pertsona, organo edo erakunde ikuskatzaile edo gainbegiraleen jarduna ukatzen edo eragozten badute, sozietate hori Administrazioak ikuskatu beharrekoa denean edo Administrazioak ikuskatu beharreko merkatuetan jarduten duenean, orduan, halakoei sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra edo hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaie.

Aurreko lerrokadan ezarritako zigorrez gain, agintaritza judizialak kode honen 129. artikuluan ezarritako neurrietatik bat dekreta dezake.

295. artikulua

Eratuta edo eratze-bidean dauden sozietateetatik edozeinen egitezko edo zuzenbideko administratzaile edo bazkideek, euren karguei dagozkien eginkizunez abusatuz, euren onurarako edo beste inoren onurarako, sozietatearen ondasunak iruzur eginez xedatzen badituzte edo sozietatearen kontura betebeharrak hartzen badituzte, zuzenean, diruz balioesteko modukoa den kaltea eragiten zaiela sozietatearen bazkideei, gordailuzainei, partaidetza-kontuak dituztenei edo administratzen dituzten ondasun, balore edo kapitalen titularrei, orduan, halakoei sei hilabetetik lau urte arteko espetxealdi-zigorra, edo isuna ezarriko zaie, lortutako onuratik horren hiru halako artekoa.

296. artikulua

1. Kapitulu honetan azalduta dauden egitateak pertsegitzeko, beharrezkoa izango da laidotuaren edo beraren lege-ordezkariaren salaketa. Laidotua adingabea, ezgaia edo babesgabea denean, Fiskaltzak ere egin ahal izango du egitate horiei buruzko salaketa.

2. Aurreko paragrafoan galdatutako salaketa ez da beharrezkoa izango, egindako delituak interes orokorrak edo pertsona franko ukitzen dituenean.

297. artikulua

Kapitulu honen ondoreetarako, sozietate gisa hartzen da, edozein kooperatiba, aurrezki-kutxa, mutua, finantza- edo kreditu-erakunde, fundazio, merkataritzako sozietate, edo horien antzeko izaera duten erakundeetatik beste edozein, baldin eta merkatuan, bere helburuak lortzeko, modu iraunkorrean parte hartzen badu.

XIV. KAPITULUA

Errezibitzea eta horren antzeko beste jokabideak

298. artikulua

1. Norbaitek delituaren erantzule direnei delitu horren efektuez aprobetxa daitezen laguntza ematen badie edo efektu horiek jaso, eskuratu edo ezkutatzen baditu, irabaziak lortzeko asmoz, ondarearen edo gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurka delitu egin dela jakinda eta delitu horretan egile edo sopikun gisa parte hartu gabe, orduan, pertsona horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

2. Aurreko paragrafoaren zigorra goiko erdian, ezarriko zaio, delituaren efektuak trafikagai hartzeko, horiek jaso, eskuratu edo ezkutatzen dituenari. Trafikoa merkataritza edo industriako establezimendu zein lokala erabiliz egiten bada, hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isun-zigorra ere ezarriko da. Kasu horietan, epaile edo auzitegiek, egitatearen larritasuna eta delitugilearen beraren inguruabarrak kontuan izanik, delitugileari lanbidean edo industrian aritzeko desgaikuntza berezia ere ezarri ahal izango diote, bi urtetik bost artekoa, bai eta establezimendua edo lokala aldi baterako edo betiko ixteko erabaki ere. Itxierak ezin izango du bost urte baino gehiago iraun, aldi baterakoa izanez gero.

3. Inoiz ere ezin izango da zigor askatasun-gabetzaile handiagoa ezarri, estalitako deliturako adierazitakoa baino. Delitu horrek bestelako zigorra badu, zigor askatasun-gabetzailearen ordez, sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko da, estalitako delituak horrenbesteko zigorra edo txikiagoa duenean izan ezik. Kasu horretan, errudunari harako delituaren zigorra beheko erdian ezarriko zaio.

299. artikulua

1. Norbaitek, irabaziak lortzeko asmoz eta jabetzaren aurkako faltak diren egitateak gauzatu direla jakinda, ohikotasunez faltetatik probetxua ateratzen badu edo errudunei laguntzen badie, horiek falten ondoreetatik onura ateratzeko, orduan, pertsona horri sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio.

2. Efektuak trafikagai izateko, horiek jaso edo eskuratzen baditu, zortzi hilabetetik hamasei arteko isuna ezarriko da, eta egitateak jendaurrean zabalik dagoen lokalean gauzatzen badira, lokala aldi baterako edo betiko ixteko erabaki ahal izango da. Aldi baterako itxierak ezin du bost urte baino gehiago iraun.

300. artikulua

Kapitulu honetako xedapenak aplikatuko dira, aprobetxatutako efektuak dakartzan egitatearen egile edo sopikunak erantzukizunik izan ez arren, edo horrek zigor-salbuespen pertsonala izan arren.

301. artikulua

1. Norbaitek ondasunak eskuratu, itxuraldatu edo eskualdatzen baditu, ondasunok jatorria delitu astunean dutela jakinda, edo beste edozein egitate gauzatzen badu, aurreko ondasun horien jatorria zilegia ez dela ezkutatu edo estaltzeko, edo arau-haustean edo arau-hausteetan parte hartu duenari bere egintzen legezko ondorioetatik itzuri joaten laguntzeko, orduan, pertsona horri sei hilabetetik sei urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta ondasunen baliotik horren hiru halako arteko isuna.

Zigorrak goiko erdian ezarriko dira, ondasunek jatorria dutenean kode honen 368. artikulutik 372.era bitartekoetan azaldutako delitu batean, hots, droga toxiko, sorgorgarri edo gai psikotropikoak trafikagai izatearekin zerikusia dutenetatik batean.

2. Zigor berberekin zigortuko da, kasuen arabera, ondasunen benetako izaera, jatorria, kokalekua, destinoa, mugimendua, ondasunen gaineko eskubideak edo jabetza ezkutatze edo estaltzea, hori egiten bada ondasunak aurreko paragrafoan adierazitako delituetatik baten ondorio direla edo delitu horietan egiten den parte-hartze egintzaren ondorio direla jakinda.

3. Egitateak zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz gauzatzen badira, espetxealdi-zigorra sei hilabetetik bi urte artekoa izango da, eta isuna, ondasunen baliotik horren hiru halako artekoa.

4. Era berean, errudunari zigorra ezarriko zaio, nahiz eta delitua dakarten ondasunak edota aurreko paragrafoetan zigortutako egitateak, oso-osorik edo zati batez, atzerrian egin.

302. artikulua

Aurreko artikuluan ezarritako kasuetan, zigor askatasun-gabetzaileak goiko erdian ezarriko zaizkie kasuotan adierazitako helburuak dituen antolakundeko pertsonei, eta aurreko artikuluan adierazitako zigorra baino gradu bat gehiagokoa, antolakundeon buru, administratzaile edo arduradunei.

Kasu horietan, epaile edo auzitegiek errudunari, berari dagozkion zigorrez gain, lanbidean edo industrian aritzeko desgaikuntza berezia ezarriko diote, hiru urtetik sei artekoa. Era berean, hurrengo neurrietako bat dekretatu ahal izango dute:

a) Antolakundea desegitea, edo horrek jendaurrean zabalik dituen lokal zein establezimenduak betiko ixtea.

b) Antolakundearen jarduerak etetea, edo antolakundeak jendaurrean zabalik dituen lokal zein establezimenduak, gehienez, bost urte arte ixtea.

c) Delitua erraztu edo estaltzeko erabili diren jarduerak, merkataritzako eragiketak edo negozioak egiten debekatzea antolakundeoi, gehienez, bost urte arte.

303. artikulua

Enpresaburuak, finantza-arloko bitartekoak, adituak, funtzionario publikoak, lan-harremanetako langileak, irakasleak edo hezitzaileak, bere kargu, lanbide edo ogibidean aritzean, gauzatzen baditu aurreko artikuluetan ezarritako egitateak, berari dagokion zigorraz gain, enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibide zein industria edo merkataritzan aritzeko desgaikuntza berezia jasoko du, hiru urtetik hamar artekoa. Hamar urtetik hogei arteko desgaikuntza erabatekoa ezarriko da egitate horiek agintaritzak edo beraren agenteak gauzatzen baditu.

Horretarako, medikuak, psikologoak, osasun-tituluak dituzten pertsonak, albaitariak, farmazialariak eta euren mendekoak adituak direla ulertzen da.

304. artikulua

301. artikulutik 303.era bitarteko artikuluetan ezarritako delituak egiteko zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortuko dira, delitu bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin.

XIV. TITULUA

HERRI OGASUNAREN ETA GIZARTE SEGURANTZAREN AURKAKO DELITUAK

305. artikulua

1. Norbaitek, egitez edo ez-egitez, estatuko, autonomia erkidegoko, foru aldundiko edo tokiko herri-ogasunari iruzur egiten badio, zergen ordainketari, atxikitako edo atxiki beharreko kopuruen ordainketari, edo gauzez egindako ordainsarien konturako sarreren ordainketari itzuri eginez edo bidegabe itzulketak lortuz, edo zerga-onurak ere bidegabe hartuz, betiere hamabost milioi baino gehiagokoa denean iruzurpeko kuotaren zenbatekoa, edo bidegabe lortu nahiz hartutako atxikipenen, konturako sarreren, itzulketen edo zerga-onuren ordaindu gabeko zenbatekoa, orduan, pertsona horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta hamabost milioitik horren sei halako arteko isuna.

Aurreko lerrokadan adierazitako zigorrak goiko erdian ezarriko dira, iruzur egiten denean inguruabar hauetako bat gertatzen delarik:

a) Beste pertsona bat edo batzuk tartean jartzea, zergapekoa benetan nor den ezkutaturik geratzeko moduan.

b) Iruzurra garrantzi eta larritasun berezikoa izatea, kontuan izanik iruzurpeko zenbatekoa edo zergapeko asko ukitzen dituen edo uki ditzakeen antolaketa-egitura.

Adierazitako zigorrez gain, erantzuleari kendu egingo zaio diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eta zerga-onurak, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, hiru urtetik sei arteko epean.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako zenbatekoa zehazteko, zergak, atxikipenak, kontura egiten diren diru-sarrerak edo itzulketak aldizkakoak badira edo aldizka aitortzen badira, zergaldi edo aitorpenaldi bakoitzean egin den iruzurra izango da kontuan, eta aldiok hamabi hilabete baino gutxiago irauten badute, iruzurraren zenbatekoa zehazteko egutegiko urtea hartuko da kontuan. Gainerako kasuetan, zenbateko hori zehazteko, kontuan hartuko da zerga-egitatea likidatzeko balio duen kontzeptu ezberdin bakoitza.

3. Zigor berberak ezarriko dira, artikulu honen lehenengo paragrafoan azaldutako jokabideak Europako Erkidegoen ogasunaren aurka egiten direnean, betiere iruzurraren zenbatekoa 50.000 ecu baino gehiagokoa denean.

4. Erantzukizun penaletik salbuetsita geratuko da bere zerga-egoera zuzentzen duena, artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatzen diren zorren inguruan, Zerga Administrazioak jakinarazi aurretik egiaztapen-jarduna hasiko duela, zuzendu behar diren zerga horiek zehazteko. Jardun hori gertatu ezean, pertsona hori erantzukizun penaletik salbuetsita geratuko da, baldin eta zerga-egoera zuzentzen badu, beraren aurka Fiskaltzak, estatuaren abokatuak edo autonomia erkidegoaren, foru aldundiaren edo tokiko administrazioaren ordezkari prozesalak kereila edo salaketa jarri aurretik, edota zerga-egoera zuzentzen badu Fiskaltzak edo instrukzioko epaileak jarduna egin aurretik, betiere jardunak ahalbideratzen dionean eginbideak hasi direla modu formalean jakitea.

Era berean, aurreko lerrokadan bezala, erantzukizun penaletik salbuetsita geratuko da subjektu hori, zerga-egoera zuzendu aurretik egindako kontabilitateko irregulartasunengatik edo bestelako faltsutze instrumentalengatik, baldin eta horiek zuzenduko den zerga-zorraren ingurukoak baino ez badira.

306. artikulua

Norbaitek, egitez edo ez-egitez, Europako Erkidegoen aurrekontu orokorrei edo Europako Erkidegoek administratzen dituzten beste aurrekontuei iruzur egiten badie, aurrekontuetan sartu behar diren kopuruei itzuri eginez, edo lortutako funtsak euren helbururako ez beste baterako erabiliz, betiere iruzur horren zenbatekoa berrogeita hamar mila ecu baino gehiagokoa denean, orduan, pertsona horri espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, urtebetetik lau artekoa, bai eta isuna ere, berrogeita hamar mila ecutik horren sei halako artekoa.

307. artikulua

1. Norbaitek, egitez edo ez-egitez, Gizarte Segurantzari iruzur egiten badio horren kuoten eta baterako bilketa-kontzeptuen ordainketari itzuri egiteko, kuota horien itzulketak bidegabe lortzeko edota edozein kontzepturengatik kenkariak erdiesteko, bidegabe eta iruzur egiteko asmoz, betiere hamabost milioi baino gehiagokoa denean iruzurpeko kuoten edo bidegabeko itzulketen nahiz kenkarien zenbatekoa, orduan, pertsona horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta zenbateko horretatik horren sei halako arteko isuna.

Aurreko lerrokadan adierazitako zigorrak goiko erdian ezarriko dira, iruzurra egiten denean inguruabar hauetako bat gertatzen delarik:

a) Gizarte Segurantzari begira, beste pertsona bat edo batzuk tartean jartzea, zergapekoa benetan nor den ezkutaturik geratzeko moduan.

b) Iruzurra garrantzi eta larritasun berezikoa izatea, kontuan izanik iruzurpeko zenbatekoa edo Gizarte Segurantzari begira betebeharpeko asko ukitzen dituen edo uki ditzakeen antolaketa-egitura.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako zenbatekoa zehazteko, likidazio, itzulketa edo kenkari bakoitzean egin den iruzurra hartuko da kontuan. Likidazio, itzulketa edo kenkari horien epealdia hamabi hilabete baino gutxiagokoa denean, iruzurraren zenbatekoa egutegiko urteari dagokio.

3. Erantzukizun penaletik salbuetsita geratuko da Gizarte Segurantzarekin egoera zuzentzen duena, artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatzen diren zorren inguruan, zorrok zehazteko ikuskapen-jardunaren hasierari buruzko jakinarazpena jaso aurretik, edo, halako jardunik gertatu ezean, beraren aurka Fiskaltzak edo Gizarte Segurantzaren legelariak kereila edo salaketa jarri aurretik.

Era berean, subjektu hori aurreko lerrokadan bezala, erantzukizun penaletik salbuetsita geratuko da egoera zuzendu aurretik egindako faltsutze instrumentalengatik, baldin eta horiek zuzenduko den zorraren ingurukoak baino ez badira.

308. artikulua

1. Norbaitek herri-administrazioetatik hamar milioi pezeta baino gehiagoko diru-laguntza, zerga-arinketa edo laguntza lortzen badu, hori eskuratzeko beharrezkoak diren baldintzak faltsutuz, edo hori eskuratzea eragozten duten baldintzak ezkutatuz, orduan, pertsona horri ezarriko zaio urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra, bai eta isuna ere, diru-laguntza, zerga-arinketa edo laguntzaren zenbatekotik horren sei halako artekoa.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio ezarritako baldintzak betetzen ez dituenari, baldin eta, jarduera garatzean, berak funtsez aldatzen baditu diru-laguntzaren oinarri izan ziren helburuak, betiere garatutako jarduerak jaso duenean herri-administrazioen funtsetako diru-laguntza, eta diru-laguntzaren zenbatekoa hamar milioi baino gehiagokoa denean.

3. Adierazitako zigorrez gain, erantzuleari kendu egingo zaio diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera edo zerga-onura, zerga-pizgarriak edota Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea, hiru urtetik sei arteko epean.

4. Erantzukizun penaletik salbuetsita geratuko da, artikulu honen lehenengo eta bigarren paragrafoetan aipatzen diren diru-laguntza, zerga-arinketa edo laguntzen inguruan, jasotako kopuruak, hartu zituen unetik, urteko korrituarekin itzultzen dituena, baldin eta urteko korritu hori diruaren lege-korritua gehi ehuneko bi puntukoa bada, betiere diru-laguntza, zerga-arinketa edo laguntza horien inguruan egiten diren ikuskatze edo kontroleko jardunaren hasierari buruzko jakinarazpena jaso aurretik itzultzen dituenean, edota, jardun hori gertatu ezean, kopuruak itzultzen dituenak, beraren aurka Fiskaltzak, estatuaren abokatuak edo autonomia erkidego nahiz toki-administrazioko ordezkariak kereila edo salaketa jarri aurretik itzultzen dituenean.

Era berean, subjektu hori aurreko lerrokadan bezala, erantzukizun penaletik salbuetsita geratuko da egoera zuzendu aurretik egindako faltsutze instrumentalengatik, baldin eta horiek zuzenduko den zorraren ingurukoak baino ez badira.

309. artikulua

Norbaitek Europako Erkidegoen aurrekontu orokorretatik edo Europako Erkidegoek administratzen dituzten bestelako aurrekontuetatik, bidegabe, berrogeita hamar mila ecu baino zenbateko handiagoko funtsak lortzen baditu, hori lortzeko beharrezkoak diren baldintzak faltsutuz edo funtsak lortzen eragozten duten baldintzak ezkutatuz, orduan, pertsona horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta isuna ere, berrogeita hamar mila ecuko zenbatekotik zenbateko horren sei halako artekoa.

310. artikulua

Zazpi asteburutik hamabost arteko atzipenaldia ezarriko zaio, bai eta hiru hilabetetik hamar arteko isuna ere, zerga-legearen ondorioz merkataritzako kontabilitatea, liburuak edo zerga-erregistroak eramatera behartuta dagoenari:

a) Zerga-oinarrien zuzeneko zenbatespeneko eraentzan aurreko betebehar hori inola ere betetzen ez badu.

b) Jarduera eta ekonomia-ekitaldi berberari buruzko kontabilitate ezberdinak badaramatza, eta kontabilitate horiek enpresaren benetako egoera ezkutatu edo beste bat delako itxura egiten badute.

c) Nahitaezko liburuetan negozioen, egintzen, eragiketen edo, orokorrean, tratu ekonomikoen idatzoharrak egin ez baditu, edo benetakoak ez diren zenbakiekin egin baditu.

d) Nahitaezko liburuetan kontabilitateko gezurrezko idatzoharrak egin baditu.

Aurreko c) eta d) idatz-zatiek aipatu egitatezko kasuak delitutzat hartzeko, beharrezko da zerga-aitorpenik ez egitea edo aurkeztutako zerga-aitorpenek kontabilitate faltsua agertzea. Horrezaz gain, egin ez diren edo faltsututako kargu edo abonamenduen zenbatekoa, dela gehiagokoa, dela gutxiagokoa, ekonomia-ekitaldi bakoitzeko hogeita hamar milioi baino gehiagokoa izan behar da, euren artean konpentsazio aritmetikorik egiteke.

XV. TITULUA

LANGILEEN ESKUBIDEEN AURKAKO DELITUAK

311. artikulua

Sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere:

1.) Zerbitzupeko langileak, engainuaren bidez edo inoren beharrizan-egoeraz abusatuz, laneko edo Gizarte Segurantzako baldintza txarretan jartzen dituztenei, baldintzok kalte egiten badiete legezko xedapenen, hitzarmen kolektiboen edo banakako kontratuaren bidez langileentzat aintzatetsitako eskubideei, edo eskubideok ezabatu edo murrizten badituzte.

2.) Enpresak eskualdatzen direnetan, aurreko kasuan azaldutako prozedurak zeintzuk diren jakinda, beste batek ezarritako baldintza horiei eusten dietenei.

3.) Aurreko kasuetan aipatutako jokabideak indarkeria edo larderiaren bidez egiten badira, beraiei dagozkienak baino gradu bat gehiagoko zigorrak ezarriko dira.

312. artikulua

1. Bi urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere, legearen aurka lan-indarra trafikagai hartzen dutenei.

2. Zigor berbera ezarriko zaie, enplegua edo engainuzkoak zein faltsuak diren lan-baldintzak eskainiz, pertsonak biltzen dituztenei edo euren lanpostua uztera bultzatzen dituztenei, edota lan-baimenik ez duten atzerritarrak enplegatzen dituztenei, baldin eta enpleguaren baldintzek kalte egiten badiete legezko xedapenen, hitzarmen kolektiboen edota banakako kontratuaren bidez pertsona horiek aintzatetsita dituzten eskubideei, edo eskubideok ezabatu edo murrizten badituzte.

313. artikulua

1. Norbaitek Espainiara langileen inmigrazio klandestinoa sustatzen edo faboratzen badu, edozein bide erabiliz, aurreko artikuluko zigorra ezarriko zaio.

2. Zigor berbera ezarriko zaio norbaiten emigrazioa bultzatu edo faboratzen duenari, kontratua edo lanpostua badela itxura eginez, edota horren antzeko beste engainuren bat erabiliz.

314. artikulua

Norbaitzuek, enplegu publiko nahiz pribatuan, pertsona baten aurka bereizkeria larria sortarazi eta, administrazio-agindei edo -zehapenaren ondoren, legearen aurreko berdintasun-egoera berrezartzen ez badute, horrek ondorioztatu dituen kalte ekonomikoak konponduz, hain zuzen, bereizkeriaren arrazoi direla pertsonaren ideologia, erlijioa nahiz sinesmenak; edo etnia, arraza nahiz nazio batekoa izatea; edo sexua, sexu-joera, familia-egoera nahiz gaixotasun edo elbarritasunen bat izatea; edo langileen lege-ordezkaria zein ordezkari sindikala izatea; edo enpresaren beste langile batzuekin senidetasuna izatea edo Espainiako estatuaren hizkuntza ofizialen bat erabiltzea, orduan, halakoei sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaie.

315. artikulua

1. Sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere, askatasun sindikalaren edo grebarako eskubidearen egikaritza eragozten edo mugatzen dutenei, engainuaren bidez edo inoren beharrizan-egoeraz abusatuz.

2. Aurreko paragrafoan adierazitako jokabideak egiten badira indarra, indarkeria edo larderia erabiliz, beraiei dagozkien zigorrak baino gradu bat gehiagokoak ezarriko dira.

3. Bigarren paragrafoko zigor berberak ezarriko zaizkie, dela taldeka, dela bakarka, baina beste batzuekin ados egonik, beste pertsona batzuk derrigortzen dituztenei greba bat hasteko edo jarraitzeko.

316. artikulua

Norbaitzuek, laneko arriskuei aurrea hartzeko arauak hautsiz eta legez horretarako betebeharra izanik, beharrezko bideak ez badituzte errazten, langileek euren jarduera egikari dezaten segurtasun eta higieneko neurri egokiekin, betiere langileen bizia, osasuna edo osotasun fisikoa arrisku larrian jartzen dutenean, orduan, halakoei sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere.

317. artikulua

Aurreko artikuluan aipatzen den delitua zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz egiten denean, berari dagokion zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko zaio.

318. artikulua

Aurreko artikuluetan ezarritako egitateak pertsona juridikoei eratxikitzen zaizkienean, adierazitako zigorra ezarriko zaie administratzaileei edo zerbitzuaz arduratzen direnei, egitate horien ondorioz erantzule izan badira, bai eta egitate horiek jakinda, eta konponbidea bila dezaketelarik, neurririk hartu ez dutenei ere.

XV BIS TITULUA

ATZERRIKO HERRITARREN ESKUBIDEEN AURKAKO DELITUAK

318 bis artikulua

1. Norbaitzuek legearen aurka pertsonak trafikagai hartzea sustatu, faboratu edo errazten badute, Espainiatik edota Espainia iraganbide zein helmuga izanik, orduan halakoei sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere.

2. Norbaitzuek aurreko paragrafoan deskribatutako jokabideak gauzatzen badituzte irabaziak lortzeko asmoarekin, edo indarkeria, larderia nahiz engainua erabiliz, edo biktimaren beharrizan egoeraz abusatuz, orduan halakoei bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

3. Aurreko paragrafoetan ezarritako zigorrak goiko erdian ezarriko dira, baldin eta egitateak gauzatzean pertsonen bizitza, osasuna edo osotasuna arriskuan jarri bada edota biktima adingabea bada.

4. Aurreko paragrafoko zigor berberak ezarriko zaizkie, bai eta sei urtetik hamabi arteko desgaikuntza erabatekoa ere, agintari, agintaritzaren agente edo funtzionario publiko izateaz baliatuz egitate horiek gauzatzen dituztenei.

5. Aurreko paragrafoetan ezarritako zigorrak baino gradu bat gehiagokoak ezarriko dira, kasuan-kasuan, erruduna antolakunde edo elkarte bateko kidea izanik, antolakunde edo elkarte hori, aldi baterako bada ere, halako jardueretan aritzen bada.

XVI. TITULUA

LURRALDEAREN ANTOLAMENDUARI,

ETA HISTORIA-ONDAREAREN ETA INGURUMENAREN BABESARI BURUZKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Lurraldearen antolamenduari,

eta historia-ondarearen

eta ingurumenaren babesari buruzko delituak

319. artikulua

1. Sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna eta lanbide edo ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia ere, sei hilabetetik hiru urte artekoa, sustatzaile, eraikitzaile edo zuzendari teknikoei, baldin eta baimendu gabeko eraikuntza egiten badute bideetarako, berdeguneetarako edo jabari publikoko ondasunetarako lurzoruetan, legez edo administrazioaren bidez, paisaia, ekologia, erti, historia edo kultura aldetik balioa aintzatetsita duten lekuetan, edota zio berberengatik babes berezikotzat hartu diren lekuetan.

2. Sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna eta lanbide edo ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia ere, sei hilabetetik hiru urte artekoa, sustatzaile, eraikitzaile edo zuzendari teknikoei, baldin eta lurzoru urbanizaezinean baimendu ezineko eraikuntza egiten badute.

3. Edozein kasutan, epaile edo auzitegiek, zioak emanez, obra errausteko agindu ahal izango dute, egitatea gauzatzen duenaren kontura; horrek ez die kalterik egingo hirugarren onustedunen mesedetan zor diren kalte-ordainei.

320. artikulua

1. Agintari edo funtzionario publikoak, zuzen jarduten ez duela jakinda, txostena egiten badu eraikuntza proiektuen alde edo indarrean dauden hirigintza-arauen aurkako lizentzien alde, orduan, horri, kode honen 404. artikuluan ezarritako zigorraz gain, sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra edo hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio agintari edo funtzionario publikoari, baldin eta, zuzen jarduten ez duela jakinda, bere kabuz edo kide anitzeko erakundearen kide gisa, ebazpena edo botoa ematen badu lizentzia horiek ematearen alde.

II. KAPITULUA

Historia-ondareari buruzko delituak

321. artikulua

Norbaitzuek, historia-, erti- edo kultura-interesarengatik edo monumentua delako, bereziki babestutako eraikinak eraisten edo modu larrian aldatzen badituzte, orduan, halakoei sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna eta, edozein kasutan, lanbide edo ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia, urtebetetik bost artekoa.

Edozein kasutan, epaile edo auzitegiek, zioak emanez, obra berreraikitzeko edo zaharberritzeko agindu ahal izango dute, egitatea gauzatzen duenaren kontura; horrek ez die kalterik egingo hirugarren onustedunen mesedetan zor diren kalte-ordainei.

322. artikulua

1. Agintari edo funtzionario publikoak, zuzen jarduten ez duela jakinda, txostena egiten badu bereziki babestutako eraikinak eraisteko edo aldatzeko proiektuen alde, orduan, horri, kode honen 404. artikuluan ezarritako zigorraz gain, sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra edo hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio agintari edo funtzionario publikoari, baldin eta, zuzen jarduten ez duela jakinda, bere kabuz edo kide anitzeko erakundearen kide gisa, ebazpena edo botoa ematen badu lizentzia horiek ematearen alde.

323. artikulua

Urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere, artxibo, erregistro, museo, liburutegi, irakastegi, kabinete zientifiko nahiz horien antzeko erakundean, edo historia-, erti-, zientzia-, kultura- nahiz monumentu-balioa duten ondasunetan edota arkeologia-aztarnategietan kalteak eragiten dituenari.

Horrelakoetan, epaile edo auzitegiek, kaltea jasan duen ondasuna ahal den neurrian zaharberritzeko neurriak hartzeko agindu ahal izango dute, kaltea eragin duenaren kontura.

324. artikulua

Norbaitek, zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz, berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagoko kalteak eragiten baditu artxibo, erregistro, museo, liburutegi, irakastegi, kabinete zientifiko zein horien antzeko erakundean, edo historia-, erti-, zientzia-, kultura- nahiz monumentu-balioa duten ondasunetan edota arkeologia-aztarnategietan, orduan, pertsona horri hiru hilabetetik hemezortzi arteko isuna ezarriko zaio, aipatuen garrantzia kontuan hartuz.

III. KAPITULUA

Izadiko baliabideen eta ingurumenaren aurkako delituak

325. artikulua

Sei hilabetetik lau urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta zortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna eta lanbide edo ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia ere, urtebetetik hiru artekoa, ingurumena babesteko legeak edo izaera orokorreko beste xedapenak urratuz, igorpenak, isurketak, erradiazioak, erauzketak edo indusketak, lurreztatzeak, zaratak, dardarak, injekzioak edo bilguneak, zuzenean edo zeharka, egin edo eragiten dituenari eguratsean, lurzoruan, lurpean, lurreko, itsasoko zein lurpeko uretan, mugaz bestaldeko guneetan eragina badute ere, edo izadiko sistemen orekari kalte larria egin diezaioketen ur-hartzeak egin edo eragiten dituenari. Pertsonen osasunaren aurka kalte larria gertatzeko arriskua badago, espetxealdi-zigorra goiko erdian ezarriko da.

326. artikulua

Gradu bat gehiagoko zigorra ezarriko da, kode honen beste manu batzuen arabera ezar daitezkeen zigorrei kalterik egin gabe, baldin eta inguruabar hauetako bat gertatzen bada, aurreko artikuluan azaldutako egitateetatik edozein gauzatzean.

a) Industria edo jarduera modu klandestinoan gauzatzen bada, beraren instalazioek Administrazioaren manuzko baimena edo onespena lortu gabe.

b) Aurreko artikuluan tipifikatutako jarduerak zuzentzeko edo eteteko, Administrazioko agintariak beren beregi ematen dituen aginduak desobeditzen badira.

c) Industria edo jardueraren ingurumen-aldeei buruzko informazioa faltsutu edo ezkutatzen bada.

d) Administrazioaren jarduera ikuskatzailea oztopatzen bada.

e) Lehengoraezinezko narriadura edo hondamena izateko arriskua gertatzen bada.

f) Murrizketa-epealdian ura ateratzen bada legearen aurka.

327. artikulua

Aurreko bi artikuluetako kasu guztietan, epaile edo auzitegiek kode honen 129. artikuluaren a) edo e) idatz-zatietan ezarritako neurrietatik bat hartu ahal izango dute.

328. artikulua

Hemezortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaie, bai eta hemezortzi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldia ere, hondar edo hondakin gotor edo isurkarien bilgune edo zabortegiak ezartzen dituztenei, baldin eta horiek toxiko edo arriskutsuak badira, eta izadiko sistemen orekari edo pertsonen osasunari kalte larria egin badiezaiekete.

329. artikulua

1. Agintari edo funtzionario publikoak, jakinda, aurreko artikuluetako industria edo jarduera kutsagarriei dagokienez, txostena egiten badu jarduera horiek baimentzen dituzten lizentzien alde, lizentzia horiek, ageri-agerian, legearen aurkakoak izanik, edo, jarduera horiek ikuskatzean, isilpean gordetzen badu jarduerok arautzen dituzten lege edo izaera orokorreko xedapen arau-emaileak hautsi direla, orduan, horri, kode honen 404. artikuluan ezarritako zigorraz gain, sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra edo zortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio agintari edo funtzionario publikoari, baldin eta, zuzen jarduten ez duela jakinda, bere kabuz edo kide anitzeko erakundearen kide gisa, lizentzia horiek ematearen alde ebazpena edo botoa ematen badu.

330. artikulua

Babespeko naturagune bat horrela kalifikatzeko erabili diren osagaietako bati kalte larria egiten dionari urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

331. artikulua

Kapitulu honetan ezarritako egitateei, hala denean, gradu bat gutxiagoko zigorra ezarriko zaie kasuan-kasuan, egitate horiek zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz gauzatu direnean.

IV. KAPITULUA

Landare eta animalien babesari buruzko delituak

332. artikulua

Norbaitek ebaki, moztu, erre, errotik atera, bildu edo trafikagai hartzen baditu arriskuan dauden landare-espezie edo -azpiespezie bat edo beraren propaguluak, edota horren habitata modu larrian suntsitu edo aldatzen badu, orduan, horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra edo zortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio.

333. artikulua

Norbaitek, autoktonoak ez diren landare edo animalien espezieak sartzen edo askatzen baditu, landare edo animalien espezieen babeserako legeak edo izaera orokorreko xedapenak urratuz eta oreka biologikoari kalte eginez, orduan, horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra edo zortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio.

334. artikulua

1. Norbaitek, basabereen babeserako legeak edo izaera orokorreko xedapenak urratuz, arriskuan dauden espezieak ehiza edo arrantzaren bidez harrapatzen baditu, espezie horien ugalketa edo migrazioa eragozten edo zailtzen dituzten jarduerak egiten baditu, edota espezie horiek edo euren hondarrak trafikagai hartzen baditu edo horiekin merkataritzan aritzen bada, orduan, pertsona horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra edo zortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio.

2. Zigorra goiko erdian ezarriko da, baldin eta espezie edo azpiespezie horiek galzorian daudenen taldean sarturik badaude.

335. artikulua

Norbaitek aurreko artikuluan zehazturikoez besteko espezieak arrantza edo ehizaren bidez harrapatzen baditu, eta eremu horretako arau bereziek beren beregi baimentzen ez badute espezie horien arrantza edo ehiza, orduan, pertsona horri lau hilabetetik zortzi arteko isuna ezarriko zaio.

336. artikulua

Norbaitek, legez baimenduta egon barik, arrantza edo ehizarako pozoia, lehergailuak edo animaliak suntsitzeko besteko eragingarritasuna duten tresna edo arteak erabiltzen baditu, orduan, horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra edo zortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio. Eragindako kaltea garrantzi handikoa denean, aurretik aipatutako espetxealdi-zigorra goiko erdian ezarriko da.

337. artikulua

Aurreko hiru artikuluetan ezarritako kasuetan, erantzuleei ehiza- edo arran-tza-eskubidea egikaritzeko desgaikuntza berezia ere ezarriko zaie, hiru urtetik zortzi artekoa.

V. KAPITULUA

Guztietarako xedapenak

338. artikulua

Titulu honetan azaldutako jokabideek babespeko naturagunea ukitzen dutenean, kasuan-kasuan ezarritako zigorrak baino gradu bat gehiagokoak ezarriko dira.

339. artikulua

Epaile edo auzitegiek, zioak emanez, neurriak hartzeko agin dezakete nahasitako oreka ekologikoa berrezar-tzeko, egitatea gauzatu duenaren kontura; orobat, titulu honetan babestutako ondasunak zaintzeko beharrezko diren kautela-neurrietatik beste edozein har dezake.

340. artikulua

Titulu honetan tipifikatutako egitateetatik edozeinen errudunak eragindako kaltea bere borondatez konpontzen badu, epaile eta auzitegiek, kasuan-kasuan, ezarritako zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko diote.

XVII. TITULUA

SEGURTASUN KOLEKTIBOAREN AURKAKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Hondamen-arriskuko delituak

I. Atala

Energia nuklearrari eta erradiazio ionizatzaileei buruzko delituak

341. artikulua

Norbaitek energia nuklear edo osagai erradioaktiboak askatzen baditu, eztandarik gertatzen ez bada ere, eta horiek pertsonen bizitza, osasuna edo ondasunak arriskuan jartzen badituzte, orduan, horri hamabost urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publiko edo lanbide zein ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia, hamar urtetik hogei artekoa.

342. artikulua

Norbaitek, aurreko artikuluaren barnean egon barik, instalazio nuklear edo erradioaktibo baten ibilerari nahasmendua eragiten badio edo erradiazio ionizatzaileen material edo ekipo sortarazleak erabiltzen dituzten jardueren garapena aldatzen badu, betiere pertsonen bizitza edo osasunerako arrisku larriko egoera sortaraziz, orduan, pertsona horri lau urtetik hamar arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia, sei urtetik hamar artekoa.

343. artikulua

Norbaitek, pertsona bat edo batzuk erradiazio ionizatzaileen eraginpean jartzen baditu, eta erradiazio horiek beraien bizitza, osotasuna, osasuna edo ondasunak arriskuan jartzen badituzte, orduan, pertsona horri sei urtetik hamabi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia, sei urtetik hamar artekoa.

344. artikulua

Aurreko artikuluetako egitateei, kasuan-kasuan, gradu bat gutxiagoko zigorra ezarriko zaie, zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz gauzatzen direnean.

345. artikulua

1. Norbaitek, material nuklear edo osagai erradioaktiboak harrapatzen baditu, irabaziak lortzeko asmorik ez badu ere, orduan, horri urtebetetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio. Zigor berbera ezarriko zaie beharrezkoa den baimenik gabe material erradioaktibo edo gai nuklearrak eskuratu, jaso, garraiatu, eduki edo trafikagai hartzen dituenari, horien hondarrak kendu nahiz erabiltzen dituenari, eta isotopo erradioaktiboak erabiltzen dituenari.

2. Ostu, gauzetan indarra erabiliz egiten bada, zigorra goiko erdian ezarriko da.

3. Egitatea gauzatzen bada pertsonen aurka indarkeria edo larderia erabiliz, errudunari gradu bat gehiagoko zigorra ezarriko zaio.

II. Atala

Kalte handiak

346. artikulua

Norbaitzuek, leherketak eraginez edo horien antzeko ahalmen suntsitzailea duten bideetatik beste edozein erabiliz, aireportu, portu, geltoki, eraikin, lokal publiko, material sukoi edo lehergarrien gordailu, komunikabide edo garraiobide kolektiboak suntsitzen badituzte, ontzia urperatu edo hondarreratzea, uholdeak, meatze nahiz instalazio industrialen leherketa edo burdinbideko errailen kenketa eragiten badute, burdinbidearen zerbitzuan garraiobideen segurtasunerako erabiltzen diren seinaleak asmo gaiztoz aldatzen badituzte, zubia zartarazi edo galtzada publikoa triskatzen badute, edota edozein motatako komunikazio edo komunikabideri nahasmendu larria eragiten badiote, orduan, halakoei hamar urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, kalte handiek pertsonen bizitza edo osotasuna nahitaez arriskuan jartzen dutenean. Halako arriskurik ez dagoenean, horiek kode honen 266. artikuluko kalte gisa zigortuko dira.

Arriskuaz gain, pertsonen bizitza, osotasun fisikoa edo osasuna lesiona-tzen bada, egitateak bereiz zigortuko dira, egin den delituari dagokion zigorrarekin.

347. artikulua

Zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz kalte handiko delitua eragiten duenari urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

III. Atala

Bestelako eragileek sortarazitako beste arrisku-delituak

348. artikulua

Norbaitzuek, lehergailuak, gai sukoi, hortzikagarri, toxiko edo itogarriak, edo kalte handiak sor ditzaketen beste gai, aparatu edo trikimailuetatik edozein fabrikatu, manipulatu, garraiatu, eduki edo merkaturatzean, ezarritako segurtasun-arauak urratzen badituzte, pertsonen bizitza, osotasun fisikoa edo osasuna, edota ingurumena, arrisku zehatzean jarriz, orduan, halakoei sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna, eta enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibiderako desgaikuntza berezia, hiru urtetik sei artekoa.

349. artikulua

Norbaitzuek, organismoak manipulatu, garraiatu edo edukitzean, ezarrita dauden segurtasun-arau edo -neurriak urratzen badituzte, pertsonen bizitza, osotasun fisikoa edo osasuna, edota ingurumena, arrisku zehatzean jarriz, orduan, halakoei sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna, bai eta enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibiderako desgaikuntza berezia ere, hiru urtetik sei artekoa.

350. artikulua

316. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, aurreko artikuluko zigorrak ezarriko zaizkie ezarritako segurtasun-arauak hausten dituztenei, putzu edo indusketak irekitzean, eraikinak, uharkak, ubideak edo horien antzeko obrak eraiki edo erraustean, edota horiek artatu, atondu nahiz mantentzean, baldin eta arrisku zehatzean jartzen badute bizitza, pertsonen osotasun fisikoa edo ingurumena, eta segurtasun-arau horiek ez betetzeak hondamena ekar badezake.

II. KAPITULUA

Suteak

I. Atala

Sute-delituak

351. artikulua

Norbaitzuek pertsonen bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jartzen duen sutea eragin badute, orduan, horiei hamar urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie. Epaile edo auzitegiek gradu bat gutxiagoko zigorra ezarri ahal izango dute, eragindako arriskuaren garrantzi txikiagoa eta egitatearen gainerako inguruabarrak kontuan izanik.

Pertsonen biziarentzat nahiz osotasun fisikoarentzat halako arriskurik ez dagoenean, egitateak kode honen 266. artikuluko kalte gisa zigortuko dira.

II. Atala

Baso-suteak

352. artikulua

Norbaitzuek baso edo zuhaiztiei su ematen badiete, urtebetetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta hamabi hilabetetik hemezortzi arteko isuna ere.

Pertsonen bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jartzen bada, egitatea 351. artikuluan ezarritakoaren arabera zigortuko da; edozein kasutan, hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko da.

353. artikulua

1. Aurreko artikuluan adierazitako zigorrak goiko erdian ezarriko dira, baldin eta suteak garrantzi berezia badu, inguruabar hauetako bat gertatzen delako:

1.) Suteak ukitzen duen azalera garrantzi handikoa izatea.

2.) Higadura-ondore handiak edo larriak erakartzea lurzoruari.

3.) Suteak animalia edo landareen bizi-baldintzak nabarmen aldatzea, edo babespeko naturagune bat ukitzea.

4.) Edozein kasutan, ukitutako baliabideak modu larrian narriatzea edo suntsitzea.

2. Aurreko zigor horiek ere goiko erdian ezarriko dira, egileak jarduten duenean onura ekonomiko bat lortzekotan suteak dakartzan ondoreetatik.

354. artikulua

1. Norbaitek baso edo zuhaiztiei su ematen badie, eta sutea zabaltzen ez bada, sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere.

2. Aurreko paragrafoan ezarritako jokabidea zigorretik salbuetsita geratuko da, baldin eta egileak borondatez eta egitez eragozten badu sutearen zabalkuntza.

355. artikulua

Epaile edo auzitegiek, atal honetan ezarritako kasu guztietan, erabaki ahal izango dute, baso-suteak ukitutako aldeen kalifikazioa ezin izango dela aldatu hogeita hamar urte arteko epean. Era berean, suteak ukitutako aldeei ematen zitzaizkien erabilerak mugatu edo ezabatzea erabaki ahal izango dute, bai eta sutearen ondorioz erretako zura Administrazioaren esku geratzea ere.

III. Atala

Baso ez diren aldeei su ematea

356. artikulua

Norbaitek baso ez diren landaretza-aldeei su ematen badie, eta izadiko inguruneari kalte larria egiten badio, orduan, horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

IV. Atala

Norberaren ondasunei su ematea

357. artikulua

Norbaitek bere ondasunei su ematen badie, horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, baldin eta inori iruzur egiteko edo kalte egiteko asmoa badu, jadanik iruzurra edo kaltea egiten badu, sua beste baten eraikin, zuhaizti edo landaretzara zabaltzeko arriskua badago, edo basabizitzaren bizi-baldintzei, basoei edo naturaguneei kalte larria eragiten badie.

V. Atala

Guztietarako xedapena

358. artikulua

Norbaitek, zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz, aurreko ataletan zigortutako sute-delituetako bat eragiten badu, kasuan-kasuan, ezarritako zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko zaio.

III. KAPITULUA

Herri-osasunaren aurkako delituak

359. artikulua

Norbaitek, behar bezalako baimenik izan gabe, osasunerako gai kaltegarriak edo kalte handiak sor ditzaketen ekoizkin kimikoak egiten edo saltzen baditu, horiez hornitzen badu, edo horiekin merkataritzan aritzen bada, orduan, pertsona horri sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna, bai eta lanbide edo industriarako desgaikuntza berezia ere, sei hilabetetik bi urte artekoa.

360. artikulua

Norbaitek, aurreko artikuluan aipa-tzen diren gai edo ekoizkinak trafikagai hartzeko baimena duela, horiek saltzen baditu edo horiez hornitzen badu kasuan kasuko lege eta erregelamenduetan ezarritako formalitateak bete barik, orduan, horri sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio eta lanbide edo ogibiderako desgaikuntza berezia, sei hilabetetik bi urte artekoa.

361. artikulua

Norbaitzuek, pertsonen bizitza edo osasuna arriskuan jarriz, narriatu edo iraungitako sendagaiak eman edo saltzen badituzte, edo horien osaera, egonkortasun nahiz eragingarritasunari buruzko eskakizun teknikoak betetzen ez dituztenak eman edo saltzen badituzte, edota batzuen ordez beste batzuk ipintzen badituzte, orduan, halakoei sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie eta sei hilabetetik hemezortzi arteko isuna, bai eta lanbide edo ogibidean aritzeko desgaikuntza berezia ere, sei hilabetetik bi urte artekoa.

362. artikulua

1. Sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hemezortzi arteko isuna eta lanbide edo ogibiderako desgaikuntza berezia ere, urtebetetik hiru artekoa:

1.) Fabrikatu edo egitean, edo geroago, sendagaiaren kopuru, dosi edo, baimendu edo adierazitakoaren arabera, jatorrizko osaera aldatzen duenari, baldin eta eragingarritasun terapeutikoa oso-osoan edo zati batean kentzen badio, eta horren ondorioz arriskuan jartzen badu pertsonen bizitza edo osasuna.

2.) Saltzeko edota edozein modutan erabiltzeko asmoz, benetakoen itxura emanda, sendagaiak edo osasunerako onuragarriak diren gaiak imitatu edo horiek badirela itxura sortzen duenari, baldin eta horren ondorioz pertsonen bizitza edo osasuna arriskuan jartzen badu.

3.) Aldatuta daudela jakinda, eta beste pertsona batzuei saltzeko edo beste pertsona batzuen erabilerarako destinatzeko asmoz, aipatutako sendagaiak gordetzen dituenari, horien inguruan iragarpena edo publizitatea egiten duenari, edo horiek eskaini, erakutsi, saldu, eskuratu edota edozein modutan erabiltzen dituenari, baldin eta horren ondorioz pertsonen bizitza edo osasuna arriskuan jartzen badu.

2. Artikulu honetan eta aurrekoetan ezarritako desgaikuntza-zigorrak hiru urtetik sei artekoak izango dira egitateak farmazialariek edo lege-baimena duten laborategien zuzendari teknikoek gauzatzen dituztenean, baldin eta laborategiaren izenean edo beraren ordezkaritzan jarduten badute.

3. Larritasun handiko kasuetan, lehen adierazitako zigorrak baino gradu bat gehiagokoak ezarri ahal izango dituzte epaile edo auzitegiek, egilearen beraren inguruabarrak eta egitatearenak kontuan izanik.

363. artikulua

Urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna eta lanbide, ogibide, industria edo merkataritzarako desgaikuntza berezia ere, hiru urtetik sei artekoa, ekoizle, banatzaile edo merkatariei, baldin eta kontsumitzaileen osasuna arriskuan jartzen badute:

1. Merkatuan elikagaiak eskaintzen dituztenean, elikagaien iraungitasun eta osaerari buruzko lege eta erregelamenduetan ezarritako betekizunak bete barik, edo horiek aldatuta badaude.

2. Kontsumo publikorako edari edo jakiak fabrikatu edo saltzen dituztenean, osasunerako kaltegarriak badira.

3. Galdutako gaiak trafikagai har-tzen dituztenean.

4. Ekoizkinak egin edo ekoizkin horiekin merkataritzan aritzen direnean, horien erabilera baimendurik ez badago eta osasunerako kaltegarri bada.

5. Deuseztatu edo desinfektatu beharreko efektuekin merkataritzan ari-tzeko, horiek ezkutatu edo osten dituztenean.

364. artikulua

1. Norbaitek elikagaien merkataritzarako janariak, gaiak edo edariak baimendu gabeko gehigarri edo bestelako eragileekin andeatzen baditu, horiek pertsonen osasunari kalte egiteko gai izanik, orduan, horri aurreko artikuluko zigorrak ezarriko zaizkio. Erruduna elikagai-fabrikaren jabe edo ekoizpen arduraduna bada, horrez gainera, berari lanbide, ogibide, industria edo merkataritzarako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, sei urtetik hamar artekoa.

2. Zigor berbera ezarriko zaio hurrengo jokabideetatik edozein egiten duenari:

1.) Animaliei baimendu gabeko gaiak ematen dizkienari, edo dosi handiagoetan edo baimendurik ez dauden helburuetarako ematen dizkienei, baldin eta animalia horien okela edo ekoizkinak giza kontsumorako badira, eta gai horiek pertsonen osasunerako arriskua sortarazten badute.

2.) Hornidurako animaliak hiltzen dituenari edo haien ekoizkinak giza kontsumorako erabiltzen dituenari, aurreko zenbakian aipatutako gaiak eman zaizkiela jakinda.

3.) Hornidurako animaliak hiltzen dituenari, baldin eta animalia horiei sendabidea eman bazaie 1. idatz-zatian aipatutako gaien bidez.

4.) Hornidurako animalien okela edo ekoizkinak, erregelamenduetan, hala denean, ezarritako itxaronaldiak bete barik, kontsumo publikorako sal-tzen dituenari.

365. artikulua

Bi urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, infekzio-gaiekin edo osasunerako oso kaltegarriak izan daitezkeen beste gaiekin, edateko urak edo elikagaiak pozoitu edo andeatzen dituenari, baldin eta ur edo elikagai horiek erabilera publikorako edo giza taldeen kontsumorako badira.

366. artikulua

Aurreko artikuluetako kasuan, establezimendu, fabrika, laborategi edo lokala, gehienez, bost urte arteko itxi ahal izango da eta, kasurik larrienetan, betiko ixteko dekretatu ahal izango da, 129. artikuluan ezarritakoaren arabera.

367. artikulua

Aurreko artikulu guztietan ezarritako egitateak zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz gauzatzen badira, kasuan-kasuan, gradu bat gutxiagoko zigorrak ezarriko dira.

368. artikulua

Norbaitzuek droga toxiko, sorgorgarri edo gai psikotropikoak landu, egin edo trafikagai hartzen badituzte, edo beste modu batera horien legez aurkako kontsumoa sustatu, faboratu edo errazten badute, edo aurreko helburuak lortzeko eurok edukitzen badituzte, orduan, halakoei espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, hiru urtetik bederatzi artekoa, bai eta isuna ere, delituaren gai den drogaren baliotik horren hiru halako artekoa, baldin eta osasunari kalte larria egiten dioten gai edo ekoizkinak badira; eta, gainerako kasuetan, espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, urtebetetik hiru artekoa, bai eta isuna ere, drogaren baliotik horren bi halako artekoa.

369. artikulua

Hurrengo kasuetan, aurreko artikuluan, kasuan-kasuan, adierazitako zigor askatasun-gabetzaileak baino gradu bat gehiagokoak ezarriko dira eta, horiekin batera, drogaren baliotik balio horren lau halako arteko isuna:

1.) Droga toxiko, sorgorgarri edo gai psikotropikoak hemezortzi urte baino gutxiagokoei nahiz adimen-urrituei ematen zaizkienean edo irakastegietan, militarren zentro, establezimendu zein unitateetan, espetxeetan edo laguntza zentroetan sartzen edo hedatzen direnean.

2.) Egitateak arduradun edo enplegatuek gauzatzen dituztenean jendaurrean zabalik dauden establezimenduetan.

3.) Aurreko artikuluak aipatu dituen jokabideen barnean droga toxiko, sorgorgarri edo gai psikotropikoen kopurua garrantzi handikoa denean.

4.) Aipatutako gai edo ekoizkinak ematen bazaizkie mendekotasuna gainditu edo bizkortzeko sendabidean dauden pertsonei.

5.) Aipatutako gai edo ekoizkinak andeatu, manipulatu edo elkarrekin nahiz beste batzuekin nahasten direnean, osasunaren aurka gerta daitekeen kaltea handituz.

6.) Erruduna antolakunde edo elkarte baten bazkidea denean, erakunde edo elkarte hori iragankorra bada ere, eta gai edo ekoizkin horiek noizean behin hedatzeko helburua badu ere.

7.) Errudunak parte hartzen duenean bestelako delitu-jarduera antolatuetan, edo delitu egitearen bidez errazago gauzatzen diren delitu-jardueretan.

8.) Erruduna agintari, aditu, fun-tzionario publiko, lan-harremanetako langile, irakasle edo hezitzailea denean, bere lanbide, ogibide edo karguaz abusatuz jarduten badu.

9.) Delitu hauek egiteko, hamasei urte baino gutxiago dutenak erabiltzen direnean.

370. artikulua

Aurreko artikuluan adierazitako zigor askatasun-gabetzaileak baino gradu bat gehiagokoak ezarriko dituzte epaile edo auzitegiek, bai eta isuna ere, drogaren baliotik balio horren sei halako artekoa, baldin eta aurreko artikulu horretan azaldutako jokabideak guztiz larriak badira, edo artikulu horretako 6. zenbakian aipatutako antolakunde edo elkarteetako buru, administratzaile edo arduradunak badira. Horrezaz gain, azken kasu horretan, eta aipatutako artikuluaren 2. zenbakian ezarritako kasua gertatzen denean ere, agintaritza judizialak hurrengo neurrietatik bat dekreta dezake:

a) Antolakunde edo elkartea desegitea edo beraren lokalak zein jendaurrean zabalik dituen establezimenduak betiko ixtea.

b) Antolakunde edo elkartearen jarduerak etetea edo jendaurrean zabalik dauden establezimenduak, gehienez, bost urte arteko ixtea.

c) Antolakunde edo elkarte horiei, gehienez bost urte arteko, jarduera, merkataritzako eragiketa edo negozioak egiten debekatzea, baldin eta jarduerak, merkataritzako eragiketak edo negozioak gauzatzean delitua erraztu edo estali bada.

371. artikulua

1. Norbaitek Nazio Batuen Vienako 1988ko abenduaren 20ko Itunean, sorgorgarri eta gai psikotropikoen legez aurkako trafikoari buruzkoan, I eta II. tauletan sartuta dauden ekipo, material edo gaiak, eta itun berari erantsitako ekoizkinetatik beste edozein edo Espainiak etorkizunean berresten dituen izaera bereko beste hitzarmenetan sartzen direnak fabrikatu, garraiatu, banatu, eurekin merkataritzan aritu edo bere eskuetan baditu, droga toxiko, sorgorgarri edo gai psikotropikoak legearen aurka landu, ekoitzi edo fabrikatzeko edo helburu horietarako erabiliko direla jakinda, orduan, pertsona horri hiru urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta gai edo efektuen baliotik horren hiru halako arteko isuna.

2. Zigor askatasun-gabetzaileak goiko erdian ezarriko dira, aurreko paragrafoan azaldutako egitateak zeintzuk izan, eta egitate horiek gauzatzen dituzten pertsonak paragrafo horretako helburuak dituen antolakunde baten bazkideak badira; gradu bat gehiagoko zigorra ezarriko zaie antolakunde edo elkarte horien buru, administratzaile edo arduradunei.

Kasu horietan, epaile edo auzitegiek lanbide edo industrian aritzeko desgaikuntza berezia, hiru urtetik sei artekoa, ezarriko diote errudunari, bai eta 370. artikuluaren gainerako neurriak ere, berari dagozkion zigorrez gain.

372. artikulua

Enpresaburu, finantza arloko bitarteko, aditu, funtzionario publiko, lan-harremanetako langile, irakasle edo hezitzaileak gauzatzen baditu kapitulu honetan ezarritako egitateak, bere kargu, lanbide edo ogibidean aritzean, dagokion zigorraz gain, enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibide, industria zein merkataritzarako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, hiru urtetik hamar artekoa. Hamar urtetik hogei arteko desgaikuntza erabatekoa ezarriko da, agintaritzak edo beraren agenteak karguan aritzean gauzatzen baditu egitate horiek.

Ondore horretarako, medikuak, psikologoak, osasun-tituluak dituzten pertsonak, albaitariak, farmazialariak eta euren mendekoak adituak direla ulertzen da.

373. artikulua

368. artikulutik 372.erakoetan ezarritako delituak egiteko zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortuko dira, aurreko manuetan ezarritako egitateei dagokien zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin.

374. artikulua

1. Delituaren erantzule ez den hirugarren onustedun batenak ez badira, konfiskatu egingo dira droga toxiko, sorgorgarri edo gai psikotropikoak, 371. artikuluan aipatzen diren ekipo, material eta gaiak, bai eta ibilgailu, ontzi eta aireontziak, eta edozein izaeratako ondasun eta efektuak ere, baldin eta aurreko artikuluetan ezarritako delituetatik edozein egiteko tresna gisa erabiltzen badira, edo delitu horien ondoriozkoak badira, eta ondasun eta efektu horien bidez lortutako irabaziak, edozein aldakuntza jasan badute ere.

2. Agintaritza judizialak, lehenengo eginbideak egiten diren uneaz gero, aurreko paragrafoan aipatzen diren ondasun, efektu eta tresnak atzeman eta gorde ahal izango ditu konfiskazioaren eragingarritasuna bermatzeko. Era berean, agintaritza horrek erabaki dezake, iraunarazteko beharrezkoak diren bermeak harturik eta prozedura bururatu bitartean, merkataritza zilegiko ondasun, efektu eta tresna horiek polizia judizialak behin-behinean erabili ahal izatea, baldin eta polizia hori drogaren legez aurkako trafikoa zapaltzeaz arduratzen bada.

3. Estatuari adjudikatuko zaizkio epai bidez, behin betiko, konfiskatutako ondasun, efektu eta tresnak.

375. artikulua

Atzerriko epaile edo auzitegien kondenek berrerortze-ondoreak sortaraziko dituzte, baldin eta delituen izaera eta kapitulu honetako 368. artikulutik 372.erakoetan ezarritako delituen izaera berbera bada, salbu eta Espainiako zuzenbidearen arabera zigor-aurrekaria ezereztu izan denean edo ezereztu daitekeenean.

376. artikulua

368. artikulutik 372.erakoetan ezarritako delituak zigortzeko, epaile edo auzitegiek, epaian horretarako arrazoiak emanez, delitu bakoitzari legeak adierazitako zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoa ezarri ahal izango dute, betiere subjektuak, bere borondatez, bertan behera uzten dituenean delitu-jarduerak, eta agintaritzaren aurrean bere burua aurkezten duenean egitateak eta egitate horietan parte hartu duela aitortuz, eta agintaritzarekin egitez elkarlanean aritzen denean, baldin eta horren helburua bada delitua gerta dadin eragoztea, edo beste erantzule batzuk identifikatu edo harrapatzeko froga erabakigarriak lortzea, edota bera kide edo laguntzaile izan duten antolakunde edo elkarteen jarduna edo garapena eragoztea.

377. artikulua

368. artikulutik 372.erakoak aplikatzearen ondorioz ezartzen diren isunen zenbatekoa zehazteko, delituaren gai den drogaren baliotzat edo agintaritzak hartutako genero nahiz efektuen baliotzat hartuko da ekoizkinaren azken prezioa edo, kasuan-kasuan, errudunak lortu duen edo lortuko zukeen sari edo irabazia.

378. artikulua

Zigortuak ordainketak egiten baditu 368. artikulutik 372.erakoetan aipatzen diren delituetatik baten edo batzuen ondorioz, orduan, ordainketok hurrengo hurrenkeraren arabera egotziko dira:

1.) Eragindako kaltea konpondu eta galeren ordaina emateko.

2.) Estatuari dagokion kalte-ordaina emateko, auzian beraren kontura egin diren gastuen zenbatekoan.

3.) Isunerako.

4.) Akusatzaile partikular edo pribatuaren kostuetarako, epaian kostu horien ordainketa ezartzen bada.

5.) Prozesuko gainerako kostuetarako, bai eta prozesupekoaren defentsakoetarako ere, interesdunen artean lehenespenik egon barik.

IV. KAPITULUA

Trafiko-segurtasunaren aurkako delituak

379. artikulua

Norbaitek ibilgailu motorduna edo motor-bizikleta droga toxiko, sorgorgarri, gai psikotropiko edo edari alkoholdunen eraginpean gidatzen badu, orduan, horri zortzi asteburutik hamabi arteko atzipenaldi-zigorra edo hiru hilabetetik zortzi arteko isuna ezarriko zaio eta, edozein kasutan, hurrenez hurren, ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz gabetua izango da, urtebetekoa baino denbora luzeagotik lau urte arteko aldian.

380. artikulua

Gidariak ukatzen badu legez ezarritako probak egitea, betiere aurreko artikuluan azaldutako egitateak egiaztatzeko helburua dutenean eta agintaritzaren agenteak horiek egiteko eskatzen dionean, orduan, horri kode honen 556. artikuluaren arabera dagokion zigorra ezarriko zaio, desobeditze larriaren delituaren egile gisa.

381. artikulua

Norbaitek ibilgailu motorduna edo motor-bizikleta ausarkeria nabariaz gidatu eta pertsonen bizitza edo osotasuna arrisku zehatzean jartzen badu, orduan, horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, eta ibilgailu motordunak edo motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz gabetua izango da, urtebetekoa baino denbora luzeagotik sei urte arteko aldian.

382. artikulua

Sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra edo hiru hilabetetik zortzi arteko isuna ezarriko zaio zirkulaziorako arrisku larria sortarazten duenari, bide hauetako bat erabiltzen badu:

1.) Bidean ustekabeko oztopoak jarriz edo gai labaingarri zein sukoiak isuriz, seinalizazioa aldatuz nahiz seinalizazioari kalte eginez, edo beste edozein bide erabiliz, trafiko-segurtasunari nahasmendua eragiten badio.

2.) Bidearen segurtasuna berrezartzeko betebeharra egonik, hori betetzen ez badu.

383. artikulua

379, 381 eta 382. artikuluetako egintzengatik aurretik ohartemandako arriskuaz gain emaitza kaltegarria eragiten denean, emaitzaren larritasuna edozein izanda ere, epaile edo auzitegiek zigor astunena jasotzen duen arau-haustea bakarrik hartuko dute aintzakotzat. Edozein kasutan, sortutako erantzukizun zibilaren ordaina ematera kondenatuko dute erruduna.

Artikulu horietako zigorrak ezartzeko, epaile eta auzitegiek euren sen onaren arabera jokatuko dute, 66. artikuluan ezarritako erregelei lotu barik.

384. artikulua

Urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere, eta ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz gabetua izango da, sei urte baino denbora luzeagotik hamar arteko aldian, gainerakoen bizitza kontzientziaz mespretxatzen duela, 381. artikuluan azaldutako jokabidea egiten duenari.

Pertsonen bizitza edo osotasuna arrisku zehatzean jartzen ez denean, espetxealdi-zigorra urtebetetik bi artekoa izango da, eta gainerako zigorrak mantendu egingo dira.

385. artikulua

Kode honen 127. artikuluaren ondoreetarako, aurreko artikuluan ezarritako egitateetan erabili den ibilgailu motordun edo motor-bizikleta delituaren tresnatzat hartuko da.

XVIII. TITULUA

FALTSUTZEAK

I. KAPITULUA

Dirua eta efektu tinbredunak faltsifikatzea

386. artikulua

Zortzi urtetik hamabi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta diruaren ageriko baliotik horren hamar halako arteko isuna:

1.) Diru faltsua egiten duenari.

2.) Diru faltsua Espainian sartzen duenari.

3.) Faltsifikatzaileekin edo dirua Espainian sartzen dutenekin ados jarririk, diru faltsua saltzen edo banatzen duenari.

Diru faltsua edukitzea, saltzeko edo banatzeko, gradu bat edo bitan txikiagoa den zigorrarekin zigortuko da, kontuan hartuz diru faltsuaren balioa eta aurreko zenbakietan aipatutako egileekin dagoen ados-jartze maila. Zigor berbera ezarriko zaio, dirua faltsua dela jakinda, hori eskuratzen duenari, beraren helburua bada dirua zirkulazioan jartzea.

Norbaitek, diru faltsua onustez jaso eta faltsua dela jakin ondoren, diru hori saldu edo banatzen badu, bederatzi asteburutik hamabost arteko atzipenaldi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere, diruaren ageriko balioa berrogeita hamar mila pezeta baino handiagoa bada.

387. artikulua

Aurreko artikuluaren ondoreetarako, dirutzat hartzen dira legezko txanpon eta diru-papera. Ondore berberei dagokienez, dirutzat hartzen dira kreditu-txartelak, zordunketa-txartelak eta bidaia-txekeak. Era berean, nazio-dirua, Europar Batasunekoa eta atzerrikoak parekatuko dira.

388. artikulua

Berrerortze-ondoreetarako, atzerriko auzitegi batek ezarritako kondena eta Espainiako epaile edo auzitegiek emandako epaia baliobestekoak dira, baldin eta delituaren izaera eta kapitulu honetan dauden delituen izaera berdinak badira. Ez dago baliobestekotasunik, zigor-aurrekaria ezereztu bada, edo ezereztu badaiteke Espainiako zuzenbidearen arabera.

389. artikulua

Norbaitek, faltsifikatzailearekin ados jarririk, posta-zigilu nahiz efektu tinbredunak faltsifikatu edo saldu, edota, faltsuak direla jakinda, Espainian sartzen baditu, orduan, horri sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

Norbaitek posta-zigilu edo efektu tinbredunak onustez erosten baditu, eta, faltsuak direla jakinda, berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagoko zenbatekoa banatzen badu, orduan, horri atzipenaldi-zigorra ezarriko zaio, zortzi asteburutik hamabi artekoa; eta, zenbateko berberarekin, horiek erabili besterik ez badu egiten, hiru hilabetetik hamabi arteko isun-zigorra ezarriko zaio.

II. KAPITULUA

Agiri-faltsutzeak

I. Atala

Agiri publikoak, ofizialak, merkataritza-agiriak eta telekomunikazio-zerbitzuen bidez bidalitako idatz-agiriak faltsifikatzea

390. artikulua

1. Espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, hiru urtetik sei artekoa, agintari edo funtzionario publikoari, bai eta isuna, sei hilabetetik hogeita lau artekoa, eta desgaikuntza berezia ere, bi urtetik sei arteko denboran, bere eginkizunak betetzean faltsutzea egiten badu:

1.) Agiri baten oinarrizko osagai edo betekizunen bat aldatuz.

2.) Agiri baten itxura oso-osoan edo zati batean sortuz, baldin eta itxura sortze horrek agiriaren kautotasunari buruzko okerra eragiten badu.

3.) Egintza batean pertsona batzuek esku hartu ez arren, horiek esku hartu dutela aditzera emanez; edota egintza horretan esku hartu duten pertsonei eurek egin ez dituzten adierazpenak edo agerpenak eratxikiz.

4.) Egitateak kontatzean egia esan gabe.

2. Aurreko idatz-zatian adierazitako zigorrak ezarriko zaizkio edozein erlijiotako arduradunari, aurreko zenbakietan azaltzen diren jokabideetatik bat egiten badu, jokabide horiek pertsonen egoeran edo ordena zibilean ondoreak sor ditzaketen egintza edo agiriei buruzkoak izanda.

391. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz, aurreko artikuluan ezarritako faltsutze bat egiten badu, edo bide ematen badio beste bati faltsutze horiek egiteko, orduan, horri sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio, eta enplegu edo kargualdi publikoa sei hilabetetik urtebete arte etengo zaio.

392. artikulua

Norbanakoak egiten badu 390. artikuluko 1. idatz-zatiaren lehenengo hiru zenbakietan azaltzen diren faltsutzeetatik bat, agiri publikoan, agiri ofizialean nahiz merkataritza-agirian, orduan, hari sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna.

393. artikulua

Norbaitek epaiketan aurkezten badu edo, beste bati kalte egiteko, erabili egiten badu aurreko artikuluetara bildutako agiri faltsuetatik bat, agiri hori faltsua dela jakinda, orduan, pertsona horri faltsifikatzaileei dagokien zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko zaio.

394. artikulua

1. Agintari edo funtzionario publikoak, telekomunikazio-zerbitzuetako arduraduna izanik, idatz-agiri telegrafiko bat edo zerbitzu horietako beste edozein agiri asmatu edo faltsifikatzen badu, orduan, horri sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta bi urtetik sei arteko desgaikuntza berezia.

2. Norbaitek, beste bati kalte egiteko, idatz-agiri faltsua erabiltzen badu, faltsua dela jakinda, orduan, horri faltsifikatzaileei dagokien zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko zaio.

II. Atala

Agiri pribatuak faltsifikatzea

395. artikulua

Norbaitek, beste bati kalte egiteko, agiri pribatuan 390. artikuluko 1. paragrafoaren lehenengo hiru zenbakietan ezartzen diren faltsutzeetatik bat egiten badu, orduan, horri espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, sei hilabetetik bi urte artekoa.

396. artikulua

Norbaitek epaiketan aurkezten badu edo, beste bati kalte egiteko, erabili egiten badu aurreko artikulura bildutako agiri faltsuetatik bat, agiri hori faltsua dela jakinda, orduan, horri faltsifikatzaileei dagokien zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko zaio.

III. Atala

Ziurtagiriak faltsifikatzea

397. artikulua

Adituak ziurtagiri faltsua ematen badu, aditu horri isuna ezarriko zaio, hiru hilabetetik hamabi artekoa.

398. artikulua

Ziurtagiri faltsua agintari edo fun-tzionario publikoak ematen badu, horri enplegu edo kargualdi publikoa sei hilabetetik bi urte arte etengo zaio.

399. artikulua

1. Norbanakoak faltsifikatzen badu aurreko artikuluetan adierazitako ziurtagirietatik bat, isuna ezarriko zaio, hiru hilabetetik sei artekoa.

2. Zigor berbera ezarriko zaio, jakinaren gainean egonik, ziurtagiri faltsua erabiltzen duenari.

III. KAPITULUA

Xedapen orokorra

400. artikulua

Lanabesak, materialak, tresnak, gaiak, makinak, ordenagailuen programak edo aparatuak fabrikatu edo edukitzea zigortu egingo da, egileei kasuan-kasuan dagokien zigorrarekin, baldin eta horiek guztiak zehazki erabiltzekoak badira aurreko kapituluetan azaldutako delituak egiteko.

IV. KAPITULUA

Egoera zibilaren usurpazioa

401. artikulua

Norbaitek beste baten egoera zibila usurpatzen badu, sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

V. KAPITULUA

Eginkizun publikoen usurpazioa eta intrusismoa

402. artikulua

Norbaitek bidezko ez den eran gauzatzen baditu agintari edo funtzionario publikoei dagozkien egintzak, eta hori egitean izaera ofiziala berarentzat hartzen badu, orduan, horri urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

403. artikulua

Norbaitek lanbide bati dagozkion egintzak gauzatzen baditu, Espainian indarrean dagoen legeriaren arabera eman edo aintzatetsitako titulu akademikorik gabe, orduan, horri sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio. Lanbide-jardueran aritzeko titulu ofiziala beharrezkoa bada, titulu horrek behar besteko gaikuntza egiaztatzen eta, lanbidean aritzeko, legearen arabera gaitzen duelako, orduan, titulu ofizialik izan ezean hiru hilabetetik bost arteko isun-zigorra ezarriko da.

Horrezaz gain, titulu horrek babesten duen profesionaltasuna berarentzat hartzen badu jendaurrean, orduan errudun horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

XIX. TITULUA

HERRI ADMINISTRAZIOAREN AURKAKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Funtzionario publikoen prebarikazioa eta zuzenak ez diren beste portaera batzuk

404. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, zuzen jarduten ez duela jakinda, administrazioko gai batean nahierarako ebazpena ematen badu, orduan, horri enplegu edo kargu publikoan aritzeko desgaikuntza berezia ezarriko zaio, zazpi urtetik hamar artekoa.

405. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, bere eskumena erabiltzean, legearen aurka jarduten duela jakinda, eta legeak ezarritako betekizunak izan barik, kargu publiko zehatz batean aritzeko edozein pertsona proposatu, izendatu edo karguaz jabetzen badu, orduan, agintari edo funtzionario publiko horri hiru hilabetetik zortzi arteko isuna ezarriko zaio, eta enplegu edo kargualdi publikoa sei hilabetetik bi urte arte etengo zaio.

406. artikulua

Isun-zigor berbera ezarriko zaio aurreko artikuluan aipatutako proposamena, izendapena edo karguaz jabe-tzea onartzen duenari, baldin eta berak jakin badaki proposamen, izendapen edo karguaz jabetze horrek ez dituela legez behar diren betekizunak.

II. KAPITULUA

Destinoa uztea eta delituak pertsegitzeko eginbeharraren ez-betetzea

407. artikulua

1. XXI, XXII, XXIII eta XXIV. tituluen barnean dauden delituetatik edozein ez eragozteko edo ez pertsegitzeko helburuarekin, agintari edo funtzionario publikoak bere destinoa uzten badu, agintari edo funtzionario publiko horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publikorako erabateko desgaikuntza, sei urtetik hamar artekoa. Beste edozein delitu ez eragozteko edo ez pertsegitzeko destinoa utziz gero, orduan, pertsona horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, urtebetetik hiru artekoa.

2. Zigor berberak ezarriko dira, hurrenez hurren, destinoa uztearen asmoa denean agintaritza judizial eskudunak delitu hauei ezarritako zigorrak ez betearaztea.

408. artikulua

Agintari edo funtzionarioak, bere karguaren ondorioz duen betebeharra hautsiz, nahita uzten badio berak dakizkien delituak edo delitu horien ondorioz erantzule direnak pertsegitzeari, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, sei hilabetetik bi urte artekoa.

409. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoek, era kolektiboan eta legearen aurka modu nabarian ari direla, herri-zerbitzu bat uztea sustatu, zuzendu edo antolatzen badute, agintari edo funtzionario publiko horiei zortzi hilabetetik hamabi arteko isun-zigorra ezarriko zaie, eta enplegu zein kargualdi publikoa sei hilabetetik bi urte arte etengo zaie.

Agintari edo funtzionario publikoek parte-hartze hutsa badute oinarrizko herri-zerbitzu bat uztean, horrekin zerbitzu horri edo gizarteari berari kalte larria egiten badiote, eta uztea kolektiboa edo modu nabarian legearen aurkakoa bada, orduan, halakoei zortzi hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaie.

III. KAPITULUA

Desobeditzea eta laguntzarik ez ematea

410. artikulua

1. Agintari edo funtzionario publikoek argi eta garbi uko egiten badiote ebazpen judizialak, goragoko agintaritzaren erabakiak edo aginduak behar bezala betetzeari, betiere beren eskumenaren eremuan eta legeak ezartzen dituen formalitateekin eman direnean, orduan, halakoei hiru hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaie eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, sei hilabetetik bi urte artekoa.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, agintari edo funtzionario publikoek ez dute erantzukizun kriminalik izango manamendu bat ez betetzeagatik, betiere manamendu horrek modu nabari, argi eta garbian, legearen edo beste edozein xedapen orokorren manu bat hausten duenean.

411. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak bere nagusiek emandako aginduen betearazpena eteten badu, aurreko artikuluaren bigarren paragrafoan azaltzen ez diren zioetatik edozeinen ondorioz, eta horren ostean, beraren nagusiek etendura hori gaitzetsi eta gero, agindu horiek desobeditzen baditu, orduan, horri hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, urtebetetik hiru artekoa.

412. artikulua

1. Agintari eskudunak eskatu arren, funtzionario publikoak beharrezkoa den laguntza ematen ez badio Justizia Administrazioari edo beste zerbitzu publiko bati, orduan, funtzionario horri hiru hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio, eta enplegu edo kargualdi publikoa sei hilabetetik bi urte arte etengo zaio.

2. Eskaera jasotzen duena agintaritza, indar publiko baten burua edo arduraduna, edo agintaritzaren agentea bada, hamabi hilabetetik hemezortzi arteko isuna ezarriko zaio, eta enplegu edo kargualdi publikoa bi urtetik hiru arte etengo zaio.

3. Agintari edo funtzionario publikoak, norbanako batek pertsonen bizitzaren aurkako delitu bat galarazteko laguntza eskatzen dionean, laguntzarik ematen ez badio, betiere bere karguaren zioz laguntza hori emateko betebeharra duenean, orduan, horri hemezortzi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, hiru urtetik sei artekoa.

Pertsonen osotasunaren, sexu-askatasunaren, osasunaren edo askatasunaren aurkako delitua bada, hamabi hilabetetik hemezortzi arteko isuna ezarri, eta enplegu edo kargualdi publikoa urtebetetik hiru arte etengo zaio.

Laguntza eskatzen denean beste edozein delitu edo kalte galarazteko, hiru hilabetetik hamabi arteko isuna ezarri, eta enplegu edo kargualdi publikoa sei hilabetetik bi urte arte etengo zaio.

IV. KAPITULUA

Desleialtasuna agirien zaintzan, eta sekretuak urratzea

413. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, jakinaren gainean egonik, bere karguaren zioz zaintzapean dituen agiriak, oso-osoan edo zati batean, ostu, suntsitu, deuseztatu edo ezkutatzen baditu, orduan, horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta zazpi hilabetetik hogeita lau arteko isuna, eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, hiru urtetik sei artekoa.

414. artikulua

1. Agintari edo funtzionario publikoak, bere kargua dela eta, agiri batzuk zaindu behar baditu, agintari eskudunak agiri horiek eskuratzea murriztu badu, eta harako agintari edo funtzionario publikoak, jakinaren gainean egonik, agiriok eskuratzea eragozteko jarri diren bideak suntsitu edo deuseztatzen baditu, edo suntsitzea zein deuseztatzea onartzen badu, orduan, agintari edo funtzionario publiko horri sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio eta, edozein kasutan, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, urtebetetik hiru artekoa.

2. Norbanakoak suntsitu edo deuseztatzen baditu aurreko paragrafoan aipatzen diren bideak, sei hilabetetik hemezortzi arteko isuna ezarriko zaio.

415. artikulua

Aurreko artikuluak barne hartzen ez duen agintari edo funtzionario publikoak, jakinaren gainean egonik eta behar besteko baimenik gabe, bere karguaren zioz zaintzapean dituen agiri sekretuak eskuratzen baditu edo horiek eskuratzea ahalbideratzen badu, orduan, horri sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, urtebetetik hiru artekoa.

416. artikulua

Lantzean behin agiriak bideratu edo zaintzen dituzten norbanakoei, aurreko hiru artikuluetan ezarritako espetxealdi-zigor edo isunak baino gradu bat gutxiagokoak ezarriko zaizkie, artikulu horietan azaldutako jokabideak egiten badituzte, Gobernuak edota karguaren zioz agiriok euren esku dituzten agintari edo funtzionario publikoek eskatuta dihardutenean.

417. artikulua

1. Agintari edo funtzionario publikoak agertarazten baditu bere ogibide edo karguaren zioz jakin bai baina zabaldu behar ez diren sekretu edo informazioak, orduan, horri hamabi hilabetetik hemezortzi arteko isuna ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, urtebetetik hiru artekoa.

Aurreko lerrokadan aipatzen den agertarazpenak Herri Administrazioari edo beste bati kalte larria badakarkio, urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, hiru urtetik bost artekoa.

2. Agertarazitako sekretuak norbanako batenak badira, bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, bai eta hamabi hilabetetik hemezortzi arteko isuna ere, eta enplegu edo kargualdi publikoa urtebetetik hiru arte etengo zaio.

418. artikulua

Norbanakoak erabiltzen badu funtzionario publiko edo agintari baten bidez lortutako sekretu edo informazio pribilejiatua, bai bere onurarako bai beste inoren onurarako, orduan, norbanako horri isuna ezarriko zaio, berak lortutako edo emandako onuratik horren hiru halako artekoa. Herri Administrazioarentzat edo beste inorentzat kalte larria gertatzen bada, urtebetetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

V. KAPITULUA

Funtzionario-eroskeria

419. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, bere onurarako edo beste inoren onurarako, bere kabuz edo beste pertsona baten bidez, emaria edo esku-erakutsia eskatu edo jasotzen badu edota eskaintza edo hitzematea onartzen badu, bere karguan aritzean delitua den egite edo ez-egitea gauzatzeko, orduan, horri bi urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta emariaren baliotik horren hiru halako arteko isuna, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, zazpi urtetik hamabi artekoa; horrek ez dio kalterik egingo emari edo hitzematearen ondorioz egindako delituaren zigorrari.

420. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, bere onurarako edo beste inoren onurarako, bere kabuz edo beste pertsona baten bidez, emaria edo hitzematea eskatu edo jasotzen badu, bere karguan aritzearekin zerikusia izanik delitua ez den eta zuzena ez den egintza gauzatzeko, eta egintza hori gauzatzen badu, orduan, horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, sei urtetik bederatzi artekoa, eta egintza gauzatzen ez badu, orduan, urtebetetik bi arteko espetxealdi-zigorra eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, hiru urtetik sei artekoa. Horrezaz gain, aurreko bi kasu horietan, isuna ezarriko zaio, emariaren baliotik horren hiru halako artekoa.

421. artikulua

Eskatu, jaso edo hitzemandako emariaren xedea denean agintari edo funtzionario publikoak bere karguan aritzean gauzatu behar duen egintza ez gauzatzea, zigorra izango da emariaren baliotik horren bi halako arteko isuna eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, urtebetetik hiru artekoa.

422. artikulua

Aurreko artikuluetan xedatutakoa epaimahaikoei, tartekariei, adituei edo funtzio publikoa betetzen duten pertsonetatik beste edozeini ere aplikatuko zaio.

423. artikulua

1. Norbaitzuek agintari edo funtzionario publikoak usteltzen badituzte edo usteltzen saiatzen badira, emari, esku-erakutsi, eskaintza edo hitzemateekin, orduan, halakoei agintari edo funtzionario horiei dagozkien espetxealdi-zigor eta isun-zigor berberak ezarriko zaizkie.

2. Norbaitzuek agintari edo funtzionario publikoen eskabideak onartzen badituzte, orduan, halakoei aurreko paragrafoan ezarritako zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko zaie.

424. artikulua

Erruztatuaren mesedetan auzi kriminalean eroskeria denean, eta eroskeria egin duena erruztatuaren ezkontidea edo antzeko maitasun-harremanen bidez erruztatuarekin era iraunkorrean lotuta dagoen pertsona bada, edota erruztatuaren odol nahiz adopzio bidezko aurrekoa, ondorengoa edo neba-arreba bada, edota gradu berberetan erruztatuaren ezkonsenidea bada, orduan, eroskeria egin duen horri hiru hilabetetik sei arteko isuna ezarriko zaio.

425. artikulua

1. Agintari edo funtzionario publikoak emari zein esku-erakutsia eska-tzen badu, edota eskaintza zein hitzematea onartzen badu bere karguari dagokion egintza gauzatzeko edo egintza gauzatuaren sari gisa, orduan, horri isuna ezarriko zaio, emariaren baliotik horren hiru halako artekoa, eta enplegu edo kargualdi publikoa sei hilabetetik hiru urte arte etengo zaio.

2. Horrezaz gain, egintza gauzatuarengatik saria jasotzen duen kasuan, egintza hori delitua bada, urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da eta sei hilabetetik hamar arteko isuna, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, hamar urtetik hamabost artekoa.

426. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak emari edo oparia onartzen badu, eta emari edo opari hori eskaintzen bazaio beraren funtzioa kontuan izanik edo legeak debekatzen ez duen egintza gauzatzeko, orduan, horri hiru hilabetetik sei arteko isuna ezarriko zaio.

427. artikulua

Funtzionario-eroskeriaren delituari dagokion zigorretik salbuetsita geratuko da norbanakoa, baldin eta agintari edo funtzionario publikoak eskatutako emari edo esku-erakutsia, behin ematea onartu ondoren, ikertzeko betebeharra duen agintariari egitatea salatzen badio horren inguruko prozedura hasi aurretik, betiere salaketa aurkezten duenean, egitateak gertatu diren datatik hamar egunera baino gutxiagoko epean.

VI. KAPITULUA

Eragimen-trafikoa

428. artikulua

Funtzionario publiko edo agintariak, zuzenean edo zeharka, berarentzat edo beste inorentzat onura ekonomikoa ekar dezakeen ebazpena lortzeko, beste funtzionario publiko edo agintari bati eragiten badio, bere karguari dagozkion ahalmenen egikaritzaz baliatuz, edota funtzionario publiko edo agintari horrekin edo beste batekin dituen harreman pertsonal edo hierarkikoek eratortzen dituzten egoeretatik beste edozeinez baliatuz, orduan, horri sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta bilatutako edo lortutako onuratik horren bi halako arteko isuna, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, hiru urtetik sei artekoa. Bilatutako onura lortzen badu, zigorrak goiko erdian ezarriko dira.

429. artikulua

Norbanakoak, zuzenean edo zeharka, berarentzat edo beste inorentzat onura ekonomikoa ekar dezakeen ebazpena lortzeko, funtzionario publiko edo agintari bati eragiten badio, funtzionario publiko edo agintari horrekin edo beste batekin dituen harreman pertsonalek eratortzen dituzten egoeretatik beste edozeinez baliatuz, orduan, norbanako horri sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta bilatu edo lortutako onuratik horren bi halako arteko isuna ere. Bilatutako onura lortzen badu, zigorrak goiko erdian ezarriko dira.

430. artikulua

Norbaitzuek, aurreko artikuluetan azaldutako jokabideak egiteko euren burua eskainiz, jokabideok egiteko emariak, esku-erakutsiak edo beste edozein ordainketa eskatzen badiete beste batzuei, edo eskaintza zein hitzematea onartzen badute, orduan, haiei sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaie.

Artikulu honek aipatzen dituen kasuetatik edozeinetan, agintaritza judizialak sozietate, enpresa, antolakunde edo idazgelako jarduerak eten ahal izango ditu, bai eta jendaurrean zabalik dituen bulegoak itxi ere, sei hilabetetik hiru urte arte.

431. artikulua

Kapitulu honetan eta aurrekoan ezarritako kasu guztietan, emariak, esku-erakutsiak edo opariak konfiskatu egingo dira.

VII. KAPITULUA

Bidegabeko eralgitzea

432. artikulua

1. Agintari edo funtzionario publikoak, irabaziak lortzeko asmoz, bere funtzioen zioz dituen ondasun edo efektu publikoak osten baditu edo asmo bera duen beste batek ondasun horiek ostea onartzen badu, orduan, horri hiru urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta sei urtetik hamar arteko desgaikuntza erabatekoa.

2. Lau urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, bai eta erabateko desgaikuntza ere, hamar urtetik hogei artekoa, baldin eta, ostutako zenbatekoen balioa eta zerbitzu publikoari eragindako kalte edo oztopoak kontuan izanik, bidegabeko eralgitzea larritasun berezikoa bada. Zigor berberak ezarriko dira, bidegabe eralgitako gauzek historia edo erti balioa dutela adierazita badago, edo bidegabe eralgitako efektuen helburua herri-lazeria arintzea bada.

3. Ostea bostehun mila pezeta baino gutxiagokoa denean, bi hilabetetik lau arteko isun-zigorra ezarriko da, bai eta sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ere, eta enplegu edo kargualdi publikoa sei hilabetetik urtebete arte eten egingo da.

433. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, bere eginkizunak direla eta, bere ardurapean jarritako ondasun edo efektuak destinatzen baditu funtzio publikoaz besteko erabileretarako, orduan, horri sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio, eta enplegu edo kargualdi publikoa sei hilabetetik hiru urte etengo zaio.

Errudunak beste erabileretarako bideratutako zenbatekoa itzultzen ez badu prozesua hasi eta hurrengo hamar egunetan, aurreko artikuluko zigorrak ezarriko zaizkio.

434. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, berarentzat edo inorentzat irabaziak lortzeko asmoz eta Herri Administrazioari kalte larria eginez, estatuaren, autonomia erkidegoaren zein tokiko edozein administrazio edota erakunderen ondasun higigarri edo higiezinak, edota horien guztien menpeko erakundeenak, era pribatuan erabiltzen baditu, orduan, horri urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, hiru urtetik sei artekoa.

435. artikulua

Kapitulu honetako xedapenak hurrengo hauei ere zabalduko zaizkie:

1.) Edozein arrazoiren ondorioz herri--administrazioen funts, errenta edo efektuez arduratzen direnei.

2.) Ondasunen edo efektu publikoen gordailuzain gisa legeak izendatutako norbanakoei.

3.) Agintaritza publikoak enbargatu, bahitu edo gordailuan utzitako diru edo ondasunen administratzaile nahiz gordailuzainei, diru edo ondasun horiek norbanakoenak badira ere.

VIII. KAPITULUA

Iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak

436. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, bere karguaren zioz edozein kontratazio publikotako egintzetan edo efektu nahiz hartzeko publikoen likidazioetan esku hartzen badu, eta, edozein erakunde publikori iruzur egiteko, interesdunekin ados jartzen bada, edo beste edozein trikimailu erabiltzen badu, orduan, horri urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, sei urtetik hamar artekoa.

437. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, zuzenean edo zeharka, ordaindu behar ez diren eskubideak, arantzelen tarifak edo minutak galdatzen baditu, edo aurreko horien inguruan legeak ezarritako zenbatekoa baino gehiago galdatzen badu, orduan, horri, egin behar dituen itzulketei kalterik egin gabe, sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio, eta enplegu edo kargualdi publikoa sei hilabetetik lau urte arte etengo zaio.

438. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, bere karguaz abusatuz, maula edo bidegabeko jabetze delitua egiten badu, orduan, horri delitu horiei ezarritako zigorrak goiko erdian ezarriko zaizkio eta, horiekin batera, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, bi urtetik sei artekoa.

IX. KAPITULUA

Funtzionario publikoek debekatuta dituzten negoziazioak eta jarduerak, eta funtzionarioek euren funtzioan aritzean egindako abusuak

439. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak bere karguaren zioz edozein motatako kontratu, gai, eragiketa edo jardueraren inguruan txostena eman behar badu, eta inguruabar horretaz aprobetxatzen bada negozio edo jardun horretan, bere parte-hartzea, nahiz zuzenekoa nahiz beste pertsona baten bidezkoa, edozein modutan behartu edo errazteko, orduan, horri hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, urtebetetik lau artekoa.

440. artikulua

Aditu, tartekari eta kontulari-banatzaileek aurreko artikuluan ezarritako jokabidea badute, tasatu, banatu edo adjudikatzen dituzten ondasun edo gauzen inguruan, eta tutore, kuradore edo albazeek euren tutoretzapekoen edo euren testamentu bidezko ondasun eta gauzen inguruan, orduan, halakoei hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaie eta, kasuan-kasuan, enplegu edo kargu publiko, lanbide edo ogibide, zaintza, tutoretza edo kuradoretzarako desgaikuntza berezia, hiru urtetik sei artekoa.

441. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, lege edo erregelamenduek onartzen dituzten kasuetatik kanpo, bere kabuz edo beste pertsona baten bidez, lanbide-jarduera edo etengabeko zein lantzean behingo aholkularitza-jarduera egiten badu, erakunde pribatu edo norbanakoen erakundeen zerbitzupean, betiere jardueron gaien inguruan bere karguaren zioz esku hartu behar izan duenean edo hartu duenean, edota gai horien inguruan izapideak, txostenak edo ebazpenak ematen dituen bulegoan edo zuzendaritza-zentroan destinoa daukanean, edo horren menpe dagoenean, orduan, horri sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio, eta enplegu edo kargualdi publikoa urtebetetik hiru arte etengo zaio.

442. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, bere ogibide edo karguaren zioz dakien sekretua edo informazio pribilejiatua erabiltzen badu, berak edo beste inorentzat onura ekonomikoa lortzeko asmoz, orduan, horri isuna ezarriko zaio, bilatu, lortu edo emandako onuratik horren hiru halako artekoa eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, bi urtetik lau artekoa. Bilatutako onura lortzen badu, zigorrak goiko erdian ezarriko dira.

Herri Administrazioarentzat edo beste inorentzat kalte larria gertatzen bada, urtebetetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, zazpi urtetik hamar artekoa. Artikulu honen ondoreetarako, informazio pribilejiatutzat hartzen da nork bere ogibide edo kargu publikoaren zioz soil-soilik duen informazioa, informazio hori izaera konkretukoa bada eta jakinarazi, argitaratu edo zabaldu ez bada.

443. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoari urtebetetik bi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei urtetik hamabi arteko desgaikuntza erabatekoa ere, norbaiti sexu-harremanak eskatuz gero, baldin eta agintari edo funtzionario horrek ebazpena edo txostena eman behar badu edota bere nagusiari kontsulta helarazi behar badio uzi jakin batzuei buruz, eta uzi horiek eskaera jaso duen pertsonarenak badira edo beraren ezkontidearenak, edota antzeko maitasun-harremanen bidez berarekin era iraunkorrean lotuta dagoen pertsonarenak, edota horren odol nahiz adopzio bidezko aurreko, ondorengo nahiz neba-arrebarenak, edota gradu berberetan horren ezkonsenide direnenak.

444. artikulua

1. Espetxeetako funtzionarioak edo adingabeak babestu edo zuzentzeko zentroen funtzionarioak sexu-harremanak eskatzen badizkio bere zaintzapean dagoen pertsona bati, orduan, horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta sei urtetik hamabi arteko desgaikuntza erabatekoa.

2. Zigor berberak ezarriko dira, sexu-harremanak eskatzen bazaizkio haren zaintzapean dagoen pertsonaren odol nahiz adopzio bidezko aurreko, ondorengo nahiz neba-arrebari, edota gradu berberetan horren ezkonsenide direnei. Zigor berberak ezarriko dira, halaber, sexu-harremanak eskatzen bazaizkio haren zaintzapean dagoenaren ezkontideari edo zaintzapean dagoenarekin antzeko maitasun-harremanen bidez era iraunkorrean lotuta dagoen pertsonari.

445. artikulua

Aurreko bi artikuluetako zigorrak ezarriko dira, sexu-askatasunaren aurka egindako delituei dagozkien zigorrei kalterik egin gabe.

XIX BIS TITULUA

USTELKERIA-DELITUAK, NAZIOARTEKO MERKATARITZA-TRATUETAN

445 bis artikulua

Norbaitzuek, beren kabuz edo beste inoren bidez, emari, esku-erakutsi, eskaintza edo hitzemateekin, atzerriko agintariak edo funtzionario publikoak nahiz nazioarteko antolakundeetakoak usteltzen badituzte edo usteltzen saiatzen badira, horiek karguan diharduten bitartean, horien onurarako nahiz beste inoren onurarako, edota norbaitzuek agintari edo funtzionario publiko horien eskabideak onartzen badituzte, funtzio publikoan jardutean zerbait egin dezaten edo egin ez dezaten, nazioarteko jarduera ekonomikoak gauzatzean bidegabeko kontratu edo onura bat lortzeko edo horri eusteko, orduan, halakoei 423. artikuluko zigorrak ezarriko zaizkie kasuan-kasuan.

XX. TITULUA

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN AURKAKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Prebarikazioa

446. artikulua

Epaile edo magistratuak, jakinaren gainean egonik, zuzena ez den epaia edo ebazpena ematen badu, zigor hauetatik bat ezarriko zaio:

1.) Urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra, baldin eta, delituaren ondoriozko auzi kriminalean, errudunaren aurka zuzena ez den epaia eman baina hori betearazi ez bada, eta aurreko zigor hori goiko erdian ezarriko da, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere, epaia betearazi bada. Horrezaz gain, kasu bi horietan, erabateko desgaikuntza ezarriko da, hamar urtetik hogei artekoa.

2.) Sei hilabetetik hamabi arteko isuna, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, sei urtetik hamar artekoa, faltaren ondoriozko prozesuan, errudunaren aurka zuzena ez den ebazpena ematen bada.

3.) Hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, hamar urtetik hogei artekoa, beste edozein epai edo ebazpen ematen badu eta hori zuzena ez bada.

447. artikulua

Epaile edo magistratuak, zuhurtziagabekeria astun edo ezjakite barkaezinarengatik, argiro zuzena ez den epai edo ebazpena ematen badu, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, bi urtetik sei artekoa.

448. artikulua

Epaile edo magistratuak epaitzeari uko egiten badio, legezko arrazoirik azaldu gabe edo legearen iluntasun, askiez edo isiltasunaren aitzakian, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, sei hilabetetik lau urte artekoa.

449. artikulua

1. Aurreko artikuluan ezarritako zigor berbera ezarriko zaio epaile, magistratu edo idazkari judizialari, Justizia Administrazioan asmoz gaiztoz gertatutako atzerapenaren erruduna bada. Atzerapena asmo gaiztoz gertatu dela ulertuko da, baldin eta bidezko ez den helburua lortzeko eragin bada.

2. Atzerapena aurreko paragrafoan aipatzen diren funtzionarioez besteko bati egotzi behar zaionean, funtzionario horri zigor hori beheko erdian ezarriko zaio.

II. KAPITULUA

Delituak eragozteko edo delituen pertsekuzioa sustatzeko eginbeharren ez-betetzea

450. artikulua

1. Norbaitek pertsonen bizitzaren, osotasun edo osasunaren, askatasunaren edo sexu-askatasunaren aurkako delitua egitea eragozten ez badu, nahiz eta delitu hori eragotzi ahal izan, berehala esku hartuz eta berarentzat edo inorentzat arriskurik izan gabe, orduan, horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio pertsonen bizitzaren aurkako delituen kasuan, eta sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna gainerako kasuetan, salbu eta eragozten ez den delituari zigor hori edo txikiagoa dagokionean. Kasu horretan, delitu horri dagokion zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko zaio.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio, aurreko paragrafoan ezarritako delituetatik bat egingo dela edo egiten ari dela jakinda, agintaritza edo beraren agenteengana delitu hori eragotz dezaten jotzen ez duenari, betiere horiengana jo ahal duenean.

III. KAPITULUA

Estaltzea

451. artikulua

Sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio delitu egin dela jakinda eta delitu horretan egile edo sopikun gisa parte hartu gabe, delitu hori gauzatu eta gero modu hauetako batean esku hartzen duenari:

1.) Berarentzat irabazia lortzeko asmorik gabe, egile edo sopikunei laguntza ematen dienari, horiek delituaren probetxu, ekoizkin edo preziotik onura atera dezaten.

2.) Delitu baten gorputza, efektuak edo tresnak ezkutatu, aldatu edo deuseztatzen dituenari, delitu horren ezagutarazpena eragozteko.

3.) Delitu baten ustezko erantzuleei laguntza ematen dienari agintaritza zein beraren agenteen ikerketa saihesteko, edo horien bilaketa edo harrapaketatik ihes egiteko, hurrengo inguruabarren bat gertatzen bada:

a) Egitate estalia traizioa edo Erregearen, beraren edozein aurrekoren nahiz ondorengoren giza hilketa bada; Erregina-ezkontidearen edo Erreginaren ezkontidearen giza hilketa bada; Erregeordearen, Erregeordetzaren kide baten edo Koroaren printze jaraunslearen giza hilketa bada; genozidioa, asaldaketa, terrorismoa edo giza hilketa bada.

b) Ahalbideratzaileak funtzio publikoez abusatuz jarduten badu. Kasu horretan, zigor askatasun-gabetzaileaz gain, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko da, bi urtetik lau artekoa, delitu estalia astuntasun txikiagokoa bada, eta erabateko desgaikuntza ezarriko da, sei urtetik hamabi artekoa, delitu estali hori astuna bada.

452. artikulua

Ezin izango da inoiz ezarri delitu estaliari dagokion zigor askatasun-gabetzailea baino handiagoa dena. Delitu horren zigorra beste izaera batekoa baldin bada, zigor askatasun-gabetzailearen ordez, sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko da, salbu eta delitu estaliari dagokion zigorra isun hori berori edo zigor txikiagoa denean; kasu horretan, delitu estaliari dagokion zigorra beheko erdian ezarriko zaio errudunari.

453. artikulua

Kapitulu honen xedapenak aplikatuko dira, nahiz eta egitate estalia gauzatzen duenak erantzukizunik ez izan edo zigorretik era pertsonalean salbuetsita egon.

454. artikulua

Estaltzaileei dagozkien zigorretatik salbuetsita daude euren ezkontidea edo antzeko maitasun-harremanen bidez era iraunkorrean eurekin lotuta dagoen pertsona, odol nahiz adopzio bidezko aurreko, ondorengo zein neba-arrebak, edota gradu berberetan ezkonsenide direnak estaltzen dituztenak; horiek guztiak salbuetsita daude, 451. artikuluko 1. zenbakian daudenak izan ezik.

IV. KAPITULUA

Norberaren eskubidea nahierara egikaritzea

455. artikulua

1. Norbaitek, bere eskubidea egikaritzeko, legezko bideetatik kanpo jardunez, indarkeria, larderia, edo gauzetan indarra erabiltzen badu, sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio.

2. Aurreko paragrafoko zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarriko da, larderia edo indarkeriarako arma edo objektu arriskutsuak erabiltzen badira.

V. KAPITULUA

Akusazio eta salaketa faltsuak, eta delituen itxura egitea

456. artikulua

1. Norbaitzuek pertsona bati egitate faltsuak egozten badizkiote, faltsuak direla jakinda edo egia ausartegi mespretxatuz, eta egitateok, egiazkoak izanez gero, arau-hauste penal izango liratekeen horietakoak badira, eta egozpen hori egiten bada egitateok ikertzeko betebeharra duen funtzionario judizialaren edo administrazioko funtzionarioaren aurrean, orduan, zigor hauek ezarriko zaizkie harakoei:

1.) Sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere, delitu astuna egozten badute.

2.) Hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna; astuntasun txikiagoko delitua egozten badute.

3.) Hiru hilabetetik sei arteko isuna, falta bat egozten badute.

2. Salatzaile edo akusatzailearen aurka joateko, egotzitako arau-haustearen eskumena izan duen epaile edo auzitegiak epai irmoa eman behar du edo, bestela, largespen edo artxibatze auto irmoa. Epaile edo auzitegiok ofizioz aginduko dute salatzaile edo akusatzailearen aurka jarduteko, auzi nagusiak nahikoa zantzu ondorioztatzen baditu egozpenaren faltsutasunari buruz; horrek ez dio kalterik egingo egitatea pertsegitu ahal izateari ofendituak egiten duen salaketaren bidez.

457. artikulua

Norbaitek, aurreko artikuluan adierazitako funtzionarioetatik baten aurrean, arau-hauste penal baten ondorioz erantzule edo biktima dela itxura egiten badu, edota gertatu gabeko arau-hauste penalari buruzko salaketa egiten badu, eta prozesuko jarduna sortarazten badu, orduan, pertsona horri sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio.

VI. KAPITULUA

Lekukotza faltsua

458. artikulua

1. Lekukoak auzi judizialean bere lekukotzaz egia esaten ez badu, sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hiru hilabetetik sei arteko isuna ere.

2. Erruztatuaren aurka eta delituaren ondoriozko auzi kriminalean ematen bada lekukotza faltsua, urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere. Lekukotzaren ondorioz epai kondenatzailea eman bada, gradu bat gehiagoko zigorrak ezarriko dira.

3. Zigor berberak ezarriko dira lekukotza faltsua nazioarteko auzitegietan ematen denean, baldin eta auzitegi horiek Espainiako Konstituziotik ateratzen diren eskumenak erabiltzen badituzte, Espainiako Konstituzioaren arabera behar bezala berretsitako itunak direla bide; edota lekukotza faltsua Espainian gertatzen denean, atzerriko auzitegiak bidalitako erreguzko eskaera dela bide.

459. artikulua

Aurreko artikuluko zigorrak, goiko erdian, ezarriko zaizkie aditu edo interpreteei, euren irizpen edo itzulpenean, asmo gaiztoz, egia esaten ez badute. Horrezaz gain, lanbide edo ogibide, enplegu nahiz kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaie, sei urtetik hamabi artekoa.

460. artikulua

Lekuko, aditu edo interpreteak, funtsean egia esaten duelarik, egia hori aldatzen duenean itzulinguru edo zehaztugabetasunen bidez edo berak dakizkien egitate edo datu garrantzitsuak isilpean gordez, orduan, horri sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio eta, hala badagokio, enplegu edo kargu publiko, lanbide nahiz ogibidearen etenaldia gertatuko da, sei hilabetetik hiru urte arte.

461. artikulua

1. Norbaitek lekuko faltsuak edo aditu nahiz interprete gezurtiak aurkezten baditu, jakinaren gainean egonik, berari ere lekuko edo aditu horiei aurreko artikuluetan ezartzen zaizkien zigor berberak ezarriko zaizkio.

2. Zigor berbera ezarriko zaio, epaiketan kontzientziaz agiri faltsuak aurkezten dituenari. Horrezaz gain, aurreko egitatearen egilea faltsutzearen egilea bada, delitu astunagoari dagokion zigorra goiko erdian ezarriko zaio.

3. Delitu horren erantzulea abokatua, prokuradorea, lan-harremanetako graduduna edo Fiskaltzaren ordezkaria bada, lanbidean diharduenean edo bere funtzioan aritzean, kasuan-kasuan, delitu horri dagokion zigorra goiko erdian ezarriko da eta enplegu edo kargu publiko, lanbide nahiz ogibiderako desgaikuntza berezia, bi urtetik lau artekoa.

462. artikulua

Zigorretik salbuetsita geratuko da, auzi kriminalean lekukotza faltsua eman eta gero, garaiz eta behar den moduan lekukotza faltsuan atzera jo eta egia esaten duena, epaia eman aurretik, horrek ondorioak sor ditzan prozesuan. Lekukotza faltsuaren ondorioz askatasunaz gabetu bada, hari dagozkion zigorrak baino gradu bat gutxiagokoak ezarriko dira.

VII. KAPITULUA

Justiziari oztopo egitea eta

lanbide-desleialtasuna

463. artikulua

1. Norbaitek, zitazioa legezko forman jaso arren, borondatez ez badu bere burua aurkezten epaitegi edo auzitegira, horretarako arrazoi zuzenik izan gabe, prozesu kriminal horretako erruztatua behin-behineko espetxealdi-zigorra betetzen egonik, eta horren ondorioz ahozko epaiketa eteten bada, orduan, horri hamabi asteburutik hemezortzi arteko atzipenaldia ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik bederatzi arteko isuna ere. Norbaitek, ohartarazpena jaso arren, ez badu bere burua bigarren aldian aurkezten auzi kriminalean, erruztatua espetxean egon barik, orduan, hari sei hilabetetik bederatzi arteko isuna ezarriko zaio, ahozko epaiketa eten zein eten ez.

2. Delitu horren erantzulea abokatua, prokuradorea, gizarte graduduna edo Fiskaltzaren ordezkaria bada, lanbidean diharduenean edo bere funtzioan aritzean, orduan, delituari dagokion zigorra goiko erdian ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publiko, lanbide nahiz ogibiderako desgaikuntza berezia, bi urtetik lau artekoa.

3. Artikulu honen 1. paragrafoaren kasuan, epaileak, auzitegiaren kide batek edo idazkari judizialaren funtzioan aritzen denak bere burua aurkezten ez duelako eteten bada epaiketa, orduan, hemezortzi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldia ezarriko da, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna eta bi urtetik lau arteko desgaikuntza berezia ere.

464. artikulua

1. Norbait saiatzen bada prozedura batean salatzailea, alderdi edo egotzia, abokatua, prokuradorea, aditua, interpretea edo lekukoa denari zuzenean edo zeharka eragiten, beraren prozesuko jarduna aldarazteko, indarkeria edo larderia erabiliz, orduan, pertsona horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

Egitatearen egileak bere helburua lortzen badu, aurreko zigor hori goiko erdian ezarriko zaio.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio bizitzaren, osotasunaren, askatasunaren, sexu-askatasunaren edo ondasunen aurka edozein egintza gauzatzen duenari, berori gauzatzen bada aurreko paragrafoan aipatutako pertsonen aurkako errepresalia gisa, eurok prozedura judizialean izan duten jardunaren ondorioz; horrek ez dio kalterik egingo halako egitateek dakarten zigorrari, egitateok arau-haustea sortaraziz gero.

465. artikulua

1. Norbaitek abokatu edo prokuradore gisa prozesu batean esku hartzen badu, eta gisa horretan jasotzen dituen agiriak edo jarduna, bere funtzioaz abusatuz, suntsitu, deuseztatu edo ezkutatzen baditu, orduan, pertsona horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta zazpi hilabetetik hamabi arteko isuna, bai eta bere lanbide, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, hiru urtetik sei artekoa.

2. Artikulu honen lehenengo paragrafoko egitateak norbanako batek gauzatzen baditu, hiru hilabetetik sei arteko isuna ezarriko da.

466. artikulua

1. Abokatu edo prokuradoreak prozesuko jarduna kanporatzen badu, agintaritza judizialak jardun hori sekretua dela adierazi duelarik, orduan, hari hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio eta enplegu, kargu publiko, lanbide edo ogibiderako desgaikuntza berezia, urtebetetik lau artekoa.

2. Epaile edo auzitegiaren kide batek, Fiskaltzaren ordezkariak, idazkari judizialak edo Justizia Administrazioaren zerbitzupean dauden funtzionarioetatik edozeinek agertarazten badu sekretu gisa adierazitako jarduna, 417. artikuluko zigorrak goiko erdian ezarriko zaizkio.

3. Lehenengo paragrafoan azaldutako jokabidea prozesuan esku hartzen duten norbanakoetatik beste batek egiten badu, zigorra beheko erdian ezarriko da.

467. artikulua

1. Abokatu edo prokuradoreak, norbaiti aholku eman ondoren edo norbaiten defentsa egiteko edo hura ordezkatzeko ardura hartu ondoren, pertsona horren adostasunik gabe, kasu berean aurkako interesak dituenaren defentsa egiten edo hura ordezkatzen badu, orduan, horri sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio eta lanbiderako desgaikuntza berezia, bi urtetik lau artekoa.

2. Abokatu edo prokuradoreak, egitez edo ez-egitez, modu nabarian egiten badie kalte bere ardurapean dituen interesei, orduan, horri hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio eta enplegu, kargu publiko, lanbide edo ogibiderako desgaikuntza berezia, urtebetetik lau artekoa.

Egitateak zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz gauzatzen badira, sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko da, bai eta bere lanbiderako desgaikuntza berezia ere, sei hilabetetik bi urte artekoa.

VIII. KAPITULUA

Kondena urratzea

468. artikulua

Norbaitzuek urratzen badute ezarritako kondena, segurtasun-neurria, espetxealdia, kautela-neurria edo eramatea zein zaintza, orduan, halakoei sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, askatasunaz gabetuak badaude, eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaie gainerako kasuetan.

469. artikulua

Epaituek edo presoek giltzapean sartuta dauden lekutik ihes egiten badute, pertsonen aurka indarkeria nahiz larderia edo gauzetan indarra erabiliz edota matxinadan parte hartuz, orduan, halakoei sei hilabetetik lau urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie.

470. artikulua

1. Norbanakoak kondenatu, preso edo atxilotu bati ihes egitea ahalbideratzen badio, bai giltzapean dagoen lekutik, bai eta bera eraman bitartean ere, orduan, norbanako horri sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

2. Horretarako, pertsonen aurka indarkeria edo larderia, gauzetan indarra, edo eroskeria erabiltzen bada, sei hilabetetik lau urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

3. 454. artikuluan aipatutako pertsonen kasuan, horiei hiru hilabetetik sei arteko isuna ezarriko zaie. Kasu horretan, epaile edo auzitegiak ezarri ahal izango ditu eragindako kalte edo egindako mehatxu zein indarkeriei dagozkien zigorrak bakarrik.

471. artikulua

Kasuan-kasuan, gradu bat gehiagoko zigorra ezarriko da, baldin eta kondenatua, presoa edo atxilotua eramateaz edo zaintzeaz arduratzen den funtzionario publikoa bada erruduna. Horrezaz gain, funtzionarioari enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, sei urtetik hamar artekoa, iheslaria epai betearazlearen bidez kondenatua bada, eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, hiru urtetik sei artekoa gainerako kasuetan.

XXI. TITULUA

KONSTITUZIOAREN AURKAKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Asaldatzea

472. artikulua

Asaldatzearen delitupeko errudunak dira jendaurrean indarkeria erabiliz altxatzen direnak, helburu hauetatik edozein lortzeko:

1.) Konstituzioa indargabetu, horren indarraldia eten edo, oso-osoan nahiz zati batean, aldaraztea.

2.) Errege, Erregeorde edo Erregeordetzaren kideak euren karguetatik kentzea; horiei, oso-osoan edo zati batean, onurabide eta ahalmenak kentzea, edota horiek behartzea, euren borondatearen aurkako egintza gauzatzera.

3.) Kargu publikoak hautatzeko hauteskunde askeak eragoztea.

4.) Gorte Nagusiak, Diputatuen Kongresua, Senatua edota edozein autonomia erkidegoren legebiltzarra desegitea; horiei biltzen, eztabaidatzen edo ebazpenak ematen eragoztea; ebazpenen bat ematera derrigortzea edo aginpide zein eskumenen bat kentzea.

5.) Nazio-lurraldearen zati baten independentzia aldarrikatzea.

6.) Nazioaren Gobernuaren edo autonomia erkidego baten Gobernu Kontseiluaren ordez beste bat jartzea; Gobernuaren nahiz autonomia erkidego baten Gobernu Kontseiluaren edo horietako edozein kideren ahalmenak bere kabuz erabili, egikaritu edo ken-tzea, ahalmenen egikaritza askea eragoztea zein murriztea, edo haien borondatearen aurkako egitateak gauzatzera behartzea.

7.) Edonolako indar armatu Gobernuaren obedientziatik itzuraraztea.

473. artikulua

1. Norbaitzuek, asaldatuak induzituz, asaldatzea bera sustatu badute edo bultzatzen badute, edota asaldatzearen buru nagusiak badira, orduan, horiei hamabost urtetik hogeita bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta denbora bereko erabateko desgaikuntza ere; menpeko agintea dutenei hamar urtetik hamabost arteko espetxealdi-zigorra, eta hamar urtetik hamabost arteko erabateko desgaikuntza; eta parte-hartzaile hutsei bost urtetik hamar arteko espetxealdi-zigorra, eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, sei urtetik hamar artekoa.

2. Armak azalarazi badira, edo asaldatuaren agindupeko indarraren eta bidezko agintaritzaren alderdi leialen artean borroka egon bada edota asaldatzeak kalte handiak eragin baditu titulartasun publiko edo pribatuko jabetzetan; telegrafo, telefono, uhin, burdinbide edo bestelako komunikabideak eten badira, pertsonen aurka indarkeria larria erabili bada, edota kontribuzioak galdatu edo herri-ondasunak beren legebidezko inbertsioetatik desbideratu badira, orduan, halakoei ezarritako espetxealdi-zigorrak izango dira, hurrenez hurren, hogeita bost urtetik hogeita hamar artekoa lehenengoentzat, hamabost urtetik hogeita bost artekoa bigarrenentzat eta hamar urtetik hamabost artekoa azkenekoentzat.

474. artikulua

Asaldatzea buru ezagunekin antolatzera heldu ez denean, buru ezaguntzat hartuko dira egitez besteak gidatu edo horien izenean hitz egiten dutenak, beren izenean luzatutako idazkiak izenpetzen dituztenak, edo horien antzeko zuzendaritza edo ordezkaritzako beste egintza batzuk gauzatzen dituztenak.

475. artikulua

Asaldatu gisa, bost urtetik hamar arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei urtetik hamabi arteko erabateko desgaikuntza ere, asaldatze-delitua egiteko guda-taldeak edo bestelako indar armatu erakarri edo biltzen dituztenei.

Asaldatzea gauzatzera iristen bada, aurreko horiek sustatzailetzat hartuko dira eta 473. artikuluko zigorra ezarriko zaie.

476. artikulua

1. Militarrak, bere agindupeko indarren asaldatzeari eusteko, eskura dituen bideak erabiltzen ez baditu, bi urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta sei urtetik hamar arteko erabateko desgaikuntza ere.

2. Aurreko paragrafoan ezarritako zigor berberak ezarriko zaizkio, beheko erdian, asaldatze-delitua egin nahi dela dakien militarrari, berehala horri buruzko salaketa egiten ez badie bere nagusiei edo euren karguen zioz delitu hori pertsegitzeko betebeharra duten agintari edo funtzionarioei.

477. artikulua

Asaldatzeko zirikatzea, konspira-tzea eta proposatzea zigortuko dira, aurreko artikuluetan ezarritako desgaikuntzaz gain, delitu bakoitzari dagokiona baino gradu bat edo bi gutxiagoko espetxealdi-zigorrarekin.

478. artikulua

Kapitulu honetan ezarritako delituetatik edozein egiten duenak agintari-tzan jardunez gero, kasuan-kasuan ezarritako desgaikuntza-zigorraren ordez erabateko desgaikuntza ezarriko da, hamabost urtetik hogei artekoa, salbu eta inguruabar hori modu zehatzean araututa dagoenean tipo penal bakoi-tzean.

479. artikulua

Asaldatzea azaleratu bezain laster, gobernu-agintaritzak altxatuei aginduko die berehala sakabanatu eta atzera egiteko.

Agindeia egin ondoren, altxatuek berehala euren jarrera uzten ez badute, agintaritzak bere esku duen indarra erabiliko du altxatuak sakabanatzeko.

Agindeia ez da beharrezkoa izango, behin asaldatuek tiro egin ondoren.

480. artikulua

1. Zigorretik salbuetsita geratuko da, asaldatze-delituan nahasirik egonda, delituaren ondorioak galarazteko, hori garaiz agertarazten duena.

2. Delitua gauzatu besterik egin ez dutenei armak, erabili aurretik, uzten badituzte eta bidezko agintaritzaren menpe jartzen badira, dagokien espetxealdi-zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko zaie. Zigor berbera ezarriko da, asaldatuak sakabanatzen badira edo legebidezko agintaritzaren menpe jartzen badira, bai agintaritza horren agindeia jaso aurretik, bai eta agindei horren ondorioz ere.

481. artikulua

Asaldatze batean edo asaldatze baten ondorioz norberak egindako delitu guztiak, kasuan-kasuan, kode honen xedapenen arabera zigortuko dira.

482. artikulua

Agintariak asaldatzeari jarkitzen ez bazaizkio, hamabi urtetik hogei arteko erabateko desgaikuntza ezarriko zaie.

483. artikulua

Funtzionarioek altxatuen agindupean euren karguetan jarduten irauten badute edo, enpleguari uko egin eta uko horren onarpenik jasotzeke, euren enplegua uzten badute, asaldatze-arriskua dagoelarik, orduan, halakoei enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaie, sei urtetik hamabi artekoa.

484. artikulua

Norbaitzuek onartzen badute asaldatuek eskainitako enplegua, orduan, sei urtetik hamabi arteko desgaikuntza erabatekoa ezarriko zaie.

II. KAPITULUA

Koroaren aurkako delituak

485. artikulua

1. Norbaitek hiltzen badu Erregea, beraren edozein aurreko nahiz ondorengo, Erregina-ezkontidea edo Erreginaren ezkontidea edota Erregeordea zein Erregeordetzaren kide bat, edo Koroaren printze jaraunslea, orduan, horri hogei urtetik hogeita bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

2. Delitu bera egiteko saiakuntza zigortzeko, aurreko idatz-zatian ezarritako zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko da.

3. Delitura inguruabar astungarri bi edo gehiago biltzen badira, hogeita bost urtetik hogeita hamar arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

486. artikulua

1. Norbaitek eragiten badio 149. artikuluan ezarritako lesio bat Erregeari, beraren edozein aurreko nahiz ondorengori, Erregina-ezkontideari edo Erreginaren ezkontideari edota Erregeordeari edo Erregeordetzaren kide bati, orduan, horri hamabost urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

Ostera, 150. artikuluan ezarritako lesio bat eragiten bada, zortzi urtetik hamabost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

2. Norbaitek beste edozein lesio eragiten badie, lau urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

487. artikulua

Hamabost urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio Erregea, beraren edozein aurreko nahiz ondorengo, Erregina-ezkontidea edo Erreginaren ezkontidea edota Erregeordea, Erregeordetzaren kideen bat edo Koroaren printze jaraunslea askatasun pertsonalaz gabetzen duenari, salbu eta kode honen beste manu batzuek zigor handiagoa ezartzen dietenean egitate horiei.

488. artikulua

Aurreko artikuluetan ezarritako delituak egiteko zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortuko dira, bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoarekin.

489. artikulua

Norbaitek, indarkeria edo larderia larria erabiliz, behartzen baditu aurreko artikuluetan aipatutako pertsonak euren borondatearen aurka egintza bat gauzatzera, orduan, horri zortzi urtetik hamabi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

Aurreko lerrokadan ezarritako kasuan, indarkeria edo larderia larria ez bada, gradu bat gutxiagoko zigorra ezarriko da.

490. artikulua

1. Norbaitek, indarkeria edo larderia erabiliz, bortxatzen badu aurreko artikuluetan aipatutako pertsonetatik edozeinen bizilekua, orduan, horri hiru urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio. Indarkeria edo larderia erabiltzen ez bada, bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

2. Hiru urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio aurreko paragrafoan aipatutako pertsonetatik edozein modu larrian mehatxatzen duenari; eta urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, mehatxua arina bada.

3. Norbaitek kalumniatu edo iraintzen badu Erregea, beraren edozein aurreko zein ondorengo, Erregina-ezkontidea edo Erreginaren ezkontidea edota Erregeordea zein Erregeordetzaren kide bat, edo Koroaren printze jaraunslea, beraren funtzioan aritzean edo funtzio hori dela eta, orduan, pertsona horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, kalumnia edo irainak larriak badira; eta sei hilabetetik hamabi arteko isun-zigorra ezarriko zaio, larriak ez badira.

491. artikulua

1. Aurreko artikuluan aipaturiko pertsonetatik edozeinen aurkako kalumnia eta irainak lau hilabetetik hogei arteko isunarekin zigortuko dira, artikulu horretan ezarritako kasuetatik kanpo gauzatzen badira.

2. Norbaitek, Koroaren ospeari kalte egin ahal dioten moduetatik edozeinetan, Koroaren ospeari kalte egiteko moduan erabiltzen badu Erregearen, beraren edozein aurreko nahiz ondorengoren edo Erregina-ezkontidearen zein Erreginaren ezkontidearen irudia edota Erregeordearena zein Erregeordetzaren kide batena edo Koroaren printze jaraunslearena, orduan, sei hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio.

III. KAPITULUA

Estatuaren erakundeen eta botere-banaketaren aurkako delituak

I. Atala

Estatuaren erakundeen aurkako delituak

492. artikulua

Norbaitzuek, Koroa titularrik gabe geratzean edo Koroaren titularra bere agintea erabiltzeko desgaitua izatean, Gorte Nagusiei biltzen eragozten badiete, Erregeordetza edo adingabe titularraren tutorea izendatzeko, orduan, halakoei, beste arau-hauste astunagoak egiteagatik legokiekeen zigorrari kalterik egin gabe, hamar urtetik hamabost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie eta hamar urtetik hamabost arteko desgaikuntza erabatekoa.

493. artikulua

Norbaitzuk, indarra, indarkeria edo larderia erabiliz eta jendaurrean altxatu gabe, Diputatuen Kongresuko, Senatuko edo autonomia erkidego baten legebiltzarraren egoitzan sartzen badira, horiek bilduta daudenean, orduan, halakoei hiru urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie.

494. artikulua

Sei hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra edo hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaie Diputatuen Kongresuko, Senatuko edo autonomia erkidegoko legebiltzarraren egoitzen aurrean, haiek bileran daudela, eta haien ohiko jardunbidea aldaraziz, kale-agerraldiak edo bestelako bilerak sustatu edo zuzentzen dituztenei edo horien buru direnei.

495. artikulua

1. Norbaitzuk, jendaurrean altxatu gabe eta arma edo bestelako tresna arriskutsuak aldean daramatzatela, Diputatuen Kongresuko, Senatuko edo autonomia erkidegoko legebiltzarraren egoitzan sartzen ahalegintzen badira, banaka edo taldeka eskaerak aurkezteko, orduan, halakoei hiru urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie.

2. Aurreko paragrafoan ezarritako zigorra goiko erdian ezarriko zaie taldea sustatu edo zuzentzen dutenei edota horren buru direnei.

496. artikulua

Norbaitek modu larrian iraintzen baditu Gorte Nagusiak edo autonomia erkidegoko legebiltzarra, halakoak bilduta daudenean, edota gorte nahiz bil-tzar horietako batzorde bat iraintzen badu, batzorde horrek haien ordezkari gisa gauzatzen dituen egintza publikoetan, orduan, horri hamabi hilabetetik hemezortzi arteko isuna ezarriko zaio.

Aurreko lerrokadan azaldutako irainak direla eta, egotzia zigorretik salbuetsita geratuko da, 210. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen badira.

497. artikulua

1. Sei hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, Diputatuen Kongresuko, Senatuko edo autonomia erkidegoko legebiltzarraren kide izan gabe, horien bileren ordenari nahasmendu larria eragiten diotenei.

2. Aurreko paragrafoan aipatzen den nahasmendua, bileren ordenari eragiten diona, larria ez denean, sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko da.

498. artikulua

Norbaitzuek indarra, indarkeria, larderia edo mehatxu larria erabiltzen badute Diputatuen Kongresuko, Senatuko edo autonomia erkidegoko legebiltzarraren kide bati horien bileretara joatea eragozteko, edota modu berean horietako kide bati beraren iritziak agertzeko edo botoa emateko askatasuna murrizten badiote, orduan, halakoei hiru urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie.

499. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak Gorte Nagusien edo autonomia erkidegoko legebiltzarraren bortxaezintasuna urratzen badu, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, hamar urtetik hogei artekoa; horrek ez dio kalterik egingo, egitatea beste delitu astunago bat bada, berari legozkiokeen zigorrak ezartzeari.

500. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak Gorte Nagusien edo autonomia erkidegoko legebiltzarraren kideetako bat atxilotzen badu, indarreko legeriak ezarritako kasuetatik kanpo edo eskatzen dituen betekizunak bete gabe, orduan, horri, kasuan-kasuan, kode honetako zigorrak goiko erdian ezarriko zaizkio, eta, horrezaz gain, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, sei urtetik hamabi artekoa.

501. artikulua

Agintaritza judizialak Gorte Nagusien edo autonomia erkidegoko legebiltzarraren kide bat erruztatzen edo prozesupean jartzen badu, indarreko legeriak ezarritako betekizunak izan gabe, orduan, agintaritza horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, hamar urtetik hogei artekoa.

502. artikulua

1. Norbaitzuk, agindeia legez eta ohartarazpena eginda jaso dutelarik, agertzen ez badira Gorte Nagusien edo autonomia erkidegoko legebiltzarraren ikerketa batzordera, orduan, halakoak desobeditze-delitupeko erruztatu gisa zigortuko dira. Erruztatu agintari edo funtzionario publikoa bada, horri enplegu edo kargualdi publikoa etengo zaio, sei hilabetetik bi urte arte.

2. Agintari edo funtzionarioari zigor berberak ezarriko zaizkio, baldin eta Herriaren Defentsariaren, Kontu Auzitegiaren edo autonomia erkidegoen organo baliokideen ikerketa oztopatzen badu, nahiz horiek eskatutako txostenak bidaltzeari uko eginez edo bidaltze hori bidegabe luzatuz, nahiz horiei trabak jarriz, ikerketa egiteko beharrezkoak diren administrazio-espediente nahiz agiriak eskuratzeko.

3. Norbaitek, Parlamentuko ikerketa-batzorde baterako deialdia jaso duelarik, lekukotza faltsua ematen badu, sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio.

503. artikulua

Bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie:

1.) Ministroen Kontseilua edo autonomia erkidegoko Gobernu Kontseilua batzarturik dagoen lokalean indarrez sartzen direnei indarkeria edo larderia erabiliz.

2.) Kontseiluan bilduta dagoen Gobernuaren edo autonomia erkidegoko Gobernuko kideen askatasuna murrizten dutenei edota, edozein bide erabiliz, oztopatzen dutenei, salbu eta egitateak beste delitu astunago bat direnean.

504. artikulua

1. Hamabi hilabetetik hemezortzi arteko isuna ezarriko zaie hurrengo hauek modu larrian kalumniatu, iraindu edo mehatxatzen dituztenei: Nazioko Gobernua, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Konstituzio Auzitegia, Auzitegi Gorena, edo autonomia erkidego baten Gobernu Kontseilua edo Auzitegi Nagusia.

Aurreko lerrokadan xedatutakoaren arabera, kalumnia edo irainen ondoriozko erruduna, zigorretik salbuetsita geratuko da, baldin eta kode honen 207 eta 210. artikuluetan hurrenez hurren ezarritako inguruabarrak gertatzen badira.

Hiru urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie indarra, indarkeria edo larderia erabiltzen dutenei, erakunde horietako kideei euren bileretara joaten eragozteko.

2. Norbaitzuek modu larrian iraindu edo mehatxatzen badituzte armadak eta segurtasuneko gorputz edo kidegoak eta indarrak, orduan, halakoei hamabi hilabetetik hemezortzi arteko isuna ezarriko zaie.

Aurreko lerrokadan ezarritako irainen erruduna zigorretik salbuetsita geratuko da, baldin eta kode honetako 210. artikuluan azaldutako inguruabarrak gertatzen badira.

505. artikulua

Sei hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, toki-korporazioaren kide izan gabe, korporazio horren osoko bilkuretako ordena modu larrian nahasten dutenei, eguneko aztergaien ibilera edo erabakiak hartzea eragotziz, edota desordenak eragiten dituztenei, desordena horien helburua bada banda armatu, antolakunde edo talde terroristei laguntza erakustea.

II. Atala

Aginpideak usurpatzea

506. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak xedapen orokor bat ematen badu edo xedapen horren betearazpena eteten badu, horretarako aginpiderik ez duelarik, orduan, horri urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, sei urtetik hamabi artekoa.

507. artikulua

Epaile edo magistratuak berari ez dagozkion administrazio-aginpideak bere buruarentzat hartzen baditu, edota aginpide horiek dituenari halakoak bidezko eran erabiltzea eragozten badio, orduan, horri sei hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hiru hilabetetik sei arteko isuna ere, eta enplegu edo kargualdi publikoa urtebetetik hiru arte etengo zaio.

508. artikulua

1. Agintari edo funtzionario publikoak epailearen aginpideak bere buruarentzat hartzen baditu edo agintaritza judizial eskudunak emandako ebazpena betearaztea eragozten badu, orduan, horri sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hiru hilabetetik zortzi arteko isuna ere, eta enplegu edo kargualdi publikoa urtebetetik hiru arte etengo zaio.

2. Agintari edo funtzionarioak, administraziokoa nahiz militarra izan, Konstituzioak bermatutako epaile edo magistratuen independentziaren aurka erasotzen badu, horiei erabaki behar dituzten auzi edo jardunaren inguruan jarraibide nahiz aginduak emanez edo agindeiak eginez, orduan, horri urtebetetik bi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta lau hilabetetik hamar arteko isuna, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, bi urtetik sei artekoa.

509. artikulua

Epaile edo magistratu, agintari nahiz funtzionario publikoak, legeak onartzen dituen kasuetan izan ezik, eskumena baliatzeari uzteko agindeia legez jaso eta prozedurarekin aurrera egiten badu, jurisdikzio-gatazkaren inguruan erabaki arte zain egon gabe, orduan, horri hiru hilabetetik hamar arteko isuna ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, sei hilabetetik urtebete artekoa.

IV. KAPITULUA

Oinarrizko eskubideen

eta askatasun publikoen egikaritzari eta ordezko gizarte-prestazioaren eginbeharrari buruzko delituak

I. Atala

Konstituzioak bermatzen dituen oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak egikaritzean egindako delituak

510. artikulua

1. Norbaitzuek talde edo elkarteen aurkako bereizkeria, gorrotoa edo indarkeria eragiten badute arrazakeria nahiz zio antisemitengatik, edota talde nahiz elkarte horietako kideen ideologia, erlijio nahiz sinesmen, familia-egoera, etnia, arraza, nazio-jatorri, sexu, sexu-joera, gaixotasun edo elbarritasunarengatik, orduan, halakoei urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere.

2. Zigor bera ezarriko zaie talde edo elkarteen inguruan, faltsuak direla jakinda edo egia ausartegi mespretxatuz, informazio iraingarriak hedatzen dituztenei, baldin eta informaziook horien ideologia, erlijio nahiz sinesmen, edota beren kideen etnia, arraza, nazio-jatorri, sexu, sexu-joera, gaixotasun edo elbarritasunari buruzkoak badira.

511. artikulua

1. Sei hilabetetik urte bi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, urtebetetik hiru artekoa, herri-zerbitzu batez arduratzen den norbanakoari, baldin eta pertsona bati, beraren ideologia, erlijio, sinesmen, etnia, arraza, nazio-jatorri, sexu, sexu-joera, gaixotasun edo elbarritasuna dela eta, prestazio bat ukatzen badio, pertsona horrek prestazio horretarako eskubidea izanik.

2. Zigor berberak ezarriko dira, baldin eta egitateak elkarte, fundazio, sozietate edo korporazioen aurka edo horien kideen aurka gauzatzen badira, kideen ideologia, erlijio edo sinesmenengatik, kideen edo horietako baten etnia edo arrazarengatik, edo euren nazio-jatorri, sexu, sexu-joera, familia-egoera, gaixotasun edo elbarritasunarengatik.

3. Funtzionario publikoek artikulu honetan ezarritako egitateetako bat gauzatzen badute, zigor berberak, goiko erdian ezarriko zaizkie eta, horiekin batera, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, bi urtetik lau artekoa.

512. artikulua

Norbaitzuek, lanbide edo enpresa jarduerak gauzatzean, pertsona bati prestazio bat emateari uko egiten badiote, beraren ideologia, erlijio, sinesmen, etnia, arraza edo nazio, sexu, sexu-joera, familia-egoera, gaixotasun edo elbarritasunaren zioz, eta pertsona horrek prestazio horretarako eskubidea izanik, orduan, halakoei lanbidea, ogibidea, industria edo merkataritzan aritzeko desgaikuntza berezia ezarriko zaie, urtebetetik lau artekoa.

513. artikulua

Zigortzekoak dira zilegi ez diren bilera edo kale-agerraldiak eta halakotzat hartzen dira:

1.) Delitu egiteko helburuarekin egiten direnak.

2.) Armak, lehergailuak, objektu makatzaileak edota bestelako objektu arriskutsuak daramatzaten pertsonen bidez osatuak.

514. artikulua

1 Aurreko artikuluaren 1. zenbakira bildutako bilera edo kale-agerraldietatik edozeinen sustatzaile edo zuzendariei eta artikulu horren 2. zenbakian aipatutako inguruabarrak eragozten ahalegindu ez direnei, eskura dituzten bide guztiak erabiliz, urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaie. Ondore horietarako, bilera edo kale-agerraldiaren zuzendari edo sustatzailetzat hartuko dira horretarako dei egiten dutenak edo horren buru direnak.

2. Armak edo arrisku bereko bideak eramaten dituztela, bilera edo kale-agerraldi batera azaltzen direnei urtebetetik bi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere. Epaile edo auzitegiek gradu bat jaitsi ahal izango diote adierazitako zigorrari, subjektuaren aurrekariak, kasuaren inguruabarrak eta eramandako arma edo tresnaren ezaugarriak kontuan izanik.

3. Pertsonek, bilera edo kale-agerraldi bat egiten dela eta, indarkeriazko egintzak gauzatzen badituzte agintaritzaren aurka, agintaritzaren agenteen aurka nahiz pertsonen aurka edo jabetza publiko zein jabetza pribatuen aurka, euren delituari dagokion zigorra goiko erdian ezarriko zaie.

4. Norbaitzuek biltzeko edo kale-agerraldia egiteko eskubideak zuzenbidearen arabera egikaritzea eragozten badute, edo bilera nahiz kale-agerraldi zilegiaren ibilera modu larrian nahasten badute, orduan, halakoei bi urtetik hiru arteko espetxealdi-zigorra edo hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaie, egitateak indarkeria erabiliz gauzatzen badira, eta zazpi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldi-zigorra edo sei hilabetetik hamabi arteko isuna, egitateok egitezko jardunbidez edo bidezkoak ez diren jardunbideetatik beste edozeinez gauzatzen badira.

5. Edozein bilera edo kale-agerraldiren sustatzaile edo zuzendariek, aurretik eten edo debekatu izan den bilera edo kale-agerraldi baterako deialdia egiten badute, edo bilera edo kale-agerraldi hori berriro egiten badute edo egiten ahalegintzen badira, betiere konstituzio-ordena edo herri-bakea, modu larrian, aldarazteko helburuarekin dihardutela, orduan, halakoei sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaie, aurreko paragrafoen arabera ezar daitekeen zigorrari kalterik egin gabe.

515. artikulua

Zigortzekoak dira zilegiak ez diren elkarteak eta halakotzat hartzen dira:

1.) Delitu egitea helburu dutenak edo, eratu ondoren, delitu egitea sustatzen dutenak.

2.) Banda armatu, antolakunde edo talde terroristak.

3.) Helburu zilegia badute ere, helburu hori lortzeko indarkeriazko bideak edo nortasuna aldarazteko nahiz kontrolatzeko bideak erabiltzen dituztenak.

4.) Izaera paramilitarreko antolakundeak.

5.) Pertsona, talde edo elkarteen aurkako bereizkeria, gorrotoa edo indarkeria sustatzen dutenak, horien ideologia, erlijio edo sinesmenen zioz, edo horien kideen edo horietako baten etnia, arraza edo nazio, sexu, sexu-joera, familia-egoera, gaixotasun edo elbarritasunaren zioz.

6.) Pertsonak legearen aurka trafikagai hartzea sustatzen dutenak.

516. artikulua

Aurreko artikuluaren 2. zenbakiaren kasuetan, zigor hauek ezarriko dira:

1.) Banda armatu eta antolakunde terroristen sustatzaile eta zuzendariei eta banda edo horietako taldeetatik edozein zuzentzen dutenei zortzi urtetik hamalau arteko espetxealdi-zigorra eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, zortzi urtetik hamabost artekoa.

2.) Antolakunde horien kideei sei urtetik hamabi arteko espetxealdi-zigorra eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, sei urtetik hamalau artekoa.

517. artikulua

515. artikuluaren 1. zenbakian, eta 3. zenbakitik 6.erakoen kasuetan zigor hauek ezarriko dira:

1.) Elkarteen eratzaile, zuzendari eta buruei bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorra eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, sei urtetik hamabi artekoa.

2.) Jardunean dauden kideei urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra, bai eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ere.

518. artikulua

Norbaitzuek, edozein kasutan garrantzitsua den laguntza ekonomiko edo bestelako laguntzaren bidez, faboratzen badute 515. artikuluaren 1. zenbakira, eta 3. zenbakitik 6.erakoetara bildutako elkarteen eraketa, antolaketa edo jarduera, orduan, halakoei urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, urtebetetik lau artekoa.

519. artikulua

Zilegi ez den elkartearen delitua egiteko zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortuko dira, aurreko artikuluetan ezarritako egitate bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoarekin.

520. artikulua

Epaile edo auzitegiek, 515. artikuluan ezarritako kasuetan, zilegi ez den elkartea desegitea erabakiko dute eta, egoki denean, kode honen 129. artikuluaren ondorio erantsietatik beste edozein ezartzea.

521. artikulua

Zilegi ez den elkartearen delituan, errudunari, adierazitako zigorrez gain, erabateko desgaikuntza ere ezarriko zaio, hamar urtetik hamabost artekoa, agintaria, agintaritzaren agentea edo funtzionario publikoa bada.

II. Atala

Kontzientzia-askatasunaren, erlijio-sentimenduen eta hildakoenganako begirunearen aurkako delituak

522. artikulua

Lau hilabetetik hamar arteko isuna ezarriko zaie:

1.) Erlijio baten kide bati edo batzuei euren sinesmenei dagozkien egintzak gauzatzea edo egintza horietara azaltzea eragozten dietenei, horretarako indarkeria, larderia, indarra edo bidezkoak ez diren derrigortzeetatik beste edozein erabiltzen badute.

2.) Bide berberak erabiliz, beste bat edo beste batzuk behartzen dituztenei kultu edo errito egintzak gauzatzera, horietan parte hartzera, erlijio batekoa izatea edo ez izatea agertarazten duten egintzak gauzatzera, edo erlijioa aldatzera.

523. artikulua

Norbaitek erlijioen egintzak, eginkizunak, zeremoniak edo kale-agerraldiak, indarkeria, mehatxu, nahasmendu edo egitezko jardunbidez eragotzi, geldiarazi edo nahasten baditu, betiere erlijio horiek inskribatuta daudenean Justizia eta Barne Arazoetako Ministerioaren erregistro publiko egokian, orduan, pertsona horri sei hilabetetik sei urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, egitatea kultu-leku batean gauzatu bada, eta lau hilabetetik hamar arteko isuna, egitatea beste edozein lekutan gauzatu bada.

524. artikulua

Norbaitek tenpluan, kultu-lekuan edo zeremonia erlijiosoetan, legez babesturiko sentimendu erlijiosoak ofenditzen dituzten donauste-egintzak gauzatzen baditu, orduan, horri sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorra edo lau hilabetetik hamar arteko isuna ezarriko zaio.

525. artikulua

1. Zortzi hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaie erlijio baten kideen sentimenduak ofenditzearren, haren dogma, sinesmen, errito edo zeremoniei jendaurrean eskarnio egiten dietenei, hitzez, idatziz nahiz edozein agiriren bidez, edota, jendaurrean, iseka egiten dutenei aurreko dogma zein sinesmen horiek dituztenekiko edo errito nahiz zeremonia horiek egiten dituztenekiko.

2. Zigor berbera ezarriko zaie erlijio edo sinesmenik ez dutenekiko, hitzez edo idatziz, jendaurrean eskarnio egiten dutenei.

526. artikulua

Norbaitek, hildakoen oroimenari zor zaion begirunea urratuz, hobiak nahiz hilobiak bortxatzen, edo gorpu bat nahiz beraren errautsak donausten baditu edota, idoi egiteko asmoz, errauts-kutxatilak, panteoiak, hilarriak zein horma-hilobiak, suntsitu, aldarazi edo horiei kalte egiten badie, orduan, horri hamabi asteburutik hogeita lau arteko atzipenaldi-zigorra ezarriko zaio, bai eta hiru hilabetetik sei arteko isuna ere.

III. Atala

Ordezko gizarte-prestazioaren eginbeharraren aurkako delituak

527. artikulua

Enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, lau urtetik sei artekoa, aintzatetsitako kontzientzia-eragozleari, baldin eta:

1.) Esleitutako zerbitzua egiteko deia jaso duelarik, zerbitzu horretara bidezko arrazoirik gabe agertzen ez bada, zerbitzu horretarako eranstea hilabete baino gehiago atzeratuz.

2.) Zerbitzu horretara erantsi delarik, arrazoi zuzenik gabe zerbitzu horretara agertzen ez bada, ondoz ondoko hogei egunetan edo ondoz ondokoak ez diren hogeita hamar egunetan.

3.) Ordezko gizarte-prestazioa betetzera erantsi delarik, prestazioa betetzeari uko egiten badio, beren beregi edo egintza erabakigarrien bidez.

Desgaikuntzak ezgaitasuna ekarriko du administrazioen, erakunde edo enpresa publikoen edo horien erakunde autonomiadunen zerbitzupean edozein enplegu edo kargutan jarduteko, bai eta edozein motatako diru-laguntza, beka edo laguntza publiko lortzeko ezintasuna ere, kondenak irauten duen bitartean.

Ezarritako kondena bete ondoren, zigortua prestazioa betetzetik salbuetsita geratuko da.

528. artikulua

Xedapen indargabetzaile bakarrak indargabetutakoa.

V. KAPITULUA

Konstituzio-bermeen aurka funtzionario publikoek egindako delituak

I. Atala

Funtzionario publikoek gizabanakoaren askatasunaren aurka egindako delituak

529. artikulua

1. Epaile edo magistratuak auzi kriminal bat uzten badu beste agintari edo funtzionario administrazioko nahiz militar baten esku, azken horrek legearen aurka auzi kriminal hori erreklamatu diolako, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, sei hilabetetik bi urte artekoa.

2. Horrezaz gain, atxilotua agintari edo funtzionario horren esku uzten badu, aurreko zigor hori baino gradu bat gehiagokoa ezarriko zaio.

530. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, delituaren ondorioz auzia dagoelarik eta epeak edo konstituzioaren nahiz legearen gainerako bermeak urratuz, atxilotu, preso edo epaitu bat askatasunaz gabetzea erabakitzen, askatasunaz gabetzen edo askatasun-gabetze hori luzatzen badu, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, lau urtetik zortzi artekoa.

531. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, delituaren ondorioz auzia dagoelarik eta epeak edo konstituzioaren nahiz legearen gainerako bermeak urratuz, atxilotu, preso edo epaitu baten inkomunikazioa dekretatu, gauzatu edo luzatzen badu, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, bi urtetik sei artekoa.

532. artikulua

Aurreko bi artikuluetan azaldutako egitateak zuhurtziagabekeria astunarengatik gauzatzen badira, orduan, enplegua edo kargualdi publikoa eteteko zigorra ezarriko da, sei hilabetetik bi urtera.

533. artikulua

Espetxeko edo adingabeak babestu zein zuzentzeko zentroetako funtzionarioak giltzaperatu edo barneratuei ezartzen badizkie bidegabeko zehapen edo gabetzeak, edo horiekin beharrezkoa ez den zorroztasuna erabiltzen badu, orduan, funtzionario horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, bi urtetik sei artekoa.

II. Atala

Funtzionario publikoek egoitza bortxaezintasunaren eta bizitza pribatuko beste bermeen aurka egindako delituak

534. artikulua

1. Sei hilabetetik hamabi arteko isuna ezarriko zaio, bai eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ere, bi urtetik sei artekoa, agintari edo funtzionario publikoari, jokabide hauetatik bat egiten badu, delituaren ondorioz auzia dagoelarik eta konstituzioaren edo legearen bermeak errespetatu gabe:

1.) Egoitza batean sartzen bada, bizilagunaren adostasunik gabe.

2.) Pertsona baten paper edo agiriak edota horren egoitzan dauden gauzak miatzen baditu, jabeak askatasunez bere adostasuna ematen duenean izan ezik.

Miaketaren ondoren, jabeari ez badizkio berehala itzultzen miatutako paper, agiri eta gauzak, orduan, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko da, sei urtetik hamabi artekoa, eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna, jabetzapenaren ondorioz ezar dakiekeen zigorrari kalterik egin gabe.

2. Agintari edo funtzionario publikoak, pertsona baten paper, agiri edo gauzak modu zilegian miatu bitartean, zuzena ez den iseka gauzatzen badu edota pertsona horren ondasunei beharrezkoa ez den kaltea egiten badie, orduan, horri gauzatu dituen egitateei dagozkien zigorrak, goiko erdian, ezarriko zaizkio eta, horiekin batera, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, bi urtetik sei artekoa.

535. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, delituaren ondorioz auzia dagoelarik, edozelako gutuneria pribatuaz, postazkoaz nahiz telegrafiazkoaz jabetzen bada, konstituzioaren edo legearen bermeak urratuz, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, bi urtetik sei artekoa.

Agintari edo funtzionario publikoari, berak lortutako informazioa zabaldu edo ezagutarazten badu, desgaikuntza berezia goiko erdian ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hemezortzi arteko isuna ere.

536. artikulua

Agintariak, funtzionario publikoak edo horien agenteak, delituaren ondorioz auzia dagoelarik eta konstituzioaren edo legearen bermeak urratuz, telekomunikazioen artean esku sartzen badu, edota trikimailu teknikoak erabiltzen baditu, soinua, irudia edo komunikaziorako seinaleetatik beste edozein entzun, igorri, irarri edo kopiatzeko, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, bi urtetik sei artekoa.

Lortutako informazioa zabaldu edo ezagutarazten badu, desgaikuntza berezia goiko erdian ezarriko zaio, bai eta sei hilabetetik hemezortzi arteko isuna ere.

III. Atala

Funtzionario publikoek gizabanakoen beste eskubideen aurka egindako delituak

537. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, atxilotu edo presoari eragotzi edo oztopatzen badio abokatuaren laguntza izateko eskubidea, eskubide horri uko egin diezaion ahalegintzen bada, edo eskubide horri uko egitea faboratzen badu, edota, berehala eta modu ulergarrian, beraren eskubideen eta atxiloketaren zioen berri ematen ez badio, orduan, horri lau hilabetetik hamar arteko isuna ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, bi urtetik lau artekoa.

538. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak aurretiazko zentsura ezartzen badu, edo konstituzioak eta legeek baimentzen dituzten kasuetatik kanpo, liburu nahiz egunkarien argitaraldiez jabetzen bada, edo liburu zein egunkarien argitalpena edo irrati-telebistako edozein saioren hedapena eteten badu, orduan, horri erabateko desgaikuntza ezarriko zaio, sei urtetik hamar artekoa.

539. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak, aurretiaz ebazpen judizialik izan gabe, legez eratutako elkartea desegiten edo horren jarduera eteten badu, edo, bidezko arrazoirik gabe, elkarte horri bilerak egitea eragozten badio, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, zortzi urtetik hamabi artekoa eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna.

540. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak bilera baketsua debekatu edo desegiten badu, legeek beren beregi baimentzen dituzten kasuetatik kanpo, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, lau urtetik zortzi artekoa, bai eta sei hilabetetik bederatzi arteko isuna ere.

541. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoak pertsona bati beraren ondasunen jabetza kentzen badio, legeek baimentzen dituzten kasuetatik kanpo eta lege betekizunak bete gabe, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, urtebetetik lau artekoa, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere.

542. artikulua

Agintari edo funtzionario publikoari enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, urtebetetik lau artekoa, pertsona bati, jakinaren gainean egonik, herritarren beste eskubideak egikaritzea eragozten badio, betiere eskubide horiek konstituzioaren eta bestelako legeen bidez aintzatetsita daudenean.

VI. KAPITULUA

Espainiari idoi egitea

543. artikulua

Espainiaren, beraren autonomia erkidegoen edo beren ikur zein ezaugarrien aurka hitzez, idatziz edo egitez egindako ofentsa edo idoiek zazpi hilabetetik hamabi arteko isuna jasoko dute, betiere publizitatez egiten direnean.

XXII. TITULUA

ORDENA PUBLIKOAREN AURKAKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Albaramendua

544. artikulua

Albaramendupeko erruztatuak dira, asaldatze-delitutik kanpo daudelarik, agerian eta modu nahasian altxatzen direnak, indarrez edo legezko bideetatik kanpo, legeen aplikazioa eragozteko, edozein agintari, korporazio ofizial edo funtzionario publikori beraren funtzioan bidezko eran jarduten edo beraren erabakiak betetzen eragozteko, edo Administrazioak edo epaileek emandako ebazpenak betetzen eragozteko.

545. artikulua

1. Norbaitzuek albaramendua induzitu, berari eutsi edo bera gidatzen badute edo albaramenduan egile nagusi gisa ageri badira, zortzi urtetik hamar arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, eta agintari gisa diharduten pertsonak badira, hamar urtetik hamabost artekoa. Horrezaz gain, kasu bietan erabateko desgaikuntza ezarriko zaie zigorrak dirauen denbora berbererako.

2. Aurreko kasuetatik kanpo daudenei lau urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, lau urtetik zortzi artekoa.

546. artikulua

474. artikuluan xedatutakoa albaramendu-kasuan ere aplikatzekoa da, albaramendua ez bada buruzagi ezagunekin antolatu.

547. artikulua

Albaramenduak ez badu modu larrian oztopatu agintaritza publikoa erabiltzea eta, horrezaz gain, legeak zigor astunez zigortutako beste deliturik egitea eragin ez badu, epaile edo auzitegiek gradu bat edo bi jaitsiko dizkiete kapitulu honetan adierazitako zigorrei.

548. artikulua

Albaramendua egiteko zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortuko dira, bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin, betiere albaramendua gauzatzen ez denean. Albaramendua gauzatzen bada, 545. artikuluko lehenengo paragrafoko zigorra ezarriko da, eta haien egileak sustatzaile gisa hartuko dira.

549. artikulua

479. artikulutik 484.erakoetan xedatutakoa albaramenduari ere aplikatzekoa da.

II. KAPITULUA

Agintaritzaren aurkako atentatuak, agintaritzaren agenteen eta funtzionario publikoen aurkako atentatuak, eta jarkitzea eta desobeditzea

550. artikulua

Atentatupeko erruztatuak dira agintariari, agintaritzaren agenteei edo funtzionario publikoei, euren karguetako funtzioetan ari direnean edo eginkizun horiek direla-eta jazartzen zaizkienak, horien aurka indarra erabiltzen dutenak, horiek modu larrian larderiatzen dituztenak edo horiei modu aktibo eta larrian jarkitzen zaizkienak.

551. artikulua

1. Aurreko artikuluko atentatuak agintaritzaren aurka badira, bi urtetik lau arteko espetxealdi-zigorrarekin eta hiru hilabetetik sei arteko isunarekin zigortuko dira, eta beste kasu guztietan urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, atentatua jasaten duen agintaria Gobernuko kidea bada, autonomia erkidegoen Gobernu Kontseiluetako kidea, Diputatuen Kongresuko kidea, Senatuko kidea, autonomia erkidegoen legebiltzarretako kidea, toki-korporazioetako kidea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidea edo Konstituzio Auzitegiko magistratua, espetxealdi-zigorra ezarriko da, lau urtetik sei artekoa, bai eta isuna ere, sei hilabetetik hamabi artekoa.

552. artikulua

Aurreko artikuluan kasuan-kasuan ezarritako zigorrak baino gradu bat gehiagokoak ezarriko dira, atentatuan inguruabar hauetako bat gertatzen bada:

1.) Armak edo bestelako eskuarte arriskutsuak erabiliz egiten bada erasoa.

2.) Agintari, agintaritzaren agente edo funtzionario publiko izateaz balia-tzen bada egitatearen egilea.

553. artikulua

Aurreko artikuluetan ezarritako delituetatik edozein egiteko zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortuko dira, delitu bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin.

554. artikulua

1. Norbaitek indar armatu bati, bere funtzioetan ari denean, edo funtzio horiek direla eta, egitez tratu txarra ematen badio, edo era aktibo eta larrian jarkitzen bazaio, orduan, horri 551 eta 552. artikuluetan kasuan-kasuan ezartzen diren zigorrak ezarriko zaizkio.

2. Ondore horietarako indar armatutzat hartuko dira, uniformea jantzirik, legez Indar Armatuen ardurapean dagoen zerbitzua ematen duten militarrak, hori egiteko agindua arauz jaso badute.

555. artikulua

551 eta 552. artikuluetan kasuan-kasuan ezarritako zigorrak baino gradu bat gutxiagokoak ezarriko zaizkie agintaria, agintaritzaren agenteak edo funtzionarioak laguntzeko hurbildu direnekiko jazartzea edo larderia gauzatzen dutenei.

556. artikulua

Norbaitzuk, 550. artikuluko kasuetatik kanpo daudelarik, euren funtzioetan ari diren agintariei edo agintaritzaren agenteei jarkitzen bazaizkie edo horiei modu larrian desobeditzen badiete, orduan, halakoei espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, sei hilabetetik urtebete artekoa.

III. KAPITULUA

Desordena publikoak

557. artikulua

Espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, sei hilabetetik hiru urte artekoa, taldeka jardunez eta herri-bakearen aurka atentatua egiteko asmoz, ordena publikoa eraldatzen dutenei, pertsonei lesioak eraginez, jabetzetan kalteak sortuz, herri-bideak edo horietarako sarbideak oztopatuz, betiere horietatik dabiltzanentzat arriskua sortarazten denean, edo instalazioetan edo eraikinetan indarrez sartuz; horrek ez dio kalterik egingo kode honen manuen arabera legozkiekeen zigorrak ezartzeari.

558. artikulua

Atzipenaldi-zigorra ezarriko zaie, zazpi asteburutik hogeita lau artekoa, edo isuna, hiru hilabetetik hamabi artekoa, ordenaren nahasmendu larria eragiten dutenei auzitegi edo epaitegi baten entzunaldian, edozein agintaritzari edo korporaziori dagozkion egintza publikoetan, hauteslekuan, bulego edo establezimendu publikoan, irakastegian edo kirol- nahiz kultura-ikuskizunak direla eta.

559. artikulua

Norbaitzuek ordena publikoan nahasmendu larria eragiten badute, pertsona bati herritar gisa dagozkion eskubideak egikaritzen eragozteko asmoz, orduan, halakoei hiru hilabetetik hamar arteko isuna ezarriko zaie eta hautagai izateko eskubidea egikaritzeko desgaikuntza berezia, bi urtetik sei artekoa.

560. artikulua

1. Norbaitzuek kalteak eragiten badituzte eta kalte horiek telekomunikazioko lineak edo instalazioak nahiz posta geldiarazi, oztopatu edo suntsitzen badituzte, orduan, halakoei espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, urtebetetik bost artekoa.

2. Zigor berbera ezarriko zaie burdinbideetan kalteak eragin dituztenei, edo 382. artikuluan ezarritako moduetatik batez burdinbidezko zirkulazioan kalte larria sortzen dutenei.

3. Zigor bera ezarriko zaie ura, gasa eta elektrizitatea herrietara daramaten bideei edo bidaltzeko tresnei kalte egiten dietenei, baldin eta horien hornidura edo zerbitzua geldiarazten edo modu larrian nahaspilatzen badute.

561. artikulua

Norbaitek, herri-bakearen aurka atentatu egiteko asmoz, lehergailuak edo ondore bera sor dezaketen bestelako aparatuak daudela modu faltsuan adierazten badu, orduan, horri espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, sei hilabetetik urtebete artekoa, edo isuna, sei hilabetetik hemezortzi artekoa, benetan sortutako ikara edo ordena-eraldatzea kontuan hartuz.

IV. KAPITULUA

Aurreko kapitulu guztietarako xedapena

562. artikulua

Titulu honen aurreko kapituluetan azaldutako delituetatik edozein egiten duena agintari legez diharduen pertsona bada, kasuan-kasuan ezarritako desgaikuntza-zigorraren ordez erabateko desgaikuntza ezarriko da, hamar urtetik hamabost arteko denboran, delituari dagokion tipo penalak inguruabar hori zehatz biltzen duenean izan ezik.

V. KAPITULUA

Arma, munizio edo lehergailuen edukitze, trafiko eta gordailuan jartzea eta terrorismo-delituak

I. Atala

Arma, munizio edo lehergailuen edukitze, trafiko edo gordailuan jartzea

563. artikulua

Debekatutako armak edukitzea urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorrarekin zigortuko da. Halaber, zigor bera ezarriko zaio araututako armak edukitzen dituenari, arma horien fabrikazio-ezaugarriek funtsezko aldarazpena jaso badute.

564. artikulua

1. Beharrezko lizentzia edo baimena izan gabe, araututako su-armak edukitzea honela zigortuko da:

1.) Urtebetetik bi arteko espetxealdi-zigorrarekin arma laburrak badira.

2.) Sei hilabetetik urtebeterako espetxealdi-zigorrarekin, arma luzeak badira.

2. Aurreko zenbakian ezarritako delituak, hurrenez hurren, bi urtetik hiru arteko eta urtebetetik bi arteko espetxealdi-zigorrekin zigortuko dira, inguruabar hauetatik bat gertatzen bada:

1.) Armek fabrikazio-markarik edo zenbakirik ez edukitzea, edo marka nahiz zenbaki horiek aldatuta edo ezabatuta egotea.

2.) Armak nazio-lurraldean legearen aurka sartutakoak izatea.

3.) Armak itxuraldatuta egotea, armen jatorrizko ezaugarriak aldatuz.

565. artikulua

Epaile edo auzitegiek gradu bat jaitsi ahal izango diete aurreko artikuluetan adierazitako zigorrei, egitatearen eta errudunaren inguruabarrak kontuan hartuz, agerian jartzen bada ez dagoela armak zilegi ez den helburuarekin erabiltzeko asmorik.

566. artikulua

1. Norbaitzuek agintaritza eskudunak edo legeek baimentzen ez dituzten arma edo munizioak egin, merkaturatu edo gordailuan jartzen badituzte, zigor hauek ezarriko zaizkie:

1go) Gerrarako arma nahiz munizioak badira, edo arma kimikoak badira, sustatzaile edo antolatzaileei espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bost urtetik hamar artekoa, eta horiek eratzeko lagundu dutenei espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, hiru urtetik bost artekoa.

2.) Araupeko su-armak nahiz horientzako munizioak badira, sustatzaile eta antolatzaileei espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bi urtetik lau artekoa, eta horiek eratzeko lagundu dutenei espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, sei hilabetetik bi urte artekoa.

3.) Zigor berberak ezarriko dira, kasuan-kasuan, gerrarako nahiz defentsarako armen edo munizioen trafikoa edo arma kimikoena zigortzeko.

2. Aurreko paragrafoaren 1. zenbakiko zigorrak ezarriko zaizkie arma kimikoak garatu edo erabiltzen dituztenei edota horiek erabiltzeko prestalan militarrak hasten dituztenei.

567. artikulua

1. Gerrarako armen gordailua ezartzea arma horietatik edozein fabrikatzea, merkaturatzea edo edukitzea da, euren modeloa edo mota kontuan hartu gabe, nahiz eta piezetan desarmatuta egon. Arma kimikoen gordailua ezartzea arma horiek fabrikatzea, merkaturatzea edo edukitzea da.

Gerrarako armen gordailua ezartzeak bere barnean hartzen ditu, horien merkaturatzeari dagokionez, erostea eta saltzea.

2. Gerrarako armak dira nazio-defentsa arautzen duten xedapenek gerrarako arma gisa zehazten dituztenak. Arma kimikoak dira Espainia kide den nazioarteko itun edo hitzarmenetan arma kimikotzat hartzen direnak.

Arma kimikoen garapentzat jotzen da edozein jarduera, baldin eta jarduera horren bitartez ikerketa edo azterketa zientifikoa edo teknikoa egiten bada, arma kimiko berria sortzeko edo aurretiaz dagoena aldarazteko.

3. Araupeko su-armak gordailuan jartzea da arma horietariko bost edo gehiago fabrikatzea, merkaturatzea edo biltzea da, nahiz eta piezetan desarmatuta egon.

4. Munizioei dagokienez, epaile eta auzitegiek adieraziko dute kapitulu honen ondoreetarako gordailuan jarri diren ala ez, munizioen kopurua eta mota kontuan hartuz.

568. artikulua

Gai edo aparatu lehergarri, sukoi, su-eragile edo itogarriak edota beraien osagaiak legeek edo agintaritza eskudunak baimentzen ez duten edukitzea edo gordailuan jartzea, fabrikatzea, trafikagai hartzea, garraiatzea nahiz edonola hornitzea lau urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorrarekin zigortuko da, horien sustatzaile eta antolatzaileei dagokienez, eta hiru urtetik bost arteko espetxealdi-zigorrarekin, horiek eratzeko lagundu dutenei dagokienez.

569. artikulua

Elkarte baten izenean edo beraren kontura, arma, munizio edo lehergailuen gordailuak delitu egiteko asmoz ezartzen badira, epaileak elkarte horren ez-zilegitasuna adieraziko du eta, horren ondorioz, elkarte hori desegin egingo da.

570. artikulua

Kapitulu honetan ezarritako kasuetan, delitugileak baimena badu kapitulu berberean aipatzen diren gai, arma edo munizio bat edo batzuk fabrikatzeko nahiz trafikagai hartzeko, adierazitako zigorrez gain, bere industria edo merkataritzan aritzeko desgaikuntza berezia ezarriko zaio, hamabi urtetik hogei artekoa.

II. Atala

Terrorismo-delituak

571. artikulua

Norbaitzuek, banda armatu, antolakunde edo taldeetako kideak direla, edo horien zerbitzupean jardun edo horiekin elkarlanean ari direla, banda armatu, antolakunde edo taldeon helburua konstituzio-ordena iraultzea edo herri-bakea modu larrian eraldatzea denean, 346 eta 351. artikuluetan hurrenez hurren tipifikatzen diren kalte handiak edo suteak egiten badituzte, orduan, halakoei hamabost urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie. Horrek ez dio kalterik egingo inoren bizitzaren, osotasun fisikoaren edota osasunaren aurkako lesioa gertatu eta horri dagokion zigorra ezartzeari.

572. artikulua

1. Norbaitzuek, aurreko artikuluan azaldutako banda armatu, antolakunde edo talde terroristetako kideak direla, edo horien zerbitzupean jardun edo horiekin elkarlanean ari direla, inoren aurka atentatu egiten badute, orduan, halakoei zigor hauek ezarriko zaizkie:

1.) Espetxealdi-zigorra, hogei urtetik hogeita hamar artekoa, inoren heriotza eragiten badute.

2.) Espetxealdi-zigorra, hamabost urtetik hogei artekoa, 149 eta 150. artikuluetan ezarritako lesioetatik edozein eragiten badute edo norbait bahitzen badute.

3.) Espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, hamar urtetik hamabost artekoa, bestelako edozein lesio eragiten badute edo norbait mehatxatu, derrigortu edo legearen aurka atxilotzen badute.

2. Zigorra goiko erdian ezarriko da egitateak gauzatzen badira 551. artikuluko 2. paragrafoko pertsonen aurka, Indar Armatuetako kideen aurka, estatuaren segurtasun-indar eta kidegoetako kideen aurka, autonomia erkidegoetako polizien aurka edo toki-erakundeetako kideen aurka.

573. artikulua

Arma edo munizioak gordailuan jartzea, gai edo aparatu lehergarri, sukoi, su-eragile edo itogarriak edota beraien osagaiak edukitzea eta gordailuan jartzea, arma, munizio, gai edo aparatu horiek fabrikatzea, trafikagai hartzea, garraiatzea nahiz horiez edonola hornitzea, edo aurreko gaiak edo bide eta trikimailu egokiak kokatze hutsa nahiz erabiltzea sei urtetik hamar arteko espetxealdi-zigorrarekin zigortuko da, egitate horiek gauzatzen badituzte aurreko artikuluetan azaltzen diren banda armatu, antolakunde edo talde terroristetako kideek, edo horien zerbitzupean edo horiekin elkarlanean ari direnek.

574. artikulua

Norbaitzuek, banda armatu, antolakunde nahiz talde terroristetako kideak direla, edo horien zerbitzupean edo horiekin elkarlanean ari direla, bestelako arau-hausteak egiten badituzte, 571. artikuluan azaltzen diren helburuetako bat lortzeko, orduan, halakoei egindako falta edo delituari dagokion zigorra goiko erdian ezarriko zaie.

575. artikulua

Norbaitzuek ondarearen aurka atentatu egiten badute, lehen aipatutako banda armatu edo antolakunde nahiz talde terroristentzat dirua bildu edo euren helburuak ahalbideratzeko asmoz, orduan, halakoei egindako delituari dagokion zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarriko zaie; horrek ez dio kalterik egingo elkarlaneko egintzarengatik hurrengo artikuluaren arabera ezarri behar den zigorra ezartzeari.

576. artikulua

1. Espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bost urtetik hamar artekoa, bai eta isuna ere, hemezortzi hilabetetik hogeita lau artekoa, banda armatu, antolakunde edo talde terrorista baten jarduera nahiz helburuekin elkarlaneko egintzetatik edozein gauzatu, eskatu edo errazten duenari.

2. Elkarlaneko egintzak dira pertsona, ondasun zein instalazioei buruz informatzea edo horiek zelatatzea, egonlekuak edo gordailuak eraiki, atondu, laga edo erabiltzea, banda armatu, antolakunde edo talde terroristekin loturarik duten pertsonak ezkutatzea edo toki batetik bestera eramatea, entrenamenduak antolatzea edo horietara joatea eta, oro har, banda armatu, antolakunde edo talde terrorista horien jarduerekin lankidetzan aritzea, horiei laguntzea nahiz horientzat bitartekotza egitea edo balio bera duen bestelako edozein egintza gauzatzea, ekonomikoa nahiz edozein motatakoa.

Aurreko lerrokadan aipatutako pertsonei buruzko informazio- edo zelata-tze-egintzak 1. paragrafoan ezarritako zigorrarekin zigortuko dira, goiko erdian, egintza horiek arriskuan jartzen badute pertsona horien bizitza, osotasun fisikoa, askatasuna edo ondarea. Arrisku hori gauzatu egiten bada, kasuen arabera, egitatea egilekideei edo sopikunei dagozkien zigorrekin zigortuko da.

577. artikulua

Norbaitzuek, banda armatu, antolakunde edo talde terroristetako kide izan barik, eta konstituzio-ordena iraultzeko edo herri-bakea modu larrian hausteko helburuarekin, edo xede horietan laguntzeko helburuarekin, herri bateko biztanleak edo gizarte-, politika- nahiz lanbide-talde bateko kideak ikaratuz, giza hilketak egiten badituzte, edo 149 eta 150. artikuluetan tipifikatutako lesioak, legearen aurkako atxiloketak, bahiketak, pertsonen aurkako mehatxuak edo derrigortzeak, edota sute-delitua, kalte handien delitua, 263. artikulutik 266.era artekoetan, 323. artikuluan edo 560. artikuluan tipifikatutako kalteak, nahiz armen, munizioen, gai edo aparatu lehergarri, sukoi, su-eragile edo itogarrien edota beraien osagaien edukitze, fabrikatze, gordailuan jartze, trafikagai hartze, garraiatze edo hornitze delituetatik edozein, orduan, halakoei egitate gauzatuari dagokion zigorra ezarriko zaie goiko erdian.

578. artikulua

Edozein adierazpide edo hedabide publikoren bitartez goretsi edo bidezkotzen badira kode honen 571. artikulutik 577.erakoetan jasotako delituak, horien egikaritzan parte hartu duten pertsonak, edota terrorismo-delituetako biktimen edo beraien senideen izen ona zikintzea edo horiek gutxietsi nahiz umiliatzea dakarten egintzak gauzatzen badira, orduan, urtebetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da. Gainera, epaileak epaian bertan erabaki dezake, berak ezartzen duen denboraldian zehar, kode honen 57. artikuluan ezarritako debekuetatik bat edo batzuk.

579. artikulua

1. 571. artikulutik 578.erakoetan ezarritako delituak egiteko zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortu egingo dira, aurreko artikuluetan ezarritako egitate bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin.

2. Atal honetan ezarritako delituen erantzuleei, aurreko artikuluen arabera dagozkien zigorrei kalterik egin barik, erabateko desgaikuntza zigorra ezarriko zaie, eta desgaikuntza hori epaian, hala denean, askatasunaz gabetzeko ezarri den zigorra baino sei urtetik hogei arte luzeagoa izango da, delituaren astuntasuna, egindako delitu-kopurua eta delitugilearen inguruko inguruabarrak kontuan hartuz.

3. Atal honetan ezarritako delituak zigortzeko, epaile eta auzitegiek, epaian arrazoiak emanez, delitu bakoitzari legeak adierazitako zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoa ezarri ahal izango dute, subjektuak, borondatez, delitu-jarduerak bertan behera utzi eta agintaritzaren aurrean bere burua aurkezten badu, bere partaidetzarekin gauzatutako egitateak aitortuz eta, gainera, delitua gertatzea eragozteko biziki aritzen bada agintaritzarekin elkarlanean, edo froga erabakigarriak eskuratzen laguntzen badu, beste erantzule batzuk identifikatu edo harrapatzeko nahiz bera kide izan den edo elkarlanean aritu den banda armatu, antolakunde edo talde terroristen jarduna edo garapena eragozteko.

580. artikulua

Banda armatu, antolakunde edo talde terroristen jarduerarekin zerikusia duten delitu guztietan, berrerortze astungarria ezartzearen ondoreetarako, atzerriko epaile edo auzitegi batek ezarritako kondena eta Espainiako epaile edo auzitegiek emandako epaiak baliobestekoak izango dira.

XXIII. TITULUA

TRAIZIO-DELITUAK, ESTATUAREN BAKE EDO INDEPENDENTZIAREN AURKAKOAK ETA NAZIO-DEFENTSARI BURUZKOAK

I. KAPITULUA

Traizio-delituak

581. artikulua

Espainiar batek atzerriko herrialde bat induzitzen badu Espainiaren kontra gerran sartzeko adierazpena egitera, edo helburu hori lortzeko atzerriko herrialdearekin ituna egiten badu, orduan, espainiar horri hamabost urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

582. artikulua

Hamabi urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio:

1.) Arerioari Espainian sartzea errazten dion espainiarrari edo hiri, militargune, estatuaren ontzi zein aireontzi edo arma- nahiz intendentzia-biltegiak hartzea errazten dion espainiarrari.

2.) Espainiako guda-taldea edo Espainiaren zerbitzupean dagoena arerioarekin bat egin dezan edo, kanpainan dagoelarik, bere banderapetik ihes egin dezan erakarri edo biltzen duen espainiarrari.

3.) Arerioaren banderapean, jendea erreklutatzen duen espainiarrari edota arerioa armez zein Espainiari gerra egiteko bestelako baliabide eragingarriez hornitzen duen espainiarrari.

583. artikulua

Espainiarrari hamabi urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio:

1.) Arerioaren banderapean, aberriaren kontra armak hartzen baditu.

Aurreko zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarriko zaio buruzagi edo sustatzaile gisa aritzen denari, agintea duenari edo agintari gisa diharduenari.

2.) Arerioaren guda-taldeak hornitzen baditu ondasun, arma, itsasontzi, aireontzi, intendentziako gai edo munizio, armamentu edota Espainia erasotzeko zuzeneko bestelako baliabide eragingarriz. Halaber, arerioaren indar armatuei aurrerabidea ematen badie, aurreko artikulura bilduta ez dauden moduetako batean.

3.) Arerioa gotorleku, eraikin edo lurren plano, agiri nahiz albistez hornitzen badu, betiere horiek zuzenean Espainia erasotzera edo arerioaren indar armatuei bidea erraztera daramatenean.

4.) Gerratean, nazioko guda-taldeek artikulu honen 2. zenbakian aipatzen diren laguntzak jasotzea edo artikulu honen 3. zenbakian aipatzen diren datu eta albisteak jasotzea eragozten badu.

584. artikulua

Espainiarrak, atzerriko herrialde edo nazioarteko elkarte edo antolakunde bati mesede egiteko asmoz, isilpeko edo sekretu gisa sailkatuta dagoen informazioa lortu, faltsutu, deuseztatu edo ezagutarazten badu, nazio-segurtasunari nahiz defentsari kalte egiteko modukoa izanik, orduan, espainiar horri, traidore gisa, espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, sei urtetik hamabi artekoa.

585. artikulua

Kapitulu honen aurreko artikuluetan ezarritako delituetatik edozein egiteko zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortu egingo dira, delitu bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin.

586. artikulua

Atzerritarrak, Espainian bizilekua izanik, kapitulu honetara bildutako delituetatik edozein egiten badu, orduan, delitu bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko zaio, salbu eta itunek edo jendeen zuzenbideak besterik ezartzen dutenean, diplomaziako, kontsulatuko eta nazioarteko antolakundeetako funtzionarioei buruz.

587. artikulua

Kapitulu honen aurreko artikuluetan aipatutako zigorrak ezarriko zaizkie artikulu horietara bildutako delituak Espainiaren aliatua den herrialde baten aurka egiten dituztenei ere, baldin eta herrialde aliatua eta Espainia bien arerioaren kontrako kanpainan badabiltza.

588. artikulua

Hamabost urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, konstituzioan xedatutakoa bete barik, gerran sartzeko adierazpena egin edo bakea izenpetzen duten gobernukideei.

II. KAPITULUA

Estatuaren bakea edo independentzia arriskuan jartzen duten delituak

589. artikulua

Norbaitek Espainian argitaratu edo betearazten badu atzerriko gobernu baten edozein agindu, xedapen edo agiri, eta hori estatuaren independentzia edo segurtasunaren aurkako atentatua bada, estatuaren legeak betetzearen aurkakoa bada edo lege horiek ez betetzea eragiten badu, orduan, pertsona horri espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, urtebetetik hiru artekoa.

590. artikulua

1. Norbaitek, legearen aurkakoak diren edo behar bezala baimendurik ez dauden egintzen bidez, beste herrialde batek Espainiaren kontra gerran sartzeko adierazpena egitea eragiten badu edo horretarako ziorik ematen badu, edota espainiarrak jartzen baditu euren aurkako edo euren ondasunen aurkako isekak nahiz errepresaliak bizi izateko moduan, orduan, pertsona horri espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, zortzi urtetik hamabost artekoa, agintari edo funtzionarioa bada, eta lau urtetik zortzi artekoa, agintari edo funtzionarioa ez bada.

2. Gerran sartzeko adierazpenik egiten ez bada edo isekak nahiz errepresaliak gauzatzen ez badira, kasuan-kasuan, bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat gutxiagokoa ezarriko da.

591. artikulua

Aurreko artikuluan adierazitako zigor berberak ezarriko zaizkio, kasuan-kasuan, Espainiak esku hartzen ez duen gerran, estatuaren neutraltasuna arriskuan jartzen duten egintzetatik edozein gauzatzen duenari edo neutraltasun hori zaintzeko Gobernuak argitaratzen dituen xedapenak hausten dituenari.

592. artikulua

1. Espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, lau urtetik zortzi artekoa, estatuaren agintaritzari kalte egiteko edo Espainiaren duintasuna nahiz beraren oinarrizko interesak arriskuan jartzeko asmoz, atzerriko gobernuekin, horien agenteekin edo nazioarteko zein atzerriko talde, erakunde edo elkarteekin ados jartzen direnei edota horiekin nolanahiko harremanak dituztenei.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako egintzak gerra edo asaldatzea eragiteko asmoz gauzatzen dituenari, kasuan-kasuan, zigorra ezarriko zaio kode honen 581, 473 edo 475. artikuluen arabera.

593. artikulua

Espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, zortzi urtetik hamabost artekoa, Espainiako nazioaren eta beste nazio arerio baten artean edo haien indar gerragileen artean hitzartutako tregoa edo armistizioa urratzen duenari.

594. artikulua

1. Espainiarrak, gerratean, albiste edo zurrumurru faltsuen berri eman edo horiek zabaltzen baditu, estatuaren sinesgarritasunari edo Espainiaren interesei kalte egiteko, orduan, espainiar horri espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, sei hilabetetik bi urte artekoa.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio aurreko paragrafora bildutako egitateetatik edozein Espainiako lurraldean gauzatzen duen atzerritarrari.

595. artikulua

Norbaitek, legearen arabera emandako baimenik izan gabe, Espainian guda-taldeak erreklutatzen baditu atzerriko herrialde baten zerbitzupean aritzeko, lortu nahi duen helburua edo eraso nahi duen nazioa edozein izanda ere, orduan, horri espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, lau urtetik zortzi artekoa.

596. artikulua

1. Norbaitek, gerratean eta estatuaren bakea, segurtasuna edo independentzia arriskuan jartzeko asmoz, herrialde arerioarekin edo arerioaren guda-taldeek okupaturiko herrialdearekin posta badu, Gobernuak posta hori debekatu duenean, orduan, horri espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, urtebetetik bost artekoa. Espetxealdi-zigorra zortzi urtetik hamabost artekoa izango da, postan arerioarentzat baliagarri izan daitezkeen abisu edo albisteak ematen badira.

2. Zigor berberak ezarriko zaizkio artikulu honetara bildutako delituak egiten dituenari, nahiz eta, legeari itzuri egiteko, posta herrialde adiskide edo neutral baten bidez zuzendu.

3. Errudunaren helburua arerioari zerbitzua egitea bada, beraren abisu eta albisteekin, kasu hori 583. artikuluko 3 edo 4. zenbakietan barne hartuta dagoela ulertuko da.

597. artikulua

Espainiarra edo atzerritarra, nazio-lurraldean dagoelarik, herrialde areriora pasatzen bada edo pasatzen ahalegintzen bada, Gobernuak hori egitea debekatuta duenean, orduan, horri isun-zigorra ezarriko zaio, sei hilabetetik hamabi artekoa.

III. KAPITULUA

Nazio-defentsari buruzko delituak

I. Atala

Nazio-defentsari buruzko sekretu eta informazioak ezagutarazi eta agertaraztea

598. artikulua

Norbaitek, atzerriko herrialde bati mesede egiteko asmorik izan gabe, legeak informazio bat isilpeko edo sekretu gisa sailkatuta duenean, informazio hori lortu, agertarazi, faltsutu edo deuseztatzen badu, betiere informazioak zerikusia duenean nazio-segurtasun edo defentsarekin, edota Indar Armatuek nahiz interes militarra duten industriek erabilitako bide tekniko edo sistemei buruzkoa denean, orduan, pertsona horri urtebetetik lau arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

599. artikulua

Aurreko artikuluan ezarritako zigorra goiko erdian ezarriko da, inguruabar hauetatik bat gertatzen bada:

1.) Subjektu aktiboa bere kargu edo lanpostuarengatik izatea sekretu nahiz informazioaren jakitun edo gordailuzain.

2.) Sekretu edo informazioari publizitatea ematea gizarte-komunikabide batean edota haren hedapena ziurtatzeko moduan.

600. artikulua

1. Norbaitek, esanbidezko baimenik izan gabe, sarbide murriztua duten alde, instalazio edo gai militarrei buruzko plano edo agiriak kopiatzen baditu, eta horien berri izatea babestuta eta erreserbatuta dagoenean legeak isilpeko edo sekretu gisa sailkatzen duen informazio baten bitartez, orduan, pertsona horri sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

2. Zigor berbera ezarriko zaio, indarrean dagoen legeriak ezarritako xedapenak bete barik, nazio-segurtasun edo defentsari buruzko objektuak nahiz isilpeko edo sekretu gisa sailkatutako informazioa bere esku dituenari.

601. artikulua

Norbaitek, bere kargu, betekizun edo zerbitzuarengatik, ofizialki bere esku baditu nazio-segurtasun edo nazio-defentsari buruzko objektuak nahiz isilpeko, sekretu zein interes militarreko gisa legez sailkatutako informazioa, edo horien berri era ofizialean badu, eta zuhurtziagabekeria astuna dela medio, baimenik gabeko pertsona batek objektu edo informazio horiek jakitea ekartzen badu, edo horiek zabaldu, argitaratu edota deuseztatzea ekartzen badu, orduan, pertsona horri sei hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

602. artikulua

Norbaitek energia nuklearrarekin zerikusia duen informazioa ezagutarazi, urratu, agertarazi, ostu edo erabiltzen badu, betiere legean informazio hori isilpeko edo sekretu gisa sailkatu denean, orduan, horri sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, bestelako lege batek egitateari zigor astunagoa ezartzen ez badio.

603. artikulua

Norbaitek, baimenik izan gabe, nazio-defentsarekin zerikusia duten posta edo agiriak suntsitu, deuseztatu, faltsutu edo irekitzen baditu, legean isilpeko edo sekretu gisa sailkatu direnean halakoak, eta pertsona horrek posta edo agiriak bere esku baditu kargu edo lanpostuaren zioz, orduan, berari bi urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio eta enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia, hiru urtetik sei artekoa.

II. Atala

Soldadutza egin beharraren aurkako delituak

604. artikulua

Norbait, soldadutza egiteko legearen arabera deia jaso ondoren eta bidezko arrazoirik gabe, aurkezten ez bada, eta soldadutzara agertzea hilabete baino gehiagoko denboran atzeratzen badu, edota, artean Indar Armatuetan sartu barik dagoela, espedientean, beren beregi eta legezko arrazoirik gabe, soldadutza egiteko ezezkoa adierazten badu, orduan, horri enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarriko zaio, lau urtetik sei artekoa.

Desgaikuntzak barne hartuko ditu administrazio, erakunde edota enpresa publikoen nahiz horien guztien erakunde autonomiadunen zerbitzupeko nolanahiko enplegu edo karguan aritzeko ezgaitasuna, bai eta diru-laguntzak, bekak nahiz edozein motatako laguntza publikoak lortzeko ezintasuna ere, kondenak dirauen bitartean.

Ezarritako kondena bete ondoren, zigortua soldadutza egitetik salbuetsita geratuko da, gerraren ondorioz mobilizazioa egiten denean izan ezik.

XXIV. TITULUA

NAZIOARTEKO ERKIDEGOAREN AURKAKO DELITUAK

I. KAPITULUA

Jendeen zuzenbidearen aurkako delituak

605. artikulua

1. Norbaitek hiltzen badu atzerriko estatuburu bat edo nazioartean itun batek babesten duen pertsona bat, pertsona hori Espainian dagoen bitartean, orduan, horri hogei urtetik hogeita bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio. Egitatean inguruabar astungarri bi edo gehiago gertatzen badira, hogeita bost urtetik hogeita hamar arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

2. Norbaitek 149. artikuluko lesioak eragiten badizkie aurreko paragrafoan aipaturiko pertsonei, orduan, horri espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, hamabost urtetik hogei artekoa.

Eragindako lesioa 150. artikuluan ezarritarikoen artean badago, zortzi urtetik hamabost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da; aitzitik, lau urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, lesio hori bestelakoa bada.

3. Aurreko zenbakietan aipaturiko pertsonen aurka, edota haien lokal ofizial, bizileku partikular nahiz garraiobideen aurka beste edozein delitu egitea zigortu egingo da kode honetan delitu bakoitzari ezarritako zigorrekin, goiko erdian.

606. artikulua

1. Norbaitek estatuburu baten edo nazioartean itun batek babesturiko pertsona baten ukiezintasun pertsonala urratzen badu, sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

2. Aurreko artikulura eta artikulu honetara bildutako delituek pareko zigorrik ez dutenean ofendituen jatorrizko herrialdearen legeetan, delitugileari ezarriko zaion zigorra kode honen xedapenen arabera delituari legokiokeena izango da, ofendituak aurreko paragrafoan aipatzen den izaera ofiziala ez badu.

II. KAPITULUA

Genozidio-delituak

607. artikulua

1. Norbaitzuek, nazio, etnia, arraza edo erlijio-talde bat oso-osorik edo zati batean suntsitzeko asmoz, egintza hauetako bat gauzatzen badute, zigor hauek ezarriko zaizkie:

1.) Hamabost urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra, taldekide bat hiltzen badute.

Egitatean inguruabar astungarri bi edo gehiago gertatzen badira, berari dagokion zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarriko da.

2.) Hamabost urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra, taldekide baten aurkako sexu-erasorik egiten badute edo 149. artikuluan ezarritako lesioetatik bat eragiten badute.

3.) Zortzi urtetik hamabost arteko espetxealdi-zigorra, bizia arriskuan jartzen duten edota osasuna modu larrian nahasten duten bizi-baldintzen menpe jartzen badute taldea bera edo taldeko edozein gizabanako, edota 150. artikuluan ezarritako lesioetatik batzuk eragiten badizkie.

4.) Zigor berbera, taldea edo taldekideak derrigorrez lekualdatzen badituzte, haien bizimodua nahiz ugalketa eragoztera jotzen duten neurrietatik edozein hartzen badute edota gizabanakoak talde batetik bestera indarrez eramaten badituzte.

5.) Lau urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra, paragrafo honen 2 eta 3. zenbakietan adierazitakoez besteko lesioa eragiten badute.

2. Ideiak eta doktrinak hedatzen badira, edozein dela ere erabilitako bidea, artikulu honen aurreko paragrafoan tipifikatutako delituak ukatu edo justifikatzen dituztenak, edota delitu horiek sortzeko eginerak babesten dituzten erregimen edo erakundeak berrindartu nahi dituztenak, orduan, urtebetetik bi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da.

III. KAPITULUA

Babesturiko ondasun eta pertsonen aurka egindako delituak, gatazka armatuaren kasuan

608. artikulua

Kapitulu honen ondoreetarako, pertsona babestutzat hartuko dira hurrengo hauek:

1.) Genevako 1949ko abuztuaren 12ko I eta II. Hitzarmenek edo 1977ko ekainaren 8ko I. Protokolo gehigarriak babesturiko zauritu, gaixo edo itsasoan galdutakoak eta osasun- zein erlijio-langileak.

2.) Genevako 1949ko abuztuaren 12ko III. Hitzarmenak edo 1977ko ekainaren 8ko I. Protokolo gehigarriak babesturiko gerrako gatibuak.

3.) Genevako 1949ko abuztuaren 12ko IV. Hitzarmenak edo 1977ko ekainaren 8ko I. Protokolo gehigarriak babesturiko biztanle zibilak eta pertsona zibilak.

4.) Genevako 1949ko abuztuaren 12ko Hitzarmenek edo 1977ko ekainaren 8ko I. Protokolo gehigarriak babesturiko borrokatik kanpoko pertsonak eta herrialde babeslearen eta beraren ordezkoaren langileak.

5.) Hagako 1899ko uztailaren 29ko II. Hitzarmenak babesturiko hizketakideak eta horiekin doazen pertsonak.

6.) 1977ko ekainaren 8ko II. Protokolo gehigarria edo Espainia kide den nazioarteko itunetatik beste edozein dela bide, pertsona babestuaren izaera duen beste edonor.

609. artikulua

Norbaitek, gatazka armatua dela eta, babespeko edozein pertsonari egitez tratu txarra ematen badio edo pertsona horren bizia, osasuna nahiz osotasuna arrisku larrian jartzen badu, pertsona hori torturatzen badu edo horri gizabidezkoa ez den tratua ematen badio, esperimentu biologikoak barne daudelarik, sufrimendu handiak eragiten badizkio, edota pertsona horren osasun-egoerari ez dagozkion eta medikuntzako arau orokorrekin bat ez datozen mediku-egintzen menpe jartzen badu pertsona hori, jardunaren gaineko erantzukizuna duen alderdiak, horien antzeko medikuntza-inguruabarretan, bere nazioko pertsona askeei halakorik aplikatuko ez liekeenean, orduan, pertsona horri lau urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, eragindako ondorio kaltegarriei egoki dakiekeen zigorrari kalterik egin gabe.

610. artikulua

Hamar eta hamabost urte bitarteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, eragindako kalteei dagokien zigorraz gain, gatazka armatua dela eta, borrokarako metodo nahiz bide hauetatik edozein erabiltzen duenari edo erabiltzeko agindua ematen duenari: debekatuta daudenak nahiz beharrezkoak ez diren sufrimenduak zein premiagabeko kalteak sortzera zuzenduta daudenak; izadiko ingurumenari, biztanleen osasuna edo biziraupena arriskuan jarriz, kalte zabal, iraunkor eta larriak eragiteko sortarazita daudenak; edota kalte horiek eragingo dituztela pentsarazten dutenak.

611. artikulua

Hamar urtetik hamabost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, eragindako ondoreei dagokien zigorrari kalterik egin gabe, gatazka armatua dela eta, hurrengoa egiten duenari:

1.) Bereizi gabeko edo gehiegizko erasoaldiak egin edo egiteko agindua ematen duenari bai eta biztanle zibilei, batez ere ikaratzeko asmoz, eraso, errepresaliak egin edo indarkeriazko egintza nahiz mehatxuak egiten dizkienari ere.

2.) Gatazka armatuetan nazioarteko zuzenbidearen arauak aplikatu behar direnean, horiek urratuz, kontrako alderdiaren edo alderdi neutral baten ontzi edo aireontzi ez militarrak beharrik gabe suntsitzen edo horiei kalte egiten dienari, pertsonen segurtasuna zein ontzian dauden agiriak zaintzeko denborarik eman gabe edo beharrezko neurriak hartu gabe.

3.) Gerrako gatibu edo pertsona zibil bat aurkako alderdiaren indar armatuen menpe edozein moduz zerbitzu ematera behartzen duenari, bai eta haiei modu erregularrean eta alderdikeriarik gabe epaituak izateko eskubidea kentzen dienari ere.

4.) Babespeko edozein pertsona erbesteratu, derrigorrez lekualdatu, bahitu gisa hartu edo legearen aurka atxilotzen duenari.

5.) Alderdi okupatzailearen biztanleak lekualdatu eta, bizileku iraunkorra izateko, okupaturiko lurraldean koka-tzen dituenari.

6.). Babespeko edozein pertsonari dagokionez, beraren aurkako arrazazko bereizketa edota, pertsonaren duintasunaren kontrako idoia dakarten beste bereizkeria batzuetan oinarritzen direla, gizabidezkoak ez diren gainerako jokaerak eta jokaera apalesgarriak egiten, egiteko agintzen edo horiei eusten dienari.

7.) Gerrako gatibu edo pertsona zibilak askatzea edo aberriratzea bidezko arrazoirik gabe eragotzi edo berandutzen duenari.

612. artikulua

Hiru urtetik zazpi arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, eragindako ondoreei dagokien zigorrari kalterik egin gabe, gatazka armatua dela eta, hurrengoa egiten duenari:

1.) Osasun-unitate eta -garraiobideei, espe-eremuei, osasun- eta segurtasun-alde zein herriei, alde neutralizatu edo biztanle zibilak barneratzeko lekuei, defentsarik gabeko herriei eta alde desmilitarizatuei zor zaien babesa jakinaren gainean urratzen duenari, zeinu nahiz seinale bereizgarri egokiekin jakitera emandakoak badira.

2.) Osasun- edo erlijio-langileen aurka edo mediku-ordezkaritzetako edo sorospen-elkarteetako kideen aurka indarkeria erabiltzen duenari.

3.) Babespeko edozein pertsona modu larrian iraintzen duenari edo ezinbesteko jangaiak nahiz osasun-laguntza kendu edo ematen ez dizkionari; pertsona hura era umiliagarri edo apalesgarrian tratatzen, induzitutako edo behartutako prostituziora bultza-tzen nahiz haren ahalkearen kontra atentatu egiten duenari, bai eta, bidezko berandutzarik izan gabe eta era ulergarrian, bere egoerari buruzko informazioa ematen ez dionari ere, edo norbanakoen ekintzengatik zigor kolektiboak ezartzen dituenari, eta emakume eta familiei aterpe emateari buruz nahiz emakume eta haurren babes bereziari buruz Espainiak izenpetu dituen nazioarteko itunetako aginduak urratzen dituenari.

4.) Zeinu babesle nahiz bereizgarriak edota Espainia kide den nazioarteko itunetan ezarri eta aintzatetsitako ezaugarri edo seinaleak, bereziki Gurutze Gorriaren eta Ilargi Erdi Gorriaren zeinu bereizgarriak, bidegabe edo era zitalean erabiltzen dituenari.

5.) Estatu neutralen, Nazio Batuen, gatazkan alderdi ez diren estatuetatik beste edozeinen edo kontrako alderdien bandera, uniforme, ikur edo ezaugarri bereizgarriak bidegabe edo era zitalean erabiltzen dituenari, bai erasoaldian, bai eragiketa militarrak estali, ahalbideratu, babestu nahiz oztopatzeko, Espainia kide den nazioarteko itunetan beren beregi salbuetsita dauden kasuetan izan ezik.

6.) Hizketaldiko edo errenditzeko bandera bidegabe edo era zitalean erabiltzen duenari eta hizketakidea, berarekin doazen pertsonetatik edozein, herrialde babeslearen edo horren ordezkoaren langileak edota Nazioarteko Ikerketa Batzordeko kidea bidegabe atxiki edo horren ukiezintasuna urratzen duenari.

7.) Gorpu, zauritu, gaixo, itsasoan galdutako, gerrako gatibu edo barneratutako pertsona zibil bati bere gauzak kentzen dizkionari.

613. artikulua

1. Lau urtetik sei arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, gatazka armatua dela eta, hurrengoa egiten duenari:

a) Akordio bereziak direla bide, babesturik dauden kultura-ondasun edo kultu-lekuak, argiro aintzatetsitakoak eta herrien kultura- zein izpiritu-ondare direnak, eraso edo horien aurkako errepresaliak egin edo etsaigo-egintzak gauzatzen dituenari, horren ondorioz ondasun edo lekuok era zabalean suntsitzen dituenean, betiere ondasun horiek ez daudenean helburu militarretatik hur-hurrean, edota kontrakoaren ahalegin militarrari laguntzeko erabiltzen ez direnean.

b) Kontrako alderdiaren izaera zibileko ondasunak erasotzen edo horien aurkako errepresaliak egiten edo etsaigo egintzak gauzatzen dituenari, ondasun horiek suntsituz, salbu eta suntsipenak, kasuaren inguruabarrak kontuan hartuz, abantaila militar zehatza dakarrenean edo ondasun horiek kontrakoaren ekintza militarrari eragingarritasunez laguntzen badiote.

c) Biztanle zibilen biziraupenerako ezinbesteko ondasunak eraso, suntsitu, ostu edo deuseztatzen dituenari, salbu eta kontrako alderdiak ondasun horiek erabiltzen dituenean, ekintza militar bati zuzeneko laguntza emateko, edota soilki beraren indar armatuetako kideen bizibide bezala.

d) Indar arriskutsuak dituzten obrak edo instalazioak erasotzen edo horiei errepresaliak egiten dizkienari, baldin eta eraso horiek indarrok askatzea eragin badezakete eta, horren ondorioz, biztanle zibilen artean galera garran-tzitsuak eragin baditzakete, salbu eta, obra eta instalazio horiek eragiketa militarrak egiteko zuzeneko laguntza erregular eta garrantzitsurako erabiltzen direlarik, laguntza horri azkena emateko bide ahalgarri bakarra erasoak egitea denean.

e) Norberaren gauzak ez direnak, beharrizan militarrik gabe, suntsitu, kalte egin edo harrapatzen dituenari, bai eta beste bati gauzok ematera behartzen edota harrapakeria-egintzetatik beste edozein gauzatzen duenari ere.

2. Babes berezipeko kultura-ondasunen kasuan edo muturreko larritasuneko kasuan, hari dagokion zigorra baino gradu bat gehiagokoa ezarri ahal izango da.

614. artikulua

Norbaitek, gatazka armatua dela bide, eta Espainia kide den nazioarteko itunetako aginduen aurka, beste edozein arau-hauste nahiz egintza gauza-tzen badu edo halakoa gauzatzeko agindua ematen badu, betiere nazioarteko itun horiek etsaigoak bideratzeari, zauritu, gaixo eta itsasoan galdutakoen babesari, gerrako gatibuen tratuari, pertsona zibilen babesari eta gatazka armatuaren kasuan kultura-ondasunak babesteari buruzkoak direnean, orduan, pertsona horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio.

IV. KAPITULUA

Guztietarako xedapenak

615. artikulua

Titulu honetan ezarritako delituak egiteko zirikatzea, konspiratzea eta proposatzea zigortu egingo dira, delitu bakoitzari dagokion zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagoko zigorrarekin.

616. artikulua

Titulu honetara eta aurreko titulura bildutako delituetatik edozein egiten duenean agintari edo funtzionario publiko batek, tituluok aipatzen dituzten zigorrez gain, agintari edo funtzionario publikoari erabateko desgaikuntza ezarriko zaio, hamar urtetik hogei arteko denboran; hori norbanakoa bada, epaile edo auzitegiek enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza berezia ezarri ahal izango diote, urtebetetik hamar arteko denboran.

III. LIBURUA

FALTAK ETA HORIEI DAGOZKIEN ZIGORRAK

I. TITULUA

PERTSONEN AURKAKO FALTAK

617. artikulua

1. Norbaitek, edozein bide edo prozedura erabilita, kode honetan delitu gisa zehaztuta ez dagoen lesio bat eragiten badio inori, orduan, horri hiru asteburutik sei arteko atzipenaldi-zigorra edo hilabetetik bi arteko isuna ezarriko zaio.

2. Norbaitek beste bat jotzen badu edo egitez hari tratu txarra ematen badio, lesiorik eragin gabe, asteburu batetik hiru arteko atzipenaldi-zigorra edo hamar egunetik hogeita hamar arteko isuna ezarriko zaio.

Ofenditua 153. artikuluak aipatzen dituen pertsonetatik bat denean, hiru asteburutik sei arteko atzipenaldi-zigorra edo hilabetetik bi arteko isuna ezarriko da, kontuan hartuz ezarritako zigorrak izan dezakeen eragin ekonomikoa biktimarengan berarengan edo familia-batasuna osatzen dutenengan.

618. artikulua

Hiru asteburutik sei arteko atzipenaldi-zigorra edo hilabetetik bi arteko isuna ezarriko zaie, bertan behera utzitako adingabe edo ezgai bat aurkitu eta agintaritzaren edota adingabe zein ezgaiaren familiaren aurrean aurkezten ez dutenei edo, behar izanez gero, inguruabarren araberako laguntzarik ematen ez diotenei.

619. artikulua

Hamar egunetik hogei arteko isun-zigorra ezarriko zaie, adineko bati edo elbarri bati laguntasuna edota, kasuan-kasuan, inguruabarren araberako laguntza emateari uzten diotenei, hura babesik gabe eta euren jagotzaren beharrean badago.

620. artikulua

Hamar egunetik hogei arteko isun-zigorra ezarriko zaie hurrengo hauei:

1.) Era arinean, beste bati mehatxua egiten diotenei, armak edo bestelako tresna arriskutsuak erabiliz, edota horiek liskarrean ateratzen dituztenei, defentsa zuzena dagoenean izan ezik, salbu eta egitatea delitua denean.

2.) Beste bati mehatxua, derrigortzea, zuzena ez den iraina edo iseka egiten diotenei, horiek guztiak izaera arinekoak badira.

Aurreko zenbaki bietan adierazitako egitateak pertsegitzeko, beharrezkoa izango da laidotutako pertsonaren edo beraren lege-ordezkariaren salaketa.

Ofenditua 153. artikuluak aipatzen dituen pertsonetatik bat denean, bi asteburutik lau arteko atzipenaldia edo hamar egunetik hogei arteko isuna ezarriko da, kontuan hartuz ezarritako zigorrak izan dezakeen eragin ekonomikoa biktimarengan berarengan edo familia-batasuna osatzen dutenengan. Kasu horietan, ez da beharrezkoa izango artikulu honen aurreko lerrokadak aipatzen duen salaketa, irainak pertsegitzeko izan ezik.

621. artikulua

1. Norbaitzuek, zuhurtziagabekeria astunaren ondorioz, 147. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako lesioetatik bat eragiten badute, hilabetetik bi arteko isun-zigorra ezarriko zaie.

2. Norbaitzuek, zuhurtziagabekeria arinaren ondorioz, beste baten heriotza eragiten badute, hilabetetik bi arteko isun-zigorra ezarriko zaie.

3. Norbaitzuek, zuhurtziagabekeria arinaren ondorioz, delitu den lesioa eragiten badute, hamabost egunetik hogeita hamar arteko isun-zigorra ezarriko zaie.

4. Horrezaz gain, egitatea ibilgailu motordun edo motor-bizikleta erabiliz gauzatzen bada, kasuan-kasuan, horiek gidatzeko eskubideaz gabetzen duen zigorra ezarri ahal izango da, hiru hilabetetik urtebete arteko denboran.

5. Horrezaz gain, egitatea arma erabiliz gauzatzen bada, armak edukitzeko eta eramateko eskubideaz gabetzen duen zigorra ezarri ahal izango da, hiru hilabetetik urtebete arteko denboran.

6. Artikulu honek zigortzen dituen arau-hausteak pertsegitzeko beharrezkoa izango da laidotuaren edo beraren lege-ordezkariaren salaketa.

622. artikulua

Adingabe baten guraso, tutore edo zaintzaileek, hala denean, desobeditze-delitua egin barik, epaile edo auzitegiak emandako ebazpena urratzen badute, dela adingabea eurenganatuz, dela adingabea zaintzatik ateraz, betiere zaintza hori ezarri denean epaileak emandako ebazpenean edota tutoretza bere ardurapean duen erakunde publikoaren erabakian, dela adingabea bere ardurapean duen establezimendu, familia, pertsona edo tutoretza-erakundetik ateraz, edota horretarako behartuta egonik, adingabea ez itzuliz, orduan, halakoei hilabetetik bi arteko isun-zigorra ezarriko zaie.

II. TITULUA

ONDAREAREN AURKAKO FALTAK

623. artikulua

Hurrengo hauei bi asteburutik sei arteko atzipenaldia edo hilabetetik bi arteko isuna ezarriko zaie:

1. Ebasketa egiten dutenei, baldin eta ebatsitakoaren balioa berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa ez bada.

2. Bestalde, 236. artikuluan azaldutako jokabidea egiten dutenei, betiere gauzaren balioa berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa ez denean.

3. Beste baten ibilgailu motorduna edo motor-bizikleta osten dutenei, horiez jabetzeko asmorik gabe, baldin eta erabilitako ibilgailuaren balioa berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa ez bada.

Egitatea gauzetan indarra erabiliz gauzatzen bada, zigorra goiko erdian ezarriko da. Egitatea pertsonen aurkako indarkeria edo larderia erabiliz gauzatzen bada, 244. artikuluan ezarritakoaren arabera zigortuko da.

4. Maula edo bidegabeko jabetzea egiten dutenei edota elektrizitatean, gasean, uretan zein bestelako osagai, energia nahiz jariakinetan edo telekomunikazio-ekipo terminaletan iruzur egiten dutenei, horren zenbatekoa ez bada berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa.

624. artikulua

Norbaitek gauzatzen baditu 246. artikuluak barne hartzen dituen egintzak, hamar egunetik hogeita hamar arteko isuna ezarriko zaio, baldin eta onura berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa ez bada edota aintzat hartzeko modukoa ez bada, betiere kaltedunaren salaketa dagoenean.

625. artikulua

1. Asteburu batetik sei arteko atzipenaldi-zigorra edo egun batetik hogei arteko isuna ezarriko zaie kalteak nahita egiten dituztenei, kalteen zenbatekoa ez bada berrogeita hamar mila pezeta baino gehiagokoa.

2. Zigorra goiko erdian ezarriko da, historia-, erti-, kultura- edo monumentu-balioa duten ondasunetan eragiten badira kalteak.

626. artikulua

Norbaitzuek histen badituzte jabari publiko edo pribatuko ondasun higiezinak, Administrazioaren edo ondasunon jabeen behar bezalako baimenik izan gabe, orduan, halakoei asteburu batetik hiru arteko atzipenaldi-zigorra ezarriko zaie.

627. artikulua

Norbaitek Europako Erkidegoen Ogasunari lau mila ecu baino gehiagoko iruzurra egiten badio, 305. artikuluan azaldutako prozeduretatik edozein erabiliz, orduan, horri bost egunetik bi hilabete arteko isuna ezarriko zaio.

628. artikulua

Norbaitek Europako Erkidegoen aurrekontu orokorrei edo Erkidegoek administraturiko bestelako aurrekontuei iruzur egiten badie, edota horietatik, bidegabe, funtsak lortzen baditu, lau mila ecu baino zenbateko handiagoan eta 306 eta 309. artikuluetan azaldutako prozeduretatik bat erabilita, orduan, pertsona horri bost egunetik bi hilabete arteko isuna ezarriko zaio.

III. TITULUA

INTERES OROKORREN AURKAKO FALTAK

629. artikulua

Asteburu batetik lau arteko atzipenaldi-zigorra edo hamabost egunetik hirurogei arteko isuna ezarriko zaie txanpon, billete, posta-zigilu edo efektu tinbredun faltsuak onustez jaso ondoren, faltsuak direla jakinda, berrogeita hamar mila pezeta arteko zenbatekoan saltzen dituztenei.

630. artikulua

Norbaitzuek xiringak, edozein kasutan, edo bestelako tresna arriskutsuak uzten badituzte, pertsonei kalte eragin ahal dieten edo pertsonak gaixotasunez kutsatu ahal dituzten modu eta inguruabarretan, edo adingabeak sarritan joaten diren tokietan, orduan, halakoei hiru asteburutik bost arteko atzipenaldi-zigorra edo hilabetetik bi arteko isuna ezarriko zaie.

631. artikulua

Basapiztien edo abere kaltegarrien ugazabek edo horien zaintzaren arduradunek aske edo kalte egiteko moduan uzten badituzte, orduan, halakoei hamabost egunetik hogeita hamar arteko isun-zigorra ezarriko zaie.

632. artikulua

Norbaitzuek etxeko aberei edo bestelakoei legeak baimendu gabeko ikuskizunetan tratu txarra ematen badiete, orduan, halakoei hamar egunetik hirurogei arteko isun-zigorra ezarriko zaie.

IV. TITULUA

ORDENA PUBLIKOAREN AURKAKO FALTAK

633. artikulua

Norbaitzuek, era arinean, ordenaren nahasmendua eragiten badute auzitegi edo epaitegi baten entzunaldian, jendaurreko ekitaldietan, kirol- nahiz kultura-ikuskizun, ospakizun edo bilera jendetsuetan, orduan, halakoei asteburu batetik sei arteko atzipenaldi-zigorra eta hamar egunetik hogeita hamar arteko isuna ezarriko zaizkie.

634. artikulua

Norbaitzuek, agintaritza bera edo agintaritzaren agenteak euren funtzioetan ari direla, horiei zor zaien errespetu eta begirunea galtzen edo era arinean desobeditzen badiete, orduan, halakoei hamar egunetik hirurogei arteko isun-zigorra ezarriko zaie.

635. artikulua

Asteburu batetik bost arteko atzipenaldi-zigorra ezarriko zaie, bai eta hilabetetik bi arteko isuna ere, pertsona juridiko publiko edo pribatuaren egoitzan, lanbide-idazgelan zein bulegoan edota jendaurrean zabalik dagoen merkataritzako establezimenduan zein lokalean, beraren titularraren borondatearen aurka, eta irekita dagoen orduetatik kanpo, bertan dirautenei.

636. artikulua

Norbaitzuek legearen arabera erantzukizun zibileko nahitaezko aseguruak behar dituzten jarduerak aseguruok izan gabe egiten badituzte, orduan, halakoei hilabetetik bi arteko isun-zigorra ezarriko zaie.

637. artikulua

Norbaitek, jendaurrean eta bidegabe, uniforme, jantzi, ikur edo domina ofizialak erabiltzen baditu, edo, berak ez duen titulu akademiko batek babesturiko profesionaltasuna jendaurrean bere buruarentzat hartzen badu, orduan, pertsona horri asteburu batetik bost arteko atzipenaldi-zigorra edo hamar egunetik hogeita hamar arteko isuna ezarriko zaio.

V. TITULUA

FALTA GUZTIETARAKO XEDAPENAK

638. artikulua

Epaile eta auzitegiak, liburu honen zigorrak ezartzean, kode honen 61. artikulutik 72.erakoetan jasotako erregelen arabera jokatu barik arituko dira, euren sen onaren arabera, zigor bakoitzari ezarritako mugen barnean, eta kasuaren eta errudunaren inguruabarrak kontuan hartuz.

639. artikulua

Laidotuak hala eskatu barik pertsegitu ezin daitezkeen faltetan, Fiskal-tzak ere salaketa egin ahal izango du, baldin eta laidotua adingabea, ezgaia edo babesgabea denean.

Salaketarik egin ez bada ere, ez da eragotziko aurreneurriak hartzeko eginbideak egitea.

Falta horietan, ofendituaren edo beraren lege-ordezkariaren barkamenak akzio penala edo ezarritako zigorra azkenduko du, 130. artikuluko 4. zenbakiaren bigarren lerrokadan xedatutakoa izan ezik.

Lehenengo xedapen gehigarria

Pertsona bat zigor-erantzukizunetik salbuetsita dagoela adierazten denean, kode honen 20. artikuluaren 1 eta 3. zenbakietan ezarritako arrazoietatik bat dela eta, Fiskaltzak, bidezko bada, ezgaitasun-adierazpena eragingo du jurisdikzio zibilean, salbu eta aldez aurretik ezgaitasun-adierazpena erabakita dagoenean. Halaber, Fiskaltzak, hala denean, barneratzea eragingo du, legeria zibileko arauen arabera.

Bigarren xedapen gehigarria

Gobernu-agintaritzak adingabe edo ezgai bat, hala nahita zein nahi gabe, prostituzioan dagoela dakienean, lurralde bakoitzean adingabeen babesaz arduratzen den erakunde publikoari eta Fiskaltzari, berehala, horren berri emango die, bakoitzak bere eskumenen arabera jarduteko, baldin eta adingabearengan edo ezgaiarengan familia-agintea edota gizarte- eta etika-agintea edo egitezko agintea duten pertsonen adostasuna badu prostituzioan aritzeko, horrelako pertsonarik ez badu edota pertsona horiek bertan behera utzirik badute eta beraren zaintzaz arduratzen ez badira.

Halaber, epaile edo auzitegiak ezartzen badu guraso-ahala, harrera, zaintza, tutoretza edo kuradoretza egikaritzeko desgaikuntza berezia, horren berri emango die, berehala, lurralde bakoitzean adingabeen babesaz arduratzen den erakunde publikoari eta Fiskaltzari, bakoitzak bere eskumenen arabera jarduteko.

Hirugarren xedapen

gehigarria

Kaltedunaren salaketa edo erreklamazioa dagoelarik, 267 eta 621. artikuluetan ezarri eta zigortutako arau-hausteak direla eta, zigor-prozedura hasten denean, egitate berberetan nahasirik dauden beste guztiak, euren burua kaltedun gisa ikusten duten heinean, alderdi gisa agertu ahal izango dira hasitako zigor-eginbideetan, eurek eskatzen dituzten kalteen zenbatekoa edozein izanda ere.

Lehenengo xedapen

iragankorra

Delitu eta faltak indargabeturiko Zigor Kodearen eta gainerako zigor-lege berezien arabera epaituko dira, baldin eta egiten badira kode hau indarrean jarri aurretik. Kode hau indarrean jarri ondoren, beraren xedapenak aplikatuko zaizkie aurreko horiei, errudunarentzat mesedegarriagoak badira.

Bigarren xedapen iragankorra

Legerik mesedegarriena zein den zehazteko, epaitutako egitateari kode baten edo bestearen arau guztiak aplikatuz legokiokeen zigorra zein izango litzatekeen hartuko da kontuan. Indargabetutako kodearen arabera kondenatutako guztiei bakarrik ezarri ahal izango zaizkie lanaren bidez zigorrak ordaintzeko xedapenak, eta ezin izango du inork xedapen horietatik onurarik atera, kode berriaren xedapenak ezartzen bazaizkio.

Errudunak esan beharrekoa beti entzun behar da.

Hirugarren xedapen

iragankorra

Zigor Kode berria argitaratu eta gero, espetxeetako zuzendariek ahalik eta arinen bidaliko diete beteaginduaren gaineko eskumena duten epaile edo auzitegiei, eurek zuzentzen duten espetxeko zigortuen zerrenda; zigortua betetzen ari den zigorraren behin-behineko likidazioa, errudunak lan eginda ordaindutako egunak eta, hala denean, indargabetutako Zigor Kodearen 100. artikuluaren eta xedapen osagarrien arabera etorkizunean ordain ditzakeen egunak ere adieraziz.

Laugarren xedapen iragankorra

Adierazitako kondenaren likidazioa jaso ondoren, aurreko xedapenean aipatutako epaile edo auzitegiek likidazio hori Fiskaltzari helaraziko diote. Fiskaltzak epaia berrikusi behar den ala ez esango du txosten batean eta, berrikustekotan, nola berrikusi behar den ere. Fiskaltzak txostena eman eta gero, errudunak esan beharrekoa entzun behar da eta proposatutako berrikuspenaren baldintzak jakinaraziko zaizkio. Orobat, ahozko epaiketan errudunaren defentsa bereganatu zuen legelariari berrikuspen proposamena helarazi behar zaio, horrek bere ustez errudunarentzat mesedegarriena dena azal dezan.

Bosgarren xedapen iragankorra

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 98. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, zigor-epaitegi bati edo batzuei nahiz probintziako audientziako atal bati edo batzuei agin diezaieke kode hau indarrean jarri aurretik emandako epai irmoen berrikuspena, epaitegi edo atalen helburu bakarra bada epai penalak betearaztea.

Epaile edo auzitegi horiek epai irmoak berrikusiko dituzte, zigortua zigorra betetzen ari denean, xedapenik mesedegarriena aplikatuz, zehatz-mehatz hartuta eta epailearen erabakimena erabili barik. Zigor askatasun-gabetzaileetan kode hau ez da mesedegarriagotzat hartuko, egitateari aurretik ezarritako zigorraren iraupena, egitatearen inguruabarrak kontuan hartuz, kode berriaren arabera ere ezar daitekeenean. Aurrekoa ez da kontuan hartuko, kode honek egitate berbererako askatasunaz gabetzen ez duen zigor hautabidezkoa ezartzen badu; kasu horretan, epaia berrikusi beharko da.

Epaiak ez dira berrikusiko, beraiek ezartzen duten zigorraren betearazpena etenda badago; horrek ez dio kalterik egingo, etendura ezeztatzen bada, etendako zigorraren betearazpena hasi aurretik, epaia berrikusteari. Erregela berbera aplikatuko da, zigortua baldintzapeko askatasunean badago.

Era berean, indargabetutako kodearen arabera zein kode berriaren arabera, ezarri beharreko zigor bakarra isun-zigorra bada, epaia ez da berrikusiko.

Seigarren xedapen iragankorra

Epaiak ez dira berrikusiko, beraiek ezartzen duten zigorra bete edo eten bada, nahiz eta epaitzaren bestelako aldarrikapenak bete gabe egon, eta jadanik oso-osorik betearazi diren epaiak ere ez dira berrikusiko; horrek ez dio kalterik egingo berrerortze-ondoreetarako kasu horiek etorkizunean kontuan har ditzakeen epaile edo auzitegiak, aldez aurretik aztertu behar izateari epaietan zigortzen den egitatea jadanik ez ote den delitua, edo kode honen arabera ezarritako zigorra baino zigor arinagoa dagokion.

Epaiak ez dira berrikusiko zatikako indultuaren kasuetan, kondenatua betetzen ari den zigorra badago, kode berriaren arabera ezarri behar denarekin erkaturik, beheragoko zigor-esparru baten barnean.

Zazpigarren xedapen iragankorra

Berrerortze astungarria aintzat har-tzeko, indargabetuko den Zigor Kodean ezarritako delituak kode honen titulu berberaren barruan daudela ulertuko da, baldin eta kode honetako delituen antzeko izendapena badute eta ondasun juridiko berberari modu berean eraso egiten badiote.

Zortzigarren xedapen iragankorra

Kode hau aplikatuz gero ezartzekoa izan litekeen zigorra asteburuko atzipenaldia den kasuetan, zigorraren konparaziozko larritasuna balioesteko, ezartzekoa izan litekeen asteburu bakoitza eta askatasunaz gabetzearen egun bi baliobestekoak direla ulertuko da. Zigorra isuna bada, indargabetutako Zigor Kodearen arabera epaile edo auzitegiak ezarri duen edo ezar dezakeen ordezko atzipenaldiko egun bakoitza eta zigor-kode honetako isunaren eguneko kuota bi baliobestekoak direla ulertuko da.

Bederatzigarren xedapen iragankorra

Legeria indargabetuaren arabera emandako epaiak irmoak ez direnean, horiei buruzko errekurtsoak erabaki-tzeko egoteagatik, vacatio-epealdia amaitu ondoren, erregela hauek beteko dira:

a) Gora jotzeko errekurtsoa bada, kode berriaren manuak errudunarentzat mesedegarriagoak direnean, alderdiek manu horiek aplikatzea eska dezakete eta epaile edo auzitegiak ofizioz aplikatuko ditu.

b) Oraindik formalizatu gabeko kasazio-errekurtsoa bada, errekurtsogileak kode berriaren manuak oinarri hartuta adieraz ditzake lege-hausteak.

c) Kasazio-errekurtsoa jarri ondoren, errekurtsoa izapideetan badago, berriro ere errekurtsogileari emango zaio errekurtsoa, ofizioz edo alderdiak hala eskaturik, zortzi eguneko epe-mugarako, alderdiak, bere ustez bidezko bada, alegatutako kasazio-arrazoiak kode berriaren manuen arabera moldatzeko. Horrela aldatutako errekurtsoa alderdi interesdunei, fiskalari eta magistratu txostengileari jakinaraziko zaie, eta izapideak zuzenbidearen arabera jarraituko dira.

Hamargarren xedapen iragankorra

Arriskutsutasunari eta Gizartean Birgaitzeari buruzko Legearekin bat etorriz, edota indargabetu den Zigor Kodearen 8. artikuluko 1 eta 3. zenbakiak edo 9. artikuluko 1. zenbakia aplikatuz, segurtasun-neurriak erabaki badira eta neurri horiek betetzen ari badira edo betetzeko zain badaude, orduan, neurriok berrikusi egingo dira kode honen I. liburuko IV. tituluaren manuen arabera, bai eta aurretik aipatutako erregelen arabera ere.

Epaile edo auzitegiak zigorraren betetzea azkendutzat emango du eta, barnealdiko neurriaren kasuan, zigortua berehala askatzeko aginduko du, kode honetan ezarritako neurriaren gehieneko iraupena laburragoa bada, neurri horren menpe daudenek bete duten denbora baino.

Hamaikagarren xedapen iragankorra

1. Jurisdikzio arruntak zigor-lege bereziak edo prozesukoak aplikatu behar dituenean, honako ordezpenak egingo dira:

a) Giltzapealdi handiko zigorraren ordez, hamabost urtetik hogei arteko espetxealdi-zigorra. Dena den, espetxealdi-zigor hori hogei urtetik hogeita bost arteko espetxealdi-zigorrera igoko da, baldin eta egitatean inguruabar astungarri bi edo gehiago pilatzen badira.

b) Giltzapealdi txikiko zigorraren ordez, zortzi urtetik hamabost arteko espetxealdi-zigorra.

c) Espetxealdi handiko zigorraren ordez, hiru urtetik zortzi arteko espetxealdi-zigorra.

d) Espetxealdi txikiko zigorraren ordez, sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra.

e) Atzipenaldi handiko zigorraren ordez, zazpi asteburutik hamabost arteko atzipenaldia.

f) Delitu gisa zigortutako egitateei ehun mila pezeta baino gehiagoko zenbatekoan adierazitako isun-zigorraren ordez, hiru hilabetetik hamar arteko isuna.

g) Delitu gisa zigortutako egitateei ehun mila pezeta baino gutxiagoko zenbatekoan adierazitako isun-zigorraren ordez, bi hilabetetik hiru arteko isuna.

h) Delituei ezarritako isun-zigorra proportzioz ezartzeari eutsiko zaio, baldin eta isun-zigor horren zenbatekoa proportziozkoa bada, lortutako irabazien edo eragindako kalteen arabera.

i) Atzipenaldi txikiko zigorraren ordez, asteburu batetik sei arteko atzipenaldia.

j) Falta gisa definituriko egitateei ezarri isun-zigorraren ordez, egun batetik hirurogei arteko isuna.

k) Zigor eskubide-gabetzaileak kode honek finkatutako baldintza eta epeetan ezarriko dira.

l) Kode honetan ezabatutako zigorretatik beste edozeinen ordez, epaile edo auzitegiaren ustez horren antzekoena den zigorra edo segurtasun-neurria ezarriko da, astuntasun bera edo txikiagoa badu. Halakorik ez badago edo denak astunagoak badira, orduan, ez da zigorrik edo segurtasun-neurririk ezarriko.

2. Zalantzarik badago, errudunak esan beharrekoa entzun behar da.

Hamabigarren xedapen iragankorra*

Adingabearen erantzukizun penala arautuko duen legea onetsi arte, hemezortzi urtekoa baino gazteago denak ustez delitu edo falta bat egin duelako ari badira prozedurak bideratzen, epaile edo auzitegi eskudunak txosten bat prestatzeko eskatuko die adingabeen epaileen zerbitzupeko ekipo teknikoei, adingabearen psikologia, heziketa eta familia-egoerari buruz, adingabearen gizarte inguruari buruz eta, oro har, adingabe horri egozten zaion egitatean eragina izan dezaketen bestelako inguruabarrei buruz.

Xedapen indargabetzaile bakarra*

1. Indarrik gabe geratuko dira:

a) Irailaren 14ko 3.096/1973 Dekretuaren bidez eta azaroaren 15eko 44/1971 Legearen arabera argitaratutako Zigor Kodearen testu bategina, bai eta horri geroago egin zaizkion aldarazpenak ere. Salbuetsita geratuko dira 8.2 eta 9.3 artikuluak, 20. artikuluaren 1. erregela 8. artikuluaren 2. zenbakiari buruzkoa den zatian, 22. artikuluaren bigarren paragrafoa, 65 eta 417 bis artikuluak, eta ekainaren 21eko 3/1989 Lege Organikoaren lehenengo eta bigarren xedapen gehigarriak.

b) Baldintzapeko Kondenaren 1908ko martxoaren 17ko Legea, bai eta horri geroago egin zaizkion aldarazpenak eta beraren xedapen osagarriak ere.

c) Arriskutsutasunari eta Gizartean Birgaitzeari buruzko 16/1970 Legea, abuztuaren 4koa, bai eta horri geroago egin zaizkion aldarazpenak, eta beraren xedapen osagarriak ere.

d) Adingabeei Jarduera Arriskutsuak Egitea Debekatzearen 1878ko uztailaren 26ko Legea.

e) Hurrengo lege berezien manu penal substantiboak:

Txori Intsektujaleak Babesteko 1896ko irailaren 19ko Legea.

Industria-jabetzari buruzko 1902ko maiatzaren 16ko Legea.

Adingabe Eskekoei buruzko 1903ko uztailaren 23ko Legea.

Ibai Arrantzaren 1942ko otsailaren 20ko Legea.

Lehergailuen bidez egiten den Arrantzari buruzko 1946ko abenduaren 31ko Legea.

Ehizari buruzko 1/1970 Legea, apirilaren 4koa. Lege horretako delitu eta faltak, kode honetara bilduta ez daudenak, administrazio arau-hauste oso astuntzat hartuko dira, eta berrogeita hamar mila pezetatik bostehun mila arteko isuna ezarriko da, eta ehizan aritzeko lizentzia edo lizentzia hori lortzeko eskubidea kenduko da, bi urtetik bost arteko epean.

f) Hurrengo manuak:

Maiatzaren 8ko 1.201/1981 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Espetxe Erregelamenduaren 256. artikulua.

1956ko otsailaren 2ko Dekretuaren bidez onetsitako Espetxe Zerbitzuen Erregelamenduaren 65. artikulutik 73.erakoak.

Energia Nuklearraren apirilaren 29ko 25/1964 Legearen 84. artikulutik 90.erakoak.

Emigrazioaren uztailaren 21eko 33/1971 Legearen 54. artikulua.

Herri-Defentsariaren apirilaren 6ko 3/1981 Lege Organikoaren 24. artikuluko bigarren paragrafoa.

Kontzientzia-eragozpenari dagozkion Errekurtsoei eta Zigor-eraentzari buruzko abenduaren 26ko 8/1984 Lege Organikoaren 2. artikulua.

Kongresu eta Senatuko edo Ganbera bietako Ikerketa Batzordeetara Agertzearen maiatzaren 24ko 5/1984 Lege Organikoaren 4. artikulua.

Airetiko Nabigazioaren abenduaren 24ko 209/1964 Zigor eta Prozesu Legearen 29 eta 49. artikuluak.

Hauteskunde Eraentza Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 137. artikuluaren «aktibo eta» terminoak.

Etxebizitzak Eraiki eta Saltzean Aurreratutako Kopuruak Jasotzeari buruzko uztailaren 27ko 57/1968 Legearen 6. artikulua.

2. Kode honetan xedatutakoarekin bateraezinak diren arau guztiak ere indargabetu egin dira.

Azken xedapenetatik lehenengoa

Prozedura Kriminalaren Legea hurrengoaren arabera aldaraziko da:

«14. artikulua.

Hirugarrena. Zigor-epaileak, delitua bere epaitegiaren muga barruan egin bada, edo zigor-epaile nagusiak, berari dagokion eremuan, eskumena izango du astuntasun txikiagoko delituen zioz egiten diren auzien gainean, horien inguruan epaia emateko. Eskumen bera izango du faltei dagokienez, intzidente bidezkoak badira edo ez badira ere, baldin eta egotzi ahal bazaizkie aipatu delituen egile edo beste pertsona batzuei egotzi ahal zaizkienak, falta egiteak edo horien frogak delitu horiekin zerikusia dutenean.»

«779. artikulua.

Gainerako prozesu berezientzat ezarritakoari kalterik egin gabe, titulu honetan arautu prozedura aplikatuko da bederatzi urte arteko askatasunaz gabetu eta zigor hori jasotzen duten delituak epaitzeko, edo beste edozein izaeratako zigorrak jasotzen dituzten delituak epaitzeko, zigor horien zenbatekoa edo iraupena edozein bada ere, eta bakarka, batera edo hautabidez ezartzen badira ere.»

Azken xedapenetatik bigarrena

Zinpeko Epaimahaiari buruzko 5/1995 Lege Organikoaren 1. artikuluaren 2. paragrafoa hurrengoaren arabera idatzita geratzen da:

«2. Aurreko paragrafoan ezarritako prozedura-eremuaren barruan, Zinpeko Epaimahaiak eskumena izango du, Zigor Kodearen hurrengo manuetan tipifikatutako delituengatik egiten diren auziez arduratzeko eta horien inguruan epaia emateko:

a) Giza hilketa (138. artikulutik 140.erakoak).

b) Mehatxuak (169.1 artikulua).

c) Sorospen-eginbeharra ez bete-tzea (195 eta 196. artikuluak).

d) Bizilekua bortxatzea (202 eta 204. artikuluak).

e) Baso-suteak (352. artikulutik 354.erakoak).

f) Agiriak zaintzeko desleialtasuna (413. artikulutik 415.erakoak).

g) Funtzionario-eroskeria (419. artikulutik 426.erakoak).

h) Eragimen-trafikoa (428. artikulutik 430.erakoak).

i) Ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea (432. artikulutik 434.erakoak).

j) Iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak (436. artikulutik 438.erakoak).

k) Funtzionarioek debekatuta dituzten negoziazioak (439 eta 440. artikuluak).

l) Desleialtasuna presoak zaintzean (471. artikulua).»

Azken xedapenetatik hirugarrena

1. Lagundutako Ugalketa Teknikei buruzko azaroaren 22ko 35/1988 Legearen VI. kapitulua hurrengoaren arabera aldaraziko da:

«1.) 20. artikuluaren 2.B) paragrafoaren a), k), l) eta v) idatz-zatiak ezabatzen dira.

2.) 2.B) paragrafo horren r) idatz-zatiaren testuaren ordez hurrengoa ezarriko da: “... beste animalia-espezie baten umetokian giza gameto edo aurrenbrioiak sartzea, edota alderantzizko eragiketa egitea, eta baimendu gabeko ernalkuntzak egitea giza eta animalia-gametoen artean”».

2. Lagundutako Ugalketa Teknikei buruzko 35/1988 Legearen VII. kapituluaren 21. artikulua 24. artikulua izango da aurrerantzean.

Azken xedapenetatik laugarrena

Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Bizitza Pribaturako eta Norberaren Irudirako Eskubideak Babestearen maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoa hurrengoaren arabera aldaraziko da:

«1. artikulua.

2. Esku-sartzearen delitu izaerak ez du eragotziko lege honen 9. artikuluan ezarritako epailearen babesari buruzko prozedurara jotzea. Edozein kasutan, lege honen irizpideak aplikatzekoak izango dira delituaren ondorioz sortutako erantzukizun zibila zehazteko.»

«7. artikulua.

7. Egitateak egoztea edo iritziak agertzea beste pertsona baten duintasuna edozein modutan lesionatzen duten ekintza edo adierazpenen bidez, pertsona horren izen onari kalte eginez edo beraren estimazioaren aurka atentatu eginez.»

Azken xedapenetatik bosgarrena

Ekainaren 29ko 6/1995 Lege Organikoaren bigarren xedapen gehigarria hurrengoaren arabera aldaraziko da:

«306. artikuluaren 4. paragrafoaren, 308. artikuluaren 3. paragrafoaren eta 309. artikuluaren 4. paragrafoaren bigarren lerrokadan arauturiko erantzukizun penalaren salbuespena, orobat ezarriko da, nahiz eta zuzendu behar diren zorrak artikulu horietan ezarritako zenbatekoak baino txikiagoak izan».

Azken xedapenetatik seigarrena

Lege arruntaren izaera dute kode honen I. liburuaren V. tituluak, 193, 212, 233.3 eta 272. artikuluek, lehenengo eta bigarren xedapen gehigarriek, hamabigarren xedapen iragankorrak, eta azken xedapenetatik lehenengoak eta hirugarrenak.

Azken xedapenetatik zazpigarrena

Kode hau «Estatuaren Aldizkari Ofizial»ean oso-osorik argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetara indarrean jarriko da, eta indarrean jartzen denetik gauzatzen diren egitate guztiei aplikatuko zaie, egitateok zigortzeko modukoak badira.

Aurrekoa gorabehera, adingabearen erantzukizun penalari buruzko 19. artikulua ez da indarrean jarriko erantzukizun hori arautzen duen legea indarrean jarri arte.

Horregatik,

Espainiar guztiei, norbanako zein agintariei, agintzen diet Lege Organiko hau bete eta betearaz dezaten.

Madril, 1995eko azaroak 23.

JUAN CARLOS E.

Gobernuburua,

FELIPE GONZÁLEZ MÁRQUEZ

Irailaren 14ko 3.096/1973 Dekretua, zigor kodea argitaratu duena, azaroaren 15eko 44/1971 Legearekin bat etorriz idatzitako testu bategina*

(BOE, 297.etik 300.erako zk.ak, abenduaren 12tik 15erakoak)

8. Erantzukizun penaletik salbuetsita daude:

2.) Hamasei urtekoa baino gazteagoa.

Adingabeak adin hori izan ez eta legeak zigorturiko egitatea gauzatzen badu, adingabe hori Adingabeen Babeserako Auzitegien ardurapean geratuko da.

9. Inguruabar aringarriak dira:

3.) Erruduna hemezortzi urtekoa baino gazteagoa izatea.

20. Zortzigarren artikuluko 1, 2, 3, 7 eta 10. zenbakietan adierazitako erantzukizun kriminalaren salbuespenak ez du bere barruan hartzen erantzukizun zibilarena; azken hori gauzatzeko, hurrengo erregelak izango dira kontuan:

Lehenengoa. Zortzigarren artikuluko 1, 2 eta 3. zenbakietan adierazitako pertsonek gauzatu badituzte egitateak, orduan, egitate horien gaineko erantzukizun zibila izango dute harako pertsonen gaineko ahala edo lege-zaintza dutenek, betiere, euren erru edo zabarkeria tartean izan denean.

Inork ere ez badu haien gaineko ahala edo lege-zaintza, edota hori duena kaudimengabea bada, orduan, aurreko lerrokadan aipaturiko pertsonek izango dute erantzukizuna, eta euren ondasunekin egin beharko diote aurre erantzukizun horri, prozedura zibil eta kriminalaren legeek ondasunak enbargatzeko ezartzen dituzten mugen barruan.

22. Era berean, erantzukizun subsidiarioa hedatuko zaie goi mailakoaz besteko irakastegien titular diren pertsona edo erakundeei, irakastegi horietako ikasleek egindako delitu edo falten ondorioz, baldin eta ikasleok hemezortzi urtekoak baino gazteagoak badira, eta delitu edo faltak gertatu badira ikasleok, eskolako nahiz eskolatik kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egiten irakastegiko irakasleen kontrol edo zaintzapean dauden bitartean.

65. Hamasei urtekoa baino nagusiagoa eta hemezortzi urtekoa baino gazteagoa denari aplikatuko zaio legeak adierazitako zigorra baino gradu bat edo bi gutxiagokoa, eta auzitegiak, adingabeari eta egitateari buruzko inguruabarrak kontuan izanik, zigor horren ordez, barnealdia ezar dezake, onbideratzeko erakunde berezi batean, denbora zehaztugabean, erruduna zuzendu arte.

417 bis. 1. Abortua ez da zigortzeko modukoa izango, baldin eta medikuak egin edo zuzendu badu, horretarako egiaztaturiko gaixotegi edo osasun-etxe publiko zein pribatu batean egin bada, emakume haurdunak esanbidezko adostasuna eman badu, eta hurrengo inguruabarretatik bat gertatu bada:

1.) Abortua beharrezkoa izatea emakume haurdunaren bizitza edota osasun fisiko nahiz psikikoaren aurkako arrisku larria saihesteko, eta hala agertaraztea ebakuntzaren aurretik emandako irizpenean; irizpena espezialitate horretako medikuak eman behar du, eta mediku hori ezin da izan abortua egin edo zuzentzen duena.

Emakume haurdunaren bizitza arriskuan izateagatik presa dagoenean, ez dira beharrezkoak izango irizpena eta esanbidezko adostasuna.

2.) Haurdunaldia gertatzea 429. artikuluko bortxaketa-delitu den egitate baten ondorioz, baldin eta abortua egiten bada haurdunaldiko lehenengo hamabi asteen barruan, eta egitate horren salaketa egin bada.

3.) Fetua akats fisiko edo psikiko larriekin jaioko dela uste izatea, baldin eta abortua egiten bada haurdunaldiko lehenengo hogeita bi asteen barruan, eta abortua egin aurretiko irizpena ematen badute horretarako egiaztaturiko gaixotegi edo osasun-etxe publiko nahiz pribatu bateko bi espezialistak; espezialistok ezin dira izan abortu hori egin edo zuzentzen dutenak.

2. Aurreko zenbakian ezarritako kasuetan, emakume haurdunaren jokabidea ez da zigortzeko modukoa izango, nahiz eta abortua horretarako egiaztaturiko gaixotegi edo osasun-etxe publiko nahiz pribatuan egin ez, edota beharrezko diren mediku-irizpenak eman ez.

Ekainaren 21eko 3/1989 Lege Organikoa, zigor kodea eguneratu duena

(BOE, 148. zk., ekainaren 22koa)

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. 1. Prozesu zibilen zenbatekoa edozein izanik ere, prozesu horietan eztabaidatzen bada ibilgailu motordunen zirkulazioak eragindako kalte-galeren ordaina, orduan, prozesuok hitzezko epaiketan erabakiko dira.

2. Edozein kasutan ere, epaiketaz arduratzeko eskumena izango du kalteak gertatu diren lekuko lehen auzialdiko epaileak; epaile horrek ofizioz aztertuko du lurralde-eskumenik duen ala ez.

3. Epaileak, ofizioz nahiz alderdiak hala eskaturik, agintaritza eskudunei eskatu ahal izango dizkie instrukzioa egin dieten atestatuak eta egoki deritzeten txostenak.

4. Xedapen honek aipatzen dituen prozesuak ebazpenarekin bukatu direnean, ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izateko, kalte-ordaina ematera kondenatua izan denak egiaztatu beharko du establezimendu egokian gordailuan jarri duela berari ezarri zaion kondenaren zenbatekoa, eska dakizkiokeen korritu eta gainordainak gehituta.

Bigarrena. 1. Aurreko xedapenak aipatzen dituen prozesuetan, gora jotzeko errekurtsopeko alderdiak epaiaren behin-behineko betearazpena eskatzen badu Prozedura Zibilaren Legeko 385. artikuluan xedatutakoaren arabera, epaileak betearazpen hori onartuko du, nahiz eta fidantzaren eraketa eskaini ez; baina, kasu horretan, betearazpenak ez du ukituko aseguratzailearen erantzukizuna den kondena-zatia baino. Hala ere, gora jotzeko errekurtsopekoari ez zaio emango kondenaren zenbatekoa, gora jotzeko errekurtsoa ebatzi arte, baldin eta ez badu ematen Prozedura Zibilaren Legeko 385. artikuluan aipatzen den fidantza edo banku-abala; bitartean, gordailuan geratuko da horretarako destinaturiko establezimenduan.

2. Kaltedunak lehen auzialdiko epaiaren betearazpena lortu ahal izango du, baldin eta kaltedunak berak jarri badu gora jotzeko errekurtsoa.

Ministerio de Justicia (Espainia): Criminal Code (EN)

euskal legezalea