euskararenforulegea

Euskararen Foru Legea

Nafarroako Perlamentua

18/1986 Foru Legea, Abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa

Komunitateen ondare kulturalaren barruan, hizkuntzek toki gailena izaten dute. Gizakien arteko komunikabideetako

tresna nagusia izateak, giza harremaneko funtsezko oinarri bihurtu ditu, eta kolektibitateari bere identitatea ematen dio,

gizarteko erkideei elkarbizitza eta ulermen elementua emanez. Aldi berean, hizkuntzak historia berekiaren sinbolo eta

testigantza izaten dira, belaunaldiz belaunaldi erabiltzen dituzten herrien esperientzia kolektiboa bildu, begiratu eta

transmitizen baitute.

Hizkuntz fenomenoaren izaera dinamikoak eta bertan parte hartzen duten faktoreen zailtasun eta aniztasunak, etengabeko

gorabeherak sortu dituzte historian barna komunitateeko hizkuntzen zabalerari eta indarrari dagokionez: batzuen hedakuntza

eta besteen atzerakada, batzuetan hizkuntzaz kanpoko arrazoiek eraginak, dudarik gabe dira nabarmenenak. Aldaketa

hauetan, maiz komunikazioaren oinarri direnen kontrako jarrerek izan dute esku. Jarrera hauek, hizkuntzetan arrazoirik gabe

elkarrengandik urruntzeko indarra aurkitzen dutenek, edo hizkuntz aniztasunak berekin daukan barne-barneko aberastasuna

ikusteko gauza ez direnek bultzatu dituzte.

Nafarroa bezala beren ondarean hizkuntza bat baino gehiago edukitzeaz ondratzen diren Komunitateak, altxor hori

begiratu eta babestera behartuak dira, baita hura hondatu eta galtzea eragoztera ere. Baina ondare horren zaintzea ezin

daiteke egin, ezta behar ere, hizkuntzen arteko borroka eta gatazkaren bidez; aitzitik eta Konstituzioaren 3.3 artikuluak

ezartzen duenari jarraiki, errespetu eta babes berezia behar duten ondarea direla aitortuz.

Printzipio hauetan ezartzen da Foru Lege hau, zeinek aipatutako konstituzio agindua bete eta Nafarroako Foru Eraentza

Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan aurreikusitakoa garatzen baitu.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. 1. Foru Lege honen xedea euskararen erabilpen normala eta ofiziala arautzea da, gizarte elkarbizitzaren

alorrean nahiz irakaskuntzan.

2. Hauek dira Lege honen ezinbesteko helburuak:

Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzeko tresnak zehaztea.

Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea, bere erabilpena sustatzeko neurriak adieraziz.

Euskararen erabilpena eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta begirune irizpideei jarraiki, hau

guztia Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.

3. Nafarroako euskalkiek errespetu eta babes berezia izanen dute.

2. artikulua. 1. Gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntza berekiak dira eta, horren ondorioz, herritar guztiek dute jakin

eta erabiltzeko eskubidea.

2. Gaztelania da Nafarroako hizkuntza ofiziala. Baita euskara ere Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari

buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan eta Foru Lege honetakoetan aurrikusitako eran.

3. artikulua. 1. Botere publikoek hizkuntz araua errespetatuko dute, Foru Lege honetan xedatutakoa eta hura garatzen

duten xedapenen ondorio diren iharduketetan.

2. Botere publikoek hizkuntz araua errespetatuko dute, Foru Lege honetan xedatutakoa eta hura garatzen duten

xedapenen ondorio diren jarduketetan.

3. Hizkuntz arauen ezartze ondorioetarako, Euskaltzaindia izanen da erakunde aholkuemaile ofiziala, eta berari eskatuko

dizkiote botere publikoek aurreko atalean ezarritakoa betetzeko beharrezko zaizkien txosten eta diktamenak.

4. artikulua. Indarrean dagoen legeriaren arabera, eta Foru Lege honetan ezartzen diren hizkuntz eskubideetan babestuak

izateko, herritarrak Epaile eta Auzitegietara zuzen daitezke.

5. artikulua. 1. Foru lege honen ondorioetarako, Nafarroak honako eremu hauek ditu:

Eremu euskalduna, ondoko udalerriek osatua:

Abaurregaina, Abaurrepea, Altsasu, Anue, Araitz, Arantza, Arano, Arakil, Arbizu, Areso, Aria, Aribe, Arruazu, Bakaiku,

Basaburua, Baztan, Bertizarana, Betelu, Auritz, Ziordia, Donamaria, Etxalar, Etxarri-Aranatz, Elgorriaga, Eratsun, Ergoien,

Erroibar, Esteribar, Ezkurra, Garaioa, Garralda, Goizueta, Uharte-Arakil, Imotz, Irañeta, Ituren, Iturmendi, Labaien,

Lakuntza, Lantz, Larraun, Leitza, Lesaka, Oitz, Olazti, Orbaitzeta, Orbara, Orreaga, Saldias, Doneztebe, Sunbilla, Ultzama,

Urdazubi, Urdiain, Urrotz, Luzaide, Bera, Hiriberri, Igantzi, Zubieta eta Zugarramurdi.

b) Eremu mistoa, ondoko udalerriek osatua:

Abartzuza, Antsoain, Agoitz, Artzibar, Atez, Barañain, Burgi, Burlata, Ziriza, Zizur, Etxarri, Etxauri, Eguesibar,

Ezkaroze, Espartza, Lizarra, Ezkabarte, Garde, Goñerri, Gorza, Gesalatz, Uharte, Izaba, Itza, Itzaltzu, Eaurta, Txulapain,

Lezaun, Lizoainibar, Otsagi, Odieta, Olaibar, Oltza, Ollaran, Orontze, Orotz-Betelu, Iruña, Gares, Erronkari, Jaitz, Sartze,

Urzainki, Uztarroze, Bidankoze, Bidaurreta, Atarrabia, Deierri eta Zabaltza.

c) Eremu ez-euskalduna, gainerako udalerriek osatua.

2. Aurreko atalean zehaztutakoa berrikus daiteke, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege

Organikoaren 9. eta 20.2 artikuluetan ezarritako prozedurari jarraiki.

3. Nafarroako Gobernuak aldizka euskararen errealitate soziolinguistikoari buruzko azterlanak egitea aginduko du,

eta horien berri emanen dio Parlementuari.

I. TITULUA

Erabilpen normal eta ofiziala

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

6. artikulua. Aitortu egiten da herritar guztiek Administrazio Publikoekiko harremanetan gaztelera nahiz euskara

erabiltzeko eskubidea dutela, ondorengo kapituluetan ezarritako eran.

7. artikulua. Nafarroako Aldizkari Ofiziala eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala gaztelaniaz eta euskaraz

emanen dira argitara, aldibereko edizio bananduetan.

8. artikulua. 1. Foru Komunitatearen toponimoek gaztelaniaz eta euskaraz izanen dute izendapen ofiziala, honako arau

hauen arabera:

Eremu euskaldunean, izendapen ofiziala euskalduna izanen da, honez den beste izen bat gaztelaniaz, kasu honetan biak

erabiliko baitira.

Eremu misto eta ez-euskaldunean, izendapen ofiziala gaur egungoa izanen da. Hala ere, gaztelaniaz adierazitakoek

euskaraz jatorrizko eta ohiko izen bat baldin badute, biak erabiliko dira.

2. Nafarroako Gobernuak, Euskaltzaindiaren aldez aurreko txostenari jarraiki eta artikulu honen lehendabiziko atalean

aurrikusitakoaren arabera, Foru Komunitatearen toponimoak erabakiko ditu, baita lurralde, herri eta hiriarteko bideen izen

ofizialak ere, eta horren berri eman beharko dio Parlamentuari. Hiriko kaleen izenak jartzea Udal bakoitzari dagokio.

3. Gobernuak erabakitako izenak, aurreko ataletan xedatutakoaren arabera, Nafarroako lurraldearen barruan eta ondorio

guztietarako, legezkoak izanen dira eta errotuluak haiekin bat etorriko dira. Nafarroako Gobernuak errotulazioaren

normalizazioa arautuko du, Estatuak onetsi dituen nazioarteko arauak beti errespetatuz.

9. artikulua. Nafarroako Gobernuak Iruñean euskara-gaztelania itzulpen ofizialeko unitate administratiboa sortuko du.

II KAPITULUA

Erabilpen ofiziala eremu euskaldunean

10. artikulua. 1. Herritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelera erabiltzeko eta

hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute.

Horretarako eta eskubide honen mailaz mailako erabilpena bermatzeko, neurri egokiak hartuko ditu eta beharrezko gerta

daitezkeen bitartekoak erabakiko.

2. Pertsona batek baino gehiagok parte hartzen duen espediente edo prozeduretan, botere publikoek erabiliko dute biltzen

diren parteek elkarrekiko akordioaz ezarritako hizkuntza.

11. artikulua. Erabilitako hizkuntza edozein izanik, administrazio jarduera guztiak baliozkoak izanen dira eta legezko

eraginkortasun osoa izanen dute. Horren ondorioz, Administrazio Publikoen organoek parte hartzen duten ekintza guztiak,

baita administrazio jakinarazpen eta adierazpenak ere, bi hizkuntzetan idatzi beharko dira, interesatu guztiek espreski bakar

bat erabiltzea aukeratzen badute izan ezik.

12. artikulua. Agiri publikoak, emaileak aukeratutako hizkuntza ofizialean idatzi beharko dira, edo emaile bat baino

gehiago balitz, hauek aukeratutakoan.

Fede-emaile publikoek, interesatuak eskatutakoaren arabera, euskaraz edo gaztelaniaz luzatu beharko dituzte kopiak eta

testigantzak, eta behar denean, matrize eta agiriak beren erantzukizunpean itzuliko.

Nolanahi ere, gazteleraz luzatu beharko dituzte eremu euskaltunetik at indarra izen behar duten kopiak.

13. artikulua. 1. Erregistro Publikoetan, idazpenak dokumentua dagoen hizkuntza ofizialean luzatuko dira, eta beti ere,

gaztelaniaz.

2. Kopia eta ziurtagiriak hizkuntza ofizialetarik edozeinetan luzatuko dira.

14. artikulua. Justizia Administrazioarekiko harremanetan, herritar guztiek beraiek hautatutako hizkuntza ofiziala erabili

ahalko dute, indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera.

15. artikulua. 1. Administrazio Publikoek eta izaera publikoko enpresek gaikuntza progresiboa sustatuko dute, eremu

euskaldunean lan egiten duten langileek euskara erabil dezaten.

2. Administrazio bakoitzak, beraiei dagozkien eskumenen esparruan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den

nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, kontutan hartzeko merezimendutzat hartuko da besteren artean.

16. artikulua. Eremu euskalduneko Toki Entitateek euskara erabiliko dute beren xedapen, argitalpen, hiriko kaleen

errotulu eta tokien berezko izenetan, beti ere, ohikoak errespetatuz.

III. KAPITULUA

Erabilpena eremu mistoan

17. artikulua. Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Administrazio Publikoei zuzentzeko.

Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatu Administrazioek honako hau egin dezakete:

Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zein lanpostutarako izanen den nahitaezko euskaraz jakitea zehaztu.

Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskararen ezagupena merezimendutzat baloratu.

IV KAPITULUA

Erabilpena eremu ez-euskaldunean

18. artikulua. Aitortu egiten da herritarrek Nafarroako Administrazio Publikoetara euskaraz zuzentzeko eskubidea dutela.

Azken hauek interesatuei gaztelaniarako itzulpena eska diezaiokete, edo 9. artikuluan aurreikusitako itzulpen zerbitzuak

erabili.

II. TITULUA

Irakaskuntza

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

19. artikulua. Herritar guztiek dute hezkuntza mailetan irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz izateko eskubidea, ondoko

kapituluetan ezarritako eran.

20. artikulua. Nafarroako Gobernuak arautuko du euskararen sartzea ikasketa plangintzetan eta ikastetxe bakoitzean nola

aplikatu zehaztuko, lege honek eremu desberdinetarako xedatutakoaren xedearen barruan.

21. artikulua. Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, behar diren ekintzak aurrera eramanen ditu,

irakaslegoaren prestakuntzarako goi-mailako ikastetxeetako ikasketa-planek euskarazko irakaskuntzarako beharrezko den

irakaslegoaren gaikuntza egokia berma dezaten.

22. artikulua. Administrazio Publikoek, aurreko artikuluetan xedatutakoa eginkor bihurtzeko, beharrezko diren giza eta

teknika bitartekoak eta materialeak paratuko dituzte.

23. artikulua. Ikasketa plangintza ofizialek euskara Nafarroako kultur ondaretzat hartuko dute, baita Foru Lege honen

xedeei egokituko ere.

II KAPITULUA

Irakaskuntza eremu euskaldunean

24. artikulua. 1. Ikasle guztiek irakaskuntza hartuko dute, guraso-boterea edo tutoretza daukan pertsonak, edo hala

badagokio, ikasleak berak aukeratutako hizkuntza ofizialean.

2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan derrigorrezkoa izanen da euskara eta gaztelaniaren irakaskuntza, ikasle guztiek

oinarrizko eskolatzearen bukaeran bi hizkuntzetan gaitasun maila nahikoa frogatu ahal izan dezaten.

3. Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikasketak eremu euskaldunetik at hasi dituzten ikasleak edota eremu honetan ohiko

ez den bizilekua dutela justifikatzen dutenak, euskararen irakaskuntzatik salbuetsiak izan daitezke.

III KAPITULUA

Irakaskuntza eremu mistoan

25. artikulua. 1. Euskara irakaskuntzan sartzea mailaz maila, gero eta gehiago, eta nahikotasunaz eginen da, ikastetxeetan

eskatzen dutenendako euskarazko irakaskuntza duten ereduak sortuz.

2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara irakatsiko zaie nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran

euskararen ezagupen nahikoa izan dezaten.

IV KAPITULUA

Irakaskuntza eremu ez-euskaldunean

26. artikulua. Euskararen irakaskuntza bultzatua izanen da, eta hala behar izanez gero, botere publikoek osoki edo

partzialki finantziatua, sustapen eta promozio irizpideei jarraiki eta eskarien arabera.

III. TITULUA

Komunikabide sozialak

27. artikulua. 1. Administrazio Publikoek bultzatuko dute euskararen mailaz mailako presentzia komunikabide sozial

publiko eta pribatuetan.

Horretarako, eta komunikabideek euskara gero eta gehiago eta ohiko moduan erabil dezaten, Nafarroako Gobernuak

diruz eta materialez laguntzeko planak gauzatuko ditu.

2. Foru Komunitateak gestionatzen dituen telebista eta irrati emisora eta gainerako komunikabideetan, Nafarroako

Gobernuak euskararen presentzia egokia begiratuko du.

28. artikulua. Administrazio Publikoek babestuko dituzte euskaraz egiten diren azalpen kultural eta artistikoak, liburu

argitalpenak, ikusentzunezko ekoizpena eta bestelako ekintzak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroko Gobernuak, “Vianako Printzea Erakundea” Kultur Zerbitzuaren bidez, Foru Lege honen 1.3 artikuluan

ezarritakoa betearazteko behar diren jarduerak aurrera eramanen ditu.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak, 9. artikuluan aipatzen den euskara-gaztelania itzulpen ofizialeko unitate

administratiboa sortuko du.

AZKEN XEDAPENAK

1. Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezko diren xedapenak

emateko.

2. Foru Lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa betez,

Foru Lege hau B.M. Erregeren izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko

Aldizkari Ofizialera igor dadin agintzen dut, eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita seiko abenduaren hamabostean.- Nafarroako Gobernuko Lehendakaria,

Gabriel Urralburu Tainta.

euskal legezalea